Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

7/2017 Errege Lege Dekretua, apirilaren 28koa, Enplegua Aktibatzeko Programa Luzatzen eta Aldatzen duena

2017-04-28

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/04/29, 102. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4678 7/2017 Errege Lege Dekretua, apirilaren 28koa, Enplegua Aktibatzeko Programa Luzatzen eta Aldatzen duena.

I

Langabeek enplegu-zerbitzu publikoetara irispidea izan zezaten errazteko eta sustatzeko, Hazkunde ekonomikoa eta enplegua indartzeko hirutariko negoziaziorako proposamenei buruzko Akordioan —Gobernuak eta lan-munduko ordezkariek 2014ko uztailaren 29an sinatua— ekimen hau jaso zen, beste batzuen artean: familia-ardurak dituzten iraupen luzeko langabeei zuzendutako Enplegua Aktibatzeko Programa diseinatzea.

Programaren berezitasuna zen orientazioko, prestakuntzako, lanbide-prestakuntza eguneratzeko eta lan-esperientzia aitortzeko eduki espezifikoak zituela; horrez gain, babes-neurri bat ere jasota zegoen, zeinari esker langabeen laneratzea errazten baitzen. Aurreikuspen hori garatzeko, Gobernuak eta lan-munduko ordezkariek Enplegua Aktibatzeko Aparteko Programari buruzko Akordioa sinatu zuten urte horretako abenduan; ondoren, Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren bidez onartu zen programa, eta apirilaren 15eko 1/2016 Errege Lege Dekretuaren bidez luzatu.

Badira hiru urte Espainiako ekonomia BPGd-aren hazkundea izaten ari dela. Aldi horretan, ia milioi bat eta erdi lanpostu sortu dira. Hala ere, 3.702.137 lagunek jarraitzen dute langabe gisa izena emanda; horietako askok, erdiak baino gutxixeagok, urtebetetik gora daramate egoera horretan.

Enplegua Aktibatzeko Programa ebaluatuz jakin da 2017ko urtarrilaren 31ra arte 217.721 eskatzaileri eman zaiela arreta. Horietatik 140.139k laguntza ekonomikoa izan dute, eta prestazioa jaso eta aldi berean lanean aritu direnen % 88k lanpostuari eutsi dio programa amaitu ondoren. Gainera, hiru onuradunetik batek enplegua lortu du programari atxiki eta hamabi hilabete igaro baino lehen.

Horregatik, Enplegua Aktibatzeko Programan parte hartzeko epea 2017ko apirilaren 15ean bukatzen denez gero, Gobernuak eta lan-munduko ordezkariek lan-bilerak egin dituzte Enpleguaren Alde Borrokatzeko Plana diseinatzeko osatutako elkarrizketa sozialaren mahaiaren baitan. Bileretan, lehenik eta behin, indarrean den Enplegua Aktibatzeko Programa ebaluatu dute, eta hobekuntza-proposamenak eztabaidatu dituzte.

Gobernuak eta lan-munduko ordezkariek uste dute beharrezkoa dela familia-ardurak dituzten epe luzeko langabeak babesteko eta aktibatzeko gaur egungo neurriei eustea eta, ondorioz, programa urtebetez luzatzea.

Programan egindako aldaketei esker, ezein langabezia-prestazio agortu duen langabe orok parte hartu ahalko du programan; alegia, ez bakarrik Langabezia Babesa Agortzen zaien Pertsonen Lanbide Prestakuntza Eguneratzeko Programa, Langabezia Babesaren eta Laneratzearen Aldi Baterako Programa edo gizarteratzeko errenta aktiboa agortu dutenek. Gainera, eskaera egiteko itxaron beharreko epea laburragoa da; orain arte, sei hilabete itxaron behar ziren prestazioa agortzen zenetik, eta orain, hilabete. Horrez gain, aski izango da eskaera egin aurreko 18 hilabeteetan 270 egunez enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea —lehen, 360 egun egiaztatu behar ziren—.

Aldaketa horiek aplikatuko zaizkie, orobat, baldintza berriak betetzen dituzten langabeei eta, arau hau indarrean jartzen den egunean izena emanda egon ez arren, 2014ko abenduaren 1ean edo 2016ko apirilaren 1ean hala zeudenei; hartara, hasierako araudiari jarraituz bazter utzi ziren balizko onuradunek programan parte hartzeko aukera izango dute.

Errege lege-dekretu honen testua ordezkaritza handieneko erakunde sindikalekin eta enpresaburuen elkarteekin kontsultatu eta eztabaidatu da Enpleguaren Alde Borrokatzeko Plana diseinatzeko osatutako elkarrizketa sozialaren mahaian, eta handik ateratako proposamenetako batzuk hobekuntzen artean bildu dira.

II

Errege lege-dekretu honek artikulu bakarra, xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen ditu.

Artikulu bakarrean, Enplegua Aktibatzeko Programaren aldaketak jasotzen dira. Errege lege-dekretuan jasotako aldaketen bidez, funtsezko hiru helburu lortu nahi dira: batetik, neurriak beste urtebete irautea; bestetik, programaren onuradun izan daitekeen taldea handitzea, eta, azkenik, balizko onuradunek programan bizkorrago eta errazago parte hartu ahal izatea.

Helburu horien azken xedea da lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsona askoren laneratzeko aukerak handitzea, osterantzean gizarte-bazterketa jasateko arriskuan baitaude. Hori lortzeko bi bide daude: enplegagarritasuna hobetzea eta, aldi berean, baliabide ekonomiko gutxi izateak sortzen dituen premiak asetzea. Funtsean, Gobernuak eta lan-munduko ordezkariek 2014ko abenduan sinatu zuten hirutariko akordioaren helburuan sakondu nahi da —akordio horren bidez, programa abiarazi zen—.

Artikulu bakarraren Bat zenbakiak idazkuntza berria ematen die abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 2.1 artikuluaren a), b), c), f) eta g) letrei, duela gutxitik langabezian daudenek programan parte hartzeko aukera izan dezaten eta haientzat errazagoa izan dadin baldintza betetzea. Behin arauaren 2.1.a) artikulua aldatuta, onuradun izan daitekeen taldea asko handitzen da; izan ere, aurrerantzean, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututa dauden prestazio kontributiboetako edo langabezia-subsidioetako bat agortuta dutenek ere programan parte hartu ahal izango dute —hori jende dezente da—, gainerako laguntzak agortuak dituzten pertsonez gain.

Handitze horren beste arrazoietako bat da kendu egiten dela gizarteratzeko errenta aktiborako hirugarren eskubidea agortuta izateko baldintza, aipatutako letraren barruan jasota zegoena lehen. Gainera, onuradun izan daitekeen pertsona-kopurua nabarmen handituko da, batetik, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den eguna baino lehen izena emanda egoteko baldintza kentzen delako eta, bestetik, aski delako eskatzaileak egiaztatzea eskaera egin aurreko hemezortzi hilabeteetan 270 egunez enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon dela —lehen, 360 egun egiaztatu behar ziren—.

Programan parte hartzeko prozesua bizkortzeko, sei hilabetetik hilabetera murriztuko da edozein prestazio edo laguntza agortzen denetik eskaera egin arte itxaron beharreko denbora; prestazioak edo laguntzak agortu ondoren administrazio publikoren batek emandako edozein motatako gutxieneko errentak, gizarte-laguntzako soldatak eta abar jasoz gero ere, itxaronaldiari murrizketa hori bera aplikatuko zaio.

Bi zenbakiak abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 3. artikuluaren b) letra aldatzen du, eskatzaileentzat errazagoa izan dadin enplegu-bilaketa aktiboa egiten ari direla egiaztatzea; izan ere, enplegu-agentzien lankidetza bultzatuko da baldintza hori betetzeko.

Hiru zenbakiak, berriz, 4.1 artikulua aldatzen du. Horiek horrela, programan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea luzatzen da, langabeek arau hau indarrean jartzen denetik urtebeteko epea izan dezaten programan sar ditzaten eskatzeko.

Bi zenbakiaren bidez egindako aldaketen ildoari atxikita, Lau eta Bost zenbakiek 6. artikulua aldatzen dute. Langabeek programan onartuak izateko egin behar duten enplegu- bilaketa aktiboan tutoreak zer zeregin duen hobeto definituta dago orain, bilaketa bera eta haren egiaztatzea errazagoak izateko helburuarekin.

Azken xedapenetatik lehena arau honen onarpena babesten duen eskumen-tituluari buruzkoa da.

Azken xedapenetatik bigarrenak Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoa

ministerioaren egiturara egokitzen du, eta Gazte Bermearen Sistema Nazionala bultzatzeko presako neurrien abenduaren 23ko 6/2016 Errege Lege Dekretuak 18/2014 Legearen 98. artikuluari emandako idazkuntzaren eraginkortasuna sendotzen, interpretazioko zenbait zalantza argitze aldera.

Azken xedapenetatik hirugarrenak errege lege-dekretu hau noiz jarriko den indarrean xedatzen du.

III

Konstituzioaren 86. artikuluan honelako errege lege-dekretuak onartzeko galdatzen den aparteko eta presazko beharrizanari dagokionez, arau honen bidez hartu nahi den neurriak betetzen du baldintza hori.

2017ko apirilaren 15ean amaitu zen langabeek Enplegua Aktibatzeko Programan parte hartzeko eskaera aurkezteko epea. Horregatik, araua presaz onartzea justifikatuta dago; izan ere, langabeen babesik eza ekidingo bada, programaren luzapena ahalik eta lasterren jarri behar da abian.

Beraz, presakoa da errege lege-dekretu hau onartzea, beronen neurriak berehala aplikatu ahal izateko eta, beraz, langabeei babes handiagoa emateko.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuz, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2017ko apirilaren 28ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Enplegua Aktibatzeko Programa luzatzea eta aldatzea.

Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretua honela geratzen da aldatuta:

Bat. 2. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1. Langabeak izan ahalko dira programa honen onuradun, baldin eta programan sartzeko eskaera 4. artikuluan adierazitako epean aurkezten badute eta, eskaera egiteko egunean, baldintza hauek betetzen badituzte:

a)Gutxienez hilabete igaro izana onartutako azken laguntza edo prestazioa agortu zaienetik, baldin eta hauetako bat bazen: langabezia-prestazioa edo langabezia-subsidioa —urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan arautuak—; gizarteratzeko errenta aktiboa —Behar ekonomiko bereziak eta enplegua aurkitzeko zailtasuna duten langabeak gizarteratzeko errenta aktiboaren programa arautzen duen azaroaren 24ko 1369/2006 Errege Dekretuan edo horren aurreko arauetan arautua—; Langabezia Babesaren eta Laneratzearen Aldi Baterako Programa (PRODI) —Langabezia Babesaren eta Laneratzearen Aldi Baterako Programa arautzen duen abuztuaren 13ko 10/2009 Errege Lege Dekretuan arautua—; Langabezia Babesa Agortzen zaien Pertsonen Lanbide Prestakuntza Eguneratzeko Programa (PREPARA) —Enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide-prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuan eta programa hori luzatzen duten ondorengo errege lege-dekretuetan arautua—.

Letra honen ondoreetarako, laguntza edo prestazioa ez da agortutzat joko, baldin eta zehapen baten ondorioz azkendu bada edo onuradunari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla medio eman bazaio eskubidean baja.

b)2017ko maiatzaren 1ean, enplegu-zerbitzu publiko eskudunean enplegu- eskatzaile gisa izena emanda egotea. Baldintza hori betetzat joko da, nahiz eta langilea aipatutako datan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda ez egon, inskripzioa

etenda daukanean besteren konturako lan bat egiten ari delako; betiere, kontratuaren iraupena 90 egun baino gutxiagokoa izan bada.

c)Programan sartzeko eskaera aurkeztu aurreko hemezortzi hilabeteetan 270 egunez enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon izana.

d)Langabezia-babes kontributiboa edo asistentziala edo gizarteratzeko errenta aktiboa jasotzeko eskubiderik ez izatea.

e)Aurreko a) letran bildutakoen azken eskubidea agortu baino lehen, bere borondatearen aurka besteren konturako lana utzi izana. Horrez gain, eskubide hori agortu ondoren ere lan egin badu, azken lana bere borondatearen aurka utzi izana.

f)Eskatzailearen hileko errentak, edozein dela ere horien iturria, ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 baino handiagoak —aparteko bi ordainsariren zati proportzionala kanpo utzita—, eta familia-ardurak egiaztatzea. Errentak eta familia-ardurak egiaztatuko dira urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 275. artikuluaren 4. eta 3. zenbakietan ezarritakoari jarraikiz, hurrenez hurren. Ondore horietarako, ez dira kontuan hartuko laguntzarekin bateragarriak diren jarduerengatik jasotako errentak.

g)Aurreko a) letrako prestazioren edo laguntzaren bat agortu ostean administrazio publikoren batek emandako edozein motatako gutxieneko errentarik, gizarte-laguntzako soldatarik edo gizarte-laguntzako antzeko beste laguntzarik jaso badu eskatzaileak, gutxienez hilabete pasatu beharko da errenta horiek jasotzeari utzi dionetik, programan sartzeko eskaera egin ahal izan arte.

h)3. artikuluan xedatutako aktibazio-betebeharrak betetzea».

Bi. 3. artikuluaren b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) Enplegu-eskatzaile gisa zein enplegu-zerbitzu publikotan izena emanda dauden, haren aurrean egiaztatzea enplegu-bilaketa aktiboko gutxienez hiru ekintza egin dituztela eskaera aurkeztu dutenetik hilabeteko epean. Hilabeteko epea igaro eta hurrengo hamar egun baliodunen barruan egin behar da egiaztapena, dagokion enplegu-zerbitzu publikoak ezarritako ereduari jarraituz, non, gutxienez, enplegu- bilaketa aktiboko zer ekintza egin diren eta egiaztapena zein egunetan egin den zehaztuko baita. Gero, enplegu-zerbitzu publikoak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari ziurtatutako egiaztapena komunikatuko dio.

Hauek joko dira enplegu-bilaketa aktiboko jardueratzat:

1.a Besteren kontura edo norberaren kontura lan egitea.

2.a Gutxienez enplegu-agentzia batean izena ematea.

3.a Curriculuma gutxienez hiru enpresatara bidaltzea edo aurkeztea.

4.a Gutxienez lan-elkarrizketa bat egitea.

5.a Enplegua bilatzeko gutxienez bi atari publiko edo pribatutan enplegu- eskatzaile gisa izena ematea.

6.a Enplegu-zerbitzu publikoek edo enplegu-agentziek kudeatutako gutxienez lan-eskaintza batera aurkeztea.

7.a Enplegu-zerbitzu publikoek eskainitako beste edozein jarduera; bereziki, prestakuntza-ekintzak edo autoenplegua eta ekintzailetza bultzatzeko informazio- ekintzak zein jarduerak.

Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, aski izango da enplegu-agentziaren ziurtagiria aurkeztea. Bertan, eskatzailea agentzian izena emanda dagoela jasotzeaz gain, aurreko 3. eta 6. puntuetan jasotako jardueren artetik gutxienez bi egin dituela agertuko da».

Hiru. 4. artikulua honela geratzen da idatzita:

«1. Programan onartuak izateko eta 7. artikuluan aurreikusitako akonpainamenduko laguntza ekonomikoa onar dakien lortzeko, langabeek 2017ko

maiatzaren 1etik kontatzen hasita urtebeteko epean aurkeztu beharko dute programan sartzeko eskaera. Langabeari dagokion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestazio-bulegoan aurkeztu behar da eskaera, zehaztutako ereduari jarraikiz. Eskaerarekin batera, 2. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira; agiri horien artean, jarduera- konpromisoa egon beharko da, eskatzaileak sinatuta.

2.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatzen duenean eskatzaileak 2. artikuluan bildutako baldintzak betetzen dituela, eskatzaileari jakinaraziko zaio enplegu-bilaketa aktiboko ekintzak egin izana egiaztatu behar duela, 3. artikuluan ezarritako moduan, eta enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua esleitua izan behar duela, 3. eta 6.2 artikuluetan adierazitako moduan. Eskatzaileak hori guztia egiaztatu beharko du programan onartua izateko eta dagokion laguntza ekonomikoa jasotzeko.

Horrez gain, eskaera enplegu-zerbitzu publiko eskudunari igorriko zaio, hark beharrezkoak diren jarduerak abian jar ditzan eskatzaileari tutore indibidual bat esleitzeko, profil-diagnostikoa egiteko eta enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua prestatzeko, 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.Behin tutore indibiduala esleituta, lan-bilaketa aktiboa egiaztatuta eta enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua prestatuta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ebazpena emango du, eta langilea programan sartzen dela adieraziko du. Adierazpen horrek laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea emango dio langileari, bai eta, hala dagokionean, laguntza hori lanarekin bateratzeko aukera ere, 8. artikuluan aurreikusitako moduan. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eskaera aurkeztu zenetik hiru hilabeteko epean emango du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez badu, eskaera administrazio-isiltasunagatik ezetsi dela joko da.

4.Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako ebazpenaren aurka, lan- arloko jurisdikzioaren aurreko erreklamazioa aurkeztu ahal izango da, ebazpena jakinarazten denetik hogeita hamar eguneko epean».

Lau. 6. artikuluaren 2. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Enplegu-zerbitzu publiko eskudunak tutore indibidual bat esleituko dio eskatzaileari, programan onartu aurretik. Tutore horrek enplegu-bilaketa aktiboa egiten eta egiaztatzen lagunduko du —3.b) artikuluan ezarritako baldintzetan— eta eskatzailearen enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatua prestatuko, programan sartzeko eskaera aurkezten denetik hilabeteko epean, langilearen profilaren aurre- diagnostikoa egiteko bana-banako elkarrizketa batean oinarrituta.

Enplegu-bilaketa aktiboa egiten eta egiaztatzen laguntzeko, tutoreak eskatzaileari bere jarduera-esparruan dauden enplegu-agentziei buruz eta haiek ematen dituzten zerbitzuei buruz beharrezkoa den informazioa emango dio, agentzia horietan izena eman ahal izan dezan.

Orobat, enplegu-atariei buruzko argibideak emango dizkio, bai eta lan-eskaintzei buruzkoak eta enplegu-bilaketa aktiboko jarduerak egitea errazten duen beste edozein tresnari buruzkoak ere.

Enplegu-zerbitzu publikoen entitate laguntzaile gisa diharduten enplegu- agentziek eskatzailearen inskripzioa egin beharko dute, 3.b) artikuluaren 3. puntutik

6.puntura jasotako ekintzetatik gutxienez bi egin beharko dituzte eta dagokion ziurtagiria eman».

Bost. 6.6. artikuluaren a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) Programaren eskatzaileari esleitutako tutore indibidualaren izen-abizenak, enplegu-bilaketa aktiboaren egiaztapena, prestatutako ibilbideak, ibilbideak indarrean egon diren bitartean eskatzaileak lortutako lanpostuak eta haien jarraipena. Ibilbideak diseinatu eta berehala jakinarazi beharko zaizkio Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari».

Xedapen iragankor bakarra. Enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egoteko baldintzaren aplikazioa.

Norbaitek ez badu betetzen 2017ko maiatzaren 1ean enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egoteko baldintza —abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 2.1.b) artikuluak ezarria—, baina 2014ko abenduaren 1ean edo 2016ko apirilaren 1ean izena emanda bazegoen, pertsona hori Enplegua Aktibatzeko Programan sartu ahalko da, baldin eta errege lege-dekretu honen bidez aldatzen den arau horren 2. artikuluko gainerako baldintzak betetzen baditu.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.7 eta 149.1.13 artikuluetan xedatutakoaren babesean ematen da. Artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari, bai lan-legeriaren gainean —nahiz eta autonomia-erkidegoetako organoek legeria hori betearaz dezaketen—, bai jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehazteari eta horren koordinazioa egiteari dagokionez, hurrenez hurren.

Azken xedapenetatik bigarrena. Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legea aldatzea.

Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legea honela geratzen da aldatuta:

Bat. «Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioan Europako Gizarte Funtsa administratzeko eskumenak esleituta dituen Zuzendaritza Nagusia»ri egindako erreferentziak —92. artikuluaren 3. zenbakian; 95. artikuluaren 2. zenbakian; 98. artikuluaren 2. eta 6. zenbakietan; 102. artikuluaren lehenengo paragrafoan; 111. artikuluaren 1. zenbakiko i) eta j) letretan; 112. artikuluaren a) letraren bosgarren paragrafoan; hogeita zortzigarren xedapen gehigarriaren lehenengo paragrafoan eta azken xedapenetatik bigarrenaren 4. zenbakian— «Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak izendatzen duen unitate organikoa»ri eginak direla ulertuko da.

Bi. 98. artikuluaren 5. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«5. Enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu-eskatzaile gisa izena emateak edo izen-ematea berritzeak berekin dakar Gazte Bermearen Sistema Nazionalean izena ematea, 97. artikuluan jasotako betekizunak betetzen badira. Sisteman izena ematen den eguna bat etorriko da enplegu-eskatzaile gisa izena eman den egunarekin edo izen-ematea berritu den egunarekin.

Ondore horietarako, enplegu-eskatzaile gisa izena ematen den momentuan 97. artikuluaren g) letran ezarritako betekizuna betetzen dela ulertuko da.

Horrez gain, enplegu-zerbitzu publikoek eskatu ahalko dute honako hauen izen- ematea egin dadin Gazte Bermearen Sistema Nazionalean: 2013ko irailaren 1etik 2016ko abenduaren 24ra arte enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon diren pertsonena, 106. artikuluak jasotzen duen ekintzetako batean parte hartu badute eta, ekintzaren hasieran, 105. artikuluak jasotzen dituen betekizun guztiak betetzen bazituzten. Kasu horretan, izen-ematearen data ekintzaren hasiera-datarekin bat etorriko da. Era berean, enplegu-zerbitzu publikoek horren berri emango diete interesdunei, datuetan sartu, horiek aldatu, ezereztu eta haien aurka egiteko eskubidea baliatu ahal izan dezaten».

Hiru. 112.a) artikuluaren hirugarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Batzordean, gehienez ere, Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean parte hartu duen autonomia-erkidego bakoitzeko hiru ordezkari egongo dira, enpleguaren, hezkuntzaren, gizarte-zerbitzuen eta/edo gazteen eremuetakoak, bai eta autonomia-erkidegoetako Europako Gizarte Funtsaren bitarteko organismoak eta lan-arloko solaskideak ere. Batzordekide izango dira, orobat, Enpleguko eta

Gizarte Segurantzako Ministerioak izendatzen dituenak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren ordezkari bat, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren ordezkari bat eta gaia aintzat hartuta eskudun diren beste batzuk».

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2017ko apirilaren 28an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra