Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

20/2017 Errege Lege Dekretua, abenduaren 29koa, Hainbat tributu-neurri eta gizarte-arloko presako beste neurri batzuk luzatzen eta onartzen dituena

2017-12-29

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/12/30, 317. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

15836 20/2017 Errege Lege Dekretua, abenduaren 29koa, Hainbat tributu-neurri eta gizarte-arloko presako beste neurri batzuk luzatzen eta onartzen dituena.

I

Higiezinen Katastroari buruzko Legearen 32.2 artikuluak xedatzen du Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legearen bidez eguneratu daitezkeela katastro-balioak, eta, artikulu hori betez, errege-lege dekretu honen 1. artikuluak 2018ko katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak onartzen ditu. Neurriak berehalako eragina duenez ondasun higiezinen gaineko zergan eta zerga hori urte natural bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortzen denez, egun hori baino lehen indarrean jar dadin, nahitaezkoa da errege lege-dekretuaren mekanismoa erabiltzea. Neurria beharrezkoa da, udal-finantzaketa, kontsolidazio fiskala eta toki-entitateen aurrekontu-egonkortasuna indartzen dituelako; helburu horrekin, legea aplikatzeko baldintzak betetzen dituzten 1.830 udalerrik aurkeztu dute eskaera. Bada, halako neurririk ezean, udalerri horiek ezingo lituzkete garaiz onartu ondasun higiezinen gaineko zergaren karga-tasak egokitzeko ordenantza fiskal berriak, eta, ondorioz, ezingo lituzkete bete eguneratze hori kontuan hartuta egin zituzten aurrekontu-aurreikuspenak.

Tributu-arloari dagokionez, 2. artikuluak 2018ko zergaldira luzatzen ditu zenbatespen objektiboaren metodoaren aplikazio-eremuaren muga kuantitatiboak, metodo horren barruan sartuta dauden jarduera ekonomikoei dagokienez, alde batera utzita nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-jarduerak, zeinek beren muga kuantitatibo propioa baitute sarrera-bolumenaren arabera.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruz hartutako neurriaren ildo beretik, xedapen honen 3. artikuluaren bidez 2018ko zergaldira luzatzen dira araubide erraztua eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko mugak.

Luzapenak txertatzen direnez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoaren eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztuaren eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziaren muga baztertzaileetan, xedapen iragankor bakarrak epe berri bat finkatzen du metodo eta araubide berezi horien ukoak edo baliogabetzeak aurkezteko.

Kasu honetan, justifikatuta dago errege lege-dekretuaren figura juridikoa erabiltzeko eskatzen den aparteko eta presako beharrizana; izan ere, hasiera batean onartutako aldi iragankorra —2016ko eta 2017ko zergaldiak hartzen zituena— motz geratu da, eta nahitaezkoa da 2018ko ekitaldirako luzapena urte horretako urtarrilaren 1a baino lehen egitea. Bestela, ukitutako zergadunek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zuzeneko zenbatespenaren metodoaren arabera tributatu beharko lukete, eta balio erantsiaren gaineko zergan, aldiz, araubide orokorraren arabera; horrek guztiak ondorioak izango lituzke haien betebehar formaletan, fakturaziokoetan eta jasaten dituzten konturako ordainketetan, eta administrazio-kargak handituko lituzke.

Bestalde, 2017ko abenduaren 26an, Gobernuak eta gizarte-solaskideek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Handitzeko 2018-2020ko Akordio Soziala sinatu zuten. Akordio horretan oinarrituta, xedapen gehigarri bakarrak agintzen dio Gobernuari ezar dezala, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 27.1 artikuluan jasotakoaren arabera, 2018rako lanbide arteko gutxieneko soldata, zeina 2017rako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duen abenduaren 30eko 742/2016 Errege Dekretuaren bidez ezarri zena baino ehuneko 4 handiagoa izango baita.

Gobernuak erabakiko du, orobat, gehikuntza horrek eta 2018an eta 2019an onartzen direnek nola eragingo dieten 2017ko abenduaren 26a baino lehen indarrean zeuden hitzarmen kolektiboetan lanbide arteko gutxieneko soldatari egindako erreferentziei, bai eta

estatukoak ez diren arauetan eta kontratu eta hitzarmen pribatuetan —urtero lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duen errege-dekretua indarrean jartzen den egunean indarrean daudenetan— egindakoei ere.

Gobernuak uste du komeni dela lanbide arteko gutxieneko soldata handitzea, ekonomiaren baldintza orokorrak hobetu baitira, eta ekonomia-lehiakortasuna modu orekatuan sustatzen jarraitzea; hartara, soldaten bilakaera enplegua berreskuratzeko prozesura moldatuko da.

Lanbide arteko gutxieneko soldatari buruzko neurriak onartzeko, nahitaezkoa da aparteko eta presako beharrizana egotea, hala xedatzen baitu Konstituzioaren 86. artikuluak; bada, kasu honetan, beharrizan hori justifikatuta dago oso denbora gutxi falta delako 2017. urtea amaitzeko eta, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 27.1 artikuluan jasotakoaren arabera, lanbide arteko gutxieneko soldata urtero onartu behar delako.

II

Horregatik guztiagatik, honen bidez hartzen diren neurrietan, haien izaera eta xedea ikusirik eta zer egoeratan ematen diren kontuan hartuz, bete egiten da Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak honelako arau bat baliatzeko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizana.

Beraz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroak eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2017ko abenduaren 29ko bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.artikulua. Higiezinen Katastroari buruzko Legearen testu bateginaren 32.2 artikuluan jasotako katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak.

1.Martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Higiezinen Katastroari buruzko Legearen testu bateginaren 32. artikuluaren 2. apartatuan aipatutako katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak koadro honen arabera finkatzen dira 2018rako:

Balio-txostena indarrean jarri zen urtea

Eguneratze-koefizientea

 

 

1984, 1985, 1986, 1987, 1988, 1989 eta

1,08

1990

 

1994

1,07

1995

1,06

1996

1,05

1997, 1998, 1999 eta 2000

1,04

2001, 2002 eta 2003

1,03

2005, 2006, 2007, 2008, 2009 eta 2010

0,96

2011

0,95

2012

0,91

 

 

Aurreko atalean jasotako koefizienteak irailaren 19ko HFP 885/2017 Aginduan agertzen diren udalerriei aplikatuko zaizkie, honela:

a)Higiezinen katastroan jasotako datuen arabera balioetsitako ondasun higiezinak direnean, ondasun horiei 2017rako esleitutako balioaren gainean aplikatuko da koefizientea.

b)2017ko ekitaldian jakinarazitako katastro-balioak direnean, aipatutako ekitaldian onartutako balio-txosten partzialak aplikatuz lortuak, balio horien gainean aplikatuko da koefizientea.

c)Higiezinen katastroan jasota dauden datuen arabera beren ezaugarriak aldatu dituzten ondasun higiezinak direnean, baldin eta aldaketa horiek ez badute eraginkortasunik izan, Katastroaren Zuzendaritza Nagusiak, egoera berriak aintzat hartuta, higiezin horiei esleitu dien balioaren gainean aplikatuko da koefizientea, udalerriko gainerako ondasun higiezinen katastro-balioak finkatzeko oinarritzat hartutako moduluak aplikatuta.

2.artikulua. Zenbatespen objektiboaren metodoa aplikatzeko mugak 2018ko ekitaldian.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin eta indarraldi mugagabearekin, aldatu egiten da Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duen eta sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga partzialki aldatzen dituen azaroaren 28ko 35/2006 Legearen hogeita hamabigarren xedapen iragankorra, eta honela geratzen da idatzita:

«Hogeita hamabigarren xedapen iragankorra. Zenbatespen objektiboaren metodoa aplikatzeko mugak 2016ko, 2017ko eta 2018ko ekitaldietan.

2016ko, 2017ko eta 2018ko ekitaldietarako, lege honen 31. artikuluaren 1. apartatuko 3. arauko b) letraren a´) ataleko magnitudeak, 150.000 eta 75.000 eurokoak, aurrerantzean 250.000 eta 125.000 eurokoak izango dira, hurrenez hurren.

Horrez gain, ekitaldi horietarako, lege honen 31. artikuluaren 1. apartatuko 3. arauko c) letrako magnitudea, 150.000 eurokoa, aurrerantzean 250.000 eurokoa izango da.»

3.artikulua. Araubide erraztua eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko mugak 2018ko ekitaldian.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin eta indarraldi mugagabearekin, aldatu egiten da Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legearen hamahirugarren xedapen iragankorra, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamahirugarren xedapen iragankorra. Araubide erraztua eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko mugak 2016ko, 2017ko eta 2018ko ekitaldietan.

2016ko, 2017ko eta 2018ko ekitaldietarako, lege honen 122. artikuluaren 2. apartatuko 2. eta 3. zenbakietako lehenengo gidoian eta 124. artikuluaren 2. apartatuko 6. zenbakian jasota dagoen magnitudea, 150.000 eurokoa, aurrerantzean 250.000 eurokoa izango da.»

Xedapen gehigarri bakarra. 2018rako lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzea, eta 2018ko, 2019ko eta 2020ko lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbateko berriek nola eragingo duten zehazteko arauak.

1.Gobernuak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 27.1 artikuluan jasotakoaren arabera —testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen—, 2018rako lanbide arteko gutxieneko soldata ezarriko du, zeina 2017rako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duen abenduaren 30eko 742/2016 Errege Dekretuaren bidez ezarri zena baino ehuneko 4 handiagoa izango baita.

2.Gobernuak arau batzuk zehaztuko ditu, ezarriko dutenak gehikuntza horrek eta 2018an eta 2019an onartzen direnek nola eragingo dieten 2017ko abenduaren 26a baino lehen indarrean zeuden hitzarmen kolektiboetan lanbide arteko gutxieneko soldatari egindako erreferentziei, bai eta estatukoak ez diren arauetan eta kontratu eta hitzarmen pribatuetan —2018ko urtarrilaren 1a baino lehen indarrean daudenetan— egindakoei ere.

3.Aurreko apartatuan xedatutakoak ez du ezertan eragozten hitzarmen kolektiboetan eta kontratu edo itun pribatuetan jasota dauden soldatak behar beste aldatu behar izatea, baldin eta, batera hartuta eta urteko kopuruan, txikiagoak badira unean-unean indarrean diren lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoak baino, helburua izanik soldatak zenbateko horietara heltzen direla bermatzea; betiere, gutxieneko soldata ezartzeko urtero ematen diren errege-dekretuetan ezarritako konpentsazio- eta xurgapen-arauak aplikatuko dira.

Xedapen iragankor bakarra. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoari eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziari uko egiteko eta haiek baliogabetzeko 2018ko epeak.

1.Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 33.1.a) artikuluan —martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendua— eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 33.2 artikuluaren bigarren paragrafoan —abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendua— aipatzen diren uko egiteko eta baliogabetzeko epeak, 2018. urterako ondorioak sortu behar dituztenak, hilabetekoak izango dira errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.Hala balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuari eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide bereziari nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoari uko egiteko eta haiek baliogabetzeko 2017ko abenduan aurkezten diren 2018ko eskaerak aldi baliodunean aurkeztu direla ulertuko da.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan xedatutakoak ukitutako subjektu pasiboek beren aukera alda dezakete aurreko 1. apartatuan adierazitako epean.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.7 eta 149.1.14 artikuluetan ezarritakoaren babesean ematen da, artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen baitiote Estatuari lan-arloko legeriaren eta ogasun publikoaren gainean, hurrenez hurren.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2017ko abenduaren 29an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra