Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

14/2013 Errege Lege Dekretua, azaroaren 29koa, Espainiako zuzenbidea Europar Batasuneko finantza-erakundeen gainbegiratze eta kaudimenari buruzko araudiaren arabera egokitzeko premiazko neurrien gainekoa

2013-11-29

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/11/30, 287. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

12529

14/2013 Errege Lege Dekretua, azaroaren 29koa, Espainiako zuzenbidea Europar Batasuneko finantza-erakundeen gainbegiratze eta kaudimenari buruzko araudiaren arabera egokitzeko premiazko neurrien gainekoa.

I

Azken urteotan, munduko finantza-sistemaren ezegonkortasunak, eta, bereziki, Espainiako finantza-sistemarenak, agerian utzi ditu finantza-araudiko zenbait hutsune.

Nazioarteko adituak ados daude iriztean 2008ra arte indarrean zegoen legeriak ez zuela lortu eragoztea finantza-erakundeen kapitalaren kalitatea eta kantitatea nahikoa ez izatea zurrunbilo gogorren mende egon zen testuinguru batean sortutako galerak xurgatu ahal izateko. Ez zuen lortu erakundeen portaera ziklikoegia arintzea ere, gehiegi handitu baitzuten kreditua hazkunde-faseetan eta, aldiz, era nabarmenean murriztu zuten atzeraldi-faseetan; hala, larriagotu egin zen finantzen ezegonkortasuna eta, bigarrenik, okerragotu egin ziren krisi ekonomikoaren eraginak eta iraupena.

Aurreko egiaztapen horren aurrean eta nazioarteko finantza-merkatuen arteko interkonexio ikaragarriak zirela bide, finantza-araudia erreformatzeko lehen erreakzioa, hain zuzen ere, nazioarteko foro nagusietatik sortu zen. Horrela, 2008ko azaroan, Washingtonen G-20ren inguruan bildutako munduko liderren bultzada politikoaren ostean, Basileako Banku Ikuskapenerako Batzordeak, 2010eko abenduan, «Bankuak eta bankusistemak sendotzeko esparru arautzaile globala» (Basileako ituna edo Basilea III izenaz ezagutzen dena) adostu zuen, eta etorkizuneko krisiak ekiditeko eta nazioarteko lankidetza hobetzeko xedez, bankuen kapital exijentziak –kuantitatiboak eta kualitatiboak– nabarmen areagotzea lortu zen. Akordio horren ardatz nagusiak, 2013ko ekainaren azkenetan, Europar Batasunaren araudi harmonizatu bihurtu ziren, bi lege-tresnaren bitartez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 575/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko ekainaren 26koa, kreditu-erakundeen eta inbertsio-zerbitzuetako enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzkoa, 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duena; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013/36/EB Zuzentaraua, 2013ko ekainaren 26koa, kreditu-erakundeak jardunean hasteari eta kreditu-erakundeen eta inbertsiozerbitzuetako enpresen zuhurtziazko gainbegiratzeari buruzkoa, 2002/87/EE Zuzentaraua aldatzen duena eta 2006/48/EE eta 2006/49/EE Zuzentarauak indargabetzen dituena.

Europako arau horiek, nolanahi ere, Basilea IIIko Itunen aplikazio soila aisa gainditzen duten egitekoa eta neurriak dituzte, dezente egiten baitute aurrera, kaudimenaren arloan, bankuen arteko araudi bakar bat sortzeko bidean. Harmonizazio-ariketa hori ezinbestekoa da Bankuen Batasuna eratzeari begira, zeina irmo sostengatuko baita finantza-araudi erkide horretan, euroguneko kreditu-erakundeak gainbegiratzeko eta desegiteko mekanismo bakarrak eratzeko orduan.

575/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko ekainaren 26koa, 2014ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta 2013/36/EB Zuzentaraua, 2013ko ekainaren 26koa, esandako data horretarako barneko zuzenbidean txertatuta egon beharko da. Espainiako ordenamendu juridikoa Europako arau berrietara egokitzeak eskatzen du une honetan indarrean dauden bankuen ordenazio- eta diziplina-arauak han eta hemen biltzen dituzten testuak. Ondorioz, segurtasun juridikoaren izenean eta arauaren eraginkortasun handiena bermatzearren, gure zuzenbidea araudi berrietara egokitzeko bi arau-proiektu artikulatu beharko dira. Alde batetik, oin berriko testu bat, kreditu-erakundeen kaudimenaren arloan dauden arau nazional guztiak behar bezala bategin eta doituko dituena. Eta, bestetik, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen, gure ordenamendua premia handieneko araualdaketetara egokituko duen arau bat, urgentziaz, bai gainbegiratzaileek baita finantzaerakundeek ere behar diren legezko bermeak izan ditzaten 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera lan egin ahal izateko eta 2013ko ekainaren 26ko 2013/36/EB Zuzentarauan jasotako egokitzapen funtsezkoak egiteko.

II Aparteko premia duen bigarren helburu horri erantzuten dio errege lege-dekretu honek, zeinaren neurri nagusiak hiru ardatzen inguruan biltzen baitira: Lehenik, arauak zuzenean txertatzen du Espainiako ordenazio eta diziplina araudian berehala aplikatzekoa den 575/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko ekainaren 26koa, eta horrela, hedatu eta egokitu egiten ditu Espainiako Bankuaren eta Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalaren gainbegiratze-eginkizunak, Europar Batasuneko zuzenbidean ezarritako eskumen berrien arabera. Era horretan bermatzen da gainbegiratzaileen kontrol operatiboa, Europako arautegi berritik kreditu-erakundeentzat eta inbertsiozerbitzuetako enpresentzat eratortzen diren obligazioak behar bezala betetzen direla segurtatzeko.

Bigarrenik, ordainsari aldakorra mugatzearen arloan izandako zenbait berritasun gehitu dira. Funtsean, ordainsari finkoaren ehuneko ehunean ezartzen da gehieneko muga, nolaz eta akziodunen batzarrak edo haren kideko organoak ez duen baimena ematen; kasu horretan, ehuneko berrehuneraino heldu ahal izango baita.

Eta, azkenik, 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazioeremua zedarritzera zuzendutako beste doiketa batzuk egin dira, gure erregulazioan nahi ez genituzkeen ondorioak eragozteko xedez. Kredituko finantza-establezimenduak arau honen pean geratzen ez direnez, ezinbestekoa da errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik indarrean dagoen araubide juridikoa mantentzea, behin-behineko izaeraz eta dagokien berariazko araubidea onartu arte.

Baloreen Merkatuaren Legea ere aldatu da, 2013/36/EB Zuzentarautik eratorritako erreformak sartzearren bertan. Inbertsio-zerbitzuetako enpresei dagozkie erreforma horiek, eta paralelismo handia dute kreditu-erakundeei buruz gorago aipatu direnekin.

Bestalde, bigarren xedapen gehigarrian, Espainian lehen aldiz, erakunde juridikoaren identifikatzailearen figura arautu da, burtsaz kanpoko deribatuei, kontrapartida zentraleko erakundeei eta eragiketen erregistroei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 648/2012 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Hurrengo urtearen hasieran, deribatuen kontratu bateko alderdiak identifikatuta egon beharko lirateke, dudarik gabe eta nazioarte mailan, Erakundearen Identifikatzailea deituko zaion kode bat erabiltzearen bitartez. Errege lege-dekretu honen indarrez, Merkataritza Erregistroari dagokio, Espainian, berori jaulkitzea eta kudeatzea.

Hirugarren xedapen gehigarriak beste aukera bat eman nahi die, hasieran aukera izanda, ekainaren 28ko 8/2013 Errege Lege Dekretuko II. tituluan aurreikusitako neurriak eskatu ez zituzten udalerriei, epe gehigarri batean, eskaerak eta dagokien doikuntzaplana aurkez ditzaten. Hainbat kasutan, dagokion udalerriko gobernagarritasun arazoen ondorio gisa sortu dira horrelako egoerak. Halakoak saihesteko, tokiko gobernu batzordeari ematen zaio esandako eskaera onartzeko ahalmena, eta organo hori ez badago, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerria delako eta ez dagoelako hartara behartuta, alkateari. Horrela, egoera politikoak udalerri horietako finantzen funtzionamenduan eragindako interferentzia-egoera desblokeatzea lortuko litzateke.

Hitz gutxitan esanda, xedapen honen helburua aipatutako aparteko neurri horietara ahalik eta udalerri gehien irits daitezen laguntzea da, erakunde haien berroreka eta egonkortasuna lortzean eraginik izan behar ez luketen oztopoak ezabatuta.

Xedapen honen urgentzia eta premia honako honetan datza: finantza-arazoak dituzten udalerriei laguntzeko aparteko neurrien eskaera urte honen barruan egin behar da Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioan. Neurri horiek, izan ere, beharrezkotzat jotzen dira esandako udalerrien finantza-egoera larria ahalik eta azkarren konpontzeko.

Laugarren xedapen gehigarriak ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamendua indarrean jartzen denetik aurrera lehentasuneko partizipazioek izango duten zuhurtziazko tratamendua jasotzen du, baina, mota horretako tresnentzat indarrean dagoen araubide fiskala aldatu gabe, finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legean ezarritakoaren arabera.

Halaber, Finantza-sistema sendotzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretuak indargabetu egin zuen Espainiako kreditu-erakundeen kapital nagusiari zegokion betekizuna, beharrezkoa zen gisan, eta, hori dela eta, xedapen gehigarri bat gehitu da, indargabetze horrek ekar ditzakeen ondorioak arintzeko. Xedapen horrekin bi helburu lortu nahi dira: alde batetik, 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamendu berrian aurreikusitako kapital-errekerimenduen arloko obligazioak bateragarri egitea, Eurotaldearen barruan erabakitakoari jarraituz, finantza-sektorea birkapitalizatzeko laguntza-programaren esparruan izenpetutako Ulermen Memorandumaren bitartez gure herrialdeak arlo horretan bere gain hartutako obligazioekin; eta, bestetik, Espainiako Bankuak berehala eta behar bezalako eskumenak eduki ditzan bermatzea, kaudimenari buruzko araudi berriak baliabide propioak murriztea ekar dezake-eta (zuhurtasun gutxiko neurria, inondik ere), horixe saihesteko.

Azken xedapenen barruan, aldatu egin da Espainiako Bankuaren Autonomiari buruzko ekainaren 1eko 13/1994Legea, eta areagotu egin dira instituzio horren eskumenak, gaitasuna eman baitzaio gida teknikoak prestatzeko eta kontsulta lotesleei erantzuteko; gainera, tresnak eman zaizkio gainbegiratze-araudia egoki interpretatu eta aplikatu dezan.

Era berean, kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aldatu da, Bankuen Berregituratze Ordenaturako Funtsaren (BBOF) egungo ondare-egoera zuzentzeko xedez; egoera hori, izan ere, berregituratze eta konpontzeetarako bere agintaritza izaera berezitik eratorritako galeren eraginez sortu da eta, horrela, azken finean, arauak egozten dizkion eginkizunak betetzea bermatzen da.

BBOF erakundeak konpontzeko agintaritza gisa egotzita dituen eskumen bereziek eta interes publikoa gogobetetzeko orduan duen zuzeneko eraginak eskatzen dute erakundearen ondare-egoerari irtenbidea bilatzea berehala, haren kaudimenari buruzko zalantza oro uxatuta. Horretarako, Funtsaren baliabide propioak handitzeko aukera ematen zaio, kredituak edo maileguak kapitalizatzearen bidez edo Estatuko Administrazio Nagusia hartzekodun gisa agertzen den beste zeinahi zorpetze-eragiketaren bitartez.

Halaber, kutxan jarduteko eraren kudeaketa malgutu egin da.

Azaroaren 14ko 9/2012 Legea garrantzi bereziko beste alderdi batean ere aldatu da, ezabatuta geratu baita Legearen VII. kapituluaren aplikazioari denbora-muga ezartzen zion xedapena, kapital eta mendeko zorren tresna hibridoen kudeaketari dagokionez.

Ezabatze horrek esan nahi du behin betiko indarrean geratzen direla, gure herrialdean, kreditu-erakunde baten berregituratzetik edo desegitetik eratorritako galerak akziodunek eta mendeko hartzekodunek xurgatzeko mekanismoak. Era horretan, Espainiak, modu iraunkorrean eta Europar Batasuneko estatu kide gehienei aurrea harturik, erakunde baten galerak banatzeko beharrezkoak diren tresnak jarri ditu abian, arriskuak zuzentasunez nork bere gain hartzeko printzipioa eta baliabide publikoen erabilera minimizatzekoa kontuan harturik. Nazioarteko araudi aurreratuenak, eta, bereziki, Estatuaren eskumen eta laguntzen arloan Europar Batasuneko erregulazioak galdatzen duenarekin guztiz bat datorren neurria da.

Horrez gainera, zeinahi titulurekin Sareb-en kredituak erosten dituztenek zalantzak izan ditzakete hark konkurtso-prozeduretan izango duen hartzekodun-posizioaren hedadurari buruz,eta argitu egiten dira hemen. Sareb-i agindua eman zitzaion likidazio ordenatuak egiteko, eta, hala sarri saltzen ditu kredituak, eta konkurtso-erregulazioa aplikatzerakoan sortzen diren zalantzek eragin kaltegarria dute transakzioetan; horregatik da beharrezkoa haren berrikuspenari berehala ekitea.

Errege lege-dekretu honetan sartu den azken xedapenetako hirugarrenak, bestalde, 2012rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legearen hogeita hamaseigarren xedapen gehigarria aldatu du. 2012rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeko xedapen horrek autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistemaren likidazioak itzultzeko epearen luzapena antolatzen zuen, 2008an eta 2009an Estatuaren alde ateratako likidazioen kasuetarako, eta, horren bidez, hala eskatzen zuten erkidegoei, 120 hileroko kantitate berdinetara luzatzen zitzaizkien artean itzultzeko zituzten saldoak, betiere, xedapenean ezarririk zetozen baldintzak betetzen baldin bazituzten.

Gaur egungo egoerak, ordea, esandako 120 hilabetera luzatzeko ezarritako baldintzak aldatzea aholkatzen du egonkortasun-helburua betetzen ez den kasuan, eta aipatutako luzapenaren jarraipena Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiaren Ebazpenaren bitartez ezartzen duenaren menpean geratuko da, autonomia-erkidegoak hala eskatzen badu eta informazioa emateko obligazioak bete dituela egiaztatzen baldin badu.

Neurri honen aparteko premia justifikatzen duen arrazoia da proposatzen duen aldaketak zuzeneko eragina duela autonomia-erkidegoen aurrekontuetan eta, erakunde haien 2014rako Aurrekontu Legeak izapidetze-fasean daudenez, behar-beharrezkoa da aldaketa indarrean jartzea autonomia-erkidegoek lege horiek onartu baino lehenago.

Azkenik, zerga geroratuen zenbait aktibo kapital gisa konputatzen jarraitzea baimentzera zuzendutako beste neurri zehatz batzuk ere sartu dira, Europar Batasuneko beste estatu batzuetan indarrean dauden erregulazioei jarraituz, hala, Espainiako kredituerakundeek lehia-esparru homogeneo batean lan egin dezaten.

III Azken finean, errege lege-dekretu honen helburu nagusia, gorago adierazi den bezala, egokitzapen premiazkoenak egitea da, Espainiako ordenamendu juridikoan ekainaren 26ko 2013/36/EB Zuzentarautik eta ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamendutik eratorritako berritasun funtsezkoak txertatzeko, bai eta urgentziazko beste erreforma batzuk egitea ere. Horretarako, finantza-erakundeen oinarrizko funtzionamendurako berehala indarrean jarri beharreko aginduak gehitu dira arau honetara, eta, horrela, zuhurtziazko erregulazioaren etenak eragotzi dira, zailtasun larriak eragin baitzitzaketen Espainiako finantza-sisteman, kontuan izanik sistema hori bereziki momentu larrian dela une honetan.

Helburu hori betetzeak are lehentasun handiagoa du gaur egun, Bankuen Batasunaren garapenak Europar Batasunean diseinatu duen agertoki berria kontuan harturik, eta bereziki, bankuen sektorean legezko zalantza txikiena ere sor ez dadin, aipatzekoa baita ezen sektore hori, hilabete batzuetatik hona, egonkortasunaren eta konfiantzaren bidera itzuli dela berriro.

Horrela, bada, neurriak ezartzeko urgentziak bultzaturik, eta haiek berehalako eraginkortasuna izatea ahalbidetzeko, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak proposatuta, eta Ministroen Kontseiluak 2013ko azaroaren 29ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT: Lehenengo artikulua.  Finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legea aldatzea.

13/1985 Legea, maiatzaren 25ekoa, finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzkoa, ondorengo paragrafoetan jasotzen den bezala aldatzen da: Bat.  Seigarren artikulua honela geratzen da idatzita:

«Seigarren artikulua.

1.  Kreditu-erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduarekin –648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen du–, lege honekin eta berau garatzen duten xedapenekin bat etorririk, kredituerakundeen talde kontsolidagarriek eta kreditu-erakundeen talde kontsolidagarri batean sarturik dauden edo ez dauden kreditu-erakundeek baliabide propioen behar besteko bolumena eduki beharko dute egindako inbertsioei eta beren gain hartutako arriskuei aurre egiteko.

2.  Kreditu-erakundeen talde kontsolidagarriek edota talde kontsolidagarri horietako batean sarturik ez dauden kreditu-erakundeek berariazko estrategia eta prozedura sendoak, eraginkorrak eta erabatekoak eduki beharko dituzte, izan ditzaketen edo dituzten arriskuen izaera eta maila estaltzeko egokiak irizten dieten zenbatekoak, tasak eta barne-kapitalaren banaketa etengabe ebaluatzeko eta modu iraunkorrean mantentzeko. Aipatutako estrategia eta prozedura horiei barneazterketak egingo zaizkie aldizka, sakonak izateari eusten diotela eta kredituerakunde interesatuaren aktibitate-motaren, eskalaren eta konplexutasunaren proportziokoak direla bermatzeko.

3.  Era berean, honako behar hauek ezarri ahal izango dira:

a)  Aktibo likidoen gutxieneko kantitate bat edukitzeko obligazioa, pasiboetatik eta konpromisoetatik eratorritako funts-irteera potentzialei aurre egin ahal izateko, likidotasunean eragina izan dezaketen gertaera larrien kasuak barne direla; eta finantzaketa-iturrien eta aktibo, pasibo eta konpromisoen epemugen egitura egokia mantentzekoa, erakundearen finantza-egoera kaltetu edo arriskuan jar dezaketen desoreka potentzialak edo likidotasun-tentsioak eragozteko helburuarekin.

b)  Gutxieneko muga bat jartzea erakundearen baliabide propioei, bere jardueratik erator litezkeen arriskuen balio totala aintzat hartuta.

Aurreko idatz-zatietan aurreikusitako obligazioak zorrotzagoak izan daitezke, kreditu-erakunde bakoitzak 1. mailako kapitala lortzeko duen gaitasunaren arabera.» Bi.  Zortzigarren artikuluaren 3. paragrafoaren amaieran beste lerrokada bat eransten da, hauxe dioena:

«Espainiako Bankuak ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren bigarren zatitik zortzigarrenera artekoetan aurreikusitako betekizunetatik salbuetsi ahalko ditu babeserako sistema instituzional batean sarturik dauden kredituerakundeak, esandako sistema hainbat kreditu-erakunderen arteko kontratuakordioaren bitartez eratu bada eta aipatutako erregelamenduaren 10. artikuluan aurreikusitako betekizunak eta aurreko i, ii, v eta vi puntuetan aurreikusitakoak betetzen baditu.» Hiru.  Aldatu egiten da hamargarren bis artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

«1.  Espainiako Bankuari dagokio, kreditu-erakundeak eta haien talde kontsolidagarriak gainbegiratzeko erantzukizuna duen agintaritza denez:

a)  Ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan, lege honetan eta berau garatzen duten xedapenetan jasotako kaudimen-araudia betetzeko aplikatzen diren sistemak berraztertzea; berdin dio akordioak, estrategiak, prozedurak edo zeinahi motatako mekanismoak izan. Berrazterketa horretan sartuko dira kredituerakundeen diziplinari eta haietan esku-hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen 30 bis 1 bis artikuluan aipatzen diren ordainsari politikak eta praktikak.

b)  Erakundeek dituzten edo izan ditzaketen arriskuak ebaluatzea.

c)  Aurreko idatz-zatian ezarritakoa eragotzi gabe, erresistentzia-probetan agerian geratu diren balizko gertakarietatik edo abagune ekonomikoan sor litezkeen aldaketetatik eratorritako arriskuak ebaluatzea, erakundearen aktibitatearen izaera, dimentsioa eta konplexutasuna kontuan harturik. Espainiako Bankuak urtean behin egin beharko ditu, gutxienez, erresistentzia-proba horiek.

d)  Aurreko idatz-zatietan aipatutako berrazterketatik eta ebaluaziotik abiatuta, a) idatz-zatian aipatutako sistemak eta mantendutako funts propioek arriskuen kudeaketa eta estaldura sendoak bermatzen ote dituzten zehaztea.

e)  Gobernu-arauak dituen kreditu-erakunde bakoitzari arriskuaren kudeaketa sendo eta eraginkorra sustatzearekin koherenteak diren ordainsari politikak eta praktikak erabiltzeko galdatzea, erregelamendu bidez ezartzen diren ordainsari politika eta praktikei buruzko araudia betetzeko.

f)  Bildutako informazioa hamargarren ter 1 artikuluan ezarritako dibulgazioirizpideen arabera erabiltzea, ordainsari arloko joerak eta praktikak alderatzeko.

Espainiako Bankuak Europako Banku Agintaritzari jakinaraziko dio informazio hori.

g)  Kreditu-erakunde bakoitzean, gutxienez milioi 1 euroko ordainsariak – zenbateko bereko tarteetan– kobratzen dituzten pertsonen kopuruari buruzko informazioa biltzea, bere karguan dituen erantzukizunak, inplikatutako negozioaren esparrua, soldataren osagai nagusiak, pizgarriak, epe luzeko hobariak eta pentsioari egiten dion ekarpena barne. Informazio hori Europako Banku Agintaritzari jakinaraziko zaio.

h)  Komenigarria iruditzen bazaio, gainbegiratutako erakundeei eta taldeei zuzendutako gida teknikoak prestatu eta egitea, gainbegiratze-araudia betetzeko egokiak irizten zaizkien irizpideak, praktikak, metodologiak edo prozedurak adieraziko dituena. Argitara eman beharko diren gida horietan, Espainiako Bankuak bere gainbegiratze-jardueretan jarraituko dituen irizpideak jaso ahal izango dira.

Gida horiek gai hauei buruzkoak izango dira:

1.  Erakundeek dituzten arriskuen ebaluazioa eta ordenazio eta diziplina arauak egoki betetzea.

2.  Arriskuaren kudeaketa egokiarekin bateragarri diren ordainsari-praktikak eta -arriskuak onartzeagatiko pizgarriak.

3.  Finantza- eta kontularitza-informazioa eta kanpo-auditoriak egiteko obligazioak.

4.  Kreditu-erakundeek beste finantza-erakunde edo finantzez besteko enpresa batzuetan partizipazio esanguratsuak edukitzetik eratorritako arriskuen kudeaketa egokia.

5.  Kreditu-erakundeak berregituratzeko edo desegiteko mekanismoen antolaketa.

6.  Gobernu korporatiboa eta barne-kontrola.

7.  Espainiako Bankuaren eskumen-esparruan sartzen den beste edozein gai.

Horretarako, Espainiako Bankuak bere egin ahal izango ditu, eta bere izenean helarazi erakunde eta taldeei, gai horiei buruz bankuen erregulazioan eta gainbegiratzean ari diren nazioarteko organismo edo komiteek onartutako gidak, bai eta horiek garatu, osatu edo egokitu ere.

Aurreko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutako azterketak eta ebaluazioak gutxienez urtean behin eguneratuko dira.» Lau.  Hamargarren bis Bat artikulu berri bat eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamargarren bis artikulua.  Bat.  Gobernu korporatiboaren neurriak.

1.  Ordainsariaren osagai aldakorrak finkatzean, kreditu-erakundeek ratio egokiak ezarri beharko dituzte ordainsari osoa eratzen duten osagai finkoen eta aldakorren artean, honako printzipio hauek aplikatuz:

a)  Osagai aldakorra ez da izango pertsona bakoitzaren ordainsari osoko osagai finkoaren ehuneko ehun baino handiagoa.

b)  Hala ere, erakundeko akziodunek onartu ahal izango dute aurreko lerrokadan aurreikusitakoa baino gehiago ordaintzea, betiere, ordainsari osoko osagai finkoaren ehuneko berrehun gainditzen ez badu. Ordainsari aldakorraren maila handiago hori onartzeko, ondorengo prozedura hau jarraitu beharko da:

1.  Erakundeko akziodunek administrazio-kontseiluaren edo organo baliokidearen gomendio xehatu batean oinarrituta hartuko dute erabakia; gomendio horretan, zergatiak, erabakiaren norainokoa, eragindako pertsonen kopurua eta karguak, eta erakundeak kapital-oinarri sendoa mantentzeko izan dezakeen eragina azalduko dira zehatz-mehatz.

2.  Erakundeko akziodunek, gutxienez, bi hereneko gehiengoz hartuko dute erabakia, baldin eta bozketan akzioen edo eskubide baliokideen erdiak, gutxienez, bertan badaude edo ordezkatuta baldin badaude. Aurreko quorum hori posible ez bada, bertan dauden edo ordezkatuta dauden akzioen edo eskubide baliokideen hiru laurdeneko gehiengoa beharko da, gutxienez, erabakia hartzeko.

3.  Administrazio-kontseiluak edo organo baliokideak behar bezainbateko aurrerapenaz jakinaraziko die akziodun guztiei zer gai tratatu eta bozkatuko den.

4.  Administrazio-kontseiluak edo organo baliokideak berehala jakinaraziko dio Espainiako Bankuari akziodunei zuzendutako gomendioa, proposatzen den ordainsariko osagai aldakorraren maila altuena eta haren justifikazioa barne direla, eta egiaztatuko du maila horrek ez duela eraginik kaudimen-araudia betetzeko erakundeak dituen obligazioetan.

5.  Administrazio-kontseiluak edo organo baliokideak berehala emango dio Espainiako Bankuari akziodunek hartutako erabakiaren berri, onartutako ordainsariko osagai aldakorraren ehuneko maximo altuena barne dela, eta Espainiako Bankuak, hala, kreditu-erakundeek arlo horretan dituzten praktikak alderatzeko erabiliko du jasotako informazioa. Espainiako Bankuak Europako Banku Agintaritzari jakinaraziko dio informazio hori.

6.  Hala dagokionean, ordainsari aldakorreko maila maximo altuenen aplikazioak zuzenean eragiten dien pertsonek ezingo dute, ez zuzenean, ez zeharka, erakundeko akziodun gisa izan dezaketen boto-eskubidea gauzatu.

Idatz-zati honetan akziodunez egin diren aipamenak berdin aplikatuko zaizkie aurrezki-kutxa eta kreditu-kooperatibetako batzar nagusietako kideei.

c)  Espainiako Bankuak baimena eman ahal izango die erakundeei deskontutasa teoriko bat aplika diezaioten, Europako Banku Agintaritzak argitaratzen duen orientazioaren arabera, ordainsari aldakor totalaren ehuneko hogeita bostari, betiere, bost urte edo gehiagorako geroratutako tresnen bitartez ordaintzen bada.

Espainiako Bankuak gehieneko ehuneko txikiagoa ezarri ahal izango du.

2.  Aurreko paragrafoan aurreikusitako mugak erakundearen, taldearen, sozietate nagusiaren edo mendekoaren arrisku-profilean modu esanguratsuan eragin dezaketen jarduera profesionalak dituzten enplegatu-kategoriei aplikatuko zaizkie. Bereziki, honako hauei: goi-zuzendaritzako kideei, arriskuak beren gain hartzen dituzten enplegatuei, kontrol-funtzioak betetzen dituztenei, goizuzendaritzako kideen ordainsari-baremoan sartzen den ordainsari globala jasotzen duten langileei eta, arriskuak hartzeaz gainera, arrisku-profilean eragin garrantzitsua duten jarduera profesionalak dituzten enplegatuei.

3.  Kreditu-erakundeek Espainiako Bankuari aurkeztuko diote obligazio hori betetzen dutela egiaztatzeko eskatzen zaien informazio guztia eta, bereziki, zerrenda bat, non erakundeen arrisku-profilean eragin esanguratsua duten jarduera profesionaleko enplegatuen kategoriak adieraziko diren. Zerrenda hori urtero aurkeztu beharko da, eta, bereziki, aldaketa garrantzizkoak gertatu diren guztietan.

Espainiako Bankuak zehaztuko du esandako zerrenda nola aurkeztu behar den.» Bost.  Aldatu egiten da hamaikagarren artikuluaren 1. paragrafoa.

«1.  Kreditu-erakunde batek edo kreditu-erakundeen talde kontsolidagarri batek ez baditu betetzen lege honetan, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan edo gutxieneko baliabide propioen errekerimenduen inguruan edo erakundearen antolakuntza-egiturari eta barne-kontrolari buruz ordenazio eta diziplinako beste arau batzuetan jasotako exijentziak; edo, Espainiako Bankuak dituen datuen arabera, hurrengo hamabi hilabeteetan ez dituela beteko aurreikusteko arrazoi funtsatuak baldin badaude, Espainiako Bankuak egokien jotzen dituen neurriak ezarri ahalko ditu artikulu honetako 3. paragrafoan aipatzen direnetatik, erakundearen edo taldearen egoera kontuan hartuta.» Sei.  Aldatu egiten da hamaikagarren artikuluaren 3. paragrafoa, eta bi paragrafo gehiago eransten zaizkio, 4.a eta 5.a; eta orain 4, 5 eta 6 zenbakiak dituztenek, hurrenez hurren, 6, 7 eta 8 zenbakiak izango dituzte aurrerantzean:

«3.  Espainiako Bankuak, 1. paragrafoaren arabera, hartu ahal izango dituen neurrien artean honako hauek daude:

a)  Kreditu-erakundeak eta beren taldeak, gutxienez galdatutakoez gainera, baliabide propio gehigarriak mantentzen behartzea.

Espainiako Bankuak obligazio hori ezarriko du, gutxienez, antolakuntzaegituran edo barne-kontroleko prozedura eta mekanismoetan hutsegite larriak aurkitzen baditu, bereziki lege honen sei.2 artikuluan aipatutakoak barne direla, edo, hamargarren bis.1.d) artikuluan aurreikusitakoa kontuan hartuz agindu horretan aipatzen diren sistemek eta mantendutako funts propioek arriskuen kudeaketa eta estaldura sendorik bermatzen ez dutela erabakitzen baldin bada. Bi kasuetan, esandako neurria hartu beharko da, baldin eta Espainiako Bankuak aurreikusten badu beste neurri batzuen aplikazio soilak, seguruenik ez dituela hobetuko hutsegiteak edo egoerak epe egoki batean.

b)  Kreditu-erakundeei eta beren taldeei galdatzea indar ditzatela sei.2 eta hamargarren bis artikuluetan xedatua betetzeko ezarririk dituzten prozedurak, mekanismoak eta estrategiak.

c)  Kreditu-erakundeei eta beren taldeei eskatzea aurkez dezatela lege honetan eta ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako gainbegiratze-betekizunak berrezartzeko plan bat eta berori egikaritzeko epe bat; edo haien helmenari eta egikaritze-epeari dagozkion beharrezko hobekuntzak planean sar ditzaten eskatzea.

d)  Kreditu-erakundeei eta beren taldeei galdatzea aplika dezatela hornidurak zuzkitzeko politika espezifiko bat edo baliabide propioen errekerimenduarekin zerikusia duen aktiboen tratamendu jakin bat.

e)  Negozioak, eragiketak edo erakundeen sarea murriztea edo mugatzea, edota erakundearen sendotasunerako arrisku handiegiak dituzten jarduerak bertan behera uzteko eskatzea.

f)  Kreditu-erakundeei ordainsari aldakorrak muga ditzaten eskatzea, kapitaloinarri sendoa mantentzearekin koherenteak ez direnean.

g)  Erakundeen jarduera, produktu eta sistemek berezkoa duten arriskua murrizteko galdatzea.

h)  Kreditu-erakundeei eta beren taldeei lortzen dituzten mozkin garbiak beren baliabide propioak indartzeko erabil ditzaten galdatzea.

i)  Erakundeak akziodunei, bazkideei edo 1. mailako kapital gehigarriko tresnen titularrei dibidenduak edo interesak bana ditzaten debekatzea edo mugatzea, betiere, debeku horrek ez badakar erakundearen ordainketa-obligazioak ez betetzea.

j)  Informatzeko obligazio gehigarriak ezartzea, kapital- eta likidotasunegoeraren informazioa barne dela.

k)  Informazio-igorpenen maiztasuna galdatzea edo areagotzea.

l)  Likidotasuneko berariazko betekizunak ezartzea, aktiboen eta pasiboen arteko epemuga-desfaseak murriztea barne.

m)  Informazio osagarriaren jakinarazpena galdatzea.

4.  Ezarritakoak baino baliabide propio gehiago mantentzeko obligazioa, 3. paragrafoko a) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera, gutxienez, ondorengo kasu hauetan galdatuko da:

a)  Erakundeak lege honen sei.2 artikuluan edo ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduko 393. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen ez baditu.

b)  Lege honetan, berau garatzen duten arauetan edo ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baliabide propioen errekerimenduekin estaltzen ez diren arriskuak edo arrisku-elementuak baldin badaude.

c)  Beste neurri batzuk aplikatzea, beste gabe, sistemak, prozedurak, mekanismoak eta estrategiak epe egoki baten barruan behar bezainbeste hobetzeko aski ez izatea gerta baldin badaiteke.

d)  Baldin eta hautematen bada ezen barne-ereduak erabiltzeko eskatzen diren baldintzak bete ezean baliabide propioen errekerimenduak nahikoa ez izatea eragin daitekeela; edo negoziazio-karteraren barruko posizio edo kartera espezifikoei buruzko balorazio-doikuntzek, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 105. artikuluan ezarritakoaren arabera, ez badute baimentzen erakundeak saltzea edo bere posizioak estaltzea epe labur batean, merkatuko baldintza normaletan galera garrantzizkoak izan gabe.

e)  Arrazoi funtsatuak baleude irizteko arriskuak gutxietsita gera daitezkeela, nahiz eta ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduko, lege honetako eta berau garatzen duten arauetako betekizunen artean aplikatzekoak diren guztiak bete.

f)  Erakundeak, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 377.5

artikuluaren arabera, jakinarazten badio Espainiako Bankuari, ezen esandako artikuluan aipatzen diren erresistentzia-probetako emaitzek nabarmen gainditzen dituztela korrelazioko negoziazio-karteratik eratorritako baliabide propioen errekerimenduak.

5.  Hamargarren bis artikuluaren arabera egindako berrazterketan eta ebaluazioan oinarrituta, baliabide propioen maila egokia erabakitzeko orduan, Espainiako Bankuak ebaluatuko du beharrezkoa den edo ez baliabide propio gehigarriak galdatzea, baliabide propioen betebeharrez gainera, erakunde batek dituen edo izan ditzakeen arriskuak estaltzeko, hurrengo hauek aintzat hartuta:

a)  Sei.2 artikuluan aipatzen diren erakundeen ebaluazio-prozesuko alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak.

b)  Hamargarren bis artikuluaren arabera egindako berrazterketaren eta ebaluazioaren emaitzak.

c)  Arrisku sistemikoaren ebaluazioa.» Zazpi.  Aldatu egiten da hamaikagarren artikuluaren 6. paragrafoa:

«6. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoak ez du eragotziko kreditu-erakundeen diziplinari eta esku-hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen arabera ezartzekoak diren zehapenak ezartzea.» Bigarren artikulua.  Kreditu-erakundeen alorreko legezko arauak Europako Ekonomia Erkidegoaren ordenamendu juridikora egokitzen dituen ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzea.

Aldatu egiten da kreditu-erakundeen alorreko legezko arauak Europako Ekonomia Erkidegoaren ordenamendu juridikora egokitzen dituen ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta honela geratzen da idatzita:

Bat.  1. artikuluaren 2 paragrafoko e) idatz-zatia kendu da.

Bi.  6. artikuluaren 2. paragrafoaren amaieran beste lerrokada bat erantsi da; hona hemen:

«Paragrafo honen lehen lerrokadan xedatua gorabehera, Espainiako Bankuak azaroaren 24ko 1093/2010 (EB) Erregelamenduko 32. artikuluaren arabera egindako erresistentzia-proben emaitzak argitaratu ahal izango ditu edo Europako Banku Agintaritzari jakinarazi ahalko dizkio emaitza horiek, hark argitara ditzan.» Hirugarren artikulua.  Baloreen Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Baloreen Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea, eta honela geratzen da: Bat.  Honela geratzen da idatzita 70.1 artikuluaren a) idatz-zatia:

«a)  648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duen kreditu-erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamendutik eratortzen direnak.

Dena dela, aurreko lerrokadako obligazioak ez zaizkie aplikatuko, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako salbuespenekin, 63.2 a) artikuluan aipatutako laguntza-zerbitzua emateko baimenik ez duten inbertsiozerbitzuetako enpresei, lege honetako 63.1 artikuluko a), b), d) eta g) idatz-zatietan zerrendatutako inbertsio-zerbitzu edo -aktibitateetako bat edo batzuk bakarrik ematen dituztenei, eta bezeroen dirua edo baloreak gordailuan edukitzeko baimenik eman ez zaienei, arrazoi hori dela eta, ezingo baitira inoiz esandako bezeroekiko zorretan egon.

Inbertsio-zerbitzuetako enpresek a) idatz-zati honetan ezarritako obligazioak betetzen ote dituzten egiaztatzera bideratutako kalkuluak, gutxienez, sei hiletik behin egingo dira, eta bat etorri beharko dira informazioaren erreferentziako datak eta seihileko naturalaren amaierakoak.

Inbertsio-zerbitzuetako enpresek Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalari jakinaraziko dizkiote, hark erabakitako eran eta edukiarekin, emaitzak eta kalkuluak egiteko beharrezkoak diren elementu guztiak.» Bi.  70 quinquies artikulu berri bat eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«70 quinquies artikulua.  Gobernu korporatiboaren neurriak.

1.  Ordainsariaren osagai aldakorrak finkatzean, inbertsio-zerbitzuetako enpresek ratio egokiak ezarri beharko dituzte ordainsari osoa eratzen duten osagai finkoen eta aldakorren artean, honako printzipio hauek aplikatuz:

a)  Osagai aldakorra ez da izango pertsona bakoitzaren ordainsariko osagai finkoaren ehuneko ehun baino handiagoa.

b)  Hala ere, inbertsio-zerbitzuetako enpresako akziodunek onartu ahal izango dute aurreko lerrokadan aurreikusitakoa baino gehiago ordaintzea, betiere, ordainsariko osagai finkoaren ehuneko berrehun gainditzen ez badu. Maila handiago hori onartzeko, ondorengo prozedura hau jarraitu beharko da:

1.  Inbertsio-zerbitzuetako enpresako akziodunek administrazio-kontseiluaren edo organo baliokidearen gomendio xehatu batean oinarrituta hartuko dute erabakia; gomendio horretan, zergatiak, erabakiaren norainokoa, eragindako pertsonen kopurua eta karguak, eta erakundeak kapital-oinarri sendoa mantentzeko izan dezakeen eragina azalduko dira zehatz-mehatz.

2.  Inbertsio-zerbitzuetako enpresako akziodunek, gutxienez, bi hereneko gehiengoz hartuko dute erabakia, baldin eta bozketan akzioen edo eskubide baliokideen erdiak, gutxienez, bertan badaude edo ordezkatuta baldin badaude.

Aurreko quorum hori posible ez bada, bertan dauden edo ordezkatuta dauden akzioen edo eskubide baliokideen hiru laurdeneko gehiengoa beharko da, gutxienez, erabakia hartzeko.

3.  Administrazio-kontseiluak behar bezainbateko aurrerapenaz jakinaraziko die akziodun guztiei zer gai tratatu eta bozkatuko den.

4.  Administrazio-kontseiluak berehala jakinaraziko dio Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalari akziodunei zuzendutako gomendioa, proposatzen den ordainsariko osagai aldakorraren maila altuena eta haren justifikazioa barne direla, eta egiaztatuko du maila horrek ez duela eraginik kaudimen-araudia betetzeko erakundeak dituen obligazioetan.

5.  Administrazio-kontseiluak berehala emango dio Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalari akziodunek hartutako erabakiaren berri, onartutako ordainsariko osagai aldakorraren ehuneko maximo altuena barne dela, eta Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak erakundeek arlo horretan dituzten praktikak alderatzeko erabiliko du jasotako informazioa. Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak Europako Banku Agintaritzari jakinaraziko dio informazio hori.

6.  Hala dagokionean, ordainsari aldakorreko maila maximo altuenen aplikazioak zuzenean eragiten dien pertsonek ezingo dute, ez zuzenean, ez zeharka, erakundeko akziodun gisa izan dezaketen boto-eskubidea gauzatu.

c)  Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak baimena eman ahal izango die erakundeei deskontu-tasa teoriko bat aplika diezaioten, Europako Banku Agintaritzak argitaratzen duen orientazioaren arabera, ordainsari aldakor totalaren ehuneko 25ari, betiere, bost urte edo gehiagorako geroratutako tresnen bitartez ordaintzen bada. Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak gehieneko ehuneko txikiagoa ezarri ahal izango du.

2.  Aurreko paragrafoan aurreikusitako mugak erakundearen, taldearen, sozietate nagusiaren edo mendekoaren arrisku-profilean modu esanguratsuan eragin dezaketen jarduera profesionalak dituzten enplegatu-kategoriei aplikatuko zaizkie. Bereziki, honako hauei: goi-zuzendaritzako kideei, arriskuak beren gain hartzen dituzten enplegatuei, kontrol-funtzioak betetzen dituztenei, goizuzendaritzako kideen ordainsari-baremoan sartzen den ordainsari globala jasotzen duten langileei eta, arriskuak hartzeaz gainera, arrisku-profilean eragin garrantzitsua duten jarduera profesionalak dituzten enplegatuei.

3.  Inbertsio-zerbitzuetako enpresek Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalari aurkeztuko diote obligazio hori betetzen dutela egiaztatzeko eskatzen zaien informazio guztia eta, bereziki, zerrenda bat, non erakundearen arrisku-profilean eragin esanguratsua duten jarduera profesionaleko enplegatuen kategoriak adieraziko diren. Zerrenda hori urtero aurkeztu beharko da, eta, bereziki, aldaketa garrantzizkoak gertatu diren guztietan. Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak zehaztuko du esandako zerrenda nola aurkeztu behar den.

4.  Artikulu honen 1. paragrafoan jasotako obligazioak ez zaizkie aplikatuko 63.2 a) artikuluan aipatutako laguntza-zerbitzua emateko baimenik ez duten inbertsio-zerbitzuetako enpresei, lege honetako 63.1 artikuluko a), b), d) eta g) idatz-zatietan zerrendatutako inbertsio-zerbitzu edo -aktibitateetako bat edo batzuk bakarrik ematen dituztenei, eta bezeroen dirua edo baloreak gordailuan edukitzeko baimenik eman ez zaienei, arrazoi hori dela eta, ezingo baitira inoiz esandako bezeroekiko zorretan egon.» Hiru.  87 bis artikuluan, aldatu egiten da 3. paragrafoa eta 4. eta 5. paragrafoak eransten dira, eta honela geratzen dira idatzita (lehen 4. paragrafoa zena orain 6.a izango da):

«3.  Halaber, inbertsio-zerbitzuetako enpresa batek ez baditu betetzen ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan, Lege honetan, edo berau garatzen duen araudian, gutxieneko baliabide propioen errekerimenduei, antolakuntza-egiturari, eta barne-kontroleko, kontularitzako edo balorazioko mekanismo eta prozedura egokiei buruz jasota dauden exijentziak, edo, Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak dituen datuen arabera, hurrengo hamabi hilabeteetan ez dituela beteko aurreikusteko arrazoi funtsatuak baldin badaude, Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak, beste batzuen artean, honako neurri hauek hartu ahal izango ditu:

a)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresak eta beren taldeak, gutxieneko galdatutakoez gainera, baliabide propio gehigarriak mantentzera obligatzea.

Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak obligazio hori ezarriko du, gutxienez, inbertsio-zerbitzuetako enpresaren antolakuntza-egituran edo barne-kontroleko, kontularitzako edo balorazioko prozedura eta mekanismoetan hutsegite larriak aurkitzen baditu, bereziki lege honetako 70.3 artikuluan aipatutakoak barne direla, edo, artikulu honetako 1.c) paragrafoan aurreikusitakoa kontuan hartuz, ohartzen baldin badira ezen agindu horretan aipatzen diren sistemek eta mantendutako funts propioek ez dutela bermatzen arriskuen kudeaketa eta estaldura sendorik. Bi kasuetan, esandako neurria hartu beharko da, baldin eta Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak aurreikusten badu beste neurri batzuen aplikazio soilak, seguruenik, ez dituela hobetuko aipatutako hutsegiteak edo egoerak epe egoki batean.

b)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresei eta beren taldeei galdatzea indar ditzatela esandako antolakuntza- edo baliabide-exijentziak betetzeko abian dituzten barnekontroleko, kontularitzako edo balorazioko prozedurak, mekanismoak edo estrategiak.

c)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresei eta beren taldeei galdatzea aurkez dezatela lege honetan eta ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako gainbegiratze-betekizunak berrezartzeko plan bat eta berori egikaritzeko epe bat; edo haien helmenari eta egikaritze-epeari dagozkion beharrezko hobekuntzak planean sar ditzaten eskatzea.

d)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresei eta beren taldeei galdatzea aplika ditzatela hornidurak zuzkitzeko politika espezifiko bat edo baliabide propioen errekerimenduarekin zerikusia duen aktiboen tratamendu jakin bat.

e)  Negozioak, eragiketak edo inbertsio-zerbitzuetako enpresen sarea murriztea edo mugatzea, edota erakundearen sendotasunerako arrisku handiegiak dituzten jarduerak bertan behera uzteko eskatzea.

f)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresei eta beren taldeei, ordainsari aldakorrak muga ditzaten eskatzea, kapital-oinarri sendoa mantentzearekin bateragarriak ez direnean.

g)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresen jarduera, produktu eta sistemek berezkoa duten arriskua murrizteko galdatzea.

h)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresei eta beren taldeei lortzen dituzten mozkin garbiak beren kapitalaren oinarria indartzeko erabil ditzaten galdatzea.

i)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresak akziodunei, bazkideei edo 1. mailako kapital gehigarriko tresnen titularrei, dibidenduak edo interesak bana ditzaten debekatzea edo mugatzea, betiere, debeku horrek ez badakar erakundearen ordainketa-obligazioak ez betetzea.

j)  Informatzeko obligazio gehigarriak ezartzea, kapital- eta likidotasunegoeraren informazioa barne dela, edo informazio-igorpenaren maiztasuna areagotzea.

4.  Ezarritakoak baino baliabide propio gehiago mantentzeko obligazioa, aurreko 3.a) paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, gutxienez, ondorengo kasu hauetan galdatuko da:

a)  Inbertsio-zerbitzuetako enpresak ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduko 70.3 artikuluan edo 393. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen ez baditu.

b)  Lege honetan, berau garatzen duten arauetan edo ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baliabide propioen errekerimenduekin estaltzen ez diren arriskuak edo arrisku-elementuak baldin badaude.

c)  Beste neurri batzuk aplikatzea, beste gabe, sistemak, prozedurak, mekanismoak eta estrategiak epe egoki baten barruan behar bezainbeste hobetzeko aski ez izatea gerta baldin badaiteke.

d)  Baldin eta hautematen bada ezen barne-ereduak erabiltzeko eskatzen diren baldintzak bete ezean baliabide propioen errekerimenduak nahikoa ez izatea eragin daitekeela; edo negoziazio-karteraren barruko posizio edo kartera espezifikoei buruzko balorazio-doikuntzek, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 105. artikuluan ezarritakoaren arabera, ez badute baimentzen erakundeak saltzea edo bere posizioak estaltzea, epe labur batean, merkatuko baldintza normaletan galera garrantzizkoak izan gabe.

e)  Arrazoi funtsatuak badaude irizteko arriskuak gutxietsita gera daitezkeela, nahiz eta ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan, lege honetan eta berau garatzen duten arauen artean aplikatzekoak diren betekizun guztiak bete.

f)  Erakundeak, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 377.5

artikuluaren arabera, jakinarazten badio Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalari, esandako artikuluan aipatzen diren erresistentzia-probetako emaitzek nabarmen gainditzen dituztela korrelazioko negoziazio-karteratik eratorritako baliabide propioen errekerimenduak.

5.  Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera egindako berrazterketan eta ebaluazioan oinarrituta, baliabide propioen maila egokia erabakitzeko orduan, Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak ebaluatuko du beharrezkoa den edo ez baliabide propio gehigarriak galdatzea, baliabide propioen betebeharrez gainera, erakunde batek dituen edo izan ditzakeen arriskuak estaltzeko, hurrengo hauek aintzat hartuta:

a)  70.3 artikuluan aipatzen diren erakundeen ebaluazio-prozesuko alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak.

b)  Aurreko 1. paragrafoaren arabera egindako berrazterketaren eta ebaluazioaren emaitzak.

c)  Arrisku sistemikoaren ebaluazioa.

Paragrafo honetan xedatua lege honetan ezarritako aginduen arabera kasu bakoitzean egoki diren zehapenen aplikazioa eragotzi gabe ulertuko da.» Lau.  Beste era batera idatzita geratzen da 95. artikuluaren azkeneko lerrokada; hona hemen:

«Baloreen Merkatuko ordenazio- eta diziplina-arautzat hartuko dira lege honen 84.1 artikuluan jasotako erakundeei edo 84.2 artikuluan aipatutako pertsona edo erakundeek baloreen merkatuarekin erlazionatuta dituzten aktibitateei berariaz dagozkien aginduak dituzten legeak eta izaera orokorreko xedapenak, aipatutako pertsona eta erakundeek nahitaez bete beharrekoak baldin badira. Xedapen horien artean ulertuko dira Estatuko organoek eta gaian eskumenak dituzten autonomiaerkidegoek onartutakoak, zuzeneko aplikazioa izango duten Europar Batasuneko erregelamenduak eta Europar Batasuneko erakundeek onartutako gainerako arauak, eta, lege honetako 15. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak onartutako zirkularrak.

Bereziki, ordenazio- eta diziplina-arau gisa hartuko da 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamendua, kreditu-erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzkoa.» Laugarren artikulua.  Kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legea aldatzea.

Honela geratuko da aldatuta kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen 1. artikuluko 5. paragrafoa:

«5.  Ordenazio- eta diziplina-arautzat hartuko dira kreditu-erakundeei berariaz dagozkien aginduak barnean dituzten legeak eta izaera orokorreko xedapenak, nahitaez bete beharrekoak baldin badira. Xedapen horien artean ulertuko dira Estatuko organoek eta gaian eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek onartutakoak, zuzeneko aplikazioa izango duten Europar Batasuneko erregelamenduak eta Europar Batasuneko erakundeek onartutako gainerako arauak, eta Espainiako Bankuak onartutako zirkularrak, lege honetan aurreikusitakoaren arabera.

Bereziki, ordenazio- eta diziplina-arau gisa hartuko da 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duen kreditu-erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtziazko betekizunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamendua.» Lehen xedapen gehigarria.  Agintari eskudunak.

648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duen kreditu-erakundeen eta inbertsioenpresen zuhurtziazko betekizunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren eraginetarako, Espainiako Bankua eta Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionala dira agintari eskudunak, zein bere eskumen-esparruan.

Bigarren xedapen gehigarria.  Burtsaz kanpoko deribatuei, kontrapartida zentraleko erakundeei eta eragiketen erregistroei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 648/2012 (EB) Erregelamenduaren araberako erakunde juridikoaren identifikatzailea.

1.  Merkataritza-erregistroari egotzi zaizkio, Espainian, burtsaz kanpoko deribatuei, kontrapartida zentraleko erakundeei eta eragiketen erregistroei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 648/2012 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremuan, erakunde juridikoaren kode identifikatzailea jaulkitzeko eta kudeatzeko eginkizunak, kode horrek identifikatuko baititu deribatuen kontratu bateko esku-hartzaileak, eragiketen erregistroetan izena emanda gera daitezen.

Deribatuen kontratu bateko esku-hartzaile gisa ulertuko dira deribatuen kontratu bateko alderdiak –finantzarioak eta ez finantzarioak–, onuradunak, bitartekaritzaerakundeak, kontrapartida zentraleko erakundeak, kide konpentsatzaileak eta erakunde igorleak, 2012ko uztailaren 4ko 648/2012 (EB) Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera.

2.  Merkataritza-erregistroa izango da, Espainian, erakunde juridikoaren kode identifikatzailea jaulki eta kudeatuko duen bakarra.

3.  Europar Batasuneko araudiak edo izaera orokorreko xedapen batek beste erabilera batzuk aurreikusiko balitu erakunde juridikoaren kode identifikatzailearentzat, Merkataritza-erregistroak egikarituko ditu, era berean, erabilera horiei buruz 1. paragrafoak egozten dizkion eginkizunak.

4.  Erregelamenduz garatu ahal izango dira erakundearen kode identifikatzailea jaulkitzeko eta kudeatzeko eginkizunaren antolakuntza- eta teknika-alderdiak.

5.  Justiziako ministroari eman zaio erakunde juridikoaren kode identifikatzailea jaulkitzeari eta kudeatzeari dagozkion erregistro-ordainsariak kalkulatzeko arantzelak finkatzeko gaitasuna.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Herri-administrazioetako berankortasunaren aurkako eta finantza-arazoak dituzten tokiko entitateei laguntzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 28ko 8/2013 Errege Lege Dekretuko neurriak aplikatzeko epea luzatzea.

1.  Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik zenbatuta, hilabete luzatu da herri-administrazioetako berankortasunaren aurkako eta finantza-arazoak dituzten tokiko entitateei laguntzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 28ko 8/2013 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako epea, orain arte egin ez duten udalerriek Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari eskatu ahal diezaioten ekainaren 28ko 8/2013 Errege Lege Dekretu horren 32. artikuluan aurreikusitako neurriren batez edo batzuez baliatzea. Behin epe hori amaitu denean, eskakizuna egin duten udalerriei ekainaren 28ko 8/2013 Errege Lege Dekretuko II. tituluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie eta, partikularki, errege legedekretu horren 32. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

2.  Baldin tokiko korporazioaren osoko bilkuran, haren eskumena izanik, ez balitz lehenengo bozketan lortuko neurri jakin batzuez baliatzeko eskaera aurkezteko behar den gehiengoa, edo doikuntza-plana onartzeko edo ekainaren 28ko 8/2013 Errege Lege Dekretuan aipatutako doikuntza-planean sartutako neurriren bat onartzeko behar dena, tokiko gobernu-batzordeak beretuko du eskumen hori. Tokiko gobernu-batzordeak egindakoaren berri emango dio osoko bilkurari, esandako eskaera aurkeztu, doikuntzaplana onartu edo plan horren barruko neurriren bat onartu ondorengo lehenengo bilkuran.

3.  Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.1

artikuluan adierazitako baldintzak biltzen direla-eta tokiko gobernu-batzorderik ez dagoen kasuetan, alkateak hartuko ditu aurreko paragrafoan aipatutako erabakiak.

Laugarren xedapen gehigarria.  Lehentasunezko partizipazioak baliabide propio gisa konputatu ahal izateko araubidea.

Alde batera utzi gabe finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako zerga-araubidea, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren bigarren zatiko I. tituluaren 3. kapituluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten lehentasunezko partizipazioak 1. mailako kapital gehigarri gisa hartuko dira, esandako erregelamenduan aurreikusitako eraginetarako.

Hala ere, 1. mailako kapital arrunt gisa konputatuko dira esandako Erregelamenduko hamargarren zatiko I. tituluaren 2. kapituluan xedatua betetzen duten lehentasunezko partizipazioak.

Lehen xedapen iragankorra.  Kapital nagusia.

2014ko abenduaren 31ra arte, Espainiako Bankuak, 13/1985 Legearen hamaikagarrena 3.a) artikuluaren arabera (13/1985 Legea, maiatzaren 25ekoa, finantzabitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzkoa; betiere, artikulu horri, betiere, errege lege-dekretu honek emandako idazketan) kreditu-erakundeen talde kontsolidagarriei eta talde kontsolidagarri batean sarturik ez dauden kreditu-erakundeei ezar liezazkiekeen kapital gehigarriaren betekizunen ebaluazio-esparruan, erabaki dezake 1. mailako kapitaleko elementuen zeinahi banaketa eragotzi edo murriztea, baldin elementu horiek 2/2011 Errege Lege Dekretuak ezarritako kapital nagusiko gutxieneko baldintzak betetzeko konputagarri izan badira, eta banaketa horiek, 2014ean metaturik, zenbaki absolutuetan, kapital nagusiaren soberakina gainditzen badute 2013ko abenduaren 31n legez galdatutako kapital minimoarekiko, eta, gainera, arriskuan jartzen baldin badute aipatutako kapital gehigarriari buruzko baldintzak betetzea.

Bigarren xedapen iragankorra.  Kredituko finantza-establezimenduak.

Dagokien berariazko legeria onartzen den arte, kredituko finantza-establezimenduak errege lege-dekretu hau indarren jarri aurretik aplikatzekoa zen araubide juridikoaren pean egongo dira, eta kreditu-erakunde gisa hartuko dira ondorio horietarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginekin, indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honen kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, finantza-sistema sendotzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretuko I. titulua eta ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduarekin bateragarri ez diren ordenamendu juridikoko aurreikuspen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa.  Espainiako Bankuaren autonomiari buruzko ekainaren 1eko 13/1994 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Espainiako Bankuaren autonomiari buruzko ekainaren 1eko 13/1994 Legea, eta honela geratzen da: Bat.  7. artikuluko 5. paragrafoari, g) idatz-zati berri bat eransten zaio, eta honela geratzen da idatzita:

«g)  Erakundeen gainbegiratze eta ikuskaritza arloan dituzten eskumen betearazleen erabilerari buruz interesatuek egindako kontsultei erantzutea.

Kontsulta horiei emandako erantzunak eragin lotesleak izango ditu, ematen diren unetik, kontsultaren xede izan diren eskumenak egikaritzeko betekizuna duten Espainiako Bankuko organoentzat, betiere, kontsultako inguruabarrak, aurrekariak eta gainerako datuak aldatzen ez badira. Kontsulten erantzunak informazio izaera izango du interesatuentzat, eta ezingo da inolako errekurtsorik jarri esandako erantzunaren aurka.» Bi.  7. artikuluko 5. paragrafoan orain arte g) idatz-zatia izan dena, aurrerantzean h) idatz-zatia izango da.

Azken xedapenetako bigarrena.  Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategina aldatzea.

«Lehena.  Honako aldaketa hauek egiten zaizkio sozietateen gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginari (martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen), 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldiei dagokienez: Bat.  19. artikuluari 13. paragrafoa gehitzen zaio; hona hemen testua:

«13.  Subjektu pasiboarekin loturarik ez duten zordunen balizko kaudimen ezetik eratorritako kreditu edo beste aktibo batzuk okerragotzearen ondoriozko zuzkidurak, betiere Lege honen 12.2 a) artikuluan xedatua aplikatzea ez badagokie, eta gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako –eta, hala dagokionean, aurreerretirorako– zuzkidura edo ekarpenei dagozkien lege honetako 13.1 b) eta 14.1 f) artikuluen aplikaziotik eratorriak, zerga geroratuagatik aktiboak sortu dituztenak, zerga-oinarrian integratuko dira, lege honetan ezarritakoaren arabera, integrazioaren eta zerga-oinarri negatiboen konpentsazioaren aurreko zerga-oinarri positiboa muga dutela.

Zergaldi batean integratu ez diren kopuruak hurrengo zergaldietan integratuko dira, aurrez aipatutako muga berberarekin. Ondorio horietarako, lehenik, zergaldi antzinakoenei dagozkien zuzkidurak integratuko dira.» Bi.  Hogeita batgarren xedapen gehigarria erantsi da, eta honela geratu da idatzita:

«Hogeita batgarren xedapen gehigarria.  Kontsolidazio fiskaleko arau bereziak, Lege honetako 19. artikuluaren 13. paragrafoa aplikatzen den kasuetarako.

Kontsolidazio fiskaleko araubidea aplikatzea Lege honetako 19. artikuluaren 13. paragrafoa xedatutakoa aplikatzekoa zaien erakundeak integratuta dauden talde fiskalen gain denean, honela aplikatuko da:

a)  Lege honen 71. artikuluko 1. paragrafoaren a) idatz-zatian aipatzen den zerga-oinarrien baturan ez dira sartuko lege honetako 19. artikuluaren 13. paragrafoan aipatutako zuzkidurak, ez eta banakako zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa ere. Zuzkidura horiek, kasua hala denean, aipatutako aginduaren d) idatz-zatian xedatua aplikatu aurretik taldeak zuen zerga-oinarrian sartuko dira.

b)  Erakunde bat talde fiskal batean sartzen den kasuan, lege honetako 19. artikuluaren 13. paragrafoan aipatutako zuzkidura artean haren zerga-oinarrian integratu gabeak taldearen zerga-oinarrian integratuko dira, esandako izaerako zuzkiduren integrazioaren eta zerga-oinarri negatiboen konpentsazioaren aurretik erakundeak zuen zerga-oinarri positiboa muga dela, eta, ondorio horietarako, kanpoan utziko dira lege honetako 30. artikuluaren 2. paragrafoan aipatzen diren dibidenduak edo mozkinetako partizipazioak.

c)  Kontsolidazio fiskaleko araubidea galtzen bada edo talde fiskala iraungitzen bada, hura osatzen duten erakundeek hartuko dituzte beren gain lege honetako 19. artikuluaren 13. paragrafoan aipatutako zuzkidura artean zerga-oinarrian integratu gabeak, taldea osatzen zein proportziotan lagundu duten, proportzio horretan.» Bigarrena.  2014ko urtarrilaren 1ean hasten diren zergaldietan eraginak dituela, hogeita bigarren xedapen gehigarria eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hogeita bigarren xedapen gehigarria.  Zerga geroratuen aktiboak kreditu galdagarri bihurtzea zerga-administrazioaren aurrean.

1.  Subjektu pasiboarekin loturarik ez duten zordunen balizko kaudimen ezetik eratorritako kredituak edo beste aktibo batzuk okerragotzearen ondoriozko zuzkidurei dagozkien zerga geroratuagatiko aktiboak, lege honen 12.2 a) artikuluan xedatua aplikatzea ez badagokie, eta gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako –eta hala balegokio, aurre-erretirorako– zuzkidura edo ekarpenei dagozkien lege honetako 13.1 b) eta 14.1 f) artikuluen aplikaziotik eratorriak, kreditu galdagarri bihurtuko dira zerga-administrazioaren aurrean, ondorengo egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

a)  Subjektu pasiboak kontularitza-galerak erregistratzea, dagokion organoak ikuskatu eta onartutako urteko kontuetan.

Kasu horretan, bihurketaren xede diren zerga geroratuen ondoriozko aktiboen zenbatekoa erabakitzeko, ekitaldiko kontularitza-galerek kapitalaren eta erreserben baturarekiko izan duten ehunekoa kalkulatuko da, eta aktiboaren totalari aplikatuko zaio ehuneko hori.

b)  Erakundea likidazioaren edo judizialki aitortutako kaudimen ezaren xede izatea.

Era berean, zerga-oinarri negatiboak ondorengo ekitaldietan konpentsatzeko eskubideagatik sortutako zerga geroratuaren ondoriozko aktiboak kreditu galdagarri bihurtuko dira zerga-administrazioaren aurrean, aktibo horiek honen ondorio direnean: 2014an hasten den lehen zergalditik aurrera, zordunen balizko kaudimen ezetik eratorritako kreditu edo beste aktibo batzuk okerragotzearen ondoriozko zuzkidurak, batetik, eta paragrafo honetako lehen lerrokadan aipatzen diren zerga geroratuen ondoriozko aktiboek sortutako gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako – eta, hala badagokio, aurre-erretirorako– zuzkidurak edo ekarpenak, bestetik, zergaoinarrian integratzearen ondorio direnean.

2.  Aurreko paragrafoan aipatzen diren zerga geroratuen ondoriozko aktiboak, beraz, paragrafo berean deskribatutako inguruabarrak gertatu diren zergaldiari dagokion Sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezten den unean bihurtuko dira kreditu galdagarri zerga-administrazioaren aurrean.

3.  Xedapen honetako 1. paragrafoan aipatutakoaren arabera zerga geroratuen ondoriozko aktiboak zerga-administrazioaren aurrean galdatzeko moduko kreditu bihurtzen direnean, subjektu pasiboak aukera izango du: edo zerga-administrazioari ordaintzeko eskatzea, edo, kreditu horiek bihurketaren unetik aurrera subjektu pasiboak sortzen dituen estatu-mailako beste zerga-zor batzuekin konpentsatzea.

Erregelamendu bidez ezarriko dira konpentsatzeko edo ordaintzeko epea eta prozedura.

4.  Aurreko 1. paragrafoan aipatu diren zerga geroratuen ondoriozko aktiboak zor publikoko baloreen ordez trukatu ahal izango dira, behin lege honetan aurreikusitako zerga-oinarri negatiboen konpentsazio-epea igaro denean, esandako aktiboen kontularitza-erregistroa egiten denetik zenbatuta. Arau hau indarrean jarri aurretik erregistraturiko aktiboen kasuan, araua indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuko da epea. Erregelamendu bidez ezarriko dira trukea egiteko prozedura eta epea».» Azken xedapenetako hirugarrena.  Estatuaren 2012rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da 2012rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legearen hogeita hamaseigarren xedapen gehigarria, eta honela geratu da idatzita:

«Hogeita hamaseigarrena.  Autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistemari dagozkion 2008ko eta 2009ko likidazio negatiboak itzultzeko epea luzatzea: antolamendua.

Bat.  2012. urtean, Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak, baldin eta autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melillako hiriek eskatzen badute lege hau argitaratzen denetik hilabeteko epean, aurrekontuez kanpoko finantza-mekanismo bat ezarri eta aplikatu ahal izango du 2012ko urtarrilaren 1ean itzultzeko zeukaten saldoaren ordainketa 120 hileko kuota berdinetara luzatzeko, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera zenbatzen hasita; hau da, 2008 eta 2009 urteetako finantzaketasistemaren likidazioei zegozkien likidazioen saldoa, geroratu egin baitzen orduan, araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistema arautu eta zenbait tributu-arau aldatzen dituen abenduaren 18ko 22/2009 Legearen laugarren xedapen gehigarria aplikatuta.

Bi.  Autonomia-erkidego edo autonomia-estatutua duen hiri bati aipatutako finantzaketa-mekanismoa aplikatzeko, aldez aurretik doikuntza-plan bat adostu beharko da. Plan hori jasota dago aurrekontu-egonkortasunaren eta iraunkortasun finantzarioaren araudian eta ezohiko finantzaketa-mekanismoak arautzen dituzten Ekonomia Gaietarako Gobernuko Ordezko Batzordearen akordioetan.

Hiru.  Finantza-mekanismo hori autonomia-erkidegoari edo autonomiaestatutua duen hiriari aplikatzea erabakitzen duen egintzan (eskaera egin badute, betiere), emandako geroratzeen ordainketa- eta itzulketa-egutegia eta adostutako doikuntza-planaren xehetasunak azalduko dira.

Lau.  Finantza-mekanismoan jasotako aurrerakinak itzultzeko edo ezeztatzeko, deskontua ezarriko da Estatuko Administrazio Nagusiak finantzaketa-sistema aplikatuz egiten dituen ordainketetan.

Bost.  Nolanahi ere, finantza-mekanismo horren aplikazioak ez du eraginik izango finantzaketa-sistemaren aplikazioan; bereziki, aipatu den 22/2009 Legearen 20., 23. eta 24. artikuluei eta lehenbiziko xedapen iragankorreko 7. paragrafoari dagokienez.

Sei.  Adierazitako mekanismoaren aplikazioak 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina.

Mekanismo hori 2012an aplikatzeari dagozkion zenbatekoak zati alikuotatan ordainduko dira hilero, mekanismoa ematen den egunetik hasi eta urtearen amaierara arte. Aldia amaitu arteko gainerako zatian, aurrerakinak eta haien ezeztapenak zati alikuotatan ordainduko dira hilero, hurrengo paragrafoetan ezartzen diren salbuespenekin.

Zazpi.  Autonomia-erkidegoak edo autonomia-estatutua duten hiriak ez baldin badu betetzen finantza-mekanismoak eragina duen urteetako edozeini dagokion egonkortasun-helburua –betiere, huts egitea 2013 eta 2016 urteen artean gertatzen bada– mekanismo horretan jasotako aurrerakinak itzuli edo ezeztatu egingo dira, 2016. urtea amaitu arte geratzen diren hilabeteetan zehar eta hileroko zenbateko berdinetan. Hala ere, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiaren ebazpenaren bitartez, gero ere epearen luzatzea aplikatuko du, harik eta zenbateko berdineko 120 hileroko burutu arte, baldin eta autonomia-erkidegoak hala eskatzen badu eta informazioa emateko obligazioak betetzen dituela egiaztatzen badu.

Zortzi.  Autonomia-erkidegoak edo autonomia-estatutua duen hiriak ez baldin badu betetzen finantza-mekanismoak eragina duen urteetako edozeini dagokion egonkortasun-helburua, betiere, hutsegitea 2017. urtetik aurrera gertatzen bada, itzuli edo ezeztatu egingo dira helburua bete gabetzat jotzen den egunera arteko aurrerakin ordainduak eta aurrerakin ezeztatu gabeak, berehala. Hala ere, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiaren ebazpenaren bitartez, gero ere epearen luzatzea aplikatuko du, harik eta zenbateko berdineko 120 hileroko burutu arte, baldin eta autonomia-erkidegoak hala eskatzen badu eta informazioa emateko obligazioak betetzen dituela egiaztatzen badu.

Bederatzi.  Noiz joko den, xedapen honen ondorioetarako, bete gabetzat egonkortasun-helburua: Ogasun eta Herri Administrazio Ministroak txostena aurkezten dion unean Gobernuari, aurrekontu-egonkortasunari eta finantzairaunkortasunari buruzko araudiak aipatzen duenaren aurreko ekitaldian aurrekontuegonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak nahiz gastu-arauarena zenbateraino bete diren azalduz.» Azken xedapenetako laugarrena.  Kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legea: Bat.  Aldatu egiten da 36. artikuluaren 4 paragrafoko h) idatz-zatia, eta honela geratzen da idatzita:

«h)  Banku Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari eskualdatutako kredituak ez dira mendekotzat hartuko zorduna konkurtsoan sartuz gero, ezta Banku Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea sozietate zordunaren akzioduna bada ere.

Hala ere, eskualdatu baino lehen mendekotzat jo bada kreditua, eutsi egingo dio izendapen horri.

Banku Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak eskubidea izango du, konkurtsoa deklaratu ostean berak eskuratutako kredituei buruz, legitimitatea duen edonork egindako hitzarmen-proposamenarekin edo -proposamenekin bat egiteko, eta boto-eskubidea ere izango du hartzekodunen batzarrean.

Paragrafo honetan aurreikusitako araubidea aplikatuko zaie, orobat, edozein tituluren bitartez Banku Berregituratzetik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen kredituak erosten dituztenei, nolaz eta, transmisioaren inguruabarrak alde batera utzita, ez den eroslearengan gertatzen Konkurtsoaren Legearen 92.5

artikuluan aurreikusitako mendekotasun arrazoiren bat, 93. artikuluarekin lotuta; kasu horretan, kredituen kalifikazioa arau orokorren arabera dagokiona izango da.» Bi.  Aldatu egiten dira 53. artikuluaren 1, 2 eta 3. paragrafoak, eta honela geratzen dira idatzita:

«1.  Estatuaren Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezarritako zuzkidurek eratuko dituzte BBOF erakundearen funts propioak. Era berean, funts propio horiek handitzeko aukera egongo da, kredituak edo maileguak kapitalizatzearen bidez edo Estatuko Administrazio Nagusia hartzekodun gisa agertzen den BBOF erakundearen beste zeinahi zorpetze-eragiketaren bitartez.

2.  Gainera, bere xedeak betetzeko, BBOF erakundeak finantzaketa lortu ahal izango du. Horretarako, honako hauek egin ahal izango ditu: errenta finkoko baloreak jaulki, maileguak jaso, kredituak irekitzea eskatu eta beste edozer zorpetze-eragiketa egin.

BBOF erakundeak lortutako kanpo-baliabideek, edozelan bideratu direla ere, ezingo dituzte gainditu Estatuko Aurrekontu Orokorren urteko legeetan zehaztutako mugak.

3.  Funtsaren ondare ez-konprometitua zor publikoan edo likidezia handiko eta arrisku txikiko bestelako aktiboetan gauzatu beharko da. Sortutako eta urteko kontuetan kontabilizatutako edozer mozkin Altxor Publikoan sartuko da.» Hiru.  Ezabatu egiten da lehen xedapen gehigarriaren lehen lerrokada, eta honela geratu da idatzita:

«Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak Bankuen Berregituraketa Ordenaturako Funtsean izandako partizipazioa likidatze aldera – partizipazio hori ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuari jarraituz gauzatu zen, Gordailuak Bermatzeko Funtsek, Funtsa eratzeko, banku-establezimenduetan, aurrezkikutxetan eta kreditu-kooperatibetan egindako ekarpenak direla-eta–, kontuan hartuko da 2011ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuen ondoriozko ondare garbia.» Lau.  Ezabatu egiten da azken xedapenetako hogeita batgarrena.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Eskumen-gaikuntza.

1.  Gobernuak beharrezko erregelamendu-arauak eman ditzake errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatzeko.

2.  Alde batera utzi gabe errege lege-dekretu honetan xedatutakoa, Espainiako Bankuak eta Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalak ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan estatuko agintaritza eskudunei egozten zaizkien aukerak erabili ahal izango dituzte.

Azken xedapenetako seigarrena.  Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Errege lege-dekretu honen bidez, Espainiako Zuzenbidean txertatzen da, partez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013/36/EB Zuzentaraua, 2013ko ekainaren 26koa, kreditu-erakundeak jardunean hasteari eta kreditu-erakundeen eta inbertsiozerbitzuetako enpresen zuhurtziazko gainbegiratzeari buruzkoa, 2002/87/EE Zuzentaraua aldatzen duena eta 2006/48/EE eta 2006/49/EE Zuzentarauak indargabetzen dituena.

Azken xedapenetako zazpigarrena  Eskumen-titulua.

1.  Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 11. eta 13. arauetan xedatutakoaren babesean ematen da, zeinek Estatuari egozten baitiote kreditua, bankuak eta aseguruak antolatzeko oinarrien gaineko eskumen esklusiboa eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra koordinatzeko eskumen esklusiboa.

2.  Aldaketaren xede diren arauetan adierazitako eskumen-tituluen pean egiten dira lege-testuen aldaketak.

Azken xedapenetako zortzigarrena.  Indarrean sartzea.

1.  Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

2.  Aurreko paragrafoan xedatutakoa alde batera utzi gabe, hurrengo xedapen hauek ondoren adierazten diren datetatik aurrera galdatu ahal izango zaizkie erakundeei, eta haiek, aldez aurretik, beteta eduki beharko dituzte beharrezkoak diren lege- edo estatutuerrekerimendu guztiak, hartara, aipatutako data horietan honako hauek betetzeko:

a)  Lehena.Bat, Bigarrena.Bat eta Hirugarrena.Bat artikuluetako xedapenak eta laugarren xedapen gehigarria 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera galdatu ahalko dira.

b)  Lehena.Lau eta Hirugarrena.Bi artikuluetako xedapenak 2014ko ekainaren 30etik aurrera galdatu ahalko dira.

Madrilen, 2013ko azaroaren 29an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko jarduneko presidentea SORAYA SÁENZ DE SANTAMARÍA ANTÓN

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra