Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

8/2004 Legea, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriakoa.

2004-11-12

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2004/11/29, 228. zk.; EAO, 2011/11/19, 279. zk.

§ 266. 8/2004 LEGEA, AZAROAREN 12KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO INDUSTRIAKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

I

 

     Legezko erreserbaren eta legezkotasunaren itzalpean -Konstituzioko printzipioak baitira-, Autonomia Erkidego honetan, legezko iturri izango da lege hau, eta haren arabera arautuko da industria-jarduera, haren arabera mugatuko, mugarik behar badu, industrian jarduteko modua -orokorrean, industriak jartzeko eta industrian aritzeko askatasuna baita nagusi-, haren arabera arautuko produktuen zirkulazio-askatasunerako mugak, eta, bereziki, haren arabera erabakiko aginte publikoen esku hartzeko araubidea, bai ezer betearazi behar denerako bai ezer arautu behar denerako.

 

     Esparru horretan ematen zaio arau hau Euskal Autonomia Erkidegoari. Industria-jarduerarekin zerikusia duten alderdi guztiak daude jasota arau honetan, bai ekonomia-jarduera hori egin eta sustatzeari dagokionez bai industriako instalazio, tresna, ekipo eta produktuen segurtasuna eta kalitatea bermatzeko beharrezko eskakizunak eta baldintzak jartzeari dagokionez, eta, horretarako, jarduera horrek berez arriskurik ere badakarrenez, herritarren babeserako esparrua ere ezarri da.

 

II

 

     Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartea, ekonomia eta teknologia ez dira, jada, garai batekoak, eta, horrenbestez, arauak ere eguneratu eta aldatu beharra zegoen, derrigor. Hona hemen, besteak beste, zerk ekarri duen egoera berri hori:

 

     1.-   Euskal industria ez da geldirik egon, eta, bilakaera horretan, beste jarduera batzuei heldu die. Orain, prozesu ekonomikoek eta produkziokoek beste oinarri batzuk dituzte, hau da, teknologia berriak erabiltzen dira, prozesuak beti berrituz doaz eta enpresak kudeatzeko sistemak aldatzen ari dira.

 

     2.-   Egunetik egunera, informazioaren eta ezagutzaren gizartea garatuz eta ezarriz doa, eta aginte publikoek ere badute zeregina ibilbide horretan, haien betebeharra baita gizarte berri horri ateak zabaltzeko azpiegitura sortzea eta bultzatzea, eta haien betebeharra, era berean, teknologia horretara eta horren edukietara iristeko aukera herritar guztiek baldintza berberetan izateko beharrezko tresnak sortzea.

 

     3.-   Produktu batzuk fabrikatzeko arau teknikoak Autonomia Erkidegoa baino goragotik datozkigu aginduta, eta beren kontrol eta berme sistema bereziak dakartzate, CE markatzailea esate baterako. Industria-arloa bera ere bere burua arautzeko geroz eta sistema gehiago ari da sortzen, arau pribatuak ezarriz, eta, horrenbestez, Administrazioaren esku-hartzea behera doa, bai araugintzan bai zeregin betearazlean.

 

     4.-   Baina, aldi berean, teknikaren aldetik espezializatzeko beharra dago, eta eskakizun teknologikoei Administrazioak segituan erantzun behar die, derrigor. Horregatik, orain arte Administrazioarenak ziren hainbat eginkizun oinarri pribatuko beste eragile batzuk ari dira beren gain hartzen geroz eta gehiago, eta erabat sektore batzuetan.

 

     Era berean, bateko eta besteko interesak uztartu beharra dago, hau da, industriako jarduera, instalazio, ekipo, tresna eta produktuen titular eta erabiltzaileen interesak industria-jarduerako eragile laguntzaileen interesekin uztartu behar dira, batetik, eta herritarren interes orokorrarekin, bestetik. Horretarako, betiere kontuan izan behar dira ahalik eta gutxien esku hartzearen eta industriaren liberalizazioaren printzipioak, ideia horiek izan dira-eta industriaren arloan orain arte egindako arautze-lanen gidari.

 

III

 

     Eskumenak Konstituzioan nola zedarrituta dauden begiratuz gero, oinarrizko gai modura ageri dira, besteak beste, industria-arloak antolatzea eta industriako prozesuak edo fabrikazio-prozesuak arautzea, eta, zehatzago, industriako segurtasunaren azpigaian industriako instalazio eta establezimenduen segurtasunarekin eta haietan egindako produktuen segurtasunarekin zerikusia duten jarduerak.

 

     Konstituzio Auzitegiak, gai honen inguruko eskumenak zedarritzean, abiaburu hau izan du: industriako segurtasuna bermatu beharra dela-eta, Estatuak du onartua gaia arautzeko ahalmena, eta, horrekin batera, industria-gaietan eskumen esklusiboa duten autonomia-erkidegoek xedapenak sortzeko ahalmena izango dute, Estatuaren xedapenen osagarri, baldin eta Estatuaren legeetako aginduei balioa galarazten ez badiete edo lege horien helburuak lortzea eragozten ez badute. Gaia arautzeko ahalmena, beraz, Estatuak eta autonomia-erkidego batzuek dute aldi berean, eta Estatuko legegileak, egoera hori antolatu nahi badu, errespetatu egin behar du eskumenaren esklusibotasuna, kasuan kasuko estatutuan jartzen duenaren arabera.

 

     Hain zuzen ere, Euskal Herrirako Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.30 artikuluak honela dio Autonomia Erkidego honetaz: "Konpetentzia esklusiboa du industrian, segurtasun, garrantzi militar eta osasun arrazoiengatik eta lege berezipean diratekeen industrien ezarkuntza, zabalpen eta lekualdatzea izan ezik, ez eta funtzio hauetarako legegintza espezifikoa behar duten guztiak ere, eta atzerritar teknologiaren transferentzia egiteko aldez aurretiko kontratuak behar dituztenak ere ez. Industria-sektoreen berrestrukturaketan, Estatuak ezarriko dituen planak aurrera eraman eta betetzea Euskal Herriari dagokio".

 

     Estatua hartzen bada esparru modura, lege honen hurbileneko aurrekariak Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legean daude. Eduki askotan, lege hori oinarrizkoa da izatez, hala jartzen baitu azken xedapen bakarrean (Konstituzioko 149. artikuluko 1. puntuko 1 eta 13. gaiekin dauka zerikusia xedapen horrek).

 

     Oinarriz ere, lege honek badu zerikusirik aipatu berri den horrekin. Han oinarrizko modura arauturik dauden printzipioak betetzea, han autonomia-erkidegoei emandako ahalak eta edukiak garatu beharra, eta, bestalde, jarduera ekonomikoa koordinatzea, derrigor: horiexek oinarriak. Koordinazio hori, berriz, hartu-emanetarako baliabideak eta sistemak ezartzea da, hartara batak besteari informazioa eman ahal diezaion, oinarrizko gauzetan teknika homogeneoa izan dadin, eta administrazio bat eta bestea -bakoitza bere eskumenen bidetik- elkarrekin ari daitezen, horrela zatikako ekintza oro sistemaren osotasunean txertaturik geratzea lortzeko.

 

     Azaldutako konstituzio-jurisprudentziaren arabera, Industriako Legea oinarrizkoa izateak ez du esan nahi, inola ere ez, araugintza autonomikoak ezin duela autonomia-erkidegoaren lurralderako araubide bereizi eta propioa eraiki, oinarrizko modura sailkatutako mugen barruan. Pentsa liteke kontraesanen bat ez ote dagoen oinarrizkoa izate horren eta araugintza autonomikoaren artean, baina itxurazko kontraesan hori gainditurik geratuko da kontuan hartzen bada autonomia-erkidegoak direla Estatuko legearen jomuga; autonomia-erkidego horiek, araugintzarako duten eskumenaren barruan, eskakizun eta baldintza osagarriak jartzeaz gainera, zuzenbide-esparru substantiboa eta propioa ere osa dezakete, industria arau-gaitzat harturik.

 

IV

 

     Egituraz, legeak zazpi kapitulu ditu, berrogeita bi artikulu, hiru xedapen gehigarri, aldi baterako hiru eta bi azken xedapen.

 

     I. kapituluan xedea, aplikazio-eremua, eskumen-mugaketa eta industrien erantzukizun-araubidea datoz definiturik. Industriako erantzukizunerako araubidearen barruan, eta industriako jarduerak edo instalazioen erabilerak sor ditzaketen kalteak gogoan harturik, industriako jardueren eta instalazioen titularren erantzukizun orokorra dator zehazturik, erantzukizun zibileko araubide orokorraren arabera. Segurtasun-beharra duten produktu, tresna edo ekipoak fabrikatu, saldu edo inportatzen dituztenen erantzukizun orokorra ere badator zehazturik, eta, jarraian, esparru honetan diharduten eragileen erantzukizuna zehazten da berariaz.

 

     II. kapituluak "Industria-jarduerak" du izena. Araubide orokor modura, industrian jarduteko askatasuna eta industrietako produktuak salerosteko askatasuna dakar jasota, baina produktu horiek segurtasuneko eskakizun eta baldintza teknikoetako arauak bete behar dituzte, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak bermatze aldera. Industrien Erregistroa ere kapitulu honetan dago jasota; industrian aritzeko, nahitaezkoa da hor izena ematea, horixe da muga bakarra.

 

     III. kapituluan, berriz, industriako segurtasunean aplikatzeko araubide juridikoa dator zehazturik, ahalik eta gutxien esku hartu beharra printzipiotzat hartuta; horretarako, industriako segurtasuna zaindu beharrean dauden instalazioak baimentzeko eta kontrolatzeko prozesuetan Administrazioari laguntzen dioten erakundeek zein lege-esparrutan lan egin behar duten zehazten du. Hain zuzen ere, bi gauza garatzen dira: eragile horiek zein lege-esparrutan lan egin behar duten, eta, eragile horiek ahalmen batzuk jasoko dituztenez, herritarrek ahalmen horien aurrean izango dituzten babes eta berme tresnak.

 

     Beste alde batetik, industriako jardueren edo instalazioen titularrek Administrazioari segurtasuneko eskakizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko zein sistema erabili behar duten ere arautzen da. Era berean, halako jarduerek edo halako instalazioen funtzionamenduak dakartzaten arriskuei aurre egiteko eta haietatik babesteko lanean Administrazioak eta agintari publikoek zertan noiz esku har dezaketen eta zein ahalmen izango dituzten ere mugatzen da.

 

     IV. kapituluan, kalitatearen eta industriako segurtasunaren artean legez zein muga dagoen dator zehazturik. Industriako kalitate-kontuetan Herri Administrazioak zein lan-ildori jarraitu behar dion ere jasotzen da, ea, hartara, oinarri autonomikoko erakundeak sortzen diren bai normalizaziorako bai egiaztapenetarako eta ziurtapenetarako.

 

     "Industria sustatzea" da V. kapitulua. Herri-administrazio eskudunek industria-jarduera sustatzeko garatzen dituzten eduki ekonomikoko plan eta programek bete behar dituzten gutxieneko oinarri eta helburuak daude hor jasota. Esku-hartze hori lau arlo nagusiren inguruan dago egituraturik: industria sustatzea, informazioaren eta ezagutzaren gizartea, teknologia eta berrikuntza, eta nazioarteratzea.

 

     VI. kapituluan, industria-jardueren fase guztietan parte hartzen duten eragileen erantzukizuna dator arauturik. Aldi berean, zehatzeko araubidea zehazteaz gain, arau-hausteak tipifikatu, erantzuleak nor diren zehaztu, eta zehapen-sistema eta zehapen horiek nola erabaki ere zehazten da.

 

     Alde horretatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean zehazturiko printzipioak zorrotz baino zorrotzago bete nahian, zehatzeko araubideari printzipio hauek jartzen zaizkio oinarritzat: tipo-sistema, erruduntasuna eta erantzukizuna, heinekotasuna eta legezkotasuna. Arau-hauste eta zehapen sistema objektibo baten bidez, bazterrean uzten da tipoak analogiaz aplikatzeko aukera, eta, horrela, segurtasun juridikoaren aldera egiten da nabarmen, zehapenak jartzeko orduan edo halako beste neurriren bat hartzeko orduan ez dadin subjektibotasunik edo arbitrariotasunik izan.

 

     Beste alde batetik, batzuen eta besteen eskubideak bateratzeko ahalegina egin da: erantzulearen eskubideak, haren jokaerak kalte egindakoen interesak eta industriako instalazioen segurtasuna bera. Eta, aldi berean, zehapenak zehatz-zehatz mailakatuz, eta dagozkien inguruabarretan oinarriturik zehaztuz, zehapenak objektiboak izatea nahi da, eta printzipioen artean aipatu den neurriz jokatu behar hori (heinekotasuna) bete nahi da.

 

     VII. kapituluak, berriz, Administrazioak esku hartzeko gehienez ere zein gaitasun duen azaltzen eta mugatzen du. Esku-hartze hori, kasu honetan, interesatua industriako diziplinara itzularazteko eta industriaren eta produktuen segurtasuna benetan lortzeko beharrezko neurriak harrarazteko izango da.

 

     Arau-hausteetarako eta zehapenetarako sistema orokor bat eratu da, eta, orokorrean, industriarako eta meatzaritzarako balio du. Baina, hala ere, lehen xedapen gehigarrian, meatzaritzaren berezko espezialitateak mugatzeko beharra zegoela pentsatu da. Izan ere, meatzaritzako arau-hausteetan Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legeko zehatzeko araubidea aplikatzeak gaur egun segurtasun juridikorik eza dakar, eta egoera hori legez argitzea da asmoa. Aplikazio hori Meatzeetako uztailaren 21eko 22/1973 Legean ezarrita dagoen arau-hausteen tipifikaziotik dator, Konstituzio aurreko lege hori indarrean baitago.

 

     Azkenik, azken xedapenetako bigarrena dela-eta, industriako eskumenak dituen organoak arautu ahal izango ditu, agindu bidez, eskakizun eta baldintza teknikoak -huts-hutsik teknikoak direnak-, hartarako gaitasuna eman baitzaio. Eta gaitasun hori eman zaio, produktu-mota edo instalazio-mota bakoitzerako arau teknikoak izugarri konplexuak direlako teknikoki eta oso zehatzak izan behar dutelako. Eta arautze-figura hori erabili da, hain zuzen, zientzia eta teknologia etengabe ari direlako eraldatzen, eta, arau teknikoek ere derrigor haietara egokitzeko modukoak izan behar dutenez, arauak sortzeko eta aldatzeko behar bezain prozedura azkar eta malguak erabili behar direlako.

 

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

1. Artikulua - Xedea eta aplikazio-eremua

 

     1.-   Hauxe da lege honen xedea: Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan, industrian jarduteko eta industria sustatzeko arauen esparrua zehaztea eta, industriako segurtasuna eta kalitatea dela-eta, Administrazioak esku hartzeko jarraibideak eta industriako instalazioak, tresnak, ekipoak, prozesuak eta produktuak kontrolatzeko jarraibideak zehaztea.

 

     2.-   Horixe da xedea, eta helburuak, berriz, beste hauek:

 

a)  Enpresa-askatasunaren eta egoitza jartzeko askatasunaren itzalpean, industrian jardutea babestea.

b)  Industrien segurtasuna eta kalitatea sustatzea eta kontrolatzea.

c)         Europar Batasuneko Zuzenbideak eta nazioarteko hitzarmen eta itunek zehazturiko esparruan, industriako produktuen joan-etorri askea babestea.

d)  Industriako erantzukizun-araubidea zehaztea.

e)  Industria-jarduera, teknologia eta berrikuntza sustatzea.

f)   Industria-jardueraren plangintza estrategikoa.

 

     3.-   Euskal Autonomia Erkidegoan dauden industria, tresna, ekipo, produktu edo instalazio guztiek (baita industria-segurtasuneko instalazio energetikoek ere) bete behar dituzte arau honetako xedapenak, eta berdin dio zertarako diren, nola erabiltzen diren edo non dauden.

 

     4.-   Eskumena Autonomia Erkidego honen eskuetan baldin badago, meatokiak eta gainerako baliabide geologikoak ikertzeko, aprobetxatzeko eta etekina ateratzeko lanek ere, beren lege berezietan jasota ez duten edozertan, lege hau bete beharko dute, eta berdin dio baliabide horiek zein jatorri duten edo zein egoera fisikotan dauden.

 

2. Artikulua - Arauak garatzea

 

     1.-   Industria-gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio halako aplikazio-eremu jakin batean halako arau jakin bat nahitaezkoa dela deklaratzea edo erregulazio berezi bat zehaztea, baldin eta premia hori interes publikoak babestu beharrak badakar eta interes horietako eskumena berari badagokio, edo nazioarteko akordioren batek agindurik, akordio hori aplikatzea bere eskuetan badago.

 

     2.-   Lege honetako gaietan, arauen betearazte edo transposiziorik egin beharrik baldin badago, Autonomia Erkidego honetako organo eskudunek egingo dute, baldin eta dena delako gaian eskumena berari badagokio.

 

     3.-   Eta, Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legean erabakitakoaren arabera, Estatuko arauetan jasotakoez gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak beste eskakizun osagarri batzuk ere sar ditzake, edo arau autonomiko bat onartu, baina, horretarako, osotasunean, Estatuko arau baliokidearen aldean segurtasun-maila handiagoa ekarri behar du.

 

3. Artikulua - Industriako erantzukizunetarako araubidea

 

     1.-   Industrian jarduteak edo industriako instalazioak, tresnak, ekipoak edo produktuak erabiltzeak edo haien funtzionamenduak inolako kalterik eragiten badu, titularra izango da erantzulea, datozen puntuetan eta aplikatu beharreko zuzenbide pribatuko arauetan jartzen duenak bere hartan dirauela.

 

     2.-   Industriako segurtasun-arauen pean dauden produktu, tresna edo ekipoak fabrikatu, saldu edo inportatzen dituztenak dira gauza horiek arau teknikoak betetzearen erantzule.

 

     3.-   Lege honen pean dauden tresna, ekipo edo instalazioak egiten, erabiltzen, zaintzen edo kontrolatzen parte hartzen duten pertsona fisiko eta juridikoei dagokienez, beren lanaren edozein fasetan eragiten dituzten kalteen erantzule izango dira pertsona horiek, baita erregelamenduz ezarrita dauden segurtasuneko baldintza eta eskakizun teknikoak betetzearen erantzule ere. Alde horretatik, hona zer erantzukizun dagokion bakoitzari:

 

a)  Egitasmoa edo beste edozein agiri tekniko egiten duenari instalazioa ondo diseinatzea.

b)  Azken ikuskatzearen edo obra-zuzendaritzaren ziurtagiria egiten duen teknikari edo pertsonari, obra egitasmoaren araberakoa izatea, obra egitearen zuzendaritza, beharrezko egiaztatze eta probak egitea, eta azken ziurtagiria.

c)                 Instalazioaren titularraren edo erabiltzaileari, instalazioa ondo erabilita, zainduta eta mantenduta egotea, eta dagokion erregelamendua betetzen dela egiaztatzea.

d)  Enpresa baimendunei, haien esku utzitako instalazioak behar bezala egitea edo mantentzea, eta baimena emateko jarri zitzaizkien baldintzak betetzea.

e)  Energia banatzen edo salerosten duten enpresei, energiaz hornitzen dituzten instalazioek, bai martxan jarri aurretik eta bai sakoneko aldaketaren bat egindakoan, egiaztaturik izan dezatela erregelamenduz ezarritako segurtasun-baldintzak betetzen dituztela.

f)   Lege honetan zehazturik dauden gainerako eragile laguntzaileei, habilitazioaren arabera dagozkien eginkizunak erregelamenduan jartzen duen moduan betetzea.

 

     4.-   Beharrezkoa gertatzen bada artikulu honetan zehazturiko erantzukizunak eskatzea, lege honetako VI. kapituluan arau-hauste eta zehapenetarako jasotako araubidearen arabera egin beharko da.

 

II. KAPITULUA

INDUSTRIA JARDUERAK

 

4. Artikulua - Industria-jardueren baimenetarako eta funtzionamendurako araubide orokorra

 

     1.-   Lege honen ondorioetarako, hauek dira industria-jarduerak: industriako produktuak lortzeko, konpontzeko, mantentzeko, eraldatzeko edo berriro erabiltzeko jarduerak, ontziratzea eta paketatzea, eta hondarrak edo azpiproduktuak aprobetxatzea, berreskuratzea eta ezabatzea -eta berdin dio zein baliabide edo prozesu tekniko erabiltzen den-, Industriako uztailaren 16ko 21/1992 Legean jartzen duen moduan.

 

     2.-   Industrian jarduteko askatasuna dago, baita industria-jarduerak beste leku batera eramateko eta handitzeko ere, non eta ez den bestelakorik agintzen interes publikoak eragindako lege baten bidez edo nazioarteko hitzarmen edo itun bidez.

 

     3.-   Aurreko paragrafoan xedaturik dagoenari ezer kendu gabe, industrian jardun nahi izatera, Euskal Autonomia Erkidegoko Industrien Erregistroan eman beharko da izena, hurrengo artikuluan jartzen duen moduan.

 

5. Artikulua - Industrien Erregistroa

 

     1.-   Industrian jarduteko, nahitaezkoa da Industrien Erregistroan izena ematea.

 

     2.-   Erregistroko izen-emateak Autonomia Erkidego osorako balio du. Batez ere, administraziorako lan-tresna bat da, eta informazioa eskuratzeko da, bai industriako segurtasunerako beharrezko informazioa, bai industria-jarduerei buruzkoa eta bai jarduera horiekin zerikusia duten zerbitzuei buruzkoa.

 

     3.-   Erregelamenduz ezarritako moduan, Industrien Erregistroan jaso beharko dira, gutxienez, enpresen, industrien eta industria-zerbitzuetarako enpresen eta eragile laguntzaileen datu orokorrak (lege honetako 14. artikuluan daude zehazturik nor diren eragile horiek).

 

     4.-   Era berean, Administrazioak eska ditzake tamaina egiaztatzeko beharrezkoak diren datu zehatzak, hala nola ekoizteko gaitasuna, energia-kontsumoa, baliabide materialak eta langileak edo industria-jarduera deskribatzeko beste datu adierazgarri batzuk, kasuan-kasuan isilpekotasuna dela-eta aplikatu beharreko arauak errespetatuz.

 

     5.-   Izena emateko prozedura printzipio hauen araberakoa izango da: bizkor ibiltzea, Administrazioa arin ibiltzea eta izena eman behar duten industriek ahalik eta kosturik txikiena ordaindu behar izatea.

 

     6.-   Erregistroa publikoa da. Lege hau garatzeko xedapenetan zehaztuko da erregistrora nola iritsi eta horko datuak nola zabaldu, eta baita industriako sekretu-arauen edo kasuan-kasuan aplikatu beharreko arauen pean diren datuak isilpean bermatzeko beharrezko arauak ere.

 

6. Artikulua - Industriako produktuak salerostea

 

     1.-   Industriako tresnak, ekipoak edo produktuak salerosteko askatasuna dago, eta egiaztapenetatik edo adostasun-adierazpenetatik datozenak izango dira eskakizun edo muga bakarrak, halakorik egin beharra badakar arauren batean.

 

     2.-   Industria-produktuek arauzko segurtasun-baldintzak betetzen ote dituzten laginketa bidez egiaztatzeko, industriako eskumenak dituen sailak hainbat plan eta kanpaina egingo du.

 

     3.-   Ikusten baldin bada halako industria-produktu jakin batek ez dituela arauzko segurtasun-baldintzak betetzen, akatsak zuzentzeko aginduko da, eta horretarako epea ere zehaztuko da. Eta, horretaz gainera, pertsonentzat edo ondasunentzat arriskutsu den akatsik igarriz gero, produktua merkatutik kentzea erabaki daiteke, edo deuseztatu egingo dela bermatzeko beste neurri batzuk hartzea.

 

     4.-   Aurreko puntuan zehazturik dauden neurri horiek hartu baino lehenago, interesatuari entzun beharko zaio; arriskua berehalakoa bada, ordea, gero entzungo zaio. Nolanahi ere, neurri hauek hartzeak ez du esan nahi jarri beharreko zehapenik jarriko ez denik eta lan arloko legedian zehaztutako neurririk hartuko ez denik.

 

III. KAPITULUA

INDUSTRIAKO SEGURTASUNA

 

7. Artikulua - Industriako segurtasunaren xedea

 

     Industriako segurtasuna nahitaezko xedapen-sistema bat da, eta bi helburu ditu: arriskuei aurrea hartzea eta muga jartzea, batetik, eta, bestetik, istripuen aurkako babesa, istripu horiek pertsona, ondasun edo ingurumenari kalte egiteko modukoak badira eta industria-jarduerak sortuak badira, edo instalazioen edo ekipoen erabilerak, funtzionamenduak eta mantentzeak sortuak, edo industriako produktuak ekoiztearen, erabiltzearen edo kontsumitzearen, biltegiratzearen edo zakarretara botatzearen ondorioz sortuak.

 

8. Artikulua - Industria Administrazioa

 

     1.-   Lege honetan jasotako ondorioetarako, hau da Industria Administrazioa: lege honetako 4. artikuluko 1. puntuan jartzen duenaren arabera, industriako eskumenik duten -bereziki, industriako segurtasunari eta kalitateari dagokienez- eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpeko diren erakunde guztiak.

 

     2.-   Industria Administrazioaren ardura izango da industriako segurtasun-sistema ondo dabilen zaintzea, sistema orokorki harturik. Horretarako, industriako instalazioak, tresnak, ekipoak eta produktuak ondo ote dabiltzan ikuskatu beharko du, tartean diren eragileei eta instalazioen jabeei dauzkaten betebeharrak betearaziz.

 

     3.-   Industria Administrazioaren ardura izango da industriako instalazioak, tresnak, ekipoak eta produktuak teknikoki egokiak ote diren ikuskatzea, hurrengo artikuluetan zehazturik dagoen moduan. Horrek ez du esan nahi onarpen teknikoa ematen dienik.

 

9. Artikulua - Industriako instalazioen baimenetarako eta funtzionamendurako araubide orokorra

 

     1.-   Industriako edozein tresna, produktu edo instalazioren funtzionamendurako -lege honen aplikazio-eremuko tresna, produktu eta instalazioei dagokienez betiere-, indarrean dauden legeek hala agintzen dutenean bakarrik beharko da administrazio-baimena.

 

     2.-   Aurreko puntuko kasuaz landa, industriako segurtasun-arauen pean diren instalazioen, tresnen, ekipoen edo produktuen funtzionamendurako, arau horietako segurtasuneko eskakizun eta baldintza teknikoak betetzen dituztela egiaztatu beharko da, besterik ez, dagokion organoan.

 

     3.-   Segurtasun-baldintzen esparruari dagokionez, zenbait instalazio, tresna, ekipo edo produktuk, nahiz eta, beren diseinuagatik, zertarakoagatik, dauden tokiagatik edo beste edozerengatik -kasuan kasuko gorabehera behar bezala egiaztatu beharko da-, indarrean dauden betebehar teknikoak ez bete, administrazio-baimen berezia lortu ahal izango dute, baldin eta interesatuak egiaztatzen badu beste neurri batzuk hartu dituela edo beste eskakizun batzuk betetzen dituela eta, azkenean, balio bereko segurtasun-maila lortu duela.

 

10. Artikulua - Industriako segurtasun-erregelamenduak

 

     1.-   Produktu, tresna edo instalazio bat industriako segurtasunaren aplikazio-eremuan egongo da baldin eta arauren bat badago haren fabrikaziorako, salerosketarako, erabilerarako, instalaziorako edo funtzionamendurako eskakizun eta baldintza teknikoak jartzen dituena.

 

     2.-   Segurtasun-erregelamenduak arriskuei aurrea hartu eta muga jartzeko eta istripuen aurka babesteko dira. Arrisku horiek industria-jarduerak dakartzanak edo industriako instalazioen, ekipoen edo produktuen erabilerak, funtzionamenduak eta mantentzeak dakartzatenak dira, eta istripuak, berriz, pertsona edo ondasunei kalte edo galerak ekartzeko modukoak. Erregelamenduetan honako hauek zehaztuko dira:

 

a)  Baldintza eta eskakizun teknikoak.

b)  Instalazioak, ekipoak eta produktuak diseinatzen, egiten, erabiltzen eta mantentzen parte hartzen duten profesionalen betebeharrak.

c)         Aurretiaz eta aldian-aldian egin beharreko kontrolak.

 

     3.-   Sistema modura, eta arrazoizko salbuespenetatik landa, segurtasun-erregelamenduek arau-erreferentziak erabiliko dituzte, eta, horiekin batera, erregelamendua ondo erabili eta aplikatzeko beharrezko iritzitako zehaztasun eta betebeharrak ere bai. Era berean, industriako segurtasun-maila handitu beharra baldin badago, areagotze horri erantzuteko beharrezko eskakizun eta baldintzak ezarriko dituzte, eta, horretarako, unean-unean eskuragarri dauden teknologiarik onenak erabiliko.

 

11. Artikulua - Arlokako erregelamenduak

 

     Beren xedea eta aplikazio-eremua aintzat hartuta, segurtasun-erregelamenduek gai orokorrak landu ditzakete (prozedura, instalatzaileak, enpresak) edo arlokako gaiak. Azken gaiok arlo hauetakoren batekoak izango dira:

 

- Produktu kimikoak biltegiratzea.

- Gas-instalazioak, berotze-instalazioak, klimatizazio-instalazioak eta etxeetarako ur beroko instalazioak.

- Hozkailu-instalazioak eta suteen aurkako babesa.

- Igogailuak eta presio bidez dabiltzan tresnak.

- Produktuen eta makinen segurtasuna.

- Istripu larriei aurrea hartzea.

- Ibilgailuak.

- Instalazio erradioaktiboak.

- Energia edo edozein energia-produktu ekoizteko, banatzeko eta biltegiratzeko instalazioak.

- Industriako segurtasunari buruzko arauak bete behar dituen beste edozein gai.

 

12. Artikulua - Nahitaezko betebeharrak

 

     1.-   Industriako segurtasun-arauen pean dauden instalazio, tresna, ekipo eta produktu guztiek, inork erabili baino lehenago edo funtzionatzen hasi baino lehenago, arauetan zehazturik dauden industriako segurtasun-baldintzak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute.

 

     2.-   Segurtasun-xedapen horiek benetan betetzen dituztela egiaztatzeko, kasuan-kasuan aplikatu beharreko xedapenen arabera, honako bide hauetakoren bat erabili beharko da:

 

a)  Instalazioen titularraren edo produktuen fabrikatzailearen, ordezkariaren, banatzailearen edo inportatzailearen adierazpena.

b)  Eragile laguntzailearen egiaztagiria (lege honetako 14. artikuluan dago zehazturik nor diren eragileok).

c)         Aplikatu beharreko legeetan eta Europar Batasuneko Zuzenbidean zehazturiko beste edozein egiaztatze-bide.

 

13. Artikulua - Industria Administrazioaren kontrol-ahalmena eta esku hartzeko ahalmena

 

     1.-   Hurrengo puntuan ezarritakoak bere hartan dirauela, Industria Administrazioaren menpeko zerbitzu teknikoek ikuskaritza edo laginketa erabiliko dute industriako segurtasun-arauen menpe dauden instalazioen, tresnen, ekipoen edo produktuen funtzionamendua kontrolatzeko. Kontrol horiek irizpide hauek bete beharko dituzte:

 

a)  Aldian-aldian egin beharrekoak izango dira, organo eskudunek onartzen dituzten ikuskaritzako edo kontroleko planen arabera.

b)  Kontrol-prozesu integralak ezarriko dira, bai instalazio, tresna, ekipo eta produktuetarako, bai parte hartzen duten eragileentzako.

c)         Zertan eta noraino esku hartu erabakitzeko, gizartearen eskakizunak, instalazioetako istripuak eta instalazioen berezko arriskugarritasun-maila hartuko dira kontuan batez ere.

 

     2.-   Aurreko puntuko kasuetatik kanpora, Industria Administrazioak kasu hauetan bestetan ez du zuzenean esku hartuko eta ikuskaritzako eta kontrol teknikoko lanak egingo:

 

a)  Arauren batean zehazturik dagoenean nahitaezkoa dela esku-hartze hori egitea.

b)  Industriako arauak bete behar dituen instalazioren bat egitearekin edo haren funtzionamenduarekin zerikusia duen salaketaren bat dagoenean, baldin eta salaketa oinarritutzat jotzen bada eta, hura argitzeko, ikuskaritza-lana egitea ezinbestekoa bada.

c)         Istripuren bat gertatzen denean eta istripu hori industriako arauak bete behar dituen instalazioren bat egiteko prozesuaren edo funtzionamendu-prozesuaren ondorio denean, baldin eta dagokion ikuskatze-lana beharrezkotzat jotzen bada zer gertatu den argitzeko edo erantzukizuna norena den zehazteko.

 

     3.-   Ikuskaritza-lana egiten duten Industria Administrazioko langileak, lan horretan, agintaritzaren agentetzat hartuko dira, eta, beren buruak identifikaturik, nahi badute, aurretiaz abisatu gabe sar daitezke lege honetan arauturik dauden jardueretan aritzen diren instalazioetara.

 

     4.-   Ikuskaritza-bisita guztietan, zer gertatu den azaltzeko akta bat egin beharko da; akta horren edukia erregelamenduz erabakitakoa izango da, eta interesatuek alegaziorik aurkezten badiote, horiek ere jaso beharko dira. Azaltzen dituzten gertakariei dagokienez, eta kontrakorik ezean, halako aktak gauza ziurtzat hartu behar dira eta froga-balioa izango dute; nolanahi ere, aktaren aurkako frogak kontuan har daitezke batera, bai interesatuek aurkeztutakoak badira eta bai ofizioz prozeduran sartutakoak badira. Dena ere legez ezarritako froga-araubideari jarraituz.

 

14. Artikulua - Eragile laguntzaileak

 

     1.-   Lege honek dakartzan ondorioetarako, halako erakunde batzuk eragile laguntzailetzat hartuak izateko, erakunde horiek Autonomia Erkidego honi egiaztatu behar diote badituztela beren zeregina betetzeko gaitasun tekniko eta finantzazkoa eta beharrezko inpartzialtasuna, betetzen dituztela agindutako xedapen teknikoak, eta betetzen dituztela, orobat, industriako segurtasunarekin zerikusia duten eginkizunetan aritzeko eskakizunak -legez edo erregelamenduz zehaztuak-, lege honetan ezarrita dagoen moduan. Hauek hartu ahal izango dira eragile laguntzailetzat:

 

a)  Kontrolerako edo egiaztapenerako erakunde modura edo saiakuntza edo kalibrazio laborategi modura baimendutakoak.

b)  Teknikari tituludun gaitasundunak eta erregelamenduetan aurreikusitako espezialitateetakoren batean baimendurik dauden profesional edo enpresak.

c)         Edozein energia-gai banatu edo salerosten duten enpresak.

d)  Industriako segurtasun-arauak bete behar dituen zerbitzu publiko baten emakidadunak.

e)  Industria-kontuetan laguntzeko eginkizunak dauzkaten elkargo edo kontseilu profesionalak. Legez edo estatutuetan izendatuta eduki behar dituzte eginkizunak.

f)   Normalizaziorako eta egiaztapenerako erakundeak, batera aritzen direnetan industriako kalitate eta segurtasunerako.

g)  Dagokion erregelamenduaren arabera, Administrazioarekin segurtasun-gaietan lankidetzan aritzeko zereginak dauzkaten beste erakunde batzuk.

 

     2.-   Eragile laguntzaileek, industriako instalazioen funtzionamendua kontrolatzeko prozeduretan ez ezik, instalazio horiek baimentzeko edo martxan jartzeko prozeduretan ere parte hartu ahal izango dute. Halakoetan, industriako eskumenak dituen organoak gauza hauek zehaztu beharko ditu aurretiaz, erregelamendu bidez:

 

a)  Eragile horiek bete beharreko eskakizunak eta baldintzak.

b)  Esku-hartze hori erregelamenduetako zein esparrutan gerta daitekeen.

c)         Eragile horiek bete behar dituzten kontroleko prozedurak eta sistemak.

 

     3.-   Administrazioaren berezko eginkizunetan ari badira, erakunde horiek egiten dituzten ziurtagiriak, ikuskatze edo kontrol aktak edo bestelako egintzak Administrazioak berak egindakoen balio eta eraginkortasun berbera izango dute, eta haien aurka erreklamazioa jar daiteke industriako eskumenak dituen organoan. Erreklamazio horien ebazpenen aurka, berriz, legez zehazturik dauden errekurtsoak jar daitezke.

 

     4.-   Istripuren baten berri izaten badute, eta istripuak erregelamenduz dagokien esku-hartze eremuko industriako instalazio, tresna edo produkturen bat egitearekin, erabiltzearekin edo haren funtzionamenduarekin zerikusirik badu, eragile laguntzaileek organo eskudunari jakinarazi behar diote, derrigor. Eta istripu-arrisku larria edo larrialdiren bat baldin badago, aurretiazko beharrezko neurriak hartu, eta organo eskudunari jakinarazi beharko diote berehala, eta hark berretsi edo baliogabetu egingo ditu segituan.

 

     5.-   Era berean, industriako segurtasunaren inguruan egiten duten lanari buruzko agiri guztiak gordeta eduki behar dituzte eragile laguntzaileek. Ikuskatze-lanei eta kontrolei buruzko agiriak gutxienez hamar urtez gorde behar dituzte, non eta erregelamenduz ez den beste eperen bat zehazten.

 

     6.-   Eragile laguntzaileek, beren lanean, inpartzialtasuna eta objektibotasuna bermatu beharra daukate, bai eta isilpekotasuna ere.

 

     7.-   Baimena eraginkorra izango bada, eragile laguntzaileak behartuta egongo dira, erregelamenduz eskatzen den moduan, erantzukizun-arriskuak babestuko dituzten aseguru-polizak sinatzera; polizek zehazten den zenbatekoaren araberakoak izan beharko dute, baina zenbateko horrek ez du mugatuko aipatutako erantzukizuna.

 

15. Artikulua - Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua

 

     1.-   Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua sortzen da, industria-gaietan eskumena duen sailari atxikita. Industria-segurtasunaren arloko gizarte-interes eta jarduerak ordezkatzen dituzten sektoreek aholku eman eta parte hartzeko organoa izango da. Organo horrek parte hartuko du Autonomia Erkidego honen industria-segurtasunerako politika taxutzen, aholku ematen eta jarraipena egiten, arlo honetan jarduteko planak bultzatuz eta koordinatuz.

 

     2.-   Industria Segurtasunerako Euskal Kontseiluaren osaera eta jarduera-arauak erregelamendu bidez ezarriko dira, lege honetan xedatutakoaren arabera. Batzorde iraunkor bat ere arautu ahal izango da, kontseiluak haren esku utzitako eskumenak baliatuko dituena, eta beharrezkotzat jotako komiteak ere bai, erregelamendu-lanetan laguntzeko eta kontrolerako organoen jarduna koordinatzeko batik bat.

 

     3.-   Kontseiluak berak ezarriko ditu bere antolaketa eta barne-araudia, indarrean dauden arau eta xedapen administratiboen arabera

 

16. Artikulua - Industriako agiri teknikoak

 

     1.-   Industriako segurtasuneko erregelamendu teknikoetan aurreikusirik eta arauturik baldin badaude, Administrazioak bere eskura izango ditu aurkeztu behar zaizkion agiri tekniko guztiak. Agiriak eskura izateko ahalmen hori jabetza intelektualeko eta industrialeko arauetan agindurik dagoenaren arabera erabili beharko da, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legean jartzen duenaren arabera, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera.

 

     2.-   Eta, dagozkion arau teknikoen arabera, lege honetako 14. artikuluan arauturik dauden eragile laguntzaileetakoren batek ere parte hartu behar badu, aipatutako agiri teknikoak egin beharko ditu eragile horrek, derrigor, instalazioa egiten amaitzen denean eta teknikoki zuzena denean.

 

17. Artikulua - Arriskurik badago, zuhurtziako neurriak hartzea

 

     1.-   Industriako jarduera edo instalazioren batek akatsak baldin baditu eta, funtzionatzen jarraituz gero, horrek arriskua badakar pertsonentzat edo ondasunentzat, industriako eskumenak dituen sailak bere esku izango du hura geldiaraztea edo beste edozein zuhurtziako neurri hartzea. Neurri horiek arriskuaren heinekoak izango dira, eta arriskuak aurrera ez egiteko behar direnak soil-soilik.

 

     2.-   Zuhurtziako neurri horiek zein prozeduraren arabera hartu behar diren erregelamendu bidez erabakiko da. Halakoetan, erregelamenduak irizpide hauek izan beharko ditu kontuan:

 

a)  Neurri horiek arriskua desagertu arte iraungo dute -harrarazi zituen arriskua desagertu arte-, eta akatsak konpontzeko behar den denbora edo beste neurri-mota batzuk hartzeko beharrezko denbora gainditu gabe, betiere.

b)  Neurri horiek zuzenean teknikari ikuskatzaileek har ditzakete, edo, industriako segurtasunaren inguruko eginkizunetan ari direnean, eragile laguntzaileek.

Neurriok berehala berretsi edo baliogabetu beharko ditu organo eskudunak.

c)         Edonola ere, zuhurtziako neurri jakin bat hartzekotan, teknikoki arrazoiturik egin beharko da, eta dena delako instalazioaren funtzionamenduaren edo jardueraren eta arriskuaren artean zein harreman edo lotura kausal dagoen azaldu beharko da.

d)  Instalazioren bat geldiarazteko, haren funtzionamenduak kalteak sortzeko arrisku larria eta berehalakoa ekarri behar du, nahitaez. Erabat geldiaraz daiteke, edo zatiren bat geldiaraz daiteke; zatiren bat geldiarazita teknikoki posible bada helburua betetzea, zati hori geldiaraztea erabaki behar da, beti.

 

     3.-   Zuhurtziako neurriak gorabehera, egindako arau-hausteari dagozkion zehapenak ezarri egingo dira, lege honetako VI. kapituluan xedaturik dagoen moduan.

 

IV. KAPITULUA

INDUSTRIAREN KALITATEA

 

18. Artikulua - Industriaren kalitatea

 

     1.-   Lege honetan aurreikusita daudenetarako, honako hau da industriaren kalitatearen definizioa: izaera pribatuko arau batean ezarritako prozesu, eskakizun eta baldintza teknikoen multzoa, ekoizpen eta kudeaketa prozesuak zein industriako produktu, tresna edo ekipoen zehaztapen teknikoak arautzen dituena; hori betetzea ez da nahitaezkoa izango, ez delako arauzko xedapen batek agintzen duen zerbait.

 

     2.-   Aurreko paragrafoan aipatzen diren arauak arauzko xedapen baten bidez agindutakoak baldin badira, industriako segurtasunaren arloko bihurtuko dira, segurtasun horri dagozkionetan.

 

19. Artikulua - Industriaren kalitaterako azpiegitura

 

     1.-   Industria Administrazioak industriaren kalitaterako azpiegitura osatzen duten eragile publiko zein pribatuek bete beharreko antolakuntza eta funtzionamenduko eskakizun eta baldintzak ezarri ahal izango ditu, Autonomia Erkidego honetan jarduteko aukera izan dezaten. Eragileon artean sartzen dira normalizazio eta egiaztapenerako erakundeak, ziurtapenerako erakundeak eta saiakuntza eta kalibrazioko laborategiak.

 

     2.-   Autonomia Erkidegoko Administrazioak Euskadiko industria-sarearen lehiakortasuna garatzea eta hobetzea bultzatuko du, hain zuzen ere ekoizpen eta banaketa prozesuen, antolaketa-sistemen eta kudeaketako kalitatearen eraginkortasuna eta malgutasuna bultzatuta. Bereziki, honako hauek bultzatuko dira:

 

a)  Ekonomia eta gizarte arloko jarduerako sektore eta interes guztiek parte hartzea bai normalizazioan eta normalizatze hori hedatzeko prozesuan eta bai ziurtapenean, betiere arauekin bat etorriz.

b)  Langileen informazioa, kontsulta eta parte-hartzea.

c)         Normalizazio, egiaztapen, ziurtapen, ikuskapen eta saiakuntzako erakundeak egotea, behar besteko gaitasun teknikoarekin, Europan eta nazioartean aitormena lor dezaten.

d)  Enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezarri eta hobetzea.

e)  Kalitatearen inguruko sentsibilizazio eta hedapen lana egin eta prestakuntza eskaintzea.

f)   Enpresetako kudeaketa hobetu eta kudeaketa-modu horren erabilera hedatzeko tresna berriak prestatzea helburu duten azterlan eta jarduera-proposamenak egitea.

g)  Erantzukizun sozial korporatiboa.

 

V. KAPITULUA

INDUSTRIA SUSTATZEA

 

20. Artikulua - Plan estrategikoak

 

     Industriako eskumena daukan sailak industria-jarduerari buruzko lau urteko plan estrategikoak egingo ditu. Planak erakundeen artekoak izango dira eta gaiarekin zerikusia duten gizarte eta ekonomia eragile guztiek hartuko dute parte. Gai hauek jorratuko dituzte planek: lege honetan aurreikusten diren industria-politiken diagnostikoak, printzipioak, helburuak, politikak, baliabideak, finantzaketa eta ebaluazioa. Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaizkio plan horiek, eztabaida ditzan, eta haien betetze-mailari buruzko ebaluazioa egingo da aldian-aldian.

 

21. Artikulua - Industria sustatzeko programak

 

     1.-   Hazkunde iraunkorreko ekonomia-eredu bat sustatzen laguntzeko eta horren bidez lehiakortasunean, produktibitatean, solidaritatean eta lurraldeen arteko orekan aurrera egin ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak industria sustatzeko programak abiaraziko ditu.

 

     2.-   Aipatutako programa horiek ondorengo oinarrizko helburuak izango dituzte:

 

a)  Industria-jarduera garatu, modernizatu eta lehiakor egitea.

b)  Enpresen maila teknologikoa eta nazioartekotasuna areagotzea.

c)         Industria-jarduerarekin eta negozio-eredu berriekin zerikusia duten balio erantsiko zerbitzu teknikoak areagotzea eta sustatzea.

d)  Industria modu egokian finantzatzea, eta horretan arreta berezia eskaintzea enpresa txiki eta tartekoei.

e)  Herrialde osoa modu orekatuan garatzea, kohesio ekonomiko eta soziala sendoagoa izan dadin. Eta, zehazkiago, langabeziaren ondorioz edo gizarte-egoeraren gainbeheraren eraginez bereziki kaltetuta dauden eskualdeen garapena bultzatzea.

f)   Enpresen arteko elkarlana bultzatzea, enpresen elkarte, talde eta beste erakunde batzuk sor daitezen.

g)  Industriek ingurumenarentzat iraunkorrak diren eta energiaren ikuspegitik eraginkorragoak diren produktu eta prozesuetara jotzea.

h)  Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua garatzea.

i)   Langileen prestakuntza espezifikoak garatzea.

j)   Langileen informazioa, kontsulta eta parte-hartzea sustatzea.

k)         Erantzukizun sozial korporatiboa sustatzea.

 

     3.-   Eusko Jaurlaritzak zenbait klausula jarri ahal izango ditu, bere eskumenen eremuan, industrien lekualdatzeei aurrea hartzeko.

 

     4.-   Artikulu honetan aipatzen diren helburuekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren sustapena edo industria-politika ondorengo arloetan banatzen da:

 

a)  Industria sustatu eta antolatzea.

b)  Informazioaren eta ezagutzaren gizartea.

c)         Teknologia eta berrikuntza.

d)  Nazioartekotzea.

 

22. Artikulua - Industria sustatzea

 

     Arlo honen barruan sartzen dira produkzio-jarduera sustatzea helburu duten Administrazioaren jarduera guztiak, sustatze-lan hori industria-enpresa berriak sortzeko eta dauden industriak garatzeko laguntzen bidez egiten dutenak. Era berean, enpresek lehiarako behar besteko tamaina izatea helburu duten ekimenak garatuko dira, eta horren barruan sartuko da zailtasunak dituzten enpresei bultzada ematea. Horretarako, ondorengo jarraibideak izango dira kontuan:

 

a)  Jarduera-programak egitea, enpresa arloko ekimenak sustatu eta industria eta ikasketa enpresak sortzeko.

b)  Industria sustatzeko eta teknologia garatzeko helburua duten industriako sektore eta enpresentzako finantzabideak bultzatzea.

c)  Berriz industria garatzeko premia duten Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeetan industria sustatzea, arlo horretako eskumenak dituzten beste erakunde batzuekin elkarlanean.

d)  Indarra hartzen ari diren sektore edo esparruetan edo behar besteko tamaina hartu ez dutenetan lehiarako gaitasun egokia sustatzea zuzenean edo zeharka, enpresen egiturak behar bezala arrazionalizatuta.

e)  Enpresen elkarte egonkorrak sortzea bultzatuko duten programak, tresnak edo jarduerak garatzea.

f)   Zailtasunak dituzten enpresentzako programak eta jarduera-proposamenak egitea eta, bideragarriak badira, enpresa horiei berriz indarra hartzen laguntzea, lanpostuak eta industria-jarduera mantendu eta sortzeko.

g)  Industria-azpiegiturak kokatu eta lehian behar bezala jarduteko balioko duten azpiegitura fisikoak eta ingurune teknologikoak garatzea.

 

23. Artikulua - Informazioaren eta ezagutzaren gizartea

 

     1.-   Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, industriako sektoreak sustatu eta antolatzeaz gainera, euskal gizartean informazioaren eta ezagutzaren gizartea garatzea sustatuko du, eta eginkizun hori industriak aurrera egiteko oinarrizkoa izango da. Dena den, bere hartan iraungo dute administrazio eta gobernu elektronikoaren arloan beste administrazio publiko batzuek dituzten eskumenek.

 

     2.-   Horren guztiorren inguruan, informazioaren eta ezagutzaren gizartea garatzeko neurriak hartuko dira, ondorengo irizpideak kontuan izanda:

 

a)  Administrazioko izapideak telematikaren bidez egin daitezen sustatzea.

b)  Herritar eta enpresa guztiek teknologia berrien inguruko prestakuntza izateko eta teknologia horietaz baliatzeko erraztasunak ematea.

c)         Ezagutza partekatzeko guneak sortzeko behar den teknologia-azpiegitura garatzea.

 

24. Artikulua - Teknologia eta berrikuntza

 

     Berrikuntza eta teknologia propioen garapena bultzatuko da, eta, horrekin batera, baita Euskal Autonomia Erkidegoko industrietan teknologia aurreratuak sartzea eta taldean erabiltzeko teknologia-azpiegiturak sortzea ere, ondorengo arlootako ekimenak garatuz:

 

a)  Ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoan jarduteko proiektuak, oinarrrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren arloan.

b)  Industriaren lehiakortasuna hobetzearen alde lan egiteko azpiegitura teknologiko eraginkorra sortu eta sendotzea bultzatzea, beste administrazio batzuekin elkarlanean.

c)  Enpresen eta teknologia eskaintzen duten erakundeen artean industria arloko berrikuntzen inguruko teknologia trukatzeko planak.

d)  Euskal eragile teknologikoekin eta teknologiaren arloko erakunde arteko bilguneekin elkarlanean aritzea.

e)  Taldean erabiltzeko azpiegitura teknologikoak, industriaren eta enpresaren arloko informazioa hedatu ahal izateko eta industria-jabetzako agerkarien bidez eskura daitekeen teknologiari buruzko informazioa izateko, betiere enpresek horren guztiorren berri zehatzagoa izan dezaten.

f)   Industria-jarduera ingurumenaren eta segurtasunaren eskakizunetara egokitzea, eta, horretarako, aurrezaintzako eta babeserako beharrezko neurriak hartzea eta zuzendu beharrekoak zuzentzea, teknologia egokiak eskuratu eta garatuta.

g)  Beste administrazio eta erakunde pribatu batzuekin akordioak sortzea eta sustatzea oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren arloan.

 

25. Artikulua - Teknologia-erakundeak

 

     1.-   Beste batzuen artean, nortasun juridiko propioa eduki eta irabazi-asmorik gabekoak izanik beren helburuen artean berariaz informazioaren gizartea, ikerketa edo berrikuntza zientifikoa eta garapen teknologikoa garatzea helburu duten erakundeak sustatu eta bultzatuko dira.

 

     2.-   Horrekin batera, teknologiaren arloan diharduten enpresen elkarteak bultzatuko dira, ikerketa eta teknologiarekin zerikusia duten proiektuak aurrera eraman ditzaten; proiektuok, betiere, eragin handia izan beharko dute bai ekonomian eta gizartean eta bai euskal produkzio- sektoreetan diharduten enpresen teknikan eta ikerketan.

 

     3.-   Lege hau garatzeko egingo diren xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, artikulu honetan aipatzen diren erakundeak lehentasunezko erakundetzat hartu ahal izango dira ikerketa, garapen eta berrikuntza teknologikoko erakundetzat sailkatzeari dagokionez eta ondoren Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarean sartzeari begira.

 

26. Artikulua - Nazioartekotzea

 

     Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresek nazioartean lehiatzeko kultura bultzatuko da, enpresen eta industriako sektoreen egiturak merkatuaren eskakizunetara eta nazioarteko jokalekura egokitu daitezen. Horretarako, ondorengo helburuak izango dira kontuan:

 

a)  Atzerriko merkataritza sustatzea.

b)  Euskal enpresei atzerrian kokatzen laguntzea, bai enpresa mistoak edo banan banako proiektuak sortzeari begira eta bai dagoeneko indarrean diren proiektuetan parte hartzeari begira.

c)  Euskadiko eta atzerriko enpresen artean elkarlanerako akordioak izatea sustatzea.

d)  Esportatzeko asmoz diharduten enpresentzat finantzabideak eta beste laguntza-modu batzuk sustatzea.

e)  Nazioartekotzea bultzatu nahian dabiltzan erakundeak koordinatzea.

 

27. Artikulua - Laguntza-programak

 

     1.-   Aurreko artikuluetan aipatzen diren plan, programa edo proiektuek lehiaren babeserako ezarrita dagoen araudia bete beharko dute, eta horiek guztiak gauzatzeko, laguntzak, pizgarri publikoak edo beste neurri batzuk erabiliko dira, betiere gaiari buruzko erregelamenduetan ezarriko den moduan.

 

     2.-   Aurreko artikuluetan aipatzen diren plan, programa edo proiektuek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ematen dituen laguntza eta diru-laguntzei dagokienez, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan esaten dena bete beharko dute (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen).

 

VI. KAPITULUA

ARAU HAUSTE ETA ZEHAPENAK

 

28. Artikulua - Xedapen orokorrak

 

     1.-   Lege honek arautzen dituen arloetan, administrazioko arau-hausteak izango dira ondorengo artikuluetan zehaztutako erantzuleen ekintzak edo ez-egiteak.

 

     2.-   Lege honetan aipatzen diren administrazioko arau-hausteak gorabehera, bere hartan jarraituko dute egileen erantzukizun zibilek, penalek edo bestelakoek, halakorik baldin badago.

 

     3.-   Dena delako jokaeran segurtasunaren eta lan-osasunaren arloko araudia hautsi bada, arau-hauste hori izango da zehapena ekarriko duena, aipatu den araudiak dioenarekin bat etorriz.

 

     4.-   Kapitulu honetan aurreikusi ez den guztirako, otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa aplikatuko da (lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa da).

 

29. Artikulua - Arau-hausteen sailkapena

 

     Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izango dira.

 

30. Artikulua - Oso arau-hauste larriak

 

     1.-   Oso arau-hauste larriak izango dira hurrengo artikuluan arau-hauste larritzat jotakoak, baldin eta horien ondorioz pertsonentzat, gauzentzat edo ingurumenarentzat oso arrisku edo kalte larria sortzen bada, edo oso arrisku larri eta berehalakoa sortzen bada.

 

     2.-   Era berean, oso arau-hauste larriak izango dira:

 

a)  Dena delako jarduera aurrera eramaten jarraitzea, horretarako baimena bertan behera utzita edo iraungita dagoenean, edo instalazio baten jarduna berehala ez gerarazi edo bertan behera uztea, horretarako eskumena duen agintaritzak eskatutakoan.

b)  Lege honen arabera industriako segurtasunaren arloan eskumenak dituen agintaritzari ikuskapen eta kontrol lanak egiteko laguntza eskaintzeari behin eta berriz uko egitea edo aurka jartzea, edo nahita oztopoak jartzea modu larrian.

c)         Garrantzia duen informazioa nahita ezkutatzea, edo eskumena duen administrazioari informazio hori okerreko datuekin ematea, jokaera horrek pertsonentzat edo ondasunentzat arrisku larria baldin badakar.

d)  Eskumena duen organoak hartutako zuhurtziako neurriak ez betetzea, lege honen 17 eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

 

31. Artikulua - Arau-hauste larriak

 

     Hauek dira arau-hauste larriak:

 

a)  Industriako segurtasun-arauak bete behar dituzten produktu, ekipo, tresna, produkzio-teknika edo osagaiak erregelamendu-arauek diotena bete gabe fabrikatu, inportatu, saldu, garraiatu, egin, instalatu edo erabiltzea, baldin eta ez-betetze horrek arrisku edo kalte larria baldin badakar.

b)  Instalazioak martxan jartzea industriaren arloan eskumena duen organoari arauak betetzen direla egiaztatu gabe, edo beharrezkoa zen baimena eskuratu gabe, egiaztapen edo baimen hori nahitaezkoa denean legeek edo erregelamenduek hala eskatzen dutelako.

c)  Benetako gertakariekin bat ez datozen akta, ziurtagiri edo txostenak idaztea.

d)  Industriako segurtasun-arauen menpe dauden instalazioak egitea, ziurtagiriak ematea edo kontrolatzea, erregelamenduz ezarritakoaren arabera behar den habilitazio edo baimenik izan gabe.

e)  Garrantzia duen informazioa nahita ezkutatzea, eskumena duen administrazioari informazio hori ematearen aurka jartzea edo behin baino gehiagotan berandu ematea, edo okerreko datuekin ematea, informazio hori aurkeztea nahitaezkoa bada legez edo erregelamenduz agindutakoaren arabera.

f)   Industriako segurtasunaren menpe dauden instalazioetan istripuren bat izan denean, arloko eskumenak dituen administrazioari berri ematea edo jakinaraztea nahitaezkoa izanik ere, halakorik ez egitea edo berandu egitea, horretarako arrazoirik izan gabe.

g)  Ikuskapen edo kontrol lanak egitea galarazi, oztopatu edo atzeratzea, egitez edo ez-egitez, jarduteko modu hori oso arau-hauste larritzat edo arintzat jotzen ez den kasuetan.

h)  Industriako segurtasunaren arloan eskumenak dituen agintaritzaren berariazko errekerimenduak behin eta berriz ez betetzea.

i)   Erakunde laguntzaileek ikuskapen, saiakuntza edo probak behar bezala amaitu gabe uztea edo okerreko emaitzekin egitea, gertakariak nahikoa ez egiaztatzeagatik edo arau teknikoak zehaztasunik gabe aplikatzeagatik.

j)   Egiaztapenerako erakundeek kontrolerako erakundeen egiaztapena behar bezala ez egitea, hau da, kontrolerako erakunde horiek funtzionatzeko bete behar dituzten baldintza eta eskakizun teknikoak erabat egiaztatu gabe edo teknikoki desegokia den balorazioaren bidez egitea egiaztapena.

k)  Lege honetan edo berau garatuko duten arauetan aipatzen diren segurtasun-kontuetan eskumena duen agintaritzak berariaz emandako jarraibide edo aginduak ez betetzea.

l)   Instalazioak behar bezala ez zaintzea edo mantentzea, horren ondorioz pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat kalte larria sor baldin badaiteke.

m) Lege honetako 16.2 artikuluan aipatzen diren agiriak ez ematea, agiri horiek aurkeztea galarazten duen arrazoi teknikorik ez baldin badago.

n)  Aurkitutako akatsak ez konpontzea, horien eraginez pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat arrisku edo kalte larria sor daitekeenean.

ñ)  Segurtasunaren arloko araudia ez betetzea dakarren edozein ekintza edo ez-egite, horrek arrisku edo kalte larria sortzen baldin badu.

 

32. Artikulua - Arau-hauste arinak

 

     Hauek dira arau-hauste arinak:

 

a)  Erregelamenduz agindutako ikuskapen edo berrikuspenak egitean instalazioetan aurkitutako akatsak ez konpontzea titularrek kasuan kasuko aktan aipatzen den epean, non eta ez den horren ondorioz arrisku edo kalte larria sortzen.

b)  Ikuskapen-lanak egitea ez erraztea, horren ondorioz informazioa emateko edo dena delakoaren aurrean agertzeko betebeharrean atzerapenak izatea baino ez bada sortzen.

c)  Lege edo erregelamenduzko beste edozein arau ez betetzea, ez-betetze hori arau-hauste larri edo oso larritzat jo ez bada.

d)  Administrazioari ez jakinaraztea, horretarako ezarrita dagoen epean, erregelamenduz hala aginduta dagoelako jakinarazi beharreko datuak.

e)  Legez hala aginduta dagoelako gorde beharrekoak diren agiriak, edo erregelamenduz hala ezarrita dagoelako eska daitezkeenak, behar den epean ez gordetzea edo agintaritza eskudunari uzteko moduan ez izatea.

f)   Lege honetan eta berau garatuko duten arauetan aurreikusitako eginkizunak aurrera eramateko orduan, eskumenak dituen administrazioarekin elkarlanean ez aritzea.

g)  Industriako segurtasunaren arloan eskumenak dituen agintaritzaren berariazko errekerimenduak ez betetzea.

 

33. Artikulua - Arau-hauste eta zehapenen indargabetze-epea

 

     1.-   Kapitulu honetan aipatzen diren oso arau-hauste larriak bost urteren buruan geratuko dira indarrik gabe, larriak hiru urteren buruan eta arinak urtebete igaro ostean.

 

     2.-   Oso arau-hauste larrien ondorioz jarritako zehapenak bost urteren ostean geratuko dira indarrik gabe, arau-hauste larriengatik jarritakoak hiru urteren buruan eta arau-hauste arinengatik jarritakoak urtebete igarotakoan.

 

     3.-   Artikulu honetan aipatzen diren epeak neurtzeko, otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa bete beharko da (lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa da).

 

34. Artikulua - Erantzuleak

 

     1.-   Arau-hausteen erantzule arau-hausteok egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoak izango dira, pertsona horien jardunaren ondorio zuzena baldin badira arau-urratzeak, lege honen 3. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

 

     2.-   Bi pertsona edo gehiago arau-hauste baten egile eta, horrenbestez, erantzule baldin badira, eta ezin bada zehaztu zenbaterainoko parte-hartzea izan duten, modu solidarioan erantzun beharko dute arau-hausteari dagozkion zehapenetan.

 

     3.-   Arau-haustea hainbat egileren ekintzak bata besteari batzearen ondorioz gertatu baldin bada, eta egile horiek guztiak baldin badira arau-haustearen erantzule, kasuan kasuko zehapenak bata bestetik independenteak izango dira.

 

35. Artikulua - Zehapenak

 

     1.-   Aurreko artikuluetan aipatzen diren arau-haus­teengatik zehapenak jartzerakoan, heinekotasun-irizpidea erabiliko da arau-haustea eragin duen gertakariaren larritasunari begiratuta, eta bereziki lege honetako 36. artikuluan zehazten diren inguruabarrak hartuko dira kontuan. Horretarako, arau-hausteak era honetan zehatuko dira:

 

a)  Arau-hauste arina: 300-6.000 euro arteko isuna.

b)  Arau-hauste larria: 3.000-90.000 euro arteko isuna.

c)         Oso arau-hauste larria: 30.000-1.000.000 euro arteko isuna.

 

     2.-   Arau-haustetik datorren etekin ekonomikoa isuna baino handiagoa bada, isunaren kopurua etekin hori halako biraino jaso daiteke. Horretarako, ez-betetzearen ondorioz lortutakoa hartuko da etekin ekonomikotzat.

 

     3.-   Eskumena duen agintaritza zehatzaileak, adierazitakoaz gainera, eta arau-hauste oso larri eta larrien kasuan, administrazio publikoen diru-laguntzak jaso eta administraziookin kontratuak egiteko debekua jarri ahal izango dio arau-hausleari; debeku hori bi urtera artekoa izango da arau-hauste larrietan, eta bost urtera artekoa oso arau-hauste larrietan.

 

     4.-   Oso arau-hauste larrien ondorio diren zehapenak, irmo bihurtzean, erregelamenduz agindu bezala argitaratuko dira.

 

     5.-   Lege honetan tipifikatutako ekintzak edo ez-egiteak beste lege batzuetan ere tipifikatuak badira, zehapenik handiena jartzen duen legearen arabera kalifikatuko dira.

 

36. Artikulua - Zehapenak zehaztea

 

     1.-   Kasuan kasuko zehapena zenbatekoa izango den zehazteko orduan, ondorengo inguruabarrak hartuko dira kontuan:

 

a)  Arau-hausteak zer-nolako arriskua eragin dien pertsonei, ondasunei edo ingurumenari.

b)  Pertsonei, ondasunei edo ingurumenari eragindako kaltea zenbaterainokoa izan den.

c)         Arau-haustetzat jotako ekintzan edo ez-egitean zenbateraino parte hartu den eta hortik zenbateko onura eskuratu den.

d)  Arau-haustea egiteko zenbaterainoko asmoa zegoen edo zenbaterainoko arduragabekeriaz jardun den, eta behin baino gehiagotan gertatu ote den.

e)  Eskumena duen agintaritzak edo eragile laguntzaileek (industriako segurtasunaren arloan dihardutenean) aldez aurretik egindako ohartarazpenak edo errekerimenduak ez bete izana.

f)   Hiru urteko tartean ezaugarri berak dituen arau-hauste bat baino gehiago egin izana; arau-hauste horiek ebazpen irmoaren bidez halakotzat hartutakoak izan beharko dute.

g)  Arau-hauslearen gaitasun ekonomikoa.

h)  Arau-hausleari eska dakiokeen prestakuntza tekniko eta gaitasun profesionala.

 

     2.-   Inguruabar horiek ezin izango dira aplikatu oso antzeko errealitateari badagozkio, nahiz ondasun juridiko berari edo antzekoari edo erruduntasunaren antzeko alderdiari edo alderdi berari badagozkio, eta aplikatuko den arau-hauste tipoaren deskripzioan ageri baldin badira. Era berean, ezin izango dira aplikatu arau-hausteari erabat lotuta badaude, hau da, haiek gabe arau-haustea egiterik ez badago.

 

37. Artikulua - Jarduera bertan behera uztea

 

     1.-   Oso arau-hauste larrietan, kasuan kasuko isunarekin batera, jarduera edo instalazioa aldi batean bertan behera uztea erabaki ahal izango da, edo administrazioaren baimena ezeztatu edo bertan behera uztea, edo merkatuan aritzea debekatzea.

 

     2.-   Aurreko puntuan aipatutako neurrietakoren bat hartzea erabakitzen baldin bada, neurri hori ezin izango da hiru urte baino gehiagoan egon indarrean. Gorago aipatzen den bertan behera uzteko aukera hori indarrean jartzeko, lege honetako 36. artikuluko a), b), c), d), e) eta f) hizkietan aipatzen diren inguruabarretako hiru edo gehiago gertatu beharko dira batera.

 

38. Artikulua - Zehapen-prozedurarekin zerikusia duten behin-behineko edo zuhurtziako neurriak hartzea

 

     Instalazioa geraraztea erabakitzen den edo ez alde batera utzita, berehalako arriskua dagoela ikusten baldin bada lege honetako 16. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta, industria-jarduerak edo instalazioak badaezpada geraraztea erabaki ahal izango da zigor-prozedura hasi baino lehen edo hasi ondoren, eta kasu horretan gerarazte horrek otsailaren 20ko 2/1998 Legeko 31 eta 32. artikuluetan esaten denaren araberakoa izan beharko du (lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa da).

 

39. Artikulua - Zehatzeko eskumena

 

     Lege honetan zehapenen arloan aipatzen diren kontuetarako eskumena, oso arau-hauste larriei dagokienez, industria-gaietan eskumena duen saileko buruak izango du. Arau-hauste larri eta arinei dagokienez, egitura organikoa zehazteko kasuan kasuko dekretuetan xedatzen denari egingo zaio kasu.

 

40. Artikulua - Zehatzeko prozedura

 

     1.-   Lege honetan zehapenetarako zehazten den prozedura arrunta otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa da (lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoa da).

 

     2.-   Erregelamendu bidez prozedura sinpleagoak ezarri ahal izango dira zehapen arinak jartzeko.

 

VII. KAPITULUA

HERTSATZEKO ISUNAK ETA BETEARAZTE SUBSIDIARIOA

 

41. Artikulua - Hertsatzeko isunak

 

     1.-   Industriaren arloko eskumenak dituen organoak hertsatzeko isunak jarri ahal izango ditu erantzuleei kasuan kasuko erregelamenduan jasota dauden aginduak betearazteko. Bete beharrekoen artean sartuko da jarduerak edo instalazioak legezko bihurtzea, baldin eta baimen hori lortzea edo neurri baliokidea nahitaezkoa baldin bada.

 

     2.-   Era horretako isunak bata bestearen atzetik jarri ahal izango dira, eta agindutakoa betetzeko behar besteko tartea utzita aldian-aldian errepikaturik. Egindako errekerimenduak betetzen ez diren bakoitzean jarriko dira isunok, gutxieneko tartea hilabetekoa dela, harik eta agindutakoa betetzen den arte; kasu bakoitzean 6.000 euro izango da kopurua, gehienez ere. Hertsatzeko isun bakoitzaren zenbatekoa ez da izango arau-haustearentzako zehapenaren kopurua baino handiagoa.

 

     3.-   Isun horiek jartzeko organo eskuduna zehapen arinak jartzeko eskumena duen bera izango da, non eta industriako eskumenak dituen sailaren egitura organikoa zehazteko arauan beste organo bat aipatzen ez den.

 

     4.-   Dena den, hertsatzeko isunak jartzekotan, 30/1992 Legearen 99. artikuluan esaten dena bete beharko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean esaten dena.

 

42. Artikulua - Betearazte subsidiarioa

 

     1.-   Organo eskudunak errekerimendua egin eta gero erantzuleak ez baditu betetzen lege honetan aipatzen diren instalazio edo jardueren funtzionamendu edo legeztatzeari buruzko betebeharrak, organo horrek betearazte subsidiarioa agindu ahal izango du.

 

     2.-   Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik errekerimendurik egitea, eta berehala ekin ahal izango zaio betearazteari baldin eta egoerak bere horretan jarraituta berehalako arriskua sor badaiteke pertsonen osasunarentzat edo ingurumenarentzat.

 

     3.-   Betearazte subsidiarioa erantzuleen kontura izango da, eta kasuan kasuko diru-zehapenak eta gainerako kalte-ordainak eskatuko dira, hala behar badu.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa - Meatzeen arloko arau-hauste eta zehapenen, hertsatzeko isunen eta betearazte subsidiarioaren araubidea

 

     1.-   Lege honetan aurreikusten den arau-hauste eta zehapenen araubidea eta hertsatzeko isunen eta betearazte subsidiarioaren araubidea meatzeen arloan ere aplikatuko dira xedapen gehigarri honetan ezartzen diren berezitasunekin, harik eta gai horretako zehapen-araubidea onartzen den arte.

 

     2.-   Lege honetako 31. artikuluan aurreikusitako arau-hausteez gainera, ondorengoak ere arau-hauste larritzat joko dira meatzeen arloan:

 

a)  Meatze-baliabideak ustiatzea, diren sailkapenekoak direla, Meatze Administrazioak aldez aurretik nahitaez eman behar duen baimena eskuratu gabe.

b)  Ustiategian segurtasunaren aldetik zer-nolako baldintzak dauden zehatz-mehatz jakin ahal izateko Meatze Administrazioari jakinarazi beharrekoak edo erakutsi beharreko agiriak ez aurkeztea.

 

     3.-   Lege honen 34. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, eta meatzeen arloaz den bezainbatean, arau-hausteen erantzule izango dira meategietako zuzendari fakultatiboak ere, baldin eta arau-haustearen arrazoia zuzendarioi legez eta berariaz jarri zaizkien betebeharrak ez betetzea baldin bada.

 

Bigarrena - Zehapenen zenbatekoak eguneratzea

 

     Gobernu Kontseiluaren eginkizuna izango da diru-zehapenak eguneratzea, eta, hori egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indizeak eguneratze-datara arte izandako aldaketa hartuko da kontuan.

 

Hirugarrena - Fundazioen forma juridikoa dutela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten erakundeen araubide berezia

 

     1.-   Fundazioen forma juridikoa dutela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 3. artikuluan esaten denari dagokionez, ikerketa eta zientziaren arloko eta teknologiaren garapenaren arloko interes orokorreko helburuei atxikita egongo dira, era guztietako enpresekin lehentasunezko eta zuzeneko lankidetza-proiektuak garatu eta gauzatuta. Horrek, zeharka, Euskadiko industria-sare osoan lehiakortasuna eta berrikuntza areagotzea ekarriko du.

 

     2.-   Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 3. artikulu horri dagokionez, onuradunak izateko aukera izango dute, era berean, interes teknologikoko batasun edo elkarteek eta soil-soilik zientziaren arloko ikerketa eta garapen teknologikoa lantzeko sortutako erakundeek.

 

     3.-   Xedapen honetan ezartzen denarekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 14. artikuluan esaten denaren ondorioetarako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartuta dauden fundazioetako patronatu-kideek kontratuak egin ahal izango dituzte beste fundazio batzuekin, fundazio horietako patronatuetako kide izanik ere, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari autokontratazio horien berri eman beharko diote patronatu-kideok, gauzatzen direnetik hilabete igaro baino lehen. Horrekin batera, fundazioak berak, ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 27. artikuluan aurreikusten den memorian bertan, autokontratazio horien berri eman beharko du, helburuak eta iraupena zein diren adierazita.

 

     4.-   Horretarako, eta teknologiaren arloan diharduten fundazioak direnean, interes orokorra sektore jakin batzuen berehalako garapen teknologikoa bultzatuz gauzatu daiteke edo, aurrera begira, zientziaren egoera garatuz.

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehenengoa - Indarrean dauden xedapenak

 

     Lege honetan xedatutakoa erregelamendu bidez garatzeari ekiten ez zaion artean, gai hau arautzeko indarrean dauden erregelamenduzko xedapenak aplikatuko dira, legean xedatzen denarekin kontraesanik sortzen ez bada.

 

Bigarrena - Espedienteak izapidetzea

 

     Lege hau indarrean sartu aurretik hasita zeuden espedienteen kasuan, prozedura hasi zen unean indarrean zeuden xedapenek ziotenaren arabera izapidetuko dira. Lege honetako xedapenak aldekoagoak direnean, ordea, lege honek dioena izango da aplikatu beharrekoa.

 

Hirugarrena - Baimen eta lizentzien titularrak

 

     Lege hau indarrean sartzean baimenen titular direnek eskubide horietaz baliatzen jarraitu ahal izango dute, administrazio-tituluetan esaten denaren eta lege honek ezartzen duenaren arabera, baina legeak dioenera egokitu beharko dute, legea garatuko duten xedapenetan esaten dena beteta.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa - Indarrean sartzea

 

     Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egunera sartuko da indarrean lege hau.

 

Bigarrena - Erregelamendu bidez garatzea

 

     1.-   Gobernu Kontseiluak lege hau aplikatu eta garatzeko xedapenak onartuko ditu.

 

     2.-   Horrekin batera, industriaren arloko eskumenak dituen sailburuaren aginduaren bidez, beharrezko xedapen guztiak onartuko dira aurrerapen teknologikoen eta teknikaren bilakaeraren ondorioz eskakizun eta baldintza teknikoetan -huts-hutsik teknikoak direnetan- egokitu beharrekoak egokitzeko, hau da, industriako instalazio, tresna, ekipo eta produktuetan egin beharreko egokitzapenak egin ahal izateko, proba, ikuskapen eta kontrol prozeduretakoak barne.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra