Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 12koa, Jabetza intelektualari buruzko legearen testu bategina onartzen duena

1996-04-12

Itzulpena nork: EHU

Erakundea: Kultura Ministerioa

Argitalpena: EAO, 1996/4/22, 97. zk.

1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 12koa, Jabetza intelektualari buruzko legearen testu bategina onartzen duena

(EAO 97 zk., 1996-04-22ekoa)

I. LIBURUA EGILE ESKUBIDEAK

I. TITULUA XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Egitate sortzailea

Obra literario, artistiko edo zientifiko baten jabetza intelektuala egileari dagokio, hura sortze hutsagatik.

2. artikulua. Edukia

Jabetza intelektuala izaera pertsonaleko eta ondare-izaerako eskubidez osatuta dago; eskubide horiek obra xedatzeko esku osoa eta hura ustiatzeko eskubide esklusiboa ematen diote egileari, legean ezarritakoak beste mugapenik gabe.

3. artikulua. Ezaugarriak

Egile-eskubideak independenteak, bateragarriak eta metagarriak dira hauekiko:

1. Sortze-lan intelektuala txertaturik doan gauza materialaren gaineko jabetza eta beste eskubide batzuk.

2. Obraren gaineko jabetza industrialeko eskubideak, halakorik bada.

3. Lege honen II. liburuan aitortzen diren jabetza intelektualeko beste eskubideak.

4. artikulua. Jendarteratzea eta argitaratzea

Lege honetan xedaturikoari dagokionez, obra bat jendarteratzea jotzen da: hura zeinahi formatan adieraztea, publikoak egilearen adostasunez hartara lehen aldiz irispidea izateko moduan; eta argitaratzea, berriz: publikoaren beharrak -obraren izaera eta helburuen arabera balioetsiak- modu arrazoizkoan aseko dituen ale kopuru bat haren eskura jarriz obra jendarteratzea.

II. TITULUA SUBJEKTUA, OBJEKTUA ETA EDUKIA

I. KAPITULUA Subjektuak

5. artikulua. Egileak eta beste onuradun batzuk

1. Egile jotzen da: obra literario, artistiko edo zientifiko bat sortzen duen pertsona naturala.

2. Hala ere, lege honek egileari ematen dion babesaren onura pertsona juridikoek izan dezakete lege honetan espresuki aurreikusitako kasuetan.

6. artikulua. Egiletza-presuntzioa; obra izengabeak edo izenordedunak

1. Kontrakorik frogatu ezean, presuntzio egingo da egile dela: bere izenaren, sinaduraren edo identifikatzen duen zeinu baten bidez obran egiletzat ageri dena.

2. Obra izenik gabe edo izenorde edo zeinu batez jendarteratzen denean, egilearen adostasunez hura argitara ematen duen pertsona natural edo juridikoari dagokio jabetza intelektualeko eskubideak baliatzea, egileak bere identitatea agertzen ez duen bitartean.

7. artikulua. Lankidetzan egindako obra

1. Egile bat baino gehiagoren lankidetzatik sorturiko obra bakarraren gaineko eskubideak egile horiei guztiei dagozkie.

2. Obra jendarteratzeko eta aldatzeko, egilekide guztien adostasuna behar da. Bat etorri ezean, epaileak ebatziko du.

Obra jendarteratu eta gero, ezein egilekidek ezin ukatuko du, justifikaziorik gabe, jendarteratu zen forman hura ustiatzeko adostasuna.

3. Betiere gordez lankidetzan egindako obraren egilekideek hitzarturikoa, egile bakoitzak bereiz ustiatu ahal izango du bere ekarpena, ustiapen erkideari kalterik eragiten ez badio.

4. Lankidetzan egindako obra bati buruzko jabetza intelektualeko eskubideak egile guztiei dagozkie, berek ezartzen duten proportzioan. Lege honetan aurreikusten ez den hartan, Kode Zibilean ondasun-erkidegoarentzat ezarritako erregelak aplikatuko zaizkie obra horiei.

8. artikulua. Obra kolektiboa

Obra kolektibotzat jotzen da: pertsona natural edo juridiko batek bere ekimenez eta koordinazio-lanez sortzen eta bere izenez editatu eta jendarteratzen duen sortze-lan bakar eta autonomoa, egile batek baino gehiagok hartarako egindako ekarpen pertsonalak batuz osatua, egileetariko ezeini obra osoaren gaineko eskubiderik berari bakarrik esleitzeko aukerarik gabe.

Kontrakorik hitzartu ezean, obra kolektiboa bere izenean editatu eta jendarteratzen duen pertsonari dagozkio haren gaineko eskubideak.

9. artikulua. Obra konposatua eta independentea

1. Obra konposatutzat joko da: aurretiazko obra bat haren egilearen lankidetzarik gabe bere barnean biltzen duen obra berri bat; horrek ez ditu eragotziko aurretiazko obraren egileari dagozkion eskubideak, ez eta haren baimena behar izatea.

2. Sortze-lan autonomoa dena obra independentetzat joko da, nahiz eta beste batzuekin batera argitaratu.

II. KAPITULUA Objektua

10. artikulua. Jatorrizko obra eta izenburuak

1. Jabetza intelektualaren objektu dira: jatorrizko sortze-lan literario, artistiko edo zientifiko guztiak, gaur egun diren edo etorkizunean asmatzen diren edozein bitarteko edo euskarri ukigarri zein ukiezinez adieraziak. Besteak beste:

a) Liburuak, liburuxkak, inprimakiak, gutun-bildumak, idazkiak, diskurtso eta alokuzioak, hitzaldiak, auzitegi-txostenak, katedra-azalpenak eta izaera bereko beste zeinahi obra.

b) Musika-konposizioak, letradunak nahiz letragabeak.

c) Obra dramatikoak eta dramatiko-musikalak, koreografiak, pantomimak eta, oro har, antzerki-obrak.

d) Obra zinematografikoak eta ikus-entzunezko beste zeinahi obra.

e) Eskulturak, margolanak, marrazkiak, irarlanak, litografiak; istorio grafikoak, haurren zein helduen komikiak, eta haien probasaio edo zirriborroak eta gainerako obra plastikoak, aplikatuak izan zein ez.

f ) Arkitektura- eta ingeniaritza-obren proiektuak, planoak, maketak eta diseinuak.

g) Topografiari, geografiari eta, oro har, zientziari buruzko grafikoak, mapak eta diseinuak.

h) Obra fotografikoak eta fotografiaren antzeko prozeduraz adierazitakoak.

i) Ordenagailu-programak.

2. Obraren izenburua, jatorrizkoa denean, obraren parte gisa babesturik geratuko da.

11. artikulua. Obra eratorriak

Jatorrizko obraren gaineko egile-eskubideak eragotzi gabe, jabetza intelektualaren objektu dira, orobat:

1. Itzulpenak eta egokitzapenak.

2. Berrikuspenak, eguneratzeak eta oharpenak.

3. Laburpenak, zeinahi motatakoak.

4. Musika-moldaketak.

5. Obra literario, artistiko edo zientifiko baten zeinahi eraldaketa.

12. artikulua. Bildumak. Datu-baseak

1. Jabetza intelektualaren objektu dira, orobat, lege honen I. liburuaren arabera, inoren obren bildumak, datu-bildumak edo beste elementu independente batzuen bildumak, hala nola edukien aukera edo antolaketarengatik sortze-lan intelektual diren antologiak eta datu-baseak, hargatik eragotzi gabe edukion gaineko eskubideak, halakorik bada.

Artikulu honetan bildumoi aitorturiko babesa haien egiturari dagokio soilik, edukien aukeraren edo antolaketaren adierazpen den aldetik, eta ez da edukietara zabalduko.

2. Lege honi dagokionez, eta hargatik eragotzi gabe aurreko zenbakian xedaturikoa, datu-basetzat jotzen dira: modu sistematiko edo metodikoan antolaturik dauden eta bide elektronikoz edo beste modu batera banaka irisgarriak diren obren, datuen, edo beste elementu independente batzuen bildumak.

3. Artikulu honetan datu-baseei aitorturiko babesa ez zaie aplikatuko bide elektronikoz eskura daitezkeen datu-baseak fabrikatzeko edo haiei funtzionarazteko erabiltzen diren ordenagailu-programei.

13. artikulua. Bazterketak

Ez dira jabetza intelektualaren objektu: lege- edo erregelamendu-xedapenak eta haien proiektuak; jurisdikzio-organoen ebazpenak eta organismo publikoen egintza, erabaki, deliberatze-saio eta irizpenak, ez eta testu horien guztien itzulpen ofizialak ere.

III. KAPITULUA Edukia

1. AtalaEskubide morala

14. artikulua. Eskubide moralaren edukia eta ezaugarriak

Egileari dagozkio eskubide uko egin ezin eta besterenezin hauek:

1. Bere obra jendarteratu behar den eta nola jendarteratu behar den erabakitzea.

2. Jendarteratze hori bere izenez, izenorde edo zeinuz, edota izenik gabe egin behar den zehaztea.

3. Obraren egiletza aitor dakiola galdatzea.

4. Obraren osotasuna gorde dadila galdatzea eta ez uztea ezein desitxuratze, aldaketa, bestelakotze edo eraso egiten obrari bere interes legitimoen kaltetan edo bere izen ona gutxiarazteko moduan.

5. Obra aldatzea, hirugarren batzuek eskuratutako eskubideak eta interes kulturaleko ondasunen babes-betekizunak gordez.

6. Obra merkatutik erretiratzea, bere iritzi intelektual nahiz moralak aldatu izanaren ondorioz, aurrez kalte-galerak ordaindurik ustiapen-eskubideen titularrei.

Egileak, geroago, bere obra berriro ustiatzen hastea erabakitzen badu, obraren ustiapen-eskubideak aurreko titularrari eskaini beharko dizkio lehenik eta, arrazoizkoa den heinean, hasierako baldintza bertsuetan.

7. Irispidea izatea obraren ale bakar edo bakanera, hura beste norbaiten esku dagoenean, jendarteratze-eskubidea edo dagokion beste zeinahi eskubide baliatu ahal izateko.

Eskubide hori izateak ez du zilegituko obra lekualda dadila galdatzea, eta edukitzaileari deserosotasun gutxien sortuko dion leku eta moduan emango zaio egileari obrarako irispidea; hala badagokio, eragindako kalte-galerak ordainduko zaizkio edukitzaileari.

15. artikulua. «Mortis causa» legitimazio-kasuak

1. Egilea hiltzean, hark bere azken borondateko xedapenean espresuki hartarako eskubidea eman dion pertsona natural edo juridikoari dagokio aurreko artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan aipaturiko eskubideak baliatzea, epe-mugarik gabe. Halakorik ezean, egilearen jaraunsleei egokituko zaie eskubideok baliatzea.

2. Aurreko zenbakian adierazitako pertsona berek, eta hartan adierazitako ordena berean, 14. artikuluaren

1. zenbakian aurreikusitako eskubidea baliatu ahal izango dute, egilearen bizialdian jendarteratu gabeko obrari dagokionez, egilearen heriotzatik edo heriotza-deklaraziotik hirurogeita hamar urteren epean, hargatik eragotzi gabe 40. artikuluan ezarritakoa.

16. artikulua. «Mortis causa» legitimazioa dutenen ordezpena

Aurreko artikuluan aipaturiko pertsonarik ez denean, edo non diren ezagutzen ez denean, hauek egongo dira legitimaturik artikulu horretan aurreikusitako eskubideak baliatzeko: Estatua, autonomia-erkidegoak, toki-korporazioak eta izaera kulturaleko erakunde publikoak.

2. AtalaUstiapen-eskubideak

17. artikulua. Ustiapen-eskubide esklusiboa eta haren aldaerak

Egileari bakarrik dagokio bere obra zeinahi formatan ustiatzeko eskubideak baliatzea eta, bereziki, erreproduzitzeko, banatzeko, publikoari komunikatzeko eta eraldatzeko eskubideak baliatzea; horiek guztiak ezin egingo dira egilearen baimenik gabe, lege honetan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

18. artikulua. Erreprodukzioa

Erreprodukziotzat jotzen da: obra osoa edo haren parte bat finkatzea, zuzenean edo zeharka, behin-behinekoz edo behin betiko, zeinahi bidez eta zeinahi formatan, obra komunikatu edo kopiak egin ahal izateko moduan.

19. artikulua. Banaketa

1. Banaketatzat jotzen da: obraren jatorrizkoa edo kopiak publikoaren eskura jartzea, euskarri ukigarri batean, salmenta, alokairu nahiz mailegu bidez edo beste zeinahi formatan.

2. Banaketa, Europar Batasunaren eremuan, salmenta bidez edo jabetza eskualdatzeko beste titulu baten bidez eskubidearen titularrak berak egina denean, edo haren baimenez, lehenengoarekin agortuko da eskubide hori, baina lurralde-eremu horretan egiten diren hurrengo salmenta eta jabetza-eskualdatzeei dagokienez bakarrik.

3. Alokairutzat jotzen da: obra baten jatorrizkoak edo kopiak epe jakin batean erabiltzeko eskuragarri jartzea, zuzeneko edo zeharkako etekin ekonomiko edo komertzial baten truke.

Alokairu kontzeptutik kanpo geratzen da obra eskuragarri jartzea, helburuak hauek direnean: batetik, fonogrametan nahiz ikus-entzunezko grabazioetan -edo are haien zatietan- oinarriturik obra erakusgai jarri edo publikoari komunikatzea; eta, bestetik, hura «in situ» kontsultatzea.

4. Mailegutzat jotzen da: obra baten jatorrizkoak eta kopiak epe jakin batean erabiltzeko eskuragarri jartzea, zuzeneko zein zeharkako etekin ekonomiko edo komertzialik gabe, betiere publikoak irispidea duen establezimenduen bidez egiten bada mailegu hori.

Zuzeneko edo zeharkako etekin ekonomiko edo komertzialik ez dagoela ulertuko da publikoak irispidea duen establezimendu baten bidez egindako maileguarengatik ordaindu beharreko diru-kopurua funtzionamendu-gastuak estaltzeko baino handiagoa ez denean. Diru-kopuru horretan ezin sartuko da, osorik edo partez, 37. artikuluaren bigarren paragrafoan xedaturikoaren arabera jabetza intelektualeko eskubideen titularrei ordaindu beharreko ordainsarieskubidearen zenbatekoa.

5. Artikulu honetan alokairuari eta maileguari buruz xedaturikoa ez zaie aplikatuko ez eraikinei, ez arte aplikatuetako obrei.

20. artikulua. Komunikazio publikoa

1. Komunikazio publikotzat joko da: pertsona bakoitzari aurrez obraren alerik banatu gabe pertsona askori obrara irispide emango dion egintza oro.

Ez da komunikazio publikotzat joko hedapen-sareren batean sarturik edo hari konektaturik ez dagoen eremu guztiz etxekoan egiten den komunikazioa.

2. Bereziki, komunikazio-egintza publikoak dira:

a) Obra dramatiko, dramatiko-musikal, literario eta musikalen taularatzea, errezitazio, disertazio eta exekuzio publikoak, zeinahi bitarteko edo prozedura baliaturik eginak.

b) Obra zinematografikoen eta gainerako ikus-entzunezko obren proiekzio edo erakusketa publikoa.

c) Zeinahi obra emititzea irrati-hedapenez edo zeinuak, soinuak nahiz irudiak haririk gabe hedatzeko beste zeinahi bidez. Emititze kontzeptuan sartzen da satelite batera seinale programa-garraiatzaileak ekoiztea, publikoak seinaleok ezin jaso dituenean jatorrikoa ez den beste entitate baten bidez ez bada.

d) Zeinahi obra satelite bidez irratiz hedatzea edo publikoari komunikatzea, hau da, satelitera eta satelitetik lurrera doan etengabeko komunikazio-kate batean sartzea seinale programa-garraiatzaileak, irrati-hedapeneko entitatearen kontrol eta ardurapean, publikoak jaso ditzan. Seinale programa-garraiatzaileei dagozkien prozesu tekniko normalak ez dira joko komunikazio-katearen etentzat.

Seinale programa-garraiatzaileak modu kodetuan emititzen direnean, beharrezko izango da, satelite bidezko komunikazio publikoa izan dadin, deskodetzebideak publikoaren eskura jartzea, dela irrati-hedapeneko entitateak berak, dela haren adostasunez.

Aurreko paragrafoetan xedaturikoari dagokionez, satelitetzat joko da: telekomunikazio-legeriak publikoak jasotzeko edo banakako komunikazio ezpublikorako seinaleak hedatzeko erreserbatuak dauzkan maiztasun-bandetan aritzen den zeinahi; betiere, banakako komunikazioen kasuan, seinaleak banaka jasotzeko inguruabarrak publikoak jasotzekoen kasuan aplikatzen direnen parekoak badira.

e) Hari, kable, zuntz optiko edo antzeko beste bideren batez zeinahi ere obra publikoari transmititzea, dela abonamenduz, dela gabe.

f ) Irratiz hedaturiko obra birtransmititzea, aurreko zenbakietan aipaturiko zeinahi bidez, jatorrikoa ez den entitate batek.

Kable bidezko birtransmisiotzat jotzen da: kable edo mikrouhin bidez birtransmititzea, aldi berean, aldaketarik gabe eta osorik, publikoak jasotzeko xedez irratiz edo telebistaz hedaturiko lehen emisio nahiz transmisioak, satelitez egindakoak barne.

g) Publikoak irispidea duen leku batean emititzea nahiz transmititzea, edozein tresna egokiren bidez, irratiz hedaturiko obra.

h) Artelanak edo haien erreprodukzioak publikoki erakustea.

i) Obrak publikoaren eskura jartzea, hari bidezko edo haririk gabeko baliabidez, edozein pertsonak nahi duen lekutik eta nahi duen unean irispidea izateko moduan.

j) Publikoari zeinahi formatan irispide ematea datu-base batean sarturiko obretara, nahiz eta datu-base hori ez egon lege honen I. liburuko xedapenek babestua.

k) Aurreko egintzetariko zeinahi burutzea, lege honen I. liburuko xedapenek babesturiko datu-base bati dagokionez.

3. Satelite bidezko komunikazio publikoa, Europar Batasunean, xedapen hauek eraenduko dute:

a) Europar Batasuneko kide den estatu batean satelite bidezko komunikazio publikoa gerta dadin, nahitaezkoa izango da estatu horretan seinale programa-garraiatzaileak artikulu honen 2. zenbakiko d) paragrafoan aipatzen den etengabeko komunikazio-katean sartzea, irrati-hedapeneko entitatearen kontrol eta ardurapean.

b) Satelite bidezko komunikazio publikoa Europar Batasunetik kanpoko estatu baten lurraldean gertatzen bada, eta lurralde horrek 3. zenbaki honetan gisa horretako komunikazio publikorako ezartzen den babes-mailarik ez badu, hau hartuko da kontuan:

1. Europar Batasuneko kide den estatu batean kokaturiko gorako seinaleen estazio batetik igortzen bada seinale garraiatzailea, ulertuko da estatu horretan gertatu dela satelite bidezko komunikazio publikoa. Kasu horretan, gorako seinalea igortzen duen estazioaren operadore den pertsonaren aurrean baliatu ahal izango dira satelite bidezko irrati-hedapenari buruz ezartzen diren eskubideak.

2. Europar Batasuneko kide den estatu batean kokaturiko gorako seinaleen estaziorik erabiltzen ez bada baina Europar Batasuneko kide den estatu batean kokaturiko irrati-hedapeneko entitate batek enkargatu badu satelite bidezko emisioa, ulertuko da irrati-hedapeneko entitateak bere egoitza nagusia duen Europar Batasuneko kide den estatuan egin dela egintza. Kasu horretan, irratihedapeneko entitatearen aurrean baliatu ahal izango dira satelite bidezko irratihedapenari buruz ezartzen diren eskubideak.

c) Koproduktore batek baimendu duen satelite bidezko komunikazio publikoa egiteko, beharrezko izango da gainerako koproduktoreek aurrez baimena ematea, haiek kaltetuak gerta badaitezke hizkuntza-esklusibotasun arrazoiengatik edo, obra irudi hutsezkoa den kasuan, antzeko beste arrazoi batzuengatik.

4. Artikulu honen 2. f ) letran definituriko kable bidezko birtransmisioa, Europar Batasunaren lurraldean, xedapen hauek eraenduko dute:

a) Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetatik datozen programen lehen emisio, satelite bidezko irrati-hedapen edo transmisioen birtransmisioa, egile-eskubideei dagokienez, lege honetan xedaturikoaren arabera eta eskubideen titularren eta kable bidezko birtransmisioak egiten dituzten enpresen artean sinaturiko kontratu-hitzarmenetan, bakarkakoetan nahiz kolektiboetan, ezarritakoaren arabera egingo da Espainiako lurraldean.

b) Egile-eskubideen titularrek kable bidezko birtransmisioa baimentzeko duten eskubidea jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketarako entitate baten bitartez baliatuko da soilik.

c) Titularrek beren eskubideen kudeaketa jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketarako entitate bati enkargatu ez dioten kasuan, kategoria bereko eskubideak kudeatzen dituen entitatearen bidez gauzatuko dira eskubideok.

Kategoria horretako eskubideak kudeatzeko entitate bat baino gehiago denean, haietariko zeinahiri enkargatu ahal izango diote titularrek beren eskubideen kudeaketa.

Artikulu honen c) letra honetan aipaturiko titularrek kable bidezko birtransmisioa egiten duen enpresaren eta beren eskubideen kudeaketa eskuordetu diotela ulertzen den entitatearen arteko hitzarmenetik eratorritako eskubideak gozatuko dituzte eta betebeharrak betetzeari loturik geratuko dira, eskubideen kudeaketa entitate horri enkargatu dioten titularren baldintza beretan. Halaber, c) paragrafo honen aurreko paragrafoetan aipaturiko entitate kudeatzaileari erreklamatu ahal izango dizkiote beren eskubideak, babesturiko obra kable bidez birtransmititu zen datatik aurrerako hiru urteen barruan.

d) Eskubideen titularrak baimena ematen duenean obra babestu bat Espainiako lurraldean lehen aldiz emititzeko, satelite bidez irratiz hedatzeko edo transmititzeko, presuntzio egingo da onartzen duela obra kable bidez birtransmititzeko dituen eskubideak, hori bada kasua, bere izenean bakarrik ez baliatzea, baizik eta 4. zenbaki honetan xedaturikoaren arabera baliatzea.

e) 4. zenbaki honetako b), c) eta d) letretan xedaturikoa ez zaie aplikatuko irrati-hedapeneko entitateek beren emisio, satelite bidezko irrati-hedapen edo transmisioei dagokienez baliaturiko eskubideei, eskubideok berenak izan zein egile-eskubideen beste titular batzuek eskualdatu dizkietenak izan.

f ) Alderdiak bat etorri ez izateagatik kable bidezko birtransmisioa baimentzeko kontraturik egiten ez denean, Jabetza Intelektualeko Bitartekaritza eta Arbitraje Batzordera iritsi ahal izango dira alderdiak, bitartekaritza bidez.

Aurreko paragrafoan aipaturiko bitartekaritzari aplikatzekoa izango da lege honen 158. artikuluan eta xedapen horren garapenerako errege-dekretuan aurreikusitakoa.

g) Alderdiren batek, bere negoziazio-posizioaz abusatuz, kable bidezko birtransmisioa baimentzeko negoziazioak fede onez hastea edo jarraitzea galarazten duenean, edo, baliozko justifikaziorik gabe, aurreko zenbakian aipatzen diren negoziazioak edo bitartekaritza oztopatzen dituenean, 1989ko uztailaren 7ko Konkurrentziaren Defentsako 16/1989 Legearen I. tituluko I. kapituluan xedaturikoa aplikatuko da.

21. artikulua. Eraldaketa

1. Obra baten eraldaketa dira: haren itzulpena, egokitzapena eta beste obra desberdin bat sortzen duen beste edozein forma-aldaketa.

Delako obra lege honen 12. artikuluan aipaturiko datu-base bat denean, haren berrantolaketa ere eraldaketatzat joko da.

2. Eraldaketaren egileari dagozkio eraldaketaren emaitza den obraren jabetza intelektualeko eskubideak, hargatik eragotzi gabe aurretiazko obraren egileak, obraren gainean dituen eskubideak babesturik dauden epe osoan, emaitzon edozein eratako ustiapena baimentzeko duen eskubidea, eta bereziki, erreprodukzio, banaketa, komunikazio publiko edo beste eraldaketa baten bidezkoa.

22. artikulua. Bilduma hautatuak edo obra osoak

Bere obren gaineko ustiapen-eskubideak lagatzeak ez dio galaraziko egileari obrok bilduma hautatu edo oso batean baturik argitaratzea.

23. artikulua. Eskubideen independentzia

Atal honetan arauturiko ustiapen-eskubideak independenteak dira elkarrekiko.

3. AtalaBeste eskubide batzuk

24. artikulua.(2008ko abenduaren 23ko 3/2008 Legeak derogatua)

25. artikulua. Kopia pribatuarengatiko ekitatezko konpentsazioa

1. Liburu forman edo erregelamenduz liburuekin parekatzen diren argitalpenetan jendarteratutako obrak eta, orobat, fonogramak, bideogramak nahiz beste euskarri soinuzko, ikusizko zein ikus-entzunezko batzuk erabilera pribatu hutserako erreproduzitzeak, tresna edo lanabes tekniko ez-tipografikoen bidez, konpentsazio bat sortuko du, ekitatezkoa eta bakarra, aipaturiko hiru erreprodukzio mota bakoitzeko, 4. zenbakiko b) letran adierazten diren pertsonen alde, aipaturiko erreprodukzioarengatik jaso gabe geratzen diren jabetza intelektualeko eskubideak konpentsatzeko.

Eskubide hori uko egin ezina izango da egileentzat eta artistentzat, interpretatzaile zein exekutatzaile.

2. Konpentsazio hori erreprodukzio mota bakoitzerako zehaztuko da, erreprodukzio hori egiteko egoki diren ekipo, tresna eta euskarri materialen arabera; gauzok Espainiako lurraldean fabrikatuak nahiz Espainiako lurraldean merkataritzan banatzeko edo erabiltzeko lurralde horretatik kanpo eskuratuak izan beharko dute.

3. Aurreko zenbakietan xedaturikoa ez zaie aplikatuko ordenagailu-programei, ez datu-base elektronikoei.

4. Artikulu honen 1. zenbakian aipaturiko legezko betebeharrari dagokionez, izango dira:

a) Zordun: alde batetik, Espainian fabrikatzen dutenak, merkataritzabanatzaile gisa dihardutenean, eta, bestetik, 2. zenbakian aurreikusitako ekipo, tresna eta euskarri materialak Espainiako lurraldean merkataritzan banatzeko edo erabiltzeko Espainiako lurraldetik kanpo eskuratzen dituztenak.

Aipaturiko ekipo, tresna eta euskarri materialak ondoren eskuratzen dituzten banatzaileek, handizkakoek zein xehekakoek, ordainsaria ordaintzeko erantzukizun solidarioa izango dute ekipo, tresna edo material horietaz hornitu dituzten zordunekin batera, non eta ez duten egiaztatzen konpentsazioa ordaindua dietela zordunoi; horrek ez du eragotziko 13., 14. eta 20. zenbakietan xedaturikoa.

b) Hartzekodun: artikulu honen 1. zenbakian aipatutako formetariko batean publikoki ustiatutako obren egileak, eta, dagokien kasu eta erreprodukzio motetan, egileekin batera, argitaratzaileak, fonograma- eta bideograma-ekoizleak eta fonograma eta bideograma horietan beren saioak P nkatu diren artista interpretatzaileak edo exekutatzaileak.

5. Erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna eta euskarri material analogikoei dagokienez, honako kopuru hauek aplikatzetik aterako da zordun bakoitzak ordaindu beharreko konpentsazioaren zenbatekoa:

a) Liburuak edo erregelamenduz liburuekin parekatzen diren argitalpenak erreproduzitzeko ekipo edo tresnentzat:

1. 15,00 euro, minutuko bederatzi kopia arteko kopia-ahalmena duen ekipo edo tresna bakoitzeko.

2. 121,71 euro, minutuko 10 kopiatik 29ra arteko kopia-ahalmena duen ekipo edo tresna bakoitzeko.

3. 162,27 euro, minutuko 30 kopiatik 49ra arteko kopia-ahalmena duen ekipo edo tresna bakoitzeko.

4. 200,13 euro, minutuko 50 kopiatik gorako kopia-ahalmena duen ekipo edo tresna bakoitzeko.

b) Fonogramak erreproduzitzeko ekipo edo tresnentzat: 0,60 euro grabaziounitateko.

c) Bideogramak erreproduzitzeko ekipo edo tresnentzat: 6,61 euro grabaziounitateko.

d) Soinua erreproduzitzeko euskarri materialentzat: 0,18 euro grabazioordu bakoitzeko edo 0,003005 euro grabazio-minutu bakoitzeko.

e) Ikusizkoak edo ikus-entzunezkoak erreproduzitzeko euskarri materialentzat: 0,30 euro grabazio-ordu bakoitzeko edo 0,005006 euro grabazio-minutu bakoitzeko.

6. Erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna eta euskarri material digitalei dagokienez, Kultura eta Industria, Turismo eta Merkataritza ministerioek elkarrekin onetsiko dute zordun bakoitzak ordaindu beharreko konpentsazioaren zenbatekoa, arau hauen arabera:

1) Bi urtean behin, azken berrikuspen administratiboa egin zenetik hasita, Kultura eta Industria, Turismo eta Merkataritza ministerioek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute kopia pribatuarengatiko ekitatezko konpentsazioa ordaindu behar duten ekipo, tresna eta euskarri materialak zehazteko prozeduraren hasiera, bai eta, hala badagokio, zordunek kontzeptu horregatik hartzekodunei ordaindu beharko dizkieten zenbatekoak zehazteko prozeduraren hasiera ere, eta horren berri emango diete 4. zenbakian aipaturiko zordunen gehiengoa ordezkatzen duten eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak identifikatuak dituen jabetza intelektualeko eskubideen entitate kudeatzaileei eta sektore-elkarteei.

Aurreko paragrafoan aipaturiko administrazio-berrikuspenen bi urtetik bi urterako aldia bi ministerioen akordioz laburtu ahal izango da.

Aldaketa horrek kontuan hartu beharko du teknologiaren eta merkatu-egoeraren bilakaera.

2) Aurreko erregelan aipaturiko argitaratzea egindakoan, hartan aipaturiko alderdi interesdunek lau hilabete izango dituzte beren negoziazioen ondorioz lortutako akordioak Kultura eta Industria, Turismo eta Merkataritza ministerioei jakinarazteko, edo bestela, akordiorik izan ez dela adierazteko.

3) Kultura eta Industria, Turismo eta Merkataritza ministerioek, aurreko erregelan aipaturiko jakinarazpenetik edo hartarako epea agortzen denetik hasi eta hiru hilabeteren epean, agindu bateratu baten bidez ezarriko dituzte: ekipo, tresna eta euskarri materialen zerrenda; haietariko bakoitzari aplika dakizkiokeen zenbatekoak, eta, hala badagokio, liburuen, soinuzkoen, ikusizkoen eta ikus-entzunezkoen erreprodukzio mota desberdinen arteko banaketa, aurrez Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Kontseiluari kontsulta eginik eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioak txostena emanik. Ministerio-agindu bateratu horrek zioduna izan beharko du, haren edukia bat ez badator alderdi negoziatzaileek iritsi duten akordioarekin. Ministerio-agindu hori onesten ez den bitartean, aurrekoaren indarraldia luzatuko da.

4) Negoziazio-prozesuaren barruan dauden alderdi negoziatzaileek eta, edozein kasutan, Kultura eta Industria, Turismo eta Merkataritza ministerioek honako irizpide hauek izan beharko dituzte kontuan, besteak beste, aurreko erregelan aipaturiko agindu bateratua onesteko:

a) Artikulu honen 1. zenbakian aipaturiko erreprodukzioek eskubideen titularrei egiazki eragindako kaltea; kontuan izan beharko da ez dela sortuko ordaintzeko betebeharrik titularrari eragindako kaltea oso txikia bada.

b) Artikulu honen 1. zenbakian aipaturiko erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna zein euskarri material horiek zenbateraino erabiltzen diren.

c) Ekipo, tresna eta euskarri materialen biltegiratze-ahalmena.

d) Erreprodukzioen kalitatea.

e) Lege honen 161. artikuluan aipaturiko neurri teknologikoen eskuragarritasuna, aplikazio-maila eta eraginkortasuna.

f ) Erreprodukzioen kontserbazio-denbora.

g) Ekipo eta tresna mota bakoitzari aplika dakiokeen konpentsazioaren zenbatekoak ekonomikoki proportzionatua izan beharko du ekipo eta tresnok publikoarentzako duten batez besteko azken prezioarekin.

7. Salbuetsirik daude konpentsazioa ordaintzetik:

a) Beren jardueran ari direlarik obrak, prestazio artistikoak, fonogramak edo bideogramak erreproduzitzeko nahitaezkoa den baimena dutenek eskuratutako ekipoak, tresnak eta euskarri materialak. Baimen horren egiaztapena erakutsi beharko diete zordunei eta, hala badagokio, berekin batera erantzule solidario direnei, dagokion entitate kudeatzailearen edo entitate kudeatzaileen ziurtagiri baten bidez, Espainiako lurraldean erosten badira ekipoak, tresnak edo euskarri materialak.

b) Ordenagailuko disko gogorrak, aurreko 6. zenbakian aurreikusten den ministerio-agindu bateratuan zehazturiko moduan; salbuespen hau inoiz ez da zabalduko beste biltegiragailu edo erreproduzigailu batzuetara.

c) Aipaturiko ekipo, tresna eta euskarri materialak Espainiako lurraldetik kanpo, bidaiari gisa, erosi dituzten pertsona naturalak, baldin eta, kopuruaren arabera, zentzuzkoa bada jotzea Espainiako lurraldean modu pribatuan erabiltzeko direla erosgaiok.

d) Halaber, Gobernuak, errege-dekretuz, salbuespenak ezarri ahal izango dizkio ekitatezko konpentsazio bakar hori ordaintzeari, baldin eta aski egiaztaturik geratzen bada ekipo, tresna eta euskarri materialen azken xede edo erabilera ez dela 31.2 artikuluan aurreikusitako erreprodukzioa.

8. Artikulu honen 1. zenbakian aipaturiko konpentsazio ekitatezko eta bakarra jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko entitateen bitartez gauzatuko da.

9. Entitate kudeatzaile bat baino gehiago ari denean konpentsazio mota bat bera kudeatzen, konpentsazio ekitatezko eta bakarra jasotzeari buruzko edozein gaietan jardun ahal izango dute entitateok zordunen aurrean, epaiketan eta handik kanpo, denek batera eta ordezkaritza bakar baten pean; entitateon arteko harremanei ondasun-erkidegoa eraentzen duten arauak aplikatuko zaizkie. Halaber, kasu horretan, entitate kudeatzaileek aukera izango dute elkartu eta, indarrean den legeriaren arabera, pertsona juridiko bat osatzeko, adierazitako helburuetarako.

10. Hartzekodunen entitate kudeatzaileek Kultura Ministerioari jakinaraziko dizkiote ordezkaritza bakarraren izen edo deitura eta egoitza, edo, elkartea osatu badute, elkartearenak. Elkartea osatu badute, haren osaera egiaztatzen duen dokumentazioa ere aurkeztuko dute, kide diren entitateen banan-banako zerrenda emanez eta zerrendan haien izen eta egoitzak adieraziz.

Aurreko paragrafoan xedaturikoa aplikatzekoa izango da edozein aldaketa gertatzen delarik, dela ordezkari bakarraren edo osaturiko elkartearen pertsonan, dela haien egoitzetan, dela entitate kudeatzaileen kopuruan nahiz motan, ordezkatuak zein elkartuak izan entitateok. Orobat izango da aplikatzekoa elkartearen estatutuak aldatzen diren kasuan.

11. Kultura Ministerioak hartuko du bere gain entitate kudeatzailearen edo kudeatzaileen kontrola, edo, hala badagokio, eskubide-jasotzea kudeatzen duen ordezkaritza edo elkartearena, 159. artikuluan aurreikusitako moduan, eta, hala badagokio, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko du entitate ordezkarien edo elkarte kudeatzaileen zerrenda, haien egoitzak emanez eta zer konpentsazio motatan diharduten eta ordezkaturiko edo elkarturiko entitate kudeatzaileak zein diren adieraziz.Aipaturiko datuetan aldaketaren bat gertatzen den guztietan egingo da argitaratze hori.

Artikulu honen 159. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, entitate kudeatzaileak edo kudeatzaileek, edo, hala badagokio, haiek eraturiko ordezkaritzak edo elkarte kudeatzaileak Kultura Ministerioari aurkeztu beharko diote, urtero, ekainaren 30ean eta abenduaren 31n, aurreko seihileko naturalari dagozkion deklarazio-likidazioen eta 13. zenbakian aipaturiko ordainketen zerrenda zehaztua.

12. Konpentsazioa ordaintzeko betebeharra kasu hauetan sortuko da:

a) Banatzaile gisa ere badiharduten fabrikatzaileen kasuan eta Espainiako lurraldean merkataritzan banatzeko xedez ekipoak, tresnak eta euskarri materialak Espainiako lurraldetik kanpo eskuratzen dituztenen kasuan, zordunak jabetza eskualdatzen duen unean, edo, hala badagokio, haietariko zeinahiren erabilera edo gozamena lagatzen duen unean.

b) Espainiako lurraldean erabiltzeko xedez ekipoak, tresnak eta euskarri materialak Espainiako lurraldetik kanpo eskuratzen dituztenen kasuan, haiek eskuratzen dituzten unean.

13. Artikulu honen 12. zenbakiko b) letran aipaturiko zordunek, hiruhileko naturala amaitu ondorengo 30 egunen barruan, deklarazio-likidazio bat aurkeztuko diote entitate kudeatzaileari edo entitate kudeatzaileei, edo, hala badagokio, 8.etik 11.era bitarteko zenbakietan (biak barne) aipaturiko ordezkaritzari edo elkarteari; deklarazio-likidazioan, hiruhileko horretan konpentsazioa ordaintzeko betebeharra sortu duten ekipoak zenbat eta zer edukierakoak diren eta zer ezaugarri tekniko dituzten adieraziko da, 5. zenbakian eta 6. zenbakian aipaturiko ministerio-aginduan zehazten den bezala. Xehetasun beraz, Espainiako lurraldetik kanpora destinaturiko ekipo, tresna eta euskarri materialei dagozkien zenbatekoak eta 7. zenbakian ezarritakoaren arabera salbuetsiriko entregei dagozkienak deduzituko dituzte.

Betebeharra sortu eta hurrengo bost egunen barruan aurkeztuko dute 12. zenbakiko b) letran aipaturiko zordunek aurreko paragrafoan adierazitako deklaraziolikidazioa.

14. Artikulu honen 4.a) letrako bigarren paragrafoan aipaturiko banatzaile handizkakoek eta xehekakoek 13. zenbakiko lehen paragrafoan aurreikusitako betebeharra bete beharko dute, berek Espainiako lurraldean eskuratutako ekipo, tresna eta euskarri materialei dagokienez, zordunek ez badiete dagokion konpentsazioa jasanarazi eta fakturan agerrarazi.

15. Hauek ordainduko dute konpentsazioa, kontrakorik hitzartu ezean:

a) Artikulu honen 12. zenbakiko a) letran aipaturiko zordunek, 13. zenbakiko lehen paragrafoan aipaturiko deklarazio-likidazioa aurkezteko epea amaitu ondorengo hilabetearen barruan.

b) Gainerako zordunek eta banatzaileek, handizkakoek eta xehekakoek, 14. zenbakian aipaturiko ekipo, tresna eta euskarri materialei dagokienez, deklarazio-likidazioa aurkezteko unean, hargatik eragotzi gabe 20. zenbakian xedaturikoa.

16. Zordunak eta, hala badagokio, erantzule solidarioak konpentsazio sortuaren gordailu-hartzailetzat joko dira hura egiazki ordaindu arte, aurreko 15. zenbakian ezarritakoaren arabera.

17. Konpentsazio-ordainketa kontrolatzeko, 12. zenbakiko a) letran aipaturiko zordunek konpentsazioaren zenbatekoa bereiz adierazi beharko dute beren fakturetan; zenbateko hori bezeroei jasanarazi beharko diete, eta atxiki, 15. zenbakian ezarritakoaren arabera entregatzeko.

18. Aurreko zenbakian fakturei buruz eta konpentsazioa bezeroei jasanarazteari buruz ezarritako betebeharrak izango dituzte zordunekin batera erantzule solidario diren banatzaileek ere, handizkakoek eta xehekakoek.

Orobat bete beharko dituzte zenbaki horretan aurreikusitako atxikitzeko eta entregatzeko betebeharrak, 14. zenbakian aurreikusitako kasuan.

19. Zordunekin batera erantzule solidario diren banatzaileek, handizkakoek zein xehekakoek, ez dute onartuko beren hornitzaileengandik, ezein kasutan, konpentsazioaren mende dauden ekipo, tresna eta euskarri materialik, 17. eta 18. zenbakietan xedaturikoaren arabera fakturatuta ez badatoz.

20. Aurreko zenbakian xedaturikoa eragotzi gabe, konpentsazioaren zenbatekoa fakturan jasota ez dagoenean, presuntzio egingo da, kontrakorik frogatu ezean, ez dela ordaindu hartan biltzen diren ekipo, tresna eta euskarri materialek sorturiko konpentsazioa.

21. Aurreko zenbakian adierazitako kasuan eta konpentsazioa ordaindu ez den beste edozeinetan, entitate kudeatzaileak edo kudeatzaileek edo, hala badagokio, ordezkaritzak edo elkarte kudeatzaileak, hargatik eragotzi gabe balia ditzaketen akzio zibil eta penalak, auzitegiari eskatu ahal izango diote Prozedura Zibilaren 2000ko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean xedaturikoaren arabera dagozkion kautelazko neurriak hartzeko eta, zehazki, dagozkion ekipo, tresna eta euskarri materialak enbargatzeko. Hala enbargaturiko ondasunak erreklamatzen den konpentsazioa eta dagozkion kalte-galerak ordaintzeari loturik geratuko dira.

22. Zordunek eta haiekin batera erantzule solidario direnek baimena emango diote entitate kudeatzaileari, edo entitate kudeatzaileei, edo, hala badagokio, ordezkaritzari edo elkarte kudeatzaileari, konpentsazioaren mende dauden eragiketak eta 13.tik 21.era bitarteko zenbakietan (biak barne) ezarritako betebeharrak betetzeari loturikoak kontrolatzeko. Beraz, eskuragarri jarriko dituzte betebehar horiek egiazki bete diren egiaztatzeko behar diren datu eta agiriak eta, bereziki, aurkezturiko deklarazio-likidazioak zuzenak diren egiaztatzekoak.

23. Entitate kudeatzaileak edo kudeatzaileek edo, hala badagokio, ordezkaritzak edo elkarte kudeatzaileak, eta ordezkaturiko edo elkarturiko entitateek berek, konfidentzialtasunaren edo merkataritza-intimitatearen printzipioak gorde beharko dituzte 22. zenbakian aurreikusitako ahalmenak baliatzean jakiten duten edozein informaziori dagokionez.

24. Gobernuak ezarriko du, erregelamenduz, zein diren artikulu honetan xedaturikoari dagokionez erabilera pribaturakotzat jo behar ez diren erreprodukzio motak; zein diren konpentsazioa ordaintzetik salbuetsiriko ekipo, tresna eta euskarri materialak, kontuan harturik haiek izango duten erabileraren edo ustiapenaren berezitasuna, eta teknologiaren aurrerapenetik eta dagokion merkatu-sektorearen bilakaeratik erator daitezkeen eskakizunak; zein den mota horietariko bakoitzean hartzekodun-kategorien artean banatu beharreko konpentsazioa, hartzekodunek, berriz, beren artean bana dezaten, 154. artikuluan xedaturikoaren arabera.

Edozein kasutan, entitate kudeatzaileek Kultura Ministerioari jakinarazi beharko dizkiote kopia pribatuarengatiko konpentsazio gisa bildutako zenbatekoak beren kideen artean banatzeko irizpide zehatzak.

25. Gobernuak erregelamenduz aldatu ahal izango du 13.etik 21.era bitarteko zenbakietan ezarritakoa.

III. TITULUA IRAUPENA, MUGAK ETA BESTE LEGE XEDAPEN BATZUEN BABESGARRIA

I. KAPITULUA Iraupena

26. artikulua. Iraupena eta zenbaketa

Egilearen bizi osoan eta haren heriotzaren edo heriotza-deklarazioaren ondorengo hirurogeita hamar urteetan iraungo dute obraren ustiapen-eskubideak.

27. artikulua. Iraupena eta zenbaketa, hil ondoko obretan, izenordedunetan eta izengabeetan

1. Lege honen 6. artikuluan aipaturiko obra izengabe edo izenordedunen ustiapen-eskubideek hirurogeita hamar urte iraungo dute, obrak zilegi den moduan jendarteratu zirenetik hasita.

Epe hori amaitu baino lehen egilea nor den jakiten bada, dela izenordeak haren identitatearen gaineko zalantzarik uzten ez duelako, dela egileak berak bere identitatea agertu duelako, aurreko artikuluan xedaturikoa aplikatuko da.

2. Zilegi den moduan jendarteratu ez diren obren ustiapen-eskubideek hirurogeita hamar urte iraungo dute obra horien sorreratik hasita, babes-epea egilearen edo egileen heriotzatik edo heriotza-deklaraziotik hasita zenbatzen ez denean.

28. artikulua. Lankidetzan egindako obren eta obra kolektiboen iraupena eta zenbaketa

1. Lege honen 7. artikuluan definituriko lankidetzako obren ustiapeneskubideek, obra zinematografikoenak eta ikus-entzunezkoenak barne, egilekideen bizi osoan iraungo dute, eta, bizirik den azken egilekidearen heriotzatik edo heriotza-deklaraziotik aurrera, berriz, hirurogeita hamar urte.

2. Lege honen 8. artikuluan definituriko obra kolektiboen ustiapeneskubideek hirurogeita hamar urte iraungo dute babesturiko obra zilegi d en moduan jendarteratzen denetik hasita. Hala ere, obra sortu duten pertsona naturalak egile gisa identifikatzen badira publikoaren irispidean jarri diren obra horren bertsioetan, 26. edo 28.1 artikuluetan xedaturikoari jarraituko zaio, dagokionaren arabera.

Aurreko paragrafoan xedaturikoak ez ditu eragotziko aipaturiko obretan ekarpen identifikagarriak dituzten egile identifikatuen eskubideak; obra horiei 26. artikulua eta artikulu honen 1. zenbakia aplikatuko zaizkie, dagokionaren arabera.

29. artikulua. Zatika argitaraturiko obrak

Independenteak ez diren zati, liburuki, entrega edo faszikulutan jendarteraturiko obren kasuan, eta haien babes-epea haiek zilegi den moduan jendarteratzen direnetik zenbatzen hasten delarik, elementu bakoitzarentzat bereiz zenbatuko da epe hori.

30. artikulua. Babes-epearen zenbaketa

Lege honetan ezarritako babes-epeak egilearen heriotza edo heriotzadeklarazioa gertatu ondorengo edo, hala badagokio, obra zilegi den moduan jendarteratu ondorengo urteko urtarrilaren 1etik hasiko dira zenbatzen.

II. KAPITULUA Mugak

31. artikulua. Behin-behineko erreprodukzioak eta kopia pribatua

1. Ez dute beharko egilearen baimenik 18. artikuluan aipaturiko behinbehineko erreprodukzio-egintzek, baldin eta, berenez garrantzi ekonomiko independenterik ez izateaz gainera, aldi baterakoak edo osagarriak eta prozesu teknologiko baten osagai funtsezkoak badira, eta haien helburu bakarra hirugarren pertsona batzuen artean sareko transmisio bat bitartekari baten bidez ahalbidetzea bada, edota zilegizko erabilpen bat ahalbidetzea, egileak edo legeak baimendurikoa ulerturik halakotzat.

2. Ez da behar egilearen baimenik dagoeneko jendarteraturik diren obrak erreproduzitzeko, zeinahi euskarritan erreproduzitzen direla ere, erreprodukzioa pertsona fisiko batek berak pribatuan erabiltzeko egiten duenean, legez eskuratu dituen obretatik abiaturik, hala lorturiko kopia modu kolektiboan eta irabazi asmoz erabili gabe. Horrek ez du eragotziko 25. artikuluan aurreikusitako ekitatezko konpentsazioa; konpentsazio hori kontuan izan beharko da obra horiei 161. artikuluan aipaturiko neurriak aplikatzen zaizkien kasuan. Zenbaki honetan xedaturikotik kanpo geratzen dira datu-base elektronikoak eta, 99.a) artikulua aplikatuz, ordenagailu-programak.

31 bis artikulua. Segurtasuna, prozedura ofizialak eta ahalmen-urritasunak

1. Ez da beharko egilearen baimenik obra bat erreproduzitzeko, banatzeko edo publikoari komunikatzeko, segurtasun publikoa edo prozedura administratibo, judizial zein parlamentarioak zuzen burutzea bada helburua.

2. Ez dute behar egilearen baimenik, orobat, dagoeneko jendarteraturiko obretatik ahalmen-urritasunak dituzten pertsonen mesedetan egiten diren erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikoek, betiere irabazi asmorik gabekoak badira, dagokion ahalmen-urritasunarekin zerikusi zuzena badute, urritasunari egokituriko prozeduraz edo bitartekoz egiten badira eta urritasunak eskatzen duen hartara mugatzen badira.

32. artikulua. Aipuak eta irakaskuntzako argigarriak

1. Zilegi da norberaren obra batean sartzea inoren idatzizko, soinuzko edo ikus-entzunezko obren pasarteak, bai eta izaera plastikoa edo fotografiko figuratiboa duten obra bakartuak ere, betiere obrak lehendik jendarteratuak badira eta aipu gisa edo haien azterketa edo iruzkina egiteko edo iritzi kritikoa emateko sartu badira. Erabilera hori irakaskuntzan edo ikerketan egin ahal izango da bakarrik, txertatze horren xedeak justifikatzen duen neurrian eta erabilitako obraren izena eta egilea aipatuz.

Aipamen labur edo prentsa-laburpen gisa egindako aldizkako bilketak aiputzat joko dira. Hala ere, funtsean prentsa-artikuluen erreprodukzio huts diren artikulu-bilketak egiten direnean, eta jarduera hori helburu komertzialez egiten denean, espresuki kontra egin ez duen egileak eskubidea izango du ekitatezko ordainsari bat jasotzeko.

Egileak espresuki kontra egiten duen kasuan, ulertuko da jarduera hark ez duela muga honen babesik.

2. Hezkuntza arautuko irakasleek ez dute egilearen baimenik beharko obren pasarte txikiak edo izaera plastikoa edo fotografiko figuratiboa duten obra bakartuak erreproduzitzeko, banatzeko edo publikoari komunikatzeko, salbu eta ikasliburuak eta unibertsitateko eskuliburuak, betiere egintzok irakaskuntzajarduerak ikasgelan argitzeko egiten direnean, lortu nahi den helburu ez-komertzialak justifikatzen duen neurrian, betiere obrak lehendik jendarteratuak badira eta, ezinezkoa den kasuetan izan ezik, egilearen izena eta iturria ematen badira.

Aurreko paragrafotik kanpo geratuko dira obren pasarteen nahiz izaera plastikoa edo fotografiko figuratiboa duten obra bakartuen konpilazio edo elkarketen erreprodukzioa, banaketa eta komunikazio publikoa.

33. artikulua. Gaurkotasuneko gaiei buruzko lanak

1. Gizarte-hedabideek hedaturiko gaurkotasuneko gaiei buruzko lan eta artikuluak mota bereko beste zeinahi hedabidek erreproduzitu, banatu eta publikoki komunikatu ahal izango ditu, iturria eta egilea aipatuz lana sinaturik agertu bazen, eta betiere eskubide-erreserba jatorrian idatziz jaso ez bazen. Horrek ez du eragotziko hitzarturiko ordainsaria jasotzeko egileak duen eskubidea edo, hitzarmenik ezean, ekitatezkoa irizten zaiona jasotzekoa.

Kolaborazio literarioen kasuan, beharrezko izango da, edozein kasutan, egilearen baimena.

2. Halaber, zilegi izango da hitzaldiak, alokuzioak, auzitegien aurrean egindako txostenak eta jendaurrean eman diren izaera bereko obrak erreproduzitzea, banatzea eta komunikatzea, betiere gaurkotasuneko gaien berri emateko helburu hutsez egiten badira erabilera horiek. Azken baldintza hori ez zaie aplikatuko parlamentuko nahiz korporazio  publikoetako saioetan eginiko diskurtsoei. Edozein kasutan, egileari erreserbatzen zaio halako obrak bilduma eran argitaratzeko eskubidea.

34. artikulua. Datu-baseak erabiltzaile legitimoak erabiltzea eta datu-base baten titularraren ustiapen-eskubideen mugapenak

1. Lege honen 12. artikuluaren arabera babesturiko datu-base baten erabiltzaile legitimoak datu-basearen egilearen baimenik gabe burutu ahal izango ditu datu-basearen edukira iristeko eta erabiltzaileak berak hura normal erabiltzeko behar diren egintza guztiak, nahiz eta egile horren edozein eskubide esklusiboren eranginpean egon egintzok. Erabiltzaile legitimoak datu-basearen parte bat baizik erabiltzeko baimenik ez duen kasuan, parte horri baizik ez zaio aplikatuko xedapen hau.

Zuzenbidean erabat deusez izango da xedapen honetan ezarritakoaren kontrako edozein hitzarmen.

2. Hargatik eragotzi gabe 31. artikuluan xedaturikoa, ez da beharko lege honen 12. artikuluaren arabera babesturiko eta dagoeneko jendarteraturiko datu-base baten egilearen baimenik:

a) Datu-basea ez-elektronikoa den kasuan, haren erreprodukzio bat pribatuan erabiltzeko egiten denean.

b) Irakaskuntzako edo ikerketa zientifikoko argigarri gisa erabiltzen denean, betiere lortu nahi den helburu ez-komertzialak justifikatzen duen neurrian eta, edozein kasutan, iturria aipatuz.

c) Segurtasun publikorako edo prozedura administratibo edo judizial baterako erabiltzen denean.

35. artikulua. Obrak gaurkotasuneko informazioaren kariaz erabiltzea eta bide publikoetan ezarritako obren erabilera

1.Zilegi da gaurkotasuneko gertaerei buruzko informazioen kariaz ikusgarri edo entzungarri datekeen zeinahi obra erreproduzitzea, banatzea eta publikoari komunikatzea, baina informatzeko xede horrek justifikatzen duen neurrian soilik.

2. Modu finkoan parke, kale, plaza edo bestelako bide publikoetan ezarritako obrak libreki erreproduzitu, banatu edo komunika daitezke, margolan, marrazki, argazki eta ikus-entzunezko prozeduren bidez.

36. artikulua. Kablea, satelitea eta grabazio teknikoak

1.Obra bat emititzeko baimenaren barruan sartzen da emisioaren kable bidezko transmisioa, transmisio hori jatorriko entitateak aldi berean eta osorik egiten badu, baimenean aurreikusitako eremu geografikoa gainditu gabe.

2. Halaber, aipaturiko baimenaren barruan dago satelite batera zuzenduriko programa batean sartzea obraren emisioa, jatorrikoa ez den entitate baten bidez jaso ahal izateko, egileak edo haren eskubidedunak azken entitate horri baimena eman badio obra publikoari komunikatzeko; kasu horretan, gainera, jatorriko entitateak ez du ordainsaririk ordaindu beharko.

3. Obra bat publikoari komunikatzeko eskubidea lagatzeak, komunikazioa irrati-hedapenez egiten denean, ahalmena emango dio irrati-hedapeneko entitateari hura bere baliabide propioz eta haririk gabeko bere emisio propioetarako erregistratzeko, baimenduriko komunikazio publikoa behin bakarrik egiteko xedez. Era horretara erregistraturiko obraren beste hedaldi batzuetarako, beharrezko izango da lagatzea erreprodukzio-eskubidea eta komunikazio publikoari dagokion eskubidea.

4. Artikulu honetan xedaturikoak ez du eragozten lege honen 20. artikuluan aurreikusitakoa.

37. artikulua. Establezimendu jakin batzuetan terminal espezializatuen bidez obrak erreproduzitzea, mailegatzea eta kontsultatzea

1.Egile-eskubideen titularrek ezingo diote eragozpenik jarri obrak erreproduzitzeari, titulartasun publikoa duten edo izaera kultural nahiz zientifikoko erakundeetan integraturik dauden museo, liburutegi, fonoteka, filmoteka, hemeroteka edo artxibategiek egiten dituztenean erreprodukzioak, irabazi asmorik gabe eta ikerketa edo kontserbazioa beste helbururik gabe.

2. Era berean, titulartasun publikokoak, edo irabazi asmorik gabeko interes orokorreko kultura-, zientzia- edo hezkuntza-erakundeenak edo Espainiako hezkuntza-sisteman integraturiko hezkuntza-instituzioenak diren museo, artxibategi, liburutegi, hemeroteka, fonoteka edo filmotekek ez dute beharko eskubideen titularren baimenik egiten dituzten maileguengatik.

Establezimendu horien titularrek ordainsari bat emango diete egileei mailegatzen dituzten obrengatik, errege-dekretuz zehazturiko muntakoa. Ordainketa jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko entitateen bitartez egingo da.

Ordaintzeko betebeharretik libre geratzen dira: alde batetik, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan zerbitzu ematen duten titulartasun publikoko establezimenduak, eta, bestetik, Espainiako hezkuntza-sisteman integraturiko hezkuntza-instituzioen liburutegiak. Munta ezartzen duen errege-dekretuak orobat aurreikusiko du zer lankidetza-mekanismo behar diren Estatuaren, autonomia-erkidegoen eta toki-korporazioen artean titulartasun publikoko establezimenduek dituzten ordaintze-betebeharrak betetzeko.

3. Ez da egilearen baimenik beharko obrak ikerketarako xedez publikoko pertsona jakin batzuei komunikatzeko edo haien eskura jartzeko, baldin eta aurreko zenbakian aipaturiko establezimenduetako lokaletan horretarako jarritako terminal espezializatuen bidez barneko sare itxi baten bitartez komunikatzen edo eskura jartzen badira, betiere obrak establezimenduaren beraren bildumetakoak badira eta eskuratze- edo lizentzia-baldintzarik ez badute.

Horrek guztiak ez du eragotziko egileak ekitatezko ordainsari bat jasotzeko duen eskubidea.

38. artikulua. Ekitaldi ofizialak eta erlijio-zeremoniak

Estatuaren ekitaldi ofizialetan, administrazio publikoenetan eta erlijiozeremonietan musika-obrak exekutatzeko, ez da beharko eskubideen titularren baimenik, betiere jendeak bertatik bertara dohainik entzuteko aukera badu eta haietan parte hartzen duten artistek berariazko ordainsarik jasotzen ez badute beren interpretazio edo exekuzioarengatik.

39. artikulua. Parodia

Ez da joko egilearen adostasuna behar duen eraldaketatzat jendarteraturiko obraren parodia, betiere jendarteraturiko obrarekin nahasteko arriskurik ez badu, eta jatorrizko obrari edo egileari kalterik ez badakarkio.

40. artikulua. Kulturara irispidea izateko eskubidearen babesa

Baldin eta, egilearen heriotzaren edo heriotza-deklarazioaren ondoren, haren eskubidedunek obra ez jendarteratzeko eskubidea baliatzen badute, Konstituzioaren 44. artikuluan xedaturikoa urratzen dutelarik, epaileak dagozkion neurriak agindu ahal izango ditu, Estatuaren, autonomia-erkidegoen, tokikorporazioen, izaera kulturaleko instituzio publikoen edo interes legitimoa duen beste edozein pertsonaren eskariz.

40 bis artikulua. Kapitulu honetako xedapen guztientzako xedapen erkidea

Kapitulu honetako artikuluak ezin interpretatuko dira haien aplikazioak egilearen interes legitimoei bidegabeki kalte egiteko eran edo erreferentzia egiten dieten obren ustiapen normala eragozteko eran.

III. KAPITULUA Beste lege-xedapen batzuk aplikatzeko babesgarria

40 ter artikulua. Beste lege-xedapen batzuk aplikatzeko babesgarria

Lehen liburu honetan datu-baseen babesari buruz xedaturikoak ez du eragotziko base horietariko zeinahiren egiturari edo edukiari eragiten dioten beste ezein lege-xedapenetan ezarritakoa, hala nola hauei dagozkienetan ezarritakoa: jabetza intelektualeko datu-base bati buruzko beste eskubide batzuk -«sui generis » eskubidea-, jabetza industrialeko eskubidea, konkurrentzia-zuzenbidea, kontratu-zuzenbidea, sekretuak, datu pertsonalen babesa, altxor nazionalen babesa edo dokumentu publikoetara irispidea izatea.

IV. TITULUA JABARI PUBLIKOA

41. artikulua. Jabari publikoan dauden obrak erabiltzeko baldintzak

Ustiapen-eskubideak azkentzean, obrak jabari publikora pasatuko dira.

Edonork erabili ahal izango ditu jabari publikoan dauden obrak, betiere obraren egiletza eta osotasuna gordez, 14. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan aurreikusitako moduan.

V. TITULUA ESKUBIDEAK ESKUALDATZEA

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

42. artikulua. «Mortis causa» eskualdatzea

Obraren ustiapen-eskubideak «mortis causa» eskualdatzen dira zuzenbidean onarturiko zeinahi bide erabiliz.

43. artikulua. «Inter vivos» eskualdatzea

1.Obraren ustiapen-eskubideak «inter vivos» egindako egintzen bidez eskualda daitezke; lagapenean hauek baino ez dira sartuko: eskubide lagatua edo lagatuak, espresuki aurreikusitako ustiapen motak eta zehazturiko denbora eta lurralde-eremua.

2. Denbora aipatzen ez bada, bost urterako baino ez da izango eskualdaketa, eta lurralde-eremua aipatzen ez bada, berriz, lagapena egin den herrialderako baino ez. Obraren ustiapen motak berariaz eta zehazki aipatzen ez badira, kontratutik beretik nahitaez ondorioztatzen den eta haren xedea betetzeko ezinbestekoa den ustiapen mota baino ez da lagako.

3. Deusez izango da egileak etorkizunean sor ditzakeen obrei dagozkien ustiapeneskubideak lagatzea.

4. Deusez izango dira egilea etorkizunean obrarik ez sortzera lotzen duten estipulazioak.

5. Ustiapen-eskubideen eskualdaketak ez ditu barnean hartzen lagapena egin zenean ez ziren edo ezagutzen ez ziren erabilera motak edo hedabideak.

44. artikulua. Bizimodu independenteko adingabeak

Hemezortzi urte baino gutxiagoko eta hamasei baino gehiagoko egileek, guraso edo tutoreen adostasunez edo haien ardura duten pertsona edo instituzioen baimenez beren gisa bizi direnak badira, gaitasun osoa dute ustiapeneskubideak lagatzeko.

45. artikulua. Idatzizko formalizazioa

Lagapen oro idatziz formalizatu beharko da. Baldin eta lagapen-hartzaileak, aurrez errekerimendu fede-emailea egin zaiolarik, betekizun hori betetzen ez badu, egileak kontratua desegiteko aukera izango du.

46. artikulua. Ordainsari proportzionala eta hainbesteko batekoa

1.Egileak kostu bidezko tituluz egindako lagapenak ustiapenaren dirusarreretatik partaidetza proportzional bat ematen dio egileari, lagapen-hartzailearekin hitzarturiko muntakoa.

2. Hala ere, hainbesteko bateko ordainsari bat ezarri ahal izango da egilearentzat kasu hauetan:

a) Ustiapen mota kontuan harturik, diru-sarrerak zehazteko zailtasun larriak direnean edo haiek egiaztatzea ezinezkoa edo haiek egiaztatzearen kostua ordainsariarekiko proportziorik gabekoa denean.

b) Obraren erabilerak eranskin-izaera duenean haren xede diren jarduera edo objektu materialekiko.

c) Obra, beste batzuekin batera sortze-lan intelektual bat osatzeko erabilia, sortze-lan horren funtsezko elementu ez denean.

d) Aurrez jendarteratu gabeko honako obra hauen lehen argitaraldia edo argitaraldi bakarra denean:

1. Hiztegiak, antologiak eta entziklopediak.

2. Hitzaurreak, oharpenak, sarrerak eta aurkezpenak.

3. Obra zientifikoak.

4. Obra baten ilustrazio-lanak.

5. Itzulpenak.

6. Prezio apaleko argitalpen herrikoiak.

47. artikulua. Ordainsaria ekitatezkoa ez denerako berrikuste-akzioa

Hainbesteko bateko lagapenean desproportzio nabarmena gertatuko balitz egilearen ordainsariaren eta lagapen-hartzaileak izandako etekinen artean, egileak kontratua berrikustea eskatu ahal izango du, eta, adostasunik ezean, epailearengana jo, hark ekitatezko ordainsari bat ezar dezan, kasuaren inguruabarrak kontuan harturik. Ahalmen hori lagapena egin ondorengo hamar urteetan baliatu ahal izango da.

48. artikulua. Esklusiban lagatzea

Esklusiban lagatzea izaera horrekin egin beharko da, espresuki; hartara, lagapenaren eremuan, lagapen-hartzaileak ahalmena izango du berak ez beste inork ustiatzeko obra -lagatzaileak berak ere hartarako ahalmenik izango ez duela- eta, kontrakorik hitzartu ezean, hirugarren batzuei baimen ezesklusiboak emateko. Halaber, legitimazioa izango du, titular lagatzaileak duenaz aparte, eman zaizkion ahalmenei eragiten dieten urraketei jazartzeko.

Lagapen horren bidez, lagapen-hartzailea beharturik geratzen da lagatako ustiapena benetan burutzeko behar diren bitarteko guztiak jartzera, kontuan harturik obraren izaera eta dagokion lanbide-, industria- edo merkataritzajardueran indarrean diren usadioak.

49. artikulua. Lagapen-hartzailearen esklusibako eskubidea eskualdatzea

Lagapena esklusiban hartu duenak bere eskubidea beste bati eskualdatu ahal izango dio lagatzailearen baimen espresuarekin.

Baimenik ezean, lagapen-hartzaileek modu solidarioan erantzungo dute lagapenaren betebeharrez lehenengo lagatzailearen aurrean.

Enpresa lagapen-hartzailea desegin izanaren ondorioz edo haren titulartasuna aldatu izanaren ondorioz egiten bada eskualdatzea, ez da beharko baimenik.

50. artikulua. Lagapen ez-esklusiboa

1.Lagapen-hartzaile ez-esklusiboak lagapenak dioenaren arabera erabili ahal izango du obra, hala beste lagapen-hartzaile batzuekiko nola lagatzailearekiko berarekiko konkurrentzian. Haren eskubidea ezin eskualdatuzkoa izango da, aurreko artikuluaren hirugarren paragrafoan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

2. Entitate kudeatzaileek beren errepertorioak erabiltzeko emandako baimen ez-esklusiboak ezin eskualdatuzkoak izango dira edozein kasutan.

51. artikulua. Soldatapeko egilearen eskubideak eskualdatzea

1.Lan-harreman baten ondorioz sorturiko obraren ustiapen-eskubideak enpresaburuari eskualdatzeko, kontratuan hitzartutakoak eraenduko du, eta kontratua idatziz egin beharko da.

2. Hitzarmen idatzirik ezean, presuntzio egingo da ustiapen-eskubideak esklusiban laga direla eta lagapen horrek behar den helmena izango duela lanharreman horren kariaz egindako obra entregatu zen unean enpresaburuak ohikoa zuen jarduera egiteko.

3. Enpresaburuak ezin izango du obra erabili, ez hura xedatu, aurreko bi zenbakietan ezarritakotik eratortzen direnez bestelako zentzu edo xedeetarako.

4. Lege honen gainerako xedapenak aplikagarriak izango zaizkie, dagokion hartan, eskualdaketa horiei, betiere hala eratortzen bada kontratuaren helburutik eta objektutik.

5. Soldatapeko langile batek bere eginkizunean diharduela edo bere enpresaburuaren aginduak jarraituz sorturiko ordenagailu-programa baten eskubideen titulartasuna lege honen 97. artikuluaren 4. zenbakian aurreikusitakoak eraenduko du.

52. artikulua. Aldizkako argitalpenetarako eskubideak eskualdatzea

Kontrako estipulaziorik ezean, aldizkako argitalpenetan erreproduzituriko obren egileek obrok zeinahi formatan ustiatzeko eskubideari eutsiko diote, betiere obrok barnean hartzen dituen argitalpenaren forma normala kaltetzen ez bada.

Egileak nahierara xedatu ahal izango du bere obra, obra hori egunkarietara bidali edo haietan onartu zenetik hilabeteren epean erreproduzitzen ez bada, edo, gainerako argitalpenen kasuan, sei hilabeteren epean erreproduzitzen ez bada, kontrakorik hitzartu ezean.

Aipaturiko obra horien egilearentzako ordainsaria hainbesteko bat izan daiteke.

53. artikulua. Egile-eskubideen hipoteka eta enbargoa

1.Lege honetan babesturiko obren ustiapen-eskubideak hipotekan jar daitezke indarrean den legeriaren arabera.

2. Egileari dagozkion ustiapen-eskubideak ezin dira enbargatu, baina bai haien fruitu edo ekoizkinak; horiek soldatatzat joko dira, hala enbargorako lehentasun-hurrenkerari dagokionez nola atxikipenei edo ezin enbargatuzko parteari dagokienez.

54. artikulua.(2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Legeak derogatua)

55. artikulua. Onura uko egin ezinak

Legeak berak hala xedatu ezean, titulu honetan egileei eta haien eskubidedunei ematen zaizkien onurak uko egin ezinak izango dira.

56. artikulua. Euskarri material jakin batzuen jabeei eskubideak eskualdatzea

1.Obra txertatua dagoen euskarriaren jabetza eskuratzen duenak ez du izango, titulu horregatik bakarrik, obra ustiatzeko inolako eskubiderik.

2. Hala ere, arte plastikoetako obra baten edo obra fotografiko baten jatorrizkoaren jabeak eskubidea izango du obra publikoki erakusteko, nahiz eta obra jendarteratu gabea izan, salbu eta egileak eskubide hori espresuki kanpo utzi badu jatorrizkoa besterentzean. Edozein kasutan, egileak kontra egin ahal izango dio eskubide hori baliatzeari, lege honetan aurreikusitako kautelazko neurriak aplikatuz hala badagokio, haren ohore edo ospe profesionalari kalte egiten dioten baldintzetan egiten bada erakusketa.

57. artikulua. Beste xedapen batzuk lehentasunez aplikatzea

Egile-eskubideak argitalpen, emanaldi zein exekuzio, edo ikus-entzunezko obren ekoizpenaren bidez ustiatzeko eskualdatzen direnean, I. liburu honen berariazko xedapenetan ezarritakoak eraenduko du, eta, haietan aurreikusi ez den hartan, berriz, kapitulu honetan ezarritakoak, hurrenez hurren eta edozein kasutan.

Ustiapen mota bakoitzerako eskubide-lagapenak agiri banatan formalizatu beharko dira.

II. KAPITULUA Argitalpen-kontratua

58. artikulua. Kontzeptua

Argitalpen-kontratuaren bidez, egileak edo haren eskubidedunek argitaratzaileari lagatzen diote, konpentsazio ekonomiko baten truke, beren obra erreproduzitzeko eta banatzeko eskubidea. Argitaratzailea beharturik dago egintza horiek bere kontura eta arriskura burutzera, hitzarturiko baldintzetan eta lege honetan xedaturikoarekin bat etorriz.

59. artikulua. Etorkizuneko obrak, obra bat enkargatzea eta aldizkako argitalpenetako kolaborazioak

1.Etorkizuneko obrak ez dira sartzen lege honetan arauturiko argitalpenkontratuan.

2. Obra bat enkargatzea ez da sartzen argitalpen-kontratuan, baina, ordainsari bat hitzartzen bada, argitalpena eginez gero argitaraldiarengatik egileari dagozkion eskubideen aurrerakintzat joko da ordainsari hori.

3. Aldizkako argitalpenetako kolaborazioei ere ez zaizkie aplikatuko kapitulu honetako xedapenak, non eta ez duten hala galdatzen kontratuaren izaerak eta xedeak.

60. artikulua. Formalizazioa eta gutxieneko edukia

Argitalpen-kontratua idatziz formalizatu beharko da, eta, edozein kasutan, hauek adierazi beharko ditu:

1. Ea egileak argitaratzaileari egiten dion lagapenak esklusiba-izaera duen.

2. Kontratuaren lurralde-eremua

3. Zenbat ale izango dituen gehienez eta gutxienez argitaraldiak edo hitzarturiko argitaraldi bakoitzak.

4. Aleak banatzeko modua, eta egilearentzat, kritikarientzat eta obraren sustapenerako erreserbatzen diren aleak.

5. Egilearen ordainsaria, lege honen 46. artikuluan xedaturikoaren arabera ezarria.

6. Argitaraldi bakarreko edo lehen argitaraldiko aleak zirkulazioan jartzeko epea; epe hori ezin izango da bi urte baino gehiago, egileak obra argitaratzaileari erreproduzitzeko egoera egokian entregatzen dionetik kontatuta.

7. Zer epetan entregatu beharko dion egileak argitaratzaileari obraren jatorrizkoa.

61. artikulua. Deuseztatze-kasuak eta ez-egiteen zuzenketa

1.Deusez izango da idatziz formalizatu gabeko kontratua, eta baita aurreko artikuluaren 3. eta 5. zenbakietan galdaturiko puntuak adierazten ez dituena ere.

2. Aurreko artikuluaren 6. eta 7. zenbakietan aipaturikoak adierazi ezean, kontratugileek akzioa izango dute elkar hutsa zuzentzera behartzeko. Adostasunik ezean, epaileak zuzenduko du, kontuan harturik kontratuaren inguruabarrak, hura exekutatzean alderdiek egindako egintzak, eta usadioak.

62. artikulua. Liburu formako argitalpena

1.Obra bat liburu forman argitaratzea denean kasua, puntu hauek adierazi beharko dira, gainera, kontratuan:

a) Zer hizkuntzatan argitaratu behar den obra.

b) Zer aurrerakin eman behar dion, hala badagokio, argitaratzaileak egileari, haren eskubideen kontura.

c) Argitalpen mota edo motak, eta, hala badagokio, zer bildumaren parte izango den.

2. Obra zer hizkuntzatan argitaratu behar den adierazi ezean, jatorrizko hizkuntzan argitaratzeko beste eskubiderik ez du izango argitaratzaileak.

3. Obra bat Espainiako hizkuntza ofizial bat baino gehiagotan argitaratzea ezartzen badu kontratuak, haietariko batean argitaratzeak ez du gabetzen argitaratzailea gainerakoetan argitaratzeko betebeharraz.

Egileak obra entregatzen duenetik bost urte igarotakoan, argitaratzaileak obra argitaratu ez badu kontratuan aurreikusitako hizkuntza guztietan, egileak kontratua desegin ahal izango du argitaratu ez den hizkuntzei dagokienez.

4. Aurreko zenbakian xedaturikoa orobat aplikatuko zaie Espainian egindako atzerriko obren itzulpenei.

63. artikulua. Salbuespenak 60.6 artikuluari

Lege honen 60. artikuluaren 6. zenbakian aurreikusitako epe-mugapena ez zaie aplikatuko mota honetako obren argitalpenei:

1. Inoren obren antologiak, hiztegiak, entziklopediak eta antzeko bildumak.

2. Inoren obren hitzaurre, epilogo, aurkezpen, sarrera, oharpen, iruzkin eta ilustrazioak.

64. artikulua. Argitaratzailearen betebeharrak

Argitaratzaileak betebehar hauek ditu:

1. Obra hitzarturiko forman erreproduzitzea, egileak baimendu ez duen aldaketarik sartu gabe eta haren izena, sinadura edo zeinu identifikatzailea aleetan agerraraziz.

2. Inprimagaien probak egileari aurkeztea, kontrakorik hitzartu ez bada.

3. Hitzarturiko epe eta baldintzetan obra banatzea.

4. Obrari ustiapen jarraitua eta argitalpen-sektore profesionaleko usadioen araberako hedapen komertziala segurtatzea.

5. Egileari ordaintzea hitzarturiko ordainsaria eta, ordainsaria proportzionala den kasuan, urtean behin gutxienez, dagokion likidazioa, haren edukiaren kontu emanez. Orobat jarri beharko du egilearen eskura, urtero, fabrikazioari, banaketari eta ale-izakinei buruzko datuak zehazten dituen ziurtagiri bat. Horri dagokionez, egileak hala eskatuz gero, argitaratzaileak dagozkion frogagiriak aurkeztuko dizkio.

6. Argitaratzen den obraren jatorrizkoa egileari itzultzea, inprimategi-lanak amaitutakoan.

65. artikulua. Egilearen betebeharrak

Egileak betebehar hauek ditu:

1. Argitaratzekoa den obra argitaratzaileari entregatzea, erreproduzitzeko behar den forman eta hitzarturiko epean.

2. Argitaratzailearen aurrean erantzutea obraren egiletzaz eta jatorrizkotasunaz eta laga dizkion eskubideak modu baketsuan baliatzeaz.

3. Inprimagaien probak zuzentzea, kontrakorik hitzartu ezean.

66. artikulua. Obraren edukian aldaketak egitea

Egileak, probak zuzentzeko denboran, aukera izango du ezinbestekotzat jotzen dituen aldaketak egiteko, betiere obraren izaera edo xedea bestelakotzen ez badute, eta argitaraldiaren kostua nabarmen igotzen ez bada. Edozein kasutan, argitalpen-kontratuak aurreikusi ahal izango du zuzenketek ez dutela hartu behar obra osoaren portzentaje bat baino gehiago.

67. artikulua. Argitaraldia salgai-hondar gisa saltzen deneko eta desegiten deneko eskubideak

1.Argitaratzaileak ezin salduko du argitaraldia salgai-hondar gisa, egilearen baimenik gabe, aleak lehen aldiz zirkulazioan jarri zirenetik bi urte igaro baino lehen.

2. Epe hori igarotakoan, argitaratzaileak erabakitzen badu geratzen zaizkion aleak salgai-hondar gisa saltzea, egileari jakinaraziko dio modu fedeemailean, eta egileak aukera izango du salgai-hondarraren prezioaren gaineko eroslehentasuna baliatuz aleok eskuratzeko, edo, ordainsari proportzionalaren kasuan, argitaratzaileak fakturaturikoaren 100eko 10 jasotzeko. Egileak jakinarazpena jaso eta hogeita hamar egunen barruan baliatu beharko du aukera.

3. Baldin eta argitaratzaileak, epe beraren ondotik, argitaraldi bateko ale hondarrak suntsitzea erabakitzen badu, egileari jakinarazi beharko dio hori ere, eta egileak ale guztiak edo parte bat doan entrega diezazkiotela galdatu ahal izango du, jakinarazpena jaso eta hogeita hamar egunen barruan. Egileak ezin erabiliko ditu aleok helburu komertzialetarako.

68. artikulua. Kontratua desegitea

1.Egileak, hargatik eragotzi gabe eskubidez dagozkion kalte-ordainak, argitalpenkontratua desegin ahal izango du honako kasu hauetan:

a) Argitaratzaileak obra hitzarturiko epe eta baldintzetan argitaratzen ez badu.

b) Argitaratzaileak 64. artikuluaren 2., 4. eta 5. zenbakietan aipaturiko betebeharren bat betetzen ez badu, haiek betetzeko errekerimendu espresua eginagatik obraren egileak.

c) Argitaratzaileak argitaralditik geratzen zaizkion aleak salgai-hondar gisa saltzeari edo suntsitzeari ekiten badio, lege honen 67. artikuluan ezarritako betekizunak bete gabe.

d) Argitaratzaileak bere eskubideak hirugarren bati bidegabeki lagatzen badizkio.

e) Baldin eta, argitaraldi bat baino gehiago aurreikusi direlarik eta egindako azkena agortu, argitaratzaileak ez badu hurrengo argitaraldia egiten egileak hartarako errekerimendua egin ondorengo urtebetean. Argitaraldi bat agortutzat joko da, artikulu honi dagokionez, saldu gabeko aleak argitaraldiaren ale guztien 100eko 5 baino gutxiago direnean eta, edozein kasutan, 100 ale baino gutxiago direnean.

f ) Enpresa argitaratzailea likidatzen denean edo haren titulartasuna aldatzen denean, betiere obraren erreprodukzioa hasi ez bada; hala badagokio, itzuli egingo dira aurrerakin gisa jasotako zenbatekoak.

2. Argitaratzaileak jarduera utzi duelako edo konkurtso-prozedura baten ondorioz obra ustiatzeari uzten zaionean, aginte judizialak, egilearen eskariz, epe bat jarri ahal izango du ustiapenari berrekiteko; hala egin ezean, deseginik geratuko da argitalpen-kontratua.

69. artikulua. Kontratua azkentzeko kausak

Kontratuak azkentzeko kausa orokorrengatik ez ezik, honako hauengatik ere azkentzen da argitalpen-kontratua:

1) Hitzarturiko epea amaitzea.

2) Ale guztiak saltzea, hori bazen argitalpenaren xedea.

3) Lagapenaz geroztik hamar urte igarotzea, baldin eta ordainsaria hainbesteko batez soilik hitzartua bada, lege honen 46. artikuluaren 2.d) letran ezarritakoaren arabera.

4) Edozein kasutan, egileak argitaratzailea obraren erreprodukzioa egiteko egoeran jarri zuenetik hamabost urtera.

70. artikulua. Kontratua azkentzearen efektuak

Kontratua azkendutakoan, eta kontrako estipulaziorik ezean, argitaratzaileak, hurrengo hiru urteen barruan eta zeinahi dela ere hitzarturiko banaketa era, dituen aleak besterendu ahal izango ditu, alerik badu. Egileak aukera izango du aleok publikoarentzako salmenta-prezioaren 100eko 60an edo peritu bidez erabakitako prezioan eskuratzeko, edo salmenta-prezioaren gainean eroslehentasuna baliatzeko.

Besterentze hori azkenduriko kontratuan ezarritako baldintzen mende geratuko da.

71. artikulua. Musika argitaratzeko kontratua

Musika-obrak edo obra dramatiko-musikalak argitaratzeko kontratua, argitaratzaileari komunikazio publikorako eskubideak ere ematen dizkiona, kapitulu honetan xedaturikoak eraenduko du, hargatik eragotzi gabe arau hauek:

1. Kontratua baliozkoa izango da ale kopurua ez adieraziagatik. Argitaratzaileak, hala ere, laga zaion ustiapenaren beharrizan normalei erantzuteko adinbat ale egin eta banatu beharko ditu obrarenak, kontuan harturik musikaargitalpenaren sektore profesionalean usadio dena.

2. Obra sinfoniko eta dramatiko-musikalentzat, bost urte izango da 60. artikuluaren 6. zenbakian aurreikusitako epearen muga.

3. Kontratu honi ez zaio aplikatuko 68. artikuluaren 1.c) letran eta 69. artikuluaren 2., 3. eta 4. zenbakietan xedaturikoa.

72. artikulua. Argitaraldiko ale-kopuruaren kontrola

Argitaraldi bakoitzeko ale kopurua ale-kontrolaren mende egongo da erregelamenduz ezartzen den prozeduraren bidez, legeak ukituriko sektore profesionalak entzunik.

Horretarako xedaturiko betekizunak betetzen ez baditu argitaratzaileak, egileak edo haren kausadunek kontratua desegin ahal izango dute, hargatik eragotzi gabe argitaratzaileak izan ditzakeen erantzukizunak.

73. artikulua. Kontratuaren baldintza orokorrak

Egileek eta argitaratzaileek, jabetza intelektualeko beren eskubideak kudeatzen dizkieten entitateen bitartez, edo, halako entitaterik izan ezean, egileak zein argitaratzaileak ordezkatzen dituzten elkarteen bitartez, baldintza orokorrak adostu ahal izango dituzte argitalpen-kontraturako, legea gordez.

III. KAPITULUA Antzezkizunetarako eta musika-exekuzioetarako kontratua

74. artikulua. Kontzeptua

Kapitulu honetan arauturiko kontratuaren bidez, egileak edo haren eskubidedunek obra literario, dramatiko, musikal, dramatiko-musikal, pantomimazko edo koreografiko bat publikoki antzezteko edo exekutatzeko eskubidea lagatzen dio pertsona natural edo juridiko bati, konpentsazio ekonomiko baten truke. Lagapen-hartzailea beharturik dago hitzarturiko baldintzetan eta lege honetan xedaturikoa jarraituz obra publikoari komunikatzera.

75. artikulua. Kontratu motak eta gehienezko iraupena

1.Alderdiek epe jakin baterako edo komunikazio publiko kopuru zehatz baterako kontratatu ahal izango dute lagapena.

Edozein kasutan, esklusibako lagapenaren iraupena bost urte izango da gehienez ere.

2. Kontratuan ezarri beharko da zer eperen barruan egin beharko d en obraren komunikazio publiko bakarra edo lehena. Epe hori bi urtekoa izango da gehienez ere, kontratuaren datatik hasita, edo, hala badagokio, egileak enpresarioa komunikazioa egiteko egoeran jarri zuenetik hasita.

Epea ezarri ez bada, urtebeterako eman dela ulertuko da. Obraren taularatzea bada kontratuaren objektua, kontratua itxi den uneari dagokion denboraldiak irauten duena izango da epe hori.

76. artikulua. Kontratuaren interpretazio murriztailea

Baimenduriko komunikazio motak zein diren zehaztu ez bada kontratuan, diru kopuru bat ordaindurik sartu behar den antzoki, areto edo esparruetako errezitazioak eta emanaldiak baimenduko dira bakarrik.

77. artikulua. Egilearen betebeharrak

Egileak betebehar hauek ditu:

1. Enpresarioari obraren testua eta haren partitura ematea -hala badagokio, guztiz instrumentatua-, obra inprimaturik argitaratu ez den kasuan.

2. Lagapen-hartzailearen aurrean erantzutea obraren egiletzaz eta jatorrizkotasunaz eta laga dizkion eskubideak modu baketsuan baliatzeaz.

78. artikulua. Lagapen-hartzailearen betebeharrak

Lagapen-hartzaileak betebehar hauek ditu:

1. Obraren komunikazio publikoa hitzarturiko epean edo 75. artikuluaren 2. zenbakiaren arabera zehazturikoan burutzea.

2. Egileak baimendu gabeko aldaketa, gehikuntza, mozketa edo ezabaketarik obran egin gabe eta haren eskubide morala kaltetzen ez duten baldintza teknikoetan burutzea komunikazio hori.

3. Bermea ematea egileari, edo haren ordezkariei, aukera izango duela obraren emanaldi publikoa ikuskatzeko eta ekitaldira doan joateko.

4. Egileari, behar den garaian, hitzarturiko ordainsaria ematea; ordainsari hori lege honen 46. artikuluan xedaturikoaren arabera zehaztuko da.

5. Egileari edo haren ordezkariei aurkeztea komunikazio-egintzen programa zehatza eta, ordainsaria proportzionala den kasuan, sarreren deklarazioa. Halaber, lagapen-hartzaileak erraztasunak eman beharko dizkie aipaturiko programa eta deklarazioak egiaztatzeko.

79. artikulua. Ordainsaria kobratzeko bermea

Ikuskizun publikoetako enpresarioak egileei beren obren komunikazioarengatik dagokien ordainsariaren gordailu-hartzailetzat joko dira, sarreretatik partaidetza proportzional bat izatea denean ordainsaria. Ordainsari hori egileen edo haien ordezkarien eskura jarri beharko dute astero.

80. artikulua. Kontratua exekutatzea

Alderdiak, bestelakorik hitzartu ez badute, arau hauetara menderatuko dira kontratua exekutatzean:

1) Lagapen-hartzailearen gain joango da obraren komunikazio publikorako behar diren kopiak lortzea. Kopia horiek egileak bisatu beharko ditu.

2) Egileak eta lagapen-hartzaileak elkarren artean aukeratuko dituzte interpretatzaile nagusiak eta, orkestra, koru, dantza-talde eta antzeko talde artistikoen kasuan, zuzendaria.

3) Egileak eta lagapen-hartzaileak elkarrekin adostuko dute komunikazioegintzen publizitatearen idazketa.

81. artikulua. Kontratua desegiteko kausak

Kasu hauetan desegin ahal izango da kontratua egilearen borondatez:

1) Eskubide esklusiboak eskuratu dituen enpresarioak, obraren emanaldi publikoak ematen hasi eta gero emanaldiok urtebetez eteten baditu.

2) Enpresarioak 78. artikuluaren 1. zenbakian aipaturiko betebeharra betetzen ez badu.

3) Enpresarioak 78. artikuluaren 2., 3., 4. eta 5. zenbakietan aipaturiko zeinahi betebehar betetzen ez badu, egileak betetzeko errekerimendua egin eta gero.

82. artikulua. Kontratua azkentzeko kausak

Emanaldi-kontratua azkendu egiten da, kontratuak azkentzeko kausa orokorrengatik ez ezik, beste kasu honetan ere, kontratuan hala adierazita badago: obra estreinaldikoa izanik eta kontratuan taularatzea beste komunikazio motarik aurreikusten ez zaiolarik, publikoak taularatze hori garbiro errefusatu badu.

83. artikulua. Musika-konposizioen exekuzio publikoa

Musika-konposizio bat publikoki exekutatzea objektu duen emanaldikontratua kapitulu honetako xedapenek eraenduko dute, betiere obraren izaerak eta baimenduriko komunikazio motak hala zilegitzen badu

84. artikulua. Irrati-hedapen bidezko komunikazio publikorako eskubidea lagatzeko xedapen bereziak

1.Kapitulu honetan aipaturiko obrak irrati-hedapen bidez publikoari komunikatzeko eskubidearen lagapena kapitulu honetako xedapenek eraenduko dute, 81. artikuluaren 1. zenbakian xedaturikoa salbu.

2. Kontrakoa hitzartu ezean, lagapen hori obra behin bakarrik emititzeko izango dela ulertuko da, eta emisioa haririk gabeko baliabideak erabiliz eta irratihedapeneko entitate baimenduaren bitartez egingo dela, kontratuan zehazturiko lurralde-eremuan, hargatik eragotzi gabe lege honen 20. artikuluan eta 36. artikuluaren 1. eta 2. zenbakietan xedaturikoa.

85. artikulua. Aurreko xedapenak baimen hutsei aplikatzea

Egileak bere obra publikoki komunikatzeko enpresario bati ematen dizkion baimenak, hargatik enpresarioa komunikazioa gauzatzera behartu gabe, kapitulu honetako xedapenek eraenduko dituzte, aplikatzekoa zaien hartan.

VI. TITULUA OBRA ZINEMATOGRAFIKOAK ETA GAINERAKO IKUS-ENTZUNEZKO OBRAK

86. artikulua. Kontzeptua

1.Titulu honetan jasoriko xedapenak obra zinematografikoei eta gainerako ikus-entzunezko obrei aplikatzekoak izango dira; halakotzat joko dira irudi elkartu sail baten bidez adierazitako sortze-lanak, soinua erantsia dutenak edo soinu gabeak, proiekzio-tresnen bidez edo irudia eta soinua publikoari komunikatzeko beste zeinahi bitartekoren bidez erakusteko eginak, edozein dela ere obra horien euskarri materialen izaera.

2. Artikulu honetan aipatutako obra guztiei ikus-entzunezko obra esango zaie aurrerantzean.

87. artikulua. Egileak

Ikus-entzunezko obraren egile dira lege honen 7. artikuluan aurreikusitako moduan:

1. Zuzendari-errealizadorea.

2. Argumentuaren, egokitzapenaren eta gidoiaren nahiz elkarrizketen egileak.

3. Obra horretarako berariaz sorturiko musika-konposizio letradunen zein letragabeen egileak.

88. artikulua. Esklusibako lagapenaren presuntzioa eta mugak

1.Egileei dagozkien eskubideak eragotzi gabe, ikus-entzunezko obraren ekoizpen-kontratuan presuntzio egingo da esklusiban laga zaizkiola ekoizleari, titulu honetan ezarritako mugapenekin, erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikorako eskubideak, bai eta obra bikoiztekoak edo azpititulatzekoak ere.

Hala ere, obra zinematografikoen kasuan, egileen baimen espresua beharko da beti obrok ustiatzeko, dela haien kopiak, etxeko eremuan erabiltzeko, zeinahi sistema edo formatutan publikoaren eskura jarriz, dela haiek irrati-hedapenez publikoari komunikatuz.

2. Kontrako estipulaziorik ezean, egile bakoitzak bere aldetik xedatu ahal izango du bere ekarpena, betiere ikus-entzunezko obraren ustiapen normala kaltetzen ez bada.

89. artikulua. Aurretiazko obra bat eraldatzen deneko lagapen-presuntzioa

1.Jabari publikoan ez dagoen aurretiazko obra bat eraldatzeko kontratuan, presuntzio egingo da obra horren egileak ikus-entzunezko obraren ekoizleari lagatzen dizkiola hura ustiatzeko eskubideak, 88. artikuluan aurreikusitako moduan.

2. Kontrakorik hitzartu ezean, aurretiazko obraren egileak hura argitalpen grafiko eta taularaketa eran ustiatzeko eskubideak mantenduko ditu, eta, edozein kasutan, ikus-entzunezko beste obra baterako xedatu ahal izango du, bere ekarpena ekoizlearen eskura utzi zuenetik hamabost urtera.

90. artikulua. Egileen ordainsaria

1.Ikus-entzunezko obraren egileei 88. artikuluan aipaturiko eskubideak lagatzeagatik eman beharreko ordainsaria, eta, hala badagokio, aurretiazko obren egileei eman beharrekoa -obrok eraldatuak izan zein ez- lagatako ustiapen mota bakoitzerako zehaztu beharko dira.

2. Aurreko zenbakian aipaturiko egileek ikus-entzunezko grabazio-ekoizle batekin grabazioon ekoizpenari buruzko kontratuak egiten dituztenean, presuntzio egingo da, kontratuan kontrakorik hitzartu ezean eta hurrengo paragrafoan aipatzen den ekitatezko ordainsaria jasotzeko eskubide uko egin ezina salbuetsirik, egileok beren alokairu-eskubidea eskualdatu dutela.

Fonograma- edo ikus-entzunezko grabazio-ekoizle bati fonograma baten edo ikus-entzunezko grabazio baten jatorrizko zein kopia baten alokairueskubidea eskualdatu edo laga dion egileak mantendu egingo du haiek alokatzeagatik dagokion ekitatezko ordainsaria jasotzeko eskubide uko egin ezina.

Ordainsari horiek fonogramak edo ikus-entzunezko grabazioak jendeari alokatzen dizkiotenei galdatu ahal izango zaizkie, alokairu hori baimentzeko eskubidearen titularren eskubidedun diren aldetik, eta 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko dira.

3. Edozein kasutan, eta kontratuan hitzarturikoa gorabehera, ikus-entzunezko obra sarrera-prezio bat ordainduta leku publikoetan proiektatzen denean, artikulu honen 1. zenbakian aipaturiko egileek eskubidea izango dute erakusketa publiko horretatik ateratako diru-sarreren ehuneko hainbesteko bat jasotzeko obra hori publikoki erakusten dutenengandik. Kontzeptu horretan ordainduriko zenbatekoak ikus-entzunezko obraren lagatzaileei ordaindu beharrekoetatik deduzitu ahal izango dituzte erakusleek.

Ikus-entzunezko obra esportatzen den kasuan, egileek hainbesteko baten truke laga ahal izango dute aipaturiko eskubidea, xede-lurraldean eskubide hori egiazki baliatzea ezinezkoa gertatzen zaienean edo hartarako zailtasun larriak dituztenean.

Areto publiko edo erakustokietako enpresarioek egileen eskura jarri beharko dituzte, aldiro-aldiro, ordainsari horren kontzeptuan bilduriko dirukopuruak. Horri dagokionez, Gobernuak dagozkion kontrol-prozedurak ezarri ahal izango ditu erregelamenduz.

4. Ikus-entzunezko obra bat sarrera-preziorik gabe proiektatu edo erakusteak, hari bidezko zein haririk gabeko zeinahi bitarteko edo prozedura erabiliz publikoari emateak, -barnean harturik, besteak beste, 20.2 i) artikuluan ezarritako moduan eskuragarri jartzea-, eskubidea emango die egileei dagokien ordainsaria jasotzeko, dagokion entitate kudeatzaileak ezarritako tarifa orokorren arabera.

5. Egileari ikus-entzunezko obra ustiatzeagatik dagozkion eskubideak baliatzea ahalbidetzeko, ekoizleak, urtean behin gutxienez, hartarako behar diren agiriak eskura jarri beharko dizkio egileari, hark eskatzean.

6. Artikulu honen 3. eta 4. zenbakietan ezarritako eskubideak uko egin ezinak eta «inter vivos» egintzen bidez eskualdaezinak izango dira, eta ez zaizkie aplikatuko publizitate-izaera duten ikus-entzunezko obren egileei.

7. Artikulu honen 2., 3. eta 4. zenbakietan aurreikusitako eskubideak jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketarako entitateen bidez gauzatuko dira.

91. artikulua. Egile baten ekarpen askieza

Egile baten ekarpena osatzen ez denean, hark justifikaziorik gabe uko egiten diolako edo ezinbestez, dagoeneko eginiko partea erabili ahal izango du ekoizleak, egileak haren gainean dituen eskubideak gordez, hargatik eragotzi gabe dagokion kalte-ordaina, hala badagokio.

92. artikulua. Behin betiko bertsioa eta haren aldaketak

1.Zuzendari-errealizadorearen eta ekoizlearen arteko kontratuan hitzarturikoaren arabera behin betiko bertsioa erabakitzen denean joko da bukatutzat ikus-entzunezko obra.

2. Obraren behin betiko bertsioan edozein aldaketa egiteko, gehikuntzaren bat eginez edo haren zeinahi elementu kenduz zein aldatuz, behin betiko bertsioa hitzartu dutenen baimena beharko da aurrez.

Hala ere, nagusiki irrati-hedapenez publikoari komunikatzeko diren ikusentzunezko obren ekoizpen-kontratuetan, presuntzio egingo da egileek baimena eman dutela, kontrako estipulaziorik ezean, hedabidearen programaziomoduak guztiz ezinbestekoak dituen aldaketak egin daitezen obra emititzeko eran, hargatik eragotzi gabe, betiere, 14. artikuluaren 4. zenbakian aitorturiko eskubidea.

93. artikulua. Eskubide morala eta jatorrizko euskarria desegitea

1.Egileen eskubide morala ikus-entzunezko obraren behin betiko bertsioaren gainean baliatu ahal izango da soilik.

2. Debeku da ikus-entzunezko obraren behin betiko bertsioaren jatorrizko euskarria suntsitzea.

94. artikulua. Irrati-obrak

Titulu honetako xedapenak irrati-obrei aplikatzekoak izango dira, dagokion hartan.

VII. TITULUA ORDENAGAILU PROGRAMAK

95. artikulua. Araubide juridikoa

Ordenagailu-programen gaineko egile-eskubidea titulu honen manuek eraenduko dute, eta, titulu honetan berariaz aurreikusi gabekoa den hartan, berriz, aplikagarri diren lege honen xedapenek.

96. artikulua. Zer babesten den

1.Lege honi dagokionez, ordenagailu-programatzat joko da: funtzio edo eginkizun bat burutzeko edo emaitza jakin bat lortzeko, sistema informatiko batean zuzenean edo zeharka erabiltzekoa den instrukzio edo jarraibide sekuentzia oro, edozein eratan dagoelarik ere adierazia edo finkatua.

Lege honi dagokionez, halaber, ordenagailu-programak esapidearen barnean sartuko dira haien prestakuntza-agiriak ere. Titulu honek ordenagailuprogramei ematen dien babes bera izango dute programa baten agiri teknikoek eta erabilera-eskuliburuek.

2. Ordenagailu-programa batek jatorrizkoa izan beharko du babestua izateko; hau da, egileak berak egindako sortze-lan intelektuala izan beharko du.

3. Lege honetan aurreikusitako babesa ordenagailu-programa baten zeinahi adierazpideri aplikatuko zaio. Halaber, babes horrek barnean hartzen ditu, bai programaren ondorengo zeinahi bertsio, eta bai programa eratorriak ere, salbu eta sistema informatiko bati kalteak eragiteko sortuak.

Ordenagailu-programak patente baten edo baliagarritasun-modelo baten parte direnean, jabetza industrialaren araubide juridikoa aplikatuta legokiekeen babesa izango dute, hargatik eragotzi gabe lege honetan xedaturikoa.

4. Ez dira egile-eskubidez babestuko, lege honen arabera, ordenagailuprograma baten elementuen oinarrian diren ideia eta printzipioak, ez eta haien interfazeen oinarri direnak ere.

97. artikulua. Eskubideen titulartasuna

1.Ordenagailu-programa baten egiletzat joko da: hura sortu duen pertsona naturala edo pertsona natural taldea, edo lege honetan espresuki aurreikusitako kasuetan egile-eskubideen titulartzat jotzen den pertsona juridikoa.

2. Obra kolektibo baten kasuan, hura bere izenean editatzen eta jendarteratzen duen pertsona natural edo juridikoa joko da egiletzat, kontrakorik hitzartu ezean.

3. Egile bat baino gehiagoren lankidetzaren emaitza bakarra den ordenagailuprograma baten gaineko egile-eskubideak jabetza erkidekoak izango dira eta egile guztioi egokituko zaizkie, erabakitzen duten proportzioan.

4. Soldatapeko langile batek, eman zaizkion eginkizunetan diharduelarik edo bere enpresaburuaren aginduz ordenagailu-programa bat sortzen duenean, enpresaburuari dagozkio, soilik, hala sorturiko ordenagailu-programari dagozkion ustiapen-eskubideak, hala iturburu-programarenak nola objektu-programarenak, kontrakorik hitzartu ezean.

5. Lege honetan egile-eskubideen babeserako ezarritako betekizunak betetzen dituzten pertsona natural edo juridiko guztiei emango zaie babesa.

98. artikulua. Babesaren iraupena

1.Egilea pertsona naturala denean, liburu honen III. tituluaren I. kapituluan aurreikusitako iraupena izango dute ordenagailu-programa baten ustiapeneskubideek, plantea daitezkeen kasu desberdinen arabera.

2. Egilea pertsona juridikoa denean, hirurogeita hamar urte iraungo dute aurreko zenbakian aipaturiko eskubideek, programa zilegi den moduan jendarteratu edo, jedarteratu ez bazen, sortu ondorengo urteko urtarrilaren 1etik kontatzen hasita.

99. artikulua. Ustiapen-eskubideen edukia

Lege honen 100. artikuluan xedaturikoa eragotzi gabe, 97. artikuluaren arabera titular denak ordenagailu-programa bat ustiatzeko dituen eskubide esklusiboen barruan sartuko da honako hauek burutzeko edo baimentzeko eskubidea:

a) Ordenagailu-programa bat osorik edo partez erreproduzitzea, baita norberak erabiltzeko ere, zeinahi bidez eta zeinahi formatan, iraunkorra nahiz iragankorra. Erreprodukzio hori beharrezko denean programa bat kargatzeko, aurkezteko, exekutatzeko, igortzeko edo biltegiratzeko, eskubidearen titularrak ematen duen baimena beharko da horretarako.

b) Ordenagailu-programa bat itzultzea, egokitzea, moldatzea edo hari beste edozein eraldaketa egitea eta egintza horien emaitzak erreproduzitzea, hargatik eragotzi gabe ordenagailu-programa eraldatzen duen pertsonaren eskubideak.

c) Jatorrizko ordenagailu-programa edo haren kopiak zeinahi formatan publikoari banatzea, alokatzea barne.

Horri dagokionez, ordenagailu-programa bat erabiltzeko eskubidea lagatzen denean, presuntzio egingo da, kontrakorik frogatu ezean, lagapen horrek izaera ez-esklusiboa eta eskualdaezina duela eta erabiltzailearen beharrei erantzuteko xede hutsez egin dela. Europar Batasunean programa baten kopia bat saltzean, dela eskubideen titularrak, dela haren baimenez, lehen salmentan agortuko da kopia horren banaketa-eskubidea, salbu eta programaren edo haren kopiaren ondorengo alokairua kontrolatzeko eskubidea.

100. artikulua. Ustiapen-eskubideen mugak

1.Ez da titularraren baimenik beharko, kontratuan kontrakoa xedatu ezean, ordenagailu-programa bat erreproduzitzeko edo eraldatzeko, ez eta okerrak zuzentzeko, egintzok beharrezkoak badira erabiltzaile legitimoak ordenagailuprograma erabil dezan, eman zaion xedearen arabera.

2. Programa erabiltzeko eskubidea duenak segurtasun-kopia bat egitea ezin eragotziko da kontratuz, kopia beharrezko bada erabilera horretarako.

3. Programa baten erabiltzaile legitimoak zilegi izango du titularraren baimenik gabe haren funtzionamendua behatzea, aztertzea edo egiaztatzea, programaren edozein elementuren baitan inplizitu dauden ideiak eta printzipioak zehazteko, betiere egiteko eskubidea duen eragiketa hauetariko zeinahi burutzean eginez gero: programa kargatzea, bistaratzea, exekutatzea, igortzea edo biltegiratzea.

4. Egileak, kontrakorik hitzartu ezean, ezin galaraziko du ustiapen-eskubideen titular den lagapen-hartzaileak bere programaren edo programa hartatik eratorritako programen ondorengo bertsioak egitea edo egiteko baimena ematea.

5. Ez da beharrezko izango eskubidearen titularraren baimena: lege honen 99. artikuluaren a) eta b) letretako zentzuan kodea erreproduzitzea eta haren formaren itzulpena egitea ezinbestekoa denean bereiz sorturiko programa bat beste batzuekin erabil dadin behar den informazioa lortzeko, betiere betekizun hauek betetzen badira:

a) Egintza horiek egitea erabiltzaile legitimoak edo programaren kopia bat erabiltzeko zilegitasuna duen beste edozein pertsonak, edo, haren izenean, behar bezala baimenduriko pertsona batek.

b) Elkarrerabilgarritasuna lortzeko behar den informazioa aldez aurretik eskuragarri ez jartzea, erraz eta arin, aurreko letran aipatzen diren pertsonei.

c) Egintza horiek ez egitea elkarrerabilgarritasuna lortzeko beharrezkoak diren jatorrizko programaren zatietan baino.

6. Artikulu honen 5. zenbakian aurreikusitako salbuespena aplikatzeko, nahitaezkoa izango da hala lorturiko informazioa:

a) Ez erabiltzea bereiz sorturiko programaren elkarrerabilgarritasuna lortzeko baino.

b) Ez jakinaraztea hirugarren batzuei bereiz sorturiko programaren elkarrerabilgarritasunerako beharrezkoa denean baino.

c) Ez erabiltzea adierazpidez funtsean antzekoa den programa bat garatzeko, ekoizteko edo merkaturatzeko, edo egile-eskubideak urratzen dituen beste zeinahi egintzatarako.

7. Artikulu honen 5. eta 6. zenbakiak ezin interpretatuko dira haien aplikazioak eskubideen titularraren interes legitimoei bidegabeki kalte egiteko eran edo haien aplikazioa programa informatikoa normaltasunez ustiatzearen kontrakoa izateko eran.

101. artikulua. Erregistro-babesa

Ordenagailu-programen gaineko eskubideak, eta haien ondorengo bertsioen eta programa eratorrien gainekoak, Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatu ahal izango dira.

Erregelamenduz zehaztuko da erregistraturiko programen zein elementu kontsultatu ahal izango dituen jendeak.

102. artikulua. Eskubideak urratzea

Titulu honi dagokionez, eta 100. artikuluan xedaturikoa eragotzi gabe, egile-eskubideen urratzailetzat joko dira eskubideon titularren baimenik gabe 99. artikuluan aurreikusiriko egintzak egiten dituztenak; bereziki:

a) Ordenagailu-programa baten kopia bat edo gehiago zirkulazioan jartzen dituztenak, jakinik edo uste ahal izanik kopia horiek ez direla legitimoak.

b) Ordenagailu-programa baten kopia bat edo gehiago helburu komertzialez dituztenak, jakinik edo presuntzio egin ahal izanik kopia horiek ez direla legitimoak.

c) Ordenagailu-programa bat babesteko erabiltzen den lanabes tekniko bat baimenik gabe ezabatzea nahiz neutralizatzea beste erabilerarik ez duen edozein gailu zirkulazioan jarri dutenak edo halakoak helburu komertzialez dauzkatenak.

103. artikulua. Babes-neurriak

Titulu honetan aitorturiko eskubideen titularrak lege honen III. liburuko I. tituluan izaera orokorrez xedatzen diren akzioak eta prozedurak eta dagozkion kautela-neurriak galdatu ahal izango ditu, Prozedura Zibilaren legean xedaturikoaren arabera.

104. artikulua. Beste lege-xedapen batzuk aplikatzeko babesgarria

Titulu honetan xedaturikoak ez du eragotziko beste ezein lege-xedapenetan ezarritakoa, hala nola hauei dagozkienetan ezarritakoa: patente-eskubideak, markak, bidegabeko lehia, sekretu komertzialak, produktu erdieroaleen babesa edo betebeharren zuzenbidea.

II. LIBURUA JABETZA INTELEKTUALEKO BESTE ESKUBIDEAK ETA DATU-BASEEN «SUI GENERIS» BABESA

I. TITULUA ARTISTA INTERPRETATZAILE ZEIN EXEKUTATZAILEEN ESKUBIDEAK

105. artikulua. Artista interpretatzaile zein exekutatzaileen definizioa

Artista interpretatzaile zein exekutatzaile jotzen da: obra bat zeinahi formatan antzezten, abesten, irakurtzen, errezitatzen, interpretatzen nahiz exekutatzen duen pertsona. Titulu honetan artistei aitortzen zaizkien eskubideak izango dituzte eszena-zuzendariak eta orkestra-zuzendariak.

106. artikulua. Finkapena

1.Artista interpretatzaile zein exekutatzaileari dagokio bere saioen finkapena baimentzeko eskubide esklusiboa.

2. Baimen hori idatziz eman beharko da.

107. artikulua. Erreprodukzioa

1.Artista interpretatzaile zein exekutatzaileari dagokio bere saioen finkapenen erreprodukzioa baimentzeko eskubide esklusiboa, 18. artikuluan ezarritako definizioaren arabera ulerturik erreprodukzioa.

2. Baimen hori idatziz eman beharko da.

3. Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratu-lizentzietan eman ahal izango da.

108. artikulua. Komunikazio publikoa

1.Artista interpretatzaile zein exekutatzaileari dagokio honako hauen komunikazio publikoa baimentzeko eskubide esklusiboa:

a) Bere saioena, salbu eta saioa, berez, irrati-hedapenez emandako saioa denean edo aurrez baimenduriko finkapen batetik abiaturik egiten denean.

b) Edozein kasutan, bere saioen finkapenena, 20.2.i) artikuluan ezarritako moduan publikoaren eskura jarriz.

Bi kasuetan, baimena idatziz eman beharko da.

Komunikazio publikoa satelite bidez edo kablez eta lege honen 20. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan eta haiekin komunztadura dutenetan aurreikusitakoaren arabera egiten denean, manu horietan xedaturikoa aplikatuko da.

2. Artista interpretatzaile zein exekutatzaileak, bakarka edo modu kolektiboan, fonogramen zein ikus-entzunezko grabazioen ekoizle batekin horien ekoizpenari buruzko kontratuak egiten dituenean, presuntzio egingo da, kontratuan kontrakoa hitzartu ezean eta hurrengo paragrafoan aipatzen den ekitatezko ordainsaria jasotzeko eskubide uko egin ezina salbuetsirik, artista interpretatzaile zein exekutatzaile horrek publikoaren eskura jartzeko eskubidea -1.b) zenbakian adierazia- eskualdatu duela.

3. Fonograma bat edo ikus-entzunezko grabazio baten jatorrizkoa zein kopia bat eskura jartzeko eskubidea -1.b) zenbakian adierazia- fonogramen zein ikus-entzunezko grabazioen ekoizle bati eskualdatu edo laga dion artista interpretatzaile zein exekutatzaileak mantendu egingo du eskura-jartze hori egin duenarengandik ekitatezko ordainsaria jasotzeko eskubide uko egin ezina.

4. Helburu komertzialez argitaraturiko fonograma baten erabiltzaileak, edo zeinahi motatako komunikazio publikotarako erabiltzen den fonograma horren erreprodukzio batenak, beharturik daude ekitatezko ordainsari bakar bat ordaintzera artista interpretatzaile zein exekutatzaileei eta fonograma-ekoizleei, haien artean banatuko baita ordainsari hori. Banaketa horri buruz adostasunik ez bada haien artean, ordainsaria zati berdinetan banatuko da. Ordaintzeko betebehar horretatik kanpo geratzen da obra 20.2.i) artikuluan ezarritako moduan publikoaren eskura jartzea, baina horrek ez du eragotziko artikulu honen 3. zenbakian ezarritakoa.

5. Lege honen 20.2.f ) eta g) artikuluan aurreikusitako komunikazioegintza publikoetan erabiltzen diren ikus-entzunezko grabazioen erabiltzaileak beharturik daude dagokion ordainsaria ordaintzera artista interpretatzaile zein exekutatzaileei eta ikus-entzunezko grabazioen ekoizleei, dagokion entitate kudeatzaileak ezarritako tarifa orokorren arabera.

Aurreko paragrafoan adierazitakoak eta 1.b zenbakian aurreikusitako eskurajartzea ez beste zeinahi komunikazio-egintza publikotarako erabiltzen diren ikus-entzunezko grabazioen erabiltzaileak ere beharturik daude artista interpretatzaile zein exekutatzaileei ekitatezko ordainsari bat ordaintzera; horrek ez du eragotziko 3. zenbakian ezarritakoa.

6. Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko entitateen bidez gauzatuko da 3., 4. eta 5. zenbakietan aipaturiko ordainsarietarako eskubidea. Eskubideak dagokien entitate kudeatzaileen bidez gauzatzearen barruan sartuko dira erabiltzaileekin negoziatzea, dagokion ordainsaria zehaztu, bildu eta banatzea, eta eskubideok gauzatzeko beharrezkoa den beste zeinahi jarduketa.

109. artikulua. Banaketa

1.Artista interpretatzaile zein exekutatzaileak eskubide esklusiboa du, bere saioen finkapenari dagokionez, haien banaketa baimentzeko, lege honen 19.1 artikuluan ezarritako definizioaren arabera ulerturik banaketa. Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratu-lizentzietan eman ahal izango da.

2. Banaketa, Europar Batasunaren eremuan, salmenta bidez edo jabetza eskualdatzeko beste titulu baten bidez eskubidearen titularrak berak egina denean, edo haren baimenez, lehenengoarekin agortuko da eskubide hori, baina lurralde-eremu horretan egiten diren hurrengo salmenta eta jabetza-eskualdaketei dagokienez bakarrik.

3. Titulu honi dagokionez, saioen finkapenen alokairutzat jotzen da: haiek epe jakin batean erabiltzeko eskuragarri jartzea, zuzeneko edo zeharkako etekin ekonomiko edo komertzial baten truke.

Alokairu kontzeptutik kanpo geratzen da obra eskuragarri jartzea, helburuak hauek direnean: batetik, fonogrametan nahiz ikus-entzunezko grabazioetan -edo are haien zatietan- oinarriturik obra erakusgai jarri edo publikoari komunikatzea; eta, bestetik, hura «in situ» kontsultatzea.

1. Artista interpretatzaile zein exekutatzaileak, bakarka edo modu kolektiboan, ikus-entzunezko grabazioen ekoizle batekin haien ekoizpenari buruzko kontratuak egiten dituenean, presuntzio egingo da, kontratuan kontrakoa hitzartu ezean eta hurrengo zenbakian aipatzen den ekitatezko ordainsaria jasotzeko eskubide uko egin ezina salbuetsirik, bere alokairu-eskubideak eskualdatu dituela.

2. Fonograma- edo ikus-entzunezko grabazio-ekoizle bati fonograma baten edo ikus-entzunezko grabazio baten jatorrizko zein kopia baten alokairueskubidea eskualdatu edo laga dion artista interpretatzaile zein exekutatzaileak mantendu egingo du haiek alokatzeagatik dagokion ekitatezko ordainsaria jasotzeko eskubide uko egin ezina. Ordainsari horiek fonogramak edo ikusentzunezko grabazioak jendeari alokatzen dizkiotenei galdatu ahal izango zaizkie, alokairu hori baimentzeko eskubidearen titularren eskubidedun diren aldetik, eta 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko dira.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako eskubidea jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko entitateen bidez gauzatuko da.

4. Titulu honi dagokionez, saioen finkapenen mailegutzat jotzen da: haiek epe jakin batean erabiltzeko eskuragarri jartzea, zuzeneko zein zeharkako etekin ekonomiko edo komertzialik gabe, betiere jendeak irispidea duen establezimenduen bidez egiten bada mailegu hori.

Zuzeneko edo zeharkako etekin ekonomiko edo komertzialik ez dagoela ulertuko da jendeak irispidea duen establezimendu baten bidez egindako maileguarengatik ordaindu beharreko diru-kopurua establezimenduaren funtzionamendu-gastuak estaltzeko baino handiagoa ez denean.

Mailegu kontzeptutik kanpo geratzen dira aurreko 3. zenbakiaren bigarren paragrafoan aipaturiko egintzak eta jendeak irispidea duen establezimenduen artean egindakoak.

110. artikulua. Lan-kontratua eta zerbitzuen errentamendu-kontratua

Lan-kontratu bat edo zerbitzuak emateko errentamendu-kontratu bat betez interpretatzen zein exekutatzen bada obra, ulertuko da, kontrako estipulaziorik ezean, enpresarioak edo errentamendu-hartzaileak eskuratzen dituztela eskubide esklusiboak titulu honetan aurreikusten diren eta kontratuaren izaera eta xedetik ondorioztatzen diren erreprodukzioa eta komunikazio publikoa baimentzeko, interpretazioari zein exekuzioari dagokienez.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko 108. artikuluaren 3., 4. eta 5. zenbakietan aitorturiko ordainsari-eskubideei.

111. artikulua. Kolektibo-ordezkaria

Saio batean elkarrekin parte hartzen duten artista interpretatzaile zein exekutatzaileek, hala nola musika-talde, abesbatza, orkestra, ballet edo antzerkitalde bateko kideek, ordezkari bat izendatu beharko dute beren artetik titulu honetan aipaturiko baimenak emateko.

Izendapen horretarako aski izango da interpretarien gehiengoaren adostasuna, eta idatziz formalizatu beharko da. Betebehar horretatik libre daude bakarlariak eta orkestra- edo eszena-zuzendariak.

112. artikulua. Ustiapen-eskubideen iraupena

Artista interpretatzaile zein exekutatzaileei aitorturiko ustiapen-eskubideek berrogeita hamar urte iraungo dute, interpretazioa zein exekuzioa egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik hasita.

Hala ere, baldin eta, denbora horretan, interpretazio zein exekuzioaren grabazio bat zilegi den moduan jendarteratzen bada, aipaturiko eskubideok grabazio hori jendarteratzen denetik berrogeita hamar urtera amaituko dira, jendarteratzedataren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera kontaturik.

113. artikulua. Eskubide moralak

1.Artista interpretatzaile zein exekutatzaileak eskubide uko egin ezina eta besterenezina du: bai bere interpretazio edo exekuzioen gainean bere izena aitor dadila galdatzeko, salbu eta ez aitorpen-eza interpretazio edo exekuziook erabiltzeko moduak ezarria denean, bai bere saioari egindako edozein itxuragabetze, aldaketa edo mozketari zein bere izen ona edo ospea kaltetzen duen edozein erasori aurre egiteko.

2. Artistaren baimen espresua beharko da, haren bizi osoan, haren saioa haren hizkuntzan bikoizteko.

3. Artista hildakoan, hark bere azken borondateko xedapenean espresuki hartarako eskubidea eman dion pertsona natural edo juridikoari dagokio, epemugarik gabe, aurreko artikuluaren 1. zenbakian aipaturiko eskubideak baliatzea, edo, azken borondateko xedapenik ezean, jaraunsleei.

Aurreko paragrafoan aipaturiko pertsonarik ez denean edo non diren ezagutzen ez bada, Estatua, autonomia-erkidegoak, toki-administrazioak eta izaera kulturaleko erakunde publikoak legitimaturik egongo dira hartan aurreikusitako eskubideak baliatzeko.

II. TITULUA FONOGRAMA EKOIZLEEN ESKUBIDEAK

114. artikulua. Definizioak

1.Fonogramatzat jotzen da: obra baten exekuzioaren nahiz beste hots batzuen soinu hutsezko finkapen oro.

2. Fonograma baten ekoizle da: aipaturiko finkapena lehen aldiz egiteko ekimena eta erantzukizuna izan dituen pertsona natural zein juridikoa.

Finkapen hori enpresa baten barruan egiten bada, enpresaren titularra joko da fonogramaren ekoizletzat.

115. artikulua. Erreprodukzioa

Fonograma-ekoizleari dagokio fonogramen erreprodukzioa baimentzeko eskubide esklusiboa, 18. artikuluan ezarritako definizioaren arabera ulerturik erreprodukzioa.

Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratu-lizentzietan eman ahal izango da.

116. artikulua. Komunikazio publikoa

1.Fonograma-ekoizleari dagokio bere fonogramak eta haien erreprodukzioak 20.2.i) artikuluan ezarritako moduan publikoari komunikatzea baimentzeko eskubide esklusiboa. Komunikazio publikoa satelite bidez edo kablez eta, hurrenez hurren, 20. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan aurreikusitako eran egiten denean, manu horietan xedaturikoa aplikatuko da.

2. Helburu komertzialez argitaraturiko fonograma baten erabiltzaileak, edo zeinahi motatako komunikazio publikorako erabiltzen den fonograma horren erreprodukzio batenak, beharturik daude ekitatezko ordainsari bakar bat ordaintzera fonograma-ekoizleei eta artista interpretatzaile zein exekutatzaileei, haien artean banatuko baita ordainsari hori. Haien artean adostasunik ez bada banaketa horri buruz, zati berdinetan banatuko da. Ez du izango ordaintzeko betebehar hori obra 20.2.i) artikuluan ezarritako moduan publikoaren eskura jartzeak, baina horrek ez du eragotziko 108. artikuluaren 3. zenbakian ezarritakoa.

3. Aurreko zenbakian aipaturiko ordainsari ekitatezko eta bakarra izateko eskubidea jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko entitateen bidez gauzatuko da. Eskubide hori dagokien entitate kudeatzaileen bidez gauzatzearen barruan sartuko dira erabiltzaileekin negoziatzea, dagokion ordainsaria zehaztu, bildu eta banatzea, eta eskubide hori gauzatzeko beharrezkoa den beste zeinahi jarduketa.

117. artikulua. Banaketa

Fonograma-ekoizleari dagokio fonogramen eta haien kopien banaketa baimentzeko eskubide esklusiboa, lege honen 19.1 artikuluan ezarritako definizioaren arabera ulerturik banaketa. Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratulizentzietan eman ahal izango da.

2. Banaketa, Europar Batasunaren eremuan, salmenta bidez edo jabetza eskualdatzeko beste titulu baten bidez eskubidearen titularrak berak egina denean, edo haren baimenez, lehenengoarekin agortuko da eskubide hori, baina lurralde-eremu horretan egiten diren hurrengo salmenta eta jabetza-eskualdaketei dagokienez bakarrik.

3. Banaketa-eskubidearen barruan sartutzat jotzen da fonogramaren kopiak helburu komertzialez inportatzea eta esportatzea baimentzeko eskubidea.

4.Titulu honi dagokionez, fonogramen alokairutzat jotzen da: haiek epe jakin batean erabiltzeko eskuragarri jartzea, zuzeneko edo zeharkako etekin ekonomiko edo komertzial baten truke.

Alokairu kontzeptutik kanpo geratzen da obra eskuragarri jartzea helburuak hauek direnean: batetik, fonogrametan edo haien zatietan oinarriturik obra erakusgai jarri edo publikoari komunikatzea; eta, bestetik, hura «in situ» kontsultatzea.

5. Titulu honi dagokionez, fonogramen mailegutzat jotzen da: haiek epe jakin batean erabiltzeko eskuragarri jartzea, zuzeneko zein zeharkako etekin ekonomiko edo komertzialik gabe, betiere jendeak irispidea duen establezimenduen bidez egiten bada mailegu hori.

Zuzeneko edo zeharkako etekin ekonomiko edo komertzialik ez dagoela ulertuko da jendeak irispidea duen establezimendu baten bidez egindako maileguarengatik ordaindu beharreko diru-kopurua establezimenduaren funtzionamendu-gastuak estaltzeko baino handiagoa ez denean.

Mailegu kontzeptutik kanpo geratzen dira aurreko 4. zenbakiaren bigarren paragrafoan aipaturiko egintzak eta jendeak irispidea duen establezimenduen artean egindakoak.

118. artikulua. Legitimazio aktiboa

115. eta 117. artikuluetan aitorturiko eskubideak urratzen diren kasuetan, hala fonograma-ekoizleari nola haren lagapen-hartzaileari dagokie dagozkion akzioak baliatzea.

119. artikulua. Eskubideen iraupena

Fonograma-ekoizleen eskubideak grabazioa egin eta 50 urtera amaituko dira. Hala ere, denbora horretan fonograma zilegi den moduan argitaratzen bada, zilegizko lehen argitalpenaren datatik 50 urtera amaituko dira eskubideak. Denboraldi horretan zilegizko argitalpenik egiten ez bada baina fonograma zilegi den moduan publikoari komunikatzen bazaio, zilegizko lehen komunikazio publikoa egin den datatik 50 urtera amaituko dira eskubideak.

Grabazioa, argitalpena edo komunikazio publikoa egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera kontatuko dira epe guztiak.

III. TITULUA IKUS-ENTZUNEZKO GRABAZIOEN EKOIZLEEN ESKUBIDEAK

120. artikulua. Definizioak

1.Ikus-entzunezko grabaziotzat jotzen dira: plano edo irudi-segida baten finkapenak, soinuzkoak nahiz soinu gabeak, lege honen 86. artikuluaren zentzuan ikus-entzunezkotzat jo daitezkeen sortze-lanak izan zein ez.

2. Ikus-entzunezko grabazio baten ekoizletzat jotzen da: ikus-entzunezko grabazio hori egiteko ekimena izan eta erantzukizun hori hartzen duen pertsona natural nahiz juridikoa.

121. artikulua. Erreprodukzioa

Ikus-entzunezko grabazio baten lehen finkapenaren ekoizleari dagokio jatorrizkoaren eta haren kopien erreprodukzioa baimentzeko eskubide esklusiboa, 18. artikuluan ezarritako definizioaren arabera ulerturik erreprodukzioa.

Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratu-lizentzietan eman ahal izango da.

122. artikulua. Komunikazio publikoa

1.Ikus-entzunezko grabazioen ekoizleari dagokio haien komunikazio publikoa baimentzeko eskubidea.

Komunikazio publikoa kablez eta lege honen 20. artikuluaren 4. zenbakian aurreikusitako eran egiten denean, manu horretan xedaturikoa aplikatuko da.

2. Lege honen 20.2.f ) eta g) artikuluan aurreikusitako komunikazioegintza publikoetan erabiltzen diren ikus-entzunezko grabazioen erabiltzaileak beharturik daude dagokion ordainsaria ordaintzera artista interpretatzaile zein exekutatzaileei eta ikus-entzunezko grabazioen ekoizleei, dagokion entitate kudeatzaileak ezarritako tarifa orokorren arabera.

3. Aurreko zenbakian aipaturiko ordainsari ekitatezko eta bakarra izateko eskubidea jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko entitateen bidez gauzatuko da. Eskubide hori dagokien entitate kudeatzaileen bidez gauzatzearen barruan sartuko dira erabiltzaileekin negoziatzea, dagokion ordainsaria zehaztu, bildu eta banatzea, eta eskubide hori gauzatzeko beharrezkoa den beste zeinahi jarduketa.

123. Banaketa

1.Ikus-entzunezko grabazio baten lehen finkapenaren ekoizleari dagokio jatorrizkoaren eta haren kopien banaketa baimentzeko eskubide esklusiboa, lege honen 19.1 artikuluan ezarritako definizioaren arabera ulerturik banaketa. Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratu-lizentzietan eman ahal izango da.

2. Banaketa, Europar Batasunaren eremuan, salmenta bidez edo jabetza eskualdatzeko beste titulu baten bidez eskubidearen titularrak berak egina denean, edo haren baimenez, lehenengoarekin agortuko da eskubide hori, baina lurralde-eremu horretan egiten diren hurrengo salmenta eta jabetza-eskualdaketei dagokienez bakarrik.

3. Titulu honi dagokionez, ikus-entzunezko grabazioen alokairutzat jotzen da: haiek epe jakin batean erabiltzeko eskuragarri jartzea, zuzeneko edo zeharkako etekin ekonomiko edo komertzial baten truke.

Alokairu kontzeptutik kanpo geratzen da obra eskuragarri jartzea, helburuak hauek direnean: batetik, ikus-entzunezko grabazio baten lehenengo finkapenean eta haren kopietan -edo are haien zatietan- oinarriturik obra erakusgai jarri edo publikoari komunikatzea; eta, bestetik, hura «in situ» kontsultatzea.

4. Titulu honi dagokionez, ikus-entzunezkoen mailegutzat jotzen da: haiek epe jakin batean erabiltzeko eskuragarri jartzea, zuzeneko zein zeharkako etekin ekonomiko edo komertzialik gabe, betiere jendeak irispidea duen establezimenduen bidez egiten bada mailegu hori.

Zuzeneko edo zeharkako etekin ekonomiko edo komertzialik ez dagoela ulertuko da jendeak irispidea duen establezimendu baten bidez egindako maileguarengatik ordaindu beharreko diru-kopurua establezimenduaren funtzionamendugastuak estaltzeko baino handiagoa ez denean.

Mailegu kontzeptutik kanpo geratzen dira aurreko 3. zenbakiaren bigarren paragrafoan aipaturiko egintzak eta jendeak irispidea duen establezimenduen artean egindakoak.

124. artikulua. Beste ustiapen-eskubide batzuk

Ekoizleari dagozkio, orobat, ikus-entzunezko grabazioaren ekoizpen-prozesuan egindako argazkien ustiapen-eskubideak ere.

125. artikulua. Ustiapen-eskubideen iraupena

Ikus-entzunezko grabazio baten lehen finkapenaren ekoizleei aitorturiko ustiapen-eskubideek berrogeita hamar urte iraungo dute, finkapena egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik hasita.

Hala ere, baldin eta, denbora horretan, grabazioa zilegi den moduan jendarteratzen bada, aipaturiko eskubideak jendarteratzea egin eta berrogeita hamar urtera amaituko dira, jendarteratze-dataren hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera kontaturik.

IV. TITULUA IRRATI HEDAPENEKO ENTITATEEN ESKUBIDEAK

126. artikulua. Eskubide esklusiboak

1.Irrati-hedapeneko entitateek eskubide esklusiboa dute hauek baimentzeko:

a) Beren emisio edo transmisioak soinuzko zein ikusizko zeinahi euskarritan finkatzea. Letra honi dagokionez, barruan sartzen da emisioan edo transmisioan hedaturiko irudi bakarturen bat finkatzea ere.

Kable bidezko banaketa egiten duten enpresek ez dute eskubide hori izango irrati-hedapeneko entitateen emisio edo transmisioak berrematen dituztenean.

b) Beren emisio edo transmisioen finkapenak erreproduzitzea.

Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratu-lizentzietan eman ahal izango da.

c) Beren emisio edo transmisioen finkapenak publikoaren eskura jartzea, harizko zein haririk gabeko prozedurez, edozein pertsonak nahi duen lekutik eta nahi duen unean irispidea izateko moduan.

d) Beren emisio edo transmisioak zeinahi prozedura teknikoz birtransmititzea.

e) Beren irrati-hedapeneko emisio edo transmisioak publikoari komunikatzea, komunikazio hori publikoak onarpen-eskubide edo sarrera gisa zenbateko bat ordaindurik irispidea duen lekuetan egiten denean.

Komunikazio publikoa satelite bidez edo kablez eta lege honen 20. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan aurreikusitakoaren arabera egiten denean, manu horietan xedaturikoa aplikatuko da.

f ) Beren emisio edo transmisioen finkapenak banatzea.

Banaketa, Europar Batasunaren eremuan, salmenta bidez edo jabetza eskualdatzeko beste titulu baten bidez eskubidearen titularrak berak egina denean, edo haren baimenez, lehenengoarekin agortuko da eskubide hori, baina lurralde-eremu horretan egiten diren hurrengo salmenta eta jabetza-eskualdaketei dagokienez bakarrik.

Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratu-lizentzietan eman ahal izango da.

2. Emisio eta transmisio kontzeptuen barruan sartzen dira, hurrenez hurren, lege honen 20. artikuluaren 2. zenbakiko c) eta e) paragrafoetan aipaturiko egintzak, eta birtransmisio kontzeptuan, berriz, beste entitate baten emisioak emititzen edo hedatzen dituen entitate batek haiek publikoari hedatzea, aipaturiko sateliteetatik edozeinen bidez jasoak direla emisiook.

127. artikulua. Ustiapen-eskubideen iraupena.

Irrati-hedapeneko entitateei aitorturiko ustiapen-eskubideek berrogeita hamar urte iraungo dute, emisioa edo transmisioa lehen aldiz egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera kontaturik.

V. TITULUA ARGAZKI HUTSEN BABESA

128. artikulua. Argazki hutsak

Argazki bat edo haren antzeko prozeduraz lorturiko beste erreprodukzio bat egiten duenak eskubide esklusiboa du, ez batak ez besteak I. liburuan babesturiko obren izaerarik ez duenean, haren erreprodukzioa, banaketa eta komunikazio publikoa baimentzeko, lege honetan obra fotografikoen egileei aitortzen zaien modu berean.

Eskubide horrek hogeita bost urteko iraupena izango du, argazkia zein erreprodukzioa egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera kontaturik.

VI. TITULUA ARGITARAGAI JAKIN BATZUEN BABESA

129. artikulua. Jabari publikoan dauden obra argitaragabeak eta obra babesgabeak

1.Jabari publikoan dagoen obra argitaragabe bat zilegi den eran jendarteratzen duen pertsona orok obraren egileari zegozkiokeen ustiapen-eskubide berak izango ditu obraren gainean.

2. Halaber, lege honen I. liburuko xedapenek babestu gabeko obren argitaratzaileek eskubide esklusiboa izango dute argitalpen horien erreprodukzioa, banaketa eta komunikazio publikoa baimentzeko, betiere argitalpen bakoitza bere konposizio tipografiko, aurkezpen eta gainerako argitalpen-ezaugarriengatik bereiz badaiteke.

130. artikulua. Eskubideen iraupena

1.Aurreko artikuluaren 1. zenbakian aitorturiko eskubideek hogeita bost urte iraungo dute, obraren zilegizko jendarteratzea egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik hasita.

2. Aurreko artikuluaren 2. zenbakian aitorturiko eskubideek hogeita bost urte iraungo dute, argitalpena egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik hasita.

VII. TITULUA JABETZA INTELEKTUALEKO BESTE ESKUBIDEEN XEDAPEN ERKIDEAK

131. artikulua. Egile-eskubideen babeserako klausula

II. liburu honetan aitorturiko jabetza intelektualeko beste eskubideek ez dituzte eragotziko egileei dagozkienak.

132. artikulua. I. liburuko xedapenak modu subsidiarioan aplikatzea

6.1 artikuluko xedapenak, II. tituluko III. kapituluaren 2. atalekoak eta III. tituluko II. kapitulukoak -lege honen I. liburukoak bi tituluak-, 37. artikuluaren bigarren zenbakiko bigarren paragrafoan ezarritakoa salbu, modu subsidiarioan eta dagokion hartan aplikatuko zaizkie liburu honetan arauturiko jabetza intelektualeko gainerako eskubideei.

VIII. TITULUA DATU-BASEEN GAINEKO “SUI GENERIS” ESKUBIDEA

133. artikulua. Babesaren objektua

1.Datu-base baten fabrikatzaileak datu-base horren edukia lortu, egiaztatu edo aurkezteko egiten duen garrantzizko inbertsioa babesten du datu-base baten gaineko «sui generis» eskubideak; finantzazko baliabideak, erabilitako denbora, nekea, indarra edo izaera bereko beste batzuk izan daitezke inbertituriko baliabideak, eta modu kualitatiboan zein kuantitatiboan balioetsiko da inbertsio hori.

Aurreko paragrafoan aipaturiko eskubidearen bidez, Jabetza Intelektualari Buruzko Legearen Testu Bategin honetako 12.2 artikuluan definituriko datubase baten fabrikatzaileak debekatu egin dezake haren eduki osoa edo garrantzizko parte bat -modu kualitatiboan zein kuantitatiboan balioetsirik garrantziaerauztea eta/edo berrerabiltzea, betiere eduki hori lortu, egiaztatu edo aurkezteak garrantzizko inbertsio bat esan nahi badu alderdi kuantitatibo edo kualitatibotik. Eskubide hori eskualdatu, laga edo kontratu-lizentzian eman ahal izango da.

2. Aurreko zenbakiaren bigarren paragrafoan xedaturikoa gorabehera, ez da baimenduko datu-base baten edukiaren parte ez-funtsezkoak behin eta berriz edo sistematikoki erauztea eta/edo berrerabiltzea, baldin eta egintza horiek datu-base horren ustiapen normalaren kontrakoak badira edo datu-basearen fabrikatzailearen interes legitimoei bidegabeki kalte egiten badiete.

3. Titulu honi dagokionez, honela ulertuko dira terminook:

a) Datu-basearen fabrikatzaile: datu-basearen edukia lortu, egiaztatu edo aurkeztera bideraturiko garrantzizko inbertsioak egiteko ekimena izan eta arrisku hori hartzen duen pertsona natural zein juridikoa.

b) Erauztea: Datu-base baten eduki osoa edo haren parte funtsezko bat betiko zein aldi baterako beste euskarri batera lekualdatzea, edozein dela ere erabilitako bitartekoa edo lekualdatzeko era.

c) Berrerabiltzea: Datu-basearen eduki osoa edo haren parte funtsezko bat zeinahi formatan publikoaren eskura jartzea, obraren kopiak salmentan zein jabetza eskualdatzeko beste modu batean edo alokairuan banatuz, edo linean zein beste forma batzuetan transmitituz. Europar Batasunean kopiak salmentan banatzeari lege honen 19. artikuluaren 2. zenbakian xedaturikoa aplikatuko zaio.

4. Aipaturiko datu-basea edo haren edukia egile-eskubidearen edo beste eskubide batzuen babespean dagoen kontuan hartu gabe aplikatuko da aurreko 1. zenbakiaren bigarren paragrafoan aurreikusitako eskubidea. Aurreko 1. zenbakiaren bigarren paragrafoan aurreikusitako eskubidearen bidezko datu-baseen babesak ez ditu eragotziko datu-basearen edukiaren gainean dauden eskubideak.

134. artikulua. Erabiltzaile legitimoaren eskubideak eta betebeharrak

1.Datu-base baten fabrikatzaileak, zeinahi formatan jarri delarik ere datubasea publikoaren eskura, ezin eragotziko dio datu-base horren erabiltzaile legitimoari haren parte ez-funtsezkoak, modu kualitatiboan zein kuantitatiboan balioetsiak, erauztea eta/edo berrerabiltzea, edozertarako dela ere.

Erabiltzaile legitimoak datu-basearen parte bat baizik erauzteko eta/edo berrerabiltzeko baimenik ez duen kasuan, parte horri baizik ez zaio aplikatuko aurreko paragrafoan xedaturikoa.

2. Datu-base baten erabiltzaile legitimoak, zeinahi formatan jarri delarik ere datu-basea publikoaren eskura, ezin egingo ditu egintza hauek:

a) Datu-base horren ustiapen normalaren kontrakoak direnak edo datubasearen fabrikatzailearen interes legitimoak bidegabeki kaltetzen dituztenak.

b) Egile-eskubide baten titularrari edo datu-base horretako obra edo prestazioei buruz lege honen II. liburuko I. titulutik VI.era bitartekoetan aitorturiko eskubideetariko baten titularrari kalte egiten diotenak.

3. Zuzenbidean erabat deusez izango da xedapen honetan ezarritakoaren kontrako edozein hitzarmen.

135. artikulua. «Sui generis» eskubideari buruzko salbuespenak

1.Datu-base baten erabiltzaile legitimoak, zeinahi formatan jarri delarik ere datu-basea publikoaren eskura, haren edukiaren parte funtsezko bat erauzi eta/edo berrerabili ahal izango du, fabrikatzailearen baimenik gabe, honako kasu hauetan:

a) Datu-base ez-elektroniko baten edukia xede pribatuetarako erauzten denean.

b) Irakaskuntzan edo ikerketa zientifikoan argigarri gisa erabiltzeko erauzten denean, lortu nahi den helburu ez-komertzialak justifikatzen duen neurrian eta betiere iturria aipatuz.

c) Segurtasun publikorako edo prozedura administratibo zein judizial baterako erauzten eta/edo berrerabiltzen denean.

2. Aurreko zenbakiko xedapenak ezin interpretatuko dira haien aplikazioak eskubidearen titularraren interes legitimoei bidegabeki kalte egiteko eran edo babesturiko objektuaren ustiapen normala eragozteko eran.

136. artikulua. Babes-epea

1.Lege honen 133. artikuluan aurreikusitako eskubidea datu-basearen fabrikazio-prozesua amaitutzat ematen den une berean sortuko da, eta prozesu hori amaitu eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik hamabost urtera amaituko.

2. Aurreko zenbakian aurreikusitako epea amaitu aurretik publikoaren eskura jarritako datu-baseen kasuan, babes-epea hamabost urteren buruan amaituko da, datu-basea lehen aldiz publikoaren eskura jarri eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik kontatuta.

3. Datu-base baten edukiari egindako edozein aldaketa funtsezkok -modu kuantitatiboan zein kualitatiboan balioetsirik funtsezkotasuna-, eta, zehazki, beste inbertsio garrantzizko bat -modu kuantitatiboan zein kualitatiboan balioetsiabadela jotzera daramaten ondorengo gehikuntza, ezabatze eta aldakuntzen metatzeen ondorioz sorturiko edozein aldaketa funtsezkok, aukera emango du inbertsio horretatik sortutako datu-baseari babes-epe berariazko bat esleitzeko.

137. artikulua. Beste xedapen batzuk aplikatzeko babesgarria

Titulu honetan xedaturikoak ez du eragotziko datu-base baten egitura nahiz edukiari eragiten dion beste ezein lege-xedapenetan ezarritakoa, hala nola hauei dagozkienetan ezarritakoa: egile-eskubidea edo jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk, jabetza industrialeko eskubidea, konkurrentzia-eskubidea, kontratu-eskubidea, sekretuak, datu pertsonalen babesa, altxor nazionalen babesa edo dokumentu publikoen irispidea.

III. LIBURUA LEGE HONETAN AITORTURIKO ESKUBIDEEN BABESA

I. TITULUA AKZIOAK ETA PROZEDURAK

138. artikulua. Akzioak eta presazko kautela-neurriak

Lege honetan aitorturiko eskubideen titularrak, hargatik eragotzi gabe dagozkion beste akzioak, eskubide-urratzailearen jarduera ez-zilegia bukarazteko eskatu ahal izango du, eta eragindako kalte material eta moralen kalte-ordaina galdatu, 139. eta 140. artikuluetan aurreikusitako moduan. Orobat eskatu ahal izango du ebazpen judiziala edo arbitrala hedabideetan argitaratu edo heda dadila, osorik edo partez, eskubide-urratzailearen kontura.

Halaber, aldez aurretik, 141. artikuluan arauturiko presazko babeserako kautela-neurriak hartzeko eskatu ahal izango du.

Hala 139.1.h) artikuluan aurreikusitako berariazko bukarazte-neurriak, nola 141.6 artikuluan aurreikusitako kautela-neurriak eskatu ahal izango dira, orobat, egoki direnean, hirugarren batek lege honetan aitorturiko jabetza intelektualeko eskubideak urratzeko zerbitzu-emaile modura baliatu dituen bitartekarien kontra, nahiz eta bitartekari horien egintzak ez izan berez arau-hauste, hargatik eragotzi gabe Informazioaren Gizarteari eta Merkataritza Elektronikoari buruzko 2002ko uztailaren 11ko 34/2002 Legean xedaturikoa. Neurriok objektiboak, proportzionatuak eta bereizkeriarik gabekoak izan beharko dute.

139. artikulua. Jarduera ez-zilegia bukaraztea

1.Jarduera ez-zilegia bukarazteak hauek ekar ditzake:

a) Geldieran uztea araua hausten duen ustiapena, 160. eta 162. artikuluetan aipaturiko egintza edo jarduera guztiak barne.

b) Arau-hausleari debekatzea araua hausten duen ustiapen edo jarduera berriro hastea.

c) Merkatutik erretiratzea eta suntsitzea zilegi ez diren aleak, barnean harturik eskubideen kudeaketa elektronikorako informazioa baimenik gabe kendua edo aldatua duten aleak edo babes teknologikoari itzuri egin diotenak. Arau-hauslearen kontura exekutatuko da neurri hori, non eta arrazoi funtsatuak ematen ez diren hala izan ez dadin.

d) Zirkuitu komertzialetatik erretiratzea, baliogabetzea eta, behar izanez gero, suntsitzea nagusiki legez kanpoko aleak erreproduzitzeko, sortzeko edo fabrikatzeko diren molde, plantxa, matrize, negatibo eta gainerako elementu material, ekipo zein tresnak. Arau-hauslearen kontura exekutatuko da neurri hori, non eta arrazoi funtsatuak ematen ez diren hala izan ez dadin.

e) Obra edo prestazioak publikoari baimenik gabe komunikatzeko erabilitako tresnak erretiratzea edo prezintatzea, bai eta, 162. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskubideen kudeaketa elektronikorako informazioa baimenik gabe kendua edo aldatua duten obra edo prestazioak edo, 160. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, babes teknologikoari itzuri eginez iritsi direnak ere.

f ) Ordenagailu-programa bat babesteko erabilitako zeinahi gailu tekniko baimenik gabe kentzeko edo neutralizatzeko baizik ez diren tresnak konfiskatzea, baliogabetzea eta, behar izanez gero, suntsitzea, arau-hauslearen kontura. Neurri berak hartu ahal izango dira 160. artikuluan aipaturiko neurri teknologikoei itzuri egiteko diren eta 162. artikuluan aipaturiko eskubideen kudeaketa elektronikorako informazioa kentzeko edo aldatzeko diren gailu, produktu zein osagaiei dagokienez.

g) Obra edo prestazioak babesteko erabiltzen den zeinahi gailu tekniko baimenik gabe kentzeko edo neutralizatzeko erabiltzen diren tresnak erretiratzea edo prezintatzea, nahiz eta tresnok ez erabili horretarako bakarrik.

h) Geldieran uztea bitartekariek hirugarren batzuei eman dizkieten eta hirugarrenok jabetza intelektualeko eskubideak urratzeko baliatzen dituzten zerbitzuak, hargatik eragotzi gabe Informazioaren Gizarteari eta Merkataritza Elektronikoari buruzko 2002ko uztailaren 11ko 34/2002 Legean xedaturikoa.

2. Aipaturiko aleak eta materiala zilegi ez den ustiapena eragozteko behar den neurrian suntsitu edo baliogabetu daitezela eskatu ahal izango du arauhausleak, haiek beste erabilera batzuk izan ditzaketen kasuan.

3. Aipaturiko aleak eta materiala entregatzeko eskatu ahal izango du urraturiko eskubidearen titularrak, kostu-prezioan eta kalte-galerengatik dagokion kalte-ordainaren kontura.

4. Artikulu honetan xedaturikoa ez zaie aplikatuko erabilera pertsonalerako fede onez eskuratutako aleei.

140 artikulua. Kalte-ordaina

1.Urraturiko eskubidearen titularrari kalte-galerengatik zor zaion kalteordainean, jasandako galeraren balioa ez ezik, eskubidea urratu zaiolako lortu ez duen irabaziarena ere sartuko da. Kalte-ordainaren muntan sartu ahal izango dira, hala badagokio, prozedura judizialaren objektu den arauhaustea gertatu izanaren froga arrazoizkoak lortzeko ikerketak eragindako gastuak.

2. Kalte-galerengatiko ordaina irizpide hauetariko baten arabera zehaztuko da, kaltetuaren aukeran:

a) Ondorio ekonomiko negatiboak; besteak beste, alderdi kaltetuak izan duen etekin-galera eta arau-hausleak zilegi ez den erabilerarekin lortu dituen etekinak.

Kalte moralik izan bada, haren kaltea ordaintzea dagokio, nahiz eta kalte ekonomikorik izan denik frogatu ez. Balioespena egiteko, hauek hartuko dira kontuan: arau-haustearen inguruabarrak, kaltearen larritasuna, eta zenbaterainokoa den obraren hedapen ez-zilegia.

b) Kaltetuak ordainsari gisa jasoko zukeen diru-kopurua, arau-hausleak baimena eskatu balu dagokion jabetza intelektualeko eskubidea baliatzeko.

3. Artikulu honetan aipaturiko kalte-galerak erreklamatzeko akzioak bost urtera preskribatuko du, hartarako legitimitatea zuenak balia zezakeenetik kontatzen hasita.

141. artikulua. Kautela-neurriak

Arau-haustea izan denean edo izatear dagoen beldur arrazoizkoa eta funtsatua denean, aginte judizialak, lege honetan aitorturiko eskubideen titularren eskariz, egoeraren arabera eskubideok lehenbailehen babesteko beharrezko diren kautela-neurriak agindu ahal izango ditu; bereziki:

1. Zilegi ez den jardueraren bidez lorturiko diru-sarreretan esku hartzea eta haiek gordailuan jartzea edo, hala badagokio, ordainsari gisa zor diren dirukopuruak kontsignatzea edo gordailuan jartzea.

2. Geldieran uztea erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikoko jarduera, dagokionaren arabera, edo lege honi dagokionez arau-hauste den beste zeinahi jarduera, bai eta jarduerok debekatzea ere oraindik praktikan jarri ez badira.

3. Gordailu judizialean uztea ekoitzitako edo erabilitako aleak eta nagusiki erreprodukziorako edo komunikazio publikorako erabilitako materiala.

4. Gordailu judizialean uztea 102. c) eta 160.2 artikuluetan aipaturiko lanabes, gailu, produktu eta osagaiak eta 162.2 artikuluan aipaturiko eskubideen kudeaketa elektronikorako informazioa kentzeko edo aldatzeko erabilitakoak.

5. Lege honen 25. artikuluaren 20. zenbakian aipaturiko ekipo, tresna eta materialak enbargatzea; erreklamaturiko konpentsazioa eta dagozkion kalteordainak ordaintzeari loturik geratuko dira enbargaturiko gauzok.

6. Geldieran uztea bitartekariek hirugarren batzuei eman dizkieten eta hirugarrenok jabetza intelektualeko eskubideak urratzeko baliatzen dituzten zerbitzuak, hargatik eragotzi gabe Informazioaren Gizarteari eta Merkataritza Elektronikoari buruzko 2002ko uztailaren 11ko 34/2002 Legean xedaturikoa.

Kautela-neurririk ez da hartuko dagokion demanda aurkezten ez bada Prozedura Zibilaren 2000ko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean aurreikusitako moduan.

142. artikulua. Prozedura

Aurreko artikuluan aurreikusitako presazko babeserako kautela-neurriak lehentasunez izapidetzekoak izango dira eta arau hauetan ezarritakoaren arabera hartuko dira:

1) Beren jurisdikzioan arau haustea gertatu den edo gertatzear dagoelako zantzu arrazoizkoren bat den edota ez-zilegizkotzat jotzen diren aleak aurkitu diren lehen auzialdiko epaileak izango dira eskudun, neurrien eskatzailearen aukeran. Hala ere, behin demanda nagusia aurkeztutakoan, hartaz arduratzen den epailea izango da epaile eskudun bakarra harturiko neurriari buruzko guztirako.

Halaber, dagokion deklarazio-epaiketan demanda jartzerakoan edo hura bideratzen den bitartean eskatzen denean neurria, hauek izango dira, hurrenez hurren, eskudunak: demanda hartaz arduratzea dagokion epaile edo auzitegia edo dagoeneko auziaz arduratzen ari dena.

2) Interesdunak edo haren legezko zein borondatezko ordezkariak sinaturiko idazki bidez eskatuko da neurria, eta ez da beharrezko izango prokuradorearen parte-hartzerik, ez abokatuaren laguntzarik, salbu eta 1. arauaren bigarren paragrafoan aurreikusitako kasuetan.

3) Idazkia alderdiei helaraziko zaie, eta epaileak hamar egun izango ditu, idazkia aurkeztu den egunetik aurrera, agerraldira agertzen diren alderdiei entzuera emateko; edozein kasutan, aurreko epe hori amaitu eta biharamunean emango du epaileak ebazpena auto bidez. Auto horri efektu bakarreko apelazioa jarri ahal izango zaio.

Aurrekoa gorabehera, ordenagailu-programen babesaren kasuan eta idazkia alderdiei helarazi baino lehen, epaileak egoki deritzon txostenak eskatu edo ikerketak agindu ahal izango ditu.

4) Alderdietariko edozeinek eskatu ahal izango du epaile-azterketaren froga egiteko, eta, egitea onartzen bada, berehalaxe egingo da.

5) Ebazpena eman aurretik edo ebazpenean bertan, epaileak, beharrezko baderitzo, eskatzaileari P dantza nahikoa eskatu ahal izango dio -pertsonala izan ezik-, sor daitezkeen kalte eta epaiketa-kostuei erantzuteko.

6) Neurriak demanda jarri aurretik eskatu badira, haiek eman ondorengo zortzi egunen barruan jarri beharko da demanda. Edozein kasutan, eskatzaileak berriro eskatu ahal izango ditu kautela-neurriak, betiere arau-hausteari buruzko egitate berriak agertzen badira edo lehenago ez zituen frogak lortzen baditu.

143. artikulua. Auzi kriminalak

Lege honetan aitorturiko eskubideak urratzeagatik abian diren auzi kriminaletan, prozedura zibiletan bidezko diren kautela-neurriak hartu ahal izango dira, Prozedura Zibilaren Legean xedaturikoaren arabera. Neurri horiek ez dute eragotziko prozedura penaleko legerian ezarritako beste zeinahi ere hartzea.

II. TITULUA JABETZA INTELEKTUALAREN ERREGISTROA

144. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua

1.Jabetza Intelektualaren Erregistroa bakarra izango da nazio-lurralde osoan. Erregelamenduz arautuko da haren ordenamendua, eta ordenamendu horren barnean hartuko dira edozein kasutan: Kultura Ministerioaren mendeko Erregistro Nagusiaren antolaketa eta funtzioak nahiz inskripzio-prozedurari buruzko arau erkideak eta administrazio publiko eskudun guztien arteko koordinazioeta informazio-neurriak.

2. Autonomia-erkidegoek erabakiko dute zer egitura eta funtzionamendu izango duen Erregistroak beren lurraldean, eta beren gain hartuko dute hura eramateko ardura, aurreko zenbakian aipaturiko arau erkideak edozein kasutan betez.

145. artikulua. Inskripzioen araubidea

1.Lege honek babesturiko obra eta gainerako ekoizpenei dagozkien jabetza intelektualeko eskubideak inskribatu ahal izango dira Erregistroan.

2. Erregistratzaileak, aurkezturiko eskaerak eta eskubide inskribagarriei buruzko egintzen eta kontratuen legezkotasuna kalifikatuko ditu, eta dagozkien idazpenak ez egitea edo haiek geldieran uztea erabaki ahal izango du. Erregistratzailearen erabakiaren kontra, zuzenean jurisdikzio zibilaren aurrean baliatu ahal izango dira dagozkion akzioak.

3. Presuntzio egingo da, kontrakoa frogatu ezean, inskribaturiko eskubideak badirela eta beren titularrarenak direla, dagokion idazpenean ezarritako moduan.

4. Erregistroa publikoa izango da, hargatik eragotzi gabe lege honen 101. artikuluan aurreikusitakoaren babesean ezar daitezkeen mugapenak.

III. TITULUA ESKUBIDE ERRESERBAREN SINBOLO EDO ADIERAZLEAK

146. artikulua. Sinbolo edo adierazleak

Lege honek babesturiko obra edo ekoizpen baten ustiapen-eskubidea esklusiban duen titular edo lagapen-hartzaileak © sinboloa jarri ahal izango du bere izenaren aurrean, obra edo ekoizpenok jendarteratu diren lekua eta urtea zehaztuz.

Halaber, fonogramen kopietan edo haien azaletan (p) sinboloa jarri ahal izango da ekoizlearen edo haren lagapen-hartzailearen izenaren aurrean, argitalpenaren urtea adieraziz.

Ustiapen-eskubideak erreserbaturik daudela argi eta garbi adierazteko moduan eta lekuan jarri beharko dira aipaturiko sinbolo eta erreferentziak.

IV. TITULUA LEGEAN AITORTURIKO ESKUBIDEAK KUDEATZEKO ENTITATEAK

147. artikulua. Betekizunak

Legearen arabera eratu diren eta, beren izenean zein besterenean, egile bat baino gehiagoren edo jabetza intelektualeko eskubideen beste titular batzuen kontura eta haien interesetan, ustiapen-eskubideak nahiz ondare-izaerako beste eskubide batzuk kudeatzera dedikatzeko asmoa duten entitateek Kultura Ministerioaren baimena lortu beharko dute, eta baimen hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Entitate horiek ezin izango dute irabazi-asmorik eta, baimenaren bidez, kudeatzeko enkargatu zaizkien jabetza intelektualeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte eta titulu honetan ezartzen diren eskubide eta betebeharrak izango.

148. artikulua. Baimenaren baldintzak

1.Aurreko artikuluan aurreikusitako baimena emateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitate eskatzailearen estatutuek titulu honetan ezarritako betekizunak betetzea.

b) Emandako datuetatik eta lortutako informaziotik ondorioztatzea entitate eskatzaileak betetzen dituela kudeatzeko enkargatuko zaizkion eskubideak nazio-lurralde osoan eraginkortasunez administratzeko behar diren baldintzak.

c) Baimenak Espainiako jabetza intelektualaren babesaren interes orokorren alde egitea.

2. Aurreko zenbakiko b) eta c) paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen diren balioesteko, kontuan izango dira, bereziki, zenbat eskubide-titularrek duten konpromisoa beren eskubideen kudeaketa entitatearen esku uzteko, baimena ematen badiote; zenbat erabiltzaile izan ditzakeen; haien estatutuen eta helburuak betetzeko baliabideen egokitasuna; haien kudeaketak atzerrian izan dezakeen eraginkortasuna, eta, hala badagokio, dagoeneko baimenduriko entitate kudeatzaileen txostena.

149. artikulua. Baimena errebokatzea

Kultura Ministerioak baimena errebokatu ahal izango du baimena ukatzea eragin zezakeen egitateren bat gertatzen zein agerian geratzen bada, edo entitateak titulu honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, ez-betetze larria eginik. Hiru kasuetan, Kultura Ministerioaren ohartarazpen bat beharko da aurretik, adierazitako egitateak konpondu edo zuzentzeko gutxienez hiru hilabeteren epea ezarriko duena.

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hiru hilabetera izango ditu efektuak errebokazioak.

150. Legitimazioa

Entitate kudeatzaileak, baimenduak izan ondoren, beren estatutuetan jasota dagoen moduan egongo dira legitimaturik kudeatzeko enkargatu zaizkien eskubideak baliatzeko eta era guztietako prozedura administratibo zein judizialetan haiek baliarazteko.

Legitimazio horren egiaztagarri, entitate kudeatzaileak aski izango du estatutuen kopia eta administrazio-baimenaren ziurtagiria aurkeztea prozesuaren hasieran. Demandatuak puntu hauetan baino ez du oinarritu ahal izango bere kontrakotasuna: demandatzaileak ordezkagaitasunik ez izatea, eskubide esklusiboaren titularraren baimena, edo dagokion ordainsaria ordaindu izatea.

151. Estatutuak

Aplikatzekoak zaizkien beste arau batzuek xedatzen dutena eragotzi gabe, puntu hauek jaso beharko dira entitate kudeatzaileen estatutuetan:

1. Izena; izen hori ezin izango da beste entitate batzuenaren berdina, ez eta nahasketa sortzeko bezain antzekoa ere.

2. Xedea edo helburuak, administraturiko eskubideak zein diren zehaztuz; entitateak ezin jardungo du jabetza intelektualeko eskubideen babesaren eremutik kanpo.

3. Kudeaketan sartzen diren eskubide-titular motak eta, hala badagokio, zer kategoriatakoak diren, entitatearen administrazioan zer partaidetza duten erabakitzeko.

4. Bazkide izateko eta izateari uzteko baldintzak. Bazkideek, edozein kasutan, entitateak kudeatu behar dituen eskubideen titular izan beharko dute, eta ezin izango dira hamar baino gutxiago.

5. Bazkideen eskubideak eta, zehazki, bozketa-araubidea; bozketa-araubide hori boto plurala modu arrazoizkoan mugatzeko haztapen-irizpideak kontuan harturik ezarri ahal izango da. Bazkideak baztertzearen zehapenari dagokionez, bozketa-araubidea berdintasunezkoa izango da.

6. Bazkideen eginbeharrak eta haien diziplina-araubidea.

7. Entitatearen gobernu- eta ordezkaritza-organoak eta bakoitzaren eskumena, eta kide anitzekoak diren organoen deialdi, eraketa eta funtzionamenduari buruzko arauak, espresuki debekatuz gai-zerrendan ez dauden gaiei buruz erabakiak hartzea.

8. Bazkide administratzaileak hautatzeko prozedura.

9. Hasierako ondarea eta aurreikusitako baliabide ekonomikoak.

10. Bildutako dirua banatzeko sistemek jarraitu beharreko arauak.

11. Entitatearen ekonomia eta finantzak kudeatzeko kontrol-sistema.

12. Entitatea likidatzen den kasuan ondarea edo geratzen den aktibo garbia zertara xedatuko den; ezin izango da, ezein kasutan, bazkideen artean banatu.

152. artikulua. Enkargaturiko jabetza intelektualeko eskubideak administratzeko betebeharrak

Entitate kudeatzaileak beharturik daude enkargatu zaizkien egile-eskubideak edo jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk administratzera, beren xede edo helburuen arabera. Enkargu hori beren estatutuak eta horri dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauak jarraituz beteko dute.

153. artikulua. Kudeaketa-kontratua

1.Eskubideen titularrek kontratu bidez enkargatuko diote entitateari beren eskubideen kudeaketa; kontratuak gehienez ere bost urteren epea izango du, mugarik gabe behin eta berriz berriztagarria, eta ezin ezarriko du nahitaez kudeatu behar izatea ustiapen mota guztiak, ez obra guztia edo etorkizunean ekoitziko dena.

2. Entitateek dagozkion xedapenak ezarri beharko dituzte estatutuetan beren errepertorioak erabiltzen dituzten erabiltzaileen eraginik gabeko kudeaketa segurtatzeko eta haien obren lehentasunezko erabilera bidegabea eragozteko.

154. artikulua. Eskubide-banaketa

1.Bildutako eskubide-diruak ekitatez banatuko dira erabilitako obra edo ekoizpenen titularren artean, aurrez estatutuetan zehazturiko eta arbitrariotasunik gabeko sistema baten arabera.

2. Entitate kudeatzaileek partaidetza bat erreserbatu beharko diete titularrei bildutako eskubide-diruetatik, haien obren erabilerarekiko proportzionala.

155. artikulua. Eginkizun soziala

1.Entitate kudeatzaileek, zuzenean edo beste entitate batzuen bidez, bazkideen aldeko asistentziazko jarduera edo zerbitzuak sustatu beharko dituzte, eta egile eta artista interpretatzaile zein exekutatzaileen prestakuntza eta sustapenerako jarduerak artatu.

2. Entitate kudeatzaileek lege honen 25. artikuluan aurreikusitako konpen tsa zio-ordainsaritik erregelamenduz ezartzen den ehunekoa erabili behar ko dute aurreko zenbakian aipaturiko jarduera eta zerbitzuetarako, zati berdinetan banaturik.

156. artikulua. Kontabilitate-agiriak

Ekitaldi bakoitza itxi ondorengo sei hilabeteen barruan, dagokion balantzea eta aurreko urtean egindako jardueren memoria bat prestatuko ditu entitateak.

Aplikatzekoa den araudian xedaturikoa eragotzi gabe, balantzea eta kontabilitateagiriak aditu batzuek edo aditu-sozietate batzuek egiaztatuko dituzte; aditu zein aditu-sozietateok legezko eskudunak izango dira, entitatearen aurreko urteko batzar orokorrean edo entitatea eratu zenekoan izendatuak. Estatutuek ezarriko dute zer arauren bidez izendatu ahal izango duen gutxiengoak beste auditore bat.

Balantzea, auditorearen onespen-txostena lortu izanaren edo ez izanaren oharrarekin, bazkideen eskura jarriko da entitatearen legezko egoitzan eta lurralde-ordezkaritzetan, hura onartu beharko duen batzar orokorra egin baino hamabost egun lehenago gutxienez.

157. artikulua. Beste betebehar batzuk

1.Entitate kudeatzaileen betebeharra da:

a) Kudeaturiko eskubideen baimen ez-esklusiboak kontratatzea, kontrako arrazoi justifikaturik ezean, hala eskatzen duenarekin, arrazoizko baldintzetan eta ordainsari baten truke.

b) Beren errepertorioa erabiltzeagatik galdaturiko ordainsaria zehazten duten tarifa orokorrak ezartzea; tarifa horietan murrizketak aurreikusi beharko dira irabazi asmorik gabeko kultura-entitateentzat.

c) Beren errepertorioaren erabiltzaileen elkarteekin kontratu orokorrak egitea, betiere elkarteok hala eskatzen badute eta dagokion sektoreko ordezkagarritasuna badute.

2. Alderdiek adostasunik iristen ez duten bitartean, dagokion baimena emantzat joko da baldin eta eskatzaileak erreserbapean ordaintzen badu edo organo judizialaren zainpean jartzen badu entitate kudeatzaileak tarifa orokorren arabera galdaturiko zenbatekoa.

3. Aurreko zenbakietan xedaturikoa ez zaio aplikatuko obra literario, dramatiko, dramatiko-musikal, koreografiko edo pantomimazkoei dagozkien eskubideen kudeaketari, ez eta titularraren banan-banako baimena behar duen zeinahi motatako obra baten edo gehiagoren erabilera bereziari dagokionari ere.

4. Halaber, entitate kudeatzaileak beharturik daude lege honetan aurreikusitako kasu desberdinei dagozkien ekitatezko ordainsari bat izateko eskubideak gauzatzera eta kable bidezko banaketa baimentzeko eskubidea baliatzera.

158. artikulua. Jabetza Intelektualeko Bitartekaritza eta Arbitraje Batzordea

Kultura Ministerioan, Jabetza Intelektualeko Bitartekaritza eta Arbitraje Batzordea sortzen da, lege honek esleitzen dizkion bitartekaritza- eta arbitrajefuntzioak betetzeko eta nazio-eremuko kide anitzeko organo baten izaerarekin.

1. Batzordeak egintza hauek egingo ditu bitartekaritza-funtzioan diharduelarik:

a) Irrati-hedapenezko emisio bat kable bidez banatzea baimentzeko negoziazioetan parte hartzea, aldez aurretik alderdiak haren menera jarririk, jabetza intelektualeko eskubideen titularren eta kable bidezko banaketaren enpresen arteko adostasun faltaz kontratu bat egitera iristen ez den kasuan.

b) Hala badagokio, alderdiei proposamenak aurkeztea.

Aurreko paragrafoan aipaturiko proposamena alderdi guztiek onartzen dutela jokoa da haietariko ezeinek kontrakotasunik adierazten ez badu hiru hilabeteren epean. Kasu horretan, Arbitrajeari buruzko 1988ko abenduaren 5eko 36/1988 Legean aurreikusitako efektuak izango ditu Batzordearen ebazpenak; ebazpen hori arlo zibileko jurisdikzioaren aurrean berrikusi ahal izango da.

Proposamena eta harekiko den edozein aurkakotasun alderdiei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan xedaturikoaren arabera.

Bitartekaritza-prozedura eta Batzordeak bitartekaritzarako izango duen osaera erregelamenduz erabakiko dira; kasu guztietan, Batzordean parte hartzeko eskubidea izango dute, esku hartzen duten auzi bakoitzean, negoziaziogai diren jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituzten entitateen bi ordezkarik eta kable bidezko banaketako enpresen beste bik.

2. Batzordeak egintza hauek egingo ditu arbitraje-funtzioan diharduelarik:

a) Irtenbidea ematea, aurrez alderdiak haren menera jarririk, aurreko artikuluaren 1. zenbakian xedaturikoa aplikatzean entitate kudeatzaileen eta haien errepertorioaren erabiltzaileen elkarteen artean edo entitate kudeatzaileen eta irratihedapeneko entitaten artean sor daitezkeen gatazkei. Alderdiak Batzordearen menera jartzea borondatezkoa izango da eta espresuki jaso beharko da, idatziz.

b) Tarifa orokorren ordezko zenbateko bat zehaztea, aurreko artikuluaren 2. zenbakian adierazitakoari dagokionez, erabiltzaile-elkarte baten edo irrati-hedapeneko entitate baten eskariz, betiere elkarte edo entitateok Batzordearen menera jartzen badira zenbaki honen a) letran aurreikusitako helburuarekin.

3. Erregelamenduz erabakiko dira Batzordeak bere arbitraje-funtzioa betetzeko izango dituen prozedura eta osaera; kasu guztietan, Batzordean parte hartzeko eskubidea izango dute, esku hartzen duten auzi bakoitzean, entitate kudeatzaileen bi ordezkarik eta erabiltzaile-elkartearen edo irrati-hedapeneko entitatearen beste bik.

Batzordearen erabakiak lotura- eta exekuzio-indarra izango ditu alderdientzat.

Artikulu honetan xedatutakoak ez ditu eragotziko jurisdikzio eskudunaren aurrean balia daitezkeen akzioak. Hala ere, epaile eta auzitegiak ezin arduratuko dira Batzordearen aurrean arbitraje-erabakiaren zain dagoen eztabaidaren auziaz, harik eta Batzordeak ebazpena eman arte; betiere, parte interesdunak salbuespen bidez alegatu beharko du auzigaia.

159. artikulua. Kultura Ministerioaren ahalmenak

1.Kultura Ministerioari dagokio, 148. eta 149. artikuluetan arauturiko baimena emateko edo errebokatzeko ahalmenaz gainera, lege honetan ezarritako betebehar eta betekizunak betetzen direla zaintzea.

Horretarako, Kultura Ministerioak entitate horiei edozein informazio mota eskatu ahal izango die, ikuskapenak eta auditoriak agindu, eta haien batzar orokor, administrazio-kontseilu edo antzeko organoetara hitzarekin baina botorik gabe joango den ordezkari bat izendatu.

2. Entitate kudeatzaileen estatutuen aldaketak, behin batzar orokorrak onartu eta gero, eta hargatik eragotzi gabe aplikatzekoak diren beste arau batzuetan xedaturikoa, Kultura Ministerioari aurkeztu beharko zaizkio, onespena eman dezan; onespena emantzat joko da, kontrako ebazpenik jakinarazi ezean, aurkeztu eta hiru hilabeteren epean.

3. Entitate kudeatzaileek Kultura Ministerioari jakinarazi beharko dizkiote beren administratzaile eta ahaldunen izendapen eta kargu-uzteak, tarifa orokorrak eta haien aldaketak, erabiltzaile-elkarteekin egindako kontratu orokorrak eta mota bereko erakunde atzerritarrekin itunduak, eta, orobat, lege honen 156. artikuluan aipaturiko agiriak.

V. TITULUA ESKUBIDEAK KUDEATZEKO NEURRI TEKNOLOGIKOAK ETA INFORMAZIOA BABESTEA

160. artikulua. Neurri teknologikoak: saiheste-egintzak eta prestatze-egintzak

1.Lege honetan aitorturiko jabetza intelektualeko eskubideen titularrek legearen III. liburuaren I. tituluan aurreikusitako akzioak baliatu ahal izango dituzte, jakinaren gainean edo jakinaren gainean egoteko arrazoizko motiboak izanik zeinahi neurri teknologiko eraginkor saihesten dutenen kontra.

2. Akzio horiek berak baliatu ahal izango dira edozein gailu, produktu edo osagai fabrikatzen, inportatzen, banatzen, saltzen, alokatzen, salmentarako nahiz alokairurako iragartzen edo xede komertzialez edukitzen dutenen kontra, eta, orobat, zerbitzuren bat ematen dutenen kontra, baldin eta gailu, produktu, osagai edo zerbitzu hori, zeinahi neurri teknologiko eraginkorri dagokionez:

a) Babesa saihesteko helburuz sustatzen, iragartzen edo komertzializatzen bada, edo b) Babesa saihestea alde batera utzita, xede edo erabilera komertzial mugatua badu, edo c) Nagusiki babesa saihestu ahal izateko edo saihestea errazteko helburuz sortu, ekoitzi, egokitu edo egin bada.

3. Neurri teknologikotzat jotzen da: bere funtzionamendu normalean, obra edo prestazio babestuei dagokienez, jabetza intelektualeko eskubideen titularren baimenik ez duten egintzak eragoztea edo mugatzea xede duen teknika, gailu edo osagai oro.

Neurri teknologikoak eraginkortzat jotzen dira eskubideen titularrek obra edo prestazio babestuaren erabilera kontrolatzen dutenean, dela sarbide-kontrol bat aplikatuz, dela babes-prozedura bat, hala nola kodifikazioa, aleatorizazioa edo obra edo prestazioaren beste eraldaketa bat, edota kopiatze-lana kontrolatuz babes-helburu hori lortzen duen mekanismo bat.

4. Aurreko zenbakietan xedaturikoa ez zaie aplikatuko ordenagailu-programak babesten erabilitako neurri teknologikoei, haiek beren araudi propioaren mende egongo baitira.

161. artikulua. Jabetza intelektualaren mugak eta neurri teknologikoak

1.Neurri teknologiko eraginkorrez babesturiko obra edo prestazioen eskubideen titularrek baliabide egokiak ahalbidetu beharko dizkiete jarraian aipatzen diren mugen onuradunei haietaz gozatzeko, duten xedearen arabera, betiere onuradun horiek legez irispidea badute delako obra edo prestaziora. Muga horiek hauek dira:

a) Kopia pribatuari buruzko muga, 31.2 artikuluan aurreikusitako eran.

b) Helburua segurtasun publikoa edo prozedura ofizialak izateari edo ahalmen-urritasunak dituzten pertsonen onurarako izateari buruzko mugak, 31 bis artikuluan aurreikusitako eran.

c) Irakaskuntzako argigarri gisa erabiltzeari dagokion muga, 32.2 artikuluan aurreikusitako eran.

d) Irakaskuntzako edo ikerketa zientifikoko argigarriari gisa, edo segurtasun publikorako nahiz prozedura administratibo zein judizial baterako erabiltzeari dagokion muga, hori guztia datu-baseei dagokienez eta 34.2.b) eta c) artikuluan aurreikusitako eran.

e) Irrati-hedapeneko entitateek obrak erregistratzeari buruzko muga, 36. 3 artikuluan aurreikusitako eran.

f ) Erakunde jakin batzuek obrak ikerketarako edo kontserbaziorako erreproduzitzeari buruzko muga, 37.1 artikuluan aurreikusitako eran.

g) Irakaskuntzako edo ikerketa zientifikoko argigarri gisa erabiltzeko xedez datu-base baten edukiaren parte funtsezko bat erauzteari buruzko muga eta «sui generis» eskubideak babesturiko datu-base baten edukia segurtasun publikorako edo prozedura administratibo zein judizial baterako erauzteari edo berrerabiltzeari buruzkoa, 135.1.b) eta c) artikuluan aurreikusitako eran.

2. Jabetza intelektualeko eskubideen titularrek aurreko zenbakian aurreikusitako eginbeharra betetzeko borondatezko neurririk hartu ez dutenean -beste interesdun batzuekin itunak egitea barne-, muga horien onuradunek jurisdikzio zibilaren aurrera jo ahal izango dute.

Muga horien onuradunak kontsumitzaileak edo erabiltzaileak direnean, 1984ko uztailaren 19ko 26/1984 Legearen -kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako orokorra- 1.2 eta 3 artikuluan zehazturiko eran, Prozedura Zibilaren 2000ko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 11.2 eta 3 artikuluan legitimaturiko entitateek jardun ahal izango dute haien defentsan.

3. Lege honen 160.1 artikuluan aurreikusitako babes juridikoa izango dute, bai jabetza intelektualeko eskubideen titularrek beren borondatez harturiko neurri teknologikoek, beste interesdun batzuekin egindako itunetatik eratorriek barne, bai dagokion ebazpen judizialean jasotakoek, hori bada kasua.

4. Aurreko zenbakietan xedaturikoak ez du eragotziko obra edo prestazioen gaineko eskubideen titularrek egoki deritzoten konponbideak jartzea -besteak beste, neurri teknologikoak-, kopia pribatu gisa egindako erreprodukzio kopuruari dagokionez. Kasu horietan, 31.2 artikuluan aurreikusitakoaren onuradunek ezin galdatuko dute ken daitezela eskubideen titularrek zenbaki honen arabera hartu dituzten neurri teknologikoak, hori bada kasua.

5. Artikulu honen aurreko zenbakietan ezarritakoa ez zaie aplikatuko kontratuz adosturikoaren arabera publikoaren eskura jarritako obra edo prestazioei, edozein pertsonak nahi duen lekutik eta nahi duen unean haietara irispidea izateko moduan jarri badira.

162. artikulua. Eskubideen kudeaketarako informazioaren babesa

1.Jabetza intelektualeko eskubideen titularrek III. liburuko I. tituluan aurreikusitako akzioak baliatu ahal izango dituzte jarraian zehazten diren egintzetariko zeinahi jakinaren gainean eta baimenik gabe burutzen duenaren eta hori egitean eskubide haietarikoren baten urratzea bultzatzen, ahalbidetzen, errazten edo ezkutatzen dutela jakiteko arrazoizko motiboak dituen ororen kontra:

a) Eskubideen kudeaketa elektronikorako informazio guztia kentzea edo aldatzea.

b) Eskubideen kudeaketa elektronikorako informazioa baimenik gabe kendua edo aldatua duten obra edo prestazio babestuak banatzea, banatzeko inportatzea, irrati-hedapenez emititzea, komunikatzea edo publikoaren eskura jartzea.

2. Aurreko zenbakiari dagokionez, eskubideen kudeaketarako informaziotzat joko da: titularrek ematen duten eta babesturiko obra nahiz prestazioa, egilea nahiz beste edozein eskubidedun identifikatzen duen informazioa, edo obra edo prestazio babestua erabiltzeko baldintzak nahiz informazio hori ordezkatzen duen zeinahi zenbaki edo kode adierazten duena, betiere informazioelementuok obra edo prestazio babestuaren ale bati elkarturik badoaz edo haren komunikazio publikoarekin loturik agertzen badira.

IV. LIBURUA LEGEAREN APLIKAZIO EREMUA

163. artikulua. Egileak

1.Lege honen arabera, espainiar egileen jabetza intelektualeko eskubideak eta Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetako nazionalitatea duten egileenak babestuko dira.

Eskubide horiek izango dituzte, halaber:

a) Hirugarren herrialde bateko nazionalitatea izan eta ohiko bizilekua Espainian dutenek.

b) Hirugarren herrialde bateko nazionalitatea izan eta ohiko bizilekua Espainian ez dutenek, Espainiako lurraldean lehen aldiz argitaraturiko haien obrei dagokienez edo beste lurralde batean argitaratu eta hogeita hamar egunen barruan Espainiako lurraldean argitaratuei dagokienez. Hala ere, antzeko kasuetan espainiar egileen obrak aski babesten ez dituzten estatuetako nazionalitatea duten atzerritarren kasuan, gobernuak printzipio horren helmena murriztu ahal izango du.

2. Ikus-entzunezko obren egile guztiek, zeinahi ere dela haien nazionalitatea, ordainsari proportzional bat jasotzeko eskubidea dute 90. artikuluaren 3. eta 4. zenbakien arabera proiektaturiko beren obrengatik. Hala ere, espainiar egileei eskubide baliokide bat bermatzen ez dieten estatuetariko bateko nazionalitatea duten egileen kasuan, Gobernuak erabaki ahal izango du erakusleek entitate kudeatzaileei kontzeptu horretan ordainduriko dirukopuruak bidera daitezela erregelamenduz ezarritako interes kulturaleko asmoetara.

3. Edozein kasutan, hirugarren herrialde bateko nazionalitatea dutenek Espainia parte den nazioarteko hitzarmen eta tratatuen arabera dagokien babesa izango dute, eta, halakorik ezean, espainiar egileekin parekaturik egongo dira, baldin eta espainiar egileak ere herrialde hartako nazionalitatea dutenekin parekaturik badaude herrialde hartan.

4. Obra jatorriz Bernako Hitzarmenaren arabera hirugarren herrialde batekoa denean, eta haren egileak Europar Batasuneko kide den estatu bateko nazionalitatea ez duenean, babes-epea obraren jatorriko lurraldean ematen den bera izango da; epe hori ezin izango da ezein kasutan lege honetan egileen obrentzat aurreikusitakoa baino luzeagoa.

5. Aitortzen da egilearen eskubide morala, zeinahi ere dela haren nazionalitatea.

164. artikulua. Artista interpretatzaile zein exekutatzaileak

1. Espainiar artista interpretatzaile zein exekutatzaileei lege honetan aitorturiko eskubideak babestuko dira, zeinahi ere dela haien interpretazioaren edo exekuzioaren lekua, eta Europar Batasuneko kide den estatu bateko nazionalitatea duten artista interpretatzaile zein exekutatzaileei dagozkienak ere bai.

2. Hirugarren herrialde bateko nazionalitatea duten artista interpretatzaile zein exekutatzaileek lege honetan aitorturiko eskubide berak izango dituzte kasu hauetariko zeinahitan:

a) Ohiko bizilekua Espainian dutenean.

b) Interpretazioa edo exekuzioa Espainiako lurraldean egiten denean.

c) Interpretazioa edo exekuzioa lege honen arabera babesturiko fonograma batean edo ikus-entzunezko euskarri batean grabatzen denean.

d) Interpretazioa edo exekuzioa, grabatu ez bada ere, lege honen arabera babesturiko irrati-hedapeneko emisio batean sartzen denean.

3. Edozein kasutan, hirugarren herrialde bateko nazionalitatea duten artista interpretatzaile zein exekutatzaileek Espainia parte den nazioarteko hitzarmen eta tratatuen arabera dagokion babesa izango dute, eta, halakorik ezean, espainiar artista interpretatzaile zein exekutatzaileekin parekaturik egongo dira, baldin eta horiek ere herrialde hartako nazionalitatea dutenekin parekaturik badaude herrialde hartan.

4. Lege honen 112. artikuluan aurreikusitako babes-epeak aplikatuko zaizkie, orobat, Europar Batasuneko nazionalitaterik ez duten aipaturiko titularrei ere, nazioarteko hitzarmenen baten bidez Espainian babesa bermatua badute. Hala ere, dagozkion nazioarteko betebeharrak eragotzi gabe, titularrak nazionalitatea duen herrialdean aurreikusitako datan amaituko da babes-epea; epe hori ezin izango da, ezein kasutan, lehen aipaturiko artikuluan ezarritakoa baino luzeagoa.

165. artikulua. Ekoizleak, argazki hutsen egileak eta argitaratzaileak

1.Fonogramen eta ikus-entzunezko obra edo grabazioen ekoizleek, argazki hutsak egiten dituztenek eta 129. artikuluan aipaturiko obren argitaratzaileek honako kasu hauetan izango dute lege honen araberako babesa:

a) Espainiar herritarrak edo egoitza Espainian duten enpresak direnean, eta Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko herritarrak edo egoitza Europar Batasuneko kide den beste estatu batean duten enpresak direnean.

b) Hirugarren herrialde bateko nazionalitatea izan eta aipaturiko obrak Espainian argitaratzen dituztenean, lehen aldiz, edo beste herrialde batean argitaratu eta hogeita hamar egunen barruan. Hala ere, antzeko kasuetan espainiarren obrak edo argitalpenak aski babesten ez dituzten estatuetako nazionalitatea dutenen kasuan, gobernuak printzipio horren helmena murriztu ahal izango du.

2. Edozein kasutan, aurreko zenbakiko b) letran adierazitako titularrek Espainia parte den nazioarteko hitzarmen eta tratatuen arabera dagokien babesa izango dute, eta, halakorik ezean, fonogramen edo ikus-entzunezko obra edo grabazioen ekoizleekin, argazki hutsak egiten dituztenekin eta 129. artikuluan aipaturiko obren argitaratzaileekin parekaturik egongo dira, baldin eta horiek ere herrialde hartako nazionalitatea dutenekin parekaturik badaude herrialde hartan.

3. Lege honen 119. eta 125. artikuluetan aurreikusitako babes-epeak aplikatuko zaizkie, orobat, Europar Batasuneko nazionalitaterik ez duten aipaturiko titularrei ere, nazioarteko hitzarmenen baten bidez Espainian babesa bermatua badute. Hala ere, dagozkion nazioarteko betebeharrak eragotzi gabe, titularrak nazionalitatea duen herrialdean aurreikusitako datan amaituko da babes-epea; epe hori ezin izango da, ezein kasutan, lehen aipaturiko artikuluetan ezarritakoa baino luzeagoa.

166. artikulua. Irrati-hedapeneko entitateak

1.Egoitza Espainian edo Europar Batasuneko kide den beste estatu batean duten irrati-hedapeneko entitateek lege honetan ezarritako babesa izango dute beren emisio eta transmisioei dagokienez.

2. Edozein kasutan, egoitza hirugarren lurralde batean duten irrati-hedapeneko entitateek Espainia parte den nazioarteko hitzarmen eta tratatuen arabera dagokien babesa izango dute.

3. Lege honen 127. artikuluan aurreikusitako babes-epeak aplikatuko zaizkie, orobat, Europar Batasuneko nazionalitaterik ez duten aipaturiko titularrei ere, nazioarteko hitzarmenen baten bidez Espainian babesa bermatua badute. Hala ere, dagozkion nazioarteko betebeharrak eragotzi, titularrak nazionalitatea duen herrialdean aurreikusitako datan amaituko da babes-epea; epe hori ezin izango da, ezein kasutan, lehen aipaturiko artikuluan ezarritakoa baino luzeagoa.

167. «Sui generis» eskubidearen babesaren onuradunak

1.Lege honen133. artikuluan aurreikusitako eskubidea ezaugarri hauek dituzten datu-baseei aplikatuko zaie: haien fabrikatzaileek edo eskubidedunek Europar Batasuneko kide den estatu bateko nazionalitatea izatea edo ohiko bizilekua Europar Batasuneko lurraldean izatea.

2. Artikulu honen 1. zenbakia aplikatuko zaie, orobat, Europar Batasuneko kide den estatu baten legeriaren arabera eratu diren eta egoitza ofiziala, administrazio nagusia edo jarduera-zentro nagusia Europar Batasunean duten elkarte eta enpresei ere; hala ere, elkarte edo enpresa horrek egoitza soziala besterik ez badu aipaturiko lurraldean, haren eragiketek egiaz eta jarraituki loturik egon beharko dute Europar batasuneko kide den estatu bateko ekonomiarekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Lege-gordailua

Sortze-lanen lege-gordailua, Espainian usadioz aitortua, indarrean diren zein etorkizunean Gobernuak ematen dituen erregelamenduek eraenduko dute, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoei dagozkien ahalmenak, hala badagozkie.

Bigarrena.(2008ko abenduaren 23ko 3/2008 Legegintzako Errege Dekretuak derogatua)

Hirugarrena. 25.5 artikuluko zenbatekoak berrikustea

Kultura, Industria eta Energia, eta Merkataritza eta Turismo ministroei ahalmena ematen zaie lege honen 25.5 artikuluan ezarritako zenbatekoak merkatuaren errealitatera, teknologiaren aurrerabidera eta kontsumo-prezioen indize ofizialera egokitzeko.

Laugarrena. 90.3 artikuluko ordainsariaren maiztasuna eta deslegeztatzea

Diru-sarrerei buruzko ordainsari proportzional gisa bilduriko zenbatekoak egileen eskura jartzea, 90.3 artikuluan ezarria, astero egingo da.

Gobernuak, Kultura Ministerioaren proposamenez, epe hori aldatu ahal izango du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena. Eskuratutako eskubideak

Lege honek sarturiko aldaketek, aurreko legeriaren arabera eskuratutako eskubideei kalte egiten dietenak badira, ez dute atzera-eraginik izango, hurrengo xedapenetan ezartzen dena salbu.

Bigarrena. Pertsona juridikoek Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legeak babestuak dituzten eskubideak

Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legearen arabera obra baten jabetza intelektuala jatorrizko titulu gisa eskuratu duten pertsona juridikoek obra argitaratu zenetik laurogei urteren epean baliatuko dituzte ustiapen-eskubideak.

Hirugarrena. Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legearen arabera egindako egintza eta kontratuak

Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legearen eraentzapean zerturiko egintza eta kontratuak efektu guztiak izango dituzte haren arabera, baina deusez izango dira egileak etorkizunean sor litzakeen obren multzoari buruzko ustiapen-eskubideak lagatzea adosten duten haien klausulak, eta egileak etorkizunean obraren bat ez egiteko konpromisoa hartzen duela jasotzen duten haienak.

Laugarrena. 1987ko abenduaren 7a baino lehen hildako egileak

1987ko abenduaren 7a baino lehen hildako egileek sorturiko obren ustiapeneskubideek Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legean aurreikusitako iraupena izango dute.

Bosgarrena. Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legearen 38. eta 39. artikuluak aplikatzea

Aurreko xedapenean aurreikusitakoa eragotzi gabe, lege honetan xedaturikoa aplikatuko zaie Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legearen 38. eta 39. artikuluen arabera behin-behineko zein behin betiko jabari publikoan dauden obren egileei, hargatik eragotzi gabe beste pertsona batzuek aurreko legeriaren babesean eskuratutako eskubideak.

Seigarrena. 14. eta 16. artikuluen aplikagarritasuna Jabetza Intelektualaren 1987ko azaroaren 11ko Legea baino lehenagoko obren egileentzat

Lege honen 14. eta 16. artikuluetan xedaturikoa aplikagarria izango da Jabetza Intelektualaren 1987ko azaroaren 11ko 22/1987 Legea indarrean sartu baino lehen sorturiko obren egileen kasuan.

Zazpigarrena. Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legea exekutatzeko 1880ko irailaren 3ko Erregelamendua

Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legea eta jabetza intelektualaren arloko gainerako erregelamendu-arauak exekutatzeko 1880ko irailaren 3ko Erregelamenduak indarrean jarraituko du, betiere lege honetan ezarritakoari kontra egiten ez badio.

Zortzigarrena. Ordenagailu-programei buruzko egoera bereziak arautzea

Lege honen xedapenak aplikagarriak izango dira 1993ko abenduaren 25a baino lehen sorturiko ordenagailu-programentzat, hargatik eragotzi gabe data horren aurretik egindako egintzak eta eskuratutako eskubideak.

Bederatzigarrena. 1994ko uztailaren 1a baino lehen egindako kontratuei alokairuarengatiko ekitatezko ordainsaria aplikatzea

1994ko uztailaren 1a baino lehen egindako kontratuei dagokienez, baldintza hau bete beharko da alokairuarengatiko ekitatezko ordainsariaren eskubidea aplikatzeko: egileek edo artista interpretatzaile zein exekutatzaileek edo haien ordezkariek horretarako eskaera egitea, lege honetan aurreikusitakoaren arabera, 1997ko urtarrilaren 1a baino lehen.

Hamargarrena. Ustiapen-eskubide jakin batzuei buruz eskuratutako eskubideak

Banaketari, finkapenari, erreprodukzioari eta komunikazio publikoari dagozkien eskubideei buruz lege honetan xedaturikoak ez ditu eragotziko 1995eko urtarrilaren 1a baino lehen egindako ustiapen-egintzak eta kontratuak, ez 99. artikuluaren c) letran ezarritakoa.

Hamaikagarrena. Satelite bidezko komunikazio publikoari dagozkion xedapenak aldi baterako aplikatzeari buruzko egoera bereziak arautzea

1.Europar Batasuneko kide den estatu bateko koproduktore baten eta Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetako edo hirugarren herrialde batzuetako koproduktore baten edo gehiagoren artean 1995eko urtarrilaren 1a baino lehen egindako nazioarteko koprodukzio-kontratuetan, satelite bidezko komunikazio publikorako baimena eman nahi duen koproduktoreak, edo haren lagapen-hartzaileak, esklusibotasun-eskubidearen titularraren adostasuna lortu beharko du aurrez, dela titular hori koproduktore, dela lagapen-hartzaile, honako inguruabar hauek guztiak batera egokitzen badira:

a) Kontratuan espresuki ezartzea ustiapen-eskubideak eskualde geografikoen arabera koproduktoreen artean banatzeko sistema bat publikoarentzako hedabide guztientzat, bereizkuntzarik egin gabe satelite bidezko komunikazioari aplikatzekoa zaion araubidearen eta gainerako komunikabideei aplikatzekoa zaienaren artean.

b) Koprodukzioaren satelite bidezko komunikazio publikoak kalte egitea koproduktoreetariko batek edo haren lagapen-hartzaileek lurralde jakin batean duten esklusibotasunari, bereziki hizkuntza-esklusibotasunari.

2. Lege honen 106., 107., 108., 115., 116., 122. eta 126. artikuluetan aurreikusitakoa aplikatzeak ez ditu eragotziko 1995eko urriaren 14a baino lehen egindako ustiapen-itunak eta kontratuak.

3. Satelite bidezko komunikazio publikoari buruzko xedapenak aplikatuko zaizkie 1994ko uztailaren 1ean artean Europar Batasuneko kide diren estatuen jabetza intelektualeko eskubideei buruzko legeriaren babesa zuten edo data horretan aipaturiko xedapenen arabera babeserako irizpideak betetzen zituzten fonograma, saio, emisio eta ikus-entzunezko grabazioen lehen finkapen guztiei.

Hamabigarrena. Satelite bidezko irrati-hedapenari buruzko xedapenak aldi baterako aplikatzea

1.Lege honen 106., 107., 108., 115., 116., 122. eta 126. artikuluetan aipaturiko eskubideak hamargarren xedapen iragankorrak eta bederatzigarren xedapen iragankorrak eraenduko dituzte, aplikatzekoa den hartan.

2. 1995eko urtarrilaren 1ean indarrean ziren ustiapen-kontratuei betebetean aplikatu ahal izango zaie, 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera, satelite bidezko komunikazio publikoaren eskubideari buruz lege honetan ezarritakoa.

3. Hamaikagarren xedapen iragankorraren 3. zenbakiko xedapenak ez zaizkie aplikatuko 1995eko urtarrilaren 14an indarrean ziren eta 2000ko urtarrilaren 1a baino lehen amaitzen diren kontratuei. Data horretan, alderdiek berriro negoziatu ahal izango dituzte kontratuaren baldintzak xedapen horietan xedaturikoaren arabera.

Hamahirugarrena. Babes-epeari buruzko egoera bereziak arautzea

1.Lege honek ez dio eragingo 1995eko uztailaren 1a baino lehen egindako ezein ustiapen-egintzari. Lege hau aplikatzean ezartzen diren jabetza intelektualeko eskubideek ez diete ordainketarik egin beharrik sortuko dagokion obra eta prestazioak jabari publikoan zeudelarik fede onez ustiatzen hasi zirenei.

2. Lege honetan aurreikusitako babes-epeak honako baldintza hauek betetzen dituzten obra edo prestazio guztiei aplikatuko zaizkie: Espainian edo gutxienez Europar Batasuneko kide den estatu batean dagozkion xedapen nazionalen arabera 1995eko urtarrilaren 1ean babesturik egotea, edo babesa izateko irizpideak betetzea, lege honetan banaketa-eskubidea arautzen duten xedapenen arabera, obra eta prestazioei dagokienez, bai eta finkapenari, erreprodukzioari eta komunikazio publikoari dagozkien eskubideak arautzen dituztenen arabera, prestazioei dagokienez.

Hamalaugarrena. Kode Zibileko xedapen iragankorrak aplikatzea

Xedapen hauetan aurreikusita ez dagoen hartan Kode Zibileko xedapen iragankorrak aplikatuko dira.

Hamabosgarrena. 1998ko urtarrilaren 1a baino lehen amaituriko datu-baseei I. liburuan aurreikusitako babesa aplikatzea

Lege honetan egile-eskubideari dagokionez aurreikusitako babesa aplikatuko zaie 1998ko urtarrilaren 1a baino lehen amaituriko datu-baseei ere, betiere lege honek galdaturiko betekizunak betetzen badituzte, datu-baseen egileeskubidearen babesari dagokionez, aipaturiko data horretan.

Hamaseigarrena. 1998ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko hamabost urteen barruan amaituriko datu-baseei II. liburuan aurreikusitako babesa aplikatzea, «sui generis» eskubideari dagokionez

1.Lege honen 133. artikuluan «sui generis» eskubideari dagokionez aurreikusitako babesa orobat aplikatuko zaie 1998ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko hamabost urteen barruan fabrikatzen amaitu diren datu-baseei, betiere lege honek 133. artikuluan galdaturiko betekizunak betetzen badituzte data horretan.

2. Aurreko zenbakian aipaturiko datu-baseen babesari buruzko hamabost urteen epea 1998ko urtarrilaren 1etik kontatuko da.

Hamazazpigarrena. Datu-baseen babesari dagokienez 1998ko urtarrilaren 1a baino lehen amaituriko egintzak eta eskuratutako eskubideak

Hamabosgarren eta hamaseigarren xedapen iragankorretan aurreikusitako babesak ez ditu eragotziko 1998ko urtarrilaren 1a baino lehen amaituriko egintzak eta eskuratutako eskubideak.

Hemezortzigarrena. 1998ko urtarrilaren 1a eta apirilaren 1a bitartean amaituriko datu-baseei I. liburuan eta II. Liburuan aurreikusitako babesa aplikatzea, «sui generis» eskubideari dagokionez

Egile eskubideari dagokionez lege honetan aurreikusitako babesa eta lege beraren 133. artikuluan «sui generis» eskubideari dagokionez ezarritakoa aplikatuko zaizkie, orobat, 1998ko urtarrilaren 1a eta apirilaren 1a bitartean amaituriko datu-baseei ere.

Hemeretzigarrena. Fonograma-ekoizleen eskubideen iraupena

2002ko abenduaren 22an aplikatzekoa zen legeriaren arabera indarrean dauden fonograma-ekoizleen ustiapen-eskubideek 119. artikuluan aurreikusitako iraupena izango dute.

Hogeigarren xedapen iragankorra

Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bateginaren 37. artikuluko bigarren zenbakian adierazten den errege-dekretua lege hau indarrean sartu eta urtebeteren epean aldarrikatu beharko da gehienez ere.

Aurreko zenbakian adierazten den errege-dekretua onetsi arte, ordainsariaren zenbatekoa 0,2 euro izango da zenbaki hartan aipaturiko establezimenduetan mailegatzeko eskuratutako obra-ale bakoitzeko.

Era berean, aldi horretan, Estatuak, autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek erabaki ahal izango dute zer lankidetza-mekanismo behar diren titulartasun publikoko establezimenduek dituzten ordaintze-betebeharrak betetzeko.

XEDAPEN DEROGATZAILEA

Bakarra. Arauen derogazioaren helmena

1.Derogaturik geratzen dira lege honetan ezarritakoaren kontra doazen xedapenak, eta zehazki, hauek:

a) 1880ko irailaren 3ko Errege Dekretua, Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legea exekutatzeko Erregelamendua onesten duena: 1. tituluko V. eta VI. kapituluak.

b) 1434/1992 Errege Dekretua, azaroaren 27koa, Jabetza Intelektualaren 1987ko azaroaren 11ko 22/1987 Legearen 24., 25. eta 140. artikuluak garatzen dituena: 9.1, 11., 12., 14., 16., 17., 18., 19., eta 37.1 artikuluak, eta II. tituluko II. eta III. kapituluak.

2. Indarrean jarraitzen dute xedapen hauek:

a) 9/1975 Legea, martxoaren 12koa, liburuari buruzkoa, Jabetza Intelektualari buruzko 1987ko azaroaren 1eko 22/1987 Legeak eta 1986ko martxoaren 21eko 875/1986 Errege Dekretuak derogatzen ez duten hartan.

b) 1880ko irailaren 3ko Errege Dekretua, Jabetza Intelektualari buruzko 1879ko urtarrilaren 10eko Legea exekutatzeko Erregelamendua onesten duena: I. tituluko I., II., III., IV., VII., VIII., IX. eta X. kapituluak eta xedapen iragankorra; II. tituluko I., II. eta III. kapituluak.

c) 3837/1970 Dekretua, abenduaren 31koa, film zinematografikoen higigarrihipoteka arautzen duena.

d) 2984/1972 Dekretua, azaroaren 2koa, era guztietako liburu eta liburuxketan ISBN zenbakia jartzeko betebeharra ezartzen duena.

e) 2332/1983 Dekretua, irailaren 1ekoa, ikus-entzunezko materialaren salmenta, banaketa eta erakusketa publikoa arautzen duena.

f ) 448/1988 Errege Dekretua, apirilaren 22koa, film zinematografikoen eta euskarri bideografikoan jasotako beste obra batzuen hedapena arautzen duena.

g) 479/1989 Errege Dekretua, maiatzaren 5ekoa, Jabetza Intelektualaren Arbitraje Batzordearen eraketa eta jardunbidea arrautzen dituena, 1995ko uztailaren 14ko 1248/1995 Errege Dekretuak aldatzen ez duen hartan.

h) 484/1990 Errege Dekretua, martxoaren 30ekoa, liburuen publikoarentzako salmenta-prezioari buruzkoa.

i) 1584/1991 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Jabetza Intelektualaren Erregistro Orokorraren Erregelamendua onesten duena, 1993ko maiatzaren 14ko 733/1993 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarraren 3. zenbakian indarrean deklaraturiko hartan.

j) 1434/1992 Errege Dekretua, azaroaren 27koa, 1987ko azaroaren 11ko Jabetza Intelektualari buruzko 22/1987 Legearen 24., 25. eta 140. artikuluak garatzen dituena, artikuluoi 1992ko uztailaren 7ko 20/1992 Legeak ematen dien bertsioan, 1994ko otsailaren 25eko 325/1994 Errege Dekretuak aldatzen ez duen hartan, eta xedapen derogatzaile honek derogatzen ez duen hartan.

k) 733/1993 Errege Dekretua, maiatzaren 14koa, Jabetza Intelektualaren Erregistro Orokorraren Erregelamendua onesten duena.

l) 325/1994 Errege Dekretua, otsailaren 25ekoa, zeinak aldatzen baitu 1987ko azaroaren 11ko Jabetza Intelektualaren 22/1987 Legearen 24., 25. eta 140. artikuluak -1992ko uztailaren 7ko 20/1992 Legeak ematen dien bertsioangaratzen dituen 1992ko azaroaren 27ko 1434/1992 Errege Dekretuaren 15.2 artikulua.

m) 1694/1994 Errege Dekretua, uztailaren 22koa, zeinak egokitzen baitu Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legera 1991eko urriaren 18ko 1584/1991 Errege Dekretua, Jabetza Intelektualaren Erregistro Orokorraren Erregelamendua onesten duena.

n) 1778/1994 Errege Dekretua, abuztuaren 5ekoa, zeinak egokitzen baitu 1992ko azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legera baimenak eman, aldatu eta amaitzeko prozeduren araudia.

ñ) 1248/1995 Errege Dekretua, uztailaren 14koa, zeinak aldatzen baitu parte batean 1989ko maiatzaren 5eko 479/1989 Errege Dekretua, Jabetza Intelektualaren Arbitraje Batzordearen eraketa eta jardunbidea arautzen dituena.

o) 1802/1995 Errege Dekretua, azaroaren 3koa, Ceuta eta Melilla hirietan kopia pribatuarengatiko konpentsazio-ordainsaria zehazteko sistema ezartzen duena.

p) 1966ko ekainaren 23ko Agindua, zinema hedabidearen publizitatekontratuek bete beharreko oinarrizko arauak ezartzen dituena.

q) 1971eko urriaren 30eko Agindua, Bibliografia Institutu Hispanikoaren Erregelamendua onesten duena.

r) 1987ko martxoaren 25eko Agindua, ISBNaren Espainiako Agentzia arautzen duena.

s) 1991eko apirilaren 3ko Agindua, zeinak garatzen baitu 1983ko irailaren 1eko 2332/1983 Errege Dekretua, ikus-entzunezko materialaren salmenta, banaketa eta erakusketa publikoa arautzen duena.

AMAIERAKO XEDAPENA

Bakarra. Erregelamenduz garatzea

Baimena ematen zaio Gobernuari lege hau erregelamenduz garatzeko arauak emateko.__

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra