Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

1/2019 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 11koa, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eskumenak honako zuzentarau hauei dagokienez Europar Batasuneko zuzenbidearen eskakizunetara egokitzeko presako neurriena: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/72/EE eta 2009/73/EE zuzentarauak, elektrizitatearen eta gas naturalaren barne-merkaturako arau erkideei buruzkoak.

2019-01-01

Erakundea: ESTATUKO BURUZAGITZA

Argitalpena: EAO 2019/01/12 ZK11

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

315      1/2019 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 11koa, Merkatuen eta Lehiaren

Batzorde Nazionalaren eskumenak honako zuzentarau hauei dagokienez Europar Batasuneko zuzenbidearen eskakizunetara egokitzeko presako neurriena: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/72/EE eta 2009/73/EE zuzentarauak, elektrizitatearen eta gas naturalaren barne-merkaturako arau erkideei buruzkoak.

I

Elektrizitatearen eta gas naturalaren benetako barne-merkatuak lortzea dute funtsezko helburua Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/72/EE Zuzentarauak, elektrizitatearen barne-merkaturako arau erkideei buruzkoak, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/73/EE Zuzentarauak, gas naturalaren barne-merkaturako arau erkideei buruzkoak. Zehazki, zuzentarau horiek ezartzen dute ezen, elektrizitatearen eta gas naturalaren barne-merkatuek egokiro funtziona dezaten, energiaren erregulatzaileek ahalmena izan behar dutela behar diren arautze-kontu guztiei buruz erabakiak hartzeko, eta beste edozein interes publiko edo pribatutatik erabat independenteak izan behar dutela.

Bestalde, gaur egun Europan eta nazio-mailan abian den trantsizio energetikoaren inguruan gure herrialdeak erregulazio- eta erakunde-esparru argi, egonkor eta aurreikusteko moduko bat onartu behar du, segurtasun juridikoa eskainiko diena energiaren sektorearekin zerikusia duten pertsona fisiko eta juridiko guztiei, sektore horren zeharkakotasunak kolektibo kalteberak eta inbertsiogile nazionalak eta nazioartekoak biltzen baititu batera.

Halaber, eta aurrekoarekin lotuta, esan beharra dago Europako Batzordeak ofizioz ikerketa bat abiarazi zuela 2009/72/EE Zuzentaraua eta 2009/73/EE Zuzentaraua Espainiako legerian txertatzeko transposizioari buruz, Europar Batasuneko legeriarekiko desadostasunik ba ote zegoen ebaluatzeko, eta ikerketaren amaieran, 2016ko irailean, Espainiako Erresumari zuzendutako irizpen arrazoitua egin zuela; bertan ondorioztatu zuen ez zela behar bezala egin zuzentarau horien transposizioa Espainiako ordenamendu juridikora. Irizpen arrazoituaren ondorioz, eta hura eman zenetik igaro den denbora kontuan izanik, beharrezkoak diren legegintzako neurriak presaz hartu beharra dago, hori egin ezean laster Europako Batzordeak ez-betetzeagatiko errekurtsoa aurkez lezakeelako Espainiako Erresumaren kontra Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.

Aldi berean, barne-merkatuari buruzko zuzentarauen transposizio okerrak erregulatzaile nazionalaren eta Gobernuaren arteko auzigai nabarmena izan da Auzitegi Gorenean. Horrek kalte egiten dio interes orokorrari, eta ziurgabetasun juridikoa eta ezegonkortasun instituzionala sortzen die sektorean parte hartzen duten agente guztiei. Arau honek amaiera ematen dio egoera horri, Europar Batasuneko esparrua errespetatzen duen eskumen-banaketa eginez eta bere eginkizunetarako behar duen independentzia emanez Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari.

Horregatik, errege lege-dekretu honen bitartez aldatu egiten dira ukitutako legeak: 3/2013 Legea, ekainaren 4koa, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzekoa; 34/1998 Legea, urriaren 7koa, hidrokarburoen sektorearena; 24/2013 Legea, irailaren 26koa, sektore elektrikoari buruzkoa; eta 18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituena.

Aldatu egiten diren gaiei dagokienez, lehenengo eta behin, mekanismo bat ezartzen da ziurtatzeko erregulatzaileari dagozkion eskumenen egikaritza ondo ezkonduko dela Espainiako Konstituzioaren 149.1.25 artikuluak energiaren araubidearen oinarriei buruz Estatuari esleitzen dion eskumen esklusiboarekin. Horretarako, prozedura bat antolatzen da, erakunde erregulatzaileak bere zirkular arauemaileak onartzerakoan independentea dela bermatuko duena betiere, eta aldez aurreko kontziliaziorako mekanismo bat izatea aurreikusten da, sor litezkeen desadostasunak kontsentsuz konpontzen saiatzeko. Hala, arauaren arabera, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren zirkular arauemaileak izapidetzen hasi baino lehen, Gobernuak ezarri ahal izango du, Trantsizio Ekologikorako ministroaren agindu baten bidez, energia-politikaren arloko zer orientabide hartu beharko diren kontuan Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak onartzeko duen zirkularrean. Kasu horietan, zirkular arauemailearen onarpenaren aurretik, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak txosten bat egin ahal izango du, proposamena orientabide horiei zenbateraino egokitzen zaien adierazteko. Aldeen artean desadostasunak sortuz gero, Lankidetza Batzorde batera deituko zaie, bien artean adostasuna lortzen saiatzeko.

Desadostasunik ezean, edo desadostasunak egon arren aldeek elkar ulertzea lortzen dutenean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak onartzen dituen zirkular arauemaileetan ageriko da «Trantsizio Ekologikorako Ministerioak energia-politikaren arloan emandako orientabideei jarraituz» onartuak direla; eta, hala ez denean, «Trantsizio Ekologikorako Ministerioari entzunda» onartuak direla.

Bigarrenik, gasa eta elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko jarduerak eta gas natural likidotuaren plantetakoak (gas naturala lurpean biltegiratzea izan ezik) ordaintzeari dagokionez, arauak zehazten du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak jardueraren metodologia, ordainsariaren parametroak, aktiboen erregulazio-oinarria eta urteko ordainsaria onartuko dituela. Betiere, finantza-ordainsariaren tasak ezingo du gainditu erregulazio-aldirako legez ezartzen den gehieneko muga. Elektrizitatearen eta gas naturalaren sareetara sartzeko bidesariei dagokienez, agintari erregulatzaileak bidesarien metodologiaz gainera horien egitura eta balio zehatzak ere onartuko dituela ezartzen da, eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak onartuko dituela karguen egitura, horien metodologia eta horien balioak.

Hirugarrenik, elektrizitatea eta gas naturala garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbidearen eta konexioaren baldintzak direla eta, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eginkizuna izango da sarbidearen eta konexioaren metodologia eta baldintzak onartzea, eta hor sartuko dira irizpide ekonomikoak, gaitasuna ebaluatzeko irizpideak, ukatzeko arrazoiak, eskaeren, baimenen eta kontratuen edukia, eta sarbiderako eta konexiorako garrantzia duen informazioaren gardentasunari eta publizitateari buruzko baldintzak.

Laugarrenik, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eskumena izango da merkatu antolatuen funtzionamendu-erregelak erregulatzea haien esparru erregulatuan agintari erregulatzaile nazionalak onartu beharrekoak diren alderdietan, eta Europar Batasuneko zuzenbidearen arauei jarraituz egingo du hori. Jarduera arautuen ordainketaz, sareetara sartzeko bidesariez, sarbidearen eta konexioaren baldintzez eta merkatu antolatuen funtzionamendu-arauez zirkular arauemaileak egiten dituenean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak kontuan izan beharko ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak energia-politikarako ezarritako orientabideak.

Bosgarrenik, erregulazio berriak aurreikusten du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ezarriko duela elektrizitate-sistemaren operadorearen eta gas-sistemaren kudeatzailearen ordainsaria, argitu egiten da garraio-sarearen kudeatzaileen inbertsio-planak kontrolatzeko eginkizuna, eta birformulatu egiten da zehapen- eta ikuskapen-araubidearen gaineko eskumenen banaketa, sartutako eginkizunen aldaketen ildotik.

Azkenik, behar den araubide iragankorra ezartzen da sartutako aldaketa guztietarako, eginkizunak modu ordenatuan eskualdatu ahal izan daitezen eta sektoreetan diharduten subjektuen segurtasun juridikoa ukitu ez dadin.

Neurri horiek guztiak errege lege-dekretu baten bidez hartzea zilegi da, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziaren babespekoa, presaz hartu behar baitira, 2016ko irailean Espainiako Erresumari zuzendu zitzaion irizpen arrazoituari erantzuteko. Horrela egin ezean, berehala gerta liteke Europako Batzordeak ez-betetzeagatiko errekurtsoa aurkeztea Espainiako Erresumaren aurka Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.

Horren haritik, eta transposizioa egiteko tresna errege lege-dekretu bat izateari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak urtarrilaren 13ko 1/2012 Epaian baieztatu du Konstituzioaren 86.1 artikuluan azaltzen den aparteko eta presako beharrizanaren baldintza betetzat ematen duela honako inguruabar hauek biltzen direnean: «transposizioaren atzerapen nabarmena» eta «Espainiako Erresumaren kontrako prozedurak egotea, ez-betetzeen ondorioz».

Aurrez azaldutako guztiagatik, bete egiten dira aparteko eta presako beharrizanaren inguruabarrak, Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluak Gobernuari eskatzen dizkionak lege-dekretuak eman ahal izateko, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera (6/1983 Epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 Epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 Epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria, eta 189/2005 Epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria): egoera jakin batean laguntza ematea, Gobernuaren helburuen barruan betiere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen denean -esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-, eta are gehiago prozedura hori ebaztea Gobernuaren esku ez dagoenean.

II

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13. eta 25. arauen babesean emana da, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren arloan eta meatze-eta energia-araubidearen oinarrien arloan.

Arau honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioak. Hala, aurreko paragrafoetan azaldutakoak agerian jartzen du bete egiten direla beharrizanari eta egokitasunari buruzko printzipioak. Proiektua bat dator proportzionaltasunaren printzipioarekin, aurrez aipatutako helburuak lortzeko ezinbestekoa den erregulazioa jasotzen baitu eta aldi berean segurtasun juridikoaren printzipioari egokitzen baitzaio.

Gardentasunaren printzipioari dagokionez, ez da kontsulta publikorik egin, ez eta entzunaldi eta informazio publikorik ere, izapide horiek ez direlako aplikatu behar errege lege-dekretuak izapidetzean, Gobernuari buruzko azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 26.11 artikuluaren arabera.

Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honetan araututako neurriek ez dute zama administratibo berririk ekarriko.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Trantsizio Ekologikorako ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2019ko urtarrilaren 11ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

  • I. TITULUA

Energia-politikarako orientabideak eta lankidetzarako mekanismoak

  • 1. artikulua. Energia-politikarako orientabideak.

  • 1.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, bere erregulazio-eskumenen eremuan, aintzat hartu beharko ditu Gobernuak ezartzen dituen lehentasun estrategikoak; alegia, energia-politikarako orientabide batzuk, Trantsizio Ekologikorako Ministerioko titularraren aginduz ezarriko direnak Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak erabakia hartu ondoren.

  • 2.  Energia-politikarako orientabideetan alderdi hauek bilduko dira: horniduraren segurtasuna, segurtasun publikoa, elektrizitate- eta gas-sistemen jasangarritasun ekonomikoa eta finantzarioa, horniduraren independentzia, airearen kalitatea, klima-aldaketaren aurkako borroka eta ingurumenaren errespetua, baliabide nazionalen kudeaketa egokia eta garapena, eskariaren kudeaketa, etorkizuneko hautu teknologikoen kudeaketa, energiaren erabilera zentzuzkoa, eta Gobernuak energiaren arloan dituen eskumenekin zuzeneko lotura duen beste edozein.

  • 3.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzeko ekainaren 4ko 3/2013 Legeak 39. artikuluan aurreikusten duen jarduketa-planean, erakunde horrek energiaren arloan hurrengo urtean izapidetzen hastekoak dituen zirkular arauemaileen berri emango da: noiz hasiko diren izapidetzen, bakoitzaren bitartez zer helburu lortu nahi diren eta noizko aurreikusten den haiek ezartzea. Aurreikuspen hori Trantsizio Ekologikorako Ministerioari jakinaraziko zaio urtero, urriaren 1a baino lehen.

Energia-politikaren alderdiren batean eragina izan dezaketen zirkular arauemaileen proposamenetarako, eta, bereziki, garraio- eta banaketa-sareetarako bidesarien metodologiaz, jarduera arautuen ordainketaz, sarbide- eta konexio-baldintzez eta elektrizitate- eta gas-sistemaren funtzionamendurako arau tekniko eta ekonomikoez ari diren zirkularretarako, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak energia-politikaren arloko orientabideak ezarri ahalko ditu, kontuan hartu beharko direnak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak onartzen duen erregulazioan. Horrela bermatu ahal izango da erregulazioa sendoa izatea eta bat etortzea energia-politikaren arloan ezarritako helburu eta printzipioekin. Zirkularra izapidetzen hasi baino gutxienez hilabete lehenago bidaliko zaizkio energia-politikaren arloko orientabideak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera hark jakinarazia izango duen jarduketa-planaren aurreikuspena kontuan hartuta.

  • 4.  Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetan, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak Trantsizio Ekologikorako Ministerioari igorri beharko dizkio zirkularrak, beren justifikazio-memoriarekin batera, haiek onartzeko aurreikusitako eguna baino bi hilabete lehenago, gutxienez. Zirkularrak igortzen zaizkionetik hilabeteko epean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak txostena eman ahal izango du, zirkular arauemaileek aurretiaz ezarri diren energia-politikaren arloko orientabideei zenbateraino jarraitzen dieten baloratzeko. Txostenean adierazten bada Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ez dituela kontuan hartu orientabide orokor horiek, hurrengo artikuluan aurreikusitako Lankidetza Batzordera deituko zaie bi aldeei, ados jartzen saiatzeko.

  • 5.  Trantsizio Ekologikorako Ministerioak hirugarren apartatuan azaltzen den moduko energia-politikaren arloko orientabiderik ezartzen ez duen kasuetan ere, aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatu egin beharko da baldin eta Ministerioak berariaz hala eskatzen badu zirkularrak izapidetu bitartean.

  • 6.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Kontseiluak 4. eta 5. apartatuetan aurreikusten diren zirkularrak onartzen dituenean, haietan ageriko da «Trantsizio Ekologikorako Ministerioak energia-politikaren arloan emandako orientabideei jarraituz» onartuak direla, adostasun kasuetan, edo «Trantsizio Ekologikorako Ministerioari entzunda» onartuak direla, desadostasun kasuetan.

  • 2. artikulua. Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren arteko Lankidetza Batzordea.

  • 1.  Lankidetza Batzordea aurretiazko kontziliaziorako mekanismoa da. Helburutzat izango du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak elkarrekin adostutako konponbidea lortzea, azken horrek txostena eman eta bertan azaltzen badu igorri zaion zirkular arauemailearen proposamena ez datorrela bat berak aurrez ezarri dituen energia-politikaren arloko orientabideekin.

Legean aurreikusitako gainerako kasuetan ere deitu ahal izango da Lankidetza Batzordera.

  • 2.  Lankidetza Batzordeak kide hauek izango ditu:

  • a) Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren hiru ordezkari, gutxienez zuzendariordetza nagusiaren mailako karguak dituztenak.

  • b) Energiaren Estatu Idazkaritzaren hiru ordezkari, gutxienez zuzendariordetza nagusiaren mailako karguak edo parekoak dituztenak. Lankidetza Batzordeko lehendakari-eta idazkari-karguak txandaka hartuko dituzte bi aldeen ordezkariek, urtebeterako.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioan ministroak izendatuko ditu Lankidetza Batzorderako ordezkariak, eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean lehendakariak izendatuko ditu, Osoko Bilkurari entzun ondoren.

Lankidetza Batzordeak emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa bete beharko du, behar bezala funtsatutako arrazoi sendo eta objektiboren bat ez badago printzipio hori ez betetzeko.

  • 3. Batzordearen ondorioak akta batean jasoko dira. Akta horretan justifikatu egin beharko dira bi aldeen jarrerak. Idazkariak egingo du akta, eta bildutako guztiek sinatuko dute.

II. TITULUA

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eginkizunak

  • 3. artikulua. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzeko ekainaren 4ko 3/2013 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da ekainaren 4ko 3/2013 Legea, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzekoa, honako alderdi hauetan:

Bat. Aldatu egiten da 7.1 artikulua, g), h) eta i) letrak gehitzen dira, eta amaieran paragrafo bat gehitzen da. Honela idatzita geratzen da:

«7. artikulua. Sektore elektrikoa eta gas naturalaren sektorea gainbegiratzea eta kontrolatzea.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak sektore elektrikoaren eta gas naturalaren sektorearen esparruan eginkizun hauek izango ditu:

  • 1. Lege honen 30. artikuluaren arabera emandako zirkularren bidez, entzunaldi-izapidea egin ondoren, eta efizientzia ekonomikoaren, gardentasunaren, objektibotasunaren eta diskriminaziorik ezaren irizpideak betez, honako hauek zehaztea, energia-politikaren arloko orientabideei jarraituz:

  • a)  Elektrizitate-sareetara sartzeko eta garraioa eta banaketa ordaintzeko bidesariek izan beharreko egitura eta haiek kalkulatzeko metodologia. Bai egiturak bai metodologiak energia-politikarako orientabideak errespetatu beharko dituzte -batez ere, sistema elektrikoaren jasangarritasun ekonomiko eta finantzarioaren printzipioa-, abenduaren 26ko 24/2013 Legeari jarraituz.

  • b)  Mugaz haraindiko azpiegituretarako sarbidearen metodologia, elektrizitatearen eta gasaren sektoreetan kapazitatea esleitzeko eta metaketa kudeatzeko prozedurak barne.

  • c)  Sistema elektrikoaren balantze-zerbitzuak eta maiztasun ezaren zerbitzuak emateko metodologiak, sarearen erabiltzaileei beren ekoizpena eta kontsumoa orekatzeko pizgarri egokiak eskainiko dizkietenak kostu txikienarekin, bidezkotasunez eta diskriminaziorik gabe.

  • d)  Gas-instalazioetarako oinarrizko sarbide-zerbitzuen bidesari eta kanonen egitura eta kalkulurako metodologia. Kanon eta sari horien bidez ordaintzen dira garraio- nahiz banaketa-sareetako instalazioen eta gas natural likidotuaren planten erabilerari lotutako ordainsariak. Bai egiturak bai metodologiak energia-politikarako orientabideak errespetatu beharko dituzte -batez ere, gas-sistemaren jasangarritasun ekonomiko eta finantzarioaren printzipioa-, urriaren 15eko 18/2014 Legeari jarraituz.

  • e)  Balantze-zerbitzuak emateko metodologia, halako moduan non zerbitzuok pizgarri egokiak emango dituzten sarearen erabiltzaileek gas-sistemako beren sarrerak eta irteerak orekatu ditzaten. Balantze-zerbitzuak bidezkotasunez eta diskriminaziorik gabe eskainiko dira, eta irizpide objektiboetan oinarrituko dira, urriaren 7ko 34/1998 Legeak sistemaren funtzionamendurako eta sarbiderako ezarritako arau-esparruaren barnean.

  • f)  Gas- eta elektrizitate-sareetako konexioaren eta sarbidearen baldintzak kalkulatzeko erabili beharreko metodologiak.

  • g)  Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko instalazioak ordaintzeko metodologia, parametroak eta aktibo-oinarria, energia-politikarako orientabideei jarraituz.

Besteak beste, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eginkizuna izango da, hala behar denean, inbertsio-, operazio- eta mantentze-balio unitarioak eta erregulazio-bizitza baliagarria finkatzea, erregulazio-aldi bakoitzean, garraio- eta banaketa-enpresenak diren eta sistema elektrikoaren kargura ordainsaria jasotzeko eskubidea ematen dieten instalazioetarako.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eginkizuna izango da, era berean, finantza-ordainsariaren tasa finkatzea, erregulazio-aldi bakoitzean, garraio-eta banaketa-enpresenak diren eta sistema elektrikoaren kargura ordainsaria jasotzeko eskubidea ematen dieten instalazioetarako. Tasa horrek ezingo du gainditu abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera ateratzen den balioa.

Salbuespenez, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak balio hori gainditu ahal izango du, arrazoiak azalduta eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak aurrez txostena emanda, behar bezala justifikatutako kasuetan. Horrelakoetan, Batzordeak jasorik utziko du bere proposamenak nola eragingo dion sistemari, kostuei dagokienez, aurreko balioa aplikatzeak izango lukeen eraginarekin alderatuta.

  • h)  Gas naturala garraiatzeko eta banatzeko instalazioak eta gas natural likidotuaren plantak ordaintzeko metodologia, parametroak eta aktibo-oinarria, energia-politikarako orientabideei jarraituz.

Besteak beste, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eginkizuna izango da, hala behar denean, inbertsio-, operazio- eta mantentze-balio unitarioak eta erregulazio-bizitza baliagarria finkatzea, erregulazio-aldi bakoitzerako, banaketan, garraioan eta gas natural likidotuaren plantetan diharduten enpresenak izan eta gas naturalaren sistemaren kargura ordainsaria jasotzeko eskubidea ematen dieten aktiboetarako.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eginkizuna izango da, era berean, finantza-ordainsariaren tasa finkatzea, erregulazio-aldi bakoitzerako, gas-sistemaren kargura ordainsaria jasotzeko eskubidea ematen duten garraio- eta banaketa-aktiboetarako eta gas natural likidotuaren plantetarako. Tasa horrek ezingo du gainditu urriaren 15eko 18/2014 Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera ateratzen den balioa.

Salbuespenez, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak balio hori gainditu ahal izango du, arrazoiak azalduta eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak aurrez txostena emanda, behar bezala justifikatutako kasuetan. Horrelakoetan, Batzordeak jasorik utziko du bere proposamenak nola eragingo dion sistemari, kostuei dagokienez, aurreko balioa aplikatzeak izango lukeen eraginarekin alderatuta.

  • i)  Sistema elektrikoaren operadoreak eta gas-sistemaren kudeatzaile teknikoak egiaz ematen dituzten zerbitzuen arabera jasoko dituzten ordainsariak kalkulatzeko metodologia. Ordainsari horietan pizgarriak sartu ahal izango dira, zeinu positiboarekin edo negatiboarekin, elektrizitate- eta gas-sistemetan operazioaren ondoriozko kostuak murrizteko edota beste helburu batzuetarako.

Gorago aipatutako zirkularrak eta haiek betearazteko eta aplikatzeko egintzak Estatuko Aldizkan Ofizialean argitaratuko dira».

Bi. Apartatu bat gehitzen zaio 7. artikuluari, 1 bis apartatua. Hona:

«1 bis. Ebazpen bidez, elektrizitate- eta gas-sareetara sartzeko bidesarien balioak onartzea, bai eta elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko, gas naturala garraiatzeko eta banatzeko eta gas natural likidotuaren plantetako jardueren ordainsarien zenbatekoak ere. Horretarako, hurrenez hurren, aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera onartzen diren metodologiei jarraitu beharko die».

Hiru. Aldatu egiten da 7. artikuluaren 7. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«7. Garraio-sarearen kudeatzaileen inbertsio-planak gainbegiratzea; bereziki, Europar Batasunaren eremuan sarea garatzeko planari egokitzen ote zaizkion; eta, eginkizun horretan, inbertsio-planok aldatzeko gomendioak egiteko modua izango du. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak gainbegiratze horren emaitzak jasoko ditu urtero Energia Erregulatzaileen Lankidetzarako Agentziari eta Europako Batzordeari bidaltzen dien txostenean.

Halaber, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak garraio-sarearen kudeatzailearen proposamenari buruzko txostena igorriko du plangintzaren hasieran, eta bertan bere gomendioak jasoko ditu egin nahi diren inbertsioen ondorio ekonomikoei buruz eta elektrizitate- eta gas-sistemaren jasangarritasun ekonomiko eta finantzarioan izango duten eraginari buruz.

Plangintza-proposamenari buruzko entzunaldi-izapidean ere Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak inbertsioen plangintzari eta kontrolari buruzko txostena egingo dio Trantsizio Ekologikorako Ministerioari, eta bere hasierako txostenean kontuan hartu ez diren alderdiak seinalatuko ditu. Lankidetza Batzordera deitu ahal izango da Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren jarrerarekiko adostasun handiagoa lortzeko».

Lau. Apartatu bat gehitzen zaio 7. artikuluari, 38. apartatua. Hona:

«38. Merkatu antolatuen erregelak zehaztea haien arauzko osagaiari dagokionez, agintari erregulatzaile nazionalak onartu beharrekoak diren alderdietan, Europar Batasuneko zuzenbidearen arauei jarraituz. Erregela horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira».

Bost. Apartatu bat gehitzen zaio 7. artikuluari, 39. apartatua. Hona:

«39. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eskumenekoak diren gai guztiak ikuskatzea, Energia Zuzendaritzaren bitartez».

Sei. Honela idatzita geratzen da 29. artikuluaren 1. apartatua:

«1. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ikuskatzeko ahalmenak izango ditu bere eskumenak egikaritzen ari denean. Halaber, zehapenak ezarri ahal izango ditu honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: uztailaren 3ko 15/2007 Legearen IV. tituluko II. kapitulua; Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren VI. titulua; Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen X. titulua; Hidrokarburoen Sektorearen urriaren 7ko 34/1998 Legearen VI. titulua; Telekomunikazioei buruzko maiatzaren 9ko 9/2014 Lege Orokorraren VIII. titulua; Posta-zerbitzu unibertsalari, erabiltzaileen eskubideei eta posta-merkatuari buruzko abenduaren 30eko 43/2010 Legearen VII. titulua, eta Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen VII. titulua».

  • 4. artikulua. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da abenduaren 26ko 24/2013 Legea, sektore elektrikoari buruzkoa, honako alderdi hauetan:

Bat. Aldatu egiten da 3.5 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«5. Lege honetan aurreikusitakoaren araberako ordainsari arautua duten jardueren ordainsari-araubidea ezarri eta ordainsaria finkatzea, ezertan eragotzi gabe ekainaren 4ko 3/2013 Legeak, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzekoak, energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko jarduerak direla-eta 7.1 eta 7.1 bis artikuluetan erakunde horri esleitzen dizkion eskumenak».

Bi. Honela idatzita geratzen da 3. artikuluaren 7. apartatua:

«7. Araututako kostuengatiko karguen egitura eta sistemaren beste kostu batzuk estaltzeko beharrezkoak diren karguen egitura arautzea, bai eta bermeak eman behar dituzten subjektuek berme horiek emateko irizpideak ezartzea ere, eta, hala badagokio, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa energia elektrikoaren horniduraren gehieneko preziotzat ezartzea erregelamendu bidez zehazten diren kontsumitzaileei».

Hiru. Ezabatu egiten da 3. artikuluaren 10. apartatua.

Lau. Apartatu bat gehitzen zaio 4. artikuluari, 7. apartatua. Hona:

«7. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak garraio-sarearen kudeatzaileen inbertsio-planen jarraipena egingo du, eta urtero txosten bat aurkeztuko dio Trantsizio Ekologikorako Ministerioari. Bertan ebaluatuko du ea plan horiek bat datozen Batasunaren eremuan sarea garatzeko planarekin -714/2009 (EE) Erregelamenduaren 8. artikuluaren 3. apartatuko b) letran aipatzen den plana-, eta haiek aldatzeko gomendioak ere jaso ahalko ditu».

Bost. Aldatu egiten da 7. artikuluaren 7. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«7. Dena den, artikulu honetan xedatzen denari jarraikiz, energia elektrikoaren hornidura bermatzeko beharrezkoak diren neurrien aplikazioa gainbegiratuko du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak. Horretarako, aplikazio horri buruzko informazioa helaraziko zaio».

Sei. Aldatu egiten dira 14. artikuluaren 2., 4., 5., 8., 9. eta 11. apartatuak, eta honela idatzita geratzen dira:

«2. Jardueren ordainsaria irizpide objektibo, garden eta ez-diskriminatzaileei jarraikiz ezarriko da, eta irizpideok honako alderdi hauek sustatu behar dituzte: kudeaketaren eraginkortasuna hobetzea, jarduera horien efizientzia ekonomiko eta teknikoa eta hornidura elektrikoaren kalitatea».

«4. Energia-iturri berriztagarrietan, efizientzia handiko kogenerazioan eta hondakinetan oinarritutako ekoizpen-, garraio- eta banaketa-jarduerak (ordainsarien araubide espezifikoa dutenak) ordaintzeko parametroak eta ordainsarien araubide gehigarria duten penintsulaz kanpoko sistema elektrikoetako ekoizpen-jarduerak ordaintzeko parametroak zehazteko garaian, aintzat hartuko da ekonomiaren, eskari elektrikoaren eta jarduera horietarako errentagarritasun egokiaren egoera ziklikoa, sei urte iraungo duten erregulazio-aldietan, non eta Europar Batasuneko zuzenbidearen arauren batek ez duen ezartzen beste iraupen bat erregulazio-aldirako.

Ordainsariaren parametro horiek erregulazio-aldia hasi aurretik berraztertu ahal izango dira. Berrazterketarik ez bada egiten, hurrengo erregulazio-aldi osorako luzatzen direla esan nahiko du.

Garraio- eta banaketa-jardueretarako, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ezarriko ditu finantza-ordainsariaren tasa aplikagarriak, erregulazio-aldi bakoitzerako.

Aurrekoa gorabehera, erregulazio-aldi bakoitzerako legez ezarriko da garraio-eta banaketa-jarduerei aplikatu beharreko finantza-ordainsariaren tasen gehieneko muga. Gehieneko muga horrek honako hau izango du erreferentzia: hamar urterako Estatuaren obligazioek kontu-titular segregatu gabeen arteko bigarren mailako merkatuan erregulazio-aldi berria hasi aurreko urteko maiatzaren aurreko hogeita lau hilabeteetan izandako errendimendua, gehi diferentzial egoki bat, erregulazio-aldi bakoitzerako zehaztuko dena. Erregulazio-aldi baten hasieran gehieneko mugarik zehazten ez bada, luzatutzat joko da aurreko erregulazio-aldirako ezarritako gehieneko mugaren indarraldia. Halakorik ezean, aldi berrirako gehieneko mugak aurreko aldiko finantza-ordainsariaren tasaren balioa hartuko du.

Ordainsari-araubide gehigarria duten penintsulaz kanpoko sistema elektrikoetako ekoizpen-jardueretarako, aldatu ahal izango da jarduera horiei aplikatu beharreko finantza-ordainsariaren tasa, erregulazio-aldi bakoitza hasi aurretik. Ezarritako finantza-ordainsariaren tasak honako hau izango du erreferentzia: hamar urterako Estatuaren obligazioek bigarren mailako merkatuan erregulazio-aldi berria hasi aurreko urteko maiatzaren aurreko hogeita lau hilabeteetan izandako errendimendua, gehi diferentzial egoki bat, legez zehaztuko dena erregulazio-aldi bakoitzerako. Erregulazio-aldi baten hasieran finantza-ordainsariaren tasarik zehazten ez bada, luzatutzat joko da aurreko erregulazio-aldirako ezarritakoa.

Energia-iturri berriztagarrietan, efizientzia handiko kogenerazioan eta hondakinetan oinarrituta dauden eta ordainsarien araubide espezifikoa duten ekoizpen-instalazioen kasuan, ordainsariaren parametroak honako irizpide hauen arabera aldatuko dira:

  • 1. a. Erregulazio-aldi bakoitzeko berrazterketan ordainsari-parametro guztiak alda daitezke; esate baterako, ereduzko instalazioen erregulazio-bizitza guztirako arrazoizko errentagarritasunaren oinarri izango den balioa; legez ezarri beharko da.

Instalazio baten erregulazio-bizitza baliagarria edo hasierako inbertsioaren balio estandarra zein den dakigularik, balio horiek ezin izango dira inolaz ere berrikusi.

  • 2. a. Hiru urtean behin, sortutako energia saltzeagatiko diru-sarreren aurreikuspenak berraztertuko dira erregulazio-alditik geratzen den aldirako, betiere ekoizpen-merkatuko prezioan balioetsita energia hori, merkatuko prezioen bilakaeraren arabera eta funtzionamendu-orduen aurreikuspenaren arabera.

Era berean, ordainsari-parametroak doitu egingo dira merkatuko prezioaren eta aurreko hiru urteko aldirako egindako aurreikuspenen arteko desbideratzeen arabera. Doitzeko metodoa erregelamendu bidez ezarriko da eta instalazioari geratzen zaion bizitza baliagarri osoan aplikatuko da.

  • 3. a. Eragiketarako ordainsari-balioak eguneratuko dira, urtean behin gutxienez, nagusiki erregaiaren prezioak baldintzatzen dituen ustiapen-kostuak dituzten teknologien kasuan.

  • 5. Ekoizpen-jardueren ordainsarian honako kontzeptu hauek bilduko dira:

  • a) Eguneko eta egun barruko merkatuen bitartez negoziatutako energia elektrikoa. Eguneko merkatuaren eta egun barruko enkanteen bitartez negoziatutako energia elektrikoa ezartzen diren mekanismoen ondorioz merkatu horietan eskaintzen den energia elektrikoaren eskaintzaren eta eskariaren arteko orekaren ondoriozko prezioan oinarrituta ordainduko da.

Alde biko kontratazioko edo kontratazio fisikoko merkatuen edo eperako merkatuen bitartez negoziatutako energia elektrikoa, berriz, merkatu horietan irmo kontrataturiko eragiketen prezioan oinarrituta ordainduko da.

Ordainsari-kontzeptu hori definitzeko, sareek izan dituzten galerak eta eskaintza-sistemaren jarduteko ohiko araubidearen alterazioen ondoriozko kostuak hartuko dira aintzat.

  • b)  Doitze-zerbitzuak -sistemaren maiztasun ezaren zerbitzuak eta balantze-zerbitzuak barne-, kontsumitzaileari hornidura egokia bermatzeko beharrezkoak direnak.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak zehaztuko du sistemako zer zerbitzu joko diren maiztasun ezaren eta balantzearen zerbitzutzat, bai eta haien ordainsari-araubidea zein den ere, eta nahitaezkoak aukerakoetatik bereiziko ditu.

Bestalde, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak zehaztuko du doitze-zerbitzuetatik -balantze-zerbitzuak eta maiztasun ezarenak albora utzita- zeintzuk diren beharrezkoak horniduraren segurtasunari, jarraitutasunari eta kalitateari eusteko.

  • c)  Hala badagokio, kapazitate-mekanismoaren kontzeptuari dagokion ordainsaria; hori Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren agindu baten bidez ezarriko da, eta, sistemak estaldura-marjina egokia izatea ahalbidetzeaz gain, kudeatu daitekeen potentzia eskura izatea sustatu behar du.

  • d)  Hala badagokio, 6. apartatuan penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetan garatzen den energia elektrikoaren ekoizpen-jarduerarako aipatzen den ordainsari gehigarria.

  • e)  Hala badagokio, 7. apartatuan energia-iturri berriztagarrietan, efizientzia handiko kogenerazioan eta hondakinetan oinarritutako energia elektrikoaren ekoizpenerako aipatzen den ordainsari espezifikoa».

«8. Garraio- eta banaketa-jarduerak ordaintzeko metodologiak ezartzerakoan kontuan hartuko dira instalazioak eraikitzeko, eragiteko eta mantentzeko beharrezkoak diren kostuak, betiere jarduera sistema elektrikoarentzat ahalik eta kosturik txikienarekin egiteko printzipioari jarraikiz, 1.1 artikuluan xedatutakoa betez.

9. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak honako hauetatik eratorritako eskubideen araubide ekonomikoa ezarriko du: harguneak, engantxeak, instalazioen egiaztapena, kontrolatzeko eta neurtzeko ekipamenduen gaineko jarduketak, neurtzeko gailuen alokairua, sareetarako konexioari eta sarbideari buruzko azterketak, eta erabiltzaileen eskakizunak betetzeko beharrezkoak diren gainerako jarduketak.

Sistemako subjektuek ordaindu beharko dizkiete sarearen titular edo kudeatzaileei erabiltzaileen erabakien ondorio diren harguneak, engantxeak, egiaztapenak eta kontrol- zein neurketa-ekipamenduen gaineko jarduketak direla-eta sortutako eskubideak, eta neurtzeko gailuen alokairua eta sareetarako konexioari eta sarbideari buruzko azterketak, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Ordainketa horiek ez dira bidesaritzat edo kargutzat hartuko, inolaz ere».

«11. Gobernuak erabakitzen duen metodologiaren arabera ezarriko da merkatuaren operadorearen ordainsaria -salbu eta Europar Batasuneko zuzenbidearen arauekin bat etorriz erregulatzaile nazionalak onartu behar dituen ordainsariaren alderdietan-, haiek egiaz ematen dituzten zerbitzuen arabera, eta sistemako agenteei eta subjektuei hurrenez hurren kobratzen dizkieten prezioetan oinarrituta finantzatuko da.

Merkatuaren operadorearen ordainsaria eta kobratu behar dituzten prezioak Trantsizio Ekologikorako Ministerioak finkatuko ditu, urtero. Ordainsarian pizgarriak ere egon daitezke, positiboak edo negatiboak, kostuak murrizteko eta beste helburu batzuetarako».

Zazpi. Apartatu bat gehitzen zaio 14. artikuluari, 12. apartatua. Hona:

«12. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren egitekoa izango da garraio- eta banaketa-instalazioen titular diren enpresentzako urte bakoitzeko ordainsaria onartzea, ekainaren 4ko 3/2013 Legean ezarritakoari jarraituz».

Zortzi. Aldatu egiten da 16. artikuluaren testua, eta 7. apartatua gehitzen zaio. Honela idatzita geratzen da:

«16. artikulua. Sareetara sartzeko bidesariak eta sistemaren kostuekin loturiko karguak.

  • 1.  Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak aldez aurretik hala erabakita, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak behar diren xedapenak emango ditu sistemako jardueren kostuak estaltzeko beharrezkoak diren karguak ezartzeko. Kargu horiek artikulu honetan aurreikusitako metodologiari jarraituz ezarriko dira.

Kontsumitzaileek eta -hala badagokie- energia elektrikoaren ekoizleek ordaindu beharreko karguak kalkulatzeko metodologia ezarriko du Gobernuak, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak aldez aurretik txostena eginda; kargu horien bitartez, erabakitzen diren sistemaren kostuak estaliko dira, betiere garraioko eta banaketako bidesarietarako xedatutakoa alde batera utzi gabe.

  • 2.  Trantsizio Ekologikorako Ministerioak energia-politikaren arloan emandako orientabideen esparruan, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, zirkular bidez, garraio- eta banaketa-sareen erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten bidesariak ezartzeko metodologia ezarriko du.

  • 3.  Bidesariak eta karguak Espainia osorako bakarrak izango dira eta ez dute inolako zergarik bilduko.

  • 4.  Hornidura elektrikorako jarduerak edo instalazioak zuzenean edo zeharka autonomia-erkidegoetako zergek edo Estatuko zergen gaineko errekarguek zergapetzen badituzte, dagokion bidesariari edo karguari lurralde-gehigarri bat erantsiko zaio zerga edo errekargu horrek eragindako gainkostu osoa estaltzeko; gehigarri hori dagokion autonomia-erkidegoko kontsumitzaileek ordaindu beharko dute.

Zergak tokikoak baldin badira -Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginak, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 59. artikuluan aurreikusten dituenak izan ezik-, kasuan kasuko bidesarian edo karguan lurralde-gehigarri bat txertatu ahal izango da, eragindako gainkostu osoa estaltzeko.

Trantsizio Ekologikorako ministroak eta Ogasuneko ministroak batera proposatuta, eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen aldez aurretik hala erabakita, Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Berdintasuneko ministroaren agindu baten bidez erabakiko da zer zerga eta errekargu aintzat hartuko diren aipaturiko lurralde-gehigarri horiek aplikatzeko, bai eta gehigarri horiek kudeatzeko eta likidatzeko zer mekanismo behar diren ere.

  • 5.  Oro har, eta 19. artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak urtero ezarriko dituzte artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan aipatzen diren sareetarako bidesariak eta karguak, hurrenez hurren, betiere egindako kalkuluetan oinarrituta. Halaber, araututako kostuetan edo horiek kalkulatzeko erabiltzen diren parametroetan eragin nabarmena duten egoerak gertatzen badira, kargu eta bidesari horiek berraztertu ahal izango dira.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ebazpen bidez onartuko ditu bidesariak, eta ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ministroaren agindu baten bidez onartuko ditu karguak, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak aldez aurretik hala erabakita.

  • 6.  Ordainsari arautuko jarduerak egiten dituzten enpresek beharrezkoa den informazio guztia emango diete Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioari garraio- eta banaketa-sareetarako bidesariak zehazteko eta bestelako kostuak estaltzeko beharrezkoak diren karguak zehazteko.

  • 7.  Enpresa merkaturatzaileek, fakturetan, bidesariei eta karguei dagokien zenbatekoa xehatu beharko diete azken kontsumitzaileei».

Bederatzi. Honela idatzita geratzen da 33. artikulua, eta apartatu bat gehitzen zaio, 11.a:

«33. artikulua. Sarbidea eta konexioa.

  • 1.  Lege honen ondorioetarako, honako hitz hauek jarraian adierazi bezala ulertuko dira:

  • a)  Sarbide-eskubidea: sarea legez edo erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan erabiltzeko eskubidea.

  • b)  Sarearen puntu batera konektatzeko eskubidea: subjektu batek lehendik baden edo izaera loteslearekin planifikatuta dagoen garraio-sarearen edo lehendik baden edo Estatuko Administrazio Orokorrak baldintza jakin batzuetan onartutako inbertsio-planetan bilduta dagoen banaketa-sarearen puntu zehatz batera elektrikoki akoplatzeko eskubidea.

  • c)  Sarbide-baimena: instalazioa konektatuta dagoen sarea erabiltzeko ematen den baimena.

  • d)  Sarearen puntu batera konektatzeko baimena: energia elektrikoa ekoizteko edo kontsumitzeko instalazio bat garraio-sarearen edo, hala badagokio, banaketa-sarearen puntu jakin batera konektatzeko ematen den baimena.

  • 2.  Sarbide-baimena emateko, Gobernuak edo -hala dagokionean- Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak erregelamendu bidez ezarri dituen irizpideak bete beharko dira; hain zuzen ere, horniduraren segurtasunarekin, erregulartasunarekin eta kalitatearekin loturiko irizpide teknikoak eta sistema elektrikoaren iraunkortasun eta eraginkortasun ekonomikoarekin loturiko irizpideak. Irizpide horien aplikazioak baldintzatuko du sarbide-kapazitatea izatea edo ez izatea. Sarbide-kapazitatea ebaluatzen denean, instalazioa konektatuta dagoen korapiloa bera ez ezik, instalazioa konektatuta dagoen korapilo horretan eragiten duten gainerako korapilo guztiak ere kontuan izan beharko dira; betiere, energia elektrikoa ekoizteko eta kontsumitzeko lehendik dauden eta sarbide- eta konexio-baimenak indarrean dituzten instalazioak aintzat hartuta. Halaber, aipatutako ebaluazioa egitean, kontuan izan beharreko sarea hauxe izango da: lehendik baden edo izaera loteslearekin planifikatuta dagoen garraio-sarea, edo lehendik baden edo Estatuko Administrazio Orokorrak baldintza jakin batzuetan onartutako inbertsio-planetan bilduta dagoen banaketa-sarea.

Garraio-sarearen kudeatzaileak emango du sarbide-baimena, sarera konektatzeko puntua garraio-sarean baldin badago; eta banaketa-sarearen kudeatzaileak, berriz, sarera konektatzeko puntua banaketa-sarean baldin badago. Sarea erabiltzeko baldintza bereziak baimen horretan zehaztu behar dira, betiere lehen aipatu dugun erregelamenduaren edukiari jarraikiz.

Nolanahi ere, sarbide-kapazitaterik eza izango da sarbide-baimena ukatzeko arrazoi bakarra. Uko horrek arrazoituta egon beharko du eta apartatu honen lehen paragrafoan aipatu ditugun irizpideetan oinarritu behar du.

Sarbide-eskubidea aldi baterako murriztu ahal izango da. Murrizketa horrek arrazoituta egon beharko du eta apartatu honen lehen paragrafoan aipatutako erregelamenduaren irizpideetan oinarritu behar du, 7. artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

  • 3.  Eraginpeko aldeetako edozeinek eskatuta, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-baimenarekin loturik sor daitezkeen gatazkak ebatziko ditu Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, bai eta garraio-sarearen kudeatzaileak eta banaketa-sarearen kudeatzaileak baimen-eskaerei emandako ukoekin loturikoak ere.

Prozedura hori ebazteko eta ebazpena jakinarazteko, bi hilabeteko epea izango da, eta beste bi hilabetez luzatu ahal izango da eskaeraz gain informazio gehiago ere eskatzen bada, edo eskatzaileak horrelakorik adieraziz gero. Gatazka horiek ebazteko eskaerak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean aurkeztu behar dira, gehienez ere hilabeteko epean, betiere eskatzaileak gatazka ebazteko eskaera eragin duen gertakariaren berri izan duen egunetik kontatzen hasita.

  • 4.  Sarearen puntu jakin batera konektatzeko baimenean zehaztuko dira garraio- eta banaketa-sarean konexioa egiteko eraiki, handitu edo erreformatu behar diren instalazioen baldintza teknikoak, ekonomikoak eta segurtasunari eta martxan jartzeari buruzko baldintzak.

Konexio-baimenaren xede den puntua kokatuta dagoen sarearen titular den garraio- edo banaketa-enpresak emango du konektatzeko baimen hori.

Puntu bateko konexio-baimena emateko, sarearen titularrak beharrezkoak diren instalazioak kokatzeko espazio fisiko egokia izan beharko du.

Nolanahi ere, konexio-baimena ukatu ahal izango da ezintasun teknikoagatik, pertsonen segurtasunari lotutako arrazoiengatik, konexio-puntua eskatzen den lekuan sare-instalaziorik ez izateagatik eta instalazio hori aurreikusita ez egoteagatik garraio-sarearen indarreko plangintzan edo banaketa-enpresen inbertsio-planetan (Estatuko Administrazio Orokorrak onartutakoetan), edo beharrezkoak diren instalazioak kokatzeko espazio fisiko egokirik ez izateagatik. Uko horrek arrazoituta egon beharko du eta apartatu honen lehen paragrafoan aipatu den erregelamendu-mailako araudian bildutako irizpideetan oinarritu behar du.

  • 5.  Estatuko Administrazio Orokorraren eskumeneko garraio- edo banaketa-instalazioetara konektatzeko baimena ematearekin edo ukatzearekin loturiko desadostasunak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ebatziko ditu.

Autonomia-erkidegoen eskumeneko garraio- edo banaketa-sareetara konektatzeko baimena ematearekin edo ukatzearekin loturiko desadostasunak kasuan kasuko autonomia-erkidegoko organo eskudunak ebatziko ditu, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak txostena egin ostean. Txosten hori loteslea izango da garraio-sarearen plangintzan eta banaketa-enpresen inbertsio-planetan (Estatuko Administrazio Orokorrak onartutakoetan) bildutako sareen titularren instalazioen egikaritze-egutegiei buruzko denbora-baldintzei eta baldintza ekonomikoei dagokienez.

Desadostasunak kasuan-kasuan ebatziko dira, 4. apartatuan adierazitako irizpideei jarraikiz.

Gatazka horiek ebazteko eskaerak dagokien organo eskudunean aurkeztu behar dira, gehienez ere hilabeteko epean, betiere eskatzaileak gatazka ebazteko eskaera eragin duen gertakariaren berri izan duen egunetik kontatzen hasita.

  • 6.  Subjektu erantzuleek ezin izango dute, inolaz ere, artikulu honen 2. eta 4. apartatuetan aurreikusi ez den mekanismorik ezarri sarbide- edo konexio-baimenak emateko edo horiek ematean lehentasuna izateko.

Era berean, administrazio publikoek ezin izango dute garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide- eta konexio-baimenak ematea ukatu edo murriztu, artikulu honen 2. eta 4. apartatuetan Gobernuarentzat eta 10. apartatuan Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarentzat aurreikusitako kasuak ez badira.

  • 7.  Korapilo bidezko konexio-kapazitateari mugak jartzeko irizpide objektiboak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu baten bidez ezarriko dira, horniduraren segurtasuna bermatzearren.

  • 8.  Sarbide- eta konexio-baimenak bost urteko epean iraungiko dira, lortu zirenetik kontatzen hasita, epe horretan zerbitzuan jartzeko akta lortu ez duten instalazioen kasuan. Era berean, lehendik eraikita eta zerbitzuan dauden instalazioetarako baimenak ere iraungi egingo dira, baldin eta titularrari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik —aldi baterako itxieraz bestelakoak- energia sarera isurtzeari uzten badiote hiru urtetik gorako epe batez.

  • 9.  Garraio- eta banaketa-sareen kudeatzaileek euren sareko korapilo bakoitzerako sarbide-kapazitatea jakitera eman beharko dute, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.

  • 10.  Energia-politikaren helburuak eta energia berriztagarrien sarreraren arlokoak lortze aldera, sarbide- eta konexio-baimenak ematerakoan helburu horiei begira bete beharreko irizpideak eta prozedurak ezarri ahal izango dira Ministro Kontseiluaren errege-dekretu baten bitartez. Xede horretarako, Gobernuak ezarri ahal izango du subjektu batek sareetako titular eta kudeatzaileei konexio- eta sarbide-baimenen (eta konexio-puntuen) baldintzak aldatzeko eskatzen badie eskaera horrek zer irizpide bete beharko dituen.

  • 11. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, bestalde, sarbidearen eta konexioaren baldintzak eta metodologia onartuko ditu zirkular bidez, honako hauek barnean hartuta: eskaeren eta baimenen edukia, irizpide ekonomikoak, kapazitatea ebaluatzeko irizpideak, ukatzeko arrazoiak, kontratuen gutxieneko edukia, eta sarbiderako eta konexiorako garrantzia duen informazioaren publizitateari eta gardentasunari buruzko betebeharra».

Hamar. Aldatu egiten da 64. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. Lege honetan edo lege hau garatzeko xedapenetan araututako prezio, kargu edo tarifak modu irregularrean aplikatzea, eta horren ondorioz prezioa ehuneko 15 baino gehiago aldatzea eta, aldi berean, 300.000 eurotik gora izatea.

Kargu, prezio, tarifa eta azken baliabideko tarifen sistemaren edo bilketa-irizpideen ondoriozko betebeharrak ez betetzea, baldin eta sistema elektrikoarentzat kalte larria eragiten bada. Betebehar horiek bete ez izana iritziko zaio, bereziki, prezio edo karguak merkaturatzaileak erregelamendu bidez xedatzen den moduan ez ordaintzeari, lege honen 46.1 artikuluko d) letran zehaztutako baldintzetan, bai eta lege honen 18. eta 19. artikuluetan eta horiek garatzeko araudian aipatzen diren likidazioen prozeduratik ondorioztatutako zenbatekoak ez ordaintzeari edo berandu ordaintzeari ere, eta diru-sarrerak eta kostuak behar ez bezala deklaratzeari».

Hamaika. Aldatu egiten da 64. artikuluaren 4. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«4. Lege honetan edo Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak lege hau garatzeko emandako xedapenetan araututako sareetarako bidesariak eta prezioak modu irregularrean aplikatzea, eta horren ondorioz prezioa ehuneko 15 baino gehiago aldatzea eta, aldi berean, 300.000 eurotik gora izatea, bai eta bidesarien sistemaren edo bilketa-irizpideen ondoriozko betebeharrak ez betetzea ere, baldin eta sistema elektrikoarentzat kalte larria eragiten bada. Bereziki, betebehar horiek ez bete izana iritziko zaio merkaturatzaileak garraio- eta banaketa-sareetara sartzeko bidesaria ez ordaintzeari, lege honen 46.1 artikuluko d) letran zehaztutako baldintzetan».

Hamabi. Aldatu egiten da 64. artikuluaren 38. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«38. Edozein subjektuk energia elektrikoaren prezioa aldatzeko egiten duen edozein manipulazio, bai eta datu, adierazpen edo dokumenturen bat oker edo desitxuratuta egotea ere funtsezko alderdiren batean, ekoizpen-merkatua aldatzea eragiten duenean».

Hamahiru. Apartatu bat gehitzen zaio 64. artikuluari, 38 bis apartatua. Hona:

«38 bis. Edozein subjektuk energia elektrikoaren prezioa aldatzeko egiten duen edozein manipulazio, bai eta datu, adierazpen edo dokumenturen bat oker edo desitxuratuta egotea ere funtsezko alderdiren batean, ekoizpen-salmenta aldatzea eragiten duenean penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistema elektrikoetan».

Hamalau. Aldatu egiten da 65. artikuluaren 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«2. Lege honetan edo lege hau garatzeko xedapenetan araututako prezio, kargu edo tarifak modu irregularrean aplikatzea, eta horren ondorioz prezioa ehuneko 10 baino gehiago aldatzea eta, aldi berean, 30.000 eurotik gora izatea.

Kargu, prezio, tarifa eta azken baliabideko tarifen sistemaren edo bilketa-irizpideen ondoriozko betebeharrak ez betetzea, baldin eta sistema elektrikoarentzat kalte larririk eragiten ez bada. Betebehar horiek ez bete izana iritziko zaio, bereziki, merkaturatzaileak erregelamendu bidez xedatzen diren prezio edo karguak ez ordaintzeari, lege honen 46.1 artikuluko d) letran zehaztutako baldintzetan, bai eta lege honen 18. eta 19. artikuluetan eta horiek garatzeko araudian aipatzen diren likidazioen prozeduratik ondorioztatutako zenbatekoak ez ordaintzeari edo berandu ordaintzeari ere, eta diru-sarrerak eta kostuak behar ez bezala deklaratzeari».

Hamabost. Aldatu egiten da 65. artikuluaren 3. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«3. Lege honetan edo Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak lege hau garatzeko emandako xedapenetan araututako sareetarako bidesariak eta prezioak modu irregularrean aplikatzea, eta horren ondorioz prezioa ehuneko 10 baino gehiago aldatzea eta, aldi berean, 30.000 eurotik gora izatea. Bereziki, arau-hauste astuna izango da banatzaileak 44.1 artikuluko c) letran xedatutakoa ez betetzea, baldin eta aipatutako zenbateko horiek gainditzen badira.

Bidesarien sistemaren edo bilketa-irizpideen ondoriozko betebeharrak ez betetzea, baldin eta sistema elektrikoarentzat kalte larririk eragiten ez bada. Bereziki, betebehar horiek bete ez izana iritziko zaio merkaturatzaileak garraio- eta banaketa-sareetara sartzeko bidesaria ez ordaintzeari, lege honen 46.1 artikuluko d) letran zehaztutako baldintzetan».

Hamasei. Aldatu egiten da 66. artikuluaren 6. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«6. Lege honetan edo lege hau garatzeko xedapenetan araututako prezio, kargu edo tarifak modu irregularrean aplikatzea eta horren ondorioz prezioa aldatzea, hori arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez denean».

Hamazazpi. Apartatu bat gehitzen zaio 66. artikuluari, 6 bis apartatua. Hona:

«6 bis. Lege honetan edo Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak lege hau garatzeko emandako xedapenetan araututako bidesariak modu irregularrean aplikatzea eta horren ondorioz prezioa aldatzea, hori arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez denean».

Hemezortzi. Aldatu egiten dira 73. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak, eta honela geratzen dira idatzita:

«3. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, bere eskumenen eremuan, administrazio-arloko honako arau-hauste hauek egiteagatiko zehapenak ezar ditzake:

  • a)  64. artikuluaren apartatu hauetan oso astuntzat tipifikatuta daudenak: 1., 2.,

  • 4., 5., 6., 7., 8., 9., 10., 11., 12., 13., 14., 15., 16., 21., 24., 25., 26., 27., 28., 29., 30.,

  • 31., 32., 33., 34., 35., 36., 37., 38., 39., 40., 41., 42., 44., 45., 46. eta 50. apartatuak.

  • b)  Astuntzat tipifikatuta daudenen artean, aurreko apartatuan aipatzen direnak, baldin eta, gertatzen diren zirkunstantzien arabera, ezin badira oso astuntzat jo, eta, bereziki, 65. artikuluaren apartatu hauetan tipifikatuta daudenak: 1., 3., 4., 5., 6., 7.,

  • 8., 13., 14., 15., 17., 18., 19., 20., 21., 22., 23., 24., 25., 26., 27., 28., 29., 31., 32.,

  • 33., 34., 42. eta 43. apartatuak.

  • c) 66. artikuluaren 1., 2., 3., 4., 5., 6 bis eta 7. apartatuetan arintzat tipifikatuta daudenak.

  • 4. Estatuko Administrazio Orokorrak, bere eskumenen eremuan, administrazio-arloko honako arau-hauste hauek egiteagatiko zehapenak ezar ditzake:

  • a)  64. artikuluaren apartatu hauetan oso astuntzat tipifikatuta daudenak: 3., 5.,

  • 8., 9., 10., 11., 12., 13., 14., 15., 16., 17., 18., 19., 20., 21., 22., 23., 25., 30., 31., 35.,

  • 37., 38 bis, 40., 41., 43., 44., 47., 48., 49., 50. eta 51. apartatuak.

  • b)  Astuntzat tipifikatuta daudenen artean, aurreko apartatuan aipatzen direnak, baldin eta, gertatzen diren zirkunstantzien arabera, ezin badira oso astuntzat jo, eta, bereziki, 65. artikuluaren apartatu hauetan tipifikatuta daudenak: 1., 2., 4., 5., 6., 7.,

  • 8., 9., 10., 11., 12., 14., 15., 16., 17., 18., 20., 26., 27., 29., 30., 32., 36., 37., 38., 39.,

  • 40., 41. eta 42. apartatuak.

  • c)  66. artikuluaren 2., 6., 7., 8., 9., 10., 11., 12., 13., 14. eta 15. apartatuetan arintzat tipifikatuta daudenak».

  • 5. artikulua. Hidrokarburoen Sektorearen urriaren 7ko 34/1998 Legea aldatzea.

Aldatu egin da urriaren 7ko 34/1998 Legea, hidrokarburoen sektorearena, honako alderdi hauetan:

Bat. 3. artikuluan, 1. apartatuko c) letra aldatzen da, eta e) eta f) letrak gehitzen dira. Hona:

«c) Azken baliabideko tarifak zehaztea, lege honek hala ezartzen duen kasuetan, eta erregelamenduz zehazten diren hornidurari lotutako zerbitzuen motak eta prezioak finkatzea».

«e) Gas-instalazioetarako sarbide-zerbitzuen kanonetatik, lurpeko oinarrizko biltegiratzeen erabilerarekin lotutako ordainsaria estaltzea xede dutenek izan beharreko egitura eta haiek kalkulatzeko metodologia zehaztea, bai eta instalazio horietarako sarbide-kanonen balioak onartzea ere. Lurpeko biltegiratzeen ordainsarirako metodologia, parametroak, aktibo-oinarria eta zenbatekoak zehaztea.

f) Gas naturalaren instalazioen kostuetatik, haien erabilerarekin lotuta ez daudenei dagozkien karguen egitura eta horiek kalkulatzeko metodologia zehaztea, bai eta kargu horien balioak onartzea ere».

Bi. Apartatu bat gehitzen zaio 4. artikuluari, 4. apartatua. Hona:

«4. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak garraio-sarearen kudeatzaileen inbertsio-planak gainbegiratuko ditu, eta ebaluatu egingo du, batez ere, ea plan horiek bat datozen Europar Batasunaren eremuan sarea garatzeko planarekin -714/2009 (EE) Erregelamenduaren 8. artikuluaren 3. apartatuko b) letran aipatzen den plana-, eta haiek aldatzeko gomendioak ere jaso ahalko ditu».

Hiru. Aldatu egiten da 57. artikuluaren 1. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«1. Kontsumitzaileek eskubidea izango dute gas naturala garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko, aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzetan».

Lau. Aldatu egiten da 60. artikuluaren 3. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«3. Bermatu egingo da hirugarrenak sartu ahal izatea oinarrizko sareko instalazioetara eta garraio- eta banaketa-instalazioetara, zehazten diren baldintza tekniko eta ekonomikoetan. Instalazio horiek erabiltzeko prezioa bidesariaren, kanonaren eta karguaren bidez zehaztuko da».

Bost. Aldatu egiten da 61. artikuluaren 2. apartatuaren testua, eta honela idatzita geratzen da:

«2. Gas naturala erosteko baimena duten subjektuek birgasifikazio-, biltegiratze-, garraio- eta banaketa-instalazioetara sartzeko eskubidea izango dute, aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen baldintzetan.

Birgasifikaziorako, oinarrizko biltegiratzerako, garraiorako eta banaketarako instalazioen kasuan, sarbidea arautua izango da.

Oinarrizkoak ez diren biltegiratzeen kasuan, sarbidea negoziatua izango da eta erregelamendu bidez ezarriko dira instalazioetara sartzeko irizpideak. Irizpide gardenak, objektiboak eta diskriminaziorik gabekoak izango dira. Instalazio horiek gas naturalaren sistemaren ordainsari-araubidetik kanpo geratuko dira».

Sei. Aldatu egiten da 64.2 artikuluko r) letra, eta honela idatzita geratzen da:

«r) Gobernuak larrialdi-egoerei aurre egiteko neurriak hartzen dituenean, sistemako agenteek neurri horiek betetzeari eta lortutako emaitzei buruzko txostena egitea. Txosten hori Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren esku jarriko da».

Zazpi. Aldatu egiten da 65. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«65. artikulua. Sistemaren kudeaketa teknikorake arauak,

  • 1.  Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, beren eskumenen eremuan, sistemaren kudeaketa teknikorako araudia onartuko dute. Horren bidez, gas-sistemaren funtzionamendu tekniko egokia sustatuko da eta gas naturalaren horniduraren jarraitutasuna, kalitatea eta segurtasuna bermatuko dira, garraiatzaile guztien jarduera koordinatuz.

  • 2.  Trantsizio Ekologikorako Ministerioak honako alderdi hauekin lotutako araudia onartuko du:

  • a)  Sistemako gas naturalaren hornidurak epe laburrean eta ertainean behar adinako maila izango duela eta gutxieneko segurtasun-izakinei eutsiko zaiela bermatzeko mekanismoak.

  • b)  Koordinazio-prozedurak, birgasifikazio-, biltegiratze- eta garraio-instalazioak egoki ustiatzea eta mantentzea bermatuko dutenak, beharrezkoak diren fidagarritasun- eta segurtasun-irizpideei jarraituz. Berariaz aurreikusiko dira zerbitzua berrezartzeko jarduketa-planak, gas naturalaren horniduraren hutsegite orokorren bat gertatuko balitz ere.

  • c)  Larrialdietan eta hornidurarik gabeko egoeretan hartu beharreko neurriei buruzko prozedura.

  • d)  Gasaren kalitatea eta neurketarako betekizunak.

  • e)  Gas-sistema nazionalean gas naturalaren sarrerak eta irteerak kontrolatzeko prozedurak.

  • 3.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak honako alderdi hauek arautuko ditu:

  • a)  Sistemara gas naturala sartzeko baimendutako subjektu bakoitzaren eguneko balantzea kalkulatzeko prozedura. Programazio, izendapen, berrizendapen eta banaketen sistema.

  • b)  Nazioarteko interkonexioak kudeatzeko eta erabiltzeko prozedura.

  • c)  Lermak eta autokontsumoak; atxiki beharreko kopuruak zehaztu behar dira instalazio mota bakoitzerako».

Zortzi. Aldatu egiten dira 70. artikuluaren 2. apartatua eta 4. apartatuko lehen paragrafoa; hona:

«2. Artikulu honetan ezarritakoaren erregelamendu bidezko garapena alde batera utzi gabe, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak sarbidearen eta konexioaren baldintzak eta metodologia onartuko ditu zirkular bidez, honako hauek barnean hartuta: eskaeren eta baimenen edukia, irizpide ekonomikoak, kapazitatea ebaluatzeko irizpideak, ukatzeko arrazoiak, kontratuen gutxieneko edukia, eta sarbiderako eta konexiorako garrantzia duen informazioaren publizitateari eta gardentasunari buruzko betebeharrak.

(...)

  • 4. Sarerako sarbidea ukatu ahal izango da kapazitatea nahikoa ez denean, edo sarera sartzeak aurrez ezarritako hornidura-betebeharrak betetzea eragozten duenean, edo nahitaezko erosketarako kontratuak gauzatzearen ondorioz sor litezkeen zailtasun ekonomiko eta finantzario larriengatik. Europar Batasuneko legeria uniformean xedatzen diren irizpideei jarraituz ezarriko dira sarbidea ukatzeko baldintzak eta prozedura.

(...).»

Bederatzi. Aldatu egiten da 72. artikuluaren testua, eta honela idatzita geratzen da:

«72. artikulua. Banaketaren erregulazioa.

  • 1.  Erregai gaseosoen banaketa lege honen bidez, berau garatzeko arauen bidez eta autonomia-erkidegoek beren eskumenen eremuan ematen duten araudiaren bidez arautuko da. Gobernuak, halaber, beharrezkoak diren arauak emango ditu koordinazioaren eta funtzionamenduaren arloetan.

  • 2.  Banaketaren antolamenduaren xedea honako hau izango da: gainerako gas-jarduerekin lotura egokia izatea bermatuko duten printzipio komunak ezartzea eta aplikatzea, gasak sare horietatik igarotzeko bete behar dituen baldintzak erabakitzea, jarduera lurralde osoan egiten dutenen artean berdintasun-maila nahikoa ezartzea eta erabiltzaile guztientzat baldintza komun berdintsuak ezartzea».

Hamar. Aldatu egiten dira 76. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak, eta honela idatzita geratzen dira:

«2. Banatzaileak behar besteko kapazitaterik ez duenean bakarrik ukatu ahal izango du sarerako sarbidea. Ukatze arrazoitua izan beharko du. Horniduren segurtasunari, erregulartasunari edo kalitateari lotutako irizpideen arabera soilik justifikatu ahal izango da behar besteko kapazitaterik eza, ondorio horietarako ezartzen diren eskakizunak kontuan harturik.

  • 3.  Artikulu honetan ezarritakoaren erregelamendu bidezko garapena alde batera utzi gabe, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak sarbidearen eta konexioaren baldintzak eta metodologia onartuko ditu zirkular bidez, honako hauek barnean hartuta: eskaeren eta baimenen edukia, irizpide ekonomikoak, kapazitatea ebaluatzeko irizpideak, ukatzeko arrazoiak, kontratuen gutxieneko edukia, eta sarbiderako eta konexiorako garrantzia duen informazioaren publizitateari eta gardentasunari buruzko betebeharrak.

Hamaika. Aldatu egiten dira 91. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak, eta honela idatzita geratzen dira:

«1. Erregai gaseosoen hornidurara bideratutako jarduerek lege honetan ezarritakoaren araberako ordainsari ekonomikoa izango dute, azken baliabideko tarifen, bidesari, kanon eta karguen eta ordaindutako prezioen kargura. Aurreko hori gorabehera, gas naturalaren hobien eta garraio-instalazioen artean eratu beharreko konexioak hobiaren ustiapen-kontzesioaren titularraren bizkar joango dira eta ez dira gas-sistemaren kostuen barruan sartuko.

  • 2. Harguneengatiko eskubideen, kontagailu-alokairuaren eta instalazioei lotuak eta beharrezkoak diren beste kostu batzuen araubide ekonomikoa ezarriko da. Autonomia-erkidegoek ezarriko dituzte harguneengatik ordaindu beharreko eskubideak, eskatzen den gehieneko emariaren arabera eta hornidura-lekuaren arabera. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak eskubide horien goiko eta beheko mugak jarriko ditu. Hargune-eskubideak halako moduan ezarriko dira, non egindako inbertsioak berreskuratzea bermatuko baitute. Kontzeptu horren bidezko diru-sarrerak banaketa-jardueraren ordainsaritzat joko dira ondorio guztietarako».

Hamabi. Honela idatzita geratzen da 92. artikulua:

«92. artikulua. Bidesariak, kanonak eta karguak zehazteko irizpideak.

  • 1.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak garraio- eta banaketa-instalazioetarako eta gas natural likidotuaren plantetarako bidesari eta kanonen prezioak onartuko ditu ebazpen bidez, Batzordeak berak horretarako onartuko dituen metodologiaren eta egituraren arabera. Ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Gobernuak lurpeko biltegiratzeetarako oinarrizko sarbide-zerbitzuen kanonak kalkulatzeko metodologia ezarriko du. Trantsizio Ekologikorako Ministerioko titularrak, aldez aurretik Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak erabakia harturik, lurpeko oinarrizko biltegiratzeetarako sarbide-kanonen prezioak onartuko ditu.

Bidesari eta kanonek kontuan hartuko dituzte instalazioen erabileraren ondoriozko kostuak, azpiegituren erabilera optimizatzeko, eta presio-mailen, kontsumoaren ezaugarrien eta kontratuen iraupenaren arabera bereizi ahal izango dira.

Prezio horiek gas-sistemaren jasangarritasun ekonomiko eta finantzarioaren printzipioa errespetatu beharko dute eta nahikoa izan beharko dute garraio- eta banaketa-instalazioen eta gas natural likidotuaren planten erabileraren ondoriozko kostuak estaltzeko.

Bidesari eta kanonak halako moduan ezarri beharko dira, non haien zehaztapenak, oro har, honako printzipio hauei erantzungo dien:

  • a)  Titularrek egindako inbertsioak beren bizitza baliagarrian berreskuratuko direla bermatzea.

  • b)  Inbertitutako finantza-baliabideek zentzuzko errentagarritasun bat izatea ahalbidetzea.

  • c)  Kudeaketa eraginkorra eta produktibitatearen hobekuntza sustatzeko moduan zehaztea ustiapen-kostuen ordainsarien sistema. Horrek hein batean eragina izan beharko du erabiltzaile eta kontsumitzaileengan.

  • 2.  Gobernuak, aldez aurretik Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak txostena eginda, sistemaren beste kostu arautu batzuk, instalazioen erabilerari lotuta ez daudenak, estaltzea xede duten karguen egitura eta horiek kalkulatzeko metodologia ezarriko ditu, urriaren 15eko 18/2014 Legearen 59. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta ezertan eragotzi gabe garraioko, banaketako eta gas natural likidotuaren plantetako bidesari eta kanonei buruz xedatutakoa.

Arau orokor gisa, urtero ezarriko dira gas-instalazioetarako bidesariak eta kanonak, baita karguak ere, eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren ardura izango da garraio- eta banaketa-instalazioetarako eta gas natural likidotuaren plantetarako bidesariak eta kanonak onartzea.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioko titularrak, aldez aurretik Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak erabakia harturik, lurpeko biltegiratzeetarako sarbide-kanonak eta karguak onartuko ditu.

  • 3.  Titulu honek araututako jarduerak egiten dituzten enpresek bidesari, kanon eta karguak zehazteko behar adina informazio emango diete Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioari. Informazio hori eskatzen duten autonomia-erkidegoen esku egongo da, haien lurralde-eremuari eragiten dion heinean.

  • 4. Enpresa merkaturatzaileek, fakturetan, bidesariei, kanonei eta karguei dagokien zenbatekoa xehatu beharko diete azken kontsumitzaileei».

Hamahiru. Apartatu bat gehitzen zaio 101. artikuluari, 5. apartatua; hona:

«5. Trantsizio Ekologikorako Ministerioak gainbegiratuko du ea sistemako agenteek egokiro betetzen dituzten Gobernuak larrialdi-egoerei aurre egiteko erabakitako neurriak, eta txostena egingo du. Txosten hori Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren esku jarriko du berehala. Sistemaren Kudeatzaile Teknikoak, Petrolio-produktuen Erreserba Estrategikoen Korporazioak eta gas-sistemako gainerako subjektuek eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztuko dute helburu horietarako».

Hamalau. Aldatu egiten da 116. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«116. artikulua. Zehapenak jartzeko eskumenak.

  • 1.  Estatuaren Administrazio Orokorraren esparruan:

    • 1.1. Arau-hausteei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena honako hauei dagokie:

  • a)  Ministroen Kontseiluari, arau-hauste oso astunak egiteagatik zehapenak ezarri behar direnean.

  • b)  Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren titularrari, arau-hauste astunak egiteagatik zehapenak ezarri behar direnean.

  • c)  Energiaren Estatu Idazkaritzako Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiko titularrari, arau-hauste arinak egiteagatik zehapenak ezarri behar direnean.

  • 1.2.  Bere eskumenen esparruan, administrazio-arloko honako arau-hauste hauek egiteagatik zehapenak ezartzeko eskumena izango du:

  • a)   109. artikuluaren a), b), c), d), e), f), g), i), j), k), l), m), n), o), q), s), t), v), w),

y) , aa), ad), af), ag), ah), ai), aj), ak), al), am), añ), ao), ap), av), aw), az), bb), bc), bd), be) eta bf) letretan oso astuntzat tipifikatutako arau-hausteak.

  • b)  Aurreko letran aipatu eta astuntzat tipifikatuta daudenak, baldin eta, gertatzen diren zirkunstantzien arabera, ezin badira oso astuntzat jo, eta, bereziki, 110. artikuluaren a), b), d), e), f), g), h), i), j), k), m), n), o), q), r), s), x), y), z), aa), ab), ac), ah), ai), aj), ak), al), am), an), añ) eta ao) letretan tipifikatuta daudenak.

  • c)  111. artikuluko a), b), d), f), g) eta h) letretan arintzat tipifikatuta daudenak.

  • 2.  Autonomia-erkidegoen esparruan, bakoitzaren araudian xedatuta dagoena bete beharko da.

  • 3.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, bere eskumenen esparruan, eta gas erregaiei dagokienez, eskumena izango du administrazio-arloko honako arau-hauste hauek egiteagatik zehapenak ezartzeko:

  • a)   109. artikuluaren c), d), e), f), g), h), i), j), k), l), p), q), r), s), u), v), w), x), y),

z) , ab), ac), ae), af), ag), ah), aj), ak), al), am), an), añ), ao, ap), aq), ar), as), at), au), av), aw), ax), ay), az) eta ba) letretan oso astuntzat tipifikatutako arau-hausteak.

  • b)  Aurreko letran aipatu eta astuntzat tipifikatuta daudenak, baldin eta, gertatzen diren zirkunstantzien arabera, ezin badira oso astuntzat jo, eta, bereziki, 110. artikuluaren b), c), d), e), f), g), k), l), m), n), o), p), q), s), t), u), v), w), x), z), aa), ab), ac), ad), ae), af), ag) eta ao) letretan tipifikatuta daudenak.

  • c) 111. artikuluaren a), b), c), d), e), f) eta g) letretan arintzat tipifikatuta daudenak».

6. artikulua. Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legea aldatzea.

Urriaren 15eko 18/2014 Legea, hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituena, aldatu egiten da honako alderdi hauetan:

Bat. Aldatu egiten da 59. artikuluaren 4. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«4. Sistemaren kostuak gas-sistemaren diru-sarreren bitartez finantzatuko dira. Kostu horiek lege honetan eta berau garatzeko arauetan xedatutakoari jarraikiz zehaztuko dira:

  • a)  Hauek dira instalazioen erabilerari lotutako kostuak:

  • 1. a. Gas natural likidotuaren garraio- eta banaketa-instalazioen eta planten erabilerari lotutako ordainsaria.

  • 2. a. Lurpeko biltegiratze-instalazioen erabilerari lotutako ordainsaria.

  • 3. a. Sistemaren kudeaketa teknikoaren ordainsaria.

  • b)  Hauek dira instalazioen erabilerari lotuta ez dauden kostuak:

  • 1. a. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren tasa.

  • 2. a. Hala badagokio, gas natural likidotuaren edo manufakturatutako gasaren eta/edo gas naturala ez den aire propanatuaren hornikuntzaren kostu diferentziala gasbide-sarearekin konexiorik edo birgasifikazio-instalaziorik ez duten uharteetan, bai eta banaketa-enpresek lurralde horietan egin duten tarifaren araberako hornidurari dagokion ordainsaria ere.

  • 3. a. Eskaria kudeatzeko neurriak, erregelamendu bidez halakotzat hartzen badira Hidrokarburoen Sektorearen urriaren 7ko 34/1998 Legearen 84.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  • 4. a. Lege honen 61. artikuluan aipatzen diren aldi baterako desorekei dagokien urtesaria, dagozkion interes eta doikuntzekin.

  • 5. a. Gas naturalaren merkatu antolatuko operadorearentzako ordainsari arautuak, halakorik egonez gero, salbu eta Europako Batzordeak onartutako xedapenen bitartez horretarako izendatuta erregulatzaile nazionalak onartzen dituen ordainsari-alderdiak.

  • 6. a. Lege-mailako arau baten bitartez espresuki egotzitako beste edozein kostu».

Bi. Bi apartatu gehitzen zaizkio 59. artikuluari, 7. eta 8. apartatuak; honako hau diote:

«7. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak garraio- eta banaketa-instalazioetarako eta gas natural likidotuaren plantetarako oinarrizko sarbide-zerbitzuen kanonak eta bidesariak kalkulatzeko metodologia ezarriko du, gas-sistemaren jasangarritasun ekonomiko eta finantzarioaren printzipioa eta instalazio horien erabilerari lotutako kostuak estaltzeko nahikotasunaren printzipioa errespetatuz, lege honetan eta garapenerako araudian ezarritakoari jarraituz. Halaber, sistemaren kudeaketa teknikoaren ordainsariaren metodologia ezarriko du.

8. Gobernuak ezarriko ditu lurpeko biltegiratzeetarako oinarrizko sarbide-zerbitzuen kanonak kalkulatzeko metodologia eta lurpeko oinarrizko biltegiratzeen ordainsaria kalkulatzekoa, bai eta instalazioen erabilerari lotuta ez dauden eta artikulu honen 4.b) letran eta 66. artikuluan jasotzen diren beste kostu arautu batzuk finantzatzeko karguak kalkulatzekoa ere».

Hiru. Aldatu egiten dira 60. artikuluaren 2., 3., 4., 5., 6. eta 7. apartatuak, eta honela idatzita geratzen dira:

«2. Birgasifikazioko, oinarrizko biltegiratzeko, garraioko eta banaketako jardueren ordainsarien parametroak honako faktore hauek aintzat hartuta finkatuko dira: ekonomiaren egoera ziklikoa, gas-eskaria, kostuen bilakaera, efizientziaren hobekuntzak, sistemaren oreka ekonomiko eta finantzarioa eta jarduera horietarako errentagarritasun egokia. Sei urteko erregulazio-aldietarako finkatuko dira, non eta Europar Batasuneko zuzenbidearen arauren batek ez duen ezartzen beste iraupen bat erregulazio-aldirako.

Ez zaie eguneratze automatikorako formularik aplikatuko inbertsio-balioei, ordainsariei edo horiek kalkulatzeko erabiltzen diren parametroei, araututako gas naturalaren hornidurarekin lotuta baldin badaude.

  • 3.  Garraio- eta banaketa-jardueretarako eta gas natural likidotuaren plantetarako, ordainsarirako eskubidea badute, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak finkatuko ditu ordainsari-tasa finantzario aplikagarriak, erregulazio-aldi bakoitzerako.

Aurrekoa gorabehera, erregulazio-aldi bakoitzerako legez ezarriko da garraio-eta banaketa-jarduerei eta gas natural likidotuaren plantei aplikatu beharreko finantza-ordainsariaren tasen gehieneko muga. Gehieneko muga horretarako, Estatuaren hamar urterako obligazioek bigarren mailako merkatuan duten errendimendua hartuko da erreferentzia gisa, diferentzial egoki bat gehituta, erregulazio-aldi bakoitzerako zehaztuko dena. Erregulazio-aldi baten hasieran diferentzialik zehazten ez bada, luzatutzat joko da aurreko erregulazio-aldirako ezarritako finantza-ordainsariaren gehieneko tasa.

Salbuespenez, Batzordeak balio hori gainditu ahal izango du, arrazoiak azalduta eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak aurrez txostena emanda, behar bezala justifikatutako kasuetan. Horrelakoetan, Batzordeak jasorik utziko du bere proposamenak nola eragingo dion sistemari, kostuei dagokienez, aurreko balioa aplikatzeak izango lukeen eraginarekin alderatuta.

  • 4.  Gobernuak berrikusi ahal izango ditu lurpeko oinarrizko biltegiratzeen ordainsari-parametroak eta ordainsari-tasa, hurrengo erregulazio-aldia hasi baino lehen. Erregulazio-aldi baten hasieran berrikusi ezean, luzatutzat joko dira hurrengo erregulazio-aldirako.

  • 5.  Gas naturalaren sistemaren oinarrizko sareko instalazioetan egindako inbertsioen ordainsaria haien balio garbiaren arabera kalkulatuko da, alde batera utzi gabe tokian tokiko eragina duen lehen mailako garraioko instalazioetarako zer ezartzen den.

  • 6.  Birgasifikazio-plantek autokontsumorako behar duten operazio-gasa ez da hartuko aitortutako kostutzat.

  • 7.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, birgasifikazio-plantaren titularraren eskaeraren ondoren, aldi baterako araubide ekonomiko berezi bat ezarri ahal izango du gas natural likidotuaren logistikako zerbitzuak emateko. Zerbitzu horiek epe luzeko kontratuekin eman beharko dira eta horien helburu nagusia ez da izango Espainiako gas-sisteman sartzea eskari nazionala hornitzeko. Aldi baterako araubide berezi hori epe luzeko kontratuak iraun bitartean egongo da indarrean.

Nazioarteko lehiaren eraginpean daudenez, zerbitzu horien kasuan, instalazioetarako sarbide-baldintzak eta zerbitzu horiek emateko bidesariak eta kanonak libreki itundu ahal izango dira inplikatutako aldeen artean, betiere objektibotasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraikiz. Nolanahi ere, gas-sistemaren jasangarritasun ekonomikoaren eta finantzarioaren printzipioa bermatu beharko da; beraz, bidesari eta kanonetatik lortutako diru-sarrerek instalazioari onartutako ordainsariaren adinakoak edo handiagoak izan beharko dute. Espainiako gas-sisteman sartzen bada eskari nazionala hornitzeko, aplikatutako bidesaria ez da izango sistemaren gainerako birgasifikazio-plantei aplikatzen zaiena baino txikiagoa.

Gas natural likidotuaren logistikako zerbitzu horiek emateko inbertsio berriak egin behar izanez gero, gas-sistemak ez ditu bere gain hartuko inbertsio horiek».

Lau. Honela idatzita geratzen da 63. artikuluaren 2. apartatua:

«2015eko urtarrilaren letik lehen erregulazio-aldia amaitzen denera bitarte jaso beharreko ordainsaria kalkulatzeko, lege honen X. eta XI. eranskinetan bildutako metodologia baliatu behar da.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren egitekoa izango da instalazioetako, gas natural likidotuaren plantetako, garraioko eta banaketako enpresa titularren urte bakoitzeko ordainsaria zehaztea, ekainaren 4ko 3/2013 Legean ezarritakoari jarraituz.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak gas natural likidotuaren plantetako, garraioko eta banaketako jardueren ordainsarien parametroak berraztertu ahal izango ditu hurrengo erregulazio-aldia hasi baino lehen, 60. artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe. Berrazterketarik ez bada egiten, hurrengo erregulazio-aldirako luzatzen direla esan nahiko du.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren egitekoa izango da, aldez aurretik Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak txostena eginda, gas naturalaren lurpeko oinarrizko biltegiratzeen titular diren enpresen ordainsaria onartzea urte bakoitzerako. 2015eko urtarrilaren 1etik lehen erregulazio-aldia amaitzen denera bitarte jaso beharreko ordainsaria kalkulatzeko, lege honen X. eranskinean bildutako metodologia baliatu behar da».

Bost. Kendu egiten da 64. artikulua.

Sei. Aldatu egiten da 65. artikuluaren 1. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«1. Garraio-, birgasifikazio- eta banaketa-jardueren lehen erregulazio-aldia uztailaren 4ko 8/2014 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zen egunean hasi eta 2020ko abenduaren 31n bukatuko da. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, hurrengo erregulazio-aldiak elkarren segidan abiaraziko dira eta bakoitzak sei urteko iraupena izango du, non eta Europar Batasuneko zuzenbidearen arauren batek ez duen ezartzen beste iraupen bat erregulazio-aldietarako».

Lehen xedapen iragankorra. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren erregulazio-planak energia-politikaren arloko orientabideekin koordinatzea.

  • 1.  Errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak Trantsizio Ekologikorako Ministerioari informazioa emango dio izapidetzen ari diren eta errege lege-dekretu honen 1. artikuluak aipagai dituen energia-politikako alderdietan eragina izan dezaketen zirkular arauemaileei buruz, eta horiek zer egunetan onartuko diren adieraziko dio, eta, halaber, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzeko ekainaren 4ko 3/2013 Legeak 39. artikuluan ezarritakoari jarraituz hurrengo jarduketa-plana aurkezten duen arte izapidetzen hastekoak dituen zirkular arauemaileei buruz informatuko du, eta berariaz adieraziko zer egunetan hasiko diren izapidetzen.

  • 2.  Trantsizio Ekologikorako Ministerioak energia-politikaren arloko orientabideak onartu ahal izango ditu eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari igorri -aurreko apartatuan aurreikusitako informazioa bidali eta hilabeteko epean, izapidetzen ari diren zirkular arauemaileen kasuan, eta izapidetzen hasteko aurreikusitako eguna baino gutxienez hilabete lehenago, gainerako kasuetan-, eta orientabide horiek kontuan hartu beharko dira Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak onartzen duen erregulazioan. Horrela bermatu ahal izango da erregulazioa sendoa izatea eta bat etortzea ezarritako helburu eta printzipioekin.

  • 3.  Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuetan, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak Trantsizio Ekologikorako Ministerioari igorri beharko dizkio zirkular arauemaileak, beren justifikazio-memoriarekin batera, onartzekoak diren eguna baino bi hilabete lehenago gutxienez. Zirkularrak igortzen zaizkionetik hilabeteko epean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak txostena eman ahal izango du, zirkular arauemaileek aurretiaz ezarri diren energia-politikaren arloko orientabideei zenbateraino jarraitzen dieten baloratzeko. Txostenean adierazten bada Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak ez dituela kontuan hartu orientabide orokor horiek, errege lege-dekretu honen 2. artikuluan aurreikusitako Lankidetza Batzordera deituko zaie bi aldeei, bien artean akordioa lortzen saiatzeko.

  • 4.  Energia-politikaren arloan Trantsizio Ekologikorako Ministerioak aurreko hirugarren apartatuan azaltzen den moduko orientabiderik onartzen ez duen kasuetan ere, aplikatu egin beharko da aurreko apartatuan xedatutakoa, baldin eta ministerioak berariaz hala eskatzen badu xedapen arauemaile bat izapidetu bitartean.

  • 5.  Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Kontseiluak 3. eta 4. apartatuetan aurreikusten diren zirkularrak onartzen dituenean, haietan ageriko da «Trantsizio Ekologikorako Ministerioak energia-politikaren arloan emandako orientabideei jarraituz» onartuak direla, adostasun kasuetan, edo «Trantsizio Ekologikorako Ministerioari entzunda» onartuak direla, desadostasun kasuetan.

Bigarren xedapen iragankorra. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak eginkizunak bere gain hartzeko araubide iragankorra.

  • 1.  Sarbideak eta kanonak onartzeko eginkizunak, ekainaren 4ko 3/2013 Legearen 7. artikuluaren 1 bis apartatuan aurreikusiak, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak esleituta eduki dituenak errege-lege dekretu hau indarrean jarri arte, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak beteko ditu, behin berak azken xedapenetatik hirugarrenari jarraituz onartzen duenean gas natural likidotuaren plantetarako eta gasaren eta elektrizitatearen garraio- eta banaketa-sareetarako bidesariak eta kanonak kalkulatzeko metodologia, zeina, nolanahi ere, ez baita 2020ko urtarrilaren 1era arte aplikagarria izango.

Energia elektrikoaren eta gas naturalaren garraio- eta banaketa-instalazioetarako eta gas natural likidotuaren plantetarako ordainsariaren metodologiak, parametroak eta aktiboen oinarria, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak onartutakoak, lehenengo erregulazio-aldia amaitutakoan izango dira aplikagarriak.

Energia elektrikoaren garraio eta banaketarako, birgasifikaziorako eta gasaren garraio eta banaketarako instalazioen ordainsarien zenbatekoak finkatzeko eginkizuna, ekainaren 4ko 3/2013 Legearen 7.1 bis artikuluan jasotako zenbatekoena, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak beteko du, eta horiek 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dira aplikagarriak.

  • 2.  Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean abian den erregulazio-aldian, dagozkien lege sektorialetan ezarritakoak izango dira gas- eta elektrizitate-sistemen kargura ordainsarirako eskubidea duten birgasifikazio-, garraio- eta banaketa-aktiboen finantza-ordainsariaren tasak.

Hirugarren xedapen iragankorra. Errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak.

  • 1.  Errege lege-dekretu honetan Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari esleitzen zaizkion eginkizunen eraginpeko esparruetan, errege lege-dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasitako prozedurak haiek abian jarri ziren unean indarrean zegoen araudian ezarritakoari jarraituz bideratuko dira.

  • 2.  2019a baino lehenagoko ekitaldiei dagozkien prozedurak, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean oraindik hasi gabe badaude ere, osorik arautuko dira lehenagoko legeen bidez; alegia, bakoitza zer ekitaldiri dagokion, orduan indarrean zegoen legearen bidez.

Laugarren xedapen iragankorra. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak behin-behinean eutsiko dien eginkizun eta eskumenak.

Errege lege-dekretu honek Hidrokarburoen Sektorearen urriaren 7ko 34/1998 Legearen VI. tituluan eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen X. tituluan sartutako aldaketen kaltetan izan gabe, eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortu zuen ekainaren 4ko 3/2013 Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak segituko du aipatutako ekainaren 4ko 3/2013 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren eginkizunak gauzatzen.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honen aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Babes-klausula, beheragoko mailako arauen aldaketetarako.

Errege lege-dekretu honek aldatutako arauen mailari eutsiko zaio horiek beheragoko mailako arauak direnean.

Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-tituluak.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13. eta 25. arauen babesean emana da, Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren arloan eta meatze-eta energia-araubidearen oinarrien arloan.

Azken xedapenetako hirugarrena. Bidesari eta karguen metodologiak onartzea.

  • 1.  Gobernuak, 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen, sistema elektrikoaren eta gas-sistemaren kostuak estaliko dituzten karguak kalkulatzeko metodologiak onartuko ditu errege-dekretu baten bitartez, Trantsizio Ekologikorako Ministerioko titularraren proposamenari jarraituz, aldez aurretik Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak txostena eginda eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak erabakia hartuta.

Halaber, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen onartuko ditu zirkular arauemaileak, sareetara sartzeko kanon eta bidesariak eta elektrizitatearen eta gasaren sektoreetako jarduera arautuei atxikitako ordainsariak kalkulatzeko metodologiak bilduko dituztenak. Aldez aurretik, hala badagokio, energia-politikaren arloko orientabideak ezarriko dira.

  • 2.  Indarrean jarri baino behar adina denbora lehenago onartuko dituzte bai Gobernuak eta bai Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak karguen, ordainsari arautuen, kanonen eta bidesarien kalkulurako metodologiak, eta bermatuko dute aipatutako metodologien aplikazioak mailaz mailako eragina izatea kontsumitzaileengan eta gas- eta elektrizitate-sistemetako gainerako agenteengan.

Horretarako, Gobernuak eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak trantsizio-aldiak ezarriko dituzte bidesari, kanon eta karguen metodologia horietan, kasuan kasukoan, halako moduan non errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik indarrean egon diren bidesari, kanon eta karguetan metodologia berriak aplikatzearen ondoriozko bidesari, kanon eta karguen aldaketak, oro har, mailaz maila asimilatuko baitira Gobernuak karguetarako ezartzen duen metodologia indarrean jarri eta lau urteko epean gehienez ere.

Azken xedapenetako laugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuari baimena ematen zaio errege lege-dekretu hau aplikatu, betearazi eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak onar ditzan, bere eskumenen esparruan.

Azken xedapenetako bosgarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean».

Madrilen, 2019ko urtarrilaren 11n.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra