Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

2/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Espainiako ekonomiaren desindexazioarena

2015-03-30

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/03/31, 77. zk.

bcl_832720350.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3443 2/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Espainiako ekonomiaren desindexazioarena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

I

Indexazioak aldagai ekonomikoen diru-balioa aldatzea ahalbidetzen du, denboraldi bateko prezio-indizearen aldakuntzaren arabera. Indize orokorretan oinarritzen den indexazioa –esate baterako, kontsumoko prezioen indizean (KPI) oinarritua– oso hedaturik egon arren, ez dago ezinbestean justifikatuta, eta ez du etekinik sortzen Espainiakoaren tankerako ekonomia garatuetan.

Ezegonkortasun makroekonomikoak, inflazio altuak bereziki, diru-balioen erosteko ahalmena murrizten duen tokietan egiten da gehienbat indexazioa. Balio horiek izandako bilakaera prezio-indizeekin lotzen da defentsa-mekanismo gisa.

Hala ere, mekanismo horrek ondorio kaltegarriak ditu. Indexazioa da, hain justu, «bigarren txandako ondorioak» deritzenen sortzailea. Ondasun edo zerbitzuren baten prezioak gora egiten duenean, KPIak eta tankerako prezioen indizeek ere gora egiten dute. Ondorioz, beste ondasun batzuen prezioa ere automatikoki handitzen da, indize horren arabera indexatuta daudelako. Hala, petrolioaren edo elikagairen baten prezioa igotzen denean, horrek eragina du KPIan, eta ondasun batzuen prezioa garestitu egiten da, nahiz eta haien ekoizpen-kostuek lotura zuzenik ez izan bi ondasun horiekin.

Hortaz, indexazioak are inflazio handiagoa ekartzen du. Gainera, inflazio horrek luze iraun dezake, prezioen igoera eragin zuen hasierako arrazoia desagertu ondoren ere. Inflazio altu eta iraunkorrak kostu ekonomikoak sortzen ditu; honako hauek, besteak beste: hutsaldu egiten du prezioek eman beharreko informazioa, epe luzerako kontratuak adostea zailtzen du eta lehiakortasunari kalte egiten dio.

Prezioak finkatzeko mekanismoek behar bezala funtziona dezaten, prezioek kostuari eta eskariari buruzko datuen isla izan behar dute. Indexatze-klausulak ezartzeak hori modu eraginkorrean gertatzea eragozten du. Prezioak aldatu egiten dira faktore horiek sektore bakoitzean duten egoera edozein dela ere, eta modu homogeneoan aldatzen dira sektore guztietan. Hori dela-eta, ondasun eta zerbitzu batzuen eta beste batzuen prezio erlatiboek islatu beharrekoa galdu egiten da.

Horrez gain, inflazioak lehiakortasunari ere kalte egiten dio. Eurogunearekin alderatuta, Espainiako inflazioaren diferentzial metatua nabarmen handitu zen ziklo ekonomikoa hedatu zen fasean. Eta horrek desoreka eragin zuen Espainiako ekonomian.

Testuinguru horretan, Espainiako ekonomia eurogunean sartzeak, jakinik eurogunean prezioen egonkortasunari lehentasuna ematen zaiola, indexazioaren bidez norbere errenta edo aberastasunaren balioa mantentzeko estrategien justifikazioa zapuzten du. Izan ere, indexazioak aipatu diren kostuak sortzen ditu, jardun orokor bihurtuz gero.

Bestalde, ezagunak dira Espainia Ekonomia eta Diru Batasunaren (EDB) parte izateak politika makroekonomikoak erabiltzeko orduan jartzen dituen mugak. Horrexegatik da

garrantzitsua egiturazko erreformak egitea, prezio erlatiboak euroguneko gainerako herrialdeetara behar bezala doitzeko. Eurogunean sartuta egoteak malgutasun handiagoa eskatzen du bai prezioen eta errenten maila absolutuak ezartzen direnean, bai horiek eguneratzen direnean.

Hala adostu zuten gizarte-eragileek 2012, 2013 eta 2014ko Enplegu eta negoziazio kolektiboko II. Akordioan. Uko egin zioten soldatak KPI orokorraren arabera zuzenean berrikusteari, soldata-errentak neurrira ekartzeak hazkuntza eta enpleguaren sorrera erraz ditzan. Akordio hartan zehazten zenaren arabera, indarberritzea eragiteko helburu nagusietako bat Espainiako ondasun eta zerbitzuen barneko eta kanpoko merkatu-kuota hobetzea da. Horretarako, ezinbestekoa da Espainiako prezioei eustea, Europar Batasuneko (EB) batez bestekoa baino urteko hazkuntza-tasa txikiagoa izan dezaten; izan ere, Europar Batasunera joaten dira merkataritzako transakzioen bi heren.

Abian diren egiturazko erreformekin batera, diru-balioak ez indexatzea oinarri duen araubide berri bat ezarri beharra dago, hauen guztien argitan: lehiakortasunaren suspertzea finkatu eta prozesu horretan aurrera egin behar da; bigarren txandako ondorioak deritzenak saihestu behar dira; eskarien politiken erabilerari ezarritako mugak, eta doitzeko orduan ekitatearen alde egiteko premia.

Horixe da, hain zuzen ere, lege honen helburu nagusia: indexatzailea ez den diziplina ezartzea kontratazio publikoaren eremuan, barne-produktu gordinaren ehuneko 20 hartzen baitu gutxi gorabehera, prezio arautuetan eta, oro har, aurrekontu publikoen diru-sarrera eta gastuen partida guztietan. Hori horrela izanik, indexatzea oinarri duen araudia baztertuko da. Araudi hori inflazio handiagoko garaietako da, izan ere. Diru-balioak berrikustea nahitaezkoa den ohiz kanpoko kasuetan, lege honen helburua arestian aipatutako bigarren txandako ondorioak desagerraraztea da, prezioen eta errenten eguneratzea kasuan kasuko kostuen bilakaerarekin lotuta. Hala, Espainiako ekonomiak malgutasun handiagoa izango du, bai eta gorabeheren aurrean erantzuteko aukera hobea ere.

Espainiako ekonomiaren dexindexazio-legeak abiapuntu jakin bat du: 2013ko eta 2014ko Erreformen Programa Nazionalaren barruan Gobernuak hartutako konpromisoa. Bestalde, EBko Kontseiluak, Espainiarentzat egindako gomendio espezifikoen artean, arau hori aplikatzea gomendatu zuen, inflazioaren inertzia murrizteko eta prezioek egoera ekonomikoaren aurrean erantzun hobea eman dezaten.

II

Legeak hiru kapitulu, zazpi artikulu, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat, zazpi azken xedapen eta eranskin bat ditu.

I. kapituluan, 1. artikuluak Legearen helburua azaltzen du; hau da, diru-balioak prezioindizeen edo horrelakorik jasotzen duten formulen arabera aldatzen ez dituen araubidea ezartzea. Indarrean den legeriaren arabera berrikusi behar diren kontzeptu guztiak biltzea du helburu definizio horrek, besteak beste, kontratu publikoen prezioak, tasak, prezio eta tarifa arautuak, diru-laguntzak, prestazioak, laguntzak, isunak eta zehapenak, edota erreferentziazko balioak.

2. artikuluak diru-balio horien aldaketa mota posibleak zehazten ditu, Legearen ondorioetarako. Aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspen esaten zaie prezio edo prezio-indize baten aldakuntzarekiko erlazio zehatzaren arabera zehaztutako eta aurrez ezarritako formula bat aplikatuta egindako aldaketa errepikariei. Prezioen gainerako aldaketak bi modutan definitzen dira txandaka: aurrez zehaztu gabeko aldizkako berrikuspen gisa edo aldizkakoak ez diren berrikuspen gisa. Prezioen indize espezifikoaren kontzeptua ere definitzen da. Hori zehazteko, irizpide jakin bat erabiltzen da oinarri gisa: ez egotea eskuragarri publikoarentzat kostuak hobeto islatzen dituzten indize xeheagoak. Hala, ezingo dira hartu espezifikotzat prezio ohikoenetan indize-eransketa handiena duten mailak (kontsumo-prezioenak edo prezio industrialenak, adibidez) .

3. artikuluan, arauaren aplikazio-eremu publikoa eta pribatua zehazten dira: aginduzkoa izango da sektore publikoak zehaztutako diru-balioak direnean, eta orientagarria pribatuen arteko kontratuetan. Sektore publikoa zehazteko, azaroaren 14ko

3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onetsitako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 3.1. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan. Edonola ere, lege honetan xedatutakoa aplikatzeko ez da beharrezkoa izango negozio edo harreman juridikorik izatea aipatutako testu bateginaren aplikazio-eremuan. Hortaz, nahikoa izango da sektore publikoko erakunde batek harremanean parte hartzea, eta berdin izango da partaidetza hori zuzenbide pribatuz edo zuzenbide publikoz arautzen den. Hala, legearen aplikazio-eremua zabalagoa izango da. Halaber, aplikazio-eremuaren barruan sartzen dira prezio arautuak oro har; hau da, Administrazio publikoak zerbitzu publikoak kudeatzean zuzenean nahiz zeharka eta arau zein kontratu bidez araututako diru-balio guztiak.

Bestalde, 3. artikuluaren 2. zenbakiak legearen aplikazio-eremutik salbuetsita geratzen direnak jasotzen ditu. Lehenik eta behin, salbuetsita geratzen da negoziazio kolektiboa, konstituzioko eskubidetzat jotzen baita. Horregatik, soldatak ezin dira eguneratu aldeek erabakitakoa baztertuz. Bigarrenik, pentsioak ere salbuetsita daude, araudi espezifikoa baitaukate. Araudi horrek, hain justu, pentsioak errebalorizatzeko indize bat jasotzen du. Indize hori aldagai ekonomikoen multzo handi batean oinarritua dago, zeinek Gizarte Segurantzaren pentsio-sistemaren iraunkortasuna ziurtatzen duen. Azkenik, finantzatresnak salbuetsita geratuko dira, Espainiako jaulkitzaileek estatuko eta nazioarteko aurrezkiak preziorik txikienean eskuratzeko gaitasunik handiena izan dezaten, formatuen malgutasunik handienean, aurrezkien tankerako baliabide urrien lehia handia dagoen honetan, atzerriko jaulkitzaileek ez baitute mugarik alde horretatik.

II.kapituluak, alde batetik, sektore publikoko diru-balioen eta prezio arautuen aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenei aplikatu beharreko araubidea ezartzen du eta, beste alde batetik, aurrez zehaztu gabeko aldizkako berrikuspenei edo aldizkakoak ez diren berrikuspenei aplikatu beharrekoa. Oro har, berrikuspen horiek ezin izango dira gauzatu prezio-indizeen edo horrelakorik jasotzen duten formulen arabera, nahiz eta onartzen den ohiz kanpoko kasuetan berrikuspenak prezioen edo prezioen indize espezifikoen arabera gauzatzea. Prezioak eta soldatak egonkortzeko testuinguruan, ez du zentzurik zerbitzu publiko gisa eman beharreko prestazioen edo kontratu publiko baten prezio arautua ondasunen eta zerbitzuen prezioen bilakaeraren arabera indexatzeak, prestazio edo hornikuntzaren kostuan zuzeneko eraginik izan gabe. Hori dela-eta, berrikuspen mota guztien kasuan zera jasotzen da: kostuen bilakaerak hala justifikatzen duenean, aplikagarria den informazio espezifikoa erabiliko dute, mota horretako prezioen indizeak barne, lege honen 2. artikuluan zehazten diren bezalaxe. Kostuak, gainera, eraginkortasunaren eta enpresen kudeaketa onaren printzipioaren arabera ebaluatu beharko dira.

Hala, 4. artikuluak aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenen araubidea ematen du. Kasu batzuetan ezinbestekoa izango da harreman juridiko batzuetako diru-balioak modu errepikarian aldatzea lehengaien eta beste faktore batzuen kostuen bilakaerari jarraiki, neketsuegia izango bailitzateke banan-banan ebaztea aldaketa errepikari horiek. Kasu horietarako, posible litzateke aldizkako berrikuspenen araubide bat onartzea, baldin eta kostuen bilakaerak hala eskatzen badu. Edonola ere, ez dira berrikustekotzat joko amortizazioak, finantza-kostuak, gastu orokorrak edota egitura-gastuak, ez eta mozkin industriala ere. Eskulanarekin lotutako kostuak errege-dekretua garatzeko testuan aurreikusitako kasuetan hartu ahalko dira kontuan, eta testu horretan bertan ezarritako mugekin. Aurreikuspen horiei esker, bigarren txandako ondorioak saihesteaz gain, eraginkortasunaren eta enpresen kudeaketa onaren irizpideen arabera aurreikus daitezkeen, beharrezkoak ez diren eta behar ez bezala kudeatutako kostuak ordaintzen dituen prezioen bilakaera ere ekiditen da, horrek pizgarri kaltegarria sortu eta inflazioa bidegabe sustatuko bailuke.

Errege-dekretu bidez finkatuko da zein kasutan onartuko diren aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspen-sistemak; formulak diseinatzeko ildoak; eraginkortasunaren eta enpresen kudeaketa onaren printzipioak interpretatzeko irizpideak, eta eskulanaren kostuak aldatzeko kasuak eta mugak. Horretaz aparte, formuletan gehitu beharreko kostuen osagaiak eta jokabide eraginkorra bultzatzen duten arau-mekanismoak ezarri ahal izango ditu errege-dekretuak.

Errege-dekretua Ministro Kontseiluak onetsiko du, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen txostena jaso ondoren, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta Ogasunaren eta Administrazio Publikoen Ministerioak proposatuta, bai eta gaiaren edukiagatik eskudun izan litezkeen ministerioek proposatuta ere. Errege-dekretua izapidetzeko, Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legean ezarritakoa jarraituko da, eta, bereziki, Estatu Kontseiluaren txostena eta entzunaldi publikoa izango ditu. Sektore publikoko kontratuei dagokienez, Estatuko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak txostena egin beharko du aldez aurretik.

Halaber, aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenen araubide bat onartu ahal izango da ondasun higiezinen errentamendu-kontratuekin lotutako balioetarako, sektore publikoa kontratuaren aldeetako bat bada. Araubide horrek autonomia-erkidegoetako bulegoen alokairuaren prezio-indizeari lotuta egon beharko du, eta kasu bakarrean erabili ahal izango da: indizea kontratuan sartzea berrikuspen-klausularik gabeko errentamendua adostea baino eraginkorragoa denean, eta dagokion espedienteak hala justifikatzen duenean.

5. artikuluak sektore publikoko diru-balioen eta prezio arautuen aldizkako eta zehaztu gabeko berrikuspenaren eta aldizkakoa ez den berrikuspenaren araubidea zehazten du. Berrikuspen mota horretan ere ez da onartzen prezioen indizeak erabiltzea, ez eta horrelakorik jasotzen duten formulak baliatzea ere. Kasu horretan, berrikuspenak memoria ekonomiko batean justifikatu beharko dira, eragindako diru-balioetan egiten diren aldaketak behar bezala arrazoituta eta, behin-behinean behintzat, egoera bakoitzean egokiak diren kostuak (prezio eta indize espezifikoetan oinarrituta) behar bezala islatzen dituztela ziurtatzeko. Legearen berritasuna da hori. Haren bidez, sektore publikoak egiten dituen diru-balioen berrikuspenek diziplina eta zorroztasun handiagoa izatea lortu nahi da. Hala eta guztiz ere, memoria aurkezteak ez du salbuesten izapideak betetzetik eta aplikagarria den araudi sektorialak eskatzen dituen baimenak eskuratzetik. Artikuluan amortizazioen aldakuntzak, gastu orokorrak edo egitura-gastuak, eta mozkin industriala aipatzen dira. Horiek ezin dira gehitu berrikuspenetan. Bestalde, eskulanaren kostuen eta finantzakostuen aldakuntzak araudiaren garapenean berariaz aurreikusitako kasuetan eta mugekin bakarrik gehitu ahal izango dira.

Sektore publikoko kontratuetako prezio eta tarifen berrikuspenek beren araudi espezifikoa izango dute; hau da, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartua.

III. kapituluak sektore pribatuko aldeen arteko kontratuetan aplikatu beharreko araubidea jasotzen du, kontratuan parte hartzen duten aldeen borondatea errespetatzen duena. Hortaz, esanbidezko ituna dagoenean soilik egingo da aldizkako berrikuspena. Aldeek aldizkako berrikuspenen mekanismoren bat aplikatzea berariaz adosten dutenean baina ez dutenean aipatzen erreferentziazko indizea edo metodologia, erreferentziazko indizea aplikatu beharko da; hau da, Lehiakortasuna Bermatzeko Indizea (LBI) , lege honen eranskinean ezarritakoaren arabera taxututakoa.

Estatistikako Institutu Nazionala (EIN) arduratuko da hilero LBIa kalkulatzeaz eta argitaratzeaz. Indize horrek ezarritako prezioen berrikuspen-tasa bat etorriko da eurogunearen barruan lehiakortasuna berreskuratzearekin. Tasa hori EDBren Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuaren (KPIH) berdina izango da, Espainiak 1999tik hona metatutako lehiakortasunaren galera kenduta. Indize horren aldakuntza-tasa ehuneko 0 baino txikiagoa denean, erreferentzia gisa hartuko da balio hori. Azken finean, ez-berrikustearen araua aplikatzearen berdina izango litzateke. Indize horren aldakuntzatasak Europako Banku Zentralaren urteko inflazioaren epe ertaineko helburua (ehuneko 2) gainditzen duenean, balio hori hartuko da erreferentziatzat. Hala, ziurtatuko da indize berri hori aplikatzen zaien kontratuek epe ertaineko ekonomiaren lehiakortasunari eusten lagunduko dutela.

Xedapen iragankorrak ezartzen duenez, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren aplikazio-eremuan sartzen diren kontratuetako prezioen berrikuspenaraubidea kasuan kasuko pleguetan ezarritakoa izango da, baldin eta espedientea lege honen 4. artikuluak aipatzen duen errege-dekretua indarrean jarri aurretik hasi bada.

Sektore publikoko kontratuak testu bategin horren aplikazio-eremuan sartzen ez badira, lege hau beteko dute legea bera indarrean jartzen denetik aurrera gauzatzen diren kontratuek. Xedapen horrek, era berean, araubide iragankor bat ezartzen du sektore publikoak diru-balioak zehazteko prozesuan esku hartzen duenerako, baina ez kontratuaurreikuspen baten bitartez. Halako kasuetan, lege hau indarrean jarri aurretik onetsitako aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenen araubideak lege honen 4. artikuluak aipatzen duen errege-dekretua indarrean izan arte jarraituko du indarrean, nahiz eta formuletan indize orokorrei egindako erreferentziaren ordez zero balioa ipini beharko den.

Legea modu homogeneo eta koherentean aplikatzen dela bermatzeko, xedapen indargabetzaileak indargabetu egiten ditu lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arauak. Horiez gain, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 90., 91. eta 92. artikuluak, eta Zerga, Administrazio eta Lan Arloko Neurriei buruzko abenduaren 29ko 14/2000 Legearen 77. artikulua ere indargabetzen ditu. Hala ere, lege honetako 4. eta 5. artikuluek aipatzen duten errege-dekretua indarrean izan aurretik izenpetutako emakida-kontratuek lege horietan ezarritakoa beteko dute. Azkenik, 2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legearen laurogeita zortzigarren xedapen gehigarria indargabetuta geratuko da, aipatutako errege-dekretua indarrean jartzen den unetik aurrera. Indargabetzetik salbuetsita geratuko dira honako hauek: batetik, urriaren 7ko 1359/2011 Errege Dekretua, Administrazio publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko hornidura-kontratuen eta obra-kontratuen prezioak berrikusteko oinarrizko materialen eta formula-eredu orokorren zerrenda onesten duena, eta, bestetik, AENA SA aireportu-kudeatzailearen tarifen araubideari lotutako artikulu, xedapen eta eranskinak, Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriei buruzko urriaren 15eko 18/2014 Legean sartuta baitaude. Halaber, indarrean jarraituko dute Europako araudiak ezarritako prezio-indizeen arabera gauzatutako berrikuspenak jasotzen dituzten arauek. Horrekin lotuta, Europako araudiak ezarritako eta estatuko legeetan gehitzen diren indizeen araberako diru-balioen etorkizuneko berrikuspenak salbuespen justifikatua izango dira lege honek agintzen duen arau orokorra ez betetzeko.

Bestalde, azken xedapenetatik lehenak, bigarrenak, hirugarrenak eta laugarrenak lau lege aldatzen dituzte. Azken xedapenetatik lehenak eta bigarrenak Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legea eta Landa Errentamenduen azaroaren 26ko 49/2003 Legea aldatzen dituzte, hurrenez hurren. Errentamendu-kontratuak askotan gauzatzen dira, eta berrikuspen-klausulak izan ohi dituzte. Ondorioz, komeni da aipatutako legeak berariaz aldatzea, errentamendu-kontratuak sinatzen dituztenen segurtasun juridikoa babesteko.

Azken xedapenetatik hirugarrenak azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 47., 89., 131., 133. eta 255. artikuluak eta I. liburuko III. tituluko II. kapituluaren izenburua aldatzen ditu, eremu publikoko prezioen oinarrizko legezko erreferentzia baitira. Hala, kontratu horietako prezioen aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspena Administrazio publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko hornidura-kontratuen eta obrakontratuen kasuan bakarrik egin ahal izango da, bai eta inbertsioak berreskuratzeko bost urteko edo gehiagoko epea duten kontratuen kasuan ere. Berrikuspena lege honen 4. artikuluak aipatzen duen errege-dekretuan zehaztutako baldintzetan eta mugekin egingo da, baldin eta aukera hori pleguetan jasota badago.

Azken xedapenetatik laugarrenaren bidez, Toki Ogasunak arautzen dituen Legea – martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua– aldatzen da, txosten tekniko-ekonomikoa nahitaezkoa izan dadin kasu guztietan tasak ezartzeko eta berrikusteko orduan.

Azken xedapenetatik bosgarrenak jasotzen du lege hau emateko zer eskumen-tituluri jarraitu zaion: Espainiako Konstituzioaren 149.1.13. artikulua (Estatuari jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak eta horren koordinazio orokorra egiteko eskumen esklusiboa esleitzen diona) eta 149.1.6., 149.1.8. eta 149.1.18. artikuluak

(Estatuak merkataritza-legegintza, legegintza zibila eta administrazio-kontratu eta -emakidei buruzko oinarrizko legegintza egiteko dituen eskumen esklusiboei buruzkoak) .

Azken xedapenetatik seigarrenak ezartzen duenez, lege honek garatzen duen Errege Dekretua legea indarrean jartzen denetik hasita lau hilabeteko epean onartu beharko da.

Azken xedapenetatik zazpigarrenak zer egunetan jarriko den indarrean zehazten du; hots, Legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

I.KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lege honen helburua da araubide bat ezartzea, diru-balioak prezio-indizeen edo horrelakorik jasotzen duten formulen arabera alda ez daitezen.

2. artikulua. Definizioak.

Lege honen ondorioetarako, hauek honela ulertzen dira:

a) Aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspena, prezioen edo prezio-indizeen araberakoa: prezio edo prezio-indize baten aldakuntzarekiko erlazio zehatzaren arabera zehaztutako diru-balioen aldaketa aldizkako edo errepikariak, aurrez zehaztutako formula bat aplikatzetik lortuak.

b) Aurrez zehaztu gabeko aldizkako berrikuspena: diru-balioen edozein aldaketa, errepikaria edo aldizkakoa izan arren ez dena lortu aurrez zehaztutako formula bat aplikatzetik, prezio edo prezio-indize baten aldakuntzarekin erlazio zehatzik izan gabe.

c) Aldizkakoa ez den berrikuspena: diru-balioen edozein aldaketa, aldizkakoa edo errepikaria ez dena.

d) Prezioen indize espezifikoa: edozein indize, desagregaziorik handiena izanik, prezioen bilakaera ondoen islatzen duena eta jendearen eskura jarritako informazioaren bidez lor daitekeena.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Lege honetan xedatutakoa honako hauetan aplikatuko da:

a) Edozein diru-balioren berrikuspenetan, baldin eta balio horiek zehazteko orduan sektore publikoak esku hartzen badu. Horretarako, sektore publikotzat joko dira azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 3.1. artikuluan aipatutako organismoak eta erakundeak.

Edonola ere, lege honetan ezarritakoa diru-balioen berrikuspenetan aplikatzeko ez da beharrezkoa izango negozio edo harreman juridiko bat izatea legearen aplikazio-eremuan jasota.

b) 7. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, landaedo hiri-errentamenduen errenten, zerbitzuen edo hornikuntzen errentamenduen eta bizi arteko errenten kontraprestazioen, edota a) letran jasotakoak ez diren pertsonen arteko beste edozein kontratutako dirubalioen aldizkako edo aldizkakoak ez diren berrikuspenak.

2.Lege honen aplikazio-eremutik salbuetsita geratuko dira:

a) Soldataren negoziazio kolektiboa.

b) Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginean eta apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Estatuko Klase Pasiboen Legearen Testu Bateginean aurreikusitako berrikuspen, errebalorizazio edo eguneratzeak; bai eta Estatuko

Gastuen Aurrekontuaren 07 ataleko kredituen kargura ordaindutako gainerako pentsioen berrikuspenak ere, horiek arautzen dituen legeria edozein dela ere.

c) Finantza-tresnak, Balore Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA

Sektore publikoaren eremuan aplikatu beharreko araubidea

4. artikulua. Diru-balioen aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenari aplikatzeko araubidea.

1.3.1.a) artikuluan aipatzen diren diru-balioak ezingo dira berrikusi aldizka eta aurrez zehaztuta, prezioen, prezio-indizeen edo horrelakorik jasotzen duten formulen arabera.

2.Salbuespen gisa, aurreko zenbakian aipatutako balioak aldizka eta aurrez zehaztuta berrikusteko araubidea onetsi ahal izango da, banakako prezioen eta prezioen indize espezifikoen arabera egiten bada, jarduerako prezioen aldaketa errepikariek hala eskatzen dutenean eta hurrengo zenbakiko arauen garapenean hala egitea baimentzen denean.

Indize espezifiko aplikagarriek jendearen eskura dauden indizeen arteko desagregaziorik handiena izan beharko dute, kostuen bilakaera ahalik eta modurik egokienean islatzeko. Kostuok ebaluatzeko, eraginkortasun ekonomikoaren eta enpresen kudeaketa onaren printzipioak hartuko dira kontuan. Aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenek ez dituzte aintzat hartuko finantza-kostuen eta amortizazioen aldakuntza, gastu orokorrak edota egitura-gastuak, ez eta mozkin industriala ere. Berrikuspen horiek eskulanaren kostuen aldakuntza gehitu ahal izango dute, hurrengo zenbakiak aipatzen duen errege-dekretuan berariaz zehaztutako kasuetan eta mugekin.

3.Honako hauek ezarri ahal izango dira errege-dekretu bidez:

a) Kostuen aldakuntzek arrazoitutako diru-balioen berrikuspen guztiek gordetzen dituzten printzipio orokorrak, bai eta eraginkortasunaren eta enpresen kudeaketa onaren printzipioak interpretatzeko irizpideak ere, berrikusi behar diren kasuetan. Edonola ere, irizpide horiek objektiboak, gardenak eta ez-baztertzaileak izan beharko dute.

b) Aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenaren araubidea onets daitekeen kasuak, banakako prezioen edo prezioen indize espezifikoen arabera.

c) Aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenetan formula bat diseinatzeko ildoak.

d) Aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspen-formuletan kontuan hartuko diren kostuen osagaiak.

e) Eskulanaren kostuak aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenaren araberako diru-baliora aldatzeko kasuak eta mugak.

f) Portaera eraginkorra sustatzen duten formularen osagaiak.

4.Errege-dekretua Ekonomia eta Lehiakortasuneko eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroek proposatuta onartuko da, bai eta gaiaren edukiagatik eskudun izan litezkeen ministroek proposatuta ere, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen txostena eta Estatuko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearena jaso ondoren, sektore publikoko kontratuak badira.

5.Aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenaren araubidea onartu ondoren, araubidea aplikatuta gauzatzen diren banakako berrikuspenek ez dute bete beharko Zergen eta jarduera ekonomikoaren sustapen eta liberalizazioaren alorreko presazko neurriei buruzko ekainaren 7ko 7/1996 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritako araubidea.

6.Salbuespen gisa, azaroaren 14ko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 4. artikuluko 1. zenbakiko p) letran jasotako ondasun higiezinen errentamendu-kontratuetan, aldizkako eta

aurrez zehaztutako berrikuspenaren araubidea gehitu ahal izango dute aldeek errentari lotuta, neurri hori ekonomikoki justifikatzen badute.

Hori hala denean, autonomia-erkidegoetako bulegoen alokairuaren prezio-indizearen urteko aldakuntza bakarrik erabili ahal izango da erreferentzia-indize gisa errenta berrikustean. Indize hori Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutakoa izango da, berrikuspenak egiten diren datan, eta erreferentziarako hiruhileko gisa kontratua berrikusten den datan argitaratuta dagoen azken indizeari dagokiona hartuko da.

Esanbidezko itunik ezean, esandako kontratuei ez zaie aplikatuko errenten berrikuspena.

5. artikulua. Diru-balioen aldizkako eta aurrez zehaztu gabeko berrikuspenari eta aldizkakoa ez den berrikuspenari aplikatzeko araubidea.

1.3.1.a) artikuluan aipatzen diren diru-balioei aurrez zehaztu gabeko aldizkako berrikuspena aplikatu ahal izango zaie, bai eta aldizkakoa ez den berrikuspena ere, baldin eta memoria ekonomiko espezifiko batean justifikatzen bada. 4. artikuluak aipatzen duen errege-dekretuak zehaztuko du memoria ekonomiko horren gutxieneko edukia.

2.Berrikuspen hori ezingo da egin prezio-indizeen edo horrelakorik jasotzen duten formulen arabera. Salbuespen gisa, berrikuspena kostuen bilakaerak bultzatuta egiten bada, kostuen bilakaera modurik egokienean islatzen duten prezioen indize espezifikoen eta banakako prezioen arabera egin ahal izango da. Kostuak ebaluatzeko, eraginkortasun ekonomikoaren eta enpresen kudeaketa onaren printzipioak hartuko dira kontuan. Halakoetan, memoria ekonomikoak baldintza horiek betetzen direla frogatu beharko du.

Berrikuspenok ez dituzte aintzat hartuko amortizazioen aldakuntza, gastu orokorrak edo egitura-gastuak, ez eta mozkin industriala ere. Eskulanaren kostuen eta finantzakostuen aldakuntza gehitu ahal izango da, 4. artikuluak aipatzen duen errege-dekretuan berariaz zehaztutako kasuetan eta mugekin.

3.1. zenbakiko memoria aurkeztuta ere, izapideak bete eta araudi sektorialak eskatzen dituen baimenak eskuratu behar dira.

6. artikulua. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina aplikatzen zaien kontratuen prezio eta tarifen berrikuspenari aplikatu beharreko araubidea.

Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko aplikazio-eremuan sartzen diren kontratuen prezio eta tarifen berrikuspenek testu bategin horretan bertan xedatutakoa beteko dute.

III. KAPITULUA

Sektore pribatuko aldeen arteko kontratuei aplikatu beharreko araubidea

7. artikulua. Sektore pribatuko aldeen arteko kontratuei aplikatzeko araubidea.

1.3.1.b) artikuluko diru-balioen aldizkako berrikuspena esanbidez ituntzen denean soilik egingo da.

Diru-balioen aldizkako berrikuspen-mekanismoa aplikatzea esanbidez itunduz gero (erreferentziarako indizea edo metodologia zehazten ez duena) , lege honen eranskinean ezarritakoaren arabera egindako Lehiakortasuna Bermatzeko Indizeari dagokion aldakuntza-tasa aplikatuko da.

2.Estatistikako Institutu Nazionalak Lehiakortasuna Bermatzeko Indizea eta horren aldakuntza-tasa argitaratuko ditu hilero aurreko lerrokadan jasotakoaren ondorioetarako eta, hala dagokionean, modu orientagarrian aintzat hartzeko.

Xedapen iragankorra. Diru-balioak berrikusteko araubidea.

1.Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren aplikazio-eremuan sartzen diren

kontratuetako prezioen berrikuspen-araubidea pleguetan ezarritakoa izango da, baldin eta kontratazio-espedientea lege honen 4. artikuluak aipatzen duen errege-dekretua indarrean jarri aurretik hasi bada. Horretarako, kontratazio-espedientea hasita dagoela ulertuko da, baldin eta kontratua esleitzeko prozeduraren deialdia ordurako argitaratuta badago. Publizitaterik gabeko prozedura negoziatuen kasuan, kontratuaren hasiera-unea zehazteko, pleguak onartu diren data hartuko da kontuan.

2.Lege honetan xedatutakoa lege hau indarrean jarri ondoren gauzatzen diren sektore publikoko organismo eta erakundeek egindako gainerako kontratuetan aplikatuko da.

Bulegoen alokairuaren indizea –lege honen 4. artikuluan jasoa– argitaratu arte, ondasun higiezinen errentamendu-kontratuetan Estatistikako Institutu Nazionalaren kontsumoko prezioen indizean jasotako probintzia bakoitzeko etxebizitzen alokairuaren prezio-indizea aplikatuko da, baldin eta kontratuak baldintza hauek betetzen baditu: aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspen-araubidea itundua izatea; aldeetako bat sektore publikoa izatea, eta legea indarrean jarri ondoren egina izatea.

3.Sektore publikoak zehazten dituen diru-balioei dagokienez (aurreko zenbakietan aipatutakoak ez direnak) , lege hau indarrean jarri aurretik onetsitako aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenen araubideak 4. artikuluan aipatzen den errege-dekretua indarrean jarri arte egongo dira indarrean, nahiz eta, formuletan, indize orokorren aldakuntzei egiten zaizkien erreferentziak (esate baterako, kontsumoko prezioen indizea edota prezio industrialen indizea) zero balioarekin ordeztu beharko diren.

4.Lege hau indarrean jartzearen ondorioz Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legean egingo diren aldaketak lege hau indarrean jarri ondoren gauzatzen diren kontratuetan soilik aplikatuko dira.

Lege hau indarrean jartzearen ondorioz Landa Errentamenduen azaroaren 26ko 49/2003 Legean egingo diren aldaketak lege hau indarrean jarri ondoren gauzatzen diren kontratuetan soilik aplikatuko dira.

Xedapen indargabetzailea.

1.Indargabetu egiten dira lege honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

2.Honako agindu hauek ere indargabetu egiten dira:

a) Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 90., 91. eta 92. artikuluak.

b) Zerga, Administrazio eta Lan Arloko Neurriei buruzko abenduaren 29ko 14/2000 Legearen 77. artikulua. Hala ere, 4. artikuluak aipatzen duen errege-dekretua indarrean jarri aurretik izenpetutako emakida-kontratuek hura betetzen jarraitu beharko dute, baina kontratuetan (luzapenak izan ezik) ezarritako indarraldian bakarrik.

c) 2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legearen laurogeita zortzigarren xedapen gehigarria lege honen 4. eta 5. artikuluek aipatzen duten errege-dekretua indarrean jartzen den unetik geratuko da indargabetuta.

3.Indarrean jarraituko dute honako hauek: batetik, urriaren 7ko 1359/2011 Errege Dekretua, Administrazio publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko hornidurakontratuen eta obra-kontratuen prezioak berrikusteko oinarrizko materialen eta formulaeredu orokorren zerrenda onesten duena, eta, bestetik, AENA SA aireportu-kudeatzailearen tarifen araubideari lotutako artikulu, xedapen eta eranskinak, Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriei buruzko urriaren 15eko 18/2014 Legean sartuta baitaude.

Halaber, indarrean jarraituko dute Europako araudiak ezarritako prezio-indizeen arabera gauzatutako berrikuspenak jasotzen dituzten arauek ere.

Azken xedapenetatik lehena. Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legea aldatzea.

Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legea honela geratzen da idatzita:

Bat. 18. artikuluko 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1. Kontratua indarrean dagoen bitartean, kontratuaren indarraldiak urtea betetzen duenean baino ezingo dute errenta berrikusi errentatzaileak eta maizterrak, aldeek itundutako eran. Esanbidezko itunik ezean, kontratuoi ez zaie aplikatuko errenten berrikuspena.

Erreferentziarako indizea edo metodologia zehaztu gabe, aldeen artean dirubalioak berrikusteko mekanismoren bati dagokion esanbidezko ituna eginez gero, errenta urtero berrikusiko da berrikuspen bakoitzaren datan Lehiakortasuna Bermatzeko Indizearen urteko aldakuntza kontuan hartuta. Berrikuspena egiteko, kontratua berrikusteko epean argitaratuta dagoen azken indizeari dagokion hilabetea hartuko da erreferentzia gisa».

Bi. Honela geratzen da idatzita lehenengo xedapen gehigarriaren 3. zenbakia:

«3. Aldeen artean esanbidezko itunik ezean, ez da berrikusiko babes ofizialeko etxebizitzen errenta. Erreferentziarako indizea edo metodologia zehaztu gabe, aldeen artean diru-balioak berrikusteko mekanismoren bati dagokion esanbidezko ituna eginez gero, errenta urtero berrikusiko da Lehiakortasuna Bermatzeko Indizearen urteko aldakuntza kontuan hartuta».

Azken xedapenetatik bigarrena. Landa Errentamenduen azaroaren 26ko 49/2003 Legea aldatzea.

Landa Errentamenduen azaroaren 26ko 49/2003 Legearen 13. artikuluko 2. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Aldeek egokitzat jotzen duten sistema ezarri ahalko dute errenta berrikusteko. Esanbidezko itunik ezean, ez da berrikusiko errenta.

Erreferentziarako indizea edo metodologia zehaztu gabe, aldeen artean dirubalioak berrikusteko mekanismoren bati dagokion esanbidezko ituna eginez gero, errenta urtero eguneratuko da Lehiakortasuna Bermatzeko Indizearen urteko aldakuntza kontuan hartuta».

Azken xedapenetatik hirugarrena. Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina aldatzea.

Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen Testu Bategina, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, honela geratzen da idatzita:

Bat. 47. artikuluko 5. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«5. Organo eskudunaren iritzian errekurtsogileak errekurtsoa jartzean edo kautelazko neurriak eskatzean ausarkeriaz edo fede txarrez jokatu badu, errekurtsogileari isun bat ezartzea erabaki ahal izango du. Isun horren zenbatekoa 1.000 eta 15.000 euro bitartekoa izango da. Isunaren kopurua hautemandako fede txarraren eta kontratazio-organoari zein gainerako lizitatzaileei eragindako kaltearen arabera finkatuko da. Zenbaki honetan adierazitako zenbatekoak bi urtean behin eguneratuko dira ministro-agindu bidez».

Bi. Aldatu egin da I. liburuko III. tituluko II. kapituluaren izenburua, eta honela geratzen da idatzita:

«II. KAPITULUA

Sektore publikoko kontratuetan prezioak berrikustea»

Hiru. 89. artikulua honela geratzen da idatzita:

«89. artikulua. Bidezkotasuna eta mugak.

1.Sektore publikoko kontratuen prezioak aldizka eta aurrez zehaztuta berrikusteko, kapitulu honetan ezarritako baldintzak jarraitu beharko dira.

Kontratuak ezingo dira aldizka eta aurrez zehaztu gabe berrikusi, eta ezingo zaie, halaber, aldizkakoa ez den berrikuspenik egin.

Kontratuaren edozer ordainsari edo kontraprestazio ekonomiko joko da preziotzat, administrazioak edo erabiltzaileek ordaindutakoak izan.

2.Espedientean justifikatuz gero eta Espainiako Ekonomiaren Desindexazioaren 2/2015 Legearen 4. eta 5. artikuluetan aipatzen den erregedekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, prezioen aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspena honako kasu hauetan bakarrik izango da posible: obra-kontratuetan, Administrazio publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko hornidurakontratuetan eta inbertsioa berreskuratzeko bost urteko edo gehiagoko epea duten kontratuetan. Epe hori aipatutako errege-dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz kalkulatuko da.

Ez dira inola ere berrikusiko amortizazio-kostuekin, finantza-kostuekin, gastu orokorrekin edota egitura-gastuekin lotutako kostuak, ez eta mozkin industrialenak ere. Obra-kontratuak edo Administrazio publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko hornidura-kontratuak ez diren kontratuetako eskulanaren kostuak berrikusiko dira, baldin eta inbertsioa berreskuratzeko epea bost urtekoa edo gehiagokoa bada eta lan-faktorearen erabilera handia bada, betiere erregedekretuan ezarritako kasuekin eta mugekin bat etorriz.

3.Egokia den kasuetan, kontratazio-organoak prezioak aldizka eta aurrez zehaztuta berrikusteko eskubidea ezarri ahalko du eta aplikatu beharreko berrikuspen-formula zehaztuko du, kontratu bakoitzaren izaera eta kontratuetako prestazioen kostuen egitura eta bilakaera kontuan hartuta.

4.Halako kasuetan, administrazio-klausula partikularren pleguak edo kontratuak berrikusteko aplikatu beharreko formula zehaztu beharko dute; aldaezina izango da kontratua indarrean dagoen bitartean, eta kontratuan bertan zehaztuko da noiz egingo den prezioen berrikuspena kontratua esleitzeko eguna kontuan hartuta, betiere esleipena eskaintzak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean egiten bada; esleipena geroago egiten bada, hiru hilabeteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta zehaztuko da noiz berrikusi prezioak.

5.Egokia denean, sektore publikoko kontratuen prezioen aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspena egingo da kontratuaren zenbatekoaren 100eko 20 gutxienez gauzatu denean eta formalizatu zenetik bi urte igaro direnean, kapitulu honetan ezarritako baldintzetan. Beraz, gauzatutako lehenengo 100eko 20 eta lehen bi gauzatze-urteak (kontratua formalizatu zenetik) berrikuspenetik kanpo geldituko dira.

Hala ere, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetan, kontratua formalizatu zenetik bi urtera berrikusi ahalko dira prezioak; ez da beharrezkoa izango prestazioaren 100eko 20 gauzatuta edukitzea.

6.Ministro Kontseiluak aldizkako eta aurrez zehaztutako berrikuspenaren formula motak onetsi ahalko ditu 2. zenbakian aurreikusitako kontratuen kasuan, Estatuko Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordearen eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen txostenak jaso ondoren.

Kontratazioan eskumena duen Administrazio publikoak proposatuta, Estatuko Kontratuen Prezioen Batzorde Nagusiak zehaztuko du zer jardueratan ezarri

beharko litzatekeen formula tipo bat, formulok prestatuko ditu eta Ministro Kontseilura bidaliko ditu han onar ditzaten.

Kontratu mota jakin baterako azaldutako prozeduraren bidez formula tipoak onesten direnean, kontratazio-organoak ezingo du gehitu beste berrikuspenformularik pleguetan eta kontratuan.

7.Xedapen honen 2. zenbakian aipatzen den errege-dekretuko printzipio eta metodologiei jarraiki ezartzen diren formula tipoek islatu beharko dute kontratuko xede diren prestazioak sortzeko prozesuari lotutako kostuen oinarrizko osagaiek kontratuaren prezioan duten haztapena.

8.Estatistikako Institutu Nazionalak kontratuen prezioak berrikusteko formula tipoetan gehitutako kostuen oinarrizko osagaien prezioen hileroko indizeak prestatuko ditu. Horiek Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroaren agindu bidez onartuko dira, Estatuko Kontratuen Prezioen Batzorde Nagusiaren txostena jaso ondoren.

Energiaren eta oinarrizko materialen prezioek merkatuan gorantz eta beherantz izandako aldakuntzak islatuko dituzte indizeek, eta bakarrak izan daitezke Estatuko lurralde osorako, edo geografia-eremuen arabera bereiziak.

Arauz, zenbaki honetan aipatzen diren formula tipoetan gehitu beharreko kostuen oinarrizko osagaien zerrenda ezarriko da. Zerrenda hori Ogasunaren eta Administrazio Publikoen Ministerioaren aginduz handitu ahal izango da, Estatuko Kontratuen Prezioen Batzorde Nagusiaren txostena jaso ondoren, baldin eta hala eskatzen badute prozesu produktiboen bilakaerak, kontratu jakinen kostuan partehartze garrantzitsua duten material berriak agertzeak edota, lege honetan eta beronen garapenean ezarritakoarekin bat etorriz, formula tipo berriak prestatu beharrak.

Prezioak berrikusteko formuletan erabiltzen den indize bakoitza zehazteko arauak edo adierazleak Ogasunaren eta Administrazio Publikoen Ministerioaren aginduz ezarriko dira, Estatuko Kontratuen Prezioen Batzorde Nagusiak hala proposatuta.

9.Xedapen honen 6. zenbakian aurreikusitako formula tipoen bidez prezioak berrikustea aplikagarria denean, 7. zenbakiko haztapenak 8. zenbakiaren arabera zehazten diren prezio-indizeei aplikatuta, data bakoitzerako koefiziente bat lortu ahal izango da, 4. zenbakian jasotzen diren egun eta epeak kontuan hartuta. Berrikusteeskubidea duten prestazioen zenbateko likidoei aplikatuko zaie koefiziente hori, ordaindu beharreko prezioa kalkulatu ahal izateko.»

Lau. Aldatu egiten da 131. artikuluaren 1. zenbakiko d) letra, eta honela geratzen da idatzita:

«d) Emakidadunari ordaintzeko sistema; bertan, eskaintza egiterakoan emango diren aukerak ere sartuko dira, eta, hala dagokionean, obrak ustiatu bitartean kostuak berrikusteko erabiliko diren formulak ere bai; emakidaren objektua zein den aintzat hartuta, dagozkien tarifetan izan dezaketen eragina ere nahitaez zehaztu beharko da. Nolanahi ere, pleguetan jasotako emakidadunaren ordainsarien sistemaren berrikuspena lege honen III. tituluko II. kapituluan ezarritakoaren arabera egin beharko da.»

Bost. Aldatu egiten da 133. artikuluaren 1. zenbakia, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Zerbitzuaren araubide juridikoa osatzen duten arauen arabera, administrazioklausula partikularren pleguek eta preskripzio teknikoen pleguek zerbitzua emateko baldintzak ezarriko dituzte, eta, hala badagokio, erabiltzaileek ordaindu beharreko tarifak, tarifak berrikusteko prozedurak eta administrazioari ordaindu beharreko kanon edo partaidetza zehaztuko dituzte. Tarifak berrikusteari dagokionez, administrazio-klausulen pleguek lege honen III. tituluko II. kapituluan ezarritakoarekin bat etorri beharko dute».

Sei. Aldatu egiten da 255. artikuluaren 3. zenbakia, eta honela idatzita geratzen da:

«3. Administrazio-klausula partikularren pleguak finkatzen duen prozeduraren eta lege honen III. tituluko II. kapituluaren arabera berrikusiko dira tarifak».

Azken xedapenetatik laugarrena. Martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bategina aldatzea.

Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bateginaren (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) 25. artikulua honela geratzen da idatzita:

«25. artikulua. Tasak ezartzeko erabakiak: txosten tekniko-ekonomikoa.

Jabari publikoaren erabilera pribatibo nahiz aprobetxamendu berezien tasak edota zerbitzu berriak osorik zein partzialki finantzatzeko tasak ezartze aldera hartzen diren erabakiak txosten tekniko-ekonomikoak aztertuta hartu behar dira. Txosten horretan, hurrenez hurren, jabari publikoaren merkatu-balioa edo zerbitzu horiek estaltzeko aurreikusten den era berariaz adierazi beharko baitira. Txosten hori dagokion erabakia hartzeko espedienteari gehituko zaio».

Azken xedapenetatik bosgarrena. Eskumen-titulua.

1.Espainiako Konstituzioaren 149.1.13 artikuluaren babesean onetsi da lege hau. Artikulu horrek Estatuari esleitzen dio jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehazteko eta horren koordinazioa egiteko eskumen esklusiboa.

2.Hala ere, azken xedapenetatik lehena eta bigarrena Estatuak merkataritzalegegintza eta legegintza zibila emateko daukan eskumen esklusiboaren babesean onetsi dira (Konstituzioaren 149.1 artikuluko 6. eta 8. zenbakietan dago jasota eskumen hori) . Bestalde, azken xedapenetatik hirugarrena Estatuak administrazio-kontratu eta -emakiden arloan duen eskumenaren babesean onetsi da (Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan dago jasota) .

Azken xedapenetatik seigarrena. Berrikuspenen errege-dekretua onartzeko epea.

Lege hau indarrean jartzen denetik gehienez ere lau hilabeteko epean onetsiko da 4.3. artikuluan aipatutako errege-dekretua.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Sevilla, 2015eko martxoaren 30a.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

ERANSKINA

Lehiakortasuna Bermatzeko Indizearen urteko aldakuntza-tasa

thilabetean Lehiakortasuna Bermatzeko Indizearen urteko aldakuntza-tasa kalkulatzeko, honako formula hau aplikatuko da:

AT LBIt = AT KPIH EDBt − α×(AT KPIH ESPt,1999 − AT KPIH EDBt, 1999)

Non:

AT LBIt Lehiakortasuna Bermatzeko Indizearen urte arteko aldakuntza-tasa da, t hilabetean.

AT KPIH EDBt euroguneko Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuaren urte arteko aldakuntza-tasa (Eurostat-ek argitaratua) da, t hilabetean.

AT KPIH ESPt,1999 Espainiako Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuaren aldakuntza-tasa (Eurostat-ek argitaratua) da, t hilabetearen eta 1999ko hilabete beraren artekoa.

AT KPIH EDBt,1999 euroguneko Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuaren aldakuntza-tasa (Eurostat-ek argitaratua) da, t hilabetearen eta 1999ko hilabete beraren artekoa.

αparametroak 0,25 balioa hartzen du. Bost urtean behin, Estatuko Aurrekontu

Orokorren Legeak alfaren balioa berrikusi ahal izango du, 0,2 eta 0,35 artean.

Aldizkako berrikuspenak egiteko, LBIaren (bi hamartarren bidez adierazita) aldakuntzatasa erabiliko da, datu erabilgarriak dituen azken hilabeteko balioak aintzat hartuta.

LBIaren aldakuntza-tasa negatiboa denean, berrikuspenaren balioa zerotzat joko da, eta Europako Banku Zentralaren inflazioaren epe ertaineko helburuaren muga gorena gainditzen duenean (ehuneko bi) , huraxe hartuko da berrikuspenetarako erreferentziabaliotzat. Ehuneko bi hartuko da helburu horren zenbaki-balio gisa. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak aginduta, balio hori aldatu ahal izango da Europako Banku Zentralaren epe ertaineko helburuaren definizioak izan ditzakeen aldaketak islatzeko.

Aldizkako berrikuspen-aldiak urtebetekoak ez direnean, urtekotu ondoren aipatutako mugarekin bat datorrena hartuko da gehienezko berrikuspen-tasa gisa.

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra