Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

3/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 2koa, Finantza publikoak kontsolidatzeko tributuen arloko zenbait neurri eta arlo sozialeko presako beste neurri batzuk onartzen dituena

2016-12-02

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2016/12/02, 292. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11475 3/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 2koa, Finantza publikoak kontsolidatzeko tributuen arloko zenbait neurri eta arlo sozialeko presako beste neurri batzuk onartzen dituena.

I

2013ko laugarren hiruhilekoaz geroztik, Espainiako ekonomiak hazkunde ekonomikoaren bidea berreskuratu du, eta, batzuen eta besteen ekonomia-aurreikuspenen arabera –besteak beste, nazioarteko antolakunde eta erakunde garrantzitsuenen arabera–, datozen urteetan ere hala jarraituko du, dezelerazio txiki batekin bada ere.

Lorpen hori finkatzeko, nahitaezkoa da Espainiako ekonomian oraindik ere ondorio negatiboak sortzen dituzten desoreka jakin batzuk zuzentzeko ekonomia-politikako zenbait neurri hartzen segitzea.

Testuinguru honetan, defizit publikoa murriztea lehentasunezko helburua da, ez bakarrik Europar Batasunak ezarritako helburuak betetzeko –hori lortzea are garrantzitsuagoa da Kontseiluaren uztailaren 12ko 2016/1222 Erabakia (EB) hartu zenetik, zeinak ezartzen baitu Espainiak ez duela neurri eraginkorrik hartu Kontseiluaren 2013ko ekainaren 21eko Gomendioari jarraitzeko; izan ere, erabaki hori Espainiako Erresumak nahitaez bete beharreko agiri juridiko bat da–, baita defizit publiko handia izateak Espainiako ekonomian sortzen dituen ondorio negatiboak arintzeko ere.

Horren haritik, irailaren 30eko 2/2016 Errege Lege Dekretuak (defizit publikoa murriztera bideratutako tributu-neurriak onartzen dituena) sozietateen gaineko zergaren ordainketa zatikatuen lege-araubidea aldatu zuen, komeni den diru-sarreren bolumena txertatzeko altxor publikoetan, eta, horrenbestez, errazagoa izateko Europar Batasunak ezarrita dituen helburuak betetzea.

Orain, errege lege-dekretu honen bidez, finantza publikoak kontsolidatzeko zenbait neurri hartzen dira, berriki aipatutako errege lege-dekretuan jasotako neurriak osatuko dituztenak eta Espainiako ekonomia hazkundearen eta enplegu-sorkuntzaren bidera eramango dutenak, Europar Batasunaren eremuan kontsolidazio fiskalari buruz hartu ditugun konpromisoak betetzea eragotzi gabe.

Errege lege-dekretu honek jasotzen dituen erreformak, kontsolidazio fiskalaren bidea betetzearen ikuspuntutik begiratuta, oso lotuta daude 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorretarako gastu ez-finantzarioaren muga ezartzearekin –Ministro Kontseiluak onartzen du hori–.

Eskura ditugun azken datuen arabera, 2016rako aurrekontuaren likidazioa hasierako aurrekontua baino bost mila milioi euro gutxiagoan itxi liteke. Aurrezpen hori gertatu da Estatuaren zorraren finantza-gastuek bilakaera positiboa izan dutelako eta aurrekontua kudeatzeko onartu diren mekanismoak eraginkorrak izan direlako –esaterako, krediturik ezaren akordioak eta aurrekontua ixteko aginduaren aurrerapena–.

Ildo horretatik, 2017rako Estatuko aurrekontuaren gastu ez-finantzarioaren muga kalkulatzeko, 2016ko aurrekontuaren exekuzio aurreikusia hartu da abiapuntutzat. Azaldutakoaren antzeko gastu-maila bermatuko duten diru-sarrerak izateko, beharrezkoa da bilketa handituko duten tributu-arloko erreformak egitea, ekonomia-zikloaren eragin positiboa kontuan harturik ere. Horregatik, errege lege-dekretu honek tributu-arloko erreforma gauzatzen du, zeinak, bilketa bultzatzeaz gain, zuhurtziazko gastu-maila jakin bat, 2016an exekutatu zenaren antzekoa, finantzatzea ahalbidetzen baitu.

II

Errege lege-dekretu honetako tributu-arloko erreformak bat datoz gure inguruko herrialdeek dituzten tributazioko jardunbide onekin, bai eta nazioarteko organismoen gomendioekin ere –Europar Batasunarenak barne–.Testu arauemaileak zenbait produkturen zeharkako fiskalitatearen neurrizko gehikuntza jasotzen du, helburua izanik bilketa, BPGd-ari dagokionez, gure inguruko herrialdeenetara hurbiltzea. Sozietateen gaineko zergari buruzko erreformak ere badira, bilketa handituko dutenak zerga- oinarrietako zenbait alderdiri kengarritasun-muga berriak ezarriz; beraz, tributazio efektiboa zergaren tasa nominaletara gerturatuko da. Sozietateen gaineko zergaren tasa nominalak ez dira aldatzen. Tributuen arloko zenbait alderdi erreformatzen dira, baina ez da espero horrek Espainiako ekonomiaren hazkundearen eta enplegu-sorkuntzaren ildoa funtsezko eran kaltetuko duenik. Bilketaren egiturazko gehikuntza gertatzea espero da; hartara, presio fiskala egonkor mantenduko da, eta 2017rako Estatuko aurrekontuaren gastu-muga ezartzeko diru-sarreren aurreikuspena 2016ko aurrekontua egin zenean existitzen zen bilketaren aurreikuspenak zuen antzeko mailan ezarri ahal izango da.

Zehazki, sozietateen gaineko zergari dagokionez, hiru neurri garrantzitsu hartzen dira: lehenengo biek Espainiako entitateen zerga-oinarriak zabaltzen dituzte; hirugarrenak, berriz, zergaren bilketa-maila egokia bermatzen du.

Lehenengo neurri garrantzitsua entitateetako partaidetzen eskualdaketan izandako galeren kengarritasunik ezari buruzkoa da; horretarako, partaidetza horiek salbuespenerako eskubidea izan behar dute bai dibidenduetan, bai partaidetzen eskualdaketan sortutako gainbalioetan lortutako errenta positiboetan. Horrez gain, ez da zerga-oinarrian sartuko paradisu fiskaletan edo behar besteko tributazio-mailarik ez duten lurraldeetan kokatutako entitateetako partaidetzek sortzen duten ezein motatako galera. Halakoetan, zuzenbide konparatua eta Europar Batasunak egindako araudi-proposamenen bilakaera kontuan hartuta, komeni da gure inguruko herrialdeetako araudien antzekoetara egokitzea eta ez sartzea beste entitate batzuetako partaidetzen edukitzak sortutako errentarik –positiboak zein negatiboak izan–, eta, horretarako, benetako salbuespen-araubidea ezarri behar da.

Partaidetzen eskualdaketan sortutako errenta negatiboen kengarritasunik ezarekin lotutako helburuez gain, gogora ekarri behar da partaidetzen narriadurei ematen zaien zerga-tratamendua. Narriadura horiek zera erregistratzen dute kontabilitate-mailan: inbertsorearen itxarondako galera, bere partaidetzaren zenbateko berreskuragarria, eskurapen-balioarekin alderatuta, gutxitzearen ondorioz, galera hori benetan gauzatu ez delarik. Sozietateen gaineko zergaren oinarrian errentak sartzea, gaur egun, gauzatze- printzipioan oinarritzen da. Horiek horrela, entitateetako partaidetzen balio-narriadurak ez dira fiskalki kengarriak 2013. urteaz geroztik; hala ere, urte hori baino lehen erregistratu ziren eta zerga-oinarria murriztu zuten galerek itzulketarako araubide iragankorrari eusten diote. Horrek zerga-oinarria zabaltzeko bigarren neurrira garamatza, zeina 2013. urteko zergaldia baino lehenagokoetan fiskalki kengarriak izan ziren partaidetzen balio-narriadurak itzultzeko mekanismo berri bat baita. Urteko gutxieneko zenbateko bat itzultzen da, linealki, bost urtez. Errege lege-dekretu honen bidez narriadura horiek automatikoki txertatzen dira, gutxieneko zenbateko bat bezainbeste, hargatik eragotzi gabe geroago, aplikatzekoak diren arau orokorrak direla eta, itzulketa handiagoak egitea; izan ere, halako galerak Espainiako entitateen zerga-oinarria murriztu zuten galera zenbatetsi gauzatu gabeak dira.

Hirugarren neurriaren bidez, berriro arautzen da enpresa handiek –negozio-zifraren zenbateko garbia gutxienez 20 milioi eurokoa dutenek– zerga-oinarri negatiboak konpentsatzeko muga, eta beste muga bat ezartzen da sortutako nahiz konpentsatzeke dagoen nazioarteko edo barneko zergapetze bikoitzak eragindako kenkarien aplikazioan. Horren helburua da, sortutako zerga-oinarri positiboa dagoen zergaldietan, kreditu fiskalen aplikazioak ez gutxitzea ordaindu behar den zenbateko osoa, zerga-oinarria edo kuota osoa murriztearen ondorioz.

Ondarearen gaineko zergan, kargaren beharkizuna 2017. urtera luzatzen da, finantza publikoen kontsolidazioa, batez ere autonomia-erkidegoena, mantentzearen mesedetan.

Zerga bereziei dagokienez, zehazki, tarteko produktuen gaineko zergari eta alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zergari dagokienez, ehuneko 5 igotzen da tarteko produktuen

eta alkoholaren eta edari deribatuen kontsumoa zergapetzen duen fiskalitatea, bai penintsulan, bai Kanariar Uharteetan.

Zerga-tasen aldaketa berriarekin, txikiagotu egiten da hemengo fiskalitatearen eta gainerako estatu kideetako fiskalitatearen artean dagoen aldea, nahiz eta gure tasa oraindik ere Europar Batasuneko baxuenen artean egon.

Tabako-laboreen gaineko zergan, osagai espezifikoaren pisua handitzen da AD VALOREM osagaiarenaren aldean, eta gutxieneko zergapetze-maila doitzen da, bai zigarreten kasuan, bai biltzeko tabako xehearen kasuan. Neurri horren bidez, halako laboreen zergapetze-egitura erreformatzeko prozesuarekin jarraitzen da, zeina Defizit publikoa murrizteko zenbait tributu- eta administrazio-neurri sartzen dituen martxoaren 30eko 12/2012 Errege Lege Dekretuarekin hasi baitzen.

Doikuntzarekin lortu nahi dena da apurka-apurka oreka handiagoa egotea prezioari lotutako zergaren portzentaje-elementuaren eta produktu-unitatearen araberako elementu espezifikoaren artean; hori guztia, betiere, beste estatu kideen egungo tributazioarekin bat etorrita.

Bestalde, tributu-betebehar jakin batzuk geroratzeko edo zatikatzeko aukera kentzen da. Horren haritik, atxikipenak eta konturako sarrerak geroratzeko edo zatikatzeko aukera ematen zuen salbuespen-araua kentzen da. Kendu egiten da, orobat, sozietateen gaineko zergaren ordainketa zatikatuak egitera behartuta dagoen zergapekoak dituen tributu- betebeharrak geroratzeko edo zatikatzeko aukera. Horrez gain, ezingo dira geroratu edo zatikatu ebazpen irmo baten bidez guztiz edo partez berretsitako tributu-likidazioak, aldez aurretik eten badira errekurtsoa edo erreklamazioa administrazio-egoitzan edo egoitza judizialean izapidetzen ari zela. Jasanarazitako tributuak geroratzeko edo zatikatzeko aukera ere kentzen da; izan ere, tributu horiek jasatera behartuta dagoenak ordainketa egiten duenean, likidezia sartzen zaio tributuak jasanarazten dituen subjektuari.

2/2016 Errege Lege Dekretuaren kasuan gertatzen zen bezala, berehala onartu behar direnez ekonomiaren eta tributuen arloko neurri berriak, 2017rako eta hurrengo urteetarako defizit publikoaren helburuak betetzen lagunduko dutenak, justifikatuta dago errege lege- dekretua erabiltzea tresna arauemaile gisa, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan galdatutako aparteko eta presako beharrizana existitzen delako –jurisprudentzia konstituzionalak gogorarazi duenaren arabera, betekizun hori baitezpadakoa da–.

Errege lege-dekretu honen bidez, 2017rako katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak ere onartzen dira, Higiezinen Katastroaren Legearen 32.2 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko. Artikulu horretan xedatzen da eguneratzea Estatuak urtero onartzen duen Aurrekontu Orokorren Legearen bidez egingo dela. Gobernu berria osatzen izandako atzerapena dela eta, ezinezkoa da 2017rako aurrekontuen lege-proiektua urtea amaitu aurretik izapidetzea. Neurriak berehalako eragina duenez ondasun higiezinen gaineko zergan eta zerga hori urte natural bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortzen denez, egun hori baino lehen indarrean jar dadin, nahitaezkoa da errege lege-dekretuaren mekanismoa erabiltzea. Neurria beharrezkoa da udal-finantzaketa, kontsolidazio fiskala eta toki-entitateen aurrekontu-egonkortasuna indartzen dituelako; helburu horrekin, legea aplikatzeko baldintzak betetzen dituzten 2.452 udalerrik aurkeztu dute eskaera. Bada, halako neurririk ezean, udalerri horiek ezingo lituzkete garaiz onartu ondasun higiezinen gaineko zergaren (OHZ) karga-tasak egokitzeko ordenantza fiskal berriak, eta, ondorioz, ezingo lituzkete bete eguneratze hori kontuan hartuta egin zituzten aurrekontu- aurreikuspenak.

III

Enpresa-trafikoaren gaineko zerga orokorra (ETZO) kentzeagatik Kanariek eman beharreko konpentsazioa eteteko erabakiaren zehaztasun bat ere jasotzen da –erabaki hori Estatuaren Administrazioaren eta Kanarietako Autonomia Erkidegoaren Transferentzien Batzorde Mistoak onartu zuen 2015eko azaroaren 16an–. Zehaztasun horren bidez argitzen da etetea sortzapen-ondorioekin ulertu behar dela; hartara, erabakia sinatu zuten alderdien arteko finantza-harremanek segurtasun juridiko handiagoa izango dute.

2015eko azaroaren 16an, Estatuaren Administrazioaren eta Kanarietako Autonomia Erkidegoaren Transferentzien Batzorde Mistoak erabaki bat hartu zuen, ETZOa kentzeagatik Kanariek Estatuari eman beharreko konpentsazioa eteteari buruzkoa, zeina 2016ko urtarrilaren 1aren ondoren hasitako ekitaldietan aplikatzekoa baita. Hala ere, erabaki horrek 2016ko eta ondorengo aurrekontu-ekitaldietan izango duen eraginari dagokionez bi alderdiei behar besteko segurtasun juridikoa emate aldera, legezko xedapen baten bidez zehaztu behar da konpentsazioaren eteteak sortzapen-ondorioak izango dituela; hau da, ez diola soilik konpentsazioaren ondoriozko diruzaintzako fluxuen kutxari eragingo. Zehaztasun horrek garrantzi handia izan dezakeenez 2016ko aurrekontu- ekitaldia ixteari begira, Batzorde Mistoaren erabakiak ordurako ondorioak sortzen baititu, presakoa da xedapena ordenamendu juridikoan txertatzea 2016ko ekitaldia amaitu aurretik.

IV

Arlo sozialeko neurriak errege lege-dekretu honen 9. eta 10. artikuluetan jasotzen dira.

9.artikulua Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazioaren gehieneko muga eta gehieneko kotizazio-oinarriak eguneratzeari buruzkoa da, eta 10. artikulua, berriz, Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazioaren gehieneko mugak, gehieneko kotizazio-oinarriek eta pentsioen gehieneko mugak etorkizunean izango dituzten gehikuntzei buruzkoa da.

2017. urterako Aurrekontuen Legea ez onartzeak berekin ekarriko du oraingo ekitaldiko aurrekontuak automatikoki luzatzea, harik eta datorren urtekoak onartu arte, Espainiako Konstituzioaren 134.4 artikuluan jasotako aurreikuspena aplikatuz.

Gizarte Segurantzaren sistema defizit egoeran dago, eta haren bideragarritasuna bermatzeko xedez, sistemaren oinarri den elkartasun-printzipioa aplikatuz eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 2.1 artikuluaren babesean –testu bategin hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen–, nahitaezkoa da Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarriaren gehieneko mugaren zenbatekoak eguneratzea 2017rako, halakorik ezarrita duten araubideetan betiere, bai eta araubide bakoitzaren gehieneko kotizazio-oinarrien zenbatekoak eguneratzea ere –ehuneko 3 handituko dira, oraingo ekitaldian indarrean daudenekin alderatuta–.

Inguruabar horiek guztiek justifikatzen dute badela Konstituzioaren 86. artikuluak galdatzen duen aparteko eta presako beharrizana neurria errege lege-dekretu bidez onartzeko.

Gizarte Segurantzaren sistemari egin beharreko ekarpenen proportzionaltasuna aintzat harturik, egungo eta etorkizuneko soldaten bilakaeraren bidez ere justifikatzen da neurria.

Bestalde, legez ezarri behar da Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazioaren gehieneko mugan, gehieneko kotizazio-oinarrietan eta pentsioen gehieneko mugan etorkizunean izango diren gehikuntzek beti bat etorri behar dutela Toledoko Itunaren Akordioak Jarraitzeko eta Ebaluatzeko Parlamentu Batzorde Iraunkorrak horri buruz emandako gomendioekin eta gizarte-elkarrizketaren esparruan hartutako erabakiekin.

Xedapen gehigarri bakarrak agintzen dio Gobernuari ezar dezala, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 27.1 artikuluan jasotakoaren arabera, 2017rako lanbide arteko gutxieneko soldata, zeina 2016rako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duen abenduaren 29ko 1171/2015 Errege Dekretuaren bidez ezarri zena baino ehuneko 8 handiagoa izango baita.

Gobernuak erabakiko du, orobat, gehikuntza horrek nola eragingo dien 2017rako lanbide arteko gutxieneko soldata onartzen duen errege-dekretua indarrean jarri aurretik indarrean zeuden hitzarmen kolektiboetan lanbide arteko gutxieneko soldatari egindako erreferentziei, distortsiorik eragin ez dezan haien eduki ekonomikoan, bai eta estatukoak ez diren arauetan eta kontratu eta hitzarmen pribatuetan egindakoei ere.

Gobernuak uste du komeni dela lanbide arteko gutxieneko soldata handitzea, ekonomiaren baldintza orokorrak hobetu baitira, eta ekonomia-lehiakortasuna modu orekatuan sustatzen jarraitzea; hartara, soldaten bilakaera enplegua berreskuratzeko prozesura moldatuko da.

Lanbide arteko gutxieneko soldatari buruzko neurrien onarpenari gagozkiolarik, justifikatuta dago Konstituzioaren 86. artikuluak galdatzen duen aparteko eta presako beharrizana, oso denbora gutxi falta baita 2016. urtea amaitzeko eta hitzarmen kolektiboetako alderdi negoziatzaileei segurtasuna ematen baitie gutxieneko aurrerapen batekin haren jakitun egotea; izan ere, soldatak berrikusteko akordio gehienak urtearen azken hilabetean hitzartzen dira.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroak eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2016ko abenduaren 2ko bileran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Tributuen arloko neurriak

1.artikulua. Kooperatiben Araubide Fiskalari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legea aldatzea.

2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, honako aldaketa hauek egiten dira Kooperatiben Araubide Fiskalari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legean:

Lehenengoa. Zortzigarren xedapen gehigarria eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«Zortzigarren xedapen gehigarria. Tributu-kuota negatiboen konpentsazioari aplikatu beharreko mugak.

Zergaldia hasten den egunaren aurreko 12 hilabeteetan negozio-zifraren zenbateko garbia gutxienez 20 milioi eurokoa duten kooperatiben kasuan, lege honen

24.artikuluaren 1. zenbakian jasotako mugaren ordez, beste hau aplikatuko da:

Ehuneko 50, 12 hilabete horietan negozio-zifraren zenbateko garbia 20 milioi euro edo gehiago denean eta 60 milioi euro baino gutxiago.

Ehuneko 25, 12 hilabete horietan negozio-zifraren zenbateko garbia 60 milioi euro edo gehiago denean.

Kuota negatiboen konpentsazioari dagokion muga hori ez da aplikagarria izango zergadunarekin loturik ez dauden hartzekodunekin egindako akordioen ondorioz sortutako kita edo itxaronaldiei dagozkien errenten zenbatekoan.»

Bigarrena. Zortzigarren xedapen iragankorraren 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Lege honen zortzigarren xedapen gehigarria aplikatu behar ez zaien kooperatiben kasuan, lege honen 24. artikuluaren 1. zenbakian jasotako muga ehuneko 60 izango da, 2016. urtean hasten diren zergaldietarako.»

2.artikulua. Higiezinen merkatuetan inbertitzeko sozietate anonimo kotizatuak arautzen dituen urriaren 26ko 11/2009 Legea aldatzea.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin, Higiezinen merkatuetan inbertitzeko sozietate anonimo kotizatuak arautzen dituen urriaren 26ko 11/2009 Legearen 10. artikuluko 2. zenbakiaren a) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«a) Eskualdatzailea edo hartzailea sozietateen gaineko zergaren zergaduna bada edo establezimendu iraunkorra duen ez-egoiliarren errentaren gaineko

zergaren zergaduna, ez da aplikatuko Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legearen 21. artikuluan zehaztutako salbuespena, lortutako errenta positiboei dagokienez.»

3.artikulua. Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legea aldatzea.

Lehenengoa. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin, aldaketa hauek egiten dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legean:

Bat. Hamabosgarren xedapen gehigarria eransten da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamabosgarren xedapen gehigarria. Enpresa handiei 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan aplikatuko zaizkien mugak.

Zergaldia hasten den egunaren aurreko 12 hilabeteetan negozio-zifraren zenbateko garbia gutxienez 20 milioi eurokoa duten zergadunen kasuan, berezitasun hauek aplikatuko dira:

1.Lege honen 11. artikuluaren 12. zenbakian, 26. artikuluaren 1. zenbakiko lehen paragrafoan, 62. artikuluaren 1. zenbakiko e) letran eta 67. artikuluaren d) eta e) letretan zehaztutako mugen ordez, beste hauek aplikatuko dira:

Ehuneko 50, 12 hilabete horietan negozio-zifraren zenbateko garbia 20 milioi euro edo gehiago denean eta 60 milioi euro baino gutxiago.

Ehuneko 25, 12 hilabete horietan negozio-zifraren zenbateko garbia 60 milioi euro edo gehiago denean.

2.31. eta 32. artikuluetan eta 100. artikuluaren 11. zenbakian aurreikusita dauden nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko kenkarien zenbatekoa eta lege honen hogeita hirugarren xedapen iragankorrean jasota dauden zergapetze bikoitza saihesteko kenkarien zenbatekoa batuta lortzen den emaitzak ezingo du izan zergadunaren kuota osoaren ehuneko 50 baino handiagoa.»

Bi. Hamaseigarren xedapen iragankorra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hamaseigarren xedapen iragankorra. Entitateen funts propioetako edo kapitaleko partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatiko galerei eta establezimendu iraunkorren bitartez atzerrian lortutako errenta negatiboei aplikatu beharreko araubide iragankorra, betiere 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan sortu badira.

1.Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren 12. artikuluaren

3.zenbakian zehazten denari jarraikiz sozietateen gaineko zergaren oinarriari fiskalki kengarriak izan zaizkion entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatiko galeren itzulketak –2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan, eta galera-irabazien kontuan kontabilitate-egozpena dena dela–, honako zerga-oinarri honetan gehituko dira: ekitaldi amaierako funts propioen balioa ekitaldi hasierakoa baino handiagoa den aldiko zerga-oinarrian, haren partaidetzaren arabera; gainera, behar bezala hartuko dira kontuan bertan egindako ekarpenak edo ekarpenen itzulketak, betiere gaindikin horren mugari kalterik egin gabe. Ondorio horietarako, eta zenbaki honetan zehaztutako moduan, ekitaldiaren amaierako eta hasierako funts propioen balioaren arteko diferentzia positiboa fiskalki kengarriak izan diren narriaduragatiko galerei dagokiela ulertuko da.

Orobat, zerga-oinarrian gehituko dira narriaduragatiko galera horiek, zeinek partaidetzazko entitateen aldetik jasotako dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen zenbatekoa izango baitute, banaketa horrek kontabilitate-sarreraren izaera ez duen kasuetan salbu.

Zenbaki honetan xedatutakoa ez da aplikatuko partaidetza-balioaren narriaduragatiko galeretan, baldin eta horiek mozkinetako partaidetzen edo dibidenduen banaketaren arabera zehaztuta badaude eta barneko zergapetze bikoitzagatiko kenkariaren aplikazioa eragin ez badute, edo galera horiek nazioarteko zergapetze bikoitzagatiko kenkarien esparruan fiskalki kengarriak izan ez badira.

2.Merkatu arautu batean kotizatzen duten eta 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko 12. artikuluaren 3. zenbakia aplikatu ez zaien entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatik izandako galeren itzulketa balio horiek berreskuratzen diren zergaldiko sozietateen gaineko zergaren oinarrian txertatuko da, kontabilitate-esparruan.

3.Edonola ere, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan sozietateen gaineko zergaren oinarrian fiskalki kengarriak izan diren entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatiko galeren itzulketa 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lehenengo bost zergaldietako bakoitzari dagokion zerga-oinarrian txertatuko da, gutxienez zati berdinetan.

Baldin eta xedapen honen 1. edo 2. zenbakian jasotakoa aplikatzeagatik zenbateko handiago bat itzultzen bada, geratzen den saldoa gainerako zergaldietan txertatuko da zati berdinetan.

Hala ere, aipatutako zergaldietan entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzaren balore adierazgarriak eskualdatzen badira, eskualdaketa gertatu zeneko zergaldiaren zerga-oinarrian txertatuko dira itzultzeke dauden kopuruak, eskualdaketa horretatik eratorritako errenta positiboaren mugarekin betiere.

4.Establezimendu iraunkor batek lortutako errenta negatibo garbiak entitatearen zerga-oinarrian txertatu badira 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan, lege honetako 22. artikuluan aurreikusitako salbuespena edo

31.artikuluan adierazitako kenkaria gerora lortutako errenta positiboei bakarrik aplikatuko zaie, errenta negatibo horien zenbatekoa gainditzen duten unetik aurrera.

5.Establezimendu iraunkor bat 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan eskualdatuz gero, Espainiako lurraldean egoiliar den entitate eskualdatzailearen zerga-oinarria handitu egingo da, hau bezainbeste: establezimendu iraunkorrak 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan sortutako errenta negatibo garbiek data horretatik aurrera hasitako zergaldietan establezimendu iraunkorrak sortutako errenta positibo garbien gainean egindako gaindikina bezainbeste; betiere, entitatearen eskualdaketatik eratorritako errenta positiboaren mugarekin.

6.Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bategineko 50. artikuluan aurreikusitako salbuespen-araubidea –2015eko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietarako indarrean zen idazketari jarraikiz– aukeratu duten aldi baterako enpresa-elkarteen kasuan, atzerrian errenta negatibo garbiak lortu badituzte eta horiek entitate kideen zerga-oinarrian txertatu badira 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan, aldi baterako elkarteak errenta positiboak lortzen baditu ondoz ondoko hurrengo ekitaldietan, enpresa kideek zeinu positiboz sartu beharko dute beren zerga-oinarrian lehendik egotzitako errenta negatiboa, betiere errenta positibo horien zenbatekoaren mugarekin.

Arau bera aplikatuko da atzerriko obretan, zerbitzuetan eta horniduretan parte hartzen duten entitateen kasuan, adierazitako salbuespen-araubideari atxikitako aldi baterako enpresa-elkarteen antzeko lankidetza-formulak erabiltzen direnean.

7.Lege honetako VII. tituluko VII. kapituluan zehaztutako zerga-araubide bereziaren araberako berregituratze-eragiketen kasuan:

a)Bazkideak lurralde espainiarreko egoiliar izateari uzten badio, lege honen

80.artikuluko 4. zenbakiak eta 81. artikuluko 3. zenbakiak aipatzen duten diferentzia zuzendu egingo da, egoki bada, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan fiskalki kengarriak izan diren balio narriaduragatiko galeren zenbatekoa bezainbeste.

b)Lege honetako 84. artikuluko 2. zenbakian aurreikusitakoaren ondorioetarako, entitate eskualdatzaileak galerak izan baditu eta, horien ondorioz, entitate eskuratzaileak edo beste entitate batek entitate eskualdatzailearen kapitalean duen partaidetzak balioa galdu badu, galera horiei dagozkien zerga- oinarri negatiboak ezingo dira inoiz konpentsatu entitate horiek Merkataritza Kodearen 42. artikuluan adierazten den sozietate-multzo bati dagozkionean, horien egoitzaren kokapena eta urteko kontu bateratuak formulatzeko betebeharra dena dela, balio-galera horiek 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan gertatu badira.

8.Lege honetako 26. artikuluko 1. zenbakiko lehenengo paragrafoan zehaztutako muga ez da aplikagarria izango xedapen iragankor honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatuz zerga-oinarrian txertatu diren narriaduragatiko galeren itzulketari dagozkion errenten zenbatekoan, betiere konpentsatu nahi diren zerga-oinarri negatiboak sortu diren zergaldian kendutako narriaduragatiko galerek epe horretako gastu kengarrien ehuneko 90 ordezkatzen dutenean, gutxienez. Entitateak 2013. urteko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako hainbat alditan sortutako zerga-oinarri negatiboak baditu, betekizun hori bete ahal izango da zergaldi horietako gastu kengarri guztien kontaketa erantsia kontuan hartuta.»

Hiru. Hogeita hamaseigarren xedapen iragankorra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Hogeita hamaseigarren xedapen iragankorra. Zerga geroratuei dagozkien aktiboen eta zerga-oinarri negatiboen konpentsaziorako muga 2016. urterako.

2016. urtean hasitako zergaldien ondorioetarako, lege honen hamabosgarren xedapen gehigarria aplikatu ezin zaien zergadunentzat, lege honetako 11. artikuluko

12.zenbakian, 26. artikuluko 1. zenbakiaren lehen paragrafoan, 62. artikuluko 1. zenbakiko e) letran eta 67. artikuluko d) eta e) letretan zehaztutako mugak ehuneko

60izango dira, betiere agindu horietan, kasuan-kasuan, zehaztutako baldintzei jarraikiz.»

Bigarrena. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldien ondorioetarako, honako aldaketa hauek egiten dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legean:

Bat. 11. artikuluaren 10. zenbakia aldatzen da, zeina honela geratzen baita idatzita, eta 11. zenbakia indargabetzen da:

«10. Entitateen funts propioetako edo kapitaleko partaidetzaren balore adierazgarriak eskualdatzetik errenta negatiboak eratortzen direnean, eta eskuratzailea sozietate-talde bereko entitate bat denean –Merkataritza Kodearen 42. artikuluan zehaztutako irizpideei jarraikiz–, egoitza non duten eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra alde batera utzita, errenta negatibo horiek ondare- elementuak sozietate-taldekoa ez den hirugarren bati eskualdatzen zaizkion zergaldian egotziko dira, edo, bestela, entitate eskualdatzaileak edo eskuratzaileak sozietate-taldearen kide izateari uzten dion momentuan, eta hirugarrenei egindako

eskualdaketaren bidez lortutako errenta positiboak kenduko zaizkio, baldin eta eskualdatutako baloreei dagokienez inguruabar hauek ematen badira:

a)Eskualdaketa egin den egunaren aurreko urtean zehar, inoiz ez betetzea lege honen 21. artikuluaren 1. zenbakiko a) letran ezarritako betekizuna, eta

b)Espainiako lurraldean egoiliar ez diren entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzen kasuan, eskualdaketa egiten den zergaldian artikulu honetako 1. zenbakiko b) letran ezarritako betekizuna betetzea.

Zenbaki honetan xedatutakoa aplikatuko da, orobat, aldi baterako enpresa- elkarte batean edo atzerrian kokatutako haren antzeko lankidetza-formetan partaidetzak eskualdatzen badira.

Zenbaki honetan xedatutakoa ez da aplikagarria izango partaidetzazko entitatea azkentzen bada, salbu eta azkentzea berregituratze-eragiketa baten ondorioz gertatzen bada edo beste edozein forma juridiko erabilita jarduerarekin segitzen bada.»

Bi. 13. artikuluaren 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Ez dira kengarriak izango:

a)Ibilgetu ez-materialaren, higiezinetako inbertsioen eta ibilgetu materialaren narriadurak eragindako galerak, merkataritza-funtsa barne.

b)Entitateen funts propioetako edo kapitaleko partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatik izandako galerak, inguruabar hauek gertatzen badira:

1.a Narriadura erregistratzen den zergaldian ez betetzea lege honen 21. artikuluaren 1. zenbakiaren a) letran ezarritako betekizuna, eta

2.a Espainiako lurraldean egoiliar ez diren entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzen kasuan, aipatutako artikuluaren 1. zenbakiko b) letran ezarritako betekizuna betetzea zergaldi horretan.

c)Zorraren balore adierazgarrien narriaduragatiko galerak.

Zenbaki honetan adierazitako narriaduragatiko galerak kengarriak izango dira lege honetako 20. artikuluan zehaztutako terminoetan. Aurreko b) letran jasotako kasuan, galerak kengarriak izango dira, baldin eta adierazitako inguruabarrak partaidetza eskualdatu den egunaren edo baja eman den egunaren aurreko urtean zehar gertatzen badira.»

Hiru. 15. artikuluari k) eta l) letrak eransten zaizkio, eta honela geratzen dira idatzita:

«k) Entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatik izandako galerak, honako inguruabarren bat ematen bada:

1.a Narriadura erregistratzen den zergaldian lege honen 21. artikuluan ezarritako betekizunak betetzea, edo

2.a Espainiako lurraldean egoiliar ez diren entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzen kasuan, zergaldi horretan ez betetzea lege honen 21. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran ezarritako betekizuna.

l)Arrazoizko balioaren irizpidea aplikatzeagatik sortutako balio-gutxitzeak, aurreko letran jasotako entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzen balore adierazgarriei dagozkienak, galera-irabazien kontuan egozten badira, salbu eta, aldez aurretik, hala badagokio, zenbateko bereko balore homogeneoen balio- gehikuntza sartu bada zerga-oinarrian.»

Lau. 17. artikuluaren 1. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Ondare-elementuak baloratzeko, Merkataritza Kodean aurreikusitako irizpideak hartuko dira kontuan, eta lege honetan zehaztutako aginduak aplikatuz zuzenduko dira.

Dena den, arrazoizko balioaren irizpidea aplikatzeagatik sortutako balio- aldakuntzek ez dute zerga-ondoriorik izango, ez badira galera-irabazien kontuan egotzi behar, hargatik eragotzi gabe lege honen 15. artikuluaren l) letran adierazitakoa. Kontabilitateko errebalorizazioen zenbatekoa ez da zerga-oinarrian sartuko, errebalorizazio horiek beren zenbatekoa galera-irabazien kontuan sartzera behartzen duten legezko edo erregelamenduzko arauak direla-eta burutzen direnean izan ezik. Zerga-oinarrian sartu gabeko errebalorizazioaren zenbatekoak ez du ekarriko elementu errebalorizatuen balio handiagoa, zerga ondorioetarako.»

Bost. IV. tituluko IV. kapituluaren izenburua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«IV. KAPITULUA

Salbuespena establezimendu iraunkorren eta entitateen funts propioetako balore

adierazgarrietan»

Sei. 21. artikuluaren izenburua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«21. artikulua. Egoitza Espainiako lurraldean duten zein ez duten entitateen funts propioetako balore adierazgarriak eskualdatzearen ondorioz sortutako errenten eta dibidenduen gaineko salbuespena.»

Zazpi. 21. artikuluaren 1. zenbakiaren b) letra eta 4., 6., 7. eta 8. zenbakiak aldatzen dira, zeinak honela idatzita geratzen baitira, eta 9. zenbakia indargabetzen da –ondorioz, orain arteko 8. zenbakia 9.a izango da aurrerantzean–:

«1. (...)

b)Gainera, egoitza Espainiako lurraldean ez duten entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzen kasuan, partaidetzazko entitatea zerga honen berdina edo antzekoa den atzerriko zerga baten bidez zergapetua eta salbuetsi gabea egon behar izan da, haren tasa nominala gutxienez ehuneko 10 izanik banatutako edo parte hartutako mozkinak lortu diren ekitaldian, baita horiei edonolako salbuespen, hobari, murrizketa edo kenkariak aplikatu behar bazaizkie ere.

Ondorio horietarako, aintzat hartuko dira partaidetzazko entitateak lortutako errenta kargatzea helburu izan duten atzerriko tributuak, tributuaren xedea errenta, sarrerak edo errentaren edozein elementu adierazle den kontuan hartu gabe.

Baldintza hori bete dela ulertuko da partaidetzazko entitatea Espainiarekin nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen bat sinatu duen herrialde bateko egoiliarra denean, baldin eta hitzarmena aplikatzekoa bada eta informazioa trukatzeko klausula badu.

Baldintza ez da betetzat joko partaidetzazko entitatearen egoitza paradisu fiskaltzat jotzen den herrialde edo lurralde batean badago, kasu honetan izan ezik: Europar Batasuneko estatu kide bateko egoiliar izanik, zergadunak frogatzen badu entitatea eratzeko eta jarduteko arrazoi ekonomiko baliozkoak izan dituela eta jarduera ekonomikoak egiten dituela.

Partaidetzazko entitate ez-egoiliarrak dibidenduak, mozkinetako partaidetzak edo entitateen kapitaleko edo funts propioetako balore adierazgarriak eskualdatzetik sortutako errentak eskuratzen dituenean, errenta horiei salbuespena aplikatzeko,

gutxienez zeharkako partaidetzazko entitateak bete beharko du letra honetan aurreikusitako betekizuna.

Egoitza Espainiako lurraldean izan zein ez, partaidetzazko entitateak bi entitateren edo gehiagoren funts propioetako edo kapitaleko balore adierazgarriak eskualdatzean sortutako errentak, mozkinetako partaidetzak edo dibidenduak eskuratzen baditu eta entitate horietako batek edo batzuek bakarrik betetzen badituzte aurreko a) letran edo a) eta b) letretan jasotako betekizunak, salbuespena honi aplikatuko zaio: betekizunak betetzen dituzten entitateen eskutik zergadunak jasotako mozkinetako partaidetzen edo dibidenduen zatiari.

Dibidenduen edo mozkinetako partaidetzen banaketak fiskalki kengarria den gastua eragiten badio entitate ordaintzaileari, dibidendu edo mozkinetako partaidetza horien zenbatekoari ez zaio aplikatuko zenbaki honetan ezarritako salbuespena.

Artikulu hau aplikatzeko, erreserbak banatzean, sozietatearen akordioan jasotako izendapenari kasu egingo zaio eta, horren ezean, erreserba horietara ordaindutako azken kopuruak hartuko dira aplikatutzat.»

«4. Honako kasu hauetan, aurreko zenbakian aurreikusitako salbuespena aplikatzeak berezitasun hauek izango ditu:

a)Entitateko partaidetza lege honetako VII. tituluko VII. kapituluko araubide bereziko arauen arabera baloratua izan denean eta arau horiek aplikatzeak berekin ekarri duenean zerga honen edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren oinarrian errentarik ez txertatzea, baldin eta errenta horiek honako hauen ondoriozkoak badira:

1.a Artikulu honen 1. zenbakiko a) letran ezarritako betekizuna edo, osorik nahiz partzialki ekitaldi batean gutxienez, b) letran ezarritakoa betetzen ez duen entitate bateko partaidetzaren ekarpena.

2.a Entitateen funts propioetako edo kapitaleko partaidetzak ez diren beste ondare-elementu batzuetako ez-diruzko ekarpena.

Halakoetan, salbuespena ez zaio aplikatuko ekarpen-eragiketaren ondorioz entitate eskualdatzailean geroratu den errentari, salbu eta egiaztatzen bada entitate eskuratzaileak errenta hori bere zerga-oinarrian txertatu duela.

b)Entitateko partaidetza lege honetako VII. tituluko VII. kapituluko araubide bereziko arauen arabera baloratua izan denean eta arau horiek aplikatzeak berekin ekarri duenean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren oinarrian errentarik ez txertatzea, baldin eta errenta horiek entitateetako partaidetzen ekarpenaren ondoriozkoak badira.

Halakoetan, partaidetzak ekarpen-eragiketa egin zen egunaren ondorengo bi urteen barruan eskualdatuz gero, salbuespena ez zaio aplikatuko entitate eskuratzaileak jasotako partaidetzen balio fiskalaren eta eskuratze-unean duten merkatuko balioaren arteko diferentzia positiboari, salbu eta egiaztatzen bada pertsona fisikoek epe horren barruan eskualdatu dutela entitateko beren partaidetza.»

«6. Ez dira zerga-oinarrian txertatuko entitate bateko partaidetza eskualdatzetik sortutako errenta negatiboak, baldin eta hauetako inguruabarren bat ematen bada:

a)Artikulu honen 3. zenbakian aurreikusitako betekizunak betetzea. Hala ere, eskurapen-balioaren edo partaidetzaren ehunekoari dagokion betekizuna –kasuan kasukoa–betetzat joko da eskualdaketa egin zen egunaren aurreko urteko edozein unetan betetzen bada.

b)Espainiako lurraldean egoiliar ez diren entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzen kasuan, ez betetzea lege honen 21. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran ezarritako betekizuna.

Betekizunak partzialki betetzen badira, artikulu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz, zenbaki honetan xedatzen dena partzialki aplikatuko da.»

«7. Entitateetako partaidetzen eskualdaketatik eratorritako errenta negatiboak zerga-oinarrian sartzen badira aurreko zenbakian adierazitako inguruabarrik gertatzen ez delako, errenta horiek berezitasun hauek izango dituzte:

a)Aurretik beste entitate batek eskualdatu badu partaidetza eta entitate horrek Merkataritza Kodeko 42. artikuluan azaltzen diren inguruabarrak betetzen baditu zergadunarekin batera sozietate-talde bereko kide izateko, egoitza non duen eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra alde batera utzita, errenta negatibo horiei aurreko eskualdaketan sortu den errenta positiboaren zenbatekoa kenduko zaie, baldin eta errenta positibo horri salbuespen- edo kenkari-araubidea aplikatu bazaio zergapetze bikoitza kentzearren.

b)Errenta negatiboen zenbatekoa murriztu egingo da, hala badagokio, 2009. urtean hasitako zergaldiaren ostean partaidetzazko entitatearengandik jasotako mozkinetako partaidetzen edo dibidenduen zenbatekoa bezainbeste, betiere mozkinetako partaidetza edo dibidendu horiek eskurapen-balioa murriztu ez badute eta artikulu honetako 1. zenbakian aurreikusitako salbuespena aplikatzeko eskubidea izan badute.»

«8. Partaidetzazko entitatea azkentzeagatik sortutako errenta negatiboak fiskalki kengarriak izango dira, salbu eta entitatea berregituratze-eragiketa baten ondorioz azkendu bada.

Halakoetan, errenta negatiboen zenbatekoa murriztu egingo da, azkentze- dataren aurreko hamar urteetan partaidetzazko entitatearengandik jasotako mozkinetako partaidetzen edo dibidenduen zenbatekoa bezainbeste, betiere mozkinetako partaidetza edo dibidendu horiek eskurapen-balioa murriztu ez badute eta zergapetze bikoitza kentzearren haren zenbatekoari dagokionez salbuespen- edo kenkari-araubidea aplikatzeko eskubidea izan badute.»

Zortzi. 22. artikuluaren 1., 2. eta 6. zenbakiak aldatzen dira, zeinak honela idatzita geratzen baitira, eta 7. zenbakia indargabetzen da:

«1. Atzerrian eskuratutako errenta positiboak salbuetsita egongo dira, Espainiako lurraldetik kanpo kokatuta dagoen establezimendu iraunkor baten bitartez eskuratu badira eta establezimendu hori zerga honen berdina edo antzekoa den beste zerga baten bidez zergapetua eta salbuetsi gabea egon bada gutxienez ehuneko 10eko interes-tasarekin, aurreko artikuluko 1. zenbakiko terminoetan.

Salbuetsita egongo dira, orobat, establezimendu iraunkor baten eskualdaketatik edo jarduera-bukaeratik eratorritako errenta positiboak, baldin eta adierazitako tributazio-betekizuna betetzen bada.

2.Establezimendu iraunkor baten bidez atzerrian lortutako errenta negatiboak ez dira zerga-oinarrian sartuko.

Ez dira sartuko ere establezimendu iraunkor baten eskualdaketatik eratortzen diren errenta negatiboak.

Nolanahi ere, establezimendu iraunkorraren jarduera bukatzeagatik sortzen diren errenta negatiboak fiskalki kengarriak izango dira. Halakoetan, errenta negatiboen zenbatekoa murriztu egingo da, aurretik lortutako errenta positibo garbien zenbatekoa bezainbeste, zergapetze bikoitza kentzearren haren zenbatekoari dagokionez salbuespen- edo kenkari-araubidea aplikatzeko eskubidea izan badute.»

«6. Artikulu honetan aurreikusitako araubidea ez da aplikatuko, atzerrian lortutako errentei dagokionez aurreko artikuluko 9. zenbakian aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean. Zenbaki horretako c) letran aipatzen den aukera

Espainiako lurraldetik kanpo dagoen establezimendu iraunkor bakoitzeko gauzatuko da, baita herrialde bakar baten lurraldean bat baino gehiago daudenean ere.»

Bederatzi. 31. artikuluaren 1. eta 4. zenbakiak aldatzen dira, zeinak honela idatzita geratzen baitira, eta 5. zenbakia indargabetzen da:

«1. Zergadunaren zerga-oinarrian atzerrian lortu eta kargatutako errenta positiboak sartzen direnean, kuota osotik honako bi kopuru hauetako txikiena kenduko da:

a)Zerga honen berdina edo antzekoa den karga dela-eta atzerrian ordaindutako benetako zenbatekoa.

Ez dira kenkaritzat hartuko salbuespen, hobari edo beste edozein zerga-onura dela-eta ordaindu ez diren zergak.

Zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen bat aplikagarria bada, kenkaria ez da izango hitzarmena dela-eta aplikatu beharreko zerga baino handiagoa.

b)Errenta horiek Espainiako lurraldean lortu izatera, haiengatik Espainian ordaindu beharko zen kuota osoaren zenbatekoa.»

«4. Atzerrian establezimendu iraunkor baten bidez lortutako errentak zehazteko, lege honen 22. artikuluko 5. zenbakian xedatutakoa beteko da.»

Hamar. 32. artikuluaren 6. eta 7. zenbakiak indargabetzen dira. Hamaika. 88. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Lege honen 79., 80.2 eta 87. artikuluetan ezarritako balorazio-arauak aplikatuta zergapetze bikoitza gerta ez dadin, ekarpeneko ondasunei egotz dakizkiekeen errenten kargura banatutako mozkinek dibidenduen gaineko salbuespenerako eskubidea emango dute, bazkidearen partaidetza-ehunekoa eta antzinatasuna edozein izanik ere.

Irizpide bera aplikatuko da partaidetzaren eskualdaketatik edo beste edozein sozietate-eragiketatik sortutako errenten kasuan, baldin eta, aldez aurretik, ekarpeneko ondasunei egotz dakizkiekeen errentak entitate eskuratzailearen zerga- oinarrian sartu badira.

2.Zergapetze bikoitza saihestea ezinezkoa izan bada, entitate eskuratzaileak, azkentzen den unean, lege honen 79., 80.2 eta 87. artikuluetan jasotako balorazio- arauak aplikatuz egindakoen kontrako zeinua duten doikuntzak egingo ditu. Entitate eskuratzaileak kontrako zeinuko doikuntza horiek egin ahal izango ditu azkendu aurretik, baldin eta frogatzen bada bazkideek beren partaidetza eskualdatu dutela, eta betiere eskualdaketa hori dela-eta beren zerga-oinarrian sartu den zenbatekoaren mugarekin.»

4.artikulua. Ondarearen gaineko zerga 2017ko ekitaldian.

2017ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin eta indarraldi mugagabearekin, Ondarearen gaineko Zerga Aldi Baterako Berrezartzen duen irailaren 16ko 13/2011 Errege Lege Dekretuaren artikulu bakarraren bigarren zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Bigarrena. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako aldaketa hauek sartzen dira Ondarearen gaineko Zergaren ekainaren 6ko 19/1991 Legean:

Bat. 33. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

33.artikulua. Kuota osoaren hobari orokorra.

Zergak ordaintzeko betebehar pertsonala edo erreala dela eta, subjektu pasiboei ehuneko 100eko hobaria aplikatuko zaie zergaren kuota osoaren gainean.

Bi. 6., 36., 37. eta 38. artikuluak indargabetzen dira.»

5.artikulua. Zerga Berezien abenduaren 28ko 38/1992 Legea aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Zerga Berezien abenduaren 28ko 38/1992 Legean:

Bat. 23. artikuluaren 5. eta 6. zenbakiak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«5. Tarteko produktuen gaineko zerga honako zerga-tasa hauen arabera eskatuko da Kanarietan:

a)Tarteko produktuak, lortutako alkohol-graduazio bolumetrikoa ez delarik bolumenaren 100eko 15 baino handiagoa: 30,14 euro, hektolitroko.

b)Gainerako tarteko produktuak: 50,21 euro, hektolitroko.

6.Alkoholaren eta edari deribatuen gaineko zergak, Kanarietan, honako tasa hau izango du, ezertan eragotzi gabe lege honen 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoa: 750,36 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko.»

Bi. 34. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«34. artikulua. Zerga-tasa.

23.artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, honako tasa hauetan eskatuko da zerga:

1.Tarteko produktuak, lortutako alkohol-graduazio bolumetrikoa ez delarik bolumenaren 100eko 15 baino handiagoa: 38,48 euro, hektolitroko.

2.Gainerako tarteko produktuak: 64,13 euro, hektolitroko.»

Hiru. 39. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«39. artikulua. Zerga-tasa.

Honako tasa hau izango du zergak, ezertan eragotzi gabe 23., 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoa: 958,94 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko.»

Lau. 40. artikuluaren 2. zenbakiko a) eta b) letretako 5. puntua eta 4. zenbakia aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«40. artikulua. Destilazio ez-industrialaren araubidea.

[…]

a)Destilazio ez-industrialaren araubideko lehen tarifa.

[…]

5.a Karga-tasa. Honako tasa hau izango du zergak: 839,15 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko. Zerga Kanarietan eskatu behar denean, honako hau izango da tasa: 653,34 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko. Zenbaki honetan xedatutakoak ez du ezertan eragozten 41. artikuluan ezarritakoa.

b)Destilazio ez-industrialaren araubideko bigarren tarifa.

[…]

5.a Karga-tasa. Honako tasa hau izango du zergak: 839,15 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko. Zerga Kanarietan eskatu behar denean, honako hau izango da tasa: 653,34 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko. Zenbaki honetan xedatutakoak ez du ezertan eragozten 41. artikuluan ezarritakoa.

[…]

4.Destilatzaile txikiek beste estatu kide batzuetan egindako edari deribatuak sartzea.

Beste estatu kide batzuetako ekoizle independenteek, urtean 10 hektolitro alkohol puru baino gehiago ekoizten ez dutenek, egindako edari deribatuei honako tasa hau aplikatuko zaie: 839,15 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko. Zerga Kanarietan eskatu behar denean, honako hau izango da tasa: 653,34 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko.»

Bost. 41. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«41. artikulua. Ardogileen araubidea.

Destilazio ez-industrialeko araubidean lortutako edari deribatuak fabrikatik, zuzenean, ardogileen kontsumora bideratzen direnean, erregelamenduz ezartzen diren moduan eta baldintzetan, honako zerga-tasa hau aplikatuko zaie: 226,36 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko. Zerga Kanarietan eskatu behar denean, honako hau izango da tasa: 175,40 euro, alkohol puru hektolitro bakoitzeko. Tasa horiek edari-kantitate mugatu honi aplikatuko zaizkio: 16 litro alkohol puru, ardogileko eta urteko.»

Sei. 60. artikuluaren 1. zenbakiko 2. eta 3. epigrafeak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«2. epigrafea. Zigarretak: hurrengo paragrafoa aplikatu behar denean izan ezik, zerga-tasa hauek aplikatuko zaizkie zigarretei, aldi berean eta biak batera:

a)Tasa proportzionala: 100eko 51.

b)Tasa espezifikoa: 24,7 euro, 1.000 zigarretako.

Zergaren zenbatekoak ezin du izan 1.000 zigarretako 131,5 euroko tasa bakarra baino txikiagoa, eta gehienez 141 eurokoa izango da zigarretei 1.000 zigarretako 196 eurotik beherako publikoarentzako salmenta-prezioa jartzen zaienean.

3.epigrafea. Biltzeko tabako xehea: hurrengo paragrafoa aplikatu behar denean izan ezik, zerga-tasa hauek aplikatuko zaizkio biltzeko tabako xeheari, aldi berean eta biak batera:

a)Tasa proportzionala: 100eko 41,5.

b)Tasa espezifikoa: 23,5 euro, kilogramoko.

Zergaren zenbatekoak ezin du izan kilogramoko 98,75 euroko tasa bakarra baino txikiagoa, eta gehienez 102,75 eurokoa izango da biltzeko tabako xeheari kilogramoko 165 eurotik beherako publikoarentzako salmenta-prezioa jartzen zaionean.»

6.artikulua. Abenduaren 17ko 58/2003 Tributuen Lege Orokorra aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira abenduaren 17ko 58/2003 Tributuen Lege Orokorrean:

Bat. 60. artikuluaren 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Zerga-zorra gauzen bidez ordaintzea onar daiteke borondatezko epean edo epe exekutiboan, baldin eta legerik badago aukera hori espresuki xedatzen duena, eta betiere erregelamendu bidez ezarritako termino eta baldintzetan.

Ostera, ez da onartuko gauzen bidez ordaintzea, lege honen 65.2 artikuluaren arabera zerga-zorrak geroraezinak diren kasuetan. Paragrafo honetan aipatzen diren gauzen bidezko ordainketarako eskabideak ezetsi egingo dira.»

Bi. 65. artikuluaren 2. zenbakia aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Honako zerga-zor hauek ezin izango dira geroratu edo zatikatu:

a)Efektu tinbratuen bidez ordainarazten direnak.

b)Atxikitzaileak edo konturako sarrerak egiteko betebeharra duenak bete behar dituen tributu-betebeharrei dagozkienak.

c)Zergapekoaren konkurtsoaren kasuan, konkurtso-legeriaren arabera masaren kontrako kreditutzat jo behar direnak.

d)Lege honen VII. tituluan araututako Estatuko laguntzak berreskuratzeko erabakiak betearaztearen ondoriozkoak.

e)Errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratibo batean edo administrazioarekiko auzi-errekurtso batean eman diren ezespen partzialeko edo osoko ebazpen irmoak betearaztearen ondoriozkoak, baldin eta, lehendik, errekurtso edo erreklamazio horiek izapidetzean, etenda geratu baziren.

f)Legez jasanarazi beharreko tributuetatik eratortzen direnak, salbu eta behar bezala justifikatzen bada jasanarazitako kuotak ez direla ordaindu.

g)Sozietateen gaineko zergaren ordainketa zatikatuak egiteko betebeharra duenak bete behar dituen tributu-betebeharrei dagozkienak.

Zenbaki honetako letretan aipatzen diren geroratze- edo zatikatze-eskabideak ezetsi egingo dira.»

7.artikulua. Higiezinen Katastroari buruzko Legearen testu bateginaren 32.2 artikuluaren katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak.

1.Higiezinen Katastroari buruzko Legearen testu bateginaren –martxoaren 5eko 1/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen– 32. artikuluaren 2. zenbakian aipatutako katastro-balioak eguneratzeko koefizienteak koadro honen arabera finkatzen dira 2017rako:

Balio-txostena indarrean jarri zen urtea

Eguneratze-

koefizientea

 

 

 

1984, 1985, 1986, 1987, 1988, 1989 eta 1990

1,08

1994

1,07

1995

1,06

1996

1,05

1997, 1998, 1999 eta 2000

1,04

2001, 2002 eta 2003

1,03

2005, 2006, 2007, 2008 eta 2009

0,92

2010

0,90

2011

0,87

 

 

Aurreko atalean jasotako koefizienteak irailaren 29ko HAP/1553/2016 Aginduan agertzen diren udalerriei aplikatuko zaizkie, honela:

a)Higiezinen katastroan jasotako datuen arabera baloratutako ondasun higiezinak direnean, ondasun horiei 2016rako esleitutako balioaren gainean aplikatuko da koefizientea.

b)2016ko ekitaldian jakinarazitako katastro-balioak direnean, aipatutako ekitaldian onartutako balio-txosten partzialak aplikatuz lortuak, balio horien gainean aplikatuko da koefizientea.

c)Higiezinen katastroan jasota dauden datuen arabera beren ezaugarriak aldatu dituzten ondasun higiezinak direnean, baldin eta aldaketa horiek ez badute eraginkortasunik izan, Katastroaren Zuzendaritza Nagusiak, egoera berriak aintzat hartuta, higiezin horiei

esleitu dien balioaren gainean aplikatuko da koefizientea, udalerriko gainerako ondasun higiezinen katastro-balioak finkatzeko oinarritzat hartutako moduluak aplikatuta.

8.artikulua. Konpentsazioa, Kanarietan ETZOa kentzeagatik.

ETZOa kentzeagatik Kanarietako Autonomia Erkidegoak Estatuari eman beharreko konpentsazioaren eteteak –Estatuaren Administrazioaren eta Kanarietako Autonomia Erkidegoaren Transferentzien Batzorde Mistoaren 2015eko azaroaren 16ko Erabakiaren hirugarren zenbakian jasoa– 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, sortzapenari dagokionez.

II. KAPITULUA

Arlo sozialeko neurriak

9.artikulua. Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazioaren gehieneko mugaren eta gehieneko kotizazio-oinarrien eguneratzea.

Gizarte Segurantzako kotizazio-oinarriaren gehieneko mugak, halakorik ezarrita duten araubideetan, eta horietako bakoitzean aplikatu beharreko gehieneko kotizazio-oinarriak ehuneko 3 handituko dira 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2016. urtean indarrean zeudenekin alderatuta.

10.artikulua. Etorkizuneko gehikuntzak, Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazioaren gehieneko mugan, gehieneko kotizazio-oinarrietan eta pentsioen gehieneko mugan.

Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazio-oinarriaren gehieneko mugan, gehieneko kotizazio-oinarrietan eta sistema horretako pentsioetarako ezarritako gehieneko mugan errege lege-dekretu honetan ezarritakoa baino beranduago egin behar diren gehikuntzek bat etorri behar dute Toledoko Itunaren Akordioak Jarraitzeko eta Ebaluatzeko Parlamentu Batzorde Iraunkorrak horri buruz emandako gomendioekin eta gizarte-elkarrizketaren esparruan hartutako erabakiekin.

Xedapen gehigarri bakarra. Lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzea 2017rako.

Gobernuak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 27.1 artikuluan jasotakoaren arabera –testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen–, 2017rako lanbide arteko gutxieneko soldata ezarriko du, zeina 2016rako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duen abenduaren 29ko 1171/2015 Errege Dekretuaren bidez ezarri zena baino ehuneko 8 handiagoa izango baita. Horrez gain, Gobernuak erabakiko du gehikuntza horrek nola eragingo dien 2017rako lanbide arteko gutxieneko soldata onartuko duen errege-dekretua indarrean jarri aurretik indarrean zeuden hitzarmen kolektiboetan lanbide arteko gutxieneko soldatari egindako erreferentziei, bai eta estatuarenak ez diren arauetan eta kontratu eta itun pribatuetan egindakoei ere.

Xedapen iragankor bakarra. Geroratze eta zatikatzeen araubide iragankorra.

2017ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako geroratze- edo zatikatze-prozedurek egun hori baino lehen indarrean zegoen araudia beteko dute, amaiera arte.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu honen I. kapitulua Konstituzioaren 149.1.14 artikuluan ezarritakoaren babesean eman da, artikulu horrek Estatuari Ogasun Nagusiaren gaineko eskumena esleitzen baitio.

II.kapitulua, berriz, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluan ezarritakoaren babesean eman da, artikulu horrek Estatuari Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren gaineko eskumen esklusiboa esleitzen baitio.

Xedapen gehigarri bakarra Konstituzioaren 149.1.7 artikuluan ezarritakoaren babesean eman da, artikulu horrek Estatuari lan-legegintzaren arloko eskumen esklusiboa esleitzen baitio, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek hura betearazi ahal izatea.

Azken xedapenetatik bigarrena. Arauak emateko gaikuntza.

Gobernuari, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministroari eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroari gaikuntza ematen zaie, beren eskumenen esparruan, errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta neurriak hartzeko.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, 6. artikulua izan ezik; artikulu hori 2017ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2016ko abenduaren 2an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra