Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabezia-prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen dituena

2013-01-25

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/1/26, 23. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

755

1/2013 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabezia-prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen dituena.

I

2008. urteaz geroztik Espainia jasaten ari den krisi ekonomikoa dela-eta, Gobernuak ezinbestean ekin behar izan dio egiturazko zenbait erreforma egiteari. Egiturazko erreforma horien artean, lan arlokoak dira bereziki garrantzitsuak, lehen helburutzat enplegua sustatzea baitute eta, bereziki, langabetuek lanpostu bat lortzeko aukera izatea.

Errege lege-dekretu honetan jasotzen diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzeko neurria eta programa hori justifikatzen duen egoerak dirauen artean programak ere iraun dezan ezarritako neurria. Gainera, beste ekintza batzuk ere arautzen dira, hala nola lehortearen ondorioak jasan dituzten Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetako nekazaritzako aldi baterako langileentzako pentsatutako ekintzak, edo lan-kontratua eten edo lanaldia murriztu eta ondoren zenbait kausa objetiborengatik kontratua azkendu zaien langileek langabezia-prestazioak jasotzeko duten eskubidea berrezartzea, edo prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuekin lotutako prestakuntzaren epea luzatzea, erabat eraginkorra izan dadin.

II

1/2011 Errege Lege Dekretuak (1/2011 Errege Lege Dekretua, enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide-prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzkoa) programa bat abiarazi zuen, egoerak bultzatuta, langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen prestakuntza bultzatzeko. Horretarako, enplegu-politika aktiboetako ekintzak eta laguntza ekonomiko osagarria xedatu zituen.

Programa horrek sei hilabete iraungo du. Hiru aldiz luzatu izan da; azken aldiz, langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzeko abuztuaren 24ko 23/2012 Errege Lege Dekretuaren bitartez, zeinak hobekuntzak sartu baitzituen programa horren diseinuan, hartara lan-merkatuan sartzeko mekanismoaren eraginkortasuna areagotzeko eta behar handiena duten herritarrak babesteko.

Egungo langabezia-tasa handiak direla eta, beharrezkoa da programa hori luzatzea, sortu zeneko egoera ezohikoek beren horretan irauten baitute.

Horregatik guztiagatik, errege lege-dekretu honen helburua bikoitza da: batetik, sortuz gero laugarren aldiz, langabezia-babesa amaitu zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzea, eta sei hilabetero programa berez luzatzeko aukera ematea, dagokion luzapena hasi aurreko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera langabezia-tasa ehuneko 20 baino handiagoa denean. Hala, segurtasun juridiko handiagoa lortzen da programa horren indarraldiari buruz, programak jarraitzea edo ez ebatziko duen adierazle objektibo bat ezarrita.

III Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak olioaren sektoreari buruz egindako «Produkzioari buruzko aurrerapena» izeneko txostenean, 2012ko urriko datuen arabera, % 57,8 jaitsi da olioaren produkzioaren zenbatespena 2011ko uztatik 2012ko uztara (675

mila t, 2012an; 1.599 mila t, 2011n). 2011ko uztarekin alderatuta produkzio-jaitsiera handiena duten autonomia-erkidegoen artean daude Andaluzia eta Extremadura.

Lehorteak 2012ko oliba-uztan eragindako kalte handien ondorioz galdutako lanegunak direla-eta, oso zaila da urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuak jasotzen dituen langabezia-sariak (5/1997 Errege Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziko aldi baterako langileentzako langabeziasaria arautzen duena) nahiz nekazari-errenta (426/2003 Errege Dekretua, apirilaren 11koa, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziari atxikita dauden eta Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetan bizi diren aldi baterako langileentzako nekazari-errenta arautzen duena) eskuratzeko behar den lanegun kotizatuen gutxieneko kopurua lortzea.

Horrexetarako, hain zuzen, ezartzen da 2. artikuluan eta xedapen iragankor bakarrean jasotako neurria, alegia, Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetako lurraldeetan bizi diren aldi baterako langileek, lehen aipatutako langabezia-sariak edo nekazari-errentak eskuratu ahal izateko, 20 lanegun kotizatu izan behar dutela ezartzen duena.

IV Bestalde, lehen aipatu dugunez, Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko Legearen 16. artikuluan aurreikusitako langabezia-prestazioetarako eskubidea (3/2012 Legea, uztailaren 6koa) berrezarri egin behar da lan-kontratua eten edo lanaldia murriztu eta azkenean Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. edo 52. c) artikuluetan aurreikusitako kausak direla-eta (Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen Langileentzako Estatutua) kaleratuak izan diren langileentzako. Hala bada, honen bidez, aldatu egiten da 16. artikulu hori, eta, aurrerantzean, epe luzeagoak izango dira eskubide hori baliatu ahal izateko. Hain zuzen, enplegua erregulatzeko aldi baterako neurriak errazago onartu ahal izateko aldatzen da arau hori, zeren eta, hartara, ez baita zigortuko langileei langabezia-prestazioa hartzeko eskubidea amaitu izana; aitzitik, eskubide hori gorde egingo da etorkizunerako, arauan bertan aurreikusitako mugekin, betiere. Lan-merkatuaren erreformaren helburuekin bat, enpresen barne-malgutasunaren aldeko neurria da hori, enplegu-suntsitzeari aurre egiteko.

V Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoak (3/2012 Legea, uztailaren 6koa) eta prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta bitariko lanbide-heziketaren oinarriak ezartzen dituen Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoaren 2. lerroaldeak (1592/2012 Errege Dekretua, azaroaren 8koa), benetan egin beharreko lanarekin lotutako lanbide-heziketako titulurik edo lanbide-ziurtagiririk ez den kasuetarako edo irakaskuntza hori eskaintzen duen prestakuntza-zentrorik ez dagoen kasuetarako, hamabi hilabeteko epe iragankorra ezartzen dute, 2012ko otsailaren 12tik aurrera, epe horretan sinatzen diren prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuek dakarten prestakuntza-jarduera Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko prestakuntzaespezialitateen fitxategian ezarritako gutxieneko eduki orientagarriekin eratzeko aukera izan dadin.

Datorren 2013ko otsailaren 12an amaitzen da epe hori, eta, beraz, lanbideziurtagirietako prestakuntzarako eskaintza eta kontratuetan eskaintzen den prestakuntza egokitu egin behar direnez elkarren artean (teleprestakuntzaren arloan, batez ere), beharrezkoa da epe hori luzatzea eta aldi batez eustea lanbide-ziurtagiriekin edo lanbideheziketako tituluekin loturarik ez duten prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuak egiteko aukerari.

VI

Enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzaren aurkako iruzurraren aurkako Legeak (13/2012ko Legea, abenduaren 28koa; 2012ko abenduaren 28az geroztik dago indarrean) idazketa berria eman die Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren zenbait artikuluri (Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina; hemendik aurrera LZL deituko diogu testu honetan). Zehatz esanez, ezabatu egin du LZLren 22. artikuluaren 9. paragrafoa, artikulu horren berorren 4. paragrafoaren berdina izateagatik. Behin paragrafo hori ezabaturik, 22. artikuluaren arauhausteei zenbaki-hurrenkera berria eman zaie, eta lehengo 10. paragrafoa, orain, 9. paragrafoa izango da, eta lehengo 11.a, orain, 10.a, eta gisa horretan guztiak.

Lege horren azken xedapenetako lehenaren lehenbiziko paragrafoak aldatu egin zuen lan-arloko arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzaren kuotak likidatzeko espedienteetarako prozeduren gaineko Erregelamendu Orokorraren 4.1 a) artikulua ere (maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori), hartara Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiko probintziazuzendaritzei esleitzeagatik LZLren 23.1 k) artikuluko arau-hauste oso larriei buruz ebazteko eskumena, alegia, langile-kuota bidegabeki atxikitzen deneko edo ezarritakoa baino deskontu handiagoa egin eta arauzko epean ordaintzen ez deneko arau-hausteei buruz ebaztekoa. Nolanahi ere, zenbaki-hurrenkera berria kontuan hartu gabe egin zen aldaketa hori, eta, horixe da, hain zuzen, errege lege-dekretu honen asmoa.

VII Errege lege-dekretua baliatu ahal izateko, premia aparteko eta presazkoa eskatzen du Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak. Honako arau hau onesteko, bada halako beharrizana.

Lehenbizi, egun dauden langabezia-tasa handien ondorioz, geroz eta langile gehiago dira langabezia-prestazioak edo -sariak amaitu eta lanik aurkitzen ez dutenak edo beste baliabiderik gabe geratzen direnak, eta, beraz, lehentasunezkoa da lanbide-prestakuntza egunerakotzeko programa berriz ere luzatzea pertsona horiek diru-sarrerak izango dituztelako gutxieneko berme bat izan dezaten, programa sortzea ekarri zuten ezohiko egoerak bere horretan jarraitzen duenez.

Bigarrenik, iazko lehorteak eragindako ondorio larriak murrizteko neurriak hartu beharra dago, batez ere 2012ko oliba-uztan eragindakoak; nekazaritzako aldi baterako langileek langabezia-saria edo nekazari-errenta eskuratzeko behar duten benetako lanegun kotizatuen gutxieneko kopurua lortzea oso nekeza izatea eragiten ari baita.

Ezohiko egoera horiei aurre egiteko, 2. artikuluan aurreikusitako neurria onartzen da, alegia, Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetako nekazaritzako aldi baterako langileek, langabezia-saria edo nekazari-errenta horiek eskuratzeko, gutxienez 20 benetako lanegun kotizatu beharko dituztela ezartzen duena.

Beste alde batetik, kontratua eten edo lanaldia murriztu eta ondoren lan-kontratua azkendu zaien langileen langabezia-babesari eusteko eta babes hori are zabalagoa egiteko, 2013ko abenduaren 31ra arteko epean kontratua eteten zaien edo lanaldia murrizten zaien langileek eskubidea izango dute langabeziaren kontribuziozko prestaziorako eskubidea berrezar dakien, baldin eta 2014ko abenduaren 31 baino lehen kaleratzen badituzte.

Uztailaren 6ko 3/2012 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako epeak dagoeneko amaitu direnez gero, ezinbestean eta berehala onartu beharrekoa da neurri hori.

Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuak gazteak prestatzeko eta laneratzeko bitarteko bihurtzen ari dira. Hori dela eta, 2013ko abenduaren 31 arteko epean, kontratu horiek dakarten prestakuntza-jarduera Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko prestakuntzaespezialitateen fitxategian ezarritako gutxieneko eduki orientagarriekin eratzeko aukera eman behar da, egokitu beharra baitago lanbide-ziurtagirien prestakuntza-eskaintza hori eta kontratu horietako prestakuntza, teleprestakuntzari dagokion arloan, batez ere.

Hala bada, beharrezkoa da lanbide-ziurtagiriekin edo lanbide-heziketako tituluekin loturarik ez duten prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuak egiteko aukerari aldi batez eustea, eta lehenbailehen egitea kontratu horiek, heldu den 2013ko otsailaren 12an amaitzen baita hasiera batean uztailaren 6ko 3/2012 Legearen zortzigarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoan ezarritako epea.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuz, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroaren proposamenari jarraituz, eta Ministroen Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 25eko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT:

1. artikulua. Langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzea.

Luzatu egiten da 2013ko abuztuaren 15era arte langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa, alde batera utzi gabe bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa. Estatu mailako programa espezifikoa izaten jarraituko du, enplegu-politika aktibo eta diru-laguntzekikoa, otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuan aurreikusi bezala (1/2011 Errege Lege Dekretua, otsailaren 11koa, enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide-prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzkoa), baina abuztuaren 24ko 23/2012 Errege Lege Dekretuak dakartzan aldaketak erantsita (23/2012 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 24koa, langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena).

2. artikulua. Langabezia-saria edo nekazari-errenta eskuratzeko behar diren benetako lanegun kotizatuen gutxieneko kopurua murriztea lehortearen eraginez oliben produkzioa gutxitzea nozitu duten Andaluzia eta Extremadurako autonomiaerkidegoetako nekazaritzako aldi baterako langileentzat.

1.  Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetako lurraldeetan bizi diren aldi baterako eta inoren kontura dabiltzan nekazaritzako langileek eskubidea izango dute 5/1997 Errege Dekretuan aipatzen den langabezia-sariaren onuradun izateko (5/1997 Errege Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziko aldi baterako langileen aldeko langabezia-saria arautzen duena), edo 426/2003 Errege Dekretuak ezartzen duen nekazari-errentaren onuradun izateko (426/2003 Errege Dekretua, apirilaren 11koa), nahiz eta ez eduki dekretu horietan eskatzen diren benetan lan egindako lanegun kotizatuen gutxieneko kopurua (5/1997 Errege Dekretuan, 2.1 c) artikuluan; eta, 426/2003 Errege Dekretuan, 2.1.d) artikuluan) . Betiere, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Langabezian geratu aurreko hamabi hilabete naturaletan, benetan lan egindako 20

lanegun kotizatu izatea, gutxienez.

b) Aplikatzekoa den araudian eskatzen diren gainerako baldintzak izatea.

c) Errege lege-dekretu hau indarrean sartu osteko sei hilabeteetan eskatzea.

2.  Aurreko 1. paragrafoan aurreikusitakoa aplikatzen denean, benetan lan egindako 35 lanegun kotizatu egiaztatu direla joko da, honako ondorio hauetarako:

a) Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuko 5.1 a) artikuluan ezarritakoetarako.

b) Apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretuaren 4.1 eta 5.1 a) artikuluetan ezarritakoetarako.

3.  Errege lege-dekretu hau indarrean sartu ondoko sei hilabeteetan lehen aipatutako lurraldeotan aurkezten diren eskabideetan, honako hau hartu beharko da kontuan:

a) Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorra aplikatzeko, benetan lan egindako 20 lanegun kotizatu izan beharko dira gutxienez, xedapen horretan aurreikusitako moduan.

b) Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoan ezarritakoa aplikatzeko, benetan lan egindako 20 lanegun kotizatu edo gehiago egiaztatzen badira, benetan lan egindako 35 lanegun kotizatu egiaztatu direla joko da.

3. artikulua. Langabezia-prestaziorako eskubidea berrezartzeko epea zabaltzea.

Hona nola geratzen den idatzita lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen 16. artikuluko 1. paragrafoa:

«1.  Enpresa batek, Langileen Estatutuaren testu bateginaren 47. artikuluari edo konkurtso-prozedura bati jarraituz, lan-kontratuak eten baditu, modu jarraituan edo ez, edota lanegun- edo lanordu-kopurua murriztu badu, eta, ondoren, Langileen Estatutuaren 51. edo 52.c) artikuluak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen 64. artikulua aplikatuta kontratuak azkentzen badira, kaltetutako langileek eskubidea izango dute kontribuziozko langabezia-prestazioaren iraupena berrezar dadin; zehazki, amaiera edo murrizketa horiek jasoko lituzketen langabezia total edo partzialagatiko egun kopuru beraren arabera, eta, gehienez ere, 180

egunez, baldin eta ondorengo baldintzak betetzen badira:

a)  Kontratuak etetea edo lanaldia murriztea 2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra gertatzea, biak barne.

b)  Kaleratzea 2012ko otsailaren 12tik 2014ko abenduaren 31ra gertatzea.» 4. artikulua. Lanbide-ziurtagiriekin edo prestakuntza-tituluekin loturarik ez duten prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuak egiteko epea zabaltzea.

Hona nola geratzen den idatzita lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen 8. xedapen iragankorraren 2. paragrafoa:

«2. 2013ko abenduaren 31 arte sinatzen diren prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuetan, benetan egin beharreko lanarekin erlazionatutako lanbideheziketako titulurik edo lanbide-ziurtagiririk ez dagoenean, edota prestakuntza-jarduerak emateko prestakuntza-zentrorik ez bada, prestakuntza-espezialitateen fitxategian zehaztutako gutxieneko eduki orientagarriek osatuko dute kontratuei lotutako prestakuntza-jarduera, kontratuan aurreikusitako lan-jarduerarekin lotutako lanbide edo espezialitateei dagokienez; fitxategi hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean egongo da ikusgai (www.sepe.es), bai eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoen webguneetan ere. Gutxieneko eduki orientagarririk ez bada, enpresek zehaztutako edukia izango du prestakuntza-jarduerak, edota enpresek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoei enplegu-sistema nazionalaren esparruan balekotzat ematearren adierazitako edukia.» Lehenengo xedapen gehigarria.  Langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbideprestakuntza eguneratzeko laguntza finantzatzea.

Langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko laguntza luzatzea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren gastu‑aurrekontuaren kontura finantzatuko da. Horretarako, beharrezko diren kredituak bideratuko dira.

Neurri horrek ezin izango dio aurrekontu-orekari eragin.

Bigarren xedapen gehigarria.  Langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbideprestakuntza eguneratzeko programa automatikoki luzatzea.

Batetik, sortuz gero laugarren aldiz, langabezia-babesa amaitu zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzea, eta sei hilabetero programa berez luzatzeko aukera ematea, dagokion luzapena hasi aurreko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera langabezia-tasa ehuneko 20 baino handiagoa denean, eta, betiere, luzatzen den aldi horren barruan abuztuaren 24ko 23/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Xedapen iragankor bakarra.  Langabezia-sarien edo nekazari-errenten eskabideak, honako errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurretik aurkeztuak.

Beste hauei ere aplikatuko zaie bigarren artikulu horretan xedatutakoa: artikulu horretan aipatutako langileei, baldin eta 2012ko irailaren 1a eta errege lege-dekretu hau indarrean sartu bitartean urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuan araututako langabezia-sariaren eskabidea edo 426/2003 Errege Dekretuan araututako nekazarierrentaren eskabidea egin badute, baldin eta errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera beste eskabide bat aurkezten badute.

Azken xedapenetako lehena.  Azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretua, prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatzekoa eta bitariko lanbideheziketaren oinarriak ezartzekoa.

Hona nola geratzen den idatzita 1529/2012 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorraren bigarren idatz-zatia (1529/2012 Errege Dekretua, azaroaren 8koa, prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatzekoa eta bitariko lanbide-heziketaren oinarriak ezartzekoa):

«2013ko abenduaren 31 arteko epean sinatzen diren prestakuntzarako eta ikasketarako kontratuetan, benetan egin beharreko lanarekin lotura duten lanbideheziketako titulurik edo, egin beharreko lanarekin erlazionatutako lanbide-heziketako titulurik edo lanbide-ziurtagiririk ez dagoenean, edota prestakuntza-jarduerak emateko prestakuntza-zentrorik ez bada, prestakuntza-espezialitateen fitxategian zehaztutako gutxieneko eduki orientagarriek osatuko dute kontratuei lotutako prestakuntza-jarduera, kontratuan aurreikusitako lan-jarduerarekin lotutako lanbide edo espezialitateei dagokienez; fitxategi hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean egongo da ikusgai (www.sepe.es), bai eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoen webguneetan ere. Gutxieneko eduki orientagarrir ez bada, enpresek zehaztutako edukia izango du prestakuntza-jarduerak, edota enpresek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari enplegu-sistema nazionalaren esparruan baliozkotzearren adierazitako edukia.» Azken xedapenetako bigarrena.  Lan-arloko arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzaren kuotak likidatzeko espedienteetarako prozeduren gaineko Erregelamendu Orokorraren aldaketa (maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuaren bidez onartua) Aldatu egiten da lan-arloko arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko eta Gizarte Segurantzaren kuotak likidatzeko espedienteetarako prozeduren gaineko Erregelamendu Orokorraren 4. artikuluaren 1. idatz-zatiaren a) letra (maiatzaren 14ko 928/1998 Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Hona nola geratzen den idatzita:

«a) Lan-arloko Arau-hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginak III. kapituluaren lehenbiziko sekzioan arautzen dituen arau-hausteetan (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen), arau-hausteen aktak ez badatoz bat likidazio-aktekin, honako hauen eskumena izango da zehapena ezartzea:

1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintzia-zuzendaritzarena, honako kasu hauetan: 21. artikuluaren 1., 2., 3., 4., eta 5. paragrafoetan aipatzen diren arau-hauste arinen kasuan, 22. artikuluaren 1., 2., 3., 5., 7. eta 9. paragrafoetan aurreikusten diren arau-hauste larrien kasuan, Gizarte Segurantzaren kuoten murrizketen kasuan, eta 23.1 artikuluko b), d), f) eta k) letretan aurreikusten diren arau-hauste oso larrien kasuan.

2.- Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko probintzia-zuzendaritzarena, edo, hala balegokio, Itsasoko Gizarte Institutuarena, honako kasu hauetan: 21. artikuluaren 4. eta 6. idatz-zatietan arau-hauste arintzat kalifikatzen diren kasuetan, 22. artikuluaren 4., 6. eta 8. idatz-zatietan arau-hauste larritzat kalifikatzen diren kasuetan, eta 23.1 artikuluaren a), c), e) eta g) kasuetan oso larritzat kalifikatzen diren kasuetan.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Probintzia Zuzendaritzarena, edo, hala balegokio, Itasoko Gizarte Institutuarena, baldin zehapenak langabezia-prestazioei eragiten badie, honako kasu hauetan: 21. artikuluaren 4. paragrafoan, 22. artikuluaren 4., 6. eta 8. paragrafoetan eta 23.1 artikuluaren a), c), e) eta g) letretan aurreikusitako kasuetan.

3. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko probintzia-zuzendaritzarena, honako kasu hauetan: 22.9 artikulua arau-hauste larritzat aurreikusitako kasuan, baldin eta hobariak badira; baita ere 23.1 artikuluaren h) letrako arau-hauste oso larriaren kasuan.» Azken xedapenetako hirugarrena.  Erregelamenduzko xedapenak aldatzea.

Aukeran izango da errege lege-dekretu honek aldatzen dituen erregelamenduarauetako xedapenak gero ere aldatzea, ageri diren arau-erregelamenduari dagozkion mailako arauen bitartez, betiere.

Azken xedapenetako laugarrena.  Garatzeko ahalmenak.

Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren titularrak izango du errege legedekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko gaitasuna.

Halaber, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak izango du, bere eskumenen esparruan, errege lege-dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko gaitasuna.

Azken xedapenetako bosgarrena.  Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.7. eta 149.1.17. artikuluetan xedatutakoari jarraituz ematen da; artikulu horiek Estatuari esleitzen diote lan-legeriari dagozkion gaien gaineko eskumen osoa, hargatik eragotzi gabe autonomiaerkidegoetako organoek lan-legeria gauzatzeko duten eskumena; orobat esleitzen dizkiote Gizarte Segurantzaren gaineko oinarrizko legeriaren eta haren erregimen ekonomikoaren gaineko eskumen osoak.

Azken xedapenetako seigarrena.   Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina.

Madrilen, 2013ko urtarrilaren 25ean.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra