Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Sexu-berdintasunari buruzko arauak

Urriaren 13ko 30/2003 legea, gobernuak egiten dituen arau-xedapenetan genero-eraginaren balioespena jasotzeko neurriei buruzkoa

2003-10-13

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2003/10/14, 246. zk.

19. URRIAREN 13KO 30/2003 LEGEA, GOBERNUAK EGITEN DITUEN ARAU-XEDAPENETAN GENERO-ERAGINAREN BALIOESPENA JASOTZEKO NEURRIEI BURUZKOA

(2003ko urriaren 14ko EAO, 246. zk.)

ZIOEN AZALPENA

Emakumeei buruzko laugarren Mundu-konferentziak, Pekinen (Beijingen) egin zenak 1995ean, nazioarte-mailan dagoen konpromisoa berritu zuen, generoen artean berdintasuna lortzeko, bai eta emakume guztientzako garapena eta bakea lortzeko ere. Halaber, konferentzia horretan gobernuei eta gainerako eragileei gonbita egin zitzaien, «genero-ikuspegia bil zezaten politika eta programa guztietara, hurrenez hurren, emakumeengan eta gizonengan horrek dituen ondorioak aztertzeko, erabakiak hartu aurretik».

Gobernuek, Nazio Batuen sistemak eta gizarte zibilak ezari-ezarian ahalegin bereziak egin dituzte, generoen arteko ekitatea lortu ahal izateko esparru guztietan. Hala ere, prozesua motela eta gorabehera handikoa izan da, eta emakumeen kezkek bigarren mailako lehentasuna dute munduko leku askotan.

Horregatik, 2000ko ekainaren 5etik 9ra, Biltzar Orokorraren aparteko bilkura-aldia gauzatu zen, bost urterik behin Beijing+5 moduan ezagutzen den azterketa egiteko asmoarekin; bilkura-aldiaren gaia izan zen «Emakumea 2000. urtean: generoen arteko berdintasuna, garapena eta bakea XXI. mendean», eta bertan aztertu ziren gobernuen erantzukizuna areagotzeko mekanismoak, Ekintza Plataforman jaso den agindua betetzeari dagokionez, eta errepikatu zen Plataforma hori oso-osoan eta azkar aplikatzeko beharrizana.

Europar Batasunaren esparruan, 1999ko maiatzaren 1ean Amsterdamgo Tratatua indarrean jarri ondoren, garai berri bati ekin zitzaion, Europa eraikitzeko prozesuan, eta, bereziki, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren arloan. Testuinguru horretan, Europar Batasuneko politikak egituratzeko orduan, kontuan hartu beharreko lehentasunen artean dago politika guztietan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea eta desberdintasunak ezabatzea.

Gerogarrenean, Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari buruzko aldarrikatze solemnea egin zuten, Nizako Europako Goi-bileraren ondorioz. Bada, aldarrikatze hori beste aurrerapauso bat izan zen, berdintasuna lotzeko bidean, Amsterdamgo Tratatuari dagokionez.

Europar Batasunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko Europako Erkidegoan ezarri den ekintzaren xedeen osagarri gisa, Kontseiluaren 2000ko abenduaren 20ko Erabakia onetsi zen; erabaki horren bidez Europako Erkidegoko ekintza-programa ezarri da, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan jarraitu beharreko estrategiari begira (2001-2005). Halaber, nabarmendu behar da, erabaki horretan, eraginaren ebaluazioa sexuaren arabera gauzatzen dela, Europako Erkidegoko esparru-estrategiak esku hartu behar duen eremu desberdinetan (ekonomia-bizitza, gizarte-bizitza, bizitza zibila, eginkizunak eta abar), hori baita hasi beharreko ekintzetako bat, aipatu programako xedeak erdietsi ahal izateko.

Bestalde, egiaztatu da ustez sexistatzat jotzen ez diren erabaki politikoek eragin desberdina izan dezaketela emakumeengan eta gizonengan, nahiz eta ondorio hori aurreikusi ez edo xedetzat halako emaitzarik ez izan. Hori dela eta, Europar Batasuneko Batzordeak zeharkakotasunari buruzko komunikazioa («mainstreaming» izenekoa) onetsi zuen, genero-ikuspegia Europako Erkidegoko politika guztietan sartzeari dagokionez Europar Batasunak duen konpromisoa gauzatzeko lehenengo urrats gisa, eta Eragina Generoaren arabera Ebaluatzeko Gida gauzatu zuen; gida hori Batzordean aplikatzeko egin zen, nahi gabeko ondorio negatiboak saihesteko, halakoek bereizkeria-egoerak sorrarazten dituztenean, eta Europako Erkidegoko politiken kalitatea eta eragingarritasuna hobetzeko.

1. artikulua. Azaroaren 27ko 50/1997 Legean, Gobernuari burukoan, aldarazpena, 22.2 artikuluan.

Azaroaren 27ko 50/1997 Legea, Gobernuari buruzkoa, aldarazi da, 22. artikuluko 2. paragrafoari dagokionez; paragrafo horrek idazkera hau izango du:

«2. Lege-proposamenak egiteko aurreko paragrafoak aipatu prozedura hasiko da ministerio eskudunean edo eskudunetan, kasuan kasuko aurreproiektua eginda; aurreproiektu horrekin batera joango dira aurreproiektu horren premiari eta egokitasunari buruzko azterketa eta txostenak, aurreproiektu horretako neurriek genero-ondorioetarako duten eraginaren gaineko txostena, bai eta aurreproiektu horren kostuaren zenbatespena jasoko duen oroitidazki ekonomikoa ere. Edozein kasutan, lege-aurreproiektuen gainean txostena eman beharko du Idazkaritza Nagusi Teknikoak».

2. artikulua. Azaroaren 27ko 50/1997 Legean, Gobernuari burukoan, aldarazpena, 24.1.b artikuluan.

Azaroaren 27ko 50/1997 Legean, Gobernuari buruzkoan, bigarren idatz-zatia gehitu zaio 24. artikuluko 1.b paragrafoari; bigarren idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«Edozein kasutan, erregelamenduekin batera txosten bat joango da, erregelamenduko neurriek genero-ondorioetarako duten eraginaren gainean».

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Indarrik gabe geratuko dira lege honetan ezarritakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak, lerrun berekoak edo beheragoak direnak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra. Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra