Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

1/2016 Errege Lege Dekretua, apirilaren 15ekoa, Enplegua Aktibatzeko Programa luzatzen duena

2016-04-15

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2016/04/16, 92. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3647 1/2016 Errege Lege Dekretua, apirilaren 15ekoa, Enplegua Aktibatzeko Programa luzatzen duena.

I

Gobernuak eta lan-munduko ordezkariek «Enplegua Aktibatzeko Aparteko Programari buruzko Akordioa» sinatu zuten 2014ko abenduaren 15ean, laneratzeko zailtasun gehien duten langabeei aukera berriak eskaintzeko eta haien enplegagarritasuna hobetzeko.

Akordio horren ondorioz, Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretua onartu zen. Programa hori apartekoa eta espezifikoa da, eta iraupen luzeko langabeei zuzendua dago; hain zuzen ere, aparteko premiak eta familia-ardurak izanik, enplegu-bilaketa aktiboa egiten dutenei.

Programan jasotzen denez, enplegu-politika aktiboak egingo dira onuradunek lan- merkatura itzultzeko aukera handiagoak izan ditzaten, eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuko dituzte politika horiek. Orobat, langabeziako prestazio ekonomiko bat ere jasota dago, indarrean den hileko ondorio askotarako errenta- adierazle publikoaren % 80 egiten duena (426 euro); prestazio hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen du.

2016ko apirilaren 15ean amaitzen da programan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea. Horregatik, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, autonomia- erkidegoekin eta lan-munduko ordezkariekin batera, programa balioetsi du, eta ondorioztatu du eraginkorra izan dela iraupen luzeko langabeak laneratzeko eta laguntzeko.

Izan ere, 2016ko martxoaren 31ra arte, iraupen luzeko 161.583 langabek jaso dute programaren laguntza. Laneratzeko Ibilbide Pertsonalizatua egin zaie den-denei.

Gainera, ia 100.000 lagunek (99.410ek, hain zuzen) jaso dute 426 euroren prestazio ekonomikoa.

Prestazioaren onuradunen % 16 (15.212 lagun) lan-merkatuan sartu da —otsaileko datuak—; zenbait autonomia-erkidegotan, ia % 30 laneratu da.

Programak berritasun azpimarragarri bat du: prestazioa eta besteren kontura lan egiteagatik jasotzen diren ordainsariak bateragarriak dira. Horren bidez, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenei laneratzea erraztu nahi zaie. Horiek horrela, kontratatutako pertsonen % 87, bateragarritasunari atxikita egonik, bere lanpostuan geratu da programa amaitu ondoren.

Horregatik guztiagatik, oso garrantzitsua da abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuan enplegua aktibatzeko ezarri ziren neurriei eustea, langabezian dauden langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko eta lan-mundura itzul daitezen errazteko, batez ere iraupen luzeko langabeak badira, familia-ardurak badituzte eta langabezia-babesa agortu bazaie; izan ere, baldintza horiek betetzen dituzten pertsonek aparteko babes- premiak dituzte. Hortaz, beharrezkoa da aurki indarrik gabe geratuko den Enplegua Aktibatzeko Programa luzatzea eta onuradun izan litezkeen pertsonek programan parte hartzeko dituzten aukerak hobetzea.

Enplegua Aktibatzeko Programaren hasierako onarpena bezalaxe, errege lege-dekretu honen bidez onartzen diren programaren luzapena eta aldaketak koherenteak dira Europar Batasuneko Kontseiluak 2015eko Espainiako Erreformen Programa Nazionalari buruz egindako gomendio espezifikoekin. Hain justu, gomendio horietatik hirugarrenak eskatzen du neurriak har daitezela laguntzaren eta enplegua bilatzeko aholkularitzaren kalitatea eta eraginkortasuna handitzeko, horixe baita programaren alderdi nagusia. Hartara, parte- hartzaileei banakako tutore bat esleituko zaie, enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua egiten lagunduko diena.

Ildo horretatik eta antzeko arrazoiengatik, oraingo egoera ikusita, komeni da langabezia-babesa agortzen zaien langabeen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programari aldi baterako eustea —otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuan arautua—, zeina enplegu-politika aktiboko ekintzetan eta laguntza ekonomiko osagarri batean oinarritua baitago.

II

Errege lege-dekretu honek artikulu bakar bat, xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen ditu.

Artikulu bakarrean, Enplegua Aktibatzeko Programaren aldaketak jasotzen dira.

Bat zenbakiak idazkuntza berria ematen dio abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 2.1 artikuluaren b) letrari, duela gutxitik langabezian dauden pertsonentzat errazagoa izan dadin baldintza hori betetzea.

Bi zenbakiak aldatu egiten du programan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea. Orain indarrean dagoen programaren jarraitutasunik eza alde batera utzi, eta urtebetez luzatzen da epea; hau da, 2017ko apirilaren 15era arte.

Xedapen iragankor bakarraren helburua da 2014ko abenduaren 1ean enplegu- eskatzaile gisa inskribatuta egonik, eskaera-epe berrian programan parte hartzeko baldintza guztiak —2016ko apirilaren 1ean inskribatuta egotearena izan ezik— betetzen dituzten pertsonak programan sartzea.

Azken xedapenetatik lehena arauaren onarpena babesten duen eskumen-tituluari buruzkoa da.

Azken xedapenetatik bigarrenak urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria aldatzen du —errege lege-dekretu horrek langabezia- prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen du eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen ditu—. Bada, aldaketa horri esker, programa automatikoki luza daiteke azken biztanleria aktiboaren inkestaren arabera langabezia-tasa ehuneko 18 baino handiagoa bada.

Azken xedapenetatik hirugarrenak errege lege-dekretu hau noiz jarriko den indarrean xedatzen du.

III

Konstituzioaren 86. artikuluan honelako errege lege-dekretuak onartzeko galdatzen den aparteko eta presazko beharrizanari dagokionez, arau honen bidez hartu nahi diren bi neurriek betetzen dute baldintza hori.

Langabetuek 2016ko apirilaren 15era arteko epea dute Enplegua Aktibatzeko Programan parte hartzeko eskaera aurkezteko. Horiek horrela, hurrengo egunean jarri behar da indarrean programaren luzapena, han jasotako neurrien aplikazioan etenik egon ez dadin eta, ondorioz, langabeak babesik gabe gera ez daitezen. Horregatik, justifikatuta dago errege lege-dekretu hau presaz onartzea.

Antzeko arrazoiengatik aldatu behar da langabezia-babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa. Espainiako lan-merkatuaren bilakaerak pentsarazten du langabezia-tasa, biztanleria aktiboaren inkestaren irizpideen arabera, ehuneko 20 baino txikiagoa izango dela berehala gure herrialdean.

Berehalakotasun horrek justifikatzen du, hain zuzen, urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria arau honen bidez aldatzeko presa, langabezia-babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa automatikoki luza dadin langabezia-tasa ehuneko 18 baino handiagoa bada. Gainera, programa horri eusteko premia dago; izan ere, nahiz eta Espainiako lan- merkatuak azken urteetan aurrera egin duen, langabezia-tasa handia da oraindik, eta prestazioak edo subsidioak agortu zaizkien iraupen luzeko langabeei eragiten die bereziki.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuz, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2016ko apirilaren 15eko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Enplegua Aktibatzeko Programa luzatzea.

Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretua honela geratzen da aldatuta:

Bat. 2. artikuluaren 1. zenbakiko b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) 2016ko apirilaren 1ean, dagokion enplegu-zerbitzu publikoan enplegu- eskatzaile gisa inskribatuta egotea. Baldintza hori betetzat joko da, nahiz eta langilea aipatutako datan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta ez egon, inskripzioa etenda daukanean besteren konturako lan bat egiten ari delako; betiere, kontratuaren iraupena 90 egun baino gutxiagokoa izan bada.»

Bi. 4. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1. Programan onartuak izateko eta 7. artikuluan aurreikusitako laguntza ekonomiko osagarriaren aitorpena lortzeko, langabeek 2016ko apirilaren 16a eta 2017ko apirilaren 15a bitartean aurkeztu beharko dute programan sartzeko eskaera. Langabeari dagokion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestazio-bulegoan aurkeztu behar da eskaera, zehaztutako ereduari jarraikiz. Eskaerarekin batera, 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira; agiri horien artean, jarduera-konpromisoa egon beharko da, eskatzaileak sinatuta.»

Xedapen iragankor bakarra. Enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotearen baldintzaren aplikazioa.

2014ko abenduaren 1ean enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta zeudenak Enplegua Aktibatzeko Programaren onuradun izan daitezke, baldin eta abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluak programan parte hartzeko galdatzen dituen baldintza guztiak betetzen badituzte, salbu eta artikulu horren 1.b) zenbakian ezarritako baldintza —2016ko apirilaren 1ean enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egoteari buruzkoa—.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.7 eta 149.1.13 artikuluetan xedatutakoaren babesean ematen da. Artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari, bai lan-legeriaren gainean —nahiz eta autonomia-erkidegoetako organoek legeria hori betearaz dezaketen—, bai jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehazteko eta horren koordinazioa egiteko, hurrenez hurren.

Azken xedapenetatik bigarrena. Urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretua aldatzea (Langabezia-prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen dituena).

Langabezia-prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duen eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen dituen urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Langabezia-babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa sei hilabetez behin luzatuko da automatikoki, 2013ko

abuztuaren 16tik aurrera, baldin eta luzapen-eguna baino lehen argitaratutako azken biztanleria aktiboaren inkestaren arabera langabezia-tasa ehuneko 18 baino handiagoa bada eta, luzatzen den aldi horren barruan, abuztuaren 24ko 23/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badira.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Madrilen, 2016ko apirilaren 15ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra