Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

9/1994 Legea, ekainaren 17koa, Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko Legea aldatzekoa.

1994-06-18

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1994/7/15, 135. zk.; EAO, 2012/2/1, 27. zk.

Indargabetua: 1995-03-04

 

§ 161. 9/1994 LEGEA, EKAINAREN 17KOA, EUSKADIKO DIRUEGITAMUEN JAURPIDEARI BURUZKO LEGEA ALDATZEKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Euskadiko Herri Ogasuna hezurmamitu beharra zela, sortzen ari zen Euskadiko Autonomi Elkartera zerbitzuak eskualdatzea zela, eta Autonomi Elkarteko administrazioari diruegitamuetarako langai bateratzaile eta orobiltzaileak eman nahi zitzaizkiola eta, Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko Legea sortu eta ezarri zenean, lege horren atalek garai hartako erronkei egoki baina oso modu teorikoan egin zieten aurre.

 

Aipatutako abenduaren 20ko 31/1983 Legea hamar urtez indarrean egon ondoren lortutako esperientziak berrikuntza batzuk egin behar direla erakutsi du, eta lege hau onartuta amaituko da bide hori. Lege berriarekin, lehenengoan finkatutako diruegitamuen oinarriak gaur egungo diruegitamuen beharretara egokitu eta diruegitamua ekonomia-politikako langai eraginkor, malgu eta zorrotza izan dadin ahalbidetzea nahi da; langai horren bidez kudeaketa garbiagoa eginez, egiterapena ardura handiagoarekin burutzearen alde jo nahi da.

 

Dena dela, oraingo hau ez da 31/1983 Legea ordezkatuko duen erabateko aldaketa osoa, diruegitamuen jaurpidearen esparru osora iristeko kontuan hartu beharreko idazpuru guztiak eraldatzen dituena. Horretara iritsi gabe, egokitzeko aukera gutxi eta finkoegiak izateagatik indarrean jartzeko arazo gehien sortu duten zatiak berriz zehaztu nahi dira, kudeaketa eraginkorra diruegitamuen zorroztasun eta ikuskapen orekatuarekin bateragarria izan dadin.

 

Gauzak horrela, legearen lehen helburua erakundeetako administrazioaren diruegitamuen jaurpidea guztiz berritzea da; maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintza Dekretuan, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruz Indarrean dauden Legezko Manuen Bateratutako Idazkia Onartzekoan, zehaztutako moduan ulertu behar da erakundeetako administrazioa, administrazioko erakunde autonomiadunak alde batera utzita. Hau da, merkataritzako autonomiadun erakundeen, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikien eta herri-baltzuen diruegitamuen jaurpidea arautzen duten 31/1983 Legearen edukiak aldatzea ahalbidetzen da, batez ere sistematizazioa lortu nahian eta ez oinarrizko edukia guztiz aldatzeko asmoz.

 

Izan ere, 31/1983 Legeak, aipatutako erakundeen diruegitamuen berezitasunak, diruegitamuak nola egiteratu eta diruegitamuak aldatu eta ikuskatzeari buruzko zehaztasunak, gehiegizko lotura gabe aipatzen ditu hogei ataletan zehar, eta definizioak ere neurri batean atzeratuta geratu dira. Horri gehitzen bazaio Autonomi Elkarteko administrazioan herri-baltzuen arloak aparteko garrantzia hartu duela, dirubideen zehaztapen-zerrenden tratamendu bateratu eta jarraitzeko errazagoa eskatzen duena, arlo pribatutako Kontularitzako Egitamu Orokorrean berrikuntzak izan direla eta berriki merkataritzako funtsezko araubidea aldatu egin dela, aldez aurretik esan dezakegu lege honen bidez egin nahi den egokitzapena beharrezkoa dela.

 

Baina legearen helburu garrantzitsuena hori izanik ere, ez da bakarra. Segurtasun juridikoan eta araubidearen argitasunean oinarrituta, etengabeko arreta eskatzen duen beste kontu bat ere bada, Euskadiko guztizko diruegitamuak onartzeko urtero erabilitako legegintzazko teknika nolakoa den ikusi ondoren. Izan ere, guztizko diruegitamuen urteroko legeek 31/1983 Legearen funtsezko zatiak aldatu izan dituzte urtez urte, eta gaur egun dozena bat baino gehiago ere badira legea onartu zenetik egindako aldaketak; zenbait atal guztiz berriak dira eta, bukatzeko, diruegitamuan eragina duten hainbat egoera ere badira. Horiek guztiak Autonomi Elkarteko diruegitamuen jaurpidea arautuko duen lege orokorrean kontuan hartu beharrekoak dira egiturari dagokionez. Ez da zaila, beraz, hainbeste aldiz aipatutako arau bat oso-osorik berrantolatzea zuritzea, gai horren inguruko testu eguneratu eta bakar bat finka dadin.

 

Gorago zehaztutako gaien artean, 31/1983 Legearen V. idazpuruko bigarren atalburuari buruzkoak aipa ditzakegu, diruizendapenen bestetarakotzeen jaurpideari buruzkoak hain zuzen ere. Azken hamar urteetan zehar, etengabe saiatu izan da diruizendapenen bestetarakotzeen bidez diruegitamuen eraldatze orekatuak egiteko sistema aurkitzen. Dena den, gaur egun indarrean dagoen sistemarekin, herri-gastua ikuskatzeko Legebiltzarrak duen oinarrizko autonomia, batetik, eta Jaurlaritzak diruegitamuak ekonomikoki eta modu malguan erabiltzeko aukera emango duen mugikortasuna, bestetik, ezin dira oraindik bete-betean uztartu. Hori dela eta, lege honen bidez, zalantzan ibili gabe, iharduteko modu argi batzuk proposatu dira, bi agintaritzen nahiak bete eta baliabideak zentzuz kudeatu daitezen, diruizendapenekiko zorroztasuna galdu gabe.

 

Teknikari dagokionez, legeak ez dauka ez idazpuru ez atalbururik eta berritutako atalen zenbakien hurrenkera jarraitu du. Baina irakurri besterik ez dago goian aipatutako arloak direla ikusteko, eta gainera, gerora testu bateratu batean diruegitamuen jaurpideko arlo guztietako araubide osoa bilduko duen erabakiaren arteko zubi izango dira. Hor, diruegitamuetan urteroko legeen bidez egindako aldaketak ere sartuko dira.

 

Bosgarren ataletik hamargarrenera eta hogeita zortzigarrenetik hogeita hamalaugarrenera doazen atal guztiek, denak barne direla, merkataritzako erakunde autonomiadunen, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikien eta herri-baltzuen diruegitamuen jaurpideari eragiten diote orokorrean eta erakundeen administrazioko zati horren egitezko iharduerarentzako araubide berri oso bat jaso dute. Horrela, 31/1983 Legean erakunde horien dirubideen zehaztapen-zerrenda nahiz egin daitezkeen aldaketen sistema bezala zehazten zena aldatu egin da. Hala ere, erakunde horien diruegitamuak egiteko ihardunbidea ez da aldatu, zuzena dela uste delako, ez eta Autonomi Elkarteko administrazioaren diruegitamu orokorrekin zuten aldian aldiko lotura-modua ere.

 

Bestalde, hemeretzigarren ataletik hogeita zazpigarrenera doazen atalek, denak barne direla, diruizendapenen bestetarakotzeen jaurpideari eragiten diote orokorrean, eta Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko gaur egungo legearen V. idazpuruko bigarren atalburua ordezkatuko dute. Atal horiek osotasuna dute, nahiz eta urtetik urtera osatzeko aukera egongo den unean uneko jaurpide bereziekin, baina, salbuespenezko egoeretan izan ezik, urteroko lege horietan ezin izango da egiturazko araubiderik sartu. Horregatik, oraingo araubide hau etorkizunean irauteko asmo garbikoa da.

 

Azken atalei, hau da, hogeita hamabosgarrenetik azkenera arte doazenei dagokienez, amaiera emateei buruzko arau batzuetan oinarritu dira diruegitamuak hobeto kudeatzeko aldaketa batzuk izan zitzaketen oso arlo berezietan. Hasierako legeko ataletan jasotako diruegitamuei buruzko betidaniko oinarriak ez dira aldatu, ez eta administrazioaren nahiz bertako autonomiadun erakundeen diruegitamuen egitura ere. Zehazki esanda, aldaketa nabarmenenak diruegitamuak luzatzeari buruzko arloetan egin dira, osagabeak ziren eta.

 

Azpimarratu beharrekoa da legearen izenburuan bertan ageri den helburua aurrera eraman ahal izateko teknika 31/1983 Legearen zenbait atal aldatu, beste batzuk indarrik gabe utzi eta araubide berriaren arabera neurri batean baliorik gabe geratutakoak zirenak berriz egoki idaztea izan dela. Beraz, ez du harritzekoa izan behar legearen azken erabakietako lehenengoan Jaurlaritzari legegintza-ekretu bat argitaratzeko baimena emateak, Euskadiko diruegitamuen jaurpideari buruz indarrean dauden erabaki eta lege guztiak batera biltzeko, zehaztuta dauden mugen barruan. Horretarako, ekainaren 30eko Jaurlaritzaren 7/1981 Legearen 52. ataleko eskakizunak jarraituz eta gehienezko epe baten barruan ihardun beharko du.

 

Lehenengo Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 8. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"8. Atala - Zehaztapena

 

1.- Autonomia-Elkarteko arduralaritzaren eta arduralaritzako autonomiadun erakundeen diruegitamuetan honakook jaso beharko dira, bakoitzarentzat jarritako zehaztasun-maila eta egiturarekin:

a) Ekonomia-urtean kitatu beharreko ekonomiazko eskubide bereziekiko dirueskuraketen zehaztapen-zerrenda bat.

b) Bai ordaintzezko bai gerorako lotzezko eginbeharrei erantzuteko beharrezko izango diren diruizendapenen zehaztapen-zerrenda bat.

2.- Merkataritzako autonomiadun erakundeen, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikien eta herri-baltzuen diruegitamuek ekitaldiko gastu eta dirusarreren hornidura-zerrendak, diruezarketenak eta dirubideenak ere jasoko dituzte, eta baita gerorako konpromezuak zeintzuk diren ere".

 

2. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 21. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"21. Atala - Orohartzezko diruizendapena

 

1.- Autonomia-Elkarteko arduralaritzaren eta arduralaritzako autonomiadun erakundeen diruegitamuetako dirueskuraketen zehaztapen-zerrendan, ordainketetarako beste diru-izendapen batzuen urriari, horietarako dirurik izendatu gabeko behar berriei aurre egiteko edo gehikizunetan zermugatutako diruizendapenen dirubidetarako orohartzezko ordainketa-diruizendapen bat sartu ahal izango da.

2.- Hasierako zenbatekoak nahiz gerora izan daitezkeen gehiketek, bai diruegitamuzko edozein mailegutatik datozen gaindikinen kontura edo diruzaintzako hondarren kontura izanik ere, ezin izango dute Autonomi Elkarteko arduralaritzaren edo arduralaritzako autonomiadun erakundeen diruegitamuetako ordainketa-diruizendapenen guztizkoaren ehuneko 5etik gora jo, ekitaldiaren une bakoitzean.

3.- Ekonomi eta Ogasun sailburua orohartzezko diruizendapen horretaz baliatu ahal izango da, eragiten dion sail edo autonomiadun erakundeak hala proposatzen badu, baldin eta erabilera diruegitamuetarako edozein diruizendapenetako gaindikinak berkokatzeari badagokio. Beste kasuetan, baliatzea Jaurlaritzaren aginpidea izango da, Ekonomi eta Ogasun Sailak proposatuta.

4.- Orohartzezko diruizendapenera zuzenean joko duen gasturik ezin izango da baimendu".

 

3. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 32.3 atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"3.- Gerorako lotzezko diruizendapenen zehaztapen-zerrenda onartzeak horiek jarritako modutan sendesteko baimena ematen du. Baimendutako lotzezko diruizendapenak aldatu eta urteka banatu ahal izango ditu Jaurlaritzak, gastuaren beharrizanek hala eskatzen badute eta baldin eta ordainketa-diruizendapenak ez badu eraginik izaten eta lotzezko diruizendapena bere osoan hartuta ez bada gainditzen".

 

4. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 33. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"1.- Autonomia Elkarteko arduralaritzaren eta arduralaritzako autonomiadun erakundeen diruegitamuetan sartutako gerorako lotzezko diruizendapenak gauzetango diruezarketei, zuzkiketazko, teknika- eta zientzia-aholkularitzako eta antolapide-alogerako eragiketei buruzkoak badira, Jaurlaritzak, Ekonomi eta Ogasun Sailak eta eragindako sailak edo erakundeak proposatuta, horiekiko ituneak lehenengoan ontzat emandako zenbatekoari ehuneko 20koa gehituz eta/edo lehen ohartemandako aldia baino urtebete gehiagorako sendetsi daitezeneko baimena eman ahal izango du.

2.- Aurreko idazatian jasotako ihardunbideari jarraituz, egiteratzeko hasiera eman dien diruegitamuaren ekitaldia baino luzeagorako konpromezuak hartu ahal izango dira, lotzezko diruizendapenik ez duten kasuetan, baldin eta egiterapenean atzerapenak izateagatik aurrikusitako helburua ezin bada diruegitamuaren ekitaldian lortu. Sobera geratutako diruizendapenak berriz erabili ahal izango dira Ekonomi eta Ogasun Sailak erabakitako moduan".

 

5. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen III. Idazpuruko bigarren atalburuko lehenengo sailaren izena aldatu eta jarraian datorren moduan geratu da:

 

"Lehenengo saila

Autonomia-Elkarteko arduralaritza eta arduralaritzako autonomiadun erakundeak"

 

6. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen III. idazpuruko bigarren atalburuko bigarren sailaren izena aldatu eta jarraian datorren moduan geratu da:

 

"Bigarren saila

Merkataritzako autonomiadun erakundeak, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikiak eta herri-baltzuak"

 

7. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 42. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"42. Atala - Zehaztapena

 

Sail honek eragiten dien erakundeen ustiaketa- eta domu-diruegitamuen egitura Ekonomi eta Ogasun Sailak zehaztuko du.

Aurreko idazatian erabakitakoa hala bada ere, herri-baltzuek beren kontularitza Kontularitza-Egitamu Orokorrean erabakitakora egokituko dute, egin beharreko aldaketak eginda, beharrezkoa bada".

 

8. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen III. idazpuruko bosgarren atalburuaren izena aldatu eta jarraian datorren moduan geratu da:

 

"BOSGARREN ATALBURUA

Diruegitamuak eta Dirubideen Aurretiazko Zehaztapen-Zerrendak"

 

9. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 55. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"55. Atala - Zerrendapena

 

1.- Merkataritzako autonomiadun erakundeek, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikiek eta herri-baltzuek aurrera eramandako era guztietako iharduerak erakunde horien ustiaketa- eta domu-diruegitamuetan jasota geratuko dira. Horrekin batera, lege honetako 8. atalean ezarritakoaz bat, gerorako konpromezuen zehaztapen-zerrenda ere jasoko da.

2.- Era berean, erakunde bakoitzaren iharduera orokorrak, gauzatutako egintza nagusiak eta lortu beharreko helburu orokorrak eta horien zenbatekoa jasotzen dituen txostena ere gehitu beharko da; ekitaldian zehar izango diren gastu eta diruezarketak ere, lurraldeka sailkatuta, aurkeztu beharko dira. Aipatutako txostenak, gainera, finkatutakoa izan beharko du merkataritzako legediak kontuak eta kudeaketako txostenak finkatuta aurkeztu behar direla eskatzen duen kasuetan.

3.- Informazio gehigarri moduan, jarraian aipatzen diren Dirubideen Aurretiazko Zehaztapen-Zerrendak gehitu beharko dira:

a) Diruegitamuaren ekitaldiaren amaieran dagoen aurretiazko garbitasun-kontua.

b) Galdu-irabazien aurretiazko kontua.

c) Dirubideen aurretiazko taula.

4.- Aurreko a), b) eta c) zatietan aipatzen diren dirubideen zehaztapen-zerrendak Kontularitza-Egitamu Orokorreko kontularitzarako erizpideekin bat gauzatuko dira".

 

10. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 56. atala baino lehen, jarraian datorren izena duen saila gehitu da:

 

"Lehenengo Saila

Ustiaketa- eta domu-diruegitamuak"

 

11. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 56. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"56. Atala - Ustiaketa-diruegitamua

 

Ustiaketa-diruegitamuan, kontzeptuka zehaztuta, diruegitamuaren ekitaldian zehar erakunde bakoitzaren ihardueraren garapenari dagozkion gastu eta dirueskuraketa guztiak jasoko dira. Autonomi Elkarteko herri-arduralaritzatik jasotako dirueskuraketak banatuta aurkeztuko dira.

 

12. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legeari 56. bis) atal berri bat gehitu zaio:

 

"56. bis) Atala - Domu-diruegitamua

 

Domu-diruegitamuan, kontzeptuka zehaztuta, diruegitamuaren ekitaldian egiteko diren diruezarketak eta horientzako dirubideak jasoko dira. Diruezarketak gutxienez gauzetango eta dirubidezkoetan banatuko dira. Dirubideak zeintzuk diren bereiztean, Euskadiko Autonomia-Elkarteko herri-arduralaritzaren ekarketak nahiz domuan edo baltzuaren fondoan parte hartzen duen beste edozein erakunderen ekarketak eta zorpidetzea bereiztuko dira".

 

13. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 57. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"57. Atala - Diruizendapenen izaera

 

1.- Ustiaketa-diruegitamuko nahiz domu-diruegitamuko diruizendapenak, hurrengo idazatian ezarritako salbuespenekin, ustezkoak izango dira, eta kasuan kasuko erakundeak diruegitamuaren ekitaldian bere iharduerak izango duen garapenari buruz egindako aurrikuspenak jasoko ditu.

2.- Jarraian aipatzen diren kontzeptuak mugatuak izango dira: higiezin material eta inmaterialetan egindako diruezarketak, dirubidezko diruezarketak, lanari-gastuak, bestetarakotze eta emandako dirulaguntza arrunt edo domu-dirulaguntzak eta inoren baliabideak.

Aldaketaren bat egitekotan, lege honetako V. idazpuruko zortzigarren atalburuan ezarritakoaz bat egin beharko da. Horren ondorioetarako mugatutzat hartuko da goian aipatutako kontzeptu bakoitzarentzat diruegitamuan jarritako guztizko zenbatekoa, erakunde bakoitzean".

 

14. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legeari 57. bis) atal berri bat gehitu zaio:

 

"57. bis) Atala - Gerorako konpromezuak

 

Gerorako konpromezuen zehaztapen-zerrendan, egin asmo diren baina diruegitamuaren ekitaldiaren amaieran zorpidetu ez eta aldian aldikoak ez diren diruezarketa eta gastuak jasoko dira. Eragiten dieten diruizendapenen aldaketa lege honetako V. idazpuruko zortzigarren atalburuan ezarritakoaz bat egingo da".

 

15. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 58. atala baino lehen, sail berri bat gehitu da jarraian datorren izenarekin:

 

"Bigarren saila

Dirubideen Aurretiazko Zehaztapen-Zerrendak"

 

16. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 58. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"58. Atala - Definizioak eta edukia

 

1.- Aurretiazko garbitasun-kontuan, dagokion izaikiak ekonomia-urtearen azken egunean izango duen ondare- eta diru-egoeraren aintzin-soma jasoko da.

2.- Galera eta irabazien aurretiazko kontuan, kasuan kasuko erakundeak ekonomia-ekitaldian zehar egin edo lortuko dituen gastu nahiz dirueskuraketa guztien ohartemateak jasoko dira.

3.- Aurretiazko dirubideen taulan, zein baliabide eskuratzeko asmoa dagoen, nondik eskuratuko diren eta zertan erabiliko diren, higiezinean edo mugikorrean, zehaztuko da. Helburua ekonomia-ekitaldian zehar erakunde bakoitzaren ondarearen edo diru-bideen egoeran zer nolako aldaketak izan daitezkeen ezagutzea da".

 

17. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 59. ataleko lehenengo lerroaldia jarraian datorren moduan geratu da:

 

"1.- Egitarauen egiturak dirueskuraketen, ordainketa-diruizendapenen eta gerorako lotzezkoen lurraldekako sailkapena izango du barne, horien egiterapenerako ohartematen diren gaien eta zertzeladen nolakoek hori eginkizun egin dezaten neurrian, araubidez jarri daitezen arauen ariora".

 

18. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 68. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"68. Atala - Definizioak

 

1.- Ordainketa-diruizendapenen bestetarakotzea Autonomi Elkarteko arduralaritzaren eta arduralaritzako autonomiadun erakundeen diruegitamuetako gastuen zehaztapen-zerrendetan egindako berrikuntza da. Berrikuntza horiek, guztizko kopurua aldatu gabe, zenbateko batzuk aldatu egiten dituzte lotura-maila ezberdineko diruizendapenen artean.

2.- Aurreko lerroaldiari dagokionez, ekonomia, organo eta egitaraukako sailkapenak, gutxieneko zatitze-mailetan, osotasunean erakutsiko dituen diruizendapenaren itxuraketa izango da lotura, horrela diruizendapenaren mugak ezarriko direlarik. Bestetarakotze beharrik ez izateak ez du esan nahi gastua zuzen bideratu beharko ez denik.

3.- Lotura-mailak, orokorrean, jarraian datozenak izango dira:

- Lanari-gastuei dagokienean, atala eta saila.

- Ihardunbide-gastu, dirubidetze-gastu, gauzetango diruezarketa eta dirubidezko aktibo nahiz pasiboen aldaketei dagokienean, atala, saila eta egitaraua.

- Eragiketa arrunt eta domu-eragiketarako diren bestetarakotze eta dirulaguntzei dagokienean, kontzeptua, saila eta egitaraua.

Dena dela, isilpeko gastuetarako diruizendapenak, handitzeko modukoak izan daitezkeenak, Autonomia-Elkarteko herri-arloko beste izaiki batzuei egin beharreko bestetarakotzeak ordaintzeko diruizendapenak edo urteroko diruegitamuen legeetan izaera, eragin edo norako berezikotzat hartutakoak behartze-indarrekoak izango dira, gastuen zehaztapen-zerrendetan erakusten duten zatitze-mailarekin".

 

19. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 69. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"69. Atala - Bestetarakotze-jaurpidea

 

1.- Hurrengo atalean baimena emateko ezartzen diren aginpideen barruan, diruizendapenen bestetarakotzeak egin ahal izango dira, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

a) Bestetarakotuko diren zenbatekoak gaindikinak dituzten diruizendapenetakoak izatea eta, datozen lekutik datozela, helburu berria domu-eragiketak edo handiagotu daitezkeen diruizendapenak dirubidetzea izatea.

b) Aginpidea duen kontuhartzaileak txostena emanda egotea.

c) Lege honetako 71. atalean ezarritako muga orokorrez kanpo ez egotea.

2.- Beren helburua eragiketa arruntak dirubidetzea duten diruizendapen-bestetarakotzeek izaera bereko eragiketetarako beste diruizendapen batzuetan izan beharko dute sorrera, diruizendapenak hasierako baimena jaso zueneko helburu berezia mantentzen ez bada behintzat.

3.- Diruegitamuen urteroko legeek diruizendapen-bestetarakotzeak egitea mugatu ahal izango dute, kasuan kasuko ekitaldirako lortu nahi diren ekonomia-politikako helburuen arabera".

 

20. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 70. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"70. Atala - Aginpideak

 

1.- Sailburuen, zuzendari orokorren edo arduralaritzako autonomiadun erakundeetako buruen egitekoa izango da, aginpidea duen kontuhartzaileak aldeko iritzia eman ondoren, sail edo arduralaritzako autonomiadun erakunde bereko egitarau bereko atalburu bereko diruizendapenen bestetarakotzeak baimentzea, hori egiteak dagokion egitarau bakoitzaren helburuetan inolako aldaketarik ekartzen ez badu, noski.

2.- Ekonomi eta Ogasun sailburuaren aginpidea izango da, sailek edo arduralaritzako autonomiadun erakundeek hala proposatuta, aurreko lerroaldian jasotzen ez diren diruizendapenen bestetarakotzeak baimentzea, eragiten dien egitarauaren edo egitarauen helburuetan aldaketak sortzen direnean izan ezik. Kasu horretan baimena emateko aginpidea Jaurlaritzarena izango da, Ekonomi eta Ogasun Sailak proposatuta. Dena dela, Ekonomi eta Ogasun sailburuaren aginpidea izango da lege honetako 71.2 atalaren aurretiazko ezarpenaren ondorioz sortutako diruizendapenen bestetarakotzeak baimentzea.

3.- Helburuetan izandako aldaketek egitarauari osotasunean edo egitarauaren hornidura guztiei eragiten badiete, egiteratu gabeko egitarauei buruz 74. atalean ezarritakoa beteko da".

 

21. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 71. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"71. Atala - Orotariko mugapenak

 

1.- Nolanahiko diruizendapen-bestetarakotzeek honako mugapen hauek izango dituzte:

a) Ezingo dute bestetarakotze-jaurpideen arabera edo diruizendapen gehigarrien bidez gehitutako ordainketa-diruizendapen gutxi, ez gerorako lotzezko diruizendapenak lege honen 33. atalak dioenez gehituta dituen ordainketa-diruizendapenik ere.

b) Ez dute beste bestetarakotze batzuen bidez lehen gutxitutako diruizendapenik gehituko.

c) Gehikizunetan zermugatutako diruizendapenak gehikizun izatetik kenduta gutxitu ahal izango dituzte, eta horiek, beraz, ezin izango dira gero gehitu.

2.- Goian aipatutako mugak ezin izango dira ezarri diruizendapenen aldaketek honako helburuok baldin badituzte: kontularitza behar bezala bideratzea eta arduralaritzako berrantolaketei aurre egitea. Orohartzezko diruizendapenean baliabideak jartzen dituzten diruizendapenekin eta hartaz baliatzean gauza bera gertatuko da, lege honetako 21. atala ezartzearen ondorioz".

 

22. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 72. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"72. Atala - Berritan sortarazitako diruizendapen eta egitarauak

 

1.- Lege honetako eta urteroko diruegitamuen legeetako atalek dakartzaten arauak beteaz egindako diruizendapen-bestetarakotzeek aukera emango dute, berritan sortarazitako diruizendapenak hornitzeko. Diruizendapen horiek ezin izango dira gehikizunetan zermugatu, ez lege honetan jarritako bestetarakotze-jaurpideen arabera gehitu edo gutxitu ere.

2.- Era berean, Jaurlaritzak, bestetarakotze-jaurpideez baliatuz, horretarako gastuen zehaztapen-zerrendetan sartu gabeko egitarau berriak ordainbidez hornitzeko baimena eman ahal izango du".

 

23. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 73. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"73. Atala - Egitarau batzuk baten biltzea

 

1.- Egitarau bateko edo batzuetako dirueskuraketa eta gastu guztiak horretako gastuei lehen izendatutako zertakoari eutsiz jadanik egon dagoen beste egitarau batera aldatzea da egitarau batzuk batean biltzea. Ordainketa-diruizendapen eta gerorako lotzezko diruizendapen guztiei eragingo die.

2.- Jaurlaritzak, doakion sail edo arduralaritzako autonomiadun erakundearen arioz eta Ekonomi eta Ogasun Sailak proposatuta, egitarau batzuk batean biltzeko baimena eman ahal izango du, arduralaritzazko berrantolaketaren edo gastua egiten edo gastuei arta egiten eginkortasuna gehitzearen aldetikako zioek hori egingarri egiten badute".

 

24. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 74. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"74. Atala - Egiteratu gabeko egitarauak

 

1.- Hartarako baimena eman zitzaieneko ekonomia-urtean edozergatik egiteratzen hasi gabeko ezein egitarautako ordainketa-diruizendapenak ezingo dira bestetarakotu.

2.- Aurreko zatian esandakoaren arabera erabilkizun gelditutako diruez egiteratu gabeko egitarauaz bestelakotarako baliatu ahal izateko, hori legez ontzat eman beharko da.

3.- Ekonomia-urtea bukatu eta aurreko zatian esandako diruak erabili gabe gelditzea gertatuz gero, horiekikoan lege honetako 135. atalean jasotzen diren baliogabetzeak izango dira jaurpide".

 

25. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 75. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"75. Atala - Gerorako lotzezko diruizendapenak

 

1.- Diruizendapenak bestetarakotzeak gerorako lotzezko diruizendapenei dagozkien ordainketa-diruizendapenak gutxitzea edo handitzea balekar, izandako gutxitze edo handitze hori lege honetako 33. atalean aipatzen diren baimentzearen mugak neurtzeko hartuko da kontuan.

2.- Aurreko zatian esandako gutxitxe-bestetarakotzeak ordainketa-diruizendapenen baten diruzko horniketa osoari buruzkoak badira, ordainketa-diruizendapen hori haren zati zeneko gerorako lotzezko diruizendapena berez eta besterik gabe ezabatuta geldituko da.

3.- Aurreko zatian erabakitakoa hala bada ere, gerora lotzezko diruizendapenei dagozkien ordainketa-diruizendapenak bestetarakotzeak, indarrean dagoen araubidearekin bat etorrita egin badira, kasuan kasuko gerora lotzezko diruizendapena gutxitzea edo handitzea ekarri ahal izango du, bai sorburuan bai bukaeran, hurrenez hurren".

 

26. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 76. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"76. Atala - Legebiltzarrari jakinaraztea

 

1.- Ekonomi eta Ogasun Sailak, hiru hilabetez behin, Legebiltzarreko Ekonomia, Herriogasun eta Diruegitamuen Batzordeari atalburu honetan araututako bestetarakotze-jaurpidean oinarrituta egindako aldaketen zehaztapen-zerrenda bidali beharko dio. Denbora tarte horretan izandako egitaraubiltzeen berri ere eman beharko du. Era berean, ihardunbide hori erabili beharko da 21. atalaren arabera izandako baliatzeen eta egindako berrizendapenen berri emateko; beste horrenbeste lege honetako 32.3 eta 33. ataletako baimenekin ere.

2.- Egitarau arteko diruizendapen-besterakotzeak, egitarau berriak egin izana, eta bai egitarau batzuk batean biltzea ere, Ekonomi eta Ogasun Sailak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Herriogasun eta Diruegitamuen Batzordeari behar bezain zehazki jakinarazi beharko dio.

3.- Ekonomi eta Ogasun Sailak hilero jakinaraziko dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Herriogasun eta Diruegitamuen Batzordeari Autonomi Elkarteko arduralaritzaren eta horren autonomiadun erakundeen diruegitamuek zenbateraino egiteratu diren".

 

27. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 93. ataleko 1. lerroaldia eta 2. zenbakiko a) eta g) zatiak jarraian datozen moduan geratu dira:

 

"1.- Ekonomia-urtean egin eta Autonomia-Elkarteko arduralaritzaren edo arduralaritzako autonomiadun erakundeen arduralaritzaren diruegitamuetako dirueskuraketen zehaztapen-zerrendetan oharteman gabeko dirueskuraketek, edo zenbatekoz ohartemandakoaz gora jo dezatenek, dagokien gastuen zehaztapen-zerrendan ordainketa-diruizendapenak sortarazi ahal izango dituzte.

a) Norbanako edo lege-nortasundunek Autonomia-Elkartearekin edo horren autonomiadun erakunderen batekin batean nolakoz horien xede eta helburuen barruan egon daitezen gastuen dirubidetarako egindako ekarketak edo ekarketa-konpromezu finkoak.

g) Autonomia-Elkarteko arduralaritzaren edo arduralaritzako autonomiadun erakundeen diruegitamuetako dirueskuraketen zehaztapen-zerrendetan izendatutako kopuruez gaindikakoak izan daitezen beste dirueskuraketak, baita norbere zergenak ere izan daitezkeela".

 

28. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 106. ataleko 2. lerroaldia jarraian datorren moduan geratu da:

 

"2.- Aurreko zatian esandako horixe egingo da gastua Autonomia-Elkarteko arduralaritzako autonomiadun erakunde baten diruegitamuen pentzutan egin beharrekoa izan eta hurrengo 107. atalaren 1. idazatian jartzen diren ehunekoak gainditzea gertatuz gero".

 

29. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 107. atala datorren moduan geratu da:

"107. Atala - Administrazioaren baimena

 

1.- Diruizendapen gehigarriaren beharra arduralaritzako autonomiadun erakunderen batean gertatu eta horren zenbatekoak Autonomia-Elkarteko arduralaritzaren diru-egitamuetango diruizendapenak gehitzerik ez badakar, baimena ematea honakooi dagokie: horren zenbatekoak dagokion izaikiaren gastuen zehaztapen-zerrendan sartutako ordainketa-diruizendapenen guztizkoaren ehuneko 3kotik gora jotzen ez badu, Ekonomi eta Ogasun Sailari, eta ehuneko 3tik gora jo eta ehuneko 5a gainditzen ez badu, Jaurlaritzari, Ekonomia Batzordeak bere baiezkoa eman ondoren eta Ekonomi eta Ogasun Sailaren saloz.

2.- Diruegitamu-aldi bakoitzean, aurreko zatian esandako ehuneko horiek elkarpilatuz erabiliko dira.

3.- Diruegitamuak aldatzeko biderapena, aldakuntza hori haren diruegitamuari dagokioneko sailaren edo erakundea hari datxekonaren erizpena barne izan dezan zehaztapidetza baten bidez egingo da, honako hauek bere baitan daramatzala:

- Gastua beharrezkoa eta presakoa delako egiaztapena.

- Saloaren gai den gehikuntzarako dirubideak emango dituen baliabidearen zehaztapena.

- Gehitu beharreko diruegitamuetako diruatala, behar bezala zehaztuta.

4.- Jaurlaritzak, hiru hilabetez behin, atal honetaz baliatuz baimendutako diruizendapenen kontuak emango dizkio Legebiltzarrari".

 

30. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen V. idazpuruaren zortzigarren atalburuaren izena aldatu eta jarraian datorrena jarri da:

 

"ZORTZIGARREN ATALBURUA

Merkataritzako autonomiadun erakundeen, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikien eta herri-baltzuen diruegitamuetango berrikuntzak"

 

31. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 110. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"110. Atala - Orotarikoa

 

1.- Atalburu honek eragiten dien erakundeen ustiaketa- edo domu-diruegitamuetan egindako diruegitamuetako berrikuntzatzat, mugatu bezala hartutako kontzeptuen zenbatekoetan egindako aldaketa oro hartuko da, lege honetako 57. ataleko zerrendaketan aipatutako moduan.

2.- Atalburu honetan aipatzen diren erakundeen diruegitamuen berrikuntzak Ekonomi eta Ogasun Sailak onartu beharko ditu, eragiten dion sailak proposatuta, egin beharreko berrikuntzak eragiten dion erakundearen helburuetan ere berrikuntzak ekarriko dituenean izan ezik; kasu horretan Jaurlaritzak onartu beharko ditu, Ekonomi eta Ogasun Sailak proposatu ondoren.

3.- Atalburu honetan aipatzen diren erakundeetako aginpidedun ihardute-sailek, aldez aurretik Ekonomi eta Ogasun Sailaren baimena jasota, lege honetako 57 bis) atalean aipatzen diren gerorako konpromezuen zehaztapen-zerrenda handiagotu egin ahal izango dute, erakunde bakoitzarentzat hasieran baimendutako guztizko zenbatekoaren %10eraino. Igoera hori %30era ere iritsi ahal izango da Jaurlaritzaren baimena baldin badauka, aldez aurretik Ekonomia Batzordeak onartu ondoren. Baimen horien berri Legebiltzarreko Ekonomia, Herriogasun eta Diruegitamuen Batzordeari eman beharko zaio hiru hilabetean behin".

 

32. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 111. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"111. Atala - Egoera bereziak

 

1.- Atalburu honetan aipatzen diren erakundeek izandako dirueskuraketak eta dirubideak, bere ihardueren garapenaren ondorioz lortutakoak izan ez eta ustiaketa eta domu-diruegitamuetako aurrikuspenetakoak baino handiagoak badira, edozein eragiketa egiteko erabili ahal izango dira kopuru horiek, erakundearen urteko helburuen barruan ageri ez arren, Ekonomi eta Ogasun Sailaren baimenaz, igoerak hasieran ohartemandakoaz alderatuta gehienez ere %10erainoko hazkundea izan beharko duelarik. Igoera hasieran ohartemandakoa baino %30 handiagoa izatera iritsi ez bada, Jaurlaritzaren ardura izango da baimena ematea. Gainontzeko kasuetan, Legebiltzarrak izango du hitza eta Ekonomi eta Ogasun Sailak proposatuta Jaurlaritzak horretarako aurkeztutako lege-egitasmoaz erabakiko du.

2.- Atalburu honetan aipatzen diren erakundeen diruegitamuetan diru-kopururik izendatu ez zaion gastu edo diruezarketaren bat egin behar bada, eta erakundearen urteko helburuen barruan ageri ez bada dena delako iharduera, Ekonomi eta Ogasun Sailak diruegitamuak igotzea erabaki ahal izango du, igoera horrek kasuan kasuko erakundearen diruegitamu osoaren %10 gainditzen ez badu, Ekonomi Sailak egindako zenbaketan oinarrituta. Beti ere, sail horrek ezarritako ihardunbidea bete beharko da. Diruegitamuetan egin nahi den igoera jarritako muga baino handiagoa eta gehienez ere %30erainokoa baldin bada, Jaurlaritzak eman beharko du baimena, eta azken ehuneko hori baino gehiagokoa bada, berriz, Legebiltzarrak izango du hitza. Legebiltzarrak Ekonomi eta Ogasun Sailak proposatuta Jaurlaritzak horretarako aurkeztutako lege-egitasmoaz erabakiko du".

 

33. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 112. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"112. Atala - Diru-gaindikinak

 

1.- Jaurlaritzak, ekonomia-urterako jarritako helburuak zenbateraino egiteratu diren ikusita, merkataritzako autonomiadun erakundeei, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikiei eta herri-baltzuei emateko lehen zeuden diruen komenigarri eritzitako zatia gaindikintzat jo ahal izango du, Ekonomi eta Ogasun Sailak proposatuta. Gaindikin horiek, nolakoaren arabera, agizko nahiz domu-eragiketetarako erabili ahal izango dira, diruizendapenak bestetarakotzeko lege honetan jartzen diren jaurpideentzako araupideak beteaz.

2.- Merkataritzako autonomiadun erakundeek, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikiek eta herri-baltzuek dirubaltzak horien dirubidetarako zireneko helburuak bete ezaren edo atzeratu izanaren ondorioz izan ditzaten dirugaindikinak hurrengo ekonomia -urterako horretarako diruegitamuetako dirubideak zehazteko kontutan izango dira".

 

34. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 126. ataleko 1 zenbakiari lerroaldi berri bat gehitu zaio eta jarraian datorren moduan geratu da:

 

"Dena dela, Jaurlaritzak, sailen egitura organikoa garatuko duten dekretuen bidez, kasuan kasuko saileko beste ihardute-sail batzuen esku utzi ahal izango ditu, aurreko lerroaldiarekin bat, sailburuarenak diren aginpideak".

 

35. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 137. ataleko E) zatia jarraian datorren moduan geratu da:

 

"E) Merkataritzako autonomiadun erakundeen, norbanako-alorreko legepeko herri-izaikien eta herri-baltzuen ustiaketa- eta domu-diruegitamuen garbitasun-kontua, honela banatuta:

a) Ustiaketa- eta domu-diruegitamuen garbitasuna, ondorengo zehaztasunekin:

- Kasuan kasuko dirueskuraketen zehaztapen-zerrenda eta bere egiterapena.

- Kasuan kasuko gastuen zehaztapen-zerrenda eta bere egiterapena.

- Kasuan kasuko gerorako konpromezuen zehaztapen-zerrenda eta bere egiterapena.

b) Merkataritzako autonomiadun erakundeen eta norbanako-alorreko legepeko herri-izaikien dirubidetzen zehaztapen-zerrendak eta herri-baltzuen urteroko kontuak. Baita herri-baltzuen multzoen finkatutako eta ikuskatutako urteroko kontuak ere, dagozkien kontu-ikuskaritzako txostenekin".

 

36. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 141. ataleko a), c), e) eta h) zatiak jarraian datozen moduan geratu dira:

 

"a) Lanari-erroldearentzako mugak: lanari-erroldea luzapena izan duten diruegitamuetan ontzat emandako goren mugaraino bete ahal izango da.

c) Bestetarakotzeak: luzatutako guztizko diruegitamuetan zeukaten zenbateko berekoak egin ahal izango dira.

e) Iharduerarako eta gauzetango diruezarketetarako gastuak: aurreko ekitaldian zuten zenbateko berarekin luzatuko dira, beren ezaugarriengatik, luzatu den ekitaldian amaitu beharrekoak ez ziren egitarau edo iharduerak dirubidetzen dituzten diruizendapenei badagozkie.

h) Zorpetzea eta maileguak: luzapen-aldiak diraueno, luzatzen diren guztizko diruegitamuetan jarritako mugapenek indarrean iraungo dute".

 

37. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 144. atala jarraian datorren moduan geratu da:

 

"144. Atala - Diruizendapenak bestetarakotzeko, hornitzeko, gehitzeko eta berriz indarrean jartzeko jaurpideak

 

Luzapen-aldiak diraueno, diruizendapenak bestetarakotzeko, hornitzeko eta berriz indarrean jartzeko jaurpideak lege honek eta luzatu diren diruegitamuak onartu zituen legeak dakartzaten arauei atxikiko zaizkie.

Era berean, luzatutako kasuan kasuko diruegitamuan lege honetako 98. eta 99. ataletan aipatzen diren diruizendapenak gehitu ahal izango dira".

 

38. Atala

 

Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 146. atalaren 1. eta 2. lerroaldiak jarraian datozen moduan geratu dira:

 

"1.- Guztizko diruegitamuen luzapen-aldian, Foru-Aldundiek Euskal Herriko Ogasun Nagusira egin beharreko ekarketen jaurpidea 27/1983 Legean, Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze Erakundeen arteko Harremanei buruzkoan, 29.5 atalean jasotakoa izango da. Dena den, lege horren 22. atalean aipatzen den legea onartuta balego, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak urte horretarako erabakitako ekarketa egin beharko da.

2.- Esandako ekarketa horiek kasuan kasuko urterako Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak erabakitako ehunekoen heinean banatuko dira kondaira-lurraldeen artean".

 

Indargabetzeko erabakia

 

1.- Indarrik gabe geratu dira Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen 22, 31.2, 34, 77, 78, 79, 80, 81, 82, 83, 84, 85, 95, 97.1, 108. eta 147. atalak, seigarren eta zazpigarren erabaki gehigarriak eta aldi baterako erabaki bakarra, eta baita diruegitamuen jaurpideari buruz lege honen aurka doan beste edozein erabaki ere.

 

2.- Era berean, Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko abenduaren 20ko 31/1983 Legearen V. idazpuruko bigarren atalburuan sailka egindako banaketa bertan behera geratzen da.

 

Azken erabakietako

 

Lehenengoa

 

Lege hau indarrean jartzen denetik, Jaurlaritzak sei hilabeteko epea izango du Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko 31/1983 Legea eta guztizko diruegitamuen urteroko legeetako nahiz Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko Legea indarrean jarri ondorengo beste lege batzuetako legezko erabakiak testu bakar batean bateratuko dituen legegintza-dekretua emateko.

 

Jaurlaritzaren 7/1981 Legearen 52.4 atalarekin bat, aurreko lerroaldiko baimenaren barruan sartzen da bateratu beharreko testuak arauzkotu, argitu eta elkarri egokitzea. Bereziki Lurralde arteko Berdinketarako Fondoari buruzko aipamenak kendu eta horren diruegitamuen jaurpidea Estatuaren edozein ekarketari dagokionean gehitzeko baimena ematen zaio Jaurlaritzari, eta baita terminologian beharrezko sistematizazioa eta egokitzapenak egiteko ere.

 

Bigarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra