Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

9/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, Aldi Baterako Laneko Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legea aldatzen duena, portuetako zamaketa-jarduerara egokitzeko, eta salgaiak manipulatzeko portuetako zerbitzua emateko langileen araubidearen legezko egokitzapenari amaiera ematen diona.

2019-03-29

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 03/30/2019, 77. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

4668    9/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, Aldi Baterako Laneko

Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legea aldatzen duena, portuetako zamaketa-jarduerara egokitzeko, eta salgaiak manipulatzeko portuetako zerbitzua emateko langileen araubidearen legezko egokitzapenari amaiera ematen diona.

I

Maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren bidez, zeinak salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen baitu, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaia bete zen, C-576/13 auzigaian emana (2009/4052 arau-hauste prozedura).

Maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuak eragin nabarmena du salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia duten enpresen funtzionamendu-araubidean, kendu baitzaie enpresa horiei SAGEPetako -edo portuko estibatzaileen kudeaketarako sozietate anonimoetako- kide izateko betebeharra; eta aldi berean eragin ukaezina du portuetako estibatzaileen lan-egoeran, utzi baitzaio langile horiek lehentasunez SAGEPen bitartez kontratatzeari.

Alabaina, sektorearen araudi berriak funtsezko aldaketa zekarrela kontuan izanik, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuak berak -zeinaren bidez bete baitzen arestian aipatutako Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia-, hiru urteko trantsizio-aldia ezarri zuen egokitzapenerako, 2017ko maiatzaren 14tik hasita, aldaketa era ordenatuan egin ahal izan zedin. Horrela, SAGEPetako langileen enpleguaren egonkortasuna erraztu zuen, batez ere haien eskubideei eutsiko zitzaiela bermatze aldera, lehia askeko jokaleku berriranzko iraganbidean.

Ildo beretik, portuetako langileen jardueraren izaera irregularrera azkar moldatzea ahalbidetzearren, eta aldi baterako laneko enpresen jarduera ezertan galarazi gabe, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuak portuetako enplegu-zentroak (PEZ) sortzeko aukera ezarri zuen 4. artikuluan. Zentro horien helburua portuetako langileak kontratatzea izango da, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo portuetako merkataritza-zerbitzuetarako baimena duten enpresen eskura jartzeko. Jarraian, artikulu horrek gehitzen du portuetako enplegu-zentro horiei ekainaren 1eko 14/1994 Legea aplikatuko zaiela, aldi baterako laneko enpresak arautzen dituena, baita horrelako enpresei aplikatu beharreko gainerako araudia ere.

Ia bi urte joan dira araua indarrean jarri zenetik, eta urtebete eskas geratzen da trantsizio-aldia amaitzeko. Sektorearen eboluzioa eta egungo egoera lehiaren ikuspuntutik eta enpleguarenetik aztertu dira, eta agerian jarri da arau bidezko erregulazioa osatu beharra dagoela lehia askeko araubidea bermatu ahal izateko, bai salgaiak manipulatzeko zerbitzuaren iraupena, erregulartasuna eta kalitatea eta bai langileen babesa ziurtatuko dituen lan-esparru batean. Lehia, enpleguaren kalitatea eta langileen babesa printzipiotzat eta helburutzat aitortzen dira Europar Batasunaren araudian. Hala, bada, EBFT Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 101. artikuluak barne-merkatuarekin bateraezin deklaratzen ditu eta debekatu egiten ditu «estatu kideen arteko merkataritzari eragin diezaioketen eta helburutzat edo ondoriotzat barne-merkatuan lehiaren jokoa eragotzi, murriztu edo faltsutzea daukaten enpresa arteko akordio guztiak, enpresa-elkarteen erabaki guztiak eta itundutako jarduera guztiak». Aldi berean, ordea, Europar Batasunaren xedapenek aitortzen dute langileen eskubideak babestea eta EBFTren 145. artikuluan jasotako helburuak lortzea ziurtatuko duten legeria nazionalen beharra dagoela, «batez ere, langile gaitu, prestatu eta moldaerrazak lortzeko, eta ekonomiaren aldaketei erantzuteko gai diren lan-merkatuak sustatzeko, Europar Batasunaren Tratatuaren 3. artikuluan zehaztutako helburuak lortu ahal izan daitezen».

Horrenbestez, funtsezkoa eta presakoa da maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuan jasotako araudia osatzea, haren oinarri izan ziren printzipio berberei jarraituz. Alegia, helburutzat harturik kontratazio-askatasunaren printzipioak langileen eskubideekin uztartzea, halako moduan non iraganbide ordenatua egingo baita esparru berrirantz, zeinean lehia-askatasuna sustatzen duten Europar Batasuneko zuzenbidearen printzipioak aplikatuko baitira langileen oinarrizko lan-eskubideak kaltetu gabe eta, bereziki, sektoreko enplegua urritu gabe.

Horretarako, errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak arautzeko, kontuan hartu dira printzipio eta helburu horiek, eta lehiaren azterketa egin da, lehia ebaluatzeko ELGEren irizpide eta bitartekoekin bat etorriz. Azterketa horrek, bestalde, araudi eraginkor eta lehia-eragilea ezartzeko nazioartean onartuta dauden oinarrizko printzipioak jasotzen ditu: (i) beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioa; (ii) distortsio txikienaren printzipioa; (iii) efikaziaren printzipioa; (iv) gardentasunaren printzipioa, eta (v) aurresangarritasunaren printzipioa.

Printzipio horietatik lehenengoarekin bat etorriz, kontuan hartu da ezen lehiaren murrizketak eragingo dituen arau ororen aurretik etorri behar direla batetik haren helburuen definizioa eta bestetik murrizketak sartzearen justifikazio argia (alegia, lehia murriztearen eta helburua lortzearen arteko kausalitate-erlazioa). Oraingo honetan, irizten zaio proposatutako arauak ez duela lehiaren murrizketarik eragingo. Dena dela, neurri guztiek betetzen dute beharraren printzipioa, azalpen-zatian zehar justifikatuko den bezala.

Bigarrenik, beharraren eta proportzionaltasunaren printzipio horrek berak hau saihestu nahi du: murrizketa ekar lezaketen tresnek hobekuntza erlatiboa edo bazterrekoa baino ez eragitea gizarte-ongizatean, eta, aldi berean, kalte larria egitea gizarte-ongizateari jarduera ekonomikoan ezarriko diren muga handien ondorioz. Printzipio hori Espainiako zuzenbidean eta aztergai dugun kasuarekin loturik aplikatuta, kontuan hartu behar da Merkatu Batasuna Bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legeak (MBBL) 5. artikuluan dioena. Artikulu horrek xedatzen duenez, jarduera ekonomiko bati ezarritako edozein mugaren beharra arrazoitu beharko da, Zerbitzu-jardueren eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 3.11 artikuluan biltzen direnen artetik interes orokorreko ezinbesteko arrazoiren bat erabiliz. Gainera, argudiatutako arrazoiaren araberakoa izango da muga, eta halakoa izango da non ezin izango den egon jarduera ekonomikoa gutxiago murrizten edo aldatzen duen bestelako neurririk.

EBJAk C-576/13 auzian 2014ko abenduaren 11n emandako epaiak eragin argia du salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia duten enpresen funtzionamendu-araubidean, enpresa horiei SAGEPetako -edo portuko estibatzaileen kudeaketarako sozietate anonimoetako- kide izateko betebeharra kendu baitzaie; eta aldi berean eragin ukaezina du portuetako estibatzaileen lan-egoeran, langile horiek lehentasunez SAGEPen bitartez kontratatzeari utzi baitzaio. Espainiako Erresumak nahitaez bete behar du epai hori. Nolanahi ere, beharrezkoa da aplikazioan bi ikuspegiak uztartzea, enpresena eta langileena, modu ordenatu batean igarotzeko esparru berri batera; esparru berri horretan, lehia-askatasuna sustatzen duten EBko zuzenbidearen printzipioak aplikatzean ez dira murriztuko langileen oinarrizko lan-eskubideak, eta enpleguaren egonkortasuna erraztuko da. Beraz, oreka lortzen saiatu behar da aipatutako epaiaren aplikazio praktikoan, askatasun ekonomikoen eta gizarte-eskubideen artean gatazka sortzea saihestuz -batzuk eta besteak babestuta daude, eta Batasunaren altxorraren oinarri dira- edo behintzat ahalik eta gehien arinduz haren ondorioak. Horixe da, zalantzarik gabe, aipatutako manuaren -hau da, Merkatu Batasuna Bermatzeari buruzko Legearen 5. artikuluaren-edukia osatzen duten interes orokorreko premiazko arrazoietako bat, Zerbitzu-jardueren eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 3. artikuluaren aipamena dela bide; zehazki, 11. apartatuarena, zeina langileen eskubideen eta segurtasunaren babesari buruzkoa baita.

Eta distortsio txikienaren printzipioaren -edo aztertutako printzipioetatik bigarrenaren-irizpideak errespetatuz egiten da hori, ekoizpen-jardueraren antolaketaren inguruko hainbat kontu negoziazio kolektiboaren esparrurako uzten baitira. Horrela, Europar Batasunaren Tratatuek eskatutakoa betetzen da; izan ere, horiek diote inplikatutako eragileen (enpresaburu eta langileen) ordezkarien arteko negoziazioak eta adostasunak izan behar dutela lehentasunezko bideak lan-kontuei ekiteko. Negoziaziorako uzteko erabaki horiek errege lege-dekretu honen 3. eta 4. artikuluetan jaso dira.

Salbuespenez, eta kontuan izanda sektorea berezia dela eta, zehazki, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretua indarrean jarri arte betebeharra zegoela SAGEPetako kide izateko, gizarte-eragileei aukera ematen zaie SAGEPetako langileetako batzuk nahitaez subrogatzeko, zenbait enpresak sozietate horietatik banandu nahi duten kasuetarako. Aukera hori maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuan ezarritako trantsizio-aldian baliatu ahal izango da. Halako kasuetarako aurreikusten da sistema garden, objektibo eta zuzenak erabili behar direla SAGEPetik irteten diren enpresei langileak esleitzeko. Beraz, ahalmen berezi bat da, sektoreak berezkoak dituen ezaugarri batzuek justifikatzen dutena, eta sektorea liberalizatzeko trantsizio-prozesuan soilik aplika daiteke.

Efikaziaren printzipioaren arabera, arauak nahi diren helburuak edo emaitzak lortzeko balio izan behar du; eta, kasu honetan, enpleguaren egonkortasuna bermatzearren hainbat kontu negoziazio kolektiborako uzteak nahi den eragina dauka: lehia irekirantz modu ordenatuan egitea lan-arloan. Errege lege-dekretu honen 3. eta 4. artikuluetan ezarritako neurriek indartu egiten dute eragin hori.

Gardentasunaren printzipioak gardentasuna eta argitasuna eskatzen ditu arau-esparruan, arauak egiteko prozesuan eta haiek betearazteko orduan.

Aurresangarritasunaren printzipioak esan nahi du operadoreei esparru egonkor eta sendoa eskaini behar zaiela, zalantzarik gabekoa, segurtasun juridikoa emango diena; eta halaxe egingo da, onartzen den arauaren maila, helburua eta esparrua kontuan izanik (salgaiak manipulatzeko portuetako zerbitzua emateko langileen liberalizazio-esparrua sendotzea da helburua, zeina maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zenean hasi baitzen).

Egiaztatu da, era berean, aurreko printzipioek ez ezik proiektatutako arauan jaso diren neurri iraunkorrek ere ez dutela eragin txarrik izango lehiaren gainean, honako faktore hauek direla-eta: (i) Ez dira mugatzen hornitzaileen kopurua eta askotarikotasuna. Ekainaren 1eko 14/1994 Legearen 18. artikulu berrian, 2. artikuluaren Bi apartatuak gehitzen duen horretan, portuetako enplegu-zentroetako bazkideei eskatzen zaie salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edukitzea edo lortzea, eta lizentzia hori Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bateginaren 109. artikuluarekin eta hurrengoekin edo hura ordezten duen arauarekin bat etorriz emana izatea (testu bategin hori irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen); baina hori ez da lehiaren murrizketa, zeren eta, alde batetik, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua eman ahal izateko dagoeneko ezinbestekoa baita lizentzia hori lortzea eta, beste alde batetik, portuetako enplegu-zentroak eta aldi baterako laneko enpresak elkarrekin izango baitira. Sektore horretako agenteen askatasuna eta lehia babestuta daude, beraz. (ii) Portuetako enplegu-zentroak eta aldi baterako laneko enpresak baldintza beretan lehiatzen direnez, ez da mugatzen sektoreko agenteen lehiarako ahalmena. (iii) Ez dira murrizten agenteek lehiatzeko dituzten pizgarriak. Eta (iv) ez die eragiten kontsumitzaileen informazioari eta hautabideei.

II

Portu-lanen prestazioaren izaera irregularrera azkar egokitu ahal izateko, eta ezertan galarazi gabe legeria indardunari jarraituz horretarako eratuta dauden edo era litezkeen aldi baterako laneko enpresak eta beste enpresa batzuk, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluak aurreikusten du portuetako enplegu-zentroak sortu ahal izatea (aurrerantzean, PEZak), portuko langileak salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuan enplegatzeko eta, halaber, langileok salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia duten enpresei aldi baterako lagatzeko. Zentro horiek sortu ahal izateko, Aldi Baterako Laneko Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legearen 2. artikuluan eskatzen den baimena eskuratu beharko da.

Aldi berean, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren beraren lehen xedapen iragankorrak egokitzapenerako hiru urteko trantsizio-aldia ezartzen du. Egungo SAGEPek aldi horren amaierara arte iraun ahalko dute, lehenago azkentzen ez badira, eta mantendu egingo dute beren xede soziala, hau da, portuko langileak eskura jartzea salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzien edo merkataritzako zerbitzuak emateko baimenen titularrei, titular horiek akziodunak izan edo ez izan. Trantsizio-aldia amaitutakoan, irauten duten SAGEPak azkendu ahal izango dira, edo beren jardueran jarraitu ahal izango dute, horretarako ekainaren 1eko 14/1994 Legeak 2. artikuluan eskatzen duen baimena lortuta.

2. artikuluak beharrezkoak diren aldaketak egiten ditu Aldi Baterako Laneko Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legean, aldi baterako laneko enpresen egungo lege-araudia portuetako enplegu-zentroek dituzten berezitasunetara egokitzeko. Horretarako, lehenik, ekainaren 1eko 14/1994 Legearen 1. artikulua aldatzen da, portuetako enplegu-zentroen figura aldi baterako laneko enpresaren kontzeptuan sartzeko; eta, bigarrenik, V. kapitulua gehitzen zaio lege horri, eta bertan berariaz definitzen eta arautzen dira portuetako enplegu-zentroen ezaugarriak eta funtzionatzeko era. Horrela bermatzen da operadore, PEZ eta ABLE guztiak baldintza berberetan lehiatzea langileak eskura jartzeko zerbitzuetan.

Bi dira V. kapitulu berri horretan dauden arauen berezitasuna justifikatzen duten funtsezko elementuak:

Lehenengoa, portuetako enplegu-zentroek jardun ahal izango duten eremu funtzional edo sektorialaren mugaketa; izan ere, portuetako estibatze-lanetara mugaturik geldituko da. Aldi baterako laneko enpresen erabiltzaileak hainbat sektoretako enpresak izan daitezke. Portuetako enplegu-zentroek enplegatzen dituzten langileak, aldiz, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo portuetako merkataritza-zerbitzuetarako baimena duten enpresen eskura soilik jarri ahal izango dira.

Bigarren berezitasuna ez da garrantzi gutxiagokoa: portuetako enplegu-zentroetako langile gehien-gehienek lan-kontratu mugagabea dute. Portuetako estibatzaileak lehengo SAGEPetatik PEZ berrietara igarotzeko prozesu ordenatuak berekin ekarriko du azken horien plantillan kontratu finkoko langile mordoa sartzea, eta errealitate hori kontuan hartu behar da ezinbestez figura horren arauketan.

Horregatik guztiagatik, PEZek dagokien baimen administratiboa eskuratzeko beharra mantenduta, portuetako enplegu-zentroak arautzen dituen V. kapitulu horretan zenbait berezitasun sartu dira antolaketa-egituraren eta finantza-bermearen alorretan, arestian aipatu diren inguruabarrei erantzuten dietenak.

Aurrekoari beste berezitasun batzuk gehitu zaizkio, informazio-betebeharrak eta betebehar dokumentalak betetzeari dagokionez, bi helbururekin: elementu distortsio-eragileak izan ez daitezen, eta bai kontratazioak bai eskura jartzeak bizkortasun eta eraginkortasun handiagoarekin kudeatzen laguntzeko.

Araudia osatzeko, xedapen gehigarri bat erantsi da, eta bertan aurreikusten da portu-sektorean jarduten duten aldi baterako laneko enpresei PEZen araudi berriaren berezitasunak aplikatuko zaizkiela antolaketa-egituraren eta finantza-bermearen alorretan, sektoreko langileei dagokienez.

Lan-alderdiari heltzeko, Europar Batasunaren Tratatuek berek adierazten dute, arestian esan den moduan, tartean diren agenteen -hau da, enpresen eta portuetako langileen-ordezkarien arteko negoziazioa eta adostasuna izan behar direla lehentasunezko bideak; aldi berean, Europar Batasuneko garapen-arauek ere aitortzen dute langileak kasu zehatzetan babesteko xedapenen beharra dagoela, bereziki langileen eskubideei eutsiko zaiela bermatzeko. Kokatzeko askatasuna eta langileen eskubideen babesa zutabe nagusi bihurtzen dira sektoreko eraldatze-prozesu horretan.

Lehenik, 3. artikuluak portu-langileen lan-jarduera zuzentzeko, antolatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak aitortzen dizkie salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia duten enpresei, enplegatzaileak diren aldetik, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak (aurrerantzean, LELTB) 20. artikuluan aurreikusten duen moduan (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori). Ahalmen horietako bat da, noski, portu-jardueretako bakoitza egiteko beharrezkoak diren langileak izendatzea.

4. artikuluak berariaz jasotzen dituen bi kasutan, sindikatuek eta enpresa-elkarteek langileen eskubideei eusteko behar diren neurriak ezarri ahalko dituzte, enpleguaren egonkortasunaren eta kalitatearen printzipioa bermatzeko, bai eta langileen eskubideen babesa ere. Lehenengo kasuan, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia duten enpresek SAGEPetako akziodun izateari uztea aukeratzen dute, eta, ondorioz, sozietate horien jarduera urritu egiten da; aukera hori 2020ko maiatzaren 14an amaituko den trantsizio-aldiaren azkenera arte baliatu ahal izango dute, orduan SAGEPak azkendu egin beharko baitira edo ZEP bihurtu. Bigarren kasuan, SAGEPek ZEP bihurtzea aukeratzen dute; aukera hori ere epe beraren barruan egin beharko dute.

Beraz, arauak lege-gaikuntza bat jasotzen du, negoziazio kolektiboaren bitartez langileen nahitaezko subrogazioa adostu ahal izan dadin lehenengo kasuan, hau da, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia duten enpresek SAGEPetako akziodun izateari uztea aukeratu eta horien jarduera urritzen denean. Gaikuntza horrek indarraldi mugatua izango du, hain zuzen ere maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuak egokitzapenerako ezarri zuen hiru urteko trantsizio-aldiarekin batera bukatuko dena, eta dekretu hori indarrean jarri zenean salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuetan ziharduten eta honako errege lege-dekretu hau indarrean jartzean ere zerbitzu horretan segitzen duten langileei bakarrik aplikatuko zaie.

Europar Batasuneko araudiaren ikuspuntutik, nabarmendu behar da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak oinarrizko askatasun gisa ezartzen duela, besteak beste, kokatzeko askatasuna. Askatasun hori interes orokorreko arrazoi larriengatik baino ezin izango da murriztu, eta, hain zuzen ere, arrazoi horietarikoa da langileen eskubideen babesa, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak hainbat aldiz aitortu duen bezala (ikus, besteak beste, 2007ko abenduaren 11ko epaia, C-438/05 auzigaian emana; C 369/96 eta C 376/96 auzi metatuak, Arblade eta beste batzuk [1999] ECR I 8453, 36. paragrafoa; C 165/98 auzia, Mazzoleni eta ISA [2001] ECR I 2189, 27. paragrafoa; C 49/98, C 50/98, C 52/98-C 54/98 eta C 68/98-C 71/98 auziak, Finalarte eta beste batzuk [2001] Rec. I 7831, 33. paragrafoa). Alde horretatik, xedapen honen helburu nagusia langileen enpleguaren egonkortasuna eta bereganatu dituzten eskubideak behar bezala bermatzea da, eta, horrekin batera, sektorearen lehiakortasuna ahalbidetzea trantsizio-egoera batean. Langileen babesaren interes gorenak justifikatzen du Espainiako estibatze-jardueren sektorearen esparru juridikorako neurri gehigarri hori. Nolanahi ere, subrogazioa hitzarmen kolektiboaren bidez zehaztu behar da, eta subrogazio-mekanismorik adosten bada, gardena, objektiboa eta zuzena izan beharko du, 4. artikuluak espresuki eta berariaz jasotzen duen bezala. Horrela, martxoaren 12ko 2001/23/EE Zuzentarauan jasota dauden gardentasunaren, objektibotasunaren eta tratu-berdintasunaren irizpideak errespetatuko dira. Zuzentarau horrek enpresak, jarduera-zentroak edo enpresen nahiz jarduera-zentroen zatiak eskualdatzen direnean langileen eskubideak mantentzeari buruz estatu kideek dituzten legeriak elkarrengana hurbiltzen ditu, eta gaur egun Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 44. artikuluan dago txertatuta gure antolamendu nazionalean.

Errege lege-dekretu honen 4. artikuluan aurreikusitako bigarren kasuak ere, SAGEPak PEZ bihurtzen direnekoak, segurtasun juridikoa ematen dio egokitzapenerako trantsizio-aldiari. Lehen adierazi den moduan, trantsizio-aldian zehar SAGEPak PEZ bihur daitezke. Halaber, trantsizio-aldia bukatutakoan azkendu ez diren SAGEPek beren jardueran jarraitu ahalko dute, Aldi Baterako Laneko Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legeak eskatzen dituen baimenak lortuta. Horrelakoetan, entitate ekonomikoak bere nortasunari eusten dio; alegia, bere xedeari eusten dio: portuetako estibatze-lanetako langileak enplegatzea, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia duten enpresen eskura jartzeko aldi baterako. Beraz, bai Europar Batasunaren ikuspuntutik eta bai antolamendu nazionalerako transposizioan, langileak babesteko eta haien eskubideen iraupena bermatzeko onartu diren xedapenak aplikatu behar dira, arestian aipatutako martxoaren 12ko 2001/23/EE Zuzentarauan eta, horrenbestez, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 44. artikuluan aurreikusitako eran.

5. artikuluak aldatu egiten du maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren 3.1 artikulua, honako hau jasotzeko: «Portuetako karga, deskarga, desestibatze eta ontzi-aldaketa lanetako» profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko ikasten ari diren ikasleek, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu baten bitartez, estibatze-lanak egin ahal izango dituztela eta lan-praktika ez-profesionalen modulurako beharrezkoak diren orduak egiaztatu.

Bukatzeko, errege lege-dekretuak bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta azken lau xedapen ditu.

Lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen du Sustapen Ministerioak urtero estibatze-jardueren sektorearen liberalizazioaren bilakaerari buruzko txostena igorri behar diola Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeari.

Bigarren xedapen gehigarriak bederatzi hilabeteko epea ezartzen du indarrean dauden hitzarmenezko arauak errege lege-dekretu honi egokitzeko.

Xedapen indargabetzaileak maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuko bi xedapen ukitzen ditu, errege lege-dekretu honetan jasotako araudia ezartzen baitu xedapen horien ordez.

Azken xedapenetako lehenengoa eskumen-tituluaz ari da.

Azken xedapenetako bigarrenaren helburua Aire Segurtasunari buruzko uztailaren 7ko 21/2003 Legearen 75. artikuluan berezitasun bat jasotzea da, halako moduan non lur hartzeagatik eta aerodromoko iragaitzako zerbitzuengatik eragiketa bakoitzeko ordaindu beharreko gutxienekoak ez duen zigortuko Ceutako eta Algecirasko heliportuetan egiten den helikopterozko garraio komertziala. Premiazkoa da neurri hori hartzea, Ceutako eta Algecirasko heliportuetan diharduten helikoptero-operadoreen gaineko presioa arintzeko, zerbitzu horiek ekonomikoki bideragarri izan daitezen lagunduz, eta bi eskualde horietako lurralde-kohesioa eta konektibitatea argi eta garbi sustatzeko, zeren eta herritarrak airez garraiatzea ahalbidetzen baitu, bereziki Ceutaren eta penintsularen artean. Ez dago aireko beste garraiobiderik lurralde horientzat, ez dutelako helikopteroaz bestelako aireontzien eragiketetarako aireportu-azpiegiturarik.

Azken xedapenetako hirugarrenak Zerga, Administrazio eta Gizarte Neurriei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legearen 67. artikulua aldatzen du, Servicios y Estudios para la Navegacion Aerea SME (SENASA) bitarteko propio izendatzen duen adierazpena Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 9ko 9/2017 Legeko araudi berriari egokitzeko. Egokitzapen hori beharrezkoa eta geroratu ezinezkoa da, segurtasun aeronautikoaren arloko agintari nazionalei behar duten bitartekoa eman behar zaielako aire-segurtasunaren inguruko eskakizun gero eta ugariagoei erantzun egokia emateko, aireko trafikoaren hazkunde handia eta teknologiaren eta araudiaren aldaketak gertatzen ari diren honetan.

Azken xedapenetako laugarrenak ezartzen du errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean.

III

Bai Aldi Baterako Laneko Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legea aldatzea eta bai salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen araubidearen egokitzapena bukatzea, biak ere funtsezko neurriak dira SAGEPen eraldaketa edo azkentzea gauzatu ahal izateko enpleguaren egonkortasuna bermatuta, lehia askeko esparru batean eta trantsizio-aldia bukatu baino lehen. Beraz, premia berezi eta larriko egoera da hori, eta Gobernuaren araugintzako ekintza bat justifikatzen du, Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluaren itzalpean.

Izan ere, aparteko beharrizanaren baldintza betetzen da, ezinbestez eta lehenbailehen segurtasuna eman behar zaiolako estibatze-jardueraren araubide juridikoari, trantsizio ordenatua bermatuz SAGEPen eraldatze- edo azkentze-prozesuan. Portuetako estibatze-jardueraren ohiko garapenerako horren funtsezkoa denez, beharrizan hori betebehar bihurtu zaio legegileari, ezin baita erantzunik gabe geratu.

Errege lege-dekretu hau presaz onartzeko bide ematen duen arrazoiari dagokionez, onarpena geroratu ezinezkoa da, aplikatu beharreko araubide juridikoaren zehaztasunik ezak ezegonkortasun handia eragin baitu sektorean. Ezinbestekoa da egoera horri amaiera ematea.

Halaber, kontuan izan behar da maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretua (salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen duena) onartuta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaia bete zela, C-576/13 auzigaian emana (2009/2045 arau-hauste prozedura). Hala ere, arau horretan azaltzen den erregelamenduzko garapena izapidetu eta Batzordean salaketa aurkeztu eta gero -salaketaren ondorioz, beste arau-hauste prozedura bat irekitzeko arriskua ere sortu da-, azkenaldian Europar Batasuneko erakundeek areagotu egin dute sektoreko erreformen gaineko jarraipena, eta esparru berriaren eraginkortasuna bermatzera premiatu dituzte agintari nazionalak.

Esandakoaren ondorioz, kasu honetan, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintzaren xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan egoera jakin bat zuzentzea, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan ematea eskatzen duena.

Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek betetzen dute -oro har eta banan-banan-, beren izaera eta xedea ikusirik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.

Halaber, errege lege-dekretu honek errespetatzen ditu Konstituzioak arau-tresna hau erabiltzeko ezarritako mugak; izan ere, ez die eragiten Estatuaren oinarrizko erakundeen antolamenduari, Konstituzioaren I. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunei, autonomia-erkidegoen araubideari, ezta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrari ere.

Azpimarratu behar da, ildo horretan, hemen landu diren arloak lehenago ere aldatu izan direla honelako tresnen bidez, hala nola maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren bidez, orduan ere presako beharrizana izan zelako.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, errege lege-dekretu hau bat dator erregulazio onaren printzipioekin, bai eta, batez ere, premiaren eta eraginkortasunaren printzipioekin ere, eta interes orokorreko arrazoi sendoak daude bera onartzeko.

Alde batetik, bistan da proportzionaltasun-printzipioa betetzen duela. Izan ere, arau honetan jasotako neurriak, hala estibatze-jardueraren arloko aldi baterako laneko enpresen berezitasunak arautzekoak nola estibatze-lanaren antolaketarako eta enpleguaren egonkortasunerakoak, erabat lotzen zaizkio tresna honen bidez lortu nahi den helburuari. Segurtasun juridikoaren printzipioa ere betetzen du, bat baitator Estatuko eta Europar Batasuneko ordenamendu juridikoarekin; beraz, ondo eta modu egokian txertatzen da indarreko araudian. Gainerakoan, araua bat dator gardentasunaren printzipioarekin, zorrotz bete baitira lege-dekretu bat izapidetzeko eskatzen diren prozedurak.

Beste alde batetik, errege lege-dekretu honetako neurriak egokiak eta neurrizkoak dira eurak onartu beharra ekarri duten beharrizanak betetzeko. Egoera honetan, ez dago murrizketa gutxiago ekarriko lukeen edo jasotzaileei betebehar gutxiago ezarriko liekeen alternatibarik; aitzitik, bestela gertatzen da: lege-mailako arau honen bitartez erabat hobetuko da estibatze-jardueraren arloa.

Azkenik, azpimarratu beharra dago 2019ko otsailaren 20an Diputatuen Kongresuko Sustapen Batzordean legez besteko proposamen bat onartu zela aho batez. Bertan «Gobernua premiatzen da beharrezkoak diren tresna juridikoak erabil ditzan estibatze-jardueraren araubide juridikoa osatzeko, eta, hartara, sektorean ahalik eta adostasun handiena bilduta eta Europako araudiaren printzipioak errespetatuta, behar diren xedapenak ezar daitezen -behar adinako arau-mailakoak- kontratazio-askatasunaren printzipioak langileen eskubideekin uztartzeko helburua betetzeko, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko abenduaren 11ko epaiak xedatu zuen bezala». Errege lege-dekretu honek legez besteko proposamen horri erantzuten dio.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuta, Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroak eta Sustapeneko ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2019ko martxoaren 29ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Errege lege-dekretu honen xedea da salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko langileen araubidearen liberalizazio-esparrua sendotzea; maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretua indarrean jartzean sortutako esparrua sendotzea, hain zuzen ere (dekretu horrek salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2014ko abenduaren 11n C-576/13 auzigaian emandako epaia betetzeko (2009/4052 arau-hauste prozedura)).

2. artikulua. Aldi Baterako Laneko Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legea aldatzea.

Ekainaren 1eko 14/1994 Legea, aldi baterako laneko enpresak arautzen dituena, aldatu egiten da, honela:

Bat. Paragrafo bat gehitzen da 1. artikuluaren azkenean; honako hau dio:

«Portuetako enplegu-zentroak, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuan ezarritakoaren babesean sor daitezkeenak, portuetako estibatze-jardueraren sektoreko aldi baterako laneko enpresa espezifiko gisara ariko dira, lege honen V. kapituluan eta berau garatzeko erregelamenduan aurreikusitako berezitasunekin».

Bi. Beste kapitulu bat gehitzen da, V.a. Hona hemen:

«V. KAPITULUA

Portuetako enplegu-zentroak

  • 18. artikulua. Portuetako enplegu-zentroak.

  • 1. Portuetako enplegu-zentroek helburu hau izango dute soilik: portuetako estibatze-jarduerako langileak enplegatzea, salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia edo portuetako merkataritza-zerbitzuetarako baimena duten enpresen eskura jartzeko aldi baterako, eta langile horiei lanbide-prestakuntza ematea; prestakuntza hori legez aurreikusitako gainerako aukeren bitartez ere eman ahalko da.

  • 2. Portuetako enplegu-zentroetan parte hartzen duten enpresek salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia izan beharko dute eta aurretiazko administrazio-baimena lortu beharko dute, 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, honako berezitasun hauekin:

  • a) Deituran portuetako enplegu-zentroa terminoa edo PEZ laburdura jasoko dute, eta ez aldi baterako laneko enpresa edo ABLE laburdura.

  • b) 2. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, kalkulatu ahal izateko portuetako enplegu-zentro batek gutxienez zenbat langile eduki behar dituen iraupen-mugarik gabe kontratatuta zentroaren zuzendaritzapean egiturazko langile gisa aritzeko, kontuan hartuko da aurreko urtean aldi baterako kontratatutako estibatzaileak zenbat egunetan jarri ziren enpresen eskura. Edonola ere, portuetako enplegu-zentro batek bere jardueraren hasieran egiturazko bi langile eduki beharko ditu iraupen-mugarik gabe kontratatuta, gutxienez ere, eta bere jarduerak irauten duen bitarte osoan eutsi beharko dio gutxieneko kopuru horri.

  • 3. Portuetako enplegu-zentroek, lege honen 3. artikuluan eta berau garatzeko arauetan aurreikusitako baldintzetan eta helburuetarako, finantza-berme bat eratu behar dute eta eguneratuta eduki. Bada, hauxe izango da berme horren gutxieneko zenbatekoa: 1. apartatuan aipatzen diren enpresen eskura jartzeko asmoz aldi baterako kontratuarekin enplegatutako portuko estibatzaileek aurre-aurreko ekitaldi ekonomikoan izan duten soldata-masaren ehuneko hamar. Zenbateko hori inoiz ez da izango, urtean, une bakoitzean indarrean dagoen lanbidearteko gutxieneko soldata halako hogeita bost baino gutxiago.

  • 4. Langileak eskura jartzeko egindako kontratuen zerrenda igorri behar zaio lan-agintaritzari, 5.1 artikuluaren arabera, eta, halaber, dokumentazioa eman behar zaie langileen ordezkariei, 9. artikuluaren arabera. Bada, bi betebehar horiek aldi baterako kontratatutako portu-langileei bakarrik dagozkiela ulertuko da.

  • 19. artikulua. Portu-langileak eskura jartzeko kontratuak.

  • 1. Portuetako enplegu-zentroek salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo merkataritza-zerbitzuetarako baimena duten enpresekin egiten dituzten kontratuak -lehenengoek kontratatutako portu-langileak bigarrenen eskura jartzeko kontratuak, alegia- lege honen II. kapituluan xedatutakoaren bidez arautuko dira, hurrengo apartatuetan ezartzen diren berezitasunak erantsita.

  • 2. Portu-langileak eskura jartzeko kontratuak egin ahal izango dira salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo merkataritza-zerbitzuetarako baimena duten enpresekin, salgaiak manipulatzeko zerbitzuan enpresa horiek izaten dituzten estibatzaile-beharrizanak betetzeko.

  • 3. Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuaren eta portuetako merkataritza-zerbitzuen beharrizantzat honako hauek hartuko dira: Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legean zerbitzu horien barruan definitzen diren jardueren arreta egonkorrak edo aldi baterakoak sortzen dituen beharrizanak.

  • 20. artikulua. Lan-harremanak portuetako enplegu-zentroetan.

  • 1. Portuetako enplegu-zentroek portu-langileak aurreko artikuluan aipatzen diren enpresen esku jartzeko asmoz langile horiekin lan-kontratuak egiten dituztenean, kontratu horiek denbora-mugarik gabe edo iraunaldi jakin baterako egin ahal izango dira.

  • 2. Denbora-mugarik gabeko lan-kontratuak idatziz egingo dira, Langileen Estatutuaren 8. artikuluan aurreikusitako moduan eta negoziazio kolektiboan ezartzen diren formalitateei eta ereduari lotuta.

Horrelakoetan, zerbitzu-aginduak bitarteko elektronikoen bidez igorri ahalko zaizkie portu-langileei, negoziazio kolektiboan adosten den eran. Modu berean helarazi ahalko zaie zerbitzu-aginduen jakinarazpena enpresa erabiltzaileei.

  • 3. Portuetako enplegu-zentroek iraunaldi mugatuko lan-kontratuak sinatzen dituztenean, lege honen III. kapituluan xedatutakoaren bidez arautuko dira kontratu horiek, honako berezitasun hauek erantsita:

  • a) Portuetako estibatzaileen aldi baterako kontratuak idatziz formalizatuko dira, kasuan kasuko kontratazio modalitaterako ezarritakoari jarraituz.

  • b) Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko irizpideak ezarri ahal izango dira negoziazio kolektiboaren bitartez.

  • 4. Artikulu honek negoziazio kolektiboa aipatzen duenean, ulertu behar da estibatze-jardueraren sektoreko negoziazio kolektiboaz soilik ari dela. Betiere, Langileen Estatutuaren 84.2 artikuluan aurreikusten den aplikazio-lehentasuna errespetatuko da, eta kontuan hartuko da maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

  • 21. artikulua. Portu-langileen eta enpresa erabiltzaileen arteko harremana.

  • 1. Portuetako enplegu-zentroek kontratatutako portu-langileen lan-jarduera zuzentzeko, antolatzeko eta kontrolatzeko ahalmena izango du salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo portuetako merkataritza-zerbitzuetarako baimena duen enpresak, langile horiek bere esku dituen bitartean.

  • 2. Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo portuetako merkataritza-zerbitzuetarako baimena duten enpresek, portu-langileak eskura jartzen dizkietenean, gainerako erabiltzaileek aldi baterako laneko enpresekiko hartzen duten leku bera hartuko dute, eta lege honen IV. kapituluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezartzen diren betebeharrak izango dituzte.

  • 3. Portuetako enplegu-zentroek lagatako portu-langileek lege honetan aitortzen zaizkien eskubide guztiak baliatu ahal izango dituzte enpresa erabiltzaileen aurrean, bai eta negoziazio kolektiboaren bidez ezar daitezkeen gainerakoak ere.

  • 4. Langileen Estatutuaren 15.5 artikuluan xedatutakoa ez zaie aplikatuko salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo portuetako merkataritza-zerbitzuetarako baimena duten enpresa erabiltzaileei».

Hiru. Beste xedapen gehigarri bat eransten da. Honako hau dio:

«Zazpigarren xedapen gehigarria. Berariazko arauak portuetako estibatze-jardueraren sektorerako.

Portuetako estibatze-lanetako langileak eskura jartzen dituzten aldi baterako laneko enpresei 18. artikuluaren 2.b) eta 3. apartatuetan portuetako enplegu-zentroentzat aurreikusitako arauak aplikatuko zaizkie, langile horiei dagokienez».

  • 3. artikulua. Antolatzeko eta zuzentzeko ahalmenak.

  • 1. Portu-langileen lan-jarduera zuzentzeko, antolatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia duen enpresari dagozkio, enplegatzailea den aldetik, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak 20. artikuluan aurreikusten duen moduan (testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Portu-langileak portuetako enplegu-zentroen bitartez edo aldi baterako laneko enpresen bitartez kontratatzen direnean ere, enpresak ahalmen berberak izango ditu.

  • 2. Portu-jardueretako bakoitza egiteko behar diren langileak izendatzea izango da aurreko apartatuan aipatutako zuzendaritza- eta antolaketa-ahalmenetako bat.

Malgutasun handiagoa lortzeko neurriak, sektoreko enpleguaren kalitatea eta produktibitatea hobetzea dakartenak, negoziazio kolektiboan zehazten den eran hartuko dira. Langileen Estatutuan hitzarmen kolektiboen aplikazio-lehentasunari buruz ezarritako araubideari eta negoziazio kolektiboaren egiturari buruzko arauei jarraituz negoziatuko dute negoziatzeko legitimatutako subjektuek.

  • 3. Arau eraginkorrak eta lehia sustatzen dutenak egiteko printzipioarekin bat etorriz, eta betiere Langileen Estatutuan hitzarmenen aplikazio-lehentasunari buruz ezarritako arauak betez, sindikatuek eta enpresa-elkarteek portuetako lehiakortasuna hobetzeko neurri osagarriak adostu ahal izango dituzte; besteak beste, langileak portu-lanetara atxikitzeko arauak, enpleguaren egonkortasunari eta kalitateari buruzkoak, lan-denboraren, mugigarritasun funtzionalaren eta balioaniztasunaren erregulazioari buruzkoak eta lanbide-sailkapenari eta -prestakuntzari buruzko arauak.

  • 4. Ituntzen diren malgutasun-neurriak lan-akordioei edo negoziazio kolektiboari gehitu ahal izango zaizkie, alderdiek adosten dituzten modu eta baldintzetan.

  • 4. artikulua. Enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea.

  • 1. Enpleguaren egonkortasunaren printzipioa bermatze aldera, sindikatuek eta enpresa-elkarteek, akordio edo hitzarmen kolektibo baten bitartez, behar diren subrogazio-neurriak ezarri ahal izango dituzte, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretua indarrean jartzean salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzuetan ari ziren eta honako hau indarrean jartzean horretan segitzen duten langileen enplegua mantentzeko, hurrengo apartatuetan azaltzen diren kasuetan.

  • 2. Salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzurako lizentzia duten enpresek SAGEPeko akziodun izateari uztea aukeratzen dutenean maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitakoarekin bat, eta, ondorioz, SAGEPen jarduera urritzen denean, bidezkoa izango da subrogazio-mekanismoa aplikatzea, hala adosten baldin bada, 1. apartatuan xedatutakoari jarraituz. Aipatutako erakundeek negoziatzeko ahalmen bera izango dute SAGEPetako bazkideek sozietate horiek desegitea aukeratzen dutenean. Subrogazio-mekanismoa adosten bada, gardena, objektiboa eta zuzena izan beharko du, Langileen Estatutuaren 44. artikuluan jasotako printzipio eta bermeekin bat etorriz.

  • 3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, gerta liteke SAGEP batek portuetako enplegu-zentro bihurtu nahi izatea, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrarekin bat etorriz. Horrelakoetan, portu-zentro berria SAGEPeko langileen enplegatzaile gisa subrogatuko da, portuko estibatzaileak enplegatzeari eta salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua emateko lizentzia edo portuetako merkataritza-zerbitzuetarako baimena duten enpresen eskura aldi baterako jartzeari dagokion jardueraren oinordetza gauzatu eta gero, betiere Langileen Estatutuaren 44. artikuluan ezarritakoa betez.

  • 4. Artikulu honek gizarte-eragileei esleitzen dizkien ahalmenak maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuan ezarritako trantsizio-aldian soilik baliatu ahal izango dira.

  • 5. artikulua. Maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretua aldatzea. Dekretu horrek salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2014ko abenduaren 11n C-576/13 auzigaian emandako epaia betetzeko,.

Aldatu egiten da maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren 3.1 artikulua. Dekretu horrek salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2014ko abenduaren 11n C-576/13 auzigaian emandako epaia betetzeko. Hona aldatutako testua:

«1. Abenduaren 13ko 988/2013 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean ("Portuetako karga, estibatze, deskarga, desestibatze eta ontzi-aldaketa lanak") ezarritako profesionaltasun-ziurtagiria duten langileek egin beharko dituzte salgaiak manipulatzeko zerbitzuaren barruko jarduerak. Errege-dekretu horrek Itsas Arrantza izeneko lanbide-arloari dagozkion bederatzi profesionaltasun-ziurtagiri sortu zituen.

Salgaiak manipulatzeko zerbitzuan aritu ahal izango dira, halaber, portuetako estibatze-jardueraren sektoreko lan-harremanak arautzeko IV. Akordioko 0 lanbide-taldeko langileak (laguntzaileak) eta I. lanbide-taldekoak (espezialistak), edo etorkizunean talde horiek ordezten dituztenetakoak, baldin eta, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua dutela, arestian definitutako profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko ikasten ari badira, prestakuntza teorikoa eta ordaindutako lan-jarduera txandakatuz. Prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratu horrekin egindako jardueraren bitartez egiaztatuta geratuko dira lanez kanpoko Lanbide Praktiken Moduluari dagozkion orduak. Modulu hori beharrezkoa da «Portuetako karga, estibatze, deskarga, desestibatze eta ontzi-aldaketa lanak - 2. maila» izeneko profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko.

Lehen xedapen gehigarria. Bilakaerari buruzko txostena.

Urtero, Sustapen Ministerioak estibatze-jardueren sektorearen liberalizazioaren bilakaerari buruzko txostena igorri behar dio Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeari. Errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta handik urtebetera egingo du lehenengo txostena. Txosten horretan hauek jaso behar dira, bereziki: estibatze-jardueretako langileen enpleguaren eboluzioa eta sarrera- eta irteera-fluxuak, portuetako enplegu-zentroen barruko eta kanpoko kontratazioa, lan-baldintzak, estibatzaileen prestakuntzaren sektoreko oinarrizko magnitudeak, eta horrek guztiak Espainiako portuen lehiakortasunean duen eragina.

Bigarren xedapen gehigarria. Hitzarmenezko araudia.

1. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik bederatzi hilabete igaro baino lehen, indarra duten hitzarmenezko arauak dekretu honetan, maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 49. artikuluan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio.

2. Behin epe hori igarota, aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten hitzarmen kolektiboetako xedapenak erabat deusezak izango dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira:

  • 1. Maiatzaren 12ko 8/2017 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenaren 2. apartatua eta I. eranskina. Dekretu horrek salgaiak manipulatzeko portu-zerbitzua ematen duten langileen araubidea aldatzen du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2014ko abenduaren 11n C-576/13 auzigaian emandako epaia betetzeko (2009/4052 arau-hauste prozedura).

  • 2. Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legearen azken xedapenetako berrogeita hirugarrena.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau laneko legeriaren arloan, ogasun publikoaren eta Estatuaren zorraren arloan eta interes orokorreko portuen arloan Estatuari dagozkion eskumen esklusiboen babesean ematen da, Konstituzioaren 149. artikuluaren 1. apartatuaren 7., 14. eta 20. zenbakietan xedatutakoarekin bat.

Azken xedapenetako bigarrena. Aire Segurtasunari buruzko uztailaren 7ko 21/2003

Legea aldatzea.

Beste paragrafo bat eransten zaio Aire Segurtasunari buruzko uztailaren 7ko 21/2003 Legearen 75. artikuluaren 4. apartatuari (aldaketak errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera izango du eragina):

«Ceutako eta Algecirasko heliportuetatik abiatzen diren helikopteroen merkataritza-eragiketa erregularren kasuan ere, ez da aplikatuko lur hartzeagatik eta aerodromoko iragaitzako zerbitzuengatik eragiketa bakoitzeko ordaindu beharreko gutxienekoa Aena SME SA sareko Espainiako aireportuetan».

Artikuluaren gainerako zatia bere horretan idatzita geratzen da.

Azken xedapenetako hirugarrena. Zerga, Administrazio eta Gizarte Neurriei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Zerga, Administrazio eta Gizarte Neurriei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legearen 67. artikuluaren lehen apartatua, eta honela idatzita geratzen da (aldaketak errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean hasiko da ondorioak izaten, eta indarraldi mugagabea izango du):

«Bat. Servicios y Estudios para la Navegacion Aerea y la Seguridad Aeronautica SME MP SA (SENASA) bitarteko propio instrumental eta zerbitzu tekniko izango du Estatuko Administrazio Orokorrak, bai eta Estatuko Administrazio Orokorrari lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitateek ere; berdin dio zuzenbide publikoaren edo pribatuaren bidez arautzen diren, baldin eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 9ko 9/2017 Legearen 3.3 artikuluaren arabera botere adjudikatzaileak badira (lege horrek Espainiako antolamendu juridikoan txertatzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauak). Beraz, SENASAk eskatzen dizkioten lanak egin beharko ditu honako arlo hauetan:

  • a) Aeronautika zibileko langileek beren eginkizunetan jarduteko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko beharrezkoak diren jarduketak, lanak eta azterketak.

  • b) Aireko eragiketak egiteko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren lanak. Aireontzien eragiketei buruzko azterlan eta proiektu teknikoak.

  • c) Aeronautikako produktuak eta piezak ziurtatzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren lanak eta azterketak.

  • d) Honako baimen eta lizentzia hauek emateko eta mantentzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoak diren lanak eta azterketak: hegazkin-konpainien ustiapen-baimenak eta -lizentziak, eta aireko lanak, garraio pribatuak, tokiko hegaldiak eta aireko trafikoko beste jarduera batzuk egiteko behar diren baimenak.

  • e) Aireko garraiorako dirulaguntzak eta erabiltzaileen kexak kudeatzeko lan, azterketa eta proiektu teknikoak.

  • f) Aireko nabigazioko sistemen eta aireportu-instalazioen segurtasun-, mantentze-, eragiketa-, kudeaketa- eta gainbegiratze-baldintzak ezartzeko eta mantentzeko lan, azterketa eta proiektu teknikoak.

  • g) Abiazio Zibileko Istripu eta Gorabeherak Ikertzeko Batzordearekin eta Aireko Zirkulazioko Gorabeheren Jakinarazpenak Aztertzeko Batzordearekin lankidetzan aritzeko lan teknikoak.

  • h) Beste estatu batzuetako aeronautikako erakunde eta agintaritzekin eta nazioarteko aeronautika-erakundeekin lankidetzan eta elkarlanean aritzeko lan, azterketa eta proiektuak.

  • i) Aeronautikako prestakuntzaren arloko elkarlan teknikoak, tartean ordenagailuz lagundutako prestakuntzarako programen eta tresnen garapena, bai eta horien osagarri edo lagungarri diren gainerako jarduerak ere.

  • j) Aire-sektorearekin lotutako eragiketa-prozedura eta -simulazioetan lankidetza teknikoan aritzeko lan, azterketa eta proiektuak, bai eta horien osagarri edo lagungarri diren gainerako jarduerak ere.

  • k) Aireontzien operazioa, aireko lanak, eta horiek egiteko beharrezkoak diren jarduketak eta lanak, aireko nabigagarritasunaren kudeaketa eta osagai edo ekipamenduen eta aireontzien mantentzea, diseinua eta ekoizpena, bai eta horien osagarri edo lagungarri diren gainerako jarduerak ere.

  • l) Aholkularitza-zerbitzuak ematea, azterlanak egitea, laguntza teknikoa ematea, proiektuak egin, gauzatu eta gainbegiratzea, tartean segurtasunekoak, ingurumenekoak, ikerketa eta berrikuntzakoak, aeronautikako ingeniaritzarekin eta horren aplikazioarekin lotutakoak.

  • m) Aurrekoez bestelako edozein jarduera, SENASAren estatutuetan ezarrita eta beraren xede sozialean jasota badago, azaroaren 9ko 9/2017 Legearen 32.2.d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

SENASAk, bitarteko propioa den aldetik, azaroaren 9ko 9/2017 Legearen 32. artikuluan ezarritako betekizunak eta baldintzak beteko ditu bere jardunean».

Artikuluaren gainerako zatia bere horretan idatzita geratzen da.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2019ko martxoaren 29an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra