Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

4/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 2koa, Finantza Arloko Presako Neurriei buruzkoa

2016-12-02

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2016/12/02, 292. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11476 4/2016 Errege Lege Dekretua, abenduaren 2koa, Finantza Arloko Presako Neurriei buruzkoa.

I

Azken urteetan, Espainiako finantza-sektoreak transformazio sakona izan du. Emaitza positiboak bistakoak dira. Izan ere, Espainiako finantza-erakundeek gainditu egin dituzte Europako Banku Agintaritzak egin dituen probak, eta, horrez gain, berriz ere euren funtsezko zeregina betetzen ari dira, hau da, aurrezkia inbertsiora bideratzea. Horri esker, berriz ere kreditu-fluxu positiboak bideratzen ari dira ekonomia errealera.

Hala ere, Espainiako finantza-sektorea suspertzeko eta transformatzeko lanean protagonista izan direnetako batzuek –Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak (aurrerantzean, BBOF) eta Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak (aurrerantzean, SAREB)– unean uneko aldaketak behar dituzte euren araubide juridikoan, eta horren urgentzia interes publikoko arrazoiek justifikatzen dute.

Aldi berean, Ekonomia eta Diru Batasunean Banku Batasunaren proiektua garatzen ari da, eta horren funtsezko elementuetako bat da suntsiarazteko agintaritza komun bat egotea, Suntsiarazpen Mekanismo Bakarra, hain zuzen ere. Haren helburuak betetzen direla bermatzeko, aldi baterako, estatu kideek zubi-finantzaketa jarri behar dute Suntsiarazpen Batzar Bakarraren eskura, Suntsiarazpen Funts Bakarraren mutualizazio osoa lortu arte.

Errege lege-dekretu honek 3 artikulu ditu, eta, artikulu horietan, honako hauekin lotutako zenbait alderdi arautzen dira: Suntsiarazpen Funts Bakarra, SAREBaren berariazko kontabilitate-araubidea eta BBOFaren desinbertsio-epea parte hartzen duen erakundeetan.

II

1.artikuluari dagokionez, Banku Batasuna, gaur egun, proiektu garrantzitsuenetariko bat da Ekonomia eta Diru Batasuneko estatu kideen integrazioan sakontzeko. Banku Batasunaren helburuen artean, hauek daude: Europako banku-sistemen zatiketa murriztea, eta banku-arriskuaren eta arrisku subiranoaren arteko loturarekin amaitzea, beste finantza- krisi batzuk izateko probabilitatea murrizteko.

Banku Batasunaren proiektuaren zutabeetako bat Suntsiarazpen Mekanismo Bakarra da, zeina 2015etik aurrera baitago indarrean. Mekanismo horren ardura da Banku Batasuna osatzen duten estatu kideetako finantza-erakundeak suntsiaraztea.

Suntsiarazpen Mekanismo Bakarraren euskarria Suntsiarazpen Funts Bakarra da. Funts hori 2016ko urtarrilaren 1ean hasi zen funtzionatzen, eta, modu progresiboan, banku-ekarpenez hornituz joango da 2016tik 2024ra bitartean, gordailu bermatuen % 1ari dagokion tamaina lortu arte.

Hasiera batean, funtsak herrialdeen araberako konpartimentuak izango ditu, eta modu progresiboan mutualizatuz joango da zortzi urteko aldian. 2015eko abenduaren 8an, ECOFIN Kontseiluak erabaki zuen Banku Batasunean parte hartzen zuten estatu kideek mailegu-erraztasuna jarri behar zutela Suntsiarazpen Batzar Bakarraren eskura, Suntsiarazpen Funts Bakarraren behar besteko finantzaketa bermatzeko. Banakako mailegu-erraztasun horiek azken mekanismo gisa soilik erabiliko dira.

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroari baimena eman behar zaio mailegu-erraztasunaren kontratua sina dezan Suntsiarazpen Batzar Bakarrarekin, eta Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusia gaitu egin behar da kontratu horren ondoriozko eragiketak egin ditzan. Baimen eta gaikuntza horiek premiaz eman

behar dira, mailegu-erraztasunaren akordio hori sinatzeko epemuga 2016ko irailean amaitu zelako. Izan ere, Suntsiarazpen Batzar Bakarrarekin kontratua egiteko duten estatu kide gutxietako bat da Espainiako Erresuma. Hortaz, badago premia berezi eta presa handikoa, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen duen moduan.

III

2.artikuluarekin lotuta, Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta suntsiarazteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legeak aurreikusi zuen Banku Berregituratzearen ondoriozko Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak (SAREB), urteko kontuak egiterakoan, beharrezko zehaztapenak aintzat hartu behar zituela, aplikatzekoak zaizkion kontabilitate- printzipioak ziurtatzeko, lege horretan ezarrita dauden gizartearen helburu orokorrekin eta mandatuarekin eta erregelamendu bidez ezartzen direnekin.

Araubide horren esparruan, aipatutako azaroaren 14ko 9/2012 Legeak Espainiako Bankua gaitu zuen SAREBaren zorroa baloratzeko esparru bat ezartzeko, eta hori zirkular baten bidez zehaztu zen. Esparru horren funtsa aldatu gabe, aldaketa honek gehiago zehazten du sozietatearen ondare garbian kontabilitate-araudia aplikatzetik erator daitezkeen minusbalioak erregistratzeko eskema.

Erregistro-era horren bidez, ziurtatzen da haren kontabilitate-araubidea bat datorrela SAREBak garatu behar duen epe luzeko desinbertsio-mandatuarekin. Mandatu hori aintzat hartu zen nazioarteko agintariekin adostutako Finantzaren Sektore Politikaren Baldintzei buruzko Akordio Memorandumean. Arau hori aplikatzearen ondorioak, kontabilitateari dagokionez, kontabilitate-irizpidearen aldaketa gisa tratatuko dira.

Erreformaren aparteko eta premiazko beharrizanaren arrazoia hau da: higiezinen merkatuak izan duen bilakaeraren hegazkortasunak eragina izan du erakundearen kontuetan, eta, horren ondorioz, egitura-aldaketak egin behar izan dira. 2016ko kontuak itxi aurretik neurriak hartzen ez badira, hegazkortasun horrek berriz ere eragin handia izango du, horrek dakartzan ondorio juridikoekin, eta erakundearen epe ertaineko bideragarritasuna kolokan jarriko du. Horren guztiaren ondorioz, Akordio Memorandumaren baldintzak betetzeari utziko zaio, eta ez da bat etorriko SAREBaren mandatuarekin eta helburu orokorrekin.

IV

Errege lege-dekretu honen 3. artikuluak aldatu egiten du Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiarazteari buruzko ekainaren 18ko 11/2015 Legearen lehen xedapen iragankorra, partaidetzako enpresetan desinbertsioa egiteko epeak luzatzeko helburuarekin.

Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta suntsiarazteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 31.4 artikuluak bost urteko gehieneko epea ezartzen zuen, akzioen edo ekarpenen harpidetze- edo eskuratze-datatik zenbatzen hasita, berregituratze- eta suntsiarazte-prozesuen esparruan Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak (BBOF) eskuratu dituen akzio arrunten edo kapital sozialerako ekarpenen desinbertsioa egiteko.

Ekainaren 18ko 11/2015 Legeak ia osorik indargabetu du azaroaren 14ko 9/2012 Legea, baina, hala ere, azken hori aplikatzen zaie ekainaren 18ko 11/2015 Legea indarrean jarri aurretik hasi ziren berregituratze- eta suntsiarazte-prozedurei.

Araubide horrek irautearen ondorioz, BBOFak desinbertsioa egin behar du parte hartzen duen erakundeetan, eta, horretarako, epe edo denbora jakin bat du, aipatutako bost urteak betetzeko falta den denbora, hain zuzen ere. Argi dago denbora hori ez dela nahikoa; izan ere, araudi-eskakizunek eta eskakizun teknikoek eta esperientziak erakusten dute horrelako erakundeen desinbertsio-prozesuek urtebetetik gorako epea behar dutela.

Erakunde horien desinbertsioa epe horretan egin beharrak asko zailduko luke suntsiarazpenaren helburu nagusietako bat betetzea, hau da, baliabide publikoak ahalik eta modurik efizienteenean erabiltzen direla ziurtatzea; izan ere, azkar eta merkatu-

baldintzak alde batera utzita egin beharko litzateke. Arrisku horrek justifikatzen du, hain zuzen ere, neurriaren aparteko eta premiazko beharrizana, eta, beraz, neurria errege lege- dekretuaren bidez hartzea.

Hortaz, proposatutako aldaketak beste bi urtez luzatzen du desinbertsio-epea, gaur egungo bost urteetatik zazpira. Horrez gain, suntsiarazpenaren helburuak hobeto betetzeko beharrezkoa izango balitz, epe hori berriro luzatu ahal izango du Ministroen Kontseiluak.

V

Errege lege-dekretu honen azken zatian, xedapen indargabetzaile bakarra dago. Xedapen horretan agintzen denez, errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen eta honen mailakoak edo txikiagokoak diren xedapen guztiak indargabetu egingo dira. Horrez gain, azken bi xedapen daude. Xedapen horiek honako hauek arautzen dituzte, hurrenez hurren: errege lege-dekretua egiteko erabili diren eskumen-tituluak, eta errege lege-dekretua indarrean jartzeko araubidea; Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

VI

Zioen azalpen honen I. atalean aipatu den testuinguruan, oso garrantzitsua da erreformaren eraginkortasuna atzerapenik gabe bermatzea deskribatutako hiru esparruetan, horietako bakoitzean azaldu den bezala.

Beraz, errege lege-dekretu honen bidez hartzen diren neurriak hartzeko aparteko eta presako inguruabarrak bildu direnez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak mota honetako arauak onartzeko eskatzen dituen baldintzak betetzen dira.

Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuz, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta, eta Ministroen Kontseiluak 2016ko abenduaren 2ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.artikulua. Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroa gaitzea mailegu- erraztasuna eman diezaion Suntsiarazpen Batzar Bakarrari, Suntsiarazpen Funts Bakarraren aldi baterako beharrak estaltzeko.

1.Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroari baimena ematen zaio Mailegu Erraztasunaren Akordioa sina dezan Espainiako Erresumaren eta Suntsiarazpen Batzar Bakarraren artean. Akordio horren bidez, gehienez ere 5.291.000 mila euroko zenbatekoa jartzen da Suntsiarazpen Batzar Bakarraren eskura, laguntza erkidearen mekanismo gisa, Suntsiarazpen Funts Bakarraren aldi iragankorrean. Mailegu-erraztasun horren baldintzak bat etorriko dira estatu kideek erabakitakoekin. Halaber, baimena ematen zaio Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroari mailegu-erraztasuna aldatzeko –horren zenbatekoa barne–, bai eta Suntsiarazpen Batzar Bakarrari aldi iragankor horren esparruan adostu daitekeen beste zubi-finantzaketa mota bat emateko ere.

2.Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusia gaitzen da mailegu- erraztasun hau eta, oro har, zubi-finantzaketa gisa eman daitezkeenak kudeatzeko, behar diren eragiketak eta ordainketak egin ditzan, diruzaintza-eragiketen kargura. Ordainketak aurrekontuz kanpoko eragiketatzat hartuko dira, eta, ekitaldi bakoitzean, Estatuaren Administrazio Orokorraren gastuen aurrekontuari egotziko zaizkio aurreko ekitaldiko abenduaren 1aren eta jarduneko ekitaldiko azaroaren 30aren artean egiten diren ordainketa-eragiketak; horretarako, behar diren aurrekontu-aldaketak egingo dira. Itzulketak Estatuaren Administrazio Orokorraren diru-sarreren aurrekontuari egotziko zaizkio, sortzen diren ekitaldian.

2.artikulua. Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta suntsiarazteari buruzko 9/2012 Legea, azaroaren 14koa, aldatzea.

Aldatu egiten da Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta suntsiarazteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren 10. zenbakiaren c) letra, eta honela idatzita geratzen da:

«c) Aurreko b) letra aplikatzearen ondorioz beharrezkoak diren balorazio- zuzenketak aktiboen unitateen arabera kalkulatuko dira. Horretarako, 1559/2012 Errege Dekretuaren 48.1 artikuluan banaka deskribatutako aktiboen kategoria bakoitza hartuko da aktiboen unitatetzat.

Aktiboen unitateen balorazio-zuzenketak, zerga-eraginetik garbi, balantzean jasoko dira “Balio-aldaketaren ondoriozko doikuntzak” epigrafeko kontu baten kargura, ondare garbiaren barruan. Kontu horren saldo zorduna galera-irabazien kontuari egotziko zaio ekitaldiko emaitza positiboa denean, zenbateko horren guztizkoagatik. Ondorio horietarako, aintzat hartuko da konpainiaren zerga aurreko mozkina, mendeko finantzaketaren ordainketaren balizko sortzapena kontuan hartu gabe.

Aurreko paragrafoan aipatutako doikuntzak, galera-irabazien kontuari egotzi gabeak, ez dira ondare garbitzat hartuko kapital sozialaren nahitaezko murrizketaren eta galerengatiko nahitaezko desegitearen ondorioetarako, kapital-sozietateen lege- arauketan xedatutakoaren arabera.»

3.artikulua. Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiarazteari buruzko ekainaren 18ko 11/2015 Legearen aldaketa.

Kreditu-erakundeak eta inbertsio-zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiarazteari buruzko ekainaren 18ko 11/2015 Legearen lehenengo xedapen iragankorraren 1. zenbakia honela idatzita geratzen da:

«Lehenengo xedapen iragankorra. Berregituratzeko, berreskuratzeko eta suntsiarazteko prozedura jakin batzuetan aplikatu beharreko araubidea.

1.Lege hau indarrean jarri aurretik abiarazitako berregituratzeko eta suntsiarazteko prozedurak, bai eta haiekin batera onartutako neurri osagarri guztiak ere –finantza-laguntzako tresnak eta tresna hibridoen kudeaketa barnean hartuta–, lege hau indarrean jarri aurretik aplikatzen zen araudiaren arabera arautuko dira, amaitu arte.

Hori gorabehera, aurreko paragrafoan aurreikusitako berregituratze- eta suntsiarazte-prozeduretan, azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 31.4 artikuluak aipatzen duen epea 7 urtekoa izango da. Suntsiarazpenaren helburuak hobeto betetzeko beharrezkoa izango balitz, epe hori luzatu ahal izango da, ministroen kontseiluaren erabaki baten bidez. Ministroen kontseiluak erabaki hori har dezan, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministroak proposamena egingo du, eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministerioak eta Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak txostena egingo dute.»

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak indargabetzen dira.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 6., 11. eta 13. zenbakietan xedatutakoarekin bat eman da, eta, zenbaki horietan, Espainiako estatuari esleitzen zaizkio merkataritzako legeriaren, kreditua eta banka antolatzeko oinarrien eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumenak.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2016ko abenduaren 2an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra