Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Finantza zuzenbidea  >>  Legeria

9/2012 Legea, azaroaren 14koa, kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzkoa

2012-11-14

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/11/15, 275. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

14062

9/2012 Legea, azaroaren 14koa, kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzkoa.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

ATARIKOA I

Kreditu Erakundeen alorreko indarreko Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitzeari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintza Errege Dekretuaren 1. artikuluan jasotako definizio klasikoaren arabera, erakundeon izaera berezia pasiboak erakartzeko modutik dator; izan ere, honetan datza: «Publikotik funtsak jasotzean; zehazki, gordailuak, maileguak, aktibo finantzarioen aldi baterako lagapenak edo antzekoak, itzultzeko betebeharra dakartenak». Pasibook «norberaren kontura aplikatuko dira, kreditu-emateen edo antzeko eragiketen kasuan». Horra hor finantza-bitartekaritzaren lanaren beste alderdia; ez da kreditu-erakundeen alderdi esklusiboa, berez duten izendapena izendapen.

Bestalde, kreditu-erakundeek funtsezko rola dute ekonomian, kreditu-zirkulazioa errazten baitiete ekoizpen-jardueraren gainerako sektoreei eta herritarrei. Alderdi horregatik eta finantza-sistemaren konplexutasunagatik, eta kontuan izanda zenbait erakundek garrantzi sistemikoa dutela beren tamaina eta sektore barruan dituzten harremanak direla-eta, beharrezkoa da prozedura eraginkorrak eta malguak izatea, finantza-sistemaren egonkortasuna bermatu ahal izateko, gizartearentzako ahalik eta kostu txikienarekin.

Kreditu-erakundeen berezitasun horiek direla-eta, gainbegiratze- edo erregulazioneurri guztiak erakundeak erakarriko duen pasiboa duen publikoari segurtasuna ematera bideratu behar dira, eta, beraz, finantza-sistemaren egonkortasuna babestera.

Aldi berean, beharrok justifikatzen dutenez, kreditu-erakundeen zenbait bideraezintasun-egoera funts publikoak txertatzearen bidez konpondu behar dira.

Txertatzeon xede nagusia bezeroen aurrezkiak eta gordailuak babestea da; hain zuzen ere, laguntza horiek egongo ez balira eta kreditu-erakundea besterik gabe likidatu beharko balute, ondarearen zati garrantzitsu bat galduko luketen bezeroenak.

Zenbait kasutan, finantza-laguntza publikoen beharra dagoela onartu ondoren, beharrezkoa da horiek erregulatuko dituen araudiak kreditu-erakundeko bezeroaren eta zergadunaren arteko beharrezko orekari eustea; hots, bigarrenak lehenengoa babesteko bere gain hartu behar duen kostua gutxitu behar du, kasu gehienetan herritarrak bata zein bestea izan ohi direla ahaztu gabe. Oreka lortzeko, txertatutako funts publikoak zentzuzko epean berreskuratu behar dira, lagundutako erakundeak sortutako mozkinen bidez.

Horiek horrela, botere publikoek laguntza irmoa baina orekatua eman behar diote kreditu-erakundeen bideragarritasunari, eta laguntza hori emateko modua eta kasuak erregulatu behar dituzte; hortaz, kaudimen-gabeziaren prozedurak eraentzen dituzten unibertsaltasun eta «pars conditio creditorum» printzipioak modulatu behar dituzte, halabeharrez.

Kasu askotan, kreditu-erakundeen behin-behineko ahulaldiak funts publikoak txertatzearen bidez konpon daitezke; hartara, erakundea likidatzea, aktiboa pasiboaren artean banatze hutsa eta hartzekodunek galerak proportzionalki beren gain hartu behar izatea saihesten dira. Horiek dira kreditu-erakundeak berregituratzeko kasuak.

Beste kasu batzuetan, berriz, ezin dira kreditu-erakundeen behin betiko bideraezintasunak aipatutako banaketaren bidez konpondu; aitzitik, komeni da, aurrez, erakundearen zati onak bereiztea, bai eta kaltetuenak ere, kaudimen-gabeziaren prozedura arrunta soberakinari aplika dakion bakarrik, baldin badago. Horiek desegitekasuak dira. Termino hori erabateko neologismoa da gure ordenamendu juridikoan, baina argi eta garbi adierazten du asmoa: kreditu-erakunde baten bideraezintasun-egoera ahalik eta hoberen konpontzea.

Azkenik, beste batzuetan, kreditu-erakundeen zailtasunak aurrekoak baino askoz ere arinagoak dira, eta neurri jakinen bidez zuzen daitezke. Neurrion xedea kredituerakundeak egonkortasuna berreskuratzea eta erregulazio-betekizun guzti-guztiak lortzea da, funts publikoak txertatu gabe, edo ezohiko moduan eta aldi baterako txertatuta. Horiek esku-hartze goiztiarraren kasuak dira.

Lege hau bereizketa hirukoitz horretan (esku-hartze goiztiarra, berregituraketa eta desegitea) oinarritzen da, eta argi eta garbi erregulatu nahi ditu kasu horietako bakoitza, tresnak eta horien harira har daitezkeen neurriak, bai eta tresna edo neurriok eragin ditzaketen ondorioak ere.

II Aurretik aipatutako hori guztia indarrez azaleratu da egungo finantza-krisian. Krisiak nabarmen kaltetu ditu kreditu-erakundeak, eta agerian jarri du bankuen krisiak kudeatzeko esparru sendo eta eraginkor bat izateko beharra, botere publikoek zailtasunak dituzten kreditu-erakundeak ordena bati jarraiki berregituratu eta, hala badagokio, desegiteko tresna egokiak izan ditzaten.

Azken urteetan, ekimen eta jarduera ugari egin dira arlo askotan berregituraketa- eta desegite-mekanismoak krisi ekonomikoa dela-eta antzemandako behar berrietara egokitzea sustatzeko.

2011ko azaroan, G-20ren esparruan, Finantza Egonkortasunerako Batzordeak «Finantza-erakundeen desegite-araubide efektiborako funtsezko elementuak» dokumentua onartu zuen. Bertan, erakundeak desegiteko araubide egokia ezartzeko funtsezko alderdiak zehazten dira. Dokumentu horrek lege-esparru operatibo bat sustatu nahi du, agintariek finantza-erakundeak ordena bati jarraiki berregituratu edo desegin ahal izan ditzaten, zergaduna laguntza-neurrietatik eratorritako galerak bere gain harrarazi gabe, eta erakundearen funtsezko elementuen jarraitutasuna bermatu ahal izan dezaten.

Gainera, Batzordearen arabera Estatuen desegite-agintarien esku egon behar diren zenbait desegite-elementu jasotzen ditu.

Ildo bertsutik, Nazioarteko Moneta Funtsak Espainiako finantza-sistemari buruz egindako txostenek –aurten argitaratu dira, Finantza Sistema Ebaluatzeko Programaren barruan– berregituraketaren Espainiako erakunde-arkitekturaren funtzionamendua positiboki baloratzen dute, baina hobetzeko aukerak antzematen dituzte, eta iradokitzen dutenaren arabera, berregituraketa- eta desegite-tresnak jarri behar dira agintari publikoen esku, egon daitezkeen bankuen krisi-egoerei aurre egin ahal izateko.

Europar Batasunari helduta, aurrerapauso irmoak eman dira finantza-erakundeak desegiteko esparru komun bat zehazteko. Horrek, hain zuzen, desegite-tresna gehiago emango dizkie agintari eskudunei, eta Estatu kideetako agintariak koordinatzeko mekanismoak zehaztuko ditu. Hala justifikatzen dute finantza-sistemaren izaera globalak, eta zehazki, kreditu-jarduerarenak.

2012ko ekainaren 6an, Europako Batzordeak kreditu-erakundeak eta inbertsiozerbitzuetako enpresak erreskatatzeko eta desegiteko esparrua zehazten duen zuzentarau-proposamen bat egin zuen. Horrek neurri ugari biltzen ditu, lehenik, kredituerakunde bat finantza-sistemaren egonkortasuna arriskuan jar dezakeen bideraezintasunegoera batera iristea saihesteko, eta bigarrenik, bideragarriak ez diren erakundeak ordena bati jarraiki desegiteko. Horren guztiaren helburua finantza-egonkortasunerako arriskua gutxitzea da, kontuan izanik akzionistak eta hartzekodunak direla desegitearen kostuak beren gain hartu behar dituztenak.

Lege hau osatzeko, ekimen horiek guztiak hartu dira kontuan, jakina; hortaz, edukiak horietan jasotako gomendio asko biltzen ditu. Gainera, kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko Espainiako eskema nabarmen aldatzen da.

Nazioarteko foroetan garatutako lanak aurreratzen direnean eta, batik bat, Europar Batasunean kreditu-erakundeak erreskatatzeari eta desegiteari buruzko zuzentarauaren azken testua adosten denean, arau hau araudi berrira egokituko da.

III Arau honen onarpena finantza-sektorea birkapitalizatzeko Espainiarentzako laguntzaprograman sartzen da. Espainiak Eurotaldearen barruan onartu zuen aipatutako programa, eta, horren harira, Ulermen Memoranduma onartu da, beste dokumentu batzuen artean.

Lehenik eta behin, kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko araubidea zehazten da, bai eta Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren (BBOF) eskuhatzeko botereak indartu ere.

Horrekin batera, pasiboak mendean jartzeko borondatezko edo nahitaezko ariketak biltzen dira berregituraketa- eta desegite-prozedura bat ireki zaien erakundeentzat.

Azkenik, banku-berregituraketatik datozen aktiboak kudeatzeko sozietate bat eraikitzeko aukera aurreikusten da. Sozietate hori kreditu-erakundeek transferitu behar dituzten aktibo arazotsuak kudeatzeaz arduratuko da.

Gainera, lege hau eragiten duen abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretuan, Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak erabaki ondoren lege gisa tramitatzea, Ulermen Memorandumak aurreragorako aurreikusi dituen zenbait neurri betetzea aurreratu zen, hainbat arrazoi direla-eta: batetik, neurri hauek sartzeak araudi-sistema homogeneo eta koherente bat osatzea errazten du, eta erregulazioa tresna bereizietan egitea desegokitzat jotzen da, arrazoi sistematikoengatik. Bestetik, zaila zen legegintza-prozedura arruntei jarraiki eta aurreikusitako epeetan indarrean jartzea; hortaz, gomendagarria zirudien arau bakarrean sartzea, bata bestearen segidan onartu ordez. Azkenik, lege honetan sartzeak aplikazioa prestatzen hasteko aukera ematen die hartzaileei, aurreragora arte exijituko ez badira ere. Irizpide horiei jarraiki, ondoren aipatutako neurriak sartu dira, beste batzuetan artean.

BBOFren antolamendu-egitura aldatu da, sektore pribatuak Zuzendaritza Batzordean parte hartzeak sortutako interes-gatazkak saihesteko, Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren bitartez.

Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak estaltzen ez dituen finantzaproduktuak izenpetzen dituzten inbertitzaile txikizkarientzako babesa hobetzeko neurriak biltzen dira.

Azkenik, kreditu-erakundeen talde kontsolidagarriek nahiz talde kontsolidagarrian sartuta ez dauden erakundeek bete behar dituzten betekizunak eta kapital nagusiaren definizioa aldatzen dira; hala, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, arriskuaren arabera haztatutako arriskuen ehuneko bederatziko betebehar bakarra bete beharko dute.

Lege honetan aurreikusitako neurriek ohiz ez bezala eta inoiz baino gehiago indartuko dituzte finantza-sistema indartzeko eta saneatzeko Espainiako agintari publikoek izango dituzten mekanismoak. Agintarioi, hain zuzen, kreditu-sektoreak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko tresna eraginkorrak emango dizkie.

IV Horiek horrela, komenigarria dirudi lege honen alderdi berrienak edo esanguratsuenak aztertzea, arauaren kapituluen araberako egituraketari jarriki.

I. kapituluak, xedapen orokorrak, arauaren xedearen erreferentzia bat eta legean erabiltzen diren kontzeptu aipagarrienen definizioak jasotzen ditu.

Zehazki, «desegite» terminoa definitzen da, berria baita gure ordenamendu juridikoan (orain arte, berregituraketa-kontzeptua erabili izan da). Termino berri hau sartzeko, funtsezko bi arrazoi daude: lehenik, gai honi buruzko Europako zuzentarau-proposamenak eta nazioarteko erreferentziako dokumentuek «desegite» terminoa erabiltzen dute.

Bigarrenik, legeak berregituraketa- eta desegite-prozedurak bereizten ditu. Kredituerakundea bideragarria ez denean eta, gordailugileentzako eta finantzaegonkortasunerako ahalik eta berme gehienekin, ordena bati jarraiki amaitu behar denean, bada, desegite-prozesua jarraituko da.

Bestalde, kapitulu honek prozesu guztiaren berri eman behar duten kredituerakundeak ordena bati jarraiki berregituratzeko eta desegiteko helburuak eta printzipioak sartzen ditu, tartean: finantza-sistemaren egonkortasunerako kaltegarriak diren ondorioak saihestea, baliabide publikoak ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzea bermatzea eta mendeko akzionistak eta hartzekodunak galerak beren gain hartzen lehenak izatea bermatzea, zehaztutako lehentasun-ordena aintzat hartuta.

II. kapitulua esku-hartze goiztiarraren prozedurari buruzkoa da, hizpide dugun Europako Batzordearen zuzentarau-proposamenaren ildotik. Honako erakunde hauek bete behar dituzte neurriok: kaudimen-betebeharrak betetzen ez dituztenak edo, pentsatzekoa denez, beteko ez dituztenak, baina, aurreikus daitekeenez, zailtasun-egoera hau beren kabuz edo ezohiko finantza-laguntza baten bidez –akzio bihur daitezkeen tresnen bitartez– gaindituko dutenak.

Esku-hartze goiztiarreko neurriak Espainiako Bankuari dagozkion gainbegiratzefuntzioen barruan sartzen direnez argi eta garbi, erakunde horrek protagonismo argia du hasierako fasean. Hortaz, horrek erabaki behar du zer erakundek hartu behar dituen esku-hartze goiztiarreko neurriak, eta horretarako, kaudimen-ahulaldia arintzeko eskuhartzeko plan bat osatu beharko du.

Fase honetan, Espainiako Bankuak administrazio-kontseiluko kideak kargugabetzea exiji dezake, baldin eta erakundearen egoerak okerrera egiten badu nabarmen.

III. eta IV. kapituluek kreditu-erakundeak ordena bati jarraiki berregituratzeko eta desegiteko prozesuak erregulatzen dituzte. Bata edo bestea aplikatzeko funtsezko irizpidea erakundearen bideragarritasuna da.

BBOFk zehaztu behar ditu bi prozesu horiek gauzatzeko tresna egokiak, ordena bati jarraiki, eta zergadunarentzako ahalik eta kostu txikienarekin. Gainbegiratzeko eskumenak ez dira aldatuko; aitzitik, Espainiako Bankuaren ardura izaten jarraituko dute. Hortaz, justifikatuta dago erakunde horrek berregituratze- eta desegite-prozeduretan esku hartzea.

Hala, desegite-prozesua bideragarriak ez diren erakundeei aplikatuko zaie, eta berregituraketa-prozesua, berriz, bideragarritasuna bermatzeko finantza-laguntza publikoa behar duten, baina, finantza-laguntza hori lege honetan laguntza-tresna bakoitzerako aurreikusitako epeetan itzultzeko gaitasuna duten erakundeei.

Kasu batean zein bestean, plan bat egingo da, dela berregituraketakoa, dela desegitekoa, Espainiako Bankuak onartu beharko duena, bai eta aplikatu ahal izango diren berregituraketa- edo desegite-tresnen berariazko erregulazio bat ere.

Desegite-tresnei dagokienez, Europako Batzordeak gai honi buruz egindako zuzentarau-proposamena hartu da aitzat, berriro ere, eta barne hartu dira erakundearen negozioa hirugarren bati saltzea, aktibo edo pasiboak zubi-banku bati transmititzea eta aktibo edo pasiboak aktiboak kudeatzeko sozietate bati transmititzea. Desegite-prozesua irekiz gero, gainera, administrazio-organoa kargugabetu beharko da.

V. kapituluak kreditu-erakundeei eman dakizkiekeen finantza-laguntzako tresnak aurreikusten ditu (besteak beste, birkapitalizazio-tresnak), akzio arruntak edo kapital sozialerako ekarpenak erostearen bidez edo akzio arrunt edo kapital sozialerako ekarpen bihur daitezkeen tresnak erostearen bidez. Kapitulu honek erakundearen balio ekonomikoa kalkulatzeari eta BBOFk birkapitalizazio-tresnak eskuratzeko araubideari buruzko xedapenak sartzen ditu.

Nolanahi ere, V. kapitulua aplikatzeko, kreditu-erakundeetako berregituraketa- eta desegite-prozesuetan baliabide publikoak gutxitzeko printzipioa hartuko da aintzat.

VI. kapituluak BBOFk dagokion kreditu-erakundeari aktibo arazotsuak aktiboak kudeatzeko sozietate bati pasatzea agintzeko aukera aurreikusten du. Hala, kapitulu honen lehenengo artikuluak ahalmen hori ezabatzeari egiten dio erreferentzia, eta sozietate hori definituko duten oinarrizko ezaugarriak –sozietate anonimo gisa eratuko da– aipatzen ditu oro har. Ondorengo artikulu batean, aktiboak transmititzeko eta balioztatzeko araubideari buruzko zenbait zehaztapen egiten dira. Horien berariazko erregulazioa ondorengo garapen bati dagokio.

Aktiboak kudeatzeko sozietateak arazotsutzat jotako aktiboak pilatuko ditu, horien kudeaketa errazteko.

VII. kapituluak mendeko kapitalaren eta zorraren tresna hibridoak kudeatzeko ekintzei buruzko xedapenak sartzen ditu. Horiek banku-erakunde bat berregituratzeko eta desegiteko neurriak nork finantzatu behar dituen argituko dute. Hauxe da abiapuntuprintzipioa: akziodunek eta hartzekodunek ordaindu behar dituzte berregituraketa- eta desegite-gastuak, ez zergadunek, erantzukizun eta arrisku-hartzearen printzipioari jarraiki.

Horrekin bat, kapitalaren tresna hibridoak kudeatzeko borondatezko eta nahitaezko mekanismoak zehaztutako dira. Horiek lehentasunezko partaidetzei nahiz mendeko zorrari eragingo diete. BBOFk adostuko du ekintza horien aplikazioa, bai eta horiek legeak baimentzen duen terminoetan egituratu ere, aplikazioaren egokitasuna balioztatuta.

Erantzukizun eta arrisku-hartzearen printzipioari jarraiki, kreditu-erakunde batek premiazko arrazoiak direla-eta finantza-laguntza jasoagatik ere, bere berregituraketari edo desegiteari buruzko erabaki bat berariaz hartu baino lehen, BBOFk mendeko kapital eta zorraren tresna hibridoak kudeatzeko ekintzak ezarri ahal izango ditu. Neurrion helburua, esan bezala, zergadunek beren gain hartu beharreko kostua ahalik eta txikiena izatea da.

VIII. kapituluak BBOFren araubide juridikoa zehazten du. Horri lotutako nobedade garrantzitsuenetako bat funtsaren gobernu-organoaren osaeraren aldaketa da. Lehenik eta behin, Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa ordezkatzeko kredituerakundeek zuten partaidetza –aurreko araudiaren arabera– bertan behera utzi da, interes-gatazkak eragingo dituelakoan, eta zuzendari nagusiaren irudia sortu da. Azken horrek funtsaren eskumen exekutiboak izango ditu. Gainera, BBOFren eta bestelako agintaritza eskudunen, nazionalen zein nazioartekoen, arteko lankidetzari eta koordinazioari buruzko arauak sartu dira, Espainiako Bankurako eta beste erakunde batzuetarako dagoeneko daudenen antzera.

Kapitulu honek BBOFk desegite-prozesuetan dituen eskumei buruzko erreferentzia bat jasotzen du; BBOFk merkataritza- edo administrazio-izaera izan dezake. Gainera, desegite-neurrien izaera exekutiboari erreferentzia egiten zaio; horiek aplikatzeko, ez da batzorde edo batzar orokorraren baimena beharko, ezta akziodunena ere. Berregituraketaeta desegite-prozesuek interes publikoa dute eta finantza-sistemaren egonkortasuna babestea dute helburu. Hori horrela, justifikatuta dago desegite-neurrion exekuzioa.

Azkenik, IX. kapituluak BBOFk hartzen dituen erabakien kontra egiteko prozesuaraubideari buruzko xedapenak sartzen ditu. Honako banaketa hau hartu behar da abiapuntu: batetik, BBOFk bere merkataritza-eskumenak baliatuz hartzen dituen erabakiak eta akordioak daude; horiei gizarte-akordioen aurka egiteko aurreikusitako arauen arabera egingo zaie aurka, lege honetan aurreikusitako zehaztapenak aintzat hartuta. Bestetik, BBOFk bere administrazio-eskumenak baliatuz agintzen dituen ekintzak daude; horiei administrazioarekiko auzibidean egingo zaie aurka, kapitulu honetan aurreikusitako berezitasunei jarraiki.

Azkenik, xedapen gehigarrietan eta azken xedapenetan, finantza-merkatuaren funtzionamendua hobetzeko Ulermen Memorandumak exijitutako neurri heterogeneo eta garrantzitsuak jasotzen dira. Hala, batetik, inbertitzaileak babesteko neurriak aurreikusten dira; izan ere, lege honek erantzun irmoak ematen dizkie bezero txikizkariei tresna hibridoak eta beste produktu konplexu batzuk (tartean, lehentasunezko partaidetzak) saltzeari dagokionez, azken urteetako praktika irregularrak berriro gerta ez daitezen.

Gainera, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak dituen kontrol-botereak indartu dira, erakundeek inbertsio-produktuak saltzeari dagokionez, batez ere, aipatutako produktu konplexuei dagokienez.

Bestalde, legeak kreditu-erakundeak baimentzeko edo zehatzeko arloan bai Espainiako Bankuak, bai Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak dituzten funtzioen arteko banaketa egiten laguntzen du. Hain zuzen ere, Espainiako Bankuari transferitu dizkio lehen Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari zegozkion funtzioak.

Lege honetan jasotako beste alderdi garrantzitsu bat kapital nagusiaren betekizunen aldaketa da, finantza-sistema indartzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretuaren arabera, kreditu-erakundeen talde kontsolidatuek eta talde kontsolidatuan sartuta ez dauden erakundeek bete behar dituzten baldintzena. Orain arte, ehuneko zortziko betekizuna zegoen ezarrita orokorrean, eta ehuneko hamarrekoa, berriz, kapitalmerkatuetan egoteko zailtasunak dituzten erakundeentzat eta handizkako finantzaketa dutenentzat. 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, ordea, ehuneko bederatziko betekizun bakarra bete beharko dute. Kapital nagusiaren exijentzia-maila aldatuko da, bai eta definizioa ere; izan ere, Europako Banku Agintaritzak bere azkeneko birkapitalizazioekitaldian erabilitakora egokituko da, elementu konputagarriei eta kenkariei dagokienez.

I. kapitulua.  Xedapen orokorrak.

1. artikulua.  2. artikulua.  3. artikulua.  4. artikulua.  5. artikulua.  Xedea.

Definizioak.

Berregituraketaren eta desegitearen helburuak.

Berregituraketaren eta desegitearen printzipioak.

Balioztapena.

II. kapitulua.  Esku-hartze goiztiarra.

6. artikulua.  Esku-hartze goiztiarrerako baldintzak.

7. artikulua.  Esku-hartzeko plana.

8. artikulua.  Esku-hartzeko planaren edukia.

9. artikulua.  Esku-hartze goiztiarreko neurriak.

10. artikulua.  Administrazio-organoa behin-behinean ordezkatzea, esku-hartze goiztiarreko neurri gisa.

11. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren esku-hartze eta informazio planaren jarraipena egitea.

12. artikulua.  Esku-hartze goiztiarreko egoera amaitzea.

III. kapitulua.  Berregituraketa.

13. artikulua.  Berregituraketarako baldintzak.

14. artikulua.  Berregituraketa-plana.

15. artikulua.  Berregituraketa-tresnak.

16. artikulua.  Berregituraketa-planaren edukia.

17. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari berregituraketa- eta informazio-planaren jarraipena egitea.

18. artikulua.  Berregituraketa-prozesua amaitzea.

IV. kapitulua.  Desegitea 1. atala.  Desegitearen oinarriak.

19. artikulua.  Desegiteko baldintzak.

20. artikulua.  Erakunde bideraezinaren kontzeptua.

2. atala.  Desegite-prozedura.

21. artikulua.  Desegite-prozesua irekitzea.

22. artikulua.  Administrazio-organoa ordezkatzea, desegite-neurri gisa.

23. artikulua.  Desegite-plana.

24. artikulua.  Aurretiazko neurriak.

3. atala.  Berariazko desegite-tresnak.

25. artikulua.  Desegite-tresnak.

26. artikulua.  Erakundearen negozioa saltzea.

27. artikulua.  Zubi-bankua.

V. kapitulua.  Finantza-laguntzako tresnak.

28. artikulua.  Finantza-laguntzako tresnak.

29. artikulua.  Birkapitalizazio-tresnak.

30. artikulua.  Erakundearen balio ekonomikoa eta birkapitalizazio-tresnak ordaintzea.

31. artikulua.  Akzio arruntak edo kapital sozialerako ekarpenak.

32. artikulua.  Akzio arrunt edo kapital sozialerako ekarpen bihur daitezkeen tresnak.

33. artikulua.  BBOFk birkapitalizazio-tresnak izenpetzeko edo eskuratzeko araubide berezia.

34. artikulua.  Akzio arrunt edo kapital sozialerako ekarpen bihur daitezkeen tresnen bihurketa eta desinbertsioa.

VI. kapitulua.  Aktiboak kudeatzeko sozietatea.

35. artikulua.  Aktiboak kudeatzeko sozietatea.

36. artikulua.  Aktiboak transmititzeko araubidea.

37. artikulua.  Aktiboak kudeatzeko sozietatearen zehapen-araubidea eta administrazio-organoa behin-behinean ordezkatzea.

38. artikulua.  Aktiboak kudeatzeko sozietateen gainbegiratze-araubidea.

VII. kapitulua.  Tresna hibridoak kudeatzea.

1. atala.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak.

39. artikulua.  40. artikulua.  motak.

41. artikulua.  42. artikulua.  jakinarazpena.

Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak.

Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza Merkatu-balioa.

Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzen 2. atala.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak egin beharrekoak.

43. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren kudeaketa, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak egin beharrekoa.

44. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzen edukia, BBOFk adosten duena.

45. artikulua.  Balioztapen-irizpideak.

46. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza onartzea.

47. artikulua.  BBOFren akordioaren jakinarazpena eta ondorioen data.

48. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza bat aldatzea.

49. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza batek kaltetutako inbertitzaileen eskubideak.

50. artikulua.  Hirugarrenen eskubideak.

51. artikulua.  Zehapen-araubidea.

VIII. kapitulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa.

1. atala.  Izaera eta araubide juridikoa.

52. artikulua.  53. artikulua.  54. artikulua.  55. artikulua.  56. artikulua.  57. artikulua.  koordinatzea.

58. artikulua.  koordinatzea.

59. artikulua.  60. artikulua.  61. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa.

Finantzaketa.

Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren gobernua.

Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren zuzendari nagusia.

Parlamentu-kontrola.

Bestelako agintaritza eskudun nazionalekin lankidetzan aritzea eta Bestelako nazioarteko agintaritza eskudunekin lankidetzan aritzea eta Sekretu-betebeharra.

Lehia-araudia aplikatzea.

Nazioarteko gomendioak hartzea.

2. atala.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren eskumenak.

62. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren eskumenak.

63. artikulua.  Merkataritza-eskumenak.

64. artikulua.  Administrazio-eskumen orokorrak.

65. artikulua.  Neurrien izaera exekutiboa.

66. artikulua.  Bestelako baldintza aplikagarriak.

67. artikulua.  Finantza-eragiketei eta kontratuak konpentsatzeko akordioei aplika dakizkiekeen baldintzak.

68. artikulua.  Larrialdiko neurriak.

69. artikulua.  Jakinarazpena.

70. artikulua.  Kontratuak eta bermeak eteteko eskumenak.

IX. kapitulua.  Prozesu-araubidea.

71. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak lege honen 63. artikuluari jarraiki hartutako erabakien eta akordioen kontrako errekurtsoak.

72. artikulua.  Esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako eta desegiteko prozesuen esparruan agindutako administrazio-erabaki eta -ekintzen kontrako errekurtsoaren berezitasunak.

73. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren kudeaketaren esparruan agindutako administrazio-erabaki eta -ekintzen kontrako errekurtsoaren berezitasuna.

74. artikulua.  Lege honen 72. eta 73. artikuluetan aipatutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoetan emandako epaia ezin exekutatu ahal izatea.

Lehenengo xedapen gehigarria.  BBOFren zuzkidura.

Bigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak Altxortegi Publikoari dirua aurrez sartzea.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren Ordezko Kontu Hartzailetzak BBOFn egiten dituen jardueren eraketa eta araubidea.

Laugarren xedapen gehigarria.  Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren zerga-hobariak, BBOFren eragiketetarako.

Bosgarren xedapen gehigarria.  Esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako eta desegiteko prozesuen eragina kreditu-erakundeen jardueren jarraitutasunean.

Seigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari exiji dakizkiokeen betebehar ekonomikoen bermeetarako abalak emateko araubide juridikoa.

Zazpigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea sortzea.

Zortzigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari transmititu beharreko aktiboak.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari aktiboak transmititu behar dizkioten erakundeak.

Hamargarren xedapen gehigarria. Ondare bereiziak.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.  BBOFk kontrolatutako kreditu-erakundeek ondare garbian dituzten galeren ondorioak.

Hamabigarren xedapen gehigarria.  BBOFk larrialdiko izapidetzearen bidez kontratatzea.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.  Txikizkariei lehentasunezko partaidetzak, zortresna bihurgarriak eta baliabide propiotzat konputa daitezkeen mendeko finantzaketak saltzea.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.  Bankuak berregituratzeari eta kredituerakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuari egindako erreferentziak.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.  Titulizazioak kudeatzeko sozietateak BAFak kudeatzeko sozietate bilakatzeko araubide berezia.

Hamaseigarren xedapen gehigarria.  Ezohiko kreditu bat ematea, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren aurrekontuan.

Hamazazpigarren xedapen gehigarria.  Banku-aktiboen funtsen eta partaideen araubide fiskala.

Hemezortzigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen langileen kostuak eta Jarraipen Batzordea.

Hemeretzigarren xedapen gehigarria.  Berregituraketa- edo desegite-prozesuan dauden kreditu-erakundeen ordainsariei buruzko txostena.

Hogeigarren xedapen gehigarria.  Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bateginak onartutako uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretua aldatzea.

Lehenengo xedapen iragankorra.  Uneko berregituraketa-prozesuak.

Bigarren xedapen iragankorra.  Uneko zehapen- eta baimen-prozedurak Hirugarren xedapen iragankorra.  Jasotako finantza-laguntzak.

Laugarren xedapen iragankorra.  Bideragarritasun-plan orokorra.

Bosgarren xedapen iragankorra.  Aktiboak emateko araubidea, finantza-sektoreko higiezin-aktiboak saneatu eta saltzeari buruzko urriaren 30eko 8/2012 Legean jasotakoa.

Seigarren xedapen iragankorra.  Kapital nagusiaren betekizunak, 2012ko abenduaren 31ra arte.

Xedapen indargabetzailea.

Azken xedapenetako lehena.  Finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako bigarrena.  Kreditu-erakundeen alorreko indarreko Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitzeari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzea.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako laugarrena.  Kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako seigarrena.  Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako zazpigarrena.  Finantza-sistema indartzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Azken xedapenetako zortzigarrena.  Kreditu-erakundeen gordailuak bermatzeko funtsa eratzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Azken xedapenetako bederatzigarrena.  Finantza-sektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Azken xedapenetako hamargarrena.  Estatuaren 2012rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako hamaikagarrena.  Administrazio publikoetako eta finantzaesparruko likidezia-neurriei buruzko uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Azken xedapenetako hamabigarrena.  Baloreak ordaintzeko eta kitatzeko sistemei buruzko azaroaren 12ko 41/1999 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako hamahirugarrena.  Aurrezki-kutxen gobernu-organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Azken xedapenetako hamalaugarrena.  Finantza Sistema Erreformatzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako hamabosgarrena.  Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren legearen testu bateratuaren aldaketa –lege hori irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen –.

Azken xedapenetako hamaseigarrena.  Toki-ogasunak arautzen dituen legearen testu bategina aldatzea (Martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Azken xedapenetako hamazazpigarrena.  Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Sozietateen Gaineko Zergaren Legearen testu bategina aldatzea.

Azken xedapenetako hemezortzigarrena.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren eta Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren alde eratutako bermeei aplika dakiekeen araubide juridikoa.

Azken xedapenetako hemeretzigarrena.  Eskumen-tituluak.

Azken xedapenetako hogeigarrena.  Garatzeko eskumena.

Azken xedapenetako hogeita batgarrena.  VII. kapituluaren indarraldia amaitzea.

Azken xedapenetako hogeita bigarrena.  Indarrean sartzea.

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak 1. artikulua.  Xedea.

Lege honen xedea da kreditu-erakundeen esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako eta desegiteko prozesuak arautzea, bai eta Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren (aurrerantzean, «BBOF» edo «Funtsa») araubide juridikoa eta jarduera-esparru orokorra zehaztea ere, finantza-sistemaren egonkortasuna babesteko ahalik eta baliabide publiko gutxien erabilita.

2. artikulua.  Definizioak.

1.  Lege honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:

a)  Esku-hartze goiztiarra: kreditu-erakunde bati aplika dakiokeen prozedura, baldin eta, II. kapituluan aurreikusitakoarekin bat, kaudimen, likidezia, antolamendu-egitura eta barne-kontrolaren betekizunak betetzen ez baditu edo, elementu objektiboen arabera, bete ezingo dituela aurreikusten bada, baina berriro bete baditzake bere kabuz, lege honen 9.f) artikuluan aurreikusitako ezohiko finantza-laguntza publiko mugatuari kalterik egin gabe.

b)  Berregituraketa: kreditu-erakunde bati aplika dakiokeen prozedura, baldin eta, III. kapituluan aurreikusitakoarekin bat, finantza-laguntza publikoa behar badu bere bideragarritasuna bermatzeko eta laguntza hori itzuliko dela edo berreskuratuko dela aurreikusi badaiteke, V. kapituluan aurreikusitakoarekin bat, edo desegiteko ezinbestekoa bada finantza-sistemaren egonkortasuna larri kaltetzea.

c)  Desegitea: kreditu-erakunde bati aplika dakiokeen prozedura, baldin eta, IV. kapituluan aurreikusitakoarekin bat, bideraezina bada edo etorkizun hurbilean bideraezina izango dela aurreikusten bada, eta, interes publikoko eta finantzaegonkortasuneko arrazoiak direla medio, beharrezkoa bada konkurtso-likidazioa saihestea.

2.  Prozeduron xedea erakundearen funtsezko funtzioen jarraitutasuna bermatzea, finantza-egonkortasuna zaintzea eta epe luzeko bideragarritasuna bermatzea izango da, lege honen 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako printzipio eta xedeekin bat.

3. artikulua.  Berregituraketaren eta desegitearen helburuak.

Kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko prozesuek honako helburu hauek izango dituzte (helburuok modu baliokidean haztatuko dira, eta kasu bakoitzeko baldintzen arabera):

a)  Jardueren, zerbitzuen eta eragiketen jarraitutasuna bermatzea, baldin eta horiek eteteak ekonomia edo finantza-sistema asaldatu baditzake, eta zehazki, garrantzi sistemikoko finantza-zerbitzuena eta ordainketa-, konpentsazio- eta likidazio-sistemena.

b)  Finantza-sistemaren egonkortasunerako eragin kaltegarriak saihestea; eta hori ez gertatzeko, erakunde baten zailtasunek sistema osoa kutsatzea saihestea eta merkatu‑diziplinari eustea.

c)  Baliabide publikoak modu eraginkorragoan erabiltzea; eta horretarako, ezohiko moduan eman behar diren finantza-laguntza publikoak gutxitzea.

d)  Gordailugileak babestea, baldin eta Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak bermatutako funtsak badituzte.

e)  Kreditu-erakundeetako bezeroen funts itzulgarriak eta gainerako aktiboak babestea.

4. artikulua.  Berregituraketaren eta desegitearen printzipioak.

1.  Berregituratzeko eta desegiteko prozesuak honako printzipio hauetan oinarrituko dira, aurreko artikuluan jasotako helburuak betetzea bermatzeko beharrezko neurrian:

a)  Erakundeetako akziodunak, kuotadunak edo kideak izango dira, dagokion moduan, galerak jasango dituzten lehenengoak.

b)  Erakundeetako mendeko hartzekodunak izango dira, akziodunen, kuotadunen edo kideen ondoren, berregituratzetik edo desegitetik eratorritako galerak jasango dituzten bigarrenak, konkurtso-legerian zehaztutako lehentasun-ordenari jarraiki, lege honetan jasotako salbuespenak aintzat hartuta.

c)  Maila bereko hartzekodunak modu berean tratatuko dira, lege honek kontrakorik xedatu ezean.

d)  Hartzekodunek ez dute jasango erakundea konkurtso-prozedura bati jarraiki likidatuz gero jasango lituzketenak baino galera handiagorik.

e)  Erakundea deseginez gero, administrariak ordezkatu egingo dira, lege honen 22. artikuluan zehaztutakoarekin bat.

f)  Konkurtso-, merkataritza- eta zigor-legerian xedatutakoa aplikatuz, erakundeetako administrariak eragindako kalteen erantzule izango dira, beren partaidetzaren eta kalteon larritasunaren arabera.

2.  Aurreko paragrafoan aipatutako printzipioak aplikatzeko eta VII. kapituluan adierazitako berregituraketa- eta desegite-kostuen banaketa egokia zehazteko, BBOF ez da aurreko paragrafoan adierazitako akzioduntzat, kuotaduntzat edo kidetzat joko.

5. artikulua.  Balioztapena.

1.  Berregituratzeko edo desegiteko edozer neurri hartu baino lehen, eta, zehazki, lege honetan aurreikusitako tresnak aplikatze aldera, BBOFk erakundearen edo aktibo eta pasiboen balio ekonomikoa zehaztuko du, aditu independente bati edo gehiagori eskatutako balioztapen-txostenak oinarri hartuta.

2.  Balioztapenaren xedea erakundearen edo aktibo eta pasiboen balio ekonomikoa zehaztea izango da, erabiliko diren tresnak aplikatzetik erator litezkeen galerak aintzatetsi ahal izan daitezen. Balioztapen hori hartuko da oinarritzat, baldin eta erakunde bati finantza-laguntza publikoa ematen bazaio.

3.  Balioztapena prozeduraren mende egongo da, eta BBOFk oro har zehazten dituen irizpideen arabera egingo da, Zuzendaritza Batzordearen akordioaren bidez, denen artean adostutako metodologiei jarraiki. Balioztapenak erakundearen proiekzio ekonomiko eta finantzarioak hartuko ditu oinarri, BBOFk izendatutako adituek egoki iritzitako aldaketa eta doikuntzak aintzat hartuta, eta kontuan izan beharko ditu, batetik, erabiliko diren tresnak aplikatzeko uneko baldintzak, eta, bestetik, finantza-egonkortasuna zaintzeko beharra. Erakundearen balio ekonomikoa zehazteko, ez dira kontuan hartuko BBOFk bere finantza-egoeran laguntzeko eman dizkion edo emango dizkion finantza-laguntza publikoak.

4.  BBOFk aurreko paragrafoan adierazitako balioztapen-prozedurei eta -irizpideei buruzko aurretiko txostena eskatuko dio Espainiako Bankuari.

5.  Zerga-araudiaren arabera dagokion ondorioetarako, merkatu-balioa artikulu honetan adierazitako balio ekonomikoa izango da.

II. KAPITULUA Esku-hartze goiztiarra 6. artikulua.  Esku-hartze goiztiarrerako baldintzak.

1.  Kreditu-erakunde batek edo kreditu-erakundeen talde edo azpitalde kontsolidagarri batek kaudimen, likidezia, antolamendu-egitura eta barne-kontrolaren betekizunak betetzen ez baditu edo, elementu objektiboen arabera, bete ezingo dituela aurreikusten bada, baina berriro bete baditzake bere kabuz, lege honen 9.f) artikuluan aurreikusitako ezohiko finantza-laguntza publiko mugatuari kalterik egin gabe, Espainiako Bankuak kapitulu honetan zehaztutako neurri guztiak edo horietako batzuk hartu ahal izango ditu.

Aurreko lerrokadan aurreikusitako baldintzak zehazteko erabili beharko diren adierazle objektiboak erregelamendu bidez zehaztu ahal izango dira.

2.  Kapitulu honetan jasotako neurriak bateragarriak izango dira antolamendu- eta diziplina-arloetan indarrean den araudian aurreikusitakoekin. Nolanahi ere, esku-hartzeko plana aurkezten duen momentutik, ezingo da kreditu-erakunde baten baimena ezeztatu, ezeztapen horrek zigor-izaera izan ezean.

7. artikulua.  Esku-hartzeko plana.

1.  Kreditu-erakunde bat edo kreditu-erakundeen talde edo azpitalde kontsolidagarri bat aurreko artikuluan deskribatutako egoeraren batean dagoenean, erakundeak, edo talde edo azpitalde kontsolidagarriaren erakunde behartuak, horren berri emango dio berehala Espainiako Bankuari.

Erakundeak esku-hartzeko plan bat aurkeztuko dio Espainiako Bankuari, aurreko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean. Planean, zera zehaztuko dio: erakunde, talde edo azpitalde kontsolidagarriaren epe luzeko bideragarritasuna bermatzeko zer ekintza aurreikusi dituen finantza-laguntza publikorik gabe; bai eta exekutatzeko aurreikusitako epea ere. Epea ezingo da hiru hilabetetik gorakoa izan, onarpenetik kontatzen hasita, non eta Espainiako Bankuak ez duen berariaz baimentzen.

2.  Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, Espainiako Bankuak kreditu-erakunde bat edo kreditu-erakundeen talde edo azpitalde kontsolidagarri bat aurreko artikuluan deskribatutako egoeraren batean dagoela dakienean, egoera aztertzea eskatuko dio erakundearen administrazio-organoari, bai eta esku-hartzeko plan bat aurkeztea ere hamabost eguneko epean.

3.  Espainiako Bankuak esku-hartzeko plana onartu beharko du, eta aldaketa edo neurri gehigarriak eskatu ahal izango ditu, erakundeak narriadura-egoera gaindi dezan.

Plana onartzeko, beharrezkoa izango da BBOFren aldeko txostena, baldin eta erakundeak finantza-laguntza publikoa eskatzen badu. Hamar eguneko epe luzaezinean ebaluatu beharko da. Esku-hartzeko plana behin betiko onartzeko, hilabeteko epea egongo da, erakundeak aurkezten duen unetik kontatzen hasita.

8. artikulua.  Esku-hartzeko planaren edukia.

1.  Esku-hartzeko planak erakundearen egoeraren analisia eta negozio-plan bat izan beharko ditu. Azken horrek, bada, honako puntu hauek hartuko ditu barne, modu proportzionalean eta horren berariazko baldintzetara egokituta:

a)  Erakunde, talde edo azpitalde kontsolidagarriaren eraginkortasunari, errentagarritasunari, palanka-efektuaren mailei eta likideziari buruzko berariazko helburuak.

b)  Kaudimenaren arloko berariazko konpromisoak.

c)  Eraginkortasuna hobetzeko, administrazioa eta gerentzia arrazionalizatzeko, gobernu korporatiboa hobetzeko, egitura-kostuak murrizteko eta ekoizpen-ahalmena birdimentsionatzeko berariazko konpromisoak.

d)  Erakundeak finantza-laguntza publikoa eskatzen badu, hori emateko baldintzak, lege honen 9 f) artikuluan aurreikusitakoarekin bat, eta baliabide publikoen erabilera murrizteko hartu behar diren neurriak.

2.  Espainiako Bankuak arau eta printzipio orokorrak onartu ahal izango ditu zirkular bidez, aurreko paragrafoan adierazitako helburuak eta konpromisoak zehaztuta.

3.  Erakundearen ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaeraren edo merkatuen baldintzen garapenaren ondorioz, sumatuko balitz ezin dela esku-hartzeko plana onartu zeneko baldintzetan bete, erakundeak baldintzok aldatzea eskatu ahal izango dio Espainiako Bankuari.

BBOFk esku-hartze planaren aldaketaren berri eman beharko du aurrez, erakundeak finantza-laguntza publikoa eskatu badu, lege honen 9.f) artikuluan xedatutakoarekin bat.

9. artikulua.  Esku-hartze goiztiarreko neurriak.

Espainiako Bankuak honako neurri hauek hartu ahal izango ditu, kreditu-erakunde bat edo kreditu-erakundeen talde edo azpitalde kontsolidagarri bat lege honen 6.1 artikuluan deskribatutako egoeretakoren batean dagoela dakien momentutik:

a)  Erakundearen administrazio-organoari erakundearen batzorde edo batzar orokorra deitzea eskatzea, edo deialdia zuzenean egitea administrazio-organoak eskatutako epean egiten ez badu, bai eta gai-zerrenda eta akordio jakin batzuk onartzeko proposatzea ere.

b)  Administrazio-organoetako kideak edo zuzendari orokorrak eta antzekoak kargutik kentzeko edo ordezkatzeko eskatzea.

c)  Hartzekodun guztiekin edo batzuekin batera zorra birnegoziatzeko edo berregituratzeko programa bat osatzeko eskatzea.

d)  Antolamendu- eta diziplina-arloko indarreko araudian zehaztutako edozer neurri hartzea, hurrengo idatz-zatian aurreikusitakoari kalterik egin gabe.

e)  Aurreko neurriak nahikoak ez badira, erakundearen administrazio-organoa behinbehinean ordezkatzea adostea, hurrengo artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

f)  Lege honen 32. artikuluan aurreikusitako birkapitalizazio-neurriak hartzeko eskatzea ezohiko izaeraz, lehiaren eta Estatu-laguntzen arloko Espainiako eta Europar Batasuneko araudia betetzeko, eta baliabide publikoen erabilera murrizten saiatuz.

Neurriotan, akzio bihur daitezkeen tresnak berrerosteko edo amortizatzeko epea ezingo da bi urte baino handiagoa izan; handiagoa bada, esku-hartzeko planak BBOFren aldeko txostena beharko du, eta lege honen I. eta V. kapituluetan eta VIII. kapituluaren 2. atalean aurreikusitakoaren mende egongo da. Neurri hori aplikatuko da baldin eta, elementu objektiboen arabera, erakundea tresna bihurgarriak erosteko edo amortizatzeko moduan egongo dela aurreikusten bada, betiere, bi urteko gehieneko epean. Aurreko betekizunak bete ezin dituen erakundeak eskatutako beste edozer birkapitalizazio-neurri lege honen III. eta IV. kapituluetan aurreikusietako berregituraketa- edo desegite-prozesuren baten barruan baino ezingo da eman.

10. artikulua.  Administrazio-organoa behin-behinean ordezkatzea, esku-hartze goiztiarreko neurri gisa.

1.  Espainiako Bankuak administrazio-organoa behin-behinean ordezkatzea adostu ahal izango du, kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen III. tituluan zehaztutako prozedurarekin bat eta kapitulu honetan aurreikusitako berezitasunak aintzat hartuta.

2.  Artikulu honen babespean adostutako behin-behineko ordezkapenak urtebeteko indarraldia izango du. Hala eta guztiz ere, epe hori epe beretan berritu ahal izango da, harik eta esku-hartzeko plana zehazteko eragiketak gauzatu arte.

11. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren esku-hartze eta informazio planaren jarraipena egitea.

1.  Erakundeak esku-hartzeko planean jasotako neurrien betetze-mailari buruzko txostena bidaliko dio Espainiako Bankuari hiru hilez behin. Espainiako Bankuak BBOFri txostena igorriko dio.

2.  BBOFk lege honetan aurreikusitako eskumenak gauza ditzan, Espainiako Bankuak jakinaraziko dio:

a)  Kreditu-erakunde bat edo kreditu-erakundeen talde edo azpitalde kontsolidagarri bat lege honen 6.1 artikuluan deskribatutako egoeraren batean dagoenean, edo, elementu objektiboen arabera, halako egoeretan egotea aurreikusten denean.

b)  Esku-hartzeko planaren behin betiko onarpenaz, Espainiako Bankuak eskatutako aldaketa edo neurri gehigarriak barne.

d)  Esku-hartze goiztiarraren egoeraren amaieraz.

3.  Espainiako Bankuak esku-hartzeko plana betetzen dela ziurtatzeko beharrezko neurriak hartzea eskatu ahal izango du.

4.  Berregituraketa- edo desegite-prozesua irekiko da, baldin eta honako egoera hauetakoren bat badago:

a)  Azkenean, ez bada posible erakundearen narriadura-egoera gainditzea, eta erakundea berregituratzeko edo desegiteko baldintzaren bat betetzen badu.

b)  Lege honen 7.2 artikuluan adierazitako epean, erakundeak ez badu eskatutako esku-hartzeko plana aurkeztu edo Espainiako Bankuari adierazi badio ezin izan duela bere egoerarako konponbide bideragarririk topatu.

c)  Espainiako Bankuaren aburuz, aurkeztutako plana ez bada bideragarria, edo ez bada nahikoa erakundearen ahultasun-egoera gainditzeko, edo erakundeak ez baditu Espainiako Bankuak eskatutako aldaketa edo neurri gehigarriak onartzen.

d)  Erakundeak larri urratzen baditu exekuzio-epea, esku-hartzeko planean jasotako neurri zehatzak edo Espainiako Bankuak ezarritako esku-hartze goiztiarrerako edozer neurri, eta hori dela-eta, arriskuan jartzen bada esku-hartze goiztiarraren helburuak betetzea.

5.  Esku-hartzeko plana onartzen denetik, BBOFk erakundearekin edo bere talde edo azpitalde kontsolidagarriarekin lotutako informazio guztia eskatu ahal izango dio Espainiako Bankuari, berregituraketa edo desegitea prestatzeko.

BBOFk erakundearen balio ekonomikoa zehaztu ahal izango du esku-hartze goiztiarreko fasean zehar, lege honen 5. eta 30. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako.

12. artikulua.  Esku-hartze goiztiarreko egoera amaitzea.

Kreditu-erakundeak lege honen 6.1 artikuluan deskribatutako egoeretan egoteari uzten dionean, Espainiako Bankuak amaitutzat emango du esku-hartze goiztiarreko egoera.

III. KAPITULUA Berregituraketa 13. artikulua.  Berregituraketarako baldintzak.

Erakunde bat berregituratuko da, baldin bere bideragarritasuna bermatzeko finantzalaguntza publikoa behar badu, eta elementu objektiboen arabera, laguntza hori tresna bakoitzerako V. kapituluan aurreikusitako epeetan itzuli edo berreskuratuko dela aurreikusten bada. Gainera, kreditu-erakunde bat berregituratzea aurreikusi ahal izango da aurreko elementu objektibo horiek egon gabe, baldin eta erakundea desegiteak finantza-sistema osoaren egonkortasunerako oso ondorio kaltegarriak sortzen baditu, eta hori dela-eta, hobe bada berregituratzea, baliabide publikoen erabilera murrizte aldera.

Espainiako Bankuak zehaztuko du aurreko lerrokadan adierazitako ondorio kaltegarrien larritasuna. Horretarako, honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat:

erakundeak ematen dituen jardueren, zerbitzuen eta eragiketen bolumena, finantzasistema osoarekiko; gainerako erakundeekiko barne lotura; eta, desegiten bada, zailtasunek finantza-sistema osoa kutsatzeko dauden aukerak.

Erakunde bat aurreko lerrokadan deskribatutako egoeraren batean dagoen zehazteko, parte den taldearen egoera ere hartuko da aintzat.

14. artikulua.  Berregituraketa-plana.

1.  Erakunde bat aurreko artikuluan deskribatutako egoeren batean dagoenean, horren berri emango die berehala BBOFri eta Espainiako Bankuari, eta aipatutako jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean, berregituraketa-plan bat aurkeztuko die. Planean, erakundearen epe luzeko bideragarritasuna ziurtatzeko aurreikusitako neurriak zehaztuko ditu; bai eta exekutatzeko aurreikusitako epea ere. Epea ezingo da hiru hilabetetik gorakoa izan, onarpenetik kontatzen hasita, non eta BBOFk ez duen berariaz baimentzen.

2.  Lege honen 13. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Espainiako Bankuak erakunde bat aurreko artikuluan deskribatutako egoeren batean dagoela dakienean, egoera aztertzea eskatuko dio erakundearen administrazio-organoari, bai eta hamabost eguneko epean berregituraketa-plan bat aurkezteko ere.

3.  BBOFk, berregituraketa-plana Espainiako Bankuari igortzea –onar dezan– adostu baino lehen, aurkeztutako planaren aldaketak eta neurri gehigarriak eskatu ahal izango ditu, erakundearen narriadura-egoera gainditzeko eta lege honen 3. eta 4. artikuluetan adierazitako helburuak eta printzipioak ziurtatzeko.

4.  Espainiako Bankuak berregituraketa-plana onartu beharko du; Espainiako Bankuak kreditu-erakundeen kaudimena, esku-hartzea eta berariazko araudiaren betetzea gainbegiratzeko eskumena du, eta finantza-sistemaren eta ordainketa-sistemen funtzionamendu ona eta egonkortasuna sustatzen ditu. Berregituraketa-plana onartzeko, hilabeteko epea egongo da, erakundeak aurkezten duen unetik kontatzen hasita.

5.  Dagokion berregituraketa-plana onartu baino lehen, Espainiako Bankuak txosten bat eskatuko die aurrezki-kutxen eta, hala badagokio, tartean dauden kreditu-kooperatiben autonomia-erkidegoetako organo eskudunei. Hamar eguneko epean igorri beharko da.

6.  Espainiako Bankuak berregituraketa-plana onartzen badu, berregituraketa antolatzeko berariazko eragiketek ez dute inongo geroko administrazio-baimenik beharko, kreditu-erakundeen araudiaren esparruan. Eragiketon barruan sartzen dira partaidetza nabarmenen eskuratzeak eta eragiketa horien ondorioz gertatzen diren estatutualdaketak.

7.  Halaber, BBOFk memoria ekonomiko bat helaraziko die Ogasun eta Herri Administrazioetako eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroei, aurkeztutako berregituraketa-planak Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura emandako funtsetan zer finantza-inpaktu izan duen xehatuz. Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak eta Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak helarazitako txostenak oinarri hartuta, Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroak txostena aurkezten denetik aurrera bost egun baliodun izango ditu aurka egin ahal izateko, arrazoiak emanez betiere.

15. artikulua.  Berregituraketa-tresnak.

1.  Hona hemen berregituraketa-tresnak:

a)  Finantza-laguntza, V. kapituluan aurreikusitako baldintzetan.

b)  Aktibo edo pasiboak kudeatzeko sozietate bati transmititzea.

2.  BBOFk aurreko tresna horiek hartu ahal izango ditu, hala banaka, nola denak batera.

16. artikulua.  Berregituraketa-planaren edukia.

Berregituraketa-planean esku-hartzeko planetarako lege honen 8. artikuluan aurreikusitako elementuak sartuko dira, bai eta 15. artikuluan aurreikusitakoen artean ezarriko diren berregituraketa-tresnak ere. Gainera, erakundearen egoeraren analisia barne hartuko du. Horren arabera justifikatuko da, bada, finantza-laguntza publikoa tresna bakoitzerako aurreikusitako epean berreskuratu edo itzuli ahal izateko gaitasuna edo desegiteak finantza-sistemaren egonkortasunerako izango lituzkeen ondorio kaltegarriak.

Halaber, baliabide publikoen erabilera murrizteko ezarri beharko liratekeen neurriak jaso beharko ditu; zehazki, kapitalaren eta mendeko zorraren tresna hibridoak kudeatzeko egingo diren ekintzak, erakundearen berregituraketa-kostuak behar bezala banatzen direla bermatzeko, lege honen 3. eta 4. artikuluetan zehaztutako helburuekin eta printzipioekin bat.

Berregituraketa-planak finantza-laguntza itzultzeko edo berreskuratzeko epea aipatu behar du, laguntza eman bada.

BBOFk esku-hartze goiztiarreko edozer neurri hartu ahal izango du berregituraketaplanetan, Espainiako Bankuak proposatuta.

17. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari berregituraketa- eta informazio-planaren jarraipena egitea.

1.  Erakundeak berregituraketa-planean jasotako neurrien betetze-mailari eta bere likidezia-egoerari buruzko txostena bidaliko dio BBOFri hiru hilez behin.

2.  BBOFk lege honetan aurreikusitako eskumenak gauza ditzan, Espainiako Bankuak jakinaraziko dio:

a)  Kreditu-erakunde batek finantza-laguntza publikoen itzulketa aurreikusitako epeen barruan egingo ez duela edo berregituraketako beste edozer neurri beteko ez duela dakienean, edo, elementu objektiboen arabera, hori aurreikusten duenean.

b)  Berregituraketa-planaren behin betiko onarpena.

c)  Berregituraketa-egoeraren amaiera.

3.  Espainiako Bankuak edo BBOFk berregituraketa-plana betetzen dela bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatu ahal izango dute; Espainiako Bankuak 9. artikuluko ahalmenak baliatu ahal izango ditu eta erakundea desegiteko prozesua irekiko du, IV. kapituluan aurreikusitakoarekin bat, honako arrazoi hauek tarteko: azkenean, erakundearen narriadura-egoera gainditzea posible ez izatea; finantza-laguntza publikoa ez itzultzea edo berreskuratzea adostutako baldintzetan; edo, Espainiako Bankuaren aburuz, finantza-sistemaren egonkortasunerako ondorio kaltegarriak, desegitea galarazten zutenak, nahikoak ez izatea jada.

4.  Berregituraketa-prozesu guztian zehar, BBOFk erakundearekin edo bere talde edo azpitalde kontsolidagarriarekin lotutako informazio guztia eskatu ahal izango dio erakundeari, desegitea prestatzeko.

18. artikulua.  Berregituraketa-prozesua amaitzea.

Kreditu-erakundeak lege honen 13. artikuluan deskribatutako baldintzetan egoteari uzten dionean, Espainiako Bankuak amaitutzat emango du berregituraketa-prozesua.

IV. KAPITULUA Desegitea 1. atala.  Desegitearen oinarriak 19. artikulua.  Desegiteko baldintzak.

1.  Lege honen 11.4 eta 17.3 artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, kredituerakunde bat desegingo da bi baldintza hauek ematen direnean aldi berean:

a)  Erakundea bideraezina izatea edo aurreikustea etorkizun hurbilean hala izango dela.

b)  Interes publikoko arrazoiak direla medio, beharrezkoa edo komenigarria izatea erakundea desegitea, lege honen 3. artikuluan aipatutako xedeetakoren bat lortzeko; izan ere, erakundea konkurtso-prozedura baten barruan desegiteak eta likidatzeak ez luke xedeok neurri berean lortzea ahalbidetuko.

2.  Halaber, kreditu-erakunde bat desegingo da, aurreko paragrafoaren b) idatzzatian aurreikusitako baldintzez gain, honako hauetakoren bat ematen bada:

a)  Lege honen 14.2 artikuluan adierazitako epean, erakundeak ez du eskatutako berregituraketa-plana aurkeztu edo Espainiako Bankuari adierazi dio ezin izan duela bere egoerarako konponbide bideragarririk topatu.

b)  Espainiako Bankuaren aburuz, aurkeztutako plana ez da egokia izan, lege honen 14. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, edo erakundeak ez ditu eskatutako aldaketak edo neurri gehigarriak onartzen.

c)  Erakundeak ez ditu exekuzio-epea edo berregituraketa-planean jasotako edozer neurri zehatz bete; hortaz, arriskuan jartzen da berregituraketa-helburuak lortzea.

20. artikulua.  Erakunde bideraezinaren kontzeptua.

1.  Erakundea bideraezina izango da, baldin eta:

a)  honako egoera hauetakoren batean badago:

i)  Erakundeak larri urratzen ditu kaudimen-betekizunak, edo aurreikusten da etorkizun hurbilean larri urratzea. ii) Erakundearen pasibo galdagarriak aktiboak baino handiagoak dira, edo aurreikusten da etorkizun hurbilean handiagoak izatea. iii) Erakundeak ezin ditu betekizunak garaiz bete, edo aurreikusten da etorkizun hurbilean garaiz bete ezin izatea.

b)  eta ez da aurreikusten erakundeak egoera bere kabuz arrazoizko epean bideratu ahal izatea, merkatuetara jota edo V. kapituluan adierazitako finantza-laguntzen bitartez.

Kreditu-erakunde bat bideraezintzat jotzeko edo etorkizun hurbilean bideraezin izango dela aurreikusteko, kide den taldearen finantza-egoera aintzat hartuko da, talderen baten kide bada.

2.  Aurreko paragrafoan aurreikusitako irizpideak erregelamendu bidez garatuko dira.

2. atala.  Desegite-prozedura 21. artikulua.  Desegite-prozesua irekitzea.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoarekin bat erakunde bat bideraezina bada eta ez badagokio berregituratzea, Espainiako Bankuak, ofizioz eta BBOFk proposatuta, desegiteprozesua berehala irekitzea erabakiko du, eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroari eta BBOFri erabaki arrazoituaren berri emango die. Halaber, Espainiako Bankuak hartutako erabakia jakinaraziko dio lehenbailehen erakundeari, bai eta, hala badagokio, kaltetutako taldea gainbegiratzeaz arduratzen den Europar Batasuneko agintaritzari eta Europako Banku Agintaritzari ere.

22. artikulua.  Administrazio-organoa ordezkatzea, desegite-neurri gisa.

1.  Desegite-prozesua ireki ondoren, aurreko artikuluan aurreikusi legez, eta, betiere, BBOFk ez badu erakundearen administrazio-organoaren kontrola ematen dion partaidetzarik, Espainiako Bankuak erakundearen administrazio-organoa ordezkatzea adostuko du, kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legean zehaztutakoaren babespean, errege lege-dekretu honetan aurreikusitako berezitasunak aintzat hartuta, eta BBOF izendatuko du erakundearen administrari. Azken horrek, gainera, postu horren berezko funtzio eta gaitasunak izango dituen pertsona fisiko edo juridikoa(k) izendatuko d(it)u.

Espainiako Bakuak ez du erakundearen administrazio-organoa ordeztu beharko, baldin eta, desegite-prozesua irekitzeko garaian erakundeak duen akziodunen edo administrazio-organoaren osaera ikusita, ez bada beharrezkoa ordezkapen hori egitea desegite-prozesua behar bezala egiteko, eta, zehazki, BBOFk erakundearen administrazio-organoa kontrolatzen duenean, bere esku dauden eskubide politikoei jarraiki.

2.  Aurreko neurria desegite-prozesua amaitu arte egongo da indarrean.

3.  BBOFk, erakundearen administrari gisa, erakundearen interesak zaintzeko beharrezko konponbideak sustatu eta neurriak hartuko ditu, bai eta egoera konpondu ere, lege honen 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako helburu eta printzipioekin bat.

23. artikulua.  Desegite-plana.

1.  BBOFk erakundea desegiteko plan bat osatuko du, edo, hala badagokio, konkurtso-prozedura irekitzea bidezkoa den zehaztuko du, administrari izendatzen dutenetik bi hileko epean, edo, erakundearen administrazio-organoaren kontrola ematen dion partaidetza badu, desegite-prozesuaren hasiera jakinarazten zaionetik. Konkurtsoprozedura ireki beharrez gero, BBOFk horren berri emango die berehala Espainiako Bankuari, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroari eta Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsari.

Espainiako Bankuak bi hileko epe hori gehienez ere sei hilera luzatu ahal izango du, BBOFk eskaera arrazoitua egin ondoren.

2.  Desegite-planak honako eduki hau jaso beharko du, gutxienez:

a)  Desegite-prozesua irekitzeko oinarri hartutako baldintzak, lege honen 19. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

b)  BBOFk ezarritako desegite-tresnak, edo ezarriko dituenak, eta horretarako baliatuko dituen gaitasunak, bai eta baliabide publikoen erabilera murrizteko hartutako konpromisoak eta tresna eta gaitasunotatik erator litezkeen gaitasun-desitxuratzeak ere.

c)  Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak ezarriko dituen finantzalaguntzako neurriak, dagokion araudiarekin bat. Horretarako, BBOFk finantzazioa eman ahal izango dio Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsari merkatubaldintzetan, esleitu zaizkion funtzioak egin ahal izan ditzan, baliabide publikoak modu eraginkorragoan erabiltzeko printzipioari jarraiki.

d)  Erakundearen edo bere aktibo eta pasiboen balioztapen ekonomikoa.

e)  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak.

f)  Exekutatzeko gehienezko epea.

3.  Desegite-plana onartu baino lehen, Espainiako Bankuak txosten bat eskatuko die aurrezki-kutxen eta, hala badagokio, kaltetutako kreditu-kooperatiben autonomiaerkidegoetako organo eskudunei. Hamar eguneko epean igorri beharko da.

4.  Espainiako Bankuak desegite-plana onartu beharko du; Espainiako Bankuak kreditu-erakundeen kaudimena, esku-hartzea eta berariazko araudiaren betetzea gainbegiratzeko eskumena du, eta finantza-sistemaren eta ordainketa-sistemen funtzionamendu ona eta egonkortasuna sustatzen ditu. BBOFk planean aldaketa egitea adostu ahal izango du, dela tresna berriak ezartzeko, dela dagoeneko barruan daudenak aldatzeko. Aldaketok, bada, Espainiako Bankuaren onarpena beharko dute.

5.  Espainiako Bankuak desegite-plana onartzen badu, desegitea antolatzeko berariazko eragiketek ez dute inongo geroko administrazio-baimenik beharko, kredituerakundeei buruzko araudiaren esparruan. Eragiketon barruan sartzen dira partaidetza nabarmenen eskuratzeak eta eragiketa horien ondorioz gertatzen diren estatutu-aldaketak.

24. artikulua.  Aurretiazko neurriak.

Espainiako Bankuak honako neurri hauek adostu ahal izango ditu desegiteko baldintzak betetzen direla adierazten duten zantzu sendoak hautematen dituenean, desegite-prozesua ireki baino lehen eta prozesu horretan izan litezkeen trabak murrizteko eta ezabatzeko:

a)  Zerbitzuak emateko kontratuak izenpetzea eskatzea, izaera kritikokoen eraginkortasuna bermatze aldera, dela taldeko erakundeekin, dela hirugarrenekin.

b)  Erakundearen arriskuak mugatzea eskatzea, bai banakako mailakoak, bai maila erantsikoak.

c)  Berariazko informazio-betekizun gehigarriak edo informazio-betekizun erregular gehigarriak ezartzea; tartean, produktibitatea sustatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren I. tituluaren II. kapituluaren 2. atalean aipatutako finantza-eragiketen berariazko artxibo eta erregistro xehatuak eta kontratua konpentsatzeko akordioak mantentzea.

d)  Zenbait aktiboren desinbertsioa eskatzea.

e)  Garatzen ari den edo etorkizunean garatuko dituen zenbait jarduera mugatzeko edo eteteko eskatzea.

f)  Negozio-ildo edo produktu berrien garapena edo salmenta mugatzea edo galaraztea.

g)  Erakunde, talde edo azpitalde kontsolidagarriaren lege- edo operazio-egitura aldatzeko eskatzea, konplexutasuna murriztuta, zerbitzu kritikoak beste zerbitzu batzuetatik bereizi ahal izan daitezen legalki eta ekonomikoki, desegite-neurriak hartzearen bidez.

3. atala.  Berariazko desegite-tresnak 25. artikulua.  Desegite-tresnak.

1.  Hona hemen desegite-tresnak:

a)  Erakundearen negozioa saltzea.

b)  Aktiboak edo pasiboak zubi-banku bati transmititzea.

c)  Aktibo edo pasiboak aktiboak kudeatzeko sozietate bati transmititzea.

d)  Negozioa eskuratu dutenei, zubi-bankuari edo aktiboak kudeatzeko sozietateari finantza-laguntza ematea, aurreko tresnak ezartzeko eta baliabide publikoen erabilera murrizteko beharrezkoa denean.

2.  BBOFk aurreko tresna horiek hartu ahal izango ditu, hala banaka, nola denak batera.

3.  Desegite-tresnak partzialki aplikatzen badira, negozioaren edo aktibo eta pasiboen transmisio partziala egin ondoren, erakundea desegin eta likidatu egingo da, konkurtso-prozedura baten barruan.

26. artikulua.  Erakundearen negozioa saltzea.

1.  BBOFk zubi-banku bat ez den eskuratzaile bati honako hauek transmititzea adostu dezake, bai eta transmititu ere:

a)  Akzioak, partaidetza-kuotak edo kapital sozialerako ekarpenak, edo, oro har, erakundearen kapitala edo horren baliokidea adierazten duten tresnak edo hala izan daitezkeenak, titularra edonor dela ere.

b)  Erakundearen aktibo eta pasibo guztiak edo horietako batzuk.

2.  Aurreko paragrafoan adierazitako transmisioa erakundeko akziodunen izenean edo haien kontura egingo da, baina, erosleaz bestelako hirugarrenen baimena lortu beharrik izan gabe, eta merkataritza-sozietateen egitura-aldaketen arloan exijitutako prozedura-betekizunak bete beharrik izan gabe. Merkatu-baldintzetan egingo da, kasu zehatzaren baldintzak aintzat hartuta.

3.  Dagokion desegite-planean ezarritakoa betez akzioak, kuotak, ekarpenak edo tresnak erosi dituzten pertsonei edo erakundeei ez zaizkie lege honen 33.1 artikuluaren a), b) eta d) idatz-zatietan aipatutako lege-mugak edo -betebeharrak aplikatuko.

4.  Erakundeari edo bere akziodunei ordaindu beharreko zenbatekoa, transmisioaren ondorio dena, zehazteko, salmenta-prezioari BBOFk izandako administrazio-gastuak edo bestelakoak kenduko zaizkio, lege honen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat har ditzakeen finantza-laguntzako tresnen kostua barne. Kostuok BBOFri berari itzuliko zaizkio aurrez, salmenta-prezioaren kargura.

5.  BBOFk behin edo hainbatetan aplikatu ahal izango du desegite-tresna, eskuratzaile baten edo batzuen alde.

6.  Eskuratzailea(k) hautatzeko, BBOFk lehia-prozedura bat egingo du, ezaugarri hauei jarraiki:

a)  Gardena izango da, kasu zehatzaren baldintzak eta finantza-sistemaren egonkortasuna bermatzeko beharra aintzat hartuta.

b)  Ez du eskuratzailerik lagunduko edo bereiziko.

c)  Interes-gatazkak saihesteko beharrezko neurriak hartuko dira.

d)  Desegite-tresna ahalik eta azkarren aplikatzeko beharra kontuan hartuko da.

e)  Salmenta-prezioa handitzea eta baliabide publikoen erabilera murriztea izango ditu helburu, beste batzuen artean.

7.  Honako kasu hauetan, aurreko paragrafoan adierazitako prozedura-betekizun guztiak bete beharrik izan gabe hautatu ahal izango d(ir)a eskuratzailea(k): lege honen 68. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, aurreko paragrafoan adierazitako prozedurak 3. artikuluan jasotako helburuetakoren bat lortzea zail badezake; erakundearen egoera dela-eta, finantza-sistemaren egonkortasunerako mehatxu larria dagoela justifikatzen bada behar bezala; edo prozedura horrek desegite-tresnaren eraginkortasuna zail dezakeela egiaztatzen bada. Hautapen-prozedura berezi horren justifikazioa Europako Batzordeari jakinaraziko zaio, Estatu-laguntzen eta lehiaren defentsaren arloko araudian zehaztutakoaren ondorioetarako.

27. artikulua.  Zubi-bankua.

1.  BBOFk erakundearen aktibo eta pasibo guztiak edo batzuk zubi-banku bati transmititzea adostu dezake, bai eta transmititu ere.

2.  Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako hau hartuko da zubibankutzat: BBOF partaide duen kreditu-erakunde bat (desegite-prozesuan dagoen erakundea bera barne), desegite-prozesuan dagoen erakundearen jarduera guztiak edo batzuk garatzea eta bere aktibo eta pasibo guztiak edo batzuk kudeatzea dituenak helburu.

Zubi-bankuak kreditu-erakundeei aplika dakizkiekeen antolamendu- eta diziplinaarauak bete beharko ditu, eta gainbegiratze- eta zehapen-araubide beraren mende egongo da.

3.  Zubi-bankuari transmititutako pasiboen balioak ezingo du erakundetik edo beste edonondik transmititutako aktiboen (lege honen 25.1.d artikuluan aipatutako finantzalaguntzari buruzkoak barne) balioa baino handiagoa izan.

4.  BBOFk behin edo hainbatetan aplikatu ahal izango du tresna hau, zubi-banku baten edo batzuen alde, bai eta aktiboak eta pasiboak zubi-banku batetik erakundeari edo hirugarren bati transmititu ere.

5.  Zubi-bankua saltzeko xedez administratu eta kudeatuko da, edo, bestela, bere aktiboak edo pasiboak saltzeko, baldintzak egokiak direnean, eta, betiere, bost urteko gehieneko epean, eratzen denetik edo BBOFk eskuratzen duenetik kontatzen hasita.

Zubi-bankua edo bere aktibo edo pasiboak merkatu-baldintzetan salduko dira, prozedura lehiakor, garden eta ez-diskriminatzaileei jarraiki. Salmentaren emaitza zubibankuari edo haren akziodunei dagokie, lege honen 26.4 artikuluan adierazitako gastu berak kenduta.

6.  Zubi-bankuak jarduera etengo du BBOFk partaide izateari uzten dionetik urtebete pasa ondoren, edo bere aktibo eta pasibo guztiak edo gehienak beste erakunde bati pasatzen zaizkionetik eta, betiere, sei urteko gehieneko epean, eratzen denetik kontatzen hasita.

Zubi-bankuak eraginkor izateari uzten badio, BBOFk likidatu egingo du, baldin eta kapital sozialaren gehiengoa badu.

7.  Zubi-bankua sortzerakoan eta kudeatzerakoan, ahalik eta modu eraginkorrenean erabiliko dira baliabide publikoak eta ahalik eta gutxien baliatuko dira finantza-laguntza publikoak, finantza-egonkortasuna ziurtatzeko beharra aintzat hartuta. Horretarako, neurri hau premiazko arrazoiak direla medio hartu ahalko da, lege honen 68. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

V. KAPITULUA Finantza-laguntzako tresnak 28. artikulua.  Finantza-laguntzako tresnak.

1.  BBOFk finantza-laguntzako beharrezko tresnak hartu ahal izango ditu 3. artikuluan jasotako helburuak lortzeko, lege honen 4. artikuluan jasotako printzipioak aintzat hartuta.

Artikulu honetan adierazitako finantza-laguntzako tresnak hartzea erabaki aurretik, BBOFk memoria ekonomiko bat helaraziko die Ogasun eta Herri Administrazioetako eta Ekonomia eta Lehiakortasunerako ministroei, laguntza horrek Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura BBOFri emandako funtsetan zer finantza-inpaktu izango duen xehatuz.

Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak eta Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak helaraziko dituzten txostenak oinarri hartuta, Ogasun eta Herri Administrazioetarako ministroak txostena aurkezten denetik aurrera bost egun baliodun izango ditu finantza-laguntzako tresna horiek hartzeari aurka egin ahal izateko, arrazoiak emanez betiere.

2.  BBOFren finantza-laguntza honako neurrietako batean edo batzuetan zehaztu ahal izango da:

a)  Bermeak ematea.

b)  Maileguak edo kredituak ematea.

c)  Aktiboak edo pasiboak eskuratzea; horiek kudeatzeko edo kudeaketa hirugarren baten esku uzteko aukera izango du.

d)  Birkapitalizatzea, lege honen 29. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Finantza-laguntzako neurriok erakundearekin, bere taldeko erakundeekin, lege honen 26. artikuluan aipatutako eskuratzailearekin, zubi-banku batekin edo aktiboak kudeatzeko sozietate batekin lotuta hartu ahal izango dira, berregituraketa-prozesuak diren edo desegite-prozesuak diren, III. kapituluan aurreikusitakoarekin eta IV. kapituluan aurreikusitakoarekin bat, hurrenez hurren. Nolanahi ere, aurretik aipatutako laguntzen onuradunak izango dira bai horiek zuzenean jasotzen dituztenak, bai aurrekoek kontrolatzen dituztenak.

3.  BBOFk, lege honen 2. paragrafoaren c) idatz-zatian aurreikusitakoarekin bat eskuratu dituen aktibo eta pasiboak besterentzeko, lehia ziurtatzen duten prozedurak baliatuko ditu.

4.  Kapitulu honetan aurreikusitakoari jarraiki finantza-laguntza jasotzen duten erakundeek BBOFk izenpetutako tresna bihurgarriak igorri badituzte aurrez, akzio arrunt edo kapital sozialerako ekarpen bihurtu beharko dituzte berehala, BBOFk hala eskatuz gero, igorpen-eskritura publikoetan aurreikusitako baldintzetan.

Erakundeak aurrezki-kutxak badira, finantza-sistema indartzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitako araubidea hartuko dute halabeharrez, kreditu-erakunde gisa jarduten duten bankuan duten partaidetzari buruzko akordioen arloan.

5.  BBOFk finantza-laguntzako tresnak erabiltzeak ez ditu murriztuko berregituraketatik eta desegitetik eratorritako galerak, hain zuzen ere, akziodunek, kuotadunek edo kideek eta mendeko hartzekodunek jasan behar dituztenak, lege honetan aurreikusitakoarekin bat eta, batik bat, 4,1. artikuluaren a) eta b) idatz-zatietan jasotako printzipioak aintzat hartuta.

6.  BBOFren kredituak pribilegio orokorreko kreditutzat hartuko dira, konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea aplikatuz.

7.  BBOFk eman beharreko bermeak Estatuko Aurrekontu Orokorren urteko legeetan zehaztutako mugen araberakoak izango dira.

29. artikulua.  Birkapitalizazio-tresnak.

1.  BBOFk izenpetu edo eskuratu ahal izango ditu III. eta IV. kapituluetan xedatutakoarekin bat finantza-laguntza behar duten erakundeek emandako tresnak, kapitulu honetan zehaztutako baldintzetan. Hona hemen tresnok:

a)  Akzio arruntak edo kapital sozialerako ekarpenak.

b)  Aurreko a) idatz-zatian aipatutako tresna bihur daitezkeen tresnak.

Izenpetzeko edo eskuratzeko, BBOFk zehaztutako printzipioak eta irizpideak jarraituko dira, eta Espainiako Bankuak txostena egin beharko du aurrez.

2.  Tresnok oinarrizko baliabide propio eta kapital nagusi gisa konputatuko dira, VII. kapituluan aurreikusitako kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzei lotuta duten izaera bereziari kalterik egin gabe. Ez zaizkie aplikatuko legeak baliabide propioak eta kapital nagusia konputatzeko ezartzen dituen mugak, eta ez da nahitaezkoa izango bigarren mailako merkatu antolatu batean kotizatzea.

3.  BBOFk artikulu honek aipatutako tresnak izenpetzearen edo eskuratzearen prezioa aurreratu dezake, mailegu gisa, administrazio publikoetako eta finantza-esparruko likidezia-neurriei buruzko uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriaren 3. atalean aurreikusitako baldintzetan.

30. artikulua.  Erakundearen balio ekonomikoa eta birkapitalizazio-tresnak ordaintzea.

1.  Birkapitalizazio-tresnen izenpetze-, eskuratze- edo bihurtze-prezioa zehazteko, erakundearen balio ekonomikoari deskontu bat aplikatuko zaio, hain zuzen ere, lehiaren eta Estatu-laguntzen arloko Europar Batasunaren araudiaren arabera aplikagarri dena.

Izenpetze-, eskuratze- edo bihurtze-prezioa zehaztu baino lehen, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak zehazteko aplikagarri diren prozeduraerregelak betetzeari buruzko txosten bat egingo du.

2.  Artikulu honetan aipatutako tresnak izenpetzeko edo eskuratzeko prezioa eskudirutan ordain daiteke, bai eta zor publikoa adierazten duten balioak, Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsak edo Egonkortasuneko Europako Mekanismoak igorritako balioak edo BBOFk berak igorritako balioak entregatzearen bitartez ere. BBOFk, aipatutako prezioa kitatzeko, delako erakundeen aurrean dituen kredituak konpentsatu ahal izango ditu.

3.  Artikulu honetan aurreikusitako BBOFren esku-hartzearen onuradun izateko, aurrezki-kutxek beren finantza-jarduera pasa behar diote aurrez banku bati berregituraketa-planaren onarpena jakinarazten dietenetik hiru hileko gehieneko epean, gobernu-organoei eta aurrezki-kutxen araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Halaber, artikulu honetan aurreikusitako BBOFren esku-hartzea eskatu duen erakundea aurrezki-kutxak partaide dituen banku bat bada, inbertsio koefizienteei, baliabide propioei eta finantza-bitartekarien informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoari jarraiki, aurrezki-kutxok beren jarduera osoa pasa beharko diote bankuari, bai eta beren jarduera uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoarekin bat egin ere, berregituraketa-planaren onarpena jakinarazten dietenetik hiru hileko gehieneko epean.

31. artikulua.  Akzio arruntak edo kapital sozialerako ekarpenak.

1.  BBOFk akzio arruntak eskuratu edo kapital sozialari ekarpenak egin baino lehen, erakundeak beharrezko neurriak hartuko ditu eskuratze edo ekarpen hori bere kapital sozialean partaidetza bat izan dadin, eta partaidetza hori balioztapen-prozesuaren ondorio den erakundearen balio ekonomikora doitu dadin.

2.  BBOFren araubide juridikoa ez da bera partaide den kreditu-erakundeetara hedatuko, artikulu honetan aurreikusitakoarekin bat. Aplikagarri den ordenamendu juridiko pribatuak arautu behar du.

3.  Tresna horiek izenpetzen edo eskuratzen badira, BBOFk dagozkion eskubide politikoak izango ditu eta erakunde igorlearen administrazio-organoan sartuko da, bere kabuz eta bestelako egintza edo akordioren beharrik izan gabe, merkataritza-erregistroari dagozkion botoak jakinaraztea izan ezik. BBOFk helburu horrekin ordezkari izango diren pertsona fisikoa(k) izendatuko d(it)u, eta administrazio-organoaren barruan izango duen boto-kopurua erakundean duen partaidetza-ehunekoaren arabera kalkulatuko da, gertuen dagoen zenbaki osora biribilduta.

Aurrezki-kutxen gobernu-organoei eta araubide juridikoaren inguruko alderdiei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluaren zazpigarren paragrafoaren arabera, erakunde baten kapital sozialean ez da kontuan hartuko BBOFren partaidetza.

4.  Baliabide publikoak ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzen direla bermatzeko eta lehiaren eta Estatu-laguntzen arloko Espainiako zein Europar Batasuneko legeria betez, BBOFk artikulu honetan aipatutako tresnak desinbertitzeko, besterendu egingo ditu lehia bermatzen duten prozedurak erabilita, izenpetzearen edo eskuratzearen egunetik kontatzen hasita bost urteko gehieneko epearen barruan.

BBOFk lege honen 28. artikuluan aipatutako edozer finantza-laguntzako tresna hartu ahal izango du desinbertsio-prozedura lehiakorra laguntzeko.

BBOFk erakundearen gainerako bazkide edota akziodunekin batera lehiatu ahal izango du, azken horiek hitzar litzaketen tituluak saltzeko balizko prozesuetan.

5.  Besterendu baino lehen, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak exekutatzeko aplikagarri diren prozedura-erregelak betetzeari buruzko txosten bat egingo du. Halaber, partaidetza esanguratsuen desinbertsio-prozesuek Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioaren txostena beharko dute, publizitate- eta lehia-printzipioetara egokitzeari dagokionez, baldin eta BBOFk kontrolatutako kreditu-erakundeek egiten badituzte dagozkien berregituraketa- eta desegite-planekin bat, partaidetza zuzenen eta zeharkakoen bitartez, erakunde horiek zuzenbide pribatuaren mende egon edo ez.

BBOFren Zuzendaritza Batzordeak mugatuko du partaidetza esanguratsuaren kontzeptua.

32. artikulua.  Akzio arrunt edo kapital sozialerako ekarpen bihur daitezkeen tresnak.

1.  Erakunde jaulkitzaileak kapitala handitzeko beharrezko akordioak edota kapitalari egindako ekarpenen harpidetza onartu beharko ditu, beharrezko zenbatekoarekin, tresnak jaulkitzeko hitzarmena onartzen den garaian.

2.  Erakundeak BBOFk izenpetutako edo eskuratutako tresnak erosiko edo amortizatuko ditu, aurreikusitako baldintzetan egiteko prest egon bezain laster, betiere, bost urtetik beherako epean. Gainera, jaulkipen-hitzarmenak tituluen bihurgarritasuna ere aurreikusi beharko du, BBOFk bere aldetik eskatuta, baldin eta, bost urteko gehieneko epea igaro aurretik, BBOFk, Espainiako Bankuaren aurretiko txostenaren arabera, probabilitate gutxi ikusten badu, erakundearen edota haren taldearen egoeraren aurrean, tituluok berriz erostea edo amortizatzea epe barruan egin dadin.

33. artikulua.  BBOFk birkapitalizazio-tresnak izenpetzeko edo eskuratzeko araubide berezia.

1.  BBOFk aurreko artikuluetan adierazitako edozer birkapitalizazio-tresna izenpetzen edo eskuratzen duenean, ez dira aplikatuko honako hauek:

a)  Batzorde edo batzar orokorretara joateko eskubidearen edo boto-eskubidearen estatutu-mugak.

b)  Kreditu-kooperatiben kapital sozialerako ekarpenak eskuratzeko mugak.

c)  Legeak baliabide propioak eta kapital nagusiak konputatzeari ezartzen dizkion mugak, edo, oro har, kaudimen-betekizunei lotuta uneoro ezartzen diren mugak.

d)  Eskuratzeko eskaintza publikoa aurkezteko betebeharra, balore-merkatuari buruzko araudiarekin bat.

2.  BBOFk kreditu-kooperatiba baten kapital sozialerako ekarpenak izenpetzen edo eskuratzen dituenean, batzarrera joateko quoruma eta akordioak egiteko beharrezko gehiengoak kalkulatzeko eta boto-eskubideak esleitzeko, aintzat hartuko da ekarpenen zenbatekoaren proportzioa kooperatibaren kapital sozialarekiko.

3.  Akziodunen lehentasunezko izenpetzearen eskubidea ezeztatzea erabakitzen bada, ez da beharrezkoa izango kontu-ikuskariaren txostena, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen kapital-sozietateei buruzko legearen testu bateginak exijitutakoa.

Halaber, lege honen 29.1.b) artikuluan adierazitako tresnak jaulkitzen badira, ez da beharrezkoa izango kontu-ikuskariaren bihurketa-oinarriei eta -modalitateei buruzko txostena, Kapital Sozietateei buruzko Legeak exijitutakoa.

34. artikulua.  Akzio arrunt edo kapital sozialerako ekarpen bihur daitezkeen tresnen bihurketa eta desinbertsioa.

1.  Tituluak ordaindu edo eskuratu eta bost urtera erakundeak ez baditu ez berrerosi ez amortizatu, BBOFk horiek bihurtzea eskatu ahal izango du. Eskumen hori erabiltzeko, ordaindu edo eskuratu eta bosgarren urtea amaitzen denetik kontatuta gehienez ere sei hileko epea izango da.

Erakundearen ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaeraren edo merkatuen baldintzen garapenaren ondorioz, ezin badira bete esku-hartzeko, berregituraketako edo desegiteko planean zehaztutako helburuak, aurreko lerrokadan aipatutako epea bi urte gehiago luzatu ahal izango da, gehienez ere.

2.  Erakundeak eta bere akziodunek beharrezko akordioak hartu eta esku-hartzeak egingo dituzte bihurketa merkatu- eta lehia-baldintzetan eta erakundearen balio ekonomikoarekin bat egiten dela bermatzeko, lehiaren eta Estatu-laguntzen arloko Europar Batasuneko araudia betez, lege honen 30. artikuluan zehaztutakoari jarraiki.

Horretarako, akzioak edo ekarpenak transmititzeko edo kapitala murrizteko eragiketak egin beharko dituzte, dela galerak konpentsatzeagatik edo erreserbak eratzeagatik edo handitzeagatik, dela ekarpenen balioa itzultzeagatik.

Bihurtu baino lehen, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak exekutatzeko aplikagarri diren prozedura-erregelak betetzeari buruzko txosten bat egingo du.

3.  Erakundeak edo kreditu-erakundearen izaera duten akziodunek aurreko paragrafoan zehaztutako betebeharra betetzen ez badute, Espainiako Bankuak erakunde igorlearen eta kreditu-erakundearen izaera duten akziodunen administrazio- edo zuzendaritza-organoak ordezkatu ahal izango ditu, dagoeneko ordezkatu ez badira, harik eta bihurketa-eragiketa osatu arte, bestelako ekintzei eta erantzukizunei kalterik egin gabe. Kasu horretan, BBOF izendatuko da administrari, eta horrek bihurketa gauzatzeko akordioak hartuko ditu(zt)en eta beharrezko esku-hartzeak egingo ditu(zt)en –bere(n) izenean eta izaera horren berezko diren funtzio eta ahalmenak baliatuta– pertsona fisikoa(k) izendatuko d(it)u. BBOFk, administrari gisa, bihurketa gauzatze aldera akordioak hartzeko eta beharrezko esku-hartzeak egiteko ahalmen guztiak izango ditu, erakunde igorlearen eta kreditu-erakundearen izaera duten akziodunen –baldin eta horien administrari izendatu bada– estatutuetan aurreikusita egon edo ez.

4.  Artikulu honetan aipatutako tresnak akzio arrunt edo erakundearen kapital sozialerako ekarpen bihurtzen badira, tresna berriei lege honen 31. eta 33. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaie.

VI. KAPITULUA Aktiboak kudeatzeko sozietatea 35. artikulua.  Aktiboak kudeatzeko sozietatea.

1.  BBOFk honetara behar dezake kreditu-erakunde bat, administrazio-egintza bidez, eta lege honetan aurreikusitako baldintzetan: aktiboak kudeatzeko sozietate bati erakundearen balantzean dauden aktibo-kategoria jakin batzuk transmititzera, bai eta, kreditu-erakundeak kontrolatzen duen edozein erakunderen balantzeko aktiboak transmititzeko neurriak hartzera ere, bereziki kaltetutako aktiboak badira edo, erakundearen balantzean jarraituz gero, horren bideragarritasuna kaltetuko luketenak, aktibooi balantzetik baja ematearren eta horiek gauzatzeko kudeaketa independentea egitearren.

2.  Aurreko paragrafoan adierazitako aktiboen kategoriak definitzeko irizpideak erregelamendu bidez zehaztuko dira, lotuta dauden esku-hartzearen, balantzeko antzinatasunaren eta kontabilitateko sailkapenaren arabera, besteak beste. Irizpide horiek zeintzuk diren, Espainiako Bankuak erakunde bakoitzak zer aktibo transmititu behar dituen zehaztuko du.

3.  Aktiboak kudeatzeko sozietatea sozietate anonimoa izango da, eta lege honetan eta hura garatzeko araudian xedatutakoak arautuko du, bai eta, osagarri moduan, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kapital Sozietateen Legearen testu bateginean eta ordenamendu juridiko eta pribatuaren gainerako arauetan xedatutakoak ere.

Aktiboak kudeatzeko sozietatearen antolamendu-egiturari eta gobernu korporatiboko betebeharrei buruzko alderdiak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

4.  Sozietateak zorra aintzatesten edo sortzen duten obligazioak eta baloreak jaulki ahal izango ditu, eta ez zaio aplikatuko Kapital Sozietateen Legearen 405. artikuluan aurreikusitako muga.

5.  Kapitulu honetan jasotako erregulazioaren ondorioetarako, transmititu behar diren pasiboak ere sartuko dira aktiboen barruan.

36. artikulua.  Aktiboak transmititzeko araubidea.

1.  Aktiboak kudeatzeko sozietateari transmititzeko aktiboak, ez da beharrezkoa izango hirugarrenen baimenik, edozer negozio juridikoren bitartez egingo da, eta ez dira bete beharko merkataritza-sozietateen egitura-aldaketen arloan exijitutako betekizunak.

Partaidetzak transmititzea murrizten duten estatutu- edo kontratu-klausulak ere ez dira bete beharko; hori horrela, ezingo da ez erantzukizunik exijitu ez konpentsaziorik eskatu, klausulok ez betetzearen harira.

2.  Transmititu baino lehen, kreditu-erakundeak transmititu beharreko aktiboen balioztapen-doikuntzak egingo ditu, erregelamendu bidez zehazten diren irizpideei jarraiki.

Transmititu baino lehen, gainera, Espainiako Bankuak aktiboon balioa zehaztuko du, aditu independente bati edo gehiagori eskatutako balioztapen-txostenak oinarri hartuta.

Balioztapena paragrafo honen lehen lerrokadan aurreikusitako prozeduraren bidez eta irizpideei jarraiki egingo da, eskuarki onartutako metodologiaren arabera, eta lege honen 5. artikuluan aipatutako balioztapen-prozedurarekin bat.

Metodologia horiek koherenteak eta egokiak izan beharko dute, aktiboen kalkulua errealista izan dadin. Gainera, ikus daitezkeen datuen erabilera areagotu eta ikusi ezin direnak mugatu beharko ditu, ahal den neurrian.

Kapital Sozietateen Legean xedatutakoaren ondorioetarako, aurreko balioztapenak aditu independenteak egindakoa ordezkatuko du.

3.  BBOFk, aktiboak sozietateari transmititu baino lehen, horiek sozietate batean biltzea edo horiei transmisioa errazteko edozer eragiketa egitea exijitu ahal izango du.

4.  Aktiboak transmititzeko, honako baldintza berezi hauek bete beharko dira:

a)  Ezin da transmisioa deuseztatu konkurtso-legerian aurreikusitako itzultzeak aplikatzeagatik.

b)  Auzipean diren kredituak transmititzeko, ez da aplikatuko Kode Zibilaren 1535. artikuluan xedatutakoa.

c)  Sozietate eskuratzaileak ez du eskuratzeko eskaintza publikorik egin beharko, balore-merkatuei buruzko araudiari jarraiki.

d)  Aktiboak transmititzeak ez du ekarriko zerga-erantzukizunen edo Gizarte Segurantzakoen ondorengotza edo hedapena, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 44. artikuluan xedatutakoa izan ezik.

e)  Transmitituz gero, aktiboak kudeatzeko sozietatea ez da transmititu baino lehen sortutako zerga-betebeharren erantzule izango. Betebeharrok aktiboak transmititu dituen erakundearen titulartasunari, ustiapenari eta kudeaketari dagozkie.

f)  Aktiboak kudeatzeko sozietateari kreditu-eskubideak emanez gero, kredituerakundea ez da dagokion zordunaren kaudimenaren erantzule izango, eta transmisioa zatiketa- edo bereizketa-eragiketen bidez eginez gero, ez da aplikatuko merkataritzasozietateen egitura-aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legearen 80. artikuluan xedatutakoa.

37. artikulua.  Aktiboak kudeatzeko sozietatearen zehapen-araubidea eta administrazioorganoa behin-behinean ordezkatzea.

1.  Kapital Sozietateei buruzko Legeak zehaztutako erantzukizun-araubidea aplikatzeari kalterik egin gabe, aktiboak kudeatzeko sozietateak eta horretan administrazio- edo zuzendaritza-karguak dituztenek araubide juridikoak zehazten dituen arauak urratzen badituzte, administrazio-erantzukizunpean eroriko dira, eta Espainiako Bankuak zehatu ahal izango ditu, kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen I. tituluan xedatutakorekin bat eta artikulu honetan aurreikusitako berezitasunak aintzat hartuta.

2.  Honako hauek dira aktiboak kudeatzeko sozietatearen arau-hauste oso larriak:

a)  Bere xede sozialaz kanpoko jarduerak egitea, lege honetan eta hau garatzeko arauetan zehaztutako helburu orokorrak lortzea arriskuan jar dezaketenak, non eta ez duen noizbehinka edo kasu bakanetan egiten.

b)  Legez exijitutako kontabilitaterik ez izatea, edo horrek oinarrizko irregulartasunak izatea, eta, ondorioz, ondare- eta finantza-egoera ezagutzea galaraztea.

c)  Urteko kontuak, gaiari buruzko indarreko araudiari jarraiki, kontu-ikuskaritza baten mende jartzeko betebeharra ez betetzea.

d)  Gainbegiratzeari uko egitea edo aurka egitea, betiere, berariazko idatzizko errekerimendua badago horri buruz.

e)  Gardentasun-betebeharrak ez betetzea, non eta ez duen noizbehinka edo kasu bakanetan egiten.

f)  Espainiako Bankuari igorri beharreko datuak edo dokumentuak ez igortzea, edo datu edo dokumentuok egiazkoak ez izatea, hori dela-eta sozietatearen ondare- eta finantza-egoera ezin badaiteke balioetsi. Idatz-zati honen ondorioetarako, ez dela igorri ulertuko da igorketa ez denean organo eskudunak horretarako emandako epean egiten, betebeharra idatziz gogoraraztean edo errekerimendua berriro egitean.

g)  Lege honetan eta hau garatzeko araudian aurreikusitakoari jarraiki exiji daitezkeen gainerako betebeharrak ez betetzea, non eta ez duen noizbehinka edo kasu bakanetan egiten.

h)  Arau-hauste larriak; horiek egin eta bost urte lehenago zehapen irmoa jarri bazaio aktiboak kudeatzeko sozietateari arau-hauste bera dela-eta.

3.  Honako hauek aktiboak kudeatzeko sozietatearen arau-hauste larriak izango dira:

a)  Bere xede sozialaz kanpoko jarduerak, lege honetan eta hori garatzeko arauetan zehaztutako helburu orokorrak lortzea arriskuan jar dezaketenak, egitea, betiere arauhauste oso larritzat jo ez badira.

b)  Gardentasun-betebeharrak noizbehinka edo kasu bakanetan ez betetzea, gainbegiratze-agintaritzaren aurretiazko errekerimendua egonda.

c)  Espainiako Bankuari igorri beharreko datuak edo dokumentuak ez igortzea, bai eta horiek egiazkoak ez izatea ere, non eta hori ez den arau-hauste oso larri bat. Idatzzati honen ondorioetarako, ez dela igorri ulertuko da igorketa ez denean organo eskudunak horretarako emandako epean egiten, betebeharra idatziz gogoraraztean edo errekerimendua berriro egitean.

d)  Eragiketen kontabilizazioari eta balantzeak, galera-irabazien kontuak eta finantzaegoerak egiteari buruzko indarreko arauak ez betetzea. Zerrendatutako horiek nahitaez jakinarazi behar zaizkio administrazio eskudunari.

e)  Gobernu korporatiboaren betebeharrak ez betetzea, ez eta lege honek eta hori garatzeko araudiak aktiboak kudeatzeko sozietatearen antolamendu-egiturari buruz ezarritakoak ere.

f)  Lege honetan eta hori garatzeko araudian aurreikusitakoari jarraiki exiji daitezkeen gainerako betebeharrak noizbehinka edo kasu bakanetan ez betetzea, gainbegiratzeagintaritzaren aurretiko errekerimendua egonda.

4.  Artikulu honetan aurreikusitako arau-hausteek honako zehapen hauek izango dituzte:

a)  Arau-hauste oso larriak egiteagatik: sozietateak kudeatzen dituen aktiboen balioaren % 0,01era arteko zenbatekoko isuna, edo 1.000.000 eurora artekoa, baldin eta ehunekoa zifra baino txikiagoa bada.

b)  Arau-hauste larriak egiteagatik: Sozietateak kudeatzen dituen aktiboen balioaren % 0,01era arteko zenbatekoko isuna, edo 500.000 eurora artekoa, baldin eta ehunekoa zifra baino txikiagoa bada.

5.  Aktiboak kudeatzeko sozietateari arau-hauste oso larriak egiteagatik jar dakiokeen zehapena gorabehera, honako zehapen hauek jar dakizkie administrazio- edo zuzendaritza-kargudun izanik arau-haustea egiten dutenei:

a)  500.000 eurora arteko isuna.

b)  Kargutik kentzea gehienez ere hiru urtez.

c)  Kargutik aldentzea eta aktiboak kudeatzeko sozietatean administrazio- edo zuzendaritza-karguak betetzeko gaitasunik gabe uztea gehienez ere bost urtez.

6.  Gainera, aktiboak kudeatzeko sozietatea ezohiko larritasuneko egoeran dagoela eta legez ezarritako helburuak betetzea arriskuan jar daitekeela adierazten duten zantzu oinarrituak daudenean, Espainiako Bankuak administrazio-organoa behin-behinean ordezkatzea ados dezake, kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen III. tituluan zehaztutako prozedurari jarraiki.

38. artikulua.  Aktiboak kudeatzeko sozietateen gainbegiratze-araubidea.

1.  Espainiako Bankuak honako hauek gainbegiratu beharko ditu:

a)  Aktiboak kudeatzeko sozietatearen xedea betetzen dela, legez ezarritako xedeak lortzea arriskuan jar dezaketen desbideratzeak identifikatze aldera.

b)  Aktiboak kudeatzeko sozietateari transferitu beharreko aktiboetarako eta, hala badagokio, pasiboetarako ezartzen diren berariazko betekizunak betetzen direla.

c)  Aktiboak kudeatzeko sozietatearen gobernu- eta kontrol-organoen gardentasunari, eraketari eta osaerari buruzko arauak, araudi erregulatzailean aurreikusitakoak, betetzen direla, bai eta administrazio-kontseiluko kideen zintzotasun komertzial eta profesionalaren betekizunei buruzkoak ere.

2.  Aurreko paragrafoan esleitutako gainbegiratze-funtzioen ondorioetarako, honako hauek egin ahal izango ditu Espainiako Bankuak:

a)  Egoki iruditzen zaizkion azterketak eta egiaztapenak egin, aurreko paragrafoan aurreikusitako funtzioen esparruan.

b)  Aktiboak kudeatzeko sozietateari behar adina informazio eskatu funtzioak garatzeko, bai eta horri beharrezkotzat jotzen dituen aditu-txostenak edo txosten independenteak eskatu ere.

Espainiako Bankuak datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluari jarraiki kudeatuko ditu eskatutako informazioak eta datuak.

VII. KAPITULUA Tresna hibridoak kudeatzea 1. atala.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak 39. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak.

1.  Lege honen III. eta IV. kapituluetan aipatutako berregituraketa- eta desegiteplanek kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra, planoi dagozkien kredituerakundeek jaulkitakoak, kudeatzeko ekintzak egitea jaso beharko dute, erakundea berregituratzeko edo desegiteko kostuak behar bezala banatzen direla ziurtatzeko, Europar Batasuneko Estatu-laguntzen arloko araudiarekin eta 3. eta 4. artikuluetan zehaztutako helburu eta printzipioekin bat, bai eta, zehazki, finantza-egonkortasuna babesteko eta baliabide publikoen erabilera murrizteko ere.

2.  Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, berregituraketa- eta desegite-planak jasotzen dituzten ekintzek tresna hibridoen jaulkipenei eragin ahal izango diete, esaterako:

lehentasunezko partaidetzei edo obligazio bihurgarriei, mendeko bonoei eta obligazioei edo beste edozer mendeko finantzaziori, mugaeguna duenari edo ez duenari, baldin eta erakundeak zuzenean lortu badu edo bera zuzenean edo zeharka partaide oso den erakunde baten bidez lortu badu.

3.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzek aurreko paragrafoan aipatutako jaulkipen edo finantzaketa guztiei edo batzuei eragin ahal izango diete, baina kontuan izan beharko dute jaulkipenen arteko lehentasun-ordena.

40. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza motak.

1.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak honako neurri hauek izan daitezke, beste batzuen artean:

a)  Kreditu-erakundearen kapitalaren tresnekin (akzioak, partaidetza-kuotak edo kapitalerako ekarpenak) trukatzeko eskaintzak.

b)  Baloreak berrerosteko eskaintzak, dela zuzenean eskudirutan ordaintzearen bidez, dela, uneko balioaren arabera, erakundearen akzioak, partaidetza-kuotak edo erakundearen kapitalerako ekarpenak izenpetzera edo berrerosketa-prezioa bestelako banku-produktu batean berrinbertitzera baldintzatuta.

c)  Zorraren balio nominala murriztea.

d)  Aldez aurretiko amortizazioa, balio nominalaz bestelakoan.

2.  Inbertitzaileek borondatez onartu ahal izango dituzte aurreko paragrafoko neurriak. Zehazki, c) eta d) paragrafoetakoek inbertitzaileen aurretiko baimena beharko dute, baldin eta jaulkipena aldatuko bada, bakoitzaren baldintzen arabera aurreikusitakoari jarraiki. Erakundeak jaulkipenaren baldintzak aldatzea sustatu beharko du, hala badagokio, bere berregituraketa- edo desegite-planean aurreikusitako ekintzak errazte aldera.

Aurreko paragrafoko neurriez gain, kaltetutako jaulkipenen baldintzak aldatzeko beste neurri batzuk egon ahal izango dira; zehazki, ordainsariaren ordainketaren eskumeneko izaera sartzea.

3.  Lege honen 39.1 artikuluan aipatutako kreditu-erakundeei VII. kapituluaren 2. atalean aurreikusitakoa aplikatuko zaie, baldin eta kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzek ez badute kostuen behar bezalako banaketa lortzen.

41. artikulua.  Merkatu-balioa.

1.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzek zor-baloreen merkatu-balioa izango dute kontuan, eta Europar Batasunaren Estatu-laguntzen arloko araudiaren araberako hobariak edo deskontuak aplikatuko dituzte.

2.  Merkatu-balioa egiaztatzeko, erakundeak aditu independente batek egindako txosten bat eskatuko du, gutxienez.

42. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzen jakinarazpena.

1.  Berregituraketa- eta desegite-plana onartu ondoren eta aurrerapen nahikoarekin, kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzen berri emango da gertakari garrantzitsu bidez, erakundearen webgunean argitaratuta, bai eta, hala badagokio, tituluak negoziatzeko onartuta dauden merkatuaren kotizazio-buletinean ere.

Kreditu-erakundea ez badago informazio-liburuxka bat egitera behartuta, Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 30 bis artikuluarekin eta bat datorren araudiarekin bat, beharrezko datu guztiak biltzen dituen informazio-dokumentu bat egin eta kaltetutako inbertitzaileen esku jarri beharko du; hartara, erakundearen proposamena onartzea egokia den baloratu ahal izango dute behar bezala.

2.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak onartzeak banku- edo finantza-produktu berriak kontratatzea edo izenpetzea badakar, erakundeak eskaintza onartzeko prozedura bat diseinatu beharko du, inbertitzaileen babesaren arloko berariazko araudia betetzea ahalbidetzeko.

2. atala.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak egin beharrekoak 43. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren kudeaketa, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak egin beharrekoa.

1.  BBOFk, administrazio-egintza bidez, kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak adostuko ditu lege honen 39.1 artikuluan aipatutako erakundeetarako, baldin eta berregituraketa- edo desegite-plan bat egin bazaie, eta plan horretan sartuko ditu honako helburuetakoren bat lortzeko beharrezkoak direla uste badu:

a)  Kreditu-erakundeak berregituratzeko edo desegiteko kostuak behar bezala banatzen direla bermatzea, Europar Batasunaren Estatu-laguntzen arloko araudiarekin bat eta ahalik eta baliabide publiko gutxien erabilita.

b)  BBOFren finantza-laguntza jasotzen duten kreditu-erakundeen finantza-egoera zaintzea edo berrezartzea.

2.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak, BBOFk adosten dituenak, lotesleak izango dira zuzentzen zaizkien kreditu-erakundeentzat; zuzenean edo zeharka partaidetza osoa duten bere erakundeentzat, baldin eta horien bidez egin bada jaulkipena; eta kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren titularrentzat. Ekintzok berregituraketa- edo desegite-kostuak behar bezala banatzen direla bermatzea badute helburu, kudeaketa-ekintza horietatik kanpo geldituko dira BBOFk berak, lege honi jarraiki, izenpetu, eskuratu edo emandako kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra edo bestelako mendeko finantzazioa, ekintzon aurretik izenpetu badira edo ez.

44. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzen edukia, BBOFk adosten duena.

1.  BBOFk zehaztuko du kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren zer jaulkipen edo partida dauden kudeaketa-ekintzaren aplikazio-eremuaren barruan, eta, erabaki hori hartzeko, jaulkipenen arteko lehentasun-ordena errespetatu beharko du, eta ez noiz gertatu diren. Baloreen titularrei ezingo zaie proportzionalki galera gehiago egotzi maila beheragoko beste batzuei baino. Nolanahi ere, kreditu-erakundearen akziodunek, kuotadunek edo kideek ahalik eta galera gehien jasan behar dituzte.

Kapitulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, BBOF konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 93.2 artikuluan aipatutako pertsonetako bat izango da.

2.  BBOFk, atal honetan aurreikusitakoarekin bat, ados ditzakeen kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak ondorengo hauetako bat edo batzuk izan ahalko d(ir)a:

a)  Erakundearen kapitalaren tresna hibridoen edo mendeko zorraren jaulkipen guztien edo batzuen eskubide, betebehar eta baldintza jakin batzuk atzeratzea, etetea, ezeztatzea edo aldatzea, lege honen 39.2 artikuluari jarraiki. Honako hauei eragin ahal izango diete aldaketek:

1.–Interesen ordaintzea.

2.–Printzipalaren itzulketa.

3.–Ez-betetzeen kasuak.

4.–Mugaegunak.

5.–Inbertitzaileen banakako zein taldeko eskubideak.

6.–Ez-betetze baten adierazpena eskatzeko eskubidea.

7.–Baloreekin lotutako edozer ordainketa exijitzeko eskubidea.

b)  Erakundeak kaltetutako baloreak BBOFk berak zehaztutako prezioan berrerosteko betebeharra.

BBOFk berrerosketa-prozedura diseinatzeko eskumena du. Prozedura horretan, bada, jaulkipen bakoitzaren berrerosketa-prezioak ezingo du bere merkatu-balioa gainditu.

Horrez gain, Europar Batasunaren Estatu-laguntzen arloko araudiaren araberako hobariak edo deskontuak ere diseinatuko ditu. Nolanahi ere, inbertitzaileek jasoko duten zenbatekoa ez da erakundea, konkurtso-prozedura bati jarraiki, likidatuko balitz jasoko luketena baino txikiagoa izango.

Halaber, BBOFk berrerosketa-prezioaren ordainketa akzioak, partaidetza-kuotak edo kapital sozialerako ekarpenak izenpetzeko izatea hitzar dezake, edo, bestela, ordainketa espezietan egitea, erakundeari autozorroan erabilgarri dauden akzioak edo partaidetzakuotak zuzenean zein zeharka entregatzearen bidez.

c)  Kaltetutako kreditu-erakundeak kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza baten bidez egin duen beste edozer esku-hartze.

3.  Neurriak aurreko paragrafoari jarraiki exekutatzeko, BBOFk beharrezko gizarteakordioak hartu eta esku-hartzeak egin ahal izango ditu, lege honen 63. artikuluan xedatutakoaren babespean. Halaber, 65.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

45. artikulua.  Balioztapen-irizpideak.

Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak balioztatu beharko ditu adostuko duen kudeaketa-ekintzaren egokitasuna eta edukia, honako irizpide hauen arabera:

a)  Kapitalaren tresna hibridoek eta mendeko zorrak erakundean duten proportzioa, horren aktibo guztien aldean.

b)  Erakundeak jaso dituen edo jasoko dituen laguntza publikoen zenbatekoa eta horiek egituratzeko modua, eta, zehazki, erakundeak finantza-laguntza (kapital sozial gisa) jaso duen edo jasoko duen.

c)  Jasotako edo konprometitutako laguntza-publikoen proportzioa, erakundearen arriskuaren arabera haztatutako aktiboen aldean.

d)  Kreditu-erakundeek laguntza horiek gabe izango luketen bideragarritasuna.

e)  Kreditu-erakundearen egungo eta etorkizuneko ahalmena merkatuan baliabide propioak erakartzeko.

f)  Kreditu-erakundearen tresna hibridoen eta mendeko zorraren titularrek jasoko luketen zenbatekoa, Kreditu-erakundea desegin edo likidatzen bada eta laguntzapublikorik ez badu.

g)  Ekintzak kaltetu dituen kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren merkatu-balioa.

h)  Erakundeak kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko gauzatutako ekintza batek lortu duen edo lortuko lukeen eraginkortasuna.

i)  Inbertitzaileek aurreko artikuluan aurreikusitako neurriak borondatez onartzeko probabilitate-maila, kontuan izanik, gainera, ekintzak kaltetuko duen jaulkipen bakoitzeko inbertsioen profil nagusia.

46. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza onartzea.

BBOFk onartuko du kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza, eta Espainiako Bankuari igorriko dio, hori hartzea justifikatzen duten arrazoiak biltzen dituen txostenarekin batera.

47. artikulua.  BBOFren akordioaren jakinarazpena eta ondorioen data.

1.  BBOFk kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko adostutako ekintza exekutatuko duela jakinarazi beharko die, berehala, kaltetutako kredituerakundeari eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari. Dagokion akordioaren edukia Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Funtsaren beraren webgunean argitaratuko du.

2.  Kaltetutako kreditu-erakundeak ziurtatu beharko du kaltetutako inbertitzaileek ezagutzen dutela BBOFk adostutako ekintzaren edukia; horretarako, ekintzaren berri emango du bere webgunean, bai eta, hala badagokio, gertakari garrantzitsu gisa, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren webgunean eta tituluak negoziatzeko onartuta dauden merkatuaren kotizazio-buletinean ere.

3.  Akordioak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

48. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza bat aldatzea.

1.  BBOFk kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza bat aldatu ahal izango du edozer momentutan, baldin eta ezohiko egoerak baldin badaude; horretarako, lege honen 46. artikuluan aurreikusitako prozedura jarraituko du.

Hala, ezohiko egoerak egongo dira erakundearen ezegonkortasun-egoerak arintzen ez badira edo bere egonkortasunerako edo finantza-sistemarako berehalako mehatxua badago, eta, egoera horri aurre egiteko, ekintzaren baldintzak aldatzea egokia dela iruditzen bazaio Espainiako Bankuari.

2.  Adostutako aldaketa lege honen 46. artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraiki onartuko da, 42. artikuluan xedatutakoaren arabera argitaratuko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

49. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza batek kaltetutako inbertitzaileen eskubideak.

1.  Dagokion jaulkipenaren baldintzak ez-betetzearen harira, kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren titularrek ezingo dute zenbatekoak erreklamatzeko prozedurarik ireki, lege honen 71. artikuluan xedatutakoaz kanpo, baldin eta BBOFk adostutako kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza batek kaltetu baditu baldintzok eta erakundea edukia betetzen ari bada.

2.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza bat exekutatzeak sor ditzakeen kalteen harira, kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren titularrek ezingo diete erakundeari eta BBOFri inongo konpentsazio ekonomikorik erreklamatu, lege honen 73. artikuluan xedatutakoaz kanpo.

50. artikulua.  Hirugarrenen eskubideak.

Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak, BBOFk adosten dituenak, bai eta kreditu-erakundeak horiek betetzeko egiten dituen esku-hartzeak ere, ezingo dira kreditu-erakundeak aurreko artikuluan aipatutakoez bestelako hirugarrenekin dituen obligazioak ez betetzearen edo aldez aurretik mugaeguneratzearen arrazoitzat jo.

Hortaz, kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzek ez dituzte erakundeak hirugarrenekin dituen harremanak aldatuko, etengo edo amaituko, ezta eskubide berriak eman edo kreditu-erakundeei haiekiko obligazio berriak ezarri ere.

Zehazki, BBOFk adosten dituen aipatutako tresna hibridoak kudeatzeko ekintzak eta erakundeak horiek betetzeko edo exekutatzeko egiten dituen esku-hartzeak gauzatuz gero, hirugarrenek ezingo dute alegatu erakundearen zorra ordaintzeko ordena-maila aldatu dela, prozesu-egintzak gauzatze aldera.

Hortaz, tresna hibridoak kudeatzeko ekintzek ez dituzte erakundeak hirugarrenekin dituen harremanak aldatuko, etengo edo amaituko, ezta eskubide berriak eman edo kreditu-erakundeei haiekiko obligazio berriak ezarri ere.

51. artikulua.  Zehapen-araubidea.

VII. kapitulua antolamendu- eta diziplina-arautzat joko da, kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen ondorioetarako.

Zehazki, arau-hauste oso larritzat joko da kapital-tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko BBOFk adostutako ekintza bat galaraztea edo oztopatzea. Arau-hauste oso larritzat joko da, halaber, kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza-proposamen baten baldintzak edozer bitartekoren bidez jakinaraztea edo hedatzea, Funtsak adostu baino lehen.

Ekintzak kaltetutako kreditu-erakundea izango da partaidetza osoko bere erakundeen esku-hartzeen erantzule, baldin eta erakunde horiek ekintzaren aplikazio-eremuan sartutako baloreen jaulkitzaile badira.

VIII. KAPITULUA Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa 1. atala.  Izaera eta araubide juridikoa 52. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa.

1.  BBOFk kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko prozesuak kudeatuko ditu.

2.  BBOF zuzenbide publikoko erakundea da, eta nortasun juridiko propioa eta bere zereginak gauzatzeko ahalmen publiko zein pribatu osoa ditu. Lege honetan zehaztutakoak arautuko du.

3.  BBOF ordenamendu juridiko-pribatuaren mende egongo da, non eta ez diren baliatzen lege honek edo lege mailako beste arau batzuek emandako administrazioahalmenak. Kreditu-erakundeak berregituratzeko edo desegiteko neurriak, BBOFk hartutakoak, Europako Batzordeari edo Lehiaren Batzorde Nazionalari jakinaraziko zaizkie, Estatu-laguntzen eta lehiaren babesaren arloko araudian zehaztutakoaren ondorioetarako.

4.  BBOF ez da Estatuko Administrazio Orokorraren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legean jasotako aurreikuspenen mende egongo, eta ez zaizkio aplikatuko aurrekontuen, ekonomiaren, finantzen, kontabilitatearen eta erakunde publikoen –Estatuko Administrazio Orokorraren mendekoak edo horri lotutakoak– kontrolaren araubidea erregulatzen duten arauak, Kontu Auzitegiaren kanpo-fiskalizazioari dagokionez izan ezik, Kontu Auzitegiari buruzko maiatzaren 12ko 2/1982 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, eta ekonomia eta finantzen arloko kudeaketaren barne-araubidea Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren mende jartzeri dagokionez izan ezik, aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren VI. tituluaren III. kapituluan aurreikusitakoarekin bat. BBOF ez da administrazio publikoen ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen xedapenen mende egongo.

5.  BBOFko langileak hautatzeko, berdintasun-, meritu-, gaitasun- eta publizitateprintzipioak errespetatuko dira, eta langileak lan-zuzenbideko harreman baten bidez lotuko zaizkio Funtsari. Aurrekoari kalterik egin gabe, BBOFn lan egingo duten funtzionarioek zerbitzu berezien egoeran egin ahal izango dute. Aipatutako funtseko langileen eta zuzendarien gastuek Estatuko sektore publikoko erakundeetarako aurreikusitako mugak errespetatuko dituzte.

6.  BBOFk Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren tratamendu bera izango du, ondorio fiskaletarako.

7.  BBOFk hirugarrenen laguntza eduki ahal izango du bere funtzioak betetzeko beharrezkoa den edozer jarduera material, tekniko edo instrumental egiteko, publizitateeta lehia-printzipioei jarraiki, ezohiko eta premiazko kasuetan izan ezik.

53. artikulua.  Finantzaketa.

1.  BBOFk izango dituen zuzkidurak Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura izango dira.

2.  Gainera, bere xedeak betetzeko, finantzaketa lortu ahal izango du. Horretarako, honako hauek egin ahal izango ditu: errenta finkoko baloreak jaulki, maileguak jaso, kredituak irekitzea eskatu eta beste edozer zorpetze-eragiketa egin.

BBOFk lortutako kanpo-baliabideek, edozer egituraketa-modalitate dutela, ezingo dituzte Estatuko Aurrekontu Orokorren urteko legeetan zehaztutako mugak gainditu.

3.  Funtsaren ondare ez-konprometituak zor publikoan edo likidezia handiko eta arrisku txikiko bestelako aktiboetan gauzatuta egon beharko du. Sortutako eta urteko kontuetan kontabilizatutako edozer mozkin Altxor Publikoan sartuko da. BBOFren kutxazerbitzua Espainiako Bankuak egingo du; horretarako, dagokion hitzarmena sinatuko dute.

54. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren gobernua.

1.  Bederatzi kidek osatutako zuzendaritza batzorde batek eraendu eta administratuko du BBOF. Hona hemen kideok:

a)  Espainiako Bankuak izendatutako lau kide; horietako bat, gobernadoreordea, Zuzendaritza Batzordearen presidente izango da.

b)  Altxorraren eta Finantza Politikaren idazkari nagusia; Zuzendaritza Batzordearen presidenteordea izango da, eta presidentea ordezkatuko du, postua hutsik badago, presidentea ez badago edo presidentea gaixo badago.

c)  Ekonomia eta Lehiakortasuneko idazkariordea.

d)  Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritzako Institutuaren presidentea.

e)  Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia.

f)  Aurrekontuen zuzendari nagusia.

Honako hauek ere izango dira Zuzendaritza Batzordearen saioetan (hitza izango dute, baina ez botoa): Estatuko Administrazioko kontu-hartzaile nagusiak izendatutako ordezkari bat eta Estatuko abokatu nagusiak - Estatuko Zerbitzu Juridikoaren zuzendariak izendatutako beste bat.

Gobernadoreordeaz bestelako hiru kideak Espainiako Bankuaren Batzorde Exekutiboak izendatuko ditu.

BBOFren zuzendari nagusia Zuzendaritza Batzordearen saioetan egon ahal izango da; hitza izango du, baina ez botoa. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak saioetan behatzaileek parte hartzea baimendu ahal izango du; betiere, parte-hartze horrek ez badu BBOFk lege honetan aurreikusitako funtzioak betetzea galaraz dezakeen interesgatazkarik eragiten. Zuzendaritza Batzordeak berak zehaztuko ditu behatzaile horiek zernola parte hartuko duten. Behatzaileek ez dute botorik izango, eta sekretu-betebeharra bete beharko dute.

2.  Zuzendaritza Batzordearen idazkariaren funtzioak batzorde horrek, BBOFren barne-araubidearen erregelamenduan aurreikusitakoarekin bat, izendatzen duen pertsonak gauzatuko ditu.

3.  Zuzendaritza Batzordearen kideek kide izateari utziko diote baldin eta:

a)  Dagozkien karguak uzten badituzte.

b)  Espainiako Bankuaren Batzorde Exekutiboak kargua uztea adosten badu, batzorde horrek izendatutako gobernadoreordeaz bestelako kideen kasuan.

4.  Zuzendaritza Batzordea presidenteak, bere ekimenez edo edozer kidek eskatuta, deialdia egiten duen bakoitzean bilduko da. Halaber, deialdi-araubide propioa ezartzeko ahalmena izango du.

5.  BBOFri emandako ahalmenei eta funtzioei buruzko erabakiak hartuko ditu Zuzendaritza Batzordeak, horiek gauzatzeko onartzen dituen ordezkaritzei eta ahalduntzeei kalterik egin gabe. Nolanahi ere, ezingo ditu honako funtziook eskuordetu:

a)  Erakundeak berregituratzeko eta desegiteko planak eta kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak onartzeko BBOFri emandako funtzioak.

b)  Lege honen 53.2 artikuluan aurreikusitako finantzaketa-eragiketak egiteko erabakia onartzea.

c)  BBOFren urteko kontuak onartzea; kontuok Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroari eta Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiari igorriko zaizkie urtero, Estatuko Kontu Orokorrean sar ditzaten eta Kontu Auzitegiaren esku jar ditzaten.

Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroari helarazi behar zaion txostena onartzea, Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Lehiakortasun Batzordera igor dezan.

6.  Bilkurak eta eztabaidak egiteko eta akordioak egiteko Zuzendaritza Batzordea balio osoz era dadin, gutxienez boto-eskubidea duten kideen erdiak parte hartu beharko dute. Akordioak bertaratutako kideen gehiengoz egingo dira. Boto-kopuruan berdinketa egonez gero, presidenteak kalitateko botoa izango du.

7.  Zuzendaritza Batzordeak BBOFren barne-araubidearen erregelamendu bat onartu du; bertan, ekonomia-, finantza-, ondare-, aurrekontu-, kontabilitate-, antolamendueta prozedura-arloetako oinarrizko jarduera-arauak jasoko ditu. Arauok finantza-laguntza publikoa jaso duten kreditu-erakundeei buruzko bere jabetza-politikaren oinarrizko ildoak jasoko dituzte, eta BBOFren gobernua kontrolatzeko barne-mekanismoak bilduko dituzte.

Arauok kudeaketa onaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, lehiaren eta publizitatearen printzipioak izango dituzte oinarri.

55. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren zuzendari nagusia.

1.  BBOFk zuzendari nagusi bat izango du, eta horrek funtzio exekutiboak, zuzendaritzakoak eta Funtsaren kudeaketa arruntekoak egingo ditu, bai eta Zuzendaritza Batzordeak eskuordetzen dion beste edozer funtzio ere.

Ministroen Kontseiluaren errege-dekretu bidez izendatu eta bereiziko da, kargu horren berezko funtzioak egiteko ahalmen, prestakuntza tekniko eta eskarmentu nahikoak dituzten pertsonen artean, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta, Espainiako Bankuaren gobernadoreari aurrez kontsulta egin ondoren.

2.  BBOFren zuzendari nagusiak honako funtzio hauek izango ditu:

a)  BBOFk lege honen arabera exekutatu behar dituen eragiketa guztiak bultzatzea eta gainbegiratzea.

b)  BBOFren kudeaketa arrunta, ekonomikoa eta administratiboa zuzentzea.

c)  BBOFren urteko kontuak osatzea, kontu-ikuskari batek egiaztaraztea eta Zuzendaritza Batzordeak onarraraztea.

d)  Zuzendaritza Batzordeari lege honetan aurreikusitakoaren arabera dagozkion erabakiak hartzeko proposatzea; aipatu batzordeak ofizioz ere har ditzake erabakiok.

e)  Zuzendaritza Batzordearen akordioak eta horrek eskuordetzen dizkion funtzioak exekutatzea, lege honen 54.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

f)  Zuzendaritza Batzordeari bere funtzioen kontu ematea.

56. artikulua.  Parlamentu-kontrola.

1.  BBOFren Zuzendaritza Batzordearen presidentea Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Lehiakortasun Batzordearen aurrean agertuko da hiru hilez behin BBOFren jardueren bilakaeraren eta ekonomia- eta finantza-jardueraren funtsezko elementuen berri emateko.

Gainera, aipatu funtsak ezarritako berregituraketa- eta desegite-neurriei buruz berariaz jakinaraziko du, Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Lehiakortasun Batzordeak zehaztutako baldintzetan.

2.  Zuzendaritza Batzordeak BBOFren kudeaketari eta jarduerari buruzko txosten bat igorriko die Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroari eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroari, hiru hilez behin; bertan, BBOFk aipatu aldian egindako ekonomia- eta aurrekontu-jarduerak, eragin handiena izan dutenak, jasoko dira, beste alderdi batzuen artean. Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak Diputatuen Kongresuko Ekonomia eta Lehiakortasun Batzordeari igorriko dio txostena.

57. artikulua.  Bestelako agintaritza eskudun nazionalekin lankidetzan aritzea eta koordinatzea.

1.  BBOFk finantza-erakundeak gainbegiratzearekin, berregituratzearekin eta desegitearekin lotutako funtzioak dituzten agintaritzekin batera lan egingo du; batik bat, hauekin: Espainiako Bankuarekin, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalarekin, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiarekin, autonomia erkidegoek funtziootakoren bat egiteko izendatutako agintaritzekin, Aseguruak Konpentsatzeko Partzuergoarekin, Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsarekin eta Inbertsioak Bermatzeko Funtsarekin. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu horiekin, bai eta esleitu zaizkion eskumenak gauzatzeko behar adina informazio eskatu ere.

Halaber, BBOFk bere eskumenak gauzatzeko beharrezko informazio guztia emango die aurreko lerrokadan aipatutako agintariei, indarrean den araudiari jarraiki.

2.  Finantza-talde edo -konglomeratu bateko kreditu-erakundeak deseginez gero:

a)  BBOFk neurriak hartuko ditu, bai eta lege honek eman dizkion eskumenak gauzatu ere; hartara, neurriok edo eskumenok taldeko edo konglomeratuko gainerako taldeengan eta talde edo konglomeratu osoarengan izan dezaketen eragina gutxituko da.

b)  Espainiako Bankua eta BBOF, bakoitza bere eskumenen barruan, desegitea koordinatzeaz arduratuko dira, baldin eta Espainiako Bankuak konglomeratuaren erakunde nagusia parte den talde kontsolidagarria edo, hala badagokio, banaka kontsideratutako erakunde nagusia zaintzeko eta gainbegiratzeko funtzioak baditu.

58. artikulua.  Bestelako nazioarteko agintaritza eskudunekin lankidetzan aritzea eta koordinatzea.

1.  BBOF Europar Batasuneko erakundeekin (Europako Banku Agintaritza barne) lankidetzan arituko da, bai eta finantza-erakundeak gainbegiratzearekin, berregituratzearekin edo desegitearekin lotutako funtzioak dituzten atzerriko agintaritzekin ere, baldin eta nazioarteko taldeetako kreditu-erakundeak berregituratzen edo desegiten badira. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu haiekin, bai eta behar adina informazio trukatu ere, esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako edo desegiteko neurriak planifikatzearekin eta exekutatzearekin lotutako eskumenak gauzatzeko.

Zehazki, BBOFk desegite-agintaritzen elkargoetan parte hartu ahal izango du; hain zuzen ere, atzerriko desegite-agintaritzekin beharrezko lankidetza eta koordinazioa bermatzeko ezar daitezkeenetan.

2.  Atzerriko agintaritza eskudunak ez badira Europar Batasuneko estatu kideren batekoak, informazio-trukean, honako hauek bermatu behar dira: elkarrekikotasuna; agintaritza eskudunak sekretu-betebeharren mende egotea, gutxienez, Espainiako legeek ezartzen dituzten baldintzen antzera; eta informazioa atzerriko agintaritzak finantzaerakundeak gainbegiratzearekin, berregituratzearekin edo desegitearekin lotutako funtzioak, araudi nazionalaren arabera Espainiako legeek ezarritakoen antzerakoak direnak, gauzatzeko beharrezkoa izatea.

Informazioa Europar Batasuneko beste estatu kide batean sortu bada, aurreko lerrokadan aipatutako agintaritzei informazioa helarazteko, informazioa ezagutarazi duen agintaritzak berariazko adostasuna agertu behar du, eta informazioa aipatutako agintaritzak baimendutako ondorioetarako baino ezingo da jakinarazi.

3.  Finantza-talde edo -konglomeratu bateko kreditu-erakundeak desegin behar izanez gero, baldin eta Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetan ere aritzen badira eta horien gainbegiraketa kontsolidatua ez badagokie Espainiako agintaritzei, desegiteprozesua ireki baino lehen, Espainiako Bankuak erakundea partaide den taldea gainbegiratzeaz arduratzen den Europar Batasuneko agintaritza kontsultatuko du.

Espainiako Bankuak aurreko lerrokadan aipatutako kontsulta egin behar ez izateko aukera izango du, baldin eta premiazko egoera bada edo kontsultak neurrien eraginkortasuna arriskuan jar dezakeela ulertzen badu. Kasuotan, hartutako neurrien berri emango dio berehala agintaritza eskudunari.

Espainiako Bankuak Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako desegiteagintaritzekin batera erabaki bat hartzeko beharrezko jarduerak sustatuko ditu.

4.  Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetan ere aritzen diren finantza-talde edo -konglomeratu bateko kreditu-erakundeak desegin behar izanez gero, BBOFk neurriak hartuko ditu, bai eta lege honek eman dizkion eskumenak gauzatu ere; hartara, neurriok eta eskumenok Europar Batasunaren finantza-sistemaren egonkortasunean, eta, zehazki, taldea edo konglomeratua aritzen den Europar Batasuneko estatu kideetakoan izan ditzaketen ondorio kaltegarriak gutxituko dira.

59. artikulua. Sekretu-betebeharra.

1.  Errege lege honek ematen dizkion funtzioak betez eskuratu dituen datuak, dokumentuak eta informazioak, isilpekoak izango dira, eta BBOFk ezingo dizkie ez pertsonei edo agintaritzei jakinarazi, ez horiek lortzeko helburuak ez diren beste batzuetarako erabili, indarrean den araudian aurreikusitako salbuespenak salbuespen.

Datuek, dokumentuek, eta informazioek isilpeko izateari utziko diote interesdunek horietan aipatzen diren gertaerak jakitera ematen dituzten momentuan.

2.  Honako hauek ere gorde beharko dute sekretua, eta ezingo dute jasotako informazioa ematerakoan zuen helburuaz bestelako baterako erabili: aurreko artikuluetan xedatutakoarekin bat BBOFren informazioa jaso dezaketen agintaritzek eta pertsonek, kontu-ikuskatzaileek, lege-aholkulariek eta gainerako aditu independenteek, hain zuzen ere, BBOFk esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako eta desegiteko neurriak planifikatzearen eta exekutatzearen harira izendatutakoek.

3.  Lege honen 58.1 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Espainiako Bankuari aplika dakizkiokeen konfidentzialtasunari eta sekretuari buruzko xedapenak BBOFri aplikatuko zaizkio modu osagarrian; zehazki, hauek: kreditu-erakundeen alorreko indarreko Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitzeari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoak eta administrazio publikoetako eta finantza-esparruko likidezia-neurriei buruzko uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoan xedatutakoak.

60. artikulua.  Lehia-araudia aplikatzea.

BBOFk eta Espainiako Bankuak, beren eskumenak gauzatzerakoan, beren neurriek eskumen-baldintzetan eragin ditzaketen desitxuratzeak gutxituko dituzte, eta, horretarako, lehiaren eta Estatu-laguntzen arloko Espainiako eta Europar Batasuneko araudia beteko dute. Horretarako, Espainiako Bankuak Europako Batzordearekin batera lan egingo du, eta beharrezko informazioa emango dio lehiaren eta Estatu-laguntzen arloko Europar Batasunaren araudian aurreikusitako baimen-prozeduren harira.

61. artikulua. Nazioarteko gomendioak hartzea.

BBOFk, bere eskumenak gauzatzerakoan, kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko arloan nazioarte-mailan egiten diren gomendioak, zuzentarauak, arau teknikoak eta gainerako ekimenak aintzat hartu ahal izango ditu, zehazki, Europako Batzordeak eta Europako Banku Agintaritzak hartzen dituztenak, betiere, ez badira kontraesankorrak errege lege honetako xedapenekin eta indarrean den araudiarekin.

2. atala.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren eskumenak 62. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren eskumenak.

BBOFk lege honetan aurreikusitako tresnak eta neurriak aplikatzeko beharrezko eskumenak gauzatuko ditu. Eskumenok merkataritzakoak edo administraziokoak izango dira.

63. artikulua.  Merkataritza-eskumenak.

BBOFk merkataritzako legeriak honako hauei, oro har, ematen dizkien eskumenak gauzatuko ditu:

a)  Erakundearen administrazio-organoari, izaera hori bere gain hartzen duenean.

b)  Akziodunei edo edozer finantza-balore edo -tresnaren titularrei, BBOFk baloreok edo tresnok izenpetu edo eskuratu baditu.

c)  Batzorde edo batzar nagusiari, baldin eta berregituraketa- edo desegite-neurriak gauzatzeko beharrezko akordioak hartzea oztopatzen edo ukatzen badu, edo, ezohiko premiazko arrazoiak tarteko, ez bada posible batzorde edo batzar nagusiak akordioak balio osoz eratzeko eta hartzeko indarrean den araudiak exijitutako betekizunak betetzea.

Horrelakoetan, BBOFri egokituko zaizkio legeen edo estatutuen arabera batzorde edo batzar nagusiari dagozkion eta kreditu-erakundeak berregituratzearekin eta desegitearekin lotuta lege honetan aurreikusitako funtzioak gauzatzeko beharrezkoak diren eskumen guztiak.

64. artikulua.  Administrazio-eskumen orokorrak.

BBOFk honako administrazio-eskumen hauek izango ditu, lege honetan aurreikusitako gainerakoez gain:

a)  Erakundearen edo bere aktibo eta pasiboen balio ekonomikoa zehaztea, lege honetan aurreikusitako neurriak eta tresnak aplikatze aldera.

b)  Edozer pertsonari berregituraketa- edo desegite-neurri edo -tresna bat prestatzeko eta hartzeko edo aplikatzeko beharrezko edozer informazio eskatzea.

c)  Akzioak, partaidetza-kuotak edo kapital sozialerako ekarpenak, edo, oro har, kapitala adierazten duten tresnak edo erakundearen baliokideak edo horiek bihur daitezkeenak, titularra edonor dela ere, transmititzea agintzea, bai eta erakundearen aktiboak eta pasiboak ere.

d)  Kapitala handitzeko edo txikitzeko eragiketak, eta obligazioak, partaidetza kuotak eta bestelako edozer balore edo finantza-tresna guztiz edo partzialki jaulkitzeko eta amortizatzeko eragiketak egitea, bai eta eragiketokin lortutako estatutu-aldaketak ere.

Gainera, lehentasunezko izenpetzearen eskubidea ken dezake kapital-handitzeetan eta obligazio bihurgarrien jaulkipenean, nahiz Kapital Sozietateei buruzko Legearen 343. artikuluan aurreikusitako kasuetan, bai eta partaidetza kuotak jaulki ere.

e)  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak egitea.

f)  Berregituraketa- eta desegite-neurriak zehazteko tresnak zehaztea, erakundearen egitura-aldaketak dakartzatenak eta erakundea desegitekoak eta likidatzekoak barne.

g)  Erakundean gordailututako baloreak jarduera hau egiteko ahalmena duen beste erakunde batera pasatzea berehala, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak aurrez txostena egin ondoren, aktibook hirugarren erakundeetan gordailututa badaude ere gordailu-zerbitzua ematen duen erakundearen izenean.

Horretarako, BBOFk, erakundearen administrari gisa, beharrezko neurriak hartuko ditu baloreen gordailuak edo zaintza hartuko dituen erakundeak lagapena gauzatzeko beharrezko kontabilitate- eta informatika-dokumentazioa eta -erregistroak eskuratu ahal izan ditzan.

h)  Erakundearen baloreak, finantza-tresnak, aktiboak edo pasiboak transmititzeari dagokionez, honako eskumen guztiak edo batzuk gauzatzea:

i)  Erakundea eta eskuratzailea beharrezko informazioa eta asistentzia erraztera behartzea. ii) Erakundea partaide den taldeko edozer erakunderi eskatzea eskuratzaileari beharrezko zerbitzu operatiboak emateko, transmititutako negozioa eraginkortasunez operatu ahal izan dezan. Taldeko erakundeak dagoeneko ematen badizkio zerbitzuak erakundeari, ematen jarraituko du, baldintza beretan, eta, hala ez bada, merkatubaldintzetan.

65. artikulua.  Neurrien izaera exekutiboa.

1.  BBOFk lege honen III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako tresnak aplikatzeko emandako administrazio-egintzak eta 63.c) artikuluaren babespean hartutako akordioak onartzen direnetik izango dira eraginkorrak, inongo araudi edo kontratutan zehaztutako inongo izapide edo betekizun bete beharrik izan gabe, lege honetan aurreikusitako betekizunei eta indarreko araudiak exijitutako ziurtasun-, inskripzio- edo publizitatebetekizun formalei kalterik egin gabe. Horretarako, nahikoa izango da administrazioegintzaren edo dagokion akordioaren ziurtapena, aditu independenteen edo kontuikuskarien txostenen beharrik izan gabe.

2.  Bankuen sektoreko arauek ezingo dute egintza horien exekuzioa kaltetu.

66. artikulua.  Bestelako baldintza aplikagarriak.

Esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako edo desegiteko edozer neurri hartzeak ez du ez-betetzerik ekarriko, eta ez dio inongo kontrako alderdiri eragiketa edo kontratua aldez aurretik mugaeguntzeko edo desegiteko baimenik emango, ezta eragiketatik edo kontratutik eratorritako edozer eskubide edo betebehar exekutatzea edo konpentsatzea eskatu ere, eta hala dioten klausulak barne hartu gabekotzat joko dira.

Nolanahi ere, kontrako aldeak kontratua edo dagokion eragiketa aldez aurretik mugaegundu edo desegin ahal izango du, dagokion kontratuan zehaztutako baldintzetan, dagokion neurria edo eskumena hartu edo gauzatu baino lehenagoko edo geroagoko ez-betetze baten ondorioz, horrekin lotuta egon edo ez.

67. artikulua.  Finantza-eragiketei eta kontratuak konpentsatzeko akordioei aplika dakizkiekeen baldintzak.

1.  Produktibitatea sustatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren I. tituluaren II. kapituluan aipatutako finantza-eragiketei eta kontratua konpentsatzeko akordioei lege honen 70.3 artikuluan esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako edo desegiteko edozer prozesurekin lotuta xedatutakoa aplikatuko zaie. Halaber, beste eragiketa eta akordio batzuei artikulu bereko bigarren eta hirugarren lerrokadetan xedatutakoa aplikatuko zaie, BBOFk 70.3 artikuluan aipatzen den eteteko eskumena baliatu ez badu ere.

Hortaz, desegite-prozesua hastea, desegite-tresnak hartzea edo tresnok gauzatzeko beharrezko eskumenak baliatzeak –hasieratik desegite-plana burutu arte– ez du ez-betetzerik eragingo, eta ez die eragiketen eta akordioen kontrako aldeei aldez aurretik mugaeguntzeko edo desegiteko baimenik emango, ezta horiek exekutatzea edo aipatutako eragiketa eta akordioekin lotutako edozer eskubide edo betebehar konpentsatzea eskatzekorik ere, salbuespen honekin: azkenean, eragiketa edo akordioa eskuratzaileari edo zubi-bankuari ez transmititzea.

2.  Erakundearen aktiboen eta pasiboen zati bat baino transmititzen ez denean, BBOFk honako xede hauek lortzeko beharrezko neurriak hartuko ditu:

a)  Aktiboen edo pasiboen zati bat bakarrik desegitea, berritzea edo transmititzea saihestea, baldin eta titulartasuna aldatzea dakarren finantza-bermeko akordio bati edo kontratua konpentsatzeko akordio bati –aurretik aipatutako 5/2005 Errege Lege Dekretuaren II. kapituluan adierazitakoak– edo konpentsazio-akordio bati jarraiki konpentsa badaitezke.

b)  Berme pignoratiziodun obligazioak eta bermatzen dituzten aktiboak batera transmititzea edo biak erakundean gelditzea ahalbidetzea.

c)  Berme pignoratizioko akordioa desegitea edo berritzea saihestea, baldin eta horrek obligazioak bermatuta egoteri uztea badakar.

d)  Finantzaketa egituratuko akordioek estalitako aktiboen eta pasiboen parte bat bakarrik desegitea, berritzea edo transferitzea saihestea, erakundearen gordailuekin lotutako aktibo edo pasiboei bakarrik eragiten dienean izan ezik.

3.  Desegite-neurriak egituratzeko eragiketak, lege honen 25. artikuluan eta VI. kapituluan zerrendatutako tresnak eta kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren kudeaketa barne, beste batzuen artean, ezingo dira hutsaldu, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 71. artikuluan aurreikusitakoaren babespean.

68. artikulua.  Larrialdiko neurriak.

Larrialdiko arrazoiak direla medio eta lege honen 3. artikuluan aurreikusitako helburuak bermatze aldera, honako hauek egin ahal izango ditu BBOFk:

a)  Berregituraketa- edo desegite-plana onartu aurretik, lege honen 25,1. artikuluaren a) eta b) idatz-zatietan aurreikusitako tresnak eta finantza-laguntzako tresnak hartuko ditu, V. kapituluan aurreikusitako baldintzetan, bai eta, lehiaren eta Estatu-laguntzen arloko Espainiako eta Europar Batasuneko araudietan zehaztutakoaren esparruan eta baliabide publikoak ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzeko eta finantza-laguntza publikoak murriztearen printzipioa kontuan izanik, erakundeari likidezia ematen ere, harik eta plana onartzen den arte.

Espainiako Bankuak baimendu beharko du neurrion exekuzioa; eta lege honen 14. eta 23. artikuluetan aipatutako eskumenen esparruan balioztatuko ditu. Gainera, artikulu horien 6. eta 5. paragrafoetan, hurrenez hurren, aurreikusitakoa aplikatuko da.

b)  Erakundearen balio ekonomikoa estimatzeko prozedura erabiltzea, aditu independenteen txostenik gabe, lege honen 5. artikuluan aipatutako balioztapenaren ondorioetarako eta berregituraketa- eta desegite-neurriak aplikatze aldera.

69. artikulua.  Jakinarazpena.

1.  BBOFk beharrezko jarduerak egingo ditu lege honen III. eta IV. kapituluei jarraiki hartutako neurriak jakinarazteko, eta, zehazki, desegite-tresnak aplikatu direla eta eskumenak baliatu direla jakinarazteko, neurriek kaltetutako akziodunek, hartzekodunek edo hirugarrenek ezagut ditzaten.

2.  Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, BBOFk hartutako neurrien berri emango die erakundeari, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari eta Espainiako Bankuari.

Halaber, hala dagokionean, hartutako neurrien berri emango die BBOFk Europako Banku Agintaritzari eta kaltetutako taldea gainbegiratzeaz arduratzen den Europar Batasuneko agintaritzari.

3.  Berregituraketa- eta desegite-neurriak prestatu bitartean, eta, zehazki, lege honen 5. artikuluan aipatutako balioztapena egiten den bitartean eta desegite-tresnaren bat aplikatzea zehazteko edozer eragiketa aztertzen edo negoziatzen den bitartean, erakundeak ez du informazio garrantzitsutzat jotako informaziorik –Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 82. artikuluaren arabera– jakinarazi edo hedatu beharko.

70. artikulua.  Kontratuak eta bermeak eteteko eskumenak.

1.  BBOFk erakundeak egindako edozer kontraturen ondorio den edozer ordainketaedo entrega-betebehar eten dezake, administrazio-egintza bidez, eskumen horren gauzatzea jakinarazten denetik hurrengo egun balioduneko arratsaldeko bostak arte doan gehieneko epean.

Erakundean irekitako gordailuei ez zaie aurreko lerrokadan aurreikusitakoa aplikatuko.

2.  Lege honen VII. kapituluan xedatutakoari kalterik egin gabe, BBOFk erakundearen edozer aktiboren gaineko bermeak exekutatzea galaraz edo muga dezake, administrazioegintza bidez, BBOFk desegite-helburuak lortzeko beharrezko jotzen duen epean.

3.  BBOFk kontrako aldeek aldez aurretik mugaeguntzeko edo desegiteko edo martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren I. tituluaren II. kapituluan adierazitako finantza-eragiketekin eta kontratuak konpentsatzeko akordioekin lotutako edozer eskubide edo betebehar exekutatzea edo konpentsatzea eskatzeko duten eskubidea eten dezake, desegiteko, berregituraketako edo esku-hartze goiztiarreko edozer neurri hartzearen ondorioz, administrazio-egintza bidez, eskumen horren gauzatzea jakinarazten denetik hurrengo egun balioduneko arratsaldeko bostak arte doan gehieneko epean.

Desegite-neurriei dagokienez, epea amaitu arren, finantza-eragiketek edo kontratuak konpentsatzeko akordioek adierazitako aktiboak edo pasiboak hirugarren bati transmititu bazaizkio, kontrako aldeak ezingo du ez aldez aurretik mugaegundu edo desegin, ez eragiketokin lotutako eskubideak eta betebeharrak exekutatzea edo konpentsatzea eskatu, baldin aktiboak eta pasiboak desegite-tresnei jarraiki transmititu badira.

Aurreko lerrokadan xedatutakoari kalterik egin gabe, kontrako aldeak akordiook edo eragiketak aldez aurretik mugaegundu edo desegin ditzake edo eragiketokin edo akordiookin lotutako eskubideak edo betebeharrak exekutatzea edo konpentsatzea eska dezake, bermatzeko edo kontratua konpentsatzeko akordioetan zehaztutako baldintzetan, transmisioaren aurrekoa nahiz ondorengoa den eta horrekin loturarik ez duen ez-betetze baten.

IX. KAPITULUA Prozesu-araubidea 71. artikulua.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak lege honen 63. artikuluari jarraiki hartutako erabakien eta akordioen kontrako errekurtsoak.

1.  BBOFk lege honen 63. artikuluaren babespean hartutako erabaki eta akordioei aurka egiteko, kapital-sozietateen legez kontrako gizarte-akordioei kontra egiteko aurreikusitako arauak eta prozedurak baino ez dira jarraituko. Kontra egiteko ekintza hamabost eguneko epean iraungiko da; epea BBOFk, lege honen 69. artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatutako esku-hartzeak jakinarazten dituenean hasiko da kontatzen.

2.  Akziodunek, kideek, obligaziodunek, hartzekodunek edo bestelako hirugarrenek, baldin eta BBOFk, administrari gisa, uste badute hartutako erabakiek beren eskubideak eta legezko interesak urratu dituztela, jasandako kalteak ordaintzea eskatu ahal izango dute, Kapital Sozietateei buruzko Legearen 241. artikuluarekin bat. Ezingo da erantzukizuneko gizarte-ekintza gauzatu BBOFk erakundea berregituratzeko edo desegiteko prozesuan egindako jarduerei dagokienez.

3.  BBOFk, lege honen babespean, agindutako egintzaren baten kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri bada, lege honen 72. artikuluarekin bat, merkataritza-arloko epaileak artikulu honi jarraiki hasitako prozedura etengo du, harik eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ebatzi arte, baldin eta aurkatutako administrazioegintzak BBOFk 63. artikuluaren babespean hartutako erabakiak estaltzen baditu.

72. artikulua. Esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako eta desegiteko prozesuen esparruan agindutako administrazio-erabaki eta -ekintzen kontrako errekurtsoaren berezitasunak.

1.  Espainiako Bankuak esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako eta desegiteko planak onartzeak amaiera jarriko dio administrazio-bideari; onarpenari, bada, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salan egin dakioke kontra. Aipatutako planen onarpenak aurkatzean, Espainiako Bankua eta BBOF eraman ahal izango dira auzitara, eta prozesu-jarduera eta bakoitzaren erantzukizuna berezko dituzten eskumenen arlora mugatuko dira.

2.  BBOFk esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako eta desegiteko prozesuen ildotik egindako egintzek eta hartutako erabakiek amaiera jarriko diote administraziobideari; egintzoi eta erabakioi, bada, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salan egin dakieke kontra.

73. artikulua.  Kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren kudeaketaren esparruan agindutako administrazio-erabaki eta -ekintzen kontrako errekurtsoaren berezitasuna.

1.  Honako hauek jarri ahal izango dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa BBOFk kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren kudeaketaren esparruan egindako egintzen eta hartutako erabakien kontra:

a)  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra –kapital sozialaren % 5, gutxienez– jaulki duen kreditu-erakundeko akziodunek edo kideek, eta, hala badagokio, partaidetza osoko erakundeak, baldin eta horren bidez egituratu bada igorpena.

b)  Kapitalaren tresna hibridoen eta mendeko zorraren kudeaketaren aplikazioeremuan sartutako baloreen titularrek.

c)  Ekintzak kaltetutako igorpen jakin baten baloreen titularrak biltzen dituen sindikatuaren edo batzarraren komisarioak edo ordezkariak, baldin eta horretarako eskumena badu, igorpen horren baldintzen eta sindikatu edo batzar horren funtzionamendua arautzen duten arauen arabera.

2.  Kautelazko neurriak hartzea adosteko autoa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eta kreditu-erakundeak, Espainiako Bankuak eta BBOFk berdinberdin jakinaraziko dituzte aipatutako autoa eta kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza.

3.  Kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzaren aplikazioeremuan sartutako baloreen titularrek edo horiek biltzen dituen sindikatuaren edo batzarraren komisarioak edo ordezkariek jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onartzen bada, epaiak inbertitutako igorpenari/ei lotutako ondorioak baino ez ditu izango.

4.  Kreditu-erakundeak eta BBOFk berdin-berdin jakinaraziko dituzte epaia eta kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintza.

74. artikulua.  Lege honen 72. eta 73. artikuluetan aipatutako administrazioarekiko auzierrekurtsoetan emandako epaia ezin exekutatu ahal izatea.

1.  Espainiako Bankuak eta BBOFk lege honen 72. eta 73. artikuluetan aurreikusitako erabakiren bat edo egintzaren bat zuzenbidearen aurkakotzat jotzen duen epai bat ezin exekutatu ahal izatea zehazten duten arrazoiak alegatu ahal izango dizkiote agintaritza judizialari. Epaileak edo epaimahaiak arrazoiak egokiak diren edo ez balioetsiko du, eta kalte-ordainak zehaztuko ditu, 72. artikuluan zehaztutako erantzukizuna esleitzeko irizpideari jarraiki. Kalte-ordainen gehieneko zenbatekoa honako bien aldea izango da:

errekurtsogileak benetan jasandako kaltearen eta erabaki edo akordioa hartzerakoan erakundea konkurtso-prozedura bati jarraiki likidatu izan balitz jasango lukeen galeraren artekoa.

2.  Aurreko paragrafoan aurreikusitakoari jarraiki, epai bat ezin exekutatu ahal izatea zehazten duten arrazoiak balioztatzeko garaian, epaiak edo epaimahaiak honako hauek hartu beharko ditu kontuan, batik bat:

a)  Kaltetuta dauden edo kalte daitezkeen eragiketen bolumen bereziki esanguratsua edo konplexutasuna.

b)  Epaia baldintza hertsitan exekutatuz gero, erakundeak eta finantza-sistemaren egonkortasunak izango lituzketen kalteak.

c)  Bestelako akziodunen, kideen, obligaziodunen, kuotadunen, hartzekodunen edo hirugarrenen legezko eskubide edo interesak, ordenamendu juridikoak babestutakoak.

Lehenengo xedapen gehigarria.  BBOFren zuzkidura.

BBOFren zuzkidura, lege honen 53.1 artikuluan aipatutakoa, ezingo da bankuak berregituratzeari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuan eta finantza-sektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura aurreikusitako zenbatekoak baino handiagoa izan.

Ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuari jarraiki, Gordailuak Bermatzeko Funtsek, Funtsa eratzeko, banku-establezimenduetan, aurrezki-kutxetan eta kreditukooperatibetan egindako ekarpenak direla-eta, Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsean izandako partaidetza likidatze aldera, kontuan hartuko da 2011ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuen ondoriozko ondare garbia.

Bigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak Altxortegi Publikoari dirua aurrez sartzea.

Lege honen 52.3 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Altxor Publikoak urteko ekitaldian zehar sortutako edozer baliabide aldez aurretik sartzea eska diezaioke BBOFri.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren Ordezko Kontu Hartzailetzak BBOFn egiten dituen jardueren eraketa eta araubidea.

1.  Lege honen 52.4 artikuluan aipatutako etengabeko finantza-kontroleko funtzioak egiteko, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren Ordezko Kontu Hartzailetza eratuko da BBOFn. Aipatutako Ordezko Kontu Hartzailetzako langileak Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak egun dituen langileak izango dira; langileak berregokitu egingo dira, beraz.

2.  BBOFren eragiketak eta jarduerak kontrolatzeko edozer jarduerari, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren eskumenekoa izan daitekeenari, lege honetan xedatutakoarekin bat, aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 145. artikulua aplikatuko zaio.

Laugarren xedapen gehigarria.  Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren zerga-hobariak, BBOFren eragiketetarako.

Honako hauei ez zaie Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 108.2 artikuluan aurreikusitako salbuespenaren salbuespena aplikatuko: BBOFren eskuhartzearen ondoriozko eragiketei, lege honen 26., 27. eta 35. artikuluetan araututakoei, zerga-obligaziodunak Funtsaren esku-hartzeetatik eratorritako baloreak eskuratzen dituzten zubi-bankuak, aktiboak kudeatzeko sozietateak edo hirugarrenak badira barne.

Bosgarren xedapen gehigarria.  Esku-hartze goiztiarreko, berregituraketako eta desegiteko prozesuen eragina kreditu-erakundeen jardueren jarraitutasunean.

1.  Berregituraketa- eta desegite-prozesuak irekitzen direnetik, epaileek ezingo dute kreditu-erakundearen konkurtso-eskaerarik onartu. Jarduerok erabat deusezak izango dira.

2.  Kreditu-erakunde baten konkurtsoa eskatu ondoren, merkataritza-arloko epaileak eskaeraren izapidea bertan behera utziko du, eta BBOFri jakinaraziko dio, erakundea berregituratzeko edo desegiteko prozesua irekiko duen jakinaraz dezan hamalau eguneko epean. Halako prozeduraren bat irekiko balitz, merkataritza-arloko epaileak ez du onartuko eskaera.

3.  BBOFk desegite-tresnak eta kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzak aplikatzea saneamendu-neurritzat joko da, kreditu-erakundeen saneamenduari eta likidazioari buruzko apirilaren 22ko 6/2005 Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

4.  BBOFk edo Espainiako Bankuak lege honetan aurreikusitako neurriak eta eskumenak ezartzea ez da kaudimen-gabeziaren prozeduratzat joko, ordainketa-sistemei eta balore-likidazioari buruzko azaroaren 12ko 41/1999 Legean xedatutakoaren ondorioetarako, ez eta produktibitatea sustatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko neurriei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuaren II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoaren ondorioetarako.

5.  Halaber, aurreko edozer neurri edo eskumen ezartzeak ez du ordainketen eta balore eta finantza-tresnen konpentsazioen eta likidazioen Espainiako sistemen – azaroaren 12ko 41/1999 Legearen araberakoak– funtzionamendua kaltetuko, kontrapartida zentraleko erakundeek kudeatutako araubideak barne –Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 44 ter artikuluko baldintzetan–, ez eta likidazioedo konpentsazio-aginduen atzeraezintasunari, irmotasunari eta balioari, aipatu legean adierazitako funts, balore edo konpromisoei, edo sistemaren kudeatzaileen edo erakunde partaideen alde eratutako bermeei ere. Ez du kaltetuko, ezta ere, Espainiako Bankuaren, Europako Banku Zentralaren edo Europar Batasuneko edozer banku zentral nazionalen alde eratutako bermeak konpentsatzeko edo exekutatzeko eskubidea.

Seigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari exiji dakizkiokeen betebehar ekonomikoen bermeetarako abalak emateko araubide juridikoa.

1.  Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 114. artikuluan zehaztutakoaren babespean, Estatuko Administrazio Orokorrak baimena dauka Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari exiji dakizkiokeen betebehar ekonomikoen bermetarako abalak emateko, xedapen gehigarri honetan aurreikusitako baldintzen arabera. Betebeharrok finantza-tresnak jaulkitzetik, mailegu- eta kreditu-eragiketak pilatzetik eta Funtsak egiten duen beste edozer zorpetze-eragiketatik eratorritakoak dira.

2.  Estatuko Aurrekontu Orokorren legeek zehaztuko dituzte abalak emateko gehieneko zenbatekoak.

3.  Abalak emateak ez du komisiorik sortuko, eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak adostu beharko ditu, azaroaren 26ko 47/2003 Legean zehaztutakorekin bat, eta Funtsa deuseztatzen den egunera arte baino ezingo da egin.

4.  Abala exekutatuz gero, betiere berau bermatutako obligazioaren epemugaren osteko bost egun naturalen barruan eskatuz gero, Estatuak bermatutako balioen titular legitimoei ordaina emango die, abala dela-eta ordaindu behar duenari kalte egin gabe.

Ordain horren zenbatekoa kalkulatzeko, interes‑tasa bat aplikatuko zaio abalaren exekuzioari dagokion ordainketari: edo Espainiako Bankuak argitaratutako Euro OverNight Average interes tasa, edo, hala badagokio, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak zehaztutakoa, bermatutako obligazioaren epemugakoa, egun horretatik abal‑emaileak ordainketa egin arte igarotzen diren egunak kontuan hartuta, 360 eguneko urtea oinarri dela.

5.  Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak baimena dauka konpentsazioa gauzatzeko baldintzak eta prozedura zehazteko.

6.  Altxorraren eta Finantza Politikaren idazkari nagusiak baimena dauka abalaren exekuzioari zein konpentsazioari dagozkien ordainketak egiteko, altxortegi-eragiketen bitartez, horretarako sortuko diren berariazko kontzeptuen kargura.

Egin ondoren, Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak ekitaldian egindako ordainketak gastuen aurrekontura aplikatuko ditu. Urte bakoitzeko abenduan egindako ordainketak hurrengo hiruhileko gastuen aurrekontura aplikatuko dira.

Zazpigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea sortzea.

1.  BBOFk aktiboak kudeatzeko sozietate bat eratuko du, BBOFk zehaztutako erakundeen aktiboak eskuratzeko, VI. kapituluan aurreikusitakoari jarraiki. Sozietate horrek Sociedad de Gestión de Activos Procedentes de la Reestructuración Bancaria, SA (Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea, euskaraz) izango du izena.

2.  Hona hemen sozietatearen helburua: lege honen bederatzigarren xedapen gehigarrian zehaztutako kreditu-erakundeek transferitutako aktiboak izatea, kudeatzea, zuzenean edo zeharka administratzea, eskuratzea eta besterentzea, bai eta etorkizunean eskura ditzakeenak ere. Helburua betetzeko, sozietateak gardentasunez egingo du lan uneoro.

3.  Sozietatea epe mugatu baterako eratuko da eta epea erregelamenduan zehaztuko da; gainera, ez zaie Kapital Sozietateei buruzko Legearen 348 bis artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko. Halaber, kapital sozialaren hasierako zenbatekoa eta igorpenhobaria erregelamendu bidez zehaztu ahal izango dira, edo, hala badagokio, BBOFri zehazteko eskumena eman.

4.  Honako hauek izan ahalko dira sozietatearen akziodun, BBOFz gain: kredituerakundeak; kapital-arriskuko erakundeak eta beren sozietate kudeatzaileak arautzen dituen azaroaren 24ko 25/2005 Legearen 3.Hiru artikuluaren arabera finantzaerakundetzat jotzen diren gainerako erakundeak; bestelako erakunde-inbertitzaileak; eta erregelamendu bidez zehazten diren erakundeak.

Partaidetza publikoak ezingo du izan sozietatearen kapitalaren ehuneko berrogeita hamar edo handiagoa. Partaidetza publikoa erakunde-unitate publikoek dituzten zuzeneko edo zeharkako partaidetzen multzoa da, Kontu Nazionalen Europako Sisteman definitu legez.

5.  Administrazio-kontseiluko kide izateko, banku-jarduera egiteko beharrezkoa den zintzotasun komertzialaren eta profesionalaren baldintzak beharko dira. Estatutuek, kontseilari independenteen kopuru nahikoa xedatuko dute, erregelamendu bidez zehaztutakoari jarraiki.

Espainiako Bankuak egiaztatuko du zintzotasun komertzialaren eta profesionalaren baldintzak betetzen direla.

6.  BBOFk sozietate kudeatzaile bat eratu ahal izango du aktiboak kudeatzeko sozietatearen ondarea kudeatzeko eta administratzeko, aktiboak kudeatzeko sozietatea behar bezala kudeatzea dela-eta egoki izango balitz. Hori ordezkatuko du zirkulazio arrunteko eragiketetan, aipatu ondarea ahalik eta baldintza onenetan gauzatzeko, aipatu aktiboak kudeatzeko sozietatearen epearen barruan. Sozietateak bere araubide juridikoa Kapital Sozietateen Legean xedatutakora egokitu beharko du, bai eta ordenamendu juridiko-pribatuaren gainerako arauetan xedatutakora ere. Sozietate kudeatzaileari xedapen gehigarri honen 4. eta 5. paragrafoak aplika dakizkioke.

Sozietate kudeatzailearen antolamendu-egiturari eta gobernu korporatiboko betebeharrei buruzko alderdiak erregelamendu bidez zehaztu ahal izango dira.

7.  Aktiboak kudeatzeko sozietateak, edo, hori ezean, sozietate kudeatzaileak beren jarduerari eta hori lege honetan aurreikusitakora egokitzeari buruzko informazioa igorriko diote BBOFri, eskatzen zaien bakoitzean.

8.  Kapital Sozietateei buruzko Legeak zehaztutako erantzukizun-araubidea aplikatzeari kalterik egin gabe, aktiboak kudeatzeko sozietatea lege honen 37. eta 38. artikuluetan aurreikusitako zehazpen- eta gainbegiratze-araubidearen mende egongo da.

Gainera, artikulu honen 6. paragrafoarekin bat, sozietate kudeatzaile bat eratzen bada aktiboak kudeatzeko sozietatearen ondarea kudeatzeko eta administratzeko, Espainiako Bankuak interes-gatazkak saihesteko mekanismoak dauden egiaztatuko du.

9.  Aktiboak kudeatzeko sozietatearen helburu orokorren jarraipena egiteko batzordea eratuko da. Hona hemen funtzioetako batzuk: aktiboak kudeatzeko sozietatearen negozio-plana eta desbideratze posibleak aztertzea, desinbertsio-planen jarraipena egitea eta bermatutako zorra amortizatzea.

Jarraipen Batzordea lau kidek osatuko dute: Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak izendatutako bat, Batzordearen presidente izango dena eta kalitate-botoa izango duena; Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak izendatutako bat; Espainiako Bankuak izendatutako bat, idazkaria izango dena; eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak izendatutako bat. Halaber, Batzordeak beste erakunde publiko edo organismo nazional edo nazioarteko batzuen ordezkariak bileretan izatea adostu dezake. Horiek behatzaileak izango dira. Batzordera igorritako informazio guztia eskura dezaketen behatzaile iraunkorrak Jarraipen Batzordean egotea erregelamendu bidez zehaztu ahal izango da.

Jarraipen Batzordea presidenteak, bere ekimenez edo edozer kidek eskatuta, deialdia egiten duen bakoitzean bilduko da eta, gutxienez, hiru hilean behin. Batzordeak berak ezarriko ditu funtzionamendurako arauak.

Bere funtzioak betetzea errazteko, Espainiako Bankuak eta, hala badagokio, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak gainbegiratze-funtziotik eratorritako ondorio nagusien berri emango diote Jarraipen Batzordeari. Ondorio berberetarako, Jarraipen Batzordeak egoki iruditzen zaion aldizkako informazioa eskatu ahal izango dio aktiboak kudeatzeko sozietateari. Informazio hori igortzeko, lege honen 37. artikuluaren 2.f) eta 3.c) paragrafoetan aurreikusitako zehapen-araubideari men egingo zaio.

Horrez gain, Jarraipen Batzordeak aktiboak kudeatzeko sozietatearen administrazioorganoa behin-behinean ordezkatzea eskatu ahal izango dio Espainiako Bankuari, jasotako informazioa ikusita, sozietatea ezohiko larritasuneko egoeran dagoela eta, hori dela-eta, legez esleitu zaizkion helburuak betetzea arriskuan egon daitekeela uste duenean.

Gainera, Batzordeak akordioak hartzea proposatu ahal izango die aktiboak kudeatzeko sozietatearen gizarte-organoei, sortu zenean zituen helburuak lortzeko beharrezkoa dela uste duenean.

Paragrafo honetan aurreikusitako jarraipen batzordearen araubide juridikoa erregelamendu bidez garatu ahal izango da.

Jarraipen Batzordeak Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen jardueren bilakaerari buruzko txostena igorriko die Espainiako Gorteei astean behin eta jasotako informazioa oinarri hartuta.

Zortzigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari transmititu beharreko aktiboak.

1.  Bederatzigarren xedapen gehigarrian aipatutako kreditu-erakundeek lege honen VI. kapituluan aurreikusitako baldintzetan transmititu behar dituzten aktiboak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

2.  Aurreko paragrafoan aurreikusitakorekin bat, transmititu beharreko aktiboak finantza-sektoreko higiezin-aktiboak saneatu eta saltzeari buruzko urriaren 30eko 8/2012 Legearen II. kapituluan arautako aktiboak hartzen badituzte, dela erabat, dela partzialki, xedapen honetan xedatutakoarekin bat aktiboak kudeatzeko sozietateari transmititzeak aipatu legearen 3.1 artikuluan aurreikusitako betebeharrak beteko ditu.

3.  Aktiboak kudeatzeko sozietateari transmititzeko aktiboen barruan, urriaren 30eko 8/2012 Legearen II. kapituluan araututako aktiboak kudeatzeko sozietateetako akzio edo partaidetza sozialak sartuko dira, baldin eta sozietateari transmisioa egiteko egunean, transmisioa egin bada ordurako, aipatu legearen 3.1 artikuluarekin bat.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateari aktiboak transmititu behar dizkioten erakundeak.

Aktiboak kudeatzeko sozietateari transmititu beharko dizkiote lege honen zortzigarren xedapen gehigarrian jasotako aktiboak honako hauek: kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zenean, BBOFren gehiengo partaidetza zuten kreditu-erakundeek edo, Espainiako Bankuaren aburuz, eta Espainiako finantza-sisteman abian diren aktiboen kapital- eta kalitate-beharren ebaluazio independentea egin ondoren, lege honetan aurreikusitako berregituraketa- edo desegite-prozesua irekitzea beharko duten kredituerakundeek.

Hamargarren xedapen gehigarria.  Ondare bereiziak.

1.  Erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan, Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen aktibo eta pasiboen taldeak eratu ahal izango dira. Horiek ondare bereiziak izango dira eta ez dute nortasun juridikorik izango, baina eskubideen eta betebeharren titular izan daitezke, lege honetan eta gainerako legeria aplikagarrian zehaztutako baldintzetan.

2.  Erakundeok lege honetara eta hori garatzeko araudira egokituko dute beren araubide juridikoa, bai eta, modu subsidiarioan, aktiboak titulizatzeko funtsen, hipotekatitulizazio funtsen eta inbertsio kolektiboko erakundeen erregulaziora ere, aplikagarri direnean. Ez zaizkie aplikatuko aktiboaren edo pasiboaren osaera kuantitatiboari edo kualitatiboari buruzko arauak, hain zuzen ere, antzeko beste erakunde batzuei aplika dakizkiekeenak.

3.  «Banku-aktiboen funts» izendapena edo «BAF» laburdura xedapen gehigarri honetan araututako ondareetara mugatuko da.

4.  Titulizazio funtsen sozietate kudeatzaileak arduratuko dira BAFen kudeaketaz eta ordezkaritzaz, baldin eta beren araubide juridikoa lege honetan eta hori garatzeko araudian zehaztutako berezitasunetara egokitzen badute.

5.  Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak BAFak erregistro batean inskribatuko ditu.

6.  BAFek egindako balore-jaulkipenei ez zaie Kapital Sozietateei buruzko Legearen XI. tituluan eta abenduaren 24ko 211/1964 Legean xedatutakoa aplikatuko. Nolanahi ere, eratze-eskrituran BAFak jaulkitako baloreen edukitzaileen sindikatua egotea aurreikus daiteke. Horri, bada, ez zaizkio Kapital Sozietateei buruzko Legearen 419. artikulua eta hurrengoak aplikatuko, eta honako egokitzapen hauek dagozkio:

a)  Jaulkipen-eskriturari egindako aipamenak BAFaren eratze-eskriturari egiten zaizkiola ulertuko da.

b)  Jaulkipen-sozietateari egindako aipamenak BAFari edo, hala badagokio, sozietate kudeatzaileari egiten zaizkiola ulertuko da.

c)  Sindikatuko komisarioak sozietate kudeatzailearen batzar nagusiak BAFari buruz egiten dituen hausnarketetan baino ezingo du parte hartu; hitza izango du, baina ez botoa.

BAFak jaulkitako baloreen edukitzaileen sindikatuari ez zaio Kapital Sozietateei buruzko Legearen 428.2 eta 429. artikuluetan jasotakoa aplikatuko.

7.  BAFen ondarea konpartimentu independentetan egituratu ahal izango da, eta horien kargura baloreak jaulki edo bestelako obligazioak hartu ahal izango dira.

Konpartimendu bati esleitutako ondarea horri dagozkion obligazioen erantzule izango da, bai eta esleitu ez zaizkion obligazioen dagokion proportzioaren erantzule ere.

8.  BAFak erregelamendu bidez xedatutakoaren arabera fusionatu eta zatituko dira, eta hartzekodunen tutoretza-mekanismoak aplikatuko dira, aurka egiteko eskubidearen bitartez. Hartzekodunek aurka egiteko eskubidea izango dute, merkataritza-sozietateen egitura-aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako baldintzen eta epearen arabera, honako egokitzapen hauekin:

a)  Sozietatearen kideei eta hartzekodunei egindako aipamenak BAFaren hartzekodunei egiten zaizkiela ulertuko da.

b)  Sozietateari egindako aipamenak BAFari edo, hala badagokio, sozietate kudeatzaileari egiten zaizkiola ulertuko da.

c)  Merkataritza-erregistroari egindako aipamenak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren BAFen erregistroari egiten zaizkiola ulertuko da.

Aurka egiteko eskubidea aplikagarria ez den kasuak erregelamendu bidez aurreikusiko dira.

9.  Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak BAFei aktiboak transmititzeko, lege honen 36. artikuluaren 1. eta 4. paragrafoak eta horiek garatzeko egiten diren arauak aplikatuko dira.

10.  BBOFk ezingo dio hamargarren xedapen gehigarrian aipatutako ondare bereizien arriskupean egoteari eutsi, lege honen zazpigarren xedapen gehigarriaren hirugarren paragrafoan aurreikusitako epea igaro ondoren.

11.  BAF bakoitzerako, dagokion sozietate kudeatzaileak bi txosten argitaratu beharko ditu; bat urtean behin, eta beste bat sei hilez behin. Hartara, publikoki eta modu eguneratuan ezagutuko dira ondarearen balioan eta erakundearen aukerak zehazterakoan eragina izan dezaketen egoera guztiak, bai eta araudi aplikagarriaren betetze maila ere.

12.  BAFekin erlazionatutako informazio esanguratsua Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari eta BAFaren hartzekodunei jakinaraziko zaie, erregelamendu bidez zehaztu legez.

13.  BAFei kontu-ikuskaritzak egin beharko zaizkie, eta ekitaldi ekonomikoa urte naturalera egokitu beharko dute. Kontabilitateko dokumentuak ikuskatzeko eta egiaztatzeko, kontu-ikuskaritzak erregulatzen dituzten arauetan aurreikusitakoa jarraituko da.

14.  BAFak kudeatu behar dituzten sozietate kudeatzaileak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren gainbegiratze-, ikuskatze- eta zehapen-araubidearen mende egongo dira, aktiboak titulizatzeko funtsen araudian zehaztutako baldintzetan eta lege honetan eta hura garatzeko araudian aurreikusitako egokitzapenak aintzat hartuta.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.  BBOFk kontrolatutako kreditu-erakundeek ondare garbian dituzten galeren ondorioak.

1.  BBOFk kontrolatzen dituen kreditu-erakundeei edo BBOK kontrolatzen duen administrazio-organoa dutenei ez zaie aplikatuko Kapital Sozietateei buruzko Legearen 363. artikuluaren 1. paragrafoaren e) idatz-zatian aurreikusitako desegite-arrazoia, eta ez erakundeei, ez beren administrariei ez zaie Kapital Sozietateei buruzko Legearen X. tituluaren I. kapituluaren 2. atalean jasotako araubidea aplikatuko.

2.  Gainera, ez zaie Kapital Sozietateei buruzko Legearen 327. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko –ondare garbia kapital sozialaren bi herenen azpitik murrizten duten galerak direla-eta, kapitala murriztu behar izatea–.

3.  Kapital Sozietateei buruzko Legearen artikuluok berriro aplikatuko dira BBOFk kaltetutako erakundea edo horren administrazio-organoa kontrolatzeari uzten dionetan.

Une horretatik aurrera hasiko dira konputatzen Kapital Sozietateei buruzko Legearen 327. eta 365.1 artikuluetan aurreikusitako epeak, hurrenez hurren.

Hamabigarren xedapen gehigarria.  BBOFk larrialdiko izapidetzearen bidez kontratatzea.

BBOFk azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 113. artikuluan araututako larrialdiko izapidetzea aplikatu ahal izango du kreditu-erakundeak berregituratzeko eta desegiteko prozeduretan hartutako neurrien eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak kontratatzeko.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.  Txikizkariei lehentasunezko partaidetzak, zortresna bihurgarriak eta baliabide propiotzat konputa daitezkeen mendeko finantzaketak saltzea.

Bezero edo inbertitzaile txikizkariei lehentasunezko partaidetzen jaulkipenak, zortresna bihurgarriak edo baliabide propiotzat konputa daitezkeen mendeko finantzaketak saltzeko edo kokatzeko, kreditu-erakundeen kaudimenaren araudiarekin bat, honako betekizun hauek bete beharko dira:

a)  Jaulkipenak soilik bezero edo inbertitzaile profesionalei zuzendutako tarte bat izan behar du, gutxienez horren guztizkoaren ehuneko berrogeita hamarrekoa.

Inbertitzaileon kopuruak ezin du berrogeita hamarretik beherakoa izan, eta ez da aplikatuko Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 78 bis.3.e) artikuluan aurreikusitakoa.

b)  Lehentasunezko partaidetzen jaulkipenen edo sozietate kotizatu –Kapital Sozietateen Legearen 495. artikuluaren arabera– ez diren erakundeen zor-tresna bihurgarriaren kasuan, baloreen gutxieneko balio nominal unitarioa 100.000 euro izango da. Gainerako jaulkipenen gutxieneko balio nominal unitarioa 25.000 euro izango da.

Xedapen hau balore-merkatuaren antolamendu- eta diziplina-araua da, eta hori urratzea arau-hauste oso larria izango da, Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen VIII. tituluan aurreikusitakoaren arabera.

Aurreko a) eta b) idatz-zatietan xedatutakoa ez da aplikatuko lege honen VII. kapituluan araututako kapitalaren tresna hibridoak eta mendeko zorra kudeatzeko ekintzen eremuan, ezta 2012ko abuztuaren 31 baino lehen jaulkitako mota honetako bestelako baloreak trukatzeko asmoz jaulkitako kapitalaren tresna hibridoei eta mendeko zorrari ere.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.  Bankuak berregituratzeari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuari egindako erreferentziak.

Ordenamendu juridikoak bankuak berregituratzeari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuari egindako erreferentziak lege honi ere egiten dizkiola ulertuko da.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.  Titulizazioak kudeatzeko sozietateak BAFak kudeatzeko sozietate bilakatzeko araubide berezia.

1.  Aktiboak titulizatzeko funtsak kudeatzeko sozietateek, baldin eta lege hau indarrean sartu baino lehen baimendu badira, beren baimena baliozkotu beharko dute, BAFak kudeatu eta ordezkatu ahal izan ditzaten lege honen hamargarren xedapen gehigarrian zehaztutakoarekin bat.

2.  Baimena baliozkotzeko, titulizazio-funtsak kudeatzeko sozietateek lege honetan eta hori garatzeko araudian zehaztutako betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari. Horretarako, egokitzapena baimentzeko eskaera aurkeztu beharko dute, honako dokumentu hauekin batera:

a)  Sozietatearen estatutuak aldatzeko proiektua, sozietatearen xedea BAFen kudeaketara eta ordezkapenera zabaltzeko.

b)  Egokitzapena dakarten aldaketen azalpen-txostena.

3.  Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak BAFak kudeatzeko sozietatearen araubide juridikoaren beste edozer alderdi betetzen duten egiaztatzea eskatu ahal izango die aktiboak titulizatzeko funtsak kudeatzen dituen sozietateei, baimena baliozkotze aldera.

Hamaseigarren xedapen gehigarria.  Ezohiko kreditu bat ematea, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren aurrekontuan.

1.  Ezohiko kreditu bat aurreikusten da; 60.000.000 mila eurokoa da eta honela dago sailkatuta: 27. sekzioa «Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa», 03 zerbitzua «Ekonomia eta Enpresetarako Laguntzako Estatu Idazkaritza», 931.M programa «Aurreikuspen eta Politika Ekonomikoa», 8. kapitulua «Aktibo finantzarioak»; 82. artikulua «Sektore publikoari maileguak ematea», 822. kontzeptua «Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtserako (BBOF) mailegua, Espainiako finantza-erakundeak birkapitalizatzeko Europako finantza-laguntzako programa exekutatzeko».

2.  Aurreko paragrafoan aipatutako ezohiko kreditua Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsak, edo, hala badagokio, Egonkortasunerako Europako Mekanismoak Espainiako Erresumari emandako maileguekin –eskudirutan edo balore-titulutan– finantzatuko da.

3.  2012ko ekitaldiaren amaieran kreditu-geldikinik badago, hurrengo ekitaldira gehitu ahal izango da. Gehitze horiek finantzatzeko, xedapen gehigarri honen 2. paragrafoan aipatutako maileguak erabiliko dira.

Hamazazpigarren xedapen gehigarria.  Banku-aktiboen funtsen eta partaideen araubide fiskala.

1.  Hamargarren xedapen gehigarrian aipatutako banku-aktiboen funtsek sozietateen gaineko zergak ordainduko dituzte, ehuneko 1eko karga-tasarekin, eta martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako sozietateen gaineko zergaren legearen testu bateginaren VII. tituluaren V. kapituluan inbertsio kolektiboko erakundeetarako aurreikusitako araubide fiskala aplikatuko zaie.

2.  Banku-aktiboen funtsen partaideek tratamendu fiskal hau izango dute:

a)  Partaideak sozietateen gaineko zergaren edo errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak direnean, edo errentak Espainiako lurraldean establezimendu iraunkorra izatearen bidez lortzen dituzten ez-egoiliarrak direnean, edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergadunak direnean, inbertsio kolektiboko erakundeen kide edo partaideentzako aurreikusitako araubide fiskala aplikatuko zaie, inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legean arautu legez.

Hala eta guztiz ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergadunen kasuan, ez da aplikatuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko, eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren legeen aldaketa partzialari buruzko azaroaren 28ko 35/2006 Legearen 94. artikuluaren 1. paragrafoaren a) idatz-zatiaren bigarren lerrokadan xedatutakoa.

b)  Establezimendu iraunkorrik ez duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergadunen kasuan, lortutako errentek ez dute zerga hori ordaindu behar izango, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzko legearen testu bateginaren 14. artikuluan zor publikotik eratorritako errendimenduetarako zehaztutako baldintza beretan.

3.  Aurreko paragrafoetan aurreikusitako araubide fiskala Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa funts hauen mende dagoen aldian aplikatuko da, lege honen hamargarren xedapen gehigarriaren 10. paragrafoan aurreikusi legez.

4.  Aurreko paragrafoan aipatutako aldia igaro ondoren, banku-aktiboen funtsek sozietateen gaineko zergaren tasa orokorraren arabera ordainduko dituzte zergak.

Aipatutako aldia igaro ondoren, banku-aktiboen funtsen zergaldia amaituko da, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako sozietateen gaineko zergari buruzko legearen testu bateginaren 26. artikuluaren 2. paragrafoaren d) idatzzatian zehaztutako baldintzetan.

5.  Xedapen honen 3. paragrafoan aipatutako aldiaren ondoren banku-aktiboen funtsen partaidetzetan sortzen diren errentek, funtsok aurreko 1. paragrafoan aurreikusitako karga-tasaren mende egon diren zergalditik datozenek, xedapen honen 2. paragrafoan aurreikusitako araubide fiskala aplikatuko dute.

Hemezortzigarren xedapen gehigarria.  Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen langileen kostuak eta Jarraipen Batzordea.

Lege honen zazpigarren xedapen gehigarrian aipatutako jarraipen batzordea eratzeko eta jardunean mantentzeko, ez da sektore publikoko langileen kosturik handituko.

Hemeretzigarren xedapen gehigarria.  Berregituraketa- edo desegite-prozesuan dauden kreditu-erakundeen ordainsariei buruzko txostena.

Lege hau indarrean jarri eta lau hilabeteko epean, Espainiako Bankuak txosten bat igorriko die Espainiako Gorteei finantza-sektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuaren eta aipatutako epean berregituraketa- edo desegite- prozesuren batean dauden kreditu-erakundeetako administrariek eta zuzendariek jasotako kalte-ordainen, pentsioen eta ordainsarien kobrantzari buruzko gainerako araudi aplikagarriaren eragina aztertzeko, eta ordainsari-esparru baten eredua sartuko du.

Hogeigarren xedapen gehigarria.  Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bateginak onartutako uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretua aldatzea.

Beste lerrokada bat, bigarrena, gehitu zaio 428.1 artikuluari, eta honela dio:

«Aurrekoa ez zaie aplikatuko 405.1 artikuluan zehaztutako muga 405.2 artikuluan aurreikusitako bermeak eman beharrik izan gabe legez gainditu dezaketen sozietateei, non eta ez den Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa partaide duen kreditu-erakunde bat. Hala bada, erakunde horrek hartuko ditu bere gain komisario-funtzioak.» Lehenengo xedapen iragankorra.  Uneko berregituraketa-prozesuak.

1.  Honako hauei aplikatuko zaie lege honen IV. kapituluan aurreikusitakoa:

abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jartzen denean garatzen ari diren –Bankuak berregituratzeari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren I. tituluaren II. kapituluaren arabera– eta bukatuta ez dauden kreditu-erakundeak berregituratzeko prozesuei.

2.  BBOFren finantza-laguntza jaso duten –ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren II. tituluan aurreikusitakoarekin bat– erakundeak berregituraketa-prozesu batean daudela ulertuko da, lege honetan aurreikusitako ondorioetarako, eta BBOFren esku-hartzea –ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera– duen berregituraketa-prozesu baten mende daudenak, berriz, desegite-prozesu baten mende daudela. Nolanahi ere, Espainiako Bankuak BBOFren finantza-laguntzak –ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren II. tituluan aurreikusitakoaren arabera– jaso dituen erakunde bat desegiteko prozesua ireki dezake edozer momentutan, baldin eta lege honen 19. artikuluan deskribatutako egoeraren bat ematen bada.

Aurreko paragrafoa gorabehera, BBOFk ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren II. tituluan aurreikusitakoaren arabera emandako finantza-laguntzei eman diren egunean aplikagarri den araudia aplikatuko zaie.

Bigarren xedapen iragankorra.  Uneko zehapen- eta baimen-prozedurak Zehapen- eta baimen-prozedura administratiboak, lege honen azken xedapenetako laugarrena eta azken xedapenetako zazpigarrena indarrean jartzen direnean hasita daudenak, aurreko araudiak arautuko ditu, harik eta amaitu arte.

Hirugarren xedapen iragankorra.  Jasotako finantza-laguntzak.

1.  Lege honen 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako, BBOFk dagokion kreditu-erakundeak jasotako finantza-laguntzak balioztatzen dituenean, erakundea berregituratzeko edo desegiteko kostuak behar bezala banatzen direla bermatzeko, kontuan hartu beharko ditu, halaber, erakundeak BBOFrengandik jaso dituen finantza-laguntzak, hain zuzen ere, eskudiruaren kargura ordaindu dituenak, edo bere esku jarri diren baloreak, administrazio publikoetako eta finantza-esparruko likidezianeurriei buruzko uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian aipatutako Espainiako finantza-erakundeak birkapitalizatzeko finantzalaguntzari jarraiki, kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jarri baino lehenago jaso baditu ere erakundeak laguntza-publikook.

2.  Ezohiko moduan, BBOFk aipatutako errege lege-dekretua indarrean jarri baino lehen hasitako kreditu-kooperatibak integratzeko prozesuei laguntza-neurriak emateko, ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatutako arauan xedatutakoa jarraituko da. Kanpo geldituko dira uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian aipatutako Espainiako finantza-erakundeak birkapitalizatzeko finantza-laguntzako programako neurriak.

3.  Kreditu-erakunde batek abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jarri baino lehenago jasotako finantza-laguntzei ez zaie lege honen 4.2 eta 28.6 artikuluetan aurreikusitakoa aplikatuko.

Laugarren xedapen iragankorra.  Bideragarritasun-plan orokorra.

Erakundeei kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen 30 bis artikuluaren 1 bis paragrafoan aurreikusitako bideragarritasun-plan orokorra exiji dakieke, lege honen azken xedapenetako laugarrenak emandako idazkeran, edukia zehazteko erregelamendua osatzen denetik sei hilabete pasa ondoren.

Bosgarren xedapen iragankorra.  Aktiboak emateko araubidea, finantza-sektoreko higiezin-aktiboak saneatu eta saltzeari buruzko urriaren 30eko 8/2012 Legean jasotakoa.

Finantza-sektoreko higiezin-aktiboak saneatu eta saltzeari buruzko urriaren 30eko 8/2012 Legearen II. kapituluan aipatutako aktiboak kudeatzeko sozietateei aktibo esleituak edo ordainean jasotakoak emateko betebeharra ez zaie BBOFren gehiengo partaidetza duten kreditu-erakundeei aplikatuko, ez eta desegite-prozesuan daudenei edo taldeko edo talde kontsolidatuko gainerako kreditu-erakundeei ere.

Seigarren xedapen iragankorra.  Kapital nagusiaren betekizunak, 2012ko abenduaren 31ra arte.

2012ko abenduaren 31ra arte, finantza-sistema indartzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluan aipatutako taldeek eta kreditu-erakundeek kapital nagusiaren betekizunak beteko dituzte, abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jarri aurretik indarrean ziren kalkulu-betekizunekin eta -prozedurekin bat.

Horretarako, ez da kontuan hartuko xedapen indargabetzailearen c) paragrafoan xedatutakoa; bai, ordea, xedapen horren d) paragrafoan xedatukoa.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabeturik gelditzen dira lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko arau guztiak; zehazki, honako hauek:

a)  Bankuak berregituratzeari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretua.

b)  Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsei buruzko abenduaren 20ko 2606/1996 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2 bis eta 2 ter paragrafoak.

c)  Finantza-sistema indartzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorra eta azken xedapenetako hirugarrena.

d)  Finantza-sektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuaren II. eranskinaren 1.3 paragrafoa.

e)  Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretua.

Azken xedapenetako lehena.  Finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legea aldatzea.

k)  eta l) idatz-zatiak gehitu zaizkio finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen 1. paragrafoari, honako idazketarekin:

«k) Saltzeko eskaintza publikoak soilik bezero edo inbertitzaile profesionalei zuzendutako tarte bat izan behar du, gutxienez horren guztizkoaren % 50ekoa.

Inbertitzaileon kopuruak ezin du 50etik beherakoa izan, eta ez da aplikatuko Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 78 bis.3.e) artikuluan aurreikusitakoa.

l)  Sozietate kotizatu ez diren erakundeen jaulkipenen kasuan, Kapital Sozietateen Legearen 495. artikuluaren arabera, lehentasunezko partaidetzen gutxieneko balio nominal unitarioa 100.000 eurokoa izango da, eta gainerako jaulkipenen lehentasunezko partaidetzen gutxieneko balio nominal unitarioa, berriz, 25.000 eurokoa.» Azken xedapenetako bigarrena.  Kreditu-erakundeen alorreko indarreko Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitzeari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzea.

Kreditu-erakundeen alorreko indarreko Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitzeari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 6.1 artikuluaren c) idatz-zatia aldatu da, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Honela idatzita geldituko da:

«c)  Arau-hauste oso larri edo larriengatiko zigorrak, administrarien edo agintarien ohartarazpen publikoa edo desgaikuntza dakartenak.» Azken xedapenetako hirugarrena.  Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzea.

Honela geratuko da aldatuta Baloreen Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea: Bat.  Honela geratuko da idatzita 27. artikuluaren 3. paragrafoa:

«3.  Balio nominal unitarioa 100.000 eurokoa edo gehiagokoa duten eta partaidetzakoak ez diren baloreen negoziaziorako onarpenetan izan ezik, liburuxkak laburpen bat jasoko du –formatu estandarizatuan egina, modu zehatzean eta hizkuntza ez-tekniko batean idatzia–, inbertitzaileei baloreotan inbertitu edo ez erabakitzen laguntzeko funtsezko informazioa emateko.

Funtsezko informazioa oinarrizko eta ondo egituratutako informazioa da; inbertitzaileen esku jarri behar da igorlearen, bermatzailearen eta eskaintzen zaizkien edo merkatu erregulatu batean kotizatzeko onartuko diren baloreen izaera eta haiei datxezkien arriskuak ulertu ahal izan ditzaten, eta gehiago aztertu nahi dituzten balore-eskaintzak erabaki ahal izan ditzaten.

Erregelamendu bidez zehaztuko denari kalterik egin gabe, honako elementu hauek izango dira, gutxienez, funtsezko informazio:

a)  Igorlearen eta bermatzailearen oinarrizko ezaugarrien eta haiei datxezkien arriskuen deskribapen laburra, aktiboak, pasiboak eta finantza-egoera barne.

b)  Baloreotan inbertitzearen oinarrizko ezaugarrien eta horri datxezkion arriskuen deskribapen laburra, baloreen berezko eskubideak barne.

c)  Eskaintzaren baldintza orokorrak, igorleak edo eskaintzaileak inbertitzaileari ezarritako gastu estimatuak barne.

d)  Kotizatzeko onartzeari buruzko informazioa.

e)  Eskaintzaren arrazoia eta sarreren xedea.

Halaber, zera jakinaraziko da laburpenean:

1.–Liburuxkaren sarrera gisa irakurri behar da.

2.–Baloreetan inbertitzeko, inbertitzaileak liburuxka osoa hartu behar du aintzat.

3.–Ezingo zaio inori erantzukizun zibilik exijitu laburpena oinarri hartuta, liburuxkaren gainerako zatiekiko engainagarria, zehaztugabea edo inkoherentea bada edo, liburuxkaren gainerako zatiekin batera irakurtzerakoan, inbertitzaileei baloreetan inbertitu edo ez erabakitzeko funtsezko informaziorik ematen ez badu salbu.» Bi.  Honela geratuko da idatzita 28. artikuluaren 4. paragrafoa:

«4.  Ezingo zaie aurreko paragrafoetan aipatutako pertsonei erantzukizun zibilik exijitu laburpena edo horren itzulpena oinarri hartuta, liburuxkaren gainerako zatiekiko engainagarria, zehaztugabea edo inkoherentea bada edo, liburuxkaren gainerako zatiekin batera irakurtzerakoan, inbertitzaileei baloreetan inbertitu edo ez erabakitzeko funtsezko informaziorik ematen ez badu salbu.» Hiru.  Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 30 bis artikuluaren 1. paragrafoak:

«1.  Baloreak saltzeko edo izenpetzeko eskaintza publikoa pertsonei, edozer modutan eta edozer bitartekoren bidez, egiten zaien jakinarazpena da, eta eskaintzaren eta eskaintzen diren baloreen baldintzei buruzko informazioa ematen du, inbertitzaileak baloreok eskuratzea edo izenpetzea erabaki ahal izan dezan.

Honako eskaintza-mota hauei ez zaie liburuxka argitaratzeko betebeharra aplikatuko; hortaz, lege honen ondorioetarako, ez dira eskaintza publikotzat joko:

a)  Inbertitzaile kualifikatuei soilik zuzendutako balore-eskaintza.

b)  Estatu kide bakoitzeko 150 pertsona fisiko edo juridikori baino gutxiagori zuzendutako balore-eskaintza, inbertitzaile kualifikatuak barne hartu gabe.

c)  Gutxienez bakoitzak 100.000 euroren trukeko baloreak (eskaintza bereizi bakoitzerako) eskuratzen dituzten inbertitzaileei zuzendutako balore-eskaintzak.

d)  Gutxienez 100.000 euroko balio nominal unitarioa duen balore-eskaintza.

e)  Europar Batasunean 5.000.000 eurotik beherako zenbatekoa duen baloreeskaintza; zenbatekoa 12 hileko epean kalkulatuko da.

Paragrafo honen b), c), d) eta e) idatz-zatietan jasotako jaulkipenak publiko orokorrari zuzentzen zaizkionean, jakinarazteko edozer modu erabilita, inbertsiozerbitzuak emateko baimendutako erakunde batek esku hartu beharko du, jaulkitako baloreak saltzeko.» Lau.  Aldatu egin da 35.5 artikuluaren b) idatz-zatia eta beste idatz-zati bat, c), gehitu zaio. Honela geldituko dira idatzita:

«b)  Bigarren mailako merkatu ofizial batean edo beste merkatu erregulatu batean negoziatzeko onartutako zor-baloreak bakarrik jaulkitzen dituzten jaulkitzaileak, baldin eta baloreon balio nominal unitarioa 100.000 eurokoa bada, gutxienez, edo, eurotan izendatuta ez dauden zor-baloreen kasuan, baldin eta beren balio nominal unitarioa 100.000 eurokoa bada, gutxienez, jaulkipenaren egunean.» «c)  Aurreko b) idatz-zatiari kalterik egin gabe, bigarren mailako merkatu ofizial batean edo Europar Batasunean helbideratutako beste merkatu erregulatu batean 2010eko abenduaren 31 baino lehen negoziatzeko onartutako zor-baloreen igorpen biziak bakarrik dituzten igortzaileak, baldin eta baloreon balio nominal unitarioa 50.000 eurokoa bada, gutxienez, edo, eurotan izendatuta ez dauden baloreen kasuan, baldin eta beren balio nominal unitarioa, jaulkipenaren egunean, 50.000

eurokoa bada, gutxienez, obligaziook bizirik dauden aldian.» Bost.  Beste idazketa bat eman zaio 79 bis artikuluaren 3. paragrafoaren 3. lerrokadari, eta beste lerrokada bat, laugarrena, gehitu zaio:

«Finantza-tresnei eta inbertsio-estrategiei buruzko informazioak tresnoi edo estrategioi lotutako arriskuei buruzko orientabide eta ohartarazpen egokiak izan beharko ditu. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak produktu bat eskuratu baino lehen inbertitzaileei eman beharreko informazioak behar adina ohartarazpen izatea eska dezake. Ohartarazpenok finantza-tresnari buruzko informazioa eman dezakete, bai eta produktu bat, konplexutasuna dela-eta, inbertitzaile ez-profesionalentzako egokia ez dela nabarmendu ere. Era berean, ohartarazpenok jakinarazpen-elementuetan sartzea ere eska dezake.

Kreditu-erakunde batek jaulkitako akzioez bestelako baloreen kasuan, inbertitzaileei eman beharreko informazioak informazio gehigarria izan beharko du, inbertitzaileari banku-produktuon eta -gordailuon ezberdintasunak nabarmentzeko, errentagarritasunaren, arriskuaren eta likideziaren ildotik. Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak, edo, berariazko gaikutzarekin, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak informazio gehigarriaren baldintzak zehaztu ahal izango ditu.» Sei.  Honela idatzita geldituko dira 79 bis artikuluaren 6. eta 7. paragrafoak:

«6.  Inbertsioen edo zorro-kudeaketaren arloko aholkularitza-zerbitzua ematen denean, erakundeak bezeroaren ezagutzei eta esperientziei buruzko beharrezko informazioa lortuko du, bezero posibleenak barne, delako produktu- edo zerbitzumota zehatzari dagokion inbertsio-esparruan; bai eta horren finantza-egoerari eta inbertsio-helburuei buruz ere, erakundeak gehien komeni zaizkion inbertsiozerbitzuak eta finantza-tresnak gomenda diezazkion. Erakundeak informazioa lortzen ez duenean, ez dio inbertsio-zerbitzurik edo finantza-tresnarik gomendatuko bezeroari edo bezero posibleari. Bezero profesionalen kasuan, erakundeak ez du bezeroaren ezagutzei eta esperientziari buruzko informaziorik lortu beharrik izango.

Erakundeak gomendioa inbertitzailearen ezaugarrietara eta helburuetara zer-nola egokitzen den deskribatuko dio bezeroari, idatziz edo bestelako euskarri iraunkor baten bidez.

7.  Aurreko paragrafoan aurreikusitakoez besteko zerbitzuak ematen direnean, inbertsio-zerbitzuen enpresak eskainitako edo eskatutako produktu- edo zerbitzumota zehatzaren inbertsio-arloari buruz duen ezagutza eta bertan izandako esperientziari buruzko informazioa ematea eskatu beharko dio bezeroari, erakundeak inbertsio-zerbitzua edo -produktua bezeroarentzako egokia den ebaluatu ahal izan dezan. Ebaluazioa jasotzen duen dokumentuaren kopia emango dio erakundeak bezeroari.

Informazio hori oinarri hartuta, erakundeak inbertsio-produktua edo -zerbitzua bezeroarentzako egokia ez dela uste duenean, ohartarazi egingo du. Halaber, bezeroak paragrafo honetan adierazitako informazioa ematen ez duenean edo emandakoa nahikoa ez denean, erakundeak inbertsio-zerbitzua edo -produktua beretzat egokia den edo ez erabakitzeko aukerarik izan ez duela adieraziko dio.

Emandako inbertsio-zerbitzua tresna konplexu bati lotuta badago, hurrengo paragrafoan zehaztutakoaren arabera, kontratu-dokumentuak bezeroaren sinaduraz gain, inbertitzailearen idatzizko adierazpen bat jasoko du, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak zehaztutako baldintzetan. Horren bidez, zera adieraziko du inbertitzaileak: produktua komeni ez zaiola adierazi diotela edo ezin izan zaiola artikulu honetako baldintzetan ebaluaziorik egin.

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak zehaztutako baldintzetan, inbertsiozerbitzuak ematen dituzten erakundeek bezeroen eta egokiak ez diren produktuen erregistro eguneratua eduki beharko dute; hartara, ebaluazioaren arabera egokiak ez diren produktuak zehaztutako dituzte bezero bakoitzarentzat.» Zazpi.  Beste idatz-zati bat, n), gehitu zaio 92. artikuluari. Honakoa dio:

«n)  Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatutako bankuaktiboen funtsen erregistroa; horretan, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean erregistratu behar diren egitate eta egintzak inskribatuko dira, aplikagarri den araudiarekin bat.» Zortzi.  Beste azken xedapenen bat, laugarrena, gehitu zaio. Honela dio:

«1.  Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala da Espainian eskuduntza duen agintaritza, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko martxoaren 14ko 236/2012 (EB) Erregelamenduan, motzeko salmentei eta ez-ordaintzeengatiko estalduren aldaketen zenbait alderdiri buruzkoan, aurreikusitakoaren ondorioetarako.

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala izango da eskuduntza duen agintaritza, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 648/2012 (EB) Erregelamenduaren, burtsaz kanpoko deribatuei, kontrapartida zentraleko erakundeei eta eragiketen erregistroei buruzkoaren, 10.5 artikuluaren ondorioetarako. Lege honek ematen dizkion gainbegiratze-ahalmenei kalterik egin gabe, aipatutako erregelamenduaren 22. artikuluan adierazitako kooperazioa eta informazio-trukea koordinatzeaz arduratuko da.» Azken xedapenetako laugarrena.  Kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legea aldatzea.

Honela geratuko da aldatuta kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legea: Bat.  Honela geratuko da idatzita 4. artikuluaren p) idatz-zatia:

«p)  Kreditu-erakunde bateko administrariek Espainiako Bankuari kaudimenarauak betetzera itzultzeko plana edo esku-hartzeko edo berregituraketako planak (kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legean aipatutakoak) ez igortzea, bidali behar direnean. Igorri ez dela ulertuko da igortzeko zehaztutako epea igaro bada, administrazioek erakundea betebehar hori egotea dakarren egoeraren batean zegoela jakin zutenetik edo jakin behar zutenetik kontatzen hasita.» Bi.  2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 18. artikulua honela idatzita geldituko da:

«Lege honen 42. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Espainiako Bankuak bideratuko ditu titulu honetan aipatutako espedienteak, bai eta egoki diren zigorrak ezarri ere.

Espainiako Bankuak arau-hauste oso larriengatiko zigorrak jartzen dituenean, horiek jartzeko arrazoien berri emango dio Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroari.

Espainiako Bankuak izapidetze- eta ebazpen-prozesuei buruzko funtsezko informazioa igorriko dio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari hiru hilez behin.» Hiru.  2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 25. artikulua honela idatzita geldituko da:

«1.  Lege honi jarraiki jarritako zigorrak ez dira exekutatuko harik eta administrazio-bideari amaiera jarri arte.

2.  Prozedurari amaiera jartzen dioten Espainiako Bankuaren ebazpenen aurka, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroari jar dakioke gorako errekurtsoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki.» Lau.  Honela geratuko da idatzita 30 bis artikuluaren 1. paragrafoa:

«1 bis.  Kreditu-erakundeek eta kreditu-erakundeen talde kontsolidagarriek antolamendu-egitura egokia izango dute, beren jardueren izaera, maila eta konplexutasunarekin proportzioan. Egitura horrek ondo definitutako erantzukizunildo garden eta koherenteak izango ditu, bai eta arriskuak identifikatzeko, kudeatzeko, kontrolatzeko eta jakinarazteko prozedura eraginkorrak eta barnekontroleko mekanismo egokiak ere, arrisku-kudeaketa solido eta eraginkor batekin koherenteak diren administrazio- eta kontabilitate-prozedura solidoak eta ordainketa-politika eta -praktikak barne.

Gobernu-prozedura eta antolamendu-egitura horien parte gisa, kredituerakundeek eta kreditu-erakundeen talde kontsolidatuek bideragarritasun-plan orokor bat osatu eta eguneratuta edukiko dute. Planak, bada, erakundearen finantza-bideragarritasuna eta -sendotasuna leheneratzeko hartu behar diren neurriak jasoko ditu, baldin eta erakundean narriadura esanguratsuren bat jasaten badu. Espainiako Bankuak onartu beharko du plana. Gainera, edukia aldatzea exijitu ahal izango du, eta, nahikoa ez dela uste badu, kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako neurriak inposatu ahal izango ditu. Bideragarritasunplan orokorrean sartu behar den edukia erregelamendu bidez zehaztuko da.

Era berean, antolamendu-gobernu eta -egituraren prozedura horien parte gisa, inbertsio-zerbitzuak ematen dituzten kreditu-erakundeek eta kreditu-erakundeen talde kontsolidatuek Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 70 ter.2 artikuluan jasotako barne-antolamenduko betekizunak bete beharko dituzte, erregelamendu bidez zehazten diren berezitasunak aintzat hartuta.

Neurriok hartuz gero, inbertsio-zerbitzuak ematearekin berariaz lotutako bestelako antolamendu-politikak eta -prozedurak definitu eta aplikatu behar dira, hain zuzen ere, balore-merkatuari buruzko berariazko araudia aplikatuz erakundeei exiji dakizkiekeenak.» Bost.  31. artikulua honela geratu da idatzita:

«31. artikulua.

1.  Kreditu-erakunde bat kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legean deskribatutako egoeraren batean dagoenean, bere administrazio-organoa behin-behinean ordezkatzea adostu ahal izango da, lege honetan aurreikusitako baldintzetan eta aipatutako legean jasotako berezitasunak aintzat hartuta.

2.  Halaber, kreditu-erakunde batean esku hartzea edo bere administrazioorganoa behin-behinean ordezkatzea adostu ahal izango da, lege honetan aurreikusitako baldintzetan, baldin eta bere egonkortasuna, likidezia edo kaudimena arriskuan jar dezakeen ezohiko larritasuneko egoera batean dagoela adierazten duten zantzu sendoak badaude.

3.  Gainera, kreditu-erakunde batean esku hartuko da edo bere administrazioorganoa behin-behinean ordezkatuko da 59. eta 62. artikuluetan deskribatutako egoeretan, hain zuzen ere, partaidetza esanguratsua duten pertsonen ez-betetzeei buruzkoetan.

4.  Artikulu honetan adierazitako esku-hartzeko edo ordezkatzeko neurriak zigor-espediente bat izapidetzen ari den bitartean edo zigor-eskumena baliatzea kontuan hartu gabe hartu ahal izango dira, aurreko paragrafoetan aurreikusitako egoeraren bat ematen bada.» Sei.  2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 43. artikuluaren 1. paragrafoa honela idatzita geldituko da:

«Espainiako Bankuak baimenduko du kreditu-erakundeak sortzea, bai eta Europar Batasuneko estatu kide batean baimenduta ez dauden kreditu-erakundeen sukurtsalak Espainian ezartzea ere. Horrez gain, dagokion erregistroan inskribatuko du eta erregistro horiek kudeatzeaz ere arduratuko da.» Azken xedapenetako bosgarrena.  Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legea aldatzea.

Beste idatz-zati bat, g), gehitu zaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 11. artikuluaren 1. paragrafoari. Honela dio:

«g)  Espainiako Bankuaren eta Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren egintzen kontrako errekurtsoak, kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legean aurreikusitakoren arabera hartutakoak».

Azken xedapenetako seigarrena.  Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea aldatzea.

Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoaren k) idatz-zatia honela idatzita geldituko da:

«k)  9/2012 Legea, azaroaren 14koa, kreditu-erakundeak berregituratu eta konpontzeari buruzkoa.» Azken xedapenetako zazpigarrena.  Finantza-sistema indartzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Finantza-sistema indartzeko otsailaren 18ko 2/2011 Errege Lege Dekretua honela geldituko da aldatuta.

Bat.  1. artikulua honela geratu da idatzita:

«1. artikulua.  Kreditu-erakundeen kaudimena indartzea.

1.  2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, kreditu-erakundeen talde kontsolidagarriek eta kreditu-erakundeen talde kontsolidagarrian sartuta ez dauden kredituerakundeek, publikoaren funts itzulgarriak erakar ditzaketenek, beste herrialde batzuetan baimendutako kreditu-erakundeen Espainiako sukurtsalak kanpo, arriskuaren % 9ko kapital nagusia izan behar dute, gutxienez; ehuneko hori arriskuaren arabera haztatutako da, eta finantza-bitartekarien inbertsiokoefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legean eta hura garatzeko araudian aurreikusitako baliabide propioei buruzko araudi orokorrarekin bat kalkulatutako da, araudi horrek exijitutako baliabide propioen betekizunak betetzeari kalterik egin gabe.

2.  Lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitako betetze-epeak igaro ondoren, baliabide propioak ez betetzeari buruzko araudia eta, zehazki, betetzera itzultzeko plan bat aurkezteko betebeharra eta maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen 11. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko zaie kapital nagusia nahikoa ez duten kasuei, errege lege-dekretu honen ondorio diren berezitasunak aintzat hartuta.

3.  Espainiako Bankuak 1. paragrafoan aurreikusitakoa baino goragoko kapital nagusiaren maila betetzea exijitu ahal izango die artikulu honetan aipatutako erakundeei edo taldeei, baldin eta, sistemaren erresistentzia-proba baten egoerarik txarrenean, ez baditu lortzen proba horretan exijitutako gutxieneko baliabide propioen mailak, exijentziaren muturrera arte.

4.  Halaber, Espainiako Bankuak kapital nagusiaren soberakin gehigarria izatea exijitu ahal izango die artikulu honetan aipatutako erakundeei edo taldeei, kapitalera egokitzen den gainbegiratzearen esparruan, maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen 11 bis artikuluaren 1. paragrafoaren c) idatz-zatian aipatu legez.

5.  Nolanahi ere, kreditu-erakundeen talde kontsolidagarriak eta kredituerakundeen talde kontsolidagarrian sartuta ez dauden kreditu-erakundeek, artikulu honetan zehaztutako kapital nagusiaren exijentziaren mende daudenek, ezingo dituzte kapital nagusiaren osagarriak 2012ko abenduaren 31ko zenbatekoaren azpitik murriztu Espainiako Bankuaren aurretiko baimenik gabe, murrizketa hori kapital nagusiaren osagarriak banatzearen, itzultzearen edo ordaintzearen ondorio bada edo tresnok dauzkatenek erakunde igorlearekiko duten konpromisoa hondatzeko beste edozer jardueraren ondorio bada.

Bi.  Honela geldituko da idatzita 2. artikulua:

«2. artikulua.  Kapital nagusia.

1.  Kreditu-erakunde baten kapital nagusiak bere baliabide propioen honako elementu hauek hartuko ditu, 1. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako:

a)  Sozietate anonimoen kapital soziala, akzio berreskuragarriak eta botorik gabekoak kanpo; aurrezki-kutxen fundazio-funtsak eta partaidetza-kuotak eta Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioak jaulkitako elkarte partaidetza-kuotak; eta kreditu-kooperatiben kapital sozialerako ekarpenak. Nolanahi ere, kalkulutik at geldituko dira erakundeak edo edozer erakunde kontsolidatuk dituen akzio edo balore konputagarriak, puntu honetan aipatutakoak, eta erakundearen edo taldearen galerak estaltzeko beren eraginkortasuna kalte dezakeen edozer eragiketa edo konpromiso jasan dutenak.

b)  Akzio arruntak edo aurreko idatz-zatian aurreikusitako beste tresna batzuk izapidetzerakoan ordaindutako jaulkipen-hobariak.

c)  Erreserba efektiboak eta berariazkoak, bai eta erreserba gisa sailkatzen diren elementuak ere, baliabide propioei buruzko araudi orokorrarekin bat, eta ekitaldiko emaitza positibo konputagarriak.

d)  Talde kontsolidatuko sozietateen akzio arruntei dagozkien gutxiengointeresak adierazten dituzten partaidetzak, baliabide propioei buruzko araudiarekin bat.

e)  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak bere araudi erregulatzailearen esparruan izenpetutako tresna konputagarriak, baliabide propioen betekizunei buruzko araudi aplikagarriak oinarrizko baliabide propio gisa konputa ditzakeenak.

f)  Akzio arrunt, partaidetza-kuota edo kreditu-kooperatiben kapitalari egin beharrezko ekarpen bihur daitezkeen tresnak, Espainiako Bankuak kapital nagusi gisa konputagarritzat jotakoak. Jaulkipenaren kontratuak, esku-orriak edota horien ezaugarrien aldaketak Espainiako Bankuari igorri beharko zaizkio aurrez, kapital nagusi gisa konputatzeko helburuarekin.» 2.  Aurreko baturaren emaitzatik, honako hauen zenbatekoak kenduko dira:

a)  Aurreko ekitaldietako emaitza negatiboak, erreserba (galera) pilatuen kontuaren saldo zordun gisa kontabilizatuko direnak, eta uneko ekitaldiko galerak, gutxiengoa duenari esleitutako ekitaldiko emaitzen zenbatekoa (galera) barne, bai eta ondare garbiaren kontuen saldo zordunak ere.

b)  Aktibo immaterialak, negozio-konbinazioetatik, kontsolidaziotik edo partaidetza-metodoak aplikatzetik datorren merkataritza-funtsa. Aktiboon balioa Espainiako Bankuak xedatutakoari men egiten kalkulatuko da.

c)  Honako aktiboon zenbatekoaren % 50:

i)  Jardueragatik kontsolida daitezkeen baina talde kontsolidatu batean sartuta ez dauden finantza-erakundeen partaidetzak, baldin eta partaidetza partaidetutako kapitalaren % 10 baino handiagoa bada. ii) Aseguru- eta berraseguru-erakundeetako partaidetzak edo, Merkataritza Kodearen 47. artikuluaren 3. paragrafoaren 1. lerrokadan adierazitakoaren ildotik, jarduera nagusia aseguru-erakundeetan partaidetzak izatea duten erakundeetako partaidetzak, edo partaidetutako erakundearen boto-eskubideen edo kapitalaren % 20 edo gehiago edukitzean, zuzenean edo zeharka. iii) Mendeko finantzaketak edo baliabide propio gisa konputa daitezkeen bestelako baloreak, aurreko paragrafoetan adierazitako erakunde partaidetuek jaulkitakoak eta partaidetzak dituen erakundeak edo taldeak eskuratutakoak. iv) Jardueragatik kontsolida daitezkeen baina talde kontsolidatu batean sartuta ez dauden finantza-erakundeen kapitalaren % 10eko edo gutxiagoko partaidetzak, eta mendeko finantzaketak edo baliabide propio gisa konputa daitezkeen bestelako baloreak, izaera hori duten erakundeek –partaidetza izanda ala ez– jaulkitakoak eta partaidetzak dituen erakundeak edo taldeak eskuratutakoak, baldin eta horien guztien baturak aurreko 1. paragrafoan jasotako baliabide propioetako elementuen % 10 gainditzen badu, paragrafo honen a) eta b) idatz-zatietan aipatutako kenkarietatik garbi.

v)  Baliabide propioen betekizunei buruz aplikagarri den araudiaren araberako % 1.250eko arrisku-haztapena jasotzen duten titulazioetako arriskuen zenbatekoa, non eta zenbateko hori ez den sartu arrisku haztatuen kalkuluan, aktibo titulizatuengatiko baliabide propioen betekizunak kalkulatze aldera, negoziaziozorroaren barruan egon edo ez. vi) Arriskuaren arabera haztatutako posizioak barne-kalifikazioetan oinarritutako metodoaren arabera kalkulatzen dituzten erakundeen kasuan, narriaduragatiko balio-zuzenketak eta arriskuagatiko aurreikuspenak, eta espero diren galerak kentzetik ateratzen den saldo negatiboa; eta errenta aldakorreko arriskuen galeren zenbatekoak, baldin eta arriskuak kalkulatzeko, batetik, ez-betetzearen probabilitatean eta ez-betetzearen ondoriozko galeran oinarritutako metodoa, eta, bestetik, salgarrien zorrorako metodo sinplea erabiltzen badira».

Hiru.  3. artikulua honela geratu da idatzita:

«3. artikulua.  Zehapen-araubidea.

1.  Errege lege-dekretu honetan aurreikusitako obligazioak antolamendu- eta diziplina-arautzat hartuko dira, eta betetzen ez dituzten erakundeek eta pertsonek zigortzeko moduko erantzukizun administratiboa izango dute, kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen I. tituluan ezarritakoari jarraiki.

2.  Errege lege-dekretu honen lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitakoari kalterik egin gabe, errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoa ez betetzea arau-hauste larritzat edo oso larritzat joko da, uztailaren 29ko 26/1988 Legearen 5. artikuluaren h) eta 4. artikuluaren c) idatz-zatietan aurreikusitakoaren arabera.» Lau.  Lehenengo xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Lehenengo xedapen iragankorra.  Kapital-betekizunak betetzeko estrategia.

1.  Kreditu-erakundeen talde kontsolidagarriek eta kreditu-erakundeen talde kontsolidagarri batean sartuta ez dauden kreditu-erakundeek errege lege-dekretu honen 1. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoetan kapital nagusiaren betekizunen arloan xedatutakoa bete beharko dute, 2012ko urtarrilaren 1ean.

2.  Datorren urtarrilaren 1ean, 1.1 artikuluan xedatutakoarekin bat exiji dakiekeen kapital nagusiaren zifra ez duten erakundeek edo kreditu-erakundeen talde kontsoligarriek hori betetzeko estrategia eta egutegia aurkeztu beharko dizkiote Espainiako Bankuari hogei egun balioduneko epean, 2013ko ekainaren 30a baino lehen, hurrengo lerrokadan xedatutakoari kalterik egin gabe. Espainiako Bankuak hamabost egun balioduneko epean onartu beharko ditu neurriok, eta aldaketa edo neurri osagarriak sartzea exijitu ahal izango du, baldin eta kapital nagusiaren zifra exijigarria betetzea bermatzeko beharrezkoa dela uste badu. Hala eta guztiz ere, 2013ko urtarrilaren 1ean kapital nagusiaren betekizuna beteko ez dutela aurreikusten duten erakundeek edo kreditu-erakundeen talde kontsolidagarriek aurreikuspen horren berri emango diote Espainiako Bankuari.

Azken horrek erakundeak aurkeztutako betetze-estrategia eta -egutegia onartu beharko ditu, ez-betetze hori egiaztatuz gero; betiere, aurretik adierazitako epeetan.

Honako hauei ez zaie aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko: kredituerakundeen berregituratzeari eta desegiteari buruzko abuztuaren 31ko 24/2012 Errege Lege Dekretuaren esparruan, planak aurkeztu dituztenak, hain zuzen ere, errege lege-dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako kapital nagusiaren betekizunak betetzea aurreikusten dutenak.

3.  Erakundeei ez zaie 3. artikuluan jasotako zehapen-araubidea aplikatuko, harik eta xedapen honetan jasotako kapital nagusiaren betekizunak betetzeko epea igaro arte.

4.  Finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen 8.3.d) artikuluan xedatutakoaren araberako babes-sistema instituzional batean sartutako erakundeek birkapitalizazio-estrategia eta -egutegia betetzeko beharrezko akordioak egin beharko dituzte, banaka.» Azken xedapenetako zortzigarrena.  Kreditu-erakundeen gordailuak bermatzeko funtsa eratzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Kreditu-erakundeen gordailuak bermatzeko funtsa eratzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretuari honako aldaketa hauek egin zaizkio: Bat.  2.1. artikulua honela geratu da idatzita:

«1.  Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa (aurrerantzean, Funtsa) eratu da kreditu-erakundeetako gordailuak bermatzeko, errege legedekretu honetan aurreikusitako mugara arte.» Bi.  4. artikulua honela geratu da idatzita:

«4. artikulua.  Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren funtzioa.

Funtsaren funtzioa gordailuak bermatzea da, errege lege-dekretu honetan eta hura garatzeko araudian aurreikusitakoarekin bat.» Hiru.  Honela geratuko da idatzita 8.1. artikuluaren b) idatz-zatia:

«b)  Gordailuak ordaindu ez badira eta erakundea desegiteko prozesurik irekitzea adostu ez bada, Espainiako Bankuak berehala itzuli ahal izatea, bere finantza-egoerarekin zuzenean lotutako arrazoiak tarteko. Espainiako Bankuak ahal bezain azkar hartuko du erabaki hori, betiere, egiaztatu ondoren erregelamendu bidez zehaztutako gehieneko epearen barruan, erakundeak gordailu mugaegunduak eta exijigarriak ezin izan dituela itzuli.» Lau.  III. titulua kenduko da.

Bost.  Beste artikulu bat, hamaikagarrena, sartu da. Honela dio:

«11. artikulua.  Kreditu-erakunde bat desegiten laguntzeko neurriak.

1.  Aurreko 4. artikuluan aurreikusitako funtzioa betetzeko eta funts bermatuak dituzten gordailugileen eta Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa bera defendatzeko, Funtsak kreditu-erakunde bat desegiten laguntzeko neurriak hartu ahal izango ditu.

Horretarako, kreditu-erakundea kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legean xedatutakoaren araberako desegite-prozesu batean dagoenean, Funtsak, onartutako desegite-planaren esparruan, erakundea desegiten laguntzeko finantza-laguntzako edozer neurri exekutatu ahal izango du, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoen artean.

Neurriok hartzean, Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak izango dituen finantza-kostuak erakundea likidatuko balitz –desegite-prozesu bat ireki ondoren– egin beharko lituzkeen ordainketak baino txikiagoak izango dira.

2.  Hona hemen Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak ezarri ahal izango dituen finantza-laguntzako neurriak:

a)  Bermeak ematea.

b)  Maileguak edo kredituak ematea.

c)  Aktiboak edo pasiboak eskuratzea; horiek kudeatzeko edo kudeaketa hirugarren baten esku uzteko aukera izango du.

3.  Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak desegite-prozesuari buruzko informazioa eskatu ahal izango dio BBOFren Zuzendaritza Batzordeari, artikulu honen araberako parte-hartzea errazteko. Informazio hori igorriz gero, Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 59. artikuluan aurreikusitako sekretu-betebeharraren araubidearen mende egongo da.» Azken xedapenetako bederatzigarrena.  Finantza-sektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Finantza-sektorearen saneamenduari buruzko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuari honako aldaketa hauek egin zaizkio: Bat.  Honela geratuko da idatzita 2.2 artikuluaren g) idatz-zatia:

«g)  Erakundeetako akziodunen batzarrek edota batzar nagusiek 2012ko urriaren 31 baino lehen eman beharko dute integratzeko akordioaren aldeko botoa. Nolanahi ere, integrazioa 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenago gauzatu beharko da.» Bi.  Honela geratuko da idatzita 5.3.a).4 artikulua:

«BBOFk, partaidetzen gehiengoa eduki ez arren, finantza-laguntza ematen dien erakundeetako presidente exekutibo, kontseilari ordezkari eta zuzendariek kontzeptu guztiengatik jasoko duten ordainsari finkoa: 500.000 euro.» Hiru.  5.6 artikulua honela aldatuko da:

«Baldin eta 1., 2. eta 3. paragrafoetan aipatzen diren erakundeek integrazioprozesuren batean parte hartzen badute edo parte hartu badute, atal horietan aurreikusitako ordainsarien mugak finantza-laguntza publikoa behar duten edo sorrarazten duten erakundeetako administratzaileentzat eta zuzendarientzat bakarrik izango dira; erakunde horiek, paragrafo honetako ondorioetarako, halakotzat identifikatuta egon behar dute integrazio-planean. Era berean, Ekonomia eta Lehiakortasunerako ministroak, aurkeztutako ordainsarien plana eta bertan parte hartzen duten erakundeen ekonomia- eta finantza-egoera ikusirik, aldatu egin ditzake artikulu honetako 2. eta 3. paragrafoetan finkatutako irizpideak eta mugak.» Azken xedapenetako hamargarrena.  Estatuaren 2012rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legea aldatzea.

Honela geratu da aldaturik Estatuaren 2012rako Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legea: Bat.  Beste artikulu bat, 51.a, sartu da. Honela dio:

«Kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen 53.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, BBOFk 2012ko aurrekontuekitaldian lortutako kanpo-baliabideen muga 120.000 milioi eurokoa izango da.» Bi.  Honela geratuko da idatzita 52. artikuluaren bat paragrafoa:

«Estatuak 2012ko ekitaldian eman beharreko abalen gehieneko zenbatekoa 313.278.560 mila eurokoa izango da.» Hiru.  Honela geratuko da idatzita 52. artikuluaren bi paragrafoaren b) idatz-zatia:

«96.235.000 mila euro Espainian egoitza duten kreditu-erakundeek, kredituaren merkatu nazionalean jarduera esanguratsua dutenek, jaulkitako bono eta obligazioetatik eratorritako obligazio ekonomikoei abalak emateko; horietatik, 55.000.000 mila euro lege hau indarrean jarri ondoren emango diren eta 52 bis artikuluan arautzen diren abaletarako dira.» Lau.  52. artikuluaren 2. paragrafoari e) idatz-zatia gehitu zaio. Hau dio:

«555.000.000 mila euro, Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak –kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian aipatutakoa– egiten dituen obligazio- eta balore-jaulkipenetatik eratorritako obligazio ekonomikoei abalak emateko. Abalak jaulkipenaren printzipala eta interes arruntak bermatuko ditu.» Bost.  Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 52. artikuluaren lau paragrafoak:

«Lau.  Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak baimena dauka artikulu honen bi.b) eta bi.e) ataletan, abenduaren 22ko 39/2010 Legean (2011rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea), eta urriaren 13ko 7/2008 Errege Lege Dekretuaren (Euroguneko herrialdeen itunpeko ekintza-planari lotutako ekonomia eta finantza arloko neurri urgenteei buruzkoa) 1. artikuluan adierazitako abalak gauzatzean Estatuak bermatutako obligazioei dagozkien ordainketak altxortegi-eragiketen bidez egiteko, xede horretarako ezarritako kontzeptuaren kontura.

Hala egin ondoren, Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Nagusiak ekitaldian egindako ordainketak behin betiko sartuko ditu gastuen aurrekontuan, urtero abenduan egindako ordainketak izan ezik, eta abenduko ordainketa horiek hurrengo urteko aurrekontuan sartuko ditu.» Azken xedapenetako hamaikagarrena.  Administrazio publikoetako eta finantzaesparruko likidezia-neurriei buruzko uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Honela idatzita geldituko da uztailaren 13ko 21/2012 Errege Lege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriaren 4. paragrafoa:

«4.  Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak Espainiako kredituerakundeak birkapitalizatzeko Europako finantza-laguntza ezartzen laguntzeko neurriak hartu ahal izango ditu, bere funtzioen barruan, atxikitako erakundeen sistema-multzoaren onura aintzat hartuta. Nolanahi ere, neurrion kostuak txikiagoa izan beharko du Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsak, bere araudi erregulatzailearekin bat etorririk, berregituratze- edo desegite-prozesua hastean erakundea likidatuko balitz ordainduko lituzkeenak baino.» Azken xedapenetako hamabigarrena.  Baloreak ordaintzeko eta kitatzeko sistemei buruzko azaroaren 12ko 41/1999 Legea aldatzea.

Honela geratzen da aldatuta baloreak ordaintzeko eta kitatzeko sistemei buruzko azaroaren 12ko 41/1999 Legea: Bat.  Aldatu egingo da legearen 8. artikuluko f) eta g) idatz-zatiak. Aurrerantzean honela egongo dira idatzita:

«f)  Zor Publikoaren Merkatuan, Idatzoharretan eta AIAF Errenta Finkoko Merkatuan egindako eragiketei buruzko konpentsazio- eta likidazio-sistema, Balore Merkatuei buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 44 bis artikuluaren 1

zenbakian adierazitako Sistemen Sozietateak kudeatutakoa.

g)  Baloreak eta finantza-tresna deribatuak konpentsatzeko eta likidatzeko araubideak, Ekonomia eta Ogasuneko ministroak, uztailaren 28ko 24/1988 Legean aurreikusitakoarekin bat baimenduak eta honako hauek kudeatuak: MEFF Produktu Deribatuen Sozietate Zuzendaria, SAU; MEFF Errenta Finkoko Finantza Produktu Deribatuen Sozietate Zuzendaria, SA, eta MFAO Oliba Olioaren Gerokoen Merkatuaren Sozietate Zuzendaria, SA.» Bi.  Kendu egin da 8. artikuluaren h) idatz-zatia.

Azken xedapenetako hamahirugarrena.  Aurrezki-kutxen gobernu-organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Aurrezki-kutxen gobernu-organoen eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuen inguruko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretua honela geratuko da: Bat.  Honela geratuko da idatzita 5. artikuluaren 7. paragrafoa:

«Aurrezki-kutxa batek kontrola izateari uzten badio, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan adierazitako moduan, edo partaidetza gutxitzen badu eta xedapen honetan aipatutako kreditu-erakundearen boto-eskubideen % 25era iristen ez bada, izaera bereziko fundazio bilakatuko da, hurrengo artikuluan aurreikusitakoarekin bat, eta kreditu-erakunde gisa jarduteko baimena galduko du, Banku Antolamenduari buruzko 1946ko abenduaren 31ko Legean aurreikusitakoari jarraiki.» Bi.  6.1 artikuluaren c) idatz-zatia aldatu egin da, eta honela geratuko da idatzita:

«c)  Kreditu-erakunde bat kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legean aurreikusitakoarekin bat berregituratzearen edo desegitearen ondorioz, baldin eta hala zehazten bada berregituraketa- eta desegite-planetan.» Hiru.  Honela geldituko da idatzita 6.2. artikulua:

«2.  Fundazio bihurtzeko erabakiarekin batera, kutxaren edota kutxa guztien Batzar Orokorrak fundazio bereziak eratzea erabakiko du, estatutuak onartuta eta patronatua izendatuta.

Kutxa izaera bereziko fundazio bilakatzeko arrazoia 1. paragrafoaren a) edo c) idatz-zatietan zehaztutakoa bada, eraldaketa desegitea dakarren egintza gertatzen den unetik bost hileko epean egingo da.

Epe hori pasatuta ez bada eraldatu, aurrezki-kutxaren organo guztiak desegingo dira zuzenean, eta Espainiako Bankuaren kreditu-erakundeen erregistro berezian baja emango zaio. Gainera, dagokion babesletzak izaera bereziko fundazioa kudeatzeko batzordea izendatuko du, honako hauek egiteko: estatutuak onartzeko, patronatua izendatzeko, boto-eskubiderik ez duten partaidetza-kuotak berehala amortizatzeko araubidea zehazteko, eta eraldaketa gauzatzeko behar adina egintza eta akordio hartzeko, aplikagarri den Estatuko zein autonomia-erkidegoetako araudia betez.

Finantzaketa-jardueraren banantzea merkataritza-sozietateen egitura-aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legeak ezartzen duenaren arabera egingo da.» Lau.  Beste xedapen iragankor bat gehitu da; honela dio:

«Bederatzigarren xedapen iragankorra.  Aurrezki-kutxak izaera bereziko fundazio bilakatzeko behin-behineko araubidea.

1.  Lege hau indarrean sartzen den unean izaera bereziko fundazio bilakatzeko legezko arrazoiak izan dituzten aurrezki-kutxek, kreditu-erakunde gisa jarduteko baimenari uko egitea eskatu badute edo ez, errege lege-dekretu honen 6.2 artikuluan adierazitako bost hileko epetik gelditzen den epea izango dute, kausa sortzen den unetik kontatzen hasita.

Bestalde, lege hau indarrean sartzen den unean, bost hilez baino gehiagoz eraldatzeko legezko arrazoiak izan dituzten aurrezki-kutxak automatikoki eraldatuko dira. Gainera, organo guztiak desegingo dira eta Espainiako Bankuaren kredituerakundeen erregistro berezian baja emango zaie, errege lege-dekretu honen 6.2 artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraiki.

2.  Izaera bereziko fundazio bilakatzeko prozesua hasi duten aurrezki-kutxei ere aplikatuko zaie aurreko paragrafoan aurreikusitako araubidea.» Azken xedapenetako hamalaugarrena.  Finantza Sistema Erreformatzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legea aldatzea.

Honela geldituko da aldatuta finantza-sistema erreformatzeko neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legea: Bat.  Beste lerrokada bat, bigarrena, gehitu zaio 61. artikuluaren laugarren paragrafoari.

«Ildo beretik, aipatutako txostenetan ez da erakunde deklaratzaileek emandako daturik jakinaraziko, baldin eta beren aurreikuspenetan oinarritzen badira, Espainiako Bankuak gainbegiratze- eta ikuskaritza-funtzioak egiterakoan zehazten dituen informazio-betebeharrak betez.» Bi.  Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 65. artikuluaren lehenengo paragrafoak:

«Lehenengoa.

Arriskuen Informazio Zentralari aitortu beharreko arrisku baten titular den edozer pertsona fisiko edo juridikok eragiten dion informazio guztia kontsultatu ahal izango du, erakunde deklaratzaileek beren aurreikuspenenetan oinarrituta emandako datuak izan ezik, Espainiako Bankuak gainbegiratze- eta ikuskaritzafuntzioak egiterakoan zehazten dituen informazio-betebeharrak betez. Pertsona fisikoek azken sei hilabeteetan Arriskuen Informazio Zentralaren bidez datuen berri izan duten lagapen-hartzaileen izena eta helbidea eskatu ahal izango dute, bai eta egingo diren datu-lagapenen berri ere. Lagapen-hartzaileei buruzko informazioaz gain, kasu bakoitzean lagatako datuen kopia ere emango da.

Datuak kontsultatzeko eskaera egiteko, identifikazioa eta, hala badagokio, eskatzailearen titulua bermatzen dituen edozer bitarteko erabil daiteke, eta Espainiako Bankuari dagokio horiek ziurtatuko dituzten prozedurak eta kontsultasistema finkatzea, kontsultarako eskubidearen babes-araubideari eta datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 15. artikuluan aurreikusitako kontsultaren mugei kalterik egin gabe, pertsona fisikoei dagokienez. Hamar egun balioduneko gehieneko epean jakinarazi beharko zaizkio datuak eskatzaileari, eskaera Espainiako Bankuan jasotzen denetik aurrera.» Hiru.  Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 65. artikuluaren bigarren paragrafoak:

«Bigarrena.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan erakunde deklaratzaileen fitxategietan sartutako datu pertsonalei buruz xedatutakoari jarraiki, pertsona fisikoek dituzten eskubideei kalterik egin gabe, Arriskuen Informazio Zentralari aitortutako datuen titularrek, baldin eta datuok okerrak edo osatugabeak direla uste badute, horiek erakunde deklaratzaileen aurrean zuzentzea edo ezeztatzea eskatu ahal izango diote Espainiako Bankuari, eskaeraren arrazoiak eta irismena idatziz adierazita, erakunde deklaratzaileek beren aurreikuspenetan oinarrituta emandako datuak izan ezik, Espainiako Bankuak gainbegiratze- eta ikuskaritza-funtzioak egiterakoan zehazten dituen informaziobetebeharrak betez. Espainiako Bankuak jasotako eskaeraren berri emango die berehala ustez okerrak edo osatugabeak diren datuak deklaratu dituzten erakundeei.

Erakunde deklaratzaileek Espainiako Bankuak igorritako eskaerak erantzun eta jakinarazi beharko dizkiete kaltetuari eta Arriskuen Informazio Zentralari, hamabost egun balioduneko gehieneko epean, eskaera edozer bulegotan jasotzen denetik kontatzen hasita. Erabakia arrazoitua izango da eskatutakoa ez dela bidezkoa uste denean.

Pertsona fisikoek erakunde deklaratzaileen kontra erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Agentzian, datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 12ko 15/1999 Lege Organikoaren 18. artikuluari jarraiki, aurreko lerrokadan aurreikusitakoaren arabera hartutako erabakiek kaltetuak eskatutako zuzenketa edo ezeztapenerako bide ematen ez badu edo eskaera ez bada aurreikusitako epearen barruan erantzun.» Azken xedapenetako hamabosgarrena.  Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren legearen testu bateratuaren aldaketa –lege hori irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen –.

Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren legearen testu bateratuaren 45.I.B) artikuluari 24. atala gaineratu zaio –lege hori irailaren 24ko 1/1993 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen–; honako hau, hain zuzen:

«24.  Aktibo-eskualdatzeak eta, halakorik dagoenean, pasibo-eskualdatzeak, bai eta edozein izaeratako bermeak ematea ere, baldin eta Bankuen berrantolaketatik datozen aktiboen kudeaketarako sozietatea (Kreditu-erakundeak berregituratu eta desegiteari buruzko 2012ko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian araututakoa) bada subjektu pasiboa, sozietate horrek izan dezakeen edozein modalitatetan.

Bankuen berrantolaketatik datozen aktiboen kudeaketarako sozietateak sozietate horrek zuzenean edo zeharka partaidetutako beste erakunde batzuei eginiko aktibo-eskualdatzeak eta, halakorik dagoenean, pasibo-eskualdatzeak; horretarako, partaidetza hori, gutxienez, partaidetutako sozietatearen kapitalaren, funts propioen, emaitzen edo boto-eskubideen ehuneko 50 izan behar da, eskualdatzea egin aurre-aurreko unean zein eskualdatze horren ondorioz.

Bankuen berrantolaketatik datozen aktiboen kudeaketarako sozietateak edo hark bere helburu soziala betetzeko eratu dituen erakundeek banku-aktiboen funtsei eginiko aktibo- eta pasibo-eskualdatzeak; funts horiek Kreditu-erakundeak berregituratu eta desegiteari buruzko 2012ko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatzen dira.

Banku-aktiboen funtsek banku-aktiboen beste funts batzuei eginiko aktibo- eta pasibo-eskualdatzeak.

Batetik, kapitala murrizteko eragiketak eta sozietateak desegiteko eragiketak, hala bankuen berrantolaketatik datozen aktiboen kudeaketarako sozietateen kasuan, nola sozietate horiek partaidetutako sozietateen kasuan, partaidetza hori, gutxienez, partaidetutako sozietatearen kapitalaren, funts propioen, emaitzen edo boto-eskubideen ehuneko 50 izan bada, eskualdatzea egin aurre-aurreko unean zein eskualdatze horren ondorioz. Bestetik, banku-aktiboen funtsen ondarea gutxitzeko edo funtsok desegiteko eragiketak.

Aurreko lerrokadetan banku-aktiboen funtsen arteko eragiketentzat zehazten den tratamendu fiskala bakarrik aplikatuko da Bankuak Era Antolatuan Berregituratzeko Funtsa (FROB) funts horien eraginpean dagoen denbora-epean; epe hori lege honen hamargarren xedapen gehigarriaren 10. zenbakian arautzen da.» Azken xedapenetako hamaseigarrena.  Toki-ogasunak arautzen dituen legearen testu bategina aldatzea (Martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 104. artikuluan –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategin hori–, 4. paragrafoa erantsi da; honako hau, hain zuzen:

«4.  Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko egindako ekarpenak edo ondasun higiezinen transmisioak direta-eta (Sozietateari kredituerakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian araututakoak), ez da zergarik sortuko.

Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak horren partaidetza zuzena edo zeharkakoa duten erakundeei (gutxienez partaidetutako enpresaren kapitalaren, funts propioen, emaitzen edo boto-eskubideen % 50ekoak, transmisioaren aurre-aurretik edo horren ondorioz) egindako ekarpenak edo transmisioak direla-eta, ez da zergarik sortuko.

Banku Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietateak edo bere xede soziala betetzeko eratutako erakundeek azaroaren 14ko 9/2012ko Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatutako banku-aktiboen funtsei egindako ekarpenak edo transmisioak direla-eta, ez da zergarik sortuko.

Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa funtsen arriskupean dagoen aldian –aipatutako hamargarren xedapen gehigarriaren 10. paragrafoaren arabera– aipatutako funtsek elkarri egiten dizkioten ekarpenak edo transmisioak direla-eta, ez da zergarik sortuko.

Ondorengo higiezinen transmisioan, lurren balio-handitzea agerian jarri den urte-kopurua ez da etengo lerrokada honetan aurreikusitako eragiketetatik eratorritako transmisioak direla-eta.» Azken xedapenetako hamazazpigarrena.  Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Sozietateen Gaineko Zergaren Legearen testu bategina aldatzea.

7. artikuluaren 1. paragrafoari k) idatz-zatia erantsi zaio, eta ondoko hau dio:

«k)  Banku-aktiboen funtsak, kreditu-erakundeak berregituratzeari eta desegiteari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatutakoak.» Azken xedapenetako hemezortzigarrena.  Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren eta Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren alde eratutako bermeei aplika dakiekeen araubide juridikoa.

Espainiako Bankuaren Autonomiari buruzko ekainaren 1eko 13/1994 Legearen seigarren xedapen gehigarrian zehaztutako araubide juridikoa BBOFren eta Kreditu Erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsaren alde beren funtzioak gauzatzeko eratutako bermeei aplikatuko zaie.

Azken xedapenetako hemeretzigarrena.  Eskumen-tituluak.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 6., 8., 11., 13. eta 14. lerrokadetan xedatutakoaren babesean dago emanda, lerrokadok Espainiako Estatuari esleitzen baitiote eskumena honako gai hauetan: merkataritza- eta prozesulegeria; legeria zibila; kreditua, banka eta aseguruak antolatzeko oinarriak; ekonomiajardueraren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa, eta ogasun nagusia eta estatu-zorra.

Azken xedapenetako hogeigarrena.  Garatzeko eskumena.

1.  Gobernuak ahalmena du lege honetan xedatutakoa garatzeko beharrezkoak diren erregelamendu-arauak emateko.

2.  Espainiako Bankuak ahalmena izango du azken xedapenetako zazpigarrenean aurreikusitakoa behar bezala exekutatzeko xedapenak emateko eta, zehazki, hauetarako:

kapital nagusiaren ratioa betetzearen adierazpenen maiztasuna eta modua ezartzeko, kapital nagusiaren definizioa osatu behar duten kontabilitateko kontzeptuak nahiz horiek konputatzeko modua definitzeko, eta kapital nagusi gisa konputatzeko nahitaez bihurtu behar diren zor-tresnak jaulkitzeko betekizunak zehazteko. Halaber, zehaztu ahal izango du arriskuaren arabera haztatutako arriskuak zer-nola doitu ahal izango diren arrisku bakoitzaren baliabide propioen betekizun bakoitzak ez dezan arriskuaren beraren balioa gainditu, eta arriskuen balioaren eta kapital nagusiaren osagarrien arteko sendotasuna zaindu dadin.

Azken xedapenetako hogeita batgarrena.  VII. kapituluaren indarraldia amaitzea.

Lege honen VII. kapituluan xedatutakoa 2013ko ekainaren 30era arte aplikatuko da.

Azken xedapenetako hogeita bigarrena.  Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2012ko azaroaren 14an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra