Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

Azaroaren 12ko 4/2001 Lege Organikoa, Eskariak Egiteko Eskubidea Arautzekoa

2001-11-12

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2001/11/13, 272. zk.

Azaroaren 12ko 4/2001 Lege Organikoa, Eskariak Egiteko Eskubidea Arautzekoa

EAO, 272 zk., azaroaren 13koa

ZIOEN AZALPENA

Eskariak egiteko eskubidea oinarrizko eskubide gisa aitortu da Espainiako Konstituzioaren 29. artikuluan.

Manu horrek legera igorri ditu eskubide hori egikaritzeko moduaren arauketa eta eskubide hori egikaritzeak sortzen dituen ondoreak.

Orain arte, Konstituzioaren aurreko arau batean, hots, 1960ko abenduaren 22ko Legean, jaso da eskubide horren araubidea. Edozelan ere, arau hori behar bezala egokituta zegoen, Konstituzio Auzitegiaren adierazpenen arabera.

Dena den, badirudi garaia heldu dela, eskariak egiteko oinarrizko eskubidearen arau-garatzea eguneratzeko, Konstituzioaren ikuspuntutik.

Beharbada, eskubide horren bigarren mailako izaera, herritarren eta botere publikoen arteko harremanetarako beste tresna batzuei dagokienez, eta 1960ko Legeak duen arauketa, gehienbat teknikoa, administrazio-izaerakoa, eta, ondorioz, neutrala, behar adina arrazoi izan dira oinarrizko eskubideen arloan Konstituzioaren aurreko arau bati eusteko.

Alabaina, ez da pentsatu behar eskariak egiteko eskubidea garrantzi txikiagoko eskubidea denik.

Historiari erreparatuz gero, argi dago ez dela horrela.

Areago, gaur egun eskubide horrek bat egiten du nagusi diren joerekin. Joera horien arabera, herritarrek, bai eta herritarrak biltzen dituzten taldeek ere, parte-hartze zabalagoa izan behar dute arlo publikoan, eta helmen zabalagoa izan behar dute zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoaren oinarri diren erakunde-egituretan.

Oinarrizko eskubide bat aitortu duen konstituzio-manu baten lege-garapenari errotik ekin behar zaionean, nahitaezkoa da aintzat hartzea Konstituzio Auzitegiak, Konstituzioaren interpretatzaile nagusi gisa, eratutako doktrina.

Horrenbestez, lege honek bat egiten du goren mailako auzitegiaren adierazpenekin. Adierazpen horiek edozenbat epai eta autotan jaso dira, baina lege honek kontuan hartzen du, bereziki, 1993ko uztailaren 14ko epaia.

Eskariak egiteko eskubidearen titularren esparru subjektiboa adiera zabalean zehazten da. Bada, ulertu behar da eskubide hori dutela pertsona fisikoek nahiz juridikoek, euren naziotasuna kontuan hartu gabe. Azken buruan, eskubide hori interes legitimoak defendatzeko bidea da, eta eskubide horren bidez herritarrek zeregin publikoetan parte har dezakete, banaka nahiz modu kolektiboan.

Lege honek muga bakarra ezarri du, Konstituzioak zuzenean ondorioztatzen duena, Indar eta Erakunde Armatuetako kideei, edo diziplina militarraren mende dauden kidegoetako kideei dagokienez; esangura horretan, lege honek ezarri du pertsona horiek eskubide hori egikari dezaketela banaka eta eurei buruzko legeria berezian xedatutakoaren arabera bakarrik.

Lege-aurrekarietan eta zuzenbide konparatuan ohikoa denari jarraituz, lege honetan ere jaso da eskubide hau egikaritzeak ezin duela ekarri eskatzailearentzat inolako kalterik, non ez den eskubide hori egikaritzeagatik eskatzaileak delitua edo falta egitea.

Eskariaren jasotzaileak izan daitezke edozein botere publiko edo agintari, konstituzio-botereak eta -organoak barne, bai eta administrazio publiko guztiak ere.

Egon daitezkeen jasotzaile guztien eskumen-esparruaren arabera erabakiko da jasotzaileen artetik nork duen gaitasuna eskariez arduratzeko.

Eskarietara bil daitezke iradokizunak, ekimenak edo informazioak, eta eskarien bidez kexak eta eskaerak ere egin daitezke.

Hortaz, eskarien xedeak izaera zabala du; izan ere, eskariak interes orokorreko edozein auturi buruzkoak izan daitezke, autuak kolektiboak nahiz subjektu pribatuenak izan.

Hala eta guztiz ere, eskariek ordezko izaera dute, parlamentuko, arlo judizialeko edo administrazioko prozedura formal eta zehatzei dagokienez. Horrexegatik, eskarien esparrua mugatzen da zuhurtziaren edo aukeran ematearen araberakoa denari, hots, modu berezian araututako prozeduraren objektu ez denari.

Eskariak egiteko eskubidea egikaritzeari buruzko arauketaren ezaugarri izan behar dira erraztasuna eta formalismorik eza.

Eskubide hori beti idatziz egikaritu behar bada ere, horretarako edozein bide erabil daiteke —izaera elektronikoko bideak bultzatzen direla kontuan hartuta—, baldin eta borondate- adierazpena egiaztatzen bada.

Edozein kasutan ere, formalismorik ezaren printzipioak berarekin dakar eskubide hori egikaritzeko gutxieneko betekizunak ezartzea; halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen ildotik, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak hori aldarazi zuela kontuan hartuta, tratamendu zabalaren aldeko apustua egin da, hizkuntza koofizialak erabiltzeari dagokionez, hizkuntza horiek zein autonomia-erkidegotako estatututan aitortu eta autonomia-erkidego horietan, bai eta eskubide hori egikaritzeko edo eskariak aurkezteko tokiak hautatzeko aukerari dagokionez ere.

Eskarien izapidetzaren helburua nahitaez izan behar da eskubidea asetzea. Hala ere, legeak ez ditu aztertu izapidetza horren nondik norakoak; legeak arreta berezia jarri du eskarien jasotzaile diren botere publikoen eta agintarien betebeharretan.

Konstituzio Auzitegiaren doktrinak ezarritakoaren arabera arautu da eskarien jasotzaile publikoek duten betebeharra, jasotako eskarien gainean jaso izanaren agiria luzatzeko, eta eskari horien izapideak egin eta eskariak behar bezala erantzuteko, modu murrizgarrian tipifikatutako salbuespenak daudenean izan ezik. Horrek guztiorrek garatu egiten du eskubide honen oinarrizko edukia.

Edozein kasutan ere, argi eta garbi dago eskubidea eragingarritasunez asetzeko joera. Joera hori agertzen da, hala eskaria ebatzi behar duen erakundearen edo agintariaren eskumen-arazoak arautzean, nola eskubidearen babes jurisdikzionalaren araubidean. Azken kasu horretan, bada, eskariak egiteko eskubideak, oinarrizko eskubidea den ginoan, Konstituzioaren 53.2 artikuluak ondorioztatzen duen tratamendua du.

Amaitzeko, eskubidea Kongresuan, Senatuan eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarretan egikaritzeari dagokionez, kasu horietan eskubideak duen araubide berezira igorri da egikaritza hori, nahitaez aitortu behar delako horiek euren burua antolatzeko eta arautzeko duten autonomia.

Beste arrazoi batzuk direla bide, errespetatu egin da, berebat, Herri Defendatzaileari edo autonomia- erkidegoen antzeko erakundeei aurkeztutako kexen araubide berezia.

1. artikulua. Eskariak egiteko eskubidearen Titularrak

1. Pertsona fisiko edo juridiko orok egikari dezake eskariak egiteko eskubidea, naziotasuna kontuan hartu gabe, banaka edo modu kolektiboan, lege honetan ezarri moduan eta ondoreekin. Gainera, eskubidea egikaritzeak ezin du ekarri eskatzailearentzat inolako kalterik.

Nolanahi ere, ez dira erantzukizunetik askatuko eskariak egiteko eskubidea egikaritzeagatik delitua edo falta egiten dutenak.

2. Indar edo Erakunde Armatuetako kideek, edo diziplina militarraren mende dauden kidegoetako kideek, eskubide hau egikaritu ahal izango dute banaka eta euren legeria berezian xedatutakoarekin bat etorriz bakarrik.

2. artikulua. Jasotzaileak

Eskariak egiteko eskubidea egikaritu ahal izango da edozein erakunde publiko, administrazio edo agintariren aurrean, bai eta administrazio publikoei lotutako edo horien mende dauden organismoen eta erakundeen zuzendaritza- eta administrazio-organoetan ere, euren eskumeneko gaiei dagokienez, eta horien lurralde-esparrua edo esparru funtzionala edozein delarik ere.

3. artikulua. Eskarien xedea

Eskariak izan daitezke jasotzailearen eskumen-esparruko edozein autu edo gairi buruzkoak, kontuan hartu gabe eskariok eskatzailea bakarrik ukitzen duten, edo interes kolektiboa edo orokorra duten.

Ez dira eskubide honen xede, antolamendu juridikoak jasotako eskubide, kexa edo iradokizun batzuk, baldin eta horiek asetzeko ezarri bada lege honetako prozeduraren aldean desberdina den prozedura.

4. artikulua. Gauzatzea

1. Eskariak idatziz egingo dira, eta, horretarako, eskariaren kautotasuna egiaztatzeko balio duen edozein bide erabil daiteke, baita izaera elektronikoa dutenak ere. Eskariek nahitaez jasoko dute eskatzailearen nortasuna, naziotasuna, hori baldin badu, jakinarazpenak egiteko tokia edo bidea, xedea eta jasotzailea.

2. Eskari kolektiboen kasuan, aurreko betekizunak betetzeaz gain, eskatzaile guztiek sinatuko dituzte eskariak. Sinadura horien ondoan agertu beharko dira eskatzaile bakoitzaren izen-abizenak.

3. Eskatzaileak eskubidea egikaritu duela jakinarazi ahal izango dio eskariaren jasotzailea ez den beste erakunde edo organo bati, idazkiaren kopia igorrita, horren berri izan dezan.

4. Eskatzaileek euren datuen isilgordea galdatu ahal izango dute.

5. artikulua. Hizkuntza koofizialak Erabiltzea

1. Autonomia-erkidegoetako estatutuetan hizkuntzen koofizialtasuna ezarri bada, autonomia-erkidego horien lurralde-esparruan eskatzaileek eskubidea izango dute, hizkuntza ofizialetarik edozeinetan egiteko euren eskariak Estatuaren Administrazio Orokorrari, edo horri lotutako edo horren mende dauden organismo publikoei, bai eta erantzuna eurek aukeratutako hizkuntzan jasotzeko ere.

2. Autonomia-erkidegoetako erakundeei eta toki-erakundeei zuzendutako eskarietan, hizkuntzaren erabilera izango da kasuan kasuko autonomia- -erkidegoko legeriak ezarritakoaren araberakoa.

3. Erakunde, administrazio edo organo instruktoreak gaztelaniara itzuli beharko ditu autonomia-erkidegoaren lurraldetik kanpo ondoreak sortu behar dituzten agiriak, espedienteak edo horien zatiak, bai eta interesdunei zuzendutako agiriak ere, interesdunek esanbidez hala eskatu badute.

Horiek guztiek ondoreak sortu behar badituzte beste autonomia-erkidego baten lurraldean, eta lurralde horretan ere gaztelania ez den hizkuntza hori koofiziala bada, ez da behar izango itzulpenik.

6. artikulua. Idazkiak aurkeztea

1. Eskaria jaso duen idazkia, eta bestelako agiriak eta komunikazioak, aurkeztu ahal izango dira ondore horietarako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legeriak onartutako erregistro edo bulegoetarik edozeinetan.

2. Eskari bat jasotzen duen administrazioak, erakunde publikoak edo agintariak horren gainean jaso izanaren agiria luzatuko du, eta horren berri emango dio interesdunari, eskaria jaso eta hurrengo hamar egunetan.

Jardun hori gauzatuko du kasuan kasuko organoak, erakunde bakoitzaren antolaketa- -arauarekin bat etorriz.

7. artikulua. Eskarien izapidetza. Ongitzea

1. Behin eskari-idazkia jasota, agintari edo organo jasotzaileak egiaztatuko du eskari hori lege honetan ezarritako betekizunekin bat datorren, aurretiaz egoki iruditzen zaizkion eginbide eta egiaztapenak gauzatuz eta aholkuak eskatuz.

Horiek guztiak aintzat hartu ondoren, eskaria ez dela onartu adierazi beharko da, edo kasuan kasuko eskariaren izapideak egin beharko dira.

2. Eskari-idazkiak ez baditu betetzen 4. artikuluan ezarritako betekizunak, edo beharrezko datuak ez baditu jaso, behar adinako argitasunarekin, eskatzaileari agindeia egingo zaio, atzemandako akatsak ongi ditzan hamabost eguneko epean. Halaber, eskatzaileari ohartaraziko zaio hala egin ezean eskarian atzera egin duela ulertuko dela. Azken kasu horretan eskaria artxibatu dela jakinaraziko zaio, horren arrazoia adieraziz.

3. Orobat, eskatzaileari agindu ahal izango zaio bere esku dauden edo berak lor ditzakeen datu edo agiri osagarriak aurkeztea, baldin eta horiek nahitaezkoak badira eskariaren izapideak egiteko.

Datu eta agiri horiek ez aurkezteak ez du ekarriko zuzenean eskaria ez onartzea, baina horrek ondoreak izan ditzake azken buruan emango den erantzunean.

8. artikulua. Eskariak ez onartzea

Eskariak ez dira onartuko, baldin eta horien xedea ez badator bat jasotzaile diren botere publiko, erakunde edo organismoen eratxikipenekin. Era berean, eskariak ez dira onartuko, baldin eta horien inguruko ebazpena oinarritu behar bada lege honek ezarri ez duen tituluan, eta titulu horrek behar badu parlamentuko edo administrazioko prozedura, edo prozedura judiziala.

Halaber, eskariak ez dira onartuko, baldin eta horien xedearen inguruan hasita badago parlamentuko edo administrazioko prozedura, edo prozedura judiziala. Halakoetan, eskariak ez dira onartuko, horien gaineko erabaki edo ebazpen irmoa izan arte.

9. artikulua. Onargarritasunik ezaren adierazpena. Epea

1. Onargarritasunik ezaren adierazpena zioduna izango da beti, eta adierazpen hori erabaki beharko da, eta eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, eskari-idazkia aurkeztu eta hurrengo berrogeita bost egun baliodunetan.

Eskaria ez onartzearen arrazoia bada antolamendu juridikoan eskariaren xedea asetzeko beste prozedura berezi batzuk izatea, onargarritasunik ezaren adierazpenak esanbidez jaso beharko du eskaria zein xedapenetan oinarrituta gauzatu behar den, bai eta horren gaineko eskumena zein organok duen ere.

2. Bestelakoan, ulertuko da eskariaren izapidetza onartu dela.

10. artikulua. Eskumenaren gaineko Erabakiak

1. Eskari baten onargarritasunik ezaren adierazpenaren oinarria bada jasotzaileak eskumenik ez izatea, jasotzaileak hamar eguneko epean igorriko dio eskaria bere ustez eskuduna den erakunde, administrazio edo organismoari, eta hala komunikatuko dio eskatzaileari.

Kasu horretan, epeak zenbatuko dira idazkia jaso denetik, 6.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

2. Organo edo agintari batek uste duenean eskumenik ez duela eskari batez arduratzeko, jardunak zuzenean igorriko dizkio bere ustez eskumena duen organoari, baldin eta bi organo horiek erakunde, administrazio edo organismo berekoak badira.

11. artikulua. Onartutako eskarien izapidetza eta erantzuna

1. Behin eskariaren izapidetza onartuta, agintari edo organo eskudunak betebeharra izango du eskaria erantzuteko, eta erantzun horren inguruko jakinarazpena egiteko, hiru hilabeteko epean, eskaria aurkezten denetik zenbatzen hasita.

Edu berean, agintari edo organo eskudunak, beharrezkoa dela uste izanez gero, eskatzaileei deitu ahal izango die entzunaldi berezira.

2. Eskaria oinarriduna dela ulertzen denean, eskari horretaz arduratzeko eskumena duen agintariak edo organoak betebeharra izango du, hori aztertu eta egokitzat jotzen dituen neurriak hartzeko, eskariak eragingarritasun osoa izan dezan. Neurri horien artean, hala denean, agintari edo organo eskudunak erabaki dezake izaera orokorreko xedapen bat hartzeko behar diren prozedurak bultzatzea.

3. Erantzunak jasoko du, gutxienez, agintari edo organo eskudunak zein modutan hartu duen kontuan eskaria, eta erantzunera bilduko dira eskaria onartzeko edo ez onartzeko arrazoiak eta zioak.

Eskariaren ondorioz, edozein berariazko erabaki, neurri edo ebazpen hartu bada, horiek erantzunera gehituko dira.

4. Agintari edo organo eskudunak erabaki ahal izango du, egoki dela uste duenean, erantzuna kasuan kasuko aldizkari ofizialera biltzea.

5. Agintari edo organo eskudunak urtero egingo du jasotako eskarien ondoriozko jarduera-oroitidazkia.

12. artikulua. Babes jurisdikzionala

Eskariak egiteko eskubideak benetako babesa izan dezake, Konstituzioren 53.2 artikuluan ezarritako bideak erabiliz gero. Horrek ez die kalterik egingo, eskatzaileak bidezkotzat jotzen dituen gainerako akzioei.

Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarri da pertsonaren oinarrizko eskubideen jurisdikzio-babesaren prozedura. Prozedura hori erabilita administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jarri ahal izango zaie:

a) Eskariaren inguruko onargarritasunik ezaren adierazpenari.

b) Ezarritako epean erantzuteko betebeharra ez betetzeari.

c) Erantzunean aurreko artikuluan ezarritako gutxieneko betekizunak ez izateari.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Araubide bereziak

1. Diputatuen Kongresuari, Senatuari edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarrei zuzendutako eskarien izapideak egingo dira horien erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorriz. Erregelamendu horiek jaso beharko dute eskatzaileei entzunaldi berezira deitzeko aukera, hori egokitzat jotzen bada. Edozein kasutan ere, hartutako erabakiak izango dira Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 42. artikuluan bermeen inguruan ezarritako araubidearen araberakoak.

2. Legegintzako herri-ekimena onartzen ez denean, horrek ez dituelako betetzen bere arautegian ezarritako betekizun guztiak, sinatzaileek hala eskatuta, legegintzako herri-ekimen hori ganberei egindako eskari bihurtu ahal izango da, ganberen erregelamenduetan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena. Herri Defendatzailea eta autonomia-erkidegoetako antzeko erakundeak

Lege honen aplikaziotik kanpo geratzen da kexen araubidea, kexak zuzentzen zaizkienean Herri Defendatzaileari eta autonomia-erkidegoetan antzeko izaera duten erakundeei. Kexa horiek arautuko dira euren legeria bereziaren arabera.

Hirugarrena. Espetxeetako erakundeetan barneratuta daudenen eskariak

Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organiko Orokorraren esparruko barneratuek egindako eskariak izango dira lege horretan xedatutakoaren araberakoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Arauak indargabetzea

1. Indargabetuta geratuko da abenduaren 22ko 92/1960 Legea, Eskariak Egiteko Eskubidea Arautu zuena.

2. Orobat, indarrik gabe geratuko dira lege honen lerrun bera edo txikiagoa duten arau guztiak, lege organiko honekin bat ez datozen edo lege organiko honen aurka dauden aldeetan.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra. Legea garatzea eta indarrean Jartzea

1. Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, euren eskumenen esparruan, emango dituzte lege organiko hau garatu eta aplikatzeko beharrezko xedapenak.

2. Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra