Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

21/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, administrazio publikoetako eta finantza-esparruko likidezia-neurriei buruzkoa

2012-07-13

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/7/14, 168. zk

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

9365

21/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, administrazio publikoetako eta finantza-esparruko likidezia-neurriei buruzkoa.

ZIOEN AZALPENA

Aurrekontu Egonkortasuneko eta Finantza Iraunkortasuneko apirilaren 27ko 2/2002 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarriak aurreikusten duenez, autonomiaerkidegoek eta tokiko korporazioek likideziari laguntzeko ezohiko neurriak hartzea eska diezaiokete estatuari.

Xedapen horren ildotik, errege lege-dekretu honek likideziari laguntzeko mekanismoa sortzen du autonomia-erkidegoentzat. Mekanismoa aldi baterakoa eta borondatezkoa da, eta autonomia-erkidegoen zorra epemugan ordaintzeko aukera emango du, baita aurrekontu-egonkortasunaren araudiak baimentzen duen zorpetzea finantzatzeko beharrezko baliabideak lortzeko ere.

Autonomia-erkidegoetarako finantzatze-mekanismo gehigarri hau diseinatzeko, lehiaren, efikaziaren , eraginkortasunaren eta tartean dauden administrazio publikoen arteko lankidetzaren printzipioak hartu dira oinarri.

Horren harira, aipatu beharra dago doikuntza-plana oso tresna garrantzitsua dela; izan ere, bertan zehazten da administrazio zentralak eta autonomikoak aurrekontuegonkortasuneko helburuak beteko direla bermatzeko eta autonomia-erkidegoen finantzairaunkortasunerako erdietsitako akordioa.

Doikuntza-plana bakarra da, eta dinamikoa denboran; izan ere, autonomia-erkidegoak hartzen dituen konpromisoetara eta bere sarreren eta gastuen bilakaerara egokituz joan behar baitu. Zenbait autonomia-erkidegok badute dagoeneko doikuntza-plan bat indarrean, likideziari laguntzeko estatuak ezarritako beste mekanismo batzuetara atxikita dauden neurrian. Hortaz, orain, mekanismo berri honetaz ere baliatzea erabakitzen badute, beharrezko aldaketak egin beharko dituzte beren doikuntza-planetan, hartzen dituzten konpromiso berriak bete ahal izatea bermatzearren.

Nolanahi ere, doikuntza-planak eta autonomia-erkidegoek balia ditzaketen gainerako planek koordinatuta egon behar dute (esaterako, plan ekonomiko-finantzarioa, berrorekatze plana eta egonkortasunari buruzko aurreko legeriaren arabera indarrean ziren berrorekatze plan ekonomiko-finantzarioak), eta sendoak izan behar dute, helburuak bateragarriak izatea eta horiek aldi berean lortzea ahalbidetu dezaten.

Planen jarraipena behar bezala egiteko, informazio ekonomikoa, finantzarioa, aurrekontukoa eta altxortegikoa igorri beharko da aldian-aldian. Helburua doikuntzaplanaren edukia betetzen dela bermatzea da. Arautzen den mekanismoak zergafinkapenaren helburuak betetzearekin bat datozen erabakiak hartzea sustatu nahi du, eta ahal den eperik laburrenean neurri zuzentzaileak ezartzea.

Eraginkorra izango bada, beharrezkoa izango da doikuntza-plana betetzea baldintzatzen duten parametroei buruzko egiazko informazioa edukitzea. Ildo horretan, honako hauek egingo ditu, besteak beste, autonomia-erkidego barneko kontrol-organoak:

doikuntza-planaren indarra eta egokitzapena baloratu, jarraipena egiteko informazioa eman eta helburuak lortzeko egon daitezkeen arriskuak aztertu.

Gainera, ereduaren eraginkortasuna indartu egingo da; izan ere, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak plana aldatzea proposa dezake, edo Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiari eman dakioke kontrol-lanak egiteko ardura, baldin eta doikuntza-planeko neurriak ez betetzeko arriskua dagoela edo neurriak ez direla betetzen ikusten bada. Jarduerok administrazio zentraleko eta autonomikoko kontrol-organoen arteko lankidetza oinarri hartuta taxutu dira eta aurrekontuegonkortasuneko helburuak lortzen direla bermatzera bideratuta daude.

Halaber, kontrol-lanaren emaitza jasotzen duen txostena ikusita, Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroak dagozkion neurriak hartu ahal izatea aurreikusten da, Aurrekontu Egonkortasuneko eta Finantza Iraunkortasuneko Lege Organikoaren 25. eta 26. artikuluekin bat.

Errege lege-dekretu honek hamasei artikulu, bost xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat, lau azken xedapen eta eranskin bat ditu, eta lau kapitulutan banatuta dago. I. kapituluan (xedapen orokorrak), xedea, mekanismora atxikitzeko metodoa eta berori arautzen duen denborazkotasun-printzipioa zehazten dira.

II. kapituluan (finantza- eta zerga-baldintzak), likidezia-mekanismoaz baliatzeko baldintzak ezartzen dira, baita autonomia-erkidegoek, esandako mekanismora atxiki ondoren, bete beharko dituzten zerga- eta finantza-baldintzak ere. Besteak beste, errege lege-dekretu honetan garatutako mekanismoaz at, finantzatzeko erabili ahal izango dituzten finantza-tresnak mugatzen dira, eta doikuntza-plan bat igortzea exijitzen da, aldizka, berorren betetze-mailaren berri eman beharko delarik. Doikuntza-plan horren barruan sartuko dira altxortegi-plan bat eta zor biziko eragiketen xehetasuna, eta horiei esker, autonomia-erkidegoen likidezia-egoeraren jarraipena egin ahal izango da uneoro.

Halaber, kapitulu honetan zehazten dira bai autonomia-erkidegoen informazioa igortzeko betebeharrak eta bai organo arduradunek nola egin behar duten berorien jarraipena eta kontrola.

III. kapituluan (Autonomien Likidezia Funtsa) ezartzen da nortasun juridikorik gabeko funts batek kudeatuko duela likidezia. Kreditu Ofizialeko Institutua arduratuko da funtsa kudeatzeaz. Funts horrek kudeatuko dituen baliabideak estatuak finantzatutako programatik etorriko dira. Funtsa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura zuzkituko da, 18.000 milioi euroko ezohiko kreditu baten bitartez.

IV. kapituluan (kreditu-eragiketak), autonomia-erkidegoak likideziaz hornitzeko eragiketak definituko dira; Autonomien Likidezia Funtsaren kargurako kredituak izango dira. Kredituon finantza-baldintzak ondoren zehaztuko dira, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen erabaki baten bidez. Aipatutako kredituen xedapenek II. kapituluan zehaztutako finantza- eta zerga-baldintzak bete beharko dituzte. Bestalde, kredituen itzulketa bermatuta egongo da; hain zuzen ere, autonomia-erkidego bakoitzaren finantzaketa-sistemako baliabideen atxikipenaren bitartez. Kreditu Ofizialeko Institutua izango da funtsaren eragiketen ordainketa-agentea.

Xedapen gehigarrietan, tokiko erakundeen hornitzaileei ordaintzeko finantzaketamekanismoa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako tokiko erakundeetara hedatzea jasotzen da, eta Autonomien Likidezia Funtsaren aurrekontuak onartzen dira.

Era berean, bosgarren xedapen gehigarriak hainbat neurri sartzen ditu. Neurriok beharbeharrezkoak dira Espainiako kreditu-erakundeak birkapitalizatzeko Europako finantzalaguntzaren –pasa den ekainaren 25ean eskatu zen– prozesua martxan jarri ahal izateko.

Azken xedapenen artean, lehenengoa nabarmendu behar da; izan ere, 2012. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren ekainaren 29ko 2/2012 Legeari aldaketa bat egiten dio, kreditu-erakundeen bonuak eta obligazioak jaulkitzetik eratorritako betebehar ekonomikoetarako abalen funtsezko alderdien, emateko funtsezko eskakizun eta izapideen eta abal horiei lotutako komisioen erregulazioa sartzeko. Aldaketa horri esker, berriro emango dira abal horiek berehala, Europako Batzordeak, 2012ko ekainaren 29an, berorien araubidearen luzapena baimendu ondoren; hala, kreditu-erakundeek behar duten likidezia eta finantzaketa eskuratu ahal izango dute, baldin eta aurretik aipatutako Europako finantzalaguntza lor badezakete. Gainerako hiru azken xedapenetan, errege lege-dekretu hau emateko babes gisa hartu diren eskumen-tituluak identifikatzen dira eta Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroa eta Ekonomia eta Lehiakortasunaren ministroa errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoa aplikatzeko eta garatzeko beharrezko arauak emateko gaitzen dira. Hiruak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean.

Autonomia-erkidegoek finantzaketa-behar larriak dituzte eta gero eta arazo gehiago ere bai kreditua lortu ahal izateko. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da, eta premia larriz, behar horiek arintzeko, autonomia-erkidegoen zorrak berehala ordaintzeko eta finantzaegonkortasuna arriskuan jartzea saihesteko mekanismo bat martxan jartzea.

Errege lege-dekretu honetako neurri guztiak, orokorrean zein banan-banan hartuta, ezaugarriak eta helburuak kontuan izanda, premia apartekoa eta presazkoa dagoelako hartutakoak dira, eta, hain zuzen ere, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan premia apartekoa eta presazkoa izatea eskatzen da errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko.

Ondorioz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2012ko uztailaren 13an eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT: I. KAPITULUA Xedapen orokorrak.

1. artikulua.  Xedea.

Errege lege-dekretu honen xedea likideziari laguntzeko mekanismo bat sortzea da autonomia-erkidegoentzat. Mekanismoa aldi baterakoa eta borondatezkoa izango da, eta autonomia-erkidegoen finantza-beharrei aurre egiteko aukera emango du.

Errege lege-dekretu honen ondorioetarako, autonomia-erkidegoen zorren epemugak joko dira finantza-premiatzat, errege lege-dekretu honen 4.2 artikuluan aurreikusitako terminoetan, baita zorpetzea finantzatzeko beharrezko kopuru gehigarriak ere.

2. artikulua.  Mekanismora atxikitzea.

1.  Mekanismora atxiki ahal izateko, lehendabizi, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak autonomia-erkidegoak egindako eskaera onartu behar du. Eskatzailearen finantza-egoeraren arabera onartuko da.

2.  Aipatutako eskaera onartuta, autonomia-erkidegoko Gobernu Kontseiluak edo organo eskudunak akordio bat egingo du, eta adieraziko du, batetik, mekanismoarekin bat egin nahi duela, eta bestetik, errege lege-dekretu honetan eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren akordioetan xedatutakoa beteko duela, baita finantzaketa-mekanismo hau garatzen duen beste edozein mekanismotan aurreikusitakoa ere.

Mekanismora atxikitzen denak Aurrekontu Egonkortasuneko eta Finantza Iraunkortasuneko apirilaren 27ko 2/2002 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarrian eta errege lege-dekretu honetan zehaztutako finantza- eta zerga-baldintzak onartu behar ditu.

3. artikulua.  Denborazkotasun-printzipioa.

1.  Autonomia-erkidegoak 2012ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dio mekanismora atxikitzeko eskaera Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari, non eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak ez duen adosten epea luzatzea.

2.  Mekanismo honek 1. artikuluan definitutako finantza-premiei aurre egingo die, autonomia-erkidegoek finantza-merkatuetara heltzeko zailtasunak izaten jarraitzen duten bitartean. Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak baloratuko du urtero egoera hori.

II. KAPITULUA Finantza- eta zerga-baldintzak 4. artikulua.  Finantza-baldintzak.

Mekanismoarekin bat egiteaz batera, honako finantza-baldintza hauek onartuko ditu autonomia-erkidegoak, baita, Kontuen Europako Sistemaren definizio eta mugatzeei jarraiki, administrazio-publikoen sektorean sailkatuta dauden organismo edo erakunde publikoek ere:

1.  Autonomia-erkidegoak men egingo die Altxor eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak egindako ebazpenaren bidez zehazten diren finantza-zuhurtasun printzipioei.

2.  Mekanismo honekin emandako likidezia honako hauei erantzuteko erabili beharko da:

a)  Jaulkitako baloreei dagozkien epemugei.

b)  Espainia kide den Europako erakundeek emandako maileguen epemugei.

c)  Autonomia-erkidegoek birfinantzatu edo berritu ezin ditzaketen eragiketei, Altxor eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak egindako ebazpenaren bidez definitutako finantza-zuhurtasun irizpidea errespetatua.

d)  Defizit publikoa finantzatzeko beharrei.

3.  Ezingo dute atzerriko baloreetan eratutako eragiketarik egin, ezta kreditueragiketarik ere, Altxor eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak berariazko baimena eman ezean, Ministroen Kontseiluak eman dezakeen nahitaezko baimenari kalterik egin gabe, Autonomia Erkidegoen Finantzaketaren irailaren 22ko 8/1980 Legearen 14. artikuluari jarraiki.

4.  Autonomia-erkidegoen kreditu-eragiketa guztien finantza-baldintzak, dela epe motzera, dela epe luzera, Altxor eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiari jakinarazi behar zaizkio, baldin eta Autonomia Erkidegoen Finantzaketaren irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren eta Aurrekontu Egonkortasuneko eta Finantza Iraunkortasuneko apirilaren 27ko 2/2002 Lege Organikoaren araberako baimenaren mende ez badaude.

Aipatutako jakinarazpenekin batera, finantza-baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da. Autonomia Erkidegoko Kontu Hartzailetza Nagusiak edo unitate baliokide batek emango du.

5.  Estatuak, autonomia-erkidegoaren izenean eta berorren kontura, autonomiaerkidegoaren zor publikoa epemugan ordaintzea kudeatuko du, emandako kredituaren kargura, horretarako izendatutako ordainketa-agentearen bitartez.

6.  Araubide arrunteko autonomia-erkidego bakoitzaren finantzaketa-sistemaren baliabideek, errege lege-dekretu honetan araututako mekanismoa erabiltzearen ondorioz, estatuarekin hitzartutako betebeharrak bete beharko dituzte.

7.  Autonomia-erkidegoak dagokion kreditu-eragiketa izenpetuko du estatuarekin, 14. artikuluan aurreikusitako terminoetan.

5. artikulua.  Zerga-baldintzak.

Autonomia-erkidego batek mekanismo honekin bat egiten badu, ondorengo baldintza hauek guztiak onartu beharko ditu:

1.  2. artikuluan aurreikusitako akordioa onartzen denetik hamabost eguneko epean, autonomia-erkidegoak doikuntza-plan bat aurkeztu beharko dio Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari, baita adostu ere. Bertan, egonkortasuneko eta zor publikoko helburuak beteko dituela eta errege lege-dekretu honen III. kapituluan araututako Autonomien Likidezia Funtsak emandako kopuruak itzuliko dituela bermatuko du.

Autonomia-erkidegoak lehendik doikuntza-plan bat onartua baldin badu, estatuak ezarritako beste mekanismo gehigarri batzuk baliatu dituelako, Aurrekontu Egonkortasuneko eta Finantza Iraunkortasuneko apirilaren 27ko 2/2002 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitakoa betez, hartutako konpromiso berriak betetzeko beharrezko aldaketak adostu beharko ditu Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioarekin.

2.  Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari, doikuntza-planaren parte gisa, altxortegi-plan bat eta zor biziko eragiketen xehetasuna igortzea, kontu-hartzailetza nagusiaren edo unitate baliokide baten bitartez, eredu normalizatuaren arabera, ondorengo informazioa barne dela:

a)  Altxortegi-egutegia eta altxortegi-aurrekontua, hileroko kobrantzak eta ordainketak jasotzen dituena, errubriketan banatuta, altxortegiko hileko gutxienekoaren aurreikuspena barne.

b)  Sarreren hileko aurreikuspena.

c)  Zor biziaren saldoa.

d)  Aurreikusitako aurrezki-neurrien eta sarrera-neurrien eragina, eta aurrekontuan izan ditzaketen eraginen egutegia.

e)  Zorraren hileko epemugak, epe laburrekoak eta luzekoak.

f)  Zorpetze-premien egutegia eta zenbatekoak.

g)  Ordaintzeko dauden aitortutako obligazioen saldoaren bilakaera, bai indarrean dagoen ekitaldikoena, bai aurreko urteetakoena.

h)  Hurrengo hamar urteetako zorraren epemugen profila.

i)  Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak beharrezko jotzen duen beste edozer informazio ekonomiko-finantzario.

Hil bakoitzeko lehenengo bost egun baliodunetan, autonomia-erkidegoak altxortegiplanean jasotako informazioari dagozkion eguneratzeak bidaliko dizkio Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari.

3.  6. artikuluan aurreikusitako informazioa igortzea eta kontsultatzeko baimena ematea Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari. Informazioa bidali eta jasotzeko, eredu normalizatuak edo datuak masiboki kargatzeko sistemak erabiliko dira.

4.  Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak doikuntza-planean aurreikusitako neurriak hartzen eta gauzatzen direla gainbegiratuko duela onartzea, ondorengo artikuluetan adierazitakoarekin bat etorririk.

5.  Doikuntza-plana bakarra izango da (jatorri duen mekanismoa kontuan hartu gabe), eta urtean behin eguneratu beharko da gutxienez, autonomia-erkidegoak aurkeztutako aurrekontuari jarraiki.

Nolanahi ere, autonomia-erkidegoak plan ekonomiko-finantzario bat edo berrorekatzeplan bat izango balu indarrean, doikuntza-planaren urteko eguneratzea aipatutako planen eguneratzearekin batera egingo du, dagokion moduan. Gainera, biek ala biek behar bezalako sendotasuna izan beharko dute.

6.  Doikuntza-planik ez bada bidaltzen edo berorren balorazioa kontrakoa bada, ez da ametituko mekanismora atxikitzea. Era berean, aurreko kasuetan edo aipatutako plana betetzen ez bada, Aurrekontu Egonkortasuneko eta Finantza Iraunkortasuneko apirilaren 27ko 2/2002 Lege Organikoaren lehenengo xedapen gehigarriaren 5. paragrafoan aurreikusitakoa aplikatuko da.

6. artikulua.  Doikuntza-planari buruzko informazioa igortzea.

1.  Autonomia-erkidegoak bere doikuntza-planaren betetzeari buruzko informazio eguneratua igorriko dio Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari hilero, kontuhartzailetza nagusiaren edo unitate baliokidearen bitartez. Honako hauen berri eman beharko du, gutxienez:

a)  Gastuen eta sarreren kapituluen hileroko aurrekontu egikaritza.

b)  Doikuntza-plana errealitatera egokitzea eta abian diren neurriak balioestea.

c)  Epe laburreko eta ertaineko arriskuen balorazioa, doikuntza-plana aplikatzearen ondorioz lortu nahi diren helburuak betetzeari dagokionez. Zehazki, likideziaaurreikuspenak eta zorpetze-beharrak aztertuko dira.

d)  Doikuntza-plana egikaritzean sortu diren desbideratzeak aztertuko dira.

e)  Doikuntza-plana aldatzeko gomendioak, hala badagokio, aurrekontuegonkortasuneko eta finantza-iraunkortasuneko helburuak betetze aldera.

f)  Altxortegi-planari buruzko informazio eguneratua eta zor biziko eragiketen xehetasuna.

2.  Nolanahi ere, autonomia-erkidegoek Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak eskatutako beste edozer informazio eman beharko dute.

7. artikulua.  Doikuntza-planen jarraipena.

1.  Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak egingo du doikuntza-planen jarraipena.

2.  Autonomia-erkidego barneko kontrol-organoak gainbegiratuko du doikuntza-plana behar bezala aplikatzen dela, 5. artikuluan aurreikusitako terminoetan. Horretarako, behar adina jarduera egingo ditu, eta, neurriak hartu ez izanaren edo bete ez izanaren berri emango du Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari igorriko dizkion jarraipentxostenetan.

Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak txostenok kontuan izango ditu doikuntza-planen jarraipen-txostenak osatzerakoan.

3.  Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak doikuntza-planeko neurriak ez betetzeko arriskua dagoela edo neurriak ez direla betetzen antzematen badu, horiek aldatzea proposatuko du –neurri berriak hartuta– edo, bestela, egikaritze-egutegia aldatzea. Gainera, kontrol-lanak egiteko beharrezko jarduerak adostea eskatu ahal izango dio Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiari.

Edonola ere, proposatutako neurriak bete beharko dira ondorengo mailegu tarteak emateko, 14. artikuluan aurreikusitakoari kalterik egin gabe.

Zor publikoa epemugan ez ordaintzeko arriskua antzematen bada, Aurrekontu Egonkortasuneko eta Finantza Iraunkortasuneko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusi legez jardungo da.

8. artikulua.  Doikuntza-planen kontrola.

1.  Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak egiten dituen kontrol-lanen helburua autonomia-erkidegoaren finantza-egoeraren diagnostikoa egitea da, doikuntzaplanean hartutako konpromisoen esparruan, egoki diren kontrol-teknikak eta -metodologiak aplikatuta.

2.  Autonomia-erkidegoko barne kontroleko organoak Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiari lagunduko dio kontrol-lanetan. Azken horrek autonomiaerkidegoaren dokumentazio guztia izango du eskura, lana behar bezala egin ahal izateko.

3.  Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak indarrean den doikuntzaplanean jasotako aurreikuspenen finantza-egokitzapenari eta hori ez betetzeari edo ez betetzeko arriskuari buruzko txostena egingo du gehienez ere hilabeteko epean, kontrollanak hasten direnetik kontatzen hasita.

4.  Txostena Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroari igorriko zaio, Aurrekontu Egonkortasuneko edo Finantza Iraunkortasuneko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoa aplikatzeko.

III. KAPITULUA Autonomien Likidezia Funtsa 9. artikulua.  Autonomien Likidezia Funtsaren sorrera eta indarraldia.

1.  Autonomien Likidezia Funtsa (aurrerantzean, Funtsa) likidezia laguntzeko mekanismo gisa sortu da, nortasun juridikorik gabeko funts izaerarekin, azaroaren 26ko Aurrekontuen 47/2003 Lege Orokorraren 2.2 artikuluaren arabera, atxikitzen diren autonomia-erkidegoak likideziaz hornitzeko helburuarekin. Funtsa Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari atxikita egongo da, Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzaren bitartez, eta Kreditu Ofizialeko Institutuak kudeatuko du.

2.  Finantza-premiak konpontzeko aukera ematen duten autonomia-erkidegoen aldeko kreditu-eragiketak egingo dira, Funtseko baliabideen kargura.

3.  Ministroen Kontseiluak Funtsa likidatzea eta iraungiaraztea erabaki dezake, autonomia-erkidegoekin kreditu-eragiketak likidatu ondoren, eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak txostena egin ostean.

10. artikulua.  Autonomien Likidezia Funtsaren baliabideak.

1.  Autonomien Likidezia Funtsa 2012ko ekitaldirako Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura zuzkituko da; 18.000 milioi euro izango ditu.

2.  Aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako, 18.000 milioi euroko ezohiko kreditua emango zaio indarrean dagoen aurrekontuari 15. saileko (Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioa) 22. zerbitzuko (Autonomia Erkidegoekiko eta Tokiko Erakundeekiko Koordinaziorako Idazkaritza Nagusia) 922N programako (Lurralde erakundeekiko finantza-koordinazioa eta harremanak) 8. kapituluko (Finantza-aktiboak) 87. artikuluko (Ondare-ekarpenak) 879 kontzeptuan (Ondare-ekarpena Autonomien Likidezia Funtsari).

Paragrafo honetan ematen den ezohiko kreditua zor publikoarekin finantzatuko da.

3.  Funtsak sortzen dituen edozer eratako etekinak altxor publikoan sartuko dira urtero, Funtsaren beraren kudeaketa-gastuak kendu ondoren.

4.  Kudeaketak sortzen dituen gastuak Funtsaren zuzkiduren kargura ordaindu ahal izango dira.

11. artikulua.  Baliabideak hautematea.

Estatuaren finantzaketa-programak errege lege-dekretu honetan aurreikusitako Funtsaren kreditu-eragiketak finantzatzeko beharrezko zorpetze-eragiketetatik eratorritako zenbatekoak barnean hartuko ditu.

12. artikulua.  Autonomien Likidezia Funtsaren araubide ekonomiko-finantzarioa.

1.  Funts honen aurrekontu-, ekonomia-, finantza-, kontabilitate- eta kontrolaraubidea nortasun juridikorik gabeko funtsetarako –zuzkidura Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura egiten da, gehien bat– azaroaren 26ko Aurrekontuen 47/2003 Lege Orokorrean aurreikusitakoa izango da, Lege horretako 2.2 artikuluan aipatzen den bezala.

2.  Administrazio Publikoen Estatuko Idazkaritzari dagokio Autonomien Likidezia Funtsa formulatzea, abian jartzea eta onartzea, baita horren kontuak ematea ere.

13. artikulua.  Autonomien Likidezia Funtsa kudeatzea.

1.  Kreditu Ofizialeko Institutuari dagokio Funtsaren finantza-kudeaketa. Horren harira, beste funtzio batzuen artean, Kreditu Ofizialeko Institutuak autonomia-erkidegoekin sinatu beharreko mailegu-polizak formalizatuko ditu Espainiako gobernuaren izenean eta ordez, eta estatuaren kontura, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen nahitaezko aginduari jarraiki, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak proposatuta. Halaber, antolaketa teknikoko, kontabilitateko, kutxako, agente ordaintzaileko eta jarraipeneko zerbitzuak emango ditu, baita Autonomien Likidezia Funtsaren kargurako eragiketa baimenduei dagozkien finantza-zerbitzu guztiak ere, Aurrekontuen 47/2003 Lege Orokorrean eta indarrean diren gainerako arauetan kontrolari buruz ezartzen diren eskumenei kalterik egin gabe.

2.  Kreditu Ofizialeko Institutuak agindu honen xede diren eragiketei lotutako beharrezko laguntza teknikoak kontratatu ahal izango ditu Funtsaren kargura, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak aginduta, Funtsaren finantza-agente den aldetik.

Kontratazio-prozedurak Institutuaren kontratazioari dagozkion arau-aurreikuspen zehatzak jarraituko ditu.

3.  Urtero, egokitu zaizkion funtzioak garatzean eta gauzatzean izandako kostuei dagokien konpentsazio ekonomikoa ordainduko zaio Kreditu Ofizialeko Institutuari, Funtsaren kargura eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen akordio bidez baimendu ondoren.

IV. KAPITULUA Kreditu-eragiketak 14. artikulua.  Kreditu-eragiketak hitzartzea.

1.  Estatuak kreditu-eragiketak hitzartuko ditu mekanismora atxikitzen den autonomiaerkidego bakoitzarekin, autonomia-erkidegoak eta administrazio publikoen sektorearen barruan sailkatuta dauden mendeko erakundeek finantza-zorra epemugan ordaintzeko beharrezko baliabideak gainditu ezingo dituen kopuru batekin, Kontuen Europako Sistemaren definizioaren eta mugen arabera, baita aurrekontu-egonkortasunak ahalbidetzen duen zorpetzea finantzatzeko beharrezko kopuruak ere, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen akordio bidez ezartzen diren mugekin.

2.  Kreditu-eragiketei aplikagarri zaizkien finantza-baldintzak Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen akordio bidez ezarriko dira, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak proposatuta.

Baldintza horiek Autonomien Likidezia Funtsaren finantza-gastuen erreperkusioa eta izaten dituen gainerako kostuak bermatu behar dituzte.

3.  Estatuak, autonomia-erkidegoaren izenean eta berorren kontura, autonomiaerkidegoak zor publikoa epemugan ordaintzea kudeatuko du, emandako kredituaren kargura, Kreditu Ofizialeko Institutuaren bitartez, hori baita horretarako izendatutako ordainketa-agentea.

4.  Finantza-premia gehigarriei erantzute aldera, mekanismora atxikitako autonomiaerkidegoen alde Autonomien Likidezia Funtsak egiten dituen ordainketak zatikako egutegi batera egokituko dira. Zati bakoitzeko ordainketak egiteko, zerga- eta finantza-baldintzak bete behar dira, eta Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak txostena egin behar du aurrez.

15. artikulua.  Araubide arrunteko autonomia-erkidegoen finantzaketa-sistemaren baliabideak atxikitzea.

Mekanismo honetara atxikitzen diren araubide arrunteko autonomia-erkidegoen finantzaketa-sistemaren baliabideak estatuarekin hartutako betebeharrak bete beharko dituzte atxikipenaren bidez, Autonomia Erkidegoen Finantzaketarako irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa betez. Hori guztia, zorpetze-eragiketetatik eratorritako betebeharrak, finantza-erakunde aldeaniztunekin hartutakoak, betetzeari kalterik egin gabe.

16. artikulua.  Ordainketa-agentea.

Kreditu Ofizialeko Erakundea arduratuko da errege lege-dekretu honen babespean hitzartzen diren eragiketak administratzeaz eta kudeatzeaz.

Lehenengo xedapen gehigarria.  Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Autonomia Erkidegoaren atxikitzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Autonomia Erkidegoa mekanismo honetara atxiki ahal izateko, hitzarmen bat sinatu beharko dute, aurrez, estatuarekin, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren eta Koordinazio Batzordearen esparruan, hurrenez hurren. Hitzarmenak formalizatzen den kreditu-eragiketa bermatzeko baliabideei eragin behar die.

Bigarren xedapen gehigarria. Tokiko erakundeen hornitzaileei ordaintzeko finantzaketamekanismoa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeei aplikatzea.

1.  Euskadiko eta Nafarroako tokiko erakundeei, baldin eta estatuko zergapartaidetzako ereduan sartuta badaude, aplika dakieke hornitzaileei ordaintzeko mekanismoa; hain zuzen ere, otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuan (tokiko erakundeen hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-mekanismo bat ezartzeko beharrezko informazio- eta prozedura-betebeharrak zehazten ditu) eta martxoaren 9ko 7/2012 Errege Lege Dekretuan (horren bidez, hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-funtsa sortzen da) aipatzen dena; horretarako, lehendabizi, Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskadiko Foru Aldundiek edo Nafarroako Foru Erkidegoak hitzarmenak sinatu beharko dituzte, dagokion moduan.

2.  Izenpetzen diren hitzarmenetan, azken bermetzat hartuko da tokiko erakunde horiek estatuko zerga itunduetan edo hitzartuetan partaide izatea, Euskadiko Kontzertu Ekonomikoan eta Nafarroako Foru Erkidegoaren Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoa betez.

Era berean, aipatutako hitzarmenetan, 1. paragrafoan aipatutako arauetan ezarritako prozedurak eta betebeharrak hartu beharko dira kontuan. Hala eta guztiz ere, hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-mekanismoaren informazio- eta prozedura-betebeharrei buruzko berezitasunak –Euskadin eta Nafarroan aplikagarri direnak– zehaztu egin beharko dira esandako hitzarmenetan.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Autonomien Likidezia Funtsaren aurrekontuak.

Autonomien Likidezia Funtsaren aurrekontuak onartuta gelditzen dira; eranskinean jasota daude.

Laugarren xedapen gehigarria.  2008ko eta 2009ko likidazio negatiboak.

Errege lege-dekretu honetan araututako mekanismoaren bidez finantzatuko den zorpetzeak barne hartuko du likidazio negatiboak ordaintzeko ekitaldi arruntean ordaindu behar den urterokoa finantzatzeko Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren Akordioetan jasotako zorpetzea, abenduaren 18ko 22/2009 Legeko (araubide arrunteko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzazio-sistema arautzen du eta zenbait zerga-arau aldatzen) laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz.

Bosgarren xedapen gehigarria.  Espainiako finantza-erakundeak birkapitalizatzeko Europako finantza-laguntza.

1.  Espainiako Bankuak, Espainiako finantza-erakundeak birkapitalizatzeko finantzalaguntzaren barruan, Europako Batzordeari, Europako Banku Zentralari, Europako Banku Agintaritzari, Nazioarteko Moneta Funtsari, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsari, eta, hala badagokio, Egonkortasuneko Europako Mekanismoari eman behar dien informazioak ez du kreditu-erakundeen arloan indarrean dagoen zuzenbidea Europako erkidegoetakora egokitzeari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako sekretu-betebeharra bete behar, baldin eta informazioa erakundeok aipatutako finantza-laguntzari lotuta dituzten zereginak egiteko beharrezkoa bada.

2.  Ildo horretatik beretik, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari baimena ematen zaio finantza-laguntza formalizatzeko eta estatuaren eta Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren esku jartzeko beharrezkoak diren akordioak eta kontratuak sinatzeko. Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak, aipatutako finantza-laguntzaren barruan, zuzenean nahiz zeharka jaso dezakeen finantzaketa, dirutan edo zor-baloreetan, ez da aintzat hartuko bankuak berregituratzeari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren 2.5 artikuluaren bigarren lerrokadan aurreikusitako mugen ondorioetarako.

3.  Ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako birkapitalizatzeprozesuen harira, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak prozesuotan parte hartu duten erakundeek eskatutako finantza-laguntzen zenbatekoa aurreratu ahal izango du mailegu gisa, bai eskudirutan, bai zor-baloreetan. Aurrerakina emango da, baldin eta Espainiako Bankuaren ustez, erakundeak, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren laguntzak izenpetzeko eta ordaintzeko beharrezko aldian, bere egonkortasuna kalte dezaketen likidezia-tentsioak baditu, ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuak exijitutako terminoetan eta eskakizunekin.

Aurreko lerrokadan aipatutako aurrerakina kreditu gisa konpentsatuko zaio erakundeari, dagozkion baliabide propioak adierazten dituzten tresnak izenpetzen eta ordaintzen diren garaian. Izenpetzen eta ordaintzen ez badira, dela ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuak exijitutako eskakizunen bat bete ez delako, dela beste edozer arrazoi dela medio, erakundeak maileguan emandako eskudirua edo baloreak itzuli beharko dizkio berehala Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari. Orobat, formalizatutako finantza-laguntzen zenbatekoa aurrerakinaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, erakundeak dagokion soberakina itzuli beharko du berehala.

Xedapen honetan aurreikusitakoak ez dio kalterik egingo lehiaren defentsaren eta estatu-laguntzen arloko araua betetzeari.

4.  Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak Espainiako kredituerakundeak birkapitalizatzeko Europako finantza-laguntza ezartzen laguntzeko neurriak hartu ahal izango ditu, kreditu-erakundeen kaudimena indartzeko funtzioen barruan, atxikitako erakundeen sistema-multzoaren onura aintzat hartuta. Nolanahi ere, neurrion kostuak txikiagoa izan beharko du Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak, bere araudi erregulatzailearekin bat etorririk, ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako kreditu-erakundeen baliabide propioak modu ordenatuan berregituratzeko eta indartzeko prozesuen barruan egin behar izan dituen ordainketak baino .

Hala, Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak bere ondarea konprometitu ahal izango du, aipatutako finantza-laguntzaren arloan eska daitezkeen bermeak emateko.

Kreditu-erakundeek aipatutako konpromisoa eta bermeak beren gain hartu ahal izango dituzte, Espainiako Bankuak onartzen dituen birkapitalizatze-planen barruan.

Xedapen iragankor bakarra.  Informazioa igortzeko bitartekoak.

5.  artikuluan aurreikusitako bitartekoak eskura ez dauden bitartean, bitarteko elektronikoen bidez igorriko zaio informazioa Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioari, berorrek ezartzen duen moduan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

Errege Lege Dekretu hau indarrean jartzen denean, beraren kontra dauden maila bereko edo txikiagoko xedapenak indargabetuta geratuko dira.

Amaierako lehen xedapena.  2012. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legea aldatzea.

2012. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legea aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita: Bat.  52. artikuluko bigarren paragrafoko b) eta c) letrak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«b)  55.000.000 mila euro, kreditu nazionalaren merkatuan jarduera handia duten Espainiako kreditu-erakunde egoiliarrek egiten dituzten bonoen eta obligazio berrien jaulkipenetatik eratorritako obligazioei abalak emateko. 52 bis artikuluan arautzen dira.

c)  3.000.000 mila euro, aktiboak titulu bihurtzeko funtsek emandako errenta finkoko baloreak bermatzeko abaletarako. 53. artikuluan arautzen dira.» Bi.  52 bis artikulu berria erantsi da. Honela geratu da idatzita:

«52 bis artikulua.  Kreditu-erakundeen bonoen eta obligazioen jaulkipena bermatzeko abalak.

Bat.  Estatuko Administrazio Orokorrak egoitza soziala Espainian duten eta, Espainiako Bankuaren aburuz, kaudimendunak diren eta egoeraren araberako likidezia-beharrak dituzten kreditu-erakundeek jaulkitzen dituzten bono eta obligazio berrietatik eratorritako obligazio ekonomikoei abalak eman diezazkieke, 2012ko abenduaren 15era arte, eta 55.000.000 mila euroko gehieneko zenbatekoarekin.

Estatuko Administrazio Orokorraren abala lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Espainiako Bankuaren estatistika-buletinean argitaratutako EDB 1en (Balantze laburtua. Negozioak Espainian) azken egoeraren Espainiako egoiliarrei dagokien «Maileguak eta kredituak. Beste sektore batzuk» 2.4. partidaren milaren bateko gutxieneko kuota lortu behar dute, banaka edo talde finkagarriko gainerako erakundeekin batera. Halaber, egoitza soziala Espainian duten kreditu-erakundeen kasuan, baldin eta banku arteko merkatuko likideziaren kudeaketa beste erakunde bati –zeinarekin kontratu-konpentsazioko akordioa sinatu baituten– laga badiote sistematikoki, kudeaketa hori esleitu zaion erakundeak eskatu ahal izango du abala.

Talde finkagarri bakoitzaren barruan, erakunde eskatzaileek egindako eragiketei emango zaie Estatuko Administrazio Orokorraren abala.

Bi.  Abala eman baino lehen, aurreko paragrafoan zehaztutako baldintzak betetzeari buruzko txostena eskatuko zaio Espainiako Bankuari. Abala emango da, baldin eta, eskaera egiten den unean, abal-mugaren geldikinik baldin badago.

Abala jasotzen duenak uko egiten dio Kode Zibilaren 1830. artikuluko eskusioonurari. Abala ezeztaezina eta baldintza gabekoa da, eta emateko aginduetan zehazten diren terminoetan emango da. Abalak jaulkipenaren parte nagusia eta interes arruntak bermatuko ditu.

Hiru.  Abala egikarituko balitz, betiere berau bermatutako obligazioaren epemugaren ondorengo bost egun naturalen barruan eskatu bada, Estatuak bermatutako baloreen legezko titularrei ordaina emango die, abala dela-eta ordaindu behar duenari kalte egin gabe. Ordain horren zenbatekoa honela kalkulatuko da: abala egikaritzearen ordainketari Espainiako Bankuak argitaratutako Euro OverNight Index Average interes-tasa, bermatutako obligazioaren epemugakoa, edo, hala badagokio, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak zehaztutakoa, egun horretatik abal emaileak ordainketa egiten duen arte igarotako egun kopuruaz biderkatuta (360 eguneko urtea oinarri hartuta), aplikatzearen emaitza izango da.

Altxor eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak abala egikaritzearen berri emango dio Espainiako Bankuari, besteak beste, kreditu-erakundeen diziplina eta kontu-hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legean jasotako neurriren bat aplikatu behar izango balitz.

Lau.  Estatuko Administrazio Orokorrak emandako abalek honako komisio hauek sortuko dituzte administrazio horren alde:

a)  Abala emateak emandako kopuruaren % 0,5eko komisioa sortuko du, Altxor eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak likidatuko duena. Erakundeak ordainketa egiaztatu beharko du, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak abala formalizatu baino lehen.

b)  Bono eta obligazioen jaulkipen abaldun bakoitzak jaulkipen-komisio bat sortuko du. Erakunde jaulkitzaileak ordainketa egiaztatu beharko du, jaulki baino lehen. Abala emateagatiko komisio gisa ordaindutako kopuruak oso-osorik kenduko dira jaulkipen-komisio horretatik. Altxor eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez zehaztuko dira jaulkipen-komisioak kalkulatzeko irizpideak, 2011ko abenduaren 1eko Europako Batzordearen jakinarazpenean (finantza-krisiaren testuinguruan, bankuei laguntzeko neurrietarako estatuko laguntzei buruzko arauak 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzeari buruzkoan) jasotako bermeen prezioak kalkulatzeko jarraibideen arabera.

Bost.  Eskaerak 2012ko abenduaren 5a baino lehen aurkeztu ahal izango dira Altxor eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusian. Aipatutako idazkaritzak berak onartuko du eskaera-eredua, ebazpen bidez.» Amaierako bigarren xedapena.  Eskumen-tituluak.

Errege Lege Dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 11. eta 14. puntuetan xedatutakoaren babesean emanda dago; artikulu horrek Espainiako Estatuari esleitzen dio kreditua, banka, aseguruak eta ogasun nagusia eta estatu-zorra antolatzeko oinarriei buruzko eskumen esklusiboa, hurrenez hurren.

Amaierako hirugarren xedapena.  Araudi bidezko gaitzea.

Baimena ematen zaie Ekonomia eta Lehiakortasuneko eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroei Errege Lege Dekretu honetan azaldutakoa aplikatzeko eta garatzeko beharrezko arauak emateko.

Amaierako laugarren xedapena.  Indarrean jartzea.

Errege Lege Dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2012ko uztailaren 13an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

ERANSKINA Autonomien likidezia funtsaren aurrekontuak Autonomien likideziarako funtsa Mila eurotan Ustiatzeko aurrekontua:

«Ondarearen emaitza ekonomikoaren kontua»  1.  Jasotako transferentziak eta diru-laguntzak:

   a)  Ekitaldikoak.

   b)  Aktibo arruntetarako eta beste batzuetarako diru-laguntzen egoztea.

 2.  Kudeaketa arrunteko beste sarrera batzuk.

 3.  Gehiegizko hornidurak: A)  Kudeaketa arrunteko sarrerak guztira (1 + 2 + 3)  4.  Emandako transferentziak eta diru-laguntzak  5.  Kudeaketa arrunteko beste gastu batzuk . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

– 22,5

    a)  Hornidurak eta kanpoko zerbitzuak     b)  Beste batzuk . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . – 22,5

B)  Kudeaketa arrunteko gastuak guztira (4 + 5) . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . – 22,5

I.  Kudeaketa arruntaren emaitza (aurrezkiak edo desaurrezkiak) (A + B) . . . . . . . . . . – 22,5

 6.  Arruntak ez diren beste partida batzuk.

   a)  Sarrerak.

   b)  Gastuak.

II.  Finantza-eragiketen emaitza (I + 6) . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 520,5

 7.  Finantza-sarrerak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 520,5

   a)  Ondare-tresnetan izandako parte-hartzeetakoak.

      a.1) Taldeko erakundeetan, talde anitzetan eta elkartuetan.

      a.2)  Beste erakunde batzuetan.

   b)  Balore negoziagarrietakoak eta aktibo ibilgetuaren kredituetakoak.

      b.1)  Taldeko erakundeetan, talde anitzetan eta elkartuetan.

      b.2)  Beste batzuetan . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .

520,5

 8.  Finantza-gastuak.

   a)  Taldeko erakundeekin, talde anitzekin eta elkartuekin zorrak izategatik.

   b)  Beste batzuk.

 9.  Arrazoizko balioaren balorazioa aktibo eta pasibo finantzarioetan.

   a)  Finantza-deribatuak.

   b)  Arrazoizko balioko beste aktibo eta pasibo batzuk, emaitzei egotzita.

   c)  Salmentarako eskura dauden finantza-aktiboak ekitaldiko emaitzara egoztea.

10.  Truke-diferentziak.

11.  Balioaren galera, bajak, eta finantza-aktiboak eta -pasiboak besterentzea.

   a)  Taldeko erakundeenak, talde anitzenak eta elkartuenak.

   b)  Beste batzuenak.

III.  Finantza-eragiketen emaitza (7 + 8 + 9 + 10 + 11) . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . IV.  Ekitaldiko emaitza (aurrezkia eta desaurrezkia) garbia (II + III) . . . . . . . . . . . . . . . . http://www.boe.es BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO 520,5

498

D. L.: M-1/1958 - ISSN: 0212-033X

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra