Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa

2006-05-03

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2006/5/4, 106. zk.

2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

EAO, maiatzaren 4koa

JUAN CARLOS I.a

Espainiako Erregeak

Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei zuzenduta.

Jakizue:

Gorte Nagusiek ondorengo lege organikoa onartu dutela eta Nik berronetsi egin dudala:

HITZAURREA

Egungo gizarteek garrantzi handia ematen diote gazteek jasotzen duten hezkuntzari, ziur baitaude ongizatea (bakoitzarena zein kolektiboa) hari lotuta dagoela.

Hezkuntza bide egokiena da gazteen nortasuna eraikitzeko, gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko, norberaren identitatea osatzeko eta errealitatearen ulermena taxutzeko, hori guztia ezagutzazko dimentsioa, afektiboa eta axiologikoa bateratuta.

Kultura eta haren euskarri diren jakintzen eta balioen ondarea transmititzeko (eta, aldi berean, berritzeko), eskaintzen dituen aberastasun-iturrietatik ahalik eta aukera gehien lortzeko, elkarbizitza demokratikoa eta desberdintasun indibidualen errespetua sustatzeko, elkartasuna bultzatzeko eta diskriminazioa saihesteko bidea da hezkuntza gizartearentzat, eta beharrezkoa den gizarte-kohesioa lortzea du funtsezko helburu.

Horrez gain, gizarte aurreratuak, dinamikoak eta zuzenak osatzeko ezinbestekoa den herritartasun demokratikoa, arduratsua, librea eta kritikoa bermatzeko bide egokiena da.

Hori dela-eta, hezkuntza on bat herrialde baten eta bertako herritarren aberastasun handiena eta baliabide nagusia da.

Pertsonen eta gizarte-taldeen premia aldakorrei eta eskariei erantzuteko gai izango den hezkuntza eskaintzeko kezka hori ez da berria.

Historikoki, pertsonek zein gizarte-taldeek hezkuntzan jarri dituzte aurrera egiteko eta garatzeko itxaropenak.

Hezkuntza beti hartu izan da gizakiaren egoera eta bizitza kolektiboa hobetzeko tresnatzat, baina asmo hori ez da beti errealitate bihurtu.

Hezkuntzarekiko interes historikoa areagotu egin zen egungo hezkuntza-sistemak agertu zirenean.

Herritarrak prestatzeko egitura horiek estatu nazionalak eratzeko funtsezko tresna gisa sortu ziren (estatuen konfiguraziorako erabakigarria izan zen garai batean).

Handik aurrera, herrialde guztiek gero eta arreta handiagoa jarri dute beren hezkuntzako eta prestakuntzako sistemetan, zirkunstantzia aldakorretara eta une historiko bakoitzean sistema horietan jarritako itxaropenetara egokitzeko.

Horren ondorioz, sistema horien bilakaera oso handia izan da; gaur egun dituzten ezaugarriak eta eratu zirenean zituztenak erabat desberdinak dira.

Hezkuntza-sistemek lehentasunezko zenbait erronkari aurre egin behar izan diete bilakaeraren fase bakoitzean.

XX. mendearen bigarren erdialdean, herritar guztien hezkuntzarako eskubidea gauzatzeko eskakizunari aurre egin behar izan zioten.

Lehen mailako irakaskuntza XIX. mendearen amaieran iritsi zen zenbait herrialdetara, eta irakaskuntza horren unibertsalizazioa hurrengo mendean osatu zen. Gainera, bigarren mailako irakaskuntzan sartzeko aukera zabaldu zen eta, horren ondorioz, oinarrizko hezkuntzaren osagai bihurtu zen bigarren mailako irakaskuntza.

Eskolatze-aldia luzeagoa izatea, eta, eskolatze horren bitartez, neska-mutil guztiak urrutiagora iritsi ahal izatea, horiexek ziren lehentasunez lortu beharreko helburuak.

XX. mendearen amaierako urteetan, oso zabalduta zegoen hezkuntza hori kalitate handiarekin eskaintzea, horixe izan zen erronka nagusia. Gainera, onura hori herritar guztientzat izatea eskatzen zen.

Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko herrialdeetako hezkuntza-ministroak Parisen bildu ziren 1990eko azaroan, guztientzako kalitateko hezkuntza eta prestakuntza gauzatzeko modua aztertzeko.

Erronka gero eta premiazkoagoa zen, eta garapen-maila handiena zuten herrialdeetako hezkuntza-arduradunak erantzun egokia emateko prestatu ziren.

Handik hamalau urtera, 2004ko irailean, Genevan UNESCOk deitutako Nazioarteko 47. Hezkuntza Konferentzian bildutako ministroek (hirurogei baino gehiago bildu ziren) kezka bera erakutsi zuten eta, horrela, aurreko hamarkadan planteatutako erronkak indarrean jarraitzen zuela utzi zuten agerian.

Herrialde garatuenetako arduradunek 1990ean ohartarazi zuten hezkuntza-eskaintzan kalitatea eta ekitatea konbinatu behar zirela. 2004an, berriz, ezaugarri eta garapen-maila desberdinak zituzten herrialde askotako arduradunek planteatu zuten arazo bera.

Gaur egun, premiazkoa da herritar guztiek kalitateko hezkuntza eta prestakuntza jaso dezaten lortzea, ondasun hori pertsona edo gizarte-sektore jakin batzuetara mugatu gabe.

Sistema politiko desberdinak eta orientabide desberdineko gobernuak dituzten herrialde asko ari dira helburu hori planteatzen.

Espainia ezin da izan, inola ere, salbuespena.

Oinarrizko hezkuntza berandu zabaldu da Espainian.

Eskolak nahitaezko izan behar zuela aldarrikatu zen 1857an, eta 1964an sei urtetik hamalau urtera bitarteko adinera zabaldu zen. Hala eta guztiz ere, joan den mendeko laurogeiko hamarkadara arte itxaron behar izan zen agindu hori gauzatzeko.

Hezkuntzaren Lege Orokorrarekin, 1970ean, Espainiako hezkuntza-sistemaren atzerapen historiko handia gainditzen hasi zen.

Hezkuntzarako Eskubidearen Lege Organikoak bultzada irmoa eman zion hezkuntza modernizatzeko prozesu horri, baina beste urte asko behar izan ziren helburu hori erabat lortzeko.

Hezkuntzari eta Hezkuntza Erreformaren Finantzaketari buruzko 14/1970 Lege Orokorrak eta Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen 8/1985 Lege Organikoak zerbitzu publikotzat hartu zuten hezkuntza.

Hezkuntzaren Lege Organikoa tradizio horretan kokatuta dago, eta horri jarraitzen dio.

Hezkuntzaren zerbitzu publikoak komunitatearen funtsezko zerbitzutzat hartzen du hezkuntza. Funtsezko zerbitzu horrek eskolako hezkuntza guztientzat eskuragarri izatea lortu behar du, ezein bereizketarik egin gabe, aukera-berdintasunean, erregulartasunaren eta jarraitutasunaren bermearekin eta gizarte-aldaketetara etengabe egokituta.

Hezkuntzaren zerbitzu publikoa botere publikoek eta gizarte-ekimenak eman dezakete, herritarren funtsezko eskubideen eta irakaskuntza-askatasunaren berme gisa.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoak 1990ean ezarri zuen hamar urteko aldi batez izan behar zuela eskolak nahitaezko, eta bultzada eta ospe profesionala eman zion lanbide-heziketari. Bultzada horri esker, Espainia inguruko herrialde aurreratuenekin parekatu zen azkenean.

Legean adierazitako borondate horren ondorioz, XX. mendearen amaieran Espainiako neska eta mutil gazte guztiak joaten ziren ikastetxeetara, sei urtetik hamaseira bitarteko adinean gutxienez. Horietako asko, gainera, lehenago hasiak ziren eta geroago amaitzen zuten eskolatzea.

Horrela, beraz, Espainiaren eta Europar Batasuneko herrialdeen artean zegoen aldea murriztu egin zen (Espainia 1986an sartu zen Europar Batasunean).

Lorpen horiek handiak izan ziren, zalantzarik gabe, baina gure gazteek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatea hobetu beharra dagoela ohartarazten ari dira laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik aurrera.

Laurogeiko hamarkadan irakaskuntza ertainen inguruan egindako erreforma esperimentalari buruzko ebaluazioek eta laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Espainiak nazioarteko zenbait azterlanetan izan zuen parte-hartzeak errendimendu-mailak urriak zirela utzi zuten agerian. Errendimendu horien arrazoiak ulergarriak ziren, zalantzarik gabe, baina irmo jardun beharra zegoen.

Horren ondorioz, 1995ean Ikastetxeen Parte-hartzeari, Ebaluazioari eta Gobernuari buruzko Lege Organikoa onartu zen, LOGSE Legean kalitatea hobetzeko ezarritako zenbait xedapen garatzeko eta aldatzeko asmoarekin.

Geroago, 2002. urtean, beste urrats bat eman nahi izan zen helburu berarekin, eta Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoa atera zen.

XXI. mendearen hasieran, Espainiako gizartearentzat beharrezkoa da hezkuntzaren kalitatea hobetzea, eta onura horrek gazte guztiengana iritsi behar du, inor baztertu gabe.

Behin eta berriz azpimarratu den bezala, kalitatea eta ekitatea printzipio bereiztezintzat hartzen dira gaur egun.

Nazioartean berriki egindako zenbait ebaluaziok agerian utzi duenez, kalitatea eta ekitatea konbinatu egin daitezke, eta ez dira helburu kontrajarritzat hartu behar.

Ezein herrialdek ez du alferrik galdu behar herritar guztiek duten gaitasun-erreserba, batez ere informazioa eta jakintza garapen ekonomikorako eta sozialerako hartzen ari diren gero eta balio handiagoa bereizgarri duen gizarte batean.

Eta, erronka horretaz jabetu ondoren, gazte guztien eskola-arrakasta lortzeko helburua hartu behar da.

Erronka horren garrantzia dela-eta, lortu beharreko helburuak, hezkuntza-administrazioek eta eskola-elkartea osatzen dutenek ez ezik, gizarte osoak hartu behar ditu bere gain.

Hori dela-eta, eta legegintzako edozein ekimen sustatu aurretik hezkuntzari buruzko gizarte-eztabaida pizteko asmoz, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak “Kalitateko hezkuntza guztientzat eta guztien artean” dokumentua argitaratu zuen 2004ko irailean. Bertan, hezkuntzaren egungo egoerari buruzko zenbait analisi eta diagnostiko aurkeztu, eta irtenbidea emateko hainbat proposamen eztabaidatzeko jarri zituen.

Autonomia-erkidegoak eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako Eskola Kontseiluetan ordezkatuta zeuden erakundeak formalki gonbidatu zituzten proposamen horiei buruzko iritzia ematera eta hartuko zuten jarrera azaltzera.

Gainera, beste pertsona, elkarte eta talde askok helarazi zizkioten beren gogoetak eta proposamenak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari. Proposamen horiek hainbat komunikabidek zabaldu zituzten eta, beraz, eztabaida publiko orotan nagusi izan behar duen gardentasun-borondateari erantzun egokia eman zitzaion.

Eztabaida-prozesu horren emaitza gisa, erakunde, elkarte eta kolektibo guztiek egindako ekarpenak laburtuta biltzen dituen sintesi-dokumentu bat argitaratu da.

Eztabaida-prozesua sei hilabetekoa izan da, eta aukera eman du iritziak eta ikuspuntuak kontrastatzeko, Espainiako hezkuntza-sisteman dauden arazoei buruz eztabaidatzeko eta konponbideen inguruan ahalik eta adostasunik handiena bilatzeko.

Aldi hori funtsezkoa izan da hezkuntza-sistema zuzendu behar duten printzipioak identifikatzeko eta arauetan islatzeko.

Funtsezko hiru printzipio ditu Lege honek.

Lehena herritar guztiei (gizonezkoei zein emakumezkoei) hezkuntza-sistemaren maila guztietan kalitateko hezkuntza emateko eskakizuna da.

Arestian aipatu dugu eskakizun horrek egungo hezkuntza-sistementzat eta, zehazki, Espainiakoarentzat dakarren erronka.

Gazte guztiak hamasei urteko adinera arte eskolatzea lortu ondoren, honako hau da oraingo helburua: emaitza orokorrak hobetzea eta oinarrizko hezkuntza titulaziorik gabe amaitu dutenen eta ikasketak garaia baino lehen bertan behera utzi dituztenen tasa altuak murriztea.

Horren bidez, herritar guztiek beren gaitasun indibidual, sozial, intelektual, kultural eta emozional guztiak ahalik eta gehien gara ditzaten lortu nahi da eta, horretarako, beren premietara egokitutako kalitateko hezkuntza jaso behar dute.

Aldi berean, aukera-berdintasun eraginkorra bermatu behar zaie eta, horretarako, beharrezko laguntzak eman behar zaizkie ikasleei zein ikastetxeei.

Azken batean, ikasle guztien hezkuntza-maila hobetu behar da eta hezkuntzaren kalitatea eta ekitatea uztartu behar dira.

Bigarren printzipioa, parte hartu beharra; behar-beharrezkoa baita hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztiek horren helburu handia lortzen laguntzea.

Aurreko printzipioa betetzeko kalitatearen eta ekitatearen artean beharrezkoa den konbinazioak elkarren arteko ahalegina eskatzen du ezinbestez.

Ikasleen ahalegina behin eta berriz aipatzen da.

Funtsezko printzipioa da, eta ezin da alde batera utzi; izan ere, beharrezkoa da ahalegin pertsonal hori, prestakuntzarekin berarekin konprometitutako jarrera arduratsuak dakarrena, bestela, horrelakorik ezean, nekez lor daitekeelako gaitasun indibidualak erabat garatzea.

Hala ere, ikasle guztien eskola-arrakastaren erantzukizuna, ikasle bakoitzarena ez ezik, ikaslearen familiarena, irakasleena, ikastetxeena eta hezkuntza-administrazioena ere bada eta, azken batean, gizarte osoarena ere bai, gizartea baita hezkuntza-sistemaren kalitatearen azken erantzulea.

Ahaleginaren printzipioa ezinbestekoa da kalitateko hezkuntza lortzeko, eta hezkuntza-komunitateko kide guztiei aplikatu behar zaie.

Kide bakoitzak berariazko ekarpena egin beharko du.

Familiek hertsiki lagundu eta seme-alaben eguneroko lanaz eta ikastetxeetako bizitzaz arduratu behar dute.

Ikastetxeek eta irakasleek, berriz, ikasteko ingurune aberatsak, motibatzaileak eta zorrotzak sortzeko ahalegina egin beharko dute.

Hezkuntza-administrazioek dagozkien funtzioak betetzeko aukera erraztu, beharrezkoak diren baliabideak eman eta, aldi berean, konpromisoa eta ahalegina eskatu beharko dizkiete eskola-elkarteko kide guztiei.

Gizarteak, azken batean, hezkuntza-sistema babestu beharko du, eta bizitza osoan prestakuntza pertsonala jasotzeko ingurune egokia sortu.

Konpromisoarekin eta elkarren arteko ahaleginarekin baino ez dira lortuko helburu handinahi horiek.

Ikasleak ekitatez eskolatzeko helburua bete beharra, horixe da, hain zuzen ere, elkarren artean egindako ahaleginaren printzipioak dakarren ondorio garrantzitsuenetakoa.

Espainiako Konstituzioak ikastetxe-sare bikoitza (publikoena eta pribatuena) zegoela onartu zuen, eta Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoak kontzertu-sistema bat antolatu zuen hezkuntzaren zerbitzu publikoaren eta sozialaren prestazio eraginkorra dohainik, berdintasun-baldintzetan eta irakaskuntzaren programazio orokorraren esparruan lortzeko.

Eredu horrek hezkuntzarako eta irakaskuntza-askatasunerako eskubidea errespetatzen du eta, oro har, egokia izan da, denborak aurrera egin ahala beste premia batzuk agertu badira ere.

Premia nagusietako bat ikasleak ikastetxeen artean berdintasunez banatzea izan da.

Nahitaez eskolatu behar dutenen adina zabaldu egin denez, eta beste ikasle-talde batzuek ere hezkuntzan sartzeko modua izan dutenez, ikastetxeek lehen baino baldintza konplexuagoetan bete behar dute gaur egun beren zeregina.

Beharrezkoa da, beraz, ikasleen aniztasunari erantzutea eta aniztasun horrek sortutako erronkei eta zailtasunei aurre egiten laguntzea.

Azken batean, ikastetxe guztiek (titulartasun publikoa duten ikastetxeek zein itunpeko ikastetxe pribatuek) hezkuntzarekiko gizarte-konpromisoa beren gain hartu eta bazterketarik gabeko eskolatzea eskaini behar dute. Hori eginez gero, bi eskola-sareen arteko osagarritasuna areagotuko da, baina bakoitzaren berezitasuna galdu gabe.

Horren trukean, fondo publikoekin mantendutako ikastetxe guztiek beren zereginak betetzeko behar dituzten baliabide materialak eta giza baliabideak jaso beharko dituzte.

Hezkuntzaren zerbitzu publikoa emateko, gizarteak behar bezala hornitu behar ditu ikastetxeak.

Lege honen hirugarren printzipioa Europar Batasunak datozen urteetarako planteatutako hezkuntza-helburuekiko konpromiso irmoa da.

Europa eraikitzeko prozesua hezkuntza- eta prestakuntza-sistemen nolabaiteko bateratasuna eragiten ari da eta, bateratasun horren isla gisa, hezkuntza-helburu komunak ezarri dira XXI. mendearen hasierarako.

Datorren hamarkadan jakintzan oinarrituta egongo den eta etengabeko hazkunde ekonomikoa, enpleguaren hobekuntza kuantitatiboa eta kualitatiboa eta gizarte-kohesio handiagoa lortzeko ahalmena izango duen ekonomia lehiakorrago eta dinamikoago batera iristeko asmoa hezkuntza-helburu komun batzuen formulazioan islatu da.

Zientziaren eta teknologiaren bilakaera bizkorra eta bilakaera horrek gizarte-garapenean duen eragina dela-eta, inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntzaren bidez jakintzaren gizarte berrian bizitzeko eta sortzen diren erronkei aurre egiteko behar bezala prestatzea.

Hori dela-eta, lehenik eta behin, Europar Batasunak eta UNESCOk hezkuntza- eta prestakuntza-sistemen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea hartu dute helburu. Horretarako, beharrezkoa da irakasleen gaitasuna hobetzea, guztiek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko aukera bermatzea, ikasketa zientifikoetan, teknikoetan eta artistikoetan matrikulazioa handitzea, eta eskuragarri dauden baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta giza baliabideetan egin beharreko inbertsioa handitzea.

Bigarren, hezkuntza- eta prestakuntza-sistemetarako sarbidea zabaltzeko aukera erraztea planteatu da eta, horretarako, ikasteko ingurune irekia sortu, ikaskuntza erakargarriagoa egin eta herritartasun aktiboa, aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa sustatu behar dira.

Hirugarren, sistema horiek kanpoko mundura zabaltzeko helburua jarri da, eta lan-bizitzarekiko, ikerketarekiko eta, oro har, gizartearekiko lotura sendotzea, espiritu ekintzailea garatzea, atzerriko hizkuntzen ikaskuntza hobetzea, mugikortasuna eta elkartrukeak areagotzea eta Europako lankidetza indartzea eskatzen du horrek.

Espainiako hezkuntza-sistemak, helburu horiek Europar Batasuneko bazkideekin batera lortzeko, egokitu egin beharko ditu datozen urteotako jardunak.

Zenbait kasutan, Espainiako hezkuntzaren egoera hamarkada honen amaierarako helburu gisa finkatutakotik hurbil dago.

Beste kasu batzuetan, aldiz, aldea nabarmena da.

Espainiak Europar Batasunean duen parte-hartze aktiboa dela-eta, hezkuntza-mailak hobetu egin behar dira Espainiak Europan duen lekuari dagokion moduan. Horrek konpromiso eta ahalegin irmoa eskatzen du, eta Lege honek bere gain hartzen du konpromiso hori.

Printzipio horiek errealitate bihurtzeko, zenbait norabide osagarritan jardun beharra dago.

Lehenik eta behin, bizitza osoan garatzen den prozesu iraunkortzat hartu behar da prestakuntza.

Ikasteko prozesua haurtzaroko eta nerabezaroko zeregina dela ulertu izan da, baina gaur egun ez da batere egokia planteamendu hori.

Gaur egun, jakin badakigu ikasteko ahalmena ez dela urteekin galtzen, ikasteko modua eta prestatzen jarraitzeko motibazioa aldatzen badira ere.

Jakin badakigu, halaber, aldaketa ekonomikoek eta sozialek sortutako premiek prestakuntza etengabe zabaltzera behartzen dituztela herritarrak.

Horren ondorioz, helduen hezkuntzari eskaintzen zaion arreta areagotu egin da.

Bizitza osoko ikaskuntza sustatzeak, ororen gainetik, gazteei hezkuntza osatua eskaintzea eskatzen du. Hezkuntza horrek egungo gizartean beharrezkoak diren oinarrizko jakintzak eta gaitasunak hartuko ditu kontuan, herritartasun demokratikoaren praktikaren, elkarbizitzaren eta gizarte-kohesioaren euskarri diren balioak garatzeko aukera eman behar du, eta gazteengan ikasten jarraitzeko gogoa eta haien kabuz ikasteko gaitasuna piztu behar du.

Horrez gain, ikasketak eta prestakuntza lan-jarduerarekin edo beste jarduera batzuekin konbinatzeko aukera eskaini behar zaie gazteei eta helduei.

Prestakuntzatik lanerako bidea (eta alderantzizkoa) edota jarduera horietatik beste batzuetarako bidea egin ahal izateko, hezkuntza-sistemak malguagoa izan behar du.

Denborak aurrera egin ahala Espainiako hezkuntza-sistemak hasierako zurruntasuna galdu badu ere, oro har ez ditu ireki ikasketetarako eta prestakuntzarako joan-etorriko bideak.

Ikasketak garaia baino lehen bertan behera utzi zituzten gazteei ikasketa horiekin jarraitzeko eta osatzeko, eta helduei bizitza osoan ikasten jarraitzeko aukera emateak hezkuntza-sistema malguagoa izatea eskatzen du.

Eta, malgutasun hori lortzeko, beharrezkoa da irakaskuntza moten artean loturak ezartzea, mota batetik besterako bidea erraztea eta premia eta interes pertsonaletara egokitutako prestakuntza-bideak antolatzea.

Hezkuntza-sistemaren malgutasunak ikastetxeei autonomia-gune propioa ematea dakar ezinbestez.

Ikasle guztiei kalitateko hezkuntza eskaintzeko eta, aldi berean, ikasleen interes, ezaugarri eta egoera pertsonalen aniztasuna kontuan hartzeko eskakizunak ikastetxeei antolamenduan zein funtzionatzeko moduan erabakitzeko ahalmena aitortzea eskatzen du.

Administrazioek hezkuntza-jardueraren esparru orokorra ezarri behar badute ere, ikastetxeek beren jarduna zirkunstantzia zehatzetara eta ikasleen ezaugarrietara egokitzeko aukera emango dien autonomia tarte propioa behar dute ikasle guztien eskola-arrakasta lortzeko.

Hezkuntzaren arduradunek jarduera garatzeko eta adierazitako helburua lortzeko beharrezkoak dituzten baliabideak eta bitartekoak eman behar dizkiete ikastetxeei. Horiek, berriz, zehaztasunez eta eraginkortasunez erabili behar dituzte, haien eginkizuna ahalik eta hobekien betetzeko.

Araudiak bi alderdi horiek bateratu behar ditu; ildo horretan, guztiek errespetatu beharreko arau komunak eta ikastetxeei eman beharreko autonomia ezarri behar ditu.

Helburu eta arau komunak, eta ikastetxeek behar duten autonomia pedagogikoa eta kudeaketarako autonomia bateratzeko gauza izango den lege-esparru bat izateak, bestalde, ebaluatzeko eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea eskatzen du.

Hezkuntza-sistemak aurrean dituen erronken garrantzia dela-eta, eskura jarritako bitartekoei eta baliabideei ematen zaien erabilerari buruzko informazio publikoa eta gardena, eta horiekin lortutako emaitzen balioespena eman beharra dago.

Ebaluazioa balio handiko tresna bihurtu da lortutako emaitzen jarraipena eta balioespena egiteko, eta emaitza horiek lortzea ahalbidetzen duten prozesuak hobetzeko.

Hori dela-eta, ezinbestekoa da hezkuntza-jardueraren eremu eta eragile guztiak (ikasleak, irakasleak, ikastetxeak, curriculuma eta administrazioak) ebaluatzeko prozedurak ezartzea, eta agintariek hezkuntzaren arloan dagoen egoeraren eta izandako garapenaren kontu emateko konpromisoa hartzea.

Ikastetxeen jarduera, azken batean, bertan lan egiten duten irakasleei dagokie.

Gazte guztiek beren gaitasunak kalitateko eta ekitateko esparru batean ahalik eta gehien gara ditzaten lortzea, helburu orokorrak lorpen zehatz bihurtzea, curriculuma eta hezkuntza-jarduera ikastetxeen berariazko zirkunstantzietara egokitzea, eta gurasoak seme-alaben hezkuntzan inplika daitezen lortzea ezinezkoa da irakasleak beren zereginarekin konprometituta ez badaude.

Alde batetik, hezkuntza-sisteman eta ikastetxeen funtzionamenduan gertatu diren aldaketak direla-eta, irakasleen hasierako prestakuntzaren eredua berrikusi behar da, eta Europako ingurunera egokitu.

Bestetik, lanbide-garapenak hezkuntza-administrazioen konpromisoa eskatzen du hezkuntza-praktikari lotutako irakasleen etengabeko prestakuntzaren inguruan.

Eta, hori guztia, ezinezkoa da gizartearen aldetik irakasleek betetzen duten funtzioa eta zeregina aitortzen ez bada.

Proposatutako helburu handinahi horiek lortzeko bete beharreko azken baldintza arauak sinplifikatzea eta argitzea da, Espainiako Konstituzioak eta hori garatzen duten legeek hezkuntzaren arloan ezarritako eskumen-banaketaren erabateko errespetuaren esparruan.

Hezkuntza-legeak eta horien arauzko garapenak ugaldu egin dira 1990etik aurrera. Lege horiek aurrekoak indargabetu dituzte partzialki, eta horrek argitasun-gabezia sortu du antolamendu akademikoan eta hezkuntza-sistemaren funtzionamenduan aplikatu beharreko arauei dagokienez.

Horren ondorioz, indarrean dagoen araudia sinplifikatzea komeni da, argiagoa, ulergarriagoa eta sinpleagoa izan dadin.

Gainera, 2000. urtean hezkuntzaren arloko transferentzia-prozesua amaitu ondoren, 1990ekoen aldean oso bestelakoak diren baldintza batzuk sortu dira. Baldintza berri horiek kontuan hartuta, unibertsitate-arlokoez bestelako irakaskuntzetarako indarrean dagoen araudi osoa berrikustea komeni da.

Espainiako Konstituzioak hezkuntzaren arloan ezarri zuen eskumen-banaketaren esparrua erabat garatuta dago dagoeneko, eta onartuko diren lege berriek eskumen-banaketa horrekiko errespetua eta hezkuntza-sistemaren beharrezko lurralde-egituratzea uztartu behar dituzte.

Estatuko oinarrizko araudi komuna eta dagokion lurraldean aplikatu beharreko autonomia-erkidegoko araudia lankidetza-mekanismo berriekin konbinatu behar dira. Mekanismo horiek erkidegoaz gaindiko eremuko hezkuntza-politiken itunpeko garapena ahalbidetu behar dute.

Lege honen bidez, beharrezkoa den oinarrizko homogeneotasuna eta hezkuntza-sistemaren batasuna ziurtatuko dira, eta autonomia-erkidegoek hezkuntza-sistemaren helburuak betetzeko estatutuetan duten arau-esparru eta betearazpen-esparru zabala azpimarratuko da.

Lurraldeen arteko eta administrazioen arteko lankidetzarako proposamen bat biltzen du Legeak, interes orokorreko proiektuak eta programak garatzeko, informazioa trukatzeko eta praktika onenekin ikasteko.

Arestian azaldutako printzipioak eta adierazitako jardun-bideak dira Lege honen funtsak.

Espainiako hezkuntzak egun dituen erronka garrantzitsuei aurre egiteko aukera emango duten oinarriak finkatzea eta datozen urteetarako jarritako helburuak lortzea da horien azken helburua.

Horretarako, hezkuntza-sistemak azken hamarkada hauetan egin dituen aurrerapenak ditu abiapuntu Legeak. Ildo horretan, egokiak eta eraginkorrak izan diren egiturazko eta antolamenduzko alderdi guztiak jaso ditu, eta berrikusi beharreko alderdietan aldaketak proposatu ditu.

Hezkuntza-sistema osoa aldatzeko eta hutsetik abiatzeko tentaldia saihestu da eta, horren ordez, eskuratutako esperientzia eta lortutako aurrerapenak kontuan hartzea erabaki da.

Azken batean, hezkuntza-erreformak etengabe eta arian-arian egin behar direlako eta hezkuntzaren arloko legegileen eta arduradunen zeregina herritarrek jasotzen duten hezkuntzaren etengabeko eta mailakako hobekuntza bultzatzea delako uste sendoa da Legearen oinarria.

Oinarrizko suposamendu horiei jarraiki, Legearen egiturak hauek ditu osagai: atariko titulua, zortzi titulu, hogeita hamaika xedapen gehigarri, hemezortzi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken zortzi xedapen.

Atariko titulua hezkuntzaren printzipioei eta helburuei buruzko kapituluarekin hasten da. Hezkuntza-sistema osoa antolatzeko elementu nagusiak dira printzipio eta helburu horiek.

Ikasle guztiei ekitate-baldintzetan eta aukera-berdintasuna bermatuta eskaini beharreko hezkuntzaren kalitatearen funtsezko printzipioa nabarmenduta agertzen da.

Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea eta ikasleek, familiek, irakasleek, ikastetxeek, administrazioek, erakundeek eta, oro har, gizarte osoak batera egin beharreko ahalegina kalitateko eta ekitateko hezkuntza ziurtatzeko beharrezkoak diren osagarriak dira.

Elkarbizitzaren oinarriak (hots, askatasun pertsonala, ardura, herritartasun demokratikoa, elkartasuna, tolerantzia, berdintasuna, errespetua eta justizia) bultzatzen duten balioen transmisioak ere leku garrantzitsua du hezkuntzaren printzipioen zerrendan.

Hezkuntzaren helburuen artean, honako hauek azpimarratzen dira: ikasleen nortasuna eta gaitasun afektiboak erabat garatzea, funtsezko eskubideekiko eta askatasunekiko eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorrarekiko errespetuan prestatzea, aniztasun afektibo-sexuala onartzea, eta portaera sexistak gainditzeko desberdintasunen balioespen kritikoa egitea.

Horrela, beraz, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan adierazitakoaren edukia osorik onartzen da.

Halaber, tolerantzia eta askatasuna gauzatzea proposatzen da, elkarbizitzaren eta gatazken prebentzioaren eta gatazken konponbide baketsuaren printzipio demokratikoen barruan.

Gainera, beste arlo garrantzitsu batzuk ere azpimarratzen dira, ikasleak ondo prestatu behar baitira, herritartasuna gauzatu, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean jarrera kritikoarekin eta arduratsuarekin parte har dezaten.

Printzipio eta helburu guztiei esker, oinarri sendoetan finkatu ahal izango da hezkuntza-jarduera.

Legearen printzipio gidariei jarraiki, bizitza osoan garatzen den etengabeko ikaskuntza gisa ulertzen da hezkuntza.

Horren ondorioz, herritar guztiek izan behar dute hezkuntza-sistemaren barruan eta kanpoan prestatzeko aukera, garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, jakintzak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten.

Legeak etengabeko ikaskuntzari ematen dion garrantziaren erakusgarri, berariazko kapitulu bat eskaintzen dio atariko tituluan, irakaskuntzen antolamenduarekin batera.

Kapitulu horretan bertan, irakaskuntzen egitura ezartzen da. Horren arabera, haur-hezkuntza etapa bakarra da berriz ere; egungo gainerako irakaskuntzek, berriz, berdin jarraitzen dute, hezkuntza-sistema garatzeko oinarri sendoa baita antolamendu hori.

Halaber, Konstituzioan xedatutakoaren arabera bi sexuetako haur eta gazte guztientzat nahitaezkoa eta doakoa den oinarrizko hezkuntza arautzen da. Zehazki, oinarrizko hezkuntzak hamar ikasturteko iraupena izango du, eta Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan banatuko da.

Aniztasunerako arreta oinarrizko irakaskuntza osoa zuzendu behar duen funtsezko printzipio gisa ezartzen da, ikasle guztiei beren ezaugarrietara eta premietara egokitutako hezkuntza eskaintzeko.

Curriculumaren definizioa eta antolamendua hezkuntza-sistemaren elementu nagusietako bat da.

Atariko tituluak kapitulu bat eskaintzen dio gai horri. Zehazki, curriculumaren osagaiak eta eskumen-banaketa ezartzen du definizioan eta garapen-prozesuan.

Curriculumaren osagaien artean gaitasunak biltzeko moduak interes berezia du, ikasleek jaso beharreko prestakuntzaren ezaugarriak ongi zehazteko aukera eman behar baitu.

Prestakuntza komuna ziurtatzeko eta tituluen homologazioa bermatzeko, Gobernuaren esku uzten da gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituzten curriculumaren oinarrizko alderdien helburuak, oinarrizko gaitasunak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak finkatzeko zeregina, eta hezkuntza-administrazioen esku, berriz, irakaskuntza guztien curriculuma ezartzeko zeregina.

Horrez gain, Espainiako hezkuntza-sistemaren eta beste hezkuntza-sistema batzuen irakaskuntzen curriculum mistoak ezartzeko aukera aipatzen da, hurrenez hurreneko tituluak lortzeko.

Atariko tituluan, azkenik, lurraldeen arteko lankidetza eta administrazioen arteko lankidetza aztertzen da, alde batetik hezkuntzarako baliabideen ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko eta, bestetik, oro har ezarritako helburuak lortzeko, autonomia-erkidegoen kultura-aniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren ezagutza eta horienganako estimazioa bultzatzeko, eta desberdintasunen konpentsazioan lurralde-oreka eta lurraldeen arteko elkartasuna lortzen laguntzeko.

Orobat, Legean ezarritako helburuen lorpena eta Espainiako hezkuntzaren etengabeko hobekuntza ziurtatzeko beharrezkoak diren hezkuntza-baliabideak ikasleen esku uztea xedatzen da.

I. tituluan, irakaskuntzen eta horien etapen antolamendua ezartzen da.

Haur-hezkuntzak etapa bakarra osatzen du eta bi ziklotan banatuta dago. Bi zikloek hezkuntza-asmoari erantzuten diote (ez du nahitaez eskola-asmoa izan behar) eta, asmo horri jarraiki, ikastetxeek berariazko proposamen pedagogiko bat eskaini behar dute lehen ziklotik.

Bigarren zikloan, irakurketa-idazketetarako, trebetasun logiko-matematikoen hastapenetarako, atzerriko hizkuntza baterako, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilerarako eta arte-lengoaien jakintzarako lehen hurbilketa sustatuko da.

Pixkanaka lehen zikloan plaza-eskaintza nahikoa garatzea eskatzen zaie herri-administrazioei, eta bigarren zikloaren doakotasuna bermatzeko itunak ezartzeko aukera xedatzen da.

Nahitaezko irakaskuntzak honako hauek dira: lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza.

Lehen hezkuntzan, ikasleen aniztasunarekiko arreta eta ikasteko zailtasunen prebentzioa azpimarratzen dira (zailtasunak agertu bezain laster jardun beharra dago).

Ikasleek etapa horren bigarren zikloa amaitzean lortu dituzten oinarrizko gaitasunen diagnostiko-ebaluazio bat egitea, horixe da Legearen berritasunetako bat. Ebaluazio hori prestakuntzazkoa eta orientatzailea izango da, ikasleen, ikastetxeen eta hezkuntza-sistemaren beraren egoerari buruzko informazioa emango du, bai eta agertzen diren akatsak konpontzeko neurri egokiak hartzeko aukera ere.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzaren bigarren ikasturtea amaitzean, antzeko ebaluazio bat egingo da.

Lehen hezkuntzatik bigarrenerako urratsa errazteko, ikasleek beren bilakaerari buruzko txosten pertsonalizatua jasoko dute lehen hezkuntza amaitzean eta bigarrena hastean.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzan, hezkuntza komunaren printzipioa eta ikasleen aniztasunarekiko arreta bateratu behar dira, eta ikasleen ezaugarrietarako antolamendu-neurri eta curriculum-neurri egokienak hartzeko aukera emango zaie ikastetxeei, era malguan eta autonomia pedagogikoa baliatuta.

Helburu horiek lortzeko proposatzen den irakaskuntza komuna izango da lehen hiru ikasturteetan (oinarrizko gaitasunak sendotzeko programekin, behar duten ikasleentzat), eta orientatzailea laugarrenean (derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko ikasketei zein lan-munduan sartzeko aukerari begira).

Lehen bi ikasturteetan, eman beharreko irakasgaien gehieneko kopuruaren muga ezartzen da, eta ikasle talde berari eskolak ematen dizkioten irakasleen kopurua murrizteko aukerak ematen dira.

Azken ikasturtean, irakasgai komunen eta aukerakoen antolamendua malgua da, eta aukera gehiago eskaintzen zaizkie ikasleei, etorkizunerako aukeren eta interesen arabera.

Ikasteko zailtasun bereziak dituzten ikasleentzat, curriculum anitzeko programak eskaintzen dira bigarren hezkuntzaren hirugarren ikasturtetik aurrera.

Gainera, ikasketak garaia baino lehen bertan behera ez uzteko, ondorengo prestakuntzarako eta kualifikaziorako itxaropenak izateko, eta lan-munduan sartzeko aukera errazteko, hasierako lanbide-prestakuntzako programak ezartzen dira derrigorrezko bigarren hezkuntzan graduatua lortu ez duten hamasei urtetik gorako ikasleentzat.

Batxilergoak bi maila ditu eta era malguan antolatutako hiru modalitatetan garatzen da, ikasleek modalitateko eta aukerako irakasgaietan egiten duten aukeraren arabera.

Irakasgai guztietan ebaluazio positiboa izan duten ikasleek batxilergo-titulua lortuko dute.

Titulua lortu ondoren, lan-munduan sartu ahal izango dira, goi-mailako lanbide-heziketan matrikulatu ahal izango dira edo goi-mailako ikasketak egin ahal izango dituzte.

Unibertsitate-ikasketak egiteko, proba homologatu bat eta bakarra gainditu beharko da. Batxilergo-titulua lortzen duten ikasleek egin ahal izango dute proba hori.

Curriculumari dagokionez, Legearen berritasunetako bat hauxe da: hezkuntza-jardueren barruan herritartasunerako hezkuntzarekiko kezkari oso garrantzi handia ematea eta hezkuntza horri lotutako eduki berri batzuk sartzea. Hezkuntza hori, hainbat izenekin (edukien eta ikasleen adinaren arabera), lehen hezkuntzako, derrigorrezko bigarren hezkuntzako eta batxilergoko zenbait mailatan emango da.

Horren helburua honako hau da: ikasle guztiei erregimen demokratiko baten funtsezko ezaugarriei eta funtzionamenduari, Espainiako Konstituzioan eta giza eskubideen itunetan eta deklarazio unibertsaletan ezarritako printzipioei eta eskubideei, eta testuinguru globalean herritartasun demokratikoaren oinarri diren balio komunei buruzko gogoeta, analisia eta azterketa egiteko gune bat eskaintzea.

Hezkuntza horren edukiak ezin dira hartu, ezein kasutan, erlijio-irakaskuntzaren alternatibotzat edo ordezkotzat eta, nolanahi ere, hezkuntza horrek ez du kontraesanik eskola-bizitzaren funtsa eta balio-hezkuntzaren barruan eskola-jarduera guztiekiko zeharkakoa izan behar duen praktika demokratikoarekin.

Irakasgai berriak gure elkarbizitzari lotutako zenbait alderdi sakontzeko aukera emango du eta herritarrak prestatzen lagunduko du.

Lanbide-heziketak erdi-mailako eta goi-mailako hainbat heziketa-ziklo biltzen ditu, eta ikasleak lanbideak behar bezala betetzeko, enplegua lortzeko eta bizitza sozialean, kulturalean eta ekonomikoan aktiboki parte hartzeko prestatzea da ziklo horien helburua.

Legeak malgutasun handiagoa ematen du sartzeko aukeran eta lanbide-heziketaren azpisistemen arteko erlazioetan.

Hezkuntza-sistemaren malgutasuna handitzeko eta etengabeko prestakuntza bultzatzeko, hainbat lotura ezartzen dira hezkuntza orokorraren eta lanbide-heziketaren artean.

Bestalde, bereziki aipatu behar dira arte-irakaskuntzak. Irakaskuntza horien helburua ikasleei kalitateko arte-prestakuntza ematea da. Antolamendua ez da 1990etik aurrera berrikusi.

Legeak, alde batetik, arte-irakaskuntza profesionalak arautzen ditu, hots, musikaren eta dantzaren erdi-mailako irakaskuntzak eta arte plastikoetako eta diseinuko erdi-mailako eta goi-mailako irakaskuntzak.

Bestetik, goi-mailako arte-irakaskuntzak ezartzen ditu, hots, musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak, arte dramatikoaren irakaskuntzak, kultura-ondasunak kontserbatzeko eta zaharberritzeko irakaskuntzak, eta arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako ikasketak.

Azken horiek goi-mailako hezkuntzakoak dira. Irakaskuntza horien antolamendua dagozkien eskakizunetara egokituta dago, eta horrek zenbait berezitasun dakartza curriculumaren ezarpenari eta irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxeen antolamenduari dagokionez.

Legeak, halaber, hizkuntzen irakaskuntzak arautzen ditu. Legeak xedatzen duenez, irakaskuntza horiek hizkuntza-eskola ofizialek antolatuko dituzte eta Europako Kontseiluak gomendatutako mailetara egokituko dira. Era berean, kirol-irakaskuntzak arautzen ditu; irakaskuntza horiek lehen aldiz arautzen dira Hezkuntzaren Lege batean.

Lehen tituluak, azkenik, helduen hezkuntzari buruzko aipamen berezia egiten du. Horren helburua honako hau da: herritar guztiek beren garapen pertsonalerako eta profesionalerako jakintzak eta gaitasunak eskuratzeko, eguneratzeko, osatzeko edo zabaltzeko aukera izatea.

Horretarako, titulu ofizialak lortzera bideratutako irakaskuntzak emateko baldintzak arautzen ditu eta, aldi berean, beste ikaskuntza batzuetarako esparru irekia eta malgua ezartzen du, baita beste bide batzuetatik eskuratutako esperientzia baliozkotzeko aukera aurreikusi ere.

Ekitatea bermatzeko, hezkuntza-laguntzaren berariazko premiaren bat dutelako arruntaz bestelako hezkuntza-arreta behar duten ikasleak aipatzen ditu II. tituluak. Halaber, zeregin horretarako beharrezkoak diren baliabideak ezartzen ditu, ikasle horiek hezkuntzan erabat txertatu eta integra daitezen.

Gorabehera sozialak direla-eta edo ezgaitasun fisiko, psikiko nahiz sentsorialak direla-eta berariazko laguntza eta arreta behar duten ikasleak, edo jokabide-nahaste larriak dituzten ikasleak hezkuntzari dagokionez nola tratatu behar diren, hori ere sartzen da zehatz titulu horretan.

Azken hamarkada hauetan, Espainiako hezkuntza-sistemak aurrerapen handiak egin ditu eremu horretan, eta zeregin hori bultzatzen jarraitu beharra dago.

Adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleek eta Espainiako hezkuntza-sisteman berandu sartu direnek ere berariazko tratamendua behar dute.

Ikasle guztiei hezkuntza-erantzun egokia emateko, txertatze-printzipioa hartu behar da abiapuntutzat, era bakarra baita guztien garapena bermatzeko, ekitatea bultzatzeko eta gizarte-kohesio handiagoa lortzeko.

Aniztasunarekiko arreta hezkuntza-etapa guztiek eta ikasle guztiek duten premia da.

Hau da, ikasleen aniztasuna ez da gutxi batzuen premiei erantzuteko neurri gisa hartu behar, printzipio gisa baizik.

Legeak, halaber, desberdintasunen konpentsazioa aipatzen du. Horretarako, honako hauek baliatuko dira: ikastetxeetan edo hezkuntza-arloko osabidezko esku-hartzea beharrezkoa duten eremu geografikoetan garatu beharreko berariazko programak, eta baldintza sozioekonomiko txarretan bizi diren ikasleei hezkuntzarako eskubidea bermatzeko helburua izango duten ikasteko bekak eta laguntzak.

Ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan eskolatzeari buruz egiten den programazioak banaketa egokia eta orekatua bermatu behar du hezkuntza-laguntza behar duten ikasleen ikastetxeen artean.

Irakasleek izan behar duten protagonismoa Legearen III. tituluan aipatzen da.

Titulu horretan, irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzari ematen zaio lehentasuna. Prestakuntza horren erreforma datozen urteetan gauzatu behar da goi-mailako hezkuntzarako Europako gune berriaren testuinguruan, hezkuntza-sistemaren premiei eta eskari berriei erantzuteko.

Hasierako prestakuntzak, prestakuntza zientifiko egokiaz gain, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa bildu beharko du. Prestakuntza hori irakasle berriek esperientzia dutenen aldetik jasoko dituzten aholkuekin eta tutoretzarekin osatuko da.

Bestalde, irakasleek beren lana egiteko baldintzen hobekuntza eta gizarteak irakaslanaren aurrean agertu beharreko aitormena, babesa eta balioespena aipatzen ditu tituluak.

IV. tituluak ikastetxeak, horien tipologia, erregimen juridikoa eta ikastetxeen sarearen programazioa aztertzen ditu, hezkuntza zerbitzu publikoa dela abiapuntutzat hartuta.

Horrez gain, ikastetxe pribatuen titularrek beren ikastetxearen izaera propioa zehazteko aukera ezartzen du, betiere, Konstituzioaren esparrua errespetatuta.

Doako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuek itun-erregimena baliatzeko aukera izango dute. Ildo horretan, itunpeko ikastetxe pribatuek bete beharreko baldintzak ezartzen dira.

Legeak herritar autonomoak, askeak, arduratsuak eta konprometituak prestatzeko oinarrizko baliotzat hartzen du parte-hartzea. Hori dela-eta, V. tituluak ezartzen duenez, hezkuntza-komunitateak ikastetxeen antolamenduan, gobernuan, funtzionamenduan eta ebaluazioan parte-hartzea izango duela bermatuko dute hezkuntza-administrazioek.

Titulu horretan, halaber, garrantzi berezia du ikastetxeen autonomiak, bai alderdi pedagogikoari dagokionez (bakoitzak bere heziketa-proiektua landuta), bai baliabideen kudeaketa ekonomikoari eta antolamendurako eta funtzionamendurako arauak lantzeko zereginari dagokienez.

Legeak protagonismo handiagoa ematen die ikastetxeen kontrolaz eta gobernuaz arduratutako kide anitzeko organoei, hots, Eskola Kontseiluari, Irakasleen Klaustroari eta irakasleen koordinazio-organoei. Gainera, ikastetxe publikoen zuzendaritzaren eskumenak, zuzendariak hautatzeko prozedurak eta zuzendaritza-lanaren aitormena aztertzen ditu.

VI. titulua hezkuntza-sistemaren ebaluazioari buruzkoa da. Ebaluazio hori funtsezkoa da hezkuntza hobetzeko eta hezkuntza-sistemaren gardentasuna areagotzeko.

Ebaluazioari ematen zaion garrantzia agerian geratzen da ebaluazio horren aplikazioaren xede diren eremuen tratamenduan. Eremu horien artean, honako hauek aipa daitezke: ikasleen ikasteko prozesuak, irakasleen jarduera, hezkuntza-prozesuak, zuzendaritza-lana, ikastetxeen funtzionamendua, ikuskapena eta hezkuntza-administrazioak.

Hezkuntza-sistemaren ebaluazio orokorra Ebaluazio Institutuari dagokio eta, horretarako, autonomia-erkidegoek ezartzen dituzten erakundeekin lankidetzan jardungo du.

Hezkuntza-sistemaren funtzionamenduaren kontu emateko, Parlamentuan urteko txostena aurkeztu beharra xedatzen da. Txosten horrek honako hauek jasoko ditu laburbilduta: diagnostiko-ebaluazio orokorren emaitzak, egiten diren beste ebaluazio-proba batzuenak, Espainiako hezkuntzaren adierazle nagusiak eta Estatuko Eskola Kontseiluaren urteko txostenaren alderdi azpimarragarrienak.

VII. tituluan, hezkuntzako ikuskaritzaren esku uzten dira heziketa-proiektuak lantzeko zereginaren babesa eta ikastetxeen autoebaluazioa, hezkuntza-sistema hobetzeko funtsezko tresna gisa.

Estatuari goi-ikuskaritza dagokio.

Hezkuntzako ikuskaritzaren funtzioak eta antolamendua, eta ikuskarien esleipenak jasotzen dira.

VIII. tituluak baliabide ekonomikoen zuzkidura eta Lege honen helburuak betetzeko hezkuntzan egin beharreko gastu publikoaren igoera aztertzen ditu. Gastu horren xehapena erantsitako memoria ekonomikoan jasota dago.

Memoria horrek Legearen ezarpenaldirako gastu-konpromisoak (Parlamentuko izapidean gehituak) jasotzen dira.

Xedapen gehigarriak honako hauei buruzkoak dira: Legea aplikatzeko egutegia, erlijioaren irakaskuntza, testuliburuak eta curriculum-materialak, eta eskola-egutegia.

Xedapen gehigarrien zati handi bat irakasleei lotuta dago, eta honako alderdi hauek ezartzen dira bertan: irakaskuntzako funtzio publikoaren estatutu-erregimena, irakasleen kidegoen funtzioak, kidegoetan sartzeko baldintzak, irakasleen karrera, eta ikuskaritza-funtzioa betetzeko zeregina.

Beste xedapen gehigarri batzuetan, udalerrien eta hezkuntza-administrazioen arteko lankidetza, hezkuntza-administrazioen eta toki-korporazioen artean ezar daitezkeen lankidetza-hitzarmenak eta autonomia-erkidegoei kontsulta egiteko prozedura aipatzen dira.

Ikastetxeei dagokienez, natura- eta osasun-zientzien modalitatea eta teknologia-modalitatea ematen duten batxilergoko zentro pribatuek bete beharreko baldintzei dagokienez aplikatzen den egungo erregimena luzatzen da, itunpeko ikastetxeetako irakasleen klaustroaren funtzioak ezartzen dira, eta honako hauek hartzen dira kontuan: lurralde-eremu jakin bateko ikastetxe publikoak elkartzeko aukera, Eskola Kontseiluaren berariazko izena, lanbide-heziketako zikloak emateko hitzarmenak eta itunpeko ikastetxeei lotutako beste alderdi batzuk.

Azkenik, honako alderdi hauek aipatzen dira: atzerriko ikasleak, terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak, ikasleen datu pertsonalen erregimena, haur-hezkuntzaren bigarren zikloaren doakotasunerako kredituak, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorraren sustapena.

Xedapen iragankorretan, berriz, honako alderdi hauek agertzen dira, besteak beste: irakasleek beren borondatez hartutako erretiro aurreratua, irakasleen kidegoetako funtzionarioen mugikortasuna, gobernu-organoen agintaldiaren iraupena, zuzendaritza-jarduna ikastetxe publikoetan, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa, ikastetxeen egokitzea haur-hezkuntza emateko, itunen aldaketa, eta hamasei urtetik beherakoak hizkuntzen irakaskuntzetan txertatzeko aukera.

Xedapen indargabetzaile bakarra dago jasota.

Azken xedapenek honako alderdi hauek aztertzen dituzte, besteak beste: Hezkuntzarako Eskubidearen Lege Organikoaren eta Funtzio Publikoa Berritzeko Neurriei buruzko Legearen aldaketa, Estatuari Konstituzioaren babesean Lege hau egiteko dagokion eskumena, Legea garatzeko eskumena eta Legearen izaera organikoa.

ATARIKO TITULUA

I. KAPITULUA

Hezkuntzaren printzipioak eta helburuak

1. artikulua. Printzipioak.

Espainiako hezkuntza-sistema Konstituzioaren balioei jarraiki antolatuta eta Konstituzioan aitortutako eskubideekiko eta askatasunekiko errespetuan oinarrituta dago, eta honako printzipio hauek ditu jarraibide:

a) Hezkuntzaren kalitatea ikasle guztientzat, ikasleen egoera eta zirkunstantziak edozein izanik ere.

b) Ekitatea; aukera-berdintasuna, hezkuntzan txertatzeko aukera eta diskriminaziorik eza bermatuko ditu, eta desberdintasun pertsonalak, kulturalak, ekonomikoak eta sozialak (ezgaitasunen ondoriozkoak bereziki) konpentsatzeko tresna izango da.

c) Askatasun pertsonala, ardura, herritartasun demokratikoa, elkartasuna, tolerantzia, berdintasuna, errespetua eta justizia bultzatuko dituzten eta diskriminazio mota oro gainditzen lagunduko duten balioen transmisioa eta praktikan jartzea.

d) Hezkuntza bizitza osoan garatzen den etengabeko ikaskuntza gisa ulertzea.

e) Hezkuntza ikasleek dituzten gaitasunen, interesen, etorkizunerako aukeren eta premien aniztasunera, eta ikasleengan eta gizartean gertatzen diren aldaketetara egokitzeko malgutasuna.

f) Ikasleen hezkuntza-orientabidea eta lanbide-orientabidea, jakintzetan, trebetasunetan eta balioetan integrala izango den hezkuntza baterako bidea emango duen prestakuntza pertsonalizatua lortzeko beharrezko baliabide gisa.

g) Ikasle bakoitzaren ahalegina eta motibazioa.

h) Familiek, irakasleek, ikastetxeek, administrazioek, erakundeek eta gizarte osoak guztiek batera egindako ahalegina.

i) Estatuari, autonomia-erkidegoei, toki-korporazioei eta ikastetxeei dagozkien eskumenen eta arduren esparruan antolamendu-jardunak eta curriculum-jardunak ezartzeko eta egokitzeko autonomia.

j) Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea ikastetxeen antolamenduan, gobernuan eta funtzionamenduan.

k) Gatazkei aurrea hartzeko eta gatazkak era baketsuan konpontzeko hezkuntza, eta indarkeriarik eza bizitza pertsonalaren, familiaren eta gizartearen eremu guztietan.

l) Eskubide-berdintasunaren eta aukera-berdintasunaren garapena, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorraren sustapena.

m) Irakaslana hezkuntzaren kalitatearen funtsezko faktoretzat hartzea, irakasleen lana gizartearen aurrean aitortzea eta lan hori babestea.

n) Hezkuntza-arloko ikerketaren, esperimentazioaren eta berrikuntzaren sustapena.

ñ) Hezkuntza-sistema osoaren ebaluazioa, sistemaren programazioari eta antolamenduari eta irakasteko eta ikasteko prozesuei zein horien emaitzei dagokienez.

o) Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetza hezkuntza-politiken definizioan, aplikazioan eta ebaluazioan.

p) Hezkuntza-administrazioen eta toki-korporazioen arteko lankidetza hezkuntza-politikaren plangintzan eta inplementazioan.

2. artikulua. Helburuak.

Espainiako hezkuntza-sistema honako helburu hauek lortzera bideratuko da:

a) Ikasleen nortasuna eta gaitasunak erabat garatzea.

b) Funtsezko eskubideekiko eta askatasunekiko errespetuan, gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasunean eta aukera-berdintasunean, eta ezgaitasunak dituzten pertsonen tratu-berdintasunean eta diskriminaziorik ezan heztea.

c) Tolerantzian eta askatasunean (elkarbizitzarako printzipio demokratikoen barruan), eta gatazken prebentzioan eta konponbide baketsuan heztea.

d) Norberaren erantzukizunean eta meritu eta ahalegin pertsonalean heztea.

e) Bakerako, giza eskubideekiko errespeturako, elkarbizitzarako, gizarte-kohesiorako, lankidetzarako eta herrien arteko elkartasunerako prestatzea, eta izaki biziekiko eta ingurumenarekiko eta, bereziki, basoekiko eta garapen iraunkorrarekiko errespetua bultzatuko duten balioak eskuratzea.

f) Ikasleek beren ikaskuntza erregulatzeko, beren gaitasunetan eta jakintzetan konfiantza izateko eta sormena, ekimen pertsonala eta espiritu ekintzailea garatzeko duten gaitasuna garatzea.

g) Espainiako hizkuntza- eta kultura-aniztasuna eta kulturartekotasuna errespetatzeko eta onartzeko prestakuntza ematea ikasleei, gizartea aberasten duten elementuak baitira.

h) Ohitura intelektualak, lan-teknikak eta jakintza zientifikoak, teknikoak, humanistikoak, historikoak eta artistikoak eskuratzea, eta ohitura osasungarriak, ariketa fisikoa eta kirola garatzea.

i) Lanbide-jarduerak egiteko trebatzea.

j) Hizkuntza ofizialean eta koofizialean (baldin badago) eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan komunikatzeko trebatzea.

k) Herritartasuna gauzatzeko eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartzeko prestatzea, jarrera kritikoarekin eta arduratsuarekin, eta jakintzaren gizartearen egoera aldakorretara egokitzeko gaitasunarekin.

Botere publikoek lehentasunezko arreta eskainiko diete irakaskuntzaren kalitatea eta, bereziki, honako hauek bultzatzen dituzten faktoreei: irakasleen kualifikazioa eta prestakuntza, irakasleen talde-lana, hezkuntza-baliabideen zuzkidura, hezkuntza-arloko ikerketa, esperimentazioa eta berrikuntza, irakurketaren sustapena eta liburutegien erabilera, pedagogiarako, antolamendurako eta kudeaketarako autonomia, zuzendaritza-lana, hezkuntza-orientabidea eta lanbide-orientabidea, hezkuntza-ikuskaritza eta ebaluazioa.

II. KAPITULUA

Irakaskuntzen antolamendua eta bizitza osoko ikaskuntza

3. artikulua.- Irakaskuntzak.

Hezkuntza-sistema zenbait etapatan, ziklotan, gradutan, kurtsotan eta mailatan antolatuta dago, batetik besterako eta, hala badagokio, bakoitzaren barruko trantsizioa ziurtatzeko.

Hezkuntza-sistemak honako irakaskuntza hauek eskaintzen ditu:

a) Haur-hezkuntza.

b) Lehen hezkuntza.

c) Derrigorrezko bigarren hezkuntza.

d) Batxilergoa.

e) Lanbide-heziketa.

f) Hizkuntzen irakaskuntzak.

g) Arte-irakaskuntzak.

h) Kirol-irakaskuntzak.

i) Helduen hezkuntza.

j) Unibertsitateko irakaskuntza.

Lehen hezkuntzak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzak oinarrizko hezkuntza osatzen dute.

Bigarren hezkuntza derrigorrezko bigarren hezkuntzak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondokoak osatzen dute.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondokoak honako hauek hartzen ditu barnean: batxilergoa, erdi-mailako lanbide-heziketa, arte plastikoetako eta diseinuko erdi-mailako lanbide-irakaskuntzak eta erdi-mailako kirol-irakaskuntzak.

Unibertsitateko irakaskuntzek, goi-mailako arte-irakaskuntzek, goi-mailako lanbide-heziketak, arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako lanbide-irakaskuntzek eta goi-mailako kirol-irakaskuntzek goi-mailako hezkuntza osatzen dute.

Hizkuntzen irakaskuntzak, arte-irakaskuntzak eta kirol-irakaskuntzak erregimen bereziko irakaskuntzatzat hartuko dira.

Unibertsitateko irakaskuntza berariazko arauei lotuta dago.

Bigarren paragrafoan aipatutako irakaskuntzak hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleen egoerara egokituko dira.

Egokitze horren bidez, hezkuntza-sisteman sartzeko, irauteko eta aurrera egiteko aukera bermatuko zaie ikasleei.

Ikastetxera erregulartasunez joan ezin direnen hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, urrutiko hezkuntzako edo, hala badagokio, berariazko hezkuntza-laguntzako eta hezkuntza-arretako eskaintza egokia garatuko da.

4. artikulua. Oinarrizko irakaskuntza.

Lege honen 3.3 artikuluan aipatutako oinarrizko irakaskuntza nahitaezkoa eta doakoa da pertsona guztientzat.

Oinarrizko irakaskuntzak hamar urteko eskolatzea hartzen du barnean, eta, oro har, sei urteko adinetik hamaseiko adinera bitartean garatzen da.

Dena den, hemezortzi urteko adinera arte (urteak ikasturtea amaitzen den urtean beteta) oinarrizko irakaskuntza erregimen arruntean egiteko eskubidea izango dute ikasleek, Lege honetan ezarritako baldintzetan.

Aniztasunerako arreta funtsezko printzipio gisa ezarriko da, oinarrizko irakaskuntza osoan ikasleei hezkuntza komuna emango zaiela bermatuta egongo den arren.

Aniztasun horrek eskatzen duenean, bidezkoak diren antolamendu-neurriak eta curriculum-neurriak hartuko dira, Lege honetan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua. Bizitza osoko ikaskuntza.

Herritar guztiek izan behar dute hezkuntza-sistemaren barruan eta kanpoan bizitza osoan prestatzeko aukera, garapen pertsonalerako eta profesionalerako ahalmenak, jakintzak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaldu ditzaten.

Etengabeko hezkuntzarako bidea ematea hezkuntza-sistemaren oinarrizko printzipioetako bat da.

Horretarako, ikasleak beren kabuz ikasteko prestatu behar ditu eta irakaskuntzak egiteko aukera erraztu behar die pertsona helduei. Ildo horretan, ikasteko prozesua eta beste ardura eta jarduera batzuk uztartzeko aukera bultzatu behar du.

Ikaskuntzarako sarbide unibertsala eta etengabea bermatzeko, gaitasun berriak identifikatuko dituzte eta horiek eskuratzeko prestakuntza erraztuko dute herri-administrazioek.

Halaber, herri-administrazioei dagokie hezkuntza-sistema titulaziorik lortu gabe utzi zuten gazteei eta helduei oinarrizko gaitasunak eta horiei dagozkien titulazioak eskuratzeko aukera emango dieten ikasteko eskaintza malguak sustatzea.

Herritar guztiek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ondokoan edo baliokidean prestakuntza lortzeko aukera erraztu behar du hezkuntza-sistemak, eta horixe bera sustatu behar dute herri-administrazioek.

Herri-administrazioei dagokie etengabeko ikaskuntzarako eskaintzei eta horiek lortzeko aukerei buruzko informazioa eta orientabidea eskuratzeko aukera ematea.

III. KAPITULUA

Curriculuma

6. artikulua. Curriculuma.

Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Lege honetan bertan araututako irakaskuntza bakoitzaren helburuen, oinarrizko gaitasunen, edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio-irizpideen multzoa hartzen da curriculumtzat.

Prestakuntza komuna ziurtatzeko eta tituluen baliozkotasuna bermatzeko, Gobernuak, helburuei, oinarrizko gaitasunei, edukiei eta ebaluazio-irizpideei dagokienez, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren Lehen Xedapen Gehigarriko 2. paragrafoaren c) letran aipatutako gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituzten curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatuko ditu.

Oinarrizko irakaskuntzen oinarrizko edukiek eskola-ordutegien ehuneko 55 beteko dute hizkuntza koofiziala duten autonomia-erkidegoetan, eta ehuneko 65 hizkuntza koofizialik ez dutenetan.

Hezkuntza-administrazioek Lege honetan araututako irakaskuntza guztien curriculuma ezarriko dute, aurreko paragrafoetan adierazitako oinarrizko alderdiak barnean hartuta.

Ikastetxeek, beren autonomia erabilita, hala dagokionean, etapa eta ziklo guztien curriculuma garatu eta osatuko dute, Lege honen V. tituluko II. kapituluan jasota dagoen bezala.

Lege honetan araututako irakaskuntzei dagozkien tituluak hezkuntza-administrazioek emango dituzte eta Estatuak homologatuko ditu, indarrean dagoen legerian eta horretarako ematen diren oinarrizko eta berariazko arauetan aurreikusitako baldintzetan.

Hezkuntza-arloko nazioarteko lankidetzaren esparruan, Espainiako hezkuntza-sistemaren eta beste hezkuntza-sistema batzuen irakaskuntzen curriculum mistoak ezarri ahal izango ditu Gobernuak hurrenez hurreneko tituluak lortzeko, artikulu honen 4. paragrafoan ezarritakoari jarraiki.

IV. KAPITULUA

Hezkuntza-administrazioen arteko lankidetza

7. artikulua. Hezkuntza-politiken ituna.

Hezkuntza-administrazioek irizpide eta helburu komunen ezarpena itundu ahal izango dute, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko eta ekitatea bermatzeko.

Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak akordio horiek sustatuko ditu eta hartzen dituen akordio guztien berri jasoko du.

8. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza.

Hezkuntza-administrazioek eta toki-korporazioek beren jardunak koordinatuko dituzte (bakoitzak bere eskumenen eremuan), hezkuntzarako baliabideen eraginkortasun handiagoa lortzeko eta Lege honetan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko.

Administrazioek edo beste erakunde publiko batzuek derrigorrez eskolatzeko adinean dauden pertsonei zuzenduta egiten dituzten hezkuntza-eskaintzak, eta hezkuntza-helburuak edo haurren eta gazteen hezkuntzan ondorioak dituzten jardunak hezkuntza-arloko bidezko administrazioarekin koordinatuta egin beharko dira.

Autonomia-erkidegoek hezkuntza-zerbitzu jakin batzuk kudeatzeko eskumenak udalerrien edo horretarako eratzen diren udalerri-taldeen esku uztea erabaki ahal izango dute, baliabideen erabileran eraginkortasun, koordinazio eta gizarte-kontrol handiagoa lortzeko.

9. artikulua. Lurralde-lankidetzarako programak.

Estatuak lurralde-lankidetzarako programak sustatuko ditu hezkuntza-helburu orokorrak lortzeko, ikasleen oinarrizko gaitasunak sendotzeko, autonomia-erkidegoen kultura-aniztasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren ezagutza eta horienganako estimazioa bultzatzeko, eta desberdintasunen konpentsazioan lurralde-oreka eta lurraldeen arteko elkartasuna lortzen laguntzeko.

Artikulu honetan aipatutako programak hezkuntza-administrazio eskudunen arteko hitzarmenen edo akordioen bidez gauzatu ahal izango dira.

10. artikulua. Informazioaren zabalkundea.

Hezkuntza-administrazioei dagokie hezkuntzaren kalitatea hobetzen laguntzeko informazioaren elkartrukea, eta ikastetxeen hezkuntza-praktika edo kudeaketa-praktika egokien zabalkundea bultzatzea.

Hezkuntza-administrazioek Estatuak egin beharreko hezkuntza-estatistika nazionalak eta nazioartekoak lantzeko beharrezkoak diren datuak emango dituzte. Estatistika horiek lagungarriak dira hezkuntza-sistemaren kudeaketa, plangintza, jarraipena eta ebaluazioa, eta hezkuntza-arloko ikerketa egiteko.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, hezkuntzaren eta hezkuntza-ikerketaren gardentasuna eta kudeaketa egokia errazten laguntzen duten datuak eta adierazleak argitara emango dituzte.

11. artikulua. Hezkuntza-eskaintza eta hezkuntza-baliabideak.

Ikasle guztiek, bizi diren tokia edozein izanik ere, nahi dituzten hezkuntza-aukerak egiten laguntzera zuzendutako ekintzak sustatuko ditu Estatuak, kasu bakoitzean ezarritako baldintza akademikoei jarraiki.

Hezkuntza-administrazioek, lankidetza-printzipioa aplikatuta, eskaintza urriko irakaskuntzak egiteko eta eremu mugakideetako ikastetxeetara joateko aukera eman behar diete hezkuntza-eskaintza hori hurbileko edo beren autonomia-erkidegoko zentroetan ez duten ikasleei.

Horretarako, zirkunstantzia hori kontuan hartuko da ikasleak onartzeko prozeduretan.

Helburu berarekin, eta lankidetza-printzipioa aplikatuta, hezkuntza-administrazioek beren hezkuntza-balioko instalazioak eta baliabideak erabiltzeko aukera eman behar diete beste autonomia-erkidego batzuetako ikasleei eta irakasleei.

I. TITULUA

Irakaskuntzak eta horien antolamendua

I. KAPITULUA

Haur Hezkuntza

12. artikulua. Printzipio orokorrak.

Haurrak jaiotzen direnetik sei urte bete arte hartzen dituen hezkuntza-etapa da haur-hezkuntza.

Haur-hezkuntza borondatezkoa da eta haurren garapen fisikoan, afektiboan, sozialean eta intelektualean laguntzea du helburu.

Etapa horretan gurasoek edo tutoreek duten funtsezko erantzukizuna errespetatzeko, haur-hezkuntzako ikastetxeek haiekin lankidetzan jardungo dute hertsiki.

13. artikulua. Helburuak.

Haur-hezkuntzak haurrengan honako gaitasun hauek garatzen lagunduko du:

a) Norberaren eta besteen gorputza eta gorputzak ematen dituen aukerak ezagutzea eta desberdintasunak errespetatzen ikastea.

b) Familia-ingurunea, ingurune naturala eta gizarte-ingurunea behatzea eta miatzea.

c) Ohiko jardueretan pixkanaka autonomia hartzea.

d) Gaitasun afektiboak garatzea.

e) Gainerakoekin harremanak izatea eta pixkanaka elkarbizitzarako eta gizarte-harremanetarako funtsezko jarraibideak hartzea, eta gatazkak era baketsuan konpontzen trebatzea.

f) Zenbait lengoaiatan eta adierazpidetan komunikazio-trebetasunak garatzea.

g) Trebetasun logiko-matematikoak eta irakurketa-idazketa ikasten hastea, eta mugimendua, keinua eta erritmua lantzen hastea.

14. artikulua. Antolamendua eta printzipio pedagogikoak.

Haur-hezkuntzako etapa bi ziklotan antolatuta dago.

Lehena hiru urteko adinera bitartekoa da, eta bigarrena hiru urtetik seira bitartekoa.

Ziklo bakoitzaren hezkuntza-izaera proposamen pedagogiko batean jasoko dute ikastetxeek.

Haur-hezkuntzaren bi zikloetan, honako hauek landuko dira pixkanaka: garapen afektiboa, mugimendua eta gorputzaren kontrol-ohiturak, komunikazioaren eta lengoaiaren adierazpenak, elkarbizitzarako eta gizarte-harremanetarako funtsezko jarraibideak, eta ikasleen ingurunearen ezaugarri fisikoen eta sozialen aurkikuntza.

Gainera, haurrak bere buruaren irudi positiboa lantzea eta autonomia pertsonala eskuratzea bultzatuko da.

Haurren esperientziaren eta garapenaren berezko eremuei dagozkien arloetan antolatuko dira haur-hezkuntzako hezkuntza-edukiak, eta haurrentzat interesa eta esanahia duten jarduera globalizatuen bidez landuko dira.

Hezkuntza-administrazioek atzerriko hizkuntzarako lehen hurbilketa sustatu beharko dute haur-hezkuntzaren bigarren zikloko ikaskuntzetan, azken urtean bereziki.

Halaber, irakurketarako eta idazketarako lehen hurbilketa, eta oinarrizko zenbaki-trebetasunak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta irudi- nahiz musika-espresioak goiz ikasten hasteko esperientziak sustatuko dituzte.

Bi zikloetan, lan-metodoak esperientzietan, jardueretan eta jokoetan oinarrituko dira, eta afektibitatezko eta konfiantzazko giroan aplikatuko dira, autoestimua eta gizarteratzea indartzeko.

Hezkuntza-administrazioek haur-hezkuntzaren lehen zikloko hezkuntza-edukiak zehaztuko dituzte, kapitulu honetan aurreikusitakoari jarraiki.

Halaber, ziklo hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak arautuko dituzte. Baldintza horiek, nolanahi ere, ikasleen eta irakasleen arteko zenbaki-erlazioari, instalazioei eta eskola-postuen kopuruari lotuta egongo dira.

15. artikulua. Plaza-eskaintza eta doakotasuna.

Herri-administrazio publikoek lehen zikloko plaza publikoen eskaintza pixkanaka gehitzea sustatuko dute.

Era berean, haien arteko eta beste erakunde batzuekiko lankidetzarako politikak koordinatuko dituzte, ziklo horretan hezkuntza-eskaintza bermatzeko.

Horretarako, toki-korporazioekin, beste administrazio batzuekin eta irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuekin hitzarmenak egin ahal izateko baldintzak zehaztuko dituzte.

Haur-hezkuntzaren bigarren zikloa doakoa izango da.

Familien eskariei erantzuteko, hezkuntza-administrazioek nahikoa izango den plaza-eskaintza bermatuko dute ikastetxe publikoetan, eta plaza kopurua itunduko dute ikastetxe pribatuekin, haien hezkuntza-programazioaren testuinguruan.

Ikastetxeek haur-hezkuntzaren lehen zikloa, bigarrena edo biak eskaini ahal izango dituzte.

Hezkuntza-administrazioek ezartzen dutenari jarraiki, ziklo osoa edo zati bat ematen duten ikastetxeetan eskaini ahal izango da haur-hezkuntzaren lehen zikloa.

Ziklo horren gutxienez urte oso bat eskaintzen duten ikastetxeek 14. artikuluaren 2. paragrafoan adierazitako proposamen pedagogikoa jaso beharko dute beren heziketa-proiektuan, eta langile kualifikatuak izan beharko dituzte, 92. artikuluan jasotako baldintzei jarraiki.

II. KAPITULUA

Lehen Hezkuntza

16. artikulua. Printzipio orokorrak.

Lehen hezkuntza sei ikasturte dituen hezkuntza-etapa da; sei urteko adinetik hamabi urteko adinera bitartean eman ohi da.

Lehen hezkuntzaren helburua honako hau da: haur guztiei beren garapen pertsonala eta ongizatea finkatzeko, ahozko adierazpenaren eta ahozkoaren ulermenaren, irakurketaren, idazketaren eta kalkuluaren inguruko oinarrizko kultura-trebetasunak eskuratzeko, eta gizarte-trebetasunak, lan-ohiturak eta ikasketa-ohiturak, sen artistikoa, sormena eta afektibitatea garatzeko aukera emango dien hezkuntza ematea.

Etapa honetan, hezkuntza-jardueraren bidez ikasleen esperientziak eta ikaskuntzak bateratzeko ahalegina egingo da, eta hezkuntza-jarduera hori ikasleen lan-erritmoetara egokituko da.

17. artikulua. Lehen hezkuntzaren helburuak.

Lehen hezkuntzak haurrengan honako gaitasun hauek garatzen lagunduko du:

a) Elkarbizitzaren balioak eta arauak ezagutzea eta estimatzea, haiei jarraiki jokatzen ikastea, herritartasuna aktiboki gauzatzeko prestatzea eta giza eskubideak eta gizarte demokratiko baten berezko aniztasuna errespetatzea.

b) Honako hauek garatzea: bakarkako lanerako eta talde-lanerako ohiturak, ikasteko ahaleginerako eta ardurarako ohiturak, eta beren buruarenganako konfiantzazko jarrerak, zentzu kritikoa, ekimen pertsonala, jakin-mina, interesa eta sormena ikaskuntzan.

c) Gatazkei aurrea hartzeko eta era baketsuan konpontzeko trebetasunak eskuratzea, familian, etxean eta beren harremanen munduko gizarte-taldeetan autonomiaz moldatzeko.

d) Kultura desberdinak, pertsonen arteko desberdintasunak, emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasuna eta aukera-berdintasuna, eta ezgaitasunak dituzten pertsonen diskriminaziorik eza ezagutzea, ulertzea eta errespetatzea.

e) Gaztelania eta autonomia-erkidegoko hizkuntza koofiziala (baldin badago) behar bezala ezagutzea eta erabiltzea, eta irakurtzeko ohiturak garatzea.

f) Gutxienez atzerriko hizkuntza batean mezu sinpleak adierazteko eta ulertzeko eta eguneroko egoeretan moldatzeko oinarrizko komunikazio-gaitasuna eskuratzea.

g) Oinarrizko gaitasun matematikoak garatzea, oinarrizko kalkulu-eragiketak, jakintza geometrikoak eta zenbatespenak eskatzen dituzten problemak ebazten hastea, eta horiek eguneroko bizitzaren egoeretan aplikatzeko gai izatea.

h) Ingurune naturala, soziala eta kulturala, eta ingurune hori zaintzeko eta bertan jarduteko aukerak ezagutzea eta balioestea.

i) Ikasteko informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen hastea eta jasotzen eta lantzen dituzten mezuen aurrean espiritu kritikoa garatzea.

j) Era askotako arte-adierazpenak eta -espresioak erabiltzea eta irudi-proposamenak eraikitzen hastea.

k) Higienea eta osasuna balioestea, norberaren eta besteen gorputza onartzea, desberdintasunak errespetatzea, eta gorputz-hezkuntza eta kirola garapen pertsonala eta soziala bultzatzeko baliabide gisa erabiltzea.

l) Gizakiarengandik hurbilen dauden abereak ezagutzea eta balioestea, eta horiek zaintzeko portaerak hartzea.

m) Gaitasun afektiboak nortasunaren eremu guztietan eta besteekiko harremanetan garatzea, eta indarkeriaren, mota orotako aurreiritzien eta estereotipo sexisten aurkako jarrera hartzea.

n) Bide-hezkuntza sustatzea eta errespetuzko jarrera eta jokabideak bultzatzea, trafiko-istripuei aurre hartzen ikasteko.

18. artikulua. Antolamendua.

Lehen hezkuntzak bi ikasturteko hiru ziklo hartzen ditu barnean. Izaera orokorra eta integratzailea duten hainbat arlotan antolatuta dago.

Hezkuntza-etapa horren arloak honako hauek dira:

Ingurune naturalaren, sozialaren eta kulturalaren ezagutza.

Arte-hezkuntza.

Gorputz-hezkuntza.

Gaztelania eta literatura eta, baldin badago, hizkuntza koofiziala eta literatura.

Atzerriko hizkuntza.

Matematika.

Etaparen hirugarren zikloko ikasturte batean, aurreko paragrafoan adierazitako arloei herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza gaineratuko zaie. Arlo horretan, arreta berezia eskainiko zaio emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari.

Etaparen hirugarren zikloan, hezkuntza-administrazioek atzerriko bigarren hizkuntza gaineratu ahal izango dute.

Beste jakintza batzuk eskuratzeko izaera instrumentala duten arloak bereziki hartuko dira kontuan.

Tutoretza-lanak, etapa osoan barrena, bideratu eta lagundu egingo du ikasleen heziketa-prozesua, norbanakoa zein taldekakoa.

19. artikulua. Printzipio pedagogikoak.

Etapa honetan, honako alderdi hauek azpimarratuko dira bereziki: ikasleen aniztasunarekiko arreta, arreta indibidualizatua, ikasteko zailtasunen prebentzioa, eta mekanismo indargarriak praktikan jartzea zailtasun horiek agertu bezain laster.

Irakurriaren ulermena, ahozko eta idatzizko adierazpena, ikus-entzunezko komunikazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta balioetan oinarritutako hezkuntza arlo guztietan landuko dira, etaparen zenbait arlotan berariazko tratamendua emateko aukera aparte utzi gabe.

Irakurtzeko ohitura sustatzeko, egunero denbora-tarte bat eskainiko zaio.

20. artikulua. Ebaluazioa.

Ikasleen ikasteko prozesuen ebaluazioa jarraitua eta orokorra izango da, eta ikasleek arlo guztietan egiten duten aurrerapena hartuko du kontuan.

Oinarrizko gaitasunak eta heldutasun-maila egokia lortu dituztela ikusten denean igaroko dira ikasleak hurrengo heziketa-ziklora edo etapara.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, arloen helbururen bat lortu ez duten ikasleak hurrengo ziklora edo etapara pasa ahal izango dira, betiere, zirkunstantzia horrek ikasturte berria probetxuz egitea eragozten ez badie.

Kasu horretan, adierazitako helburuak lortzeko beharrezkoak dituzten laguntzak jasoko dituzte.

Ikasle batek oinarrizko gaitasunak lortzen ez dituen kasuan, ziklo berean beste ikasturte bat egin ahal izango du.

Neurri hori behin baino ez da hartuko lehen hezkuntza osoan, oinarrizko gaitasunak indartzeko edo berreskuratzeko berariazko plan batekin.

Ikasleak prestatzeko prozesuaren jarraitutasuna bermatzeko, ikasle bakoitzak bere ikaskuntzari, lortutako helburuei eta eskuratutako oinarrizko gaitasunei buruzko txostena jasoko du etapa amaitzean, hezkuntza-administrazioek xedatzen dutenaren arabera.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, koordinatzeko bidezkoak diren mekanismoak ezarriko dituzte.

21. artikulua. Diagnostiko-ebaluazioa.

Lehen hezkuntzaren bigarren zikloa amaitzean, ikasleek lortutako oinarrizko gaitasunen diagnostiko-ebaluazioa egingo dute ikastetxe guztiek.

Ebaluazio hori hezkuntza-administrazioen eskumena izango da eta prestakuntzazkoa eta orientatzailea izango da ikastetxeentzat, eta informaziozkoa familientzat eta hezkuntza-komunitate osoarentzat.

Ebaluazio horren erreferentziazko esparrua Lege honen 144.1 artikuluan ezarritako diagnostiko-ebaluazio orokorrak izango dira.

III. KAPITULUA

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

22. artikulua. Printzipio orokorrak.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzak lau maila ditu, eta hamabi urteko adinetik hamasei urteko adinera bitartean eman ohi da.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzak honako helburu hauek ditu: ikasleek kulturaren oinarrizko elementuak eskura ditzaten lortzea (alderdi humanistikoari, artistikoari, zientifikoari eta teknologikoari dagokienez bereziki), ikasleengan ikasketarako eta lanerako ohiturak garatzea eta finkatzea, ikasleak ondorengo ikasketak egiteko eta laneratzeko prestatzea, eta bizitzan herritar gisa dituzten eskubideak eta betebeharrak gauzatzeko prestatzea.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzan, arreta berezia eskainiko zaio ikasleen hezkuntza- eta lanbide-orientabideari.

Derrigorrezko bigarren hezkuntza antolatzerakoan, hezkuntza komuna eta ikasleen aniztasuna errespetatzeko printzipioak izango dira oinarri.

Hezkuntza-administrazioei dagokie ikastetxeei, beren autonomia baliatuta, irakaskuntzak era malguan antolatzeko aukera emango dieten aniztasunarekiko arretarako antolamendu-neurriak eta curriculum-neurriak arautzea.

Aurreko paragrafoan jasotako neurrien artean daude, besteak beste, honako jardun hauek: curriculuma egokitzea, ikasgaiak arloka antolatzea, talde malguak sortzea, taldeak bikoiztea, aukerako gaien eskaintza egitea, eta, hezkuntzan laguntza izateko berariazko premia duten ikasleentzat, gaitasunak indartzeko eta ikasleak banan-banan tratatzeko programak ezartzea.

Laugarren eta bosgarren paragrafoetan xedatutakoaren esparruan, ikastetxeek autonomia izango dute taldeak eta jakintzagaiak era malguan antolatzeko eta ikasleen ezaugarrietara egokitutako aniztasunaren arretarako neurriak hartzeko.

Ikastetxeek aniztasunarekiko arretarako hartzen dituzten neurriak ikasle guztiek derrigorrezko bigarren hezkuntzaren helburuak lortzera bideratuta egongo dira, eta ezin izango dute, ezein kasutan, ikasleei helburu horiek eta dagozkien titulazioa lortzea eragotziko dien diskriminaziorik eragin.

23. artikulua. Helburuak.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzak ikasleengan honako gaitasun hauek garatzen lagunduko du:

a) Betebeharrak arduraz beren gain hartzea, besteekiko errespetuari dagokionez dituzten eskubideak ezagutzea eta gauzatzea, pertsonen eta taldeen arteko tolerantzia, lankidetza eta elkartasuna praktikan jartzea, elkarrizketan trebatzea giza eskubideak gizarte askotariko baten balio komun gisa finkatuta, eta herritartasun demokratikoan trebatzeko prestatzea.

b) Diziplinarako, ikasketarako eta bakarkako eta taldeko lanerako ohiturak garatzea eta finkatzea, ikasteko zereginak eraginkortasunez egiteko beharrezkoa den baldintza gisa eta garapen pertsonalerako baliabide gisa.

c) Sexuen desberdintasuna eta horien arteko eskubide-berdintasuna eta aukera-berdintasuna balioestea eta errespetatzea.

Gizonen eta emakumeen arteko diskriminazioa eragiten duten estereotipoak baztertzea.

d) Gaitasun afektiboak nortasunaren eremu guztietan eta besteekiko harremanetan sendotzea, indarkeria, mota orotako aurreiritziak eta estereotipo sexistak baztertzea eta gatazkak era baketsuan konpontzea.

e) Informazio-iturriak erabiltzean oinarrizko trebetasunak garatzea, zentzu kritikoarekin jakintza berriak eskuratzeko.

Teknologien esparruan (informazioaren eta komunikazioaren teknologien esparruan bereziki) oinarrizko prestaketa eskuratzea.

f) Ezagutza zientifikoa hainbat diziplinatan egituratutako jakintza bateratu gisa ulertzea eta jakintzaren eta esperientziaren alorretan agertzen diren arazoak identifikatzeko metodoak ezagutzea eta aplikatzea.

g) Espiritu ekintzailea eta bere buruarenganako konfiantza, parte-hartzea, zentzu kritikoa, ekimen pertsonala eta ikasten ikasteko, plangintza egiteko, erabakiak hartzeko eta erantzukizunak hartzeko gaitasuna garatzea.

h) Gaztelaniaz eta, baldin badago, autonomia-erkidegoko hizkuntza koofizialean, testu eta mezu konplexuak ahoz eta idatziz behar bezala ulertzea eta adieraztea, eta literatura ezagutzen, irakurtzen eta ikasten hastea.

i) Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan egokiro ulertzea eta hitz egitea.

j) Norberaren eta besteen kulturaren oinarrizko alderdiak, eta arte- eta kultura-ondarea ezagutzea, balioestea eta errespetatzea.

k) Norberaren eta besteen gorputzaren funtzionamendua ezagutzea eta onartzea, desberdintasunak errespetatzea, gorputzaren zaintzarako eta osasunerako ohiturak finkatzea, eta gorputz-hezkuntza eta kirola egitea garapen pertsonalerako eta sozialerako.

Sexualitatea gizakiaren barne-ikuspegia oinarri hartuta ezagutzea eta baloratzea.

Osasunari, kontsumoari, izakien zaintzari eta ingurumenari lotutako gizarte-ohiturak kritikoki balioestea, eta horiek kontserbatzen eta hobetzen laguntzea.

l) Sormen artistikoa estimatzea, arte-adierazpenen lengoaia ulertzea eta, horretarako, zenbait adierazpide eta irudikapen-bide erabiltzea.

24. artikulua. Lehen, bigarren eta hirugarren mailen antolamendua.

Etapako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako jakintzagaiak honako hauek izango dira:

Natura-zientziak.

Gorputz-hezkuntza.

Gizarte-zientziak, geografia eta historia.

Gaztelania eta literatura eta, baldin badago, hizkuntza koofiziala eta literatura.

Atzerriko hizkuntza.

Matematika.

Plastika- eta ikus-hezkuntza.

Musika.

Teknologiak.

Horrez gain, maila bakoitzean ikasle guztiek honako jakintzagai hauek izango dituzte:

Natura-zientziak.

Gorputz-hezkuntza.

Gizarte-zientziak, geografia eta historia.

Gaztelania eta literatura eta, baldin badago, hizkuntza koofiziala eta literatura.

Atzerriko hizkuntza.

Matematika.

Lehen hiru mailetako batean, ikasle guztiek herritartasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza izango dute. Jakintzagai horretan, arreta berezia eskainiko zaio emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari.

Hirugarren mailan, natura-zientzien jakintzagaia banatu ahal izango da: biologia eta geologia alde batetik, eta fisika eta kimika bestetik.

Gainera, hiru mailetan aukerako jakintzagairen bat ikasi ahal izango dute ikasleek.

Hautazkotasunaren eremu horretan, atzerriko bigarren hizkuntza eta kultura klasikoa sartu beharko dira jakintzagaien eskaintzan.

Hezkuntza-administrazioek atzerriko bigarren hizkuntza sartu ahal izango dute 1. paragrafoan adierazitako jakintzagaien artean.

Lehen eta bigarren mailetan, lehen hezkuntzaren azken zikloan baino bi jakintzagai gehiago ikasi ahal izango dituzte gehienez ikasleek.

Irakurriaren ulermena, ahozko eta idatzizko adierazpena, ikus-entzunezko komunikazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta balioetan oinarritutako hezkuntza arlo guztietan landuko dira, etaparen zenbait jakintzagaitan berariazko tratamendua emateko aukera aparte utzi gabe.

Ikastetxeek, hezkuntza-administrazioek arautzen dutenaren arabera, oinarrizko gaitasunak indartzeko programak antolatu ahal izango dituzte, 20.5 artikuluan adierazitako txostenari jarraiki bigarren hezkuntzako irakaskuntzei probetxu ateratzeko beharrezkoak dituzten ikasleentzat.

25. artikulua. Laugarren mailaren antolamendua.

Ikasle guztiek honako jakintzagai hauek ikasi beharko dituzte laugarren mailan:

Gorputz-hezkuntza.

Etika- eta gizarte-hezkuntza.

Gizarte-zientziak, geografia eta historia.

Gaztelania eta literatura eta, baldin badago, hizkuntza koofiziala eta literatura.

Matematika.

Atzerriko lehen hizkuntza.

Aurreko paragrafoan zerrendatutakoez gain, honako jakintzagai hauetako hiru ikasi beharko dituzte ikasleek:

Biologia eta geologia.

Plastika- eta ikus-hezkuntza.

Fisika eta kimika.

Informatika.

Latina.

Musika.

Atzerriko bigarren hizkuntza.

Teknologia.

Ikasleek aukerako jakintzagai bat edo gehiago ikasi ahal izango dituzte, hezkuntza-administrazioek ezartzen duten esparruari jarraiki.

Etika- eta gizarte-hezkuntzaren jakintzagaian, arreta berezia eskainiko zaio gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari.

Irakurriaren ulermena, ahozko eta idatzizko adierazpena, ikus-entzunezko komunikazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, eta balioetan oinarritutako hezkuntza arlo guztietan landuko dira, laugarren mailaren zenbait jakintzagaitan berariazko tratamendua emateko aukera aparte utzi gabe.

Laugarren maila orientatzailea izango da, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketak egiteko zein lan-munduan sartzeko.

Ikasleen aukera orientatzeko, jakintzagaiak taldekatu ahal izango dira zenbait aukeratan.

Ikastetxeek aurreko paragrafoetan adierazitako jakintzagai eta aukera guztiak eskaini beharko dituzte.

Jakintzagairen edo aukeraren baterako ikasleen kopurua nahikoa ez denean soilik mugatu ahal izango da ikasleen aukera, betiere, hezkuntza-administrazioek aldez aurretik ezarritako irizpide objektiboak abiapuntutzat hartuta.

26. artikulua. Printzipio pedagogikoak.

Aniztasunarekiko arreta eta ikasle guztiek hezkuntza komuna jasotzeko izan behar duten aukera kontuan hartuta landuko dituzte ikastetxeek etapa honetarako beren proposamen pedagogikoak.

Halaber, ikasleen ikasteko erritmo desberdinak kontuan hartuko dituzten, beren kabuz ikasteko gaitasuna bultzatuko duten eta talde-lana sustatuko duten metodoak hartuko dituzte.

Etapa honetan, arreta berezia eskainiko zaio oinarrizko gaitasunak eskuratzeari eta garatzeari, eta ahozko eta idatzizko adierazpen zuzena eta matematikaren erabilera sustatuko dira.

Irakurtzeko ohitura sustatzeko, denbora-tarte bat hartuko da horretarako jakintzagai guztien irakaskuntza-praktikan.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, behar bezalako kualifikazioa duten irakasleek etaparen lehen mailetan ikasle talde berari jakintzagai bat baino gehiago emateko baldintzak ezarriko dituzte.

Hezkuntza-administrazioek beharrezko diren neurriak sustatu beharko dituzte, ikasleen tutoretza pertsonala eta hezkuntza-orientabidea, orientabide psikopedagogikoa eta lanbide-orientabidea etaparen antolamenduaren funtsezko elementu izan daitezen.

Era berean, ikasteko zailtasun bereziak edo ikastetxeen jarduera arruntean txertatzeko zailtasunak dituzten ikasleei, adimen-gaitasun handia duten ikasleei edo ezgaitasunak dituzten ikasleei laguntzeko berariazko konponbideak arautu beharko dituzte hezkuntza-administrazioek.

27. artikulua. Curriculum desberdinak eratzeko programak.

Etaparen gutxieneko irakaskuntzen definizioan, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren hirugarren mailatik aurrera ikasleentzat curriculum desberdinak ezartzeko oinarrizko baldintzak sartuko dira, bidezko ebaluazioa egin ondoren.

Kasu horretan, etaparen helburuak berariazko metodologia batekin lortuko dira, eduki-antolamendu baten, jarduera praktikoen eta, hala badagokio, izaera orokorrarekin ezarritakoaz bestelako jakintzagaien bitartez.

Bigarren ikasturtea egin ondoren hirugarrenera igarotzerik ez duten eta bigarren hezkuntzan beste ikasturte bat errepikatu duten ikasleak curriculum desberdinak eratzeko programa batean sartu ahal izango dira, bidezko ebaluazioa egin ondoren.

Curriculum desberdinak eratzeko programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzera bideratuta egongo dira.

28. artikulua. Ebaluazioa eta mailaz igarotzea.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleen ikaskuntza-prozesuaren ebaluazioa etengabea izango da eta curriculumaren jakintzagaien arabera egongo da bereizita.

Ikasleak etaparen barruko maila batetik bestera igarotzeko erabakiak ikasleen irakasle guztien artean hartuko dira, ikasleek helburuak lortu dituzten kontuan hartuta.

Etaparen amaieran titulua lortu izanari buruzko erabakiak ere ikasleen irakasle guztien artean hartuko dira, ikasleek oinarrizko gaitasunak eta etaparen helburuak lortu dituzten kontuan hartuta.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, ikasitako jakintzagaien helburuak gainditzen dituztenean edo gehienez ere bi jakintzagaitan ebaluazio negatiboa dutenean igaroko dira ikasleak maila batetik bestera; hiru jakintzagaitan edo gehiagotan ebaluazio negatiboa dutenean, aldiz, ikasturtea errepikatu egingo dute.

Salbuespen gisa, hiru jakintzagaitan ebaluazio negatiboa duen ikasle bat hurrengo mailara igarotzeko aukera baimendu ahal izango da, betiere, irakasle taldearen ustez jakintzagai horien izaera dela-eta ikasleak hurrengo ikasturtea arrakastaz egiteko arazorik ez badu, jakintzagaiak errekuperatzeko aukera egokiak baditu eta hurrengo ikasturtera igarotzea ikaslearen bilakaera akademikoaren onerako bada.

Hezkuntza-administrazioek arautuko dituzte ebaluazioaz arduratutako irakasle taldearen jardunak.

Ikasleei ebaluazio negatiboko jakintzagaiak errekuperatzeko aukera errazteko, ikastetxeek bidezkoak diren aparteko probak eurek finkatzen dituzten baldintzetan antolatzeko baldintzak arautuko dituzte hezkuntza-administrazioek.

Jakintzagai guztiak gainditu gabe hurrengo ikasturtera igarotzen direnek irakasle taldeak gaitasunak indartzeko ezartzen dituen programak egin, eta indartzeko programa horiei dagozkien ebaluazioak gainditu beharko dituzte.

Zirkunstantzia hori kontuan hartuko da, aurreko paragrafoetan adierazi bezala, ikasturtez igarotzeko eta titulazioa jasotzeko orduan.

Ikasleak behin bakarrik errepikatu ahal izango du ikasturte bera, eta gehienez bi ikasturte errepikatu ahal izango ditu etaparen barruan.

Ikasleak bigarren aldiz errepikatu behar duenean, ikasturtea etaparen azkena bada urtebetean luzatuko da 4. artikuluaren 2. paragrafoan adierazitako adin-muga.

Salbuespen gisa, ikasle batek bi aldiz errepikatu ahal izango du laugarren ikasturtea, betiere, etaparen aurreko ikasturterik errepikatu ez badu.

Errepikapenen plangintza egitean, nolanahi ere, kontuan izango da curriculum-baldintzak ikasleen premietara egokituta eta agertutako zailtasunak gainditzera bideratuta egon behar dutela.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzako laugarren maila amaitzean Lege honen 31.1 artikuluan ezarritako titulazioa lortu ez duten ikasleek gainditu gabeko jakintzagaiei buruzko aparteko proba bat egin ahal izango dute.

Lege honen 27. artikuluan adierazitako curriculum desberdinak eratzeko programak egiten dituzten ikasleak etaparen helburuei eta programa bakoitzean finkatutako ebaluazio-irizpideei jarraiki ebaluatuko dira.

29. artikulua. Diagnostiko-ebaluazioa.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzako bigarren maila amaitzean, ikasleek lortutako oinarrizko gaitasunen diagnostiko-ebaluazioa egingo dute ikastetxe guztiek.

Ebaluazio hori hezkuntza-administrazioen eskumena izango da eta prestakuntzazkoa eta orientatzailea izango da ikastetxeentzat, eta informaziozkoa familientzat eta hezkuntza-komunitate osoarentzat.

Ebaluazio horren erreferentziazko esparrua Lege honen 144.1 artikuluan ezarritako diagnostiko-ebaluazio orokorrak izango dira.

30. artikulua. Hasierako lanbide-prestakuntzako programak.

Hezkuntza-administrazioek hasierako lanbide-prestakuntzako programak antolatu beharko dituzte derrigorrezko bigarren hezkuntzako graduatu-titulua lortu ez duten hamasei urtetik gorako ikasleentzat (urteak programa hasten den urteko abenduaren 31 baino lehen betetzen dituztenean).

Salbuespen gisa, eta ikasleen eta gurasoen edo tutoreen adostasunarekin, adin hori hamabost urtera jaitsi ahal izango da, betiere, 27.2 artikuluan aurreikusitakoa betetzen badute.

Kasu horretan, artikulu honen 3.c) paragrafoan adierazitako moduluak egiteko konpromisoa hartuko du ikasleak.

Hasierako lanbide-prestakuntzako programen helburua honako hau da: ikasle guztiek Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Legearen bidez sortutako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren egungo egituran lehen maila duen kualifikazio baten berezko lanbide-gaitasunak lortzea, lan-munduan eta gizartean txertatzeko aukera ona izatea eta beste irakaskuntza batzuetan ikasten jarraitzeko oinarrizko gaitasunak zabaltzea.

Hasierako lanbide-prestakuntzako programek hiru modulu mota izango dituzte:

a) Adierazitako Katalogoan lehen maila duten kualifikazioei dagozkien gaitasun-atalei buruzko berariazko moduluak.

b) Oinarrizko gaitasunak zabalduko dituzten eta hezkuntza-sistematik lan-mundurako urratsa erraztuko duten prestakuntza-modulu orokorrak.

c) Ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzera bideratuko dituzten borondatezko moduluak; aurreko a) eta b) paragrafoetan adierazitako moduluekin batera edo horiek gainditu ondoren egin ahal izango dira.

Programa horien derrigorrezko moduluak gainditzen dituzten ikasleek hezkuntza-administrazioek egindako ikasketen ziurtagiria jasoko dute.

Lanbide Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren arabera eskuratutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeko ondorioak izango ditu ziurtagiri horrek.

Hasierako lanbide-prestakuntzako programen eskaintzak hainbat modalitate izango ditu.

Programa horietan ikastetxeek, toki-korporazioek, lanbide-elkarteek, gobernuz kanpoko erakundeek, enpresa-erakundeek eta sindikatuek hartu ahal izango dute parte, hezkuntza-administrazioen koordinaziopean.

Hezkuntza-administrazioei dagokie hasierako lanbide-prestakuntzako programak arautzea. Programa horiek, nolanahi ere, itunpeko ikastetxe pribatuetan eta ikastetxe publikoetan eskainiko dira, ikasleei programa horiek egiteko aukera emateko.

31. artikulua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua.

Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean oinarrizko gaitasunak eta etaparen helburuak lortu dituzten ikaslek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua jasoko dute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluak batxilergora, erdi-mailako lanbide-heziketara, arte plastikoetako eta diseinuko erdi-mailako zikloetara, erdi-mailako kirol-irakaskuntzetara eta lan-mundura joateko aukera emango du.

Derrigorrezko bigarren hezkuntza egiten duten eta graduatu-titulua lortzen ez duten ikasleek egindako urteak jasoko dituen eskola-ziurtagiria jasoko dute.

IV. KAPITULUA

Batxilergoa

32. artikulua. Printzipio orokorrak.

Batxilergoaren helburua honako hau da: ikasleei gizarte-funtzioak garatzeko eta bizitza aktiboan arduraz eta gaitasunaz txertatzeko aukera emango dieten prestakuntza, adimen-heldutasuna eta giza heldutasuna, jakintzak eta trebetasunak ematea.

Batxilergoak, halaber, goi-mailako hezkuntzan sartzeko gaitasuna emango die ikasleei.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua duten ikasleek egin ahal izango dituzte batxilergoko ikasketak.

Batxilergoak bi maila ditu. Hainbat modalitatetan garatuko da eta era malguan eta, hala badagokio, hainbat bidetan antolatuko da, ikasleei beren prestakuntza-aukerekin eta prestakuntza-interesekin bat etorriko den prestakuntza espezializatua eskaini ahal izan diezaien, edo amaitzean bizitza aktiboan sartzeko aukera eman diezaien.

Ikasleek lau urtean egin ahal izango dute batxilergoa erregimen arruntean.

Herri-administrazioek batxilergoko plaza publikoen eskaintza pixkanaka gehitzeko aukera sustatuko dute, hainbat modalitatetan eta bidetan.

33. artikulua. Helburuak.

Batxilergoak ikasleengan honako gaitasun hauek garatzen lagunduko du:

a) Herritartasun demokratikoa ikuspegi global batetik gauzatzea, eta Espainiako Konstituzioaren balioetan eta giza eskubideetan oinarrituta egongo den, eta gizarte justua eta zuzena eraikitzeko erantzukizun berdina sustatuko duen kontzientzia zibiko arduratsua eskuratzea.

b) Era arduratsuan eta autonomoan jarduteko eta espiritu kritikoa garatzeko heldutasun pertsonala eta soziala sendotzea.

Gatazka pertsonalei, familiakoei eta sozialei aurrea hartzea eta gatazka horiek era baketsuan konpontzea.

c) Emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasun eta aukera-berdintasun eraginkorra sustatzea, dauden desberdintasunak kritikoki aztertzea eta balioestea, eta ezgaitasunak dituzten pertsonen benetako berdintasuna eta diskriminaziorik eza bultzatzea.

d) Irakurtzeko, ikasteko eta diziplinazko ohiturak finkatzea, ikaskuntza eraginkortasunez aprobetxatzeko beharrezko baldintza gisa eta garapen pertsonalerako baliabide gisa.

e) Gaztelania eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoko hizkuntza koofiziala ahoz zein idatziz menderatzea.

f) Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan etorriarekin eta zuzen mintzatzea.

g) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gaitasunarekin eta erantzukizunarekin erabiltzea.

h) Gaur egungo munduaren errealitateak, aurrekari historikoak eta bilakaeraren faktore nagusiak ezagutzea eta kritikoki balioestea.

Gizarte-ingurunea garatzen eta hobetzen elkartasunez parte hartzea.

i) Funtsezko jakintza zientifikoak eta teknologikoak eskuratzea, eta aukeratutako modalitatearen berezko trebetasunak menderatzea.

j) Ikerketaren eta metodo zientifikoen funtsezko elementuak eta prozedurak ulertzea.

Zientziak eta teknologiak bizi-baldintzen aldaketan egindako ekarpena ezagutzea eta kritikoki balioestea, eta ingurumenarekiko sentsibilitatea eta errespetua sendotzea.

k) Espiritu ekintzailea sormenarekin, malgutasunarekin, ekimenarekin, talde-lanarekin, bere buruarenganako konfiantzarekin eta zentzu kritikoarekin sendotzea.

l) Arte- eta literatura-sentsibilitatea garatzea, kultura mailan prestatzeko eta aberasteko iturri gisa.

m) Gorputz-hezkuntza eta kirola garapen pertsonala eta soziala bultzatzeko erabiltzea.

n) Bide-segurtasunaren eremuan errespetua eta prebentzioa sendotzea.

34. artikulua. Antolamendua.

Batxilergoaren modalitateak honako hauek izango dira:

a) Arteak.

b) Zientziak eta teknologia.

c) Giza eta gizarte-zientziak.

Batxilergoa jakintzagai komunetan, modalitateko jakintzagaietan eta aukerako jakintzagaietan antolatuko da.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, modalitateen egitura, modalitate bakoitzaren berariazko jakintzagaiak eta ikasleek ikasi beharreko jakintzagai horien kopurua ezarriko ditu.

Ikasleek aukera egin ahal izango dute ezarrita dauden modalitateko jakintzagai guztien artean.

Modalitate bakoitza hainbat bidetan antolatu ahal izango da. Bide horiek ondorengo ikasketetan edo bizitza aktiboan sartzeko espezializazioa erraztuko diete ikasleei.

Ikastetxeek jakintzagai guztiak eta, hala badagokie, modalitate bakoitzaren barruko bide guztiak eskainiko dituzte.

Jakintzagairen edo bideren baterako ikasleen kopurua nahikoa ez denean soilik mugatu ahal izango da ikasleen aukera, betiere, hezkuntza-administrazioek aldez aurretik ezarritako irizpide objektiboen arabera.

Ikastetxe batean jakintzagaien eskaintza antolamendu-arrazoiengatik mugatuta dagoenean, jakintzagairen bat beste ikastetxe batzuetan edo urrutiko hezkuntzaren modalitatearen bidez egiteko aukera emango diete hezkuntza-administrazioek ikasleei.

Batxilergoaren jakintzagai komunak honako hauek izango dira:

Gaur egungo mundurako zientziak.

Gorputz-hezkuntza.

Filosofia eta herritartasuna.

Filosofiaren historia.

Espainiako historia.

Gaztelania eta literatura eta, baldin badago, hizkuntza koofiziala eta literatura.

Atzerriko hizkuntza.

Hezkuntza-administrazioei dagokie aukerako jakintzagaien antolamendua.

Ikastetxeek jakintzagai horien eskaintza zehaztuko dute beren heziketa-proiektuan.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, batxilergoko ikasketak eta erdi-mailako heziketa-zikloak aintzatesteko erregimena arautuko du gainditutako ikasketak kontuan har daitezen, nahiz eta titulazioa lortu ez.

35. artikulua. Printzipio pedagogikoak.

Batxilergoan, ikasleak bere kabuz ikasteko, taldean lan egiteko eta ikerketa-metodo egokiak aplikatzeko duen gaitasuna bultzatuko dute hezkuntza-jarduerek.

Jakintzagaietan irakurtzeko interesa eta ohitura, eta jendaurrean zuzen hitz egiteko gaitasuna piztuko duten jarduerak garatzeko beharrezkoak diren neurriak sustatuko dituzte hezkuntza-administrazioek.

36. artikulua. Ebaluazioa eta mailaz igarotzea.

Ikasleen ikaskuntza-prozesuaren ebaluazioa etengabea izango da eta jakintzagaien arabera bereizita egongo da.

Ikasturtea amaitzean, jakintzagai bakoitzeko irakasleak erabakiko du ikasleak jakintzagai horren helburuak gainditu dituen ala ez.

Ikasitako jakintzagaiak gainditzen dituztenean edo gehienez ere bi jakintzagaitan ebaluazio negatiboa dutenean igaroko dira ikasleak batxilergoko lehen mailatik bigarrenera.

Bigarren kasu horretan, ikasleek lehen ikasturtean gainditu gabeko jakintzagaietan matrikulatu beharko dute bigarren urtean.

Ikastetxeek errekuperazio-jarduerak eta gainditu gabe geratu diren jakintzagaien ebaluazioa antolatu beharko dituzte.

Ikasleek gainditu gabeko jakintzagaiei buruzko aparteko proba bat egin ahal izango dute, hezkuntza-administrazioek finkatutako egunetan.

37. artikulua. Batxiler-titulua.

Batxilergoa bere edozein modalitatetan ongi egiten duten ikasleek batxiler-titulua jasoko dute. Titulu horrek lanerako eta ikasketetarako ondorioak izango ditu.

Titulua lortzeko, ebaluazio positiboa lortu beharko da batxilergoaren bi mailetako jakintzagai guztietan.

Batxiler-tituluak ahalmena emango du 3.5 artikuluan ezarrita dauden goi-mailako hezkuntzako irakaskuntzak egiteko.

38. artikulua. Unibertsitaterako sarbide-proba.

Unibertsitate-ikasketak egin ahal izateko, batxilergoan lortutako kalifikazioekin batera batxilergoan eskuratutako jakintzak eta heldutasun akademikoa, eta unibertsitate-ikasketak arrakastarekin egiteko gaitasuna objektibotasunez balioetsiko dituen proba bat eta bakarra gainditu beharko da.

Batxiler-titulua duten ikasle guztiek (egindako modalitatea eta bidea edozein izanik ere) egin ahal izango dute unibertsitaterako sarbide-proba.

Proba horrek Espainiako unibertsitateen titulazioetarako sarbidea izateko balioa izango du.

Gobernuak unibertsitaterako sarbide-probaren oinarrizko ezaugarriak ezarriko ditu, autonomia-erkidegoei kontsulta egin eta Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluaren txostena jaso ondoren.

Proba horrek batxilergo-modalitateak eta ikasleek har ditzaketen bideak hartuko ditu kontuan, eta batxilergoko bigarren urteko jakintzagaiei buruzkoa izango da.

Hezkuntza-administrazioek eta unibertsitateek sarbide-proba antolatuko dute, eta proba batxilergoko curriculumera egokituta egongo dela eta unibertsitateak eta batxilergoa ematen duten ikastetxeak proba antolatzeko eta egiteko koordinatuko direla bermatuko dute.

Europar Batasuneko estatu kideetako edo Espainiarekin gai horretan elkarrekikotasun-erregimenean aplikatzeko moduko nazioarteko akordioak izenpetu dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza-sistemetan ikasi duten ikasleak sarbide-proba egin gabe joan ahal izango dira Espainiako unibertsitateetara, betiere, ikasle horiek beren hezkuntza-sistemetan unibertsitatera joateko eskatutako baldintza akademikoak betetzen badituzte.

Indarrean dagoen legeriari eta artikulu honen 1. paragrafoari jarraiki, unibertsitateei sarbide-proba gainditu duten ikasleek (aurreko ikasketak non egin dituzten kontuan hartu gabe) eta aurreko paragrafoan adierazitako egoeran dauden ikasleek plaza eskatzeko, matrikulatzeko eta aukeratzen duten unibertsitatean sartzeko prozedurak finkatzea ahalbidetuko dien oinarrizko araudia ezarriko du Gobernuak, Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluaren txostena jaso ondoren.

V. KAPITULUA

Lanbide-heziketa

39. artikulua. Printzipio orokorrak.

Lanbideak behar bezala betetzeko, enplegua lortzeko eta bizitza sozialean, kulturalean eta ekonomikoan aktiboki parte hartzeko trebatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa biltzen du lanbide-heziketak.

Hasierako lanbide-heziketaren berezko irakaskuntzak, langileak laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzak eta enpresetan etengabe prestatzera bideratutako ekintzak (lanbide-gaitasunak eskuratzeko eta etengabe eguneratzeko aukera ematen dutenak) hartzen ditu barnean.

Lege honetan bildutako arauak hezkuntza-sistemaren zati den hasierako lanbide-heziketari buruzkoak dira.

Hezkuntza-sistemaren barruan, lanbide-heziketaren helburua honako hau da: ikasleak lanbide-arlo batean jarduteko prestatzea, bizitzan gerta daitezkeen lan-aldaketetara egokitzeko prozesua erraztea, eta garapen pertsonala lortzen eta herritartasun demokratikoa gauzatzen laguntzea.

Hezkuntza-sistemaren barruan, lanbide-heziketak hainbat heziketa-ziklo ditu. Heziketa-ziklo horiek modulutan antolatuta daude, iraupen aldagarria dute eta lanbide-alorretara egokitutako eduki teoriko-praktikoak dituzte.

Heziketa-zikloak erdi-mailakoak eta goi-mailakoak izango dira, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta egongo dira eta, hurrenez hurren, erdi-mailako lanbide-heziketa eta goi-mailako lanbide-heziketa osatuko dute.

Irakaskuntza horien curriculuma Lanbide Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren eskakizunetara eta Lege honen 6.3 artikuluan ezarritakora egokituko da.

Lege honetan araututako lanbide-heziketako ikasketak Legean bertan araututako ikastetxeetan zein Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan adierazitako ikastetxe bateratuetan eta erreferentzia nazionalekoetan egin ahal izango dira.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak eta horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ezarriko ditu.

40. artikulua. Helburuak.

Hezkuntza-sistemaren barruko lanbide-heziketak honako gaitasun hauek eskuratzen lagunduko die ikasleei:

a) Egindako ikasketen xede den kualifikazioari (edo kualifikazioei) dagokion gaitasun orokorra garatzea.

b) Dagokion produkzio-sektorearen antolamendua eta ezaugarriak, eta lanbideratzeko mekanismoak ulertzea; lan-arloko legeria eta lan-harremanei lotutako eskubideak eta betebeharrak ezagutzea.

c) Beren kabuz ikastea eta taldean lan egitea, eta bizitza pertsonalaren, familiakoaren eta sozialaren eremu guztietan gatazken prebentzioan eta gatazka horien konponbide baketsuan prestatzea.

Lanbide-aukera guztiak eta aukera horiek gauzatzea ahalbidetuko dituen prestakuntza jasotzeko gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasun eraginkorra sustatzea.

d) Segurtasun-baldintzetan eta osasun-baldintzetan lan egitea, eta lanean ager daitezkeen arriskuei aurrea hartzea.

e) Etorkizuneko ikasketak egitera eta produkzio-prozesuen bilakaerara eta gizarte-aldaketetara egokitzera motibatuko duen lanbide-nortasuna garatzea.

f) Enpresa-jarduerak eta enpresa-ekimenak egiteko espiritu ekintzailea sendotzea.

41. artikulua. Sartzeko baldintzak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua dutenek egin ahal izango dute erdi-mailako lanbide-heziketa.

Batxiler-titulua dutenek egin ahal izango dute goi-mailako lanbide-heziketa.

Era berean, baldintza akademikoak betetzen ez dituzten, baina hezkuntza-administrazioek araututako sarbide-proba gainditzen duten pertsonek lanbide-heziketa egin ahal izango dute.

Bide horretatik erdi-mailako heziketa-zikloak egiteko, beharrezkoa izango da gutxienez hamazazpi urte izatea, eta goi-mailako heziketa-zikloak egiteko, berriz, gutxienez hemeretzi izatea (proba egiten den urtean beteak), edota hemezortzi, lortu nahi denarekin lotutako teknikari-titulu bat jaso izana egiaztatzen bada.

Aurreko paragrafoan adierazitako probek irakaskuntzak probetxuz egiteko nahikoak izango diren jakintzak eta trebetasunak egiaztatu beharko dituzte erdi-mailako lanbide-heziketaren kasuan, eta batxilergoaren helburuetan lortutako heldutasuna eta dagokion lanbide-arloari lotutako gaitasunak goi-mailako lanbide-heziketaren kasuan.

Hasierako lanbide-prestakuntzako programa bat gainditu dutenen, erdi-mailako heziketa-ziklo bat egin dutenen, egin nahi den heziketa-zikloari lotutako profesionaltasun-ziurtagiri bat dutenen edo lan-kualifikazio edo lan-esperientzia jakin bat egiaztatzen dutenen kasuan, hezkuntza-administrazioek bidezkoa den proba-zatiaren salbuespena arautu beharko dute.

Hasierako lanbide-prestakuntzako programa bat gainditu dutenek erdi-mailako lanbide-heziketan sartzeko, eta 44. artikuluaren 1. paragrafoan adierazitako teknikari-titulua dutenek goi-mailako lanbide-heziketan sartzeko probak prestatzera bideratutako ikastaroak programatu eta eskaini ahal izango dituzte hezkuntza-administrazioek.

42 artikulua. Eskaintzaren edukia eta antolamendua.

Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen eremuan eta toki-korporazioen eta eragile sozialen eta ekonomikoen lankidetzarekin, lanbide-heziketako irakaskuntzen eskaintza programatu beharko dute, Lege honetan aitortutako eskubideak errespetatuta.

Lanbide-heziketako irakaskuntzen curriculumak lantokietan prestakuntza praktikoa egiteko fase bat hartuko du barnean. Egindako lanbide-ikasketei lotutako lan-esperientzia egiaztatzen dutenak fase horretaz salbuetsita geratuko dira.

Adierazitako fasea eta salbuespena hezkuntza-administrazioek arautuko dituzte.

Lanbide-heziketak eduki zientifikoak, teknologikoak eta antolamenduzkoak bateratzea sustatuko du, eta ikasleek Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Prestakuntzari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarrita dauden arloei lotutako jakintzak eta gaitasunak eskuratzea bermatuko du.

43. artikulua. Ebaluazioa.

Heziketa-zikloetako ikasleen ikasteko prozesuaren ebaluazioa lanbide-moduluetan banatuta egingo da.

Heziketa-ziklo bat gainditzeko, beharrezkoa izango da zikloa osatzen duten modulu guztietan ebaluazio positiboa lortzea.

44. artikulua. Tituluak eta baliozkotzeak.

Erdi-mailako lanbide-heziketako irakaskuntzak gainditzen dituzten ikasleek dagokion lanbideko teknikari-titulua jasoko dute.

41.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki, teknikari-tituluak Batxilergoaren modalitate guztietan zuzenean sartzeko aukera emango die erdi-mailako lanbide-prestakuntza egin duten ikasleei.

Goi-mailako lanbide-heziketako irakaskuntzak gainditzen dituzten ikasleek goi-mailako teknikari-titulua jasoko dute.

Goi-mailako teknikari-tituluak Gobernuak finkatzen dituen unibertsitate-ikasketak egiteko aukera emango du, autonomia-erkidegoei kontsulta egin eta Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluaren txostena jaso ondoren.

Gobernuak, Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluari entzun ondoren, unibertsitate-ikasketen eta goi-mailako lanbide-heziketako ikasketen arteko baliozkotze-erregimena arautuko du.

Heziketa-ziklo bakoitzeko irakaskuntza guztiak gainditzen ez dituzten ikasleek gainditutako moduluen ziurtagiri akademikoa jasoko dute. Ziurtagiri horrek Lanbide Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren arabera eskuratutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeko ondorioak izango ditu (egiaztatze partziala eta metagarria).

VI. KAPITULUA

Arte-irakaskuntzak

45. artikulua. Printzipioak.

Arte-irakaskuntzen helburua honako hau da: ikasleei kalitateko arte-prestakuntza ematea eta musikako, dantzako, arte dramatikoko, arte plastikoetako eta diseinuko etorkizuneko profesionalen trebakuntza bermatzea.

Honako hauek dira arte-irakaskuntzak:

a) Musikaren eta dantzaren oinarrizko irakaskuntzak.

b) Arte-irakaskuntza profesionalak.

Musikaren eta dantzaren lanbide-irakaskuntzak, eta erdi-mailako eta goi-mailako arte plastikoak eta diseinua dira.

c) Goi-mailako arte-irakaskuntzak.

Honako hauek dira: musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak, arte dramatikoaren irakaskuntzak, kultura-ondasunak kontserbatzeko eta zaharberritzeko irakaskuntzak, diseinuko goi-mailako ikasketak eta arte plastikoetako goi-mailako ikasketak (hala nola zeramikako goi-mailako ikasketak eta beirako goi-mailako ikasketak).

Arte Irakaskuntzen Kontseilu Gorena sortu da, irakaskuntza horietarako organo aholku-emaile eta parte-hartzaile gisa.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, Kontseilu horren osaera eta funtzioak arautuko ditu.

46. artikulua.- Irakaskuntzen antolamendua.

Arte-irakaskuntza profesionalen curriculuma Lege honen 6. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez definituko da.

Goi-mailako arte-irakaskuntzen definizioa eta irakaskuntza horien ebaluazioa Espainiako goi-mailako hezkuntzaren antolamenduaren testuinguruan eta Europako esparruan egingo da, Arte Irakaskuntzen Kontseilu Gorenaren eta, hala badagokio, Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluaren parte-hartzearekin.

47. artikulua. Beste irakaskuntza batzuekiko bateragarritasuna.

Hezkuntza-administrazioek arte-irakaskuntza profesionalak eta bigarren hezkuntza aldi berean egiteko aukera emango dute.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa betetzeko, ikasketak antolatzeko bidezko neurriak hartu ahal izango dira, baliozkotzeak eta ikastetxe bateratuen sorkuntza, besteak beste.

Lehen atala. Musikaren eta dantzaren oinarrizko irakaskuntzak eta irakaskuntza profesionalak.

48. artikulua. Antolamendua.

Musikaren eta dantzaren oinarrizko irakaskuntzen ezaugarriak eta antolamendua hezkuntza-administrazioek finkatzen dituztenak izango dira.

Musikaren eta dantzaren lanbide-irakaskuntzak sei ikasturteko iraupena izango duen gradu batean antolatuko dira.

Ikasleak, salbuespen gisa eta irakasleek orientatu ondoren, ikasturte bat baino gehiagotan matrikulatu ahal izango dira, betiere, ikasteko gaitasunak horretarako aukera ematen badie.

Aurreko paragrafoetan ezarritakoa aparte utzi gabe, balio akademikoa edo profesionala duten tituluak lortzera bideratu gabeko musikako edo dantzako ikasketak egin ahal izango dira antolamendu eta egitura desberdineko berariazko eskoletan, adin-mugarik gabe.

Eskola horiek hezkuntza-administrazioek arautuko dituzte.

49. artikulua. Sartzeko baldintzak.

Musikaren eta dantzaren lanbide-irakaskuntzak egiteko, hezkuntza-administrazioek araututako eta antolatutako berariazko sarbide-proba bat gainditu beharko da.

Ikasturte bat aurrekoak gainditu gabe egiteko aukera ere izango da, betiere, ikasleak irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren jakintzak dituela egiaztatzen badu.

50. artikulua. Titulazioak.

Musikaren edo dantzaren lanbide-irakaskuntzak gainditzeak eskubidea emango du dagokion lanbide-titulua lortzeko.

Musikaren eta dantzaren lanbide-irakaskuntzak amaitzen dituzten ikasleek batxiler-titulua lortuko dute batxilergoko jakintzagai komunak gainditzen badituzte, nahiz eta arte-modalitateko batxilergoan musikako eta dantzako berariazko bidea egin ez.

Bigarren atala. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide-irakaskuntzak.

51. artikulua. Antolamendua.

Arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzak berariazko prestakuntzako zikloetan antolatuko dira, Lege honen I. tituluko V. kapituluan horretarako xedatutakoaren arabera, hurrengo artikuluetan ezarriko diren salbuespenekin.

Artikulu honetan aipatzen diren heziketa-zikloek enpresetan, estudioetan eta lantegietan prestakuntza praktikoa egiteko faseak hartuko dituzte barnean.

52. artikulua. Sartzeko baldintzak.

Arte plastikoetako eta diseinuko erdi-mailako irakaskuntzak egiteko, beharrezkoa izango da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua izatea eta, gainera, beharrezkoak diren gaitasunak egiaztatzea ere bai, berariazko proba bat gaindituta horretarako.

Batxiler-titulua duten eta irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren gaitasunak frogatzeko aukera emango duen proba bat gainditzen duten ikasleek egin ahal izango dituzte arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako irakaskuntzak.

Baldintza akademikoak betetzen ez dituzten, baina sarbide-proba bat gainditzen duten ikasleek ere egin ahal izango dituzte erdi-mailako zein goi-mailako irakaskuntza horiek.

Bide horretatik erdi-mailako heziketa-zikloak egiteko, beharrezkoa izango da gutxienez hamazazpi urte izatea, eta goi-mailako heziketa-zikloak egiteko, berriz, gutxienez hemeretzi izatea (proba egiten den urtean beteak), edota hemezortzi, lortu nahi denarekin lotutako teknikari-titulu bat jaso izana egiaztatzen bada.

Aurreko paragrafoan adierazitako probek irakaskuntzak probetxuz egiteko nahikoak izango diren jakintzak eta trebetasunak, eta artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako beharrezko gaitasunak egiaztatu beharko dituzte erdi-mailako irakaskuntzen kasuan.

Goi-mailako irakaskuntzen kasuan, berriz, batxilergoaren helburuetan lortutako heldutasuna eta artikulu honen bigarren paragrafoan adierazitako gaitasunak egiaztatu beharko dituzte.

Aurreko paragrafoetan aipatutako probak hezkuntza-administrazioek arautuko dituzte.

53. artikulua. Titulazioak.

Arte plastikoetako eta diseinuko erdi-mailako irakaskuntzak gainditzen dituzten ikasleek Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari-titulua jasoko dute, dagokion espezialitatean.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari-tituluak batxilergoko arte-modalitatea egiteko aukera emango du.

Arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako irakaskuntzak gainditzen dituzten ikasleek Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi-mailako teknikari-titulua jasoko dute, dagokion espezialitatean.

Gobernuak, Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluari entzun ondoren, unibertsitate-ikasketen eta arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako heziketa-zikloen arteko baliozkotze-erregimena arautuko du.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi-mailako teknikari-tituluak finkatzen diren goi-mailako ikasketak (unibertsitatekoak edo bestelakoak) egiteko aukera emango du, arte plastikoetako eta diseinuko ikasketekin duten lotura kontuan hartuta.

Hirugarren atala. Goi-mailako arte-irakaskuntzak.

54. artikulua. Musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak.

Musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak hainbat espezialitatetan antolatuko dira, eta ezaugarrien arabera iraupen aldagarria izango duen ziklo batekoak izango dira.

Musikako edo dantzako goi-mailako ikasketak egiteko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Batxiler-titulua izatea edo Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako sarbide-proba gaindituta izatea.

b) Hezkuntza-administrazioek araututako berariazko sarbide-proba bat gainditu izana. Proba horretan, irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren lanbide-jakintzak eta lanbide-trebetasunak dituela frogatuko du ikasleak.

Lanbide-titulua izatea kontuan hartuko da probaren azken kalifikazioan.

Musikako edo dantzako goi-mailako ikasketak amaitu dituzten ikasleek Musikako edo Dantzako goi-mailako titulua lortuko dute, dagokion espezialitatean. Titulu hori, ondorio guztietarako, unibertsitateko lizentziatu-tituluaren edo horren balio bereko gradu-tituluaren baliokidea izango da.

55. artikulua. Arte dramatikoaren irakaskuntzak.

Arte dramatikoaren irakaskuntzek goi-mailako gradu bakarra izango dute, irakaskuntza horien ezaugarrietara egokitutako iraupenarekin.

Arte dramatikoaren irakaskuntzak egiteko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Batxiler-titulua izatea edo Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako sarbide-proba gaindituta izatea.

b) Hezkuntza-administrazioek araututako berariazko proba bat gainditu izana. Proba horretan, irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren gaitasunak, jakintzak eta heldutasuna balioetsiko dira.

Arte dramatikoko ikasketak gainditu dituzten ikasleek Arte Dramatikoko goi-mailako titulua lortuko dute. Titulu hori, ondorio guztietarako, unibertsitateko lizentziatu-tituluaren edo horren balio bereko gradu-tituluaren baliokidea izango da.

56. artikulua. Kultura ondasunen kontserbazio- eta zaharberritze-irakaskuntzak.

Kultura-ondasunen kontserbazio- eta zaharberritze-irakaskuntzak egiteko, beharrezkoa izango da batxiler-titulua izatea eta hezkuntza-administrazioek araututako sarbide-proba bat gainditzea. Proba horretan, irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren gaitasunak, jakintzak eta heldutasuna balioetsiko dira.

Ikasketa horiek gainditu dituzten ikasleek Kultura Ondasunen Kontserbazioko eta Zaharberritzeko goi-mailako titulua lortuko dute. Titulu hori, ondorio guztietarako, unibertsitateko diplomatu-tituluaren edo horren balio bereko gradu-tituluaren baliokidea izango da.

57. artikulua. Arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako ikasketak.

Arte plastikoetako goi-mailako ikasketak eta diseinuko goi-mailako ikasketak izango dira arte plastikoen eta diseinuaren eremuko goi-mailako ikasketak.

Ikasketa horiek espezialitateen arabera antolatuko dira.

Artikulu honetan aipatzen diren goi-mailako ikasketak egiteko, beharrezkoa izango da batxiler-titulua izatea eta hezkuntza-administrazioek araututako sarbide-proba bat gainditzea. Proba horretan, ikasketa horiek probetxuz egiteko gaitasunak, jakintzak eta heldutasuna balioetsiko dira.

Arte plastikoetako goi-mailako ikasketekin (zeramikako goi-mailako ikasketak eta beirako goi-mailako ikasketak barnean hartuta), Arte Plastikoetako goi-mailako titulua lortuko da, dagokion espezialitatean. Titulu hori, ondorio guztietarako, unibertsitateko diplomatu-tituluaren edo horren balio bereko gradu-tituluaren baliokidea izango da.

Diseinuko goi-mailako ikasketekin, Diseinuko goi-mailako titulua lortuko da, dagokion espezialitatean. Titulu hori, ondorio guztietarako, unibertsitateko diplomatu-tituluaren edo horren balio bereko gradu-tituluaren baliokidea izango da.

58. artikulua. Goi-mailako arte-irakaskuntzen antolamendua.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei eta Arte Irakaskuntzen Kontseilu Gorenari kontsulta egin ondoren, Lege honetan araututako goi-mailako arte-irakaskuntzen barruko ikasketa guztien oinarrizko edukia eta egitura definitu beharko ditu.

Aurreko paragrafoan aipatutako definizioan, goi-mailako arte-irakaskuntzetako ikastetxeetan graduatu-ondoko ikasketak eskaintzeko baldintzak arautuko dira.

Ikasketa horien bidez, ondorio guztietarako unibertsitateko graduatu-ondokoen baliokideak izango diren tituluak lortuko dira.

Musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak kontserbatorioetan edo musikako eta dantzako goi-mailako eskoletan egingo dira, arte dramatikoko ikasketak arte dramatikoko goi-mailako eskoletan, kultura-ondasunen kontserbazioko eta zaharberritzeko ikasketak kultura-ondasunen kontserbazioko eta zaharberritzeko goi-mailako eskoletan, arte plastikoetako goi-mailako ikasketak dagokion espezialitateko goi-mailako eskoletan, eta diseinuko goi-mailako ikasketak diseinuko goi-mailako eskoletan.

Autonomia-erkidegoek eta horien lurralde-eremuetako unibertsitateek lankidetza-formulak hitzartu ahal izango dituzte Lege honetan araututako goi-mailako arte-irakaskuntzen ikasketei dagokienez.

Era berean, hezkuntza-administrazioek arte-irakaskuntzei lotutako doktoretza-ikasketak antolatzeko hitzarmenak sustatuko dituzte unibertsitateekin.

Arte-irakaskuntzen goi-mailako ikastetxeek ikerketa-programak sustatuko dituzte dagozkien diziplinen eremuan.

VII. KAPITULUA

Hizkuntzen irakaskuntzak

59. artikulua. Antolamendua.

Hizkuntzen irakaskuntzen helburua ikasleak hezkuntza-sistemaren etapa arruntetatik kanpo hizkuntzak egokiro erabiltzeko trebatzea da. Irakaskuntza horiek honako hiru maila hauetan antolatuta daude: oinarrizkoa, bitartekoa eta aurreratua.

Oinarrizko mailako irakaskuntzen ezaugarriak eta antolamendua hezkuntza-administrazioek finkatuko dituzte.

Hizkuntzen irakaskuntzak egiteko, ezinbestekoa izango da gutxienez hamasei urte izatea (ikasketak hasten diren urtean beteak).

Hamalau urtetik gorakoek ere egin ahal izango dituzte, betiere, derrigorrezko bigarren hezkuntzan ikasitakoaz bestelako hizkuntza bat ikasteko bada.

60. artikulua. Hizkuntza-eskola ofizialak.

Aurreko artikuluan adierazitako bitarteko mailako eta maila aurreratuko hizkuntzen irakaskuntzak hizkuntza-eskola ofizialetan emango dira.

Hizkuntza-eskola ofizialek bete beharreko baldintzak (ikasleen eta irakasleen kopuru-erlazioari, instalazioei eta eskola-postuen kopuruari dagokienez) hezkuntza-administrazioek arautuko dituzte.

Hizkuntza-eskola ofizialek atzerriko hizkuntza gisa Europar Batasuneko estatu kideetako hizkuntza ofizialen, Espainiako hizkuntza koofizialen eta gaztelaniaren ikasketa sustatuko dute bereziki.

Halaber, arrazoi kulturalak, sozialak edo ekonomikoak direla-eta interes berezia duten beste hizkuntza batzuen ikasketa bultzatuko da.

Hezkuntza-administrazioek hizkuntza-eskola ofizialetan sartu ahal izango dituzte hizkuntzen urrutiko irakaskuntzak.

Hezkuntza-administrazioek ezartzen dutenari jarraiki, hizkuntzen jakintzak eguneratzeko eta irakasleak eta beste talde profesional batzuk prestatzeko ikastaroak eman ahal izango dituzte hizkuntza-eskola ofizialek.

61. artikulua. Ziurtagiriak.

Hizkuntzen irakaskuntzen maila bakoitzerako ezarritako eskakizun akademikoak gainditzeak eskubidea emango du dagokion ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri horren ondorioak hizkuntzen curriculumaren oinarrizko alderdien definizioan ezarriko dira.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, hizkuntza-eskola ofizialetan ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa irakasleek egingo dute.

Hezkuntza-administrazioek oinarrizko mailako, bitarteko mailako eta maila aurreratuko ziurtagiri ofizialak lortzeko irakasleek egiten dituzten amaierako probak arautuko dituzte.

62. artikulua. Beste irakaskuntza batzuekiko bateragarritasuna.

Batxiler-tituluak batxilergoan ikasitako atzerriko lehen hizkuntzari lotutako bitarteko mailako hizkuntza-ikasketak zuzenean egiteko gaituko du.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aparte utzi gabe, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako ikasleek ikasitako hizkuntzen ziurtagiri ofiziala lortzeko proba homologatuak egiteko aukera emango dute hezkuntza-administrazioek.

VIII. KAPITULUA

Kirol-irakaskuntzak

63. artikulua. Printzipio orokorrak.

Kirol-irakaskuntzen helburua honako hau da: ikasleak kirol-modalitate edo kirol-espezialitate bati lotutako lanbide-jarduerarako prestatzea, eta lan-munduaren eta kirol-munduaren bilakaerara eta herritartasun aktibora egokitzeko aukera erraztea.

Kirol-irakaskuntzek honako gaitasun hauek eskuratzen lagunduko diete ikasleei:

a) Ikasketen profilari dagokion gaitasun orokorra garatzea.

b) Errendimendu handiko taldeen eta kirolarien hastapenei, gidatzeari, oinarrizko entrenamenduari, hobekuntza teknikoari, entrenamenduari eta zuzendaritzari lotutako lanbide-prestakuntza bermatzea, dagokion modalitatean edo espezialitatean.

c) Dagokion modalitatearen edo espezialitatearen ezaugarriak eta antolamendua ulertzea, eta funtzioen ondoriozko eskubideak eta betebeharrak ezagutzea.

d) Zeregina segurtasun-baldintzetan betetzeko beharrezkoak diren jakintzak eta trebetasunak eskuratzea.

Kirol-irakaskuntzak kirol-modalitateetan eta, hala badagokie, espezialitateetan oinarrituta antolatuko dira, Kirolaren urriaren 15eko 10/19990 Legearen 8.b) artikuluaren arabera Kirol Kontseilu Gorenak emandako aintzatespenari jarraiki.

Antolamendu hori autonomia-erkidegoekin batera lankidetzan egingo da, autonomia-erkidegoetan kiroletako irakaskuntzaz arduratzen diren erakundeei kontsulta eginda.

Kiroletako irakaskuntza horien curriculuma Lanbide Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren eskakizunetara eta Lege honen 6.3 artikuluan ezarritakora egokituko da.

64. artikulua. Antolamendua.

Kirol-irakaskuntzak bi mailatan egituratuko dira: erdiko maila eta goiko maila. Gainera, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta egon daitezke.

Erdiko maila egiteko, beharrezkoa izango da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua izatea.

Goiko maila egiteko, berriz, batxiler-titulua eta kirol-teknikariaren titulua beharko da, dagokion modalitatean edo espezialitatean.

Modalitate edo espezialitate jakin batzuen kasuan, gainera, ezinbestekoa izango da hezkuntza-administrazioek egindako proba bat gainditzea edo kirol-meritu bat egiaztatzea. Horien bidez, irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla frogatu beharko da.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua edo batxiler-titulua ez duten, baina hezkuntza-administrazioek araututako sarbide-proba bat gainditzen duten ikasleek ere izango dute irakaskuntza horien erdiko maila eta goiko maila egiteko aukera.

Bide horretatik erdiko maila egiteko, beharrezkoa izango da gutxienez hamazazpi urte izatea, eta goiko maila egiteko, berriz, gutxienez hemeretzi izatea (proba egiten den urtean beteak), edota hemezortzi, lortu nahi denarekin lotutako teknikari-titulu bat jaso izana egiaztatzen bada.

Aurreko paragrafoan adierazitako probek irakaskuntzak probetxuz egiteko nahikoak izango diren jakintzak eta trebetasunak egiaztatu beharko dituzte erdiko mailaren kasuan, eta batxilergoaren helburuetan lortutako heldutasuna goiko mailaren kasuan.

Bi kasuetan, halaber, artikulu honen 2. paragrafoan adierazitako proba gainditu edo kirol-meritua egiaztatu beharko da.

Kirol-irakaskuntzak iraupen aldagarriko zenbait bloketan eta modulutan antolatuko dira. Bloke eta modulu horiek, bestalde, lanbide-arloetara egokitutako jakintza-arlo teoriko-praktiko batzuk izango dituzte.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, kirol-irakaskuntzen ikasketei dagozkien titulazioak, horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak eta irakaskuntza horiek eman ahal izango dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezarriko dituzte.

65. artikulua. Titulazioak eta baliozkotzeak.

Erdi-mailako kirol-irakaskuntzak gainditzen dituztenek kirol-teknikariaren titulua jasoko dute, dagokion kirol-modalitatean edo kirol-espezialitatean.

Goi-mailako kirol-irakaskuntzak gainditzen dituztenek goi-mailako kirol-teknikariaren titulua jasoko dute, dagokion kirol-modalitatean edo kirol-espezialitatean.

Goi-mailako kirol-teknikariaren tituluak zehazten diren unibertsitate-ikasketak egiteko aukera emango du.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin eta Unibertsitateen Koordinazio Kontseiluari entzun ondoren, unibertsitate-ikasketen eta goi-mailako kirol-irakaskuntzen ikasketen arteko baliozkotze-erregimena arautuko du.

IX. KAPITULUA

Helduen hezkuntza.

66. artikulua. Helburuak eta printzipioak.

Helduen hezkuntzaren helburua honako hau da: hemezortzi urtetik gorako guztiei beren garapen pertsonalerako eta profesionalerako jakintzak eta gaitasunak eskuratzeko, eguneratzeko, osatzeko edo zabaltzeko aukera eskaintzea.

Proposatutako helburu hori lortzeko, hezkuntza-administrazioek lankidetzan jardun ahal izango dute helduen prestakuntzan eskumenak dituzten beste herri-administrazio batzuekin (eta, bereziki, lan-arloko administrazioarekin), toki-korporazioekin eta gizarte-eragileekin.

Helduen hezkuntzak honako helburu hauek izango ditu:

a) Oinarrizko prestakuntza eskuratzea, jakintzak eta trebetasunak etengabe berritzea, eta hezkuntza-sistemaren irakaskuntzetarako sarbidea erraztea.

b) Lanbide-prestakuntza hobetzea edo beste lanbide batzuetan jarduteko prestaketa eskuratzea.

c) Adierazpenaren, komunikazioaren, pertsonen arteko harremanen eta jakintzaren eraikuntzaren eremuetan gaitasun pertsonalak garatzea.

d) Bizitza sozialean, kulturalean, politikoan eta ekonomikoan parte hartzeko gaitasuna garatzea, eta herritartasun demokratikorako eskubidea gauzatzea.

e) Gizarte-bazterkeriaren arriskuak (sektorerik ahulenenak bereziki) zuzentzeko programak garatzea.

f) Biztanleriaren pixkanakako zahartzeak dakartzan erronkei behar bezala erantzutea eta, horretarako, zaharrenei beren gaitasunak gehitzeko eta eguneratzeko aukera ziurtatzea.

g) Gatazka pertsonalei, familiakoei eta sozialei aurrea hartzea eta gatazka horiek era baketsuan konpontzea.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra sustatzea eta horien arteko desberdintasunak kritikoki aztertzea eta balioestea.

Pertsona helduek irakaskuntza arautuko zein ez-arautuko jardueren eta laneko edo gizarte-jardueretako esperientziaren bidez egin ahal izango dituzte ikasketak. Hori dela-eta, bi bide horien arteko loturak ezarriko dira eta era horretan eskuratutako ikaskuntzak baliozkotzeko neurriak hartuko dira.

67. artikulua. Antolamendua.

Pertsona helduez gain, eta salbuespen gisa, ikastetxeetara erregimen arruntean joatea eragozten dien lan-kontratu bat duten, edo errendimendu handiko kirolariak diren hamasei urtetik gorako eskatzaileek egin ahal izango dituzte irakaskuntza horiek.

Ikasturtea hasten den urtean hemezortzi urte betetzen dituztenak sartu ahal izango dira pertsona helduen hezkuntzan.

Helduentzako irakaskuntzen antolamendua eta metodologia autoikaskuntzan oinarrituta egongo da, eta helduen esperientziak, premiak eta interesak hartuko dira kontuan. Bertaratu gabeko irakaskuntzaren eta urrutiko hezkuntzaren bidez egin ahal izango dira ikasketak.

Hezkuntza-administrazioek helduen irakaskuntzarako lankidetza-hitzarmenak sustatu ahal izango dituzte unibertsitateekin, toki-korporazioekin eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin.

Azken kasu horretan, irabazi-asmorik gabeko elkarteei emango zaie lehentasuna.

Hitzarmen horiek, halaber, irakaskuntzen premia teknikoei eta metodologikoei erantzungo dieten materialak lantzeko aukera hartuko dute kontuan.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, gaztelania, hizkuntza koofizialak eta kulturaren oinarrizko elementuak ikasteko berariazko programak sustatu beharko dituzte, etorkinen gizarteratzea errazteko.

Helduen hezkuntzan, arreta egokia eskainiko zaie hezkuntza-laguntzaren berariazko premia dutenei.

Espetxeetan, irakaskuntza horiek egiteko aukera bermatuko zaie presoei.

Helduentzako irakaskuntzak metodologia malguarekin eta irekiarekin antolatuko dira, helduen gaitasunei, premiei eta interesei erantzun diezaieten.

Hezkuntza-administrazioek helduen hezkuntzaren esparruan ikerketak egiteko eta praktika berritzaileak zabaltzeko aukera bultzatuko dute, hezkuntza-eredu berriak garatzeko eta egun daudenak etengabe hobetzeko.

68. artikulua. Oinarrizko irakaskuntza.

Oinarrizko hezkuntzari dagozkion gaitasunak eta jakintzak eskuratu nahi dituzten helduei beren egoerara eta premietara egokitutako eskaintza egingo zaie.

Hezkuntza-administrazioek, euren gaitasunen eremuan, hemezortzi urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua zuzenean lortu ahal izateko probak antolatu beharko dituzte aldizka, betiere, pertsona horiek oinarrizko gaitasunak eta etapako helburuak lortu dituztela frogatzen badute.

69. artikulua.- Derrigorrezko irakaskuntzaren ondokoak.

Hezkuntza-administrazioek pertsona guztiei batxilergoko edo lanbide-heziketako irakaskuntzak egiteko aukera eskaintzeko neurriak sustatuko dituzte.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, helduei ikasketa horien berariazko eskaintza (helduen beraien ezaugarrietara egokitua) egiteko bidezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte.

Era berean, urrutiko hezkuntzaren eskaintza publikoa antolatu beharko dute hezkuntza-administrazioek, helduen etengabeko prestakuntzari erantzun egokia emateko.

Eskaintza horretan, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sartuko da.

Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen eremuan, batxiler-titulua edo lanbide-heziketako tituluren bat zuzenean lortzeko probak antolatuko dituzte aldizka, betiere, 33. eta 40. artikuluetan ezarritako helburuak eta dagokion curriculumaren oinarrizko alderdietan finkatutakoak lortu izana frogatzen bada.

Batxiler-titulua lortzeko probak egiteko, hogei urteko adina izan behar da, teknikari-titulua lortzeko hemezortzi urte izan behar dira, eta goi-mailako teknikari titulua lortzeko hogei, edota hemeretzi, teknikari-titulua izanez gero.

Hemeretzi urtetik gorakoek goi-mailako arte-irakaskuntzak zuzenean egiteko aukera izango dute hezkuntza-administrazioek araututako eta antolatutako berariazko proba bat gaindituz gero. Batxilergoaren helburuetan lortutako heldutasuna eta irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren jakintzak, trebetasunak eta gaitasunak egiaztatuko ditu proba horrek.

Hogeita bost urtetik gorakoek, inolako titulazioarik izan gabe, Unibertsitatera zuzenean sartzeko aukera izango dute, berariazko proba bat gaindituz gero.

70. artikulua. Ikastetxeak.

Helduen hezkuntzak Lege honetan ezarritako tituluren bat lortzeko helburua duenean, hezkuntza-administrazio eskudunak behar bezala baimendutako ikastetxe arruntek edo berariazkoek emango dute hezkuntza hori.

II. TITULUA

Ekitatea hezkuntzan

I. KAPITULUA

Hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak

71. artikulua. Printzipioak.

Ikasle guztiek ahalik eta garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional handiena eta Lege honetan ezarritako helburu orokorrak lortzeko beharrezkoak diren baliabideak jarriko dituzte hezkuntza-administrazioek.

Halaber, hezkuntza-administrazioek beharrezko diren baliabide guztiak ziurtatu behar dituzte, hezkuntza-premia bereziak izateagatik, ikasteko aparteko zailtasunak izateagatik, adimen-gaitasun handiak izateagatik, hezkuntza-sisteman berandu sartzeagatik, egoera pertsonalak edo eskolako historialak hala eskatzeagatik, arruntaz bestelako hezkuntza-arreta behar duten ikasleek beren gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatu ahal izan ditzaten eta, nolanahi ere, ikasle guztientzat ezarritako helburu orokorrak lortu ahal izan ditzaten.

Hezkuntza-administrazioek, era berean, aurreko paragrafoan adierazitako ikasleen berariazko hezkuntza-premiak garaiz identifikatzeko beharrezkoak diren prozedurak eta baliabideak ezarriko dituzte.

Hezkuntzan laguntza izateko berariazko premia dutenean, premia hori identifikatzen den unean bertan hasiko zaie ikasleei laguntza integrala ematen, betiere, egoerak normalizatzeko eta ikasleak txertatzeko printzipioei jarraikiz.

Hezkuntza-administrazioek ikasle horien eskolatzea bermatu beharko dute. Era berean, gurasoek edo tutoreek ikasle horien eskolatzean eta hezkuntza-prozesuetan eragina duten erabakietan izan behar duten parte-hartzea arautu eta ziurtatu beharko dute.

Horrez gain, bidezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte ikasle horien gurasoek aholkularitza indibidualizatu egokia eta seme-alaben hezkuntzan lagunduko dien beharrezko informazioa jaso dezaten.

72. artikulua. Baliabideak.

Aurreko artikuluan adierazitako helburuak lortzeko, espezialitateetako irakasleak, profesional kualifikatuak eta ikasleei arreta egokia emateko beharrezkoak diren baliabideak eta materialak jarriko dituzte hezkuntza-administrazioek.

Hezkuntza-administrazioek ikasle horiei behar bezala erantzuteko beharrezkoak diren baliabideez hornitu beharko dituzte ikastetxeak.

Hornidura hori finkatzeko irizpideak berdinak izango dira ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan.

Ikastetxeek behar bezalako eskola-antolamendua izan beharko dute, eta ikasle guztiek ezarrita dauden helburuak lortzeko beharrezkoak diren curriculum-egokitzeak egingo dituzte eta curriculum desberdinak eratuko dituzte.

Hezkuntza-administrazioek hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleen tratamendurako irakasleen eta beste profesional batzuen prestakuntza sustatuko dute.

Hezkuntza-administrazioek beste administrazio batzuekin, irabazi-asmorik gabeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin eta beste erakunde edo elkarte batzuekin lankidetzan jardun ahal izango dute ikasle horien eskolatzea errazteko eta ikasle horiek ikastetxean hobeto txertatzeko.

Lehen atala. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.

73. artikulua. Eremua.

Ezgaitasunak edo jokabide-nahaste larriak izateagatik eskolatze-aldi batean edo eskolatze osoan berariazko hezkuntza-laguntzak edo hezkuntza-arretak behar dituztenak dira hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.

74. artikulua. Eskolatzea.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak normalizazio- eta txertaketa-printzipioei jarraiki eskolatuko dira. Eskolatzeak ikasle horien diskriminaziorik eza eta hezkuntza-sisteman sartzeko eta irauteko berdintasun eraginkorra ziurtatuko du eta, beharrezkoa izanez gero, hezkuntza-etapak malgutzeko neurriak hartu ahal izango dira.

Ikasle horiek hezkuntza bereziko unitateetan edo ikastetxeetan eskolatu ahal izango dira hogeita bat urteko adinera bitartean, betiere, ikastetxe arruntek aniztasunarekiko arretarako hartzen dituzten neurrien esparruan ikasle horien premiei erantzun ezin bazaie.

Ikasle horien hezkuntza-premiak ahal bezain laster identifikatu eta balioetsiko dituzte behar bezalako kualifikazioa duten langileek, hezkuntza-administrazioek finkatzen dituzten baldintzetan.

Ikasturte bakoitza amaitzean, ikasle bakoitzak lortutako emaitzak ebaluatuko dira, hasierako balioespenetik abiatuta proposatutako helburuen arabera.

Ebaluazio horrek ikasleei orientabide egokia emateko eta jardun-plana eta eskolatzeko modalitatea aldatzeko aukera emango du, ahal den neurrian ikasleak integrazio handiagoko erregimen batean sartzeko.

Hezkuntza-administrazioek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen haur-hezkuntzako eskolatzea sustatu beharko dute. Halaber, ikasle horiek lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxeetan behar bezala eskolatzeko programak garatu beharko dituzte.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek derrigorrezko irakaskuntzaren ondokoetan behar bezala eskolatzen jarraitzeko aukera bultzatu eta ezgaitasunak dituzten pertsonek Lege honetan ezarritako probak egiteko baldintzak egokitu beharko dituzte.

75. artikulua. Gizarteratzea eta laneratzea.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten eta derrigorrezko hezkuntzaren helburuak lortu ezin dituzten ikasleen gizarteratzea eta laneratzea errazteko, ikasle horien berariazko premietara egokitutako prestakuntza-eskaintzak sustatuko dituzte hezkuntza-administrazioek.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, ezgaitasunak dituzten ikasleentzako plazak erreserbatuko dituzte lanbide-heziketako irakaskuntzetan.

Bigarren atala. Adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleak.

76. artikulua. Eremua.

Hezkuntza-administrazioek adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleak identifikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta ikasle horien premiak garaiz balioetsi beharko dituzte.

Halaber, premia horietara egokitutako jardun-planak landu beharko dituzte.

77. artikulua. Eskolatzea.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleen kasuan hezkuntza-sistemaren etapa bakoitzaren iraupena malgutzeko arauak ezarriko ditu, ikasle horien adina edozein izanik ere.

Hirugarren atala. Espainiako hezkuntza-sisteman berandu txertatu diren ikasleak.

78. artikulua. Eskolatzea.

Herri-administrazioei dagokie beste herrialde batzuetakoak izateagatik edo beste edozein arrazoirengatik Espainiako hezkuntza-sisteman berandu txertatu diren ikasleei hezkuntza-sisteman txertatzeko aukera ematea.

Txertatzeko aukera hori, nolanahi ere, derrigorrez eskolatzeko adinean bermatuko da.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, Espainiako hezkuntza-sisteman berandu sartzen diren ikasleen eskolatzea ikasle horien zirkunstantziak, jakintzak, adina eta ikasketen historiala kontuan hartuta egingo dela bermatuko dute, era horretan ikasleak beren ezaugarrietarako eta jakintzetarako maila egokienean eta bidezko laguntzekin has daitezen, eta beren hezkuntza probetxuz jarrai dezaten.

79. artikulua. Berariazko programak.

Hezkuntza-administrazioek berariazko programak garatu beharko dituzte hizkuntzari edo oinarrizko gaitasunei edo jakintzei dagokienez gabezia larriak dituzten ikasleentzat, dagokien mailan errazago txerta daitezen.

Programa horiek ikasleak talde arruntetan eskolatzearekin batera garatuko dira, ikasleen ikaskuntzaren maila eta bilakaera kontuan hartuta.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, hezkuntza-sisteman berandu txertatzen diren ikasleen gurasoek edo tutoreek Espainiako hezkuntza-sisteman txertatzeak dakartzan eskubideei, betebeharrei eta aukerei buruzko beharrezko aholkularitza jasotzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte.

II. KAPITULUA

Hezkuntzako desberdintasunen konpentsazioa

80. artikulua. Printzipioak.

Hezkuntzarako eskubidea erabiltzean berdintasun-printzipioa gauzatzeko, herri-administrazioek konpentsazio-ekintzak egingo dituzte egoera txarrean dauden pertsonentzat, taldeentzat eta lurralde-eremuentzat. Halaber, horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eta laguntzak emango dituzte.

Osabidezko hezkuntzarako politikek hezkuntza-sistemaren jarduna sendotuko dute, faktore sozialen, ekonomikoen, kulturalen, geografikoen, etnikoen edo bestelakoen ondoriozko desberdintasunak saihesteko.

Estatuari eta autonomia-erkidegoei dagokie beren eskumenen eremuan osabidezko hezkuntzaren lehentasunezko helburuak finkatzea.

81. artikulua. Eskolatzea.

Oinarrizko hezkuntzan sartzeko eta ondorengo mailetan aurrera egiteko hasierako desberdintasun-egoera pertsonalean dauden haur guztiak haur-hezkuntzaren etapan eskolatzeko baldintza onenak bermatuko dituen prebentziozko eta osabidezko jarduna ziurtatu beharko dute hezkuntza-administrazioek.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, neurri bereziak hartu beharko dituzte hezkuntza-arloko osabidezko esku-hartzea behar duten ikastetxeetan edo eremu geografikoetan.

Lehen hezkuntzan, hezkuntza-administrazioek doako ikaspostu bat bermatuko diete ikasle guztiei udalerrian edo ezarritako eskolatze-eremuan bertan.

Hezkuntza-administrazioek, titulu honen I. kapituluan xedatutakoa aparte utzi gabe, gizarte-baldintzak direla-eta derrigorrezko hezkuntzaren helburuak lortzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen egoera konpentsatzeko beharrezkoak diren giza baliabideez eta baliabide materialez hornituko dituzte ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxe pribatuak.

82. artikulua. Aukera-berdintasuna landa-munduan.

Hezkuntza-administrazioek kontuan hartuko dute landa-eskolaren berezitasuna, haren berariazko premiei erantzuteko beharrezkoak diren antolamendu-sistemak eta baliabideak emateko eta aukera-berdintasuna bermatzeko.

Aurreko artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoa aparte utzi gabe, oinarrizko hezkuntzan, gomendagarritzat hartzen den landa-eremuetan irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko, bizi direnetik hurbil dagoen udalerri batean eskolatu ahal izango dira haurrak.

Kasu horretan, hezkuntza-administrazioek doan emango dituzte garraioko eta, hala badagokio, jangelako eta barnetegiko eskola-zerbitzuak.

83. artikulua. Ikasteko bekak eta laguntzak.

Pertsona guztiei hezkuntzarako eskubidea erabiltzean berdintasuna bermatzeko, egoera sozioekonomiko txarrean dauden ikasleek ikasteko bekak eta laguntzak jasotzeko eskubidea izango dute.

Derrigorrezko irakaskuntzaren ondokoan, ikasleen eskola-errendimendua hartuko da kontuan ikasteko bekak eta laguntzak emateko.

Estatuak ikasteko beken eta laguntzen sistema orokor bat ezarriko du Aurrekontu Orokorren kargura, pertsona guztiek, bizi diren lekua edozein izanik ere, hezkuntzarako eskubidearen erabileran baldintza berak izan ditzaten.

Horretarako, Gobernuak honako alderdi hauei buruzko oinarrizko arauak garatuko ditu, autonomia-erkidegoek arauak egiteko eta gauzatzeko dituzten eskumenen kalterik gabe: aurreko paragrafoan adierazitako ikasteko beken eta laguntzen modalitateak eta diru-kopuruak, ikasleek bete beharreko baldintza ekonomikoak eta akademikoak, bateraezintasuneko, baliogabetzeko edo itzultzeko kasuak, eta beka eta laguntza horiek lortzeko aukeran berdintasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak.

Emandako bekak eta laguntzak egiaztatzeko eta kontrolatzeko sistema eraginkor bat antolatzeko, hezkuntza-administrazioen artean informazioa emateko, koordinatzeko eta lankidetzan jarduteko beharrezkoak diren prozedurak ezarriko dira.

III. KAPITULUA

Eskolatzea ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan

84. artikulua. Ikasleen onarpena.

Hezkuntza-administrazioek ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko aukera arautuko dute eta, horretarako, hezkuntzarako eskubidea, berdintasun-baldintzetan sartzeko aukera eta gurasoek edo tutoreek ikastetxea aukeratzeko askatasuna bermatuko dituzte.

Nolanahi ere, hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak ikastetxeen artean era egokian eta orekatuan banatzea bilatuko da.

Plazak nahikoak ez direnean, ikasleak onartzeko prozesuak honako lehentasun-irizpideei jarraituko die, artikulu honen 7. paragrafoan ezarritakoa aparte utzi gabe: ikasleek ikastetxean matrikulatutako anai-arrebak edo bertan lan egiten duten gurasoak edo legezko tutoreak izatea, gurasoren edo legezko tutoreren baten bizilekua edo lanlekua hurbil egotea, familia-unitatearen urteko errentak, errenta kalkulatzerakoan familia ugariei aplikatzen zaizkien berariazkotasunak aintzatzat hartuta, eta ikaslearen edo gurasoren edo legezko tutoreren baten ezgaitasuna. Nolanahi ere, irizpide horietako ezein ez da baztertzailea izango.

Ez da diskriminaziorik izango honako arrazoi hauengatik: jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia, edota beste edozein egoera edo zirkunstantzia pertsonal edo sozial.

Hezkuntza-administrazioek beste administrazio batzuen lankidetza eskatu ahal izango dute, interesdunek eta ikastetxeek ikasleak onartzeko prozesuan aurkezten dituzten datuen egiazkotasuna bermatzeko.

Beste ikastetxe publiko batzuei atxikitako ikastetxe publikoak, etapa desberdinak ematen dituztenean, ikastetxe bakartzat hartuko dira Lege honetan ikasleak onartzeko ezarritako irizpideak aplikatutakoan.

Era berean, hainbat hezkuntza-etapa eskaintzen dituzten ikastetxe publikoetan, ikasleak onartzeko hasierako prozedura adin txikienari dagokion etaparen hasieran aplikatuko da.

Hezkuntza-administrazioek aurreko paragrafoan adierazitako ikastetxe publikoak atxikitzeko prozedura eta baldintzak ezarri beharko dituzte, ikastetxea libreki hautatzeko aukera errespetatuta.

Lehen hezkuntza, derrigorrezko bigarren hezkuntza edo batxilergoa ematen duten ikastetxe publikoetan ikasleak onartzeko prozeduretan, ikastetxe horiek atxikita dituzten haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxeetatik datozen ikasleek izango dute lehentasuna dauden plazak nahikoak ez direnean.

Itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, prozedura antzekoa izango da, betiere, irakaskuntza horiek itunduta badaude.

Hainbat hezkuntza-etapa ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan, ikasleak onartzeko hasierako prozedura itunaren xede den eta adin txikienari dagokion ikasturtearen eskaintzaren hasieran aplikatuko da.

Prozedura hori ikastetxe publikoetarako ezarritakoari jarraiki egingo da.

Ikasle bat ikastetxe publiko batean edo itunpeko ikastetxe pribatu batean matrikulatzeak ikastetxearen heziketa-proiektua errespetatu behar dela esan nahi du, legeetan ikasleei eta horien familiei aitortutako eskubideak eta artikulu honen 3. paragrafoan ezarritakoa aparte utzi gabe.

Lege honen 84.2 artikuluan adierazitako baldintza ekonomikoak egiaztatzeko beharrezkoa den zerga-informazioa zuzenean emango diote hezkuntza-administrazioari Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunek baliabide informatikoen edo telematikoen bitartez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta bestelako Zerga Arauei buruzko abenduaren 9ko 40/1998 Legearen laugarren xedapen gehigarrian eta Legea garatzen duten xedapenetan adierazitako baldintzetan ezartzen den lankidetza-esparruan.

Adierazitako lankidetza-esparruaren bitartez informazio hori eskuratzerik badago, interesdunei ez zaie exijituko bakoitzak Zerga Administrazioko Estatu Agentziak edo aurreko paragrafoan aipatutako organoek egindako ziurtagiriak ekartzea eta zerga-aitorpenen jatorrizkoa, kopia edo ziurtagiria aurkeztea.

Kasu horietan, interesdunak adierazitako betebeharrak betetzen dituela dioen erantzukizun-adierazpena, eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak edo Euskal Autonomia Erkidegoko edo Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunek hezkuntza-administrazioari informazioa emateko interesdunaren esanbidezko baimena aurkeztuko dira ziurtagiriaren ordez.

85. artikulua. Derrigorrezko irakaskuntzaren ondoko etapetan ikasleak onartzeko berariazko baldintzak.

Batxilergoko irakaskuntzak egiteko, aurreko artikuluan ezarritako irizpideez gain ikasleen ikasketa-espedientea hartuko da kontuan.

Ikasleak lanbide-heziketako erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloetan onartzeko prozeduretan, ikasleen ikasketa-espedientea baino ez da kontuan hartuko dauden plazak nahikoak ez direnean, ikasleak ikastetxe berekoak edo beste batekoak diren kontuan hartu gabe.

Musikaren irakaskuntza arautuak eta bigarren hezkuntzako irakaskuntzak batera egiten dituzten ikasleek lehentasuna izango dute hezkuntza-administrazioak finkatutako bigarren hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan onar ditzaten.

Errendimendu handiko kirol-programak egiten dituzten ikasleei tratamendu bera aplikatuko zaie.

86. artikulua. Berdintasuna ikasleak onartzeko arauen aplikazioan.

Hezkuntza-administrazioek berdintasuna bermatuko dute ikasleak onartzeko arauak aplikatzean. Horretarako, eragin-eremu berak ezarriko dituzte udalerri edo lurralde-eremu bereko ikastetxe publikoetarako eta itunpeko ikastetxe pribatuetarako.

Hezkuntza-administrazioek, dagozkien eskumenak aparte utzi gabe, onarpen-bermeetarako batzordeak edo organoak eratu ahal izango dituzte. Batzorde edo organo horiek, nolanahi ere, beren jardun-eremuko ikastetxeren batean plazen eskaria eskaintza baino handiagoa denean eratu beharko dira.

Batzorde horiek beren funtzioak betetzeko beharrezkoa den informazio eta dokumentazio guztia jasoko dute ikastetxeen aldetik.

Batzorde horiek ikasleak onartzeko prozesua eta prozesu horri buruzko arauak ikuskatuko dituzte, eta egokitzat hartzen dituzten neurriak proposatuko dizkiete hezkuntza-administrazioei.

Batzorde edo organo horiek hezkuntza-administrazioaren, toki-administrazioaren, gurasoen, irakasleen, ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen ordezkariek osatuko dituzte.

Familiek onarpen-eskaerak aurkeztu ahal izango dizkiete seme-alabak eskolatu nahi dituzten ikastetxeei. Eskaera horiek, nolanahi ere, bideratu egin beharko dira.

87. artikulua. Oreka ikasleak onartzean.

Guztientzako hezkuntza-kalitatea, gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna ziurtatzeko, hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua bermatuko dute administrazioek.

Horretarako, ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu bakoitzean eskolatu beharreko ikasle horien proportzioa ezarriko dute, eta adierazitako laguntza eskaintzeko beharrezkoak diren baliabide pertsonalak eta ekonomikoak bermatuko dizkiete ikastetxeei.

Hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak eskolatzeko eta horien hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, hezkuntza-administrazioek ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen plazen zati bat gorde ahal izango diete ikasle horiei, aurrez izena emateko eta matrikulatzeko aldia amaitu arte.

Halaber, berandu txertatutako ikasleen berehalako eskolatze-premiei erantzuteko, eskolatze-eremu bereko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua ehuneko hamarreko proportzioan gehitzea baimendu ahal izango dute.

Hezkuntza-administrazioek aurreko paragrafoetan aurreikusitako eskolatze-neurriak hartzeko, hezkuntza-laguntzaren berariazko premia eragin duten dagokion eremuko egoera sozioekonomikoa eta demografikoa, eta ikasleen egoera pertsonala edo familiakoa hartuko dira kontuan.

Ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek derrigorrezko irakaskuntza amaitu arte eskolatu beharko dituzte ikasle guztiak, familiaren borondateagatik edo ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko araudian aurreikusitako kasuren bat aplikatzeagatik ikasleek ikastetxea aldatzen dutenean izan ezik.

88. artikulua. Doakotasun-bermeak.

Ikasle guztiak arrazoi sozioekonomikoengatik diskriminatu gabe eskolatzeko aukera bermatzeko, ikastetxe publikoek edo itunpeko ikastetxe pribatuek ezin izango dute, ezein kasutan, doako irakaskuntzak jasotzeagatik familien diru-kopururik jaso, ez eta ikasleen familiei fundazioetarako edo elkarteetarako ekarpenak egiteko betebeharra eta familia horiei ekarpen ekonomikoak egitea eskatzen dieten irakaskuntza-arloko nahitaezko zerbitzuak ezarri.

Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 51. artikuluan xedatutakoaren esparruan, kategoria horretatik salbuetsita geratzen dira eskolaz kanpoko jarduerak, jarduera osagarriak eta eskola-zerbitzuak. Horiek, nolanahi ere, borondatezkoak izango dira.

Hezkuntza-administrazioek doako irakaskuntzen doakotasuna ahalbidetzeko beharrezkoak diren baliabideak emango dizkiete ikastetxeei.

IV. KAPITULUA

Sariak, lehiaketak eta aitormenak

89. artikulua. Sariak eta lehiaketak.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, autonomia-erkidegoen eskumenak aparte utzi gabe, ikasleei, irakasleei edo ikastetxeei zuzendutako Estatu mailako sariak eta lehiaketak ezarri ahal izango ditu, bere kabuz edo beste erakunde batzuekin lankidetzan.

90. artikulua. Aitormenak.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta autonomia-erkidegoek irakasleen eta ikastetxeen lan didaktikoa edo ikerketa-lana aitortu eta saritu ahal izango dute. Ildo horretan, kalitateagatik eta ahaleginagatik aitormen hori merezi izan duten lanak edo esperientziak ikastetxeen artean zabaltzea erraztuko dute.

III. TITULUA

Irakasleak

I. KAPITULUA

Irakasleen funtzioak

91. artikulua. Irakasleen funtzioak.

Irakasleen funtzioak honako hauek dira, besteak beste:

a) Esleituta dituzten arloak, jakintzagaiak eta moduluak programatzea eta irakastea.

b) Ikasleen ikasteko prozesua eta irakasteko prozesua ebaluatzea.

c) Ikasleen tutoretza, haien zuzendaritza eta orientabidea, eta hezkuntza-prozesurako laguntza, familiekin lankidetzan.

d) Ikasleen hezkuntza-orientabidea, ikasketa-orientabidea eta lanbide-orientabidea, zerbitzu edo sail espezializatuekin lankidetzan.

e) Ikasleen garapen intelektuala, afektiboa, psikomotorea, soziala eta morala zaintzea.

f) Ikastetxeek programatutako jarduera osagarriak sustatzea eta antolatzea, eta jarduera horietan parte hartzea, ikastetxearen barruan edo kanpoan.

g) Ikastetxeko jarduerak errespetuarekin, tolerantziarekin, parte-hartzearekin eta askatasunarekin garatzen laguntzea, ikasleengan herritartasun demokratikoaren balioak sustatzeko.

h) Familiei aldizka seme-alaben ikasteko prozesuaren berri ematea, eta prozesu horretan lankidetzan jarduteko orientatzea.

i) Esleituta dituzten irakaskuntzako, kudeaketako eta zuzendaritzako jarduerak koordinatzea.

j) Ikastetxearen jarduera orokorrean parte hartzea.

k) Hezkuntza-administrazioek edo ikastetxeek berek finkatzen dituzten ebaluazio-planetan parte hartzea.

l) Irakasteko prozesuak ikertzea, esperimentatzea eta etengabe hobetzea.

Irakasleek lankidetzaren eta talde-lanaren printzipiopean beteko dituzte aurreko paragrafoan adierazitako funtzioak.

II. KAPITULUA

Irakaskuntza guztietako irakasleak

92. artikulua. Haur-hezkuntzako irakasleak.

Haur-hezkuntzaren lehen zikloko haurren zuzeneko hezkuntza-arreta maisu-titulua eta haur-hezkuntzako espezialitatea, edota gradu-titulu baliokidea duten profesionalen eta, hala badagokio, adin horretako haurrak zaintzeko behar bezalako titulazioa duten beste langile batzuen kargura egongo da.

Nolanahi ere, 14. artikuluaren 2. paragrafoan adierazitako proposamen pedagogikoa lantzea eta horren jarraipena egitea haur-hezkuntzako maisu-titulua edo gradu-titulu baliokidea duen profesional baten ardura izango da.

Haur-hezkuntzaren bigarren zikloa maisu-titulua eta haur-hezkuntzako espezialitatea, edo gradu-titulu baliokidea duten irakasleek emango dute eta, eman beharreko irakaskuntzek eskatzen dutenean, beste espezialitate batzuetako irakasleen laguntza jaso ahal izango dute irakaslanean.

93. artikulua. Lehen hezkuntzako irakasleak.

Lehen hezkuntzako irakaskuntzak emateko, beharrezkoa izango da lehen hezkuntzako maisu-titulua edo gradu-titulu baliokidea izatea; nolanahi ere, Gobernuak autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren irakaskuntza-ondorioetarako eta jakintzagai jakin batzuetarako ezartzen dituen beste unibertsitate-titulazio batzuk gaitu ahal izango dira.

Lehen hezkuntza arlo guztietan eskumena izango duten maisu-maistrek emango dute.

Musikaren, gorputz-hezkuntzaren eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntzak edo Gobernuak autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren finkatzen dituen beste irakaskuntza batzuk behar bezalako espezializazioa edo kualifikazioa duten maisu-maistrek emango dute.

94. artikulua. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako eta batxilergoko irakasleak.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzako edo batxilergoko irakaskuntzak emateko, lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua, edo gradu-titulu baliokidea izan beharko da, baita graduatu-ondoko mailari dagokion prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ere, Lege honen 100. artikuluan xedatutakoari jarraiki; nolanahi ere, Gobernuak autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren irakaskuntza-ondorioetarako eta modulu jakin batzuetarako ezartzen dituen beste unibertsitate-titulazio batzuk gaitu ahal izango dira.

95. artikulua. Lanbide-heziketako irakasleak.

Lanbide-heziketako irakaskuntzak emateko, aurreko artikuluan derrigorrezko bigarren hezkuntzarako eta batxilergorako ezarritako titulazio-baldintza eta prestakuntza-baldintza berak eskatuko dira, nolanahi ere, Gobernuak autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren irakaskuntza-ondorioetarako eta modulu jakin batzuetarako ezartzen dituen beste unibertsitate-titulazio batzuk gaitu ahal izango dira.

Salbuespen gisa, jarduera lan-eremuan garatzen duten eta nahitaez tituludunak izan behar ez duten profesionalak hartu ahal izango dira modulu jakin batzuetarako irakasle espezialista gisa, kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak kontuan hartuta.

Profesional horiek lan-erregimenean edo administrazio-erregimenean jardungo dute, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

96. artikulua. Arte-irakaskuntzetako irakasleak.

Arte-irakaskuntzak emateko, lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua, edo gradu-titulu baliokidea edo irakaskuntza-ondorioetarako titulazio baliokidea izan beharko da; nolanahi ere, arte plastikoetako eta diseinuko erdi-mailako eta goi-mailako irakaskuntzen kasuan beste profesional batzuek esku hartu ahal izango dute, eta Gobernuak autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren irakaskuntza-ondorioetarako eta modulu jakin batzuetarako ezartzen dituen beste unibertsitate-titulazio batzuk gaitu ahal izango dira.

Arte-irakaskuntza profesionalen kasuan, Lege honen 100. artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ere eskatuko da.

Goi-mailako arte-irakaskuntzak arautzean, Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, irakaskuntza horiek goi-mailako hezkuntzaren esparruan txertatzeko baldintzen ondoriozko beste eskakizun batzuk ezarri ahal izango ditu bere gain hartzen dituzten irakasleentzat.

Salbuespen gisa, jarduera lan-eremuan garatzen duten eta nahitaez tituludunak izan behar ez duten profesionalak hartu ahal izango dira modulu edo jakintzagai jakin batzuetarako irakasle espezialista gisa, kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak kontuan hartuta.

Profesional horiek lan-erregimenean edo administrazio-erregimenean jardungo dute, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Goi-mailako arte-irakaskuntzen kasuan, salbuespen gisa, nahitaez tituludunak izan behar ez duten atzerriko profesionalak hartu ahal izango dira irakasle espezialista gisa, kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak kontuan hartuta.

Profesional horiek lan-erregimenean edo administrazio-erregimenean jardungo dute, aplikatu beharreko araudiaren arabera. Gainera, Espainian dauden atzerritarren eskubideei eta askatasunei, eta horien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 9.5 eta 36. artikuluen edukia bete beharko da, Europar Batasuneko estatu kideetako herritarren edo atzerritarrei buruzko Erkidegoaren erregimena aplikagarri zaienen kasuan izan ezik.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, irakasle emerituaren irudia ezarriko du.

97. artikulua. Hizkuntzen irakaskuntzetako irakasleak.

Hizkuntzen irakaskuntzak emateko, 94. artikuluan derrigorrezko bigarren hezkuntzarako eta batxilergorako ezarritako titulazio-baldintza eta prestakuntza-baldintza berak eskatuko dira.

Hezkuntza-administrazioek, salbuespen gisa, nahitaez tituludunak izan behar ez duten atzerriko profesionalak hartu ahal izango dituzte irakasle espezialista gisa, kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak kontuan hartuta.

Profesional horiek lan-erregimenean edo administrazio-erregimenean jardungo dute, aplikatu beharreko araudiaren arabera. Gainera, Espainian dauden atzerritarren eskubideei eta askatasunei, eta horien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren 9.5 eta 36. artikuluen edukia bete beharko da, Europar Batasuneko estatu kideetako herritarren edo atzerritarrei buruzko Erkidegoaren erregimena aplikagarri zaienen kasuan izan ezik.

98. artikulua. Kirol-irakaskuntzetako irakasleak.

Kirol-irakaskuntzak emateko, lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua, edo gradu-titulu baliokidea edo irakaskuntza-ondorioetarako titulazio baliokidea izan beharko da.

Halaber, Lege honen 100. artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa eskatuko da.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, beste titulazio batzuk gaituko ditu modulu eta bloke jakin batzuk irakasteko.

Hezkuntza-administrazioek, salbuespen gisa, jarduera kirol-eremuan eta lan-eremuan garatzen duten eta nahitaez tituludunak izan behar ez duten profesionalak hartu ahal izango dituzte jakintzagai jakin batzuetarako irakasle espezialista gisa, kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak kontuan hartuta.

Profesional horiek lan-erregimenean edo administrazio-erregimenean jardungo dute, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

99. artikulua. Helduen hezkuntzako irakasleak.

Lege honetan bildutako eta titulu akademiko bat edo lanbide-titulu bat lortzera zuzendutako helduentzako irakaskuntzetako irakasleek irakaskuntza horiek emateko ezarritako titulazio orokorra izan beharko dute.

Hezkuntza-administrazioek helduen ezaugarriei erantzuteko prestakuntza egokia emango diete irakasle horiei.

III. KAPITULUA

Irakasleen prestakuntza

100. artikulua. Hasierako prestakuntza.

Irakasleen hasierako prestakuntza hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrak eskatutako titulazio-premietara eta kualifikazio-premietara egokituko da.

Hasierako prestakuntzaren edukiak hezkuntza-sistemaren erronkei aurre egiteko eta irakaskuntzak prestakuntza-premia berrietara egokitzeko trebakuntza egokia bermatuko du.

Lege honetan araututako irakaskuntzak emateko, beharrezkoa izango da bidezko titulazio akademikoak eta Gobernuak irakaskuntza bakoitzerako ezartzen duen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea.

Hezkuntza-administrazioei dagokie aurreko paragrafoan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa antolatzeko unibertsitateekiko bidezko hitzarmenak ezartzea.

Lege honetan araututako irakaskuntzetako irakasleen hasierako prestakuntza goi-mailako hezkuntzaren Europako graduen eta gradu-ondokoen sistemara egokituko da, oinarrizko araudiak ezartzen duenari jarraiki.

101. artikulua. Ikastetxe publikoetan irakasle gisa hastea.

Ikastetxe publikoetan, esperientzia duten irakasleen tutoretzapean jardungo dute irakasleek lehen ikasturtean.

Tutorea den irakasleak eta prestatzen ari den irakasleak elkarrekin hartuko dute azken horren ikasleen irakaskuntzak programatzeko ardura.

102. artikulua. Etengabeko prestakuntza.

Etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna ere.

Etengabeko prestakuntzako programetan, jakintzak eta metodoak berariazko zientzien eta didaktiken bilakaerara egokitzeko zeregina hartu beharko da kontuan, baita irakaskuntzaren kalitatea eta ikastetxeen funtzionamendua hobetzera zuzenduta eta koordinazioari, orientabideari, tutoretzari, aniztasunarekiko hezkuntza-arretari eta antolamenduari lotuta dauden alderdi guztiak ere.

Halaber, berdintasun-arloko etengabeko prestakuntza sartu beharko da programa horietan, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren zazpigarren artikuluan ezarri bezala.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, irakasle guztiek (beren espezialitatea edozein izanik ere) informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea eta atzerriko hizkuntzetan prestatzea sustatuko dute, eta berariazko prestakuntza-programak ezarriko dituzte eremu horretan.

Halaber, ikerketako eta berrikuntzako programak sustatuko dituzte.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak estatu mailako etengabeko prestakuntzako programak eskaini ahal izango dizkie Lege honetan araututako irakaskuntza guztietako irakasleei. Horretarako, bidezko hitzarmenak ezarri ahal izango ditu erakundeekin.

103. artikulua. Ikastetxe publikoetako irakasleen etengabeko prestakuntza.

Hezkuntza-administrazioek irakasleen prestakuntza-jardueren plangintza egingo dute, jarduera horien eskaintza dibertsifikatua eta doakoa bermatuko dute, eta irakasleek jarduera horietan parte hartzeko bidezko neurriak ezarriko dituzte.

Horrez gain, irakaskuntzen arteko mugikortasuna (unibertsitate-irakaskuntzak barnean hartuta) ahalbidetuko duten titulazioak lortzeko aukera erraztu beharko dute, unibertsitateekiko bidezko akordioen bidez.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, irakasleen nazioarteko mugikortasuna, postuak trukatzeko aukera eta beste herrialde batzuetako egonaldiak bultzatuko ditu.

IV. KAPITULUA

Irakasleei aitormena, babesa eta balioespena erakustea

104. artikulua. Irakasleei aitormena eta babesa erakustea.

Irakasleek beren eginkizunaren gizarte-garrantziagatik merezi duten tratua, begirunea eta errespetua jasotzeaz arduratuko dira hezkuntza-administrazioak.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, lehentasunezko arreta eskainiko diote irakasleen lan-baldintzak hobetzeari eta irakaslanak gizartearen aldetik behar duen gero eta begirune eta aitormen handiagoa bultzatzeari.

Irakasleen etengabeko prestakuntzaren eskakizuna eta irakaslana eguneratzeko, berritzeko eta ikertzeko premia direla-eta, irakasleek, behar bezala akreditatuta, botere publikoen mendeko liburutegietan eta museoetan doan sartzeko aukera izango dute.

Era berean, liburutegi horiek liburuak eta beste material batzuk maileguan hartzeko eskaintzen dituzten zerbitzuak erabili ahal izango dituzte.

Horretarako, ikastetxeetako zuzendariek bidezko akreditazioa emango diete irakasleei.

105. artikulua. Ikastetxe publikoetako irakasleentzako neurriak.

Hezkuntza-administrazioek, ikastetxeetako irakasleei dagokienez, bidezko neurriak hartu beharko dituzte lanbide-jardunari lotutako gertakarietan behar bezalako babes eta laguntza juridikoa, eta erantzukizun zibilaren estaldura bermatzeko.

Hezkuntza-administrazioek, ikastetxe publikoetako irakasleei dagokienez, honako alderdi hauek bultzatuko dituzte:

a) Tutoretza-funtzioa aitortzea, bidezkoak diren lanbide-pizgarrien eta pizgarri ekonomikoen bidez.

b) Irakasleen lana aitortzea bidezkoak diren pizgarri ekonomikoen eta lanbide-pizgarrien bidez, ikastetxeari eskainitako dedikazioa eta hezkuntza-berrikuntza dakarten planen ezarpena kontuan hartuta.

c) Ikastetxe elebidunetan beren jakintzagaiko eskolak atzerriko hizkuntza batean ematen dituzten irakasleen lana aitortzea.

d) Hezkuntza-sistemaren onurarako prestakuntza-jarduerak eta ikerketako eta berrikuntzako hezkuntza-jarduerak bultzatzeko ordaindutako lizentziak garatzea, hezkuntza-administrazioek ezarritako baldintzetan.

e) Hala eskatuz gero, 55 urtetik gorako irakasleen irakasjarduna murriztea eta, ondorioz, ordainsariak proportzioan murriztea.

Halaber, irakasjardunaren zati bat beste mota bateko jarduerekin ordezkatzeko aukera bultzatu ahal izango dute, ordainsariak murriztu gabe.

106. artikulua. Irakaskuntzako funtzio publikoaren ebaluazioa.

Irakaskuntzaren kalitatea eta irakasleen lana hobetzeko, hezkuntza-administrazioek irakaslana ebaluatzeko planak landuko dituzte, irakasleen parte-hartzearekin.

Irakaslana balioesteko planak publikoak izango dira, eta balioespenaren helburu eta irizpide zehatzak eta irakasleek, hezkuntza-komunitateak eta Administrazioak berak parte hartzeko modua hartuko dituzte barnean.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, irakasleen borondatezko ebaluazioa sustatuko dute.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, irakaslanaren balioespenaren emaitzak lekualdaketa-lehiaketetan eta irakasleen karreran lehentasunez kontuan hartzeko prozedurak antolatu beharko dituzte, prestakuntzako, ikerketako eta berrikuntzako jarduerekin batera.

IV. TITULUA

Ikastetxeak

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

107. artikulua. Erregimen juridikoa.

Lege honetan araututako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeek Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan, Lege Organiko honetan eta garatuko duten xedapenetan xedatutakoari, eta aplikagarri zaizkien indarreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko diete, artikulu honen hurrengo paragrafoetan aurreikusitakoa aparte utzi gabe.

Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuei eta erreferentzia nazionalekoei dagokienez, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan eta garatzen duten arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Autonomia-erkidegoei dagokie Lege honen 45. artikuluan definitutako goi-mailako arte-irakaskuntzetako batzuk eskaintzen dituzten ikastetxeen antolamendua arautzea.

Gobernuak kanpoan dauden Espainiako ikastetxe publikoak arautu eta kudeatu beharko ditu.

Hezkuntza-administrazioek, antolamenduaren, kudeaketaren eta administrazioaren ondorioetarako, lurralde-eremu jakin batean kokatutako ikastetxe publikoek sortutako elkartea ikastetxetzat hartu ahal izango dute.

108. artikulua. Ikastetxeen sailkapena.

Ikastetxeak bi motatan sailkatuta daude: publikoak eta pribatuak.

Titular gisa herri-administrazio bat dutenak ikastetxe publikoak dira.

Titular gisa pertsona fisiko edo juridiko pribatu bat dutenak ikastetxe pribatuak dira; legez ezarritako itun-erregimenari lotutako ikastetxe pribatuak, berriz, itunpeko ikastetxe pribatuak dira.

Dagokion hezkuntza-administrazioaren ikastetxeen erregistroan halakotzat hartutako pertsona fisikoa edo juridikoa da ikastetxe pribatu baten titularra.

Hezkuntzaren zerbitzu publikoa ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek emango dute.

Ikastetxeek Lege honetan ezarritako hezkuntzaren printzipioak eta helburuak lortzera bideratuko dute beren jarduera.

Gurasoek edo tutoreek, beren seme-alaben edo ardurapekoen hezkuntzari dagokionez, eskubidea dute ikastetxe publikoa zein botere publikoek sortutakoez bestelakoa (artikulu honen 3. paragrafoan adierazitako bat) aukeratzeko, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

109. artikulua. Ikastetxeen sarearen programazioa.

Plazen eskaintza programatzean, botere publikoek denek hezkuntzarako duten eskubidea, eta ikasleen, gurasoen eta tutoreen eskubide indibidualak bermatzeko duten betebeharraren ondoriozko eskakizunak bateratuko dituzte hezkuntza-administrazioek.

Hezkuntza-administrazioek Lege honetan doakotzat hartzen diren irakaskuntzen hezkuntza-eskaintza programatuko dute. Horretarako, ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen eskaintza hartuko da kontuan, baita hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua ere, irakaskuntzaren kalitatearen berme gisa.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, plaza publiko nahikoak bermatuko dituzte, biztanle gehiago hartu dituzten eremuetan bereziki.

Hezkuntza-administrazioek dauden aurrekontu-esleipenak eta ekonomiaren eta eraginkortasunaren printzipioa (baliabide publikoak erabiltzean) hartu beharko dituzte kontuan.

110. artikulua. Irisgarritasuna.

Arlo horretan indarrean dagoen legeriak exijitutako irisgarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten ikastetxeak ezgaituen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legean eta garatzen duten arauetan ezarritako epeetan eta irizpideekin egokitu beharko dira.

Hezkuntza-administrazioek ikastetxeen baldintza fisikoak (eskola-garraioa barne) eta teknologikoak egokitzeko programak sustatuko dituzte, eta ikasleen premietara egokitutako baliabide materialez eta curriculuma lortzeko baliabideez hornituko dituzte, ezgaituak bereziki kontuan hartuta. Baliabide horiek ez dira diskriminazio-faktore izango, eta ikasle guztiak txertatzeko eta guztien irisgarritasun unibertsalerako laguntza bermatuko dute.

II. KAPITULUA

Ikastetxe publikoak

111. artikulua. Ikastetxe publikoen izenak.

Haur-hezkuntza eskaintzen duten ikastetxeei haur-eskola deituko zaie, lehen hezkuntza eskaintzen dutenei lehen hezkuntzako ikastetxe, eta derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergoa eta lanbide-heziketa eskaintzen dutenei, berriz, bigarren hezkuntzako institutu.

Haur-hezkuntza eta lehen hezkuntza eskaintzen duten ikastetxe publikoei haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxe deituko zaie.

Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide-irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoei arte-eskola deituko zaie, eta musikaren eta dantzaren lanbide-irakaskuntzak eta, hala badagokie, oinarrizko irakaskuntzak eskaintzen dituztenei kontserbatorio.

Goi-mailako arte-irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeei Lege honen 58. artikuluan adierazitako izenak izango dituzte.

Ikastetxe arruntek aniztasunarekiko arretarako hartzen dituzten neurrien esparruan erantzun ezinezko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei zuzendutako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeei hezkuntza bereziko ikastetxe deituko zaie.

Aurreko puntuetan definitutakoez bestelako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe publikoen izenak hezkuntza-administrazioek finkatu beharko dituzte.

112. artikulua. Baliabide materialak eta giza baliabideak.

Hezkuntza-administrazioei dagokie ikastetxe publikoak kalitateko hezkuntza eskaintzeko eta hezkuntzan aukera-berdintasuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabide materialez eta giza baliabideez hornitzea.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren testuinguruan, hezkuntza-prozesuetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartuko direla bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura informatikoa izango dute ikastetxeek.

Hezkuntza-administrazioek kanpoko hezkuntza-zerbitzuak emango dituzte, eta ikastetxe publikoen eta ingurunearen arteko harremana eta ikastetxe publikoek hurbileko baliabideak –propioak zein beste herri-administrazio batzuenak– erabiltzeko aukera erraztuko dute.

Hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak oro har ezarritakoa edo eremurako ezarritakoa baino proportzio handiagoan eskolatzen dituzten ikastetxeek ikasle horiei behar bezala erantzuteko beharrezkoak diren baliabide osagarriak jasoko dituzte.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, irakaskuntzen kalitatea ziurtatzeko beharrezkoak diren laguntzak jasotzeko aukera emango diete unitate kopurua dela-eta Lege honen 93. artikuluan adierazitako espezialistak eduki ezin dituzten ikastetxeei.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, ikastetxe publikoek jarduera eta zerbitzu osagarriak eskaintzea (gizarte-eskari berriei erantzuteko hezkuntza-eskaintza zabal dezaten) eta baliabide egokiak izatea (hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasle asko dituzten ikastetxeen kasuan bereziki) sustatuko dute.

113. artikulua. Eskolako liburutegiak.

Ikastetxeek eskolako liburutegia izango dute.

Hezkuntza-administrazioek ikastetxe publikoen liburutegien zuzkidura osatuko dute pixkanaka.

Horretarako, helburu hori Lege honen ezarpenaldiaren barruan lortzeko plan bat landuko dute.

Eskolako liburutegiak lagungarriak izango dira irakurketa sustatzeko, eta ikasleek gainerako arloak eta jakintzagaiak ikasteko informazioa eta beste baliabide batzuk lortzeko eta horien erabilera kritikoan prestatzeko.

Lagungarriak izango dira, halaber, Lege honen 19.3 eta 26.2 artikuluetan xedatutakoa gauzatzeko.

Ikastetxeen hezkuntza-komunitateari irekitako gune gisa funtzionatzeko antolatuko dira eskolako liburutegiak.

Ikastetxeek akordioak egin ahal izango dituzte udalerriekin, udal-liburutegiak artikulu honetan aurreikusitako helburuekin erabiltzeko.

III. KAPITULUA

Ikastetxe pribatuak

114. artikulua. Izena.

Ikastetxe pribatuek edozein izen hartu ahal izango dute, ikastetxe publikoenak edo horiekin nahasteko modukoak izan ezik.

115. artikulua. Ikastetxe pribatuen izaera propioa.

Ikastetxe pribatuen titularrek ikastetxe horien izaera propioa ezartzeko eskubidea izango dute. Izaera horrek, nolanahi ere, Konstituzioak eta legeek irakasleei, gurasoei eta ikasleei bermatzen dizkieten eskubideak errespetatu beharko ditu.

Ikastetxearen titularrak ikastetxearen izaera propioa jakinarazi beharko die hezkuntza-komunitateko sektore guztiei eta ikastetxera joateko interesa agertzen duten guztiei.

Ikasle bat matrikulatzeak ikastetxearen izaera propioa errespetatu behar dela esan nahi du. Ikastetxeak, bere aldetik, Konstituzioan eta legeetan ikasleei eta horien familiei aitortutako eskubideak errespetatu beharko ditu.

Titulartasunaren aldaketagatik edo beste edozein zirkunstantziarengatik ikastetxe pribatu baten izaera propioan gertatzen den edozein aldaketa hezkuntza-komunitateari jakinarazi beharko zaio behar bezalako aurretiaz.

Nolanahi ere, izaera propioaren aldaketa ikasturtea hasi ondoren gertatzen bada, ezin izango du ondoriorik eragin ikasleak hurrengo ikasturterako onartzeko eta matrikulatzeko prozesua amaitu baino lehen.

IV. KAPITULUA

Itunpeko ikastetxe pribatuak

116. artikulua. Itunak.

Lege honetan doakotzat hartutako irakaskuntzak eskaintzen dituzten eta 108. eta 109. artikuluetan xedatutakoaren esparruan eskolatze-premiei erantzuten dieten ikastetxe pribatuak itun-erregimenari lotu ahal izango zaizkio, legez ezarritako baldintzetan.

Hezkuntza-ituneko erregimenari lotutako ikastetxeek bidezkoa den ituna egingo dute dagokion hezkuntza-administrazioarekin.

Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikastetxeen artean, egoera ekonomiko txarrean bizi diren ikasleak dituztenek eta hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak egiten dituztenek izango dute itun-erregimenari lotzeko lehentasuna.

Nolanahi ere, lehentasuna izango dute, arestian adierazitako irizpideak betez gero, kooperatiba-erregimenean eratuta dauden eta erregimen horretan diharduten ikastetxeek .

Itunen oinarrizko alderdiak Gobernuak ezarri beharko ditu.

Hona hemen alderdi horiek: Hezkuntzarako Eskubideari buruzko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan eta Lege honen arau aplikagarrietan aurreikusitako baldintzak betetzea, eskaera bideratzea, itunaren gehieneko iraupena eta ituna iraungitzeko arrazoiak, itunpeko ikastetxearen titularrek eta hezkuntza-administrazioak dituzten betebeharrak, ituna administrazio-zuzenbidepean jartzea, lan-harremanik gabeko irakasleen erregimenaren berezitasunak, ituna egiten duen ikastetxearen Eskola Kontseilua eratzea, eta zuzendaria izendatzea.

Autonomia-erkidegoek hezkuntza-itunen erregimena garatzeko beharrezkoak diren arauak emango ditu, artikulu honetan ezarritakoari jarraiki eta 108. eta 109. artikuluetan xedatutakoaren esparruan.

Itunak elkarrekiko eskubideak eta betebeharrak ezarriko ditu honako alderdi hauek direla-eta, betiere, itunen erregimena arautzen duten xedapenei jarraiki: erregimen ekonomikoa, erregimenaren iraupena, luzapena eta iraungipena, itunpeko eskola-unitateen kopurua eta gainerako baldintzak.

Itunek hainbat ikastetxe hartu ahal izango dituzte eraginpean, betiere, titular berarenak badira.

Hezkuntza-administrazioek lehentasunez itundu ahal izango dituzte Lege honetan aurreikusitakoaren arabera derrigorrezko bigarren hezkuntzako itunpeko ikastetxe pribatuek beren ikasleei ematen dizkieten lanbide-prestakuntzako programak.

Itun horien bereziak izango dira.

Derrigorrezko irakaskuntzaren ondokorako ituna berezia izango da.

117. artikulua. Itun-moduluak.

Itunaren xede diren irakaskuntzen doakotasuna gauzatzeko itunpeko ikastetxeak mantentzera zuzendutako fondo publikoen kopuru orokorra administrazioen aurrekontuetan ezarriko da.

Aurreko paragrafoan adierazitako kopuru orokorraren banaketaren ondorioetarako, eskola-unitate bakoitzeko modulu ekonomikoaren zenbatekoa urtean behin finkatuko da Estatuko Aurrekontu Orokorretan eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoetako Aurrekontu Orokorretan. Azken horietan, kopurua ez da izango beste haietan ezartzen dena baino txikiagoa, hurrengo paragrafoan ezarritakoari jarraiki moduluan bereizi beharreko kopuruetako ezeinetan.

Moduluaren kopuruak irakaskuntza doan ematea ziurtatuko du. Moduluan honako kopuru hauek bereiziko dira:

a) Irakasleen soldatak, ikastetxeen titularrek enpresa-kuotagatik Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak barnean hartuta.

b) Beste gastu batzuetarako diru-kopuruak, hala nola administrazioko eta zerbitzuetako langileenak, mantenimenduko, kontserbazioko eta funtzionamenduko diru-kopuru arruntak, eta inbertsio errealak birjartzeko diru-kopuruak.

Halaber, irakaskuntzaz kanpoko zuzendaritza-lana betetzetik datozenak hartu ahal izango dira kontuan.

Kapital propioaren interesak ez dira ezein kasutan zenbatuko.

Diru-kopuru horiek ikastetxe publikoei aplikatutakoen antzeko irizpideekin finkatuko dira.

c) Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen antzinatasuna ordaintzeko bidezko diru-kopuruak eta Gizarte Segurantzaren kuotetan duten eragina; irakasleen ordezkapenen ordainketa eta irakaskuntzako zuzendaritza-lan betetzetik datozenak; Langileen Estatutuaren 68. artikuluan ezarritakoaren arabera langileen legezko ordezkariei aitortutako bermeak gauzatzeak dakartzan betebeharren ordainketa.

Diru-kopuru horiek fondo orokor batean jasoko dira, eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen artean banatuko dira bakoitzari dagokion zatia emanda, irakasle bakoitzaren zirkunstantziei jarraiki eta ikastetxe publikoetako irakasleentzat finkatutakoen antzeko irizpideak aplikatuta.

Aurreko paragrafoan adierazitako irakasleen soldatei dagozkien kopuruek horien ordainsaria etapa bakoitzeko irakasle publikoenarekin pixkanaka parekatzea ahalbidetuko dute.

Irakasleen soldatak Administrazioak ordainduko ditu ordainketa eskuordetu gisa, ikastetxearen titular den erakundearen izenean eta aurreko paragrafoan aurreikusitako kopuruen kargura eta kontura.

Horretarako, ikastetxearen titularrak, lan-harremanean enplegu-emaile denez gero, bidezkoak diren nominak eta izan diren aldaketak emango dizkio Administrazioari.

Administrazioak ezin izango ditu bere gain hartu langileen gastuetan eta irakasleen lan-kostuetan egiten diren aldaketak, artikulu honen 3. paragrafoan adierazitako soldatei dagozkien diru-kopuruen gehikuntza orokorraren ehunekoa gainditzen duten hitzarmen kolektiboen ondoriozkoak direnean.

Hezkuntza-administrazioek hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak oro har ezarritakoa edo eremurako ezarritakoa baino proportzio handiagoan eskolatzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako moduluak gehitu ahal izango dituzte.

Itun-erregimena garatzen duen araudiak irakaskuntza-kooperatiben eta ikastetxearen titularrekin lan-harremanik ez duten irakasleen berariazko ezaugarriak hartuko ditu kontuan, baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen kudeaketa errazteko.

Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean, itun berezia duten ikastetxeek familiengandik jaso ahal izango dituzten kuoten gehieneko zenbatekoa finkatuko da.

V. TITULUA

Ikastetxeen parte-hartzea, autonomia eta gobernua

I. KAPITULUA

Parte-hartzea ikastetxeen funtzionamenduan eta gobernuan

118. artikulua. Printzipio orokorrak.

Parte-hartzea oinarrizko balioa da herritar autonomoak, libreak eta arduratsuak prestatzeko, eta Konstituzioaren printzipioekin eta balioekin konprometituta dauden herritarrak osatzeko.

Lege honetan araututako irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeen parte-hartzea, autonomia eta gobernua Lege honetan, Hezkuntzarako Eskubideari buruzko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan eta horiek garatzeko ematen diren arauetan xedatutakora egokituko dira.

Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenaren eremuan, ikasleek, irakasleek, familiek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek ikastetxeetan izan behar duten parte-hartzea gauza dadin sustatuko dute.

Irakasleek eta familiek seme-alaben hezkuntzan duten erantzukizuna elkarren artean banatzeko, familiaren eta eskolaren arteko lankidetza sustatu eta piztuko duten neurriak hartuko dituzte hezkuntza-administrazioek.

Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuei eta erreferentzia nazionalekoei dagokienez, Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan eta garatzen duten arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hezkuntza-administrazioei dagokie goi-mailako arte-irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetako parte-hartzea arautzea, Gobernuak ezartzen duen oinarrizko araudiari jarraiki.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, haur-hezkuntzako lehen zikloa baino ematen ez duten ikastetxeen ezaugarrietara egokitu beharko dute Titulu honetan ezarritakoa.

Ezarritakoa egokitzean, nolanahi ere, tituluan jasotako hezkuntza-komunitatearen parte-hartze eta autonomia-printzipioak errespetatu beharko dira.

119. artikulua. Parte-hartzea ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen funtzionamenduan eta gobernuan.

Hezkuntza-administrazioek hezkuntza-komunitateak ikastetxeen antolamenduan, gobernuan, funtzionamenduan eta ebaluazioan izan behar duen parte-hartzea bermatuko dute.

Hezkuntza-komunitateak Eskola Kontseiluaren bitartez hartuko du parte ikastetxeen gobernuan.

Irakasleek Klaustroari, irakasleen koordinazio-organoei eta maila berean eskolak ematen dituzten irakasle taldeei dagozkien erabaki pedagogikoak hartzen parte hartuko dute.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, ikasleek beren taldeko eta mailako ordezkarien eta Eskola Kontseiluan dituzten ordezkarien bitartez ikastetxeen funtzionamenduan parte har dezaten bultzatu beharko dute.

Gurasoek eta ikasleek, halaber, beren elkarteen bitartez parte hartu ahal izango dute ikastetxeen funtzionamenduan.

Hezkuntza-administrazioek horiei zuzendutako informazioa eta prestakuntza ematen lagunduko dute.

Ikastetxeek kide anitzeko honako gobernu-organo hauek izango dituzte gutxienez: Eskola Kontseilua eta Irakasleen Klaustroa.

II. KAPITULUA

Ikastetxeen autonomia

120. artikulua. Xedapen orokorrak.

Ikastetxeek autonomia pedagogikoa, antolamendurakoa eta kudeaketarakoa izango dute, indarrean dagoen legeriaren esparruan, eta Lege honetan eta garatzen duten arauetan jasotako baldintzetan.

Ikastetxeek autonomia izango dute heziketa-proiektua, kudeaketa-proiektua eta antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko arauak lantzeko, onartzeko eta gauzatzeko.

Hezkuntza-administrazioek ikastetxeen autonomia bultzatuko dute, horien baliabide ekonomikoak eta materialak, eta giza baliabideak lantzen diren lan-planetara eta antolamendu-planetara egokitzeko, behar bezala ebaluatu eta balioetsi ondoren.

Ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, esperimentazioak, lan-planak eta antolatzeko moduak hartu ahal izango dituzte, edo eskola-ordutegia zabaldu ahal izango dute, hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan. Edonola ere, familiei ez zaie ekarpenik ezarriko, ezta hezkuntza-administrazioei eskakizunik ere.

Esperimentazio, lan-plan edo antolatzeko modu horiek titulu akademikoen edo lanbide-tituluen lorpenean eragina dutenean, Gobernuak esanbidez baimendu beharko ditu.

121. artikulua. Heziketa-proiektua.

Balioak, helburuak eta jarduteko lehentasunak jasoko ditu ikastetxearen heziketa-proiektuak.

Halaber, hezkuntza-administrazioak ezarritako curriculumak (Klaustroak finkatu eta onartu beharrekoak) zehaztuko ditu, eta zeharkako tratamendua jasoko du balioetan oinarritutako hezkuntzari eta beste irakaskuntza batzuei lotutako arloetan, jakintzagaietan edo moduluetan.

Proiektu horrek ikastetxearen gizarte-ingurunearen eta kultura-ingurunearen ezaugarriak hartu beharko ditu kontuan, eta ikasleen aniztasunarekiko arreta, tutoretza eta elkarbizitza-plana jasoko ditu. Proiektuak, gainera, diskriminaziorik ezaren eta hezkuntzan txertatzeko aukeraren printzipioak errespetatu beharko ditu funtsezko balio gisa, baita Lege honetan eta Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan jasotako printzipioak eta helburuak ere.

Ikastetxe publikoei eta itunpeko ikastetxe pribatuei beren heziketa-proiektuak lantzeko aukera emango dien esparru orokorra ezarri beharko dute hezkuntza-administrazioek. Proiektu horiek argitara emango dira, hezkuntza-komunitate osoak ezagutu ditzan.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, curriculuma garatzen lagunduko dute. Horretarako, irakaskuntza-programazioaren eredu irekiak eta ikasleen eta irakasleen premiei erantzungo dieten material didaktikoak bultzatuko dituzte.

Hezkuntza-administrazioek, horrez gain, lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxeen heziketa-proiektuen arteko koordinazioa erraztuko dute, ikasleak hezkuntzan mailaz maila txerta daitezen eta txertatze hori positiboa izan dadin.

Ikastetxeek familien edo legezko tutoreen eta ikastetxearen beraren arteko hezkuntza-konpromisoak sustatuko dituzte. Konpromiso horietan, gurasoek, irakasleek eta ikasleek azken horien eskola-errendimendua hobetzeko egingo dituzten jarduerak jasoko dira.

Itunpeko ikastetxe pribatuen heziketa-proiektua dagokion titularrak ezarriko du, eta Lege honen 115. artikuluan adierazitako izaera propioa jasoko du. Proiektua, nolanahi ere, argitara eman beharko da.

122. artikulua. Baliabideak.

Kalitateko irakaskuntza eskaintzeko eta hezkuntzan txertatzeko aukera-berdintasuna bermatzeko beharrezkoak diren hezkuntza-baliabideez, giza baliabideez eta baliabide materialez hornituta egongo dira ikastetxeak.

Hezkuntza-administrazioek baliabide-zuzkidura handiagoak esleitu ahal izango dizkiete ikastetxe publiko edo itunpeko ikastetxe pribatu jakin batzuei, hori eskatzen duten proiektuen arabera, eta eskolatzen dituzten ikasleen premia bereziko egoerak kontuan hartuta.

Ikastetxe publikoek baliabide osagarriak lortu ahal izango dituzte Eskola Kontseiluak onarpena eman ondoren, hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugen barruan.

Baliabide horiek ez dira izango gurasoen eta ikasleen elkarteek beren helburuak betetzeko egindako jardueren emaitza. Baliabideak ikastetxeen gastuei aplikatuko zaizkie, hezkuntza-administrazioek ezartzen dutenari jarraiki.

123. artikulua. Ikastetxeen kudeaketa-proiektua.

Lege honetan araututako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoek autonomia izango dute beren kudeaketa ekonomikoan, Lege honetan eta hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatzen duen legean ezarritako araudiari jarraiki.

Hezkuntza-administrazioek ikastetxeen gobernu-organoen esku utzi ahal izango dute ondasunen erosketa eta obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazioa, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuari jarraiki eta dagokion araudian finkatzen diren mugekin.

Hezkuntza-administrazioek gastua kontratatzeko, egiteko eta justifikatzeko prozesua arautzearren ezartzen dituzten xedapenei lotuta geratuko da ikastetxeek baliabide horiek administratzeko izango duten autonomia.

Heziketa-proiektuak betetzeko, ikastetxe publikoek lanbide-titulaziorako eta lanbide-trebakuntzarako baldintzak formulatu ahal izango dituzte ikastetxeko lanpostu jakin batzuei dagokienez, betiere, hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzei jarraiki.

Ikastetxe publikoek beren baliabide materialen zein giza baliabideen antolamendua eta erabilera adieraziko dute. Horretarako, kudeaketa-proiektua landuko dute, hezkuntza-administrazioek ezarritako baldintzetan.

Hezkuntza-administrazioek ikastetxe publikoen gobernu-organoen esku utzi ahal izango dituzte finkatzen dituzten eskumenak, langileen kudeaketari lotutakoak barne. Ikastetxearen esku jarritako baliabideen kudeaketa zuzendarien erantzukizuna izango da.

124. artikulua. Antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko arauak.

Ikastetxeek beren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko arauak landuko dituzte. Arau horietan, elkarbizitza-planaren betetzea bermatuko dutenak sartuko dira.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, ikastetxeei beren autonomiaren esparruan antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko arauak lantzea erraztuko diete.

125. artikulua. Urteko programazio orokorra.

Ikastetxeek urteko programazio orokorra landuko dute ikasturte bakoitzaren hasieran. Programazio horrek ikastetxearen antolamenduari eta funtzionamenduari lotutako alderdi guztiak jasoko ditu, proiektuak, curriculuma, arauak eta itundutako eta onartutako jardun-plan guztiak barnean hartuta.

III. KAPITULUA

Ikastetxe publikoen gobernurako eta irakasleen koordinaziorako kide anitzeko organoak

Lehen atala. Eskola Kontseilua

126. artikulua. Eskola Kontseiluaren osaera.

Ikastetxeen Eskola Kontseilua osatuko duten kideak honako hauek dira:

a) Ikastetxeko zuzendaria, Eskola Kontseiluaren lehendakaria izango dena.

b) Ikasketaburua.

c) Ikastetxea kokatuta dagoeneko udalerriko Udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

d) Klaustroak aukeratutako irakasleak; irakasle horien kopurua Kontseilua osatzen duten guztien herena izango da gutxienez.

e) Gurasoak eta ikasleak, haiek beren artean aukeratuak; guraso eta ikasle horien kopurua Kontseilua osatzen duten guztien herena izango da gutxienez.

f) Ikastetxeko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

g) Ikastetxeko idazkaria, Kontseiluko idazkari-lanak egingo dituena; hitza izango du, baina botorik ez.

Ikastetxearen Eskola Kontseilua eratu ondoren, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra sustatuko duten hezkuntza-neurriak bultzatzeko pertsona bat izendatuko du.

Gurasoek Eskola Kontseiluan izango duten ordezkarietako bat ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso-elkarteak izendatuko du, hezkuntza-administrazioek ezartzen duten prozedurari jarraiki.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, lanbide-heziketako irakaskuntzak edo arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek beren Eskola Kontseiluan ikastetxearen eragin-eremuko enpresa-erakundeek edo lan-arloko erakundeek proposatutako ordezkari bat sartzeko baldintzak arautu beharko dituzte.

Ikasleak Eskola Kontseiluko kide aukeratu ahal izango dira, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen ikasturtetik aurrera.

Hala ere, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen bi mailetako ikasleek ezin izango dute parte hartu zuzendariaren hautaketan edo kargu-uztean.

Lehen hezkuntzako ikasleek Eskola Kontseiluan parte hartu ahal izango dute, betiere, hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan.

Hezkuntza-administrazioek Eskola Kontseiluko kideen guztizko kopurua finkatu eta aukeraketa-prozesua arautu beharko dute.

Haur-hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, lehen hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiago dituzten bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, helduen hezkuntza iraunkorreko ikastetxeetan, arte-irakaskuntza profesionalak, hizkuntzen irakaskuntzak edo kirol-irakaskuntzak ematen dituzten hezkuntza bereziko ikastetxeetan eta ezaugarri bereziak dituzten unitateetan edo ikastetxeetan, artikulu honetan xedatutakoa horien guztien berezitasunera egokituko du hezkuntza-administrazio eskudunak.

Hezkuntza bereziko berariazko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko unitateak dituzten ikastetxeetan, hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkari bat ere Eskola Kontseiluko kide izango da.

127. artikulua. Eskola Kontseiluaren eskumenak.

Ikastetxearen Eskola Kontseiluak honako eskumen hauek izango ditu:

a) Lege honen V. tituluaren II. kapituluan adierazitako proiektuak eta arauak onartzea eta ebaluatzea.

b) Ikastetxearen urteko programazio orokorra onartzea eta ebaluatzea, irakasleen Klaustroak irakaskuntzaren plangintzari eta antolamenduari dagokionez dituen eskumenak aparte utzi gabe.

c) Zuzendaritzarako kandidaturak eta hautagaiek aurkeztutako zuzendaritza-proiektuak ezagutzea.

d) Ikastetxeko zuzendariaren hautaketan parte hartzea, Lege honek ezartzen dituen baldintzetan.

Zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapenaren eta kargu-uztearen berri izatea.

Hala badagokio, kideek bi hereneko gehiengoarekin erabaki ondoren, zuzendariaren izendapenaren baliogabetzea proposatzea.

e) Ikasleen onarpena erabakitzea, Lege honetan eta garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraiki.

f) Diziplina-gatazken ebazpenaren berri izatea eta gatazka horiek indarrean dagoen araudiaren barruan bideratzeaz arduratzea.

Zuzendariak hartutako diziplina-neurriek ikastetxeko elkarbizitza larriki kaltetzen duten ikasleen jarrerekin zerikusia badute, Eskola Kontseiluak, gurasoek edo tutoreek eskatuta, hartutako erabakia berrikusi eta, hala badagokio, bidezkoak diren neurriak proposatu ahal izango ditu.

g) Ikastetxeko elkarbizitza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta gatazken konponbide baketsua –bizitza pertsonalaren, familiakoaren eta sozialaren eremu guztietan– bultzatzeko neurriak eta ekimenak proposatzea.

h) Eskolako instalazioen eta ekipoaren kontserbazioa eta berrikuntza sustatzea, eta baliabide osagarrien lorpena onartzea, 122.3 artikuluan ezarritakoari jarraiki.

i) Hezkuntza-helburuak eta kultura-helburuak lortzearren toki-administrazioekin eta beste ikastetxe, erakunde eta organismo batzuekin lankidetzan jarduteko jarraibideak finkatzea.

j) Ikastetxearen funtzionamendu orokorra, eskola-errendimenduaren bilakaera eta ikastetxearen parte-hartzea duten barneko eta kanpoko ebaluazioen emaitzak aztertzea eta balioestea.

k) Bere ekimenez edo administrazio eskudunak eskatuta, ikastetxearen funtzionamenduari, kudeaketaren kalitatearen hobekuntzari eta kudeaketaren kalitatearen inguruko beste zenbait alderdiri buruzko proposamenak eta txostenak lantzea.

l) Hezkuntza-administrazioak esleitzen dizkion guztiak.

Bigarren atala. Irakasleen Klaustroa

128. artikulua. Osaera.

Irakasleen Klaustroa irakasleek ikastetxearen gobernuan parte hartzeko organoa da, eta ikastetxearen hezkuntza-alderdi guztiak planifikatzeko, koordinatzeko, jakinarazteko eta, hala badagokio, erabakitzeko erantzukizuna du.

Klaustroak zuzendaria izango du buru, eta ikastetxean lan egiten duten irakasle guztiek osatuko dute.

129. artikulua. Eskumenak.

Irakasleen Klaustroak honako eskumen hauek izango ditu:

a) Zuzendaritza-taldeari eta Eskola Kontseiluari ikastetxearen proiektuak eta urteko programazio orokorra lantzeko proposamenak egitea.

b) Curriculumaren zehaztasuna eta proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntza-alderdi guztiak onartzea eta ebaluatzea.

c) Ikasleen orientabideari, tutoretzari, ebaluazioari eta errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.

d) Esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren eremuan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzan ekimenak sustatzea.

e) Ikastetxeak Eskola Kontseiluan izango dituen ordezkariak aukeratzea, eta zuzendariaren hautaketan parte hartzea, Lege honetan ezarritako baldintzetan.

f) Zuzendaritzarako kandidaturak eta hautagaiek aurkeztutako zuzendaritza-proiektuak ezagutzea.

g) Ikastetxearen funtzionamendu orokorra, eskola-errendimenduaren bilakaera eta ikastetxearen parte-hartzea duten barneko eta kanpoko ebaluazioen emaitzak aztertzea eta balioestea.

h) Ikastetxearen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko arauen berri ematea.

i) Diziplina-gatazken ebazpenaren eta jarritako zigorren berri izatea, eta zigor horiek indarrean dagoen araudiaren barruan bideratzeaz arduratzea.

j) Ikastetxeko elkarbizitza hobetuko duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Hezkuntza-administrazioak edo antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko arauek esleitutako guztiak.

Hirugarren atala. Irakasleen beste koordinazio-organo batzuk

130. artikulua. Irakasleen koordinazio-organoak.

Hezkuntza-administrazioek irakasleen koordinazio-organoen eta orientazio-organoen funtzionamendua arautu beharko dute. Halaber, eskolak maila berean ematen dituzten irakasle taldeak, eta eskolak ikasle talde berari ematen dizkioten irakasleen lankidetza eta talde-lana sustatuko dituzte.

Bigarren hezkuntzako institutuetan, irakasleen koordinazio-organoen artean, agindutako jakintzagaien edo moduluen berezko irakaskuntzak antolatzeaz eta garatzeaz arduratuko diren koordinazio didaktikorako sailak egongo dira.

IV. KAPITULUA

Ikastetxe publikoen zuzendaritza

131. artikulua. Zuzendaritza-taldea.

Zuzendaritza-taldea da ikastetxe publikoetako gobernu-organo betearazlea; zuzendariak, ikasketaburuak, idazkariak, eta hezkuntza-administrazioek zehazten dituzten guztiek osatuko dute.

Zuzendaritza-taldeak koordinatuta beteko ditu bere funtzioak, zuzendariaren argibideen eta legez ezarritako berariazko funtzioen arabera.

Zuzendariak, irakasleen Klaustroari eta Eskola Kontseiluari jakinarazi ondoren, ikastetxeko irakasleen artean ikasketa-buruaren eta idazkariaren karguak izendatzeko eta kargu horiek kentzeko proposamena egingo dio hezkuntza-administrazioari.

Agintaldia amaitzean edo zuzendariak kargua uzten duenean, zuzendaritza-taldeko kide guztiek utziko diote beren funtzioak betetzeari.

Hezkuntza-administrazioek ikastetxeetan zuzendaritza-lana betetzen lagunduko dute. Horretarako, langileei eta baliabide materialei dagokienez zuzendaritza-taldeen jarduna hobetzeko neurriak hartuko dituzte eta prestakuntza-programak eta prestakuntza-ikastaroak antolatuko dituzte.

132. artikulua. Zuzendariaren eskumenak.

Zuzendariaren eskumenak honako hauek dira:

a) Ikastetxearen ordezkaritza izatea, ikastetxean hezkuntza-administrazioa ordezkatzea, eta administrazio horri hezkuntza-komunitatearen planteamenduak, asmoak eta premiak helaraztea.

b) Ikastetxearen jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea, irakasleen Klaustroari eta Eskola Kontseiluari esleitutako eskumenak aparte utzi gabe.

c) Zuzendaritza pedagogikoa gauzatzea, hezkuntza-berrikuntza sustatzea eta ikastetxearen heziketa-proiektuaren helburuak lortzeko planak bultzatzea.

d) Legeen eta indarrean dauden gainerako xedapenen betetzea bermatzea.

e) Ikastetxeari atxikitako langile guztien buru izatea.

f) Ikastetxeko elkarbizitza hobetzea, gatazkak konpontzeko bitartekotza bermatzea eta ikasleei dagozkien diziplina-neurriak ezartzea indarrean dagoen araudia beteta, Lege honen 127. artikuluan Eskola Kontseiluari esleitutako eskumenak aparte utzi gabe.

Horretarako, ikastetxeetan gatazkak konpontzeko prozeduren arintzea sustatuko da.

g) Ikastetxearen eta ingurunearen arteko harremana sendotzeko, familiekin, erakundeekin eta organismoekin lankidetza bultzatzea, eta eskola-giroa sustatzea, ikasleek jakintzetan eta balioetan prestakuntza integrala jasotzeko eta ikasketa-ohiturak sustatzeko lagungarri izan daitezkeen jardun guztiak garatze aldera.

h) Ikastetxearen barneko ebaluazioak bultzatzea eta kanpoko ebaluazioetan eta irakasleen ebaluazioan laguntzea.

i) Ikastetxearen Eskola Kontseiluaren eta irakasleen Klaustroaren egintza akademikoetarako eta bilkuretarako deialdia egitea eta horiek zuzentzea, eta haien eskumenen eremuan hartutako erabakiak betearaztea.

j) Obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazioak egitea, gastuak ikastetxearen aurrekontuaren arabera baimentzea, ordainketak agintzea eta ikastetxearen ziurtagiriei eta dokumentuei oniritzia ematea, hori guztia hezkuntza-administrazioek ezartzen dutenari jarraiki.

k) Hezkuntza-administrazioari zuzendaritza-taldeko kideen izendapena eta kargu-uztea proposatzea, ikastetxearen Eskola Kontseiluari eta irakasleen Klaustroari jakinarazi ondoren.

l) Hezkuntza-administrazioak esleitzen dizkion guztiak.

133. artikulua. Zuzendariaren hautaketa.

Hezkuntza-komunitatearen eta hezkuntza-administrazioaren parte-hartzea izango duen prozesu baten bidez hautatuko da zuzendaria.

Prozesu horrek aukera eman behar du lanbide mailan egokienak diren eta hezkuntza-komunitatearen babes handiena lortzen duten hautagaiak aukeratzeko.

Ikastetxe publikoetako zuzendariak ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen arteko meritu-lehiaketa bidez hautatu eta izendatuko dira.

Hautaketa berdintasunaren, publizitatearen, merituaren eta gaitasunaren printzipioei jarraiki egingo da.

134. artikulua. Zuzendarigai izateko baldintzak.

Meritu-lehiaketan parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira:

a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

b) Iraupen bereko aldi batean ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean funtzionario gisa zuzeneko irakaskuntza eman izana.

c) Deialdia egiten duen hezkuntza-administrazioaren eremuko ikastetxe publiko batean, lehiaketaren xede den ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean lan egitea, gutxienez ikasturte oso bateko esperientziarekin (deialdia argitaratzean).

d) Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea. Proiektu horrek helburuak, jardun-ildoak eta ebaluazioa jasoko ditu, besteak beste.

Haur-hezkuntzako berariazko ikastetxeetan, lehen hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiago dituzten bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, eta arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntzen irakaskuntzak edo helduei zuzendutakoak ematen dituzten eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten ikastetxeetan, hezkuntza-administrazioek artikulu honen 1. paragrafoan ezarritako baldintzaren bat betetzeaz salbuetsi ahal izango dituzte zuzendarigaiak.

135. artikulua. Hautatzeko prozedura.

Ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko, hezkuntza-administrazioek meritu-lehiaketarako deialdia egingo dute, eta irizpide objektiboak eta zuzendarigaiaren merituak eta aurkeztutako proiektua balioesteko prozedura ezarriko dituzte.

Hautaketa ikastetxean egingo du hezkuntza-administrazioaren eta dagokion ikastetxearen ordezkariek osatutako Batzorde batek.

Hezkuntza-administrazioek batzordekideen guztizko kopurua finkatu beharko dute.

Batzordeko kideen artean, gutxienez heren bat Klaustroak aukeratutako irakasleak izango dira, eta beste heren bat irakasleak ez diren Eskola Kontseiluko kideek beren artean aukeratutakoak izango dira.

Zuzendaria hautatzeko, zuzendarigaiek egiaztatutako ikasketa-merituen eta lanbide-merituen balioespen objektiboa eta zuzendaritza-proiektuaren balioespena hartuko dira kontuan. Hautaketa, nolanahi ere, demokratikoki erabakiko dute Batzordeko kideek, hezkuntza-administrazioek ezarritako irizpideei jarraiki.

Hautaketa egiteko, ikastetxeko irakasleen kandidaturak hartuko dira kontuan lehenik, horiek lehentasuna izango baitute.

Ikastetxeko izangairik ez dagoenean edo ikastetxeko izangaiak hautatzen ez direnean, beste ikastetxe batzuetako irakasleen kandidaturak balioetsiko ditu Batzordeak.

136. artikulua. Izendapena.

Hezkuntza-administrazioek antolatutako hasierako prestakuntzako programa bat gainditu beharko dute hautatutako zuzendarigaiek.

Zuzendaritza-lanean gutxienez bi urteko esperientzia dutela frogatzen duten zuzendarigai hautatuak salbuetsita egongo dira hasierako prestakuntzako programa hori egiteaz.

Hezkuntza-administrazioak programa hori gainditzen duen zuzendarigaia izendatuko du dagokion ikastetxeko zuzendari, lau urteko aldi baterako.

Zuzendarien izendapena iraupen bereko aldietarako berritu ahal izango da, betiere, aldi bakoitza amaitzean egindako lanak ebaluazio positiboa jasotzen badu.

Ebaluazio horren irizpideak eta prozedurak publikoak izango dira.

Hezkuntza-administrazioek gehieneko muga bat finkatu ahal izango dute agintaldiak berritzeko.

137. artikulua. Ezohiko izendapena.

Zuzendagairik ez dagoenean, ikastetxe sortu berrien kasuan edo Batzordeak ezein zuzendarigai hautatzen ez duenean, hezkuntza-administrazioak irakasle funtzionario bat izendatuko du zuzendari, lau urteko aldi baterako gehienez.

138. artikulua. Zuzendariaren kargu-uztea.

Zuzendariak honako kasu hauetan utziko du bere kargua:

a) Izendapenari dagokion aldia eta, hala badagokio, aldi horren luzapena amaitzen denean.

b) Hezkuntza-administrazioak onartutako uko arrazoituaren kasuan.

c) Gerora sortutako ezintasun fisikoaren edo psikikoaren kasuan.

d) Hezkuntza-administrazio eskudunak bere ekimenez edo Eskola Kontseiluaren proposamen arrazoitu bidez zuzendari-karguari datxezkion funtzioen ez-betetze larriagatik era arrazoituan kargutik kentzen duenean.

Nolanahi ere, kargutik kentzeari buruzko ebazpena kontraesaneko espedientea bideratutakoan emango da, interesdunari eta Eskola Kontseiluari entzun ondoren.

139. artikulua. Zuzendaritza-lanari aitormena erakustea.

Zuzendaritza-karguak eta, bereziki, zuzendari-kargua betetzeko zeregina bereiz ordainduko da, exijitutako erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta, hezkuntza-administrazioek ezarritako osagarrietarako finkatzen dituzten kopuruei jarraiki.

Era berean, zuzendaritza-karguak eta, bereziki, zuzendari-kargua betetzeko zeregina bereziki balioetsiko da irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako.

Zuzendariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira.

Ebaluazio positiboa lortzen dutenek aitormen pertsonala eta profesionala jasoko dute, hezkuntza-administrazioek ezarritako baldintzetan.

Ikastetxe publikoetako zuzendariek, hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatzen duen denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete dutenean, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, betiere, hezkuntza-administrazioek finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.

VI. TITULUA

Hezkuntza-sistemaren ebaluazioa

140. artikulua. Ebaluazioaren helburua.

Hezkuntza-sistemaren ebaluazioak honako helburu hauek izango ditu:

a) Hezkuntzaren kalitatea eta ekitatea hobetzen laguntzea.

b) Hezkuntza-politikak orientatzea.

c) Hezkuntza-sistemaren gardentasuna eta eraginkortasuna areagotzea.

d) Hezkuntza-administrazioek ezarritako hobekuntza-helburuen betetze-mailari buruzko informazioa ematea.

e) Espainiako eta Europako hezkuntza-helburuen lorpen-mailari buruzko informazioa ematea, baita Espainiako gizartearen eskaerari eta Europar Batasunaren testuinguruan finkatutako xedeei dagokienez hartutako hezkuntza-konpromisoen betetze-mailari buruzko informazioa ere.

Aurreko paragrafoan ezarritako helburu horrek ezin izango du inola ere babestu hezkuntza-sistemari buruzko ebaluazioen emaitzak, emaitza horiek aplikagarri diren lurralde-esparrua estatukoa den edo autonomiakoa den alde batera utzita, ikasleak banaka baloratzeko edo ikastetxeen sailkapenak ezartzeko erabil daitezen.

141. artikulua. Ebaluazioaren eremua.

Ebaluazioa Lege honetan araututako hezkuntza-eremu guztietara zabalduko da, eta honako alderdi hauetan aplikatuko da: ikasleen ikasteko prozesuak eta emaitzak, irakasleen jarduera, hezkuntza-prozesuak, zuzendaritza-lana, ikastetxeen funtzionamendua, ikuskapena eta hezkuntza-administrazioak berak.

142. artikulua. Ebaluazioaren ardura duten erakundeak.

Hezkuntza-sistemaren ebaluazioa Hezkuntza Sistemaren Ebaluazioko eta Kalitateko Institutu Nazionalak (Ebaluazio Institutua izena hartuko duenak) eta hezkuntza-administrazioen erakundeek (administrazio horiek finkatzen dituztenek) egingo dute, beren eskumenen eremuan.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, Ebaluazio Institutuaren egitura eta funtzioak finkatuko ditu. Ebaluazio Institutuan, hezkuntza-administrazioen parte-hartzea bermatuko da.

Ikastetxeetako zuzendaritza-taldeek eta irakasleek hezkuntza-administrazioekin lankidetzan jardungo dute ikastetxeetan egiten diren ebaluazioetan.

143. artikulua. Hezkuntza-sistemaren ebaluazio orokorra.

Ebaluazio Institutuak, hezkuntza-administrazioekin lankidetzan, hezkuntza-sistemaren ebaluazio orokorra egiteko hainbat urtetarako planak landuko ditu.

Ebaluazioa egin aurretik, horretarako irizpideak eta prozedurak publiko egingo dira.

Ebaluazio Institutuak, hezkuntza-administrazioekin lankidetzan, espainiar Estatuak nazioarteko ebaluazioetan izango duen parte-hartzea koordinatuko du.

Ebaluazio Institutuak, hezkuntza-administrazioekin lankidetzan, Hezkuntza Adierazleen Estatuko Sistema landuko du. Sistema horrek hezkuntza-sistema ezagutzen eta hezkuntza-erakundeen eta hezkuntzan inplikatutako sektore guztien erabakiak orientatzen lagunduko du.

Autonomia-erkidegoetako hezkuntza-administrazioek sistema lantzeko beharrezkoak diren datuak eman beharko dizkiote Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari.

144. artikulua. Diagnostiko-ebaluazio orokorrak.

Ebaluazio Institutuak eta hezkuntza-administrazioen erakundeek, beren eskumenpeko hezkuntza-sistemaren ebaluazio orokorraren esparruan, autonomia-erkidegoetako zein Estatu osoko ikasleen eta ikastetxeen datu adierazgarriak lortzeko aukera emango duten diagnostiko-ebaluazio orokorrak egiten lagunduko dute.

Ebaluazio horiek curriculumaren oinarrizko gaitasunei buruzkoak izango dira, lehen eta bigarren hezkuntzan egingo dira eta, nolanahi ere, 21. eta 29. artikuluetan aurreikusitakoak hartuko dituzte barnean.

Hezkuntzako Konferentzia Sektoriala ebaluazio horiek homogeneotasun-irizpideekin egiteaz arduratuko da.

Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen eremuan, mendeko ikastetxeen parte-hartzea izango duten diagnostiko-ebaluazioak garatu eta kontrolatu beharko dituzte. Halaber, bidezkoak diren ereduak eta laguntzak eman beharko dituzte ikastetxe guztiek ebaluazioak behar bezala egin ditzaten. Ebaluazioak prestakuntza-mailakoak eta barnekoak izango dira.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, ikastetxeek egiten dituzten diagnostiko-ebaluazio horien emaitzak eta ebaluazio horien ondoriozko jardun-planak hezkuntza-komunitateari jakinarazteko modua arautu beharko dute.

Ebaluazio horien emaitzak ezin izango dira erabili ikastetxeen sailkapenak egiteko.

145. artikulua. Ikastetxeen ebaluazioa.

Hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen esparruan, ikastetxeen ebaluazio-planak landu eta egin ahal izango dituzte. Plan horietan, familien eta ikasleen egoera sozioekonomikoak eta kulturalak, ikastetxearen ingurunea eta ikastetxearen baliabideak hartuko dira kontuan.

Hezkuntza-administrazioek, halaber, ikastetxeen autoebaluazioa babestu eta erraztuko dute.

146. artikulua. Zuzendaritza-lanaren ebaluazioa.

Ikastetxeen funtzionamendua hobetzeko, hezkuntza-administrazioek, beren eskumenen eremuan, zuzendaritza-lana balioesteko planak landu ahal izango dituzte.

147. artikulua. Ebaluazioen emaitza zabaltzea.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, Espainiako hezkuntza-sistemaren adierazle nagusiei, Espainiako edo nazioarteko diagnostiko-ebaluazioen emaitzei, ebaluazio horietan oinarrituta planteatutako gomendioei eta Estatuko Eskola Kontseiluak hezkuntza-sistemari buruz landutako txostenaren alderdi azpimarragarrienei buruzko txostena aurkeztuko dio urtean behin Diputatuen Kongresuari.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, bestalde, Ebaluazio Institutuak hezkuntza-administrazioekin lankidetzan egindako ebaluazioen interes orokorreko ondorioak argitaratuko ditu aldizka, eta Adierazleen Estatuko Sistemak aldizka ematen duen informazioa emango du ezagutzera.

VII. TITULUA

Hezkuntza-sistemaren ikuskapena

148. artikulua. Hezkuntza-sistemaren ikuskapena.

Hezkuntza-sistemaren ikuskapena botere publikoen eskumena eta erantzukizuna da.

Hezkuntza-administrazioei dagokie dagokion lurralde-eremuaren barruko hezkuntzako ikuskaritza antolatzea, arautzea eta gauzatzea.

Hezkuntzako ikuskaritza hezkuntza-sistemaren elementu eta alderdi guztietan egingo da, irakasteko eta ikasteko prozesuetan parte hartzen duten guztien eskubideen bermea eta legeen eta betebeharren betetzea, hezkuntza-sistemaren hobekuntza eta irakaskuntzaren kalitatea eta ekitatea ziurtatzeko.

I. KAPITULUA

Goi Ikuskaritza

149. artikulua. Eremua.

Estatuari dagokio hezkuntzaren goi-ikuskaritza, irakaskuntzaren arloan esleituta dituen ahalmenen betetzea, eta Konstituzioaren printzipio eta arau aplikagarrien eta Konstituzioaren 27. artikulua garatzen duten gainerako oinarrizko arauen betetzea bermatzeko.

150. artikulua. Eskumenak.

Estatuari esleitutako funtzioak betez, honako eskumen hauek dagozkio Goi Ikuskaritzari:

a) Irakaskuntzen modalitateei, etapei, zikloei eta espezialitateei eta horietako bakoitzak duen ikasturte kopuruari dagokienez Estatuak hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrean ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzea.

b) Curriculumen barruan curriculumaren oinarrizko alderdiak sartzen diren, eta curriculum horiek Estatuko ordenamenduari jarraiki ematen diren egiaztatzea.

c) Tituluak eta tituluen ondorio akademikoak edo profesionalak lortzeko baldintzak betetzen diren egiaztatzea.

d) Espainiar guztiek hezkuntza-arloko eskubideei eta betebeharrei eta hizkuntza-eskubideei dagokienez duten berdintasuna bermatuko duten oinarrizko baldintzak betetzeaz arduratzea, xedapen aplikagarriei jarraiki.

e) Diru-laguntzak eta bekak Estatuko xedapenek ezarritako irizpide orokorretara egokituta ematen diren egiaztatzea.

Estatuko funtzionarioak, goi-ikuskaritzako funtzioak betetzean, agintari publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta beren jardunetan Estatuko eta autonomia-erkidegoetako agintarien beharrezko laguntza jaso ahal izango dute agintzen zaizkien funtzioak betetzeko.

Gobernuak Goi Ikuskaritzako langileen antolamendua eta erregimena arautuko du, baita horien mendekotasuna ere.

Era berean, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, Goi Ikuskaritzaren jarduteko prozedurak arautuko ditu Gobernuak.

II. KAPITULUA

Hezkuntzako ikuskaritza

151. artikulua. Hezkuntzako ikuskaritzaren funtzioak.

Hezkuntzako ikuskaritzaren funtzioak honako hauek dira:

a) Ikastetxeen funtzionamendua eta horiei lotutako programak pedagogiaren eta antolamenduaren ikuspuntutik ikuskatzea eta kontrolatzea.

b) Irakaslana eta zuzendaritza-lana ikuskatzea eta horien etengabeko hobekuntzan laguntzea.

c) Hezkuntza-sistemaren eta sistema osatzen duten elementuen ebaluazioan parte hartzea.

d) Ikastetxeetan hezkuntza-sistemari lotutako legeak, araudiak eta indarrean dauden gainerako xedapenak betetzeaz arduratzea.

e) Lege honetan jasotako printzipioak eta balioak (emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko direnak barne) betetzeaz eta aplikatzeaz arduratzea.

f) Hezkuntza-komunitateko sektore guztiei beren eskubideak erabiltzeko eta betebeharrak betetzeko gaietan aholkuak, orientabidea eta informazioa ematea.

g) Hezkuntza-administrazioek eskatutako edo hezkuntzako ikuskaritzak errealitateaz duen ezagutzari lotutako txostenak egitea, arauzko bideetatik.

h) Hezkuntza-administrazioek beren eskumenen eremuan esleitzen dizkioten guztiak.

152. artikulua. Hezkuntzako ikuskariak.

Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko funtzionario publikoen, eta uztailaren 28ko 23/1988 Legeak aldatutako Funtzio Publikoa Berritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak sortutako eta geroago desagertutako Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden Ikuskarien Kidegokoak diren eta bere garaian Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartu ez ziren funtzionario publikoen bitartez beteko dute hezkuntzako ikuskaritza hezkuntza-administrazioek.

153. artikulua. Ikuskarien esleipenak.

Hezkuntzako ikuskaritzaren funtzioak betetzeko, honako esleipen hauek izango dituzte ikuskariek:

a) Ikastetxeetan egiten diren jarduera guztiak zuzenean ezagutzea (sarbide librea izango dute jarduera horietara).

b) Ikastetxeen dokumentazio akademikoa, pedagogikoa eta administratiboa aztertzea eta egiaztatzea.

c) Ikastetxe eta hezkuntza-zerbitzu publikoetako eta pribatuetako gainerako funtzionarioengandik eta arduradunengandik jarduerak garatzeko beharrezkoa duten laguntza jasotzea. Jarduera horiek egitean, agintari publikotzat hartuko dira ikuskariak.

d) Hezkuntza-administrazioek beren eskumenen eremuan esleitzen dizkieten guztiak.

154. artikulua. Hezkuntzako ikuskaritzaren antolamendua.

Hezkuntza-administrazioek arautuko dute hezkuntzako ikuskaritza dagokion lurralde-eremuan betetzeko ezartzen dituzten organoen egitura eta funtzionamendua.

Aurreko paragrafoan adierazitako egitura ikuskarien lanbide-profiletan oinarrituta antolatu ahal izango da, honako irizpide hauen arabera: unibertsitate-titulazioak, ikuskaritza betetzeko zereginari lotutako prestakuntza-ikastaroak, lanbide-esperientzia irakaskuntzan, eta esperientzia hezkuntzako ikuskaritzan.

Hezkuntzako ikuskaritzako lanpostuen hornidurarako prozeduretan, hezkuntza-administrazioen premiak kontuan hartu ahal izango dira, eta langileen espezializazioa meritu gisa balioetsi ahal izango da, aurreko paragrafoan azaldutako baldintzei jarraiki.

VIII. TITULUA

Baliabide ekonomikoak

155. artikulua. Lege honetan ezarritakoa betetzeko baliabideak.

Botere publikoek Lege honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoez hornituko dute hezkuntza-sistema osoa, Legean aurreikusitako helburuen lorpena bermatzeko helburuarekin.

Estatuak eta autonomia-erkidegoek hezkuntzako gastu publikoa gehitzeko plan bat adostuko dute hurrengo hamar urteetarako, Lege honetan ezarritako helburuak betetzeko eta pixkanaka Europar Batasuneko herrialdeen batez bestekoarekin parekatzeko.

156. artikulua. Hezkuntzako gastu publikoari buruzko urteko txostena.

Gobernuak hezkuntzako gastu publikoari buruzko datuak sartuko ditu Lege honen 147. artikuluan adierazitako urteko txostenean.

157. artikulua. Ikaskuntzak eta irakasleentzako laguntza hobetzeko baliabideak.

Hezkuntza-administrazioek Lege hau aplikatzeko prozesuan honako hauek bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak jarri beharko dituzte:

a) Ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle kopurua; derrigorrezko irakaskuntzaren barruan, 25 izango dira lehen hezkuntzan, eta 30 derrigorrezko bigarren hezkuntzan.

b) Irakurketa sustatzeko plan bat abian jartzea.

c) Hezkuntza-indargarrietarako eta hezkuntza-laguntzarako, eta ikaskuntzen hobekuntzarako programak ezartzea.

d) Atzerriko hizkuntzen ikaskuntza indartzeko programak ezartzea.

e) Ikasleen aniztasunarekiko arreta eta, bereziki, hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleentzako arreta.

f) Informazioaren eta komunikazioaren teknologien ikaskuntza indartzeko programak ezartzea.

g) Irakasleei laguntzeko neurriak.

h) Hezkuntza-orientabidean, orientabide psikopedagogikoan eta lanbide-orientabidean espezializatutako zerbitzuak edo profesionalak izatea.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, titulu honetan aipatutako baliabideen finantzaketa Kontzertu Ekonomikoaren eta Hitzarmenaren sistemei jarraiki egingo da, hurrenez hurren.

Lehen xedapen gehigarria. Legea aplikatzeko egutegia.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, Lege hau aplikatzeko egutegia onartuko du. Egutegi horrek bost urteko denbora-eremua izango du, Legea indarrean hasten denetik aurrera kontatzen hasita.

Egutegi horretan, irakaskuntzen curriculumen ezarpena xedatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Erlijioaren irakaskuntza.

Erlijio katolikoaren irakaskuntza Egoitza Santuaren eta Estatu espainolaren artean izenpetutako Irakaskuntzari eta Kultura Gaiei buruzko Akordioan ezarritakora egokituko da.

Horretarako, eta akordio horretan xedatutakoari jarraiki, erlijio katolikoa arlo edo jakintzagai gisa sartuko da bidezko hezkuntza-mailetan. Nahitaez eskaini beharrekoa izango da ikastetxeentzat, eta borondatezkoa ikasleentzat.

Beste erlijio batzuen irakaskuntza Estatu espainolak Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioarekin eta Espainiako Batzorde Islamikoarekin egindako Lankidetza Akordioetan eta, hala badagokio, etorkizunean beste erlijio-konfesio batzuekin izenpetzen diren akordioetan xedatutakora egokituko da.

Hirugarren xedapen gehigarria. Erlijio-irakasleak.

Erlijioen irakaskuntza ematen duten irakasleek Lege honetan araututako irakaskuntzetarako ezarritako titulazio-baldintzak, eta Estatu espainolaren eta beste erlijio-konfesio batzuen artean izenpetutako akordioetan ezarritakoak bete beharko dituzte.

Funtzionario irakasleen kidegoetakoak ez diren eta ikastetxe publikoetan erlijioen irakaskuntza ematen duten irakasleek administrazio eskudunekiko lan-kontratazioko erregimenean jardungo dute, Langileen Estatutuari jarraiki.

Lan-erregimena irakasleen ordezkarien parte-hartzearekin arautuko da.

Lanpostuan sartzeko, berdintasuna, meritua eta gaitasuna hartuko dira irizpide objektibo gisa.

Dagokion hezkuntza-mailan bitarteko irakasleei dagozkien ordainsariak jasoko dituzte irakasle horiek.

Nolanahi ere, irakasteko proposamena erlijio-erakundeek egingo dute, eta automatikoki berrituko da urtero.

Kontratua finkatzea (lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa, ikastetxeen premien arabera) administrazio eskudunen zeregina izango da.

Enkaitzea, nolanahi ere, zuzenbideari lotuta egingo da.

Laugarren xedapen gehigarria. Testuliburuak eta gainerako curriculum-materialak.

Autonomia pedagogikoa baliatuta, ikastetxe publikoen koordinazio didaktikoko organoek hartu beharko dituzte irakaskuntzak garatzeko erabili beharreko testuliburuak eta gainerako materialak.

Testuliburuak eta gainerako materialak editatzeko eta hartzeko, ez da beharrezkoa izango hezkuntza-administrazioaren aldez aurreko baimena.

Nolanahi ere, ikasleen adinari dagokion zehaztasun zientifikora eta hezkuntza-administrazio bakoitzak onartutako curriculumera egokituta egon beharko dute.

Gainera, Konstituzioan jasotako printzipioekiko, balioekiko, askatasunekiko, eskubideekiko eta betebeharrekiko, eta Lege honetan eta Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan jasotako eta hezkuntza-jarduera osoak jarraitu beharreko printzipioekiko eta balioekiko errespetua islatu eta sustatu beharko dute.

Testuliburuen eta beste curriculum-material batzuen ikuskapena hezkuntza-administrazioak irakasteko eta ikasteko prozesuaren barruko elementu guztiak ikuskatzeko garatzen duen prozesu arruntaren zati izango da. Prozesu horretan, Konstituzioan jasotako printzipioekiko eta balioekiko, eta Lege honetan xedatutakoarekiko errespetua zaindu beharko da.

Bosgarren xedapen gehigarria. Eskola-egutegia.

Eskola-egutegia hezkuntza-administrazioek finkatuko dute urtean behin. Derrigorrezko irakaskuntzetan, 175 eskola-egun izango ditu gutxienez.

Seigarren xedapen gehigarria. Irakaskuntzako funtzio publikoaren estatutu-erregimenaren oinarriak.

Uztailaren 28ko 23/1988 Legeak aldatutako Funtzio Publikoa Berritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legean jasotakoaz gain, Lege honetan eta garatzen duen araudian sarrerarako, irakasleen kidegoen arteko mugikortasunerako, kidegoak eta eskalak berrantolatzeko, eta Estatu mailako lekualdaketa-lehiaketen bidez plazak betetzeko araututakoak dira funtzionario irakasle publikoen estatutu-erregimenaren oinarriak.

Irakaskuntzako funtzio publikoaren oinarrizko esparru komuna bermatzeko beharrezkoak diren oinarrizko alderdietan, Gobernuak oinarri horiek garatuko ditu araudiari jarraiki.

Autonomia-erkidegoek beren eskumenen esparruan antolatuko dute irakaskuntzako funtzio publikoa. Nolanahi ere, aurreko paragrafoan adierazitako oinarrizko arauak errespetatuko dituzte.

Aldian-aldian, hezkuntza-administrazioek Estatu mailako lekualdaketa-lehiaketetarako deialdiak egingo dituzte, administrazio horien mendeko ikastetxeetan hutsik dauden plazak betetzeko, eta administrazio horien kudeaketa-eremuko funtzionarioak beste hezkuntza-administrazioetako plazetarako lehiatzeko aukera eta, bidezkoa izanez gero, lehiaketari berari dagozkion plazak esleitzeko aukera bermatzeko.

Prozesu horietan, funtzionario irakasle publiko guztiek parte hartu ahal izango dute, hezkuntza-arloko zein administrazioren mende dauden edo zein administrazioren bidez sartu diren kontuan hartu gabe, betiere, baldintza orokorrak, eta plantillen edo lanpostuen zerrenden arabera deialdietan ezarritako berariazko baldintzak betetzen badituzte.

Deialdi horiek publiko egingo dira Estatuko Buletin Ofizialaren eta deialdia egiten duten autonomia-erkidegoetako Aldizkari Ofizialen bitartez.

Meritu-baremo bakarra izango da eta, meritu horien artean, honako hauek hartuko dira kontuan: gainditutako prestakuntza-ikastaroak eta hobekuntza-ikastaroak, ikasketa-merituak eta lanbide-merituak, antzinatasuna, katedradunen kidegoren batekoa izatea, eta irakaslanaren borondatezko ebaluazioa.

Estatu mailako lekualdaketa-lehiaketei eta irakasleen kidegoen arteko mugikortasunaren onarpenari dagokienez, hezkuntza-arloko edozein administraziok antolatutako prestakuntza-jarduerek lurralde nazional osoan izango dituzte ondorioak.

Xedapen honetan adierazitako Estatu mailako lehiaketak egiten ez diren ikasturteetan, hezkuntza-administrazio bakoitzak kudeatzen duen lurralde-eremuari lotutako eta bertako plazak betetzera zuzendutako hornidura-prozedurak antolatu ahal izango ditu; nolanahi ere, langileak berriz banatzeko eta kokatzeko prozesuak egin ahal izango ditu edonoiz.

Arte-irakaskuntzetako goi-mailako ikastetxeetan plazak funtzionario irakasleek betetzeko, berariazko lehiaketa bat egingo da, hezkuntza-administrazioek zehazten dutenaren arabera.

Lehiaketa bidez plaza bat lortzen duten funtzionario irakasleek lanpostuak betetzeko beste lehiaketa batzuetan parte hartu nahi izanez gero, gutxienez bi urte eman beharko dituzte plaza horretan.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Irakaskuntzako funtzio publikoaren antolamendua eta irakasleen kidegoen funtzioak.

Irakaskuntzako funtzio publikoa honako kidego hauetan antolatuta dago:

a) Maisu-maistren kidegoa; haur-hezkuntzan eta lehen hezkuntzan beteko ditu bere funtzioak.

b) Bigarren hezkuntzako katedradunen eta bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoak; derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan eta lanbide-heziketan beteko dituzte beren funtzioak.

c) Lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoa; lanbide-heziketan eta, salbuespen gisa eta ezartzen diren baldintzetan, derrigorrezko bigarren hezkuntzan beteko ditu bere funtzioak.

d) Musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoa; musikaren eta dantzaren oinarrizko irakaskuntzetan eta lanbide-irakaskuntzetan, arte dramatikoaren irakaskuntzetan eta, hala badagokio, musikaren eta dantzaren goi-mailako irakaskuntzen edo batxilergoko arte-modalitatearen barruan finkatzen diren jakintzagaietan beteko ditu bere funtzioak.

e) Musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoa; musikaren eta dantzaren, eta arte dramatikoaren goi-mailako irakaskuntzetan beteko ditu bere funtzioak.

f) Arte plastikoetako eta diseinuko katedradunen eta arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoak; arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzetan, kultura-ondasunen kontserbazio- eta zaharberritze-irakaskuntzetan eta batxilergo barruan zehazten diren arte-modalitateen irakaskuntzetan beteko dituzte beren funtzioak.

g) Arte plastikoetako eta diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoa; arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntzetan eta kultura-ondasunen kontserbazio- eta zaharberritze-irakaskuntzetan beteko ditu bere funtzioak.

h) Hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoak; hizkuntzen irakaskuntzetan beteko dituzte beren funtzioak.

i) Hezkuntzako ikuskarien kidegoa; Lege honen 151. artikuluan jasotako funtzioak egingo ditu.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, aurreko paragrafoan adierazitako irakasleen kidegoren bateko funtzionarioek, salbuespen gisa, beren kidegoari oro har esleitutakoez bestelako etapa batean edo, hala badagokio, irakaskuntza batean funtzioak bete ahal izateko baldintzak ezarri ahal izango ditu.

Horretarako, beharrezkotzat hartzen den titulazioa, prestakuntza edo esperientzia zehaztuko da.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren aurreko arauen arabera iraungi beharrekoak diren kidegoek eta eskalek xedapen haietan ezarritakoari jarraituko diote, eta Lege honen hamabigarren xedapen gehigarrian mugikortasunari dagokionez adierazitakoa aplikatuko zaie.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, xedapen honetan aipatutako kidegoen –aurreko paragrafoaren i) letrakoak izan ezik– irakaskuntza-espezialitateak sortu edo bertan behera utzi beharko dituzte. Halaber, espezialitate bakoitzari atxikitako funtzionarioek eman beharreko arloak, jakintzagaiak eta moduluak esleitu beharko dituzte, Lege honen 93.2 artikuluan xedatutakoa aparte utzi gabe.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, derrigorrezko bigarren hezkuntza ematen duten kidegoetako funtzionarioek etapa horren barruan eta beste espezialitate batean lehen mailetako irakaskuntzak emateko bete behar dituzten prestakuntza-baldintzak edo titulazio-baldintzak ezarri ahal izango dituzte, 26. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoari jarraiki.

Hala ere, Estatu mailako lekualdaketa-lehiaketetan eta hautatze-prozesuetan irakaskuntza-espezialitateak baino ez dira kontuan hartuko.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Katedradunen kidegoak.

Bigarren hezkuntzako, musikako eta arte eszenikoetako, hizkuntza-eskola ofizialetako eta arte plastikoetako eta diseinuko katedradunen kidegoetako funtzionarioek Lege honetan agintzen zaizkien eta araudiaren arabera finkatzen diren funtzioak beteko dituzte.

Lehentasunez, honako funtzio hauek esleituko zaizkie aurreko paragrafoan aipatutako kidegoetako funtzionarioei:

a) Ikastetxean dagokion espezialitateari lotuta egiten diren berrikuntza eta ikerketa didaktikorako proiektuak zuzentzea.

b) Koordinazio didaktikorako sailetako eta, hala badagokio, orientabide-saileko buru gisa jardutea.

c) Sailean hasten diren irakasle sartu berrien praktiketako prestakuntza zuzentzea.

d) Sailaren barruan garatzen diren irakasleen etengabeko prestakuntzako programak koordinatzea.

e) Katedradunen kidegoetara iristeko eta, hala badagokio, kidego horietan sartzeko epaimahaiak zuzentzea.

Funtzionario katedradunak bigarren hezkuntzako katedradunen, hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen eta arte plastikoetako eta diseinuko katedradunen kidegoetan sartzen direnean, katedradun gisa duten antzinatasunarekin sartuko dira, eta kidegoetan sartzeko unean zituzten eskubideak errespetatuko zaizkie, batxilergoko katedradun numerarioen kidegoko funtzionarioei aitortutako eskubide ekonomikoak barne.

Funtzionarioak esleituta zituzten lanpostu berak beteta sartuko dira dagokien katedradunen kidegoan.

Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako gaikuntza bigarren hezkuntzako katedradunen kidegoetako funtzionarioengana zabalduko da, Lege horretan ezarritako baldintzetan.

Bigarren hezkuntzako, hizkuntza-eskola ofizialetako eta arte plastikoetako eta diseinuko katedradunen kidegoetako funtzionarioek, dagozkion mailetako irakasleen kidegoetako funtzionarioekin batera, plaza huts berak betetzeko lekualdaketa-lehiaketetan parte hartuko dute, katedradunen kidegoetakoak izateagatik aplikatu behar zaizkien berariazko merituak aparte utzi gabe.

Katedradunen kidegoren batekoa izatea berariazko irakaskuntza-meritu gisa balioetsiko da ondorio guztietarako.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Funtzionario irakasleen kidegoetan sartzeko baldintzak.

Maisu-maistren kidegoan sartzeko, ezinbestekoa izango da maisu-titulua edo dagokion gradu-titulua izatea eta bidezko hautatze-prozesua gainditzea.

Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da doktorearen, lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako beste titulu baliokide batzuk izatea, baita Lege honen 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ere. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da diplomatuaren, arkitekto teknikoaren edo ingeniari teknikoaren titulua, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako beste titulu baliokide batzuk izatea, baita Lege honen 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ere. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Musikako eta arte eszenikoetako irakasleen eta musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoetan sartzeko, beharrezkoa izango da doktorearen, lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako beste titulu baliokide bat izatea, baita, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoaren kasuan, arte dramatikoan berezko diren espezialitateetan izan ezik, Lege honen 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ere. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, beren lanbide-arloetan entzute handia duten pertsona ospetsuei meritu-lehiaketa bidez musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko aukera emateko baldintzak ezarriko ditu.

Arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da doktorearen, lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako beste titulu baliokide batzuk izatea, baita Lege honen 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ere. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Arte plastikoetako eta diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da diplomatuaren, arkitekto teknikoaren edo ingeniari teknikoaren titulua, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako beste titulu baliokide batzuk izatea, baita Lege honen 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ere. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da doktorearen, lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua, edo dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako beste titulu baliokide batzuk izatea, baita Lege honen 100.2 artikuluan adierazitako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ere. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Lanbide-heziketarako garrantzi berezia duten jakintzagaien edo arloen kasuan bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko, arte plastikoetako eta diseinuko berariazko prestakuntzarako garrantzi berezia duten jakintzagaien kasuan arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoan sartzeko, eta arlo edo jakintzagai jakin batzuen kasuan lanbide-heziketako irakasle teknikoen eta lantegiko maisu-maistren kidegoetan sartzeko, Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, xedapen gehigarri honetan exijitutakoez bestelako titulazio batzuen baliokidetasuna finkatu ahal izango du, irakaskuntza-ondorioetarako.

Lanbide-heziketako irakasle teknikoen eta lantegiko maisu-maistren kidegoetan sartzeko, gainera, eman nahi den jakintzagaiari edo arloari lotutako lan-esparruan lanbide-esperientzia izatea eskatu ahal izango da.

Hamargarren xedapen gehigarria. Katedradunen eta ikuskarien kidegoetan sartzeko baldintzak.

Bigarren hezkuntzako katedradunen kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da bigarren hezkuntzako irakasleen kidegokoa izatea eta doktorearen, lizentziatuaren, arkitektoaren edo ingeniariaren titulua, dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako titulazio baliokidea izatea. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Arte plastikoetako eta diseinuko katedradunen kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegokoa izatea eta doktorearen, lizentziatuaren, arkitektoaren edo ingeniariaren titulua, dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako titulazio baliokidea izatea. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegokoa izatea eta doktorearen, lizentziatuaren, arkitektoaren edo ingeniariaren titulua, dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako titulazio baliokidea izatea. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Bederatzigarren xedapen gehigarriaren 4. paragrafoan araututako aukera aparte utzi gabe, musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko beharrezkoa izango da musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegokoa izatea eta doktorearen, lizentziatuaren, arkitektoaren edo ingeniariaren titulua, dagokion gradu-titulua edo irakaskuntza-ondorioetarako titulazio baliokidea izatea. Halaber, bidezko hautatze-prozesua gainditu beharko da.

Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetakoren batekoa izatea, gutxienez bost urteko esperientzia izan behar duelarik bertan, eta, horrez gain, doktorearen, lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitektoaren titulua edo titulu baliokidea izatea, bidezko hautatze-prozesua gainditzea eta, hala badagokio, xedeko autonomia-erkidegoko hizkuntza koofizialaren ezagutza egiaztatzea, bertako araudiaren arabera.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. Irakasleen titulazioen baliokidetasuna.

Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle-titulua Lege honetan adierazitako maisu-tituluaren baliokidetzat hartzen da ondorio guztietarako.

Lehen hezkuntzako maisu-tituluak indarrean dagoen araudiak ematen dizkion ondorioak izaten jarraituko du.

Lege honetan unibertsitate-titulazioei dagokienez ezarritako erreferentziak gorabehera, Gobernuak hainbat arau emango ditu irakaskuntza bakoitzaren modalitate ziklikoak eta tituluak ezartzeko, berritzeko edo egokitzeko, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 88.2 artikuluak Gobernuari emandako baimenari jarraiki, goi-mailako hezkuntzarako Europako Gunearen ildo orokorrak bete daitezen.

Hamabigarren xedapen gehigarria. Sartzea eta barne-sustapena.

Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko sistema hezkuntza-administrazioek deitutako lehiaketa-oposizioa izango da.

Lehiaketaren fasean, beste zenbait merituren artean, prestakuntza akademikoa eta aldez aurreko irakaskuntza-esperientzia balioetsiko dira.

Oposizioaren fasean, berriz, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak izatea, irakaskuntzarako gaitasuna, eta irakaskuntza-jardunerako beharrezkoak diren teknikak menderatzea.

Probetarako deialdiak irakaskuntza-espezialitateen arabera egingo dira.

Izangaiak hautatzeko, lehiaketa-oposizioaren bi faseen balioespena hartuko da kontuan, probak gainditu izana aparte utzi gabe.

Hautatutakoen kopuruak ezin izango du gainditu deialdiaren xede diren plazen kopurua.

Gainera, praktika fase bat izango da, eta prestakuntza-ikastaroak sartu ahal izango dira bertan. Fase hori hautatze-prozesuaren zati izango da.

Bigarren hezkuntzako katedradunen, hizkuntza-eskola ofizialetako katedradunen, musikako eta arte eszenikoetako katedradunen eta arte plastikoetako eta diseinuko katedradunen kidegoetan sartu nahi duten hurrenez hurreneko bigarren hezkuntzako irakasleen, hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen eta arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoetako funtzionario irakasleek gutxienez zortzi urteko antzinatasuna izan beharko dute karrerako funtzionario gisa dagokien kidegoan.

Deialdiek ez dute praktika faserik izango eta, bertan, lehiaketa izango da adierazitako kidegoetan sartzeko sistema. Lehiaketa horretan, izangaien eguneratze zientifikoari eta didaktikoari, hezkuntza-proiektuetan izandako parte-hartzeari, irakaslanaren ebaluazio positiboari eta, hala badagokio, ibilbide artistikoari lotutako merituak balioetsiko dira.

Katedradunen kidegoetako funtzionarioen kopuruak ez du gaindituko jatorrizko kidego bakoitzeko funtzionarioen guztizko kopuruaren % 30, musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoaren kasuan izan ezik.

Funtzio publikoari buruz indarrean dagoen legerian aipatutako B taldean sailkatuta dauden irakasleen kidegoetako funtzionarioak bigarren hezkuntzako irakasleen eta arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoetan sartu ahal izango dira.

Funtzionario horientzako deialdietan, lehiakideen merituak balioetsiko dira lehentasunez; horien artean, egindako lana, gainditutako prestakuntzako eta hobekuntzako ikastaroak, ikasketa-merituak eta irakaslanaren ebaluazio positiboa hartuko dira kontuan.

Halaber, lortu nahi den espezialitateko gai bat azaltzean datzan proba bat egingo da. Proba hori gainditzeko, izangaiek gaiari buruz dituzten jakintzak, eta baliabide didaktikoak eta pedagogikoak hartuko dira kontuan.

Bigarren hezkuntzako irakasleen eta arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoetan sartzeko deialdietan, deitzen diren plazen ehuneko bat funtzionario irakasle horiek sartzeko gordeko da. Funtzionario horiek kidegoetan sartzeko eskatutako titulazioa izan beharko dute, eta beren jatorrizko kidegoetan gutxienez sei urte eman behar dituzte karrerako funtzionario gisa.

Prozedura horren bidez sartzen direnak salbuetsita egongo dira praktika fasea egin beharraz, eta hutsik dauden plazak aukeratzeko lehentasuna izango dute, deialdiaren txanda librearen bidez sartzen diren izangaien aurretik.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, deialdia egiten duen herri-administrazioaren eremuan xede den kidegoko eta espezialitateko plazak betetzen dituzten izangai hautatuei plaza horietan geratzeko aukera izango zaie, deialdietan ezartzen diren baldintzetan.

Hezkuntzako ikuskarien kidegoan sartzeko, lehiaketa-oposizioaren sistema erabiliko da.

Izangaiek gutxienez sei urteko antzinatasuna izan beharko dute irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetakoren batean, baita iraupen bereko irakaskuntza-esperientzia ere.

Hezkuntza-administrazioek honako irizpide hauei lotuta egingo dute lehiaketa-oposiziorako deialdia:

a) Lehiaketaren fasean, honako alderdi hauek balioetsiko dira: izangaien lanbide-ibilbidea, irakasle gisa egindako berariazko merituak, zuzendaritza-karguak ebaluazio positiboarekin bete izana eta Lege honetan aipatutako katedradunen kidegoetakoren batekoa izatea.

b) Oposizioaren fasea, berriz, izangaiek bete beharreko ikuskari-lanera egokitutako jakintza pedagogikoak, administrazio-jakintzak eta hezkuntza-legeriari buruzkoak, eta funtzio hori betetzeko berariazko jakintzak eta teknikak balioesteko proba batean datza.

c) Hezkuntza-administrazioek, hezkuntzako ikuskarien kidegoan sartzeko deialdietan, lanpostu guztien herena ere gorde ahal izango dute merezimendu-lehiaketa bidez bete dadin; horretarako aukera izango dute, betekizun orokorrak betetzeaz gainera, gutxienez hiru agintalditan eta ebaluazio positiboa jasota zuzendari-kargua bete duten irakasleek.

Lehiaketa-oposizioaren bidez hautatutako izangaiek praktikaldi selektibo bat egin beharko dute behar bezala prestatzeko. Praktikaldi hori amaitzean, bidezkoa bada, hezkuntzako ikuskarien kidegoko karrerako funtzionario izendatuko dituzte.

Lege honetan aipatutako funtzionario irakasleak, halaber, talde eta lanpostu-mailako osagarriaren maila bereko kidego batean sartu ahal izango dira, antzinatasun-mugarik gabe, betiere, eskatutako titulazioa badute eta bidezko hautatze-prozesua gainditzen badute.

Horretarako, funtzionario horien irakaskuntza-esperientzia eta bere garaian gainditutako probak hartuko dira kontuan, eta praktika fasea egiteaz salbuetsita geratuko dira.

Funtzionario horiek kidego batean sartzen direnean, lanpostua aukeratzeko lehentasuna izango dute, txanda librearen edo xedapen honetan aurreikusitako txandaren baten bidez kidego horretan aldi berean sartu diren beste funtzionario batzuen aurretik.

Gobernuak eta autonomia-erkidegoek hitzarmenak sustatuko dituzte unibertsitateekin, Lege honetan araututako irakaskuntzei dagozkien mailetako irakasleen kidegoetako funtzionarioak unibertsitate-sailetan lanaldi osoan edo partzialean (unibertsitateaz kanpoko irakaslana dela-eta) hasteko aukera errazteko, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarriaren esparruan.

Estatuko Administrazioak eta autonomia-erkidegoek funtzionario irakasleen lanbide-karrera garatzeko neurrien azterketa eta, hala badagokio, ezarpena bultzatuko dute. Neurri horiek, nolanahi ere, ez dute kidego-aldaketa eragingo nahitaez.

Hamahirugarren xedapen gehigarria. Hezkuntzako ikuskarien kidegokoak ez diren funtzionarioek ikuskari-lana betetzea.

Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden ikuskarien kidegoko funtzionarioek, “iraungi beharreko” kidego horretan jarraitzea erabaki bazuten, eskubidea izango dute, mugikortasunaren ondorioetarako, hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuen hornidurarako lehiaketetan parte hartzeko.

Behin betiko destinoa duten eta autonomia-erkidegoek emandako araudiari jarraiki kidegoetan txertatu diren autonomia-erkidegoetako hezkuntza-administrazioaren zerbitzurako ikuskarien kidegoetako funtzionarioek eskubidea izango dute, mugikortasunaren ondorioetarako, hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuen hornidurarako lehiaketetan parte hartzeko.

Uztailaren 28ko 23/1988 Legeak aldatutako Funtzio Publikoa Berritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen xedapenei jarraiki ikuskari-lanetan hasi ziren eta Lege hau indarrean jartzean hezkuntzako ikuskarien kidegoan sartzen ez diren irakasleen kidegoetako funtzionarioek ikuskari-lana behin betiko eta erretiroa hartu arte betetzen jarraitu ahal izango dute funtzionario gisa, ikuskari-lanean hastean indarrean zeuden xedapen berei jarraiki.

Hamalaugarren xedapen gehigarria. Batxilergoan natura- eta osasun-zientzien modalitatea eta teknologia-modalitatea emateko baimendutako ikastetxeak.

Lege hau indarrean jartzean natura- eta osasun-zientzien modalitatea, teknologia-modalitatea edo biak ematen dituzten batxilergoko ikastetxe pribatuak automatikoki baimenduta egongo dira Lege honetan ezarritako zientzien eta teknologiaren modalitatea emateko.

Hamabosgarren xedapen gehigarria. Udalerriak, korporazioak edo toki-erakundeak.

Hezkuntza-administrazioek toki-administrazioekiko baterako kudeaketa eta ikastetxeen eta herri-administrazioen arteko lankidetza errazteko eta bultzatzeko prozedurak eta tresnak ezarri ahal izango dituzte.

Toki-korporazioei dagokienez, haien federazio edo elkarte adierazgarrienekin kontsulta egiteko eta lankidetzan jarduteko prozedurak ezarriko dira.

Haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetarako eraikinen kontserbazioa, mantentzea eta zaintza udalerriaren esku egongo da.

Eraikin horiek ezin izango dira beste zerbitzu edo helburu batzuetarako erabili, dagokion hezkuntza-administrazioaren aldez aurreko baimenik gabe.

Estatuak edo autonomia-erkidegoek eskolatze-premiak direla-eta hezkuntza-administrazioen mendeko haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo hezkuntza bereziko ikastetxeak kokatuta dauden udal-jabetzako eskola-eraikinak bigarren hezkuntza edo lanbide-heziketa emateko afektatu behar dituztenean, udalerriek indarrean dauden xedapenei jarraiki ordaintzen zituzten gastuak beren gain hartuko dituzte, udalerrien titulartasun demaniala aparte utzi gabe.

Arestian xedatutakoa ez da aplikatuko haur-hezkuntzaz eta lehen hezkuntzaz edo hezkuntza bereziaz gain derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen zikloa ematen duten udal-jabetzako eskola-eraikinen kasuan.

Afektazioa partziala bada, eraginpean hartutako administrazioen arteko lankidetza-hitzarmena ezarriko da.

Udalerriek hezkuntza-administrazioekin lankidetzan jardungo dute ikastetxe berriak eraikitzeko beharrezkoak diren orubeak lortzen.

Hezkuntza-administrazioek arte-irakaskuntzetarako lankidetza-hitzarmenak ezarri ahal izango dituzte toki-korporazioekin.

Hitzarmen horietan, arte-irakaskuntzen eskoletarako berariazko lankidetzaren aukera jaso ahal izango dute, eskola horietako ikasketek balio akademikoa duten tituluak lortzeko aukera ematen ez dutenean.

Hezkuntza-administrazioek, bestalde, udal-agintariek administrazio haien mendeko ikastetxeak eskola-ordutegitik kanpo hezkuntza-jardueretarako, kultura-jardueretarako, kirol-jardueretarako edo gizarte-jardueretarako erabiltzeko prozedura ezarri beharko dute.

Erabilera hori ikastetxe horien jardueren programazioak eragindako premiei soilik egongo da lotuta.

Hezkuntza-administrazioek, kirol-administrazioek eta udal-administrazioek ikastetxeen edo udalerrien kirol-instalazioei erabilera bikoitza emateko prozedurak ezartzen lagunduko dute.

Hamaseigarren xedapen gehigarria. Hezkuntza-etapen izena.

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan hezkuntza-mailei buruz egiten diren aipamenak Lege honek hezkuntzako mailetarako eta etapetarako, eta ikastetxeetarako ezartzen dituen izenek ordezkatzen dituztela ulertuko da.

Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen klaustroa.

Itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen klaustroak Lege honen 129. artikuluan aurreikusitakoen antzeko funtzioak izango ditu.

Hemezortzigarren xedapen gehigarria. Autonomia-erkidegoei kontsulta egiteko prozedura.

Lege honen artikuluetan autonomia-erkidegoei aldez aurretik egin beharreko kontsultei buruz agertzen diren aipamenak Konferentzia Sektorialaren baitan egindakoak direla ulertuko da.

Hemeretzigarren xedapen gehigarria. Atzerriko ikasleak.

Lege honetan eskolatzeari, tituluen lorpenari eta ikasteko beken eta laguntzen sistema orokorrean txertatzeko aukerari dagokienez ezarritakoa atzerriko ikasleei aplikatuko zaie, Espainian dauden atzerritarren eskubideei eta askatasunei, eta horien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan (abenduaren 22ko 8/2000 Lege Organikoak aldatua) eta Lege hori garatzen duen araudian ezarritako baldintzetan.

Hogeigarren xedapen gehigarria. Terrorismoaren biktimentzako arreta.

Ikastetxeek terrorismoaren biktimak diren ikasleei arreta berezia eskaintzeko aukera erraztuko dute hezkuntza-administrazioek, ikasle horiek ikasketak behar bezala egiteko beharrezkoa den laguntza jaso dezaten.

Hogeita batgarren xedapen gehigarria. Indarkeria-ekintzen ondoriozko ikastetxe-aldaketak.

Genero-indarkeriako ekintzen edo eskola-jazarpenaren ondorioz ikastetxez aldatu behar duten ikasleen berehalako eskolatzea ziurtatuko dute hezkuntza-administrazioek.

Halaber, ikastetxeek ikasle horiei arreta berezia eskaintzeko aukera erraztuko dute.

Hogeita bigarren xedapen gehigarria. Irakaskuntzen eraldaketa.

Etorkizunean unibertsitate-irakaskuntza antolatzeko prozesuan Lege honetan araututako ikasketei lotutako tituluak definitzen badira, Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, ikasketa horiek eraldatzeko bidezko prozesua ezarri ahal izango du.

Hogeita hirugarren xedapen gehigarria. Ikasleen datu pertsonalak.

Ikastetxeek beren hezkuntza-funtzioa betetzeko beharrezkoak diren ikasleen datu pertsonalak bildu ahal izango dituzte.

Datu horiek jatorri eta giro sozialari eta familiakoari, ezaugarri edo egoera pertsonalei, eskolatzeak izandako garapenari eta emaitzei, eta ikasleak hezteko eta orientatzeko ezagutu beharreko beste hainbat zirkunstantziari buruzkoak izan daitezke.

Gurasoek edo tutoreek, eta ikasleek berek artikulu honetan adierazitako informazioa lortzen lagundu beharko dute.

Ikasle bat ikastetxe batean sartzean, ikasle horren datuak tratatzeko baimena emango da eta, hala badagokio, ikaslea aurretik eskolatu zen ikastetxeko datuak lagako dira, datuen babesari buruzko legerian ezarritako baldintzetan.

Nolanahi ere, paragrafo honetan aipatutako informazioa irakaslanerako eta orientabide-lanerako behar-beharrezkoa dena izango da, eta ezin izango da, esanbidezko baimenik gabe, hezkuntzakoaz bestelako helburuetarako erabili.

Ikasleen datuen tratamenduan, datu horien segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuko duten arau teknikoak eta antolamenduzkoak aplikatuko dira.

Beren funtzioak betetzeko datu pertsonalak, familiakoak edo adingabeen edo horien familien ohorean eta intimitatean eragina izan dezaketenak erabiltzen dituzten irakasleak eta gainerako langileak isiltasunaren betebeharrari lotuta geratuko dira.

Hezkuntza-sistemarako beharrezkoak diren datuak, ezkutukoak barne, bide telematikoz lagako dira ahal bada, eta lagapen hori datu pertsonalen babesaren arloko legeriari lotuta egongo da. Gutxieneko baldintzak Gobernuak eta autonomia-erkidegoek adostuko dituzte Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren baitan.

Hogeita laugarren xedapen gehigarria. Estatuko Aurrekontu Orokorretan haur-hezkuntzako bigarren zikloaren doakotasunerako kredituak sartzea.

Lege honen aplikazioaren denbora-eremuko Estatuko Aurrekontu Orokorretan, 15.2 artikuluan adierazitako haur-hezkuntzako bigarren zikloaren doakotasuna gauzatzeko beharrezkoak diren kredituak sartuko dira pixkanaka.

Hogeita bosgarren xedapen gehigarria. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren sustapena.

Eskubideen eta aukeren berdintasuna bultzatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzeko, hezkuntza-etapa guztietan hezkidetzaren printzipioa garatzen duten zentroek lehentasuna izango dute Lege honetan jasotako aurreikuspenen aplikazioan, Espainiak izenpetutako nazioarteko hitzarmenetan xedatutakoa aparte utzi gabe.

Hogeita seigarren xedapen gehigarria. Ikastetxeen Eskola Kontseilurako berariazko izena.

Hezkuntza-administrazioek berariazko izen bat ezarri ahal izango dute ikastetxeen Eskola Kontseilua aipatzeko.

Hogeita zazpigarren xedapen gehigarria. Itun-moduluen berrikuspena.

Lege honen lehen xedapen gehigarrian adierazitako aldian, eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen artean ordezkaritza zabalena duten sindikatuen artean izenpetutako Akordioa betez, itun-moduluen partida guztiak urtean behin berrikusiko dira, Estatuko administrazioen mende dauden funtzionario publikoen ordainsarien baliokidea izango den ehunekoan.

Itunpeko ikastetxe pribatuetan zuzendaritza-lana betetzeko, hezkuntza-administrazioek zenbait konpentsazio ekonomiko ahalbidetuko dituzte, ikastetxe publikoetako zuzendaritza-karguetarako aurreikusitakoen antzekoak eta ezaugarri berekoak.

Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria. Lanbide-heziketako zikloak ematen dituzten ikastetxeekiko itunak.

Hezkuntza-administrazioek hezkuntza-hitzarmenak ezarri ahal izango dituzte hezkuntza-eskaintza irakaskuntzaren programazio orokorrari jarraiki osatzeko lanbide-heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxeekin.

Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria. Moduluen zenbatekoa finkatzea.

Lege honen lehen xedapen gehigarrian adierazitako aldian, ezarritako modulu ekonomikoen zenbatekoak finkatuko dira, 117. artikuluari jarraiki, Lege honek agintzen dituen irakaskuntzak ezartzen diren heinean.

Konferentzia sektorialaren barruan batzorde bat eratuko da, eta batzorde horretan itunpeko irakaskuntza pribatuaren eremuan ordezkaritza zabalena duten enpresa- eta sindikatu-erakundeek hartuko dute parte, itun-moduluen zenbatekoa aztertzeko, eta, azterketa horren bitartez, irakaskuntza doan emateak dakarren kostu osoa balioesteko.

Hogeita hamargarren xedapen gehigarria. Ikastetxeak titulartasun publikoa duten ikastetxeen sarean sartzea.

Autonomia-erkidegoek, bertako Parlamentuen Lege bidez ezartzen den moduari eta prozedurari jarraiki, beren ikastetxe publikoen sarean sartu ahal izango dituzte, toki-administrazioen titulartasuna izanik, egoera sozioekonomiko txarretan bizi diren ikasleak jasota dituzten ikastetxeak edo eskolatze-premiei erantzuteko zeregina betetzen duten ikastetxeak, betiere, toki-administrazioek sare horretan sartzeko borondatea adierazten badute eta Legean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Hogeita hamaikagarren xedapen gehigarria. Titulazioen indarraldiak.

Eskola-graduatuak (Hezkuntzari eta Hezkuntzaren Erreformaren Finantzaketari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorrean jasoak) eta Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluak (Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan jasoak) Lege honetan ezarritako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluak dituen ondorio profesional berberak izango dituzte.

Batxiler-tituluek (Hezkuntzari eta Hezkuntzaren Erreformaren Finantzaketari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorrean eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan jasoak) Lege honetan ezarritako batxiler-titulu berriak dituen ondorio profesional berberak izango dituzte.

Teknikari laguntzailearen tituluak (Hezkuntzari eta Hezkuntzaren Erreformaren Finantzaketari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Legean jasoak) Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluak dituen ondorio akademiko berberak izango ditu, eta dagokion lanbideko teknikari-tituluak dituen ondorio profesional berberak.

Teknikari adituaren tituluak (Hezkuntzari eta Hezkuntzaren Erreformaren Finantzaketari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Legean jasoak) dagokion espezialitatean goi-mailako teknikari-titulu berriak dituen ondorio akademiko eta profesional berberak izango ditu.

Hogeita hamabigarren xedapen gehigarria. Lanbide-heziketako titulazio berriak.

Lege hau aplikatzeko aldian, Gobernuak, 39. artikuluko 6. paragrafoan ezarritakoaren arabera, arte eszenikoekin zerikusia duten erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako irakaskuntzak ezartzeari ekingo dio.

Lehen xedapen iragankorra. Derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen eta bigarren mailei atxikitako maisu-maistrak.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorra aplikatuta derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen bi mailetako lanpostuei behin betiko atxikitako maisu-maistren kidegoko funtzionarioek denbora mugagabean jarraitu ahal izango dute lanpostu horietan, eta beren mugikortasuna baliatu ahal izango dute hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatzen dituen lanpostu hutsei dagokienez.

Lege honen hamabigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoari jarraiki bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzen badira, lanpostu berean jarraitu ahal izango dute, ezartzen diren baldintzetan.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen iragankorra aplikatuta derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen bi mailak ikastetxe pribatuetan ematen dituzten maisu-maistrek funtzio bera egiten jarraitu ahal izango dute betetzen duten lanpostuetan.

Bigarren xedapen iragankorra. Borondatezko erretiro aurreratua.

Lege honen zazpigarren xedapen gehigarrian adierazitako irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioek eta 1992rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 31/1991 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean adierazitako eta Estatuko klase pasiboen erregimenean sartutako iraungi beharreko kidegoetako funtzionarioek borondatezko erretiroko erregimenari lotzeko aukera izango dute Lege hau ezartzeko prozesua (lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa) amaitzen den arte, betiere, honako baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:

a) Eskaera aurkezten den egunaren aurreko hamabost urteetan ikastetxeen plantilletako lanpostuetan etengabe aktibo jardun izana, aldi horren zati batean zerbitzu berezien egoeran egon izana edo funtzionalki edo organikoki hezkuntza-administrazioen mende dagoen lanpostu bat bete izana, edota azaroaren 5eko 39/1999 Legeak eta abenduaren 2ko 51/2003 Legeak aldatutako Funtzio Publikoa berritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 29. artikuluaren 4. paragrafoan jasotako kasuren baten ondorioz eszedentzia hartu izana.

b) Hirurogei urte beteak izatea.

c) Estatuaren zerbitzuan emandako hamabost urte egiaztatuta izatea.

Aurreko b ) eta c) idatz-zaietan adinari eta gabezialdiari dagokienez exijitutako baldintzak erretiro-pentsioa eragiten duen gertaeraren datan bete beharko dira, hots, pentsioa eskatzen den urteko abuztuaren 31n.

Horretarako, eskaera egin beharko zaio dagokion erretiro-organoari, borondatezko erretiroa hartu nahi den urteko lehen bi hilabeteen barruan.

Halaber, erretiro-erregimen horri lotuta geratu ahal izango dira hezkuntzako ikuskarien, hezkuntza-administrazioaren zerbitzura dauden ikuskarien eta lehen hezkuntzako eskola-zuzendarien kidegoetako funtzionarioak, eta uztailaren 28ko 23/1988 Legeak aldatutako Funtzio Publikoa Berritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian adierazitako ikuskari-lanari atxikita dauden funtzionario irakasleak, betiere, aurreko baldintzak betetzen badituzte, ikastetxeen plantilletako lanpostuei atxikita egon izanari dagokionez izan ezik.

Erretiro-pentsioaren kopurua kalkulatzeko, funtzionarioak borondatezko erretiroa hartzen duen unean Klase Pasiboen legeriari jarraiki Estatuaren zerbitzuan emandako denborari dagokionez egiaztatuta dituen urteen eta hirurogeita bost urte bete arte geratzen zaion denboraren arteko baturari dagokion kalkulu-ehunekoa aplikatuko zaie kasu bakoitzean bidezkoak diren hartzeko erregulatzaileei.

Une bakoitzean pentsio publikoen gehieneko mugaren arloan ezarritakoa aparte utzi gabe ulertzen da aurreko paragrafoan xedatutakoa.

Xedapen iragankor honetan araututako erretiroa borondatezkoa denez gero, Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen indarreko testu bateginaren lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa ez zaio aplikatuko.

Arau honetan xedatutakoari jarraiki borondatez erretiroa hartzen duten, eta erretiroa hartzen duten unean Estatuaren zerbitzuan emandako gutxienez 28 urte egiaztatuta dituzten funtzionarioek aparteko haborokin bat jaso ahal izango dute, aldi bakar batean eta aktiboko azken soldatarekin batera. Haborokin horren zenbatekoa eta baldintzak Gobernuak ezarriko ditu, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak proposatuta eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren ekimenez. Horretarako, funtzionarioaren adina, lanean emandako urteak eta funtzionarioaren kidegorako oro har ezarritako ordainsari osagarriak hartuko dira kontuan.

Aparteko haborokinaren kopurua ez da izango, ezein kasutan, Efektu Anizkunen Errentaren Adierazle Publikoaren 25 hileroko baino handiagoa.

Arau honetan adierazitako irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioek, Klase Pasiboenaz bestelako Gizarte Segurantzako edo aurreikuspeneko erregimenei lotuta daudenenean, eta, betiere, 1. paragrafoan ezarritako betekizun guztiak betetzen direla egiaztatuz gero, borondatezko erretiroa eskatzeko unean Estatuko Klase Pasiboen Erregimenean sartzeko aukera izango dute, xedapen honetan jasotako onurak hartzeko eta Estatuko Funtzionario Zibilen Erregimen Orokorrean sartzeko eskubidea dutela.

Gizarte Segurantzako erregimenen arteko kuoten zenbaketari buruzko apirilaren 12ko 691/1991 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako Batzordeak, nolanahi ere, Gizarte Segurantzak Estatuko Klase Pasiboen Erregimenari lotzea erabakitzen duten irakasleen kidegoetako langileei dagokienez egin beharreko konpentsazio ekonomikoa finkatuko du, Gizarte Segurantzako gainerako erregimenetan kotizatutako urteen arabera.

Xedapen honen 1. paragrafoan adierazitako irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioek, Klase Pasiboenaz bestelako Gizarte Segurantzako edo aurreikuspeneko erregimenei lotuta daudenean, aurreko paragrafoan emandako aukera baliatu ezean, ezartzen diren aparteko haborokinak jaso ahal izango dituzte, xedapen iragankor honen 4. paragrafoan aurreikusitakoari jarraiki, betiere, borondatezko erretiroa hartzeagatik edo funtzionario izateari uko egiteagatik Estatuaren zerbitzurako lanean behin betiko baja hartzen badute, eta xedapenaren 1. eta 4. paragrafoetan exijitutako baldintzak betetzen badituzte, Estatuko Klase Pasiboen Erregimenari lotuta egoteko baldintza izan ezik.

Kasu horretan, aparteko haborokinaren kopurua ez da izango, ezein kasutan, Efektu Anizkunen Errentaren Adierazle Publikoaren 50 hileroko baino handiagoa.

Aurreko paragrafoan adierazi bezala funtzionarioek erretiroa hartzeak edo funtzionario izateari uko egiteak ez du inolako aldaketarik eragingo prestazioen ondorioetarako lotuta dauden erregimenari jarraiki aplikatu behar zaizkien arauetan.

Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren Pertsonal Kostuen eta Pentsio Publikoen Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio klase pasiboen pentsioei dagokienez arau honetan eta garatzen duten arauetan xedatutakoa betearazteko beharrezkoak izan daitezkeen aginduak emateko.

Lege honen ezarpenaldia (lehen xedapen gehigarrian ezarria) amaitu aurretik, Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren, borondatezko erretiroko erregimenari dagokion denbora eta exijitutako baldintzak berrikusiko ditu.

Hirugarren xedapen iragankorra. Irakasleen kidegoetako funtzionarioen mugikortasuna.

Lege honetan kontuan hartutako irakasleen kidegoetako funtzionarioen lekualdaketa-lehiaketa bidezko mugikortasunaren inguruan Legeak berak jasotako aurreikuspenak garatzen ez diren bitartean, Lege hau indarrean jarri aurretik indarrean dagoen araudira egokituko da mugikortasuna.

Laugarren xedapen iragankorra. Batxilergoko lanbide-heziketako irakasle teknikoak.

Lege hau indarrean jartzean batxilergoko irakaskuntza ematen duten lanbide-heziketako irakasle teknikoek denbora mugagabean jarraitu ahal izango dute egoera horretan.

Bosgarren xedapen iragankorra. autonomia-erkidegoetakoez bestelako administrazioen mendeko ikastetxeetako lan-kontratuko langile finkoak.

Aurretik edozein herri-administrazioren mende zeuden ikastetxeak Lege hau indarrean jarri baino lehen hezkuntza-administrazioen mendeko ikastetxeen sareetan sartu direnean edo Lege honen aplikazioaren lehen hiru urteetan sartzen direnean, ikastetxe horietan irakaskuntza-lanak egiten dituzten lan-kontratuko langile finkoak Lege honetan araututako irakasleen kidegoetan sartu ahal izango dira, betiere, autonomia-erkidegoetako gobernuek horretarako deitutako hautatze-probak gainditzen badituzte.

Proba horiek, nolanahi ere, Konstituzioan jasotako berdintasunaren, merituaren eta gaitasunaren printzipioak bermatu beharko dituzte, autonomia-erkidegoetako Parlamentuek zehazten duten moduan. Edonola ere, Estatuko oinarrizko araudian ezarritakoa errespetatu beharko da.

Xedapen honen arabera kidegoetan sartzeko prozedurak hiru urteko epean baino ez dira aplikatuko.

Seigarren xedapen iragankorra. Gobernu-organoen agintaldiaren iraupena.

Lege hau indarrean jarri aurretik izendatu ziren ikastetxe publikoetako zuzendariaren eta zuzendaritza-taldeko gainerako kideen agintaldiaren iraupena, bestalde, izendatu zituzten unean indarrean zegoen araudian ezarritakoa izango da.

Hezkuntza-administrazioek gehienez urtebeteko aldi baterako luzatu ahal izango dute ikastetxe publikoetako zuzendarien eta zuzendaritza-taldeko gainerako kideen agintaldia, agintaldi hori Lege hau indarrean jartzen den ikasturtean amaitzen denean.

Ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen Eskola Kontseilua Lege hau indarrean jarri aurretik eratu bada, agintaldia amaitu arte jarraituko du, Lege honetan ezarritako esleipenekin.

Zazpigarren xedapen iragankorra. Ikastetxe publikoen zuzendaritzan jardutea.

Ikastetxe publikoen zuzendaritzan jarduteko akreditatuta dauden, baina jardun ez duten edo Lege honen 136.1 artikuluan adierazitakoa baino aldi txikiago batean jardun duten irakasleak salbuetsita egongo dira autonomia-erkidegoek finkatutako hasierako prestakuntzaren zatiaz.

Zortzigarren xedapen iragankorra. Prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa.

Lege hau indarrean jartzean unibertsitateek Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritakoaren babesean antolatutako espezializazio didaktikoko lanbide-tituluak eta Irakaskuntzarako Trebakuntza Agiria, Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria eta Gobernuak ezartzen dituen beste ziurtagiri batzuk Lege honen 100.2 artikuluan ezarritako prestakuntzaren baliokideak izango dira irakaskuntza bakoitzerako arautu arte.

Titulu honen eskakizunaz salbuetsita egongo dira pedagogiako eta psikopedagogiako maisu-maistrak eta lizentziatuak, eta barnean prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa hartzen duen lizentziatura edo titulazio baliokidea dutenak.

Bederatzigarren xedapen iragankorra. Ikastetxeak egokitzea.

Hiru urtetik beherako haurrak dituzten eta Lege hau indarrean jartzean haur-hezkuntzako ikastetxe gisa baimenduta ez dauden zentroek, edo eskolaurreko hezkuntzako ikastetxe gisa baimenduta daudenek, Gobernuak autonomia-erkidegoei kontsulta egin ondoren finkatzen duen epea izango dute ezartzen diren gutxieneko baldintzetara egokitzeko.

Hamargarren xedapen iragankorra. Itunen aldaketa.

Lege hau indarrean jartzean derrigorrezko irakaskuntzen ondokoak itunduta dituzten ikastetxe pribatuek itun berarekin jarraituko dute irakaskuntza baliokideak emateko.

Eskolaurreko hezkuntzako eta haur-hezkuntzako ikastetxeei aplikatu beharreko itunak, hitzarmenak edo diru-laguntzak, hurrenez hurren, haur-hezkuntzaren lehen zikloko eta bigarren zikloko irakaskuntzetarako izango dira.

Gizarte-bermeko programetarako itunak, hitzarmenak edo diru-laguntzak hasierako lanbide-prestakuntzako programetarako izango dira.

Hamaikagarren xedapen iragankorra. Erregelamendu-arauen aplikazioa.

Zenbait arlori buruzko arauak geroko erregelamenduzko xedapenei lotuta daude Lege honetan. Xedapen horiek ematen ez diren bitartean, Lege hau indarrean jarri aurretik indarrean zeuden maila bereko arauak aplikatuko dira kasu bakoitzean, betiere, Legean xedatutakoaren aurkakoak ez badira.

Hamabigarren xedapen iragankorra. Hamasei urtetik beherakoek hizkuntzak ikasteko aukera.

Lege honen 59.2 artikuluan xedatutakoa gorabehera, Lege hau indarrean jartzean derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen bi mailak amaitu dituzten ikasleek hizkuntzak ikasi ahal izango dituzte.

Hamahirugarren xedapen iragankorra. Maisu-maistra espezialistak.

Gobernuak Lege honen 93.2 artikuluan adierazitako irakaskuntzak finkatzen dituenean, musikaren irakaskuntza, gorputz-hezkuntza eta atzerriko hizkuntzen irakaskuntza dagokien espezializazioa duten maisu-maistrek emango dituzte.

Hamalaugarren xedapen iragankorra. Titulazio-aldaketak.

Lege honetan hezkuntza-maila guztiak emateko ezarritako titulazio-baldintzek ez dituzte eraginpean hartuko ikastetxeetan betetzen dituzten lanpostuei aplikatu beharreko legerian xedatutakoaren arabera lan egiten duten irakasleak.

Hamabosgarren xedapen iragankorra. Orientabide edo aholkularitza psikopedagogikorako zerbitzuetan plaza duten maisu-maistrak.

Psikologiako edo pedagogiako lizentziatu-titulua duten, eta beren kudeaketa-eremuan, orientabide edo aholkularitza psikopegagikorako zerbitzuetan plazak (meritu-lehiaketa bidez lortuak) behin betiko bete dituzten Irakasleen Kidegoko funtzionarioak Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legearen 45. artikuluan aurreikusitako txanda bereziko lehiaketa-oposizioaren bidez Bigarren Hezkuntzaren barruko psikologiako eta pedagogiako espezialitateko Irakasleen Kidegoan sartzeko administrazio-egoera arautu ez duten hezkuntza-administrazioek txanda bereziko lehiaketa-oposizio baterako deialdia egin beharko dute hiru hilabeteko gehieneko epean, Lege hau onartzen denetik aurrera kontatzen hasita, betiere, hurrengo puntuan azaltzen diren ezaugarriei jarraiki.

Txanda bereziko lehiaketa-oposizio horren barruan, lehiaketa fasean izangaien merituak balioetsiko dira, deialdietan ezarritako moduan. Meritu horien artean, prestakuntza akademikoa eta aldez aurreko irakaskuntza-esperientzia aipa daitezke.

Oposizio fasea, berriz, orientabide edo aholkularitza psikopedagogikorako zerbitzuen berezko funtzioei buruzko memoria bat izango da.

Izangaiek kalifikazio-epaimahaiaren aurrean azaldu eta defendatuko dute adierazitako memoria. Epaimahaiak, azalpenaren eta defentsaren ondoren, azaldutako memoriari buruzko galderak egin edo argibideak eskatu ahal izango dizkio izangaiari.

Hautatze-prozesua gainditzen dutenak betetzen zuten plaza berean geratuko dira eta, sartzen diren kidegoan izango duten antzinatasuna zehazteko, hezkuntza-administrazioaren talde psikopedagogikoetan behin betiko sartu izanaren data jasoko zaie.

Hamaseigarren xedapen iragankorra. Itunen lehentasuna haur-hezkuntzaren bigarren zikloan.

Lege honen 15.2 artikuluan xedatutakoari dagokionez, hezkuntza-administrazioek, Legearen 116. artikuluan adierazitako itun-erregimenean eta 117. artikuluan aurreikusitakoa kontuan hartuta, ikastetxe pribatuek egindako eskaerak aztertuko dituzte, eta haur-hezkuntzaren bigarren zikloko lehen, bigarren eta hirugarren mailetarako eskatzen diren unitateei emango diete lehentasuna.

Hamazazpigarren xedapen iragankorra. Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko aukera.

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ikastetxeetan bitarteko irakasleen ehunekoa murrizteko neurriak hartzea proposatuko die hezkuntza-administrazioei, Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren bitartez. Era horretan, Lege hau onartu eta lau urteko epean, ez dira gaindituko funtzio publikorako oro har ezarritako gehieneko mugak.

Lege hau ezarrita dagoen urteetan, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko hautatze-prozesu bat egingo da. Prozesu horren barruan, lehiaketa fasean prestakuntza akademikoa balioetsiko da, eta, lehentasunez, aurretik hezkuntza-etapa bereko ikastetxe publikoetan izandako esperientzia, baimendutako legezko mugetara bitartean.

Oposizio faseak proba bakarra izango du, eta dagokion espezialitatearen edukiei, irakaskuntzarako gaitasunari eta irakaskuntzan jarduteko beharrezkoak diren teknikak menderatzeari buruzkoa izango da.

Lehiaketa-oposizioaren prozedura hori arautzeko, aurreko paragrafoan aurreikusitakoa hartuko da kontuan. Horretarako, hezkuntza-administrazioen bidezko txostenak eskatuko dira.

Hemezortzigarren xedapen iragankorra. Itunei buruzko araudia egokitzea.

Hezkuntza-administrazioek hezkuntza-itunei buruzko araudia Lege honen xedapenetara egokitzeko, Lege hau indarrean jartzean dagoen hezkuntza-kontzertazioaren aldi orokorra gehienez bi urtera luzatzea erabaki ahal izango dute.

Hemeretzigarren xedapen gehigarria. Ikasleak onartzeko prozedura.

Ikasleak onartzeko prozedurak lege honen II. tituluko III. kapituluan jasotakoari egokituko zaizkio 2007/2008 ikasturtetik aurrera.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Honako Lege hauek indargabetuta geratzen dira:

a) 14/1970 Lege Orokorra, abuztuaren 4koa, Hezkuntzari eta Hezkuntzaren Erreformaren Finantzaketari buruzkoa.

a) 1/1990 Lege Organikoa, urriaren 3koa, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzkoa.

c) 9/1995 Lege Organikoa, azaroaren 20koa, Ikastetxeen Parte-hartzeari, Ebaluazioari eta Gobernuari buruzkoa.

d) 10/2002 Lege Organikoa, abenduaren 23koa, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoa.

e) 24/1994 Legea, uztailaren 12koa, funtzionario irakasleentzako lanpostuak betetzeko lehiaketen arauak ezartzen dituena.

Era berean, indargabetuta geratzen dira Lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Lehen azken xedapena. Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren aldaketa.

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4. artikulua honela geratuko da idatzita:

Gurasoek edo tutoreek, beren seme-alaben edo ardurapekoen hezkuntzari dagokionez, honako eskubide hauek dituzte:

a) Seme-alabek edo ardurapekoek kalitate-berme handieneko hezkuntza jasotzeko eskubidea, Konstituzioan, Autonomia Estatutuan eta hezkuntzari buruzko legeetan ezarritako helburuei jarraiki.

b) Ikastetxe publikoa zein botere publikoek sortutakoez bestelako bat aukeratzeko eskubidea.

c) Seme-alabek edo ardurapekoek gurasoen edo tutoreen sinesmenekin bat datorren erlijio-heziketa eta moral-heziketa jasotzeko eskubidea.

d) Seme-alabek ikasteko eta gizartean eta hezkuntzan txertatzeko prozesuan egindako aurrerapenaren berri jasotzeko eskubidea.

e) Seme-alaben irakasteko eta ikasteko prozesuan parte hartzeko eskubidea.

f) Ikastetxearen antolamenduan, funtzionamenduan, gobernuan eta ebaluazioan parte hartzeko eskubidea, legeetan ezarritako baldintzetan.

g) Seme-alaben ikasketa-orientabidean eta lanbide-orientabidean eragina duten erabakietan entzunak izateko eskubidea.

Era berean, seme-alaben edo ardurapekoen hezkuntzaren arduradun nagusiak direnez gero, honako hauek dagozkie:

a) Seme-alabek edo ardurapekoek derrigorrezko irakaskuntzak egiteko eta eskoletara erregularki joateko beharrezkoak diren neurriak hartzea edo, zailtasunak izanez gero, bidezko laguntza eskatzea.

b) Beren bitartekoek aukera ematen dieten neurrian, eskolan aurrera egiteko beharrezkoak diren baliabideak eta baldintzak jartzea.

c) Seme-alabak agintzen zaizkien ikasketa-jarduerak egitera bultzatzea.

d) Seme-alaben errendimendua hobetzeko ikastetxeek familiekin ezartzen dituzten hezkuntza-konpromisoei jarraiki ezarritako jardueretan aktiboki parte hartzea.

e) Irakasleekin eta ikastetxeekin lankidetzan, seme-alaben hezkuntza-prozesuaren bilakaera ezagutzea eta bilakaera horretan parte hartzea eta laguntzea.

f) Ikastetxeak eta agintariek ezarritako arauak, eta irakasleen hezkuntza-aginduak edo hezkuntza-orientabideak errespetatzea eta errespetaraztea.

g) Hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztienganako errespetua sustatzea.»

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 5.5. artikulua honela geratuko da idatzita:

«Gurasoen elkartzeko eskubidea eta federazioen eta konfederazioen sorkuntza bultzatuko dute hezkuntza-administrazioek.»

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 6. artikulua honela geratuko da idatzita:

Ikasle guztiek eskubide eta betebehar berak dituzte; bereizketa bakarrak adinaren eta egiten ari diren mailaren ondoriozkoak izango dira.

Ikasle guztiek Espainiako Konstituzioa eta dagokien Autonomia Estatutua ezagutzeko eskubidea eta betebeharra dute, horietan aitortutako balioetan eta printzipioetan hezteko.

Honako oinarrizko eskubideak aitortzen zaizkie ikasleei:

a) Nortasuna erabat garatzen lagunduko dien prestakuntza integrala jasotzeko eskubidea.

b) Identitate, osotasun eta duintasun pertsonala errespetatua izateko eskubidea.

c) Beren ardura, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez balioesteko eta aitortzeko eskubidea.

d) Hezkuntza-orientabidea eta lanbide-orientabidea jasotzeko eskubidea.

e) Konstituzioari jarraiki, beren kontzientzia-askatasuna, sinesmen erlijiosoak eta moralak errespetatzeko eskubidea.

f) Eraso fisiko edo moral ororen aurkako babeserako eskubidea.

g) Ikastetxearen funtzionamenduan eta bizitzan parte hartzeko eskubidea, indarrean dauden arauetan xedatutakoari jarraiki.

h) Dituzten gabezia eta desabantaila pertsonalak, familiakoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak konpentsatzeko beharrezkoak diren laguntzak eta babesak jasotzeko eskubidea, hezkuntza-sisteman sartzea eta bertan irautea eragozten edo zailtzen duten hezkuntza-premia bereziak dituzten kasuetan bereziki.

i) Familia-ezbeharren edo istripuen kasuan, hezkuntza-eremuan gizarte-babesa jasotzeko eskubidea.

Ikasleen oinarrizko betebeharrak honako hauek dira:

a) Dituzten gaitasunen arabera ahalik eta garapen handiena lortzeko ikastea eta ahalegintzea.

b) Prestakuntza-jardueretan eta, bereziki, eskola-jardueretan eta osagarrietan parte hartzea.

c) Irakasleen norabideei jarraitzea.

d) Eskolara garaiz iristea.

e) Eskola-elkarbizitza hobetzen eta ikastetxean ikasketa-giro egokia lortzen parte hartzea eta laguntzea, eta, horretarako, ikaskideen hezkuntzarako eskubidea eta irakasleen agintea eta orientabideak errespetatzea.

f) Hezkuntza-komunitateko kide guztien kontzientzia-askatasuna, sinesmen erlijiosoak eta moralak, eta duintasuna, osotasuna eta intimitatea errespetatzea.

g) Ikastetxearen antolamenduko, elkarbizitzako eta diziplinako arauak errespetatzea, eta

h) Ikastetxearen instalazioak eta material didaktikoak kontserbatzea eta behar bezala erabiltzea.»

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 7. artikuluari honako paragrafo hau gaineratu zaio:

Ikasleen elkartzeko eskubidea eta federazioen eta konfederazioen sorkuntza bultzatuko dute hezkuntza-administrazioek.»

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 8. artikuluari honako lerroalde hau gaineratu zaio:

«Ikasleek ikastetxeetan eraginkortasunez parte har dezaten bultzatzeko eta ikasleen biltzeko eskubidea errazteko, eskubide hori erabiltzeko baldintzak ezarriko dituzte ikastetxeek, beren antolamenduko eta funtzionamenduko arauak lantzen dituztenean.

Hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen ikasturtetik aurrera, ikasleek eskolara joateari dagokionez hartzen dituzten erabaki kolektiboak ez dira jokabide-hutsegitetzat hartuko eta ez dira zigortuko, betiere, erabaki horiek bilkura-eskubidea erabilita sortutako emaitza badira, eta aldez aurretik ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazten bazaizkio.»

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 25. artikulua honela geratuko da idatzita:

«Lege honen eta garatzen duten arauen xedapenen barruan, itundu gabeko ikastetxeek autonomia izango dute barne-arautegia ezartzeko, irakasleak indarrean dagoen legeriak eskatutako titulazioari jarraiki hautatzeko, hezkuntza-proiektua lantzeko, eguneko jarduna ikasleen gizarte-premien eta hezkuntza-premien arabera antolatzeko, arloen edo jakintzagaien eskola-ordutegia zabaltzeko, ikasleak onartzeko prozedura finkatzeko, elkarbizitza-arauak ezartzeko eta erregimen ekonomikoa definitzeko.»

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 31/1985 Lege Organikoaren 31. artikuluari n) letra gaineratu zaio:

«n) Autonomia-erkidegoen eremuko Eskola Kontseiluak.»

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 56.1. artikulua honela geratuko da idatzita:

Itunpeko ikastetxe pribatuen Eskola Kontseilua osatuko dutenak honako hauek dira:

Zuzendaria.

Ikastetxearen titularraren hiru ordezkari.

Ikastetxea kokatuta dagoen udalerriko Udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

Irakasleen lau ordezkari.

Ikasleen gurasoen edo tutoreen lau ordezkari, eurek euren artean aukeratuak.

Ikasleen bi ordezkari, eurek euren artean aukeratuak, derrigorrezko bigarren hezkuntzaren lehen mailatik aurrera.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Ikastetxearen Eskola Kontseilua eratu ondoren, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra sustatuko duten hezkuntza-neurriak bultzatzeko pertsona bat izendatuko du.

Gainera, hezkuntza bereziko berariazko ikastetxeetan eta ikasgela espezializatuak dituzten ikastetxeetan, hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkari bat ere Eskola Kontseiluko kide izango da.

Gurasoek Eskola Kontseiluan izango duten ordezkari bat ikastetxean ordezkaritza zabalena duen guraso-elkarteak izendatuko du.

Halaber, lanbide-heziketa ematen duten itunpeko ikastetxeek enpresa-munduko ordezkari bat (enpresa-erakundeek izendatua) sartu ahal izango dute Eskola Kontseiluan, hezkuntza-administrazioek ezartzen duten prozedurari jarraiki.»

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 57. artikulua honela geratuko da idatzita bere c), d), f) eta m) idatz-zatietan:

«c) Ikasleak onartzeko prozesuan parte hartzea eta prozesu horri buruzko arauei jarraituko zaiela bermatzea.

d) Diziplina-gatazken ebazpenaren berri izatea eta gatazka horiek indarrean dagoen araudiaren barruan bideratzeaz arduratzea.

Zuzendariak hartutako diziplina-neurriek ikastetxeko elkarbizitza larriki kaltetzen duten ikasleen jarrerekin zerikusia badute, Eskola Kontseiluak, gurasoek edo tutoreek eskatuta, hartutako erabakia berrikusi eta, hala badagokio, bidezkoak diren neurriak proposatu ahal izango ditu.

f) Zuzendaritza-taldeak urtean behin landuko duen ikastetxearen programazio orokorra onartzea eta ebaluatzea.

m) Ikastetxeko elkarbizitza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta gatazken konponbide baketsua –bizitza pertsonalaren, familiakoaren eta sozialaren eremu guztietan– bultzatzeko neurriak eta ekimenak proposatzea.

Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 62. artikulua honela geratuko da idatzita:

Itunari dagokionez, ikastetxearen titularraren ez-betetze arintzat hartuko dira honako hauek:

a) Hezkuntza-administrazioak edo ikastetxeko Eskola Kontseiluak baimendu gabeko eskola-jarduera osagarriengatik edo eskolaz kanpokoengatik, edo eskola-zerbitzuengatik diru-kopuruak jasotzea, kasu bakoitzean ezarritakoari jarraiki.

b) Titulu honetan aurreikusitako parte-hartzeari buruzko arauak haustea.

c) Irakasleak kaleratzea, jurisdikzio eskudunaren epai bidez kaleratze hori bidegabetzat hartzen denean.

d) Administrazioari soldaten ordainketa eskuordeturako beharrezkoak diren datuak emateko betebeharra haustea.

e) Jarduera osagarriei eta eskolaz kanpokoei, eta zerbitzu osagarriei dagokienez, borondatezkotasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa haustea.

f) Titulu honetan ezarritako betebeharrak edo Hezkuntzaren Lege Organikoaren 116. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoek aipatutako erregelamendu-arauetan ezarritako betebeharrak, edo ikastetxeak izenpetu duen itun-dokumentuan jasotako beste edozein itun urratuz gero, urraketa horretatik datozen gainerako guztiak.

Itunari dagokionez, ikastetxearen titularraren ez-betetze larritzat hartuko dira honako hauek:

a) Aurreko paragrafoan adierazitakoak, horretarako bideratutako administrazio-espedientetik edo, hala badagokio, jurisdikzio eskudunaren epaitik ondorioztatzen denean ez-betetzea irabazi-asmoarekin, gaitzuste nabarmenean, ageriko nahasmenduarekin irakaskuntza-zerbitzua egitean, edo behin eta berriz egin zela.

b) Itunaren xede diren irakaskuntzak doakotasunaren printzipioa urratuta ematea.

c) Ikasleen onarpenari buruzko arauak haustea.

d) Aurreko artikuluetan irakasleak hautatzeko eta kaleratzeko ezarritako prozeduratik urruntzea.

e) Konstituzioaren 16. eta 20. artikuluetan aitortutako eskubideak kaltetzea, jurisdikzio eskudunaren epai bidez hori xedatzen denean.

f) Adiskidetze Batzordearen erabakiak ez betetzea.

g) Titulu honetan edo Hezkuntzaren Lege Organikoaren 116. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoek aipatutako erregelamendu-arauetan ez-betetze larritzat hartutako guztiak.

Aurrekoa gorabehera, horretarako bideratutako administrazio-espedientetik ondorioztatzen denean ez-betetzea irabazi-asmorik gabe, gaitzuste nabarmenik gabe eta irakaskuntza ematean nahasmendurik gabe egin zela, eta berriz egin ez dela, ez-betetzea arintzat hartuko da.

Aurreko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeen errepikatzea honako irizpide hauei jarraiki jasoaraziko du hezkuntza-administrazio eskudunak:

a) Aurretik egindako ez-betetzeak errepikatzen direnean, nahikoa izango da egoera hori dagokion hezkuntzako ikuskaritzaren txostenaren bidez agerian jartzea.

b) Aurretik egindakoaz bestelako tipifikazioa duten ez-betetzeen kasuan, administrazio-espedientea bideratu beharko da.

Itunaren ez-betetze arinak honako hauek eragingo ditu:

a) Hezkuntza-administrazioaren ohartarazpena.

b) Titularrak ez-betetze arina zuzentzen ez badu, administrazioak isuna jarriko dio. Isuna ezartzen den aldian indarrean dagoen hezkuntza-itunaren modulu ekonomikoaren «beste zenbait gastu» partidaren erditik guztizkora bitartekoa izango da isun horren zenbatekoa.

Zigorra jartzen duen hezkuntza-administrazioak ezarritako mugen barruan finkatuko du isunaren zenbatekoa, eta ikastetxearen titularrak hezkuntza-ituna aplikatuta ordaindu beharreko kopuruen kontrako konpentsazio bidez kobratu ahal izango du isun hori.

Hezkuntza-itunaren ez-betetze larriak isunaren ezarpena eragingo du. Isuna ezartzen den aldian indarrean dagoen hezkuntza-itunaren modulu ekonomikoaren «beste zenbait gastu» partidaren guztizkotik bikoitzera bitartekoa izango da isun horren zenbatekoa.

Zigorra jartzen duen hezkuntza-administrazioak ezarritako mugen barruan finkatuko du isunaren zenbatekoa, eta ikastetxearen titularrak hezkuntza-ituna aplikatuta ordaindu beharreko kopuruen kontrako konpentsazio bidez kobratu ahal izango du isun hori.

Itunaren ez-betetze oso larriak ituna deuseztatzea eragingo du.

Kasu horretan, ikastetxean eskolatuta dauden ikasleak ez kaltetzeko, ituna pixkanaka deuseztatzeko aukera ezarri ahal izango dute hezkuntza-administrazioek.

Ez-betetze eta zigor oso larriak hiru urtera preskribatuko du, larriak bi urtera, eta arinak urtebetera.

Preskribatzeko epea eten egingo da itunpeko ikastetxearen ez-betetzea zuzentzeko Adiskidetze Batzordea eratzen denean.»

Bigarren azken xedapena.

Bigarren azken xedapena. Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen aldaketa.

Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 29.2 artikuluari honako letra hau gaineratu zaio:

«ñ) Irakaskuntzako funtzio publikoan antolatutako irakasleen kidegoetako edo eskaletako funtzionarioak Hezkuntzaren Goi Ikuskaritzako Arloetan lanpostuak betetzeko izendatzen dituztenean.»

Hirugarren azken xedapena. Gutxieneko irakaskuntzak.

Indarrean dauden xedapenetan irakaskuntza komunei buruz bildutako aipamen guztiak gutxieneko irakaskuntzek osatzen duten curriculumaren oinarrizko alderdiei dagozkiela ulertuko da.

Laugarren azken xedapena. Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikorako autonomia.

Ikastetxe publikoetan batxilergoko, lanbide-heziketako eta arte aplikatuetako eta lanbide artistikoetako ikasketen doakotasunaren, eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikorako autonomiaren ezarpenari buruzko uztailaren 2ko 12/1987 Legeak indarrean jarraituko du, Lege honek eragindako aldaketekin.

Bosgarren azken xedapena. Eskumen-titulua.

Lege hau oinarrizko izaerarekin egin da, Estatuari Konstituzioaren 149.1.1.ª, 18.ª eta 30.ª artikuluen arabera dagokion eskumenaren babesean.

Honako agindu hauek adierazitako oinarrizko izaeraz salbuetsita daude: 5.5 eta 5.6, 7., 8.1 eta 8.3, 9., 11.1 eta 11.3, 14.6, 15.3, 18.4 eta 18.5, 22.5, 26.1 eta 26.2, 30.5, 35., 41.5, 42.3, 47., 58.4, 58.5 eta 58.6, 60.3 eta 60.4, 66.2 eta 66.4, 67.2, 67.3, 67.6, 67.7 eta 67.8, 72.4 eta 72.5, 89., 90., 100.3, 101, 102.2, 102.3 eta 102.4, 103.1, 105.2, 106.2 eta 106.3, 112.2, 112.3, 112.4 eta 112.5, 113.3 eta 113.4, 122.2 eta 122.3, 123.2, 123.3, 123.4 eta 123.5, 124., 125., 130.1, 131.2 eta 131.5, 145., 146. eta 154. artikuluak; hamabosgarren xedapen gehigarriaren 1., 4., 5. eta 7. paragrafoak, eta laugarren azken xedapena.

Seigarren azken xedapena. Lege honen garapena.

Lege honen arauak autonomia-erkidegoek garatu ahal izango dituzte, Legeak agindutakoaren arabera Gobernuak arautu behar dituen arloei, edo Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarriaren 2. paragrafoan ezarritakoari jarraiki Estatuari dagozkion arloei lotutakoak izan ezik.

Zazpigarren azken xedapena. Lege honen izaera organikoa.

Honako hauek Lege Organikoaren mailakotzat joko dira: atariko tituluaren I. kapitulua; 3., 4., 5.1 eta 5.2 artikuluak; atariko tituluaren III. kapitulua; 16., 17., 18.1, 18.2 eta 18.3, 19.1, 22., 23., 24., 25., 27., 30.1, 30.2, 30.3, 30.4 eta 30.6, 38., 68., 71., 74., 78., 80., 81.3 eta 81.4, 82.2, 83., 84.1, 84.2, 84.3, 84.4, 84.5, 84.6, 84.7, 84.8 eta 84.9, 85., 108., 109. eta 115. artikuluak; IV. tituluaren IV. kapitulua; 118., 119., 126.1 eta 126.2, 127., 128. eta 129. artikuluak; hamaseigarren eta hamazazpigarren xedapen gehigarriak; seigarren xedapen iragankorraren hirugarren paragrafoa; hamargarren xedapen iragankorra; lehen eta zazpigarren azken xedapenak; eta xedapen indargabetzaile bakarra.

Zortzigarren azken xedapena. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

Horrenbestez, espainiar guztiei, norbanako nahiz agintariei, agintzen diet bete dezatela eta betearaz dezatela lege organiko hau.

Madril, 2006ko maiatzaren 3a.

JUAN CARLOS R.

Gobernuko lehendakaria, JOSÉ LUIS RODRÍGUEZ ZAPATERO

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra