Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

2/2016 Errege Lege Dekretua, irailaren 30ekoa, Defizit publikoa murriztera bideratutako tributu-neurriak onartzen dituena

2016-09-30

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2016/09/30, 237. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

8957 2/2016 Errege Lege Dekretua, irailaren 30ekoa, Defizit publikoa murriztera bideratutako tributu-neurriak onartzen dituena.

I

Aurrekontuei loturiko Europako Erkidearen helburuak, defizit publikoa murrizteari dagozkion helburuak, bereziki, betetzea izan dute xede gure herrialdean, azken urteetan, politika ekonomikoaren inguruan hartu diren erabakiek.

Helburu horiek betetzea are adierazgarriagoa da gaur egungo testuinguruan Espainiako Erresumak nahitaez bete beharko duen tresna juridikoa –Kontseiluaren uztailaren 12ko 2016/1222 (EB) Erabakia– onartu delako; erabaki horrek jasotzen duenez, Espainiak Kontseiluaren 2013ko ekainaren 21eko Gomendioari jarraitzeko neurri eraginkorrak ez ditu hartu.

Beraz, tresna horiek xedatutakoa beteko bada, ezohiko neurriak hartu behar dira, Europako Erkidegoaren agintaritzak defizit publikoa murrizteko ezarri duen helburua betetzea ahalbidetuko duten neurriak, hain zuzen.

Horretarako, sozietateen gaineko zergatik datozen diru-sarrerak handiagoak izan daitezen lortzea ezinbestekoa da; izan ere, egoki jotzen da zerga-bilketako ahalegin hori enpresa handiei eskatzea haiek dutelako finantza publikoei eusten laguntzeko behar den kontribuzio-ahalmena.

Hori dela-eta errege lege-dekretu honen bidez, sozietateen gaineko zergarako ordainketa zatikatuaren legezko araubidea aldatzen da; hala ere, etorkizunean, ordainketa horiek berrikusi ahalko dira Estatuaren diru-sarreren bilakaera aintzat harturik. Aldaketa horien bidez, funtsak diru-kutxa publikora berehala heltzea ahalbidetzen da, eta diru-bilketa gehigarri horren eraginkortasuna zaintzeaz zerga-administrazioa arduratuko da, Tributuen Lege Orokorrak (abenduaren 17ko 58/2003) eta Diru Bilketako Erregelamendu Orokorrak –uztailaren 29ko 939/2005 Errege Dekretuaren bidez onartua– xedatutakoarekin bat.

II

Defizit publikoa berehala murrizteak justifikatzen du errege lege-dekretu honen bidez ezartzen diren neurriak hartzea; gainera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak arau mota hori erabili ahal izateko xedatzen duen ezohiko premia larriaren inguruabarra biltzen da, jurisprudentzia konstituzionalak gogoratu bezala ezinbestekoa baita.

Jarduneko Gobernuak bideratu du errege lege-dekretu honen izapidetzea, Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legearen 21.3 artikuluak xedatutakoarekin bat; manu horren arabera «jarduneko gobernuak gobernu berria osatzeko prozesuaren garapen arrunta eta agintearen eskualdaketa ahalbidetuko du, eta gai publikoen kudeaketa arrunta baino ez du burutuko, hau da, bestelako gaiak aztertzea saihestuko du, ez bada behar bezala justifikaturik dagoen premia edo interes orokorreko arrazoiak tartean daudelako». Oraingokoa ezohiko premia egoera da, eta errege lege-dekretu hau ematea ahalbidetzen du.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuta, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2016ko irailaren 30eko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Sozietateen gaineko zergaren inguruko aldaketak.

Hamalaugarren xedapen gehigarria gehitzen da Sozietateen Gaineko Zergaren azaroaren 27ko 27/2014 Legean, eta ondoreak izango ditu 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan; honela geratzen da idatzita:

«Hamalaugarren xedapen gehigarria. Aldaketak ordainketa zatikatuen lege- araubidean.

1.Zergaldia hasten den egunaren aurreko 12 hilabeteetako negozio-zifraren zenbateko garbia, gutxienez, 10 milioi eurokoa duten zergadunek honako berezitasun hauek kontuan hartu beharko dituzte lege honen 40. artikuluaren 3. zenbakian aurreikusitako modalitatean egiten diren ordainketa zatikatuei dagokienez:

a)Ordaindu beharreko zenbatekoa ezingo da izan, inolaz ere, Merkataritza Kodearen eta garapenerako gainerako kontabilitate-araudien arabera zehaztutako galera-irabazien kontuaren emaitza positiboaren ehuneko 23 baino txikiagoa, eta zergaldi berari dagozkion eta aurretiaz egin diren ordainketa zatikatuetan baino ez da murriztuko. Zergaldia urte naturalarekin bat datorren kasuetan, ekitaldiaren lehen 3, 9 edo 11 hilabeteetako galera-irabazien kontuaren emaitza positiboa aintzat hartuko da; zergaldia urte naturalarekin bat ez datorrenean, berriz, ekitaldiaren zergaldia hasten denetik zatikako ordainketa egiteko epealdi bakoitza hasi baino egun bat lehenagora arteko galera-irabazien kontuaren emaitza positiboa. Lege honen 29. artikuluaren 6. zenbakiko lehen letran aurreikusitako karga-tasa aplikatu behar zaien zergadunen kasuan, letra honetan ezarritako ehunekoa 25ekoa izango da.

Aipatutako emaitza positibo horretatik kanpo geratuko da zergadunaren hartzekodunek egindako akordio baten ondoriozko kita- eta itxaronaldi- eragiketetatik eratorritako errentei dagokien zenbatekoa; emaitza horretan zergaldiko zerga-oinarrian txertatzen den zenbatekoaren zatia gehituko da. Halaber, bazter utziko da, ondore horietarako, kreditu-konpentsazioaren bidez kapitala edo funts propioak handitzeko eragiketen ondoriozko emaitza positiboaren zenbatekoa, zeina lege honen 17. artikuluaren 2. zenbakia aplikatzearen ondorioz zerga- oinarrian sartzen ez den.

Lege honen VII. tituluko XIV. kapituluan zehaztutako zerga-araubide berezia aplikatzen zaien eta partzialki salbuetsita dauden entitateen kasuan, emaitza positiboa izango da salbuetsita ez dauden errentei ez besteri dagokiena. Lege honen 34. artikuluan zehaztutako hobaria aplikatzen zaien entitateen kasuan, emaitza positiboa hobaria aplikatu ez zaien errentei dagokiena izango da.

Letra honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko lege honetako 29. artikuluaren 3., 4. eta 5. zenbakietan adierazten diren entitateei, ez eta Higiezinen Merkatuko Inbertsio Sozietate Anonimo Kotizatuak arautzen dituen urriaren 26ko 11/2009 Legean aipatzen direnei ere.

b)Lege honen 40. artikuluaren 3. zenbakiko azken paragrafoak jasotzen duen ehunekoa honako eragiketaren emaitza izango da: handiagora biribildutako karga- tasa bider hemeretzi hogeiren.

2.Xedapen honetan jasotakoa ez zaie ordainketa zatikatuei aplikatuko horien aitorpen-epea irailaren 30eko 2/2016 Errege Lege Dekretua indarrean jarri aurretik abiarazi bada.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.14 artikuluan ezarritakoaren babespean onartu da, artikulu horrek Estatuari esleitzen baitio ogasun publikoaren gaineko eskumena.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Madrilen, 2016ko irailaren 30ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra