Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Merkataritza zuzenbidea  >>  Legeria

Konkurtsoa Eraldatzeko 8/2003 Lege Organikoa, uztailaren 9koa, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldarazten duena

2003-07-09

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2003/7/10, 164. zk.

Konkurtsoa Eraldatzeko 8/2003 Lege Organikoa, uztailaren 9koa, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldarazten duena

ZIOEN AZALPENA

I

Konkurtso-eraldaketak dakar indarreko legeria ere goitik behera aldatu behar izatea, bai alde substantiboan, bai prozesuaren arloan, eta horren inguruko neurrietarik batzuek lege organikoaren lerruna behar dute. Horrenbestez, lege organiko honetara bildu dira halako lerruna behar duten xedapenak, dela euren izaeragatik, dela izaera horretako indarreko arauak ukitzeagatik.

Lehenengo xedapena zordunaren oinarrizko eskubideei buruzkoa da.

Egin-eginean ere, kaudimengabeziaadierazpenak betidanik izan ditu ondoreak zordunaren pertsonaren gain, porrot eginari atzipenaldia ere ezar zekiokeen eta. Konstituzio Auzitegiaren doktrinari ekinez, konkurtso-eraldaketaren jomugak izan behar dira, ondore horien zorroztasuna biguntzea, neurri zigortzaileak desagerraraziz, eta ikuspegi funtzional batetik prozeduraren izapideak normaltasunez gauzatzeko behar diren neurriak bakarrik ezartzea, epaileari ahalmena emanez neurriok mailakatu eta kasuan kasuko inguruabarrei egokitzeko. Zernahi gisaz, kasu batzuetan ondoreok halabeharrez ukitzen dituzte zordunaren oinarrizko eskubideak, berbarako, askatasun-eskubidea, komunikazioak sekretuan izateko eskubidea, egoitzaren bortxaezintasuna, edota nazio-lurraldean askatasunez bizi edo zirkulatzeko eskubidea.

Konkurtsopekoaren administrazioeta xedatze-ahalmenen gaineko etetea edo esku-sartzea gertatu denean, prozeduraren izapideak egiteko ezinbestekoa izan daiteke komunikazioetan ere esku-sartzea, bizilekua nonbait izateko eginbeharra ezartzea edota zordunaren egoitzan sartzea; edozein kasutan ere, halako neurriak epaileak hartu behar ditu, berme egokiekin eta, betiere, ebazpenaren bidezkotasuna arrazoituz.

Konkurtsopekoaren egoitza-atzipenaldia, bestalde, muturreko neurri moduan bakarrik ezar daiteke zenbait kasutan, hain zuzen ere, bizilekua nonbait izateko eginbeharra urratzen denean, epailearen baimenik izan gabe aldentzeko debekua urratzen denean, edota aldentze hori gertatuko dela pentsarazteko oinarridun arrazoiak daudenean.

II

Konkurtsoaren izaera unibertsala dela medio, zordunaren ondareari begira esanguratsuak diren gaiak judizioorgano bakarrean batu dira; horregatik, konkurtsoko epaileak jurisdikzio esklusibo eta baztertzailea du hainbat gaitan, ulerbidez, edozein jurisdikzionahiz administrazio-organok konkurtsopekoaren ondareari begira agindu ahal dituen exekuzio zein kautela-neurrietan, baita bestelako autuetan ere, autuok lan-arloko epaitegi edo auzitegien eskumenekoak izan arren ezin direnean bananduta ebatzi, konkurtsopekoaren ondare-egoeran eragina dutelako, eta prozedura-batasunak halaxe agintzen duelako.

Botere Judizialaren Lege Organikoa eraldatzean (86 ter artikulu berria), jurisdikzio esklusibo eta baztertzaile hori esanbidez sartu da merkataritzako epaitegien eskumenen artean.

2001eko maiatzaren 28an justizia eraldatzeko sinatu zen Estatu-itunak ere esanbidez aipatu du epaitegi berezi horien beharrizan ukaezina. Epaitegiok jurisdikzio zibilaren barruan sortu dira, helburu bikoitzarekin. Alde batetik, 22/2003 Konkurtso Lege berriak plazaratu beharrizanari erantzutea: lege horrek jakintzagai juridiko desberdinetako gaiei buruzko eskumena eratxiki dio konkurtsoko epaileari, egundaino jurisdikzio-organo desberdinek aztertzen zituzten gaiei buruzkoa, hain zuzen; horregatik, jurisdikzio-organoaren titularrak eta horren zerbitzupean diharduten langileek prestakuntza berezia izan behar dute.

Beste alde batetik, egungo gizartezein ekonomia-errealitatearen konplexutasuna eta errealitate horrek antolamenduaren jakintzagai desberdinetan duen eragina kontuan hartuta, komeni da espezializazio-prozesuan aurrera egitea segurtasunez. Horren eretzean, konkurtso-gaiak ez ezik, merkataritzako epaitegiei beste eskumen batzuk ere eman zaizkie, gure justizia modernizatzeko prozesuan bihar-etzi kontuzko fruituak emango dituen bidea irekiz.

On izango litzateke puntu honetan beste bi argibide garrantzitsu ematea. Epaitegi berri horien izentazioak euren eskumeneko gaien izaera nagusia aipatzen du, baina ez du erabateko identifikaziorik egin nahi, merkataritzako jakintzagai edo legeriarekin. Bestela esanik, hasierako momentu honetan merkataritzako epaitegiei ez zaizkie eratxiki merkataritzako gai guztiak, eta, gisa bertsuan, epaitegion eskumeneko gai oro ez dira merkataritzakoak. Are gehiago, jurisdikzio zibilaren barruan halako eratxikipena egiteko irizpidea ez da izan aldez aurretik ezarritako ildo dogmatikoei ekitea, baizik eta orain orokortzen ari den espezializio-prozesu horrek epaileen egunerokoetan lehendik sorrarazitako esperientziak praktikarekin alderatzea. Hortaz, oinarri zentzudun batzuek osatzen dute abiaburua, hurrengo urteetan emeki-emeki garatu beharko baitira horiek, lortutako esperientziaren arabera.

Eta ez hori bakarrik: merkataritzako epaitegi horien sorrera dela bide, beste helburu batzuk ere erdietsi behar dira.

Hasteko, gaia modu berezian eta sa- kontasunez menperatzen duten titularrek konpontzea jurisdikzio horren barruan sor daitezkeen arazo guztiak, ezbairik gabe izugarrizko konplexutasun teknikoa duen esparru honetan kalitatezko ebazpenak emateko. Bigarrenik, aurrekoak ekarri behar du ebazpenok azkarrago ematea, epaileak gaia hobeto ezagutzean, arinago aztertu eta konpondu ahal izango dituelako auziak. Hirugarrenez, arauak interpretatzean koherentzia eta batasun handiagoak lortuko dira, irizpide homogeneoagoak finkatuz, Europar bokazio ukaezina duen esparru honetan kontraesanezko ebazpenak saihestuz, eta, horri esker, segurtasun juridiko handiagoa sorraraziz.

Azkenik, jurisdikzio zibilaren barruan epaitegi berezi horiek sortzean, lana berrantolatuko da, eta, aldi berean, Prozedura Zibilaren Lege berriko aginduak errazago beteko dira.

Hori guztia dela bide, espezializazioa bigarren auzialdian ere ezarri behar da; horretarako, nahiko izango da probintzietako audientzietako atal batek edo gehiagok, lan-kopuruaren arabera, esklusibotasunez bereganatzea merkataritzako jurisdikzio horretako autuen gaineko eskumena, eta, gorago aipatu bezala, zenbait audientziatan hori egin da, dagoeneko. Esklusibotasun horri esker, gehiago bateratuko da aztergai diren arauen interpretazioa.

Eraldaketa esanguratsu horien ondorioz, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legea ere aldarazi behar da. Batetik, epaitegi berriak sortu beharko dira, batik bat, zenbait hiriburutan, baldin eta, estatistikaren arabera bertan konkurtso-prozedurak maizago gertatzeagatik, edota hainbat uziren gaineko eskumena modu esklusiboan eratxikitzeagatik (Auzitegi Nagusiaren egoitzak), halakoak sortzea komenigarria bada, jurisdikzio-eginkizuna behar bezala betetzeko prozesu-epeei dagokienez. Beste alde batetik, zenbait probintziatan nahikoa izango da epaitegi zibilak merkataritzako epaitegi bihurtzea, autuen kopurua kontuan hartuta beharrezkoa ez denean probintziaren antolaketa zabaltzea; horrez landara, epaitegiren batek autonomia-erkidego bereko beste probintzia batera heda dezake bere jurisdikzioa, hori komenigarria izango bada, autu-kopuruaren arabera.

Gisa bertsuan, baliabideen eragingarritasun- nahiz egokitasun-printzipioari ekinez, eta baldintza objektiboak gogoan izanda komenigarria izanez gero, merkataritzako epaitegiak hiriburuetatik kanpo koka daitezke.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokio jurisdikzio-organo horietaz arduratuko diren epaileak hautatu eta behar bezala trebatzea; horretarako, lehenespeneko espezializazio-sistema ezarri da, eta bertan gaiaren gaineko jakintza berezia egiaztatzeko frogak gainditu beharko dira.

III

Botere Judizialaren Lege Organikoaren eraldaketa honen bidez, halaber, Europar Batasuneko Kontseiluak 1993ko abenduaren 20an emandako 40/1994 Erregelamenduko xedapenak bete daitezke, erkidego-markari buruzkoak, hain zuzen; erregelamendu horretako 91. artikuluaren ariora, estatukide bakoitzak «erkidego-marken auzitegi» deritzen lehen eta bigarren auzialdiko auzitegi nazionalak izendatuko ditu, halakoak behar-beharrezkoak direnetan bakarrik, erregelamendu horretan ezarri eginkizunak betetzeko.

Abantailarik gehien eskaini eta arautegi horretako zehaztapenei ondoen egokitzen zaien irtenbidea da Espainian Alacanteko merkataritzako epaitegiak eta probintziako audientziako atal egokia izendatzea, hurrenez hurren, lehen eta bigarren auzialdiko erkidego-marken auzitegi moduan; auzitegi horien jurisdikzioa nazio-lurralde osora hedatuko da, ondore horietarako bakarrik.

Arean ere, Barne-merkatua Harmonizatzeko Bulegoaren (BMHB) egoitza Alacanten dago; horren helburu nagusia da marka, marrazki nahiz modeloak bultzatu eta administratzea Europar Batasunaren esparruan, Europar Batasuneko Estatuen jurisdikzioekin elkarbanatuz hurrengo zeregina: erabaki bat hartzea, erregistraturiko tituluak baliogabetzeko eskarien inguruan. Auzitegien eta bulego horren egoitzak hiri berean izatean, baliabideak hobeto erabili ez ezik, bien arteko komunikazioa arinago gauzatzea ere bermatzen da, eta jurisdikzio-organo berri horien egitekoa sartzen da, gai horretan urteetako esperientzia duten adituek landutako alorrean.

Aurrekoaz landara, eraldaketarekin Europar Batasuneko Kontseiluak 2002ko abenduaren 16an emandako 12/2003 (EEE) Erregelamenduko xedapenak bete daitezke. Xedapenotan Tratatuaren 81 eta 82. artikuluetako eskumen-arauen aplikazioa aztertzen da, eta, auziren batean manuok aplikatu behar direnean, merkataritzako epaitegi berriei esleitu zaie auzi horien gaineko eskumena.

1. artikulua.

Konkurtsoaren ondoreak, konkurtsopekoaren oinarrizko eskubideen gain 1. Nahitaezko konkurtsoaren adierazpena egiteko eskariaren izapidetza onartzen denetik, eskari hori legitimatuak egiten duenean, edota konkurtsoa adierazten denetik, ofizioz nahiz edozein interesdunek hala eskatuta egiten denean, eta zordunak bere ondarearen gain dituen administrazio- nahiz xedatze-ahalmenak eten direnean zein horien gaineko esku-sartzea gertatu denean, epaileak hurrengo neurriak agin ditzake, prozeduraren edozein momentutan:

1.) Zordunaren komunikazioetan esku-sartzea, konkurtsoaren interesarekin zerikusirik ez duten edukiak isilpean gordeta.

2.) Pertsona fisikoa den zordunari bere egoitzako herrian bizitzeko eginbeharra ezartzea. Zordunak eginbehar hori bete ezean, edota beteko ez duela pentsarazteko oinarridun arrazoiak izanez gero, epaileak egoki deritzen neurriak har ditzake, baita egoitza-atzipenaldia ere.

3.) Zordunaren egoitzan sartu eta berori arakatzea.

2. Zorduna pertsona juridikoa denean, aurreko idatz-zatian ezarritako neurriak agin daitezke horren administratzaile nahiz likidatzaile guztiei edo batzuei begira, bai konkurtso-adierazpena eskatzen den unean kargu hori betetzen dutenean, baita aurreko bi urteetan karguan izan direnean ere.

3. Artikulu honen 1. paragrafoan deskribatutako neurriak agintzeko, aldez aurretik Fiskaltza entzun behar da, eta epaileak erabaki arrazoitua eman behar du, honako irizpideak kontuan hartuta:

a) Neurriaren egokitasuna, konkurtso-prozeduraren egoera gogoan izanda.

b) Erdietsi nahi den emaitza edo helburua, zehaztasunez azalduko dena.

c) Neurri bakoitzaren eta lortu beharreko emaitza nahiz helburuaren arteko proportziotasuna.

d) Neurriaren iraupena, gehieneko indarraldia zehaztuz. Indarraldi hori ezin izan daiteke erdietsi beharreko emaitza edo helburua ziurtatzeko behar dena baino luzeagoa; hala ere, neurria jartzea ekarri zuten arrazoiek badiraute, epaileak erabaki dezake indarraldia luzatzea, hartu zen uneko betekizun berberak kontuan izanda. Neurria aplikatzen ari den bitartean, epaileak edozein unetan erabaki dezake berori bigundu edo amaitzea.

4. Telefono bidezko komunikazioen esku-sartzea egingo da, Prozedura Kriminalaren Legean ezarritakoaren arabera.

5. Zordunaren edo artikulu honen 2. paragrafoan aipatu pertsonen egoitzan sartu eta hori arakatzeko, epailearen baimena behar da; pertsona horiek euren adostasuna eman ezean, baimenaren oinarria hauxe izan behar da: zentzuzko aztarnak izatea, bertan konkurtso-prozedurari begira interesgarriak diren agiriak daudela pentsatzeko, prozedura horretara ekarri ez direnak, edota neurria behar-beharrezkoa izatea, beste edozein hartu ahal izateko.

6. Epailearen erabakiak oniritzia emanez gero, zordunak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake probintziako audientzian bost eguneko epean, ondore etengarririk gabe. Errekurtso horren izapidetzari lehentasuna emango zaio.

2. artikulua. Botere Judizialaren Lege Organikoa aldaraztea Botere Judizialaren 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, honetara aldatu da:

1. 26. artikuluak idazkera hau izango du:

«Jurisdikzio-ahala hurrengo epaitegi eta auzitegiei esleitu zaie:

—Bake-epaitegiei.

—Lehen auzialdi eta instrukzioko epaitegiei, merkataritzakoei, zigor-arlokoei, administrazioarekiko auzietakoei, lan-arloko epaitegiei, adingabeen arlokoei eta presondegi-zaintzarakoei.

—Probintziako audientziei.

—Auzitegi Nagusiei.

—Audientzia Nazionalari.

—Auzitegi Gorenari».

2. 75. artikuluaren 2. paragrafoak idazkera hau izango du:

«2. Legeak ezarritako errekurtsoak autonomia-erkidegoko lan-epaitegien ebazpenen kontra, baita suplikazioerrekurtsoak ere, edota legeak ezarritako beste errekurtsoak, autonomia-erkidegoko merkataritzako epaitegiek lan-arloan emandako ebazpenen aurka nahiz gai beraren gaineko konkurtso-intzidenteak ebazten dituztenen kontra.»

3. 80. artikuluaren 1. paragrafoak idazkera hau izango du:

«Probintziako audientziek probintziako hiriburuan izango dute euren egoitza, izena ere hortik hartuko dute, eta probintzia osora hedatuko dute euren jurisdikzioa, 82. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe».

4. 82. artikuluaren 4. paragrafoak idazkera hau izango du:

«Arlo zibilean, probintzietako audientziek eskumena izango dute legeak ezarritako errekurtsoen gain, hain zuzen ere, probintziako lehen auzialdiko epaitegiek lehen auzialdian emandako ebazpenen kontra ezarritakoen gain.

Audientziok, halaber, eskumena izango dute merkataritzako epaitegiek lehen auzialdian emandako ebazpenen kontra legeak ezarritako errekurtsoen gain, lan-arloko arazoak ebazten dituzten konkurtso-intzidenteetan emandakoak izan ezik; halakoei begira, bertako atal bat edo gehiago espezializatu beharko dira, lege organiko honen 98. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Gisa bertsuan, aurreko lerrokadan ezarritakoari ekinez, Alacanteko Probintziako Audientziaren atala edo atalak espezializatzen badira, atalok eskumen esklusiboa izango dute bigarren auzialdian, Europar Batasuneko Kontseiluak 1993ko abenduaren 20an erkidego-markari buruz emandako 40/94 Erregelamenduaren 101. artikuluak aipatu errekurtsoen gain, baita Europar Batasuneko Kontseiluak 2001eko abenduaren 12an erkidego-marrazki eta -modeloen inguruan emandako 6/2002 Erregelamenduak zehaztutakoen gain ere. Eskumen hori betetzeko, atal horiek jurisdikzioa izango dute naziolurralde osoaren gain, eta Erkidegomarkaren Auzitegi deituko dira, ondore horietarako bakarrik.

5. IV. tituluaren V. kapituluak izentazio hau izango du: «Lehen auzialdi eta instrukzioko epaitegiak, merkataritzakoak, zigor-arlokoak, administrazioarekiko auzietakoak, lan-arloko epaitegiak, presondegi-zaintzarakoak eta adingabeen arlokoak.»

6. 86 bis artikulua gehitu da, eta horren idazkera hauxe da:

«1. Orokorrean, merkataritzako epaitegi bat edo batzuk egongo dira probintzia bakoitzean; horien jurisdikzioa probintzia osora zabalduko da, eta egoitza hiriburuan kokatuko da.

2. Epaitegiok probintziako hiriburutik kanpo ere koka daitezke, baldin eta hori komenigarria bada, biztanleria, industria- nahiz merkataritza-guneak edo ekonomia-jarduera kontuan izanda; halakoetan, kasuz kasu zehaztuko da euren jurisdikzio-esparrua.

3. Merkataritzako epaitegiek autonomia-erkidego bereko probintzia bi edo gehiagoren gain heda dezakete euren jurisdikzioa, artikulu honen 4. paragrafoan ezarritakoa salbu.

4. Alacanteko merkataritzako epaitegiek, gainera, eskumena izango dute lehen auzialdian eta modu esklusiboan, Europar Batasuneko Kontseiluak 1993ko abenduaren 20an erkidego-markei buruz emandako 40/94 Erregelamenduaren eta 2001eko abenduaren 12an erkidego-marrazki eta -modeloen inguruan emandako 6/2002 Erregelamenduaren ondorioz sortutako auzien gain. Eskumen hori betetzeko, epaitegiok jurisdikzioa izango dute nazio-lurralde osoaren gain, eta Erkidego-markaren epaitegi deituko dira, ondore horietarako bakarrik.

7. 86 ter artikulua gehitu da, eta horren idazkera hauxe da:

«1. Merkataritzako epaitegiek eskumena dute konkurtso-gaiaren inguruan sortutako arazo ororen gain, euren lege arautzaileak ezarritakoaren arabera.

Konkurtsoko epailearen jurisdikzioa, betiere, esklusibo eta baztertzailea izango da, hurrengo gaietan:

1.) Konkurtsopekoaren aurka zuzendutako akzio zibilak, ondarean eragina dutenean, salbu eta Prozedura Zibilaren Legeko IV. liburuaren I. tituluan aipatu gaitasun, seme-alabatasun, ezkontza eta adingabeei buruzkoak.

Merkataritzako epaileak eskumena izango du, orobat, lege honetako 17.1 artikuluan aipatu akzioaren gain.

2.) Konkurtsopekoak enplegatzaile moduan eginiko lan-kontratuen azkentze, aldarazte edo etete kolektiboa eskatzeko lan-akzioak, bai eta goi-zuzendaritzako kontratuen etetea edo azkentzea eskatzekoa ere; hori gorabehera, halako neurrien ondorioz kontratu horiei aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan ezarritako baldintzak aldarazi behar direnean, langileen ordezkariei adostasuna eskatu behar zaie. Gai horiek epaitzean, eta lege honetako arau zehatzak aplikatzeari kalterik egin gabe, aintzat hartu behar dira estatutu-arautegiaren eta lan-prozesuaren oinarri diren printzipioak.

3.) Konkurtsopekoak dituen ondasunen eta ondare-izaerako eskubideen kontrako exekuzioa, hori agindu duen organoa edozein izanda ere.

4.) Konkurtsopekoaren ondarearen gain eragina duen kautela-neurri oro, 1. paragrafoan epaile horren jurisdikziotik salbuetsita geratzen diren prozesu zibiletan hartutakoak izan ezik.

5.) Konkurtso-prozeduran doako laguntza juridikoari dagokionez hartu behar dituenak.

6.) Sozietatearen administratzaile, auditore edota, hala denean, likidatzaileei erantzukizun zibila eskatzeko akzioak, prozeduran konkurtsopekoari kalteak eragiteagatik.

2. Merkataritzako epaitegiek, berebat, jurisdikzio zibileko autuen gaineko eskumena izango dute, hurrengo gaietan:

a) Elkarlehia desleial, industria-jabetza, jabetza intelektual edota publizitateari buruzko akzioen inguruko demandak, bai eta jurisdikzio horren barruan merkataritzako sozietateen zein kooperatiben arautegiaren ondorioz sortutako arazoak ere.

b) Garraio-arloko arautegiaren ondorioz sortutako uziak, garraio hori naziokoa zein naziotik kanpokoa izan.

c) Itsas zuzenbidearen aplikazioari buruzko uziak.

d) Kontratazioaren baldintza orokorren inguruko akzioak, gai horren inguruko legerian ezarri kasuetan.

e) Erregistro eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak merkataritzako erregistratzailearen kalifikazioa aztertzean emandako ebazpenen kontrako errekurtsoak, Hipoteka Legean prozedura horri begira ezarritakoa kontuan izanda.

f) Europar Erkidegoko Tratatuaren 81 eta 82. artikuluak nahiz Zuzenbide eratorria aplikatzeko prozedurak.

g) Atal honetan aipatu gaietan, tartekaritzari buruzko indarreko arautegia aplikatzeagatik sor daitezkeen arazo eta uziak.»

8. 210. artikuluaren 1. paragrafoak idazkera hau izango du:

«Lehen auzialdi eta instrukzioko epaileek, merkataritzakoek, zigor-arlokoek, administrazioarekiko auzietakoek, adingabeen arlokoek eta lan-epaileek euren arteko ordezpenak egingo dituzte, halako bat baino gehiago dituzten herrietan; ordezpenak, betiere, Auzitegi Nagusiko Gobernu-Salak erabakitakoaren arabera, eta epaileen batzaren proposamenez egingo dira.»

9. 211. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadak idazkera hau izango du:

«89. artikuluaren kasuan, zigor-arloko epaileen ordezpena lehen auzialdiko epaileek egingo dute. Gainerakoetan, merkataritzako epaileek, adingabeen arlokoek, administrazioarekiko auzietakoek edota lan-arloko epaileek ordeztuko dituzte hala zigor-arlokoak nola lehen auzialdi eta instrukziokoak; ordezpena, betiere, Auzitegi Nagusiaren Gobernu-Salak ezarritako hurrenkeraren arabera egingo da.»

10. Botere Judizialaren Lege Organikoko 236. artikuluaren 1. paragrafoari bigarren lerrokada gehitu zaio, eta artikulu horrek idazkera hau izango du:

- «1. Ediktuak argitaratu direla ulertuko da, horiek prozesu-legeek zehaztu aldizkari ofizialetan sartzen direnean.

Esanbidez halaxe agintzen denetan, argitaratze eta komunikazio horien ordez, bide telematiko, informatiko edo elektronikoak erabil daitezke, erregelamendu bidez ezarritakoaren ariora.

2. Argitalpena beste edozein bidetan ere egin daiteke, hori eskatzen duen alderdiak ordainduta.»

11. 329. artikuluari 4. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:

«4. Merkataritzako epaitegiak hornitzeko lehiaketak ebatziko dira epaitegi horiek aztertu beharreko autuen gaineko espezializazioa egiaztatzen dutenen alde; egiaztatze hori lortuko da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamendu bidez zehaztu hautespen-frogak gaindituz; gainditzen dituzten guztien artean, postua lortuko du lerrundegiaren barruan emaitza onena izan duenak. Halakorik izan ezean, jurisdikzio zibilean urte gehien eman dutela egiaztatzen duten magistratuek beteko dituzte postuak. Halakorik ere ez badago, lehenengo paragrafoan ezarritako antzinatasun-hurrenkera aplikatuko da.

Plaza lortzen dutenek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamendu bidez ezarritako trebakuntzajardueretan hartu behar dute parte, destino berrian karguaz jabetu baino lehen.

Lanpostutsak igoeraren bidez bete behar direnean ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak trebakuntza-jarduera bereziak eta derrigorrekoak ezarriko ditu; igo behar duten epaileek jarduerok egin beharko dituzte, euren destinoetan karguetaz jabetu baino lehen.»

12. 330. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:

«5. Probintzietako audientzietako atalek bigarren auzialdian ebazten dituztenean merkataritzako epaitegiek emandako ebazpen ororen kontrako errekurtsoak, eta atal horietan magistratu-plazak hornitzeko lehiaketak egiten direnean, lehiaketok ebatziko dira epaitegi horiek aztertu beharreko autuen gaineko espezializazioa egiaztatzen dutenen alde; egiaztatze hori lortuko da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregelamendu bidez zehaztu hautespen-frogak gaindituz; gainditzen dituzten guztien artean, postua lortuko du lerrundegiaren barruan emaitza onena izan duenak. Halakorik izan ezean, jurisdikzio zibilean urte gehiago eman dutela egiaztatzen duten magistratuek beteko dituzte postuak. Halakorik ere ez badago, lehenengo paragrafoan ezarritako antzinatasun-hurrenkera aplikatuko da.

13. Zortzigarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoak idazkera hau izango du:

«Lehen auzialdian zenbait prozesu zibilen izapideak egin eta erabakiak hartzeko eskumena, betiere, merkataritzako epaile eskudunei eratxikiko zaie, hain zuzen ere, Sozietate Anonimoen Legearen testu bategina onetsi zuen 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretuan, abenduaren 22koan, edota Erantzukizun Mugatuko Sozietateen 2/1995 Legean, martxoaren 23koan, nahiz Kooperatiben 27/1999 Legean, uztailaren 16koan, ezarritako sozietateerabakiak aurkaratzeari buruzko prozesu zibilenak, baita martxoaren 20ko 11/1986 Legeak aipatu industria-jabetzaren edozein modalitateren erregistroa deuseztatzeko prozesu zibilenak ere. »

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Merkataritzako epaitegiak abian jarri arte, egungo lehen auzialdiko edo lehen auzialdi eta instrukzioko epaitegiek bereganatuko dituzte Konkurtso Legean harako epaitegiei eratxikitako eginkizunak, Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko Legeak ezarritakoaren arabera; auzitegi horiei lege organiko honetako bigarren artikuluaren 7. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Kasuan kasuko Auzitegi Nagusiaren Gobernu-Salak modu esklusiboan esleitu ahal dizkio eginkizun horiek epai-barrutiko lehen auzialdiko edota lehen auzialdi eta instrukzioko epaitegi bati.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe geratuko dira lerrun bereko edo azpiko lerruneko arauak, lege organiko honetan ezarritakoaren kontrakoa xedatzen duten heinean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.

Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legea eraldatzea Lege organiko hau indarrean jartzen denetik hiru hilabeteko epean, Gobernuak Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legea aldarazteko proiektua bidaliko die Gorte Nagusiei, testu horren xedapenak lege organiko honi egokitzeko.

Bigarrena.

Merkataritzako epaitegiak abian jartzea Merkataritzako epaitegiak abian jarriko dira, 2004ko irailaren 1etik aurrera.

Hirugarrena.

Indarrean jartzea Lege organiko hau indarrean jarriko da «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean argitaratu eta hurrengo egunean, lehenengo artikuluan eta xedapen iragankorrean ezarritakoa salbu; horiek indarrean jarriko dira 2004ko irailaren 1ean.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra