Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

1/2016 Lege Organikoa, urriaren 31koa, Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa erreformatzekoa

2016-10-31

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2016/11/01, 264. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10025 1/2016 Lege Organikoa, urriaren 31koa, Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa erreformatzekoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoarekin bat, aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna, besteak beste, honako hauen bidez artikulatzen dira: aurrekontu-plangintzaren urte- aniztasunaren printzipioaren bidez, zeina aurrekontuen onespenaren eta exekuzioaren urterokotasun-printzipioarekin bateragarria baita, eta finkatutako helburuak eta Europako arauetan adostutako errekerimenduak betetzen direla egiaztatzeko gardentasun- printzipioaren bidez.

Aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak onartzea aurrekontu- prozesuaren berezko eta funtsezko alderdia da. Epe ertainari begira onartzen dira horiek, aurrekontu-ekintzaren urte-aniztasunaren printzipioaren adierazle gisa eta politika fiskalaren plangintzaren tresna gisa. Beraz, aurrekontuaren urterokotasun-printzipioaren barruan, gobernu baten plangintza fiskalaren urte aniztasunaren aplikazio praktikoaren berme bihurtzen dira helburuak.

II

2015eko uztailaren 15ean, Gorte Nagusien Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren 2016- 2018 aldirako aurrekontu-egonkortasunerako helburuak, beraz, helburu horiek daude indarrean urte honetan eta datozen hurrengo bietan, hots, 2017. eta 2018. urteetan. Helburu horiek koherente ziren Europar Batasuneko Kontseiluak 2013. urtean ezarritako kontsolidazio fiskalaren bidearekin.

Gerora, berriz, 2016ko abuztuaren 2an, Europar Batasuneko Kontseiluak bide horren berrikusketa erabaki zuen, gehiegizko defizitaren prozeduraren esparruan, eta defizitaren helburuak % 4,6an, % 3,1ean eta % 2,2an ezarri zituen 2016., 2017. eta 2018. urteetarako, hurrenez hurren.

Hori dela-eta aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak berrikusi behar dira Europar Batasuneko Kontseiluaren erabaki berrira egokitzeko.

III

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 15. artikuluak ezartzen duenez, Gobernuak aurrekontu- egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak finkatuko ditu urte bakoitzaren lehen seihilekoan, Ministro Kontseiluaren erabakiaren bidez, eta, ondoren, Kongresuaren eta Senatuaren Osoko Bilkurara bidaliko ditu haien onespenerako. Aipatutako lege

organikoaren 15. artikuluak xedatzen duenaren arabera, Ministro Kontseiluaren erabakiak Estatuaren aurrekontuaren finantza-gastu ez denaren muga jasoko du.

Egungo gobernua jardunekoa da 2015eko abenduaren 20ko hauteskundeak izan zirenetik, eta egoera horrek haren jarduna mugatzen du, Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legeak 21. artikuluan xedatutakoarekin bat. Alde batetik, gai publikoen kudeaketa arruntera mugatu behar du bere jarduna, ez bada behar bezala egiaztatutako premia dagoelako edo horrela ez egitea justifikatzen duen berariazko egiaztapena duen interes orokorreko arrazoiak daudelako; bestetik, jarduneko gobernuak ezin du Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legearen Proiektua onartu. Ezintasun horren ondorioz, eta gobernu berriaren ekimenez dagokion ekitaldi ekonomikoaren lehen eguna baino lehen aurrekontu bat onartzen ez bada, Estatuaren Aurrekontu Orokorrak 2016. urterako luzatu egin beharko dira. Jarduneko gobernuak ezin du onartu Estatuaren Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua, ez eta, ondorioz, finantza-gastu ez denaren muga ere, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Honako lege organiko honen bidez, zazpigarren xedapen gehigarria eransten da Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan, aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak berrikus daitezen ahalbidetzeko; hain zuzen ere, Konstituzioaren 101.2 artikuluan xedatutakoarekin bat jarduneko gobernua dagoenean eta, horren ondorioz, Estatuaren Aurrekontuaren finantza-gastu ez denaren muga onartu gabe dagoenean, aipatutako helburu horiek Europar Batasuneko Kontseiluaren erabakietara egokitu ahal izateko.

Artikulu bakarra. Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa aldatzea.

Zazpigarren xedapen gehigarria eransten da Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan, eta honela geratzen da idatzita:

«Zazpigarren xedapen gehigarria. Administrazio Publikoentzako aurrekontu- egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak finkatzeko arauak jarduneko gobernua ari denean.

Europar Batasunaren erabaki baten ondorioz, jada, ezarrita dauden helburuak berrikusi behar direnean eta, Konstituzioaren 101.2 artikuluak aurreikusitakoarekin bat, gobernua jardunekoa denean, lege honen 15. artikuluaren 1. zenbakiak xedatzen duen erabakia hartu ahalko du jarduneko gobernuak. Kasua hori denean, berriz, erabakiak ez du jasoko lege honen 30. artikuluak xedatzen duen Estatuaren aurrekontuaren finantza-gastu ez denaren muga.»

Azken xedapenetatik lehena. Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legearen bosgarren xedapen gehigarria aldatzea.

Sozietateen gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legeko bosgarren xedapen gehigarria aldatzen da eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izango ditu ondorioak; honela geratzen da idatzita:

«Bosgarren xedapen gehigarria. Kanarietako Zerga eta Ekonomia Araubidearen eta Ceuta eta Melilla hirietan eskuratutako errentengatiko hobariaren eragina ordainketa zatikatuen ordainketa kalkulatzean.

1.Lege honen 40. artikuluaren 3. zenbakian xedatutakoaren ondoreetarako, Kanarietako inbertsioetarako aurreikusi den erreserbaren zenbatekoa murriztu ahal izango da zerga-oinarritik, zergaldiko lehen 3, 9 edo 11 hilabeteetako aldietako bakoitzean hainbanatua eta horietako bakoitzaren zerga-oinarriaren ehuneko 90eko

gehieneko mugarekin. Kanarietako Ekonomia eta Zerga Araubidea Aldatzen duen uztailaren 6ko 19/1994 Legearen 27. artikuluak xedatzen du erreserba hori.

Benetan hornitutako erreserbaren zenbatekoa urteko ordainketa zatikatu bakoitzaren zenbatekoa kalkulatzeko egin den zerga-oinarriko murriztapenaren zenbatekoa baino txikiagoa —ehuneko 20 edo gehiago— bada, entitateak ordainketa horiek erregularizatu beharko ditu hasierako aurreikuspenaren eta benetan egindako zuzkiduraren arteko aldea aintzat harturik, betiere kasuan kasuko interesen eta errekarguen likidazioari kalterik egin gabe.

2.Lege honen hamalaugarren xedapen gehigarriak 1. zenbakiaren a) letran xedatutakoaren ondoreetarako, han aipatzen den emaitza positiboa aurreko zenbakian ezarritakoarekin bat Kanarietarako inbertsioetarako aurreikusi den erreserbaren zenbatekoan murriztuko da.

Halaber, emaitza positibo hori 19/1994 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako hobarirako eskubidea duten etekinen ehuneko 50ean murriztuko da.

3.Kanarietako Eremu Bereziaren zerga-araubidea —19/1994 Legearen V. tituluan arautua— aplikatzen duten entitateen kasuan, eta lege honen hamalaugarren xedapen gehigarriak a) letran xedatutakoaren ondoreetarako, ez da zenbatuko 19/1994 Legearen 44. artikuluak 4. zenbakian xedatzen duen ehunekoarekin bat datorren emaitza positiboaren zatia, ez bada artikulu horren beraren 6. zenbakiak b) letran xedatutakoa aplikatu behar delako; kasua hori denean, letra horretan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozko zenbatekoan murriztuko da zenbatu beharreko emaitza positiboa.

4.Lege honen hamalaugarren xedapen gehigarriaren 1. zenbakiak a) letran xedatutakoaren ondoreetarako, han aipatzen den emaitza positiboa lege honen 33. artikuluak aurreikusitako hobarirako eskubidea duten errentekin bat datorren emaitza positiboaren ehuneko 50ean murriztuko da.

5.Xedapen honen 2., 3. eta 4. zenbakietan xedatutakoa aplikatuko zaie ordainketa zatikatuei, haiek ordaintzeko epea irailaren 30eko 2/2016 Errege Lege Dekretua —defizit publikoa murriztera bideratutako tributu-neurriak onartu zituena— indarrean jarri ondoren hasi bada.»

Azken xedapenetatik bigarrena. Bermeak eratzeko baimena.

Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 111. artikuluak eta IV. tituluaren V. kapituluak xedatutakoarekin bat, Bilbao, Ría 2000, SA elkartearen alde sinatutako Kreditu Sindikatuaren Kontratuari dagokionez, baimena ematen zaie ADIFi (Trenbide Azpiegituren Administratzailea enpresa-entitate publikoari) eta SEPESi (Lurzoruaren enpresa-entitate publikoari) dagozkion bermeak formaliza ditzaten finantza- erakundeek eskatutako adostasun- edo babes-gutunak sinatuta. Kontratu hori 2009ko ekainaren 24an sinatu eta 2016ko maiatzaren 10ean berritu zen.

Era berean, ADIFi (Trenbidearen Azpiegituren Administratzailea enpresa-entitate publikoari) eta SEPESi (Lurzoruaren enpresa-entitate publikoari) baimena ematen zaie Bilbao Ría 2000 elkartearen bazkide guztiek onartutako urte anitzeko konpromisoak beregana ditzaten eta konpromiso horiek gauzatzeko entitate horren alde egin beharreko ekarpenak egin ditzaten.

Orobat, ahalmena ematen zaio Gobernuari, errege-dekretu baten bidez, Renfe Operadorea, ADIF Abiadura Handia eta ADIF enpresa-entitate publikoei baimena eman diezaien bermeak formalizatzeko, finantza-erakundeek eskatutako adostasun- edo babes- gutunen bidez, trenbidearen integraziorako elkarteei dagokienez.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Lege arruntaren izaera duten aginduak.

Lege honen azken xedapenetatik lehena eta bigarrena lege arruntaren izaera dute.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan.

Horrenbestez,

Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2016ko urriaren 31n.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra