Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

16/2019 Errege Lege Dekretua, azaroaren 18koa, zeinaz Gizarte Segurantzaren aurrekontua betearazteko neurriak hartzen baitira

2019-11-18

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EHAA, 11/19/2019, 278. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

16562   16/2019 Errege Lege Dekretua, azaroaren 18koa, zeinaz Gizarte

Segurantzaren aurrekontua betearazteko neurriak hartzen baitira.

I

2019ko urtarrilaren 1ean, artean onartu gabe zeuden Estatuko urte hartako Aurrekontu Orokorrak; horregatik, Espainiako 1978ko Konstituzioak 134.4 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, aurreko ekitaldiko aurrekontuak zuzenean luzatu ziren berriak onartu arte.

Luzapen horren ondorioz, Gizarte Segurantzaren aurrekontuetako gastuetan ez dago behar beste kreditu haren onuradunen prestazio ekonomikoek eragiten duten gastuari aurre egiteko. Izan ere, prestazio horien zenbatekoa gehitu egin da 2019. urtean zehar 2018 eta 2019 bitartean onartutako arau batzuen eta prestazio-onuradun berrien eraginez, eta, kotizaziopeko pentsioei dagokienez, batez besteko pentsioaren igoerak bultzatuta.

Horren ildotik, bi gauza egin behar dira: batetik, kreditua gehitu, Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak 54.2.a) artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz; bestetik, Estatuak Gizarte Segurantzari aurrekontua orekatzen laguntzeko egiten dion transferentzia gehitu.

Izan ere, azaroaren 26ko 47/2003 Legeak 54.3 artikuluaren laugarren paragrafoan ezartzen duenaren arabera, Gizarte Segurantzaren aurrekontuetan, kreditu-gehikuntzak honetara finantzatu daitezke: aurreko ekitaldiaren amaierarako aurrekontuan aplikatu ez den diruzaintzako soberakinaren kargura, hasieran aurreikusi gabeko sarrera gehigarrien bitartez edo aurrekontuko beste kreditu batzuei baja emanez.

Horrenbestez, kontuan eduki behar da Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileen eta zerbitzu komunen diruzaintzako soberakina guztira negatiboa izan dela eta aldaketari ezin zaiola egin aurre aurrekontuko beste kreditu batzuei baja emanez. Horregatik, hasieran aurreikusi ziren baino sarrera gehiago izaten ari direla ikusita, bidezko irizten zaio sarrera gehigarri horiek baliatzea behar diren kreditu-gehikuntzak finantzatzeko. Izan ere, Gizarte Segurantzaren sarrerak luzatutako aurrekontuan hasieran aurreikusitakoak baino gehiago izan dira honako bi arrazoi hauengatik: batetik, abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuak (pentsio publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzekoak) ezartzen dituen neurriak aplikatzen ari dira; bestetik, Espainiako ekonomia hazten ari da eta hori eragina izaten ari da enpleguan.

Nolanahi ere, sarrera handiagoak sortzen direnetik hilabete pasatutakoan erregistratzen dira onartutako eskubide modura, haien zenbatekoaren berri jakin ondoren.

Egoera honetan, xedapen honen bitartez lortu nahi da Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta Itsasoko Gizarte Institutuaren esparruan baimendu beharreko kreditu-gehikuntzak 2019ko ekitaldian, onartutako eskubideen sarrera handiagoen bitartez gabe, ekitaldi hasierako aurreikuspenen gaineko sarrera-aurreikuspenen bitartez finantzatu ahal izatea, Gizarte Segurantzaren sistemako entitateek egindako zenbatespenetan oinarrituta Gizarte Segurantzaren Antolaketako Zuzendaritza Orokorrak egindako likidazio-aurreikuspenetatik abiatuta. Horrela, bai Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, bai Itsasoko Gizarte Institutuak behar beste kreditu edukiko dituzte Gizarte Segurantzaren prestazioak ordaintzeko onuradunei. Horrek neurri hau presaka erabili behar izatea justifikatzen du.

Beste alde batetik, Estatuak Gizarte Segurantzari egiten dion transferentzia gehitu ahal izango da; emango dizkion baliabide gehigarri horien bidez, Estatuak aurrekontua orekatzen lagunduko dio Gizarte Segurantzari.

Azkenik, azken xedapenetako lehenak azaroaren 8ko 15/2019 Errege Lege Dekretua aldatzen du (zeinaz presako neurriak hartzen baitira Klima Aldaketari buruzko Nazio

Batuen XXV. Konferentzia Espainian antolatzeko). Aldaketa horren xedea da, Irabazteko asmorik gabeko entitateen zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legeak ezartzen duenari dagokionez, errege lege-dekretuaren eremu subjektiboa moldatzea eta hobekuntza tekniko batzuk egitea aparteko interes publikoa duen gertakari honen aldeko programaren aplikazioan: «Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko Alderdien Biltzarraren hogeita bosgarren saioa (COP25), Kyotoko Protokoloko Alderdien Batzarrerako Alderdien Biltzarraren hamabosgarren saioa (COP-MOP15) eta Parisko Akordioko Alderdien Batzarrerako Alderdien Biltzarraren bigarren saioa (CMA2) eta Biltzarraren mendeko organoen berrogeita hamaikagarren saioa (Aholkularitza Zientifikorako Organoa - SBSTA eta Inplementaziorako Organoa - SBI)».

II

Aparteko eta presako beharrizana justifikatzen duten premisak egoteari dagokionez, kontuan hartu behar da gure Konstituzio Auzitegiaren doktrina (ekainaren 7ko 61/2018 epaiaren IV. oinarri juridikoan dago laburtuta). Doktrina horren arabera, batetik, beharrezkoa da «Gobernuak tresna hori onartzeko aztertu dituen zioak era esplizituan eta arrazoituan azaltzea»; bestetik, «ezinbesteko lotura egon behar da zehazten den presako egoeraren eta egoera horri erantzuna emateko hartzen den neurriaren artean».

Horren ildotik, Konstituzio Auzitegiak martxoaren 5eko 47/2015 epaiaren bosgarren oinarri juridikoan zehaztu du aurre egin nahi zaion egoera egoera larri, ezusteko edo garrantzitsu izendatzearen baitan dagoela arau-tresna hau erabili ahal izatea edo ez. Beraz, errege lege-dekretu honetan ezartzen diren neurriek aurretik konpondu ezin izan den egoera bati erantzuten diote. Egoera honen sorburua Diputatuen Kongresuak Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legea ezestea izan zen; izan ere, ezespen hark kotizaziopeko pentsioak eta prestazioak bermatzeko behar diren kredituak banatzea eragotzi zuen. Harrezkero, gainera, egoera larritu besterik ez da egin, aurrekontuen luzapenaren eta Gobernua luzaroan bitartekoa izatearen ondorioz. Faktore horien guztien erruz orain arte zaila zen errege lege-dekretu hau onartu beharko zela aurreikustea. Beste alde batetik, ezartzen diren xedapenen larritasuna eta garrantzia egiaztatu dira, errege lege-dekretu hau onartzea ezinbestekoa baita 2019ko ekitaldiko azken hileko kotizaziopeko pentsioak eta prestazioak bermatzeko.

Errege lege-dekretu honen bidez ezartzen den neurria guztiz zilegi da Konstituzioaren arabera; izan ere, bidezkoa eta egokia da ezartzen den xedea lortzeko (eta horrek presazko legegintza justifikatzen du): «presako legegintzaren xedea Gobernuaren helburuen barruko egoera jakin bat diruz laguntzea izatea, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 31/2011, martxoaren 17koa, 4. oinarri juridikoa; 137/2011, irailaren 14koa, 6. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa).

Errege lege-dekretu honetako xedapenak, ezinbestean, legeen izapidetze parlamentariorako ezarritako epean baino azkarrago txertatu behar dira ordenamendu juridikoan. Gainera, Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legeak 21.5 artikuluan ezartzen duenaren arabera, jarduneko gobernuak ezin dio lege-proiekturik aurkeztu Diputatuen Kongresuari (ez Senatuari), eta kontuan eduki behar da Gorte Nagusiak deseginda daudela. Horregatik guztiagatik, errege lege-dekretuko xedapenak ezin dira onartu lege-proiektu baten bidez, berehala jarri behar baita indarrean, bai eta aplikatu ere, 2019ko ekitaldian Gizarte Segurantzaren pentsioen eta prestazioen gastuei aurre egin ahal izateko. Laburbilduz, lege-proiektua Parlamentuan izapidetzeak ekarriko lukeen berandutzearen erruz, behar den ekintza ez litzateke eraginkorra izango, neurria berehala aplikatu behar da eta. Arau hau onartu beharra Konstituzio Auzitegiaren abenduaren 2ko 111/1983 epaiaren seigarren oinarri juridikoaren bidez justifikatzen da.

Orobat, eta Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 31ko 29/1982 epaiaren hirugarren oinarri juridikoarekin bat etorriz (ezartzen du ezinbestekoa dela errege lege-dekretuek berehala aldatzea dagoen egoera juridikoa), onartzen diren neurriak araua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean ipiniko dira indarrean, eta berehala aplikatuko dira.

Azkenik, azaroaren 27ko 50/1997 Legeak 21.3 artikuluan ezartzen du jarduneko gobernuak ahalmena daukala gai publikoen kudeaketa arruntaz haratago heltzeko «ondo egiaztatutako larrialdietan», bai eta «interes orokorreko arrazoiak tartean daudenean» ere.

Errege lege-dekretu honek 2019ko ekitaldi honetan baino ez ditu sortuko ondorioak, hau da, aldi oso laburrean. Horren ildotik, beronen onarpena ezin da atzeratu Gobernua bere botere osoekin eratu arte, ordurako ezinezkoa izango baita interes orokorraren kaltea saihestea. Gainera, kontuan eduki behar da jarduneko gobernu baten aldi luze baten barruan onartuko dela (sei hilabetetik gora), eta aurrekontuak luzatuta daudela, lehen azaldu den bezala. Horregatik, eta lehen adierazi diren interes orokorreko arrazoiak egiaztatuta, justifikatuta dago errege lege-dekretu hau onartzea, azaroaren 27ko 50/1997 Legeak 21.3 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Errege lege-dekretu honek bete egiten ditu, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioak, premia-printzipioa aski eta sobera justifikatuta geratu baita arestian.

Segurtasun juridikoaren, proportzionaltasunaren eta efikaziaren printzipioei bagagozkie, nabarmentzekoa da aldaketak alderdi hori modu puntual, zehatz eta argian landu besterik ez duela egiten, aukerarik onena erabiliz, bete behar den lege-maila eta aipatutako presazko premia aintzat hartuta, hau da, errege lege-dekretu bat onartuz. Gardentasun-printzipioaz denaz bezainbatean, errege lege-dekretua onartzen denez, ez da beharrezkoa aurretik kontsulta publikoa egitea, eta entzunaldi-izapidea eta informazio publikoaren izapidea ere ez dira behar. Amaitzeko, efizientzia-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honek ez du administrazio-kargarik ezartzen.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuz, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroaren eta Ogasun ministroaren proposamenari jarraikiz eta Ministro Kontseiluak 2019ko azaroaren 15eko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua. Gizarte Segurantzaren sistemako entitateen aurrekontuetako kreditu-gehikuntzak finantzatzea.

Baliteke 2019ko ekitaldian kreditu-gehikuntzak behar izatea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta Itsasoko Gizarte Institutuaren aurrekontuetan gastu hauei aurre egiteko: kotizaziopeko pentsioak, aldi baterako ezintasunagatiko prestazioak, adingabearen jaiotza eta zaintza, bularreko haurraren zaintzako erantzukidetasuna, haurdunaldiko eta edoskitze naturaleko arriskuak, minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabeen zaintza eta ordainketa bakarreko prestazioak (ezinbestekoa da pentsio eta prestazio horiek legez edo erregelamenduz ezarrita egotea, eta Gizarte Segurantzak nahitaez, ez bere borondatez, ordaindu beharrekoak izatea, eta haien zenbatekoa modu objektiboan zehaztuta egon behar da). Kreditu-gehikuntza horiek ekitaldi hasierako aurrekontuen gaineko sarrera-aurreikuspenak baino sarrera handiagoak aurreikusiz finantzatu ahal izango dira, Gizarte Segurantzaren sistemako entitateek egindako zenbatespenetan oinarrituta Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak egindako likidazio-aurreikuspenetatik abiatuz.

2. artikulua. Estatuak Gizarte Segurantzari aurrekontua orekatzen laguntzeko egiten dion transferentzia gehitzea.

2019ko ekitaldian 600 milioi euro gehitu ahal izango zaizkio aurrekontuetako kreditu honi: atala: 19 «Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioa»; zerbitzua: 02 «Gizarte Segurantzako Estatu Idazkaritza»; programa: 000X «Barne transferentziak», artikulua: 42 «Gizarte Segurantzari»; kontzeptua: 429 «Beste ekarpen batzuk Gizarte Segurantzari»; azpikontzeptua: 42905 «Transferentzia Gizarte Segurantzari bere aurrekontua orekatzen laguntzeko». Hala, aurrekontu-aplikazio hau gehitu ahal izango da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. 1. artikulua aldatzea azaroaren 8ko 15/2019 Errege Lege Dekretuan, zeinaz presako neurriak hartzen baitira Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXV. Konferentzia Espainian antolatzeko.

Azaroaren 8ko 15/2019 Errege Lege Dekretua aldatzen da, zeinaz presako neurriak hartzen baitira Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXV. Konferentzia Espainian antolatzeko, eta aldaketak errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik sortuko ditu ondorioak (indarraldiak ez du mugaegunik); zehazki, 1. artikulua aldatzen da: «Gertakari honi aplikatu ahal zaizkion zerga-onurak: “Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko Alderdien Biltzarraren hogeita bosgarren saioa (COP25), Kyotoko Protokoloko Alderdien Batzarrerako Alderdien Biltzarraren hamabosgarren saioa (COP-MOP15) eta Parisko Akordioko Alderdien Batzarrerako Alderdien Biltzarraren bigarren saioa (CMA2) eta Biltzarraren mendeko organoen berrogeita hamaikagarren saioa (Aholkularitza Zientifikorako Organoa - SBSTA eta Inplementaziorako Organoa - SBI)”». Testua honela geratzen da:

«1. Irabazteko asmorik gabeko entitateen zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legeak 27. artikuluan xedatzen duenaren ondorioetarako, aparteko interes publikoa daukan gertakaria izango da programa hau: «Klima Aldaketaren inguruko Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko Alderdien Biltzarraren hogeita bosgarren saioa (COP25), Kyotoko Protokoloko Alderdien Batzarrerako Alderdien Biltzarraren hamabosgarren saioa (COP-MOP15) eta Parisko Akordioko Alderdien Batzarrerako Alderdien Biltzarraren bigarren saioa (CMA2) eta Biltzarraren mendeko organoen berrogeita hamaikagarren saioa (Aholkularitza Zientifikorako Organoa - SBSTA eta Inplementaziorako Organoa - SBI)». Gertakariaren izena honako hau izango da publizitate-euskarrietan: «COP 25: Klima Aldaketari buruzko NBEren Konferentzia 2019» / «Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXV. Konferentzia».

  • 2. Gertakari horri laguntzeko programak 2019ko azaroaren 1etik 2020ko martxoaren 31ra arte iraungo du.

  • 3. Egindako gastuak programaren helburuekin eta planekin bat datozela egiaztatzeko, aipatutako abenduaren 23ko 49/2002 Legeak xedatzen duena egingo da. Organo eskuduna Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXV. Konferentziaren Batzorde Antolatzailearen Batzorde Teknikoa izango da.

  • 4. Gertakaria behar bezala gauzatzen dela ziurtatzeko behar diren jarduketak egingo dira. Planak eta jarduera-programak Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXV. Konferentziaren Batzorde Antolatzaileak prestatu eta zehaztuko ditu, horretarako organo eskuduna baita abenduaren 23ko 49/2002 Legeak xedatzen duenaren arabera.

  • 5. Programa honen zerga-onurak abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 27.3 artikuluan ezartzen diren gehienekoak izango dira. Nolanahi ere, honako hauek kontuan hartuko dira abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 27.3 artikuluaren lehen zenbakiko bigarren paragrafoan ezartzen den muga kalkulatzeko: babesleek ekitaldietako programak eta jarduerak gauzatzeaz arduratzen diren entitateei (abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 2. eta 16. artikuluetan zehazten direnei) babes modura ematen dizkieten zenbatekoak.»

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2019ko azaroaren 18an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra