Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

13/2020 Errege Lege Dekretua, apirilaren 7koa, zeinaz presako zenbait neurri hartzen baitira nekazaritzako enpleguaren alorrean.

2020-04-07

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 04/08/2020, 98. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4332     13/2020 Errege Lege Dekretua, apirilaren 7koa, zeinaz presako zenbait neurri

hartzen baitira nekazaritzako enpleguaren alorrean.

  • I. Aurrekariak eta zioak

COVID-19aren ondorioz egoera epidemiologikoak ekarri duen osasun-krisialdia dela eta, Espainian osasun publikoko neurriak hartu behar izan dira, harreman sozial, ekonomiko eta produktiboak nahasi dituztenak. Zehazki, nabarmentzekoa da funtsezkoak ez diren jarduerak eteteak eta beste hainbat jarduera mugatzeak behin-behineko langabezia dezente igotzea eta enpresa txiki eta ertainen eta langile autonomoen jarduera jaistea ekarri dutela. Jaitsiera hori, batez ere, hirugarren sektorean izan da oso handia; bereziki, herrialdearen bi motor ekonomikotan: turismoan eta ostalaritzan.

Behin jarduna murriztuta, familia askoren errenta erabilgarria ere txikiagotu da, baina, aldi berean, nabarmen urritu dira Espainian nekazaritza-lanetan jardun ohi diren sasoiko langileak, dela beste herrialde batera bidaiatzeko aukerak mugatu direlako osasun-arrazoiengatik, dela langile askok pandemiaren bilakaera ikusita prebentzio-neurriak hartu dituztelako. Horrek guztiak, beraz, eragin handia izan dezake Espainiako nekazaritzako ustiategi askoren ekoizpen-ahalmenetan eta -baldintzetan. Egoera hori, gainera, noiz, eta lan eta garrantzi handieneko kanpaina batzuekin batera gertatu da; besteak beste, hezurreko fruta, udako laboreak eta marrubia biltzeko garaiarekin batera.

Langile gutxiago izanik, berriz, arriskuan egon daiteke herritarrentzako oraingo janari-hornikuntza, zeina orain arte apartekoa izan den aukeran, kopuruan eta kalitatean. Nekazaritzako ekoizpen-fasean nabaritzen hasia den nahasmendua larriagotzen baldin bada, litekeena da elikakate osoaren funtzionamendu zuzena arriskuan jartzea, eta hori kaltegarria izango da azken kontsumitzaileentzat, bai eskaintzari dagokionez eta bai prezioari dagokionez. Ondorio kaltegarri horiek are larriagoak dira osasun-krisialdiak eragindako bizi-baldintza hauetan, eta nahasmendu ekonomiko orokorrak errenta erabilgarrian (bereziki, pobrezia-arriskuan edo gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden herritarren errenta erabilgarrian) ekarri duen jaitsierarekin.

Horiek horrela, honen bitartez, aldi baterako premiazko neurri batzuk hartzen dira orain, nekazaritzako lanaren arloan xedapen batzuk ezartzeko. Horren bidez, hiru helburu bete nahi dira: merkatuetako ohiko janari-hornikuntza erabat bermatzea, premia handienak dituzten herritarren errentari eta nekazaritzako jarduera eta jasangarritasunari eustea eta herritarren gizarte- eta lan-baldintzak hobetzea (langabeen edo jarduera utzi duten herritarren diru-sarreren hobekuntza bermatuta).

Funtsezkoa da bermatzea jatorrian badagoela nekazarien eta abeltzainen beharrizanei erantzuteko behar adina langile, elikakateko lehen mailaren ekoizpena kopuru eta epe egokietan ziurtatzeko eta horrela ondoko mailak ere behar bezala hornituko direla eta haiei dagozkien zereginak ere beteko direla ziurtatzeko, ekoizpen-fluxuari lehen bezala eusteko moduan eta azken kontsumitzaileari produktuen kantitatea eta kalitatea jaitsi gabe.

Honen bidez hartzen diren neurriek, beraz, jatorritik babesten dute pertsona partikularren janari- eta edari-horniketa, eta merkatuan lehengai nahiko egoteko aukera ziurtatzen. Geroago, lehengai horiek zuzenean jarri ahalko dira merkatuan, edo oinarri gisa erabili eta eraldatuko dira elikagai-industrian, eta, azkenean, kontsumitzaileei helduko zaizkie.

Herritarren konfinamendua eta mugikortasunaren murrizketa ezinbesteko osasun-neurriak dira, eta ezaugarri oso bereziak dituzte; hortaz, are garrantzitsuagoa da Espainiako nekazaritzako elikagaiak ahalik eta baldintza onenetan ekoitzi ahal izatea eta herritarrei elikagai-horniketa osoa, eraginkorra eta nahikoa bermatzea.

Nekazaritzako jarduera oinarrizkoa da elikakatea ziurtatzeko, eta jarduera hori soldatako EBko eta EBtik kanpoko langileen erabileraren mende dago. Kapitaleko inbertsioak oso garrantzitsuak dira sektorean, eta hobekuntza teknikoak egiteko azken hamarkadetan egin den ahalegina funtsezkoa izan da, baina sektorea langileen erabilera intentsiboan oinarritzen da, hein handi batean. Kontuan hartu behar da aldi baterako langile nahikorik ez izatea gehien nabarituko duten labore horietako asko ezin direla mekanizatu; hortaz, benetakoa da labore horiek galtzeko arriskua, beharrizanak atzeman ondoren haiei erantzuteko legezko mekanismo nahikoak baimendu ezean.

Kasu batzuetan, langile horien jatorrizko herrialdeetako askotan mugak ezarri dituzte herritarrak herrialdetik irteteko; eta, beste batzuetan, kutsatzeko beldurrak ekarri du lekualdatzerik ez izatea, Europar Batasuneko herritarrenik batez ere. Eta, langile nazionalei dagokienez, horixe bera gertatu dela esan daiteke.

Horiek horrela, nekazaritzako sektoreetan kezkatuta daude, gerta bailiteke nekazaritzan behar beste langile ez izatea eskura. Arazo hori, Espainian ez ezik, Italian, Frantzian eta Portugalen ere gertatzen ari da.

Aldi berean gertatu da osasun-krisialdiaren ondorioz mugikortasuna murriztea —bai osasun-agintariek aginduta, bai norberak erabakita— eta ekoizpen nazional gehienetan sasoiko langileen premiarik handiena izatea. Hori dela eta, beharrezkoa da berehalako neurriak hartzea, arazoari irtenbidea emateko. Langile-premia oso orokorra da sasoiko urtaroko laboreetan; hortaz, ezin da geroratu bat-bateko premia horri erantzuteko behar diren neurriak hartzeko erabakia.

Errege lege-dekretu honetako neurrien bitartez, lehen sektoreko langileen kontratazioa sustatu nahi da. Neurrion bidez, mekanismoak ezartzen dira herritarrek nekazaritzako lanetan parte har dezaten. Horrela, beste arazo bat ere konponduko da; zehazki, herritarren errentaren murrizketa, koronabirusak eragindako osasun-krisialdiaren ondorioz gertatua. Era berean, ziurtatu egiten da ustiategi primarioetako arduradunek, ohiko bideetatik ezin badituzte lortu behar dituzten sasoiko langileak sasoiko premiei erantzuteko, sistema bat edukiko dutela egoera koiuntural horri aurre egiteko eta ezintasun horrek edo zailtasun handi horrek eragin ditzakeen ageriko arazoak saihesteko. Hori guztia are garrantzitsuagoa da kontuan hartzen badugu nekazaritzako produktuak galkorrak direla eta lehen mailako produktuak biltzeko edo prozesatzeko erritmoa eta kontratazioak bateratu behar direla, atzerapenik gabe. Izan ere, beste ekoizpen batzuetan ez bezala, kasu honetan atzerapenek ezinbestean galera ekonomiko handiak eragiten dituzte, eta, horrez gain, esan bezala, horniketa-arazoak ekartzen dituzte merkatuetan azkenerako, eta, ondorioz, kontsumitzaileek gehiago ordaindu behar izaten dute, eta litekeena da merkatuetan kalitatezko kontsumo-produktu nahikorik ez izatea.

  • II. Neurriak

Hala, arau honetan jasotako neurri hau da egoera kudeatzeko bide nagusietako bat: bateragarri egiten duena langabezia-prestazioa eta gainerako prestazio sozialak edo laboralak jasotzea eta nekazaritzako lanak egitea, eta oraingo egoeran aukera ematen duena behar beste langile lortzeko laborantzako lurretatik hurbil bizi diren eta lana bete dezaketen herritarren artetik, gehiegizko joan-etorririk sortu gabe eta agintari eskudunek onartutako osasun publikoko neurriekin guztiz bat etorrita. Neurri horrek, zeharka, herritarren errenta erabilgarria handitzea ekarriko du egoera ahul-ahul honetan, gizarte-babesari eta osasun publikoari kalterik egin gabe.

Are gehiago, arau honen bidez ziurtatzen da aldi baterako kontratu bat onartzen duten langileei ez zaiela kalte egingo; zehatzago esanda, ez da kontuan hartuko gizarte- edo lan-sorospenik, -laguntzarik edo -prestaziorik jasotzen duten, kontributiborik edo kontributiboa ez denik.

Jarduera aldi baterako ixten bada Langileen Estatutuen Legearen testu bategineko 47. artikuluan ezarritakoari jarraituz, kontratua aldi baterako etenda daukaten langileek ere langabezia-prestazioarekiko bateragarritasuna baliatu ahalko dute (Langileen Estatutuen Legearen testu bategina urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Errege lege-dekretu honetan ezartzen diren malgutze-neurriak, aldiz, ez dira bateragarriak izango 8/2020 Errege Lege Dekretuko 22., 23. eta 25. artikuluetan oinarrituta dauden langabezia-prestazioekin (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena); izan ere, Enplegu Sistema Nazionalean jada mekanismo berezi bat ezartzen da enplegu-emaileek izurritea dela-eta jarduera murriztearen ondoriozko eragina jasan duten langileen aldi baterako premiazko beharrei erantzuna emateko. Xedapena egokia eta proportzionala da, tresna biak egoki bateratzeko aukera ematen duelako, batez ere kontuan hartuta aldi baterako espediente horiek ezaugarri bereziak dituztela eta ahalik eta lasterrena desagertzekoak direla.

Bestalde, neurri horien bidez, langile migratzaileek ere sistema hori baliatu ahal dute, lan-baimena alarma-egoera deklaratu zen egunaren eta 2020ko ekainaren 30aren artean amaitzen bazaie. Horrela, eskarmentu egokiko langileek lan-baimena luzatu ahalko dute. Horrek lan-aukerak handituko dizkie haiei, eta enplegu-emaileek produktua bildu eta tratatu ahalko dute. Langile migratzaileekin batera, egoera berean egongo dira beste herrialde batzuetako 18 eta 21 urte bitarteko gazteak, egoera erregularrean egonez gero.

Kontratu horiek egin ahal izateko, enpresariak beti ziurtatu behar du COVID-19 birusari aurre egiteko prebentzio-baliabide egokiak dituela. Era berean, kontratatutako langileek lan-kontratua eskaintzen den lekutik hurbil dagoen herri batean eduki beharko dute bizilekua edo aldi baterako egoitza. Horrez gain, osasun publikoa eta gardentasuna zaintzeko, soldata banku-transferentzia bidez ordaindu beharko da, langileak kontratuan adierazi duen kontuan ordainduta. Edonola ere, langilea zer sektoretakoa den alde batera utzita, gutxieneko ordainsariak indarrean dagoen eta dagokion hitzarmen kolektiboan ezarritakoa izan behar du, eta, edonola ere, otsailaren 4ko 231/2020 Errege Dekretuan adierazitako lanbide arteko gutxieneko soldata izango da (231/2020 Errege Dekretua, otsailaren 4koa, 2020rako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duena).

Gobernuaren ordezkaritzek eta, hala dagokienean, ordezkariordetzek behar diren koordinazio-mekanismoak ezarriko dituzte Enplegu Sistema Nazionalarekin edo gizarte-eragileekin, errege lege-dekretu honetan ezarritakoa behar bezala aplikatzen dela ziurtatzeko.

Horrez gain, Gizarte Segurantzaren arloko aldaketa zehatz batzuk egin dira 6/2020 Errege Lege Dekretuan (6/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaz presako neurri batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko), 8/2020 Errege Lege Dekretuan (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena) eta 11/2020 Errege Lege Dekretuan (11/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 31koa, Gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituena COVID-19ari aurre egiteko). Aldaketen helburua idazkera argitzea, dekretu horietan ezarritako kudeaketa-alderdi zehatz batzuk garatzea eta izapideak erraztea izan da, salbuespenezko egoeraren arabera.

Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileetako eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestazio-bulegoetako arreta eta informazioa eskaintzeko bulegoak itxi direnez, ezohiko neurriak hartu dira prozeduren izapideak errazteko eta erakunde kudeatzaileek aukera izan dezaten Gizarte Segurantzaren arloko eta gizarte-babeseko prestazioak behin-behinean ebazteko.

Horrez gain, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren hamabosgarren xedapen gehigarria aldatzen da. Horren bidez, ordenamendu juridikoan ezartzen dira erretiro-pentsioa eta SND/232/2020 Aginduaren babesean osasun-langileen estatutupeko langile izendatzea bateragarri egiteak sortzen dituen ondorioak (martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dira COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko).

Kontuan hartu da kolektibo hori egiten ari den lan handia. Hortaz, beharrezkotzat jo da Gizarte Segurantzaren babesa kontingentzia guztietara hedatzea eta barnean hartzea gaixotasun arruntaren zein gaixotasun profesionalaren ziozko kontingentziak eta istripuaren ziozkoak (lan-istripua izan zein ez, baita in itinere istripua ere). Hortaz, bateragarritasun-araubidea indarrean egon bitartean, langile horiei ez zaizkie aplikatuko Gizarte Segurantzan erretiro aktiborako ezartzen dituen babes-mugak; hori dela eta, aipatutako xedapen gehigarri horretako 4. eta 5. apartatuak aldatu behar dira.

COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdia dela eta, beharrezkoa da osasun-produktuen fabrikazioa eta sendagaiei eta produktu sanitarioei buruzko ikerketa klinikoak bultzatzea. Helburua gaixotasuna prebenitzeko, tratatzeko eta kontrolatzeko ezagutzak lortzea eta kaltetuei berehalako tratamendua emateko behar diren produktuak eskuratzea da.

Horretarako, COVID-19 birusak eragin duen osasun publikoko larrialdiak iraun bitartean, ezinbestekoa da honako tasa hauek ez kobratzea: COVID-19 birusak eragin duen osasun-krisialdiari lotutako sendagaiei buruzko saiakuntza klinikoak baimentzeko prozeduretan ezarrita dauden tasak; funtzionamendurako aldez aurretiko lizentziaren prozeduretan ezarritakoak; COVID-19 birusak eragindako osasun-krisialdian osasun publikoa babesteko behar diren osasun-produktuak fabrikatzeko eta horniketa bermatzeko ezohiko lizentziei dagozkienak; ez eta, COVID-19 birusak eragin duen osasun-krisialdiari lotuta, osasun-produktuekin ikerketa klinikoak egitea baimentzeko prozeduretan ezarrita daudenak ere.

Azkenik, alarma-egoera bitartean aldi baterako ezintasun-egoeran sartu diren edo egoera horretan jarraitzen duten Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorreko eta Mutualitate Judizial Orokorreko mutualistek beren ordainsariak jasotzen jarrai dezaten, beharrezkotzat jo da langileen organoei aldi baterako jardute-arauak ematea, aldi baterako ezintasun-egoera guztiei lotutako izapideak kudeatzeko eta dagozkien ordainsariak ordaintzeko.

Neurri horiek geroraezinak dira, aplikazioa eraginkorra izan dadin. Neurriok ordenamendua aldatzen dute, baina, aldi baterako izateaz gain, erabat arrazoituta dago; izan ere, nekazaritzako kanpainetan bat-batean sortu diren premiei irtenbidea ematen lagunduko dute. Indarrean dagoen araudian kasu batzuetarako salbuespenak txertatu eta ezinbesteko epean aplikatuko dira (ekainaren 30a arte); hortaz, arrazoituta dago errege lege-dekretuaren figura erabiltzea, segidan arrazoituko dugun moduan. Gainera, agerikoa da neurrion proportzionaltasuna, kontuan hartzen badira bestela sortuko ziren kalteak. Bestalde, ekintza publikoa baliatu da errentak, ekoizpen-sektorea (errealitateak erakutsi baitu estrategikoa eta ezinbestekoa dela) eta herritarren horniketa osoa babesteko.

  • III. Errege lege-dekretua emateko eskakizunak betetzea.

Errege lege-dekretua aldaketa horiek ordenamenduan sartzeko tresna gisa erabiltzeari dagokionez, bi gauza hartu behar dira kontuan: errege lege-dekretu bidez arlo batzuk ezin direla arautu eta, gainera, inguruabar jakin batzuk gertatu behar direla errege lege-dekretua erabiltzeko. Arautu ezin diren arloei dagokienez, hona zer ezartzen duen Konstituzioak 86.1 artikuluan: errege lege-dekretuek «ezin eragingo diete, ez Estatuaren funtsezko instituzioen ordenamenduari, ez I. tituluan araututako herritarren eskubide, betebehar eta askatasunei, ez autonomia-erkidegoen araubideari, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrari». Errege lege-dekretu honek ez du eraginik izango gai horietan.

Izan ere, arauan sartzen diren xedapenek ez dute ukitzen aurreko elementu horietako bakar bat ere muinean: ez da Estatuko funtsezko erakunderik arautzen; ez da ukitzen herritarren eskubide eta betebeharren izaera; ez da autonomia-erkidegoen araubidearen gaineko eraginik sortuko, ez baitira horrentzat hemengo neurriak, eta hauteskunde-araubidearekin ere ez dago inolako loturarik. Beraz, xedapen horien edukian ez dago ezer haiek onartzea eragozten duenik puntu honetan.

Errege lege-dekretua erabiltzea aparteko eta presako beharrizantzat jotzeko gertatu beharreko inguruabarrak direla eta, kontuan hartu behar da Konstituzio Auzitegiaren doktrina, 2018ko ekainaren 7ko 61/2018 epaiaren 4. oinarri juridikoan laburbiltzen dena. Doktrina horren arabera, batetik, beharrezkoa da «Gobernuak tresna hori onartzeko aztertu dituen zioak era esplizituan eta arrazoituan azaltzea», hau da, presazko egoera azaltzea; bestetik, «ezinbesteko lotura egon behar da zehazten den presako egoeraren eta egoera horri erantzuna emateko hartzen den neurriaren artean». Konstituzio Auzitegiak adierazi duen bezala, «errege lege-dekretuaren erabilera «egoera ekonomiko zailetan» onartu izan da, Konstituzioaren arabera guztiz zilegi baita horrelakoetarako; izan ere, bidezkoa eta egokia da presako legegintza justifikatzen duen xedea lortzeko: «Gobernuaren helburuen barruko egoera jakin batzuk laguntzea, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen dutenak, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 31/2011, martxoaren 17koa, 4. oinarri juridikoa; 137/2011, irailaren 14koa, 6. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa). Azkenik, ohartarazi behar da erreforma hau egiturazkotzat jotzeak ez duela berez eragozten errege lege-dekretua erabiltzea; izan ere, konpondu nahi den arazoa ustez egiturazkoa bada ere, baliteke hura konpontzeko aparteko eta presako beharrizana izatea noizbait eta, beraz, orduan bidezkoa izatea errege lege-dekretua onartzea. Beharrizana dagoen erabakitzeko, kasuan kasuko inguruabarrak aztertu beharko dira (Konstituzio Auzitegiaren 137/2011 epaia, 6. oinarri juridikoa, Konstituzio Auzitegiaren epai hauetan berretsia: 183/2014, 5. oinarri juridikoa; 47/2015, 5. oinarri juridikoa; 139/2016, 3. oinarri juridikoa)».

Konstituzioaren arabera, errege lege-dekretua bidezko tresna da, baldin eta, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatu duen bezala (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria; 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria; 68/2007 epaia, 10. oinarria; eta 137/2011 epaia, 7. oinarria), eta kasu honetan ere gertatzen den bezala, presako legegintza justifikatzen duen helburua gobernu-helburuen barruan egoera zehatz bati erantzuna ematea bada, eta egoera horrek aurrez ikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen badu, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan, eta errege lege-dekretua are tresna zilegiagoa da prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean. Osasun-krisialdiaren bilakaera dela eta, ezinbestekoa da bestela beharrezkoak izango ez ziren neurri batzuk hartzea; eta errege lege-dekretua ezinbestekoa da neurri horiek eraginkortasunez hartu ahal izateko.

Ondorioz, ziurta daiteke lotura zuzena dagoela definitu den presaren eta hari erantzuna emateko hartu den neurri zehatzaren artean: lan-arloan adostutako neurriak hartzeko, ezin da itxaron arauak parlamentuan izapidetu arte, atzerapenak nekazaritzako elikagaien produkzioan eta herritarren horniketan kalte handiegia eragingo lukeelako. Halaber, egokia da errege lege-dekretu hau berehala indarrean jartzea, gainerako aukerek epe askoz ere handiagoa eskatzen dutelako. Araugintzako presako ekintza honek ziurtatzen du azaldutako lege-aldaketa denbora laburragoan egingo dela legeak prozedura arruntaren bidez edo presako prozeduraren bidez parlamentuan izapidetzeko behar den denboran baino (Konstituzio Auzitegiaren 68/2007 epaiaren 10. oinarri juridikoa eta 137/2011 epaiaren 7. oinarri juridikoa).

Onartu behar da, beraz, behar den lotura dagoela definitu den presako egoeraren eta hari erantzuna emateko errege lege-dekretuaren bitartez hartzen diren neurrien artean (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982 epaia, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 182/1997 epaia, urriaren 20koa, 3. oinarri juridikoa, eta 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 4. oinarri juridikoa). Adierazi bezala, produktuak biltzeko premia handienei heltzeko aldi baterako langile nahiko ez izatea eta herritarrak hornitzeko, nekazaritzako ustiategiak mantentzeko eta pertsona partikularren errenta ziurtatzeko orduan horrek ondorioak izatea oso lotuta dago kasu batzuetan lan-harreman horretarako baldintzak malgutzea baimentzeko erabakiarekin. Era berean, arauaren amaieran ezartzen diren neurri osagarriak hartzeko, presa bera dago eta lotura bera dago Gizarte Segurantzaren eta administrazio-mutualismoaren zerbitzuen funtzionamendua sinplifikatu eta azkartu beharraren eta Espainiako epidemia-egoeraren artean.

Bestalde, kontuan hartu behar da errege lege-dekretu honetan erantzun egokia eta nahikoa emateko premiazko neurriak baino ez direla ezartzen, eta betiere figura horretarako zehazten diren presako mugen artean, baina, horrez gain, errege lege-dekretu hau ezinbestean sartu behar da nazioko gobernua jada eremu horretan hartzen ari den neurrien multzoan.

Printzipioz lege maila behar ez duten beste neurri batzuk ere sartzeko aukerari dagokionez, nabarmendu behar da gure sistema juridikoan, gure inguruko beste herrialde batzuenean ez bezala, ez dagoela arauzko erreserbaren mendeko esparru materialik; hortaz, lege mailako arau baten bidez ere arautu ahal dira gai horiek. Erabakia ezinbestekotzat jo da, neurriak onartzeko presa handi-handia baitago (horri erantzuteko modu bakarra errege lege-dekretua da) eta lege-erreserbaren mendean ez dauden manuak oso lotuta baitaude proiektu osoarekin.

Era berean, errege lege-dekretu honen xedea zein den ikusita eta lehenbailehen aplikatu behar dela kontuan hartuta, beronen beharrizana apartekoa eta presakoa da, Espainiako Konstituzioak 86. artikuluan eskatzen duen bezala.

  • IV. Erregulazio onaren printzipioak betetzea

Horregatik guztiagatik, errege lege-dekretu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioei jarraituz ematen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129. artikuluan agintzen duen bezala. Alde horretatik, aldaketa hau beharrezkoa eta eraginkorra da, behar horiek betetzeko aldaketa premiazkoenak egin behar direlako une honetan, eta horretarako ez dagoelako beste baliabiderik lege-mailako araua baino. Gardentasun-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretua izanik, ez da beharrezkoa aurretik kontsulta publikoa egitea, eta entzunaldi-izapidea eta informazio publikoaren izapidea ere ez dira behar. Era berean, proportzionala eta gardena da, interes publikoa babesteko elementuak baino ez baitira ezartzen aldaketa honen bitartez. Halaber, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzen da, neurri guztiak ondo egokitzen direla ziurtatzen baita. Azkenik, efizientziaren printzipioa ere betetzat jotzen da, ez baita ezartzen ezinbestekoa ez den administrazio-karga berririk gaur egungo erregulazioarekin erkatuta.

Errege lege-dekretua babesten duten eskumen-tituluei dagokienez, errege lege-dekretu honetan xedatutakoa honako arau hauetan jasotako baimenaren babesean ematen da: Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 7. arauan, zeinaren bidez lan-legeriaren arloko eskumen esklusiboa esleitzen baitzaio Estatuari, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek betearaztea; Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13. arauan, zeinaren bidez jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumena esleitzen baitzaio Estatuari; Konstituzioaren 18. arauan, zeinaren bidez administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak emateko eskumena eta administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen gaineko eskumena esleitzen baitzaizkio Estatuari, eta Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 17. arauan, zeinaren bidez Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren gaineko eskumena esleitzen baitzaio Estatuari, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak gauzatzea. Seigarren xedapen gehigarria 149.1 artikuluko 14. arauaren babesean eman da, arau horrek eskumen esklusiboa ematen baitio Estatuari Ogasun Nagusiaren eta Estatuaren Zorraren arloan.

Horren arabera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroak eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 7ko bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

  • 1. artikulua. Xedea.

Errege lege-dekretu honen bitartez, nekazaritzako sektoreko langileen aldi baterako kontratazioa erraztu nahi da; horretarako, enplegua malgutzeko aparteko neurri sozialak eta laboralak ezartzen dira, beharrezkoak direnak alarma-egoeraren indarraldian nekazaritzako jarduerari eusteko. Alarma-egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu du, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko. Neurrion aplikazioa aldi baterakoa izango da, 2020ko ekainaren 30a arte.

Aldi baterako kontratuak neurri horren mende egongo dira, baldin eta nekazaritzako ustiategietan ekonomia-jardueren sailkapen nazionaleko edozein kodetako besterentasun-eta mendekotasun-erregimeneko jarduerak egiteko sinatzen badira, langilearen lanbide-kategoria edo lan zehatza kontuan hartu gabe, eta baldin eta kontratuaren sinadura eta amaiera aurreko paragrafoan adierazitako epe barrukoak badira.

  • 2. artikulua. Lan-malgutzeko aparteko neurrien onuradunak.

  • 1. Errege-lege dekretu hau indarrean sartzen denean honako egoera hauetako edozeinetan dauden pertsonak aldi baterako malgutze-neurrien onuradunak izan ahalko dira:

  • a) Langabezian edo jarduera utzita daudenak.

  • b) Jardueraren aldi baterako ixtearen ondorioz, Langileen Estatutuen Legearen testu bategineko 47. artikuluan ezarritakoari jarraituz eta 3.1.b) artikuluan adierazitako moduan kontratua aldi baterako etenda daukaten langileak (Langileen Estatutuen Legearen testu bategina urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

  • c) Lan-baimena martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren indarraldiaren hasieratik 2020ko ekainaren 30a arteko epean amaitu zaien langile migratzaileak. Lan-baimena Migratzaileen Estatu Idazkaritzaren jarraibideen arabera luzatuko da.

  • d) Era berean, beste herrialde batzuetako 18 eta 21 urte bitarteko gazteak ere neurrion onuradunak izan ahalko dira, egoera erregularrean baldin badaude.

  • 2. Langunetik hurbil bizi diren pertsonak errege-lege dekretu honetan onartutako malgutze-neurrien onuradunak izan ahalko dira. Langilearen bizilekua edo lo egiteko lekua, kanpaina bitartean langunearen udal-mugarte berean edo mugako udal-mugarteetan baldin badago, langunetik hurbil dagoela iritziko zaio. Autonomia-erkidegoek egokitu ahalko dute irizpide hori, lurralde-egituraren arabera, udalerrien despopulazioa edo barreiadura kontuan izanik.

  • 3. artikulua. Lan-prestazioen bateragarritasuna.

Errege-lege dekretu honetan ezartzen diren enplegua malgutzeko aparteko neurriak aplikatuta egiten den lan-jarduerari lotuta jasotzen diren ordainsariak bateragarriak izango dira beste ordainsari hauekin:

  • a) 5/1997Errege Dekretuan arautzen den langabezia-saria (5/1997 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziko aldi baterako langileentzako langabezia-saria arautzen duena) eta 426/2003 Errege Dekretuan arautzen den nekazaritza-errenta (426/2003 Errege Dekretua, apirilaren 11koa, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziari atxikita dauden eta Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetan bizi diren aldi baterako langileentzako nekazari-errenta arautzen duena).

  • b) Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla-eta Langileen Estatutuen Legearen testu bategineko 47. artikuluan ezarritakoari jarraituz egindako etenaldiaren ondoriozko langabezia-prestazioak (testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen); baina horretatik kanpo utzi behar dira 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22., 23. eta 25. artikuluetan ezartzen diren neurrietatik sortu direnak (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena).

  • c) Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko III. tituluan arautzen diren prestazio guztiak.

  • d) Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 331. artikuluan ezartzen diren kausengatik jarduera uzteagatiko prestazioak (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); baina horietatik kanpo utzi behar dira 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 17. artikuluan ezartzen den neurritik sortu diren prestazioak (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena).

  • e) Lanarekin bateraezina den eta beste administrazio batek eman duen edozein prestazio ekonomiko edo onura zein laguntza sozial, edo bateraezina izan ez arren, lan-jardueraren ondoriozko diru-sarreren eraginez, prestazio motari dagokion araudian ezarritako errenta-mugak gainditzen dituena.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, ez dira bateragarriak izango Gizarte Segurantzak aldi baterako ezintasunarengatik, haurdunaldiko arriskuarengatik eta edoskitzaro naturaleko arriskuarengatik ematen dituen prestazio ekonomikoekin. Era berean, ez dira bateragarriak izango ezintasun iraunkor kontributiboko pentsioekin, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean ezarritako kasuetan izan ezik (testu bategin hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Bateraezina izango da jaiotzagatik edo adingabea zaintzeagatik Gizarte Segurantzak ematen duen prestazioarekin; hala ere, ama biologikoak erditu ondoren nahitaez hartu behar duen aldiari dagokionez izan ezik, nahitaezko aldia edo aldi horretatik geratzen den zatia errege lege-dekretu honetan aurreikusitako ordainsariak amaitu eta hurrengo egunetik baliatu ahal izango da.

Lan-jarduera horren bidez lortzen diren diru-sarrerak ez dira kontuan hartuko Gizarte Segurantzaren ordaindutakoaren araberako prestazioetarako edo ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioetarako ezarritako errenta-mugak zehazteko, ez eta kontribuzio-pentsioen gutxienekora iristeko ematen diren osagarriak ere.

  • 4. artikulua. Enpresariaren betebeharrak.

Enpresariak beti ziurtatu behar du COVID-19 birusari aurre egiteko prebentzio-baliabide egokiak eskuragarri dituela.

  • 5. artikulua. Izapidetzea.

  • 1. Zehaztu diren egoeretan dauden pertsonen kontratazioa sustatuko dute administrazio eskudunek eta gizarte-eragileek; bereziki, 2.2 artikuluan ezartzen den hurbiltasun-baldintza kontuan hartu behar da.

  • 2. Enpresek eta enplegu-emaileek autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publiko eskudunei jakinaraziko dizkiete herri bakoitzean bete behar diren enplegu-eskaintzak. Zerbitzu haiek kudeatuko dituzte eskaintzok, haiei premiaz erantzuteko, errege lege-dekretu honetako 2. artikuluan aipatzen diren onuradunen bitartez, eta beti ziurtatu beharko dute 2.2 artikuluko betekizunak betetzen direla.

  • 3. Autonomia-erkidegoetako zerbitzu publikoek lehentasunezko taldeak ezarriko dituzte, baldin eta herri edo udalerri bateko lan-eskaintzak gutxiago badira herri edo udalerri horretako enplegu-eskatzaileak baino. Lehentasunezko irizpide hauek kontuan hartu behar dira enplegu-eskaintza horiek kudeatzeko:

  • a) Langabezian edo jarduera utzita dauden pertsonak, sorospenik edo prestaziorik jasotzen ez dutenak.

  • b) Langabezian edo jarduera utzita dauden pertsonak, sorospenak edo ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioak soilik jasotzen dituztenak.

  • c) Langabezian edo jarduera utzita dauden pertsonak, langabeziako sorospenak edo gizarte- edo lan-prestazioak jasotzen dituztenak.

  • d) Alarma-egoera deklaratu zen egunetik 2020ko ekainaren 30a arteko aldian lan-baimena edo egoitza-baimena amaitu zaien migratzaileak.

  • e) Beste herrialde batzuetako 18 eta 21 urte bitarteko gazteak, egoera erregularrean daudenak.

  • 4. Enpresek eta enplegu-emaileek ohiko moduan jakinaraziko dizkiete autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publiko eskudunei errege-lege dekretu honen araberako kontratazioak, eta esleitutako eskaintzaren identifikatzaile espezifikoa bete beharko dute. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kontratu horiek identifikatuko ditu, eta informazioa bidaliko die dagozkion agintariei, administrazio publiko eskudunei eta, edonola ere, lan-agintariei, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari eta Migratzaileen Estatu Idazkaritzari.

  • 5. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko afiliatuen datu-baseekin eta Enplegu Sistema Nazionaleko kontratuen datu-basearekin datuak trukatzeko prozesu automatikoen eraginez eten diren langabezia-prestazioak ofizioz berrezarriko ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, baldin eta kontratuak errege-lege dekretu honen arabera egin badira.

Nekazaritzako langileen langabezia-prestazioa jasotzen dutenei, ordainketa sistema bateratua aplikatzen bazaie, kontratu horien bidez egiten dituzten lanaldi errealak ez zaizkie kontuan hartuko, zenbatekoa eta eskubidez dagozkien eta baliatu dituzten egunak zehazteko.

  • 6. Soldata banku-transferentzia bidez ordainduko da, langileak enplegu-emailearekin sinatutako kontratu idatzian adierazi duen kontuan. Edonola ere, langilea zer sektoretakoa den alde batera utzita, gutxieneko ordainsariak indarrean dagoen hitzarmen kolektiboaren arabera dagokiona izan behar du, eta, gutxienez ere, otsailaren 4ko 231/2020 Errege Dekretuan adierazitako lanbide arteko gutxieneko soldata izango da (231/2020 Errege Dekretua, otsailaren 4koa, 2020rako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duena).

Lehen xedapen gehigarria. Koordinazioa eta jarraipena.

1. Gobernuaren ordezkaritzek eta, hala dagokionean, ordezkariordetzek, autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin eta gainerako administrazio publikoekin koordinatuta, behar diren koordinazio- eta partaidetza-mekanismoak ezarriko dituzte errege-lege dekretu honetan ezartzen diren neurriak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko.

2. Era berean, Gobernuaren ordezkaritzek eta, hala dagokionean, ordezkariordetzek neurrien aplikazioaren jarraipena egin beharko dute errege-lege dekretu honen eraginpeko lurraldeetan. Horretarako, agintari eskudunek ematen dizkieten datuak erabiliko dituzte.

Bigarren xedapen gehigarria. Apirilaren 2ko 625/1985 Errege Dekretua aplikatzea, zeinak

Langabeziagatiko Babesari buruzko abuztuaren 2ko 31/1984 Legea garatzen baitu, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aplikatzea, zeina urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen, eta, zehazki, testu bateginaren 342. artikulua aplikatzea.

Errege-lege dekretu hau indarrean jartzen denetik 2020ko ekainaren 30a arte, errege-lege dekretu honen arabera egindako kontratuak dituzten langileei ez zaie aplikatuko apirilaren 2ko 625/1985 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa (Langabeziagatiko Babesari buruzko abuztuaren 2ko 31/1984 Legea garatzen du errege-dekretu horrek), ezta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 342. artikuluan ezarritako bateraezintasun-araubidea ere (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

Hirugarren xedapen gehigarria. Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileen prozeduren izapideak sinplifikatzeko neurriak, alarma-egoeraren deklarazioaren ondoriozkoak.

Prozeduren izapideak sinplifikatzeko aparteko neurri hauek onartzen dira, Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileei Gizarte Segurantzako prestazioen alorrean erabakiak behin-behinean hartzeko modua ematen dietenak:

  • 1. Interesdunak, ziurtagiri elektronikorik edo pasahitz iraunkorrik ez baldin badauka, Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoko komunikazio-kanala erabili beharko du bere eskubideak baliatzeko, dokumentuak aurkezteko, edozein izapide egiteko edo zerbitzuak eskatzeko. Kanal hori Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoan dago (sede.seg-social. gob.es), eta Gizarte Segurantzaren www.seg-social.es webgunetik sar daiteke hara («acceso directo a tramites sin certificado» (izapideak egiteko sarbidea, ziurtagiririk izan ez arren)), eta prestazioak kudeatzen dituen erakunde kudeatzailearen arabera xede horretarako jarritako beste esteka batzuetatik ere bai. Informazioak eguneratuta egon behar du beti, Gizarte Segurantzaren www.seg-social.es webgunearen bidez.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalerako: http://run.gob.es/cqsjmb.

Itsasoko Gizarte Instituturako: http://run.gob.es/lpifqh.

  • 2. Interesdunak ziurtagiri elektronikorik edo pasahitz iraunkorrik ez baldin badauka, berak deklaratu duen identitatea behin-behinean onartuko da; edonola ere, erakunde kudeatzaileak SVDIR sistema bidez identitatea egiaztatzeko jada ezarrita dauden bitartekoak erabil ditzake, identitatearen datuak kontsultatu eta egiaztatzen dituztenak eta egoitzaren datuak egiaztatzen, baita erroldako datuak kontsultatzen ere (SECOPA). Identitatearen datuak kontsultatu eta egiaztatze hori apirilaren 28ko 522/2006 Errege Dekretuan araututa dago; egoitzaren datuak egiaztatzea apirilaren 28ko 523/2006 Errege Dekretuan araututa dago. Erroldako datuak kontsultatzeko, Gizarte Segurantzaren aplikazio korporatiboen Pros@ markoa erabili ahalko du, baita antzekoak diren beste baliabide batzuk ere.

Administrazio publikoetan aurrez jada sartuta dauden dokumentuak eta informazioa ere kontsultatu edo eskuratu ahalko dituzte erakunde kudeatzaileek, interesdunak horren aurka egin ezean, 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintzak eta salbuespenak kontuan hartuta (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

  • 3. Interesdunak, sinadura elektronikorik ez badu, berariaz adierazi beharko du bere espedientea izapidetzea nahi duela edo horretarako baimena ematen duela.

  • 4. Bulego publikoak itxita baldin badaude eta horren ondorioz interesdunak ezin badu nahitaezko dokumentua aurkeztu, edo horretarako ezarritako ohiko prozedura bete, eskura dituen ordezko dokumentuak edo frogabideak eman beharko ditu, eskubidea aitortzeko edo berrikusteko prozeduran eskatzen diren betekizunak edo baldintzak betetzen dituela frogatze aldera; horrek ez du kentzen, hala ere, nahitaezko dokumentuak aurkeztu behar izatea alarma-egoeraren indarraldia amaitutakoan.

  • 5. Interesdunak ez badu edo ezin badu lortu eskubide hori egiaztatzeko ordezko dokumenturik, berak baliatu nahi dituen datuen edo dokumentuen gaineko erantzukizunpeko adierazpena ere onartu ahalko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraituz; eta, edonola ere, baliteke geroago datu edo egitate horiek ziurtatzeko dokumentuak aurkeztu behar izatea eta behin-behinean onartu ziren prestazioak berrikustea.

  • 6. Aurkeztutako eskabidea -eta, hala dagokionean, dokumentuak- kontuan hartuta, erakunde kudeatzaileak behar diren egiaztapenak egin beharko ditu, eta behin-behineko ebazpena emango du, eskubidea baiesteko edo ezesteko, kasuaren arabera.

Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek berrikusiko dituzte araubide iragankorrean prestazioak aitortzeko edo berrikusteko eman diren behin-behineko ebazpen guztiak. Berrikusi eta gero, eta hala dagokionean, ordaindu beharreko zenbatekoak ordainduko dira. Jardunbide horren ondoren ondorioztatzen baldin bada interesdunak ez duela prestazio hori jasotzeko eskubiderik, bidegabe jaso dituen kopuruak erreklamatzeko behar diren neurriak hartuko dira.

Laugarren xedapen gehigarria. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Itsasoko Gizarte Institutuaren prozeduren izapideak errazteko neurriak, alarma-egoeraren deklarazioaren ondoriozkoak.

  • 1. Prozeduren izapideak sinplifikatzeko aparteko neurri hauek onartzen dira, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoei eta Itsasoko Gizarte Institutuari modua ematen dietenak herritarrek langabezia-prestazioak jasotzeko eskabideez erabakiak behin-behinean hartzeko.

  • a) Interesdunak, ziurtagiri elektronikorik edo pasahitz iraunkorrik ez baldin badauka, honako formulario honen bidez egin dezake behin-behineko eskaera: «Formulario de solicitud previa individual de prestaciones por desempleo» (langabezia-prestazioaren banakako aurre-eskaera egiteko formularioa). Formulario hori Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean eta haren egoitza elektronikoan dago erabilgarri; edo, bestela, Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikokoa erabil dezake eskatzaileak, baldin eta Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko langilea bada.

  • b) Behin-behineko eskaera bide horretatik egiten duenean, interesdunak deklaratu duen identitatea onartuko da; edonola ere, erakunde kudeatzaileak identitatea egiazta dezake, identitatea SVDIR sistema bidez egiaztatzeko jada ezarrita dauden bitartekoak erabiliz. Sistema horren bidez, identitate-datuak egiaztatu eta kontsultatzen dira eta egoitzaren datuak egiaztatzen, baita erroldako datuak kontsultatzen ere (SECOPA). Identitatearen datuak egiaztatu eta kontsultatze hori apirilaren 28ko 522/2006 Errege Dekretuan araututa dago; egoitzaren datuak egiaztatzea apirilaren 28ko 523/2006 Errege Dekretuan araututa dago. Erroldako datuak kontsultatzeko, Gizarte Segurantzaren aplikazio korporatiboen SILCOIWEB markoa erabili ahalko du, baita antzekoak diren beste baliabide batzuk ere.

  • c) Erakunde kudeatzaileak prestazioak aitortzeko behar diren informazio eta dokumentuak kontsultatu edo eskuratu ahalko ditu, baldin eta administrazio publikoetan badaude.

  • d) Interesdunak, sinadura elektronikorik ez badu, berariaz adierazi beharko du bere espedientea izapidetzea nahi duela edo horretarako baimena ematen duela.

  • e) Bulego publikoak itxita baldin badaude eta horren ondorioz interesdunak ezin badu nahitaezko dokumentua aurkeztu, edo horretarako ezarritako ohiko prozedura bete, eskura dituen ordezko dokumentuak edo frogabideak eman beharko ditu, eskubidea aitortzeko edo berrikusteko prozeduran eskatzen diren betekizunak edo baldintzak betetzen dituela frogatze aldera; horrek ez du kentzen, hala ere, nahitaezko dokumentuak aurkeztu behar izatea alarma-egoeraren ondoriozko murriztapenak amaitutakoan.

  • f) Interesdunak ez badu prestazioa jasotzeko eskubidea ziurtatzeko ordezko dokumenturik eta ezin badu eskuratu, berak baliatu nahi dituen datuen edo dokumentuen gaineko erantzukizunpeko adierazpena ere onartu ahalko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraituz; eta, edonola ere, baliteke geroago aurkeztu behar izatea alegatutako datuak edo egitateak ziurtatzeko dokumentuak.

  • g) Aurkeztutako eskabidea -eta, hala dagokionean, dokumentuak- kontuan hartuta, erakunde kudeatzaileak behar diren egiaztapenak egin beharko ditu, eta behin-behineko ebazpena emango du, eskubidea baiesteko edo ezesteko, kasuaren arabera.

  • 2. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Itsasoko Gizarte Institutuak, hurrenez hurren, araubide iragankorrean prestazioak emateko edo berrikusteko eman diren behin-behineko ebazpenak gainbegiratuko dituzte.

Ebazpena gainbegiratu eta gero ondorioztatzen baldin bada prestazioaren aitorpena ez dela legearen araberakoa, bidegabe jaso diren kopuruak erreklamatzeko prozedurari ekingo zaio, edo, hala dagokionean, prestazio egokia ordainduko dute.

Bosgarren xedapen gehigarria. Aldi baterako ezintasun-egoeran dauden MUFACEko eta MUGEJUko mutualistei alarma-egoeraren indarraldian lizentziak ematea eta ordainsariak ordaintzea.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratzen duen alarma-egoeraren indarraldian eta haren luzapenetan, aldi baterako ezintasun-egoeran dauden edo egoera hartan sartu diren MUFACEko eta MUGEJUko mutualistei dagokienez, langileen organoek xedapen honetan ezartzen dena beteko dute, alde batera utzi gabe Estatuko Funtzionario Zibilen Gizarte Segurantzari buruzko Legearen testu bategineko 21. artikuluan eta manu hori garatzeko arauetan ezarritakoa eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bategineko 20. artikuluan ezarritakoa betetzea (Estatuko Funtzionario Zibilen Gizarte Segurantzari buruzko Legearen testu bategina ekainaren 23ko 4/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen; Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bategina, berriz, ekainaren 23ko 3/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

  • 1. Aldi baterako ezintasuna alarma-egoera deklaratu aurretik hasi baldin bazen:

  • a) Aldi baterako ezintasun-egoeran 91. egunera iritsi ez diren mutualistak baldin badira, honela jokatuko dute langileen organoek:

  • i. Gaixotasun-lizentziak ematen jarraituko dute, prozesu patologikoa eta osasun-laguntza egiaztatzeko baja-agiria ez badute ere.

  • ii. Baja-agiria geroago jasoko dute, erakundeko edo osasun-zerbitzu publikoko medikuak eman ahal duenean.

  • iii. MUFACEri ohiko aplikazio informatikoaren bidez jakinaraziko diote zer lizentzia eman dituzten eta zer aldiri dagozkien.

  • b) Alarma-egoera indarrean egon bitartean aldi baterako ezintasun-egoeraren 91. egunera iritsi diren MUFACEko mutualistak baldin badira, eta egoera berean aldi baterako ezintasun-egoeraren 181. egunera iritsi diren MUGEJUko mutualistak baldin badira, honela jokatuko dute langileen organoek:

  • i. Gaixotasun-lizentziak ematen jarraituko dute, prozesu patologikoa eta osasun-laguntza egiaztatzeko baja-agiria ez badute ere.

  • ii. Baja-agiria geroago jasoko dute, erakundeko edo osasun-zerbitzu publikoko medikuak eman ahal duenean.

  • iii. MUFACEri eta MUGEJUri ohiko aplikazio informatikoaren bidez eta ohiko prozeduraren bidez jakinaraziko diete zer aldiri dagokion lizentzia bakoitza.

  • iv. Ordainsarien % 100 ordaintzen jarraituko dute, hau da, ez dute ordainsari osagarririk deskontatuko alarma-egoera indarrean egon bitartean.

  • v. MUFACEk eta MUGEJUk aldi baterako ezintasunagatiko sorospenari dagozkion kopuruak konpentsatuko dizkiote erakundeari, baldin eta erakundeak geroago ere ordainsari horiek ordaintzen jarraitu baldin badu, eta betiere betekizunak betetzen dituela aurrez ziurtatuta. Kopuruak Altxorrean edo erakunde ordaintzailearen kutxan sartuz egingo da konpentsazioa.

  • 2. Aldi baterako ezintasun-egoera alarma-egoera dagoen bitartean hasi bada, honela jokatuko dute langileen organoek:

  • a) Hasierako lizentzia eman ahalko dute, eta, hala dagokionean, lizentzia luzatu ahalko dute, prozesu patologikoa eta osasun-laguntza egiaztatzeko baja-agiria ez badute ere.

  • b) Baja-agiria geroago jasoko dute, erakundeko edo osasun-zerbitzu publikoko medikuak eman ahal duenean.

  • c) MUFACEri ohiko aplikazio informatikoaren bitartez eta MUGEJUri ohiko prozeduraren bitartez jakinaraziko diete aldi baterako ezintasun-egoera hori.

Seigarren xedapen gehigarria. Tasak salbuestea COVID-19ak eragin duen osasun-krisialdia dela eta.

  • 1. COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdian, COVID-19aren osasun-krisialdiari lotutako sendagaiak ikertzeko saiakuntza klinikoak baimentzeko prozedurei ez zaie aplikatuko Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategineko 123.1 artikuluko «Ikerketa klinikoa» deritzon V. multzoko tasa, betiere merkataritza-asmorik egon ezean, eta Sendagaiekin egiten diren Saiakuntza Klinikoak, Sendagaien Ikerketarako Etika Batzordeak eta Azterketa Klinikoen Espainiako Erregistroa arautzen dituen abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuaren 2.2.e) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita (testu bategin hura uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Halaber, Administrazio Publikoak sustatzen dituen saiakuntza klinikoei ere ez zaie aplikatuko tasa hori.

  • 2. COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdian, Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategineko 123.1 artikuluko VIII. multzoko 8.12 epigrafean ezarritako tasa ez zaie aplikatuko funtzionamendurako aldez aurretiko lizentziaren prozedurei, COVID-19aren osasun-krisialdian osasun publikoa babesteko eta hornidura bermatzeko behar diren osasun-produktuak fabrikatzeko Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak salbuespenez ematen dituen lizentziei dagokienez.

  • 3. COVID-19ak eragin duen osasun publikoko larrialdian, Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen testu bategineko 123.1 artikuluko VIII. multzoko 8.19 epigrafean ezarritako tasa ez zaie aplikatuko osasun-produktuen ikerketa klinikoak baimentzeko prozedurei, baldin eta ikerketak COVID-19ak eragin duen osasun-krisialdiari lotuta badaude.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da 11/2020 Errege Lege Dekretuaren hogeita batgarren xedapen gehigarria (11/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 31koa, Gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituena COVID-19ari aurre egiteko).

Azken xedapenetako lehenengoa. 6/2020 Errege Lege Dekretua aldatzea (6/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaz presako neurri batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko).

Aldatu egiten da 6/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 10ekoa, zeinaz presako neurri batzuk hartzen baitira ekonomiaren arloan eta osasun publikoa babesteko; zehazki, bosgarren artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«Bosgarren artikulua. COVID-19 birusaren ondorioz langileak bakartuta edo kutsatuta egon diren aldiak edo haiek bizi diren udalerritik irteteko dituzten mugak lan-istripuarekin parekatutako egoeratzat hartzea, salbuespen gisa.

  • 1. Osasun publikoa babesteko, salbuespena eginez, lan-istripuarekin parekatutako egoeratzat hartuko dira COVID-19 birusaren ondorioz langileak bakartuta edo kutsatuta egon diren aldiak, Gizarte Segurantzako sistemaren aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoari lotutako kontuetarako soilik, salbu eta frogatzen bada lana egitean kutsatu dela gaixotasunaz eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 156. artikuluan ezarritako baldintzetan; kasu horretan, lan-istriputzat hartuko da (testu bategin hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Salbuespenez, babes hori emango zaie martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua (COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) aplikatzen ez den jardueretan zerbitzuak emateko beren udalerritik beste batera joan behar duten langileei ere, baldin eta agintari eskudunak erabaki badu langile horiek bizilekua duten udalerritik pertsonak irtetea mugatzea, agintari eskudunak berariaz ukatu badie langile horiei lekualdatzeko aukera, langileok ezin badute beren lana telematikoki egin zerbitzuak ematen diharduten enpresari edo langileei berei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik eta langileok ez badute beste prestazio publikorik jasotzeko eskubiderik. Bizi diren udalerritik irteteko murrizketak hasten direnetik aurrera izango ditu ondorioak neurriak, eta, betiere, baja-agiria izan beharko dute.

Bizilekuko udalak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, dagokien osasun-zerbitzu publikoko organoan, langileek bizilekua duten herrian biztanleriaren irteerak mugatu direla eta lekualdatzea ukatu dela. Era berean, lana telematikoki egiteko ezintasuna enpresaren ziurtagiri baten bidez egiaztatuko da, edo, norberaren konturako langileen kasuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, osasun-zerbitzu publikoko organo berean aurkeztuta.

  • 2. Salbuespenezko prestazio horren iraupena baja-agiriak eta dagokion alta-agiriak zehaztuko dute.

Bizilekua duten udalerritik irteteko mugak baldin badaude, eta martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluan aipatzen diren besteren konturako langileak badira (10/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaz berreskuratzeko baimen ordaindu bat arautzen baita besteren kontura diharduten eta funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten langileentzat, COVID-19aren kontrako borrokan biztanleriaren mugikortasuna murrizteko asmoz), baja-agiri bat emango da, mugikortasunaren murrizketaren hasiera-datatik aurrerako ondorioak dituena, eta alta-agiri bat, 2020ko martxoaren 29tik aurrerako ondorioak dituena. Norberaren konturako langileak edo autonomoak badira, prestazioa jasotzeko eskubidea baja-agiriaren bidez sortuko da, mugikortasunaren murrizketa hasten den egunetik, eta murrizketa amaitzen den egunera arte iraungo du. Aldi baterako ezintasunagatiko sorospen hori bateraezina da Gizarte Segurantzaren prestazio bat jasotzeko eskubidearekin, kontingentzia arruntengatiko edo profesionalengatiko aldi baterako ezintasuna barne.

  • 3. Prestazioa jasotzeko eskubidea sortu ahal izango du gertaera eragilearen egunean Gizarte Segurantzako edozein araubidetan alta emanda dagoen norberaren edo besteren konturako langileak.

  • 4. Gertaera eragilearen data langilea bakartzea, haren mugimenduak mugatzea edo haren gaixotasuna zehaztea erabakitzen den eguna izango da, nahiz eta baja-agiria data horren ondoren egin.»

Azken xedapenetako bigarrena. 8/2020 Errege Lege Dekretua aldatzea (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena).

Honela idatzita geratzen da 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 17. artikulua (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena):

«17. artikulua. Jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko deklaratu den alarma-egoerak ukitutako pertsonentzat.

  • 1. Salbuespen gisa, eta martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera amaitzen den hilaren azken egunera arte (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko), honako hauek izango dute jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa jasotzeko eskubidea:

  • a) Langile Autonomoen Araubide Berezian sartutako langile autonomoek, Nekazaritzako Norberaren Konturako Langileentzako Sistema Berezian sartutako nekazaritzako langile autonomoek eta Itsasoko Langileen Araubide Berezian sartutako langile autonomoek, baldin eta haien jarduerak etenda badaude, aipatutako errege-dekretuan ezarritakoaren arabera.

  • b) Langile Autonomoen Araubide Berezian sartutako langile autonomoek, Nekazaritzako Norberaren Konturako Langileentzako Sistema Berezian sartutako nekazaritzako langile autonomoek eta Itsasoko Langileen Araubide Berezian sartutako langile autonomoek, baldin eta, jarduera eten ez badute ere, prestazioa eskatzen den hilabete naturalaren aurreko hilabete naturalean duten fakturazioa gutxienez ehuneko 75 murrizten bada aurreko seihileko naturaleko fakturazioaren batezbestekoarekin alderatuta, eta hurrengo c) eta d) letretan jasotako kasuren batean ez badaude.

  • c) Nekazaritzako Norberaren Konturako Langileentzako Sistema Berezian sartuta dauden sasoikako ekoizpenetako nekazaritzako langile autonomoek, bai eta Itsasoko Langileen Araubide Berezian sartuta dauden arrantzako, itsasketako edo urtaroko produktu espezifikoetako ekoizpenetako langileek ere, prestazioa eskatzen den produkzio-kanpainaren aurreko hiletako batez besteko fakturazioa gutxienez ehuneko 75 murrizten denean aurreko urteko kanpainako hilabete berekin alderatuta.

  • d) 2009ko EJSNko kode hauetako batean diharduten langile autonomoek: 5912, 5915, 5916, 5920 kodeetan, baita 9001 eta 9004 kode artekoetan ere, biak barne; baldin eta, jarduera eten ez badute ere, prestazioa eskatzen den hilabete naturalaren aurreko fakturazioa gutxienez ehuneko 75 murrizten bada aurreko hamabi hilabeteetan egindakoarekin alderatuta.

  • 2. Hona prestazio hori jasotzeko eskubidea izateko betekizunak:

  • a) Alarma-egoera deklaratzen den egunean, afiliatuta eta alta emanda egotea Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian edo, hala badagokio, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian.

  • b) Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera jarduera zuzenean eteten ez bada, diru-sarrerak gutxienez ehuneko 75 murriztu direla egiaztatzea aurreko paragrafoko b), c) eta d) letretan jasotako aldietan.

  • c) Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta edukitzea. Hala ere, alarma-egoera deklaratzearen ondorioz jarduera eteten denean edo fakturazioa murrizten denean baldintza hori betetzen ez bada, organo kudeatzaileak proposamena egingo dio langile autonomoari, hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezinean zor dituen kuotak ordain ditzan. Zorpekoa erregularizatzeak erabateko ondorioak izango ditu babeserako eskubidea eskuratzeko.

  • d) Ez da beharrezkoa izango dagokion Gizarte Segurantzako erregimenean baja izapidetzea, prestazio hori jasotzeko eskubidea izateko.

  • 3. Artikulu honek arautzen duen prestazioaren zenbatekoa honela zehaztuko da: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 339. artikuluaren arabera kalkulatutako oinarriari ehuneko 70 aplikatuz (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Ez bada egiaztatzen prestaziorako eskubidea izateko behar den gutxieneko kotizazio-aldia, prestazioaren zenbatekoa honen baliokidea izango da: Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian edo, hala badagokio, Itsasoko Langileen Araubide Berezian jardueragatik dagokien gutxieneko kotizazio-oinarriaren ehuneko 70.

  • 4. Jarduera uzteagatiko aparteko prestazioak, artikulu honetan arautuak, hilabeteko iraupena izango du, eta, hala badagokio, alarma-egoera amaitzen den hileko azken egunera arte luzatuko da, baldin eta alarma-egoera luzatzen bada eta hilabete baino gehiago irauten badu. Hori jasotzeko igaro den denbora kotizatutzat joko da, ez da kotizatzeko betebeharrik egongo eta ez ditu laburtuko jarduera uzteagatik onuradunak etorkizunean jaso ditzakeen prestazioen aldiak.

  • 5. Prestazio hori bateragarria izango da onuraduna jasotzen ari den eta haren jarduerarekin bateragarria den gizarte-segurantzako beste edozein prestaziorekin.

Itsasoko Langileen Araubide Berezian sartutako norberaren konturako langileei dagokienez, jarduera uzteagatiko prestazioa bateraezina izango da flota geldiarazteagatiko laguntzak jasotzearekin.

  • 6. Lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek ere aparteko prestazio hori jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta erabaki badute norberaren konturako langileen araubide berezian sartzea eta artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

  • 7. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 346. artikuluan aipatzen diren entitateek kudeatuko dute prestazioa.

  • 8. Jarduera eteten bada, artikulu honetan araututako prestazioak estaltzen ez dituen 2020ko martxoko jarduera-egunei dagokien kotizazioari ez zaio aplikatuko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 30. artikuluan ezarritako errekargua, arauzko epe barruan ordaindu ez bada.

  • 9. Artikulu honetan araututako prestazioaren aitorpena alarma-egoera amaitu eta hurrengo hilaren azken egunera arte eskatu ahal izango da. Entitate kudeatzaileek, aurkeztutako eskabidearen -eta, hala badagokio, aurkeztutako dokumentuen- arabera, dagokion behin-behineko ebazpena emango dute, eskubidea baiesteko edo ezesteko. Alarma-egoera amaitutakoan, hartutako behin-behineko ebazpen guztiak berrikusiko dira. Interesdunak prestazioa jasotzeko eskubiderik ez duela ondorioztatzen bada, bidegabe jasotako zenbatekoak erreklamatzeko izapideak hasiko dira.

  • 10. Fakturazioaren murrizketa egiaztatzeko, hori justifikatzen duen kontabilitate-informazioa aurkeztu beharko da. Horretarako, jaulkitako eta jasotako fakturen erregistro-liburuaren kopia, diru-sarreren eta gastuen eguneroko liburua, salmenten eta sarreren erregistro-liburua edo erosketen eta gastuen liburua aurkeztu beharko dira.

Jarduera-bolumena egiaztatzen duten liburuak eraman behar ez dituzten langile autonomoek zuzenbidean onartzen den edozein frogabideren bidez egiaztatu beharko dute eskatutako gutxieneko % 75eko murrizketa.

Eskabidearekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, prestazio hori jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen direla adierazten dena.»

Azken xedapenetako hirugarrena. 11/2020 Errege Lege Dekretua aldatzea (11/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 31koa, Gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituena COVID-19ari aurre egiteko).

Aldatu egiten da 11/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 31koa, Gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituena COVID-19ari aurre egiteko.

Bat. Honela idatzita geratzen da 34. artikuluaren 1. apartatua:

«1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari ahalmena ematen zaio sei hilabeteko luzamenduak emateko, interesik gabe, Gizarte Segurantzaren edozein araubidetan sartuta dauden enpresa eta norberaren konturako langileei, baldin eta hala eskatzen badute eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioko ministroaren agindu bidez ezarriko diren betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak aldez aurretik hala erabakita. Luzamenduak (baldin eta onartzen bada) eragina izango du enpresek Gizarte Segurantzarako kotizazioari eta baterako bilketaren kontzeptuei egindako ekarpenen ordainketan eta norberaren konturako langileen edo autonomoen kuotetan, baldin eta haien sortzapen-aldia, enpresen kasuan, 2020ko apiriletik ekainera bitartekoa bada, eta, norberaren konturako langileen kasuan, 2020ko maiatzetik uztailera bitartekoa, baldin eta jarduerak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoeraren ondorioz etenik ez badaude.»

Bi. Honela idatzita geratzen da bederatzigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatua:

«4. Martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 33. artikuluan zerga-zorrei buruz ezarritakoa gainerako baliabide publikoei aplikatuko zaie, Gizarte Segurantzaren baliabideei izan ezik (8/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 17koa, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena).

Hirugarrena. Honela idatzita geratzen da hamabosgarren xedapen gehigarriaren 4. apartatua:

«4. Erretiro-pentsioarekin bateragarria den besteren konturako lan hori egiten den bitartean, autonomia-erkidegoek edo, hala badagokio, Osasun Kudeaketarako Institutu Nazionalak (INGESA) eta langileek bete egin behar dituzte Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 16. artikuluan ezarritako afiliazio-, alta-, baja-betebeharrak eta lege-testu bereko 18. eta 19. artikuluetan ezarritako moduan kotizatzeko betebeharra, eta ez da aplikatuko testu bereko 153. artikuluan xedatutakoa.»

Laugarrena. 5. apartatua gehitu egiten zaio hamabosgarren xedapen gehigarriari. Honela idatzita geratzen da:

«5. Lan hori egin bitartean, kontingentzia arrunt eta profesional guztietatik babestuta egongo dira, baldin eta kontingentzia horiek sortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen badituzte, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean ezarritako pentsioak, bateraezintasunak eta aukera-eskubidea mugatzeko araubidea aplikatuko zaie.»

Azken xedapenetako laugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Errege lege-dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko ahalmena ematen zaio Gobernuari, eta, bereziki, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioko titularrari, hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako bosgarrena. Eskumen-tituluak.

Errege lege-dekretu honetan xedatutakoa honako arau hauetan jasotako baimenaren babesean ematen da: Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 7. arauan, zeinaren bidez lan-legeriaren arloko eskumen esklusiboa esleitzen baitzaio Estatuari, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek betearaztea; Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13. arauan, zeinaren bidez lan-legeriaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumena esleitzen baitzaio Estatuari; Konstituzioaren 18. arauan, zeinaren bidez administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak emateko eskumena eta administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidearen gaineko eskumena esleitzen baitzaizkio Estatuari; eta Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 17. arauan, zeinaren bidez Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren gaineko eskumena esleitzen baitzaio Estatuari, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek gauzatzea haren zerbitzuak.

Seigarren xedapen gehigarria 149.1 artikuluko 14. arauaren babesean eman da, arau horrek eskumen esklusiboa ematen baitio Estatuari Ogasun Nagusiaren eta Estatuaren Zorraren arloan.

Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean jartzea eta indarraldia.

  • 1. Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean egongo da indarrean, 2020ko ekainaren 30a arte.

  • 2. Hala ere, hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako neurriek indarrean jarraituko dute, harik eta, alarma-egoeraren indarraldia amaitu ondoren, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileen herritarrentzako arreta- eta informazio-bulegoen funtzionamendua normalizatzen den arte. Hori guztia Gizarte Segurantzaren eta Pentsioen Estatuko idazkariaren ebazpen baten bidez zehaztuko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

  • 3. Era berean, laugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan ezarritako neurriek indarrean jarraituko dute, harik eta, alarma-egoeraren indarraldia amaitu ondoren, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestazio-bulegoetako herritarrentzako arreta- eta informazio-bulegoen funtzionamendua normalizatzen den arte, erakunde horren Zuzendaritza Nagusiko titularraren ebazpen baten bidez, zeina Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita.

Madrilen, 2020ko apirilaren 7an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra