Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

17/2013 Errege Lege Dekretua, abenduaren 27koa, energia elektrikoaren prezioa ezartzen duena 2014ko lehen hiruhilekorako, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren peko kontratuetan

2013-12-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/12/28, 311. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13724

17/2013 Errege Lege Dekretua, abenduaren 27koa, energia elektrikoaren prezioa ezartzen duena 2014ko lehen hiruhilekorako, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren peko kontratuetan.

2013ko uztailean, funtsean hornidura elektrikorako jardueren zati arautuari eragiten dion arau sorta bat izapidetzeari ekin zitzaion. Horrez gain, ekoizpen-merkatuaren funtzionamendua erreformatzeko lanetan ari da Gobernua, hornidura elektrikoaren prezioak finkatzeko orduan gardentasun, lehia eta likidezia handiagoa bermatzeko.

Lehia-merkatua egotea eta prezioa zehazteko mekanismo egokiak izatea ezinbestekoa da kontsumitzaileek energia elektrikoa lehiaren eta gardentasunaren bermeekin eskura dezaten ziurtatzeko.

Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 17. artikuluan, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioei eta azken baliabideko tarifei buruzko alderdiak daude araututa. Hala, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioak honela definitzen dira bertan: 6. artikuluaren f) idatz-zatian aurreikusitakoari jarraituz, erreferentziako horniduraren betebeharrak euren gain hartzen dituzten merkaturatzaileek kontsumitzaile jakin batzuei, hain zuzen ere, indarreko araudiaren arabera prezio horiek aplikatzeko baldintzak betetzen dituzten kontsumitzaileei, kobratu ahal izango dizkieten gehieneko prezioak.

Halaber, azken baliabideko tarifak honako hauek dira: aipatutako legean eta hori garatzeko araudian aurreikusitakoari jarraituz, kontsumitzaile-kategoria jakin batzuei aplikatu beharreko prezioak. Xedatutakoaren arabera, azken baliabideko tarifak kontsumitzaile ahulei aplikatuko zaizkie, eta, halaber, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa aplikatzeko baldintzak bete gabe, merkatu librean merkaturatzaile batekin hornidura-kontraturik aldi batez indarrean ez dutenei.

Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioak lege berria onartu arte zeuden azken baliabideko tarifak ordeztuko ditu. Azken horien erregulazioa ondorengo hauetan zegoen finkatuta: bai apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretuan, Energia Elektrikoaren Sektorean Azken Baliabideko horniketa abiaraztea arautzekoan, bai ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduan, tarifaren araberako merkatuko bezeroak energia elektrikoaren azken baliabideko hornidurara aldatzeko mekanismoa zein energia elektrikoaren azken baliabideko tarifen kalkulu eta egiturarako prozedura ezartzekoan. Uneotan, 16 milioi kontsumitzaile baino gehiago daude azken baliabideko tarifari atxikita.

Azken baliabideko tarifak kalkulatzeko eta berrikusteko metodologia apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretuaren, 7. artikuluan dago araututa (energia elektrikoaren sektorean azken baliabideko horniketa abiaraztea onartzen du errege-dekretu horrek); horri dagokionez, xedatzen du Industria, Energia eta Turismoko ministroak beharrezko xedapenak emango dituela azken baliabideko tarifa horiek ezartzeko, eta haien egitura sarbide-bidesariekin koherente izanez zehaztuko duela.

Apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretuaren aipatutako 7. artikuluko aurreikuspenak ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduak garatzen ditu; hots, tarifaren araberako merkatuko bezeroak energia elektrikoaren azken baliabideko hornidurara aldatzeko mekanismoa zein energia elektrikoaren azken baliabideko tarifen kalkulu eta egiturarako prozedura ezartzekoak. Agindu horrek 10 kW arteko potentzia kontratatuta duten behetentsioko kontsumitzaileei aplikatu beharreko azken baliabideko tarifen egitura ezartzen du, bai eta horiei dagozkien sarbide-bidesariak ere.

Horrez gain, azken baliabideko aurreko tarifek jasoko duten energia elektrikoa ekoizteko kostua kalkulatzeko prozedura finkatzen du; hemendik aurrera, Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen arabera, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioak izango dira horiek. Lege horren 17.2 artikuluak dio ekoizpenkostua merkatuko mekanismoetan oinarrituta zehaztu beharko dela, erregelamendu bidez xedatutako aldian ekoizpen-merkatuan aurreikusitako batez besteko prezioa aintzat hartuta; halaber, adierazten du ekoizpen-kostua berrikusgarria izango dela, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren gainerako kontzeptuetatik bereiz.

Orain arte, araudian aurreikusitako kalkulu-metodoaren bidez zenbatetsi izan da aipatutako ekoizpen-kostua, erreferentziatzat hartarako egiten zen enkantearen emaitza hartuta. Enkante horiek, CESUR enkanteak deitutakoak, ekainaren 11ko ITC/1601/2010 Aginduan daude araututa; bertan, ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduak aipatutako CESUR enkanteak arautzen ditu, handizkako kontratuen kostu zenbatetsia zehaztearren, azken baliabideko tarifa kalkulatzeko.

Epera kontratatzeko mekanismo bat da hori, egun hiru hilean behin aplikatzen dena; azken baliabideko merkaturatzaileek hartzen dute parte, energia elektrikoaren eskuratzaile gisa, azken baliabideko aipatutako tarifari helduta dauden kontsumitzaileei hornidura emateko.

2013ko abenduaren 19an, hogeita bosgarren CESUR enkantea egin zen; bertan, oinarri-blokean entregatzeko handizkako kontratuen kostua 61,83 euro/MWh izan zen 2014ko lehen hiruhilekorako, eta punta-blokean entregatzeko handizkako kontratuen kostua, epealdi berean, 67,99 euro/MWh. Emaitza horien arabera, oinarri-produktuak, zeinak kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa kalkulatzeko orduan haztapen handiagoa duen, ia ehuneko 30eko igoera izango zuen aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; aurretik, sekula ez zen halakorik gertatu.

Ekainaren 11ko ITC/1601/2010 Aginduaren 6. artikuluak eta ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduaren 14.1 artikuluak xedatzen dute Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, enkanteak ikuskatzen dituen erakundea denez, emaitzak balioztatzeko adierazpen bat egin behar duela, enkantea amaitu eta 24 orduko epearen barruan. Xedapen horietan jasotakoa betez, aipatutako batzordeak adierazpen bat egin zuen 2013ko abenduaren 20an; horren bidez, ebatzi zuen ez zela zilegi hogeita bosgarren CESUR enkantearen emaitzak balioztatzea, ondokoak kontuan hartuta:

«– Enkantea hasi aurretik erantsitako bolumen kalifikatua enkantean jarritako antzeko bolumeneko beste batzuena baino % 11,5 txikiagoa izan da (22. eta 24. CESUR); ondorioz, hautagarritasun-ratioa (kalifikatutako bolumena/enkantean jarritako bolumena) enkante horiena baino % 10,4 txikiagoa izan da.

– Txanda bakoitzean kendutako bolumen erantsia handiagoa izan da termino erlatiboetan, 22. eta 24. enkanteetan izandakoa baino; bereziki, lehenengo txandan (aipatutako enkante horien lehen txandan batez beste kendutakoa baino % 55 handiagoa).

– Agenteek oso txanda goiztiarretan jakin dute tarte itsua (% 200etik gorako soberakina) baino txikiagoko tarteetan gehiegizko eskaintza zegoela. Zehazki, lehen aldiz, 3. txanda amaitzean jakin zuten agenteek % 200etik beherako gehiegizko eskaintza zegoela, bi tartetan % 150-175ekoa izanik; 2010az geroztik, inoiz ez da horrelakorik gertatu egindako enkanteetan, 5. txanda amaitu baino lehen.

–  Horren ondorioz, 25. enkantea 7. txandan amaitu da; txanda goiztiarrena izan da eginiko CESUR enkante guztietan, 12. txanda baino lehen ez baitira inoiz amaitu.

Halaber, CESUR enkantetik ateratako oinarri-produktuaren prezioak (61,83 €/MWh) % 7tik gorako aldea izan du enkantearen bezperan OTC merkatuan (57,67 €/MWh) eta EMIO merkatuan (57,55 €/MWh) zeuden kontratu baliokideen prezioen erreferentziekiko.

CESUR enkantean jarritako oinarri-produktuaren prezioaren eta eperako merkatuen erreferentzien arteko alde hori azken hamar enkanteetan erregistratutakoen artean handiena izan da, halakoetan aldea ez baita inoiz % 2tik gorakoa izan.

Erakundeak aztertu egin beharko ditu inguruabar horiek eta gainerakoak.

Aurreko guztia, gainera, elektrizitatearen spot merkatuan diren prezio altuen testuinguruan kokatzen da. Zehazki, 2013ko abenduaren 2tik aurrera, handizkako spot merkatuko prezioek gora egin dute eta 80-90 €/MWh-ra iritsi dira; hots, elektrizitatearen merkatu iberiarrean (MIBEL), Espainiako eremuan, 2002az geroztik erregistratu ez diren mailetara. Hala, % 60-70eko igoera izan da aurreko astearekiko, orduan 50 €/MWh ingurukoa baitzen prezioa. Esparru hori testuinguru honetan kokatu beharra dago:

–  Hiru astez iraun duen ekoizpen eoliko txikiko egoera. Zehazki, abenduan, ekoizpen eolikoa iazko aldi berean baino % 30 txikiagoa izan da. Azaroari dagokionez, ekoizpen eolikoa % 49 txikiagoa izan da, eguneko batez besteko balioa oinarri hartuta.

–  Sorkuntza-zentral batzuek erabilezintasun handia dute; hala, abenduan, 6.000-8.000 MW baino gehiago izan dira erabilezin; iazko aldi berean, baina, 2.000-4.000 MW

erregistratu ziren egoera horretan. Zehazki, aztertutako aldian 4 talde nuklear egon dira erabilezin (dauden 8etatik), 3.510 MW arteko potentziarekin (Espainiako sistema elektrikoan instalatutako potentzia nuklearraren % 46), baita ikatz-instalazioen 541 eta 2.367 MW artean, gasaren ziklo konbinatuko instalazioen 1.215 eta 2.410 MW artean, eta instalazio hidraulikoen 1.215 eta 2.361 MW artean ere.

–  Elektrizitatearen eta ohiko gas naturalaren eskari handia, aldi horretan izandako tenperatura baxuen eraginez.

Horrek guztiak aldez aurretik ia ezdeusa zen gas-zentralen funtzionamendua eragin du, eta aldatu egin da bazterreko teknologia, ikatzetik gas naturalera igarota. Bazterreko teknologiaren aldaketa horren ondorioz, kostuak % 50 handitu dira. Gainera, iberiar penintsulan urria denez gas naturala, gasaren prezioa, abenduan, aurreko hilean baino % 16 handiagoa izan da eremu horretan.

Kontuan hartuta lehen hiruhilekoa ekoizpen eoliko handiko aldia izan ohi dela (zenbatespenaren arabera, 2013ko abenduan baino % 20 handiagoa, batez beste), eta erabilezintasun txikikoa (abenduan baino 4.000 eta 6.000 MW artean gutxiago), gure ustez, abenduan spot merkatuan izandako egoera ez litzateke zuzenean 2014ko lehen hiruhilekora estrapolatu behar; bereziki, mugaeguna aldi horretan duten eperako merkatuei dagokienez.

Horiek horrela, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Araudia Gainbegiratzeko Salak aurretiazko informazio-prozesu bati ekin zion 2013ko abenduaren 10ean, merkatu elektrikoko prezioetan izandako ezohiko mugimenduak aztertzearren.» Azken aipamen horri dagokionez, Energiaren Estatuko idazkariak idatzi bat igorri zion, 2013ko abenduaren 11n, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko presidenteari, penintsulako elektrizitatearen eskurako handizkako merkatuaren azken hileko prezioak zein bertako agenteen portaera aztertzeko eskatuz.

Ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduaren 14.1 artikuluak, in fine, xedatzen du CESUR produktu baten enkantea baliogabekotzat joz gero, hori ondorio guztietarako geldituko dela indargabetuta, eta Energiaren Estatu Idazkaritzak ebatziko duela horren ondorioz ateratako prezioa ez dela kontuan hartu behar handizkako kontratuen kostu zenbatetsia zehazteko orduan.

Horregatik, Energiaren Estatu Idazkaritzak 2013ko abenduaren 20an emandako Ebazpenaren bidez, xedatu da Energiaren Estatu Idazkaritzaren 2013ko azaroaren 20ko Ebazpenaren bidez deitutako hogeita bosgarren CESUR enkantearen ondorioz ateratako prezioa ez dela kontuan hartu behar handizkako kontratuen kostu zenbatetsia zehazteko orduan, ondorio guztietarako indargabetuta gelditu baita.

Hala eta guztiz ere, aipatutako 14. artikuluak, 5. paragrafoan, jasotzen duen prozedura punta-kontratuetarako CESUR enkante baten prezioa handizkako kontratuen kostu zenbatetsia zehazteko orduan kontuan hartu behar ez dela xedatuz gero jarraitu beharrekoa da, eta ez horrelako xedapenak punta-kontratuetarako prezioan zein oinarrikontratuetarako prezioan eragiten duenean; lege-hutsune hori ez dago betetzerik arau horretan jasotako gainerako aurreikuspenak analogikoki edo hedaduraz erantsita.

Lege-hutsune horretaz jabetuta, 2013ko abenduaren 20an bertan proposamen bat egiteko eskatu zitzaion Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, adierazitako egoera aintzat hartuta prozedura bat ezartzeko, elektrizitatearen prezioa 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera zehaztearren. Batzordeak 2013ko abenduaren 26an erantzun zion eskaerari, osoko bilkuraren proposamen baten bidez. Honela erabaki zuten bertan: «Batzorde honen ustez, txikizkako merkatuan edozer eragin deformatzaile saihestearren, aldi baterako mekanismo bat ezarri behar litzateke, CESUR enkantearen ondoriozko prezioa baliozkotzat ez jotzearen eragina ekidin ahal izateko. Nolanahi ere, mekanismo hori ahalik eta aldirik laburrenean ezarri behar litzateke, eta soil-soilik lehia eta egonkortasuna bermatzen dituen behin betiko prozedura bat eduki arteko aldian».

Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa ezinbestean 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen finkatu beharra dagoenez, eta oso denbora gutxi gelditzen denez Energiaren Estatu Idazkaritzaren ebazpena hartu zenetik eta, are gehiago, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari eskatutako proposamena jaso denetik, ezinezkoa da arau-hutsune hori erregelamenduzko xedapenak egiteko ohiko mekanismoei jarraituz konpontzea. Horrenbestez, agerikoa da errege lege-dekretu honen bitartez onartu beharra dagoela, halabeharrez eta premiaz, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa finkatzeko erreferentzia gisa erabiliko den handizkako kontratuen prezioa zehazteko mekanismoa, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera eta ekitaldi honen lehen hiruhilekoan baliatu beharrekoa.

Errege lege-dekretu hau prestatzeko orduan, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren aipatutako txostena hartu da kontuan, merkatuko irizpide objektiboen araberako energiaren prezio bat zehaztu ahal izateko prozedura bat ezartzeko egina, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera eta lehen hiruhilekoan aplika dadin. Hau ere xedatzen du:

«Horrela, bada, gure ustez aldi baterako mekanismoak, ahal den neurrian, gaur egun indarrean dagoen prezio-finkapena errespetatu behar luke, merkaturatzaile libreen estaldura-itxaropena aldatu gabe. Hartarako, CESUReko erreferentzia erabiltzerik ez dagoenez, CESURen enkantean jarritako produktu berak kotizatzen diren eperako bestelako merkatu batzuk erabil litezke erreferentzia gisa; hau da, Q1-14 lehen hiruhilekorako eta Qn-14 hurrengo hiruhilekoetarako (horiek, halere, ez lirateke inoiz lau hiruhileko baino gehiago luzatuko).

Azken mekanismo hori ezarriz gero, ABTen energiaren osagaia % 2,9 eta % 1,4 artean handituko litzateke Q1-14 kalkulatzeko kontuan hartutako negoziazio-hilen arabera, hogeita bosgarren CESUR enkantearen ondoriozko % 10,9ko igoerarekin alderatuta.

CESUR enkantea ez baliozkotzean ABMek Q1-14rako estaldurarik izango ez luketenez, ordezko estaldura-sistemaren bat sartu behar litzateke, ABMri edozer arrisku kentzeko.» Txostenean adierazitako irizpidearen arabera, errege lege-dekretu honetan, eta aldi baterako, handizkako kontratuen kostu zenbatetsia zehazteko prozedura ezartzen da, prezioaren erreferentzia gisa CESURean enkantean jarritako produktu berak kotizatzen diren eperako beste merkatu batzuk erabiltzeko ordezko aukera aintzat hartuta; zehazki, Eperako Merkatu Iberiarreko Operadorearen (EMIO) prezio publikoen erreferentziak Q1-14aren kasurako eskuragarri dauden negoziazioko azken sei hiletan. Azken asteetako prezioen aldakortasunaren eragina murriztearren erabaki da kotizazio-aldi hori erabiltzea; izan ere, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak uste du egoera hori nolabait berezia dela, eta ez dela inola ere adierazgarria.

Hortaz, mekanismo hori aplikatuta, 48,48 €/MWh-ko prezioa ezarri da 2014ko lehen hiruhilekorako oinarri-produkturako, eta 56,27 €/MWh-koa puntakorako. Prezio hori aplikatu beharko da kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa kalkulatzeko harekin bat egindako kontsumitzaile guztientzat.

Halaber, ABMak estaltzea ahalbidetzen duen mekanismoari dagokionez, bi aukera proposatzen ditu aipatutako txostenak:

«– Likidazio-sistemak egiten du estaldura, araututako jardueren likidazio-sistemaren bitartez.

– Hurrengo ekitaldiko ABTen prezioa finkatzeko orduan, onartzen dira ABTen onartutako prezioaren eta merkatuko prezioaren arteko desbideratzeak.» Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren iritziz, bigarren aukeraren bitartez «sistemaren bidezko estaldura-aukerari lotutako desabantailak saihesten dira», hala nola araututako jardueren likidazioan defizita ekar dezakeen distortsio bat sartzea, eta prozedura hori Estatuak erreferentziako merkaturatzaileei emandako laguntzatzat jo ahal izatea.

Ondorioz, erreferentziako merkaturatzaileen estaldura ahalbidetzen duen mekanismoa ezartzen da, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren eta merkatuko prezioaren arteko desbideratzeak hurrengo aldian kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa finkatzean onartuta. Prezio-aldeak, positiboak zein negatiboak, hurrengo aldian kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioko energiaren kostua kalkulatzean jasoko dira, hala dagokionean.

Horrez gain, 2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legeak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak Parlamentuan izapidetzeko egutegi ezberdina dutenez, bateragarriak ez diren erregulazioak daude bi arau horietan.

Hala, 2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legearen azken xedapenetako hogeita bederatzigarrenak, alderdi horretan 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 27ko 17/2012 Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren erregulazioa aldaturik, energia berriztagarrietarako sistema elektrikoaren kostuen estaldurara zenbateko bat bideratzea aurreikusten zuen; zehazki, abenduaren 27ko 15/2012 Legearen, jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzkoaren, ondoriozko diru-sarreretatik Estatuari dagokion bilketa adinakoa.

Nolanahi ere, Sektore Elektrikoari buruzko Legeari, Parlamentuan izapidetzeko azken faseetan, zuzenketa bat egin zitzaion, bosgarren xedapen gehigarria bera aldatzeko eta sektore elektrikoaren kostuen estaldurako bilketa horren zenbatekoaren aplikazioa espresuki jasotzeko; horrenbestez, azken formula horretara egokitu behar da Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea. Neurri hori premiaz hartzeko beharra dago, bi arau horiek indarrean jartzeko egutegi ezberdinaren ondorioz 2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea urtarrilaren 1ean indarrean jartzeak ez dezan Sektore Elektrikoari buruzko Legearen indarraldian eragin, bigarren hori baita nagusitu beharrekoa.

Horiek horrela, jarraian onartzen diren neurriek 1978ko abenduaren 27ko Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan adierazitako aparteko eta presazko beharrizanaren eskakizunak betetzen dituzte.

Jada aipatutako arrazoien ondoriozko ezohiko eta premiazko beharra, interes orokorrak babestu beharrarekin batera, zeinaren zaintza berezia gobernuak du esleitua; hura indarrean berehala jartzea ezinbestekoa da, orobat, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera eta lehen hiruhilekoan eraginkorra izan dadin, ordurako ezarri behar baita kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezio berria, aurretik azken baliabideko tarifa deitua.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Industria, Energia eta Turismoko ministroaren proposamenari jarraituz, eta Ministroen Kontseiluak 2013ko abenduaren 27an eztabaidatuta, honako hau XEDATZEN DUT:

1. artikulua.  Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioan kontuan hartu beharreko energia elektrikoa ekoizteko kostua zehaztea.

2014ko lehen hiruhilekoan aplikatu beharreko kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa kalkulatzeko, bai eta energia elektrikoa ekoizteko kostua zehazteko ere –kalkulu horren barruan jaso beharra dago Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 17.2 artikuluan xedatutakoaren arabera–, ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduaren IV. kapituluan xedatutakoa beteko da (tarifaren araberako merkatuko bezeroak energia elektrikoaren azken baliabideko hornidurara aldatzeko mekanismoa zein energia elektrikoaren azken baliabideko tarifen kalkulu eta egiturarako prozedura ezartzen du agindu horrek), honako zehaztasun hauek eginda:

a)  Handizkako kontratuen kostu zenbatetsia zehazteko orduan, errege lege-dekretu hau onartzeko datan eskuragarri dauden negoziazioaren azken sei hiletan dauden oinarriko eta puntako Q1-14 kontratuen kotizazioari dagozkion Eperako Merkatu Iberiarreko Operadoreko (EMIO) prezio publikoen erreferentziak hartuko dira kontuan.

b)  Aipatutako ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduan ezarritako metodologiaren arabera kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren kalkuluan kontuan hartu behar den eguneko merkatuko energiaren kostua (CEMDp,k) kalkulatzeko, 2014ko lehen hiruhilekorako, a) lerrokada aplikatuta, 48,48 €/MWh-ko balioa hartuko da KKoinarrirako eta 56,27 €/MWh KKpuntarako; biak ala biak ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduaren 10. artikuluan daude zehaztuta.

2. artikulua.  Erreferentziako merkaturatzaileen estaldura-mekanismoa.

1.  Erreferentziako merkaturatzaileei aplikatuko zaien estaldura-mekanismoa prezioaldeen likidazioan egongo da oinarriturik; gehienez ere, 2014ko lehen hiruhilekoan kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioko kontsumitzaileen hornidurara bideratutako zenbatekoa adina izango da hori.

2.  Erreferentziako merkaturatzaile bakoitzari aplikatu beharreko prezioa oinarri- edo punta-produktu bakoitzaren prezioen batez bestekoa izango da, 1. artikuluaren b) lerrokadaren arabera, merkaturatzaileak ekainaren 22ko ITC/1659/2009 Aginduaren laugarren.2 xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraituz eskatu dituen kopuruez haztatuta (tarifaren araberako merkatuko bezeroak energia elektrikoaren azken baliabideko hornidurara aldatzeko mekanismoa zein energia elektrikoaren azken baliabideko tarifen kalkulu eta egiturarako prozedura ezartzen ditu agindu horrek).

3.  Honela egingo da likidazioa:

a)  Ordu bakoitzean artikulu honen 2. paragrafoaren arabera aplikatu beharreko prezioaren eta eguneko merkatuaren ordutegiko prezioaren artean dagoen aldea, bi prezioak €/MWh-tan daudela, positiboa baldin bada, erreferentziako merkaturatzailearentzat ordainketa-ohar bat egingo da; hain zuzen, erreferentziako merkaturatzaileek ordu bakoitzean eskatutako kantitateak, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioari heldutako kontsumitzaileen hornidurara bideratutakoak, prezio-aldeaz biderkatu ondoren ateratako zenbatekoa izango du ordainketa-ohar horrek.

b)  Prezioen arteko aldea negatiboa izanez gero, kobrantza-ohar bat egingo da erreferentziako merkaturatzailearen alde, aurreko kalkulutik ateratako zenbatekoarekin.

c)  Mekanismoa aplikatzeko hiruhileko epea amaitutakoan, sortutako kopuruen azken kalkulu bat egingo da erreferentziako merkaturatzaile bakoitzarentzat.

d)  Hala dagokionean, sortutako kopuruen zenbatekoa kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren hurrengo aldiko kalkulua egitean jasoko da. Ondoren, erreferentziako merkaturatzaile bakoitzari dagozkion kopuruen erregulazio egokiak egingo dira.

4.  Balio Merkatuaren Batzorde Nazionalak prezio-aldeengatik likidatu beharreko produktu horien gainean dituen ikuskatzeko ahalmenei kalterik egin gabe, esleitutako produktuen kalkulua, kudeaketa, likidazioa, fakturazioa eta kobrantza- eta ordainketakudeaketa egingo ditu sektore elektrikoko likidazioez arduratzen den organoak, zuzenean edo hirugarren baten bidez.

Organo horrek hilero emango beharko dio Energiaren Estatu Idazkaritzari hil bakoitzeko saldo-bilakaeraren berri. Hori egiteko, likidazioez arduratzen den organoak agindutako eginkizunak gauzatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia, egoki iritzitako formatuan eta epeetan, eskatu ahal izango die Energiaren Merkatu Iberiarreko OperadoreaEspainiako Poloari, Espainiako Sare Elektrikoari, sistemaren operadore gisa, eta erreferentziako merkaturatzaileei.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

1.  Indargabetuta gelditzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoarekin bat ez datozen edo kontraesanean dauden lerrun bereko nahiz beheragoko arau guztiak.

2.  Bereziki, martxoaren 4ko 302/2011 Errege Dekretua geratzen da indargabetuta, 2014ko urtarrilaren 1etik hasita; errege-dekretu horrek prezio-aldeak direla-eta erregimen berezia duten instalazioek likidatu beharreko produktuen salmenta eta azken baliabideko merkaturatzaileentzako erosketa arautzen ditu.

Azken xedapenetako lehenengoa.  Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.13 eta 149.1.25 artikuluen babespean eman da; artikulu horiek jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak ezartzeko eta koordinazioa egiteko, eta meatzeen eta energiaren erregimenaren oinarriak zehazteko eskumen esklusiboa esleitzen diote Estatuari, hurrenez hurren.

Azken xedapenetako bigarrena.  Araugintzarako gaikuntza eta erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuari eta Industria, Energia eta Turismoko ministroari gaikuntza ematen zaie errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betearazteko beharrezko diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako hirugarrena.  2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 22/2013 Legea aldatzea.

2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 22/2013 Legearen azken xedapenetako hogeita bederatzigarrena, Bat, honela geratzen da idatzita:

«Bat.  Sektore elektrikoa finantzatzeko ekarpenak kalkulatzeko, 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko da, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen hamaseigarren xedapen gehigarriak emandako idazketaren arabera.» Azken xedapenetako laugarrena.  Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Madrilen, 2013ko abenduaren 27an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra