Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

5/2012 Lege Organikoa, urriaren 22koa, alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren erreformari buruzkoa

2012-10-22

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/10/23, 255. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

13123

5/2012 Lege Organikoa, urriaren 22koa, alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren erreformari buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusi eta irakurtzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondorengo lege organiko hau onartu dute, eta Nik berronetsi egiten dut.

HITZAURREA Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak, lehenago uztailaren 2ko 3/1987 Lege Organikoak ezarritako bidetik, baldintzarik gabeko diru-laguntza bat ziurtatu izan die urtero-urtero Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoei Estatuaren aurrekontu orokorren kontura, funtzionamendu-gastuei aurre egiteko.

Era berean, egungo legeak aukera ematen du Estatuaren aurrekontu orokorretan urterourtero diru-zenbateko jakin bat izenda dadin alderdi politikoentzat, jarduera politiko eta instituzionalean sortzen zaizkien segurtasun-gastuak pagatzeko.

Alderdi politikoen finantzaketari buruzko lege organikoaren hirugarren xedapen iragankorrak 78.100.000,00 euroan ezarri zuen funtzionamendu-gastuetarako urteroko diru-laguntzaren zenbatekoa, eta 4.010.000,00 euroan segurtasun-gastuetarako dirulaguntzarena. Diru-zenbateko horiek egokitu egin dira urtero-urtero kontsumo-prezioen indizearen gehikuntzaren arabera, alderdi politikoen finantzaketari buruzko Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarriari jarraituz. Diru-zenbateko horiek ehuneko 20ko gehikuntza ekarri zuten, gutxi gorabehera, Estatuaren 2007rako aurrekontu orokorretan izendatutako zenbatekoen aldean.

Egungo krisi ekonomiko honetan, beharrezkotzat jotzen da alderdi politikoen finantzaketari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aurreikusitako diru-laguntzak egokitzea, egungo egoeraren arabera doitzeko. Hartara, alderdi politikoek, ordezkaritza politikorako tresna nagusi diren aldetik, partaide dira krisia gainditzeko beharrezkoa den ahalegin kolektiboan. 2008. urtean ehuneko 20ko gehikuntza izan zen, eta, hori kontuan hartuta, egoki jo da zenbateko horren pareko murrizketa egitea. Antzeko zergatikoak direla medio, alderdi politikoekin lotura duten elkarteentzako eta fundazioentzako dirulaguntzak ere ehuneko 20 murriztuko dira 2011ko ekitaldikoen aldean.

Neurri horiekin batera, egoki jo da alderdien finantzaketa eta haiekin lotutako fundazioen eta elkarteen finantzaketa bereizi beharrak eraginda beste neurri batzuk sartzea artikuluen artean, eta, gainera, herri-administrazioen ekarpenak zuzenean edo zeharka jasotzeagatik alderdien jarduera finantzatzea debeku duten subjektuen zerrenda handitzea. Horrela bada, debekatu egiten da alderdi politikoek herri-administrazioentzako zerbitzuak ematen dituzten edo haientzako obrak egiten dituzten enpresa pribatuen dohaintzak onar ditzaten; debeku horrek berdin eragiten die enpresa horien talde berekoak diren enpresei, partizipaziorik handiena enpresa horiena duten enpresei eta haien fundazioei.

Bestalde, herri-administrazioen diru-laguntzak jasotzen dituzten fundazio pribatuak, elkarteak edo entitateak edo aurrekontua ekarpen publikoz osatua dutenak alderdi politikoen tresna izan ez daitezen, alderdi politikoek ezingo dute horien guztien dohaintzarik onartu. Nolanahi ere, batzuek eta besteek interes bera izanez gero, edo batzuen eta besteen interesa bat etorriz gero, alderdi politikoek eta fundazioek eta elkarteek aukeran izango dute jarduerak elkarrekin gauzatzea, beren xede eta helburuaren barruan sartzen badira.

Garrantzitsua da orobat alderdien zorra barkatzeaz ari garela egin den aldaketa. Hala, kreditu-erakunde batek ere ezingo dio alderdi politiko bati barkatu 100.000 euro baino gehiago zorretik, betiere, kalkulurako, bai printzipala, bai hitzartutako korrituak kontuan hartuta. Nolanahi ere, borondatearen autonomiaren printzipioa dela eta, alderdiek aukeran izango dute kreditu-erakundeekin duten zorraren baldintzen gaineko akordioak egitea, betiere antolamendu juridikoarekin bat etorriz.

Alderdi politikoei ezarriko zaien zehapen-araubideaz den bezainbatean, Kontu Auzitegiari esleitzen zaio, ezbairik gabe, lege honetan ezarritako betebeharrak eta Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoan (5/1985 Legea, ekainaren 19koa) hauteskunde-gastuak direla-eta ezarritako betebeharrak ez betetzeak dakartzan arau-hauste oso larriengatik ezarri beharreko zehapenak ezartzeko ahala. Gainera, arauhauste hauen preskripzio-epea ere argitu egiten da, eta prozedura ere hobetu egiten da, Kontu Auzitegiaren osokoak aukera izango du-eta aldez aurreko informazio-aldi bat abiarazteko; bestalde, administrazio-zuzenbideko arau orokorrak ezartzen dira izapidetzeko arau osagarri eta ordezko gisa. Horren osagarri, alderdi politikoekin lotura duten fundazioei eta elkarteei dagokienez, zabaldu egiten da Kontu Auzitegiaren ikuskatze-ahalmenen eremu objektiboa, eta, aurrerantzean, jasotako ekarpen guztiak sartuko dira eremu horretan, dohaintzak ez ezik.

Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin lotura duten fundazioen eta elkarteen arloan, neurri espezifiko batzuk ezarri dira, haien izaera berezia eta bete behar dituzten eginkizunak direla eta. Halaber, zehaztu egiten da zer joko den dohaintzatzat lege honen ondorioetarako, eta ez dira halakotzat joko zenbait baldintza betetzen dituzten interes komuneko jarduerak eta proiektuak finantzatzeko ematen diren diru-zenbatekoak eta ondasunak.

Azkenik, sartutako aldaketa guztien osagarri gisa, gardentasun-printzipioa iturritzat duten zenbait neurri sartzen dira, publizitate aktiboa eta jakinarazpena dakartzatela ondoriotzat. Hala, alde batetik, alderdi politikoek eta haiekin lotura duten fundazioek eta elkarteek kontabilitateari buruzko informazio jakin bat eman beharko dute argitara, ahal dela web orriaren bitartez, behin Kontu Auzitegiak kasu bakoitzari dagokion ikuskapentxostena eman ondoren. Beste alde batetik, alderdi politikoek, 50.000 euro baino gehiagoko dohaintzak jasotzen badituzte, jakinarazi egin beharko diote Kontu Auzitegiari, bai eta ondasun higiezinak jasotzen badituzte ere; orobat zorraren baldintzei buruzko hitzarmenak erdiesten badituzte kreditu-erakundeekin. Espainiako Bankuari ere jakinarazi beharko diote zorrari buruzko hitzarmenen kasuan. Halaber, alderdi politikoekin lotura duten fundazioek Kontu Auzitegiari jakinarazi beharko dizkiete pertsona juridikoek eginik jasotzen dituzten dohaintza guztiak.

Alderdi politikoen finantzaketa-sistemak askitasuna eta austeritatea uztartuz, eta, horrekin batera, herri-diruen ardura dutenen erantzukizun kontablea kontrolatzeko eta epaitzeko ikuskaritza-organo gorenaren zehatze-ahala sendotuz, horrela baizik ezin da eskuratu arauz kontrako finantzaketaren kontrako antidotorik egokiena, eta horixe da, laburbilduz, erreforma honen ardatza. Horri guztiari gardentasunaren aldeko neurri batzuk gehituz, errazago izango da alderdi politikoen diru-sarrerak eta gastuak antolamendu juridikoari nola egokitzen zaizkion kontrolatzeko modua hobetzea eta Espainiako sistema demokratikoaren kalitatea sendotzea.

Lehenengo artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 4. artikuluko 2. paragrafoaren b) eta c) idatz-zatiak aldatzea, d) idatz-zati berria gehitzea, eta lehengo d), e) eta f) idatz-zatiak berrizendatu eta, hurrenez hurren, e), f) eta g) idatz-zati bihurtzea.

Aldatu egiten dira alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 2. paragrafoaren b) eta c) idatz-zatiak, eta d) idatz-zati berria gehitzen da, eta, hala, lehengo d), e) eta f) idatz-zatiak berrizendatu eta, hurrenez hurren, e), f) eta g) idatz-zati bihurtzen dira. Hona hemen nola geratzen diren:

«b) Pertsona juridiko batek alderdi politiko bati dohaintza egiteko, ezinbestekoa izango da, beti, haren organo edo ordezkari eskudunak horretarakoxe erabakia onartzea, forma aldetik dagozkion baldintza guztiak beteta; gainera, jasota utzi beharko da, berariaz, lege honek ezarritako bladintzak bete direla.

Alderdi politikoek ezingo dute organismo, entitate eta enpresa publikoen dohaintzarik onartu, ezta jaso ere –ez zuzenean, ez zeharka–.

c)  Alderdi politikoek ezingo dute onartu enpresa pribatuen dohaintzarik, ezta jaso ere –ez zuzenean, ez zeharka–, baldin eta enpresa pribatu horiek, indarrean dagoen kontratua tarteko, herri-administrazioei, organismo publikoei edo kapitalaren zatirik handiena publikoa duten enpresei zerbitzuak ematen badizkiete edo haientzako obrak egiten badituzte. Halaber, ezingo dute enpresa horien talde berekoak diren enpresen dohaintzarik onartu edo jaso, ez eta partizipaziorik handiena enpresa horiena duten enpresen edo haien fundazioen dohaintzarik ere.

d)  Alderdi politikoek ezingo dute fundazio pribatuen, elkarteen edo beste entitate batzuen dohaintzarik onartu, ez eta jaso ere –ez zuzenean, ez zeharka–, baldin eta haiek diru-laguntzak jasotzen badituzte herri-administrazioetatik, edo haien aurrekontua, partez edo osorik, herri-administrazioen ekarpenez osatuta badago, zuzenean edo zeharka.

e)  Alderdi politikoei dohaintzan emandako diru-zenbatekoak kredituerakundeetan hartarakoxe ez beste ezertarako irekitako kontuetan sartu beharko dira. Kontu horietan, dohaintza horiei dagozkien diru-zenbatekoak sartu beharko dira, ez besterik.

f)  Artikulu honetan aipatzen diren dohaintzak egiten direnean, jasota geratu beharko da noiz sartu den dirua, zenbat diru sartu den eta zein den dohaintzagilearen izena eta identifikazio fiskaleko kodea. Dirua sartzen den kreditu-erakundeak egiaztagiria eman beharko dio dohaintzagileari, eta aurreko datu horiek jaso beharko dira egiaztagiri horretan.

g)  Dohaintza jenerotan egin behar bada, alderdi politikoak, dena delako ondasuna edo jeneroa jasotakoan, ziurtagiria egingo du; ziurtagiri horretan, dohaintzagilearen nortasuna ez ezik, emandako ondasuna egiaz entregatu dela – dohaintza atzerabiderik gabea dela berariaz esanez– egiaztatzen duen dokumentu publikoaren edo dokumentu kautoaren berri jasoko da.» Bigarren artikulua.  Beste paragrafo bat, laugarrena, gehitzen zaio alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoari.

«Laugarrena.  Zorraren baldintzei buruzko hitzarmenak.

Alderdi politikoek beren esku dute kreditu-erakundeekin dituzten zorren baldintzen inguruko hitzarmenak egitea, betiere antolamendu juridikoaren arabera.

Hitzarmen horien berri emango diete hala Kontu Auzitegiari nola Espainiako Bankuari.

Kreditu-erakundeek ezingo diete barkatu alderdi politikoei urteko 100.000 euro baino gehiago zorretan, eta, diru-zenbateko hori kalkulatzeko, zorraren printzipalaren eta hitzartutako korrituen baldintzak hartuko dira kontuan.» Hirugarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 5. artikulua aldatzea.

Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 5. artikulua.

«5. artikulua. Dohaintza pribatuen mugak.

Bat.  Alderdi politikoek ezingo dute onartu, ez eta jaso ere –ez zuzenean, ez zeharka–:

a)  Dohaintza anonimorik, xede jakinekorik, edo ezeztagarririk.

b)  Pertsona fisiko edo juridiko bakar baten dohaintzarik, urteko 100.000 euro baino gehiagokoak badira.

Muga horretatik salbuetsirik egongo dira ondasun higiezinen dohaintzak, betiere 4. artikuluaren bigarren paragrafoko g) idatz-zatian ezarritako baldintzak betetzen badira.

Bi.  Dohaintzak, 50.000 euro baino gehiagokoak badira, eta, ondasun higiezinen dohaintzak, beti, jakinarazi egin beharko zaizkio Kontu Auzitegiari, egin eta hiru hilabeteko epearen barruan.» Laugarren artikulua.  Beste paragrafo bat, zortzigarrena, gehitzen zaio alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 14. artikuluari.

Beste paragrafo bat, zortzigarrena, gehitzen zaio alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 14. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

«Zortzi.  Alderdi politikoek, behin Kontu Auzitegiak ekitaldi jakin bateko ikuskapen-txostena eman ondoren, jendaurrean argitaratu beharko dituzte zeinek bere balantzea eta emaitzen kontua, eman zaizkien kredituen zenbatekoak, zein motakoa ziren kredituak eman dizkieten erakundeak eta ekitaldi horretan barkatu zaizkien zorrak. Ahal dela zeinek bere web orrian argitaratu beharko ditu, eta herritarrek ezer ordaindu gabe eta erraz eskuratzeko moduan.» Bosgarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 15. artikulua aldatzea.

Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 15. artikulua.

«15. artikulua. Barne-kontrola.

Alderdi politikoek, zeinek bere estatutuen arabera, barne-kontroleko sistema bat ezarri beharko dute, eduki ekonomikoa duten eskubideak eta betebeharrak eragiten dituzten egintza eta agiri guztien kontu-hartzea eta kontabilizazioa behar bezala egingo dela ziurtatzeko. Ikuskapen horren ondoriozko txostena Kontu Auzitegiari aurkeztu beharreko agiriari erantsiko zaio.» Seigarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 16. artikuluko hirugarren paragrafoa aldatzea.

Aldatu egiten da aderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 16. artikuluaren hirugarren paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:.

«Hiru.  Kontu Auzitegiak, lege honetako 14. artikuluan aipatzen diren agiriak jaso eta sei hilabeteko epean, txosten bat emango du agiriok arauzkoak ote diren eta lege honetan xedatutakoari egokitzen ote zaizkion argitzeko, edo, hala balegokio, zer arau-hauste edo arauz kontrako praktika atzeman dituen zehaztuko du berariaz.» Zazpigarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. artikulua aldatzea.

Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«17. artikulua.

Bat.  Kontu Auzitegiak zehapenak ezarriko dizkio arau-hauste oso larriak egiten dituen alderdi politikoari, alde batera utzi gabe antolamendu juridikoan oro har eta lege honetan bereziki ezarritakoaren ondorioz sortutako legezko erantzukizunak –edozein motakoak direla ere–. Hona hemen zein diren arauhauste oso larriak:

a)  Lege honetako 5. eta 7. artikuluetan ezarritako mugak eta baldintzak betetzen ez dituzten dohaintzak onartzea. Kontu Auzitegiak kasu honetan ezarriko duen zehapenaren zenbatekoa legez kontra jasotako ekarpena halako bi izango da. Berdin kalifikatuko da, eta berdin zehatuko, alderdi politikoen gastuak beste batzuek hartzea beren gain, lege honetan ezarritako eran.

b)  Ez aurkeztea, horretarako bidezko arrazoirik eman gabe, azken urteko ekitaldiko kontuak, edo kontuak akatsekin aurkeztea eta Kontu Auzitegiak ezin hartara bere ikuskapena egitea. Hala gertatzen bada, Kontu Auzitegiak erabakiko du urteko diru-laguntza atxikitzea harik eta kontuak aurkezteko betebeharra guztiz bete arte edo aurkitutako akatsak guztiz konpondu arte.

c)  Baldin Kontu Auzitegiak, bere eginkizuna gauzatzen ari dela, ikusten badu alderdi politikoek gainditu egin dituztela Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan hauteskundeetarako aurreikusitako gastuen mugak, mugaz gorako zenbatekoa adinako zehapena ezarriko die; horrek ez du eragotziko, ordea, lege organiko horren 134. artikuluan ezarritakoa.

Bi.  Kasu hauetan guztietan, zehapenak diru-laguntza ordaintzerakoan gauza daitezen arduratuko da Kontu Auzitegia.

Hiru.  Legean jasotako arau-hausteen preskripzio-epea lau urte izango da.

Arau-haustea egiten denetik hasiko da epe hori kontatzen.» Zortzigarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 18. artikuluaren hasierako paragrafoa aldatzea, 2. paragrafoko d) letra ezabatzea eta 8. paragrafoa aldatzea.

Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 18. artikuluko hasierako paragrafoa, eta ezabatu egiten da 2. paragrafoko d) letra; halaber, aldatu egiten da 8. paragrafoa.

«18. artikulua.

Kontu Auzitegiaren Osokoak erabakita abiaraziko dira aurreko artikuluko 1. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren zehapen-prozedurak.

Egitateen berri izan bezain laster, Kontu Auzitegiaren Osokoak zehapenprozedurak abiaraztea erabakiko du; nolanahi ere, hori baino lehen, aldez aurreko informazio-aldi bat abiaraziko du, eta ustez arau-haustea egin duen alderdi politikoari entzunaldia eskainiko dio. Zehapen-prozedura abiaraztea ez da eragozpen izango ustez arau-haustea egin duen alderdi politikoaren ekonomia- eta finantza-kudeaketa ikuskatzeko eginkizuna gauzatzeko, ez eta Kontu Auzitegiaren funtzionamenduari buruzko apirilaren 5eko 7/1988 Legearen 30. artikuluan aurreikusitako ertsapen-isunak ezartzeko, hala balegokio. Zehapen-prozedura abiarazteak geldiarazi egingo du arau-hausteen preskripzioa.

(…) «Bi.

d)  Ezabatu egiten da.» (…) «Zortzi.  Aukeran izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea Auzitegi Gorenari Kontu Auzitegiak onartutako zehapen-ebazpenen aurka. Baldin ebazpenaren bidez lege honetako 17. artikuluko lehenengo paragrafoan aurreikusitako zehapenetakoren bat ezarri bada, errekurtsoa aurkeztuta gerarazi egingo da, berez eta besterik gabe, Kontu Auzitegiak onartutako ebazpenaren betearazpena.» Bederatzigarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarria aldatzea.

Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

«Seigarren xedapen gehigarria.

Bat.  Ekitaldi bakoitzeko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarriko du lege honetako 3. artikuluan arautzen diren diru-laguntzetarako behar den diruizendapenaren guztirako zenbatekoa.

Bi.  Lege honetako artikuluetan ageri diren zenbatekoak, xedapen honetako lehenbiziko idatz-zatian aurreikusitakoez bestekoak badira, egokituko egingo dira urtero-urtero, kontsumoko prezioen indizearen arabera.» Hamargarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarria aldatzea.

Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

«Zazpigarren xedapen gehigarria.

Bat.  Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin lotura duten fundazioek eta elkarteek jasotzen dituzten ekarpenak lege honetan aurreikusita dauden ikuskapen- eta kontrol-mekanismoen pean eta zehapen-araubidearen pean izango dira (V. eta VI. tituluetan daude aurreikusita, hurrenez hurren), hargatik eragotzi gabe aplikatzekoak zaizkien berezko arauak.

Bi.  Alderdi politikoekin lotura duten fundazioen eta elkarteen jarduera finantzatzeko baliabideak kasu bakoitzean aplikatzekoa den legerian aurreikusitakoak izango dira.

Hiru.  Dohaintzak, berriz, lege honen II. tituluaren bigarren kapituluan aurreikusitako mugen eta baldintzen pean egongo dira, honako berezitasun hauekin:

a)  Ez da aplikatuko 4. artikuluko 2. paragrafoko c) letran aurreikusitakoa, ez eta 5. artikuluko 1. paragrafoko b) letran ezarritako muga ere.

b)  Pertsona juridikoek egindako dohaintzetan, haien organo edo ordezkariak onartu beharko ditu dohaintzok, kasu bakoitzean eskumena duenak; dirua ematen bada dohaintzan eta 120.000 euro baino gehiago bada zenbatekoa, dohaintza agiri publikoan formalizatu beharko da.

Idatz-zati honetan esaten denaren ondorioetarako, dohaintza dela joko da pertsona fisiko edo juridiko batek ondasunez xedatzea fundazioaren edo elkartearen alde (diren ondasunok diruzkoak edo ez), ordainik gabe, haren gastu orokorrak oro har finantzatzeko xedearekin.

Lau.  Ez dira dohaintzatzat joko, xedapen gehigarri honen ondorioetarako, pertsona fisiko edo juridiko batek entregatzen dituen diru-zenbatekoak edo ondasunak, baldin fundazioaren edo elkartearen jarduera edo proiektu jakin bat finantzatzeko ematen badira, eta dena delako jarduera edo proiektu hori dohaintzagilearen eta dohaintza-hartzailearen sozietate- edo estatutu-xedeari dagozkion jarduerei darien interes erkide baten ondorioz gauzatzen bada.

Bost.  Xedapen gehigarri honetan araututako fundazioek eta elkarteek zeinek bere kontuak aurkeztu eta onartu beharko dituzte, indarrean den legerian ezarritako moduan, eta urteko kontuen ikuskapena eginarazi. Behin Kontu Auzitegiak artikulu honetako lehen paragrafoan aipatzen diren ekarpenen ikuskapen-txostena emandakoan, fundazioek eta elkarteek argitara eman beharko dituzte balantzea eta emaitzen kontua; ahal dela web orriaren bidez argitaratu behar dituzte, herritarrek ordaindu gabe eta erraz eskuratzeko moduan.

Sei.  Xedapen gehigarri honetan arautzen diren fundazioek eta elkarteek, urtero-urtero, jasotako dohaintza eta ekarpen guztien berri eman beharko diete Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari; horretarako, ministro-agindu bat onartuko da eman beharreko informazioaren edukia, irismena eta egitura zehazteko. Gainera, pertsona juridikoek egindako dohaintza guztien berri eman behar zaio Kontu Auzitegiari, hiru hilabeteko epearen barruan.» Hamaikagarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen gehigarria aldatzea.

Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren bederatzigarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

«Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Lege honetako 4. artikuluaren laugarren paragrafoan eta 5. artikuluan aurreikusitako zenbateko-mugak urtero-urtero eguneratuko dira kontsumoko prezioen indizearen arabera.» Hamabigarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoan beste xedapen gehigarri bat, hamabigarrena, sartzen da.

Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoan beste xedapen gehigarri bat, hamabigarrena, sartzen da. Hona hemen:

«Hamabigarren xedapen gehigarria.

2012.  urteko ekitaldirako, alderdi politikoekin lotura duten elkarteentzako eta fundazioentzako diru-laguntzetarako deialdi publikoetako diru-zenbatekoa % 20

murriztuko da, 2011. urteko ekitaldiko zenbatekoekin alderatuta.» Hamahirugarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorra ezabatzen da.

Ezabatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorra.

Hamalaugarren artikulua.  Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren hirugarren xedapen iragankorra.

Aldatu egiten da alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren hirugarren xedapen iragankorra, eta honela geratzen da idatzita:

«Bat.  2012. urteko ekitaldirako, alderdi politikoen funtzionamendugastuetarako estatuaren urteko diru-laguntzaren zenbatekoa eta segurtasungastuak ordaintzeko urteko izendapenaren zenbatekoa honako hauek izango dira, hurrenez hurren: 65.883.000,58 euro eta 3.382.000,75 euro.

Bi.  Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, alderdi politikoek une horretara arte jasotako zenbatekoak 2012. urterako aurreikusitako guztirako zenbatekoaren kontura entregatu direla joko da.

Hiru.  Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera hilero ordainduko diren zenbatekoak doitu egingo dira, ordainketen zenbatekoa guztira ez dadin izan lehenengo paragrafoan aurreikusitakoa baino handiagoa.» Hamabosgarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren azken xedapenaren zenbaki-hurrenkera aldatu egiten da, eta xedapen hori, aurrerantzean, azken xedapenetako lehenbizikoa izango da.

Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren azken xedapen bakarrak indarrean jarraituko du, baina azken xedapenetako lehenbizikoa izango da aurrerantzean.

Hamaseigarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak beste azken xedapen bat izango du, azken xedapenetako bigarrena, hain zuzen.

Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak beste azken xedapen bat izango du, bigarrena. Hona hemen:

«Azken xedapenetako bigarrena.

Lege honetan araututako zehapen-prozedurek, berariazko araurik ezean, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako prozeduren arau orokorrak izango dituzte ordezko eta osagarri.» Hamazazpigarren artikulua.  Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak beste azken xedapen bat izango du, azken xedapenetako hirugarrena, hain zuzen.

Alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak beste azken xedapen bat izango du, hirugarrena, hain zuzen. Hona hemen nola geratzen den idatzita:

«Azken xedapenetako hirugarrena.  Kreditu-erakundeen alorreko indarreko zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitu beharrari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluko 4. paragrafoaren f) idatz-zatia aldatzea.

Aldatu egiten da kreditu-erakundeen alorreko indarreko zuzenbidea Europako Erkidegoetakoari egokitu beharrari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluko 4. paragrafoaren f) idatz-zatia. Hona hemen nola geratzen den idatzita:

f)  Espainiako Bankuak, nork bere eginkizunak betetzeko, honako hauei guztiei eman beharreko informazioak: Kontu Auzitegia; Baloreen Merkatuko Estatuko Batzordea; Aseguruen Zuzendaritza Nagusia; Gordailuen Berme Funtsa; kredituerakunde baten edo taldeko erakunde baten kontu-hartzaile edo sindikoak, dagozkion administrazio-prozeduretan edo prozedura judizialetan izendatuak; eta kreditu-erakundeen eta haien taldeen kontuen ikuskatzaileak.» Azken xedapena.  Indarrean sartzea.

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Horrenbestez, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madrilen, 2012ko urriaren 22an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra