Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa

2012-04-27

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/4/30, 103. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

5730

2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEAK

Honako hau ikusiko eta ulertuko duten guztiei.

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta, nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA Konstituzioan jasotako aurrekontu-egonkortasuna Espainiako ekonomian hazkundea eta enplegu-sorkuntza bultzatzeko oinarria da, eta hala, herritarren ongizatea bermatzeko, ekintzaileei aukerak sortzeko, eta etorkizuneko ikuspegi oparoagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa eskaintzeko.

Aurrekontu-egonkortasuna babestea ezinbesteko tresna da helburu hori lortzeko, hala ongizate-sistemaren zutabeak diren sektore publikoa eta kalitateko zerbitzu publikoak egoki finantzatzearren, nola inbertsiogileei Espainiako ekonomiak hazteko eta gure konpromisoei erantzuteko duen ahalmenaren gaineko segurtasuna ematearren.

Espainiari Europako Ekonomia eta Diru Batasunean sartzeko aukera eman zion zerga-baterakuntzarako eta zor publikoa murrizteko prozesua izan zen Espainiako ekonomiak 2008ra arte hazkunde-aldi luze izateko aktibo nagusietako bat. Hala ere, urte horretan, munduko krisialdi ekonomikoa piztu zen, bereziki latza Europan, eta gure ekonomian ondorio are larriagoak izan zituen, langabezia-tasa handiagatik (ELGEko herrialdeetako handiena). Urte horretatik aurrera, herri-finantzetan narriadura handia gertatu zen; ondorioz, zerga-politikaren maniobra-tartea azkar agortu zen, eta orain doikuntza handia egin behar dugu, aurrekontu-orekari berriro heltzeko eta Espainiak Europar Batasunarekin hartutako konpromisoak betetzeko.

Krisialdi ekonomikoak azkar utzi zuen agerian aurrekontu egonkortasunari buruzko aurreko legearen diziplina-mekanismoak ez zirela aski. Lege horrekin, gure herriadministrazioak defizit maila handienera iritsi ziren: barne produktu gordinaren ehuneko 11,2koa izatera (2009).

Aldi berean, Europako merkatuetan finantza-tentsio handiak izan ziren, eta Europar Batasunaren erakunde-egituraren ahultasuna agerian utzi zuten; halaber, ekonomiaintegraziorako prozesuan aurrera egin behar zela argi geratu zen, betiere estatu kideen koordinazioa handitzeko eta zerga- eta aurrekontu-erantzukizun handiagoa lortzeko premisarekin. Egoera hori dela-eta, azkeneko hilotan, Europan, zerga-arau komunak sendotzeko eta gainbegiratze ekonomiko eta fiskal handiagoa garatzeko lege-ekimen batzuk onartu dira. Europako Zerga Ituna, aurrekontu arloan koordinazio, zaintza eta gainbegiratze maila handiagoa izatea, eta horiekin batera, finantza-merkatuen tentsioei erantzun bateratua emateko finantza-egonkortasuneko tresna bat garatzea dira nazioarteko egoera ekonomiko berriaren erronka zorrotzei aurre egiteko gauza izango den Europar Batasun indartua lortu ahal izateko gobernantza ekonomikoko esparruak.

Egoera horrek politika ekonomiko irmoa aplikatzea eskatzen du, elkar sendotzen duten bi ardatz osagarritan oinarriturik: batetik, zerga-baterakuntza, hau da, egiturazko defizit publikoa ezabatzea, eta bestetik, zor publikoa murriztea eta egiturazko erreformak egitea. Baina berehalako erantzun horretatik harago, hazkunde ekonomikoa eta enplegusorrera iraunkorrak izatea bermatzen duen esparrua sendotu behar da; hau da, ekonomia- eta zerga-politikarena. Europarekin batera lortu behar dugu erronka hori, gobernantza ekonomiko berria zehazten duten politiken eta estrategien diseinuan aktiboki parte hartuz, eta horrek dakartzan eskakizunak zorrotz aplikatuz.

Aurrekontu-egonkortasuna bermatzea politika da ekonomikoaren giltzarrietako bat; izan ere, Espainiako ekonomiarekiko konfiantza sendotzen lagunduko du, finantzaketa baldintza hobeagotan lortzea erraztuko du eta, horrekin batera, hazkunde ekonomikoaren eta enplegusorreraren bideari berriro heltzea ahalbidetuko du. Uste oso horrek eragin zuen 2011ko irailean Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua aldatzea. Horren bitartez, gure herrialdeko egiturazko defizit publikoa mugatzen duen eta zor publikoa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren erreferentzia-baliora mugatzen duen zerga-arau bat txertatu zen gure antolamendu juridikoaren arau-maila gorenean. 135. artikulu berriak agintzen du bere edukia lege organiko batean garatu behar dela 2012ko ekainaren 30a baino lehenago. Konstituzioaren agindu hori guztiz betetzen da Herri administrazioen aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko Lege Organiko hau beteta.

Baina, horrez gain, Konstituzioaren aldaketak agerian utzi nahi du Espainiak konpromiso argia duela Europar Batasunaren egonkortasun komuneko esparrua koordinatzeko eta zehazteko eskakizunekin. Horregatik, Europako egonkortasun-araudiari erreferentzia etengabea egin zaio, bai Konstituzioan, bai Lege Organikoan; gainera, Espainia Europako gobernantza ekonomikoa bere barneko antolamendu juridikoan sartu duen lehenengo herrialdeetako bat izan da. Bestalde, 2012ko martxoaren 2ko Ekonomia eta Diru Batasuneko Egonkortasunari, Koordinazioari eta Gobernantzari buruzko Ituna betetzen du lege honek, eta Europako araudira egokitzapen etengabea eta automatikoa bermatzen du.

Legeak hiru helburu hauek ditu: Herri-administrazio guztien finantza-iraunkortasuna bermatzea; Espainiako ekonomiaren egonkortasunarekiko konfiantza sendotzea, eta Espainiak aurrekontu-egonkortasunaren arloan Europar Batasunarekin duen konpromisoa indartzea. Hiru helburu horiek lortzea lagungarria izango da hazkunde ekonomikora eta enplegu-sorrerara zuzendutako politika ekonomikoa sendotzeko.

Legearen lehenengo berritasuna izenburua bera da; izan ere, finantza-iraunkortasuna jasotzen du Espainiako herri-administrazio guztien finantza- eta ekonomia-jardueraren printzipio gidari gisa. Era horretan, asmoa egonkortasunaren ideia indartzea da, ez uneanunean bakarrik, behin betiko baizik; horrek gure ongizate-sistemaren epe ertain eta luzeko erronkei aurre egiteko bidea prestatzen lagunduko du.

Aurreko araudian ez bezala, lege honetan testu bakarrean daude araututa herriadministrazio guztien aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna, bai Estatukoenak, bai autonomia-erkidego, toki-erakunde eta gizarte-segurantzakoenak. Horri esker, koherentzia hobea dago erregulazio juridikoan, legea argiagoa da, eta herriadministrazio guztiei aurrekontuetan erantzukizun eta leialtasun instituzional berdina eskatuko zaien ideia helarazten du.

Lege honek 32 artikulu, 3 xedapen gehigarri, 4 iragankor, 1 indargabetzaile eta 7

azken xedapen ditu, eta sei kapitulutan egituratuta dago. I. kapituluan (Aplikazio-eremua), legearen xedea eta aplikazio-eremu subjektiboa zehazten dira. Sektore publikoa mugatzen da, Nazioetako eta Eskualdeetako Kontuen Europako Sistemari jarraiki, horixe baita Europako araudiak hartzen duen definizioa.

II. kapituluan (Printzipio orokorrak), legearen printzipio orokorrei buruzkoan, aurreko legediaren lau printzipioei eusten zaie –aurrekontu-egonkortasuna, urte anitzerako izatea, gardentasuna eta eraginkortasun eta eragingarritasuna baliabide publikoak esleitzeko orduan–, osagaietako batzuk sendotuta, eta hiru printzipio berri eransten ditu: finantzairaunkortasuna, erantzukizuna eta leialtasun instituzionala. Aurrekontu-egonkortasunaren printzipioa oreka edo superabit egoera gisa definitzen da. Herri-administrazioek egiturazko defizitik ez dutenean, egoera horretara iritsi garela ulertuko da. Printzipio hau finantzairaunkortasunarenak sendotzen du; azken horren arabera, aurrekontu-egonkortasuna herri-administrazio guztiek izan beharreko finantza-portaera iraunkorra da. Halaber, nabarmendu behar da lege honetan leialtasun instituzionalaren printzipioa ere jasotzen dela, administrazio guztien arteko aurrekontu arloko laguntza eta elkarlana harmonizatzeko eta errazteko printzipio gidari gisa.

III. kapituluan (Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna), aurrekontuegonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzkoan, berritasun handiak sartzen dira gure legedian. Herri-administrazio guztiek oreka edo superabita eduki behar dute; ezin dute egiturazko defizitean erori. Dena den, Estatuak eta autonomia-erkidegoek egiturazko defizita eduki ahal izango dute legean aurreikusitako salbuespen-egoeretan: naturahondamendiak, atzeraldi ekonomikoa edo aparteko larrialdi-egoera. Diputatuen Kongresuaren gehiengo absolutuak onartu beharko du egoera horiek gertatu direla.

Kapituluan, gainera, Europako araudian ezarritako gastu-araua jaso da; horren arabera, herri-administrazioen gastua ezin izango da barne produktu gordinaren erreferentziako hazkunde-tasaren gainetik hazi. Arau horren osagarri gisa, agindu hau ere jaso da: aurreikusitakoak baino diru-sarrera gehiago daudenean, horiek ez erabiltzea gastu berriak finantzatzeko, gutxiago zorduntzeko baizik.

Era berean, herri-administrazioen zor-muga ere finkatzen da; ez da Europako araudian ezarritako barne produktu gordinaren ehuneko 60ko erreferentzia-balioa baino handiagoa izango, egiturazko defizita edukitzea posible den salbuespen-egoera berberetan izan ezik. Horrez gain, zor publikoaren interesak eta kapitala ordaintzeak erabateko lehentasuna izango du beste edozein gasturen aurrean, Konstituzioak xedatu bezalaxe; horrek erabateko bermea ematen die inbertsiogileei.

Herri-administrazio bakoitzarentzat eta autonomia-erkidego bakoitzarentzat aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak finkatzeko irizpideak arautzen dira.

Azkenik, aurrekontu-egonkortasuneko, zor publikoko eta gastu-arauko helburuen betetzeari buruzko txostenak jasotzen dira. Helburuak betetzen diren jakinaraziko da, hala aurrekontu-proiektuetan, nola hasierako aurrekontuetan eta horien gauzatzean. Gauzatu aurretiko faseetan betetzen diren egiaztatuko denez, prebentzioko ekintzak egin ahal izango dira arriskua dagoenean, eta, hala badagokio, baita zuzentzeko neurriak hartu ere.

IV. kapituluan (Prebentzioko, zuzentzeko eta hertsatzeko neurriak), hiru ataletan garatzen dira neurriok. Lehenengo atalean, prebentzioko mekanismo automatiko bat jaso da, ekitaldi bakoitzaren amaieran egiturazko defizitik ez dagoela bermatzeko; era berean, prebentzioko zor-muga bat ere jaso da, ezarritako mugak gaindi ez daitezen.

Legeak alerta goiztiarreko mekanismo bat ezartzen du, Europako araudian dagoenaren antzekoa; hala, ohartarazpena egiten du eta, horri esker, egonkortasuneko, zor publikoko edo gastu-arauko helburuak ez betetzeko arriskua sumatuz gero, zuzentzeko beharrezko neurriak hartu ahal izango dira. Neurriak ez hartzeak neurri zuzentzaileak aplikatzea dakar.

Hurrengo bi ataletan, Konstituzioaren 135.5 artikuluaren c) paragrafoan aurreikusitako aurrekontu-egonkortasunaren helburuak bete ezean administrazio bakoitzak zer erantzukizun izango duen adierazten da. Egonkortasun-helburua betetzen ez badute, desbiderapena urtebetean zuzendu ahal izateko plan ekonomiko eta finantzario bat aurkeztu beharko dute. Legeak plan horien edukia arautzen du –desbideratzearen kausak eta helburuak lortzea ahalbidetzeko neurriak zehaztu beharko ditu, besteak beste–, baita izapidetzea eta jarraipena ere.

Defizita salbuespenezko kausengatik gertatu bada (natura-hondamendiak, atzeraldi ekonomikoa edo aparteko larrialdi-egoera), tratamendu berezia emango zaio. Horrelako kasuetan, oreka berreskuratzeko berroreka-plan bat aurkeztu beharko dute; bertan, salbuespenezko egoera horiek eragindako aurrekontu-ondorioei aurre egiteko neurri egokiak zehaztu beharko dituzte.

Legeak zuzentzeko neurri automatikoak jasotzen ditu. Hala, egonkortasun-helburuak betetzen diren kontuan hartuko da, bai zorra jaulkitzeko baimena emateko, bai dirulaguntzak emateko edo hitzarmenak izenpetzeko. Gainera, plan ekonomiko-finantzarioa bete ezean, horren erantzule den administrazioak krediturik ez dagoela automatikoki onartu, eta gordailu bat eratu beharko du. Azkenik, autonomia-erkidegoek krediturik ezeko akordiorik onartzen ez badute edo aditu-batzordeak proposatutako neurriak hartzen ez badituzte, Legeak ahalmena ematen du nahitaez betetzeko neurriak har daitezen, Konstituzioaren 155. artikuluaren babespean. Era berean, toki-erakundeei nahitaez betetzeko neurriak ezar dakizkieke, edo, hala badagokio, dagokion toki-erakundea desegitea erabaki daiteke.

V. kapituluan (Gardentasuna), gardentasunaren printzipioa garatzen da, eta haren elementuak sendotzen. Horien artean, herri-administrazio bakoitzak aurrekontuaren eta kontabilitate nazionalaren arteko baliokidetasuna finkatu beharko duela nabarmentzen da; izan ere, informazio hori bidaltzen da Europara, aurrekontu-egonkortasunaren arloko gure konpromisoak betetzen direla egiaztatzeko. Halaber, herri-administrazio bakoitzak bere aurrekontuaren ildo nagusien berri eman beharko du, berau onartu aurretik, Europako araudiaren eskakizunak betetzearren; bereziki, Kontseilu Europarraren 2011ko azaroaren 8ko 2011/85/EB Zuzentarauan, estatu kideen aurrekontu-esparruei aplikatu beharreko eskakizunei buruzkoan jasotako aurreikuspenak. Azkenik, herri-administrazio guztien jarduera ekonomiko-finantzarioan koordinazioa hobetzeko informazio gehiago eman beharra jaso da.

VI. kapituluan (Aurrekontuen kudeaketa), aurrekontuen kudeaketari buruzkoan, aurrekontu-plangintza sendotzen da; horretarako, aurretik aipatutako aurrekontu-esparruei buruzko zuzentarauaren aurreikuspenetara doitzen den epe ertainerako aurrekontuesparru bat zehazten du. Berritasun garrantzitsu gisa, Legeak autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei ere zabaltzen die gastu-muga aurkezteko beharra (orain arte Estatuak bakarrik egin behar zuen), baita aurrekontuetan kontingentzia-fondo bat eratu beharra ere, ustekabeko premiei eta hautazkoak ez direnei erantzuteko. Amaitzeko, aurrekontusuperabita zertarako erabili behar den ere arautzen da; zehazki, zorpetze garbia murrizteko erabili beharko da, edo Erreserba Funtserako, Gizarte Segurantzaren kasuan.

Xedapen gehigarrietan, berriz, likidezia izaten laguntzeko ezohiko mekanismo bat ezartzen du Legeak horrela eskatzen duten autonomia-erkidegoetarako eta tokierakundeetarako. Mekanismo hori erabili ahal izateko, aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak beteko dituztela bermatzen duen doikuntza-plan bat aurkeztu beharko dute. Gainera, baldintza zorrotzak bete beharko dituzte, jarraipen, informazioigorpen eta ezohiko doikuntza-neurriei dagokienez. Laguntza hori eskuratzen duten herriadministrazioek, hiru hilean behin, abalei, kreditu-lerroei, zor komertzialari, deribatuekin egindako eragiketei eta abarri buruzko informazioa igorri beharko dute. Halaber, administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioak izango du lege hau betez agindutako egintzen eta ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebazteko eskuduntza.

Era berean, xedapen gehigarri batean, erkidegoko zuzenbide-arauak ez betetzeagatiko erantzukizun-printzipioa arautu da; horren arabera, herri-administrazioek eta sektore publikoko beste edozein erakundek, beren eskumenak erabiliz, Europar Batasuneko zuzenbide-arauen ondoriozko betebeharrak betetzen ez badituzte, eta, horregatik, Europako erakundeek Espainiako Erresuma zigortzen badute, ez-betetze horrek eragindako erantzukizunak beren gain hartuko dituzte, haiei egotz dakiekeen zatian.

Xedapen iragankorrei dagokienez, Legeak 2020ra arteko trantsizio-epe bat ezartzen du, Konstituzioak finkatu bezala. Bitarte horretan, aurrekontu-desorekak murrizteko bide bat zehazten da, Legean aurreikusitako mugetara iritsi arte; hau da, egiturazko orekara eta BPGren ehuneko 60ko zor publikoa izatera.

Xedapen indargabetzaileak espresuki indargabetzen du 2011ko abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoa, Aurrekontu-egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren osagarria, baita 2007ko abenduaren 28ko 2/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Aurrekontuen egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren testu bategina eta lege honetan xedatutakoaren aurkako gainerako xedapen guztiak ere.

Azkenik, azken xedapenen artean, lege organiko honi dagozkion Konstituzioko eskumen-tituluak daude adierazita. Orobat, Ceuta eta Melillako, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko berezko erregimenetara egokitutako beharrezko aipamenak ere agertzen dira, eta Ministro Kontseiluari lege organiko hau garatzeko beharrezkoak diren arau-xedapenak emateko ahalmena onartzen zaio.

I. KAPITULUA Aplikazio-eremua 1. artikulua.  Xedea.

Lege honen xedea sektore publikoaren aurrekontu-politikak bete beharko dituen printzipio gidariak ezartzea da. Aurrekontu-politika horrek aurrekontu-egonkortasunera eta finantza-iraunkortasunera zuzenduta egon beharko du, hazkunde ekonomiko iraunkorraren eta enplegu-sorreraren berme gisa, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluari jarraiki, eta aipatutako printzipioek botere publiko guztiak lotzen dituzte.

Gainera, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren printzipioak eraginkortasunez aplikatzeko beharrezko prozedurak ezartzen dira. Prozedura horien bidez, hauxe bermatzen da: herri-administrazioen arteko koordinazio instituzionalerako organoek zerga- eta finantza-politikaren arloan parte hartzea; defizitaren eta zorraren mugak, zer salbuespenezko kasutan gainditu daitezkeen eta desbideratzeak zuzentzeko mekanismoak zein diren zehaztea, eta bete ezean herri-administrazio bakoitzaren erantzukizuna gauzatzeko tresnak izatea, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluari jarraiki eta Europako araudiaren esparruan.

2. artikulua.  Aplikazio-eremu subjektiboa.

Lege honen ondorioetarako, unitate hauek osatzen dute sektore publikoa:

1.  Herri-administrazioen sektoreak, 1996ko ekainaren 25eko Kontseilu Europarraren 2223/96 Araudiak (EE) onartutako Nazioetako eta Eskualdeetako Europako Sistemaren definizioarekin eta mugapenarekin bat etorriz. Sistema horren arabera zehaztutako azpisektore hauek ere barne hartzen ditu:

a)  Administrazio zentrala (Estatua eta administrazio zentraleko organismoak biltzen ditu).

b) Autonomia-erkidegoak.

c) Toki-erakundeak.

d)  Gizarte Segurantzako administrazioak.

2.  Aurreko paragrafoan jasota ez dauden herri-administrazioen mendeko gainerako enpresa-entitate publikoak, merkataritza-sozietateak eta zuzenbide publikoko erakundeak ere hartuko dira sektore publikotzat, eta lege honen arauetan horiei buruz zehazki xedatutakoari lotuta geldituko dira.

II. KAPITULUA Printzipio orokorrak 3. artikulua.  Aurrekontu-egonkortasunaren printzipioa.

1.  Lege honen aplikazio-eremuaren barruan sartzen diren subjektuen gastuetan edo diru-sarreretan eragiten duten aurrekontuak eta gainerako jarduerak Europako araudiarekin bat datorren aurrekontu-egonkortasuneko esparru batean egingo, onartuko eta gauzatuko dira.

2.  Oreka egoera edo egiturazko superabit egoera hartuko da herri-administrazioen aurrekontu-egonkortasuntzat.

3.  Lege honen 2.2 artikuluak aipatutako subjektuei dagokienez, finantza-oreka egoera hartuko da aurrekontu-egonkortasuntzat.

4. artikulua.  Finantza-iraunkortasunaren printzipioa.

1.  Herri-administrazioen eta lege honen aplikazio-eremuko gainerako subjektuen jarduerak finantza-iraunkortasunaren printzipioari lotuta egongo dira.

2.  Finantza-iraunkortasuna hauxe dela ulertuko da: defizit eta zor publikoaren mugen barruan oraingo eta etorkizuneko gastu-konpromisoak finantzatzeko ahalmena, lege honetan eta Europako araudian ezarritakoaren arabera.

5. artikulua.  Urte aniztasunaren printzipioa.

Herri-administrazioen eta lege honen aplikazio-eremuko gainerako subjektuen aurrekontuak epe laburreko aurrekontu-esparru batean egingo dira, eta esparru hori Europako araudiaren arabera aurrekontuen onespena eta gauzatzea arautzen duen urte aniztasunaren printzipioarekin bateragarria izango da.

6. artikulua.  Gardentasunaren printzipioa.

1.  Herri-administrazioen eta lege honen aplikazio-eremuko gainerako subjektuen kontabilitatean, aurrekontuetan eta kitapenetan, honako hau egiaztatzeko informazio nahikoa eta egokia jasoko da: finantza-egoera, aurrekontu-egonkortasuneko eta finantzairaunkortasuneko helburuak betetzen diren, eta Europako araudian arlo horretan erabakitako eskakizunak betetzen diren. Horri dagokionez, administrazioen aurrekontuetan eta kontu orokorretan, lege honen aplikazio-eremuko subjektu eta erakunde guztiei buruzko informazioa jasoko da.

2.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari dagokio lege honen aplikazioeremuko subjektuei buruzko informazio ekonomiko-finantzarioa herritarren eskura jartzea, betiere arau eta hitzarmen nazionalak eta erkidegoko xedapenak aplikatzeak ekarritako irismenarekin eta maiztasunarekin.

Herri-administrazioek lege honen edo berau garatzeko ezarritako arauen eta akordioen xedapenak betetzeko beharrezko informazioa emango dute, eta kontabilitateko arauak eta prozedurak koherenteak direla bermatuko dute, baita datuak biltzeko eta tratatzeko sistemen osotasuna ere.

3.  Halaber, aurrekontu-plangintzarako erabilitako aurreikuspenak ere jarri beharko dira herritarren eskura, baita horien oinarriak diren metodologia, kasuak eta parametroak ere.

7. artikulua.  Baliabide publikoak esleitzearekin eta erabiltzearekin lotutako eraginkortasunaren printzipioa.

1.  Gastu publikoko politikak urte anitzeko plangintza baten, eta programazio eta aurrekontu baten barruan egituratu beharko dira, betiere egoera ekonomikoari, politika ekonomikoaren helburuei eta, aurrekontu-egonkortasuneko eta finantza-iraunkortasuneko printzipioak betetzeari kasu eginez.

2.  Baliabide publikoak eraginkortasuna, eragingarritasuna, ekonomia eta kalitatea oinarritzat hartuta kudeatuko dira, eta hartarako gastua arrazionalizatzeko eta sektore publikoaren kudeaketa hobetzeko politikak ezarriko dira.

3.  Lege- eta arau-xedapenek, egiteko eta onartzeko aldian, administrazio-egintzek, kontratuek eta lankidetza-hitzarmenek, baita oraingo edo etorkizuneko gastuetan edo diru-sarrera publikoetan eragiten duten lege honen aplikazio-eremuko subjektuen beste edozer jarduerak ere, beren ondorioak eta eraginak aztertu beharko dituzte, eta zehatzmehatz bete behar dituzte aurrekontu-egonkortasuneko eta finantza-iraunkortasuneko printzipioen eskakizunak.

8. artikulua.  Erantzukizunaren printzipioa.

1.  Lege honetan jasotako betebeharrak urratzen dituzten herri-administrazioek, baita Espainiak Europako araudiarekin bat etorriz onartutako konpromisoak ez betetzea eragiten duten edo horretan laguntzen dutenek, ez-betetze horrek eragindako erantzukizunak beren gain hartuko dituzte, egotz dakiekeen neurrian.

Aurreko lerrokadan esandako erantzukizuna onartzeko prozesuan, nolanahi ere, bermatuta egongo da dagokion administrazioari edo erakundeari entzutea.

2.  Estatuak ez du bere gain hartuko autonomia-erkidegoen, toki-erakundeen eta haien mende edo haiei lotuta dauden lege honen 2.2 artikuluan aurreikusitako erakundeen konpromisorik, eta horien erantzule ere ez da izango, proiektu zehatzak batera egiteko elkarrekin dituzten finantza-bermeei kalte egin gabe.

Autonomia-erkidegoek ez dute beren gain hartuko toki-erakundeen eta haien mende edo haiei lotuta dauden erakundeen konpromisorik, eta horien erantzule ere ez dira izango, proiektu zehatzak batera egiteko elkarrekin dituzten finantza-bermeei kalte egin gabe.

9. artikulua.  Leialtasun instituzionalaren printzipioa.

Herri-administrazioek leialtasun printzipioari jarraituko diote beren jardueretan.

Administrazio bakoitzak hauxe egin beharko du:

a)  Bere jarduerek, lege honetan arautzen diren gaiei lotuta, gainerako herriadministrazioetan izan dezaketen eragina balioztatu.

b)  Herri-administrazio bakoitzari dagozkion eskumenen erabilera legitimoa errespetatu.

c)  Bere eskumenak erabiliz, tartean dauden herri-interes guztiak aztertu eta, zehazki, beste herri-administrazio batzuek kudeatu beharrekoak.

d)  Herri-administrazio bakoitzak gainerakoei bere eskumenak erabiliz garatutako jarduerari buruz behar duten informazioa eman eta, zehazki, lege honen eta Estatuko eta erkidegoetako beste xedapen batzuen esparruan informazioa emateko eta gardentasuneko obligazioak betetzearen ondoriozkoak.

e)  Bere esparruan, gainerako herri-administrazioek eskumenak eraginkortasunez gauzatzeko behar dituzten lankidetza eta laguntza aktiboak eskaini.

10. artikulua.  Legea eraginkortasunez aplikatzeko xedapenak eta koordinaziomekanismoak.

1.  Lege honen aplikazio-eremuko subjektuek beren aurrekontu arloko arau erregulatzaileetan beharrezko tresnak eta prozedurak ezarri beharko dituzte lege honetan jasotako printzipioak bete daitezen.

2.  Gobernuari dagokio aipatutako printzipioak lege honen esparru subjektibo osoan aplikatuko direla zaintzea, Autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalaren eskumenei kalte egin gabe, eta, edozelan ere, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen finantza-autonomiako printzipioa errespetatuta.

3.  Gobernuak herri-administrazio guztien arteko koordinazio-tresnak ezarriko ditu, lege honetan jasotako printzipioak eraginkortasunez aplikatzen dituztela eta Europako araudiarekin bat datozela bermatzeko.

III. KAPITULUA Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna 11. artikulua.  Aurrekontu-egonkortasunaren printzipioaren bideratzea.

1.  Aurrekontuak eta herri-administrazioen eta sektore publikoko gainerako erakundeen gastuetan edo diru-sarreretan eragiten duten gainerako jarduerak egiteko, onartzeko eta gauzatzeko garaian, aurrekontu-egonkortasunaren printzipioari jarraituko zaio.

2.  Herri-administrazioek ezin izango dute egiturazko defizitean erori, berau zikloko defizit doitu gisa (hau da, ezohiko eta aldi baterako neurriak kenduta) ulertuta. Hala ere, aurrekontuetan epe luzerako ondorioak dituzten egiturazko erreformak eginez gero, Europako araudiaren arabera, herri-administrazio guztiak kontuan hartuta nazioko barne produktu gordinaren ehuneko 0,4ko egiturazko defizitera iritsi ahal izango dira, termino nominaletan adierazita, edo Europako araudian ezarritakora, hori txikiagoa bada.

3.  Salbuespen gisa, Estatuak eta autonomia-erkidegoek egiturazko defizitean erori ahal izango dute, natura-hondamendiak, atzeraldi ekonomiko larria edo herriadministrazioen kontrolari ihes egiten dioten eta haien finantza-egoera edo iraunkortasun ekonomikoa edo soziala nabarmen kaltetzen duten aparteko larrialdiko egoerak gertatzen direnean, betiere Diputatuen Kongresuko kideen gehiengo absolutuak onartuz gero egoera horietakoren bat gertatu dela. Aldi baterako desbideratze horrek ezin du arriskuan jarri epe ertainerako zerga-iraunkortasuna.

Aurreko ondorioetarako, atzeraldi ekonomiko larria Europako araudian xedatuta dagoen bezala definitzen da. Edonola ere, barne produktu gordinaren urteko hazkundetasa errealak negatiboa izan beharko du, kontabilitate nazionaleko urteko kontuen arabera.

Kasu horietan, berroreka-plan bat onartu beharko da egiturazko defizita zuzendu ahal izateko, ez-betetzea eragin zuen ezohiko egoera kontuan harturik.

4.  Toki-erakundeen aurrekontuek oreka- edo superabit-egoeran egon beharko dute.

5.  Gizarte Segurantzako administrazioetako aurrekontuek oreka- edo superabitegoeran egon beharko dute. Salbuespen gisa, egiturazko defizitean erori ahal izango dute, Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsari buruzko araudian aurreikusitako xedeen eta baldintzen arabera. Kasu horretan, administrazio zentralerako onartutako gehieneko egiturazko defizitari Gizarte Segurantzaren defizitaren zenbatekoa kenduko zaio.

6.  Egiturazko defizita kalkulatzeko, Europako Batzordeak aurrekontuegonkortasunari buruzko araudiaren esparruan erabilitako metodologiari jarraituko zaio.

12. artikulua.  Gastu-araua.

1.  Administrazio Zentralaren, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen gastu konputagarriaren aldaketak ezin izango du Espainiako ekonomiaren epe ertaineko barne produktu gordinaren hazkundearen erreferentzia-tasa gainditu.

Halere, kontu publikoetan egiturazko desoreka edo ezarritako helburua baino handiagoko zor publikoa baldin badago, gastu publiko konputagarriaren hazkundea plan ekonomiko-finantzarioetan eta berrorekakoetan finkatutako bidera egokituko da (lege honen 21. eta 22. artikuluetan daude aurreikusita plan horiek).

2.  Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, honako hauek hartuko dira gastu konputagarritzat: erabilera ez-finantzakoak, Nazioetako eta Eskualdeetako Kontuen Europako Sistemaren terminoetan definituta, zorraren interesak kanpo utzita; langabeziagatiko prestazioetan hautazkoa ez den gastua; Europar Batasunetik edo beste herri-administrazio batzuetatik etorritako helburu jakin baterako funtsen bidez finantzatutako gastuaren zatia, eta autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei finantzaketasistemekin lotuta egindako transferentziak.

3.  Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari dagokio Espainiako ekonomiaren epe ertaineko barne produktu gordinaren hazkundearen erreferentzia-tasa kalkulatzea, Europako Batzordeak bere araudia aplikatzean erabilitako metodologiari jarraiki. Tasa hori lege honen 15.5 artikuluak aipatutako Espainiako ekonomiaren egoerari buruzko txostenean argitaratuko da. Administrazio Zentralak eta autonomia-erkidegoek zein tokierakundeek berau izan beharko dute kontuan aurrekontuak egiteko orduan.

4.  Diru-bilketaren hazkunde iraunkorrak dakartzaten araudi-aldaketak onartzen direnean, araua aplikatzearen ondoriozko gastu konputagarriaren maila neurri berean handitu ahal izango da hazkunde hori gertatzen den urteetan.

Diru-bilketaren murrizketak dakartzaten araudi-aldaketak onartzen direnean, araua aplikatzearen ondoriozko gastu konputagarriaren maila neurri berean murriztu beharko da murrizketa hori gertatzen den urteetan.

5.  Aurreikusitakoaren gainetik lortutako diru-sarrera guztiak zor publikoaren maila murrizteko erabiliko dira.

13. artikulua.  Finantza-iraunkortasunaren printzipioaren bideratzea.

1.  Herri-administrazio guztien zor publikoaren (gehiegizko defizit-kasuetan aplikatzeko prozedurari buruzko protokoloaren arabera definituko da) bolumena ez da nazioko barne produktu gordinaren ehuneko 60koa baino handiagoa izango, termino nominaletan adierazita, edo Europako araudiak ezartzen duena baino handiagoa.

Muga hori honako ehunekoen arabera banatuko da, nazioko barne produktu gordinaren termino nominaletan adierazita: ehuneko 44, Administrazio Zentralarentzat; ehuneko 13, autonomia-erkidegoentzat, eta ehuneko 3 toki-erakundeentzat. Baldin eta, Europako araudiak ekarritako betebeharren ondorioz, ehuneko 60 ez beste zor-muga bat egongo balitz, Administrazio Zentralaren, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen arteko banaketak aurretik azaldutako proportzio berak izango ditu.

Autonomia-erkidego bakoitzaren zor publikoaren muga ez da haren eskualdeko barne produktu gordinaren ehuneko 13koa baino handiagoa izango.

2.  Zor publikoaren muga gainditzen duten herri-administrazioek ezin izango dute zorpetze garbiko eragiketarik egin.

3.  Lege honen 11.3 artikuluan aurreikusitako egoeretan eta terminoetan baino ezingo dira gainditu zor publikoaren mugak.

Horrelako kasuetan, zor-mugara iritsi ahal izateko berroreka-plan bat onartu beharko da, betiere ez-betetzea eragin zuen ezohiko egoera kontuan harturik.

4.  Estatuak eta autonomia-erkidegoek legezko baimena beharko dute zor publikoa jaulkitzeko edo kreditua hartzeko.

Estatuak, autonomia-erkidegoei kreditu-eragiketak eta zor-jaulkipenak egiteko baimena ematerakoan, Autonomia erkidegoen finantzazioari buruzko1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 14.3 artikuluan ezarritakoari jarraiki, aurrekontuegonkortasuneko eta zor publikoko helburuak betetzen ari diren kontuan hartuko du, baita lege honen ondoriozko printzipioak eta gainerako betebeharrak betetzen ari diren ere.

5.  Estatuak, edo, hala badagokie, autonomia-erkidegoek, toki-erakundeei kreditueragiketak eta zor-jaulkipenak egiteko baimena ematerakoan, Toki-ogasunak arautzeko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan ezarritakoari jarraiki (2004ko martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak betetzen ari diren kontuan hartuko du, baita lege honen ondoriozko printzipioak eta gainerako betebeharrak betetzen ari diren ere.

14. artikulua.  Zor publikoa ordaintzearen erabateko lehentasuna.

Administrazioen zor publikoaren interesak eta kapitala ordaintzeko aurrekontukredituak beti jasoko dira haien aurrekontuetako gastu-egoeran, eta ezingo dira zuzendu edo aldatu jaulkitzeko legearen baldintzetara egokitzen diren bitartean.

Erabateko lehentasuna izango du herri-administrazioen zor publikoaren interesak eta kapitala ordaintzeak beste edozer gasturen gainetik.

15. artikulua.  Herri-administrazio guztientzat aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak finkatzea.

1.  Herri-administrazio guztientzat eta haien azpisektore bakoitzarentzat aurrekontuegonkortasuneko helburuak finkatuko ditu Gobernuak, Ministro Kontseiluaren erabakiz, urteko lehen seihilekoan, finantzatzeko ahalmenari edo premiari dagokionez, Nazioetako eta Eskualdeetako Kontuen Europako Sistemaren definizioari jarraiki, baita zor publikoko helburua ere, hurrengo hiru ekitaldiei dagokienez, betiere Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak proposatuta eta, Autonomia Erkidegoetako Zerga eta Finantza Politika Kontseiluak eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalak horren inguruko txostena egin ondoren. Nazioko barne produktu gordin nominalaren ehunekotan adierazita egongo dira helburu horiek.

Aurreko lerrokadan aurreikusitako ondorioetarako, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak helburuen proposamen egokiak igorriko dizkie Autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalari urte bakoitzeko apirilaren 1a baino lehenago; azken horiek 15 egun edukiko dituzte txostenak egiteko, proposamenak Autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren idazkaritza nagusian eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalaren idazkaritzan jasotzen direnetik aurrera zenbatuta.

Ministro Kontseiluaren erabakian, Estatuko aurrekontuaren gastu ez-finantzarioaren muga barne hartuko da (lege honen 30. artikuluan jasota dago).

2.  Aurrekontu-egonkortasuneko helburua finkatzeko orduan, lege honen 12. artikuluan jasotako gastu-araua eta aurreko ekitaldian izandako egiturazko saldoa hartuko dira kontuan.

3.  Zor publikoko helburuaren finkapena ezarritako aurrekontu-egonkortasuneko helburuarekiko koherentea izango da. Lege honen 13.1 artikuluan adierazitako mugak gainditzen badira 13.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan, Europako araudiarekin bat datorren zor publikoaren murrizketa bide bat bermatu beharko du helburuak.

4.  Aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak finkatzeko garaian, Europar Batasuneko erakundeek Espainiako Egonkortasun Programari buruz edo ikuskapenerako Europako gainerako mekanismoen ondorioz helarazitako gomendioak eta iritziak hartuko dira kontuan.

5.  Aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak finkatzeko proposamenarekin batera txosten bat aurkeztuko da; bertan, helburu horiek betetzekoak diren aldiko urte bakoitzerako aurreikusitako egoera ekonomikoa aztertuko da.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak egingo du txosten hori, Espainiako Bankuari kontsulta egin ondoren, eta Europako Banku Zentralaren eta Europako Batzordearen aurreikuspenak aintzat harturik. Txostenak urte anitzerako taula ekonomikoa jasoko du, eta honako aldagaiak zehaztuko ditu, besteak beste: barne produktu gordinaren bilakaeraaurreikuspena, ekoizpen-tartea, lege honen 12. artikuluan aurreikusitako Espainiako ekonomiaren erreferentzia-tasa eta herri-administrazio guztien saldo ziklikoa, haien azpisektoreetan banatuta.

6.  Gorte Nagusietara bidaliko da aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak jasotzen dituen Ministro Kontseiluaren erabakia, artikulu honen 4. eta 5. paragrafoetan zehaztutako gomendioekin eta txostenarekin batera. Jarraian, eta osoko bilkuran eztabaidatu ondoren, Diputatuen Kongresuak eta Senatuak Gobernuak proposatutako helburuak onartu edo baztertuko dituzte.

Diputatuen Kongresuak edo Senatuak helburuak baztertzen badituzte, gehienez hilabeteko epea izango du Gobernuak beste erabaki bat helarazteko; erabaki horrek prozedura bera jarraitu beharko du.

7.  Gorte Nagusiek aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak onartu ondoren, herri-administrazioek helburu horietara egokitu beharko dituzte beren aurrekontu-proiektuak.

8.  Artikulu honen 1. paragrafoan jasotako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren txostena argitaratu egingo da, baita aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak aplikatzeko ematen diren erabakiak ere, jende guztiak horren berri izan dezan.

16. artikulua.  Autonomia-erkidegoetarako helburu indibidualak ezartzea.

Gobernuak aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak lege honen 15. artikuluan ezarritako baldintzetan onartu ondoren, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak autonomia-erkidego bakoitzarentzat aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuen proposamen bana egingo du.

Proposamen horretatik abiatuta, Gobernuak autonomia-erkidego bakoitzarentzat aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak finkatuko ditu, Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren txostena jaso ostean, zeinak hamabost eguneko epe luzaezina izango duen txostena aurkezteko, proposamena Autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren idazkaritzan jasotzen denetik aurrera zenbatuta.

17. artikulua.  Aurrekontu-egonkortasuneko, zor publikoko eta gastu-arauko helburuak betetzeari buruzko txostenak.

1.  Urriaren 15a baino lehen, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak txosten bat kaleratuko du, jende guztiak ezagutu dezan, 27. artikuluan aipatutako informazioa egonkortasun eta zor helburuetara eta gastu-araura egokitzen den azaltzeko; gomendioak ere bildu ahal izango ditu, desbideratzerik ikusiz gero.

2.  Urte bakoitzeko apirilaren 1a baino lehen, Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak txosten bat helaraziko dio Gobernuari herri-administrazioetako hasierako aurrekontuetan aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak betetzen diren jakinarazteko. Era berean, Administrazio Zentralaren eta autonomia-erkidegoen aurrekontuen gastu-araua betetzen den ere jasoko da txosten horretan.

3.  Urte bakoitzeko urriaren 1a baino lehen, Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak txosten bat helaraziko dio Gobernuari, aurreko ekitaldiko aurrekontuegonkortasuneko eta zor publikoko helburuak eta gastu-araua bete diren jakinarazteko; halaber, ekonomiaren bilakaera erreala eta lege honen 15.5 artikuluak aipatutako txostenean jasotako hasierako aurreikuspenarekin alderatuta izandako desbideratzeak ere jasoko dira.

Dagokion ekitaldiko betetze mailaren gaineko aurreikuspena ere jasoko da txosten horretan, europar araudiari jarraiki Europako Batzordeari igortzen zaion informazioarekin bat datorrena.

4.  Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak helburu horien betetze mailaren berri emango die Autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalari, haien eskumen-esparruen barruan.

5.  Artikulu honetan aipatutako txostenak argitaratu egingo dira, jende guztiak izan dezan horien berri.

IV. KAPITULUA Neurri prebentiboak, zuzentzaileak eta hertsagarriak 1.  atala. Neurri prebentiboak 18. artikulua.  Prebentzioko neurri automatikoak.

1.  Herri-administrazioek aurrekontuaren gauzatze-mailari buruzko datuen jarraipena egingo dute, eta gastu publikoa egokituko dute, ekitaldia amaitzean aurrekontuegonkortasuneko helburua betetzen dela bermatzeko.

2.  Zor publikoa lege honen 13.1 artikuluan ezarritako mugen ehuneko 95 baino handiagoa bada, herri-administrazioak egin ahal izango dituen zorpetze-eragiketa bakarrak altxortegikoak izango dira.

3.  Pentsio-sistemaren epe luzerako defizita aurreikusiz gero, Gobernuak sistema berrikusiko du, automatikoki iraunkortasun-faktorea aplikatuz, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko 2011ko abuztuaren 1eko 27/2011 Legean aurreikusitako epe eta baldintzetan.

19. artikulua.  Ez betetzeko arriskua ohartaraztea.

1.  Gobernuak ikusten badu autonomia-erkidegoetako edo toki-erakundeetako aurrekontu-egonkortasuneko helburua, zor publikoko helburua edo gastu-araua ez betetzeko arriskua dagoela, Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak proposatuta, arrazoitutako ohartarazpena egingo dio ardura duen administrazioari, hari entzunaldia egin ondoren. Ohartarazpena egindakoan, Gobernuak horren berri emango dio Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari, ohartarazitakoa autonomia-erkidegoa bada, eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalari, toki-erakundea bada. Ohartarazpen hori publikoki jakinaraziko da, jende guztiak horren berri izan dezan.

2.  Hilabeteko epea izango du ohartarazitako administrazioak arriskua saihesteko beharrezko neurriak hartzeko, eta horien berri Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari emango dio. Neurriok hartu ezean edo Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren iritziz ez badira aski arriskua zuzentzeko, 20. eta 21. artikuluetan eta 25. artikuluaren 1.a) paragrafoan aurreikusitako neurri zuzentzaileak aplikatuko dira.

2.  atala. Neurri zuzentzaileak 20. artikulua.  Zuzentzeko neurri automatikoak.

1.  Gobernuak, lege honen 17. artikuluan jasotako txostenen arabera, egiaztatzen badu aurrekontu-egonkortasuneko edo zor publikoko helburua ez dela bete, helburua bete ez duten autonomia-erkidegoen zorpetze-eragiketa guztiek Estatuaren baimena beharko dute. Baimen hori gutxika eman ahal izango da, atalka.

Hala ere, dagokion autonomia-erkidegoak plan ekonomiko-finantzarioa aurkeztu badu eta Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak berau egokitzat jotzen badu, kanpofinantzaketatzat hartzen ez diren epe laburreko kreditu-eragiketek ez dute Estatuaren baimenik behar izango.

2.  Toki ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. eta 135. artikuluetan zehaztutako esparru subjektiboan jasotako toki-erakundeen aurrekontuegonkortasuneko edo zor publikoko helburua bete ezean, bete ez duen toki-erakundearen epe luzeko zorpetze-eragiketa guztiek Estatuaren edo, hala badagokio, finantza-babesa ematen dion autonomia-erkidegoaren baimena beharko dute.

3.  Aurrekontu-egonkortasuneko helburua, zor publikokoa edo gastu-araua betetzen ez den kasuetan, Administrazio Zentralak helburuak betetzen ez dituzten autonomiaerkidegoei diru-laguntzak eman edo haiekin hitzarmenak sinatu aurretik, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren aldeko txostena beharrezkoa izango da.

Lege honen 19. artikuluan aurreikusitako aurretiko ohartarazpena egiten denean ere aplikatuko dira neurriok.

21. artikulua.  Plan ekonomiko-finantzarioa.

1.  Aurrekontu-egonkortasuneko helburua, zor publikoko helburua edo gastu-araua bete ezean, administrazio urratzaileak urtebeteko epean helburuak edo gastu-araua bete ahal izatea bermatuko duen plan ekonomiko-finantzario bat prestatu beharko du, betiere artikulu honetan aurreikusitako edukia eta norainokoa barne hartuko dituena.

2.  Honako informazio hau bilduko du, gutxienez, plan ekonomiko-finantzarioak:

a)  Ezarritako helburua ez betetzearen kausak edo, hala badagokio, gastu-araua ez betetzearenak.

b)  Diru-sarreren eta gastuen joera-aurreikuspenak, betiere zerga- eta gastupolitiketan aldaketarik gertatuko ez dela suposatuta.

c)  Planean jasotako neurrien azalpena, kuantifikazioa eta ezarpen-egutegia, horiek zer aurrekontu-sailetan edo aurrekontuz kanpoko erregistrotan kontabilizatuko diren adierazita.

d)  Plana ekonomia- eta aurrekontu-aldagaiei dagokienez zer aurreikuspenetatik abiatzen den, eta aurreikuspen horiek zer hipotesitan oinarritzen diren, 15. artikuluaren 5. paragrafoan aipatutako txostenean jasotakoarekin bat etorriz.

e)  Sentikortasun-analisia, egoera ekonomiko alternatiboak aintzat hartuta.

3.  Europar Batasuneko Gehiegizko Defizitaren Prozeduran edo Europako bestelako ikuskapen-mekanismoetakotan sartuta egonez gero, planak eskatzen zaion beste edozer informazio gehigarri jaso beharko du.

22. artikulua.  Berroreka-plana.

1.  Lege honen 11.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan erortzen den administrazioak berroreka-plana aurkeztu beharko du; bertan, 21. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaz gain, aurrekontu-egonkortasuneko helburua lortzeko aurreikusitako bidea jasoko da, bide hori betetzea ahalbidetuko duten diru-sarreren, gastuen eta kontu-sail nagusien bilakaera bereizita.

2.  Lege honen 13.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan erortzen den administrazioak, 21. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaz gain, informazio hau ere jasoko duen berroreka-plan bat aurkeztu beharko du:

a)  Zor publikoko helburua betetzeko aurreikusitako bidea, berau betetzea ahalbidetzen duten bilakaera-faktoreak bereizita.

b)  Zor publikoaren dinamikaren analisia; bertan, haren bilakaera baldintzatzen duten aldagaiez gain, beste arrisku-faktore batzuk eta zorraren batez besteko bizitzaren analisia ere jasoko dira.

3.  Europar Batasuneko Gehiegizko Defizitaren Prozeduran edo Europako bestelako ikuskapen-mekanismoetakotan sartuta egonez gero, planak eskatzen zaion beste edozer informazio gehigarri jaso beharko du.

23. artikulua.  Plan ekonomiko-finantzarioen eta berroreka-planen izapidetzea eta jarraipena.

1.  Plan ekonomiko-finantzarioak eta berroreka-planak hurrengo paragrafoetan jasotako organoen aurrean aurkeztuko dira, gehienez ere hilabeteko epean, ez-betetzea egiaztatzen denetik edo 11.3 artikuluan aurreikusitako egoerak hautematen direnetik aurrera zenbatuta, hurrenez hurren. Organo horiek gehienez ere bi hilabeteko epean onartu beharko dituzte planak, aurkezten dituzten egunetik zenbatzen hasita, eta hiru hilabete izango dituzte martxan jartzeko, ez-betetzea egiaztatzen denetik edo 11.3

artikuluan aurreikusitako egoerak hautematen direnetik.

2.  Gobernuak egingo ditu Administrazio Zentralaren plan ekonomiko-finantzarioa eta berroreka-plana, Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak proposatuta, eta Gorte Nagusietara bidaliko ditu onar ditzaten, betiere lege honen 15.6 artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki.

3.  Autonomia-erkidegoek egindako plan ekonomiko-finantzarioak eta berrorekaplanak Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari bidaliko zaizkio, eta Kontseiluak jasotako neurriak egokiak diren eta aurreikuspenak finkatutako helburuetara egokitzen diren egiaztatuko du. Egokitasuna balioztatzeko orduan, zerga arloko arautzeko ahalmenaren erabilera hartuko da kontuan.

Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren iritziz aurkeztutako planean jasotako neurriek ez badute bermatzen desoreka-egoera zuzentzea, plan berri bat aurkezteko eskatuko dio dagokion autonomia-erkidegoari.

Autonomia-erkidegoak ez badu plan berria eskatutako epean aurkezten, edo Kontseiluak uste badu plan horretan jasotako neurriak ez direla nahikoak helburuak lortzeko, 25. artikuluan aurreikusitako neurri hertsagarriak aplikatuko dira.

4.  Toki-erakundeek egindako plan ekonomiko-finantzarioak udalbatzek onartu beharko dituzte. Toki ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. eta 135. artikuluetan zehaztutako esparru subjektiboan jasotako erakundeei dagozkien planak Ogasun eta Herri Administrazio Ministeriora igorriko dira, behin betiko onar ditzan eta jarraipena egin dezan, ondoko kasuan izan ezik: toki-erakundeari dagokion autonomiaerkidegoak bere autonomia-estatutuan toki-erakundeen gaineko finantza-babesaren eskumena baldin badu.

Azken kasu horretan, plana dagokion autonomia-erkidegoari bidaliko zaio, eta horixe arduratuko da onartzeaz eta jarraipena egiteaz. Autonomia-erkidegoak Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari plan horien eta jarraipenaren emaitzen informazioa igorri beharko dio.

Plan ekonomiko-finantzarioak Toki Administrazioko Batzorde Nazionalari igorriko zaizkio, horien berri izan dezan. Legeetan erakundearen aurrekontuetarako ezarritako publizitate bera emango zaie plan hauei.

5.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak plan ekonomiko-finantzarioak, berroreka-planak eta onartutako neurrien betetze eraginkorra (benetan ikusitako eraginaren jarraipena eginda) publikoki ezagutaraziko ditu.

24. artikulua.  Plan ekonomiko-finantzarioen eta berroreka-planen jarraipen-txostenak.

1.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, hiru hilean behin, martxan dauden plan ekonomiko-finantzarioetan eta berroreka-planetan jasotako neurriei buruzko jarraipen-txostena egingo du, eta horretarako, beharrezko informazioa bilduko du.

2.  Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak txosten hori Autonomiaerkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalari bidaliko die, beren eskumen-esparruen barruan, plan horien jarraipenaren berri izan dezaten.

3.  Jarraipen-txostenetan neurrien aplikazioan desbideratzeren bat dagoela egiaztatuz gero, Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak errekerimendua helaraziko dio ardura duen administrazioari, desbideratzea justifika dezan, neurriak ezar ditzan edo, hala badagokio, egonkortasun-helburua betetzea bermatzen duten neurriak har ditzan.

Errekerimendua egin ondoko hiruhilekoko txostenean egonkortasun-helburua oraindik ez dela betetzen egiaztatzen badu, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, 25. artikuluko neurri hertsagarriak aplikatuko dira.

4.  Toki-erakundeetan, sei hilean behin egingo da jarraipen-txostena, Toki ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. eta 135. artikuluen esparru subjektiboko erakundeei dagokienez; berau Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak egingo du, edo hala badagokio, toki-erakundeari finantza-babesa ematen dion autonomia-erkidegoak.

Txostenean egiaztatzen bada ez direla planean jasotako neurriak bete, eta horrek egonkortasun-helburua ez betetzea badakar, 25. artikuluan aurreikusitako neurri hertsagarriak aplikatuko dira.

5.  Artikulu honetan aipatutako txostenak argitaratu egingo dira, jende guztiak horien berri izan dezan.

3.  atala. Neurri hertsagarriak 25. artikulua.  Neurri hertsagarriak.

1.  Plan ekonomiko-finantzarioa edo berroreka-plana aurkezten, onartzen edo betetzen ez bada, ardura duen herri-administrazioak hauxe egin beharko du:

a)  Krediturik ez dagoela onartu, 15 eguneko epean, ez-betetzea gertatzen denetik zenbatuta, finkatutako helburua betetzea bermatzearren. Halaber, autonomia-erkidegoek zergei dagokienez dituzten arautzeko eskumenak Estatuaren eskura igaroko dira, baldin eta beharrezkoa bada Europar Batasunarekin zerga-baterakuntzari dagokionez hartutako konpromisoak betetzeko, eta Autonomia erkidegoak finantzatzeari buruzko 1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 19. artikuluarekin bat etorriz.

b)  Espainiako Bankuan interesdun gordailu bat eratzea, bere barne produktu gordin nominalaren ehuneko 0,2ren baliokidea dena. Gordailua ezeztatu egingo da, helburuak betetzea bermatzen duten neurriak aplikatzen direnean.

Gordailuak ez du interesik sortuko, baldin eta berau eratu eta 3 hilabeteren buruan ez badute plana aurkeztu edo onartu, edo ez badituzte neurriak aplikatu. Baldin eta 3

hilabeteko beste epe bat igaro ostean ez-betetzeak bere horretan badirau, gordailua isun hertsagarria bihurtzea erabaki ahal izango da.

2.  Aurreko zenbakiaren a) paragrafoan aurreikusitako neurriak egokitu ezean edo nahikoak ez badira, Gobernuak aditu-batzorde bat bidaltzea erabaki ahal izango du, betiere Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren zuzendaritzapean, eragindako administrazioaren ekonomia- eta aurrekontu-egoera balioztatzeko. Batzorde horrek edozein datu, informazio edo aurrekari eskatu ahal izango du diru-sarreren edo gastuen partidei dagokienez, eta administrazioak eman egin beharko du. Batzordeak neurriproposamen bat aurkeztu beharko du, eta bere ondorioak astebeteren buruan jakinaraziko dira. Ez-betetzea eragin duen administrazioak nahitaez bete beharko ditu proposatutako neurriak.

Ezin izango da kreditu-eragiketarik baimendu, eta dagokion administrazioak ezingo du jo lege honetan aurreikusitako finantzaketa-mekanismoetara, harik eta neurri horiek ezartzen diren arte.

26. artikulua.  Nahitaez bete beharreko neurriak.

1.  Autonomia-erkidego batek ez badu onartzen krediturik ez dagoela, 25.1.a) artikuluan aurreikusi bezala, ez badu eratzen 25.1.b) artikuluan ezarritako nahitaezko gordailua edo 25.2 artikuluan aurreikusitako aditu-batzordeak proposatutako neurriak ezarri ezean, Gobernuak, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, autonomia-erkidegoko presidenteari eskatuko dio, horretarako adierazitako epearen barruan, krediturik ez dagoela onartzeko, 25.1.b) artikuluan ezarritako nahitaezko gordailua eratzeko edo aditu-batzordeak proposatutako neurriak gauzatzeko.

Errekerimenduari kasu egin ezean, Gobernuak beharrezko neurriak hartuko ditu, Senatuaren erabateko gehiengoak babestuta, autonomia-erkidegoa gauzatzera behartzeko. Neurriak gauzatzeko, Gobernuak autonomia-erkidegoko agintari guztiei aginduak eman ahal izango dizkie.

2.  Toki-erakunde batek 25.1.b) artikuluan aurreikusi bezala krediturik ez dagoela onartzen ez badu, edo ez badu gordailua eratzen edo 25.2 artikuluan aurreikusitako aditubatzordeak proposatutako neurriak ezartzen ez baditu, Gobernuak, edo finantza-babesa ematen duen autonomia-erkidegoak, toki-erakundeko presidenteari eskatuko dio, horretarako adierazitako epearen barruan, krediturik ez dagoela onartzeko, 25.1.b) artikuluan ezarritako nahitaezko gordailua eratzeko edo aditu-batzordeak proposatutako neurriak gauzatzeko. Errekerimenduari kasu egin ezean, Gobernuak, edo hala badagokio, toki-erakundeari finantza-babesa ematen dion autonomia-erkidegoak, beharrezko neurriak hartuko ditu toki-erakundea errekerimenduan jasotako neurriak gauzatzera behartzeko.

Toki-erakundeari finantza-babesa ematen dion autonomia-erkidegoak ez baditu hartzen paragrafo honetan jasotako neurriak, Gobernuak 1. paragrafoan jasotako prozedura erabiliko du bete ditzan eskatzeko.

3.  Aurreko paragrafoko betebeharren batek, oraindik ere, bete gabe jarraituz gero, hori interes orokorrak larri kaltetzen dituen kudeaketatzat hartu ahal izango da, baldin eta aurrekontu-egonkortasuneko helburua, zor publikoko helburua edo gastu-araua ez betetzea badakar; horrenbestez, betetzen ez duen toki-erakundearen organoak desegin ahal izango dira, betiere Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen 1985eko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 61. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

V. KAPITULUA Gardentasuna 27. artikulua.  Gardentasun-printzipioaren bideratzea.

1.  Herri-administrazio bakoitzaren aurrekontuekin batera, aurrekontuko diru-sarreren eta gastuen ondoriozko saldoa finantzatzeko ahalmenarekin edo beharrarekin lotzeko beharrezko informazioa ere jasoko da, berau Nazioetako eta Eskualdeetako Kontuen Europako Sistemaren arauen arabera kalkulaturik.

2.  Urte bakoitzeko urriaren 1a baino lehen, autonomia-erkidegoek eta tokierakundeek beren aurrekontuek izango dituzten funtsezko ildoei buruzko informazioa igorriko diote Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari, Europako araudiaren eskaerak betetzearren.

3.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, lege honen aurreikuspenak betetzen direla bermatzeko beharrezko informazioa bildu ahal izango du autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen eskutik, baita erkidegoko araudiak eskatutako beste edozer informazio eskaerari erantzuteko ere.

Emandako informazioan, agiri hauek jasoko dira, gutxienez, aintzat hartutako aldiaren arabera:

a)  Hasierako aurrekontu-proiektuen edo hasierako finantza-egoeren informazioa, agiri horietan aurreikusten diren funtsezko ildoak adierazita.

b)  Aurrekontu orokorra edo, hala badagokio, hasierako finantza-egoerak, eta autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen urteko kontuak.

c)  Toki-erakundeen diru-sarreren eta gastuen hiru hilean behingo likidazioak, edo, hala badagokio, galera eta irabazien balantzea eta kontua.

d)  Autonomia-erkidegoen diru-sarreren eta gastuen hileko likidazioak.

e)  Legearen aplikazio-eremuan jasota dauden autonomia-erkidegoen eta tokierakundeen mendeko erakunde guztien xehetasuna (ez da aldizkakoa izango).

f)  Aurrekontuaren gauzatzea kontabilitate nazionalari dagokionez kalkulatzeko beharrezkoa den beste edozer informazio.

4.  Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren agindu bidez, autonomiaerkidegoek eta toki-erakundeek zer informazio eman beharko duten, berau igortzeko prozedura eta epea zehaztuko dira, baita zer agiri kaleratu behar diren ere, jende guztiak horien berri izan dezan, betiere Autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalak, bakoitzak dagozkion eskumenen esparruan, txostena egin ostean.

5.  Legearen xedapenen ondoriozko gardentasun-printzipioa eta publizitatebetebeharrak betetzearren, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak herriadministrazioen informazio ekonomiko-finantzarioa argitaratu ahal izango du, eta nazioko akordioekin eta arauekin eta erkidegoko xedapenekin bat etorriz erabakitzen diren irismena, metodologia eta aldizkakotasuna izango ditu.

6.  Lege honen xedapenen ondoriozko gardentasuneko eta informazioa emateko betebeharrak urratzen badira, 20. artikuluan aurreikusitako neurriak ezarri ahal izango dira.

28. artikulua.  Informazio-gunea.

1.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak informazio-gune publiko bat edukiko du, herri-administrazioen jarduera ekonomiko-finantzarioari buruzko informazioa emateko.

2.  Hartarako, bankuek, aurrezki-kutxek eta gainerako finantza-erakundeek, baita herri-administrazioek ere, beharrezko datuak bidaliko dituzte, araudian xedatu moduan.

3.  Espainiako Bankua Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioarekin elkarlanean arituko da; hala, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen kreditu-eragiketekin lotuta jasotzen duen informazioa igorriko dio. Aurrekoa alde batera utzita, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak Espainiako Bankuari autonomia-erkidegoen eta tokierakundeen zorpetzeari buruzko beste datu zehatz batzuk eskatu ahal izango dizkio, erregelamendu bidez xedatzen den bezala.

4.  Artikulu honetan aipatutako gunean jasotako informazioa Autonomiaerkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalaren esku egongo da, hauei dagozkien esparruetan.

5.  Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren agindu bidez zehaztuko dira informazio-gunea osatuko duten datuak eta agiriak, igortzeko epeak eta prozedurak, telematikoak barne, baita jende guztiak ezagutzeko argitaratu beharreko informazioa eta datuok argitaratu beharreko epeak eta modua ere, betiere Autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak haiei eragiten dien informazioari buruzko txostena egin ostean.

VI. KAPITULUA Aurrekontuen kudeaketa 29. artikulua.  Epe laburreko aurrekontu-esparrua.

1.  Herri-administrazioek epe ertainerako aurrekontu-esparru bat osatuko dute eta berau jarraituko dute urteko aurrekontuak egiteko garaian; gainera, horren bidez, aurrekontu-programazioa aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuekin bat datorrela bermatuko dute.

2.  Epe ertainerako aurrekontu-esparruak hiru urterako izango dira, gutxienez, eta hauek jasoko dituzte, besteak beste:

a)  Herri-administrazioen aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak.

b)  Diru-sarreren eta gastuen partida nagusien proiekzioak, joera-bilakaera (hots, aldaketei lotu gabeko politiketan oinarritua) eta aintzat hartutako aldirako aurreikusitako neurrien eragina kontuan harturik.

c)  Diru-sarreren eta gastuen proiekzio horiek oinarriturik dauden hipotesi nagusiak.

3.  Aurrekontu-esparruak egonkortasun-programa egiteko oinarria izango dira.

30. artikulua.  Gastu ez-finantzarioaren muga.

1.  Estatuak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek, nork bere esparruan, gastu ez-finantzarioko gehieneko muga onartuko dute; aurrekontu-egonkortasuneko helburuarekin eta gastu-arauarekin bat etorriko da, eta haien aurrekontuen baliabidemuga jarriko du.

Gastu ez-finantzarioko mugatik kanpo geldituko dira autonomia-erkidegoak eta tokierakundeak finantzatzeko sistemei lotutako transferentziak.

2.  Urte bakoitzeko abuztuaren 1a baino lehen, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak Estatuko aurrekontuaren gastu ez-finantzarioaren mugaren berri emango dio Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari.

3.  Urte bakoitzeko abuztuaren 1a baino lehen, autonomia-erkidegoek bakoitzak onartutako gastu ez-finantzarioaren mugari buruzko informazioa igorriko diote Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari.

31. artikulua.  Kontingentzia-funtsa.

Aurrekontu-kredituen zuzkidura berezi bat jasoko dute aurrekontuetan Estatuak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek, Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. eta 135. artikuluen esparru subjektiboan jasotakoek; hala bada, egokia denean, hautazkoak ez diren eta hasiera batean onartutako aurrekontuan aurreikusi gabe dauden beharrei erantzuteko erabiliko da zuzkidura hori.

Herri-administrazio bakoitzak erabakiko ditu zuzkidura horren zenbatekoa eta aplikazio-baldintzak, nork bere eskumenen esparruan.

32. artikulua.  Aurrekontu-superabitaren xedea.

Aurrekontu-likidazioan superabita baldin badago, Estatuari, autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei dagokienez, zorpetze garbia murriztera zuzenduko da. Gizarte Segurantzari dagokionez, superabita Erreserba Funtsera bideratuko da, sistemaren etorkizuneko beharrei erantzutearren.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Autonomia-erkidegoetarako eta toki-erakundeetarako finantza-mekanismo gehigarriak.

1.  Estatuari likidezia handitzeko ezohiko neurriak eskatzen dizkioten edo 2012an eskatu dizkioten autonomia-erkidekoek eta toki-erakundeek aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak betetzea bermatzen duen doikuntza-plan bat hitzartu beharko dute Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioarekin.

2.  Mekanismo horiek eskuratzeko, baldintza bereziak onartu beharko ditu autonomiaerkidegoak edo toki-erakundeak jarraipenaren eta informazio-igorpenaren arloan; halaber, hala badagokio, ezohiko doikuntza-neurriak hartu ere egin beharko ditu, aurrekontuegonkortasuneko helburuak, zor publikoko mugak eta hornitzaileei ordaintzeko betebeharrak betetzeko (Merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasota).

3.  Doikuntza-plana publikoa izango da, eta onartzeko, abiarazteko eta erabakitako neurriak gauzatu diren ikuskatzeko egutegi zehatza ere edukiko du. Finkatutako egutegia bete ahala emango da finantza-laguntza, zatika.

4.  Doikuntza-plana indarrean dagoen bitartean, ardura duen administrazioak informazioa hiru hilean behin bidali beharko dio Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari, kontu hauei buruzkoa, zehazki:

a)  Jasotako abal publikoei eta kontratatutako kreditu-lerroei buruzkoa, erakundea, kreditu erabilgarri osoa eta erabilitako kreditua adierazita.

b)  Hartutako merkataritza-zorrari buruzkoa, antzinatasunaren eta epemugaren arabera sailkatuta. Orobat, kreditu-erakundeekin hornitzaileei ordaintzea errazteko izenpetutako kontratuen informazioa ere jasoko da.

c)  Deribatuekin egindako eragiketei buruzkoa.

d)  Beste edozer pasibo kontingenteri buruzkoa.

5.  Baldin eta autonomia-erkidego edo toki-erakunde batek ez badu horrelakorik igortzen, aurkako irizpena badu edo doikuntza-plana betetzen ez badu, ekonomia- eta finantza-plana betetzen ez den kasuetarako 25. eta 26. artikuluetan aurreikusitako neurri hertsagarriak hartuko dira.

6.  Autonomia-erkidegoek zein toki-erakundeek ikuskatzaileak doikuntza-planen gauzatzeari buruz egindako txostena aurkeztu beharko diote Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari; hiru hilean behin eta urtean behin egingo dute, hurrenez hurren.

Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. eta 135. artikuluetan zehaztutako arlo subjektiboan sartzen diren tokiko erakundeen kasuan, txosten hori hiru hilean behin aurkeztu beharko dute.

Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioa eskuduna izango da doikuntza-planen jarraipena egiteko, eta balioztatze horren berri emango dio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari. Hitzartutako zorpetze-eragiketek eragindako zenbatekoak itzultzea bermatzeko helburuz, doikuntza-planak jarraitzeko txostenek erakutsitako arriskuaren arabera, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren kontrol-jardueraren mende gelditzea ere erabaki ahal izango du, horrek zehazten dituen edukien eta irismenaren eremuan. Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, kontroljarduerak egiteko, beste erakunde publiko batzuen laguntza eskuratu ahal izango du, eta, autonomia-erkidegoetako kontrol-jarduerei dagokienez, haien kontu-hartzailetza nagusiekin hitzarmenak sinatu ahal izango ditu.

Toki-erakundeetako kontrol-jarduerei dagokienez, Estatuko Administrazioaren Kontuhartzailetza Nagusiak ikuskaritza-enpresa pribatuen laguntza ere eduki ahal izango du; horiek hark erabakitako arauetara eta jarraibideetara egokitu beharko dute. Likidezia izaten laguntzeko ezohiko neurrietarako erabiltzen diren funts berak erabiliko dira jarduera hauek finantzatzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.  Erkidegoko zuzenbide-arauak ez betetzeagatiko erantzukizuna.

1.  Herri-administrazioek eta sektore publikoa osatzen duen beste edozer erakundek, beren eskumenak erabiliz, Europar Batasuneko zuzenbide-arauetatik etorritako betebeharrak urratuz gero, eta horren ondorioz Europako erakundeek Espainiako Erresuma zigortzen badute, urraketa horrek eragindako erantzukizuna beren gain hartuko dute, dagokien neurrian, betiere xedapen honetan eta berau garatzeko eta betearazteko ematen diren gainerako arauzko xedapenetan aurreikusitakoari jarraiki.

2.  Ministro Kontseilua eskuduna izango da, dagokien administrazioei edo erakundeei entzunaldia egin ondoren, ez-betetze horrengatiko erantzukizuna adierazteko eskuduna eta, hala badagokio, kalte-ordaina edo zor horren atxikipena erabakitzeko, Estatuak administrazio edo erakunde erantzuleari edozer kontzeptu dela medio (aurrekontukoa edo aurrekontuz kanpokoa) transferitu behar dizkion kopuruei dagokiena. Ebazpen horretan, Europako erakundeen ebazpenean jasotako gertaerak eta oinarriak hartuko dira kontuan, eta erantzukizuna adierazteko aintzat hartutako egozpen-irizpideak bilduko dira.

Ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

3.  Gobernuari ahalmena emango zaio xedapen honetan ezarritakoa arau bidez garatzeko, xedapen honen 1. paragrafoan aipatutako herri-administrazioei eta erakundeei aplikatu beharreko berezitasunak arautuz.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Konstituzionaltasun-kontrola.

1.  Konstituzio Auzitegiari buruzko 1979ko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, autonomia-erkidegoetako legeak, arau-xedapenak edo legeindarreko egintzak, lege-indarrik gabeko arau-xedapenak eta autonomia-erkidegoetako edozer organok emandako ebazpenak aurkaratu ahal izango dira Konstituzio Auzitegiaren aurrean, baldin eta Konstituzioaren 135. artikuluan ezarritako eta lege honetan garatutako printzipioak urratzen badituzte.

2.  Baldin eta, Konstituzioaren 161.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Aurrekontuen Lege baten aurka egiteak haren indarraldia etetea badakar, aurreko ekitaldiko aurrekontuak automatikoki luzatutzat joko dira, harik eta aurkaratutakoaren osteko ekitaldiko aurrekontuak onartu arte, aurka egindako xedapenak indargabetzen, aldatzen edo ordezkatzen dituen legea onartu arte edo, hala badagokio, aurkaratutako legearen etendura altxatzen den arte.

Lehenengo xedapen iragankorra.  Trantsizio-epea.

1.  2020an, lege honen 11. eta 13. artikuluetan ezarritako mugak bete beharko dira, eta hartarako:

a)  Administrazio bakoitzerako BPGaren gaineko zor publikoaren ratioa urteko batez besteko beharrezko erritmoan murriztuko da lege honen 13. artikuluan ezarritako mugara iritsi arte. Zor-bolumena murrizteko bideak, gainera, baldintza hauek ere bete beharko ditu:

1.  Administrazio bakoitzaren erabilera ez-finantzarioen aldaketak ezin izango du Espainiako ekonomiaren barne produktu gordin errealaren hazkunde-tasa gainditu.

2.  Nazioko ekonomiak, gutxienez, urteko ehuneko 2ko hazkunde-tasa erreala lortzen duenean edo urteko ehuneko 2ko hazkundea izanda enplegu garbia sortzen duenean, zor publikoaren ratioa, urtero, gutxienez nazioko barne produktu gordinaren ehuneko 2

murriztuko da.

Hala ere, betiere data horretan Europar Batasunak finkatutako gehieneko zorpetzebalioa gainditzen ez bada, administrazioren batek 13. artikuluan aurreikusitako zorpetzemuga gainditzen badu egiturazko saldoaren helburua beteta, urtero zor-ratioaren eta haren mugaren arteko desbideratzea murriztu beharko du, eta doikuntza-epe osoa ez da Europako araudian aurreikusitakoa baino handiagoa izango, lege hau indarrean hasten denetik aurrera zenbatuta.

b)  Herri-administrazio guztien egiturazko defizita, gutxienez, urtean nazioko barne produktu gordinaren ehuneko 0,8 murriztu beharko da batez beste. Murrizketa hori Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean banatuko da, 2012ko urtarrilaren 1ean izandako egiturazko defiziteko ehunekoen arabera. Gehiegizko defizit-prozedurarik badago, defizitaren murrizketa bertan eskatutakora egokituko da.

2.  Muga horiek ez dira aplikatuko lege honen 11.3 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen denean.

3.  Aurreko 1. paragrafoaren egiturazko defizitaren eta zor publikoaren mugek legeak 11. eta 13. artikuluetan jasotako mugetarako aurreikusitako eragin eta ondorio berak izango dituzte, zehazki, IV. kapituluko mekanismo prebentibo eta zuzentzaileei dagokienez.

4.  Zor publikoaren eta egiturazko defizitaren murrizketa-bideak berrikusiko dira 2015ean eta 2018an, lege honen 11. eta 13. artikuluetan aurreikusitako mugak 2020an lortzeko, ekonomia- eta finantza-egoeraren arabera eguneratzearren.

Bigarren xedapen iragankorra.  Diru-sarreren eta gastuen joera-aurreikuspenak kalkulatzeko metodologiaren garapena, hazkunde politikak eta erreferentzia-tasa aldatuko ez direla suposatuta.

Lege hau onartu ondoko 15 egunetan, 21. artikuluaren 2.b) paragrafoan joeraaurreikuspenen kalkuluari buruz eta 12. artikuluan hazkundeko erreferentzia-tasari buruz aurreikusitako metodologiaren aplikazioa garatuko du Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak.

Hirugarren xedapen iragankorra.  Zorpetzeko baimenak.

2020ra arte, salbuespen gisa, baldin eta ezohiko egoera ekonomikoen ondorioz beharrezkoa bada oinarrizko zerbitzu publikoen estaldura bermatzeko, kreditu-eragiketak hitzartu ahal izango dira, gutxienez urtebeteko eta gehienez hamar urteko epe batez, eta horrelakoetan ez dira aplikatuko Autonomia-erkidegoak finantzatzeari buruzko 1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 14. artikuluaren bi paragrafoan aurreikusitako murrizketak. Dena den, Estatuak baimendu beharko ditu salbuespen horren barruan hitzartutako eragiketak, eta xedapen honetan aurreikusitakoa betetzen den aztertuko du.

Laugarren xedapen iragankorra.  Legearen 8. artikuluaren bigarren paragrafoan jasotako aplikazio-eremutik salbuestea.

Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen hornitzaileekin ordaindu gabe dituzten betebeharrei aurre egin diezaieten 2012ko ekitaldian zehar Estatuak egitura ditzakeen ezohiko finantzaketa-mekanismoak lege honen 8. artikuluaren bigarren paragrafoan jasotako aplikazio-eremutik salbuetsita geldituko dira.

15.1  artikuluan 2013ko, 2014ko eta 2015eko ekitaldietarako aurreikusitako aurrekontu-egonkortasuneko eta zor publikoko helburuen proposamenak, 2012an bakarrik, Autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseilura eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalera igorriko dira, 2012ko maiatzaren 31 baino lehenago.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Egonkortasun Legea indargabetzea.

1.  Indargabeturik geldituko da Aurrekontu egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren osagarria den 2001eko abenduaren 13ko 5/2001 Lege Organikoa, baita 2007ko abenduaren 28ko 2/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren testu bategina ere.

2.  Lege organiko honetan aurreikusitakoaren aurkako xedapen guztiak indargabeturik geldituko dira.

Azken xedapenetan lehena.  Eskumen-titulua.

Konstituzioaren 135. artikuluaren garapen gisa onartuko da lege organiko hau.

Azken xedapenetan bigarrena.  Legearen arau-garapena.

1.  Ministro Kontseiluari ahalmena ematen zaio, bere eskumenen esparruan, beharrezko arau-xedapen guztiak eman ditzan lege hau garatzeko, baita lege honen aurreikuspenak eraginkortasunez ezartzea bermatzeko ere.

2.  Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren agindu bidez, Autonomiaerkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren eta Toki Administrazioko Batzorde Nazionalaren txostenaren ostean, jende guztiak ezagutzeko, aldian behin argitaratu beharreko datuak eta dokumentuak, argitaratzeko epeak eta argitaratzeko modua zehaztuko dira.

3.  Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroaren agindu bidez onartuko dira Estatuko Aurrekontu Orokorrak zein urte anitzeko aurrekontuak egiteko arauak.

4.  Lege hau garatzeko Estatuko Administrazio Nagusiak emandako arau-xedapenak, oinarrizkoak direnean, horren berri espresuki emango dute.

Azken xedapenetan hirugarrena.  Foru ogasunak.

1.  Lege honetan xedatutakoa Nafarroako Foru Erkidegoari aplikatzeko garaian, bere foru-araubidea dela-eta, Nafarroako Foru Eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 64. artikuluan ezarritakoa beteko da, Estatuaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoari jarraiki.

2.  Lege honetan xedatutako Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzeko garaian, bere foru-araubidea dela-eta, Ekonomia itunari buruzko Legean xedatutakoa beteko da.

Azken xedapenetan laugarrena.  Autonomia-erkidegoak finantzatzeari buruzko 1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren aldaketa.

Autonomia-erkidegoak finantzatzeari buruzko 1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoa honela aldatuko da: Bat. Honela geratuko da idatzita hamaikagarren artikuluaren f) idatz-zatia:

«f) Fabrikazioko Zerga Bereziak, horietako bakoitzaren ehuneko 58ren gehieneko mugarekin partzialki, Elektrizitatearen gaineko Zerga eta Hidrokarburoen gaineko Zerga izan ezik.» Bi. Honela geratuko da idatzita hamaikagarren artikuluaren j) idatz-zatia:

«j) Hidrokarburoen gaineko Zerga, zati batez ehuneko 58ren gehieneko mugarekin Estatuko tasa orokorrerako, eta bere osotasunean Estatuko tasa berezirako eta autonomia-tasarako.» Hiru. Honela geratuko da idatzita hamabigarren artikuluko 1. paragrafoa:

«Bat. Laga daitezkeen Estatuko zergen gaineko errekarguak ezarri ahal izango dituzte autonomia-erkidegoek, Hidrokarburoen gaineko Zergan izan ezik. Zergatasen arloan arautzeko eskumenak dituztenean baino ezin izango dute errekargurik ezarri gainerako Zerga Berezietan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergan.» Lau.  Honela idatzita geldituko da hemeretzigarren artikuluaren bi paragrafoaren g) idatz-zatia:

«g) Hidrokarburoen gaineko Zergan, autonomiako zerga-tasaren erregulazioa.» Bost. 1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoan, autonomia-erkidegoak finantzatzeari buruzkoan, zazpigarren xedapen gehigarria erantsiko da, eta hauxe jasoko du:

«Zazpigarren xedapen gehigarria.  Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zerga Hidrokarburoen gaineko Zergan txertatzea.

Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren 2012ko urtarrilaren 17ko 3/2012

akordioaren arabera Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zerga txertatuko da; horren ondorioz, zerga horren estatu-tartea Hidrokarburoen gaineko Zergaren Estatuko tasa bereziaz ordezkatuko da, eta Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zergaren autonomia-zatia, berriz, Hidrokarburoen gaineko Zergaren autonomia-tasaz.

Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zergaren arauerreferentziak Hidrokarburoen gaineko Zergaren estatu-tasa bereziari eta autonomia-tasari egindakotzat joko dira.» Sei. Autonomia-erkidegoak finantzatzeari buruzko 1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoan zortzigarren xedapen gehigarria erantsiko da, eta hauxe jasoko du:

«Zortzigarren xedapen gehigarria.  Erregimen komuneko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutudun hirien finantzaketa-sistemaren baliabideen dedukzioa edo atxikipena.

1.  Erregimen komuneko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutudun hirien finantzaketa-sistemaren baliabide guztiek ordaindutako zenbatekoetatik beharrezko diru-kopuruak deduzitu edo atxiki ahal izango ditu Estatuak autonomiaerkidegoek eta autonomia-estatutudun hiriek Kreditu Ofizialeko Erakundearekin adosturiko kreditu-eragiketen esparruan hitzartutako bermeak gauzatzeko, edo Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoan aurreikusitako finantzaketa-mekanismo gehigarriak aplikatuz, betiere Estatuak onartutako finantzaketa-mekanismoak horrela aurreikusten badu.

Aurreko kasuan, hilean deduzitutako edo atxikitako zenbatekoa, gehienez, autonomia-erkidegoaren edo autonomia-estatutudun hiriaren alde kontura emateagatik edo likidatzeagatik ordaindutako likidoaren ehuneko 25 izango da.

2.  Autonomia-erkidegoek zein horien mendeko zuzenbide publikoko erakundeek Estatuak aplikatu beharreko zergengatik eta Gizarte Segurantzarako kotizazioengatik Herri Ogasunarekin hartutako zor likidoek, mugaeguneratutakoek eta galdagarriek ere dedukzioa edo atxikipena eduki ahal izango dute finantzaketasistemaren baliabide guztiek ordaindutako zenbatekoen gainean, zerga, administrazio eta gizarte arloko neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko 53/2002 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian edo berau arautzen duen legemailako estatu-arauan egun aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz.» Azkenen xedapenetan bosgarrena.  Autonomia-estatutudun hiri diren Ceuta eta Melillaren erregimena.

Aurrekontu-egonkortasun arloan lege organiko honetan toki-erakundeei aplikatu beharreko xedapenen bidez zuzenduko dira autonomia-estatutudun hiri diren Ceuta eta Melilla, autonomia-erkidegoetako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluko kideak izateak dakarkien berezitasunei kalte egin gabe; halaber, arau honen 13.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, bien autonomia-estatutuetan ezarritako zorpetzeerregimena ere hartu beharko da aintzat, eta 2004ko martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategina horren ordezkoa izango da.

Azken xedapenetan seigarrena.

Toki-erakundeei dagokienez, beren finantzakoak ez diren sarreren % 2,8koa izango da 25.1 artikuluan aipatutako gordailua.

Azken xedapenetan zazpigarrena.  Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Hala ere, 2020ko urtarrilaren 1ean jarriko dira indarrean lege honen 11. eta 13. artikuluetan aurreikusitako mugak.

Autonomia-erkidegoak finantzatzeari buruzko 1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren aldaketa, autonomia-erkidegoen azken xedapenetan laugarrenaren batetik bosgarrenera arteko paragrafoetan aurreikusitakoa, 2013ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

2012ko ekitaldian aurkeztutako plan ekonomiko-finantzarioak eta berrorekakoak, baita aurreko legearen arabera finkatutako 2012rako helburuak ere, beren jarraipenari eta aplikazioari dagokienez, lege honetan jasotako xedapenen arabera zuzenduko dira.

Horrenbestez, Lege organiko hau errespeta dezaten eta errespetaraz dezaten agintzen diet espainiar guztiei, bai banakoei, bai agintariei.

Madril, 2012ko apirilaren 27a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra