Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Euskal zuzenbide zibila  >>  Legeria

3/1992 Legea, uztailaren 1ekoa, Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzkoa.

1992-07-01

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1992/8/7, 153. zk.; EAO, 2012/2/15, 39. zk.

Uztailaren 1eko 3/1992 Legea, Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzkoa

(EHAA, 153. zk., 1992ko abuztuaren 7koa )

ATARIKO IDAZPURUA

ITURBURUAK

ZIOEN ADIERAZPENA

Foru-jaurpidea gain-behera joan izanak galerazi egin zion gure araudi zibilari legegintza-teknikak XIX. eta XX. mendeetan egindako aurrerapide sakonekin batera joatea eta, horregatik, Foru-Zuzenbideak berez dituen balio nabarmenak aintzinako moldez jantzita agertzen dira oraindik, moldeok eguneratzea beharrezkoa dela. Horrela jokatu zen Espainiako zuzenbide arruntarekin, berori berriztatu eta Kode Zibila eta geroko hainbat lege garatu bait ziren. Ez zen nahikoa, noski, biltze eta metaketa-lan hutsa, Zaragozako Biltzarrak horrela jokatu nahi izan bazuen ere. Ezinbestekoa zen, ordea, gaurregungo gizartearen teknika eta beharrizanei egokitzea.

Foru-legeek Felipe V.aren garaietatik, eta gure kasuan karlistadetatik, jasaten zituzten garapen-mugak gainditzea ekarri zuen 1978.eko Konstituzioak, bere 149.1.8 atalak ohartematen duenaren arauera, Autonomi Elkarteek iraunerazi, aldatu eta garatu egin bait dezakete eurei dagokien Zuzenbide Zibila.

Konstituzioak berariazko zuzenbide zibilik «egon badagoenean» dio. Eta Euskal Herrian horrelakorik badago egon. Lurralde batzuetan, Bizkaian eta Araban, idatziz mantentzen da. Beste batzuetan, Gipuzkoan esaterako, ohituraz zainduta eta hainbat alorretan Euskal Herriko gainerantzeko lurraldeetako oso antzerako usadioei jarraituz, usadiook iraun egiten dutela nahiz eta aurkako oinarriak dituen Zuzenbide arruntak horretarako hainbat eragozpen jarri.

1888.eko Kode Zibilak «oraingoz» bere hartan uzten zuen forudun Lurraldeetako jaurpidea eta berariaz aipatzen zuen idatzizko zein ohiturazko Zuzenbidea. Gaurregungo Euskadiko Estatutuak, Autonomi Elkarteari dagozkion aginpideak zehazterakoan, 10.5 atalean adierazten denez, foruzko Zuzenbide zibila edo berariazkoa «iraunerazi, aldatu edo garatzeko» lana berdin burutu daiteke zuzenbide hori idatzizkoa izan zein ohituraz gordetakoa izan.

Horrela bada, euskal legelariek eraberritu eta gaurko mundura egokitu behar dute Foru-Zuzenbide zaharra, Bizkaian eta Araban idatzita iraun duena eta Gipuzkoan, dagoeneko badakigunez, ohituraz baino gorde ez dena. Kontuz egin beharreko lana da eta gaur eguneko euskal gizartearekiko begirunerik handienarekin burutu beharrekoa, gizarte hori ezin bait daiteke maiteen dituen erakundeok gabe utzi, ezta berez errotuta ez dituen erakundeok gabe utzi, ezta berez errotuta ez dituen erakundeak hartzera behartu ere, beste alor batzuetan beharrizanak aldaketa sakonak egitea bideratzen badu ere, Zuzenbide zibilak ezin duelako aurrera egin herritarrak erakundeok onartu eta orokorrean eurenganatu gabe.

Eusko Legebiltzarrak, Estatutuaren 10.5. atalak ohartemandakoaren arauera, foru-erakundeen ezarpen-esparrua zehazteko askatasuna du, baina ezin du ezarpen-esparrurik besterik gabe aldatu. Nahiz eta etorkizunean, egindako azterketek eta gizarteak aldaketak egitea eskatuta aldatu beharra egon, ziur asko horrelakorik sartu beharra egongo da eta, gure Zuzenbidearen lehen gorpuzketa honetan, legea sakon ausnartuta egindakoan, ez du Zuzenbidea gaurreguneratu besterik egiten, 1959.eko Bildumak oraindino jasotzen zituen gauza zaharkituak ezabatu eta bertan agertzen ez ziran eta berez oso sustraiturik zeuden beste erakunde batzuk agertaraziz.

Edonola ere, guzti hori ez dadila izan eragozpen gure Unibertsitateetan, zorionez, indartsu sortu diren ikerketak ugaritu daitezen, euron bidez eraberritze eta lege-aldaketak eragin bait daitezke, ezarpen-esparruan bertan ere, Zuzenbide Zibil berriztua eta gizarte-aldetik aurreratua lortu arte. Bilatu behar ditugun euskal Zuzenbide Zibilaren baterako berezitasunak agertuz joango dira eurotan sakondu eta aztertu ahala, oraingoz idatziz dauden sistemek eta euren ezarpen-esparru zehatzek eragin dezaketen erakarpen-indarra ekidin ezinezkoa delarik.

Metodologia

Aipatutako arrazoiongatik, Bizkaia eta Arabaren kasuan, Bildumaren eraketa eta atal-hurrenkera zaindu beharrik ez du ikusi Legegileak. Esparru estuegia da eta horretara mugatu beharrik ez du. Bildumak aintzakotzat hartu ez zituen erakunde biziak, elkarrekin edo ermandadean egindako testamentua esaterako, sartu beharra zegoen edo aipatu baino egiten ez zituen beste batzuk, 11. atalean agertzen diren oinordetzazko itunak edo Aiarako podere osoko gozamena adibidez, behar bestean garatu beharra zegoen, azken hori garapen-ezagatik ez delarik benetan ezargarri izan.

Ezinbestekoa zen Atariko Idazpurua egitea, batez ere Zuzenbidearen iturburuen alorrean bi giltzarri finkatzeko: ohiturea zaintzea, Bizkaian tradizio haundikoa dena, eta gure Zuzenbidearen oinarri orokorren babesa, eurok gabe arau juridikoak bere benetazko bizitasuna galdu egiten bait du, inoiz Foruaren iturburuei jaramonik egin ez eta zuzenbide osogarrira jo izanagatik foru senetik guztiz urrundutako ondorioetara heldu izan dela epaigintza.

Horrela bada, Atariko-Idazpuruak eta luzera ezberdineko hiru Liburuk, lehenengoa Bizkaikoak, bigarrena Arabakoak eta hirugarrena Gipuzkoakoak, osatzen dute testua.

Aukeratutako izena

Bilduma hitza, gure artean tradiziorik gabekoa, ez zaio egokitzen legearen helburuari ezta izaerari ere, helburu hori euskal Zuzenbide pribatua goitik-behera eguneratzea da eta. Hortik dator Euskal Herriko foru zibilari buruzko Lege izena eman izana. Zibila Zuzenbide pribatua baino ez duelako hartzen; Foruzkoa Zuzenbide arruntetik bereizteko eta ez aintzinako eta ezarpen-esparruz Euskal Herriko erakundeak berpiztu egiten dituelako, nahiz eta Zuzenbide arrunteko esparruak ere egon.

Legearen azterketa

LEHENENGO LIBURUA

Bizkaiko foru-zuzenbide zibila

Bizkaiak betidanik izan du bere legeria egiteko eskubidea eta foru-jaurpidea behera etorri zenean baino ez zuen hori galdu. Foru-legeria indarrean egon zen bere osotasunean 1959. urteko Bilduma egin zen arte, honek moztu eta murriztu egiten zuela hainbat arlo-tan. Ohizko foru-legeria berreskuratzeko eskubidea Konstituzioak babesturiko «jatorrizko eskubidetzat» hartu behar dugu, diktadura-garaietan egindako Bilduma horrek sakon erasotako jatorrizko eskubidea.

Erabakiok gaurregunera egokitzea beharrezkotzat jo izan da, aintzinako iharduerak aldenduz eta gaurko gizarteari ondo egokitzen ez zaizkion erabakiak mugatuz edo kenduz, esate baterako tronkalaren gorabehera batzuk, edo inoiz, sistema osatzeko derrigorrezko erabaki batzuk gehituz, adibidez, gizonezko alargunen eskubideak ugaritzeari, mantenu-beharra aitortzeari edo baserrietako errentariak babesteari dagokionean.

Ez da Koderik ere idatzi, arlo zibileko erakunde guztiak batuz egindako legea ez bait da. Legea Konstituzioaren eta Estatutuaren agindua betetzera mugatzen da, eurotan gure Foru-Zuzenbidea iraunerazi, aldatu eta garatzeko ahalmena aitortzen dela, kasu honetan Bizkaikoa. Erakundeak geldierazi beharrean, bizirik eta Bizkaiko gizarteak duen aurrera joteko borondateak eta beharrezko ikerketa-lanak seguru asko eskatuko duten aldaketei zabalik mantenduko dituen bideari lotzen gatzaizkio Lege honekin.

Europan araupide zibil ezberdin asko egotea, euretariko batzuk Bizkaiko eta Euskal Herriko erakundeengandik hurbilago daudenak, oso aberasgarria da zalantzarik gabe; eta erakundeotariko batzuk Kode Zibilarekin bat egin gabe irautea ezberdintasunak egon daudela erakusten duen adierazgarria da, aurrerantzean sintesi hobeak egiteko bideak zabal ditzakeena. Kode Zibilean egindako azken berrikuntzei buruz adi egotea komeni da, arlo batzutan Foru-Zuzenbidera asko hurbiltzen delako eta harrigarria da Familiaren baserri-ustiakuntza eta baserritar gazteen Estatutoa onartu zuen 198 1.eko abenduaren 24eko Legeak Bizkaiko legeko erakunderik garrantzitsuenak, Kode Zibilean agertu ere egiten ez zirenak, ia hitzez hitz, bereganatzen zituela ikustea, esate baterako amankomuneko edo «eskuorde-bidezko» testamentuak, oinordetza-itunak, familiaren ondasunak osotasunean eskualdatzea etab.

Ezarpen-eremua

Foru-Zuzenbidea Bizkaian zein eremutan ezarri behar den zehaztea Zuzenbide honen izateari berari dagokion gai oinarrizkotzat hartu da. Baina, aldi berean, arazo horrek konponbide zaila du, Hiriek eta Elizateek historian zehar izan dituzten gora-beherak direla-eta bakoitzaren barrutia bereiztea ez delako bat ere erreza, batez ere, eta hau oso garrantzitsua da, Hiriei ezargarri zaien lege zibilari dagokionez, Hiririk gehienetan alde forudunak alde forugabekoekin batera irauten dutelako.

1959. urteko Bildumak nahaste haundiagoa sortu zuen bere 2. eta 3. ataletako arau marapiotsuekin, eta harrez gero zail egiten da, Hiriguneetatik kanpo, nor den foruduna eta nor ez zehaztea.

Gainera, Bildumaren sistemak alde forudunen eta forugabekoen lurraldeak behin eta berriro aldatzen ditu. Hori dela eta, eta Konstituzioaren 9.3. atalak eskatzen duen segurtasun juridikoa aintzakotzat hartuta, arau zehatzagoak egin beharra dago. Erizpide hau erabili da Foru-Lege honen 6, 7 eta 8. atalak eta Azken Erabakietako lehenengoa idazten, Autonomi-Estatutuaren 10. atalean aitortutako legegintzarako baimenean oinarritzen direla eta forudun lurraldea zein den ondo zehaztuta utzi nahi dutela.

Beste alde batetik, Bildumak balio eta indarrik gabe utzi zuen 1630. urteko Konkordia. Konkordia horrek Bizkaiko Hiriei baimena ematen zien euren barrutian Foru-Legea indarrean izatea eskatzeko eta horretara jokatu zuten Elorriok (1712), Bermeok (1734), Otxandiok (1818) eta Areatzak (1825), Forua oso-osoan edo zati baten aukeratuz. Lege honek berriro jartzen du indarrean 1630.ean konkordatutako araua, baina eguneratuz (10. atala).

Forua nori ezarri dela eta, horretan ere segurtasun juridiko haundiagoa bilatzen du legeak, baita berdintasun haundiagoa ere, oraintsuko epai batzuren bidegabekeriak aldendu nahian. Epaiok, ulertze-modu oso murrizgarriak erabiliaz, Foru-Legea ezartzeko lotura-puntu bi eta inoiz hiru ere eskatzera heldu ziren, Kode Zibilaren Atariko Idazpuruak ezartzen dituen auzietarako arauen aurka eginez. Horretara, inoiz gertatu da seme bati tronkalekotasun-eskubideak ukatzea bizkaitar herritasuna galdu zuelako. 16. atalak, joera hori zuzenduz, izaera orokorreko erabakiak hartzen ditu auzietarako oinarrizko arautzat, forugabeko bizkaitarren estatutuaren berezitasunak besterik gabe salbuetsiz.

Bigarren idazpurua

Tronkalekotasuna

Bizkaiko Foru-Zuzenbidearen berezitasunik nabarmenena tronkalekotasuna sakon sustraiturik egotea da, horretan ez dago zalantzarik. Hori testamentuzko oinordetzan zein testamentugabekoan ikusten da, «inter vivos» edo «mortis causa» ekintzetan, ordainbidezkoak nahiz dohainezkoak izan. Sustraitze hori gure inguruko herrietan, Auñamendialdeko forudun herrialdeak ere barruan direla, ezagutzen dena baino askoz sakonagoa da.

Hori dela eta, tronkalekotasunaren erakundeak I. Liburuaren II. Idazpurua hartzen du, tronkalekotasuna eta bere osagaiak zehaztuz. Aldi berean, bere eraginik ertzekoenak argitzeko, eta behar bada mugatzeko, ahaleginak egiten dira, erakunde hau gaurregungo bizimoduaren beharrizanei egokituz.

Ildo honetatik, tronkalekotasunaren osagai bikoitza, gizasemeei lotutakoa eta gauzei lotutakoa, azaltzen da 17. ataletik 20.enera. Gizasemeei lotutako osagaia dela eta, berrikuntza bat daukagu, seme-alaba ordeak tronkaleko senideen artean sartzea, Eusko Legebiltzarraren 1988.eko martxoaren 18ko 6/1988 Legearen arauera. Gauzei lotutako osagaiari buruz, zehaztu egiten dira onibarrak. Zehazketa hori Bilduman erabilitako Kode Zibileko 334. ataleko zerrenda baino hobeto egokitzen zaio tronkalekotasunaren izaerari.

Hirilurretan kokaturiko ondasunen ordainbidezko inorentzeetan tronkalekotasuna nahaspiotsua izan daiteke eta ez zaio baserrialdeetan bezain beharrezkoa erizten, Foruaren oinarrizko helburua baserriaren iraupena bait da. Hori dela eta, II. Idazpuru hau 114. atalean (V. Idazpurua) ezarritako arauaz osatzen da, lehentasunez eskuratzeko eskubideetatik eta saka-eskubidetik salbuetsi egiten dela hirilur dena edo izatekotan dena.

Oinordetzak

Oinordetzaz III. Idazpuruak dihardu, bost Atalburutan banatzen dela.

Azpimarratzekoa da, lehenengo Atalburuan, eskuordeko bidez eginiko testamentuaren edo «alkar poderosoa»ren arauketa berria, gure Foru-Zuzenbidearen osagarririk garrantzitsuenetarikoa bera. Berorri esker alargunaren eskubideak sendotzea eta familia egokitasunez eratzea bideratzen da.

Arlo horretan, hurrengo hauek dira lege berriaren oinarriak:

  1. Bizkaitarrek ia euren ezkontza-hitzarmen guztietan alkarpoderosoa edo testamentua egiteko poderea erabiltzeko izan duten etenik gabeko ohitureari jarraitu egiten zaio.
  2. Erakunde hori eguneratu egiten da, gaurregungo gizartearen beharrizanetara egokituz.
    1. Ezkontide eskuordekoaren egoera juridikoa indartu egiten da, Bilduma aurretiko ohiturarekin lotuz.
    2. Jaraunspeneko oinordetza zentzunez eta ausnartuta egiteko aukerak dirau, behar denean testamentu egokia eginaz, askotan aurrikuspen ezagatik jazotako testamenturik gabeko oinordetzarik izan ez dadin.
    3. Ondarea zentzunik gabe eta ekonomiaren aurka sakabanatzea eta zatitzea eragozten da, azken aldiotan ematen diren administrazio-erabaki berriak indartuz.

g) Erakunde hau, Alkarpoderosoa, idazkera erakargarriz hornitzen da, Kode Zibilaren 831. atala erabil dezaketen forugabekoentzat eurentzat ere. Kode horren idazkera aldatuz joan da, bizkaitarrei eurei dagokienera hurbiltzeraino.

Horrela bada, ohituretan oinarritutako berrikuntzak sartzen dira, oinordetzaileak testamentua egiteko gaitasunak eta komisaria edo eskuordekoa izendatzekoak osotasunean dirautela, jakineko lege-mugak kontuan izanda. Hurrengoak dira berrikuntzok:

  1. Oinordetzaileari eskuordekoa —komisaria edo podereduna— izendatzeko gaitasun zabala ematen zaio (32. atala).
  2. Izendapena bermatu egiten da, testamentuz zein ezkontza-hitzarmenez, horretarako beharrezkoa dela Eskribauak eskuartzea (33. atala).
    1. Oinordekoak izendatzeko gaitasuna berdindu egiten da eskuordekoarentzat eta oinordetzailearentzat (34. atala).
    2. Eskuordekoak hori izateagatik irabazirik ez izatea beharrezkoa da (39. atala).
    3. Oraingoan berariaz zaintzen da banatugabeko jarauntsiaren segurtasun juridikoa, bere ordezkari nor izango den arautuz (40. atala).
      1. Familiaren alde jokatuz, oraingoan lehenengoz arautzen dira adingabeko edo ezgaiei mantenua eman beharrari eta tutoretza edo kuradoretza jartzeari dagozkienak ere, ohituretan hori egiteko joera bazegoen-eta (41 eta 42. atalak).
      2. Eskuordekoak bat baino gehiago izan daitezeneko podere-erabilera arautzen da (43. atala).
        1. Poderea erabiltzeko epea eskuzabaltasunez hartzen da, beti erabii izan den moduan, epeok mugatuegi bihurtzen dituzten agindukeriazko erabakiak alde batera utziz (44. atala).
        2. Berariaz arautzen da alkarpoderosoa ekintza baten baino gehiagotan gauzatzeko ahalmena, erakunde hori etenik gabe erabili ahal izateko eta elkarren aurkako erizpide itxiek eragindako egoera arazotsurik izan ez dadin (45. atala).
          1. Poderearen erabilera-moduak 46 eta 47. ataletan arautzen dira, eskuordeko ezkontideak, podere hori bere testamentuan gauzatu bada, poderearen erabilera ezezta egin dezakeela.

l) Amaitzeko, berariaz arautzen dira poderea iraungitzeko arrazoiak, gaurregun izan daitezkeen egoera juridikoak aintzakotzat hartuta (48. atala).

Idazpuru berorretako laugarren sailean testamentua elkarrekin edo ermandadean egitea arautzen da, behinolako Bildumak jasotzen ez zuena. Testamentu-era hori, Aragoi eta Nafarroan zaindu zena eta gaurregungo Kode batzutan indar-indarrean dirauena, Bizkaiko Zuzenbidearen berezitasunetariko bat da, foru-legeek aldarrikatu eta ohiturak etenik gabe zaindutakoa. Gainera, horri irauneraztea askatasun zibilaren eskakizuna ere bada.

  1. Elkarrekin edo ermandadean egindako testamentuaren eragozpenik handienetarikoa, legelari batzuen eritzian, aldatu ezinezkoa izatean datza. Bizkaiko Legeak asko mugatzen zuen aldaezintasun hori, ezkontide testamentuegileetarikoren bat testamentu hori egin osteko urtebete eta egun bateko epe barruan hilez gero baino ez bait zuen mantentzen (XXI. Idazpuruko I. Legea). Erakunde hori aipatutako muga horrekin jasotzen da legean, adituek ekarritako beste aurrerapen batzuk jaso beharretik eratorritako beste zehaztasun batzuk gehituz, aldatu ezinezkotasuna bienak izandako ondasunenei buruz erabakitzera mugatuz, ondasunok direlako hori holan izatearen benetazko arrazoia (49. ataletik 52.era).

Derrigorrezko ondorengotza III. Idazpuru horretako II. Atalburuan arautzen da. Berori idazterakoan ahalegin berezia egin da foruzko ondorengotza gaurregungo gizartearen beharrizanei egokitzeko, eta alde horretatik hurrengo hauek azpimarra genitzake:

  1. Aurrekoei dagokiena testamentuegilearen ondasunen erdia izateraino gutxitzen da, bostetik lau izan beharrean (56. atala).

Nabarmen gehitzen dira ezkontide alargunaren eskubideak. Bilduman aitortzen zaion gozamen-eskubide hain murriztu hori handitu egiten da, alarguna ondorengoekin eta aurrekoekin batera badago ondasun guztien erdira heltzeraino, eta hirutik bira alboko senideekin batera badago. Besterik ezean baino ezin dezake gozamenik izan tronkaleko ondasunetatik, eta holakorik jazoko balitz, onartzen da ondasunok dirutan emandako kapitalaren truke aldatzea ere (58. atala). Edonola ere eskubideok iraungi egiten dira ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzioa dela eta, ezkontzak porrot eginez gero.

61. atalean ondasun guztien gozamena ezkontideari uzteko aukera ere onartzen da.

  1. Oinordekoak baztertzeko egin beharrekoak erreztu egiten dira (54. atala).
  2. Ondorengoen mantenu-eskubidea arautzen da (66. atala), seme-alaba moten arteko bereizkuntzarik egin gabe, seme-alaba ordeak ere horren barruan sartuaz ondorio guztietarako (53. atala).

f) 62. atalak Foru-Bildumaren hutsunea betetzen du seniparteari dagokion zatia ateratzeko arauak emanaz, baita dohaintzak zenbatgarritzekoak eta jarauntsira itzuli beharreko ondasunak zehaztekoak ere.

Testamenturik gabeko ondorengotzan (III. Idazpuruko III. Atalburua) berrikuntzarik garrantzitsuena seme-alaba moten arteko bereizkuntza kentzea da (67. atala).

Ordezkotza-eskubidea, gaurregun beherantzako belaun-lerroari mugatuta dagoena, alboko belaun-lerrora ere zabaltzeari ondo eritzi zaio, baina neba-arrebak neba-arreben seme-alabekin batera direnean baino ez (72. atala). Horrela jokatuta lehenengo eranskinaren egitasmoa atondu zuen batzordearen erizpideari jarraitzen zaio, ohiturak behin eta berriz erakusten zuen hori aintzakotzat hartuta.

Testamenturik gabeko jarauntsietan, zuzeneko edo alboko belaun-lerroan laugarren belaunaldira heldu eta senitartekorik ez badago, dagokien Foru Aldundiaren eskuetara igaroko da (73. atala).

IV. Atalburuan, eta «OinordetzaItunak» izenburupean, itun-bidezko oinordetza-era batzuk arautzen dira, bizkaitarren artean ondo sustraituta egon arren gaurregungo Bilduman 11. atalean aipatu baino egiten ez direnak, arlo horretan gehiago sakondu gabe. Oinordetza-itunok direla-eta adituak gero eta aldekoago agertu ezeze Kode Zibila bera ere, elkarren ostean egindako aldaketetan, hasieran horrelakoak eragozteko zuen erizpide gogorra bigunduz joan da.

Askatasun zibilarekiko begiruneak, foruzko lege eta ohituren eragilea denak, eta Bizkaian agiri-bidez datozkigunetan baserria eskualdatzeko erarik erabiliena oinordetza-itunak izateak, beharrezko egiten dute itunok legez arautzea, Bildumaren 11. atalak egiten zuen aipamen hutsa nahiko ez delarik.

Ezkontza-hitzarmenak oinordetza-itunik garrantzitsuenak dira, jakina, baina dohaintzarako eskriturak ere sarri egiten dira eta horrela jasotzen da egitasmoan (74. atala).

Itun motarik garrantzitsuenak ere aztertu egin behar izan dira (non agertzen diren alde batera utzita) eta horregatik arreta bereziaz arautzen da ondasunak unean bertan zein izendatzailea hil ostean eskualdatuz egindako ondasun guztien dohaintza, baita jakineko ondasunena ere (76. ataletik 78.era).

Baserria edo baserri-ustiakuntzaren bat eskualdatzen denean sarri askotan agertzen da dohaintza-emaile eta hartzaileen arteko lotura, hau da, ezkontide gazte eta ezkontide zaharrak elkarrekin bizi eta osatutako familia-elkartea, eta ezinbestekoa zen hori ere aintzakotzat hartzea. Lege-erakunde hori ere sartu nahi izan da dirauen ohiturari jarraituz (82. atala).

Inorentzako gordetzeak eta itzultzeak III. Idazpuru horren V. Atalburuan arautzen dira «Oinordetzeko erei buruzko baterako erabakiak» izenburupean. Lehenengo eta behin Kode Zibilean, 811. atalean, agertzen den inorentzako gordetzea jasoten da, baina Bizkaian izan dezakeen erabilerara egokituta, hau da, tronkaleko ez diren ondasunei mugatuta (84. atala).

85, 86 eta 87. ataletan ezkontza-aldian irabazitako ondasunak inorentzako gordetzea (85. atala), foru-komunikazioa desegitean aurrez hildako ezkontidearen ondaretik etorritako tronkaleko ondasunak (86. atala) eta ezkontzagatik edo ezkonsaritzat emandako ondasunak (87. atala) jasotzen dira, aldaketa txikiekin.

Era berean, tronkaleko ez diren ondasunetarako, inorentzako gordetzea sartzen da 88. atalean, Kode Zibileko 968. atalean agertzen denaren parean joanda.

90. atalaren arauera, gordetzaileak gordetakoaren hartzaileen artean izenda dezake oinordekoa. Atalburua 92. atalean amaitzen da, mantenu beharraz emandako ondasunak itzultzeko eskubidea arautzen dela bertan.

Ezkontzaren ondasunen jaurpidea

Horixe da IV. Idazpuruaren gaia.

Eusko Legebiltzarraren 1988.eko martxoaren 18ko 6/1988 Legearen erizpideari jarraituz, ezkontzaren ondasunen jaurpidea, ezkontza aurretik zein ostean, ituntzeko edo berori askatasunez aldatzeko eskubidea aitortzen da, foru-sistemaren eragile den askatasun zibilarekin neurri handi baten bat datorrena (93. atala).

Andrazkoen eta gizonezkoen arteko edozein bazterkeria ezabatu egiten da, ezkontideek herritasun bera ez dutenean ondasunen jaurpidea zehazteko kasuan bertan ere bai (94. atala). Legearen atal hori bat dator Kode Zibilaren oraintsuko aldaketak herritasun zibilaren arloan emandako erizpidearekin.

Foru-komunikazioaren legezko jaurpidea amaitu egiten da ezkontideak banandu zein dibortziatu egiten badira edo ezkontza baliogabekotzat joaz gero, baita itunez erabakiz gero ere (95. atala).

Arauren batzuk bereiztu egiten dituzte irabazpidezko ondasunak eta ezkontide bakoitzak ekarritakoak eta euren lege-jaurpidea zehazten dute (97.etik 102. atalera), ondasunei buruz erabakitzeko ezkontide bien foruaren arauerako oneritzia ezinbestekoa dela (99. atala).

Ezkontza ezkontideren bat hiltzeagatik amaitzen denean seme-alabak bienak izatea edo ez izatea bereizten duen foru-arauari jarraitzen dio lege honek.

Bien seme-alabak egonez gero, finkatu egiten da foru-komunikazioa (104. atala) eta jaraunspeneko erkidego egiten da alargunaren eta hildakoaren seme-alaben artean ondasunak banatu eta esleitu arte; edonola ere eskuordeko izendatutako ezkontideak ondasun guztien erdia eslei diezaioke bere buruari (106. atala) eta, horrez gain, ondasuntza guztiaren gozamena ere izango du (105. atala).

Ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzio-epairen bategatik ezkontza amaituz gero edo ezkontide bien seme-alabarik ez bada, foru-komunikazioa ezabatu egiten da horrelakoetarako irabazpidezko jaurpidean erabilitakoaren antzeko sistemari jarraituz (109. atala). Dena dela, azken kasu horretan, foru-tradizioan ondo sustraitutako eskubide batzuk oraindik ere baditu alargunak (110. atala).

eskuratzeko eskubideak

Legegileak arreta berezia jarri behar du gai honetan, foru-sistemak jasa-ten dituen kritiken arrazoietariko bat izaten bait da, saka-eskubidea espekulazio hutserako erabiltzean egon daitezkeen gehiegikeriengatik. Horregatik bada, txarrerako eragina duten horrelako batzuk mugatu egiten ditu legeak, eta tronkaleko eskubideak erabiltzea ere erreztu bide batez, tronkaleko ondasunak tronkaleko familian irautea baino izan ez dadin eskubideon foruzko helburu bakarra.

Helburuok kontuan izanda berrikuntza garrantzitsuak egiten dira, lehenengo eta behin lehentasunez eskuratzeko eskubidedunei eta eskubideonpeko ondasunei eraginez:

  1. Eskubidedunoi buruz, 126. atalak lehentasunez eskuratzeko eskubidea aitortzen die berrogei urtetik gorako kontratua duten errentariei, alboko belaun-lerrokoei baino lehentasun handiagoa emanez.

Sustraituen dagoen ohituretariko bat errentariak berak gozatzeko daukan eta eskualda ere egin dezakeen errentari-eskubidea da, batzuetan eskubide horren ondorengo nor izango den ezkontza-hitzarmen edo testamentu bidez adieraz dezakeela. Eskubide hori oso ezaguna da gure ohiturazko Zuzenbidea aztertu dutenen artean, Bilduman jaso ez zen arren. 1918.ean Oñatin izandako Eusko Ikaskuntzaren Biltzarrak ere eskatu egin zuen berrogei urtetik gorako kontratua zuten errentariei zabaltzea saka-eskubidea. Lege honek jaso egiten du eskari hori, gaurregungo gizartearen beharrizanekin bat datorrena.

  1. Lehentasunez eskuratzeko eskubidepeko ondasunei dagokienean, 114. atalak kanpoan uzten ditu hirilurretan edo hirilur izateko daudenetan kokatutako funtsak, horrela eskubide hori erabiltzean sarrien jazo daitekeen gehiegikeria-arrazoia aldentzen saiatuz, indarrean uzten duela eskubide hori famili izaerarekin sakon lotuta dagoen lekuetan.

Tronkaleko ondasunak inorendu aurretik foru-deiak egin behar izango dira. Foruan esaten zenez, ondasunok inorentzeko asmoa agertzea eta eurok senideei eskeintzea zen deion helburua. Bildumak helburu hori, nolabait, aldatu egin zuen, salneurria eta baldintzak zehaztea eskatuz. Saldu izana baliogabekotzat jotzeko eta balioespenaren arauera esleitzeko aukera zegoenez, behar bada tirabira gogorren poderioz dagoeneko hitzartuta zegoen salmenta hondatu zitekeen.

Lege hau berriro lotzen zaio foru-sistemari. Inorentzaileak bere saltzeko asmoa agertzen du eta dei horri erantzuten dioten senideek balioetsitako salneurrian erosiko dutela agintzen dute. Edonola ere, salneurria iragarrita badago, onartu egin dezakete (118. atala). Deiari inork ez badio erantzuten, jabeak edonori sal diezaioke urtebeteko epe barruan (120. atala).

Deiok, Eskribauak egiaztatu, Udaletxeko iragarki-tokian jarriko dira eta, elizan ere agertzeak zabalkundea hoba dezakeenez, bertan ere jartzeko baimena ematen zaio Eskribauari (116. atala).

Onibarra eskuratu nahi dezan tronkalekoak diru-bermea eman beharko du, bere kopurua eta ondorioak 117. eta 119. ataletan zehazten direla.

Inorentzea deirik gabe egiten denean, tronkaleko senideek saka-eskubidea dute, horren bitartez salmenta baliogabekotzat jo eta funtsa bidezkotasunez balioetsita esleitu dakiela eska dezaketela. Lege honek eskubide hori erabiltzeak ekar ditzakeen ondorioak arautzen ditu eta, batez ere, inorentzailea, saka-eskubidea eskatzen duen tronkalekoa eta baliogabekotzat eman den salmentako eroslearen arteko harremanak (123. atala). Baliogabeko aldarrikatzeko ihardunbidea aitormenezko auzibide arruntaren arauera egingo da, euskal Estatutoaren 10.6. atalak foruzko gaietan auzibidezko arauak emateko bideak jarri eta horretarako baimena ematen bait du.

Bide-zorrak

Iraun-legeei buruz Foruak zuen Idazpurua Bildumak ez zuen jaso eta horregatik idatzi da Idazpuru hau. Ez jasotze horrek, eta Kode Zibilaren arauera erabili izanaren iraupen hutsak bide-zorrik izatea ekartzen ez duenez (539. atala), makina bat auzi eragin du 1959. urtetik aurrera, eurotan aintzinatik erabilitako bideetatik igarotzeko eskubideak ukatu egin direla. Lege honen 128. atalak berriro hartzen du aintzakotzat erabili izanaren iraupenagatiko zorra, baina foruaren epea, hamabost urtekoa, luzatu egiten du Kode Zibilaren berezkoa den hogei urtekora arte. Aldi berean, beste arau bi ematen dira 129. eta 130. ataletan, auzigai diren arazorik garrantzitsuenei irtenbidea emateko.

BIGARREN LIBURUA

Arabako Foru-Zuzenbide Zibila

Aipatu ekimena bultzatu duten arrazoien hari beretik, eta Bizkaiko foru-zuzenbide zibilaren aldakuntzak Arabako Laudio eta Aramaio udalerrietan duen eragina gorabehera, Arabako foru-erakundeek Aiarako Foruaren gaur egungo idazkerak sortarazten dituen arazoen konponbiderako sentiberatasuna helarazi diote Eusko Legebiltzarrari lege honen bidez.

Gai honi gagozkiolarik, Aiarako Foruak, arau gutxi badu ere garrantzi handikoak bait dira, berebiziko gaurkotasuna du, oinordetzari buruzko zuzenbide berrienari lotzen zaiolako edukiari dagokionez. Izan ere, zuzenbide-arlo hori jakintsuen artean eta legedi berrienetan jasaten ari den bilakaerak oinordetzaren eragilearen borondatearekiko begirunearen nagusitasuna du oinarri, besteak beste. Aiarako Foru idatzi nahiz ohiturazkoa dugu, hain zuzen, hatsapen horren eredurik behinena, beste zuzenbideetako lege-erakunde zenbait parekatu bai baina gailendu ezin zaiolarik.

Foruaren arabera, ondasunen aukerako banaketak, edozein bidez, intervivos zein mortis causa ekintzaz, bereizketaren legea du muga bakarra eta, berez, arautuko duen lege-arau jakinik ez du behar. Ondasunak aukeran banatzeko eskubidea finkatzea asko da, bere ezarpenak gertakari-multzo aberats eta joria sortaraz dezan, zilegitasun osoz jantzia. Alabaina, lege-segurtasunak ulerkera- eta garapen-arau orokorrak ezartzea eskatzen du, banatzailearen borondate eta nahia mugatu nahiz ordezkatu gabe, arrazoiz osabetetzeko bideak eman ditzatenak.

Bizkaiko eta Arabako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumak ondasunen aukerako banaketa arautu zuen moduak zenbait arazo sortu du, ihardunean batik bat, lege honek gainditu nahi lituzkeenak.

Horrela, ezinbesteko gertatzen da zuzenbide-iturburu sistema berezia zehaztea, Zuzenbide idatziarekin batera, Aiarako Forua bere lege-ekanduaren arabera mamitzen duten ohituraren eta zuzenbide-hastapen orokorren lehentasuna finkatu eta Zuzenbide arruntera jo baino lehen epaigintza-erizpideen balioa aitortuko duena.

Beharrezko da, halaber, indar izango duen lurralde-esparrua zehaztea, gertatu diren udalerri-mugen aldaketak kontutan hartuz eta gerta daitezkeenen eragina aurrikusiaz.

Foruaren indar-esparrua mugatzeko, geografia-administraziozko erizpideez gain, banatzailearen beraren legebidearen aipamenaz osatzen da, bere herritartasunaren ondorio dena.

Ondasunak aukeran banatzeko eskubideari gagozkiolarik eta aipatu den lege-segurtasunaren mesedetan, askatasun-erizpide orokor hori praktikan bidegabeki muga dezaketen eragozpenak gainditze aldera, bereizketa finkatu nahi izan da, eta baita horren aldaera eta senipartedunen eskubideak zehazten dituzten bestelako eskubideekiko baliokidetasunak eta ezberdintasunak ere eta, halaber, senipartedun horien eta beren eskubideen zehaztapena, baztertze-kasuetan dagozkienak barne.

Aiarako Foruaren edukiari eskainitako Liburuan, Bildumaren Zioen Adierazpenean aipatutako ohiturazko «podere osoko gozamena» idatzizko legebidean jaso da azkenekoz, aukeran banatzeko eskubidearen hegalpean sortutako lege-erakunde bezala. Aiara herrian nabarmenki sustraituta egon arren, lege honetara arte ez zuen idatzizko araubiderik eta horrek zailtasun praktikoak zekarzkion.

Eragozpen horiek gainditze aldera, gizarte-egoerari egokitutako erakunde hori idatzizko lege-araubidean jaso da, edukia zehazteko orduan oinordetzaren eragilearen borondateak erabatekoa izaten jarraitzen duelarik.

II. Liburu honen II. Idazpuruan, Bizkaiko Forua Arabako Foru-Zuzenbide Zibilaren baitan jaso da, bere lege-ekanduaren, Konstituzioaren eta Estatutuaren arabera, Laudio eta Aramaio udalerrietan ezar dadin.

HIRUGARREN LIBURUA

Gipuzkoako Foru-Zuzenbide Zibila

Idatzizko legerik ez bazuten ere, gipuzkoarrek aintzinatik mantendu egin zituzten euren erakundeak, Bizkaikoen eta Arabakoen oso antzerakoan zirenak. Erakundeok bizirik irautea lortu zuten idatzizko Zuzenbidearen erasoari gehiago eginez, baina zailtasun haundiekin, batez ere 1348.eko Alcaláko Ordenamenduaz geroztik. Gipuzkoako Batzar Nagusiek behin eta berriz eskatu zuten ondorengotza Bizkaiko kasuaren antzera arautzea (1554.eko Segurako Batzarretatik hasita). 1841.eko Foruak egokitzeko egitasmoan ere eska tu zuen Gipuzkoak bere berariazko Zuzenbide Zibila aitor zekion, baina alperrik. Oraintsuago ere berriro eskatu izan da gauza bera Eusko Ikaskuntzak Elkartearen bidez, 1918.ean eta 1930.ean, orduan ere jaramonik ez zitzaiola egin.

Nahiz eta arazoak gero eta larriagoak izan, gipuzkoarrek, baserrialdean, mantendu egin zuten, ordea, euren ohitura-araudia. Etxea banandu gabe eskualdatzea, tronkalera itzultzeak, ezkonsaria edo familiak osatzen zuen ekonomi batasuna bezalako gaiak batzen dira araudi horretan, Alvaro de Navajas gipuzkoar legegile ospetsuak agertu zuenez.

Edonola ere, zailtasun garrantzitsuak daude ohituraren indar-esparrua zehazteko ezeze, bere edukia argiro finkatzeko ere, Bizkaiko, Nafarroako edo Arabako legeekiko zer den baterakoa eta zer berezia finkatzeko, horretarako Araba eta Bizkaiari buruz mendearen hasieran egin ziran ikerketen antzerakoak burutu egin beharko direla.

Bitartean, zuhurtasunez jokatzeari ondo eritzita, ez dira definizio zehatzak egin eta lege hau ez da Gipuzkoako ohiturazko Zuzenbidea egon dagoela aitortzetik haraindi joan, berori legez arautzea gerorako, autonomi mailako eta foru-erakundeek eragin beharko dituzten ikerketen ondorioak aztertzen direnerako utziz.

ERABAKI GEHIGARRIA

Foru-Legearen eta herritasun forudunaren lurralde-zabalkundeari buruzko edozein zalantza alde batera utzi nahi izan da Bizkaian. Horretarako, planoak egitea beharrezkotzat jotzen da, nahi dezan edozeinen esku egongo direnak Hirietako Udaletxeetan.

ALDIBATERAKO ERABAKIAK

Aldibaterako Erabakiek aurretiazko legeriaren menpean sortu eta lege honek ezarritako legeria berriaren eraginez aldatutako egoerak gainditu nahi dituzte, ahal den neurrian legeria berri honetara egokitu behar direlako. Azkenik, lege honen eragina izango dutenen lege-egoera berria horren garrantzitsua denez, indarrean jartzeko hiru hilabeteko epea ematea egokitzat jo da.

Euskara eta Foru Zibila

Aparteko ahalegina egin da lege honen euskarari dagokionez, itzulpena izan beharrean benetan «euskarazkoa» izan dadin, Foru-Zuzenbide pribatuan euskarari bere legebidezko eremua eman nahi izan zaiola. Horretarako erabilitako erizpidea hauxe izan da: arlo honetan herri-hizkeran erabili izan diren hitzak («alkar-poderosoa», «bide-zorrak») eta aurretik datozenak («hil-burukoa») jaso eta gaurregun euskarak legegintza-arloan izandako harremanen eraginez sortutako esamoldeekin batera erabiltzea, testuan berezko barne-egokitasuna eta borobiltasuna lortzeko asmoz.

Beste alde batetik, euskararen eta Foru-Zuzenbidearen arteko lotura lortzeko, lege honen eraginpekoak izan daitezkeenei Foru Zibil honetako ekintzak eta hitzarmenak euskaraz egiteko eskubidea aitortzen zaie, horren ondorenez sor litezkeen egoerak arautuz (15. atala). Foru-Zuzenbide pribatuaren eremuan euskararen normalkuntzarako urrats garrantzitsua ematea ekarriko du guzti horrek, horretan ez dago zalantzarik, lehenengoz elkartzen bait dira testu berean (1988.eko martxoko legea salbuetsita) Euskal Herriaren berezitasunetako bi: bere hizkuntza eta bere Zuzenbide pribatua.

ATARIKO IDAZPURUA

ITURBURUAK

1. atala

1.Lege honetako aginduek, ohiturak eta bere tradizioaren arauera mamitzen duten zuzenbide-oinarri orokorrek osatzen dute Euskal Herriko Lurraldeen Foru-Zuzenbide Zibila.

2.Nabarmena ez den ohitura frogatu egin beharko da.

2. atala

Epaigintzak osatuko du Bizkaiko Foru-Zuzenbide Zibila, berori ulertu eta ezartzerakoan Euskadiko Zuzentza Auzitegi Nagusiak eman ditzan jarraituzko erizpideekin.

3. atala

1.Foru-arau ezargarririk ez balego, Kode Zibila eta gainerantzeko ezarpen orokorreko erabakiak ezarriko lirateke zuzenbide osagarri bezala.

2.Zuzenbide osagarriaren ezarpena Foru-Zuzenbide Zibilaren oinarriei egokitu beharko zaie.

4. atala

Euskal Herriko Foru-Zuzenbidean tradiziozko den askatasun zibilaren oinarriaren arauera, legeak esku-emaile direla jotzen da eta eurotatik datozen eskubideei uko egitea baliozkoa izango da, beti ere herriaren onaren zein gizarte-erabidearen aurkakoa ez bada eta beste inori kalterik ez badio egiten.

LEHENENGO LIBURUA

BIZKAIKO FORU ZIBILA

LEHENENGO TITULUA

EZARPENAZ

Ezarpen-eremua

LEHENENGO SAILA

Lurralde-eremua

5. atala

Foru honek, Bizkaiko Lurraldeko berezko legeria zibila denez, bere osotasunean izango du indarra Lur Lauan.

6. atala

Lur Laua deritzo Bizkaiko Lurralde osoari, Balmaseda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Plentzia hirietako eta Urduña ziutateko alde forugabekoa eta Bilboko gaurregungo udal mugarte osoa kanpoan utzita.

Kanpoan utzitako lurraldean legeria zibil orokorra izango da ezargarri, Foru hau ezargarri den guztietan izan ezik.

7. atala

Aurreko atalean aipatutako lurralde forugabekoa hiri bakoitzaren jatorrizko hirigunearen gaurregungo lurrak eta Foru hau indarrean sar dadinean indarreko hirigintza-planen arauera «hirilur» bezala sailkatuta egon daitezen bere albokoek osatuko dute.

8. atala

Hirigintza-planen osteragoko aldaketek ez dute aldaeraziko lurralde forugabekoaren luze-zabalera.

9. atala

Administrazioak egindako Bizkaiko udalen muga-aldaketek ez dute aldaeraziko lurraldeotan ezarri beharreko Zuzenbide Zibila.

Hiriren bati erantsirik dagoen aintzina Elizate izandakoren bat Hiri horretatik bananduko balitz, berez eta besterik gabe berreskuratuko luke zeukan jatorrizko elizate-izaera.

10. atala

1. Legeria zibil orokorra ezargarri duten udalerriek Foru zibil hau euren lurralde guztian ezar dadin aukera egin ahal izango dute, 1630.eko Konkordiaren indarrez eta Konstituzioaren erabaki gehigarrietako lehenengoan eta Euskal Herriko Autonomia-Estatutuaren 10.5. atalean agintzen denaren arauera, honakook betez gero:

1. Udalbatzarraren erabakia, aurkako baino aldeko botu gehiagoz.

2. Bizkaiko Batzar Nagusien eritzia entzutea.

3. Herritarrek onartzea, Udalak deitutako erreferendumean emandako botu baliodunen gehiengoa aldeko izanda.

4. Eusko Legebiltzarraren lege bidez onartzea.

2. Asmo horrek aurrera egingo ez balu, bost urtegarrenera arte ezingo litzaioke berriro ekin.

11. atala

Bertako herritarrek aurreko atalean zehaztutako urrats guztiekin agerturiko borondatearen ondorioz Foru hau oso-osorik ezartzen bada Hiri bateko lurralde forugabekoan, foru-herritasun zibila lortuko dute zuzen-zuzen.

Aurreko atalean agindutakoaren arauera ezargarri izan dadin legeria berriak ez du aldaeraziko ordura arteko ezkontzen ondasun-jaurpidea, ezkontza-hitzarmenetan horrela erabakitzen ez baldin badute behintzat.

Pertsonen arteko eta oinordetza-kontuko harremanetan, aldibaterako erabakietan agintzen dena ezarriko da.

BIGARREN SAILA

Pertsona-eremua

12. atala

Foru zibil honen ondorioetarako, Bizkaiko Lurraldeko herritasun zibila dutenak dira bizkaitarrak.

Foru-lurraldeko herritasun zibila duena da forudun edo infantzoia.

13. Atala

Bizkaitar forugabekoek elkarrekin edo ermandadean edota eskuordeko bidez egin dezakete testamentua, Foru honetako aginduen esanera.

14. Atala

Bizkaitarrek egin ditzaten Eskribau-agirietan euren herritasun zibila, forudun ala forugabeko diren eta, hala badagokie, zein ezkontza-jaurpide duten jaso beharko da, eurek adierazitakoaren arauera.

Agiria egin nahi duenak berak adierazten ez badu, eta bestelako frogarik ezean, jaio zen tokiari dagokion herritasun zibila duela ulertuko da eta, halaber, senar-emazteen ondasunen jaurpidea elkarrekin izan duten azkeneko bizilekuaren tokiari legez dagokiona dela, edo horrelakorik ez bada, ezkontza egin zen tokikoa.

15. Atala

Foru Zibil honek arautzen dituen ekintza eta hitzarmenak euskaraz egin daitezke.

Ekintza edo hitzarmenok Eskribau aurrean egin eta Eskribauak euskaraz ez badaki, eskritura egin nahi duenak aukeratutako itzultzaile bat beharko da, bere aginduak gaztelaniara itzul ditzan, eta agiria hizkuntza bietan idatziko da Eskribautza-araudiak ezartzen duen bezala, beti ere indarrean dagoen hizkuntzari buruzko legeriak besterik agintzen ez badu.

Legeen gatazkak

16. atala

Berariazko araurik ez balego, Bizkai barruan legebide desberdinak batera egoteak biztu ditzan lege-gatazkak arau orokorrak erabilita ebatziko lirateke, erakunde bakoitzaren izaeraren arauera.

Atzerritarrek bizkaitar forudunen herritasuna izango dute Espainiartasuna hartzerakoan lurralde forudunean administrazio-herritasuna badute, espainiartzeko espedientean aurkako aukerarik adierazi ezean.

TRONKALA

17. atala

1. Onibarren jabetza tronkalekoa da. Tronkalaren izate horrekin etxaguntza familia barruan gordetzen da.

2. Tronkalaren indarrez, onibarren jabeak ezin ditzake onibarrok erabili tronkaleko senideen eskubideak kontutan izan gabe.

3. Tronkaleko senideen eskubideei kalte egin diezaieten erabilpen-ekintzen aurka egin daiteke, Foru Zibil honetan agindutako moduan eta bertan esandako ondorioekin.

18. atala

Tronkaleko senidetasuna Lur Lauean dagoen onibarrari begira zehaztuko da beti.

19. atala

Tronkalari begira, onibar dira hurrengoen gaineko jabetza zein gauzen gaineko bestelako gozamen-eskubideak:

1. Lurra eta lur gainean eraiki, landatu eta ereindako edozer.

Aurreko lerroaldian aipatutakoei lotutako zein batutako ondasun mugikorrak ere onibartzat joko dira, kalterik gabe banandu ahal izan eta banatuta eskualdatzen direnean izan ezik.

Eskuratu gabeko frutuak, lurrarekin batera eskualdatzen ez diren landarak eta ebakitzeko saltzen diren zuhaitzak ez dira tronkalekoak izango.

2. Elizateko sepulturak.

20. atala

Honako hauek dira tronkaleko senide:

1. Beherako belaun-lerroan, seme-alabak eta gainerantzeko ondorengoak, baita ordekoak ere.

2. Gorakoan, tronkalaren jatorritik datorren belaun-lerroko aurrekoak.

3. Baita bizirik dirauen aita edo ama ere, ezkontza bitartean erosi edo irabazitako eta bietako bat hildakoan bion seme-alabek jarauntsitako ondasunetarako, Foru honetako 85. atalean ezartzen den gordekizunaren eragozpenik gabe.

4. Alboko belaun-lerroan, onibarren jatorritik datorren aitaren edo amaren belaun-lerroko senideak.

Seme zein alaba ordeentzako, tronkaleko senidetasuna seme-alabatzakoa guraso ordearen odoleko semea edo alaba balitz bezala zehaztuko da, gorako zein alboko belaun-lerroan.

21. atala

Beherako belaun-lerroan, tronkaleko senidetasunak jarraitu egiten du belaunez-belaun, maila-mugarik gabe.

Gorakoan, tronkaleko senidetasuna jatorriko onibarra lehenengoz eduki zuen aurrekoan bukatzen da.

Alboko belaun-lerroan, odolkidetasuneko laugarren belaun-maila zibileraino iristen da, laugarren hori ere barruan dela.

22. atala

Hurrengook dira tronkalekoak:

1. Beherako belaun-lerroari dagokionez, Lur Lauean dauden onibar guztiak, edonola eskuratuak direla, kanpokoengandik eskuratuak izan arren.

2. Gorako eta alboko belaun-lerroei dagokienez, Lur Lauean dauden eta oinordekoaren eta oinordetzailearen oin berekoak diren onibar guztiak, oinordetzaileak kanpokoengandik eskuratuak barruan direla.

«Inter vivos» erako eskualdaketetan «oinordeko» eta «oinordetzaile» berben ordez «eskuratzaile» eta «eskualdatzaile» erabiliko dira.

3. Tronkaleko ondasunen truke zein ordezkotzan hartzea eskatzen duen beste ordainbidezko bideren batez eskuratutako Lur Lauean dauden onibarrak.

23. atala

Tronkaletik datozen eskubide eta betekizunak Bizkaiko herritar zibil guztiei dagozkie, bizkaitar direnez.

Tronkalaren beraren izaeragatik, bizkaitar-herritasuna galtzeak ez ditu ezertan murriztuko beraren indarrez izandako eskubide eta betekizunak.

24. atala

Tronkaleko ondasunak kanpoko inori zein eskualdatzailearen lehentasunezko belauneko ez den inolako senideri eskualdatzeko dohaineko ekintzak, «inter vivos» edo «mortis causa» zkoak, berez izango dira lege-baliogabekoak.

25. atala

Bizkaitar forudun ez direnek askatasuna dute tronkaleko ondasunak lehentasunezko belauneko tronkaleko edozeini dohain eskualdatzeko, baina hartzaileak ezingo du hartukizunik izan tronkaleko ez diren ondasunetan, ondasunokin gainontzeko senipartedunei euren legezko seniparte laburra eman arte.

26. atala

Baserria gainerantzekoekin dohain eskualdatzerakoan, besterik esan ezean, altzariak, abereak, lanabesak eta ustiapen-ezarkinak sartuko dira.

OINORDETZAK

Erabaki orokorrak

27. atala

Oinordekoa, tronkaleko ondasunak izan edo ez izan, testamentuz, legez, oinordetza-itunez, ezkontza-hitzarmenez zein dohaintza-eskrituraz izenda daiteke.

28. atala

«Tronkaleko senideak» esaten denean besterik gabe, eurei dagokien oinaren belaun-lerrotik testamenturik gabeko oinordetzara deituriko senideak direla ulertu behar da.

LEHENENGO ATALBURUA

Testamentu bidezko oinordetza

LEHENENGO SAILA

Testamentuak orokorrean

29. atala

Legeria zibil orokorrean araututako testamentu-moduez gain, «hil-buruko» testamentua ere onartzen da lurralde forudunean.

30. atala

Bizkaiko lurralde guztian Eskribau aurrean egindako ezein testamentutan ez da lekukorik behar izango, testamentu-egileak berak edo egiaztatzen duen Eskribauak horrela eskatzen ez badute behintzat.

BIGARREN SAILA

«Hil-buruko» testamentua

31. atala

Hil zorian dagoenak testamentua egin dezake hiru lekukoren aurrean, bai ahoz bai idatziz.

Testamentu hori indarrik gabe geratuko da egilea hiltzeko arriskutik atera eta bi hilabetegarrenean. Testamentu-egile hori epe horren barruan hilez gero ere indarrik gabe geratuko da testamentua, baldin heriotza osteko hiru hilabeteen barruan egiaztaerazten ez bada, ihardunbide-legeek agintzen duten moduan.

Testamentu-egilea hilteko arriskutik atera baina beste testamenturik egiteko ezgai geratuko balitz, egiaztaerazteko epea hiru hilabetekoa izango litzateke, testamentua egin zenetik kontatzen hasita.

Testamentua epaile batek egiaztaerazi ostean, Eskribau-liburuan jasoeraziko da.

HIRUGARREN SAILA

eta eskuorde-bidezko testamentua

32. atala

Testamentu-egileak eskuordeko bati edo batzuri eman diezaieke oinordekoa izendatu eta ondasunak banatzeko ardura, eta ondasunon oinordetza-eskualdaketa dela eta, berari dagozkion beste ahalbide guztiak.

33. atala

Eskuordekoa Eskribau aurrean egindako testamentu bidez izendatu behar da.

Senar-emazteek, ezkondu aurretik zein ezkondu ostean, elkar izenda dezakete eskuordeko ezkontza-hitzarmenean edo oinordetza-itunean. «Alkar-poderosoa» deritzo senar-emazteen arteko izendapen horri.

34. atala

Eskuordeko izendatutakoak behar den besteko gaitasuna izan beharko du testamentua egiteko poderea gauzatzeko orduan.

Oinordeko izendatutakoak jaraunsteko gai izan beharko du gauzatze horren orduan edo oinordetzailea hiltzen denean. Baldintzapeko zein fideikomiso-izendapenak kanpoan geratzen dira.

35. atala

Eskuordekoak eskuordetzaileak poderea ematerakoan berariaz agindutakoari zehatz jarraituaz beteko du bere ardura eta, berariaz agindu gabekoetan, Foru honetako aginduen arauera oinordetzaileari dagozkion ahalmenak izango ditu.

36. atala

Edonola ere, eskuordekoak oinordetzaren ondasun, eskubide, zor eta betekizun guztien zerrenda egin beharko du behin eskuordetzailea hil eta eskuordeko izendatu duela jakiten duenetik sei hilabeteko epe barruan, eta oinordeko ustezkoak zerrenda horrek dioenaren jakitun jarri beharko ditu.

37. atala

Eskuordekoak ezin izango du eskuordetzailearen testamentua osorik edo bere zatirik ezereztu, horretarako baimena berariaz eman ez baldin badio behintzat.

38. atala

Eskuordekoak, oinordetzaileak testamentu bidez eman diezaizkion ondasunak beretzat har ditzake, baita testamenturik gabeko oinordetzan edo testamentu-poderea gauzatu ezean legozkiokeenak ere.

Hartukizunok 62. eta 64. ataletan agindutakoei lotuta egin beharko dira.

39. atala

Eskuordekoaren ardura borondatezkoa eta dohainekoa izango da beti eta dagozkion ahalmenak, amankomunekoak zein baterakoak egiteko izan, norberarenak eta eskualdaezinak dira.

Eskuordekoak eskuordetzailearen jarauntsiaren albazea eta kontulari-banatzailea izenda ditzake.

40. atala

Oinordetzara deitu eta jarauntsia onartu bitartean, testamentu-egileak testamentuan bertan izendatutako pertsona izango da jarauntsiaren ordezkari eta administratzaile, eman diezaizkion ahalmenekin eta ezarri diezaizkion erantzunbeharrekin.

Inor izendatzen ez bada, alargunak ordezkatu eta administratuko du jarauntsia eta, alargunik ezean, eskuordekoak berak.

41. atala

Testamentu-poderea gauzatu arte, oinordetzailearen seme-alabei eta horretarako legezko eskubidea duten ondorengo guztiei mantenua zor zaie jarauntsi-ondasunen etekinen kontura, horretara behartutako pertsonarik ez badute.

42. atala

Eskuordekoa oinordetzailearen adingabeko edo ezgai diren seme-alabei eta gainerantzeko horrelako ondorengoei tutoretza edo kuradoretza jartzera behartuta dago.

43. atala

Eskuordekoek amankomunean ihardungo dute, testamentuan bertan besterik adierazten ez bada. Gehiengoz hartuko dituzte erabakiak eta, berdinean, lehenengo izendatutakoak erabakiko du.

44. atala

Eskuordetzaileak testamentu-poderea gauzatzeko epea ezar dezake. Eskuordekoa alarguna balitz, poderea eperik gabe edo bizialdirako eman diezaioke.

Eperik jarri ezean, testamentu-egilea hil zenetik, edo epaileak hil dela adierazten duenetik, urtebetekoa izango da, ondorengo ustezko guztiak gara-adinekoak badira; ez badira, gara-adinera denak heltzen direnean hasiko da epe hori, ondorengook burujabe egitea ez dela nahikoa izango horretarako.

45. atala

Eskuordekoak ekintza edo eskritura bakarrean edo bat baino gehiagotan gauza dezake testamentu-poderea, testamentu-egileak besterik agindu ezean.

46. atala

Eskuordekoak, «inter vivos» edo «mortis causa» ekintzetan gauza dezake testamentu-poderea, ondasun guztietarako edo batzurentzako, legeak testamentu-egile ororentzat ezartzen dituen mugak baino ez dituela izango.

Alargunak bere testamentuan gauza dezake hildakoak emandako testamentu-poderea, baina bien seme-alaba eta ondorengoen artean baino ezingo du banatu. Horrela bada, ezkontidearen izenean egindako banaketa ezeztagarria dela adieraz dezake, berariaz, eskuordekoak.

47. atala

Eskuordekoak testamentu-poderea erabiliz egin ditzan banaketak ezeztu ezinekoak izango dira, aurreko ataleko azkenengo zatian araututakoan izan ezik.

48. atala

Testamentu-poderea honakootan iraungiko da:

1. Gauzatzeko jarri zaion epea bukatutakoan.

2. Eskuordekoari heriotza, ezintasuna edo ezgaitasuna etorri zaiolako.

3. Eskuordekoa ezkontidea bada, testamentu-poderea egin ostean ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzio-eskea egin dadinean.

4. Eskuordekoa ezkontidea izanda, hau berriro ezkondu dadinean, beste batekin ezkondu-bizimodua daramanean edo ezkontzatik kanpo seme-alabarik izan dezanean, testamentu-egileak besterik adierazi ez badu behintzat.

5. Uko egiteagatik.

6. Jaraunsteko ezgaitzen duten gaiztakerietakoren bat egiten badio eskuordekoak oinordetzaileari edo bere ondorengoei.

7. Poderean bertan agertzen den beste arrazoiren bategatik.

8. Podere-emaileak ezeztatuta.

LAUGARREN SAILA

testamentua

49. atala

Senar-emazteek biek batera erabaki dezakete euren ondasunei buruz testamentua elkarrekin edo ermandadean eginda.

Testamentu hori Eskribau aurrean baino ezin daiteke egin.

50. atala

Elkarrekin edo ermandadean egindako testamentua ezeztatu edo aldatu egin dezakete senar-emazteek biek batera, Eskribau aurrean egindako beste testamentu edo oinordetza-itun batez.

51. atala

Senar-emazteetariko batek ere ezezta dezake bere aldetik elkarrekin edo ermandadean egindako testamentua, besteari modu egiazkoan jakinerazita. Hori gabe, ezeztapenak ez du indarrik izango.

Alde batak elkarrekin edo ermandadean egindako testamentua edo bere ataletakoren bat ezeztatzen bada, testamentu osoa geratuko da indargalduta.

52. atala

Senar-emazteetariko bat elkarrekin edo ermandadean egindako testamentua egin eta urtebete baino lehenago hiltzen bada, alargunak ezin izango du ezeztatu bion ondasunen gaineko erabakirik.

BIGARREN ATALBURUA

Derrigorrezko oinordekoak

53. atala

Derrigorrezko oinordekoak ondoko hurrenkeraren arauera deituak izango dira, tronkalekoetarako aginduta dagoenaren kalterik gabe:

1. Seme-alabak, ordekoak barruan direla, eta gainerantzeko ondorengoak.

2. Gurasoak eta beste aurrekoak.

54. atala

Testamentu-egileak askatasun guztiz bana ditzake derrigorrezko oinordetza osatzen duten ondasunak aurreko atalean aipatutako lerro bakoitzeko oinordekoen artean, edo euretarik bakarra aukeratu besteak baztertuta, baita belaun-maila urrunagokoa hurbilagokoa baino nahiago izan ere.

Derrigorrezko oinordekoak inongo berariazko bazterketa-esamolderik gabe bazter daitezke, beti ere testamentu-egileak oinordetzarik gabe lagatzeko borondatea argi erakutsi badu.

Baztertu gabeko ondorengo baten ondorengoak haren ordezko dira oinordetzan. Bestela, nahi ez dela testamentuan aipatu gabeko inor balego gutxien hartu duen belaun-maila bereko ondorengoaren besteko zatia eskatzeko eskubidea izango luke.

55. atala

Testamentu-egilearen ondasun guztien lau bostenek osatzen dute ondorengoen senipartea.

Beste bostena askatasunez bana daiteke, horretarako tronkaleko ez den nahiko ondasunik baldin badago.

56. atala

Aurrekoen senipartea testamentuegilearen ondasun guztien erdiak osatzen du. Beste erdia askatasunez banatzekoa da, tronkaleko ondasunak ez badira behintzat.

57. atala

Tronkaleko ondasunei dagokienean, belaun-lerro bakoitzeko tronkaleko aurrekoak bakoitzaren belaun-lerrotik datozenetarako izango dira oinordeko, 20. ataleko 3. zatian agindutakoaren kalterik gabe.

Tronkaleko aurrekorik ez badago, testamentu-egileak izendatutako tronkaleko alboko senideak izango dira oinordeko tronkaleko ondasunetan eta aipatu gabekoak isilbidez baztertuta daudela ulertuko da. Alde honetatik alboko senideei banatutako ondasunek ez dute gutxituko testamentu-egileak askatasunez bana dezakeen zatia.

58. atala

Alargunak oinordetzailearen ondasun guztien erdiaren gozamena izango luke, ondorengoekin edo aurrekoekin batera balego.

Ondorengo zein aurrekorik ez balego, ondasun guztien bi herenaren gozamena izango luke.

Azkenengoz, oinordetzailearen bi belaun-lerroetako tronkaleko ondasunen gainean jarriko da gozamena, lerrootako bakoitzaren edukiaren heinean.

Alargunaren gozamena, tronkaleko ondasunen pentzu denean, eskudiruko kapital baten truke alda dezakete tronkaleko senideek. Alargunak askatasunez erabil dezake dirutza hori eta berori dela eta, ez du gordekizuna jartzeko eta atzera emateko beharkizunik izango hurrengo lerroaldean aipatzen den moduan ezeztatzen bada gozamen hori.

Alargunaren gozamen-eskubidea ezereztu egingo da berriro ezkontzen bada, edo beste batekin ezkondu-bizimodua badarama, edo ezkondu denboran zein ostean ezkontzatik kanpoko umerik izaten badu, testamentuegileak besterik agindu ezean behintzat.

59. atala

Jarauntsian ez du oinordeko izateko eskubiderik edukiko berari egotzi dakiokeen arrazoiagatik dibortziatutako edo banandutako ezkontideak.

60. atala

Ezin izango zaie seme-alabei, ondorengoei edo aurrekoei askatasunez banatzeko zatia baino ordezpen edo karga handiagorik ezarri, beste derrigorrezko oinordekoen alde ez bada.

Tronkaleko ondasunen gainean ere ezin izango da ordezpen edo kargarik ezarri, belaun-lerro bereko tronkaleko senideren baten alde ez bada.

Alargunari aitortutako eskubideak eta bere alde ezarritako gozamen-eskubide orokorraren agintzak ez diote eragingo senipartearen edo tronkaleko ondasunen ukitu-ezinari.

61. atala

Testamentu-egileak bere ondasun guztien gozamena utz diezaioke ezkontideari, 58. ataleko senipartearentzat ezarritako arrazoi berberengatik iraungiko dena. Agintza hori eta askatasunez banatzeko zatiaren agintza ezin izango dira batera hartu. Hala ere, testamentu-egileak biak aukeran utzi baldin baditu, alargunari dagokio hautatzea.

62. atala

1. Seniparteari dagokion zatia ateratzeko, oinordetzarako deia gauzatzen denean jarauntsiak dituen ondasun guztien balioa hartuko da kontuan, zor eta zorpe guztiak kenduta. Irtetzen duen zenbatekoari dohaintza zenbatgarriena gehituko zaio.

Oinordetzailearen tronkaleko ondasunak zenbatgarritu egingo dira seniparteari dagokion zatia ateratzeko eta, ezer baino lehen, senipartea ordaintzeko jarriko dira, testamentu-egileak kontrakorik berariaz adierazi ezean.

Tronkaleko ez diren ondasunekin derrigorrezko oinordeko ez direnen alde egindako dohaintzak eta inor berariaz baztertu gabe egindakoak baino ez dira zenbatgarri izango.

2. Dohaintza zenbatgarrien balioa oinordetzailea hil zenean zutena izango da, hartutako ondasunotan hartzaileak ordaindutako hobekuntza onuragarriak eta konpontzeko eta iraunerazteko egin dituen aparteko gastuak kenduta, bere erruz egin behar izan ez baditu. Ondasunon balioari hartzailearen erruz sortutako eta bere balioa urritu duten andegen balioespenekoa gehituko zaio. Hartzaileak dohaintza-ondasunak inorendu baditu, inorentzerakoan zuten balioa hartuko da kontuan. Hartzailearen erruz galdu diren ondasunetarako, galdu zirenean zuten balioa besterik ez da zenbatgarrituko.

3. Derrigorrezko oinordekoen aldeko dohaintzak ez dira jarauntsira itzuli beharrekoak izango, emaileak aurkakorik agindu ezean edo esanbidezko bazterketarik egin izan ez badu.

4. Jarauntsira itzuli beharreko dohaintzek banaketa egiteko unean zuten balioa izango dute.

63. atala

Oinordetzailearen zorrak ondasun mugikorrekin eta tronkaleko ez diren ondasun mugiezinekin ordainduko dira. Ez batekorik eta ez bestekorik ez dagoenean bakarrik izango dira erantzule belaun-lerro bakoitzeko tronkaleko onibarrak, bakoitzaren heinean.

64. atala

Testamentu-podererik balego, senipartea zehazteko ondasunen balioa honakook aterako lukete:

1. Eskuordekoak, jarauntsia berari ez badoakio.

2. Eskuordekoak, oinordetzaileak izendatutako kontulari-banatzailearekin batera.

3. Eskuordekoak, oinordeko ustezkoekin batera.

4. Epailearen erabakiz.

65. atala

Oinordetza ezkontza-hitzarmenez, oinordetza-itunez edo dohaintza-eskrituraz burutzen denean, bazterketa 54. eta 57. ataletan agindutako eran egin beharko da eta 62.3. atalean esandako ondorioak izango ditu.

66. atala

Legez mantenua eska dezaketen oinordetzailearen ondorengoek haren oinordekoei eska diezaieke mantenu hori, legeria zibil orokorraren arauera horretara behartutako beste inor ez balego.

Oinordeko bakoitzak jarauntsitako ondasunen heinean eman beharko du mantenua eta ondasunon balioaren gainetik ez du beharkizunik izango.

Testamenturik gabeko oinordetza

67. atala

Testamenturik gabeko oinordetza seme-alaben alde burutuko da, berezko eskubidez, eta bestelako ondorengoen alde, ordezkotza-eskubidez.

68. atala

Aurreko atalean aipaturiko ondorengorik ez badago, jarauntsia honelaxe banatuko da:

a) Aitaren zein amaren aldeko belaun-lerroko tronkaleko ondasunak belaun-lerro bakoitzeko tronkaleko aurrekoei dagozkie, ezkontza bitartean erosi edo irabazitakoen gainean 20. ataleko 3. zenbakian esandakoaren kalterik gabe. Belaun-lerroren baten tronkaleko aurrekorik ez dagoenean, ondasunok horren alboko senide tronkalekoei dagozkie.

b) Tronkaleko ez diren ondasunetan, guraso biak izango dira oinordeko edo biotatik bizirik dagoena. Guraso bizirik ezean, belaun-lerro bietako aurrekoen artean erdibituko dira, aurrekook edozein belauneko direla ere. Belaun-lerro biotako baten aurrekorik ez dagoenean, badagoeneko belaun-lerroko aurrekoei dagozkie ondasun guztiok.

69. atala

Ondorengorik ez aurrekorik ez badago, alarguna izango da jarauntsiaren oinordeko, alboko senideak baino lehenago, tronkaleko ez diren ondasun guztietan.

Bestelakoetan, alargunak 58. atalean aitortutako seniparte-eskubideak izango ditu.

70. atala

Ez aurrekorik ezta ezkontiderik ere ez dagoenean, tronkaleko ez diren ondasunak alboko senideetako belaun-lerro bien artean erdibituko dira, laugarren belaun-mailaraino, belaun-lerro bakoitzeko senideen hurbiltasuna edozein dela ere.

Biotakoren baten alboko seniderik ez dagoenean, beste lerroko alboko senideei dagozkie ondasunok oso-osorik.

71. atala

Belaun-lerro bakoitzean, amarenean zein aitarenean, hurbilagoko senideak urrunagokoa kanporatzen du. Lehentasuna duten senideak bat baino gehiago badira, ondasunak euren artean banatuko dira zati berdinetan.

72. atala

Alboko belaun-lerroan, neba-arrebak eta neba-arrebon seme-alabak batera direnean baino ez da ordezkotza-eskubiderik izango. Neba-arrebok buruko eta seme-alabok erroko hartuta izango dira oinordeko. Guraso bietako neba-arrebak eta guraso bakarreko neba-arrebak batera direnean, lehenengoei bigarrenei halako bi zati dagokie jarauntsian.

73. atala

Testamenturik gabeko oinordetzetan, alboko seniderik ere ez badago, oinordetzailearen herritasunari dagokion Lurraldeko Foru Aldundiari dei egingo zaio.

Oinordetza itunak

74. atala

Ezkontza-hitzarmenez, dohaintzaz edo Eskribau aurreko eskritura bitartez egindako itunez bana daitezke jarauntsiko ondasunak, guztiak edo batzuk, bertan agindutako era, gordekizun, ordezkatze, itzultze-hizpaketa, zorpe eta betekizunekin. Eskritura-egileek, gainera, dauzkaten ondasun guztiak edo batzuk unean bertan eskualdatze zein hildakoan egin dadila erabaki dezakete.

75. atala

Ondasunen oinordekoa oinordetza-itunez izendatzen bada, indarrik gabe geratuko da aurretik testamentu bitartez egindako edonolako ondasun-banaketa.

Izendapen hori, egin dutenen edo euren ondorengoen arteko itun berri batez baino ezin izango da aldatu ezta iraungi ere eta, beti ere, alde biek itundutako arrazoiengatik baino ez.

76. atala

«Mortis causa» egindako ondasun jakin baten dohaintza oinordetza-ituntzat joko da, baita «inter vivos» ekintzaren bidezko ondasun guztien dohaintza ere, besterik hitzartu ezean.

77. atala

Ondasunak unean bertan eskualdatzeko egiten den oinordeko-izendapenak ondasunon jabetza ematen dio oinordekoari, izendatzailearen, familiaren zein ondasunen irabazpidearen mesedean alde biek hitzartutako mugabaldintzekin. Horregatik, edonolako erabaki edo karga-ekintzak izendatzailearen eta izendatutakoaren arteko adostasun baterakoa beharko du baliozkoa izateko, bestelako itunik ezean.

78. atala

Hil ostean indarra izan dezan egindako oinordeko-izendapenak ondasunon oinordeko izaera ematen dio izendatutakoari eta berak ezin izango du ez inorendu ez zorpetu. Ezkontzeko dagoen seme edo alaba izendatu bada oinordeko, honek bere seme-alabei edo ondorengoei bana diezaieke ondasunok dohain, «inter vivos» edo «mortis causa» ekintzen bidez.

Izendatzaileek ondasunon jabe izaten jarraitzen badute ere, ordainbidez baino ezin izango dituzte ondasunok banatu.

79. atala

Izendatzaileek honako hauetan ezezta ditzakete izendapena:

1. Itundutako arrazoiengatik.

2. Jarritako zorpe eta baldintzetan ez betetze larria egin izanagatik.

3. Izendatutakoak ezgaitzeko edo oinordetza galtzeko arrazoi direnetakoren bat egin badu.

4.  Izendatutakoak familikoen eguneroko elkarbizitza galeraziz jokatzen badu.

5. Izendatutakoen ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzioa gertatuz gero, oinordetza-ituna ezkontzagatik egin denean.

80. atala

Oinordeko izendapena honako hauetan iraungiko da:

1. Izendapena baldintzatzen zuen iraungitze-kasua jasoz gero.

2. Izendatutakoa ondorengorik gabe hiltzen denean.

3. Izendatzaileen erabakiz, Eskribau-eskrituraz gauzatuta.

81. atala

Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, euren kontura egindako hobekuntzen eta gehikuntzen eguneratutako balioa ordaindu beharko zaie izendatutakoei urtebeteko epean.

82. atala

Izendatzaileek eta izendatutakoek elkarrekin biziko direla edo gozamen-eskubidea zein antzerako beste ahalmenen bat ez galtzea itundu badute izendatzaileen alde, bietako bat hilda bere alargunak osorik eta bizi den artean gordeko ditu eskubideok.

83. atala

Ezkontzera doanen bat oinordeko izendatzen bada, eta izendatutakoa arinago hiltzen bada, berari dagokion eskubidea seme-alabei eta ondorengoei eskualdatuko zaie.

Izendatutakoa ondorengorik utzi gabe hilgo balitz, izendatzaileari itzuliko litzaizkioke unean bertan eskualdatzeko itunpeko ondare edo ondasunak.

BOSGARREN ATALBURUA

baterako erabakiak

84. atala

Ondorengoren batek beste aurreko edo neba-arrebaren batengandik irabazpidez jasotako tronkaleko ez diren ondasunak bere aurrekoren bati utziz gero, aurreko horrek ondasunak datozen lerroko hirugarren belaun-mailarainoko senideentzat gorde behar izango ditu lege-indarrez jasotakoak.

85. atala

Gurasoengandik onibarrik dohain lortu izan duen seme-alabak onibarrok berriro ere dohain eskuratzen badizkio aitari edo amari eta dena delako guraso horrek, gerokoan berriro ezkondu edo aurrean hildako ezkontidearena ez den seme-alabarik izanez gero, eskualdatzailearen eta bere guraso bereko neba-arrebentzat edo euren edozein ondorengorentzat gorde beharko ditu ondasunok.

86. atala

Berriro ezkontzen den alargunak, edo aurrerago hildako ezkontidearena ez den seme-alabarik duenak, hildako ezkontidearen tronkaleko senideentzat gorde beharko ditu hildakoarengandik foru-komunikazioaren bidez etorritako tronkaleko ondasunak.

Kasuotan ere, ezkontideren bat hil izanagatik foru-komunikazioa amaitzean, alargunak jasotako ondasunek bere jatorrizkoen eta irabazitako erdiaren batuketak baino balio handiagoa badute, gaindikin hori ezkontza horretatik sortutako seme-alaba eta ondorengoentzat gorde beharko du alargunak.

87. atala

Ezkontzagatik, ezkontza aurretik zein ostean, emandako ondasun mugiezinen oinordeko, ezkontza horretatik sortutako seme-alabak edo ondorengoak baino ez dira izango.

88. atala

Berriro ezkontzen den alargunak, edo aurrerago hildako ezkontidearena ez den seme-alabarik duenak, hildakoarengandik testamentuz, dohaintzaz edo irabazpidezko beste edozein eratan jasotako ondasun guztiak gorde beharko ditu aipatutako hildakoaren seme-alaba eta ondorengoentzat.

89. atala

Hemen zehaztutako gordekizunak, edonola ere, gordetzaileak egindako eraikuntza, landaketa eta hobekuntzei baino ez dagozkie, gordetzaile horri edo bere oinordekoei eguneratutako euron balioa ordaindu beharko zaiela. Ordainketa hori gordetakoaren hartzaileak ondasunok eskura ditzan egunean hasita urtebete eta egun bateko epe barruan egin beharko da.

90. atala

Atalburu honetan araututako kasu guztietan gordetzaileak gordetakoaren hartzaileen artean izenda dezake ondorengoa, testamentu bidezko oinordetzetarako araututakoaren arauera, eta gordetzaileak ezingo du ordezkapenik egin edo kargarik jarri hartzaileon alde ez bada.

91. atala

Aurrekoak baino ez dira oinordeko izango umerik izan gabe hildako euren seme-alabei edo ondorengoei emandako tronkaleko ez diren ondasunei dagokienean, beti ere oinordetzan emandako ondasun berberok badaude. Ondasunok inorendu egin badira, dohaintza-hartzaileak eurongatik izan ditzan eskubide guztiak izango dituzte aurrekoek. Era berean, ondasunok saldu izan balira, salneurria eskura lezakete, eta trukatu edo aldatu egin balira, euron ordez jasotakoa.

92. atala

Mantenu-beharraz emandako ondasunen hartzailea seme-alaba edo ondorengorik gabe hiltzen bada emailea bizi dela, emaileari itzuliko zaizkio ondasunok.

Kasu horretan, emailea bizi dela, dohaintza-hartzaileak ezingo ditu jasotako ondasunok inorendu, kargatu edo euroi buruz erabaki, «inter vivos» edo «mortis causa» ekintzaz, dohaineko ekintzaz, bere seme-alaba edo ondorengoen alde izan ezik.

LAUGARREN IDAZPURUA

ETA FORU-KOMUNIKAZIOA

Erabaki orokorrak

93. atala

Ezkontzaren ondasunen jaurpidea ezkontideek, ezkondu aurretik zein ostean, askatasunez Eskribau-eskritura bidez itun dezatena izango da.

Ezkontzaren ondasunen jaurpidea, itundutakoa zein legezkoa, aldatu egin liteke ezkontza-hitzarmen bidez.

Edonola ere, ezkontzaren ondasunen jaurpidean izandako aldaketak ez dira beste inork eskuratutako eskubideen edo tronkaletik eratorritakoen kalterako izango.

94. atala

Itunik egon ez dadinean, hurrengo kasuotan ulertuko da ezkongaiak foru-komunikaziopean ezkontzen direla: biak forudun bizkaitarrak direnean; biok herritasun hori ez dutenean, batera bizitzeko izan dezaten lehenengo ohizko egoitza Lur Lauan badago; eta baterako egoitza hori izan ezean, Lur Lauean ezkondu badira.

BIGARREN ATALBURUA

Ondasunen foru-komunikazioa

95. atala

Foru-komunikazioaren bidez ezkontideek erdibana izango dituzte ondasun mugiezin edo mugikor guztiak, ondasunon jatorria dena delakoa dela, batenak zein bestearenak izan, berdin ezkontzara bakoitzak ekarritakoak zein ezkontzan zehar irabazitakoak, ondasunok dauden lekuak zerikusirik ez duela.

Foru-komunikazioak, ezkontzak dirauen artean, Foruan zehaztutako zabalkunde eta mugak ditu eta berez eta besterik gabe amaituko da ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzio-epaiez, baita ezkontza-hitzarmenez ere ezkontideek beste ondasunen jaurpideren bat aukeratzen badute.

Foru-komunikazioa epailearen erabakiaz eta ezkontideren batek eskatuta buka daiteke, hurrengo kasuotan:

1. Beste ezkontidea ezgaitua izan, alde egindakotzat jo, porrot eginda dagoela edo zor-hartzekodunak dituela aldarrikatu edo familia uzteagatik zigortu dutelako epaibidez.

2. Beste ezkontideak bere eskubideen kalterako erabakiak hartu edo kudeaketa egiten duenean.

3. Epairik gabe bananduta urtebete edo gehiago egotea, elkarrekin bat etorrita bada ere.

96. atala

Foru-komunikazioa, ezkontzeaz batera sortzen dena, seme-alaba edo ondorengorik elkarrekin izan duten ezkontideren bat hiltzeagatik ezkontza desegiten den unean finkatzen da.

97. atala

Foru-komunikazioan, irabazitako eta ezkontide bakoitzak ekarritako ondasunen arteko bereizkuntza, legeria zibil orokorrak irabazpidezko ondasunetarako eta bakarrekoetarako ematen dituen arauei jarraituz egingo da.

98. atala

Ezkontzako zorpeak, lehenengo eta behin, irabazitako ondasunekin ordainduko dira, eta horrelakorik ez balego edo daudenak nahiko ez balira baino ez lirateke ezkontide bakoitzaren jatorrizko ondasunen pentzu ordainduko, euren balioaren heinean.

Azkenon pentzu egindakoak gerokoan izan daitezkeen irabaziekin ordainduko dira.

99. atala

Foru-komunikazioak dirauen artean, ondasunei buruz erabakitzeko ezkontide bien baimena beharko da.

Ezkontideetariko batek baimen hori eman nahi izango ez balu, Epaileak eman dezake horretarako baimena, familiaren onerako dela baderitzo.

Edonola ere, ezkontide bakoitzak bere kabuz erabil ditzake bere izenean dauden diru edo ondasun mugikorrak.

100. atala

Ezkontide bakoitzari berari baino ez dagokio bere jatorrizko ondasunak administratzea.

101. atala

Batera irabazitako ondasunak administratzea ezkontide biei dagokie, hori dela eta, Merkataritza-Kodean zehaztutakoaren eragozpenik gabe.

102. atala

Beste ezkontidearen baimenik gabe egindako zorrak eta betebeharrak zorpetutakoari foru-komunikazioaren bidez dagokion erdiaren pentzu ordainduko dira, hurrengoetan izan ezik:

Lehenengoa.—Zorpetu ez den ezkontidearen ondasunak beti geratuko dira erantzunkizunetik kanpo.

Bigarrena.—Irabazitako ondasunen eta zorpetutakoaren jatorrizko ondasunen pentzuko erantzunkizuna hurrengo arauoi jarraituz izango da:

1. Bahitura jakinerazi egin beharko zaio zordun ez den ezkontideari. Horrek, hamabost egutegi-eguneko epea du foru-komunikazioa buka dadin eskatzeko, 109. atalean zehaztutakoaren arauera. Horrelakorik jazoz gero, zorpetutakoari esleitutako ondasunen pentzu baino ez da zorra ordainduko eta hortik aurrera ondasunen banatze-jaurpidea izango du ezkontzak. Eskubide hori ez da izango hartzekodunak zorra familiaren onerako izan dela erakusten badu.

2. Foru-komunikazioa amaitzeagatiko ondasunak norbaiti esleitzea beterazpen-ekinbide berean, baina berpiztuta, gauzatuko da, jarauntsiak banatzeko arauei jarraituz.

3. Zordun ez zen ezkontideak berriro ere ondasunak foru-komunikaziopean izatea eska lezake, bakoitzari zegokion erdia esleitu zenetik sei hilabeteko epe barruan, eskari hori Eskribau-agiri bidez egin beharko dela.

Hirugarrena.—Foru-komunikazioan zordunari dagokion erdia zorrak ordaintzeko erabili egin bada, beti ere ezkontzak iraun egiten badu, geratzen den beste erdia dela eta, ez du zordunak inolako parterik izango, zorrik gabeko ezkontidearen administraziopean geratzen dela. Honek epailearen baimenik gabe ezin izango du inorendu eta bertatik eratorritakoa familiaren agizko gastuetarako erabili behar izango da.

Edozein modutan ere, zorra ordaintzeko erabilitako ondasunak ezkontide zordunak jasotakotzat joko dira, forukomunikazioarengatik dagokionaren pentzu, ondasunon balioa ezkontzaren orduko ondasunen jaurpidean amaitzean zutena izango dela.

103. atala

Foru-komunikazioak dirauen artean, jaraunspenen batera deitutako ezkontideak derrigorrez onartu beharko du beste ezkontideak ez onartzeko baimenik ematen ez badio. Adostasunik ez bada, jarauntsia, bere zorrei dauden ondasunen neurrian baino ez erantzutekotan onartzen dela ulertuko da.

HIRUGARREN ATALBURUA

jaurpidea amaitzeaz

104. atala

Ezkontideetariko bat hiltzeagatik ezkontza desegin eta bien seme-alabak izan daitezenean finkatzen da foru-komunikazioa eta ondasun-erkidego bihurtzen da. Erkidego hori alde batetik alargunak eta beste batetik hildakoaren seme-alaba edo ondorengoek osatzen dute, ondasunak banatu eta esleitu arte iraungo duela.

105. atala

Oinordetzaileak eskuordekoa izendatu badu ondasunek erkidegoan jarraituko dute oinordekoa izendatu arte. Ondasunok horrela jarrai dezaten artean alarguna izango da, testamentu egileak bestelakorik agindu ezean, jaraunspenaren ordezkari bakarra eta ondasuntza guztiaren administraria, izendatutako oinordekoek jarauntsia onartzen ez duten bitartean.

Testamentu-egileak bestelakorik agindu ezean, bakarrik edo beste batzuekin batera eskuordeko izendatutako alargunak, testamentu egiteko poderea erabili arte, ondasuntza guztiaren gozamenerako eskubidea izango du, bermerik jarri behar izango ez duela.

106. atala

104. atalean zehaztutakoaren salbuespen bezala, eskuordeko izendatutako alargunak bere buruari eslei diezaioke ondasun guzti-guztien erdia, beste erdia hildakoaren oinordekoentzako utzita, tronkaleko ondasunak gorde beharrari kalte egin gabe.

Oinordetzaileak izendatutako kontulari-banatzailerik badago, eskuordeko ezkontideak, kontulari-banatzailearekin batera, eratutako ondasun-erkidegoa ezabatu eta kitatu egin lezake, 108. atalean zehaztutako eran, oinordetzailearen oinordetzari berari izendatutako ondasunak geratuko zaizkiola. Berdin joka lezake ustezko oinordekoekin edo, bestela, bere eskariz emandako epai bidez ere egin lezake.

107. atala

Ezkontide bat hil eta ezkontzan seme-alaba edo ondorengoak izan badira, alargunak epai bidez eskatu diezaieke hildakoaren oinordekoei hildakoari berari zegokion jarauntsiren bat onartzea. Epaileak emandako epea, edonola ere hogeitamar egunetik gorakoa izango ez dena, igaro eta oinordekook jarauntsia onartzeko borondaterik agertzen ez badute, edo ez dutela nahi adierazten badute, alargunak bereganatu egin dezake jarauntsi hori zorrak irabazien neurrian baino ez ordaintzekotan.

108. atala

Foru-komunikaziopean zeuden ondasunak esleitzerakoan hurrengo arauok izango dira kontuan:

1. Lehenengo eta behin alargunari bere jatorrizko tronkaleko onibarrak esleituko zaizkio, dagokion hartzekoa ordaintzeko

2. Horiek nahikoa ez badira, esku-ondasunek eta tronkaleko ez diren onibarrek osatuko dute bere hartzekoa.

3. Aurreko arau biok nahikoa ez direnean baino ez da joko hildako ezkontidearen tronkaleko ondasunetara.

Alargunaren hartzekoa ateratzeko 102. atalean zehaztutakoa hartuko da aintzakotzat.

109. atala

Ezkontide bien seme-alabarik egon ez eta ezkontideetariko baten heriotzagatik amaitzen bada foru-komunikazioa, edo ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzio-epaia egoteagatik, hurrengo arauoi jarraituz jokatuko da:

1. Ezkontide bakoitzari baino ez dagozkio berak jatorriz ekarritako ondasunak edo eurokin lortutakoak edo ondasunok saltzetik lortutakoak. Jasotakoak bere jatorrizkoak ez ziren bes-te ondasun batzuetatik ere atera badira, ondasunon jabeenak izango dira banatu arte jabekidetasunean eta euren balioaren heinean.

2. Irabazitako ondasunak erdibana egingo dira ezkontide bien artean.

3. Ezkontideren baten ondasunetarikoren bat edo horrek balio duena familiaren onerako gastatu izan balitz, bere eguneratutako balioa hartuko litzateke kontuan irabazitako ondasunekin ordaindu ahal izan dadin, eta irabazitakook nahiko ez balira, falta denetik beste ezkontideak berari dagokion heinean ordainduko luke, bakoitzak dituen ondasunen balioaren arauera.

Foru-komunikazioa ezkontzaren ondasunen jaurpidea aldatu izanagatik amaituz gero, itundutakoari jarraituko zaio eta, horrelakorik ezean, atal honetan esandakoa ezarriko da.

110. atala

Ondorengorik izan ez eta ezkontideetariko baten heriotzagatik amaitzen bada, aurreko ataleko arauez gain besteok ere erabiliko dira:

1. Hildakoaren baserrira etorritako alargunak, alargun dirauen artean, baserrian jarrai dezake urtebete eta egun batez, legezko edo borondatezko erabakiz dagozkion gainerantzeko eskubideen eragozpenik gabe.

2. Alargunak ezkonsaria edo antzeko ondasuna ekarri balu, aurrean zehaztutako epe hori luzatu egingo litzateke hildakoaren jaraunsleek berori itzultzen eman dezaten denbora guztian zehar.

3.Tronkaleko onibarren ordainbidezko eskuraketak edo hobekuntzak, zeinen lerrotik datozen hartako ezkontidearentzat edo bere tronkaleko jaraunsleentzat izango dira. Edonola ere, ezkontzaren ondasunen jaurpidea kitatzerakoan, beste ezkontideari edo bere oinordekoei dagokien hartzekoa ordaintzeko, kontuan izango da egindako diruezarketen balio eguneratutakoa. Ordainketa hori ezkontide alarguna hil arte egin gabe utz daiteke, bizi den artean bere erdia askatasun osoz gozatu eta erabiltzeko eskubidea aitortzen bait zaio.

111. atala

Ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzio-epaiz amaitzen bada ezkontza, foru-komunikazioa amaitzeak errudun edo banantzearen zein dibortzioaren eragile izan ez den ezkontideari eragindako kalteak kontuan izango dira bere aldeko pentsioa zehazteko edo legeria zibil orokorreko arauei jarraituz jarritakoa osatzeko.

BOSGARREN IDAZPURUA

BESTE ESKUBIDEAK

112. atala

Tronkaleko senideek, forudunak zein forurik gabekoak izan, 20. atalaren hurrenkeraren eta lerroaren eta belaun-mailaren oinarekiko hurbiltasunaren arauera, kanpokoei eta ordainbidez inorendu nahi izan daitezen tronkaleko ondasunak direla-eta lehentasunez eskuratzeko eskubidea dute.

Eskubidea erabiltzen duen tronkaleko senidea baino lerro urrunagoko tronkaleko senideren baten alde egin dadinean inorentzea, orduan ere izan liteke lehentasunezko eskuraketa.

Tronkalekoak uko egin diezaioke lehentasunez eskuratzeko eskubideari edozein unetan, baina behin une horretatik urtebete igaro ondoren ez da ukatze horretara behartuta egongo.

113. atala

Lerro bakoitzaren barruan, hurbilagoko senideak urrunagokoa kanporatzen du. Lehentasunez eskuratzeko eskubidea belaun-maila bereko senide batek baino gehiagok erabiltzen badute, eskubidea funtsa duen tronkalekoari dagokio edo, bestela, inorenganatzaileak euron artean nahiago duena aukera dezake. Inor aukeratu ezean, eskuratzailea Eskribauaren aurreko zozketaz erabakiko da.

114. atala

Ez da lehentasunez eskuratzeko eskubiderik izango hirilur direnetan, edo indarreko hirigintza-planen arauera hirilur izango direnetan, dauden funtsak inorentzea dela eta.

Salbuespen bezala, tronkaleko senidearen aurrekoren baten famili-etxea izandakoa, eta osotasunean berezia dena, inorentzea dela eta, lehentasunez eskuratzeko eskubidea izango da, dagoen tokian dagoela.

115. atala

Inorendutako funtsak bat baino gehiago direnean, eurotariko bat edo batzuk direla-eta erabil dezake tronkalekoak bere eskubidea, guztietan erabili beharrean, baina inorendutakoa baserria bada, ustiakuntza-batasuntzat eskuratu behar izango du berari lotutako guztiekin, Jabetza-Lerrokategian bananduta agertzen badira ere.

116. atala

Saka-eskubidepeko ondasunik inorendu nahi dezanak Eskribau bidezko deia egingo die tronkaleko senideei.

Deia atal honetan zehaztutakoaren arauera argitaratutako iragarpen-agiriz egingo da.

Iragarpen-agirian ondorengoak adieraziko dira: inorentzea egin nahi duenaren gora-beherak, inorentzen den funtsarenak, horren eskuraketa nondik datorkion, katastroaren arauerako balioa, horrelakorik baldin balego, eta inorentzea gauzatzeko aukeratutako Eskribaua, baita funtsaren lerrokatze-ezaugarriak ere, horrelakorik balu.

Iragarpen-agiria, edozelan ere, funtsa dagoen Udalerriaren udaletxeko iragarkietarako tokian emango da argitara, parroki-elizara ere igorri litekeela Eskribau agiri-egileak horrela egiteari egoki baldin baleritzo.

Deia Eskribau-Agiriz adieraziko da. Horretarako, Eskribauak Alkateari iragarpen-agiria eskura eman edo jaso-izanaren agiridun ziurtatutako postabidez igorri diezaioke, eta, halan baderitzo, dagokion Parrokoari ere, iragarkietarako tokian jarri eta hamabost egunez etenik gabe jendeaurrean egon dadin. Jaso duenak hori horrela izan dela egiaztatuko du berak izenpetutako edo iragarpen-agiriaren behekaldean onetsitako egiaztagiriz.

117. atala

Onibarra eskura nahi duen tronkalekoak iragarpen-agirian aipatzen den Eskribauarengana joko du argitalpenaren epearen amaieratik hamar asteguneko epearen barruan. Ekintza berean katastroko balioaren ehuneko hogeia gordailuan emango du bermetzat, iragarpen-agirian balio hori aipatzen bada.

Tronkaleko bat baino gehiago agertzen badira, denak eman behar izango dute berme-gordekizuna, Eskribau-eskritura egin arte Eskribauak gordeko duena, itzultzea eskatzen duenak eskubideari uko egiten diola ulertzen dela.

Salmentazko Eskribau-eskrituraren aurreko Eskribauaren iharduera guztiak agiri bakarrean jasoko dira. Eskribauak burututako ekinbide guztien lekukotza emango die agertutakoei.

118. atala

Eskribauak dei egingo die batzuei eta besteei funtsa balioetsi behar duen aditua izendatu dezaten aurreko atalean aipatutako epea amaitu eta hogei asteguneko epea bete orduko. Horretan bat ez badatoz, alderdi bakoitzeko aditu bana izendatuko da, baita hirugarren bat ere, Eskribauak izendatutako lau izen zorro baten sartu eta zozketaz bere aurrean ateratakoa aukeratuz. Ekintza berean, inorentzaileak tronkalekoen artean nor duen nahiago adieraziko du, 113. atalean zehaztutakoaren arauera.

Adituek jarritako salneurrira behartuta egongo dira alderdietakoak, salneurri horren berri ematen duen jakinerazpena jaso eta biharamonean hasita hamabost eguneko epea dutela Eskribau-eskritura egiteko.

Ez da beharrezkoa izango adituon neurketarik eskualdatzailea eta aukeratutako edo izendatutako lehentasunezko tronkaleko senidea salneurrian bat badatoz, aldi berean Eskribau-eskritura burutuko dutela.

119. atala

Bermetzat emandakoa emailearen betebeharren erantzunkizunetarako izango da eta, Eskribau-eskritura egiteko orduan agertzen ez bada, eskualdatzaileak aukeran izango du eskualdaketa jarritako salneurrian egiteko eskatzea edo eskuratu nahi ez duela ulertzea, inorentzea egiteko asmoa zuenarentzat izango dela bermea, kalte-ordain bezala. Eskualdaketa egitea aukeratuko balu, bermea salneurriaren zatitzat hartuko litzateke.

Eskuratu nahi ez denean, bermea gordailuan eman eta mantendu duten tronkaleko senideei horren jakinerazpena emango die Eskribauak, hamar eguneko epean, salmenta egiteko eguna eta ordua zehaztuz. Jakineraztetik salmenta egiteko egunera arte gutxienez hamabost egun igaro beharko dute, jakinerazpena jaso dutenek adituek berriro neur dezaten eskatu ezik.

120. atala

Tronkaleko seniderik agertuko ez balitz edo batek ere ez balu bere eskubidea erabiliko, jabeak askatasun osoa izango luke onibarra beste norbaiti inorentzeko edonolako ordainbidez eta berak erabakitako salneurri eta baldintzen arauera, iragarpen-agiria azkenez argitara eman eta urtebeteko epearen barruan. Epe hori igaro ondoren, ezin izango du ordainbidez inorendu deia berriro egin gabe.

Tronkalekoa ez agertutzat joko da Idazpuru honetan aipatutako edozein epe iraungiten uzten duenean.

121. atala

Inorentzaileak eta deira legez agertutako tronkalekoek, lehentasunezko belaun-mailakoak ez direnek ere, funtsa beste norbaiti inorentzea erabaki dezakete, ahobatez eta Eskribau aurreko agerpen bidez. Inorentzea aurreko atalean aipatutako urte beteko epean egin beharko da.

122. atala

Saka-eskubidepean dauden tronkaleko ondasunen ordainbidezko inorentzeko edozein Eskribau-eskrituratan foru-deia egin den ala ez jarriko da. Baiezkoan, iragarpen-agiria jarri izanari buruzko agiria eta ostean burututako ekinbideak aipatuko dira, dagokion lerrokapenean dei hori legezko eran egin zen ala ez zehaztuz.

123. atala

Onibarra inorendu egingo balitz aurreko deia egin gabe, eskuratu duenak baino lehenagoko eskubidea duen tronkaleko edozeinek erabil dezake saka-eskubidea, egindako inorentzea bertan behera uzteko eta funtsa bidezko balioaren arauera berari izendatzeko eskatuz. Eskubide hori saltzaile eta eroslearen aurkako agizko epaiketaz erabili behar izango du, Jabetza-Lerrokategian agertuerazi egiten denetik, edo egiten ez bada inorentzearen berri izan duenetik, hiru hilabeteko epea bete orduko.

Saka gertatuko balitz, onibarraren balioaren salneurria gordekizun eman beharko du tronkalekoak Epaitegian, eta horren gainean erosleak izango du lehentasuna, saltzailearen beste edozein hartzekodunen aurretik, egindako erosketaren salneurria eta horren erredituak berreskuratzeko.

Eroslearen eta saltzailearen arteko arazoak, kalteei buruzko erantzunkizunak direla-eta, epaiaren egiterapen-aldian erabakiko dira gertakizunen ekinbide berean, baina bereiztuta.

124. atala

Bahitura bidezko zor-ordainketetan, epaizkoak edo epaiz kanpokoak, zein premiazko ihardunbidezkoetan, tronkaleko senideek hurrengo eskubideetariko edozein erabil dezakete:

1. Lehentasunez eskuratzekoa, esleipenaren salneurri berean, enkantea egiten duen ihardute-sailaren aurrean agertuz, hartzaileari eskualdaketaren Eskribau-eskriturea egin orduko, eta aipatutako salneurria ekintzan bertan gordailuan emanaz, edo

2. Saka deritzona, Idazpuru honetan araututakoaren arauera eta enkantea egin den egunetik hasita hiru hilabeteko epearen barruan.

Zorraren hartzekodunari izendatzen zaionean ere berdin izango du eskubidea, izendatze-egunetik hasita hiru hilabeteko epearen barruan.

125. atala

Idazpuru honetan araututakoa trukaketetan ere ezarriko da jarraian zehazturiko egoerotan:

1. Tronkaleko funtsa tronkalekoak ez diren ondasunen ordez trukatzen denean, edo tronkalekoak izan arren lehentasunez eskuratzeko eskubidepetik kanpo daudenean.

2. Trukaketaren bidez jasotzen den funtsak emandako tronkaleko ondasunaren balioaren heren bat gutxiago balio duenean.

126. atala

Berrogei urtetik gora errenta-hitzarmena indarrean izan dezan errentariak, bere senideek funtsa errentan izan zuten denborea ere barruan dela, errentan hartutako funtsa hori dela eta lehentasunez eskuratzeko eskubidea izango du, Idazpuru honetan arautzen denaren arauera.

Errentariaren aipatutako eskubideak lehentasuna dauka alboko senideenaren aurrean, eta tronkaleko batek ere ez du lehentasunezko eskubiderik izango jabe izatera heltzeko eskubidea dela-eta inorentzen zaionean funtsa errentariari.

127. atala

Idazpuru honetan aitorturiko eskubideek antzeko izaeradun beste edozeinek baino lehentasun haundiagoa izango dute.

BIDE-ZORRAK

128. atala

Bide-zorra tituluz edo hogei urteko erabilpenez eskuratzen da.

129. atala

Bide-zorraren zabalera lur-zati zor-hartzailearen beharrizan guztiak betetzeko bestean handitzea eska dezake lur-zati horren jabeak, horri dagokion kalte-ordaina emanaz.

130. atala

Bide-zorrean, berori hobeto erabiltzeko komenigarritzat jotzen dituen bide-zoruko lanak bere pentzu egiteko ahalmena du lur-zati zor-hartzailearen jabeak, lur-zati zor-emailearen jabeari horren berri eman ostean.

Ezarpen-eremua

131. atala

Aiarako Forua, Aiara, Amurrio eta Okondo udalerri osoetan eta Artziniega udalerriko Mendieta, Erreta-Tutera, Santa Koloma eta Zolloguti herrietan ezartzen da.

132. atala

1. Udalerri bat edo batzuk batzen bazaizkio Aiarako Forua ezargarri duen udalerriren bati, Aiarako Forua hedatuko zaio udalerri batuberriari.

2. Udalerri forugabe bati udalerri forudunen bat batzen bazaio edota udalerri forudunen baten zati bat banatzen bada, horrek ez dio eragingo batutako lurraldean nahiz banatuan ezargarri zen zuzenbide zibilari.

3. Udalerri forudunetakoren batek bat egiten badu udalerri forugaberen batekin, Aiarako Forua izango da ezargarri udalerri berri horretan.

133. atala

1. Herritasun zibilak aginduko du Aiarako Forua ezartzerakoan.

2. Aiarako Forua ezartzeko orduan, Zuzenbide arruntak arautuko du herritasun zibila.

BIGARREN ATALBURUA

LEHENENGO SAILA

Ondasunen aukerako erabilpenaz

134. atala

1. Foru-herritasuna daukienek ondasunak askatasun osoz erabil ditzakete, guztiak ala zati bat, testamentuz, agintzaz nahiz dohaintza bidez, derrigorrezko oinordekoak handiaz nahiz txikiaz baztertu ondoren, on ala hobe eritziagatik.

2. Ondorengoak, aurrekoak eta ezkontidea joko dira derrigorrezko oinordekotzat, Kode Zibilak erabakitako kasuetan.

135. atala

1. Bazterketa esan nahiz isilbidezkoa izan daiteke eta, halaber, banakakoa edo baterakoa.

2. Isilbidezko bazterketatzat joko dira nahita aipatu gabekoa eta bidezko zein bidegabeko oinordetza-kentzea.

3. Derrigorrezko oinordeko guztien baterako bazterketak, oinordetzailea hiltzean horrelakoak diren guztiak hartuko ditu.

136. atala

Ez dira aipatu gabekotzat joko edozein bidez baztertutako senipartedunak.

137. atala

Nahigabe aipaturik gabeko derrigorrezko oinordekoak, bere senipartea eska dezake. Oinordeko-izendapena eta testamentuko gainerako erabaki guztiak seniparte hori gutxi dezaten neurrian murriztuko dira.

138. atala

Ondorengo guztiak aipatu gabe uzten direnean, seniparte luzea jasotzeko eskubidea izango dute ondorengook. Horietakoren bat baino ez bada aipatu gabe utzi gainerako senipartedun aipatutakoetatik gutxien jasotakoak beste hartzeko eskubidea izango du eta, gutxienez, seniparte laburra.

139. atala

Baztertutako ondorengoen ondorengoak ez dira aipatugabekotzat joko, eta aurrekoaren ordezko gertatuko dira bazterketan.

BIGARREN SAILA

Podere osoko gozamena

140. atala

Podere osoko gozamenaren arabera, gozamendunari dagokio, inter vivos edo mortis causa ekintzaz, gozamen-jartzailearen seme-alaba edo ondorengo guztien nahiz zenbaiten artean ondasun guztiak zein ondasun batzuk dohain banatzeko ahalmena, gozamen-eskubidearen berezko edukiari dagokionaz gain.

141. atala

Aurreko atalean erabakitakoa gorabehera, testamentu egiteko askatasuna erabiliaz, gozamen-jartzaileak esku osoa izango du podere osoko gozamendunak ondasunen jasotzailea edo jasotzaileak nortzuren artean izenda ditzakeen aipatzeko eta, halaber, podere osoaren edukia zabaldu, murriztu nahiz zehatzagotzeko.

142. atala

Podere osoko gozamena bere-berezko eskubidea da. Ezin izango da inolako bidez ez inorendu ez zorpetu, gozamen-jartzailearen baimenik gabe.

143. atala

Gozamendunak podere osoko gozameneko ondasunak zenbait senipartedunen artean bana baditzake, senipartedunok baztertutzat joko dira, gozamendunak banatu gabeko ondasunekiko egoki dakiekeen eskubidearen kalterik gabe.

144. atala

Podere osoko gozamenpeko ondasunei dagozkien andega-konponketa, gastu, zorpe nahiz zerga guztiak gozamendunaren kontura izango dira, ondasunok bana ditzan artean.

145. atala

Podere osoko gozamendunak ez du bermerik ezarri beharrik izango, oinordetzaleak besterik agindu izan ezean.

BIGARREN IDAZPURUA

FORU-ZUZENBIDE ZIBILA

146. atala

1. Laudio eta Aramaio udalerrietan Bizkaiko Forua da ezargarri, Bizkaia Lurralderako bereziki ezargarri izan daitekeen lurralde-eremuaren zehaztapenari dagozkion erabakiak salbu.

2. Bizkaiko Forua ezartzerakoan herritasun zibilak aginduko du Laudio eta Aramaio udalerrietan.

HIRUGARREN LIBURUA

GIPUZKOAKO FORU ZIBILA *

147. atala

1. Baserriaren eta famili ondarearen ordenazioaren inguruan Gipuzkoan dauden ohitura zibilen indarra aitortzen da.

2. Ohitura horiek jaso eta garatzearren, Gipuzkoako foru zibila osatzen duten baserria mortis causa eskualdatzeari buruzko ondorengo arauak xedatu dira.

APLIKAZIO EREMUA

I. ATALBURUA

Lurralde eremua

148. atala

Foru honek Gipuzkoako lurralde historiko osoan izango du indarra, bertako arautegi zibila denez.

II. ATALBURUA

Pertsona eremua

149. atala

Foru zibil honi dagokionez, Gipuzkoako lurralde historikoan auzotartasun zibila eskuratu duen oro da gipuzkoar.

III. ATALBURUA

Xede eremua

150. atala

Gipuzkoan kokatutako baserria duten gipuzkoarrek foru zibil honetan adierazitako baliabideak erabili ahal izango dituzte baserria eskualdatzeko, elkarrekiko testamentuari buruz 172. ataleko 2. zenbakian xedatutakoaren kalterik gabe.

151. atala

Baserria etxebizitzak berak eta hari lotutako gainerako eraikin, areto, lursail eta ondazilegiek osatzen dute, bai eta, baserriaren ustiaketari, ustiatzen bada, atxikitako ondasun higigarriek, aziendek eta makinek ere.

152. atala

Baserriaren eta hari lotutako ondasunen doako eskualdaketak aurreko atalean adierazitako guztiak hartuko ditu barruan, aurkako xedapenik ezean.

III. IDAZPURUA

ORDENAZIOA GIPUZKOAN

I. ATALBURUA

askatasunari ezarritako mugak

153. atala

Gipuzkoan indarrean daude Kode Zibilak heriotzako kausaz xedatzeko askatasunari ezartzen dizkion mugak (III. liburuko III. idazpuruko II. atalburua), baserria zatitu gabe eskualdatzea arautzen duten ondorengo atalek xedatutakoa izan ezik.

154. atala

1. Kausatzaileak baserria eta hari lotutako ondasunak Kode Zibileko 807. ataleko aurreneko bi zenbakietan aipatzen diren nahitaezko jaraunsleren baten edo, zatitu gabe, batzuen alde xedatzen baditu, onuraduna edo onuradunak baserriaren oinordeko bakarrak direla ulertuko da.

2. Halakoetan, eta kausatzaileak espreski aurkakorik adierazten ez badu, baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa ez da kontuan hartuko seniparteak zehazteko Kode Zibileko 818. atalak xedatzen duen ondasuntzan.

3. Aurreko zenbakian xedatutakoagatik ere, baserria oinordetzan hartu duten nahitaezko jaraunsleei, kausatzailearen gainerako ondaretik dagokien seniparteari egotzi beharko zaio baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa, senipartea ordaintzeko ez besterako.

4. Onuradunak seme-alabak edo ordezkapen eskubidea duten ondorengoak badira, seniparte hertsia jasoko dute, hobetzeko erabili ez den hobekuntzako herenean dagokien zatia barne dela.

5. Hala ordaindutako zati horren bidez gainerako nahitaezko jaraunsleen seniparteko kuota neurri berean handituko da.

155. atala

1. Aurreko atalean xedatutakoa aplikagarria izango zaie, baita ere, baserriaren eta hari lotutako ondasunen dohaintzei, onuraduna edo onuradunak Kode Zibilak 807. ataleko aurreneko bi zenbakietan aipatutako nahitaezko jaraunsleetako bat edo batzuk badira, beti ere haiek baserriak esleipen unean zuen jarduerari eusten badiote eta zatitu gabe gordetzen badute, dohaintza-emailea hil arte.

2. Aurreko zenbakian adierazitako dohaintzak ez dira kolazionagarriak izango, baldin eta kausatzaileak espreski aurkakoa adierazten ez badu.

156. atala

Aurreko ataletan aipatu bezala senipartea zehazterakoan baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa. Kontuan ez hartze hori bidezkoa izango da bakar-bakarrik kausatzailearen edo dohaintza-emailearen heriotzaren unean onuradunak nahitaezko jaraunsle baldin badira. Ondorio horretarako ez besterako, ondorengo guztiak hartuko dira nahitaezko jaraunsletzat, bai eta oinordetza bera dagokien beste ondorengo batzuen ondorengoak ere.

157. atala

1. Baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa seniparteko kuotatik kanpo geratu badira, onuradunari edo onuradunei egindako esleipena ezingo dute erreklamatu ez bere senipartea osatzeko eskatzen duen nahitaezko jaraunsleak, ez aipatu gabe geratutakoak ez eta bidegabe desjarauntsiak ere.

2. Esleipen horretan ez du inolako eraginik izango Kode Zibilak ezarritakoari jarraituz senipartea eskudirutan ordaindu behar izanak ere.

158. atala

1. Nahitaezko jaraunsle diren ondorengo eta aurrekoek, baserria eta hari lotutako ondasunak senipartearen konputotik kanpo gelditu direlako, mantenua eskatzeko legezko egoeran geratu badira, baserriaren onuradunari edo onuradunei eska diezaiekete, horiek kausatzailearengatik jasotakoaren neurrian.

2. Aurreko puntuan xedatutako obligazioa bete egin beharko da onuradunak edo onuradunek baserria eta hari lotutako ondasunak dohaintzan jaso badituzte ere, baldin eta dohaintza-emailea hiltzean aurreko zenbakian aipatutako egoera gertatzen dela nabaria bada.

3. Liburu honetako 161. ataleko 2. zenbakian xedatutakoaren ondorioz, onuradunak edo onuradunek jabetza soila baino ez badute hartu, gozamen eskubidea duen ezkontideari eskatu beharko diote mantenua, eta hura izango da mantenu emailea onuradunari legozkiokeen baldintza beretan.

4. Kausatzaileak mantenua jasotzeko eskubidea ken diezaioke Kode Zibileko 853 eta 854. ataletan aipatzen den desjaraunsteko arrazoiren bat eman duen nahitaezko jaraunsleari.

159. atala

1. Baserria eta hari lotutako ondasunak seniparteko kuotatik kanpo uzten badira alargun gelditu den ezkontideak famili etxean edo famili etxebizitza modura erabiltzen den etxearen zatian bizitzen jarraitzeko eskubidea izango du.

2. Kausatzailea hiltzen den unean epai irmo bidez bananduta edota, era frogagarrian, bien arteko adostasunez bananduta ez dagoen ezkontideak izango du bertan bizitzen jarraitzeko eskubide hori, eta galdu egingo du berriz ezkontzen bada edo beste pertsona batekin gertatzez ezkonbizitza egiten badu.

3. Kausatzaileak eskubide hori ken diezaioke ezkontideari Kode Zibileko 855. atalean desjarauntsia izateko jasotzen den kasuaren batean sartu bada.

160. atala

Aurreko atalean aipatu den etxean bizitzen jarraitzeko eskubide hori desberdina eta independentea da ezkontide alargunari, Kode Zibileko 834. ataletik 840. atalera bitartekoetan xedatutakoaren arabera, kausatzailearen gainerako ondarearengan dagokion eskubidearena.

161. atala

1.Kausatzaileak baserria eta hari lotutako ondasunak 154. atalean aurreikusitakoari jarraituz xedatzen baditu, ezingo die inolako muga edo kargarik ezarri, aurreko ataletan adierazitakoak eta tokian tokiko usadio eta ohituraren arabera ezartzen direnak izan ezik.

2.Salbuespenez, baliozkoa izango da baserriaren eta hari lotutako ondasunen gozamena ezkontidearen alde xedatzea. Dena dela, alargunak galdu egingo du eskubide hori berriz ezkontzen bada edo gertatzez ezkonbizitza egiten badu, kausatzaileak besterik agindu ez bazuen behintzat.

162. atala

1. Kausatzaileak baserria eta hari lotutako ondasunak 154. atalean aurreikusitakoari jarraituz xedatzen baditu, onuradunak edo onuradunek lehen zuen jarduerari eutsi beharko diote gutxienez sei urtez eta erkidegoa zatitzeko ere ezingo dute eskatu.

2. Bestela, onuradunak edo onuradunek nahitaezko jaraunslekideei, edo horien jaraunsleei, kopuru jakin bat ordaindu beharko diete, horiek kausatzailearengandik jaso duten guztiaren eta, baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa senipartearen konputotik kendu ez balitz, seniparte modura jasoko zuketenaren arteko aldearen adinakoa.

3.Kalte-ordain horren hartzekodunak kausatzailearen seme-alabak edo ondorengoak badira, ordaindu beharreko kopuru hori seniparte hertsian jasoko luketenaren arabera kalkulatuko da.

4.Nolanahi ere, kausatzaileak baserria eta hari lotutako ondasunak presenteko eskualdaketa egiten duen oinordetzako itunaren bidez xedatzen baditu, 155. ataleko 1. zenbakian adierazitakoa aintzat hartuko da.

163. atala

Baserriaren eta hari lotutako ondasunen balioa senipartearen konputotik kanpo gelditu bada eta, horren ondorioz, haren xedapena egin baino lehenagoko dohaintzaren bat ezofizioso bihurtzen bada, baserria hartutako onuradunak edo onuradunek ezingo dute murriztu dadin eskatu; gainerako nahitaezko jaraunsleek, berriz, eskatu ahal izango dute beren eskubidea defendatze aldera.

Komisario bidez ordenatzea

164. atala

1. Kausatzaileak ezkontidearen esku utz dezake baserriaren eta hari lotutako ondasunen oinordea izendatzeko ardura. Nahi izanez gero, gainerako ondarearen oinorde izango dena ere izendatzeko ardura eman diezaioke.

2. Komisarioa honako bi egoera hauetan bakarrik izendatu ahal izango da:

2.1. Kausatzaileak pertsona multzo bat izendatu bazuen horien artean oinordeak izenda daitezen.

2.2. Halakorik izendatu ez eta kausatzaileak nahitaezko jaraunsleak utzi baditu.

3. Aurreko zenbakiko 2. puntuan adierazitako kasuan, komisarioak izendatu beharko ditu oinordekoa edo oinordekoak kausatzailea hil den unean nahitaezko jaraunsle diren pertsonen edo horien ondorengoen artetik, nahiz eta aurrekoak oraindik bizi eta ondorengo horiek kausatzailearen heriotza ondoren jaiotakoak izan. Azkenean komisarioak horietako norbait baserriaren eta hari lotutako ondasunen onuradun izendatzen badu, bidezkoa izango da liburu honetako 156. atalean jaso bezala senipartearen konputotik kanpo uztea.

165. atala

Komisarioa notario aurrean edo eskritura publikoan egindako testamentu irekiaren bidez izendatu beharko da. Eskritura hori ezkontzako hitzarmeneko eskritura ere izan daiteke.

166. atala

  1. Komisarioak kausatzaileak ezarritakoaren arabera beteko ditu bere eginkizunak.

Bestela, kausatzaileak izango zituzkeen ahalmen berberak izango ditu, Foru honetako aukerak barne. Dena dela, komisarioak ezingo luke errebokatu kausatzailearen testamentua, ez osorik ez zati batean, horretarako espreski baimendua izan ez balitz.

167. atala

1. Kausatzailea hil edo epaileak hildakotzat jo eta sei hilabeteko epean, komisarioak oinordetzan dauden ondasun, eskubide, karga eta betebehar guztien inbentarioa egin beharko du, eta oinordeko izan daitezkeenei horren edukinaren berri eman beharko die.

2. Inbentario hori eskritura publiko bihurtuko da oinordeko izan daitekeen edozeinek hala eskatzen badu.

168. atala

1. Oinordetza aditzera ematen eta jaraunspena onartzen den arte kausatzaileak horretarako izendatu zuen pertsonak administratu du ondasuntza.

2. Inor izendatu ezean, komisarioak berak hartuko du eginkizun hori.

169. atala

1. Kausatzaileak epe jakin bat jar diezaioke komisarioari bere ahalordea burutu dezan. Ezkontideak ondasunen biziarteko gozamenduna ere baden kasuetan, epe hori haren bizitza guztirako izan daiteke gozamenean utzitako ondasunei dagokienez.

Mugatu ez bada, epea urtebetekoa izango da kausatzailea hiltzen denetik edo epaileak hildakotzat jotzen duenetik hasita, oinordeko izan daitezkeen guztiak adin nagusikoak badira edo burujabeturik badaude; bestela, oinordekorik gazteenak hemezortzi urte betetzen dituenetik edo burujabetzen denetik hasita.

170. atala

1. Komisarioak eskritura publiko bidez egin dezake oinordearen edo oinordeen izendapena. Horrez gain, beraren testamentuan ere izenda ditzake, baldin eta biziarteko gozamenean dituen ondasunak xedatzen baditu eta horiek xedatzeko epe laburragorik ezarri ez bazaio.

2. Komisarioak eskritura publikoan egindako ordenazioa errebokaezina izango da. Testamentuan egindakoa errebokagarria izango da hura hil artean.

171. atala

Testamenturako ahalordea iraungi egingo da:

1. Horretarako ezarritako epea bukatzen bada.

2. Komisarioaren geroztikako heriotza, ezintasun edo ezgaitasuna gertatzen bada.

3. Ahalordea eman ondoren banantzeko, dibortziatzeko edo ezkontza deusezteko demanda aurkezten bada.

4. Komisarioa geroztik ezkontzen bada edo gertatzez ezkonbizitza egiten badu, kausatzaileak espreski aurkakoa adierazi zuenean izan ezik.

5. Uko eginez gero.

6. Komisarioak kausatzailearekiko edo haren ondorengoekiko oinorde izateko ezduintasuna dakarren arrazoiren bat ematen badu.

7. Ahalordean aurreikusitako kausez.

8. Errebokazioz.

Elkarrekiko testamentua

172. atala

1. Elkarrekiko testamentuaren bidez ezkontideek agiri bakar batez xedatu dezakete baserriko oinordetza, eta beren gainerako ondasun guztiak ere xedatu ditzakete hartan.

2. Elkarrekiko testamentua egin ahal izateko gutxienez ezkontide batek bete behar ditu aplikagarria izateko foru honek ezarritako baldintzak.

173. atala

Elkarrekiko testamentua irekia izango da beti eta notario aurrean egin beharko da.

174. atala

1. Ezkontza deusezteko, dibortziatu edo banantzeko epaiek eraginik gabe utziko dituzte ezkontideek elkarrekiko testamentuan elkarri aitortutako liberalitateak.

2. Epai horiek, halaber, eraginik gabe utziko dituzte ezkontideren batek bere jaraunspenari buruz egindako xedapenak ere horien kausa bestearen xedapenetan datzanean.

3.Elkarrekiko testamentuan ondareari dagokionez emandako xedapen guztiek elkarrekikotasun izaera hori dutela joko da, aurkako frogarik ezean.

175. atala

1. Testamentugileak bizirik dauden bitartean elkarrekiko testamentua errebokatu edo aldatu ahal izango dute bi ezkontideek elkarrekin, testamentua egiteko eskatzen diren baldintza berberak betez edo oinordetzako ituna eginez.

2. Bietako batek bakarrik errebokatu edo aldatzeko, notarioaren aurreko testamentu irekia edota oinordetzako ituna egin beharko du. Alde bakarren errebokazioak edo aldaketak beste ezkontideari era frogagarrian jakinarazten zaionetik aurrera bakarrik izango du eragina.

176. atala

1. Aurreko atalean aipatzen den alde bakarraren errebokazioak edo aldaketak ondoriorik baldin badu beste testamentugileak emandako xedapenen batek kausatutako xedapenen batean, eraginik gabe geratuko dira orobat elkarrekikoak diren guztiak.

2. Aurkako frogarik ezean, errebokatzen edo aldatzen den testamentuan ondareari dagokionez emandako xedapen guztiak elkarrekikoak direla ulertuko da.

177. atala

1.Ezkontide bat hiltzen denean besteak ezingo ditu bere jaraunspenari buruz emandako xedapenak errebokatu ez aldatu, xedapen horien kausa lehenago hildakoaren xedapenetan badatza.

2.Halakoetan, aurreko ataleko 2. zenbakian aipatzen den ustezko elkarrekikotasuna izango da aplikagarria.

178. atala

1. Bizirik gelditzen den ezkontideak ezingo ditu doanezko izaeraz xedatu goian aipatu legez elkarrekikoak diren xedapenetan sartutako ondasunak, elkarrekiko testamentuan berorien onuradun izendatuak ziren pertsonen alde ez bada.

2. Aurreko zenbakian ezarritako mugak ez du eraginik izango elkarrekiko testamentuan bertan beste zerbait xedatu bada.

  1. ATALBURUA

Oinordetzako itunak

179. atala

Baserriaren eta hari lotutako ondasunen ordenazioa eskritura publikoaz egindako oinordetzako itunaren bidez egin ahal izango da. Itungileek ezkontzako hitzarmeneko eskritura erabil dezakete helburu horretarako.

180. atala

1.Oinordetzako ituna, baserria eta hari lotutako ondasunak presenteko eskualdaketaz edo izendatzailea hiltzen den unerarte geroratuaz egin ahal izango da.

2.Baserriaren eta hari lotutako ondasunen mortis causa-ko dohaintza oinordekotza ituntzat hartuko da.

  1. atala

Baserria eta hari lotutako ondasunak unean bertan eskualdatzeak oinordeko izendatua izan dena haien titular bihurtzen du, itundutako mugen barruan. Ondasun horien gaineko xedapenetik edo kargarik dakarren egintza oro baliozkoa izateko izendatzailearen eta izendatuaren adostasuna beharko da.

182. atala

Oinordekoa eskualdaketa geroratuz izendatu den kasuetan, izendatzaileak kostu bidez bakarrik xeda ditzake baserria eta hari lotutako ondasunak.

183. atala

Oinordekoa oinordekotzako itunaren bidez izendatzen bada, testamentuz aurretik emandako xedapen guztiak eraginik gabe geldituko dira. Elkarrekiko testamentua egin bada liburu honetako 175. ataletik 178. atalera bitartekoetan ezarritakoa aintzat hartuko da.

184. atala

Oinordekotza itunaren bidez egindako izendapena, bakar-bakarrik izendatzailearen eta izendatuaren, edo izendatuaren ondorengoen, arteko beste itun baten bitartez edo ondorengo bi ataletan ezartzen diren kausez aldatu edo eraginik gabe utzi ahal izango da.

185. atala

Izendatzaileak izendapena erreboka dezake:

1. Itundutako kausak direla medio.

2. Ezarritako kargak eta baldintzak era larrian bete gabe uzten badira.

3. Izendatua ezduintasun edo desjaraunspen kausan sartzen bada.

4. Izendatuaren jokabideak familiako bizitza normala eragozten badu.

5. Izendatuaren ezkontza deuseztu, banandu edo dibortziatuz gero, oinordetzako ituna ezkontza hori dela eta eman bada.

186. atala

Oinordetzako izendapena indargabetu egingo da:

1. Izendapena atxikia dagoen baldintza indargabetzailea betetzen bada.

2. Izendatua ondorengorik utzi gabe hiltzen bada edota, ondorengoak utzita ere, izendatzaileak ordezkapen eskubidea ukatu bazien.

187. atala

Aurreko bi ataletan adierazitakorik gertatuz gero, izendatuak ordainduta egindako eraikin berrien eta hobekuntzen balio eguneratua ordaindu beharko litzateke urtebeteko epean.

188. atala

Tokian tokiko usadio eta ohiturari jarraituz, izendatzaileek, edo izendatzaileak eta bere ezkontideak, eta izendatuak eta bere ezkontideak elkarbizitza itundu badute, aurreneko haietakoren bat hiltzen bada, bizirik gelditu den ezkontideak itunean gorde dituzten eskubideak eta prerrogatibak beren osoan izaten jarraituko du.

ERABAKI GEHIGARRIAK

Lehenengoa

7. atalean ezarritakoaren ondorioetarako, forurik gabeko Bizkaiko Hirietako Udalek Lege hau argitaratzen denetik hiru hilabeteko epea dute jatorrizko hirigunearen gaur eguneko lurrak eta indarreko hirigintza-planen arauera «hirilur» bezala sailkatuta egon daitezen bere albokoak zehaztuko dituen planoa egiteko.

Aipatutako Udalek egin beharreko planook Foru Aldundira bidali behar izango dituzte, eta honek Batzar Nagusietara bidaliko ditu, behin-betikotasunez onartu ondoren euren argitalpena aginduko dutela.

Erabaki honetan aipatutako planook onartu ondoren, kopia bana igorriko zaie Zuzentza Auzitegi Nagusiari eta dagokion Udalari, nahi dezatenen eskura egon daitezen.

Bigarrena

Lege honetako III. liburuan Kode Zibilari buruz egiten diren aipamenak, liburua indarrean sartzean Kodeak indarrean duen idazketari egindakotzat hartu beharko dira.

Hirugarrena

1. Lege honek ez ditu agortzen, lehengo aldiz aditzera eman baizik, baserriaren eta famili ondarearen ordenazioaren inguruan Gipuzkoan dauden ohitura zibilak.

2. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako foru erakundeek behar diren bitartekoak sustatu eta bultzatuko dituzte Gipuzkoako zuzenbide zibila ikertu, aldatu eta garatu dadin, Konstituzioak eta Estatutuak ezarri bezala.

ALDIBATERAKO ERABAKIAK

Lehenengoa

Pertsona eta oinordetzazko harremanak, lege honen 11. atalak aipatzen duenerako, legeria berriak arautuko ditu, berori indarrean sartuaz batera eta ezargarri diren Kode Zibilaren aldibaterako erabakien arauera.

Bigarrena

44. atalean testamentua egiteko poderea erabiltzeko epeari buruz eta 45. atalean testamentu-poderea ekintza edo eskritura bakarrean zein bat baino gehiagotan erabiltzeko aukereari buruz zehaztutakoa atzera-indarrezkoa izango da Lege hau indarrean jarri baino arinagokoentzat.

Hirugarrena

Legea indarrean jarri aurretik emandako testamentua egiteko podereetan ezkontidea eskuordeko izendatu bada, bizi den artean gozamena izateko eskubidea aitortuko zaio, podere hori erabiltzeagatik iraungiko ez dena.

Laugarrena

Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako bide-erabilpena kontuan izango da bide-zorraren eskubidedun izateko epe-arazoetarako.

INDARGABEKOTZE-ERABAKIA

INDARGABEKOTZE-ERABAKIA

Lege hau indarrean jarri dadinean indargabekotuta geratuko dira Bizkaiko eta Arabako Foru-Zuzenbide Zibilaren Bildumari buruzko 1959.eko uztailaren 30eko Legea, Foru-Zuzenbide Zibilaren Zatizko Aldaketari buruzko 1988.eko martxoaren 18ko Eusko Legebiltzarraren Legea eta Lege honen aurka joan daitezen beste erabaki guztiak.

AZKEN ERABAKIA

AZKEN ERABAKIA

Lege hau Euskal herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Autonomi Elkartea osatzen duten Lurraldeetakoetan argitaratuko da, euretariko lehenengoan osorik argitaratzetik hiru hilabetera jarriko dela indarrean.

  1. * Liburu hori idatzi da azaroaren 16ko 3/1999 Legearen arabera (EHAA, 249. zk., 1999ko abenduak 30); lege horrek Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legea aldatu du, Gipuzkoako foru zibilari dagokionez. Ikus Eranskina.
Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra