Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

Martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretua, Lan-harremanei buruzkoa

1977-03-04

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1977/3/9, 58. zk.

Martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretua, Lan-harremanei buruzkoa

EAO, 58. zk., martxoaren 9koa

Indarrean dagoen Zuzenbidean, lan-harremanen arauketa politika esku-hartzailearen ondorioa da. Hain zuzen ere, politika horrek aurrerapauso nabarmenez beteriko aro luzea ekarri du gizarte-arloan.

Nazioak gero eta hurbilago du esparru politiko berria, eta, ondorenez, komeni da arautegia sakon eraldatzea, lan-harremanen askatasun-printzipioan oinarrituta, Mendebaldeko Europan, gure kulturako herrialdeetan nagusi diren sistema juridikoekin bat etortzeko.

Ildo horretatik doa, joan ere, errege lege-dekretu hau osatzen duen arau-multzoa. Bada, ikuspegi instituzionalaren aldetik, luzaezinak diren eguneratzeei ekin zaie, baina horien edukia osatzeko premia ahaztu gabe. Hain zuzen, eduki hori osatzeko kontuan hartu behar da sindikatu-egiturak eraldatzeko prozedurak duen garapena.

I. Greba

Maiatzaren 22ko 5/1975 Errege Lege-dekretua, Lan-gatazka kolektiboen arauketari buruzkoa, garrantzitsua izan zen lan-legeriaren bilakaera historikoan, grebara jotzea legitimatu baitzuen, lege-testuak ezarri eduki- eta forma-betekizunak betez gero.

Grebak, urte askotan delitu gisa hartutako gizarte-fenomenoa, askatasun-aro batera iragan zuen.

Sistema berriaren garrantziak komenigarri egiten zuen, zuhurtziazko arrazoiak zirela bide, greba legitimora jotzeko prozedura zorrotza ezartzea, eta horretarako muga batzuk zehaztea.

Hartara, grebak ezin gaindi zezakeen enpresa-esparrua, ezin zitzakeen elkartasun-arrazoiak oinarri izan, eta ezin zitzakeen ukitu zerbitzu publikoak edo premia ageri eta luzaezinezko zerbitzuak emateko enpresak.

Baldintza horiek, eta azkenaldiko aldaketa politikoek areagoturiko gizarte-dinamikak agerian jarri dute indarreko arauak ordezteko beharrizana. Egin-eginean ere, arau berriek greba-eskubidea jaso behar dute, greba-eskubidea egikaritzeko prozedura arindu behar dute, eta, gizartean garrantzi handiagoa duten interesak babesteko, greba-eskubidearen mugak ere ezarri behar dituzte.

Horren ondorioz, arauketa berrian ezabatu egin da aurretiaz egin beharreko negoziazio nahitaezko eta ofiziala; langileek erabakiko dute hitzartutako lanuztea noiz egin, inolako auzialditik igaro beharrik gabe, baina, zentzuzkoa denez, eutsi egingo zaio aurreabisua eman beharrari.

Edukiaren ikuspuntutik, honako hauek dira aldarazpen nabarmenak: Zerbitzu publikoetako enpresei greba egiteko aukera aitortzea, nahitaez Zigor Kodearen 222. artikulua aldaraztea dakarrena.

Zilegi ez diren kasuak zehatz-mehatz zehaztu direnez, kasu horietan izan ezik, greba zilegi dela uste izatea.

Greba-batzordea aitortzea, gatazkan dauden langileen ordezkaritza-organo gisa.

Grebak Gizarte Segurantzaren harreman juridikoetan dituen ondoreak arautzea.

Ugazabek enpresa ixteko ez da behar administrazio-baimenik, baina soil-soilik erantzun-izaerako ixteak onartzen dira. Beraz, lan-jurisdikzioaren eskumena da, enpresa ixtea eta horren ondoreak zilegiak diren ala ez erabakitzea.

II. Gatazka kolektiboak

Greba-eskubidea aitortzeagatik eta, aurretiazko negoziazio ofizial eta nahitaezkoaren izapidea ezabatzean, eskubide hori egikaritzeko prozedura arintzeagatik, erabat indargabetu da maiatzaren 22ko 5/1975 Lege-dekretua, Lan-gatazka kolektiboak arautzeari buruzkoa, eta lan-izaerako grebari aplikatu beharreko arauketaz gain, lan-gatazka kolektiboak estatuko tartekaritzaren bidez konpontzeko prozedura jaso duena.

Horren ondorioz, komeni da azken prozedura hori modu autonomoan arautzea; izan ere, prozedura horri eutsiko zaio, alderdiek gatazka konpontzeko bide hori erabili nahi dutenean.

III. Laneko hitzarmen kolektiboak

Greba-eskubidea aitortzeak aldi berean dakar indarrean dagoen abenduaren 19ko 38/1973 Legea, Laneko Sindikatu-izaerako Hitzarmen Kolektiboei buruzkoa, aldaraztea, lege horren xedeak harmoniza daitezen sortutako egoera berriarekin.

Greba legitimatzeak, lan-izaerako erreibindikazio kolektiboak aurrera ateratzeko ekintza gisa, eta hitzarmena gizarte-bakerako benetako tresna dela ulertzeak eragin dute, batetik, eta modu orokorrean, hitzarmen berria ezartzeko ezintasuna, esparru bereko zein desberdineko hitzarmena indarrean dagoela, eta, bestetik, negoziazioak iraun bitartean, greba baimentzea, xedapen honetan gatazkak konpontzeko jaso diren beste bide batzuk gorabehera; Nahitaezko Tartekaritza Erabakia ezabatzea, lan-izaerako harreman kolektiboen esparrua askatuz; eta salaketarik ezaren ondoriozko luzapenetan gehitze automatikoa ezabatzea.

IV. Laneko gutxieneko baldintzen inguruan estatuak jarduera-adarren arabera egindako arauketa mugatzea

Geroz eta premia handiagoa dago, askotarikoak diren lan-harremanen araubidea arintzeko, eta lan-harreman juridikoak bultzatzeko, lan-zuzenbidearen iturri gisa. Premia horrek eraginda, komeni da, laneko gutxieneko baldintzak ezartzean, Laneko Sindikatu-izaerako Hitzarmen Kolektiboen Legeak eta lan-araudiek jarduera ekonomikoen edo enpresen arabera jasotako bikoiztasuna ezabatzea. Modu horretara, 1942ko urriaren 16ko Legearen erabilera mugatuko litzateke, hitzarmen kolektiborik gabeko ekoizpen-sektore eta lurralde-mugapeetara.

Alabaina, laneko gutxieneko baldintzak arautzeko sisteman egindako aldaketa horrek, jarduera-adarren edo -sektoreen arabera, ez ditu indargabetzen indarrean dauden lan-araudi eta lan-ordenantzak. Hurrean ere, lan-araudiek eta lan-ordenantzek indarrean iraungo dute, errege lege-dekretu honen ondoreak hasi ostean, kasuan kasuko sektore edo adarrean hitzartutako hitzarmen kolektibo berriek lan-araudietan eta lan-ordenantzetan xedatutakoa ordeztu arte.

V. Kaleratzea

Errege lege-dekretu honek jaso lan-harreman kolektiboen inguruko arauen edukia, modu bateratuan eta korrelatiboan, banakako kaleratzera egoki dadin, ezinbestekoa da banakako kaleratzea berriro arautzea, LANEk ezarritako irizpideen ildotik, eta Europako Ekonomia Erkidegoko herrialdeetan nagusi diren irizpideak aintzat hartuta.

Bi banakako kaleratze mota bereizi dira: diziplina-izaerakoa eta langilearen lanbide-gaitasunetik edo enpresa-jardunbidearen beharrizanetatik etorritakoa.

Lehenengoari dagokionez, egokitzat jo da Lan-kontratuaren Legearen 77. artikuluak jaso arrazoi zuzenei eustea, egungo arauketaren arabera eutsi ere. Hala ere, trebetasunik eza arrazoi horietarik bazter utzi behar da, eta, erruduntasunik ez dakarrenez, bigarren kaleratze-motaren behar besteko arrazoi gisa hartu.

Bigarren kaleratze-mota horren inguruan, aurreabisuaren erakundea arautu da, eta bi kaleratze-motentzat sendotu egin dira langileen ordezkarien aldeko bermeak, ordezkari horiek berriro hartu beharko baitira derrigorrean, kaleratzea bidegabea denean.

Kaleratzearen arauketa berriak sendotu egin du kaleratzearen izaera arrazoitua, eta kaleratze askea ezetsi.

VI. Plantillak berregituratzea

Lan-harreman kolektiboak askatu direnez, eta, horren ondorioz, negoziazio kolektiboa indartu denez, komeni da negoziazio kolektiboaren edukira biltzea dela prozedura berrien zehaztapena, dela kalte-ordainen zenbatekoa, dela ekonomia- eta teknologia-arrazoien ondorioz plantilla-berregituratzeetan aintzat hartu beharreko hurrenkerak, bai eta alderdien arteko adostasuna dagoenean, arauz ezarritako prozeduraren arintasuna ere.

Hori guztia dela bide, Ministroen Kontseiluak 1977ko martxoaren 4ko bileran hala proposatuta, Gorteak Eratzeko Legeak, apirilaren 20ko 779/1967 Dekretuak onetsi Oinarrizko Legeen testu bateginak, 13. artikuluan emandako ahalmena kontuan hartuta, eta lege horren 12. artikuluko lehenengo idatz-zatiak aipatu batzordea entzunda, hurrengoa xedatu dut:

LEHENENGO TITULUA GREBA-ESKUBIDEA

LEHENENGO KAPITULUA Greba

1. artikulua

Greba-eskubidea, lan-harremanen esparruan, errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren arabera egikari daiteke.

2. artikulua

Deusezak dira banakako lan-kontratuetako itunak, greba-eskubideari uko egitea edo eskubide horren beste edozelako murrizketa jasotzen dituztenak.

3. artikulua.

* 1. Greba aldarrikatzeko, horren esparrua edozein dela, nahitaezkoa da ildo horretatik doan esanbidezko erabakia hartzea, lantoki bakoitzean.

* 1981eko apirilaren 8ko KAEk konstituzioaren aurkakotzak jo ditu 1, 2.a eta 2.b idatz-zatiak.

2. Greba-aldarrikapena erabakitzeko ahalmena dute:

a) Langileek, euren ordezkarien bidez.

Erabakia hartuko da, ordezkari horien batzar bateratuan, gehiengoak hartutako erabakiaren bidez.

Batzarrera gutxienez ordezkarien 100eko 75 bertaratu beharko da, eta batzarraren akta jasoko da, bertaratutakoek sinatu beharko dutena.

b) Lantokiko langileek zuzenean, gatazkak ukitutakoak izan eta langileen 100eko 25ek erabaki horren inguruko botazioa egitea erabakitzen duenean.

Botazioa isilpekoa izan behar da, eta gehiengo soilez erabakiko da.

Botazioaren emaitza aktan jasoko da.

3. Langileen ordezkariek greba aldarrikatzeko erabakiaren berri eman behar diete ukitutako enpresaburuari edo enpresaburuei eta lan-agintaritzari.

Greba idatziz komunikatu, eta gutxienez greba hasi baino egutegiko bost egun lehenago jakinarazi beharko da.

Langileek botazio bidez zuzenean hartu dutenean greba aldarrikatzeko erabakia, aurreabisua emateko epea zenbatzen hasiko da, langileen ordezkariek enpresaburuari botazioa egin dela komunikatzen diotenetik aurrera.

Grebaren komunikaziora bildu behar dira grebaren xedeak, gorabeherak konpontzeko egindako kudeaketak, grebaren hasiera eta greba-batzordearen osaketa.

4. artikulua

Grebak ukitzen dituenean edozelako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak, enpresaburuari eta lan-agintaritzari greba-hasieraren inguruan eman beharreko aurreabisua izan behar da gutxienez egutegiko hamar egunekoa.

Langileen ordezkariek, greba hasi aurretik, behar besteko publizitatea egin beharko dute, zerbitzuaren erabiltzaileek grebaren berri izan dezaten.

5. artikulua

Gatazkak ukitu lantokiko langileak bakarrik hauta daitezke greba-batzordearen kide.

Greba-batzordea asko jota hamabi pertsonaz osa daiteke.

Greba-batzordeari dagokio gatazka konpontzeko gauzatzen diren sindikatu-, administrazio- zein epaiketa-jarduera orotan parte hartzea.

6. artikulua

* 1. Greba-eskubidea egikaritzeak ez ditu azkentzen lan-harremanak, eta ezin du ekarri inolako zehapenik, salbu eta langileak, grebak iraun bitartean, lan-izaerako faltaren bat egiten duenean.

* 1981eko apirilaren 8ko KAEren 2.c) idatz-zatiak ezarri du: «6. artikuluko 7. idatz-zatia Konstituzioaren aurkakoa dela, grebak iraun bitartean, lokalak, makinak eta instalazioak mantentzeaz arduratu behar diren langileak izendatzeko ahalmena soil-soilik enpresaburuari eratxikitzen zaiolako».

2. Grebak iraun bitartean, lan-kontratua etenda dagoela ulertuko da, eta langileak ez du izango alokairuak jasotzeko eskubiderik.

3. Langile grebalaria alta bereziko egoeran izango da Gizarte Segurantzan, eta eten egingo da enpresaburuak eta langileak kotizatzeko duten betebeharra.

Langile grebalariak ez du eskubiderik izango, langabeziaren ondoriozko prestazioa jasotzeko, ezta lanerako ezgaitasun iragankorraren ondoriozko prestazio ekonomikoa jasotzeko ere.

4. Grebarik egin nahi ez duten langileen lan egiteko askatasuna errespetatuko da.

5. Grebak iraun bitartean enpresaburuak ezin izango ditu langile grebalariak ordeztu, grebaren berri eman zen unean enpresari lotuta ez zeuden langileekin; grebalariak ordez ditzake, berriz, artikulu honen 7. idatz-zatian ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean.

6. Langile grebalariek grebaren publizitatea egin dezakete, modu baketsuan, bai eta funtsak bildu ere, inolako derrigortzerik gabe.

7. Grebak iraun bitartean, greba-batzordeak beharrezko zerbitzu-ematea bermatu behar du, pertsonen eta gauzen segurtasuna zaintzeko, nahiz lokalen, makinen, instalazioen, lehengaien eta bihar-etzi enpresako jarduera berriro hasteko beharrezkoa den beste edozein zerbitzuren mantentzeari eusteko.

Enpresaburuak izendatu behar ditu zerbitzuok eman behar dituzten langileak.

7. artikulua

1. Greba-eskubidea egikari dadin, grebak ukitutako langileek euron zerbitzu-ematea bertan behera utzi behar dute, eta ezin dituzte okupatu lantokia edo bestelako dependentziak.

2. Egintza ez-zilegi edo abusuzkotzat joko dira txandakako grebak, sektore estrategikoetan lan-zerbitzuak ematen dituzten langileek ekoizpen-prozesua geldiarazteko xedearekin egindako grebak, araudizko grebak edo arreta handiegia jartzearen ondoriozko grebak, eta, oro har, lan-araubidean grebaz besteko edozein nahasmendu kolektibo.

8. artikulua

1. Hitzarmen kolektiboek ezar ditzakete, dela grebaren jatorri diren gatazkak konpontzeko prozedurei lotutako arau osagarriak, dela hitzarmenak indarrean iraun bitartean, greba-eskubidea egikaritzeari uko egitea.

2. Aurreabisua ematen denetik eta grebak iraun bitartean, greba-batzordeak eta enpresaburuak, eta hala denean ukitutako greba-batzordeek eta enpresaburuek izendatutako ordezkariek negoziatu beharko dute, akordioa lortzeko; hori gorabehera, langileek greba amaitutzat jo dezakete edozein unetan.

Greba amaitzen duen itunak izango du hitzarmen kolektiboan akordatutakoaren eragingarritasun bera.

9. artikulua

Laneko Ikuskatzailetzak bitartekari gisa jardun dezake, grebaren berri ematen denetik eta gatazka konpondu arte.

10. artikulua.

* Gobernuak, Lan Ministerioak hala eskatuta, eta grebaren iraupena edo ondoreak, alderdien jarrera eta estatuko ekonomiak jasandako galera larria aintzat hartuta, erabaki dezake lan-jarduera epe jakin batean berriro hastea; lan-jarduera hori, gehienez ere, bi hilabeterako izango da edo behin betiko, nahitaezko tartekaritza ezarriz.

Erabaki hori ez betetzeak eragin dezake 15 eta 16. artikuluek jaso xedapenak aplikatzea.

Gobernu-agintariak zerbitzuen jardunbidea ziurtatzeko neurriak har ditzake, dela greba egiten denean edozelako zerbitzu publikoak edo atzeraezinezko eta ageriko zerbitzu premiazkoak ematen dituzten enpresetan, dela larritasun bereziko inguruabarrak daudenean.

Orobat, Gobernuak neurri esku-hartzaile egokiak har ditzake, xede horiek erdiesteko.

* 1981eko apirilaren 8ko KAEren 2.d) idatz-zatiak ezarri du: «10. artikuluko 1. idatz-zatia Konstituzioaren aurkakoa dela, Gobernuak lana berriro hastea agintzeko duen ahalmenari dagokionez, baina ez nahitaezko tartekaritza ezartzeko ahalmenari dagokionez, baldin eta tartekaritza horretan tartekarien inpartzialtasun-betekizuna errespetatzen bada».

11. artikulua

* Greba legearen aurkakoa da:

a) Greba hasteko zein grebari eusteko arrazoiak politikoak direnean edo ukitutako langileen lanbide-interesekin zerikusirik ez dutenean.

b) Elkartasun- edo laguntza-izaerakoa denean, salbu eta greba sustatu edo defendatzen dutenen lanbide-interesak zuzenean ukitzen dituenean.

c) Xedetzat duenean hitzarmenean itundutakoa edo laudoan ezarritakoa aldatzea, hitzarmena zein laudoa indarrean dagoen bitartean.

d) Errege lege-dekretu honetan xedatutakoaren aurka egiten denean, edo hitzarmen kolektiboan gatazkak konpontzeko esanbidez itundutakoaren aurka egiten denean.

II. KAPITULUA Ugazabek enpresa ixtea

12. artikulua

1. Enpresaburuek lantokia itxi dezakete soil-soilik greba edo lan-araubidean beste modalitate bateko irregulartasun kolektiboa izan eta hurrengo inguruabarren bat dagoenean:

* 1981eko apirilaren 8ko KAEren 2.f) idatz-zatiak ezarri du Konstituzioaren aurkakoa dela idatz-zati horretan jasotako «zuzenean» adierazmoldea.

a) Pertsonentzat indarkeria edota gauzentzat kalte larriak eragiteko arrisku nabaria.

b) Lantokia zein horren edozein dependentzia legearen aurka okupatzea edo hori gertatzeko arriskua egiazkoa izatea.

c) Lanera ez joateak eta laneko irregulartasunek era larrian eragoztea ohiko ekoizpen-prozesua.

2. Errege lege-dekretu honek ezarritakoaren arabera gauzatu enpresa-ixteak sortuko ditu 6. artikuluko 1, 2 eta 3. paragrafoetako ondoreak ukitutako langileengan.

13. artikulua

1. Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera lantokia ixten duen enpresaburuak ixtearen berri eman beharko dio lan-agintaritzari, hamabi orduko epean.

2. Lantokiak itxita egongo dira, enpresako jarduera berriro hasteko moduan dagoela ziurtatu arte, edo ixtea eragin zuten inguruabarrak desagertu arte.

14. artikulua

Errege lege-dekretu honen 12. artikuluak ezarritakoaren arabera enpresa itxi eta berriro zabaldu ez duen enpresaburuak, bere ekimenez edo langileek hala eskatuta, lantokia zabaldu beharko du, langileei lanean berriro hasteko aukera emanez, lan-agintaritzak horixe agintzen dionean. Enpresaburuak lantokia zabaldu beharko du, agindeiak ezarritako epean, eta agindeia bete ezean, 15. artikuluak jaso zehapenak ezarriko zaizkio.

III. KAPITULUA Zehapenak

15. artikulua

Lantokia ixten duen enpresaburuari zehapenak ezarriko zaizkio, 12. artikuluan jasotako egoeretan izan ezik. Lan Harremanen Legearen 33. artikuluak arautu organoek ezarriko dituzte zehapen horiek, artikulu horrek xedatutako eran.

Artikulu horrek ezarritako zehapenek ez diote kalterik egingo enpresaburuak duen betebeharrari, modu ez zilegian itxitako lantokia irekitzeko, ez eta, lantokia ixtearen ondorioz, lan-zerbitzurik eman ez duten langileei legearen aurkako itxialdiak iraun bitartean sortu alokairuak ordaintzeko.

16. artikulua

1. Legearen aurkako greban edo lan-araubide arrunteko beste edozein nahasmendu kolektibotan parte hartzen duten langileek egingo dute errege lege-dekretu honen 33. artikuluko j) idatz-zatian jasotako falta.

2. Errege lege-dekretu honen 6. artikuluko 7. paragrafoak xedatutakoaren ildotik, ezarri beharreko zerbitzuak mantentzeko langileak izendatu eta langile horiek ez badituzte zerbitzuok mantentzen, errege lege-dekretu honen 33. artikuluko k) idatz-zatian jasotako kaleratze-arrazoi zuzena izango da, ezar daitezkeen gainerako erantzukizunak gorabehera.

II. TITULUA LAN-GATAZKA KOLEKTIBOAK

LEHENENGO KAPITULUA Xedapen orokorrak

17. artikulua

1. Langileen interes orokorrak ukitzen dituzten gatazka-egoerak konpon daitezke, titulu honetan arautu lan-gatazka kolektiboaren prozeduraren bidez.

2. Langileek, lan-gatazka kolektiboaren prozedura erabiltzen dutenean, ezin izango dute greba-eskubiderik egikaritu.

3. Greba aldarrikatu bada ere, langileek atzera egin dezakete, lan-gatazka kolektiboaren prozedurapean jartzeko.

18. artikulua

1. Hurrengoek bakarrik eska dezakete lan-gatazka kolektiboa hastea:

a) Gatazka-esparruko langileen ordezkariek, euren ekimenez edo eurek ordezkatzen dituzten langileek hala eskatuta.

b) Enpresaburuek edo euren lege-ordezkariek, gatazka-esparruaren arabera.

2. Gatazka kolektiboaren prozedura enpresaburuek eskatuta hasten denean, eta langileek greba-eskubidea egikaritzen dutenean, gatazka kolektiboaren prozedura eten egingo da, eta jardunak artxibatu egingo dira.

19. artikulua

Lan-gatazka kolektiboen gaineko eskumena dute, gatazkaren izaera aintzat hartuta:

a) Gatazka zein probintziatan hasi eta probintzia horretako lan-eskuordeak.

Lan Zuzendaritza Nagusiak izango du eskumena probintzia batzuetako langileak ukitzen dituzten lan-gatazka kolektiboetan.

b) Lan-arloko jurisdikzioak, xedapen honetan zein Lan-prozedurari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

20. artikulua

Ezin daiteke lan-gatazka kolektiborik hasi, hitzarmen kolektiboan itundutakoa edo laudo batek ezarritakoa aldarazteko.

II. KAPITULUA Prozedura

21. artikulua

Lan-gatazka kolektiboa idatziz azalduko da, sinatuta eta data jarrita. Idatzi horretan jaso behar dira lan-gatazka hasten duten pertsonen izenak, abizenak, bizilekua eta izaera, eta ukitutako langile eta enpresaburuak; gatazkaren oinarri diren egitateak, egiten diren eskakizunak eta egoki diren gainerako datuak.

22. artikulua

Gatazka zein probintziatan hasi eta probintzia horretako Lan-eskuordetzan aurkeztu behar da aurreko artikuluak aipatu idazkia.

Gatazkak probintzia batzuetako langileak ukitzen dituenean, idazki hori Lan Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko da.

23. artikulua

Errege lege-dekretu honen 21. artikuluan aipatu idazkia aurkeztu, eta hurrengo hogeita lau orduetako epean, lan-agintaritzak idazki horren kopia igorriko dio, gatazka zein alderdiren aurka aurkeztu eta horri. Berebat, lan-agintaritzak agerraldirako deialdia egingo die alderdiei; agerraldi hori hurrengo hiru egunetan egin behar da.

24. artikulua

Agerraldian, lan-agintaritzak ahaleginak egingo ditu, alderdiak bat etor daitezen.

Akordioak alderdi bakoitzaren ordezkarien gehiengo soilez onartuko dira.

Akordio horiek izango dute hitzarmen kolektiboan itundutakoaren eragingarritasun bera.

Alderdiek tartekari bakarra edo batzuk izenda ditzakete.

Halakoetan, tartekariek bost eguneko epean eman beharko dute laudoa; tartekari batzuk daudenean, batera jardun behar dute.

Tartekari horiek hartutako erabakiak izango du alderdiek lor ditzaketen akordioen eragingarritasun bera.

25. artikulua.

* Alderdiek akordiorik lortzen ez badute, eta tartekari bat edo batzuk izendatu ez badituzte, lan-agintaritzak modu honetara jardungo du:

a) Gatazkaren oinarri badira estatu-izaerako zein modu kolektiboan hitzartutako aldez aurreko arau baten gaineko desadostasunak, gauzatutako jardunak lan-magistraturari igorriko dizkio, jardunoi dagokien txostenarekin batera. Lan-magistraturak jardungo du Lan-prozedurari buruzko Legeak xedatutakoaren arabera.

b) Gatazka lan-baldintzak aldarazteko hasi bada, lan-agintaritzak nahitaez bete beharreko laudoa emango du, azaldutako arazo guztiak ebatziz.

* 1981eko apirilaren 8ko KAEk adierazi du Konstituzioaren aurkakoa dela b) idatz-zatia.

26. artikulua.

** Nahitaez bete beharreko laudoek, agerraldia egin eta hurrengo bost egunetako epean eman behar direnek, arrazoitutako ebazpenaren forma izango dute, eta modu argi eta zehatzean erabakiko dute, hala hasierako idazkian azaldutako arazoen gainean nola alderdien agerraldian sortu eta gatazkarekin zerikusia duten arazoen gainean.

Laudo horiek berehalako indar betearazlea izango dute.

Gorabidezko errekurtsoa jar dakieke goragoko lan-agintaritzan, Administrazio-prozedurari buruzko Legearen 122. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

Behin gobernu-bidea amaituta, laudoak jurisdikzio eskudunean aurkara daitezke.

** 1981eko apirilaren 8ko KAEk adierazi du Konstituzioaren aurkakoa dela artikulu hori.

III. TITULUA* HITZARMEN KOLEKTIBOAK

* Martxoaren 10eko 8/1980 Legeak, Langileen Estatutuari buruzkoak (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa), indargabetu du titulu hori.

IV. TITULUA** LANEKO GUTXIENEKO BALDINTZEN ESTATUKO ARAUBIDEA MUGATZEA, JARDUERA-ADARREN ARABERA

** Martxoaren 10eko 8/1980 Legeak, Langileen Estatutuari buruzkoak (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa), indargabetu du titulu hori.

V. TITULUA*** KALERATZEA

*** Martxoaren 10eko 8/1980 Legeak, Langileen Estatutuari buruzkoak (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa), indargabetu du titulu hori.

VI. TITULUA* PLANTILLAK BERREGITURATZEA

* Martxoaren 10eko 8/1980 Legeak, Langileen Estatutuari buruzkoak (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa), indargabetu du titulu hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

Indarrik gabe geratzen dira, maiatzaren 22ko 5/1975 Lege-dekretua, Lan-gatazka Kolektiboen arauketari buruzkoa; Lan-kontratuaren Legeko 77. artikulua; Neurri Ekonomikoei buruzko urriaren 8ko 18/1976 Errege Lege-dekretuaren 10. artikulua; Lan-harremanen apirilaren 8ko 16/1976 Legearen 35. artikulua, eta errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren aurka doazen lege eta xedapen guztiak.

Bigarrena

Indargabetuta, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 10eko 8/1980 Legearen ondorioz (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa).

Hirugarrena

Indargabetuta, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 10eko 8/1980 Legearen ondorioz (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa).

Laugarrena

Indargabetuta, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 10eko 8/1980 Legearen ondorioz (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenegoa

Lehenengoa Errege lege-dekretu honetan grebaren inguruan xedatutakoa ez zaie aplikatzen establezimendu militarretan zerbitzuak ematen dituzten langile zibilei.

Bigarrena

Eutsi egiten zaio kasazio-errekurtsoak egun duen bidezkotasunari, sindikatu-ordezkaritzako hautespen-karguak dituzten langileak kaleratzearen ondoriozko prozesuetan emandako epaiei dagokienez.

Hirugarrena

Hirugarrena Indargabetuta, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 10eko 8/1980 Legearen ondorioz (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa).

Laugarrena*

Hurrengoa izango da, aurrerantzean, Zigor Kodeko 222. artikuluaren idazketa:

«222. art. Albaramentu-erruduntzat joko dira:

1. Edozelako zerbitzu publikoak edo atzeraezinezko eta ageriko zerbitzu premiazkoak ematen dituzten funtzionarioak, baldin eta euren jarduera eten, eta zerbitzu horietan kalteak eragiten badituzte, edo, edozein modutan, zerbitzu horien erregulartasuna hausten badute.

2. Lanaren erregulartasuna eteten edo hausten duten ugazabak eta langileak, estatuko segurtasunaren aurka egiteko, estatuko aginteari kalte egiteko, edo aginte horren jarduera arruntean nahasmenduak eragiteko.

* Ulertu behar da xedapen horren edukia indargabetuta dagoela, Zigor Kodea onetsi zuen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren azken xedapen bakarreko 1.a) eta 2. idatz-zatien ondorioz (EAO, 281. zk., 1995eko azaroaren 24koa).

XEDAPEN IRAGANKORRAK*

Bakarra

* Indargabetuta, Langileen Estatutuari buruzko martxoaren 10eko 8/1980 Legearen ondorioz (EAO, 64. zk., 1980ko martxoaren 14koa).

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra