Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Sexu-berdintasunari buruzko arauak

Abenduaren 28ko 1/2004 lege organikoa, genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa

2004-12-28

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2004/12/29, 313. zk.

20. ABENDUAREN 28KO 1/2004 LEGE ORGANIKOA, GENERO-INDARKERIAREN AURKA OSO-OSOKO BABESA EMATEKO NEURRIEI BURUZKOA

(2004ko abenduaren 29ko EAO, 313. zk.)

ZIOEN AZALPENA

I

Genero-indarkeria ez da esparru pribatuan eragina duen arazoa. Aitzitik, gure gizartean dagoen desberdintasunaren agerikorik ikaragarriena da. Emakumeen aurka, emakume izateagatik gauzatzen den indarkeria da, erasotzaileek uste dutelako emakumeek ez dituztela askatasun, errespetu eta erabakitzeko gaitasunari buruzko gutxieneko eskubideak.

Espainiako Konstituzioak 15. artikuluan jaso du guztiek duten eskubidea, bizitza eta osotasun fisikorako nahiz moralerako; ezin da inoiz torturarik egin, ez eta gizabidezkoak ez diren edo apalesgarriak diren zigor edo tratuak ezarri ere. Gainera, Espainiako Konstituzioaren arabera, eskubide horiek lotesleak dira botere publiko guztientzat, eta lege bidez bakarrik arautu ahal da eskubide horien egikaritza.

Nazio Batuen Elkarteak, 1995eko IV. Mundu-konferentzian aitortu zuen emakumeen aurkako indarkeria oztopo bat dela berdintasunaren, garapenaren eta bakearen helburuak lortzeko, eta urratu eta kaltetu egiten duela giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen gozamena. Halaber, emakumeen aurkako indarkeria definitu zuen, botere-harremanetan emakumeen eta gizonen artean historian zehar izan diren desberdintasunen ageriko gisa. Gainera, bada tratu txarrak jasaten dituen emakumearen sindromearen definizioa; sindrome hori datza «emakumeak jasandako erasoetan, gizonen eta emakumeen generoan eragina duten inguruabar soziokulturalen ondorioz; eraso horiek emakumea gizonaren mendeko bihurtzen dute, eta pertsonak dituen harremanen oinarrizko hiru esparruetan ageri ohi dira: tratu txarrak bikote-harremanetan, sexu-erasoa gizarte-bizitzan eta jazarpena lan-inguruan».

Espainiako errealitatean, emakumeen aurkako erasoek berebiziko eragina dute. Gaur egun, iraganean baino kontzientzia gehiago dago horren inguruan, hein handi batean emakumeen erakundeek egindako esfortzuari esker, genero-indarkeria mota guztien aurkako borrokan. «Delitu ikusezina» izateari utzi dio, eta taldearen ezespenaz gain, gizartean ezinegona eragiten du.

II.

Botere publikoak ezin dira geldi egon genero-indarkeriaren aurrean, indarkeria horrek beste edozerk baino gehiago erasotzen baititu Espainiako Konstituzioak aldarrikatutako oinarrizko eskubideak, hala nola, askatasuna, berdintasuna, bizitza, segurtasuna eta bereizkeriarik eza. Konstituzioaren 9.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, botere publiko horiek dute ekitza positiborako neurriak hartzeko betebeharra, eskubide horiek benetakoak eta eragingarriak izan daitezen, eskubide horien osotasuna eragotzi edo zailtzen dituzten oztopoak kenduz.

Azken urteotan, Espainiako zuzenbidean aurrerapausoak eman dira legegintzan, genero-indarkeriaren aurkako borrokari dagokionez, horren adibide izanik irailaren 29ko 11/2003 Lege Organikoa, Neurri Zehatzei buruzkoa, Herritarren Segurtasunaren, Etxeko Indarkeriaren eta Atzerritarrak Gizarteratzearen Gaian; azaroaren 25eko 15/2003 Lege Organikoa, azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa, Zigor Kodeari buruzkoa, aldarazi duena; edo uztailaren 31ko 27/2003 Legea, Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Agindua Arautu duena; bai eta autonomia-erkidegoek, euren eskumen-esparruan, onetsitako legeak ere. Lege horiek guztiek euren arautegien bidez eragina izan dute esparru desberdinetan, zibilean, penalean, gizarte-esparruan edo hezkuntza-esparruan.

Legearen xedea da nazioarteko erakundeen gomendioak kontuan hartzea, emakumeen aurka gauzatzen den indarkeriari erantzun osoa emateko. Esangura horretan aipa daitezke, besteak beste, emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko 1979ko Konbentzioa; Nazio Batuen Adierazpena, emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzkoa, Biltzar Orokorrak 1993ko abenduan aldarrikatutakoa; emakumeari buruz 1995eko irailean Pekinen egin zen nazioarteko azken goi-bilerako Ebazpenak; Osasunaren Munduko Biltzarraren WHA49.25 Ebazpena, OMEk aldarrikatu zuena 1996an, osasun publikoarentzat indarkeria lehentasunezko arazoa zela adieraziz; Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordearen 1997ko Ebazpena; eta 1999ko Adierazpena, Genero-indarkeriaren aurkako Europako Urteari buruzkoa. Oraintsu, Europako Parlamentuko 803/2004/EE zenbakidun Erabakiak, Europako Erkidegoko ekintza-programa (2004-2008) onetsi duenak, haurren, gazteen eta emakumeen aurka gauzatzen den indarkeria prebenitzeko eta indarkeria horren aurka egiteko, eta biktimak eta arriskuan dauden taldeak babesteko (II. Daphne programa), ezarri du horren inguruan herritarren ordezkariek Europar Batasunean duten jarrera eta estrategia.

Legearen esparruak bere baitan hartzen ditu, dela erasoen ondoren biktimei begira kontuan hartu beharreko alde prebentiboak, hezkuntzakoak, gizarte-izaerakoak, laguntza-izaerakoak eta arretakoak, dela arautegi zibila, familia-esparruan edo elkarbizitzan eragina duena, erasoak, batik bat, esparru horretan gauzatzen direlako, dela subsidiaritate-printzipioa Administrazio publikoetan. Era berean, ziurtasunez heldu zaio zigorra ezartzeari, lege honek arautzen dituen indarkeria-agerpen guztiei.

Lege honek genero-indarkeria bideratu du osotasunean eta diziplina anitzen ikuspuntutik, gizarteratze- eta hezkuntza-prozesutik hasita.

Berdintasunaren eta giza duintasunarenganako errespetuaren lorpenak, eta pertsonen askatasuna lehentasunezko helburu izan behar dira gizarteratze-maila guztietan.

Legeak sentsibilizazio-neurriak eta esku-hartzeko neurriak ezarri ditu hezkuntza-esparruan. Publizitate-esparruari beren-beregi dagokionez, indartu da emakumeen berdintasuna eta duintasuna errespetatzen dituen irudia. Biktimei laguntza eskaintzen zaie, edozenbat eskubide aitortuz, hala nola, informazioa jasotzeko, doako laguntza juridikoa izateko, eta gizarte-babesa nahiz ekonomiaren aldetik laguntza izateari dagokionez izan ahal diren beste batzuk. Horrenbestez, legeak erantzun osoa ematen du, eta bere baitan hartzen ditu, hala arau prozesalak, auzialdi berriak sortuz, nola arau substantiboak, penalak zein zibilak; halaber, osasun-arloko langileen, polizien eta legelarien behar bezalako prestakuntza ezarri du, horiek baitira frogak lortzeko eta legea aplikatzeko ardura dutenak.

Orobat, sentsibilizazio-neurriak eta esku hartzeko neurriak ezarri dira, osasun-esparruan, biktimen detekzio goiztiarra eta biktimei eskaini beharreko arreta fisiko eta psikologikoa hobetzeko, laguntza izaerako beste neurri batzuekin koordinatuta.

Emakumearen aurkako indarkeria-egoerek eragina dute, berebat, euren familia-ingurunean dauden adingabekoengan, indarkeria horren zuzeneko nahiz zeharkako biktima direlako. Legeak adingabeko horiek ere babestu ditu, euren eskubideak babesteaz gain, emakumeari begira hartutako babes-neurriak eragingarritasunez bermatzeko.

III

Legearen egitura osatu dute atariko tituluak, bost tituluk, hogei xedapen gehigarrik, bi xedapen irangakorrek, xedapen indargabetzaile bakarrak eta zazpi azken xedapenek.

Atariko tituluan legearen xedapen orokorrak jaso dira, legearen xedeari eta printzipio artezkariei buruzkoak.

I. tituluan ezarri dira esparru desberdinetako sentsibilizazio-, prebentzio- eta detekzio-neurriak. Hezkuntza-esparruan zehaztu dira sistemaren betebeharrak, emakumeenganako duintasuna eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzeko balioak transmititu daitezen. Hezkuntzaren helburu nagusia da heziketa osoa eskaintzea, ahalbidetzen diena nortasun propioa osatzea, bai eta errealitatearen kontzepzioa eratzea ere, aldi berean barneratzen dituena errealitate horren ezagutza eta balorazio etikoa.

Bigarren Hezkuntzara curriculum-eduki gisa biltzen da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko eta genero-indarkeriaren aurkako hezkuntza; eskola-kontseilu guztietara kide berri bat gehitzen da, berdintasunaren alde eta emakumearen aurkako indarkeriaren kontra hezkuntza-neurriak bultzatzeko.

Publizitatearen esparruan, publizitateak errespetatu beharko du emakumeen duintasuna eta estereotipatu gabeko irudirako eskubidea, eta ez da bereizkeriazkoa izango, publizitate hori komunikabide publikoetan nahiz pribatuetan agertzea gorabehera. Bestalde, publizitatearen bukarazte- edo zuzenketa-akzioa aldarazi da, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten erakunde eta elkarteak legitimatuz hori egikaritzeko.

Osasun-arloan, biktimen detekzio goiztiarrerako eta biktimei laguntza emateko jarduerak jaso dira, bai eta osasun-protokoloen aplikazioa ere, erasoak gertatzen direnean, lege honen objektu den indarkeriaren ondorioz; protokolo horiek auzitegiei bidaliko zaizkie, prozedura judiziala arintzeko xedearekin. Modu berean, Osasunaren Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan batzorde bat sortu da, legean ezarritako osasun-neurriak teknikoki oinarritzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

II. tituluan, indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideei buruzkoan, I. kapituluan, bermatu da informazioaren berri izateko eta gizarte-laguntza osoa izateko eskubidea, arreta-zerbitzuen bidez; halako zerbitzuak izango dira iraunkorrak eta presakoak, eta izango dituzte prestazio bereziak nahiz diziplina anitzetako profesionalak. Zerbitzu horiek abian jar daitezen laguntzeko, funts bat hornituko da; horretara jo ahal izango dute autonomia-erkidegoek, kasuan kasuko sektoreko konferentzian ezarritako irizpide objektiboekin bat etorriz.

Orobat, doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu da, auzitan aritzeko behar besteko baliabiderik ez duten biktimei abokatu-laguntza bermatzeko, genero-indarkeriarekin zerikusia duten prozesu eta prozedura guztietan, baldin eta biktima horiek alderdi badira halakoetan; abokatu berberak hartuko du bere gain biktima horien laguntza prozesu guztietan. Neurri hori kaltedunei hedatzen zaie, biktima hiltzen bada.

Horrezaz landa, gizarte-esparruan babes neurriak ezarri dira. Hori dela eta, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi duena, aldarazi da, justifikatu ahal izateko genero-indarkeriaren biktimen absentziak lanpostuetan, eta ahalbidetzeko biktima horien mugigarritasun geografikoa, kontratuak etetea, lanpostua erreserbatuta, eta kontratuak azkentzea.

Esangura berean, emakume diren funtzionario publikoei laguntzeko neurriak ezarri dira, funtzionario horiek lege honek borrokatzen dituen indarkeria-motak jasaten dituztenean; halatan, kasuan kasuko manuak aldarazi dira abuztuaren 2ko 30/1984 Legean, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoan.

Laguntza ekonomikorako neurriak ere arautu dira, eta, horrenbestez, aldarazi da ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onetsi duena, genero-indarkeriaren biktimek legezko langabezia-egoerarako eskubidea izan dezaten, euren lan-kontratua borondatez suntsiarazten edo eteten dutenean.

Genero-indarkeriaren biktimek balbiabide ekonomikorik ez dutenean, halakoei gizarte-laguntzak bermatzeko, ezarri da biktimak euren lanbideratzerako sortutako ekintza-programa bereziari ekingo diotela, uste denean biktimak ez duela behar beste hobetuko enplegua bilatzeko egoera, adinarengatik, orokorrean prestakuntza berezirik ez izateagatik eta gizarte-inguruabarrengatik. Laguntza horiek, biktimaren adinaren eta familia-eratzukizunen arabera modulatuko direnak, oinarrizko helburutzat dute biktimari iraupenerako gutxieneko baliabideak ematea, erasotzailearengandik modu independentean bizitzea ahalbidetuko diotenak; laguntza horiek bateragarriak izango dira abenduaren 11ko 35/1995 Legeak, Indarkeriazko Delituen eta Sexu-askatasunaren aurkako Delituen Biktimak Laguntzeko eta Sorostekoak, ezarritakoekin.

III. tituluan, Babes Instituzionalari buruzkoan, administrazio-organoak sortu dira. Lehendabizi, Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Gobernuaren Ordezkaritza Berezia, Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioan. Horrek izango dituen eginkizunen artean daude, besteak beste, Gobernuaren politika proposatzea, emakumearen aurkako indarkeriari dagokionez, eta gai horretan gauzatzen diren jarduera guztiak koordinatu eta bultzatzea; jarduera horien artean nahitaez izango dira emakumeen eskubide-bermeak eragingarri egiten dituzten jarduera guztiak. Halaber, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Estatuko Behatokia sortu da, Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioko kide anitzeko organo gisa. Behatokiaren eginkizunik garrantzitsuena izango da, emakumearen aurkako indarkeriaren egoera eta bilakaera aztertzea, bai eta Ordezkariarekin batera aholkuak eman eta laguntza eskaintzea ere, indarkeria-mota hori ezabatzeko proposamenak eta neurriak gauzatzean.

IV. tituluan, legeak zigor-izaerako arauak sartu ditu; halako arauen bidez lesioen tipo astunduetara bildu nahi da tipo berezi bat, zigorra gehitzen duena, lesioa gauzatzen denean egilearen emaztea den edo izan den pertsonaren aurka, edo egilearekin antzeko maitasun-harremanak dituen edo izan dituen emakumearen aurka, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan. Delitu gisa zigortuko dira, berebat, edozein motatako derrigortze arinak eta mehatxu arinak, arestian aipatu emakumeen aurka gauzatu badira.

Herritarrei, emakume-taldeei eta, bereziki, halako erasoak jasaten dituztenei begira, legeak nahi du erantzun irmo eta sendoa ematea, eta irmotasuna agertzea, hori guztiori tipo penal berezietan jasoz.

V. tituluan ezarri da Babes Judiziala deritzona, familia arteko harremenetan genero-indarkeriaren biktimen egoera juridikoak eta familia- nahiz gizarte-egoerak tratamendu egokia eta eragingarria izatea bermatzeko.

Ikuspuntu judiazialetik begiratuz gero, fenomeno katramilatsua dugu eskuartean; egin-eginean ere, ikuspegi juridiko desberdinek esku hartu behar dute, hala arau prozesal eta substantiboek, nola biktimen arretari buruzko xedapenek, eta esku-hartze hori legeria bereziaren bidez bakarrik lortu ahal da.

Emakumearen aurkako indarkeria prebenitu eta ezabatu nahi duen legeak neurri prozesalak jaso behar ditu, prozedura arinak eta sumarioak ahalbidetzen dituztenak, uztailaren 31ko 27/2003 Legeak ezarritakoaren antzekoak; halaber, halako lege batek esparru zibil eta penaletan bateratu behar ditu, emakumeentzako eta euren seme-alabentzako babes-neurriak eta presa-izaerarekin betearazteko moduko kautela-neurriak

Gaur egungo arautegiak, zibilak, penalak, publizitateari buruzkoak, lan-arlokoak eta administrazio-arlokoak, gabezia ugari du; gabezia horiek daude orain arte gai horri ez zaiolako erantzunik eman, osoa eta diziplina anitz kontuan hartzen dituena.Ikuspuntu penaletik, erantzun horrek emakumearentzat ezin du eragin beste kalterik.

Familia arteko harremanetan genero-indarkeriaren biktimen egoera juridikoak eta familia- nahiz gizarte-egoerak tratamendu egokia eta erangigarria izan dezaten bermatzeko hurrengo neurriak hartu dira: Espainiako tradizio juridikoarekin bat etorriz, zigor-arloan espezializazio-formula baten alde egin da, instrukzio-epaileei dagokienez; modu horretara, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak sortu dira, eta baztertu da jurisdikzio-ordena berri bat sortzeko aukera edo epaile zibilek zigor-eskumenak hartzeko aukera. Epaitegi horien ardurakoak izango dira instrukzioa, eta, hala denean, zigor-auzien epaia, emakumearen aurkako indarkeriaren gaian, bai eta gai horri lotuta dauden auzi zibilen epaia ere. Horrenbestez, lortu nahi da auzi batzuek zein besteek lehen auzialdian egoitza berean izatea prozesu-tratamendua. Horrela ziurtatzen da ezarri beharreko zigor-prozesuak berme-eginkizunak izatea, ustezko erasotsailearen oinarrizko eskubideei dagokienez. Alabaina, horrek ez du inondik inora gutxituko biktimari begira lege honek ezarritako aukerak, babesa handiagoa, berehalakoagoa eta eragingarria izan dadin, ezta errekurtsoak ere, erasoa errepikatzea edo indarkeria areagotzea saihesteko.

Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileak hartu ahal izango dituen babes-neurrien berariazko arauketari erreparatuz, erabaki da neurri horiek esanbidez ezartzea; izan ere, neurriok ez dira jaso kautela-neurri gisa Prozedura Kriminalaren Legean. Hurrean ere, lege horrek bizilekua izatea eta leku jakin batera joatea baino ez ditu debekatu, Zigor Kodearen 57. artikuluan jasotako delituei begira (PKLren 544bis artikulua, 14/1999 LOk gehitutakoa). Gainera, neurri horiek denboran mugatzearen alde egin da (kautela-neurrien kasuan), prozesua amaitu arte. Aitzitik, babes-neurri horietarik edozein segurtasun-neurri gisa erabiltzeko aukera ezarri da, hasieratik edo epaia betearazi bitartean; horrekin luzatu egin da Zigor Kodearen 105. artikuluko zerrenda (11/1999 LOk gehitutakoa), eta epaileari ahalbideratu zaio biktimak babesteko bermea, prozesua amaitu ondoren ere.

Fiskaltzaren eginkizunak ukitzen dituzten arauak ezarri dira, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Fiskala sortuz, gai honetan Fiskaltza gainbegiratu eta koordinatzeaz arduratuko dena, bai eta atal baliokidea eratuz ere, auzitegi nagusien eta probintziako audientzien fiskaltzetan; azken horiei atxikiko zaizkie gaian espezializatuta dauden fiskalak. Fiskalek esku hartuko dute zigor-prozeduretan, prozedura horiek hasten direnean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek zein delitu edo falten gaineko eskumena izan eta halakotzat jotzen diren egitateengatik; halaber, esku artuko dute deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-prozedura zibiletan, edo adingabeko seme-alaben jagoletza eta zaintzari buruzko prozeduretan, non ezkontidearen nahiz seme-alaben aurkako tratu txarrak alegatzen diren.

Legeak bere xedapen gehigarrietan antolamendu juridikoa sakon eraldatu du, indarreko arauak egokitzeko testu honek eratutako esparrura. Aurreko arauak harmonizatzeko eta lege-testuen artean testuinguru koordinatua eskaintzeko xedearekin, eraldaketa osoaren zati bat indarrean dauden arauak aldaraziz gauzatu da. Esangura horretan, xedapen gehigarriek artikuluetan zehar ezarritako neurriak garatu dituzte, baina garapenok zuzenean txertatuz hezkuntza-arloko, publizitate-arloko, lan-arloko, Gizarte Segurantzako eta Funtzio Publikoko legerian; era berean, xedapen horiek modu berezian ukitu dute petsioen aitorpena eta legean ezarritako funtsaren horniketa, genero-indarkeriaren biktimei gizarte-laguntza osoa ahalbidetzeko.

Araubide iragankorrari dagokionez, lege hau aplikatuko zaie berau indarrean jartzeko unean izapideak hasita zituzten prozedurei, baina errespetatu egingo da kasuan kasuko organoen eskumen judiziala.

Amaitzeko, lege honek azken xedapenetan jaso ditu bere manuen arau-garapenerako behar diren baimenak.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Legearen xedea.

1. Lege honen xedea da indarkeriaren kontra egitea, indarkeria emakumeen aurka erabiltzen dutenean horien ezkontide direnek edo izan direnek, edo horiekin antzeko maitasun-harremanak dituztenek edo izan dituztenek, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan, bereizkeriaren, desberdintasun-egoeraren eta gizonek emakumeei ezartzen dizkieten botere-harremanen agerpen gisa.

2. Lege honen bidez babes-neurri osoak ezarri dira, eta neurri horien helburua da halako indarkeria prebenitu, zehatu eta ezabatzea, eta indarkeria horren biktimei babesa ematea.

3. Lege honek aipatu genero-indarkeriatzat ulertzen da indarkeriazko egintza oro, fisikoa nahiz psikologikoa, baita sexu-askatasunaren aurkako erasoak, mehatxuak, derrigortzeak edo nahierara askatasunaz gabetzea ere.

2. artikulua. Printzipio artezkariak.

Lege honen bidez neurrien multzo osoa ezarri da, neurri horien helburua izanik hurrengo xedeak lortzea:

a) Prebentzioaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko neurriak indartzea; horretarako botere publikoak tresna eragingarriekin hornituko dira, hezkuntzaren, gizarte-zerbitzuen, osasunaren, publizitatearen eta komunikabideen esparruan.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak sendotzea, eskatzeko modukoak direnak Administrazio publikoetan; modu horretara ziurtatzen da ondore horietarako ezarritako zerbitzuetara jotzea, azkar, gardentasunez eta eragingarritasunez.

c) Legearen helburuek ezarritako gutxienekoak bete arte, informazio, arreta, larrialdi, babes eta sendabide osorako gizarte-zerbitzuak indartzea, bai eta sistema bat ezartzea, udalerri eta autonomia-erkidego mailan aldez aurretik zeuden zerbitzuak eragingarritasun gehiagorekin koordinatzeko.

d) Lan-esparruan eta funtzionarioen esparruan eskubideak bermatzea, lan-harremanen eta enplegu publikoaren beharrizanak uztartzen dituztenak genero-indarkeria jasaten duten emakume langileen edo funtzionarioen inguruabarrekin.

e) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako eskubide ekonomikoak bermatzea, emakume horien gizarteratzea errazteko helburuarekin.

f) Babes instituzionalaren sistema osoa ezartzea; horren ondorioz, Estatuko Administrazio Orokorrak, Emakumearenganako Indarkeriaren Kontrako Gobernuaren Ordezkaritza Bereziaren bidez, Emakumearen aurkako Indarkeriaren Estatuko Behatokiaren laguntzarekin, bultzatuko du lege honetan ezarritako indarkeriaren biktimak babesteko politika publikoak sortzea.

g) Indarrean dagoen zigor- eta prosezu-esparrua indartzea, jurisdikzio-auzialdiek genero-indarkeriaren biktimei babes osoa ematea ziurtatzeko.

h) Botere publikoen era guztietako baliabide eta tresnak koordinatzea, ziurtatzeko genero-indarkeriazko egitateen prebentzioa eta, hala denean, egitate horien errudunei ezarri beharreko zehapen egokia.

i) Gizarte zibilean genero-indarkeriaren kontra jarduten duten entitate, elkarte eta organizazioen lankidetza eta partaidetza sustatzea.

j) Biktimen informazio-, arreta- eta babes-prozesuan parte hartzen duten kolektibo profesionalen espezializazioa suspertzea.

k) Neurrien zeharkakotasun-printzipioa bermatzea, hori aplikatzean kontuan har daitezen genero-indarkeriaren biktima diren emakume guztien beharrizan eta eskakizun bereziak.

LEHENENGO TITULUA

Sentsibilizazio-, prebentzio- eta detekzio-neurriak

3. artikulua. Sentsibilizazio-planak.

1. Estatuko Gobernuaren erantzukizunetik, eta lege hau indarrean jartzen den unetik, kasuan kasuko aurrekontu-zuzkidurarekin, abian jarriko da genero-indarkeriaren sentsibilizazio- eta prebentzio-plana; plan horrek, gutxienez, hurrengo osagaiak jasoko ditu:

Gizarte-egoeran txertatu behar ditu balio-mailaketa berriak, oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetuan eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritzen direnak, bai eta tolerantzia eta askatasuna elkarbizitzaren printzipio demokratikoen arabera egikaritzean ere. Hori guztiori gauzatzeko kontuan hartu behar da genero-harremanen ikuspegia.

Gizon nahiz emakumeentzat izan behar da, erkidegoan arituz eta kultura desberdinak kontuan hartuz.

Egoera horietan parte hartzen duten profesionalen prestakuntza osagarrirako eta profesional horiek birziklatzeko programa zabala jaso behar du.

Plan hori partaidetza zabaleko batzorde batek kontrolatu behar du; batzorde hori, gehienez ere, hilabeteko epean sortuko da, eta bertan parte hartu behar dutenen artean daude kaltedunak, erakundeak, profesionalak eta gai horiek tratatzeari dagokionez gizartean ospe handia duten pertsonak

2. Gainera, botere publikoek, euren eskumenen esparruan, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bereziak bultzatuko dituzte, genero-indarkeria prebenitzeko xedearekin.

3. Indarkeria-mota horren aurkako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak gauzatuko dira desgai diren pertsonek ere horien berri izatea bermatuz.

LEHENENGO KAPITULUA

HEZKUNTZA-ESPARRUAN

4. artikulua. Hezkuntza-sistemaren printzipio eta balioak.

1. Espainiako hezkuntza-sistemak bere xedeen artean izango du ikasleak heztea, oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzeko, bai eta tolerantzia eta askatasuna elkarbizitzaren printzipio demokratikoen arabera egikaritzeko ere.

Era berean, Espainiako hezkuntza-sistemak kalitate-printzipioen artean izango ditu gizonen eta emakumeen arteko berdintasun osoa eragozten duten oztopoak ezabatzea eta gatazkak prebenitzeko nahiz gatazka horiek modu baketsuan konpontzeko heziketa.

2. Haur Hezkuntzak lagunduko du haurtzaroan gatazkak modu baketsuan konpontzeko ikasketa garatzen.

3. Lehen Hezkuntzak lagunduko du ikasleen gaitasuna garatzen, euren arteko gatazkak modu baketsuan konpon ditzaten eta sexuen arteko berdintasuna errespeta dezaten.

4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak lagunduko du ikasleen gaitasuna garatzen, hurkoarekin harreman baketsuak izan ditzaten eta gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna ezagutu, baloratu eta errespeta dezaten.

5. Batxilergoak eta Lanbide Heziketak lagunduko dute ikasleen gaitasuna garatzen, modu arduratsu eta autonomoan jardun ahal izateko, euren pertsona-, gizarte- eta moral-heldutasuna sendo dadin; sexu-desberdintasunak modu kritikoan aztertu eta balora ditzaten; eta gizonen eta emakumeen arten benetakoa eta eragingarria den berdintasuna susper dezaten.

6. Pertsona nagusientzako hezkuntzak dituen xedeen artean izango dira gatazkak modu baketsuan konpontzearen inguruko jarduerak garatzea eta pertsonen duintasunarenganako eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarenganako errespetua surpetzea.

7. Unibertsitateek esparru akademiko guztietan ezarri eta suspertuko dute genero-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren inguruko heziketa, irakaskuntza eta ikerketa, zeharkakotasunez.

5. artikulua. Berehalako eskolatzea genero-indarkeria dagoenean.

Administrazio eskudunek berehalako eskolatzea ezarri beharko dute, genero-indarkeriazko egitateen ondorioz bizilekua aldatu behar denean, eta horrek seme-alabengan ondorioak dituenean.

6- artikulua. Berdintasuna suspertzea.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eragingarria bermatzeko xedearekin, hezkuntza-administrazioek zainduko dute hezkuntza-material guztietan estereotipo sexista edo bereizkeriazkoak ezabatzea eta gizonek nahiz emakumeek balio bera dutela suspertzea.

7. artikulua. Irakaslegoaren hasierako eta etengabeko prestakuntza.

Hezkuntza-administrazioek behar diren neurriak hartuko dituzte, irakaslegoaren hasierako eta etengabeko prestakuntza-planetan berdintasun-arloko prestakuntza berezia ezar dadin; horrekin ziurtatu nahi da irakasleek ezaguera eta teknikak ikastea hurrengoei dagokienez gaitasunez jarduteko:

a) Ikasleak heztea, oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzeko, eta tolerantzia eta askatasuna elkarbizitzaren printzipio demokratikoen arabera egikaritzeko.

b) Ikasleak heztea, gaztazkak prebenitzeko nahiz gatazkak bake bidez konpontzeko, norberaren, familiaren eta gizartearen bizitzako esparru guztietan.

c) Familia-bizitzan indarkeria goiz detektatzea, batez ere emakumearen eta seme-alaben aurkakoa.

d) Jarrerak suspertzea, xede dutenak emakumeek eta gizonek eskubide nahiz betebehar berberak egikaritzea, esparru publikoan zein pribatuan, eta etxeko ardurak bi-biek izatea.

8. artikulua. Partaidetza eskola-kontseiluetan.

Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, ziurtatzeko eskola-kontseiluek bultzatzen dutela hezkuntza-neurriak hartzea gizonen eta emakumeen artean benetakoa eta eragingarria den berdintasuna, suspertzeko . Xede berarekin, Estatuaren Eskola Kontseiluan ziurtatuko da  ordezkatuta izatea Emakumearen Institutua eta, nazio-lurralde guztian sustraituta izanik, emakumeen interesak defendatzen dituzten erakundeak.

9. artikulua. Hezkuntza-ikuskatzailetzaren jarduna.

Hezkuntza-ikuskatzailetzaren zerbitzuek zainduko dute kapitulu honetan jasotako printzipio eta balioak aplikatzea hezkuntza-sisteman, emakumeen eta gizonen artean benetako berdintasuna suspertzeko.

II. KAPITULUA

PUBLIZITATEAREN ETA KOMUNIKABIDEEN ESPARRUAN

10. artikulua. Zilegi ez den publizitatea.

Azaroaren 11ko 34/1988 Legeak, Publizitateari buruzkoak, ezarritakoarekin bat etorriz, publizitatea ez zilegitzat jotzen da emakumearen irudi-erabilera isekagarria edo bereizkeriazkoa denean.

11. artikulua.

Ikus-entzunezko komunikabideek euren betebeharrak gauzatzen dituztela zaintzen duen erakunde publikoak bidezko neurriak hartuko ditu, emakumearen tratamendua bat etor dadin konstituzio-printzipio eta -balioekin, kalterik egin gabe beste erakunde batzuek gauza ditzaketen jarduerei.

12. artikulua. Bukarazte- edo zuzenketa-akzioaren titularrak.

Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Gobernuaren Ordezkaritza Bereziak, Emakumearen Institutuak edo autonomia-erkidego bakoitzean horren baliokide den organoak, Fiskaltzak eta helburu bakartzat emakumeen interesak defendatzea duten elkarteek legitimazioa izango dute, auzitegietan zilegi ez den publizitatearen bukarazte-akzioa egikaritzeko, emakumearen irudia modu isekagarrian erabiltzeagatik, azaroaren 11ko 34/1988 Legeak, Publizitateari buruzkoak, ezarritakoaren arabera.

13. artikulua. Komunikabideak.

1. Administrazio publikoek zainduko dute legeria oso-osoan betetzea, oinarrizko eskubideak babes daitezen, eta arreta berezia jarriko dute, indarreko legeriarekin bat etorriz, gizarte-komunikabide guztietan ezabatzeko emakumeen desberdintasun-egoerak sorraraz ditzaketen jokabideak.

2. Administrazio publikoak autoarauketa-akordioak sustatuko ditu; halako akordioek, prebentzio-kontroleko eta eztabaidak epaiketatik kanpo konpontzeko mekanismo eragingarriak badituzte, publizitate-legeria betetzen lagunduko dute.

14. artikulua.

Komunikabideek sustatuko dute gizonaren eta emakumearen arteko bedintasuna babestea eta zaintzea, euren arteko edozein bereizkeria saihestuz.

Emakumearen aurkako indarkeriaren gaineko informazioak hedatzean bermatuko da, kasuan kasuko informazio objektiboaren bidez, indarkeriaren biktima diren emakumeen eta euren seme-alaben giza eskubideak, askatasuna eta duintasuna defendatzea. Bereziki, kontu handiz jardungo da informazioaren tratamendu grafikoari dagokionez.

III. KAPITULUA

OSASUN-ESPARRUAN

15. artikulua. Sentsibilizazioa eta prestakuntza.

1. Osasun-administrazioek, Osasunaren Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan, sustatu eta bultzatuko dituzte osasun-arloko profesionalen jarduerak genero-indarkeriaren detekzio goiztiarrerako, eta egokitzat jotzen dituzten neurriak proposatuko dituzte, osasun-sektorearen ekarpena hobetzeko, halako indarkeria-motaren aurkako borrokan.

2. Bereziki, osasun-arloko langileak sentsibilizatzeko programak eta langile horientzako etengabeko prestakuntza gauzatuko dira, lege honek aipatu genero-indarkeria aintzat hartu eta halako egoeran dagoen emakumearen diagnostiko goiztiarra, laguntza eta birgaikuntza hobetu eta bultzatzeko.

3. Hezkuntza-administrazio eskudunek ziurtatuko dute lizentziaturen eta diplomaturen curriculum-esparruetan, eta lanbide soziosanitarioetako espezializazio-programetan, gaikuntzarako edukiak ezartzea, indarkeria mota horretako biktimen aldeko detekzio goiztiarra, esku-hartzea eta babesa gauza daitezen.

4. Osasunaren Plan Nazionaletan genero-indarkeria prebenitzeko eta horri begira esku hartzeko atal bat jasoko da.

16. artikulua. Osasunaren Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseilua.

Osasunaren Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan Genero-indarkeriaren aurkako Batzordea eratuko da, lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean; batzorde horrek kapitulu honetako osasun-neurrien planifikazioa egitean laguntza teknikoa eta orientabideak emango ditu, eta osasun-protokoloa aplikatzeko beharrezko neurriak proposatuko ditu, bai eta osasun-sektoreak indarkeria-mota hori ezabatzen laguntzeko egokitzat jotzen dituen beste edozein neurri ere.

Osasunaren Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluaren Genero-indarkeriaren aurkako Batzordea osatuko dute gai horretan eskumena duten autonomia-erkidego guztietako ordezkariek.

Batzordeak urtero txostena emango du, eta hori bidaliko zaie Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Estatuko Behatokiari eta Lurralde Arteko Kontseiluko osoko bilkurari.

II. TITULUA

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak

LEHENENGO KAPITULUA

INFORMAZIORAKO, GIZARTE-LAGUNTZA OSORAKO ETA DOAKO LAGUNTZA JURIDIKORAKO ESKUBIDEA

17. artikulua. Biktimen eskubideen bermea.

1. Genero-indarkeriaren biktima diren emakume guztiek bermatuta dituzte lege honetan aitortutako eskubideak, euren jatorria, erlijioa edo beste edozein baldintza nahiz inguruabar pertsonal edo sozial gorabehera.

2. Genero-indarkeriaren biktimenganako informazioa, gizarte-laguntza eta doako laguntza juridikoa, kapitulu honetan araututakoaren arabera, lagungarri dira, biktima horiek osotasun fisikorako eta moralerako, askatasun eta segurtasunerako, eta berdintasun eta sexuan oinarritutako bereizkeriarik ez jasateko dituzten konstituzio-eskubideak benetakoak eta eragingarriak egiteko.

18. artikulua. Informaziorako eskubidea.

1. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eskubidea dute euren egoera pertsonalaren inguruko informazio osoa eta aholkularitza egokia izateko, Administrazio publikoek izan ditzaketen zerbitzu, antolakunde edo bulegoen bidez.

Informazio horretara bilduko dira lege honetan jasotako neurriak, biktima horien babesari eta segurtasunari buruzkoak, eta lege honetan jasotako eskubide eta laguntzak, bai eta arreta, larrialdi, babes eta sendabide osorako zerbitzuak emango diren lekuaren aipamena ere.

2. Beharrezko bideak erabilita bermatuko da, desgai izateaz gain genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek euren eskubideen eta baliabide eskuragarrien gaineko informazio osoa jasotzea. Informazio hori eman beharko da desgai diren pertsonek erraz eskuratu eta ulertzeko moduan, esaterako, zeinu-mintzaira edo beste komunikazio-modalitate edo -aukera batzuk erabilita, sistema alternatibo eta gehigarriak barne.

3. Era berean, behar diren baliabideak ezarriko dira, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek informazio osoa eskuratzeko eskubidea izan dezaten, euren inguruabar pertsonal eta sozialengatik informazio hori eskuratzeko arazo gehiago dituztenean.

19. artikulua. Gizarte-laguntza osorako eskubidea.

1. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eskubidea dute, arreta, larrialdi, babes eta harrera, eta sendabide osorako zerbitzuak izateko. Autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek halako zerbitzuak antolatzen dituztenean, kontuan hartu beharko dituzte etengabeko arreta, presako jardute, prestazioen espezializazio eta diziplina-anizkotasun profesionalaren printzipioak.

2. Diziplina anitzeko arretak bere baitan hartuko ditu bereziki:

a) Biktimenganako informazioa.

b) Arreta psikologikoa.

c) Gizarte-babesa.

d) Emakumeen eskubideen gaineko erreklamazioen jarraipena.

e) Familia-unitateari hezkuntza-babesa.

f) Berdintasun-balioetan prenbentzio-prestakuntza, beregana daitezen garapen pertsonala eta gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeko trebakuntza.

g) Prestakuntzarako eta laneratzeko babesa.

3. Zerbitzuek printzipio horien eragingarritasuna bermatzen duten antolakuntza-ereduak ezarriko dituzte, horretarako kontuan hartuta euren langileen espezializazioa eta zerbitzuak dituen ezaugarriak ekintzak bateratu eta osatzeko.

4. Zerbitzu horiek modu koordinatuan eta elkarlanean arituko dira Segurtasun Kidegoekin, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileekin, osasun-zerbitzuekin eta kasuan kasuko esparru geografikoan, biktimei laguntza juridikoa emateko ardura duten erakundeekin. Zerbitzu horiek epaileari eskatu ahal izango dizkiote beharrezkotzat jotzen dituzten presako neurriak.

5. Gizarte-zerbitzu horien bidez, gizarte-laguntza osorako eskubidea izango dute, orobat, erasotutako pertsonaren guraso-ahalaren edo jagoletza nahiz zaintzaren mende dauden adingabekoek ere. Ondore horietarako, gizarte-zerbitzuek adingabeei arreta egiteko beren-beregi prestatutako langileak izan beharko dituzte, genero-indarkeriazko familia-inguruetan bizi diren adingabeen kasuan, egoera horrek adingabekoentzako sor ditzakeen kalte psikiko eta fisikoak eragingarritasunez prebenitu eta saihesteko xedearekin.

6. Estatuko Administrazio Orokorraren eta automia-erkidegoetako Administrazioen arteko lankidetza-tresna eta -prozeduretan, artikulu honetan araututako gaiei dagokienez, Estatuko Administrazio Orokorrak bere gain hartuko ditu konpromisoak, finantza-baliabideak emateko, zerbitzuak eskain daitezen.

7. Berdintasun-antolakundeek gauzatutako programa nahiz ekintzei begira orientabideak emango dituzte, halakoen gaineko balorazioa egindo dute, eta halakoak hobetzeko gomendioak emango dituzte.

20. artikulua. Laguntza juridikoa.

1. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eskubidea dute, abokatuaren eta prokuradorearen doako ordezkaritza izateko administrazio-prozesu eta -prozedura guztietan, halakoak jasandako indarkerian oinarritzen direnean zuzenean edo zeharka, baldin eta emakume horiek egiaztatzen badute auzitan aritzeko baliabiderik eza, urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoak, ezarritakoaren arabera. Egoera horietan, abokatu berak defendatuko du biktima. Eskubide hori izango dute, berebat, kausadunek, biktima hiltzen bada. Edozein kasutan, hala eskatuz gero, genero-indarkeriaren biktima guztiei berehala bermatuko zaie doako eta espezializatutako defentsa juridikoa; alabaina, gerogarrenean ez bazaie aitortzen doako laguntza juridikorako eskubidea, biktima horiek zerbitzu-sariak ordaindu beharko dizkiote abokatuari, gauzatutako jardunarengatik.

2. Edozein kasutan, genero-indarkeriaren biktimen defentsa eta laguntza juridikoa bermatu nahi denean, urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoak, xedatutakoarekin bat etorriz jardungo da.

3. Abokatuen elkargoek, ofiziozko txanda gauzatzeko espezializazio-ikastaroak eskatzen dituztenean, prestakuntza berezia ziurtatuko dute, lagungarri izango dena genero-indarkeriaren gaian defentsa eragingarria gauzatzeko.

4. Orobat, abokatuen elkargoek beharrezko neurriak hartuko dituzte, presaz izendatzeko ofiziozko abokatua, genero-indarkeriaren ondoriozko prozeduretan.

II. KAPITULUA

LANEKO ESKUBIDEAK ETA GIZARTE SEGURATZAREN PRESTAZIOAK

21. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzaren eskubideak.

1. Genero-indarkeriaren biktima den emakume langileak eskubidea izango du, Langileen Estatutuan ezarritakoaren arabera, lanaldia murrizteko edo berriro antolatzeko; mugigarritasun geografikorako; lantokia aldatzeko; lan-harremanak eteteko, lanpostua erreserbatuta; eta lan-kontratua azkentzeko.

2. Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera, aurreko paragrafoan lan-kontratuaren inguruan ezarritako eteteak eta azkentzeak sortuko dute legezko langabezia-egoera. Eteteak iraun bitarteko denbora kotizazioaldi eragingarritzat joko da, Gizarte Segurantzaren prestazioei eta langabeziari begira.

3. Bitarteko kontratuak egiten dituzten enpresek, genero-indarkeriaren biktima diren emakume langileak ordezteko, langile horiek euren lan-kontratua eten dutelako edo mugigarritasun geografikorako eskubidea nahiz lantokia aldatzeko eskubidea egikaritu dutelako, eskubidea izango dute, gertakizun arruntei begira enpresaburuek Gizarte Segurantzan sartu beharreko kuotak 100eko 100ean gutxitzeko, ordezko langilearen kontratu-eteteak iraun bitartean edo sei hilabetez, mugigarritasun geografikoaren edo lantokia aldatzearen ondoriozko kasuetan. Berriro lanean hasten denean, lan-kontratua eteteko uneko baldintza berberetan hasiko da.

4. Genero-indarkeriak eratorri egoera fisiko edo psikologikoan oinarritzen direnean lanera ez joateak eta lanera garaiz ez heltzeak, halakoak justifikatutzat joko dira, arretarako gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek hala erabaki badute, bidezkoa dena kontuan hartuta; nolanahi ere, emakume langileak halako absentzien berri eman behar dio enpresari, ahalik arinena.

5. Genero-indarkeriaren biktima diren beregaineko emakume langileei kotizatzeko betebeharra etengo zaie sei hilabetez, jarduerari lagatzen diotenean euren babesa edo gizarte-laguntza osorako eskubidea eragingarri egiteko; sei hilabete horiek benetan kotizatutakotzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazio-ondoreetarako.  Era berean, langile horien egoera altarekin berdinetsita dagoela ulertuko da.

Aurreko lerrokadan ezarritakoaren ondoreetarako, kotizatzeko betebeharra eten aurreko azken sei hilabeteetako kotizazio-oinarrien batez bestekoaren baliokidea hartuko da kotizazi-oinarritzat.

22. artikulua. Enplegu-programa berezia.

Espainiako Erresumaren Enplegu-planaren esparrura bilduko da genero-indarkeriaren biktimentzako ekintza bereziko programa, betiere, biktima horiek enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta badaude.

Programa horrek beste jarduera bati ekiteko neurriak izango ditu, jarduera hori beregainekoa denean.

23. artikulua. Emakume langileen aurka gauzatutako genenero-indarkeriazko egoerak egiaztatzea.

Kapitulu honetan araututako eskubideak aitortu ahal izateko, indarkeria-egoerak egiaztatuko dira biktimaren aldeko babes-aginduarekin. Salbuespenez, egora horren egiaztapen-titulua izango da Fiskaltzaren txostena, harik eta babes-agindua eman arte, txosten horrek zantzuak agertzen dituenean, hain zuzen, demandatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazten dutenak.

III. KAPITULUA

EMAKUME DIREN FUNTZIONARIO PUBLIKOEN ESKUBIDEAK

24. artikulua. Eskubideen esparrua.

Genero-indarkeriaren biktima den emakume funtzionarioak eskubidea izango du lanaldia murrizteko edo berriro antolatzeko, lantokiaren mugigarritasun geografikorako eta eszedentziarako, funtzionarioen legeria berezian ezarritakoaren arabera.

25. artikulua. Lanera ez joatearen inguruko justifikazioak.

Lanera ez denean joaten, lanaldi osoan edo horren zati batean, emakume funtzionario batek genero-indarkeria jasateagatik eratorri egoera fisiko edo psikologikoan oinarrituta, ulertuko da lanera ez joate horiek justifikatuak direla, funtzionarioen legeria berezian ezarritakoaren arabera.

26. artikulua. Emakume funtzionarioen aurka gauzatutako genero-indarkeriazko egoerak egiaztatzea.

Lantokiaren mugigarritasun geografikorako, eszedentziarako eta lanaldia murriztu edo berriro antolatzeko eskubideak aitortzea eragiten dituzten inguruabarrak egiaztatuko dira 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.

IV. KAPITULUA

ESKUBIDE EKONOMIKOAK

27. artikulua. Gizarte-laguntzak.

1. Genero-indarkeriaren biktimek ordainketa bakarreko laguntza jasoko dute, euren errentak lanbide arteko gutxieneko alokairuaren 100eko 75aren azpitik daudenean, aparteko bi pagen zati proportzionala kenduta, baldin eta uste bada euren adinarengatik, prestakuntza orokor nahiz berezirik ez izateagatik eta gizarte-inguruabarrengatik, biktimek enplegua lortzeko arazo handiak izango dituztela, eta inguruabar horrengatik ez dutela parterik hartuko euren laneratzeari begira ezarritako enplegu-planetan.

2. Laguntza horren zenbatekoa izango da, langabeziaren ondorioz sei hilabeteko sorospenari dagokion zenbatekoaren baliokidea. Emakumearen aurka gauzatutako genero-indarkeriaren biktimak modu ofizialean aitortua duenean 100eko 33ko minusbaliotasuna edo handiagoa, laguntzaren zenbatekoa izango da hamabi hilabeteko sorospenari dagokion zenbatekoaren baliokidea.

3. Laguntza horiek, estatuko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko direnak, gizarte-zerbitzuetan eskumenak dituzten administrazioek emango dituzte. Laguntzak emateko prozeduraren izapidetzara ekarri beharko da Enpleguaren Zerbitzu Publikoaren txostena; txosten horrek jasoko du, artikulu honetako 1. paragrafoak aipatu inguruabarrengatik, aurreikusteko modukoa dela enplegu-programaren behar besteko eragingarritasunik eza biktimaren enplegugarritasuna hobetzeko.

Indarkeria-inguruabarrak daudela egiaztatuko da lege honen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

4. Biktimak familia-ardurak izanez gero, laguntzaren zenbatekoa igo ahal izango da, hemezortzi hilabeteko sorospenaldiari dagokion zebantekoaren baliokidera arte, edo hogeita lau hilabeteko sorospenaldiari dagokion zenbatekoaren baliokidera arte, baldin eta biktimak edo horrekin bizi den ahaideetakoren batek modu ofizialean aitortua badu 100eko 33ko minusbaliotasuna edo handiagoa, lege hau garatzeko xedapenek ezarritakoaren arabera.

5. Laguntza horiek bateragarriak izango dira, abenduaren 11ko 35/1995 Legeak, Indarkeriazko Delituen eta Sexu-askatasunaren aurkako Delituen Biktimak Laguntzeko eta Sorostekoak, ezarritako edozein laguntzarekin.

28. artikulua. Nagusientzako etxebizitza eta egoitza publikoetan sartzea.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak lehentasunezko talde moduan hartuko dira, nagusientzako babes-etxebizitzetan eta egoitza publikoetan sartzeari dagokionez, aplikagarri den legeriak ezarritakoaren arabera.

III. TITULUA

Babes instituzionala

29. artikulua. Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Gobernuaren Ordezkaritza Berezia.

1. Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Gobernuaren Ordezkaritza Bereziak, Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioari atxikita dagoenak, Gobernuak genero-indarkeriaren inguruan garatu behar dituen politika publikoak azalduko ditu, eta gai horretan gauzatutako ekintza guztiak koordinatu eta bultzatuko ditu, gai horretan eskumena duten administrazioekin elkarlanean eta modu koordinatuan arituz.

2. Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Gobernuaren Ordezkaritza Bereziko titularrak legitimazioa izango du jurisdikzio-organoetan, lege honetan babestutako eskubide eta interesak defendatzeko, gai horretan eskumenak dituzten administrazioekin elkarlanean eta modu koordinatuan arituz.

3. Erregelamendu bidez zehaztuko dira Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Gobernuaren Ordezkaritza Bereziko titularraren maila eta eginkizun zehatzak.

30. artikulua. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Estatuko Behatokia.

1. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Estatuko Behatokia eratuko da, Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioari atxikitako organo gisa; behatoki horri dagokio genero-indarkeriaren gaia dela eta, aholkularitza, ebaluazioa, erakundeekin elkarlanean aritzea, txostenak eta azterketak egitea, eta jarduera-proposamenak egitea. Txosten, azterketa eta proposamen horiek modu berezian aintzat hartuko dute genero-indarkeria jasateko arriskurik handiena duten emakumeen egoera edo zerbitzuetara jotzeko arazo gehien dituzten emakumeen egoera. Edozein kasutan ere, txosten, azterketa eta proposamen horietara bildutako datuak bananduta jasoko dira sexuaren arabera.

2. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Estatuko Behatokiak Gobernuari eta autonomia-erkidegoei urtero bidaliko die txosten bat, emakumearen aurka gauzatutako genero-indarkeriaren bilakaerari buruz, lege honen 1. artikuluak aipatutakoaren arabera; txosten horretan zehaztuko dira aplikatutako tipo penalak eta biktimak babesteko akordatutako neurrien eragingarritasuna. Halaber, txostenak nabarmenduko ditu beharrezkoak diren lege-eraldaketak, hartutako babes-neurrien aplikazioak emakumeentzat babes-mailarik ahalik handiena ziurtatu ahal izatea bermatzeko.

3. Erregelamendu bidez zehaztuko dira bere eginkizunak, jarduteko araubidea eta osaera; osaerari dagokionez beti bermatuko da autonomia-erkidegoen, toki-erakundeen, gizarte-eragileen, kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteen, estatuko lurralde osoan sustraituta dauden emakume-erakundeen, eta ordezkaritza handieneko enpresaburu-erakundeen nahiz sindikatuen partaidetza.

31. artikulua. Segurtasun-indar eta -kidegoak.

1. Gobernuak estatuko segurtasun-indar eta -kidegoetan unitate bereziak ezarriko ditu, espezializatuta egongo direnak genero-indarkeria prebenitzeko eta hartutako neurri judizialen betearazpena kontrolatzeko.

2. Gobernuak, biktimen babesa eragingarriagoa egiteko helburuarekin, behar besteko jardunak sustatuko ditu, tokiko poliziek, estatuko segurtasun-indar eta -kidegoekin izan behar duten elkarlanaren esparruan, lankidetzan aritu daitezen, organo judizialek erabakitako neurrien betearazpena ziurtatzeko, neurri horiek direnean lege honetan ezarritakoak edo Prozedura Kriminalaren Legearen 544bis artikuluak edo Zigor Kodearen 57. artikuluak ezarritakoak.

3. Segurtasun-indar eta -kidegoen jarduerak kontuan hartu beharko du etxeko indarkeria eta genero-indarkeria babesteko Segurtasun-indar eta -kidegoen Jarduerarako eta Organo Judizialekin Koordinatzeko Protokoloa.

4. Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da polizia-kidegoak dituzten autonomia-erkidegoetan, polizia-kidego horiek autonomia-erkidegoaren lurraldean gauzatzen dituztenean pertsonak eta ondasunak babesteko, eta herritarren ordena eta segurtasunari eusteko eginkizunak, autonomia-erkidegoko estatutuetan, martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoak, Segurtasun-indar eta -kidegoei buruzkoak, eta euren polizia-legeetan ezarritakoaren arabera, biktimen babesa eragingarriagoa egiteko helburuarekin.

32. artikulua. Elkarlanean aritzeko planak.

1. Botere publikoek elkarlanean aritzeko planak egingo dituzte, euren jardueren antolaketa bermatzeko, genero-indarkeriaren kontrako prebentzioari, laguntzari eta pertsekuzioari begira; elkarlan horretan arituko dira osasun-administrazioak, justizia-administrazioa, segurtasun-indar eta -kidegoak eta gizarte-zerbitzuak nahiz berdintasunerako antolakundeak.

2. Plan horiek garatzean, jarduteko protokoloak egingo dira; protokolo horiek ezarriko dituzte esku hartzen duten administrazio eta zerbitzu guztiek batera eta oso-osoan jardutea ziurtatzeko prozedurak, eta froga-jarduera bermatuko dute hasten diren prozesuetan.

3. Osasun-arloan eskumenak dituzten Administrazioek sustatuko dute osasun-arloan jarduteari dagokionez erabereko jarraibidedun protokoloen aplikazioa, etengabeko eguneratzea eta zabaltzea, esparru publikoan nahiz pribatuan, eta, batik bat, Osasunaren Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluak onetsitako Protokoloarena.

Protokolo horiek bultzatuko dituzte prebentzioaren, detekzio goiztiarraren eta etengabeko esku-hartzearen inguruko jarduerak, genero-indarkeriaren mende dauden emakumeei edo indarkeria hori jasateko arriskuan dauden emakumeei begira.

Protokoloek, jarraitu beharreko prozedurez gain, esanbidez aipatuko dituzte justizia-administrazioarekin izan beharreko harremanak, halako eraso nahiz abusuek sortutako kalte fisiko eta psikikoak egiaztatu direnean edo halakoen susmo oinarriduna dagoenean.

4. Artikulu honetan ezarritako jardueretan, kontuan hartuko dira, modu berezian, genero-indarkeria jasateko arrisku gehiago edo lege honetako zerbitzuetara joteko zailtasun gehiago izan ditzateken emakumeak, euren inguruabar pertsonal eta sozialengatik; halako emakumeen artean izango dira gutxiengoen artean daudenak, immigranteak, gizartean baztertuta daudenak edo desgai direnak.

IV. TITULUA

Zigor-arloko babesa

33. artikulua. Zigorrak etetea.

Zigor Kodearen 83. artikuluko 1.6 paragrafoaren 2. idatz-zatiak hurrengo idazkera izango du, 15/2003 Lege Organikoak emandako idazkeraren arabera:

«Genero-indarkeriarekin zerikusia duten delituak izanez gero, epaile edo auzitegiak beti ezarriko du betearazpena eteteko baldintza dela paragrafo honen 1, 2 eta 5. erregeletan ezarritako betebeharrak edo eginbeharrak betetzea».

34. artikulua. Delituak egitea zigorra etenda dagoen bitartean.

Zigor Kodearen 84. artikuluko 3. paragrafoak hurrengo idazkera izango du, 15/2003 Lege Organikoak emandako idazkeraren arabera:

«3. «Genero-indarkeriarekin zerikusia duten delituak egiteagatik, espetxealdi-zigorra ezarri eta zigor hori etenda geratzen denean, errudunak urratzen baditu 83. artikuluko 1. paragrafoko 1, 2 eta 5. erregelek aipatu betebeharrak edo eginbeharrak, horrek ekarriko du zigor-betearazpenaren etendura ezeztatzea».

35. artikulua. Zigorrak ordeztea.

Zigor Kodearen 88. artikuluko 1. paragrafoko hirugarren idatz-zatiak hurrengo idazkera izango du, 15/2003 Lege Organikoak emandako idazkeraren arabera:

Errudunari kondena ezarri bazaio genero-indarkeriarekin zerikusia duen delituaren ondorioz, espetxealdi-zigorraren ordez gizartearentzako lan egitea bakarrik ezarri ahal izango da. Kasu horietan, epaile edo auzitegiak gehigarri moduan ezarriko du, berreziketarako eta tratamendu psikologikorako programa bereziak  betetzeaz gain, kode honen 83. artikuluko 1. paragrafoaren 1 eta 2. erregeletan agindutako betebehar edo eginbeharrak betetzea».

36. artikulua. Lesioen aurkako babesa.

Zigor Kodearen 148. artikulua aldarazi da; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«Aurreko artikuluaren 1. paragrafoan ezarritako lesioak bi urtetik bost arteko espetxealdiarekin zigortu ahal izango dira, eragiten duten emaitza edo sortzen duten arriskua kontuan harturik:0

1.) Lesionatuaren bizitzarako edo beraren osasun fisiko edo psikikorako zehazki arriskutsuak diren arma, tresna, gauza, bide metodo edo erak erabili badira erasoan.

2.) Ankerkeria edo maltzurkeria badago.

3.) Biktimak hamabi urte baino gutxiago baditu, edo gai ez bada.

4.) Biktima delitugilearen emaztea bada edo izan bada, edo biktimak delitugilearekin antzeko maitasun-harremanak izan baditu, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan.

5.) Biktima, bereziki, pertsona ahula denean, delitugilearekin bizi bada».

37. artikulua. Tratu txarren aurkako babesa.

Zigor Kodearen 153. artikuluak idazkera hau izango du:

«1. Norbaitek, edozein bide edo prozedura erabiliz, urripen psikikoa edo lesioa eragiten badio beste bati, urripen edo lesio hori kode honetan delitu gisa definituta egon gabe, edota norbaitek beste bati kolpe edo egitezko tratu txarra ematen badio lesiorik eragin gabe, ofenditua horren emaztea denean edo izan denean, edo horrekin antzeko maitasun-harremanak izan dituenean, edota ofenditua, bereziki, pertsona ahula izanik, horrekin bizi denean, horri sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra edo hogeita hamaika egunetik laurogei arte gizartearentzako lan egitea ezarriko zaio, eta, beti, armak eduki eta eramateko eskubideaz gabetzea, urtebete eta egun batetik hiru urte arte, eta, era berean, epaile edo auzitegiak egoki baderitzo adingabe edo ezgaiaren intereserako, guraso-ahala, tutoretza, kuradoretza, zaintza edo familia-harrera egikaritzeko desgaikuntza berezia, bost urte arte.

2. Aurreko paragrafoko delituaren biktima 173.2 artikuluan aipatu pertsonetatik bat denean, artikulu honen aurreko paragrafoko pertsonak salbuetsita, delitugileari hiru hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra edo hogeita hamaika egunetik laurogei arte gizartearentzako lan egitea ezarriko zaio, eta, beti, armak eduki eta eramateko eskubideaz gabetzea, urtebete eta egun batetik hiru urte arte, eta, era berean, epaile edo auzitegiak egoki baderitzo adingabe edo ezgaiaren intereserako, guraso-ahala, tutoretza, kuradoretza, zaintza edo familia-harrera egikaritzeko desgaikuntza berezia, sei hilabetetik hiru urte arte.

3. 1 eta 2. paragrafoetako zigorrak goiko erdian ezarriko dira, delitua egiten denean, dela adingabeen aurrean, dela armak erabilita, dela bi-bion egoitzan edo biktimaren egoitzan, dela kode honen 48. artikuluan ezarritako zigorretatik bat edo izaera bereko kautela-neurri edo segurtasun-neurri bat urratuz.

4. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, epaileak edo auzitegiak, epaian arrazoiak emanez, delitugilearen inguruabar pertsonalak eta egitatea gauzatzean zeuden inguruabarrak kontuan hartuta, gradu bat gutxiagoko zigorra ezarri ahal izango du».

38. artikulua. Mehatxuen aurkako babesa.

Zigor Kodearen 171. artikuluari hiru paragrafo gehitu zaizkio, 4, 5 eta 6 zenbakidunak; paragrafo horiek idazkera hau izango dute:

«4. Norbaitek era arinean mehatxu egiten badio bere emazteari edo bere emazte izan denari, edo antzeko maitasun-harremanak zein emakumerekin izan eta emakume horri, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan, hari sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra edo hogeita hamaika egunetik laurogei arte gizartearentzako lan egitea ezarriko zaio, eta, beti, armak eduki eta eramateko eskubideaz gabetzea, urtebete eta egun batetik hiru urte arte, eta, era berean, epaile edo auzitegiak egoki baderitzo adingabe edo ezgaiaren intereserako, guraso-ahala, tutoretza, kuradoretza, zaintza edo familia-harrera egikaritzeko desgaikuntza berezia, bost urte arte.

Zigor bera ezarriko zaio era arinean, bereziki, ahula den pertsonari mehatxu egiten dionari, pertsona hori delitugilearekin bizi denean.

5. Norbaitek era arinean mehatxu egiten badio, armekin edo beste tresna arriskutsu batzuekin, 173.2 artikuluan aipatu pertsonen bati, artikulu honen aurreko paragrafoko pertsonak salbuetsita, delitugileari hiru hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra edo hogeita hamaika egunetik laurogei arte gizartearentzako lan egitea ezarriko zaio, eta, beti, armak eduki eta eramateko eskubideaz gabetzea, urtebetetik hiru urte arte, eta, era berean, epaile edo auzitegiak egoki baderitzo adingabe edo ezgaiaren intereserako, guraso-ahala, tutoretza, kuradoretza, zaintza edo familia-harrera egikaritzeko desgaikuntza berezia, sei hilabetetik hiru urte arte.

4 eta 5. paragrafoetako zigorrak goiko erdian ezarriko dira, delitua egiten denean, dela adingabeen aurrean, dela armak erabilita, dela bi-bion egoitzan edo biktimaren egoitzan, dela kode honen 48. artikuluan ezarritako zigorretatik bat edo izaera bereko kautela-neurri edo segurtasun-neurri bat urratuz.

6. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, epaileak edo auzitegiak, epaian arrazoiak emanez, delitugilearen inguruabar pertsonalak eta egitatea gauzatzean zeuden inguruabarrak kontuan hartuta, gradu bat gutxiagoko zigorra ezarri ahal izango du».

38. artikulua. Derrigortzeen aurkako babesa.

Gaur egun Zigor Kodearen 172. artikuluak duen edukia 1. paragrafo gisa geratu da, eta artikulu horri 2. paragrafoa gehitu zaio; azken paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«2. Norbaitek era arinean derrigortzen badu bere emaztea edo bere emazte izan dena, edo antzeko maitasun-harremanak zein emakumerekin izan eta emakume hori, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan, hari sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra edo hogeita hamaika egunetik laurogei arte gizartearentzako lan egitea ezarriko zaio, eta, beti, armak eduki eta eramateko eskubideaz gabetzea, urtebete eta egun batetik hiru urte arte, eta, era berean, epaile edo auzitegiak egoki baderitzo adingabe edo ezgaiaren intereserako, guraso-ahala, tutoretza, kuradoretza, zaintza edo familia-harrera egikaritzeko desgaikuntza berezia, bost urte arte.

Zigor bera ezarriko zaio era arinean, bereziki, ahula den pertsona derrigortzen duenari, pertsona hori delitugilearekin bizi denean.

Zigorra goiko erdian ezarriko da, delitua egiten denean, dela adingabeen aurrean, dela armak erabilita, dela bi-bion egoitzan edo biktimaren egoitzan, dela kode honen 48. artikuluan ezarritako zigorretatik bat edo izaera bereko kautela-neurri edo segurtasun-neurri bat urratuz.

Aurreko lerrokadetan ezarritakoa gorabehera, epaileak edo auzitegiak, epaian hala arrazoituta, delitugilearen inguruabar pertsonalak eta egitatea gauzatzean zeuden inguruabarrak kontuan hartuta, gradu bat gutxiagoko zigorra ezarri ahal izango du».

40. artikulua. Kondena urratzea.

Zigor Kodearen 468. artikulua aldarazi da; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«1. Norbaitzuek urratzen badute ezarritako kondena, segurtasun-neurria, espetxealdia, kautela-neurria edo eramatea zein zaintza, orduan, halakoei sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, askatasunaz gabetuak badaude, eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isun-zigorra gainerako kasuetan.

2. Edozein kasutan sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie kode honen 48. artikuluan ezarritako zigorretatik bat edo izaera bereko kautela-neurri edo segurtasun-neurri bat urratzen dutenei, halakoak prozesu kriminaletan ezarri badira, eta prozesu horietako ofenditua 173.2 artikuluak aipatu pertsonetatik bat bada».

41. artikulua. Iseka arinen aurkako babesa.

Zigor Kodearen 620. artikuluak idazkera hau izango du:

«Hamar egunetik hogei arteko isun-zigorra ezarriko zaie hurrengoei:

1.) Era arinean, beste bati mehatxua egiten diotenei, armak edo bestelako tresna arriskutsuak erabiliz, edota horiek liskarrean ateratzen dituztenei, defentsa zuzena dagoenean izan ezik, salbu eta egitatea delitua denean.

2.) Beste bati mehatxua, derrigortzea, zuzena ez den iraina edo iseka egiten diotenei, horiek guztiak izaera arinekoak direnean, salbu eta egitatea delitua denean.

Aurreko zenbaki bietan adierazitako egitateak pertsegitzeko, beharrezkoa izango da laidotutako pertsonaren edo horren lege-ordezkariaren salaketa.

Artikulu honen 2. paragrafoko kasuetan, ofenditua 173.2 artikuluak aipatzen dituen pertsonetatik bat denean, lau egunetik zortzi arteko lokalizazio iraunkorra ezarriko da, betiere, biktimarena ez den eta biktimarengandik urrun dagoen egoitza batean, edo bost urtetik hamar arte gizartearentzako lan egitea. Kasu horietan, ez da beharrezkoa izango artikulu honen aurreko lerrokadak apaitzen duen salaketa, irainak pertsegitzeko izan ezik».

42. artikulua. Espetxeetako Administrazioa.

1. Espetxeetako Administrazioak programa bereziak egingo ditu genero-indarkeriarekin zerikusia duten delituengandik kondenatutako barneratuentzako.

2. Tratamendu-batzek baloratuko dute, gradu-bilakaeretan, baimenak ematean eta baldintzapeko askatasuna ematean, aurreko paragrafoko barneratuek programa berezi horiek betetzen dituzten eta eurentzat baliagarriak diren.

V. TITULUA

Babes Judiziala

LEHENENGO KAPITULUA

EMAKUMEAREN AURKAKO INDARKERIAREN ARLOKO EPAITEGIAK

43. artikulua. Lurralde-antolakuntza.

Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoari, Botere Judizialari buruzkoari, 87bis artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«1.Epai-barruti bakoitzean Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegi bat edo gehiago egongo da; halakoek egoitza izango dute epai-barrutiko hiriburuan, eta jurisdikzioa epai-barrutiko lurralde-esparru osoan. Epaitegi horiek izentzat hartuko dute euren egoitza dagoen udalerriarena.

2. Aurrekoa gorabehera, salbuespenez, probintzia berean Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak ezarri ahal izango dira, euren jurisdikzioa epai-barruti bati baino gehiagora hedatuz.

3. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erabaki ahal izango du, gobernu-salek aurretiazko txostena eman ondoren, lan-zamaren arabera komenigarri den mugapeetan, lege organiko honen 87ter artikuluak aipatu gaien gaineko ardura izatea lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiek, edo, hala denean, instrukzio-epaitegiek; egoera horretan ezarriko da organo horietarik bakarrak izango duela ardura epai-barrutiko gai guztien gainean, modu esklusiboan edo beste gai batzuen gaineko ardura izanda ere.

4. Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegi bakarra dagoen epai-barrutietan, hori berori izango da lege honen 87b)ter artikuluak aipatu gaietan ardura izango duena.

44. artikulua. Eskumena.

Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoari, Botere Judizialari buruzkoari, 87ter artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«1. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek ardura izango dute, zigor-arloan, Prozedura Kriminalaren Legean jasotako prozedura eta errekurtsoekin bat etorriz beti, hurrengo kasuen gainean:

a) Zigor Kodeko giza hilketa-, abortu-, lesio-delituen, fetuari eragindako lesio-delituen, askatasunaren, osotasun moralaren, sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituen, edo indarkeriaz nahiz larderiaz egindako delituetatik beste edozeinen ondorioz zigor-erantzukizuna sortzen denean, erantzukizun hori eskatzeko prozesuan instrukzioa egiteari dagokionez, baldin eta delituok egilearen emaztea den edo izan den emakumearen edo, elkarbizitzarik izan ez arren, antzeko maitasun-harremanak zein emakumerekin izan eta emakume horren aurka egin badira, eta, orobat, horren edo bere emaztearen edota bizikidearen ondorengoen aurka egin badira, edo, berarekin bizi diren edo emaztearen nahiz bizikidearen guraso-ahalaren mende, tutoretzapean, kuradoretzapean, egitezko harreraren edo zaintzapean dauden adingabe edota ezgaituen aurka egin badira, betiere, genero-indarkeriazko egintza ere gertatu denean.

b) Familia-eskubide eta -betebeharren aurka zein delitu egin eta delitu horiengatik zigor-erantzukizuna eskatzeko prozesuetan, instrukzioa egiteari dagokionez, biktima aurreko idatz-zatian aipatutako pertsonetatik bat denean.

c) Biktimen babeserako agindu egokiak eman behar direnean, guardiako epaileari eratxiki zaizkion eskumenei kalterik egin gabe.

d) Zigor Kodearen III. liburuko I eta II. tituluetan jaso diren falten berri izan eta horren epaitza eman behar denean, biktima paragrafo honetako a) idatz-zatian aipatutako pertsonatzat jo denean.

2. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek ardura izango dute, arlo zibilean, Prozedura Zibilaren Legean jasotako prozedurekin eta errekurtsoekin bat etorriz beti, hurrengo gaietan:

a) Seme-alabatasunari, aitatasunari eta amatasunari buruzkoetan.

b) Ezkontza-deuseztasunari, banantzeari eta dibortzioari buruzkoetan.

c) Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanei buruzkoetan.

d) Familiarengan zein neurrik izan eragina eta halako neurriak hartzea edo aldaraztea xedetzat duten horietan.

e) Soil-soilik seme-alaba adingabeak zaintzearen eta jagotearen ingurukoetan, edo seme-alaba adingabeen izenean gurasoetako batek besteari erreklamatu mantenuaren ingurukoetan.

f) Adopzioari baiezkoa eman beharraren ingurukoetan.

g) Adingabeak babesteari dagokionez, administrazio-ebazpenen aurka jartzea xedetzat duten horietan.

3. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek eskumena izango dute, modu esklusibo eta baztertzailean, arlo zibilean, aldi berean hurrengo betekizunak gertatzen direnean:

a) Prozesu zibil bat izatea, xedetzat duena artikulu honetako 2. paragrafoan aipatu gaietako bat.

b) Prozesu zibileko alderdietako bat genero-indarkeriazko egintzen biktima izatea, artikulu honetako 1.a) idatz-zatiak aipatutakoaren arabera.

c) Prozesu zibileko alderdietako bat egotzia izatea delitugile, induzitzaile edo ezinbesteko laguntzaile gisa, genero-indarkeriazko egintzak gauzatzean.

d) Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epailearen aurrean zigor-jarduna hastea, emakumearen aurkako indarkeriazko egintza baten ondoriozko delitu edo faltarengatik, edo genero-indarkeriaren biktima bati begira babes-agindu bat ematea.

4. Epaileak egiaztatzen duenean komunikatu zaizkion egintzak, nabariro, ez direla genero-indarkeriaren ageriko, uzia ez onartzea erabaki ahal izango du, organo judizial eskudunari bidaliz.

5. Kasu horiek guztietan bitartekaritza debekatuta dago».

45. artikulua. Errekurtsoak zigor-arloan

Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, Botere Judizialari buruzkoan, 82.1 artikuluari 4. Idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«Lege honek ezarritako errekurtsoen gainean, errekurtso horiek direnean probintzian Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek zigor-arloan emandako ebazpenen kontrakoak. Errekurtso horien berri izateko xedearekin, eta ebazteke dauden gaiak kontuan hartuta, epaitegi horren atal bat edo batzuk espezializatu beharko dira, lege organiko honen 98. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Espezializazio hori beharko da, probintzia-audientziak epaitu behar dituenean, lehen auzialdian, probintzian Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek izapidetutako gaiak.

46. artikulua. Errekurtsoak arlo zibilean.

Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, Botere Judizialari buruzkoan, 82.4 artikuluari idatz-zati berria gehitu zaio; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«Probintzai-audientziek ardura izango dute, orobat, legeak ezarritako errekurtsoen gainean, errekurtso horiek direnean probintzian Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek arlo zibilean emandako ebazpenen kontrakoak. Errekurtso horien berri izateko xedearekin, eta ebazteke dauden gaiak kontuan hartuta, epaitegi horren atal bat edo batzuk espezializatu ahal izango dira, lege organiko honen 98. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz».

47. artikulua. Prestakuntza.

Gobernuak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta autonomia-erkidegoek, euren eskumenen esparruan, prestakuntza berezia ziurtatuko dute, berdintasunari nahiz sexuan oinarritutako bereizkeriarik ezari buruz eta genero-indarkeriari buruz, epaile eta magistratuen, fiskaltzaren, idazkari judizialen, segurtasun-indar eta -kidegoen eta mediku forenseen pretakuntza-ikastaroetan. Edozein kasutan, prestakuntza-ikastaro horietara biktimen desgaitasunaren ikuspegia bilduko da.

48. artikulua. Epaitegien jurisdikzioa.

Abenduaren 28ko 38/1988 Legean, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzkoan, 4. artikuluaren 1 paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«1. Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiek eta Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek jurisdikzioa dute euren barrutiko lurralde-esparruan.

Aurrekoa gorabehera, eta geografia-, kokatze- eta biztanleria-inguruabarrak kontuan hartuta, sortu ahal izango dira Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak, euren gain epai-barruti bat baino gehiago hartuko dutenak.

49. artikulua. Epaitegien egoitza.

Abenduaren 28ko 38/1988 Legean, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzkoan, 9. artikulua aldarazi da; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiek eta Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek barrutiko hiriburuan dute egoitza».

50. artikulua. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegien Antolaketa.

Abenduaren 28ko 38/1988 Legeari, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzkoari, 15bis artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«1. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegien hasierako antolaketa izango da lege honen XIII. eranskinean ezarritakoa.

2. Hasierako antolaketa eta gerogarrenean garatuko den antolaketa errege-dekretu bidez gauzatuko da, lege honen 20. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta antolaketa horrek hurrengo irizpideak beteko ditu:

a) Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak sortu ahal izango dira lan-zamak hala gomendatzen duen epai-barrutietan.

b) Gai-kopuruaren arabera, epai-barruti batzuetan ez denean beharrezkoa epaitegien antolaketa garatzea, instrukzioko epaitegi eta lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegi batzuk bihurtu ahal izango dira Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegi, baldin eta jardunbidean badira.

c) Era berean, lan-zamaren arabera, uste denean ez dela beharrezkoa organo judizial berezi bat sortzea, eta instrukzioko epaitegi bat edo lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegi bat baino gehiago daudenean, erabakiko da horietarik zeintzuk izango duten ardura, emakumearen aurkako genero-indarkeriazko gaietan, Genero-indarkeriaren Aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko Lege Organikoaren 1. artikuluak ezarritakoaren arabera, izaera esklusiboarekin, eta zigor-jurisdikzioko edo jurisdikzio zibileko eskumenekin batera, kasuan kasuko organoaren izaeraren arabera.

3. Magistratuek osatuko dituzte Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak, halakoek egoitza probintziako hiriburuan dutenean, eta lege honen XIII. eranskinak ezarritako gainerako epaitegiak.

51. artikulua. Magistratuek osatutako plazak.

Abenduaren 28ko 38/1988 Legean, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzkoan, 21. artikuluaren 2. paragrafoak idazkera hau izango du:

«2. Justizia-ministroak agindu ahal izango du magistratuek osatzea lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak nahiz instantziako epaitegiak eta Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak, betiere, halakoak badaude zuzenbideko 150.000 biztanle baino gehiago dituen epai-barrutian edo halakoek badute zenbateko hori gainditzen duen egitezko biztanleria-gehikuntza, eta eskumen-zamaren kopuruak hala eskatzen badu».

52. artikulua. Epaitegiak eratzea.

Abenduaren 28ko 38/1988 Legeari, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzkoari, 46ter artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«1. Gobernuak, estatuaren aurrekontu orokorrei buruzko legearen esparruan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia entzunda eta, hala denean, ukitutako autonomia-erkidegoa entzunda, modu mailakatuan ekingo dio, errege-dekretu bidez, instrukzioko epaitegiak eta lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak eratu, bateratu eta eraldatzeari, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegien antolaketa erabat eragingarria izan dadin.

2. Autonomia-erkidegoek Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegien egoitza ezartzen ez duten bitartean, ulertuko da horien egoitza lege honen XIII. eraskinak ezarri herrialdeetan dagoela.

53. artikulua. Auzitegiek emandako epaien jakinarazpena.

Prozedura Kriminalaren Legean, 160. artikuluari paragrafo bat gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«Auziaren instrukzioa Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiari badagokio, epaia berehalakoan igorriko zaio horri, lekukotzaren bidez, epaia irmoa den edo ez aipatuz».

54. artikulua. Berezitasunak epaiketa azkarren kasuan.

Prozedura Kriminalaren Legeari 779bis artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«1. Eskumena Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiari badagokio, entzunaldiko orduetan gauzatu eta erabaki beharko dira aurreko artikuluetan aipatu eginbideak eta ebazpenak.

2. Polizia judizialak Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegian egin beharko ditu 796. artikuluan aipatu zitazioak, arau bidez ezarritako egun baliodunen artean hurbilenean.

Dena den, atxilotua, halakoa izanez gero, guardiako instrukzio-epaitegiaren esku jarri beharko da, haren egoera pertsonala erregularizatzeko bakarrik, betiere, ezinezkoa denean hura Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegi eskudunaren aurrean aurkeztea.

3. Aurretik aipatutako zitazioak egiteko, polizia judizialak agerraldia egiteko eguna eta ordua zehaztuko ditu, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiarekin koordinatuta. Ondore horretarako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 110. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, araudi egokiak emango ditu, koordinazio hori ziurtatzeko».

55. artikulua. Zigor-arloko epaitegiak emandako epaien jakinarazpena.

Prozedura Kriminalaren Legean, 789. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«5. Auziaren instrukzioa Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiari dagokionean, epaia berehala igorriko da epaitegi horretara lekukotzaren bidez. Modu berean bidaliko zaio irmotasun-adierazpena, eta bigarren auzialdiko epaia ere, horrek aurretiaz emandako epaia erabat edo zati batez ezeztatzen duenean».

56. artikulua. Berezitasunak faltei buruzko epaiketa azkarren kasuan.

Prozedura Kriminalaren Legean, 962. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«5. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiari badagokio auziaren gaineko ardura izateko eskumena, polizia judizialak hurbilen dagoen egun baliodunean egin beharko ditu, aipatu epaitegian, artikulu honetan adierazi zitazioak. Aurretik aipatutako zitazioak egiteko, polizia judizialak agerraldia egiteko eguna eta ordua zehaztuko ditu, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiarekin koordinatuta.

Ondore horretarako, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 110. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, araudi egokiak emango ditu, koordinazio hori ziurtatzeko».

II. KAPITULUA

PROZESU ZIBILEKO ARAUAK

57. artikulua. Eskumen objektiboa galtzea, emakumearen aurkako indarkeria-egintzak gauzatzen direnean.

Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeari, Prozedura Zibilari buruzkoari, 49bis artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

49bis artikulua. Eskumena galtzea, emakumearen aurkako indarkeria-egintzak gauzatzen direnean.

1. Epaileak, lehen auzialdian, prozedura zibilaren gaineko ardura duen bitartean, jakin badaki indarkeria-egintzaren bat burutu dela, Genero Indarkeriaren Aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurrien Lege Organikoak bere 1. artikuluan definitzen dituen horietarikoa, eta, egintza horren ondorioz, zigor-prozesua hasi edo babes-agindua eman bada, orduan, Botere Judizialaren Legeko 87ter artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero, eskumenari utziko dio, eta auzi-paperak dauden-daudenean igorriko dizkio Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaile eskudunari, salbu eta ahozko epaiketaren fasea jadanik hasita dagoenean.

2. Epaileak, prozedura zibilaren gaineko ardura duen bitartean, jakin badaki indarkeria-egintzaren bat burutu ahal izan dela, eta, egintza horren ondorioz, ez bada zigor-prozesurik hasi, ezta babes-agindurik eman ere, orduan, Botere Judizialaren Legeko 87ter artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero, alderdiei zitazioa egingo die, Fiskaltzarekin batera agerraldia egin dezaten; agerraldi hori hurrengo 24 orduetan egingo da, epaileak bil ditzan gertatutako egitateei buruz erabakigarri izan daitezkeen datuak. Agerraldiaren ondoren, Fiskaltzak berehala erabaki beharko du ea hurrengo 24 orduetan genero-indarkeriaren inguruko egintzak salatuko dituen, edo Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegi eskudunari babes-agindua ematea eskatuko dion. Salaketa jarri edo babes-agindua eskatuz gero, Fiskaltzak salaketaren kopia edo eskabidearena eman beharko dio auzitegiari, eta auzitegiak auziaren gaineko ardurari ekingo dio, harik eta, hala denean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaile eskudunak eskumenari uzteko eskatu arte.

3. Genero-indarkeria dela eta, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileak, zigor-auzi baten gaineko ardura duen bitartean, jakin badaki prozesu zibilen bat bidean dagoela, eta Botere Judizialaren Legeko 87b)ter artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen badu, orduan auzitegi zibilari agindeia egingo dio, eskumenari utz diezaion; auzitegi zibilak berehala erabaki beharko du eskumenari uztea eta agindeia egin duen organoari auzi-paperak igortzea.

Aurreko lerrokadaren ondoreetarako, eskumenari uzteko agindeiarekin batera aurkeztuko da aurretiazko eginbideak hasi direlako lekukotza edo falta-epaiketari buruzkoa, kereila onartzen duen autoarena, edo emandako babes-aginduarena.

4. Artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan ezarri kasuetan, auzitegi zibilak auzi-paperak igorriko dizkio Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiari, eta ez da aplikagarria izango Prozedura Zibilaren Legeko 48.3 artikuluan xedatutakoa; alderdiak, une horretatik aurrera, aipatu organoan agertu beharko dira.

Kasu horietan, ez dira aplikagarriak izango atal honen gainerako arauak, eta, era berean, ez da deklinatoria onartuko; alderdiek Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiaren eskumena baliatu nahi badute, orduan, epaitegi horrek emandako ebazpenetatik edozein hartu, aurreko paragrafoaren azken lerrokadak aipatzen dituen horietarikoa, eta horren lekukotza aurkeztu beharko dute.

5. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek modu esklusibo eta baztertzailean gauzatuko dituzte arlo zibilean dituzten eskumenak, betiere, Prozedura Zibilaren Legean ezarritako prozedurekin eta errekurtsoekin bat etorriz».

III. KAPITULUA

ZIGOR-ARLOKO ARAU PROZESALAK

58. artikulua. Eskumenak zigor-arloan.

Prozedura Kriminalaren Legearen 14. artikulua aldarazi da; artikulu horrek idazkera hau izango du:

Konstituzioak eta legeek beren-beregi eta modu mugatuan epaile eta auzitegi jakin batzuei eratxikitzen dizkieten kasuetatik kanpo, eskumena izango dute:

1. Instrukzio-epaileak, falta-epaiketen gaineko ardura izan eta horien epaitza emateko, salbu eta Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileari dagokionean eskumena, artikulu honetako 5. paragrafoarekin bat etorriz. Zernahi gisaz, Zigor Kodearen 626, 630, 632 eta 633. artikuluetan tipifikatutako falten ondorioz epaiketak egin eta epaiketa horien gaineko ardura izango du faltok zein tokitan gertatu eta toki horretako bake-epaileak. Bake-epaileek, berebat, Zigor Kodearen 620. artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan tipifikatutako falten ondoriozko epaiketak egin eta epaiketa horien gaineko ardura izango dute, salbu eta ofenditua kode bereko 173.2. artikuluan aipatutako pertsonetatik bat denean.

2. Auziaren instrukzioa egiteko, delitua zein epai-barrutitan gertatu eta barruti horretako instrukzio-epaileak; eta, legeak zehaztutako delituetan, instrukzio-epaile zentralak.

3. Delituen ondoriozko auzien gaineko ardura izan eta horien epaitza emateko, delitua zein epai-barrutitan gertatu eta epai-barruti horretako zigor-arlokoak, edo jarduteko berezko esparrua duen epaile zentralak, hori ere zigor-arlokoa, baldin eta legeak delitu horientzat ezarritako zigorra bada bost urte baino gehiago irauten ez duen zigor askatasun-gabetzailea edo edozein kopurutako isuna, edo, hamar urte baino gehiagoko iraupena ez duten zigorretatik beste edozein, horien izaera kontuan hartu gabe, bakarka, batera edo hautabidez ezarri arren, eta 801. artikuluan ezarri baldintzen arabera delitua zein tokitan gertatu eta toki horretako guardiako instrukzio-epaileak adostasun-epaia emateko duen eskumenari kalterik egin gabe. Eskumena izango du, orobat, falten ondoriozko auzien ardura izan eta horien epaitza emateko, falta horiek, intzidente-izaerakoak izan ala ez, delituon egileei nahiz beste pertsona batzuei egozteko modukoak badira, betiere, falta egin izanak edo horren frogak haiekin zerikusia izanez gero.

Nolanahi ere, eskumena zigor-arloko epaileak izan eta delitua zinpeko epaimahaiari eratxikita dauden horietatik bat bada, azken horri dagokio delituaren gaineko ardura izan eta horren epaitza ematea.

4. Gainerako kasuetan, auzien gaineko ardura izan eta horien epaitza emateko eskumena izango du delitua zein mugapetan gertatu eta mugape horretako probintziako audientziak, edo, hala denean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiaren mugapea zein izan eta mugape horretako probintziako audientziak, edo Audientzia Nazionaleko zigor-arloko salak.

Nolanahi ere, eskumena probintziako audientziak izanez gero, eta delitua zinpeko epaimahaiari eratxikitako horietatik bat bada, azken horri dagokio delituaren gaineko ardura izan eta horren epaitza ematea.

5. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek eskumena izango dute jarraian datozen gaietan, betiere, lege honetan jasotako prozedurak eta errekurtsoak aintzat hartuta:

a) Zigor Kodeko giza hilketa-, abortu-, lesio-delituen, fetuari eragindako lesio-delituen, askatasunaren, osotasun moralaren, sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituen, edo indarkeriaz nahiz larderiaz egindako delituetatik beste edozeinen ondorioz zigor-erantzukizuna sortzen denean, erantzukizun hori eskatzeko prozesuan instrukzioa egiteari dagokionez, baldin eta delituok egilearen emaztea den edo izan denaren edo, elkarbizitzarik izan ez arren, antzeko maitasun-harremanak zein emakumerekin izan eta emakume horren aurka egin badira, eta, orobat, horren edo bere emaztearen edota bizikidearen ondorengoen aurka egin badira, edo, berarekin bizi diren edo emaztearen nahiz bizikidearen guraso-ahalaren mende, tutoretzapean, kuradoretzapean, egitezko harreraren edo zaintzapean dauden adingabe edota ezgaituen aurka egin badira, betiere, genero-indarkeriazko egintza ere gertatu denean.

b) Familia-eskubide eta -betebeharren aurka zein delitu egin eta delitu horiengatik zigor-erantzukizuna eskatzeko prozesuetan, instrukzioa egiteari dagokionez, biktima aurreko idatz-zatian aipatutako pertsonetatik bat denean.

c) Biktimen babeserako agindu egokiak eman behar direnean, guardiako epaileari eratxiki zaizkion eskumenei kalterik egin gabe.

d) Zigor Kodearen III. liburuko I eta II. tituluetan jaso diren falten berri izan eta horren epaitza eman behar denean, biktima paragrafo honetako a) idatz-zatian aipatutako pertsonatzat jo denean.

59. artikulua. Lurralde-eskumena.

Prozedura Kriminalaren Legeari 15bis artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileari badagokio zenbait delituren instrukzioa edo horien gaineko ardura izatea, lurralde-eskumena zehaztuko da biktimak duen egoitzaren arabera; horri kalterik egin gabe, egitateak zein tokitan gertatu eta toki horretako epaileak babes-agindua eman dezake edo lege honen 13. artikuluaren arabera presako neurriak har ditzake».

60. artikulua. Loturaren ondoriozko eskumena.

Prozedura Kriminalaren Legeari 17bis artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegien eskumenak barnean hartuko ditu elkarri lotuta dauden delitu eta falten instrukzioa eta horien gaineko ardura, baldin eta lotura horren jatorria bada lege honen 17. artikuluko 3 eta 4. Idatz-zatietan ezarritako kasuetatik bat».

IV. KAPITULUA

BIKTIMEN BABESERAKO ETA SEGURTASUNERAKO NEURRI JUDIZIALAK

61. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Kapitulu honetan ezarritako babes- eta segurtasun-neurriak bateragarriak izango dira prozesu zibiletan eta zigor-arloko prozesuetan har daitezkeen kautela- eta ziurtatze-neurrietatik edozeinekin.

2. Genero-indarkeriarekin zerikusia duten prozedura guztietan, epaile eskudunak, ofizioz edo biktimek, biktimen seme-alabek, biktimekin bizi diren pertsonek edo biktimen zaintza edo jagoletzaren mende dauden pertsonek, Fiskaltzak edo biktimen arreta- eta harrera-zerbitzuen Administrazioek hala eskatuta, edozein kasutan erabaki beharko du kapitulu honetan jasotako kautela- eta ziurtatze-neurrien egokitasuna, horien epea ezarriz, halakoak hartzea bidezkoa denean.

61. artikulua. Babes-agindua.

Babes-agindu bat hartzeko eskabidea jaso ondoren, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileak eta, hala denean, guardiako epaileak, jardungo dute Prozedura Krimenalaren Legeko 544ter artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

63. artikulua. Datuak babestea eta publizitateari mugak ezartzea.

1. Genero-indarkeriarekin zerikusia duten jarduera eta prozeduretan, biktimen intimitatea babestuko da; bereziki, babestuko dira euren datu pertsonalak, euren ondorengoenak eta euren zaintza edo jagoletzaren mende dagoen beste edozein pertsonarenak.

2. Epaile eskudunek erabaki ahal izango dute, ofizioz edo alderdiek hala eskatuta, ikustaldiak ateak itxita egitea eta jarduna isilpekoa izatea.

64. artikulua. Etxebizitzatik irteteko, etxebizitzatik urruntzeko edo komunikazioak eteteko neurriak.

1. Epaileak agindu ahal izango du genero-indarkeriaren ondoriozko erruztatuak nahitaez irtetea egoitzatik, familia-unitateak egoitza horretan egin duenean elkarbizitza edo egoitza horretan duenean bizilekua, bai eta egoitzara itzultzeko debekua ere.

2. Epaileak, salbuespenez, baimendu ahal izango du babestutako pertsonak hitzarmena egitea, agentzia batekin edo, egon dagoen tokian, sozietate publiko batekin, horrek bere jardueren artean etxebizitza-errentamenduak baditu; hitzarmen horren bidez trukatuko da euren jabekidetzako familiaren etxebizitzari eratxikitako erabilera beste etxebizitza baten erabilerarengatik, zehaztutako aldian eta baldintzetan.

3. Epaileak erruztatuari debekatu ahal izango dio babestutako pertsonarengana hurreratzea; debeku horrek berarekin dakar babestuarengana ezin hurreratzea, hori edozein tokitan dagoela, bai eta haren egoitzara, lan egiteko lekura edo hura maiztasunez joaten den lekuetara ezin hurreratzea ere.

Erabaki ahal izango da teknologia egokia duten tresnak erabiltzea, berehala egiaztatzeko debeku horiek ez direla betetzen.

Epaileak gutxieneko distantzia ezarriko du erruztatuaren eta babestutako pertsonaren artean; gutxieneko distantzia hori ezin izango da igaro, eta ohartaraziko da igaroz gero zigor-erantzukizuna gertatuko dela.

4. Urruntze-neurria hartu ahal izango da, ukitutako pertsona, edo babestu nahi diren pertsonak, lekutik aldez aurretik irten diren ala ez kontuan hartu gabe.

5. Epaileak erruztatuari debekatu ahal izango dio zehaztutako pertsonarekin edo pertsonekin edozelako komunikazioa izatea, bestela zigor-erantzukizuna gertatuko dela ohartaraziz.

6. Aurreko paragrafoek aipatu neurriak batera edo modu bananduan hartu ahal izango dira.

65. artikulua. Adingabeen gaineko guraso-ahala edo zaintza eteteko neurriak.

Epaileak genero-indarkeriaren ondoriozko erruztatuari begira eten ahal izango du guraso-ahalaren edo zaintza eta jagoletzaren egikaritza, aipatzen dituen adingabeei dagokienez.

66. artikulua. Bisiten araubidea eteteko neurria.

Epaileak agindu ahal izango du erruztatuaren bisitak etetea, bere ondorengoenganako genero-indarkeriarengatik.

67. artikulua. Armak eduki, eraman eta erabiltzeko eskubidea eteteko neurria.

Epaileak erabaki ahal izango du, lege honen indarkeriarekin zerikusia duten delituetan erruztatuei armak eduki, eraman eta erabiltzeko eskubidea etetea, halakoak gordailutzeko betebeharrarekin indarreko legeriak ezarritakoaren arabera.

68. artikulua. Neurriak hartzeko bermeak.

Kapitulu honetan jasotako neurriak, eskubideak murriztekoak, auto ziodunaren bidez hartu beharko dira; auto horretan aintzat hartuko da neurri horien proportzionaltasuna eta beharrizana, eta, beti, Fiskaltzak esku hartu beharko du, eta aurkakotasun-, entzunaldi- eta defentsa-printzipioak errespetatu beharko dira.

69. artikulua. Babes- eta segurtasun-neurriei eustea.

Kapitulu honetako neurriei eutsi ahal izango zaie, behin betiko epaia eman ondoren eta kasuan kasuko errekurtsoen izapideak egin bitartean ere. Kasu horretan, epaian agerrarazi beharko da neurri horiei eutsi zaiela.

V. KAPITULUA

EMAKUMEAREN AURKAKO INDARKERIAREN KONTRAKO FISKALA

70. artikulua. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Fiskalaren eginkizunak.

Abenduaren 30eko 50/1980 Legeari, Fiskaltzaren Estatutu Organikoa arautzeari buruzkoari, 18quater artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«1. Estatuko fiskal nagusiak eskuorde gisa izendatuko du, Fiskaltzaren Kontseilua entzun ondoren, emakumearen aurkako indarkeriaren kontrako fiskal bat; fiskal horrek salako fiskalaren kategoria izango du, eta hurreno eginkizunak izango ditu:

a) Fiskaltzaren Estatutu Organikoaren 5. artikuluak aipatutako eginbideak gauzatzea, eta zuzenean esku hartzea, estatuko fiskal nagusiak antzemandakoaren arabera, berebiziko garrantzia duten prozesu penaletan, baldin eta halakoetan aztertu behar badira genero-indarkeriazko egitateen ondoriozko delituak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 87ter.1 artikulura bildutakoak.

b) Esku hartzea, estatuko fiskal nagusiaren eskuordetzaren bidez, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 87ter.2 artikulura bildutako prozesu zibiletan.

c) Gainbegiratzea eta koordinatzea Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Atalen jarduna, eta atal horiei txostenak eskatzea; horren berri emango dio atal horiek zein Fiskaltzatakoak izan eta Fiskaltza horretako fiskalburuari.

d) Genero-indarkeriari buzuko gaietan Fiskaltza desberdinen jarduteko irizpideak koordinatzea; horretarako estatuko fiskal nagusiari proposatu ahal izango dio kasuan kasuko jarraibideak ematea.

e) Sei hilerik behin txosten bat egitea, genero-indarkeriaren gaian Fiskaltzak izandako prozedurei eta gauzatutako jardunari buruzkoa, eta txosten hori aurkeztea estatuko fiskal nagusiari, Auzitegi Goreneko fiskalen batzari bidal diezaion, eta Fiskaltzaren Kontseiluari.

2. Bere jarduna egokia izan dadin, beharrezkoak diren profesional eta adituak atxikiko zaizkio, horien laguntza izateko, modu iraunkorrean edo noizean behin.

71. artikulua. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Atalak.

Abenduaren 30eko 50/1981 Legean, Fiskaltzaren Estatutu Organikoa arautzeari buruzkoan, 18. artikuluaren 1. parafroko 2 eta 3. lerrokadak ordeztu dira, hurrengo testuarengatik:

«Audientzia Nazionaleko Fiskaltzan eta Auzitegi Nagusietako nahiz Probintziako Audientzietako Fiskaltza bakoitzean adingabeen atal bat izango da, Adingabeen Erantzukizun Penala Arautzeko Lege Organikoak Fiskaltzari eratxiki dizkion eginkizun eta ahalmenak izango dituena, eta Auzitegi Nagusietako eta Probintziako Audientzietako Fiskaltza bakoitzean beste atal bat izango da, emakumearen aurkako indarkeriaren kontrakoa.  Atal horiei atxikiko zaizkie kasuan kasuko plantilletako fiskalak; horien artean lehentasuna izango dute gai horretan espezializatu direnak, aurretiaz gauzatutako eginkizunengatik, emandako edo gainditutako ikastaroengatik edo antzeko beste edozein inguruabarrengatik. Hala ere, zerbitzuaren beharrizanek hala gomendatzen dutenean, beste esparru edo gai batzuetan ere jardun ahal izango dute.

Auzitegi Nagusietako eta Probintzietako Audientzietako Fiskaltzetan izan ahal dira erregelamendu bidez ezarritako atxikipen iraunkorrak.

Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Atalari hurrengo eginkizunak eratxiki zaizkio:

a) Esku hartuko du zigor-prozeduretan, prozedura horiek hasten direnean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek zein delitu edo falten gaineko eskumena izan eta halakotzat jotzen diren egitateengatik.

b) Zuzenean esku hartuko du prozesu zibiletan, prozesu horien gaineko eskumena Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiei eratxiki zaienean.

Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Atalean halako egitateen inguruko prozesuei buruzko erregistroa eraman beharko da, fiskalen kontsulta ahalbidetuko duena, euren eskumenaren mende dauden prozedurez arduratu behar direnean, bidezkoa den kasu bakoitzean».

72. artikulua. Fiskaltzaren Burutzako eskuordeak.

Abenduaren 30eko 50/1980 Legean, Fiskaltzaren Estatutu Organikoa arautzeari buruzkoan, 22. artikuluari 6. parafrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

6. Ardurapeko gaien kopuruak gomendagarri egiten badu, eta edozein kasutan zerbitzuaren antolaketarako komenigarri bada, Fiskaltzaren Kontseiluak aldez aurretik txostena eman ondoren, Burutzako eskuordeak izendatu ahal izango dira, beren-beregi agindu zaizkien zuzendaritza- eta koordinazio-eginkizunak betetzeko helburuarekin. Plantilla organikoak zehaztuko du Fiskaltza bakoitzean Burutzako zenbat eskuorde izenda daitezkeen. Edozein kasutan ere, Fiskaltza bakoitzean Burutzako eskuorde bat izango da, bere gain hartuko dituenak zuzendaritza- eta koordinazio-eginkizunak, paragrafo honetan ezarritakoaren arabera, genero-indarkeriarekin zerikusia duten arau-hausteen, ingurumenaren kontrako delituen eta espetxe-zaintzaren gaietan, modu esklusiboan edo beste gai batzuekin batera.

Eskuorde horiek izendatuko dira, eta, hala denean, ordeztuko dira, estatuko idazkari nagusiak emandako ebazpenaren bidez, kasuan kasuko fiskalburuaren proposamen ziodunaren ondorioz, eta Fiskaltzaren Batza entzun ondoren. Estatuko idazkari nagusiaren ebazpena eta kasuan kasuko fiskalburuaren proposamena bat ez datozenean, ebazpena zioduna izan beharko da.

Plaza horiek betetzeko beharrezkoa izango da, kasuan kasuko fiskalburuak proposamena egin baino lehenago, plantillako fiskalen artean deialdia egitea. Proposamen horrekin batera aurkeztuko da postua eskatu duten gainerako fiskalen zerrenda, alegatutako merezimenduak azalduz».

XEDAPEN GEHIGARRIAK

1. Pentsioak eta laguntzak.

1. Norbait kondenatu bada, epai irmo bidez, dolozko hilketa-delituarengatik, horren forma edozein izanik ere, edo dolozko lesio-delituarengatik, kondenatu horrek pentsioen Sitema Publikoan dagokion alarguntasun-pentsioaren onuradun-izaera galduko du, delitu horien biktima denean pentsioa sortu duena; aitzitik, ez du pentsio hori galduko, euren artean berradiskidetzen badira.

Halako kasuetan, aitortu beharko litzatekeen alarguntasun-pentsioak zurztasun-pentsioak areagotuko ditu, halakoak izanez gero, betiere, areagoatze hori ezarri bada Gizarte Segurantzako kasuan kasuko araubidea arautu duen legerian.

2. Norbait kondenatu bada, epai irmo bidez, dolozko hilketa-delituarengatik, horren forma edozein izanik ere, edo dolozko lesio-delituarengatik, eta delituarengatik ofenditua bada horren ezkontidea edo ezkontide ohia, edo horrekin antzeko maitasun-harremanak dituen edo izan dituen emakumea, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan, kondenatu horri ez zaio ordainduko, inola ere, zurztasun-pentsioa, bere seme-alabak izan daitezkeenean horren onuradun Pentsioen Sistema Publikoan; aitzitik, zurztasun-pentsioa ordainduko zaio, euren artean berradiskidetu badira.

3. Norbait kondenatu bada, epai irmo bidez, dolozko hilketa-delituarengatik, horren forma edozein izanik ere, kondenatu hori ez da onuraduntzat hartuko, zeharkako biktima izan arren, abenduaren 11ko 35/1995 Legeak, Indarkeriazko Delituen eta Sexu-askatasunaren aurkako Delituen Biktimak Laguntzeko eta Sorostekoak, ezarritako laguntzei dagokienez, baldin eta ofenditua bada horren ezkontidea edo ezkontide ohia, edo, gutxienez, hil baino bi urte lehenagotik, horrekin antzeko maitasun-harremanen bidez era iraunkorrean lotuta dagoen edo egon den pertsona, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan, eta pertsona horren sexu-joera gorabehera, salbu eta elkarrekin seme-alabak izan dituztenean; kasu horretan, elkarrekin bizitzea nahikoa izango da.

2. Jarduerarako protokoloak.

Gobernuak eta justizia-arloan eskumenak bereganatu dituzten autonomia-erkidegoek, bakoitzari dagokion esparruan, forentse-zerbitzuak antolatuko dituzte, genero-indarkeriazko kasuak daudenean, esparru guztietan eta bete-betean jarduteko protokoloak egingo dituzten forentse-balorazio osorako unitateak baliatzeko.

3. Hezkuntzarako Eskubidea arautu duen Lege Organikoaren aldarazpena.

Bat. Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan, Hezkuntzarako Eskubidea arautzekoan, 2. artikuluaren b) eta g) idatz-zatiek idazkera hau izango dute:

b) Ikasleak heztea, oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzeko, eta tolerantzia eta askatasuna elkarbizitzaren printzipio demokratikoen arabera egikaritzeko.

g) Ikasleak heztea, dela herrialdeen arteko bake, lankidetza eta elkarlaguntzarako, dela gatazkak prebenitzeko nahiz gatazkak bake bidez konpontzeko, dela norberaren, familiaren eta gizartearen bizitzako edozein esparrutan indarkeriarik ez egoteko.

Bi. Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan, Hezkuntzarako Eskubidea arautzekoan, 31. artikuluaren 1. paragrafoari hiru idatz-zati gehitu zaizkio; idatz-zati horiek idazkera hau izango dute:

«k) Estatuko lurralde guztian sustraituta dauden emakume-erakundeak.

l) Emakumearen Institutua.

m) Genero-indarkeria ezabatzeko borrokan ospe handia duten pertsonak».

Hiru. Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan, Hezkuntzarako Eskubidea arautzekoan, 32. artikuluaren 1. paragrafoko e) idatz-zatiak idazkera hau izango du:

«e) Irakaskuntzan gizonen eta emakumeen artean eskubide- eta aukera-berdintasuna garatzeari, eta benetakoa eta eragingarria den berdintasuna suspertzeari buruzko xedapenak».

Lau. Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan, Hezkuntzarako Eskubidea arautzekoan, 33. artikuluaren 1. paragrafokoak idazkera hau izango du:

«1. Estatuaren Eskola Kontseiluak urtero egin eta argitaratuko du hezkuntza-sistemari buruzko txostena. Txosten horretan jaso eta baloratu beharko dira hezkuntza-sistemaren alde desberdinak, hezkuntza-erkidegoan izandako balizko indarkeria-egoera barne. Orobat, txosten horretan informazioa emango da, hezkuntza-administrazioek indarkeria prebenitzeko, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna suspertzeko ezarritako neurrien inguruan».

Bost. Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan, Hezkuntzarako Eskubidea arautzekoan, 56. artikuluko 1. paragrafoari zazpigarren lerrokada gehitu zaio; lerrokada horrek idazkera hau izango du:

«- Zentroko eskola-kontseiluak aukeratutako pertsona bat, hezkuntza-neurriak bultza ditzan, gizonen eta emakumeen artean berdintasun benetako eta eragingarria suspertzeko».

Sei. Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan, Hezkuntzarako Eskubidea arautzekoan, 57. artikuluari m) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«m) Neurriak eta ekimenak proposatzea, horiek ahalbidetzen badute zentroan elkarbizitza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, eta norberaren, familiaren eta gizartearen esparru guztietan gatazkak bake bidez konpontzea».

4. Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzko Lege Organikoaren aldarazpena.

Bat. Aldarazi da urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren, Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzkoaren, 1. artikuluko 1. paragrafoaren b) idatz-zatia; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«b) Ikasleak heztea, oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzeko, eta tolerantzia eta askatasuna elkarbizitzaren printzipio demokratikoen arabera egikaritzeko».

Bi. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan, Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzkoan, 2. artikuluko 3. paragrafoko e) idatz-zatia aldarazi da, eta paragrafo horri l) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horiek idazkera hau izango dute:

«e) Jokabide demokratikoak izateko ohiturak suspertzea, bai eta gatazkak prebenitzeko nahiz gatazka horiek modu baketsuan konpontzeko trebetasunak eta teknika ere.

l) Ikasleak heztea, gaztazkak prebenitzeko nahiz gatazkak bake bidez konpontzeko, norberaren, familiaren eta gizartearen bizitzako esparru guztietan».

Hiru. Aldarazi da urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren, Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzkoaren, 34. artikuluko 3. paragrafoa; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«3. Lanbide-heziketa bereziaren metodologia didaktikoak sustatuko du eduki zientifiko, teknologiko eta antolaketari buruzkoen integrazioa. Era berean, irakasleari ahalbidetuko dio bere kabuz ikasteko eta taldean lan egiteko gaitasuna, bai eta norberaren, familiaren eta gizartearen bizitzako esparru guztietan gatazkak prebenitzeko eta gatazka horiek modu baketsuan konpontzeko heziketa ere».

5. Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoa aldaraztea.

Bat. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 1. artikuluari gehitu zaizkio b) idatz-zatia, gaur egungo idatz-zatiak mugiaraziz, eta n), ñ) eta o) idatz-zatiak; idatz-zati horiek idazkera hau izango dute:

«b) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun osoa eragozten duten oztopoak ezabatzea.

n) Ikasleak heztea, oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzeko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzeko, eta tolerantzia eta askatasuna elkarbizitzaren printzipio demokratikoen arabera egikaritzeko.

ñ) Ikasleak heztea, gatazkak prebenitzeko nahiz gatazkak bake bidez konpontzeko, norberaren, familiaren eta gizartearen bizitzako edozein esparrutan indarkeriarik ez egoteko.

o) Gaitasun afektiboak garatzea».

Bi. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 12. artikuluko 2. paragrafoari bi idatz-zati gehitu zaizkio, e) eta f), gaur egungo idatz-zatiak mugiaraziz; idatz-zati horiek idazkera hau izango dute:

«e) Gatazkak prebenitzen eta gatazkak bake bidez konpontzen ikasteko ariketak egitea.

f) Euren gaitasun afektiboak garatzea».

Hiru. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 15. artikuluko 2. paragrafoari hiru idatz-zati gehitu zaizkio, b), c) eta d), gaur egungo idatz-zatiak mugiaraziz; idatz-zati horiek idazkera hau izango dute:

«b) Trebakuntza izatea, gatazkak konpontzeko eta gatazka horiek bake bidez konpontzeko; trebakuntza horrek ahalbidetuko du ikasleek autonomiaz jardutea familia- nahiz etxe-esparruan, bai eta harremanak dituzten gizarte-taldeetan ere.

c) Sexuen arteko berdintasuna ulertu eta errespetatzea.

f) Euren gaitasun afektiboak garatzea».

Lau. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 22. artikuluko 2. paragrafoari hiru idatz-zati gehitu zaizkio, b), c) eta d), gaur egungo idatz-zatiak mugiaraziz; idatz-zati horiek idazkera hau izango dute:

«b) Gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna ezagutu, baloratu eta errespetatzea.

c) Gainontzekoekin harremanak izatea, indarkeriarik gabe, gatazkak bake bidez konponduz.

f) Euren gaitasun afektiboak garatzea».

Bost. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 23. artikuluko 2. paragrafoan f) idatz-zatia aldarazi da, eta artikulu horri 5. paragrafoa gehitu zaio; idatz-zati eta paragrafo horiek idazkera hau izango dute:

«1. f) Gizonen eta emakumeen arteko etika eta berdintasuna».

«5. Etika irakasgaiak eduki bereziak izango ditu, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionez».

Sei. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 34. artikuluko 2. paragrafoari bi idatz-zati gehitu zaizkio, b) eta c), gaur egungo idatz-zatiak mugiaraziz; idatz-zati horiek idazkera hau izango dute:

«b) Euren heldutasun pertsonal, sozial eta morala sendotzea; horrek ahalbidetuko die modu arduratsuan eta autonomoan jardutea eta norberaren, familiako eta gizarteko gatazkak prebenitu eta bake bidez konpontzea.

c) Gizonen eta emakumeen artean benetakoa eta eragingarria den berdintasuna suspertzea eta euren arteko desberdintasunak modu kritikoan aztertu eta baloratzea.

Zazpi. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 40. artikuluari 3. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«3. Gizonen eta emakumeen artean berdintasun eragingarria sustatzeko helburuarekin, Hezkuntza-administrazioek zainduko dute, dela hezkuntza-curriculun eta -material guztiek aitortzea gizonen eta emakumeen balio bera, dela hezkuntza-curriculum eta -material horiek gauzatzea, emakumeei begira bereizkeriarik egiten ez duten oinarriak abiapuntu. Orobat, errespetua suspertu beharko dute, eskubide- eta betebehar-berdintasunari dagokionez».

Zortzi. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 52. artikuluko 2. paragrafoari bi idatz-zati gehitu zaizkio, e) eta f), gaur egungo idatz-zatiak mugiaraziz; idatz-zati horiek idazkera hau izango dute:

«e) Trebetasunak garatzea, gatazkak bake bidez konpontzeko, norberaren, familiako eta gizarteko harremanetan.

f) Errespetua suspertzea, pertsonen berdintasunari begira eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari begira».

Bederatzi. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 56. artikuluaren d) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«d) Ikasleen tutoretza, ikasle horien ikasketa zuzentzeko, eta ikasle horiei balioak erakusteko eta laguntzeko, gurasoekin elkarlanean arituz, euren arazoak gainditzen eta gatazkak bake bidez konpontzen.

Hamar. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 81. artikuluko 2. paragrafoari g) idatz-zatia gehitu zaio, gaur egungo g) idatz-zatia h) izatera igaroz; g) idatz-zati berriak idazkera hau izango du:

«g) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun benetako eta eragingarria suspertzeko hezkuntza-neurriak bultzatzen dituen pertsona batek; pertsona hori bizi beharko da zentroa dagoen hirian, eta zentroko eskola-kontseiluak aukeratu beharko du.

Hamaika. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 82. artikuluaren k) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«k) Neurriak eta ekimenak proposatzea, horiek ahalbidetzen badute zentroan elkarbizitza, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, eta norberaren, familiaren eta gizartearen esparru guztietan gatazkak bake bidez konpontzea».

Hamabi. Abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoan, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoan, 105. artikuluko 1. paragrafoari g) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«g) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun benetako eta eragingarria suspertzera bideratutako hezkuntza-neurri eta -ekimenen betearazpena eta aplikazioa zaintzea».

6. Publizitateari buruzko Lege Orokorra aldaraztea.

Bat. Azaroaren 11ko 34/1988 Legean, Publizitateari buruzko Lege Orokorrean, 3. artikuluko a) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«Ez da zilegia:

a) Pertsonaren duintasunaren aurka egiten duen publizitatea edo Konstituzioaren balio eta eskubideak, eta horien artean, batez ere, 18. artikulukoak eta 20. artikuluaren 4. paragrafokoak, urratzen dituen publizitatea. Agindu horretara bilduko dira emakumeak modu isekagarrian agertzen dituzten iragarkiak, dela euren gorputza edo gorpuntzaren zati bat beren-beregi eta zuzenean erabiliz, horrek zerikusirik izan gabe sustatu nahi den produktuarekin, dela emakumearen irudia erabiltzea estereotipatutako jokabideei lotuta, jokabide horiek antolamenduaren oinarriak urratzen dituztenean, indarkeria sortzeko lagungarri izateagatik, Genero Indarkeriaren Aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurrien Lege Organikoaren haritik.

Bi. Azaroaren 11ko 34/1988 Legean, Publizitateari buruzko Lege Orokorrean, 25. artikuluari 1bis paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«1bis. Publizitate bat ez-zilegitzat hartzen denean, emakumearen irudia modu isekagarrian edo bereizkeriarekin erabiltzeagatik, iragartzaileari publizitate hori bukaraztea eta zuzentzea eskatu ahal izango diote:

a) Emakumearenganako Indarkeriaren kontrako Gobernuaren Ordezkaritza Bereziak.

b) Emakumearen Institutuak edo horren baliokideak autonomia-erkidegoen esparruan.

c) Legearen arabera eratutako elkarteek, helburu bakartzat emakumeen interesak defendatzea dutenek, baldin eta horien elkartuen artean ez badaude irabazteko asmoa duten pertsona juridikoak.

d) Eskubide edo interes legitimo baten titularrek».

Hiru. Azaroaren 11ko 34/1988 Legeari, Publizitateari buruzko Lege Orokorrari, xedapen gehigarri bat erantsi zaio; xedapen horrek idazkera hau izango du:

«Publizitate bat ez-zilegitzat hartzen denean, emakumearen irudia modu isekagarrian edo bereizkeriarekin erabiltzeagatik, bukarazte-akzioa egikarituko da 26 eta 29. artikuluetan ezarri moduan eta baldintzekin, legitimazioari dagokionez izan ezik, Fiskaltzaz gain legitimazioa izango baitute lege honen 25.1)bis artikuluak aipatu pertsona eta erakundeek.

7. Langileen Estatutuari buruzko Legea aldaraztea.

Bat. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, 37. artikuluari 7. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«7. Genero-indarkeriaren biktima den emakume langileak eskubidea izango du, bere babesa edo gizarte-laguntza osorako eskubidea benetakoak izan daitezen, lanaldia murrizteko, alokairua ere modu proportzionalean gutxituz, edo lan-denbora antolatzeko, horretarako ordutegia egokituz, ordutegi malgua aplikatuz zein enpresan lan-denbora antolatzeko erabiltzen diren beste modu batzuez baliatuz.

Eskubide horiek egikari ahal izango dira hitzarmen kolektiboetan edo enpresaren eta langileen ordezkarien arteko akordioetan kasu horiei begira ezarritakoaren arabera, edo enpresaren eta ukitutako emakume langilearen arteko akordioarekin bat etorriz. Horrelakorik izan ezean, emakume langileari dagokio eskubide horiek zehaztea; horretarako, aurreko paragrafoan ezarritako erregelak aplikatuko dira, eztabaidak ebaztearen inguruko erregelak barne».

Bi. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, 40. artikuluari 3.bis) paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«3bis) Genero-indarkeriaren biktima den emakume langileak utzi behar izan badu lan-zerbitzuak ematen zituen herria, bere babesa edo gizarte-laguntza osorako eskubidea benetakoak izan daitezen, lehenespeneko eskubidea izango du, enpresak beste edozein lantokitan, langile horren lanbide-taldean edo kategoria baliokidean, hutsik duen lanpostua betetzeko.

Halako kasuetan, enpresak nahitaez komunikatu behar dizkio emakume langileari une horretan dauden hutsuneak edo etorkizunean izan daitezkeenak.

Lekualdaketak edo lantokiaren aldaketak hasieran sei hilabete iraungo du; sei hilabete horietan, enpresak betebeharra du, lekualdaketa gertatu baino lehenago emakumeak zuen lanpostua erreserbatzeko.

Sei hilabeteko aldi hori amaituta, emakume langileak erabaki ahal izango du aurretiaz zuen lanpostura itzultzea edo lanpostu berrian jarraitzea. Azken kasu horretan, ezerezean geratuko da aipatu lanpostua erreserbatzeko betebeharra.

Hiru. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, 45. artikuluko 1. paragrafoari n) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«n) Genero-indarkeriaren biktima izateagatik bere lanpostua uztera behartuta dagoen emakume langileak hartutako erabakia».

Lau. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, 48. artikuluari 6. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«6. Etenaldiak hasieran izango du sei hilabetetik gorakoa ez den iraupena, 45. artikuluaren 1. paragrafoko n) idatz-zatian jasotako kasuan, salbu eta babes judizialaren jardunetatik ondorioztatzen denean kontratuak etenda jarraitu behar duela, biktima babesteko eskubidea eragingarria izan dadin. Kasu horretan, epaileak kontratu-etetea hiru hilabeteko aldietan luzatu ahal izango du, hemezortzi hilabeteko mugarekin».

Bost. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, 49. artikuluko 1. paragrafoari m) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«m) Genero-indarkeriaren biktima izateagatik, lanpostua behin betiko uztera behartuta dagoen emakume langileak halaxe erabaki duelako».

Sei. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, 52. artikuluko d) idatz-zatiko bigarren lerrokada aldarazi da; lerrokada horrek idazkera hau izango du:

«Aurreko lerrokadaren ondoreetarako, absentziak ez dira lanera ez-joate moduan zenbatuko, absentzia horien oinarri direnean, dela legezko greba, grebak iraun bitartean, dela langileen lege-ordezkarien jarduera, dela lan-istripua, dela amatasuna, dela haurdunaldi bitarteko arriskua, direla haurdunaldi, erditze edo edoskitzeak eragindako gaixotasunak, direla baimenak, direla oporrak, dela lan-izaerarik gabeko gaixotasun edo istripua, noiz eta baja osasun-zerbitzu ofizialek erabaki dutenean eta baja horren iraupena ondoz ondoko hogei egun baino luzeagoa denean. Era berean, ez dira lanera ez-joate moduan zenbatuko genero-indarkeriak eratorritako egoera fisiko edo psikologikoaren ondoriozko ez-joateak, baldin eta egoera hori laguntzarako gizarte-zerbitzuek edo osasun-zerbitzuek egiaztatu badute, kasuan kasuan bidezkoa zer den kontuan hartuta».

Zazpi. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginean, 55. artikuluko 5. paragrafoaren b) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek idazkera hau izango du:

«b) Kaleratzea haurdun dauden emakume langileen kasuan egiten denean, haurdunaldiaren hasieratik a) idatz-zatiak aipatu etetealdia hasi arte; kaleratzea lege honen 37. artikuluko 4 eta 5. paragrafoetako baimenetako bat eskatu duten langileen kasuan egiten denean, edo baimen hori duten langileen kasuan, bai eta lege honen 46. artikuluko 3. paragrafoan jasotako eszedentzia eskatu duten langileen kasuan ere; eta kaleratzea genero-indarkeriaren biktima diren emakume langileen kasuan egiten denean, emakume horiek euren eskubideak egikaritu dituztenean lan-denbora murriztu edo beste modu batean antolatzeko, mugigarritasun geografikoa izateko, lantokia aldatzeko edo lan-harremanak eteteko, lege honetan ezarritako baldintzen arabera».

8. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra aldaraztea.

Bat. Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean, 124. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio, hurrengo edukiarekin:

«5. Langileen Estatutuaren 48.6 artikuluak aipatu etenaldia, lanpostuaren erreserbarekin, benetan kotizatutako alditzat joko da, Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko prestazioen ondoreetarako, prestazio horiek sortzen direnean jubilazioaren, ezgaitasun iraunkorraren, heriotza eta bizirik irautearen, amatasunaren eta langabeziaren ondorioz.

Bi. Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean, 208. artikuluaren 1.1 paragrafoaren e) idatz-zatia aldarazi da, bai eta artikulu horren 1.2 paragrafoa ere; horiek eduki hau izango dute:

«1.1.e) Langileak kontratua alde bakarrez suntsiarazteagatik, Langileen Estatutuaren 40, 41.3, 49.1m) eta 50. artikuluek ezarritako kasuetan.

1.2. Langileen lan-harremanak enplegu-erregulazioko espedientearen bidez eteten direnean, edo konkurtso-prozedura batean emandako ebazpen judizial baten bidez, edo Langileen Estatutuaren 45. artikuluko 1. paragrafoaren n) idatz-zatian jasotako kasuan.

Hiru. Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean, 210. artikuluaren 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo edukia izango du:

«2. Aurreko paragrafoak aipatu lan egindako denboraren araberako kotizazioa zehazteko, kontuan hartuko dira aurretiazko eskubide bat aitortzeko zenbatu gabeko kotizazio guztiak, kontribuzio bidezkoak nahiz laguntza bidezkoak. Hala ere, ez da aurretiazko eskubidetzat hartuko, Langileen Estatutuaren 45.1.n) artikuluaren arabera lan-harremanak eteteagatik aitortzen dena.

Ez dira zenbatuko prestazioa ordaindu birtartean erakunde kudeatzaileak edo, hala denean, enpresak egiten dituen kotizazioak, salbu eta prestazio hori jasotzen denean Langileen Estatutuaren 45.1.n) artikuluaren arabera lan-harremanak eteteagatik, lege honen 124.5 artikuluak ezarri bezala.

Lau. Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean, 231. artikuluaren 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo edukia izango du:

«2.Titulu honetan ezarritakoaren ondoreetarako, jardunean aritzeko konpromisotzat joko da, prestazioen eskatzaileak edo onuradunak hartzen duen konpromisoa, enplegua modu aktiboan bilatzeko, lanpostu egokia onartzeko eta motibazio, informazio, orientabide, prestakuntza, birmoldatze edo laneratzearen inguruko ekintza berezietan parte hartzeko, lana izateko aukerak gehitzeko, bai eta artikulu honetan ezarritako gainerako betebeharrak betetzeko ere.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa aplikatzeko, Enpleguaren Zerbitzu Publiko eskudunak kontuan hartuko du genero-indarkeriaren biktima izatea, behar izanez gero, sinatutako konpromisoaren betebeharrak arintzeko.

Bost. Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginari beste xedapen gehigarri bat erantsi zaio, hurrengo edukiarekin:

42. Legezko langabezia-egoerak egiaztatzea.

Lege honen 208.1.1.e) eta 208.1.2 artikuluetan jasotako legezko langabezia-egoera, egiaztatuko da enpresaburuaren idatzizko komunikazioaren bidez, lan-harremanak azkentzearen edo aldi baterako etetearen inguruan; komunikazio hori joango da biktimaren aldeko babes-aginduarekin batera edo, halakorik izan ezean, Fiskaltzak emandako txostenarekin batera, txosten horrek dioenean genero-indarkeriaren biktima izatearen inguruko zantzuak daulela.

9. Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko Legea aldaraztea.

Bat. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legean, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoan, 1. artikuluko 3. paragrafoak idazkera hau izango du:

3. Hurrengo manuak funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarritzat jotzen dira, Konstituzioaren 149.1.18. artikuluaren babesean eman direla, eta, ondorenez, Administrazio publiko guztietako langileei begira aplikagarri direla:

Artikuluak:

3.2.e) eta f); 6; 7; 8; 11; 12; 13.2, 3 eta 4; 14.4 eta 5; 16; 17; 18.1.etik 5.era; 19.1 eta 3; 20.1.a), b), lehenengo lerrokada, c), e), g), lehenengo lerrokadatik laugarrenera arte, eta i); 20.2 eta 3; 21; 22.1, azken bi lerrokadak izan ezik; 23; 24; 25; 26; 29, artikulu horren 5, 6 eta 7. paragrafoetako azken lerrokada izan ezik; 30.5; 31; 32; 33; hirugarren xedapen gehigarriaren 2 eta 3. paragrafoak; laugarren xedapen gehigarria, hamabigarren xedapen gehigarria eta hamabosgarren xedapen gehigarria; bigarren xedapen iragankorra, zortzigarren xedapen iragankorra eta bederatzigarren xedapen iragankorra.

Bi. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legean, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoan, 17. artikuluari 3. paragrafoa gehitu zaio.

«3. Funtzionarioen artean mugigarritasuna errazteko helburuarekin, Administrazio publikoek egiten dituzten akordioen esparruan, modu berezian aintzat hartuko dira genero-indarkeriaren biktima diren funtzionarioen mugigarritasun geografikoaren kasuak».

Hiru. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legean, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoan, 20. artikuluko 1. paragrafoari i) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek eduki hau izango du:

«i) Genero-indarkeriaren biktima den emakume funtzionarioak utzi behar izan badu lan-zerbitzuak ematen zituen herria, bere babesa edo gizarte-laguntza osorako eskubidea benetakoak izan daitezen, lehenespeneko eskubidea izango du, beste lanpostu bat betetzeko, bere kidegokoa edo mailakoa dena eta antzeko ezaurriak dituena, baldin eta lanpostu hori hutsik badago eta nahitaez bete behar bada. Halakoetan, kasuan kasuko Administrazio publikoak betebeharra du funtzionario horri komunikatzeko nahitaez bete behar diren lanpostu hutsak, baldin eta lanpostu horiek interesdunak esanbidez eskatu duen herrian edo herrietan badaude.

Lau. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legean, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoan, 29. artikuluari 8. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek eduki hau izango du:

«8. Emakume funtzionarioaren aurkako indarkerian oinarritutako eszedentzia.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakume funtzionarioek, beraien babesa edo gizarte-laguntza osorako eskubidea benetakoak izan daitezen, eskubidea izango dute eszedentzia-egoera eskatzeko; horretarako ez da behar izango aurretiaz gutxieneko aldi batez zerbitzuak ematea, eta eszedentzia-egoeran izateko ez da epe zehatzik ezarriko. Lehenengo sei hilabetean, eskubidea izango dute euren lanpostua erreserbatzeko; aldi hori zenbatzeko modukoa izango da, maila-igoerei, hirurtekoei eta eskubide pasiboei dagokienez.

Hori gorabehera, babes judizialerako jardunaren ondorioz, biktimaren babes-eskubidea eragingarria izan dadin, beharrezkoa bada, hiru hilabeteko aldietan luzatu ahal izango da, gehienez ere hemezortzi hilabetera arte, aurreko lerrokadaren arabera, lanpostua erreserbatuta izateko aldia, lerrokada horretan aipatu ondore berberekin.

Bost. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legean, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoan, 30. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«5. Genero-indarkeriaren biktima diren emakume funtzionarioak, indarkeria horren ondorioz euren lanpostuetan absente izan behar badira, lanera ez joate horiek, erabatekoak zein zatikakoak, justifikatutzat joko dira, osasun-arretako gizarte-zerbitzuek, bidezkoa denaren arabera, erabakitzen duten aldian eta baldintzetan.

Emakumearen aurkako indarkeriaren biktima diren emakume funtzionarioek eskubidea izango dute, beraien babesa edo gizarte-laguntza osorako eskubidea benetakoak izan daitezen, lanaldia murrizteko, ordainsariak ere modu proportzionalean gutxituz, edo lan-denbora antolatzeko, horretarako ordutegia egokituz, ordutegi malgua aplikatuz zein lan-denbora antolatzeko aplikatzen diren beste modu batzuez baliatuz, egoera horietarako kasuan kasuko Administrazio publiko eskudunak ezarritakoaren arabera.

10. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoa aldaraztea.

Bat. Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, Botere Judizialari buruzkoan, 26. artikuluko 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«26. artikulua. Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak, merkartaritza-arlokoak, emakumearen aurkako indarkeriaren arlokoak, zigor-arlokoak, administrazioarekiko auzibideetakoak, lan-arlokoak, adingabekoen arlokoak eta espetxe-zaintzaren arlokoak». Bi. Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, Botere Judizialari buruzkoan, I. liburuko IV. tituluko V. kapituluaren izenburua aldarazi da, modu honetara:

«V. kapitulua. Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak, merkartaritza-arlokoak, zigor-arlokoak, emakumearen aurkako indarkeriaren arlokoak, administrazioarekiko auzibideetakoak, lan-arlokoak, adingabekoen arlokoak eta espetxe-zaintzaren arlokoak».

Hiru. Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, Botere Judizialari buruzkoan, 87. artikuluko 1. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«87.1 artikulua. Instrukzioko epaitegiek zigor-arloan hurrengoen gaineko ardura izango dute.

a) Probintziako audientziek eta zigor-arloko epaitegiek epaitu behar dituzten auzien gaineko instrukzioa, non auzi horiek ez diren emakumearen aurkako indarkeriaren arloko epaitegien eskumenekoak.

b) Orobat, euren ardura izango da epaia ematea, salaketarekin bat etorriz, legeak ezarritako kasuetan.

c) Falta-epaiketen gaineko ardura eta epaitza, non falta-epaiketa horiek ez diren bake epaileen edo emakumearen aurkako indarkeriaren arloko epaitegien eskumenekoak.

d) Habeas corpus prozeduren gainean.

e) Barrutiko bake epaitegiek emandako ebazpenen kontra lege honek ezarritako errekurtsoen gainean, eta barrutiko bake epaitegien arteko eskumen-arazoen gainean.

f) Emakumearen aurkako indarkeriaren biktimei begira babes-agindua ematearen gainean, guardia-eginkizunak gauzatzen ari direnean, betiere, agindu hori ezin badu eman Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak.

Hiru bis. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan, 89bis artikuluaren 2. paragrafoari beste idatz-zati bat gehitu zaio; idatz-zati horrek eduki hau izango du:

«Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiek izapidetutako gaien berri izateko xedearekin, eta ebazteke dauden gaiak kontuan hartuta, probintzia bakoitzean epaitegi bat edo batzuk espezializatu beharko dira, lege honen 98. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz».

Lau. Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, Botere Judizialari buruzkoan, 210. artikuluko 1. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«1. Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaileak, merkataritza-arlokoak, zigor-arlokoak, emakumearen aurkako indarkeriaren arlokoak, administrazioko auzibideetakoak, adingabekoen arlokoak eta lan-arlokoak, euren artean ordeztuko dira, jurisdikzio-arlo bereko epaile batzuk dauden herrialdeetan, Auzitegi Nagusiko gobernu-salak erabakitakoaren arabera, epaileen batzak hala proposatuta».

Bost. Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, Botere Judizialari buruzkoan, 211. artikuluko 3. paragrafoari lerrokada berria gehitu zaio; lerrokada horrek idazkera hau izango du:

«Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiek ordeztuko dituzte Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileak, kasuan kasuko Auzitegi Nagusiko gorbernu-salak ezarritako hurrenkeraren arabera».

11. Legearen aplikazioari buruzko ebaluazioa.

Gobernuak, autonomia-erkidegoekin elkarlanean, lege organiko hau indarrean jarri eta hiru urtera, txosten bat egin eta Diputatuen Kongresura bidaliko du; txosten horretan ebaluatuko dira lege honen aplikazioak dituen ondoreak genero-indarkeriaren kontrako borrokan.

12. Prozedura Kriminalaren Legearen aldarazpenak.

Prozedura Kriminalaren Legeari laugarren xedapen gehigarria gehitu zaio; xedapen horrek eduki hau izango du:

«1. Lege honen 544ter artikuluko 1 eta 7. paragrafoei idazkera berria eman die uztailaren 31ko 27/2003 Legeak; lege horrek arautzen du etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindua. Bada, paragrafo horietan instrukzio-epaileari eta lehenengo auzialdiko epaileari buruzko aipamenak egiten dira; aipamen horiek, hala denean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileari egin zaizkiola ulertuko da.

2. Lege honen IV. liburuko III. tituluan eta 962. artikulutik 971. erakoetan Guardiako Epaileari buruzko aipamenak egiten dira; aipamen horiek, hala denean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileari egin zaizkiola ulertuko da».

13. Funtsaren horniketa.

Lege honen 19. artikuluan ezarritako zerbitzuen jardunbidean laguntzeko eta zerbitzu horiek ezartzean lurradeen arteko ekitatea bermatzeko helburuarekin, lege hau indarrean jarri eta hurrengo bi urteetan funts bat hornituko da; autonomia-erkidegoek funts horretara jo ahal izango dute, kasuan kasuko sektoreko konferentzian ezarritako irizpide objektiboekin bat etorriz. Hori gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak finantza-inguruabar horietan arautzat izango dituzte euren ekonomia-itunaren eta -hitzarmenaren araubide bereziak.

Autonomia-erkidegoek, euren eskumenak erabiliz, lege hau onetsi eta hurrengo urtean, diagnostiko bat egingo dute, toki-administrazioekin batera, genero-indarkeriak euren autonomia-erkidegoan duen eraginari buruz, bai eta beharrizanen, baliabideen eta beharrezko zerbitzuen balorazioa ere, lege honen 19. artikulua gauzatzeko.

Funtsaren horniketa egingo da estatuko aurrekontuei buruzko kasuan kasuko legeek xedatutakoarekin bat etorriz.

14. Finantzaketari buruzko txostena.

Autonomia-erkidegoen finantzaketa-erantzukizuna gorabehera, abenduaren 27ko 21/2001 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta instituzio-leialtasunaren printzipipoaren arabera, irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoak, autonomia-erkidegoak finantzatzeari buruzkoak, 2.1.e) artikuluan ezarritakoaren esanguran, ministerio eskudunek, kasuan kasuko lurralde arteko organoek hala proposatuta, txostenak egingo dituzte, lege honen aplikazioak dituen ondorio ekonomikoen gainean. Txosten horiek Ogasun Ministerioari aurkeztuko zaizkio, eta horrek igorriko dizkio Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluari.

15. Hitzarmenak etxebizitza-gaian.

Administrazio eskudunekin egindako hitzarmenen bidez, Gobernuak genero-indarkeriaren biktimei babestutako etxebizitzak adjudikatzeko prozesu bereziak sustatu ahal izango ditu.

16. Enpleguaren Zerbitzu Publikoen koordinazioa.

Abenduaren 16ko 56/2003 Legea, Enpleguari buruzkoa, garatzean, kontuan hartuko da Enpleguaren Zerbitzu Publikoen artean izan behar den koordinazioa, lan-merkatuan genero-indarkeriaren biktimen sarrera errazteko, mugigarritasun geografikoaren eskubide egikaritzeagatik, euren bizilekua aldatu behar dutenean eta horrek berarekin dakarrenean autonomia-erkidegoz aldatzea.

17. Eskolatzea.

Hezkuntza-administrazioek beharrezko neurriak hartuko dituzte seme-alaben berehalako eskolatzea bermatzeko, emakumearen aurkako indarkeriaren ondorioz bizilekua aldatzen denean.

18. Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegien antolaketa.

Abenduaren 28ko 38/1988 Legean, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzkoan, XIII. eranskina gehitu da; eranskin horren testua lege organiko honen eranskin gisa jaso da.

19. Pentsioak bermatzeko funtsa.

Estatuak legeria berezia baliatuta bermatuko du epaiketa bidez onetsitako hitzarmenean edo ebazpen judizialean aitortutako eta ordaindu gabeko mantenuaren ordainketa seme-alaba adingabeen mesedetan; legeria berezi horrek egoera horien estaldura-sistema zehaztuko du, eta genero-indarkeriaren biktimen inguruabarrak kontuan hartuko ditu beti.

20. Abizenak aldatzea.

Erregistro Zibilaren 1957ko ekainaren 8ko Legearen 58. artikuluak hurrengo idazkera izango du:

«2. Salbuespeneko inguruabarrak gertatzean, eta aipatu artikuluan adierazitako betekizunak izan ez arren, aldaketa onartu ahal izango da dekretu bidez, Justizia Ministerioak hala proposatuta, Estatu Kontseiluaren entzunaldiarekin. Abizenak aldatzeko baimena eskatu duenak genero-indarkeria jasaten duenean, eta egoera jakin batek presa izan eta horrek hala behar duenean, aldaketa onartu ahal izango da Justizia Ministerioaren agindu bidez, erregelamenduak ezarritakoaren arabera».

XEDAPEN IRAGANKORRAK

1. Neurriak aplikatzea.

Lege hau indarrean jartzean genero-indarkeriarekin zerikusia duten prozesu zibilen eta zigor-prozesuen izapidetza egiten ari bada, prozesu horien gaineko ardura duten organoek euren eskumenari eutsiko diote, prozesu horiek epai irmo bidez amaitu arte.

2. Zuzenbide iragankorra.

Lege hau indarrean jartzean, lege honetako egitateei buruzko prozesuen izapidetza egiten ari bada, horien gaineko ardura duten epaitegi eta auzitegiek V. tituluko IV. kapituluko neurriak hartu ahal izango dituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Indarrik gabe geratuko dira, lege honetan ezarritakoarekin bateraezinak diren arau guztiak, lerrun berekoak nahiz beheragokoak.

AZKEN XEDAPENAK

1. Arau-erreferentziak.

Ulertu behar da, zigor-arloko prozesu-legeetan instrukzio-epaileen inguruan jasotako erreferentzia eta aipamen guztiak Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaileei begira ere jaso direla, horien eskumeneko gai propioetan.

2. Eskumen-gaikuntza.

Lege hau eman da Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 1, 5, 6, 7, 8, 17, 18 eta 30. idatz-zatietan ezarritakoaren babesean.

3. Lege honen izaera

Lege honek lege organikoaren izaera du; ez dute izaera hori izango hurrengo manuek: I. tituluak; II. tituluak; III. tituluko 42, 43, 44, 45, 46, 47, 70, 71, 72. artikuluek; xedapen gehigarrietatik lehenengoak, bigarrenak, seigarrenak, zazpigarrenak, zortzigarrenak, bederatzigarrenak, hamaikagarrenak, hamahirugarrenak, hamosgarrenak, hamaseigarrenak, hamazazpigarrenak, hemezortzigarrenak, hemeretzigarrenak eta hogeigarrenak; xedapen iragankorretatik bigarrenak; eta azken xedapenetatik laugarrenak, bosgarrenak eta seigarrenak.

4. Arauak emateko gaikuntza.

1. Gobernuari gaikuntza aitortzen zaio, lege hau aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko, lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabeteko epean.

Justizia Ministerioaren bidez, epe horretan beharrezko neurriak hartuko dira, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak ezartzeko, bai eta Fiskaltzaren egitura lege honek ezarritakora egokitzeko ere.

2. Lege organiko hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak beharrezko erregelamenduak emango ditu, datak antolatzeko, guardiako zerbitzuak Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegi berrietara egokitzeko, eta polizia judiziala epaitegi horiekin koordinatzeko.

5. Erregelamendu-aldarazpenak.

Gobernuak, lege hau onetsi eta sei hilabeteko epean, 116.4 artikukulua aldaraziko du, otsailaren 9ko 190/1996 Errege-dekretuan, Espetxeetako Erregelamendua onestekoan; aldarazpen horren ondorioz ezarriko da espetxeetako Administrazioak duen betebeharra, lege honek aipatzen dituen barneratuentzako tratamenduen inguruan programa bereziak gauzatzeko. Epe berean aldaraziko dira maiatzaren 23ko 738/1997 Errege-dekretua eta uztailaren 25eko 996/2003 Errege-dekretua.

Aurreko lerrokadan aipatu epean, estatuak eta autonomia-erkidegoek, dagozkien eskumenen esparruan, euren arautegia egokituko dute lege honetan ezarritakora.

6. Urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoa, aldaraztea.

Urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoan, 5. artikuluko 3. paragrafoa aldarazi da; pragrafo horrek idazkera hau izango du:

«5. Halaber, ez da beharrezkoa izango, genero-indarkeriaren biktimek aldez aurretik baliabiderik ez dutela egiaztatzea, horiek doako laguntza juridiko espezializatua eskatzen dutenean; halakoetan, berehala eskainiko zaie laguntza hori, baina gerogarrenean ez bazaie horretarako eskubidea aitortzen, biktima horiek abokatuari ordaindu beharko dizkiote esku-hartzeagatik sortutako zerbitzu-sariak.

7. Indarrean jartzea.

Lege organiko hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeitamar egun igarotakoan; horren salbuspen dira IV eta V. tituluak, indarrean jarriko baitira sei hilabete igarotakoan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra