Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Lan zuzenbidea  >>  Legeria

Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege-dekretua, Gizarte Segurantzan Enpresak Inskribatzeari, eta Langileen Afiliazioari, Altei, Bajei eta Datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra onetsi duena

1996-01-26

Itzulpena nork: Arrieta Idiakez, Francisco Javier; Lobera Revilla, Anjel; Urrutia Badiola, Andrés; Urrutia Idoiaga, Esther

Erakundea: Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioa

Argitalpena: EAO, 1996/2/27, 50. zk.

Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege-dekretua, Gizarte Segurantzan Enpresak Inskribatzeari, eta Langileen Afiliazioari, Altei, Bajei eta Datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra onetsi duena

EAO, 50. zk., otsailaren 27koa

Irailaren 11ko 1258/1987 Errege-dekretuak, Gizarte Segurantzaren Sisteman enpresen inskripzioa, eta langileen afiliazioa, altak, bajak eta datu-aldaketak arautzekoak, arrazionalizazioeta eragingarritasun-printzipioak indartu nahi zituen, Gizarte Segurantzak bere Diruzaintza Nagusiaren bidez eginkizun horiei begira duen kudeaketan. Bada, printzipio horiek indartuta, errege-dekretu horrek Diruzaintza Nagusiaren administrazio-jarduna erraztu nahi zuen, eta kasuan kasuko datuak osotasunean tratatzea ahalbidetu, sistemaren estatistika-erabileretarako ez ezik, interesdunei informazio egokia emateko eta sistemak ezarritako onurak interesdunek jasotzeko ere.

Hala ere, errege-dekretu hori oraindik ez da indarrean jarri. Gainera, errege-dekretu hori argitaratu ondoren, legeria-aldarazpen garrantzitsuak egin dira, errege-dekretuaren edukian eragina dutenak. Legeria-aldarazpen horien artean dago apirilaren 7ko 2/1995 Legegintzazko Errege-dekretua, Lan-prozedurari buruzko testu bategina onetsi zuena; izan ere, horren 145. artikuluak eragina du inskripzio, afiliazio, alta, baja eta datu-aldaketen inguruko egintzen berrikuspenean. Aldarazpen horien artean daude, orobat, urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoa, izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua arautu duena, eta, bereziki, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio-prozedura Erkideari buruzkoa, eta azaroaren 8ko 30/1995 Legea, Aseguru Pribatua Antolatu eta Gainbegiratzeari buruzkoa. Egin-eginean ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatzen zaie Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren kudeaketa-egintzei, enpresen inskripzioari, eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei; aitzitik, Lan-prozedurari buruzko Legean xedatutakoak arautu ditu kudeaketa-egintza horiek ofizioz aurkaratzea eta berrikustea. Bestalde, azaroaren 8ko 30/1995 Legearen hamabigarren xedapen gehigarriak idazketa berria eman dio ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hamaikagarren xedapen gehigarriari, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoaren estaldura gauzatzeari dagokionez.

Gizarte Segurantzaren kudeaketa eratxiki zaio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari; kudeaketa-esparru horren arauketa osatzeko, egoki da 1258/1987 Errege-dekretua berrikustea, eta erregelamendu-mailako arau-testu bakarrean bateratzea gaur egun indarrean dauden arauak, enpresen inskripzioaren, langileen afiliazioaren, alten eta bajen, eta batzuen zein besteen datu-aldaketen inguruan. Arau horiek jaso dira 1994ko ekainaren 20ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean, bai eta Nekazaritzako Araubide Bereziaren 1971ko uztailaren 23ko eta Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzaren Araubide Bereziaren 1974ko abuztuaren 30eko testu bateginak garatu dituzten dekretu batzuetan, eta osterantzeko arauetan ere. Kontuan hartu behar dira, berebat, urriaren 28ko 2110/1994 Errege-dekretuan jasotako arauak; errege-dekretu horrek alde jakin batzuk aldarazi ditu, Beregaineko Langileen edo Autonomoen, Nekazaritzako eta Etxe-zerbitzarien Araubide Berezien arauketan. Arau horiek guztiak gerogarrenean emandako legeetara egokitu beharko dira eta, bereziki, azaroaren 26ko 30/1992 Legera.

Esangura horretan, nahiago izan da, gai horiek arautu dituzten xedapenak zatika berriztatzea baino, gai horiek guztiak erregelamendu berri batean jasotzea.

Bestalde, inskripzioaren, afiliazioaren, alten, bajen eta datu-aldaketen arauketa bateratua aprobetxatuz, arauzko aldarazpen jakin batzuk egin dira, kasu batzuetan, jurisprudentziak etengabe emandako irizpideak eta gizarte-eskaera oinarri hartuta, eta, beste kasu batzuetan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren kudeaketa hobetzea lortzeko, Diruzaintzak gai horien inguruan dituen eginkizunak gauzatzean.

Horrela, langileen bajen ondoreak arautu dira irizpide berriekin eta sistema osorako, baja eskatzen ez denean edo epez kanpo eskatzen denean, ezarritako eredu edo bideak erabili gabe eskatzen denean, edota ofizioz gauzatzen denean.

Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Berezian, arauzko epetik kanpo eskatutako alten arauketa berria garatu da.

Amaitzeko, gai horiek modu eragingarriagoan eta hobeto kudeatzeko asmoarekin, herritar bakoitzarentzat «Gizarte Segurantzako zenbakia» ezarri da; halaber, identifikazio-agiriaren euskarria hobetu da, herritarrek Gizarte Segurantzarekin izan ditzaketen harremanen ondoreetarako, herritar horiek sistemako edozein araubidetan afiliatuta edota altan egoteagatik, edo sistemako pentsioen zein beste prestazio batzuen onuradun izateagatik.

Bukatzeko, erregelamendu hau bat etorri behar da Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren «Gizarte Segurantzaren Kudeaketa Modernizatzeko Ekintza-planarekin». Plan horrek proposatzen du, arauak antolatu eta sistematizatzeko programaren barruan, erregelamendu orokorrak egitea, eta, horien artean, Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari, eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko erregelamendua.

Horren ondorioz, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 5. artikuluak eta azken xedapenetatik zazpigarrenak xedatutakoaren babesean, Lan eta Gizarte Segurantzaren ministroak hala proposatuta, Administrazio Publikoetarako ministroak onetsita, Estatu Kontseiluarekin adostuta eta aurretiaz Ministroen Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 26ko bileran eztabaidatuta, hauxe xedatu dut:

Artikulu bakarra Gizarte Segurantzan Enpresak Inskribatzeari, eta Langileen Afiliazioari, Altei, Bajei eta Datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra onetsi da, eta horren testua jarraian ezarritakoa da.

XEDAPEN AZKENTZAILEA

Bakarra 1.

Hurrengo xedapenak indarrik gabe geratzen dira:

1) Etxe-zerbitzarien Gizarte Segurantzaren Araubide Berezia arautu zuen irailaren 25eko 2346/1969 Dekretuaren III. kapitulua, bai eta dekretu horretako 14. artikulua ere, urriaren 28ko 2110/1994 Errege-dekretuak emandako idazketan.

2) Beregaineko Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzaren Araubide Berezia arautu zuen abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretuaren III. kapitulua, bai eta dekretu horretako 13 eta 28.3.a) artikuluak ere, urriaren 28ko 2110/1994 Errege-dekretuak emandako idazketan.

3) Gizarte Segurantzaren Nekazarien Araubide Bereziaren Erregelamendu Orokorra onetsi zuen abenduaren 23ko 3772/1972 Dekretuaren III. kapitulua, eta 69 eta 70. artikuluak.

4) Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzaren Araubide Berezia arautzeari buruzko abenduaren 30eko 116/1969 Legearen Erregelamendu Orokorra onetsi zuen uztailaren 9ko 1867/1970 Dekretuaren III. kapitulua.

5) Lan Elkartuko Kooperatibetako bazkide langileak Gizarte Segurantzaren Sistemara biltzeko baldintzei buruzko martxoaren 3ko 225/1989 Errege-dekretua.

6) Beregaineko Langileen edo Autonomoen, Nekazaritzako eta Etxe-zerbitzarien Araubide Berezien arauketako alde batzuk aldarazi zituen urriaren 28ko 2110/1994 Errege-dekretua, horren 3. artikulua izan ezik.

7) Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, aplikazio-esparruari, afiliazioari, kotizazioari eta borondatezko aldian egindako diru-bilketari begira aplikazioeta garatze-arauak ezarri zituen 1966ko abenduaren 28ko Aginduaren II eta IV. kapituluak.

8) Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Berezia aplikatzeko eta garatzeko arauak eman zituen 1970eko irailaren 24ko Aginduaren II eta IV. kapituluak.

2. Ondorerik gabe uzten da irailaren 11ko 1258/1987 Errege-dekretuaren azken xedapena. Errege-dekretu hori 1987ko urriaren 13an argitaratu zen «Estatuko Aldizkari Ofizialean», eta berak arautu zituen Gizarte Segurantzaren Sisteman enpresak inskribatzea, eta langileen afiliazioa, altak, bajak eta datu-aldaketak. Errege-dekretu hori ez da indarrean jarriko, beraren arauak errege-dekretu honetara bildu direlako.

3. Orobat, indargabetuta geratzen dira errege-dekretu honek onetsi Erregelamendu Orokorrarekin bat ez datozen xedapen guztiak, lerrun berekoak edo beheragokoak direnak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra

Errege-dekretu hau eta beronek onetsitako Erregelamendu Orokorra indarrean jarriko dira «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean.

Gizarte Segurantzan Enpresak Inskribatzeari, eta Langileen Afiliazioari, Altei, Bajei eta Datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra

LEHENENGO TITULUA ATARIKO ARAUAK

KAPITULU BAKARRA Aplikazio-esparrua eta eginkizunak zehaztea

1. artikulua. Aplikazio-esparrua

Erregelamendu hau aplikatzen zaie enpresen inskripzioari, kotizazio-kontuen irekitzeari, eta Gizarte Segurantzaren Sisteman kontribuzio-modalitateko aplikazio-esparrura bildutako pertsonen afiliazioari, altei, bajei eta aldaketei.

Erregelamendu hau ez zaie aplikatuko Estatuko Funtzionario Zibilen, Indar Armatuen eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Gizarte Segurantzaren Araubide Bereziei. Araubide horiei euren arau bereziak aplikatuko zaizkie.

2. artikulua. Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren eginkizunak

Erregelamendu honetan araututako gaietan, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioari ondoko eginkizunak dagozkio:

1. Gai horien inguruan Gobernuak dituen irizpide orokorrak proposatu eta betearaztea.

2. Erregelamendu hau betearazi eta garatzeko arauak ematea, eta Gobernuari gai honetako erregelamendu orokorrak proposatzea, horiek onets ditzan.

3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak dituen eginkizunen gaineko zuzendaritza eta kontrol nagusia. Gainera, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak eginkizun horien antolaketa juridikoa bultzatu eta zuzenduko du, Gizarte Segurantzaren Sistema ukitzen duten kasuan kasuko xedapenak izaera orokorrarekin interpretatzeko.

4. Lege zein erregelamendu bidez eratxiki zaizkion osterantzeko eginkizun guztiak.

3. artikulua. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eratxikitako eginkizunak

1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eginkizunak ditu, enpresak inskribatzeari, kotizazio-kontuak irekitzeari, eta, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera, lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunak babesteko estaldura gauzatzeari begira. Horien inguruan, Diruzaintza Nagusiak zuzendaritza-eginkizunak ditu, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioari proposamenak egiten dizkio, eta, orokorrean, kudeaketa zuzenean gauzatu eta kontrolatzen du. Diruzaintza Nagusiaren eginkizunak dira, berebat, enpresen azkentzea jasotzea, langileen edo horiekin berdinetsitakoen afiliazioa, altak eta bajak gauzatzea, batzuen zein besteen datuak aldatzea, eta herritarrei Gizarte Segurantzako zenbakia ematea.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez dio kalterik egingo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak gauzatutako eginkizun ikuskatzaileari, eginkizun hori gauzatzen denean enpresek eta gainerako subjektu erantzuleek, edota langile eta onuradunek duten jardueraren gainean, erregelamendu honetan araututako gaiei dagokienez. Halaber, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak txostenak emango ditu, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eratxikitako eginkizunen inguruan, Diruzaintza Nagusiak halaxe eskatzen dionean.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak koordinazio egokia izango du, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileekin eta Enpleguaren Institutu Nazionalarekin, noiz eta, erregelamendu honetan xedatutakoarekin bat etorriz, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak berari dagozkion eginkizunak gauzatu eta eginkizunok ukitzen dituztenean erakunde horiei eratxikitako kudeaketa eta eginkizunak. Horrek ez die kalterik egingo, Diruzaintza Nagusiak beste administrazio publiko batzuekin dituen harremanei, ezta administrazio-organo desberdinen artean eskumenak koordinatzeari ere, Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio-prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 4 eta 18. artikuluetan eta gainerako aplikazioeta garatze-xedapenetan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua. Eskumen organikoa: erregela orokorrak

1. Erregelamendu honek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eratxikitako eginkizunak gauzatuko dituzte, estatu osoan, Diruzaintzaren organo zentralek, eta, probintzietan, probintziako zuzendaritza bakoitzeko zuzendaritza-organoek, horren administrazioek barne, ezarritako banaketa geografiko eta funtzionalaren arabera; azken horiek jardungo dute Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendariaren agindupean.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eratxikitako eginkizunak Diruzaintza Nagusiaren zein organok gauzatu behar dituen zehazten ez denean, eginkizunok gauzatuko dituzte gaiaren eta lurraldearen arabera eskudunak diren beheko organoek; beheko organo batzuk izanez gero, organo horien gainetik dagoen organo erkideak gauzatuko ditu eginkizun horiek.

3. Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio-prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko I. kapituluan eta gainerako xedapen osagarrietan xedatutakoak arautuko du, erregelamendu honetan araututako gai guztiei dagokienez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren organo zentralen nahiz lurraldearen araberako organoen eskumenetara bildutako eginkizunak gauzatzea, bai eta eginkizun horiek eskuordetzea, gai jakin batzuen gaineko eskumena bereganatzea, kudeaketa-gomendioa, sinadura eskuordetzea, administrazio-organo horietako titularren ordezkotza, eskumenen arteko koordinazioa, organo horien arteko komunikazioa, eskumenaren inguruko erabakiak eta hierarkian beherago dauden organoen jarduerak zuzentzea ere.

II. TITULUA INSKRIPZIOA, AFILIAZIOA, ALTAK, BAJAK ETA ALDAKETAK

LEHENENGO KAPITULUA Arau orokorrak

5. artikulua. Inskripzioaren eta enpresaburuaren beste komunikazio batzuen nahitaezkotasuna

1. Enpresaburuek, euren jarduerak hasi baino lehenago, eta nahitaezko betekizun moduan, inskripzioa eskatu beharko diote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari, Gizarte Segurantzaren Sistemaren kasuan kasuko araubidean, erregelamendu honetako 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Inskripzio-eskabidea aurkezteko egintzan bertan, enpresaburuak agerrarazi beharko du, bere langileei begira aukeratu duen erakunde kudeatzailea edo erakunde laguntzailea, lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunak babesteko, eta gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzeko, erregelamendu honen 14. artikuluan eta hurrengoetan ezarri ondoreetarako.

3. Orobat, enpresaburuek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari komunikatu beharko dizkiote, hasierako inskripzioa eskatu zutenean adierazitako jardueren ordez, gerogarrenean gauzatutako jarduerak; kotizazio-arloan berezitasunak dituzten enpresako langileen datuak; aurretiaz eman zituzten datuetan gerogarrenean sortutako aldaketak; eta ondore horietarako Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak zehaztutako inguruabarretatik beste edozein.

6. artikulua. Gizarte Segurantzaren Sisteman afiliatzea

1. Afiliatzeko administrazio-egintzaren bidez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Gizarte Segurantzaren Sistemara biltzeko moduko jarduera bat lehenengo aldiz gauzatzen duen pertsona fisikoari aitortzen dio Gizarte Segurantzaren Sisteman izatea, legeak ezarritako ondoreekin.

1) Gizarte Segurantzaren Sisteman afiliatuta egotea nahitaezkoa da sistemaren aplikazio-esparruko pertsona guztientzat, kontribuzio bidezko modalitateko eskubideak eta betebeharrak izateko. Afiliazioa eskatu eta horretarako behar diren datuak ekartzeko betebeharra dute, edo afiliazioa ofizioz egiteko betebeharra, hurrenez hurren, erregelamendu honetako 23. artikuluak eta hurrengoek ezarri pertsonek eta erakunde edo zerbitzuek.

2) Afiliazioa bakar eta orokorra da sistema osatzen duten araubide guztietarako, nahiz eta sistemara bildutako pertsonak araubide batetik bestera igaro, euren jarduerarengatik.

3) Afiliazioa da sistemaren aplikazio-esparruko pertsonen bizitza osorako.

4) Afiliazioa, berebat, esklusiboa da. Baldintza berdinetan gauzatutako jarduerarengatik ezin da nahitaez bilduta izan aurreikuspeneko nahitaezko beste araubide batera edo batzuetara, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera.

2. Gizarte Segurantzaren Sisteman afiliatuta egotea, afiliatuta soilik edo beste betekizun batzuekin batera, titulu juridikoa izango da, eskubideak eskuratzeko eta betebeharrak sortzeko, eta afiliazio horrek sistemako arauen aplikazioa baldintzatuko du.

7. artikulua. Alta Gizarte Segurantzaren Sistemaren araubideetan

1. Alta izateko administrazio-egintzaren bidez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak jarduera bat hasi duen pertsonari edo antzeko egoera batean dagoen pertsonari aitortzen dio, jarduera edo egoera horren izaeraren arabera, Gizarte Segurantzaren bidezko araubidearen aplikazio-esparruan izatea, kasuan kasuko eskubide eta betebeharrekin.

2. Gizarte Segurantzako araubide batean altan egotea nahitaezkoa da Gizarte Segurantzaren Sisteman kontribuzio-modalitatean dauden pertsonentzat.

3. Alta eskatzeko betebeharra betetzea edo alta ofizioz gauzatzea dagokie erregelamendu honen 29. artikuluan eta hurrengoetan ezarri pertsona, erakunde edo zerbitzuei. Horiek beti zehaztu beharko dute interesduna zein araubidetan kokatu behar den, interesdunaren jarduera kontuan hartuta. Alta artikulu honetan ezarritako moduan eta baldintzetan gauzatuko da.

4. Pertsona batek aldi berean gauzatzen baditu jarduera desberdinak, edo jarduera bera, baina baldintza edo modu desberdinetan, eta, ondorioz, pertsona hori Gizarte Segurantzaren Sistemako araubide desberdinetara bildu behar bada, edo araubide berera, baina pertsona bat baino gehiagoren kontura, pertsona horren kokapena anitza izango da. Hurrenez hurren, jarduera aniztasunaren eta enplegu-aniztasunaren egoerak eratuko dira.

1) Erregelamendu honetan ezarri ondoreetarako, jarduera-aniztasuna da beregainean edota inorentzat lan egiten duen langilearen egoera, langile horren jarduerek eragiten dutenean langilea nahitaez altan egotea Gizarte Segurantzaren Sistemako bi araubide edo gehiagotan.

2) Ondore berberetarako, enplegu-aniztasuna da inorentzat lanbide-zerbitzuak ematen dituen langilearen egoera, langileak zerbitzuak ematen dituenean, bi enpresa desberdinentzat edo gehiagorentzat, eta Gizarte Segurantzaren araubide berean altan egotea eragiten duten jardueretan.

5. Esanbidez aitortutako kasuetan bakarrik aukera daiteke Gizarte Segurantzaren Sistemako araubide desberdinen artean, horietako batean alta izateko. Aukera egingo da hori jaso duen arauak ezarri norainokoarekin eta baldintzetan.

8. artikulua. Lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileen altaren inguruko aurretiazko aukera

1. Lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileei alta emango zaie, inorentzat lan egiten duten langileekin berdinetsita, edo Gizarte Segurantzaren langile autonomo gisa, kooperatibak aurretiaz hala aukeratuta; langile horien alta izango da araubide orokorrean edo kooperatiben jardueraren araberako araubide berezian.

Lan elkartuko kooperatibaren aurretiazko aukerak ukitu behar ditu kooperatibako bazkide langile guztiak, eta aukera hori kooperatibako estatutuetan egin behar da.

2. Behin aurreko idatz-zatiko aukera eginda, aukera hori soilik aldaraz daiteke ondoko prozeduraren bidez eta hurrengo betekizunekin:

1) Aukera berria egiteko kooperatibako estatutuak aldarazi beharko dira.

2) Aukera berriak, berebat, kooperatibako bazkide langile guztiak ukitu beharko ditu.

3) Aurreko aukera egin zenetik bost urteko epea igaro behar da.

3. Lan elkartuko kooperatibak aukeratu duenean bere bazkide langileak berdinestea, kooperatibaren jardueraren araberako araubide berezian dauden beregaineko langileekin, kooperatibak erantzukizun solidarioa izango du, bazkide langile horien kotizazio-betebeharraren gainean.

4. Behin aukera eginda, lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileei alta emango zaie, kooperatibaren jarduerari dagokion Gizarte Segurantzaren araubidean. Halaber, langile horiei bete-betean aplikatuko zaizkie kasuan kasuko araubidearen arauak, inskripzioari dagokionez, hala denean, bai eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei dagokienez ere. Langile horiei arau horiek aplikatuko zaizkie araubide horren aplikazio-esparruko osterantzeko kolektiboei aplikatzen zaizkien baldintza berberetan.

Edozein kasutan ere, kooperatibako bazkide langilea lan pertsonala egiten hasteak eragingo du afiliazioeta alta-harremanak sortzea. Harreman horiek izango dira, bazkideak kokatuta dauden Gizarte Segurantzaren araubideko arauen araberakoak.

9. artikulua. Bidezko eta bidegabeko afiliazio eta alten ondore orokorrak

1. Ezarritako betekizun orokor zein bereziak betez gero, Gizarte Segurantzaren Sisteman afiliatzeak eta kasuan kasuko araubidean alta izateak eskubideak eta betebeharrak sortuko dituzte. Eskubide eta betebehar horiek izango dira egoera horietarako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak eta Gizarte Segurantzaren araubide desberdinen arauek ezarritakoak, bai eta erregelamendu honek eta gainerako xedapen osagarriek ezarritakoak ere.

2. Bidegabeko afiliazioak eta altak sortuko dituzte erregelamendu honen 59 eta 60. artikuluek ezarri ondoreak.

II. KAPITULUA Enpresaburuak inskribatzea

10. artikulua. Enpresaburuaren kontzeptua Gizarte Segurantzan

Erregelamendu honetan xedatu ondoreetarako, enpresaburu da pertsona fisiko edo juridiko, publiko zein pribatu oro, nahiz eta horren jarduerak irabazteko asmorik ez izan, baldin eta horri zerbitzuak ematen badizkiote Gizarte Segurantzaren Sistemako edozein araubidetako aplikazio-esparruko pertsonek, inorentzat lan egiteko langile gisa edo langile horiekin berdinetsita.

Ondoko pertsona edo erakundeek esanbidez dute enpresaburuaren izaera, inorentzat lan egiten duten hurrengo langileei edo langile horiekin berdinetsitakoei begira:

1. Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean:

1) Kirolari profesionalei dagokienez, kirolari profesionalek zein kirol-klub edo -erakunderekin izan ekainaren 26ko 1006/1985 Errege-dekretuak araututako lan-harreman bereziak eta kirol-klub edo -erakunde hori, edo kirolariekin lan-harreman arruntak dituen jendaurreko ikuskizunen antolatzailea.

2) Artistei dagokienez, enpresaburu dira jendaurreko ikuskizunen antolatzailea eta, hala denean, musika-etxeak eta grabazionahiz argitalpen-jarduerak gauzatzen dituzten erakundeak, langile horiek horrelakoetan parte hartzen badute. Langile horiek izan ditzakete lan-harreman arruntak edo abuztuaren 1eko 1435/1985 Errege-dekretuak arautu jendaurreko ikuskizunetako artisten lan-harreman bereziak.

3) Zezenketako profesionalei dagokienez, enpresaburu da langile horiek parte hartzen duten ikuskizunen antolatzailea, hori pertsona fisikoa zein juridikoa izan.

4) Eliza Katolikoko apaizentzat enpresaburu dira elizbarrutiak eta elizbarrutiaz gaindiko erakundeak; eta hurrengoak Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko aplikazio-esparrura biltzen direnean, Espainiako Erakunde Erlijioso Ebanjelikoen Federazioko kultu-ministroentzat, kasuan kasuko eliza, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioko kultu-ministroentzat, kasuan kasuko komunitatea, eta Espainiako Komunitate Islamiarretako agintari erlijioso islamiarrentzat eta imanentzat, kasuan kasuko komunitate islamiarra.

5) Abuztuaren 20ko 2234/1981 Errege-dekretuak aipatu Espainiako administrazioarentzat atzerrian lan egiteko kontratatutako langile espainiarren kasuan, ondore guztietarako enpresaburu izango da langile horiei hartzekoak ematen dizkien ministerioko saila, erakundea edo bulegoa.

6) Justizia-administrazioaren zerbitzupean dauden bitarteko langileei dagokienez, enpresaburu izango da langile horiei hartzekoak ematen dizkien ministerioko saila, erakundea edo bulegoa. Azken horiek izan daitezke estatukoak edo justizia-administrazioaren jardunbiderako baliabide pertsonalak traspasatuta dituzten kasuan kasuko autonomia-erkidegoetakoak.

2. Nekazaritzako Araubide Berezian, enpresaburu da araubide horren aplikazio-esparruko arauek zehaztu nekazaritzako zereginetan inorentzat lan egiten duten langileak dituena, jabe, errentari, apartzero edo antzeko izaerarekin.

3. Etxe-zerbitzarien Araubide Berezian, enpresaburu da familia-etxearen titularra edo familia-burua, dela benetako titular gisa dela etxe-zerbitzuak ematen diren egoitzaren zein bizilekuaren titular soil gisa.

Zerbitzu-prestazio hori pertsona-talde batentzat ematen bada, eta pertsona-talde hori familia-izaerarekin bizi bada etxebizitza berean, nahiz eta pertsona-talde horrek familia edo pertsona juridikoa eratu ez, familia-etxearen titularra edo familia-burua izango da taldea bizi den etxebizitzaren titularra edo taldearen ordezkaria; taldearen ordezkaritza elkarren segidan izan dezakete taldeko kide guztiek.

4. Itsasoko Langileen Araubide Berezian enpresaburu dira, itsas arrantzako itsasontzien zein instalazioen ontzi-ustiatzailea, armadorea edo jabea; portuetako interes ekonomikodun elkarteak; karga, zama-sartze, zama-ateratze, deskarga eta merkatu-gaiak ontzitik aldatzeko portuko oinarrizko zerbitzua ematen duten enpresak; portuetako praktikoen korporazioak edo horiek ordezten dituzten erakundeak; bai eta araubide berezi honen aplikazio-esparruko langileak enplegatzen dituen beste edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko zein pribatu ere, hala nola, itsasoko kooperatibak, arrantzaleen kofradiak eta horien federazioak, eta langile autonomoak euren ardurapean dauden langileei begira.

Halaber, araubide berezi honetara biltzeko, enpresaburu dira itsasontzien kontsignatarioak, itsasoko ontziratze-agentziak, edo Espainian egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, baldin eta Espainian bizi diren langileak kontratatu eta ordaintzen badituzte, atzerriko pabiloia duten itsasontzietan zerbitzuak emateko; enpresaburu izango dira, berebat, beste herrialde batzuekin batera eratutako arrantzako sozietate mistoetan parte hartzen duten Espainiako enpresak. Horrek guztiorrek ez dio kalterik egingo Espainiak izenpetuta dituen nazioarteko hitzarmen edo akordioetatik ondoriozta daitekeenari.

5. Kooperatibetako bazkide langileak kokatutako araubidean, kooperatibari dagozkio Gizarte Segurantzari begira enpresaburuari eratxikitzen zaizkion betebeharrak. Gauza bera gertatzen da lan elkartuko kooperatibetan ere, kooperatiba horien estatutuetan aukeratzen denean bazkide langileak izatea inorentzat lan egiten duten langileekin berdinetsitakoak.

11. artikulua. Inskripzioen eskabideak eta datu-aldarazpenen komunikazioak

1. Enpresaburua inskribatzeko eskabideak jaso beharko ditu:

1) Interesdunaren eta, hala denean, hori ordezkatzen duen pertsonaren izena eta abizenak, bai eta jakinarazpenak egiteko lehentasuna duen bidea eta jakinarazpen horiek egiteko tokia ere.

2) Enpresaren izenari, egoitzari eta jarduerari buruzko datuak, eta enpresari kotizazio-kontuaren kode bat baino gehiago eman behar bazaio edo ez, bai eta Gizarte Segurantzaren Sistema kudeatzeko beharrezkoak diren datuak ere.

3) Inskripzio-eskabidea egiteko tokia eta data.

4) Eskatzailearen sinadura, edo eskatzaileak edozein bide erabilita adierazitako nahiaren benetakotasun-egiaztapena.

5) Eskatzailea zein administrazio-organo, -zentro edo -unitatetara zuzentzen den.

2. Inskripzio-eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

1) Enpresaburua pertsona fisikoa denean, nortasun-agiri nazionala edo, atzerritara izanez gero, pasaportea zein horren ordezko agiria edo horien fotokopiak.

2) Enpresaburua pertsona juridikoa denean, aurkeztuko dira inskripzioa eskatzen duen pertsona fisikoaren identifikazioa eta pertsona horrek eskabide hori egiteko duen titulu juridikoa. Halaber, enpresaburu-izaera egiaztatuko da, eratze-eskrituraren bidez edo kasuan kasuko erregistroko ziurtagiriaren bidez, enpresaburua legearen arabera inskribatu beharreko sozietatea bada; akta-liburuen bidez, enpresaburua jabeen erkidegoa bada; Justizia eta Barne Ministerioko edo kasuan kasuko autonomia-erkidegoko organo eskudunaren ziurtagiriaren bidez, enpresaburua elkartea bada; edo antzeko beste edozein agiriren bidez, kasuan kasuko pertsona juridikoaren izaera eta horren jarduera aintzat hartuta, edo, horrelakorik izan ezean, titularkideen edo nortasunik gabeko erakundea osatzen duten pertsonen zerrendaren bidez, pertsona bakoitzaren izena, abizenak, bizilekua eta nortasun-agiri nazionala adierazita.

Era berean, aurkeztu beharko da irailaren 25eko 2423/1975 Dekretuak ezarritako identifikazio-txartela.

3) Edozein kasutan ere, enpresaburuak modu bananduan hitzartzen duenean lanbide-gertakizunen ondoriozko babesa edo gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoaren estaldura, inskripzio-eskabidean bertan edo horri erantsitako adierazpenetan agerraraziko du, gertakizun horiek estaltzeko aukeratu dituen erakunde kudeatzailea edota erakunde laguntzailea zein erakunde laguntzaileak. Halaber, enpresaburuak enpresaren jarduera ekonomikoa agerraraziko du.

Era berean, inskripzio-eskabidean bertan edo horri erantsitako adierazpenetan, enpresaburuak agerraraziko ditu Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak estaltze-agiria gauzatzeko behar dituen datu guztiak, erakunde kudeatzailea aukeratzen denean, lanbide-gertakizunak babesteko edo gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoak estaltzeko.

Babes edo estaldura horretarako mutua bat edo batzuk aukeratzen direnean, datu horiek zuzenean komunikatuko zaizkie mutua horiei.

3. Aurreko idatz-zatiko inskripzio-eskabideak eta betebeharren komunikazioak aurkeztuko dira ondore horietarako ezarri ereduan eta, hala denean, ezarritako sistema bereziaren bidez.

Eredu horiek herritarren esku izango dira, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren administrazio-bulegoetan eta, hala denean, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileen edo erakunde laguntzaileen bulegoetan.

4. Inskripzio-eskabideek, komunikazioek edo lan-istripuak eta lanbide-gaixotasunak babesteko adierazpenek, edo gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzeko adierazpenek ez badituzte artikulu honek aipatu datuak jasotzen, agindeia egingo zaie eskabide, komunikazio edo adierazpen horiek aurkeztu dituztenei, hamar eguneko epean akatsa ongi dezaten edo nahitaezko agiriak aurkez ditzaten. Horrez gain, horiei ohartaraziko zaie agindua bete ezean euren eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, eta ofizioz egingo direla bidezko jardunak. Hori guztia Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari jakinaraziko zaio beti, kasuan kasuko ondoreetarako.

12. artikulua. Inskripzio-eskabideen, estaldura-aukeraren eta enpresaburuaren gainerako komunikazioen izapidetza eta ebazpena

1. Enpresaburuaren egoitza zein lurralde-esparrutan izan eta lurralde-esparru horretako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzara edo horren administrazio batera zuzenduko dira, enpresaburua inskribatzeko eskabidea, eta lanbide-gertakizunak babesteko eta gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzeko egindako aukera jaso duen adierazpena, bai eta erregelamendu honen 5. artikuluko 3. idatz-zatiak aipatu osterantzeko komunikazioak ere. Hori gorabehera, eskabidea, aukera-adierazpena eta komunikazioak aurkez daitezke Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren beste probintziako zuzendaritza, administrazio edo bulego batzuetako erregistroetan, bai eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatiak aipatu erregistro eta bulegoetan ere.

1) Eskabide, aukera-adierazpen eta osterantzeko komunikazio horiek aurkezten direnean Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren beste probintziako zuzendaritza batzuetan edo honen beste administrazio eta bulego batzuetan, beste administrazio batzuetako erregistroetan, posta-bulegoetan, edo Espainiak atzerrian dituen diplomaziako ordezkaritzetan edo kontsuletxeetako bulegoetan, eskabide, aukera-adierazpen eta osterantzeko komunikazio horiek jaso dituen unitate edo bulegoak, egun berean edo hurrengo egun baliodunean, agiri horiek bidaliko dizkio artikulu honen 2. idatz-zatiaren arabera agiri horien izapideak egiteko eskumena duen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzari edo horren administrazio bati.

2) Interesdunek eska dezakete eurek aurkeztutako inskripzio-eskabideen, komunikazioen eta gainerako agirien ziurtagiria edo jaso-agiria, agiri horien aurkezpen-data egiaztatzeko. Kopiak ere onartzen dira horrelako ziurtagiri edo jaso-agiritzat, baldin eta kopia horiek jasotzen badute bulego jasotzailearen idatzoharrera bildutako aurkezpen-data.

2. Enpresaburuaren eskabideen eta osterantzeko komunikazioen gaineko izapideak egin, eta eskabide eta komunikazio horiek ebatziko ditu enpresaburuaren egoitza zein lurralde-esparrutan izan eta lurralde-esparru horretako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek, erregelamendu honen 39. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

3. Artikulu honetan ezarri ondoreetarako, enpresaburuaren egoitzatzat hartuko da kuota-bilketa kudeatzeko ezarritakoa, Gizarte Segurantzaren Sistemako baliabideak biltzeko Erregelamendu Orokorrean, salbu eta aurkakoa komunikatu edo frogatzen ez denean.

13. artikulua. Inskripzioa egitea

1. Enpresaburuaren inskripzioa egingo da inskripzio-eskabidea aurkezteko egintzan bertan.

Eskabide horrek ez baditu betetzen ezarritako betekizunak, edo 11. artikuluak aipatu agiriak aurkeztu ez badira, interesdunari agindeia egingo zaio, hamar eguneko epean akatsa ongi dezan edo agiriak aurkez ditzan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluarekin bat etorriz. Ez da beharrezkoa izango txosten berriak eskatzea, ezta interesdunak esan beharrekoa entzutea ere, inskripzioa egin dadin enpresaburuak azaldutako egitate, alegazio edo frogak baino ez daudenean, edo horiek baino ez direnean kontuan hartu behar.

2. Inskripzioa egin behar duen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek uste badu enpresaburuak azaldutako egitateak ziurrak ez direla, edo inskripzio-eskabidearen izaerak eta inguruabarrek halaxe eskatuz gero, frogaldia hasiko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 80 eta 81. artikuluek arautu moduan eta baldintzetan.

Inskripzioa egin dadin, txosten batzuk beharrezkoak direla ulertuz gero, txosten horiek eskatu eta egingo dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 82 eta 83. artikuluen xedapenen arabera.

Inskripzio-prozeduraren instrukzioa amaitu eta inskripzioa egin aurretik, jardunen berri emango zaie interesdunei edo, hala denean, horien ordezkariei, aipatu 30/1992 Legearen 84. artikuluak ezarritakoaren arabera.

3. Inskripzioa egiteko administrazio-egintzaren bidez, Diruzaintza Nagusiak inskripzio-zenbaki bakarra emango dio enpresaburuari, kasuan kasuko Gizarte Segurantzaren Sistemako araubidean identifika dadin. Inskripzio-zenbaki hori kotizazio-kontuaren kodea izango da, lehendabizikoa eta nagusia. Orokorrean, zenbaki horrek enpresaren egoitzari egingo dio erreferentzia, eta enpresaburuari probintzia berean edo beste batean eman dakizkiokeen gainerako kotizazio-kontuak ere zenbaki horri lotuko zaizkio, erregelamendu honen 15. artikuluko 1. idatz-zatiko ondoreekin.

Kotizazio-kontu nagusiaz gain, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak enpresaburuari eman diezazkioke beste zenbaki edo kotizazio-kontuen kode batzuk, kotizazioa kontrolatzeko edota Diruzaintza Nagusiari kudeaketaren inguruan eratxikitako beste edozein xedetarako.

Kotizazio-kontu batzuk eratxikita dituen enpresaburuak kontu horietako edozein izenda dezake bere enpresako egoitzaren kontu nagusi, inskripzioa egin ondoren, edozein unetan, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren kasuan kasuko probintziako zuzendaritzan.

4. Enpresaburuari emango zaio Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubideko inskripzio-ziurtagiria. Ziurtagiri horretan jaso behar dira enpresaburuari emandako inskripzio-zenbakia, bai eta, hala denean, osterantzeko zenbakiak edo kotizazio-kontuen kodeak ere. Enpresaburuari ohartaraziko zaio, berebat, eskubidea duela bidezko aurkaratzeak aurkezteko.

5. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak bere ardurapean izango den enpresaburuen Erregistroan jasoko ditu inskripzio-zenbakiak, kotizazio-kontuen kodeak, eta kontrol-kodeak zein antzekoak.

14. artikulua. Elkartze-agiria eta aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoaren estaldura gauzatzea

1. Inskripzioa eskatzeko unean, inskripzio-eskabidean bertan edo horri erantsitako adierazpenean, agerraraziko dira enpresaburuak aukeratutako erakunde kudeatzailea edota erakunde laguntzailea zein erakunde kudeatzaileak, gai horretan aplikatu beharreko arauekin bat etorriz; erakunde horien bidez, enpresaburuak bere zerbitzupeko langileak babestuko ditu lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunetatik, eta langile horiei begira estaliko du gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa.

2. Enpresaburuak erakunde kudeatzaile bat aukeratzen duenean, lanbide-gertakizunak babesteko eta gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzeko, enpresaburuaren inskripzioa egiten duen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek gauzatuko du agiria, aukeratutako erakunde kudeatzaileak gertakizun horiek babes ditzan.

Lanbide-gertakizunak babesteko eta gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzeko, enpresaburuak mutua bat edo batzuk aukeratu dituenean, abenduaren 7ko 1993/1995 Errege-dekretuak onetsitako Lan-istripu eta Lanbide-gaixotasunen Mutuen Elkarlanari buruzko Erregelamenduaren 61 eta 69. artikuluek ezarri betekizun eta norainokoarekin, orduan, interesdun erakunde laguntzaileak edo erakunde laguntzaileek gauzatuko dituzte elkartze-agiri edo -agiriak eta, hala denean, horien eranskinak, aipatu Elkarlanari buruzko Erregelamenduaren 62 eta 70. artikuluek, hurrenez hurren, ezarritakoarekin bat etorriz.

Enpresaburuak lanbide-gertakizunak babesteko eta gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzeko aukeratu dituenean erakunde kudeatzaile bat eta mutua bat edo batzuk, gertakizun horiek babesteko agiriak gauzatuko dituzte, hurrenez hurren, inskripzioa egiten duen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek, eta interesdun erakunde laguntzaileak edo laguntzaileek.

3. Elkartzeedo estaltze-agiria gauzatzeko, ondorengo jardunak egingo dira:

1) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza eskudunak edo horren administrazio eskudunak egiaztatuko du enpresaburuak aukera edo aukerak egin dituela, erakunde kudeatzailearen edota kasuan kasuko erakunde laguntzailearen edo laguntzaileen alde, eta egiaztatuko du, berebat, enpresaburuak aurkeztu dituela enpresako jarduera ekonomikoaren gaineko adierazpena edo adierazpenak eta erregelamendu honen 11. artikuluko 2.3 idatz-zatiak aipatu osterantzeko datuak.

2) Lanbide-arriskuen aurkako babesa gauzatzeko eta, hala denean, gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzeko, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile baten aldeko aukera edo aukerak egin badira, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek tarifazioa egingo du enpresaburuak adierazitako lanaren edo lanen gainean; ondorenez, lan-istripu eta lanbide-gaixotasunengatik Gizarte Segurantzan kotizatzeko indarrean dagoen prima-tarifaren araberako epigrafeak esleituko dira. Orobat, enpresaburuari bidaliko zaio horrela betetako agiriaren ale bat; agiri horretan jasoko dira esleitutako epigrafeak, eta enpresaburuari ohartaraziko zaio eskubidea duela agiri horretan jasotako datuen aurka kasuan kasuko aurretiazko aurkaratzea aurkezteko.

3) Enpresaburuaren aukera edo aukerak lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutua baten edo batzuen aldekoak badira, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak interesdun mutuari edo mutuei bidaliko die enpresaburuaren inskripzioari buruzko informazioa. Informazio hori bidaliko da zerbitzu erkide horrek ezarritako informatika-prozeduraren bidez.

Behin mutuak agiriak beteta, mutuak berak bidaliko dio enpresaburuari elkartze-agiriaren ale bat, eta, hala denean, erantsitako estaltze-agiriaren ale bat, aurreko 3.2 idatz-zatian ezarri betekizunekin. Mutuak berak bete behar dituen agiriak jaso eta hurrengo hamabost egunetan bidaliko dizkio ale horiek enpresaburuari, kotizazio-kontuaren kodea adierazita.

4. Gauzatutako elkartzeeta estaltze-agiriek ondoreak sortuko dituzte jarduera hasten den egunetik, salbu eta enpresaburuaren inskripzio-eskabidea jarduera hasi ostean aurkezten denean Diruzaintzan; azken kasu horretan, agiriak zein egunetan aurkeztu eta data horretatik aurrera sortuko dira horien ondoreak.

1) Gauzatutako agiriek urtebete iraungo dute indarrean; edozein kasutan ere, agiri horien muga-egunak bat egin behar du hilabetearen azken egunarekin. Halaber, aurkako salaketarik izan ezean, ulertuko da agiri horien indarraldia zuzenean luzatu dela, iraupen berdineko aldietan, Mutuen Elkarlanari buruzko Erregelamenduaren 62 eta 69. artikuluek ezarri betekizunekin, edo, hala denean, enpresak bere jarduera utzi arte, hori lehenago gertatzen bada, eta jarduera-uzte horrek gutxienez bost egun balioduneko iraupena badu.

2) Enpresaburuak bere jarduera berriro hastean, aukera berriak egin ditzake, artikulu honetan ezarri betekizunekin, baldin eta jarduera hori hasten bada aurreko idatz-zatiak aipatu jarduerak gauzatu gabeko epea igaro ondoren. Halakoetan, ez da beharrezkoa aukera berria aurkeztea eta horren inguruko izapideak egitea, baldin eta enpresaburuak estaldurari eutsi badio erakunde kudeatzaile edo erakunde laguntzaile berarekin.

15. artikulua. Inskripzioaren, eta lanbide-gertakizunen zein aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoaren estaldura gauzatzearen ondore orokorrak

1. Enpresaburuaren inskripzioa bakarra eta baliozkoa izango da, horrela ezartzen den Gizarte Segurantzaren Sistemako araubideetan, estatuko lurralde osorako eta enpresaren titular den pertsona fisiko edo juridikoaren bizitza osorako.

Inskripzioak enpresaburua eta horren inguruabarrak identifikatuko ditu, enpresaburu horrentzat zerbitzuak ematen dituzten langileak edo langile horiekin berdinetsitakoak kasuan kasuko Gizarte Segurantzaren araubidera edo araubideetara bil daitezen, araubide horiek ezarritako eskubide eta betebeharrekin.

2. Lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen babesa eta aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoaren estaldura gauzatzeak erantzukizuna dakar, gertakizun horien ondoriozko prestazioen babesa bere gain hartu duen erakunde kudeatzailearentzat edo erakunde laguntzailearentzat, baldin eta prestazio horiek jasotzeko eskubidea sor dadin beharrezko kotizazio-betebeharrak eta gainerako betekizun orokor zein bereziak betetzen badira, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 41. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Erregelamendu honen 5 eta 14. artikuluetan xedatutakoa hausten da, enpresaburuak bere langileak edo langile horietako batzuk ez babesteagatik, lan-istripuek edo lanbide-gaixotasunek eratorritako gertakizunen eretzean. Artikulu horietan xedatutakoa hausteak eragingo du, izan daitezkeen erantzukizun guztiak ezartzeaz gain, zor diren kuotak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren mesedetan sortzea.

3. Aurreko zenbakietan xedatutakoak ez die kalterik egingo titulu honen V. kapituluko eta hurrengo tituluko III. kapituluko ondore zehatzei.

16. artikulua. Enpresaburuen erregistroa

1. Enpresaburuen Erregistroa Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ardurapean izango da. Erregistro horretan 10. artikuluak aipatu enpresaburuak jasoko dira. Enpresaburu horiek enplegatu behar dituzte inorentzat lan egiten duten langileak edo langile horiekin berdinetsitakoak; langile horiek izan beharko dira Gizarte Segurantzaren hurrengo araubideetakoak:

1) Araubide Orokorra.

2) Nekazaritzako Araubide Berezia.

3) Itsasoko Langileen Araubide Berezia.

4) Ikatz-meatzaritzako Araubide Berezia.

5) Etxe-zerbitzarien Araubide Berezia. Hala ere, Erregistro horretan ez dira jasoko izaera partzialarekin edo jarraitutasunik gabe lan-zerbitzuak ematen dituzten langileen enpresaburuak.

2. Enpresaburuen Erregistrora bilduko dira, berebat, Eskola-aseguruaren aplikazio-esparruko ikasleak matrikulatuta dauden irakaskuntza-zentroen inguruko datuak.

3. Enpresaburuen Erregistroak izango ditu Gizarte Segurantzaren Sistema kudeatzeko behar beste datu, eta erregelamendu honetan ezarri ondoreak sortuko ditu.

17. artikulua. Datu-aldaketen komunikazioa

1. Inskripzio-eskabidea aurkeztean jasotako datuak edo erregelamendu honen 5. artikuluko 3. idatz-zatiak aipatu komunikazioetan jasotako datuak aldatzen badira, enpresaburuak nahitaez komunikatu beharko ditu aldaketok ondoko kasuetan:

1) Aurretiaz inskribatutako pertsona fisikoaren izena edo pertsona juridikoaren izena aldatzen denean.

2) Enpresaburuaren legezko egoitza aldatzen denean.

3) Lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunak eta, hala denean, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzen dituen erakundea aldatzen denean.

4) Enpresaburu kontratari eta azpikontratariek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia informatzeko eginbeharra dutenean, Langileen Estatutuaren 42. artikuluan eta hori garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera.

5) Ekonomia-jarduera aldatzen denean, eta, orokorrean, aurretiaz adierazitako datuetan eragina duen beste edozein aldaketa dagoenean enpresa-inskripzioari eta kotizazio-kontuak irekitzeari dagokienez.

2. Aldaketen komunikazioa zuzenduko da, inskripzioa zein probintziatan aurkeztu eta probintzia horretako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzara edo horren administrazio batera. Halaber, aldaketen komunikazioa aurkez daiteke azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatu bulego edo erregistroetan. Aldaketen komunikazioa eredu ofizialean gauzatuko da, aldaketa horiek gertatu eta egutegiko sei eguneko epean, aurreko 1.3 idatz-zatiko kasuan izan ezik. Azken kasu horretan, aukera berria egiaztatzeko agiria edo adierazpena, eta aurreko aukera bertan behera utzi dela komunikatzeko agiria edo adierazpena aurkeztuko dira, horiek eragingarri izan baino egutegiko hamar egun lehenago. Agiri edo adierazpen horiek zehaztuko dute aukeratu den erakunde berria, lanbide-gertakizunak eta, hala denean, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa babesteko. Aukera hori egingo da erregelamendu honen 14. artikuluaren 4. idatz-zatiak ezarri mugen barruan, abenduaren 7ko 1993/1995 Errege-dekretuak onetsitako Lan-istripu eta Lanbide-gaixotasunen Mutuen Elkarlanari buruzko Erregelamenduaren 61 eta 69. artikuluek ezarritakoarekin bat etorriz.

18. artikulua. Enpresa azkentzea eta jarduera uztea

1. Enpresaburuek komunikatuko dute, enpresa azkendu dela, edo euren jarduera aldi baterako edo behin betiko bertan behera utzi dutela. Enpresaburuek komunikazio hori egingo diote eurak inskribatuta dauden probintziako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzari edo horren administrazio bati. Enpresaburuek komunikazio hori eredu ofizialean egingo dute, enpresa azkendu edo euren jarduera bertan behera utzi eta egutegiko hurrengo sei egunetako epean.

Era berean, komunikazio horiek aurkez daitezke azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztu tokietan, erregelamendu honen 12. artikuluko 1.1 idatz-zatian ezarri ondoreetarako.

Enpresa azkentzearen edo jarduera bertan behera uztearen inguruan enpresaburuak egindako komunikazioekin batera ekarri beharko dira, hala denean, enpresaburuaren zerbitzupean dauden langileen bajako parteak. Orobat, komunikazio horiek eragingo dute enpresaburuen Erregistroan jasotzea enpresaburuaren inguruan egindako inskripzioa azkendu edo bertan behera utzi dela.

2. Enpresaburua edo, hala denean, horren kotizazio-kontua aldi baterako baja-egoeran dagoela ulertuko da, enpresaburuak Gizarte Segurantzaren probintziako zuzendaritzari edo horren administrazio bati komunikatzen dionean bere langile guztien baja, baina enpresa azkentzearen edo jarduera bertan behera uztearen berri eman gabe.

Enpresaren jarraitutasuna frogatu gabe, hamabi hilabete igaro ostean, ofizioz hasiko da espedientea, bidezko ebazpena eman dadin, enpresa, jarduera edo kotizazio-kontua azkentzearen zein bertan behera uztearen, edo horien jarraitutasunaren inguruan. Espedientearen oinarri izango dira enpresaburuaren alegazioak, behar bezala justifikatuak izan beharko direnak, edo espedientean bertan egiaztatutako gainerako egitateak.

3. Lan-prestazioak emateari eutsiz gero, enpresa azkentzeari edo jarduera bertan behera uzteari buruzko komunikazioek berez ez dute eragingo enpresaburuen Erregistroan behin betiko jasotzea enpresa-inskripzioaren azkentzea, edo idatzoharra egitea jarduera bertan behera uztearen inguruan. Halaber, komunikazio horiek ez dituzte azkenduko enpresaburuak Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak eta erantzukizunak, nahiz eta enpresaburuen Erregistroan bidegabe jaso enpresa-azkentzea edo jarduera bertan behera uztea.

19. artikulua. Titulartasunean edo jardueran ondorengotza

1. Enpresa-titulartasunean edo horren lantokiaren zein lantokien jardueran ondorengotza izanez gero, ondorengotza horrek eragingo du enpresaburuen Erregistroan jasotzea, bai eta aurreko titularraren izenean dagoen inskripzioan edo aurreko jardueraren ondoriozko inskripzioan ere, enpresa azkendu dela edo enpresaburuaren jarduera bertan behera utzi dela. Era berean, inskripzio eta idatzohar berria egingo dira titular berriaren izenean, hori aurretiaz inskribaturik ez badago, edo idatzoharra bakarrik egingo da, titular berria enpresaburu gisa inskribatuta egonez gero.

2. Aurreko idatz-zatiko inskripzioa eta idatzoharra eskatu beharko dira ondorengotza gertatu eta egutegiko hurrengo sei egunetako epean, erregelamendu honen 11. artikuluko agiriak aurkeztuta.

20. artikulua. Ofizioz jardutea

1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian eta horren erakunde kudeatzaileetan dauden datuengatik, edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardunaren ondorioz zein beste edozein prozeduraren bidez, Diruzaintza Nagusiak dakienean enpresaburuak ez dituela bete aurreko artikuluetan ezarri betebeharrak, ofizioz jardungo du, enpresa inskribatzeari dagokionez kasuan kasuko jardunak egiteko, lanbide-gertakizunen babesa gauzatzeko edo erregelamendu honen 5. artikuluko 3 idatz-zatiko inguruabarrak jasotzeko. Diruzaintza Nagusiak bere jardunaren berri emango dio enpresaburuari, bidezko ondoreetarako.

2. Enpresa azkentzen denean, edo enpresaren jarduera behin betiko bertan behera uzten denean, hori komunikatu behar zaio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzari edo horren administrazio bati; gainera, altan dauden langileen baja eskatu behar da. Komunikazio eta eskaera horiek egiteko betebeharra duten subjektuek betebeharrok bete ezean, probintziako zuzendaritzak edo horren kasuan kasuko administrazioak ofizioz jardungo du, enpresaburuen Erregistroan jasotzeko enpresa-azkentzea, jarduera bertan behera uztea eta langileen baja. Probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek aurretiaz komunikatuko die hori interesdunei; hala ere, hori posible ez bada, interesdunen egoitza zein den ez jakiteagatik, jakinarazpena egingo da enpresaren egoitzako, edo lantokia kokatutako autonomia-erkidegoko edo probintziako «aldizkari ofizialean», eta udalean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikulutik 61.erakoetan izaera orokorrarekin ezarritako moduan eta betekizunekin.

3. Aurreko idatz-zatietako jardun eta idatzoharrek ondoreak sortuko dituzte, ikuskatze-jarduna gauzatu den egunetik, edo azkentzea, bertan behera uztea edo langileen baja egiaztatu duten datuak nahiz agiriak jaso diren egunetik.

Edozelan ere, interesdunek egiazta dezakete egitate horiek beste data batean gertatu direla; hori egiaztatuz gero, egitate horiek bidezko ondoreak sortuko dituzte data horretatik aurrera. Bajei dagokienez, kontuan hartuko da erregelamendu honen 35. artikuluaren 2. idatz-zatiak xedatutakoa.

III. KAPITULUA Gizarte Segurantzako zenbakia, identifikazio-agiria eta langileen afiliazioa:

Arau orokorrak

21. artikulua. Gizarte Segurantzako zenbakia

1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Gizarte Segurantzako zenbakia emango dio herritar bakoitzari, herritar guztiak identifikatuta gera daitezen, Gizarte Segurantzarekin dituzten harremanetan, sistemako edozein araubidetan afiliatuta eta altan egoteagatik, dela beregaineko langile gisa, dela inorentzat lan egiten duen langile gisa, dela batarekin zein bestearekin berdinetsitako langile gisa.

Edu berean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Gizarte Segurantzako zenbakia emango die sistemako pentsioen edo beste prestazio batzuen onuradunei, kontribuzio bidezko modalitatean zein kontribuziorik gabeko modalitatean.

Orobat, aurreko lerrokadek aipatu Gizarte Segurantzako zenbakia emango zaie pertsona fisiko edo juridikoei eta nortasunik gabeko erakundeei, Gizarte Segurantzaren kuotak eta kuota horiekin batera biltzeko kontzeptuak, edo Gizarte Segurantzaren beste baliabide batzuk ordaintzeko erantzukizuna duten heinean.

Erregelamendu honen 53. artikuluak xedatutakoak arautuko ditu Gizarte Segurantzako zenbakiaren erreserba, informazioa eta babesa.

2. Gizarte Segurantzako zenbakirik ez duen herritarrak zenbaki hori eskatu beharko die Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzei edo horien administrazioei. Horretarako, herritarrek erakutsi edo aurkeztu beharko dute euren nortasun-agiri nazionala edo, atzerritarra izanez gero, kasuan kasuko identifikazio-agiria, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile zein erakunde laguntzaileei, edo Enpleguko Institutu Nazionalari, afiliazioa, alta eta edozein prestazio edo zerbitzu eskatu aurretik.

3. Afiliazioa eta alta eskatzean, enpresaburuek, inorentzat lan egiten duten langileei begira, langile horiek, hala denean, eta beregaineko langileek Gizarte Segurantzako zenbakia adierazi beharko dute, bai eta erregelamendu honek eta, hala denean, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak zehaztu langilearen osterantzeko datu pertsonalak ere. Inorentzat lan egiten duen langileak lan-zerbitzuak ematen hasi aurretik eman behar dizkio datu horiek enpresaburuari, enpresaburuak aurretiaz datu horiek ez baditu.

22. artikulua. Gizarte Segurantzaren egoeren identifikazio-agiria

1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak afiliatu, pentsiodun eta onuradun bakoitzari emango dio Gizarte Segurantzaren identifikazio-agiria. Identifikazio-agiri horretan nahitaez jasoko dira titularrak duen Gizarte Segurantzako zenbakia eta Gizarte Segurantzaren kudeaketari begira Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak zehaztutako osterantzeko datuak. Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak ezarriko ditu, berebat, agiri hori emateko gainerako baldintzak.

2. Gizarte Segurantzaren identifikazio-agiri horiek balioko dute Gizarte Segurantzaren inguruan agiri horietan jasotako datuak egiaztatzeko, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile eta zerbitzu erkide guztietan, bai eta osterantzeko administrazio publikoetan, eta administrazio horietako edozeini lotuta edo horien mende izan eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko erakundeetan ere.

23. artikulua. Gizarte Segurantzan afiliazioa sustatzeko moduak

Gizarte Segurantzan afilia daiteke enpresaburuek hala eskatuta, langileek hala eskatuta edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz jardunda. Afiliazioa gauzatuko da kapitulu honetan eta, hala denean, titulu honen VI. kapituluan ezarri moduan eta baldintzetan.

24. artikulua. Enpresaburuak eskatutako afiliazioa

1. Enpresaburuek nahitaez eskatu behar dute, Gizarte Segurantzaren Sisteman afiliatzea, kapitulu honetan arautu moduan eta baldintzetan, euren zerbitzupean lan egiten hasi direnak, afiliatuta egon gabe.

2. Afiliazio-eskabidea egingo da eredu ofizialean edo ezarritako beste edozein sistemaren bidez; aurkeztu beharko dira afiliatu nahi den pertsonaren nortasun-agiri nazionala, horren baliokidetzat onartutako agiria, edo horien fotokopiak, Gizarte Segurantzako zenbakia eta, hala denean, titulu honen VI. kapituluko egoeretan zehaztutako agiriak.

Gizarte Segurantzan afiliatzeko eskabideak eragingo du hasierako alta izatea Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean. Afiliazio-eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira, erregelamendu honen 30. artikuluan eta hurrengoetan ezarri datuak eta, bidezko bada, agiriak ere.

3. Afiliazio-eskabideak ez badira egiten eredu ofizialean edo ezarritako sistemaren bidez, eta afiliazio-eskabideak egiten badira artikulu honetan aipatu agiriak aurkeztu gabe, jardungo da erregelamendu honen 31. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, eta, hala denean, aplikatuko da 26. artikuluan xedatutakoa.

25. artikulua. Langileak eskatutako afiliazioa

1. Gizarte Segurantzaren Sistemako aplikazio-esparruan dauden beregaineko langileek edo langile horiekin berdinetsitakoek nahitaez eskatu beharko dute Gizarte Segurantzan afiliatzea, euren jarduera hastean afiliatuta ez badaude. Afiliazioa eskatu beharko da kapitulu honetan ezarritako moduan, tokian eta epeetan, titulu honen VI. kapituluan jaso berezitasunak gorabehera.

2. Inorentzat lan egiten duten langileek edo langile horiekin berdinetsitakoek zuzenean eska diezazkiokete afiliazioa eta hasierako alta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzari edo horren administrazio bati, euren enpresaburuak betetzen ez baditu aurreko artikuluak ezarri betebeharrak. Langile horiek edozein unetan egin dezakete eskabidea, enpresaburuak bere betebeharrak bete ez dituela egiaztatzen denetik.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek idatz-zati honek aipatu eskabideen berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, egiaztapenak egiteko eta bidezko diren gainerako ondoreetarako.

26. artikulua. Ofiziozko afiliazioa

1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzek edo horien administrazioek ofizioz egin dezakete afiliazioa, egiaztatzen denean afiliazioa eskatzeko betebeharra duten langileek edo enpresaburuek ez dutela betebehar hori bete. Hori egiazta daiteke Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardunaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileetan eta zerbitzu erkideetan dauden datuen ondorioz edo beste edozein prozeduraren bidez.

2. Ofiziozko afiliazioa Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak gauzatutako jardunaren ondorio ez denean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek afiliazioaren berri emango dio ikuskatzailetzari, egiaztapenak egiteko eta bidezko diren gainerako ondoreetarako.

27. artikulua. Afiliazioa eskatzeko tokia eta epea

1. Afiliazio-eskabidea langile bakoitzaren izenean zuzenduko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzara edo horren administrazio batera. Probintziako zuzendaritza edo administrazio hori izango da, inorentzat lan-zerbitzuak ematen dituen langilearen kasuan, edo langile horrekin berdinetsitakoaren kasuan, enpresa dagoen probintziakoa, eta langile autonomoaren kasuan, horren establezimendua dagoen probintziakoa, edo, establezimendurik izan ezean, langile autonomoaren egoitza dagoen probintziakoa.

1) Afiliazio-eskabidea eta horrekin batera joan beharreko agiriak aurkez daitezke, halaber, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren beste probintziako zuzendaritza edo administrazio batean, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarri tokietan. Kasu horietan, afiliazio-eskabidea eta horrekin batera joan beharreko agiriak zein unitate edo bulegotan aurkeztu eta unitate edo bulego horrek eskabide eta agiri horiek bidaliko dizkio, egun berean edo hurrengo egun baliodunean, erregelamendu honen 33. artikuluko 1. idatz-zatiaren arabera eskuduna den Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza edo administrazioari.

2) Enpresaburuak, langileak edo, hala denean, afiliazio-eskabideak aurkeztu dituenak kasuan kasuko ziurtagiria eska dezake, erregelamendu honen 32. artikuluko 5. idatz-zatiak araututakoaren arabera.

2. Betebeharpeko subjektuek afiliazio-eskabideak aurkeztu beharko dituzte, inorentzat lan egiten duen langilearen zerbitzu-ematea edo beregaineko langilearen jarduera hasi aurretik, erregelamendu honen 32, 38 eta 43. artikuluetan hasierako altentzat ezarri modu, bide eta egoera berberetan.

28. artikulua. Afiliazioaren datuak aldatzea

1. Enpresaburuak eta, hala denean, interesdun langileak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren edozein probintziatako zuzendaritzari edo horren edozein administraziori komunikatuko dizkio afiliazioa gauzatu zenean emandako datuek gerogarrenean izan dituzten aldaketak, edozein arrazoiren ondorioz. Komunikazio hori aldaketa gertatu eta egutegiko hurrengo sei egunetan egingo da, eredu ofizialen bidez edo ondore horretarako ezarri sistemaren bidez.

Datu-aldaketen komunikazioak aurkezten badira azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarri gainerako tokietan, aurreko artikuluaren 1.1 idatz-zatian xedatutakoa hartuko da kontuan.

2. Datu-aldaketen komunikazioa langileak sinatu beharko du, eta horrekin batera aurkeztu beharko dira datu-aldaketen komunikazioa egiaztatzen duten agiriak, komunikazio horrek ondoreak izan ditzan.

3. Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek aurreko idatz-zatiko betebeharrak ez betetzearen berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, bidezko diren ondoreetarako.

IV. KAPITULUA Langileen altak, bajak eta datu-aldaketak: Arau orokorrak

29. artikulua. Langileen altak eta bajak eragiteko moduak

1. Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean izan daitezkeen langileen altak eta bajak eskatuko dira langile bakoitzaren izenean. Alta eta baja horiek eragingo dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, erregelamendu honen 23. artikuluan afiliaziorako ezarri moduetarik edozein erabilita.

1) Enpresaburuen zerbitzupean lan egiten hasiko diren edo hasi diren langileak ez badaude Gizarte Segurantzaren Sisteman afiliatuta, enpresaburuek betebeharra dute horien afiliazioa eskatzeko. Horrez gain, enpresaburuek komunikatu beharko dute, euren enpresako langileen zerbitzu-ematea hasi dela, edo, hala denean, zerbitzu-emate horri utzi zaiola. Komunikazio hori egin behar da, hurrenez hurren, langile horiei alta edo baja emateko, langile horiek enpresako jardueraren arabera duten araubidean; alta edo baja horiek emango dira erregelamendu honek ezarri moduan eta baldintzetan.

Era berean, langilea lekualdatzen denean bere enpresaburuak beste probintzia batean duen lantokira, langileak utzitako probintzian baja eragin beharko da, eta lantoki berria dagoen probintzian alta.

Halaber, langileen baja eta alta eragin beharko dira, probintzia beretik irten gabe langileak lantokitik aldatzen direnean, baldin eta lantoki berriak kotizazio-kontu desberdina badu, edo bestelako arrazoi batengatik langile horiek beste kotizazio-kontu bati atxiki behar bazaizkio.

2) Enpresaburuek aurreko idatz-zatiko betebeharrak betetzen ez badituzte, inorentzat lan egiten duten langileek zuzenean eska diezaiokete alta edo baja Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari, eurak kokatuta dauden araubidean.

Beregaineko langileek edo autonomoek afiliazioa eskatzeko betebeharra dute. Berebat, langile horiek zuzenean komunikatu beharko dute, euren jarduera hasi dela, edo euren jarduerari utzi diotela. Horren ondorioz, langile horiek altan edo bajan izango dira kokatuta dauden araubidean.

3) Langileen zerbitzu-ematea hasi dela edo zerbitzu-emate horri utzi zaiola komunikatzeko betebeharra duten enpresek edo, hala denean, langileek betebehar hori bete ezean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza eskudunak edo horren administrazio eskudun batek ofizioz gauza ditzake langileen altak edo bajak, erregelamendu honen 26 eta 33. artikuluek afiliazioaren inguruan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Aurreko 1. idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, inorentzat lan egiten duten langileak eta langile horiekin berdinetsitakoak Gizarte Segurantzaren Sistemako zein araubidetan izan eta araubide horretan zuzenbide osoko alta-egoeran izango dira, lan-istripuen, lanbide-gaixotasunen eta langabeziaren ondoreetarako, nahiz eta langile horien enpresaburuek horren inguruko betebeharrik ez bete.

Arau bera aplikatuko da gaixotasun arruntaren, amatasunaren, haurdunaldi bitarteko arriskuaren eta lan-izaerarik gabeko istripuaren ondoriozko osasun-laguntzaren ondoreetarako.

Gainerako gertakizunei dagokienez kontuan hartuko da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 125. artikuluaren 4. idatz-zatian xedatutakoa.

Aurreko bi paragrafoetan ezarritakoak ez die kalterik egingo artikulu honetan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera enpresaburuek duten betebeharrari, kasuan kasuko araubidean euren langileen alta eskatzeko, ezta enpresaburuek izan ditzaketen erantzukizunei ere.

3. Langileen altak eta bajak eragiteko, probaldiaren hasiera zerbitzu-emateen hasieratzat hartuko da; kasuan kasuko bajaren ondoreetarako ez dute zerbitzu-uztearen izaerarik izango aldi baterako ezgaitasun-egoerek, ezta altarekin berdinetsitako egoerek ere, enpresaburuak egoera horietan kotizatzeko betebeharrari eusten dionean.

30. artikulua. Altaeta baja-eskabideak

1. Zerbitzuak ematen hastearen nahiz jarduera hastearen ondoriozko komunikazioa, edo zerbitzuak emateari nahiz jarduerari uztearen ondoriozko komunikazioa egingo da altaren edo bajaren eredu ofizialetan, edo ondore horretarako bereziki ezarri sistemen bidez. Komunikazio horiek dakarte Gizarte Segurantzan behar bezala egitea altaren zein bajaren eskabidea.

2. Alta-eskabideak jasoko ditu langileak gauzatzen duen jarduerari buruzko datuak. Datu horien bidez erabateko informazioa eman behar zaie Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eta erakunde kudeatzaileei; datu horien artean, bereziki, ondokoak egongo dira:

1) Inorentzat lan egiten duten langileen altarako agirietan, enpresaburuari dagokionez jasoko dira horren izena edo sozietatearen izena, kotizazio-kontuaren kodea eta aplikatu beharreko Gizarte Segurantzaren araubidea; langileari dagokionez jasoko dira horren izen eta abizenak, Gizarte Segurantzako zenbakia eta, hori eskatzeko modukoa ez den bitartean, Gizarte Segurantzaren afiliazio-zenbakia, eta nortasun-agiri nazionala edo horren baliokidea, egoitza, jarduera hasteko data, kotizazio-taldea, kotizazioaren baldintza bereziak eta lagile horrek duen epigrafea lan-istripuei eta lanbide-gaixotasunei begira egin beharreko kotizazioen ondoreetarako.

2) Beregaineko langileen altarako agirietan jasoko dira, inorentzat lan egiten duen langilearen inguruan aurreko idatz-zatian jasotako datuez gain, langile horren lanbide-jardueraren datuak, lanbide-jarduera horren egoitza, hori titularraren bizilekuarekin bat ez badator, langilea Gizarte Segurantzaren zein araubidetara biltzea eskatzen den, eta, hala denean, kotizazioaren eta babes-ekintzaren berezitasunei buruzko datuak.

3. Langileen baja-eskabideetan edo prozedura berezietan jasoko dira, langilea identifikatzeko datuez gain, Gizarte Segurantzako zenbakia barne, bajaren data, arrazoia eta kotizazioaren eta babes-ekintzaren berezitasunei buruzko datuak. Inorentzat lan egiten duen langilearen kasuan, baja-eskabide eta prozedura berezi horietan jaso beharko dira enpresaburua identifikatzeko datuak, eta horiekin batera zein langileren baja eskatu eta langile horrek duen kotizazio-kontuaren kodea. Horrez gain, jaso beharko da, hala denean, urteko oporrak zein datatan amaitzen diren, opor horien sortzapena gertatu arren, langilea ez bada opor horiez baliatu, eta opor horiek lan-harremanak amaitu ondoren ordaindu beharrekoak badira.

4. Enpresaburuak edo, hala denean, langile autonomoak sinatu beharko ditu langileen altaeta baja-eskabideak.

Inorentzat lan egiten duen langilearentzako alta-eskabideak langileak berak sinatu beharko ditu beti.

Altak eta bajak bide teknikoen bidez eskatzen direnean, bide tekniko horien euskarria edozein dela ere, eskabide horiek izango dituzte agirien bidez aurkeztutako eskabideen baliozkotasuna eta eragingarritasuna. Horretarako, bermatu beharko da eskabide horien egiatasuna, osotasuna eta horiek gordetzeko aukera, bai eta, hala denean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak eta interesdunek eskabide horiek jasotzea ere, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak ezarritakoaren arabera.

5. Aurreko 2, 3 eta 4. idatz-zatietako datuak erregelamendu honen 22. artikuluak aipatu langilearen identifikazio-agirian ere jasotzen dira. Horrenbestez, Gizarte Segurantzaren altaeta baja-eskabideen ondoreetarako, datu horiek egiazta daitezke langilearen identifikazio-agiria aurkeztuta.

31. artikulua. Alta, baja eta datu-aldaketen ondoreetarako profesionaltasuna eta gainerako betekizunak egiaztatzeko agiriak

1. Gizarte Segurantzaren Sistemako edozein araubidetara bildutako pertsonen altak, bajak eta datu-aldaketak eskatzeko betebeharra duten subjektuek egiaztatu beharko dituzte, bidezkoa dena kontuan hartuta, zerbitzu-emateak, jarduera modu profesionalean gauzatzea eta kasuan kasuko araubidera biltzeko osterantzeko betekizun eta inguruabar erabakigarriak izatea, betekizun horiek betetzeari utzi diotela edo, hala denean, betekizun horiek ukitzen dituzten aldaketak gauzatu direla. Egiaztatze horiek egingo dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eskatutako agiri edo txostenak aurkeztuta, baldin eta agiri edo txosten horiek Diruzaintza Nagusiaren esku ez badaude eta aipatu xedeetarako beharrezkoak badira.

Alten, bajen eta datu-aldaketen eskabideekin batera aurkeztuko dira, hala denean, esanbidez ezarritako agiriak, erregelamendu honen 40. artikuluan eta hurrengoetan, eta hori garatzeko aplikatu beharreko gainerako xedapenetan.

2. Altaeta baja-eskabideek ez badituzte betetzen ezarritako betekizunak, eta eskabide horiekin batera ez badira aurkezten erregelamendu honetan eta gainerako xedapen osagarrietan agindutako agiriak, agindeia egingo zaio halako eskabideak aurkeztu dituenari, hamar eguneko epean akatsa ongi dezan edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Horrez gain, eskabideak egin dituenari ohartaraziko zaio agindua bete ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta ofizioz egingo direla bidezko jardunak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari hori jakinarazita, kasuan kasuko ondoreetarako.

3. Edozein kasutan ere, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzek edo horien administrazioek txosten zehatzak eska diezazkiekete Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari eta, hala denean, osterantzeko administrazioei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 4. artikuluak ezarritakoaren arabera. Txosten horien bidez zehaztuko da egitate eta gainerako inguruabar erabakigarriak dauden ala ez, eskatu edo gauzatutako alta, baja edo datu-aldaketei dagokienez.

32. artikulua. Alta, baja eta datu-aldaketak eskatzeko modua, tokia eta epea

1. Inorentzat lan egiten duten langileak enpresari zerbitzuak ematen hasi badira, edo langile horiek zerbitzuak emateari utzi badiote, eta beregaineko langileen jarduera hasi bada edo jarduera horri utzi bazaio, hori nahitaez komunikatuko da kasuan kasuko eredu ofizialen bidez, edo ondore horretarako ezarri prozedura berezien bidez; eredu horiekin batera aurkeztu beharko dira erregelamendu honen 30 eta 31. artikuluek, eta 40. artikuluak eta ondorengoek ezarri agiriak.

2. Langileen alta-eskabideak zuzendu beharko dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzara edo horren administrazio batera. Alta-eskabideak egin daitezke banaka, elkarren segidakoak badira, edo afiliazio-eskabideekin batera, hasierakoak badira. Probintziako zuzendaritza edo administrazio hori izango da, inorentzat lan-zerbitzuak ematen dituen langilearen kasuan, edo langile horrekin berdinetsitakoaren kasuan, enpresa dagoen probintziakoa, eta langile autonomoaren kasuan, horren establezimendua dagoen probintziakoa, edo, establezimendurik izan ezean, langile autonomoaren egoitza dagoen probintziakoa.

Langileen bajei eta datu-aldaketei buruzko eskabideak zuzendu beharko dira langile horiei alta eman zaien Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren zuzendaritza nagusira edo horren administrazio batera.

Alten, bajen edo datu-aldaketen eskabideak aurkezten badira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren beste probintziako zuzendaritza batean edo honen beste administrazio batean, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarri tokietan, kontuan hartuko da erregelamendu honen 27. artikuluko 1.1 idatz-zatian eta, hala denean, 39. artikuluan xedatutakoa.

3. Langileen altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko eskabideak ondoko epeetan aurkeztu beharko dira:

1) Betebeharpeko subjektuek alta-eskabideak aurkeztuko dituzte langilea zerbitzuak ematen hasi aurretik. Hala ere, alta-eskabide horiek ezin dira aurkeztu zerbitzuak ematen hasteko aurreikusitako eguna baino egutegiko hirurogei egun lehenago.

Salbuespeneko kasuetan, zerbitzu-emate horien hasiera aurreikustea ezinezkoa bada, zerbitzuok ematen hasi aurreko eguna edo egunak baliogabeak badira, edo zerbitzuak ordu baliogabeetan ematen hasten badira, hasierako altaren edo elkarren segidako alten agiriak behar bezala beteta bidali beharko dira zerbitzuak ematen hasi aurretik, telegrama, fax edo beste edozein bide elektronikoren bidez. Hori posible ez bada, arauek ezarri ereduak ez izateagatik, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak zehaztutako datuak bidaliko dira, zerbitzuak ematen hasi aurretik, telegrama edo faxa erabilita, edo beste edozein prozedura elektroniko, informatiko zein telematiko erabilita.

Aurreko lerrokadetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo erregelamendu honen 43. artikuluan eta hurrengoetan bereziki ezarritakoari.

Edozein kasutan ere, enpresaburuak ez duenean garaiz betetzen bere langileei edo langile horiekin berdinetsitakoei alta emateko betebeharra, enpresaburu horrek izan ditzakeen erantzukizunak gorabehera, langileek zuzenean eska dezakete alta, enpresaburuak bere betebeharra bete ez duela egiaztatu ondoren, edozein unetan.

Horrelako egoeretan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak edo horren administrazio batek eskabide horien berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, bidezko egiaztapen eta ondoreetarako.

2) Langileen bajen eta datu-aldaketen eskabideak aurkeztu beharko dira, langile horiek lanari utzi edo datu-aldaketa gertatu eta egutegiko hurrengo sei egunetako epean.

3) Salbuespenez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak baimen dezake langileen alten, bajen eta datu-aldaketen eskabideak aurreko 3.1 eta 3.2 idatz-zatietan ezarri epeetatik kanpo aurkeztea. Baimen horiek izan ditzakete eskabideak epe horietan aurkezteko zailtasun handiak izan dituztela justifikatzen duten enpresek.

Emandako baimenak ezezta daitezke, argi geratzen bada baimen horiekin langileei galerak eragiten zaizkiela, prestazioak jasotzeko duten eskubideari begira, edo argi geratzen bada baimen horiek oztopatu egiten dutela ordainketaren erantzuleek Gizarte Segurantzari begira dituzten betebeharrak betetzea edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren bilketa-prozesuaren kudeaketa eta kontrola.

4. Aurreko zenbakiak arautu gabeko alde guztietan, erregelamendu honen 28. artikuluan xedatutakoak arautuko ditu aldaketak, alta-eskabideetan langileen inguruan jasotako datuei begira.

5. Interesdunek kopia zigilatua eska dezakete, eurek egindako altaeta baja-eskabideei, eta datu-aldaketen komunikazioei dagokienez, bai eta eurek aurkeztutako agiriei dagokienez ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.c) eta 70.3 artikuluek arautakoaren arabera.

V. KAPITULUA Afiliaziorako, altetarako eta bajetarako eskubidea aitortzea, eta horien ondoreak

33. artikulua. Eskubidea aitortzea

1. Erregelamendu honen 39. artikuluak jaso berezitasunak gorabehera, Gizarte Segurantzan afiliazio-, altaedo baja-eskubidea aitortzeko eskumena du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek. Probintziako zuzendaritza edo administrazio hori izango da, inorentzat lan-zerbitzuak ematen dituen langilearen kasuan, horren enpresaburuak kotizazio-kontua irekita duen probintziakoa, edo, langile autonomoaren kasuan, horren establezimendua dagoen probintziakoa edo, establezimendurik izan ezean, langile autonomoaren egoitza dagoen probintziakoa.

2. Gizarte Segurantzaren afiliazio-, altaeta baja-eskubidea aitortuko du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza eskudunak edo horren administrazio eskudun batek. Eskubide horiek aitortuko dira kasuan kasuko egiaztapen-eragiketak gauzatu ondoren, eskabidea aurkezteko ekitaldian bertan.

Eskabideak 24 eta 31. artikuluetako betekizunak betetzen ez baditu, edo eskabidea artikulu horiek aipatu agiriekin batera aurkezten ez bada, kontuan hartuko da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoa.

Eskatzaileek adierazitakoen aldean desberdinak diren egitateak, alegazioak edo frogak izan edo kontuan hartu behar badira, horiek aitortzeko erabiliko da erregelamendu honen 13. artikuluko 2. idatz-zatiak enpresaburua inskribatzeko ezarri prozedura.

Afiliazioa, alta edo baja gaitzestea bidezkoa denean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza eskudunak edo horren administrazio eskudun batek arrazoitutako ebazpena emango du, zuzenbideko egitate eta oinarriak labur aipatuta, eta ebazpena aurkaratzeko ezarri den modua eta epea jasota.

34. artikulua. Afiliazioaren ondoreak: afiliazioaren erregistroa, zenbakia eta agiriak

1. Langileen eta langile horiekin berdinetsitakoen afiliazioa erregistratuko da afiliazio-fitxategi orokor berean. Fitxategi horretara bilduko dira Gizarte Segurantzaren Sistemako aplikazio-esparruan dauden guztiak.

Erregistro hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ardurapean egongo da; Erregistroak izango du Gizarte Segurantzaren Sistema kudeatzeko behar besteko datu eta antolaketa.

2. Gizarte Segurantzaren Sistemako afiliazio-ondoreetarako, langile bakoitzari emango zaio Gizarte Segurantzan duen zenbaki bera. Zenbaki horrek biziarteko izaera izango du, eta estatuko lurralde osorako balioko du. Zenbaki hori agerraraziko da aurreko idatz-zatian aipatu Erregistroan.

Beregaineko langilearen edo langile autonomoaren kasuan, kotizazio-kontuaren kodea bat etorri beharko da langile horrek duen Gizarte Segurantzako zenbakiarekin edo, zenbaki hori izan ezean, langile horri eman zaion Gizarte Segurantzaren afiliazio-zenbakiarekin.

3. Gizarte Segurantzaren afiliazio-egoera aitortzeak sortuko ditu, hurrengo artikuluko 1. idatz-zatian altentzat ezarri ondoreez gain, Gizarte Segurantzaren afiliazio-agiria eskuratzeko eskubidea. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza eskudunak edo horren administrazio eskudun batek eman eta, hala denean, berriztatuko du Gizarte Segurantzaren afiliazio-agiria.

Agiri horrek jasoko ditu, Gizarte Segurantzako zenbakiaz gain, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak ezarritako datuak; agiri horrek lehentasunez egiaztatuko du langileari aitortu zaion afiliazio-egoera.

4. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak afiliatutako langile bakoitzari afiliazio-agiria emango dio edo, horren ordez, erregelamendu honen 22. artikuluak aipatu Gizarte Segurantzaren identifikazio-agiria.

35. artikulua. Langileen alten eta bajen ondore bereziak

1. Langileari alta aitortzeak dakar langilea alta-egoeran izatea Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean. Araubide hori izango da langilearen jardueraren araberakoa edo langileak lan egiten duen enpresako jardueraren araberakoa. Langileak alta-egoerari datxezkion eskubide eta betebeharrak izango ditu, kokatuta dagoen araubideko arauekin bat etorriz.

1) Edozein kasutan ere, zerbitzuak eman aurretik aurkeztutako alta-eskabideek ondoreak sortuko dituzte, alta-egoerari datxezkion eskubide eta betebeharrei begira, jarduera zein egunetan hasi eta egun horretatik aurrera bakarrik.

Erregelamendu honen 32. artikuluko 3.1 idatz-zatian araututakoaren arabera, zerbitzuak ematen hasi aurretik aurkeztutako alta-eskabideek ez dute ondorerik sortuko, eskabide hori aurkeztu duenak komunikatzen duenean, aurretiazko alta hori eskatzeko bide edo prozedurak erabilita, eskabidean aipatu langilearen zerbitzu-ematea ez dela hasiko horretarako adierazi eguna baino lehenago.

Enpresaburuak edo, hala denean, langileak epez kanpo aurkeztutako alta-eskabideek ondoreak sortuko dituzte eskabidea aurkezten den egunetik aurrera bakarrik, salbu eta kuotak arauek ezarri epean ordaindu direnean; azken kasu horretan, altaren ondoreek atzera egingo dute, kasuan kasuko langilearen lehenengo kuotak ordaindu ziren data arte.

Eskabide akastunek ondoreak sortuko dituzte, aurreko paragrafoen arabera, hamar eguneko epean ongitzen direnean aginduzkoak izan eta aurkeztu ez diren datu eta agiriak.

2) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzek edo horien administrazioek ofizioz gauzatutako alten ondoreek atzera egingo dute, batzuek zein besteek alta horiek arrazoitzen dituzten egitateen berri zein datatan izan eta data hori arte.

Probintziako zuzendaritzek edo horien administrazioek ofizioz gauzatzen badituzte altak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardunaren ondorioz, alta-adierazpenaren ondoreek atzera egingo dute jardun hori gauzatu zen data arte, salbu eta jardun hori eragin denean goi-agindu bidez, erakunde kudeatzaileek hala eskatuz, edo esanbidezko salaketaren, kexaren edo eskaeraren ondorioz; azken horien kasuan, altaren ondoreek atzera egingo dute goi-agindua eman zen data arte, erakunde kudeatzailearen eskabidea egin zen data arte, edo eskabide, salaketa, kexa edo eskaerak aurkeztu ziren data arte.

Hala ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduna oinarritzen denean kuotak ordaitzeko agindeian edo administrazio-bideko behin betiko likidazio-aktetan, kuotak ordainduz gero, altaren ondoreek atzera egingo dute, agindeian edo aktan jaso likidazioaldiaren hasierako data arte, bihar-etzi prestazioak sor daitezen.

3) Aurreko 1.1 eta 1.2 idatz-zatietako kasuetan, alta eskatzeko betebeharra duten subjektuek eskabidea ez egitearen ondoriozko erantzukizunak izango dituzte, data horiek baino lehenago.

Aitzitik, kotizatzeko betebeharra jarduera hasi zen egunean sortuko da beti, salbu eta preskripzioa ofizioz aplikatzeagatik kasuan kasuko kuotak ez direnean eskatzeko modukoak, ezta onartzeko modukoak ere, inolako ondoreetarako.

4) Alta-ondoreen inguruan aurreko idatz-zatietan xedatutakoak ez die kalterik egingo titulu honen VI. kapituluan jasotako berezitasunei.

2. Langilearen bajak ondoreak sortuko ditu inorentzat zerbitzuak emateari utzi zaionetik, beregaineko jarduerari utzi zaionetik edo, hala denean, Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidera biltzeko behar den egoera erabakigarriari utzi zaionetik.

1) Langilearen baja-eskabideak kotizatzeko betebeharra azkenduko du, lanari, jarduerari edo lehen aipatu osterantzeko egoeretan izateari utzi zaionetik, baldin eta baja komunikatu bada ezarritako eredu edo bide ofizialak erabilita eta erregelamendu honen 32.3 artikuluan ezarri epeetan.

2) Baja eskatzen ez denean, edo baja epez kanpo eta ezarritakoak ez diren eredu edo bideak erabilita eskatzen denean, kotizatzeko betebeharra ez da azkenduko, inorentzat egindako lanari utzi, beregaineko jarduerari utzi edo Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidera biltzeko behar den egoera erabakigarriari utzi eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak uzte horien berri duen eguna arte.

3) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak baja ofizioz gauzatzen duenean, kotizatzeko betebeharra azkenduko da. Diruzaintza Nagusiak baja ofizioz gauzatuko du, lanari, jarduerari edo kasuan kasuko egoerari utzi zaiola dakienean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jardueraren ondorioz, Diruzaintza Nagusian bertan, edo erakunde kudeatzaile batean dauden datuengatik edo beste edozein prozedurarengatik. Kotizatzeko betebeharra azkenduko da, Ikuskatzailetzaren jarduera gauzatu den egunetik aurrera, edo Diruzaintza Nagusiak zein egunetan jaso inorentzat egindako lanari, beregaineko jarduerari edo kasuan kasuko egoerari utzi zaiola egiaztatzen duten datuak edo agiriak eta egun horretatik aurrera.

4) Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa gorabehera, kotizatzeko betebeharra azken dadin, interesdunek froga dezakete, zuzenbidean onartutako edozein bide erabilita, jarduera ez zela hasi alta eskatzerakoan jakinarazitako datan, edo beste data batean utzi zitzaiola jarduerari, zerbitzu-emateari edo kasuan kasuko egoeran izateari. Hori frogatzeak, ordea, ez die kalterik egingo sortu beharreko ondoreei, bidegabe ordaindutako kuotak berreskuratzearen inguruan edo bidegabe jasotako prestazioak itzultzearen inguruan, salbu eta, preskripzioa aplikatzeagatik ezin denean eskatu kuotak berreskuratzea eta prestazioak itzultzea.

5) Baja eskatu eta baja hori aitortu arren, kotizatzeko betebeharra ez da azkenduko, eta azkentzearen gainerako ondoreak ere ez dira sortuko, lan-prestazioak emateari zein jarduerak gauzatzeari, edo kasuan kasuko egoerari eusten bazaio. Beste horrenbeste gertatuko da, lan-prestazioak emateari zein jarduerak gauzatzeari, edo kasuan kasuko egoerari eutsi ez arren, langilea altarekin berdinetsitako egoeran badago, eta egoera horri begira esanbidez ezarri bada kotizatzen jarraitzeko betebeharra.

3. Gizarte Segurantzararen araubide batzuetan ezarri da kotizazioa hilabete osoen arabera egin behar dela. Kotizazioaren egoera desberdinei begira, araubide horietan ulertuko da altek ondoreak sortzen dituztela, kasuan kasuko araubidera bildu ahal izateko baldintzak betetzen diren egutegiko hilabetearen lehenengo egunean. Halaber, ulertuko da, bajek ondoreak sortzen dituztela, interesdunak baldintza horiek izateari uzten dion egutegiko hilabetearen azken egunean. Horrek guztiorrek ez dio kalterik egingo erregelamendu honen 45.1.5 eta 49.3 artikuluetan ezarritakoari.

4. Behin Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza eskudunak edo horren administrazio eskudun batek alta-eskubidea aitortuta, horrek kasuan kasuko egiaztagiriak emango ditu. Enpresaburuak egiaztagiri horiek gorde beharko ditu, langileak baja hartzen ez duen bitartean, eta bost urtean beti. Langile autonomoak ere betebeharra izango du, egiaztagiri horiek bost urtean gordetzeko.

Orobat, behin baja adierazita, baja-agiriak ere bost urtean gorde beharko dira.

Aurreko paragrafoetako egiaztagiriak gordetzeko betebeharrak betetzat jo daitezen, nahiko izango da altako eta bajako parteak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren baimenarekin inprimatzea, noiz eta interesdunek edo agintaritza judizialak nahiz administrazio-agintaritzak egiaztagiri horiek eskatzen dituztenean. Parte horiek izango dira afiliazio-fitxategi orokorrera bide elektroniko, informatiko edo telematikoen bidez igorritako datuak jaso dituztenak.

5. Erregelamendu honen 29. artikuluko 2. idatz-zatiak aipatu zuzenbide osoko altek sortuko dituzte legeak eratxikitako ondoreak. Zuzenbide osoko alten kasuan ez dago zertan alta-eskubidea aitortu. Alabaina, enpresaburuek langileen alta eskatzeko betebeharra izango dute, edo, hala denean, bidezkoak diren osterantzeko jardunak gauzatu beharko dira. Orobat, ez zaie kalterik egingo izan daitezkeen erantzukizunei.

6. Grebaren eta ugazabek enpresa ixtearen ondoriozko alta bereziko egoerek eta ezar daitezkeen gainerako alta bereziko egoerek ondoreak sortuko dituzte. Ondore horiek ezarriko ditu alta bereziko egoera jaso duen arauak, bai eta arau hori osatu eta garatzen duten arauek ere.

7. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoak ez die kalterik egingo erregelamendu honen 60 eta 61. artikuluetan ezarri bidegabeko alten eta bajen ondoreei.

36. artikulua. Altarekin berdinetsitako egoerak

1. Gizarte Segurantzaren aplikazio-esparruko zein araubidetan kokatuta egon eta araubide horretan iraungo dute, baina altarekin berdinetsitako egoeran, araubide horretan kokatzeko erabakigarri den zerbitzua emateari edo jarduera gauzatzeari utzi arren, ondoko egoera bat dutenek:

1) Legezko langabezia-egoera, erabatekoa eta sorospidezkoa; eta, behin langabezia-prestazioa bukatuta, kontribuzio bidezkoa zein laguntza bidezkoa, nahi gabeko langabezia-egoera, baldin eta egoera horretan enpleguaren bulegoan langabetuaren inskripzioari eusten bazaio.

2) Derrigorreko eszedentzia.

3) Seme-alabak zaintzeko eszedentzia, lanpostua erreserbatuta, aplikatu beharreko legeriarekin bat etorriz.

4) Lan-kontratua etetea, soldadutzaren edo ordezko gizarte-prestazioaren ondorioz.

5) Enpresak langilea lurralde nazionaletik kanpora lekualdatzea.

6) Hitzarmen berezien modalitateetako bat egitea.

7) Jarduerarik gabeko aldiak sasoiko lanetan.

8) Urriaren 15eko 46/1977 Legeak, Amnistiari buruzkoak, ezarri egoeren ondorioz jasandako espetxealdiak, ekainaren 8ko 18/1984 Legeak araututakoaren arabera.

9. Lanbide-gaixotasunaren arriskua izateko moduko lanpostuetan zerbitzuak eman ostean, altan edo altarekin berdinetsitako egoeretan ez dauden langileen egoera, gertakizun horren ondoriozko baliaezintasun iraunkorra adierazteko besterik ez bada ere.

10) Artisten eta zezenketako profesionalen kolektiboentzat, euren kotizazioen inguruko arauak aplikatzearen ondorioz kotizatutako egunak. Egun horiek kotizatutako eta alta-egoerako egun moduan hartuko dira, nahiz eta zerbitzuak eman diren egunekin bat etorri ez.

11) Osasun-laguntzarako eskubideari eusteko besterik ez bada ere, Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidean inorentzat lan egiten duten langileen baja-egoera. Langile horiek araubide horretan iraun beharko dute, alta-egoeran zein alta-egoerarik gabe, gutxienez, laurogeita hamar egunetan, baja hartu aurreko egutegiko hirurehun eta hirurogeita bost egunen barruan. Horrelakoetan, kontuan hartuko da kasu bakoitzarentzat azaroaren 16ko 2766/1967 Dekretuak ezarritakoa, azaroaren 12ko 3313/1970 Dekretuak eman idazketan.

12) Berebat, osasun-laguntzaren ondoreetarako besterik ez bada ere, kasuan kasuko Gizarte Segurantzaren araubidean dauden langile kaleratuen egoera, baldin eta langile horiek lan-jurisdikzioan demanda ebazteke badute, bidegabeko kaleratzearengatik edo kaleratze deusezarengatik.

13) Langabeziaren ondoriozko babesaren ondoreetarako, apirilaren 2ko 625/1985 Errege-dekretuaren 2. artikuluan edo estaldura horri buruzko arau berezietan jaso egoerak.

14) Nekazaritzako Araubide Berezian, lanarengatik atzerrira joateko egoera, abenduaren 23ko 3772/1972 Dekretuaren 71. artikuluan araututakoaren arabera.

15) Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Berezian, egutegiko laurogeita hamar eguneko aldia; aldi hori zenbatzen hasiko da araubide horretan baja hartu eta hurrengo hilabeteko azken egunetik aurrera.

16.º Nekazaritza-jarduerari aurretiaz uztearen ondoriozko laguntzak eta kalte-ordainak jasotzeko aldiak; nekazaritza-jarduerari aurretiaz uzteko aukera hori jaso du urtarrilaren 12ko 5/2001 Errege-dekretuak, nekazaritza-jarduerari aurretiaz uztea sustatzeko laguntza-araubidea ezarri duenak.

Esnegintzari uzteko programetara bildutako ekoizleek aukera dezakete altarekin berdinetsitako egoerari eustea, aurretiaz zeuden Gizarte Segurantzaren araubidean kotizatzeko betebeharrarekin. Aukera hori egiteko, ekoizle horiei ez zaie aplikatu behar urtarrilaren 12ko 5/2001 Errege-dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoa, eta ekoizle horiek ez dute altarik izan behar Gizarte Segurantzaren Sistemaren edozein araubidetan. Esnegintzari uzteko programak ezarri dira martxoaren 21eko 347/2003 Errege-dekretuan; errege-dekretu horrek arautzen du esne-kuotaren araberako kudeaketa-sistema.

17) Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak ezarri gainerako egoera guztiak.

2. Aurreko idatz-zatiko egoerak altarekin berdinetsitakoak dira gertakizunen eretzean, egoera horietako bakoitzarentzat erregelamendu honek eta egoera horien inguruko beste arauek ezarri baldintzetan eta ondoreekin.

37. artikulua. Langileen datu-aldaketen ondoreak

1. Alta-egoerako langileen datuetan izan daitezkeen aldaketek ondoreak sortuko dituzte aldaketa horiek gauzatzen direnetik, baldin eta aldaketok garaiz eta modu egokian komunikatzen bazaizkio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza eskudunari edo horren administrazio eskudun bati, erregelamendu honen 28. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

2. Aldaketa horiek komunikatzeko betebeharra dutenek izango dituzte, komunikazioa zein datatan egin eta data horren aurretik komunikazioa ez egitearen ondoriozko zehapenak eta erantzukizunak.

3. Erregelamendu honen 35. artikuluan xedatutakoak arautuko ditu kotizazioan eragina duten datu-aldaketak.

VI. KAPITULUA Inskripzioaren, afiliazioaren, alten, bajen eta aldaketen berezitasunak

38. artikulua. Bide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea

1. Gizarte Segurantzan enpresaburuaren inskripzioa, langilearen afiliazioa, altak eta bajak, eta bataren zein bestearen datu-aldaketak gauza daitezke, halaber, kasuan kasuko agiriak eta datuak emanda, bide zein prozedura elektroniko, informatiko edo telematikoak erabilita.

2. Prozedura horiek erabili nahi dituzten enpresa eta langileek bete beharko dituzte Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak ezarri baldintzak, eta, horrelako baldintzarik ezarri ezean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ezarritakoak, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta lege hori garatu duten arauetan xedatutakoa kontuan hartuta beti.

39. artikulua. Bide teknikoak erabilita edo egoitzarekin bat ez datorren Gizarte Segurantzaren administrazioan aurkeztutako inskripzioak, afiliazioak, altak, bajak eta aldaketak gauzatzea

1. Enpresaburuen inskripzio-eskabideak zein langileen afiliazioaren, alten eta bajen eskabideak, eta batzuen zein besteen datu-aldaketen eskabideak aurkezten direnean bide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabilita, ulertuko da eskabideok aurkeztu eta ebatzi direla, non eta eskatzaileari bide horiek erabiltzeko baimena eman dion Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzaren administrazioan.

2. Erregelamendu orokor honen 4, 12.1.1, 27.1.1, 32.2 eta 33.1 artikuluetan xedatutakoa gorabehera, enpresaburuen inskripzio-eskabideak eta langileen afiliazioaren, alten eta bajen eskabideak, eta batzuen zein besteen datu-aldaketen eskabideak eredu normalizatuen bidez aurkezten direnean, eskabide horiek aurkezteko betebeharra zein subjektuk izan eta subjektu horren egoitzarekin bat ez datorren Gizarte Segurantzaren administrazio batean, eskabideok jaso dituen administrazioak gauza dezake kasuan kasuko inskripzioa, afiliazioa, alta, baja edo datu-aldaketa.

Eskabideak eredu normalizatuetan aurkezten direnean, eta eskabide horiek jaso dituen Gizarte Segurantzaren administrazioak, eskabidea aurkezteko ekitaldian bertan, ezin duenean eskubide horien inguruan esanbidezko ebazpenik eman, horretarako aintzat hartu behar direlako interesdunek eskabide horietan adierazi gabeko egitate, alegazio edo frogak, orduan bakarrik bidaliko zaizkio eskabide horiek eskabideak aurkezteko betebeharra duen subjektuaren egoitza zein probintziatan izan eta probintzia horretako Diruzaintza Nagusiaren zuzendaritzaren administrazioari.

40. artikulua. Enpresaburuaren eta langile autonomoaren familiakoen eta sozietate kolektiboetako bazkideen zein komanditako sozietateen bazkide kolektiboen inguruan, bai eta kooperatiba-sozietate batzuetako bazkideen inguruan ere

1. Enpresaburuaren familiakoa izan eta betekizunak betez gero, inorentzat lan egiten duen langile moduan biltzeko Gizarte Segurantzaren araubide orokorraren aplikazio-esparrura, eta Nekazaritzako, Etxe-zerbitzarien, Itsasoko Langileen eta Ikatz-meatzaritzako Araubide Berezien aplikazio-esparrura, afiliazioa eta alta izateko aurkeztuko da, izaera orokorrarekin ezarri agiriez gain, enpresaburuaren eta familiako kidearen adierazpena. Adierazpen horretan agerraraziko dira, familiako kide horrek inorentzat lan egiten duela kasuan kasuko araubidean kokatzeko moduko jardueran, familiako kide horren lanbide-kategoria, lanpostua, ordainsarien modua eta zenbatekoa, lan-tokia, ordutegia eta ondore horretarako behar diren beste datu nahiz inguruabar. Era berean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritza nagusiak edo, hala denean, horren administrazio batek eska dezake Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren txostena.

2. Ustiategiaren titularra den langile autonomoak erantzukizun subsidiarioa izango du familiakoen afiliazio, alta, baja eta datu-aldaketen komunikazioen gaineko betebeharrak betetzeari dagokionez. Horretarako, familiako horiek izan behar dira, ustiategian jardueraren bat gauzatzeagatik, Nekazaritzako Araubide Bereziaren, Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Bereziaren eta Itsasoko Langileen Araubide Bereziaren aplikazio-esparruan.

Orobat, betebehar horien gaineko erantzukizun subsidiarioa izango dute sozietate kolektiboek, bai eta komanditako sozietateek, euren bazkide kolektiboei begira, eta lan elkartuko kooperatibek ere, bidezkoa denean batzuk zein besteak kasuan kasuko araubide berezira biltzea.

Betebehar horiek betetzeko epea izango da sei egunekoa, ezarritako epe-muga zein egunetan amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak onartutako epe zabalagoa, betebeharpeko nagusiek bete gabe utzi dituzten betebeharrak bete ditzaten.

41. artikulua. Jarduera-aniztasuna, enplegu-aniztasuna eta araubide batzuetara biltzeko aurretiazko aukera

1. Erregelamendu honen 7. artikuluko 4.1 idatz-zatiak ezarri jarduera-aniztasuneko egoeran daudenak zenbat araubidetan egon eta horrenbeste alta eta baja eskatu beharko dira. Egoera horietan daudenen altak eta bajak eskatuko dituzte 29. artikuluan eta hurrengoetan ezarri pertsonek, artikulu horietan ezarri moduan eta baldintzetan.

Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Berezira biltzeko moduko bi jarduera edo gehiago aldi berean gauzatuz gero, araubide horretako alta eta kotizazioa bakarrak izango dira, eta interesdunak aukeratutako jarduera aintzat hartuta gauzatuko dira.

Edozelan ere, interesdunak aukeratu badu lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunak estaltzea, kontuan hartuko da erregelamendu orokor honen 47. artikuluko 3.1 idatz-zatian xedatutakoa.

Ondore horietarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzak edo horren administrazio batek eska dezake Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren txostena.

2. Erregelamendu honen 7. artikuluko 4.2 idatz-zatian ezarri enplegu-aniztasuneko egoeran dauden langileen enpresaburuek, langileak egoera horretan daudela jakin badakitenean, langile horien altak eta bajak komunikatuko dituzte. Enpresaburuek komunikazio horiek egingo dituzte, enplegu-aniztasuneko egoera esanbidez aipatuta eta langilearen ordainsariak adierazita, erakunde kudeatzaileek eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz gauza ditzaten kotizazioeta babes-ondoreetarako bidezko jardunak.

Enplegu-aniztasuneko egoeran dauden langileek, berebat, egoera hori komunikatzeko betebeharra dute. Langileek egoera hori komunikatuko diete enpresaburuei eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzari edo horren administrazio bati, azken horrek ofizioz has ditzan bidezko jardunak.

3. Lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak afiliatu eta altan izateko, betebehar horiek betetzeko betebeharra duenak aurkeztu beharko du, izaera orokorrarekin ezarri agiriez gain, kooperatiba kasuan kasuko erregistroan inskribatuta dagoela adierazten duen ziurtagiria, bai eta kooperatibak zein aukera egin bazkide langileak Gizarte Segurantzaren Sistemako araubideetan kokatzeko eta aukera hori jaso duten estatutuen kopia ere. Aukera hori izango da bazkide langileak beregaineko langileekin berdinestea edo inorentzat lan egiten duten langileekin berdinestea.

4. Inorentzat lan egiteko langileekin berdinetsitako laneko bazkideak edo bazkide langileak dauden kooperatibetan, langile horiek lanaldi partzialean gauzatzen badute euren jarduera, aurkeztu beharko da estatutuen, barne-araudiaren edo biltzarrak nahiz kontseilu artezkariak hartutako erabakiari buruzko ziurtagiriaren kopia. Kopia horretan jaso beharko da egun, aste, hilabete edo urteko lanorduen kopurua, lanordu horien banaketa eta lanordu horien zehaztasuna hilabetean, astean eta egunean, bazkide langileek edo laneko bazkideek zerbitzuak eman beharko dituzten egunak zehaztuz.

Ulertuko da langile horiek euren jarduera lanaldi partzialean gauzatzen dutela, egun, aste, hilabete edo urteko lanorduak direnean kooperatibaren sektore-jardueran eta lurralde-esparruan aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak ezarri lanaldi osoaren 100eko 77 baino gutxiago, edo, horrelakorik izan ezean, legezko gehieneko lanaldi arrunta baino gutxiago.

42. artikulua. Atzerritarren afiliazioa eta alta

1. Lege honek ezarritakoaren arabera Gizarte Segurantzaren Sistemara eta kasuan kasuko araubidera biltzeko beharrezko diren afiliazio eta alta izateko, atzerritarrak espainiarrekin parekatuko dira; horretarako, atzerritarrak Espainian bizi edo legez izan beharko dira, eta, legeak nahiz erregelamenduek agindutako kasuetan, lan egiteko aurretiazko administrazio-baimena lortu beharko dute.

Langile atzerritarrak, inorentzat lan egiten dutenak zein beregainekoak, Gizarte Segurantzaren Sistemara eta kasuan kasuko araubidera biltzeko, aurkeztu beharko da, langile horien afiliazioeta alta-eskabideekin batera, euren naziotasuna egiaztatzen duen agiria. Europako Erkidegoko arautegia aplikatzen ez zaien atzerritarren kasuan, aurkeztu beharko da, langile espainiarrei eskatzen zaizkien datu eta agiriez gain, lan egiteko kasuan kasuko baimena, edo baimen hori lortzeko betebeharretik salbuetsita izatea egiaztatzen duen agiria.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, ulertuko da inorentzat lan-zerbitzuak ematen dituzten langile atzerritarrak Espainiako Gizarte Segurantzaren Sistemara bilduta eta kasuan kasuko araubidean altan daudela, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen ondoriozko gertakizunak babesteko. Hori ulertuko da, nahiz eta atzerritar horiek Espainian legez kanpo egon, lan egiteko baimenik ez izan edo baimen hori lortzeko betebeharretik salbuetsita izatea egiaztatzeko agiririk ez eduki. Alabaina, langile atzerritar horiek izan beharko dira Lanaren Nazioarteko Erakundearen 1925eko ekainaren 5eko 19. zenbakidun Hitzarmena berretsi duten herrialdeetakoak.

Gainera, horrek ez dio kalterik egingo, esanbidez edo isilbidez aitortutako elkarrekikotasun-printzipioa aplikatzeari, babes-ondore berberei dagokienez.

Lan egiteko aurretiazko baimena behar duten atzerritarrak ez dira bilduko Gizarte Segurantzaren Sistemara, baldin eta Espainian jardueraren bat gauzatzen badute baimen hori izan gabe. Hori gorabehera, ulertuko da atzerritar horiek Gizarte Segurantzaren Sistemara bilduta daudela, prestazio jakin batzuk jasotzeko, legeak ezarritakoaren arabera.

43. artikulua. Araubide orokorrera nahiz sistema berezietara bildutako kolektibo batzuk

1. Jarraian aipatuko diren kolektiboak Gizarte Segurantzaren araubide orokorraren aplikazio-esparrura biltzen dira. Kolektibo horien afiliazio, alta, baja eta datu-aldaketei dagokienez aplikatuko dira, erregelamendu honetan ezarri arau orokorrez gain, ondokoak:

1) Merkataritzako ordezkarientzat eta zezenketako profesionalentzat bereziki ezarritako arauketa zein subjekturi aplikatu eta subjektu horien afiliazio-, alta-, bajaeta aldaketa-eskabideak arautuko dira abenduaren 24ko 2621/1986 Errege-dekretuaren 5 eta 13. artikuluek, eta errege-dekretu hori aplikatu eta garatzeko gainerako xedapen bereziek xedatutakoaren arabera, bai eta hurrengo xedapenen arabera ere:

a) Merkataritzako ordezkariek euren alta eta bajak zuzenean komunikatuko dizkiote lanbide-jarduera gauzatzen duten probintziako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren zuzendaritzari edo horren administrazio bati, eta lanbide-jarduera probintzia baten baino gehiagotan gauzatzen badute, eurek egoitza duten probintziako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren zuzendaritzari edo horren administrazio bati.

Merkataritzako ordezkarien alta-eskabidean jaso behar dira, erregelamendu honen 30. artikuluko 2.1 idatz-zatiko datuez gain, enpresaburuaren edo enpresaburuen izena zein sozietatearen izena, eta lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunak eta, hala denean, aldi baterako ezgaitasuna estaltzen dituen erakundearen izena.

b) Zezenketako profesionalen altak eta bajak izango dira izaera orokorreko arauek ezarritakoaren araberakoak; berezitasun moduan, zezenketako profesionalak bildu beharko dira aktiboen erroldara, abenduaren 24ko 2621/1986 Errege-dekretuaren 13.2 artikuluak ezarri epean eta baldintzetan.

Errolda horretara bildu izanak ala errolda horretatik kanporatu izanak eragingo du, beste betekizunik gabe, zezenketako profesionalak altaeta baja-egoeran izatea ondore guztietarako, errege-dekretu hori garatzeko arauek ezarritakoaren arabera.

2. Espainiak atzerrian duen administrazioaren mende kontratatutako espainiarrak Espainiako Gizarte Segurantzan kokatuta badaude, afiliazioa, alta, baja, datu-aldaketak eta horien ondoreak izango dira kolektibo horiek arautzeko xedapen berezietan ezarritakoaren araberakoak. Nazioarteko erakundeetan edo horien pareko erakundeetan funtzionario edo kontratatutako langile izan eta lurralde nazionalean bizi ez diren espainiarren afiliazioa, alta, baja, datu-aldaketak eta horien ondoreak ere izango dira kolektibo horiek arautzeko xedapen berezietan ezarritakoaren araberakoak. Xedapen berezi horietan ezarri ez diren gaietan, kontuan hartuko dira erregelamendu honen xedapenak; horrek ez dio kalterik egingo Espainiak ondore horietarako jaso, sinatu eta onetsitako tratatu, hitzarmen, akordio edo nazioarteko tresnek xedatutakoari.

3) Gizarte Segurantzaren araubide orokorraren aplikazio-esparrura bildutako funtzionario publikoei dagokienez, lehiaketa edo izendapen askearen bidez lortutako lekualdaketen kasuan, lanpostu berria zein erakunde edo lantokitan gauzatu, edo funtzionarioak zein erakunderi edo lantokiri atxiki, eta erakunde edo lantoki berri horrek bere gain hartzen dituenean funtzionarioen ordainsariak eta Gizarte Segurantzaren betebeharrak, orduan altek eta bajek ondoreak sortuko dituzte. Altek ondoreak sortuko dituzte lanpostuari utzi eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean; bajek ondoreak sortuko dituzte, lanpostuari zein hilabetetan utzi eta hilabete horretako azken egunean.

2. Gizarte Segurantzaren araubide desberdinetako sistema berezietara bildutako langileen afiliazioek, altek, bajek eta datu-aldaketek bete beharko dituzte euren arau berezietan ezarri formalitate, epe eta osterantzeko baldintzak.

44. artikulua. Araubide berezi batera bildutako autonomia-erkidegoetako gobernu eta parlamentuetako kideak

Indargabetuta, autonomia-erkidegoetako parlamentuek euren kideen mesedetan Gizarte Segurantzaren Administrazioarekin hitzarmen berezia sinatzeari buruzko arauketa aldarazi zuen apirilaren 30eko 705/1999 Errege-dekretuaren ondorioz (EAO, 104. zk., 1999ko maiatzaren 1ekoa).

45. artikulua. Nekazaritzako Araubide Berezian: errolda, afiliazioa, altak eta bajak

1. Gizarte Segurantzaren Nekazaritzako Araubide Berezira bildutako langileak nahitaez inskribatu beharko dira uztailaren 23ko 2123/1971 Dekretuak onetsi zuen Gizarte Segurantzaren Nekazaritzako Araubide Bereziaren testu bateginaren II. kapituluko 2. atalak aipatu erroldan. Ondore horietarako, ondoko arauak aplikatuko dira:

1) Langileak banandutako bi ataletan inskribatuko dira erroldan, inorentzat lan egiten duten langileak edo beregaineko langileak izatearen arabera.

2) Erroldan inskripzioa eskatzeko betebeharra sortuko da langileak araubide berezi horren aplikazio-esparrura biltzeko baldintzak betetzen dituen unetik.

3) Erroldan inskribatzeko eskabidea, eskabide hori sustatzeko moduak, epea, tokia, inskripzioa gauzatzeko formalitateak eta inskripzio horren ondoreak, bai eta egindako aldaketen komunikazioak ere, arautuko dira erregelamendu honen 23. artikuluan eta hurrengoetan afiliaziorako eta altarako ezarritakoaren arabera, ondoko berezitasunekin:

a) Erroldan inskripzioa eskatzeko betebeharra dute interesdunek, beregaineko nekazaritzako langile direnean, eta enpresaburuek, euren zerbitzupean dituzten nekazaritzako langileei begira. Enpresaburuek betebehar hori bete ezean, langileek eska dezakete inskripzioa.

b) Enpresaburuek eskabideak egin behar dituzte, nekazaritza-lanetan dituzten langileak erroldan inskribatzeko; eskabideok aurkeztu behar dira langileak zerbitzuak ematen hasi aurretik. Bestalde, inskripzio-eskabide horiekin batera, bai eta erroldan aurretiaz inskribatuta zeuden langileei dagokienez ere, enpresaburuek komunikazioa aurkeztu beharko dute, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ezarritakoaren arabera. Enpresaburuek komunikazio horretan jaso behar dituzte enplegatzen duten nekazaritzako langile bakoitzaren datu pertsonalak eta langile bakoitzak benetako lehenengo lanaldia egiteko ezarritako data.

Era berean, egutegiko hilabete bakoitzaren lehenengo sei egunetan, enpresaburuek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari komunikatu beharko diote, horrek ezarri moduan komunikatu ere, aurreko egutegiko hilabetean eurentzat langile bakoitzak lanean egindako lanaldi guztien kopurua edo, hala denean, aurreko paragrafoak aipatu aurretiazko komunikazioko lanaldia ez dela egin.

Langile finkoek lan-harremanei behin betiko utziz gero, komunikazio hori egin beharko da benetan egindako azken lanalditik sei eguneko epean.

Langileen lan-zerbitzuen ematea amaitzean, enpresaburuek langile bakoitzari eman beharko diote benetan egindako lanaldien egiaztagiria. Egiaztagiri horretan jaso beharko dira enpresaburuaren datuak, lanaldiak hasi eta bukatu ziren data, eta enpresaburuarentzat lanean egindako lanaldi guztien kopurua.

Nekazaritza-jarduera egiaztatzeko, langileak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarengandik jaso dezake benetan egindako lanaldien egiaztagiria. Egiaztagiri horretan jasoko dira enpresaburuaren datuak; lan-harremanak zein motatakoak diren, finkoak edo behin-behinekoak; nekazaritza-jarduera hasteko eta amaitzeko datak; enpresaburuarentzat lanean egindako lanaldien kopuru osoa; eta nekazaritza-jarduera zein datatan gauzatu den.

c) Enpresaburuak egindako eskabidea, langilea erroldara biltzeko, edo beregaineko langileak esangura horretan egindako eskabidea, izango da afiliazioedota alta-eskabidearen baliokidea.

Edu berean, benetan egindako lanaldien inguruan enpresaburuak zertu duen komunikazioa da langilea erroldara biltzeko eskabidearen baliokidea, langilea erroldan aurretiaz inskribatuta ez bazegoen.

Nekazaritza-jarduerak gauzatu izana egiaztatzeko, eta Gizarte Segurantzaren Nekazaritzako Araubide Bereziaren testu bategineko 2. artikuluan eta hurrengoetan ezarri osterantzeko inguruabarrak egiaztatzeko, interesdunek erabil ditzakete zuzenbidean onartutako frogabide guztiak, eta, bereziki, benetako lanaldiak hasteko eta amaitzeko komunikazioa. Interesdunek egiaztapen horiek egin beharko dituzte araubide honetan alta izateko, altari eusteko eta baja izateko.

d) Erroldan jasotako hasierako inskripzioak sortuko ditu Gizarte Segurantzaren Sistemara afiliatzearen ondoreak, aurretiaz afiliatuta ez zeuden langileentzat. Horrez gain, langile horiek erroldara biltzea izango da araubide berezi honetan alta ematearen baliokidea; alta hori izan daiteke hasierakoa zein elkarren segidakoa.

e) Lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunak babesteari dagokionez, ez datoz bat enpresaburuek euren buruari begira dituzten betebeharrak, eta enpresaburu horiek euren langileei begira dituzten betebeharrak, erregelamendu honen 14. artikuluak ezarritakoaren arabera.

4) Araubide berezi honetan baja gertatuko da, langileak nekazaritza-jarduerak gauzatzen ez dituenean, artikulu honek ezarri modu eta baldintzetan, edo langileari alta bidegabe eman zitzaiola egiaztatzen denean; azken kasu horretan, kontuan hartuko da 60. artikuluak xedatutakoa.

Nekazaritza-jarduerarik ez gauzatzeak, bestelako jarduera batzuk gauzatu zein ez, ondoko kasuetan baja izatea eragingo du araubide berezi honetan, langileak baja hori esanbidez eskatu ez duenean:

a) Dela beregaineko nekazaritzako langileen kasuan, dela inorentzako lan egiten duten nekazaritzako langileen kasuan, inolako jarduerarik gauzatzen ez denean, edo ondoz ondoko egutegiko sei hilabetetik gorako aldietan nekazaritzakoak ez diren jarduerak gauzatzen direnean, modu esklusiboan eta etengabe, nekazaritzakoa ez den jarduera gauzatzeari ekin zitzaion egunetik zenbatzen hasita edo, inolako jarduerarik gauzatu ezean, nekazaritza-jarduerari uzten zaionetik, betiere beregaineko nahiz inorentzako lan egiten duen langilearen kuota finkoak ordaintzen direla. Inorentzat lan egiten duten langileek inolako jarduerarik gauzatzen ez badute, ulertuko da nekazaritza-jarduerari utzi zitzaiola benetako azken jardunaldia zein hilabetetan egin eta hilabete horren amaieran edo, hala denean, prestazioa, langabezia-sorospena edo nekazaritzako errenta jasotzeari uztean.

Ondore horietarako, aldi horien zenbaketatik at utziko dira langilearen aldi baterako ezgaitasuna, amatasuna eta haurdunaldi bitarteko arriskua, nahiz eta langileak eskubiderik ez izan kasuan kasuko sorospena jasotzeko, ezarritako gutxieneko kotizazioaldia beteta ez izateagatik.

Horrelako kasuetan, nekazaritzako langileek baja eskatu beharko dute araubide berezi honetan, aipatu muga gainditu eta hurrengo sei egunetako epean. Baja horrek ondoreak sortuko ditu, nekazaritzakoak ez diren jarduerak hasi eta zazpigarren hilabetera, hilabete horretako lehenengo egunetik aurrera; edo langileak benetako azken lanaldia egin zuenetik, edo langileak prestazioa, langabezia-sorospena edo nekazaritzako errenta jasotzeari utzi zionetik.

Epe hori baja-eskabidea aurkeztu gabe igaro ondoren, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz erabaki dezake baja.

b) Ondoz ondoko egutegiko sei hilabetean ez dagoenean inorentzat lan egiten duen langile baten benetako lanaldien inguruko komunikaziorik, eta sei hilabete horietan langileak araubide berezi honetako kuota finkoa ordaintzen ez duenean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emango dio baja langile horri. Baja horrek ondoreak sortuko ditu langileak egindako benetako lanaldiaren inguruan azken komunikazioa zein hilabetetan egin eta hilabete horretako azken egunetik aurrera.

Araubide Berezi honetako beregaineko zein inorentzat lan egiten duten nekazaritzako langileek, ondoz ondoko egutegiko sei hilabetetik gorako aldian, Gizarte Segurantzaren nekazaritzako araubideaz landako beste araubide batean kokatzeko moduko lanak egiten badituzte, nekazaritzako araubidean baja hartuz, orduan, lanok amaitu ondoren edo Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko prestazioak amaitu ondoren, prestazio horien barnean direla lan horien araberako eskubideak eratorri langabeziaren ondoriozko prestazioak eta sorospenak, langile horiek euren inskripzioa eska eta lor dezakete Gizarte Segurantzaren nekazaritzako erroldan. Langileok ez dituzte berriro egiaztatu behar ohikotasunaren eta oinarrizko bizibidearen betekizunak nekazaritzako araubide berezira biltzeko. Baina langile horiek eskabidea egin beharko dute, lanak edo aipatu prestazioen nahiz sorospenenen amaiera-data kontuan hartu eta hurrengo hiru hilabeteetan.

5) Aurreko arauen kasuetan, inorentzat lan egiten duen langileak bere jarduera hasten edo amaitzen duenean, egutegiko hilabetearen hasierarekin edo amaierarekin bat etorri gabe, edo jarduera hori hasteko zein amaitzeko ezarritako data eta enpresaburuak edo langileak komunikatutako data bat ez datorrenean, araubide berezi honen erroldako inskripzioak edo bajak ondoreak sortuko ditu, hurrenez hurren, hilabete horretan langileak nekazaritza-jarduera hasten duenetik edo langile horrek araubide honetan izateko baldintzak betetzeari uzten dion egunetik.

6) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari dagokio langileek erroldan inskribatzeko eta baja hartzeko duten eskubidea aitortzea. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak datu, agiri nahiz txosten egokiak eska ditzake, erroldan inskribatzeko edo baja hartzeko behar diren betekizunak betetzen direla egiazta dadin.

7) Erroldan inskribatutako langileen inguruabarrak aldatzeagatik, langile horiek inskribatuta egon behar diren atala aldatzen bada, edo langile horien hileko kotizazioaren zenbatekoa aldatzen bada, aldaketa horiek ondoreak sortuko dituzte, aldaketok zein datatan egin eta data horren egutegiko hurrengo hilabetetik aurrera, aldaketok epean komunikatu baziren. Aitzitik, aldaketok epean komunikatu ez baziren, aldaketa horiek ondoreak sortuko dituzte, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak aldaketa horien berri noiz izan eta hurrengo hilabetean, salbu eta aldaketok lehenago egin zirela egiaztatzen denean; azken kasu horretan, aldaketek ondoreak sortuko dituzte, aldaketok egin eta hurrengo hilabetetik aurrera, bidezko diren zehapen eta gainerako ondoreei kalterik egin gabe.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren eskumena da nekazaritzako langileen lan-errolda eratzea, edo eratuta dagoen lan-errolda eguneratzea, bai eta, hala denean, nekazaritzako enpresaburuen errolda eratu eta eguneratzea ere. Diruzaintza Nagusiak aldian-aldian egin beharko ditu errolda-eragiketak, langileen eta enpresaburuen inguruko datuen zehaztasuna eta indarraldia bermatzeko.

46. artikulua. Nekazaritzako Araubide Bereziko langile batzuen berezitasunak gertakizun jakin batzuk babesteko orduan

1. Araubide berezi honetara bildutako langileen erroldako inskripzioek ondoreak sortuko dituzte, kotizazioari eta babes-ekintzari begira, erregelamendu honen 35. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

2. Lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunen estaldura nahitaezkoa izango da Nekazaritzako Araubide Bereziaren aplikazio-esparruko beregaineko langileentzat zein horien familiakoentzat. Estaldura horretatik salbuesten da aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa.

Babes hori gauzatuko da, gertakizun berberak estaltzeko, erregelamendu honen 14. artikuluak enpresaburuei ezarritako modu berean, inorentzat lan egiten duten langileen babesari dagokionez.

3. Nekazaritzako Araubide Berezira bildutako beregaineko langileek borondatez erabaki dezakete, araubide horretan alta hartzeko unean, Gizarte Segurantzak estaltzea gertakizun arruntek eta lanbide-gertakizunek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa.

Araubide honetan alta hartzeko unean, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko sorospena estaltzea erabaki ez duten beregaineko langileek ere aurreko paragrafoko aukera egin dezakete, alta ondoreak sortzen hasi zen datatik egutegiko hiru urte igaro ondoren.

Kasu horretan, beregaineko langileek aurkeztu beharko dute estaldura hori izateko eskabidea, idatziz eta kasuan kasuko ekitaldiko urriko lehenengo eguna baino lehenago. Eskabide horrek ondoreak sortuko ditu hurrengo urteko urtarrilaren lehenengo egunetik.

1) Behin aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzearen aldeko aukera eginda, aukera horrek ondoreak sortuko ditu alta hartu zenetik. Horrek ez dio kalterik egingo kotizazio ondoreetarako erregelamendu honen 35. artikuluko 3. idatz-zatian eta osterantzeko xedapen osagarrietan xedatutakoari.

2) Aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioa estaltzearen alde egindako aukerak eratorri eskubide eta betebeharrak eskatzeko modukoak izango dira, gutxienez, hiru urtez. Hiru urte horiek egutegikoak izango dira eta oso-osoan zenbatuko dira. Hiru urteko aldi hori zuzenean luzatuko da iraupen bereko aldietan, salbu eta interesdunak esanbidez uko egiten duenean, hurrengo idatz-zatian zehaztu moduan eta epeetan.

3) Aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioa estaltzea erabaki duen beregaineko langileak estaldura horri uko egin nahi izanez gero, hiru urteko aldi bakoitzaren azkeneko urtean aurkeztu beharko du uko egite horren inguruko eskabidea, idatziz eta urte horretako urriaren lehenengo eguna baino lehenago. Eskabide horrek ondoreak sortuko ditu hurrengo urteko urtarrilaren batetik aurrera.

Modu horretara aurkeztutako uko egiteak ez du eragotziko etorkizunean berriro ere aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioaren inguruko aukera egitea, baldin eta, gutxienez, hiru urte igaro badira, azken uko egiteak ondoreak sortu zituenetik.

4) Gizarte Segurantzaren Nekazaritzako Araubide Bereziko bajak dakar aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioaren inguruan egindako aukerari uko egitea. Hala ere, eutsi egingo zaio baja hartzeko unean jasotzen zen prestazioari, legeak ezarri azkentze-arrazoiren bat izan arte.

4. Aurreko idatz-zatiko babesaren aldeko aukera egin duten langileek lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutua batekin estali beharko dute aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa, artikulu honetan eta osterantzeko xedapen osagarrietan ezarri baldintzetan eta ondoreekin. Mutuak nahitaez onartu beharko du estaltze hori, abenduaren 7ko 1993/1995 Errege-dekretuak onetsitako Lan-istripu eta Lanbide-gaixotasunen Mutuen Elkarlanari buruzko Erregelamenduaren 74 eta 75. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5. Gizarte Segurantzaren Nekazaritzako Araubidean kokatutako artzainen, landazainen eta ehizazein arrantza-barrutietako zaintzaileen kasuan, horien ardura bada jabe batzuen edo gainerako titularren abelburua zaintzea, edo nekazaritza-ustiategiak jagotea, azken horiek erantzukizun solidarioa izango dute, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen babesa gauzatzeko betebeharra betetzearen gainean eta betebehar hori ez betetzearen ondorioz eratorri ondoreen gainean.

47. artikulua. Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Berezian

1. Afiliazioak edota altak, hasierakoak zein elkarren segidakoak, nahitaezkoak izango dira, eta horiek guztiek kotizazioari nahiz babes-ekintzari begira ondoreak sortuko dituzte, kasuan kasuko pertsonak egutegiko zein hilabetetan bete Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Bereziko aplikazio-esparrura biltzeko baldintzak eta hilabete horren lehenengo egunetik, baldin eta afiliazio eta alta horiek eskatu badira erregelamendu honen 32. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

1) Arauzko epetik kanpo eskatutako altek ondoreak sortuko dituzte, araubide berezi honetara biltzeko moduko betekizunak egutegiko zein hilabetetan bete eta hilabete horren lehenengo egunetik.

Horrelako kasuetan, eta kotizazioak epez kanpo ordaintzeagatik bidezkoak diren administrazio-zehapenei kalterik egin gabe, alta gauzatu aurreko aldiei dagozkien kotizazioak eskatzeko modukoak izango dira. Kotizazio horiek prestazioei begira ondoreak sortuko dituzte, baina horretarako kotizazioak ordaindu beharko dira, legearen araberako errekargu eta guzti. Kotizazioek ez dute ondorerik izango, preskripzioa aplikatzeagatik kuotak ezin direnean eskatu eta, beraz, kuota horiek prestazio-ondoreetarako ere balio ez dutenean.

Kotizazio horiek, halaber, korrituak sortuko dituzte, kotizazio horiek ordaindu behar ziren datatik, eta ordainketa egiteko unean indarrean dagoen diruaren legezko korritu-tasaren arabera.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak arauzko epetik kanpo eskatutako alten berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari.

2) Araubide honetan afiliazioa eta alta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz gauzatzea bidezkoa izango da, erregelamendu honen 26 eta 29.1.3 artikuluek arautu egoeretan. Afiliazio eta alta horiek ere ondoreak sortuko dituzte, araubide berezi honetara biltzeko betekizunak betetzen direla egutegiko zein hilabetetan egiaztatu eta hilabete horren lehenengo egunetik, aurreko 1. idatz-zatian ezarri baldintzetan eta norainokoarekin.

2. Araubide berezi honetan alta hartzeko unean, langileek borondatez erabaki dezakete aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzea.

Behin estaltze horren aldeko aukera eginda, aukera horrek ondoreak sortuko ditu alta hartu zenetik. Horrek ez dio kalterik egingo, kotizazio-ondoreetarako erregelamendu honen 35. artikuluko 3. idatz-zatian eta osterantzeko xedapen osagarrietan xedatutakoari.

Araubide honetan alta hartzeko unean, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko sorospena estaltzea erabaki ez duten langileek ere babes hori aukera dezakete, alta ondoreak sortzen hasi zen datatik egutegiko hiru urte igaro ondoren. Kasu horretan, langileek aurkeztu beharko dute estaldura hori izateko eskabidea, idatziz eta urte bakoitzeko urriaren lehenengo eguna baino lehenago. Eskabide horrek ondoreak sortuko ditu hurrengo urteko urtarrilaren lehenengo egunetik.

1) Aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioa estaltzearen alde egindako aukerak eratorri eskubide eta betebeharrak eskatzeko modukoak izango dira, gutxienez, hiru urtez. Hiru urte horiek egutegikoak izango dira eta oso-osoan zenbatuko dira. Hiru urteko aldi hori zuzenean luzatuko da iraupen bereko aldietan, salbu eta egindako aukera aldatzen denean, aurreko artikuluko 3.3 eta 3.4 idatz-zatietan ezarri moduan, epeetan, baldintzetan eta ondoreekin.

2) Aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa estaltzeko aukera egin duten langileek Gizarte Segurantzaren lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutua batekin estali beharko dute hori, artikulu honetan eta osterantzeko xedapen osagarrietan ezarri baldintzetan eta ondoreekin. Mutuak nahitaez onartu beharko du estaltze hori, abenduaren 7ko 1993/1995 Errege-dekretuak onetsitako Lan-istripu eta Lanbide-gaixotasunen Mutuen Elkarlanari buruzko Erregelamenduaren 74 eta 75. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3. Araubide berezi honetako langileek borondatez aukeratu badute araubide honen babes-ekintzaren esparrura biltzea aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa, borondatez aukera dezakete, berebat, araubide horrek eskaintzen dien babes-ekintza hobetzea. Horretarako, babes-ekintza horretara bildu behar dute lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunen babesa, idatz-zati honetan ezarritakoaren arabera bildu ere.

1) Langile horiek aldi baterako ezgaitasunaren estaldura zein erakunde kudeatzaile edo erakunde laguntzailerekin gauzatu eta erakunde horrekin gauzatu beharko dute lanbide-gertakizunen babesaren alde egindako aukera.

Lanbide-gertakizunak estaltzeko aukera egin duten langileek jarduera batzuk gauzatzen badituzte, eta jarduera horiengatik langile horiek araubide bakarrera bildu behar badira, eta estaldura bakarra izan behar badute, biltze eta estaldura horiek gauzatuko dira kotizazio-epigraferik altuena aplikatzen zaion jardueraren arabera; aplikatu beharreko kotizazio-epigrafe horiek izango dira lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunengatik Gizarte Segurantzan kotizatzeko primen tarifa berrikusi zuen abenduaren 29ko 2930/1979 Errege-dekretuaren 2. eranskinean jasotakoak.

Ondore horretarako, langileek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian aurkeztu beharko dute eurek gauzatzen dituzten jarduera desberdinen gaineko adierazpena; adierazpen hori aurkeztuko dute aukera egiteko unean, erregelamendu honen 28 eta 37. artikuluetan ezarri baldintza eta ondoreekin. Adierazpen horren berri emango zaio, lanbide-gertakizunen estaldura gauzatu duen erakunde laguntzaileari.

Aldi baterako ezgaitasunaren prestazioa estaltzeari uko egiteak beti dakar lanbide-gertakizunak babesteari uko egitea. Baina lanbide-gertakizunak babesteari uko egiteak ez dakar aldi baterako ezgaitasuna estaltzeari uko egitea, salbu eta hori berori esanbidez eskatu denean.

2) Lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunak babesteko aukera eta, hala denean, aukera horri uko egitea gauzatuko dira aurreko 2. idatz-zatiak aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa babesteko aukeraren eta aukera horri uko egitearen inguruan ezarri moduan, epeetan zein gainerako baldintzetan eta ondoreekin, eta ondoko berezitasunak kontuan hartuta:

a) Lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutua aldatzen denean, aldi baterako ezgaitasuna eta lanbide-gertakizunak estaltzeko aukeraren ondoreak edo estaldura horri uko egitearen ondoreak sortuko dira mutuaren aldaketak ondoreak sortzen dituen datan.

Aldi baterako ezgaitasuna eta lanbide-gertakizunak estaltzeko aukerak aldi berean gauza daitezke. Aldi berean gauza daitezke, berebat, horien babesaren inguruko uko egiteak. Hori gorabehera, gerta daiteke, estaltze-aukerek edo babesaren inguruko uko egiteek ondoreak sortuko dituzten data bat ez etortzea mutuaren aldaketak ondoreak sortuko dituen datarekin. Horrelakoetan, aldi baterako ezgaitasuna eta lanbide-gertakizunak estaltzeko aukerek ondoreak sortuko dituzte, kasuan kasuko aukera zein urtetan aurkeztu eta hurrengo urteko urtarrilaren lehenengo egunean. Aukera horiei uko egiteak ondoreak sortuko ditu, uko egitea zein urtetan aurkeztu eta urte horretako abenduaren azken egunean.

b) Aurreko paragrafoak aipatu aukerek, uko egiteek edo mutua-aldaketek ondoreak sortzen dituzten datan, langilea aldi baterako ezgaitasun-egoeran dagoenean, aukeraren edo aldaketaren ondoreak atzeratu egingo dira, medikuaren alta zein hilabetetan izan eta hurrengo hilabeteko lehenengo eguna arte; eta uko egiteak ondoreak sortuko ditu, medikuaren alta zein hilabetetan izan eta hilabete horretako azken egunean.

4. Araubide berezi honetan, langileen bajek ondoreak sortuko dituzte, langile horiek araubide honetara biltzea eragin zuen jarduerari zein hilabetetan utzi eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik, baldin eta baja horiek ezarritako epe eta moduan eskatzen badira.

1) Araubide berezi honetara biltzeko betekizunak eta baldintzak bete ez arren, langileak baja eskatzen ez duenean, edo baja eskatzen duenean, baina baja-ondoreetarako ezarritakoen ondoan desberdinak diren modu eta epeetan, edo baja ofizioz gauzatzen denean, horrela iraun duen altak ondoreak sortuko ditu kotizazio-betebeharrari begira, erregelamendu honen 35. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, eta langile hori ez da alta-egoeran izango prestazioak jasotzeko eskubideari dagokionez.

2) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak arauzko epetik kanpo eskatu edo gauzatutako bajen berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari.

5. Araubide berezi honetako langileen altaeta baja-eskabideekin batera aurkeztuko dira eskabide horiek bidezkoak izateko erabakigarri diren agiri eta frogabideak.

Ondore horietarako jarraian aipatuko diren agiri edo frogabideetarik bat edo batzuk aurkez daitezke:

a) Eskatzailea banakako edo familiako edozein enpresaren, edo jendaurreko establezimendu baten jabe, errentari, gozamendun eta antzeko beste kontzeptu gisa titular dela egiaztatzen duen agiria, edo titulartasun horri utzi zaiola egiaztatzen duen agiria.

b) Jarduera ekonomikoen zerga edo gauzatutako jardueraren gaineko beste edozein zerga ordaindu izanaren egiaztagiria, edo zerga hori ordaindu ez izanaren ziurtagiria. Egiaztagiri eta ziurtagiri horiek izan behar dira gehienez ere azkeneko bost urteei buruzkoak.

c) Kasuan kasuko jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren administrazio-lizentzia eta -baimenen kopiak, eta, horrelakorik izan ezean, lizentzia edo baimen horiek eman dituen erakunde zein administrazioaren aipamena, edota lizentzia edo agiri horiek azkendu direla edo horiei utzi zaiela egiaztatzen duten agirien kopia.

d) Adierazpen arduratsua, interesdunarena eta ondore horietarako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eskatutako beste batzuena; azken horiek izan daitezke eskatzaileak proposatutakoak ala ez.

48. artikulua. Itsasoko Langileen Araubide Berezian

1. Itsasoko Langileen Araubide Berezian, itsasontzi bakoitza lantokia izango da, eta lantoki horri emango zaio kotizazio-kontuaren kodea. Kotizazio-kontuaren kode hori enpresaburuen Erregistroan jasoko da.

1) Itsasontzi bakoitza identifikatzen duen kotizazio-kontuaren kodeari buruzko idatzoharra egingo da itsasontziaren rol edo lizentzian.

2) Enpresa inskribatu izanaren eta itsasontzia Erregistroan identifikatu izanaren justifikazioa, bai eta enpresak kotizazioen ordainketa egunean izatearen justifikazioa ere, beharrezko betekizunak izango dira, itsasoko agintaritza eskudunak itsasontzia itsasoratzea baimentzeko.

2. Araubide berezi honetako langileen afiliazioa, altak, bajak eta datu-aldaketak gauzatuko dira erregelamendu honetan izaera orokorrarekin ezarri epe eta baldintzen arabera. Berezitasun gisa, enpresa zein tokitan inskribatu eta toki horretatik urrun nabigatzen edo arrantzatzen duten itsasontzietako langileen kasuan, egintza horiek gauzatzeko epea izango da egutegiko sei egunekoa. Sei egun horiek zenbatzen hasiko dira, enpresa zein probintziatan inskribatuta egon eta itsasontzia probintzia horretako portura heltzen denetik.

Edozein kasutan ere, langilea enpresan sartu zen datatik afiliazio eta alta eskatzen den datara ezin izango da igaro egutegiko hamar egun baino epe luzeagorik.

3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren probintziako zuzendaritzek edo horien administrazioek eta, horien laguntzaile gisa, Itsasoko Gizarte Institutuaren probintziako eta tokiko zuzendaritzek enpresari edo interesdunari emango diote afiliazioeta alta-eskabidea aurkeztu dela egiaztatzen duen agiria.

Gizarte Segurantzako zenbakia edo, hala denean, Gizarte Segurantzaren afiliazio-zenbakia jasoko da interesdunen itsasoko inskripzio-libretetan, edozein motatako itsasontzietan zerbitzuak ematen dituzten langileen kasuan.

Itsasoko agintaritzak egiaztatuko du betekizun hori badela, interesdunen ontziratzea baimentzean.

4. Uztailaren 9ko 1867/1970 Errege-dekretuaren 3. artikuluko beregaineko langileek eta armadoreek nahitaez hitzartu behar dute lan-istripuek edo lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunen babesa, Itsasoko Gizarte Institutuarekin edo Gizarte Segurantzaren lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutua batekin. Beregaineko langileek eta armadoreek babes hori hitzartuko dute, eurentzat zein eurek enplegatu eta inorentzat lan egiten duten langileentzat. Hala ere, kasuan kasuko elkartze-agiria erregelamendu honen 14. artikuluak ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

49. artikulua. Etxe-zerbitzarien Araubide Berezian

1. Etxe-zerbitzarien Araubide Berezian, familia-etxeko zerbitzariak izango du afiliazioa, alta eta baja eskatzeko betebeharra, langile horrek familia-buru bati edo batzuei zerbitzuak ematen dizkienean. Etxe-zerbitzariak bere zerbitzuak eman beharko ditu lanaldi partzialean, dela iraupen mugagabearekin, aldizkako langile finko edo jarraitutasunik gabeko langile finko gisa, dela iraupen jakinarekin, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsitako Langileen Estatutuari buruzko testu bateginaren 15. artikuluaren kasuetan.

1) Kasu horretan, izaera orokorrarekin ezarri agiriez gain, etxe-zerbitzariak afiliazioedo alta-eskabidearekin batera aurkeztu beharko ditu familia-buru guztien adierazpenak; adierazpen horietan, familia-buruek agerraraziko dituzte emandako zerbitzu partzial eta jarraitutasunik gabekoen denbora eta osterantzeko baldintzak.

Afiliazioeta alta-eskabide horiek, bai eta horiekin batera joan behar diren agiriak ere, aurkeztuko dira kasuan kasuko jarduera zein datatan hasi eta egutegiko hurrengo sei egunetan.

2) Erregelamendu honetan xedatutakoaren ondoreetarako, lanaldi partzialean emandako zerbitzu gisa hartuko dira hilabetean laurogei lanordutik behera benetan emandako zerbitzuak, baldin eta zerbitzu-emate horiek gainditzen badute Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak lanaldi partzialerako ezarri gutxienekoa.

2. Araubide berezi honetan, erregelamendu honen 10. artikuluaren 3. idatz-zatian aipatu enpresaburuek ezin izango dute modu berezian hitzartu Gizarte Segurantzak lanbide-gertakizunen aurka eskainitako babesa, eurek enplegatzen dituzten langileei begira, langile horiek badira araubide berezi honen aplikazio-esparrura bildutakoak eta inorentzat lan egiten dutenak, edo langile horiekin berdinetsitakoak.

3. Afiliazioek eta altek, hasierakoek zein elkarren segidakoek, kotizazioari eta babes-ekintzari begira ondoreak sortuko dituzte, etxe-zerbitzariak araubide berezi honen aplikazio-esparrura biltzeko baldintzak betetzen dituen egunetik. Araubide horretako bajek ondoreak sortuko dituzte etxeko zerbitzariak jarduera horri utzi eta hurrengo egunetik aurrera. Gainerakoan, erregelamendu honen 35. artikuluko 1 eta 2. idatz-zatietan xedatutakoak arautuko ditu afiliazioak, altak eta bajak.

Jarduera hori egutegiko hilabetearen zati batean edo batzuetan gauzatzen denean, eskatuko dira etxe-zerbitzariak zenbat egunez zerbitzuak eman eta hilabeteko kuotaren horrenbeste zati.

Ondore horretarako, hileko kuota finkoa hogeita hamarrez zatituko da beti.

50. artikulua. Ikatz-meatzaritzako Araubide Berezian

Enpresaburuek euren langileen alta Ikatz-meatzaritzako Araubide Berezian eskatzeko agirietan agerrarazi beharko dituzte langile horien lanbide-kategoria eta langile horiei aplikatu behar zaien jubilazio-adinaren koefiziente murrizgarria.

Era berean, erregelamendu orokor honen 32. artikuluko 3.2 idatz-zatian ezarri epean, enpresaburuek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari komunikatu beharko dizkiote datu horien inguruko aldaketak, aldaketa horiek eragin dituen arrazoia kontuan hartu gabe. Halaber, enpresaburuek Diruzaintza Nagusiari komunikatuko dizkiote langileak lanera joan ez diren egunak; hala ere, lanera ez joatearen arrazoiak ez dira izan behar medikuak emandako bajak, gaixotasun arruntarengatik edo lanbide-gaixotasunarengatik eta laneko edo lanetik kanpoko istripuarengatik, ezta kasuan kasuko lan-arauek ordainsariak jasotzeko eskubidearekin baimendutako ez-joateak ere.

III. TITULUA AGIRIAK, BERRIKUSPENA ETA AURKARATZEAK

LEHENENGO KAPITULUA Matrikula-liburua, datuak gordetzea eta informazio-eskubidea

51. artikulua. Matrikula-liburua*

1. Enpresaburuen ardura izango da matrikula-liburua antolatuta eta egunean izatea. Matrikula-liburu horretan inskribatuko dira enpresaburuaren langile guztiak, zerbitzuak ematen hasten diren unean.

Lantoki bat baino gehiago dagoenean, lantokiak beste matrikula-liburu izango dira.

2. Langileen inskripzioak matrikula-liburuan gauzatu beharko dira matrikula-liburuaren eredu ofizialera bildutako jarraibideek ezarri moduan eta betekizunekin.

Edozein kasutan ere, matrikula-liburuan jaso beharko da inskribatutako langileen Gizarte Segurantzako zenbakia. Inskribatutako langileek matrikula-liburua sinatu beharko dute zerbitzuak ematen hasten diren unean, eta euren lanbide-kategorian aldaketaren bat dagoenean.

Langileen bajen idatzoharrak egingo dira kronologiaren araberako tokian. Gainera, bajaren data aipatuko da altaren hasierako inskripzioan edo lanbide-kategoria aldatzean egindako inskripzioan.

3. Matrikula-liburuak eredu ofizialaren arabera gaituko dira, Laneko eta Gizarte Segurantzaren probintziako ikuskatzailetzetan.

4. Itsasontzien kasuan, matrikula-liburuaren ordez itsasontzi bakoitzak rola izango du. Rol horretan jasoko dira langileak Gizarte Segurantzan duen egoerari buruzko datu eta aldaketak. Horien artean, Gizarte Segurantzako zenbakia jasoko da beti.

5. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Zuzendaritza Nagusiak matrikula-liburuaren ordez beste agiri-sistema bat izatea baimen diezaieke hala eskatzen duten enpresei. Agiri-sistema horiek eskaini beharko dituzte matrikula-liburuak eskaintzen dituen berme berberak. Enpresek justifikatu egin beharko dute ordezpen horren bidezkotasuna.

* Abenduaren 27ko 24/2001 Legeak, zerga, administrazio eta lan-arloko neurriei buruzkoak (EAO, 313. zk., 2001eko abenduaren 31koa), 37. artikuluan xedatutakoaren ondorioz, xedapen indargabetzaile bakarraren 5. idatz-zatiarekin lotuta, 51. artikulua indargabetuta dagoela ulertu behar da.

52. artikulua. Datuak gordetzea eta agiri-sistemak. Ondoreak

1. Enpresaburuek eta, hala denean, beregaineko langileek betebeharra dute, gutxienez bost urtean gordetzeko, aurreko tituluan araututakoaren arabera, enpresaburuaren inskripzioa justifikatzen duten agiriak, lanbide-gertakizunak babesteko elkartze-agiria edo -agiriak eta, hala denean, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa babesteko aukeraren agiria, afiliazio-agiria, altako eta bajako parteak eta datu-aldaketen komunikazioak.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ondoko agiri-sistemen gaineko ardura izango du:

1) Diruzaintza Nagusiak automatizatutako fitxategi orokorra ezarri eta, hala denean, eguneratuko du. Fitxategi horretara hurrengo erregistroak bilduko dira:

a) Enpresaburuen eta horien kotizazio-kontuen erregistroa. Enpresaburuak eta horien kotizazio-kontuak behar bezala lotuko zaizkio Gizarte Segurantzaren Sistemako araubide bakoitzean horien inguruan egindako identifikazioari.

b) Gizarte Segurantzaren Sistemako araubide bakoitzaren arabera identifikatutako langileen erregistroa eta onuradunen zein kotizatzeko betebeharra duten gainerako pertsonen erregistroa.

c) Kudeaketa-beharrizanen arabera Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak ezarri osterantzeko erregistroak.

2) Erregelamendu honetan araututako gaiei dagokienez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari Gizarte Segurantzaren Sistemako zein araubideren gaineko kudeaketa eratxiki eta Diruzaintza Nagusiak jasoko ditu araubide horien aplikazio-esparruetara bildutako enpresaburuen inskripzioak, langileen afiliazioak, altak eta bajak, eta batzuen zein besteen aldaketak, fitxategi orokorrean, bide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabilita. Horiek guztiak fitxategi orokorrean jasotzeko, Diruzaintza Nagusiak erabiliko ditu kudeaketa-beharrizanen araberako bide eta prozedurak, eta horiek guztiak antolatuko ditu informazio osoko printzipioarekin bat etorriz.

3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egunean izango ditu aurreko idatz-zatiak aipatu erregistroak eta datu-bilketa.

4. Erregistroko idazkunek, idatzohar moduan jasotako datuek eta, bide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabilita, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak edozein euskarritan luzatutako agiriek, edo bilduta dauden jatorrizko agirien kopiek, bide berberak erabilita emango baitira, jatorrizko agiriaren balioa eta eragingarritasuna izango dute, baldin eta bermatzen bada horien kautotasuna, horien osotasuna eta horiek gordetzea, bai eta legeek ezarri bermeak eta betekizunak betetzea ere.

53. artikulua. Datuak erreserbatzea, informazio-eskubidea eta automatizatutako datu pertsonalak babestea

1. Aurreko artikuluak aipatu erregistro eta agiri-sistemetako datuak Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek eta zerbitzu erkideek erabiliko dituzte euren xedeetarako. Hori gorabehera, datu horiek beste administrazio publiko batzuei eman behar zaizkie, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, bereziki, zerga-administrazioei, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 36.6 artikuluan ezarritakoaren arabera. Halaber, datu horiek eman behar zaizkie parlamentuko batzorde ikertzaileei, apirilaren 29ko 5/1994 Legegintzazko Errege-dekretuak xedatutakoaren arabera, eta hauteskundeak sustatzeko ahalmena duten sindikatuei, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsitako Langileen Estatutuari buruzko testu bateginaren 67. artikuluan ezarritakoaren arabera. Datu horiek emango dira, berebat, legeak horixe ezarri duen kasuetan, edo legea betearaztean halaxe ezartzen den kasuetan.

2. Enpresaburuek eta langileek edo langile horiekin berdinetsitakoek eskubidea izango dute, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarengandik informazioa jasotzeko, Diruzaintza Nagusian euren inguruan dauden datuei dagokienez; eta eskubidea izango dute, berebat, Diruzaintza Nagusiaren erregistro eta artxiboetara jotzeko, Konstituzioan eta aipatu azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan eta gainerako lege berezietan ezarritakoaren arabera.

Eskubide bera izango dute, eskatutako informazioaren inguruan zuzeneko interes pertsonala dutela egiaztatzen dutenek.

3. Identifikatutako edo identifikatzeko moduko pertsona fisikoen inguruan erregelamendu honen arauketaren ondoriozko prozeduretan sortutako zenbaki, txosten, aurrekari eta osterantzeko datuak, automatizatutako tratamenduaren objektu direnak, izango dira urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoak, izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua arautu duenak, eta osterantzeko xedapen osagarriek xedatutakoaren mende. Hori gorabehera, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eratxikitako diru-bilketaren eginkizunak gauzatzearen inguruko zenbaki, txosten, aurrekari edo datuak lortzea, uztea, zuzentzea zein ezereztea arautuko dituzte Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 36. artikuluko 6 eta 7. idatz-zatiek eta osterantzeko aplikaziozein garatze-xedapenek.

1) Erregelamendu honek aipatutako gaien inguruko izaera pertsonaleko datu automatizatuen fitxategien arduradunak izango dira aipatu urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoaren zehapen-araubidearen mende.

2) Lege horrek zehatu arau-hausteak egiten dituztenean Gizarte Segurantzaren administrazioko edo beste administrazio publiko batzuen zerbitzuko funtzionarioek, kontuan hartuko da lege horren 42. artikuluan eta ondorengoetan, eta Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurrien abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa. Halaber, kontuan hartuko da Estatuko Administrazioko Funtzionarioen Diziplinari buruzko Erregelamendua onetsi zuen urtarrilaren 10eko 33/1986 Dekretuan eta osterantzeko xedapen osagarrietan xedatutakoa.

II. KAPITULUA Kontrola eta berrikuspena

54. artikulua. Kontrol-ahalmenak

1. Lan-agintaritza eskudunak erakunde kudeatzaile edo laguntzaile interesdunari eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari komunikatuko dizkie bere eskumenengatik ezagutzen dituen egitateak, egitate horiek eragina dutenean erregelamendu honetan ezarri betebeharrak betetzeko. Lan-agintaritzak egintza horiek komunikatuko ditu, ofizioz har daitezen erakunde horien guztien, eta Gizarte Segurantzaren araubideen aplikazio-esparrura bildutako pertsonen eskubideak bermatzeko neurriak.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak une orotan egiazta dezake bere agiri-sistemetako datuen zehaztasuna, erregelamendu honetako gaiei dagokienez.

Inskripzioa, lanbide-gertakizunen babesa gauzatzea, afiliazioa, altak, bajak eta aldaketak aurreko tituluetan ezarritakoaren arabera aitortzeko baldintza eta betekizunak badirela egiaztatzeko datu eta agiriez gain, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak une orotan eska ditzake beharrezkotzat jotzen dituen datu eta agiriak, edota beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egin ditzake, izaera orokorrarekin zein bereziarekin, gerogarrenean ere egintza horiek eragingarriak izateko betekizun eta inguruabarrei eusten zaiela egiaztatzeko.

1) Kontrol-eginkizunak gauzatzeko beharrezko edo komenigarri denean lan-tokietara edo enpresaburuen zein langile autonomoen egoitzetara bisitak egitea, edo beste jardun batzuk egitea, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari eskatuko dio horiek egitea. Ikuskatzailetzak bere ondorioen berri eman beharko dio Diruzaintza Nagusiari, bidezkoak diren ondoreetarako.

2) Aurreko idatz-zatiko ahalmenak erabili baino lehenago, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia baliatu beharko da bere agiri-sistemetan dauden datuez. Hartara, interesdunei buruzko datu, agiri edo txosten berriak eskatuko dira horiek egiaztatze-xedeetarako beharrezkoak diren heinean bakarrik.

55. artikulua. Berrikuspen-ahalmenak: mugak. Akatsak zuzentzea

1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren agiri-sistemetan dauden inskripzioa, lan-istripu eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunen babesa, tarifazioa, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioaren estaldura, afiliazioa, altak, bajak eta aldaketak bat ez datozenean legeetan, erregelamendu honetan eta osterantzeko xedapen osagarrietan ezarritakoarekin, horrelaxe ondorioztatu delako Diruzaintza Nagusiak gauzatutako kontrol-ahalmenetatik edo beste edozein inguruabarretatik, horiek guztiak arauekin bat etor daitezen, Diruzaintza Nagusiak beharrezko neurriak hartu eta beharrezko egintzak gauza ditzake. Neurri eta egintza horiek direla eta, Diruzaintza Nagusiak ofizioz berrikus ditzake bere egintzak, artikulu honetan eta hurrengoetan ezarri moduan eta norainokoarekin.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ahalmenak ditu bere egintzak berrikusteko, ofizioz edo alderdiek hala eskatuta, inskripzioaren, lanbide-arriskuen babesa gauzatzearen, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioa estaltzearen, tarifazioaren, afiliazioaren, alten, bajen eta datu-aldaketen ingururan. Edozelan ere, ahalmen horiek ezin izango dituzte ukitu eskubideak adierazteko egintzak, eskubide horien onuradunen aurka, salbu eta berrikuspenaren arrazoi direnean onuradunaren eskabide eta gainerako adierazpenetan egiaztatutako hutsuneak edo zehaztasun-gabeziak.

3. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak edozein unetan zuzen ditzake erregelamendu honetan araututako egintzen oker materialak edo egitezko okerrak eta oker aritmetikoak.

56. artikulua. Ofiziozko berrikuspen-prozedura

1. Ofizioz edo pertsona interesdunak hala eskatuta has daiteke aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko egintzak berrikusteko prozedura, baldin eta eskubideak adierazteko egintzak ukitzen ez badira, bai eta onuradunaren eskabideetan eta gainerako adierazpenetan dauden hutsuneen edo zehaztasun-gabezien ondorio diren egintzak berrikusteko prozedura ere, nahiz eta egintza horiek eskubideak adieraztekoak izan.

2. Interesdunei jakinaraziko zaie prozeduraren hasiera, eta ohartaraziko zaie alegazioak aurkeztu eta agiriak ekar ditzaketela, edozein unetan, entzunaldi-izapidea baino lehenago.

Orobat, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren zein probintziatako zuzendaritzak edo zuzendaritza horren zein administraziok egin ofiziozko berrikuspenaren espedientearen izapideak eta horrexek erabaki dezake froga egitea eta egokitzat jotzen dituen txostenak eskatzea.

Ebazpen-proposamena idatzi aurretik, entzunaldi-izapidea egingo da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluak araututako baldintza eta egoeretan.

3. Bidezkoa denean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak inskripzioaren, afiliazioaren, lanbide-gertakizunen aurkako babesa, edo, hala denean, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoaren babesa gauzatzearen, tarifazioaren, alten, bajen eta datu-aldaketen inguruan aurretiaz emandako egintzak berrikusten dituzten ebazpenak emango dira, egintza horiek bidegabeak direla adierazita, eta egintza horien ondoreak ezarrita, hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera. Ebazpen horiek arrazoituak izango dira, eta labur aipatuko dituzte zuzenbideko egitateak eta oinarriak. Ebazpen horiek interesdunei jakinaraziko zaizkie, aipatu azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA Bidegabeko egintzen ondoreak

57. artikulua. Enpresaburuaren bidegabeko inskripzioaren ondoreak

1. Enpresaburuak inskribatzeko ezarri erregistroan enpresaburua bidegabe inskribatuz gero, erregistro horretan egingo da inskripzio bidegabe horren idatzoharra. Inskripzio bidegabe horrek ondoreak sortuko ditu bidegabea dela adierazi duen administrazio-ebazpenak ezarri datatik.

2. Enpresaburuaren inskripzio bidegabeari dagokionez, doloz, zabarkeriaz edo berandutzaz jardun duenak kasuan kasuko erantzukizunak izango ditu.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egitateen berri emango dio Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari, horrek bidezko arau-hausteen aktak jaso ditzan, eta berari dagozkion osterantzeko akzioak egikarituko ditu.

58. artikulua. Lanbide-gertakizunen babesa eta tarifazioak, edo aldi baterako ezgaitasunaren estaldura modu bidegabean gauzatzearen ondoreak

1. Lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunen babesa gauzatzea, edota kasuan kasuko tarifazioa edo, hala denean, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoaren estaldura bidegabekoak direla adierazten denean, erakunde kudeatzaileak edo erakunde laguntzaileak, bidezkoa bada, elkartzeedo estaltze-agiri berria egingo du, gertakizun horiek babes daitezen bidezko erakundearekin edota tarifazioarekin. Elkartzeedo estaltze-agiri berri horrek ondoreak sortuko ditu, aurreko estalduraren gauzatzea edo aurreko tarifazioa bidegabeak direla adierazi duen ebazpena zein administrazio-prozeduratan eman eta prozedura hori hasi denetik.

1) Bidegabeko tarifazioa enpresaburuari egotz dakiokeen arrazoiaren ondorio denean, hori adierazten duen ebazpenak ondoreak sortuko ditu arrazoi hori dagoenetik. Horren ondorioz, kasuan kasuko kuoten gaineko erreklamazioak edo itzulketak egingo dira. Erreklamazio eta itzulketa horiek egingo dira Gizarte Segurantzaren Sistemako baliabideak biltzeari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta gainerako garapen-xedapenetan ezarritakoaren arabera.

2) Bidegabeko tarifazioaren jatorria edo arrazoia egotzi behar bazaio erakunde kudeatzaileak nahiz erakunde laguntzaileak, edo, orokorrean, enpresaburu gisa jarduten ez duen administrazioak egindako okerrari, desberdintasunari ez zaio ezarriko berandutzaren ondoriozko inolako errekargurik, edo, hala denean, soberakina itzuliko da, interesdunei eragindako galerak ordaintzeko betebeharra gorabehera.

2. Bidegabeak diren elkartze-agiriaren gauzatzea eta tarifazioa, eta, hala denean, aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioaren estaldura-aukera, doloz, zabarkeriaz edo berandutzaz egin direnean, kontuan hartuko da aurreko artikuluaren 2. idatz-zatian xedatutakoa, eta ez dira itzuliko maltzurkeriaz ordaindutako kuotak.

59. artikulua. Bidegabeko afiliazioen ondoreak

1. Gizarte Segurantzaren Sistemako aplikazio-esparrutik kanpoko pertsonak sistema horretara afiliatzen badira, eta afiliazio hori bidegabea dela adierazten bada, bidegabeko afiliazio horren aurreko egoera berrezarriko da.

2. Gizarte Segurantzaren Sistemako aplikazio-esparrutik kanpoko pertsonei begira kotizazioak egin badira, kotizazio horiek ez dute ondorerik sortuko. Gainera, bidegabeko kuota horiek zein subjekturi begira ordaindu eta subjektu horiek eskubidea izango dute kuotok itzul diezazkieten, kontuan hartu gabe kuota horiek prestazioak sortu dituzten edo ez. Subjektu horiek ez dute eskubide hori izango, kuotak maltzurkeriaz ordaindu direnean. Edozein kasutan ere, itzuli beharreko kuoten zenbatekotik kenduko da bidegabe jasotako prestazioen zenbatekoa, betiere, kuota eta prestazio horiek ez badira azken bost urteak baino lehenagokoak.

3. Aurreko idatz-zatietako ondoreek ez diete kalterik egingo interesdunek izan ditzaketen eskubideei, zuzenbidearen araberako ordainsariak, kalte-ordainak eta erantzukizunak eskatzeko. Halaber, kontuan hartuko da erregelamendu honen 57. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa.

60. artikulua. Bidegabeko alten ondoreak

1. Gizarte Segurantzaren Sistemako araubideen aplikazio-esparrura bildu ezin diren pertsonak araubide horietako batean bidegabeko altan badaude, alta horiek sortuko dituzte aurreko artikuluan bidegabeko afiliazioentzat aipatu ondoreak.

2. Pertsona batzuek Gizarte Segurantzaren Sistemako araubide batean bidegabeko alta badute, eta pertsona horiek beste araubide baten aplikazio-esparrukoak badira, alta bidegabea baliozkoa izango da, alta hori bidegabea dela adierazten duen administrazio-ebazpenak ezarri data arte, eta data hori ezarri ezean, ebazpen hori zein hilabetetan jakinarazi eta hilabete horren azken eguna arte.

Alta bidegabea dela zein araubidetan adierazi eta araubide horren arabera egindako kotizazioak elkarrekikotasunez zenbatuko dira, subjektuen bidezko araubidearen araberako kotizazioekin, kasuan kasuko babesaren ondoreetarako.

3. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoak ez die kalterik egingo kuoten eta prestazioen inguruko erreklamazio eta itzulketei, horiek bidezkoak direnean, alta bidegabe egiten duen deuseztasunedo deuseztagarritasun-arrazoia dela-eta. Deuseztasuneta deuseztagarritasun-arrazoi horiek dira azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62 eta 63. artikuluetan jasotakoak.

61. artikulua. Bidegabeko bajen ondoreak

1. Gizarte Segurantzaren Sistemako edozein araubidetako baja bidegabea dela adierazten duen administrazio-ebazpenaren ondorioz, ulertuko da ebazpen horrek aipatu langilea edo langile horrekin berdinetsitakoa altan dagoela, ondore guztietarako.

1) Baja bidegabea dela adierazten bada, bajak konstituzio-babesa izateko moduko eskubideen eta askatasunen oinarrizko edukia urratzen duelako, baja gaiaren edo lurraldearen arabera modu nabarian eskumenik ez duen organo batek eman duelako, bajaren edukia ezinezkoa delako, bajak arau-hauste penala dakarrelako edo baja arau-hauste penalaren ondorio delako, baja eman delako erregelamendu honetan nahiz osterantzeko xedapen osagarrietan baja emateko ezarri prozedura guztiz bazter utzita, edo baja erabat antolamendu juridikoaren aurkakoa delako, baja emateko betekizunak ez betetzeagatik, ulertuko da langilea altan dagoela arrazoi horietako bat dagoenetik.

Bidegabe adierazitako bajak iraun bitartean kotizatzeko betebeharrari eutsiko zaio. Aldi horretako kuotak erreklamatuko dira Gizarte Segurantzaren Sistemako baliabideak biltzeari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta osterantzeko xedapen osagarrietan ezarritakoaren arabera.

2) Baja bidegabea dela adierazten denean, aurreko 1. idatz-zatian jaso gabeko beste edozein arrazoiren ondorioz, langilea altan dagoela ulertuko da, baja bidegabea zela adierazi zuen administrazio-prozedura hasi zenetik. Bien bitartean, kotizatzeko betebeharrari eutsiko zaio eta, hala denean, kasuan kasuko kuotak erreklamatuko dira.

3) Baja bidegabea dela adierazteko arrazoia edozein izanda ere, eusten bazaio zerbitzuak emateari, jarduera gauzatzeari edo horri lotutako egoerari, kotizatzeko betebeharra ez da geldiaraziko, bidegabe sortutako bajak iraun bitartean. Orobat, kasuan kasuko kuotak erreklamatuko dira, baldin eta horiek ez badira azken bost urteak baino lehenagokoak.

4) Aurreko idatz-zatiko egoeretan, ofizioz gauzatuko dira, babes-ekintzari begira, kotizazio horien inguruan bidezkoak diren jarduerak.

5) Bidegabeko baja, horren arrazoia edozein izanda ere, doloz, zabarkeriaz edo berandutzaz sortu denean, aplikatuko da erregelamendu honen 57. artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoa.

2. Ebazpen judizial irmoaren bidez adierazitako bidegabeko bajek sortuko dituzte ebazpen horrek ezarri ondoreak, eta, horiek ezarri ezean, aplikatuko dira aurreko 1. idatz-zatian jasotako irizpideak.

62. artikulua. Bidegabeko datu-aldaketen ondoreak

Enpresaburuen, eta langileen edo langile horiekin berdinetsitakoen inguruko datu-aldaketak bidegabeak direnean, kasuan kasuko datuak zuzendu egingo dira Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak dituen agiri-sistemetan. Datu horiek ondoreak sortuko dituzte komunikatzen direnetik edo, hala denean, datu-aldaketak bidegabeak direla adierazi duen ebazpenak ezarri datatik. Edozelan ere, ez zaio kalterik egingo erregelamendu honen 57. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa aplikatzeari.

IV. KAPITULUA Aurkaratzeak

63. artikulua. Erregela orokorra

1. Erregelamendu honetan arautu gaien inguruko prozeduretan, ebazpena eman beharko da gehienez ere berrogeita bost eguneko epean.

2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren egintzak, erregelamendu honek arautu gaietan, aurkara daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio-prozedura Erkideari buruzkoak, eta uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioa arautzen duenak, ezarri moduan, epeetan eta gainerako baldintzetan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Gizarte Segurantzako zenbakia eta identifikazio-agiria eskatzeko eta erabiltzeko datak. Agiria luzatzearen inguruko erabakiak

1. Erregelamendu honen 1. artikuluan ezarri aplikazio-esparruan, Gizarte Segurantzarako idazkari nagusiak erabakiko du, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren zuzendari nagusiak hala proposatuta, eta kudeaketa-aukeren arabera, 21 eta 22. artikuluetan araututako Gizarte Segurantzako zenbakia eman eta eskatzeko datak, bai eta Gizarte Segurantzaren egoeren inguruko identifikazio-agiria emateko data ere.

2. Gizarte Segurantzaren osasun-laguntzaren kudeaketan eskumena duten osasun-agintariekin egindako hitzarmenen ondorioz, erabaki daiteke agiri bakarra luzatzea, osasun-prestazioak emateari buruzko agiria eta erregelamendu honen 22. artikuluko agiria biltzen dituena. Hori erabakiz gero, agiri horretan jaso badira osasun-laguntzaren antolaketa eta kudeaketarekin zerikusia duten datuak, datu horiek izango dira aipatu hitzarmenetan ezarritakoak.

Bigarrena. Itsasoko Gizarte Institutuarekin elkarlana, erregelamenduko gaiak kudeatzeko, itsasoko langileei begira

Itsas arrantzako sektoreko berezitasunak direla eta, sektore horrekin behar besteko ekintzaeta koordinazio-batasuna izateko asmoarekin, Itsasoko Gizarte Institutua elkarlanean arituko da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin. Elkarlan hori izango da erregelamendu honetan ezarritakoaren araberakoa, eta bere baitara bilduko ditu Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzaren Araubide Berezira bildutako langileei begira egin beharreko izapideak. Izapideok izango dira enpresaburuak inskribatzea, afiliazioa, lan-istripuak eta lanbide-gaixotasunak babesteko elkartze-agiria gauzatzea edo gertakizun arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren ondoriozko prestazioa estaltzea, tarifazioa, altak, bajak eta aldaketak. Hartara, araubide berezi horri begira, Itsasoko Gizarte Institutuak bere eginkizunak betetzeko behar besteko idatzoharrak egin ditzake erregelamendu honen 52. artikuluak aipatu fitxategi orokorrera bildutako erregistroetan.

Hirugarrena. Eskola-aseguruaren arauketa berezia. Hezkuntza-zentroek duten betebeharra ikasleen zerrendak emateko

1. Eskola-aseguruaren aplikazio-esparrura bildutako kolektiboari ez zaio aplikatuko erregelamendu honetan xedatutakoa; salbuespen gisa, kolektibo horri aplikatuko zaio 16. artikuluan ezarritakoa. Gainerakoan, kolektibo hori arautuko dute 1953ko uztailaren 17ko Legeak, Espainian Eskola-asegurua ezartzeari buruzkoak; Hezkuntza Ministerio Nazionalak eta Lan Ministerioak batera eman zuten 1953ko abuztuaren 11ko Aginduak, Eskola-aseguruari buruzko Mutualitatearen estatutuak onetsi zituenak; eta gainerako xedapen osagarriek.

2. Eskola-aseguruaren aplikazio-esparrura bildutako ikasleen matrikula arrunta edo apartekoa zein hezkuntza-zentrotan egin eta hezkuntza-zentro horiek Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari emango dizkiote hezkuntza-zentro horietan matrikulatutako ikasleen zerrendak; zerrenda horiek emango dira matrikulatzeko epea amaitu eta hurrengo hilabetean. Ikasleen zerrendetan agerrarazi beharko dira ikasle bakoitzaren Gizarte Segurantzako zenbakia, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia, eta izen eta abizenak.

Laugarrena. Bidegabeko alten ondoreen arauketa berezia, langabeziari, lanbide-prestakuntzari eta Alokairuak Bermatzeko Funtsari dagokienez

Inorentzat lan egiteko langileak biltzen dituzten Gizarte Segurantzaren edozein araubidetako alta bidegabeen ondoreak arautuko dituzte araubide horien arautegi bereziek, kotizazioari, langabeziaren ondoriozko babesari, lanbide-prestakuntzari eta Alokairuak Bermatzeko Funtsaren babesari begira.

Bosgarrena. Erregelamendua aplikatzeko ereduak ezarri, aldarazi eta betetzeko baimena

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari ahalmena emango zaio, erregelamendu honetan xedatutakoa aplikatzeko behar diren ereduak ezarri, eta, hala denean, aldarazteko. Ahalmen horretatik kanpo geratzen da matrikula-liburuaren eta itsasontzien rolaren eredu ofiziala. Halaber, Diruzaintza Nagusiari ahalmena emango zaio, eredu horiek ezarri eta betetzeko behar diren jarraibideak emateko. Edozein kasutan ere, Diruzaintza Nagusiak bete beharko du erregelamendu honetan, eta osterantzeko aplikazioeta garapen-xedapenetan ezarritakoa.

Seigarrena. Gizarte Segurantzako zenbakia emateko akordioak

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak erregelamendu honen 21.1 artikuluak aipatu Gizarte Segurantzako zenbakia emango die Estatuko Funtzionario Zibilen, Indar Armatuen eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen araubide berezietako afiliatu eta onuradunei. Horretarako, hitzarmenak egingo dira Diruzaintza Nagusiaren eta araubide berezi horietako erakunde kudeatzaileen artean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Gizarte Segurantzaren 1974ko maiatzaren 30eko Lege Orokorraren 204.2 artikuluak xedatutakoaren mende dauden enpresen estaldura-aukera

Erregelamendu honen 14. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, ekainaren 29ko 4/1990 Legea, Estatuko 1990erako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, indarrean jarri zenean, Gizarte Segurantzaren 1974ko maiatzaren 30eko Lege Orokorraren testu bateginaren 204. artikuluko 2. idatz-zatia aplikatzearen ondorioz, lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorri gertakizunak Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile batekin babestuta zituzten enpresak erakunde horretatik bereiz daitezke. Helburu berarekin eta jarraitutasunarekin, enpresa horiek elkar daitezke Gizarte Segurantzaren lan-istripu eta lanbide-gaixotasunen mutua batekin. Elkartze horren ondoreak sortuko dira Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzailea uztea eskatu eta bigarren hilabeteko lehenengo egunetik.

Bigarrena. Aurretiazko afiliazioaren eta altaren aldi baterako bazterketak

1. Erregelamendu honen 27. artikuluaren 2. idatz-zatian eta 32. artikuluaren 3.1 idatz-zatian xedatutakoa, afiliazioa eta hasierako nahiz elkarren segidako altak eskatzeko epeei dagokienez, ez zaie aplikatuko zezenketako profesionalei, ezta araubide orokorreko sistema berezietara bildutako kolektiboei eta beregaineko langileei edo autonomoei ere. Kolektibo horiei begira aplikatuko dira, kudeaketa-aukerek erregelamendu honetan ezarri epeak aplikatzea ahalbidetu arte, euren arau berezietan ezarri epeak, eta, Langile Autonomoen Araubide Berezian, betebehar horiek sortu eta egutegiko hurrengo hogeita hamar eguneko epea.

2. Aukera hori izatea erabakiko du Gizarte Segurantzarako Idazkaritza Nagusiak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Zuzendaritza Nagusiak halaxe proposatuta.

Hirugarrena. Atzeratutako altak aplikatzeko datak Langile Autonomoen Araubidean, eta alten eta bajen datak araubide horretan eta Etxe-zerbitzarien Araubidean

1. Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Berezian alta gauzatu aurreko aldien kotizazioei dagokienez, erregelamendu honen 47. artikuluko 2.1 idatz-zatian jaso ondoreak aplikatuko dira, 1994ko urtarrilaren 1etik aurrera bakarrik. Gainera, ondore horiek aplikatuko zaizkie data horretatik aurrera sortu diren alta gauzatzeko egoerei bakarrik.

2. Beregaineko Langileen edo Autonomoen Araubide Bereziko zein Etxe-zerbitzarien Araubide Bereziko alta eta bajetarako erregelamendu honen 35, 47 eta 49. artikuluetan ezarri gainerako ondoreak aplikatuko dira, kotizazio-betebeharrari begira eta, hala denean, araubide berezi horien babes-ekintzari begira, 1994ko abenduaren 11tik aurrera bakarrik. Gainera, ondore horiek aplikatuko zaizkie data horretatik aurrera gauzatutako egoerei bakarrik.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra. Aplikazioeta garatze-arauak

Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministerioari ahalmena ematen zaio, izaera orokorreko behar beste xedapen eman dezan, erregelamendu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra