Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

9/2000 Legea, azaroaren 10ekoa, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legea aldatzekoa.

2000-11-10

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2001/1/2, 1. zk.; EAO, 2011/12/13, 299. zk.

Indargabetua: 2009-01-01

§ 237. 9/2000 LEGEA, AZAROAREN 10EKOA, GIZARTE BAZTERKERIAREN AURKAKO LEGEA ALDATZEKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

      Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legeak era honetara definitzen ditu V. kapituluko 28. artikuluaren 1. paragrafoan gizarte-larrialdietarako laguntzak: "Gizarte-larrialdietarako laguntzak laguntza ekonomikoak dira, aldian-aldian emango ez direnak, eta helburua gastu berezi batzuk egiteko behar beste baliabide ez duten pertsona batzuei laguntzea da. Gastu horiek arruntak edo ohiz kanpokoak izango dira, eta beharrezkoak gizarte-bazterkeriarik ez izateko edo bazterkeriaren ondorioak arintzeko".

      Gainera, legeak berak definitzen du 28. artikulu bereko 2. paragrafoan gastu horien izaera, eta hala zehazten ditu:

a)   ohiko etxebizitza edo alojamendua eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuak.

b)   ohiko etxebizitzan edo alojamenduan bizi ahal izateko eta oinarrizko osagaiak edukitzeko beharrezko gastuak.

c)   elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko pertsona baten edo gehiagoren lehen mailako premiek eragindako gastuak, hala nola janztea, hezkuntza eta prestakuntza eta osasun-laguntza jasotzea, eta abar.

d)   gorago aipatutako gastu-moduren batengatik lehenagotik zorpetuta egoteagatik sortutako gastuak edo bizitzako oinarrizko beharrizanei erantzuteko beharrezko gastuengatik zorpetuta egoteagatik sortutakoak.

      Orokorrean, gizarte-larrialdietarako laguntza modura gehienezko kopuru batzuk jartzen dira, araudiz, legearen 28.2 artikuluan aurreikusitako gastu berezietako bakoitzarentzat. Bestalde, laguntza horiek aurrekontuetan baliabideak izatearen menpe daude.

      Egoera hori kontuan izanik, eta ikusirik udalek, herritarrek berek gero eta gehiago bultzatuta, gizarte-larrialdietarako laguntzak areagotzeko sentitzen duten beharrizana, gizarte-larrialdietarako laguntzak sendotzeko legez besteko proposamena aurkeztu zuen Talde Sozialistak bere garaian, eta aho batez onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak 1999ko apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran. Hauxe zioen hitzez hitz:

"Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio behar adinako hornidura ekonomikoa izenda dezala, gizarte-larrialdietarako laguntzentzako aurrekontu-partidan, legeak jarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek laguntza horiek jasotzeko modua izan dezaten".

      Alabaina, beharrizan guztiei estaldura emateko printzipio honetarako oztopo da Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legearen 13. artikuluaren e) idatz-zatia. Hartan zehazten dira Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordearen eginkizunak, eta foru-aldundiei bitartekari-lana izendatzen zaie laguntzak ematerakoan, aipatutako erakundearen eginkizunetako bat hauxe dela baitio: "Eusko Jaurlaritzak foru-aldundiei eta foru-aldundiek udalei gizarte-larrialdietarako laguntzak finantziatzeko diru-baliabideak nola banatu jakiteko irizpideak aztertzea. Beharrezkoa bada, irizpide horiek berrikusi egingo dira".

      Gero, legearen idatz-zati hori aplikatzerakoan, eta irizpide horietan oinarrituta, aurrekontu-izendapen bat zehazten da praktikan lurralde eta udal bakoitzeko, eta foru-aldundiak bitartekari gisa jokatzen du; horrek atzerapenak eragiten ditu laguntzen ordainketan, nahiz eta laguntza horiek, presakoak izanik, askoz ere arinago eta eraginkorrago tramitatu beharko liratekeen. Hori lortzeko, aski litzateke Jaurlaritzak udalei zuzenean ordaintzea, helburuaren arabera zehaztutako gastu-irizpideetan oinarrituta -Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren 2000ko martxoaren 22ko Aginduan arauz zehaztuta daude dagoeneko irizpide horiek- eta beharrizan-egoera guztiei erantzuteko adinakoa izan beharko duen aurrekontu-horniduraren bidez, Eusko Legebiltzarrak onetsitako legez besteko proposamena kontuan izanik.

      Arrazoi horiengatik, bi urte igaro direlarik Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legea onetsi zenetik, ondorengo aldaketa behar du legeak:

      Gizarte-larrialdietarako laguntzen kudeaketan foru-aldundien bitartekaritza kentzea, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legeak berak erakundeetako bakoitzari izendatzen dizkion aginpideetara egokitzeko. Hain zuzen, legearen 42. artikuluak aginpide hauek izendatzen dizkie udalei:

      "Gizarte-larrialdietarako laguntzak ematea onartu eta ukatzea", f) idatz-zatian.

      Eta "Gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzea", g) idatz-zatian.

Artikulu bakarra

      Gizarte Bazterkeriaren Aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen 13. artikuluaren e) idatz-zatia aldatu egin da, eta ondorengo idazkera hau izango du:

"Eusko Jaurlaritzak udalei, banan edo taldeka, gizarte-larrialdietarako laguntzetarako diru-baliabideak banatzeko irizpideak aztertzea, betiere udalek beren foru-aldundiarekin bestelako jardunbide bat adostu ez duten kasuan, eta, beharrezkoa bada, irizpide horien berrikustea proposatzea".

Xedapen Indargabetzailea

      Maila bereko edo apalagoko arau guztiak indarrik gabe utzi dira, lege honetan xedatutakoarekin bat ez datorren guztian.

Azken Xedapena

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra