Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

10/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaren bidez, batetik, 2019rako luzatzen baita finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetarako autonomia-erkidegoen eta toki-entitateen superabitaren xedea eta, bestetik, beste neurri batzuk hartzen baitira toki-entitateetan gaikuntza nazionala duten langileen eginkizunari dagokionez.

2019-03-29

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 03/30/2019, 77. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4669     10/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaren bidez, batetik,

2019rako luzatzen baita finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetarako autonomia-erkidegoen eta toki-entitateen superabitaren xedea eta, bestetik, beste neurri batzuk hartzen baitira toki-entitateetan gaikuntza nazionala duten langileen eginkizunari dagokionez.

I

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 12. artikuluak Administrazio Zentralari, autonomia-erkidegoei eta toki-korporazioei aplikatu behar zaien gastu-araua eraentzen du. Arauketa horren oinarria Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1175/2011 (EB) Erregelamendua da, gure herrialdean nahitaez bete beharreko araudia, zeinaren bidez Kontseiluaren 1466/1997 (EE) Erregelamendua —aurrekontu-egoeren gainbegiratzea indartzeari eta ekonomia-politikak gainbegiratu eta koordinatzeari buruzkoa— aldatzen baita.

Gainera, funtsezko baliabide bat da bermatzeko egiturazko gastu publikoaren bilakaera bat datorrela ekonomiaren hazkunde potentzialarekin, bai eta, epe ertaineko aurrekontu-orekaren egoera baten aurrean, gastuaren finantza-jasangarritasuna bermatzeko ere.

2018ko laugarren hiruhilekoari buruzko aurrekontu-betearazpenaren datuen arabera, autonomia-erkidego batzuk eta toki-erakunde asko suberabita aurkezten ari diren euren kontuetan. Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikuluak ezartzen du Estatuak, autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek lortzen duten superabita zorpetze garbiaren maila murriztera bideratu behar dela. Arau hori aplikatuz, lurralde-administrazioak beren zor publikoaren maila nabarmen murriztea eta finantzak onbideratzea lortzen ari dira.

Lurralde-erakundeen finantza-egoera sendotzen ari da apurka-apurka, eta, horri esker, superabit horiek aprobetxatuta, komeniko litzateke administrazio bakoitzak berreskuratu ahal izatea krisi ekonomikoaren eraginez murriztu egin behar izan ziren inbertsio publikoaren mailak. Administrazio horiek ongizate-estatuaren garapenari lotuta dauden funtsezko zerbitzu publikoak ematen dituzte, eta herritarrengandik hurbilago daude. Izan ere, administrazio horiek jardunak gaitasun handia dauka zuzenean bizi-kalitatearen hobekuntzan eragiteko. Hori dela-eta, lurralde-administrazio horientzako arau bereziak ezarri dira Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikuluan jasotako superabitaren xedeari dagokionez.

Hain zuzen ere, Sektore Publikoko Merkataritza Zorraren Kontrolari buruzko abenduaren 20ko 9/2013 Lege Organikoak seigarren xedapen gehigarria erantsi zion Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoari, eta, xedapen horri esker, 2014. urtetik aurrera, toki-korporazioek aukera daukate bizitza baliagarri osorako finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetara bideratzeko beren superabita. Horretarako, ordea, toki-korporazioek baldintza hauek bete behar dituzte: batetik, gastu orokorretarako diruzaintza-geldikin positiboa eta superabita izatea; bestetik, beren zor publikoaren maila zorpetzea debekatzeko ezarritako mugaren azpitik egotea, eta, azkenik, hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea ez izatea merkataritza-eragiketen berankortasunaren aurkako neurriei buruzko araudian ezarritako gehieneko ordainketa-epea baino luzeagoa. Halako inbertsioetan egindako gastua ez da zenbatuko Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 12. artikuluko gastu-araua aplikatzearen ondoreetarako; baina, aitzitik, aurrekontu-egonkortasunaren helburua betetzearen ondoreetarako zenbatu egingo da.

Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren hamaseigarren xedapen gehigarriak —testu bategina martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen— garatzen eta definitzen du halako inbertsioek izan beharreko finantza-jasangarritasunaren kontzeptua, bai eta haren prozedura eta aplikazioko eremu objektiboa ere.

Beraz, toki-korporazioei dagokienez, neurri hori 2014an aplikatu zen lehen aldiz, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarriaren 5. apartatuan xedatu zen 2014tik aurrerako ekitaldietan, egoera ekonomikoaren arabera, neurri hori urtero luza zitekeela Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legearen bitartez. 2015eko luzapena Autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen finantza-iraunkortasunerako neurriei eta bestelako neurri ekonomikoei buruzko abenduaren 26ko 17/2014 Errege Lege Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren bidez onartu zen, eta 2016ko eta 2017ko luzapenak, aldiz, Estatuaren aurrekontu orokorren legeen bidez.

Superabitaren xedearekin lotutako malgutasun-neurri horiek autonomia-erkidegoei aplikatu zitzaizkien 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta hamaseigarren xedapen gehigarria onartzearen bidez. Horrela, aurreikusi zen autonomia estatutua zuten hiri eta autonomia-erkidegoen aurrekontu-superabita bidera daitekeela finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetara, betiere betetzen badituzte aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna bermatzen dituzten zenbait zerga arau eta betekizun.

Gaur egungo egoera ikusita, baldintza egokiak daude aipatutako arauak luzatzea onartzea gomendatzeko. Horri esker, ezarritako betekizunak betetzen dituzten lurralde-erakundeek finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioetara bideratu ahal izango dute euren superabita. Inbertsio horien artean daude toki-korporazioen lehen mailako gizarte-laguntzako programa-multzoei dagozkienak.

Egungo inguruabarrak direla-eta, ezin izan da jarraitu 2019rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea izapidetzen, eta, ondorioz, ezinezkoa izan da, toki-korporazioei dagokienez, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako luzapena onartzea, arau haren proiektuan jasotako baldintzetan.

Gastua exekutatzeko prozedura hasteko eta garatzeko egin behar diren izapideek epe jakin batzuk dituzte, zeinek behartzen baitute luzapen hura berehala onartzera, neurriak ondoreak izan ditzan eta autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek beren inbertsioak aurrekontu-ekitaldi honetan exekutatu ahal izan ditzaten.

Onartzen ez badira, autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek beren zorpetze garbia murriztu beharko lukete, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikulua aplikatuz. Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek 2019ko ekitaldirako aurrekontu-programazio egokia egin ahal izateko, behar besteko aurrerapenarekin jakin behar dute neurri hori aplikatu behar duten ala ez eta, horretarako betekizunak betez gero, superabita finantzen aldetik jasangarriak diren inbertsioak finantzatzeko erabil dezaketen. Horren harira, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 28. artikuluan xedatzen da Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren 32. artikulua ez betetzea ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketaren arloko arau-hauste oso astuna dela. Beraz, presako eta aparteko inguruabarrak direla eta, beharrezkoa da luzapena errege lege-dekretu baten bidez onartzea, martxoaren 23ko 1/2018 Errege Lege Dekretuarekin egin zen bezala.

Orobat, aintzat hartu behar da superabitaren xedeari buruzko arau berezien luzapena eraginkortasunik gabe geratuko litzatekeela, baldin eta galdatuko balitz gastua exekutatzeko prozeduraren baimen-, xedapen- edo konpromiso-faseak, kasu guztietan, 2019an egitea; horregatik, azken fase horren garapena ez da ekitaldi horretan eskatu behar. Alabaina, horrek ez du kentzen arau hau presakoa izatea; izan ere, inbertsio-proiektu askoren kontratazio-prozedura —izaera eta diru-kopurua ikusita— ahalik eta azkarren abiarazi behar da, gastua baimentzeko fasea oraingo ekitaldian amaitu ahal izan dadin.

Esandakoaren ondorioz, kasu honetan, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintzaren xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bat diruz laguntzeko, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena —esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan—.

Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek —oro har zein banan-banan hartuta—, haien izaera eta xedea ikusirik, bete egiten dute Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.

II

Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legea indarrean jarri zenetik, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundeek ez dute toki-erakunde izaerarik, eta nortasun juridikorik gabeko erakunde deskontzentratu gisa soilik era daitezke. Halere, toki-erakunde izaerari eusten diote lege hori indarrean sartu zenean dagoeneko bazeuden erakundeek, 27/2013 Legearen laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera.

Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak arautzen ditu udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeetan funtzionario horientzat erreserbatuta dauden eginkizunak.

Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera lege hori indarrean jarri ostean ere toki-erakunde izaerari eusten dioten toki-erakundeetan -udalerria baino lurralde-eremu txikiagokoetan- funtzionario horientzat erreserbatuta dauden eginkizun hauek arautzeko araubidea ezartzen du aipatutako bosgarren xedapen gehigarriak: fede publikoaren, nahitaezko lege-aholkularitzaren, kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontu-kudeaketaren kontrolaren zein barne-fiskalizazioaren, eta kontabilitatearen, diruzaintzaren nahiz zerga-bilketaren eginkizunak.

Xedapen horrek estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei esleitzen dizkie erreserbatutako eginkizun horiek -udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundeetan-, baldin eta eginkizunok aipatutako erakundeak mendeko diren udalerrian egiten badituzte. 5.000 biztanletik behera dituen udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundeen kasuan bakarrik esleitu ahal izango zaizkio eginkizun horiek korporazio bereko karrerako funtzionario bati -ahal dela, A1 azpitaldekoa izango da edo unibertsitateko titulua izango du-.

Halaber, Estatuko gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 8. artikuluan jasotako aukera hau desagertu egiten da arauketa berri honetan: erreserbatutako eginkizun horiek, funtzionario publiko batek egin ezin baditu, «gaitasun nahikoa duen beste edozeinek» egin ahal izatea. Martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuan ez da jasotzen inolako aipamenik udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeen berariazko arauketa autonomikoari buruz, erreserbatutako eginkizunak egiteari dagokionez, aurreko arauketan gertatzen zen bezala.

Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak dagokion udalerriko udalaren mendekoak dira; udalerri batzuetan, era horretako bi edo hiru erakunde bakarrik daude, baina, beste batzuetan, 40 baino gehiago egon daitezke. Horren ondorioz, kasu gehien-gehienetan, estatuko gaikuntza duen funtzionarioak -dagokion udalekoak- ezin ditu eurentzat erreserbatutako eginkizunak egin udalaren mendekoak diren udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde guztietan. Gainera, funtzionario hori, ia beti, korporazioko funtzionario bakarra izaten da; hori kontuan hartuta, argi ikusten da zaila dela arauketa berria aplikatzea. Horrez gain, arazoak udalerri askori eragiten die. Izan ere, gaur egun, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko 3.704 erakunde daude, eta, horietatik, 2.227 Gaztela eta Leongo erkidegoan daude.

Beste alde batetik, datozen toki-hauteskundeak egin ostean -2019ko maiatzean-, eratzen diren auzo-batzorde berriek idazkariak izendatu beharko dituzte, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera. Horren eraginez, izendapen berriak egin beharko lirateke, baina, testu honetan azaldu diren arrazoiak direla-eta, izendapen horiek ezinezkoak dira. Ondorioz, premiazkoa da arazo horri konponbidea bilatzea datozen hauteskundeak egin baino lehen.

Ondorioz, azaldutako inguruabarrengatik eta, zehazki, ezinbesteko segurtasun juridikoa bermatzeko, neurri hori hartzeko aparteko eta premiazko beharra dago, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakunde horietan toki-hauteskundeak egin ostean sor daitezkeen gatazkak direla-eta.

Ordenamenduan aldaketa horiek sartzeko tresna gisa errege lege-dekretua erabiltzearekin lotuta, honako hauei buruzko bi alderdi hartu behar dira kontuan: tresna arauemaile honi debekatutako arloak eta arau-mota hau erabiltzea justifikatzen duten premisak egotea. Lehenengoekin lotuta, gure Konstituzioaren 86.1 artikuluak adierazten duen bezala, errege lege-dekretuek «ezingo dute eraginik sortu estatuaren oinarrizko erakundeei buruzko antolamenduan, I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunetan, autonomia-erkidegoen araubidean, ezta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere». Errege lege-dekretu honen kasuan, ez zaie eragiten arlo horiei.

Aparteko eta presako beharrizana justifikatzen duten premisak egoteari dagokionez, kontuan hartu behar da gure Konstituzio Auzitegiaren doktrina -2018ko ekainaren 7ko 61/2018 epaiaren IV. oinarri juridikoan dago laburtuta-. Horren arabera, hauek behar dira: batetik, «Gobernuak hori onartzeko kontuan hartu dituen arrazoien aurkezpen esplizitu eta arrazoitua», hau da, presako egoera deitu zaiona; eta, bestetik, «badela ezinbesteko lotura bat zehaztutako presako egoeraren eta egoera hori konpontzen laguntzeko neurri zehatzaren artean».

Konstituzio Auzitegiak adierazi duenez, oro har lege-dekretuaren erabilera onartu izan da «egoera ekonomiko zail» gisa kalifikatu diren egoeretan, zeinei heltzeko Konstituzioaren araberako tresna zilegia, aproposa eta egokia baita presako legegintza justifikatzen duen xedea lortzeko, hau da, «egoera jakin batzuetan laguntza ematea, Gobernuaren helburuen barruan betiere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen denean -esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-». (Konstituzio Auzitegia: 31/2011 Epaia, martxoaren 17koa, 4. oinarri juridikoa; 137/2011 Epaia, irailaren 14koa, 6. oinarri juridikoa; 100/2012 Epaia, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa). Azkenik, kontuan hartu behar da, baita ere, egiturazko erreformatzat hartzeak ez duela eragozten, berez, lege-dekretua erabiltzea. Izan ere, konpondu nahi den arazoa egiturazkoa izan arren, gerta daiteke arazo hori une jakin batean aparteko eta presako beharrizana duen kasu bat izatea eta horrek lege-dekretua onartzea justifikatzea. Dena den, kasu bakoitzean ematen diren inguruabarrek zehaztu beharko dute hori (Konstituzio Auzitegiaren 137/2011 Epaia, 6. oinarri juridikoa, Konstituzio Auzitegiaren epai hauetan errepikatua: 183/2014 Epaia, 5. oinarri juridikoa; 47/2015 Epaia, 5. oinarri juridikoa, eta 139/2016 Epaia, 3. oinarri juridikoa).

Errege lege-dekretu honek bete egiten ditu, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioak, premia-printzipioa soberan justifikatuta geratu baita «supra».

Segurtasun juridikoaren, proportzionaltasunaren eta efikaziaren printzipioei bagagozkie, nabarmendu behar da aldaketak alderdi hori modu puntual, zehatz eta argian landu besterik ez duela egiten, exijitu beharreko lege-maila eta aipatutako presako beharrizana aintzat hartuta aukerarik onena erabiliz; hots, errege lege-dekretu bat onartuz. Gardentasun-printzipioari erreparatuta, kasu honetan, errege lege-dekretu bat izanik, ez da beharrezkoa aurretiazko kontsulta publikoa egitea, ezta entzunaldi-izapidea eta informazio publikoaren izapidea ere. Amaitzeko, efizientzia-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honek ez du administrazio-kargarik ezartzen.

Horren arabera, Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuta, Ogasuneko ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2019ko martxoaren 29ko bileran eztabaidatu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

  • 1. artikulua. Autonomia-erkidegoen 2018ko superabitaren xedea.

Autonomia-erkidegoen 2018ko aurrekontu-superabitaren xedeari dagokionez, 2019ra luzatzen da 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen ehun eta hamaseigarren xedapen gehigarrian jasotako arauen aplikazioa. Horiek aplikatzeko, kontuan hartu beharko da 2017ko superabitari eta 2018ko defizitari eginiko erreferentziak -xedapen horren bigarren apartatuan jasoak- 2018ko eta 2019ko ekitaldietan egindakotzat ulertu beharko direla, hurrenez hurren.

  • 2. artikulua. Toki-erakundeen 2018ko superabitaren xedea.

Toki-erakundeen 2018ko aurrekontu-superabitaren xedeari dagokionez, 2019ra luzatzen da Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarrian jasotako arauen aplikazioa; horretarako, kontuan hartu beharko da martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bategineko hamaseigarren xedapen gehigarria.

Ezinezkoa bada inbertsio-proiektu jakin bat oso-osorik 2019. urtean exekutatzea, beste aukera bat ere badago: 2019. urtean baimendutako gastutik falta den zatia konprometitzea eta 2020ko ekitaldian aitortzea eta 2019ko diruzaintza-geldikinetik finantzatzea. Zenbateko hori helburu horretarako lotuta geratuko da, eta toki-korporazioak ezingo du defizitik eduki 2020ko ekitaldiaren amaieran.

  • 3. artikulua. Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeetan -toki-erakundeak direnetan- erreserbatutako eginkizunak egitea.

Aplikatu beharreko araudi autonomikoan ezartzen denaren arabera egingo dira erreserbatutako eginkizunak udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeetan -toki-erakundeak direnetan-.

Halakorik ezean, honako hauek egin ahal izango dituzte: udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeari dagokion korporazioan dauden eta estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak, korporazioko funtzionarioak, probintzia-diputazioko laguntza-zerbitzuek edo, horrelakorik ez badago, gaitasun nahikoa duen beste edozein pertsonak.

Halaber, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundean erreserbatutako postuak sortu ahal izango dira, modu independentean, erreserbatutako eginkizunak egiteko, zeinak dagokion autonomia-erkidegoak sailkatu beharko baititu.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-tituluak.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.13, 149.1.14 eta 149.1.18 artikuluen babesean ematen da, zeinek Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen baitiote, hurrenez hurren, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarrien eta koordinazioaren gainean, Ogasun Publikoaren eta Estatuaren zorraren gainean, administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarrien gainean eta funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarrien gainean.

Azken xedapenetako bigarrena. Arauak emateko gaikuntza.

Xedapenak emateko eta behar diren neurriak hartzeko baimena eman zaie Gobernuari eta Ogasuneko ministroari, beren eskumenen esparruan, errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoa aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen emana, 2019ko martxoaren 29an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra