Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Konstituzio zuzenbidea/Zuzenbide politikoa  >>  Legeria  >> Orokorra

Uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoa, Erlijio Askatasunari Buruzkoa

1980-07-05

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1980/7/24, 177. zk.

Uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoa, Erlijio Askatasunari Buruzkoa

EAO, 177 zk., uztailaren 24koa

1. artikulua

1. Estatuak bermatu egiten du Konstituzioak aitortutako erlijio- eta kultu- -askatasunerako eskubidea, lege organiko honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Erlijio-sinesmenak ez dira izango legearen araberako desberdintasunedo bereizkeria-arrazoi.

Ezin izango dira erlijio-arrazoiak alegatu, inori edozein lan zein jarduera egitea eragozteko, edo kargu zein funtzio publikoak betetzea eragozteko.

3. Konfesio batek ere ez du izango estatu-izaerarik.

2. artikulua

1. Konstituzioak bermatutako erlijio- eta kultu-askatasunera biltzen da, derrigortze-ukiezintasunarekin bildu ere, pertsona orok duen eskubidea:

a) Askatasunez aukeratutako erlijio- -sinesmena izateko edo erlijio-sinesmenik ez izateko; erlijioz aldatzeko edo aurretiaz izandakoa uzteko; nork bere erlijio-sinesmenak izatea edo erlijio-sinesmenik ez izatea askatasunez agertzeko, edota horien inguruko adierazpenik ez egiteko.

b) Nork bere erlijioko kultu-jardunak gauzatzeko eta erlijio-laguntza izateko; nork bere erlijioko jaiak ospatzeko; ezkontza- errituak egiteko; ehorzketa duina izateko, erlijio-arrazoien ondoriozko bereizkeriarik gabe, eta nork bere pentsaeraren aurka kultu-jardunak gauzatzera edo erlijio-laguntza izatera behartua ez izateko.

c) Era guztietako erlijio-heziketa eta -informazioa jaso eta emateko, ahoz, idatziz edo beste edozein bide erabiliz; norberarentzat eta norberaren mende dauden adingabeko emantzipatugabe eta ezgaituentzat, eskola-esparruan zein eskola-esparrutik kanpo, norberaren pentsaerarekin bat datorren erlijio- eta moral-heziketa aukeratzeko.

d) Erlijio-helburuekin biltzeko edo jendaurreko agerraldiak egiteko eta norberaren erlijio-jarduerak komunitatean gauza daitezen elkartzeko, antolamendu juridiko orokorrarekin eta lege organiko honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Orobat, erlijio- eta kultu-askatasunera biltzen dira eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoek dituzten eskubideak, erlijio-helburuekin kulturako eta bilerak egiteko tokiak ezartzeko, euren ministroak prestatzeko, euren sinesbidea ezagutarazi eta zabaltzeko, eta euren erakundeekin nahiz beste konfesio erlijioso batzuekin harremanak izateko, nazioaren lurraldean edo atzerrian.

3. Eskubide horien aplikazioa benetakoa eta eragingarria izan dadin, botere publikoek behar besteko neurriak hartuko dituzte, establezimendu publiko, establezimendu militar, ospitale, laguntza-izaerako establezimendu, espetxe eta euren mendeko beste establezimenduetan erlijio-laguntza ahalbidetzeko, bai eta irakaskuntza-zentro publikoetan erlijio-heziketa ahalbidetzeko ere.

3. artikulua

1. Erlijio- eta kultu-askatasunaren ondoriozko eskubideak egikaritzeko muga bakarra da enparauek askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak egikaritzeko duten eskubidea babestea, bai eta gizarte demokratikoaren esparruan legeak babestutako ordena publikoaren osagai eratzaile diren segurtasun, osasun eta moralitate publikoa babestea ere.

2. Lege honen babes-esparrutik at daude jarduera, helburu eta erakundeak, baldin eta lotuta badaude fenomeno psikiko edo parapsikologikoak aztertu eta horien inguruan saiakuntzak egitearekin, balio humanistiko nahiz espiritualak zabaltzearekin edota bestelako helburuekin, horiek erlijio-helburuez bestekoak badira.

4. artikulua

Lege honek aitortutako eskubideak zainduko dira, babes judizialaren bidez, auzitegi arruntetan, eta konstituzio-babesaren bidez Konstituzio Auzitegian, horren lege organikoak ezarritakoaren arabera. Horretarako, eskubideok egikaritu beharko dira lege honek ezarri mugen barruan.

5. artikulua

1. Eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoek zein horien federazioek nortasun juridikoa izango dute, ondore horietarako Justizia Ministerioan sortutako erregistro publikoan inskribatu ondoren.

2. Inskripzioa eskaera bidez egingo da. Eskaerarekin batera agiri sinesgarria aurkeztuko da, eta agiri horretan jasoko da eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoak nahiz horien federazioak Espainian sortu edo ezarri direla. Halaber, agiri horretan jasoko dira haien helburu erlijiosoak, izena eta gainerako identifikazio- datuak, jardunbide-araubidea eta ordezkaritza-organoak, betiere horien ahalmenak eta izendapenaren baliozkotasunerako betekizunak ezarrita.

3. Erlijio-erakunde jakin baten idazkunak ezereztu ahal izango dira, soilik, erakunde horren ordezkaritza-organoek halaxe eskatu dutelako edo irmoa den epai judiziala betetzeko.

6. artikulua

1. Inskribatutako eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoek erabateko autonomia izango dute, eta arauak ezarri ahal izango dituzte euren antolaketa, barne-araubide eta langileen araubidearen inguruan.

Arauok, eta eliza, konfesio eta komunitate erlijioso horiek euren helburuak betetzeko sortu erakundeen arauek jaso ahal izango dituzte horien nortasun erlijiosoa eta izaera propioa babesteko klausulak, bai eta euren sinesmenak behar bezala errespetatzeko klausulak ere, Konstituzioak aitortutako eskubide eta askatasunak errespetatzeari kalterik egin gabe, eta, bereziki, askatasun, berdintasun eta bereizkeriarik ez izateko eskubideei kalterik egin gabe.

2. Eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoek, euren xedeak gauzatzeko, elkarteak, fundazioak eta erakundeak sortu eta suspertu ahal izango dituzte, antolamendu juridiko orokorraren xedapenen arabera.

7. artikulua

1. Estatuak, Espainiako gizartean dauden erlijio-sinesmenak aintzat hartuta, hala denean, lankidetza-akordioak edo -hitzarmenak egingo ditu erregistroan inskribatu eta esparruaren arabera nahiz sinestedunen kopuruaren arabera Espainian errotuta dauden eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoekin.

Edozein kasutan ere, akordio horiek Gorte Nagusietako lege bidez onetsiko dira.

2. Akordio edo hitzarmen horietan, eta beti berdintasun-printzipioa errespetatuz, eliza, konfesio eta komunitate horiei luzatu ahal izango zaizkie antolamendu juridiko orokorrak irabazteko asmorik gabeko eta ongintza-izaerako osterantzeko erakundeei ezarri onura fiskalak.

8. artikulua

Justizia Ministerioan Erlijio Askatasuneko Batzorde Aholkularia sortu da. Batzorde hori osatzen dute, modu parekidean eta izaera egonkorrarekin, Estatuaren Administrazioaren ordezkariek, eliza, konfesio edo komunitate erlijioso nahiz horien federazioen ordezkariek eta trebetasun nabariko pertsonek, azken horien aholkuak lege honetako gaietan egokitzat jotzen badira. Eliza, konfesio edo komunitate erlijioso zein horien federazioen artean beti izango dira Espainian errotuta daudenak.

Batzorde horretan Batzorde Iraunkorra sortu ahal izango da, eta horrek ere osaera parekidea izango du.

Batzorde horrek azterketa-, informatze- eta proposamen-eginkizunak izango ditu, lege honen aplikazioaren inguruko gai guztietan, eta bereziki, eta nahitaez, aurreko artikuluko lankidetza- akordio edo -hitzarmenak prestatzean edo horien gaineko irizpenak egitean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa

Estatuak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa aitortzen dizkie lege hau indarrean jartzeko unean horiek zituzten erlijio-erakundeei.

Lege hau indarrean jarri eta hiru urte igaro ostean, erlijio-erakunde horiek euren nortasun juridikoa justifikatu ahal izango dute, soilik, lege honek aipatu erregistroan inskribatuta daudela ziurtatuz.

Bigarrena

Ekainaren 28ko 44/1967 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz, lege-aitorpena eskatzean, jabetza-titulartasuna hirugarrenen izenean izan arren, ondasun higiezinen jabe direla adierazi duten erlijio- erakundeek, edo, eskualdaketa erabat eragingarria izan dadin, erregistro publikoan jaso beharreko beste ondasun batzuen jabe direla esanbidez adierazi duten erlijio-erakundeek, eta ondare- -adierazpen hori Administrazioan azaldu ondoren lege honetan ezarritakoaren arabera inskripzioa eskatu duten erlijio- -erakundeek, euren ondare-egoera legeztatu ahal izango dute, urtebeteko epean. Horretarako, erlijio-erakundeek agiriak ekarri beharko dituzte, tartekatutako pertsonen izenean zein ondasun izan eta ondasunon jabetza erakundeei eurei dagokiela aitortzeko, edo erlijio-erakundeek beste edozein lege-prozedura erabili beharko dute, ondasun horien gaineko jabetza eurei dagokiela behar den moduan justifikatzeko, jabetza-tituluak Jabetza Erregistroan inskribatzea lortu arte; orobat, halako erakundeek salbuetsita izango dituzte mota guztietako zerga, tasa eta arielak, helburu hori lortzeko egin beharreko eskualdaketa, agiri edota jardunak karga ditzaketenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratuko dira ekainaren 28ko 44/1967 Legea eta lege honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Gobernuak, Justizia Ministerioak hala proposatuta, behar diren beste erregelamendu emango ditu, Erregistroa eta Erlijio Askatasuneko Batzorde Aholkularia antolatu eta abian jartzeko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra