Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

4/2012 Lege Organikoa, irailaren 28koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa aldatzen duena

2012-09-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/9/29, 235. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

12192

4/2012 Lege Organikoa, irailaren 28koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa aldatzen duena.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikus eta irakurtzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondorengo lege organikoa onartu dute, eta Nik berronetsi egin dut.

ZIOEN AZALPENA Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna funtsezko osagaiak dira ekonomian konfiantza izateko, eta, beraz, hazkundea eragiteko eta enpleguak sortzeko.

Hori dela eta, aurrekontu-egonkortasuneko politikari ahalik eta sinesgarritasunik handiena emateko, Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua berritu zen 2011ko irailean. Erreforma horretan, arau fiskal bat sartu zen, egiturazko defizit publikoa mugatzeko eta zor publikoa Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren erreferentzia-balioaren arabera mugatzeko.

Konstituzioaren agindu hori erabat betetzeko, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa onartu zen, honako hiru funtsezko helburu hauekin: herri-administrazio guztien finantza-egonkortasuna bermatzea; Espainiako ekonomiaren egonkortasunaren gaineko konfiantza sendotzea; eta Espainiak aurrekontu-egonkortasunaren arloan Europar Batasunarekin duen konpromisoa sendotzea.

Lege organiko hura onartzearekin mugarri bat ezarri zen, finantza-iraunkortasuna ezarri baitzen herri-administrazio guztien —Estatuko, autonomia-erkidegoetako, tokikorporazioetako nahiz gizarte segurantzako herri-administrazio guztien— ekonomia- eta finantza-jokabidearen printzipio artezletzat.

Hala, gobernuak autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen finantzaketarako hainbat neurri onartu ditu, hala nola finantzaketa-sistemako baliabideen diru-zaintzako aurrerakinak, ICO – autonomia-erkidegoak izeneko lerroa edo Hornitzaileei ordaintzeko Plana, betiere zergen eta finantzen aldetik dagozkien baldintzekin. Mekanismo horien bidez, bigundu egin dira kreditua eskuratzeko baldintza gogorrak herri-administrazioentzat, eta, aldi berean, erraztu egin zaie finantza-beharrizanei erantzuteko modua, kontsolidazio fiskalarekiko konpromisoak indartzearekin batera.

Neurri horiek bideratzeko beharrezkoa da Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aldaketa batzuk egitea, Administrazioen arteko zor publikoaren banaketari eragin zaionez gero eta, horrenbestez, zor berri hau Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoan ezarritako mugei begira nola konputatu behar den argitu beharra dagoenez gero.

Era berean, finantzaketa-neurri gehigarri horiek sartzea eragin zuen finantza-egoerak bere horretan jarraitzen duenez, beharrezkoa da neurriak aplikatzeko ezarritako epemugari malgutasun handiagoa ematea. Horri begira, Aurrekontu Egonkortasun eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren lehenbiziko xedapen gehigarrian aldaketa bat sartu da, eta, hala, Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeari gaitasuna ematen zaio epe horiek luzatzeko.

Era berean, Lege organiko honek lurralde-administrazioen diziplina fiskala eta finantza-diziplina areagotzeko hainbat neurri sartzen ditu, eta haiek informazioa emateko duten obligazioa zabaltzen, batez ere diru-zaintzaren aldetik duten egoerari buruzko informazioa; halaber, zorraren epeei aurre egiteko bermeak indartzen dira.

Lege honek artikulu bakarra du, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa aldatzen duena, eta, horrez gain, xedapen gehigarri bakarra eta bi azken xedapen.

Artikulu bakar horretan, halaber, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren lehenbiziko xedapen gehigarria aldatzen da, Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordearen akordioaren bidez likidotasuneko ezohiko mekanismoez baliatzeko epeak luzatzeko aukera egon dadin.

Artikulu horretan bertan, honako berrikuntza hau dator: likidotasuneko ezohiko mekanismoetan parte hartzen duten autonomia-erkidegoek hilean behin –eta ez, lehen bezala, hiru hilean behin– igorri behar diote informazioa Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari.

Halaber, likidotasunari laguntzeko sortuko diren mekanismo berrietan parte hartzen duten autonomia-erkidegoetako administrazioek doikuntza-planen gauzatzeari buruzko informazio gehigarria bidali beharko diote Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari.

Bidali beharreko informazio berri horretan sartzen da honako hauei buruzko informazio eguneratua: diruzaintza-plana, doikuntza-plana errealitateari egokitzea, hitz emandako objektiboak ez betetzeak dakartzan arriskuak baloratzea, desbideratzeak analizatzea, doikuntza-plana aldatzeko proposamenak. Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak aukeran du doikuntza-planen jarraipena egiteko zerikusia duen informazio guztia eskatzea.

Xedapen gehigarri berria, finantza-zorraren epe-mugak ordaintzeko betebeharrari buruzkoa, eransten zaio Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoari. Xedapen gehigarri horretan ezartzen denez, herri-administrazio guztiek diruzaintza-planak eduki behar dituzte, finantza-zorren epe-mugak ordaintzeko gaitasuna dutela erakusteko. Informazio gehiagarri horren osagarri, zorraren epe-mugak ordaintzeko berme sendoagoak ezartzen dira. Horretarako, ordainketa horiek ez ordaintzea interes orokorrari kalte larria egin ahal dion arrisku-egoera dela joko da, eta Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 26. artikuluan xedatutakoari ekingo zaio.

Beste alde batetik, likidotasuneko ezohiko mekanismoak 2012 urtetik aurrerako ekitaldietarako luzatzeko aukeraren arabera, aldatu egiten da Aurrekontu-egonkortasun eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarria.

Xedapen gehigarri bakarrak zehazten du nola aplikatu behar diren herriadministrazioen zor publikoaren bolumena banatzeko irizpideak Aurrekontu-egonkortasun eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren ondorioetarako.

Azkenik, azken xedapenetan, Gobernuari eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari ahalmena ematen zaie zeinek beren eskumenen eremuan lege hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eta neurriak ezar ditzaten. Halaber, erreforma berehala indarrean sar dadin ere xedatzen da.

Artikulu Bakarra.  Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa aldatzea.

Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa aldatzen da honen bidez. Hona hemen nola geratuko den: Bat.  Lehenbiziko xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Lehenengo xedapen gehigarria.  Autonomia-erkidegoentzako eta tokikorporazioentzako finantza-mekaniso gehigarriak.

1.  Likidotasunari laguntzeko neurri ezohikoak eskatzen dituzten autonomiaerkidegoek eta toki-korporazioek, edo 2012. urtean eskatu izan dituztenek, doikuntza-plan bat adostu beharko dute Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioarekin, aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak beteko direla ziurtatzeko. Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak hala erabakitzen badu, epeak luzatzeko modua izango da, kontuan hartuta autonomia-erkidegoek eta tokiko korporazioek finantza-merkatuetara iristeko zer zailtasun dituzten edo neurri horiek ezohiko eran luzaroagoan ezartzeko beharrizana ekar dezaketen beste inguruabar sozioekonomiko batzuk.

2.  Mekanismo horietarako irispidea izateko, autonomia-erkidegoek edo tokikorporazioek baldintza berezi batzuk onartu beharko dituzte doikuntza-planen gaineko jarraipenaren eta informazioa igortzearen arloan, bai eta mekanismoak abiaraztea xedatzen duten xedapenetan edo akordioetan ezarritako beste batzuk ere; halaber, doikuntza-neurri bereziak ere onartu beharko dituzte, hala balegokio, merkataritza-eragiketetako berankortasunaren kontra borroka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 legean aurrekontu-egonkortasunari, zor publikoaren mugei eta hornitzaileei ordaintzeko betebeharrei buruz ezarritako helburuak iristeko.

3.  Doikuntza-plana publikoa izango da, eta adostutako neurriak onartzeko, abiarazteko eta gainbegiratzeko egutegi zehatz bat izango du. Ezarritako egutegia betez gero, zatika ordainduko da finantza-laguntza.

4.  Doikuntza-plana indarrean den bitartean, administrazio erantzuleak informazioa bidaliko dio hiru hilean behin Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari, guztiek jakin dezaten, honako hauei buruz:

a)  Zer abal publiko jaso dituzten eta zer kreditu-eragiketa edo -lerro kontratatu dituzten, honako datu hauek emanez: erakundea, kredituaren zenbatekoa guztira eta zer kreditu-zenbateko erabili den.

b)  Zer zor komertzial hartu duten beren gain, antzinatasunaren eta epe-mugen arabera sailkatuta. Era berean, hornitzaileei egin beharreko ordainketak errazte aldera kreditu-erakundeekin hitzartutako kontratuen gaineko informazioa ere jasoko da bertan.

c)  Deribatuekin egindako eragiketak.

d)  Beste edozein pasibo.

5.  Autonomia-erkidegoak edo toki-korporazioak doikuntza-plana igorri ezean, edo planak kontrako iritzia jasoz gero, edo plana bete ezean, 25. eta 26. artikuluetan Ekonomia eta Finantza Plana hutsegiten direnerako ezarritako ertsatze-neurriak aplikatuko dira.

6.  Tokiko korporazioek, urtean behin, doikuntza-plana nola bete den azaltzeko kontu-hartzaileak egindako txosten bat aurkeztu beharko diote Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari.

Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. eta 135. artikuluetan zehaztutako eremu subjektiboan sartzen diren tokiko erakundeen kasuan, txosten hori hiru hilean behin aurkeztu beharko da.

Autonomia-erkidegoek, hilean behin, 4. paragrafoan aurreikusitako informazioa bidali beharko dute kontu-hartzailetza orokorraren bitartez edo unitate baliokidearen bitartez, eta, horrez gain, zeinek bere doikuntza-planaren betearazteari buruzko informazio eguneratua ere bai, honako gai hauei buruz, gutxienez:

a)  Aurrekontua gastuen eta diru-sarreren kapituluetan hilez hil nola gauzatu den erakusten duen informazioa.

b)  Doikuntza-plana errealitateari egokitua, eta abian diren neurrien balorazioa.

c)  Doikuntza-planaren aplikazioarekin lortu nahi diren helburuak betetzea dela-eta epe laburrean eta epe ertainean izango diren arriskuen balorazioa.

Bereziki, likidotasunaren aurreikuspenak eta zorpetze-beharrizanak analizatuko dira.

d)  Doikuntza-plana betetzean gertatutako desbideratzeen analisia.

e)  Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren helburuak betetzearren doikuntza-planean egin beharreko aldaketen gaineko gomendioak, hala balegokio.

f)  Diru-zaintzako planaren gaineko informazio eguneratua.

Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak izango du eskumena doikuntzaplanen jarraipena egiteko, eta, horretarako, bere esku izango du garrantzizkoa izan daitekeen informazio guztia eskatzea. Nolanahi ere, gero, balorazio horren berri emango dio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari. Halaber, hitzartutako zorpetze-eragiketen ondoriozko diru-zenbatekoak ordainduko direla bermatzearren, bere esku izango du zorpetze-eragiketa horiek Estatuaren Administrazio Orokorreko Kontu-hartzailetzaren kontrolpean jar daitezen erabakitzea –Estatuko Kontuhartzailetza Orokorrak erabakiko dituen edukiarekin eta helmenarekin, betiere–.

Erabaki hori, hala ere, doikuntza-planen jarraipenarei buruzko txostenetatik ondorioztatzen den arriskuaren arabera edo 2. paragrafoan aipatzen den betetzemailaren arabera izango da. Kontrol-jarduerak egin ahal izateko, Estatuko Administrazio Orokorreko Kontu-hartzailetzak bere esku izango du beste organo publiko batzuen lankidetza eskatzea, eta, autonomia-erkidegoetan egin beharreko kontrol-jardueren kasuan, hitzarmenak egitea haietako Kontuhartzailetza Orokorrekin.

Toki-korporazioen kontrol-jardueren kasuan, Estatuko Administrazio Orokorreko Kontu-hartzailetzak aukeran izango du auditoria-enpresa pribatuen lankidetzaz baliatzea. Enpresa horiek Estatuko Administrazio Orokorreko Kontu-hartzailetzak ezarriko dituen arauak eta jarraibideak bete beharko dituzte. Kontrol jarduera horietarako finantzaketa likidotasunari laguntzeko ezohiko neurriak hornitzeko baliatzen diren funts berberen kontura izango da.» Bi.  Beste xedapen gehigarri bat, laugarrena, eransten zaio. Hona hemen xedapen hori:

«Laugarren xedapen gehigarria.  Finantza-zorren epe-mugak ordaintzeko betebeharra betetzea.

1.  Herri-administrazioek diruzaintza-planak eduki beharko dituzte finantzazorren epe-mugak ordaintzeko ahalmena erakusteko, zor publikoaren interesak eta kapitala ordaintzeko aurreikuspen berezia eginez.

2.  Baldin gobernuak, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak proposatuta, finantza-zorraren epe-mugak ordaintzeko betebeharra ez betetzeko arriskua hautematen badu, arrisku hori interes orokorraren kontrako urratze larria dela joko da, eta 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz ekin beharko zaio.» Hiru.  Laugarren xedapen iragankorra honela geratuko da idatzita:

«Laugarren xedapen iragankorra.  Legearen 8. artikuluko bigarren paragrafoaren aplikazio-eremutik kanpo uztea.

Lege honen 8. artikuluaren 2. paragrafoko aplikazio-eremutik kanpo geratuko dira estatuak, lehenbiziko xedapen gehigarriari jarraituz, autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek hornitzaileekin dituzten ordainketa-betebeharrei aurre egitearren, haien zorren epe-mugen ordainketak finantzatzeko edo autonomia-erkidegoak likidotasunez hornitzeko prestatu dituen finantzaketa-mekanismo gehigarriak.» Xedapen gehigarri bakarra.  Nola antolatuko den finantza-egonkortasunari buruzko printzipioa aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren lehenbiziko xedapen gehigarriko finantzamekanismo gehigarriez baliatzea erabakitzen duten autonomia-erkidegoentzat eta toki-korporazioentzat.

Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 13.1 artikuluko 2. paragrafoak aipatzen dituen zorpetze-mugak bete daitezen, kontuan hartu behar da honako hau: Estatuak finantza-mekanismo gehigarriak garatzearren gauzatutako zorpetze-eragiketen ondorioz hazi egiten bada Administrazio Zentralean zorraren bolumena, autonomia-erkidegoei eta toki-korporazioei zeini bere zatia egotziko zaie, mekanismo horien kontura jaso dituzten diru-zenbatekoen arabera dagokiena.

Azken xedapenetako lehena.  Araugintzarako gaikuntza.

Gaikuntza ematen zaie Gobernuari eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eta neurriak onar ditzaten, beren eskumenen esparruan.

Azken xedapenetako bigarrena.  Indarrean zartzea.

Agindu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Lege hau indarrean sartu aurretik 2012ko ekitaldian zehar onartutako doikuntza-planei ere aplikatuko zaie lege honetan ezarritakoa.

Horrenbestez, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madrilen, 2012ko irailaren 28a.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra