Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

8/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 8koa, Gizarte-babesa sustatzeko eta lanaldiarekin zerikusia duen prekaritatearen kontra borrokatzeko presako neurriena.

2019-03-08

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 03/12/2019, 61. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3481     8/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 8koa, Gizarte-babesa sustatzeko

eta lanaldiarekin zerikusia duen prekaritatearen kontra borrokatzeko presako neurriena.

I

Joan den otsailaren 13an Diputatuen Kongresuaren osoko bilkurak Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektu osoaren zuzenketak onartu zituen.

Proiektu horren helburuetako bat zen gizarte-politikak kontu publiko bidezkoago eta berdinzaleagoen bitartez bultzatzea, ekonomiaren susperraldiaren onura herritar guztiek jaso dezaten, egoera txarrenean daudenek batez ere. Horretarako, besteak beste, hainbat neurri biltzen zituen 2012. urtean krisi ekonomikoaren eta austeritaterako eta gastu publikoa murrizteko neurrien aitzakian ezabatutako gizarte-eskubide batzuk berreskuratzeko. Neurri horiek gobernu honen borondate politiko argi bati erantzuten diote; hau da, berriz ere ongizate-estatutua izatea gure hazkunde ekonomikoaren ereduaren ardatz nagusia. Eta horren xedea Espainiako gizartearen barruan dauden desberdintasunak murriztea da, oraindik ez baitira gainditu, nahiz eta azkenaldian ekonomia sendo hazi eta enplegu ugari sortu.

Errege lege-dekretu honen xedea, lehenik, gizarte-babeserako neurri horiek onartzea da, eta neurriok hartzeko aparteko eta presako arrazoiak daude, berehala indarrean jarri ahal izateko.

Bigarrenik, arau honek enplegua sustatzeko neurri batzuk dakartza, ahalik azkarrena aplikatu behar direnak, lan-arloko ezegonkortasunak eta langabeziak gogorren astintzen dituzten herritarrek (luzaroan langabezian egon direnek, nekazaritzako langileek, turismoaren arloko aldizkako langile finkoek eta abarrek) beren enplegua mantentzeko.

Horrez gainera, errege lege-dekretu honen xedapen batzuek lanaldien erregistroa arautzen dute, lanaldien mugak ez direla igarotzen bermatzeko, langileentzat eta enpresentzat segurtasun juridikoko esparru bat sortzeko eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren kontrola ahalbidetzeko. Xedapen horien beharrizana ere apartekoa eta presazkoa da, eta, horregatik, errege lege-dekretu baten bidez onar daitezke.

II

Errege lege-dekretuaren I. kapituluan gizarte-babeseko neurri batzuk ezartzen dira. Jarraian zehaztuko ditugu.

Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoak, 52 urtetik gorakoentzako sorospena aldatu zuen (sorospen hori orduan indarrean zegoen lege honetan arautzen zen: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duena). Batetik, sorospena jasotzeko adina aldatu zen eta 55 urtera igo zen; bestetik, sorospenaren iraupena aldatu zen eta lehen erretiratzeko legezko adinera heldu arteko aldia zena kotizaziopeko erretiro-pentsio bat edozein modalitatetan jasotzeko eskubidea ematen duen adinera heldu artera murriztu zen; azkenik, kotizazioa aldatu zen eta indarreko gutxieneko kotizazio-oinarrien ehuneko 125etik ehuneko 100era murriztu zen.

Errege lege-dekretuaren 1. artikuluan sei aldaketa ezartzen dira 55 urtetik gorakoentzako sorospenaren erregulazioan: sorospena jasotzeko adina 55 urtetik 52ra murrizten da; sorospena eragiten duena gertatzen denean 52 urte beteta eduki beharra ezabatzen da, eta ahalbidetzen da adin hori betetzen denean jaso ahal izatea, Auzitegi Gorenak horretaz finkatutako jurisprudentzia aintzat hartuta; sorospenaren gehieneko iraupena luzatzen da: lehen, kotizaziopeko erretiro-pentsio bat edozein modalitatetan jasotzeko eskubidera heldu arte jaso izan da, eta, oraindik aurrera, erretiratzeko legezko adinera iritsi arte jasoko da; familia-unitatearen errentak ez dira kontuan hartuko sorospena jasotzeko eskubidea onartzeko; sorospena jasotzen den artean erretiro-kontingentziarako kotizazioa indarrean dagoen gutxieneko oinarrien ehuneko 125 izango da (orain arte ehuneko 100 izan da); orain, lanaldi partzialeko lanaren ondoriozko sorospenari aplikatzen zaizkion ehunekoak ezabatzen dira.

Hobekuntza horiei esker onuradunak babestuago egongo dira langabezian daudenean; izan ere, batetik, gazteago jaso ahal izango dute sorospena; bigarrenik, sorospenerako ez dira kontuan hartuko familia-unitatearen errentak; azkenik, babesak erretiroa hartzeko adinera heldu arte iraungo du. Baina hobekuntzak ez dira langabeziarako bakarrik; aitzitik, etorkizunera begira ere egin dira, eta ondorioak sortuko dituzte erretiro-pentsioa jasotzen den aldi osoan, pentsioaren zenbatekoa handiagoa izango baita, bai erretiro aurreratuko pentsioen zenbatekoak murrizteko koefizienteak ezabatzen direlako, bai kotizazioa gehitzen delako sorospena jasotzen den aldi osoan.

Langile kaltebera horien babesak ondo justifikatzen ditu errege lege-dekretu honen bidez egiten diren aldaketak. Enpleguaren Legearen testu bateginak, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, 2.d) artikuluan ezartzen du laneratzeko arazo handiak dituzten pertsonek -45 urtetik gorakoek batez ere- lana aurkitzeko politika egokiak aplikatzen direla ziurtatzea izan behar dela enplegu-politikaren helburuetako bat. Beste alde batetik, langabezia-egoeretatik babestea funtsezkoa da enpleguaren arloko politikan, eta lanik gabe dauden 52 urtetik gorako pertsonak babestea, lehentasunezkoa, bai haien gaur egungo babesa bai etorkizunekoa bermatzen duelako, sorospenak zuzeneko eragina baitauka onuradunak jasoko duen erretiro-pentsioaren zenbatekoan.

Errege lege-dekretua aldaketa horiek ordenamenduan sartzeko tresna gisa erabiltzeari dagokionez, bi gauza hartu behar dira kontuan: errege lege-dekretu bidez arlo batzuk ezin dira arautu eta, gainera, inguruabar jakin batzuk gertatu behar dira errege lege-dekretua erabiltzeko. Arautu ezin diren arloei dagokienez, hona zer ezartzen duen Konstituzioak 86.1 artikuluan: errege lege-dekretuek «ezin eragingo diete, ez Estatuaren funtsezko instituzioen ordenamenduari, ez I. tituluan araututako herritarren eskubide, betebehar eta askatasunei, ez autonomia-erkidegoen araubideari, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrari». Sorospen honen aldaketak ez die ezertan eragiten horiei.

Errege lege-dekretua erabiltzea aparteko eta presazko beharrizantzat jotzeko gertatu beharreko inguruabarrak direla-eta, kontuan hartu behar da Konstituzio Auzitegiaren doktrina, 2018ko ekainaren 7ko 61/2018 epaiaren IV. oinarri juridikoan laburbiltzen dena. Doktrina horren arabera, batetik, beharrezkoa da «Gobernuak tresna hori onartzeko aztertu dituen zioak era esplizituan eta arrazoituan azaltzea», hau da, presazko egoera azaltzea; bestetik, «ezinbesteko lotura egon behar da zehazten den presako egoeraren eta egoera horri erantzuna emateko hartzen den neurriaren artean». Konstituzio Auzitegiak adierazi duen bezala, errege lege-dekretuaren erabilera «egoera ekonomiko zailetan» onartu izan da, Konstituzioaren arabera guztiz zilegi baita horrelakoetarako; izan ere, bidezkoa eta egokia da presazko legegintza justifikatzen duen xedea lortzeko: «Gobernuaren helburuen barruko egoera jakin batzuk laguntzea, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen dutenak, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 31/2011, martxoaren 17koa, 4. oinarri juridikoa; 137/2011, irailaren 14koa, 6. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa). Azkenik, ohartarazi behar da erreforma egiturazkotzat jotzeak ez duela berez eragozten errege lege-dekretua erabiltzea; izan ere, konpondu nahi den arazoa ustez egiturazkoa bada ere, baliteke noizbait aparteko eta presazko beharrizan bihurtzea eta, beraz, orduan bidezkoa izatea errege lege-dekretua onartzea. Beharrizana dagoen erabakitzeko, kasuan kasuko inguruabarrak aztertu beharko dira (Konstituzio Auzitegiaren 137/2011 epaia, 6. oinarri juridikoa, Konstituzio Auzitegiaren epai hauetan berretsia: 183/2014, 5. oinarri juridikoa; 47/2015, 5. oinarri juridikoa; 139/2016, 3. oinarri juridikoa).

Horren ildotik, 52 urtetik gorako pertsonek langabeziagatik jasotzen duten sorospena aldatzea ondo justifikatuta dago, kontuan hartuz gero nolako beharrean bizi diren ez kotizaziopeko babesa ez laguntza-babesa jaso ezin duten 114.000 pertsonak, aldaketaren ondoren langabezia-babeseko sistemak babestuta egongo dira eta. Gainera, aldaketa honek gaur egun sorospena jasotzen duten beste 265.465 onuraduni ere eragingo die, eta, ondorioz, haien kotizazioak gehituko dira, eta orain sorospena modu partzialean jasotzen duten 12.000 pertsonak aldi osoan jasoko dute. Beraz, neurriak 379.465 pertsonari eragingo die guztira, laguntzako sorospenaren estaldura zabalduko baita presaz eta ezinbestean konpondu beharreko egoera larria onbideratzeko. Horrenbestez, 55 urtetik gorako pertsonen sorospenaren erregulazioan egin diren aldaketek mesede egingo diete langabeziak kalte handiena egiten dien eta (beraz) enpleguaren arloko politikan lehentasuna duten pertsonei, eta horrexek justifikatzen ditu batez ere, askoz babestuago egongo baitira langile horiek, bai langabezian dauden artean, bai erretiratu ondoren, aurrerantzean ez dute-eta edukiko erretiroa aurreratu beharrik eta horrek pentsioaren zenbatekoan berekin dakarren murrizketa nozitu beharrik; gainera, sorospena jasotzen duten artean egiten dituzten kotizazioak gehituko direnez gero, erretiratzeko legezko adinera heltzen direnean pentsio handiagoa jaso ahal izango dute.

Sorospen honen estaldura zabaltzea presazkoa da, onuradunek ia ez baitute inolako errentarik jasotzen eta gizartetik baztertuta geratzeko arrisku larrian baitaude; izan ere, orain arte, 52 urte beteak zituzten pertsonek ezin izan dute jaso sorospena, nahiz eta gainerako baldintza guztiak bete, eta ez dute babesik eduki, eta pertsona horientzat babesa atzeratzen zaien egun bakoitza kotizatzen ez duten egun bat gehiago da. Beste alde batetik, orain sorospena jasotzen dutenentzat, aldaketa hau indarrean jartzen ez den bitartean, egun bakoitza erretiro-pentsiorako kotizazio gutxiagoko beste egun bat da. Beraz, neurri hauen onarpena atzeratuz gero, oraingo eta etorkizuneko eskubide batzuk galduko dituzte gaur egun ez gutxieneko baliabiderik, ez erretiro-pentsio duina edukitzeko itxaropenik ez duten pertsona askok.

III

Errege lege-dekretu honek Gizarte Segurantzaren arloko neurri batzuk ere ezartzen ditu, eta guztiz bat datoz I. kapituluko helburu orokorrarekin: gizarte-babeseko aparteko eta presazko neurriak ezartzea. Horietakoa dugu 2. artikuluko neurria: ardurapeko seme edo alaba bakoitzagatik ematen den diru-esleipena igo egingo da eta urtean 341 euro izango da, eta, familia pobrezia larrian egonez gero, urtean 588 euro, familia horien egoera presaz hobetu beharra dago eta. Haurren pobreziaren kontrako babes-neurriak ezartzea lehentasunezko helburua izan da Gobernuarentzat, eta horren erakusgarri nagusia haurren pobreziaren kontrako borrokarako goi-komisarioa sortzea izan da; kargu horren xedea haurren pobreziaren eta desberdintasunaren kontra borrokatzeko jarduketak eta politikak koordinatzea da. Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2017. urtean 16 urtetik beherakoen artean pobrezia-arriskuaren edo gizarte-bazterketaren arriskuaren tasa (AROPE adierazlea) ehuneko 31 zen; beraz, gure herrialdean adierazle hori Europar Batasuneko batezbestekoa baino zazpi puntu portzentual gorago zegoen, Eurostatek egindako estatistikek erakusten duten bezala.

Erabat kezkagarria da diru-sarrera baliokideen medianaren % 25etik beherako errentekin pobrezia larrian bizi diren familietako 630.000 umeren egoera. Dauzkagun azken datuek, 2018ko azken hiruhilekokoek, erakusten dute apur bat gutxitu direla sarrerarik gabeko familia umedunen guztirako kopurua. Hala ere, beherakada hori gorabehera, diru-sarrerarik gabeko familia umedunen kopurua krisi ekonomikoaren hasierakoa halako bi da, ia-ia.

Haurren pobreziaren tasa hain da handia, ezen ezinbestekoa baita ahalik azkarrena hartzea diru-baliabide urriko familiek jasaten duten egoera larriari aurre egiteko ahaleginak gehituko dituzten gizarte-neurriak. Espainian, familiei eta haurrei laguntzeko egiten den gastua Europar Batasunean batez beste egiten dena baino gutxiago da: Espainiako gizarte-gastuaren % 5,3 baino ez da familia eta haurrentzat, eta Europar Batasunean, aldiz, % 8,4 da.

Europako erakundeek eta nazioarteko erakundeek (besteak beste, ELGAk eta Nazio Batuen hainbat batzordek) tinko adierazi dute familiei behar dituzten baliabideak bermatu behar zaizkiela gizarte-transferentzien bitartez. Europar Batasunak behin eta berriz adierazi du arriskuan dauden umeak dituzten familientzako laguntzak urriak direla, eta azaldu du Espainian gizarte-transferentzien eragina Europar Batasuneko batezbestekoa baino askoz txikiagoa dela; gainera, Batasunak eskatu digu neurriak hartzeko familientzako prestazioen eraginkortasuna urria eta estaldura gorabeheratsua den egoera hori zuzentzeko.

Analisiek argi utzi dute zuzeneko transferentziak ezinbestekoak direla desberdintasunak murrizteko eta haurren pobreziaren kontra egiteko. Horri helduta, errege lege-dekretu honen helburua da haurren pobreziaren kontrako borroka areagotzea; horretarako, diru-baliabide gehiago bideratuko dira diru-sarrera gutxien duten familientzat. Ardurapeko seme edo alaba bakoitzagatik ematen den prestazioa igo egingo da: orain 291 euro da eta 341 euro izango da; gainera, familiaren diru-sarrerak eskalaren arabera pobreziarik larrienean dauden familiena baino gutxiago badira, prestazioa 588 euro izango da, horien egoera presaz hobetu beharra dago eta.

  • 3. artikuluan, gehitu egiten dira 60 urtetik beherakoek ezintasun iraunkor osoagatik jasotzen duten kotizaziopeko pentsioaren gutxieneko zenbatekoak. Neurri horren justifikazioa da ezintasun iraunkor osoa duten pertsonetako askok ezin izaten dutela berriz ere lanean jardun; batez ere, ezintasuna adin jakin batera ezkero gertatzen denean eta, ondorioz, langabezia, prestakuntzarik edo ezagutzarik eza dela eta, erretiro-adinera heldu arte luzatu behar izaten denean.

Langile horiek ahulezia ekonomiko handian gerta ez daitezen, eta ikusirik zein gaitz duten lana aurkitzen eta lanbide arteko gutxieneko soldata nahiko igo dela 2019an (horrek berekin ekarri du gutxieneko kotizazio-oinarria gehitzea), guztiz beharrezkoa da pentsio horren zenbatekoa gehitzea eta gehikuntzak 2019ko urtarrilaren 1az gero sortzea ondorioak.

  • 4. artikuluan, urriaren 21eko 47/2015 Legea aldatzen da (itsasoko eta arrantzako langileen gizarte-babesa arautzen duen legea), prestazioen katalogoa martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak arautzen dituen berrikuntzetara moldatzeko (enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriena da 6/2019 Errege Lege Dekretua). Horrenbestez, prestazio berria sortzen da, bularreko haurraren zaintzan erantzukidetasunarekin jokatzeagatik emango dena, eta amatasunaren eta aitatasunaren aipamenak izen berrira moldatuko dira (adingabearen jaiotza eta zaintza); hori arautzeko, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak xedatzen duenera joko da.

Beraz, aldaketaren beharrizana apartekoa eta presazkoa da, inolako ezbairik gabe, zeren, aldaketa egin ezean, Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Berezian dauden pertsonek ez baitute edukiko gainerako langileen gizarte-babes bera.

  • 5. artikuluan, murrizketa bat egiten da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean ezarritako Nekazaritzako Besteren Konturako Langileentzako Sistema Berezian dauden langileen kuotetan. Murrizketa horren ezaugarri nagusietako bat honako hau izango da: nekazaritzako langile batek hil natural bateko egun batzuetan lanik egiten ez badu, berak ordaindu beharko ditu kotizazioak eta berak sartu beharko ditu dagozkion kuotak; ordainketa horiek egiteko, honako hau hartuko da aintzat: Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko kotizazio-taldeen eskalako 7. taldekoen kontingentzia arruntei dagokien gutxieneko oinarria.

Abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretua (pentsio publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzekoa) indarrean jarri ondoren, 2019. urtean gutxieneko oinarri hori ehuneko 22 inguru gehitu da 2018ko urteko zenbatekoarekin alderatuta, 2019ko lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzen duen abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat etorriz lanbide arteko gutxieneko soldata 2019rako gehitu den portzentajean kotizazio-oinarriak izan duen gehikuntzak eraginda.

Gehikuntza horren ondorioz langabezian dauden pertsona horiek urteko lehen hiletan Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzeko eduki zitzaketen arazoak gainditzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak baimena eman zuen 2019ko urtarriletik apirilera bitarteko langabezia-aldietako kuoten ordainketa atzeratzeko. Hala ere, kontuan edukita zein bereziak diren langile horien eta Gizarte Segurantzaren arteko harremanak, 2019. urtean ezinbestekoa da murrizketa bat aplikatzea Gizarte Segurantzako kotizazioei langile horiek langabezian dauden aldian; murrizketa horrek sendotu egingo ditu langile horiei Gizarte Segurantzako kotizazioen inguruko betebeharrak betetzen laguntzeko ezarri diren neurriak.

Murrizketa hori lege-mailako arau baten bidez ezarri behar da, eta horrek erabat justifikatzen du aparteko eta presazko beharrizana eta errege lege-dekretura jotzea, ondorioak 2019ko ekitaldian sortzea nahi baitugu.

Beste alde batetik, 6. artikuluak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 249 ter artikulua aldatzen du, ikuskizun publikoetan diharduten artistek jardunik ez dutela onartzeko eskaerak aurkezteko epealdia luzatzeko. Ezinbestekoa da aldaketa hori presaka egitea, zeren eta jardunik gabeko aldien erregulazioa indarrean jarri denetik igarri baita eskaerak aurkezteko eguna finkatzea ez dela modurik hoberena artista horien beharrizanak betetzeko. Horregatik, oraindik aurrera eskaera urte guztian aurkeztu ahal izango da, noiznahi, eta horrela eraginkorragoak izango dira Arte-sorkuntzari eta zinematografiari buruzko presako neurriak onartzen dituen abenduaren 28ko 26/2018 Errege Lege Dekretuak ezartzen dituen neurriak; errege lege-dekretu hori Artistaren Estatutua idazteko azpibatzordearen txostenean azaltzen ziren gomendioak betetzeko onartu zen, eta txosten hori, berriz, 2018ko irailaren 6an onartu zuen Diputatuen Kongresuaren osoko bilkurak.

Bigarren xedapen iragankorrean argitu egiten da zein den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 308. artikuluaren aplikazioaren araubide iragankorra abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuak egindako aldaketaren ondoren. 2019ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen neurri baten ondorioz, aldi baterako ezintasuneko 61. egunetik aurrera mutua laguntzaileek, entitate kudeatzaileek eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak langile autonomoen kotizazioak ordaindu behar dituzte, jarduera eteteagatiko kuoten kargura. Nolanahi ere, neurri horren aplikazioak interpretazio-zalantzak ekarri ditu, eta zalantza horiek ahalik azkarrena argitu behar dira nahitaez, neurria indarrean egonik ezinbestean aplikatu behar da eta. Beraz, argi dago aparteko eta presazko beharrizana dagoela horren aplikazioa errege lege-dekretu baten bidez arautzeko.

Beste alde batetik, indarrean jarri da martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriena, eta, horregatik, segurtasun juridikoa bermatzeko, errege lege-dekretu honetan bigarren xedapen iragankorra eta azken xedapenetako bigarrena ezarri behar izan dira.

  • IV

Errege lege-dekretu honen II. kapituluan hainbat neurri ezartzen dira enplegu finkoa sustatzeko jarduera-sektore jakin batzuetan eta langabezian luzaroan egon diren pertsonen artean.

  • 7. artikuluan, «Nekazaritzako behin-behineko langileen behin-behineko kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko plana» arautzen da (aldizkako langile finkoak ere horren barruan sartzen dira).

Artikulu horretan ezartzen denaren arabera, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko Nekazaritzako Besteren Konturako Langileentzako Sistema Bereziko langileen behin-behineko kontratuak (aldizkako langile finkoenak barne) mugagabe bihurtzen dituzten enpresek hobaria edukiko dute kontingentzia arruntei dagozkien enpresa-kuotetan; hobariaren zenbatekoa langilearen sailkapenaren eta kotizazio-modalitatearen araberakoa da (hilekoa edo benetan lan egindako lanaldikoa izan daiteke kotizazio-modalitatea).

Gainera, generoen arteko aldea txikitzeko neurriak aplikatu nahian, hobariaren zenbatekoa handiagoa izango da emakume baten kontratua mugagabe bihurtzen denean.

Nekazaritzaren arloko lan-merkatuan aldi baterako kontratuak nagusi direla kontuan edukitzea aski da neurri hau errege lege-dekretuaren bidez onartu beharra dagoela justifikatzeko. Hori dela eta, gogoan eduki behar da sektore horretan soldatako langileen % 47k baino gehiagok aldi baterako kontratua dutela, kontratu mugagabea dutenak % 32,9 direla eta aldizkako langile finkoak % 15,9 baino ez. Pizgarri horren bidez, sektorean kontratu iraunkorrak sinatzea sustatu nahi da, prekaritatea murrizteko, aspaldion gizartearentzat jasanezinak diren mailetara iritsi baita, eta enpleguaren iraunkortasuna gure lan-arloko antolamenduaren printzipio gidaria izan dadin. Gainera, araugintzarako errege lege-dekretua erabiltzea hautatu izana justifikatzen duen beste gertaera bat ere badago: Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektua ezetsi zen, eta, ondorioz, ez dago modurik nekazaritzaren arloko egoera larri hau konponduko duen lege-proiektua izapidetzeko legealdia amaitu baino lehen; beraz, berehalako konponbidea behar da.

  • 8. artikuluan, hobari bat ezartzen da langabezian luzaroan egon diren pertsonei lan-kontratua egiteko. Horren bidez, kontratazioaren aurreko 18 hiletan gutxienez 12 hilabete langabezian eta enplegu-bulegoan inskribatuta egon diren pertsonei kontratu mugagabea egitea sustatu nahi da, Gizarte Segurantzako hileko enpresa-kuotan hobari bat emanez. Hobari hori aplikatu ahal izateko, enpresak gutxienez hiru urte eduki beharko du langilea kontratupean lan-harremana hasten denetik.

Azken urteotan, langabezian luzaroan egon direnen ehunekoa (eta langabezia bera ere bai, oro har) murriztu egin da, baina oraindik erronka handia da joera positibo horri eustea. Lanik gabe dauden pertsonetako asko denbora luzean egon dira horrela (2018ko laugarren hiruhilekoan, langabezian luzaroan egondako pertsonen tasa % 6,1ekoa zen Espainian, eta, 28ko Europar Batasunean, % 2,8koa); beraz, luzaroko langabe horiei arreta ematea funtsezkoa da biziki kaltebera den multzo horren enplegu-tasa hobetzeko, langabezia luzeak berekin ekartzen baitu geroz eta aukera gutxiago edukitzea lana aurkitzeko, eta horrek arrisku larrian jartzen baitu gizartearen kohesioa. Horrenbestez, neurri horren xedea da Enplegua Aktibatzeko Espainiako 2014-2020ko Estrategia deritzon ekimenean ezarritako helburu estrategikoetako bat betetzea: enplegua sustatzea, gizarteratzeko tresna nagusia izan dadin, batez ere langabezian luzaroan egon direnen artean eta 55 urtetik gorako langabeen artean. Gainera, Europar Batasuneko Kontseiluak langabezian luzaroan egon direnen arretaren inguruan eta enplegurako politika aktiboen hobekuntzaren inguruan emandako gomendioetan ezartzen diren ildoetatik doa neurri hori.

Neurria, langabezian luzaroan egon diren pertsonen alde egiteko pentsatua, bat dator oraingo Gobernuak prekaritatearen, langabeziaren eta langileen pobreziaren kontra egiteko ezarri dituen neurriekin.

Hobaria ezarria zegoen Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuan, eta beraren bidez arreta eman nahi zaie egoera oso larrian dauden herritar batzuei; beraz, argi dago ezinbestekoa dela errege lege-dekretu batean arautzea.

Beste alde batetik, 9. artikuluan neurri bat ezartzen da turismoaren, horri lotutako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan aldizkako kontratu finkoak dauzkaten langileen jarduera-aldiak luzatzen laguntzeko.

2012ko uztailean neurri hau onartu zen: Gizarte Segurantzako kuotetan hobariak aplikatzeko aukera ematea turismoaren, horri lotutako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan aldizkako kontratu finkoak dauzkaten langileen kontratuak luzatzeagatik. Harrezkero, otsailean, martxoan eta azaroan, nabari da enpresek harrera ona egin diotela neurriari eta laguntza nabarmena eman dutela hil horietan aldizkako langile horiek lanean jarrai dezaten. Izan ere, sektore horietan beso asko behar dira, eta, horregatik, enplegua sortzeko ahalmen handia dute.

Lan-kontratuen datuekin egiaztatu da neurria ezarri zenetik (2016) onuradun gehiago daudela urtero azaroan eta martxoan; beraz, on litzateke neurria 2019rako luzatzea, turismoarekin lotutako sektoreetan jarduera eta enplegua bultzatzen jarraitu ahal izateko.

2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektua onartu ez, eta bertan behera gelditu zen neurriaren indarra, aurrekontua luzatuta, eta, horregatik, bidezkoa da neurria errege lege-dekretu honetan sartzea, turismoaren sektoreari laguntza eraginkorra emateko; izan ere, turismoak berebiziko garrantzia dauka Espainian, lanpostuak sortzeko ahalmenik handiena daukaten sektoreetako bat da eta. Horrenbestez, turismoaren sektorean eta berarekin lotutako sektoreetan kontratazioa bultzatzeko neurriak ezarri dira (adibidez, artikulu honetakoa, zeina beste urtebeterako luzatuko baita), eta aldi berean indartu egiten da aldizkako kontratu finkoak dauzkaten langileek lan-jardunean segitzeko aukera.

Beraz, Espainiako ekonomian estrategikoa den sektore batean ondorio ekonomiko positiboa daukan pizgarri hori indarrean mantendu beharra eta enpleguaren iraupena eragozteko arriskua arrazoi nahikoak dira neurria errege lege-dekretu honetan txertatzeko.

Enplegu finkoa bultzatzeko II. kapituluan ezartzen diren neurriak hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen den bezala ebaluatuko dira.

  • V

  • III. kapituluan, lanaldiak erregistratzeko modua arautzen da, lan-prekaritatearen kontra egiteko.

Lanaldia mugatzeari buruzko arauak lan-zuzenbidearen sorburuan daude. Arau horiek langileak babesteko elementu gisa eratzen dira, eta gehieneko lanaldia legez ezartzearen inguruan eta lan-kontratuko alderdientzat xedaezinak izatearen inguruan biltzen dira, nahitaezko zuzenbide-arauak baitira.

Lanean legezko edo hitzartutako eguneko lanaldia baino denbora luzeagoa emateak eragin handia dauka lan-merkatuaren prekarizazioan, lan-harremanen funtsezko bi elementuri eragiten baitie: lan-denborari (zeina oso garrantzitsua baita langile bakoitzaren bizitzan, familia eta lana bera uztartzea zailtzen baitu) eta soldatari. Gainera, Gizarte Segurantzako kotizazioetan ere badauka eragina, zeren, lanaldiaren araberakoak ez direnez, behar baino urriagoak baitira.

Nahiz eta gure lan-arloko ordenamenduan Europakoekin bat etorriz lanorduekin nolabaiteko malgutasunarekin jokatzeko aukera ematen duten arauak egon indarrean (lanaldiaren banaketa irregularra, txandakako lanaldia eta aparteko orduak), enpresaren beharrizanak ekoizpen-beharrizanetara eta merkatu-beharrizanetara egokitzeko, malgutasunak inondik ere ez du biderik zabaltzen eguneko gehieneko lanaldiez eta aparteko orduez ezarritako arauak ez betetzeko. Aitzitik, ordutegi-malgutasunak justifikatu egiten du arau horiek betetzeko ahalegina; batez ere, lanaldi-mugak betetzeari eta eguneko lanaldia erregistratzeari buruzkoak betetzekoa.

Langileen Estatutuak ez du argi agintzen enpresek langileen lanaldia erregistratzeko betebeharra dutela, eta horren eraginez, besteak beste, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak komeriak ditu lanaldia kontrolatzeko, eta lanaldi-mugak gainditzen dituzten langileei zailagoa zaie erreklamazioak jartzea, eta horrek, azkenean, lanaldiak legez ezarritakoak edo hitzartutakoak baino luzeagoak izatea ekarri du.

Auzitegi Nazionalak 2015eko abenduaren 4ko epai batean adierazi zuen «lanaldiak erregistratzea» dela (aparteko orduak erregistratzea ez) «lanaldi luzeegiak kontrolatzeko ezinbesteko baldintza». Eta, are gehiago, zehaztu zuen erregistrorik ez egoteak «babesik gabe» uzten dituela langileak, eta horretan ez daukala inolako eraginik aparteko orduak borondatezkoak izateak, «orduok egin direla frogatzeko modu bakarra eguneko lanaldiak kontrolatzea da eta».

Nahiz eta Auzitegi Nazionalaren epai horretako interpretazioa ez berretsi, Auzitegi Gorenak martxoaren 23ko 246/2017 epaian honako hau adierazi zuen: «de lege ferenda, on litzateke legegintzako erreforma batean argitzea eguneko lanorduen erregistroa eduki beharra, batetik, eta langileei egiten dituzten aparteko orduak frogatzeko modua ematea, bestetik...».

Ildo beretik hartu behar da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003ko azaroaren 4ko 2003/88/CE Zuzentarauaz Europako erakundeek -batez ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak- egin izan duten interpretazioa (lanaldiaren antolamenduaren inguruko alderdi batzuei buruzkoa da 2003/88/CE Zuzentaraua).

Esaterako, oraintsu, 2019ko urtarrilaren 31n, Abokatu Nagusiak honako hau adierazi du C-55/18 gaiaren inguruko ondorioetan (C-55/18 gaian, auzitan jartzen da lanaldiei buruzko Espainiako legeria zuzentarau horri egokitzen zaion): «Kontrol-sistema bat ezarri beharra ezartzen die Batasuneko arautegiak enpresei, jakiteko benetan zenbat ordu lan egiten duten aparteko orduak taldean edo banaka berariaz egiteko konpromisoa hartu ez duten lanaldi osoko langileek, honako hauek ez beste guztiek: langile mugigarriek, merkataritzako ontzidiko langileek eta trenbidekoek; Batasunaren arauak ez datoz bat arautegi nazionalarekin, arautegi nazionalak ez baitu ezartzen halako betebeharrik». Errege lege-dekretu honen bidez sortuko den lanaldien erregistroak Espainiako arautegia Europako ordenamenduarekin bat etortzea ekarriko du.

Horregatik guztiagatik, errege lege-dekretu honen 10. artikuluan, aldatu egiten da Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duena, lanaldien erregistroa arautzeko; horrela, lanaldien mugak ez direla igarotzen bermatuko da, langileentzat eta enpresentzat segurtasun juridikoko esparru bat sortuko da eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren kontrola ahalbidetuko da. Erregistro horri esker, errazago konpondu ahal izango dira lanaldien (eta, ondorioz, soldaten) inguruko auziak, eta lan-harremanetan prekaritatea sortzen duen elementu bat ezabatzeko oinarriak finkatuko dira, negoziazio kolektiboaren garrantzia aintzat hartuta.

Horren osagarri, 11. artikuluan, Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenen Legearen testu bategina aldatzen da, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duena, lan-arloko arau-haustetzat jotzeko lanaldien erregistroaren inguruko betebeharrak ez betetzearen ondoriozko arau-hausteak.

Lanaldien erregistroari dagozkion neurriak ezarri beharra apartekoa eta presazkoa dela justifikatzeko, kontuan eduki behar da lanaldien ingurukoak izan direla 2018. urtean Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak lan-harremanen arloan enpresen kontra jaso dituen salaketa guztien ehuneko 35. Beste alde batetik, 2018ko laugarren hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, soldatako langileen ehuneko 50ek baino gehiagok adierazi zuten beren asteko lanaldia 40 ordutik gorakoa zela, eta lanaldi partzialeko langileetako askok adierazi zuten beren benetako lanaldia ez zetorrela bat aitortutakoarekin.

Halaber, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2017. urtean Espainian batez beste aparteko 5,8 milioi lanordu egin ziren astean. Gainera, ez zen aldi jakin bateko kontua; aitzitik, 2018an aparteko lanorduak are gehiago izan ziren. Izan ere, datuek erakusten dute Espainian 2018an batez beste aparteko 6,4 milioi lanordu egin zirela astean.

Aurrekoari honako datu hau gehitu behar zaio: aparteko orduak egin dituztela aitortu duten langileen ehuneko 48k adierazi dute ez zaizkiela ordaintzen eta, beraz, ez dituztela ordaintzen ordu horiei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazioak. Horrek kalte handia egiten die langile horiei, bai eta Gizarte Segurantzaren sistemari ere.

Lanaldien erregistroa erabiltzeak lanaldietan abusuak jasaten dituzten langile ugarien prekaritatea, soldata urriak eta pobrezia zuzentzen lagunduko du. Erregistroaren onura jasoko duten langileetako askok ez dute prestakuntza handirik eta soldata oso txikia dute. 2018ko laugarren hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, ordaindu gabeko aparteko orduen % 26 baino gehiago merkataritzakoak eta ostalaritzakoak dira (guztirako orduen % 15,2 eta % 10,9, hurrenez hurren); sektore horietan ohikoak dira soldata baxuak eta lan-prekaritatea.

Beraz, ezinbestekoa da ahalik azkarrena aldatzea arautegia, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eraginkortasun handiagoarekin bete ahal izan dezan bere egitekoa. 2018ko uztailaren 27an Ministroen Kontseiluak Lan Duinaren Aldeko Plan Gidaria 2018-2019-2020 onartu zuen. Plan horretan ezartzen diren helburuetako bat honako hauen kontra egitea da: «legez kontrako aparteko orduak lan egitea, hau da, urtean 80 baino gehiago; ez ordainik ez atseden-konpentsaziorik ez dakarten aparteko orduak lan egitea, legezkoak izan zein ez izan; lanaren antolamenduan erritmo altuak ezartzea. Planean kontuan hartuko dira lan-arloko alderdiak, eta faktore horiek guztiek laneko arriskuen prebentzioan duten eragina ere bai».

Aurreko plan gidari horren barruan, 2018ko abuztutik abendura bitartean, lanaldi partzialeko kontratua gehiegi erabiltzearen kontrako plana ezarri zen. Horri esker, lanaldi partzialeko kontratuko 8.824 pertsonaren lanorduak gehitu ziren; kopuru hori lanaldi partzialeko kontratua modu irregularrean erabiltzearen kontrako planaren eraginpekoen % 17,5 da. Lan egindako orduen gehikuntza dela eta, laneko ikuskaritzaren ohiko jardunari eta aurreko plan horren aplikazioari esker 31.517 pertsonaren lanorduak gehitu dira (22.693 ikuskaritza-jardunari esker eta 8.824 planari esker).

Kopuru horiek Lan Duinaren Aldeko Plan Gidariaren exekuzioari buruzko txostenean agertzen dira (2019ko otsailaren 8an aurkeztu zitzaion txostena Ministroen Kontseiluari). Bi gauza argitzen dizkigute: batetik, sarritan abusuak gertatzen dira lanaldi partzialeko kontratuarekin; bestetik, lanaldi partzialeko kontratuaren erabilera alde batera utzita, eragozpen handiak izaten dira ikuskapen-jardunaren bidez argitzeko langileen lanaldiak enplegatzaileak aitortzen dituenak baino luzeagoak ote diren.

Aurreko guztia kontuan edukita, lanaldien erregistroa arautzeko behar diren lege-aldaketak egiteko Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen duena gertatzen da: beharrizana apartekoa eta presakoa da.

  • VI

Errege lege-dekretu honen azken xedapenetara etorrita, lehen xedapen gehigarrian ezartzen da Gobernuak aurtengo ekainaren 30a baino lehen Langileen Estatutua eraberritzeko proposamena landuko duen aditu-taldea eratuko duela.

Gure lan-merkatuak dauzkan egiturazko arazoak (hala nola langabezia-tasa altua eta aldi baterako kontratuen ugaritasuna), enpresen eta langileen arteko lan-harremanen oreka berreskuratu beharra eta digitalizazioaren, globalizazioaren, aldaketa demografikoen eta trantsizio ekologikoaren ondorioz lan-arloan gertatzen ari diren aldaketak direla eta, ezinbestekoa da berehala ekitea Langileen Estatutu berria -XXI. mendeko erronka eta desafioei aurre egiteko moldatutakoa- prestatzeko oinarri modura erabiliko diren lanei eta azterlanei.

Bigarren xedapen gehigarriaren sorburua abenduaren 11ko 2/2009 Lege Organikoa da (Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa aldatzen duena). Izan ere, 2 ter artikulua gehitu zion 4/2000 Lege Organikoari, honako hau dioena: botere publikoek atzerritarrak Espainiako gizartean erabat integratzea sustatuko dute. Horretarako, lege organiko horretan ezartzen da Gobernuak eta autonomia-erkidegoek etorkinei gizarteratzen laguntzeko bi urteko ekintza-planak hitzartuko dituztela Immigrazioaren Batzorde Sektorialean eta programa horiek etorkinen integraziorako estatu-funts baten kargura finantzatuko direla; funtsa urtero hornituko da, eta funtseko partidak jasotzen dituzten administrazioek gastuak finantzatzen laguntzeko formulak ezarri ahal izango dira.

2012az geroko aurrekontu-lege guztietan indargabetu egin da artikulu hori; hori 2018ko aurrekontuaren legean aldatu da (6/2018 Legea, uztailaren 3koa, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrena; ehun eta bosgarren xedapen gehigarria).

Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroak adierazi zuen Gobernuak atzera ere abian ipiniko zuela Etorkinen Integraziorako Estatu Funtsa Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorretan, udalekin eta autonomia-erkidegoekin lankidetzan aritzeko esparru berria eratzeko etorkinak Espainiako gizartean integratu ahal izatea bermatzeko asmoarekin. Halaber, joan den abenduan Marrakexen Migrazio Seguru, Erregular eta Ordenaturako Nazioarteko Ituna sinatu ondoren, Gobernuko presidenteak iragarri zuen berriz ere indarrean ipiniko zela Etorkinen Integraziorako Estatu Funtsa, eta Herritarren Plana prestatuko zela.

Horregatik, Estatuko 2019ko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuari xedapen bat erantsi zitzaion 2019. urtean etorkinen integraziorako estatu-funtsak zuzkidura edukitzeko.

Funts hori nahitaezko tresna da Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen arteko lankidetza antolatzeko, helburutzat hartuta etorkinak, asilo-eskatzaileak eta nazioarteko babesa jasotzen dutenak integratzeko estrategia bateratua sortzea, gizartearen kohesioa bermatzeko, migrazio-fluxu berrien erronkari aurre egiteko eta nazioartean onartuta dauden eskubideei eta betebeharrei zor zaien errespetua bermatzeko.

Etorkinei egiten zaien harrerak berebiziko garrantzia dauka haiek integratzeko orduan; izan ere, harrera ongi kudeatuz gero, etorkinak askoz azkarrago integratzen dira gizarte-esparru guztietan (auzoa, lana, eskola, eta abar). Eta alderantziz ere, harrera egokia ez bada, gizarteratzeko prozesua luzatzen da, eta sarritan horren ondorioz ahalegin gehiago egin behar izaten dituzte, bai etorkinek berek, bai haiei harrera egiten dieten herritarrek. Gainera, harrerak eragin handia edukitzen du etorkinengan gizarte berriko kide direlako sentimendua sortzeko, harrera horretan bizi dituzten esperientziek aztarna ezabaezina uzten baitiete bizitzan eta migrazio-prozesuaren balorazioan.

Harrera zein garrantzitsua den jakinik, harrera-programak lehentasunezkoak izaten dira Europar Batasunak, estatuek, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek integraziorako dituzten planetan eta dokumentuetan eta gobernuz kanpoko erakunde eta gizarte-agente askok egiten duten lanean.

Hori guztia kontuan hartuta, aparteko eta presako beharrizana da etorkinen integraziorako estatu-funtsa zuzkitzea, arlo horretako eskumenak dauzkaten administrazio guztiek elkarlanean jardun dezaten etorkinei gure gizartean integratzen laguntzeko eta Espainiako gizarte-kohesioan hobetzeko. Hori guztia errege lege-dekretu honen bigarren xedapen gehigarrian arautzen da.

  • VII

2018ko abenduaren 7ko bileran, Ministroen Kontseiluak erabaki zuen Gazte Enpleguaren Aldeko 2019-2021eko Plana onartzea. Plan horretan, hainbat ekimen eta neurri ezartzen dira gazteen langabezia-tasa murrizteko eta gazteei enplegu onak eskaintzeko. Planean 50 neurri zehazten dira, sei ardatzetan. Prestaketan gizarte-agenteak, beste ministerio batzuk eta gazteen arloko erakunde batzuk aritu dira.

Plan honetan, aurreko programa batzuk biltzen eta indartzen dira; esaterako, Gazte Bermea deritzona, zeina aurreko urteetan indartu egin baita gazteei lana aurkitzen laguntzeko.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lanbideen Behatokiak estatuko lan-merkatuaz egin duen azken urteko txostenean datu kezkagarriak agertzen dira 25-29 urte bitarteko gazteei buruz: 2017. urtean, batez beste hilean 30 urtetik beherako 591.375 gazte egon ziren langabezian; adin-tarterik okerrena 25-29 urtekoa izan zen (% 53,07). Gainera, estatuko lan-merkatuari buruzko txosten berean beste datu adierazgarri bat ere badago: 25-29 urte bitarteko gazteen artean gertatu da afiliazio-gehikuntzarik txikiena.

Planean ezartzen diren konpromisoen artean 25-29 urte bitarteko gazteei zalantzarik gabe eragingo dieten bi daude. Batetik, konpromiso bat ezartzen da unibertsitatean ikasten ari diren gazteekiko; bestetik, erraztasunak emango dira gazteak itzul daitezen honako programa honen bidez: Talentudunak Itzultzeko eta Mugikortasuna Bultzatzeko Programa.

Inguruabar horiek guztiak aintzat hartuta, arau-aldaketen eta hobekuntza-saioen ardatza, bereziki, 25 urtetik aurrerako eta 30 urte baino gutxiagoko gazteen taldea izan behar da; izan ere, horixe da errege lege-dekretu honen helburu nagusia, eta, horretarako, Gazte Bermearen esparruan enplegua hobetzeko prestatutako programen aplikazioa 30 urtetik beherako pertsona guztiengana zabaldu nahi da.

Halaber, lehentasunezkoa da aldaketa honen bidez hobekuntzak egitea Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatzeko eta horren fitxategian sartzeko moduak errazteko. Hori guztia bat dator Gazte Enpleguaren Aldeko 2019-2021eko Planaren 43. neurriarekin.

Gazte Enpleguaren Aldeko Plana bete nahi denez, eta kontuan hartuta plan horren 6. ardatzean (Erakunde-esparrua hobetzea) hainbat neurri ezartzen direla Enplegu Sistema Nazionalean kudeaketa, lankidetza, koordinazioa eta komunikazioa hobetzeko eta erakunde horren modernizazioa bultzatzeko, errege lege-dekretu honetan Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren koordinazioaren eta jarraipenaren esparrua aldatzen da: aurrerantzean Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiari atxikita egongo da.

Gazte Enpleguaren Aldeko 2019-2021eko Planaren 45. neurrian ezartzen da Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren jarraipenerako eta ebaluaziorako batzorde delegatuaren jarraipen, kontrol eta ebaluazioko jarduketak sendotu behar direla. Organo hori da egokiena Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren koordinazioa eta laguntza zuzenak direla ziurtatzeko, hura gauzatzeko egin beharreko lanak kontrolatzeko, eta Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiak bere eskumenak baliatzeko beharrezkotzat jotzen dituen berariazko lantaldeak sortzeko eta garatzeko.

Aldaketa hori justifikatuta dago. Izan ere, Enplegu Legearen testu bateginak xedatzen duenaren arabera, kontseilu hori enpleguaren eta lanbide-heziketaren arloko politikaren inguruko kontsultak egiteko eta parte hartzeko organoa da. Kontseiluan hiru alderdi ari dira: autonomia-erkidegoak, Estatuko Administrazio Orokorra eta ordezkari gehien duten enpresarien elkarteak eta langileen sindikatuak.

Horregatik, arlo honetan elkarrizketa soziala zein garrantzitsua den eta enpresari-elkarte eta sindikatu handienek parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratuta, abenduaren 23ko 6/2016 Errege Lege Dekretua indarrean ipini ondoren, hemen hizpide dugun lege-aldaketa egin behar da, eta oraindik aurrera Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiari atxikita egongo da Enplegu Sistema Nazionalaren Jarraipenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Delegatua.

Azken batean, Hazkundea, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen eta Gazte Bermearen Sistema Nazionala ezartzen eta arautzen duen urriaren 15eko 18/2014 Legean egin diren lege-erreformen ildotik aurrera eginez, Gobernuak, errege lege-dekretu honen bitartez, Gazte Bermearen Sistema Nazionala sendotzen jarraitu nahi du, erronka handiei egin behar baitzaie aurre gazteen langabeziaren kontrako borrokan: presazko neurriak hartzen ditu Gazte Enplegua Sustatzeko Ekimeneko funtsak hobeto aprobetxatzeko, eta gobernantzan hobeto parte hartu ahal izateko Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren Jarraipenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Delegatuaren jarraipen, kontrol eta ebaluazio jarduketen bidez.

Horren ildotik, azken xedapenetako lehenengoan, Hazkundea, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen 88., 97., 98.5, 101.4 eta 112. artikuluak aldatzen dira, esandako moduan, honako bi helburu hauek lortzeko: batetik, segurtasuna juridikoa emateko Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskriba daitezkeen gazteei; bestetik, inolako ezbairik ez gertatzeko 25-29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasari buruzko aldian aldiko argitalpena dela eta.

Halaber, arreta emateko epe labur eta ertaineko programen eta planen xede izango diren kolektiboak bermatzeko, inskribatzeko ezarritako adinaren inguruko betekizunak errazten eta argitzen dira errege lege-dekretu honen bidez. Horregatik, aldatu egiten dira Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen 88.e), 97.c) eta 101.4 artikuluak.

Beste alde batetik, enplegu-eskatzaile modura inskribatuta dauden gazteak sisteman sartzeko betekizunak eta moduak ahalik azkarrena malgutu eta argitu behar direnez gero, 18/2014 Legearen 98.5 artikulua aldatzen da, enplegu-zerbitzu publikoei jarduteko tartea zabalduta, enplegua eskatzen duten gazteak Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatzeko eskaera kudeatzen den egunari dagokionez. Gainera, ezabatzen da arreta jaso duten eta inskribatzeko betekizunak betetzen zituzten gazteak atzeraeraginez inskribatzeko ezarritako aldia. Beraz, enplegu-zerbitzu publikoentzat errazagoa izango da egun jakin batean Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatzeko ezarritako betekizunak betetzen dituzten gazteak inskribatzeko eskatzea.

Azkenik, lege horren 112. artikulua ere aldatzen da: Gazte Enpleguaren Aldeko Planaren esparruan, Gazte Bermearen Sistema Nazionala aurrerantzean Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiari atxikita egongo da, koordinazioa eta jarraipena hobetzeko.

Lehenengo xedapen iragankorrean ezartzen denaren arabera, urriaren 15eko 18/2014 Legearen 97.c) artikuluan (errege lege-dekretu honen azken xedapenetako lehenengoak artikulu horrentzat finkatzen duen testuan) ezartzen den 30 urteko muga honako hauei aplikatuko zaie: Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuta dauden gazteei eta arau hau indarrean jarri aurretik inskribatzeko eskatu dutenei. Horrez gainera, ezartzen du errege lege-dekretu hau indarrean ipini aurretik Gazte Bermearen Sistema Nazionaletik abiarazitako ekintza baten onura jaso ahal izateko 30 urteko adin-muga aplikatuko dela, urriaren 15eko 18/2014 Legeak 88.e) artikuluan (errege lege-dekretu honek artikulu horrentzat finkatutako testuan) arautzen duen bezala.

Laburbilduz, gaur egungo egoera ekonomikoaren eta lan-merkatuaren hobekuntzak gainditu egin du 2007-2014ko aldiko ondorio txarrak arintzeko onartu zen legeria; urte horietan, krisi ekonomiko eta finantzario handi bat izan zen nazioartean, eta Espainiako lan-merkatuan (batez ere, gazteen artean) eragin handia eduki zuen.

Ekonomiaren eta enpleguaren hobekuntzak eragina eduki du gazteen langabezia-tasan (16-29 urte bitartekoena); hala ere, beherakada handia gertatu bada ere, oraindik Europako batezbestekoa halako bi baino gehiago da (Espainian, % 29,4; Batasunean, % 13,2), eta ahalegin handiak egin behar dira 30 urtetik beherakoen enplegagarritasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak ezartzeko.

Urriaren 15eko 18/2014 Legean honako baldintza hau ezartzen zitzaien 25 urte baino gehiagoko eta 30 urte baino gutxiagoko gazteei Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatu ahal izateko: kolektiboaren langabezia-tasa ehuneko 20tik behera ez jaistea, urteko azken hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2018ko azken hiruhilekoan tasa hori ehuneko 19,07 izan zen. Horregatik, ezinbestekoa da azkar aldatzea urriaren 15eko 18/2014 Legea, eragotzi behar baita gazteen langabezia-tasa 2018ko azken hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera ehuneko 20tik behera jaisteak kalte egitea gazteen kolektibo ezin kalteberagoari. Gazteak giza kapital baliotsua dira. Espainiaren aldaketaren eta aurrerapenaren eragileak izan behar dira, bai egun, bai etorkizunean.

Beraz, azken hiletan gazteen langabezia-tasan gertatu den etengabeko beherakadak segurtasun juridikorik gabe utz dezake oso kaltebera den kolektibo hori, eta, horregatik, sistemari heltzeko betekizunak ezartzen dituen erregulazioa erraztu eta argitu behar da. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da hizpide dugun aldaketa azkar egitea, zeren, gaur egun gazteen langabezia-tasa oso hurbil egonik legez ezarritako mugatik, zalantzak sortzen baitira epe ertaineko eta epe luzeko politikak ezartzeko.

Gainera, gazte-bermearen programa gazteen langabeziaren kontra borrokatzeko neurrietako bat da. Programaren helburua gazteei lana aurkitzen laguntzea da, eta hori lehentasuna da Gobernuarentzat, Gazte Enpleguaren Aldeko 2019-2021eko Plana deritzonak argi erakusten duen bezala. Urriaren 15eko 18/2014 Legea, orain indarrean dagoena, helburu horiek lortzeko aldatu eta hobetu nahi da, eta, horretarako, ezinbestekoa da errege lege-dekretu hau presaz onartzea, Konstituzioak eskatzen duen bezala.

Horregatik guztiagatik, xedea zein den ikusita eta ahalik azkarrena aplikatu behar dela kontuan hartuta, errege lege-dekretu honen beharrizana apartekoa eta presazkoa da, Konstituzioak 86. artikuluan eskatzen duen bezala.

Azkenik, azken xedapenetako hirugarrenean, abuztuaren 28ko 8/2009 Legea aldatzen da (Radio y Television Española Korporazioa finantzatzeko legea), korporazio horrek Estatuaren zerbitzu publiko modura behar bezala jardun dezan, Estatuaren irrati eta telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legeak agintzen duen bezala, batez ere kulturaren arloko eta kirolaren arloko gertakarietan, Estatuaren irratiaren eta telebistaren erregulazioaren, finantzaketaren eta kontrolaren esparruaren barruan.

Horrenbestez, interes publiko berezikotzat jotzen da olinpiar eta paralinpiar jokoetako egutegian sartzen den goi-mailako kirola sustatzea, eta ADO eta ADOP programak funtsezko baliagarriak dira kirolariak eta taldeak olinpiar eta paralinpiar jokoetarako prestatzeko.

Horretarako, abuztuaren 28ko 8/2009 Legearen 7. artikulua aldatu behar da, 3. apartatuan kasu berri hau txertatzeko: ADO eta ADOP programen babesleen publizitate-kanpainak, Espainiako kirol olinpikoa eta paralinpikoa sustatzeko eta garatzeko asmo hutsez egiten direnak (3. apartatua publizitatetzat joko ez diren eta inolako kontraprestazio ekonomikorik eragingo ez duten jarduerei buruzkoa da).

Ezinbestekoa da aldaketa hori ahalik azkarrena egitea, laster (2020. urtean) Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak egingo baitira. Izan ere, aldaketa horri esker Radio y Television Española Korporazioak ADO eta ADOP programen berri zabaldu ahal izango du 2019ko eta 2020ko ekitaldietan, eta horrek berebiziko bultzada emango die kirolariak prestatzeko programa horiei, haien finantzabideak eta prestakuntza-planak ziurtatuko baitira; kirol-gertakari horietan ahalik emaitzarik onenak lortzea da horren guztiaren xedea.

  • VIII

Errege lege-dekretu honen onarpenarekin urrats bat gehiago egin dugu Nazio Batuen «Garapen Jasangarrirako 2030eko Agenda» betetzeko hartutako konpromisoan; izan ere, dekretuko hainbat neurrik zuzeneko eragina edukiko dute agenda horretan garapen jasangarrirako ezarritako helburu batzuetan. Hain zuzen ere, dekretuko neurriek garapen jasangarrirako helburu hauei eragiten diete: 1. helburua (pobreziari amaiera ematea), 5. helburua (generoen arteko berdintasuna lortzea), 8. helburua (lan duina eta hazkunde ekonomiko inklusiboa) eta 10. helburua (desberdintasunak murriztea).

Errege lege-dekretu hau, era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezartzen diren erregulazio onaren printzipioetara egokitzen da, premia-printzipioa sobera justifikatuta geratu baita arestian.

Segurtasun juridikoaren, proportzionaltasunaren eta efikaziaren printzipioei bagagozkie, nabarmentzekoa da neurriek alderdi horiei modu puntual, zehatz eta argian heldu besterik ez dietela egiten, aukerarik onena erabiliz, hau da, errege lege-dekretu bat onartuz bete behar den lege-maila eta aipatutako presazko premia aintzat hartuta. Gardentasun-printzipioaz denaz bezainbatean, kasu honetan errege lege-dekretua onartzen denez, ez da beharrezkoa aurretik kontsulta publikoa egitea, eta entzunaldi-izapidea eta informazio publikoaren izapidea ere ez dira behar. Amaitzeko, efizientzia-printzipioari dagokionez, errege lege-dekretu honek ez du administrazio-karga berririk ezartzen.

Horrenbestez, Konstituzioak 86. artikuluan ezartzen duen baimenaz baliatuz, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroak proposatuta eta Ministroen Kontseiluak 2019ko martxoaren 8ko bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

I. KAPITULUA

Babes sozialeko neurriak

1. artikulua. 52 urtetik gorakoen langabezia-sorospena.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatzen da, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua, eta honela gelditzen da:

Bat. 274. artikuluaren 4. apartatua aldatzen da eta honela gelditzen da:

«4. Sorospena eskuratu ahal izango dute 52 urtetik gorako langileek, nahiz eta familia-erantzukizunik ez eduki, baldin eta aurreko apartatuetan azaltzen diren kasuetako batean badaude, langabeziagatik sei urtez gutxienez kotizatu badute lan-bizitzan zehar eta frogatzen badute eskaera egiten duten unean Gizarte Segurantzaren sistemako kotizaziopeko erretiro-pentsio bat eskuratzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen dituztela, adinarena ez beste guztiak.

Langileek, aurreko apartatuetan azaltzen diren kasuetako batean gertatzen direnean ez badauzkate 52 urte beteta baina hori gertatzen denetik aurrera etengabe egoten badira enplegu-eskatzaile gisa izena emanda enplegu-zerbitzu publikoetan, sorospena eskatu ahal izango dute adin horretara heltzen direnean. Horretarako, enplegu-eskatzaile gisa etengabe izena emanda egon beharreko aldiaren betekizuna betetzat joko da laurogeita hamar eguneko etenaldiak egon arren; norberaren kontura edo besteren kontura lan egindako aldiak ez dira zenbatuko. Besteren kontura diharduten langileek azken lana beren borondatez uzten badute, ezin izango dute jaso sorospidea.»

Bi. 275. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da eta honela gelditzen da:

«2. Aurreko artikuluan eskatutako errenta-gabeziaren betekizuna bete dela iritziko zaio eskatzaileak edo onuradunak hilean inolako errentarik ez duenean lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko 75 egiten duenik, horretatik kenduta aparteko bi soldatei dagokien zati proportzionala.»

Hiru. 276. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da eta honela gelditzen da:

«3. 274.4 artikuluan 52 urtetik gorako langileentzat ezarritako sorospena jasotzen jarraitzeko, onuradunek beren errenten aitorpena eta behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote entitate kudeatzaileari.

Aitorpen hori eskubidea sortu den egunetik edo azken berrabiatzearen egunetik hamabi hilabete iragaten diren bakoitzean aurkeztu beharko da, aipatutako aldia betetzen denetik hamabost egun pasatu baino lehen.

Aitorpena aipatutako epealdian aurkezten ez bada, eten egingo dira sorospenaren ordainketa eta Gizarte Segurantzako kotizazioa.

Aitorpena aipatutako epealditik kanpo aurkezteak berekin ekarriko du, bidezkoa bada, eskubidearen sortzapena berrabiatzea, aitorpena aurkezten den egunetik aurrerako ondorioekin.»

Lau. 277. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak aldatzen dira eta honela geratzen dira:

«3. 274.4 artikuluan aipatzen den kasuan, langilea kotizaziopeko erretiro-pentsioa eskuratzeko eskubidea edukitzeko kasu bakoitzean eskatzen den adin arruntera iristen den arte iraungo du sorospenak, gehienez.»

«4. 274. artikuluaren 1.a), 1.b) eta 3. apartatuetan arautzen diren egoeretan dauden aldizkako langile finkoen kasuan, sorospenaren iraupena eskaera aurkeztu aurreko urtean kotizatutako hilen kopurua izango da.

Egoera horretan dauden bitartean langile horiei ez zaie aplikatuko 274.4 artikuluan 52 urtetik gorakoentzat ezarritako langabezia-sorospena.»

Bost. 278. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da eta honela gelditzen da:

«1. Langabezia-sorospenaren zenbatekoa une bakoitzean indarrean dagoen hileko ondorio askotarako errenta-adierazle publikoaren ehuneko 80 izango da. Lanaldi partzialeko lana galtzeak eragindako langabeziari dagokionez, zenbateko hori aldez aurretik lan egindako orduen arabera jasoko da 274. artikuluaren 1.a), 1.b) eta 3. apartatuetan arautzen diren kasuetan.»

Sei. 280. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«280. artikulua. Sorospena jasotzen den bitarteko kotizazioa.

1. Entitate kudeatzaileak erretiro-gertakariarengatik kotizatuko du 52 urtetik gorako langileentzako langabezia-sorospena jasotzen den bitartean.

Aurreko paragrafoan ezartzen denaren arabera egiten diren kotizazioek ondorioak izango dituzte erretiro-pentsioaren eta hari aplikatu beharreko ehunekoaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, modalitate guztietan, bai eta erretiro aurreratuari heldu ahal izateko behar den aldia betetzeko ere.

Kotizazio horiek ez dute inolaz ere baliorik eta eraginkortasun juridikorik izango 205.1.b) artikuluan eskatutako gutxieneko kotizazio-aldia egiaztatzeko; aldi hori, 274.4 artikuluan xedatzen denari jarraituz, egiaztatuta egon beharko da 52 urtetik gorakoentzako langabezia-sorospena eskatzen denean.

  • 2. Sorospena jasotzen duena aldizkako langile finkoa bada, entitate kudeatzaileak honela kotizatuko du erretiro-gertakariarengatik:

  • a) Hirurogei egunez, sorospena jasotzeko eskubidea sortzen den egunetik aurrera, baldin eta onuraduna 52 urtetik beherakoa bada eta, sorospena onartzeko ondorioetarako, ehun eta laurogei eguneko edo gehiagoko kotizaziopeko jarduera-aldia egiaztatu badu.

  • b) Sorospena jasotzen den denbora guztian zehar, behin 55 urte beteta.

  • 3. Aurreko 2.a) apartatuko kasuko kotizazioa kalkulatzeko oinarria honako hau izango da: une bakoitzean indarrean dagoen gutxieneko kotizazioa; aurreko 1. eta 2.b) apartatuetan aipatzen diren kasuetan, kotizazio-oinarria gutxieneko kotizazioaren ehuneko 125 izango da.

  • 4. Gobernuak beste langile-kolektibo batzuei zabaldu ahal izango die 2. apartatuan xedatzen dena.»

Zazpi. 285. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«285. artikulua. 52 urtetik gorakoen langabezia-sorospena eta erretiroa.

Langile batek 274.4 artikuluan ezarritako langabezia-sorospena jasotzen badu eta kotizaziopeko erretiro-pentsioa eskuratzeko adin arruntera iristen bada, pentsio horren ondorio ekonomikoak adin horretara iristeagatik sorospena amaitzen zaion egunean hasiko dira. Horretarako, sorospena azkentzen duen ebazpen irmoa eman ondoko hiru hiletan aurkeztu beharko da erretiro-eskaera. Bestela, eskaerak gehienez hiru hilabeteko atzeraeragina edukiko du aurkezten denetik zenbatuta.»

  • 2. artikulua. Gizarte Segurantzako familia-prestazioak.

Hauek izango dira Gizarte Segurantzaren familia-prestazioen zenbatekoa, kotizazio gabeko modalitatekoa, eta prestazio horiek jasotzeko diru-sarreren mugako zenbatekoa, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren VI. tituluaren I. kapituluan arautzen denari jarraituz (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori):

  • 1. 353.1 artikuluan ezartzen den esleipen ekonomikoaren zenbatekoa urtean 341 eurokoa izango da.

  • 2. 352.1.c) artikuluaren lehen eta bigarren paragrafoetan aipatzen den zaintzapeko seme edo alaba edo adingabe bakoitzeko esleipena jasotzeko eskubidea edukitzeko diru-sarreren muga urtean 12.313,00 eurokoa izango da, eta 18.532,00 eurokoa familia ugarien kasuan; zenbateko horri 3.002 euro gehituko zaizkio laugarrenetik aurrerako seme edo alaba bakoitzeko, laugarrena barne.

  • 3. Aurrekoa alde batera utzi gabe, 353.1 artikuluan ezartzen den esleipen ekonomikoaren urteko zenbatekoa 588 eurokoa izango da, etxeko diru-sarrerak honako eskala honetan azaltzen direnak baino gutxiago izanez gero:

    Etxeko kideak

    Diru-sarreren tartea

    Urteko esleipen garbia (euroak)

    14 urte edo hortik go-rako pertsonak (M)

    14 urtetik behe-rako pertsonak (B)

    1

    1

    4.679,99 edo gutxiago

    588 x H

    1

    2

    5.759,99 edo gutxiago

    588 x H

    1

    3

    6.839,99 edo gutxiago

    588 x H

    Etxeko kideak

    Diru-sarreren tartea

    Urteko esleipen garbia (euroak)

    14 urte edo hortik go-rako pertsonak (M)

    14 urtetik behe-rako pertsonak (B)

    2

    1

    6.479,99 edo gutxiago

    588 x H

    2

    2

    7.559,99 edo gutxiago

    588 x H

    2

    3

    8.639,99 edo gutxiago

    588 x H

    3

    1

    8.279,99 edo gutxiago

    588 x H

    3

    2

    9.359,99 edo gutxiago

    588 x H

    3

    3

    10.439,99 edo gutxiago

    588 x H

    M

    N

    3.599,99 + [(3.599,99 x 0,5 x (M-1)) + (3.599,99 x 0,3 x N)] edo gutxiago

    588 x H

Onuradunak:

H = Zaintzapeko 18 urtetik beherako seme-alabak.

N = Etxeko 14 urtetik beherako adingabeak.

M = Etxeko 14 urte edo hortik gorako pertsonak.

  • 4. Estatuak transferentzia bat egingo dio Gizarte Segurantzari neurri hau finantzatzeko.

  • 3. artikulua. Ezintasun iraunkor osoarengatik jasotzen den pentsioaren gutxieneko zenbatekoak.

  • 1. 2019. urtean, hauek izango dira gaixotasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor osoarengatik 60 urtetik beherakoek jasotzen duten Gizarte Segurantzaren kotizaziopeko pentsioaren gutxieneko zenbatekoak:

    Ezintasun iraunkorra

    Ardurapeko ezkon-tidea — Euro urtean

    Ezkontiderik ez: pertsona bakarreko unitate ekonomikoa

    Euro urtean

    Ardurapeko ezkonti-derik ez — Euro urtean

    Guztira: gaixotasun arruntaren ondo-riozkoa; titularra 60 urtetik beherakoa.

    6.991,60

    6.991,60

    6.930,00

  • 2. Estatuak Gizarte Segurantzarentzako transferentzia handituko du neurri hau finantzatzeko; kontzeptua honako hau izango da: Estatuaren ekarpena gutxienekoak osatzeko.

  • 4. artikulua. Itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa.

Urriaren 21eko 47/2015 Legea aldatzen da, Itsasoko eta Arrantzako Langileen Gizarte Babesa arautzen duena, eta honela gelditzen da:

Bat. 14. artikuluaren 1. apartatuaren d) eta e) letrak aldatzen dira eta honela geratzen dira:

«d) Adingabea jaio eta zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa.

  • e) Bularreko haurraren zaintzan erantzukidetasunarekin jokatzeagatiko prestazio ekonomikoa.»

  • Bi. 24. artikulua aldatzen da eta honela gelditzen da:

  • «24. artikulua. Adingabea jaiotzea eta zaintzea.

  • 1. Adingabea jaio eta zaintzeagatik jasotzen den prestazio ekonomikoa Araubide Orokorrean indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin emango zaie Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko beren konturako eta besteren konturako langileei, edo, hala badagokie, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin.

Nolanahi ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 318. artikuluaren a) letran arautzen denarekin bat etorriz adingabea jaio eta zaintzeagatik jasotzen den prestazio ekonomikoaren oinarri arautzailea zehazteko formula Gizarte Segurantzako Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren lehenengo kotizazio-taldeko norberaren konturako langileei baino ez zaie aplikatuko; bigarren eta hirugarren taldeetan sartuta daudenentzat, berriz, prestazio ekonomiko horren oinarri arautzailea, orain arte bezala, gertakari arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestaziorako ezarrita dagoenaren baliokidea izango da.

  • 2. Prestazio hori emateko, honako hauek dira babestutako egoerak, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean xedatzen denarekin eta Kode Zibilarekin edo autonomia-erkidegoan hori arautzen duten lege zibilekin bat etorriz: seme edo alabaren jaiotza, adopzioa, adopzioaren aurreko zaintza eta familia-harrera.

  • 3. Besteren konturako emakumezko langileek ere, erditzean adingabea jaio eta zaintzeagatik ematen den prestazioa jaso ahal izateko eskatzen diren betebehar guztiak betetzen badituzte (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 178. artikuluan ezartzen den gutxieneko kotizazio-aldia ez beste guztiak), sorospena jaso ahal izango dute umea jaiotzeagatik.»

Hiru. 25. artikulua aldatzen da eta honela gelditzen da:

«25. artikulua. Bularreko haurraren zaintzan erantzukidetasunarekin jokatzea.

Bularreko haurraren zaintzan erantzukidetasunarekin jokatzeagatik jasotzen den prestazio ekonomikoa Araubide Orokorrean indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin emango zaie Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziko beren konturako eta besteren konturako langileei, edo, hala badagokie, Beren Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian indarrean dagoen arautegian ezarritako baldintza eta betebehar berberekin.»

5. artikulua. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean zehaztutako Nekazaritzako Besteren Konturako Langileentzako Sistema Bereziko kotizazioa.

Abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretua aldatzen da, pentsio publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzekoa, eta honela gelditzen da:

Bat. 5. artikuluari 6. apartatua gehitzen zaio; hona:

«6. 2019ko urtarrilaren batetik aurrera, 2018. urtean kotizatutako 55 lanaldi baino gehiago egin ez dituzten langileei ehuneko 14,6ko murrizketa aplikatuko zaie 2019ko lanik gabeko aldietako kuotetan.»

Bi. 6., 7. eta 8. apartatuak 7., 8. eta 9. apartatuak izango dira hemendik aurrera.

6. artikulua. Ikuskizun publikoetako artisten jardun gabeko aldiak.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 249 ter artikuluaren 1. apartatua aldatzen da eta honela gelditzen da (testu hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege-Dekretuaren bidez onartu zen):

«1. Ikuskizun publikoetan diharduten artistek jarduerarik gabeko aldietan ere Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jarraitu ahal izango dute, beren borondatez, baldin eta egiaztatzen badute Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari sartzeko eskatu aurreko hamabi hil naturaletan gutxienez hogei egunez alta emanda egon direla jarduera berean benetako zerbitzuak egiten eta, gainera, egun horietan jasotako ordainsarien zenbatekoa lanbide arteko hileko gutxieneko soldataren zenbatekoa halako bi baino gehiago bada. Sartzeko eskaera noiznahi aurkez daiteke Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian. Eskaera onartuz gero, eskaera aurkeztu ondoko lehen hileko lehen egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak onarpenak.

Eskatzailea ezin izango da sartu, baldin eta aurretik ez bazaio baja eman ofizioz, artikulu honen 3.b) apartatuan arautzen den bezala, eta hark ez baditu ordaindu zor dituen kuota guztiak.»

  • II. KAPITULUA

Enplegu finkoa bultzatzeko neurriak

  • 7. artikulua. Nekazaritzako langileen behin-behineko kontratuak kontratu mugagabe edo aldizkako kontratu finko bihurtzea.

  • 1. Besteren kontura lan egiten duten nekazarientzako sistema berezian (Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean ezartzen den horretan) dauden langileei lana ematen dieten enpresek 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen aldatzen badituzte langile horiekin sinatu diren aldi baterako kontratuak (aldizkako kontratu finkoak barne), noiz sinatu ziren alde batera utzita, eta kontratu mugagabe bihurtzen badituzte, enpresa horiek hobari batzuk jaso ahal izango dituzte Gizarte Segurantzaren kontingentzia arrunten ziozko enpresentzako kuotan kontratua mugagabe bihurtu ondoko bi urteetan:

  • a) 1. kotizazio-taldeko langile baten kontratua aldatzen bada, kotizazioa hileka egiten bada eta hileko kotizazio-oinarria 1.800 euro baino gutxiago bada, hobaria 40 euro izango da hilean (480 euro urtean). Langilea emakumea izanez gero, hobaria 53,33 euro izango da hilean (640 euro urtean).

  • b) 1. kotizazio-taldeko langile baten kontratua aldatzen bada, langileak benetan lan egindako lansaioengatik kotizatzen badu eta eguneko kotizazio-oinarria 81 euro baino gutxiago bada, hobaria 2 euro izango da egunean. Langilea emakumea izanez gero, hobaria 2,66 euro izango da egunean.

  • c) 2-11 bitarteko kotizazio-taldeetako batean dagoen langile baten kontratua aldatzen bada eta langilearen hileko kotizazio-oinarria 1.800 eurotik beherakoa bada, edo egunekoa 81,82 eurotik beherakoa, hobaria kontingentzia arrunten kuota hilean gehienez 88,15 euro izateko edo benetan lan egindako lansaio bakoitzeko 4,01 euro izateko behar den bestekoa izango da. Langilea emakumea izanez gero, hobaria kontingentzia arrunten kuota hilean gehienez 58,77 euro izateko edo benetan lan egindako lansaio bakoitzeko 2,68 euro izateko behar den bestekoa izango da.

  • 2. 1. apartatuan arautzen diren hobariak ez dira aplikatuko langileak lana duela aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua edo edoskialdi naturaleko arriskua gertatzen denean, ez eta adingabea jaio eta zaindu beharra gertatzen denean ere. Egoera horiek abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuak arautzen ditu, 5.7 artikuluan, errege lege-dekretu honetan hura berridatzi den bezala.

  • 3. Pizgarri hau aplikatu ahal izateko, enpresak gutxienez hiru urtez eduki beharko du langilea kontrataturik, kontratua mugagabe bihurtzen den egunetik zenbatzen hasita. Betebehar hori bete ezean, pizgarria itzuli beharko da.

  • 4. Xedapen honetan arautzen ez den guztiari Hazkundea eta Enplegua Hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legeak 1. kapituluaren 1. atalean ezartzen duena aplikatuko zaio, 2.7 artikulukoa izan ezik.

  • 8. artikulua. Langabezian luzaroan egon direnei lan-kontratua egiteagatiko hobaria.

  • 1. Aurreko hemezortzi hiletan gutxienez hamabi hilabete langabezian eta enplegu-bulegoan inskribatuta egon diren pertsonei kontratu mugagabea egiten dieten enplegatzaileek eskubidea edukiko dute hiru urtez Gizarte Segurantzako hileko enpresa-kuotan (edo horren baliokide den eguneko kuotan) hobari hau aplikatzeko: 108,33 euro hilean kontratatutako langileko (1.300 euro urtean).

Kontratatua emakumea izanez gero, hobaria 125 eurokoa izango da hilean (1.500 euro urtean), hiru urtez.

  • 2. Kontratua lanaldi partzialekoa bada, hobariak kontratuan hitzartutako lanaldiaren araberakoak izango dira.

  • 3. Pizgarri hau aplikatu ahal izateko, enpresak gutxienez hiru urtez eduki beharko du langilea kontrataturik, lan-harremanak hasten direnetik zenbatzen hasita. Gainera, gutxienez bi urtez eutsi beharko dio kontratuarekin enpresak lortu duen enplegu-mailari, kontratua sinatzen denetik zenbatuta. Betebehar horiek bete ezean, pizgarria itzuli beharko da.

Aurreko betebeharra (enplegu-mailari eutsi beharra) ez da urratutzat joko lan-kontratua arrazoi objektiboengatik edo diziplinazko kaleratzeagatik azkentzen bada (batera zein bestera, kaleratzea bidezkotzat jo behar da), eta kargua uzteagatik, heriotzagatik, erretiroagatik, ezintasun iraunkor oso edo absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik, hitzartutako kontratu-denbora amaitzeagatik, kontratuaren xede den obra edo zerbitzua egiteagatik edo probaldian deuseztatzeagatik azkentzen bada ere ez.

  • 4. Xedapen honetan arautzen ez den guztiari Hazkundea eta Enplegua Hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legeak 1. kapituluaren 1. atalean ezartzen duena aplikatuko zaio, 2.7 artikulukoa izan ezik.

  • 9. artikulua. Aldizkako kontratu finkoak dauzkaten langileen jarduera-aldia luzatzen laguntzeko neurriak, turismoaren sektorean eta turismo-jarduerari lotutako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan.

  • 1. Turismo-sektorean bildutako jardueretan aritzen diren enpresek, bai eta turismo-sektore horri lotutako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetakoek ere (sektore publikoko enpresek ez beste guztiek), urte bakoitzeko otsailean, martxoan eta azaroan ekoizpen-jarduerarik sortzen badute eta hil horietan alta ematen badiete edota mantentzen badute aldizkako kontratu finkoak dituzten langileen okupazioa, ehuneko 50eko hobaria aplikatu ahal izango dute hil horietan langile horien gertakari arrunten Gizarte Segurantzako enpresa-kuotetan, bai eta langabezia, FOGASA eta lanbide-heziketaren baterako bilketaren kontzeptuen kuotetan ere.

  • 2. Artikulu honetan xedatzen dena 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte aplikatuko da.

  • III. KAPITULUA

Lanaldian lan-prekaritatearen kontra borrokatzeko neurriak

  • 10. artikulua. Lanaldien erregistroa.

Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina aldatzen da (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua) eta honela gelditzen da:

Bat. 34. artikuluaren 7. apartatua aldatzen da eta honela geratzen da:

«7. Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren titularrak proposatuta, eta ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresaburuen erakundeak entzun ondoren, Gobernuak lanaldiaren eta atsedenaldien antolamendua eta iraupena mugatu edo zabaldu ahal izango ditu, eta espezialitateak ezarri ahal izango ditu lanaldien erregistroaren inguruko betebeharretan berezitasunak dituzten sektore, lan eta lanbide-kategorietarako.»

  • Bi. 34. artikuluari beste apartatu bat gehitzen zaio, bederatzigarrena; hona:

«9. Enpresak lanaldiak egunero erregistratzeko modua bermatu beharko du; erregistroan, langile bakoitzaren lanaldia noiz hasi den eta noiz amaitu den agertu behar da. Nolanahi ere, artikulu honetan ordutegi-malgutasuna arautzen da.

Lanaldien erregistroa antolatzeko eta dokumentatzeko modua negoziazio kolektiboan edo enpresa-akordioan hitzartuko da, edo, bestela, enpresaburuak ezarriko du, enpresako langileen legezko ordezkariekin hitz egin ondoren.

Enpresak lau urtez gorde beharko du manu honetan arautzen den erregistroa; aldi horretan datuak langileen, langileen legezko ordezkarien eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren esku egongo dira.»

  • 11. artikulua. Lan-arloko arau-hausteak.

Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenen Legearen testu bategina aldatzen da (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartua); 7. artikuluaren 5. apartatua, hain zuzen ere. Honela geratzen da:

«5. Langileen Estatutuaren 12., 23. eta 34.etik 38.erako artikuluek aipatzen dituzten lanaldiari, gaueko lanari, aparteko orduei, ordu osagarriei, atsedenaldiei, oporrei, baimenei, lanaldien erregistroari eta oro har lan-denborari buruz ezarritako edo adostutako arauak eta legezko mugak urratzea.»

Lehen xedapen gehigarria. Langileen Estatutua eraberritzeko proposamena landuko duen aditu-taldea.

Gobernuak Langileen Estatutua eraberritzeko lanak eta prestakuntza-azterlanak egingo dituen aditu-talde bat eratuko du 2019ko ekainaren 30a baino lehen. Aditu-talde horretan nor ariko diren Ministroen Kontseiluak erabakiko du, Enpleguaren eta Lan Harremanen inguruko Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lan-arloko solaskideak entzun ondoren; mahai hori Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioak eratua da.

Bigarren xedapen gehigarria. Etorkinak Integratzeko Estatu Funtsa.

Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak 2 ter artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz (lege hori abenduaren 11ko 2/2009 Lege Organikoan berridatzi zen), Etorkinak Integratzeko Estatu Funtsak 70 milioi euroko zuzkidura edukiko du 2019ko ekitaldirako.

Hirugarren xedapen gehigarria. Enplegu finkoa bultzatzeko II. kapituluan ezartzen diren neurrien ebaluazioa.

2019ko urriaren 31 baino lehen, enplegu finkoa bultzatzeko errege lege-dekretu honen II. kapituluan ezartzen diren neurrien eragina ebaluatzen duen txostena bidaliko dio Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioak Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeari.

Ebaluazioan, neurriak ezarri aurreko aldia ere aztertuko da; horrela, neurriak ezarri aurreko enplegu finkoa eta ezarri ondokoa erkatu ahal izango dira eta horri esker neurrien ondorioak hobeto ikertu ahal izango dira.

Ebaluazioaren emaitzak kontuan hartuta, II. kapitulu horretan aipatzen diren jarduera-sektoreetan eta langabeen artean enplegu finkoa sustatzeko behar diren neurriak hartuko dira, eraberritzeko edo moldatzeko neurriak.

Lehen xedapen iragankorra. 30 urteko muga aplikatzea errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik.

Urriaren 15eko 18/2014 Legearen 97.c) artikuluan ezartzen den 30 urteko muga (errege lege-dekretu honen azken xedapenetako lehenengoan berridatzi egin da artikulu hori) honako hauei aplikatuko zaie: Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribatuta dauden gazteei eta arau hau indarrean jarri aurretik inskribatzeko eskatu dutenei.

Horrez gainera, errege lege-dekretu hau indarrean ipini aurretik Gazte Bermearen Sistema Nazionaletik abiarazitako ekintza baten onura jaso ahal izateko, 30 urteko adin-muga aplikatuko da, 18/2014 Legeak 88.e) artikuluan arautzen duen bezala (errege lege-dekretu honetan berridatzi egin da artikulu hori).

Bigarren xedapen iragankorra. Pentsio publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zenean aldi baterako ezintasuneko egoeran zeuden langile autonomoek aldi baterako ezintasunaren egoeran jarduera eteteagatiko kuoten kargura kotizatzea.

  • 1. Pentsio publikoak handitu eta gizarte-, lan- eta enplegu-alorrean presako beste neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zenean aldi baterako ezintasuneko egoeran zeuden norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, 2018an jarduera eteteagatik jasotzen den babesa eduki zutenek, honako onura hau jaso ahal izango dute ezintasun-egoera hasi zenetik 60 egun igarotakoan: Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutuak, entitate kudeatzaileak edo, behar denean, Estatuko enplegu-zerbitzu publikoak kontingentzia guztien kuotak ordaindu beharko ditu jarduera eteteagatik jasotzen den babesaren kuoten kargura, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak -urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak- 308. artikuluan ezartzen duen bezala (abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuan, berridatzi egin zen horren testua). Aldi baterako ezintasuna eragin duen gertaera gorabehera, 2019ko urtarrilaren 1az gero baino ez dira ordainduko kuotak, hala badagokio eta 60 eguneko epealdia abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretua indarrean dagoela amaitu bada.

  • 2. Abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zenean aldi baterako ezintasuneko egoeran zeuden norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, 2018an jarduera eteteagatik jasotzen den babesa eduki ez dutenek, honako baldintza hau bete beharko dute aurreko onura izateko (Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutuak, entitate kudeatzaileak edo, behar denean, Estatuko enplegu-zerbitzu publikoak kontingentzia guztien kuotak ordaintzea jarduera eteteagatik jasotzen den babesaren kuoten kargura): 60 egunez egon beharko dute ezintasuneko egoeran 2019ko urtarrilaren 1az gero, aurreko apartatuan aipatzen den 308. artikuluan ezartzen den bezala.

Hirugarren xedapen iragankorra. Aitatasun-prestazioa.

2019ko martxoaren 8tik 31ra arte lehen bezala aplikatuko da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren II. tituluaren VII. kapituluan arautzen den aitatasun-prestazioaren araubide juridikoa (2019ko martxoaren 7an indarrean egon den testuaren arabera); testu bategin hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzearen irismena.

  • 1. Hazkundea, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko presako neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legearen hogeita zortzigarren xedapen gehigarria indargabetzen da.

  • 2. Arte-sorkuntzari eta zinematografiari buruzko presako neurriak onartzen dituen abenduaren 28ko 26/2018 Errege Lege Dekretuaren xedapen iragankor bakarra indargabetzen da.

  • 3. Halaber, errege lege-dekretu honetan xedatzen denaren kontrako arau guztiak indargabetzen dira.

Azken xedapenetako lehena. Gazte Bermearen Sistema Nazionala.

Hazkundea, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko presako neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legea aldatzen da eta honela geratzen da:

Bat. 88. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«Gazte Bermearen Sistema Nazionalean honako hauek parte hartzen dute:

  • a) Estatuko Administrazio Orokorrak eta hari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko entitateek, bakoitzak bere eskumenen eremuan.

  • b) Autonomia-erkidegoetako administrazioek eta haiei lotutako edo haien mendeko zuzenbide publikoko entitateek, bakoitzak bere eskumenen eremuan.

  • c) Toki Administrazioko entitateek eta haiei lotutako edo haien mendeko zuzenbide publikoko entitateek, bakoitzak bere eskumenen eremuan.

  • d) Eremu pribatuan jarduten duten lan-arloko solaskideek eta entitateek.

  • e) Lege honetan Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren ekintza baten onuradun izateko ezartzen diren betekizunak betetzen dituzten 16 urte baino gehiagoko eta 30 urte baino gutxiagoko gazteek.»

Bi. 97. artikuluaren c) letra aldatzen da eta honela geratzen da:

«c) 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago edukitzea.»

Hiru. 98. artikuluaren 5. apartatua aldatzen da eta honela geratzen da:

«5. Enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu-eskatzaile gisa inskribatzeak edo inskripzioa berritzeak berekin dakar Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatzea, 97. artikuluko baldintzak betetzen badira, kasuan kasuko enplegu-zerbitzu publikoak proposatuta. Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatzeko eskaeraren data enplegu-zerbitzu publikoak eskaeraren indarraldiaren barruan egoki irizten diona izango da.

Hori dela eta, 97. artikuluaren g) letran ezartzen den baldintza betetzat joko da enplegu-eskatzaile gisa inskribatzen den momentuan.

Gainera, enplegu-zerbitzu publikoek eskatu ahal izango dute 2013ko irailaren 1etik 2016ko abenduaren 24ra arte enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon diren pertsonak inskribatzeko Gazte Bermearen Sistema Nazionalean, 106. artikuluan arautzen diren ekintzetako batean parte hartu badute eta ekintzaren hasieran 105. artikuluan ezartzen diren baldintza guztiak betetzen bazituzten.

Pertsona horien inskripzioaren data ekintzaren hasiera-data izango da. Gainera, enplegu-zerbitzu publikoek inskripzioaren berri emango diete interesdunei, datu pertsonalak babesteari buruzko araudian ezartzen diren eskubideak baliatu ahal izan ditzaten».

Lau. 101. artikuluaren 4. apartatua aldatzen da eta honela geratzen da:

«4. Sisteman dauden pertsonei ofizioz emango zaie baja 97.c) artikuluan ezartzen den gehieneko adinera iristen direnetik lau hilabete pasatutakoan.

Sisteman inskribatuta dauden erabiltzaileei ez zaie emango baja 106. artikuluan arautzen diren neurri edo ekintzetako batzuk jasotzen ari diren bitartean, baldin eta aldez aurretik neurriak edo ekintzak sisteman jasota badaude 100. artikuluan ezarritako betebeharren arabera.»

Bost. 112. artikuluaren a) letra aldatzen da eta honela geratzen da:

«a) Gazte Bermearen Sistema Nazionala ezartzeko eta garatzeko jardunak eta jarraipena Enplegu Sistema Nazionalaren Kontseilu Nagusiaren eremuan koordinatuko dira, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren Jarraipenerako eta Ebaluaziorako Ordezko Batzordearen bitartez.

Batzorde horrek Gazte Bermearen Sistema Nazionala gauzatzeko egin beharreko jarduerak kontrolatzeko, koordinatzeko eta laguntzeko eskumenak edukiko ditu esleituta. Eskumen horiek baliatzeko beharrezkotzat jotzen dituen lantaldeak sortu eta garatu ahal izango ditu.

Batzordean gehienez hiruna ordezkari edukiko dituzte Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialean parte hartzen duten autonomia-erkidegoek (enpleguaren, hezkuntzaren, gizarte-zerbitzuen edota gazteen eremuetakoak), bai eta autonomia-erkidegoetako Europako Gizarte Funtsaren bitarteko organismoek eta lan-arloko solaskideek ere. Horiez gainera, honako hauek ere izango dira batzordean: Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioak izendatzen dituen pertsonak, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren ordezkari bat, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizaterako Ministerioaren ordezkari bat, eta kasuan kasuko gaiaren arabera behar diren beste pertsona batzuk ere bai.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, aurrekoak ez beste pertsona batzuk ere izan daitezke batzordekide, batzordeak erabakiz gero. Horien irismena eta ordezkagarritasuna batzordearen erabakian zehaztuko dira.

Batzordeburua Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako Ministerioko Enpleguko Estatu Idazkaritzaren titularra izango da, edo, bestela, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

Batzordea hiru hilean behin bilduko da gutxienez.»

Azken xedapenetako bigarrena. Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatzea, zeina urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatzen da, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, eta honela gelditzen da:

Bat. 237. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da eta honela geratzen da:

«3. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 37.6 artikuluaren lehen paragrafoan adingabea zaintzeagatik lanaldia murrizteko ezarritako aldiko lehen bi urteetan egindako kotizazioei gehikuntza bat aplikatuko zaie kopuru honetara iristeko: lanaldi-murrizketarik gabe langileak 1. apartatuan aipatzen diren prestazioetarako edukiko zituen kotizazioen zenbatekoaren ehuneko 100. Aipatutako artikuluaren lehen eta bigarren paragrafoetan aipatzen diren gainerako lanaldi-murrizketetan, gehikuntza lehen urtean bakarrik aplikatuko da.

Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37. artikuluaren 4. apartatuaren azken paragrafoan eta 6. apartatuaren hirugarren paragrafoan ezartzen denaren arabera lanaldia murrizten den aldietan egindako kotizazioei gehikuntza bat aplikatuko zaie lanaldi-murrizketarik gabe langileak prestazio hauetarako edukiko zituen kotizazioen ehuneko 100era iristeko: erretiroa; ezintasun iraunkorra; heriotza eta biziraupena; adingabearen jaiotza eta zaintza; haurdunaldiko arriskua; edoskialdi naturaleko arriskua; aldi baterako ezintasuna.

Bi. Lehen xedapen gehigarriaren 1. apartatua aldatzen da eta honela geratzen da:

«1. Gizarte Segurantzako ikatz-meatzaritzako araubide bereziari honako hauetan ezartzen dena aplikatuko zaio: 146.4, 151., 152., 153. eta 161.4 artikuluak; II. tituluaren VI., VII., VIII., IX. eta X. kapituluak; 194. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak; 195. artikulua, 2. apartatua ez beste guztiak; 197., 200., 205., 206., 207., 208., 209., 210., 211., 213., 214., 215., 219., 220., 221., 222., 223., 224. eta 225. artikuluak; 226. artikuluaren 4. eta 5. apartatuak; 227. artikuluaren 1. apartatuaren bigarren paragrafoa; 229., 231., 232., 233. eta 234. artikuluak; II. tituluaren XV. eta XVII. kapituluak.

Halaber, araubide horretan 196. artikuluaren 2. apartatuaren azken paragrafoan eta 4. apartatuan ezartzen dena ere aplikatuko da. Apartatu horietan hurrenez hurren aipatzen diren pentsioaren gutxieneko zenbatekoa eta osagarria kalkulatzeko, gutxieneko kotizazio-oinarria Araubide Orokorrean indarrean dagoena izango da, dena dela ezintasun iraunkor osoaren pentsioa eta baliaezintasun handiaren pentsioa onartzeko baliatzen den araubidea.»

Hiru. Hogeita hamaikagarren xedapen iragankorraren 1. apartatua aldatzen da eta honela geratzen da:

«1. Mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantzaren sistemako hitzarmen bereziek, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua indarrean jartzen denean indarrean daudenek, indarrean jarraituko dute (Mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen Gizarte Segurantza arautzen duen maiatzaren 11ko 615/2007 Errege Dekretuak ezartzen ditu halako hitzarmenak), eta errege lege-dekretu horretan xedatzen den guztia aplikatuko zaie. Ordaindu beharreko kuota Estatuko Administrazio Orokorraren kontura izango da 2019ko apirilaren 1etik aurrera.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Radio y Television Española Korporazioa finantzatzeko abuztuaren 28ko 8/2009 Legea aldatzea.

Radio y Television Española Korporazioa finantzatzeko abuztuaren 28ko 8/2009 Legea aldatzen da; 7. artikuluaren 3. apartatua, hain zuzen. Honela geratzen da:

«3. Aurreko 2. apartatuan xedatzen dena gorabehera, honako jarduera hauek ez dira publizitatetzat joko (hala ere, ez dute sortuko inolako kontraprestazio ekonomikorik):

  • a) Autopromozio-jarduerak, baldin eta autopromozio-saioen orduko iraupena ez bada estatuko gainerako telebista operadoreena baino luzeagoa.

  • b) Publizitate- eta komunikazio-jarduera instituzionalak (halakotzat hartuta Publizitate eta Komunikazio Instituzionalaren abenduaren 29ko 29/2005 Legeak eta autonomia-erkidegoaren arlo horretako legeriak onartzen dituztenak) eta kulturaren arloko babesletza.

  • c) Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren ondoriozkoak.

  • d) Gizarte-gaiei buruzko zabalkunde-kanpainak edo irabazi-asmorik gabeko entitate eta erakundeen aldeko elkartasunerako zabalkunde-kanpainak, RTVE korporazioaren gizarte-erantzukizunaren itzalpean ematen direnak.

  • e) ADO eta ADOP programen babesleen publizitate-kanpainak, Espainiako kirol olinpikoa eta paralinpikoa sustatzeko eta garatzeko egiten direnak.»

Azken xedapenetako laugarrena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 7., 13. eta 17 puntuetan xedatzen denaren babespean ematen da. Izan ere, puntu horietan Estatuari ematen zaio honako hauen gaineko eskumen esklusiboa: lan-arloko legeria (betearazi, nolanahi ere, autonomia-erkidegoetako organoek egin dezakete); jarduera ekonomiaren antolamendu orokorraren oinarriak eta koordinazioa; Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa (zerbitzuak, nolanahi ere, autonomia-erkidegoek eman ditzakete).

Azken xedapenetako bosgarrena. Aurrekontu aldaketak.

Errege lege-dekretu honetan ezartzen dena betetzeko behar diren aldaketa guztiak egingo dira aurrekontuetan, indarrean dagoen aurrekontuen araudiarekin bat etorriz.

Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean jartzea.

  • 1. Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Ondoko apartatuetan xehetasunak azaltzen dira.

  • 2. Errege lege-dekretu honen 1. artikuluan arautzen den 52 urtetik gorakoentzako sorospenaren inguruko aldaketak dekretua indarrean jartzen denetik aurrera sortzen edo berrabiarazten diren sorospen-eskubideei aplikatuko zaizkie, eta egun horretan jasotzen ari direnei ere bai.

Hain zuzen ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak 280.3 artikuluan xedatzen duena (errege lege-dekretu honen 1. artikuluko 6. apartatuan eguneratu da artikulu hori) honako hauei aplikatuko zaie dekretua indarrean jarri ondoko lehen hileko lehen egunetik aurrera: egun horretan langabezia-sorospena jasotzen ari diren onuradunei eta egun horretatik aurrera sorospen hori lortzen dutenei edo berriz ordaintzen hasten zaienei.

  • 3. Errege lege-dekretu honen 2., 4., 7. eta 8. artikuluetan xedatzen dena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko lehen hileko lehen egunean jarriko da indarrean.

  • 4. Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak 34. artikuluko 9. apartatuan ezartzen duen lanaldien erregistroa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete pasatutakoan aplikatuko da (testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta 34. artikulua errege lege-dekretu honen 10. artikuluan eguneratu da).

Madril, 2019ko martxoaren 8a.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra