Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

Azaroaren 8ko 31/1995 Legea Lan-arriskuen Prebentzioari buruzkoa

1995-11-08

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1995/11/10, 269. zk.

Azaroaren 8ko 31/1995 Legea Lan-arriskuen Prebentzioari buruzkoa

EAO, 269. zk., azaroaren 10ekoa

ZIOEN AZALPENA

1

Konstituzioko 40.2 artikuluak botere publikoei ezarri die, politika sozial eta ekonomikoaren gida-oinarrien artean, laneko segurtasun eta higienea zaintzea.

Konstituzioaren agindu horrek dakar langileen osasunaz arduratuko den politika garatu beharra, hain zuzen, lanetik etorritako arriskuak prebenituko dituena. Ildo horretatik, lege hau da Konstituzioak agindutakoaren oinarririk garrantzitsuena.

Bada, lege honek zehaztu du, prebentzio-ekintzak gauzatu behar diren esparru orokorra, Europar Batasuneko erabakiekin bat etorriz. Hurrean ere, Europar Batasunaren nahia da, lan-baldintzak etengabe hobetzea, eta xede hori Europako herrialdeen lan-baldintzak apurka-apurka bateratuz erdiestea.

Beraz, Espainia Europar Batasunean dagoenez, nahitaezkoa da Espainiako politika bateratzea Europako Erkidegoan gai horren inguruan sortu berri den politikarekin. Europako Erkidegoko politika gero eta gehiago arduratzen da, lanetik etorri arriskuak prebenitzeko azterketez eta tratamenduez.

Horren adibide izan zen Agiri Bakuna deritzonak Europako Ekonomia Erkidegoaren Tratatu Eratzailea aldaraztea. Egin-eginean ere, Tratatuaren 118.A) artikuluaren ildotik, tratatua indarrean jarri zenetik, estatu kideek sustatu dute lan-baldintzak hobetzea, langileen segurtasuneta osasun-baldintzetan aurrera egin ahala, baldintza horiek bateratzeko xedea lor dadin.

Xede hori indartu egin da, Europar Batasuneko Tratatuak jaso gutxieneko xedapenak ezartzeko prozedurarekin; xedapenok zuzentarauen bidez ezarri eta arian-arian aplikatu beharko dira.

Horrenbestez, langileen osasuna lanean babesteko, Europako altxor juridikoa eratu da.

Altxor hori osatzen duten zuzentarauen artean, duda-mudarik gabe, garrantzitsuena da EEE/89/391, langileen segurtasuna eta osasuna lanean hobetzeko neurri sustatzaileak aplikatzeari buruzkoa. Arean ere, zuzentarau horrexek ezarri du Europako Erkidegoko prebentzio-politikaren esparru juridiko orokorra.

Lege honek Espainiako Zuzenbidera bildu du aipatu zuzentaraua. Aldi berean, gai honetan, Espainian oinarrizko legea izango denari beste zuzentarau batzuen xedapenak gehitu dizkio, zuzentarau horien gaia aintzat hartuta, ezinbestekoa baita horiek lege-lerruneko arau batera biltzea. Zuzentarau horiek dira EEE/92/85, EEE/94/33 eta EEE/91/383, amatasuna eta gazteak babesteari buruzkoak, eta aldi baterako, iraupen jakineko eta aldi baterako laneko enpresetako lan-harremanen tratamenduari buruzkoa.

Laburbilduz, Konstituzioaren 40.2 artikuluak jaso aginduak eta gai honetan Europar Batasunak ezarri erkidego juridikoak eratzen dute lege honen oinarrizko euskarria.

Horrez gain, 155. Hitzarmena, langileen segurtasun eta osasunari zein lan-inguruneari buruzkoa, berretsi ondoren, Espainiak Lanaren Nazioarteko Erakundearekin hartutako konpromisoek aberastu egin dute lege-testuaren edukia, lege-testuak Lanaren Nazioarteko Erakundearen aginduak jaso eta agindu horiei lege-lerrun egokia aitortu baitie Espainiako sistema juridikoan.

2

Alabaina, arautegiaren ikuspuntu berria ez da soil-soilik konstituzio-aginduaren eta Espainiako estatuaren nazioarteko konpromisoen ondorio.

Halaber, Espainiako barne-antolamenduak beharrizan bikoitza du. Batetik, amaitu behar da, lan-arriskuak prebenitzeko politikan dagoen batasunik ezarekin; batasunik eza indarreko arautegi barreiatuaren ezaugarri da, eta arautegia barreiatua da, denboran pilatu direlako lerrun zein joera oso desberdineko arauak, horietako asko Espainiako Konstituzioaren aurrekoak. Bestetik, dagoeneko zaharkiturik dauden arauketak eguneratu behar dira, eta aurretiaz aintzat hartu gabeko egoera berriak arautu.

Beharrizan horiek beti dira garrantzitsuak, baina garrantzi hori areagotu egiten da, beharrizanok langileen laneko segurtasuna eta osasuna babesteari lotzen zaizkionean; izan ere, baldintza horiek gara daitezen, nahitaezkoa da arautegia etengabe eguneratzea eta gauzatutako aldaketa sakonekin egokitzea.

3

Hori guztia dela eta, lege honen xede da beharrezko bermeen eta erantzukizunen oinarrizko arautegia finkatzea, lan-baldintzek eratorritako arriskuen aurka, langileen osasuna maila egokian babes dadin. Gainera, xede hori bat etorri behar da lan-arriskuak prebenitzeko politika koherente, koordinatu eta eragingarriarekin.

Langileei lan-esparruan aitortu zaien osasuna eta osotasun fisikoa babesteko eskubidea abiapuntu, legeak ezarri ditu lan-esparruan eskubide hori bermatuko duten betebeharrak, bai eta helburu hori betetzeko eragin positiboa izan dezaketen administrazio publikoen jardunak ere.

Lege hau lan-harremanen esparruan kokatu da, eta, ondorenez, gutxieneko lege-erreferentzia da, ondoko bi esangura hauetan: bateko, lege-esparrua ezarri du, erregelamenduek esparru horretan prebentzio-neurrien alderik teknikoenak ezarri eta zehatz ditzaten; eta, besteko, oinarrizko euskarria ezarri du, negoziazio kolektiboak bere eginkizun zehatza bete dezan.

Alde hauetan guztietan, legeak eta horren erregelamenduek lan-legeria osatzen dute, Konstituzioaren 149.1.7 artikuluaren arabera.

Baina, aldi berean -eta horretan datza legearen berrikuntzarik garrantzitsuenetako bat-, arau hau administrazio publikoen esparruan ere aplikatuko da. Hori dela bide, lege honek lan-legeriaren izaera du, eta, gainera, alderik funtsezkoenetan, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluak xedatutakoaren arabera aldarrikatu funtzionario publikoen estatutu-araubidearen oinarrizko araua ere bada.

Horrekin, igarri-igarrian dago lege honen helburu unibertsala, modu orokor eta koherentean jorratu behar baititu lan-harremanekin zerikusia duten arriskuen ondoriozko arazoak, lan egiten den esparrua edozein izanda ere.

Horrenbestez, legearen aplikazio-esparrura biltzen dira, lan-harremanak, esangura hertsian, dituzten langileak, administrazio publikoen zerbitzupean administraziozein estatutu-izaerako harremanak dituzten langile zibilak, bai eta kooperatiba-mota desberdinetako bazkide langileak edo laneko bazkideak ere. Aitzitik, lege honen aplikazio-esparrutik kanpo daude funtzio publikoaren esparruko edozenbat jarduera, polizia, segurtasun, aduana-gordekin, forenseen ikuskatze eta babes zibilarekin zerikusia dutenak. Jarduera horien berezitasunek lege hau aplikatzea eragotzi arren, lege honek oinarritzen du, jarduera horietan langileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko onetsitako arautegi berezia; edu berean, lege honek aintzat hartu ditu zentro eta establezimendu militarretako zein espetxeetako ezaugarri bereziak, horietara egoki dadin.

4

Lege honetan, lan-arriskuak prebenitzeko politika bideratzen da eragingarritasun-, koordinazioeta partaidetza-printzipioetan oinarrituta. Politika hori botere publikoen jardun-multzoa da, lan-baldintzak hobetzea sustatu behar duena, langileen osasunak eta segurtasunak babes gehiago izan dezaten. Orobat, politika horrek zuzendu behar ditu, hala prebentzio-arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen jardunak, nola jardun horietan enpresaburuek eta langileek izan behar duten partaidetza, euren ordezkaritza-erakundeen bidez.

Inguru horretan sortu den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionala partaidetza-tresna ezin hobea da, prebentzio-arloko politika azaldu eta garatzeko.

Lege honen xede nagusia prebentzioa izan arren, beraren egitura ezin oinarri daiteke soil-soilik lan egitearekin zuzeneko zerikusia duten subjektuen betebehar eta erantzukizunen antolaketan.

Benetako prebentzio-kultura bultzatzeko asmoak, hezkuntza-maila guztietan gai honen ingururuko heziketa hobea sustatuz bideratu behar denak, gizarte osoaren partaidetza behar du. Gainera, etorkizunera begira, asmo hori da lege honek dituen oinarrizko xedeetariko bat, eta, beharbada, ondorio garrantzitsuenak izango dituena.

5

Langilea lan-arriskuetatik babesteko, ez da nahikoa enpresaburuak behar besteko multzo zabala osatzen duten eginbehar eta betebehar jakin batzuk betetzea, eta are gutxiago gauzatutako arrisku-egoerak gerogarrenean zuzentzea.

Bada, lege honek lan-arriskuak prebenitzeko ezarritako ikuspegi berrian, oinarrizko osagai dira, prebentzioaren plangintza, enpresa-egitasmoa diseinatzen denetik; lanari datxezkion arriskuen hasierako ebaluazioa eta ebaluazio horren aldizkako eguneratzea, inguruabarrak aldatu ahala; aurkitutako arriskuen izaerarekin bat datozen neurri koherente eta oro hartzaile batzuen antolaketa; eta neurri horien eragingarritasunaren inguruko kontrola.

Orobat, ikuspegi berri horren oinarrizko osagai dira langileen informazioa eta prestakuntza, langileek hobeto ezagutu ditzaten, lanak eratorritako arriskuen benetako norainokoa eta arrisku horiek prebenitzeko zein saihesteko modua; informazio eta prestakuntza hori bat etorri behar da lantoki bakoitzaren ezaugarriekin, lantoki bakoitzean lan egiten duten pertsonen ezaugarriekin eta langileek gauzatzen duten jarduerarekin.

Printzipio horiek aintzat hartuta eratu da legearen III. kapitulua. Kapitulu horrek arautu ditu langileek babesa izateko duten oinarrizko eskubidetik etorritako eskubideak eta betebeharrak. Bestalde, modu zehatzagoan arautu ditu, larrialdi-egoeretan eta hur-hurreko arrisku larria dagoenean gauzatu beharreko jardunak; langileen osasuna zaintzearekin zerikusia duten bermeak eta eskubideak, aparteko garrantzia aitortuz isil-gordea babesteari eta jardun horiek gauzatu bitartean intimitatea errespetatzeari; eta langile-kategoria jakin batzuei begira hartu beharreko neurri bereziak, hala nola, gazteen, haurdun dauden langileen edo ume batez erditu berri diren langileen eta aldi baterako lan-harremanak dituzten langileen inguruan.

Legeak enpresaburuari ezarri dizkion betebeharren artean, langileari aitortutako eskubideen bermeak modu inplizituan eratorritakoez gain, nabarmendu behar da, lantoki berean jarduerak gauzatzen dituzten enpresaburuei ezarritako koordinazio-eginbeharra. Nabarmentzekoa da, berebat, beste batzuekin norberaren jarduerako obra edo zerbitzuak norberaren lantokietan egitea kontratatzen edo azpikontratatzen dutenen zaintza-eginbeharra, kontratariek eta azpikontratariek prebentzioaren inguruko arautegia bete dezaten.

Enpresan prenbentzio-ekintza aurrera eramateko ezinbesteko tresna da, IV. kapituluan araututako betebeharra. Betebehar horren arabera, prebentzio-ekintza egituratu behar da, horretarako beren beregi izendatutako langile baten edo batzuen jardunaren bidez, horretarako eratutako prebentzio-zerbitzuaren bidez edo enpresatik kanpoko prebentzio-zerbitzu baten bidez.

Horrela, legeak bateragarri egin ditu, prebentzio-jarduerak modu ordenatu eta formalizatuan gauzatzea eta egoera desberdinak aitortzea, egoera horietako bakoitzak dituen arriskuen garrantzia, konplexutasuna eta intentsitatea aintzat hartuta. Egin-eginean ere, lege honek behar besteko aukerak ematen ditu, lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuen parte-hartzea barne, prebentzio-ekintza modu arrazoitsu eta malguan gauzatzeko. Gainera, bermatu egiten du aukeratutako antolaketa-eredua behar bestekoa izatea, eta prebentzio-eginkizunak dituzten langileen independentzia eta babesa, nahiz eta horiek prebentzio-zerbitzu gisa ez antolatu.

6

V. kapituluak zehatz-mehatz arautu ditu langileen kontsultaeta partaidetza-eskubideak, laneko segurtasunaren eta osasunaren inguruan.

Espainian indarrean dagoen ordezkaritza-sistema kolektiboa oinarri hartuta, legeak prebentziorako eskuorde deritzenei -ordezkaritza-organoen esparruan, langileen ordezkarien artean, langileen ordezkariek eurek hautatzen dituztenei- eratxiki die laneko arriskuak prebenitzeko eginkizun bereziak egikaritzea, horretarako behar besteko eskumenak, ahalmenak eta bermeak aitortuz.

Horrez gain, Espainiako lan-antolamenduan sustraitua eta tradizio handikoa den erakundearen jardunari eutsiz, segurtasun eta osasuneko batzordeak bere baitara biltzen ditu aipatu ordezkariak eta enpresaburua, arriskuak prebenitzeko arloan partaidetza orekatua izan dadin.

Hori guztia gorabehera, legeak negoziazio kolektiboari aitortu dio langileen partaidetza-tresnak beste era batera egituratzeko aukera, baita lantokiaz landa jarduteko esparruak ezartzeko aukera ere. Horrenbestez, legeak jaso du hitzarmen bidezko arauketaren edozenbat esperientzia positibo. Hitzarmen horien arauketek guztiz bat egiten dute lege honen xedeekin, eta indarrean jarraitzen dute, lege honen xedapen iragankorrean oinarrituta.

7

VI. kapituluan fabrikatzaileen, inportatzaileen, eta makinak, ekipamenduak, produktuak eta lanabesak hornitzen dituztenen oinarrizko betebeharrak arautu dira, Europako Erkidegoko barne-merkatuko arautegia aintzat hartuta. Hain zuzen, arautegi horren helburua da erabiltzaileentzat segurtasun-mailarik handiena duten produktuak eta ekipamenduak bakarrik merkaturatzen direla ziurtatzea. Behin betebehar horiek araututa, legeak VII. kapituluan arautu ditu betebehar horiek betetzea bermatu behar duten erantzukizunak eta zehapenak, horretarako arau-hausteen tipifikazioa eta kasuan kasuko araubide zehatzailea ezarriz.

Amaitzeko, bosgarren xedapen gehigarriak fundazio baten eraketa arautu du, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren babesean, eta administrazio publikoen zein enpresaburuen eta langileen ordezkaritza-erakundeen partaidetzarekin. Fundazio horren xede nagusia izango da laneko segurtasuneta osasun-baldintzak hobetzeko jarduerak sustatzea, batez ere, enpresa txiki eta ertainetan.

Fundazio horrek bere jarduerak gauza ditzan, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak ondare jakin batekin zuzkituko du; ondare hori eratzen da lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuek egindako kudeaketaren soberakinen gaindikinarekin.

Horrekin, bete-betean indartzen dira legea osotasunean oinarritzen duten erantzukizun, lankidetza eta partaidetzaren inguruko xedeak.

8

Lege-egitasmoa, arlo horretako lege-xedapenek ezarritakoaren arabera, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Estatu Kontseiluaren esku jarri da.

LEHENENGO KAPITULUA Xedea, aplikazio-esparrua eta definizioak

1. artikulua. Lan-arriskuak prebenitzeko arautegia

Lan-arriskuak prebenitzeko arautegia osatzen dute lege honek, lege hau garatu edo osatzen duten xedapenek eta lan-esparruan prebentzio-neurriak hartzeko aginduak jaso dituzten arauek edo esparru horretan halako neurriak sor ditzaketen arauek, horiek lege zein hitzarmen bidezkoak izan arren.

2. artikulua. Arauaren xedea eta izaera

1. Lege honen xedea da langileen segurtasuna eta osasuna sustatzea, lanak eratorritako arriskuak prebenitzeko behar diren neurriak aplikatuz eta jarduerak gauzatuz.

Ondore horietarako, lege honek lanbide-arriskuen prebentzioaren inguruko printzipio orokorrak jaso ditu, segurtasuna eta osasuna babesteko, lanak eratorritako arriskuak ezabatzeko edo gutxitzeko, prebentzio-arloan langileak informatzeko, kontsultatzeko, horien partaidetza orekatua izateko eta langileak eurak prestatzeko, xedapen honek ezarritakoaren arabera.

Xede horiek betetzeko, lege honek arautu ditu administrazio publikoek gauzatu behar dituzten jaduerak, bai eta enpresaburuek, langileek eta horien ordezkaritza-erakundeek gauzatu behar dituztenak ere.

2. Lege honek eta beraren erregelamenduek jaso lan-izaerako xedapenak aginduzko zuzenbide gutxieneko eta xedaezinak izango dira beti; xedapen horiek hitzarmen kolektiboetan hobe eta gara daitezke.

3. artikulua. Aplikazio-esparrua

1. Lege hau eta berau garatzeko arauak aplikatuko dira, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginak araututako lan-harremanen esparruan, eta administrazio publikoen zerbitzupean dauden langileen administrazioedo estatutu-izaerako harremanen esparruan, lege honek edo hori garatzen duten arauek halakoetan jaso berezitasunak aintzat hartuta.

Horrek guztiak ez dio kalterik egingo fabrikatzaile, inportatzaile eta hornitzaileentzat ezarritako betebehar zehatzak betetzeari, ezta langile autonomoentzat erator daitezkeen eskubide eta betebeharrak betetzeari ere.

Orobat, lege hau eta berau garatzeko arauak aplikatuko zaizkie kooperatiba-sozietateei, horien arautegi bereziak dituen berezitasunak kontuan hartuta; kooperatiba horiek izango dira halakoei aplikatu beharreko legeriaren arabera eratutakoak, eta lan pertsonala egiten duten bazkideak dituztenak.

Halaber, lege honetan langileak eta enpresaburuak aipatzen direnean, horietara bilduko dira, hurrenez hurren, batetik, administrazioedo estatutu-izaerako harremanak dituzten langileak eta horien zerbitzuak jasotzen dituen administrazio publikoa, lege honetako hirugarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera, eta, bestetik, aurreko paragrafoak aipatu kooperatibetako bazkideak eta horien zerbitzuak jasotzen dituzten kooperatiba-sozietateak.

2. Lege hau ez da aplikatuko jarduera batzuetan, jarduera horien berezitasunek lege hau aplikatzea eragozten duten ondoko eginkizun publikoen esparruan:

-Polizia, segurtasuna eta aduana-gordekina.

-Babes zibileko zerbitzu operatiboak eta forenseen ikuskatzea, arrisku larriko egoeretan, hondamen-egoeretan eta zoritxar publikoko egoeretan.

-Indar armatuak eta Guardia Zibilaren jarduera militarrak.

Hala ere, lege honek oinarritzen du, aipatu jarduera horietan zein langilek zerbitzuak eman eta horien segurtasunaren eta osasunaren babesa arautzeko ematen den arautegi berezia.

3. Zentro eta establezimendu militarretan lege honetan xedatutakoa aplikatuko da, horien arautegi zehatzean jasotako berezitasunekin.

Espetxeetan lege honetara egokituko dira jarduera batzuk, euren ezaugarriek arauketa berezia justifikatzen dutenak. Egokitze hori gauzatuko da, uztailaren 19ko 7/1990 Legeak, enplegatu publikoen negoziazio kolektiboari eta horiek lan-baldintzen zehaztapene an parte hartzeari buruzkoak, ezarritakoaren arabera.

4. Familia-etxeko zerbitzarien lan-harreman bereziei ere ez zaie aplikatuko lege hau.

Hori gorabehera, etxe-zerbitzuen titularrak nahitaez zaindu behar du bere langileen lana segurtasuneta higiene-baldintza egokietan egiten dela.

4. artikulua. Definizioak

Lege honen eta bera garatzen duten arauen ondoreetarako:

1. «Prebentzioa» da enpresako jarduera-fase guztietan ezarritako jardueren edo hartutako neurrien multzoa, lanak eratorritako arriskuak saihesteko edo horiek murrizteko.

2. «Lan-arriskua» da lanaren ondorioz langileak kalteren bat izateko posibilitatea.

Arrisku bat larritasunaren ikuspuntutik kalifikatzeko, batera balioetsiko dira kaltea gertatzeko probabilitatea eta kalte horren gogortasuna.

3. «Lanak eratorritako kalteak» dira lanean edo lana dela-bide izandako gaixotasun, patologia edo lesioak.

4. «Lan-arrisku larria edo hur-hurrekoa» da laster gerta daitekeena, horretarako arrazoiak izateagatik, bai eta langileen osasunari kalte handia eragin diezaiokeena ere.

Langileen osasunari kalte larriak eragin diezazkioketen agenteekin lan eginez gero, uste izango da arrisku larria eta hur-hurrekoa dagoela, agente horiekin lan egiteagatik, denbora gutxi barru osasunari kalte larriak eragiteko arrazoizko probabilitatea dagoenean, nahiz eta kalte horiek berehala agertu ez.

5. «Arriskutsuak izan daitezkeen» prozesu, jarduera, eragiketa, ekipamendu edo produktuak dira, prebentzio-neurri berezirik izan ezean, arriskuak eragiten dituztenak, halakoak gauzatzen edo erabiltzen dituzten langileen segurtasun eta osasunerako.

6. «Lan-ekipamendua» da lanean erabilitako edozein makina, tramankulu, tresna edo instalazio.

7. «Lan-baldintza» da lanaren edozein ezaugarri, langilearen segurtasun zein osasunerako arriskuak sortzeko eragin nabaria izan dezakeena.

Definizio honetara beren beregi biltzen dira:

a) Lantokiko lokalen, instalazioen, ekipamenduen, produktuen eta gainerako lanabesen ezaugarri orokorrak.

b) Lan-inguruneko agente fisiko, kimiko eta biologikoen izaera, eta horien intentsitatea, kontzentrazioak eta presentzia-mailak.

c) Aipatu arriskuak sortzeko eragina duten agente horiek erabiltzeko prozedurak.

d) Langilearen arriskuen norainokoan eragina duten laneko gainerako ezaugarri guztiak, lana antolatzeko eta sailkatzeko ezaugarriak barne.

8. «Banakako babes-ekipamendua» da langileak aldean eramateko edo erabiltzeko edozein ekipamendu, langilea babesteko, laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkakoa izan daitekeen arriskutik edo arriskuetatik, bai eta helburu bera duen edozein osagarri edo gehigarri ere.

II. KAPITULUA Arriskuen prebentzio-arloko politika, laneko segurtasuna eta osasuna babesteko

5. artikulua. Politikaren xedeak

1. Prebentzio-arloko politikaren xedea izango da lan-baldintza hobeak sustatzea, langileen laneko segurtasunaren eta osasunaren babesa gehitzeko.

Politika hori gauzatuko dute erregelamenduek zein kasuan kasuko administrazio-jardunek eta, batez ere, kapitulu honetan arautu diren jardunek. Jardun horien helburua izango da prebentzio-arloan eskumenak dituzten administrazio publikoak koordinatzea, eta lege honen arabera subjektu publiko zein pribatuei dagozkien jardunak bateratzea. Horretarako:

a) Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoetako administrazioek eta Toki Administrazioko erakundeek elkarri lagunduko diote, artikulu honen esparruan dituzten eskumenak modu egokian egikari ditzaten.

b) Prebentzio-politika gauzatzeko, enpresaburuek eta langileek parte hartuko dute, ordezkaritza handieneko enpresaburuen eta sindikatuen erakundeen bidez.

2. Aurreko paragrafoan ezarri xedeak erdiesteko, administrazio publikoek sustatuko dute prebentzio-arloko heziketa hobetzea, hezkuntza-maila desberdinetan eta, batez ere, lanbide-kualifikazioen sistema nazionalaren prestakuntza-eskaintzan, bai eta lan-arriskuak prebenitzeko behar besteko giza baliabideen prestakuntza egokia izatea ere.

Estatuaren Administrazio Orokorraren esparruan, elkarlan iraunkorra ezarriko da, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren eta kasuan kasuko ministerioen artean, bereziki, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin, eta Osasun eta Kontsumo Ministerioarekin, heziketa-maila eta espezializazio egokiak ezartzeko; era berean, irakaspen horiek modu iraunkorrean berrikusi beharko dira, unean uneko beharrizanekin egokitzeko.

3. Orobat, administrazio publikoek sustatuko dituzte bigarren artikuluko lehenengo idatz-zatiak aipatu subjektuek gauzatutako jarduerak, laneko segurtasuneta osasun-baldintzak hobetu eta lan-arriskuak murrizteko, babes-eredu berriak ikertu eta gehitzeko, eta prebentzio-egitura eragingarriak sustatzeko.

Horretarako, administrazio publikoek programa bereziak ezar ditzakete, lan-ingurunearen hobekuntza sustatzeko eta babes-mailak hobetzeko.

Programa horiek bidera daitezke erregelamenduek jasotako pizgarriekin; pizgarri horiek, batez ere, enpresa txiki eta ertainentzat izango dira.

6. artikulua. Erregelamenduak

1. Gobernuak, kasuan kasuko erregelamenduen bidez eta ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundeak eta enpresaburuen erakundeak kontsultatu ondoren, ondoko gaiak arautuko ditu:

a) Lan-baldintzek bete behar dituzten gutxieneko betekizunak, langileen segurtasuna eta osasuna babesteko.

b) Langileen segurtasun eta osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen eragiketa, prozesu eta agenteekin egindako lanen mugak eta debekuak.

Berariaz ezar daiteke halako prozesu eta eragiketak administrazio-kontrolerako izapideen mende jartzea, bai eta, agente arriskutsuen kasuan, halakoekin lan egiteko debekua ere.

c) Aurreko idatz-zatian jasotako edozein egoeratarako baldintza eta betekizun bereziak, hala nola, aurretiazko trebakuntza edo prestakuntza ezartzea, edota hartu beharreko prebentzio-neurriak jasotzen dituen plana egitea.

d) Langileen osasunerako arriskuak ebaluatzeko prozedurak, metodologien normalizazioa eta prebentzio-jardunen gidak.

e) Prebentzio-zerbitzuen antolaketa-, jardunbideeta kontrol-modalitateak, enpresa txikien berezitasunak aintzat hartuta, halakoak sortu eta garatzeko alferrikako oztopoak saihets daitezen, eta prebentzio-zerbitzuek zein prebentzio-jarduna gauzatzeko izendatutako langileek izan behar dituzten gaitasunak eta ahalmenak.

f) Lan-baldintzak edo prebentzio-neurri bereziak, aparteko arriskua duten lanetan, bereziki lan horietarako medikuen kontrol bereziak ezarri badira, edo langileen ezaugarri jakin batzuek nahiz egoera bereziek eratortzen dituzten arriskuak daudenean.

g) Lanbide-gaixotasunak kalifikatzeko prozedura, eta agintaritza eskudunari lanak eratorritako kalteak komunikatzeko eta informatzeko prozedurak.

2. Aurreko idatz-zatian aipatu erregelamenduek nahitaez hartu behar dituzte kontuan lege honetan ezarri prebentzio-politikako printzipioak, koordinazio egokiari eutsiko diote osasun eta industria-segurtasuneko arautegiarekin, eta aldian-aldian ebaluatu eta, hala denean, berrikusi egingo dira, erregelamenduok aplikatu ahala izandako esperientziarekin eta teknikaren aurrerapenarekin bat etorriz.

7. artikulua. Lan-arloan eskumena duten administrazio publikoen jardunak

1. Lege honetan xedatutakoa betetzeko, lan-arloan eskumena duten administrazio publikoek gauzatuko dituzte prebentzioa sustatzeko eginkizunak, aholkularitza teknikoa eta euren aplikazio-esparruko subjektuek lan-arriskuak prebenitzeko arautegia betetzearen gaineko ikuskapena eta kontrola. Horrez gain, administrazio publiko horiek modu honetara zehatuko dituzte arautegi horren inguruko arau-hausteak:

a) Prebentzio-arloko organo teknikoek gauzatu beharreko prebentzioa eta aholkularitza sustatuz; horietara bilduko dira laguntza eta lankidetza teknikoa, prebentzio-arloko informazioa, zabalkundea, prestakuntza eta ikerketa, bai eta, lege honetan ezarri xedeak betetzeko, enpresetan gauzatzen diren prebentzio-jardunen jarraipena ere.

b) Lan-arriskuak prebenitzeko arautegia betetzen dela zainduz, ikuskatze- eta kontrol-jardunen bidez.

Ondore horietarako, behar besteko aholkularitza eta laguntza teknikoa emango dute, arautegi hori hobeto betetzeko, eta programa bereziak egingo dituzte, kontrola eragingarriagoa izan dadin.

c) Lege honen aplikazio-esparruko subjektuek betetzen ez dutenean lan-arriskuak prebenitzeko arautegia, ez-betetze horiek zehatuz, lege honetako VII. kapituluan ezarritakoaren arabera.

2. Meatze-teknika aplikatu beharra duten meatze, harrobi eta tuneletako lanei, lehergailuak fabrikatzea, garraiatzea, biltegiratzea, maneiatzea eta erabiltzea dakarten lanei edo energia nuklearra erabili behar duten lanei dagokienez, halakoen arautegiak jaso organo bereziek eutsi egingo diote 1. idatz-zatian aipatu lan-arloan eskumena duten administrazio publikoen eginkizunak gauzatzeari.

Aurreko idatz-zatian jasotako eskumenek ez diote kalterik egingo industria-produktu eta -instalazioen legeria bereziak ezarritakoari.

8. artikulua. Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionala

1. Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionala da Estatuko Administrazio Orokorraren organo zientifiko eta teknikoa; erakunde horren xedea da laneko segurtasuna eta osasuna aztertzea eta ikertzea, bai eta horien hobekuntza sustatzea eta bermatzea ere.

Horretarako, behar besteko lankidetza ezarriko du, gai honetan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako erakundeekin.

Institutuak, helburu hori betetzeko, ondoko eginkizunak izango ditu:

a) Aholkularitza teknikoa, legeak egitean eta normalizazioa aurrera ateratzean, estatuan zein nazioartean.

b) Lan-arriskuak prebenitzeko arloan, prestakuntza-, informazio-, ikerketa-, azterketaeta zabalkunde-jarduerak sustatzea, eta, hala denean, gauzatzea. Behar izanez gero, koordinazio eta elkarlan egokia izango da, autonomia-erkidegoetako prebentzio-arloko organo teknikoekin, horiek arlo honetan dituzten eginkizunak gauzatzean.

c) Laguntza teknikoa eta elkarlana Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin, lege honen 9. artikuluan jasotako ikuskatzeeta kontrol-eginkizuna betetzeko, administrazio publikoen esparruan.

d) Nazioarteko erakundeekin elkarlana eta esparru horretan lankidetza-programak gauzatzea, autonomia-erkidegoen partaidetza ahalbidetuz.

e) Erakundearen xedeak betetzeko beharrezkoak izanda, erakunde horri bere eskumenen esparruan eratxiki zaizkion osterantzeko eginkizunak, lege honen 13. artikuluan araututako Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalarekin bat etorriz, eta, hala denean, arlo honetan eskumena duten autonomia-erkidegoetako organo teknikoen elkarlanarekin.

2. Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionala, bere eginkizunen esparruan, koordinazioaz arduratuko da, administrazio publikoen artean informazioa eta esperientziak trukatzea bermatuko du, eta modu berezian bultzatu eta lagunduko ditu autonomia-erkidegoek segurtasuna eta osasuna sustatzeko gauzatu jarduerak.

Modu berean, eskumena duten administrazioekin bat etorriz, laguntza tekniko espezializatua emango du, ziurtagiri, saiakuntza eta egiaztatzeen inguruan.

3. Europar Batasuneko erakundeei dagokienez, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalak erreferentzia-zentro nazional gisa jardungo du, nazio-mailan eman behar duen informazioaren koordinazioa eta transmisioa bermatuz, batez ere, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziari eta beraren Sareari begira.

4. Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionala arduratuko da Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalaren Idazkaritza Nagusiaz, horren eskumenak garatzeko behar den laguntza teknikoa eta zientifikoa emanez.

9. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza

1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari lan-arriskuak prebenitzeko arautegia zaindu eta kontrolatzeko eginkizuna dagokio.

Helburu hori betetzeko, hurrengo eginkizunak izango ditu:

a) Lan-arriskuak prebenitzeko arautegia betetzen dela ikuskatzea, bai eta prebentzio-arloan lan-baldintzetan eragina duten arau juridiko-teknikoak betetzen direla ere, nahiz eta zuzenean arau horiek lan-arautegiaren izaera izan ez. Ikuskatzailetzak kasuan kasuko zehapena proposatuko dio eskumena duen lan-agintaritzari, lan-arriskuak prebenitzeko arautegia hautsi dela egiaztatzen duenean, lege honetako VII. kapituluan ezarritakoaren arabera.

b) Enpresak eta langileak aholkatu eta informatzea, ikuskatu behar dituen xedapenak modurik eragingarrienean bete ditzaten.

c) Lan-arloko epaitegiek eskatzen dituzten txostenak egitea, horiei lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen prozeduretan aurkeztu zaizkien demanden ondorioz.

d) Lan-agintaritza informatzea heriotza eragin duten lan-istripuez, lan-istripu oso larriez edo larriez, eta osterantzeko lan-istripuez, halakoetan informazioa ematea beharrezkotzat jotzen bada, lan-istripuaren ezaugarriak edo horrek ukitutako subjektuak direla-eta. Halaber, Ikuskatzailetzak lanbide-gaixotasunez informatuko du lan-agintaritza, kalifikazio horiek izanez gero, eta, orokorrean, lan-agintzaritzak hala eskatu badu, lan-arriskuak prebenitzeko arautegia bete dadin.

e) Lege honetan ezarri prebentzio-zerbitzuek euren betebeharrak betetzen dituzten egiaztatzea eta horiek betetzea ahalbidetzea.

f) Lanak geldiaraztea agintzea, ikuskatzaileak uste duenean arrisku larri eta hur-hurrekoa dagoela langileen segurtasun eta osasunerako.

2. Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazio orokorrek behar besteko neurriak hartuko dituzte, euren eskumenen esparruan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari behar adinako adituen elkarlana eta aholku teknikoa emateko; Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalak emango ditu horiek.

Administrazio publiko horiek jarduteko planak egin eta koordinatuko dituzte, euren eskumeneta lurralde-esparruetan, prebentzio-jardunak gauza daitezen enpresetan, gehienbat enpresa ertain eta txikietan, eta arrisku edo ezbehar gehien dituzten sektoreetako enpresetan, aholku, informazio, prestakuntza eta laguntza teknikoko ekintzen bidez.

Zeregin horiek gauzatzean, aipatu administrazioetako funtzionario publikoek, aurreko paragrafoak jasotako lan-arriskuak prebenitzeko arloan lan teknikoak gauzatzen badituzte, aholkularitza-, informazioeta egiaztatze-eginkizunak gauza ditzakete, enpresa eta lantokietako segurtasuneta osasun-baldintzen inguruan; eginkizun horiek gauzatuko dituzte, artikulu honen 3. idatz-zatian ezarritakoaren ildotik eta lege honen 43. artikuluak aipatu agindeiak egiteko gaitasunarekin, betiere erregelamenduek ezarritakoa aintzat hartuta.

Egiaztatze-jardun horiek azaroaren 14ko 42/1997 Legeak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Antolatzeari buruzkoak, 17.2 artikuluan aipatu Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren lurralde-batzordeak programatuko ditu, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren laneko segurtasun eta osasunerako ekintza-planera biltzeko.

3. Aurreko idatz-zatian aipatu egiaztatze-jardunetatik arau-hausteren bat dagoela ondorioztatzen denean, betiere aurretiazko agindeirik bete ez bada, funtzionario jarduleak txostena igorriko dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari; txosten horretara bilduko dira egiaztatutako egitateak, arau-hausteen akta jaso dadin, hala behar izanez gero.

Ondore horietarako, segurtasuneta osasun-baldintza materialak nahiz teknikoak egiaztatzeko jardunen egitateak jaso dituzten txostenek izango dute azaroaren 14ko 42/1997 Legeak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Antolatzeari buruzkoak, laugarren xedapen gehigarriaren 2. idatz-zatian jaso ziurtasun-presuntzioa.

4. Aurreko idatz-zatietan jasotako jardunak gauzatuko dira azaroaren 14ko 42/1997 Legeak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Antolatzeari buruzkoak, 14. artikuluko 2. idatz-zatian ezarri epeetan.

10. artikulua. Osasun-arloan eskumena duten administrazio publikoen jardunak

Osasun-arloan eskumena duten administrazio publikoen laneko osasunaren jardunak gauzatuko dira apirilaren 25eko 14/1986 Osasun Lege Orokorraren I. tituluko IV. kapituluan eta hura garatzeko emandako xedapenetan ezarri ekintzen bidez eta arautu aldeetan.

Bereziki, aipatu administrazio publikoei dagokie:

a) Tresna egokiak ezartzea, prebentzio-zerbitzu jarduleek enpresetan gauzatzen dituzten osasun-izaerako jardunak ebaluatu eta kontrolatzeko.

Horretarako, jarduteko jarraibideak eta protokoloak ezarriko dituzte, sozietate zientifikoak entzun ostean; prebentzio-zerbitzuek jarraibide eta protokolo horiek bete beharko dituzte.

b) Informazio-sistema egokiak ezartzea; informazio-sistema horiek ahalbidetu behar dute, eskumena duten lan-agintaritzekin batera, lan-arriskuen mapak egitea, eta ikerketa epidemiologikoak egitea, langileen osasunean eragina izan dezaketen patologiak identifikatzeko eta prebenitzeko, bai eta informazioa arin trukatzea ere.

c) Baimendutako prebentzio-zerbitzuetan jarduten duten langile sanitarioek laneko osasuna prebenitzeko eta sustatzeko izan beharreko prestakuntza gainbegiratzea.

d) Langileen osasunarekin zerikusia duten ikerketa, azterketa eta estatistikak egitea eta zabaltzea.

11. artikulua. Administrazioen koordinazioa

Lan-arriskuen, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gainean, prebentziorako arauak egitea zein horiek betetzen direla kontrolatzea, prebentzioa sustatzea, eta ikerketa eta ikuskatze epidemiologikoa egitea dela eta, lan-, osasuneta industria-arloetan eskumenak dituzten administrazioen jardunak koordinatzeko beharra sortzen da, langileen segurtasuna eta osasuna modu eragingarriagoan babesteko.

Koordinazio horren esparruan, lan-arloko administrazio eskudunak bermatuko du, bereziki, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak, lege honen 9. artikuluko 1. idatz-zatiaren arabera dituen eginkizunak gauzatzean, lortutako informazioa osasun-agintaritza eskudunaren esku jartzea, lege honen 10. artikuluaren eta apirilaren 25eko 14/1986 Osasun Lege Orokorraren 21. artikuluaren xedeetarako, bai eta industria-arloko administrazio eskudunaren esku jartzea ere, uztailaren 16ko 21/1992 Industria Legearen ondoreetarako.

12. artikulua. Enpresaburuen eta langileen partaidetza

Lan-baldintzak hobetu eta langileen laneko segurtasuna eta osasuna babesteko kudeaketaren plangintzan, programazioan, antolaketan eta kontrolean, enpresaburuek eta langileek duten partaidetza, ordezkaritza handieneko enpresaburuen erakundeen eta sindikatu-erakundeen bidez, lan-arriskuak prebenitzeko politikaren oinarrizko printzipioa da, lurralde desberdinetan eskudunak diren administrazioek garatu behar dutena.

13. artikulua. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionala

1. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionala eratu da, administrazio publikoen kide anitzeko organo aholkulari gisa, prebentzio-politikak azaltzeko, eta laneko segurtasun eta osasunaren arloan instituzio-partaidetzako organo gisa.

2. Batzordea osatuko dute autonomia-erkidego bakoitzeko ordezkari batek eta Estatuko Administrazio Orokorreko beste horrenbeste kidek, eta, horien guztien pareko, ordezkaritza handieneko enpresaburuen erakundeetako eta sindikatu-erakundeetako ordezkariek.

3. Batzordeak eskumena izango du administrazio publiko eskudunek gauzatzen dituzten jardunen gainean, lege honen 7, 8, 9 eta 11. artikuluek aipatu lan-arriskuen prebentzioa sustatzeari, aholkularitza teknikoari, eta ikuskatze eta kontrolari dagokienez. Berebat, Batzordeak jardun horien inguruko informazioa eman eta proposamenak egin ditzake, berariaz, honako hauek aintzat hartuta:

-Jarduteko irizpide eta programa orokorrak.

-Izaera orokorreko xedapenen proiektuak.

-Lan-arloan eskudun diren administrazio publikoek gauzatutako jardunen koordinazioa.

-Lan-, osasuneta industria-arloetan eskudun diren administrazio publikoen arteko koordinazioa.

4. Batzordeak gehiengoz hartuko ditu bere erabakiak.

Horretarako, administrazio publikoetako ordezkari bakoitzak boto bat izango du, eta bina boto enpresaburuen erakundeetako eta sindikatu-erakundeetako ordezkariek.

5. Batzordeak lehendakaria eta lau lehendakariorde izango ditu, batzordea osatzen duten taldeetako bana.

Batzordearen lehendakaritza Enplegu eta Lan Harremanetako idazkari nagusiak izango du, eta Estatuko Administrazio Orokorrari eratxikitako lehendakariordetza Osasun eta Kontsumoaren idazkariordeak.

6. Batzordeko Idazkaritza, laguntza teknikoa eta administratiboa emateko organoa, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren Zuzendaritzak izango du.

7. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalak jardungo du osoko bilkuran, batzorde iraunkorrean edo lan-taldeetan, Batzordeak egingo duen barne-araudiak ezarritakoarekin bat etorriz.

Lege honek eta aurreko paragrafoak aipatu barne-araudiak jaso gabeko gaietan, 30/1992 Legeak, Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio-prozedura Erkideari buruzkoak, arautuko du Batzordea.

III. KAPITULUA Eskubideak eta betebeharrak

14. artikulua. Lan-arriskuen aurrean babesa izateko eskubidea

1. Langileek eskubidea dute, laneko segurtasuneta osasun-arloan benetako babesa izateko.

Eskubide horrek enpresaburuarentzat dakar langileak lan-arriskuetatik babesteko eginbeharra.

Babes-eginbehar hori dute, berebat, administrazio publikoek, euren zerbitzupean dauden langileekin.

Lege honen araberako informazio, kontsulta eta partaidetzarako eskubideak, prebentzio-arloan prestakuntzarako eskubidea, arrisku larri eta hur-hurrekoa dagoenean jarduera geldiarazteko eskubidea, eta osasun-egoera aztertzeko eskubidea biltzen dira langileek laneko segurtasuneta osasun-arloan duten benetako babes-eskubidera.

2. Babes-eginbeharra betetzeko, enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu beharko ditu, lanarekin zerikusia duten alde guztietan.

Ondore horietarako, enpresaburuak, bere erantzukizunen esparruan, lan-arriskuak prebenituko ditu, enpresan prebentzio-jarduera ezarriz, eta langileen segurtasun eta osasuna babesteko behar besteko neurriak hartuz; horretarako, aintzat hartuko ditu hurrengo artikuluetan jasotako berezitasunak, lan-arriskuak prebenitzeko planari, arriskuak ebaluatzeari, langileen informazioa, kontsulta zein partaidetza eta prestakuntzari, larrialdietan eta arrisku larri eta hur-hurrekoetan jarduteari eta osasunaren zaintzari dagokienez. Horrez gain, enpresaburuak lan-arriskuak prebenituko ditu, erakunde bat eratuz eta behar besteko tresnen bidez, lege honen IV. kapituluan ezarritakoaren arabera.

Enpresaburuak prebentzio-jardueraren segimendua modu iraunkorrean gauzatuko du, saihestu ez diren arriskuak identifikatu, ebaluatu eta kontrolatzeko jarduerak eta babes-mailak hobetzeko. Orobat, enpresaburuak behar besteko aginduak eman ditzake, aurreko paragrafoan aipatu prebentzio-neurriak bat etor daitezen lana egiteko inguruabarrek izan ditzaketen aldarazpenekin.

3. Enpresaburuak bete beharko ditu lan-arriskuak prebenitzeko arautegian ezarri betebeharrak.

4. Lege honetan ezarritako langileen betebeharrek, babeseta prebentzio-eginkizunak langileei edo enpresako zerbitzuei eratxikitzeak, eta prebentzio-jarduerak gauzatzeko erakunde espezializatuekin egindako hitzarmenek osatu egingo dituzte enpresaburuen ekintzak. Hala ere, horiek ez dute enpresaburua askatuko, arlo honetan duen eginbeharra betetzetik, edonoren aurka egikari ditzakeen akzioak gorabehera.

5. Laneko segurtasuneta osasun-neurrien kostua ezin izango zaie inola ere ezarri langileei.

15. artikulua. Prebentzio-ekintzaren printzipioak

1. Enpresaburuak aplikatuko ditu aurreko artikuluan jasotako prebentzio-eginbehar orokorra osatzen duten neurriak, ondoko printzipio orokorrak aintzat hartuta:

a) Arriskuak saihestea.

b) Saihestezinak diren arriskuak ebaluatzea.

c) Arriskuen jatorriaren aurka borrokatzea.

d) Lana pertsonarentzat moldatzea, bereziki lanpostuak betetzeko orduan, bai eta laneko eta ekoizpeneko ekipamendu eta metodoei egokitzea ere, lan monotono eta errepikakorra arintzeko, eta horrek osasunean dituen ondoreak gutxitzeko.

e) Teknikaren bilakaera aintzat hartzea.

f) Arriskutsua denaren ordez, arrisku gutxikoa edo arriskurik gabekoa dena ezartzea.

g) Prebentzioa planifikatzea, horretarako teknika, lanaren antolaketa, lan-baldintzak, gizarte-harremanak eta laneko ingurunearen eragina biltzen dituen multzo koherentea osatuz.

h) Babes kolektiboari, banakako babesaren aldean, garrantzi handiagoa ematen dioten neurriak hartzea.

i) Langileei jarraibide egokiak ematea.

2. Enpresaburuak kontuan hartuko ditu, zereginak agintzeko unean, langileek segurtasuneta osasun-arloan dituzten lanbide-gaitasunak.

3. Enpresaburuak neurri egokiak hartuko ditu, arrisku larri eta bereziko guneetara informazio nahikoa eta egokia jaso duten langileak soil-soilik sar daitezkeela bermatzeko.

4. Prebentzio-neurriak eragingarriak izan daitezen, aurreikusi beharko dira langileek izan ditzaketen distrakzioak eta egin ditzaketen zuhurtziagabekeria ez-ausartegiak.

Neurri horiek hartzeko, kontuan hartuko dira prebentzio-neurri batzuek eragin ditzaketen arrisku gehigarriak; halako neurriak soil-soilik har daitezke, arrisku horiek askozaz arinagoak direnean kontrolatu nahi direnak baino, eta aukera ziurragorik ez dagoenean.

5. Estaldura-esparru gisa, lanak eratorritako arriskuen aurreikuspena bermatzeko, aseguru-eragiketak hitzar ditzakete, enpresak langileei begira, langile autonomoek euren buruari begira, eta kooperatiba-sozietateek euren bazkideei begira, bazkide horien jarduera lan pertsonala egitea bada.

16. artikulua. Lan-arriskuak prebenitzeko plana, arriskuak ebaluatzea eta prebentzio-jarduera planifikatzea

1. Lan-arriskuen prebentzioa enpresako kudeaketa-sistema nagusira bildu beharko da, hala enpresako jarduera guztiei dagokienez, nola enpresako hierarkia-maila guztiei dagokienez, hurrengo lerrokadak aipatu lan-arriskuak prebenitzeko plana ezarri eta aplikatuz.

Lan-arriskuak prebenitzeko plan horrek bildu behar ditu, erregelamenduak ezarritakoaren ildotik bildu ere, enpresan arriskuak prebenitzeko ekintza gauza dadin beharrezko antolaketa-egitura, erantzukizun, eginkizun, praktika, prozedura, prozesu eta baliabideak.

2. Arriskuak prebenitzeko plana kudeatu eta aplikatzeko oinarrizko tresnak dira lan-arriskuak ebaluatzea eta prebentzio-jardueraren plangintza, faseka gauza daitezkeenak, modu programatuan. Tresna horiek hurrengo paragrafoek jaso dituzte:

a) Enpresaburuak egin beharko du langileen segurtasun eta osasunerako dauden arriskuen hasierako ebaluazioa, orokorrean kontuan hartuta jardueraren izaera, lanpostuen ezaugarriak eta lanpostu horiek bete behar dituzten langileen ezaugarriak.

Hasierako ebaluazioa egin beharko da, berebat, lan-ekipamenduak, substantziak edo prestakin kimikoak aukeratzeko, eta lan egiteko lekuak egokitzeko.

Hasierako ebaluazioak aintzat hartuko ditu arrisku jakin batzuk eta arrisku bereziko jarduerak babesteko arautegiaren arabera gauzatu behar diren gainerako jardunak.

Azterketa eguneratu egingo da, lan-baldintzak aldatzen direnean, eta, osasunari eragindako kalteak direla bide, azterketaz gogoeta egingo da beti, eta, hala behar izanez gero, azterketa hori berrikusi egingo da.

Ebaluazioaren ondorioen arabera beharrezkoa denean, enpresaburuak aldizkako kontrolak egingo ditu, lan-baldintzen eta langileek zerbitzuak ematen dituzten jardueren inguruan, arriskutsuak izan daitezkeen egoerak detektatzeko.

b) Aurreko a) paragrafoan jasotako ebaluazioaren emaitzek arrisku-egoerak ondorioztatzen badituzte, enpresaburuak gauzatuko ditu arrisku horiek ezabatu edo murrizteko eta kontrolatzeko behar besteko prebentzio-jarduerak.

Enpresaburuak jarduera horiek planifikatuko ditu, eta plangintza horretara bilduko dira, prebentzio-jarduera bakoitza gauzatzeko epea, arduradunen izendapena eta jarduera hori betearazteko behar diren giza baliabideak zein baliabide materialak.

Enpresaburuak ziurtatu beharko du plangintza horretara bildutako prebentzio-jarduerak benetan betetzen diren; horretarako, plangintzaren gainean etengabeko segimendua egingo du.

Prebentzio-jarduerak aldarazi beharko dira, enpresaburuak antzematen duenean, aurreko a) paragrafoan jaso aldizkako kontrolen ondorioz, horiek bat ez datozela lortu beharreko babesarekin.

3. Langileen osasunari kalte egin zaionean edo, 22. artikuluan ezarri osasuna zaintzearen ondorioz, uste denean prebentzio-neurriak ez direla behar adinakoak, enpresaburuak horren inguruko ikerketa egingo du, egitate horien arrazoiak bilatzeko.

17. artikulua. Lan-ekipamenduak eta babes-tresnak

1. Enpresaburuak neurri egokiak hartuko ditu, lan-ekipamenduak egin beharreko lanerako aproposak izan eta horretarako egokituta egon daitezen; hortaz, neurri horiek langileen osasuna eta segurtasuna bermatuko dituzte, lan-ekipamenduak erabiltzean.

Lan-ekipamendu baten erabilerak arrisku zehatza eragin dezakeenean langileen segurtasunean edo osasunean, enpresaburuak neurri egokiak hartuko ditu, honako xedeetarako:

a) Lan-ekipamendua erabil dezaten, horren gaineko ardura dutenek bakarrik.

b) Konpontze-, transformazio-, mantentzeedo artatze-lanak beren beregi lan horiek egiteko gaitasuna duten langileek egin ditzaten.

2. Enpresaburuak bere langileei eman beharko dizkie euren eginkizunak betetzeko banakako babes-ekipamendu egokiak, eta zaindu beharko du babes-ekipamendu horiek benetan erabiltzen diren, egin beharreko lanen izaera dela eta, ekipamendu horiek beharrezkoak direnean.

Banakako babes-ekipamenduak erabili beharko dira, arriskuak ezin direnean saihestu edo behar beste murriztu, babes kolektiboko neurri teknikoen bidez edo lana antolatzeko neurri, metodo edo prozeduren bidez.

18. artikulua. Langileen informazioa, kontsulta eta partaidetza

1. Lege honetan ezarri babes-eginbeharra betetzeko, enpresaburuak neurri egokiak hartuko ditu, langileek beharrezko informazio guztia jaso dezaten, hurrengoen inguruan:

a) Langileen laneko segurtasun eta osasunerako arriskuak, hala enpresa osoan daudenak, nola lanpostu eta eginkizun bakoitzak dituenak.

b) Aurreko idatz-zatian aipatu arriskuei aplikatu beharreko babeseta prebentzio-neurri eta -jarduerak.

c) Lege honen 20. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz hartutako neurriak.

Langileen ordezkariak dituzten enpresetan, enpresaburuak langileei emango die idatz-zati honek aipatu informazioa, ordezkarien bidez; hala ere, langile bakoitza zuzenean informatu beharko da, bere lanpostuak edo eginkizunak dituen arriskuez eta arrisku horiei aplikatu beharreko babeseta prebentzio-neurriez.

2. Enpresaburuak langileak informatu beharko ditu, eta langile horien partaidetza onartu, laneko segurtasunarekin eta osasunarekin zerikusia duten alde guztietan, lege honen V. kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Langileek eskubidea izango dute, enpresaburuari zein lege honen V. kapituluan ezarritako partaidetzaeta ordezkaritza-organoei proposamenak egiteko, enpresako babeseta segurtasun-mailak hobetze aldera.

19. artikulua. Langileen prestakuntza

1. Babes-eginbeharra betetzeko, enpresaburuak bermatu beharko du, langile bakoitzak izatea prestakuntza teorikoa eta praktikoa, behar bestekoa eta egokia, kontratua egiteko unean, kontratu-modalitatea edo iraupena edozein dela, edota langileak dituen eginkizunak aldatzen direnean edo lan-ekipamenduetan teknologia berriak aplikatu nahiz aldaketak egiten direnean.

Prestakuntza langile bakoitzaren lanpostu edo eginkizunaren araberakoa izan beharko da, eta arriskuen bilakaerari eta ager daitezkeen arrisku berriei egokitu beharko zaie, eta, hala behar izanez gero, aldian-aldian errepikatu beharko da.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatu prestakuntza eman beharko da, ahal den neurrian, lanaldian edo, lanaldian ezin bada, beste ordu batzuetan, baina prestakuntzako denbora lanaldiari deskontatuta.

Enpresak eman dezake prestakuntza, bere zerbitzuen bidez edo enpresatik kanpoko zerbitzuekin egindako hitzarmenaren bidez; langileek inoiz ez dituzte jasango prestakuntzaren kostuak.

20. artikulua. Larrialdi-neurriak

Enpresaburuak larrialdi-egoerak aztertu eta neurri egokiak hartu beharko ditu, enpresaren tamaina eta jarduera kontuan hartuta, bai eta enpresarekin zerikusirik ez duten pertsonak enpresan izan daitezkeela ere, lehen sorospen, suteen aurkako borroka eta langileen ebaluazioari dagokionez. Horretarako, enpresaburuak neurri horiek praktikan jarriko dituzten langileak izendatu eta aldian-aldian egiaztatuko du neurri horien jardunbide egokia.

Langile horiek prestakuntza nahikoa izan beharko dute, behar beste izango dira eta material egokia izango dute, arestian aipatu inguruabarren arabera.

Hartutako neurriak aplikatzeko, enpresaburuak enpresatik kanpoko zerbitzuekin izan beharreko harremanak antolatu beharko ditu, bereziki lehen sorospen, medikuaren presako laguntza, salbamendu eta suteen aurkako borrokei dagokienez, halakoen berehalakotasun eta eragingarritasuna berma dadin.

21. artikulua. Arrisku larri eta hur-hurrekoa

1. Langileek lanaren ondorioz arrisku larri eta hur-hurrekoa dutenean, edo izan dezaketenean, enpresaburuak hurrengo betebeharrak izango ditu:

a) Ukitutako langile guztiak ahalik arinena informatzea, arrisku horren inguruan eta babesari dagokionez hartutako neurrien edo, hala denean, hartu beharreko neurrien inguruan.

b) Neurri egokiak hartu eta jarraibide egokiak ematea, arrisku larria, hurhurrekoa eta saihestu ezina dagoenean, langileek euren jarduera geldiarazteko aukera izan eta, behar izanez gero, lan egiten duten lekua berehala utz dezaten.

Halakoetan, langileei ezin zaie eskatu berriro lanean hastea, arriskuak iraun bitartean, salbu eta segurtasun-neurriek hori justifikatzen dutenean, eta erregelamendu bidez halaxe ezarri denean.

c) Egoki dena agintzea, hierarkian gorago dagoen pertsonarekin harremanetan jar ezin daitekeen langilea, bere segurtasunarentzat, beste langile batzuen segurtasunarentzat edo enpresatik kanpoko edonoren segurtasunarentzat arrisku larri eta hur-hurrekoa dagoenean, arrisku horren ondorioak saihesteko egoeran izan dadin, langile horren ezaguerak eta beraren eskura jarritako baliabide teknikoak aintzat hartuta.

2. Lege honen 14. artikuluko 1. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, langileak, hala behar izanez gero, eskubidea izango du, bere jarduera geldiarazi eta lan egiten duen lekua uzteko, uste duenean jarduera horrek arrisku larria dakarrela bere bizitza edo osasunerako.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatiak aipatutako kasuan, enpresaburuak ez dituenean neurri egokiak hartzen edo ez duenean uzten halakorik hartzen, langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko, langile horien lege-ordezkariek erabaki dezakete, kideen gehiengoarekin, arrisku horrek ukitutako langileen jarduera geldiaraztea.

Erabaki hori berehala komunikatuko zaie enpresari eta lan-agintaritzari; lan-agintaritzak, hogeita lau orduko epean, deuseztatu edo berretsi egingo du langileen ordezkariek erabakitako geldiaraztea.

Aurreko paragrafoak aipatu erabakia prebentziorako eskuordeen gehiengoarekin har daiteke, langileen ordezkaritza-organoa ezin denean bildu, behar den arintasunarekin.

4. Langileek edo euren ordezkariek ezin izango dute inolako galerarik jasan, aurreko idatz-zatiek aipatu neurriak hartzeagatik, salbu eta gaitzustez jardun edo zabarkeria astuna egin dutenean.

22. artikulua. Osasuna zaintzea

1. Enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileei bermatuko die, aldian-aldian euren osasuna zaintzea, lanari datxezkion arriskuak aintzat hartuta.

Zaintza hori gauza daiteke, langileak adostasuna ematen duenean bakarrik.

Borondatezko izaera horretatik at daude soil-soilik nahitaezko azterketak, betiere aldez aurretik langileen ordezkariek horren inguruko txostena eginda. Nahitaezko azterketa horiek izango dira lan-baldintzek langileen osasunean dituzten ondoreak ebaluatzeko, nahiz langilearen osasun-egoera langile horrentzat, gainerako langileentzat edo enpresari lotutako beste pertsona batzuentzat arriskutsua ote den egiaztatzeko. Halaber, borondatezko izaera hori salbuetsiko da lege-xedapenen batean hala jaso denean, arrisku zehatzei eta arrisku bereziko jarduerei dagokienez.

Edozein kasutan ere, langileari ahalik kalterik gutxiena egiten dioten azterketak eta frogak aukeratu beharko dira, bai eta arriskuarekin proportzionalak direnak ere.

2. Langileen osasuna zaintzeko eta kontrolatzeko neurriak beteko dira, langilearen intimitate eta duintasunerako eskubidea eta langile horren osasun-egoeraren inguruko informazio ororen isil-gordea errespetatuz beti.

3. Aurreko idatz-zatiak aipatu zaintzaren emaitzak komunikatuko zaizkie ukitutako langileei.

4. Langileen osasunaren zaintzaren inguruko datuak ezin izango dira erabili bereizkeria egiteko, ezta langileari kalte egiteko ere.

Izaera pertsonaleko mediku-informazioaren berri izango dute soil-soilik pertsonal medikoak eta langileen osasunaren zaintzaz arduratzen den osasun-agintzaritzak; informazio horren berri ezin izango zaie eman enpresaburuari edo beste pertsona batzuei, langilearen esanbidezko adostasunik gabe.

Hori gorabehera, enpresaburuak eta prebentzio-arloan erantzukizunak dituzten pertsona edo organoek informazioa jaso behar dute, prebentzio-arloan dituzten eginkizunak modu egokian gauza ditzaten. Jaso behar duten informazioa izango da langileak lanpostuan aritzeko duen gaitasunaren inguruan egindako azterketei buruzkoa eta babeszein prebentzio-neurriak ezarri edo hobetzeko beharrizanari buruzkoa.

5. Laneko arriskuek hala eskatzen dutenean, langileen osasun-egoera aldian-aldian zaintzeko eskubideak iraungo du, lan-harremanak amaituta ere, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

6. Langileen osasuna zaintzeko eta kontrolatzeko neurriak beteko ditu, egiaztatutako eskumen teknikoa, prestakuntza eta gaitasuna dituen pertsonal sanitarioak.

23. artikulua. Agiriak

1. Enpresaburuak egin eta gorde beharko ditu, aurreko artikuluetan ezarri betebeharren inguruan ondoko agiriak, lan-agintaritzaren esku jartzeko:

a) Lan-arriskuak prebenitzeko plana, lege honen 16. artikuluaren 1. idatz-zatiak ezarritakoa aintzat hartuta.

b) Laneko segurtasun eta osasunerako arriskuen ebaluazioa, lan-baldintzen eta langileen jardueraren aldizkako kontrolen emaitzak barne, lege honen 16. artikuluaren 2. idatz-zatiko a) paragrafoan xedatutakoaren arabera.

c) Prenbentzio-jardueraren plangintza, hartu beharreko babeseta prebentzio-neurriak barne, eta, hala denean, erabili beharreko babes-tresneria, lege honen 16. artikuluaren 2. idatz-zatiko b) paragrafoan xedatutakoaren arabera.

d) Lege honen 22. artikuluan jaso langileen osasun-egoeraren inguruan egindako kontrolak eta kontrol horien emaitzak, aipatu artikuluko 4. idatz-zatiaren azken lerrokadak ezarritakoaren arabera.

e) Langileari lanegun bat baino gehiagoz lan egiteko ezgaitasuna eragin dioten lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen zerrenda.

Halakoetan, gainera, enpresaburuak egingo du artikulu honen 3. idatz-zatian jaso jakinarazpena.

2. Enpresek euren jarduera uzten dutenean, lan-agintaritzari igorri beharko dizkiote aurreko idatz-zatian aipatu agiriak.

3. Enpresaburuak idatziz jakinarazi behar dizkio lan-agintaritzari, erregelamenduz ezarritako prozeduraren bidez, bere zerbitzupean dauden langileen lana zein izan eta lan horren ondorioz langile horien osasunari egindako kalteak.

4. Artikulu honek aipatu agiriak, berebat, osasun-agintaritzen esku jarri beharko dira, agintaritza horiek bete dezaten lege honen 10. artikuluan eta apirilaren 25eko 14/1986 Osasun Lege Orokorraren 21. artikuluan xedatutakoa.

24. artikulua. Enpresaburu-jardueren koordinazioa

1. Lantoki berean bi enpresa edo gehiagoko langileek jarduerak gauzatzen dituztenean, enpresa horiek lankidetzan aritu beharko dira, lan-arriskuak prebenitzeko arautegia aplikatzeari dagokionez.

Horretarako, enpresa horiek beharrezko koordinazio-bideak ezarriko dituzte, lan-arriskuak babestu eta prebenitzeari dagokionez, eta euren langileei horien gaineko informazioa emateari dagokionez, lege honen 18. artikuluko 1. idatz-zatiak ezarritakoaren arabera.

2. Lantokiaren titular den enpresaburuak beharrezko neurriak hartuko ditu, bere lantokian jarduerak gauzatzen dituzten gainerako enpresaburuek infomazio eta jarraibide egokiak jaso ditzaten, lantokiko arriskuei eta kasuan kasuko babes-neurriei dagokienez, bai eta aplikatu beharreko larrialdi-neurriei dagokienez ere. Enpresaburu horiek euren langileei eman beharko diete horren guztiorren berri.

3. Berezko jardueraren obra edo zerbitzuak beste enpresa batzuekin kontratatzen edo azpikontratatzen dituzten enpresek, obra edo zerbitzu horiek euren lantokietan gauzatzen badira, zaindu beharko dute kontratari eta azpikontratari horiek lan-arriskuak prebenitzeko arautegia betetzen dutela.

4. Lege honen 41. artikuluko 1. idatz-zatiaren azken paragrafoan jasotako betebeharrak aplikatuko dira, berebat, kontratatutako eragiketei begira, enpresa kontratari edo azpikontratariaren langileek euren zerbitzuak ematen dituztenean enpresa nagusiaren lantokietan. Baina horretarako, langile horiek lan egin behar dute enpresa nagusiak emandako makina, ekipamendu, produktu, lehengai edo lanabesekin.

5. Aurreko 1 eta 2. idatz-zatietan jasotako lankidetza-eginbeharrak eta informaziozein trebakuntza-eginbeharrak aplikatuko zaizkie lantoki horietan lan egiten duten langile autonomoei.

6. Artikulu honetan ezarri betebeharrak erregelamendu bidez garatuko dira.

25. artikulua. Arrisku batzuen aurrean bereziki sentiberak diren langileak babestea

1. Enpresaburuak modu berezian bermatuko du, ezaugarri pertsonalak edo egoera biologiko ezagunak direla eta, lanak eratorritako arriskuen aurrean bereziki sentiberak diren langileen babesa, desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezko egoera aitortu zaien langileena barne.

Xede horretarako, enpresaburuak inguruabar horiek aintzat hartu beharko ditu, arriskuak ebaluatzean, eta, ebaluazio horien arabera, prebentzioeta babes-neurri egokiak hartuko ditu.

Langileei lanpostu batzuetan ez zaie lanik emango, ezaugarri pertsonalen, egoera biologikoaren edo behar bezala aitortutako desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoaren ondorioz, langile horiek, osterantzeko langileak nahiz enpresari lotutako beste pertsona batzuk arrisku-egoeran gera daitezkeenean edo, orokorrean, kasuan kasuko lanpostuen betekizun psiko-fisikoekin bat ez datozen egoera iragankorretan daudenean.

2. Era berean, enpresaburuak ebaluazioetan kontuan hartu behar ditu, prebentzio-neurri egokiak har ditzan, langileen ugaltze-eginkizunean eragina izan dezaketen arriskuak, bereziki, agente fisiko, kimiko eta biologikoekin lan egiteagatik, ugalketak, ugalkortasunari nahiz ondorengoen garapenari dagokienez, izan ditzakeen ondorio mutageniko edo toxikotasun-izaerakoak direla eta.

26. artikulua. Amatasuna babestea

1. Lege honen 16. artikuluak aipatu arriskuen ebaluazioak zehaztu behar ditu, arrisku jakin bat izan dezakeen edozein jardueratan, haurdun dauden langileei edo erditu berri diren langileei dagokienez, langileen edo fetuaren osasunean eragin negatiboa izan dezaketen laneko agente, prozedura edo baldintzen izaera, gradua eta iraupena.

Ebaluazioaren emaitzen arabera, segurtasun zein osasunerako arriskua badago, edo langileen haurdunaldian zein edoskitzealdian ondorioren bat izateko posibilitatea badago, arrisku hori saihesteko, enpresaburuak neurri egokiak hartuko ditu, ukitutako langilearen lan-baldintzak edo -denbora egokituz.

Neurri horien artean ezarriko da, hala behar izanez gero, gauean lanik edo txandaka lanik ez egitea.

2. Lan-baldintzak edo -denbora ezin direnean egokitu edo, egokitu arren, lanpostuaren baldintzek haurdun dagoen langilearen edo fetuaren osasunean eragin negatiboa izan dezaketenean, eta hori berori ziurtatu dutenean Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko edo mutuetako mediku-zerbitzuek, langileari mediku-zerbitzuak ematen dizkion Osasuneko Zerbitzu Nazionalaren mediku-txostenarekin batera, langileak bere egoerarekin bat datorren beste lanpostu edo eginkizun bat bete beharko du.

Enpresaburuak, langileen ordezkariekin kontsultatu ondoren, halako arriskuetatik kanpo dauden lanpostuak zehaztu beharko ditu.

Lanpostu- edo eginkizun-aldaketa gauzatuko da, mugigarritasun funtzionalean aplikatzen diren erregela eta irizpideekin bat etorriz; aldaketa horrek ondoreak izango ditu, langilearen osasun-egoerak aurreko lanpostuan lan egitea ahalbidetu arte.

Aurreko lerrokadan aipatu erregelak aplikatuta ere, lanpostu edo eginkizun bateragarririk izan ezean, langileari bere taldearekin edo kategoria baliokidearekin bat ez datorren lanpostua eman dakioke, baina langile horrek jatorrizko lanpostuari dagozkion alokairu guztiak jasotzeko eskubideari eutsiko dio.

3. Lanpostu-aldaketa hori teknikoki zein objektiboki ezin bada egin, edo justifikatutako arrazoien ondorioz ezin bada gauzatu, ukitutako langileari lan-kontratua etetea adieraz daiteke, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluak jaso haurdunaldi bitarteko arriskuaren ondorioz; etete hori izango da langile horren segurtasuna eta osasuna babesteko behar den beste denborarako, eta langile horrek aurreko lanpostuan edo bere egoerarekin bat datorren beste lanpostu batean lan egiteko ezintasunak iraun bitartean.

4. Artikulu honetako 1 eta 2. zenbakietan xedatutakoa aplikatuko da, halaber, edoskitzealdian, lan-baldintzek eragin negatiboa izan badezakete emakumearen edo semearen nahiz alabaren osasunean, eta, hala ziurtatzen badu, aplikatu beharreko Gizarte Segurantzaren araubidean, langileari laguntza ematen dion medikuak.

5. Haurdun dauden langileek lanean absente izateko eskubidea izango dute, ordainsariak jasotzeko eskubidearekin batera, seme-alabak jaio aurreko azterketak eta erditzea prestatzeko teknikak egin daitezen; horretarako, enpresaburuari aurreabisua emango zaio, eta justifikatu egingo da halakoak lanaldian gauzatu beharra.

27. artikulua. Adingabeen babesa

1. Hemezortzi urte baino gutxiagoko gazteak lanean hasi aurretik, eta horien lan-baldintzen edozein aldarazpen garrantzitsu egin aurretik, enpresaburuak ebaluatu beharko ditu langile horiek bete beharreko lanpostuak, arrisku jakin bat izan dezakeen edozein jardueratan, langile horien segurtasuna eta osasuna arriskuan jar ditzaketen laneko agente, prozesu edo baldintzen izaera, gradua eta iraupena zehazteko.

Xede horretarako, ebaluazioak bereziki kontuan hartuko ditu gazteen segurtasun, osasun eta garapenerako arrisku zehatzak; horren arrazoi dira gazte horien esperientziarik eza, heldutasunik eza, dauden arriskuak edo izan daitezkeen arriskuak ebaluatzeko, eta erabateko garapenik eza.

Edozein kasutan ere, enpresaburuak informatuko ditu gazte horiek eta kontratuan parte hartu duten gazte horien gurasoak edo tutoreak, beraiek izan ditzaketen arriskuen eta euren segurtasuna eta osasuna babesteko hartutako neurri guztien gainean, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsitako Langileen Estatutuari buruzko Legearen 7. artikuluko b) letrak xedatutakoarekin bat etorriz.

2. Arestian aipatu inguruabarrak aintzat hartuta, Gobernuak mugak ezarriko ditu, arrisku zehatzak dituzten lanetan hemezortzi urte baino gutxiagoko gazteak kontratatzeko.

28. artikulua. Aldi baterako, iraupen jakineko eta aldi baterako laneko enpresetako lan-harremanak

1. Aldi baterako edo iraupen jakineko lan-harremanak dituzten langileek, bai eta aldi baterako laneko enpresek kontratatutako langileek ere, zein enpresatan zerbitzuak eman eta enpresa horretako gainerako langileen babes-maila izango dute segurtasuneta osasun-arloan.

Aurreko paragrafoan aipatu lan-harremanek inola ere ez dute justifikatuko, lan-baldintzetan tratu-bereizketak egitea, langileen segurtasuna eta osasuna babesteko edozein inguruabarri dagokionez.

Lege hau eta beraren garapen-xedapenak oso-osoan aplikatuko zaizkie aurreko paragrafoetan aipatu lan-harremanei.

2. Enpresaburuak neurri egokiak hartuko ditu, bere jarduerari ekin aurretik, aurreko idatz-zatiak aipatu langileek informazioa jasoko dutela bermatzeko; informazio horretara bilduko dira langile horiek izango dituzten arriskuak, bereziki lanbide-kualifikazio edo -gaitasun jakin batzuk izan beharra, medikuen kontrol bereziak egin beharra edo bete beharreko lanpostuak dituen arrisku zehatzak, bai eta arrisku horiei aurre egiteko babeseta prebentzio-neurriak ere.

Langile horiek beti jasoko dute prestakuntza, behar bestekoa eta bete beharreko lanpostuarekin bat datorrena, langile horien lanbide-kualifikazioa zein -esperientzia eta langile horiek izango dituzten arriskuak kontuan hartuta.

3. Artikulu honek aipatu langileek eskubidea izango dute, aldian-aldian euren osasun-egoera zain dadin, lege honen 22. artikuluan eta hori garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera.

4. Enpresaburuak informatu beharko ditu babeseta prebentzio-jarduerak gauzatzeko izendatu langileak edo, hala denean, lege honen 31. artikuluan jaso prebentzio-zerbitzua, artikulu honek aipatu langileak lanean hastearen inguruan. Informazio hori behar bestekoa izango da, langile horiek edo zerbitzu horrek euren eginkizunak modu egokian gauza ditzaten, enpresako langile guztiei dagokienez.

5. Aldi baterako laneko enpresen bidezko lan-harremanetan, enpresa erabiltzaileak lana betearazteko baldintzen gaineko erantzukizuna izango du, langileen segurtasuna eta osasuna babesteari dagokionez.

Enpresa erabiltzailearen ardura izango da, berebat, artikulu honen 2 eta 4. idatz-zatietan ezarri informazio-betebeharrak betetzea.

Aldi baterako laneko enpresak erantzukizuna izango du, artikulu honetako 2 eta 3. artikuluek prestakuntzaren eta osasuna zaintzearen inguruan ezarri betebeharren gainean.

Horretarako, eta aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, enpresa erabiltzaileak aldi baterako laneko enpresa informatu beharko du, bete beharreko lanpostuek dituzten ezaugarrien gainean eta behar diren kualifikazioen gainean.Laneko enpresak beste horrenbeste egin beharko du ukitutako langileekin, langile horiek atxiki aurretik.

Enpresa erabiltzaileak bere langileen ordezkariak informatu beharko ditu, aldi baterako laneko enpresak lagatako langileen atxikimenduaren gainean.

Langile horiek ordezkari horiengana jo dezakete, lege honek aitortutako eskubideak egikaritzeko.

29. artikulua. Langileen betebeharrak arriskuak prebenitzeko

1. Langile bakoitzaren ardura da, beraren ahalmenen arabera, eta kasu bakoitzean hartutako prebentzio-neurrien bidez, laneko segurtasuna eta osasuna zaintzea, berarena zein beraren lanbide-jarduerak uki ditzakeen pertsonena, laneko jardunen eta ez-egiteen ondorioz, beraren prestakuntzaren eta enpresaburuaren jarraibideen arabera.

2. Langileen ardura da, euren prestakuntzaren arabera eta enpresaburuaren jarraibideei jarraituz:

1) Makinak, aparatuak, lanabesak, substantzia arriskutsuak, garraio-ekipamenduak eta, orokorrean, lan egiteko osterantzeko tresnak modu egokian erabiltzea, horien izaera eta aurreikus daitezkeen arriskuak kontuan hartuta.

2) Enpresaburuak emandako babes-ekipamenduak modu egokian erabiltzea, enpresaburuaren jarraibideekin bat etorriz.

3) Euren jarduerako tresnetan edo jarduera hori gauzatzeko lan-lekuetan dauden segurtasun-gailuak edo instala daitezkeenak jardunbidetik ez kentzea eta modu egokian erabiltzea.

4) Hierarkian gainetik dagoen pertsona, eta babeszein prebentzio-jarduerak gauzatzeko izendatutako langilea edo, hala denean, prebentzio-zerbitzua berehala informatzea, euren ustez, zentzuzko arrazoiak direla eta, langileen segurtasun eta osasunerako arriskua dakarren edozein egoeraz.

5) Langileen laneko segurtasuna eta osasuna babesteko xedearekin, agintaritza eskudunak ezarri betebeharrak betetzen laguntzea.

6) Enpresaburuarekin lankidetzan aritzea, horrek berma ditzan lan-baldintza seguruak eta langileen segurtasun zein osasunerako arriskurik ez dakartenak.

3. Aurreko idatz-zatiek aipatu arriskuak prebenitzeko betebeharren inguruko langileen ez-betetzeak laneko ezbetetzeak izango dira, Langileen Estatutuaren 58.1 artikuluak jaso ondoreetarako, edo faltak, hala denean, funtzionario publikoen edo administrazio publikoen zerbitzupeko estatutudun langileen diziplina-araubideari buruzko kasuan kasuko arautegiak ezarritakoaren arabera.

Idatz-zati honetan xedatutakoa aplikatuko zaie, halaber, jardueratzat lan egitea duten kooperatibetako bazkideei, horien barne-araudietan ezarritako zehaztasunen arabera.

IV. KAPITULUA Prebentzio-zerbitzuak

30. artikulua. Lanbide-arriskuak babestea eta prebenitzea

1. Lanbide-arriskuak prebenitzeko eginbeharra bete dadin, enpresaburuak langile bat edo batzuk izendatuko ditu, prebentzio horretaz arduratzeko, prebentzio-zerbitzua eratuko du edo enpresatik kanpoko erakunde espezializatu batekin hitzartuko du zerbitzu hori.

2. Izendatutako langileek izan beharko dituzte behar besteko gaitasuna, denbora eta tresneria egokia; eta behar beste langile izan beharko dira, aintzat hartuta enpresaren tamaina, bai eta langileek dituzten arriskuak eta arrisku horiek enpresan zer-nola banatuta dauden ere, lege honen 6. artikuluko 1. idatz-zatiaren e) letrak aipatu xedapenek ezarri ginoan.

Aurreko paragrafoak aipatu langileak elkarlanean arituko dira, euren artean eta, hala denean, prebentzio-zerbitzuekin.

3. Prebentzio-jarduera gauzatzeko, enpresaburuak ahalbidetu beharko du izendatutako langileek eskura izatea lege honen 18 eta 23. artikuluek aipatu informazioa eta agiriak.

4. Izendatutako langileek ezin izango dute inolako galerarik jasan, lanbide-arriskuak babesteko eta prebenitzeko enpresan duten jardueren ondorioz.

Eginkizun hori gauzatzeko, langile horiek izango dituzte, bereziki, langileen ordezkarientzat ezarritako bermeak, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 68. artikuluaren a), b) eta c) letretan, eta 56. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritakoak.

Berme hori izango dute, berebat, prebentzio-zerbitzuko langileek, enpresak zerbitzu hori eratzea erabakitzen duenean, hurrengo artikuluak xedatutakoaren arabera.

Aurreko lerrokadek aipatu langileek lanbide-isilpekoa izango dute, euren eginkizunak betetzearen ondorioz eskura izan dezaketen enpresako informazioaren gainean.

5. Sei langile baino gutxiagoko enpresetan, enpresaburuak bere gain har ditzake 1. idatz-zatian aipatu eginkizunak, bere jarduera lantokian ohikotasunez gauzatzen badu eta behar besteko gaitasuna badu, langileek dituzten arriskuak eta jardueren arriskua kontuan hartuta, lege honen 6. artikuluko 1. idatz-zatiaren e) letrako xedapenenek ezarri ginoan.

6. Prebentzio-zerbitzua enpresatik kanpoko erakunde espezializatu batekin hitzartu ez duen enpresaburuak aditegi edo kanpoko ebaluazio baten kontrolpean jarri beharko du bere prebentzio-sistema, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

31. artikulua. Prebentzio-zerbitzuak

1. Langile baten edo batzuen izendapena ez bada nahikoa prebentzio-jarduerak gauzatzeko, enpresaren tamaina, langileek dituzten arriskuak edo gauzatutako jardueren arriskua aintzat hartuta, lege honen 6. artikuluko 1. idatz-zatiaren e) letrako xedapenek ezarri ginoan, enpresaburua baliatuko da enpresako edo enpresatik kanpoko prebentzio-zerbitzu batez edo batzuez, eta horiek, hala behar denean, elkarlanean arituko dira.

Zerbitzu horiek administrazio publikoetan ezar daitezen, aintzat hartuko da zerbitzu horien antolaketa-egitura eta, hala denean, sektorekako esparruak edo esparru deszentralizatuak dauden.

2. Prebentzio-zerbitzu gisa ulertuko da prebentzio-jarduerak gauzatzeko behar diren giza baliabideen eta baliabide materialen multzoa, langileen segurtasuna eta osasuna modu egokian berma daitezen. Horretarako, aholkuak eta laguntza emango zaizkie enpresaburuari, langileei eta horien ordezkariei zein ordezkaritza-organo espezializatuei.

Prebentzio-zerbitzuak bere eginkizunak gauza ditzan, enpresaburuak ahalbidetu beharko du zerbitzu horrek eskura izatea aurreko artikuluko 3. idatz-zatiak aipatu informazioa eta agiriak.

3. Enpresak zein motatako arriskuak izan eta prebentzio-zerbitzuek horien araberako aholkuak eta informazioa eman behar dizkiote enpresari ondoko gaiei buruz:

a) Enpresan prebentzioa izatea ahalbidetzen duen lan-arriskuak prebenitzeko plana diseinatu, ezarri eta aplikatzea.

b) Langileen segurtasunean eta osasunean eragina izan dezaketen arriskuak ebaluatzea, lege honen 16. artikuluak ezarritakoa aintzat hartuta.

c) Prebentzio-jardueraren plangintza eta prebentzio-neurriak hartzeko nahiz neurri horien eragingarritasuna zaintzeko lehentasunak zehaztea.

d) Langileak informatu eta horiei prestakuntza ematea.

e) Lehen sorospenak eman eta larrialdi-planak aplikatzea.

f) Lanak eratorritako arriskuei dagokienez, langileen osasuna zaintzea.

4. Prebentzio-zerbitzuak diziplina arteko izaera izango du, eta tresna egokiak izan beharko ditu bere eginkizunak betetzeko.

Horretarako, zerbitzu horien prestakuntza, espezialitatea, ahalmena, arduraldia eta horiek osatzen dituzten pertsonen kopurua zein baliabide teknikoak izan beharko dira behar bestekoak eta gauzatu beharreko prebentzio-jardueren araberakoak, inguruabar hauek kontuan hartuta:

a) Enpresaren tamaina.

b) Langileek izan ditzaketen arrisku-motak.

c) Arriskuen banaketa enpresan.

5. Erakunde espezializatuek prebentzio-zerbitzu gisa jardun dezakete. Horretarako, lan-administrazioak egiaztatu beharko ditu erakunde horiek, erregelamendu bidez ezarritako betekizunak betetzen dituztela frogatu ondoren. Gainera, aldez aurretik, administrazio sanitarioak onartu behar ditu erakundu horiek, izaera sanitarioko inguruabarrak kontuan hartuta.

32. artikulua. Lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuen prebentzio-jarduna

Gizarte Segurantzaren lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuek prebentzio-zerbitzuen eginkizunak gauza ditzakete, euren baitara elkartutako enpresentzat, 31. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutakoa kontuan hartuta.

Enpresaburuen eta langileen ordezkariek parte hartzeko eskubidea izango dute, Gizarte Segurantzaren lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuek aurreko lerrokadako eginkizunetan gauzatu kudeaketaren gaineko kontrolean eta segimenduan, abenduaren 30eko 42/1994 Legeak, zerga, administrazio eta lan-arloko neurriei buruzkoak, 39bost artikuluan ezarritakoaren arabera.

32bis artikulua. Prebentzio-baliabideak egotea

1. Lantokian prebentzio-baliabideak egotea beharrezkoa da, baliabide horiek antolatzeko modalitatea edozein izanda ere, ondoko kasuetan:

a) Arriskuak larriagotu edo aldaraz daitezkeenean, prozesua edo jarduera gauzatzean, eragiketa batzuk izateagatik, elkarren segidan edo aldi berean gauzatzen direnak eta lan-metodoen behar bezalako aplikazioa kontrolatzea dakartenak.

b) Erregelamenduen arabera arriskutsu diren edo arrisku bereziak dituzten prozesuak edo jarduerak egiten direnean.

c) Prebentzio-baliabide horiek egon beharra Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak agintzen duenean, kasuaren inguruabarrek halaxe eskatzen badute, detektatutako lan-baldintzak direla-eta.

2. Ondokoak dira prebentzio-baliabideak, eta enpresaburuak horiek lantokian egotea agin dezake:

a) Enpresak izendatutako langile bat edo batzuk.

b) Enpresako prebentzio-zerbitzuko kide bat edo batzuk.

c) Enpresak hitzartutako enpresatik kanpoko prebentzio-zerbitzuen kide bat edo batzuk.

Prebentzio-baliabide desberdinak daudenean, horiek elkarlanean aritu beharko dira.

3. Aurreko idatz-zatiak aipatu prebentzio-baliabideek izan beharko dituzte gaitasun nahikoa eta behar besteko tresnak, eta izan beharko dira prebentzio-jarduerak betetzen direla zaintzeko adina; prebentzio-baliabide horiek lantokian egon beharko dira, horiek lantokian egotea eragin duen egoerak iraun bitartean.

4. Aurreko idatz-zatietan aipatutakoa gorabehera, enpresaburuak esanbidez agin diezaieke langile bati edo batzuei lantokian egotea, nahiz eta prebentzio-zerbitzukoak izan ez, ezta izendatutako langileak ere; langile horiek izango dituzte 1. idatz-zatiak aipatu jarduera edo prozesuetan behar diren baldintzak, kualifikazioa eta esperientzia, bai eta, gutxienez, oinarrizko mailako eginkizunei dagokien prebentzio-prestakuntza ere.

Azken kasu horretan, langile horiek behar besteko elkarlana izango dute enpresaburuaren prebentzio-baliabideekin.

V. KAPITULUA Langileak kontsultatzea eta langileen partaidetza

33. artikulua. Langileak kontsultatzea

1. Enpresaburuak langileak kontsultatu beharko ditu, beharrezko aurrerapenarekin, ondoko hauek direnean erabaki beharrekoak:

a) Enpresan lana planifikatzea eta antolatzea, eta teknologia berriak sartzea, halakoek langileen segurtasunean eta osasunean izan ditzaketen ondorioen inguruan, ekipamenduak aukeratzeagatik, lan-baldintzak zehaztu zein egokitzeagatik eta inguruneak lanean duen eraginagatik.

b) Enpresan osasuna babesteko eta lanbide-arriskuak prebenitzeko jarduerak antolatu eta gauzatzea, jarduera horiek gauzatzeaz arduratuko diren langileak izendatzea edo enpresatik kanpoko zerbitzu batera jotzea barne.

c) Larrialdi-neurriez arduratuko diren langileak izendatzea.

d) Lege honen 18. artikuluko 1. idatz-zatiak eta 23. artikuluko 1. idatz-zatiak informazioaren eta agirien gainean jaso prozedurak.

e) Prebentzio-arloko prestakuntzaren proiektua eta antolaketa.

f) Langileen segurtasunean eta osasunean ondorio garrantzitsuak izan ditzakeen beste edozein ekintza.

2. Langileen ordezkariak dituzten enpresetan, aurreko idatz-zatiak aipatu kontsultak ordezkari horiei egingo zaizkie.

34. artikulua. Partaidetzaeta ordezkaritza-eskubideak

1. Langileek enpresan parte hartzeko eskubidea dute, laneko arriskuak prebenitzearekin zerikusia duten gaietan.

Sei langile edo gehiago dituzten enpresa edo lantokietan, langileen partaidetza euren ordezkariek eta kapitulu honetan arautu den ordezkaritza espezializatuak bideratuko dute.

2. Enpresa-batzordeei, langileen eskuordeei eta sindikatu-eskuordeei dagokie, Langileen Estatutuak, Administrazio Publikoen Zerbitzupeko Langileen Ordezkaritza-organoen Legeak eta Sindikatu-askatasunari buruzko Lege Organikoak aitortutakoaren arabera, langileen interesak defendatzea, laneko arriskuak prebenitzearen inguruan.

Horretarako, langileen ordezkariek egikarituko dituzte arau horiek ezarri eskumenak, informazioari, kontsulta eta negoziazioari, ikuskatze eta kontrolari, eta enpresetan zein organo eta auzitegi eskudunetan akzioak egikaritzeari buruzkoak.

3. Kapitulu honetan arautu den partaidetza-eskubidea administrazio publikoen esparruan egikarituko da, bidezko egokitzapenekin; horretarako, kontuan hartuko dira administrazio publikoen esparruan gauzatzen diren jarduerak eta jarduera horiek zein baldintzatan gauzatzen diren, administrazio publikoaren antolaketa-egituraren zailtasuna eta sakabanaketa, eta administrazio publikoak ordezkaritza kolektiboaren inguruan dituen berezitasunak, uztailaren 19ko 7/1990 Legeak, enplegatu publikoen negoziazio kolektiboari eta horiek lan-baldintzen zehaztapenean parte hartzeari buruzkoak, ezarritakoaren arabera. Halaber, sektorekako esparruak eta esparru deszentralizatuak ezar daitezke, pertsona-kopuruaren eta lantokien arabera.

Egokitzapen hori Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan gauzatzeko, Gobernuak ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan:

a) Egokitzapen horrek inola ere ezin izango ditu ukitu lege honetan prebentziorako eskuordeei, eta segurtasun eta osasuneko batzordeei aitortutako ahalmenak eta bermeak.

b) Administrazioaren antolaketa-egituran, kasu bakoitzean egoki den esparru zehatza ezarri beharko da, prebentzio-arloan partaidetza-eginkizuna egikaritzeko.

Oro har, esparru hori izango da administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoek dutena, baina beste esparru batzuk ezarri ahalko dira, jardueraren ezaugarriak eta langileek izan ditzaketen arriskuak kontuan hartuta.

c) Aipatu esparru horretan langileen ordezkaritza-organo batzuk daudenean, organo horien arteko jardun koordinatua bermatu beharko da, laneko segurtasunaren eta osasunaren prebentzioeta babes-arloan, batzuen eta besteen artean partaidetza modu bateratuan gauzatzea ahalbidetuz, kasu bakoitzean ezarri esparru zehatzean.

d) Orokorrean, segurtasun eta osasuneko batzorde bakarra eratuko da, Administrazio Publikoen Zerbitzupeko Langileen Ordezkaritza-organoen Legeak ezarri ordezkaritza-organoen esparruan. Batzorde hori osatuko dute esparru horretan izendatu prebentziorako eskuordeek, hala administrazioedo estatutu-izaerako langileentzat nola lan-izaerako langileentzat, eta administrazioaren ordezkariek; administrazioaren ordezkari-kopurua ez da izango eskuordeen kopurua baino handiagoa.

Hori gorabehera, beste esparru batzuetan segurtasun eta osasuneko batzordeak eratu ahalko dira, jardueraren araberako arrazoiek eta arrisku-motek zein horien maiztasunak halaxe eskatzen dutenean.

35. artikulua. Prebentziorako eskuordeak

1. Prebentziorako eskuordeak dira lan-arriskuen prebentzio-arloan eginkizunak dituzten langileen ordezkariak.

2. Langileen ordezkariek euren artean izendatuko dituzte prebentziorako eskuordeak, aurreko artikuluak ezarri ordezkaritza-organoen esparruan, ondoko eskalaren arabera:

50 langiletik 100era: prebentziorako bi eskuorde.

101 langiletik 500era: prebentziorako hiru eskuorde.

501 langiletik 1 000ra: prebentziorako lau eskuorde.

1 001 langiletik 2 000ra: prebentziorako bost eskuorde.

2 001 langiletik 3 000ra: prebentziorako sei eskuorde.

3 001 langiletik 4 000ra: prebentziorako zazpi eskuorde.

4 001 langiletik aurrera: prebentziorako zortzi eskuorde.

Hogeita hamar langile arteko enpresetan, langileen eskuordea izango da prebentziorako eskuordea.

Hogeita hamaika langiletik berrogeita bederatzirako enpresetan, prebentziorako eskuorde bakarra egongo da, langileen eskuordeek euren artean hautatuko dutena.

3. Prebentziorako eskuordeen kopurua zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Urtebetetik gorako iraupen jakineko kontratuak dituzten langileak plantillako langile finko gisa zenbatuko dira.

b) Urtebete arteko epe-mugadun kontratua dutenak zenbatuko dira, izendapenaren aurreko urtean lanean egindako lanegunen arabera.

Lanean egindako berrehun egun edo zatikiko, langile bat gehiago zenbatuko da.

4. Artikulu honetan xedatutakoa gorabehera, hitzarmen kolektiboetan beste sistema batzuk jaso daitezke, prebentziorako eskuordeak izendatzeko, betiere, horiek izendatzeko ahalmena langileen ordezkariei edo langileei eurei dagokiela bermatuta.

Orobat, negoziazio kolektiboan edo Langileen Estatutuaren 83. artikuluko 3. idatz-zatiak jaso akordioen bidez erabaki daiteke lege honetan prebentziorako eskuordeei aitortutako eskumenak hitzarmenean edo aipatu akordioetan sortutako organo bereziek egikaritzea.

Organo horiek eskumen orokorrak izan ditzakete, erabakitako inguruabarren eta modalitateen arabera, hitzarmenaren edo akordioaren aplikazio-esparruko lantoki guztiei begira, lantoki horietan lan-arriskuak prebenitzeko arautegia hobeto betetzea sustatzeko.

Modu berean, administrazio publikoen esparruan, uztailaren 19ko 7/1990 Legeak, enplegatu publikoen negoziazio kolektiboari eta horiek lan-baldintzen zehaztapenean parte hartzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, prebentziorako eskuordeak izendatzeko beste sistema batzuk ezar daitezke, eta erabaki daiteke lege honek prebentziorako eskuordeei eratxikitako eskumenak organo bereziek egikaritzea.

36. artikulua. Prebentziorako eskuordeen eskumenak eta ahalmenak

1. Prebentziorako eskuordeen eskumenak dira:

a) Enpresako zuzendaritzarekin elkarlanean aritzea, prebentzio-ekintza hobetzeko.

b) Lan-arriskuak prebenitzeko arautegia betetzeko, langileen lankidetza sustatzea zein bultzatzea.

c) Enpresaburuaren kontsultak jasotzea, lege honen 33. artikuluak aipatu erabakien inguruan, eta erabaki horiek bete baino lehenago.

d) Lan-arriskuak prebenitzeko arautegia bete dadin, zaintzaeta kontrol-lanak egitea.

Lege honen 38. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, segurtasun eta osasuneko batzorderik ez duten enpresetan, horretarako behar beste langilerik ez izateagatik, prebentziorako eskuordeek egikarituko dituzte lege honetan segurtasun eta osasunerako batzordeari eratxikitako eskumenak.

2. Prebentziorako eskuordeek ondoko ahalmenak izango dituzte, eratxiki zaizkien eskumenak egikaritzean:

a) Teknikariei laguntzea, laneko ingurunearen prebentzio-izaerako ebaluazioetan, bai eta, lege honen 40. artikuluak ezarritakoaren arabera, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileei laguntzea ere, horiek lantokietan egiten dituzten bisita eta egiaztapenetan, lan-arriskuak prebenitzeko arautegia betetzen dela egiaztatzeko. Ikuskatzaile horiei egin diezazkiekete egokitzat jotzen dituzten oharrak.

b) Eskura izatea, lege honen 22. artikuluko 4. idatz-zatian jaso mugekin, euren eginkizunak gauzatzeko adina informazio eta agiri, lan-baldintzen gainean, eta, bereziki, lege honen 18 eta 23. artikuluek jaso informazioa eta agiriak.

Informazioak muga horiek dituenean, informazio hori eman daiteke isil-gordearen errespetua bermatzen den ginoan bakarrik.

c) Enpresaburuaren informazioa jasotzea, langileen osasunean eragindako kalteen inguruan, enpresaburuak horien berri izan ondoren; lanalditik kanpo bada ere, gertaeren tokian ager daitezke prebentziorako eskuordeak, gertaeron inguruabarren berri izateko.

d) Enpresan babeseta prebentzio-jarduerez arduratzen diren pertsona edo organoek eta langileen segurtasun eta osasunerako eskumenak dituzten erakundeek enpresaburuari zein informazio eman eta enpresaburuarengandik informazio hori jasotzea, lege honen 40. artikuluak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean aritzeari buruz xedatutakoari kalterik egin gabe.

e) Lan-lekuetara bisitak egitea, ikuskatzeeta kontrol-lanak gauzatzeko, lan-baldintzen egoeraren gainean; horretarako, lan-lekuetako edozein gunetara sartu eta lanaldian langileekin komunika daitezke, ekoizpen-prozesuaren ohiko garapenari aldaketarik eragin gabe.

f) Enpresaburuarengandik lortzea prebentzio-izaerako neurriak, eta langileen segurtasun eta osasunaren babes-mailak hobetzeko neurriak hartzea; horretarako proposamenak egin diezazkiokete enpresaburuari, eta segurtasun eta osasuneko batzordeari, batzorde horretan proposamenok eztabaida daitezen.

g) Langileen ordezkaritza-organoari proposatzea 21. artikuluko 3. idatz-zatiak aipatu jarduerak geldiarazteko erabakia hartzea.

3. Prebentziorako eskuordeek artikulu honetako 1. idatz-zatiaren c) letraren arabera eman behar dituzten txostenak hamabost eguneko epean egin beharko dira, edo ahalik arinena hur-hurreko arriskuak prebenitzeko neurriak hartu behar direnean.

Epe hori igarotzen bada, txostenik eman gabe, enpresaburuak bere erabakia ezar dezake.

4. Artikulu honen 2. idatz-zatiko f) letraren arabera prebentziorako eskuordeak neurriak hartzea proposatu eta enpresaburuak erabakitzen badu neurri horiek ez hartzea, ezezko erabaki hori arrazoitua izan beharko da.

37. artikulua. Prebentziorako eskuordeen bermeak eta lanbide-isilpekoa

1. Langileen Estatutuaren 68. artikuluan bermeei buruz jasotakoa prebentziorako eskuordeei aplikatuko zaie, langileen ordezkari diren ginoan.

Lege honetan ezarri eginkizunak gauzatzeko, prebentziorako eskuordeen denbora ordezkaritza-eginkizunak betetzeko dela ulertuko da, Langileen Estatutuaren 68. artikulu horretako e) letran jaso hileroko ordu ordainduen kreditua erabiltzeko.

Hori gorabehera, benetako lan-denbora gisa hartuko da beti, aipatu orduen kredituari egotzi gabe, segurtasun eta osasuneko batzordearen batzarrak egiteko denbora eta enpresaburuak arriskuak prebenitzeko arloan deitutako edozein batzar egiteko denbora, bai eta aurreko artikuluko 2. zenbakiko a) eta c) letretan ezarri bisitak egiteko denbora ere.

2. Enpresaburuak prebentziorako eskuordeei eman beharko dizkie euren eginkizunak gauzatzeko behar diren prebentzio-arloko tresnak eta prestakuntza.

Prestakuntza enpresaburuak emango du, bere baliabideen bidez edo gai horretan espezializatuak diren erakundeekin hitzarmena eginda; prestakuntza hori egokitu beharko da arriskuen bilakaeraren arabera eta ager daitezkeen arrisku berrien arabera, eta, hala behar izanez gero, aldian-aldian errepikatu beharko da.

Prestakuntzan erabilitako denbora lan-denbora gisa hartuko da ondore guztietarako, eta horren kostua ez zaie ezarriko inola ere prebentziorako eskuordeei.

3. Prebentziorako eskuordeei aplikatuko zaie Langileen Estatutuaren 65. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa, enpresan euren jardunaren ondorioz eskura izan ditzaketen informazioen inguruan izan beharreko lanbide-isilpekoari dagokionez.

4. Artikulu honetan prebentziorako eskuordeen bermeen eta lanbide-isilpekoaren inguruan xedatutakoa igorriko da arauketa jakin batera, administrazio publikoen zerbitzupeko langileen administrazioedo estatutu-izaerako harremanetan. Arauketa hori izango da administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei, lan-baldintzen zehaztapenari eta partaidetzari buruzko ekainaren 12ko 9/1987 Legearen 10. artikuluko 2. paragrafoan eta 11. artikuluan jasotakoa.

38. artikulua. Segurtasun eta osasuneko batzordea

1. Segurtasun eta osasuneko batzordea parte hartzeko erakunde parekidea eta kide anitzekoa da, lan-arriskuak prebenitzeko arloan enpresaren jardunak erregulartasunez eta aldizkakotasunez kontsultatzeko.

2. Segurtasun eta osasuneko batzordea eratuko da 50 langile edo gehiago dituzten enpresa edo lantoki guztietan.

Batzordea osatuko dute, batetik, prebentziorako eskuordeek eta, bestetik, enpresaburuak edota beraren ordezkariek, prebentziorako eskuordeen kopuru berean.

Segurtasun eta osasuneko batzordearen batzarretan parte hartuko dute, hitz egiteko aukerarekin baina botorik gabe, sindikatu-eskuordeek eta aurreko lerrokadak aipatu osaketara biltzen ez diren enpresako prebentzioaren arduradun teknikoek.

Baldintza berdinetan parte har dezakete organo horretan eztabaidatzeko arazoen gainean kualifikazio edo informazio berezia duten enpresako langileek eta enpresatik kanpoko prebentzio-teknikariek, betiere, ordezkaritzetako batek batzordean hala eskatuta.

3. Segurtasun eta osasuneko batzordea batzartuko da hiru hilabetero eta batzorde horren ordezkaritzetako batek eskatzen duenean beti.

Batzordeak onetsiko ditu bere jardunbiderako arauak.

Segurtasun eta osasuneko batzordea duten lantoki batzuez osatutako enpresek euren langileekin batera akorda dezakete lantokien arteko batzordea eratzea, akordio horrek eratxikitako eginkizunak izango dituena.

39. artikulua. Segurtasun eta osasuneko batzordearen eskumenak eta ahalmenak

1. Segurtasun eta osasuneko batzordeak hurrengo eskumenak izango ditu:

a) Enpresan dauden arriskuak prebenitzeko planak eta programak egin, abian jarri eta ebaluatzean parte hartzea.

Horretarako, batzordean eztabaidatuko dira, abian jarri aurretik eta arriskuak prebenitzeko duten eraginari dagokionez, plangintzari, lanaren antolaketa eta teknologia berriak sartzeari, lege honen 16. artikuluak aipatzen dituen babeseta prebentzio-jardueren antolaketa eta garapenari, eta prebentzio-arloko prestakuntzaren egitasmo eta antolaketari buruzko proiektuak.

b) Arriskuak benetan prebenitzeko metodo eta prozedurei buruzko ekimenak sustatzea, enpresari baldintzak hobetzea edo dauden akatsak zuzentzea proposatuz.

2. Segurtasun eta osasuneko batzordeak ondoko ahalmenak izango ditu, bere eskumenak egikaritzean:

a) Lantokian arriskuen prebentzioak duen egoeraren berri zuzenean izatea, horretarako egokitzat jotzen dituen bisitak eginez.

b) Bere eginkizunak gauzatzeko beharrezkoak diren lan-baldintzen inguruko agiri eta txostenen berri izatea, bai eta, hala denean, prebentzio-zerbitzuaren jardueraren ondoriozko agiri eta txostenen berri izatea ere.

c) Langileen osasunean edo osotasun fisikoan eragindako kalteen berri izatea eta kalteok aztertzea, kalte horien arrazoiak balioetsi eta kasuan kasuko prebentzio-neurriak hartzeko.

d) Prebentzio-zerbitzuen urteroko oroitidazkiaren eta programazioaren berri izatea, eta horiek informatzea.

3. Lantoki batean jarduerak aldi berean gauzatzen direnean, enpresek izan behar duten elkarlanari dagokionez lege honek xedatutakoa betetzeko, segurtasun eta osasuneko batzordeen baterako batzarrak egitea erabaki daiteke edo, horrelakorik izan ezean, mota horretako batzordeak ez dituzten enpresetako prebentziorako eskuordeen eta enpresaburuen baterako batzarrak. Halaber, koordinatuta jarduteko beste neurri batzuk hartzea erabaki daiteke.

40. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlana

1. Langileek eta euren ordezkariek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzara jo dezakete, uste badute hartutako neurriak eta enpresaburuak erabilitako bideak ez direla nahiko, segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

2. Lantokietara egiten diren bisitetan, lan-arriskuen prebentzioari buruzko arautegia betetzen dela ziurtatzeko, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak bertara doala komunikatu behar die enpresaburuari edo horren ordezkariari zein ikuskatu beharreko pertsonari, segurtasun eta osasuneko batzordeari, prebentziorako eskuordeari edo, horrelakorik izan ezean, langileen lege-ordezkariei, bisitak iraun bitartean horiek lagundu eta egokitzat jotzen dituzten oharrak egin diezazkioten; ikuskatzaileak ez ditu komunikazioak egingo, uste badu horiek kalte egin diezaioketela bere eginkizunen emaitza onari.

3. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak informatuko ditu prebentziorako eskuordeak, aurreko idatz-zatiak aipatu bisiten emaitzen gainean eta horien ondorioz hartutako neurrien gainean, bai eta enpresaburua ere, lantoki bakoitzean izan behar den Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Bisita-liburuan eginbidea jasota.

4. Ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundeak eta enpresaburuen erakundeak kontsultatuko dira, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak laneko arriskuak prebenitzeko arloan jarduteko planak egin aurretik, bereziki, sei langile baino gutxiagoko enpresentzako programa bereziak egin aurretik. Orobat, plan horien emaitzen gaineko informazioa emango zaie hauei.

VI. KAPITULUA Fabrikatzaile, inportatzaile eta hornitzaileen betebeharrak

41. artikulua. Fabrikatzaile, inportatzaile eta hornitzaileen betebeharrak

1. Makina, ekipamendu, produktu eta lanabesen fabrikatzaile, inportatzaile eta hornitzaileek nahitaez ziurtatu behar dute halakoak ez direla langileentzat arriskutsuak, baldin eta horiek eurek gomendatutakoaren arabera instalatu eta eurek gomendatutako baldintzetan, moduan eta helburuetarako erabiltzen badira.

Lanean erabiltzen diren produktu eta substantzia kimikoen fabrikatzaile, inportatzaile eta hornitzaileek nahitaez ontziratu eta etiketatu behar dituzte horiek, segurtasun-baldintzetan kontserbatu eta maneiatzeko, eta halakoen edukia eta halakoak biltegiratzeak edo erabiltzeak langileen segurtasun edo osasunerako dituen arriskuak modu argian identifikatzeko.

Aurreko bi lerrokadetan aipatu subjektuek informazioa eman beharko dute, langileek horiek erabiltzeko modu zuzena, hartu beharreko prebentzio-neurri gehigarriak eta horiek ohiko moduan erabiltzearen zein modu ezegokian maneiatu edo erabiltzearen ondoriozko lan-arriskuak zehazteko.

Langileak babesteko osagaien fabrikatzaileek, inportatzaileek eta hornitzaileek nahitaez ziurtatu behar dute halakoen eragingarritasuna, baldin eta horiek eurek gomendatutakoaren arabera instalatzen badira, eta eurek gomendatutako baldintzetan eta moduan erabiltzen badira.

Horretarako, informazioa eman beharko dute, osagai horiek babesten duten arrisku-mota, arrisku-mota horren aurkako babes-maila, eta osagaiak zuzen erabili eta mantentzeko moduaren gainean.

Fabrikatzaileek, inportatzaileek eta hornitzaileek enpresaburuei eman beharko diete, eta enpresaburuek horiengandik jasoko dute, behar besteko informazioa, makina, ekipamendu, produktu, lehengai eta lanabesen erabilera eta maneiua langileen segurtasun eta osasunerako arriskurik gabekoa izan dadin, bai eta enpresaburuek langileei begira euren informazio-betebeharrak betetzeko aukera izan dezaten.

2. Enpresaburuak bermatu beharko du aurreko idatz-zatiak aipatu informazioak langileei ematen zaizkiela, langile horiek ulertzeko moduan eman ere.

VII. KAPITULUA Erantzukizunak eta zehapenak

42. artikulua. Erantzukizunak eta horien arteko bateragarritasuna

1. Enpresaburuek lan-arriskuak prebenitzeko dituzten betebeharrak ez-betetzeak administrazio-erantzukizunak sortuko ditu, bai eta, hala denean, zigor-erantzukizunak eta ez-betetze horrek erator ditzakeen kalte-galeren ondoriozko erantzukizun zibilak ere.

2. Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

3. Prozedura zehatzaileak eratorritako administrazio-erantzukizunak bateragarriak izango dira eragindako kalte-galeren ondoriozko kalte-ordainekin eta Gizarte Segurantzaren Sistemako prestazio ekonomikoen gaineko errekarguarekin. Errekargu hori ezar dezake Gizarte Segurantzaren Sistemako arautegiaren arabera eskuduna den organoak.

4. Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

5. Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

43. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren agindeiak

1. Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak egiaztatzen duenean lan-arriskuak prebenitzeko arautegia hautsi dela, enpresaburuari aginduko dio antzemandako akatsak ongitzea, salbu eta, arriskuak larriak eta hur-hurrekoak izateagatik, 44. artikuluan ezarri geldiaraztea erabaki daitekeenean.

Hori guztia hala da, kasuan kasuko zehapen-proposamena gorabehera.

2. Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak egindako agindeiaren berri idatziz emango zaio ustez erantzule den enpresaburuari, antzemandako irregulartasunak edo akatsak aipatuz eta horiek ongitzeko epea ezarriz.

Orobat, agindei horren berri emango zaie prebentziorako eskuordeei.

Agindeia betetzen ez bada, eta egitate arau-hausleek bere horretan jarraitzen badute, Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak egitate horien ondoriozko arau-hausteen akta jasoko du, hasieran horrelakorik jaso ezean.

3. Lege honen 9.2 artikuluak aipatu funtzionario publikoek, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari laguntzeko eta horrekin elkarlanean aritzeko dituzten eginkizunak gauzatzean, egindako agindeiek izango dituzte aurreko idatz-zatian ezarri betekizun eta ondoreak. Agindei horiek Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Bisita-liburuan jaso daitezke, erregelamendu bidez zehaztutakoaren arabera.

44. artikulua. Lanak geldiaraztea

1. Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak egiaztatzen duenean lan-arriskuak prebenitzeko arautegia aintzat ez hartzeak, bere ustez, langileen segurtasun eta osasunerako arrisku larri eta hur-hurrekoa dakarrela, lan edo zeregin horiek berehala geldiaraztea agin dezake.

Neurri hori enpresa erantzuleari komunikatuko zaio, eta horrek geldiaraztearen berri emango die ukitutako langileei, segurtasun eta osasuneko batzordeari, prebentziorako eskuordeari edo, horrelakorik izan ezean, langileen ordezkariei.

Enpresa erantzuleak jakinarazpen horren berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileari.

Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak berehala bere erabakiaren berri emango dio lan-agintaritzari.

Enpresak erabakia aurkara dezake lan-agintaritzan, hiru egun balioduneko epean, nahiz eta erabakia berehala bete. Aurkaratze hori hogeita lau orduko epean ebatzi beharko da.

Ebazpen hori betearazlea izango da, horren aurka jar daitezkeen errekurtsoak gorabehera.

Lanen geldialdia bertan behera utziko du hori agindu duen Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak, edo enpresaburuak, geldialdi hori eragin zuten arrazoiak desagertzen diren unean bertan. Azken kasu horretan, enpresaburuak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari komunikatuko dio hori.

2. Artikulu honetan araututako geldialdiak eta lege honen 7. artikuluko 2. idatz-zatiko jardueren arautegian jasotako geldialdiak ulertuko dira, betiere, alokairuen ordainketari, bidezkoak diren kalte-ordainei eta horiek bermatzeko har daitezkeen neurriei kalterik egin gabe.

45. artikulua. Administrazio-izaerako arau-hausteak

1. Hori gorabehera, administrazio publikoen zerbitzupeko langile zibilen harremanetan, arau-hausteek erantzukizunak izango dituzte; hartara, agintaritza eskudunak emandako ebazpenaren ondorioz ezarri kasuan kasuko ez-betetzeen gaineko neurri zuzentzaileak bete beharko dira, horretarako ezarri prozeduraren arabera.

Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, Gobernuak arautuko du prozedura hori, ondoko printzipioekin bat etorriko dena:

a) Prozedura Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren organo eskudunak hasiko du, gorago dagoenaren aginduz, bere ekimenez edo langileen ordezkariek hala eskatuta.

b) Ikuskatzailetzak, jardun ostean, hartu beharreko neurrien eta neurri horiek betearazteko epearen gaineko agindeia egingo du. Agindei horren berri emango zaio ikuskatutako administrazio-unitateari, alegazioak egin ditzan.

c) Prozedura hori aplikatzearen ondorioz, ministro eskudunek ezbaiak badituzte, Ministroen Kontseiluari helaraziko zaizkio jardunak, horrek azken erabakia har dezan.

2. Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

46. artikulua. Arau-hauste arinak

Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

47. artikulua. Arau-hauste astunak

Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

48. artikulua. Arau-hauste oso astunak

Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

49. artikulua. Zehapenak

Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

50. artikulua. Berrerortzea

Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

51. artikulua. Arau-hausteak preskribatzea

Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

52. artikulua. Zehapenen inguruko eskumenak

Indargabetuta, Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 189. zk., 2000ko abuztuaren 8koa).

53. artikulua. Etetea edo lantokia ixtea

Gobernuak edo, hala denean, arlo honetan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako gobernu-organoek erabaki dezakete lan-jarduerak aldi jakin batean etetea, laneko segurtasun eta osasunaren arloko arau-hausteek aparteko astuntasuneko inguruabarrak dituztenean, edo, egoerarik txarrenean, kasuan kasuko lantokia ixtea, betiere, alokairuen ordainketari edo bidezko kalte-ordainei eta horiek bermatzeko har daitezkeen neurriei kalterik egin gabe.

54. artikulua. Administrazioarekin kontratuak egiteko ahalmenaren mugak

Administrazioarekin kontratuak egiteko ahalmenaren mugak, laneko segurtasun eta osasunaren arloan egindako delituengatik edo administrazio-izaerako arau-hauste oso astunengatik, maiatzaren 18ko 13/1995 Legeak, Administrazio Publikoetako Kontratuei buruzkoak, arautuko ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Definizioak, Gizarte Segurantzaren ondoreetarako

Lege honek laneko arriskuak prebenitzeko arautegiaren esparruan erabiltzen dituen definizioak gorabehera, lan-arriskuaren, lanbide-gaixotasunaren eta gaixotasun arruntaren kontzeptuak nahiz Gizarte Segurantzaren arautegian gertakizun horientzat jasotako araubide juridikoa aplikagarri izango dira, arautegi horren esparruan duten esangurarekin eta esparru horretan ezarri ondoreekin.

Bigarrena. Berrantolatze organikoa

Deuseztatuta geratzen da Enpresako Mediku-zerbitzuen Antolakundea; horren eginkizunak administrazio sanitario eskudunak gauzatuko ditu, lege honek ezarritakoaren arabera.

Gaur egun Medikuntza eta Laneko Segurtasunaren Institutu Nazionalak eta Laneko Medikuntzaren Eskolak dituzten baliabide eta eginkizunak Osasun eta Kontsumo Ministerioaren unitate, organismo edo erakundeei eratxiki zaizkie, eta horiexek egikarituko dituzte, ministerio horren eskumenen barne-antolaketa eta banaketaren arabera.

Silikosiaren Institutu Nazionalak eutsi egingo dio bihotz eta arnasa-sisteman eragina duten lanbide-gaixotasunen prebentzio tekniko-sanitarioaren erreferentzia-zentro nazionalaren izaerari.

Hirugarrena. Oinarrizko izaera

1. Lege honek, bai eta 6. artikuluan ezarritakoaren arabera Gobernuak emandako erregelamenduek ere, osatzen dute Konstituzioaren 149.1.7 artikuluaren babesean emandako lan-legeria.

2. Administrazio publikoaren zerbitzupean administrazioedo estatutu-izaerako harremanak dituzten langile zibilei lege hau aplikatuko zaie hurrengoaren arabera:

a) Jarraian aipatuko diren artikuluak oinarrizko arauak dira Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan ezarritakoaren ildotik:

2.

3, 1. idatz-zatia eta 2. idatz-zatia, bigarren lerrokada izan ezik.

4.

5, 1. idatz-zatia.

12.

14, 1. idatz-zatia, 2. idatz-zatia, IV. kapitulura egindako igorpena izan ezik, eta 3, 4 eta 5. idatz-zatiak.

15.

16.

17.

18, 1. idatz-zatia eta 2. idatz-zatia, V. kapitulura egindako igorpena izan ezik.

19, 1. idatz-zatia eta 2. idatz-zatia, enpresak bere zerbitzuak edo hitzartutakoak erabilita prestakuntza emateari buruz ezarritakoa izan ezik.

20.

21.

22.

23.

24, 1, 2 eta 3. idatz-zatiak.

25.

26.

28, 1. idatz-zatiaren 1 eta 2. lerrokadak, 2 eta 3. idatz-zatiak eta 4. idatz-zatia, aldi baterako laneko enpresei dagokienez izan ezik.

29.

30, 1. idatz-zatia, 2. idatz-zatia, 6.1.a) artikulura egindako igorpena izan ezik, 3. idatz-zatia eta 4. idatz-zatia, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginera egindako igorpena izan ezik.

31, 1. idatz-zatia, 6.1.a) artikulura egindako igorpena izan ezik, eta 2, 3 eta 4. idatz-zatiak.

33.

34, 1. idatz-zatiko 1. lerrokada, 2. idatz-zatia eta 3. idatz-zatia, bigarren lerrokada izan ezik.

35, 1. idatz-zatia, 2. idatz-zatiko 1. lerrokada, 4. idatz-zatiko 3. lerrokada.

36, Segurtasun eta osasuneko batzordearen inguruan egindako aipamenak izan ezik.

37, 2 eta 4. idatz-zatiak.

42, 1. idatz-zatia.

45, 1. idatz-zatiko 3. lerrokada.

Laugarren xedapen gehigarria. Prebentziorako eskuordeak izendatzea egoera berezietan.

Xedapen iragankorra, 3. idatz-zatia.

Oinarrizko izaera bera izango dute lege honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera Gobernuak emandako erregelamenduek, hala dagokienean.

b) Autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen esparruan, legeak lan-agintaritzei, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari eratxikitako eginkizunak beste organo batzuei eratxiki dakizkieke.

c) Gainerako manuak orokorrean aplikatuko dira, administrazio publikoek arautegi berezia eman ezean, salbu eta manu horiek, euren laneko izaera juridikoa dela eta, administrazio publikoei aplikatu ezin zaizkienean.

3. Lege honen 54. artikulua da Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren babesean emandako administrazio-kontratuen oinarrizko legeria.

Laugarrena. Prebentziorako eskuordeak izendatzea egoera berezietan

Langileen ordezkarientzako hauteskundeetan hautesleak edo hautagaiak izateko behar besteko antzinatasuneko langilerik ez egoteagatik, langileen ordezkaririk ez duten lantokietan, langileek gehiengoz aukera dezakete prebentziorako eskuordearen eskumenak egikarituko dituen langile bat; langile horrek izango ditu prebentziorako eskuordearen ahalmenak, bermeak eta lanbide-isilpekoaren ondoriozko betebeharrak.

Halakoen jarduna bertan behera geratuko da, langileen ordezkarien hauteskundeak egiteko antzinatasun-betekizunak dauden unean, baina jardun hori behar den beste denboraz luzatuko da, hauteskundeak benetan egin arte.

Bosgarrena. Fundazioa

1. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalari atxikita, fundazio bat egongo da. Fundazio horren xedea izango da laneko segurtasuneta osasun-baldintzen hobekuntza sustatzea, bereziki, enpresa txikietan, arriskuak prebenitzeko arautegia betetzeari buruzko informazio, laguntza tekniko, prestakuntza eta sustapen ekintzen bidez.

Prebentzio eta Birgaikuntza Funtsaren konturako ondarearekin hornituko da Fundazioa, bere xedeak bete ditzan; ondare hori eratuko da lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuek egindako kudeaketatik etorri soberakinen gaindikinarekin.

Ondare horren zenbateko osoak ez du gaindituko aipatu Funtsaren 100eko 20; zenbateko hori zehaztuko da lege hau indarrean jartzeko unean.

Fundazioaren estatutuak Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalak onetsiko ditu, bere kideen bi herenak horren alde emandako botoarekin.

Fundazioak bere xedeak hobeto bete ditzan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin elkarlanean aritzeko lotura eratuko da.

Lurralde-esparru desberdinetako ekintzen plangintza, garatze eta finantzaketak kontuan hartuko ditu lan egiten duen biztanleria, enpresen tamaina eta lan-ezbeharren tasa.

Fundazioak laneko segurtasun eta higienearen arloan lan-legeria betearazteko eskumenak dituzten lurralde-esparru autonomikoei esleitu aurrekontuak lurralde-esparru horietako hiru alderdiko eta instituzio-partaidetzarako organoei eratxikiko zaizkie, horiek kudea ditzaten; organo horiek Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalaren antzeko izaera izan behar dute.

Jarduera-sektoreetan enpresaburuek eta langileek osatutako sektore-esparruko fundazioak izan eta fundazio horien xedeen artean laneko segurtasuneta osasun-baldintzak hobetzeko jarduerak sustatzea dagoenean, fundazioaren xede eta helburuak horiekin koordinatuta garatuko dira beti.

2. Fundazioaren xedeak behar bezala betetzea bermatzeko, ondare-ekarpenak egin dakizkioke Fundazioari, aurreko idatz-zatian aipatu Prebentzio eta Birgaikuntza Funtsaren kontura, erregelamendu bidez ezarritako aldietan eta zenbatekoan.

Seigarrena. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionala eratzea

Gobernuak, lege hau indarrean jarri eta hiru hileko epean, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalaren osaketa arautuko du.

Batzordea hurrengo hogeita hamar egunetako epean eratuko da.

Zazpigarrena. Merkatu-gai arriskutsuen garraioaren arautegia betetzea

Lege honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo merkatu-gai arriskutsuen garraioaren arautegiak eratorri betebeharrak betetzeari.

Zortzigarrena. Prebentzio-jarduerak antolatzeko planak

Ministerioko sail bakoitzak, lege hau indarrean jarri eta sei hileko epean, eta aldez aurretik ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundeak kontsultatuta, akordio-proposamena helaraziko dio Ministroen Kontseiluari. Proposamen horretan jasoko da sail bakoitzeko eta horren mendeko zentro, erakunde eta edozein motatako establezimenduen prebentzio-jardueren antolaketarako plana.

Proposamen horrekin batera nahitaez ekarri beharko da proposatutako antolaketak duen kostuaren argibide-oroitidazkia, bai eta plana betearazteko egutegia ere, horrekin bat datozen aurrekontuen aurreikuspenarekin.

Bederatzigarrena. Establezimendu militarrak

1. Gobernuak, sei hileko epean, lege honen III eta V. kapituluetako arauak egokituko ditu, defentsa nazionalaren betekizunetara, berezitasun organikoetara eta establezimendu militarretako langileak ordezkatzeko indarrean dagoen araubidera, aldez aurretik ordezkaritza handieneko sindikatu-erakundeak kontsultatuta, eta Defentsa eta Lan eta Gizarte Segurantzaren ministroek hala proposatuta.

2. Indarrean iraungo dute, administrazio militarraren esparruan, lan-agintaritzaren, eta Laneko Ikuskatzailetzaren antolaketa eta eskumenari buruzko xedapenek; xedapen horiek dira Langileen Estatutuaren azken xedapenetatik zazpigarrena garatzeko eman zen ekainaren 13ko 2205/1980 Errege-dekretuan jasotakoak.

Bederatzigarrena bis. Langile militarrak

Lege honen III, V eta VII. kapituluetan ezarritakoa aplikatuko da militarren arautegi bereziarekin bat etorriz.

Hamargarrena. Kooperatiba-sozietateak

Alokairukorik ez duten kooperatiba-sozietateetan, lege honen 35. artikuluan arautu prebentziorako eskuordeak izendatzeko prozedura kooperatiba-sozietate horien estatutuetan jaso beharko da, edo biltzar orokorrean horren gaineko erabakia hartu beharko da.

Lan pertsonala egiten duten bazkideez gain, alokairukoak daudenean, bi kolektibo horiek kontuan hartuko dira 35. artikuluko 2. zenbakian xedatutakoaren ondoreetarako.

Kasu horretan, prebentziorako eskuordeak batera izendatuko dituzte lan egiten duten bazkideek zein alokairuko langileek edo, hala denean, azken horien ordezkariek.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen 37. artikuluko 3. idatz-zatiari f) letra gehitzen zaio, ondoko esanguran: «f) Behar den beste denbora, erditu aurreko azterketak eta erditzea prestatzeko teknikak egiteko, horiek lanaldian egin behar badira».

Hamabigarrena. Instituzio-partaidetza, autonomia-erkidegoetan

Autonomia-erkidegoetan, instituzio-partaidetza izango da, horien egitura eta antolaketari dagokionez, autonomia-erkidego horiek laneko segurtasun eta osasunaren arloan dituzten eskumenen araberakoa.

Hamahirugarrena. Prebentzio eta Birgaikuntza Funtsa

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 73. artikuluak aipatu lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuek kudeaketa egiten dute. Kudeaketa horretatik etorri soberakinen gaindikinarekin Prebentzio eta Birgaikuntza Funtsa eratzen da, eta horren baliabideak erabiliko dira, erregelamendu bidez zehaztutako zenbatekoan, Gizarte Segurantzaren lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuek prebentzio-zerbitzu gisa gauza ditzaketen jardueretan, lege honen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hamalaugarrena. Eraikintza-obretan prebentzio-baliabideak egotea

1. Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 32bis artikuluak xedatutakoa aplikatuko da urriaren 24ko 1627/1997 Errege-dekretuak, eraikintza-obretan segurtasun eta osasunaren gutxieneko xedapenak ezartzeari buruzkoak, arautu eraikintza-obretan, ondoko berezitasunekin:

a) Prebentzio-baliabideak nahitaez egon beharra kontratari bakoitzari aplikatuko zaio.

b) Lege honen 32bis artikuluaren 1. idatz-zatiko a) paragrafoan jasotako egoeran, kontratari bakoitzaren prebentzio-baliabideak egotea beharrezkoa izango da, obrak iraun bitartean, arrisku bereziko lanak gauzatzen direnean, aipatu errege-dekretuan zehaztutakoaren arabera.

c) Prebentzio-baliabideak nahitaez egotearen xedea da laneko segurtasuneta osasun-planera bildutako neurriak betetzen direla zaintzea, bai eta neurri horien eragingarritasuna egiaztatzea ere.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoak ez die kalterik egingo obra betearazi bitartean segurtasuneta osasun-arloko koordinatzaileak dituen betebeharrei.

Hamabosgarrena. Funtzionario publikoen gaikuntza

Lege honen 9. artikuluko 2. idatz-zatian jaso betekizunak bete ahal izateko, autonomia-erkidegoetako funtzionarioek izan beharko dute euren autonomia-erkidegoak luzatutako gaikuntza berezia, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

Edozein kasutan ere, funtzionario horiek A edo B titulazio-taldeetakoak izan beharko dira, eta lan-arriskuak prebenitzeko arloan prestakuntza berezia dutela egiaztatu beharko dute.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Xedapen mesedegarriagoak aplikatzea

1. Lege honen 36 eta 37. artikuluetan prebentziorako eskuordeen eskumen, ahalmen eta bermeen inguruan xedatutakoak ez dio kalterik egingo lege hau indarrean jartzeko unean indarrean zeuden hitzarmen kolektiboek ezarri xedapen mesedegarriagoen errespetuari, langileek, lan-arriskuak prebenitzearen eretzean, informazio-, kontsultaeta partaidetza-eskubideak egikaritzeko.

2. Lan-arriskuak prebenitzeko langileen ordezkaritza-organo bereziek, hala denean, aurreko idatz-zatiak aipatu hitzarmen kolektiboetan jaso badira eta lege honen 36 eta 37. artikuluetan ezarri gutxieneko edukia errespetatzen duen eskumen-, ahalmeneta berme-araubidea badute, euren eginkizunak gauzatzen jarrai dezakete, prebentziorako eskuordeen ordez, salbu eta langileen lege-ordezkaritzako organoak erabakitzen duenean halako eskuordeak izendatzea, 35. artikuluko prozeduraren arabera.

3. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa aplikatuko zaie, berebat, funtzio publikoaren esparruan egindako akordioei, uztailaren 19ko 7/1990 Legeak, enplegatu publikoen negoziazio kolektiboari eta horiek lan-baldintzen zehaztapenean parte hartzeari buruzkoak, xedatutakoaren babesean.

Bigarrena.

Lan-arriskuen prebentzio-zerbitzuak arautuko dituen erregelamendua onetsi arte, ulertuko da Gizarte Segurantzaren lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutuek betetzen dutela lege honen 31.5 artikuluan jaso betekizuna.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Indargabetzearen norainokoa

Indarrik gabe geratzen dira lege honen aurkako xedapen guztiak eta bereziki:

a) Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko apirilaren 7ko 8/1988 Legearen 9, 10, 11, 36. artikuluaren 2. idatz-zatia, 39. artikulua eta 40. artikuluaren bigarren lerrokada.

b) 1957ko uztailaren 26ko Dekretua, emakumeei eta adingabeei debekatutako lanak ezarri dituena, arautegi horretatik emakumeen lanarekin zerikusia duten aldeetan. Indarrean iraungo dute adingabeen lanarekin zerikusia duten aldeek, Gobernuak garatu arte 27. artikuluko 2. idatz-zatian jasotako xedapenak.

c) 1971ko martxoaren 11ko Dekretua, laneko segurtasun eta higienearen batzordeen eratze, osatze eta eginkizunei buruzkoa.

d) Laneko Segurtasun eta Higienearen Ordenantza Orokorraren I eta III. tituluak, 1971ko martxoaren 9ko Aginduak onetsitakoak.

Lege honetan ezarritakoaren aurkakoak ez diren aldeetan, eta 6. artikuluak aipatzen dituen erregelamenduak eman arte, artikulu horretan jasotako gaien arauketa aplikatuko da; arauketa hori jaso da Laneko Segurtasun eta Higienearen Ordenantza Orokorraren II. tituluan edo gai horien inguruko xedapen bereziak jaso dituzten beste arau batzuetan. Lan-istripuak jakinarazteko ereduak ezarri dituen Lan Ministerioaren 1987ko abenduaren 16ko Agindua ere aplikatuko da.

Era berean, indarrean iraungo dute enpresako mediku-zerbitzuak arautu dituzten xedapenek, lege honen prebentzio-zerbitzuen inguruko xedapenak erregelamendu bidez garatu arte.

Lege hau indarrean jartzeko unean zerbitzu horietako langileak kasuan kasuko enpresen prebentzio-zerbitzuetan sartuko dira, zerbitzu horiek eratzen direnean, nahiz eta langile horiek prebentzio-zerbitzukoak ez diren eginkizunak izan eta halakoak gauzatzen jarraitu.

Lege honek ez du ukitzen Meatzarien Estatutua onetsi duen abenduaren 21eko 3255/1983 Errege-dekretuaren IV. kapituluan, eta hori garatzeko arauetan jaso meategietako lanbide-arriskuen prebentzioari buruzko xedapen berezien indarraldia, ezta Meatzaritzako Araubiderako Erregelamendu Orokorra onetsi duen abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege-dekretuko eta Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorra onetsi duen apirilaren 2ko 863/1985 Errege-dekretuko xedapenen indarraldia, ez eta azken horren xedapen osagarriena ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Zehapenak eguneratzea

Gobernuak egunera dezake 49. artikuluko 4. idatz-zatiak aipatu zehapenen zenbatekoa, Lan eta Gizarte Segurantzaren ministroak hala proposatuta; eguneratze horretara egokituko da lege honen 52. artikuluko 1. idatz-zatian ezarri eskumenen eratxikipena.

Bigarrena. Indarrean jartzea

Lege hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hiru hilabete igaro ondoren jarriko da indarrean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra