Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Sexta edición Premios Adrián Celaya

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 20koa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariarena, 2020. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

2019-12-20

Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa – SEGURTASUN SAILA

Argitalpena: EHAA, 12/28/2019, 12.zk

EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA

2020ko urtarrilaren 20a, 12. zenbakia

 

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA

236

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 20koa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariarena, 2020. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan azaltzen denez (urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), trafiko arloko agintaritzari eratxiki zaio trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, zirkulazio segurua eta arina bermatzeko beharrezkoa denean. Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onartzen duen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak, besteak beste, 37. eta 39. artikuluetan neurri horietako batzuk zehazten ditu eta horiek hartzeko prozedura arautzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea, arau hauek ezartzen dutenaren arabera: urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoari trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko estatu-legeen betearazpena transferitzen diona, eranskinaren B.1.g) apartatua; eta apirilaren 11ko 83/2017 Dekretua, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena, 17.3.d) artikulua.

Ebazpen honen bidez trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri nahi dira, hainbat ibilgailu edo ibilgailu-multzotarako, bide-segurtasunari, mugikortasunari eta zirkulazioaren arintasunari eragiten dioten egun zehatzetan. Egun horiek aukeratu dira hainbat faktore kontuan hartuta, esaterako EAEko jaiegunen egutegia, asteburuak, oporren hasierako edo amaierako aldiak, jai-zubiak edo zirkulazioaren gainean eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zirkulazio-murrizketak.

2020. urterako, EAEn, hemen zerrendatutako zirkulazio-murrizketak ezarri dira:

1.– Kirol-probak, txirrindularien lasterketak eta bestelako ekitaldiak.

Azaroaren 21ean 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onartuta, Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak 55. artikuluan eta II. eranskinean xedatzen duenaren arabera, Trafikoko Lurralde arduradunek ez dute inolako kirol-probarik edo bestelako ekitaldirik baimenduko (lehiaketa izan zein ez izan), ezta horien aldeko txostenik emango ere, baldin eta kirol-proba edo ekitaldi horiek egiteko, ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan bete behar badituzte galtzadak eta bazterbideak hiriarteko bide publikoetan.

Salbuespen gisa, baimendu ahal izango dira honako kirol-proba, bizikleta-martxa eta bestelako ekitaldi hauek:

– Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (TNB) edo nazioz gaindiko antzeko erakundeek antolatzen dituzten nazioarte mailakoak;

– bi baldintza hauek betetzen dituztenak: irteerako edo itzulerako operazioengatik ibilgailu-intentsitate handia duten bideei ez eragitea, eta probara bertaratzeko nahiko agente egotea;

– hauteskunde-prozesuekin bat datozenak, baldin eta bozkatzeko eskubidea bermatzen bada hauteslekuetarako sarbidea erraztuta, eta probara bertaratzeko agente nahikoak badaude.

2.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

1) Salgai Arriskutsuen Errepidezko Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera, arriskuaz ohartarazteko arauzko panel laranjak eduki behar dituzten ibilgailuak zirkulatzea debekatuta dago EAEko bide publiko guztietan, zirkulazioaren edozein noranzkotan, egun eta ordu hauetan:

– Igande eta jaiegunetan (EAE osoan): 08:00etatik 24:00etara, eta

– jaiegunen bezperetan (EAE osoan): larunbatak ez badira, 16:00etatik 24:00etara.

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuei aplikatuko zaizkie, 7.500 kg-tik gorako BGM badute, atal honetan ezarritako murrizketez gain, ebazpen honetan hirugarren murrizketaren barruan jasotzen direnak ere, hau da, salgaiak garraiatzen dituzten eta 7.500 kg-tik gorako BGM duten ibilgailuei dagozkienak.

2) Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbuetsita daude ebazpen honen III. eranskinean jasotako salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, bertan xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3) Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Espainiar lurraldeko errepideetan zehar salgai arriskutsuen garraioak arautzen dituen otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera eta Salgai Arriskutsuen Errepideko Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek ibilbide hauek erabili beharko dituzte:

A) Banaketarako joan-etorriak: salgai arriskutsuak erabiltzaileei edo kontsumitzaileei banatzeko egiten diren joan-etorrietan, ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari zein trafikoaren arintasunari begira. Errepide arruntetan zehar ahalik eta distantziarik laburrena egingo da salgaia eman behar den lekuraino.

Biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, nahitaez erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zamalanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak emateko lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.

B) Bestelako joan-etorriak: joan-etorriaren jatorria eta helmuga Salgai Arriskutsuen Ibilbideen Sarearen –SAIS– barruan badaude (ebazpen honen V. eranskinean dago), salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek nahitaez erabili beharko dituzte euren ibilbidean.

Joan-etorriaren jatorria edo helmuga (edo biak) SAISetik kanpo badaude, sare horretan martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen sarreratik sartzen uzten duten errepide arruntetatik egin beharko dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan egiten den ibilbidea ahalik eta laburrena izatea bermatze aldera. Arrazoi berbera dela bide, salgaien helmugatik martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen irteera erabiliko da SAISetik irteteko.

Hemen aipatu diren bideez bestelakoetan ibiltzeko, baimen berezia beharko da, ebazpen honen bigarren apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz emango dena.

SAISetik irten daiteke gidariaren ohiko bizilekura edo handik egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko edo egitetik itzultzeko, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzeko lanetarako, edo garraio-enpresa dagoen lekura sartzeko, betiere ADRn zehaztutako segurtasun- eta babes-baldintzak betetzen badira. SAIS uzten den kasu hauetan, gidariaren helmuga den tokitik hurbilen dagoen irteeratik irtengo da.

4) Aurreko puntuetan xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta, zama mota, kopurua edo garraio mota direla-eta, salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetako baten arabera egiten bada.

3.– Salgaien garraiorako ibilgailuak, haien baimendutako gehieneko masa (BGM) edo ibilgailu-taldearen baimendutako gehieneko masa (ITBGM) 7.500 kg-tik gorakoa denean.

1) Debekatuta dago 7.500 kg baino gehiagoko BGMko edo ITBGMko ibilgailuek zirkulatzea, EAEko bide publikoetan, II. eranskinean jasotzen diren egun eta orduetan.

2) Aurreko debekua ez zaio aplikatuko ebazpen honen IV. eranskinean jasotako salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioari.

4.– Zirkulazio baimen osagarria behar duten ibilgailuak (euren ezaugarri teknikoengatik edo garraiatzen duten zamaren ezaugarriengatik) eta zirkulazio baimen osagarria behar ez duten ibilgailu bereziak.

1) Debekaturik izango dute bide publikoetatik zirkulatzea, ondoren adieraziko diren egun eta orduetan, zirkulatzeko baimen osagarria behar duten ibilgailuek, ezaugarri teknikoak edo garraiatutako zama direla-eta, legez ezarritako gehieneko masak edo neurriak gainditzeagatik (abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikulua):

– Igande eta jaiegunetan (EAE osoan): 08:00etatik 24:00etara, eta

– jaiegunen bezperan (EAE osoan): 16:00etatik 24:00etara.

Halaber, ibilgailu horiek ebazpen honen II. eranskinean jasotako zirkulazio-murrizketak bete beharko dituzte.

2) Zirkulazio baimen osagarririk gabeko nekazaritza-makineriako edo obra eta zerbitzuetako ibilgailu bereziei ebazpen honen II. eranskinean jasotako murrizketak aplikatuko zaizkie.

3) Hala ere, murrizketok ez zaizkie aplikatuko IV. eranskinean aipatutako gaiak garraiatzen dituzten edo eginkizun horiek egiten dituzten ibilgailuei.

5.– Murrizketa osagarriak.

1) Ibilgailuen Erregelamendu Orokorreko 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ezusteko kasuetan edo aparteko gorabeherak direnean, zirkulazioa seguruagoa edo arinagoa izan dadin beharrezkoa denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketok behar den denbora guztirako, eta, horretarako, beharrezko erabakiak hartuko dituzte.

2) Gainera, meteorologia fenomeno kaltegarriak gertatzen direnean (elurra, izotza, ikuspen eskasa behe-lainoa direla-eta, edo haize bortitza...), ibilgailu zehatzei ezar dakizkiekeen zirkulazio-murriztapenak eragotzi gabe, 3.500 kilo baino gehiagoko BGM duten kamioiek, autobusek, autobus artikulatuek eta ibilgailu-taldeek bideko eskuineko erreitik joan behar dute nahitaez. Ezin izango dituzte aurreratu abiadura txikiagoan zirkulatzen duten ibilgailuak, ezta aurrea hartu ere, aurreko paragrafoan aipatutako 37. eta 39. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

Bigarrena.– Baimen bereziak.

Zerbitzu bat nahitaez egin beharra dagoela behar bezala justifikatuta dagoenean, aldi baterako edo bidaia bakarra egiteko baimen bereziak eman ahal izango dira, ebazpen honetan murriztutako egunetan eta aldietan zirkulatzeko, Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluak xedatutakoaren arabera.

Baimen berezi horietan matrikula, ibilgailuaren ezaugarri nagusiak, garraiatutako salgaia, eragindako bideak eta garraioaren baldintzak agertuko dira.

Trafikoko lurralde-bulegoetako arduradunei dagokie, Trafikoko zuzendariak eskuordeturik, baimen bereziak ematearekin zerikusia duten ahalmenez baliatzea.

Hirugarrena.– Zehapenak eta kautelazko neurriak.

Ebazpen honetan dauden neurri arautzaileak ez betetzea zehatu egingo da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.

Era berean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen diren agenteek ibilgailua nahitaez ibilgetzeko neurri osagarria ezar dezakete, zirkulazioa arriskutsua bada edo zirkulazioari oztopo larriak sortzen badizkio. Gainera, beharrezkoa bada errepidetik kendu edo gordailuan utziko dute, debekua amaitu arte edo berriz abiatzeko baimena eman arte, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren arabera.

Laugarrena.– Zirkulazioaren murrizketak kentzea.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak 1. artikuluko hirugarren murrizketaren barruan agertzen diren ibilgailuei ebazpen honetan ezarritako murriztapen-aldietan zirkulatzen utzi ahal die. Neurri hori salbuespenez hartuko da, zirkulazioaren baldintzak aintzakotzat hartuta, eta, ondorioz, jarraibide egokiak emango zaizkio Ertzaintzari.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta indarraldia.

Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi egun baliodunera jarriko da indarrean, eta 2020. urtean zehar egongo da indarrean. Dena den, indarraldia luzatuko da 2021. urterako, trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzen dituen ebazpena indarrean sartu arte, I. eta II. eranskinetako data zehatzei dagozkien murrizketak izan ezik.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 20a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.

 
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra