Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

17/2018 Errege Lege Dekretua, azaroaren 8koa, honako hau aldatzen duena: Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legearen testu bategina, irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua.

2018-11-08

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/11/09 271zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15344   17/2018 Errege Lege Dekretua, azaroaren 8koa, honako hau aldatzen duena:

Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legearen testu bategina, irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua.

I

Hipoteka-merkatua sektore garrantzitsu bat da Espainiako ekonomian. Gure ordenamendu juridikoan dago xedatuta eskritura publikoan jasotzea funtsezko elementua dela hipoteka-bermea duen mailegurako. Eskritura publikoan jasotzeak egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren sortzapena dakar, Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legearen testu bateginean xedatu bezala; irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori.

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamenduan -maiatzaren 29ko 828/1995 Errege Dekretuak onartua-, 68. artikuluaren 2. zenbakian dago xedatuta, agiri notarialen modalitatean, egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren subjektu pasiboa mailegu-hartzailea dela, baldin eta mailegu bermeduna eratzeko eskriturak badira.

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren Bigarren Atalak erregelamendu horren 68. artikuluko 2. zenbakia ezeztatu du epai hauetan: urriaren 16ko 1505/2018 Epaia, urriaren 22ko 1523/2018 Epaia eta urriaren 23ko 1531/2018 Epaia. Epai horren efektu ezeztatzailearen ondorioz, ziurgabetasun-egoera bat sortu da eta, horren ondorioz, hipoteka-bermea duten maileguak formalizatzeko egintzak nabarmen murriztu dira.

Horren ostean, 2018ko azaroaren 6an, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren Osokoak berriro erabaki zuen mailegu-hartzaileari zegokiola zerga ordaintzeko betebeharra.

Gertaerok ziurtasun juridikorik gabeko egoera bat eragin dute eta horrek eragin handia izan du hipoteka-merkatu osoan; beraz, ezinbestekoa da gaiari berehala ekitea.

II

Egoera hori kontuan izanda, aparteko eta presako beharrizan bat dago, zeinak justifikatzen baitu Gobernuak legegintza-ekintza bat gauzatzea Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluaren babespean.

Aparteko beharrizanaren betekizunak eragina du hainbat arrazoirengatik.

Lehenik, azaldutako gertaerek sortutako ziurgabetasun-egoera horretan beharrezkoa da esparru juridikoa modu zehatz batean finkatzea eta, esparru horretan, horren ohikoa den merkataritza-jarduera baterako arauak ezarri, hau da, mailegu hipoteka-bermeduneko kontratuetarako arauak ezarri. Hipoteken trafiko arrunta gauzatzeko horren funtsezkoa denez, beharrizan hori betebehar bihurtu zaio legegileari, ezin baita erantzunik gabe geratu.

Bigarrenik, eta aparteko beharrizana sortu duen ziurgabetasunari lotu-loturik, Gobernuak ezin du erantzun gabe utzi konstituzio-agindu bat, non herritarrei bermatu behar baitzaizkie kontsumitzaileak diren aldetik dituzten eskubideak; izan ere, ulertu behar da eskubide horien barnean dagoela esparru juridiko egonkor eta argi bat izatea.

Errege lege-dekretu hau onartzea ahalbidetzen duen presaren arrazoiari dagokionez, ezin da geroratu berehalako amaiera ematea deskribatutako gertaerek eragindako ziurtasun eta segurtasun juridikoaren faltari. Araubide juridiko aplikagarriaren indeterminazioak hipoteka-merkatua geldiarazi du, eta hipoteka-merkatuari ezin zaio ukatu daukan garrantzi sozioekonomikoa. Ezinbestekoa da egoera horri amaiera ematea.

Presa horrek ekarri du arau hau errege lege-dekretu gisa izapidetu beharra; izan ere, helburua da -ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeen baino epe laburragoan- berehalako legegintza-ekintza bat behar duen egoera zehatz batean laguntzea, eta are gehiago prozedura hori ebaztea Gobernuaren esku ez dagoenean (Konstituzio Auzitegia: 6/1983 Epaia, 5. oinarri juridikoa; 11/2002 Epaia, 4. oinarri juridikoa; 137/2003 Epaia, 3. oinarri juridikoa; 189/2005 Epaia, 3. oinarri juridikoa; 68/2007 Epaia, 10. oinarri juridikoa; 137/2011 Epaia, 7. oinarri juridikoa).

Justifikatu berri den presako eta aparteko beharrizanari gehitu behar zaio badirela berehalako legegintza-ekintza ezinbesteko egiten duten salbuespenezko egoera, larritasuna, garrantzia eta aurreikusteko ezintasuna (Konstituzio Auzitegia: 68/2007 Epaia, 10. oinarri juridikoa eta 137/2011 Epaia, 7. oinarri juridikoa). Salbuespenezko egoera sortu da gai beraren gaineko askotariko erabaki judizialen segidaren ondorioz. Larritasuna sortu da araubide juridiko horrek eraginpean hartzen dituen faktore, subjektu eta interes ugarien ondorioz. Garrantziari dagokionez, agerikoa da zenbateko munta kuantitatiboa eta kualitatiboa daukaten hipotekek gure merkataritza-trafikoan. Azkenik, aurreikusi ezinezkoak izan dira gai honen gainean gertatu berri diren aldaketa jurisprudentzialak.

III

Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan dago xedatuta errege lege-dekretuek ezin dutela eraginik izan I. tituluan araututa dauden herritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan; horien artean dago gastu publikoetan lagundu beharra, Konstituzioaren 31.1 artikuluan adierazia. Hala ere, Konstituzio Auzitegiak behin baino gehiagotan adierazi du horrek ez duela esan nahi ezin direla errege lege-dekretuak erabili zerga-kontuak arautzeko; gainera, aitortu du baliabide hori erabil daitekeela tributu-betebeharrak ex novo sortzeko. Horrela, Konstituzio Auzitegiak hau adierazi du: «Hasiera batean, konstituzio-ikuspegitik, ez dago eragozpenik lege-dekretu baten bidez ondare-prestazio publikoak ezarri, aldatu edo indargabetzeko, baldin eta aparteko presako egoera bat badago araugintzako tresna horren erabilera justifikatzeko eta, haren bidez, ez badago eraginik Espainiako Konstituzioaren 31.1 artikuluak ezartzen duen betebeharrean, hau da, gastu publikoei aurre egiten laguntzeko betebeharrean» (Konstituzio Auzitegiaren 73/2017 Epaia, 2. oinarri juridikoa).

Epai horretan bertan, Konstituzio Auzitegiak hau ere zehaztu zuen: «Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluak lege-dekretuaren esparrutik ateratzen ditu Konstituzioaren I. tituluan finkatutako betebeharrak; baina, hori egitean, «guztiek» gastu publikoei aurre egiten laguntzeko konstituzio-betebeharrean eragina duten araugintzako esku-hartzeak edo berrikuntzak eragotzi nahi ditu; baina ez edonolako eragina daukatenak, baizik eta eragin handia edo funtsezkoa daukatenak bakarrik». Horrela, irizpide erabakigarria da horrek zenbateko eragina daukan zergadunen artean (osotasunean hartuta) zerga-karga banatzeko orduan. Izan ere, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro lotu izan ditu zergak ordaindu beharra eta gaitasun ekonomikoaren irizpidea, zeina «zerga-sistema osoarekin» lotuta baitago, eta, ez, ordea, zerga-figura partikular batekin (Konstituzio Auzitegiaren 182/1997 Epaia, 7. oinarri juridikoa, besteak beste).

Beraz, zerga-arloko araugintzako esku-hartze edo berrikuntza guztiak ez daude debekatuta errege lege-dekreturako; baina, kontuan hartu beharko dira, kasu bakoitzean, honako hauek: «zer zergatan duen eragina errege lege-dekretuak -zerga-sistema osoan zer izaera, egitura eta funtzio daukan zehaztuta, bai eta zer gradutan edo neurritan hartzen duen parte gaitasun ekonomikoaren printzipioak ere-, zergaren zer osagai -funtsezkoak zein ez- aldatzen dituen araugintza-modu honek eta, azken batean, zein den arau zehatz horren izaera eta irismena» (Konstituzio Auzitegiaren 182/1997 Epaia, 7. oinarri juridikoa; 189/2005 Epaia, 7. oinarri juridikoa; 83/2014 Epaia, 5. oinarri juridikoa; 73/2017 Epaia, 2. oinarri juridikoa).

Errege lege-dekretu honen bidez egindako arau-aldaketak eragina du zerga zehatz baten (egintza juridiko dokumentatuen zerga) arauen alderdi partzial batean, eta zerga horren modalitate bakarrean (agiri notarialen modalitatea, mailegu hipoteka-bermedunei dagokienez baino ez). Beraz, irismen mugatuko aldaketa bat da, gaitasun ekonomikoaren agerpen espezifiko bakarra zergapetzen duen zeharkako eta istanteko zerga bati dagokiona, eta ez errentaren edo kontsumoaren gaineko zerga orokor bati dagokiona. Hori dela eta, guztiz aplikagarria da Konstituzio Auzitegiak alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zerga bereziari buruz (Konstituzio Auzitegiaren 108/2004 Epaia) eta zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari buruz (Konstituzio Auzitegiaren 137/2003 Epaia) emandako epaietan ezarritako doktrina. Epai horietan, Konstituzio Auzitegiak adierazi zuen zerga horiek ez direla «gure zerga-sistemaren oinarrizko edo egiturazko zutabeak» eta, ondorioz, euren aldaketa partzialek ez dutela eragin nabaririk izango zergadunen artean zerga-karga banatzeko irizpidean. Horretaz gain, «egitura eta zerga-egitatea kontuan hartuta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aldean, ezin da esan aipatutako zerga berezi horren bidez gure zerga-sistemako karga fiskalaren banaketa pertsonalizatu egiten denik gaitasun ekonomikoaren, berdintasunaren eta progresibitatearen irizpideen arabera».

IV

Deskribatutako ziurgabetasun-egoera juridikoari albait lasterren amaiera emateko, errege lege-dekretu honek Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 29. eta 45. artikuluak aldatzen ditu —irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori-. Horrela, 29. artikulua aldatzen da zehazteko zein den subjektu pasiboa hipoteka-bermea duen maileguaren eskrituren kasuan, eta, hain zuzen ere, mailegu-emailea izango da; horretarako, salbuespena ezartzen dio 29. artikuluaren beraren lehen paragrafoan ezarritako arau orokorrari. Eta, bestetik, 45. artikulua ere aldatzen da, salbuespen subjektibo bat izan eta kargatik salbuetsita dauden mailegu-hartzaileek salbuespen horrekin segi dezaten, 29. artikuluaren aldaketak haiengan eraginik izan gabe. Halaber, harik eta sozietateen gaineko zergaren araubide juridikoari berrikusketa orokor bat egin arte, azken xedapen bat gehitzen da, lehenengoa, zerga hori errege lege-dekretu honetan araututakoaren arabera egokitzeko.

Azkenik, adierazi behar da arau-aldaketa hau aplikatuko zaiela hemendik aurrerako zerga-egitateei, hau da, arau hau indarrean jartzen denetik aurrera egiten diren eskritura publikoei.

Errege lege-dekretu hau Estatuaren eskumen esklusiboaren babespean eman da, Espainiako Konstituzioaren 149.1.14 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Arau hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioekin; honako hauekin batez ere: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Hartzen diren neurrietan, oro har eta haietako bakoitzean, izaera eta xedea ikusirik, bete egiten dira errege lege-dekretu bat onartzea ahalbidetzeko arrazoi gisa Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen dituen aparteko eta presako beharrizanaren inguruabarrak.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Ogasuneko ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2018ko azaroaren 8ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau.

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legearen testu bategina aldatzea -irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onartua-.

Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legearen testu bateginean —irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onartua-, ondoren adierazitako aldaketak sartuko dira eta errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrerako zerga-egitateei aplikatuko zaizkie.

Bat. 29. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da idatzita:

«Ondasunaren edo eskubidearen eskuratzailea izanen da subjektu pasiboa, eta, hura izan ezean, agiri notarialak galdatzen edo eskatzen dituzten pertsonak, edo haien onura jasoko dutenak.

Hipoteka-bermea duen maileguaren eskriturak badira, mailegu-emailea izango da subjektu pasiboa».

Bi. 45.I.B) artikuluari 25. apartatua gehitzen zaio, honela idatzita:

«25. Hipoteka-bermea duen maileguaren eskriturak, mailegu-hartzailea aurreko A) letran sartutako pertsona edo entitateetako bat denean.»

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arauetan dauden xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legea aldatzea.

Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera hasten diren zergaldietarako efektuekin, Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legearen 15. artikuluari m) letra berria gehitzen zaio:

«m) Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren tributu-zorra, egintza juridiko dokumentatuen modalitateko agiri notarialei dagokienez, Ondare-eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 29. artikuluko bigarren paragrafoan aipatuta dauden kasuetan -irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategin hori-.»

Azken xedapenetako bigarrena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Estatuaren eskumen esklusiboaren babespean eman da, Espainiako Konstituzioaren 149.1.14 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2018ko azaroaren 8an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra