Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Cuarta edición Premios Adrian Celaya

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

12/2017 Errege Lege Dekretua, uztailaren 3koa, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina —apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua— aldatzen duena, kopia pribatuengatik ezarritako ekitatezko konpentsazioaren sistemari dagokionez

2017-07-03

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/07/04, 158. zk.

 

I. XEDAPEN OROKORRAK

 

ESTATUKO BURUZAGITZA

7718

12/2017 Errege Lege Dekretua, uztailaren 3koa, Jabetza Intelektualaren

 

Legearen testu bategina —apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege

 

Dekretuaren bidez onartua— aldatzen duena, kopia pribatuengatik ezarritako

 

ekitatezko konpentsazioaren sistemari dagokionez.

I

Jabetza intelektualaren araudia jasotzen du Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia–, eta Espainian egile-eskubideak eta eskubide lotuak babesteko sistema osatzen du araudi horrek. Eskubide horien artean erreprodukzioarekin lotutako ondare-eskubidea dugu, titularra legitimatzen baitu bere obraren kopiak egiteko baimena emateko edo hori debekatzeko. Hala ere, eskubide horrek muga espezifiko batzuk ditu, zeinen barruan kopia pribatua baitago; horren araudia Informazioaren gizartean egile-eskubideen eta horien antzeko eskubideen alderdi batzuk harmonizatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko maiatzaren 22ko 2001/29/EE Zuzentarautik eratorrikoa da. Muga horri jarraikiz, pertsona fisiko batek jada jendarteratu den obra baten kopia egin ahalko du erabilera pribaturako eta ez besterako bada, eta, zuzenean nahiz zeharka, merkataritza- helbururik ez badu. Zuzentarau horrek xedatzen du bidea ezarri behar dela erreproduzitzen den obraren gaineko eskubideen titularrek ekitatezko konpentsazioa jaso dezaten kopiaren ordain gisa.

Gaur egun, kopia pribatuaren muga eta haren konpentsazioa arautzen duena Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginean honako hauek sartutako aldaketaren ondoriozkoa da: abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretua (Defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko presako neurriena) eta azaroaren 4ko 21/2014 Legea (apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina eta Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzen dituena). Arauketa horrekin bat, kopia pribatuengatik ezarritako ekitatezko konpentsazioa Estatuaren Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidak finantzatzen du, urtero. Finantzaketa-sistema hori ez da berria, izan ere, Europako gure inguruko herrialde batzuetan erabiltzen da, eta Espainiaren ordenamendu juridikoan sartu zen, izaera iragankorrez, arlo horretako Europar Batasunaren gidalerro argia izan arte.

Ildo horretatik, Europa eta nazio mailan azken garaian 2001/29/EE Zuzentarauaren interpretazioa eginez eman diren epaiek indargabeturik utzi dute kopia pribatuengatik ezarritako ekitatezko konpentsazioaren egungo arauketa. Baina, kopia pribatua erreproduzitzeko eskubideari jartzen zaion mugaren aitorpenak indarrean jarraitzen du. Lehenago adierazi den moduan, 2001/29/EE Zuzentarauak aipatu muga aitortzen denean ekitatezko konpentsazioa aitor dadila eskatzen duenez, derrigorrezkoa da EBaren zuzenbidea beteko bada, sistema berria presaz arautzea, hain zuzen, Europako eta nazioko jurisprudentziarekin bat etorriko den sistema.

II

Oro har, Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura finantzatutako ekitatezko konpentsazioaren egungo eredua aldatzen da, eta erreprodukzioak egiteko ekipoak, tresnak eta euskarriak fabrikatzen eta banatzen dituztenek ordaindutako zenbateko batean oinarritutako eredua ezartzen da. Sistema iraunkorra izatea da helburua, kontsumitzaileen eta inplikatutako sektore desberdinen beharrei –jabetza intelektualaren eskubideen

titularrenei barne– modu orekatuan erantzuten diena, bai eta Europako zuzenbidearekin eta nazionalarekin bat datorren ekitatezko konpentsazioa aurreikusten duena ere.

Hasteko eta behin, kopia pribatuaren muga definitzeko alderdi puntualak zehazten dira. Hain zuzen ere, kopia pribatua legezko iturritik egin den edo legez kontrako iturritik egin den bereizten da –Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak 31. artikuluaren 2. zenbakiko b) letra–.

Bigarrenik, kopia pribatuaren muga dela-eta egin beharreko ekitatezko konpentsazioaren arauketa aldatzen da; konpentsazio hori Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren 25. artikuluan dago jasota. Aldaketaren bidez, konpentsazioaren arauketaren oinarrizkoa xedatzen da, bai eta konpentsazioa benetan emateko prozedurazko alderdien garapenenerako erregelamenduzko araua emango dela ere.

Ekitatezko konpentsazio bakarraren hartzekoduntzat jotzen dira honako hauek: liburu edo antzeko argitalpenen, fonogramen edo bideogramen egileak, eta haiekin batera, argitaratzaileak, fonograma- eta bideograma-ekoizleak eta antzezleak edo jarduleak, horien saioak fonograma eta bideograma horietan finkatu badira. Argitaratzen dituzten obrak ustiatzeari begira egiten dituzten inbertsioak ere kaltetuak izaten dira kopia pribatuaren mugak duen indarraldiagatik. Horregatik hartzen dira hartzekoduntzat, baina eragotzi gabe egileek ekitatezko konpentsaziorako duten eskubidea. Subjektu zorduntzat hartuko dira, eta, ondorioz, ekitatezko konpentsazioa ordaindu behar duten subjektutzat, erreprodukzioak egiteko ekipoak, tresnak eta euskarri materialak Espainian fabrikatzen dituztenak, banatzaile komertzial gisa jarduten badute, bai eta Espainiatik kanpo horiek erosten dituztenak banaketa komertziala egiteko edo bertan erabiltzeko ere.

Erreprodukzioak egiteko zein ekipo, tresna eta euskarrik ordaindu beharko duten ekitatezko konpentsazioa eta zenbat izango den ordaindu beharrekoa Lehendakaritzako eta Lurralde Administrazioetarako Ministerioaren agindu batean jasoko da, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioaren proposamenez, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kontseiluari kontsulta egin eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak txostena eman ondoren. Agindua lantzeko prozesuan legean bertan jaso diren irizpideak aplikatuko dira, inplikatutako sektore desberdinetako ordezkariei entzunaldia emango zaie eta nahitaezkoa izango da Jabetza Intelektualaren Batzordearen Lehen Atalak kontsulta-txostena ematea.

Bukatzeko, salbuespen eta itzulketetarako sistema sartzen da ekitatezko konpentsazioaren arauketan, Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren jurisprudentziarekin bat datorrena. «Ex ante» salbuetsitakoak arautzen dira hots, konpentsazioaren ordainketaren aurretik salbuetsitakoak, eta horren osagarri gisa «ex post» itzulketarako sistema salbuetsirik ez dauden kasuei aplikatzeko, hain zuzen, amaierako kontsumitzaileak ekitatezko konpentsazioa ordaindu badu ere, diru-itzulketarako eskubidea justifikatzen duen kasuetarako; interesdunak justifikatu beharko du salbuetsita izateko kausa bideratzen ari dela edo eskuratutako erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna edo euskarri materiala xede profesionalerako baino ez duela erabiliko, edo Europar Batasunean esportatu edo emateko.

Ekitatezko konpentsazioa ordaindu beharko duten erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna eta euskarriak zeintzuk diren eta konpentsazio horren zenbatekoa zein den zehaztuko dituen lehen araudia –errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta gero– onetsi arte, konponbide iragankorra arautzen da, zeina honako errege lege-dekretu hau onartzen denetik aplikatu beharko den. Konponbide iragankor horrek abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuaren onespenaren aurreko araudian du abiapuntu, baina Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziara, egungo errealitate teknologikora eta kopia pribatuaren mugagatik une honetan egindako kaltera egokitzeko beharrezko izan diren aldaketak eginak. Erreprodukzioak egiteko ekipoen, tresnen eta euskarrien eta zenbatekoen zehaztapen hori iragankorra da, beraz, inolaz ere ez da aplikatzeko aurrekari loteslea izango alderdi horiek arautzeko behin betiko araudia lantzeko legean aurreikusitako irizpideei dagokienez.

Lehenago adierazi denez, kopia pribatuengatiko ekitatezko konpentsazioaren araudiak indarraldia galdu izanak, Europa zein nazio mailako epaiak direla-eta, harekin dakar

jabetza intelektualaren eskubideen titularrek –gure ordenamendu juridikoan xedatutakoarekin bat– dituzten eta jasotzen ez dituzten eskubideekin lorturiko kaltearen konpentsazioa jasotzea ahalbidetuko dien sistemarik ez egotea, hots, kopia pribatuagatiko muga aitortu izanaren ondoriozko eskubideagatiko konpentsazioa jasotzeko biderik ez egotea, nahiz eta kopia pribatua erreproduzitzeko eskubidearen mugaren legezko aitorpenak indarrean jarraitu. Indarraldia galdu da Auzitegi Gorenak orain arte aplikatutako konpentsazio sistemaren eta aipatu 2001/29/EE Zuzentarauaren 5.2.b) artikuluaren arteko erabateko bateraezintasuna deklaratu duelako eta ezinezkoa delako Estatuaren Aurrekontu Orokorren kargura finantzatzen zen kopia pribatuengatiko ekitatezko konpentsazio-sistema egokitzea.

Horrek betebeharreko Europako zuzenbidea ez betetzea dakar, eta Estatuak lehenbailehen eman behar dio amaiera egoera horri; izan ere, egoera horrek berehalako legegintza-ekintza eskatzen du, legeen izapidetze parlamentarioaren bide arruntetik edo presako prozeduratik eskatzen dena baino epe motzagoan burutu behar dena (KAE 6 eta 111/83), beraz, justifikatua geratzen da errege lege-dekretu honen bidez neurriak hartu beharra, Konstituzioaren 86. artikuluak eskatzen duen aparteko eta presazko beharrizana ematen delako.

Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeari eman zaio proiektu honen berri 2017ko uztailaren 3an egindako bileran.

Beraz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan zehaztutako baimenaz baliatuta, Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2017ko uztailaren 3ko bileran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina aldatzea.

Apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina honela geratzen da idatzita:

Bat. Hogeita bosgarren artikulua honela geratzen da idatzita:

«1. Liburu gisa argitaratutakoak edo ondore hauetarako errege-dekretu bidez horien antzekotzat jotzen diren argitalpenak, bai eta fonograma, bideograma edo beste euskarri soinuzko, ikusizko euskarri edo ikus-entzunezko euskarri gisa argitaratutakoak ere, erreproduzitzeak tresna edo tresna tekniko ez-tipografikoen bidez erabilera pribaturako baino ez –ez lanbide ez enpresa erabilerarako–, eta merkataritza helbururik gabe –zuzenean nahiz zeharka– konpentsazio bat sortuko du, ekitatezkoa eta bakarra, aipatutako hiru erreprodukzio-modalitateetako bakoitzerako, 31. artikuluaren 2. eta 3. zenbakiekin bat; konpentsazioaren xedea da kopia pribatuaren legezko mugen barruan egindako erreprodukzioengatik hartzekodunei eragindako kalteak behar bezala konpentsatzea. Konpentsazio hori erreprodukzio-modalitate bakoitzerako zehaztuko da erreprodukzio hori egiteko egoki diren ekipo, tresna eta euskarri materialen arabera; gauzok Espainiako lurraldean fabrikatuak nahiz Espainiako lurraldean merkataritzan banatzeko edo erabiltzeko lurralde horretatik kanpo eskuratuak izan beharko dute.

2.Ekitatezko konpentsazio bakarraren subjektu hartzekodun izango dira aurreko zenbakian aipatutako formetariko batean publikoki ustiatutako obren egileak, elkarrekin, eta, dagokien kasu eta erreprodukzio motetan, egileekin batera, argitaratzaileak, fonograma- eta bideograma-ekoizleak eta fonograma eta bideograma horietan beren saioak finkatu diren artista interpretatzaileak edo exekutatzaileak. Eskubide hori uko egin ezina izango da egileentzat eta artista interpretatzaile nahiz exekutatzaileentzat.

3.Alde batetik, Espainian fabrikatzen dutenak izango dira aipatutako konpentsazioaren zordunak, merkataritza banatzaile gisa dihardutenean, eta,

bestetik, 1. zenbakian aurreikusitako ekipo, tresna eta euskarri materialak Espainiako lurraldean merkataritzan banatzeko edo erabiltzeko Espainiako lurraldetik kanpo eskuratzen dituztenak.

Era berean, konpentsazioaren ordainketaren erantzule solidarioak izango dira ekipo, tresna eta euskarri materialak hornitu dizkietenekin batera ondoren aipatu ekipoak, tresnak eta euskarri materialak eskuratuko dituzten banatzaileak, handizkakoak nahiz txikizkakoak izan, salbu eta egiaztatzen badute hornitzaileei konpentsazioa ordaindu dietela.

Banatzaileek, handizkakoak nahiz txikizkakoak izan, ondoren aipatu ekipo, tresna eta euskarri materialak eskuratuko dituztenak direnean, entitate kudeatzailei eskatu ahalko diete, errege-dekretu bidez garatuko den ekitatezko konpentsazioa egiteko prozedurarekin bat, ordaindu duten konpentsazio hori itzul dakien, 7. zenbakiarekin bat salbuetsita daudenei saldu dizkieten erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna eta euskarri materialei dagokienez.

4.Lehendakaritzako eta Lurralde Administrazioetako Ministerioaren Aginduaren bidez zehaztuko dira, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioaren proposamenez, eta Gobernuaren Ekonomia Gaietarako Batzorde Delegatuak txostena eman ondoren, ekitatezko konpentsazioa ordaindu behar duten ekipo, tresna eta euskarri materialak zeintzuk diren, kontzeptu hori dela-eta zordunek hartzekodunei ordaindu beharko dieten zenbatekoa zein den, bai eta erreprodukzio-modalitateen artean konpentsazio hori nola banatuko den ere.

Agindua onetsi aurretik, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kontseiluari kontsulta egingo zaio eta Jabetza Intelektualaren Batzordeko Lehenengo Atalak nahitaezko txostena eman beharko du.

Agindua lantzeko prozeduran zehar, jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzen dituzten entitateei, interesdunei eta zordunak ordezkatzen dituzten elkarte handienei entzungo zaie, Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioak xedatutakoarekin bat, eta arrazoitutako proposamena aurkeztu beharko dute horiek guztiek haien interes eremuarekin loturik, justifikazio-txostenarekin batera aurkeztu ere.

Agindua sustatzen duen zuzendaritza zentroak lehentasunezko arreta eskainiko die alderdi interesdun bakoitzak bere legezko eskubide espezifikoekin loturik aurkeztutako alegazioei.

Agindua edozein momentutan berrikusi ahalko da teknologien eta merkatu- egoeraren bilakaera kontuan hartuta. Edonola ere, hiru urterik behin, gutxienez, berrikusi beharko da.

5.Aurreko zenbakian aurreikusitako ondoreetarako, honako hau kontuan hartuko da:

a)Ekitatezko konpentsazioaren zenbatekoa zehazteko 31. artikuluaren 2. eta

3.zenbakietan jasotzen den erreprodukzio-eskubidearen mugaren barruan egindako erreprodukzioen ondorioz hartzekodunei eragindako kaltea hartuko da oinarritzat. Horretarako, gutxienez, honako irizpide objektibo hauek kontuan hartuko dira:

1.a Ekipo, tresna eta euskarri materialak zein intentsitaterekin erabiltzen diren, eta horretarako kontuan hartuko da kopia pribatuen legezko mugaren babespean egiten den kopia kopuruaren zenbatespena.

2.a Ekipo, tresna eta euskarri materialen biltegiratze-ahalmena, bai eta horien barruan erreprodukzio funtzioak beste funtzioen aldean duen garrantzia ere.

3.a Kopia pribatuen legezko mugak obren aleen salmentan duen inpaktua, kontuan hartuta kopia pribatuek noraino ordezten dituzten ale horiek, bai eta jatorrizko ale edo kopia bat eskuratzen duenak kopia pribatuak egin ahal izateak duen efektua ere.

4.a Erreproduzitutako modalitate bakoitzaren prezioa.

5.a Kopia pribatuaren legezko mugaren babespean egindako erreprodukzioak digitalean edo analogikoan egin diren, edo erreprodukzioen kalitatea eta kontserbazio-denbora.

6.a Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak 160.3 artikuluan aipatzen dituen neurri teknologikoen eskuragarritasuna, aplikazio-maila eta eraginkortasuna, bai eta kopia pribatuaren legezko mugaren babespean egindako erreprodukzioetan izan duten inpaktua ere.

7.a Europar Batasuneko beste estatu kideetan aplikagarri diren kopia pribatuengatiko ekitatezko konpentsazioaren zenbatekoak, betiere, alderatzeko oinarri homogeneoak badaude.

b)Erreprodukzio-eskubidearen titularrari eragindako kaltea oso txikia denean ez da konpentsaziorik ordaindu beharrik izango; egoera horiek errege-dekretu bidez zehaztuko dira.

c)Honako hauek ez dira erabilera pribatuko erreprodukziotzat hartuko:

1.a Publikoarentzat erreprodukzioak egiten dituzten edo erreprodukzioak egiteko ekipoak, tresnak eta materialak publikoaren eskura jartzen dituzten establezimenduetan egindakoak.

2.a Erreprodukzio digitala egiteko ekipoen, tresnen eta euskarrien bitartez egin diren kopiak, ekipo, tresna eta euskarri horiek erabiltzaile pribatuen eskura jarri ez direnean –zuzenbidez nahiz egitatez– eta kopia pribatuak egiteko ez den beste erabilera batzuetara xedaturik daudenean.

d)Erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna eta euskarri materialak argi eta garbi erabilera profesionalerako direnean eta erabiltzaile pribatuen eskura –zuzenbidez nahiz egitatez– jarri ez direnean kopia pribatuak egiteko, ez dute kopia pribatuengatiko ekitatezko konpentsazioa ordaindu beharko.

6.Artikulu honetako 1. zenbakian aurreikusten den konpentsazioa ordaintzeko betebeharra kasu hauetan sortuko da:

a)Banatzaile gisa ere badiharduten fabrikatzaileen kasuan eta Espainiako lurraldean merkataritzan banatzeko xedez ekipoak, tresnak eta euskarri materialak Espainiako lurraldetik kanpo eskuratzen dituztenen kasuan, zordunak jabetza eskualdatzen duen unean, edo, hala badagokio, haietariko zeinahiren erabilera edo gozamena lagatzen duen unean.

b)Espainiako lurraldean erabiltzeko xedez ekipoak, tresnak eta euskarri materialak Espainiako lurraldetik kanpo eskuratzen dituztenen kasuan, haiek eskuratzen dituzten unean.

7.Salbuetsirik daude konpentsazioa ordaintzetik erreprodukzioak egiteko honako ekipo, tresna eta euskarri material hauen eskurapenak:

a)Sektore publikoa osatzen duten entitateek egindakoak, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bateginak xedatutakoarekin bat, baita Diputatuen Kongresuak, Senatuak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Kontu Auzitegiak, Herritarren Defendatzaileak, autonomia-erkidegoetako batzar legegileek eta erakunde autonomikoen barruan Kontu Auzitegiaren eta Herritarren Defendatzailearen antzeko direnek egindakoak ere. Zordunei egiaztatu ahalko zaie salbuespen hori eta, kasua denean, erantzule solidarioei, honela:

1.a Honako hauetako baten organo eskudunak emandako egiaztagiriaren bidez: Estatuaren Administrazio Orokorra, autonomia-erkidegoen administrazioak, toki- administrazioa osatzen duten entitateak, Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak eta zerbitzu erkideak, unibertsitate publikoak, bai eta Diputatuen Kongresua, Senatua, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Estatu Kontseilua,

Kontu Auzitegia, Herriaren Defendatzailea, autonomia-erkidegoen batzar legegileak eta erakunde autonomikoen barruan Estatu Kontseiluaren, Kontu Auzitegia eta Herriaren Defendatzailearen antzeko direnak.

2.a Gizarte Segurantzarekin elkarlanean ari diren mutuekiko zuzendaritza eta tutoretza organoak emandako egiaztagiriaren bidez.

3.a Sektore publikoa osatzen duten beste erakundeen babespean edo haiekin lotuta dauden lurralde administrazioek emandako egiaztagiriaren bidez.

b)Azken kontsumitzaile gisa jarduten duten pertsona juridiko edo fisikoek egiten dituztenak, eskuratutako ekipoak, tresnak edo euskarri materialak xede profesionala baino ez dutela egiaztatzen badute, eta, betiere, erabiltzaile pribatuen eskura –zuzenbidez nahiz egitatez– jarri ez badira eta kopia pribatuak egiteko erreserbatuak ez daudela nabarmena bada; zordunei egiaztatu beharko diete hori eta, kasua denean, erantzule solidarioei 10. zenbakian aurreikusitako pertsona juridikoak emandako egiaztagiriaren bidez.

c)Beren jardueran ari direnean dagozkion obrak, arte-prestazioak, fonogramak edo bideogramak erreproduzitzeko nahitaezko baimena dutenek egindakoak, egoki denaren arabera; zordunei eta, kasua denean, erantzule solidarioei egiaztatu beharko diete hori, 10. zenbakian aurreikusitako pertsona juridikoak emandako egiaztagiriaren bidez.

d)Pertsona fisikoek erabilera pribaturako egiten dituztenak Espainiako lurraldetik kanpo bidaiari gisa.

Egiaztapena egon ezean, konpentsazioa ordaintzeko salbuetsitakoek konpentsazioa itzultzeko eskatu ahalko dute.

8.Konpentsazioa ordaintzeko salbuetsita ez dauden pertsona juridiko edo fisikoek hori itzultzeko eskatu ahalko dute honako kasu hauetan:

a)Azken kontsumitzaile gisa ari direnean, eskuratutako erreprodukzioak egiteko ekipoen, tresnen edo euskarri materialen erabilerak xede profesionala baino ez duela egiaztatzen badute, eta, betiere, ez badira erabiltzaile pribatuen eskura jarri –zuzenbidez nahiz egitatez– eta nabarmena bada ez direla kopia pribatuak egiteko erreserbatuak.

b)Erreprodukzioak egiteko eskuratutako ekipo, tresna edo euskarri materialak esportatzeko edo Europar Batasunaren barruan entregatzeko erabili direnean.

Ez dira onartuko hogeita bost euro baino gutxiagoko itzulketetarako eskabideak. Hala ere, itzulketarako eskabidean ekipo, tresna eta euskarri materialen eskurapenagatik urteko ekitaldian ordaindutako ekitatezko konpentsazioa bada, hogeita bost eurora iristen ez direnak ere onartuko dira.

9.Jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzeko entitateen bidez ordainduko da ekitatezko konpentsazioa, errege-dekretu bidez horretarako xedatzen den prozedurarekin bat, eta entitateek beraiek bermatu behar dute bai zordunek bai erantzule solidarioek ordaindu behar dutenaren fakturaren jakinarazpen bateratua izango dutela.

10.Jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzeko entitateek parte hartuko dute, indarrean den legeriarekin bat, pertsona juridiko baten eraketan, kudeaketan eta finantzaketan, eta pertsona horrek entitate horien guztien ordezkari gisa jardungo du honako zeregin hauetan:

a)Ordainketa salbuespenak eta itzulketak kudeatzen.

b)Konpentsazioa ordaindu beharra sortu duten erreprodukzioak egiteko ekipoen, tresnen eta euskarrien zerrendak aldizka jasotzen eta entitate kudeatzaileei bidaltzen; zordunek eta, kasua denean, erantzule solidarioek egingo dituzte zerrenda horiek, errege-dekretu bidez zehazten den konpentsazioa egiteko prozeduraren esparruaren barruan.

c)Fakturazioa batera jakinarazten.

11.Zordunek eta erantzule solidarioek aurreko zenbakian xedatutakoarekin bat entitate kudeatzaileek eratutako pertsona juridikoari ahalbidetuko diote ekitatezko konpentsazioa ordaintzera behartuta dauden eskurapenen eta salmenten kontrola egiten, bai eta 7. zenbakian ezarritako salbuespenak ukitzen dituenena ere. Halaber, salbuetsita izateko egiaztagiria lortu duten subjektuek, aipatutako pertsona juridikoak eskatzen badie, salbuespenaren onuradun izateko betekizunak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko beharrezko diren datuak emango dituzte.

12.Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, jabetza intelektualaren eskubideen entitate kudeatzaileen gaineko ikuskaritza, zaintza eta kontrolerako eginkizunak burutzean, aipatutako pertsona juridikoak dagozkion betebeharrak betetzen dituela zaintzearen ondoreetarako, Kulturako Estatu Idazkariari honako informazio hau bidali beharko dio pertsona horrek, urtero, apirilaren 1ean, aurreko urteari dagokionez:

a)Konpentsazioa ordaintzeko betebeharra sortu duten erreprodukzioak egiteko ekipoen, tresnen eta euskarrien aldizkako zerrendak jasotzen dituen zerrenda xehea, zordunek eta erantzule solidarioek eginak.

b)Zordunek eta erantzule solidarioek ordaindutako konpentsazioen zerrenda

xehea.

c)Izapidetutako salbuespen- eta itzulketa-egiaztagirien zerrenda.

d)Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak bere eginkizunak burutzeko beharrezko ikusten duen informazio osagarria.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren webgunean argitaratuko da informazio hori.

Halaber, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ebatziko ditu pertsona juridikoak salbuesteko egiaztagiriak –7. zenbakiko b) eta c) letretan aurreikusiak– emateari eta kopia pribatuengatiko ekitatezko konpentsazio gisa ordaindutakoa –8. zenbakian aurreikusia– itzultzeko eskabideak onartzeari uko egiten dionean sortzen diren gatazkak.»

Bi. 31.2. artikuluaren b) letra honela geratzen da idatzita:

«b) Erreprodukzioa legezkoa den iturri batetik egitea eta obraren edo prestazioaren irispiderako baldintzak ez haustea.»

Hiru. Letra berria, e) letra, gehitzen da 154.5 artikuluan eta hari jarraitzen dion paragrafoa aldatzen da; honela geratzen da idatzita:

«e) Kasua denean, 25.10 artikuluak jasotakoarekin bat eratzen den pertsona juridikoa finantzatzea.

Entitate kudeatzaile bakoitzeko batzar orokorrak urtero hitzartu beharko ditu arestian adierazitako xede bakoitzera bideratuko diren bereganatutako eta erreklamatu gabeko zenbatekoen gutxieneko ehunekoak; dena den, zenbateko horiek ez dira, inola ere, ehuneko 15 baino txikiagoak izango, d) eta e) hizkien kasuan salbu.»

Xedapen gehigarri bakarra. Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategineko 25.10 artikuluan xedatutako pertsona juridikoa eratzea

1.Jabetza intelektualaren eskubideak kudeatzeko entitateek eratu beharko dute Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren 25.10 artikuluan aurreikusitako pertsona juridikoa, errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hiru hilabeteko epean.

2.Entitate kudeatzaileetako batek ere ez du bere kabuz gaitasunik izango pertsona juridiko horren erabakiak kontrolatzeko.

3.Aipatu pertsona juridikoak egoitza elektronikoa izan beharko du, bai eta bere eginkizunak burutzeko eta eskatzen diren itzulketak garaiz ordaintzeko nahiko ekonomia baliabide ere.

4.Entitate kudeatzaileek Kulturako Estatu Idazkaritzari jakinaraziko diote eratutako pertsona juridikoaren izena edo izendapena eta helbidea; halaber, eraketa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko dute entitate kideen banakako zerrendarekin batera, zeinetan horien izena eta helbidea adieraziko baitira. Aurrekoa aplikatuko zaio aipatutako pertsona juridikoaren inguruko edozein aldaketari, helbidearekin, zenbakiarekin eta parte hartzen duten entitate kudeatzaileen motarekin loturikoei dagokienez, eta kasua denean, hura arautzen duten estatutuen aldaketari.

5.Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak kontrolatuko ditu pertsona juridiko horren estatutuak, haren jarduera martxan jarri aurretik.

Lehenengo xedapen iragankorra. Liburuen pareko argitalpenak.

Gobernuak errege-dekretu bidez zehaztuko du zein hartuko diren liburuen pareko argitalpentzat, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren 25. artikuluaren ondoreetarako. Errege-dekretu hori onartu bitartean, liburuen pareko argitalpentzat hartuko dira kultura-, zientzia- eta teknika-edukikoak izanik honako hauek betetzen dituztenak:

a)Izenburu beraren azpian serie gisa editatzen direnak tarte erregular edo irregularretan, zeinen aleek ondoz ondoko zenbakia duten edo hilabeteko aldizkakotasuna –gutxienez– eta seihilekoa –gehienez– datari dagokionez.

b)Aleko gutxienez 48 orrialde dituztenak.

Bigarren xedapen iragankorra. Kopia pribatuengatiko ekitatezko konpentsazioaren arauketa iragankorra.

1.Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik eta azken xedapenetatik lehenean aurreikusten den errege-dekretua indarrean jarri arte, zordun edo erantzule solidario bakoitzak ordaindu beharko duen konpentsazioa zehazteko ondoren zerrendatuko diren ekipoen, gailuen eta euskarri materialen gainean honako zenbatekoak aplikatuko dira:

a)Liburuak edo erregelamenduz liburuekin parekatzen diren argitalpenak erreproduzitzeko ekipo edo tresna digitalen kasuan:

1.a Tintazko injekzioko edo laserreko funtzio anitzeko periferikoak, kopiatzeko, inprimatzeko edo eskaneatzeko gaitasuna dutenak: 5,25 euro aleko.

2.a Funtzio bakarreko periferikoak, kopiatzeko, inprimatzeko edo eskaneatzeko gaitasuna minutuko 39 kopiakoa dutenak: 4,50 euro aleko.

b)Disko-grabagailuen kasuan:

1.a Disko trinko espezifikoentzako grabagailua: 0,33 euro aleko.

2.a Disko trinko mistoentzako grabagailua: 0,33 euro aleko

3.a Disko balioaniztun espezifikoentzako grabagailua: 1,86 euro aleko.

4.a Disko balioaniztun mistoentzako edo disko trinko eta balioaniztunentzako grabagailua: 1,86 euro aleko

c)Erreprodukzio mistoa, testuarena, soinuarena eta ikusizkoena edo ikus- entzunezkoena egiteko euskarri materialen kasuan:

1.a Birgrabagarriak ez diren disko trinkoak: 0,08 euro aleko

2.a Disko trinko birgrabagarriak: 0,10 euro aleko.

3.a Birgrabagarriak ez diren disko balioaniztunak: 0,21 euro aleko

4.a Disko balioaniztun birgrabagarriak: 0,28 euro aleko.

d)USB memoriak eta beste gailu batean integratuak ez dauden beste memoria- txartel batzuen kasuan: 0,24 euro aleko.

e)Bideogramak, testuak eta fonogramak, edo beste soinu-eduki batzuk, ikusizkoak edo ikus-entzunezkoak erreproduzitzeko egokiak diren integratu gabeko diskoen kasuan: 6,45 euro aleko.

f)Bideogramak, testuak eta fonogramak, edo beste soinu-eduki batzuk, ikusizkoak edo ikus-entzunezkoak erreproduzitzeko egokiak diren eta ekipo batean integratuta dauden diskoen kasuan: 5,45 euro aleko. Salbuetsita geratzen dira kopia pribatuaren mugaren babespeko erreprodukzioak egitea ahalbidetzen ez dituzten bideo-jokoen kontsoletan integratutako diskoak eta telebista digitaleko seinale-deskodegailuetan integratutakoak.

g)Fonogramak, bideogramak, testuak edo beste soinu eduki batzuk, ikusizkoak edo ikus-entzunezkoak, formatu konprimituan daudenak, erreproduzitzeko gailu eramangarrien eta ukimen-pantailako gailu elektroniko eramangarrien kasuan: 3,15 euro aleko.

h)Fonogramak, bideogramak eta testuak edo beste soinu eduki batzuk, ikusizkoak edo ikus-entzunezkoak, erreproduzitzeko funtzionalitatea duten sakelako telefonoen kasuan: 1,10 euro aleko.

Ezin izango zaie zenbaki honetan aurreikusitako zenbateko bat baino gehiago aplikatu ordenagailuei, eramangarriei edo mahai gainekoei, ez eta g) eta h) letretan aurreikusitako gailuei ere.

2.Hiruhileko natural bakoitza amaitu ondoren, hogeita hamar egun izango ditu zordunak Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren 25.10 artikuluan aurreikusitakoarekin bat eratutako pertsona juridikoari zerrenda bat aurkezteko, zeinetan, konpentsazioa –1. zenbakian aurreikusia– ordaindu beharra sortu duten erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna eta euskarri materialen kopurua, horien gaitasun eta ezaugarri teknikoak jasoko baitira, hiruhileko horri dagokionez.

Xehetasun beraz, Espainiako lurraldetik kanpora destinaturiko ekipo, tresna eta euskarri materialei dagozkien zenbatekoak eta aipatutako testu bateginaren 25.7.a) artikuluan ezarritakoaren arabera salbuetsiriko entregei dagozkienak deduzituko dituzte. Salbuetsitako entrega bakoitzean honakoak zehaztu beharko dira: fakturaren data eta zenbakia, eta salbuetsitako entitate eskuratzailearen izena.

Betebeharra sortu eta hurrengo bost egunen barruan aurkeztuko dute aipatutako testu bateginaren 25.6.b) artikuluan aipatzen diren zordunek hiruhilekoari dagokion aleen zerrenda.

Aipaturiko ekipoak, tresnak eta euskarri materialak ondoren eskuratzen dituzten banatzaileek, handizkakoek nahiz txikizkakoek, espainiar lurraldean eskuratu dituzten ekipoak, tresnak eta euskarri materialak –zeinen zordunak dagokien konpentsazioa jasanarazi ez dien, ez eta fakturan hori jaso ere– jaso behar dituzte adierazitako hiruhileko zerrendan. Halaber, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren 25.7.a) artikuluak xedatutakoarekin bat salbuetsitako entregei dagokienez lehen adierazitako betebeharra izango dute.

3.Hiruhileko ale-zerrenda jaso ondoren, 2. zenbakian adierazitako pertsona juridikoak dagozkion entitate kudeatzaileei bidaliko die.

4.Zerrenda ikusirik, entitate kudeatzaile bakoitzak faktura igorriko du zordunaren izenean edo, kasua denean, erantzule solidarioaren izenean, bertan ordaindu beharko den konpentsazioaren zenbatekoa jasoko da. Zordunak edo erantzule solidarioak ordaindutako konpentsazioaren zenbatekoa itzuli behar izanez gero, entitate kudeatzaileak, bidezko egiaztapenak egin eta gero, haiei jakinaraziko die, gehienez, bi hilabeteko epean hiruhilekoari dagokion ale-zerrenda aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatua, faktura egin dezaten dena delako entitate kudeatzailearen izenean, zeinetan entitateak ordaindu beharko duen konpentsazioa agertuko baita; faktura egin den egunetik hilabetea pasa baino lehen ordainduko da.

Entitate kudeatzaileek fakturazioaren jakinarazpen bateratua egingo diete zordunei edo, kasua denean, erantzule solidarioei, 2. zenbakian aipatutako pertsona juridikoaren bidez.

5.Zordunek edo erantzule solidarioek hiruhilekoaren ale-zerrenda –3. zenbakian xedatua– aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hilabetean ordaindu beharko dute konpentsazioa. Zordunak eta, hala badagokio, erantzule solidarioak sortutako konpentsazioaren gordailuzaintzat joko dira hura egiazki ordaindu arte. Ordainketa horiek jasotzen dituzten entitate kudeatzaileek jasotako kopuruen ehuneko 30, gutxienez, hornitu beharko dute xedapen honen 7. zenbakian adierazitako ordainketak egiten diren momentura arte.

6.Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak 25.3 artikuluan jasotako zordun eta erantzule solidarioek konpentsazioaren zenbatekoa bereizia jasanarazi beharko diete beren bezeroei ematen dizkieten fakturetan; eta bezeroa, azken kontsumitzailea izanez gero, zenbateko hori berreskuratzeko eskubidea duela esan, testu bategin horrek 25.8 artikuluan aurreikusitako betekizunak betetzen baditu.

Fakturan konpentsazioaren zenbatekoa bereizia agertzen ez bada, kontrakorik frogatu ezean, bertan agertzen diren ekipo, tresna eta euskarri materialek sortutako konpentsazioa ez dela egin ulertuko da.

7.Lehen zenbakian araututako konpentsazioa ordaindu duten pertsona juridiko edo fisikoek eskubidea badute ordaindutakoa itzul dakien Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategineko 25.8 artikuluak xedatutako betekizunak betetzeagatik, 2. zenbakian aipatutako pertsona juridikoaren aurrean baliatu ahalko dute horretarako ekintza, azken xedapenetatik lehenean aurreikusitako errege-dekretua indarrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarren xedapen iragankorra. 2012ko urtarrilaren 1a baino lehenago eskuratutako erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna eta euskarri materialak.

1.Itzulketarako eskubidea ematen duten akats material edo aritmetikoek eragindako likidazio eta bidegabeko ordainketa kasuetan izan ezik, bidegabetzat joko da kopia pribatuengatiko ekitatezko konpentsazioaren araubidea –orduan indarrean zegoena– aplikatzearen ondorioz, eta araubide horrek eragindako erreprodukzioak egiteko ekipo, tresna eta euskarri materialak eskuratzeagatik ordaindutako edo jasanarazitako kopurua itzultzea fabrikatzaileei, banatzaileei, handizkakoei nahiz txikizkakoei, eta amaierako erosleei, 2012ko urtarrilaren 1a –abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretua indarrean jarri zeneko data– baino lehenago sortutako kopuruengatik.

2.Zordunei edo, kasua denean, legezko betebehar hori dela-eta erantzule solidario bihurtu direnei 2012ko urtarrilaren 1a baino lehenago, aplikagarria izango zaie abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretua indarrean jarri aurretik kopia pribatuaren inguruan indarrean zegoen araudia, betiere, dagokion deklarazio-likidazioa aurkeztu ez badute edo dagozkion zenbatekoak ordaindu ez badituzte aipatu data hori baino lehenago eskuratutako ekipo, tresna eta euskarri materialengatik, araudi-aplikagarriarekin bat. Era berean, entitate kudeatzaileek zenbaki honek xedatutakoarekin bat biltzen dituzten zenbatekoei aplikatu beharreko aipatu araudian aurreikusitako betebehar guztiak aplikatuko dizkiete.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren hirugarren xedapen gehigarria indargabetuta geratzen da.

Azken xedapenetatik lehena. Erregelamendu bidezko garapena.

Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik urtebeteko epean gehienez ere, errege-dekretu bat eman beharko da honetan xedatutakoen erregelamendu bidezko garapena jasotzeko, eta Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren 25. artikuluaren 4. eta 5. zenbakietan, hurrenez hurren, jasotako prozedura eta irizpideak aplikatuta, ekitatezko konpentsazioa ordaindu beharko duten ekipo, tresna eta euskarri materialak zehazteko, lehendabizikoz eta iraunkortasunez, bai eta zordunek hartzekodunei

kontzeptu horrengatik ordaindu beharko dizkieten zenbatekoak eta konpentsazio hori erreprodukzio-modalitateen artean nola banatuko den ere.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren hurrengo hilabetearen 1ean jarriko da indarrean, hala ere, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginaren 25. artikuluak 4. zenbakian aurreikusten duen lehenengo zehaztapena azken xedapenetatik lehenean aurreikusitako errege-dekretuaren bidez ezarriko da.

Madrilen, 2017ko uztailaren 3an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra