Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

11/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 2koa, kutxazain automatikoetan dirua ateratzeagatiko komisioak arautzekoa

2015-10-02

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/03, 237. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10633 11/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 2koa, kutxazain automatikoetan dirua ateratzeagatiko komisioak arautzekoa.

I

Ordainketa zerbitzuen funtzionamendu egokia funtsezkoa da merkataritza- eta finantza-transakzioak arinak izango badira.

Ildo horretatik, ordainketa zerbitzuen araubide juridikoak zerbitzu-emaileen eta -erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ezartzea du xede, zerbitzua ematean lehia-, gardentasun- eta alderdien arteko konfiantza-baldintzak oinarri izan daitezen.

Ordainketa Zerbitzuen azaroaren 13ko 16/2009 Legeak 1.2 artikuluan zerrendatzen ditu zerbitzu horiek, eta horietako bat da: «ordainketa-kontu batetik eskudirua ateratzea eta ordainketa-kontua bera kudeatzeko beharrezko diren eragiketa guztiak burutzea ahalbidetzen duen zerbitzua». Kutxazain automatikoen sarean eskudirua ateratzea da, hain justu, zerbitzu hori emateko modalitateetako bat. Sare horren bidez, kreditu- erakundeek hainbat banku-zerbitzu eskaintzen dituen bidea jartzen dute bezeroen esku, zerbitzu horietan ohikoena eskudirua ateratzea delarik. Izan ere, kutxazainetan burutzen diren eragiketa guztien ehuneko 74a eskudirua ateratzea da.

Espainiako banku-sistemaren ezaugarrietako bat da haren kutxazain automatikoen sarearen kapilaritate handia. 2015eko ekainean jasotako datuen arabera, 50.479 kutxazain daude —1,09 kutxazain mila biztanleko—, hau da, inguruko herrialdeen aldean askoz gehiago.

Azken hilabeteetan, kutxazain automatikoetan eskudirua ateratzeagatik kobratzen ziren komisioen ohiko sistema aldatuz joan da, erakunde batzuen politika komertzialaren erabakien ondorioz. Hain zuzen ere, orain arte, bezeroek beren txartelaren erakunde jaulkitzaileari ordaintzen zioten komisioa; orain, berriz, komisio horretaz gain, beste bat ordaindu behar izaten diote, batzuetan, kutxazainaren jabea den erakundeari.

Konfiantza gorde beharrak, eta horrek merkataritza-trafikoaren garapenean duen eragina kontuan hartuta —ekonomia suspertzeko testuinguruan, zeinetan suspertzearen zutabeetako bat barne kontsumoa baita—, eskudirua ateratzeagatik komisioak kobratzeko eredua, herritarrei ziurtasuna helaraziko diena, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatuko duena eta kreditu-erakundeetako bezeroak babestearen inguruan indarrean dagoen araubidea osatu eta argituko duena, presaz arautu behar da.

II

Errege lege-dekretu honek burutzen duen Ordainketa Zerbitzuen azaroaren 13ko 16/2009 Legearen aldaketaren bidez, kutxazain automatikoetan eskudirua ateratzeagatik kobratzen den komisioaren eredu berria ezartzen da, besteak beste, zerbitzua baliatzen duten herritarrek bi komisio ordain ditzaten eragotziko duena eta, ondorioz, zerbitzuaren erabiltzaileentzat kostua txikiagoa izan dadin eragingo duena.

Kredituan edo zordunketan eskudirua ateratzeko eragiketari eta ez besteri aplikatzen zaizkion komisioetarako eredua izango da, hau da, kreditu-zerbitzuekin zerikusia duten beste komisioei ez die eragingo.

Erregulazio berriarekin kutxazainaren jabea den erakundeak ezin izango dio komisioa exijitu, ez eta gastuak jasanarazi ere, zerbitzu-erabiltzaileari, bai, berriz, txartelaren erakunde jaulkitzaileari. Erakundeek adostu ahalko dute komisio horien zenbatekoa. Baina adostasunik egon ezean, kutxazain automatikoen jabe diren erakundeek beraiek zehaztuko dute txartelen erakunde jaulkitzaileei defektuz kobratuko dieten komisioaren zenbatekoa, betiere erakundeen artean diskriminaziorik eragin gabe. Gainera, eskudirua zordunketan

ateratzen denean, txartelaren erakunde jaulkitzaileek dena delako kutxazainaren jabea den erakundeari ordaindu dioten komisioa —osorik edo zati bat— baino ezin izango diote jasanarazi beren bezeroei, eta horrela, zerbitzu-erabiltzaileari jasanarazi ahal zaion zenbatekoa mugatzen da.

Araubide juridiko hori osatzeko, erabiltzaileekin loturiko gardentasuna eta informazioa, bai eta erregulazio berriaren aplikazioa eta kontrola ere, sendotzera zuzenduriko neurri batzuk ezarri dira. Besteak beste, kreditu-erakundeek beren kutxazainetan eskudirua ateratzeko eragiketagatik elkarri kobratuko dizkieten komisioen berri eman beharko diote Espainiako Bankuari; halaber, eskudirua ateratzeagatik jasanarazi ahalko zaien komisioaren berri eman beharko diete zerbitzu-erabiltzaileei, eskudirua ateratzen ari diren momentuan bertan.

Eredu berria honako errege lege-dekretua ESTATUKO ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunaren hurrengoan jarriko da indarrean, hala ere, gutxieneko epea ezarri da erakundeek beren ordainketa-sistemak egoki ditzaten arau honen bidez egindako aldaketetara.

III

Errege lege-dekretu honen azken zatian, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen daude.

Xedapen gehigarri bakarrak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren esku utzi du komisioen arloan hartutako akordio eta erabakiei buruz urteko txostena egitearen zeregina.

Xedapen iragankor bakarrak kreditu-erakundeak egokitzeko araubidea arautzen du. Xedapen indargabetzaile bakarrak indargabetu egiten ditu errege lege-dekretu honetan

xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapenak.

Azkenik, lehen xedapenetik hirugarrenera bitartekoek, hurrenez hurren, honakoak arautzen dituzte: errege lege-dekretua onartzeko eskumen-tituluak; Espainiako Bankuari ahalmena ematea, azaroaren 13ko 16/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa garatzeko; dekretua indarrean jartzea.

IV

Zioen adierazpen honen II. zenbakian adierazitako testuinguruaren barruan ezinbestekotzat jotzen da kutxazain automatikoetan eskudirua ateratzeagatik kobratzen diren komisioen ereduaren erreforma berandu gabe bermatzea.

Izan ere, azken hilabeteetan, kutxazainen sarearen barruan akordio aldeaniztunen bidez funtzionatzen zuen eredu tradizionala aldatu egin da. Aurreko ereduarekin bat, bezeroak txartelaren jaulkitzaileari ordaintzen zion eskudirua ateratzeagatiko komisioa; orain, berriz, kutxazainaren jabeari eta txartelaren erakunde-jaulkitzaileari ordaindu behar izaten die, kasu batzuetan. Horrek bankuetako bezeroek jasaten dituzten komisioen igoera dakar, ehuneko ehunekoa baino gehiagokoa izatera iritsi baitaiteke. Bezeroek komisioa kobratuko ez zaien kutxazaina aukeratu badezakete ere, igoeraren eragina gutxitu edo ezabatzeko asmoz, eredu berri hori orokortzen bada, gero eta zailagoa izango da hori egin ahal izatea. Gainera, eragina nabarmenagoa izango da kutxazain gutxiago dauden herrietako bezeroen, jardute eremua eskualde batera mugatua duten erakundeen bezeroen edo internet bidezko bankako bezeroen kasuan. Aldaketaren eragina bereziki adierazgarria da kontuan hartzen bada kutxazain bakoitzean ia 18.000 ateratze egiten direla urte batean.

Beraz, errege lege-dekretu honen bidez hartzen diren neurriak hartzeko aparteko eta presazko inguruabarrak bildu direnez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak mota honetako arauak onartzeko eskatzen dituen baldintzak betetzen dira.

Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuz, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta, eta Ministroen Kontseiluak 2015eko urriaren 2ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ordainketa Zerbitzuen azaroaren 13ko 16/2009 Legea aldatzea.

Azaroaren 13ko 16/2009 Legearen xedapen gehigarria lehen xedapen gehigarria izatera pasatzen da eta bigarren xedapen gehigarria gehitzen da, zeina honela idatzita geratzen baita:

«Bigarren xedapen gehigarria. Eskudirua ateratzea kutxazain automatikoetan.

1.Kutxazain automatikoaren erakunde titularrak ezin izango dio eskatu inolako kopururik Espainian baimenduta dauden beste erakundeetako edo Espainian aritzen diren atzerriko kreditu-erakundeetako sukurtsaletako bezeroei txartelaren edo ordaintzeko bestelako tresnaren bidez eskudirua ateratzen dutenean, txartelaren eta ordaintzeko tresnaren erakunde jaulkitzaileari, berriz, komisioa eskatu ahalko dio.

2.Kutxazainaren erakunde titularrak txartelaren edo ordainketa tresnaren erakunde jaulkitzaileari kobratuko dion komisioaren berri emango dio txartelaren edo ordaintzeko tresnaren titularrari eskudirua zordunketan atera aurretik, esanbidezko oniritzia eman dezan, bai eta erakunde jaulkitzaileak komisio hori —zati batean edo osorik— jasanarazi ahalko diola jakinarazi ere.

Eskudirua kredituan ateratzen bada, aipatu berri den informazioaz gain, erakunde jaulkitzaileak gehienez ere aplikatu ahalko dion zenbateko gehigarria —5. zenbakian xedatutakoarekin bat— adierazi beharko dio.

3.Txartelaren edo ordaintzeko tresnaren titularrak adostasuna emateak kutxazainaren erakunde titularrak eskatzen duen komisioa ordaintzera behartzen du erakunde jaulkitzailea, betiere, eskudirua atera nahi duenak nahikoa saldoa badu atera nahi duena ateratzeko eta, 5. zenbakian xedatutakoarekin bat, erakunde jaulkitzaileak jasanarazi ahalko dion zenbatekoa ordaintzeko.

4.Erakunde jaulkitzaileak kutxazainaren erakunde titularrari ordaindu beharreko komisioa bien artean adostutakoa izan ahalko da.

Adostasunik egon ezean, kutxazainaren titularrak txartelaren erakunde jaulkitzaileri aplikatuko dion komisioa bera izango da nazio-lurralde osorako eta ez da baztertzaile izango; gainera, ezingo da desberdina izan zerbitzu-emate baliokideetarako. Halaber, komisioa ezingo da aldatu erakunde jaulkitzailearen bezeroen arabera, eta urtean behin baino ezingo da berrikusi.

Zenbaki honen babespean onartzen diren akordio eta erabakiak lehia defendatzeko arauek diotenaren araberakoak izango dira.

5.Txartelaren edo ordaintzeko tresnaren erakunde jaulkitzaileak ezingo dio jasanarazi bere bezeroari beste erakunde baten kutxazain automatikoan eskudirua zordunketan ateratzeagatik erakunde horrek berari kobratu dion komisioaren zenbatekoa baino handiagokoa, ezta beste edozein kontzeptuagatiko zenbateko gehigarririk aplikatu ere. Gorago aipatutako muga horren barruan, jasanaraziko den zenbatekoa erakunde jaulkitzailearen eta haren bezeroaren arteko kontratuan askatasunez ezarritakoa izango da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikagarri izango eskudirua kredituan ateratzen bada, kasu horretan, txartelaren edo ordaintzeko tresnaren erakunde jaulkitzaileak zenbateko gehigarria aplikatu ahalko baitio kontzeptu horrengatik bezeroari. Dena den, zenbateko hori ezingo da izan bere kutxazainetan eskudirua kredituan ateratzeagatik bezeroari aplikatzen diona baino handiagoa.

6.Kutxazainen erakunde titularrek edo txartelaren edo ordaintzeko tresnaren erakunde jaulkitzaileek 4. zenbakian jasotzen diren eskudirua ateratzeagatiko komisioen berri eman beharko diote Espainiako Bankuari. Espainiako Bankuak erabakiko du informazio hori nola helarazi behar den, edukia zein izango den eta zein maiztasunarekin bidali beharko den.

7.Aurreko xedapenak antolamendu- eta diziplina-arau dira. Horiek ez betetzea arau-hauste astuntzat joko da, baldin eta noizbehinkako gertaera edo gertaera

isolatua ez bada; kasu horretan, arau-hauste arintzat hartu eta zigortuko da, betiere Kreditu Erakundeen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.»

Xedapen gehigarri bakarra. Komisioen inguruko erabakiei buruzko Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren txostena.

Urtero, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak txostena bidaliko du Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeriora, hain zuzen ere, Ordainketa Zerbitzuen azaroaren 13ko 16/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarriak —honako errege lege-dekretuak emandako idazkera— jasotzen duen txartelaren edo ordaintzeko beste tresna batzuen bidez eskudirua ateratzeagatik kreditu-erakundeek kobratuko duten komisioa zehaztu eta aplikatzearen inguruan hartutako akordio eta erabakiei buruzkoa. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak egoki ikusten duen informazio guztia eskatu ahalko du agindu hori betetzeko.

Lehenengo txostena 2016ko lehen seihilekoa amaitu aurretik bidali beharko da Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeriora.

Xedapen iragankor bakarra. Kreditu-erakundeak egokitzeko araubidea.

Azaroaren 13ko 16/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren 2. zenbakitik 4. zenbakira xedatutakora egokitu beharko dute kreditu-erakundeek, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen. Hala ere, erakundeek 4. zenbakiarekin bat hartutako erabakien ondoriozko komisioak Espainiako Bankuari jakinaraziko zaizkio, aipatutako xedapenaren 6. zenbakian eta errege lege-dekretu honetan azken xedapenetatik bigarrenean aurreikusitakoarekin bat

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak indargabetzen dira.

Azken xedapenetatik lehenengoa Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 6., 11. eta

13.zenbakietan xedatutakoarekin bat eman da, eta zenbaki horietan, Espainiako estatuari esleitzen zaizkio merkataritzako legeriaren, kreditua eta banka antolatzeko oinarrien eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumenak.

Azken xedapenetatik bigarrena. Arauak onartzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Espainiako Bankuari azaroaren 13ko 16/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren 6. zenbakian xedatutakoa garatzeko, honako errege lege- dekretua indarrean jartzen denetik bi hilabeteko epean.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Madrilen, 2015eko urriaren 2an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra