Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

Martxoaren 26ko 5/1984 Legea, Asilo Eskubidea eta Errefuxiatu Izaera Arautzekoa

1984-03-26

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1984/3/27, 74. zk.

Indargabetua: 2009-11-20

Martxoaren 26ko 5/1984 Legea, Asilo Eskubidea eta Errefuxiatu Izaera Arautzekoa

EAO, 74. zk., martxoaren 27koa

LEHENENGO KAPITULUA Xedapen orokorrak

1. artikulua. Asiloa eskatzeko eskubidea

Espainiako lurraldea babesleku bortxaezina izango da, lege honen arabera asiloa nori eman eta pertsona horientzat guztientzat.

Atzerritarrei asiloa eskatzeko eskubidea aitortzen zaie.

2. artikulua. Asiloaren edukia

1. Konstituzioaren 13.4 artikuluan aitortutako asilo-eskubidea da errefuxiatu- izaera zein atzerritarri aitortu eta atzerritar horiei emandako babesa. Babes horren ondorioz, atzerritarra ez da itzularaziko, ezta kanporatuko ere, 1951ko uztailaren 28an Genevan Errefuxiatuen Estatutuari buruz egindako Konbentzioaren 33. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta. Babes horren ondorioz, halaber, neurri hauek hartuko dira, asiloa eskatzea eragiten duten inguruabarrek iraun bitartean:

a) Espainian bizileku-baimena ematea.

b) Beharrezkoak diren bidaia- eta nortasun-agiriak ematea.

c) Lan-, lanbide- edo merkataritza- -jarduerak gauzatzeko baimena ematea.

d) Errefuxiatuei buruzko nazioarteko hitzarmenetan jaso daitezkeen neurrietatik beste edozein, baldin eta Espainiak hitzarmen horiek izenpetuta baditu.

2. Orobat, errefuxiatuei eman ahal izango zaie, hala denean, erregelamendu bidez ezarritako gizarte- eta ekonomia- laguntza.

3. artikulua. Asiloa eskatzea eta asiloa ukatzea justifikatzen duten arrazoiak

1. Errefuxiatu-izaera aitortu, eta, ondorenez, asiloa emango zaie atzerritar guztiei, baldin eta horiek betetzen badituzte Espainiak berretsitako nazioarteko tresnen betekizunak, eta, bereziki, 1951ko uztailaren 28an Genevan Errefuxiatuen Estatutuari buruz egindako Konbentzioaren betekizunak, eta 1967ko urtarrilaren 31n New Yorken Errefuxiatuen Estatutuari buruz egindako Protokoloaren betekizunak.

2. Ez zaie asilorik emango Genevako Konbentzioaren 1.F eta 33.2 artikuluetan ezarri kasuetarik batean daudenei.

II. KAPITULUA Asiloa ematea

4. artikulua. Asilo-eskabidea aurkeztea

1. Asiloa eskatu nahi duen atzerritarra Espainiako lurraldean dagoenean, atzerritar horrek eskaria aurkeztuko dio gobernu-agintari eskudunari, edo, berak ezin badu, bera ordezkatzen duen pertsonak.

Azken kasu horretan, eskatzaileak eskaria berretsi beharko du, eragozpena desagertu ondoren.

Edozein kasutan ere, atzerritarrak eskubidea izango du abokatuaren eta interpretearen laguntza izateko, bai eta medikuaren laguntza izateko ere.

Espainiako lurraldean legearen aurka sartzea ezin izango da zehatu, baldin eta Espainian sartzen den pertsonak errefuxiatu-izaeraren betekizunak baditu, eta pertsona hori atzerapenik gabe aurkezten bada agintarien aurrera.

2. Edozein mugatan egindako asilo- -eskariaren izapidetza onartzeak berarekin ekarriko du eskatzailearen sarrera baimentzea eta eskatzailea behin-behinean Espainian gelditzea, espedientearen behin betiko ebazpenean erabaki daitekeenari kalterik egin gabe.

3. Atzerritarrak ez baditu Espainian bizitzeko behar diren agiriak, Barne Arazoetarako Ministerioak erabaki ahal izango du interesdunari nahitaezko bizilekua ezartzea, atzerritar horren eskabidea ebazten ez den bitartean.

4. Espainiako enbaxada edo kontsuletxeren batean aurkeztutako asilo-eskaria Kanpo Arazoetarako Ministerioak bideratuko du.

5. Asilo-eskatzailea erabateko elkarlanean aritu beharko da agintariekin, bere nortasuna egiaztatu eta frogatzeko, bai eta eskariaren oinarri diren egitateak eta alegazioak egiaztatu eta frogatzeko ere.

6. Halaber, asilo-eskatzaileak agintariari informazioa eman beharko dio ahalik arinena, bere bizilekuari buruz edo bizilekuaren inguruko edozein aldaketari buruz; asilo-eskatzaileak gauza bera egingo du, familia osatzen duten kideei dagokienez.

5. artikulua. Asilo-eskabidearen ondoreak

1. Behin edozein atzerritarrek asiloa eskatuta, atzerritar hori ezin izango da mugan ezetsia edo kanporatua izan, eskariaren izapidetza onartzen ez den unea arte edo eskari horren gaineko ebazpena eman arte.

Agintari eskudunak kautela-neurriak hartu ahal izango ditu, osasun eta segurtasun publikoarengatik, bai eta berehalako giza beharrizanei aurre egiteko ere.

2. Legean ezarritako arrazoietatik edozeinetan oinarritutako asilo-eskabideak eten egingo du, behin betiko ebazpena eman arte, interesdunaren estradizio- prozesuari buruzko edozein prozesuren epaitza, prozesu hori burutu gabe baldin badago, edo, hala denean, epaitza horren betearazpena.

Horretarako, asiloa emateko eskabidea berehala komunikatuko zaio kasuan kasuko prozesua gauzatu behar duen organoari.

3. Erregelamendu bidez ezarriko dira prozedura-arauak, asiloa emateko, eskatzaileen behin-behineko egoera aitortzeko eta egoera hori zehazten duten agiriak emateko.

4. Asilo-eskatzaileak zein agintarirengana jo eta agintari horrek asilo-eskatzaileari argibideak emango dizkio lege honen arabera hari dagozkion eskubideen gainean, eta, bereziki, abokatuaren laguntza izateko eskubidearen gainean.

5. Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioari komunikatuko zaio asilo-eskabideak aurkeztu direla.

Goi Komisioak espedienteen gaineko informazioa eskatu ahal izango du, eskatzailearen entzunaldietan egoteko aukera izango du, eta hitzez nahiz idatziz txostenak aurkeztu ahal izango dizkio Barne Arazoetarako ministroari, berak zuzenean edo horretarako ahalordea duen ordezkariaren bidez; era berean, legearen arabera aitortutako erakundeak ahalbidetuta daude, euren xedeen artean jasotzeko errefuxiatuari aholkuak eta laguntza ematea, eta Barne Arazoetarako ministroari idatzizko txostenak aurkeztea.

6. Asilo-eskabideen izapideak egin behar dituen organoak hala proposatuta, eta aurretiaz Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioak Espainian duen ordezkaria entzunda, Barne Arazoetarako ministroak erabaki ahal izango du eskabide horien izapidetza ez onartzea, ebazpen ziodunaren bidez, interesdunak hurrengo inguruabarretarik bat duenean:

a) Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Konbentzioaren 1.F eta 33.2 artikuluetan jasotakoak.

b) Eskabidean ez alegatzea errefuxiatu- izaera aitortzea dakarten arrazoietatik bat ere ez.

c) Espainian aurretiaz ukatutako eskabide bat berriro aurkeztea, baldin eta jatorrizko herrialdean inguruabar berriak gertatu ez badira, eskabidearen edukian funtsezko aldaketa eragin dezaketenak.

d) Eskabidea oinarritzea ageri-agerian faltsuak edo sinesgaitzak diren egitate, datu nahiz alegazioetan, edo horiek, gaur egun indarrean ez egoteagatik, babes- beharrizanaren oinarri ez izatea.

e) Espainiari ez dagokionean asilo- -eskabideak aztertzea, Espainia kide den nazioarteko hitzarmenekin bat etorriz.

Eskabideen izapidetza ez onartzeko ebazpenean, eskatzaileari adieraziko zaio zein estaturi dagokion eskabidea aztertzeko ardura.

Kasu horretan, estatu horrek esanbidez onartu behar izan du ardura hori. Gainera, behar besteko bermeak lortuko dira beti, estatu horretan atzerritarraren bizitza, askatasuna eta Genevako Konbentzioan ezarritako gainerako printzipioak babesteko.

f) Eskatzailea hirugarren estatu batean errefuxiatu gisa aitortuta egon eta eskatzaile horrek eskubidea duenean hirugarren estatu horretan bizitzeko edo asiloa lortzeko, edo eskatzaileak aukera izan duenean bera zein estatutatik etorri eta estatu horretan babesa eskatzeko.

Bi kasu horietan, hirugarren estatu horretan ez da izan behar arriskurik, eskatzailearen bizitzari edo askatasunari begira, eta eskatzaileak ez du izan behar arriskurik, tortura edo tratu apalesgarria nahiz gizabidezkoa ez dena izateko. Gainera, Genevako Konbentzioaren arabera, eskatzaileak babes eragingarria izan behar du herrialde pertsegitzailera itzularaztearen aurka.

7. Eskabidea Espainiako mugan aurkezten denean, eskabide horren izapidetza ez onartzeko ebazpena jakinarazi beharko da lau eguneko epean, eskabidea aurkezten denetik.

Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioak Espainian duen ordezkariari berehala informatuko zaio eskabidea aurkeztu dela; ordezkari hori, hala nahi izanez gero, eskatzailearekin elkarrizketatu ahal izango da.

Asilo-eskatzaileak eskabidea berraztertzeko eskaria aurkeztu ahal izango du, eskabidearen izapideak ez onartzeko ebazpena jakinarazi eta hogeita lau orduko epean; azterketa-eskari horrek eten egingo ditu 17. artikuluan ebazpen horren inguruan ezarritako ondoreak.

Barne Arazoetarako ministroak ebatziko du eskari hori, eta ebazpena interesdunari jakinarazi beharko zaio bi eguneko epean, eskaria aurkeztu denetik.

Kasu horretan, berebat, azterketa- eskaria ebatzi aurretik entzungo da Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioak Espainian duen ordezkariak esan beharrekoa.

Asilo-eskabidea, eta, hala denean, eskabidea berraztertzeko eskaria, bata nahiz bestea onartzeko izapideak egin bitartean, eskatzailea muga-postuan egongo da, eta horretarako bulego egokiak atonduko dira.

Mugan aurkeztutako eskabidearen izapidetza ez onartzeko epea igaro bada, edo, hala denean, eskabidea berraztertzeko eskariari begira ebazpena emateko epea igaro bada, eta ebazpen hori ez bazaio jakinarazi interesdunari, interesdunak egindako eskabidearen izapidetza onartuko da, eta, laugarren artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, eskatzaileari emango zaio Espainiako lurraldean sartzeko baimena.

8. Eskabidearen izapidetza onartu ondoren egiaztatzen bada eskabidea ez onartzea justifikatzen duen inguruabarren bat dagoela, inguruabar hori eskabidea ukatzeko arrazoi izango da.

6. artikulua. Ministerioen arteko batzordea

1. Barne Arazoetarako Ministerioaren barruan batzordea sortu da. Batzorde horrek asilo-eskabideak aztertu, eta kasuan kasuko proposamenak egingo ditu.

2. Batzordea osatuko dute Kanpo Arazoetarako, Justizia, Barne Arazoetarako, eta Lan eta Gizarte Arazoetarako ministerioetako ordezkari banak.

Batzordearen bilkuretara deituko da Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioak Espainian duen ordezkaria.

3. Erregelamendu bidez ezarriko dira batzordearen jardunbide-arauak.

7. artikulua. Asiloa emateko prozedura

Eskabide orok berarekin ekarriko du kasuan kasuko espedientea hastea. Espedientea Barne Arazoetarako Ministerioak hasiko du, eta, hala denean, espedientera bilduko dira legearen arabera aitortutako elkarteen txostenak, baldin eta elkarte horien xedeen artean badago errefuxiatuei aholkuak eman eta laguntzea.

Jarraian, espedientea aurreko artikuluan ezarritako ministerioen arteko batzordearen esku jarriko da, horrek Barne Arazoetarako ministroari kasuan kasuko proposamena aurkez diezaion.

Behin batzordeak proposamena aurkeztuta, modu honetara jardungo da:

a) Batzordearen proposamena eta Barne Arazoetarako ministroaren irizpidea bat etorriz gero, Barne Arazoetarako ministroak kasuan kasuko ebazpena emango du.

b) Batzordearen proposamena eta Barne Arazoetarako ministroaren irizpidea bat ez badatoz, Barne Arazoetarako ministroak espedientea bidaliko dio Ministroen Kontseiluari, horrek eskabidea ebatz dezan.

8. artikulua. Asiloa emateko betekizunak

Asilo-eskabidearen aldeko ebazpena eman dadin, nahikoa izango da behar besteko zantzuak izatea, kasu bakoitzaren izaeraren arabera, eskatzaileak lege honen 3. artikuluko 1. paragrafoan jaso betekizunak betetzen dituela ondorioztatzeko.

9. artikulua. Ukatzea gertatu eta hori berriro aztertzea

Asiloa ukatu zaion atzerritarrak edozein unetan eskatu ahal izango dio Barne Arazoetarako Ministerioari bere espedientea berrikustea, baldin eta atzerritar horrek bere adierazpenak frogatzeko osagai berriak baditu, edo uste badu ukatzea justifikatzen zuten inguruabarrak desagertu direla.

10. artikulua. Asiloa familiakideei Hedatzea

1. Hedatze bidez, asiloa emango zaie errefuxiatuaren lehenengo gradurainoko aurrekoei eta ondorengoei, eta ezkontideari, edo errefuxiatuak antzeko maitasun- eta elkarbizitza-harremanak zein pertsonarekin izan eta pertsona horri, salbu eta legezko banantzea, egitezko banantzea, dibortzioa, adin-nagusitasuna edo familiatik modu independentean bitzitzea gertatzen denean; kasu horietan, banan-banan baloratuko da familiakide bakoitzaren egoera.

2. Inondik inora ez zaie hedatze bidez asilorik emango, 3. artikuluko 2. paragrafoko kasuetan dauden pertsonei.

11. artikulua

Edukirik gabe, maiatzaren 19ko 9/1994 Legearen ondorioz (EAO, 122. zk., maiatzaren 23koa).

III. KAPITULUA Asiloa ematearen eta ezeztatzearen ondoreak

12. artikulua. Ez itzularazteko eskubidea

Asiloa emateak berarekin dakar atzerritarrarentzat eskubidea, ustez pertsegitua edo zigortua izateko arrazoiak zein herrialdetan gertatu eta horra ez itzularazteko, 2. artikuluaren arabera.

13. artikulua. Bizilekua eta lana

Asiloa emateak berarekin dakar Espainian bizileku-baimena, eta lan-, lanbide- eta merkataritza-jarduerak gauzatzeko baimena; beharrezko nortasun- agiria ematea; eta, hala denean, bidaia-agiria ematea; hori guztia lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

14. artikulua

Edukirik gabe, maiatzaren 19ko 9/1994 Legearen ondorioz (EAO, 122. zk., maiatzaren 23koa).

15. artikulua. Beste babes-neurri batzuk

Lege honen 2. artikuluan ezarritako osterantzeko neurriak hartuko dira estatuak dituen bitarteko eragingarriak kontuan hartuta, Espainiak izenpetutako hitzarmenekin bat etorriz, eta beti giza printzipioak aintzat hartuta.

16. artikulua. Salbuespeneko inguruabarrak

1. Politika- ekonomia- eta gizarte- -izaerako salbuespen-inguruabarrak direla eta, izaera orokorrarekin ukatu ahal izango da lege honetan ezarritako bizileku- eta lan-baimenak ematea.

2. Lege-lerruneko arauaren bidez zehaztuko da inguruabar horiek noiz dauden eta hartu beharreko neurrien norainokoa zein den; edozein kasutan ere, aldez aurreko egoerak errespetatuko dira.

17. artikulua. Asiloa ukatzearen Ondoreak

1. Asilo-eskabidearen izapidetza ez onartzeak edo asilo-eskabidea ukatzeak berarekin ekarriko du atzerritarra mugan ezestea edo Espainiako lurraldetik nahitaez ateratzea edo kanporatzea, kasuan-kasuan, baldin eta atzerritar horrek ez badu betetzen Espainian sartzeko edo egoteko betekizunen bat, atzerritartasunari buruzko legeria orokorraren arabera.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, arrazoi humanitarioengatik edo interes publikoarengatik baimendu ahal izango da interesduna Espainian gelditzea, atzerritartasunari buruzko legeria orokorraren esparruan, nahiz eta horren eskabidearen izapidetza onartu ez edo eskabidea ukatu. Hori baimendu ahal izango da, bereziki, interesdunak direnean politika-, etnia- edo erlijio-izaerako gatazka edo istiluen ondorioz euren herrialdea utzi behar izan dutenak, eta, horrez gain, lege honen hirugarren artikuluko 1. paragrafoak ezarri betekizunak betetzen ez dituztenak.

3. Edozein kasutan ere, atzerritarra ezesteak edo kanporatzeak ezin izango du berarekin ekarri Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Konbentzioaren 33. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako betebeharra ez betetzea, ezta atzerritarra hirugarren estatu batera bidaltzea ere, estatu horretan atzerritarrak ez badu babes eragingarririk, herrialde pertsegitzailera itzularaztearen aurka, aipatu konbentzioaren arabera.

18. artikulua. Kautela-neurriak

1. Lege honetan ezarritako eskubideez gain, atzerritar errefuxiatuek Espainian izango dituzte gainerako atzerritarrek dituzten eskubide eta askatasun berberak.

2. Aitzitik, estatuaren segurtasunean behar bezala oinarritutako arrazoiak direla bide, Barne Arazoetarako ministroak aldi baterako neurri batzuk hartu ahal izango ditu errefuxiatuari begira. Neurri horiek izan daitezke, besteak beste, mugetatik edo modu berezian zehaztutako biztanle-guneetatik urruntzea, edo leku jakin batean bizitzeko betebeharra ezartzea.

Halaber, Barne Arazoetarako ministroak, arrazoi berberengatik, erabaki ahal izango du errefuxiatua aldian-aldian aurkeztea agintari eskudunaren aurrean.

3. Espainiako kanpo-harremanei modu larrian eta zuzenean kalteak eragiten zaizkienean, oso-osoan edo zati batean errefuxiatuek osatutako elkarte batek Espainian jarduera zehatz batzuk gauzatzeagatik, Barne Arazoetarako ministroak sustatu ahal izango du agintari judizialaren aurrean elkarte hori desegitea, bai eta elkarte horrek egiten dituen jardueren kautelazko etetea ere, baldin eta elkarte horrek gauzatutako jarduerek gainditzen badute Konstituzioan aitortutako adierazpen- askatasunaren eskubidea egikaritzea.

19. artikulua. Errefuxiatuak kanporatzea

1. Atzerritar errefuxiatuak Espainiako lurraldetik kanporatu ahal izango dira, Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Konbentzioaren 32 eta 33. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2. Barne Arazoetarako ministroak kanporatzea komunikatuko dio interesdunari. Komunikazio horretan, interesdunari kanporatzearen aurka jar ditzakeen errekurtsoen berri emango zaio; halaber, interesdunari komunikatuko zaio, errekurtso horiek hamar eguneko epean jarriz gero, kanporatzea eten egingo dela, kasu horretan har daitezkeen beste segurtasun-neurri batzuei kalterik egin gabe.

3. Edozein kasutan ere, kanporatuari arrazoizko epea emango zaio, beste estatu batean legezko onarpena bila dezan.

20. artikulua. Asiloa ezeztatzea

1. Gobernuak erabaki ahal izango du asiloa edo lege honen 2. artikuluan ezarritako onura guztiak edo horietako batzuk ezeztatzea ondoko kasuetan:

a) Asiloa lortu denean datu, agiri edo adierazpen faltsuen bidez, eta horiek guztiak erabakigarriak izan direnean asiloa aitortzeko.

b) Espainiak berretsitako nazioarteko hitzarmenen arrazoietatik bat dagoenean, errefuxiatu-izaeraz gabetzeko edo hitzarmen horiek ez aplikatzeko.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, arrazoi humanitarioengatik edo interes publikoarengatik baimendu ahal izango da interesduna Espainian gelditzea, atzerritartasunari buruzko legeria orokorraren esparruan.

21. artikulua. Errekurtsoak

1. Lege honetan ezarritako ebazpenek administrazio-bidea amaiaraziko dute. Ebazpen horien aurka errekurtsoak jarri ahal izango dira, administrazioarekiko auzibideen jurisdikzioan, salbu eta 5.7 artikuluko asilo-eskabidea berraztertzeko eskaria aurkezten denean; azken kasu horretan, ulertuko da eskari horren gaineko ebazpen erabakitzaileak amaiarazten duela administrazio-bidea.

Errekurtsoek lehenespeneko izapidetza izango dute.

2. Lege honen 5.7 artikuluko asilo- -eskabidea berraztertzeko eskaria zein egintzak erabaki eta egintza horren aurka, asilo-eskatzaileak administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jartzen duenean, errekurtso horrek eten egingo du administrazio-egintza, errekurtso- jartzaileak hala eskatu badu, eta Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisioak Espainian duen ordezkaritzak asilo-eskabidearen izapidetza onartzearen alde egin badu.

22. artikulua. Errefuxiatu-izaera aitortzea

Ezabatuta, maiatzaren 19ko 9/1994 Legearen ondorioz (EAO, 122. zk., maiatzaren 23koa).

23. artikulua. Eskabidearen izapideak Egitea

Ezabatuta, maiatzaren 19ko 9/1994 Legearen ondorioz (EAO, 122. zk., maiatzaren 23koa).

24. artikulua. Errekurtsoak

Ezabatuta, maiatzaren 19ko 9/1994 Legearen ondorioz (EAO, 122. zk., maiatzaren 23koa).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa

Asiloa ukatzeak, horren arrazoia edozein izanda ere, ez du eragozten estradizio- arloan eskudun diren organoek ulertzea, kasuan kasuko legeriarekin bat etorriz, estradizioa ez dela bidezkoa, izaera politikoa duen delitua izateagatik, edo, delitua arrunta izan arren, estradizio-eskaria izaera politikoa duen arrazoi batean oinarritzeagatik.

Lege honen 5. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, estradizio-eskabidea burutzeko dagoenean, Gobernuaren erabakia kasuan kasuko organoari komunikatuko zaio.

Bigarrena

Gobernuak eratuko du lege honen 6. artikuluan ezarritako batzordea, hiru hilabeteko epean, legea indarrean jarri denetik.

Hirugarrena

3. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie, genero-arrazoiengatik pertsekuzioa jasateko beldur oinarriduna izan eta euren jatorrizko herrialdeetatik ihes egiten duten emakume atzerritarrei.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa

Babes judizialari buruzko arauak aldarrikatzen ez diren bitartean, 21. artikuluan jasotako prozedura garatuko da abenduaren 28ko 62/1978 Legearen arabera.

Bigarrena

Espainian egon eta asilo-izaera lortu ez duten pertsonek lortu ahal izango dituzte lege honetan emandako onurak, erregelamendu bidez ezarritako epeetan.

AZKEN XEDAPENA

1. Gobernuak baimena du, lege honen garapenak behar dituen xedapen guztiak emateko.

2. Gobernuak sei hilabeteko epean arautuko du errefuxiatu-izaera aitortzeko prozedura.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra