Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

14/2017 Errege Lege Dekretua, urriaren 6koa, Langabezia Babesa Agortzen zaien Pertsonen Lanbide Prestakuntza Eguneratzeko Programa ohiz kanpo eta aldi jakin baterako berraktibatzea onartzen duena

2017-10-06

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/10/07, 242. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11500 14/2017 Errege Lege Dekretua, urriaren 6koa, Langabezia Babesa Agortzen zaien Pertsonen Lanbide Prestakuntza Eguneratzeko Programa ohiz kanpo eta aldi jakin baterako berraktibatzea onartzen duena.

I

Otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuak (enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide-prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzkoa) aldi baterako programa bat abiarazi zuen, sei hilabetekoa, langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonentzat. Enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak eta laguntza ekonomiko osagarria dira programa horren oinarriak.

Lan-merkatuaren egoera eta pertsona hartzaileen beharrizanak kontuan izanik, programa hainbat aldiz luzatu da; azkenekoz, apirilaren 15eko 1/2016 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetatik bigarrenaren bidez (apirilaren 15eko 1/2016 Errege Lege Dekretua, Enplegua Aktibatzeko Programa luzatzen duena); xedapen horrek aldatu egin zuen urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria (urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretua, Langabezia-prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen dituena), eta, aldaketa hori zela bide, programa sei hilabetez behin luzatzen zen automatikoki, baldin eta luzapen-eguna baino lehen argitaratutako azken biztanleria aktiboaren inkestaren arabera langabezia-tasa ehuneko 18 baino handiagoa bazen eta abuztuaren 24ko 23/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen baziren.

Programa horri esker, iaz, 54.000 pertsonak baino gehiagok banakako laguntza jaso zuten eta enplegagarritasuna hobetu zuten enplegu-ibilbide pertsonalizatua eginez. Laguntza ekonomikoa jaso zuten, enplegurako politika aktiboetako ekintzen osagarri.

2017ko bigarren hiruhilekoko biztanleria aktiboaren inkesta 2017ko uztailaren 27an argitaratu zen. Beraren arabera, langabezia-tasa ehuneko 17,22 izan zen, urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuan ezarritakoa baino txikiagoa; beraz, goian aipatutako programa ez zen luzatu automatikoki aurreko aldietan bezala, eta 2017ko abuztuaren 15ean amaitu zitzaion indarraldia.

Langabezia-tasak, Espainiako ekonomia eta enplegua etengabe haztearekin batera, behera egin du, eta halaxe egiaztatu da langabezia erregistratuari buruzko joan den abuztuko datuetan. Hala ere, artean 3.300.000 pertsona baino gehiago zeuden langabe gisa inskribatuta enplegu-zerbitzu publikoetan, eta haietako asko iraupen luzeko langabeak ziren eta langabezia-babesa agortua zuten.

Gobernuak berrikusi egin nahi ditu, elkarrizketa sozialaren esparruan eta autonomia- erkidegoekin batera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) III. tituluan araututako langabezia-babesaren osagarri diren programak; berrantolatu egin nahi ditu, indarrean dagoen konstituzio-esparruari bete-betean egokitzeko, langabeen babes-baldintzak hobetzeko, onuradunek enplegua berreskuratze aldera programek duten eraginkortasuna ere hobetzeko, eta autonomia-erkidegoen eta Estatuaren programen arteko bateraezintasun-arazoak saihesteko, aipatutako elkarrizketa-prozesuan adosten diren baldintzetan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren aurka aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa dela-eta, Konstituzio Auzitegiak 2017ko uztailaren 20ko 100/2017 Epaian hau adierazi du: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak langabezia-prestazioa amaitu zaien langabeentzako laguntza ekonomikoa

kudeatzea ez dator bat enpleguaren arloko eskumenak banatzeko ordena konstituzionalarekin.

Horiek horrela, Estatuko Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoek beharrezkotzat jotzen dute langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide- prestakuntza eguneratzeko programa berreskuratzea, modu berezian eta aldi mugatu baterako, eta horretarako adostu dute Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari esleitzea, salbuespenez, laguntza ekonomiko osagarria emateko eta ordaintzeko eginkizunak.

Plana berreskuratzea justifikatuta dago, babesa zalantzarik gabe mantendu behar zaiolako programaren hartzaile diren langabeen kolektibo sentikor horri, harik eta langabeak laneratzeko aukerak hobetzen dituzten eta langabezia-babesaren osagarri diren egungo programak berrikusi eta berrantolatu arte.

Bestalde, 2017ko irailaren 18an, Enplegurako eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean, aho batez adostu zen laguntza aitortzeko, emateko eta ordaintzeko eginkizunak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari aldi baterako esleitzea, premia handia zegoelako programaren jarraipena bermatzeko, langabezia-babesa agortuta daukan kolektibo bati –ez da hori ahaztu behar– kalte egin diezaiokeen atzerapen oro saihestuz. Laguntza ekonomiko horiek kudeatzeko eskumena duten administrazioak autonomia- erkidegoak izan arren, ezinezkoa da, bere konplexutasunagatik, autonomia-erkidegoek etenik gabe kudeatzea. Inguruabarrek eta aipatutako akordioak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari bidea ematen diote laguntza ekonomiko osagarria aitortzeko, emateko eta ordaintzeko eginkizunak kudeatzen jarraitzeko, Enpleguaren Legearen testu bateginak (urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) 18.h).2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Arrazoi horiengatik, beharrezkoa da onartzea programa berriz aktiba dadila, modu berezian eta 2018ko apirilaren 30era arte, kolektibo horrentzako babesa mantentzeko eta, era horretara, gaur egun langabezia-babesaren osagarri diren programa horiek sakonean eta berme guztiekin aztertu ahal izateko. Kontuan hartu behar da, batez ere, Enplegua Aktibatzeko Programak, zeina gaur egun luzatuta baitago apirilaren 28ko 7/2017 Errege Lege Dekretuaren bidez, aurreikusita daukala onuradun gehiago biltzea 2018ko apirilaren 30era arte.

II

Errege lege-dekretu honek hiru artikulu ditu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken lau xedapen.

Lehenengo artikuluak langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide- prestakuntza eguneratzeko programaren berraktibatze berezia ezartzen du 2017ko abuztuaren 16tik 2018ko apirilaren 30era bitarteko aldirako.

Bigarren artikuluak bi hilabeteko epea aurreikusten du, errege lege-dekretua argitaratzen denetik aurrera, langabezia-babesa abuztuaren 16tik argitaratze-egun horretara bitartean amaitzen zaien pertsonek lanbide-prestakuntza eguneratzeko laguntza jaso ahal izateko.

Hirugarren artikulua, azkenik, langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide- prestakuntza eguneratzeko laguntzaren finantzaketari buruzkoa da.

Lehenengo xedapen gehigarrian, familia-etxeetan lanean ari diren eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko Etxeko Langileentzako Sistema Berezian dauden pertsonen kotizazioaren murrizketa jasotzen da.

Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorren Legean (ekainaren 27ko 3/2017 Legea), ez zen jaso neurri hori, eta, ondorioz, kotizazioko hobariak galdu izan dira 2017ko uztailetik aurrera.

Sektore horretan arauz kanpoko enplegua azaleratzeko helburua beteko dela bermatzeko, eta familiei etxeko langile bat kontratatzeak dakarkien zama arintze aldera, beharrezkotzat jotzen da kotizazioan murrizketa hori egitea, 2012tik 2017ko ekainera arte indarrean egon den neurri horri jarraipena emanez.

Onura hori jasotzeko azken eguna 2018ko abenduaren 31 izango dela ezartzen da; izan ere, aipatutako kolektiboa 2019. urtean erabat parekatuko da Gizarte Segurantzako

Araubide Orokorreko gainerako langileekin, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) hamaseigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraituz. Horregatik, onuragarria eta beharrezkoa irizten zaio neurri hori indarrean mantentzeari, parekatze osoa gauzatzeko aukera emanez, kalterik eragin gabe ez sistema berezi horretan dauden langileei, ez eta haiek enplegatzen dituzten familiei ere.

Bigarren xedapen gehigarriak dio gaur egun langabezia-babesaren osagarri diren programak berrikusi egin behar direla, elkarrizketa sozialaren esparruan eta autonomia- erkidegoekin batera.

Xedapen iragankor bakarrak ezartzen du lan edo zerbitzu jakinetarako kontratu indardunei aplikatu beharrekoak direla errege lege-dekretuaren azken xedapenetatik bigarrenak Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legean (ekainaren 1eko 14/2011 Legea) hogeita hirugarren xedapen gehigarrian egiten dituen aldaketak.

Xedapen indargabetzailearen bitartez, berariaz indarrik gabe uzten da urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria. Dekretu horrek langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen du.

Azken xedapenetatik lehenengoa eskumen-tituluaz ari da. Hartutako neurriak Estatuari dagozkion eskumen hauek baliatuz ezarri direla dio: lan-legegintza (Espainiako Konstituzioaren 149.1.7 artikulua); jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehaztea eta horren koordinazio orokorra egitea (Espainiako Konstituzioaren

149.1.13artikulua); ikerkuntza zientifiko eta teknikoa bultzatu eta koordinazio orokorra egitea (Espainiako Konstituzioaren 149.1.15 artikulua), eta Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa (Espainiako Konstituzioaren 149.1.17 artikulua).

Azken xedapenetatik bigarrenak aldatu egiten du Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarria, argi zehazteko sektore publikoko zein esparruri aplikatzen zaizkion Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legearen xedapen horretan jasotako berariazko erregelak, eta zer kasutan onartzen diren hiru urtetik gorako iraupena duten obra edo zerbitzu jakinetarako kontratuak sektore publikoan. Indarrean dagoen testuak zalantzak eragin ditzake salbuespen hori sektore publikoko zenbait erakundetan aplikatzeari buruz.

Beraz, proposamenak ez dakar berekin hogeita hirugarren xedapen gehigarrian jasotako salbuespenaren aplikazio-eremu subjektiboa handitzerik. Aitzitik, haren argibide bat da; hain zuzen ere, ondo aplika dadin eta langilearen edo erakunde nahiz entitate kontratatzailearen kaltetan hutsik egiteko biderik izan ez dadin.

Azken xedapenetatik hirugarrenak Gobernuari ahalmena ematen dio arau hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen dio berau garatzeko behar diren ebazpenak eman ditzan.

Azken xedapenetatik laugarrenak errege lege-dekretu hau indarrean noiz jarriko den xedatzen du.

III

Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen duen bezala, badago aparteko eta presako beharrizana langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzeko.

Gainera, programa horri aldi batez eusteko premia dago; izan ere, nahiz eta Espainiako lan-merkatuak azken urteetan aurrera egin duen, langabezia-tasa handia da oraindik, prestazioak edo sorospenak amaitu zaizkien iraupen luzeko langabeei eragiten die bereziki, eta gizartetik baztertuta geratzeko arrisku larrian jartzen ditu. Behinola inguruabar horrexek justifikatu zituen programaren sorrera eta hurrenez hurreneko luzapenak.

Langabezia-tasa ehuneko 18tik beherakoa izan da 2017ko bigarren hiruhilekoko biztanleria aktiboren inkestako datuen arabera, eta, ondorioz, ezin izan dute programa baliatu langabezia-prestazioa abuztuaren 15etik aurrera amaitu zaien langabeek,

programaren indarraldia amaitu delako, gorago azaldu den moduan. Horregatik, beste programa bat onartu beharra dago, aurrekoarekiko etenik gerta ez dadin eta horren ondorioz langabeak babesik gabe gera ez daitezen. Beharrizan horrek justifikatzen du errege lege-dekretu hau presaz onartzea.

Beste alde batetik, Gizarte Segurantzako Etxeko Langileentzako Sistema Bereziko kuotaren murrizketa arautzeko premia dago, aurrean adierazi den bezala, sektore horretan arauz kanpoko enplegua azaleratzeko helburua beteko dela bermatzeko, familiei etxeko langile bat kontratatzeak dakarkien zama arintzeko eta neurri horri jarraipena emateko, egoera ekonomiko zail batean sektore horretako kontratazioetan bideragarritasun handiagoa lortze aldera.

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarrian aldaketa egiteko proposamenak, bere izaeragatik eta xedeagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko baldintza gisa eskatzen dituen aparteko eta presazko inguruabarrak biltzen ditu.

Lehenik, kontuan hartu behar da gaur egun arauaren aplikazio-eremutik kanpo dauden erakunde publikoetatik askok nahitaez egin behar izan dituztela aldi baterako kontratazioak, Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko legeetan 2012tik aurrera lan-kontratazioari jarri zaizkion mugen ondorioz. Orain, aldi baterako kontratu horietako asko amaitzear daude, eta zenbait kasutan langileak enpresaburua hertsatu ahal izango du, modu automatikoan aitor dezan lan-harremana finkoa dela, Langileen Estatutuaren 15.5 artikuluan aurreikusitako kontratu-katearen ondorioz. Hala gertatuz gero, langile horiek finko bihurtuko lirateke, ez litzateke beharrezkoa izango haien lanpostuak betetzeko lehia-prozedura egitea, enplegu publikorako sarrerak eskatzen duen bezala.

Bigarrenik, ukitutako kontratuak azkentzen badira, kontratazio gehiago egin beharko dira ikerketa-erakundeen bikaintasun-mailari eusteko, eta, haien berezitasunak eta maila goreneko espezializazioa kontuan izanik, guztiz garrantzitsua da malgutasun-mekanismo hori erabili ahal izatea, ikerketa-proiektu konplexuetan ohikoak diren iraupen luzeagoko kontratazioak egiteko aukera emango duena.

Hirugarrenik, kontuan izan behar da kontrataziorako erraztasunak ematen dituzten neurri guztiek –esate baterako, hiru-lau urtetik gorako iraupena duten I+G+B proiektuei lotutako obra-kontratuak egin ahal izatea– berehala izan behar dutela eraginkortasuna, gure lan-merkatua oraindik kolokako egoeran dagoelako.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuz, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroaren proposamenari jarraikiz, eta Ministro Kontseiluak 2017ko urriaren 6ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1.artikulua. Langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa.

1.Aparteko neurri gisa, onartzen da, ondoreak 2017ko abuztuaren 16tik 2018ko apirilaren 30era arte izanik, langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide- prestakuntza eguneratzeko programa berraktibatzea, programa hori enplegu-politika aktiboko neurriak eta laguntza ekonomiko osagarriak biltzen dituen berariazko programa nazionala den aldetik.

2.Programaren onuradun hauek izan daitezke: lan-harremana amaitu zaien pertsona langabeak, enplegu-bulegoetan lan-eskatzaile gisa izena emanda daudenak, baldin eta 2017ko abuztuaren 16tik 2018ko apirilaren 30era bitartean (biak barne) kontribuzio-mailako langabezia-prestazioa amaitu bazaie eta ez badute Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean (urriaren 30eko 8/2015eko Legegintzako Errege Dekretuak onartua) ezarritako inolako langabezia-sorospenik jasotzeko eskubiderik, edota sorospen

horietakoren bat amaitu bazaie, luzapenak barne. Gainera, eskabidea egitean, pertsona horiek honako baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

a)Azken hemezortzi hilabeteetatik gutxienez hamabitan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egotea.

b)Familia-erantzukizunak izatea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 275.3 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

3.Eskatzailearen hileko errentak, edozein dela ere horien iturria, ez dira izango lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoak, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kanpo utzita.

Horri dagokionez, lehen ezarritakoaren arabera eskatzaileak errentarik ez badu baina gurasoekin edo ezkontidearekin bizi bada, edo 26 urte baino gutxiagoko seme-alabekin, edo zaharragoak izanik ere ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutenekin, edo familian hartutako adingabeekin, errenta-gabeziaren betekizuna betetzat emateko, beharrezkoa izango da familia-unitate horretako kide guztiek –eskatzailea barne– dituzten errenten baturaren eta kide kopuruaren arteko zatiketa egitean emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoa ez izatea, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kanpo utzita.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 275.4 artikuluan ezarritakoak hartuko dira errenta edo diru-sarrera konputagarritzat. Halaber, errenta konputagarri izango dira gizarte-laguntzako soldatak, laneratzeko gutxieneko errentak edo autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek emandako gizarte-laguntzako antzeko laguntzak.

4.Ezin izango diote heldu programa honi langabeziagatiko eta laneratzeagatiko aldi baterako babes-programaren aparteko prestazioa jaso duten pertsonek, edo otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuan ezarri bezala langabezia-babesa –luzapenak barne– amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programaren onuradun izan diren edo izan daitezkeenek, edo laneratzeko errenta aktiboa amaitu zaienek edo horretarako eskubidea izan dezaketenek, ezta nekazaritzako errenta edo langabezia- sorospena amaitu zaienek ere –biak ala biak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren barnean dauden Besteren Konturako Langileentzako Nekazaritzako Araubide Bereziaren behin-behineko langileen aldekoak–.

5.Programaren onuradunek honako eskubide hauek izango dituzte:

a)Banakako laneratze-ibilbide pertsonalizatua egitea, barnean hartuta haien enplegagarritasunari buruzko diagnostikoa eta enplegagarritasun hori hobetzera bideratutako enplegu-politika aktiboko neurriak.

b)Lanpostu berrietara sartu ahal izateko beharrezkoak diren eta laneratzera eta/edo lanbide-prestakuntza eguneratzera bideratutako enplegu-politika aktibokoak diren neurrietan parte hartzea; batez ere, enplegu egonkorra lortzeko gaitasun profesional beharrezkoenak eskuratzera zuzendutakoetan.

c)Hileko IPREM ondorio askotarako errenta-adierazle publikoaren ehuneko 75eko laguntza ekonomiko osagarria jasotzea, gehienez sei hilabetez.

Eskatzaileak eskabidea egitean familia-unitateko gutxienez hiru kide baditu bere kargura, laguntza IPREMen ehuneko 85ekoa izango da. Horri dagokionez, hauek izango dira kargurako senide: ezkontidea eta 26 urte baino gutxiagoko seme-alabak, eta zaharragoak baina ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutenak, eta familian hartutako adingabeak, baldin eta horietako bakoitzaren hileko errentak ez badira lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoak, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kanpo utzita.

6.Eskatzaileak edo haren familiako kideren batek gizarte-laguntzako soldatak, gizarteratzeko gutxieneko errentak edo autonomia-erkidegoek nahiz toki-erakundeek emandako antzeko gizarte-laguntzako sorospenak jasotzeko eskubidea badu, horien zenbatekoaren eta aurreko zenbakian aurreikusitako laguntza ekonomikoaren arteko batura ezingo da izan lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoa.

Muga hori gaindituz gero, aurreko zenbakian araututako laguntzari muga hori gainditzen duen zenbatekoa kenduko zaio. Horretarako, eta eskatzailea bizi den autonomia- erkidegoak edo toki-erakundeak laguntza horiek Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroan inskribatzen ez dituen bitartean –Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa arautzeko martxoaren 1eko 397/1996 Errege Dekretuak jasotzen du erregistro hori–, autonomia- erkidego edo toki-erakunde horrek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, eta ziurtagiri horrek adieraziko du eskatzaileak edo haren familia- unitateak laguntza horiek jasotzen dituen edo ez, eta laguntzaren zenbatekoa zein den.

7.Programan parte hartzeko eskabidea egiteko epea bi hilabetekoa izango da, langabeziagatiko prestazioa edo sorospena amaitzen denetik hasita. Epe horretan, eskatzaileak enplegua modu aktiboan bilatzeko neurriak hartu beharko ditu, gutxienez hogeita hamar egunez. Eta, eskabidea egitean, frogatu egin beharko du neurri horiek hartu izana, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak zehazten duen moduan.

Horri dagokionez, eskatzaileak epe horretan bere edo besteren kontura egindako lan oro enplegua modu aktiboan bilatzeko ekintzatzat hartuko da.

Aurreko 5. zenbakiko c) letran aurreikusitako laguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da zenbaki horretako a) letran xedatutako laneratzeko banakako ibilbide pertsonalizatua hasita izatea; eta, laguntza hori jasotzeko, ezinbestekoa izango da ibilbide horretan parte hartzea.

8.Onuradunek, programak iraun artean, nahitaez hartu beharko dute parte autonomia-erkidegoetako eta Estatuko enplegu-zerbitzu publikoek beren eskumeneko esparruetan proposatuko dizkieten enplegu-bilaketa aktiboko ekintzetan. Gainera, aipatutako zerbitzu publikoek edozein unetan eskatu ahalko diete onuradunei ekintza horiek froga ditzaten. Laguntza ekonomikoa jasotzen jarraitzeko, derrigorrezkoa izango da onuradunak ekintza horiek egitea. Halaber, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 301. artikuluan ezarritakoaren arabera, nahitaez onartu beharko dute enplegu- zerbitzu publikoek edo horiekin lankidetzan diharduten enplegu-agentziek egindako enplegu-eskaintza egokia, arrazoi justifikaturen bat dutenean izan ezik. Era berean, hala dagokionean, programan parte hartzeko baldintzak betetzeari utzi egin diotela jakinarazi beharko dute, bai eta laguntzaren zenbatekoari eragin diezaiokeen edozein aldaketa ere.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak zehaztuko ditu bai laneratzeko ibilbide pertsonalizatuari atxikitako ekintza edo zerbitzuei ekiten hasteko gehieneko epea, bai ibilbidea osatzeko ekintzak hasi izana jakinarazteko gehieneko epea.

9.Programa honetan ezarritako edozein betebehar edo baldintza ez betetzeak berekin ekarriko du laguntzen onuradun izateari uztea eta programatik kanpo geratzea behin betiko, betebeharra edo baldintza betetzen ez den egunetik aurrera. Ebazpena eman aurretik, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

Halaber, dirua itzultzeko prozedura abiarazi ahalko da. Prozedura hori Diru-laguntzen Lege Orokorrak arautzen du (azaroaren 17ko 38/2003 Legea), 36. artikuluan eta hurrengoetan, eta, horri ekiteko, lege beraren 37. artikuluan zehaztutako inguruabarretatik baten bat gertatu beharko da.

10.Enplegu-zerbitzu publikoei dagokie programako enplegu-politika aktiboetako neurriak programatzeko eta kudeatzeko eskumena, bai eta programako laguntza emateko eta ordaintzeko eskumena ere.

Hala ere, Enpleguaren Legearen testu bateginak (urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) 18.h).2 artikuluan xedatzen duena aplikaturik, eta 2017ko irailaren 18an Enplegurako eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean egin zen akordioa aintzat harturik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak izango du laguntza ekonomiko osagarriak emateko eta ordaintzeko ardura. Laguntza horiek zuzeneko emakidaren araubidean izapidetuko dira, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 22.2.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

11.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak zuzenean ordainduko dizkie onuradunei lanbide-prestakuntza eguneratzeko laguntza ekonomiko osagarriak. Hileko nominen prozedura erabiliko du horretarako, eta hilabete baino gutxiagoko epeak proportzionalki

banatuko ditu, programan parte hartzen hasitako egiazko data eta hil horretan lanean egondako tarteak aintzat hartuta. Laneratzeko banakako ibilbideko ekintza eta neurrietan benetan ez parte hartzeari dagozkion zenbatekoak era proportzionalean kenduko dira, baldin eta ez-betetze kasurik gertatzen ez bada 9. zenbakian aurreikusitakoaren arabera.

12.Eskabideak aurkezteko eta laguntza ekonomiko osagarriak izapidetzeko era eta epeak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2013ko abuztuaren 1eko Ebazpenaren araberakoak izango dira. Ebazpen horren bidez zehazten dira langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko eta urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuak luzatutako programako laguntza ekonomiko osagarriak jasotzeko eskabideak aurkezteko eta izapideak egiteko modua eta epeak.

2.artikulua. Langabezia-babesa abuztuaren 16tik errege lege-dekretu hau argitaratzen den egunera bitartean amaitu zaien pertsonek lanbide-prestakuntza eguneratzeko laguntza eskuratzea.

Langabezia-babesa 2017ko abuztuaren 16tik errege lege-dekretu hau argitaratzen den egunera bitartean amaitu zaien pertsonek bi hilabeteko epea izango dute, lege-dekretu hau argitaratzen den egunetik hasita, programan sartzeko eskabidea aurkezteko. Epe horretan, eskatzaileak enplegua modu aktiboan bilatzeko neurriak hartu beharko ditu, gutxienez hogeita hamar egunez. Eta, eskabidea egitean, frogatu egin beharko du neurri horiek hartu izana, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak zehazten duen moduan.

3.artikulua. Langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko laguntza finantzatzea.

Langabezia-babesa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko laguntza Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko da. Horretarako, beharrezko diren kredituak bideratuko dira.

Programaren onuradunentzako politika aktiboetako neurriak gauzatzea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuetako funtsen kargura finantzatu ahal izango da. Funts horiek autonomia-erkidegoei esleitzen zaizkie, Aurrekontuen Lege Orokorrak (azaroaren 26ko 47/2003 Legea) 86. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Neurri horrek inola ere ezingo die eragin aurrekontu-egonkortasuneko helburuei.

Lehen xedapen gehigarria. Familia-etxeetan lan egiten duten pertsonen kotizazioak murriztea.

1.2017ko irailaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arte, 100eko 20ko murrizketa aplikatuko zaie familia-etxeetan lan egiten duten eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko Etxeko Langileentzako Sistema Berezian sartuta geratzen diren pertsonen kontratazioak sorrarazitako kotizazioei, bai eta 2012ko urtarrilaren 1aren ostetik sistema horretan daudenen kotizazioei ere.

Kuoten murrizketa hori ehuneko 45eraino handitu ahal izango da familia ugarientzako hobariaren bidez, zeina Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean ezarritako moduan aitortuko baita.

2.Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita laugarren xedapen gehigarrian azaldutako kasuetan soilik aplikatuko dira kotizazioko onura horiek. Testu bategin hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen.

Bigarren xedapen gehigarria. Langabezia-babesaren osagarri diren programak berrikustea.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan arautzen den langabezia-babesaren osagarri diren programak berrikusi egingo dira elkarrizketa sozialaren esparruan eta autonomia-erkidegoekin batera, haiek indarrean dagoen eskumen-esparruari bete-betean egokitzeko, Konstituzio Auzitegiaren oraintsuko jurisprudentziari jarraituz; horrela, langabeen babes-baldintzak hobetu egingo dira, eta

autonomia-erkidegoen programen eta Estatuaren programen arteko bateragarritasuna ahalbidetuko da, aipatutako elkarrizketa-prozesuan adosten diren baldintzetan.

Xedapen iragankor bakarra. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarrian egindako aldaketak aplikatzea obra edo zerbitzu jakinetarako kontratu indardunei.

Obra edo zerbitzu jakinetarako kontratuak, errege lege-dekretu honek Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarrian egindako aldaketa indarrean jartzen denean indarrean badaude, aldaketa horren babesean geratuko dira, baldin eta Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako agente betearazle diren administrazio publikoek, erakunde publikoek, unibertsitate publikoek edo sektore publikoko bestelako entitateek sinatutako ikerketa zientifiko eta teknikoko proiektu berariazkoren bati lotuta badaude.

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.

Berariaz indargabeturik geratzen da urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria. Dekretu horrek langabezia-prestazioa amaitzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen du eta langabeen enplegurako eta babes sozialerako premiazko beste neurri batzuk ezartzen ditu.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149. artikuluko 1. zenbakiko 7., 13., 15. eta

17.puntuetan xedatutakoaren babesean ematen da, zeinek Estatuari eskumen esklusiboa ematen baitiote hauen gainean: lan-arloko legediaren gainean, nahiz eta autonomia- erkidegoetako organoak arduratu ahalko diren exekuzioaz; ekonomia-jardueraren planifikazio orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gainean; ikerketa zientifiko eta teknikoaren sustapenaren eta koordinazio orokorraren gainean; eta Gizarte Segurantzaren arloko oinarrizko legediaren eta ekonomia-araubidearen gainean, nahiz eta autonomia- erkidegoek gauzatu ahalko dituzten haren zerbitzuak.

Azken xedapenetatik bigarrena. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legea (ekainaren 1eko 14/2011 Legea) aldatzea.

Aldatu egiten da Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«Langileen Estatutuaren hamabosgarren xedapen gehigarriaren 2. zenbakian adierazitakoarekin bat etorriz, Langileen Estatutuaren 15.1.a) artikuluan obra edo zerbitzuko kontratuen gehieneko iraupenari buruz xedatutakoa ez zaie aplikatuko ikerketa zientifiko eta teknikoko berariazko proiektuak egiteko kontratuei, lege honen 20.2, 26.7 eta 30. artikuluetan eta hamalaugarren xedapen gehigarriaren 2. zenbakian aipatzen diren horiei.

Langileen Estatutuaren 15.5 artikuluko lehenengo eta bigarren paragrafoetan xedatutakoa ere ez zaie aplikatuko, Langileen Estatutuaren hamabosgarren xedapen gehigarriaren 3. zenbakian ezarritakoari jarraituz.

Xedapen honetan azaldutako salbuespena lege honen 3.4 artikuluaren arabera Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemako agente betearazle diren administrazio publiko, erakunde publiko, unibertsitate publiko edo sektore publikoko bestelako entitateei bakarrik aplikatuko zaie, ikerketa zientifiko eta teknikoko berariazko proiektuak egiteko aldi baterako kontratuak formalizatzen badituzte.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Garatzeko eta aplikatzeko ahalmena.

Ahalmena ematen zaie, batetik, Gobernuari, errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, eta, bestetik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, bere eskumeneko eremuan, errege lege-dekretu hau garatzeko behar diren ebazpenak eman ditzan.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2017ko urriaren 6an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra