Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

12/2012 Legea, abenduaren 26koa, merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa

2012-12-26

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/12/27, 311. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15595

12/2012 Legea, abenduaren 26koa, merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

JUAN CARLOS I.

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiei, jakin dezaten.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA I

Barne-merkataritzan beherakada gertatzen ari da hainbat urtez jarraian. Hori dela-eta, inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu, batetik, merkataritza oztopatzen duten administrazio-kargak arintzea, eta, bestetik, sektorea dinamizatzea, irekitze-erregimen malguago baterako bide emanez.

Espainiako merkataritza-egituraren zatirik handiena enpresa txiki eta ertainek osatzen dute; haien ahultasuna dela-eta, egungo ekonomia-krisiaren eraginak jasateko arrisku handiagoa dute, hau da, merkataritza-establezimendu ugari ixteko eta salmentak nabarmen jaisteko arrisku handiagoa.

Hala ere, txikizkako merkataritza jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren alor bereziki dinamizatzailea da; horrenbestez, egungo egoeran, ekonomia suspertzeko, ezinbestekoa da alor horren jarduera bultzatzeko eta enpresa-ekimenaren garapena eragozten duten oztopoak ezabatzeko neurriak hartzea.

Oztopo horietako batzuk administrazio-kargak dira, zeinak ez baitira ez beharrezkoak ez proportzionatuak; bestalde, karga horien helburuak bestelako kontrol-prozedura batzuen bitartez lortzea ere posible da, jardueraren garapena atzeratu eta gelditu gabe.

Bereziki nekezak dira zenbait lizentzia, haien prozedurek galarazi egiten baitute jarduerari ekitea hasierako inbertsioak egin eta denbora luzea igaro arte.

Izan ere, ELGAren datuei jarraituz (ELGAren Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Antolakundea), Espainia enpresa bat sortzeko izapide gehien egin behar diren Europako bigarren herrialdea da. Argi dago, beraz, administrazio-karga horiek hain nekezak ez diren beste kontrol-prozedura batzuekin ordeztu behar direla, indarreko legeria bermatuz, betiere.

Abenduaren 22ko 25/2009 Legeak, zeinak zerbitzu-jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzko legeari egokitzeko zenbait lege aldatzen baititu, toki-araubidearen oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84. artikulua aldatu zuen. Aldaketa horren helburua udal-esparruko prebentzio-kontroleko jarduerak 25/2009 Legearen printzipioen mende jartzea zen, zerbitzu-jardueretan hastearen eta aritzearen kasuetan.

Aurrerago, ekonomia iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak 84, 84 bis eta 84 ter artikuluak erantsi zizkion apirilaren 2ko 7/1985 Lege horri. Hala, jardueretan aritzeko lizentziarik edo beste kontrol-baliabide prebentiborik ezin zela eskatu ezarri zen, kasu hauetan salbu: osasun edo segurtasun publikoa, ingurumena edo ondare historikoartistikoa babesteko beharrezkoa denean, eta jarduerek jabari publikoa hartzea eta modu pribatuan erabiltzea eskatzen dutenean; edonola ere, eskatzeko aukera beharrezkotasuneta proportzionaltasun-judizioaren pean egongo da kasu guztietan.

Hala ere, txikizkako merkataritzaren alorrean karga- eta lizentzia-murrizketa hauek izanagatik ere, lege-esparrua oso konplexua eta nahasgarria da, eta arau eta prozeduren sakabanatze handia dago oraindik ere. Horiek oso nekezak dira ETEentzat —oro har—, eta mikroenpresentzat —bereziki—, haien jarduerarekin alderatuta kostu oso handiei aurre egin behar baitiete. Txikizkako merkataritza-sektorearen errealitate horrek agerian uzten du ahalegin handiagoa egin behar dela zenbait jardueratan aritzeko egun dauden administrazio-oztopoak ezabatzeko. Oinarriak finkatu behar dira, eta autonomia erkidegoei eta tokiko entitateei beren araudia egokitzeko eskatu, ETEek dena delako jardueran hastean eta aritzean onura errealak izan ditzaten.

Lege honen bidez aurrerapauso bat egin da, aldez aurretiko udal-baimenen edo lizentzien kasu hauek ezabatu baitira: ingurumen, segurtasun edo osasun publikoaren babesean jatorria dutenak, eta gehienez 300 metro koadroko eremua duten merkataritzako establezimenduei eta eranskinean azaltzen diren bestelako establezimenduei lotutakoak.

Beharrezkotasun- eta proportzionaltasun-judizioa egin ostean, iritzi zaio aurretiko kontrolak ez direla beharrezkoak. Zergatik? Bada, jardueren izaera, behar dituzten instalazioak eta establezimenduaren dimentsioa direla-eta, ez dagoelako zertan jardueren inpaktua baimenaren teknikaren bidez kontrolatu; ondorioz, hura erantzukizunpeko adierazpen batean oinarritutako ex post kontrol-erregimenarekin ordeztuko da. Malgutze hori, era berean, martxoaren 4ko 2/2011 Legearen erreformaren aplikazio-eremutik harago doa, eta Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen arabera obra-proiekturik egin behar ez duten lokalen egokitzapenari lotutako obra guztiak ere barnean hartzen ditu. Hala, obrak eta instalazioak eraikitzen hasteko eta merkataritzaeta zerbitzu-jardueran aritzeko nahikoa izango da erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiko komunikazioa aurkeztea, kasuan kasu. Bertan, hala behar bada, enpresariak adieraziko du betetzen dituela indarreko legediaren baldintzak eta badituela eskatzen diren dokumentuak, eta dagokion zerga ordaindu izanaren ordainagiria ere baduela.

Horri esker, jarduera dinamizatuko da hazkunde ekonomikoaren eta enpleguaren mesedetan, bat etorriz administrazio-kargak murrizteko, enpresa-ingurunea hobetzeko –ETEentzat bereziki– eta Europa 2020 Estrategiaren enpresari-espiritua sustatzeko helburuekin.

Administrazio-kontrola a posteriori egingo da, eta barne-merkataritzaren, lurzoruaren antolamenduaren eta hirigintzaren, osasunaren, ingurumenaren eta ondare historikoartistikoaren babesaren alorretan indarrean dagoen zehapen-araubidea aplikatuko da; mekanismo horrek ez du kalterik eragingo kontsumitzaileei eskainitako zerbitzuaren bermeetan, ez eta aplikagarri den erkidegoko edo udaleko araudi sektoriala betetzeko betebeharrean ere.

Lizentzia bestelako ex post kontrol-ekintzekin ordezteak ez du eragingo, inolaz ere, udalen edo aurretik irekitze-lizentziak eman dituzten erakundeen zergetatik eratorritako diru-sarrerak murriztea. Aitzitik, establezimendu berriak irekitzea bizkortzen den heinean, kontzeptu horregatik lortutako diru-sarrerak areagotu egingo dira, establezimendu berriak irekitzea erraztuko denez gero. Lege honek Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bategina (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen) aldatzen du, xede horrekinxe.

Lege honetan aurreikusitako neurriak merkataritzako eta zerbitzu osagarrietako enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude, batez ere. Sektore horietan jarduten diren enpresen % 90 baino gehiago enpresa txikiak eta ertainak dira, eta, oro har, beren establezimenduetan erakusketarako eta publikoarentzako salmentarako eremu erabilgarria 300 metro koadro baino txikiagoa izaten da. Eremu hori da, hain zuzen, lege honen eranskinak aipatzen dituen jarduera gehienen kasua. Hori dela-eta, lege honen bidez lokal berriak irekitzea eta sektore horretan enplegua sortzea sustatuko da.

Hona hemen legearen oinarriak: Espainiako Konstituzioaren jabetza pribaturako eskubidea (33.1 artikulua), enpresa-askatasuna (38. artikulua) eta merkatu-batasuna defendatzen duten ezarpen askatasunaren, ondasunen zirkulazio askearen eta zerbitzuak aske ematearen printzipioak (139.2 artikulua).

Nabarmendu behar da erreforma honen xedea dela suspertze ekonomikoaren inguruko helburu eta orientabideak ezartzea. Estatu mailako gutxieneko adostasunak ezartzen dira, enpresei segurtasuneko eta arau-batasuneko esparru bat eskaintzearren lurralde osoan. Horrek ez dio kalterik eragiten autonomia erkidegoek, beren eskumenen barruan, aurretiko kontrolak ezabatzeko irismen handiagoko erregimen bat arautzeko duten eskubideari.

Lege honetan bildutako neurriak agindu zehatzak eta berariazkoak dira. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi ekonomiaren antolaketa orokorrerako neurriak ez direnik, jurisprudentzia konstituzionalak behin eta berriz adierazi bezala. Izan ere, araugintzak eragin zuzena eta nabarmena du jarduera ekonomiko orokorrean.

Horrez gain, lege honetako neurriek administrazio-kudeaketa eta -kargak arintzea errazten dute, eta horrek, eragina du administrazio-prozedura erkidearen gainean (Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikulua).

Lege honetan aurreikusitako lizentziak ezabatzeko neurriei jarraiki, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuz, baliogabetzat jo ahal izango da erregimen hau hausten duen edo haren aplikazioa oztopatzen duen arau, xehapen edo ekintza oro, den autonomia-erkidego bateko organo batek onartua edo toki-administrazioetako organo batek onartua, alde batera utzi gabe, hala badagokio, araua betetzen ez duen herri administrazioari dagokion ondare-erantzukizuna eskatzeko aukera.

Bost artikulu ematen dira irekitze- eta jarduera-lizentziak ezabatzeari buruz; horietan, xedea, aplikazio-eremua, establezimendua ireki baino lehen udal-lizentziarik ezin exijitzea, erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea eta kontrol-araubide orokorraren betetzea arautzen dira.

II II tituluak esportazioa bultzatzeko mekanismo berri bat gehitzen du Espainiako antolamendu juridikoan. Titulu honek onartutako mekanismoaren xedea da Defentsa Ministerioaren ahalmenak garatzea esportazioa xede duten defentsa-arloko materialen programen kudeaketaren esparruan.

Orain arte ez da egon esportaziora bideratutako programen kudeaketan Defentsa Ministerioaren partaidetza aktiboagoa ahalbidetzen duen mekanismorik, eta hori desabantaila izan da gure oinarri industrial eta teknologikoarentzat: jatorrizko gobernuen aldetik babes proaktibo eta eraginkorragoa jasotzen zuten atzerriko oinarri industrialetako eskaintzekin desabantailan lehiatu da nazioarteko merkatuan.

Lege honetan aplikatzen diren neurrien xede funtsezkoa da Espainiako defentsaren sektore industrialarentzat erabakigarria den fase honetan antzeman diren gabeziei aurre egitea. Egungo fase honetan, murriztu egin da Espainiako jarduera ekonomikoan ezinbestekoa den sektorearen gastua, handitu egin da defentsa-materialaren nazioarteko eskaria, programa handien esleipen-prozesuetan gero eta handiagoa da garapen bidean dauden zenbait potentzien nazioarteko lehiakortasuna eta, azkenik, defentsa materiala eskuratzeko prozesuetan, ezin atzeratuzkoak baitira haien garrantzia dela eta, Espainiako Gobernua bitartekari bakarra izatea nahi dute potentziok.

Neurri horien bidez, Espainiako gobernuak tresna eraginkor, iraunkor, malgu eta nazioarteko eskariaren beharrizanei egokitzekoak izango ditu eskura.

Hemen bildutako xedapenek zuzenbide konparatuko erakunde tradizionalak –esportaziora zuzendutako defentsa-materialen programen kudeaketari buruzkoak– egokitzen dituzte Espainiako antolamendu juridikoaren arabera, Defentsa Ministerioari tresna eraginkorrak, malguak eta nazioarteko eskariaren beharretara moldagarriak ematen dizkio kasuan-kasuan, eta betebeharren izaera dela-eta kontratistari edo gobernu eskuratzaileei ez beste inori dagokien ondare-erantzukizuna kentzen dio Espainiako ogasun publikoari.

Mekanismo horren funtzionamenduak bi harreman juridiko ditu ardatz: bat horizontala, gobernutik gobernura, eskatzen duen gobernuaren eta Espainiako gobernuaren artekoa; bestea, berriz, bertikala, Espainiako Gobernuaren (Defentsa Ministerioaren bitartez) eta enpresa hornitzaile baten edo gehiagoren artekoa.

Harreman horizontalaren oinarria Espainiako Gobernuaren eta atzerriko beste baten arteko kontratu bat da, sektore publikoko defentsaren eta segurtasunaren arloetako kontratuei buruzko abuztuaren 1eko 24/2011 Legearen 7.1.g) artikuluan aurreikusten den moduan. Kontratu horren arabera, Espainiako kontratista baten bidez defentsa-material edo -teknologia jakin bat jasotzeko beharrezkoak diren kudeaketa-jarduera guztiak egitea eskatzen dio atzerriko gobernuak Espainiako Gobernuari. Kontratu horrek berekin daraman aginduaren negozio juridikoak hainbat abantaila ditu: hornitzen den ondasuna ez da herri-administrazioen ondarean sartzen, ez da aldatzen indarrean dagoen defentsamaterialaren kanpo-merkataritzaren kontrolari buruzko araudia, eta aukera ematen du kontratuetan jatorria duten erantzukizunen eta arriskuen berri ematea kontratisten eta atzerriko gobernuen artean zuzenean egin dadin.

Harreman bertikala, bestalde, Defentsa Ministerioak —aurreko jarraibideari jarraiki— barneko trafiko juridikoan egingo dituen jardueren bidez garatzen da; horretarako aplikatzen dira, batetik, indarrean dagoen sektore publikoko kontratazio administratiboaren mekanismoak eta, bestetik, aurrekontu-araudian aurreikusitako kudeaketa ekonomikofinantzarioa kontrolatzeko araubidea eta zehapen-araubidea.

Kontuan hartuta kontratazioan ez dela baliatzen funts publikorik, atzerriko gobernuarentzako funtsak gordailutzeko kontuak irekitzea aurreikusten da; horietan, Espainiako Gobernua izango da funtsak ateratzeko baimena izango duen bakarra. Aldi berean, xedapen bereziak ezarri dira sektore publikoko kontratazioari buruzko araudi orokorrak herri-administrazio baten eta kontratisten arteko funts-fluxu bat aurreikusten duen kasu guztiak arautzeko; hala, harreman horretako funts-fluxuak ez dira ogasun publikoarekin lotuko, baizik eta atzerriko gobernuak programak ordaintzeko aurreratuko duen zenbatekoa gordeko den funtsak gordailutzeko kontuarekin.

Amaitzeko, zuzenbide konparatuan bezala, egokitzat jo da esportaziora bideratutako programaren funtsak gordailutzeko kontuaren kargura Defentsa Ministerioak egiten dituen gastuen diru-itzultzea aurreikustea (berak kudeatzen du kontu hori), emandako laguntzarengatik Defentsa Ministerioak ez gasturik ez irabazirik ez izateko.

III Edukia hiru xedapen gehigarrirekin osatu da. Lehenengoan hauxe xedatu da: aurretiko komunikazioen eta erantzukizunpeko adierazpenen ereduak egitea, administrazioen arteko lankidetza errazteko, eta, bestalde, udal-lizentzien inguruko ordenantza-eredu bat garatzea. Bigarren xedapen gehigarrian, erakunde kolaboratzaileei baimena ematen zaie deklaratzaileen baldintzak egiaztatzeko. Hirugarrenean xedatzen da lege hau komunikazio elektronikoen sare publikoen instalazioei aplikatuko zaiela. Xedapen iragankor bat gehitu da, non lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurei aplikatuko zaien araubidea ezartzen den, eta xedapen indargabetzaile bat.

Horrez gain, tokiko ogasunak arautzeko legea aldatzea xede duten hamaika azken xedapen biltzen dira, lizentzien inguruan egingo den erreformak tokiko ogasunen zergaaraubidean kalterik ez eragiteko. Halaber, azaroaren 23ko 18/2009 Legearen bigarren xedapen iragankorra aldatzen da; lege horren bitartez, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legearen testu artikulatua aldatu zen, zehapen-arloari dagokionez, eta ondorioz, administrazioek jakinarazpenak Bideetako Helbide Elektronikoaren bidez egiteko edo, hala badagokio, Trafiko-zehapenei buruzko Ediktuen Taulan jartzeko epemuga 2012ko maiatzaren 25etik 2014ko maiatzaren 25era pasa da; neurri horrekin, bidaltzen diren jakinarazpenen baliozkotasuna bermatuko da sistema berrira atxikitzeko behar diren baliabide tekniko eta finantzarioak izan arte. Estatuko Osasun Sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko neurri urgenteei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua ere aldatu egiten da, ikusi baita haren 5. artikuluak akats material bat duela maiatzaren 16ko 823/2008 Errege Dekretuaren 2. artikuluari ematen dion idazkeran — Errege Dekretu horrek gizakientzako sendagaiak banatu eta emateko orduan zer marjin, kenkari eta deskontu aplikatu behar diren ezartzen du—, eta berehala zuzendu beharrekoa baita, zeren eta hark dakarren eskalaren arabera ezinezkoa baita farmazia-bulegoetarako aurreikusitako hobarien araubidea eraginkortasunez aplikatzea. Bestalde, aldatu egin da defizit publikoa murrizteko tributu- eta administrazio-arloko zenbait neurri onartzen dituen martxoaren 30eko 12/2012 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria (tributu-aitorpen berezia arautzen du). Xedea da aitortu diren ondasun edo eskubideen balioa zehaztea tributu-kontuetarako, eta, era berean, kautelazko hainbat neurri sartzen dira, zergagabetzerik gerta ez dadin. Horrez gain, aldatu egiten da abuztuaren 1eko 26/2011 Legearen azken xedapenetako bigarrena (araudia Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen gaineko Nazioarteko Hitzarmenaren arabera egokitzekoa), hartara testu bateratu bat egiteko; orobat aldatzen da ekainaren 24ko 16/2011 Legea, kontsumorako kreditu-kontratuei buruzkoa eta Publizitateari buruzko azaroaren 1eko 34/1988 Lege Orokorra. Aukera ematen da, orobat, Gobernuak merkataritza-jardueren eta zerbitzuen katalogoa zabalagotu dezan, hartara baimenak ez daitezen nahitaezkoak izan, eta lege honetako I. tituluan aurreikusitako eremu-atalasea ere zabalagotu dezan.

Era berean, babestu egiten da autonomia-erkidegoek katalogo eta atalase hori zabalagotzeko duten eskumena. Bestalde, gobernuak, betiere, berrikusi egin beharko ditu katalogoa nahiz eremu-atalase horiek; urtebeteko epea izango du horretarako, lege hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita. Gaitasuna ematen zaio gobernuari lege honen II. titulua garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan. Zehaztu egiten da zein eskumen-tituluk ematen dioten Estatuari lege hau emateko eskumena, eta xedatzen da ezen Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dela indarrean. Amaitzeko, eranskin bat sartu da, ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifak eta jarraibidea onartzen dituen irailaren 28ko 1175/1990 Errege Dekretuaren pean diren multzo eta jarduera-multzoak identifikatzen dituena.

I. TITULUA Merkataritza sustatzeko neurri urgenteak 1. artikulua.  Xedea.

Lege honen I. tituluaren helburua txikizkako merkataritzaren eta zenbait zerbitzuren jarduera sustatzea eta dinamizatzea da. Horretarako, merkataritza-jardueran hasteko eta aritzeko administrazio-kargak eta mugak ezabatuko dira, zehazki, merkataritzaestablezimenduekin, horien instalazioekin eta aurretiko zenbait obrekin lotutako udallizentziak.

2. artikulua.  Aplikazio-eremua.

1.  Lege honen I. tituluko xedapenak eranskinean aurreikusitako txikizkako merkataritza-jarduerei eta zenbait zerbitzuri aplikatuko zaizkie, baldin eta establezimendu iraunkorretan egiten badira, estatu barruan kokatuta badaude eta erakusketarako eta publikoarentzako salmentarako eremua erabilgarria 300 metro koadro baino handiagoa ez bada.

2.  Lege honen I. tituluko arauditik kanpo gelditzen dira aipatutako establezimenduetan egin arren ondare historiko-artistikoan edo jabari publikoko ondasunen erabilera pribatuan edo okupazioan eragina duten jarduerak.

3. artikulua.  Lizentzia ezin eskatzea.

1.  Aurreko artikuluan definitutako merkataritza- eta zerbitzu-jardueretan hasteko eta aritzeko, sektore publikoko administrazioek eta entitateek ezingo dute instalazio, funtzionamendu edo jarduerarekin lotutako aurretiko lizentziarik eskatu, ez eta horien antzekorik edo analogorik ere, baldin merkataritza-jarduerari ekiteko edo dagokion establezimendua bera irekitzeko baldintza gisa aurretiazko baimena izatea eskatzen badute.

2.  Era berean, ezingo da lizentziarik eskatu merkataritza- eta zerbitzu-jardueretan titularitate-aldaketak egiteko. Kasu horietan, aukeran izango da administrazio eskudunari aurrez jakinarazteko eskatzea, informatzeko helburu soilarekin.

3.  Ezingo da aurretiko lizentzia edo baimenik eskatu merkataritza-jardueretan aritzeko lokalak egokitzeko obrak egiteko, baldin eta obra horiek ez badute eskatzen obraproiekturik egitea, Eraikuntzaren Antolamendurako azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2

artikuluaren arabera.

4.  Lizentzia ezin eskatze hau ez zaie aplikatuko indarrean dagoen ordenamenduari jarraituz egindako eraikuntza-lanei; horien kasuan, dagokien legeriak arautuko ditu aurretiko lizentzia eskatzea, baldintza orokorrak eta hura emateko eskumena.

4. artikulua.  Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiko jakinarazpena.

1.  Aurreko artikuluen arabera eskatu ezin daitezkeen aurretiko lizentziak erantzukizunpeko adierazpenekin edo aurretiko komunikazioekin ordeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. bis artikuluan xedatutakoan oinarrituta, eta, adierazpen edo komunikaziootan, indarreko araudian xedatutako legezko aurreikuspenak betetzen direla adieraziko da. Edozein kasutan, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiko komunikazioa egiten duenak dagokion zergaren ordainagiria izan beharko du, aginduzkoa den kasuetan.

2.  Erantzukizunpeko adierazpenetan edo aurretiko komunikazioetan, indarrean den araudiaren arabera eska daitezkeen baldintzak betetzen direla adierazi beharko da esplizituki, hori egiaztatzeko agiriak eta dagokion proiektua izatea barne, 3.  Aurreko paragrafoak aipatutako proiektuak tekniko eskudunek sinatu beharko dituzte, indarrean dagoen araudiaren arabera.

4.  Jarduera berarekin zerikusia duten beste jardun batzuk gauzatu behar direnean edo jarduera gauzatzen den lokal berean beste jardun batzuk gauzatu behar direnean, erantzukizunpeko adierazpenak nahiz aurretiko komunikazioak batera izapidetuko dira.

5. artikulua.  Kontrol-araubide orokorra betetzea.

Erantzukizunpeko adierazpena nahiz aurretiko komunikazioa aurkezteak (une horretatik aurrera merkataritza-jardueran aritzeko baimena izatea da ondorioa) ez dakar, inola ere, establezimenduaren ezaugarriei eta baldintzei buruzko judiziorik ez eta horiek aplikagarria den araudiarekin bat datozelako irizpenik, eta ez du esan nahi, orobat, kasu bakoitzean aplikagarria den antolamendu sektorialak edozein administraziori (den estatukoa, autonomikoa edo tokikoa) esleitutako ahalak mugatzen direnik, izan egiaztatzeko ahalak, ikuskatzekoak, zehatzekoak edo, orokorrean, kontrolatzekoak.

Tokiko erakundeen eskumenen esparruan, erantzukizunpeko adierazpenaren zein aurretiko komunikazioaren bidez interesatuak adierazitako elementuak eta egoerak gerora egiaztatzeko prozedura arautzeko ahalmena ematen zaie erakundeon, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikuluan xedatutakoa oinarri hartuta.

II. TITULUA Defentsa Ministerioak egiten duen defentsa-materialaren esportazioari babesa ematea 6. artikulua.  Defentsa-materialen hornidurari buruzko kontratuak.

Defentsa Ministerioak, Espainiako Gobernuaren eta atzerriko gobernu baten artean egindako kontratuan ezarritako baldintzak betez, atzerriko gobernuaren izenean eta haren ordezkari gisa, hari defentsa-material jakin bat emateko egin beharreko kontratazioari, gainbegiratzeari, laguntza logistikoari eta teknologia-transferentziari dagozkion jarduerak gauza ditzake, 8. artikuluko baldintzek xedatu bezala.

7. artikulua.  Atzerriko gobernuaren bermeak.

Atzerriko gobernuak behar beste berme eman beharko du beraren eta Espainiako Gobernuaren artean egindako kontratuaren arabera Defentsa Ministerioak bere gain hartzen dituen erantzukizunak bermatzeko.

8. artikulua.  Defentsa Ministerioaren jardunak.

1.  Espainiako Gobernuaren eta atzerriko gobernu baten artean egindako kontratuan ezarritako baldintzak betez, Defentsa Ministerioak honako jardun hauek gauzatu ahal izango ditu:

a)  Lege honen 11.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, atzerriko gobernuak eskatutako defentsa-materialaren horniketa kontratatzea atzerriko gobernuaren izenean eta haren ordezkari gisa, bai eta kontratua gauzatzen eta betetzen dela gainbegiratzea eta hornigaia jasotzea ere.

b)  Atzerriko gobernuen eta egoitza fiskala Espainian duen enpresa baten artean egindako bestelako defentsa-materialen hornidura-kontratuak garaiz eta behar bezala betetzen direla gainbegiratzea.

c)  Atzerriko gobernuen aldeko defentsa-materialak eskuratzeko programak planifikatzea eta kudeatzea.

d)  Defentsa-materialen inguruko ezagutza operatiboa eta teknologikoa ematea atzerriko gobernuei, bai eta ezagutza hori helarazteko kontratuak egitea ere.

e)  Defentsa-materialari buruzko programa bat aurrera eramateko prestakuntza tekniko eta operatiboko zerbitzuak edo beharrezkoak diren bestelako zerbitzuak ematea eta zerbitzu horiek kontratatzea.

f)  Kalitatea ziurtatzeko jarduerak gauzatzea.

g)  Beste jarduera batzuk gauzatzea, aurreko jarduera horien osagarri edo aurreko jarduera horiek behar bezala gauzatzeko beharrezkoak direnak.

2.  Aurreko 1. paragrafoko jarduerak egiteko Defentsa Ministerioak kontratazioegintzak gauzatu behar baditu atzerriko gobernu baten kontura, horrek ez dio ez kostu ez irabazi ekonomikorik ekarriko Defentsa Ministerioari.

3.  Aurreko 1. paragrafoko jarduerak, Espainiako gobernuaren eta Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako gobernuen arteko kontratuen ondorio gisa gauzatu behar badira, Europako Erkidegoko araudiaren arabera gauzatu beharko dira.

9. artikulua.  Hornigaiak herri-administrazioen ondarean ezin sartzea.

Aurreko 8.1 artikuluak aipatzen duen defentsa-materiala, Defentsa Ministerioak haren hornidura kontratatu duenean, ez da izango herri-administrazioen ondarearen zati.

10. artikulua.  Esportatzaile-izaera.

Abenduaren 28ko 53/2007 Legeari jarraituz (defentsako eta erabilera biko materialaren kanpo-merkataritzaren kontrolari buruzkoa), Defentsa Ministerioak 8.1 artikuluan deskribatutako jarduerak gauzatu arren, kontratistak esportatzaile izaten jarraituko du.

11. artikulua.  Atzerriko gobernu baten izenean eta haren ordezkari gisa egiten diren kontratuak.

1.  Espainiako Gobernuak eta atzerriko gobernu batek sinatutako kontratuetan ezarritakoa gorabehera, titulu honetan aurreikusten ez den gainerako guztian, 8.1

artikuluan aurreikusitako jarduerak gauzatzeko egiten diren kontratuak sektore publikoko kontratuei buruzko indarreko araudiaren arabera egingo dira.

2.  Gastu-konpromiso bat hartu ahal izateko beharrezkoak diren funtsak erabilgarri daudela egiaztatzen duen dokumentua gehituko zaio kontratazio-espedienteari.

Dokumentu hori 12. artikuluan aipatutako funtsak gordailutzeko kontua ireki den kredituentitateak jaulkiko du.

3.  Defentsa Ministerioarekin egindako kontratuen arabera jarri behar diren finantzabermeak funtsak gordailutzeko kontua ireki den bankuan godailutuko dira. Bermeen kudeaketaren gaineko erantzukizuna Defentsa Ministerioarena izango da beti eta modu esklusiboan.

Bermea abal bidez jarriz gero, solidarioa izan beharko da, eta uko egingo beharko zaio eskusio-onurari.

Bermea kauzio-asegururako kontratu baten bidez jartzen bada, hurrengo arauak izango dira aplikagarri:

a)  Atzerriko gobernuak aseguratua izan beharko du.

b)  Aseguru-hartzaileak kontratua betetzen ez badu, kauzio-asegururako kontratutik eratorritako kalte-ordaina 12. artikuluak aipatutako kontuan sartu beharko da.

c)  Kontratua, Espainian, kauzio-aseguruen adarrean jarduteko baimenduta dauden entitateekin egin beharko da.

4.  Atzerapena izanez gero, kontratistari ezarriko zaizkion zigorrak kontratistari ordaindu behar zaion zenbateko oso edo partzialetik dagokion kopurua kenduz gauzatuko dira, edo, hala badagokio, eratutako bermetik, atzerriko gobernuaren funtsak gordailutzeko kontuan egindako atxikipenetatik kendu ezin badira.

5.  Baldin eta, Espainiako antolamendu juridikoaren arabera, Defentsa Ministerioa, 8.1 artikuluak adierazitako jarduerak gauzatzean, kontratistak hirugarrenei eragindako kalte-galeren erantzule bada berak emandako agindu batengatik edo berak fabrikaziohornidurarako egindako proiektuaren akatsen ondorio zuzen eta tartekorik gabekoengatik, kalte-galerengatiko kalte-ordainak atzerriko gobernuaren funtsak gordailutzeko kontuaren kontra gauzatuko dira.

6.  Baldin eta Defentsa Ministerioak, bere gain hartutako ordezkaritzari jarraiki, kontratu baten gauzatze osoaren edo partzialaren prezioaren ordainketa atzeratzen badu, berandutze-interesak eta kobrantza-kostuen kalte-ordaina atzerriko gobernuaren funtsak gordailutzeko kontuaren kontra gauzatuko dira.

7.  Atzerriko gobernuak eskatuta kontratua eteten bada, benetan eragindako kaltegalerak ordainduko zaizkio kontratistari, atzerriko gobernuaren funtsak gordailutzeko kontuaren kargura.

8.  Betetzearen ondorioz azkentzen bada kontratua, eta likidatutako saldoaren ordainketa berandutuz gero, kontratistak berandutze-interesak eta kobrantza-kostuen kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango du, atzerriko gobernuaren funtsak gordetzeko kontuaren kargura.

9.  Kontratua Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 223.g) artikuluan aurreikusitako kausarengatik suntsiarazten bada, horri dagozkion berandutzeinteresak eta kalte-ordainak atzerriko gobernuaren funtsak gordailutzeko kontuan kargatuko dira.

12. artikulua.  Atzerriko gobernu batek defentsa-materiala eskuratzea finantzatzeko funtsak gordailutzeko kontuak.

1.  Lege honetako 8.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak gauzatzeko, Defentsa Ministerioak, atzerriko gobernu baten kontura jardunez, bere esku izango du Espainian egoitza duten kreditu-entitateetan atzerriko gobernuak irekitako funtsak gordailutzeko kontuak kudeatzea, bai eta horrelako kontuak irekitzeko kontratuak egitea ere, baldin eta Espainiako Gobernuak eta atzerriko gobernuak horretarako kontratu bat egiten badute.

2.  Funtsak gordailutzeko kontua irekitzeko kontratuan, hortik funtsak atera eta atxikitzeko baimena izango duen bakarra Defentsa Ministerioa izango da.

3.  Defentsa Ministerioak funtsak gordailutzeko kontu hori irekitzeko, kontratazioespedienteak sektore publikoko kontratuen araudian xedatutakoa bete beharko du, prozedura negoziatuaren bidez (hiru eskaintza, gutxienez) eta behin betiko bermerik eskatzeko beharrik gabe. Edozein kasutan, kontratuetan klausula bat izango da, atzerriko gobernuak kreditu-entitate berean gordailututako beste funtsekin konpentsatzeko aukera eragozteko.

Esleipena egin eta kontratua formalizatu ondoren, jakinarazi egingo zaizkio atzerriko gobernuari hala egin dela, eta kontratua gauzatzen hasteko data adieraziko da.

4.  Defentsa Ministerioak, titulu honetan ezarritako helburuetarako irekitako kontuetan gordailututako atzerriko gobernuen funtsen funtzionamendu-erregimena zehazteko, hitzarmenak sinatu ahal ditu kreditu-entitateekin; bereziki, honako hauek zehazteko: zer interes-tasa ordainduko den, zer komisio ordainduko den eta, hala balegokio, kontuotan zer ordainketa-modu onartzen den eta kreditu-erakundeek zer informazio-betebehar hartzen duten beren gain.

5.  Kontu horiekin lotuta, Defentsa Ministerioak bere esku izango du administrazioorgano kudeatzailearen edo dagokion kreditu-entitatearen edozein datu eskuratzea kontua irekitzean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6.  Sei hilabetean behin, funtsak gordailutzeko kontuen bilakaerari eta egoerari buruzko informazioa bidaliko zaio Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Batzorde Eskuordedunari.

13. artikulua. Kostuak.

1.  Lege honetako 8. artikuluan aurreikusitako jardueretatik eratorritako kostuak atzerriko gobernuaren funtsak gordailutzeko kontura kargatuko dira zuzenean.

2.  Lege honetako 8. artikuluan deskribatutako jarduerak gauzatzeagatik Defentsa Ministerioari eragindako gastuak aipatutako kontuaren kargura izango dira, Altxor Publikoaren alde diru-sartzea eginez.

14. artikulua.  Kudeaketa ekonomiko-finantzarioa kontrolatzea.

Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan aurreikusitako ekonomia- eta finantza-kudeaketaren kontrol-funtzioak titulu honetan aurreikusitako jardueren gainean eta funtsak gordailutzeko egoera-kontuetan gauzatuko dira, analogiaz.

15. artikulua.  Erantzukizun-araubidea.

Azaroaren 26ko 47/2003 Legearen VII. tituluan aurreikusitako erantzukizunaraubidea 8. artikuluan adierazitako jarduerei aplikatuko zaie, lege horrek ezarritako baldintzeten arabera.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Herri-administrazioekiko lankidetza-harremanak.

1.  Estatuak, ezarpen handiena duten estatu mailako tokiko erakundeen laguntzarekin, erantzukizunpeko adierazpenen eta aurretiko komunikazioen ereduak sortzea sustatuko du, Lege honen I. tituluan aurreikusitako ondorioetarako, eta beharrezkotzat jotzen diren lankidetza-jarduerak ere adostu ahal izango ditu.

2.  Era berean, Zerbitzu Jardueren Araudia Hobetzeko Komitearen esparruan, herriadministrazioak lankidetzan arituko dira udalen kontrol eta esku-hartze egintzen inguruko ordenantza eredu bat bultzatzeko, txikizkako merkataritzaren jardueraren inguruan Lege honen I. tituluan ezarritakoa kontuan hartuko duena.

3.  Estatuak tramitazio elektronikoko eta leihatila bakarreko mekanismoak abiarazi eta ezarriko ditu Lege honen I. tituluan eta xedapen gehigarri honetako aurreko idatzzatietan aurreikusitakoaren ondoriozko araugintza-sinplifikazioaren ondorio positiboak indartzeko. Horrela jardunez, Gobernua eraginkorragoa izango da Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea betearazten; hain zuzen ere, lege horretan dago aurreikusita tramitazio elektronikoko mekanismoak ezartzea administrazio-kargak urritzeko eta ez-eraginkortasunak ezabatzeko, bai herri-administrazioei begira, bai herritarrei begira.

Bigarren xedapen gehigarria.  Erakunde laguntzaileak gaitzea.

Lege honen 4. artikuluan araututako erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiko komunikazioan adierazitako betebehar eta gertakariak egiaztatzeko, tokiko korporazio eskudunek aukera izango dute legez akreditatutako balorazio-, egiaztapen- eta kontrolerakundeen laguntza pribatua eskatzeko. Erakunde horien bitartez kudeatu ahalko dute egiaztatze-jarduera osoa edo haren zati bat. Erakundeok lehia-araubidearen pean jardungo dira. Dena dela, interesatuek, aurretiko komunikazioetan edo erantzukizunpeko adierazpenetan zehaztutako baldintzak baloratzeko, erakundeon zerbitzuak erabili ahal izango dituzte askatasunez; komunikazioaren hartzaile den administrazio eskudunak ezingo du, inola ere, horregatik ondoriozko tratamendu berezirik eman.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Komunikazio elektronikoko sare publikoak ezartzea.

Lege honen I. tituluan jasotako xedapenak komunikazio elektronikoko zerbitzuak emateko instalazio erradioelektrikoei —jendearen eskura direnei— aplikatuko zaizkie, salbu eta lege honetako 2.2 artikuluan aipatzen diren ezaugarriak badituzte, edo 300

metro koadro baino eremu handiagoa hartzen badute —horretarako, estazioaren edo instalazioaren esparruan sartzen den eremu guztia hartuko da kontuan— eta, berrian berri eraikitako instalazioak direnean, naturagune babestuei eragiten badiete.

Xedapen hau ez da eragozpen izango instalazio horiei Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 31/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudian ezarritakoa aplikatzeko.

Xedapen iragankorra.  Aurrez egindako lizentzia-eskaerak.

1.  Lege honen I. titulua indarrean sartu aurretik hasitako prozedurak, xedetzat aurreko araudiaren arabera beharrezkoak ziren lizentziak edo baimenak eskuratzea zutenak, eskaera aurkeztu zen unean indarrean zegoen araudiari jarraituz izapidetu eta ebatziko dira.

2.  Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, interesatuak atzera egin dezake eskaeran, eta araudi berria aplikatzea aukeratu, hura aplikagarria izango den alderdietan.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabeturik geratzen dira lege honetan aurreikusitakoaren kontra doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak, eta, zehazki, merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko presako neurriei buruzko 19/2012 Errege Lege Dekretua.

Azken xedapenetako lehena. Toki-ogasunak arautzen dituen legearen testu bategina aldatzea (Martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Hona nola geratzen den toki-ogasunak arautzen dituen legearen testu bategina (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen): Bat.  Aldatu egiten da 20. artikuluaren 4. paragrafoko h) eta i) idatz-zatien edukia; hona nola geratzen den idatzita:

«h) Lurzoruari eta hirigintza-antolamenduari buruzko legeek eskatutako hirigintza-lizentzia ematea edo kontrol-jarduera administratiboak gauzatzea, lizentzia-eskakizuna erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiko komunikazio batekin ordezten den kasuetan.

h)  Establezimenduak irekitzeko edo kontrol-jarduera administratiboak gauzatzeko lizentziak ematea, lizentzia-eskakizuna erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiko komunikazio batekin ordezten den kasuetan.» Bi.  Aldatu egiten da 100. artikuluko 1. paragrafoa; hona nola geratzen den idatzita:

«1.  Eraikuntzen, instalazioen eta lanen gaineko zerga zeharkako zerga bat da. Zergapeko egitatea da udal-barrutian edozein eraikuntza, instalazio edo lan egitea, baldin eta horiek egiteko obra- edo hirigintza-lizentzia eskuratu behar bada, lizentzia hori eskuratu den ala ez gorabehera, edo baldin eta horretarako erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiko komunikazioa aurkeztea eskatzen bada (lizentzia ematea edo kontrol-jarduera zerga ezartzen duen udalari dagokion kasuetan).» Hiru.  Aldatu egiten da 101. artikuluko 2. paragrafoa; hona nola geratzen den idatzita:

«2.  Eraikuntza, instalazioa edo lana ez badu zergapeko subjektu pasiboak egiten, zergapekoaren ordezko subjektu pasibo gisa hartuko dira dagozkien lizentziak eskatzen dituztenak, dagozkien erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiko komunikazioak aurkezten dituztenak edo eraikuntzak, instalazioak eta obrak egiten dituztenak.

Ordaindutako zerga-kuotaren zenbatekoa eskatu ahal izango dio ordezkoak zergapekoari.» Lau.  Aldatu egiten da 103. artikuluko 1. paragrafoa. Hona nola geratzen den idatzita:

«1.  Nahitaezko lizentzia emandakoan edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiko komunikazioa aurkeztutakoan, edota lizentzia eskatu, eman edo ezeztatu edo bi dokumentuak aurkeztu aurretik eraikuntza, instalazioa edo lana hasten denean, kontuaren behin behineko likidazioa egingo da, eta honela zehaztuko da zerga-oinarria:

a)  Interesatuek aurkeztutako aurrekontuaren arabera, betiere dagokion elkargo ofizialak oniritzia eman badu, halakorik ematea nahitaezkoa den kasuetan.

b)  Ordenantza fiskalak hala aurreikusten duenean, horretarako ezartzen dituen indizeen edo moduluen arabera.

Eraikuntza, instalazioa edo obra bukatutakoan, eta haren balio eraginkorra eta benetakoa kontuan hartuta, udalak, dagokion egiaztapen administratiboaren bidez, aurreko paragrafoan aipatzen den zerga-oinarria aldatuko du, hala badagokio, dagokion behin betiko likidazioa eginez eta subjektu pasiboari zenbatekoa ordaintzeko eskatuz edo, hala badagokio, hari dagokion zenbatekoa itzuliz.

Azken xedapenetako bigarrena.  Zehapenari buruzko atalari dagokionez, azaroaren 23ko 18/2009 Legea aldatzea; haren bitartez aldatu zen Trafikoari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Artikulatua (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartua).

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Artikulatua (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aldatzen duen azaroaren 23ko 18/2009 Legea aldatu egiten da zehapen-arloari dagokion zatian.

Bat.  Hona nola geratzen den idatzita bigarren xedapen iragankorra:

«Bigarren xedapen iragankorra.  Nola egin jakinarazpenak Bideetako Helbide Elektronikoan edo Trafiko-zehapenei buruzko Ediktuen Taulan.

Toki-administrazioek Bideetako Helbide Elektronikora edo, hala badagokio, Trafiko-zehapenei buruzko Ediktuen Taulara bidaliko dituzte jakinarazpenak 2014ko maiatzaren 25a baino lehen, haien baliabide teknikoek eta aurrekontu-baliabideek aukera ematen badute.

Bi.  Aldatu egiten da seigarren xedapen gehigarriko 3. paragrafoa; hona nola geratzen den idatzita:

«3.  Baimena ematen zaio gobernuari bigarren xedapen iragankorrean dagoen aldi baterako aurreikuspena (jakinarazpenak Bideetako Helbide Elektronikora edo Trafiko-zehapenei buruzko Ediktuen Taulara bidaltzearen ingurukoa) errege-dekretu bidez aldatzeko, aintzat hartuta, horretarako, finantza-egoera eta jakinarazpensistema horrek eraginkortasunez lan egiteko behar diren neurriak inplementatzeko toki-administrazioek dituzten benetako aukerak.» Azken xedapenetako hirugarrena.  Martxoaren 30eko 12/2012 Errege Lege Dekretua, defizit publikoa murrizteko zenbait tributu- eta administrazio-neurri sartzen dituena, aldatzea.

Bi paragrafo berri, 6.a eta 7.a, erantsi zaizkio adierazitako errege lege dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriari. Paragrafo horiek defizit publikoa murrizteko zenbait zerga- eta administrazio-neurri sartzen dituen martxoaren 30eko 12/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jartzen denetik izango dute eragina. Honela geratzen dira idatzita:

«6.  Zerga-aitorpen berezian aitortutako ondasunaren edo eskubidearen titular juridikoa ez bada Espainian bizi, eta titular juridikoa eta erreala ez badira bat bera, egitezko titular hori jo ahal izango da titulartzat, baldin eta ondasun edo eskubideen titularitate juridikoa eskuratzen badu 2013ko abenduaren 31 baino lehen.

Egitezko titularrak, ondoren, ondasun edo eskubide horien titularitate juridikoa eskuratzen badu, egitezko titularra subrogatuko da haren posizioan ondasun edo eskubideen balio eta eskuratze-datei dagokienez, eta ondasun edo eskubide horiek eskuratuta azaleratzen diren errentak ez dira sartuko xedapen gehigarri honetan aipatzen diren zergen oinarri zergagarrian.

7.  Zerga-aitorpen berezian aitortutako ondasunen edo eskubideen eskuratzebalioa 1. paragrafoak aipatutako zergei buruz izango da balioduna, adierazpena aurkezten eta dirua sartzen denetik aurrera. Hala ere, eskuratze-balioak gainditu egiten badu ondasunek edo eskubideek data horretan merkatuan duten balio arrunta, etorkizuneko eskualdaketei begira, galerak edo, hala badagokio, etekin negatiboak soilik izango dira konputagarriak, bi balioen arteko diferentzia gainditzen badute.

Ez dira kengarri fiskalak izango, inola ere, zerga-aitorpen berezian aitortutako ondasunei eta eskubideei dagozkien narriaduraren ondoriozko galerak edo baliozuzenketak, ez eta ondasunen eta eskubideen eskualdaketatik eratorritako galerak ere, eskuratzailea martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako sozietateen gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona edo entitatea den kasuetan.

Aitortutako ondasunen edo eskubideen titularitatea, partez, aitortutako errentekin bat badator, ondasunek edo eskubideek, zerga-ondorioetarako, aitorpen berezia aurkeztu aurretik zuten balioari eutsiko diote.» Azken xedapenetako laugarrena.  Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa, aldatzea.

Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko neurri urgenteei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren 5. artikulua honela geratzen da idatzita:

«5. artikulua.  Gizakiok erabiltzekoak diren sendagaiak banatzeari eta emateari dagozkien marjinak, kenkariak eta deskontuak ezartzen dituen maiatzaren 16ko 823/2008 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Aldatu egiten da maiatzaren 16ko 823/2008 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren 8. paragrafoa (maiatzaren 16ko 823/2008 Errege Dekretua, gizakiek erabiltzeko diren sendagaiak banatzeari eta emateari dagozkion marjinak, kenkariak eta deskontuak ezartzekoa). Hona nola geratzen den idatzita:

«8.  Zerbitzuaren irisgarritasuna eta kalitatea eta Osasun Zerbitzu Nazionaleko erabiltzaileei arreta farmazeutiko egokia ematen zaiela bermatzeko, artikulu honen 5. paragrafoan araututako kenkarien eskalatik kanpo dauden farmazia-bulegoei, farmazia-bulegoetako mozkinen indize zuzentzailea aplikatuko zaie beren alde; indizea botiken errezeten edo horiek banatzeko eskaeren ingurukoa izango da – funts publikoen kargura banatutakoak eta industrialki egindakoak badira–, eta ondoko eskala honetan oinarrituko da: Diferentziala Zenbatetik Zenbat arte 0,01

2.750,01

5.500,01

8.250,01

10.466,67

2.750,00

5.500,00

8.250,00

10.466,66

12.500,00

Ehunekoa 7,25

7,75

8,25

8,75

Finkoa 199,38

412,50

639,37

833,33

Eskala horren bitartea aplikatzeko, 12.500 euroko zenbatekoari botiken errezeten edo horiek banatzeko eskaerei dagozkien hileko fakturazioa kenduko zaio –funts publikoen kargura banatuak eta gizakientzako industrialki eginak izan behar dute botikek–, eta zenbatekoen arteko diferentzia hartuko da kontuan. Hileko fakturazio hori jendeari saltzeko ezarritako prezioen arabera eta balio erantsiaren gaineko zerga gehituta kalkulatuko da. 91,63 eurotik gorako prezio industriala duten botikei dagokienez, eta hileko fakturazio horren aurkezpenari begira, zenbaketa horretatik kanpo geldituko da aipatutako industria-prezioa gainditzen duen zenbatekoa (jendeari saltzeko ezarritako prezioen arabera kalkulatuta eta balio erantsiaren gaineko zerga barne).

Zenbateko horren eta aipatutako eskalatik dagokion beheko bitartearen arteko diferentziari eskalan adierazitako ehunekoa aplikatuko zaio, eta, hortik ateratako emaitzari, berriz, eskalaren bitarte bakoitzean zehaztutako zenbateko finkoa gehituko zaio. Mozkinen indize zuzentzailearen aplikaziotik eratorritako hilabeteko zenbatekoa ezingo da, inola ere, 833,33 euro baino handiagoa izan farmaziaren alde.

Farmazia-bulegook, halaber, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a)  Ez izatea administrazio-zehapenik ez gaitasungabetze profesionalik, eta ez egotea dagokien hitzarmenetik kanpo.

b)  Dagokion osasun-administrazioak ezarritako farmazia-arretarako programetan eta botikak zentzuz erabiltzeko jardueretan parte hartzea.

c)  Urteko guztirako salmentak, balio erantsiaren gaineko zerga gehituta duten publikoari saltzeko prezioen arabera, 200.000 eurokoak izatea, gehienez ere, aurreko urte naturalari dagokion ekitaldi ekonomikoan.

Eskatutako baldintzak betetzeari buruzko erabakia, bai eta erabaki horren ondoriozko gorabeherez ebaztea ere, farmazia-antolamenduko osasunadministrazio eskudunen erantzukizuna izango da, eta horiek izango dira bi alderdiok aplikatzeko prozedura ezarriko dutenak. Horren guztiaren berri emango zaio, aurrez, Estatuko Administrazio Zibileko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorrari, Mutualitate Orokor Judizialari, Indar Armatuen Gizarte Institutuari, eta, hala badagokio, Osasun Kudeaketarako Institutu Nazionalari.

Osasun Sistema Nazionaleko osasun arloko administrazioei (Estatuko Administrazio Zibileko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorra, Mutualitate Orokor Judiziala eta Indar Armatuen Gizarte Institutua barnean hartuta) dagozkien mozkinen indize zuzentzailearen aplikaziotik eratorritako zenbatekoa farmaziabulego bakoitzaren hileko fakturazioan hiru horietako bakoitzak osatzen duen ehunekoaren aplikaziotik lortutakoa izango da. Informazio hori kudeatzeko prozedura kenkarien eskala bateratuaren aplikazioari buruzko txostenei buruz ezarritako arauei egokituko zaie.»» Azken xedapenetako bosgarrena.  Araudia Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenari egokitzeari buruzko abuztuaren 1eko 26/2011 Legea aldatzea.

Hona nola geratzen den idatzita abuztuaren 1eko 26/2011 Legearen azken xedapenetako bigarrena (26/2011 Legea, abuztuaren 1ekoa, Araudia Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenari egokitzeari buruzkoa):

«Gobernuak, 2013ko abenduaren 31 baino lehen, eta aldez aurretik Desgaitasunen gaineko Estatuko Batzordeari kontsulta eginez, Testu Bategin bat egin eta onartuko du, honako hauek erregularizatu, argitu eta bat etorrarazteko:

13/1982 Legea, apirilaren 7koa, minusbaliatuak gizarteratzeari buruzkoa; 51/2007 Legea, abenduaren 2koa, minusbaliatuen aukera-berdintasunari, diskriminazioarik ezari eta edonorako irisgarritasunari buruzkoa; eta 49/2007 Legea, abenduaren 26koa, minusbaliatuen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta edonorako irisgarritasunari buruzko arloko arau-hauste eta zehapenei buruzkoa.» Azken xedapenetako seigarrena. Kontsumorako kreditu-kontratuei buruzko ekainaren 24ko 16/2011 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da 34. artikuluaren 1. paragrafoko lehenbiziko zenbakia. Hona hemen nola geratzen den idatzita:

«1.  Bigarren paragrafoan aurreikusitakoez besteko pertsona fisikoek eta juridikoek lege honetako xedapenak betetzen ez badituzte, kontsumo-arloko arauhaustetzat jo eta zehapena ezarriko da, eta Erabiltzaileak eta Kontsumitzaileak defendatzeko Lege Orokorraren Testu Bateginaren lehenbiziko liburuaren IV. tituluan (azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategin hori) eta beste lege osagarri batzuetan aurreikusitako kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko zehapen-araubide orokorrean xedatutakoa aplikatuko da, bai eta dagozkien lege autonomikoetan ezarritako arauak ere.» Azken xedapenetako zazpigarrena. 34/1988 Lege Orokorra aldatzea (34/1988 Lege Orokorra, azaroaren 11koa, Publizitateari buruzkoa).

Hona nola geratzen den idatzita Publizitateari buruzko Lege Orokorraren 5. artikuluko 5. paragrafoa (34/1988 Lege Orokorra, azaroaren 11koa, Publizitateari buruzkoa):

«5.  Debekatu egiten da 20 gradu baino alkohol-graduazio handiagoko edarien publizitatea egitea telebista bidez.

Debekatu egiten da 20 gradu baino alkohol-graduazio handiagoko edarien publizitatea egitea, edari horiek saltzea edo kontsumitzea debekatuta dagoen lekuetan.

Alkoholdun edarien publizitatea egiteko modua, edukia eta baldintzak erregelamendu bidez mugatuko dira, pertsonen osasuna eta segurtasuna babestearren, kontuan hartuz norentzat egiten den publizitatea, ea zuzenean edo zeharka irizpiderik gabeko kontsumoa bultzatzen ote den eta, betiere, hezkuntzaren, osasunaren eta kirolaren arloekiko arretaz.

Aurreko paragrafo horretako helburu horiekin berekin, Gobernuak, erregelamenduz, bere esku izango du paragrafo honetan 20 gradu baino alkoholgraduazio handiagoko edarietarako ezarritako debekuak 20 gradu baino alkoholgraduazio txikiagoko edarietarako ere zabaltzea.» Azken xedapenetako zortzigarrena. Lege honen eranskinean aurreikusitako jardueren katalogoa aldatzeko baimena ematea Gobernuari.

Gobernuak, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak hala proposatuta, lege honen eranskinean aurreikusitako merkataritza-jardueren eta zerbitzuen katalogoa aldatzeko aukera izango du. Edonola ere, hura indarrean sartu eta urtebeteko epean berrikusi egingo du.

Azken xedapenetako bederatzigarrena.  Lege honen eranskinean aurreikusitako gutxieneko eremuaren neurria aldatzeko baimena ematea Gobernuari.

Gobernuak, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak hala proposatuta, lege honen I. tituluan aurreikusitako eremu-atalase aplikagarria aldatzeko aukera izango du, beste eremu batzuetara hedatzeko helburuarekin, merkatuaren eta egoera ekonomikoaren arabera egokitzearren. Edonola ere, hura indarrean sartu eta urtebeteko epean berrikusi egingo du.

Azken xedapenetako hamargarrena.  Autonomia-erkidegoek eremu-atalasea, jardueren katalogoa eta baimenak eskatu behar ez diren beste kasu batzuk hedatzea.

Autonomia-erkidegoek, beren eskumenen esparruan, lege honen I. tituluan eta eranskinean aurreikusitako eremu-atalasea eta merkataritza-jardueren eta zerbitzuen katalogoa zabaltzeko aukera izango dute, bai eta baimenak eskatu behar ez diren beste kasu batzuk, edozeintzuk, ezarri ere.

Azken xedapenenetako hamaikagarrena.  Eskumen-titulua.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 1., 13., 14., 16. eta 18. arauetan xedatutakoaren babesean eman da; arau horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari, konstituzio-eskubideak egikaritzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautu, jarduera ekonomikoaren oinarriak ezarri eta hura koordinatu, eta Ogasun Nagusiaren, sendagaiei buruzko araudiaren eta herri-administrazioen araubide juridikoaren oinarriak finkatzeari dagozkion arloetan.

Azken xedapenetako hamabigarrena.  II. tituluaren erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuak bere esku du lege honen II. tituluan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak ematea.

Azken xedapenetako hamahirugarrena.  Zehapen-araubidea.

Gobernuak, urtebeteko epean, lege-proiektu bat aurkeztuko du lege honetan aurreikusitako betebeharrak betetzen ez diren kasuetan aplikatuko diren arau-hausteak eta zehapenak arautzeko.

Azken xedapenetako hamalaugarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanako zein agintariei.

Madrilen, 2012ko abenduaren 26an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

ERANSKINA Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren jarduerak Hurrengo jarduerak bat datoz Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren tarifak eta izapideak ezartzeko irailaren 28ko 1175/1990 Errege Dekretuak ezarritako funtsezko alderdiekin eta baldintzekin.

45.  multzoa. Oinetakoen, jantzien eta ehungintzako bestelako produktu landuen industria 452 multzoa. Artisau-oinetakoak eta neurrirako oinetakoak egitea (oinetako ortopedikoak barne).

452.1  epigrafea.  Artisau-oinetakoak eta neurrira egindako oinetakoak.

452.2  epigrafea.  Oinetako ortopedikoak, osasun-produktutzat hartutakoak izan ezik.

454.  multzoa. Jantziak eta haien osagarriak neurrira egitea.

454.1  epigrafea.  Neurrira egindako jantziak.

454.2  epigrafea.  Txapelak eta neurrira egindako jantzietarako osagarriak.

64.  multzoa. Establezimendu iraunkorretan egiten den jangaien, edarien eta tabakoaren txikizkako merkataritza 641.  multzoa. Fruituen, barazkien, ortuarien eta tuberkuluen txikizkako merkataritza.

642.  multzoa. Honakoen txikizkako merkataritza: haragia eta hondakinak, haragi-gai eta haragiki landuak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak, eta horien ekoizkin eratorriak.

642.1  epigrafea. Honakoen txikizkako merkataritza: haragia eta hondakinak, haragigai eta haragiki landuak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak, eta horien ekoizkin eratorriak.

642.2  epigrafea. Harategi-urdaitegietan egiten den honako hauen txikizkako merkataritza: haragi freskoak eta izoztuak, hondakinak eta haragi-gai eta haragiki guztiak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, eta ehizakiak eta horien ekoizkin eratorriak.

642.3  epigrafea. Harategi-urdaitegietan egiten den honakoen txikizkako merkataritza:

haragi freskoak eta izoztuak, hondakinak, harakintzatiko ekoizkinak eta haragi-gai freskoak, gordinak, apailatuak, urdai gazituak, odol-hestebeteak (odolkiak) eta ezaugarri horiekiko bestelako produktu tradizional baimenduak, baita arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak eta horien ekoizkin eratorriak ere.

642.4  epigrafea.  Harategietan egiten den honakoen txikizkako merkataritza: haragi freskoa eta izoztua, hondakinak, eta haragi-gai eta haragikiak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak eta horien ekoizkin eratorriak.

642.5  epigrafea.  Arrautzen, hegaztien, abeletxeko untxien, ehizakien eta horien ekoizkin eratorrien txikizkako merkataritza.

642.6  epigrafea. Hondakin-saltokietan egiten den gizentzeko animalien barruki, errai eta hondakin fresko eta izoztuen txikizkako merkataritza.

643.  multzoa. Arrainen eta arrantzako eta akuikulturako bestelako ekoizkinen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.

643.1  epigrafea.  Arrainen eta arrantzako eta akuikulturako bestelako ekoizkinen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.

643.2  epigrafea. Bakailaoaren eta bestelako arrain gazituen txikizkako merkataritza.

644.  multzoa. Ogi, gozoki, konfite eta antzekoen, eta esne eta esnekien txikizkako merkataritza.

644.1  multzoa. Ogi, gozoki, konfite eta antzekoen, eta esne eta esnekien txikizkako merkataritza.

644.2  epigrafea. Ogi, ogi berezi eta opil dendak.

644.3  epigrafea. Gozogintzako, opilgintzako eta konfitegintzako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

644.4  epigrafea. Izozkien txikizkako merkataritza.

644.5  epigrafea. Bonboien eta karameluen txikizkako merkataritza.

644.6  epigrafea. Ore frijituen, estalien edota estali gabeen nahiz barrubeteen, patata frijituen, janaurrekoen, fruitu lehorren, gozokien, txokolatezko prestakinen eta edari freskagarrien txikizkako merkataritza.

645.  multzoa. Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.

647.  multzoa. Oro har, jangaien eta edarien txikizkako merkataritza.

647.1  epigrafea. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, saltzailedun establezimenduetan.

647.2  epigrafea. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko erregimenean nahiz erregimen mistoan, saltzeko gelak 120 metro koadro baino gutxiagoko eremua duenean.

647.3  epigrafea. Supermerkatuetan egiten den mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko erregimenean nahiz erregimen mistoan; saltzeko gelak 120 eta 399 metro koadro bitarte dituenean deritze supermerkatu.

65.  multzoa. Establezimendu iraunkorretan eginiko produktu industrial elikadurarakoez bestekoen txikizkako merkataritza 651.  multzoa. Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintzagaien txikizkako merkataritza.

651.1  epigrafea. Etxerako ehungintza-gaien eta jantzi-gaien, alfonbren nahiz antzekoen eta tapizgintza-gaien txikizkako merkataritza.

651.2  epigrafea. Gorputzerako nahiz bururako mota guztietako jantzien txikizkako merkataritza.

651.3  epigrafea. Lentzeriaren eta kortseteriaren txikizkako merkataritza.

651.4  epigrafea. Mertzeriako eta paketeriako gaien txikizkako merkataritza.

651.5  epigrafea. Jantzi berezien txikizkako merkataritza.

651.6  epigrafea. Zapaten, larruzko produktuen eta imitaziozkoen nahiz ordezko ekoizkinen, gerrikoen, diru-zorroen, poltsen, maleten eta, oro har, bidaiatzeko gauzen txikizkako merkataritza.

651.7  epigrafea. Larrukigintzako jantzien txikizkako merkataritza.

652.  multzoa. Drogeriako eta garbiketako gaien txikizkako merkataritza; mota guztietako lurrinena eta kosmetikoena; eta, oro har, kimikako ekoizkinena; belardendetako belarren eta landareen txikizkako merkataritza.

652.2  epigrafea. Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

652.3  epigrafea. Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako merkataritza.

652.4  epigrafea. Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.

653.  multzoa. Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.

653.1  epigrafea. Altzarien txikizkako merkataritza (bulegokoak ezik).

653.2  epigrafea. Material eta aparatu elektrikoen, elektronikoen eta etxetresna elektrikoen, argindarraz besteko energia mota batez eragiten diren etxeko bestelako aparatuen eta sukaldeko altzarien txikizkako merkataritza.

653.3  epigrafea. Etxeko hornidurarako, burdindegiko, apaindurako, oparitarako edo erakartzeko gaien txikizkako merkataritza (erakartzeko gaiak, imitaziozko bitxiak eta etxetresna elektriko txikiak barne).

653.4  epigrafea. Eraikuntzako materialen eta saneamenduko gaien eta altzarien txikizkako merkataritza.

653.5  epigrafea. Ateen, leihoen eta pertsianen, molduren eta markoen, oholtzen eta parket-mosaikoen, saski- eta kortxo-gaien txikizkako merkataritza.

653.6  epigrafea. Brikolajeko gaien txikizkako merkataritza.

653.9  epigrafea. Bestelako ataletan bildu ez diren etxeko ekipamendurako gaien txikizkako merkataritza.

654.  multzoa. Lurreko ibilgailuen, aireontzien nahiz itsasontzien eta makineriaren txikizkako merkataritza. Osagarriak eta ordezko piezak.

654.1  epigrafea. Lurreko ibilgailuen txikizkako merkataritza.

654.2  epigrafea. Lurreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.

654.3  epigrafea. Aireko ibilgailuen txikizkako merkataritza.

654.4  epigrafea. Ibaiko eta itsasoko ibilgailuen –beladun nahiz motordunen– eta kiroletarakoen txikizkako merkataritza.

654.5  epigrafea. Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuenak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).

654.6  epigrafea. Mota guztietako ibilgailuetarako gurpil-azalen, banden edo aireganberen txikizkako merkataritza.

656.  multzoa. Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasun erabilien txikizkako merkataritza.

657.  multzoa. Musika-tresnen eta haien osagarrien txikizkako merkataritza.

659 multzoa. Bestelako txikizkako merkataritza.

659.1  epigrafea. Bildumagileentzako zigilu, moneta, oroi-domina eta billeteen, artelanen eta antzinako gauzen, bildumetako edo banakako mineralen, fosilen, intsektuen, maskorren, landareen eta animalia disekatuen txikizkako merkataritza.

659.2  epigrafea. Bulegoko altzarien eta bulegoko makina eta ekipoen txikizkako merkataritza.

659.3  epigrafea. Medikuntzako, ortopediako eta optikako tresnen txikizkako merkataritza, pazienteen arabera egokitu behar direnak eta argazkigintzakoak salbu.

659.4  epigrafea. Liburuen, egunkarien, papergintzako osagaien eta irudi eta arte ederretako gaien txikizkako merkataritza.

659.5  epigrafea. Bitxigintzako, erlojugintzako, zilargintzako gaien eta imitaziozko bitxien txikizkako merkataritza.

659.6  epigrafea. Jostailuen, kiroletako gaien, kirol arroparen, zapaten eta buruko apaingarrien txikizkako merkataritza.

659.7  epigrafea. Hazien, ongarrien, lore eta landareen nahiz animalia txikien txikizkako merkataritza.

659.8  epigrafea. «Sex shop» deituriko txikizkako merkataritza.

659.9  epigrafea. Multzo honetan zehaztu gabeko bestelako produktuen txikizkako merkataritza, 653.9. epigrafean sailkatu direnak ezik.

69.  multzoa. Konponketak 691.  multzoa. Etxeko tresna elektrikoen, ibilgailu automobilen eta beste kontsumo gai batzuen konponketa.

691.1  epigrafea. Etxeko tresna elektrikoen konponketa.

75.  multzoa. Garraioei lotutako jarduerak 755.  multzoa. Bidaia-agentziak.

755.1  epigrafea. Beste bidaia-agentzia batzuei emandako zerbitzuak.

755.2  epigrafea. Bidaia-agentziek publikoari emandako zerbitzuak.

83.  multzoa. Finantzen eta aseguruen laguntzaileak. Ondasun higiezinen arloko jarduerak 833.  multzoa. Higiezinen sustapena.

833.1  epigrafea. Lursailen sustapena.

833.2  epigrafea. Eraikuntzen sustapena.

834.  multzoa. Higiezinen jabetzarekin eta industria-jabetzarekin lotutako zerbitzuak.

86.  multzoa. Ondasun higiezinak alokatzea 861.  multzoa. Hiri-higiezinak alokatzea.

861.1  epigrafea. Eraikuntzen alokairua.

861.2  epigrafea. Industriara bideratutako lokalak eta bestelako ataletan bildu ez direnak alokatzea.

862.  multzoa. Landa-higiezinak alokatzea.

97.  multzoa. Zerbitzu pertsonalak 971.  multzoa. Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.

971.1  epigrafea. Egindako arropak eta jantziak lehorrean garbitzea eta lisatzea eta etxeko artikulu erabiliak,.

971.2  epigrafea. Oinetakoak garbitzea eta tindatzea.

971.3  epigrafea. Arropak pasaratzea eta konpontzea.

972.  multzoa. Ile-apaindegiak eta apaindegiak.

972.1  epigrafea. Ilea apaintzeko zerbitzu gizon nahiz emakumeentzakoak.

972.2  epigrafea. Apaindegiak eta estetika-apaingelak.

973.  multzoa. Argazki zerbitzuak, argazki-makina automatikoak eta fotokopia zerbitzuak.

973.1  epigrafea. Fotografia-zerbitzuak.

973.2  epigrafea. Langilerik gabeko makina automatikoak, pertsonen argazkiak egiteko eta dokumentuak kopiatzeko.

973.3  epigrafea. Makina-fotokopiagailuen bitartez agiriak kopiatzeko zerbitzuak.

975.  multzoa. Markogintza-zerbitzuak.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra