Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

8/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretua aldatzen duena.

2018-08-04

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/08/04 188zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

11134   8/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Enplegua Aktibatzeko

Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretua aldatzen duena.

I

Gobernuak eta gizarte-solaskideek Enplegua Aktibatzeko Aparteko Programari buruzko Akordioa sinatu zuten 2014ko abenduaren 15ean, laneratzeko zailtasun handienak dituzten langileen enplegagarritasuna hobetzeko eta halakoei aukera berriak eskaintzeko.

Akordio horren ondorioz, Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretua onartu zen. Programa hori apartekoa eta espezifikoa da, eta iraupen luzeko langabeei zuzendua dago; hain zuzen ere, aparteko premiak eta familia-ardurak izanik, enplegu-bilaketa aktiboa egiten dutenei. Programa birritan luzatu zen: lehenik, apirilaren 15eko 1/2016 Errege Lege Dekretuaren bidez, eta, bigarrenik, apirilaren 28ko 7/2017 Errege Lege Dekretuaren bidez. Azken horri esker, hartzaileek 2018ko apirilaren 30era arte aurkeztu ahal izan zituzten programan sartzeko eskaerak.

Programa ez denez berriro luzatu, orain ezinezkoa da eskaera berriak onartzea. Hala ere, programak indarrean egoten jarraituko du, harik eta ordura arte onartu ziren pertsonek enplegua aktibatzeko ekintzak burutzen dituzten arte eta onartu zitzaien akonpainamenduko laguntza ekonomikoa jasotzen duten arte —gehienez ere, sei hilabeteko iraupena du—.

Enplegua Aktibatzeko Programan onartua izateko epea 2018ko apirilaren 30ean amaitzeak nahi ez zen ondorio bat ekarri du berekin: behin egun hori igarota, aipatutako arauaren 5.2 artikuluan jasotako arrazoiengatik aldi baterako bajan dauden pertsonak — bestera esanda, apartatu horretan ezarritako aldietan besteren kontura edo beren kontura lan egiteagatik edo errenten edo familia-arduren baldintza betetzeari uzteagatik aldi baterako bajan daudenak— ezin dira berriro programan sartu; izan ere, abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren testuaren arabera, berriro sartzeko aukera onarpen-eskaeraren epeari lotuta dago —hau da, eskaera apirilaren 30a baino lehen aurkeztu behar zen, nahitaez—.

Horrez gain, pertsona horiek aparteko langabezia-subsidioa ere ezin dute jaso — subsidio hori Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua berau) hogeita zazpigarren xedapen gehigarri berrian arautu zen, zeina 2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen azken xedapenetako berrogeigarrenaren bosgarren apartatuaren bidez gehitu baitzen—, zeren eta xedapen berri horren 3. apartatuak espresuki debekatzen baitie «Enplegua Aktibatzeko Programan ezarrita dagoen akonpainamenduko laguntza ekonomikoa lehendik onartuta dutenei» aparteko subsidioa eskuratzea. Gogoan izan behar dugu aparteko langabezia-subsidioak aldi baterako ordeztu dituela enplegua aktibatzeko programa eta langabezia-babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa.

Egoera horrek babesik gabe uzten ditu laneratzearekin konpromiso handiena erakutsi duten programako parte-hartzaileak, eta, gainera, abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 1.2 artikuluan jasota dagoen helburuari erasotzen dio —alegia, «langabeak lan-merkatura berriro ekartzeko aukerak handitzeko» helburuari—; izan ere, aldi baterako enplegurako aukerei sustagarria kentzen die programa garatzen den bitartean, iraupen laburreko lanen bat onartuz gero ezingo bailitzateke berriro programan sartu.

Egoera kaltegarri hori saihesteko, abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretua aldatuko da; hartara, arau horretan aldi baterako baja emateko ezarrita dauden kasuren batean egonez gero, berriz programan sartu ahal izango da, programa amaitu arte.

II

Errege lege-dekretu honek artikulu bakar bat eta bi azken xedapen ditu.

Artikulu bakarrak Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 5.3 artikulua aldatzen du, eta aldi baterako bajan dauden pertsonak berriz programan sartzeko epea luzatzen.

Azken xedapenetatik lehena arau honen onarpena babesten duen eskumen-tituluari buruzkoa da.

Azken xedapenetatik bigarrenak, berriz, errege lege-dekretu hau noiz jarriko den indarrean xedatzen du.

III

Konstituzioaren 86. artikuluan honelako errege lege-dekretuak onartzeko galdatzen den aparteko eta presazko beharrizanari dagokionez, arau honen bidez hartu nahi den neurriak bete egiten du baldintza hori.

Aldaketari esker, aldi baterako bajan dauden pertsonak berriz sartu ahal izango dira Enplegua Aktibatzeko Programan. Une honetan, luzapenik egon ez denez, berriz sartzeko aukera programa amaitu arte geratzen den aldira mugatuta dago, eta, beraz, agerikoa da neurria presaz aplikatu behar dela. Hala egin ezean, egoera horiek babesik gabe geratuko dira behin betiko, programaren exekuzioa datozen hilabeteetan amaituko baita; hain zuzen ere, 2018ko apirilaren 30a baino lehen onartu ziren pertsonen parte-hartzea amaitzen denean.

Esan beharra dago neurriak babes-premia handia duen pertsona multzo bati eragiten diola; alegia, laguntza mota guztiak agortu eta familia-ardurak dituela egiaztatu duenari. Horrenbestez, presazko beharrizana dago ere pertsona horiek behin betiko babesik gabe gera ez daitezen, berriz programan sartu ezinik geratuz gero ez dituztelako jasoko hasiera batean onartu zitzaizkien laguntza ekonomikoak eta enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak.

Azkenik, programan berriz sartu ahal izateak eragotzi egiten du aldi baterako baja eman zaien eta eman ez zaien pertsonen artean desberdinkeria egotea; azken batean, denek eskubide berak dituzte onartuta.

Errege lege-dekretu honek bete egiten ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioak. Premia-printzipioari dagokionez, berriro diogu: presazko beharrizana dago aldi baterako bajan dauden pertsonak Enplegua Aktibatzeko Programan berriz sartzeko, saihestu nahi baita haiek babesik gabe geratzea; bestela, berriz programan sartu ezean, ez baitituzte jasoko hasiera batean onartu zitzaizkien laguntza ekonomikoak eta enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak.

Segurtasun juridikoaren, proportzionaltasunaren eta efikaziaren printzipioei bagagozkie, aldaketak alderdi hori modu puntual, zehatz eta argian landu besterik ez du egiten, haren maila eta presazko beharrizana aintzat hartuta aukerarik onena erabiliz; hots, errege lege-dekretu bat onartuz. Gardentasun-printzipioari erreparatuta, kasu honetan, errege lege-dekretu bat izanik, ez da beharrezkoa aurretiazko kontsulta publikoa egitea, ezta entzunaldi-izapidea eta informazio publikoaren izapidea ere. Amaitzeko, efizientzia-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honek ez du administrazio-kargarik ezartzen.

Horrenbestez, Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuz, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroaren proposamenari jarraikiz eta Ministro Kontseiluak 2018ko abuztuaren 3ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Enplegua Aktibatzeko Programa Arautzen duen abenduaren 19ko 16/2014 Errege Lege Dekretuaren 5.3 artikulua honela geratzen da aldatuta:

«3. Onuradunari programan eta laguntzan aldi baterako baja ematen bazaio aurreko apartatuan aurreikusitako arrazoien ondorioz, programan berriro sartzeko eskubidea onartu ahal izango zaio, baldin eta eskaera programa indarrean dagoen bitartean egiten badu, 2. artikuluko d) eta f) letretan adierazitako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen badu eta, hala badagokio, besteren konturako lana amaitu bazaio eta legezko langabezia-egoeran dagoela frogatzen badu. Programan berriro sartzeko, enplegu-eskatzaile gisa inskribatu beharko du, eta jarduera-konpromisoa berraktibatu beharko du.

Langilea programan aldi baterako bajan dagoen denbora, laguntza ekonomikoa jaso gabe, artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, ez da zenbatuko laguntzaren iraupenaren ondorioetarako.»

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.7 eta 149.1.13 artikuluetan xedatutakoaren babesean ematen da. Artikulu horiek eskumen esklusiboa ematen diote Estatuari, bai lan-legeriari dagokionez —hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek legeria hori betearazi ahal izatea—, bai jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehazteari eta koordinatzeari dagokionez, hurrenez hurren.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Palma Mallorcakoan, 2018ko abuztuaren 3an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra