Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.

1997-06-26

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1997/7/21, 138. zk.; EAO, 2012/1/11, 9. zk.

§ 193. 8/1997 LEGEA, EKAINAREN 26KOA, EUSKADIKO ANTOLAMENDU SANITARIOARENA

ZIOEN AZALPENA

I

      Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea funtsezko tresna bat da euskal aginte publikoek herritarren osasuna babesteko eta zaintzeko. Horrela betetzen dute herritarren eskubide garrantzitsu hori atenditzeko duten konpromezua.

      Lege honek legezkotasun-printzipioaren alderdirik garrantzitsuenetariko bat, alde demokratikoan nahiz sozialean, osatzen laguntzen du, Euskadiko Autonomi Elkarteari gure gizarte-ereduaren araberako antolakuntza eta funtzionamendua emanez.

      Hasiera honetan esaten ari dena argiago egon dadin, komeni da Antolamendu Sanitario adierazpenarekin esan nahi denari erreparatzea, ezbairik gabe, legearen helburua erakusten duelako:

a)   Antolamendu Sanitarioak, E.K.aren 43. artikuluaren arabera, osasuna babesteko eskubidea onartuta, aginte publikoek eta herritarrek konpromezuan hartutako eredua garatzea esan nahi du. Izan ere, osasunaren eskubidea politika sozial eta ekonomikoaren printzipio nagusitzat hartzen da gaur egun, eta bere alde du gizarte garatuetan gertatzen diren adostasun ideologikorik handienetariko bat.

b)   Antolamendu Sanitarioak eskubide-onartze horrek administrazio publikoen antolakuntzan eragiten dituen berezitasunak garatzea esan nahi du. Kontuan hartu behar da eze administrazioak, tradizioz, sanitate delako eremuan agintari izan arren, prestazio-emaile eta bitartekari sozial garrantzitsuak ere izan behar direla, eta eginbehar horretan zerbitzu sanitario publikoak antolatu behar dituztela.

      Sanitateak garrantzi handia du aurrekontuen aldetik, baina, oro har, beste balore nabarmen batzuk ere aitortu behar zaizkio: elkartasunaren eta ondasun-birbanaketaren oinarrizko tresna izatea; zalantzarik gabe, ongizatea eta garapena garantizatzeko funtsezko inbertsioa izatea, eta, azkenik, balioa eta aberastasuna ekoiztea. Izatez, sortzen duen jardueragatik eta ematen duen enpleguagatik, ekonomiaren egonkortasunari ere laguntzen dio.

      Hortaz, legeak funtsezko gai bat lantzen du, komunitatea egituratzeko guztiz eraginkorra. Ildo horretatik, Euskadiko Autonomi Elkarteak erakutsi izan du sistema sanitario integralaren printzipioekin konprometituta dagoela, zerbitzu publiko, unibertsal eta ekitatibo batekin konprometituta hain zuzen.

      Erraz egiazta daitekeenez, kolektibitatearen osasun-arazoak atenditzeko erronkari erantzutea lehentasun politiko argia izan da beti euskal aginte publikoentzat. Horren kausaz, esate baterako, garrantzi handiko xede bat lortu da, alegia, titulartasun publikoko baliabide guztiak gune bakar batean biltzea gune horren bidez gaixo somatikoak eta psikikoak atenditzeko. Era berean, aurrera egin da asistentzia-modu eta zerbitzu-tipologia berriak erabiltzen, baita prestazio kualifikatuen ardura hartzen ere; kualifikatuak, hain justu, errepresentatibitate eta elkartasun sozialaren aldetik suposatzen dutenagatik.

      1993ko ekainaren 23an Eusko Legebiltzarrak gehiengoz Osasuna Zainduz plan estrategikoa onartu zuenez geroztik, berau izan da euskal gestio publikoko arlo guztiz garrantzitsu honen gogoetabide nagusia. Beraz, Osasuna Zainduz plana da Euskadiko sistema sanitarioa antolatzeko esparru juridiko honen oinarri nagusia.

      Aipatu gogoetaren bidez bete-betean murgildu gara politika sanitarioaren gaur egungo ereduei buruz egiten ari den eztabaida sakon eta orokorrean. Eta jakina, gai hori gure ingurune ekonomiko eta sozialeko ia estatu guztietan aztertzen ari dela, Euskadik ere, salbuespena ez izanik, eztabaidan ditu zerbitzu sanitario publikoen gestio-sistemak.

      Eztabaidako gaien artean kostuek gora nola egiten duten nabaritzen da. Goratze horretan eragile nagusi batzuk daude zerbitzu sanitarioen eskarian presioa egiten. Bata bilakaera demografikoa da, populazioa gero eta zaharragoa baita; bestea teknologia berriez, gero eta sofistikatuagoez, hornitu beharra, eta hirugarrena jendearengan gertatzen ari den kultur aldaketa, bere eskubideetan oinarriturik eska ditzakeen prestazio sanitarioez eta kalitateaz beste ikuspegi bat duelako. Horren guztiaren ondorioz, eskariak gora egiten du ezinbestez, are gehiago, zenbait gizarte-taldek eskaintza mugarik gabekoa dela uste du, uste okerrez.

      Politika sanitarioa -eredu sanitarioa- ez da inondik ere kontzepzio tekniko edo sozial autonomoa, gizarte-ereduaren eta eredu horri dagokion osasun-kontzeptuaren erakusgarri garbia baino. Hori horrela dela, esan behar da legea eredu jakin bati darraiola, oinarrizko ezaugarri hau betetzen duen sistemari: herritarren beharrizan sanitarioak asebetetzeko gai unibertsal, ekitatibo eta kalitatezkoa izatea. Jakina, sistemak beste baldintza batzuk ere bete behar ditu ezinbestean, hala nola eraginkorra eta efizientea izatea eta prestazioak arrazionalki ematea, eskueran ditugun baliabide publikoak administratzeak eskatzen duenaren ildotik.

      Osasuna Zainduz plana uste sendo eta garrantzitsu batekin formulatu da, pentsatzen baita eze antolakuntza- eta gestio-ereduaren faktore endogenoetan aldaketak egiteak bide eman behar duela gure eredu sanitarioaren fundamentu ideologikoak indartzeko; gainera, aldaketak errazago bideratzen dira antolakuntzaren efizientzia-maila onargarria denean. Aukera horrek antolamenduan oinarritzen den erreforma baten alde egitea dakar, antolamendu sanitarioaren gaitasuna bultzatuz baliabide publikoak efizientzia handiagoz erabiltzea lortzeko. Halatan, legeak, plan estrategikoaren bidea jorratzean, politikaren aldetik bidezkoak diren soluzioak, ikuspegi juridikoaren aldetik gaur egungo Sanitatearen Oinarriei egokituak, xedatzen ditu.

II

      Gernikako Autonomi Estatutuaren 18. atalak eta Estatuak ezarritako Sanitatearen Oinarriek eskumen-esparruak mugatzen dituzte. Hortik abiatuta, barruko sanitate deritzan diziplina zabala dator. Hori gogoan hartuta, Euskadiko Autonomi Elkarteak badu ahalbide malgurik, legegintzan bere aukera eginez, barruko sanitatea bere ezaugarriei egokitzeko, Autonomi Elkarteari onartu zaion legeria garatzeko eskumenaren eta autogobernatzeko ahalmenaren ondorioz.

      Xedapen orokorrak testuinguru juridiko nagusiari dagozkio, eta testuinguru hori legearen bestelako zatietan biltzen da. Horretarako, osasun kontzeptua ondare juridikotzat hartzen du legeak, diziplina anitzeko dimentsio zabala duelarik. Legezko babes berezia ematen zaio osasun kontzeptuari, baina babesagatik bitartekoak ematen bazaizkio ere, emaitzak, ordea, ziurtatzeke daude, jurisprudentzian behin baino gehiagotan adierazi denez.

      Osasunaren esparru instituzionala komuna da, Euskadiko Autonomi Elkarte osokoa. Bestalde, Gobernuak osasuna sendotzeko edo sustatzeko politika jarduera sozio-ekonomikoaren arlo guztiei begira egin behar du. Horrela, osasunaren eremu erreala finkatzen du, eta sanitateari dagokion jarduera-mota ere bai, asistentzia mediko-sanitarioaren tradiziozko esparru teknikoa dena: sustapena, prebentzioa, sendatzea eta errehabilitatzea. Horrekin guztiarekin tesi jakin bat baieztatzen du: osasun-arazo guztiek ez dute erantzun sanitarioa eskatzen. Hala da; gure aldi historikoak eta gurea bezalako gizarte garatuetako joera nagusiek eskatzen dutenez, osasunarekiko konpromezua herritar eta aginte publiko guztiek hartu behar dute. Halaber, eskari berari jarraituta, denok dugu osasunari bere izaeragatik dagokion tokian kokatzeko eginkizuna, toki nabarian hain justu: pertsona bakoitzaren erantzukizunean eta interesean dago horretarako abiapuntua.

      Legeak, Euskal Administrazio Sanitarioari dagozkion jarduketen sailkapen orokorra ezartzen du ondoren; beraz, helbururik behinena betetzen da: jarduera sanitarioak osasunean duen eragina arautzea.

      Jarduera-inguru desberdin bi aipa daitezke, ezaugarri komunak dituztenak, biak izanik osasun-arazoei eman beharreko kontzepzio integral baten ondorioa. Administrazio publikoek jardutean balioa gaineratzen dute, dagozkien eginkizunak betez. Eginkizunei begiratuz gero, jarduera-inguru horiek forma intrintseko desberdinak dituztela nabarmentzen da.

      Osasun publikoa orokortasunez babesteko aginteaz baliatuz, antolatzeko arauak eta atentzio prebentibo egokia garantizatzen duten jarduketak ezartzen ditu legeak. Orobat, prestazio sanitario indibidualak izaera publikokoak direla ziurtatzen duten arauak ezartzen ditu. Bestalde, tresna-izaerako eginkizun garrantzitsu bat identifikatzen du, ondoko helburu hauetarako dena: medioez eta teknikez hornitzea eta aginte publikoek ziurtatzen dituzten prestazio sanitario indibidualak herritarren eskueran jartzea.

      Legeak bere xedapen orokorren amaieran aitortzen du Euskadiko lurraldean osasuna babesteko eskubidea izaera unibertsalekoa dela; era berean, eskubidearen hedapena ere zehazten du, bestela esanda, eskubide hori noraino heltzen den, garantia publikoko prestazio sanitario indibidualei dagokienez. Hori hizpide dela, legeak adierazten duenez, Eusko Jaurlaritzak prestazio sanitarioak gehitzeko ahalmena du, prestaziook, gure osasunaren egoeran eragin handia duelako edo gizarteak asko estimatzen duelako, beharrezkotzat jotzen direnean.

III

      II. idazpurua legearen bizkarrezurra da, Euskadiko Sistema Sanitarioa izena emanda, zerbitzu sanitario publikoen antolamendua garatzen duelako. Sistema honelakotzat hartzen da: talde integratua da, sanitateaz erantzukizuna duten erakunde publiko guztiek osatua. Hori horrela, sistema bat dator, erabat, Sanitatearen Oinarrien arabera, komunitate autonomo bakoitzak bere eskumenez sor dezakeen Osasun Zerbitzuarekin.

      Euskadiko sistema sanitarioa osasun-sistema nazionalaren barruan eratzen da, Sanitateari buruzko Lege Orokorrak ezarritako terminoetan, eta beraz, lege horren oinarrizko printzipioen araberako tresnak jasotzen ditu.

      Behin eta berriro esaten du osasunaren babes legaletik datozen eskubide instrumental eta osagarriak garantizatu behar direla, hots, pertsonaren intimitate eta duintasuna, baimena ematea behar besteko informazioa hartu eta gero, edo zerbitzu sanitarioak aukeratzeko ahalbide zabala dagoela onartzea. Bestetik, legeak azpimarratzen duenez, sistema sanitarioarekiko herritarren zeregina handia ez ezik, demokratikoa eta parte hartzekoa ere izan behar da.

      Sistema lehen baino areago jartzen da herritarrei begira, antolamenduan egin diren aldaketek erakusten dutenez. Aldaketa nagusia gestio publikoaren konfigurazio berrian datza: gestio publikoa zerbitzu sanitarioen gestiotik egituraz bereizten da, zerbitzu sanitarioak hertsiki ulertuta. Horrela, gestio publikoan berriztapen bat gertatzen da, ondoko hau hain zuzen: etenik gabe, oreka justu eta solidarioa bilatu behar da beharrizan sozialek egiten duten presioaren eta beharrizan horiei erantzuteko aurrekontu publikoetan erabakitzen diren baliabideen artean; eginkizun hori sistemaren planifikazioak eta programazioak zuzenki hartzen dute beren gain.

      Euskadiko Osasun Plana da herritarren protagonismo berrira heltzeko tresna nagusia, helburuak finkatzen dituelako. Izan ere, planak prebentzioaren eta osasun-sustapenaren arloan jarduteko orientabide nagusiak eman behar ditu, eta, halaber, Administrazio Sanitarioko estrategien esparrua ere sortu behar du, herritarren beharrizanei erantzun diezaion eta beharrizan horiek atenditzeko behar beste baliabide izan dezan.

      Hori guztia esanda bete-betean sartuko gara lege honek zerbitzu sanitario publikoak antolatzeko eta gestionatzeko sistema tradizionaletan egiten dituen berriztapenei buruzko azalpenean.

IV

      Antolamendu berriak funtsezko eragina du efizientzia hobetzeko garrantzitsutzat jotzen diren faktoreetan. Guztiz erabakiorra gertatu da hori, baina, nolanahi ere den, ez du ekarri behar ez gure politika sanitarioa bideratzen duten printzipioetan inolako murrizketarik, ezta izaera publikoa duen antolakuntza ororen berezko baloreetan aldaketarik ere.

      Sistemaren planifikazioa eta programazioa batetik, eta zerbitzu sanitarioen gestioa bestetik, argiago eta era eraginkorrago batez bereizten dira, baliabideak erabiltzeko eta emaitzak lortzeko betekizun zorrotzagoak izan daitezen.

      Lege honek pronuntziamendu desberdinen sorta bat biltzen du bere arauetan, eta arau horietan aurreko kontsiderazioak jasotzen dira. Hona azpimarratzeko moduko batzuk:

a)   Lehenengo multzo batean sistemaren planifikazioak izan behar dituen eduki nagusiak agertzen dira. Sistema arautzea eta finantzatzea kontzeptuekin, plan estrategikoan erabilitako kontzeptuekin, adierazten da, horrela erakutsiz beharrezkoa dela arlo horien garapenean espezializazio askoz handiago batera jotzea. Horretarako tresna nagusi bat dago: Euskadiko Osasun Plana.

      Espezializazioaren aldeko irizpide horrekin bat etorriz, gestio publikoaren konfigurazio berria dakar legeak, gestio publikoa zerbitzu sanitarioen gestio hertsiki ulertutik bereizi eta aseguramendu eta zerbitzu sanitarioak kontratatzea adierazpenarekin identifikatzen baitu. Eginkizun garrantzitsua izango du, batetik sistemak herritarren beharrizan sanitarioak atenditzeko duen gaitasuna neurtzea, eta bestetik, zerbitzu sanitario bakoitzarekin konpromezu batera heltzea, zerbitzu sanitarioek beharrizanei erantzun diezaieten.

b)   Bigarren multzoak zerbitzu sanitarioak gestionatzeko eginkizun exekutiboari buruzko kontzepzio berri bat dakar. Hornitze hitza errealitate berri bati dagokio. Balio bi indartzera dator, gestio-eginkizunarena eta antolatzeko eta administratzeko ardura duen azken agentearen zereginarena.

      Legeak eragin beharko dituen kezka nagusien artean, gestioko azken agente honekin loturikoa egongo da. Ez da nahikoa gestio-eginkizuna deszentralizaturik burutu behar dela esatea; legeak funtsezko eragingarriak gaineratzen ditu, etengabe aldatzen ari diren egoeretara egokitzeko moduko eredu ireki bat antolatuz.

      Zenbait faktore kontuan hartu beharko dira: agente honen dimentsio egokia zein den bilatzea, haren pluralitatea, Administrazio Sanitarioarekiko alde biko harremanak orokortzea eta, azken batez, haren autonomia eta erantzukizuna argiro uztea. Horrela, autonomiak eta erantzukizunak bide eman behar dute konpromezu profesionalak gardentasun handiagoz zehazteko eta baliabideen erabilera efizientea neurri handi batean sostengatzen duten erabakiak maila egokira eramateko.

c)   Legearen azken arau-multzo nabarmengarria Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoa eratzen duten manuek osatzen dute. Lerro nagusi batzuk artikulatu dira garatzeko: Osakidetzaren antolamendua batetik, zerbitzu sanitarioak erakundeko antolakuntzen bidez emateko gestio-araubidea bestetik, eta gainera Osakidetzaren antolamendu eta funtzionamenduko araubide juridikoa.

      Legeak antolatzen duen ereduak posibilista izan behar du, gauza jakina baita tradizioan organismo gestore bakarra egon dela. Baina, gainera, ahal den neurrian, aprobetxatu behar dira zerbitzu sanitarioez hornitzen duten agente publikoak ente koordinatzaile batean integratzeak dakartzan ondorioak, zeren eta ente koordinatzaile horrek bere lanez kohesio-, koordinazio-, sinergia-gaitasuna eta, zer esanik ez, segurtasuna eman baititzake.

      Legegilea zuzenbide pribatuko ente publikoz baliatzeak bide ematen digu administrazio-zuzenbideaz gogoeta egiteko, zuzenbide horretako arauek sarritan ez baitaramate gestioaren efizientzia-printzipioa era optimo batez gauzatzera. Doktrina administratiboak berak maiz erakutsi duenez, zerbitzu publikoen funtzionamendurako araubide juridikoan badaude edozein gestiotarako desegokiak diren aldeak; era berean, arau malguagoen alde egin izan du, une bakoitzean erabiltzen diren teknika juridikoek beharrizanei erantzuteko bide eman behar dutelakoan.

      Lege honekin ez dago arazo-multzo konplexu horretan artekari izateko asmorik; ezin da gainera. Helburua xeheagoa da; legegilearen eremu jakin bat erreibindikatzen da, Euskal Administrazio Sanitarioak behar duen jarduera-esparru malgua sortzekoa. Aukera honek garantizatuko du Administrazioak sistema sanitarioa arautzeko eta finantzatzeko hartzen dituen erabakiak arauzkoak direla eta kontrol publiko egokien menpean daudela.

      Zuzenbide publikoaren eta pribatuaren aplikazio-eremuko gaiak bereiztu egiten dira. Bereizketa berria da, Euskadiko Autonomi Elkarteko zuzenbide pribatuko beste ente publiko batzuk arautu diren modua kontuan hartuta. Ildo horretatik, azpimarratu behar da, batetik, zuzenbide publikoak, jurisprudentziaren arabera lehentasuna izanik, hartzen duen aplikazio-eremua argiago aipatzen dela, eta bestetik, zuzenbide pribatua batez ere ogasunaren arloan aplikatzen dela, baina dagokion legeriak ezarritakoarekin bat etorriz.

      Pertsonalaren araubidea ere ezartzen da legean, hala antolamenduzko erabaki orok ikutzen duelako nola inguru sanitarioan giza baliabideek duten funtsezko protagonismoagatik.

      Euskal araubide estatutarioa ezartzen du legeak, Autonomi Estatutuak Euskadiko Autonomi Elkarteari ematen dion eskumenaz baliatuz eta aplikatzeko moduko oinarrizko legeriaren parametroei jarraiki. Hori horrela, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak xedatu zuena betetzen du, alegia, pertsonalaren gaia beste lege batek arautuko zuela. Hala ere, behin baino gehiagotan aipatzen du lege hura, arautu zuenarekin bat datorrelako eta Estatuak sanitateari buruzko oinarrizko legeria oraindik osatu ez duelako.

      Alor honetan egindako berriztapenek ez dute lan-harreman estatutarioen funtsezko gunea aldatzen. Batez ere, zerikusia dute egitura eta antolamenduarekin, profesionaltasuna aintzat hartzearekin eta kultura klinikoa eta gestio-kultura elkarrengana hurbiltzearekin. Azken batez, Osasuna Zainduz plan estrategikoan emandako helburuekin bat etorriz, legeak lan-harremanen esparru homogeneo, egonkor, solidario, malgu eta aberasgarri berri batera heltzeko oinarriak ezartzen ditu.

I IDAZPURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. Atala - Legearen helburua

      Lege honen helburua da Euskadiko Autonomi Elkarteko osasuna antolatzea; antolamendua, batetik, herritarren osasun-babesarekiko eskubidea Autonomi Elkartearen lurraldean efektibo egingo duten jarduketak oro har mugarrituz egingo da, eta bestetik, Euskadiko osasun Sistema eratzen duten egiturak erregulatuz.

2. Atala - Osasunaren instituzio-eremua

      1.-     Euskal aginte publiko guztien lehentasuneko zeregina da, izan, jarduera sozio-ekonomikoko sektore bakoitzean osasuna sustatzea eta indartzea, bizitza-ohitura osasungarriei adore emateko, arrisku-faktoreak kentzeko, ondorio negatiboen intzidentzia ezabatzeko eta bere izaeragatik dagokion leku nagusiaren gainean sentsibilizatu eta kontzientziatzeko.

      2.-     Eusko Jaurlaritzaren zeregina da Euskadin osasunaren instituzio-eremu hori jagotea, bai gomendioak bideratuz edo egokitzat jotzen dituen neurriak hartuz, sektore-politika guztietan kontuan har daitezela zaintzeko, eta bai ekintza sanitario hutsen osagarri diren diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua emanez, biztanleriaren osasun-mailan etengabeko hobekuntza lortzeko.

      3.-     Gizarte-zerbitzuetan eskumena duten administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko beharrezko bideak ezarriko dira, gaixotasunen edo osasun-galeren prozesuetan biltzen diren arazoak edo gizarte-egoerak etenik gabe atenditzen direla garantizatzeko.

3. Atala - Euskal Administrazio Sanitarioari dagozkion jarduketak

      Herritarren osasun-babesarekiko eskubidea aitortzeak euskal aginte publikoei zenbait betebehar ezarri dizkie; betebehar horiek direla-eta, Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren tutela orokorra garantizatzea, prebentziorako, osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia garantizatzea, hots, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko baliabide-dispositibo egokia garantizatzea, batez ere titularitate publikoko baliabideen dotazio, mantenimendu eta antolamendu-hobekuntzaren bidez.

4. Atala - Osasun-babesarekiko eskubidearen esparru subjetiboa eta eduki materiala Euskadiko Autonomi Elkartean

      1.-     Osasun-babesarekiko eskubidea unibertsala da Euskadiko lurraldean bertan bizi diren pertsona guztientzat, bai eta pasoan daudenentzat ere, legeria orokorrean, lankidetza-hitzarmen eta nazioarteko hitzarmen aplikagarrietan aurrikusita dauden modu eta baldintzetan eta ondoko sailataletan ezarritako terminoetan.

      2.-     Euskadiko Osasun Sistemak, lege honetan aurrikusitako terminoetan, prestazio sanitario indibidualak garantizatuko ditu, osasun-sistema nazionalaren oinarrizko antolaketaren arabera.

      3.-     Zerbitzu sanitarioetara heltzea, zerbitzuon administrazioa eta prestazio-araubidea araudiz eratuko dira. Halaber, ezarri egingo da emandako zerbitzuen zenbatekoak zeintzuk baldintzatan erreklamatuko zaizkien paziente pribatu gisa heltzen diren pertsonei nahiz emandako zerbitzuak ordaintzeko betebeharra duen hirugarren bati.

      4.-     Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko lurraldean, aurreko 2. sailatalean aipatutako prestazioen katalogoa hedatu ahal izango du, prestazioon esparru subjetiboa, heltze-baldintzak eta finantza-estaldura zehaztuz. Finantza-estaldurak Euskadiko Autonomi Elkarteko Aurrekontu Orokorren kargura izango dira edo eskatzen dituzten pertsonen kargura; horretarako, eskatzaileen baliabide ekonomikoen finantza-solbentzia eta prestazioen tipologia kontuan hartzeko irizpideak ezarriko dira, eta, halaber, ordaintzeko betebeharra duten hirugarrenei burututako zerbitzuen zenbatekoa zeintzuk baldintzatan erreklamatu ere bai.

II IDAZPURUA

EUSKADIKO SISTEMA SANITARIOA

I ATALBURUA

ANTOLAKETA

5. Atala - Euskadiko osasun Sistemaren eraketa

      Euskal Administrazio Sanitarioaren esku dauden jarduketak egokiro antolatzeko eta ordenatzeko sortu da Euskadiko osasun Sistema, azken finean, biztanleriaren osasun-maila mantentzea, berreskuratzea eta hobetzea helburu duela; sistema hori Euskadiko Autonomi Elkarteko baliabide sanitario publikoek modu integralean eratzen dute.

6. Atala - Printzipio taiutzaileak

      Euskadiko osasun Sistema taiutzen duten printzipioak hauek dira: unibertsalitatea, solidaritatea, ekitatea, zerbitzuen kalitatea eta herritarren partaidetza. Osasun-politikaren jarraibideak, eta hauen formulazioaren oinarrian dauden osasun-helburuak, printzipio horiei lotuko zaizkie, jarduketen eta baliabideen planifikazioa biztanleriaren osasun-beharrizanetara etenik gabe egokitzeko.

7. Atala - Sistemaren lurralde-antolaketa

      1.-     Osasun-planifikazioak lurralde-antolaketa egiteko izango duen oinarri nagusia izango da Euskadiko Autonomi Elkarteko lurralde guztia osasun-barrutiak izeneko mugape geografikoetan zatitzea; aipatu barruti horiek araudiz eta egoera sozio-sanitarioarekin bat etorriz mugatuko dira; izan ere, horrela eginda, barruti bakoitzean praktikan jarri ahal izango dira, alde batetik, lege honetan adierazten diren printzipio eta helburuak, eta bestetik, osasun publikoaren tutela orokorrari, lehen mailako asistentziari eta asistentzia espezializatuari dagozkien funtsezko jarduketak.

      2.-     Osasun-barruti bakoitzaren esparruan beheko lurralde-antolaketa ere zehaztu ahal izango da, lurralde-zertzeladen arabera eta, hala dagokionean, prestazio eta zerbitzu sanitarioen mota bakoitzaren arabera beharrezkoa izanez gero. Barruti bakoitzean garantizatuko da bai lehen mailako atentzioa behar bezala antolatzea bai hura atentzio espezializatuarekin koordinatzea. Horretarako, aipatu faktoreak kontuan hartuko dira, ondoko hauek lortzearren: ahalik eta efizientzia sanitariorik handiena baliabideen kokapenari eta erabilerari dagokienez, eta baldintza estrategikorik egokienak ezartzea, sinergiez baliatzeari edo Autonomi Elkarte guztirako erreferentzia-dispositiboak eratzeari dagokionez.

8. Atala - Antolakuntza eta funtzionamenduaren gaineko printzipio programatikoak

      Euskadiko osasun Sistemaren antolakuntza eta funtzionamenduaren gaineko printzipio programatikoak dira:

a)   Pertsona sistemaren oinarrizko helburutzat hartzea; izan ere, haren nortasun eta intimitatearekiko errespetua garantizaturik, hautatzeko gaitasuna sustatu eta benetako berdintasun-baldintzetan zerbitzu sanitarioetara heltzea erraztuko zaio.

b)   Herritarren partaidetza, bai planen eta helburuen formulazioari dagokionez, bai berorien exekuzioaren emaitzen jarraipenari eta azken ebaluazioari dagokienez.

c)   Sistemaren kontzepzio integrala, hala jarduketen planifikazioan nola izan behar duen orientazio unitarioan, osasuna sustatzea, prebenitzea, sendatzea eta errehabilitatzea lortzeko helburua duela.

d)   Baliabideak eta jarduketak lehentasunez osasuna sustatzera eta gaixotasunak prebenitzera orientatzea.

e)   Banapen-printzipioari jarraituko zaio antolakuntzaren barne-garapena egiteko, esan nahi baita, sistemaren erregulazio eta finantziazioko zereginak zerbitzu sanitarioak ematetik bereiztuko direla.

f)    Euskadiko Autonomi Elkarteak ziurtatzen dituen prestazio sanitarioen katalogoa diru publikoz finantzatzeko esparrua nahikoa izatea.

g)   Eraketa, garapena eta espezializazioa zerbitzu sanitarioak emateko helburuak finkatzeari eta baliabideak asignatzeari loturik egitea.

h)   Zentro publikoen arteko lehiakortasuna handitzea, kalitateko gestio efiziente eta kalitatekoaren printzipioei jarraituz.

i)    Profesional sanitarioek erantzukizuna eta partaidetza izatea, haien esku dauden baliabideen antolamendu-erabakiei eta gestioari dagokienez.

j)    Osasun sistemaren osagai publiko eta itunduak etengabe ebaluatzea, irizpide objetibo eta homogeneoak aplikatuz.

9. Atala - Sistemaren jarduera instrumentalak

      Sistemaren printzipio programatikoak betetzea errazteko, ondoko jarduerak lehentasunez garatuko dira:

a)   Beharrezko azterlan epidemiologikoak egitea eta haiei jarraitzea, osasunarekiko arriskuen prebentzioa eta planifikazio eta ebaluazio sanitarioak efikazia gehiagorekin orientatzeko.

b)   Beharrezko informazio-sistemak sortzea, sistemako erantzukizun-maila ezberdinetan egokiro jardutea errazteko. Horretarako, osasunari buruzko datu pertsonalak bildu eta tratatu ahal izango dira sistemaren zuzendaritza, planifikazio eta programazioko eginkizunetan jarduteko; baina, ikututako pertsonaren baimena izan ezean, jarduketa behar bezala baimenduta egon beharko da, eta informazioaren anonimatoa garantizatzen duen aurretiko prozedura disoziatzailea burutu beharko da.

c)   Zerbitzu sanitarioen emaileek kalitatea sustatzeko neurriak hartzea, bai eta kalitate-kontrol orokorrak jartzea ere.

d)   Barneko eta kanpoko auditoria- eta kreditazio-sistema bat antolatzea dauden baliabideen kalitatea neurtzeko, baliabide profesionalak izan zein azpiegitura sanitariokoak izan; aipatu sistemaren sustapenean profesional guztiek parte hartuko dute.

II ATALBURUA

HERRITARREN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

10. Atala - Eskubide eta betebehar instrumentalak eta osagarriak

      1.-     Euskadiko osasun Sistemak garantizatuko ditu osasun-babesarekiko eskubidearen lege-erregulaziotik eratorritako eskubide eta betebehar instrumental eta osagarrien garapena eta jarraipena, besteak beste, ondokook bultzatuz: zerbitzu sanitarioekin harremanetan ari diren pertsonen nortasuna, duintasuna eta intimitatea ahalik gehien errespetatzea, baita ere prozesu diagnostiko zein terapeutiko guztiak idatzita jasota uzteko dagoen betebeharra gordetzea eta, informazio-betekizunak aurretiaz bete ondoren, kasuan kasuko baimena biltzea.

      2.-     Herritarrak estaldura publikoko zerbitzu sanitarioetara heltzeko prozedurak benetako berdintasun-printzipioa garantizatuko du. Bestalde, prozedura horien arabera, antolakuntza-baldintzak jartzeko ahaleginak egingo dira, helburu bi lortzeko: herritarrek zerbitzu sanitarioak eta profesionalak aukeratzeko gaitasuna progresiboki zabaltzea eta herritarrek beren eskubide nahiz betebeharrei buruz behar duten informazioa ematea.

11. Atala - Herritarren partaidetza

      Euskadiko sistema sanitarioan herritarren partaidetza posible izan dadin, araudiz partaidetza komunitarioko kontseiluak sortuko dira, Autonomi Elkarteko eremukoak eta osasun-barruti bakoitzaren eremukoak; kontseiluek kontsulta- eta aholkularitza-ahalmenak izango dituzte, ondoko hauetan hain zuzen: sistemaren plan eta helburu orokorren formulazioan, exekuzio-emaitzen jarraipenean eta azken ebaluazioan. Kontseiluak osatzeko irizpideetan kontuan hartuko da lurralde eta sektore sanitarioko ordezkariak partaide izatea; halaber, partaide izango dira toki-administrazioen ordezkariak, elkargo profesional sanitarioenak, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteenak, sindikatuenak eta enpresa-erakundeenak.

III ATALBURUA

SISTEMA ARAUTZEA ETA FINANTZATZEA

12. Atala - Sistemaren zuzendaritza, planifikazioa eta programazioa

      1.-     Euskadiko sistema sanitarioaren zuzendaritza, planifikazioa eta programazioa Eusko Jaurlaritzaren eskumena da; Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko organo aginpidedunen bidez exekutatzen da.

      2.      Eginkizunak hauexek dira:

a)   Aginteaz baliatzea eskatzen duten interbentzioak, osasun publikoaren tutela orokorra garantizatzeko beharrezkoak direnak.

b)   Estaldura publikoko prestazio sanitarioetarako eskubidea duten pertsonekiko harremanen antolaketa.

c)   Osasun-helburuak, halaber jarduerakoak, aurrekontuetako kredituen kontura kargatzea.

d)   Sistemak dituen titularitate publikoko baliabideen dispositiboaren mugatze estrategikoa, biztanleen osasun beharren arabera.

e)   Hala dagokionean, osasun sistema nazionalak eskaintzen dituen oinarrizko prestazioen katalogoa zabaltzea.

13. Atala - Euskadiko Osasun Plana

      1.-     Euskadiko Osasun Plana sistema planifikatzeko eta programatzeko lanabes nagusia da; izan ere, plan horren bidez politika sanitarioko osasunari buruzko oinarrizko helburuak ezarriko dira, eta, era berean, haren bidez zehaztuko dira plana indarrean dagoen bitartean egongo diren baliabideekin atenditu beharreko lehentasunak.

      2.-     Eusko Jaurlaritzari dagokio hura onartzea, sanitateko organo arduradun nagusiaren proposamenaz, eta Legebiltzarrean aurkeztu beharko da Araudia jarraituz komunikazio gisa tramitatzeko. Batez ere, ondoko zehaztapenak bilduko ditu:

a)   Biztanleriaren osasunaren mailak eta beharrizanak eta zerbitzu sanitarioetara heltzeko baldintzak ebaluatzea.

b)   Patologiei, osasun-arriskuei eta atenditzeko lehentasuna ematen zaien gizarte-taldeei buruzko politika sanitarioko lehentasunak, baita lehentasunez garatu beharreko modalitate asistentzialei eta zerbitzuen tipologiari buruzkoak ere.

c)   Sistemaren prestazio sanitarioen karterari buruzko eta osasun plana garatzeko beharrezkoak diren finantzazko, gizazko eta gauzazko eskuarteei buruzko norabideak eta irizpide estrategikoak.

d)   Sistemaren osasun, gestioko eta kalitateko helburuen ebaluazio-adierazleak.

      3.-     Osasun alorrean eskumena duen sailari dagokio urtero-urtero prestatu eta Legebiltzarrari bidaltzea txosten bat Euskadiko Osasun Planaren helburu eta xedapenen neurketarekin.

14. Atala - Atentzio prebentiboa eta osasunaren sustapena

      1.-     Izen horren barruan jarduketa hauek daude: batetik, osasunari buruzko oinarrizko legeriak egiten duen esparru-zerrendarekin bat etorriz, osasuna babesteko, sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko egindako jarduketak, eta bestetik, osasun indibidualari eta kolektiboari buruzko antolamendu juridikoan adierazitako interbentzio publikoko ahalmenak erabiliz egindakoak.

      2.-     Aurreko sailatalean xedatutakoaren kalterik gabe, Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, osasunaren hezkuntzaren eremuan sistematikoki burutu ditzaketen ekintzetan elkar hartuz arituko dira; izan ere, hezkuntza da elementurik behinena bakoitzaren eta elkarte guztiaren osasuna hobetzeko. Halaber, toki-korporazioek hezkuntza sanitarioari eta osasun publikoaren sustapenari begira orientatuko dituzte lege honetan xedatutakoarekin erlazionatutako jarduketa osagarriak.

      3.      Instituzioarteko kooperazioa indartuko da, bai eta osasun publikoko programak Europar Batasunak emandako erreferenteetan sartzea bermatuko ere. Modu berean, osasun publikoko profesionalen artean lankidetza-neurriak eta informazioko transmisio-neurriak bultzatuko dira, datu konparatiboen erabilera eta talde-jarduketen garapena garantizatzeko.

15. Atala - Toki-administrazioek parte hartzea

      1.-     Euskadiko Autonomi Elkarteko toki-korporazioek antolamendu juridikoak osasun-kontrolaren eta salubritatearen gainean ematen dizkien eskumenak erabiliko dituzte, jarduketa osagarriak egiteko duten instituzio-gaitasunaren kalterik gabe, eta Autonomi Elkarteak, kasua hori bada, delegatzen dizkien eskuduntzen erabileraren kalterik gabe. Euskadiko Osasun Planaren helburuen menpe egongo dira beren jarduketa guztietan, baita Autonomi Elkarteko Osasun Sailaren koordinazioaren eta goi-inspekzioaren menpe ere.

      2.-     Aipatu eginkizunak garatzeko, toki-korporazioek Euskadiko osasun Sistemaren pertsonalaren laguntza teknikoa eta baliabideak jaso beharko dituzte. Horretarako behar diren kooperazio-tresnak sortuko dira, eta, hala dagokionean, koordinazio-organo espezifikoak ere bai.

      3.-     Autonomi Elkarteko plan eta jarraipideen esparruan, toki-korporazioek Euskadiko sistema sanitarioko organoetan parte hartuko dute legerian aurrikusten den erara eta, hala dagokionean, araudiz zehaztuko den erara.

16. Atala - Zerbitzu sanitarioen aseguramendu eta kontratazioaren gestioa

      1.-     Izendapen honetaz jarduketa jakin batzuk adierazten dira, prestazio sanitario indibidualen heltze-prozedurari, administrazioari eta araudiari buruz garatzen diren jarduketak hain justu. Halaber, izendapen berarekin adieraziko dira programa-kontratuei eta hitzarmen sanitarioei buruz behar diren zehaztapenak, aipatu lanabesen jarraipen orokorra eta ebaluazioa barne daudelarik.

      2.-     Aurreko sailatalean adierazitako gestioa, programa-kontratuak egitea eta hitzarmen sanitarioak izenpetzea, jarraipen partikularra eta ebaluazioa, Euskadiko osasun-barruti bakoitzean sortuko diren lurralde-zuzendaritzen kargu egon daitezke. Horiek guztiok egiteko behar besteko autonomia garantizatuko zaie; beren lurralde-esparruko herritarrekiko aseguramendu-erlazioak hartuko dituzte beren gain, eta osasun publikoaren tutela orokorrera bideratutako bestelako jarduketak ere egin ahal izango dituzte, hori guztia Osasun Plana, esparru komuna denez, lurralde bakoitzean aplikatzea eta garatzea izango delarik.

IV ATALBURUA

ZERBITZU SANITARIOZ HORNITZEA

17. Atala - Zerbitzu sanitarioz hornitzeko jarduera

      Lege honen ondorioetarako, zerbitzu sanitarioen hornikuntzak balore instrumentala du, bere bidez pertsonei baliabide antolatua eta homologatua eskainiko baitzaie, eginkizun zehatz bat duena: osasun-egoera sustatzeko, jagoteko eta zuzpertzeko diren prestazio sanitarioak ematea.

18. Atala - Zerbitzu sanitarioez titularitate publikoko baliabideekin hornitzea

      Euskadiko Autonomi Elkartean titularitate publikoko baliabideen hornidura egotea garantizatuko da; hornidura hori beharrizan sanitarioei egokituta egongo da, eta baliabideen arrazionaltasun-irizpideen arabera planifikatuko da.

19. Atala - Programa-kontratua

      1.-     Lege honen ondorioetarako, "programa-kontratu" izeneko lanabes juridikoaren bidez zuzenean antolatzen dira osasun alorrean eskumena duen sailaren eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoko erakundeen artean zerbitzu sanitarioz hornitzeko egiten diren harremanak.

      2.-     Programa-kontratuak hitzarmen berezi baten izaera juridikoa izango du; zerbitzu sanitarioen hornidurako erakundearen ordezkari legalak izenpetuko du, eta bertan zehaztuta geratuko dira, jarduerari eta aurrekontuetako kreditu publikoen karguko finantziazioari dagokienez, ondoko hauek gutxienez:

a)   Jardueraren bolumen osoaren estimazioa eta estalduraren barruan dauden kontingentzia sanitarioen aurrikuspena.

b)   Zerbitzu sanitarioek bete beharreko kalitate-baldintzak kuantitatiboki eta aldizka zehaztea.

c)   Aurrekontuetako kredituen kargutan izendatutako jardueraren estaldura ekonomikoari buruzko azken estimazioa, ordainketen aldizkakotasuna eta ordainketarako dokumentazio justifikatiboa.

d)   Osasun-kontrolari eta auditoria sanitarioari buruzko baldintzak eta prozedura.

e)   Alderdiek hitzarmenaren aplikazioaren ondorioz sor daitezkeen berrikuspen, egokitze eta gainerako intzidentziei dagokienez hartzen dituzten erantzukizun-mailak.

III IDAZPURUA

ZERBITZU SANITARIOZ HORNITZEKO EGITURA PUBLIKOEN ANTOLAMENDUA

II ATALBURUA

ERAKETA

20. Atala - Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoa

      Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoa sortzen da, zuzenbide pribatuko ente publikoko izaera juridikoz, eta sanitatean eskumendun den Administrazio Orokorreko sailari atxikia. Nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ematen zaizkio, bere helburua, hots, bere menpeko zerbitzu-erakunde publikoen bidez zerbitzu sanitarioz hornitzen jardutea, bete dezan.

21. Atala - Araubide juridikoa

      1.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoa lege honen aginduek eta Gobernuak emandako arauzko xedapenek arautzen dute; izan ere, Gobernuari dagokio haren estatutu sozialak ezartzea.

      2.-     Zuzenbide pribatuari lotuko zaio araubide ekonomikoari eta ogasun eta finantza-araubideari, antolamendu eta barne-funtzionamenduko araubideari eta kanpoko harreman juridikoei dagokienez, ondoren aipatuko diren zertzeladen kalterik gabe:

a)   Euskal Herriko Ogasun Orokorraren gai propio guztietan, Autonomi Elkarteko legerian zuzenbide pribatuko ente publikoekiko xedatutakoari lotuko zaio. Kontrol ekonomikoa, berriz, ekonomia-finantzen eta gestioaren kontrol iraunkorreko modalitateari jarraituz egingo da, Euskadiko Autonomi Elkarteko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

b)   Osasun alorrean eskumena duen sailarekiko harremanetan, lege honetan xedatutakoari lotuko zaio, hain zuzen, programa-kontratuak arautzen dituzten xedapenei.

c)   Kontratazioa administrazio publikoen kontratuei buruz legeriak pertsonifikazio juridiko bakoitzarentzat ezartzen dituen aurrikuspenei lotuko zaie.

d)   Pertsonalaren araubidea lege honetan dauden xedapenei eta aplikazio espezifikoko gainerako arauei lotuko zaie.

e)   Entearen menpe dauden erakundeak ez dira administrazio-organotzat hartuko; hala ere, administrazio-organoen araubide juridikoari loturik egongo dira, administrazio-ahalmenak darabiltzatela, ekintzen eraketari eta ekintzok kanporatzeari dagokien guztian, eta ondoren datorren 3. sailatalean xedatutakoarekin bat etorriz.

      3.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoa zuzenbide publikoari lotuko zaio; bere ekintzek administrazio-bidea agortuko dute, bai zuzenean nahiz delegazioaren bidez emandako administrazio-ahalmenak erabiltzen dituenean, bai ekintzok bere ondare-araubideari dagozkionean, edo, bere zerbitzuen funtzionamendua dela-eta, hirugarrenekiko ondare-erantzukizunari dagozkionean.

22. Atala - Zuzendaritza-antolakuntza

      1.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren zuzendaritza-organoak bi dira: administrazio-kontseilua eta presidentea; presidente-kargua sanitatean eskumendun den saileko sailburuak beteko du.

      2.-     Administrazio-kontseilua hauek osatuko dute: presidenteak eta, gehienez ere, beste bost kidek, Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazioaren ordezkari direnak. Kontseiluaren aginpideak hauek dira: enteari atxikitako baliabideen planifikazio estrategikoa, jarduketen zuzendaritza, gestioaren goi-kontrola eta entearen menpeko zerbitzu sanitarioak emango dituzten sarearen muturreko erakundeak eratzeko prozesua eta intentsitatea gidatu eta bultzatzeko beharrezko ahalmenak, nortasun juridikoa emateko ahalmena izan ezik.

      3.-     Araudiz, hain zuzen estatutu sozialen bidez, entearen administrazioko eta gestio korporatiboko erakunde zentrala sortuko da, Administrazio-kontseiluari laguntzeko egitura zuzentzaile gisa. Zuzendaritza-organoen akordioak betetzeko, besteak beste, aginpide hauek izango ditu: entearen menpeko zerbitzu sanitarioak emango dituzten erakunde guztiekiko ezarriko diren lankidetza, kontrola, koordinazio estrategikoa eta gestio-aginte zentralizatuak.

23. Atala - Gestio-araubidea

      1.-     Ente publikoko erakundeek egingo dute zerbitzu sanitarioen horniketa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari atxikitako baliabideekin. Erakundeok ekonomia-finantzetako eta gestioko autonomiaren printzipioaren arabera jardungo dute.

      2.-     Aipatutako erakundeak eratu ahal izango dira, bai entearen barruan, nortasun juridiko gabeko erakunde sanitario gisa, bai haren menpean, titularitate publikoz eta nortasun propioz. Kasu honetan, antolamendu juridikoan aurrikusitako erakunde-figuretatik edozein har dezakete, Gobernuaren dekretu bidez sortuko direlarik.

      3.-     Edonola ere, gestioko autonomiarekin batera, zerbitzu sanitarioz hornitzen duten Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoko erakundeei gaitasuna ematen zaie Administrazio Orokorraren organo eskumendunarekin programa-kontratu bat egiteko, lege honek adierazten duen moduan. Halaber, ente publikoaren esparru finkatuan, beren aurrekontu indibiduala eta epe labur nahiz ertaineko gestioko planak ere onartuta edukiko dituzte.

II ATALBURUA

BALIABIDE MATERIALAK

24. Atala - Baliabideak

      1.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren eta honen menpeko erakundeen baliabideak hauek dira:

a)   Beren estatutu sozialek adieraz dezaketen hasierako horniketa.

b)   Euskadiko Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorretan entearentzat izendatzen diren kredituak.

c)   Enteari atxikitako ondarearen produktuak eta errentak; ondare hori Euskadiko Autonomi Elkarteko ondarean aitortutako eskubideetakoa da, edo hauen barruan dago.

d)   Zuzenbide pribatuko sarrerak, hots, entearen jardueran aritzeagatik nahiz hirugarrenei zerbitzuak emateagatik sortutakoak, hirugarren horiek zerbitzuak ordaintzeko betebeharra izanez gero.

e)   Legearen arabera atribuitu dakiokeen beste edozein baliabide.

      2.-     Euskadiko Autonomi Elkartearen ondasunak eta eskubideak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoari atxikiko zaizkio bere kargu duen helburua betetzeko. Hori guztia, Euskadiko Autonomi Elkarteari transferitutako eginkizun eta zerbitzuen gaineko arauetan aipatzen den Gizarte Segurantzako ondarearen atxikipenaren kalterik gabe.

      3.-     Ogasun eta finantzetako gaietan eskumendun den sailaren proposamenez, araudiz ezarriko da entearen menpeko erakundeek komun izango duten ekonomia-finantzetako araubidea.

III ATALBURUA

PERTSONALAREN ARAUBIDEA

25. Atala - Ezarpen-eremua

      Pertsonalari buruz lege honetan ezartzen den araubide estatutarioa aplikagarri izango zaio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoan zerbitzuak ematen ari den pertsonal guztiari, kasuan kasuko integrazio-prozesuetatik erator daitezkeen salbuespenen kalterik gabe.

26. Atala - Pertsonalaren egitura eta antolaketa

      1.-     Lege honen bidez antolatzen da araubide juridiko honen ezarpen-eremuko pertsonalaren egitura eta antolaketa: lehenengoz, funtzioetan jardutean bete beharreko inpartzialitate- eta profesionalitate-printzipioen arabera; bigarrenez, autoorganizazio-, arrazionalizazio-, hobekuntza- eta integrazio-gaitasunaren arabera, baliabideen planifikazioan Euskadiko sistema sanitarioak dituen helburuei dagokienez, eta hirugarrenez, zerbitzu sanitarioen prestazioak ikutzen dituen interes orokorrak gestionatzeko behar diren efizientzia, efikazia, erantzukizun, partaidetza eta objetibitatearen arabera.

      2.-     Enteko zuzendaritza-organoak eta beraien gestio-egiturak araubide juridiko honetako aginpideez baliatuko dira.

      3.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko pertsonal-plantilak Administrazio-kontseiluak onartuak izan beharko dira. Lege honen ondorioetarako, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren plantilatzat ondoko hau hartuko da: egitura-izaerako lanpostuetan diharduen pertsonal guztia, nahiz antolakuntza zentralekoa nahiz zerbitzu sanitarioak ematen dituzten erakundeetakoak izan. Gobernu Kontseiluak urtero erabakiko du, Osasun Sailaren proposamenez, eta talde profesionalen arabera, plantilen pertsonalaren gehienezko kopurua zein izan behar den.

      4.-     Entearen erakunde bakoitzak bere barne-planifikazioa erabakiko du, dituen estrategia- eta gestio-planen bidez, eta giza baliabideetako beharrizanak zehaztuko ditu. Egiturazko beharrizanak dauden efektiboekin bete ezin direnean, hautapen-prozedurak egon daitezke; enteak onartuak izan behar dira prozedurok, eta modu zentralizatuan zein desentralizatuan burutuko dira.

      5.-     Lanpostu funtzionala erreserbatzeko eskubidea duen pertsonal finkoa ordezteko, enplegu-erlazio estatutario bitartekoa sortuko da, egoerak irauten duen aldirako soilik izango dena. Era berean, bitarteko pertsonal estatutarioaren bidez alegia, beteko dira baimendutako egiturazko efektiboak, lege honek lanpostuak betetzeko ezartzen dituen bideez betetzen ez diren bitartean.

      Halaber, enpleguko erlazio estatutarioak sor daitezke, behin-behinekoak izanik eta denbora partzialerako nahiz osorako araubidean daudela, efektiboak behar direnean, eta egituraren aldetik haiek behin-betiko egotea aurrikusita ez dagoenean, edo denboraldi zehaztuan lanak egiteko direnean, beti ere, behar besteko dotazio ekonomikoa egonez gero. Aipatu enpleguko erlazio horiek 6 hilabetera artekoak izango dira, eta gehienez 3 urtera arte luzagarriak.

      Arau honetan aurrikusten diren lanpostuak betetzeko araubideen araberako hautaketa-antolaketetan berdintasun-, publizitate-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak gordeko dira.

      6.-     Goi-espezializazioko aparteko kasuetan, eta 26.5 ataleko hirugarren lerroaldean jasotako printzipioen arabera hautapen-prozesua egin ondoren, aldi baterako kontratatu ahal izango dira profesionalak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren menpeko zerbitzu sanitarioak ematen dituzten erakundeetan jarduteko. Haien jarduketa izenpetzen den kontratu bakoitzean aurrikusitakoaren araberakoa izango da; horrek ez du ekarriko plantilako lanpostu funtzional berririk sortzerik, ez eta dauden lanpostuen gainean eskubiderik hartzerik ere.

27. Atala - Zuzendaritza-karguak

      1.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoko zuzendaritza-pertsonala izango da, administrazio-izendapena dela bide, behin-behineko gerentzia- edo zuzendaritza-lanak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoko edozein gestio-egituretan egiten dituena, baldin eta lanok pertsonal estatutario finkoari erreserbatu ez bazaizkio. Modu librean izendatuko da eta kargutik kenduko, arau honek ezartzen dituen terminoetan. Egoera horretara hel daitezkeen pertsonek ez dute zertan eduki aurretiko loturarik Administrazio Publikoarekin; bestalde, entearen zerbitzura dagoen pertsonal laboral finkoa, edo Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrekoa, heltzen denean, nahitaezko exzedentzian dagoela ulertuko da dagokien laneko legeei jarraiki, eta entearen zerbitzura dagoen pertsonal estatutario finkoa heltzen denean, edo Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko pertsonal funtzionarioa heltzen denean, zerbitzu berezietako administrazio-egoeran dagoela ulertuko da; azken suposamendu honi dagokionez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 62.1 atalak horretarako ezartzen dituen suposamenduen kopurua handitu egin dela ulertzen da.

      2.-     Entearen antolakuntza zentraleko zuzendaritza-karguen egitura bere estatutuetan xedatutakoarekin bat etorriz ezarriko da; enteak, berriz, bere eskumenetako esparruan, menpeko zerbitzu sanitarioak ematen dituzten erakundeetako zuzendaritza-pertsonala zehaztuko du, entearen estatutuek antolakuntza bakoitzeko xedatzen dituzten dimentsio- eta egitura-irizpideen arabera. Zuzendaritza-pertsonalaren izendapenak, azken antolakuntza horiei dagokienez, aurretiko deialdi publikoa eskatzen du eta deialdi horretan ezarri beharko dira gaitasun eta esperientzia profesionalari buruz behar izango diren baldintzak.

      3.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoko zuzendaritza-pertsonalaren ordainketa-araubidea Administrazio-kontseiluak ezartzen duena izango da, beti ere, Goren-Kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legean, Euskadiko Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorrei buruzko legeetan eta gai honetan aplikagarriak diren gainerako xedapenetan finkatutako mugen barruan.

28. Atala - Pertsonalaren estatutu juridikoen arau komunak

      Lege honek ezarritako araubide estatutarioko pertsonalari, lege honen arau komunen garapenean estamentu bakoitzeko xedatuko diren estatutu juridikoak aplikatuko zaizkio. Hona hemen estamentuok:

a)   Pertsonal fakultatibo medikoa: fakultatibo medikoen eta teknikoen talde profesinalaren barruan dago; bere kategoriaren eginkizunak beteko ditu, dagokion arautegian modu ofizialean aitortutako espezialitate ezberdinak kontuan hartuz.

b)   Pertsonal sanitario ez-fakultatiboa: diplomatu sanitarioen, tekniko espezialista sanitarioen eta tekniko laguntzaile sanitarioen talde profesionalen barruan dago; bere kategoriaren eginkizunak beteko ditu, modu ofizialean aitortutako erizaintza-espezialitateak eta gainerako jarduera sanitario profesionalak kontuan hartuz.

c)   Pertsonal ez-sanitarioa: aurreko sailataletan ikusten ez diren talde profesionalen barruan dago; kategorien arabera beteko ditu administrazio-gestioko eta zerbitzu orokorren gestioko eginkizunak, hau da, zerbitzu sanitarioz hornitzeko jarduera behar bezala garatzeko beharrezkoak diren eginkizunak.

      Lege honetan aurrikusitako araubide estatutarioa behar bezala aplikatzeko beharrezkoak diren aspektu guztiak, goian aipatutako estamentuen estatutu juridikoek garatuko dituzte, beti ere, ondoko arau komunak betez:

Lehenengoa - Enpleguko erlazio estatutarioa

1.-  Lege honek ezartzen duen araubideko langile publikoak bere zerbitzuak zerbitzu profesionalaren bidez emango ditu; erlazioa ordaindua eta berezia izango da beteko duen eginkizunaren arabera; bere enpleguko erlazio estatutarioak ondoko eskubideak, betebeharrak eta garantiak ditu:

a)   Eskubideak: dagokion ordainsaria, beharrezko atsenaldia, diskriminatua ez izatea, sindikazioa, greba eta lan-baldintzen zehaztapenetan parte hartzea.

b)   Eskubideak: Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorra, jubilazioa (borondatezkoa zein nahitaezkoa), beti ere, funtzio publikoari buruzko legeria orokorrean aurrikusitako suposamenduetan eta aipatu prebisio sozialeko araudiaren araberako ordainsari-baldintzetan.

      1-b) apartatu honetan xedatzen dena hor egon arren, pertsonal estatutarioari, honek 65 urte betetzean, nahitaezko jubilazioaren ofiziozko adierazpena ez zaio egingo zerbitzu aktiboko egoera utzi dezaten arte, eta egoera horretan jarraitzea borondatez luzatu ahal izango dute, gehienez, 70 urte bete arte. Araudi bidez emango dira eskubide honetaz baliatzeko beharrezko diren prozedura-arauak.

c)   Betebeharrak: ordainsariaren ordez zerbitzuak emateko betebeharra, efektibitate eta presentzia fisikoko terminoetan, eginkizunean edo karguan fidel arituz ente publikoak ezartzen dituen jarraipide eta helburuei jarraiki, eta lankidetzan arituz hala zerbitzuak hobetzeko nola eginkizunetan jardutean, fede onaren, diligentziaren, profesionalitatearen eta inpartzialitatearen arauekin adostasunean.

d)   Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak, zeinetan araubide hauei loturiko pertsonalak bere zerbitzuak ematen dituen, bere langileei karguetan aritzeko behar besteko babesa emango die, lege honetan aurrikusitako mugeei eta baldintzei loturik, eta haien independentzia garantizatuz.

2.-  Lotura estatutario hori lortzeko, ondoko baldintzak bete behar dira:

a)   Dagokion hautapen-prozedura gainditzea.

b)   Agintari eskumendunak emandako izendapena.

c)   Arauzko epearen barruan jabegoa hartzea.

Lege honek araututako integrazio-suposamenduak, zenbait baldintzatan, goian esandakotik kanpo gelditzen dira: baldin eta Osakidetza organismo autonomoari atxikitako pertsonalari buruzkoak badira, eta pertsonal horren enpleguko erlazioan Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoa subrogatuta geratzen bada.

3.-  Estatutu-lotura lortzeko hautapen-prozedurak gordeko dituen printzipioak berdintasuna, publizitatea, merezimendua eta gaitasuna, eta sistema honen bidez helduko da dagokion taldeko kategoriara. Deialdietan zehaztuko dira beteko diren destinoak eta lanpostu funtzionalak. Hautapen-probek, oro har, bi fase izango dituzte, lehiaketa eta oposizioa, baina oposizioa bakarrik izan daiteke, kategoriaren arabera egin beharreko eginkizunengatik edo aurrikus daitekeen izangaien kopuruarengatik, horrela egitea aholkugarria gertatzen denean.

4.-  Lotura estatutario hori, funtzio publikoko legeria orokorrean jasotako zergati berberengatik galduko da.

Bigarrena - Sailkapena

1.-  Erregimen juridiko horri lotutako pertsonala sailkatzeko lanabesak hauek dira: titulazio-taldea, talde profesionala, kategoria eta betetzen ari den lanpostu funtzionala.

2.-  Titulazio-talde lanabesak pertsonala sailkatzeko darabilen oinarria sarrerarako exigitutako titulazio-maila da. Titulazio-talde bakoitzean sartuko dira talde horri dagozkion talde profesionalak.

3.-  Talde profesionalean sailkatzeko oinarriak hauek dira: gaitasun profesionalak talde batean batzea eta ematen den prestazioko zereginen eduki espezifikoa.

4.-  Talde profesional bakoitzean kategoria ezberdinak bilduko dira, eskatutako titulazio espezifikoen arabera, modu ofizialean onartutako espezialitate ezberdinak barruan izan daitezkeelarik. Kategoria bakoitzeko pertsonalari eskatuko zaizkio, batetik, ingresatzeko eskatu zaion lanbide-titulazioaren araberako zereginak betetzea, eta bestetik, formazio akademiko konkretu bakoitzeko ezagupen espezifikoen jabe izatea eskatzen duten eginkizunak betetzea.

5.-  Talde eta kategoriak sortzea, aldatzea nahiz kentzea Eusko Legebiltzarreko lege bidez egingo da. Legean adieraziko dira haien izena, biltzen dituzten titulazioak eta, espezialitate teknikoa dela-eta, tratamendu espezifikoa behar duten gaiak araudiz artikulatzeko behar diren irizpideak.

6.-  Plantila lanpostu funtzional ezberdinetan egituratuko da; izan ere, lanpostu funtzional horiek sailkapen-lanabes dira pertsonalaren antolamendua, sustapena eta garapen integrala lortzeko. Araudiz artikulatuko dira kategoriaren araberako lanpostu funtzional ezberdinak, ondoko irizpideak kontuan harturik:

a)   Lanpostu funtzional bakoitzaren zehaztapena garapen profesionala bultzatzeko mekanismo bat izango da; horregatik, lanpostu funtzional bakoitzak definituta eduki beharko du bertan aritzeko eskatzen den perfil profesionala. Izaera sanitarioko kategorietako lanpostu funtzionalen perfil profesionalean asistentzia, irakaskuntza eta ikerketari buruzko aspektuak ere sartu beharko dira.

b)   Lanpostu funtzional batean ingresatzeak ondoko hauek ekarriko ditu: asignatutako ordainketa-ondorioak, kategoriaren lan eta eginkizun propioei dagokien erantzukizun funtzionaleko maila espezifiko baten kargua eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren egituraren bateko destinoa. Oro har, sustapenez goragoko edozein lanpostu funtzionaletara heltzeak hauek ekarriko ditu: erantzukizun hierarkiko handiagoa bere gain hartzea, gestioan parte hartzea eta pertsonalaren prestakuntza etengabe garatzea.

Hirugarrena - Lanbide-sustapen eta destinoak betetzea

1.-     Araubide honi loturiko pertsonalaren lanbide-sustapena beste lanpostu funtzionaletara eta destinoetara heltzeko posibilitatearen bidez gauzatuko da lege honetan aurrikusitako betetze-mekanismoak direla medio, baita titulazio-talde bereko edo goragoko titulazio-taldeetako beste kategorietarako barne-sustapenaren bidez ere.

2.-     Heltzeko hautapen-prozeduretan barne-sustapenaren mekanismoa ezarriko da; mekanismo horren bidez, eskainitako destinoen % 50era arte bete dezake titulazio- edo lanbide-talde desberdinetako pertsonalak, baldin eta interesdunak pertsonal finko badira eta kasu bakoitzean exigitutako baldintzak betetzen badituzte.

3.-     Lehiaketa lanpostu funtzional batera heltzeko nahiz destino bati atxikitzeko sistema arrunta izango da, baina horrek ez dio kalterik egingo, hautapen prozeduretan, izendapen libreko sisteman eta lege honek arautzen dituen lekualdatzeetan aplikatuko den zuzeneko mekanismoari. Destino-atxikipenean, interesdunen lehentasun-irizpideak kontuan hartuko dira, dagokion konkurrentzia-prozesuaren emaitzen araberako lehentasun-irizpideekin batera.

4.-     Lehiaketa-deialdi guztiak publikoak izango dira, deialdi bakoitzean parte har dezakeen pertsonal finkoa deialdiari dagokion kategoriako pertsonala izango da, eta bertan erabakiko dira honek beteko dituen lanpostu funtzionalak, destinoak eta adjudikatzeko merezimenduen baremoa, indarrean dagoen araudian aurreikusitako gainerako baldintzei kalterik egin gabe.

5.-     Lehiaketetan Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoan zerbitzu aktiboan dagoen pertsonal finkoak parte hartu ahal izango du eta aktiboan ez dagoenak ere bai, baldin eta zerbitzu aktiboan sartzeko baldintza legalak eta araudizkoak betetzen baditu. Hauetaz gainera, osasun-sistema nazionalaren instituzio sanitario publikoetako pertsonal estatutarioak ere parte hartu ahal izango du, eta Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorreko karrera-funtzionarioek eta lan-legepeko pertsonal finkoak ere bai, baldin eta deialdiak horrela erabakitzen badu. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoan zerbitzua ematen diharduen bitartean, lege honen araubide osoa eta garapen-arautegia aplikatuko zaizkio pertsonal funtzionarioari.

6.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoan, lanpostu funtzional bat betetzea nahiz destino baten atxikipena lekuz aldatu ahal izango dira beste lanpostu funtzional batera edo beste destino batera osasun-barrutiaren lurralde berberaren barruan, baldin eta interesdunaren kategoriako baldintza propioak mantentzen badira eta aurretiko kontraesaneko espedientea badago. Lekuz aldatzeko zergatiak hauek izango dira: lanpostuaren edukia aldatzea, deialdiko oinarrien baldintzak aldatu direlako, edo lanpostuan jarduteko gaitasunaren faltarengatik, eginkizunetan efikaziaz aritzea galarazten duten errendimendu eskasak hala erakusten badu. Era berean, lekuz aldatzeko kausa izan daitezke bai destino-unitatea bestela antolatzeko beharra, bai Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoan onartutako giza baliabideen planifikazioak eragindako efektiboak berriro asignatzeko beharra.

7.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoko pertsonal finkoak Euskadiko Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrean lanpostuak bete ahal izango ditu, aipatu Administrazioaren lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera eta dagokien deialdiaren arabera.

8.-     Burutzako lanpostu funtzionalek lau urteko eperako izendapen tenporala eduki dezakete, plantilan horrela erabakita badago, hierarkia-irizpideen arabera eginda badago, eta erantzukizun bereziaren edo konplexutasun funtzionalaren araberakoa denean; lau urteko izendapen hori luza daiteke arau honetan ezarritakoaren arabera. Betetzea lehiaketaren bidez egingo da, beti ere, kasu guztietan, lanpostu funtzional horri dagokion perfil profesionalean aurrikusitako baldintzak betetzen direnean.

Burutzako lanpostu funtzional batera heltzen den pertsonalak, aurreko lerroaldian aurrikusitakoarekin bat etorriz, kargua utziko du izendapenaren epea amaitzen denean, luzapena egokitzat jotzen denean izan ezik. Beste berri bat egiteko, erabakia hartu beharko da lege hau garatuz ezarriko den organo kolegiatuaren bidez egindako ebaluazio-prozedurekin bat etorriz. Halaber, indarrean dagoen izendapenaren epea amaitu baino lehen mugitu ahal izango da, baldin eta aurretiko kontraesaneko espedientea badago, eta arau honen aurreko 6. sailatalean aurrikusitako lekualdaketa-zergatiak badaude. Kargu-uzte arruntak nahiz erremozioak beste lanpostu funtzional batera aldatzea ekarriko dute, beti ere, interesdunaren kategoriako baldintza propioei eutsiz.

9.-     Izendapen libreko sistemaren bidez beteko diren lanpostu funtzional bakarrak izango dira dagokien plantilan, salbuespenez eta beren erantzukizun bereziagatik, halaxe jasota daudenak.

Laugarrena - Administrazio-egoerak

Araubide juridiko honi loturiko pertsonala funtzio publikoko legeria orokorrak berdintasun- eta homogenizazio-irizpideen arabera sailkatu dituen administrazio-egoeretariko batean aurkituko da. Erreserbarik egonez gero, erreserba horiek talde profesionalari, kategoriari, lanpostu funtzionalari eta destinoko zentroari dagozkie.

Bosgarrena - Hizkuntz normalizazioa

Euskadiko Autonomi Elkarteko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko arautegian xedatutakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak plan berezia ezarriko du, hizkuntz politikari buruz Autonomi Elkarteko organo eskumendunak xedatzen dituen norabideen arabera; plan horretan zehaztuko dira entearen pertsonalarentzat aplikagarri diren hizkuntz helburuak eta helburuok ondo betetzeko hartu beharreko neurriak.

Aurreko atalean aipatutako plan hori elaboratuta ez dagoen bitartean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak hautapenerako eta lanpostuak betetzeko burutzen dituen prozesuetan, funtzio publikoko legerian aurrikusitako arauak, alegia, euskaraz jakitea merezimendutzat hartzeari buruzkoak, aplikatuko dira.

Seigarrena - Ordainketa-sistema

Araubide honi loturiko pertsonalaren ordainketak lege honetan ezartzen diren kontzeptuengatik bakarrik egin ahal izango dira. Kontzeptu horiek hauek dira, oinarrizko legeriarekin bat etorriz:

1.-     Oinarrizko ordainketak:

a)   Ordainsaria; titulazio-talde bakoitzaren pertsonal guztiarentzat berdina.

b)   Antzinatasuna; titulazio-talde bakoitzarentzat zenbateko berdina, zerbitzuko hirurte bakoitzeko.

c)    Aparteko ordainketak urtean birritan izango dira, eta ordainketa bakoitzeko zenbatekoa, gutxienez, hilabeteko ordainsariaren eta antzinatasunaren zenbatekoa izango da; ekainean eta abenduan ordainduko dira.

2.-     Ordainketa osagarriak:

a)   Destinoko osagarria, kategoriari dagokiona, hamalau hilabetekotan bananduta.

b)   Osagarri espezifikoa, lanpostu funtzionalen eta destinoen zertzeladak ordaintzeko, alegia, zailtasun teknikoa, dedikazioa, erantzukizuna, bateraezintasuna, arriskua zein nekea. Inoiz ere ezin izango da hartu osagarri espezifiko bat baino gehiago aurrean adierazitako zertzelada bakoitzeko.

c)    Produktibitate-osagarria, pertsonala intzentibatzeko, eta ondoko hauek kontuan hartuz: errendimendua, interes nahiz iniziatiba bereziak eta programetan zein jarduketa zehaztuetan parte hartzea. Zenbateko indibiduala dagozkion dotazio ekonomikoen eremuan zehaztuko da, eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak aurrezarritako irizpide eta helburuen arabera.

d)   Etengabeko atentzioko osagarria; bere bidez pertsonalari ordainduko zaio zerbitzu sanitarioen erabiltzaileak etenik gabe, eta ezarritako lanorduetatik kanpo, atenditzearren.

3.-     Pertsonalak zerbitzuaren arabera egokitu dakizkiokeen indemnizazioak hartuko ditu

Zazpigarrena - Diziplina-araubidea

1.-     Araubide honi loturiko pertsonalaren betebeharrak edo eginbeharrak ez betetzea hutsegitetzat joko da eta dagozkion zigorrak izango ditu. Diziplina-araubidea euskal funtzio publikoko legeriak ezartzen dituen printzipioei eta arauei lotuko zaie, barne egongo direlarik legeriak berak oso hutsegite larritzat tipifikatzen dituenak eta hutsegite horiei dagozkien zigorrak.

2.-     Lege honen garapenerako, araudiz zehaztuko dira hutsegite larriak eta arinak, baita loturik daramatzaten zigorrak ere. Dagozkien sailkapenak ondoko irizpide hauek izango dituzte oinarritzat: intentzionalitatea, zerbitzua nahastea, langilearen edo Administrazio publikoaren beraren duintasunari erasotzea, zerbitzuen erabiltzaileenganako kontsideraziorik eza, errepikatzea eta berrerortzea. Ezarriko den diziplina-prozedurak batez ere helburu hau lortu nahi du: jarduketetan nahiko arintasun eta berehalakotasuna lortzea.

Zortzigarrena - Bateraezintasunak

Gai honen gaineko oinarrizko legeria orokorra aplikatuko da.

Bederatzigarrena - Lan-baldintzak zehaztea

Oinarrizko legeria orokor aplikagarriaren esparruari dagokionez:

a)   Akordioek Gobernu Kontseiluaren onarpen ageriko eta formala izan beharko dute, balioa eta efikazia izan ditzaten; negoziazioan akordiorik ez dagoen kasuetan, edo aipatutako onarpen ageriko eta formala lortzen ez denean, lan-baldintzak zehaztea Gobernu Kontseiluaren zeregina izango da.

b)   Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoko negoziazio kolektiboko esparru orokorra mantentzearen kalterik gabe, aspektu espezifikoetan gero eta deszentralizazio gehiago beharko da, lege honek ezartzen duen gestio-autonomiaren printzipioaren aplikazioarekin bat etorriz.

c)   Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak eta sindikatuek prozedurak ezarriko dituzte, horretarako izenpetutako akordioen bidez, lan-baldintzak zehaztean edo itun zein akordioak ez betetzeagatik sor daitezkeen gatazkak konpontzeko.

IV IDAZPURUA

29. Atala - Osasun-egiturak, interes publikoko zerbitzu gisa

      1.-     Lege honen ondorioetarako interes publikoko zerbitzutzat hartzea dela-eta, Euskadiko Autonomi Elkartearen menpe zuzenean jarrita ez dauden eta haren lurraldean jarduten duten egitura sanitarioak osasun publikoaren tutela orokorra garantizatzeko helburuaz emandako ordenazio-arauei lotuko zaizkie, haien titularitatea edozein izan daitekeelarik; bestalde, aipatu egitura sanitariook beren jardueran aritzeko, aurretiko administrazio-osasuneko baimen-printzipioarekin bat etorriko dira, enpresa-askatasunaren eta lanbide sanitarioen jardute librearen kalterik gabe.

      2.-     Hitzartutako egitura sanitarioek Euskadiko osasun Sisteman parte har dezakete, bertan operatiboak izanik, modu osagarrian eta planifikazioaren ondorioetarako.

30. Atala - Zerbitzu sanitarioz hornitzeko xedez erakunde pribatuekin ezarritako harreman juridikoak

      1.-     Osasun alorrean eskumena duen Sailak zerbitzu sanitarioz hornitzeko edozein entitate pribaturekin ezartzen dituen harremanak, homologatu ondoren, gai horri buruz oinarrizko legeria orokorrean eta lege honetan xedatutakoaren arabera bideratuko dira.

      2.-     Hitzarmen sanitarioa baliabide publikoen erabilera optimoa kontuan hartuta egingo da. Hitzarmen sanitario bakoitzean, alderdien elkarrekiko eskubideen eta betebeharren klausulez gain, ziurtatuta geratuko da erabiltzaileen eskubide instrumental eta osagarriekiko errespetua; eskubide horiek lege honetan zerrendatu dira, eta Administrazioak betetzen direnentz jagongo du.

      3.-     Hitzarmendutako zentro pribatuak beharturik egongo dira Lege honetako 19.2 atalean zerbitzu publikoekiko jarritako gutxieneko puntuak betetzera, baita ere gainontzeko arau legalei darizkien betebeharrak.

V IDAZPURUA

IRAKASKUNTZA ETA IKERKUNTZA SANITARIOAK

31. Atala - Irakaskuntza eta prestakuntza iraunkorra

      1.-     Profesional sanitarioen irakaskuntza graduaurrekoaren, graduostekoaren eta iraunkorraren garapen egokia garantizatzeko, lege honek jarduketa-printzipio orokor gisa betebehar hau xedatzen du: lankidetza-bideak ezartzeko betebeharra, kasuan kasuko irakaskuntza-egituren eta Euskadiko sistema sanitarioko asistentzia-egitura guztien artean hain zuzen.

      2.-     Eusko Jaurlaritzak bere sail guztietako jarduketen koordinazioa zaindu beharko du, sailen prestakuntza-arloko ekintzei dagokienez. Zainketak helburu hau du: Euskadiko sistema sanitarioak funtzionatzeko behar diren giza baliabideen prestakuntza egokia posible egitea.

      3.-     Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskadiko Autonomi Elkarteko esparruan osasunaren zientzietan esku hartzen duten unibertsitateko irakaskuntza-zentro guztiek nahiz unibertsitate-eginkizuna dutenek Autonomi Elkarteko Administrazioarekin koordinatu egin beharko dute beren irakaskuntzako ekintzen programazioa; horretarako, lankidetza-hitzarmenak egingo dira, Euskadiko sistema sanitarioaren helburuekin eta beharrizanekin bat datozen ekintzak garatzeko moduan antolatzea bilatuz.

      4.-     Etenik gabe sustatuko dira osasun-arloko profesional sanitarioen eta ez-sanitarioen eta gestio eta administrazio sanitarioetako profesionalen prestakuntza, birziklapena eta hobekuntza, diziplinarteko perspektibatik hartzen direla. Funtzio horren helburua izango da etengabeko prestakuntzako jarduketen garapen deszentralizatua lortzea, prestakuntza-jarduera lantokietara hurbiltzeko.

32. Atala - Ikerkuntza sanitarioa

      1.-     Euskadiko sistema sanitarioak osasunari buruzko ikerkuntza-jardueren alde egin beharko du, progresatzeko funtsezko elementua da-eta.

      2.-     Osasun alorrean eskumena duen Sailak, bere antolakuntza-egiturako organoen bidez eta Autonomi Elkarteko beste organo eta entitateei dagozkien eskumenen kalterik gabe, ondoko eginkizunen garapenean esku hartu beharko du:

a)   Osasunari eta honen lehentasunei buruzko ikerkuntza-politikaren programazioan, Euskadiko Osasun Planarekin bat etorriz.

b)   Ikerketa-ekintzen planifikazio, sustapen eta ebaluazioan, Autonomi Elkarteko biztanleriaren osasun-arazo eta beharrizanei dagokienez.

c)   Osasun-zientzietako ikerkuntza-programak eta azterlan-programak burutu, bultzatu eta koordinatzerakoan.

      3.-     Atal honetan ikusitako eginkizunak lankidetzan garatu ahal izango dira unibertsitateekin eta gaian eskumena duten gainerako irakaskuntza-erakunde eta entitateekin. Halaber, Euskadiko sistema sanitarioaren helburua izango da ikerketarako diseinu egokia eta egituren horniketa bilatzea.

V IDAZPURUA

ERREGIMEN ZIGORTZAILEA

I ATALBURUA

IKUSKAPENA ETA KAUTELAZKO NEURRIAK

33. Atala - Ikuskaritza

      1.-     Euskadiko Autonomi Elkarteko Osasun alorrean eskumena duen Sailari dagokio bere lurralde-esparruan ikuskapenak egitea, hau da, lege honetan eta gainerako legeria sanitarioan aurrikusitakoa betetzen den ala ez ziurtatzeko beharrezkoak direnak egitea.

      2.-     Euskadiko Autonomi Elkarteko toki-korporazioek eginkizun ikuskatzailea beteko dute, edozein jarduera, zerbitzu nahiz instalaziori dagokionez, antolamendu juridikoak osasun-kontrolean eta salubritatean ematen dizkien eskumenekin adostasunean. Baimen edo erregistro sanitarioak ebazteko beharrezkoak diren jarduketak direnean, ikuskapen-eginkizuna Autonomi Elkarteko Osasun alorrean eskumena duen Sailari dagokio bakar-bakarrik.

      3.-     Administrazio publikoen zerbitzuko pertsonalak, ikuskapen-eginkizunetan behar bezala kreditatuta ari dela, eginkizun ikuskatzailea betetzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egingo ditu; ondoko hauek batez ere:

a)   Lege honi loturiko zentroko nahiz establezimenduko edozein dependentziatara sartzea, aldez aurretik jakinarazi beharrik gabe.

b)   Beharrezko proba, ikerketa nahiz azterketak egitea, lege honetan eta bere garapenerako emango diren arauetan aurrikusitakoa betetzen denentz ziurtatzeko.

34. Atala - Kautelazko Neurriak

      1.-  Ikerketa eta kontrol-jarduketen ondorioz, Euskal Administrazio Sanitarioaren organo eskumendunek kautelazko neurriak hartu ahal izango dituzte lege honen esparruan, osasunaren babesean efektibitatea ziurtatzeko, baldin eta pertsonen osasunarentzat hurre-hurreko arrisku larria badago nahiz arrisku horren arrazoizko susmoa badago.

      2.-  Kautelazko neurriek osasun publikoa urratzetik prebenitzeko jarduketak bildu ahalko dituzte, edo hura konpontzeko jarduerak, hautsi bada; dena dela, neurriok arrisku hurbil-hurbil eta larritzat jotako egoerak exigitzen dituen ekintzen araberakoak izango dira; hori guztia dela-eta, ondorio hauetarako agindua eman daiteke: edozein ondasun edo produktu geldiarazi, merkatutik behin-behinerako kendu edo erabilera debekatzeko; modu berean, jarduerak aldi baterako gelditzeko nahiz debekatzeko, eta zentro, zerbitzu eta establezimenduak ixteko, osasun kolektiboak horrela egitea eskatzen duelako edo instalatzeko eta funtzionatzeko bete beharreko baldintzak betetzen ez direlako.

      3.-  Kautelazko neurri guztiak egokituta egon beharko dira lortu nahi diren helburuekiko proportzionalitate-printzipio mugatzaileetara, eta bizitzarako arriskutsuak diren neurriak baztertu egin beharko dira; bestalde, pertsonen eta ondasunen zirkulazio libreari, enpresa-libertateari edo beste edozein eskubide ikuturi ahalik eta kalte gutxien egiten dieten neurriek, lehentasuna izango dute. Halaber, neurriaren iraupena islatuko da beti, bakoitzari dagokiona. Neurria behin eta berriz luzatzea erabaki ahalko da, ebazpen motibatuaren bidez, baina neurriaren guztizko iraupenak eta luzapenek ezin gaindituko dute justifikatu duen arrisku hurbil-hurbil eta larriaren egoerak exigitutakoa.

II ATALBURUA

HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

35. Atala - Xedapen orokorrak

      1.-  Euskadiko Autonomi Elkarteko barne-sanitatearen gaineko hausteak atalburu honetan ikusitako administrazio-zigorren pean egongo dira, dagokien espedientea aurretik izapidetuta.

      2.-  Prozedura zigortzailea zabalik dagoen bitartean, organo eskumendunak uste badu gertakariak arau-hauste penalak direla, Ministerio Fiskala jakinaren gainean jarriko du, eta jakinarazpenari buruz egindako jarduketen lekukotasuna eskatuko dio. Halaber, prozedura zigortzailea ebatzi behar duen organo eskumendunak Justizi Auzitegian kausa penala izapidetzen ari dela jakinez gero, eta bere ustez administrazio-haustearen eta konkurri dezakeen arau-hauste penalaren artean sujetoaren, gertakariaren eta oinarriaren identitatea dagoela uste badu, prozedura geldiaraztea erabakiko du, harik eta judizioko ebazpen finkoa egon arte. Pertsonen osasun eta segurtasuna babesteko hartu izan diren administrazio-neurriei eutsi egingo zaie, agintari judizialak ezer erabakitzen ez duen bitartean.

      3.-  Ez da inolaz ere zigor bikoitzik jarriko gertakari beragatik eta babestutako interes publiko berberei dagokienez; baina, beste gertakari nahiz hauste konkurrenteetatik datozen gainerako erantzukizunak exigitu beharko dira, ostera.

      4.-  Establezimendu, instalazio nahiz zerbitzuak aurretik baimen edo erregistro sanitarioak ez izateagatik klausuratzea edo ixtea ez dira zigortzat hartuko; halaber, ez da zigortzat hartuko haien funtzionamendua etenaraztea, harik eta akatsak konpondu arte, edo sanitate, higiene nahiz segurtasun arrazoiengatik exigitutako baldintzak bete arte.

36. Atala - Hausteak

      1.-     Arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke hausteak; kalifikazio horietarako kontuan hartzen dituen irizpideak hauek dira: osasun-arriskuak, ustez lortutako onuraren zenbatekoa, intentzionalitate-gradua, sortutako osasun- eta gizarte-aldaketaren larritasuna, haustearen generalizazioa eta berrerortzea.

      2.-     Osasunari buruzko Lege Orokorraren 35. atala garatzeko eta osatzeko, eta beste lege bereziek ezar dezaketenari kalterik egin gabe, jarraian tipifikatzen diren hauek administrazio-haustetzat hartuko dira:

a)   hauste arinak:

1.-  Indarrean dagoen osaun-arautegia ez betetzea, ez-betetze horrek osasun publikoarentzat zuzeneko eraginik ez badu, eta zerrenda honetan espresuki adierazita ez badago.

2.-  Arautegi sanitarioaren aginduz, aurretiko administrazio-baimen sanitarioa eduki behar duten jarduerak gauzatzea edo garatzea arauzko baimen edo erregistrorik sanitariorik gabe, edo haien indarreko epea igarota badago. Eta modu berean, jarduera horien baimenerako oinarri izan ziren baldintza tekniko nahiz estrukturalak agintari eskumendunaren baimenik gabe aldatzea.

3.-  Lege hau aplikatzeko eta garatzeko emandako arautegiak ezarriko dituen informazio sanitarioko erregistroen eta agirien elaborazioan agintari sanitarioekin lankidetzan aritzeko betebeharra ez betetzea; ez-betetze hori izan daiteke edo entitate nahiz pertsona erantzukizundunek datuak eta agiriak emateari buruz ezarriko diren prozedurei ez jarraitzearren edo akats nabarmenak eginez jarraitzen dietelako.

4.-  Zerbitzu sanitarioetara jotzen duten pertsonei beraien eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa ukatzea, lege honetan aurrikusitako terminoetan.

5.-  Identifikazio faltsua edo egiazkotasun-printzipioaren kontrakoa, osasuneko profesionalek beren jarduera profesionalean eta herritarrenganako asistentzia-harremanetan aritzekoan dituzten merezimenduei, esperientziari eta gaitasun teknikoei dagokienez.

6.-  Pertsonen osasunean zuzeneko eragina duten publizitate-iragarpenak edo merkataritza-propaganda jaulkitzea, edo ondasun nahiz zerbitzu sanitarioen kontratazioa bultzatzeko helburuaz eta dagokion administrazio-baimen sanitario barik egiten dena.

7.-  Ikuskapen-lanari oztopoak ipintzea, lan hori nahastu edo atzeratuko duen egiteren zein omisioren baten bidez.

8.-  Arduragabekeria hutsez arautegi sanitarioan ezarritako baldintzak, betebeharrak eta debekuak ez betetzea; halaber, inprudentzia soileko beste edozein portaera, baldin eta portaera horrek osasun-arrisku edo -aldaketa sortzen badu, eta arrisku edo aldaketa horiek garrantzi eskasa badute.

b)   Hauste larriak:

1.-  Baldintza espezifikoak eta agintari sanitarioek formulatutako kautelazko neurriak nahiz behin-betiko neurriak ez betetzea, ez-betetzea lehenengo aldiz egiten bada, eta pertsonen osasunari kalte larririk egiten ez bazaio.

2.-  Datuak emateari, informazioa errazteari, edo agintari sanitarioekiko nahiz hauen agenteekiko lankidetzari erresistentzia ipintzea, ikuskapen-lanen edo osasun-kontrolaren garapenean.

3.-  Eginkizunengatik osasun-egoera indibidualarekin erlazionatutako informazioa eskura izan behar duen pertsonalak pertsonen konfidentzialtasuna eta intimitatea garantizatzeko betebeharra ez betetzea.

4.-  Arduragabekeria larriz ez betetzea arautegi sanitarioan ezarritako baldintzak, betebeharrak eta debekuak; halaber, inprudentzia larriko beste edozein portaera, baldin eta portaerok osasunarentzat arriskua edo aldaketa sortzen badute, nahiz eta garrantzi eskasekoa izan. Ez-betetze bera eta portaera bera hauste larritzat hartuko dira osasun-arrisku edo -aldaketa larria sortzen dutenean ere, nahiz eta arduragabekeria hutsez egindakoak izan. Letra honen ondorioetarako, arduragabekeriatzat hartuko da, bai kontrol-betebeharraren omisioa bai jarduera, zerbitzu edo instalazioan exigi daitezkeen kontrolak eta prekauzioak ez egotea.

5.-  Hauste oso larritzat jotako portaerak arduragabekeriaren ondorioz egitea, sortutako osasun-arrisku edo -aldaketa entitate eskasekoa denean.

6.-  Aditibo edo sustantzia ezezagunak sustatu, jateko saldu, erabili edo edukitzea, baldin eta indarrean dagoen arautegian, jateko produktu edo elikagai horien elaborazioan aipatu sustantzien erabilera baimenduta ez badago, kontsumitzaileen osasunarentzat zuzenean arrisku larririk sortzen ez bada.

7.-  Prestatutako elikagaiak elaboratu, banatu, hornitu eta saltzea, elikagaion ezaugarri sanitario edo nutrizionalen aurkezpenak kontsumitzailearengan nahasketa sortzen duenean, eta aipatutako edozein jarduketatan zigilu nahiz identifikatzaile faltsuak erabiltzea.

8.-  Hauste arinak azken hiru hilabeteetan berriro ere egitea.

9.-  Atal honetan sailkatutako jarduketak, baldin eta jarduketok atal honetako lehen sailatalean ikusitako elementuen konkurrentzia larriaren arabera hutsegite larriko kalifikazioa merezi badute, edo hutsegite arineko nahiz oso larriko kalifikazioa merezi ez badute.

10.-  Kasu bakoitzean aplikagarria den arautegi sanitario berezian emandako kalifikazioaren arabera hutsegite larriko tipifikazioa merezi duten jarduketak, edo hutsegite arineko nahiz oso larriko kalifikazioa merezi ez dutenak.

c)   Hauste oso larriak

1.-  Agintari sanitarioek hartutako kautela-neurriak nahiz behin-betiko neurriak ez betetzea, baldin eta errepikatzen bada edo ez-betetze hori pertsonen osasunari kalte larria egiten badio.

2.-  Agintari sanitarioekiko nahiz hauen agenteekiko erresistentzia, koakzioa, mehatxua, errepresalia, desmena nahiz beste edozein presio modu.

3.-  Arautegi sanitarioan ezarritako baldintzak, betebeharrak nahiz debekuak modu kontziente eta deliberatuan ez betetzea, eta maltzurkeriazko beste edozein portaera, baldin eta bai batak bai besteak osasunarentzat arrisku edo aldaketa larria sortzen badute.

4.-  Janarien prestakuntza, banaketa, horniketa nahiz salmenta, baldin eta janariok gizakiari gaixotasunak sortu edo transmititzeko moduko germen, sustantzia kimiko edo erradioaktibo, toxina nahiz parasitoak badituzte, edo gaiaren gaineko arauetan ezarritako mugak gainditzen badituzte.

5.-  Aditibo edo sustantzia ezezagunak sustatu, jateko saldu, erabili edo edukitzea, baldin eta indarrean dagoen arautegian jateko produktu edo elikagai horien elaborazioan aipatu sustantzien erabilera baimenduta ez badago, eta kontsumitzaileen osasunarentzat zuzenean arrisku larria sortzen badute.

6.-  Gizakiaren kontsumorako ez diren edo beste erabilera espezifikoetarako diren produktuak pertsonek kontsumitzeko desbideratzea.

7.-  Hutsegite larriak azken bost urteetan berriro ere egitea.

8.-  Atal honetan sailkatutako jarduketak, baldin eta jarduketok atal honetako lehen sailatalean ikusitako elementuen konkurrentzia larriaren arabera hutsegite oso larriko kalifikazioa merezi badute, edo hutsegite arineko nahiz larriko kalifikazioa merezi ez badute.

9.-  Kasu bakoitzean aplikatuko den arautegi sanitario berezian emandako kalifikazioaren arabera hutsegite oso larriko tipifikazioa merezi duten jarduketak, edo hutsegite arineko nahiz larriko kalifikazioa merezi ez dutenak.

37. Atala - Zigorrak

      1.-     Hausteak Osasunari buruzko Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera zigortuko dira, haustearen larritasunaren eta aplikatutako zigorraren artean behar bezalako egokitasuna gordez; bestalde, hauste-maila bakoitzean gutxienezko, erdiko eta gehienezko graduazioa ezarriko da, ondokook kontuan hartuta: sujeto hauslearen arduragabekeria eta intentzionalitatea, iruzur edo konnibentzia, aurretiko ohartarazpenak ez betetzea, enpresaren negozioen zifra, afektatutako pertsonen kopurua, sortutako kaltea, haustetik ateratako etekinak, arriskuen iraunkortasun eta iragankortasuna eta beste edozein zertzelada objetibo edo subjetibo, baldin eta zertzelada horrek portaeraren erreprotxabilitate-graduan nahiz inputatuaren erruduntasunean, zentzu aringarrian edo astungarrian, eragina izateko birtualitatea badu.

      2.-     Aurreko sailatalean ezarritakoaren arabera, ondoko isun-zigorrak egongo dira:

a)   Hauste arinak:

Gutxienezko gradua: 100.000 pezetararaino.

Erdiko gradua: 100.001 pezetatik 300.000 pezetararaino.

Gehienezko gradua: 300.001 pezetatik 500.000 pezetaraino.

b)   Hauste larriak:

Gutxienezko gradua: 500.001 pezetatik 1.150.000raino.

Erdiko gradua: 1.150.001 pezetatik 1.800.000raino.

Gehienezko gradua: 1.800.001 pezetatik 2.500.000raino; azken zenbateko hau handiagoa izan daiteke, haustearen kausa diren produktu edo zerbitzuen balioa boskoiztu arte.

c)   Hauste oso larriak:

Gutxienezko gradua: 2.500.001 pezetatik 35.000.000raino.

Erdiko gradua: 35.000.001 pezetatik 67.500.000raino.

Gehienezko gradua: 67.5000.001 pezetatik 100.000.000raino; azken zenbateko hau handiagoa izan daiteke, haustearen kausa diren produktu edo zerbitzuen balioa boskoiztu arte.

      3.-     Aurreko sailatalaren arabera jarri behar den isunaren kalterik gabe, eta urratzailearentzat hausteak egitea arauak betetzea baino onuratsuagoa izan ez dadin, kasuan kasuko jarritako zigor ekonomikoari lortutako onura ez-zilegiaren zenbatekoa gehituko zaio.

      4.-     Hauste oso larriak direnean, Eusko Jaurlaritzak erabaki dezake establezimendu, instalazio edo zerbitzua aldi baterako ixtea, gehienez ere bost urteko eperako, itxierak dagokion legeriak erabakitzen dituen lan-ondorioak izango dituelarik.

      5.-     Espedientea ebazten duen agintariak erabakiko du, produktu narriatuak, iraungiak, baimenik gabekoak edo osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeenak konfiskatzea, eranskin-zigor gisa; produktuaren interbentzio, gordailu, konfiskazio, garraio eta/edo deuseztapenak sortzen dituzten gastuak hauslearen kontura izango dira.

38. Atala - Preskripzioa

      1.-     Lege honek kalifikatutako hauste arinek urtebetera preskribituko dute, larritzat kalifikatuek bi urtera, eta oso larritzat kalifikatuek bost urtera. Haustearen preskripzio-epea haustea egin zen egunean hasiko da, eta eten da geratuko da interesdunak prozedura zigortzailea hasi dela jakiten duen egunean. Usteko erantzuleari egotzi ezin zaion kausa dela-eta prozedura geldiarazten bada, preskripzio-epe hori berriro hasiko da, prozedura gelditzen den egunetik hilabete igaro eta hurrengo egunean.

      2.-     Lege honetan arintzat kalifikatutako hausteengatik jartzen diren zigorrek urtebetera preskribituko dute, hutsegite larriengatik jarritakoek bi urtetara, eta hutsegite oso larriengatikoek hiru urtera. Zigorren preskripzio-epea zigorra jartzeko emandako ebazpena indarrean sartzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta etenda geratuko da interesdunak exekuzioko prozedura hasi dela jakiten duen egunean. Urratzaileari egotzi ezin zaion kausa dela-eta prozedura geldiarazten bada, preskripzio-epe hori berriro hasiko da exekuzioko prozedura gelditzen den egunetik hilabete igaro eta hurrengo egunean.

39. Atala - Zigortzeko ahalmena

      1.-     Euskadiko Autonomi Elkarteko barne-sanitateari dagokionez, zigortzeko ahalmenaren erabilera haren Administrazio Orokorreko organoen zeregina da, hots, dagokion arautegi organikoan erabakiko diren organo eskudunen zeregina hain zuzen, Lege honek ezartzen dituen atribuzio espezifikoen kalterik gabe.

      2.-     Autonomi Elkarteko udalek zigortzeko ahalmena erabili ahal izango dute, lege honetan aurrikusitako 2.500.000 pezetarainoko isuneko hausteei dagokienez, beti ere, aipatutako zigorrok osasun-kontrolerako eskuduntzak dituzten gutxienezko erantzukizuneko barrutiak ikutzen badituzte. Hara hemen barrutiok: ingurugiroko osasun-egoerak, industrietako higiene eta salubritatea, giza jarduerak, pertsonen bizilekuak eta bizikidetza, janarien higienea, edari eta gainerako giza kontsumoko produktuak eta hilerrietako egoerak eta hileta-polizia sanitarioa.

      3.-     Horretarako guztirako, udal-ordenantza, zeinen bidez aipatu zigortzeko ahalmenaz baliatzea erabakitzen den, Eusko Jaurlaritzako Osasun alorrean eskumena duen Sailari jakinarazi beharko zaio. Orobat, jakinaraziko zaizkio espediente zigortzaileen hasierak eta, kasua hori bada, hartzen diren behin-betiko ebazpenak. Haustearen izaeragatik eta larritasunarengatik gehienezko zenbatekoa gainditu behar denean, egindako jarduketak aipatu sailera bidaliko dira; sail horrek toki-korporazioei, kasu bakoitzean dagokionari, bere eskuhartzearen ondorioz egindako jarduketa guztiak jakinarazi beharko dizkie.

Xedapen Gehigarriak

Lehenengoa - Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren jardueren hasiera

      Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren sortze efektiboa eta jardueren hasiera Gobernuaren bidez erabakiko da, haren estatutu sozialak araudiz ezartzen diren egunean.

      Jardueren hasiera eta dagokien Aurrekontu Legea indarrean egun berean sartzen ez badira, Gobernu Kontseiluak onartuko ditu Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren ustiapen eta kapitalari buruzko aurrekontuak, eta behin-behineko finantza-egoerak, hots, haren jarduerak hasten direneko ekitaldi ekonomikoari dagozkionak; hori eginda, Eusko Legebiltzarreko Ekonomi, Ogasun eta Aurrekontu Batzordea jakinaren gainean jarriko du 15 eguneko epean. Ondorio hauetarako, aurrekontuetan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak egingo ditu aipatutako aurrekontuak eratzeko beharrezkoak gerta daitezkeen aurrekontu-aldaketak, baina aldaketok ezin izango dute gainditu ente publikoaren jardueren hasieran indarrean zeuden Aurrekontu Orokorretan jasotako kopuru globala.

Bigarrena - Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua organismo autonomoaren iraungipena

      Lege honen bidez Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua organismo autonomoa iraungi egiten da, iraungipen horren ondorioak Osakidetza Ente Publikoa sortu eta jardueran hasiko den egunean hasiko direlarik; entea subrogatuta geratuko da organismoaren eskubide eta betebeharretan. Baliabide materialak eta pertsonalak atxiki egingo dira, dagozkien antolakuntza-araudiek erabakitzen dutenaren arabera.

Hirugarrena - Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua organismo autonomoari atxikitako pertsonalaren integrazioa

      1.-     Prozedura araudiz artikulatuko da, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak ofizioz ekin diezaion pertsonal finko guztiaren integrazioari; hau da, enteak subrogazioz hartuko duen eta enplegu estatutarioko erlazioari loturik dagoen aipatutako pertsonala lege honen babesean ezarriko diren talde, kategoria eta lanpostu funtzionaletan integratuko da. Integrazioa egingo da finkatutako oinarrizko eskubideekin, jatorrizko sailkapen-sistemarekin eta dagokion titulazio-taldeari asignatutako eginkizunekin bat etorriz.

      2.-     Aipatu integrazioa borondatezkoa izango da Euskadiko Autonomi Elkarteko administrazioko pertsonal funtzionario karreradunari dagokionez, edo beste administrazio publikoetatik transferitu denari dagokionez. Pertsonal hau dagokion aukeraz baliatu ahal izango da, araubide estatutarioan integratzeko interesdunak hala eskatuta; horrela bada, aurreko sailatalean aurrikusitako prozedura aplikatuko da. Araubide estatutarioan integratzeko aukeraz baliatzen ez direnak zerbitzu aktiboan mantenduko dira jatorrizko kidegoan, baina aplikagarri gertatuko zaie bere osotasunean lege honen araubidea eta legea garatzeko arautegia.

      3.-     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak eskain diezaioke subrogazioz hartutako enplegu-erlazioko pertsonal finkoari lege honek ezartzen duen araubide estatutario juridikoan borondatez integratzea, haren lan-kontratuan aintzat hartzen den titulazio, kategoria profesional, profesio edo ofizioaren arabera. Hala dagokionean, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoak ofizioz ekingo dio pertsonala talde, kategoria eta lanpostu funtzionaletan sartzeari, ekintza horretan araudiari jarraituz eta haren lan-kategoriarekin edo egin dituen eginkizunekin bat etorriz. Sailatal honetan ikusitako pertsonala, integrazioa aukeratzen ez duenean, bere lehen egoeran geratuko da, eta lan-araubidearen eskubide eta betebeharrekin jarraituko du, indarrean dauden lege-xedapen aplikagarriekin bat etorriz.

      4.-     Honako legea indarrean sartzen denean organismo autonomoan zerbitzuan ari den bitarteko pertsonalari ofizioz egokituko zaio bere enpleguko erlazioa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren pertsonal-araubidean aurrikusitako bitarteko erlazio estatutarioarekin adostasunean, eta arau honetako 1. sailataleko terminoez araudiz ezarriko den prozedurarekin bat etorriz. Halaber, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua organismo autonomoan aldi baterako zerbitzuan ari izan den pertsonal guztiari zerbitzu horien prestazio-aldia aitortuko zaio lege honetan araututako pertsonalaren araubide juridikora heltzeko hautapen-prozesuen baremoetan, kasuan kasuko kategoriaren arabera eta edozein Administrazio publikori dagokionez, baina puntuazio gehigarria edo lehiaketaren fasekoa inoiz ere ezin izango da aplikatu oposizioko fasearen ariketak gainditzeko.

      5.-     Xedapen honek araututako integrazio-prozesuetan dagoen pertsonal guztiak bere sailkapen-elementuei dagokien ordainketa irabaziko du, ordainketa normalizatu gisa, atxikita egon arte, baina ordainketa horren eta integrazioa egin aurretik kreditatutakoaren arteko diferentzia osagarri pertsonal gisa hartuko du.

      6.-     Lege honen eta dagozkion araudi organikoen aplikazioa dela-eta, Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorrean atxikia geratzen den Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua organismo autonomoari atxikitako pertsonalari Euskal Funtzio Publikoko Legeak integrazioari buruz ezartzen dituen arauak aplikatuko zaizkio.

Laugarrena - Pertsonalaren sailkapena

      Lege honek araututako araubide estatutarioan dagoen pertsonalaren sailkapena ezartzeko ondokook hartuko dira kontuan:

      A titulazio-taldea: doktorego, lizentziatu, ingeniari, arkitekto edo balio bereko tituluak.

      B titulazio-taldea: ingeniaritza teknikoko titulua, unibertsitate-diplomaduna, arkitekto teknikoa, hirugarren graduko lanbide-heziketa profesionala edo balio berekoa.

      C titulazio-taldea: batxiler-titulua, bigarren graduko lanbide-heziketa profesionala edo balio berekoa

      D titulazio-taldea: eskola-graduatuko titulua, lehen graduko edo balio bereko lanbide-heziketa.

      E titulazio-taldea: eskolaratze-ziurtagiria.

Bosgarrena - Eskola-osasunari buruzko Legearen egokitzapena

      Lege hau indarrean sartzen denean, bertan sartuta geratuko dira Eskola Osasunari buruzko ekainaren 30eko 7/82 Legeak ezartzen dituen jarduketen gaineko arauak; 7/82 Legearen xedapenek indarrean iraungo dute ondoko hauekin bat etorriz:

a)   Eskola Osasunari buruzko Legeak araututako gaietan dedikazio espezifikoz ari den pertsonala lege honek ezartzen dituen integrazio-arauei lotuta geratuko da, dagokion sailkapeneko talde eta kategoriako lan eta eginkizunak egitera pasatuko delarik.

b)   Osasunean eskumendun den saila eta zerbitzu sanitarioak ematea dituzten Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoko erakundeak, eskola-esparruko osasunaren prebentzioa eta sustapen-jarduketetan arituko dira, lege honen babesari dagokion erara eta Euskadiko Osasun Planak erregularki xedatutakoarekin bat etorriz. Dena dela, Euskadiko Autonomi Elkarteko Hezkuntza Administrazioarekin lankidetzan aritzeko bide egokiak izaten ahaleginduko dira.

Aldibaterako Xedapenak

Lehenengoa - Araubide zigortzailea

      Oraingo legea ez da aplikagarri izango indarrean sartzen den egunerako hasita dauden administrazio-espediente zigortzaileetan, baina bai izango da aplikagarria usteko urratzailearen mesedetan izanez gero.

Bigarrena - Nahitaezko jubilazioa

      Lege honetako 28. atalean, lehenengoan, 1-b) sailatalean xedatutakoa aplikatuz, pertsonal estatutarioaren nahitaezko jubilazioaren ofiziozko adierazpena, zerbitzu aktiboan jarraitzeko eskea denbora eta formaren aldetik borondatez egiten ez denetan, honako erara egingo da:

a)   1998ko urtarrilaren 1ean 68 urte bete dituztenak.

b)   1998ko urtarrilaren 1etik 1998ko ekainaren 30era bitartean, 69 urte betetzen dituztenak.

c)   1998ko ekainaren 30ean, 67 urte bete dituztenak.

d)   1998ko uztailaren 1etik 1998ko abenduaren 31ra bitartean, 67 urte betetzen dituztenak.

e)   1998ko abenduaren 31n, 66 urte bete dituztenak.

f)    1999 urtean zehar, 66 urte betetzen dituztenak.

g)   1999ko abenduaren 31n, 65 urte bete dituztenak.

h)   2000ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikazio osokoa izango da 65 urteak betetzen dituztenean jubilatzea.

Hirugarrena - Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua organismo autonomoari atxikitako bitarteko pertsonal funtzionarioa

      Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua organismo autonomoari orain atxikita dagoen bitarteko pertsonal funtzionarioa, eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea indarrean sartu zenean bitarteko egoeran zegoen pertsonala, egoera estatutariora hel daiteke, egiten dituen eginkizunen arabera, aipatu legearen laugarren aldibaterako xedapenean ezarritako araubidean araututako egoera berberetan.

      Dagozkion hiru deialdiak eginda egoera estatutariora heltzen ez direnek zerbitzuari utziko diote, azken deialdiaren ebazpenetik hiru hilabeteko gehienezko epean.

      Xedapen hau betetzen ez den bitartean, aipatu pertsonalak orain duen zerbitzu-erlazioari, hots, bitartekoari, eutsiko dio, lege honetan xedatutakora eta zerbitzuak ematen ari den erakundeari dagokion dedikazio-araubidera egokituz.

Indargabetze Xedapena

      1.-     Maiatzaren 19ko 10/83 Legea, Servicio Vasco de Salud-Osakidetzari buruzkoa, derogatu egiten da, organismo autonomoaren iraungipena oraingo lege honen arabera ezarriko den datan efektibo egitearen kalterik gabe.

      2.-     Derogatuta geratzen dira baita ere oraingo lege honen aurka doazen arau guztiak, ondoren zehazten diren xedapenen zerrenda indarrean egotearen kalterik gabe eta xedapen horiek aldatu edo ordezkatzen dituztenen kalterik gabe, baldin eta oraingo lege honen aurkakoak ez badira eta oraingo lege hau aplikatu eta garatuko duten araudiak ematen ez diren bitartean.

-  207/82 Dekretua, azaroaren 2koa, nahitaez jakinarazi beharreko eritasunak zehaztuz (82.11.30eko EHAA).

-  272/86 Dekretua, azaroaren 25ekoa, Euskal Herriko Autonomia Elkarteko Ospitaleetako Historia Klinikoaren erabileraren arauketa eginez (86.12.16ko EHAA).

-  279/86 Dekretua, azaroaren 25ekoa, Errepidezko Sanital-Garraioari buruzko Araudia onartuz (86.12.22ko EHAA).

-  26/88 Dekretua, otsailaren 16koa, Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzuak Euskal Herriko Autonomia-Elkartean eskaintzen duen Osasunketa-Laguntzarako eskubidea aski diru-eskuarterik izan ez eta Gizarte-Segurantzaren babespean egon ez daitezenei ere aitortuz (88.02.24ko EHAA).

-  49/88 Dekretua, martxoaren 1ekoa, herritarren kontsumorako ur edangarrien fluoreztatzeari buruzkoa (88.03.16ko EHAA).

-  146/88 Dekretua, ekainaren 7koa, edonork erabiltzeko igerilekuen osasunketa-alorreko Arautegia onartuz (88.06.20ko EHAA).

-  252/88 Dekretua, urriaren 4koa, osasunketa-txartel indibidualaren erabilera ezarriz, sendagileen adskribapena arautuz eta pediatria-sorospena eskaintzeko urte-muga ezarriz, Osakidetzako zerbitzuei dagozkienetan (88.10.07ko EHAA).

-  175/89 Dekretua, uztailaren 18koa, Osakidetzako gaixo eta erabiltzaileen Eskubide eta Obligazioen karta onartuz (89.08.04ko EHAA).

-  118/90 Dekretua, apirilaren 24koa, Euskal Autonomi Elkarteko haurren horzdura zaintzeari buruzkoa (90.05.07ko EHAA).

-  550/91 Dekretua, urriaren 15ekoa, Osasunbide publizitatea araupetzeko dena (91.11.06ko EHAA).

-  267/92 Dekretua, urriaren 6koa, Euskal Autonomi Elkartean gorputzak edo gorpuzkiak garraiatzeko osasunbide baldintzak ezartzeko dena (92.10.23ko EHAA).

-  303/92 Dekretua, azaroaren 3koa, Ospitaleetako Altaren xehetasunen oinarrizko gutxienezko bilduma arautzeko eta Euskal Autonomi Elkarteko Ospitaleetako Alten erregistroa sortzeko dena (92.12.01eko EHAA).

-  396/94 Dekretua, urriaren 11koa, osasun zentru, zerbitzu eta establezimenduak irikitzeko, ihardunean jartzeko eta aldatzeko baimenei buruzkoa (94.10.28ko EHAA).

-  369/96 Dekretua, uztailaren 11koa, Osasun Sailaren eta "Osakidetza/Servicio Vasco de Salud" izeneko Administrazio-Organismo Autonomoaren egitura organikoak eta funtzionalak ezartzen dituena (95.07.28ko EHAA).

-  194/96 Dekretua, uztailaren 23koa, Laguntza Espezializaturako Osakidetzari atxikitako baliabideen antolatze egiturari buruzkoa (96.08.28ko EHAA).

-  195/96 Dekretua, uztailaren 23koa, Oinarrizko Laguntzarako Osakidetzari atxikitako baliabideen antolatze egiturari buruzkoa (96.08.28ko EHAA).

-  223/96 Dekretua, irailaren 17koa, elikagaien jardunak, industriak eta establezimenduak Euskal Autonomi Elkartean jarduteko sanitate-baimenak emateari buruzkoa (96.10.04ko EHAA).

Azken Xedapenak

Lehenengoa

      Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio oraingo lege honen garapenerako eta aplikaziorako beharrezko arau orokor eta araudizkoak emateko.

Bigarrena

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra