Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

6/2006 Lege Organikoa, Kataluniako Autonomia Estatutua, 2006ko uztailaren 20koa

2006-07-19

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2006/7/20, 172. zk.

Kataluniako Autonomia Estatutua

EAO, 2006ko uztailaren 20koa

Hitzaurrea

Kataluniak, denboran barrena egin duen eraikitze-bidean, hainbat eta hainbat belaunaldik, tradiziok eta bertan errotzera etorritako hainbat kulturak ekarritako indarra izan du arnasa-hauspo.

Kataluniako herriak mendez mende izan du bere baitan autogobernurako grina, eta berezko izan ditu bai instituzioak, hala nola, Generalitat deritzona —Cervera-ko Gorteetan eratu zen 1359. urtean— bai berariazko antolamendu juridikoa, besteak beste, «Constitucions i altres drets de Catalunya» arau-bildumetan jasoa.

Hainbat bider egin izan dira ahaleginak, 1714az geroztik, autogobernu-instituzioak berreskuratzen.

Ibilbide historiko horretan mugarri nabarmenak izan dira, hala nola, 1914ko mankomunitatea, 1932ko Estatutuari esker Generalitatea berreskuratu zenekoa, 1977an berrezarri zenekoa, eta 1979ko Estatutua, demokraziarekin, 1978ko Konstituzioarekin eta autonomia-erkidegoen Estatuarekin batera sortua.

Kataluniaren askatasun kolektiboa Generalitateko instituzioen bidez lotu zaio norbanakoen nahiz herrien oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak baiesten eta errespetatzen emandako historiari; Kataluniako gizon-emakumeek historia horri jarraitu nahi diote guztien artean eraiki ahal izan dezaten gizarte demokratikoa eta aurreratua, ongizatea eta aurrerabidea dakartzan gizartea, Espainiaren osotasunarekin solidarioa den gizartea eta Europan txertatutako gizartea.

Kataluniako herriak bizimodu kolektiboan zaindu beharreko goi-mailako balioak askatasuna, justizia eta berdintasuna direla aldarrikatzen du gaur egun ere, eta aurrera doan bide batetik jarraitzeko borondatea duela adierazten du, aurrerabide horrek Katalunian bizi diren eta lan egiten duten guztiei bizi-kalitate duina berma diezaien.

Botere publikoek interes orokorraren eta herritarren eskubideen zerbitzura dihardute, subsidiariotasun-printzipioa errespetatuta.

Horrenbestez, hori guztia aintzakotzat izanik, 1979ko Estatutuaren hitzaurreari darion espirituari jarraituz, Estatutu honek bere egin ditu honako hauek:

• Lurraldetan eta jendetan herrialde aberatsa da Katalunia; aniztasun horrek duela mende askotatik definitu eta aberastu ere egin du, eta datozen garaietarako indartu.

• Katalunia pertsona askeen erkidegoa da, pertsona askeentzako da, eta norbanakoek nortasun anitzak bizi eta adieraz ditzakete bertan; Kataluniak, gizaki guzti-guztien duintasunaren errespetua oinarri hartuta, erkidegoaren aldeko konpromiso argia du.

• Herritar guztiek egindako ekarpenari esker, gizarte integratzailea eratu dugu, esfortzua eredu duela, berrikuntza eta ekimena sustatzeko gaitasuna duela, balio horiexek bultzatzen baitute gaur egun ere herria aurrerabidean.

• Kataluniaren autogobernua Konstituzioan oinarrituta dago, baita Kataluniako herriaren eskubide historikoetan ere; hain zuzen ere, eskubide horiek Estatutu honetan sorrarazten dute, Konstituzioaren esparruan, Generalitateak leku berezia duelako aitormena.

Kataluniak bere nortasun politikoa garatu nahi du Espainiako herrien nortasun-aniztasuna aitortzen eta errespetatzen duen Estatu baten esparruan.

Katalunian gizartegintza eta elkartegintzarako den tradizioak betidanik azpimarratu izan du garrantzi handikoak direla bai Kataluniako hizkuntza eta kultura, bai eskubideak eta eginbeharrak, bai jakinduria, bai prestakuntza, bai gizarte-kohesioa, bai garapen iraunkorra baita eskubide-berdintasuna ere, gaur egun, bereziki, emakume eta gizonen arteko berdintasuna azpimarratuta.

• Katalunia, Estatua bitarteko, partaide da Europar Batasunaren proiektu politikoan, eta Europako balioak eta helburuak bereak ere baditu.

• Kataluniak, bere tradizio humanistikoa abiaburu duela, mundu-antolamendu baketsua eta bidezkoa eraikitzeko bidean herri guztiekin hartuta duen konpromisoa berresten du.

Kataluniako Legebiltzarrak, Kataluniako herritarren sentimendua eta borondatea bereganatu, eta gehiengo zabala lortuta, Katalunia nazioa dela adierazi du.

Espainiako Konstituzioak, bigarren artikuluan, nazionalitatetzat aitortzen du Kataluniako errealitate nazionala.

Kataluniak autogobernurako duen eskubide besterenduezina baliatuz, Legebiltzarkide kataluniarrek proposatu dute, Diputatuen Kongresuko Konstituzio Batzordeak erabaki du, Gorte Nagusiek onartu du, eta Kataluniako herriak berretsi egin du Estatutu hau.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.- Katalunia.

Kataluniak, nazionalitatea denez gero, autonomia-erkidego modura osaturik gauzatzen du bere autogobernua, Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera, bere oinarrizko arau instituzionala baita.

2. artikulua.- Generalitatea.

Generalitatea instituzio-sistema bat da, eta haren bidez dago politikoki antolaturik Kataluniako autogobernua.

Honela dago osaturik Generalitatea: Legebiltzarra, Generalitateko Lehendakaritza, Gobernua eta II. tituluko V. kapituluan zehazturik datozen gainerako instituzioak.

Udalerriek, begeriek, eskualdeek eta legeetan zehazten diren gainerako toki-erakundeek ere Generalitateko instituzio-sistema osatzen dute, haien inguruan baitu taxututa lurralde-antolamendua, haien autonomiari kalterik egin gabe.

Generalitateari Kataluniako herritik datozkio botereak, eta, botere horiek baliatu, berriz, Estatutu honetan eta Konstituzioan ezarrita dagoen bezala baliatzen ditu.

3. artikulua.- Esparru politikoa.

Generalitatearen eta Estatuaren arteko harremanek elkarrekiko leialtasun instituzionalaren printzipioa dute oinarri, eta honako hauek, berriz, arau: Generalitatea Estatua delako printzipio orokorra, autonomia-printzipioa, aldebikotasun-printzipioa, eta aldeaniztasun-printzipioa.

Kataluniarentzat espainiar Estatua eta Europar Batasuna dira erreferentziako esparru politikoa eta geografikoa, eta haien zati izateak berarekin dakartzan balioak, printzipioak eta betebeharrak bere baitara bilduta ditu.

4. artikulua.- Eskubideak eta printzipio gidariak.

Estatutu honetan, Konstituzioan, Europar Batasunean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, Giza Eskubideak Babesteko Europako Hitzarmenean, eta, oinarrizko eskubide-askatasunak aitortzen eta bermatzen dituztelarik, Espainiak izenpetu dituen nazioarteko gainerako hitzarmen eta tratatuetan aitorturik dauden askatasunak eta eskubideak indar betean baliarazteko ahaleginak egin behar dituzte Kataluniako botere publikoek.

Norbanakoen eta taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izateko beharrezko baldintzak sustatzeko ardura dute Kataluniako botere publikoek; politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean pertsona orok parte hartzeko ahaleginak egin behar dituzte, eta herriek beren nortasuna zaintzeko eta garatzeko eskubidea dutela aitortu beharra daukate.

Askatasuna, demokrazia, berdintasuna, aniztasuna, bakea, justizia, elkartasuna, gizarte-kohesioa, genero-berdintasuna eta garapen iraunkorra, balio horiek denak sustatzeko ardura dute Kataluniako botere publikoek.

5. artikulua.- Eskubide historikoak.

Kataluniaren autogobernua Kataluniako herriaren eskubide historikoetan, haren mendetako instituzioetan eta Kataluniako tradizio juridikoan dago oinarrituta. Estatutu honek tradizio hori bere baitara bildu eta eguneratu egin du, 2. artikuluaren, bigarren xedapen iragankorraren eta Konstituzioko beste agindu batzuen itzalpean. Hain zuzen ere, horiek ematen diote Generalitateari halako egonleku berezia zuzenbide zibilean, hizkuntzan, kulturan, horiek hezkuntza-esparruan duten proiekzioan eta Generalitatea antolatzeko instituzio-sisteman.

6. artikulua.- Berezko hizkuntza eta hizkuntza ofizialak.

Katalana da Kataluniako berezko hizkuntza.

Hala, bada, bai herri-administrazioetan bai Kataluniako herri-komunikabideetan katalana da usuen eta lehenen erabiltzeko hizkuntza, eta irakaskuntzan ere normalean katalana erabili ohi da bai komunikaziorako bai ikasteko.

Katalana da Kataluniako hizkuntza ofiziala.

Gaztelania ere bada, Espainiako estatuko hizkuntza ofiziala baita.

Pertsona orok du bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea, eta Kataluniako herritarrek, biak jakiteko eskubidea eta eginbeharra.

Kataluniako botere publikoen ardura da eskubide horiek erabili ahal izateko eta eginbehar hori betetzeko beharrezko neurriak hartzea.

Dena dela, 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin da bereizkeriarik egon hizkuntza bata erabili nahiz bestea erabili.

Generalitatearen eta Estatuaren ardura da egin beharreko ekintzak egitea, Europar Batasunean katalanaren ofizialtasuna aitor dezaten eta kulturaren edo hizkuntzen arloko nazioarteko organismoetan eta nazioarteko tratatuetan katalana ager dadin eta katalana erabil dezaten.

Generalitateak komunikazioa eta lankidetza sustatu behar ditu hizkuntza-ondarea Kataluniarekin banaturik duten gainerako erkidegoekin eta gainerako lurraldeekin.

Halakoetan, katalana kanpoan sustatzeko eta zabaltzeko, Generalitateak eta Estatuak –dagokionean dagokionak– beren esku dute tratatuak, hitzarmenak eta beste hainbat lankidetza-tresna hitzartzea.

Okzitaniera –aranés izena du Aranen– da lurralde hartako berezko hizkuntza, eta hizkuntza ofiziala da Katalunian, Estatutu honetan eta hizkuntza normalizaziorako legeetan zehazturik dagoenaren arabera.

7. artikulua.- Kataluniarren izate politikoa.

Administrazio-auzotasuna Katalunian duten Espainiako herritarrak dira, politikoki, kataluniar edo Kataluniako herritar.

Eskubide politikoak Estatutu honen eta legeen arabera dituzte baliatzekoak.

Bizilekua atzerrian izan arren, azkeneko administrazio-auzotasuna Katalunian izan duten espainiarrek, kataluniarrak izaki, Estatutu honetan zehazturiko eskubide politikoak dituzte, baita haien ondorengoek ere, baldin eta herritartasun horri eusten badiote eta hala eskatzen badute, legean zehazturiko moduan.

8. artikulua.- Kataluniako ikurrak.

Kataluniak, lehendabiziko artikuluan nazionalitatetzat jo baita, bandera, festa eta ereserkia ditu nazio-ikur.

Kataluniako banderak, betiko banderak, azpia horia eta lau barra gorri ditu, eta Kataluniako eraikin publikoetan eta Katalunian egiten diren ekitaldi ofizialetan egon behar du agerian.

Irailaren hamaika da Kataluniako festa.

Els segadors da Kataluniako ereserkia.

Kataluniako ikur-adierazpideak Legebiltzarrak arautu behar ditu, eta haien protokolo-hurrenkera ere zehaztu behar du.

Kataluniako ikurren babes juridikoa Estatuko gainerako ikurrei dagokien babes berbera da.

9. artikulua.- Lurraldea.

Estatutu hau indarrean jartzen denean Generalitateak geografiaz eta administrazioz dituen mugek zedarritzen dute Kataluniako lurraldea.

10. artikulua.- Hiriburua.

Bartzelonako hiria da Kataluniako hiriburua. Hura da Legebiltzarraren, Generalitateko Lehendakaritzaren eta Gobernuaren egoitza iraunkorra, baina horrek ez du esan nahi Legebiltzarrak eta Gobernuak Kataluniako beste leku batzuetan bilerarik egin ezin dutenik, baldin eta Legebiltzarreko erregelamenduan eta legean zehazturik dagoen moduan egiten badute, hurrenez hurren.

11. artikulua.- Aran.

Arango herriak Estatutu hau, Arango Conselh Generau delakoa eta berezko gainerako instituzioak ditu autogobernua baliatzeko.

Aran nazio-errealitate okzitaniarra da, eta kultura, historia, geografia nahiz hizkuntza aldetik bere nortasuna du; arandarrek halaxe defendatu dute mendetan zehar, eta halaxe aitortzen dute Kataluniako herritarrek eta instituzio politikoek.

Estatutu honek berezitasun hori aitortu, babestu eta errespetatu egiten du, eta aitortzen du Kataluniaren barruan Aran lurralde-erakunde berezia dela, eta, hala izanik, babes berezia ere badu, araubide juridiko berezi baten bidez.

12. artikulua.- Historiaren, hizkuntzaren eta kulturaren aldetik Kataluniarekin lotura duten lurraldeak.

Generalitateak komunikazioa, kultura-trukaketa eta lankidetza sustatu behar du historiaren, hizkuntzaren eta kulturaren aldetik Kataluniarekin lotura duten erkidego eta lurraldeekin, Espainiako estatukoak izan zein ez.

Horretarako, Generalitateak eta Estatuak -batak zein besteak egokiera-legez- beren esku dute tratatuak, hitzarmenak eta beste hainbat lankidetza-tresna hitzartzea, organismo erkideak sortzeko aukera ere barnean dela, esparru guztietan.

13. artikulua.- Atzerriko kataluniar komunitateak.

Atzerrian diren kataluniar komunitateekin, gizarte-lotura, ekonomia-lotura eta kultura-lotura sustatzeko ardura du Generalitateak, legean zehazturik dagoen moduan, eta beharrezko laguntza eskaintzeko ardura ere badu.

Horretarako, dagokionaren arabera, atzerriko kataluniar komunitate horiek dauden lurralde eta herrialdeetako instituzio publiko nahiz pribatuekin lankidetza-akordioak egin ahal izango ditu Generalitateak, eta gai honi buruz nazioarteko tratatuak hitzartzeko eskatu ahal izango dio Estatuari.

14. artikulua.- Arauen lurralde-eraginkortasuna.

Generalitatearen arauek eta xedapenek eta Kataluniako zuzenbide zibilak lurralde-eraginkortasuna dute, betiere, gai bakoitzari dagozkion salbuespenei kalterik egin gabe, salbuespenik baldin badago, eta pertsonen estatutuak edo lurraldez gaindiko beste arau batzuek agintzen dituzten egoerei kalerik egin gabe.

Espainiako nazionalitatea lortzen duten atzerritarrek, administrazio-auzotasuna Katalunian duten bitartean, Kataluniako zuzenbide zibilaren pean egongo dira, non eta ez duten adierazten ez dutela halakorik nahi.

I. TITULUA

Eskubideak, eginbeharrak eta printzipio gidariak

I. KAPITULUA

Arlo zibileko eta gizarte-arloko eskubideak eta eginbeharrak

15. artikulua.- Pertsonen eskubideak.

Kataluniako herritarrak 4.1. artikuluko arauetan aitorturik dauden eskubide eta eginbeharren titularrak dira.

Pertsona orok du duintasunez, seguru eta autonomiaz bizitzeko eskubidea, inork zapaldu gabe, tratu txarrik jasan gabe, eta inolako bazterkeriarik gabe bizitzeko eskubidea, eta nortasuna eta norbanakoaren gaitasunak eragozpenik gabe garatzeko eskubidea.

Legeetan zehazturik dagoen moduan egiten bada, Kataluniako herritarrek Estatutu honetan aitorturik dituzten eskubideak beste pertsona batzuentzat ere izan daitezke.

16. artikulua.- Familien esparruko eskubideak.

Legeetan ezarritako baldintzen arabera, pertsona orok dauka familiaren beharrei aurre egiteko gizarte-zerbitzuak eta laguntza publikoak jasotzeko eskubidea.

17. artikulua.- Adingabeen eskubideak.

Adingabeek familian eta gizartean nortasuna nahiz ongizatea garatu ahal izateko beharrezko duten orotariko arreta guztia jasotzeko eskubidea dute.

18. artikulua.- Adinekoen eskubideak.

Adinekoek duintasunez bizitzeko eskubidea dute, inork zapaldu gabe eta tratu txarrik gabe, adinarengatik inolako bazterkeriarik jasan gabe.

19. artikulua.- Emakumeen eskubideak.

Emakume orok du bere nortasuna eta gaitasunak oztoporik gabe garatzeko eskubidea, eta duintasunez, seguru eta autonomiaz bizitzeko eskubidea, inork zapaldu gabe, tratu txarrik jasan gabe, eta inolako bazterkeriarik gabe.

Esparru publiko eta pribatu guztietan emakumeek gizonezkoen baldintza berberetan parte hartzeko eskubidea dute.

20. artikulua.- Heriotza-aldiari duintasunez aurre egiteko eskubidea.

Pertsona orok du minaren aurkako tratamendu egokia eta erabateko zainketa aringarriak jasotzeko eskubidea, baita heriotza-aldiari duintasunez aurre egiteko eskubidea ere.

Pertsona orok du bere borondatearen berri aurrez jakinarazteko eskubidea, izan ditzakeen interbentzioei eta tratamendu medikoei buruzko jarraibideak jasota gera daitezen, eta jarraibideok errespetatu egin beharko baitituzte legean ezarritakoari jarraituz, batez ere, osasun-arloko langileek, gizakia bere borondatearen berri jakinarazteko moduan ez dagoenean.

21. artikulua.- Hezkuntza-arloko eskubideak eta eginbeharrak.

Pertsona orok du kalitateko hezkuntzarako eskubidea, eta hezkuntza horretara iristeko aukera berberak izateko eskubidea.

Generalitateak interes publikoko hezkuntza-eredua taxutu behar du, eskubide hauek bermatzeko modukoa:

Gurasoek, 37.4 artikuluan ezarritako printzipioen arabera, bermaturik dute, titulartasun publikoa duten eskoletan, eskola publikoan heziketa laikoa bada ere, seme-alabek gurasoen uste sendoen araberako heziketa morala eta erlijiozkoa jaso dezaten eskubidea.

Hezkuntzarako aukera-berdintasunerako eta kalitateko hezkuntzarako eskubidea bermatzearren, zilegi da, legean zehazturik dagoen moduan betiere, diru publikoa erabiltzea ikastetxe pribatuei eusteko.

Nahitaezko hezkuntza-aldi guztiak doakoak dira, baita legez doakoak direla ezarrita duten gainerako mailak ere.

Pertsona orok du lan-prestakuntzarako eta etenik gabeko prestakuntzarako eskubidea, legeetan jasota dagoen moduan.

Pertsona orok du, legean zehaztutako moduan eta ezarritako baldintzetan, laguntza publikoak jasotzeko eskubidea, bai hezkuntza-arloko eskakizunak betetzeko orduan, bai goi-mailako ikasketak aukera-berdintasunez burutu ahal izateko orduan, betiere, bakoitzaren diru-baliabideak, gaitasunak eta lehentasunak aintzat hartuta.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonek hezkuntza-sistemara iristeko behar duten laguntza guztia jasotzeko eskubidea dute, legeetan zehazturik dagoenaren arabera.

Legeetan ezarritakoari jarraituz, hezkuntza-komunitateko partaideek eskolako eta unibertsitateko gaietan esku hartzeko eskubidea dute.

22. artikulua.- Kultura-arloko eskubideak eta eginbeharrak.

Pertsona orok du, beste guztiek dituzten aukera berberak izanik, kulturara iristeko eskubidea, eta banakako nahiz taldekako sormen-gaitasunak garatzeko eskubidea.

Pertsona orok du kultura-ondarea errespetatzeko eta zaintzeko eginbeharra.

23. artikulua.- Osasun-arloko eskubideak.

Pertsona orok du erantzukizun publikoa duten osasun-zerbitzuak jasotzeko eskubidea, dohainik eta gainontzekoek dituzten aukera berberak izanda, betiere, legean ezarrita dagoen moduan.

Osasun-sistema publikoa darabiltenek eskubidea dute, medikua eta osasun-zentroa aukeratzerakoan, nahien dutena lehentasunez hobesteko, betiere, legean zehazturiko moduan eta baldintzetan.

Pertsona orok du, osasun-zerbitzu publiko nahiz pribatuetan, eskuragarri dituen zerbitzuen berri eta horiek eskuratzeko bete behar dituen baldintzen berri jakiteko eskubidea; tratamenduari ekin baino lehen, osasun-terapien berri eta dakartzaten arriskuen berri jasotzeko eskubidea; interbentziorik egin behar badiote, aurretiaz norberak baiezkoa emateko eskubidea; bakoitzak bere osasun-historia eskuratzeko eskubidea; eta norberaren osasunari buruzko datuak isilpean eduki ditzaten eskubidea, betiere, legean zehazturik dagoen moduan.

24. artikulua.- Gizarte-zerbitzuen arloko eskubideak.

Pertsona orok du, gainontzekoek dituzten aukera berberak izanda, erantzukizun publikoa duten gizarte-zerbitzuen sarera sartzeko eskubidea, zerbitzu horien berri izateko eskubidea, eta, zuzenean eragiten dion edozein jarduera egin behar bada, aurretiaz horretarako baietza emateko eskubidea, legeetan zehazturik dagoen moduan.

Eguneroko jardunean banakako autonomiari eutsi ahal izateko, premia bereziak dituzten pertsonek beren egoerari egokitutako laguntza jasotzeko eskubidea dute, betiere, legez aginduta dauden baldintzen arabera.

Txirotasunean bizi diren pertsonek edo familiek eskubidea dute bermatutako herritartasun-errenta bat jasotzeko, bizimodu duina egiteko adinakoa, betiere, legez agindurik dauden baldintzak errespetatuta.

Gizarteko hirugarren arloko antolakundeek beren eginkizunak gizarte-partaidetzaren eta lankidetzaren itzalpeko arloetan betetzeko eskubidea dute.

25. artikulua.- Lan-arloko eskubideak.

Langile guztien eskubidea da lan-prestakuntza jasotzea, lanean aurrera egitea eta lana aurkitzeko zerbitzu publikoak dohainik erabiltzea.

Lan-merkatuan sartu edo itzuli ezin izan direlako lan-merkatutik kanpora geratu, eta beren kasa bizitzeko adinako bitartekorik ez duten pertsonek asistentzia-mailako prestazio eta baliabide aringarriak jasotzeko eskubidea dute, betiere, legeak ezarritako xedapenen arabera.

Langile guztien eskubidea da gizakiaren osasuna, segurtasuna eta duintasuna bermatzeko moduko baldintzetan betetzea laneko zereginak eta jardun profesionalak.

Langileek, edo langileen ordezkariek, eskubidea dute informazioa izateko, kontsulta egiteko eta enpresetan parte hartzeko.

Sindikatuek eta enpresa-elkarteek beren zereginak betetzeko eskubidea dute kontzertazio sozialari, partaidetzari eta gizarte-lankidetzari dagozkien arloetan.

26. artikulua.- Etxebizitza-arloko eskubideak.

Nahikoa baliabiderik ez duten pertsonek etxebizitza duina izateko eskubidea dute, eta botere publikoek, hortaz, eskubide hori bermatzeko beharrezko diren neurriak ezarri beharko dituzte legez, betiere, legean zehaztutako baldintzetan.

27. artikulua.- Ingurumenaren arloko eskubideak eta eginbeharrak.

Pertsona orok du ingurumen orekatuan, ingurumen iraunkorrean eta ingurumen osasungarrian bizitzeko eskubidea, betiere, legez ezarrita dauden babes-estandarren eta babes-mailen arabera.

Pertsona orok, era berean, paisaiaz eta naturaren baliabideez gozatzeko eskubidea du, aukerak guztientzat berdinak direlarik, eta eginbeharra du, haiek arduraz erabiltzeko eta alferrik galtzen ez uzteko.

Pertsona orok du, legez ezarrita dauden estandarren eta mailen arabera, kutsaduratik babesturik egoteko eskubidea, kutsadura-mota guztietatik.

Hala berean, naturaren ondarea zaintzen laguntzeko eta edozein kutsadura-mota garbitzeko lanetan laguntzeko eginbeharra ere badu pertsona orok, datozen belaunaldientzat ere ondare horri bere horretan eustearren eta behar bezala zaintzearren.

Pertsona orok du botere publikoek ingurumenari buruz duten informazioa eskuratzeko eskubidea.

Ordena publikoaren arloan bidezko arrazoiak daudenean, orduan besterik ezin da informazio-eskubide hori mugatu, betiere, legean zehazturik dagoen moduan.

28. artikulua.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak.

Pertsona orok du, ondasunak eta zerbitzuak kontsumitzerakoan eta erabiltzerakoan, osasuna eta segurtasuna babesturik izateko eskubidea.

Pertsona orok du, era berean, ondasunen eta zerbitzuen ezaugarriei eta salneurriei buruz informazio ulergarria eta egiazkoa jasotzeko eskubidea; produkturik eskuratu edo hornigairik hitzartu behar denean, berme-erregimenen bat izateko eskubidea; eta, inork gehiegikeriarik, utzikeriarik edo iruzurrik egin nahi izanez gero, norberaren interes ekonomikoak babesturik izateko eskubidea.

Kataluniako herri-administrazioei dagokienean, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek informazioa eskuratzeko eta parte hartzeko eskubidea dute, dela zuzenean dela ordezkarien bidez, legean zehazturik dagoen moduan.

II. KAPITULUA

Politika-arloko eta administrazio-arloko eskubideak

29. artikulua.- Parte hartzeko eskubidea.

Kataluniako herritarrek Kataluniako gai publikoetan parte hartzeko eskubidea dute, guztiek aukera berdinak dituztela, dela zuzenean dela beren ordezkarien bidez, betiere, Estatutu honetan eta legeetan zehazturiko kasuetan eta baldintzetan.

Kataluniako herritarrek, legeetan jasota dauden baldintzak eta eskakizunak beteta, ordezkaritza-organo politikoetarako ordezkariak hautatzeko eta eurak ere hautagai izateko eskubidea dute.

Estatutu honetan eta legeetan zehazturik dagoen moduan egiten badute, Legebiltzarrean legegintzako ekimenak sustatzeko eta aurkezteko eskubidea dute Kataluniako herritarrek.

Kataluniako herritarrek Legebiltzarrean legeak taxutzeko prozesuan esku hartzeko eskubidea dute, dela zuzenean dela elkarte baten bidez, Legebiltzarreko erregelamenduan horretarako ezarrita dagoen prozedurari jarraituz.

Pertsona orok du, legean zehazturik dagoen moduan eta legean zehazturik dauden ondorioetarako, Generalitateko instituzioei edo administrazioari eta Kataluniako tokiko erakundeei eskariak egiteko nahiz kexak aurkezteko eskubidea, bakoitzari eskumenez dagozkion gaietan.

Legean egongo da zehazturik zein baldintza bete behar diren eskubide hori erabiltzeko, zein ondorio ekarriko duen, eta dagokion instituzioak halakoetan zer betebehar dituen.

Generalitateak eta udalek, bakoitzari dagozkion eskumenetan, herri-galdeketak egin ditzaten deialdiak sustatzeko eskubidea dute Kataluniako herritarrek, betiere, legean zehazturiko moduan eta baldintzetan.

30. artikulua.- Zerbitzu publikoak eskuragarri izateko eskubidea, eta Administrazio ona izateko eskubidea.

Pertsona orok du, hainbatik hainbatean, interes orokorreko zerbitzu publikoak eta zerbitzu ekonomikoak eskuragarri izateko eskubidea.

Herri-administrazioen ardura izango da zerbitzu horiek eskuratzeko baldintzak eta haien kalitate-estandarrak zehaztea, zerbitzuak emateko erregimena edozein delarik ere.

Pertsona orok du eskubidea, norberari dagozkion gaietan, Kataluniako botere publikoek inpartzialtasunez eta objektibotasunez tratatu dezaten, eta botere publiko horien jarduna eragin duten helburuen araberakoa izan dadin, horren heinekoa eta erakoa.

Legean arautu behar da zein baldintza behar diren 1. eta 2. paragrafoetako eskubide horiek erabiltzeko eta bermatzeko, eta legean ezarri behar da, era berean, Kataluniako herri-administrazioek eta administrazio horien menpeko zerbitzuek zein kasutan behar duten erabiltzaileen eskubideei eta zerbitzu-hornitzaileen betebeharrei buruzko gutun bat onartu eta erabili.

31. artikulua.- Datu pertsonalak babesteko eskubidea.

Pertsona orok du Generalitatearen eskumeneko fitxategietan dauden datu pertsonalak babesturik egon daitezen; era berean, pertsona orok du datu horiek, nork bereak, eskuragarri izateko, aztertzeko eta zuzentzeko eskubidea ere.

Legebiltzarrak izendatutako aginte independente batek eskubide horiek legeetan zehazturik dagoen moduan betetzen direla bermatu behar du.

III. KAPITULUA

Hizkuntza-eskubideak eta -eginbeharrak

32. artikulua.- Hizkuntzak jakiteko eta erabiltzeko eskubideak eta eginbeharrak.

Pertsona orok du eskubidea, hizkuntza dela-eta inork baztertu ez dezan.

Bi hizkuntza ofizialetako batean nahiz bestean gauzatutako egintza juridiko guztiek, hizkuntzaren aldetik, erabateko balioa eta eragina dute.

33. artikulua.- Herri-administrazioetan eta Estatuko instituzioetan diren hizkuntza-eskubideak.

Herritarrek hizkuntza aukeratzeko eskubidea dute.

Pertsona orok du, Katalunian dauden instituzioekin, antolakundeekin eta herri-administrazioekin dituen harremanetan, berak aukeratutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea.

Eskubide hori errespetatu beharra dute instituzio publikoek, antolakundeek eta administrazio-atalek, baita hauteskundeetarako administrazioak ere Katalunian, eta, oro har, haien menpeko erakunde pribatuek ere bai, eginkizun publikoak darabiltzatenean.

Pertsona orok, justizia-administrazioarekin, fiskaltzarekin, notarioekin eta erregistro publikoekin dituen harremanetan, berak aukeratutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea du epaitegietako, notariotzetako nahiz erregistroetako jardun orotan, eta Katalunian sortzen diren agiri ofizial guztiak aukeratu duen hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea ere bai, aukeratutako hizkuntzarengatik inolako babesgabeziarik edo beharrik gabeko atzerapenik jasan gabe, edo ezeren itzulpenik aurkeztu beharrik gabe.

Hizkuntza aukeratzeko eskubide hori bermatuta egon dadin, epaileek eta magistratuek, fiskalek, notarioek, jabetza-erregistratzaileek eta salerosketa-erregistratzaileek, erregistro zibileko arduradunek eta justizia-administrazioko langileek, Katalunian lan egin ahal izateko, hizkuntza ofizialak behar beste eta egokiro ezagutzen dituztela egiaztatu beharko dute, legeetan zehazturikoaren arabera, duten karguaren edo lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko gai izateko bezainbatean.

Hizkuntza aukeratzeko eskubide hori bermatuta egon dadin, Katalunian dagoen estatu-administrazioak egiaztatu behar du bere zerbitzurako lan egiten duten langileek bi hizkuntza ofizialak behar beste eta egokiro ezagutzen dituztela, duten lanpostuaren berezko eginkizunak betetzeko gai izateko bezainbestean.

Kataluniako herritarrek konstituzio-organoekin eta Estatu osorako jurisdikzio-organoekin dituzten harremanetan idatziz katalana erabiltzeko eskubidea dute, dagokion legedian zehazturiko prozeduraren arabera.

Instituzio horiek katalanez aurkeztu diren idatziak onartu eta izapidetu behar dituzte, erabateko eraginkortasun juridikoa baitute kasu guztietan.

34. artikulua.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak.

Ondasunak, produktuak eta zerbitzuak erabiltzerakoan eta kontsumitzerakoan, pertsona orok du eskubidea berak aukeratutako hizkuntza ofizialean kasu egin diezaioten, bai ahoz bai idatziz.

Katalunian jendaurreko lana egiten duten erakunde, enpresa eta establezimenduek nahitaezkoa dute hizkuntza-aukera horiek eskaintzeko eginbeharra, legez zehazturiko moduan.

35. artikulua.- Hezkuntza-arloko hizkuntza-eskubideak.

Pertsona orok du irakaskuntza katalanez jasotzeko eskubidea, Estatutu honetan ezarritakoaren arabera.

Hezkuntzan, bai unibertsitatean bai unibertsitatetik kanpora, irakasteko eta komunikatzeko ohiko hizkuntzatzat erabili behar da katalana.

Unibertsitatez besteko mailetan, ikasleek irakaskuntza katalanez jasotzeko eskubidea dute.

Era berean, eskolan hasten direnean dakarten ohiko hizkuntza edozein dela ere, nahitaezko hezkuntza amaitzen dutenerako, katalanez eta gaztelaniaz bai ahoz bai idatziz behar bezain ondo egiteko eskubidea eta eginbeharra dute.

Bai katalanaren bai gaztelaniaren irakaskuntzak behar besteko lekua izan behar du ikasketa-planetan.

Ikasleek eskubidea dute bakoitzaren ohiko hizkuntzaren arabera ikastetxeka edo gela-taldeka bana ez ditzaten.

Kataluniako hezkuntza-sistemara eskolan hasteko adina baino beranduago etorri diren ikasleek hizkuntza-indargarri bereziak hartzeko eskubidea dute, baldin eta ondo ulertzen ez dutela-eta nekeza gertatzen bazaie eskolan normaltasunez ibiltzea.

Unibertsitateko irakasleek eta ikasleek bakoitzak aukeratutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea dute, bai ahoz bai idatziz.

36. artikulua.- Araneraren inguruko eskubideak.

Aranen pertsona orok du araneraz jakiteko eta aranera erabiltzeko eskubidea, eta herri-administrazioekin eta haien menpeko erakunde publiko nahiz pribatuekin diharduelarik, pertsona orok du eskubidea araneraz kasu egin diezaioten, bai ahoz bai idatziz.

Araneko herritarrek, Generalitatearekin dihardutelarik, aranera erabiltzeko eskubidea dute.

Araneraren inguruko gainerako hizkuntza-eskubideak eta -eginbeharrak legez zehaztu behar dira.

IV. KAPITULUA

Estatutuko eskubideetarako bermeak

37. artikulua.- Xedapen orokorrak.

Kataluniako botere publiko guztiek bete behar dituzte titulu honetako I., II. eta III. kapituluetan aitorturiko eskubideak, baita herritarrek ere, eskubide bakoitza zer-nolakoa den gorabeheran.

Kataluniako botere publikoek emandako xedapenetan zaindu egin behar dira eskubide horiek, eta, xedapen horiek ulertzeko eta aplikatzeko orduan, eskubideen alde egin behar da ahalik eta gehien, erabateko indarra izan dezaten.

Katalunian dagoen Estatuko Administrazio Orokorrak ere errespetatu egin behar ditu 32. eta 33. artikuluetan aitortutako eskubideak.

Legebiltzarrak Kataluniako herritarren eskubide eta eginbeharren Gutuna onartu behar du, legez.

Titulu honetako I, II eta III. kapituluetan aitorturiko eskubideak direla-eta artikulu honetan jasotako xedapenek gutun horretan aitorturiko eskubideetarako ere balio dute.

Titulu honetako I., II. eta III. kapituluetan aitorturiko eskubideen oinarrizko arautzea eta zuzeneko garatzea Legebiltzarreko lege bidez egin behar da.

Titulu honetako eskubideek eta printzipioek ez dute ekarriko eskumenen banaketa-erregimenaren aldaketarik, ez dute eragingo eskumen-titulu berrien sorrerarik, ez eta lehendik daudenen moldaketarik ere.

Titulu honetako xedapenetako bat ere ezin da, inola ere ez, Konstituzioan edo Espainiak izenpeturiko nazioarteko hitzarmen edo tratatuetan aitorturiko oinarrizko eskubideak murrizteko edo mugatzeko moduan garatu, aplikatu edo interpretatu.

38. artikulua.- Babesa.

Titulu honetako I., II. eta III. kapituluetan aitorturiko eskubideak eta Kataluniako herritarren eskubide eta eginbeharren Gutunean aitorturiko eskubideak Estatutua Bermatzeko Kontseiluak babesten ditu, 76.2.b eta c artikuluan xedaturikoaren arabera.

Titulu honetako I., II. eta III. kapituluetan aitorturiko eta Kataluniako herritarren eskubide eta eginbeharren Gutunean aitorturiko eskubideak urratzen dituen egintzarik egonez gero, Kataluniako Auzitegi Nagusian jar daiteke, legeetan zehazturiko prozedurak erabiliz, egintza horren aurkako errekurtsoa.

V. KAPITULUA

Printzipio gidariak

39. artikulua.- Xedapen orokorrak.

Kataluniako botere publikoek Konstituzioan eta Estatutu honetan zehazturik dauden printzipio gidarien haritik bideratu behar dituzte herri-politikak.

Printzipio gidari horiek erabateko eraginkortasuna izan dezaten, beharrezko neurriak sustatzeko eta hartzeko ardura dute Kataluniako botere publikoek, betiere, beren eskumenen esparruan.

Printzipio gidari horien aitortzak, zaintzak eta babesak legegintza positiboa, epaileen jarduna eta botere publikoen jarduna eratzen dituzte.

Printzipio gidari horiek jurisdikzioan aldarrika daitezke, betiere, legeetan eta printzipioak garatzeko xedapenetan ezarrita dagoenaren arabera.

40. artikulua.- Pertsonen eta familien babesa.

Pertsona ororen bizi-kalitatea hobetzeko xedea izan behar dute botere publikoek.

Botere publikoek babesa eman behar diete legeetan jasota dauden familia-eredu guztiei arlo juridikoan, ekonomikoan nahiz sozialean, familia baita oinarrizko egitura, gizarte-kohesiorako faktore eta pertsonen bizikidetzarako funtsezko gune.

Botere publikoek, era berean, familiei laguntzeko neurriak sustatu behar dituzte, bai ekonomiaren bai arauen aldetik, etxeko eta laneko premiak elkarri egokitzeko, eta umeak ekartzeko erraztasunak izateko, batez ere, familia ugariak aintzakotzat hartuta.

Botere publikoek umeen babesa bermatzeko ardura dute, bereziki, inork ez ditzan inola ere esplotatu, ez abandonatu, inork ez diezaien tratu txarrik eman, ez ankerkeriaz tratatu, eta haurrek ez dezaten txirotasunik edo txirotasunaren ondoriorik pairatu.

Botere publikoek eta instituzio pribatuek, edozein jardun egiteko delarik ere, umeen interesak lehenetsi behar dituzte, beti.

Gazteei beren kontura bizitzen jartzen laguntzeko politika publikoak sustatu behar dituzte botere publikoek, lana aurkitzen eta etxea lortzen lagunduz, hartara, beren kasa bizi ahal izan daitezen eta bai gizartean bai kulturgintzan besteek bezala esku hartu ahal izan dezaten, eskubide eta eginbehar berberekin.

Ezgaitasunen bat dutenen babes juridikoa bermatzeko ardura dute botere publikoek, eta haiek gizartean, ekonomian eta lan-munduan integratzeko ahaleginak egin behar dituzte.

Zuzeneko familiakoen babesa ordezkatzeko edo osatzeko beharrezko diren neurriak ere hartu behar dituzte.

Botere publikoek adinekoen babesa bermatzeko ardura dute, duintasunez eta beren kabuz bizi ahal izan daitezen, eta gizartean eta kulturgintzan parte hartu ahal izan dezaten.

Adinekoak gizartean bete-betean integraturik egoteko ahaleginak ere egin behar dituzte, eta, horretarako, politika publikoek belaunaldi arteko elkartasun-printzipioa izan behar dute oinarri.

Bakoitzak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, bikotea osatzeko elkartze-bide egonkorren arteko berdintasuna sustatzeko ardura dute botere publikoek, bikotekideek sexu-joera edozein dutelarik ere.

Batasun horiek eta elkarrekin bizitzeko beste moduak legez arautu behar dira, eta dakartzaten ondorioak ere bai.

Botere publikoek pertsona ororen arteko berdintasuna sustatu behar dute, haien jatorria, nazionalitatea, sexua, arraza, erlijioa, gizarte-taldea edo sexu-joera edozein delarik ere, eta, era berean, arrazakeria, antisemitismoa, xenofobia, homofobia eta pertsonen berdintasunaren eta duintasunaren aurkako beste edozein adierazpide ezabatzeko ahaleginak egin behar dituzte.

41. artikulua.- Genero-ikuspuntua.

Emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren printzipioa benetan betetzen dela bermatzeko ardura dute botere publikoek, bai lanerako sarbidean, prestakuntzan, laneko gorabidean, lan-baldintzetan, lansari-gaiak ere barnean direla, baita beste edozein egoeratan ere, eta haurdun izateagatik edo umea izateagatik emakumerik inork ez duela baztertuko bermatzeko ardura ere badute.

Politika publiko guztien barnean genero-ikuspuntua eta emakumeen ikuspuntua ere arlo guztietan barneraturik izango dela bermatzeko ardura dute botere publikoek, hartara, emakumeen eta gizonen artean benetan eta eraginkortasunez berdintasuna eta parekotasuna lortzearren.

Politika publikoek bermatu behar dute emakumeen aurkako indarkeria-modu orori eta sexukeria eta bazterkeria orori osotasunean egingo zaiola aurre; emakumeek kulturan, historian, gizartean eta ekonomian betetzen duten lekua aitortzearen alde egin behar dute, eta politika horiek egiteko eta ebaluatzeko orduan emakume-taldeek eta –elkarteek ere parte hartzearen aldeko ahaleginak egingo dituzte.

Ekonomiarako eta gizarterako politikak finkatzeko orduan, etxe barruko eta familiaren baitako arreta- eta zaintza-lanek ekonomia aldetik zein balio duten aitortzeko eta kontuan izateko ardura dute botere publikoek.

Duintasuna, integritatea eta gorputzeko nahiz buruko ongizatea baldin badaude jokoan, eta, batez ere, emakumearen gorputzarekin edo erditzeko ahalmenarekin edo sexu-osasunarekin zerikusia duten gaiak badira, emakumeak jare hartutako erabakia arlo horietan mugarri erabakigarria izan dadin jagon behar dute botere publikoek, betiere, beren eskumenen esparruan eta legean jasotako egoeretan.

42. artikulua.- Gizartearen kohesioa eta ongizatea.

Botere publikoek politika publikoak sustatu behar dituzte, bai gizarte-kohesioa indartzeko, bai eta, titulartasun publikoa eta hitzartua duela, gizarte-zerbitzuen sistema bat bermatzeko, Kataluniako ekonomia- eta gizarte-adierazleen araberakoa.

Babes-premiarik handiena duten pertsonak eta taldeak gizartean, ekonomian eta lan-munduan bete-betean integratzearen alde egin behar dute botere publikoek, eta, batez ere, pobrezia-egoeran daudenak eta gizarte-bazterketa jasateko arriskua dutenak.

Pertsona guztien, eta, bereziki, erasanerrazenen duintasuna, segurtasuna eta erabateko babesa zaintzeko ardura dute botere publikoek.

Osasun-sistema publikoa dela-eta, zerbitzua kalitatekoa eta dohainekoa izango dela bermatzeko ardura dute botere publikoek.

Botere publikoek arazoei aurrea hartzeko politikak eta erkidegoaren aldeko politikak sustatu behar dituzte, eta legeak oinarrizkotzat jotzen dituen gizarte-zerbitzuetan zerbitzua kalitatekoa eta dohainekoa dela bermatu behar dute.

Botere publikoek martxan jarri beharreko ekimenak abiarazi behar dituzte etorkinak hartzeko sistema bat antolatzeko, eta sustatu beharreko politikak sustatu behar dituzte ondo bermatuta gera dadin etorkin horien eskubide-eginbeharrak aitortzen direla eta benetan betetzen direla, gainontzekoen aukera berberak dituztela, eta gizarteari eta ekonomiari egokitzeko eta gai publikoetan esku hartzeko beharrezko zerbitzuak eta laguntzak jasotzen dituztela.

Botere publikoek Kataluniako pertsona ororen arteko bizikidetza jagon behar dute gizarteari, kulturari eta erlijioari dagokienez, eta, pertsonen uste sendo eta sinesmen etiko nahiz filosofikoetan dagoen aniztasunarekiko errespetua zaindu; era berean, kulturen arteko harremanak sustatu behar dituzte, elkar ezagutza, elkarrizketa eta bitartekaritzarako esparruak bultzatuz eta sortuz.

Ijito herriaren kultura aitorturik egongo dela ere bermatu beharra daukate, herri horren errealitate historikoa gordetzearren.

43. artikulua.- Parte hartzea sustatzea.

Politika publikoak taxutzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko lanetan gizarteak ere parte hartzea sustatu behar dute botere publikoek, eta herritarrek eta elkarteek arlo zibikoan, gizartean, kulturan, ekonomian eta politikan esku hartzea ere bai, betiere, aniztasun, ekimen aske eta autonomiaren printzipioak bete-betean errespetatuz.

Herritarrek politika-arloan parte hartzeko eta ordezkatuta egoteko erraztasunak eman behar dituzte botere publikoek, batez ere jenderik gutxien bizi den inguruetan.

Botere publikoek ahalegindu behar dute instituzioek hauteskundeak direla-eta antolatzen dituzten kanpainak herritarren parte hartzea bultzatzeko izan daitezen, eta hauteskundeetara aurkeztu diren hautagai-zerrendei buruz komunikabideek hautesleei igortzen dieten informazioa benetakoa, objektiboa, neutrala eta aniztasun politikoa errespetatzeko modukoa izan dadin.

44. artikulua.- Hezkuntza, ikerketa eta kultura.

Botere publikoek irakaskuntza-sistemaren kalitatea bermatu behar dute, eta, era berean, ikasleen heziketa sustatu behar dute giza arloan nahiz zientzia- eta teknika-arloetan, betiere, gizarte-balioak oinarri hartuta -berdintasuna, elkartasuna, askatasuna, aniztasuna, gizalegea- eta elkarbitzitza demokratikoan oinarrizko diren gainerako printzipioak gidari direla.

Nahitaezko heziketa amaitzen dutenerako ikasleek hirugarren hizkuntza bat ere behar bezain ondo jakin beharra dute. Botere publikoen ardura da hori sustatzea.

Botere publikoek familiak seme-alaben heziketan parte har dezan eta ardura izan dezan sustatu eta bultzatu behar dute hezkuntza-komunitatearen barruan, eta, era berean, eskolaz kanpoko hezkuntza-jardueretan parte hartzeko aukerak ere sustatu behar dituzte.

Botere publikoek ikerlanak sustatu behar dituzte, kalitatezko azterlan zientifikoak, sormen artistikoa eta Kataluniako kultura-ondarearen kontserbazioa eta zabalkundea ere bai.

Botere publikoek bultzatu beharreko ekimenak bultzatu behar dituzte pertsona orok kulturara eta ondasun nahiz zerbitzu kulturaletara iristeko modua izan dezan, eta Kataluniako ondare kulturala, arkeologikoa, historikoa, industriala eta artistikoa eskuragarri izan dezan.

45. artikulua.- Gizartea eta ekonomia.

Kataluniako bai ekonomiak bai gizarteak baita herritarrek ere aurrera egin behar dute, printzipio gisa elkartasunean, kohesioan, garapen iraunkorrean eta aukera-berdintasunean oinarriturik. Botere publikoen ardura da aurrerabide hori sustatzeko beharrezko neurriak hartzea.

Kataluniako ongizate-sistema harturik esparrutarako, botere publikoen ardura da aberastasuna bai pertsonen bai lurraldeen artean zuzenago banatzea sustatzea.

Botere publikoek hartu beharreko neurriak hartu behar dituzte langileen lan-eskubideak eta sindikatu-eskubideak bermatuta egon daitezen, eta sustatu eta bultzatu behar dute langile horiek enpresetan parte har dezaten eta politika egokiak bidera daitezen, erabateko enplegua lortzeko, lan-egonkortasuna sustatzeko, langileak prestatzeko, laneko arriskuei aurrea hartzeko, laneko segurtasuna eta higienea zaintzeko, lanpostuan baldintza duinak sortzeko, generoa dela-eta bazterkeriarik ez egoteko eta beharrezko atsedena eta opor ordainduak bermatzeko.

Lan-harremanetarako Kataluniako esparrua sortzeko ahaleginak egin behar ditu Generalitateak. Ekoizpen-sistema, enpresak eta gizarte-eragileak Katalunian benetan zer-nolakoak diren kontuan hartuta antolatu behar da esparru hori, eta sindikatuak, enpresaburu-elkarteak eta Generalitateko administrazioa egongo dira bertan ordezkaturik.

Esparru horretan, botere publikoek jarduteko beren era berezia izaten saiatu behar dute, bai gizarte-eztabaidarako, bai kontzertaziorako, bai negoziazio kolektiborako, bai lan-gatazkak epaitegietatik kanpora konpontzeko, baita ekoizpen-egitura garatzen eta hobetzen parte hartzeko ere.

Generalitateak enpresa-jarduera eta ekite-gogoa garatzearen alde egin behar du lan, betiere, enpresak duen erantzukizun soziala, ekimen askea eta lehiakortasunaren baldintzak kontuan hartuta, eta berariaz babestu behar ditu bai ekoizpen-ekonomia, bai ekintzaile autonomoen jarduna bai eta enpresa txiki nahiz ertainaren jarduna ere.

Generalitateak kooperatiben eta lan-sozietateen lana sustatu behar du, eta ekonomia sozialaren ekimenak bultzatu behar ditu.

Sindikatuek eta enpresaburu-elkarteek beraiengan eragina duten politika publikoak zehazten esku hartu behar dute.

Gizarte-eragile batzuen eta besteen artean interes-gatazkarik baldin badago, Generalitateak bitartekaritza eta arbitrajea sustatu behar ditu konponbide gisa.

Interes ekonomikoak eta profesionalak ordezkatzen dituzten zuzenbide publikoko korporazioei eta antolakunde profesionalei, eta hirugarren sektoreko elkarteei kontsulta egin behar zaie beraiengan eragina duten politika publikoak definitzeko orduan.

Generalitateak aurrezki-kutxen autonomia instituzionala babestu behar du, eta Kataluniako eskualde bateko eta besteko ekonomia- eta gizarte-estrategietan egiten dituzten gizarte-ekarpenak bultzatu behar ditu, gizartean, kultura-arloan eta ekonomia sustatzeko zereginean daukaten egitekoa aintzakotzat hartuta.

46. artikulua.- Ingurumena, garapen iraunkorra eta lurraldeen arteko oreka.

Botere publikoek ingurumena babesteko ardura dute, eta, horretarako, garapen iraunkorrean eta jendarteko eta belaunaldi arteko elkartasunean oinarritu behar ditu egin beharreko politika publikoak.

Ingurumen-politikek helburu izan behar dute, batez ere, era guztietako kutsadura-motak gutxitzea, gutxieneko babes-estandar eta babes-mailak zehaztea, ingurumenarekiko kalteak zuzentzeko neurriak zehaztea, naturaren baliabideak arrazoi-legez erabiltzea, higadurari eta atmosfera-sistema eta klima-sistema aldatzen dituzten jarduerei aurrea hartzea eta kontrola jartzea, eta printzipio hauek betetzea: ingurumena babestu beharra, naturaren baliabideak zaindu beharra, erantzukizuna, zerga-sistema ekologikoa eta ondasunak eta produktuak birziklatzea eta berriro erabiltzea.

Botere publikoek natura eta biodibertsitatea babesteko behar diren baldintzak sortu behar dituzte, ingurumen-arloko helburuak arlokako politiketara biltzen lagundu behar dute, eta pertsona orok naturaz eta paisaiaz gozatu ahal izateko beharrezko diren baldintzak sortu behar dituzte.

Kohesio ekonomikoa eta lurralde artekoa zaintzeko ardura dute botere publikoek. Hori dela-eta, aplikatu beharreko politikek helburu hauek bermatu behar dituzte: mendialdeak bereziki gogoan izatea, paisaia babestea, itsasertza babestea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sustatzea, eta ekoizpen-arloak, interes orokorreko zerbitzuak eta komunikabide-sareak oreka galdu gabe banatzea lurraldean zehar.

Botere publikoek herritarrei ingurumenari buruzko informazioa eman behar diete, eta, guztion ondarea izanik, ingurumena zaintzeko eta hobetzeko balioak sustatu behar dituzte jendartean heziketaren bitartez.

47. artikulua.- Etxebizitza.

Botere publikoek etxebizitza lortzen laguntzeko ardura dute, lurra jarriz eta etxebizitza publikoak eta laguntzapekoak sustatuz, batez ere gazteentzat eta beharrik handiena dutenentzat.

48. artikulua.- Mugikortasuna eta bide-segurtasuna.

Botere publikoek sustatu beharreko garraio- eta komunikazio-politikek, iraunkortasun-irizpideak oinarri harturik, garraiobide publikoak gehiago erabiltzea eta mugikortasuna hobetzea sustatu behar dute, betiere, mugitzeko arazoren bat dutenei leku guztietara iristeko bidea bermatuta.

Botere publikoek, lehentasunez, bideko segurtasuna hobetzeko eta trafiko-istripuak gutxitzeko neurriak sustatu behar dituzte, eta, bereziki, arreta jarri behar dute arriskuen prebentzio-lanetan, bide-heziketan eta biktimekiko laguntza-zerbitzuetan.

49. artikulua.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa.

Botere publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babestu, eta haien bidezko eskubide-interesak zaindu egingo direla bermatu behar dute.

Botere publikoek kontsumo-gaietarako bitartekaritza- eta arbitraje-baliabideak bermatu behar dituzte, horretarako, haien berri zabaldu eta jendea haiek erabiltzera bultzatuta, eta, era berean, kontsumitzaile- eta erabiltzaile-erakundeen alde egin behar dute.

50. artikulua.- Katalana sustatzea eta zabaltzea.

Botere publikoek katalana esparru guztietan eta arlo guztietan babestu behar dute, eta haren erabilera, zabalkundea eta ezaguera sustatu.

Aranerarako ere printzipio horiek guztiak aplikatu behar dira.

Gobernuak, unibertsitateek eta goi-hezkuntzako instituzioek, bakoitzak bere eskumenen barruan, irakaskuntza-zereginetan, irakaskuntzaz kanpoko jardueretan eta ikerketa-lanetan, arlo guztietan, katalana erabiliko dela bermatzeko hartu beharreko neurriak hartu behar dituzte.

Katalana sustatzeko politikak Estatu osora zabaldu behar dira, Europar Batasunera eta munduko gainerako lekuetara.

Botere publikoek ahaleginak egin behar dituzte Katalunian zabaltzen diren produktuetako etiketetan, estalkietan eta argibideetan datozen datuak katalanez ere egon daitezen.

Generalitateak, tokiko administrazioak eta Kataluniako gainerako herri-korporazioek, menpean dituzten instituzioek eta enpresek, eta zerbitzu-emakidapean dituztenek katalana erabili beharra daukate bai barruko jardunean bai beren arteko harremanetan.

Katalana erabili beharra dute, era berean, bizilekua Katalunian duten pertsona fisikoei edo juridikoei igorritako komunikazio eta jakinarazpenetan ere, herritarrek, hala eskatzen badute, jakinarazpenak gaztelaniaz jasotzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.

Botere publikoek katalanezko keinu-hizkuntzaren erabilera bermatu behar dute, eta gorreria duten pertsonek, hizkuntza hori aukeratuz gero, aukera berberak izateko behar diren baldintzak ere bai, hizkuntza hori irakatsi, babestu eta errespetatu egin behar baita.

Estatuak, Konstituzioan jartzen duenaren arabera beti, artikulu honetan jasota dauden printzipioak betetze aldera egin behar du.

Printzipio horiek eraginkorragoak izateko, behar diren koordinazio-baliabideak antolatu behar dira, eta, hala badagokio, batera jarduteko beharrezko baliabideak ere bai.

51. artikulua.- Bakea sustatzen laguntzea eta garapen-lanetan laguntzea.

Bakerako kultura eta munduan bakea zabaltzeko ahaleginak sustatzeko ardura du Generalitateak.

Herrien garapenerako lankidetza-ekintzak eta –politikak sustatzeko ardura eta larrialdietarako premiazko laguntza-programak antolatzeko ardura du Generalitateak.

52. artikulua.- Komunikabideak.

Botere publikoek, horretarako baldintzak sustatuta, herritarren eskubidea bermatu behar dute, herritarrek informazioa jaso dezaten, eta komunikabideetatik jasotako informazio hori egiazkoa izan dadin eta edukiek pertsonen duintasuna nahiz aniztasun politiko, sozial, kultural eta erlijiosoa errespeta ditzaten.

Titulartasun publikoa duten komunikabideak direnean ere informazio horrek neutrala izan behar du.

Katalunian, ikus-entzunezko zerbitzuetara iristeko bidean ez da bazterkeriarik egon behar, eta botere publikoen ardura da horretarako beharrezko baldintzak sustatzea.

53. artikulua.- Informazio- eta komunikazio-teknologietara iristeko bidea.

Botere publikoek informazio-gizartea ezagutarazteko ahaleginak egin, eta herritarrak komunikazioan eta informazio-teknologietan sar daitezen bultzatu behar dute, guztioi aukera berberak emanda, gizarte-bizitzako eremu guztietan, baita lan-esparruan ere; teknologia horiek pertsonen zerbitzura jar daitezen eta beren eskubideei kalterik egin ez diezaieten sustatu behar dute, eta zerbitzuak teknologia horien bidez eskainiko direla bermatu beharra daukate, betiere, unibertsaltasuna, jarraitutasuna eta eguneratzea printzipiotzat hartuta.

Generalitateak teknologiaren arloko prestakuntza, ikerlana eta berritze-bideak sustatzeko ardura dauka, hartara, ezagutzaren eta informazioaren gizarteak berarekin dakartzan aurrerabide-aukerek gizartearen ongizatea eta kohesioa hobetzen lagun dezaten.

54. artikulua.- Oroimen historikoa.

Generalitateak eta gainerako botere publikoek lan egin behar dute Kataluniako oroimen historikoa ezagutarazten eta gordetzen, oroimen historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren eta erresistentziaren erakusgarri.

Hori dela-eta, demokraziaren alde eta Kataluniako autogobernuaren alde egiteagatik jazarri izan dituzten herritar guztiei egin dutena aitortzeko eta atzera egon behar duten lekuan uzteko egin beharrekoak egin behar dituzte instituzioek.

Generalitateak jagon behar du oroimen historikoa betiereko ikurra izan dadin tolerantziaren alde, balio demokratikoen duintasunaren alde, totalitarismoen aurka, eta norberaren iritziak, ideologia edo kontzientzia dela-eta jazarpena pairatu duten pertsona ororen aitormenaren alde.

II. TITULUA

Instituzioak

I. KAPITULUA

Legebiltzarra

55. artikulua.- Xedapen orokorrak.

Legebiltzarra Kataluniako herriaren ordezkari da.

Legebiltzarrak legegintza-ahala baliatu, Generalitateko aurrekontuak onartu, eta politika-lana eta gobernu-lana kontrolatu eta bultzatzen du.

Legebiltzarrean dago adierazirik hobekien aniztasuna, eta hor zabaltzen da, jendartera, eztabaida politikoa.

Legebiltzarra bortxaezina da.

56. artikulua.- Osaera eta hauteskunde-sistema.

Legebiltzarrak gutxienez ehun kide izango ditu, eta, gehienez, ehun eta berrogeita hamar. Lau urterako aukeratzen dituzte, sufragio unibertsal, aske, berdin, zuzeneko eta isilpekoaren bidez, Estatutu honen eta hauteskundeetarako legediaren arabera.

Hauteskunde-sistemak ordezkaritza proportzionala du, eta Kataluniako lurraldea osatzen duten zona guztiek ordezkaritza egokia izan behar dute.

Hauteskundeetarako administrazioa independentea da, eta hauteskunde-prozesua gardena eta objektiboa dela bermatu behar du.

Hauteskunde-sistema Legebiltzarreko lege baten bidez dago arauturik. Lege hori onartzeko, testu osoa bozkatzen da, eta, azken bozketan, legebiltzarkideen bi herenek onartu behar dute.

Eskubide zibil eta politiko guztiak dauzkaten Kataluniako herritarrak dira hautesleak eta hautagaiak, hauteskundeetarako legediaren arabera.

Hautagai-zerrendak osatzeko, emakume eta gizonen arteko berdintasunerako behar diren irizpideak zehaztu behar ditu Kataluniako hauteskundeetarako legeak.

Legealdia amaitu baino hamabost egun lehenago, Generalitateko lehendakariak hauteskundeetarako deia egin behar du. Deialdia egin eta handik berrogei-hirurogei egunetara egin behar dira hauteskundeak.

57. artikulua.- Legebiltzarkideen estatutua.

Legebiltzarkide-lanean ematen dituzten botoengatik edo iritziengatik legebiltzarkideak ezin ditu inork bortxarazi.

Legebiltzarkide diren bitartean immunitatea izango dute, zehatzago esanda, ezin izango ditu inork atxilotu, delitu gori-gorian ez bada.

Legebiltzarkideen aurkako auzibideetan, Kataluniako Auzitegi Nagusia da eskuduna.

Kataluniako lurraldetik kanpora, Auzitegi Goreneko Zigor Salan eska daitezke zigor-erantzukizunak, azalduriko baldintza berberetan.

Legebiltzarkideek ez dute, gainetik, aginduzko manurik.

58. artikulua.- Legebiltzarraren autonomia.

Legebiltzarrak autonomia du antolaketa-, finantza-, administrazio-eta diziplina-gaietarako.

Legebiltzarrak berak egiten eta onartzen ditu bere erregelamendua eta aurrekontua, eta lanean dituen beharginen estatutua ere berak zehazten du.

Legebiltzarraren osoko bilkuraren esku dago Legebiltzarreko erregelamendua bai onartzea bai aldatzea. Horretarako, testu osoa bozkatzen da, eta, azken bozketan, legebiltzarkideen gehiengo osoak eman behar du aldeko botoa.

59. artikulua.- Antolakuntza eta funtzionamendua.

Legebiltzarrak lehendakari bat dauka, eta mahai bat, osoko bilkurak aukeratuta.

Legebiltzarreko erregelamenduan dago arauturik nola aukeratu behar diren eta zein eginkizun dituzten.

Legebiltzarreko erregelamenduan daude arauturik legebiltzarkideen eskubideak eta eginbeharrak, legebiltzarkide-taldeak osatzeko bete beharreko baldintzak, talde horiek Legebiltzarreko lanean esku hartzeko modua eta bozeramaile-batzordearen eskurantzak.

Legebiltzarrak osoko bilkuretan eta batzordeetan lan egiten du.

Legebiltzarkide-taldeek batzorde guztietan esku hartzen dute, betiere, bakoitzaren kide-kopuruaren heinean.

Legebiltzarrak diputazio iraunkor bat du, Legebiltzarreko lehendakaria batzorde horretako buru delarik; Legebiltzarreko erregelamenduan zehaztutako legebiltzarkide-kopuru batez osatuta egongo da, betiere, legebiltzarkide-talde bakoitzak duen kide-kopuruaren arabera.

Bilkura arteko garaia dela-eta bilerarik ez dagoenean, Legebiltzarraren agintaldia amaitzen denean eta deseginda egotea egokitzen zaionean, diputazio iraunkor horren ardura izango da Legebiltzarraren ahalmenak zaintzea.

Legealdia amaitzen denean, edo Legebiltzarra desegiten denean, diputazio iraunkorrean dauden legebiltzarkideen agintaldia Legebiltzar berria osatu arte luzatuko da.

Legebiltzarrak hala eskatzen badie, kargu publikoek eta Katalunian diharduten herri-administrazioetako langileek Legebiltzarrean agertzeko betebeharra dute.

Legebiltzarrak ikerketa-batzordeak osatzeko aukera du Generalitatearen interesekoak diren garrantzi orokorreko gaietan.

Ikerketa-batzorde horietako batek deituz gero, deia jaso duenak nahitaezkoa du batzordera agertzea, betiere, Legebiltzarreko erregelamenduan jasota dauden prozeduren arabera eta bermeen babesean.

Betebehar hori hausten duenari zein zehapen jarri behar zaion legez egon behar du zehazturik.

Norbanakoek nahiz taldeek Legebiltzarrari zuzentzen dizkioten eskariak nola izapidetu Legebiltzarreko erregelamenduan egon behar du arauturik.

Legebiltzarraren eginkizunak betetzeko orduan herritarrek esku hartzeko tresnak ere jarri behar ditu indarrean.

60. artikulua.- Bileretarako eta bilkuretarako erregimena.

Legebiltzarrak urtero ohiko bi bilkura-aldi izaten ditu, eta erregelamenduan daude zehazturik.

Legebiltzarrak ohiko bilkura-aldi horietatik kanpora ere bilkura bereziak egin ditzake.

Bilkura berezietarako deia Legebiltzarreko lehendakariak egin behar du, baina erabakia diputazio iraunkorrak hartzen du, hiru legebiltzarkide-taldek proposaturik edo legebiltzarkideen laurdenak proposaturik, edo gehiengo osoa osatzeko adinako legebiltzarkide-talderen edo diputatu-talderen batek eskaturik.

Era berean, Generalitateko lehendakariak eskatzen badu, horrela ere Legebiltzarrak bilkura berezia egiteko aukera du.

Bilkura bereziek gai-zerrenda jakin bat izan behar dute, eta gai-zerrenda hori agortzen denean amaitzen dira.

Legebiltzarraren osoko bilkurak jendaurrekoak dira, Legebiltzarreko erregelamenduan jasotako kasuetan izan ezik.

Legebiltzarrak baliozko erabakirik hartu ahal izateko, legebiltzarkideen gehiengo osoak behar du bertan egon bilduta.

Erabakiak baliozkoak izango badira, bertaratu diren legebiltzarkideen gehiengo soilak behar ditu onartu, Estatutu honetan, legeetan edo Legebiltzarreko erregelamenduan zehaztutako gehiengo bereziei kalterik egin gabe.

61. artikulua.- Eginkizunak.

Legebiltzarrak, 55. artikuluan zehaztutakoez gainera, honako eginkizun hauek ditu:

a) Senatuan Generalitatea ordezkatuko duten senatariak izendatzea.

Izendapen horretarako, deialdia berariaz egin beharrekoa izango da, eta legebiltzarkide-talde bakoitzean dagoen kide-kopuruaren hainbestean egin beharko da.

b) Diputatuen Kongresuko Mahaian aurkeztekoak diren lege-proposamenak egitea, eta Legebiltzarreko kideen artetik proposamen horren alde nork egin behar duen izendatzea.

c) Estatuko gobernuari lege-proiektuak egiteko eskatzea.

d) Estatuari eskumenak eskuordetzeko edo transferitzeko eskatzea edo, Konstituzioko 150. artikuluaren itzalpean, ahalmenak emateko eskatzea.

e) Konstituzio-aurkakotasun errekurtsoa aurkeztea eta beste konstituziotasun-prozesu batzuetan Konstituzio Auzitegira agertzea, Konstituzio Auzitegiko Lege Organikoan zehazturik dagoenaren arabera.

f) Estatutu honek eta legeek agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

62. artikulua.- Legegintzako ekimena bideratzea eta legegintzako funtzioa baliatzea.

Legebiltzarreko kideei, legebiltzarkide-taldeei eta Gobernuari dagokie legegintzako ekimena bideratzea.

Era berean, Kataluniako legeetan zehazturiko baldintzetan, herritarrei ere badagokie, legegintzako herri-ekimenaren bidez, eta Estatutu honetan zehazturik dauden udalerriz gaineko lurralde-erakundeetako ordezkaritza-organoei ere bai.

Lege batzuk Estatutuaren oinarrizko garapenerako dira, hain zuzen, artikulu hauetan aipaturiko gaiak zuzenean arautzen dituztenak: 2.3, 6, 37.2, 56.2, 67.5, 68.3, 77.3, 79.3, 81.2 eta 94.1.

Lege horiek onartzeko, aldatzeko eta indargabetzeko, testu osoa beharko da bozkatu, eta azken bozketan Legebiltzarraren osoko bilkuraren gehiengo osoa behar da, baldin eta Estatutuan bestelakorikezartzen ez bada.

Legegintzako ekimenen izapideak eta onarpena batzorde legegile iraunkorrei eskuordetzan eman diezazkieke Legebiltzarraren osoko bilkurak.

Eskuordetza hori nahi duenean ezezta dezake.

Batzordeei gai batzuk ezin zaizkie eskuordetzan eman, hala nola, Estatutuaren erreforma, oinarrizko garapen-legeak, Generalitateko aurrekontua eta Gobernuari legegintzarako eskuordetza emateko legeak.

63. artikulua.- Legegintza-ahala Gobernuari eskuordetzan ematea.

Legebiltzarrak Gobernuari eskuordetzan eman diezaioke lege-mailako arauak egiteko ahala.

Eskuordetzan emandako legerik baldin badute, Gobernuaren xedapenek izen hau hartzen dute: Legegintzako dekretu.

Gai batzuen inguruko legegintza ezin da eskuordetzan eman, hona hemen gai horiek: Estatutuaren erreforma, oinarrizko garapen-legeak, non eta ez den testu bateginen bat taxutu beharra eskuordetzen, Estatutuan eta Kataluniako herritarren eskubide eta eginbeharren Gutunean aitorturiko eskubideen oinarrizko arautzea eta zuzeneko garapena eta Generalitateko aurrekontua.

Legegintzarako eskuordetza hori Gobernuari besterik ezin zaio eman.

Eskuordetza berariaz eman behar da, lege bidez, gai jakin baterako, eta zein epetarako balio duen ere zehazturik izan behar du.

Gobernuak dagokion legegintzako dekretua argitaratzen duenean edo Gobernua jardunean dagoenean agortzen da eskuordetza.

Gobernuari testu artikuludun berri bat egiteko baimena eman behar zaionean, eskuordetza-legeetan egon beharko da zehazturik Gobernuak legegintzarako eskuordetza hori baliatzerakoan zein oinarri izan behar dituen.

Gobernuari hainbat lege-testu bateratzeko baimena eman behar zaionean, bateratze horren irispideak eta irizpideak zehaztu behar dira legeetan.

Legebiltzarreko erregelamenduan dago arauturik eskuordetzan emandako legegintzaren kontrola.

Legegintzako dekretuetan, eskuordetza-legeek kontrol-erregimen berezia ere ezar dezakete.

64. artikulua.- Lege-dekretuak.

Beharrizana apartekoa eta presazkoa bada, Gobernuak lege-dekretuen bitartez eman ditzake behin-behineko legegintza-xedapenak.

Ezin da lege-dekreturik egin gai jakin batzuk oinarri hartuta, hala nola, Estatutuaren erreforma, oinarrizko garapen-legeen xede diren gaiak, Estatutuan eta Kataluniako herritarren eskubide eta eginbeharren Gutunean aitorturiko eskubideen oinarrizko arautzea eta zuzeneko garapena eta Generalitateko aurrekontua.

Lege-dekretua aldarrikatu eta handik hogeita hamar egunera Legebiltzarrak oraindik ez badu berariaz baliozkotzat jo –eta epe hori ezin da luzatu-, indarrik gabe geratuko da. Baliozkotzat jotzeko, osoko eztabaida eta bozketa egin behar ditu.

Presazko prozeduraren bitartez, Legebiltzarrak lege-dekretuak lege-proiektu modura tramita ditzake, 2. paragrafoan zehazturiko epean.

65. artikulua.- Legeak aldarrikatzea eta argitaratzea.

Generalitateko lehendakariak aldarrikatzen ditu, Erregearen izenean, Kataluniako legeak, eta argitaratzeko agindua ere ematen du, bai «Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya» aldizkarian, onartu eta hamabost eguneko epean, bai «Boletín Oficial del Estado» aldizkarian.

Indarraldi-hasiera noiz den finkatzeko, «Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya» aldizkarian argitaratzen den egunak izango du balioa.

Generalitateak eginiko itzulpena da gaztelaniazko bertsio ofiziala.

66. artikulua.- Legegintzaldia amaitzeko arrazoiak.

Hauteskunde-egunetik lau urte betetakoan, legezko agintaldia amaituta bukatzen da legegintzaldia.

Behar baino lehenago ere amaitu daiteke, Generalitateko lehendakaria izendatzen ez badute, edo, Generalitateko lehendakariak halaxe erabakita, aurretiazko desegitea gertatzen bada denbora baino lehen.

II. KAPITULUA

Generalitateko lehendakaria

67. artikulua.- Aukeratzea, izendatzea, estatutu pertsonala, kargutik kentzea eta eskumenak.

Lehendakariak du Generalitatearen ordezkaritza gorena, eta hark zuzentzen du Gobernuaren jarduna.

Estatuak Katalunian duen ohiko ordezkaritza ere badu.

Legebiltzarrak hautatzen du Generalitateko lehendakaria, bere kideen artetik.

Agintaldien mugak legez arautu daitezke.

Inbestidurarako lehen bozketa egin eta handik bi hilabetera oraindik ez badute inor hautatu, Legebiltzarra besterik gabe deseginik geratuko da, eta Generalitateko funtzioko lehendakariak hauteskundeetarako deia egin beharko du berehalakoan. Deialdia egin eta hurrengo berrogei eta hirurogei egun bitartean egin behar dira hauteskundeak.

Erregeak izendatzen du Generalitateko lehendakaria.

Generalitateko lehendakariaren estatutu pertsonala Legebiltzarreko lege bidez egongo da arauturik.

Katalunian, leheneste- eta protokolo-gaietarako, Generalitateko lehendakaria dago goren-goreneko lekuan, halaxe baitagokio Generalitatearen ordezkari eta Estatuak Katalunian duen ordezkari denez.

Estatuak Katalunian duen ordezkari ohikoa denez, lehendakariari eginkizun hauek dagozkio:

a) Erregearen izenean, Kataluniako legeak, lege-dekretuak eta legegintzako dekretuak aldarrikatzea, eta argitaratzeko agintzea.

b) Estatuko instituzioek Katalunian dituzten karguen izendapena argitaratzeko agintzea.

c) Katalunian eginkizun publikoak betetzen dituzten Estatuko agintariei lankidetza eskatzea.

d) Legeetan zehazturiko gainerakoak.

Generalitateko lehendakariak kargua utzi behar izateko, arrazoi hauetakoren batek behar du egon tarteko: hauteskundeak egon dira eta Legebiltzarra berritu egin dute; zentsura-mozioa onartu dute edo konfiantza-arazoari ezezkoa erantzun diote; hil egin da; dimititu egin du; gorputzeko nahiz buruko ezintasun iraunkorra du, Legebiltzarrak ere aitortu du hala dela, eta ezin du bere kargua bete; edo epaitegietatik zigorra jaso du, irmoa, eta kargu publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi dute.

Generalitateko lehendakaria ez badago bere lekuan, gaixo badago, gaitasunik ezaz bere kargua utzi beharra izan badu edo hil egin bada, lehen sailburuak beteko du haren lekua edo ordezkatuko du hura, eta, halakorik ez badago, legez zehazturiko sailburuak.

Lehendakariaren lekuan dagoenak edo hura ordezkatzen duenak ezin ditu beregain hartu lehendakariaren eskurantzak, baldin eta konfiantza-arazoa planteatzeko, sailburuak izendatzeko nahiz kargutik kentzeko edo Legebiltzarra behar baino lehenago desegiteko bada.

Generalitateko lehendakariak, lehen sailbururik izendatu ez badu, eginkizun betearazleak eman diezazkioke sailburuetako bati eskuordetzan, aldi baterako.

III. KAPITULUA

Generalitateko gobernua eta administrazioa

LEHEN ATALA.

GOBERNUA

68. artikulua.- Eginkizunak, osaera, antolakuntza eta kargua kentzea.

Gobernuak zuzentzen ditu Generalitatearen langintza politikoa eta administrazioa; goreneko maila du eta kide anitzeko organoa da.

Gobernuak betetzen ditu eginkizun betearazlea eta erregelamenduak egiteko ahala, Estatutu honen eta legeen arabera.

Generalitateko lehendakariak, lehen sailburuak –halakorik baldin badago- eta sailburuek osatzen dute Gobernua.

Gobernuaren antolaketa, funtzionamendua eta eskurantzak lege baten bidez arautu behar dira.

Generalitateko lehendakariak bere kargua uzten duenean, orduantxe amaitzen da Gobernua.

Generalitateko Gobernutik edo Administraziotik datozen egintzak, xedapen orokorrak eta arauak «Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya » aldizkarian argitaratu behar dira.

Argitalpen hori nahikoa da egintzak eraginkorrak izateko eta xedapen orokorrak eta arauak indarrean jartzeko, ondorio guztietarako.

69. artikulua.- Lehen sailburua.

Generalitateko lehendakariak, dekretu bidez, lehen sailburua izenda dezake kargurako edo kargutik kendu; horrela denean, Legebiltzarrari jakinarazi behar dio horren berri.

Lehen sailburua Gobernuko kidea izango da.

Lehen sailburuak, lehendakariak eskuordetzan emandakoez gainera, berari dagozkion eginkizunak ditu, legez zehazturik dagoenaren arabera.

70. artikulua.- Gobernu-kideen estatutu pertsonala.

Generalitateko lehendakaria eta sailburuak, agintaldiak irauten dien bitartean, inork ezin ditu Katalunian ustez egindako delituengatik ez atxilotu ez atzeman, delitu gori-gorian ez bada behintzat.

Kataluniako Auzitegi Nagusiaren ardura da Generalitateko lehendakariari eta sailburuei ezeren errurik egotzi behar ote zaien, auzibidera eraman behar ote diren eta epaiketa egin behar ote zaien erabakitzea.

Kataluniako lurraldetik kanpora, Auzitegi Goreneko Zigor Salan eska daitezke zigor-erantzukizunak, azalduriko baldintza berberetan.

BIGARREN ATALA.

GENERALITATEKO ADMINISTRAZIOA

71. artikulua.- Xedapen orokorrak eta antolaketa- eta funtzionamendu-printzipioak.

Generalitateko administrazioa da Estatutu honetan Generalitateari emandako eginkizun betearazleak betetzeko antolakundea.

Generalitateko administrazioa, Estatutu honetan eta legeetan zehazturik dagoenaren arabera, ohikoa den administrazioa da, toki-administrazioari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe.

Generalitateko administrazioak interes orokorren zerbitzura lan egiten du, objektibotasunez, eta legearen eta zuzenbidearen menpe dago, erabat.

Politika publikoak bata besteari loturik egon daitezen, koordinazioa eta zeharkakotasuna printzipio direla dihardu Generalitateko administrazioak.

Generalitateko administrazioak, gardentasunaren printzipioari jarraituz, herritarrek zer nola kudeatzen duen balioetsi ahal izan dezaten beharrezko den informazio guztia argitaratu behar du.

Generalitateak bere eginkizunak lurraldean deskontzentrazio- eta deszentralizazio-printzipioen itzalpean bete behar ditu.

Legeek Generalitateko administrazioaren antolaketa arautu behar dute, eta arlo hauek finkatu behar dituzte beti:

a) Generalitateko administrazioak modu publikoan nahiz pribatuan pertsonatzeko har ditzakeen moduak, eta funtzioak deszentralizatzeko dauden modalitateak.

b) Zerbitzu publikoak antolatzeko eta kudeatzeko moduak.

c) Generalitateko administrazioak zuzenbide pribatuaren erregimenean jarduteko modua, eta politika publikoak gauzatzen eta zerbitzu publikoak ematen sektore pribatuak esku hartzeko modalitateak.

Generalitateko administrazioan ari diren langileen estatutu juridikoa legez arautu behar da, betiere, arauketa horren barruan sartuta bateraezintasun-erregimena, prestakuntza-bermea eta ezagueren eguneratze-bermea eta zeregin publikoak betetzeko beharrezko den praxia.

72. artikulua.- Gobernuaren organo aholku-emaileak.

Batzorde Juridiko Aholku-emailea da Gobernuaren organo aholku-emaile gorena.

Legebiltzarreko lege bidez arautu behar dira haren osaera eta eginkizunak.

Gizarte- eta ekonomia-gaietan, laneko gaietan eta enplegu-gaietan, Kataluniako Lan, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua da Gobernuaren organo kontsulta- eta aholku-emailea.

Legebiltzarreko lege bidez arautu behar dira haren osaera eta eginkizunak.

IV. KAPITULUA

Legebiltzarraren eta Gobernuaren arteko harremanak

73. artikulua.- Gobernu-kideek Legebiltzarrarekiko dituzten eskubideak eta betebeharrak.

Generalitateko lehendakariak eta sailburuek Legebiltzarraren osoko bilkuretara eta batzordeen bileretara joateko eta hitz egiteko eskubidea dute.

Legebiltzarrak Gobernuari eta Gobernuko kideei bere lana ondo egite aldera beharrezkoa irizten duen informazio guztia eska diezaieke.

Era berean, osoko bilkurara edo batzordeetara etortzeko eska diezaieke, Legebiltzarreko erregelamenduan zehazturik dagoen moduan.

74. artikulua.- Gobernuaren eta gobernuko kideen erantzukizun politikoa.

Generalitateko lehendakariak eta sailburuek, arlo politikoari dagokionez, Legebiltzarrari modu solidarioan erantzungo diote, bakoitzaren zuzeneko erantzukizunari kalterik egin gabe.

Generalitateko lehendakariak bere eginkizunak eskuordetzan eman baditu ere, horrek ez du esan nahi arlo politikoari dagokionez Legebiltzarrean erantzukizunik ez duenik.

75. artikulua.- Legebiltzarra behar baino lehenago desegitea.

Generalitateko lehendakariak, Gobernuarekin eztabaidatu ondoren, Legebiltzarra desegiteko ahalmena du, bere ardurapean erabat, eta ez beste inorenean.

Ahalmen hori ezin izango da erabili, zentsura-mozioren bat izapidetzen ari badira, edo prozedura hori erabiliz azkenekoz desegin zenetik oraindik ez bada gutxienez urtebete igaro.

Desegitea agintzeko dekretuak hurrengo hauteskundeetarako deialdia ere ezarri behar du. Dekretu hori «Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya»n argitaratu eta hurrengo berrogei eta hirurogei egun bitartean egin behar dira hauteskunde horiek.

V. KAPITULUA

Generalitateko beste instituzio batzuk

LEHEN ATALA.

ESTATUTUA BERMATZEKO KONTSEILUA

76. artikulua.- Eginkizunak.

Estatutua Bermatzeko Kontseilua Generalitateko instituzio bat da, eta Generalitatearen xedapenak Estatutu honen eta Konstituzioaren argitara ondo egokitzen direla zaintzeko ardura du, 2. paragrafoan zehazturik dagoen moduan.

Legean zehazturik dagoen moduan beti, Estatutua Bermatzeko Kontseiluak irizpena gai hauetarako eman dezake:

a) Legebiltzarrak onartu baino lehenago, Kataluniako autonomia-estatutua aldatzeko proiektuek eta proposamenek Konstituzioa betetzen ote duten.

b) Legebiltzarrean eztabaidatu eta onartu beharreko lege-proiektuek eta lege-proposamenek eta Legebiltzarrak balioztatu beharreko lege-dekretuek Estatutu hau eta Konstituzioa betetzen ote dituzten.

c) Gobernuak onartutako legegintzako dekretu-proiektuek Estatutu hau eta Konstituzioa betetzen ote dituzten.

d) Gobernuak onartutako lege-proiektuek eta lege-proposamenek eta legegintzako dekretu-proiektuek tokiko autonomia zaintzen ote duten, Estatutu honetan bermaturiko baldintzetan.

Estatutua Bermatzeko Kontseiluak irizpena eman beharra dauka Legebiltzarrak edo Gobernuak konstituzio-aurkakotasun errekurtsoa aurkeztu baino lehenago, Gobernuak eskumen-gatazka aurkeztu baino lehenago eta Konstituzio Auzitegian tokiko autonomia babesteko auzia aurkeztu baino lehenago.

Estatutua Bermatzeko Kontseiluaren irizpenek Legebiltzarraren lege-proiektuei eta lege-proposamenei dagokienez lotura-indarra dute, Estatutu honetan aitorturiko eskubiderik garatzen edo ukitzen badute.

77. artikulua.- Osaera eta funtzionamendua.

Estatutua Bermatzeko Kontseiluko kideak Generalitateko lehendakariak izendatzen ditu, gaitasun ezaguneko legelarien artetik; Kontseiluko kide horietatik bi heren Legebiltzarrak proposatzen ditu, legebiltzarkideen bostetik hiruk onarturik, eta beste heren bat Gobernuak proposatzen du.

Estatutua Bermatzeko Kontseiluko kideek berek aukeratu behar dute beren lehendakaria, beren artetik.

Legebiltzarraren lege bidez arautu behar dira Estatutua Bermatzeko Kontseiluaren osaera eta funtzionamendua, kideen estatutua eta haien eginkizunak betetzearekin zerikusia duten prozedurak.

Estatutu honetan zehazturikoak baino irizpen-gai gehiago ere eman dakizkioke, lege bidez, Estatutua Bermatzeko Kontseiluari, baina lotura-indarrik eman gabe.

Antolakuntzarako, funtzionamendurako eta aurrekontuetarako autonomia dauka Estatutua Bermatzeko Kontseiluak, betiere, legearen arabera.

BIGARREN ATALA.

SÍNDIC DE GREUGES

78. artikulua.- Eginkizunak eta pareko beste instituzio batzuekiko harremanak.

Konstituzioan eta Estatutu honetan aitorturiko eskubideak eta askatasunak babesteko eta defendatzeko dago Síndic de Greuges.

Horretarako, modu esklusiboan ikuskatzen ditu Generalitateko administrazioaren jarduna, Generalitatearen ardurapekoak diren edo hari lotuta dauden organismo publiko nahiz pribatuen jarduna, zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuen jarduna, edo interes orokorreko nahiz unibertsaleko lanak egiten dituztenena, edo, hitzarturik nahiz zeharka, pareko lanak egiten dituztenena, baita Generalitateko administrazioekin eta haren menpeko erakunde publikoekin kontratu-loturaren bat duten gainerako pertsonen jarduna ere.

Era berean, Kataluniako tokiko administrazioaren jarduna eta administrazio horren ardurapeko organismo publiko nahiz pribatu lotuen jarduna ere ikuskatzen du.

Síndic de Greugesek eta Espainiako Arartekoak elkarlanean jarduten dute beren eginkizunetan.

Síndic de Greugesek, Estatutu honetan aitorturiko eskubideak arautu behar direnean, Estatutua Bermatzeko Kontseiluaren irizpena eska dezake, bai Legebiltzarrean eztabaidatu eta onartu beharreko lege-proiektu eta lege-proposamenei buruz, bai Legebiltzarrak balioztatu beharreko lege-dekretuen proiektu eta proposamenei buruz.

Síndic de Greugesek tokian tokiko arartekoekin eta esparru publikoan nahiz pribatuan sorturiko antzeko beste erakunde batzuekin lankidetza-harremanak izan ditzake.

Kataluniako herri-administrazioek eta 1. paragrafoan aipaturiko gainerako erakunde eta pertsonek Síndic de Greugesi laguntza emateko betebeharra dute.

Betebehar hori betearaziko dela bermatzeko tresnak eta zehapenak legez arautu behar dira.

79. artikulua.- Síndic de Greugesen izendapena eta estatutua.

Legebiltzarrak aukeratzen du síndic de greuges, legebiltzarkideen bostetik hiruko gehiengoa lortuta.

Síndic de greuges bere lanean inpartzialtasunez eta independentziaz arituko da, bere eginkizunetan ari delarik ematen dituen iritziengatik ezin du inork inola ere bortxarazi, ezin da kargutik mugiarazi, eta kargutik kendu edo haren lana eten nahi izatera, legezko arrazoiengatik beharko du izan, ez beste ezerengatik.

Legez arautzekoak dira Síndic de Greugesen estatutu pertsonala, haren bateraezintasunak, hura kargutik kentzeko arrazoiak, eta instituzioaren antolaketa eta eskurantzak.

Síndic de Greugesek autonomia du erregelamendu, antolakuntza, funtzionamendu eta aurrekontuen aldetik.

HIRUGARREN ATALA.

KONTU IKUSKARITZA

80. artikulua.- Eginkizunak eta Kontu Auzitegiarekiko harremanak.

Generalitatearen, toki-erakundeen eta Kataluniako gainerako erakunde publikoen kontuak, ekonomiaren kudeaketa eta eragimen-kontrola kanpotik ikuskatzeko organoa da Kontu Ikuskaritza.

Kontu Ikuskaritza organikoki Legebiltzarraren menpe dago, eskuordetzan betetzen ditu bere eginkizunak, erabateko autonomia du bai antolakuntzaren bai funtzionamenduaren baita aurrekontuen aldetik ere, legeen arabera betiere.

Kontu Ikuskaritzak eta Kontu Auzitegiak beren arteko lankidetza-harremanak hitzarmen bidez zehaztu behar dituzte.

Kontularitzako erantzukizunei buruzko jurisdikzio-prozeduretan parte hartzeko tresnak ere ezarri behar dira hitzarmen horretan.

81. artikulua.- Osaera, funtzionamendua eta estatutu pertsonala.

Kontu Ikuskaritza osatzen duten ikuskatzaileak Legebiltzarrak aukeratzen ditu, bostetik hiruk baiezkoa emanda.

Ikuskatzaileek berek aukeratzen dute ikuskatzaile nagusia, beren artetik.

Legez arautu beharrekoak dira Kontu Ikuskaritzaren funtzionamendua, antolakuntza, estatutu pertsonala, bateraezintasunak eta kargutik kentzeko arrazoiak.

LAUGARREN ATALA

KATALUNIAKO IKUS-ENTZUNEZKOEN KONTSEILUA ARAUTZEA

82. artikulua.- Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseilua.

Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseilua agintaritza arau-emailea da, independentea, ikus-entzunezko komunikazio-arlo publiko zein pribatuaren esparruan diharduena.

Bere eginkizunetan, Generalitateko Gobernuarekiko erabateko independentzia du kontseiluak.

Kontseiluko kideak aukeratzeko irizpideak eta jarduteko dituen eremu zehatzak Legebiltzarraren lege bidez ezarri behar dira.

VI. KAPITULUA

Tokiko gobernua

LEHEN ATALA.

TOKIKO LURRALDE-ANTOLAKUNTZA

83. artikulua.- Kataluniako toki-gobernuaren antolakuntza.

Kataluniak, oinarri-oinarrian, lurraldea udalerritan eta begeriatan dauka antolaturik.

Udalerriz gaineko eremua, egotekotan, eskualdez osatutakoa izango da, eta Legebiltzarreko lege bidez arautu behar da.

Generalitateak udalerriz gaineko beste erakunderik sortzen badu, udalerriak lankidetzan aritzeko eta elkartzeko gogoa beharko du izan oinarrian.

84. artikulua.- Toki-erakundeen eskumenak.

Udalerriek berezko dituzten eskumenen sail bat bermatzen die Estatutu honek; eskumen horiek erabateko autonomiaz baliatu behar dira, eta konstituziotasun- eta legezkotasun-kontrola besterik ez dute izango.

Kataluniako toki-gobernuek beren eskumen propioak izango dituzte beti honako arlo hauek direla-eta, betiere, legeetan ezarritakoari jarraituta:

a) Lurraldearen antolamendua eta kudeaketa, hirigintza eta hirigintza-arauak, toki-erakundeen jabari publikoko ondasunak zaintzea eta mantentzea.

b) Etxebizitza publikoen gaia planifikatzea, programatzea eta kudeatzea, eta udal-lurretan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko planifikazioan esku hartzea.

c) Erkidegorako oinarrizko zerbitzuak antolatzea eta eskaintzea.

d) Udal-ekipamenduak erregulatzea eta kudeatzea.

e) Leku publikoetan eta jende-andanak hartzen dituzten lokaletan antolaturiko jardueretan bete beharreko segurtasun-baldintzak arautzea.

Udalerrian dabiltzan gorputzak eta indarrak koordinatzea Segurtasun Batzordearen bitartez.

f) Babes zibila eta suteei aurrea hartzea.

g) Haur-hezkuntza planifikatzea, antolatzea eta kudeatzea eta, udalerriko ikastetxe publikoetan nahiz itunpekoetan matrikulatze-prozesuan parte hartzea, eskola-orduez kanpo ikastetxeak mantentzea eta aprobetxatzea, eta eskola-egutegia zehaztea.

h) Trafikoa eta mugigarritasun-zerbitzuak zuzentzea, eta bidaiarien udal-garraioaren kudeatzea.

i) Ekonomia-jarduera orotarako baimenen eta sustapenen arautzea, batez ere salerosketarekin, artisautzarekin eta turismoarekin zerikusia dutenetarako eta enplegua sustatzeko balio dutenetarako.

j) Ingurumena babesteko eta garapen iraunkorra lortzeko politikak taxutzea eta kudeatzea.

k) Kirolerako eta aisialdirako ekipamenduak arautzea eta kudeatzea eta jarduerak sustatzea.

l) Telekomunikabideetarako azpiegiturak ezartzeko modua arautzea, eta telekomunikazio-zerbitzuak eskaintzea.

m) Jendearentzako arreta-zerbitzuak arautzea eta eskaintzea, lehen arretarako gizarte-zerbitzu publikoak arautzea eta eskaintzea eta etorkinei harrera egiteko politikak sustatzea.

n) Hondartza, erreka-ibai, aintzira eta mendietan burutu daitezkeen erabilerak eta jardunak arautzea, kudeatzea eta zaintzea.

Administrazio-erantzukizuna toki-administrazioen artean banatzeko orduan, bigarren paragrafoko gaiei dagokienez, haien kudeaketa-gaitasuna izan behar da kontuan, eta erantzukizun-banaketa horren araubide izango dira bai Legebiltzarrean onarturiko legeak, bai subsidiariotasun-printzipioa, Toki-autonomiarako Europako Gutunean zehaztutakoari jarraituz, bai bereizte-printzipioa, udalerriak benetan zer-nolakoak diren gorabeheran, bai eta finantza-ahalmenerako printzipioa ere.

Generalitateak zehaztu eta ezarriko ditu tokiko gobernuen eskumen-esparrua zabaltzeak dakartzan zerbitzu berriak finantzatzeko baliabideak.

85. artikulua.- Tokiko Gobernuen Kontseilua.

Udalerriak eta begeriak Generalitateko instituzioetan ordezkatzeko organoa da Tokiko Gobernuen Kontseilua.

Kontseiluaren iritzia aintzat hartu behar da bai legegintzako ekimenak Legebiltzarrean izapidetzerakoan, baldin eta toki-administrazioetan berariaz eragina baldin badute, bai eta izaera bera duten planak eta erregelamendu-arauak izapidetzerakoan ere.

Tokiko Gobernuen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzioak Legebiltzarreko lege bidez arautu behar dira.

BIGARREN ATALA.

UDALERRIA

86. artikulua.- Udalerria eta udal-autonomia.

Kataluniako lurraldearen antolakuntzan udalerria da oinarrizko toki-erakundea, eta tokiko erkidegoek funtsean baliabide horixe dute gai publikoetan parte hartzeko.

Udal-gobernua eta udal-administrazioa udalaren esku daude, eta alkateak eta zinegotziek osatzen dute udala.

Kontzeju irekiaren araubidea aplikatu ahal izateko nahitaez bete beharreko betekizunak legez ezarri behar dira.

Honako Estatutu honek udalerriari autonomia bermatzen dio, bai udalerriak esleituta dituen eskumenak baliatzeko, bai ordezkatzen duen jendearen berezko interesak zaintzeko.

Beste ezein administraziok ezin du egokitasun-kontrolik burutu udalerrien egintzen eta erabakien gainean.

Generalitatearen ardura da udalerrien egintzak eta erabakiak antolamendu juridikoaren araberakoak diren ala ez kontrolatzea, eta, hala egin behar bada, administrazioarekiko auzien jurisdikziora dagokion inpugnazioa eramatea, Estatuak bere eskumenen alde baliatutako akzioei kalterik egin gabe, baldin eta halako ezer egiten badu.

Udalerrietako auzotarrek aukeratzen dituzte zinegotziak, sufragio unibertsal, berdin, aske, zuzeneko eta isilpekoaren bidez.

Udalerri baten barruan sakabanatuta dauden biztanle-guneak udal-erakunde deszentralizatu bihur daitezke.

Deszentralizazio hori legez bermaturik eduki behar dute, baita dagozkien jarduerak egiteko eta zerbitzuak eskaintzeko behar adinako gaitasuna ere.

87. artikulua.- Antolakuntza- eta funtzionamendu-printzipioak eta araugintza-ahala.

Udal-antolakuntzari eta –funtzionamenduari dagokienez, udalerriek beren burua antolatzeko erabateko gaitasuna dute, betiere, legez erabakitako xedapen orokorren esparruaren barruan.

Udalerriek, beren eskumenak gauzatu eta guztien intereserako lanak egiteko orduan, eskubidea dute beste udalerri batzuekin elkarteak osatzeko eta beren artean eta beste erakunde publiko batzuekin lankidetzan aritzeko.

Horretarako, hitzarmenak izenpetu, mankomunitate, partzuergo eta elkarteak sortu edo halakoetan esku hartu, edo elkarrekin aritzeko beste bide batzuk urratzeko gaitasuna ere badute.

Legeek ezin dute eskubide hori mugatu, non eta ez den hala aitorturik duten beste erakundeen autonomia bermatzeko.

Funtsean printzipio demokratikoa dutenez, printzipio horren adierazpide modura, udalerriek beren eskumenen esparruan eta beren autonomiaren itzalpeko gainerako esparruetan arauak egiteko ahala dute.

88. artikulua.- Bereizte-printzipioa.

Udalerrien araubide juridikoa, antolakuntza, funtzionamendua, eskumenak eta finantzak ukitzen badituzte, legeek udalerri horien artean dauden aldeak ere izan behar dituzte kontuan, nahitaez, aldeak demografian, geografian, eginkizunetan, antolakuntza, tamainan eta kudeaketa-gaitasunean.

89. artikulua.- Bartzelonako udalerriaren araubide berezia.

Bartzelonako udalerriak araubide berezia du, Legebiltzarreko lege bidez zehaztua.

Bartzelonako udalak badu araubide berezi hori alda dadin proposatzeko ekimena, eta, Legebiltzarreko erregelamenduko legeen arabera beti, araubide berezi hori ukitzen badute, lege-proiektuak taxutzeko lanetan parte hartu beharra dauka, eta, araubide berezi horri buruzkoak badira, legegintzako beste ekimen batzuk Legebiltzarrean izapidetzeko lanetan kontsulta egin behar zaio.

HIRUGARREN ATALA.

BEGERIA

90. artikulua.- Begeria.

Lurralde-esparru horretan gauzatzen da toki-erakundeen lankidetzarako udalerrien arteko gobernua, horretarako baita berariaz, eta berezko nortasun juridikoa du.

Generalitateak bere zerbitzuak lurraldean antolatzeko aukeratu duen lurralde-banaketa ere bada begeria.

Tokiko gobernu modura, lurralde-izaera du begeriak, eta bere interesak kudeatzeko autonomia ere badu.

91. artikulua.- Begeriako kontseilua.

Begeriako lehendakariak eta kontseilariek osatuta dagoela, begeriako Kontseiluak izango ditu ardurapean Begeriako gobernua eta administrazio autonomoa.

Begeriako lehendakaria begeriako kontseilariek aukeratzen dute, beren artetik.

Begeriako kontseiluak diputazioen ordezkoak dira.

Begeriak sortzea, aldatzea eta ezabatzea, eta begerien araubide juridikoa garatzea Legebiltzarreko lege bidez arautu beharreko gaiak dira.

Probintziaren mugak, aldatzekotan, Konstituzioaren 141.1 artikuluan ezarritakoaren arabera aldatu beharko dira.

LAUGARREN ATALA

ESKUALDEA ETA UDALERRIZ GAINEKO BESTE TOKI-ERAKUNDEAK

92. artikulua.- Eskualdea.

Eskualdea toki-erakundea da, nortasun juridiko propioa du, eta, tokiko eskumenak eta zerbitzuak kudeatze aldera, hainbat udalerrik osaturik dago.

Eskualdeak sortzea, aldatzea eta ezabatzea, eta eskualdeen araubide juridikoa zehaztea Legebiltzarreko lege bidez arautu beharreko gaiak dira.

93. artikulua.- Udalerriz gaineko beste erakundeak.

Funtsean, udalerrien arteko lankidetza- eta elkartze-gogoa eta metropolialdeen aitorpena dago udalerriz gaineko beste toki-erakundeen oinarrian.

Halako erakundeak sortzea, aldatzea eta ezabatzea, eta halako erakundeen araubide juridikoa ezartzea Legebiltzarreko lege bidez arautu beharreko gaiak dira.

VII. KAPITULUA

Arango instituzio-antolaketa propioa

94. artikulua.- Araubide juridikoa.

Aranek araubide juridiko berezia du, Legebiltzarreko lege bidez ezarria.

Araubide horren bidez, Aranek instituzio-antolaketa eta administrazio-antolaketa berezia duela aitortzen da eta bere lurraldeko gai publikoak antolatzeko eta kudeatzeko autonomia bermatzen zaio.

Conselh Generau da Arango gobernu-instituzioa, hauek izanik instituzio horren osagai: Síndic edo Sindikoa, Plen des Conselhèrs e Conselhères Generaus delakoa eta Comission d’Auditors de Compde delakoa.

Sindikoa da Generalitateak Aranen duen ordezkaritza gorena eta ohikoa.

Arango gobernu-instituzioa sufragio unibertsal, berdin, aske, zuzeneko eta isilpekoaren bidez aukeratu behar da, legean zehazturiko moduan.

Conselh Generau Kontseiluak eskumena du Arango araubide berezia erregulatzeko legeak eta Legebiltzarrak onarturiko gainerako legeek ezarritako gaietan, eta, ahalmenak, berriz, legeak emandakoak ditu, batez ere mendiko jardunetan.

Aranek, bere ordezkaritza-instituzioaren bidez, hango araubide berezia ukitzen duten legegintzako ekimenak osatzerakoan hartu behar du parte.

Legebiltzarreko lege baten bidez, Conselh Generau delakoak bere eskumeneko zerbitzuak gauzatu ahal izateko adinako finantza-baliabide izango du.

III. TITULUA

Kataluniako botere judiziala

I. KAPITULUA

Kataluniako Auzitegi Nagusia eta Fiskal Nagusia

95. artikulua.- Kataluniako Auzitegi Nagusia.

Kataluniako justizia-sistemaren antolamenduan, Kataluniako Auzitegi Nagusia da jurisdikzio-organo gorena, eta, dena delako lege organikoan zehazturiko moduan beti, jurisdikzio bateko eta besteko errekurtsoez eta prozedurez arduratzeko eskumena du, baita Estatutu honetan aitorturiko eskubideak zaintzeko eskumena ere.

Kataluniako Auzitegi Nagusia da eskuduna, kasu guztietan, jurisdikzio zibilean, penalean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eta lan-arloko jurisdikzioan, eta bihar-etzi beste jurisdikziorik sortzen bada, baita hartan ere.

Kataluniako Auzitegi Nagusia izango da, aplikatu beharreko zuzenbidea edozein dela ere, Katalunian hasitako prozesu guztietan azken buruko jurisdikzio-auzialdia baita bere lurralde-esparruan izapidetutako errekurtsoetan ere, Botere Judizialaren Lege Organikoarekin bat etorrita, eta, betiere, doktrina bateratzeko Auzitegi Gorenari dagokion eskumenari kalterik egin gabe.

Botere Judizialaren Lege Organikoak ezarriko du aipatutako errekurtso horien irispidea eta edukia nolakoak diren.

Kataluniako Auzitegi Nagusiari dagokio, modu esklusiboan, Kataluniako zuzenbidea interpretatzeko modua bateratzea.

Kataluniako Auzitegi Nagusiari dagokio Kataluniako organo judizialek ematen dituzten ebazpen irmoen aurka legeen arabera aurkez daitezkeen berrikusteko errekurtso bereziak ebaztea.

Kataluniako Auzitegi Nagusiko lehendakaria da Botere Judizialak Katalunian duen ordezkaria.

Erregeak izendatzen du, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak proposaturik, eta Kataluniako Justizia Kontseilua partaide dela, betiere, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezarritakoari jarraituz.

Generalitateko lehendakariak ematen du «Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya» aldizkari ofizialean izendapen hori argitaratzeko agindua.

Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak proposaturik, eta Kataluniako Justizia Kontseilua partaide dela izendatzen dira Kataluniako Auzitegi Nagusiko salako buruak, betiere, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezarritakoari jarraituz.

96. artikulua.- Kataluniako fiskal nagusia.

Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskal nagusia izango da Kataluniako fiskal nagusi, eta, Katalunian, horixe izango da ministerio fiskalaren ordezkaria; bere estatutu organikoak ezarritako moduan izendatuko dute.

Generalitateko lehendakariak ematen du Kataluniako fiskal nagusiaren izendapena «Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya» aldizkari ofizialean argitaratzeko agindua.

Kataluniako fiskal nagusiak Gobernuari, Kataluniako Justizia Kontseiluari eta Legebiltzarrari Kataluniako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren urteko txostenaren kopia bana bidali behar die, eta, argitaratu eta hurrengo sei hilabeteak joan baino lehen, Legebiltzarrean aurkeztu behar du.

Kataluniako fiskal nagusiaren eginkizunak Ministerio Fiskalaren estatutu organikoan daude ezarrita.

Generalitateak Ministerio Fiskalarekin hitzarmenak egin ahal izango ditu.

II. KAPITULUA.

Kataluniako Justizia Kontseilua

97. artikulua.- Kataluniako Justizia Kontseilua.

Kataluniako Justizia Kontseilua da botere judizialaren gobernu-organoa Katalunian.

Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren organo deskontzentratu modura lan egiten du, haren eskumenei kalterik egin gabe, eta, betiere, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezarritakoari jarraituz.

98. artikulua.- Eskurantzak.

Kataluniako Justizia Kontseiluaren eskurantzak Estatutu honek, Botere Judizialeko Lege Organikoak eta Legebiltzarrean onarturiko legeek ezarritakoak dira, baita, hala dagokionean, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak eskuordetzan emandakoak ere.

Kataluniako lurraldean dauden jurisdikzio-organoekiko Kataluniako Justizia Kontseiluak dituen eskurantzak honako hauek dira, betiere, Botere Judizialeko Lege Organikoak ezarritakoari jarraituz:

a) Kataluniako Auzitegi Nagusiko lehendakaria izendatzeko orduan parte hartzea, baita auzitegi nagusiko horretako saletako buruak izendatzerakoan eta probintzia-auzitegietako lehendakariak izendatzerakoan ere.

b) Epaile-sistemara laguntza, osagarri edo ordezko modura eta aldi baterako bildutako epaile eta magistratuen izendapenak eta kargu-uzteak Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari proposatzea eta bideratzea, eta epaile eta magistratu horiek neurri osagarriak behar dituzten organo judizialetara atxikitzea.

c) Epaile eta magistratuen gaineko espedienteetan instrukzioa egitea eta, orokorrean, diziplina-eginkizunak betetzea legeetan ezarritakoari jarraituz.

d) Epaitegien eta auzitegien ikuskatzea planifikatzen esku hartzea, haiek ikuskatzeko eta zaintzeko agindua ematea hala dagokionean, arlo horretako proposamenak egitea, Gobernuak epaitegiak eta auzitegiak ikuskatzeko ematen dituen aginduei kasu egitea, eta hartutako ebazpenen eta neurrien berri ematea.

e) Kataluniako auzitegi eta epaitegietako gobernu-organoek harturiko erabakien aurka aurkezturiko gora jotzeko errekurtsoei buruz txostena egitea.

f) Katalunian, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erregelamenduak zehaztea eta aplikatzea, hala egin behar denean.

g) Jurisdikzio-organoen lurralde-mugak berraztertzeko, zehazteko edo aldatzeko proposamenik baldin badago, edo atalik edo epaitegirik sortzeko proposamenik baldin badago, txostena egitea.

h) Katalunian justizia-administrazioa nola dagoen eta nola dabilen azaltzeko txostena aurkeztea urtero Legebiltzarrari.

i) Botere Judizialeko lege organikoan eta Legebiltzarreko lege bidez ematen zaizkion eginkizun guztiak eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak eskuordetzan ematen dizkionak.

Izendapen, baimen eta lizentzien arloan Kataluniako Justizia Kontseiluak hartzen dituen ebazpenak Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak onarturiko irizpideen arabera hartu behar dira.

Kataluniako Justizia Kontseiluak, bere lehendakariaren bitartez, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari jakinarazi behar dio ematen dituen ebazpenen eta hasten dituen ekimenen berri, eta, informaziorik eskatzen badiote, eman egin behar du.

99. artikulua.- Osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

Kataluniako Justizia Kontseilua osatuko dute Kataluniako Auzitegi Nagusiko lehendakariak, bera izango baita Kontseiluko buru, eta, horrez gain, epaile, magistratu, fiskal edo gaitasun ezaguneko legelarien artetik, Botere Judizialeko lege organikoan ezarritakoaren arabera, izendatuko diren kideek.

Kataluniako Legebiltzarrak izendatuko ditu Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarrita dauden Kontseiluko kideak.

Kataluniako Justizia Kontseiluak berak onartuko du antolaketa eta funtzionamendurako barne-erregelamendua, betiere, aplikatu beharreko arauei jarraituz.

100. artikulua.- Kataluniako Justizia Kontseiluaren egintzen kontrola.

Kataluniako Justizia Kontseiluaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari, baldin eta Autonomia Erkidegoaren eskumenak baliatuz emandakoak ez badira.

Kataluniako Justizia Kontseiluaren egintzen aurka Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari gora jotzeko errekurtsorik ezin aurkez dakiokeenean, horien aurka jurisdikzioz jotzeko aukera dago legeetan ezarritako moduan.

III. KAPITULUA

Generalitateak justizia-administrazioan dituen eskumenak

101. artikulua.- Oposizioak eta lehiaketak.

Katalunian magistratuen, epaileen eta fiskalen postu hutsak betetzeko oposizio eta lehiaketetarako deia egiteko proposamena Generalitateak egiten dio Estatuko gobernuari, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari edo Kataluniako Justizia Kontseiluari, dagokionean dagokionari.

Katalunian aritu behar duten epaile eta magistratuen postu hutsak betetzeko lehiaketetarako deialdia Kataluniako Justizia Kontseiluak egiten du, Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarritakoari jarraituz.

Artikulu honetan arauturiko lehiaketa eta oposizioetako probak, Katalunian egiten direnean, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin ahal izango dira, azterketariak aukeratutakoaren arabera.

102. artikulua.- Kataluniako justizia-administrazioan lan egiten duten langileak, epaitegietakoak nahiz gainerakoak.

Katalunian magistratu-, epaile- edo fiskal-lanpostu bat betetzen dutenek katalanez behar bezain ondo eta behar beste dakitela egiaztatu behar dute, herritarrek beren hizkuntza-eskubideak baliatzeko modua izan dezaten, legean zehazturiko modua eta irispidea aintzat hartuta.

Postua Katalunian betetzen duten magistratuek, epaileek eta fiskalek Kataluniako berezko zuzenbidea behar bezain ondo ezagutzen dutela egiaztatu behar dute, legean zehazturiko modua eta irispidea oinarri hartuta.

Lekualdatze-lehiaketetan postu bat lortzeko orduan, bertako hizkuntza eta zuzenbidea behar bezain ondo ezagutzea bereziki eta berariaz baloratuko da kasu guztietan.

Katalunian Justizia Administrazioan eta Fiskaltzan lanean diharduten langileek, bi hizkuntza ofizialak behar beste eta egokiro ezagutzen dituztela egiaztatu beharko dute, karguaren edo lanpostuaren berezko zereginak betetzeko gai izateko bezainbatean.

103. artikulua.- Langileak.

Generalitateari dagokio judizialak izan gabe Justizia-administrazioan diharduten langileen gaineko araugintza-eskumena, betiere, langile horientzat Botere Judizialeko Lege Organikoan ezarritako estatutu juridikoa errespetatuta.

Horiek horrela, Generalitatearen eskumen horren itzalpean arautuko dira arlo hauek:

a) Langile horiek kidegoka eta eskalaka antolatzea.

b) Hautaketa-prozesua.

c) Barne-sustapena, hasierako prestakuntza eta etenik gabeko prestakuntza.

d) Postuak betetzea eta postu-igoerak.

e) Administrazio-egoerak.

f) Lansarien erregimena.

g) Lanaldia eta lan-ordutegia.

h) Lan-jarduerak eta lan-eginkizunak antolatzea.

i) Lizentziak, baimenak, oporrak eta bateraezintasunak.

j) Langileen erregistroa.

k) Diziplina-araubidea.

Lehen paragrafoan adierazitako modu berean, Generalitateari dagokio judizialak izan gabe Justizia-administrazioan diharduten langileen gaineko gaiak betearazteko eta kudeatzeko eskumena.

Eskumen horren barruan, eginkizun hauek daude:

a) Lan-eskaintza publikoa onartzea.

b) Hautaketa-prozesu guztietarako deia egitea eta prozesu horiek denak ebaztea, eta nor bere lanpostura atxikitzea.

c) Hautaketa-prozesuak gainditzen dituzten funtzionarioak izendatzea.

d) Prestakuntza ematea, bai aurretiazkoa bai jarraitua.

e) Lanpostu-zerrendak egitea.

f) Lanpostuak betetzeko prozesu guztietarako deialdiak egitea eta prozesu horiek ebaztea.

g) Barne-sustapeneko prozesu guztietarako deialdiak egitea eta prozesu horiek ebaztea.

h) Langileen erregistroa kudatzea, Estatukoarekin koordinaturik.

i) Langile horien kudeaketa osoa egitea, haien estatutu-erregimena eta soldata-erregimena aplikatuz.

j) Diziplina-ahala baliatzea eta jarri beharreko zehapenak jartzea, zerbitzutik kentzeko zehapena ere barruan dagoela.

k) Justizia-administrazioan diharduten giza baliabideak eraginkortasunez eta eragimenez kudeatzeko egin beharreko gainerako eginkizun guztiak egitea.

Botere Judizialeko Lege Organikoan ezarritako esparruaren barruan, Legebiltzarraren lege bidez, Justizia-administrazioaren zerbitzupeko funtzionario-kidegoak sor daitezke, betiere, Generalitateko funtzio publikoaren menpean egonda.

Generalitateari dagokio Justizia-administrazioaren zerbitzura diharduten lan-kontratuko langileei buruzko eskumen esklusiboa.

104. artikulua.- Langaiak eta lanabesak.

Generalitateari dagozkio Kataluniako justizia-administrazioaren baliabide materialak.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Epaitegi-auzitegiak eta fiskaltzaren eraikinak eraikitzea eta berritzea.

b) Epaitegi-auzitegietarako eta fiskaltzaren egoitzetarako ondasun higigarriak eta materialak hornitzea.

c) Komunikazio- eta informatika-sistemak konfiguratzea, ezartzea eta mantentzea, betiere, sistemaren bateragarritasuna bermatuta gera dadin, Estatuari dagozkion koordinazio- eta homologazio-eskumenei kalterik egin gabe.

d) Jurisdikzioekin zerikusirik ez duen gai orotan, artxiboak, frogagarriak eta atzemandako objektuak kudeatzea eta zaintzea.

e) Gordailu-kontuak eta epailearen zainpean daudenak nahiz beren errendimenduak kudeatzerakoan parte hartzea, Autonomia Erkidegoan burututako jarduera judizialaren bolumena eta zerbitzuen benetako kostua aintzakotzat hartuta.

f) Generalitateak justizia-administrazioan dituen eskumenen esparruaren barruan ezarritako tasa judizialak kudeatzea, kitatzea eta biltzea.

105. artikulua.- Bulego judiziala eta instituzioak eta zerbitzu lagungarriak.

Generalitateari dagokio, Botere Judizialeko Lege Organikoan ezarritakoari jarraituz, bulego judizialen eta jurisdikzio-organoei laguntzeko zerbitzu eta organoen sorrera, diseinua, antolaketa, baliabideak eta kudeaketa zehaztea, baita auzitegiko medikuntzarako eta toxikologiarako instituzioak, institutuak eta zerbitzuak arautzea ere.

106. artikulua.- Doako justizia-zerbitzua.

Bitartekotza- eta adiskidetze-prozedurak.

Generalitateari dagokio doako justizia-zerbitzuak eta lege-arloko doako aholku-zerbitzuak antolatzeko eskumena.

Generalitateak bitartekaritza- eta adiskidetze-tresnak eta –prozedurak ezar ditzake bere eskumenekoak diren gaietan sortutako auziak ebazteko.

107. artikulua.- Justizia-sistemaren lurralde-mugaketa, antolaketa eta hiriburuak.

Gutxienez bost urtez behin, eta Kataluniako Justizia Kontseiluaren txostena jaso eta gero, justizia-sistemak Katalunian duen lurralde-mugaketa eta antolaketa zehazteko eta berriro aztertzeko proposatu behar dio Generalitateko gobernuak Estatuko gobernuari.

Proposamen hori nahitaezkoa da, eta Gobernuak Gorte Nagusietara bidaltzen duen lege-proiektuari atxikita joan behar du.

Sistema judizialaren antolaketaren aldaketak, legegintzako erreformarik eskatzen ez badute, Generalitateko gobernuaren ardurapekoak izan daitezke.

Generalitateak, era berean, Estatuko Gobernuak eskuordetzan halaxe emanda, atalak eta epaitegiak sortu ahal izango ditu, Botere Judizialeko lege organikoan ezarritakoaren arabera.

Legebiltzarreko lege bidez finkatu behar dira lurralde-mugaketetako hiriburuak.

108. artikulua.- Bake-justizia eta hurbileko justizia.

Generalitateak du bake-justiziari buruzko eskumena, Botere Judizialeko lege organikoan ezarritakoaren arabera.

Hala berean, Kataluniako Justizia Kontseiluari dagokio epaileak izendatzea ere.

Generalitateak, era berean, haien kalte-ordainen ardura du, eta eginkizunak betetzeko behar dituzten baliabideak jartzeko eskuduna ere bada.

Idazkaritza sortzea eta betetzea ere bere esku du.

Generalitateak, gatazka txikiak azkar eta eraginkortasunez ebazteko, hurbileko justizia-sistema bat ezar dezaten eskatu ahal izango du; horretarako, halakorik zein herritan behar den ere zehaztu beharko du, eta Botere Judizialeko Lege Organikoan jasota datorrenaren arabera beharko du izan.

109. artikulua.- Subrogazio-klausula.

Estatutu honetan zuzenean aitorturik dituen eskumenez gainera, Katalunian diharduen justizia-administrazioa dela-eta Botere Judizialeko Lege Organikoak Estatuko gobernuari aitortzen dizkion eginkizun eta ahalmen guztiak ere badarabiltza Generalitateak.

IV. TITULUA

Eskumenak

I. KAPITULUA

Eskumenen tipologia

110. artikulua.- Eskumen esklusiboak.

Generalitateari dagozkio oso-osorik, eskumen esklusiboa duen gaietan, legeak egiteko ahala, erregelamenduak egiteko ahala eta betearazte-eginkizuna.

Ahal eta eginkizun horiek baliatzea Generalitatearen esku dago, ez beste inoren esku, eta, haien bidez, politika propioak egin ditzake.

Generalitateak eskumen esklusiboa duen gaietan, Katalunian, beste edozein zuzenbideren aurretik, Kataluniako zuzenbidea aplikatu behar da.

111. artikulua.- Eskumen partekatuak.

Estatutu honek Generalitateari eta Estatuari era partekatuan uzten dizkien arloetan, Konstituzioan eta Estatutu honetan berariaz zehazturiko kasuetan izan ezik, legegintza-ahala, erregelamendu-ahala eta eginkizun betearazlea Generalitatearen ardurapekoak dira, betiere, Estatuak lege-mailako arauen bidez finkatzen dituen printzipioak edo gutxienez batera izan beharreko arautegia oinarri direla.

Eskumen horiek baliatuz, Generalitateak politika propioak egin ditzake.

Legebiltzarrak lege baten bitartez garatu eta zehaztu behar ditu aurrez ezarritako oinarri horiek.

112. artikulua.- Eskumen betearazleak.

Generalitateari dagokio, eskumen betearazleen esparruan, erregelamenduak egiteko ahala, Estatuaren araugintza betearazteko xedapenak onartzea ere horren barruan egonik, eta eginkizun betearazlea ere bai, bere administrazioa antolatzeko ahalmena barruan dagoela kasu guztietan, eta, orokorrean, ordenamenduak herri-administrazioari esleitzen dizkion eginkizun eta zeregin guztiak ere badagozkio.

113. artikulua.- Generalitatearen eskumenak eta Europar Batasuneko arauak.

Generalitatearen eskumenak ukitzen baldin badituzte, Europar Batasunaren arauak garatzea, aplikatzea eta betearaztea Generalitatearen ardura da, V. tituluan zehazturiko baldintzetan.

114. artikulua.- Sustapen-lana.

Eskumenekoak dituen gaietan, Generalitatearen ardura da sustapen-lana.

Helburu hori betetzearren, Generalitateak diru-laguntzak eman ditzake bere funtsetatik.

Eskumen esklusiboko gaietan, Generalitatearen ardura da Estatuko eta Europar Batasuneko lurralderatzeko moduko diru-laguntzak zertarako erabili behar diren zehaztea, laguntza horiek emateko baldintzak zehaztea, eta laguntza horiek kudeatzea, baita izapideak egitea eta ematea bera ere.

Eskumen partekatua duten gaietan, Generalitatearen ardura da Estatuko eta Europar Batasuneko lurralderatzeko moduko diru-laguntzak zertarako erabili behar diren arau bidez zehaztea, laguntza horiek emateko baldintzen araudia osatzea, eta kudeaketa osoa, baita, kudeaketa horren barruan, izapideak egitea eta ematea bera ere.

Eskumen betearazlea duen gaietan, Generalitatearen ardura da Estatuko eta Europar Batasuneko lurralderatzeko moduko diru-laguntzak kudeatzea, eta, kudeaketa horren barruan, izapideak egitea eta ematea bera.

Generalitateak parte hartuko du Estatuko eta Europar Batasuneko diru-laguntzak lurralderatzeko modukoak noiz ez diren zehazteko orduan.

Era berean, Estatuak finkatutako eran, diru-laguntzak kudeatzen eta izapidetzen hartuko du parte.

115. artikulua.- Eskumenen lurralde-irispidea eta ondorioak.

Lurraldez, Generalitateak bere eskumenak Kataluniako lurraldean baliatzekoak ditu, non eta Estatutu honetan eta beste lege-xedapen batzuetan ez datorren berariaz zehazturik, kasu batzuetan hala gertatzen baita, Generalitatearen xedapenek eta egintzek lurraldez gaindiko eraginkortasun juridikoa dutela.

Kasuan kasuko eskumen-gaia lurraldez Katalunia baino urrunago iristen bada, Generalitateak bere lurraldeari dagokion gai-zatia izango du eskumenean, beste lurralde-erakunde batzuekin finka daitezkeen lankidetza-trenei kalterik gabe, edo, era subsidiarioan, ukitutako autonomia-erkidegoen artean Estatuan bultzatu beharreko koordinazioari kalterik egin gabe.

II. KAPITULUA.

Eskumen-gaiak

116. artikulua.- Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza.

Generalitateari dagokio nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko eskumen esklusiboa, betiere, Konstituzioaren 149.1.13 eta 16 artikuluak emandako eskumenak baliatuz Estatuak ezarritakoa errespetatuta.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Nekazaritza, abeltzaintza eta nekazaritzako elikagaien arloa arautzea eta garatzea.

b) Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen kalitatea, trazabilitatea eta baldintzak arautzea eta betearaztea, eta, nekazaritzako produktuen ekoizpenean eta salerosketan iruzurraren aurka borroka egitea.

c) Nekazarien eta abeltzainen antolakundeek eta nekazari-ganberek organismo publikoetan izan behar duten esku hartzea arautzea.

d) Gizakien osasunerako ondoriorik ez dagoen kasuetan, landareen eta abereen osasuna, eta abereen babesa.

e) Haziak eta landareak, eta, batez ere, genetikoki aldaturiko organismoekin zerikusia duen oro.

f) Ekoizpen-prozesuak, ustiategiak, nekazaritzako egiturak eta dagozkien araubide juridikoak arautzea.

g) Nekazari-mundua era integralean garatzea eta babestea.

h) Ikerketa, garapena, teknologiaren eskualdatzea, nekazaritzaren eta elikagaien arloko ustiategiak eta enpresak berritzea eta gai horiei buruzko prestakuntza.

i) Nekazaritzako, basogintzako eta abeltzaintzako feriak eta erakustaldiak.

Generalitateari dagokio xede hauek betetzeko eskumen partekatua:

a) Nekazaritza, abeltzaintza eta nekazaritzako elikagaien arloa planifikatzea.

b) Kataluniako mendiak, basogintza eta baso-zerbitzuak eta abelbideak arautzea, eta administrazioak arlo horietan esku-hartzeko eta horiek erabiltzeko araubidea finkatzea.

117. artikulua.- Ura eta obra hidraulikoak.

Generalitateari dagokio erkidego barruko arro hidrografikoenak diren uren gaineko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Azaleko nahiz lur azpiko ura bera, uraren erabilerak eta aprobetxamenduak baita interes orokorrekotzat hartu ez diren obra hidraulikoak ere kudeatzea, planifikatzea eta administrazio aldetik antolatzea.

b) Ur-baliabideak, uretako ekosistemak eta urari loturiko lehorreko ekosistemak kudeatzeko eta babesteko berariazko tresna eta neurriak planifikatzea eta hartzea.

c) Premia baldin badago, ur-horniketa bermatzeko aparteko neurriak.

d) Kataluniako administrazio hidraulikoa antolatzea, baita erabiltzaileen esku hartzea ere.

e) Lur-sailak bateratzearekin eta ureztatze-obrekin zerikusia duten jardunak arautzea eta gauzatzea.

Generalitateak bere gain hartzen ditu, Estatuko legerian ezarritako baldintzak errespetatuta, jabari publiko hidraulikoari eta interes orokorreko obrei buruzko eskumen betearazleak.

Era berean, interes orokorrekoak diren obrak planifikatzen eta programatzen parte hartzea ere badagokio Generalitateari.

Erkidego batenak baino gehiagorenak diren arro hidrografikoetan, bai plangintza hidrologikoan bai ur-baliabideak eta aprobetxamendu hidraulikoak kudeatzeko Estatuko organoetan Generalitateak ere esku hartuko du.

Generalitateak, bere lurraldeari dagokion esparruan, gai hauetan dauka eskumen betearazlea:

a) Ur-baliabideak eta ur-ekosistemak babesteko eta saneatzeko neurri gehigarriak hartzea.

b) Jabetzaz Estatuarenak diren obrak egitea eta ustiatzea, hitzarmen bidez horrela ezartzen bada.

c) Estatuaren legeriak hala esleituta dituenean, jabari publiko hidraulikoa zaintzeko polizia-ahalmenak.

Ura ibai-arro batetik bestera eramateko proposamenik baldin badago, eta Kataluniako lurraldeko ur-baliabideak ukitzen baditu, Generalitateak nahitaezko txosten bat egin beharko du.

Generalitateak parte hartuko du, V. tituluan zehazturik dauden tresnen arabera, Espainiako estatu-lurralde kanpotik etorrita Kataluniatik pasatzen diren edo Katalunian amaitzen diren ur-baliabideen eta aprobetxamendu hidraulikoen plangintza hidrologikoan, eta plangintza hori betearazten ere parte hartuko du Estatuko legeriak ezarritakoari jarraituz.

118. artikulua.- Elkarteak eta fundazioak.

Generalitateari dagokio, elkarteek eginkizunak gehienbat Katalunian betetzen dituztenean, beren araubide juridikoari buruzko eskumen esklusiboa, betiere, Lege Organikoaren erreserba eta eskubidea baliatzerakoan berdintasuna egongo dela bermatzeko Estatuak ezarritako oinarrizko baldintzak errespetatuta.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Elkarteen modalitateak, beren izendapena, helburuak, elkarteak osatzeko, aldatzeko, iraungitzeko eta kitatzeko baldintzak, estatutuen edukia, gobernu-organoak, elkartekideen eskubideak eta eginbeharrak, elkarteen betebeharrak eta izaera berezia duten elkarteak arautzea.

b) Zerga-arautegian elkarteetarako ezarrita dauden onura fiskalak zehaztea eta onura horiek aplikatzeko erregimena ezartzea, baita erabilera publikokotzat izendatzea eta izendapen hori lortzeko bete behar diren edukiak eta baldintzak zehaztea ere.

c) Elkarteen erregistroa.

Generalitateari dagokio, fundazioek eginkizunak gehienbat Katalunian betetzen dituztenean, beren araubide juridikoari buruzko eskumen esklusiboa.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Fundazioen modalitateak, beren izendapena, helburuak eta fundazio-xedearen onuradunak; fundazioa eratzeko gaitasuna; fundazioa osatzeko, aldatzeko, iraungitzeko eta kitatzeko baldintzak; estatutuak; eratzen ari den fundazioaren zuzkidura eta araubidea; patronatua eta protektoratua, eta ondarea eta ekonomia- eta finantza-erregimena arautzea.

b) Zerga-arautegian fundazioetarako ezarrita dauden onura fiskalak zehaztea eta onura horiek aplikatzeko erregimena finkatzea.

c) Fundazioen erregistroa.

Elkarte eta fundazioetarako laguntza publikoetan, Generalitatearen ardura da irizpideak finkatzea, baldintzak arautzea eta laguntza horiek gauzatzea eta kontrolatzea.

119. artikulua.- Ehiza, arrantza, itsasoko jarduerak eta arrantza-arloaren antolamendua.

Generalitateari dagokio ehizaren eta errekako arrantzaren arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Plangintza eta arauak.

b) Administrazioak ehiza- eta arrantza-gaietan esku hartzeko erabili behar duen erregimena, zaintza-lanak eta ehiza- eta arrantza-jarduerak arautzea.

Barruko uretan aisialdiko eta itsasoko arrantza-arloan Generalitateari dagokio eskumen esklusiboa, baita arrantza-baliabideak arautzea eta kudeatzea, eta babespeko eremuak mugatzea ere.

Generalitateari dagokio itsasoko jardueren arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Itsaski-harrapaketa eta arrain-haztegiak arautzea eta kudeatzea, eta batean zein bestean aritzeko baldintzak jartzea, eta baliabideak arautzea eta kudeatzea.

b) Jarduera horietarako instalazioak arautzea eta kudeatzea.

c) Urpeko igeriketa profesionala.

d) Aisialdi-jardueretarako prestakuntza eta tituluak.

Generalitateari dagokio arrantza-sektorea antolatzeko arloan eskumen partekatua.

Eskumen horren barnean, gai hauek guztiak egongo dira, beti: arrantzan aritzeko baldintza profesionalak arautzea eta baldintza horiek betearazteko administrazio-neurriak; ontzigintza, ontzien segurtasuna eta ontzien erregistro ofiziala; arrantzale-kofradiak eta lonjak.

120. artikulua.- Aurrezki-kutxak.

Generalitateari dagokio, Katalunian egoitza soziala duten aurrezki-kutxen arloan, kutxen antolaketa arautzeari buruzko eskumen esklusiboa, betiere, Konstituzioaren 149.1.11 eta 149.1.13 artikuluek emandako eskumenak baliatuz Estatuak ezarritakoa errespetatuta.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Artezkaritza-organoak zehaztea eta gizartearen interesak nola ordezkatu behar diren finkatzea.

b) Artezkaritza-organo horietako kideen eta aurrezki-kutxako gainerako karguen estatutu juridikoa zehaztea.

c) Sortzeko, bateratzeko, kitapena egiteko eta erregistratzeko araubide juridikoa.

d) Fundaziorik sortzen baldin badute, fundazio horietako administrazio-ahalen baliatzea.

e) Egoitza Katalunian duten aurrezki-kutxen arteko taldeak arautzea.

Egoitza Katalunian baldin badute, aurrezki-kutxen finantza-jardueraren eskumen partekatua du Generalitateak, Estatuko oinarrietan ezarritako printzipioak, arauak eta gutxieneko estandarrak aintzakotzat hartuta, betiere, kutxetan sorturiko soberakinen banaketa eta kutxa horien gizarte-lana arautzea eskumen horren barruan dela beti.

Generalitateak, era berean, partaidetza-kuotak jaulkitzeko eta banatzeko prozesuaren segimendua egingo du, salbuespen izanik balore-harpidetza edo salmentarako eskaintza publikoak egiteko eta negoziaziorako onartzeko erregimenari, finantza-egonkortasunari eta kaudimenari dagozkienak.

Generalitateari dagokio, Katalunian egoitza soziala duten aurrezki-kutxen arloan, aurrezki-kutxen diziplina-, ikuskaritza- eta zehapen-gaietako eskumen partekatua.

Eskumen horren barruan dago, kasu guztietan, arau-hauste eta zehapen gehigarriak ezartzea bere eskumenekoak diren gaietan.

Generalitatea lankidetzan aritzen da Ekonomia eta Ogasun Ministerioak eta Espainiako Bankuak Katalunian egoitza soziala duten aurrezki-kutxetan egiten dituzten ikuskatze-lanetan eta zehatze-lanetan, betiere, Estatuko legerian ezarritakoari jarraituz.

121. artikulua.- Merkataritza eta feriak.

Merkataritzaren eta ferien arloko eskumen esklusiboa Generalitateari dagokio, barruan egonik nazioartekoa ez den feria-jarduna arautzea eta merkataritza-jarduera administrazio aldetik antolatzea, eta, horri lotuta, kasu guztietan, hauek ere bai:

a) Eskumen hori baliatzeko administrazio-baldintzak ezartzea, jarduteko lekuak eta establezimenduak zehaztea, eta merkataritza elektronikoaren edo beste edozein bide erabiliz egindako merkataritzaren administrazio-antolamendua finkatzea.

b) Administrazio-arauak finkatzea salmenta-mota eta merkataritza-lana egiteko modu guztietarako, baita eskaintza-salmentetarako eta irabazpiderik gabeko salmentetarako ere.

c) Merkataritzarako ordutegiak arautzea, betiere, merkatu-batasuna izateko konstituzio-printzipioa errespetatuta zeregin horretan.

d) Merkataritzarako ekipamenduak sailkatzea eta lurraldeka antolatzea, eta establezimenduak irekitzeko, zabaltzeko eta jardueraz aldatzeko baldintzak eta araubidea zehaztea.

e) Merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten kalitate-arauak eta -estandarrak zehaztea eta betearaztea.

f) Merkatu-diziplinaren inguruan, administrazio-poliziari dagozkion neurriak hartzea.

Generalitateari eskumen betearazlea dagokio Katalunian egiten diren nazioarteko feriei buruzko gaietan, honako hauek ere barnean direla kasu guztietan:

a) Nazioarteko feria baimentzea eta hala aitortzea.

b) Sustapen-lana, kudeaketa-lana eta koordinazio-lana egitea.

c) Ikuskari-lana, ebaluaketa eta kontuak azaltzea.

d) Barruko erregelamendua ezartzea.

e) Feria bakoitzeko zuzendaritza-organoetan ordezkari bat izendatzea.

Generalitateak Estatuari nazioarteko ferien egutegia osatzen laguntzen dio.

122. artikulua.- Herri-galdeketak.

Generalitateak berak edo toki-erakundeek, bakoitzak dituen eskumenen esparruaren barruan, inkestak, jendaurreko entzunaldiak, partaidetza-foroak edo herriari galdetzeko beste edozein tresna erabili behar dutenean, Konstituzioaren 149.1.32 artikuluan ezarritakoa salbuespen dela, Generalitateak eskumen esklusiboa du, horretarako araubide juridikoa, moduak, prozedura, gauzatzea eta deialdia ezartzeko.

123. artikulua.- Kontsumoa.

Generalitateari dagokio kontsumo-arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen alde egitea (28. artikuluan daude aldarrikaturik), eta kexak nahiz erreklamazioak egiteko administrazio-prozedurak zehaztea eta aplikatzea.

b) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak arautzea eta sustatzea, eta dagozkien prozeduretan eta gaietan izan behar duten partaidetza ere bai.

c) Kontsumo-arloan, bitartekaritzako organoak eta prozedurak arautzea.

d) Kontsumorako prestakuntza eta heziketa.

e) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen arloko informazioa arautzea.

124. artikulua.- Kooperatibak eta gizarte-ekonomia.

Generalitateari dagokio kooperatiben arloko eskumen esklusiboa.

Kooperatiben antolaketa eta funtzionamendua ere 1. paragrafoko eskumen horren barruan dago, eta, antolaketa eta funtzionamenduarekin batera, arlo hauek ere bai beti:

a) Definizioa, izena eta sailkapena.

b) Egoitza zehazteko irizpideak.

c) Jarduna arautzeko irizpideak.

d) Kooperatibak osatzeko, estatutuak aldatzeko, kooperatibak bateratzeko, banatzeko, eraldatzeko, desegiteko eta kitapena egiteko baldintzak.

e) Kalifikazioa eta dena delako erregistroan inskribatzea eta egiaztatzea.

f) Bazkideen eskubideak eta eginbeharrak.

g) Ekonomia-erregimena eta dokumentazio soziala.

h) Adiskidetzea eta bitartekaritza.

i) Kooperatiba-taldeak eta kooperatiben arteko ekonomia-lankidetzarako jardun-moduak.

Kooperatiba-mugimendua arautzea eta sustatzea ere 1. paragrafoko eskumen horren barruan daude kasu guztietan, batez ere, enpresan esku hartzeko bideak sustatzeko, langileak ekoizpen-baliabideetara iristeko bidea sustatzeko, eta gizartearen eta lurraldearen kohesioa sustatzeko.

Kooperatiba-mugimendua arautzeak eta sustatzeak zeregin hauek ere badakartzate:

a) Kooperatiben elkartegintza arautzea.

b) Kooperatiba-heziketa eta –prestakuntza.

c) Kooperatibei laguntza-publikoak emateko irizpideak zehaztea, baldintzak arautzea, laguntza horiek ematea eta kontrolatzea.

Generalitateari dagokio gizarte-ekonomiaren arloa sustatzeko eta antolatzeko eskumen esklusiboa.

125. artikulua.- Zuzenbide publikoko korporazioak eta lanbide tituludunak.

Elkargo profesionaletan, akademietan, nekazaritza-, merkataritza-, industria- nahiz nabigazio-ganberetan, eta interes ekonomikoak eta profesionalak ordezkatzen dituzten zuzenbide publikoko beste korporazio batzuetan, Generalitateari dagokio eskumen esklusiboa, 2. eta 3. paragrafoetan ezarritakoari dagokionez izan ezik:

Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan ezarritakoa errespetatuta, hauek ere eskumen honen barruan egongo dira beti:

a) Gai hauek guztiak arautzea: barruko antolaketa, funtzionamendua eta ekonomia- erregimena, aurrekontu- eta kontabilitate-erregimena, elkargora biltzeko eta atxikitzeko erregimena, kideen eskubide-eginbeharrak eta diziplina-erregimena.

b) Eginkizunak zehaztea eta nori bereak ematea.

c) Administrazioaren gainbegiratzea.

d) Korporazioetako kideak hautatzeko erabili beharreko hauteskunde-sistema eta -prozedura zehaztea.

e) Lurralde-mugak zehaztea eta, halakorik gerta daitekeenerako, Katalunia barruko taldekatzeak zehaztea.

Lehen paragrafoan aipaturik dauden korporazioak definitzeko, halakoak sortzeko baldintzak zehazteko eta haietako kidea izateko baldintzak zehazteko, Generalitateak eskumen partekatua du.

Merkataritza-, industria- eta nabigazio-ganberek, Generalitateak Estatuarekin aurretiaz akordioa lortuta, atzerriko merkataritzan eginkizunak burutu ditzakete, eta ganberaren baliabideak eginkizun horietan erabil ditzakete.

Generalitateari dagokio, ikasketa-tituluei eta lanbide-tituluei buruz ezarrita dauden arau orokorrak eta Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan ezarritakoa errespetatuta, lanbide tituludunen jarduerari buruzko eskumen esklusiboa, honako hauek ere barruan direla beti:

a) Lanbide tituludunetan jarduteko betekizunak eta baldintzak zehaztea, profesional tituludunen eskubideak eta eginbeharrak finkatzea eta bateraezintasunen inguruko erregimena ezartzea.

b) Intrusismoaren eta jarduera okerren aurkako administrazioko bermeak arautzea, eta nahitaez eman beharreko zerbitzu profesionalak arautzea.

c) Lanbide tituludunetan jarduteko diziplina-araubidea.

126. artikulua.- Kreditua, bankuak, aseguruak eta gizarte-segurantzaren sisteman sartu gabeko mutualitateak.

Generalitateari dagokio eskumen esklusiboa gizarte-segurantzaren sisteman sartu gabeko gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen egitura, antolaketa eta funtzionamenduaren inguruko arloan.

Generalitateari dagokio aurrezki-kutxa ez diren kreditu-etxeak, kreditu-kooperatibak, pentsio-planak eta –funtsak kudeatzeko erakundeak eta aseguru-merkatuan diharduten erakunde fisiko eta juridikoak (lehendabiziko paragrafoan aipatu ez direnak) egituratzeko, antolatzeko eta funtzionamenduaz arduratzeko eskumen partekatua, betiere, Estatuko oinarrietan finkatutako ezarrita dauden printzipioak, arauak eta estandar minimoak errespetatuta.

Generalitateari dagokio 1. eta 2. paragrafoetan aipaturik dauden erakundeen jarduerarekiko eskumen partekatua.

Estatuko legeriak esleitutako erregelamenduzko betearazpen-egintzak ere barruan ditu eskumen honek.

Generalitateari eskumen partekatua dagokio 2. paragrafoan aipaturik dauden erakundeetako diziplina, ikuskaritza eta zehapenen gainean.

127. artikulua.- Kultura.

Generalitateari dagokio kultura-arloko eskumen esklusiboa.

Eskumen esklusibo horrek hauek hartzen ditu beti bere barruan:

a) Katalunian egindako arte- eta kultura-arloetako jardunak, hauek barnean direla:

Lehenengoa.

Edozein eratako euskarria duten liburuak eta aldizkariak ekoizteko eta banatzeko neurriak, baita legezko gordailua kudeatzeko eta identifikazio-kodeak emateko neurriak ere.

Bigarrena.

Zinema-aretoak arautzea eta ikuskatzea, zinema-industria babesteko neurriak hartzea eta helbide soziala Katalunian duten enpresa banatzaileei bikoizketarako lizentziak kontrolatzea eta ematea.

Hirugarrena.

Filmak eta ikus-entzunezkoak adinaren arabera eta kultura-balioen arabera sailkatzea.

Laugarrena.

Katalunian dauden kultura-ekipamenduak sustatzea, planifikatzea, eraikitzea eta kudeatzea.

Bosgarrena.

Generalitateak arauak sortzeko eskumena duen zergetan, kulturgintza sustatzeko neurri fiskalak ezartzea.

b) Kultura-ondareak, honako hauek barruan dituela beti:

Lehenengoa.

Kataluniako kultura-ondarea aberastu eta jendartean zabalduko dela bermatzeko eta guztientzat eskuragarriago egongo dela bermatzeko neurriak arautzea eta betearaztea.

Bigarrena.

Arkitekturak, arkeologiak, zientziak, teknikak, historiak, arteak, etnologiak eta kulturak oro har utzitako ondarea ikuskatzea, inbentarioetan biltzea eta zaharberritzea.

Hirugarrena.

Kataluniako kultura-ondarea osatzen duten ondasun higigarriei eta higiezinei lotutako jardunetan bete beharreko araubide juridikoa ezartzea, ondasun higiezinen araubide juridikoa zehaztea, eta ondasun horiek hala izendatzea eta kudeatzea, Estatuak titulartasunpean dituenak salbuespen direlarik.

Laugarrena.

Kataluniako kultura-ondarea babestea, eta, babes-lan horren barruan, ondasunak beren horretan zaintzea, konpontzea, ondasunak zaintzeko erregimena ezartzea eta ondasunak kontrolatzea, betiere, ondare hori osatzen duten ondasunak esportaziotik eta espoliaziotik babesteko Estatuak duen eskumenari kalterik egin gabe.

c) Artxiboak, liburutegiak, museoak eta Estatuarenak ez diren gainerako kultura-ondaretegi guztiak, eginkizun hauek beti barruan direla:

Lehenengoa.

Artxibo-sistema eta liburutegi-sistema osatzen duten zentroak, museoak eta gainerako kultura-gordailu diren beste zentroak sortzea, kudeatzea, babestea eta haien araubide juridikoa taxutzea.

Bigarrena.

Aipatutako zentro horietan jasota dauden ondasun dokumentalen, bibliografikoen eta kulturalen araubide juridikoa ezartzea.

Hirugarrena.

Kataluniako ondare dokumental eta bibliografikoa osatzen duten ondasunak zaintzea eta errekuperatzea.

d) Kultura sustatzea, eta, horri lotuta, hauek ere bai:

Lehenengoa.

Katalunian sortzen nahiz ekoizten diren antzerki-lanak, musika-lanak, ikus-entzunezkoak, literatura, dantza, zirkoa eta beste arte konbinatu batzuk sustatzea eta zabaltzea.

Bigarrena.

Kataluniako kultura-ondarea, arte-ondarea eta monumentu-ondarea eta kultura-gordailu diren zentroak sustatzea eta zabaltzea.

Hirugarrena.

Kultura kataluniarra nazioartean zabaltzea.

Estatuaren jabetzapekoak izanik Katalunian dauden artxiboak, liburutegiak, museoak eta kultura-gordailu diren zentroak direla-eta, Generalitateari dagokio eskumen betearazlea, eta, eskumen horren barnean dago, beti, funtzionamendua, antolaketa eta langile-araubidea arautzeko ardura.

Kultura-ondasunei eta kultura-ekipamenduei dagokienez Estatuak Katalunian egindako inbertsio-jardunetan Generalitatearekin akordioa adostu beharko da aurretik.

Kultura kataluniarra nazioartean zabaltzearren Estatuak burutzen dituen jardunak direla-eta Estatuko eta Generalitateko Gobernuek elkarrekin aritzeko lankidetzarako eta elkarlanerako moduak taxutu behar dituzte, betiere, Estatutu honetako V. tituluan ezarritakoari jarraituz.

128. artikulua.- Deiturak eta leku- eta kalitate-adierazgarriak.

Generalitateari dagokio, Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan ezarritakoa errespetatuta, jatorri-deituren eta beste kalitate-adierazgarri batzuen eskumen esklusiboa, eta, eskumen horren barruan, baita halakoak sortzeko eta funtzionatzeko araubide juridikoa ere, eta, hortaz, baita eginkizun hauek ere:

a) Produktuek izan ditzaketen babes-mailak eta babes-maila horien araubidea eta baldintzak zehaztea, eta dakartzaten eskubideak eta eginbeharrak finkatzea.

b) Deituren titulartasun-erregimena ezartzea, betiere, jabetza industrialaren inguruko legeria errespetatuta.

c) Produktu horiek ekoizteko eta salerosteko moduak eta baldintzak baita aplikatu beharreko zehapen-araubidea ere arautzea.

d) Dena delako jatorri-deituraren edo kalitate-adierazgarriaren administrazio-antolaketarako erregimena, bai ekoizpenaren eta salerosketaren kontrol-gaietarako bai kudeaketa-gaietarako.

Lehen paragrafoan aipaturik dagoen eskumen horren barruan deituren edo adierazgarrien aitorpena eta erregulazio-arauen onarpena daude, eta deiturekin nahiz adierazgarriekin zerikusia duten jarduerak kudeatzeko eta kontrolatzeko administrazio-ahalmen guztiak ere bai, batez ere, administrazioak dena delako deitura ikuskatzeko izan dezakeen arduratik sortzen direnak eta deituraren araubidea urratu izana zigortzeko ahalmena erabiltzeak dakartzanak.

Deiturak bere barnean duen lurraldea Kataluniako muga baino urrunago zabaltzen bada, deitura horretako organoek Katalunian dauden lur-sail eta instalaziotarako darabiltzaten jardunekiko izango du Generalitateak kudeaketa- eta kontrol-ahalmena, betiere, legeetan ezarritakoari jarraituta.

Generalitateak deitura-organoetan hartuko du parte, eta organo horien kudeaketa-ahalmenak baliatuko ditu.

Generalitateak jatorrizko deitura edo babespeko adierazgarri geografiko bat onartu izanak berarekin dakartzan babes-eginbeharrak baliatuko ditu Generalitateak berak bere lurraldeari dagokionez.

Kasuan kasuko agintariek lankidetzan jardun behar dute Kataluniako deitura geografikoak eta kalitate-deiturak Kataluniako lurraldetik kanpo babesten, baita Europako eta nazioarteko babes-instituzioetan ere.

129. artikulua.- Zuzenbide zibila.

Generalitateari dagokio Zuzenbide zibilaren arloko eskumen esklusiboa, Konstituzioaren 149.1.8 artikuluaren arabera kasu guztietan Estatuari esleitu zaizkion arloak salbuespen direla.

Eskumen honek Kataluniako zuzenbide zibilaren lege-iturrien sistema zehazteko ardura ere hartzen du bere barruan.

130. artikulua.- Zuzenbide prozesala.

Generalitatearen ardura da Kataluniako zuzenbide substantiboaren berezitasunetik datozen berariazko prozesu-arauak ematea.

131. artikulua.- Hezkuntza.

Generalitateari eskumen esklusiboa dagokio, Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, nahitaezko irakaskuntzaren ondoren egindako ikasketen arloan, baldin eta Estatu osoan indarra duen ikasketa- edo lanbide-titulu nahiz egiaztagiriren bat lortzeko ez badira, eta eskumen bera du ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxeen arloan ere.

Generalitateari eskumen esklusiboa dagokio, Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, Estatu osoan indarra duen ikasketa- edo lanbide-tituluren bat lortzeko diren ikasketen arloan, nahitaezkoak izan nahiz aukerakoak izan, baita haur-hezkuntzako ikasketen arloan ere, betiere, eskumen horren barruan hauek daudela:

a) Bere lurraldean irakaskuntza-programazioan eragina jasaten duten sektoreen partaidetza- eta kontsulta-organoak arautzea.

b) Haur Hezkuntzako lehendabiziko zikloan garatu beharreko hezkuntza-edukiak finkatzea eta ziklo hori ematen duten ikastetxeak arautzea, baita irakasleen plantillak eta gainerako langileen titulazioak eta espezializazioak zehaztea ere.

c) Ikastetxe publikoak sortzea, antolakuntza aldetik garatzea eta beren araubidea finkatzea.

d) Hezkuntza-sistema ikuskatzea, sistemaren barne-ebaluaketa egitea, hezkuntzaren berritze-bidea, ikerlana eta saiakera-lana egitea, baita hezkuntza-sistemaren kalitatea bermatzea ere.

e) Ikaste-lana, bekak eta laguntzak funts propioekin sustatzeko erregimena finkatzea.

f) Irakasleak eta hezkuntzan diharduten gainerako langileak etengabean prestatzea eta hobetzea, eta giza baliabideen arloan jarduteko jarraibideak onartzea.

g) Ikastetxe publikoetan eta diru publikoaren bidez lan egiten duten ikastetxe pribatuetan, hezkuntza-zerbitzuak eta eskolaz kanpoko jarduera osagarriak finkatzea.

h) Nahitaezko irakaskuntzarako adina gainditua duten ikasleentzako ikasketak antolatzea, bertaratu beharrik gabeko erregimenean.

Bigarren paragrafoan arautu gabe geratutako gaiei dagokienez eta paragrafo horretan jasotako ikasketei lotuta, betiere, Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, heziketa izateko eta irakaskuntza-askatasuna izateko eskubidearen funtsezko ezaugarriak errespetatuta, eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluan ezarritakoaren arabera, Generalitateari eskumen partekatua dagokio, hauek beti barruan daudela:

a) Irakaskuntza programatzea, definitzea eta hezkuntza-sistemari buruzko ebaluazio orokorra egitea.

b) Irakaskuntza-arloa eta irakaste-lana eta hezte-lana arautzea.

c) Kasuan kasuko ikasketa-planak taxutzea, curriculumaren antolaketa ere barruan dagoela.

d) Ikaste-lana, bekak eta Estatuko laguntzak sustatzeko erregimena ezartzea.

e) Hezkuntza eskuragarri jartzea, eta ikastetxeetan ikasleak onartzeko eta ikasle horiei eskolak emateko irizpideak ezartzea eta arautzea.

f) Hezkuntza-sistemako ikasketei eta ikasketa horiek ematen dituzten ikastetxeei funts publikoen bidez eusteko erregimena.

g) Ikastetxeetako eta heziketa-zentroetako eskakizunak eta baldintzak ezartzea.

h) Ikastetxe publikoak eta funts publikoez diharduten ikastetxe pribatuak antolatzea.

i) Hezkuntza-komunitateak ikastetxe publikoak eta funts publikoez diharduten ikastetxe pribatuak kontrolatzen eta kudeatzen izan beharreko partaidetza zehaztea.

j) Hezkuntza-administrazioko irakasle funtzionario bilakatzeko eta izaera hori galtzeko modua ezartzea, funtzionario horiek dituzten oinarrizko eskubideak eta eginbeharrak garatzea, eta hezkuntza-administrazioan aritzen diren langileentzako politika taxutzea.

Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, Estatuko ikasketa-tituluak eta lanbide-tituluak emateko eta homologatzeko eskumen betearazlea dauka Generalitateak.

132. artikulua.- Larrialdiak eta babes zibila.

Babes zibilaren arloko eskumen esklusiboa Generalitateari dagokio, eta, eskumen horren barnean, eginkizun hauek denak, kasu guztietan: larrialdiei eta segurtasun zibilari buruzko neurriak arautzea, antolatzea eta betearaztea, babes zibileko zerbitzuak zuzentzea eta koordinatzea, baita, hortaz, suteei aurrea hartzeko eta suteak itzaltzeko zerbitzuak ere; betiere, tokiko gobernuek gai horretan dituzten ahalmenei kalterik egin gabe, eta segurtasun publikoaren arloan dituen eskumenak betetzerakoan Estatuak ezarritakoa errespetatuta.

Larrialdiei eta babes zibilari lotutako egoerak Kataluniatik haratago ere iristen badira, Generalitateak beste autonomia-erkidego batzuekiko eta Estatuarekiko lankidetza-tresnak behar ditu sustatu.

Itsasoko laguntzaren arloan Generalitateari dagokio eskumen betearazlea, betiere, Estatuko legeriak ezartzen duenari jarraituz.

Segurtasun nuklearraren arloan Generalitateak betearazpenean hartzen du parte, horretarako izenpetutako hitzarmenetan, eta, hala dagokionean, legeetan ezarritakoa errespetatuz.

133. artikulua.- Energia eta meatzeak.

Generalitateari dagokio energiaren arloko eskumen partekatua.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Energia ekoizteko, biltegiratzeko eta garraiatzeko jarduerak arautzea, oso-osorik Kataluniako lurraldean barrena igarotzen diren instalazioak jartzeko baimenak ematea eta Katalunian dauden instalazio guztietan ikuskatze-lanak eta kontrol-jardunak egitea.

b) Katalunian egiten den energia-banaketari lotutako jarduna arautzea, horretarako behar diren instalazioak jartzeko baimenak ematea, eta Katalunian diren instalazio guztietan ikuskatze-lana eta kontrol-jarduna egitea.

c) Energia-horniketarako zerbitzuen kalitatearen inguruko arau osagarriak garatzea.

d) Energia berriztagarriak eta energia eraginkortasuna sustatzea eta kudeatzea.

Kataluniako lurraldea baino haratago baldin badoaz, edo energia Kataluniatik kanpora erabiltzekoa baldin bada, energia ekoizteko eta garraiatzeko instalazioetarako baimenak emateko prozeduran esku hartzen du Generalitateak, aurretiaz bete beharreko txosten bat eginez.

Kataluniako lurraldean eragina duen estatu-mailako energia-sektorea arautzen eta planifikatzen esku hartzen du Generalitateak.

Generalitateari dagokio meatze-erregimenaren eskumen partekatua.

Eskumen horren barnean egongo dira, beti, Kataluniako lurraldean dauden meatzeak eta meatze-baliabideak eta Katalunian egiten diren erauzketa-jardunak arautzea eta Administraziotik horietan esku hartzeko eta kontrolatzeko erregimena ezartzea.

134. artikulua.- Kirola eta aisialdia.

Generalitateari dagokio kirol-arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Kirola eta gorputz-ariketa sustatzea, zabaltzea, planifikatzea eta koordinatzea, gauzatzea, arlo horretan aholkuak ematea, esparru hori ezartzea eta proiektatzea Kataluniako edozein tokitan, gizarte maila guztietan.

b) Bitartekaritza-organoak antolatzea kirol-arloan.

c) Kirol-prestakuntza arautzea, eta goi-mailako errendimendua eta teknifikazioa sustatzea.

d) Kataluniako eremuan kirola eta gorputz-ariketa sustatzen eta antolatzen dituzten Kataluniako erakundeak eta kirol-federazio nahiz -klubak arautzeko araubide juridikoa ezartzea, eta kirol-erakundeak onura publikokoak direla deklaratzea.

e) Kirol-jarduna sustatzen eta antolatzen duten erakundeek kirol-, lehia- eta hauteskunde-arloetan errespetatu beharreko diziplina arautzea.

f) Kirol-elkartegintza sustatzea eta bultzatzea.

g) Sozietatearen egoitza Katalunian dutela, kirola eta gorputz-ariketa sustatzen eta antolatzen dituzten erakundeak erregistratzea.

h) Kataluniako kirol-ekipamenduen sarea planifikatzea eta helburu hori iristeko zeregina bultzatzea.

i) Kirol-jardunean eta gorputz-ariketan diharduten kirolgileen osasuna eta mediku-azterketak kontrolatzea eta ikuskatzea.

j) Kirol-ikuskizun publikoetan indarkeriarik egon ez dadin, prebentzio- eta kontrol-zereginak arautzea, betiere, segurtasun publikoaren arloan Estatuak bereak dituen eskumenak errespetatuta.

k) Kirola eta gorputz-ariketa egiten eta antolatzen diharduten pertsonen eta ikusleen osasuna bermatzea, eta kirol-ekipamenduen segurtasuna eta kontrola bermatzea osasun-arloari dagokionez.

l) Ikerkuntza zientifikoa garatzea kirol-arloan.

Kirola garatzeko helburua duten erakunde eta organismoetan hartzen du parte Generalitateak bai Estatuan bai Europan bai nazioartean ere.

Generalitateari dagokio aisialdi-arloko eskumen esklusiboa; eskumen horrek bere barruan hartuko ditu, egoera edozein dela ere, Kataluniako lurraldearen barruan egiten diren jardunak sustatzea eta arautzea, eta aisialdiko jardunak burutzeko helburua duten erakundeak arautzeko araubide juridikoa ezartzea.

Aisialdia garatzeko helburua duten erakunde eta organismoetan hartzen du parte Generalitateak bai Estatuan bai Europan bai nazioartean ere.

135. artikulua.- Estatistika.

Generalitatearen interesekoa den estatistikaren arloko eskumen esklusiboa dagokio Generalitateari, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Estatistika-arloa planifikatzea.

b) Administrazio-arloa antolatzea.

c) Generalitatearen estatistika-sistema ofizial propioa eratzea.

Generalitatea partaide eta lankide da autonomia-erkidegoz haraindiko irispidea duten estatistikak egiten.

136. artikulua.- Kataluniako herri-administrazioen zerbitzura diharduten langileak eta funtzio publikoa.

Funtzio publikoaren arloan, honako eskumen hauek ditu Generalitateak, tokiko autonomiaren printzipioa errespetatuta:

a) Eskumen esklusiboa du bai Kataluniako herri-administrazioen zerbitzura diharduten langileen estatutu-araubidea ezartzeko, bai funtzio publikoa ordenatu eta antolatzeko, b) idatz-zatian ezarritakoa salbuespen dela.

b) Eskumen partekatua du enplegu publikoa, funtzionario-izaera eskuratu nahiz izaera hori galtzeko moduak, eta herri-administrazioen zerbitzura diharduten langileen eskubideak, eginbeharrak eta bateraezintasunak eta administrazio-egoerak antolatzeko printzipioak garatzeko.

c) Eskumen esklusiboa du, lan-kontratuko langileen eremuan, bai lanpostuen zerrenda administrazio-antolamenduak dakartzan beharrizanei egokitzeko, bai eta langile horiek prestatzeko ere.

137. artikulua.- Etxebizitza.

Generalitateari dagokio etxebizitza-arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Etxebizitzaren arloa planifikatzea, antolatzea, kudeatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea, gizarteak dituen beharrizanak eta lurraldeen arteko oreka aintzakotzat hartuta.

b) Kataluniako herri-administrazioek etxebizitza-arloan egiten duten sustapen-lanari dagokionez helburuak eta lehentasunak ezartzea, eta horiek guztiak lortzeko hartu beharreko neurriak hartzea, esparru publikoaren zein pribatuaren inguruan.

c) Etxebizitzak egiteko sustapen publikoa baliatzea.

d) Etxebizitzaren inguruko merkatua administrazio-arloan arautzea, eta babes- nahiz diziplina-neurriak ezartzea arlo horri dagokionez.

e) Eraikuntzaren kalitatea ikuskatzea, kontrolatzea eta horri buruzko arau teknikoak ematea.

f) Etxebizitzetako bizigarritasunari buruzko arauak ematea.

g) Berrikuntza teknologikoa eta garapen iraunkorra etxebizitzetan aplikatzea.

h) Etxebizitzak kontserbatzeari eta mantentzeari buruzko arauak ematea eta aplikatzea.

Telekomunikazioak, irrati-zabalkundea, oinarrizko telefonia eta kable bidezko beste zerbitzu batzuk emateko azpiegitura erkideak instalatzerakoan, eraikinetan bete beharreko baldintzak ezartzeko eskumena Generalitateari dagokio, betiere, Estatuak telekomunikazio-arloan duen legeria errespetatuta.

138. artikulua.- Immigrazioa.

Generalitateari eskumen hauek dagozkio, immigrazio-arloan:

a) Immigratutako pertsonei hasierako laguntza emateko eskumen esklusiboa, argibideak eta laguntza sozio-sanitarioak emateko jardunak barnean direla.

b) Immigratutako pertsonak integratzeko politika garatzea, bere eskumenen esparruaren barnean.

c) Etorkinak gizartean eta ekonomian integratzeko eta gizartean esku hartzeko hartu behar diren neurriak hartzea eta neurri horiek arautzea.

d) Etorkinak hartzeko eta integratzeko erreferentzia-esparrua ezartzea legearen bidez.

e) Kataluniara itzulitako pertsonak integratzea, sustatzea eta laguntzea, eta itzulera hori errazagoa izan dadin erabili beharreko politika eta neurri egokiak bultzatzea.

Generalitateari dagokio atzerritarren lan-baimenaren arloko eskumen betearazlea, atzerritar horiek duten lan-harremana Katalunian gauzatzen denean.

Atzerritarrak sartzeko eta bertan bizitzeko Estatuari dagokion eskumenarekin nahitaez koordinatuta burutu behar da eskumen hau, honako hauek ere barnean dituela:

a) Bere konturako nahiz inoren konturako langileentzako hasierako lan-baimenak tramitatzea eta ebaztea.

b) Aurreko a) idatz-zatian adierazitako espedienteak direla-eta aurkezten diren errekurtsoak tramitatzea eta ebaztea, eta ikuskapen- eta zehapen-erregimena aplikatzea.

Generalitateari dagokio, Kataluniarentzat erabateko garrantzia duela, Estatuak immigrazioari buruz hartzen dituen erabakietan parte hartzea, eta, bereziki, atzerriko langile-kopurua ezartzeko orduan aurretiaz eta aginduz parte hartzea, V. tituluan ezarritako mekanismoen bitartez,

139. artikulua.- Industria, artisautza, metrologia-kontrola eta metalen kontrastea.

Generalitateari dagokio industria-arloko eskumen esklusiboa, 2. paragrafoan ezarritakoan izan ezik.

Eskumen honek barruan hartzen ditu, egoera edozein dela ere, Kataluniako industria-sektoreak eta -prozesuak antolatzea, industria-arloko jarduerak, instalazioak, ekipamenduak, prozedurak eta produktuak babesteko segurtasuna zaintzea, eta pertsonen segurtasunean edo osasunean kalte egin dezaketen industria-jardunak arautzea.

Generalitateari dagokio industria-arloko plangintzan dagoen eskumen partekatua, betiere, ekonomiari buruzko plangintza orokorraren esparruan.

Generalitateari dagokio artisautzaren arloko eskumen esklusiboa.

Generalitateari dagokio metrologia-kontrolaren arloko eskumen betearazlea.

Generalitateari dagokio metalen kontrastearen arloko eskumen betearazlea.

140. artikulua.- Garraio-azpiegiturak eta komunikazioetakoak.

Generalitateari dagokio Kataluniako lurraldean dauden portuak, aireportuak, heliportuak eta gainerako garraio-azpiegiturak zuzentzeko eskumen esklusiboa, baldin eta interes orokorrekoak direla legez ezarrita ez badago.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Garraio-arloari lotuta, araubide juridikoa ezartzea, plangintza egitea eta kudeatzea portuak eta aireportuak, portuetako eta aireportuetako instalazioak, itsas instalazio txikiak, portu- eta aireportu-esparruetako zamalanerako geltokiak eta gainerako garraio-azpiegiturak.

b) Zerbitzua emateko beharrezko den jabari publikoa kudeatzea, eta, batez ere, portuetako edo aireportuetako esparru barruan erabiltzekoak diren emakidak eta baimenak ematea.

c) Portuetako edo aireportuetako zerbitzuetan izan beharreko erregimen ekonomikoa ezartzea, eta, batez ere, azpiegitura erabiltzeagatik eta zerbitzua emateagatik, tarifa- eta zerga-ahalak zehaztea, eta era guztietako zergak eta kargak jaso eta biltzea.

d) Portuetako edo aireportuetako zerbitzu-gunea mugatzea, eta portu- edo aireportu-esparru barruko nahiz beste garraio-azpiegitura batzuetako erabilerak, ekipamenduak eta jardun osagarriak zehaztea, betiere, jabari publikoaren titularrak dituen ahalmenak errespetatuta.

Generalitateak autonomia-erkidegoz gaindiko organismoetan hartzen du parte, erakunde horiek, titulartasuna Estatuaren esku egonik ere, Katalunian dauden garraio-azpiegiturei buruz eginkizunak dituztenean.

Katalunian dagoen portu, aireportu edo beste garraio-azpiegitura bat interes orokorrekotzat izendatzeko, beharrezkoa da Generalitatearen aurretiazko txostena; Generalitateak horren kudeaketan parte hartu ahal izango du, edo bere ardurapean hartu, legeetan ezarritakoaren arabera.

Generalitateari dagokio interes orokorrekoak diren portu eta aireportuak planifikatzen eta programatzen parte hartzea, betiere, Estatuko legeetan ezarritakoa aintzakotzat hartuta.

Generalitateari dagokio bide-sareari buruzko eskumen esklusiboa Kataluniako lurralde-esparru osoan, eta Estatuak Katalunian duen bide-sarea kudeatzen parte hartzea ere badagokio, Estatuko legeetan ezarritakoa aintzakotzat hartuta.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Kataluniako bide-sarea erabat ordenatzea, planifikatzea eta kudeatzea.

b) Generalitatearen titulartasuna duten bide-sarearen osagai guztien araubide juridikoa eta finantzarioa ezartzea.

c) Kataluniako bide-sarea osatzen duten elementuen arteko konexio-maila indartzea, bai elkarri lotzeko, bai beste garraio-azpiegitura edo -sare batzuei lotzeko.

Generalitateari dagokio trenbide-arloari buruzko eskumen esklusiboa izatea bere titulartasuna duten azpiegiturei dagokienez, bai eta, titulartasuna Estatuaren esku egonik ere, Katalunian dauden azpiegiturak planifikatzen eta kudeatzen parte hartzea, betiere, Estatuko legeetan ezarrita dagoenaren arabera.

Generalitateari dagokio, Estatuaren legeetan ezarritakoaren arabera, komunikazio elektronikoei buruzko eskumen betearazlea izatea, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Sarbide unibertsala eskaintzen duten zerbitzuen gutxieneko multzoa sustatzea.

b) Telekomunikazioetako azpiegitura erkideak ikuskatzea eta kasuan kasuko zehatzeko ahala erabiltzea.

c) Kataluniako lurraldea baino haratago ez doan estaldura-multiplexa elkarrekin batera duten irratidifusiorako operadoreen arteko auziak ebaztea.

d) Kataluniako lurraldetik haratago ez doazen multiplexen kudeatzaileen erregistroa eta telekomunikazioetako azpiegitura erkideak jartzeko instalatzaileen erregistroa kudeatzea.

141. artikulua.- Jokoak eta ikuskizunak.

Generalitateari dagokio joko, apustu eta kasinoen arloko eskumen esklusiboa, jarduera erabat Katalunian burutzen denean, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Jokoak eta apustuak sortzea eta baimentzea, joko eta apustu horiek arautzea, eta jarduera horiek kudeatu, ustiatu eta burutzeko xedea duten enpresak edo orokorrean jokoarekin zerikusia duten materialak merkaturatu eta banatzeko xedea duten enpresak arautzea ere bai, bitarteko informatiko eta telematikoak erabilita egindako jokoak ere barruan direla.

b) Jarduera horiek burutzeko erabilitako lokalak, instalazioak eta ekipamenduak arautzea eta kontrolatzea.

c) Jokoaren jardunari buruzko zerga-erregimena finkatzea, bere eskumenen esparruan, era horretako jardunak burutzen dituzten enpresentzat.

Estatuaren esparrua hartzen duten joko- eta apustu-modalitate berriak baimentzeko, edo orain daudenak aldatzeko, V. tituluan ezarritako Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordearen eztabaida behar da nahitaez eta Generalitatearen aurretiko txosten erabakigarria ere bai.

Generalitateari dagokio ikuskizunen eta jolas-ekintzen arloko eskumen esklusiboa; eskumen horrek bere barnean hartuko ditu, egoera edozein dela ere, sektorearen ordenamendua, administrazioak esku hartzeko erregimena, eta gune eta lokal publikoetan egiten diren era guztietako ikuskizunen kontrola.

142. artikulua.- Gazteria.

Generalitateari dagokio gazteria-arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Gazteriari zuzendutako politikak, planak eta programak diseinatzea, aplikatzea eta ebaluatzea.

b) Gazteen elkartegintza, gazte-jendeak parte hartzeko ekimenak, nazioarteko mugigarritasuna eta gazteen turismoa sustatzea.

c) Gazteentzako jardunak eta instalazioak arautzea, kudeatzea, esku-hartzea eta arlo horretan administrazio-poliziari dagozkion lanak egitea.

Generalitateari dagokio nazioarteko erakundeekin akordioak sinatzea eta, erakunde horien arautegietan horretarako biderik emanez gero, erakundeetan parte hartzea, Estatuarekin batera lankidetzan nahiz bere kabuz, bakarrik; horrez gain, nolanahi den ere, bizilekua Katalunian duten pertsona, instalazio nahiz erakundeetan eragina badute, nazioarteko erakundeek emandako dokumentuak tramitatzea ere badagokio, betiere, Estatuko legeria errespetatuta.

143. artikulua.- Berezko hizkuntza.

Kataluniako Generalitateari dagokio berezko hizkuntzaren arloko eskumen esklusiboa; eskumen horren barruan izango da beti bere ofizialtasunaren irispidea, erabilerak eta ondorio juridikoak zehaztea, eta katalanaren normalizazio linguistikoa iristea.

Generalitateari dagokio, eta Aran haraneko Conselh Generau izeneko kontseiluari ere bai, okzitaniera (aranera, Aranen aranés deitutakoa) normalizatzeko eskumena.

144. artikulua.- Ingurumena, natura-guneak eta meteorologia.

Generalitateari dagokio ingurumenaren arloko eskumen partekatua, eta babeserako arau gehigarriak ezartzeko eskumena ere bai.

Eskumen partekatu horrek hauek hartzen ditu bere barruan:

a) Ingurumen-plangintza egiteko tresnak ezartzea eta arautzea, eta tresna horiek tramitatzeko eta onesteko prozedurak ere bai.

b) Ingurumen-arloan iraunkortasuna, fiskalitatea eta ikerketa finkatzeko neurriak ezartzea eta arautzea.

c) Itsasoko eta uretako ingurumena, biodibertsitatea, natura-baliabideak, flora eta fauna arautzea, baldin eta beren helburua itsasoko arrantza-baliabideak gordetzea ez bada.

d) Ontzikiak eta bilgarriak ekoiztean, beren bizitza-ziklo osoan, sortzen direnetik hondakin izatera pasatzen diren arte, egin behar den prebentzio-lana arautzea.

e) Katalunian egindako hondakinak edo Kataluniara doazenak sortzean, egin beharreko prebentzio- eta zuzenketa-lanak, kudeaketa eta garraioa, eta azken erabilera arautzea.

f) Lurrean eta lur azpian dagoen kutsadura prebenitu, kontrolatu, zuzendu, berreskuratu eta orekatzeko zereginak arautzea.

g) Kataluniako lurraldean, lehorreko uretan botatako isurketak arautzea eta kudeatzea, baita beste autonomia-erkidego batetik igarotzen ez diren azaleko nahiz lurpeko uretan egindako isurketak ere.

Nolanahi ere, Generalitateari dagokio, bere lurralde esparruaren barruan, azaleko nahiz lurpeko uretan egindako isurketak direla-eta administrazioak izan beharreko esku-hartzeari buruzko eskumen betearazlea.

h) Atmosfera-giroa arautzea eta eguratsa zikintzen duten kutsadura-motak bereiztea, egurats kutsatua duten inguruak izendatzea eta kutsadura kontrolatzeko beste tresna batzuk ezartzea, dena delako obra, instalazioa edo jarduna burutzeko baimena emateko eskumena edozein administraziori dagokiolarik ere.

i) Berotegi-efektua eragiten duten gasak igortzeko baimenak emateko eta jarraipena egiteko erregimena arautzea.

j) Ingurumena errespetatzen duten produktuak, jardunak, instalazioak, azpiegiturak, prozedurak, ekoizpen-moduak edo jokabideak bereizteko izendapenak sustatzea.

k) Ingurumenari egindako kalteak prebenitzea, leheneratzea eta konpontzea, baita horri dagokion zehapen-erregimena zehaztea ere.

l) Espezieak babesteko neurriak eta zehapen-araubidea.

Generalitateari dagokio natura-guneen arloko eskumen esklusiboa, eta, egoera edozein izanda ere, eskumen horrek bere barruan hartuko ditu, Konstituzioaren 149.1.23 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, Katalunian dauden babestutako natura-guneak eta habitatak babesteko, zedarritzeko, planifikatzeko eta kudeatzeko ereduak arautzea eta izendatzea.

Generalitateak, Kataluniako lurraldea gainditzen duten natura-guneak direnean, beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetzan jarduteko tresnak sustatu beharko ditu natura-gune horiek sortu, zedarritu, arautu eta kudeatzeko.

Estatuaren babes-erregimena duten natura-guneak zedarritzeko eta deklaratzeko, Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordearen nahitaezko txostena beharko da.

Natura-gunea erabat Kataluniako lurraldearen barruan badago, Generalitateari dagokio natura-gune hori kudeatzea.

Generalitateari dagokio bere meteorologia-zerbitzu propioa ezartzea, meteorologia eta klimatologiaren gaineko informazioa ematea, betiere, arriskua dakarten egoera meteorologikoak iragarri, kontrolatu eta jarraituta, baita esparru horietan ikerketa-lanak egitea eta kartografia klimatikoa osatzea ere.

Generalitateak Landa Agenteen Kidegoaren bitartez baliatzen ditu bere eskumenak, agente horiek baitira eskudunak ingurumena zaintzen, kontrolatzen, babesten, erabateko prebentzio-lana egiten eta kudeaketan laguntzen.

Kidego horretako agenteek agintaritzaren agente-izaera dute, eta eurek betetzen dituzte administrazio-polizia bereziaren eta polizia judizialaren eginkizunak, legean ezarritakoaren arabera.

145. artikulua.- Baloreen merkatua eta kontratazio-zentroak.

Generalitateari dagokio Katalunian dauden balore-merkatuen eta kontratazio-zentroen arloko eskumen partekatua.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Baloreen merkatuak eta negoziazio-sistema antolatuak sortzea, izendatzea, baimentzea eta ikuskatzea.

b) Baloreen merkatuetako gidaritza-sozietateen antolakundea, funtzionamendua, diziplina eta zehapen-erregimena arautzea eta administrazio-neurri betearazleak ezartzea.

c) Merkatu horietan soil-soilik negoziatzen diren baloreak onestea, etetea, baztertzea, jaulkitzen kontrolatzea, eta onespen-betekizun gehigarriak ezartzea, baita ikuskatzea eta kontrolatzea ere.

d) Merkatu horietako kide izango diren pertsonak eta erakundeak egiaztatzea.

e) Baloreen burtsetako kideek, likidatu gabe dauden eragiketen berme modura, eratu behar dituzten fidantzak ezartzea.

146. artikulua.- Gizarteko komunikabideak eta ikus-entzunezkoen zerbitzuak.

Generalitateari honako hauek dagozkio irrati- eta telebista-zerbitzuetan, baita ikus-entzunezko beste edozein komunikabide-zerbitzutan ere:

a) Eskumen esklusiboa du Generalitatearen ikus-entzunezko komunikazioaren arloko zerbitzu publikoa eta tokian tokiko ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa emateko modua antolatzerakoan, betiere, tokiko autonomiaren bermea errespetatuta.

b) Eskumen partekatua du, Kataluniako ikus-entzuleei zuzenduta, erabilgarri diren euskarri eta teknologietarik edozein erabiltzen duten ikus-entzunezko komunikabide-zerbitzuak arautu eta kontrolatzeari buruz, bai eta, Kataluniako lurraldean banantzen badira, ikus-entzunezko komunikabideen eskaintzei buruz ere.

Generalitateari dagokio gizarteko komunikabideen arloko eskumen partekatua.

Kataluniak kultura eta hizkuntza aldetik duen aniztasuna sustatuko du gizarteko komunikabideetan Generalitateak.

147. artikulua.- Notariotza eta erregistro publikoak.

Kataluniako Generalitateari dagokio jabetzari, merkataritzari nahiz ondasun higigarriei buruzko erregistro publikoen eta notariotzen arloko eskumen betearazlea, hauek ere beti barruan direla:

a) Jabetzaren, merkataritzaren eta ondasun higigarrien arloko erregistratzaileak eta notarioak izendatzea; horretarako, oposizio libre nahiz murriztuak eta lehiaketak deitu, administratu eta ebatzi behar ditu, izendapenak formalizatu arte berari baitagokio horiek guztiak deitzea eta burutzea.

Notariotza eta erregistroetako postuak betetzeko orduan, hautagaiek eskubide-berdintasuna izan behar dute, eta hizkuntza eta zuzenbide katalanak badakizkitela egiaztatu behar dute, betiere, Estatutuan eta legeetan ezarritako modu eta neurrian.

b) Jabetzaren, merkataritzaren eta ondasun higigarrien arloko Espainiako erregistratzaileen eta notarioen kidegoetan sartzeko programak taxutzen parte hartzea, zuzenbide katalanaren gaineko jakintza egiaztatzeko.

c) Notariotzen eta erregistroen mugapeak ezartzea; era berean, horren barruan egongo da hipoteka-barrutiak eta notarioen lurralde-eskumeneko barrutiak mugatzea ere.

d) Hipoteka-kontularitza egiteko liburuak zaintzeko eta babesteko nahiz barrutietako protokoloak artxibatzeko notarioak izendatzea.

Zuzenbide katalanaren arloan titulu edo klausula zehatzak kalifikatzeko orduan egon daitezkeen errekurtsoen gaineko erregimen-arloan, errekurtso horiek jabetzari, merkataritzari nahiz ondasun higigarriei buruzko Kataluniako erregistroren bat ukitu behar dutenean, Generalitateak du eskumen esklusiboa.

Generalitateari dagokio, arautegi orokorraren esparru barruan, Erregistro Zibilaren arloko eskumen betearazlea, horren barruan zeregin hauek sartuta: bertako arduradunak, bitartekoak zein ordezkoak izendatzea, horien gainean diziplina-eginkizuna betetzea, eta bete beharreko eginkizunak betetzeko beharrezko diren giza baliabideak eta bitarteko materialak hornitzea.

Arduradun horiek hizkuntza katalana eta zuzenbide katalana badakizkitela egiaztatu behar dute, betiere, Estatutuan eta legeetan ezarritako modu eta neurri horretan.

148. artikulua.- Herri-lanak.

Generalitateari dagokio Kataluniako lurraldean egiten diren herri-lanen gaineko eskumen esklusiboa, baldin eta herri-lan horiek interes orokorrekoak direla ezarrita ez badago, edo beste autonomia-erkidego bati eragiten ez badiote.

Eskumen horren barruan daude, beti, herri-lanak planifikatzea, eraikitzea eta finantzatzea.

Herri-lana interes orokorrekoa dela ezartzeko Generalitatearen aurretiko txostena behar da.

Interes orokorrekoak direlako kalifikazioa duten obrak planifikatzen eta programatzen hartuko du parte Generalitateak, betiere, Estatuaren legeriak ezarritakoaren arabera eta Estatutu honen V. tituluan zehaztutakoari jarraituz.

Generalitateari dagokio, interes orokorrekoak ez diren herri-lan guztiak atxikita edo lotuta izango dituzten bere eskumeneko zerbitzu publikoak kudeatzea.

Interes orokorrekotzat jotako obrak edo beste autonomia-erkidego bati eragiten dioten obrak direnean, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dira obra horiek kudeatzeko.

149. artikulua.- Lurraldea eta paisaia, itsasertza eta hirigintza antolatzea.

Generalitateari dagokio lurralde- eta paisaia-antolamenduaren arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Lurraldea nahiz paisaia eta horietan eragina duten jardunak antolatzeko eta kudeatzeko jarraibideak ezartzea.

b) Lurralde-antolamendurako ereduak eta eredu horiek tramitatzeko eta onesteko prozedurak ezartzea eta arautzea.

c) Natura-guneak eta pasabide biologikoak finkatzeko ereduak ezartzea eta arautzea 144.2. artikuluan jasotakoaren arabera.

d) Generalitatearen eskumenekoak diren azpiegiturak eta ekipamenduak kokatzeko aurreikuspenak egitea.

e) Lurralde-, demografia- eta ingurumen-arloetan baita arlo sozioekonomikoan ere oreka sustatzeko berariaz neurriak hartzea.

Estatuaren titulartasuna duten azpiegiturak eta ekipamenduak non kokatu erabakitzeko, Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordeak txostena egin behar du.

Generalitateari dagokio, betiere, jabari publikoaren araubide orokorra errespetatuta, itsasertz-antolamenduaren arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Itsasertza eta hondartzak antolatzeko eta erabiltzeko lurralde-plangintzak ezartzea eta arautzea, eta, horrez gainera, tresna eta plan horiek tramitatzeko eta onesteko prozedurak arautzea.

b) Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa okupatzeko eta erabiltzeko tituluak kudeatzea, eta, batez ere, emakidak eta baimenak ematea, eta, egoera edozein dela ere, itsasoan finko egongo diren obrak egiteko baimenak ematea, betiere, ingurumenari lotutako arrazoiren bat dela-eta kostaldeko barruko uretan eta bitartekoetan ezar daitezkeen salbuespenak errespetatuta.

c) Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren araubide ekonomikoa eta finantzarioa arautzea eta kudeatzea legeria orokorrak ezarritakoari jarraituz.

d) Kataluniako itsasertzean obrak eta jardunak burutzea interes orokorrekoak ez direnean.

Generalitateari dagokio, 148. artikuluan ezarritakoaren arabera, Kataluniako itsasertzean egoteaz batera interes orokorrekoak diren obrak burutzea eta kudeatzea.

Generalitateari dagokio hirigintza-arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Lurzoruaren hirigintza-araubidea arautzea, lurzoru-motak eta beren erabilerak zehazteko irizpideak ezartzea ere horren barruan dagoela beti.

b) Lurzoruaren jabetza-araubide juridikoa arautzea, betiere, Estatuak jabetza-eskubidea baliatzerakoan berdintasunez jokatuko dela bermatzeko ezartzen dituen oinarrizko baldintzak errespetatuta.

c) Hirigintza-plangintzarako eta -kudeaketarako tresnak, baita tresna horiek tramitatzeko eta onesteko prozedurak ere ezartzea eta arautzea.

d) Lurzoru- eta etxebizitza-politika finkatzea, lurzoruaren eta etxebizitzaren gaineko ondare publikoak arautzea, eta eraikuntzan, hirigintzan eta lurzoruaren zein lurrazpiaren erabileran administrazioak izan beharreko esku-hartzea zehazteko araubidea ezartzea.

e) Hirigintza gaineko legeria babestea, beti horren barruan sartuta daudela hirigintza-arloko ikuskapena, obrak eta baimenak bertan behera uzteko aginduak, legearen kontra itxuraz aldatutakoa bere onera ekartzeko neurriak, baita hirigintza-arloko diziplina ere.

Generalitateari dagokio, Estatuko legeriak ezarritako esparruan, hirigintza-desjabetzeetako itzulketa-eskubidearen arloan dagoen eskumen partekatua.

150. artikulua.- Generalitateko administrazioaren antolaketa.

Bere administrazioa antolatzeko orduan, honako eskumen esklusibo hauek ditu Generalitateak:

a) Lurraldearen egitura, herri-organoen eta zuzendaritzaren erregulazioa, funtzionamendua eta lurralde-artikulazioa.

b) Administrazio-jardunerako antolamendu nahiz tresna aldetik dauden modalitateak.

151. artikulua.- Lurralde-antolaketa.

Generalitateari dagokio, Konstituzioaren 140. eta 141. artikuluetan ezarritako berme instituzionala errespetatuta, lurralde-antolaketari buruzko eskumen esklusiboa, hauek beti barruan direla:

a) Kataluniako lurralde-antolaketa osatzen duten erakundeak zehaztea, sortzea, aldatzea eta ezabatzea.

b) Udalerrien nahiz lurralde-esparru txikiagokoak diren toki-erakundeen zedarriak sortzea, ezabatzea eta aldatzea; udalerrien nahiz gainerako toki-erakundeen izendapena finkatzea, burutasuna erabakitzea eta ikurrak zehaztea; toponimoak finkatzea eta araubide bereziak ezartzea.

c) Lege bidez toki-erakundeen eta biztanleriaren arteko harreman-prozedurak ezartzea, betiere, tokiko autonomia errespetatuta.

152. artikulua.- Jarduera ekonomikoa planifikatzea, antolatzea eta sustatzea.

Katalunian jarduera ekonomikoa sustatzeko eskumena dagokio Generalitateari.

Katalunian jarduera ekonomikoa antolatzeko eskumen partekatua dagokio Generalitateari.

Generalitateak jarduera ekonomikoaren gaineko plangintza ezar dezake Estatuaren plangintza orokorrean ezarritako gidalerroen esparruan.

Generalitateari dagokio jarduera ekonomikoaren gaineko plangintza orokorra garatzea eta kudeatzea.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Estatutik datozen planak garatzea.

b) Estatuko plangintza-lanetan parte hartzea V. tituluan ezarritako mekanismoen bitartez.

c) Planak kudeatzea, jarduera ekonomikoa sustatzeko Estatutik datozen funtsak eta baliabideak ere barruan direla, betiere, hitzarmen bidez ezarrita dauden baldintzak errespetatuta.

153. artikulua.- Genero-politikak.

Generalitateari dagokio genero-politiken arloko eskumen esklusiboa, eta, Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak emandako eskumena baliatuz Estatuak ezarritakoa errespetatuta, eskumen horrek bere barruan hartuko ditu hauek beti:

a) Emakumezkoentzako politika-gaietan arauak, planak eta gidalerro orokorrak planifikatzea, diseinatzea, betearaztea, ebaluatzea eta kontrolatzea, baita, sexua dela-eta gertatzen den bazterkeria errotik kentzea lortzeko, Kataluniako lurralde osoan guztientzat berdin betearazi behar diren ekintza positiboak ezartzea ere.

b) Berdintasunaren alde eta bazterkeriaren kontra diharduten emakumezkoen elkartegintza sustatzea, eta arlo horretan parte hartzeko ekimenak bultzatzea.

c) Genero-indarkeriari buruzko sentsibilizazioa handitzeko eta indarkeria-mota hori antzemateko eta prebenitzeko neurriak eta tresnak arautzea, baita era horretako indarkeria jasan duten edo jasaten ari diren emakumezkoak modu integralean babesteko zerbitzu eta baliabide propioak arautzea ere.

154. artikulua.- Lehia sustatzea eta babestea.

Generalitateari dagokio markatuetan lehia sustatzeko arloko eskumen esklusiboa, gehienbat Katalunian egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez.

Generalitateari dagokio lehia bermatzeko arloko eskumen betearazlea, Kataluniako lurraldea gainditzen ez duen esparru batean merkatuaren lehia askea aldatzen duten edo aldaraz dezaketen jarduera ekonomikoei dagokienez.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Lehiari eragiten dioten ekonomia-arloko prozesuei lotutako neurriak betearaztea.

b) Zehapen-prozedura ikuskatzea eta betearaztea.

c) Merkataritza-jardueran dihardutela lehia babestea.

Generalitateari dagokio Lehiaren Defentsako Kataluniako Auzitegia ezartzeko eta arautzeko eskumen esklusiboa; organo hori independentea da, Kataluniako lurralde osoko jurisdikzioa du, eta, 1. eta 2. paragrafoetan lehia askea aldatzen duten edo aldaraz dezaketen jarduerak badira, gehienbat Katalunian egiten diren jarduera ekonomikoei buruz erabakitzea berari dagokio era esklusiboan.

155. artikulua.- Jabetza intelektuala eta industriala.

Kataluniako Generalitateari dagokio jabetza intelektualaren arloko eskumen betearazlea, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Katalunian jabetza intelektualari lotuta sortutako eskubideak edo ohiko bizilekua Katalunian duten pertsonek arlo horretan dituzten eskubideak jasotzeko erregistroa ezartzea eta arautzea, Estatukoarekin koordinatuta dagoela; eskubide horiek inskribatzeko, aldatzeko edo ezabatzeko zereginak betetzea, eta Kataluniako lurralde osoan eskubide horiek babestuko direla bermatzeko beharrezko den administrazio-jardun guztia burutzea.

Generalitateak bere erregistroan jasotako inskripzioen berri jakinarazi behar dio Estatuari, Estatuak inskripzio horiek bere erregistroan sar ditzan; Estatuarekin informazioa trukatu eta lankidetzan jardun behar du.

b) Jabetza intelektualen eskubideak modu kolektiboan kudeatzeko erakundeak baimentzea eta indargabetzea, baldin eta nagusiki Katalunian badihardute, baita erakunde horien jarduna ikuskatzeko eta kontrolatzeko zeregin osagarriak betetzea ere.

Generalitateari dagokio jabetza industrialaren arloko eskumen betearazlea, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Pertsona fisiko zein juridikoek jabetza industrialari lotuta dituzten eskubideak jasotzeko erregistroa ezartzea eta arautzea, Estatukoarekin koordinatuta dagoela.

b) Industria-arloan aplikatutako Kataluniako toponimoak babesteko defentsa juridikoa eta prozesala.

156. artikulua.- Datu pertsonalak babestea.

Generalitateari dagokio datu pertsonalak babesteko eskumen betearazlea, arlo horretako oinarrizko eskubideen bermeak aintzakotzat hartuta, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Datu pertsonalak dituzten fitxategiak edo tratamenduak inskribatzea eta kontrolatzea, datu horien sortzaile edo kudeatzaileak honako hauek direnean: Kataluniako herri-instituzioak, Generalitatearen Administrazioa, Kataluniako toki-administrazioak, autonomia-erakundeak eta zuzenbide publiko zein pribatuko gainerako erakundeak, baldin eta autonomia- edo toki-administrazioen mendekoak badira, edo, edozein eratako zuzeneko zein zeharkako kudeaketaren bidez, norberaren kontura zerbitzuak eman edo jarduerak burutzen badituzte, eta Kataluniako unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateak ere bai.

b) Datu pertsonal pribatuak dituzten fitxategiak edo tratamenduak inskribatzea eta kontrolatzea, sortzaile edo kudeatzaile edozein pertsona fisiko zein juridiko izanda ere, Generalitatearen eskumenekoak edo Kataluniako toki-erakundeen eskumenekoak diren gaiei lotutako zeregin publikoak betetzeko badira, eta datu-tratamendua Katalunian egin bada.

c) Zuzenbide publikoko korporazioek sortu eta kudeatutako datu-fitxategiak eta -tratamenduak inskribatzea eta kontrolatzea, korporazio horien eginkizunak soil-soilik Kataluniako lurralde-esparruan burutzen direnean.

d) Legebiltzarrak izendatuta, agintaritza independentea eratzea, datu pertsonalak babesteko eskubidea berma dezan Generalitateak dituen eskumenen esparruaren barruan.

157. artikulua.- Publizitatea.

Publizitate-jarduera arautzeari buruzko eskumen esklusiboa Generalitateari dagokio, Estatuaren merkataritza-legeriari kalterik egin gabe.

158. artikulua.- Ikerketa, garapena eta berrikuntza teknologikoa.

Generalitateak du eskumen esklusiboa, ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloan, Generalitatearen ikerketa-zentroen eta –egituren gainean, baita berak finantzatutako proiektuen gainean ere; eskumen horren barruan egongo dira beti honako hauek ere:

a) Ikerketa-lerro propioak ezartzea, eta proiektuak jarraitzea, kontrolatzea eta ebaluatzea.

b) Katalunian dauden ikerketa-zentroak eta –egiturak antolatzea, funtzionamendu-araubidea ezartzea, kontrolatzea, jarraipena egitea eta egiaztapenak ematea.

c) Generalitateak deitutako eta finantzatutako bekak eta diru-laguntzak arautzea eta kudeatzea.

d) Ikerlari edo ikerketa-laguntzaile diren langileei lanbide-prestakuntza ematea eta beren zeregina arautzea.

e) Zientziaren inguruko informazioa zabaltzea eta emaitzak transferitzea.

Kataluniako ikerketa-zentroak eta –egiturak koordinatzeko eskumen partekatua du Generalitateak.

Ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko politiken esparruan Estatuak eta Generalitateak lankidetzan jarduteko irizpideak V. tituluan ezarritakoaren esparruan finkatuko dira.

Era berean, arlo hauei dagokienez eragina duten politikak finkatzeko orduan, bideak ezarri behar dira Generalitateak parte har dezan bai Europar Batasunaren esparruan baita nazioarteko beste organismo eta instituzio batzuetan ere.

159. artikulua.- Araubide juridikoa, prozedura, kontratazioa, desjabetzea eta erantzukizuna Kataluniako herri-administrazioetan.

Generalitateari eskumen esklusiboa dagokio Kataluniako herri-administrazioen prozeduraren eta araubide juridikoaren arloan, betiere, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluak eraginik ez duen kasuetan.

Eskumen horren barruan, eginkizun hauek daude:

a) Administrazio-eginkizunak burutzeko beharrezko diren bitarteko guztiak, ondare-ondasunen eta jabari publikokoen araubidea ere barruan dagoela.

b) Generalitatearen eskumenekoak diren esparru material guztietan kontrolatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko ahalak.

c) Kataluniako zuzenbide substantiboaren berezitasunetik edo Generalitatearen antolakundearen bereizgarrietatik datozen administrazio-prozedurako arauak ematea.

Generalitateari eskumen partekatua dagokio, Kataluniako herri-administrazioen prozedurari eta araubide juridikoari dagokielarik, 1. paragrafoan adierazi gabe geratu den guztian.

Generalitateari dagozkio honako hauek, Kataluniako herri-administrazioetako kontratuak direla-eta:

a) Eskumen esklusiboa, Kataluniako herri-administrazioetako organoek kontratazio-gaietan izan beharreko antolamenduari eta eskumenei buruz, eta Administrazioaren kontratuak gauzatu, aldatu eta suntsiarazteko arauei buruz, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluak eraginik ez duen kasuetan.

b) Eskumen partekatua, aurreko a) idatz-zatiaren arabera Generalitatearen eskumen esklusiboan sartzen ez den guztirako.

Generalitateari dagokio nahitaezko desjabetze gaietan eskumen betearazlea, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Kataluniako administrazioak desjabetzeko ahalaz baliatu ahal izateko egoerak, arrazoiak eta baldintzak erabakitzea.

b) Desjabetutako ondasunak balioesteko irizpideak ezartzea, beren izaera eta gizartean bete beharreko eginkizuna nolakoak diren aintzat hartuta, Estatuko legeriaren arabera.

c) Balio justua ezartzeko berariazko organoa sortzea eta arautzea, eta bere prozedura finkatzea.

Generalitateari eskumen partekatua dagokio ondare-erantzukizunari buruzko gaietan, Generalitateari zuzendutako erreklamazioak direla-eta, erantzukizuna sor dezaketen arrazoiak ezartzeko, betiere, herri-administrazio guztietarako erantzukizun-sistema orokorrarekin bat etorrita.

Generalitateak 1., 3., 4. eta 5. paragrafoei lotuta dituen eskumenak tokiko autonomiaren printzipioa errespetatuta baliatu behar dira.

160. artikulua.- Toki-araubidea.

Generalitateari dagokio toki-araubidearen arloko eskumen esklusiboa, tokiko autonomiaren printzipio errespetatuz, hauek barruan direla:

a) Generalitatearen instituzioen eta toki-erakundeen arteko harremanak finkatzea, baita toki-erakundeen eta Generalitatearen Administrazioaren artean eta toki-erakundeen euren artean lankidetzan eta elkarlanean jarduteko antolamendu- eta harreman-teknikak ere, elkartegintza, mankomunitate, itunpeko zein partzuergo bidezkoak ere barruan direla.

b) Udalerriek eta gainerako toki-erakundeek 84. artikuluan zehaztutako esparruetan berezko dituzten eskumenak eta ahalak ezartzea.

c) Jabari publikoko ondasunak, herri-ondasunak eta ondare-ondasunak erabiltzeko araubidea, eta zerbitzu publikoak emateko moduak zehaztea.

d) Generalitateak eratutako toki-erakundeen gobernu-organoak ezartzea, eta organo horien guztien erabakia hartzeko araubidea eta funtzionamendua finkatzea.

e) Toki-erakundeen antolamenduak dituen organo osagarrien araubidea finkatzea.

Generalitateari dagokio eskumen partekatua 1. paragrafoan ezarrita ez dauden kasu guztietan.

Generalitateari dagokio berak eratutako toki-erakundeen hauteskunde-araubidearen arloko eskumen esklusiboa, Konstituzioaren bitartez bermatuta daudenena salbuespen dela.

161. artikulua.- Erlijio-erakundeekiko harremanak.

Generalitateak eskumen esklusiboa du Katalunian diharduten erlijio-erakundeen arloan; eskumen horrek bere barnean hartuko ditu, egoera edozein dela ere, erakunde horiek beren jardunak gauzatzeko Generalitatearen eskumenen esparruan lankidetza- eta elkarlan-mekanismoak arautzea eta ezartzea.

Generalitateari dagokio erlijio-askatasunaren inguruko gaietako eskumen betearazlea.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Erlijio-erakundeei buruzko Estatuko erregistroa kudeatzen parte hartzea, beren jarduna Katalunian burutzen duten erlijio-elkarteak, -konfesioak eta elizak direla-eta, betiere, legeetan ezarritakoarekin bat etorrita.

b) Erlijio-erakundeei buruzko Estatuko Erregistroan jasota dauden erlijio-elkarteekin, erlijio-konfesioekin eta elizekin Generalitatearen eskumenen esparruan lankidetza-akordioak eta –hitzarmenak sinatzea.

c) Erlijio-erakundeei buruzko Estatuko Erregistroan jasota dauden erlijio-elkarteekin, erlijio-konfesioekin eta elizekin Estatuak sinatuta dituen lankidetza-akordioak eta -hitzarmenak sustatzea, garatzea eta betearaztea Generalitateak dituen eskumenen esparruan.

Erlijio-erakundeei buruzko gaietan Estatu osorako eginkizunak esleituta dituzten organoetan lankidetzan jarduten du Generalitateak.

162. artikulua.- Sanitatea, osasun publikoa, farmazia-antolamendua eta farmaziako produktuak.

Generalitateari dagokio, sanitatearen eta osasun publikoaren arloan, osasun-arloko zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak antolatu, barne-funtzionamendua eratu, ebaluatu, ikuskatu eta kontrolatzeko eskumen esklusiboa.

Generalitateari dagokio farmazia-antolamendua Konstituzioaren 149.1.16 artikuluko esparruaren barruan.

Generalitateari dagokio, kasu guztietan, ondorengo arlo hauetako eskumen partekatua:

a) Osasun-arloan, arlo soziosanitarioan eta osasun mentaleko arloan publikoak diren prestazioak eta zerbitzuak antolatzea, planifikatzea, zehaztea, arautzea eta betearaztea, maila guztietan eta herritar guztientzat.

b) Osasun publikoa zaintzeko, babesteko eta sustatzeko neurriak eta jardunak antolatzea, planifikatzea, zehaztea, arautzea eta betearaztea esparru guztietan, honako hauek ere barruan direla: laneko osasuna, giza osasunean eragina izan dezakeen animalien osasuna, elikagaien osasuna, ingurumeneko osasuna eta zaintza epidemiologikoa.

c) Hedadura publikoa duten osasun-baliabideak planifikatzea, eta osasun-jarduera pribatuak osasun-sistema publikoarekin koordinatzea.

d) Osasun-arloko prestakuntza espezializatua, horren barruan honako hauek daudela: irakaskuntza-zentroak egiaztatzea eta ebaluatzea; plazen eskaintza planifikatzea; espezialitateetako nahiz berariazko trebakuntza-esparruetako prestakuntza-programak kudeatzen eta deialdia egiten parte hartzea, eta berariazko trebakuntza-esparruetako diplomak ematea.

e) Osasun-sistema publikoaren zerbitzura diharduten langileen estatutu-araubidea eta prestakuntza.

Generalitateak parte hartuko du sanitatearen eta osasun publikoaren arloa estatu-mailan planifikatzen eta koordinatzen, V. tituluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Generalitateari dagokio Estatuko legeriaren eskumen betearazlea farmaziako produktuen arloan.

163. artikulua.- Segurtasun pribatua.

Generalitateari dagokio Estatuko legeria betearaztea honako arlo hauetan:

a) Egoitza soziala Katalunian dutela, beren jarduera-esparrua Kataluniako lurraldera mugatzen duten segurtasun pribatuko enpresei baimena ematea.

b) Katalunian segurtasun pribatuaren arloan egiten diren jardunak ikuskatzea eta zehatzea.

c) Segurtasun pribatuaren arloko langileak prestatzeko zentroak baimentzea.

d) Segurtasun- eta ikerketa-zerbitzu pribatuak Generalitateko Poliziarekin eta Kataluniako Udaltzaingoekin koordinatzea.

164. artikulua.- Segurtasun publikoa.

Segurtasun publikoaren arloan, Estatuko legerian ezarritakoaren arabera, honako hauek dagozkio Generalitateari:

a) Kataluniako segurtasun publikoaren sistema planifikatzea eta arautzea, eta udaltzaingoak antolatzea.

b) Generalitatearen Polizia - Mossos d’Esquadra – sortzea eta antolatzea.

c) Trafikoaren kontrola eta zaintza.

Generalitateari dagokio Mossos d’Esquadra, Generalitatearen Poliziaren goreneko agintea izatea eta udaltzaingoen jarduera koordinatzea.

Generalitateari dagokio, segurtasunari buruzko estatu-legeriaren esparruaren barruan, Estatuak ematen dizkion ahalmen betearazleak, eta, honako hauek ere bai, beti:

a) Biltzeko eta manifestatzeko eskubideak baliatzeari buruz gobernu-eginkizunak betetzea.

b) Natura, ingurumena eta baliabide hidrologikoak zaintzeko xedapenak betearaztea.

Generalitateak segurtasun-batzorde baten bitartez hartuko du parte, batzorde horretan Generalitateak eta Estatuak kide-kopuru bera dutela eta Generalitateko lehendakaria batzordeko buru dela, segurtasun-politikak eta Estatuko nahiz Kataluniako polizia-gorputzen jarduna koordinatzen, nazioarteko esparruan informazioa elkarrekin trukatzen, eta beste herrialde batzuetako polizia-agintaritzekin lankidetza- eta sorospen-harremanak izaten.

Generalitatea, Estatuarekin ados jarrita, presente egongo da, beste herrialde batzuetako poliziekin lankidetzan jarduteko lan-taldeetan, Estatua partaide denean.

Generalitatearen Poliziak - Mossos d’Esquadra – Kataluniako lurralde osoa du jardun-eremutzat, eta polizia-gorputz bati dagozkion eginkizunak betetzen ditu, honako esparru hauek xede hartuta:

a) Herritarren segurtasuna eta ordena publikoa.

b) Administrazio-polizia, Estatuko arautegitik datorrena ere barruan dela.

c) Polizia judiziala eta krimen-gaietako ikerketa, antolatutako krimenak eta terrorismoak dituzten modu guztiak barruan direla, betiere, legeetan ezarritakoari jarraituz.

165. artikulua.- Gizarte-segurantza.

Generalitateari dagokio gizarte-segurantzaren arloko eskumen partekatua, betiere, Gizarte Segurantzak finantza aldetik izan beharreko solidaritatea eta ondare nahiz ekonomia aldetik izan beharreko batasuna errespetatuta, hauek ere barnean direla:

a) Estatuko legedia garatzea eta betearaztea, ekonomia-erregimena eratzen duten arauak izan ezik.

b) Gizarte Segurantzaren ekonomia-erregimena kudeatzea.

c) Katalunian gizarte-segurantzaren sistemako osasun-laguntza eta gizarte-zerbitzuak osatzen dituzten zerbitzuak eta ondarea antolatzea eta kudeatzea.

d) Gizarte Segurantzaren sistemarekin lankidetzan diharduten instituzio, enpresa eta fundazioak antolatzea eta beren gaineko administrazio-ahalak baliatzea, betiere, c) idatz-zatian jasotako gaiei dagokienez, baita laneko istripuen eta lanbide-gaixotasunen mutuek laneko arriskuei aurrea hartzeko Katalunian burutzen diren jardunak koordinatzea ere.

e) Laguntzako pentsioak aitortzea eta kudeatzea.

f) Gizarte Segurantzaren prestazioei lotuta osasuneko sisteman egiten diren jardunak koordinatzea.

Generalitateak, helburu horiek betetzearren eta bere lurraldearen barruan, gorago adierazitako arloekin zerikusia duten zerbitzu guztiak antolatu eta administratu ahal izango ditu, eta instituzio, erakunde eta fundazioen gaineko tutoretza-lana egingo du osasunaren eta gizarte-segurantzaren arloan, Estatuari goi-mailako ikuskaritza-lana utzita.

166. artikulua.- Gizarte-zerbitzuak, boluntarioak, adingabeak eta familien sustapena.

Generalitateari dagokio gizarte-zerbitzuen arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Prebisio publikorako beste sistema batzuen osagarri direla edo helburu asistentziala dutela, gizarte-zerbitzuen jarduna, laguntza teknikoak eta laguntza ekonomikoak arautzea eta antolatzea.

b) Katalunian gizarte-zerbitzuak ematen dituzten erakunde, zerbitzu eta establezimendu publiko zein pribatuak arautzea eta antolatzea.

c) Pobrezia-egoeran bizi diren edo gizartearen beharrizana duten pertsonei eta kolektiboei begira berariaz egindako planak eta programak arautzea eta onartzea.

d) Gizarte-babes osagarria ematen duten sistema pribatuak kontrolatzea eta arlo horretan esku hartzea.

Generalitateari dagokio boluntarioen arloko eskumen esklusiboa; eskumen horrek bere barnean hartuko ditu, egoera edozein dela ere, instituzio publiko zein pribatuen bitartez edo norbanakoak bere kabuz bultzatutako solidaritatea, elkartasuna eta boluntario-lana arautzea eta sustatzea, baita jarduna bera definitzea ere.

Generalitateari eskumen hauek dagozkio, adingabeen arloan:

a) Adingabeak babesteko arloko eskumen esklusiboa; eskumen horrek bere barruan hartuko du, egoera edozein dela ere, babesik ez duten adingabeak edo arrisku-egoeran daudenak eta, betiere zigor-legeria errespetatuta, arau-hausle adingabeak babesteko eta zaintzeko instituzio publikoak arautzea baita babes-erregimena bera ere.

b) Adingabeen eskumenetan eragina duen legeria penala eta prozesala egiten eta aldatzen hartuko du parte Generalitateak.

Generalitateari eskumen esklusiboa dagokio familiak eta haurrak sustatzeko arloan, egoera edozein dela ere eskumen horren barruan sartuta, babes soziala emateko neurriak hartzea eta betearaztea.

167. artikulua.- Kataluniako ikurrak.

Generalitateari dagokio Kataluniako ikurrak arautu, antolatu, taxutu eta zaintzeko arloari buruzko eskumen esklusiboa, betiere, honako Estatutu honetan ezarritakoarekin bat etorrita.

168. artikulua.- Espetxe-sistema.

Generalitateari dagokio Estatuak espetxe-arloan dituen legeei buruzko eskumen betearazlea, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Espetxe-arloko arautegia Kataluniako gizartearen errealitateari egokitzeko xedapenak emateko gaitasuna.

b) Kataluniako espetxe-jarduera kudeatzea erabat, eta, batez ere, Katalunian dauden edozein eratako espetxe-instituzioak zuzentzea, antolatzea, araubidea ezartzea, jardunaraztea, planifikatzea eta ikuskatzea.

c) Katalunian dauden espetxe-establezimenduak planifikatzea, eraikitzea eta eraberritzea.

d) Kataluniako espetxe-administrazioari atxikitako ondasun higiezinak eta ekipamenduak baita berari esleitutako bitarteko material guztiak ere administratzea eta ondare-kudeaketa burutzea.

e) Kartzelan preso dauden pertsonek ordainsaria jasota egiten duten lana planifikatzea eta antolatzea, baita kartzelaren ordezko beste neurri batzuk eta gizarteratzeko jarduerak betearaztea ere.

Generalitateak txostenak egin ahal izango ditu indultuak emateko prozeduran.

169. artikulua.- Garraioak.

Generalitateak eskumen esklusiboa du bidaiariak zein salgaiak errepidez, trenbidez zein kablez batetik bestera eramateko lurreko garraioei buruz, azpiegituraren titulartasuna edozeinena dela ere, erabat eta osorik Kataluniako lurraldearen barnetik igarotzen badira.

Eskumen horrek barruan hartuko ditu, beti:

a) Garraio-zerbitzuak eta jardunak arautzea, planifikatzea, kudeatzea, koordinatzea eta ikuskatzea.

b) Garraio-jardunak burutu ahal izateko administrazioak izan beharreko esku-hartzea arautzea.

c) Auto-ibilgailuetan bidaiariak batetik bestera eramateko eskatu ahalako garraio-zerbitzuak eta hiri barruko garraioa arautzea.

d) Turismo-arloko garraioa, eskolakoa edo adingabeena, osasun-arlokoa, hileta-zerbitzuetakoa, gai arriskutsuak edo galkorrak eramatekoa eta berariazko araubidea beharrezko duten beste garraio batzuk berariaz arautzea, segurtasun publikoari buruzko estatu-eskumenak errespetatuta.

e) Bitartekaritza-sistema bat arautzea garraio-arloan.

f) Lurrez egindako garraioen gaineko zerga-ahala izatea.

Kataluniako lurraldetik erabat igarotzen diren garraio-lineak edo –zerbitzuak esparru zabalagoetako linea edo zerbitzuetan txertatu ahal izateko, Generalitatearen txostena beharko da aurretiaz.

Beste autonomia-erkidego batzuekin edo nazioarteko joan-etorriekin izan beharreko komunikazioa bermatzeko trenbide-zerbitzuak ezartzen hartuko du parte Generalitateak, betiere, V. tituluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Generalitateak eskumen esklusiboa du Katalunian dauden garraio-, logistika- eta banaketa-zentroei buruz, ondorengo hauek ere eskumen horren barruan daudela:

a) Zama-lanen inguruko informazio- eta banaketa-zentroak.

b) Errepideko garraio-geltokiak.

Generalitateari eskumen esklusiboa dagokio Katalunian dauden garraioen antolakuntzari, logistikari eta banaketari lotutako jardueren operadoreen inguruan.

Generalitateari dagokio, erabat Kataluniatik igarotzen bada, itsasoko zein ibaietako garraio-arloko eskumen esklusiboa, betiere, Estatuak merkataritzako nabigazioari eta portuei dagokienez dituen eskumenak errespetatuta; hauek ere eskumen barruan daude:

a) Itsasoz nahiz ibaiz bidaiariak eramateko garraioa arautzea, planifikatzea eta kudeatzea.

b) Itsasoz nahiz ibaiz egindako garraioarekin zerikusia duten jarduerak burutzeko eta zerbitzuak emateko Administrazioaren esku hartzea.

c) Jarduera horretan aritzeko beharrezko diren betekizunak.

170. artikulua.- Lana eta lan-harremanak.

Generalitateari dagokio lanaren eta lan-harremanen arloko eskumen betearazlea, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Lan-harremanak eta lan-baldintzak.

b) Enplegu-politika aktiboak sustatzea, eta, horren barruan, lan-eskean dabiltzanei eta lanean dihardutenei prestakuntza egokia ematea, baita eman beharreko diru-laguntzak kudeatzea ere.

Generalitateak parte hartuko du Kataluniako lurralde-eremua gainditzen duten prestakuntza-plan nahiz -jardunetan.

c) Kataluniako lanbide-kualifikazioak finkatzea.

d) Laneko arloan bitartekari-lanak egitea; horri lotuta daude egoitza Katalunian duten enplegu-agentziak arautu, baimendu eta kontrolatzeko zereginak ere.

e) Negoziazio kolektiboa eta lan-hitzarmen kolektiboen erregistroa.

f) Katalunian dauden lan-zentroen artean lantoki-aldaketa kolektiboak gertatzen direnean, enplegua eta administrazio-jarduna erregulatzeko prozedurak ezartzea.

g) Laneko arriskuei aurrea hartzea, eta laneko segurtasuna eta osasuna zaintzea.

h) Lan-arloko arau-hausteak zehatzeko ahala izatea, bere eskumenei dagokien esparruan.

i) Katalunian egiten diren grebetan errespetatu beharreko gutxieneko zerbitzuak ezartzea.

j) Jarduna esklusiboki Katalunian burutzen duten enpresetako lan-hitzarmen kolektiboen legezkotasun-kontrola egitea, eta, hala badagokio, ondoren erregistroan jasotzea.

k) Lan-arloko adiskidetze-, bitartekotza- eta arbitraje-tresnak ezartzea.

l) Kataluniako lurralde osoan erabili beharrekoa izango den jaiegunen egutegia egitea.

Generalitateari dagokio, artikulu honetan jasotako guztiaren inguruan, ikuskaritza-eginkizun publikoari buruzko eskumen betearazlea.

Ildo horretan, eginkizun hori bete behar duten kidegoetako funtzionarioak Generalitateari lotuta egongo dira, antolamendu eta funtzionamendu aldetik.

Gizartearen esparruan ikuskaritza-eginkizuna eraginkortasunez beteko dela bermatzeko formulak ezarriko dira,V. tituluan aurreikusitako lankidetza-mekanismoen bitartez.

171. artikulua.- Turismoa.

Generalitateari dagokio turismo-arloko eskumen esklusiboa, honako hauek ere beti barruan direla:

a) Turismo-arloa antolatzea eta planifikatzea.

b) Turismoa sustatzea, eta, horrekin batera, atzerriko erakundeekin hitzarmenak sinatzea eta atzerrian bulegoak sortzea ere bai.

c) Turismo-enpresak eta establezimenduak arautzea eta sailkatzea, eta Generalitatearen titulartasunpean dauden turismo-establezimenduen sarea kudeatzea.

Establezimendu horien eta Katalunian dauden Estatuaren paradore-sareko establezimenduen arteko koordinazioa bideratzearren, Generalitateak parte hartuko du, Estatuko legeriak ezarritakoari jarraituz, Espainiako Turismo Paradoreen administrazio-organoetan.

d) Turismoko zerbitzu-emaileek eta -erabiltzaileek berariaz dituzten eskubideak eta eginbeharrak arautzea, baita auziak ebazteko aukeran erabilgarri diren bideak ere.

e) Turismoari buruzko ikasketak eta prestakuntza arautzea, titulu ofizialik eskuratzeko eskubiderik ematen ez denean.

f) Turismoa sustatzeko eta arlo horretan laguntzak emateko lerro publikoak kontrolatzea, betearaztea, baldintzak arautzea eta irizpideak zehaztea.

172. artikulua.- Unibertsitateak.

Generalitateak du Unibertsitateko irakaskuntzaren arloko eskumen esklusiboa, Unibertsitatearen autonomiari kalterik egin gabe, eta zeregin hauek oinarri:

a) Kataluniako unibertsitate-sistema programatzea eta koordinatzea, koordinazio orokorraren esparruan.

b) Unibertsitate publikoak sortzeko erabakiak hartzea eta unibertsitate pribatuak baimentzea.

c) Unibertsitate publikoen estatutuak eta unibertsitate pribatuen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak onartzea.

d) Unibertsitateetara iristeko sarrera-prozedurak koordinatzea.

e) Unibertsitateei berariaz dagozkien tituluen inguruko esparru juridikoa finkatzea, Unibertsitatearen autonomia-printzipioarekin bat etorrita.

f) Unibertsitateen finantzaketa propioa gauzatzea, eta, hala badagokio, Unibertsitateko irakaskuntza-gaietarako diren estatu-funtsak kudeatzea.

g) Unibertsitateko prestakuntzarako bekak eta diru-laguntzak emateko sistema propioa arautzea eta kudeatzea, eta, hala badagokio, gai honetarako diren estatu-funtsak arautzea eta kudeatzea.

h) Unibertsitatean kontratatuta diharduten irakasle eta ikerlarien ordainsari-erregimena finkatzea eta irakasle funtzionarioen ordainsari gehigarriak ezartzea.

Generalitateak du, Unibertsitateko irakaskuntzaren arloan, 1. paragrafoan adierazi gabe geratu den guztiari buruzko eskumen partekatua, Unibertsitatearen autonomiari kalterik egin gabe, eta zeregin hauek beti barruan direla:

a) Unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortzeko eta onartzeko nahiz ikastegi horiek Unibertsitateei atxikitzeko betekizunak arautzea.

b) Unibertsitate publikoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko araubide juridikoa ezartzea, ordezkaritza- eta gobernu-organoak ere barnean direla.

c) Unibertsitate-titulu ofizialak eman ahal izateko irakaskuntza-zentro publikoak nahiz pribatuak atxikipena onestea edo ezestea, unibertsitate publikoetan unibertsitate-zentroak sortzea, aldatzea eta kentzea, baita zentro horiek unibertsitate pribatuetan onestea ere, eta irakaskuntza-gaiak ezartzea eta ezabatzea.

d) Unibertsitateetara iristeko moduak arautzea.

e) Unibertsitatean kontratu bidez nahiz funtzionario gisa diharduten irakasle eta ikerlarien erregimena arautzea.

f) Unibertsitateko irakaskuntzaren kalitatea eta bikaintasuna ebaluatzea eta bermatzea, baita irakasle nahiz ikerlari diharduten langileena ere.

Generalitateak unibertsitateko titulu ofizialak emateko eskumen betearazlea du.

173. artikulua.- Bideozaintza eta soinuen nahiz grabaketen kontrola.

Generalitateak eskumena du Kataluniako poliziak nahiz enpresa edo establezimendu pribatuek esparru publikoan bideozaintza eta soinu-kontrola edo grabaketak nahiz antzeko beste bide batzuk erabiltzeari buruz.

Oinarrizko eskubideak errespetatuta baliatu beharko du eskumen hau Generalitateak.

V. TITULUA

Generalitatearen harreman instituzionalak

I. KAPITULUA

Generalitateak Estatuarekin eta beste autonomia-erkidego batzuekin dituen harremanak

174. artikulua.- Xedapen orokorrak.

Generalitateak eta Estatuak laguntza ematen diote elkarri eta lankidetzan jarduten dute, bakoitzaren eskumenak modu eraginkorrean baliatzeko eta baten zein bestearen interesak defendatzeko beharrezko denean.

Generalitateak beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetza-harremanak ezar ditzake, politika erkideak finkatzeko, beren eskumenak modu eraginkorrean betetzeko, eta interes erkideko gaiak tratatzeko, batez ere, lurraldeaz gaindiko irispidea duten gaiak direnean.

Generalitateak beren eskumenak modu eraginkorrean betetzeko beharrezko den laguntza guztia eman behar die gainerako autonomia-erkidegoei.

Generalitateak parte hartzen du, bere eskumenetan eragina dutenean, Estatuak erabakiak hartzeko dituen instituzio, organismo eta prozeduretan, betiere, Estatutu honetan eta legeetan ezarritakoaren arabera.

LEHEN ATALA.

ESTATUAREKIN ETA BESTE AUTONOMIA-ERKIDEGO BATZUEKIN LANKIDETZAN ARITZEA

175. artikulua.- Generalitatearen eta Estatuaren arteko lankidetzarako tresnak.

Generalitateak eta Estatuak, bakoitzak dituen eskumenen esparruan, interes erkideko xedeak betetzeko egoki iritzitako lankidetza-hitzarmenak sina ditzakete eta gainerako lankidetza-bideak ere erabil ditzakete.

Generalitateak, interes erkideko esparru eta gaietan, alde anitzeko organo eta prozedurak ere erabiltzen ditu Estatuarekin lankidetzan aritzeko orduan.

176. artikulua.- Generalitatearen eta Estatuaren arteko lankidetzaren ondorioak.

Estatuarekin eta beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetzan jarduteko Generalitateak alde biko zein alde anitzeko organo eta mekanismoetan parte hartzeak ez dakar berari dagozkion eskumenen titulartasunean aldaketarik.

Estatuarekin eta beste autonomia-erkidego batzuekin borondatezko lankidetza izateko alde anitzeko mekanismoen esparruan hartutako erabakiak, Generalitateak erabaki horri buruzko adostasuna adierazi ez badu, ez du lotura-indarrik izango Generalitatearentzat.

Borondatezko lankidetza izateko alde anitzeko mekanismoen esparruan hartutako akordioei buruzko erreserba jakinarazi dezake Generalitateak, bere onespenik gabe hartutako akordioak direnean.

177. artikulua.- Generalitatearen eta Estatuaren arteko hitzarmenen araubidea.

Generalitateak sinatutako hitzarmenak direla-eta errespetatu beharreko araubide juridikoa, Generalitateari berari dagokionez, Legebiltzarreko legeak ezarri behar du.

Generalitateko Gobernuak eta Estatuko Gobernuak elkarrekin sinatutako hitzarmenak «Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya» aldizkari ofizialean argitaratu behar dira, sinatu diren egunetik hasita hilabeteko epean.

Hitzarmenak, hirugarrenei dagokienez, «Boletín Oficial del Estado» aldizkarian argitaratzen diren egunean izango dira eraginkorrak.

178. artikulua.- Beste autonomia-erkidego batzuekin sinatutako hitzarmenak eta akordioak.

Generalitateak elkarlanerako hitzarmenak eta lankidetza-akordioak sina ditzake beste autonomia-erkidego batzuekin.

Beste autonomia-erkidego batzuekin sinatutako hitzarmen eta akordioetan, besteak beste, organo mistoak sortzea erabaki dezakete, baita elkarren artean garatzeko proiektuak, planak eta programak ezartzea ere.

Sinatzekoak diren hitzarmen eta akordioek legegintzako ahalmenetan eragina dutenean, orduan bakarrik izango da beharrezkoa Legebiltzarrak aurretiaz onespena ematea.

Gainerakoetan, hitzarmen eta akordio hori sinatu dela jakinarazi behar dio Gobernuak Legebiltzarrari, sinadura-egunetik hasita, hilabeteko epean.

Generalitateak beste autonomia-erkidego batzuekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen berri jakinarazi behar zaie Gorte Nagusiei; jakinarazpena egin eta hirurogei egunera jarriko dira indarrean hitzarmen horiek, baldin eta Gorte Nagusiek Konstituzioaren 145.2. artikuluaren arabera aurretiaz baimena behar duten lankidetza-akordio direla adierazten ez badute.

Generalitateak beste autonomia-erkidego batzuekin sinatutako hitzarmenak eta akordioak «Diari Oficial de la Generalitat de Catalunya» aldizkarian argitaratu behar dira, sinatu diren egunetik hasita berrogeita bost eguneko epean eta hilabeteko epean, hurrenez hurren.

BIGARREN ATALA.

ESTATUAK ERABAKIAK HARTZEKO DITUEN INSTITUZIO ETA PROZEDURETAN PARTE HARTZEA

179. artikulua.- Senatariak Legebiltzarrean agertzea.

Katalunian hautatutako senatariek eta Senatuan Generalitatearen ordezkari direnek, eurek hala eskatuta, agerraldiak egin ditzakete Legebiltzarrean Senatuan egiten ari diren lanaren berri emateko, betiere, Legebiltzarreko erregelamenduak ezarritako eran.

180. artikulua.- Konstituzio Auzitegiko eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kideak izendatzea.

Generalitateak parte hartzen du Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kideak izendatzeko prozeduretan, betiere, legeetan ezarritakoari, edo, hala dagokionean, Legebiltzarreko ordenamenduari jarraituz.

181. artikulua.- Jarduera ekonomikoaren antolamendu orokorrean parte hartzea.

Generalitateak jarduera ekonomikoaren antolamendu orokorrean eragina duten Estatuko erabakiak hartzeko orduan hartzen du parte, betiere, Konstituzioaren 131.2. artikuluan ezarritakoaren esparru barruan.

182. artikulua.- Ekonomia- eta gizarte-organismoetan ordezkariak izendatzea.

Generalitateak Espainiako Bankuaren, Balore Merkatuko Batzorde Nazionalaren eta Telekomunikazioen Merkatuko Batzordearen zuzendaritza-organoetako kideak izendatzen ditu edo horiek izendatzeko prozeduretan hartzen du parte, eta inoiz horien ordez egon daitezkeen organismoetakoak, baita Estatuko gainerako organismoetakoak ere, baldin eta Generalitatearen eskumenekin zerikusia duten garrantzizko gai ekonomikoa eta sozialak direla-eta arauak emateko agintaritza-eginkizunak betetzen badituzte, betiere, erabili beharreko legeetan ezarritakoaren bat etorrita.

Generalitateak Estatuko enpresa publikoetako, finantza-instituzioetako eta ekonomia- eta energia-organismoetako kideak izendatzen ditu edo horiek izendatzeko prozeduretan hartzen du parte, baldin eta, enpresa, instituzio edo organismo horien eskumena, Kataluniara hedatuta egonda ere, Generalitateari esleitzekoa ez bada.

Generalitateak Kontu Auzitegiko kideak izendatzen ditu edo horiek izendatzeko prozeduretan hartzen du parte, eta, era berean, Ekonomia eta Gizarte Kontseilukoak, Zerga Agentziakoak, Energiaren Batzorde Nazionalekoak, Datuak Babesteko Espainiako Agentziakoak eta Irrati-telebistako Kontseilukoak, baita inoiz horien ordez egon daitezkeen organismoetakoak, eta esparru horietan gerora sortzen direnetakoak ere, betiere, erabili beharreko legeetan ezarritakoaren bat etorrita.

Generalitateak, erakundearen nolakotasunak hala eskatzen badu eta egoitza nagusia Katalunian ez badago, Estatuari eskatu ahal izango dio 1. paragrafoan adierazi diren organismoen lurralde-ordezkaritzak sor ditzan.

HIRUGARREN ATALA.

GENERALITATEAREN ETA ESTATUAREN ARTEKO BITARIKO BATZORDEA

183. artikulua.- Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordearen eginkizunak eta osaera.

Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordeak izan behar du, 3.1. eta 174. artikuluetan ezarritako printzipioen arabera, Generalitatearen eta Estatuaren gobernuen arteko harreman-esparru orokor eta iraunkorra, honako hauek xede direla:

a) Generalitateak parte hartzea eta lankidetzan aritzea, Kataluniako autonomian eragina duten Estatuko eskumenak baliatzerakoan.

b) Informazioa elkarrekin trukatzea, eta, hala dagokionean, lankidetzarako bideak ezartzea bakoitzaren politika publikoetan eta interes erkideko gaietan.

Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordearen eginkizun dira eztabaidatzea, proposamenak egitea, eta, hala badagokio, akordioak egitea Estatutu honetan ezarritako kasuetan, eta, oro har, honako esparru hauek oinarri hartuta:

a) Lege-proiektuak, baldin eta Estatuaren eta Generalitatearen artean eskumenak banatzeko orduan berariaz eragina badute.

b) Generalitatearen eskumenetan eta interesetan berariaz eragina duten arlo guztietan, Estatuko Gobernuaren politika ekonomiko orokorra programatzea, politika hori aplikatu eta garatzeko modua zehaztuta.

c) Estatuaren eta Generalitatearen arteko lankidetza hobetzeko hartu beharreko neurri egoki guztiak sustatzea, eta interes erkideko esparruetan bakoitzak dituen eskumenak modu eraginkorragoan baliatuko direla bermatzea.

d) Bi aldeen artean eskumen-arloan sortutako auziak aztertzea, eta, hala badagokio, horiek konpontzeko neurriak hartzea.

e) Estatuaren eta Generalitatearen artean ezarri diren lankidetza-mekanismoak nola funtzionatzen duten ebaluatzea, eta mekanismo horiek hobetzeko bidea eman dezaketen proposamenak egitea.

f) Zerrenda bat proposatzea, zehatz adierazita Generalitateak Estatuko zein enpresa publiko, finantza-instituzio eta ekonomia-organismotan izendatuko ahal izango dituen ordezkariak, eta ordezkaritza hori burutzeko zein modalitate eta era erabiliko dituen.

g) Europako politikari buruzko jarraipena egitea, Generalitateak Europar Batasuneko gaietan izango duen partaidetza eraginkorra izango dela bermatzeko.

h) Generalitateari berari dagozkion eskumenetan eragina duten Estatuaren kanpo-harremanei buruz jarraipena egitea.

i) Legeetan ezarritako edo bi aldeek planteatutako interes erkideko gaiak aztertzea.

Estatuak eta Generalitateak kide-kopuru berbera izango dute Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordean.

Lehendakaritza txandaka beteko da alde bien artean, eta txandak urtebetekoak izango dira.

Batzordeak idazkaritza iraunkorra izango du, eta ongi iritzitako azpibatzordeak eta komiteak sortu ahal izango ditu.

Batzordeak urtero txostena egin, eta Estatuko Gobernuari eta Generalitatearen Gobernuari nahiz Legebiltzarrari igorri behar die.

Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordeak gutxienez urtean bi aldiz egingo du osoko bilkura; bi aldeetako batek halaxe eskatzen duen guztietan ere bildu behar du.

Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordeak alde bien arteko adostasunez onartuko du funtzionamendu- eta barne-erregelamendua.

II. KAPITULUA

Generalitateak Europar Batasunarekin dituen harremanak

184. artikulua.- Xedapen orokorra.

Generalitateak parte hartzen du, Estatutu honek eta Estatuko legeriak ezartzen dutenaren arabera, Kataluniako eskumenetan edo interesetan eragina dutelarik, Europar Batasunarekin zerikusia duten gaietan.

185. artikulua.- Europar Batasunaren tratatuetan parte hartzea.

Europar Batasunaren tratatuak berriz begiratzen direnean, baita, hala dagokionean, gero horiek sinatzen eta berresten direnean ere, Estatuko Gobernuak Generalitateari jakinarazi behar dio horren berri.

Generalitatearen Gobernuak eta Legebiltzarrak gai honen inguruan egoki iritzitako oharrak helarazi behar dizkiete Estatuko Gobernuari eta Gorte Nagusiei.

Jatorrizko tratatuak berriz aztertzeko eta negoziatzeko prozeduretan eta tratatu berriak onesteko prozeduretan parte hartzen duten Espainiako ordezkaritzetan Generalitatearen ordezkariak sar ditzake Estatuko Gobernuak, Generalitatearen eskumen esklusioboei eragiten dieten gaietan.

186. artikulua.- Estatuaren jarrerak sortzerakoan parte hartzea.

Estatuak Europar Batasunean, eta, batez ere, Ministroen Kontseiluan izan beharreko jarrerak finkatzerakoan parte hartzen du Generalitateak, Kataluniaren eskumenetan edo interesetan eragina duten gaiei dagokienez, eta, betiere, Estatutu honetan eta arlo honi buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

Generalitateak alde biko prozedurak erabilita hartu behar du parte berarengan modu esklusiboan eragina duten Europako gaiak direla-eta Estatuaren jarrerak finkatzerakoan.

Gainerako kasuetan, ezarriko diren alde anitzeko prozedurak erabilita bideratuko da partaidetza hori.

Generalitateak adierazten duen jarrerak erabakigarria izan behar du Estatuaren jarrera finkatzeko orduan, bere eskumen esklusiboetan eragina duten gaiak badira, eta Europako proposamen edo ekimen horiek finantza edo administrazio aldetik garrantzi handiko ondorioak ekar badiezazkiokete Kataluniari.

Gainerakoetan, jarrera hori entzun egin beharko du Estatuak.

Europar Batasunean aurkeztutako ekimen eta proposamenak direla-eta, Estatuak txostena egingo dio Generalitateari, informazioa erabatekoa eta eguneratua emanik.

Generalitatearen Gobernuak eta Kataluniako Legebiltzarrak ekimen eta proposamen horien inguruan egoki iritzitako oharrak eta proposamenak helarazi behar dizkiete Estatuko Gobernuari eta Gorte Nagusiei, dagokionaren arabera.

187. artikulua.- Europako instituzio eta organismoetan parte hartzea.

Europar Batasunean, eta, batez ere, Ministroen Kontseiluan eta Kontseiluaren eta Batzordearen aholkularitza- eta prestakuntza-organoetan diharduten espainiar ordezkaritzetan hartzen du parte Generalitateak, bere legegintza-eskumenekoak diren gaiak tratatzen dituztenean.

Generalitatearen eskumen esklusiboen esparruan, 1. paragrafoan ezarritako partaidetzak aukera emango du, aurrez akordioa lotuta, organo horietan ordezkaritza- eta lehendakaritza-zeregina betetzeko, aplikatu beharreko legeekin bat etorrita.

Generalitateak, Estatuarekin ados jarrita, ordezkariak izendatzeko lanean hartzen du parte Estatuak Europar Batasunean duen ordezkaritza iraunkorraren esparruan.

Legebiltzarrak harremanak izan ditzake Europako Legebiltzarrarekin interes erkideko esparruetan.

188. artikulua.- Subsidiariotasun eta heinekotasunaren printzipioak kontrolatzeko zereginetan parte hartzea.

Europar Batasuneko zuzenbideak ezarritako subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioak kontrolatzeko prozeduretan hartuko du parte Legebiltzarrak Europako lege-proposamenei buruz, proposamen horiek Generalitatearen eskumenei eragiten dietenean.

189. artikulua.- Europar Batasuneko zuzenbidearen garapena eta aplikazioa.

Generalitateak Europar Batasuneko zuzenbidea aplikatu eta betearazten du bere eskumenen esparruan.

Europar erregulazio bat egoteak ez du aldatzen Konstituzioan eta Estatutu honetan finkatzen diren eskumenen barne-banaketa.

Europar Batasuneko zuzenbidea betearazteko Kataluniako lurraldea gainditzen duten barne-neurriak hartu behar badira eta autonomia-erkidego eskudunek neurri horiek lankidetza edo koordinazio mekanismoen bitartez hartu ezin badituzte, Estatuak gorabehera horiei buruzko kontsulta egingo dio Generalitateari neurriak hartu baino lehen.

Generalitateak neurri horiek hartuko dituzten organoetan parte hartu behar du edo, parte hartzea ezinezkoa bada, aldez aurretik txostena eman behar du.

Generalitateak, baldin eta Europar Batasunak Estatuaren oinarrizko arautegia ordezkatzeko legeria ezartzen badu, Europako arauetatik abaiatuta har dezake garapen-legeria.

190. artikulua.- Europako funtsen kudeaketa.

Generalitateari dagokio, bere eskumenekoak diren gaien gainean, Europako funtsen kudeaketa, betiere, 114. eta 210. artikuluetan jasotakoaren arabera.

191. artikulua.- Justizia Auzitegiaren aurreko akzioak.

Generalitateak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira jo dezake Europako araudian ezarritako eran.

Generalitateko Gobernuak Estatuko Gobernuari eskaera egin diezaioke, akzioak abiaraz ditzan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean Generalitatearen interes eta eskumen zilegiak aldezteko.

Generalitatea lankidetzan aritzen da defentsa juridikoan.

Estatuko Gobernuak eskatutako akzioak baliatzeari uko egitekotan, erabaki horrek arrazoitua izan behar du, eta Generalitateari jakinarazi behar zaio berehala.

192. artikulua.- Generalitatearen ordezkaritza Europar Batasunean.

Generalitateak ordezkaritza bat ezarriko du Europar Batasuneko instituzioetan bere interesak ahalik ondoen defendatzeko.

III. KAPITULUA

Generalitatearen kanpo-harremanak

193. artikulua.- Xedapen orokorrak.

Generalitateak Kataluniaren kanpo-proiekzioa bultzatu behar du, baita esparru horretan dituen interesak sustatu ere, betiere, Estatuak kanpo-harremanen esparruan duen eskumena errespetatuta.

Generalitateak, bai zuzenean, bai Estatuko administrazio orokorraren organoen bitartez, bere eskumenetatik zuzenean datozen ekintzak burutzeko gaitasuna du kanpo-proiekzioa sustatzeko.

194. artikulua.- Kanpo-bulegoak.

Generalitateak bulegoak jar ditzake kanpoan Kataluniako interesak sustatzeko.

195. artikulua.- Lankidetza-akordioak.

Kataluniako interesak bultzatzeko, Generalitateak lankidetza-akordioak sinatu ahal izango ditu bere eskumenen esparruan.

Ildo horretatik, Estatuaren kanpo-ordezkaritzako organoek beharrezko den babesa emango diete Generalitatearen ekimenei.

196. artikulua.- Nazioarteko tratatuak eta hitzarmenak.

Estatuko gobernuak aldez aurretik txostena emango dio Generalitateari, Kataluniako eskumenetan zuzenean eta berariaz eragina duten tratatuak izenpetzeko egintzak direla-eta.

Generalitateak eta Legebiltzarrak horren inguruan egoki iritzitako oharrak helarazi ahal izango diote Gobernuari.

Generalitateak, tratatuek Kataluniari zuzenean eta berariaz eragiten diotenean, Gobernuari eskatu ahal izango dio negoziaziorako ordezkaritzetan Generalitateko ordezkariak ere sar ditzan.

Generalitateak, bere eskumenekoak diren gaiei dagokienez, nazioarteko tratatuak sinatzea eskatu ahal izango dio Gobernuari.

Generalitateak beharrezko neurriak hartuko ditu, bere eskumenen esparruan, Espainiak berretsitako edota Estatuari eragiten dioten nazioarteko tratatu eta hitzarmenen ondorio diren betebeharrak gauzatzeko.

197. artikulua.- Mugaz haraindiko, eskualdeen arteko eta garapenerako lankidetza.

Generalitateak lankidetza-jarduerak sustatu behar ditu berarekin ekonomia-, gizarte-, ingurumen- eta kultura-interesak partekatzen dituzten europar eskualdeekin, eta beharrezko harremanak bideratuko ditu horretarako.

Generalitateak beste lurralde batzuekiko lankidetza sustatu behar du, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera.

Generalitateak garapenerako lankidetza-programak sustatu behar ditu.

198. artikulua.- Nazioarteko organismoetan parte hartzea.

Generalitateak Kataluniarako garrantzitsuak diren gaiei buruzko eskumenak dituzten nazioarteko organismoetan parte hartu behar du, bereziki UNESCOn eta beste kultura-organismo batzuetan, betiere, dagokion araudiak ezarritako moduan.

199. artikulua.- Kanpo-harremanen koordinazioa.

Generalitatearen zeregina da, bere eskumenen esparruan, Kataluniako toki-erakundeen eta bestelako organismo eta erakunde publikoen kanpo-harremanak bultzatzea eta koordinatzea, betiere, daukaten autonomiari kalterik egin gabe.

200. artikulua.- Kataluniako organizazioen nazioarteko proiekzioa.

Generalitateak Kataluniako gizarte-, kultura- eta kirol-organizazioen nazioarteko proiekzioa sustatu behar du eta, bidezkoa denean, nazioarteko antzeko organizazioetan afiliatu daitezen bultzatuko du, bere helburuak betetzeko asmoarekin.

VI. TITULUA

Generalitatearen finantzaketa

I. KAPITULUA

Generalitatearen ogasuna

201. artikulua.- Printzipioak.

Estatuak eta Generalitateak zerga- eta finantza-arloan dituzten harremanak Konstituzioak, Estatutu honek eta Konstituzioaren 157. artikuluaren hirugarren paragrafoan aurreikusitako Lege Organikoak arautzen dituzte.

Generalitatearen finantzaketak printzipio hauek izango ditu oinarri: finantza-autonomia, koordinazioa, herri-administrazioen arteko zerga- eta finantza-harremanen gardentasuna eta elkartasuna, baliabideen askitasuna, zerga-erantzukizuna, ekitatea eta aipatutako administrazioen arteko leialtasun instituzionala.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoari dagokio titulu hau garatzea.

Generalitatearen finantzaketak, Konstituzioaren 138.2 artikuluaren arabera, ez du Kataluniarako ondorio diskriminatzailerik ekarri behar gainerako autonomia-erkidegoekin alderatuta.

Printzipio honek erabat errespetatu beharko ditu Estatutu honen 206. artikuluan adierazitako solidaritate-irizpideak.

202. artikulua.- Generalitatearen baliabideak.

Generalitateak finantza autonomoak ditu, baita bere autogobernua modu egokian gauzatzeko nahikoa finantza-baliabide ere.

Generalitateak erabateko gastu-autonomia du bere baliabideak askatasunez aplikatzeko bere autogobernu-instituzioek ezarritako politika eta gizarte ildoei jarraituz.

Hona hemen Generalitatearen ogasunaren osagaiak:

a) Zergen, tasen, kontribuzio berezien eta gainerako berezko zergen errendimenduak.

b) Kataluniari lagatako estatu-zergen errendimendua, honako Estatutu honen 201. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Estatuko zergen gaineko errekarguak.

d) Lurralde arteko konpentsazio-funtsetik eta Konstituzioan ezarritako bestelako esleipen batzuetatik datozen sarrerak, hala dagokionean.

e) Estatuko aurrekontu orokorren kontura egindako beste transferentzia eta esleipenak.

f) Prezio publikoetatik lortutako sarrerak.

g) Generalitatearen ondasunen errendimenduak.

h) Zuzenbide pribatupeko sarrerak.

i) Zor-jaulkipenen eta kreditu-eragiketen emaitza.

j) Bere eskumenen esparruko isun eta zehapenengatiko sarrerak.

k) Europar Batasunetik eta erkidegoko programetatik datozen baliabideak.

l) Estatutu honetan eta Konstituzioan xedatutakoaren ondorioz ezar dadin beste edozein baliabide.

203. artikulua.- Finantza-eskumenak.

Generalitateak gaitasuna du, bere finantza-eskumenen barruan, diru-sarreren bolumena eta osaketa zehazteko, baita baliabideak askatasunez erabakitako gastu-helburuei lotzeko ere.

Generalitatea partaide da Kataluniari lagatako estatu-zergen errendimenduan.

Arlo horri dagokionez, zerga horiek honela sailkatuko dira:

a) Erabat lagatako zergak; horiei buruzko errendimendu guztiak eta araugintzako gaitasuna Generalitateari dagozkio.

b) Zati batean lagatako zergak; horiei buruzko errendimenduen zati bat, eta, hala dagokionean, araugintzako gaitasuna dagokio Generalitateari.

Bigarren paragrafoan aipatzen den araugintza-gaitasuna baliatzeak barne hartzen du, Estatuaren eta Europar Batasunaren eskumenen esparruan, honako hauek finkatzen parte hartzea: zerga-tasa, zerga-oinarriaren gaineko hobariak, salbuespenak eta murrizketak eta kuotaren gaineko kenketak.

Generalitateari dagokio erabat lagatako estatu-zergak kudeatzea, biltzea, kitatzea eta ikuskatzea, eta, zati batean lagatako estatu-zergei dagokienez esleitzen zaizkion neurrian, eginkizun horiek izango ditu, betiere, 204. artikuluan ezarrritakoarekin bat etorrita.

Generalitateak eskumena du Legebiltzarreko lege baten bitartez bere zergak ezartzeko, eta araugintza-gaitasuna du horien gainean.

Generalitateak ekitate eta eraginkortasun printzipioak izango ditu oinarri zergen esparruan duen araugintza-gaitasuna gauzatzeko orduan.

Zerga-jardunetan, Generalitateak gizartearen kohesioa eta ongizatea bultzatuko ditu, garapen ekonomikoarekin eta ingurumen-iraunkortasunarekin batera.

204. artikulua.- Kataluniako Zerga Agentzia.

Kataluniako Generalitateak berezko dituen zerga guztiak, baita, Estatuak eskuordetzan emanda, Generalitateari erabat lagatako estatu-zergak ere, kudeatzea, biltzea, kitatzea eta ikuskatzea, Kataluniako Zerga Agentziari dagokio.

Katalunian biltzen diren Estatuaren gainerako zergak kudeatzea, biltzea, kitatzea eta ikuskatzea Estatuko Zerga Administrazioari dagokio, Estatuak Generalitateari eman diezaiokeen eskuordetzari kalterik egin gabe, eta, zergaren izaerak berak halaxe eskatzen duenean, bien artean berariaz ezar daitekeen lankidetzari kalterik egin gabe.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa garatzearren, bi urteko epean, Partzuergoa edo horren baliokidea eratuko da, Zerga Administrazioko Estatuko Agentzia eta Kataluniako Zerga Agentzia bertan partaide izanik, kide-kopuru bera dutela.

Partzuergo hori Kataluniako Zerga Administrazio bilakatu ahal izango da.

Bi zerga-administrazio horiek jarri beharreko mekanismo guztiak jarriko dituzte, herritarrek errenta-aitorpenak nahiz zerga-arloan garrantzia duten gainerako dokumentu guztiak administrazio baten zein bestearen bulegoetan aurkezteko zein jasotzeko modua izan dezaten, ondorioak administrazio baterako nahiz besterako izan, era horretara, zergadunen eginbeharrak errazagoak izan daitezen.

Zati batean lagatako estatu-zergak kudeatu, bildu, kitatu eta ikuskatzeko ardura duten Estatuko zerga-erakunde edo –organismoetan parte hartuko du Generalitateak, ezarriko den moduari jarraituta.

Kataluniako Zerga Agentzia Legebiltzarraren lege baten bitartez sortuko da, eta erabateko gaitasuna eta eskurantzak izango ditu 1. paragrafoan aipatutako eginkizunak antolatu eta burutzeko.

Kataluniako Zerga Agentziak, udalerriek eskuordetzan emanez gero, toki-mailako zergen kudeaketa-eginkizunak ere egin ahal izango ditu.

205. artikulua.- Ekonomia- eta administrazio-organoak.

Kataluniako Zerga Agentziak emandako zerga-kudeaketako egintzen aurka zergadunek jarritako erreklamazioak Generalitateak berrikusiko ditu, administrazio-bidean, bere ekonomia- eta administrazio-organoen bitartez.

Hori guztia horrela izango da Estatuko Administrazio Orokorrak irizpideak batzeko arloan dituen eskumenei kalterik egin gabe.

Ondorio horietarako, Generalitateak eta Estatuko Administrazio Orokorrak, era berean, beharrezko diren lankidetza-mekanismo guztiak hitzartu ahal izango dituzte, ekonomia- eta administrazio-bidean berrikuspen-eginkizunak modu egokian egiteko.

206. artikulua.- Estatuko zergen errendimenduan parte hartzea, eta elkartasun- eta berdinketa-mekanismoak.

Generalitateak bere zerbitzuak eta eskumenak finantzatzeko eskuragarri izango duen finantza-baliabideen maila, beste irizpide batzuen artean, gastu-beharrizanen irizpideetan oinarrituko da, betiere, bere gaitasun fiskala aintzakotzat hartuta.

Ondorio horietarako, Generalitatearen baliabideak, besteak beste, bere zerga-sarreretatik datozenak izango dira, elkartasun- eta berdinketa-mekanismoetan parte hartzen duenez, goitik edo behetik doituta.

Generalitatea partaide izango da lagatako estatu-zergen errendimenduan.

Partaidetza-portzentajea bere zerbitzuak eta eskumenak aintzakotzat hartuta ezarriko da.

Generalitateak bere esku izango dituen finantza-baliabideak doitu egin ahal izango dira Estatuko finantza-sistemak behar beste baliabide izan dezan, gainerako autonomia-erkidegoekiko elkartasuna eta berdinketa bermatzeko; era horretara, lortuko da autonomia-erkidegoetako gobernuek beren herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuak, hau da, hezkuntza- eta osasun-zerbitzuak eta ongizateko estatu batean ezinbesteko diren beste zerbitzu batzuk, maila berdintsukoak izan daitezen Estatuko toki guztietan, betiere, egiten duten zerga-ahalegina ere berdintsua baldin bada.

Era berean, hala dagokionean, Generalitateak baliabideak jasoko ditu elkartasun- eta berdinketa-mekanismoetatik.

Estatuak finkatuko ditu aipautako maila horiek.

Elkartasunerako eta berdinketa-mekanismoak gardentasun-printzipioaren arabera finkatu behar dira, eta bere emaitzak bost urterik behin ebaluatuko dira.

Estatuak bermatu behar du berdinketa-mekanismoen aplikazioak ez dezan inolaz ere aldatu, per capita errenten ordenazioari dagokionez, Kataluniak autonomia-erkidegoen artean berdinketa baino lehen zuen posizioa.

Oinarrizko aldagai gisa populazioa hartu behar da kontuan 1. paragrafoan adierazitako gastu-beharrizanak zehazteko; baina kopuru hori kostu diferentzialak eta demografia-aldagaiak erabilita doitu behar da, batez ere, etorkinen populazioaren portzentajearen araberako zuzenketa-faktorea erabilita.

Kontuan hartu behar dira, halaber, populazioaren dentsitatea, hiriguneen tamaina eta bazterketako egoeran dauden pertsonen kopurua.

207. artikulua.- Tratamendu fiskala.

Estatuko zergetan legeek Estatuari ematen dioten tratamendu fiskal berbera izango du Generalitateak ere.

208. artikulua.- Finantzaketa eguneratzea.

Estatuak eta Generalitateak finantzaketa-sistema eguneratuko dute bost urtean behin, kontuan hartuta erabilgarri dauden baliabide publikoek eta Administrazioek dituzten gastu-beharrek zein bilakaera duten.

Eguneraketa horrek ez die kalterik egingo, dena den, finantzaketa-sistemak emandako baliabideak finkatzeko erabiltzen diren oinarrizko aldagaiak direla-eta egin beharreko jarraipenari, eta, hala badagokio, aldagaien eguneratzeari.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoak onartu beharko du 1. paragrafoan adierazitako eguneratze hori.

209. artikulua.- Instituzioen arteko leialtasuna.

Instituzioen arteko leialtasun-printzipioaren arabera, Estatuak onartutako xedapen orokorrek Generalitatearengan izan dezaketen finantza-eragina baloratuko da, positiboa izan nahiz negatiboa izan, eta, alderantziz ere bai, Generalitateak onartutako xedapen orokorrek Estatuarengan izan dezaketen finantza-eragina ere bai, era horretara, denbora-tarte jakin batez, gastu-beharrak edo gaitasun fiskala aldatuz gero, ezarri beharreko doitze-mekanismoak ezartzeko.

Administrazio batak eta besteak, lankidetza- eta gardentasun-printzipioen esparruan, beren eskumenak ahalik ondoen baliatzeko beharrezko den estatistika- eta kudeaketa-informazioa emango diote elkarri.

210. artikulua.- Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoa.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoa Estatuko Administrazioaren eta Generalitatearen arteko harremanetarako alde biko organoa da autonomiaren finantzaketaren esparruan.

Berari dagokio finantzaketa-sistema zehaztea, aplikatzea eta eguneratzea eta horren jarraipena egitea; baita Generalitateak Estatuarekin dituen zerga- eta finantza-harremanak bideratzea ere.

Estatuak eta Generalitateak kide-kopuru berbera izango dute batzordean.

Alde biko batzorde honen lehendakaritza txandakatu egingo da alderdi bien artean, eta txandak urtebetekoak izango dira.

Batzordeak ordezkaritza bien arteko adostasunez onartuko du funtzionamendu eta barne-erregelamendua.

Kataluniako Gobernuak alor honetan alde anitzeko instituzio eta organismoetan sinatutako akordioei kalterik egin gabe burutuko ditu bere eginkizunak Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoak.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoari dagokio:

a) Estatuaren titulartsaunpekoak diren zergen lagapenak zein irispide eta zein baldintza dituen erabakitzea, eta, batez ere, zati batean lagatako Estatuko zergen errendimenduan duen partaidetza-portzentajea, 206. artikuluan jasotakoa, finkatzea, eta bost urtean behin berrikustea.

b) Elkartasunerako eta berdinketa-mekanismoetarako zenbatean lagunduko duen erabakitzea, 206. artikuluan jasotakoa kontuan hartuta.

c) Kataluniako zerga-administrazioaren eta Estatuko zerga-administrazioaren arteko lankidetza-mekanismoak, 204. artikuluan zehaztuak, finkatzea eta zergak koordinatu eta harmonizatzeko irizpideak zehaztea, lagatako zergen ezaugarrien edo izaera kontuan hartuta.

d) Europar egitura-funtsen lurralde-banaketan Kataluniak izango duen partaidetzaren portzentajea negoziatzea.

e) Eguneratzeko mekanismoak, 208. artikuluan aipatuak, aplikatzea.

f) Estatuak Generalitareari transferitutako zerbitzuen balorazioa adostea.

g) Generalitatearen eta Estatuko Administrazioaren artean beharrezko diren lankidetza-mekanismo guztiak ezartzea, 205. artikuluan jasotako ekonomia- eta administrazio-bidean berrikuspen-eginkizunak modu egokian egin ahal izateko.

h) Generalitatearen eta Estatuko Administrazio Orokorraren artean lankidetza-mekanismoak adostea, 221. artikuluan jasotako katastro-arloko eginkizunak burutu ahal izateko.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoak, 209. artikuluan ezarritakoaren bat etorrita, beharrezko diren lankidetza-neurriak proposatuko ditu titulu honetako finantza-sistemaren oreka bermatzeko, baldin eta Estatuaren edo Europar Batasunaren lege-erabakien ondorioz finantza-sistema hori aldatzen bada.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoko alderdi katalanak Legebiltzarrari emango dio kontu kapitulu honetako manuen betetze-mailari buruz.

II. KAPITULUA

Generalitatearen aurrekontua

211. artikulua.- Generalitatearen eskumenak.

Generalitateak eskumen esklusiboa du bere ogasuna antolatu eta arautzeko.

212. artikulua.- Generalitatearen aurrekontua.

Generalitatearen aurrekontua bakarra eta urtebetekoa da, eta Generalitatearen gastu guztiak eta sarrera guztiak hartzen ditu barnean, baita bere menpeko diren organismo, instituzio eta enpresenak ere.

Gobernuari dagokio aurrekontua egitea eta gauzatzea, eta Legebiltzarrari aztertzea, zuzenketak egitea, onartzea eta kontrolatzea.

Aurrekontuen legeak ezin ditu zergak sortu, baina aldatu egin ditzake zerga-lege substantibo batek hala ezartzen badu.

213. artikulua.- Zorpetzea.

Generalitateak zorpetzera jo dezake, eta zor publikoa jaulki dezake inbertsio-gastuak finantzatzeko, betiere, Generalitateak berak ezarritako mugen barruan eta printzipio orokorrak eta Estatuko araudia errespetatuz.

Jaulkitako tituluak funts publikotzat joko dira ondorio guztietarako, eta Estatuak jaulkitakoen onura eta baldintza berberak izango dituzte.

214. artikulua.- Aurrekontu-egonkortasuna.

Generalitateari dagokio beharrezko mugak eta baldintzak ezartzea aurrekontu-egonkortasuneko helburuak lortzeko, betiere, Estatuaren eta Europar Batasunaren araudien eta printzipioen barruan.

215. artikulua.- Generalitatearen ondarea.

Bere titulartasunpeko ondasun eta eskubideek eta edozein titulu juridikoren bitartez eskuratutakoek osatuko dute Generalitatearen ondarea.

Legebiltzarraren lege baten bitartez arautuko da Generalitatearen ondarearen administrazioa, defentsa eta kontserbazioa.

216. artikulua.- Enpresa publikoak.

Generalitateak enpresa publikoak sor ditzake bere eskumeneko funtzioak betetzeko, Legebiltzarraren legeetan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Tokiko gobernuen ogasunak

217. artikulua.- Printzipio gidariak.

Toki-ogasunek printzipio hauek beteko dituzte: baliabide-askitasuna, ekitatea, autonomia eta erantzukizun fiskala.

Generalitateak printzipio horiek betetzen direla zainduko du.

218. artikulua.- Finantza-eskumenak eta -autonomia.

Tokiko gobernuek aurrekontu- eta gastu-autonomia dute beren baliabideak aplikatzeko orduan, beste administrazio batzuetako aurrekontuen kargura jasotzen dituzten partaidetzak ere barnean hartuta daudela; askatasun osoz erabil ditzakete baliabide horiek beren eskumenak gauzatzeko.

Generalitateak eskumena du, Konstituzioak eta Estatuko legeriak ezarritako esparruan, toki-finantzaketari dagokionez.

Eskumen honek tokiko gobernuen berezko zergak ezartzeko eta arautzeko legegintza-gaitasuna har dezake bere barnean, eta Generalitatearen aurrekontuaren kargurako partaidetzak banatzeko irizpideak finkatzeko gaitasuna hartzen du bere baitan.

Tokiko gobernuek beren finantzak arautzeko gaitasuna dute legeen esparruaren barruan.

Gaitasun horrek barne hartzen du tokiko zergen tasa eta kuota finkatzeko eta hobariak eta salbuespenak zehazteko ahala, legeek ezarritako mugak errespetatuta.

Tokiko gobernuei dagokie beren zergak kudeatu, bildu eta ikuskatzeko eskumena, tokiko zergen sistema erregulatzen duen araudiak ezarritako esparruaren barruan. Eskumen hori Generalitateari eman diezaiokete eskuordetzan, eta Kataluniako Zerga Agentzian parte hartu ahal izango dute.

Generalitateari dagokio tokiko gobernuen gaineko finantza-tutoretza gauzatzea, Konstituzioak aitortzen dien autonomia errespetatuz.

219. artikulua.- Baliabide-askitasuna.

Generalitateak toki-lankidetzarako funts bat ezarri behar du tokiko gobernuentzat.

Funtsa baldintzatu gabea izango da, Generalitatearen zerga-sarrera guztietatik zuzkituko da, eta Legebiltzarraren lege baten bitartez arautuko da.

Gehigarri gisa, Generalitateak finantza-lankidetzako berariazko programak ezar ditzake gai zehatzetarako.

Tokiko gobernuen sarrerak, zergetako partaidetzak edota Estatuaren diru-laguntza baldintzatu gabeak badira, Generalitatearen bitartez jasoko dira; Generalitateak, banaketa hori egiterakoan, Estatuko legeriak arlo honetan ezarritako irizpideak errespetatuko ditu, eta Kataluniako toki-ogasunei buruzko Legean xedatutakoa hartuko du oinarri, betiere, legea legebiltzarkideen hiru bosteneko gehiengoz onartuta dagoela.

Diru-laguntza baldintzatu gabeak direnean, Legebiltzarrak baliabide horien banaketan eraginkortasunez eragiteko bidea eman behar dute irizpide horiek, Estatutu honen 5. artikuluan jasotako Kataluniako instituzio-sistemaren berezitasuna aintzakotzat hartzearren.

Tokiko gobernuei zerbitzu baten titulartasuna edo kudeaketa esleitu edo eskuordetzan ematen bazaie, zerbitzu hori emateko behar dituzten baliabideak bermatuko zaizkie.

Eskumenak ematen zaizkien bakoitzean, hori modu egokian finantzatzeko beharrezko diren baliabide osagarriak ere esleituko zaizkie, eskualdatutako zerbitzuen kostu oso eta benetakoaren finantzaketa kontuan hartuta.

Printzipio hau betetzea ezinbesteko baldintza da eskumenaren transferentzia edo eskuordetza indarrean sar dadin.

Horretarako, hainbat finantzaketa-bide ezar daitezke, Generalitatearen edo, hala badagokio, Estatuaren ogasunak finantza-baliabideetan parte hartzea barne.

Diru-laguntza baldintzatu gabeetatik edo zergetako partaidetza generikoetatik datozen baliabideen banaketa egiteko orduan, kontuan hartu behar dira tokiko gobernuen gaitasun fiskala eta gastu-beharrak, eta baliabideak aski direla bermatuko da kasu guztietan.

Baliabideak tokiko gobernuen artean banatzeko orduan, ezin izango dira inoiz gutxitu bakoitzak lortutako baliabideak, Estatutu honetako manuak indarrean sartu aurreko ekitaldian erabilitako irizpideei jarraituz.

220. artikulua.- Toki-ogasunen legea.

Legebiltzarrak toki-ogasunen berariazko legea onartu behar du kapitulu honetan ezarritako printzipio eta xedapenak garatzeko.

Kapitulu honetan toki-ogasunen alorrean Generalitateari esleitzen zaizkion ahalmenak toki-autonomia errespetatuz eta 85. artikuluan aipatzen den Tokiko Gobernuen Kontseiluari entzun ondoren gauzatu behar dira.

221. artikulua.- Katastroa.

Generalitateak eta Estatuko Administrazio Orokorrak beharrezko diren lankidetza-bide guztiak ezarriko dituzte bere eskumenak baliatzeko beharrezko izan litezkeen erabakietan eta informazio-trukean Generalitateak parte hartuko duela bermatuta gera dadin.

Era berean, Katastroa partzuergo-modura kudeatzeko bideak ezarriko dira Estatuaren, Generalitatearen eta udalerrien artean, betiere, Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera, ondo bermatuta gera dadin datu-baseak Administrazio guztientzat erabat eskuragarri egongo direla eta informazioan batasuna egongo dela.

VII. TITULUA

Estatutuaren erreforma

222. artikulua.- Estatuarekiko harremanei eragiten ez dieten tituluen erreforma.

Estatutuaren I. eta II. tituluak erreformatzeko, prozedura hauek bete behar dira:

a) Erreformatzeko ekimena Kataluniako Legebiltzarrari dagokio, legebiltzarkideen bosten baten proposamenez, eta Generalitateko Gobernuari ere badagokio.

Kataluniako udalek Legebiltzarrari eska diezaiokete erreformatzeko ekimena abiaraz dezan baldin eta udalerrietako osoko bilkuren % 20k eskatzen badu, gutxienez, eta portzentaje horrek populazioaren % 20 ordezkatzen badu gutxienez.

Botoa emateko eskubidea duten Kataluniako 300.000 herritarrek egiaztatutako sinadura emanda ere egin daiteke proposamena.

Erreformarako ekimena gauzatu dadila proposatzeko bi prozedura horiek Legebiltzarrak arautu behar ditu.

b) Erreforma onartzeko, baldintza hauek bete behar dira: Legebiltzarreko kideen bi herenek aldeko botoa eman behar dute; Gorte Nagusietara igorri behar da kontsultarako; Gorte Nagusiek berretsi egin behar dute lege organiko baten bitartez eta Kataluniako hautesleek baiezkoa eman behar dute erreferendum batean.

c) Aurreko b) idatz-zatian aipatzen den kontsulta jaso, eta hogeita hamar eguneko epean Gorte Nagusiek adierazten badute erreformak eragiten diela, 223. artikuluan ezarritako prozedura jarraituko da.

d) Gorte Nagusiek erreforma berresten badute, Generalitateak horri buruzko erreferenduma egin behar du.

Legebiltzarrak edo hautesleek erreformarako proposamena onartzen ez badute, ezin izango da berriro Legebiltzarrera eraman eztabaidatu eta bozkatzeko, harik eta urtebete igaro arte.

223. artikulua.- Gainerako tituluen erreforma.

Honako prozedura hau erabiliko da 222. artikuluan sartuta ez dauden Estatutuaren gainerako tituluekin:

a) Erreformarako ekimena Legebiltzarrari, Generalitateko Gobernuari eta Gorte Nagusiei dagokie.

Udalek eta Legebiltzarrerako bozketetan botoa emateko eskubidea dutenek proposamena egin diezaiokete Legebiltzarrari erreformarako ekimena abiaraz dezan, 222.1.a) artikuluan ezarritako moduan.

b) Erreforma onartzeko, baldintza hauek bete behar dira: Legebiltzarreko kideen bi herenek aldeko botoa eman behar dute; Gorte Nagusiek onartu egin behar dute lege organiko baten bitartez eta, azkenik, hautesleek baiezkoa eman behar dute erreferendum batean.

c) Estatutua erreformatzeko proposamena onartu ondoren, Legebiltzarrak Diputatuen Kongresura bidali behar du.

d) Erreformarako proposamena dela-eta Kongresuak eta Senatuak berrespen-bozketa egin dezakete, betiere, bataren nahiz bestearen legebiltzar-erregelamenduetan ezarritako prozedurari jarraituz.

Legebiltzarrak ordezkaritza bat izendatu behar du Estatutua erreformatzeko proposamena Kongresuan eta Senatuan aurkeztu dezan.

Gorte Nagusiek Estatutua erreformatzeko proposamena berresten badute, dagokion lege organikoa onartutzat joko da.

e) Paragrafo honetako d) idatz-zatian ezarritako prozedura aplikatzen ez bada, bitariko batzorde paritario bat osatuko da. Batzorde hori Diputatuen Kongresuko batzorde eskuduneko zenbait kidek eta Legebiltzarraren ordezkaritza batek osatuko dute, betiere, legebiltzar-taldeen ordezkaritza proportzionala izanik. Batzordeak proposamen bateratu bat egin behar du bi hilabeteko epean, adostasunez eta Diputatuen Kongresuko erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituz.

f) Estatutua erreformatzeko proposamena Senatuan izapidetzeko, e) idatz-zatian ezarritako prozeduraren antzekoa erabili behar da, Senatuaren erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

Kasu honetan, Legebiltzarraren ordezkaritzak, beharrezko egokitzapenak eginda, Senatuko batzorde eskuduneko kideekin batera, bitariko batzorde paritario bat osatu behar du, adostasunez proposamen bateratua egiteko.

g) Bitariko batzorde paritarioak ez badu proposamen bateratua egitea lortzen, Estatutuaren erreforma izapidetzeko ohiko prozedura erabiliko da, hau da, kasuan kasuko legebiltzar-erregelamenduetan ezarritakoa.

h) Legebiltzarrak, kideen gehiengo osoz, edozein unetan erretira ditzake onartutako erreforma-proposamenak Gorte Nagusietan izapidetzen ari diren bitartean, betiere, behin betiko onarpena eman baino lehen.

Erreforma-proposamena erretiratzeak ez dakar inoiz 2. paragrafoan ezarritakoa aplikatzea.

i) Gorte Nagusiek lege organiko baten bitartez erreforma onartzeak bere barnean izango du Estatuak emandako baimena, gehienez ere, sei hilabeteko epean, Generalitateak b) idatz-zatian aipatutako erreferendumerako deialdia egin dezan.

Legebiltzarrak, Gorte Nagusiek edo hautesleek erreformarako proposamena onartzen ez badute, ezin izango da berriro Legebiltzarrera eraman, eztabaidatu eta bozkatzeko, harik eta urtebete igaro arte.

Lehen xedapen gehigarria.

Senatariak izendatzea.

Legebiltzarrari dagokio Senatuan Generalitatea ordezkatuko duten senatariak izendatzea, Legebiltzarraren osoko bilkurak testu osoari buruzko azken bozketan gehiengo osoz onartutako lege batek ezarritakoaren arabera.

Izendapena berariazko deialdi baten bitartez egingo da, legebiltzar-talde bakoitzaren kide-kopuruaren proportzioan.

Legebiltzarrak, testu osoari buruzko azken bozketan gehiengo osoz onartutako lege baten bitartez, senatariak aukeratzeari buruzko arauak aldatuko ditu, hala dagokionean, Senatuaren erreforma konstituzionalera egokitzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.

Estatuko Gobernuarekiko akordioak.

Estatutuak ezartzen badu Generalitateko Gobernuaren iritzia erabakigarria dela Espainiako Gobernuarekin akordio bat ixteko eta Espainiako Gobernuak ez badu onartzen, arrazoitu egin behar du Generalitatearen eta Estatuaren arteko Bitariko Batzordean.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Inbertsioak azpiegituretan.

Estatuak Katalunian azpiegituretan egiten duen inbertsioak, lurralde arteko konpentsazio-funtsa kanpoan dela, Kataluniako barne-produktu gordinak Estatuko barne-produktu gordinean duen parte hartze erlatiboarekin parekatuko da zazpi urteko aldi baterako.

Inbertsio horiek bidesariak arintzeko edo aukerako autobiak eraikitzeko ere erabili ahal izango dira.

Helburu hori betetzearren, estatu-, autonomia- eta toki-administrazioek osatutako batzorde bat eratuko da.

Laugarren xedapen gehigarria.

Finantzaketa-gaitasuna.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoak beharrezko diren txostenak egingo ditu 201.4. artikuluan ezarritakoa zenbateraino betetzen den ebaluatzeko.

Ildo beretik, 201.4. artikuluan ezarritakoa betetzeko agian ezarri beharrekoak diren mekanismoak mailaka aplikatu ahal izango dira helburua erabat bete arte.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Arango araubide berezia berrikustea.

Estatutu hau indarrean jarri eta lau urteko epean, Arango araubide berezia berrikusi eta aldatu egingo da, Estatutu honetan ezarritakoari egokitzeko, hala dagokionean.

Seigarren xedapen gehigarria.

Administrazio arrunta.

Generalitatea izango da Estatuko ohiko administrazioa Katalunian, betiere, Estatuaren Administrazioak bere lurralde-organoen bitartez gauzatzen dituen eginkizun betearazleak, dagozkien tresnen bitartez, Generalitateari transferitzen zaizkion heinean.

Zazpigarren xedapen gehigarria.

Lagatako zergen zerrenda.

Estatutu hau indarrean sartzen denetik aurrera, 203.2. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, lagatako estatu-zergek era honetako sailkapena izango dute:

a) Erabat lagatako estatu-zergak

— Oinordekotza eta Dohaintzen gaineko zerga

— Ondarearen gaineko zerga

— Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zerga

— Ausazko jokoen gaineko zergak

— Hidrokarburo jakin batzuen txikizkako salmenten gaineko zerga

— Garraiobide jakin batzuen gaineko zerga

— Elektrizitatearen gaineko zerga

b) Zati batean lagatako estatu-zergak

— Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga

— Balio erantsiaren gaineko zerga

— Hidrokarburoen gaineko zerga

— Tabakogintzaren gaineko zerga

— Alkoholaren eta hortik eratorritako edarien gaineko zerga

— Garagardoaren gaineko zerga

— Ardoaren eta edari hartzituen gaineko zerga

— Bitarteko produktuen gaineko zerga

Xedapen honen edukia aldatu egin ahal izango da Estatuko gobernuak Generalitatekoarekin akordioa lortuta; Estatuko gobernuak izapidetu beharko du lege-proiektu modura.

Ildo beretik, ondorio horietarako, xedapen hau aldatzea ez da Estatutuaren aldaketatzat hartuko.

Batzorde Mistoak, 210. artikuluan adierazitakoak, ezarriko du lagapenaren irispidea eta baldintzak zein diren, kasu guztietan ere, Katalunian izandako errendimendutzat jota.

Gobernuak lege-proiektu modura izapidetuko du Batzordearen akordioa.

Zortzigarren xedapen gehigarria.

PFEZ lagatzea.

Estatutua indarrean sartuz geroztik zergak lagatzeko onartuko den lehendabiziko lege-proiektuak, aurreko xedapena aplikatuz, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 100eko 50eko lagapen-portzentaje bat izango du bere barruan jasota.

Kataluniako autonomia-erkidegoaren lurraldean ekoiztutakotzat joko da, ohiko bizilekua Katalunian duten subjektu pasiboei dagokienez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik lagatzen den errendimendua.

Era berean, aipatutako zerga horri dagokionez Erkidegoak dituen araugintza-eskumenak handitzea proposatuko da.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Hidrokarburoen gaineko zerga, Tabakogintzaren gaineko zerga, Alkoholaren eta hortik eratorritako edarien gaineko zerga, Garagardoaren gaineko zerga, Ardoaren eta edari hartzituen gaineko zerga eta Bitarteko produktuen gaineko zerga lagatzea.

Honako Estatutu hau indarrean sartuz geroztik zergak lagatzeko onartuko den lehendabiziko lege-proiektuak, zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz, ondoren aipatutako zergen errendimenduaren 100eko 58ko lagapen-portzentajea izango du bere barruan jasota:

Hidrokarburoen gaineko zerga, Tabakogintzaren gaineko zerga, Alkoholaren eta hortik eratorritako edarien gaineko zerga, Garagardoaren gaineko zerga, Ardoaren eta edari hartzituen gaineko zerga eta Bitarteko produktuen gaineko zerga.

Kataluniako autonomia-erkidegoari esleitu beharrekoa kasuan-kasuan dagozkion indizeen arabera ezartzen da.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Balio erantsiaren gaineko zerga lagatzea.

Honako Estatutu hau indarrean sartuz geroztik zergak lagatzeko onartuko den lehendabiziko lege-proiektuak, zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren errendimenduaren 100eko 50eko lagapen-portzentajea izango du bere barruan jasota.

Kataluniako autonomia-erkidegoari esleitu beharrekoa erkidego horren lurralde barruan izandako kontsumoaren arabera ezartzen da.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Araugintzako gaitasuna.

Europar Batasunaren eskumenen eta arautegien esparruaren barruan, Estatuko Administrazio Orokorrak araugintzako eskumenak lagako ditu Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, bai txikizkako aldian egindako operazioetan, baldin eta hartzaileak enpresaburu edo profesional ez badira, baita Ekoizpen Zerga Bereziez kargatutako produktuen txikizkako aldian egindako zerga-ordainketan ere.

Hamabigarren xedapen gehigarria.

Interpretazio harmonikoa.

Konstituzioaren 157. artikuluaren hirugarren paragrafoan aurreikusitako Lege Organikoan jasotako arauak eta Estatutu honetan ezartzen diren arauak modu harmonikoan interpretatu behar dira.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.

Norberaren funtsak eta beste lurralde batzuekin batera erkide diren funtsak.

Aragoiko Koroako Artxiboan eta Bartzelonako Errege Artxiboan dauden Kataluniaren funts propioak Kataluniako artxibo-sistemaren barruan daude sartuta.

Aragoiko Koroakoak izandako beste lurralde batzuekin batera erkide diren gainerako funtsak eraginkortasunez kudeatzeko, Generalitateak lankidetzan aritu behar du, lankidetzan bai Aragoiko Koroako Artxiboko Patronatuarekin, bai patronatu horretan funtsak beste batzuekin partekaturik dituzten gainerako erkidegoekin, baita Estatuarekin ere, elkarrekin adosten dituzten bideak erabiliz.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.

Jokoak eta apustuak.

Joko eta apustuen modalitateak aldatzeko orduan ez da 141.2 artikuluan jasotakoa aplikatuko, baldin eta, izaera soziala dutela eta irabazpide-xederik izan gabe, estatu-esparrua hartzen duten erakundeek gizarterako helburuak betetzeko badira, betiere, erakunde horiei buruz aplikatu beharreko legerian xedatutakoari jarraituz.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.

Gardentasuna.

Estatuak, gardentasun-printzipioa betetzearren, Katalunian izandako gastu publikoen egitarauei buruzko probintzia-kitapena argitaratuko du.

Lehen xedapen iragankorra.

Legeak eta lege-mailako arauak egokitzea.

Estatutu hau indarrean jartzen denean indarrean dauden Legebiltzarreko legeak eta Gobernuaren lege-mailako arauak, I. tituluan aitortutako eskubideekin bateraezinak badira, bi urtez egongo dira indarrean gehienez, epe horretan egokitu egin behar baitira Estatutu honetako araudira egokitzeko.

Legebiltzarreko taldeek, Legebiltzarreko kideek, Gobernuak eta Síndic de Greuges erakundeak irizpena eskatu ahal izango diote Estatutua Bermatzeko Kontseiluari -1. paragrafoan ezarritako epean eta legez ezarritakoaren arabera- Legebiltzarraren legeak edota Gobernuak emandako lege-mailako arauak Estatutuarekin bateragarriak diren jakiteko, indarrean sartu baino lehen.

Irizpenak ez du lotura-indarrik, baina kontseiluak gomendioak egin diezazkioke Legebiltzarrari edo Gobernuari bateraezintzat jotzen dituen arauak aldatzeko edo indargabetzeko.

Bigarren xedapen iragankorra.

Aurreko xedapen iragankorren indarraldia.

Kataluniako Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 4/1979 Lege Organikoaren hirugarren, laugarren eta seigarren xedapen iragankorrek indarrean jarraituko dute, hala dagokionean, araudi iragankor gisa.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe uzten da Kataluniako Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 4/1979 Lege Organikoa.

Lehendabiziko azken xedapena.

VI. tituluko manuen aplikazioa.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoak, Estatutu hau indarrean jartzen denetik hasita, bi urteko epean zehaztu beharko du VI. tituluko manuen aplikazioa.

Finantza-bideragarritasunaren arabera, VI. tituluko manuak pixkanaka aplika daitezke, mailaz maila.

Edozein modutan ere, aplikazio hori guztiz eraginkorra izan behar da bost urteko epean, Estatutu hau indarrean jartzen denetik hasita.

Bigarren azken xedapena.

Kataluniako Zerga Agentzia.

Kataluniako Zerga Agentzia, 204. artikuluan aipatua, Legebiltzarraren lege baten bitartez sortu behar da urtebeteko epean, Estatutu hau indarrean sartzen denetik hasita.

Estatutu hau aplikatutakoan Kataluniako Zerga Agentziari dagozkion eginkizunak, agentzia hori eratzen den egunera arte, ordura arte eginkizun horiek bete dituzten organoek beteko dituzte.

Hirugarren azken xedapena.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoa sortzeko epea.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoa, 210. artikuluan aipatua, sei hilabeteko epean sortu behar da, Estatutu hau indarrean sartzen denetik hasita.

Sortzen ez den bitartean, Estatuaren eta Generalitatearen arteko Balorazio Batzorde Mistoak gauzatuko ditu horren eskumenak.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoa sortzeak berez dakar Estatuaren eta Generalitatearen arteko Balorazio Batzorde Mistoa berehala desegitea.

Laugarren azken xedapena.

Ekonomia- eta finantza-erakundeen zerrenda.

Ekonomi eta Zerga Gaietarako Estatuaren eta Generalitatearen arteko Batzorde Mistoak, Estatutu hau indarrean sartzen denetik, sei hilabeteko epean zehaztu behar du 182. artikuluan aipatzen diren erakundeen zerrenda.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra