Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

15/2012 Legea, abenduaren 27koa, jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzkoa

2012-12-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/12/28, 312. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15649

15/2012 Legea, abenduaren 27koa, jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA I

Lege honen helburua da gure zerga-sistema ingurumenaren eta jasangarritasunaren erabilera eraginkorrago eta errespetuzkoarekin harmonizatzea. Izan ere, balio horiek egin diote argi fiskalitatearen erreformari, Europar Batasunaren zerga-, energia- eta, noski, ingurumen-politika eraentzen duten oinarrizko printzipioen ildotik.

Gaur egungo gizartean, energiaren ekoizpenak eta kontsumoak gero eta eragin handiagoa dute ingurumen-jasangarritasunean. Horrek esparru arautzailea eta erregulatzailea behar du, eragile guztiei eredu energetikoaren funtzionamendua bermatzeko eta gure ingurumen-ondare aberatsa zaintzen laguntzeko.

Lege honen oinarriak Konstituzioaren 45. artikuluan du jatorria. Agindu horren arabera, ingurumenaren babesa gizarte- eta ekonomia-politiken printzipio zuzentzaileetako bat da.

Hori dela-eta, zerga-erreformaren ardatzetako bat energia elektrikoa ekoiztetik eta agortutako erregai nuklearra edo hondakin erradioaktiboak biltegiratzetik deribatutako ingurumen-kostuak barneratzea izango da. Hala, gure eraginkortasun energetikoa hobetzeko estimulua izan behar du legeak; gainera, baliabide naturalak hobeto kudeatuko ditugula eta garapen jasangarriaren eredu berrian aurrera egiten jarraituko dugula segurtatuko du, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspuntuetatik.

Erreforma honek, gainera, ingurumen-politikak gure tributu-sisteman txertatzen laguntzen du, ingurumenarekin soilik lotura duten tributuen bidez eta beste tributu batzuei ingurumenaren elementua erantsiz.

Lege honek goiburu dituen balioak eta helburuak zeharkakoak dira eta hainbat eremuri eragiten diete; horrenbestez, sektorekako neurrien koherentziaren oinarrizko ardatza izan behar dute, batez ere, herrialdearen ekonomiari eta ingurumenari horrenbeste eragiten dien sektore bati –hain zuzen ere, energiaren sektoreari– dagokionez.

Horretarako, lege honen bidez hiru zerga berri arautzen dira: energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga eta erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga. Bestalde, energia elektrikoa ekoizteko ur kontinentalak erabiltzeagatiko kanona sortzen da, gas naturalari eta ikatzari ezarritako karga-tasak aldatzen dira, eta energia elektrikoaren sorkuntzan eta elektrizitatea eta bero erabilgarriaren baterako sorkuntzan erabiltzen diren produktu energetikoen salbuespenak deuseztatzen dira.

II Ildo horretatik, aurrekontu-oreka bultzatzeko, lege honen I. tituluan energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, zuzenekoa eta objektiboa, aurkeztu da, Espainiako sistema elektrikoaren energia elektrikoa ekoizteko jarduerak eta sistemara energia elektrikoa gehitzeko jarduerak zergapetzen dituena.

Zerga honen bidez energia elektrikoaren ekoizleen gaitasun ekonomikoa zergapetuko da, haien instalazioek sortzen eta isurtzen duten energia bideratu ahal izateko garraio- eta banaketa-sareetan inbertsio esanguratsuak eragiten dituztelako, eta, berez nahiz sare horiek existitze hutsaren edo garatzearen ondorioz, ingurumenari inpaktu argiak eragiten dizkiotelako eta hornidura uneoro bermatzeko beharrezko kostu nabarmenak sortzen dituztelako. Zerga sortze-instalazio guztietako ekoizpenari aplikatuko zaio.

III Lege honen II. tituluan, lehen aipatutako beste bi zerga berrien erregulazioa azaldu da: energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga, eta erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga.

Energia nuklearra erabiliz energia elektrikoa sortzean, gizarteak bere gain hainbat karga eta zor hartu behar ditu, energia-mota horren berezitasunak direla-eta. Gainera, horren eragin ekonomikoa ebaluatzea zaila da. Gizarteak energia modu horretan sortzeak dakartzan zenbait ardura hartu behar ditu bere gain, adibidez, hondakin erradioaktiboak kudeatzea eta helburu ez baketsuetarako erabil daitezkeen materialak baliatzea.

Hondakin Erradioaktiboen Plan Nagusian eskura dauden estimazio onenetan oinarritutako finantzazio-beharrak ageri diren arren, zentral nuklearrak desmuntatzeak eta hondakinak behin betiko kudeatzeak dakarren kostu osoaren gaineko balorazioan ziurgabetasun oso handia dago, eta zentral nuklearren ustiapena amaitu ondoren, erregai nuklear agortuaren eta aktibitate altuko hondakinak behin betiko kudeatzearen ardura, azken, gizarteari egokituko zaio, baita horri lotutako kostuak ere, garapen teknologikoek baldintzatu egin baitezakete kudeaketa hori egiteko modua eta, ondorioz, kudeaketa horri lotutako gastuak.

Era berean, zenbait hondakin erradioaktiboren bizitza luzea denez, hainbat belaunaldiz irauten baitute, horiek behin betiko kudeatu ondoren, beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edozer kanpo-eragilek ingurumenean barreia ez ditzan edo nahi ez den bestelako ondoriorik gerta ez dadin. Horrenbestez, Estatuak bere gain hartu beharko du epe luzeko ikuskatze instituzionala egiteko lana. Hala aurreikusi da Energia Nuklearrari buruzko apirilaren 29ko 25/1964 Legearen 38 bis artikuluan: bertan xedatutakoaren arabera, Estatuak hartuko du hondakin erradioaktiboen titulartasuna horiek behin betiko biltegiratu ondoren, eta haiek ikuskatu beharko ditu instalazio nuklear bat itxi ondoren halakorik beharko balitz, itxierako adierazpenean ezarritako denbora igaro ondoren.

Industria nukleoelektrikoaren beste ezaugarrietako bat da helburu ez baketsuetara edo asmo gaiztoetara ez bideratzeko kontrol zorrotza jaso behar duten materialen erabilera eta sorrera. Horrenbestez, Espainia arma nuklearrak ez ugaritzeari buruzko tratatuko (Londresen, Moskun eta Washingtonen egina, 1968ko uztailaren 1ean, eta Espainian 1987ko urriaren 13an berretsia) eta material nuklearren babes fisikoari buruzko hitzarmeneko (1980ko martxoaren 3an Vienan eta New Yorken egina, Espainiak 1986ko apirilaren 7an sinatua eta 1991ko irailaren 6an berretsia, EURATOMen estatu kide gisa) parte denez, horretatik deribatutako erantzukizunei aurre egin beharko die eta, ondorioz, beharrezko baliabideak aplikatu beharko ditu.

Halaber, beharrezko baliabideak eman behar ditu Estatuak instalazio nuklearrak dituzten probintzia guztietako larrialdi nuklearretako planak eraginkor mantentzeko.

Aurrekoa ikusita, zentral nuklearretan erregai nuklear agortuaren eta hondakin erradioaktiboen ekoizpenaren eta hura instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga ezartzea egokitzat jo da, gizarteari horrekin lotuta jasan behar dituen kargengatik konpentsatze aldera.

IV Hidrokarburoen gaineko zerga diru-sarreren iturri nabarmena ez ezik, ingurumena babesteko politikari laguntzeko tresna boteretsua da, eta gure ordenamendu juridikoan erabat finkatuta dago.

Errepide bidezko garraiorako zein etxebizitza-sektorera zuzendutako erregai likidoek Hidrokarburoen gaineko Zergaren gaur egungo tasen bidez helburu horiek lortzen lagundu badute ere, gas naturalak orain arte izan duen karga-tasa zero izan da, energia- eta elektrizitate-gaien Europako Erkidegoko zerga-erregimena berregituratzen duen 2003ko urriaren 27ko Europako Kontseiluaren 2003/96/EE Zuzentarauaren 15.1.g) artikuluari esker.

2003/96/EE Zuzentarauan adierazitako aldiaren amaiera gertu egoteak, urte hauetan gas naturalaren kontsumo-kuotetan izan den hazkundeak eta, era berean, energia-iturri guztiak koherentziaz tratatzeak gaur egun zero tasaz erregulatuta dauden gas naturalaren erabilerei zerga-maila positiboak aplikatzea gomendatzen dute. Hori dela-eta, lege honen III. tituluan, abenduaren 28ko Zerga Bereziei buruzko 38/1992 Legea aldatuz (abenduaren 29ko BOE), motor geldikorren erregai moduan erabiltzen den gas naturalari eta erregai moduan erabiltzen ez den gas naturalari aplikatu beharreko karga-tasa positiboa ezarri da.

Dena dela, Europako Erkidegoaren aipatutako araudiak, halako egoera edo kondizio egonkor jakinetan, produktu bererako zergapetze-maila nazional bat bereizteko aukera ematen du, baldin eta Erkidegoko gutxieneko zergapetze-mailak eta barne-merkatuko eta lehiakortasuneko arauak errespetatzen badira. Horrenbestez, industria-sektorearen lehiakortasunari eusteko, lege horretan ezarritakoaren babespean, erabilera profesionaletarako gas naturalari zergapetze murriztua ezarri zaio, betiere sorkuntza eta baterako sorkuntza elektrikoko prozesuetan erabiltzen ez bada.

Bestalde, elektrizitatea sortzeko erabiltzen diren produktu energetikoei aplikatzen zaien zerga-tratamendua berrikusten du legeak. Elektrizitatea erregai fosilen bidez sortzeko jarduerak berotegi-efektuko gasen iturri handiak dira. Horrenbestez, zergen ikuspuntutik, elektrizitatea sortzeko modu horrek eragiten dituen kanpo-efektuengatik zergapetu behar dela iritzi zaio.

Premisa horiekin, 38/1992 Legearen 51.2.c) eta 79.3.a) artikuluetan xedatutako zenbait salbuespen deuseztatu dira, 2003/96/EE Zuzentarauaren 14.1.a) artikuluarekin –Estatu kideei elektrizitatea ekoizteko erabiltzen diren produktu energetikoei zergak ezartzeko aukera ematen dienarekin– eta 15.1.c) artikuluarekin –beroa eta elektrizitatea batera sortzeari buruzkoarekin– bat etorrita.

Ildo horretatik, energia-iturri fosiletatik ateratako elektrizitate-ekoizpenari antzeko trataera emateko, ikatzaren gaineko karga-tasa handitu egin da eta, era berean, energia elektrikoa sortzera edo elektrizitatea eta bero erabilgarria batera sortzera bideratutako fuelolioak eta gasolioak zergapetu dira berariazko karga-tasa berriekin.

V Azkenik, lege honetako IV. tituluan, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Uren Legearen testu bategina aldatu da.

Zehazki, titulu horretan jabari publiko hidraulikoa erabiltzeko erregimen ekonomikofinantzarioa arautzen da. Horren arabera, administrazio publiko eskudunek, kostuak berreskuratzeko printzipioari jarraikiz eta epe luzeko proiekzio ekonomikoak kontuan hartuta, mekanismo egokiak ezarriko dituzte uraren kudeaketarekin lotutako zerbitzuen kostuak –ingurumen- eta baliabide-kostuak barnean hartuta– azken-erabiltzaileei egozteko.

Aipatutako Uren Legearen testu bateginaren 112., 113. eta 114. artikuluetan, urari lotutako lau ordainarazpen jaso dira: jabari publikoko ondasunen erabilera-kanona, jabari publiko hidraulikora egindako isurpenak zergapetzen dituen isurtze-kanona, erregulaziokanona, Estatuak gauzatutako erregulazio-obren ondorioz partikularrek lortutako onura zergapetzen duena, eta uraren erabilera-tarifa, erregulaziokoak ez diren Estatuaren obrekin lortutako onura partikularrak zergapetzen dituena.

Zehazki, Uren Legearen testu bateginaren 112. artikuluari jarraikiz, erabilera-kanona lege bereko 2. artikuluaren b) eta c) paragrafoetan azaldutako jabari publiko hidraulikoaren okupazioari, erabilerari eta aprobetxamenduari soilik aplikatuko zaie, hau da, ur laster natural iraunkor nahiz etenen ibilguen erabilerari, eta aintziren, urmaelen eta ibilgu publikoetako gainazaleko urtegien hondoaren erabilerari. Hala, Uren Legearen testu bateginaren 2. artikuluaren a) paragrafoan aipatzen den ur kontinentalen erabilera kanon honen definiziotik kanpo geratu da.

Jabari publikoko ondasunen erregimen komunari dagokionez, errealitate hori ezohikoa da, baina arrazoi historikoak direla-eta, iraun egin du. Hala ere, gaur egun ez da ekonomikoki arrazoizkoa, gutxienez erabilera industrial hutsari eta merkatu-erregimen baten barruko erabilerari dagokienez; alegia, energia elektrikoaren ekoizpenaren kasua.

Gaur egun, Espainiako ur kontinentalen kalitate orokorra dela-eta, horiek babestu beharra dago, baliabide natural gisa gizarteari beharrezkoak zaizkiolako. Horrenbestez, jabari publiko hidraulikoa babesteko politikak indartu egin behar dira. Horretarako, beharrezkoa da jabari publiko hidraulikoaren erabilera esklusiboaren nahiz energia elektrikoa ekoizteko aprobetxamendu-modu bereziaren bidez onura lortzen dutenek ekarri beharko dituzten baliabideak biltzea.

Ondorioz, aldaketa honen helburua da Uren Legearen 2. artikuluaren a) idatz-zatian deskribatutako jabari publikoko ondasunei kanon berri bat ezartzea, hau da, ur kontinentalak energia hidroelektrikoa sortzeko erabiltzearen edo aprobetxatzearen gaineko kanona.

I. TITULUA Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga 1. artikulua.  Izaera.

Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga zuzeneko tributu objektiboa da, eta energia elektrikoa ekoizteko eta sistema elektrikora sartzeko jarduerak, zentraletako barretan neurtuak eta lege honetako 4. artikuluan adierazitako instalazio guztien bitartez gauzatuak, zergapetzen ditu.

2. artikulua.  Lurralde-eremua.

1.  Zerga Espainiako lurralde osoan aplikatuko da.

2.  Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du eraginik izango indarrean dauden foruitunen zerga-erregimenetan, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetakoan eta Nafarroako Foru Komunitatekoan.

3. artikulua.  Itunak eta hitzarmenak.

Lege honen bitartez ezarritakoak ez du eraginik izango barne-ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan, Espainiako Konstituzioaren 96. artikuluari jarraikiz.

4. artikulua.  Zergapeko egitatea.

1.  Azaroaren 27ko Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen IV. tituluak aipatzen dituen instalazioetako energia elektrikoa, zentraletako barretan neurtua, ekoizteko jarduerak eta energia elektrikoa Penintsulako, uharteetako eta penintsulaz kanpoko lurraldeetako sistemetara sartzeko jarduerak zergapeko egitate izango dira.

2.  Lege honi dagokionez, bat etorriko dira zentraletako barretan neurtutako energiaren ekoizpena eta alternadore-bornetan neurtutako energia, azken horri sortzeprozesuen kontsumo osagarrietan eta sarera konektatzeko punturainoko galerak gutxituta.

3.  Legean ageri diren eta berezko izaera duten kontzeptuei eta terminoei dagokienez, sektore elektrikoaren Estatuko araudian xedatutakoa beteko da, legean bertan definitutakoenen kasuan izan ezik.

5. artikulua.  Zergadunak.

Lege honetako 4. artikuluan azaldutako jarduerak gauzatzen dituzten pertsonak, fisikoak nahiz juridikoak, eta Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 35.4 artikuluak aipatzen dituen erakundeak izango dira zergadunak.

6. artikulua.  Zerga-oinarria.

1.  Zerga-aldian instalazio bakoitzean zentraletako barretan neurtutako energia elektrikoa ekoizteagatik edo sistema elektrikora sartzeagatik zergadunak jaso beharreko zenbateko osoa izango da zergaren oinarria.

Horretarako, zenbateko osoa kalkulatzean, Sektore Elektrikoaren abenduaren 27ko 54/1997 Legean xedatutakotik deribatutako erregimen ekonomiko guztietan zerga-aldian izandako ordainsariak hartuko dira aintzat, baita uharteetako lurraldeetan eta Penintsulaz kanpoko lurraldeetan energia elektrikoa sortzeko eta sistema elektrikora sartzeko jardueren kasurako aurreikusitako berariazko erregimen ekonomikokoak ere.

2.  Lege honetako 4. artikuluan adierazitako jarduerak gauzatzen dituzten instalazio guztietarako kalkulatuko da aurreko paragrafoan zehaztutako zerga-oinarria.

7. artikulua.  Zerga-aldia eta sortzapena.

1.  Zerga-aldia urte naturalarekin bat etorriko da, non eta zergadunak ekitaldia amaitu aurretik instalazioaren jarduera eteten ez duen. Azken kasu horretan, jarduera uzten den egunean amaituko da zerga-aldia.

2.  Zerga-aldiaren azken egunean sortuko da zerga.

8. artikulua.  Karga-tasa.

Ehuneko 7ko karga-tasa aplikatuko da zergaren bidez.

9. artikulua.  Kuota osoa.

Zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzearen emaitza izango da kuota osoa.

10. artikulua.  Likidazioa eta ordainketa.

1.  Zergadunek, zerga sortu eta hurrengo azaroan, zergaren autolikidazioa egin eta kuota ordaindu beharko dute, Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroak ezartzen dituen arauen eta ereduen arabera. Horretarako, ekoizpen elektrikoari buruzko behin betiko neurriak hartu beharko dira kontuan.

2.  Maiatzaren, irailaren, azaroaren eta hurrengo urteko otsailaren 1aren eta 20aren artean, zergapeko egitatea gauzatzen duten zergadunek urte natural bakoitzeko hiru, sei, bederatzi edo hamabi hileko aldiari dagokion ordainketa zatitua egin beharko dute, Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroak ezarritako arauen eta modeloen arabera.

3.  Zerga-aldiaren hasieratik aurreko paragrafoan azaldutako hiru, sei, bederatzi edo hamabi hilabeteak amaitu arte gauzatutako energia elektrikoaren ekoizpenaren –zentraletako barretan neurtua– balioaren arabera kalkulatuko da ordainketa zatituen zenbatekoa, lege honetako 8. artikuluan adierazitako karga-tasa aplikatuta, eta aurretik egindako ordainketa zatituen zenbatekoa kenduko zaio.

Hala, zerga-aldian instalazio bakoitzean energia elektrikoa, zentraletako barretan neurtua, ekoizteagatik edo sistema elektrikora sartzeagatik zergadunak jaso beharreko zenbateko osoa hartuko da ekoizpenaren baliotzat.

Dena dela, aurreko urteko instalazio guztietako ekoizpenaren balioa 500.000 eurotik beherakoa denean, zergadunek azaroaren 1etik 20ra arteko likidazio-epea duen ordainketa zatitua soilik egin beharko dute nahitaez.

Zergadunen batek aurreko urtean gauzatutako jarduerak urte naturala baino gutxiago iraun badu, ekoizpenaren balioa urtebetera hedatuko da.

4.  Jarduera urtarrilaren 1aren ondoren hasi bada, abian dagoen zerga-aldiari dagokion likidazioaren ordainketa zatituak, instalazio guztietako ekoizpenaren balioa (zerga-aldiaren hasieratik kalkulatuta) 500.000 eurotik gorakoa den hiruhilekoari dagokion likidazio-aldian egingo dira.

5.  Ordainketa zatituak egiteko unean zergadunari dagokion zenbatekoa ezezaguna bada, zergadunak behin-behineko zenbateko bat finkatu beharko du sistemaren operadoreak eta, hala badagokio, Energiaren Batzorde Nazionalak ordainketa-epea hasi aurretik egindako behin-behineko azken likidazioaren arabera.

11. artikulua.  Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren arabera sailkatuko eta zigortuko dira.

II. TITULUA

Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga eta erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga I. KAPITULUA Xedapen orokorrak 12. artikulua.  Izaera.

Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga eta erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga zuzeneko tributu objektiboak dira, eta lege honen 15. eta 19. artikuluetan definitzen diren jarduerak zergapetzen dituzte, zein bere zergapeko egitateari lotua.

13. artikulua.  Lurralde-eremua.

1.  Zergak Espainiako lurralde osoan aplikatuko dira.

2.  Aurreko paragrafoan adierazitakoak ez du eraginik izango indarrean dauden foruitunen zerga-erregimenetan, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetakoetan eta Nafarroako Foru Komunitatekoan.

14. artikulua.  Itunak eta hitzarmenak.

Lege honen bitartez ezarritakoak ez du eraginik izango barne-ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan, Espainiako Konstituzioaren 96. artikuluari jarraikiz.

II. KAPITULUA Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga 15. artikulua.  Zergapeko egitatea.

Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzea da zergapeko egitatea.

16. artikulua.  Zergadunak.

1.  Lege honetako 15. artikuluan azaldutako jarduerak gauzatzen dituzten pertsonak, fisikoak nahiz juridikoak, eta Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 35.4 artikuluak aipatzen dituen erakundeak izango dira zergadunak.

2.  Zergapeko egitatea sortzen duten instalazio nuklearren jabeak instalazioen ustiatzaileekin bat ez datozenean, lehenak zergaren zorraren erantzule solidarioak izango dira.

17. artikulua.  Zerga-oinarria.

1.  Energia nukleoelektrikoa sortzetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboa sortzearen gaineko zerga-oinarria izango da:

a)  Zerga-aldian sortutako erregai nuklearrak zenbat kilogramo metal astun dituen.

Erregaiaren uranioa eta plutonioa hartuko dira metal astuntzat, eta erregai nuklear agortutzat, aldiz, zerga-aldian erreaktoretik behin betiko atera den erregai nuklear irradiatua.

b)  Zerga-aldian sortutako eta instalazioaren kokalekuan bertan aldi batez biltegiratzeko egokitutako aktibitate ertaineko, txikiko eta oso txikiko hondakin erradioaktiboen metro kubikoak.

2.  Artikulu honetan adierazitako zerga-oinarria zerga honen zergapeko egitate diren jarduerak gauzatzen dituzten instalazio guztietan aplikatuko da.

18. artikulua.  Karga-tasa eta kuota.

Zerga-oinarriari karga-tasa hauek aplikatzearen emaitza izango da zerga-kuota:

a)  17. artikuluaren 1.a) paragrafoan adierazitako energia nukleoelektrikoa ekoiztearen ondoriozko erregai agortuaren sorkuntzari dagokionez, metal astun kilogramoko 2.190 eurokoa izango da karga-tasa.

b)  17. artikuluaren 1.b) paragrafoan adierazitako hondakin erradioaktiboak sortzeari dagokionez:

1.  Aktibitate baxuko eta ertaineko hondakin erradioaktiboen kasuan, karga-tasa 6.000 eurokoa izango da metro kubiko bakoitzeko.

2.  Aktibitate oso baxuko hondakin erradioaktiboen kasuan, karga-tasa 1.000 eurokoa izango da metro kubiko bakoitzeko.

III. KAPITULUA Erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga 19. artikulua.  Zergapeko egitatea.

Instalazio zentralizatu batean erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak biltegiratzeko jarduera izango da zergapeko egitatea.

Zerga honi dagokionez, erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak aldi baterako nahiz behin betiko ibilgetzeko jarduera oro joko da biltegiratzetzat, haien forma kontuan hartu gabe. Instalazio zentralizatuak, ordea, hainbat instalaziotatik edo jatorritatik ekarritako materialak biltegira ditzaketenak izango dira.

20. artikulua.  Salbuespenak.

Jarduera medikoetako edo zientifikoetako hondakin erradiaktiboen biltegiratzea zerga horretatik libre izango da; halaber egongo dira salbuetsita araudi nuklearraren mende ez dauden instalazio industrialetako ezohiko gertaeretako hondakin erradioaktiboak, bai Segurtasun Nuklearreko Batzordeak halakotzat jo dituenak, bai instalazio horietan hauteman eta kapsulatutako aktibitate altuko iturri erradioaktiboak eta iturri zurtzak kontrolatzeari buruzko 229/2006 Errege Dekretuaren, otsailaren 24koaren, 11.2 artikuluak aipatzen dituen hitzarmenen markoan kudeatzen diren hondakinak.

21. artikulua.  Zergadunak.

Lege honetako 19. artikuluan azaldutako jarduerak gauzatzen dituzten pertsonak, fisikoak nahiz juridikoak, eta Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 35 artikuluaren 4. paragrafoak aipatzen dituen erakundeak izango dira zergadunak.

22. artikulua.  Zerga-oinarria.

1.  Erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zergaren oinarria hau izango da:

a)  Biltegiratutako erregai nuklear agortuak duen metal astunaren pisuak zergaaldiaren amaieran eta hasieran dituen balioen arteko aldea, kilogramotan adierazia.

b)  Erregai nuklear agortuaz bestelako aktibitate altuko hondakin erradiaktiboen nahiz aktibitate ertaineko eta bizitza luzeko hondakin erradiaktiboen bolumenak zergaaldiaren amaieran eta hasieran dituen balioen arteko aldea, metro kubikotan adierazia.

c)  Zerga-aldian instalazioan biltegiratutako b) paragrafokoez bestelako aktibitate ertaineko hondakin erradiaktiboen nahiz aktibitate baxuko edo oso baxuko hondakin erradiaktiboen bolumena, metro kubikotan adierazia.

2.  Artikulu honetan adierazitako zerga-oinarria zerga honen zergapeko egitate diren jarduerak gauzatzen dituzten instalazio guztietan aplikatuko da.

23. artikulua.  Aktibitate ertaineko, baxuko eta oso baxuko hondakinen biltegiratzearen likidazio-oinarria.

1.  22. artikuluaren 1.c) paragrafoan adierazitako aktibitate ertaineko, baxuko eta oso baxuko hondakinen biltegiratze zentralizatuan likidazio-oinarria lortzeko, zerga-oinarriari K

murrizketa-koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaio, ondoko formulari jarraikiz: BL = K × BI

Azalpena: BL: Likidazio-oinarria BI: Zerga-oinarria 2.  K koefizientea lortzeko, ondoko formula hau aplikatuko da, K= VNC + VC × fC + VSI × fSI + VLI × fLI + VMX × fMX VNC + VC + VSI + VLI + VMX

Azalpena: V NC: Behin betiko biltegiratzeko ekarritako hondakin ez trinkogarrien eta ez errausgarrien bolumena.

VC: Behin betiko biltegiratzeko ekarritako hondakin trinkogarrien bolumena. fC: Bolumenaren trinkotze bidezko txikitze-faktorea.

VSI: Behin betiko biltegiratu aurretik errausketa-tratamendua jasotzen duten hondakin solidoen bolumena. fSI: Hondakin solidoen bolumenaren errausketa bidezko txikitze-faktorea.

VLI: Behin betiko biltegiratu aurretik errausketa-tratamendua jasotzen duten hondakin likidoen bolumena. fLI: Hondakin likidoen bolumenaren errausketa bidezko txikitze-faktorea.

VMX: Behin betiko biltegiratu aurretik trinkotze- eta errausketa-tratamendu mistoa jasotzen duten hondakinen bolumena. fMX: Bolumenaren trinkotze- eta errausketa-tratamendu mistoaren bidezko txikitzefaktorea.

3.  Txikitze-faktoreek balio hauek hartuko dituzte: Faktorea fC

fSI

fLI

fMX

Balioa 1

2,6

1

12,1

1

15,3

1

7,8

24. artikulua.  Karga-tasa eta kuota.

1.  Zerga-kuota zerga-oinarriari edo, 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, likidaziooinarriari karga-tasa hauek aplikatzearen emaitza izango da:

a)  22. artikuluaren 1.a) paragrafoan aipatzen den erregai agortuaren biltegiratzeari dagokionez, metal astun kilogramoko 70 eurokoa izango da karga-tasa.

b)  22. artikuluaren 1.b) paragrafoan aipatzen diren hondakin erradioaktiboen biltegiratzeari dagokionez, karga-tasa 30.000 eurokoa izango da hondakin erradiaktiboen metro kubiko bakoitzeko.

c)  22. artikuluaren 1.c) paragrafoan aipatzen diren hondakin erradioaktiboen biltegiratzeari dagokionez:

1.  Aktibitate baxuko eta ertaineko hondakin erradioaktiboen kasuan, karga-tasa 10.000 eurokoa izango da metro kubiko bakoitzeko.

2.  Aktibitate oso baxuko hondakin erradioaktiboen kasuan, karga-tasa 2.000 eurokoa izango da metro kubiko bakoitzeko.

IV. KAPITULUA Bi zergetarako arau komunak 25. artikulua.  Zerga-aldia eta sortzapena.

1.  Zerga-aldia urte naturalarekin bat etorriko da, zergadunak 15. eta 19. artikuluetan adierazitako zergapeko egitate diren jarduerak gauzatzeari uzten dionean izan ezik. Kasu horretan, jarduera uzten duenean amaituko da zerga-aldia.

2.  Zerga-aldiaren azken egunean sortuko da zerga.

26. artikulua.  Likidazioa eta ordainketa.

1.  Zergadunek zergaren autolikidazioa egin eta kuota ordaindu beharko dute, zerga sortu eta hurrengo 20 egun naturalen epean, Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroak ezartzen dituen arauen eta ereduen arabera.

2.  Apirileko, uztaileko eta urriko lehen 20 egun naturaletan, 15. eta 19. artikuluetan azaldutako zergapeko egitatea gauzatzen duten zergadunek abian den zerga-aldiari dagokion likidazioaren ordainketa zatitua egin beharko dute, Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroak ezartzen dituen arauen eta ereduen arabera.

Ordainketa zatituen zenbatekoa kalkulatzeko, ordainketa bakoitza egiteko epearen hasieraren aurreko hiruhileko naturalari dagokion zerga-oinarria definitzen duten magnitudeak hartuko dira aintzat, eta lege honen 18. eta 24. artikuluetan adierazitako karga-tasa aplikatuko da.

27. artikulua.  Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga hauei dagozkien arau-hausteak Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren arabera sailkatuko eta zigortuko dira.

III. TITULUA Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea aldatzea 28. artikulua.  Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea aldatzea.

Abenduaren 28ko 38/1992 Legea, Zerga Bereziei buruzkoa, honela aldatu da: Bat.  7. artikuluari 14. paragrafoa erantsi zaio; hona hemen nola geratzen den idatzita:

«14.  Artikulu honetako aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, gas naturala lantegi edo gordailu fiskaltzat hartutako instalazioetatik kostubidezko hornidura-kontratu baten esparruan irteten bada, fakturazio-aldi bakoitzean zerbitzatutako gas naturalari dagokion prezioaren zatia eska daitekeen momentuan gertatuko da hidrokarburoen gaineko zergaren sortzapena. Aurreko hori ez da aplikatuko gas naturalaren helmuga beste lantegi edo gordailu fiskal bat denean.

Artikulu honen 1. paragrafoan ezarritakoa aplikatzeko, aurreko paragrafoak aipatzen dituen hornidura horiez bestelako hornidurekin lotuta, subjektu pasiboek kontsideratu ahal izango dute hirurogei egun jarraitu arteko aldietan zehar zerbitzatutako gas natural guztia aipatutako aldia amaitu ondoko hilabete naturalaren lehen egunean atera dela lantegi edo gordailu fiskaletik.» Bi.  8. artikuluaren 3. paragrafoa aldatu da; hona hemen nola geratzen den idatzita:

«3.  Zergadunaren ordezko gisa, subjektu pasiboak dira lege honen 4. artikuluaren 28. paragrafoak aipatzen dituen ordezkari fiskalak.

Subjektu pasibotzat hartuko dira, halaber, zergadunaren ordezko gisa, artikulu honen 7. artikuluaren 14. paragrafoaren lehenengo lerrokadan aurreikusitako kasuan, gas naturalaren hornidurak kostu bidez egiten dituztenak.» Hiru.  abenduaren 28ko 38/1992 Zerga Berezien Legearen 50. artikuluaren 1. paragrafoaren 1. tarifa eta artikulu beraren 3. paragrafoa aldatu dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«1. tarifa:

1.1 epigrafea.  Gasolina berundunak: 433,79 euro 1.000 litroko (karga-tasa orokorra) eta 24 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.2.1 epigrafea.  98 OI (oktanaje indizea) edo oktanaje handiagoa duten berunik gabeko gasolinak: 431,92 euro 1.000 litroko (karga-tasa orokorra) eta 24

euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.2.2 epigrafea.  Berunik gabeko gainerako gasolinak: 400,69 euro 1.000

litroko (karga-tasa orokorra) eta 24 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.3 epigrafea.  Erabilera orokorreko gasolioak: 307 euro 1.000 litroko (kargatasa orokorra) eta 24 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.4 epigrafea.  54. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutako erabileretan erregai gisa erabiltzeko gasolioak, 1.16 epigrafekoak izan ezik: 78,71 euro 1.000 litroko (karga-tasa orokorra) eta 6 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.5 epigrafea.  Fuel-olioak, 1.17 epigrafekoak baztertuta: 14 euro tonako (karga-tasa orokorra) eta 1 euro tonako (karga-tasa berezia).

1.6 epigrafea.  Erabilera orokorreko PGL: 57,47 euro tonako.

1.8 epigrafea.  Erretzeaz bestelako erabileretarako PGLak: 15 euro tonako.

1.9 epigrafea.  Erabilera orokorreko gas naturala: 1,15 euro gigajouleko.

1.10 epigrafea.  Erregai gisa erabiltzen ez den gas naturala, eta motor geldikorretan erregai gisa erabiltzen den gas naturala: 0,65 euro gigajouleko.

Hala ere, gigajoule bakoitzeko 0,15 euroko karga-tasa murriztua ezarriko da erabilera profesionalerako gas naturalerako, baldin eta energia elektrikoa sortzeko eta baterako sorkuntzako prozesuetan erabiltzen ez bada.

1.11 epigrafea.  Erabilera orokorreko kerosenoa: 306 euro 1.000 litroko (kargatasa orokorra) eta 24 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.12 epigrafea.  Erretzeaz bestelako erabileretarako kerosenoa: 78,71 euro 1.000 litroko.

1.13 epigrafea.  Bioetanola eta biometanola, erregai gisa erabiltzekoa:

a)  Bioetanola eta biometanola 98 OI (oktanaje indizea) edo oktanaje handiagoa duten berunik gabeko gasolinetan nahastua: 431,92 euro 1.000 litroko (karga-tasa orokorra) eta 24 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

b)  Bioetanola eta biometanola, gainerako berunik gabeko gasolinetan nahastua nahiz hutsik: 400,69 euro 1.000 litroko (karga-tasa orokorra) eta 24 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.14 epigrafea.  Erregai gisa erabiltzeko biodiesela: 307 euro 1.000 litroko (karga-tasa orokorra) eta 24 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.15 epigrafea.  54. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitako erabileretan erregai gisa eta, oro har, erregai gisa erabiltzeko biodiesela, eta erregai gisa erabiltzeko biometanola: 78,71 euro 1.000 litroko (karga-tasa orokorra) eta 6 euro 1.000 litroko (karga-tasa berezia).

1.16 epigrafea.  Sektore elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen aplikazio-eremuaren barruko ekoizpen-jarduera duten instalazioetan energia elektrikoa sortzeko edo energia elektrikoa eta beroa batera sortzeko erabiltzen diren gasolioak: 29,15 euro 1.000 litroko.

1.17 epigrafea.  Sektore elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen aplikazio-eremuaren barruko ekoizpen-jarduera duten instalazioetan energia elektrikoa ekoizteko edo energia elektrikoa eta beroa batera sortzeko erabiltzen diren fuel-olioak: 12,00 euro tonako.

3.  8. artikuluaren 7. paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe, 1.4, 1.12, 1.15, 1.16 eta 2.10 epigrafeetarako ezarritako karga-tasa murriztuak aplikatuko badira, trazatzaile eta markatzaileak gehitzeari dagokionez eta produktuei benetan emandako erabilerari dagokionez erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzak bete beharko dira. Baldintza horien artean ordainketa modu bereziak egon ahal izango dira.» Lau.  51.2.c) artikulua ezabatu da, eta 51.4 artikulua honela geratzen da idatzita:

«4.  NC 2705 kodean sailkatutako produktuak fabrikatzea eta inportatzea, baldin eta zentral elektrikoetan elektrizitatea sortzeko, zentral konbinatuetan elektrizitatea edo elektrizitatea eta beroa batera sortzeko, edota sortuak direneko instalazioetan bertan kontsumitzeko erabiltzen badira. Salbuespen hau aplikatzeko definizio hauek hartuko dira kontuan:

1.  Zentral elektrikoa: Energia elektrikoa sortzeko instalazio bat da, zeinaren jarduera Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen aplikazioeremuak bere barruan hartzen baitu. Gainera, ezartzeko eta funtzionatzeko baimena Lege haren IV. tituluaren I. kapituluan xedatutakoarekin bat eman da.

2.  Zentral konbinatua: Elektrizitatea hutsik nahiz energia elektrikoa eta —gero energiaren ikuspegitik aprobetxatzeko— bero erabilgarria batera sortzeko instalazio bat da, zeinaren- jarduera Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen aplikazio-eremuak bere barruan hartzen baitu. Gainera, ezartzeko eta funtzionatzeko baimena Lege haren IV. tituluaren II. kapituluan xedatutakoarekin bat eman da.» Bost.  52 bis artikuluaren 5. paragrafoa ezabatu eta 4. paragrafoa aldatu egin da, eta honela geratzen da idatzita:

«4.  Itzulketaren oinarria izango da interesdunak erosi duen eta aurreko 2. paragrafoan adierazitako ibilgailuetan erregai gisa erabili duen gasolio-bolumena.

Hala kalkulatzen den oinarria mila litrokotan adieraziko da.

Itzulketaren karga-tasa autonomikoa aplikatzeko, itzulketaren oinarria izango da interesdunak karga-tasa hori ezarrita duen autonomia-erkidegoaren lurraldean erosi duen eta aurreko 2. paragrafoan adierazitako ibilgailuetan erregai gisa erabili duen gasolio-bolumena. Hala ateratzen den oinarria mila litrokotan adierazi behar da.» Sei.  52 ter artikuluaren 1. paragrafoaren b) idatz-zatia aldatu da, eta honela geratzen da idatzita:

«b)  Itzuli beharreko kuoten zenbatekoa izango da nekazaritzan –baratzezaintza barnean hartuta–, abeltzaintzan eta basogintzan esandako aldian benetan erabilitako gasolio-bolumenak osatzen duen oinarriari 1.000 litroko 78,71 euroko karga-tasa aplikatzearen emaitza.» Zazpi.  54. artikuluan 5. paragrafoa txertatu da, beraz, aurreko 5. paragrafoa 6. paragrafoa izango da, eta honela geratzen dira idatzita:

«5.  Gasolioa zergaren 1. tarifako 1.16 epigrafean aurreikusitako karga-tasa aplikatuta erabiltzea eta fuel-olioa zergaren 1. tarifako 1.17 epigrafean aurreikusitako karga-tasa aplikatuta erabiltzea, epigrafe horiek aurreikusten dituzten erabileretara mugatuko da.

6.  Artikulu honetan ezartzen diren debeku eta murriztapenak aurreko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera zergaren 1. tarifan jasotako olio mineralen pareko erabilera duten ekoizkinei ere aplikatuko zaizkie.» Zortzi.  55. artikuluaren 2. paragrafoan d) idatz-zatia erantsi da eta 4. paragrafoaren e) idatz-zatia aldatu da. Honela geratzen da idatzirik:

«55.2 artikulua.

d)  Gasolioa zergaren 1. tarifako 1.16 epigrafean aurreikusitako karga-tasa aplikatuta edo fuel-olioa zergaren 1. tarifako 1.17 epigrafean aurreikusitako karga- tasa aplikatuta erabiltzen dutenak, baldin eta aurreko paragrafoetan sartuta ez badaude.» «55.4 artikulua.

e)  Aurreko 2. paragrafoaren a) eta d) idatz-zatietan aurreikusitako kasuetan, zehapena 600 euroko diruzko isun finkoa izango da.» Bederatzi  . 79.3.a) artikulua kendu egin da.

Hamar.  84. artikulua honela geratzen da idatzita:

«84. artikulua.  Karga-tasa.

Hau da zergaren karga-tasa: 0,65 euro gigajouleko.» IV. TITULUA Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Uren Legearen testu bategina aldatzea 29. artikulua.  Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Uren Legearen testu bategina aldatzea.

Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Uren Legearen testu bategina aldatu da, eta 112 bis artikulua erantsi zaio; hona hemen:

«112 bis artikulua.  Energia elektrikoa ekoizteko ur kontinentalak erabiltzearen gaineko kanona.

1.  Lege honetako 2. artikuluaren a) paragrafoan adierazi diren jabari publikoko ondasunak zentraletako barretan neurtutako energia elektrikoa ekoizteko erabiltzea eta aprobetxatzea kargatuko egingo da, energia elektrikoa ekoizteko ur kontinentalen erabileraren kanona izeneko tasarekin, eta tasaren zenbatekoa jabari publiko hidraulikoa babestera eta hobetzera bideratuko da.

2.  Emakida hidroelektrikoa lehen aldiz egitean eta urtero berritzean sortuko da kanona, eta emakida edo baimen horren baldintzetan adierazten den zenbatekoa eskatuko da, han adierazitako epeetan.

3.  Emakidadunak edo, halakorik izanez gero, haien lekuan subrogatzen direnak izango dira zergadunak.

4.  Arro-organismoak zehaztuko du ordainarazpenaren zerga-oinarria eta urteko zerga-aldi bakoitzean jabari publiko hidraulikoa erabiliz eta ustiatuz emakidadunak ekoitzitako energia hidroelektrikoaren (zentral-barratan neurtuta) balio ekonomikoa izango da horren zenbatekoa.

5.  Urteko karga-tasa ehuneko 22 izango da, eta kuota osoa, berriz, zergaoinarriari karga-tasa aplikatzearen ondorioz lortzen den kantitatea.

6.  Ez dute kanona ordaindu beharko jabari publiko hidraulikoa kudeatzeko eskumena duen administrazioak zuzenean ustiatzen dituen aprobetxamendu hidroelektrikoek.

7.  Kanona ehuneko 90 txikiagoa izango da 50 MW-eko edo hortik beherako potentzia duten instalazio hidroelektrikoen kasuan eta 50 MW-etik gorako potentzia duten eta energia elektrikoa ponpaketa-teknologia hidraulikoa erabiliz ekoizteko instalazioen kasuan. Halaber, txikiagoa izango da kanona –erregelamendu bidez zehaztuko da zenbateraino– politika energetiko orokorra dela-eta sustatu behar diren ekoizpen eta instalazioetarako.

8.  Kanona kudeatzeaz eta biltzeaz arro-organismo eskuduna edo Estatuko Tributu Administrazioa arduratuko dira, horien arteko hitzarmenen arabera.

Estatuko Tributu Administrazioko Agentziarekin hitzarmenik sinatuz gero, arroorganismoak kudeaketa errazteko datuak eta erroldak helaraziko dizkio eta erregelamendu bidez zehazten den moduan bidaliko dio informazioa, aldian behin.

Horretarako, Energiaren Batzorde Nazionalak eta sistema elektrikoaren operadoreak arro-organismoari edo Tributu Administrazioari behar beste datu eta txosten eman beharko diote, abenduaren 17ko 58/2003 Legearen 94. artikuluari jarraikiz.

Jasotako kanonaren ehuneko 2 arro-organismoaren diru-sarreratzat joko da, eta gainerako ehuneko 98 Altxor Publikora sartuko du erakunde biltzaileak.» Lehen xedapen gehigarria.  Lege honek araututako zergapeko egitateen artean autonomia-erkidegoek kargatzen dituztenak.

1.  Baldin eta lege honek ezartzen dituen tributuak autonomia-erkidegoek kargatutako zergapeko egitateen gainekoak badira, eta horrek haien diru-sarrerak murrizten baditu, Autonomia Erkidegoen Finantzaketari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren, 6.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

2.  Aurreko paragrafoan xedatutakoa 2012ko irailaren 28a baino lehen onartutako lege baten bidez ezarritako tributu autonomikoei soilik aplikatuko zaie.

Bigarren xedapen gehigarria.  Sistema elektrikoaren kostuak.

Urtero, Estatuko Aurrekontu Orokorren legeetan, kontzeptu hauen baturaren baliokidea den zenbatekoa bideratuko da sistema elektrikoaren kostuak –54/1997 Legearen 16. artikuluan aurreikusitakoak– finantzatzeko:

a)  Estatuari dagokion urteko bilketaren zatiaren zenbatespena, Lege honetan araututako tributu eta kanonetatik deribatua.

b)  Berotegi-efektuko gasak isurtzeko eskubideen enkanteak eragiten duen dirusarrera zenbatetsia, gehienez ere 500 milioi eurokoa.

Lehen xedapen iragankorra.  Emakida hidroelektrikoak egokitzea.

112 bis artikuluan xedatutakoa –zeina lege honen bidez gehitzen baitzaio uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Uren Legearen testu bateginari– lege hau indarrean jartzen denean emakida hidroelektriko baten titular diren energia elektrikoa ekoizteko instalazioetako titularrei aplikatzekoa izango da. Emakida horien baldintzak 112 bis artikuluan ezarritako erregulazio berrira egokitu beharko dira.

Bigarren xedapen iragankorra.  Ordainketa zatituak 2013an.

2013ko urtarrilaren 1ean hasten den zerga-aldian, eta zergapeko egitatea gauzatzen duten zergadunek ordainketa zatituak 10. artikuluan xedatutako moduetan egin behar dituzten zehazteko besterik ez, instalazio guztietako urteko ekoizpenaren baliotzat hartuko da 2012. urteari dagokion ekoizpena.

Zergadunek 2012. urtean ekoizpena ez badute urte natural osoan gauzatu, ekoizpenaren balioa urtebetera hedatuko da.

Ordainketa zatituak egiteko unean zergadunari dagokion zenbatekoa ezezaguna bada, zergadunak behin-behineko zenbateko bat finkatu beharko du sistemaren operadoreak eta, hala izanez gero, Energiaren Batzorde Nazionalak egindako behinbehineko azken likidazioaren arabera.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

Indargabeturik daude lege honen maila berekoak edo beheragokoak izanik hemen ezarritakoaren aurka dauden xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.  Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea aldatzea.

Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legea, azaroaren 27koa, honela geratu da: Bat.  15. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu da, eta honela geratzen da:

«2.  Araututako jardueren kostuak, sistemaren funtzionamendurako kostu iraunkorrak, eta hornikuntzaren dibertsifikazio- eta segurtasun-kostuak barne hartuta, garraio- eta banaketa-sareetara sartzeko kontsumitzaileek eta ekoizleek ordaintzen dituzten bidesarien bidez eta Estatuko Aurrekontu Orokorretako partiden bitartez finantzatuko dira.» Bi.  30. artikuluari 7. paragrafoa gehitu zaio; hona hemen:

«7.  Lehen mailako energia-iturri gisa energia berriztagarri ez kontsumigarrietako bat erabiltzen duen instalazio batean erregaia erabiltzeari egotz dakiokeen energia elektrikoa ez da erregimen ekonomiko sarituan sartuko, ez bada energia-iturri gisa energia berriztagarri ez kontsumigarriak eta kontsumigarriak erabiltzen dituzten instalazio hibridoen kasuan. Kasu horietan, energia-iturri berriztagarri kontsumigarriari egotz dakiokeen energia elektrikoa erregimen ekonomikoan saritu ahalko da.

Horretarako, Industria, Energia eta Turismoko ministroaren aginduz, erabiltzen diren erregaiei zenbat energia elektriko egotziko zaien kalkulatzeko metodologia argitaratuko da » Hiru.  Seigarren xedapen gehigarriaren 9.1.f idatz-zatiaren hirugarren lerrokada honela aldatu da:

«Hala ere, zergaduna ordezkatzen duten subjektu pasiboek ez dituztenean abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartutako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 71. artikuluaren 3.1 paragrafoko baldintzak betetzen, urteko hiruhileko natural bakoitzean sortutako tasak maiatzaren, irailaren, azaroaren eta otsailaren 10a baino lehen edo, bestela, horren ondorengo lehen egun baliodunean ordainduko dira, hurrenez hurren.» Azken xedapenetako bigarrena.  Eskumen-tituluak.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.14.a artikuluan xedatutako Estatuaren Ogasun Orokorraren arloko eskumen esklusiboaren babespean eman da, IV. tituluan xedatutakoa izan ezik, urek autonomia-erkidego bat baino gehiago zeharkatzen dutenean, baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoen legediari, antolaketari eta emakidari buruzko eskumena Estatuari esleitzen dion Konstituzioaren 149.1.22.a artikuluaren babespean eman baita hori.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Arauak emateko eta erregelamendu bidez garatzeko gaitzea.

1.  Gobernuari gaitasuna ematen zaio bere eskumenen arloan lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezko erregelamendu-xedapenak emateko.

2.  Bereziki, lege honen 29. artikuluan ezarritako ordaintzeko modua aldatzeko baimena ematen zaio Gobernuari.

Azken xedapenetako laugarrena.  Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea gaitzea.

Espainiako Konstituzioaren 134.7 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen bidez lege honetan ezarritako karga-tasak eta ordainketa zatituak aldatu ahalko dira.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau 2013ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madril, 2012ko abenduaren 27a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra