Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

60/2003 Legea, abenduaren 23koa, Arbitrajekoa

2003-12-23

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2003/12/26, 309. zk.

60/2003 Legea, abenduaren 23koa, Arbitrajekoa.

(EAO, 309. zk., 2003ko abenduaren 26koa)

ZIOEN ADIERAZPENA

I

Espainia beti izan da sentibera arbitrajearen araubide juridikoa harmonizatzeko eskakizunen aurrean, batez ere nazioarteko merkataritzari buruzkoan, hain zuzen praktika hori hedatzen laguntze aldera eta arbitrajea aplikatzean irizpideen batasuna sustatze aldera, arbitrajea arautzeko legeak era berekoak izateak gatazkak konpontzeko baliabide eraginkorragoa ekarriko duela uste duelako.

Arbitrajeko abenduaren 5eko 36/1988 Legea bokazio horren zordun da. Aurretik ere berariaz agertu zen hori maiatzaren 22ko 1094/1981 Errege Dekretuan, nazioarteko merkataritzako arbitrajeari ateak ireki zizkionean, kontuan hartuta “nazioarteko merkataritzako harremanak gehitzeak, batez ere Iberoameriketako eremu zabalean, eta gure herrialdean nazioarteko merkataritzako arbitraje-zerbitzu egokirik ez egoteak, eragile bi horien ondorioz, aipatutako eremu horretako enpresariek eta merkatariek arbitrajeko teknika erabiltzen dutenean, beste kultura bateko hizkuntza-giroko instituzioetara jotzen dutela ikusita; horrek ondorio negatiboak ditu Espainiarako, eta gure herrialdearen eta aipatutako herrialde horien arteko loturak hausten ditu denon interesa gehitzen ari diren gaietan”.

Lege honek areagotu egiten ditu sentiberatasun hori, bokazio hori eta praktika hori, baina jauzi kualitatibo bat eman nahirik. Horrela, arbitrajerako Espainiako araubide juridikoak 1985eko ekainaren 21ean Nazioarteko Merkataritzako Zuzenbiderako Nazio Batuetako Batzordeak egindako Lege Ereduan (UNCITRAL Lege Ereduan) oinarri hartzea du inspirazio-irizpide nagusia; Nazio Batuetako Batzar Nagusiak 1985eko abenduaren 11ko 40/72 Ebazpenean gomendatu zuen Lege Eredu hori, “arbitrajeko zuzenbide prozesala era bereko izateko eskakizunak eta nazioarteko merkataritzako arbitrajeko praktikaren beharrak kontuan hartuta”. Espainiako legegileak Nazio Batuen gomendioari jarraitu dio, Lege Eredua hartu du oinarri eta, gainera, bereziki arbitrajehitzarmenaren eskakizunei eta kautelazko neurriak hartzeari buruz aurrerapen teknikoak barneratzeko eta arbitrajearen behar berriei erantzuteko, Batzorde hark hasitako ondorengo lanak hartu ditu kontuan.

Lege Ereduak halako konpromiso sotil bati erantzuten dio, kontu handiz zuzenbide konparatua landuta, Europako kontinenteko eta anglosaxoien tradizio juridikoak biltzeraino. Lege Ereduaren idazketak, beraz, ez die bete-betean erantzuten gure ordenamenduko ohiko kanonei, baina Espainiak geroz eta merkataritzako harreman bizi eta handiagoak dituen eskualdeetako eragileen artean lege hori zabaltzeko aukera ematen du. Aipatutako eskualdeetako eragile ekonomikoek, horrenbestez, ziurtasun gehiago izango dute arbitrajeko araubide juridikoak Espainian duen edukiaz; horrek, beraz, gure herrialdea arbitrajeko toki izendatuko duten arbitraje-hitzarmenak ituntzeko erraztasunak emango ditu, horretara bultzatzeraino. Lege Eredua eskuragarriagoa da, bada, nazioarteko merkataritzako eragile ekonomikoentzat, arau-malgutasun gehiagorekin eta agertoki oso ezberdinetan sortutako kasu zehatzen berezitasunetara hobeto egokitzen diren arauekin ohituak baitaude.

Lege berria ematean ondo jakinekoak dira Arbitrajeko abenduaren 5eko 36/1988 aurreko Legeak gure ordenamendu juridikoan instituzio horren araubidea arautu eta modernoagoa egiteko ekarri zituen aurrerapen ukaezinak. Lege hori indarrean egon den artean, nabaria izan da arbitrajeak gure herrialdean lortu duen hedapena; ugaritu egin ditu harreman juridikoen motak eta kopurua, batez ere kontratuei buruzkoenak, alderdiek arbitraje-hitzarmenak ituntzen dituztelako horietarako; finkatu egin da instituzioen arbitrajea; indartu egin dira era bereko praktikak, batez ere nazioarteko arbitrajeetan; aintzat hartzeko moduko doktrina corpusa sortu da; eta normaldu egin da arbitrajeari sostengua eman eta bera kontrolatzeko prozedura judizialen erabilera.

Hala ere, lehen egindako gogoetek adierazten dutenez, eta azaldutako altxorra abiapuntu dela, beharrezkoa da Lege Eredua bereganatu duten estatuen zerrenda geroz eta handiago horretan gure herrialdea sartu eta instituzioa arautzeko beste aurrerapauso garrantzitsu bat ematea. Gainera, 36/1988 Legea indarrean sartu zenetik igarotako denboran hutsuneak eta inperfekzioak antzeman dira. Arbitrajeak, instituzio bat izanda, trafiko juridikoaren bilakaeraren pareko lastertasuna izan behar du bere bilakaeran ere, bereziki nazioarteko merkataritza-arloari dagokionez, zaharkituta gelditu nahi ez badu.

Herrialde batean arbitrajeari buruzko barruko legediak abantailak edo pizgarriak eskaini behar dizkie pertsona fisikoei eta juridikoei, bide hori aukera dezaten gatazkak konpontzeko, eta estatu horretako lurraldean eta bertako arauen arabera gara dadin arbitrajea.

Beraz, bai arbitrajea hobetu eta arbitrajearen bilakaeraren jarraipena egiteko, zein Lege Ereduari egokitzeko, nahitaezkoa da lege hau aldarrikatzea.

II

Arauketa berria bederatzi titulutan sistematizatzen da.

Hala, I. tituluak arbitrajeari buruzko xedapen orokorrak jasotzen ditu.

Legearen aplikazio-eremua zehazten du 1. artikuluak, irizpide hauek oinarri hartuta:

Lehenengo eta behin, salbuetsi egiten dira Espainia partaide den nazioarteko hitzarmenetan jasotako xedapenak, besterik egiterik ez legoke eta.

Bigarrenik, ohiko arbitrajearen eta arbitraje berezien arteko kontrajartzeari dagokionez, lege honek lege orokor izan nahi du, arauketa berezirik ez duten arbitraje guztiei osoosorik aplikatzeko, eta arauketa berezia duten arbitrajeei ere osogarri moduan aplikatzeko, beren berezitasunak direla-eta lege honetan aurreikusitakoaren aurkakoak direnean izan ezik, edo lege-mailako arauren batek lege hau aplikaezina dela berariaz xedatzen duenean izan ezik.

Hirugarrenik, barruko arbitrajearen eta nazioarteko arbitrajearen kontrajartzeari dagokionez, legeak argi eta garbi bien arauketa bateratuaren alde jokatzen du.

Dualismoaren (nazioarteko arbitrajea osorik edo zati handi batean barruko arbitrajeko aginduekin barik beste batzuekin arautzea) eta monismoaren (salbuespen bakan batzuetan izan ezik, agindu berberak aplikatzea berdinean barruko zein nazioarteko arbitrajeari) arteko aukeran, legeak sistema monistari jarraitu dio.

Nazioarteko arbitrajean gutxi eta oso ondo justifikatutakoak izan behar dira barruko arbitrajearen arauketa barik bestelakoa eskatzen duten arauak.

Nahiz eta nazioarteko arbitrajea sarri beste eskakizun batzuei erantzuteko dela jakin, lege honen oinarrian uste da –eta gaiaren inguruko egungo joerak berretsi egin du- nazioarteko arbitrajeko arauketa ona bada, barruko arbitrajerako ere ona izan behar dela, eta alderantziz.

Lege Eredua UNCITRAL horren magalean sortu denez, nazioarteko merkataritzako arbitrajerako bereziki sortutakoa da; baina bere inspirazioa eta konponbideak guztiz dira baliozkoak, kasurik gehienetan, barruko arbitrajerako.

Lege honek zentzu horretan atzerriko oraintsuko beste legedi batzuen ereduari jarraitzen dio; haien ustez, Lege Eredua nazioarteko merkataritzako arbitrajerako ez ezik, arbitraje orokorrerako ere egokia da eta.

Laugarrenik, legearen aplikazio-eremua lurraldera mugatzen da.

Hala ere, agindu zehatz batzuk, auzitegiek parte hartu behar duten zenbait kasuri buruzkoak, atzerrian gara daitezen edo garatu diren arbitrajeei ere aplikatu egin behar zaizkie.

Irizpidea, nolanahi ere, lurraldekoa da horretan ere, gure auzitegiek aplikatu beharreko prozesuko arauak direlako.

Legeko 2. artikuluan arbitrajearen xede diren gaiak arautzen dira, libre xedatzeko irizpidea oinarri hartuta, 36/1988 Legeak egiten zuen bezala.

Alabaina, ez da beharrezkoa libre xedatzeko gaien gaineko inolako zerrendarik lege honetan jasotzea, ez eta adibide moduan ere.

Aski da, horretarako, parean jartzea, gatazka bat arbitrajearen menpe jartzeko modukoa dela, eta gatazkaren objektua alderdiek xedatu dezaketela.

Hasteko, xeda daitezkeen gaiak arbitrajeko gai dira.

Aditzeko modukoa da, ordea, politika juridikoko arrazoiak tarteko, alderdiek xedatzeko moduko gaiak egotea edo egon ahal izatea, eta horiei arbitratzeko modukoak izatea kentzea edo mugatzea.

Hori, baina, arbitrajeko arauketa orokorraren eremutik kanpo gelditzen da; eta, kasua bada, beste lege-testu batzuetan jaso daitezke horretarako berariazko xedapenak.

Arbitrajeko xede diren gaiei dagokienez arau bat sartu da, esanez estatuek eta horien menpeko erakundeek ezin izango dutela baliarazi beren ordenamendu juridikoko prerrogatibarik nazioarteko arbitrajerako.

Horrekin lortu nahi dena, ondorio horretarako, estatua beste edozein partikular bezala tratatzea da.

Bestalde, 3. artikuluak arbitrajearen nazioarteko izaera zehazten du; eta oso da baliagarria gure lurraldean garatutako nazioarteko arbitrajeetarako arau bereziak jasotzen dituzten artikuluak aplikatzeko.

Hartara, gure ordenamenduan oraintxe ezartzen da lehenengoz arbitraje bat noiz den nazioartekoa; eta horrek erraztu egin beharko lituzke lege honen interpretazioa eta aplikazioa nazioarteko trafiko juridikoaren baitan.

Gainera, nazioarteko zenbait hitzarmen aplikatu ahal izateko, aurrez zehaztu egin behar da nazioarteko arbitrajea zer den.

Arbitrajea nazioartekoa den zehazteko, funtsean Lege Ereduaren irizpideak hartzen dira.

Irizpide horiei beste hau gehitu behar zaie: gatazka ekarri duen harreman juridikoak nazioarteko merkataritzako interesei eragin behar diela.

Irizpide hori, hain zuzen, oso zabal garatu da beste ordenamendu batzuetan, eta horrekin ateak ireki nahi zaizkie beste kasu batzuei ere, legean aurrez ezarritako osagaiak bertan bildu ez arren, kasu bakoitzaren gorabeheren argitan kasu hori nazioartekoa dela ukaezina den heinean.

Bestalde, beste ordenamendu batzuetan pertsona bati egoitza bat gehiago onartu arren, legeak saihestu egiten du egoera horrek arbitraje bat nazioartekoa den edo ez zehazteko unean eragingo lukeen nahasmendua.

Legeko 4. artikuluak interpretaziorako zenbait arau jaso ditu; horien artean aparteko garrantzia dute, alderdien borondatez arbitraje-instituzioren baten interpretaziora edo arbitraje-erregelamenduren baten edukira bidalita, lege honetako lege-arau xedagarriak edukiz betetzen dituztenak.

Horrela, lege honek bere araurik gehienetan lehentasuna ematen dio alderdien borondatearen autonomiari.

Borondate hori, baina, arbitrajeko instituzio administratzaileak bere arauen indarrez har ditzan ebazpenek osatuko dute, edo arbitroek har ditzatenek, alderdiek menpe jartzeko onartu duten arbitrajeerregelamenduaren arabera.

Beraz, arbitraje-kontratuaren edo arbitraje-hitzarmenaren edukia osatu-edo egiten da, eta kasu horietan, xedapen honen indarrez, kontratu arautzaile bihurtzen da.

Era horretan, arbitrajearen gaineko norbanakoen autonomia zuzenean zein zeharka ager daiteke; zuzenean, alderdiek beren borondatea adieraziz, eta zeharka, arbitrajea arbitraje-instituzioren batek administratzeko edo arbitraje4/ 26 erregelamendu batekin eraentzeko borondatea adierazita.

Zentzu horretan, arbitrajeinstituzio esateak, arbitraje-erregelamendu bat eduki eta horren arabera arbitrajeen administrazioan diharduen aurreikusitako ezaugarrietako edozein erakunde, zentro edo antolakunde esan nahi du.

Baina zehaztuta uzten da alderdiak erregelamendu zehatz baten menpe jar daitezkeela, arbitrajearen administrazioa instituzioen esku utzi gabe; kasu horretan arbitraje-erregelamenduak ere alderdien borondatea osatzen du.

Legeko 5. artikuluan, ondoren, jakinarazpenak, komunikazioak eta epeen zenbaketa ezartzen dira; eta arbitrajea abian jartzeko jarduketei eta arbitrajeko izapide guztiei aplikatzen zaizkie.

Jakinarazpenen eta komunikazioen formak, tokia eta denbora arautzen dira.

Egunetan diren epeak zenbatzeko, egutegiko egunak hartuko direla xedatzen da.

Arau hori ez da aplikatuko arbitrajeko sostengu edo kontroleko prozedura judizialetan, prozesuko arauek agintzen dutelako horretan; baina aipatutako prozesuak hasteko ezarritako epeetan bai aplikatuko dira, esaterako, laudoa deuseztatzeko akzioa egikaritzeko.

Legeko 6. artikuluak inpugnatzeko ahalmenei isilbidez uko egiteari buruzko xedapen bat jasotzen du, beste hainbat bezala Lege Ereduan zuzenean inspirazioa hartuta; alderdien borondaterik ez dagoenean aplikatzeko diren arau xedagarriak hausten direnean, xedapen horrek gertaera hori ordu onean eta berehala salatzera behartzen ditu arbitrajean parte direnak.

Jarraian, 7. artikulua, auzitegiek arbitrajean parte hartzeari buruzkoa, arbitrajehitzarmenaren ondorio negatiboaren emaitza da, eta arbitrajearen menpe jarritako gatazkez arduratzea galarazten die auzitegiei.

Arbitrajearen menpe jarritako gaien gainean auzitegiek duten parte hartzea, hartara, legeak berariaz aurreikusitako sostengueta kontrol-prozeduretara mugatzen da.

Legeko 8. artikuluak, zuzenean edo igorriz, arbitrajeko sostengu- eta kontrol-prozedura guztiez arduratzeko lurraldearen eta gaiaren araberako eskumaren arauak jasotzen ditu, baita lege honetan barik Prozedura Zibileko Legean araututa daudenenak ere.

Atzerriko laudoen exequaturrerako eskumena probintzia-auzitegiei egozten zaie, eta ez orain arte bezala Auzitegi Goreneko lehenengo salari, azken horri lanak arintzeko, eta azkartasun gehiago lortzeko.

III

Ondoren, II. tituluak arbitraje-hitzarmenaren eskakizunak eta ondorioak arautzen ditu, lege honetan berariaz aurreikusi gabeko guztietan kontratuei buruzko arau orokorrak aplikatzeari kalterik eragin gabe.

Orokorrean hartuta, legeak aurreko legedia hobetu nahi du, gatazkatsu agertutako zenbait puntu zehaztuta.

Azpimarratzekoak dira arbitraje-hitzarmenaren forma-eskakizunei buruz sartutako zenbait berrikuntza.

Legeak indartu egiten du irizpide antiformalista.

Hala, nahiz eta hitzarmena idatziz jasota uzteko eskakizunari eutsi eta idatzita jasota uzteko modu bat baino gehiago oharteman, eskakizun hori betetzeko forma zabaldu egiten da, eta gerora kontsultatu ahal izateko moduko euskarrietan jaso daiteke itundutako arbitrajehitzarmenen edukia, nahitaez idatzizkoa izan beharrik eduki gabe.

Horrela tokia egiten zaio eta bere balioa onartu komunikazio-bide berriak eta teknologia berriak erabiltzeari.

Balioa baiesten zaio, halaber, aipamen bidezko arbitraje-klausulari, hau da, hitzarmeneko dokumentu nagusian jaso barik aparteko beste dokumentu batean jasota dagoenari, lehenengo horretan bigarrenaren aipamena egiten delako lehenengoaren edukian sartuta dagoela ulertzen da eta.

Era berean, arbitraje-hitzarmena egon badela esateko alderdiek agertutako borondatea formaren eskakizunen gainetik jartzen da.

Arbitraje-hitzarmenari aplikatzeko legeari dagokionez, arbitraje-hitzarmenaren baliorako onuragarrien den irizpidean edo kontserbazio-printzipioan inspirazioa hartzen duen irtenbidea aukeratu da.

Horrela, aski da 9. artikuluko 6. paragrafoan aipatutako hiru araubide juridikoetako edozein kontuan hartzea, arbitraje-hitzarmena baliokoa izateko: hau da, alderdiek aukeratutako arauak, gatazkaren mamiari aplikatzekoak diren arauak, edo Espainiako zuzenbidea.

Legeak eutsi egiten die arbitraje-hitzarmenaren ondorio positiboari eta ondorio negatiboari.

Ondorio negatiboari dagokionez, eutsi egiten zaio alderdiek baliarazi behar dutela dioen arauari, eta demandatuak deklinatoriaren bidez egin behar izateari bereziki.

Gainera, deklinatoria jarrita duen prozesu judizialen bat ebatzi gabe egoteak ez du galaraziko arbitraje-prozedura hastea edo jarraitzea; beraz, prozesu judiziala hastea ezin da erabili berez eta beste barik arbitrajea blokeatu edo zailtzeko.

Eta argi uzten da auzitegiren bati kautelazko neurriak eskatzeak ez diola ezertara ere arbitrajeari isilbidez uko egiten; hala ere, ez du berez eta besterik gabe abiarazten arbitraje-hitzarmenaren ondorio negatiboa.

Horrekin, bada, zalantza guztiak uxatzen dira arbitrajearen menpe jarritako edozein gatazkari buruz auzitegien bidez kautelazko neurriak adostu ahal izateko, baita arbitraje-prozedura hasi aurretik ere.

Aukera hori batere zalantzarik gabekoa da Prozedura Zibileko Legearen argitan, baina garrantzi handikoa da arbitrajeko legedian ere jasota uztea.

Gainera, Espainiako legediak araututako arbitrajeren bati buruz atzerriko auzitegiren batean kautelazko neurriak eskatzeko aukerari babesa ematen zaio.

IV

Arbitroaren edo arbitroen figura arautzen du III. tituluak.

Legeak nahiago du arbitroa edo arbitroak esan arbitraje-auzitegi esan baino, justiziako auzitegiekin nahastu daitezke eta.

Gainera, agindurik gehienetan arbitroak aipatzen direnean bai arbitro-taldeak bai arbitro bakarrak hartzen dituzten kasuak sartzen dira batera.

Legeak aukera egiten du alderdiek adostasunik lortu ezik arbitro bakar bat izendatuko dela ezartzeko.

Aukera horren eragilea ekonomia-arrazoiak dira.

Arbitro izateko gaitasunari dagokionez, alderdiek askatasunik handiena izateko irizpidea aukeratzen da, hori baita arbitrajeko gaietan aurreratuen dauden herrialdeetako arau nagusia gaur egun: legeak ez du ezer ezartzen, jarduteko gaitasun osoko pertsona fisikoak izatea baino ez.

Alderdiek zuzenean edo arbitraje-instituzioek izendatuko dituzte arbitroak, askatasun osoz eta murrizketarik gabe –ez baitatoz arbitrajeko errealitatearekin bat murrizketok-.

Legeak, arbitrajea geldiaraz ez dadin, arbitroak izendatzean gerta daitezkeen egoerak aurreikusi eta arautzen ditu, baina alderdien borondatea ordezkatzea beharrezkoa den kasuetako bakarrik.

Kasu horietan epaileek jardutea beharrezkoa da, nahiz eta, alde batetik, prozedura judiziala azkarra izatea nahi den, eta bestetik, izendapena egiteko irizpideak Lehen Auzialdiko epaileari eman nahi zaizkion.

Lehenengo puntuaren adierazgarri dira, batetik, hitzezko epaiketara bidaltzea, eta bestetik, prozedura horretan epaitegiak emandako interlokuzio-ebazpenak ezin direla banaka errekurritu, ez eta izendapena egiteko emandako ebazpena ere.

Bigarren puntuaren adierazgarri, aldiz, nazioarteko arbitrajeetan arbitro bakarra edo hirugarren arbitroa alderdien naziotasunekoa barik beste batekoa izatea komeni dela dioen araua.

Azpimarratzekoa da, halaber, prozedura honetan epaileari ez zaiola deirik egiten arbitraje-hitzarmenaren balioaren kontrola egin dezan edo gatazka arbitrajearen menpe jartzekoa den egiaztatzeko, ez ofizioz ez alderdi batek eskatuta ere; hain zuzen, hori egiten utziko balitzaio, batetik, behar ez bezala atzeratuko litzateke izendapena, eta bestetik, edukirik gabe utziko litzateke arbitroen eskumenaz lehenengo eta behin ebatzi behar dutenak arbitroak berak direla dioen araua.

Horregatik, epaileak salbuespeneko kasu honetan bakarrik ezetsi dezake arbitroak izendatzeko eskabidea: arbitraje-hitzarmenik ez dagoenean; hau da, “prima facie” benetan arbitraje-hitzarmenik ez dagoela baietsi dezanean. Baina, epailea prozedura honetan ez dago hitzarmenaren balioaren eskakizunen kontrola egiteko.

Arbitro guztiei, nork izendatu dituen alde batera utzita, arbitrajean alderdi direnekin behar besteko inpartzialtasuna eta independentzia zaintzeko eginbeharra ezartzen zaie.

Horren berme da, hain zuzen, beren inpartzialtasuna edo independentzia zalantzatan jartzeko gai den edozein gertakizun edo gorabehera alderdiei jakinarazteko duten eginbeharra.

Ezabatu egin da epaileek eta magistratuek parte ez hartzeko eta horiek errefusatzeko arrazoietara jotzea, arbitrajeko gaietan beti ez direlako egokiak izaten eta kasu guztiak babesten ez dituztelako; nahiago izan da klausula orokor bat jartzea.

Errefusatzeko prozedurari dagokionez, beste behin ere alderdien askatasunak du lehentasuna, bai zuzenean adostasuna lortuta bai arbitraje-erregelamenduren batera bidalita.

Halakorik egon ezik, arbitroa bera edo arbitroak izango dira errefusatzeaz ebatziko dutenak, laudoa deuseztatzeko kausa bezala, errefusatzeko arrazoiak baliarazteko aukerari ateak itxi gabe.

Errefusatzea ezetsiko lukeen ebazpenaren aurrean auzitegietara zuzenean jotzeko aukerak, dudarik gabe, onurak ekarriko lituzke, aldez aurretik inpartzialtasunaren gaineko ziurtasuna emango lukeelako, baina ahalmen hori aukerakoa izango litzateke luzapenetarako erabiltzeko.

Uste denez, ez dira hain usuak izango behar ez bezala ezetsitako errefusatze-kasuak eta, ondorioz, arbitraje-prozedura osoa deuseztatzea ekarriko luketenak; agintari judizialei atzerapenetan prozedura luzatzeko aurkeztuko litzaizkiekeen berehalako uziak baino gutxiago.

Legeak, halaber, arbitroren bat kargutik kentzeko eta haren ordezkoa izendatzeko balio dezaketen beste kasu batzuk aipatzen ditu.

Aurreikusita uzten du, kasu horietan, lehendik egindako jarduketa batzuk berriz egin beharko direla, baina ez du horretara behartzen.

V

Arbitroen eskumenaren gai garrantzitsuari ematen zaio IV. titulua.

Arbitrajerako nagusi den araua ezarri du 22. artikuluak, arbitroek beren eskumenari buruz ebazteko ahala dutela.

Arau hori Kompetenz-Kompetenz alemaneko esamoldearekin bataiatu du doktrinak, eta 1988ko Legeak famatu zuen, orduko esapideak hain zehatzak ez baziren ere.

Arau horrek agintzen duenez, arbitrajehitzarmena eta kontratu nagusia banatu egin daitezke; hau da, arbitraje-hitzarmenaren balioa ez dago kontratu nagusiaren menpe, eta arbitroek eskumena dute arbitrajehitzarmenaren beraren balioaz erabakitzeko ere.

Gainera, eskumen hitza termino orokor bezala hartu behar da, eta bertan estu-estuan halakoak diren gaiez gain, gatazkaren mamiaren gainean ebazpena emateko eragozpen izan daitezkeen gai guztiak sartzen dira (arbitroen nortasunari buruzkoa izan ezik, aparteko tratamendua baitute).

Legeak zama bat ezartzen du, arbitroen eskumenari buruzko gaiak “a limine” planteatzeko agintzen du eta.

Azpimarratzekoa da, bestalde, alderdietako batek arbitroen izendapenean zuzenean parte hartu arren, delako alderdiak ez diola isilbidez uko egiten arbitroek gaiaren gainean eskumenik ez izateaz baliatzeari.

Kompetenz-Kompetenz arauaren ondorio logikoa da: arbitroak badira beren eskumenari buruz ebatzi behar dutenak, eskumen horri buruz ebatzi dezakeena edo dezaketenak izendatzen baino ez du laguntzen alderdiak.

Kontrakoak egoera absurdu batera eramango luke alderdia: arbitroak izendatzeko orduan pasibo egon beharko luke, gero gatazkaren gainean eskumenik ez dutela alegatu ahal izateko.

Arbitroen eskumenari dagozkien gaien gainean aldez aurretik alegatu beharra dakarren arauak arrazoizko moldaketa bat du berandu alegatzen diren kasuetarako, eta arbitroen iritziz justifikatuta dago, alderdiak aurretik alegazioa egiterik izan ez duen heinean eta alderdiak prozeduran izandako portaera ezin bada arbitroen eskumena onartzeko moduan interpretatu.

Arbitroen iritzipean uzten da beren eskumenari buruzko gaiak aldez aurretik erabakitzea, edo mamiaren gaineko gaiekin batera egitea komeni den.

Legeak ezartzen duenez arbitroek beharrezko iritzi ditzaten hainbeste laudo eman ditzakete, prozesuko edo mamiaren gaineko gaiak erabakitzeko; edo bestela, laudo bakar eman dezakete gai guztiak erabakitzeko.

Legearen berrikuntzarik nagusienetakoa dakar 23. artikuluak: arbitroek kautelazko neurriak hartzeko ahala dutela.

Ahal hori baztertu egin dezakete alderdiek, zuzenean edo arbitraje-erregelamenduren batera bidalita; baina, bestela, onartu egiten dutela ulertuko da.

Legeak nahiago izan du kautela-ahal horren eremua zehazten sartu ez.

Arbitroek, jakina, ez dute ahal betearazlerik; beraz, kautelazko neurriak betearazteko, beharrezkoa izango da agintari judizialengana jotzea, mamiari buruzko laudo bati buruz balitz bezala.

Alabaina, kautela-jardueraren baitan deklaraziozko alde bat eta betearazteko beste alde bat bereizi badaitezke, legeak lehenengoa onartzen die arbitroei, alderdiek kontrakorik adostu ezik.

Arau horrek ez du indargabetzen ez eta murrizten ere Prozedura Zibileko Legean eta lege honetako 8 eta 11. artikuluetan aurreikusitako aukera, alderdi interesatuak agintari judizialei kautelazko neurriak hartzea eskatzeko aukera.

Kautela-gaietan arbitroen eta epaileen ahalak txandakakoak eta metatzen direnak dira, prozesuko fede oneko printzipioari kalterik eragin gabe.

VI

Arbitroen jarduketak arautzen ditu V. tituluak.

Legeak borondatearen autonomia hartzen du printzipio moduan, eta alderdiek defendatzeko duten eskubidea eta berdintasunprintzipioa jartzen ditu autonomia-printzipioaren eta arbitroen jardunaren muga bakartzat; printzipio horiek arbitrajearen oinarrizko balio izateraino jasotzen ditu, arbitrajea prozesua dela kontuan hartuta.

Behin oinarrizko arau horien errespetua bermatuta, arbitraje-prozeduraren gainean ezarritako arauak xedagarriak dira; beraz, alderdiek zuzenean ezer adostu ez dutenean edo instituzioen arbitrajea onartu dutenean edo arbitraje-erregelamenduren bat onartu dutenean bakarrik aplikatu ahal izango dira.

Era horretan, agindu horien azpian dauden politika juridikoko aukerak alderdien borondatearen menpe gelditzen dira beti.

Arbitrajearen tokiari dagokionez, azpimarratzekoa da arbitrajearen tokian barik beste egoitza batean egin daitezkeela entzunaldiak eta eztabaidak.

Arbitrajearen tokia edo egoitza zehazteak garrantzi juridikoa du hainbat alderditik ikusita, baina hori finkatzeak ez luke zurruntasunik sortu behar prozeduraren garapenean.

Alderdi batak gatazka arbitroen ebazpenera jartzeko egindako errekerimendua beste alderdiak hartzen duenean hasten da arbitrajea.

Logikoa dirudi arbitrajearen hasieraren ondorio juridikoak une horretan bertan sortzea, nahiz eta gatazkaren xedea oraindik erabat zedarrituta egon ez.

Bestelako irtenbideek prozedura zailtzeko jarduketetarako aukerak ekarriko lituzkete.

Arbitrajeko hizkuntza edo hizkuntzak zehaztea, jakina, alderdiei dagokie; eta horiek egin ezean, arbitroei.

Hala ere, alderdietakoren bat aurka jarri ezik, arbitraje horretan ofiziala ez den beste hizkuntza batean aurkeztu daitezke dokumentuak baita jarduketak gauzatu ere, itzulpenik egin beharrik izan gabe.

Oso zabaldutako arau praktiko bat indartzen da horrekin, dokumentuak eta adierazpenak beste hizkuntza batean aurkeztea onartzen duena.

Arbitrajean ez dira nahitaez eta beti errepikatzen prozesu judizialeko partaidetza aktiboa eta pasiboa; ez behintzat modu berean.

Azken batean, gatazkaren xedea zehaztea, arbitraje-hitzarmenaren eremuan beti ere, pausoka gertatzen da.

Hala ere, arbitrajeko praktikak agertzen duen bezala, arbitrajea hasten duenak beti uzi bat jartzen die aurrean kontrako alderdiari edo alderdiei, eta bera, horrenbestez, demanda-jartzaile bihurtzen da; demandatuak, ordea, errekonbentzioa egin dezake.

Arrazoizkoa dirudi, bada, alderdien askatasunari kalterik eragin gabe, arbitraje-prozedura demandatzailearen eta demandatuaren alde bitako jarreretan oinarrituta egituratzeak.

Komenientzia hori, ordea, malgutu egin behar du alderdi bakoitzak bere jarrerak defendatzeko egintzen eskakizunak taxutzeko orduan.

Modu horretan, ez da eskakizunik jartzen alderdien alegazio-idazkien formari eta edukiari dagokienez.

Legeko 29. artikuluan aipatutako demandaren eta erantzunaren eginkizuna arbitroei gatazkaren xedeaz argigarriak ematea da, nahiz eta gero beste alegazio batzuk ere egin daitezkeen.

Arbitrajean ez dira kontuan hartzen auzi-prozesuetako berezko arauak, demandaren eta erantzunaren eskakizunei dagozkienak, ez eta erantsi beharreko dokumentuei edo preklusioari dagozkienak ere.

Arbitraje-prozedura, baita alderdiek adostasunik ez dutenean ere, malgutasun handiz egituratzen da, instituzioaren eskakizunekin bat etorriz.

Malgutasun hori prozeduraren beraren ondorengo garapenean ere ikusten da.

Gerta daiteke zenbait kasutan prozedura batez ere idatzia izatea, kasuaren gorabeherek entzunaldiak egiterik eskatzen ez badute.

Frogak burutzeko, hala ere, entzunaldiak egitea da araua.

Legeak, bestalde, alderdiak geldirik egonda arbitrajea geraraztea edo laudoaren balioa arriskuan jartzea saihestu nahi du.

Arbitrajeko frogaldian ere alderdien eta arbitroen erabateko askatasunak agindu behar du –defentsa-eskubidea eta berdintasun-printzipioa errespetatzen badira-, eta harekin batera, malgutasunik handienak.

Legeak peritu-frogari buruzko arauak baino ez ditu ezartzen, garrantzi berezikoak baitira egungo arbitrajean, alderdiek borondatea agertzen ez dutenean aplikatzen dira eta.

Arau horiei esker, bai alderdiek zuzenean izendatutako perituek emandako irizpenak, zein arbitroek ofizioz edo alderdiren baten eskariz izendatutako perituek emandako irizpenak onartzen dira, eta perituen lanari buruzko beharrezko kontraesana bermatzen da.

Frogak burutzeko laguntza judiziala ere arautu egiten da, bera baita arbitrajeari ohituraz emandako sostengu judizialaren eginkizunetako bat.

Laguntza hori ez da nahitaez auzitegiak zenbait froga berak burutu behar izatea; kasu batzuetan, aski izango dira beste neurri batzuk arbitroek berek burutu ditzaten frogak, esaterako, ziurtasun-neurriak hartzea edo dokumentuak erakusteko errekerimenduak egitea.

VII

Legeko VI. titulua laudoari eta arbitraje-prozedura amaitzeko beste aukera-modu batzuei buruzkoa da.

Horrela, 34. artikuluak gatazkaren mamia ebazteko aplikatu beharreko arauak arautzen ditu, irizpide hauek oinarri hartuta: 1) Beste behin ere alderdien askatasunak du lehentasuna, 1988ko Legean bezala.

2) Alderantziz jarri da 1988ko Legeak ekitateko arbitrajearen alde zuen araua.

Alderdien artean adostasunik ez dagoenean, zuzenbideko arbitrajeari lehentasuna ematea da jokabiderik zabalduena zuzenbide konparatuan.

Eztabaidatzeko modukoa da oso, gainera, alderdiek arbitrajearen menpe jartzeko borondatea agertzeak, gehiagoko zehaztasunik gabekoa bada, gatazka ekitatez ebazteko borondatea berarekin daukanik, auzitegi batek ebatzi beharko balu izango lituzkeen irizpide juridiko berberekin egin beharrean.

Ekitateko arbitrajea alderdiek berariaz itundu duten kasuetara mugatuta dago: bai “ekitatea” hitzez hitz aipatzen den kasuetara, zein erabakia “kontzientzian” eta “ex aequo et bono” hartzeko esamoldeak jasotzen dituztenetara, edo arbitroak “ararteko adiskidetzaile” moduan jardungo duela diotenetara.

Hala ere, alderdiek erabakia ekitatez hartzea onartzen badute eta aldi berean arau juridiko aplikagarriak aipatzen badituzte, arbitroek ezin izango dute ahaztu azken abisu hori.

3) Ordenamendu aurreratuenen orientazioari jarraituz, kendu egin da aplikatzekoa den zuzenbideak harreman juridikoarekin edo gatazkarekin loturarik izan behar duenik, eskakizun horrek, kontrol gaitza izateaz gain, muga lausoak dituelako.

4) Legeak nahiago du “arau juridiko aplikagarriak” esan “zuzenbide aplikagarria” esan baino, azken horrek estaturen bateko ordenamendu juridiko zehatz batera bidaltzeko eskakizuna daramala dirudielako, eta kasu batzuetan nazioarteko merkataritzako ordenamendu bat baino gehiagoko arauak edo arau erkideak aplikatu behar izaten direlako.

5) Legeak ez ditu gatazketako arau-sistema batera lotzen arbitroak.

Erabakiak hartzerakoan, arbitro-taldea dagoenean, alderdiek zuzenean edo zeharka finkatutako arauen kontra joan gabe, gehiengoaren arau logikoari eusten zaio, eta gehiengorik ez dagoenean lehendakariak erabakitzen du.

Lehendakariari prozedurako gaiak erabakitzeko ahalmena ematen dion araua sartu da; gaion artean, ondorio horietarako, ez da sartzen gatazkaren mamikoa ez den edozein gai, baizik eta, mugatuta, prozesuko izapide soilei edo bultzadari buruzkoak.

Aurreikusita dago arbitroek badutela aukerarik alderdiek aurrez lortutako adostasunaren edukia oinarri hartuta laudoa emateko.

Aurreikuspen horrek, beharrezkoa ez dela iruditu arren –alderdiek gatazkaren xedeaz xeda dezaketelako-, hori ez da horrela, adostasunaren edukia laudo batean sartzen denean epaien eraginkortasun juridikoa lortzen du eta.

Arbitroek ezin dute eskabide hori atzera bota, nahi dutenean, ondo oinarritutako arrazoi juridiko bat dagoenean baizik.

Praktikan ohikoa den eta inolako eragozpenik merezi ez duen zerbaiti legezko estaldura eman baino ez du egiten legeak.

Laudoaren edukiari dagokionez, azpimarratzekoa da laudo zatituak emateko aukera onartzen dela legez, eta gatazkaren mamiaren parteren bati edo beste gai batzuei buruz izan daitezkeela, esaterako arbitroen eskumenari edo kautelazko neurriei buruzkoak.

Arbitrajeetan ohikoak diren formula malguak sartu nahi ditu legeak auziak erabakitzeko.

Horrela, adibidez, lehenengo eta behin demandatuaren erantzukizunik ote dagoen erabakitzea, eta gero baino ez, kasua hori bada, kondenaren zenbatekoa erabakitzea.

Laudo zatituak behin betiko laudo beste balio du; eta, erabakitako gaiari dagokionez, haren edukia aldaezina da.

Laudoaren formari dagokionez, nabarmentzekoa da –arbitraje-hitzarmenerako xedatutakoaren parean-, legeak aukeran uzten duela laudoa euskarri elektroniko edo optikoetan zein beste era bateko euskarrietan idatziz jaso ahal izatea, baita idatziz ez jasotzea ere, baldin eta bere edukia erasota uzten bada eta gerora hori kontsultatzera iritsi ahal badaiteke.

Arbitraje-hitzarmenaren eta laudoaren formaren eskakizunak arautzerakoan, legeak beharrezkotzat du aipatutako eskakizunak betetzen duen edozein teknologia erabiltzea onartzea.

Horrela, arbitrajeetan euskarri informatiko, elektroniko edo digitalak bakarrik erabil daitezke, alderdiek horrela egitea komeni dela irizten badiote.

Legeak berrikuntza bat sartzen du laudoa emateko epeari dagokionez, alderdiek adostasunik lortzen ez badute, erantzuna aurkezten denetik edo aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzea eskatzen du eta.

Arbitrajearen berezko azkartasuna 1eskakizun praktikoetara egokitu beharrari erantzuten zaio berrikuntza horrekin.

Arbitroek erantzuna onartzen dutenetik zenbatutako sei hilabeteko epea bete ezinezkoa gertatu da kasu askotan; beraz, batzuetan izapide azkarregiak egitera behartzen du horrek, baita alegazioko zein frogako zenbait egintza alde batera uztera ere, laudoa emateko epea bete beharrak eraginda.

Legeak, bada, arrazoizko ikusten du arbitroek zuzenean epea luzatzeko erabakia hartu ahal izatea, alderdi guztiak ados jarri beharrik izan gabe.

Gatazka ebazteko orduan justifikatu gabeko atzerapenik gerta ez dadin, besteak beste, arbitroen erantzukizuna da indar.

Kostuen kondenari dagokionez zenbait zehaztasun sartu dira izan dezakeen edukiari buruz.

Ezabatu egin da laudoa nahitaez notarioaren protokoloan jaso beharra.

Eskakizun hori ia erabat ezezaguna da arbitrajeko legedi guztietan; horregatik, bada, horri ez eustea erabaki da.Hala ere, alderdietakoren batek, bere interesetarako komenigarria dela uste badu, laudoa jakinarazi baino lehen eskatu dezake.

Laudoa, beraz, baliokoa eta eraginkorra da protokoloan jaso ez arren; horretara, deuseztatzeko akzioa egikaritzeko epea jakinarazten denetik hasten da zenbatzen, eta, protokoloan jasotzea eskatuta egon arren, ez da beharrezkoa jakinarazpena baino lehenago egitea.

Laudoaren indar betearazlea ere ez dago protokoloan jasotzearen menpe, nahiz eta betearazteko prozesuan, kasua gertatuz gero, alderdi betearaziak aurkakotasun-bidetik laudoa kauto ez izatea baliarazi dezakeen; kasu hori, ordea, salbuespenekoa izango dela pentsatu behar da.

Legeak, bestalde, arbitraje-prozedura amaitzeko ohikoak ez diren beste modu batzuk jaso ditu, eta erantzuna eman dio arbitroek jarduketak zaintzeko duten eginbeharra luzatzeko arazoari.

Laudoa zuzendu eta argitzeko erak arautzen direnean aldatu egin dira epeak, errealitatera hobeto egokitu daitezen; eta bereizi egin dira barruko eta nazioarteko arbitrajea, nazioartekoa denean arbitroak toki bakar batean bildu eta eztabaidak egiteko zailtasunak handiagoak izan daitezkeelako.

Horrez gain, laudoaren osagarria ere sartu da, ez-egiteak osatzeko.

VIII

Legeko VII. tituluak laudoa deuseztatzea eta berrikustea arautzen ditu.

Deuseztatzeari dagokionez, kendu egin da “errekurtso” hitza, teknika hori zuzena ez delako.

Deuseztatzeko akzioarekin hasten dena laudoaren balioa inpugnatzeko prozesua da.

Laudoa deuseztatzeko arrazoiak neurtuak izan behar dira, eta, arau orokor moduan, ez dute arbitroen ebazpenaren mamia berrikusten utzi behar.

Lege Ereduan hartzen du inspirazioa arrazoien zerrendak, eta arrazoiak ofizioz edo alderdiak eskatuta balioetsi ahal izatea.

Deuseztatzeko akzioa egikaritzeko epea luzatu egiten da, baina horrek ez dio kalterik ekarri behar kondena-ebazpenak bere alde izan dituen alderdiari, hain zuzen, laudoak, inpugnatua izan arren, betearazteko indarra duelako.

Deuseztatzeko akzioa egikaritzeko prozedurak uztartu egin nahi ditu alderdiek eskatzen dituzten azkartasuna eta defentsa hobea.

Horrela, demanda eta erantzuna idatziz egin ondoren, hitzezko epaiketaren izapideak betetzen dira.

IX

Legeko VIII. titulua laudoa nahitaez betearazteari buruzkoa da.

Izatez, Prozedura Zibileko Legeak gai horren gaineko arau guztiak jasotzen ditu, bai orokorrak zein bereziak.

Deuseztatzeko akzioa egikaritzen den ebatzi gabeko prozedura-aldian laudoa 1nahitaez betearazteko aukeraz bakarrik arduratzen da lege hau.

Legeak betearazteko indarra egozten dio laudoari, inpugnatuta egon arren.

Epaiak behin-behinean betearazteko aukera zabala uzten duen ordenamenduan bere irmotasuna hartzen duen laudoaren betearazteko indarrak ez luke batere zentzurik izango.

Irmoa ez den laudoa betearazteko indarrari ñabardurak ezartzen zaizkio, alderdi betearaziak ahalmena duelako betearaztea eteteko, baldin eta zor denaz, kostuez eta laudoa betearazteko atzerapenetik sortutako kalte-galerez erantzuteko kauzioa jartzen badu.

Arau horiekin betearazlearen eta alderdi betearaziaren interesak orekatu nahi dira.

X

Legeko IX. titulua agindu bakar batez osatuta dago eta atzerriko laudoen exequaturra arautzen du; atzerriko laudoaren lehengo definizioari eusteaz gain, Espainian eman ez dena dela esaten du-eta, Espainia parte den nazioarteko hitzarmenetara eta, batez ere, 1958ko New Yorkeko Hitzarmenera bidaltzen du.

Nola Espainiak hitzarmen horri ez dion inolako salbuespenik jarri, gatazkaren izaera merkataritzakoa izan nahiz ez izan berdin da aplikagarria, baita hitzarmenean parte hartzen ez duen estaturen batean eman bada ere laudoa.

Horrek esan nahi du New Yorkeko Hitzarmenaren aplikazio-eremuak ez duela beharrezko egiten Espainian atzerriko laudoaren exequaturrari buruzko barruko lege-araubiderik ezartzerik, nahiz eta nazioarteko beste hitzarmen mesedegarriago batzuetan xedatutakoa aplikatzekoa izan.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Lege hau Espainiako lurraldean kokatutako arbitrajeei aplikatuko zaie, bai barrukoak badira zein nazioartekoak izan, Espainia parte den itunetan ezarritakoaren nahiz arbitrajeari buruzko xedapenak jasotzen dituzten legeetan ezarritakoaren aurka jarri gabe.

2. Arbitrajeko tokia Espainiatik kanpo aurkitu arren ere, aplikatu egingo dira lege honetako 8. artikuluko 3, 4 eta 6. paragrafoetan, 9. artikuluan, bere 2. paragrafoa salbuespen dela, 11 eta 23. artikuluetan eta VIII eta IX. tituluetan jasotako arauak.

3. Lege hau osagarri aplikatuko zaie beste lege batzuetan aurreikusitako arbitrajeei.

4. Lege honen aplikazio-eremutik kanpo uzten dira laneko arbitrajeak.

2. artikulua. Arbitrajearen xede diren gaiak.

1. Zuzenbidearen arabera libre xeda daitezkeen gaiei buruzko gatazkak arbitrajearen menpe jar daitezke.

2. Arbitrajea nazioartekoa denean eta alderdietako bata estaturen bat denean edo estaturen batek kontrolatutako sozietatea, erakundea edo enpresa denean, alderdi horrek ezin izango du bere zuzenbideko prerrogatibarik aipatu arbitraje-hitzarmenetik datozen betebeharrei ihes egiteko.

3. artikulua. Nazioarteko arbitrajea.

1. Arbitrajea nazioartekoa izango da bertan ondorengo gorabeheretakoren bat gertatzen bada:

1a) Arbitraje-hitzarmena egiten den unean, alderdiek beren egoitzak estatu ezberdinetan izatea.

b) Bai arbitraje-hitzarmenean edo hitzarmen horren arabera zehaztutako arbitrajearen tokia, bai gatazka ekarri duen harreman juridikoaren betebeharretako funtsezko zati bat betetzeko tokia, eta bai, gatazkak tokiren batekin lotura estuagoa duelako, toki hori, alderdiek beren egoitzak dituzten estatuetatik kanpo kokatuta egotea.

c) Gatazka ekarri duen harreman juridikoak nazioarteko merkataritzako interesei eragitea.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, alderdietakoren batek egoitza bat baino gehiago badu, arbitraje-hitzarmenarekin harreman estuagoa duen egoitzari lotu behar zaio, eta alderdietakoren batek egoitzarik batere ez badu, bere ohiko bizilekuari lotu behar zaio.

4. artikulua. Interpretatzeko arauak.

Lege honetako xedapenen batek:

a) Gairen baten gainean askatasunez erabakitzeko ahalmena alderdiei uzten badie, ahalmen horretan sartzen da beste hirugarren bati erabaki hori hartzeko ahalmena ematea ere, baita arbitrajeko instituzioei ere, 34. artikuluan aurreikusitako kasua salbuespen dela.

b) Arbitraje-hitzarmenari zein alderdien arteko beste edozein akordiori buruz badihardu, haren edukia alderdiek beren buruak menpe jartzeko onartu duten arbitrajeko erregelamenduaren xedapenek osatzen dutela ulertu behar da.

c) Demandari buruz badihardu, errekonbentzioari ere berdin aplikatuko zaio; eta erantzunari buruz badihardu, errekonbentzio horren erantzunari ere aplikatuko zaio, 31. artikuluko a) idatz-zatian eta 38. artikuluko 2. paragrafoko a) idatz-zatian aurreikusitako kasuetan izan ezik.

5. artikulua. Jakinarazpenak, komunikazioak eta epeen zenbaketa.

Alderdiek kontrakorik adostu izan ezik, eta nolanahi ere prozedura judizialaren barruan egindako komunikazio-egintzak kanpoan utzita, xedapen hauek aplikatuko dira:

a) Jakinarazpen zein komunikazio guztiak, hartzaileari pertsonalki eman zaizkion egunean bertan, zein bere egoitzan, bere ohiko bizilekuan, bere establezimenduan edo helbidean utzitako egunean bertan hartutzat joko dira.

Era berean, baliozkoak izango dira telexez, faxez edo telekomunikazioko beste baliabide elektroniko, telematiko zein antzeko besteren baten bidez egindako jakinarazpenak zein komunikazioak, baldin eta idatziak eta dokumentuak bidali eta jasotzeko balio badute eta bidali eta jaso direla erasota uzten badute, eta interesatuak aukeratu baditu.

Zentzuzko bilaketa bat egin arren, goian esandako tokietako batere aurkitzen ez bada, hartzaileari ezagutzen zaion azken egoitzan, ohiko bizilekuan, establezimenduan edo helbidean posta ziurtatuz edo erasota uzten duen beste edozein baliabidez utzitako edo uzteko ahaleginak egin diren egunean bertan hartutzat joko dira.

b) Lege honetan ezarritako epeak jakinarazpena edo komunikazioa jasotzen den egunaren biharamunetik zenbatzen dira.

Jakinarazpena edo komunikazioa jaso den tokian epearen azken eguna jai bada, hurrengo lehenengo lanegunera arte luzatuko da.

Idatziren bat epe jakin batean aurkeztu behar denean, idatzia epe barruan bidali bada, 1epea bete egin dela ulertuko da, nahiz eta geroago jaso.

Egunetan ezarritako epeak egutegiko egunetan zenbatuko dira.

6. artikulua. Inpugnatzeko ahalmenei isilbidez uko egitea.

Alderdiren batek, lege honetako arau xedagarriren baten edo arbitraje-hitzarmeneko baldintzaren baten arau-haustea egon dela jakin arren, salaketa egiteko aurreikusitako epean edo, halakorik ezean, ahal bezain azkar salatzen ez badu, lege honetan aurreikusi diren inpugnatzeko ahalmenei uko egiten diela ulertuko da.

7. artikulua. Auzitegiek parte hartzea.

Lege honen arabera eraendutako gaietan ez du parte hartuko auzitegi batek ere, legeak berak auzitegiek parte hartzea xedatutako kasuetan izan ezik.

8. artikulua. Arbitrajeko sostengu- eta kontrol-funtzioak betetzeko eskumena duten auzitegiak.

1. Arbitrajearen tokiko lehen auzialdiko epaitegia izango da arbitroak izendapen judizialez izendatzeko eskuduna; arbitrajearen tokia oraindik zehaztu gabe badago, demandatuetako edozeinen egoitzako edo ohiko bizilekukoa; horietako batek ere ez badu egoitzarik edo ohiko bizilekurik Espainian, demanda-jartzailearen egoitzako edo ohiko bizilekukoa, baina Espainian halakorik ez badu, berak aukeratu dezana.

2. Frogak burutzean laguntza judiziala emateko, arbitrajearen tokiko edo laguntza non eman behar den toki horretako lehen auzialdiko epaitegiak izango du eskumena.

3. Kautelazko neurriak hartzeko eskumena izango duen auzitegia laudoa betearazi behar den tokikoa izango da, eta halakorik ezean, neurriak eraginkor izan behar diren tokikoa, Prozedura Zibileko Legeko 724. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

4. Laudoa nahitaez betearazteko eskuduna laudo hori eman duen tokiko lehen auzialdiko epaitegia izango da, Prozedura Zibileko Legeko 545. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera eta, bestela, 1881eko Prozedura Zibileko Legeko 958. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

5. Laudoa deuseztatzeko akzioaz arduratzeko eskumena laudo hori eman duen tokiko probintzia-auzitegiak izango du.

6. Atzerriko laudoen exequaturreko eskumena, berriz, atzerriko auzitegiek emandako epaiak betearazteko agindua duen jurisdikzio-organoak izango du, prozesu zibileko ordenamenduaren arabera.

II. TITULUA

Arbitraje-hitzarmena eta bere ondorioak

9. artikulua. Arbitraje-hitzarmenaren forma eta edukia.

1. Arbitraje-hitzarmenak kontraturen bati gehitutako klausula-forma edo akordio independente baten forma har dezake, eta kontratuzko zein kontratuz kanpoko harreman juridikoren bati buruz sortutako edo sor daitezen gatazka guztiak edo batzuk arbitrajera jartzeko alderdien borondatea adierazi behar du.

12. Arbitraje-hitzarmena atxikimendu-kontratuan jasotzen bada, kontratu-mota horri aplika dakizkiokeen arauetan xedatutakoaz eraenduko dira esandako hitzarmenaren balioa eta interpretazioa.

3. Arbitraje-hitzarmena idatziz erasota egon behar da, alderdiek izenpetutako agiri batean, elkarri gutunak, telegramak, telexak edo faxak pasatuta, zein akordioa erasota utz ditzaketen telekomunikazioko beste baliabide batzuen bidez.

Eskakizun hori betetakotzat joko da baldin eta arbitraje-hitzarmena erasota badago eta euskarri elektronikoan, optikoan zein beste mota batekoren batean gerora kontsultatu ahal bada.

4. Arbitraje-hitzarmena alderdien arteko akordioan sartuta dagoela ulertuko da baldin eta aurreko paragrafoan ezarritako moduren batean alderdiok dokumenturen batean horren aipamenik egin badute.

5. Arbitraje-hitzarmena badagoela ulertuko da, elkarri demandarako eta erantzunerako bidalitako idazkietan alderdiren batek hitzarmena egon badagoela baieztatzen badu eta besteak ukatzen ez badu.

6. Arbitrajea nazioartekoa denean, baliozkoa izango da arbitraje-hitzarmena, eta arbitraje pean jartzeko modukoa izango da gatazka, baldin eta alderdiek arbitrajehitzarmena eraentzeko aukeratutako arau juridikoetan, gatazkaren mamiari aplika dakizkiokeen arauetan, zein Espainiako zuzenbidean ezarritako eskakizunak betetzen badira.

10. artikulua. Testamentuko arbitrajea.

Testamentuan sartutako arbitrajea ere baliozkoa izango da, nahitaezkoak ez diren jaraunsleen edo legatudunen arteko desadostasunak konpontzeko, jarauntsiaren banaketari edo administrazioari buruzko gaietan.

11. artikulua. Arbitraje-hitzarmena eta mamiari buruzko demanda auzitegian.

1. Arbitraje-hitzarmenak hitzartutakoa betetzera behartzen ditu alderdiak eta eragotzi egiten die auzitegiei arbitraje pean jarritako gatazkez arduratzea, interesa duen alderdiak deklinatoria bidez hala eskatzen duen bakoitzean.

2. Deklinatoriak ez du eragotziko arbitraje-jarduketak hastea edo horiekin jarraitzea.

3. Arbitraje-hitzarmenak ez die alderdiei eragotziko auzitegiari kautelazko neurriak hartzeko eskabidea egiterik, ez eta auzitegiari ematea ere, arbitraje-jarduketen aurretik zein horien izapide-aldian egiten bada eskabidea.

III. TITULUA

Arbitroak

12. artikulua. Arbitro-kopurua.

Alderdiek askatasunez zehaztu dezakete arbitroen kopurua, baina beti bakoitia izan behar da.

Adostasunik ez badago, arbitro bakar bat izendatuko da.

13. artikulua. Arbitro izateko gaitasuna.

1Beren eskubide zibilak osorik betetzeko moduan dauden pertsona fisikoak izan daitezke arbitro, baldin eta beren ohiko lanbidea arautzen duen legediak eragozten ez badie.

Alderdiek kontrakorik adostu ezik, pertsonen naziotasuna ez da eragozpen arbitrozereginetan jarduteko.

14. artikulua. Instituzioen arbitrajea.

1. Alderdiek ondorengoei utzi ahal izango dizkiete arbitrajearen administrazioa eta arbitroak izendatzea:

a) Beren arauen arabera arbitraje-funtzioak bete ditzaketen zuzenbide publikoko korporazioei, eta bereziki Lehiaren Defentsako Auzitegiari.

b) Beren estatutuetan arbitraje-funtzioak aurreikusita dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeei.

2. Arbitraje-instituzioek beren erregelamenduen arabera bete behar dituzte beren funtzioak.

15. artikulua. Arbitroen izendapena.

1. Lege honetako 34. artikuluarekin bat etorriz ekitatez erabaki behar ez diren barruko arbitrajeetan, jardunean dagoen abokatu izatea eskatuko da, berariazko akordioz kontrakorik adostu ezik.

2. Alderdiek askatasunez adostu dezakete arbitroak izendatzeko prozedura, berdintasunprintzipioa hausten ez bada.

Adostasunik lortu ezik, arau hauek aplikatuko dira:

a) Arbitro bakarreko arbitrajeetan, eskumena duen auzitegiak izendatuko du arbitroa alderdietako edozeinek eskatuta.

b) Hiru arbitroko arbitrajean alderdi bakoitzak arbitro bat izendatuko du; horrela izendatutako arbitro biek hirugarrena izendatuko dute, eta hirugarrenak arbitro-taldeko lehendakari jardungo du.

Alderdi batak arbitroa izendatzeko egindako errekerimendua beste alderdiak jaso eta hurrengo 30 egunen barruan hartzaile horrek arbitroa izendatzen ez badu, auzitegi eskudunak izendatuko du arbitroa, alderdietako edozeinek hala eskatuta.

Prozedura bera aplikatuko da izendatutako arbitroek hirugarren arbitroari buruz ados jartzerik lortzen ez badute, azkeneko onarpenetik 30 egun pasa eta gero.

Demandatzaileak zein demandatuak bat baino gehiago badira, azken horiek arbitro bat izendatuko dute eta besteek beste bat.

Demandatzaileak zein demandatuak bakoitzak izendatu behar duen arbitroari buruz ados jartzen ez badira, auzitegi eskudunak izendatuko ditu arbitro guztiak alderdietako edozeinek hala eskatuta.

c) Hiru arbitro baino gehiagoko arbitrajeetan, eskumena duen auzitegiak izendatuko ditu arbitro guztiak alderdietako edozeinek eskatuta.

3. Alderdiek adostutako prozedurarekin ezinezkoa bada arbitroak izendatzea, horietako edozeinek auzitegi eskudunari eskatu ahal izango dio arbitroak izendatzeko edo, bestela, horretarako beharrezko neurriak hartzeko.

4. Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoaren gainean jarritako uziak hitzezko epaiketaren bidetik hezurmamituko dira.

5. Auzitegiak, berari egindako eskabidea atzera botatzeko, aurkeztutako dokumentuak aztertu, eta horik arbitraje-hitzarmenik ez dagoela ateratzea du modu bakarra.

16. Bidezkoa bada auzitegiak arbitroak izendatzea, zerrenda bat egingo du izendatu beharreko arbitro bakoitzeko hiru izen jarrita.

Auzitegiak zerrenda hori egiterakoan, alderdiek arbitro izateko jarritako eskakizunak hartu behar ditu kontuan, eta arbitroen independentzia eta inpartzialtasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartu behar ditu.

Baldin eta arbitro bakarra zein hirugarren arbitroa bada izendatu beharrekoa, auzitegiak, gertatzen diren gorabeherak ikusita, kontuan hartu behar du, halaber, alderdien naziotasunekoa barik beste bateko arbitroa izendatzea komeni ote den, edo aurrez izendatutako arbitroen naziotasunekoa barik beste batekoa izan behar duen.

Ondoren, zozketaz egingo da arbitroen izendapena.

7. Artikulu honetan eskudun auzitegiari agindutako gaiei buruz erabaki dezaten behin betiko ebazpenen aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri, 5. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz egindako eskabidea atzera botatzen duten ebazpenak salbu.

16. artikulua. Arbitroek onarpena ematea.

Alderdiek besterik xedatu ezik, arbitro bakoitzak izendapena onartzen duela jakinarazi behar dio izendatu duenari, izendapenaren komunikazioaren biharamunetik 15 eguneko epearen barruan.

Ezarritako epean izendapenaren onarpena komunikatzen ez badu, izendapen hori ez duela onartzen ulertuko da.

17. artikulua. Parte ez hartzeko eta errefusatzeko arrazoiak.

1. Arbitro orok, arbitraje-aldian, independente eta inpartzial izan eta jokatu behar du.

Nolanahi ere, alderdiekin ezin izango du izan harreman pertsonalik, lanbidekorik edo merkataritzakorik.

2. Arbitro izateko proposatutako pertsonak argi eta garbi azaldu behar ditu bere inpartzialtasunari eta independentziari buruz arrazoizko zalantzak sor ditzaketen gorabehera guztiak.

Arbitroak bere izendapenaren ondoren gertatutako gorabehera guztien berri eman behar die alderdiei berehala.

Alderdietako edozeinek arbitrajeko edozein unetan eskatu ahal izango die arbitroei beste alderdiekin dituzten harremanak argitzea.

3. Arbitroa errefusatzeko modu bakarra, bere inpartzialtasunari edo independentziari buruz arrazoizko zalantzak sorrarazten duten gorabeherak gertatzea izango da, edo alderdiek hitzartutako prestakuntzarik ez izatea.

Alderdi batek berak izendatutako arbitroa errefusatu ahal izateko, eta berdin izendapenean parte hartu badu ere, izendapena egin ondoren jakindako arrazoiak baino ezin izango ditu erabili.

18. atala.- Errefusatzeko prozedura.

1. Alderdiek askatasunez adostu ahal izango dute arbitroak errefusatzeko prozedura.

2. Adostasunik ez badago, arbitroa errefusatzen duen alderdiak arrazoiak azaldu beharko ditu, arbitroaren onarpenaren berri izan edo bere inpartzialtasunari edo independentziari buruz arrazoizko zalantzak sorrarazteko edozein gorabeheraren berri izan eta hurrengo hamabost eguneko epearen barruan.

Errefusatutako arbitroak bere karguari uko egin ezik edo beste alderdiak errefusatzea onartzen ez badu, arbitroei dagokie hori ebaztea.

3. Alderdiek adostutako edo aurreko paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera aurkeztutako errefusatzeak aurrera egiten ez badu, alderdi errefusatzaileak laudoa inpugnatzerakoan baliarazi ahal izango du errefusatzea.

119. artikulua. Funtzioak betetzeko ezintasuna edo ez betetzea.

1. Arbitroren batek egitez edo zuzenbidez bere funtzioak betetzeko ezintasuna badu, edo beste arrazoiren bat tarteko dela zentzuzko epe batean funtzio horiek betetzen ez baditu, kargua utziko du, bai berak uko egiten badio, zein alderdiek bera kargutik kentzea adosten badute.

Kargutik kentzeko adostasunik ez badago eta alderdiek desadostasun hori gainditzeko prozedurarik hitzartu ez badute, arau hauek aplikatuko dira:

a) Kargutik kentzeko uzia hitzezko epaiketako izapideetan hezurmamituko da.

Arbitroak izendatzeko eskabidea metatu egin daiteke, 15. artikuluan aurreikusitako moduan, kargutik kentzea onartzen den kasuetarako.

Emandako behin betiko ebazpenen aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri.

b) Arbitro bat baino gehiagoko arbitraje-kasuetan beste arbitroek erabakiko dute arazoa.

Erabaki batera iritsi ezin badira, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.

2. Artikulu honetan edo aurreko artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, arbitroren batek bere kargua uzten badu zein alderdietako batek arbitroak kargua uztea onartzen badu, horrek ez du aurreko arauetan aipatutako arrazoi batere bidezkoa denik onartzeko balioko.

20. artikulua. Ordezko arbitroaren izendapena.

1. Beste arbitro bat izendatzeko arrazoia edozein dela ere, ordezkoa izendatzeko prozedura arautzen duten arauen arabera egingo da.

2. Ordezkoa izendatu ondoren, arbitroek, alderdiei entzun ondoren, aurrez egindako jarduketak errepikatu behar ote diren erabakiko dute.

21. artikulua. Arbitroen eta arbitraje-instituzioen erantzukizuna. Funts-hornidura.

1. Izendapena onartzeak enkargua zinez betetzera behartzen ditu arbitroak eta arbitrajeinstituzioa, halakorik bada; horrela egiten ez badute, fede txarrez, ausarkeriaz edo doloz egindako kalte-galeren erantzunbeharrean jarriko dira.

Instituzioren bati agindutako arbitrajeetan, kaltetuak zuzeneko akzioa erabili ahal izango du instituzioaren aurka, instituzioari berari arbitroen aurka dagozkion medeapen-akzioak alde batera direla.

2. Kontrako itunik egiten ez bada, arbitroek eta arbitraje-instituzioak funts-hornidurak eskatu ahal izango dizkiete alderdiei, arbitroen zerbitzu-sariei eta gastuei eta arbitrajearen administrazioan sor daitezenei erantzuteko beharrezko irizten dioten bestean.

Alderdiek funts-hornidurarik egiten ez badute, arbitroek eten egin edo amaitutzat eman ditzakete arbitrajeko jarduketak.

Alderdietakoren batek zegokion epearen barruan funts-hornidura egin gabe uzten badu, arbitroek, jarduketak amaitu edo eteteko erabakia hartu aurretik, beste alderdiei jakinaraziko diete, finkatuko dieten epearen barruan hornidura egin nahiko balute edo.

IV. TITULUA

Arbitroen eskumena

22. artikulua. Arbitroek bere eskumenaz erabakitzeko ahala.

1. Arbitroek bere eskumenaren gainean erabakitzeko ahalmena dute, baita arbitrajehitzarmenaren existentziaren edo balioaren salbuespenei buruz, zein, baiesten badira, gatazkaren mamian sartzea eragozten duten gainerako salbuespenei buruz erabakitzeko 1ere.

Aurrekoaren ondorioetarako, kontraturen baten zati den arbitraje-hitzarmena kontratuaren gainerako hizbaketetatik akordio independentetzat joko da.

Eta arbitroen ebazpenez kontratuaren deuseztasuna aldarrikatzen bada, horrek berez eta beste barik ez du arbitraje-hitzarmenaren deuseztasuna ekarriko.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako salbuespenak beranduenera erantzuna aurkezteko unean aurkeztu beharko dira aurka, eta arbitroak izendatzeak edo arbitroen izendapenean parte hartzeak ez du eragozten salbuespenak aurkeztea.

Arbitroak bere eskumenaren eremutik haratago doazelako salbuespena aurkeztea, eremu hori gainditzen duen gaia arbitrajeko jarduketen aldian planteatu bezain pronto aurkeztu behar da.

Atzerapena justifikatuta dagoenean bakarrik onartu ahal izango dituzte arbitroek gerora salbuespenak aurkeztea.

3. Artikulu honetan aipatutako salbuespenak aldez aurretik edo gaiaren mamiari buruz beren erabakipean jarritako gainerako gaiekin batera ebatzi ahal izango dituzte arbitroek.

Arbitroen ebazpena laudoa deuseztatzeko akzioaz baino ezin izango da inpugnatu, hartutako laudoan bertan.

Ebazpena salbuespenak ezesteko bada eta aldez aurretik hartzen bada, epaia deuseztatzeko akzioaz baliatzeak ez du arbitraje-prozedura eteterik ekarriko.

23. artikulua. Arbitroen ahala kautelazko neurriak hartzeko.

1. Alderdiek kontrakorik adostu ezik, arbitroek, alderdietako edozeinen eskariz, auziaren xedearen gainean beharrezkotzat jotako kautelazko neurriak har ditzakete.

Arbitroek kauzio nahikoa eska diezaiokete eskatzaileari.

2. Kautelazko neurriei buruzko arbitrajeko ebazpenei, edozein formatakoak izanda ere, laudoak deuseztatzeko eta nahitaez betearazteko arauak aplikatuko zaizkie.

V. TITULUA

Arbitrajeko jarduketak hezurmamitzea

24. artikulua. Berdintasuna, entzutea eta kontraesana, printzipio.

1. Alderdiak berdintasunez tratatu behar dira eta alderdi bakoitzari bere eskubideez baliatzeko aukera nahikoa eman behar zaio.

2. Arbitroak, alderdiak eta arbitraje-instituzioak arbitrajeko jarduketetan ezagututako informazioen isilekotasuna gordetzera behartuta daude.

25. atala.- Prozedura zehaztea.

1. Aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, alderdiek askatasunez hitzartu dezakete arbitroek beren jarduketetan bete beharko duten prozedura.

2. Adostasunik ez badago, arbitroek, lege honetan xedatutakoari lotuta, egoki irizten dioten moduan zuzendu dezakete arbitrajea.

Arbitroen ahal horren baitan sartzen da frogen onargarritasunaz, bidezkotasunaz eta baliagarritasunaz erabakitzea, frogak egitea, baita ofizioz ere, eta frogen balioaz erabakitzea.

26. artikulua. Arbitrajearen tokia.

11. Alderdiek askatasunez zehaztu dezakete arbitrajearen tokia.

Adostasunik ez badago, arbitroek zehaztuko dute kasuaren gorabeherak eta alderdien komenentziak kontuan hartuta.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren aurka jarri gabe, arbitroak, alderdiei kontsulta egin ondoren eta alderdiek kontrakorik adosten ez badute, egoki deritzoten edozein tokitan bildu ahal izango dira lekukoei, perituei edo alderdiei entzuteko, zein objektuak, dokumentuak edo pertsonak aztertu eta ezagutzeko.

Arbitroek egoki deritzoten edozein tokitan egin ahal izango dituzte eztabaidak.

27. artikulua. Arbitrajearen hasiera.

Alderdiek besterik hitzartu ez badute, gatazka arbitrajepean jartzeko errekerimendua demandatuak jaso duen eguna hartuko da arbitrajearen hasieratzat.

28. artikulua. Arbitrajearen hizkuntza.

1. Alderdiek askatasunez adostu ahal izango dute edo dituzte arbitrajeko hizkuntza edo hizkuntzak.

Adostasunik egon ezik, arbitroek erabakiko dute kasu bakoitzeko gorabeherak kontuan hartuta.

Alderdien akordioan edo arbitroen ebazpenean besterik aurreikusi ez bada, ezarritako hizkuntza edo hizkuntzak alderdien idatzietan, entzunaldietan, laudoetan eta arbitroen ebazpen edo komunikazioetan erabiliko dira.

2. Arbitroek, alderdietakoren bat aurka jartzen ez bada, arbitrajeko hizkuntzan barik beste batean edozein dokumentu aurkezteko edo edozein jardun egiteko agindua eman lezakete, itzulpenik egin beharrik izan gabe.

29. artikulua. Demanda eta erantzuna.

1. Alderdiek hitzartutako edo arbitroek finkatutako epearen barruan, eta alderdiek demandaren eta erantzunaren edukiari dagokionez besterik adostu ezik, demandatzaileak oinarri hartzen dituen gertakariak, gatazkaren izaera eta gorabeherak, eta aurkezten dituen uziak alegatu behar ditu, eta demandan aurkeztutakoari erantzun ahal izango dio demandatuak.

Alderdiek, alegazioak aurkezten dituztenean, egoki iritzitako dokumentu guztiak erantsi ahal izango dituzte, baita aurkeztu edo proposatutako dituzten dokumentuen zein beste frogen aipamena egin ere.

2. Alderdiek kontrakorik adostu ezik, horietako edozeinek aldatu edo zabaldu dezake bere demanda edo erantzuna arbitrajeko jarduketek dirauten artean, arbitroek, aldaketa edo zabalkuntza berandu egitearren, bidegabekotzat jotzen ez badute.

30. artikulua. Arbitrajeko jarduketetarako moduak.

1. Alderdiek kontrakorik adostu ezik, arbitroek erabakiko dute entzunaldiak egin behar diren alegazioak aurkezteko, frogak burutzeko eta ondorioak aditzera emateko, edo jarduketak idatziz bakarrik hezurmamitu behar diren.

Hala ere, alderdiek entzunaldirik ez-egitea hitzartu ez badute, arbitroek entzunaldiak izendatuko dituzte , jarduketen aldi egokian, alderdietakoren batek hala eskatzen badu.

2. Nahiko denborarekin jarriko zaie hitzordua alderdiei entzunaldi guztietarako, eta zuzenean edo beren ordezkarien bidez parte hartu ahal izango dute entzunaldietan.

3. Alderdi batak arbitroei emandako alegazio idatzi, dokumentu eta gainerako agiri guztiak helaraziko zaizkio beste alderdiari.

Era berean, alderdien eskueran jarriko dira arbitroek beren ebazpena oinarritzeko erabilitako frogatzako dokumentuak, peritutxostenak eta gainerako agiriak.

231. artikulua. Alderdiak ez agertzea.

Baldin eta, alderdiek kontrakorik adostu ezik, arbitroen iritziz arrazoi nahikorik alegatu gabe:

a) Demandatzaileak bere demanda epean aurkezten ez badu, arbitroek amaitutzat emango dituzte jarduketak, demandatuari entzutean, horrek uziren bat egikaritzeko borondatea agertzen duenean izan ezik.

b) Demandatuak bere erantzuna epean aurkezten ez badu, arbitroek jarduketekin jarraituko dute, eta ez-egite horrek ez du esan nahi amore eman duenik ez eta demandatzaileak alegatutako gertakariak onartzen dituenik ere.

c) Alderdietakoren bat entzunaldira agertzen ez bada edo frogarik aurkezten ez badu, arbitroek jarduketekin jarraitu ahal izango dute eta laudoa eman ere bai, eskura dituzten frogetan oinarrituta.

32. artikulua. Arbitroek perituak izendatzea.

1. Alderdiek kontrakorik adostu ezik, arbitroek peritu bat edo gehiago izendatu ahal izango dituzte ofizioz edo alderdi batek eskatuta, gai zehatz batzuei buruz irizpena eman dezaten; eta alderdietako edozeini errekerimendua egin ahal izango diote bidezko informazio guztia perituari emateko, bidezko dokumentu edo objektu guztiak perituari ikuskatzeko aurkezteko, edo perituari horietara iristeko aukera emateko.

2. Alderdiek kontrakorik adostu ezik, alderdi batek eskatzen duenean zein arbitroek beharrezko irizten diotenean, peritu orok, bere irizpena eman eta gero, entzunaldi batean parte hartu beharko du, arbitroek eta alderdiek, beren kabuz edo perituen laguntzaz, galderak egin diezazkioten.

3. Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa ez doa alderdiok askatasunez izendatutako perituen peritu-txostenak aurkezteko duten ahalmenaren kontra, bestelako akordiorik ez badago behintzat.

33. artikulua. Frogak burutzeko laguntza judiziala.

1. Arbitroek edo alderdietakoren batek haien onarpenarekin frogak burutzeko laguntza eskatu ahal izango diote eskumena duen auzitegiari, frogabideei buruz aplikagarri diren arauekin bat etorriz.

Laguntza hori, batetik, eskumena duen auzitegian frogak egitea izan daiteke, edo bestetik, auzitegi horrek beharrezko neurri zehatzak hartzea frogak arbitroen aurrean egiteko.

2. Auzitegiari hala eskatzen bazaio, auzitegiak berak bakarrik zuzenduta burutuko du froga.

Bestela, auzitegia bidezko neurriak erabakitzera mugatuko da.

Aurreko kasu bietan, auzitegiak jarduketen lekukotasuna emango dio eskatzaileari.

VI. TITULUA

Laudoa ematea, eta jarduketak amaitzea

34. artikulua. Gatazkaren mamiari aplikatzeko arauak.

1. Arbitroek ekitatez ebatzi ahal izateko, alderdiek horretarako berariazko baimena eman behar diete.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren aurka jarri gabe, arbitrajea nazioartekoa denean, alderdiek aukeratutako arau juridikoen arabera ebatziko dute gatazka arbitroek.

Estatu zehatzen bateko zuzenbidea edo ordenamendu juridikoa aipatzen den bakoitzean, kontrakorik adierazten ez bada, estatu horretako funtsezko zuzenbideari buruz ari da, eta ez lege-gatazkako bere arauei buruz.

Alderdiek zein arau juridiko aplikatu adierazten ez badute, arbitroek berek egokitzat jotakoak aplikatuko dituzte.

3. Nolanahi ere, kontratuko hizbaketen arabera ebatziko dute arbitroek, eta usadio aplikagarriak kontuan hartuta.

35. artikulua. Erabakiak taldean hartzea.

1. Arbitro bat baino gehiago dagoenean, erabaki guztiak gehiengoz hartuko dira, alderdiek besterik xedatu ez badute.

Gehiengorik ez badago, lehendakariak hartuko du erabakia.

2. Alderdiek edo arbitroek kontrakorik adostu ezik, lehendakariak berak bakarrik erabaki ditzake prozedura antolatu, izapidetu eta bultzatzeko gaiak.

36. artikulua. Laudoa, alderdiak ados jarrita.

1. Arbitrajeko jarduketek dirauten artean alderdiek ados jarri eta gatazka osorik edo zati batean amaitzen badute, adostutako puntuei buruzko jarduketak amaitutzat joko dituzte arbitroek; eta, bi alderdiek eskatu eta arbitroek aurka jartzeko arrazoirik ikusten ez badute, adostasun hori laudoaren itxurarekin jasoko dute, alderdiek hitzartutako moduan.

2. Laudo hori hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera emango da, eta auziaren mamiari buruz emandako beste edozein laudoren eraginkortasun berbera izango du.

37. artikulua. Laudoaren epea, forma, edukia eta jakinarazpena.

1. Alderdiek kontrakorik adostu ezik, laudo bakar batean edo beharrezkotzat jotako haina laudo zatituetan ebatziko dute gatazka arbitroek.

2. Alderdiek besterik xedatu ez badute, 29. artikuluan aipatutako erantzuna aurkezten den egunaren edo erantzuna aurkezteko epea amaitzeko egunaren hurrengo sei hilabeteen barruan ebatzi behar dute gatazka arbitroek.

Alderdiek kontrakorik adostu ezik, arbitroek luzatu egin dezakete epe hori arrazoitutako ebazpen baten bidez, baina ez bi hilabete baino denbora gehiagorako.

Behin betiko laudorik eman gabe amaitzen bada epea, horrekin batera amaituko dira arbitrajeko jarduketak, eta arbitroek ere kargua utziko dute.

Hala ere, horrek ez dio ukituko arbitraje-hitzarmenaren eraginkortasunari, eta arbitroek izan dezaten erantzukizuna ere ez da aldatuko.

3. Laudo oro idatziz jasoko da, arbitroek izenpetuta; arbitroek, beren iritzia aurkakoa bada, adierazita utz dezakete.

Arbitro bat baino gehiago dagoenean, aski izango dira arbitro-taldearen kideen gehiengoaren edo bakarrik lehendakariaren sinadurak, sinadura bat edo gehiago falta izateko arrazoiak azaltzen badira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, laudoa idatziz jasota dagoela ulertuko da, baldin eta bere edukia eta sinadurak erasota utzi badira eta euskarri elektronikoz, optikoz zein beste moduren batera gerora horiek kontsultatzera iritsi ahal badaiteke.

24. Laudoa arrazoitua izan behar da, alderdiek besterik hitzartu ez badute edo aurreko artikuluarekin bat etorriz alderdiek hitzartutako moduan emandako laudoa ez bada.

5. Laudoan erasota utzi behar dira zein egunetan eta zein tokitan eman den, azken hori 26. artikuluko 1. paragrafoarekin bat etorriz zehaztuta.

Laudoa toki horretan emandakotzat joko da.

6. Alderdiek adostutakoari lotuta, arbitroek laudoan ebatziko dituzte bai arbitrajeko kostuak, tartean arbitroen zerbitzu-sariak eta gastuak eta, halakorik bada, alderdien defendatzaileen edo ordezkarien zerbitzu-sariak eta gastuak, arbitrajea administratu duen instituzioak emandako zerbitzuaren gastuak, eta arbitraje-prozeduran sortutako gainerako gastuak.

7. Alderdiek adostutako forman eta epean jakinaraziko diete laudoa arbitroek alderdiei; edo, horrela ez bada, ale bana emango diote alderdi bakoitzari, artikulu honetako 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz izenpetuta, eta 2. paragrafoan ezarritako epearen barruan.

8. Laudoa notaritzako protokoloan jaso ahal izango da.

Alderdietako edozeinek, jakinarazpena jaso aurretik, laudoa bere kontura protokoloan jasotzeko eskatu ahal izango die arbitroei.

38. artikulua. Jarduketak amaitzea.

1. Aurreko artikuluan laudoaren jakinarazpenari buruz eta, hala denean, protokoloan jasotzeari buruz xedatutakoaren aurka jarri gabe, eta hurrengo artikuluan laudoa zuzentzeari, argitzeari eta osatzeari buruz xedatutakoaren aurka jarri gabe, behin betiko laudoa ematen denean amaituko dira arbitrajeko jarduketak, eta arbitroek ere beren karguak utziko dituzte.

2. Arbitroek jarduketak amaitzea aginduko dute:

a) Demandatzaileak bere demandan atzera egiten duenean, demandatuak horren aurka egiten ez badu eta demandatuari auziaren behin betiko konponketa lortzeko bidezko interesa onartzen ez badiote arbitroek.

b) Alderdiek jarduketak amaitutzat ematea adosten dutenean.

c) Arbitroek jarduketekin jarraitzea beharrezkoa ez dela edo ezinezkoa dela egiaztatzen dutenean.

3. Alderdiek helburu horretarako adierazitako epea igaro eta gero, edo, ezer adierazi ezik, jarduketak amaitzen direnetik bi hilabeteko epea igaro eta gero, amaitu egingo da arbitroek prozedurako agiriak gordetzeko duten betebeharra.

Epe horren barruan, alderdietako edozeinek berak aurkeztutako dokumentuak berari bihurtzeko eskatu ahal izango die arbitroei.

Arbitroek onartu egingo dute eskabidea, arbitroen eztabaidaren isilekotasuna arriskuan jartzen ez badu, eta eskatzaileak, egotekotan, bidalketaren gastuak beregain hartzen baditu.

39. artikulua. Laudoa zuzendu, argitu eta osatzea.

1. Laudoaren jakinarazpenaren hurrengo 10 egunen barruan, alderdiek beste eperen bat adostu badute izan ezik, alderdietako edozeinek, beste alderdiari jakinarazi eta gero, hau eskatu ahal izango die arbitroei:

a) Kalkuluko, kopiako, tipografiako edo antzeko beste edozein akats zuzentzeko.

2b) Laudoaren puntu edo parte zehatzen bat argitzeko.

c) Aurkeztutako eskakizunei buruz laudoa osatzea, laudo horretan eskakizunok erabaki ez badira.

2. Beste alderdiei entzun ondoren, arbitroek 10 eguneko epean erabakiko dituzte akatsak zuzentzeko eta puntuak argitzeko egin zaizkien eskabideak, eta 20 eguneko epean erabakiko dituzte laudoa osatzekoak.

3. Laudoaren egunaren hurrengo 10 egunen barruan arbitroek ofizioz zuzendu ditzakete 1. paragrafoko a) idatz-zatian aipatutako akatsak.

4. Goiko 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie, halaber, Laudoa zuzendu, argitu eta osatzeko emandako arbitroen ebazpenei.

5. Arbitrajea nazioartekoa denean, aurreko paragrafoetan ezarritako 10 eta 20 eguneko epeak, hurrenez hurren, hilabetekoak eta bi hilabetekoak izango dira.

VII. TITULUA

Laudoa deuseztatzea eta berrikustea

40. artikulua. Laudoa deuseztatzeko akzioa.

Behin betiko laudoaren aurka, titulu honetan aurreikusitako moduan egikaritu daiteke hura deuseztatzeko akzioa.

41. artikulua. Arrazoiak.

1. Laudoa deuseztatzeko modu bakarra, deuseztatzea eskatzen duen alderdiak hauek alegatu eta frogatzea da:

a) Arbitraje-hitzarmenik ez dagoela edo ez duela balio.

b) Arbitroren baten izendapena edo arbitrajeko jarduketak ez zaizkiola behar bezala jakinarazi, edo, beste edozein arrazoi tarteko, bere eskubideez baliatzerik ez duela izan.

c) Arbitroek beren erabakipean jarri gabeko gaiei buruz erabaki dutela.

d) Arbitroen izendapena edo arbitraje-prozedura ez direla lotu alderdiek adostutakoari, akordio hori lege honetako aginduzko arauren baten kontrakoa denean izan ezik; edo, akordio hori egon ezik, izendapena edo prozedura ez direla lotu lege honetara.

e) Arbitrajepean jar ezin daitezkeen gaiei buruz ebatzi dutela arbitroek.

f) Laudoa ordena publikoaren kontrakoa dela.

2. Deuseztatzeko akzioaz arduratzen den auzitegiak balioetsiko ditu aurreko paragrafoko b), e) eta f) idatz-zatietan jasotako arrazoiak, ofizioz edo fiskaltzak berari legez egotzitako defentsako interesei buruz egindako eskariz.

3. Goiko 1. paragrafoko c) eta e) idatz-zatietan aurreikusitako kasuetan, arbitroen erabakipean jarri gabeko edo arbitrajepean jarri ezin diren gaiei buruzko laudoko ebazpenei baino ez die eragingo deuseztapenak, baldin eta beste arazoetatik banandu badaitezke.

4. Laudoa deuseztatzeko akzioa jakinarazpenaren hurrengo bi hilabeteen barruan egikaritu beharko da; aldiz, laudao zuzendu, argitu edo osatzea eskatu bada, eskabide 2horren gaineko ebazpenaren jakinarazpenetik edo ebazpena emateko epea amaitzen denetik zenbatuta.

42. artikulua. Prozedura.

1. Deuseztatzeko akzioa hitzezko epaiketaren bidetik hezurmamituko da.

Hala ere, Prozedura Zibileko Legeko 399. artikuluan ezarritakoarekin bat aurkeztu beharko da demanda, arbitraje-hitzarmena eta laudoa justifikatzeko dokumentuekin batera; eta, kasuen arabera, demanda-jartzaileak burutu nahi dituen frogabideen gaineko proposamena jasoko du.

Demandatuari demanda helaraziko zaio, 20 eguneko epean erantzun dezan.

Demandatuak erantzunean proposatu beharko ditu baliatu nahi dituen frogabideak.

Demandari erantzun ondoren edo dagokion epea igaro eta gero, alderdiei bistarako dei egingo zaie, eta demandatuak bere erantzunean alegatutakoari dagozkion frogak burutzea proposa dezake demanda-jartzaileak bista horretan.

2. Emandako epaiaren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik jarri.

43. artikulua. Gauza epaitua eta laudo irmoak berrikustea.

Laudo irmoak gauza epaituaren ondorioak sortzen ditu, eta haren aurka berrikustea baino ezin daiteke eskatu Prozedura Zibileko Legean epai irmoetarako ezarritakoarekin bat etorriz.

VIII. TITULUA

Laudoa nahitaez betearaztea

44. atala.– Arau aplikagarriak.

Laudoak nahitaez betearazteko, Prozedura Zibileko Legean eta titulu honetan xedatutakoa izango da arau.

45. artikulua. Laudoa deuseztatzeko akzioa egikaritzen denean nahitaez betearaztea eten, largetsi eta abiaraztea.

1. Laudoa betearaztekoa da, bere aurka deuseztatzeko akzioa egikaritu arren.

Hala ere, alderdi betearaziak kasu horretan betearaztea eteteko eskabidea egin ahal izango dio eskumena duen auzitegiari, baldin eta kondenaren balioaren kauzioa eta laudoa betearazten gertatutako atzerapenetik sor daitezen kalte-galeren kauzioa eskaintzen baditu.

Prozedura Zibileko Legeko 529. artikuluko 3. paragrafoko bigarren idatz-zatian aurreikusitako edozein formatan eratu ahal izango da kauzioa.

Betearaztea eteteko eskabidea aurkeztu ondoren, auzitegiak betearazleari entzun eta gero erabakiko du kauzioari buruz.

Erabaki horren aurka ez dago errekurtsorik jartzerik.

2. Auzitegiak jakiten badu deuseztatzeko akzioa ezetsi egin dela, jaso egingo da etetea, eta betearazteak jarraitzeko agindua emango da; betearazleak eskubidea izango du betearazten izandako atzerapenak eragindako kalte-galeren kalte-ordainak eskatzeko, halakorik egon bada, Prozedura Zibileko Legeko 712. artikuluan eta hurrengoetan agindutako bideak erabiliz.

3. Auzitegiak jakiten badu deuseztatzeko akzioa onartu egin dela, jaso egingo da betearaztea, Prozedura Zibileko Legeko 533 eta 534. artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako.

2Deuseztatzeak 41. artikuluko 3. paragrafoan aipatutako gaiei bakarrik eragiten badie eta laudoaren gainerako ebazpenek indarrean jarraitzen badute, baiespen partzialtzat hartuko da, Prozedura Zibileko Legeko 533. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako.

IX. TITULUA

Atzerriko laudoen exequaturra

46. artikulua. Laudoa atzerrikoa izatea. Arau aplikagarriak.

1. Atzerriko laudotzat jotzen da Espainiako lurraldetik kanpo emandakoa.

2. Atzerriko laudoen exequaturrerako, atzerriko epaiak onartu eta betearazteko 1958ko ekainaren 10ean New Yorken egindako Hitzarmena izango da arau, betearaztea agintzeko onuragarriagoak diren nazioarteko beste hitzarmen batzuetan xedatutakoaren aurka jarri gabe; eta atzerriko auzitegiak emandako epaietarako prozesu zibileko ordenamenduan ezarritako prozeduraren arabera hezurmamituko da.

Xedapen gehigarri bakarra. Kontsumoko arbitrajeak.

Lege hau osagarri aplikatuko zaio Bezeroen eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorrean aipatutako arbitrajeari, eta horrek garapeneko arauetan ekitate-ebazpena ezar dezake, alderdiek zuzenbidearen araberako arbitrajea berariaz aukeratzen ez badute.

Xedapen iragankor bakarra. Araubide iragankorra.

1. Lege hau indarrean sartu aurretik gatazka arbitrajera jartzeko errekerimendua jaso badu demandatuak edo arbitraje-prozedura hasita badago, Arbitrajeko abenduaren 5eko 36/1988 Legean xedatutakoaz arautuko da prozedura hori.

Aitzitik, lege honetan arbitraje-hitzarmenari eta bere ondorioei buruz emandako arauak aplikatuko egingo dira nolanahi ere.

2. Lege hau indarrean sartu ondoren emandako laudoei lege honetako arauak aplikatuko zaizkie deuseztatze eta berrikusteari buruz.

3. Lege hau indarrean sartzean amaitu gabe dauden laudoak nahitaez betearazteko prozedurak eta atzerriko laudoen exequaturrak Arbitrajeko abenduaren 5eko 36/1988 Legean xedatutakoaz hezurmamituko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeak.

Indargabetuta gelditzen da Arbitrajeko abenduaren 5eko 36/1988 Legea.

Azken xedapenetatik lehenengoa. Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzea.

1. Lege horretako 517. artikuluko 2. paragrafoko 2. zenbakia honela idatzita geldituko da:

“2. Laudoak edo arbitroen ebazpenak”.

2. Legeko 550. artikuluko 1. paragrafoko 1. zenbakiari pasarte berri bat gehitzen zaio honela idatzita:

“Titulua laudo bat denean, arbitraje-hitzarmena eta alderdiei laudoa jakinarazi zaiela egiaztatzeko dokumentuak ere erantsi egin behar dira.”

3. Legeko 559. artikuluko 1. paragrafoari 4. zenbakia gehitzen zaio honela idatzita:

“4. Betearazteko titulua notaritzako protokoloan jaso gabeko laudo bat bada, titulu hori kautoa ez izatea.”Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-gaikuntza.

Lege hau Konstituzioko 149.1.6 eta 8. artikuluan Estatuari merkataritzako, prozesuko eta zibileko legediei buruz ezarritako eskumen esklusiboaren babespean eman da.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta handik hiru hilabetera sartuko da indarrean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra