Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzkoa

2039-04-02

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2006/11/24, 141. zk.

12/2006 FORU LEGEA, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzkoa. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

NAFARROAKO LURRALDE ABERASTASUNAREN ERREGISTROARI ETA KATASTROEI BURUZKO FORU LEGEA.

AURKIBIDEA

ZIOEN AZALPENA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta katastroak

1. artikulua._Zer diren eta zer eginkizun dituzten.

II. KAPITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroa

1. ATALA

Arau orokorrak

2. artikulua._Kontzeptua eta helburua.

3. artikulua._Edukia.

4. artikulua._Erregistroaren kontserbazio lanerako eskumena.

2. ATALA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko titularrak

5. artikulua._Titularrak.

6. artikulua._Ondasun eta eskubideen komunitateak.

7. artikulua._Laguntza eman beharra.

3. ATALA

Datu pertsonalak eskuratu eta zuzentzea 8. artikulua._Datu pertsonalen fitxategiak.

III. KAPITULUA

Katastroak

9. artikulua._Katastroko informazioaren kontzeptua, edukia eta eskumenak.

10. artikulua._Katastroko titularrak.

11. artikulua._Laguntza ematera behartuta dauden subjektuak.

12. artikulua._Fitxategiak eta datu pertsonalak.

IV. KAPITULUA

Ondasun higiezinak eta higiezin-unitateak

13. artikulua._Ondasunen izaera higiezina.

14. artikulua._Ondasun higiezina eta higiezin-unitatea. Kontzeptua eta identifikazioa.

15. artikulua._Ondasun higiezinen eta higiezin-unitateen ezaugarriak.

16. artikulua._Ondasun bereziak.

I. TITULUA

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

17. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazioa eta Katastroekin koordinatzea.

18. artikulua._Foru Komunitateko administrazioaren jarduketa.

19. artikulua._Udalen jarduketa.

II. KAPITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko doikuntza teknikoak

20. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroko doikuntza teknikoak.

III. KAPITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balorazioa 21. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balioa eta katastroko balioa.

22. artikulua._Ondasun higiezinen balorazioa.

23. artikulua._Balorazioko xedapen orokorrak.

24. artikulua._Balorazio metodoak.

IV. KAPITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak

1. ATALA

Prozedura motak

25. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak.

2. ATALA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak eguneratzeko prozedurak

26. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eguneratzeko prozedurak.

27. artikulua._Oinarrizko datuak aitorpenaren ondorioz aldatzeko prozedura.

28. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuak udalek eskatuta aldatzeko prozedura.

29. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuak Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean aldatzeko prozedura.

30. artikulua._Datuak Nafarroako Zerga Ogasunak egindako ikuskapenaren ondorioz aldatzeko prozedura.

3. ATALA

Inskribatutako titulartasuna edo mugaketa grafikoa zuzentzeko eskaera egiteko prozedurak

31. artikulua._Lurzatien mugen eta azaleraren aldaketa grafikoa egiteko prozedura.

32. artikulua._Lurzatien edo zenbait higiezin-unitateren titulartasuna interesdunak eskatuta aldatzeko prozedura.

4. ATALA

Balioen aldaketa kolektiboa egiteko prozedura

33. artikulua._Prozeduraren xedea.

34. artikulua._Balorazio ponentziak. 35. artikulua._Balorazio ponentziak berrikustea.

36. artikulua._Udal esparruko balorazio ponentziak prestatu, onetsi eta argitaratzea eta horien eraginkortasuna eta inpugnazioa.

37. artikulua._Udalez gaindiko balorazio ponentziak prestatu, onetsi eta argitaratzea eta horien eraginkortasuna eta inpugnazioa.

38. artikulua._Ondasun higiezin bakoitzaren balioa finkatu eta inpugnatzea.

39. artikulua._Balorazio Ponentzien Erregistroa.

5. ATALA

Ondasun berezien balioa eranstea eta finkatzea

40. artikulua._Ondasun berezien banakako balioa eranstea eta finkatzea.

II. TITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea

I. KAPITULUA

Informazioaren eskuragarritasuna

41. artikulua._Printzipio orokorrak.

42. artikulua._Informazioa eskuratzeko eskubidea duten subjektuak eta horren mugak.

43. artikulua._Datu babestuak titularraren baimenik gabe eskuratzea.

44. artikulua._Eginkizunak betetzen ari direnean datu babestuak eskuratzeko eskubidea duten entitateak.

45. artikulua._Erregistroko informazioa eskuratu, eman eta erabiltzeko baldintzak.

II. KAPITULUA

Informazioaren ziurtagiriak eta egiaztagiriak

46. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioaren ziurtagiriak eta agiri normalizatuak.

47. artikulua._Lurzati zedula eta identifikazioko erreferentzia. Nahitaez aurkeztu beharra.

48. artikulua._Udalek eman beharreko ziurtagiriak.

III. TITULUA Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio grafikoa

49. artikulua._Informazio grafikoa.

IV. TITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroa Jabetza Erregistroarekin koordinatzea

50. artikulua._Koordinazioaren xedea.

51. artikulua._Koordinaziorako baliabideak.

52. artikulua._Koordinatzeko modua.

53. artikulua._Koordinazioaren mugak.

54. artikulua._Lurzati zedulak aurkeztea.

55. artikulua._Lurzati zedulak eranstea.

56. artikulua._Notario bidez jaso beharra eta legezko ohartarazpenak.

57. artikulua._Titulu inskribagarriak Jabetza Erregistroan aurkeztea.

58. artikulua._Jabetza-erregistratzaileek koordinazio lana egitea edo koordinazioa etetea.

59. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroari jakinaraztea.

60. artikulua._Koordinazioa eragiketa espezifiko baten bidez egitea.

61. artikulua._Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren jarduketa.

62. artikulua._Koordinazioaren ondorioak.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

63. artikulua._Arau-hausteak.

64. artikulua._Zehapen araubidea.

65. artikulua._Zehapen prozedura.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Manu jakin batzuk ez aplikatzea.

Bigarrena._Lurzati zedularen ereduan martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legeari buruz ageri diren erreferentziak. Hirugarrena._Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan salbuespena izatea.

Laugarrena._Ondasun higiezinei buruzko informazio indarrik gabea eskuratzea.

Bosgarrena._2006. urtean onetsi beharko liratekeen balorazio ponentziak berrikusteko epea luzatzea.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena._Hasitako prozedurak.

Bigarrena._Agiri normalizatuak.

Hirugarrena._Atxiki gabeko lurraldeak.

Laugarrena._Balorazioko arau orokorrak.

Bosgarrena._Auzilariak.

Seigarrena._Tolerantzia teknikoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Arauak indargabetzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeko artikulu batzuen berridazketa.

Bigarrena._Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko artikulu batzuen aldaketa.

Hirugarrena._Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 57. artikuluaren aldaketa.

Laugarrena._Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako xedapenen Testu Bategineko 35.II.14 artikuluaren berridazketa. Testu hori apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bosgarrena._Arauak emateko ahalmena.

Seigarrena._Indarra hartzea.

ZIOEN AZALPENA

I

Nafarroak historian zehar bere araubide juridikoa izan du lurralde aberastasunaren arloan. Lurralde aberastasunaren katastroa ezartzeko lehen ahalegina 1817ko eta 1818ko Gorteen 113 Legea izan zen, haren bidez agindu baitzitzaion Diputazioari Erresumako herri guztietako lurralde, merkataritza eta industria aberastasuna bilduko zuen katastroa sor zezala.

1943ko uztailaren 30ean Hirilurraren gaineko kontribuzioa ezarri eta kobratzeko Erregelamendua onetsi zen; erregelamendu hartan, ordainarazpenaren funtsezko elementu gisa ageri zen Erregistro Fiskala izeneko liburua, non jaso eta azaltzen baitziren kontribuzioa ordaindu beharra zuten ondasunak. Katastroko batzordeek eratu bide zuten, Zerbitzu Probintzialeko langileen zuzendaritzapean, eta haren kontserbazio lana katastroko udal batzordeei zegokien, urtero zuzenketak egitera behartuta baitzeuden.

1978ko abenduaren 28an eman eta indarra 1979ko urtarrilaren 1ean hartu zuen Foru Erabakiaren bidez, landalurraren eta hirilurraren gaineko kontribuzioak udal ogasunera pasatu ziren eta udal tributu bihurtu. Dena dela, Diputazioaren esku gelditu zen katastroaren kudeaketa.

Foru Parlamentuak 1981eko ekainaren 8an hartutako Erabakiaren bidez berritu egin ziren Nafarroako toki ogasunak, eta udaletako zergen artean sartu ziren, besteak beste, hirilurraren eta landalurraren gaineko kontribuzioak.

Toki ogasunak berritzearen ondorioz sortu ziren Hirilur Aberastasunaren Erregistro Fiskala _1982ko ekainaren 14ko Hirilurraren gaineko kontribuzioa ordainarazteko Arauaren bidez sortua_ eta Landalur Aberastasunaren Erregistro Fiskala _Nekazaritza eta abeltzaintzako jardueren gaineko kontribuzioa ordainarazteari buruzkoa otsailaren 25eko 12/1983 Foru Legearen bidez sortua_. Erregistro horiek osatu eta haren kontserbazio lana Nafarroako Foru Diputazioari zegokion, eta Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskalaren aurrekariak izan dira. Hirilurraren eta landalurraren udal katastroak udalek osatu eta zaintzen zituzten, haien datuetan oinarriturik, eta zergapeko titularrek nahitaezkoa zuten beren ondasun edo eskubideetako aldaketen berri ematea kasuan kasuko udalean.

Hirilurraren gaineko kontribuzioa ordainarazteko Erregelamenduari buruzko urriaren 10eko 216/1984 Foru Dekretuaren bidez garatu zen Hirilurraren gaineko kontribuzioa ordainarazteko Araua, Foru Parlamentuak 1982ko maiatzaren 24an onetsia. Tributuaren kudeaketaren erregulazioan Hirilur Aberastasunaren Erregistro Fiskalaren ezarpena eta haren kontserbazio lana arautu ziren _Ekonomia eta Ogasun Departamentuari esleitu zitzaion ardura hori_, bai eta hirilur aberastasunaren udal katastroen ezarpena ere, Ekonomia eta Ogasun Departamentuarekin sinatutako hitzarmena izan ala ez, eta horiek udalek osatuko dituztela eta beren ardurapean egonen direla ezarri zen, Hirilur Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuetan oinarriturik. Aipatu foru dekretuan arauak ematen dira Hirilur Aberastasunaren Erregistro Fiskala eta hirilur aberastasunaren udal katastroak eguneratzeko. Erregistro horiek arautzearekin batera arauak eman ziren hirilurreko ondasun higiezinen balorazio ponentziak prestatzeari eta batzorde misto batek onesteari buruz. Onespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Nafarroako Gobernuan. Aipatu den foru dekretuko eranskinean arau teknikoak eman ziren hirilurreko ondasunen katastroko balioa zehazteko.

Maiatzaren 23ko 142/1986 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen zer eskumen duten Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako udalek Landalur eta Hirilur Aberastasunaren Erregistro Fiskalak eta katastroak kontserbatzearen arloan, eta horien finantzaketa arautzen zuen, Hirilurraren gaineko kontribuzioa ordainarazteko Arauan ezarritakoarekin bat. Ondasun higiezinen araudian urrats handia izan zen Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskala Jabetza Erregistroarekin koordinatzeari buruzko otsailaren 7ko 54/1991 Foru Dekretua. Nafarroako katastroko sistema Jabetza Erregistroarekin koordinatu nahi da; lehenak finka bakoitzaren datu deskribatzaile eta grafikoak emanen ditu eta bigarrenak, berriz, titularren izena eta katastroko erreferentzia emanen dizkio Erregistro Fiskalari.

Azkenik, 1995eko martxoaren 10ean bi foru lege onetsi ziren, eta ondasun higiezinen gainean ezarri zuten informazio sistemak indarra izan du orain arte Foru Komunitatean.

Alde batetik, Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak lurralde kontribuzioa ondasun higiezinen balioaren gaineko zuzeneko tributu erreal gisa arautu zuen, eta alde batera utzi landalurraren gaineko kontribuzioaren eta hirilurraren gaineko kontribuzioaren artean ohikoa izan den bereizketa. Udal katastroa, lurralde kontribuzioaren zerga kudeatzeari dagokionez arautu baita, udal esparruko administrazioko erregistro publiko baten gisa eratu da, eta Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko datuak hartu eta eguneratzen ditu zergaldi bakoitzerako.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskala arautzen duen martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legeak, berriz, administrazioko erregistro bakar gisa sortu zuen Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskala, Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezinen inbentario eguneratu gisa eratu zena. Erregistro horrek xede zabala zuen, jarduketa fiskal edo ekonomikoetarako eta legeetan agintzen direnetarako euskarri bilakatzea alegia.

Nafarroako ondasun higiezinei buruzko informazio sistema eta udal katastroak kudeatzeari buruzkoa arautzen dituzten foru legeak onetsi zirenetik hamar urte baino gehiago igaro direnez, behar- beharrezkoa da orain Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta udal katastroetan datuak sartzeko prozedurak argitzea, lehena haren zutabe nagusia baita eta katastroek hortik hartzen baitituzte oinarrizko datuak. Lurralde Aberastasunaren Erregistroari ezarri zitzaion fiskal adjektiboa kendu egin da, eginkizunetako batzuk baizik ez zituelako deskribatzen eta, inskribatzen ziren datuen informazioak zergetarako aplikazio zuzena badu ere, ez duelako bete beharreko jarduketa guztien multzoa mugatzen.

II

Foru lege honek 65 artikulu ditu, honela banatuta: bost titulu, bost xedapen gehigarri, sei xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta sei azken xedapen.

Atariko tituluak xedapen orokorrak biltzen ditu eta lau kapitulutan banatuta dago.

I. kapituluak, "Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta katastroak" izenekoak, horien izaera administratiboa ezartzen du, bai eta horien izaera dinamikoa eta Nafarroako lurraldeko informazio azpiegituran nola integratzen diren ere.

II. kapituluak Nafarroako ondasun higiezinen inbentario iraunkor eta eguneratu gisa definitzen du Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa, eta horren kontserbazio lana Nafarroako Zerga Ogasunari eta Nafarroako udalei dagokiela zehazten du, foru legean bertan aurreikusitako moduan.

Erregistro horretan jasotako informazioaren edukia zehazten da, eta oinarrizkoak diren datuak eta osagarri direnak bereizten dira. Titular inskribagarrien figura arautzen da, eta edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk laguntza eman beharra duela ezartzen.

Azkenik, Lurralde Aberastasunaren Erregistroa osatzen duten datu pertsonalen fitxategiak zehaztu dira, euskarri informatikoan eta paperezko euskarrian, datu pertsonalak babesteko araudian ageri den terminologian zehaztu ere, eta horietan jasotzen diren indarrik gabeko titulartasunak jakiteko modua arautu da.

III. kapituluak udalerrietako ondasun higiezinen inbentarioa osatzen duten administrazioko erregistro publiko gisa definitzen ditu katastroak; aurreko araudiaz bestera, katastroak ez dira lotzen ondasun higiezinen gaineko udal zergak kudeatze hutsarekin soilik, zeren eta, oinarrizko datuak Lurralde Aberastasunaren Erregistrotik hartzen segitzen badute ere eta horren ondorioz erregistro autonomoak ez badira ere, tresna egokiak dira udalerrian egin beharreko jarduketa publikoetarako, eta, hartara, udalek beharrezkoak iruditzen zaizkien datu osagarriak gehitzen ahal dituzte.

Katastroko titularren figura jaso da eta laguntza eman beharra ezarri, Lurralde Aberastasunaren Erregistrorako xedatu denarekin bat.

IV. kapituluan, lehenik, ondasun higiezinak zeintzuk diren finkatu da, eta ondasun higiezina zer den deskribatu, erregulazioaren xede den gaiaren ondorioetarako soilik, aurreko araudian zegoen hutsunea betez; eraikuntzen kontzeptua zehaztu da. Horren ondoren, higiezin-unitatearen kontzeptuari heldu zaio, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroko informazioaren erreferentzia unitate gisa eta balorazio unitate gisa.

Azkenik ondasun bereziak arautu dira; hots, ezaugarri berariazko edo bereziak izateagatik sailkapen normalizatuan eta balorazio orokorrekoan sartu ezin diren ondasunak.

I. tituluak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana arautzen du, lau kapitulutan.

I. kapituluan xedapen orokorrak jaso dira. Ondasun higiezinen datuen zaintza, kudeaketa eta eguneratze etengabe gisa definitu da kontserbazio lana. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta udalei zer kontserbazio jarduketa dagokien azaldu da.

II. kapituluak araudi berria ezartzen du Nafarroako Zerga Ogasunak egin beharreko doikuntza teknikoei buruz, horiek ezin baitira datu aldaketatzat jo, eskuragarri dagoen informazioaren zuzenketak besterik ez direlako.

III. kapituluak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balorazioa arautzen du. Kapitulu honek ezartzen du Nafarroako Zerga Ogasunak eskumena duela ondasun higiezinen balorazioa egiteko eginkizuna garatzeko _Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio berez eskumena_, Nafarroako katastroko balorazioaren koordinazioa lor dadin. Balorazio sistemaren abiapuntua Nafarroako Gobernuak baloraziorako arau orokorrei emandako onespena da; arau horiek aplikatuko zaizkie indarra duten aldian onesten diren balorazio ponentziei. Ondasun higiezin baten balioa zehatza ezartzeko, balorazio ponentzia aplikatzen da lehenik, ondasun berezietan izan ezik. Oinarri horietatik abiatuta, foru legeak bereizi egin nahi du Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin bati ematen dion balioa edo erregistroko balioa, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatua (ordenamendu juridikoan aurreikusten ahal diren jarduketa administratiboetarako erreferentzia dena), katastroko baliotik; katastroko baliotzat jotzen da Zerga Ogasunak onesten duen ondasunen balioa, data zehatz batean hartzen dena katastroan sartzeko eta, gero, lurralde kontribuzioa kudeatzeko.

Bi balio horiek berberak dira hasiera batean, ondasun higiezin bati balorazio ponentzia aplikatuta ateratzen diren balioak baitira. Alabaina, ondasun higiezinek zergaldian izaten dituzten aldaketek, baldin eta erregistroko beste balio bat ematea ekartzen badute, aldaketen zergaldiaren ondoko zergaldian soilik sortuko dute beste balio bat katastroan. Hala, litekeena da erregistroko balioa eta katastroko balioa bat ez etortzea aldi batez.

Balio horiez gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin batzuen merkatuko balioaren zenbatespena izan dezake une zehatz batean, balio hori lortuz balioak aurreikusteko ereduak aplikatuta edo estatistika teknikak oro har erabilita, betiere administrazioko erregistroko balioa izan gabe baina indarra duen balorazio ponentzia berrikusteko erabili ahal izanda, udalerri bateko ondasun multzoari aplikatu ondoren ateratzen den balioa haiek baino txikiagoa denean argi eta garbi.

IV. kapituluan, berriz, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak zehatz arautzen dira, eta hori egiten da dagoeneko erabiltzen diren jarduketak lege testura eramaten saiatuz, aldaketa handirik izan ez dadin oraingo funtzionamendu ereduan.

Prozedura hauek bereizten dira: datuak eguneratzea, Zerga Ogasunaren ikuskapen lanaren ondorioz aldaketak egitea, inskribatutako lurzatien titulartasunak eta ezaugarri fisikoak aldatzea xede dutenak, onetsitako balorazio ponentziaren arabera balioen aldaketa kolektiboa egitea eta ondasun bereziak inskribatzea.

Lehenengo prozedurari dagokionez _Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eguneratzea_, kontserbazio lanaren funtsezko partea jasotzen da; udalek egin beharreko lan hori ofizialki onetsitako agiria betez egiten da, katastroko aldaketa eskatzeko orria izeneko agiria betez alegia; ondasun higiezinetan izandako aldaketak jasotzen dira bertan, horiek subjektu behartuek aitortuak izan edo ofizioz eginak izan, baldin eta ez badira aldatzen berariazko prozedura gisa eratzen diren lurzatien edo higiezin-unitateen titulartasuna edo ezaugarri fisikoak. Azkenik, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuak eguneratzeko prozeduraren barnean kasu tasatu batzuk daude, Nafarroako Zerga Ogasunaren zuzeneko jarduketari lotuak.

Bigarrenik, inskribatuta dauden datuetan Nafarroako Zerga Ogasunaren ikuskapen lanaren ondorioz aldaketak egiteko prozedura arautzen da. Inskribatutako datuak aldatzearen bidezkotasuna ezartzen duen edozein ikuskapen jarduerak administrazio prozedura irekitzea ekarriko du; ukituei entzunaldia emanen zaie, eta aldaketa egiteko ebazpen espresarekin edo aldaketa bidezkoa ez dela esaten duen adierazpenarekin amaituko da prozedura.

Hirugarrenik, lurzatien mugen eta azaleren aldaketa grafikoa egiteko prozedura jasotzen da. Lurzati baten edo higiezin-unitate baten aldaketa grafikoa egiteko ezinbestekoa da behar den dokumentazioa eta balorazio teknikoa aurkeztea, horrela frogatu ahal izateko administrazio publikoak egindako mugaketa grafikoan akatsa dagoela. Azken batean, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako datuetako akatsak zuzentzeko aukera eman nahi da, akats horiek kalteak sortzen ahal baitizkiete inskribatutako titularrei, baina prozedura hau ez da jabari publikoko instantzia bidegabeki bihurtu nahi, ez eta erregistroa jabetzen aldarrikapena eraginkortasun orokorrarekin egiteko tresna bat ere.

Laugarrenik, inskribatutako titulartasunak aldatzeko prozedura arautzen da, aurreko prozedurako planteamendu berberak erabiliz eta funtsean antzekoa den prozeduraz baliatuz, nahiz eta ondasun publikoen inskripzioa errazten den, ordenamendu juridikoak babes berezia ematen baitie horiei.

Bosgarrenik, balioen aldaketa kolektiboa egiteko prozedura arautzen da, aurreko legedian ezarritako ildo beretik. Higiezinen balio-esleipen kolektibo oro balorazio ponentzia aplikatuz egiten da; ponentziak ondasun bakoitzari aplikatu beharreko balorazio metodoa ezarriko du eta ondasun higiezinen balioa zehazteko beharrezkoak diren balorazioko parametro orokor eta teknikoak finkatuko ditu. Edukia eta lurralde esparrua ezartzen dira, bai eta berrikusteko inguruabar erabakigarriak ere.

Horren ondoren, udal esparruko eta udalez gaindiko esparruko balorazio ponentziak prestatu, onetsi eta argitaratzeari eta ponentzia horien eraginkortasunari eta inpugnazioari buruzko alderdiak arautzen dira.

Udalek udal balorazio ponentziaren proiektua prestatzeko duten eskumena jasotzen da, nahiz eta Nafarroako Zerga Ogasunak horretarako garrantzizkoa den eta eskura duen informazioa ematen ahal duen; horretaz gainera, sortu den Batzorde Mistoak betetzen duen eginkizun teknikoa azaltzen da, ad hoc sortutako lankidetza organo gisa definitzen baita eta prestatutako ponentzia onesteko proposamen loteslea egiten baitu, bai eta Zerga Ogasunak proposamen hori onesteko duen eskumena ere.

Nafarroako Zerga Ogasuneko teknikariei dagokie ondasun higiezin bakoitzaren balioa finkatzea, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan jasotako informazioari balorazio ponentzia aplikatuz; ateratzen den balioa jasoko da, eta inpugnatu ahal izanen da urtero edo, gero, lurralde kontribuzioaren zerga likidatzen denean.

Azkenik, ondasun berezien eta horien aldaketen inskripzioa arautzen da, eta irizpideak ematen dira horien balioa finkatu eta eguneratzeko eta udalerri bakoitzari dagokion ondasun bereziaren balioa esleitzeko, ondasuna udalerri batean baino gehiagotan banatuta dagoenean.

II. tituluak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta katastroetan dagoen informazioa eskuratu, eman, erabili eta egiaztatzeari buruzko arauak ematen ditu, aurreko araudia funtsean mantenduz eta zenbait arlotan osatuz.

I. kapituluan informazioa eskuratzea arautzen da, eta ahalegina egiten da duen izaera (administrazio erregistroa da) bat etor dadin datu pertsonaleko fitxategiei buruz indarra duen legedian ezarritako aurreikuspenekin. Higiezinen aberastasunaren inbentarioak diren aldetik, politika publikoak egoki betetzeko euskarri izateaz gainera, informaziorako zerbitzu publikoa ere badira, mugatua betiere, datu babestuak baitituzte. Bi eginkizun horiei loturik, Lurralde Aberastasunaren Erregistroak beste eginkizun garrantzitsu bat du; hau da, funtsezko tresna da Jabetza Erregistroarekin koordinatzeko.

II. kapituluak informazioaren ziurtagiriak eta egiaztagiriak arautzen ditu. Lehenik, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioaren ziurtagiri eta agiri normalizatuak arautzen dira.

Herritarrek lortzen ahal dituzten agirien artean, lurzati zedula dago, zeinetan higiezin-unitateen ezaugarriak azaltzen baitira eta kasuan kasuko katastroko lurzatia grafikoki irudikatzen. Zedula hori lurzatiaren egungo egoera egiaztatzen duen agiri eguneratu bakarra da, hipotekei buruzko legedian ezarritakoaren ondorioetarako.

Interesdunei betebehar berri bat ezarri zaie; hots, Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezinak ukitzen dituzten administrazio prozedura guztietan interesdunen betebeharra da aipatu ondasunak argiro identifikatzea; horretarako, foru lege honen 14.5 artikuluan aipatutako erreferentzia aurkeztuko dute. Identifikatzeko betebeharra jarduketa judizialetan ere izanen da ezinbestekoa, ebazpen judizialak behar den bezala bete ahal izan daitezen.

Azkenik, udalek eman beharreko ziurtagiriak arautzen dira.

III. tituluak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako informazio grafikoa arautzen du, eta zehazten da inskribatutako ondasun higiezinei buruzko zer agiri hartu behar diren halakotzat. Zerga Ogasunak informazio hori prestatzerakoan duen eskumena ezartzen da orobat. Nabarmendu behar da eraikuntzak grafikoki irudikatzen dituen agiri balioduna krokisa dela. Hegaldi aerofotografikoetatik eta fotogrametrikoetatik heldu diren irudiak eskura dagoen informazio grafikoaren baliabide gehigarri edo osagarriak besterik ez dira.

IV. tituluak Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta Jabetza Erregistroaren arteko koordinazioa arautzen du, aurreko araudiaren ildo beretik, nahiz eta koordinazioaren ondorio administratiboak zehazten diren, orain iuris tantum presuntzio hutsaren ezarpenean oinarritzen baitira, erregistroko finkaren eta higiezin-unitateko parte baten, higiezin-unitate osoaren edo identifikatutako higiezin-unitate guztien arteko korrespondentziari dagokionez.

V. tituluan arau-hausteak eta zehapenak arautzen dira. Arau-hauste administratibo arintzat jotzen da ondasun higiezinetan izandako aldaketen aitorpena behar den moduan ez aurkeztea, bai eta lurzati zedula ez aurkeztea ere, foru lege honek ezarritako betebeharra baita. Zehapenen araubidea eta prozedura ezarri dira, eta zehapenak tramitatu eta ezartzeko administrazio eta organo eskudunak zein diren zehaztu.

Bost xedapen gehigarri erantsi dira.

Lehenbiziko xedapen gehigarriak Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren eta Oinordekotzen eta dohaintzen gaineko zergaren manu jakin batzuk ez aplikatzea ezartzen du.

Bigarren xedapen gehigarriak ahalmena ematen du indarra duen lurzati zedularen ereduan martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legeari buruz egiten diren aipamenen ordez foru lege hau aipatzeko, horrela oraingo eredua zuzenean aldatu ahal izateko.

Hirugarren xedapen gehigarriak maiatzaren 18ko 3/1995 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarriko testua biltzen du, bai eta eransketa ere, eta zehazten du elkarketaren xede diren erregistroko finkek mugakideak izan behar dutela eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan lurzati bakar gisa inskribatuta egon behar dutela.

Laugarren xedapen gehigarriak ondasun higiezinei buruzko informazio indarrik gabea eskuratzeko era arautzen du. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Artxibo Historikoa sortu da, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren menpean.

Bosgarren xedapen gehigarriak 2006an onetsi behar zen balorazio ponentziak berrikusteko epea 2007ko abenduaren 31ra arte luzatzen du, agiri hori prestatzeko denbora gehiago izan dadin, landa ondasunei eta hiri ondasunei tipo desberdinak aplikatzeko aukera desagertu eta gero.

Sei xedapen iragankor ere gehitu dira.

Lehenbiziko xedapen iragankorra foru lege honek indarra hartzen den unean tramitatzen ari diren prozedurei buruzkoa da.

Bigarren xedapen iragankorrak ahalmena ematen dio Nafarroako Zerga Ogasunari, Lurralde Aberastasunaren Erregistroak eta katastroek informazioa modu homogeneoan tratatu eta emateko gaur egun ezarrita dauden irizpide, aplikazio eta formatuak mantendu eta, behar denean, foru lege honi egokitu ditzan.

Hirugarren xedapen iragankorra udalerri bati atxiki gabeko lurraldeetako ondasun higiezin bakoitzaren balioa zehazteari buruzkoa da, lurralde kontribuzioaren zerga ordainarazi ahal izateko, horrela ekiditen baita halako ondasunak beren kokalekuagatik zergapekoak ez izatearen printzipioa, hori diskriminatzailea baita argi eta garbi.

Laugarren xedapen iragankorra balorazio arauei buruzkoa da. Mantendu egin da urriaren 10eko 216/1984 Foru Dekretuan ezarritako arau teknikoen indarraldia, bai eta azaroaren 18ko 268/1988 Foru Dekretuan ezarritakoena ere (horren bidez, eraikuntzen ereduzko balioen taulak onetsi ziren, katastroko balioak eguneratzeko erabili beharrekoak), harik eta foru lege honetan aurreikusitako balorazio arauak eman arte.

Bosgarren xedapen iragankorrak iraungitzekoa den auzilarien figura aipatzen du; zenbait udalerritako katastroa ezartzean Lurralde Aberastasunaren Erregistroan jaso zen figura hori.

Seigarren xedapen iragankorrak aplikazioko tolerantzia tekniko batzuk ezartzen ditu, araudi bidez zehatzago eman bitarte.

Xedapen indargabetzaile bakarrean espresuki indarrik gabe utzitako xedapenen zerrenda ageri da, bai eta foru lege honetako manuekin bateratzen ahal ez den araudiaren indargabetze orokorra ere.

Bukaeran azken xedapenak daude eta sei dira. Azken xedapenetako lehenean berridatzita azaltzen dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeko 55. eta 56. artikuluak.

Azken xedapenetako bigarrenean Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko artikulu batzuk berridatzita daude. Aldaketa hori foru lege honetan azkenik hautatutako ereduari egokitu beharrez egin da, orduan ezarri zenaren eta abenduaren 29ko 20/2005 Foru Legean aipatzen zenaren aldean funtsezko desberdintasunak baititu. Zergaren kudeaketa katastroko datuetatik abiaturik eginen dela ezarri da, katastroak Lurralde Aberastasunaren Erregistrotik segitzen baitu datuak hartzen; orobat ezarri da zergaren likidazioa urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen egin behar dela.

Behin-behineko likidazioaren figura ezarri da, likidazioa subjektu pasiboa ez den katastroko titular bati egiten zaion kasuei lotuta, eta kasuan kasuko diru-itzulketak egitea nahitaezkoa dela aurreikusi da.

Balorazio ponentzia berriak onestearen ondorioz ateratzen diren balioak, baldin eta ez badira Erregistroari buruzko Foru Legean aurreikusitakoaren arabera inpugnatu, likidazio agiria jasotakoan inpugnatzen ahalko dira.

Azken xedapenetako hirugarrenean berridatzita ageri da Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 57. artikulua; halatan, lurzati berrantolamendutik ateratzen den behin betiko antolamendu berriko informazioa Lurralde Aberastasunaren Erregistrora eramatearen ondorioak zehaztu dira.

Azken xedapenetako laugarrenak aldatu egin du ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren testu bategina, apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, 3/1995 Foru Legeari buruzko aipamenaren ordez foru lege honi buruzkoa egin dadin.

Azken xedapenetako bosgarrenak eta seigarrenak ahalmena ematen diote Nafarroako Gobernuari testu hau erregelamendu bidez gara dezan, eta indarra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko duela ezartzen du.

Foru lege hau tramitatzeko prozedurari dagokionez, jasota utzi behar da ezen, Toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duela-eta gehiengo osoz onetsi den arren, ez dela beharrezkoa izanen gehiengo osoa legea aldatu edo indargabetzeko, non eta ez diren aldatu edo indargabetu nahi toki ogasunei buruzko aipatu foru legeari gehitzen zaizkion aginduak.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta katastroak

1. artikulua. Zer diren eta zer eginkizun dituzten.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta katastroak administrazio erregistroak dira eta Nafarroako lurraldeko informazio azpiegituraren parte, zerbitzu publikoa eskaintzen dute eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta udalek ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien eskumenak erabiliz garatu behar dituzten politika publikoak eraginkortasunez betetzera bideratuta daude.

2. Foru lege honek arautzen dituen administrazio erregistroetan nahitaez inskribatzekoak dira ondasun higiezinei buruzko datuak, baldin eta datu horiek beharrezkoak badira ondasunen deskribapen grafiko eta alfazenbakizkoak azal ditzan administrazio publikoak unean-unean ezagutzen dituen ezaugarri fisiko, ekonomiko eta juridikoak.

3. Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezinak identifikatu, irudikatu eta deskribatzeko sistema berbera ezarriko du foru lege honen xede diren administrazio erregistro guztietan erabiltzeko.

II. KAPITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroa

1. ATALA

Arau orokorrak

2. artikulua. Kontzeptua eta helburua.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroa Nafarroako Zerga Ogasunaren menpeko administrazio erregistro bat da, eta Nafarroako ondasun higiezinen inbentario iraunkor eta eguneratua, foru lege honetan finkatutako moduan.

2. Lurralde Aberastasunaren Erregistroa, foru lege honen 1.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren jarduketa fiskal edo ekonomikoetarako euskarri izanen da; horretaz gainera, foru lege honen II. tituluan aurreikusitakoaren arabera, informaziorako zerbitzu publikoa emanen du eta hartan adierazitako entitateekin lankidetzan arituko da bere eginkizunak betetzean.

3. Foru lege honetan xedatutakoak ez ditu galarazten Jabetza Erregistroaren eskumen eta eginkizunak, ez eta ondasun higiezinak erregistro horretan inskribatu eta gero sortzen diren funtsezko ondorio juridikoak ere.

4. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioa eguneratu behar denean herritarrek eta administrazio publikoek erabili beharreko aplikazio eta formatuak onetsiko ditu, bai eta informazioa tratatu eta ematerakoan erabiltzekoak ere.

3. artikulua. Edukia.

1. Nafarroan kokatutako ondasun higiezinak identifikatu eta beren ezaugarriak emateko beharrezkoak diren datuez osatuko da Lurralde Aberastasunaren Erregistroa, eta datu horietan ondasunen tipifikazioa, azalerak, erabilerak edo aprobetxamenduak, erregistroko balioak, titularrak eta dokumentazio grafiko eta kartografikoa azalduko dira.

2. Foru lege honen 13. artikuluan aipatzen diren ondasun higiezinen ezaugarriak ematen direnean ondasunen kokalekua, deskribapen argia, balorazioa eta titulartasuna zehazteko beharrezkoak diren zenbait datu bilduko dira, eta horiek oinarrizko datuak izanen dira.

Inskribatutako ondasun higiezinen datu osagarri gisa eman ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak unean-unean garatu behar dituen politika publikoak egoki gauzatzeko beharrezkoak diren informazio gehigarri guztiak. 4. artikulua. Erregistroaren kontserbazio lanerako eskumenak.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lana Nafarroako Zerga Ogasunari eta udalei dagokie, foru lege honetan ezarritako moduan, eta horretarako beharrezkoak diren ahalmenak erabiliko dituzte, bai zuzenean edo bai ezartzen diren lankidetza formulak baliatuz.

2. Aurreko idatz-zatian aipatu den kontserbazio lan hori gauzatzen denean ez da interesdunaren baimena beharko datu pertsonalen tratamendurako.

2. ATALA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko titularrak

5. artikulua. Titularrak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, titularrak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, bai eta jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak eta bestelako entitateak, baldin eta, nortasun juridikorik ez izan arren, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen badute eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatuta badaude, ondoko eskubideetakoren baten titulartasuna dutelako, ondasun higiezinei dagokienez:

a) Jabetza osoaren edo osoa ez denaren gaineko eskubidea.

b) Ondasun higiezinen gaineko edo horiei atxikiriko zerbitzu publikoen gaineko administrazio kontzesioa.

c) Lurrazalaren eskubide erreala.

d) Gozamenaren eskubide erreala.

e) Ondasun higiezinen gaineko aprobetxamendu edo labore eskubideak.

2. Ondasun higiezinen gainean aurreko idatz-zatiko berariazko eskubideetako bat emanen zaio titular bakoitzari, eskubide hori agiri bidez eta zalantzarik gabe frogatzen denean.

Titularrek ondasun higiezinen gainean zer eskubide mota duten jasota ageri ez den kasuetan, egoera horiek "titularra" izendapen generikoarekin zehaztuko dira.

Titularra ezezaguna izanez gero, egoera hori halaxe agertuko da, harik eta ondasun higiezinaren gaineko titulartasuna Nafarroako Zerga Ogasunean frogatu arte.

3. Zilegi izanen da Lurralde Aberastasunaren Erregistroan datu osagarri gisa inskribatzea jabetza egoera ezagunak eta ondasun higiezinen gainean dauden administrazio izaerako mugak edo eskubideak, inskripzioa interes publikorako komenigarria dela uste denean.

4. Ondasun baten gainean izaera desberdineko eskubideak dauden kasuetan, eskubide horiek titularretako bakoitzari emanen zaizkio.

5. Lurralde Aberastasunaren Erregistroarekiko harremanetan, inskribatutako titularrek eskubide hauek dituzte: a) Beren ondasun higiezinen eta mugakideak direnen datuei buruz erregistroan dauden informazioa eta ziurtagiriak eskatu eta lortzea, foru lege honetan ezarritako moduan.

b) Datu okerrak edo osatugabeak zuzendu edo deuseztatzeko eskatzea.

Eskaerak, datu okerrak zuzentze hutsaz gainera, ondasun higiezinen oinarrizko datuetan aldaketa egitea baldin badakar, oinarrizko datuak aldatzeko prozedura tramitatuko da, foru lege honen I. tituluko IV. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

c) Ordenamendu juridikoak ezarritako beste edozein.

6. artikulua. Ondasun eta eskubideen erkidegoak.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatzearen ondorioetarako, ondasun higiezin baten jabetza edo aurreko artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako eskubideetako bat pro indiviso duenean pertsona multzo batek, erkidegoko partaide, kide edo erkideetako bakoitza hartuko da titulartzat.

Hori hala izanik ere, jabekideen erkidego partaideak ezezagunak direnean, erkidegoari esleituko zaio titulartasuna, zeina identifikazio fiskaletik ateratzen den izendapenarekin edo modu behar bezain deskribatzailearekin ageriko baita jasota.

2. Administrazio publikoan espresuki deklaratutako erkidegoko partaidetza-koefizienteak esleituko dira; ezezagunak baldin badira, berriz, honako irizpide hauek aplikatuz zehaztuko dira:

a) Jabetza horizontalari lotutako ondasunen elementu komunetako partaidetza zehaztuko da azalera eraiki pribatibo guztien aldean ondasun bakoitzak duen azalera eraiki pribatiboaren arabera, hori guztia metro koadro eraikietan adierazita.

b) Pertsona multzo batek pro indiviso dituen ondasunak zati beretan banatuta esleituko zaizkie erkideei, non ez den beste partaidetza-kuota bat espresuki adierazten aho bateko akordioaren bidez.

3. Ondasun higiezinen gaineko eskubideetan, ezkontzako araubide ekonomikoa arautzen duten xedapen edo itunen arabera, ezkontideetako baten titulartasun pribatiboa espresuki jasota agertzen ez denean, erdi bana emanen zaio ezkontide bakoitzari titulartasuna, non ez den beste partaidetza- kuota bat justifikatzen, halakoetan hori hartuko baita kontuan.

7. artikulua. Laguntza eman beharra.

1. Edozein pertsona natural edo juridikok, publiko edo pribatuk, Lurralde Aberastasunaren Erregistroari laguntza emateko betebeharra du; halatan, erregistroaren kontserbazio lanerako beharrezkoak diren datu, txosten edo aurrekariak eman beharko dizkio, bai izaera orokorrez, bai erregistroaren kontserbazio lanerako ardura duen administrazio unitateak eskaturik.

2. Administrazioak eta gainerako entitate publikoak, notarioak eta jabetza-erregistratzaileak eta, oro har, eginkizun publikoak dituztenek behartuta daude Lurralde Aberastasunaren Erregistroari erregistroaren kontserbazio eta eguneratze lanerako beharrezkoak diren eta Nafarroako Zerga Ogasunak, bai xedapen orokorren bitartez, bai eskaera zehatzei erantzunez, eskatzen dituen datu edo aurrekari garrantzizkoak ematera. Hartara, Nafarroa osoko ondasun higiezinen inbentario eguneratua egiteko eskatzen den informazio guztia eman beharko diote Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta, bereziki, hirigintzako planeamendu eta kudeaketari, lurzati berrantolamenduei, mugaketa administratiboei eta nahitaezko desjabetzapenei buruzko informazioa.

3. Nolanahi ere, notarioek eta jabetza-erregistratzaileek ondokoei buruzko informazioa igorri beharko diote Lurralde Aberastasunaren Erregistroari, araudi indardunean ezarritakoari jarraikiz: beraiek baimendutako agiriak edo aurreko hilabetean Jabetza Erregistroan inskribatu diren agiriak, zeinetan agertzen baitira erregistroan inskribatzen ahal diren egitateak, egintzak edo negozioak; espresuki ageriko da jasota egilesleek lurzati zedula aurkezteko duten betebeharra bete den ala ez, foru lege honen 54. artikuluan adierazi bezala.

Nafarroako Zerga Ogasunak informazioa helarazteko formatuak ematen ahal dizkie notarioei eta jabetza-erregistratzaileei, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuen egiturarekin bat etorriz aurkez dezaten informazioa.

4. Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako datu pertsonalak eman behar direnean ez da ukituen baimenik beharko.

3. ATALA

Datu pertsonalak eskuratu eta zuzentzea

8. artikulua. Datu pertsonalen fitxategiak.

1. Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren ondorioetarako, honako hauek dira Lurralde Aberastasunaren Erregistroko fitxategiak:

a) Fitxategi informatikoa.

b) Paperezko euskarriko fitxategia.

2. Datu babestuei buruz foru lege honetako II. tituluan oro har ezarritakoaren arabera eskuratuko dira datu pertsonalak.

Nolanahi ere, ondasun higiezin baten titularrak edo eskubide edo interes bidezko bat frogatzen duten hirugarrenek, asmo juridiko bat ondorioztatzeko balio dezakeen neurrian, indarrik gabeko titulartasunen bati buruzko informazioa eskuratu nahi izanez gero, eskaera eginen dute, foru lege honen 45.1 artikuluan ezarritako moduan, baina, informazio hori, eskuratzearen unean inskribatuta dagoen ondasun higiezinarekin nolabaiteko berberatasuna dagoela ezartzeko aukera ematen duten kokaleku, forma edo mugak dituzten higiezin-unitateetara mugatuko da.

3. Datu pertsonal okerrak edo osatugabeak zuzentzeko eskubidea Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lanaz arduratzen den unitate organikoaren aurrean erabiliko dute interesdunek, Nafarroako Zerga Ogasunak ezarritako formatuez baliaturik.

4. Lurralde Aberastasunaren Erregistroak ofizioz eginen ditu datu pertsonalen zuzenketak, eginkizun publikoak betetzean horien berri baldin badu, baina datuak zuzendu eta deuseztatzeko interesdunek edo ukituek duten eskubidea inolaz ere galarazi gabe. III. KAPITULUA

Katastroak

9. artikulua. Katastroko informazioaren kontzeptua, edukia eta eskumenak.

1. Katastroak administrazio erregistroak dira eta, foru lege honen 1.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, udalek beren jarduketa publikoak betetzeko euskarri izanen dira eta, bereziki, udal tributuen kudeaketarako euskarri; horretaz gainera, foru lege honen II. tituluan aurreikusitakoaren arabera, informaziorako zerbitzu publikoa emanen dute eta hartan adierazitako entitateekin lankidetzan arituko dira beren eginkizunak betetzeko.

2. Katastroen kontserbazio lana udalei dagokie.

3. Foru lege honen 3.2 artikuluan aipatzen diren eta udalerrian kokatuta dauden higiezin-unitateen oinarrizko datuez osatuta dago katastroa, bai eta unitate horien edo beren titularren datu osagarriez ere, baldin eta artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatzen diren jarduketa publikoetarako beharrezkoak badira. Udalek zuzenean erantsiko dituzte datu horiek.

4. Higiezin-unitateen oinarrizko datuak, aurreko idatz-zatian aipatzen direnak, Lurralde Aberastasunaren Erregistrotik hartuko dira.

Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak erregistro horretan inskribatutako ondasun higiezinen identifikazio eta deskripzio datuak jakinaraziko dizkio udal bakoitzari, foru lege honetako 3.1 artikuluaren arabera, udaleko katastroan sartzeko; horretan salbuespen dira Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun horiei esleitutako balioak, katastroko balio moduan sartuko baitira, foru lege honetan xedatutakoari jarraikiz.

5. Udal katastroetan inskribatutako ondasun higiezinen oinarrizko datuetan aldaketaren bat egiteko, aldez aurretik Lurralde Aberastasunaren Erregistroan sartu beharko da, foru lege honen I. tituluko IV. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Katastroen xede diren ondasun higiezinen titularrek eta balioek katastroko titular eta katastroko balio izena hartuko dute, hurrenez hurren.

7. Foru lege honen 2.3 artikuluan xedatutakoa katastroei aplikatuko zaie betiere.

8. Udalari dagokio ondasun higiezinei buruzko informazioaren ziurtagiriak egitea, udaleko katastroan bilduta dagoen informazio babesik gabea eraldatu eta banatzeko baimena ematea, bai eta informazioa hirugarrenei lagatzea ere, foru lege honen II. tituluan ezarritako moduan.

9. Udalari dagokio udaleko katastroan inskribatuta dauden higiezin-unitateei buruzko informazio babesik gabea hedatzea, garatzen dituen edo bere parte-hartzea duten jarduketa edo proiektu publiko guztietan.

10. artikulua. Katastroko titularrak.

1. Katastroko titulartzat joko dira udal katastroetako ondasun higiezinen gainean foru lege honen 5.1 artikuluan aipatzen diren eskubideetakoren baten titulartasuna duten pertsonak. 2. Katastroko titulartasunen inskripzioari dagokionez, titulartasuna Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatzeari buruz foru lege honen 5. eta 6. artikuluetan ezarritako arauak aplikatuko dira.

3. Udaleko katastroarekiko harremanetan, foru lege honen 5.5 artikuluan azaltzen diren eskubideak dituzte katastroko titularrek.

11. artikulua. Laguntza ematera behartuta dauden subjektuak.

Edozein pertsona natural edo juridiko, publiko edo pribatu, katastroari laguntza ematera behartuta dago, katastroaren kudeaketarako beharrezkoak diren datu, txosten edo aurrekariak emanez, bai izaera orokorrez, bai haren kontserbazio lanerako ardura duten organoek eskaturik ere.

12. artikulua. Fitxategiak eta datu pertsonalak.

1. Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren ondorioetarako, udalek ordenantza bidez sortuko dituzte Nafarroako katastroen fitxategi informatikoak eta paperezko euskarrikoak.

2. Datu babestuei buruz foru lege honetako II. tituluan oro har ezarritakoaren arabera eskuratuko dira datu pertsonalak.

Nolanahi ere, ondasun higiezin baten titularrak edo eskubide edo interes bidezko bat frogatzen duten hirugarrenek, asmo juridiko bat ondorioztatzeko balio dezakeen neurrian, indarrik gabeko titulartasunen bati buruzko informazioa eskuratu nahi izanez gero, eskaera eginen dute, foru lege honen 45.1 artikuluan ezarritako moduan, baina, informazio hori, eskuratzearen unean inskribatuta dagoen ondasun higiezinarekin nolabaiteko berberatasuna dagoela ezartzeko aukera ematen duten kokaleku, forma edo mugak dituzten higiezin-unitateetara mugatuko da.

3. Foru lege honen 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titular batek katastroan dituen datu pertsonalak zuzendu nahi baditu, kasuan kasuko udalean egin ahalko du eskaera, Nafarroako Zerga Ogasunak horretarako onetsitako agiri normalizatua erabiliz. Zuzenketaren xede diren ondasun higiezinak identifikatzeko erreferentziak adieraziko dira betiere agiri horretan.

Udalak datu pertsonalen zuzenketak eginen ditu, aurreko lerroaldean ezarritako moduan, eginkizun publikoak betetzean horien berri baldin badu, baina datuak zuzendu eta deuseztatzeko titularrek duten eskubidea inolaz ere galarazi gabe.

Aurreko lerroaldeetan aipatu den agiri formalizatua Lurralde Aberastasunaren Erregistrora igorriko du udalak, han inskribatutako datuak zuzen daitezen.

IV. KAPITULUA

Ondasun higiezinak eta higiezin-unitateak

13. artikulua. Ondasunen izaera higiezina. 1. Foru lege honen ondorioetarako, izaera higiezina izanen dute, betiere, lursailek edo lurrek, hurrengo idatz-zatian definitzen diren eraikuntzek eta hegalkina eta lurrazpia osatzen duten gainerako osagaiek, erregelamendu bidez ezartzen direnek.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritako ondorioetarako, ondoko hauek izanen dira eraikuntzak:

a) Eraikinak, edozein izanik ere eraikitzeko erabilitako elementuak, eraikinen erabilera eta kokalekua, betiere modu finkoan baldin badaude lurrari lotuta, alde batera utzita zorupean kokatuta dauden eta beste nonbaitera eraman edo desmuntatzen ahal diren edo eraikinek hartzen duten lurra eraikinaren jabearena izan ala ez izan, bai eta instalazioak edo haien eranskinak ere.

b) Industria, merkataritza, kirol, josteta, nekazaritza, abeltzaintza, oihan eta arrain instalazioak, horrelakotzat jotzen baitira instalazio horiek dauden lurrari modu finkoan lotuta dauden elementu guztiak eta, bereziki, dikeak, biltegiak, zamatzeko tokiak, kaiak eta berotegiak; horretatik kanpo daude makineria eta tresneria, instalazioaren beraren parte inolaz ere ez direnean.

c) Urbanizazio eta hobekuntza lanak, hala nola lur-berdinketak eta eremu estali gabeak erabiltzeko egiten direnak; horrelakotzat hartzen dira merkatu eremuak, estali gabeko eremuetan dauden biltegiak, kirol zelaiak, zamaketarako kaiak, ibilgailuak aparkatzeko eremuak eta eraikinei eta instalazioei erantsitako eremu osagarriak.

d) Presak, ur-jauziak eta urtegiak, ohea edo basoa barne.

e) Oro har, energia ekoitzi, bildu edo banatzeko instalazio mota guztiak, komunikaziorako eta pertsonen, ibilgailuen edo aireontzien garraiorako azpiegitura oro, bai eta fluidoen kondukzio eta garraiorako azpiegiturak ere.

3. Ez dira eraikuntzatzat hartuko erregelamenduz zehazten diren urbanizazio edo hobekuntza lanak, nahiz eta horrek ez duen galarazten horien balioa ondasun higiezinarenari gehitu beharra, lurzoruaren balioari atxikitako parte den aldetik.

14. artikulua. Ondasun higiezina eta higiezin-unitatea. Kontzeptua eta identifikazioa.

1. Ondasun higiezintzat hartzen dira, foru lege honen ondorioetarako soilik, elementu higiezin pribatibo elkarri lotuak, jabe baten jabetza eskubidearen edo jabe batzuen pro indiviso eskubidearen eremu mugaketa egiten dutenak eta, horrenbestez, trafiko juridikoko unitate bereizi bat sortzen ahal dutenak.

2. Informazioaren eta balorazioaren erreferentzia unitateak higiezin-unitate izena du, eta halakotzat jotzen da ondasun higiezin bat osatzen duten parteetako bakoitza, antzinatasunagatik, erabileragatik edo ezaugarri fisiko, administratibo edo juridikoengatik bereizten ahal dena.

3. Ondasun higiezin bakoitza higiezin-unitate batez edo gehiagoz osatuta egonen da eta, hala denean, zenbait ondasun higiezinentzat komunak diren higiezin-unitateetako partaidetza-kuotaz.

4. Zenbait ondasun higiezinentzat komunak diren elementuen karakterizazioa eta balorazioa egitean gainerako higiezin-unitateei aplikatutako irizpide berberak baliatuko dira. 5. Higiezin-unitate bakoitza Lurralde Aberastasunaren Erregistroko erreferentzia bakar eta iraunkor baten bidez identifikatuko da, eta horren edukia erregelamendu bidez zehaztuko da, ezertan ere galarazi gabe Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin bakoitzari dagokion identifikatzaile bat gehitzeko duen ahalmena.

6. Aurreko idatz-zatian ezarritako identifikazio erreferentziez gainera, Lurralde Aberastasunaren Erregistroak zilegi izanen du ondasun higiezinak banan-banan bereizteko komenigarriak diren kanpoko erreferentziak biltzea, hala nola biztanle entitateak, posta helbidea, eskailera, solairua, atea, etxearen izena, alderdia edo koordenatu geografikoak.

15. artikulua. Ondasun higiezinen eta higiezin-unitateen karakterizazioa.

1. Ondasun higiezinen karakterizazioa modu normalizatuan eginen da, erregelamenduz ezarriko diren kategoriak eta aldagai kuantitatiboak erabiliz, horrela helburu publikoak egoki betetzeko garrantzizkoak diren ondasunaren berezitasunak zehazteko; hala nola, ondasunaren izaera, izaten ahal duen aprobetxamendua edo erabilera, egoera edo kontserbazioa, egiazko aprobetxamendua edo deskribatzeko eta baloratzeko komenigarria den beste edozein.

Foru lege honen xede diren administrazioko erregistroetan inskribatutako ondasun higiezinen bereizgarri diren datuak irizpide orokorren bidez eguneratzeko modukoak izanen dira, modu kolektiboan hartuta edo ondasun higiezin jakin bati buruz erregistro horietan inskribatutako datuak banan-banan zuzenduz, foru lege honetan ezarritako prozedurekin bat.

Dena den, aipatu administrazio erregistroetan jasota dagoen ondasunen karakterizazioak ez du baliorik izanen ez bada foru lege honetan ezarritako ondorioetarako, baldin eta gaiaren araberako betebehar, baldintza edo tramite bereziak bete daitezen exijitzen badute horretarako xedapen indardunek.

2. Ondasun higiezinen karakterizazioa ondasun horien osagai diren higiezin-unitateen oinarrizko datuetara eta osagarrietara hedatzeaz gainera _foru lege honen 3.2 artikuluan aipatzen dira_, unitate horien kokaleku den lursailera ere hedatuko da.

16. artikulua. Ondasun bereziak.

1. Ondasun berezitzat hartuko dira karakterizazio normalizatua eta balorazio kolektiboa galarazten duten ezaugarri bereziak izateagatik kalifikazio horixe duten ondasun higiezinak, alde batera utzita multzo konplexu baten gisa har daitezkeen ala ez, industriarako, merkataritzarako edo beste zerbaitetarako diren edo beren berariazko helburuaren parte gisa modu esklusiboan saltzen ahal diren edo modu independentean.

Aurreko lerroaldean aipatutako ondorioetarako, ezinezkoa izanen da ondasun higiezinaren balorazio kolektibo normalizatua egitea baldin eta baloratu beharreko ondasun higiezinaren balioa zehazteko eredu estatistikorik ez badago, edo eraikuntza moten taulan eraikuntza horren tipologiarako aurreikusitako gehieneko balioa gainditzen badu eraikuntzaren kostu errealak.

2. Ondasun berezi gisa deklaratzen ahal dira, aurreko idatz-zatian xedatutakoaren arabera balorazio kolektibo normalizatua egiterik ez baldin badago, multzo hauetakoren batean sartzen diren ondasunak: a) Energia elektrikoa eta gasa ekoitzi, bildu edo banatzeko direnak edo petrolioa fintzekoak.

b) Presak, ur-jauziak eta urtegiak, ohea edo basoa barne.

c) Komunikaziorako lurreko bideak.

d) Aireportuak.

e) Informazioaren fluxurako instalazioak.

3. Nafarroako Zerga Ogasunaren barruan Nafarroako ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna duen zerbitzuak tramitatuko du ondasun higiezin bat berezi gisa kalifikatzeko edo gero halakotik deskalifikatzeko prozedura; prozedura horretan entzunaldiko tramitea izanen dute beti titular inskribatuek hamabost egunez, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten. Zerbitzu horrek kasuan kasuko ebazpen proposamena eginen du.

4. Ondasun higiezin bat ondasun berezi gisa espresuki kalifikatzea Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari dagokio.

Ondasunari kalifikazio hori eman eta gero, banakako balorazioa eginen da, foru lege honen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. Berezi gisa kalifikatutako ondasunen kopurua ikusita, eta alde batera utzita 2. idatz-zatian aipatutako multzoetakoren batean sarturik egotea, litekeena denean karakterizazio eta balorazio normalizatua egitea foru lege honetan eta lege hori garatuko duen araudian ondasun higiezinen deskribapena eta balorazioa egiteko ezartzen diren metodoei jarraikiz, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ebazpen espres eta arrazoitua emanen du, aurreko betebeharra betetzen dela egiaztatzen duen prozedura tramitatu ondotik, delako ondasun higiezina ondasun berezi gisa deskalifikatzeko.

Deskalifikatutako ondasunen balorazio normalizatua eginen da, ondasun berezi gisa agertzen diren balorazio ponentzia ordeztuko duen balorazio ponentzian.

6. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ondasun bat berezi gisa kalifikatu edo deskalifikatzeko ematen dituen ebazpenak oinarri izanen dira kasuan kasuko ondasun higiezinen banakako balorazioa egiteko, eta ebazpen horiek administrazio bidea agortuko dute.

I. TITULUA

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

17. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lana eta katastroekin koordinatzea. 1. Foru lege honen 1.2 artikuluan aipatzen den Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lanak ondasun higiezinen datuen mantentze eta etengabeko eguneratzea izanen du xede.

2. Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lanerako beharrezkoa den informazioa elkarri emanen diete Nafarroako Zerga Ogasunak eta udalek, beharrezkoak diren teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz, eta ez da beharrezkoa izanen datu pertsonalei dagokienez pertsona ukituen baimena izatea.

18. artikulua. Foru Komunitateko administrazioaren jarduketa.

1. Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio ondasun higiezinen karakterizazioa eta balorazioa egiteko arau orokorrak onestea, bai eta jarduera horren koordinazio lana egitea ere, tratamendu homogeneoa izan dezaten nafar lurralde osoan.

2. Aurreko idatz-zatian aipatu den koordinazio lana egiteari begira, Nafarroako Zerga Ogasunak beharrezkoak diren jarraibideak emanen ditu ondasun higiezinen karakterizazioa koordinatzeko, eta toki entitateek nahitaez bete beharko dituzte jarraibide horiek Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako oinarrizko datuen kontserbazio lana egiten dutenean. Halaber, udalek ondasun higiezinei buruz egindako karakterizazioa gainbegiratu eta zuzentzeko jarduketak ere garatuko ditu.

Era berean, balioak zenbatesteko behar adina eredu prestatuko ditu eta ondasun higiezinen merkatuari, eraikuntza kostuei edo bestelako faktore batzuei buruzko behar adina azterlan eginen ditu ondasun higiezinei balio bat esleitze aldera.

3. Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio, Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lanari lotuta, titulu honetako IV. kapituluan aurreikusitako jarduketak oro har garatzea, eta, berariaz, honako hauek:

a) Oinarrizko datuak ikuskatu, egiaztatu eta eguneratzea.

b) Udalek oinarrizko datuak aldatzeko igortzen dituzten proposamenak jaso eta gainbegiratzea.

c) Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeari buruz fede-emaile publikoek eta administrazio publikoek igortzen dituzten jakinarazpenak, foru lege honek aipatzen dituenak, jasotzea.

d) Ondasun higiezinen karakterizazio normalizaturako igorritako informazioa egokitzea eta, halakorik behar baldin bada, beste balio bat ematea.

e) Erregistroa eguneratzea, foru lege honetan datuak aldatzeko azaldu diren prozeduren ondorioz, eta foru lege honen 3.2 artikuluak aipatzen dituen datu osagarriak zuzenean eranstea.

f) Foru lege honetan ezarritako prozedurak tramitatzea, eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan ondasun higiezinak inskribatzeari buruz aurreikusi diren errekurtsoak ebaztea.

g) Informazioa kontserbatzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren politikak egoki bete daitezen. 4. Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioa eman edo hedatzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea eta, berariaz, honako hauek:

a) Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuetan aldaketaren bat gertatzen baldin bada (udalerri bateko edo udalerriaren jarduketa esparruko ondasun higiezinen datuetan), jakinarazpena igorriko zaio kasuan kasuko udalari, eta, horretarako, foru lege honen 17.2 artikuluan aipatutako baliabideak erabiliko dira, ahal izanez gero.

b) Erregistroko informazioa eskatzaileei ematea, foru lege honen II. tituluan ezarritako moduan.

c) Bilduta dagoen informazio babesik gabea eraldatu eta banatzeko baimena ematea, bai eta informazioa hirugarrenei lagatzea ere, foru lege honen II. tituluan ezarritako moduan.

d) Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako higiezin-unitateen informazio babesik gabea zabaltzea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak garatzen dituen edo bere parte-hartzea duten jarduketa edo proiektu publikoetan.

5. Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio behar adina neurri tekniko eta antolamenduzko hartzea, informazioaren egiazkotasuna, isilpekotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzeko.

19. artikulua. Udalen jarduketa.

1. Udalei dagokie, Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lanari lotuta, titulu honetako IV. kapituluan aurreikusitako jarduketak oro har garatzea, eta, berariaz, honako hauek:

a) Ondasun higiezinen gainean interesdunek aitortutako aldaketak jasotzea eta horien zehaztasuna egiaztatzea.

b) Subjektu behartuek aitortu ez dituzten edo hein batean aitortu dituzten egitateak, egintzak edo negozioak badiren egiaztatu eta kreditatzea.

c) Oinarrizko datuak aldatzeko proposamenak Nafarroako Zerga Ogasunak ezarritako agiri normalizatuetan formalizatzea eta Lurralde Aberastasunaren Erregistrora igortzea.

d) Ordenamendu juridikoak Lurralde Aberastasunaren Erregistroa kontserbatzeko esleitutako gainerako jarduketak egitea.

II. KAPITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko doikuntza teknikoak

20. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko doikuntza teknikoak.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioaren doikuntza teknikotzat hartuko dira ondoko jarduketak: a) Nafarroako lurraldearen irudikapen grafiko osoan edo parte batean aldaketak egitea, eskuragarri dagoen informazioaren zehaztasuna handitzen duten edo informazioa hobeki agertzen laguntzen duten teknologiak aplikatzearen ondorioz, betiere ondasun higiezinen mugaketan aldaketa nabarmenik sortzen ez badute.

Ondorio horietarako, ondasun higiezin baten mugaketan aldaketa nabarmentzat hartuko da lurzatiaren azaleran edo edukieran edo higiezin-unitateetan aldaketa sorrarazten duena, baldin eta erregelamenduz ezartzen diren tolerantzia teknikoak gainditzen baditu.

b) Lurzatien edo higiezin-unitateen irudikapenean egiten diren aldaketak, aurreko letran aipatutako tolerantziak gainditzen badituzte ere, zenbait huts tekniko zuzentzeko egiten direnean; huts horiek ondasun higiezinen egoera irudikatzeko une zehatz batean erabilitako informazio fotogrametrikoaren mugaketan zehaztasunik ez izatearen ondorio izan beharko dute, soil-soilik.

c) Lurralde Aberastasunaren Erregistroan lurzati bati edo higiezin-unitate bati edo batzuei buruz inskribatutako datu grafikoak eta alfazenbakizkoak justifikaziorik gabe bat ez datozenean egin beharreko zuzenketak, bat ez etortze hori inskripzioa oker egitearen ondorio denean soil-soilik.

Nafarroako Zerga Ogasunak egin behar diren aldaketak kasuan kasuko udalei jakinaraziko dizkie, hogei egunez jendaurrean jar ditzaten. Epe hori bukatutakoan, idatz-zati honetan aipatzen diren doikuntza teknikoak eginen ditu eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan zuzenean inskribatuko, eta kasuan kasuko udalei inskribatu diren eta beren mugapekoak diren aldaketak jakinaraziko dizkie.

2. Aurreko idatz-zatian hori ezarri bada ere, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko edozein departamentuk edo kasuan kasuko udalak politika publiko zehatz bat betetzeko irudikapen grafiko bat eskatzen badu eta irudikapen horrek doikuntza teknikoa eragiten badu Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioan, eta hori lurraldearen aldetik jarduketa garrantzizkoa bada betiere, Nafarroako Zerga Ogasunari eskatuko zaio egin dezan.

Aurreko lerroaldean azaldutako jarduketa gauzatzea bidezkoa dela egiaztaturik, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du egin beharreko doikuntzen baldintza teknikoak ezartzeko. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Inskribatu beharreko doikuntza teknikoen berri interesdunei eman beharko zaie, udalean bi hilabetez jendaurrean jarriz; hori aldez aurretik iragarriko da iragarki oholean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta erabili nahi diren hedabide osagarrietan, titular asko izanez gero informazioa denengana egiaz hel dadin.

Egindako doikuntza teknikoak aurreko lerroaldean ezarritakoaren arabera jakinarazirik, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan behar bezala dokumentatu eta identifikatu beharko dira, hurrengo idatz-zatian aipatzen diren erreklamazioak egin ahal daitezen, eta zuzenean sartuko dira hartan.

3. Doikuntza teknikoen ondorioz aurkezten diren erreklamazioen gaineko ebazpena Nafarroako Zerga Ogasunaren barruan Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lanaz arduratzen den zerbitzuko zuzendariak emanen du.

Zerbitzuko zuzendariak ematen duen ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua. III. KAPITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balorazioa

21. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balioa eta katastroko balioa.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako ondasun higiezinen balioak edo erregistroko balioak katastroko balioak zehazteko balioak dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta udalek beren eginkizun publikoak betetzeko egin behar dituzten jarduketetarako erreferentzia izanen dira.

2. Ondasun higiezin baten erregistroko baliotzat joko da Nafarroako Zerga Ogasunak foru lege honetan xedatutakoaren arabera une zehatz batean ematen dion balioa, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatua.

3. Titulu honetako IV. kapituluan araututako prozeduren arabera ondasun higiezin bati erregistroko balioa ematen zaionean edo balio hori aldatzen denean, zuzenean sartuko da Lurralde Aberastasunaren Erregistroan.

4. Zerga Ogasunaren barruan ondasun higiezinak baloratzeko eginkizunak dituen zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du urtero, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan azaroaren 30ean inskribatuta dauden ondasun guztien balioak onesteko, eta hori ez da oztopo izanen artikulu honetako 8. idatz-zatian aipatzen diren balioak berariaz onesteko.

5. Nafarroako Zerga Ogasunak ebazpen horri buruzko iragarkia jarriko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, horrela foru lege honen 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrak udal bakoitzeko administrazio bulegoetan agertu ahal daitezen abenduko lehen hogei egun naturaleko epean, beren ondasun higiezinei emandako balioa zein den jakiteko.

Horren osagarri gisa, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan azaroaren 30ean inskribatuta dauden ondasun higiezinen balioak kontsultatzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide informatiko edo telematiko publikoak edo baliabide osagarri batzuk ezarriko ditu, foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere urtebeteko epean, titularrek beren ondasunen balioa zein den egiaz jakin dezaten.

6. Artikulu honetako 5. idatz-zatiko lehen lerrokadaren arabera, interesdunek agertzeko duten epea bukatu eta biharamunetik hasita, interesdun guztiek beren ondasunen balioen berri badutela ulertuko da.

7. Titularrek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ondasun higiezinari esleitutako balioaren kontra, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ondasunari esleitutako balioa egiaz jakiten duten egunetik hasita eta, edozein kasutan, aurreko idatz-zatian aipatzen den egunetik hasita, baldin eta balio hori aldatuta badago aurreko zergaldian lurralde kontribuzioaren zerga-oinarri gisa hartu zen erregistroko balioaren aldean.

Aurreko lerroaldean aipatu den gora jotzeko errekurtsoak ez du etenen esleitutako balioa betearazi beharra, ez bada behintzat salbuespenez hori erabakitzen interesdunak eskatuta, baina betearazteak sortuko lituzkeen kalte konponezin edo konpontzen zailak liratekeenak justifikatzen baditu betiere; kautelazko neurriak aginduko dira, beharrezkoak direnean, interes publikoaren babesa eta aipatu balioaren eraginkortasuna ziurtatu ahal izateko.

8. Ondasun higiezinen katastroko balioa izanen da udaleko katastroko inskripzioan ondasun horiek daukaten balioa; katastroko balio gisa hartuko da, halaber, udalerri batean baino gehiagotan kokatutako ondasun berezi baten balio unitarioari dagokionez udal bakoitzari dagokion balioaren portzentajea. Udaleko katastroa urtero eguneratuko da, ondorioak urtarrilaren 1ean hasita, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan azaroaren 30ean inskribatuta dauden balioak hartuz, artikulu honen 4. idatz-zatian aipatu bezala. Balio horiek udalei jakinaraziko dizkie Zerga Ogasunak.

Hori hala izanik ere, ondasun higiezinei ematen zaien balioa edo urte berean egiten diren aldaketak, bai balorazio kolektiboko prozeduren ondoriozkoak badira bai banakako baloraziokoak badira ere, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen jakinaraziko dizkio Nafarroako Zerga Ogasunak kasuan kasuko udalari, ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna esleitua duen Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzuburuak multzoan onetsitako balioak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan azaroaren 30aren ondotik sartu ondoren eta onespenaren akordioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratu ondoren.

Jakinarazpen hori jasotakoan, Zerga Ogasunak ordura arte jakinarazitako balio guztiak katastroan sartzen ahalko dituzte udalek, horien banakako jakinarazpena egin ondoren. Balio horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

Dena dela, ondasun higiezinak eta horien deskribapenaren aldaketa foru lege honen 30.6 artikuluan aipatzen den ikuskapenaren ondorioz sartzen badira Lurralde Aberastasunaren Erregistroan, Nafarroako Zerga Ogasunak preskribatu gabeko ekitaldietan inskribatutako ondasunari dagokion balioa zehaztuko du, eta kasuan kasuko udalari jakinaraziko dio, beharrezkoak diren zerga likidazioak egin daitezen.

22. artikulua. Ondasun higiezinen balorazioa.

1. Ondasun higiezinen erregistroko balioa zehazteko, merkatuko balioa hartuko da erreferentziatzat, baina erregistroko balioak ezin izanen ez du merkatukoa gainditu eta ez da izanen foru lege honen 24.2.a) artikuluan aipatzen den metodo gehigarria aplikatuta ateratzen dena baino txikiagoa, non eta azken hori ez den merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Merkatuko baliotzat hartzen da kargarik gabeko ondasun higiezin batek izaten ahal duen arrazoizko prezioa, ondasunaren ezaugarri ezagunen eta dauden inguruabarren arabera, ondasun konparagarrien eskaintza eta eskariaren lehia libreko merkatu batean, partikularren artean itun bat libreki sinatuz, horretatik kanpo utziz bai ondasuna eskuratzera eramaten duten eta neurriz kanpoko prezioa jarrarazten duten arrazoi edo asmo pertsonalak, bai eta ondasunaren funtsa eta ezaugarriak aldatzen ez dituzten denborazko inguruabarrak ere.

3. Indarra duen balorazio ponentzia aplikatuko da ondasun higiezin bati balio berri bat emateko, lege honen 34.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan une horretan ondasunari buruz bilduta dauden ezaugarriak kontuan harturik; horretan salbuespen izanen da foru lege honen 40. artikuluan ondasun bereziei buruz xedatutakoa eta sektore bakoitzeko araudiak ezarritako kasuetan administrazioak mugatutako balioaren aplikazioa. 23. artikulua. Balorazioko xedapen orokorrak.

1. Ondasun higiezinen balorazioa egiteko arau orokorrak dira, hain zuzen ere, ondasun higiezinei aplikatu behar zaizkien balorazio metodoak Nafarroa osoan berberak izate aldera Ekonomia eta Ogasun kontseilariak onesten dituen xedapen orokorrak.

2. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak baloraziorako onetsitako parametro orokorrak dira, hain zuzen ere, Nafarroa osoan ondasun higiezinen balio homogeneoa ezartzeko balorazio metodoen aplikazioan beharrezkoak diren elementuak, hala nola:

a) Balioak zenbatesteko eredu estatistikoak.

b) Balio-irabaztearen edo balio-galtzearen koefizienteak, lurzoruaren oinarrizko balioari aplikatu beharrekoak.

c) Eraikinen balio-tipoen taulak eta eraikuntzaren oinarrizko modulua.

d) Eraispenaren kostuko moduluak.

e) Eraikuntzen balio-galtzearen koefizienteak.

f) Lurren batez besteko balioaren koefizientea, lehen mailako aprobetxamendu motaren eta merkatuko kasuko erreferentzia koefizientearen arabera.

g) Errentaren kapitalizazioko tasak.

h) Balio-irabaztearen edo balio-galtzearen koefizienteak, eraikuntzaz eta lurzoruaz besteko ondasun higiezinen balioari aplikatu beharrekoak.

i) Balioa eguneratzeko koefizienteak eta balioa finkatzeko koefizienteak, erregelamenduz ezarri beharrekoak.

24. artikulua. Balorazio metodoak.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko ondasun higiezinen balioa lortuko da merkatuko balioarekin konparatzeko metodoaren bitartez, eredu estatistikoak erabiliz.

Aurreko lerroaldean azaldutako ondorioetarako, balioak zenbatesteko ereduak baldin badaude, Nafarroako Zerga Ogasunak eredu horiek aplikatuko dizkie Lurralde Aberastasunaren Erregistroan biltzen diren ondasunei, eta aplikazio horren bidez zehaztuko da ondasun higiezinen balioa.

Ondasun higiezinen balioak zenbatesteko eredutzat hartzen dira ondasun higiezinen multzo bati edo azpimultzo bati aplikatu beharreko balorazio tresnak, izaera homogeneoko ondasunen multzo garrantzitsu bateko lagin adierazgarri baten azterketaren emaitza gisa lortuak, betiere ondasunen eremu geografikoa edo Lurralde Aberastasunaren Erregistroan ondasun horiek dituzten ezaugarriak kontuan hartuta, eta ondasun higiezinen balioan eragina duten faktore sistematiko guztien ondorioak zehatz zenbatesten laguntzen dutenak. Balioak zenbatesteko ereduak prestatzerakoan informazio iturri gisa hartuko dira, besteak beste, udalek Nafarroako Zerga Ogasunari ematen dizkioten merkatuko laginak, Zerga Ogasunak bere esku dituenak edo horretarako egiten direnak.

2. Ondasun higiezinak beren ezaugarriengatik edo eremu geografikoarengatik (aurreko idatz-zatian aipatuengatik) zenbatespen ereduak prestatzeko erabiltzen diren laginen mailatik kanpo baldin badaude, Nafarroako Zerga Ogasunak horien balioa finkatzeko ondoko metodo analitikoak erabiliko ditu, kostuen, etekinen eta balioen gaineko merkatuko informazioan oinarrituta:

a) Gehigarria. Horren bidez, ondasun higiezin baten balorazioa eginen da, ondasun hori harturik egungo egoerako hegalkinaren balioaren eta lurzoruaren balioaren arteko batura gisa. Hegalkinaren balioa kostuaren metodoaren bidez lortuko da eta lurzoruarena, berriz, konparazio metodoaren bidez edo, hala ezin denean, hondar-balioaren metodoa erabiliz.

b) Kapitalizaziokoa. Horren bidez, sortzen duen egiazko errentatik edo errenta potentzialetik abiatuta baloratuko da ondasuna.

c) Batez besteko balioena, lehen mailako aprobetxamenduaren arabera.

d) Merkatuko konparaziokoa, balioak zenbatesteko eredu estatistikorik ez dagoenean.

3. Aurreko idatz-zatian aipatutako metodoetako bat baino gehiago aplikatzen ahal denean, balio handiena ematen duena erabiliko da.

4. Kostuaren metodoa higiezinak diren elementu mota guztien balorazioan aplikatuko da, salbu eta lurzoruarenean.

Metodo hori oinarritzen da elementu hori antzeko ezaugarriak eta baliagarritasuna dituen beste batez ordezteak seguruenik ekarriko lukeen kostuaren zenbatespenean.

Eraikuntzen kasuan, berritarako ordezpen baliotzat hartzen da eraikuntza asimilagarri baten exekuzioaren kostua baina oraingo materialak eta eraikuntza sistemak erabiliz, ondokoak gehituta: proiektuaren eta obra zuzendaritzako ordainsariak, lizentzia, tasa eta tributuen kostuak, kontrataren mozkinak, sustapenaren gastu eta mozkinak eta finantzaketaren eta merkaturatzearen gastuak.

Horretarako, foru lege honen 23.2.c) artikuluan baloraziorako aipatzen diren parametro orokorrak aplikatuko dira, eraikuntza gisa hartzen diren higiezin-unitateen berritarako ordezpen kostua zehaztu ahal izateko, foru lege honen 13.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz eta erregelamenduz ezarritako tipologia kontuan hartuz.

Higiezin-unitateak, beren ezaugarriak bitxiak eta gutxitan agertzen direnak izateagatik edo eraikitzearen egiazko kostua izugarri altua izateagatik, ezin badira sartu aurreko lerroaldean azaldutako tipologietan, ordezpen kostua kalkulatuko da kostu historiko eguneratuetatik edo egiazko kostuetatik abiatuta.

Beste elementu higiezin batzuen kasuan antzeko irizpideak hartuko dira kontuan, haien ezaugarrien arabera. Hala zehazten den berritarako ordezpen balioaren gainean aplikatuko dira 23.2 artikuluak aipatzen dituen zuzenketa koefizienteak, antzinatasunari, erabilerari eta kontserbazio egoerari buruzkoak, eta balioaren gainean eragina duten eta oraingo egoeran hegalkinak duen balioa kalkulatzen lagunduko duten gainerako ezaugarriei buruzkoak.

5. Hondar-balioaren metodoa lurzoruaren balioa zehazteko aplikatuko da.

Lurzoruaren hondar-balioa ateratzen da bere erabilera handien eta hoberenaren salmentarako aurreikusten den baliotik aipatu erabilera egiazki gauzatzeko beharrezkoa den kostua kenduta.

Erabilera handien eta hoberentzat jotzen da seguruenik izan daitekeena, fisikoki izan daitekeena, behar bezala justifikatzen dena, legez zilegi dena, finantzen aldetik izan daitekeena eta balio handiena sortzen duena.

Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, eraiki gabeko lurzoruen edo eraikiak izan arren hirigintzari buruzko araudiaren araberako eraikitze ahalmena agortua ez duten lurzoruen hondar- balioa zehaztuko da hirigintzako inguruabarren eta, kasua baldin bada, erregelamenduz ezartzen diren ezaugarrien arabera; lurzoruaren errendimendu hoberenari dagokion zenbatekoa finkatuko da aurreikusten ahal diren salmenta balioak kontuan hartuta, eginda dauden eraikinak eraisteko kostuak kenduta betiere, eraistea beharrezkoa denean lurzorua lortzeko.

Metodo hori aplikatu ahal izateko ezinbestekoa izanen da informazio egokia izatea ordezpen kostuak zenbatesteko, bai eta merkatuko balioen edo seguruenik izaten ahal diren erabileren salmenta prezioen zenbatespena egiteko ere, erabilera handien eta hoberena zehazteko.

6. Ondasun higiezinak kapitalizazio bidez baloratzeko metodoaren bidez balio bat ematen da, horretarako kontuan hartuz gaur egungo errendimendua edo sortzen den egiazko errenta edo errendimendu edo errenta potentziala.

7. Lehen mailako aprobetxamenduaren araberako batez besteko balioen metodoa, nekazaritza eta oihangintzako aprobetxamendua duten lurrei aplikatu beharrekoa, erregelamenduz ezartzen diren jarduketak garatuz zehaztuko da.

8. Merkatuko konparazio metodoa, zenbatespeneko eredu estatistikorik gabea, erabiltzen ahal da indarra duten zenbatespeneko eredu estatistikoen aplikaziorik ez duten era guztietako ondasun higiezinak baloratzeko, baldin eta antzeko ezaugarriak dituzten ondasunekin berriki egindako sei transakziori buruz, gutxienez, aski informazio bada.

IV. KAPITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak

1. ATALA

Prozedura motak

25. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko prozedurak. 1. Ondasun higiezinen oinarrizko datuak, foru lege honen 3.2 artikuluak aipatzen dituenak, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatuko dira, honako prozedura hauen bitartez:

a) Eguneratzekoa; Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatuko dira, foru lege honen 26., 27., 28. eta 29. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, inskribatuta dauden lurzatietan edo higiezin- unitateetan izaten diren aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak.

b) Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako datuak foru lege honen 30. artikuluan aurreikusitako ikuskapenaren ondorioz aldatzekoa.

c) Aldaketa egitekoa, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako lurzati edo higiezin- unitate jakin baten ezaugarri fisikoen mugaketa grafikoa aldatzeko eskariaren ondorioz, foru lege honen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Aldaketa egitekoa, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako lurzati edo higiezin- unitate jakin baten titulartasuna aldatzeko eskariaren ondorioz, foru lege honen 32. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

e) Inskribatuta dauden edo inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen balioen aldaketa kolektiboa egitekoa, kapitulu honetako 4. atalean ezarritakoaren arabera.

f) Ondasun berezi deklaratutako ondasun higiezinak inskribatzekoa, kapitulu honetako 5. atalean ezarritakoaren arabera.

2. Ondasun higiezinei buruzko edozein inskripzio administrazio publikoaren ahalmena da, bere eginkizun publikoak betetzearen ondorioetarako soilik, eta ondasun higiezinen titularrek ez dute inolako eskubiderik ondasun horiek beren jabari-tituluen interpretazioaren arabera aitortzen edo nahi duten moduan inskribatzeko Lurralde Aberastasunaren Erregistroan.

3. Aldaketa grafiko batek edo titulartasunaren aldaketa batek eragina baldin badu Lurralde Aberastasunaren Erregistroan herri ondasun gisa inskribatutako lurzatietan, beharrezkoa izanen da titular moduan ageri den toki entitateko gobernu organo gorenak hartutako erabakia, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren barruan herri ondasunak aldezteko ahalmena duen unitate organikoaren aldeko txostena ere.

Halaber, abelbideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen ondareko edo Estatuko administrazio orokorrak Nafarroako Foru Komunitatean duen ondareko beste ondasun batzuen mugaketari buruz egiten den aldaketa grafiko bat inskribatzeko, ondasun higiezina aldeztu edo kontserbatzeaz arduratzen den departamentu edo organoaren aldeko txostena beharko du Nafarroako Zerga Ogasunak.

4. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak banaka sartu edo aldatu behar direnean, Nafarroako Zerga Ogasunean aipatu erregistroaren kontserbazio lana esleitua duen zerbitzuko zuzendariak onetsitako agiri normalizatua erabiliko da.

5. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuen edozein aldaketa, partikularrek aitortu edo eskatua bada eta dagoen informazioan aldaketa grafikoa egitea badakar, unean uneko lurzatien planoan edo irudikapen grafikoan aldaketa egiten uzten duten formatuak erabiliz egin beharko da. Horretarako, partikularrek behar den dokumentazioa aurkeztuko dute, ukitutako lurzatiei edo higiezin-unitateei buruz ateratzen den irudikapen grafikoa eskuragarri dauden formatuetara modu argi eta arrazoizkoan eraman ahal izateko; udalek formalizatu egin beharko dute dokumentazio hori, eta zilegi izanen dute irudikapenaren ondoriozko kostuak titularrei edo eskatzaileei egoztea.

2. ATALA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak eguneratzeko prozedurak

26. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eguneratzeko prozedurak.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eguneratzeko jarduketen ondorioz oinarrizko datuak sartzeko prozeduren xedea da foru lege honen 5.1 artikuluan aipatzen diren titularren lurzatietan edo higiezin-unitateetan izaten diren aldaketak biltzea, baldin eta horien mugen mugaketa grafiko desberdina egitea edo titulartasunaren erreklamazioa ez badakarte (foru lege honen 31. eta 32. artikuluetan arautzen dira horiek).

2. Udalei dagokie, foru lege honen 19. artikuluan ezarritako kon- tserbazio ahalmenak erabiliz, foru lege honen 27. eta 28. artikuluetan azaldutako prozeduren arabera inskribatu nahi den aldaketa dokumentatzea eta Lurralde Aberastasunaren Erregistrora igortzea.

Nafarroako Zerga Ogasunaren barruan aipatu erregistroaren kon- tserbazio lana esleitua duen unitate organikoak kasuko udalei eskatuko die igorri dituzten dokumentuetan atzemandako hutsuneak zuzen ditzatela, bi hilabeteko epean gehienez ere.

Epe hori bukatu eta zuzenketa egin ez bada, artxibatu eginen da oinarrizko datuak aldatzeko eskaera.

27. artikulua. Oinarrizko datuak aitorpenaren ondorioz aldatzeko prozedura.

1. Ondasun higiezinen titularrak behartuta daude, zuzenean edo beren administratzaileen edo legezko ordezkarien bitartez, ondasunetan izandako aldaketak deklaratzera, ondasun horien kokaleku den udalerrian; horretarako, eskritura publikoaren fotokopia, agiri pribatua, epai judizial irmoa edo zuzenbidean balioa duen eta aldaketak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentazio aurkeztu beharko dute.

2. Aurreko idatz-zatian adierazitakoa gorabehera, aldaketak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan jaso beharreko jabariaren edo beste eskubide erreal baten eskualdaketari buruzkoak direnean, ondasun edo eskubide horien eskuratzaileak behartuta daude aldaketa deklaratzera; eskualdaketaren datan erregistroan titular gisa ageri direnek edo, haiek hilez gero, beren oinordekoek ere egin ahalko dute.

3. Honako hauek hartuko dira ondasun higiezinen aldaketatzat:

a) Aldaketa fisikoak: ondasun higiezinak zatitzea, elkartzea edo beren mugaketa aldatzea, eraikin berriak egitea eta daudenak handitu, zaharberritu edo eraistea, bai osorik bai zati bat soilik.

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko ondasun higiezinen zatiketak, eragina baldin badu erregistroan inskribatutako titularrengan edo zatiketaren ondorioz inskribatu behar dutenengan, bai eta ondasun higiezinen mugaketaren beste edozein aldaketak ere, ezinbestekoa izanen du sortzen den egoeraren irudikapen grafikoa egitea lurzatien planoan eta ukitu guztiek hori egiaztatzea; ukituek, gero, adostasun espresa adierazi beharko dute, foru lege honen 25.4 artikuluan aipatzen den agiri normalizatua sinatuz.

Ez dira aldaketa fisikotzat hartuko eraikinen kontserbazio edo mantentze lanetarako besterik ez diren obrak edo konponketak, nahiz eta aldian-aldian egin beharrekoak ez izan, ez eta apaindura edo dekorazioko ezaugarriak soilik ukitzen dituztenak ere.

b) Aldaketa ekonomikoak: ondasun higiezinen erabilera edo xede potentzial edo erreala aldatzea, bai eta ondasunen karakterizazioan edo balorazioan eragina duten oinarrizko beste datu batzuk ere, alde batera utzita aldaketa fisikorik sorrarazten duten ala ez.

c) Aldaketa juridikoak: foru lege honen 5.1 artikuluan azaltzen diren eskubideetako edozein sortzea, aldatzea edo iraungitzea, bai eta aipatutako aldaketa fisiko edo ekonomikoak babesten dituzten jarduketa juridiko guztiak ere.

4. Ondasunak zein udalerritan dauden, bertako udaletxean aurkeztuko dira aldaketei buruzko aitorpenak, hilabeteko epean, ondoko egunetatik zenbatzen hasita:

a) Aldaketa fisikoak direnean, aldaketak egin eta biharamunetik hasita; eraikuntzen kasuan, berriz, hirigintzako lizentziak ezarritako epearen barnean eraikuntza bukatzen denean eta, betiere, lanak gelditu eta sei hilabeteko epean edo lanak hasi eta bi urteko epean.

b) Aldaketa ekonomikoak direnean, erabilera edo xedea aldatzeko administrazio baimena eman eta biharamunetik hasita edo, baimena behar ez bada, aldaketa egin eta biharamunetik hasita.

c) Aldaketa juridikoak direnean, eskritura publikoa edo, kasua bada, eskritura formalizatzeko agiria eman eta biharamunetik hasita.

5. Ondasun baten gainean eskubide desberdinak izanez gero, titular guztiek izanen dituzte artikulu honetan ezarritako betebeharrak (aldaketek beraiengan duten eraginaren neurrian), bai eta bigarren idatz-zatian aipatutako eskuratzaileak edo eskuratzaileek ere.

6. Eskubide baten gaineko titular batek baino gehiagok aitortu behar duenean egitate, egintza edo negozio bat, titularretako batek beharkizun hori betetzen duenean denek betetzat joko da, baina horrek ez dio Nafarroako Zerga Ogasunari galarazten ondasun higiezinaren aldaketak zuzen inskribatzeko beharrezkoa den informazioa edozein unetan eskatu ahal izatea.

7. Aldaketa ondasun higiezinen jabariaren edo beste eskubide erreal baten eskualdaketari buruzkoa denean, eta zuzenbidearen arabera baliozkoa den edozein bide erabiliz formalizatuta dagoenean, eskualdatutako lurzatiak edo higiezin-unitateak zalantzarik gabe identifikatu beharko dira.

8. Udalek aitorpen hori, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuak aldatzeko agirian formalizatua, Zerga Ogasunean erregistroaren kontserbazio lana esleitua duen unitate organikora igorriko dute, eta unitate horrek zuzenean sartuko du erregistroan.

9. Nafarroako Zerga Ogasunak zilegi izanen du udalak premiatzea eta, hala behar denean, haien jarduketa ordeztea, Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eguneratuta egon dadin, subjektu behartuek aldaketaren aitorpena kasuan kasuko udalean behar bezala egin eta gero udalak tramitazioari ekiten ez dionean; halakoetan, kasuko udalari egotziko zaizkio sortutako gastuak.

Hartara, prozeduran interesa dutenek Nafarroako Zerga Ogasunari eskatu ahalko diote jarduketa horiek egin ditzala, aldaketaren aitorpena edo eskaera udalean sartu eta bi hilabeteko epea iraganik prozedura hasi ez bada.

Interesdunaren eskaera jaso eta gero, Nafarroako Zerga Ogasunak udalari errekerimendua eginen dio bere eskumenak balia ditzan eta errekerimendua igorri den egunetik hasita bi hilabeteko epean igor dezan kasuko agiri normalizatua.

Epe hori bukatu eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan agiria jaso ez bada, Nafarroako Zerga Ogasunak zilegi izanen du udalaren tokian subrogatzea; halakoetan, udalari eta prozeduran interesa dutenei egoera hori jakinaraziko die.

28. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuak udalek eskatuta aldatzeko prozedura.

1. Oinarrizko datuen aldaketa ekonomiko, juridiko eta fisikoak, hirugarren atalean araututako prozeduren bidez tramitatu gabeak, aurreko artikuluan xedatutakoari jarraikiz aitortu ez direnean, kasuan kasuko udalak formalizatuko ditu, foru lege honen 19. artikuluan aipatzen diren kontserbazio eginkizunak betez.

2. Aldaketa horiek, formalizatutakoan, Lurralde Aberastasunaren Erregistrora bidaliko dira, egin nahi den aldaketa justifikatzeko agiriekin batera.

3. Nafarroako Zerga Ogasunak aldaketa egiteko aurkeztu den eskaera gainbegiratu ondoren, baldin eta sortzen den egoera agiri grafikoekin azaltzen bada, eskuragarri dagoen informazio grafikoa eraldatzen lagunduko duten formatuak erabiliz, aldaketa hori zuzenean sartuko da Lurralde Aberastasunaren Erregistroan.

4. Nafarroako Zerga Ogasunak uste baldin badu udalak igorritako aldaketak kapitulu honetako hirugarren atalean ezarritako prozeduren bitartez tramitatu beharrekoak direla, toki entitateari itzuliko dizkio, bestelako tramiterik gabe artxiba ditzan eta kasuko administrazio prozedura has dezan.

29. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuak Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean aldatzeko prozedura.

1. Ondasun higiezinetan izandako aldaketak aitortzera behartuta daudenek ez badute betetzen foru lege honen 27. artikuluan ezartzen den betebeharra, Nafarroako Zerga Ogasunak zuzenean aldatuko ditu Lurralde Aberastasunaren Erregistroan bildutako titulartasunak, inskribatutako datuen ondorengo agiri juridikoetan oinarriturik (titularrek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin dituzten zerga beharkizunak betez aurkeztuak).

2. Notarioek eta jabetza-erregistratzaileek egindako jakinarazpenetan ematen den informazioak zalantzarik gabe identifikatzen baldin badu jakinarazitako egintza, egitate edo negozio juridikoan aipatutako higiezin-unitatea edo unitateak, halako moduz non Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datu zehatzak aldatzen ahal baitira, zuzenean inskribatuko da bertan; horrek ez du galarazten egin den inskripzioan geroago zuzenketaren bat egin ahal izatea, foru lege honen 27. artikuluan xedatutakoa betez egindako aitorpenaren ondorioz.

3. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan arlo horretako eskumena duen organoak berariaz emandako ebazpenaren ondorioz ondasun higiezinen oinarrizko datuetan izandako aldaketak zuzenean sartuko dira Lurralde Aberastasunaren Erregistroan.

30. artikulua. Datuak Nafarroako Zerga Ogasunak egindako ikuskapenaren ondorioz aldatzeko prozedura.

1. Egiaztapen eta ikerketa jarduketen helburua izanen da Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatzeko araudian ezarritako eginbeharrak egoki betetzen diren begiratzea.

Zerga Ogasunak, ikuskapen eginkizunak betetzen dituenean, beharrezkoa den informazio guztia eskatuko du, foru lege honen 7. artikuluan ezarri den lagundu beharra betez, aitorpen eta jakinarazpenen zuzentasun, zehaztasun eta egiazkotasuna egiaztatuko du eta aitortu edo jakinarazi ez diren edo hein batean baizik egin ez diren egitate, egintza edo negoziorik baden ikertuko du.

2. Nafarroako Zerga Ogasunaren barruan Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lana esleitua duen unitate organikoko teknikariek eginen dituzte ikuskapen jarduketak, kasuan kasuko datuak dauzkan pertsona bertan dela edo datuak nahiz aurrekariak langile horiei emateko errekerimenduaren bidez, eta akta eta txostenetan formalizatuko dira, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak onetsitako edukiarekin; horietan jasoko dira, kasua bada, ondasun higiezinen karakterizazioan eta deskribapen grafikoan egin beharreko erregularizazio jarduketak.

Aipatu den unitate organikoko teknikariek ikuskapen lanean egiten dituzten akta eta txostenek horien abiapuntu izan diren egintzak frogatzeko balioko dute; hori guztia, dena den, ez da oztopo izanen interesdunek frogak adierazi edo aurkez ditzaten.

3. Ikuskapenaren ondorioz Lurralde Aberastasunaren Erregistroko oinarrizko datuak aldatu behar direnean, Nafarroako Zerga Ogasunean erregistro horren kontserbazio lanaz arduratzea esleitua duen zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du, oinarrizko datuak aldatzeko administrazio prozedura has dadin.

4. Interesdunei entzunaldia emanen zaie betiere, administrazio prozedura erkideari buruzko legedia orokorrean xedatutakoari jarraikiz, titular inskribatuek edo hirugarren ukituek alegazioak egin ahal ditzaten eta egokiak iruditzen zaizkien agiriak aurkeztu, ikuskapenaren ondorioz irekitako espedientean dagoen informazioa dela eta.

5. Espedientean dagoen informazioa kontuan harturik, prozedura hasteko eskumena duen organoak ebazpena emanen du, eta bi modutan gauzatzen ahalko da ebazpen hori: aukera bat oinarrizko datuak aldatzea izanen da, ondasun higiezinen titulartasunean, karakterizazioan eta deskribapen grafikoan egin beharreko erregularizazio jarduketak adierazita, eta beste bat, berriz, inolako inskripziorik egitea bidezkoa ez dela adieraztea.

Inskribatutako arestiko titulartasuna modu arrazoituan aldatzea zilegi izanen da espedienteko dokumentazioan zalantzarik gabe kreditatzen denean Lurralde Aberastasunaren Erregistroan akatsa dagoela, eta behar bezala frogatzen denean aldaketa justifikatzen duen titulu juridiko bat dagoela. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

6. Ikuskapenaren ondorioz ondasun higiezinak edo horien deskribapenaren aldaketa Lurralde Aberastasunaren Erregistroan sartu behar direnean, zuzenean eginen da aurreko idatz-zatian aipatutako ebazpena jakinarazi ondoren, eta ikuskapenaren xede izan den egitatea, egintza edo negozioa gertatu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak; hori guztia ez da oztopo izanen, kasua bada, zehazpen prozedurari hasiera eman ahal izan dakion, aipatu jakinarazpena egin eta hiru hilabeteko epean.

7. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasunak, egindako ikuskapen lanaren ondoren, ezin izan badu 5. idatz-zatian ezarritako moduan behar bezala frogatu inskribatu beharreko titulartasuna, baina, espedienteko dokumentazio juridikoa oinarri hartuta, uste badu inskribatutako titulartasunean seguruenik akatsa dagoela, egoera horren berri emanen die ukituei, kasua bada foru lege honen 32. artikuluan ageri den eskaera egin dezaten.

3. ATALA

Inskribatutako titulartasuna edo mugaketa grafikoa zuzentzeko eskaera egiteko prozedurak

31. artikulua. Lurzatien mugen eta azaleraren aldaketa grafikoa egiteko prozedura.

1. Lurzati batzuen edo higiezin-unitate batzuen mugak eta azalerak aldatzeko prozedura udalak has dezake, ofizioz, eta interesdunak eskatuta ere hasten ahal da; interesduntzat hartzen dira aldaketak ukitzen dituen titular inskribatuak edo ondasunen gainean titulu justu baten bidez lurzati edo higiezin- unitate horien jabetza eskubidea dutenak.

2. Lurzatien edo higiezin-unitateen azalera lurzatien planotik edo eraikuntzaren krokisetik abiatuta aterako da metodo informatikoen bidez, guneen muga-lerroak inguratzen duen area kalkulatuz, eta betiere haren proiekzio horizontala emanen da.

Titulartasuna lortu nahi deneko eremuaren mugetatik heldu den mugaketa zehatza grafikoki dokumentatu ezean, ez da lurzati edo higiezin-unitate horien gaineko inolako erreklamaziorik onartuko.

Lurzati edo higiezin-unitate baten edo batzuen azaleraren kalkulu okerretan oinarrituriko zuzenketarik ez da inolaz ere tramitatuko, baldin eta interesdunak ekarritako neurketa teknikotik ateratzen den azalera (proiekzio horizontalean adierazita betiere) foru lege honen 20.1 artikuluan aipatzen diren eta erregelamenduz zehaztuko diren tolerantzia teknikoek onartzen dituzten mugen barrenekoa baldin bada; izan ere, mugaketa grafiko hori ez da adierazgarria.

3. Udalaren zerbitzuko teknikariek egindako ikuskapen lanaren ondorioz eta udalaren administrazio bulegoetako administrazio artxiboetan dagoen dokumentazioaren arabera, udalak argi eta garbi ondorioztatzen baldin badu lurzatien planoan lurzatiaren irudikapen grafikoa oker egin dela eta, horrenbestez, lurzatiaren beste mugaketa bat egin behar dela, ofizioz hasiko du prozedura, organo eskudunaren erabakiaren bidez. 4. Prozedura interesdunak eskatuta ere has daiteke, baldin eta lurzatiaren edo higiezin-unitatearen azalpena eta haren jatorria frogatzeko kasuko agiri juridikotik heldu dena bat etortzen ez badira. Ondorioz, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuak aldatzeko agiria eginen da eta hari nahitaez erantsi beharko zaio ukituriko higiezin-unitate guztien lurzatien planoko mugen irudikapen grafikoa. Kasu horretan ez da aplikatzekoa izanen foru lege honen 25.5 artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa.

5. Udalek egin nahi den aldaketak ukitutako titularrei eskatuko diete aldatu nahi diren lurzatien edo higiezin-unitateen jabetza tituluak hilabeteko epean ekar ditzatela.

Administrazio prozedura bukatzeko ebazpena espedientean dagoen informazioan eta ez beste ezertan oinarriturik hartuko da, interesdunek kasuko jabetza tituluak aurkeztu edo ez aurkeztu.

6. Udalak Nafarroko Zerga Ogasunari txosten ez-loteslea eskatzen ahalko dio, egindako eskaera bideragarria ote den argi eta garbi jakiteko. Horretarako, behar den dokumentazio guztia bidaliko dio.

Nafarroako Zerga Ogasunak, berriz, txostena prestatzeko behar duen informazio guztia bidaltzeko eskatzen ahalko dio kasuko udalari.

Txostena bi hilabeteko epean egin beharko da, udalak bidali beharreko dokumentazio guztia jasotzen denetik hasita.

7. Betiere, interesdunei entzunaldia emanen zaie, administrazio prozedura erkideari buruzko legedi orokorrean ezarritakoaren arabera, bai ukitutako titularrek, bai prozeduran parte hartu duten hirugarrenek eskatzen den aldaketaren gainean duten iritzia argi eta garbi eman dezaten.

8. Mugakide diren lurren titularren artean finkaren mugen edo azaleraren gainean auzia sortzen den kasuetan, oinarrizko datuei buruz eskatu den aldaketaren gainean ados jartzen badira _foru lege honen 25.4 artikuluan aipatzen den agirian, ukitutako guztiek sinatuta, islatuta_, eta ondoriozko egoera grafikoki dokumentatzen bada artikulu honen 4. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, dokumentazio hori Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lana esleiturik duen unitate organikora igorriko da, erregistroan zuzenean sar dezaten.

9. Espedienteari erantsitako informazioaren ondorioz agerian gelditzen bada auzi zibil bat dagoela, zuzenbidean baliagarria den dokumentazioaren arabera inskribatutako katastroko titularrak titulu justuaren arabera eskatutako aldaketaren aurka daudelako, udalak, alkatearen ebazpen baten bidez, lurzati edo higiezin-unitate jakin baten mugak edo azalera aldatzeko eskaera ezetsiko du.

Horrelakoetan, dagoen egoerak bere horretan segituko du, harik eta arlo jurisdikzional zibilak lurzati edo higiezin-unitate horien mugen edo azaleraren gainean epai irmoa eman arte edo aurreko idatz- zatian adierazitako adostasuna lortu arte.

Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Administrazio Auzitegian edo, bestela, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko II. kapituluan ezarrita dauden errekurtso administratibo edo jurisdikzionalak.

10. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, udalak duen informaziotik abiatuta zalantzarik gabe ondorioztatzen badu lurzati edo higiezin-unitate jakin batzuen irudikapen grafikoa oker egin dela eta oker hori Lurralde Aberastasunaren Erregistroa ezarri edo kontserbatzeko esleituriko eginkizun teknikoak baliatzean egin dela, Nafarroako Zerga Ogasunari mugaketa grafikoa aldatzeko proposamena eginen dio, alkatearen ebazpen baten bidez.

Proposamen horren irudikapen grafikoa Nafarroako Zerga Ogasunak ezarritako formatuetan eginen da, eta horrekin batera aurkeztu beharko dira udalaren zerbitzuko teknikarien txostena eta dagoen akats tekniko hori zuzendu beharra dagoela frogatzeko agiriak.

Oinarrizko datuak zuzentzeko proposamena igorri ondoren, Nafarroako Zerga Ogasunak aztertuko du, Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lanaz arduratzen den unitate organikoko teknikarien bidez. Unitate horrek txostena egin beharko du, non lurzati edo higiezin-unitate jakin baten irudikapen grafikoan akatsik ote dagoen baloratuko duen eta, kasua bada, egin beharreko zuzenketa proposatuko duen.

Nafarroako Zerga Ogasunean Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lana esleiturik duen zerbitzuko zuzendariak, txosten hori oinarri harturik, dauden datuak zuzentzeko edo kasuko udalak egindako proposamena ezesteko ebazpena emanen du.

Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

11. Ebazpena ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea bederatzi hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik kontatzen hasita, prozedura ofizioz hasten den kasuetan, edo eskaera udalaren erregistroan sartzen den egunetik kontatzen hasita, prozedura pertsona interesdun batek eskatuta hasten den kasuetan.

12. Aurreko idatz-zatian aipatutako epea bukatuta, eskaera eze- tsitzat hartuko da.

32. artikulua. Lurzatien edo zenbait higiezin-unitateren titulartasuna interesdunak eskatuta aldatzeko prozedura.

1. Lurzatien edo higiezin-unitateen titulartasuna, haien mugak edo azalerak aldatu gabe, aldatzeko prozedura interesdunak berak eskatuta abiarazten ahalko da, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatu den titulartasunean agertzen den okerrean oinarrituta. Akats hori behar adinako titulu juridiko baten bidez frogatu beharko da.

2. Prozedura aurreko artikuluaren 5., 6. eta 7. idatz-zatietan azaldu denari jarraikiz tramitatuko da.

3. Lurzati baten edo higiezin-unitate baten titulartasuna dela-eta partikularren arteko auziren bat sortu denean, udalak Jabetza Erregistroan inskribaturik dauden titulartasunak lehenetsiko ditu, salbu eta inskripzio hori baliozkoa ez dela frogatzen duen titulartasun tituluren bat baldin badago.

4. Aurreko idatz-zatian aipatutako ondorioetarako, udalak, alkatearen ebazpen baten bidez, lurzati edo higiezin-unitate jakin baten titulartasuna aldatzeko eskaera ezetsiko du, baldin eta espedienteari atxikitako dokumentazioaren arabera agerian gelditzen bada partikularren arteko auzi zibil bat dagoela, inskribaturik dauden titularrak titulu justuan oinarrituz eskatzen den aldaketaren aurka egoteagatik. Horrelakoetan, dagoen egoerak bere horretan segituko du harik eta arlo jurisdikzional zibilak lurzati edo higiezin-unitate horien mugen edo azaleraren gainean epai irmoa eman arte.

Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Administrazio Auzitegian edo, bestela, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko II. kapituluan ezarrita dauden errekurtso administratibo edo jurisdikzionalak.

5. Artikulu honetako 3. idatz-zatian aipatutako ondorioetarako, espedientean dagoen informaziotik abiatuta, udalak, lurzati edo higiezin-unitate jakin baten titulartasuna oker esleitu dela inolako zalantzarik gabe ondorioztatzeko moduan baldin badago, Lurralde Aberastasunaren Erregistroari titulartasuna aldatzeko eskaera bidaliko dio, hori frogatzeko dokumentazioarekin batera.

Nafarroako Zerga Ogasunean Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lana esleitua duen zerbitzuko zuzendariak titulartasun hori aldatzeko ebazpena emanen du, salbu eta ebazpen proposamena arbitrarioa edo nabarmen funsgabekoa bada, edo egiaztatzen bada tartean auzi zibil bat dagoela, orduan eskaera ezesteko ebazpen arrazoitua emanen baitu.

Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

6. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa gorabehera, auzian dagoena bai Nafarroako toki entitateek bai partikular jakin batzuek beretzat eskatzen dituzten ondasun higiezinen titulartasuna bada, kasuko udalak ahalmena izanen du, toki entitatearen osoko bilkuraren edo gobernu eta administrazio organo gorenaren erabakiaren bidez, udalaren titulartasuneko ondasuntzat hartzen diren ondasunak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskriba daitezela premiatzeko, deusetan galarazi gabe erregistroan inskribatzen den ondasun horren gaineko eskubide errealei buruz epai judizial irmo bati jarraikiz azkenean egin beharrekoa. Eskaerarekin batera, ondasunen titulartasun publikoa egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du, toki entitateko idazkariak emana.

Udalak, halaber, Nafarroako toki entitateek tokiko legedian ezarritakoarekin bat etorriz kasuko higiezin-unitateen gainean egindako mugaketa administratiboaren edo berreskuratutako jabetzaren inskripzioa Lurralde Aberastasunaren Erregistroan egitea eska dezake, deusetan galarazi gabe Nafarroako Administrazio Auzitegiak arlo horretan hartzen dituen erabakiak. Erabaki horiek Lurralde Aberastasunaren Erregistroari jakinaraziko zaizkio, erregistroan inskribatzearen ondorioetarako.

Jarduketa horien berri foru lege honen 25.4 artikuluan adierazitako agirian jaso ondoren, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatuko dira zuzenean.

7. Zuzenbidean baliagarria den agiri baten bidez eskatzen baldin bada Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren arabera jabe ezezaguna duen lurzati edo higiezin-unitate baten titulartasuna aldatzeko, jakinarazi eginen zaie garai bateko Katastro Probintzialean titular gisa agertzen ziren jabeei edo ustez jaraunsleak direnei.

Administrazio publikoak ezin baldin ditu identifikatu titularrak aurreko lerroaldean azaldutako informazioa baliatuta, balizko interesdunei jakinaraziko zaie Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta udalaren ediktuen oholean iragarkia jarriz hilabete batez, eta gainera, eskatutako aldaketaren berri emateko iragarki bakar bat jarriko da Nafarroako Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren egunkarietako batean edo, kasua bada, egoki iritzitako herri aldizkari edo buletinean. Jarduketa horiek eginda ere, udalak ezin baldin badu titulartasun pribatiboari buruzko erabaki sendorik hartu, Estatuko administrazio orokorrari jakinaraziko dio, Administrazio publikoen ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 17. artikuluan ezarritako ondorioetarako, eta, hartara, eten eginen da ondoko idatz-zatian ezartzen den epea.

8. Ebazpena ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera kasuan kasuko udalaren erregistroan sartzen den egunetik hasita.

9. Aurreko idatz-zatian aipatutako epea bukatuta, eskaera ezetsitzat hartu beharko du eskatzaileak.

4. ATALA

Balioen aldaketa kolektiboa egiteko prozedura

33. artikulua. Prozeduraren xedea.

Atal honetan arautzen den prozeduraren xedea da ondasun higiezinen balioen zehaztapen kolektiboa egitea, balorazioaren xede den lurraldeko ondasun higiezinei balorazio ponentzia indardunean ezarritako metodoak aplikatuz.

34. artikulua. Balorazio ponentziak.

1. Balorazio ponentziak balorazioak egiteko agiri teknikoak dira, udal barreneko edo udalez gaindiko eremu batean aplikatzekoak, eta haien xedea da ondasun higiezin bakoitzari balio bat esleitzeko behar diren metodo eta parametro teknikoak ezartzea.

Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, eskura dauden merkatu azterketak oinarri harturik, balorazio ponentziak ondasun bakoitzari aplikatu beharreko balorazio metodoa ezarriko du eta foru lege honen 23.2 artikuluan aipatutako balorazio-parametro nagusiak finkatuko ditu, bai eta ondasun higiezinen balioa finkatzeko beharrezkoak diren bestelako parametro teknikoak ere.

2. Balorazio ponentzia balorazioak egiteko xedapen orokorrei eta hirigintza plan indardunei jarraikiz prestatuko dira, eta udalerri edo lurralde entitate asimilatu bakoitzerako ondoko hauek jasoko ditu:

a) Ponentziaren beharra eta edukia justifikatzen dituen oroitidazkia, berariaz aipatuko duena planeamendu indarduna.

b) Baloraziorako parametroek oinarri izan dituzten iturriak edo merkatu azterketak.

c) Foru lege honen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera balorazio metodoa aplikatuko zaien ondasun higiezin guztien aipamena, ondasun horien azalpen generikoa eginez, bai eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ondasun berezitzat kalifikatu dituen ondasunen identifikazioa ere.

d) Ondasun higiezin bakoitzaren balorazioan aintzat hartu diren alderdi eta irizpideak.

3. Lurralde eremua zein den, balorazio ponentziak honela sailkatzen dira:

a) Udal ponentziak, udalerri bakarreko ondasun higiezinak aztertzen badituzte. b) Udalez gaindiko ponentziak, haien aplikazio eremua bi udalerri edo gehiagokoa bada eta ondasun higiezin horiek baterako tratamendua behar baldin badute, haietan aplikatu beharreko edo aplikatu diren jarduketak ikusirik, ezaugarri homogeneoak dituztelako.

4. Aurreko idatz-zatian aipatutako balorazio ponentziak, berriz, honela sailkatuko dira:

a) Osoak, ponentziaren baitan udalerri jakin baeko edo, udalez gaindiko balorazio ponentzien kasuan, eragin eremuko ondasun higiezin giztiak hartzen badira.

b) Partzialak, bere baitan udalerri bateko edo gehiagoko eremu, poligono edo lurzati jakin bateko edo batzuetako ondasun higiezin homogeneo jakin batzuk hartzen baditu edo, kasua bada, lurzati berezi bat eta bertan kokatutako ondasun higiezinak.

Balorazio ponentzia partzialean udalerri osorako indarra duten determinazioak jasoko dira.

35. artikulua. Balorazio ponentziak berrikustea.

Ondoko inguruabarren bat gertatuz gero, balorazio ponentziak berrikusiko dira, ponentzia oso edo partzial berri bat onesteko:

a) Onetsi zenetik edo azkenekoz berrikusi zenetik, bost urte igaro direnean.

b) Lurzorua erabiltzeko edo aprobetxatzeko baldintzak aldatzen direnean.

c) Udalerri bateko ondasun higiezinen multzo aipagarri bateko erregistroko balioen batez bestekoa, ondasun berezi deklaratu direnak alde batera utzita, Nafarroako Zerga Ogasunak, estatistika metodoen bidez egindako merkatu azterketetan oinarrituz, ondasun higiezin horiexei esleitzen dizkien balioen batez bestekoa baino 100eko 20 merkeagoa baldin bada.

d) Udalak udalerriko ondasun higiezin guztien edo batzuen balioa egokitu behar dela uste duenean.

36. artikulua. Udal esparruko balorazio ponentziak prestatu, onetsi eta argitaratzea eta horien eraginkortasuna eta inpugnazioa.

1. Udalerri bateko balorazio ponentziaren proiektua prestatzea udalari dagokio. Horretarako, behar adina informazio eskatzen ahalko dio Nafarroako Zerga Ogasunari, baldin eta haren eskutan badago eta lana egiteko muntakoa bada.

2. Proiektua prestatzeko fasean, udalak batzorde mistoa eratzeko eskatzen ahalko du, testua prestatzeko prozesuan sortzen diren kon- tsultak hari egin ahal izateko.

Eskaera jaso ondoren, Nafarroako Zerga Ogasunak batzorde mistoa eratzeko aginduko du, Nafarroako ondasun higiezinak baloratzeko eginkizunak esleiturik dituen unitate organikoko zuzendariaren ebazpenaren bidez.

3. Udal bakoitzerako batzorde mistoa lankidetza teknikorako organo bat da, udalaren balorazio ponentziaren edukia finkatzeko eratzen dena. Kasuko udalaren hiru ordezkari izanen ditu, udalak berak aukeratuak, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren beste hiru ordezkari. Horietatik bi Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak izendatuko ditu, bertako teknikarien artean, eta hirugarrena Toki Administrazioko Departamentuak aukeratuko du.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ordezkarietako bat izanen da batzorde mistoko lehendakaria. Lehendakariaren botoak berdinketak hausteko balioko du.

Batzorde mistoaren funtzionamendu arauak erregelamenduz ezarriko dira.

4. Behin udalak balorazio ponentziaren proiektua prestatu ondoren, jendaurrean jarriko da hogei eguneko epean. Horretarako iragarkia jarriko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta udalaren ediktuen oholean.

Epe hori bukatuta, udalak aurkezten diren alegazioei buruzko txostena prestatu eta batzorde mistoa eratzeko eskatuko du, 2. idatz-zatian adierazitakoaren arabera oraindik eratu ez bada. Zerga Ogasunari egiten dituen jarduketa guztien berri emanen dio.

Zerga Ogasunak batzorde mistoa eratzea erabakiko du, Nafarroako ondasun higiezinak baloratzeko eginkizunak esleiturik dituen unitate organikoko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Batzorde mistoak aurkezten diren alegazio eta ohar guztiak ebatziko ditu, balorazio ponentziaren proiektuaren behin betiko edukia finkatuko du eta ponentzia onesteko proposamen loteslea eginen dio Zerga Ogasunari.

Lan horiek bukatuta, batzorde mistoa deseginen da.

5. Zerga Ogasunaren barruan ondasun higiezinak baloratzeko eginkizunak esleiturik dituen zerbitzuko zuzendariak balorazio ponentzia onesteko ebazpena emanen du.

6. Balorazio ponentzia onesteko erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Betiere, hogei egun naturaleko epean jendaurrean dagoen bitartean haren eduki osoa non ikus daitekeen adieraziko da.

Nafarroako Zerga Ogasunak Nafarroako Atarian ere argitaratzen ahalko du ponentzia, interesdunek berehalakoan ezagut dezaten soil-soilik, baina, argitalpen horrek ez du ondorio juridikorik izanen 8. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz ponentziaren aurka egiteko epearen hasierari dagokionez.

7. Balorazio ponentziak indarra hartuko du aurreko idatz-zatian jendaurrean egoteko ezarritako epea bukatu eta biharamunean. Epe hori bukatuta, Balorazio Ponentzien Erregistroan zuzenean inskribatuko da, foru lege honen 39.3 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe.

8. Kasuko udalerrian kokatuta dauden ondasun higiezinen titularrek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute onetsitako balorazio ponentziaren aurka, baina horrek ez du betearazi beharra inolaz ere etenen. Errekurtsoa Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzenduko zaio eta testu osoa jendaurrean egoteko 6. idatz-zatian ezarritako epea bukatu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko da.

9. Foru lege honen 35. artikuluan balorazio ponentzia berrikusteko adierazitako kasuren bat gertatuz gero, Nafarroako Zerga Ogasunak udala premiatu ahalko du aipatu proiektua presta dezan. Hiru hilabeteko epean errekerimenduari kasu egiten ez bazaio, Zerga Ogasunak proiektuaren prestaketan subrogatu ahalko da, Zerga Ogasunaren barruan ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna esleiturik duen zerbitzuko zuzendariaren ebazpen arrazoituaren bidez.

Subrogatzeko erabakia salbuespenez hartuko da. Horrelakoetan, balorazio ponentzia berrikustea eragin duen inguruabar zehatza identifikatuko da eta, betiere, frogatu egin beharko da katastroko balio indardunaren eta ondasun horiexek merkatuan duten balioaren eta inguruko udalerrietako antzeko ondasun higiezinen katastroko balioaren artean alde nabarmen eta agerikoa dagoela.

Subrogatzeko ebazpena eman eta ponentziaren proiektua prestatu ondoren, Nafarroako Zerga Ogasunak udalari bidaliko dio testua, aurreko idatz-zatietan ezarritakoari jarraikiz tramitatu dadin.

Udalak ez baldin baditu egiten 4. idatz-zatian adierazitako jarduketak testua jaso eta bi hilabeteko epean, Nafarroako Zerga Ogasunak bere gain hartuko du balorazio ponentzia tramitatu eta onesteko falta diren lanak egitea, eta toki entitateari horren berri emanen dio.

Zerga Ogasunak subrogazio bidez egindako udalaren balorazio ponentziaren proiektua onesteko ebazpenean lan horren kostu osoa kasuko udalari egozteko erabakia jasoko da.

37. artikulua. Udalez gaindiko balorazio ponentziak prestatu, onetsi eta argitaratzea eta horien eraginkortasuna eta inpugnazioa.

1. Foru lege honen 34.3.b) artikuluan aipatutako inguruabarren bat gertatuz gero, ukitutako udalek nahiz Nafarroako Zerga Ogasunak eskatzen ahalko dute udalez gaindiko batzorde mistoa era dadila.

Nolanahi ere, Nafarroako Zerga Ogasunak, ukitutako udalei entzunaldia eman ondoren edo udal horietako edozeinek egindako proposamena baloratu ondoren, batzorde mistoa eratzea erabakiko du, Nafarroako ondasun higiezinak baloratzeko eskumena esleiturik duen unitate organikoko zuzendariaren ebazpenaren bidez.

Udalez gaindiko batzorde mistoan ukitutako udalek adina ordezkari izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak. Udalen ordezkariak udalek berek aukeratuko dituzte. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ordezkarietako bat izanen da batzorde mistoko lehendakaria. Lehendakariaren botoak berdinketak hausteko balioko du.

Batzorde Mistoaren funtzionamendu arauak erregelamenduz ezarriko dira.

2. Eratu ondoren, udalez gaindiko balorazio ponentziak berrikusteko udalez gaindiko proiektua prestatu beharko du batzordeak. Udalei proiektuaren kostu proportzionala egotziko zaie, hain zuzen, bakoitzak bere udalerrian dituen ondasun higiezinen balioak baloratzen diren ondasun higiezin guztien balioaren aldean egiten duen portzentajeari dagokion zatia.

3. Udalez gaindiko balorazio ponentziaren proiektua prestatu ondoren, ukitutako udalek hogei egunez jarriko dute proiektua jendaurrean, edozein pertsona fisiko edo juridikok udal horietako edozeinetako bulegoetan aztertu ahal izan dezan. Tramite horren berri emateko, udal guztiek baterako iragarkia jarriko dute Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Epe hori bukatuta, ukitutako udalek aurkeztu diren alegazio eta oharrak batzorde mistoari bidaliko dizkiote, haien gaineko balorazio txostenarekin batera. Txostenak jaso ondoren, batzorde mistoak udalez gaindiko balorazio ponentziaren proiektuaren edukia finkatuko du eta hura onesteko proposamen loteslea eginen dio Zerga Ogasunari.

4. Udalez gaindiko balorazio ponentzia onetsi, argitaratu, inpugnatu eta Balorazio Ponentzien Erregistroan inskribatzeari dagokionez, aurreko artikuluan xedatutako arauei segituko zaie.

38. artikulua. Ondasun higiezin bakoitzaren balioa finkatu eta inpugnatzea.

Balorazio ponentzia foru lege honen 36.6 artikuluan adierazitakoari jarraikiz argitaratu ondoren, Nafarroako Zerga Ogasuneko teknikariek ondasun higiezin bakoitzaren balioa kalkulatuko dute, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dagoen informaziotik abiatuta.

Era horretan kalkulatutako balioa aipatu erregistroan eta katastroetan jasoko da eta haren aurka inpugnazioa jartzen ahalko da, foru lege honen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

39. artikulua. Balorazio Ponentzien Erregistroa.

1. Balorazio Ponentzien Erregistroa Nafarroako Zerga Ogasunaren menpeko erregistro publiko bat da eta, beraz, herritar guztiek eska dezakete ponentziak onesteko espedienteetako edozein informazio.

2. Aipatu erregistroaren publizitaterako bide hauek erabiliko dira:

a) Erregistroko arduradunek balorazio ponentziaren edukia zuzenean jakinaraziz interesdunei, bakoitzari beharrezkoa zaiona.

b) Balorazio ponentziaren edukiaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiria horretarako gaitutako funtzionarioak eginen du.

c) Balorazio ponentziaren edukiaren kopiaren bidez edo informazio orri soil baten bidez.

d) Bitarteko telematikoen bidez, kasua bada.

3. Kasuan kasuko errekurtsoen onespenaren ondorioz balorazio ponentzia indardunari egiten zaizkion aldaketak inskribatu beharko dira, Zerga Ogasunean ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna esleitua duen zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez.

5. ATALA

Ondasun berezien balioa eranstea eta finkatzea

40. artikulua. Ondasun berezien banakako balioa eranstea eta finkatzea.

1. Ondasun higiezin berezi kalifikatutako ondasunen inskripzioa eta haietan izandako aldaketena Nafarroako Zerga Ogasunak eginen du zuzenean. Haietako ondasun bakoitza ondasun higiezin berezitu gisa identifikatuko du, baina, kasua bada, higiezinak non kokatzen diren, hango udalerriari dagozkion adina lurzati esleituko zaizkie.

2. Zerga Ogasunaren barruan ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna esleitua duen zerbitzuak tramitatutako prozedura bidez finkatuko da foru lege honen 16. artikuluan aipatzen diren ondasun berezien banakako balioa, eta, ondasunaren ezaugarriak aldatuz gero, zerbitzu horrek aldatuko du haien balioa. Prozedura horretan, betiere, hamabost eguneko entzunaldia emanen zaie ondasunaren titularrei, egoki iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzaten. Prozedura Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez bukatuko da.

3. Ondasun berezien banan banako balorazioa foru lege honetan azaldutako metodoetarik edozein erabiliz eginen da, Zerga Ogasunak ondasun horri buruz edo, osagaien aldetik, antzeko ezaugarriak dituen beste ondasun bati edo batzuei buruz dituen datuetan oinarrituta, eta betiere metodo horiek erabiliz ateratzen den baliorik handiena esleituko da.

4. Ondasun berezi deklaratutako ondasuna udalerri batean baino gehiagotan baldin badago, Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun bereziak multzo gisa dituen ezaugarriei eta ez beste ezeri erreparatuta, udalerri bakoitzari dagokion balioa esleituko dio. Horretarako, ondasun bereziaren balio unitarioa zuzen banatzeko irizpide hauek aplikatuko ditu, hemen agertzen den ordena berberari segituz eta banaketa arrazoituz:

a) Ondasun berezi horretako zenbat elementu dauden udal horren mugapean, elementu horiek homogeneoak baldin badira.

b) Udalaren mugapean dauden ondasun bereziaren elementuen exekuzio kostuaren arabera, udal bakoitzari dagokion portzentajea, elementuak homogeneoak ez badira eta ondasun bereziaren titularrak informazio hori ematen badu.

c) Aurreko irizpideak ezin badira aplikatu, ukitutako udalek erabakitzen dutenari segituko zaio.

Besterik ezean, ondasun higiezinaren balio unitarioaren hainbanaketa eginen da udalen artean, Zerga Ogasunak eskura duen informaziotik abiatuta, kasuan kasurako irizpide albait zorrotzenak aplikatuz kalkulatuko den portzentajea egotziko baitzaio udal bakoitzari. Irizpide hauek erabiliko dira, besteak beste: ondasun bereziak udalerri horretan zinez okupatzen duen azalera, udal bakoitzean dauden elementuen zalantzarik gabeko balioa eta kasu horretarako aplikatu daitezkeen beste batzuk.

5. Ondasun bereziaren eraikuntzako ezaugarriak aldatuz gero, balioa finkatzeko aintzat hartzen diren elementu berrien eta ez besteen balorazioa eginen da, betiere elementu berri horiek ondasuna baloratzeko aintzat hartu ziren ezaugarriak aldatu ez badituzte.

Bestela, ondasun bereziari hasiera batean esleitu zitzaion balioa eguneratuko da, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez. Ebazpena eman aurretik, ondasunaren titularrei entzunaldia emanen zaie, lehenengo idatz-zatian xedatutakoaren arabera.

6. Ondasun berezien balioa eguneratzeko, foru lege honen 23.2 artikuluan aipatzen diren balorazioko parametro orokorrak aplikatuko dira, lurraren balioarena izan ezin, kasu horretarako unean-unean indarra duen ponentziak xedatutakoari jarraikiz eginen baita, baldin eta une horretan aplikatzekoa den ponentziaren arabera balio hori zehaztua baldin badago.

Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatutako ondasun bereziaren titularrak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren aurka, ez duena inolaz ere etenen erabakia betearazi beharra. Ondasun berezi deklaratutako ondasunari idatz-zati honen arabera esleitzen zaion banakako balioa _bai eta ondasuna udalerri batean baino gehiagotan dagoenean udal bakoitzari dagokion balioa ere_ zuzendari kudeatzailearen kasuko ebazpena jakinarazi ondoren jasoko da zuzenean Lurralde Aberastasunaren Erregistroan.

II. TITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea

I. KAPITULUA

Informazioaren eskuragarritasuna

41. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Foru lege honen xede diren administrazioko erregistroetan dagoen informazioa eskuratzeari, emateari, erabiltzeari eta ziurtatzeari dagokionez, titulu honetan xedatutakoari segituko zaio.

2. Titulu honetan "titularra" edo "titulartasuna" aipatzen denean, bai Lurralde Aberastasunaren Erregistroko titularrak, bai katastroetako titularrak hartuko dira aintzat.

3. Foru lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ondokoak izanen dira datu babestuak: Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta katastroetan titular gisa inskribatutakoen izena, abizenak, sozietatearen izena, identifikazio fiskaleko kodea eta helbidea, hala nola higiezin-unitate inbentariatuen erregistroko eta katastroko balioa.

42. artikulua. Informazioa eskuratzeko eskubidea duten subjektuak eta horren mugak.

1. Edozein pertsona fisikok edo juridikok eska dezake Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta katastroetan dauden datu babesgabeei buruzko informazioa, erregistro horien kontserbazio lana esleitua duen unitate organikoari egindako eskaeraren bidez, bai eta Nafarroako herri-ondasunetako higiezin-unitateei buruzko informazio guztia ere.

2. Foru lege honetako 5.1 artikuluan aipatzen diren eskubideen titularrek, eskubidea zein higiezin- unitateren gainean duten, horiei buruzko informazio guztia izanen dute eskuragai.

3. Foru lege honen 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, datu babestuak eskuratuko dira soilik titularraren baimen espresa, berariazkoa eta idatzia baldin badago.

Aurrekoa gorabehera, inskribaturik dauden titularrek beste pertsona bati edo batzuei uzten ahalko diete berariaz beren datu babestuak eskuratzen, Zerga Ogasunak prestatua duen agiri formalizatuan ezartzen diren baldintzetan. Baimen hori mugagabea izanen da, berariaz atzera egiten ez den bitartean. Agirian honako datu hauek jasoko dira: informazioa jasoko duen pertsonaren edo pertsonen izenak eta helbide elektroniko bat, urtero titularrei jakinarazteko informazio babestua eskuratu duten pertsona baimendunen izena eta kontsultaren eguna, jakinarazten den informazio babestuaren kontrola egin ahal izate aldera. Nafarroako Zerga Ogasunak bi urtez gordeko du titularrek beren datu babestuak ikusteko emandako baimenei buruzko dokumentazioa, titularrek egiaztatu eta kontrolatu ahal izan dezaten.

4. Higiezin-unitateek bi titular edo gehiago badituzte, nahiko izanen da titularretako baten baimen espresa, berariazkoa eta idatzia.

43. artikulua. Datu babestuak titularraren baimenik gabe eskuratzea.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako datu babestuak titularraren baimenik gabe eskuratzen ahalko dira, lege batek espresuki baztertzen badu baimena behar izate hori edo informazioa ondoko hauek eskatzen badute, interes zilegi eta zuzena dagoen kasu hauetakoren batean:

a) Jaraunsle eta oinordekoek, titular gisa agertzen den kausatzailearen ondasun higiezinei buruz.

b) Foru lege proiektu honen xede diren administrazio erregistroetan sartu gabeko jabetza- eskubideen titularrek nahiz titularkideek, bai eta errentamenduko edo partzuergoko eskubideen edo arlo errealean eragina duten eskubideen titularrek nahiz titularkideek ere, kasuan kasuko administrazio erregistroaren kontserbazio lanaren ardura duen administrazio publikoaren ustez eskubide horiei inolako zalantzarik gabe dagozkien higiezin-unitateei buruz soil-soilik, aldez aurretik aurkeztuta kasuan-kasuan beharrezkoa den dokumentazioa edo justifikazioa.

c) Titularrek, ondasun higiezin mugakideak identifikatzeko, salbu eta haien balioa.

Foru lege honen ondorioetarako, banaketa horizontaleko araubideko jabetza dagoen kasuetan, ulertuko da gune pribatibo baten mugakide direla, bakar-bakarrik, atari zenbaki bera duen eraikinean egonik, harekin mugak konpartitzen dituzten gune pribatiboak, hau da, ondo-ondokoak edo gaineko edo azpiko solairukoak.

d) Notarioek eta jabetza-erregistratzaileek, foru lege honen IV. tituluan ezarritakoa bete eta betearazteko eta, oro har, finkak identifikatzeko.

e) Europar Batasunak eta administrazio publikoek, unibertsitateek edo ikerketa zentroek babestuta, historia, zientzia edo kultur arloetako ikerkuntza proiektuetako parte-hartzaileek, betiere proiektuen garrantzia ikusita, Nafarroako Zerga Ogasunak edo tokiko udalak berariaz baimentzen baditu.

f) Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko foru legedian adierazten diren subjektuek, hirigintza planeamenduaren exekuziorako jarduketa pribatu sistematikoei dagokienez, salbu eta ondasun higiezinen balioari buruzko informazioa, eskaera arrazoitua egiten badute, betiere kasuko administrazio publikoak, eskaera hori egokia ote den jakite aldera eta zenbateko informazioa eman behar den neurtze aldera, eskatzen dituen agiriak aurkezten badituzte.

2. Nolanahi ere, aurreko idatz-zatietan aipatutako inguruabar baten bidez informazio babestua jasotzen dutenek baimendu zen helburu horrexetarako bakarrik erabiliko dute, eta datu pertsonalak babesteko legedian ezarritako betebehar eta erantzukizunen araubide juridikoaren menpe egonen dira.

44. artikulua. Eginkizunak betetzen ari direnean datu babestuak eskuratzeko eskubidea duten entitateak. 1. Ondoko hauek Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako informazio babestua ukitutakoaren baimenik gabe eskuratzen ahalko dute:

a) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko departamentuek, Estatuko administrazio orokorrekoek, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileek eta zerbitzu komunek, autonomia erkidegoetako administrazioek, toki entitateek, korporazio eta entitate publikoek dagokien administrazioaren bitartez, baina beti eskumen, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioak zorrozki betez, ordenamendu juridikoaren arabera esleiturik dituzten eginkizunei dagokienez.

b) Parlamentuko ikerketa batzordeek, arartekoak eta Comptos Ganberak.

c) Epaileek, auzitegiek eta ministerio fiskalak.

2. Aurreko idatz-zatiko a) letran adierazitako kasuetan, informazio babestua eskuratzeko eskaera administrazioko erregistroaren titularra den administrazioak ez beste administrazio publiko batek egiten duenean, ondorengo artikuluan ezartzen diren betebeharrez gainera, ondoko hauek azaldu beharko dira: eskumena esleitzen dion araua, zein proiektu, programa edo jarduera garatzeko den beharrezkoa informazioa eta, azkenik, eskatzen den informazioaren nolakotasunaren, bolumenaren eta kopuruaren eta lortu nahi diren helburuen arteko erlazioa. Informazio eskaera unean-unean eskura dauden bide telematikoak erabiliz egiten ahalko da.

3. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio babestuari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko departamentuek eta haren menpeko erakundeek Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datu-basea zuzenean kontsultatzen ahalko dute, horretarako gaitutako langileen bitartez soil-soilik, berariaz eskatuz gero eta Zerga Ogasunak 1. idatz-zatiko a) letran aipatutakoa gertatzen dela egiaztatu ondoren. Horrelakoetan, Nafarroako Zerga Ogasunak diseinaturiko aplikazio informatikoetan erabiltzailearen izena, hartzen den informazioa eta kontsultaren arrazoiak ageriko dira jasota.

4. Udalek beren lurraldearen eta eginkizunen esparruko informazioa baizik ez dute jasotzen ahal Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren babespeko informaziotik.

Udal batek bere udalerriarekin muga egiten duten lurzatiak aztertu nahi izanez gero, eskaera arrazoitua aurkeztu beharko du Lurralde Aberastasunaren Erregistroan, foru lege honen 43.1.c) artikuluan ezarrita dagoen bezala.

5. Dagozkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean babespeko informazioa edo datuak eskuratzen dituzten agintari eta funtzionarioek sekretu zintzoenaren pean eduki beharko dituzte.

Alde batera utzita informazio hori behar ez den bezala jaso edo modu desegokian erabiltzearen ondorioz sor litekeen erantzukizuna, eta Datuak Babesteko Agentziari dagozkion eginkizunak deusetan galarazi gabe, Nafarroako Zerga Ogasunak eta kasuko udalak datuak ikusi edo emateko bidea eten edo murriztu dezakete, oker edo desegoki erabiltzen direla ohartuz gero.

6. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko edo katastroetako babespeko informazioa artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz jasotzen dutenek behar diren neurriak eta kontrolak hartuko dituzte informazioa datu pertsonalak babesteko araubidearen arabera erabiltzen dela bermatzeko. Araubide hori Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarri zen.

Nolanahi ere, titularrek beren ondasun higiezinei buruzko datu babestuak ikusteko eskubidea duten subjektuek ondasun higiezin horiei buruz aurreko urtean egin dituzten kontsulten eta ziurtapenen berri izan ahalko dute.

45. artikulua. Erregistroko informazioa eskuratu, eman eta erabiltzeko baldintzak.

1. Aurreko artikuluetan babespeko datuak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak gorabehera, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta katastroetan dauden datuak ikusteko eskaerak idazki baten bidez eginen dira, non ondokoak jasoko baitira:

a) Zer informazio eskatzen den.

b) Zerk justifikatzen duen eskatzen den informazioa eskuratzea.

c) Eskatzailearen nortasun datuak edo haren ordez ari den per- tsonaren egiaztapena.

d) Informazioa eman duen administrazio publikoaren baimena izan gabe, hura ez lagatzeko konpromisoa.

2. Informazioa jasotzeko eskubideak Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen datu- baseetan dagoen informazio historikoa eskuratzeko aukera emanen du, foru lege honen 8.2 eta 12.2 artikuluetan ezarritako mugekin, herritarren onerako helburu justifikatu baterako erabiltzen bada.

3. Eskatzen den informazioa, ahal baldin bada, eskaera egiten den une berean emanen da.

Dena dela, kasuan kasuko administrazioko erregistroaren kontserbazio lanaz arduratzen den unitate organikoak bereziki prestatu behar dituen agiriak eskatuz gero, informazioa hogei egun balioduneko epean emanen da gehienez ere, eskaera jasotzen denetik aitzina.

Eskatzen den informazioa oso luzea edo zaila denean, aurreko lerroaldean ezarritako epea beste hogei egun baliodun luzatzen ahalko da, arrazoiak emanda, hasierako eskaera egin zenetik hiru asteko epean jakinarazi beharreko egintzaren bidez.

4. Babespeko informazioa ezin izanen zaie inolaz ere ahoz eman titularra ez diren interesdunei, salbu eta titularrak informazioa eskuratzeko baimena eman badu (baimena behar bezala justifikatu beharko da), edo tartean foru lege honen 43. artikuluan adierazten den bidezko interes zuzena baldin badago. Kasu horretan, informazioa eskuratu beharra frogatzeko behar adina agiri aurkeztea eta eskatzailea identifikatzea eskatuko da aldez aurretik.

5. Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 4.3 eta 37.4 artikuluetan xedatuarekin bat, informazio eskaera ezetsi ahalko da, horretarako arrazoiak emanda betiere, baldin eta informazioa emateak kalte larria eragiten ahal badie kasuko administrazio publikoaren interesei, administrazioak bere eginkizunak betetzeko duen beharrari edo zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eraginkortasunari, bai eta interes publikoko arrazoiak nagusitzen badira ere. 6. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dagoen informazioa eskuratzeko eskaerak arrazoiak emanda ezestea erregistro horren kontserbazio lana esleitua duen zerbitzuko zuzendariaren eskumena izanen da.

Hark hartutako ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

7. Katastroan inskribaturik dagoen informazioa eskuratzeko eskaerak arrazoiak emanda ezestea, berriz, alkateari edo hark eskuordetza eman dion organoari dagokio.

Hartutako ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Administrazio Auzitegian edo, bestela, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko II. kapituluan ezarrita dauden errekurtso administratibo edo jurisdikzionalak.

8. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta katastroetan dagoen informazioa une horretan eskura dauden euskarrietan emanen da. Ahal den guztietan, teknika eta baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiliko dira.

9. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dagoen babespeko informazioa foru lege honetan ezarritako baldintzetan Interneten bidez eskuratzeko, aldez aurretik erabiltzailea identifikatu beharko da eta hari sarrera-gako pertsonalizatu bat esleitu, bai eta Zerga Ogasunaren Zerbitzuan erregistro horren kontserbazio lana esleitua duen zerbitzuko zuzendariaren baimena ere.

Informazio babesgabea libre hedatzen ahalko da Internet bidez.

10. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta kasuko katastroetan dagoen informazio grafikoa eta alfazenbakizkoa ematea eta erabiltzea jabetza intelektualari buruzko legediaren menpe egonen da. Egile eskubideak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta kasuko udalari dagozkio, hurrenez hurren.

11. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak, Lurralde Aberastasunaren Erregistroari dagokionez, eta udaleko alkateak, kasuko katastroari dagokionez, informazio babesgabea erabili, eraldatu eta zabaltzeko baimena eman ahalko dute, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateginaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, betiere interesdunak aldez aurretik eskatuz gero. Produktua eraldatu ondoren zenbat kopia banatu nahi diren jaso beharko da eskaeran.

12. Informazioa prestatzeko administrazio publikoak lan berezia egin behar izan baldin badu edo informazio horrek irismen nabarmena baldin badu, dela hartzen den eremuagatik, dela datuen kopuruagatik, administrazio publikoak emandako informazio babesgabe hori hirugarrenei laga nahi izanez gero, administrazioaren aldez aurreko baimen berariazkoa beharko da.

Nolanahi ere, informazioa baimenean adierazten diren helburuetarako baino ez da erabiliko, eta bai administrazio lagatzaileari, bai hartzaileari, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan ezartzen den araubidea aplikatuko zaie. Balioa izan dezan, ordaindu egin beharko da aplikatzekoa den informazioa emateko tasa. Nafarroako Zerga Ogasuna edo kasuko udala ohartzen badira emandako informazioa beste helburu batzuetarako erabiltzen dela, hartzaileari errekerimendua eginen diote hamabost eguneko epean erabilera oker hori eten dezan.

Epe hori bukatuta, informazioa eskuratu ahal izatea ukatzeko eskumena duen organoak ebazpena emanen du, zeinaren bidez bertan behera geldituko baita emandako baimena eta debekatuko baitzaio hartzaileari informazio hori erabiltzen segitzea.

13. Betiere, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioa emateko eta, Nafarroako Zerga Ogasunaren berariazko baimena izanda, informazio babesgabea lagatzeko legez ezartzen diren tasak ordaindu beharko dira.

II. KAPITULUA

Informazioaren ziurtagiriak eta egiaztagiriak

46. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazioaren ziurtagiriak eta agiri normalizatuak.

1. Herritarrek, eskatzailea aldez aurretik identifikatu eta kasuko tasak ordainduz gero, eskubidea dute lurzati zedula eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dauden gainerako agiri guztien kopia lortu ahalko dute, eta zehazki ondokoak: lurzatien planoak, eraikuntzen krokisa eta eskuragarri dagoen gainerako informazio grafikoa, higiezin-unitateen deskripzio-datuak eta prestaketa berezia behar duten laburpen estatistikoak.

Orobat lortu ahalko dute katastroak ezartzeko espedienteen zati diren agirien kopia edo lurzati edo higiezin-unitate baten inskripzioaren edo aldaketaren kopia kasuko espedientean parte hartu dutenek edo beren eskubideetan edo bidezko interesetan kalte hartu dutenek.

2. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dauden datuei buruzko ziurtagiriak emanen ditu Nafarroako Zerga Ogasunak, informazio babestuari buruz aurreko kapituluan ezarritako mugekin.

Ziurtagiriek balio informatiboa izanen dute soilik, eta ziurtagiria egiten den unean Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatuta dauden datuak jasoko dituzte.

3. Ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri ziurtagirietan, lurzati zeduletan edo Nafarroako Zerga Ogasunak emandako beste agiri normalizatu batzuetan agertzen den informazioaren aurka, ondasun higiezinen deskripzioan egindako akatsetan edo okerretan oinarrituz.

47. artikulua. Lurzati zedula eta identifikazioko erreferentzia. Nahitaez aurkeztu beharra.

1. Foru lege honen ondorioetarako, hauxe da lurzatiaren definizioa: irizpide fisiko edo juridikoen arabera, lerro jarrai eta itxi batek mugatutako lursaila, espazioan mugatzen duena foru lege honen 5.1 artikuluan aipatzen diren eskubideetakoren baten titulartasuna dutela titular batek edo batzuek haren gainean eta, kasua bada, lursail horretan kokatutako eraikuntzen gainean.

2. Lurzati zedula Lurralde Aberastasunaren Erregistroak jaulkitzen duen agiri bat da. Zedulan erregistroan une horretantxe inskribaturik dauden ondasun higiezinen ezaugarriak zerrendatu eta azaltzen dira eta higiezina kokatzen den lurzatia edo lurzatiak grafikoki adierazten dira. Lurzati zedula lurzatiak une jakin batean duen egoera frogatzeko balio duen agiri eguneratu bakarra da, hipotekei buruzko legediak ezartzen dituen ondorioetarako.

Ezaugarri bereziak dituzten ondasun higiezin jakin batzuk lurzatiaz besteko guneen edo adierazpen berezien bidez lokalizatzen ahalko dira grafikoki, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan.

3. Lurzati zedulan ondasun higiezinen titulartasunari eta erregistroko balioari buruzko datuak ere adierazten ahalko dira, hala nola erregelamenduz ezartzen diren gainerakoak.

4. Lurzati zedulan dauden datu okerrak zuzentzeko, Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren oinarrizko datuak aldatze aldera foru lege honetan ezarritako prozedura bera erabiliko da.

5. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta Jabetza Erregistroaren arteko koordinazioaren ondorioetarako, lurzati zedularen indarraldia hilabete batekoa izanen da, jaulkitzen denetik aitzina.

Nolanahi ere, epe hori iragan baino lehenago ondasun horietan aldaketarik egiten bada eta horren ondorioz haien datuak aldatzen baldin badira, indarraldia une horretantxe bukatuko da.

Epe hori bukatuta, Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuen arabera higiezin horrek edo horiek zedula eman zen egunean zuten egoeraren berri emateko balioko du soil-soilik.

6. Interesdunek lurzati zedula eraman beharko dute, Jabetza Erregistroaren eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren arteko koordinazioa egiteko, foru lege honen IV. tituluan ezarrita dagoen bezala.

7. Halaber, Nafarroako Foru Komunitatean dauden ondasun higiezinei buruzko administrazioko prozeduretako interesdunek ondasun horiek zalantzarik gabe identifikatu beharko dituzte, foru lege honen 14.5 artikuluan aipatzen den erreferentzia ekarriz. Prozeduraren instrukzio-egile gisa jarduten duen administrazio publikoak erreferentzia hori egiaztatu beharko du.

Nolanahi ere, aurreko idatz-zatian adierazitako egiaztapen lana foru lege honen 44. artikuluan aipatzen diren berezko eginkizunen barrenean informazio babestua eskuratzeko sarrera gisa hartuko da.

Administrazio espedientean eta ebazpenean ondasun higiezin bakoitzaren identifikazioko erreferentzia jasoko da.

8. Foru lege honen 14.5 artikuluan aipatzen diren ondasun higiezinen identifikazioko erreferentziak Nafarroako Foru Komunitatean dauden ondasun higiezinak ukitzen dituzten jarduketa judizial guztietan aurkeztu beharko dituzte eskubide errealen titularrek edo arlo errealean eragina duten eskubideen titularrek.

Foru lege honetan arautzen diren administrazioko erregistroetan agertzen diren datuak ez dira inolaz ere epaileen ebazpen bidez zuzenduko, ebazpenak aipatzen dituen higiezin-unitateak zalantzarik gabe identifikatzen ez badira. Kasu horretan, emandako ebazpenaren testua argitzeko eskatuko zaio epaileari, ebazpena behar bezala bete dadin. 9. Honen aurreko idatz-zatietan eta foru lege honetako 54. artikuluan ezarritakoa ezertan ere galarazi gabe, lurzati-zedula indardunak aurkeztu beharko dira betiere, edo halakorik ez badago, 14.5 artikuluan ezartzen diren erreferentzia edo identifikatzaile indardunak, ondoko kasuetan hain zuzen ere: arlo errealean eragina duten egintza, egitate edo negozioak, jabariari eta gainerako eskubide errealei buruzkoak, jasotzen dituzten agiri guztietan, higiezinaren erabilera edozein tituluren arabera lagatzeko edo errentan emateko kontratuetan, energia elektrikoa hornitzeko kontratuetan, proiektu teknikoetan edo ondasun higiezinei buruz erregelamenduz ezartzen diren gainerako agirietan.

48. artikulua. Udalek eman beharreko ziurtagiriak.

1. Foru lege honetan informazioa emateko ezarritako baldintzetan, udalek katastroko datuei buruzko ziurtagiriak egiten ahalko dituzte, bakoitzaren mugapean dagoen lurzati jakin baten titulartasuna eta, kasua bada, egoera egiaztatzeko.

Nolanahi ere, lurzati jakin baten egoerari buruzko katastroko egiaztagirietan, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan une horretan dagoen informazioarekin konparatuz, katastroko datuak azkeneko aldiz zuzendu diren egunean lurzatiak duen egoera azalduko da.

2. Foru lege honetan informazioa emateko ezarritako baldintzetan, udalek beren mugapean dauden lurzatien eta higiezin-unitateen titulartasunari buruzko egiaztagiriak eta lurzatiak eta unitateak deskribatzeko datuei buruzko egiaztagiriak ere egiten ahalko dituzte, egiaztagiria jaulki den egunean Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dagoen informazioan oinarriturik, eta berariaz jasoko da hori horrela dela.

Gainera, informazioa emateko foru lege honetan ezarritako moduan, Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide telematikoak erabiltzeko baimena eman dezake, udalek ere erakunde Nafarroako Zerga Ogasunak emandako lurzati zedula jaulki ahal dezaten.

Lurzati zedula ziurtatuei dagokienez, Nafarroako Zerga Ogasunean ziurtatzeko eskumena duen organoaren sinadura eskuz idatziaren ordez haren sinadura eskaneatua erabiliko da, baina beti egiaztapen kode bat erantsiko da egiazkoa dela frogatzeko. Udalak emandako kopia inprimatuak Nafarroako Zerga Ogasunak ematen duen lurzati zedularen ondorio berberak izanen ditu.

III. TITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko informazio grafikoa

49. artikulua. Informazio grafikoa.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribaturik dauden ondasun higiezinei buruzko dokumentazio grafikoa lurzatien planoek eta krokisek eta eraikuntzen argazkiek osatzen dute.

2. Foru Komunitateko lurraldea banatzeko finkatu diren maila ezberdinetako guneen adierazpen grafikoa islatzen duten agiriak dira lurzatien planoak.

3. Krokisa eraikuntzen adierazpen grafikoa jasotzen duen agiria da. Krokisean islatzen dira eraikuntzek lurzatiaren barrenean duten kokapena, altuerako garapena, zenbat higiezin-unitate dituen eta horietako bakoitzaren ezaugarriak. 4. Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako informazio grafikoaren osagarri, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dauden lurraldearen irudiak sar daitezke, hegaldi aerofotografiko eta fotogrametrikoetan atereak.

5. Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio Nafarroako ondasun higiezinei buruzko informazio grafikoa prestatu, eguneratu eta zaintzeko lanak egitea.

IV. TITULUA

Lurralde Aberastasunaren Erregistroa Jabetza Erregistroarekin koordinatzea

50. artikulua. Koordinazioaren xedea.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroan jasotzen diren higiezinen errealitatearen eta Jabetza Erregistroan inskribatzen den finkaren arteko koordinazioa interes publikokoa da eta higiezinen trafiko juridikoari segurtasuna ematea du helburu. Horretarako, biak bat etortzeko sistema bat ezartzen da, nork bere teknika operatiboak erabiliz, foru lege honetan ezartzen diren muga eta ondorioekin.

2. Lurralde Aberastasunaren Erregistroak ondoko informazioa emanen dio Jabetza Erregistroari: inskribaturiko erregistroko finkekin bat datozen lurzatiei buruzko datu deskriptibo eta grafikoak eta lurzati horietan dauden higiezin-unitateen identifikazio eta ezaugarriak.

3. Jabetza Erregistroak, berriz, koordinaturiko finken jabetza edo beste eskubide errealen bat duten titularren izenak emanen dizkio Lurralde Aberastasunaren Erregistroari.

51. artikulua. Koordinaziorako baliabideak.

Ondokoak dira Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta Jabetza Erregistroa koordinatzeko baliabideak:

a) Lurralde Aberastasunaren Erregistroko lurzatien planoak eta dokumentazio osagarria.

Horretarako, jabetza erregistroek informazio hori berengana dezakete, duten eskumenen esparruaren barrenean. Informazioa Lurralde Aberastasunaren Erregistroak emanen die, erraz erabili, artxibatu eta kontserbatzeko moduko formatu eta euskarrietan.

b) Lurralde Aberastasunaren Erregistroak, edozein bide baliatuta, emandako lurzati zedulak.

c) Agiri publikoak, notarialak, judizialak edo administratiboak eta, oro har, hipotekei buruzko legedian xedatutakoaren arabera Jabetza Erregistroan inskriba daitezkeen agiri guztiak.

52. artikulua. Koordinatzeko modua.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta Jabetza Erregistroaren arteko koordinazioa ezartzeko, identifikazio datuak bat etortzen ote diren begiratuko da, honela hain zuzen ere: a) Idazpenaren xede den erregistro-finka, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan duen idazpenean, higiezin-unitate bat edo gehiago gisa islaturik baldin badago, idazpenaren erregistroko erreferentziaren eta higiezin-unitateen identifikazio-erreferentzien arteko bat-etortzea ezarriko da.

b) Idazpenaren xede den erregistro-finka higiezin-unitate baten zati baldin bada, erregistro-finka horren kokalekua Lurralde Aberastasunaren Erregistroko kokapen geografikoaren sisteman ezarriko da, baina ez dira zehaztuko ez haren identifikazio zehatza ez haren ezaugarriak.

2. Ondoko baliabideak erabiliko dira egiaztatzeko bat ote datozen erregistro-finka bat eta hari dagokion higiezin-unitatearen zati bat, unitatea edo unitateak:

a) Tituluan azaltzen diren erregistro-finkaren mugak, lurzatien planoan agertzen diren lurzatien edo higiezin-unitateen mugekin erkatuko baitira.

b) Notarioaren aurrean egiletsi den agiri publikoan agertzen den erregistro-finkaren deskribapena eta finka horri dagokionez Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribaturiko higiezin-unitatearen edo -unitateen deskribapena konparatzea.

Kaleen izendegian edo zenbakitzean aldaketarik izan bada, egilesleek inguruabar hori egiaztatu beharko dute, udalak horretarako propio eman beharreko ziurtagiri baten bidez.

Notarioaren aurrean aitortutako bi deskribapen horien areko erlazioa, inskribatu nahi den tituluan islatua, jabetza-erregistratzaileak berretsi edo zuzendu beharko du.

c) Inskribatu nahi den tituluan azaltzen den finkaren azalera eta hari dagokion higiezin-unitatearen edo dagozkion higiezin-unitateen azalera konparatzea.

d) Titulartasuna. Erregistro-finka baten eta hari dagokion higiezin-unitatearen edo dagozkion higiezin-unitateen arteko berberatasuna zehazteko, inskribatu nahi diren tituluetan agertzen den titulartasuna edo Jabetza Erregistroan inskribaturiko titulartasuna aztertuko da kasuan-kasuan, eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribaturik dagoen titulartasunarekin konparatuko da.

3. Foru lege honen ondorioetarako, erregistro-finka baten eta Jabetza Erregistroan inskribaturik dagoen higiezin-unitate baten edo gehiagoren edo unitate bateko zati baten artean berberatasuna dagoela ondorioztatuko da, aurreko idatz-zatian ezarritako bideak erabiliz, biak bat etortzen badira.

Azalerari dagokionez, berberatasuna badela ulertuko da bien arteko diferentzia %10etik gorakoa ez bada eta, horrez gainera, beste datu deskriptibo batzuk azterturik finkaren berberatasunari buruzko zalantzarik ez badago.

53. artikulua. Koordinazioaren mugak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko ondasun higiezinei buruz inskribatzen ahal diren agiri guztiak koordinatu behar dira, eta haiekin batera kasuko lurzati zedulak eduki beharko dira.

2. Foru lege honen 56.2 artikuluan adierazitako kasuetan, koordinazioa eragiketa espezifiko baten bidez egiten ahalko da, 60. artikuluan ezarritako moduan, lurzati zedula berria erantsiz.

54. artikulua. Lurzati zedulak aurkeztea. 1. Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko ondasun higiezinei buruzko agiri notarialak formalizatzeko, egilesleek egintzaren edo negozio juridikoaren xede diren higiezin-unitateei dagozkien lurzati zedula indardunak aurkeztu beharko dituzte.

Betiere, egilesleek zalantzarik gabe adierazi beharko diote notarioari zedula horiek eta ondasun zehatzak bat datozela.

2. Orobat, Jabetza Erregistroan inskribatu beharreko gainerako agiriak ukituriko higiezin-unitateei dagozkien lurzati zedula indardunekin batera aurkeztu beharko dira.

55. artikulua. Lurzati zedulak eranstea.

1. Arlo errealean eragina duten egintza, egitate edo negozioak jasotzen dituzten edo bestelako edozein aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridiko jasotzen duten agirien matrizeari ondasun higiezin guztien lurzati zedulak erantsiko dizkio notarioak, eta bakoitzaren azalpen zatian espresuki utziko dira jasota ondasun higiezinak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dituen ezaugarriak eta, orobat, egilesleen iritzia entzunda, lurzati zeduletako datuak eta tituluan egiten den deskripzioa bat datozen.

Modu horretan jaulkitako agirien lehenbiziko kopiek eta kopia soilek erantsirik izan beharko dute, halaber, beren matrizeari erantsitako lurzati zedulen kopia.

2. Jabetza Erregistroan inskribatu beharreko egintzak diktatzen dituzten administrazio publikoek xedeko higiezin-unitateei dagozkien lurzati zedulak erantsi beharko dituzte, aurreko idatz-zatian ezarritako moduan.

56. artikulua. Notario bidez jaso beharra eta legezko ohartarazpenak.

1. Agiri publiko notarial guztietan berariaz jaso beharko dira ondokoak:

a) Finkaren deskribapena eta kasuko lurzati zedulako edo zeduletako datuak bat ote datozen, aldez aurretik egiaztatu ondotik.

b) Egilesleek kasuko lurzati zedulak aurkeztu ote dituzten eta, horiek egiaztatu ondoren, indarrean ote dauden.

c) Lurzati zedula edo zedulak aurkeztu ez izana, eta horren zergatia.

2. Ondasun baten azalpena ez baldin badator bat Jabetza Erregistroan eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan, honela jokatuko da:

a) Bat ez etortzearen arrazoia baldin bada Lurralde Aberastasunaren Erregistroko deskribapena oker dagoela, notarioak egilesleei ohartaraziko die lurzatiaren edo higiezin-unitatearen deskribapena aldatu behar dutela, foru lege honen I. tituluko III. kapituluan ezarritakoaren arabera.

Deskribapena aldatzerik ez badago, edo arrazoi teknikoak direla-eta eskatutako zuzenketa atzeratu egin bada, notarioak titulua formalizatu ahalko du, eta bertan jasoko ditu aldaketa egiterik ez dagoela eta zein diren kausitutako desadostasunak. b) Finkak banatu, bereizi, bateratu edo erantsi baldin badira edo bukatu berriak diren obrak badira, interesdunek jatorrizko finken lurzati zedulak aurkeztuko dituzte eta notarioak tituluari erantsiko dizkio.

Horrela eratutako titulua katastroko udal bulegoetan aurkeztuko da, oinarrizko datuen aldaketa tramita dezaten.

c) Egilesleek Lurralde Aberastasunaren Erregistroko deskribapena zuzena dela adieraziz gero, eta erregistro horretako datuak eta titulukoak bat ez baldin badatoz, azken horretako deskribapena okerra delako, notarioak, adierazitakoa egiaztatu ondoren, finkaren deskribapena lurzati zedularen datuen arabera egokituko du.

3. Egilesleek kasuko lurzati zedulak aurkezten ez balin badituzte, notarioak ohartaraziko die zedulak aurkezteko betebeharra dutela eta foru lege honen arabera araua hautsi dutela.

4. Aurreko artikuluan agindutakoaren arabera lurzati zedulak tituluari eransten ez bazaizkio, zedulak ez eransteko arrazoiak jasota utziko ditu notarioak.

57. artikulua. Titulu inskribagarriak Jabetza Erregistroan aurkeztea.

Nafarroako lurraldean dauden ondasun higiezinei buruz Jabetza Erregistroan inskribatzeko aurkezten den agiri orok eraman beharko ditu erantsirik lurzati zedulak, aurreko artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

58. artikulua. Jabetza-erregistratzaileek koordinazio lana egitea edo koordinazioa etetea.

1. Tituluko datuak eta hari erantsitako lurzati zeduletan jasotako datuak aurreko artikuluetan aurreikusi bezala bat datozenean, hipotekei buruzko legediari jarraikiz, inskripzioan jasota utziko da finka hori Lurralde Aberastasunaren Erregistroarekin koordinatuta dagoela, bai eta ondasuna osatzen duten higiezin-unitateak identifikatzeko erreferentziak ere.

2. Aipatu datuak bat etortzen ez badira edo, salbuespen gisa, lurzati zedula indarduna erantsi ez bada, hipotekei buruzko legediarekin bat, jabetza-erregistratzaileak jasota utziko duinguruabar hori inskripzioan eta eten eginen du koordinazioa.

59. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroari jakinaraztea.

Inskripzioa egin ondoren, jabetza-erregistratzaileak horren berri emanen dio Lurralde Aberastasunaren Erregistroari, eta jasota utzi ondokoak: foru lege honen 14.5 artikuluan aipatzen den identifikazio erreferentzia, finkaren erregistro-erreferentzia, titularraren edo titularren izenak, finkaren jabeak izan edo bestelako eskubide errealen titularrak izan, eta koordinaziorik izan den ala ez, eta koordinaziorik izan ez bada, koordinazioa eteteko arrazoia.

Horren ondorioetarako, datu horien berri emateko formatuak ezarriko ditu Nafarroako Zerga Ogasunak.

60. artikulua. Koordinazioa eragiketa espezifiko baten bidez egitea.

1. Koordinazioa eteten den kasuetan, bide hauek erabiliz egin ahalko da: a) Jabetza Erregistroko titularrak edo tituluaren aurkezleak sinatutako eskabidearen bidez. Horrekin batera, lurzati zedula indarduna eta Jabetza Erregistroan inskribatzea ekarri zuen agiria aurkeztuko dira.

b) Jabetza Erregistroan titulua edo agiri nagusia zuzendu edo argitzeko agiria aurkeztuz, inskribatzekoak diren ondasun higiezinen lurzati zedula edo zedulak erantsita.

2. Koordinazioa eginda, jabetza-erregistratzaileak jasota utziko du inguruabar foru lege honen 58. artikuluan adierazita dagoen bezala eta lege honen 59. artikuluan xedatutakoa betearaziko du.

61. artikulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren jarduketa.

1. Lurralde Aberastasunaren Erregistroak Jabetza Erregistroaren jakinarazpena jaso ondoren, erregistro haren kontserbazio lana esleitua duen unitate organikoak jabetzaren titularren izenak eta higiezinak Jabetza Erregistroan duen erreferentzia jasoko ditu erregistroan, aipatutako higiezin- unitateak identifikatzeko idazpenetatik abiatuta.

Aurrekoa gorabehera, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan agertzen den titulartasunak oinarri baldin badu egun horren ondotik egindako agiri bat edo zuzenbideak onartu eta jasotako komunikazioarekin kontraesanean dagoen titulu baliodun bat, halako moduz non ondasun higiezin jakin baten titulartasunaren edo higiezin horri dagokionez dituen mugen gaineko aitorpen administratiboa egin beharra dagoen, erregistroan jasotako informazioak bere horretan segituko du harik eta jurisdikzio zibilaren epai irmoa edo ukitutako titularren akordio espresa aurkeztu arte.

2. Koordinazioa egin ez baldin bada, datu osagarri gisa adieraziko da finka koordinatu gabe dagoela eta zerk eragin duen koordinazio eza.

62. artikulua. Koordinazioaren ondorioak.

1. Jabetza-erregistratzaileak koordinazioa eginda, ulertuko da Nafarroako Foru Komunitateak eta Nafarroako toki entitateek ondasun horien gainean egin beharreko jarduketa guztiei dagokienez, bat datozela erregistro-finka eta higiezin-unitatearen zati bat, higiezin-unitate osoa edo identifikatu diren higiezin-unitateak.

2. Foru lege honen 59. artikuluan aipatzen diren jakinarazpen guztietan eta finka koordinatuei buruz egiten ahal dituzten jakinarazpen guztietan, jabetza-erregistratzaileek higiezin-unitateak identifikatzeko erreferentzia edo erreferentziak aurkez ditzakete, erregistro-finkak deskribatzeko bestelako datuen artean.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

63. artikulua. Arau-hausteak.

Ondoko egintza edo ez-egite hauek administrazioko arau-hauste arinak izanen dira:

a) Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta katastroetan dagoen informazioaren kontserbazio lanetan lagundu beharra, foru lege honen 7.1 eta 11. artikuluetan ezartzen dena, ez betetzea. b) Foru lege honetako 27. artikuluan adierazten diren aitorpenak ez aurkeztea kasuko udalean, epean ez aurkeztea edo aitorpen faltsuak, osatugabeak edo okerrak aurkeztea.

c) Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren kontserbazio lanerako behar den informazioa Nafarroako Zerga Ogasuneko ikuskatzaileei eman beharra, foru lege honetako 30. artikuluan ezartzen dena, ez betetzea.

d) Ondasun higiezina zalantzarik gabe identifikatzen duen lurzati zedula aurkeztu beharra, foru lege honen 54. artikuluan ezarritako moduan, ez aurkeztea.

Lurzati zedula aurkezteko eta ondasun higiezina zalantzarik gabe identifikatzeko eskaera jasorik, kasuko administrazio prozedura bukatzeko ebazpena eman baino lehen zedula aurkeztu eta, kasua bada, titulua zuzentzen dutenek ez dute inolako erantzukizunik izanen.

64. artikulua. Zehapen araubidea.

1. Aurreko artikuluan tipifikaturiko arau-hausteengatik 6 eurotik 600 euro bitarteko isunak jarriko dira, salbu eta aitorpen faltsuak, osatugabeak edo okerrak aurkezten diren kasuetan, orduan 6tik 60 euro bitarteko isuna jarriko baita aitorpenetan agertzen den datu eman gabe, osatugabe edo oker bakoitzeko, 600 euroko muga gainditu gabe betiere.

2. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ahalmena izanen du, kontsumoko prezioen indizearen aldaketak kontuan harturik, aurreko idatz-zatian aurreikusitako isunak eguneratzeko, foru agindu baten bidez.

3. Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egintzaren larritasun benetakoaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Zehapena mailakatzeko, bereziki honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:

a) Arau-haustea nahita edo behin eta berriz egin ote den eta.

b) Administrazioaren ikertze lanari aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea.

4. Administrazioko arau-hausteen preskripzio epea sei hilabetekoa izanen da, arau-haustea egin den egunetik hasita.

Interesduna jakitun delarik, zehapen prozedura hasiz gero, preskripzio epea eten eginen da. Zehapen espedientea hilabetetik gora geldirik baldin badago ustezko arau-hausleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, preskripzio epeak segituko du.

5. Administrazio zehapenak preskribatzeko epea urtebetekoa izanen da, zehapena jartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.

Interesduna jakitun delarik, betearazpen prozedura hastearekin batera, preskripzio epea eten eginen da. Espedientea hilabetetik gora geldirik baldin badago ustezko arau-hausleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, preskripzio epeak segituko du.

65. artikulua. Zehapen prozedura. 1. Zehapen prozedura tramitatzea eta zehapenak jartzea ondoko hauei dagokie:

a) Udalari, foru lege honen 11. eta 27. artikuluetan ezarritako arau-hausteei dagokienez.

b) Nafarroako Zerga Ogasunari, foru lege honen 7.1., 30. eta 54. artikuluetan ezarritako betebeharren gaineko arau-hausteei dagokienez.

2. Zehapen prozedura ofizioz hasiko da, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen edo hark eskuordetza eman dion organoaren ebazpenaren bidez edo, bestela, alkatearen edo hark eskuordetza eman dion organoaren ebazpenaren bidez, zehatzeko ahalmena duen administrazioaren arabera, eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluan ezarritako printzipioei jarraikiz garatuko da.

3. Instrukzio-egileak ebazpen proposamena egin ondoren eta, espedientean agertzen diren gainerako agiri, alegazio eta argibideekin batera, bidali ondoren, zehapen prozedura hasteko eskumena duen organoak eman beharreko ebazpena emanen du, hori dena jaso eta hiru eguneko epean.

4. Ebazpenean egitate frogatuak finkatuko dira eta, kasua bada, erantzulea edo erantzuleak, egindako arau-haustea eta inguruabarrak kontuan harturik ezartzen den zehapena.

5. Zehapen prozedura ebazteko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, espedientea irekitzeko administrazio egintza hartzen den egunetik hasita.

6. Ebazpena administrazio bidean irmo bilakatzen denean betearaziko da.

Ebazpenean, kasua bada, behar diren kautelazko neurriak hartuko dira, ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko ebazpena betearazi beharrekoa ez den artean.

7. Zehapena hilabeteko gehieneko epean ordaindu beharko da, administrazio bidean irmo bilakatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8. Ezarritako isuna 100eko 30 jaitsiko da ondoko baldintzak batera betetzen direnean:

a) Arau-hausleak hilabeteko gehieneko epean ordaintzea isuna, zehapena jartzeko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Arau-hausleak idatziz agertzea ezarri zaion zehapenarekin ados dagoela eta uko egitea, espresuki, aurreko letran ezarritako epearen barrenean zehapena inpugnatzeari.

Lehen xedapen gehigarria._Manu jakin batzuk ez aplikatzea.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari buruzko Testu Bategineko 6.2. eta 40. artikuluetan eta Oinordekotzen eta dohaintzen gaineko zergari buruzko xedapenen Testu Bategineko 16.2. eta 56. artikuluetan xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta udal katastroetan jaso badira Lurralde Aberastasunaren Erregistroan agertzen diren ondasun higiezinetan egindako oinarrizko datuen aldaketak, foru lege honetan adierazten den moduan. Bigarren xedapen gehigarria._Lurzati zedularen ereduan martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legeari buruz ageri diren erreferentziak.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak apirilaren 28ko 132/2003 Foru Aginduaren bidez onetsitako lurzati zedularen ereduan Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskala arautzen duen martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legearen artikuluei buruz egiten diren aipamenen ordez foru lege honi dagozkionak jarriko ditu Zerga Ogasunak hemendik aurrera luzatzen dituen zeduletan.

Hirugarren xedapen gehigarria._Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan salbuespena izatea.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsiko dira zenbait erregistroko-finkaren bat-egitea edo eranstea formalizatze aldera egiletsitako eskritura publikoak, baldin eta mugakideak badira eta ondoriozko finka, Jabetzaren Erregistroan inskribatzearen ondorioetarako, lurzati bakartzat hartzen badu Lurralde Aberastasunaren Erregistroak.

Eraikuntzek ez dute salbuespen hori izanen, baldin eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroa eta katastroak arautzen dituen Foru Legean halaxe definitzen badira.

Aurreko lerroaldean aipatutako salbuespena behin-behinekoa izanen da, eta baldintzapekoa, izan ere, zerga kudeatzen duen bulegoak jartzen duen oharraren datatik aurrera hiru hilabeteko epea izanen da agiria Jabetza Erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko.

Laugarren xedapen gehigarria._Ondasun higiezinei buruzko informazio indarrik gabea eskuratzea.

1. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Artxibo Historikoa sortzen da, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren menpe, non, zerbitzu horren administrazio bulegoetan gordeta egon arren, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroarena ez den ondasun higiezinei buruzko informazio indarrik gabe guztia bilduko den.

Nafarroako Zerga Ogasunak behar adina datu-base sortuko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta udalei Artxibo Historikoan dagoen informazioaren eskuragarritasuna eta erabilgarritasuna bermatzeari begira bakar-bakarrik, bakoitzari dagozkion eginkizun publikoak betetzeko jardunbidean. Administrazioak eta udalek inskribatutako ondasunen titulartasuna ere izanen dute eskuragarri, eskumen, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioei jarraikiz.

2. Titulartasunari buruzko datuak alde batera utzita, higiezinei buruz indarrik gabe gelditzen den informazio guztia jasotzea publikoa izanen da. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariak datuak Internet bidez ikusteko sistema jar dezake.

3. Ondasun higiezinei buruz indarrik gabe dagoen informazioan agertzen diren higiezinen titulartasunei buruzko informazioa eskuratzeko baimena emanen zaie lurzatien plano indardunean mugatutako higiezin-unitate bateko titularrari edo haiei buruzko bidezko interesa dutela frogatzen duten hirugarrenei, baldin eta auzi juridiko bat ebazteko lagungarria bada. Horrelakoetan, kasuko administrazio publikoari eskaera aurkeztu beharko zaio, zeinetan agiri bidez frogatuko baita informazio hori eskuratzea justifikatzen duen interesa. Betiere, agirien titulartasunak eskuratzeko baimena emanen da, baldin eta jasota ageri bada agiri horien antzinatasuna berrogeita hamar urtetik gorakoa dela.

4. Higiezinei buruzko informazio historikoaren eskuragarritasuna eraginkorra izan dadin, herritarrek kasuko administrazioari eskatu ahalko diote Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Artxibo Historikoan dauden agirien zerrenda edo udal entitatearen bulegoetan dauden katastroko agiri historikoen zerrenda.

5. Aurreko idatz-zatian adierazitako informazioa eskuratzeko eskaera ezetsi eginen da, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendariaren edo kasuko udaleko alkatearen ebazpen arrazoitu baten bidez, baldin eta eskatzaileak ez badu sinesgarriro frogatzen eskatu duen informazioaren gaineko bidezko interesa duela, eskatu den informazioa adierazitako helburuetarako nabarmen desegokia bada edo, datu gehiegi eskatzeagatik, eskaera tokiz kanpo badago, eskaera bera behin eta berriz errepikatzen bada edo eskaerak zerbitzuaren funtzionamendu egokia baldintzatzen ahal badu.

Bosgarren xedapen gehigarria._2006. urtean onetsi beharko liratekeen balorazio ponentziak berrikusteko epea luzatzea.

Aurreko legedian ezarritakoaren arabera 2006. urtean onetsi beharko liratekeen balorazio ponentziak 2007ko abenduaren 31ra bitarte onesten ahalko dira baldin eta foru lege honek indarra hartzen duenean berrikusten hasi ez badira.

Lehen xedapen iragankorra._Hasitako prozedurak.

Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskaleko oinarrizko datuak balorazio ponentzia berrikustearen bidez aldatzeko banakako prozedurei edo balioen aldaketa kolektiboa egiteko prozedurei ez zaie foru lege hau aplikatuko baldin eta foru lege honek indarra hartu baino lehen abiarazi baziren, eta aurreko araudiari jarraikiz eginen baitira.

Bigarren xedapen iragankorra._Agiri normalizatuak.

Nafarroako Zerga Ogasunak, informazioaren tratamendu eta erabilera homogeneoa egiteko, Lurralde Aberastasunaren Erregistroak edo katastroek erabili beharreko beste irizpide, aplikazio eta euskarri batzuk ezartzen ez dituen bitartean edo foru lege honetan ezartzen diren agiri normalizatuak onesten ez dituen bitartean, oraingoak erabiliko dira, baina, beharrezkoa baldin bada, foru lege hau aplikatzeko behar diren egokitzapenak eginda.

Hirugarren xedapen iragankorra._Atxiki gabeko lurraldeak.

Nafarroako toki administrazioaren araubideari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera, udalerriren bati atxiki gabeko lurraldeen eremuan, foru lege horretan aipatutako bateratzea gauzatu bitartean, honako xedapen hauek aplikatuko dira:

Lehena._Balorazio ponentzia.

1. Balorazio ponentziak berrikusteko proiektuari ekitea eta hura prestatu eta tramitatzea Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio. Proiektu hori prestatu eta tramitatzeko prozeduran, atxiki gabeko lurraldeei entzunaldia eman eta parte hartzen utziko zaie, antolatzeko modu berekiren bat baldin badute eta parte hartzea eskatzen badute.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den iragarki baten bidez jakinaraziko dira interesdunek testuaren edukiaren berri izateko eta egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko lekua eta epea, hogei egunetik beheitikoa izanen ez dena. Alegazioak Nafarroako Zerga Ogasunak aurkezten diren alegazioak ebatziko ditu.

3. Zerga Ogasunean ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna esleiturik duen zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez onetsiko da balorazio ponentzia.

Bigarrena._Ondasun higiezinen balioa banaka-banaka finkatzea.

Nafarroako Zerga Ogasunean higiezinak baloratzeko eginkizuna esleiturik duen zerbitzuari dagokio kasuan kasuko udalerrian dauden ondasun higiezinen balioa banaka-banaka finkatzea. Balio hori Lurralde Aberastasunaren Erregistroan inskribatu eta argitaratu beharko da, foru lege honen 21. artikuluan ezarri bezala, tokiko zergen ondorioetarako.

Hirugarrena._Balorazio ponentziak eta ondasun higiezinen balioa banaka-banaka finkatzeko egintzak inpugnatzea.

1. Balorazio ponentzia onesteko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua.

2. Ondasun higiezinen balioaren banakako finkapenaren aurka, ondasun horien titularrek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Ekonomia eta Ogasun kontseilariari zuzendua, foru lege honen 21.7 artikuluan ezarritako moduan.

3. Atxiki gabeko lurraldeetako higiezinei buruzko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatuko du, baina zilegi izanen da lurralde horiekin adostea haiek ere parte hartzea kudeaketa lan horretan.

Laugarren xedapen iragankorra._Balorazioko arau orokorrak.

Nafarroako Gobernuak foru lege honetan aipatzen diren balorazioko arau orokorrak eman bitartean eta balorazio ponentzia indarduna arau horiei jarraikiz berrikusten ez den bitartean, Hirilurraren gaineko kontribuzioa ordainarazteko Erregelamendua onetsi zuen urriaren 10eko 216/1984 Foru Dekretuan eta Eraikuntzen ereduzko balioen taulak, katastroko balioak eguneratzeko erabili beharrekoak, onetsi zituen azaroaren 18ko 268/1988 Foru Dekretuan xedatuaren arabera ezarriko dira foru lege honetako 22.3 artikuluan aipatzen diren balioak, udal jakin batean kokatutako ondasun higiezinen balioak hain zuzen ere; halere, horretan salbuespen izanen da foru lege honen 40. artikuluan ondasun bereziei buruz xedatutakoa eta sektore bakoitzeko araudiak ezarritako kasuetan administrazioak mugatutako balioaren aplikazioa.

Bosgarren xedapen iragankorra._Auzilariak.

1. Foru lege honek indarra hartzen duenean, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta udal katastroetan "auzilari" gisa agertzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, bertan inskribatuta dauden ondasun higiezinen gainean ehuneko zerotik gorako parte-hartzea baldin badute, "titular" izeneko epigrafe orokorrean agertuko dira bai Erregistroan, bai katastroan, atxikita duten portzentaje berarekin, eta foru lege honetan ezarritako mugekin.

2. Foru lege honek indarra hartzen duenean, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan eta udal katastroetan "auzilari" gisa agertzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, bertan inskribatuta dauden ondasun higiezinen gainean ehuneko zeroko parte-hartzea baldin badute, titular gisa baino ez dira azalduko datu-basean.

3. Lurzati zedulan eta Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako datuez emandako ziurtagirietan zalantzarik gabe azaldu beharko da zer auzi dagoen tartean.

4. Aurreko idatz-zatietan azaldutako egoerak bere horretan segituko du, harik eta epai edo ebazpen judizial irmo baten bidez finkatu arte inskribaturiko pertsona fisiko edo juridikoek ondasunen gainean zer eskubide duten edo harik eta haietako batek dagozkion eskubideei uko egin arte, idatziz eta berariaz.

Seigarren xedapen iragankorra._Tolerantzia teknikoak.

Foru lege honetako 20.1.a) eta 31.2 artikuluetan aipatzen diren tolerantzia teknikoak zehazteko irizpideak finkatu bitartean, ondoko egoera hauek guztiak biltzen dituzten aldaketak tolerantzia teknikotzat hartuko dira:

a) Azaleraren aldaketa, metro koadrotan emana, formula hau baino txikiagoa bada: 0,80 koefizientea bider bi-erro lurzatiaren azalera metro koadrotan emana.

b) Azaleraren aldaketa lurzatiaren azalera osoaren 100eko 10etik beheitikoa baldin bada.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Arauak indargabetzea.

Foru lege honek indarra hartzearekin batera, indarrik gabe geldituko dira foru lege honek agintzen duenaren kontra jotzen duten eta harekin bateraezinak diren legezko edo erregelamenduzko xedapen guztiak, eta bereziki ondokoak:

_Martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legea, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Zerga Erregistroari buruzkoa.

_1992ko ekitaldirako Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko ekainaren 23ko 9/1992 Legeko 53. artikulua, zeinaren bidez sortu baitzen Balorazio Ponentzien Erregistroa.

_Uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren birjarpenezko errekurtsoei eta aurkaratze ekonomiko-administratiboei buruzko Erregelamenduaren 18. artikuluko b) letraren azken esaldia, hauxe dioena:

"eta berariaz Nafarroako udal ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 157. artikuluko 3. idatz-zatiaren eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Zerga Erregistroa erregulatu duen 3/1995 Foru Legearen 15. artikuluko g) letraren emaitza direnak." Azken xedapenetako lehena._Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeko artikulu batzuen berridazketa.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 55. eta 56. artikuluak honela idatzita geldituko dira:

"55. artikulua. Tarifak.

Ordaindu beharreko tasak ondoko taulan ageri dira, euskarriaren arabera:

1. Paperean emandako informazioa:

A

Inprimaki normalizatuak eta informazio agiriak:

1

Lurzati zedula:

DIN A4

1,20

2

Ondasunen zerrenda titularraren arabera (orri bakoitzeko):

DIN A4

0,60

3

Katastroko balorazioaren orria:

DIN A4

0,60

4

Balorazio orria (ondare eskualdaketen eta egintza juridikoen gaineko zerga eta oinordekotza eta dohaintzen gaineko zerga):

DIN A4

0,60 5

Datu pertsonalen orria, hiri unitateari edo landa lurzatiari buruzkoak:

DIN A4

0,60

6

Aurreko akordioetarako balorazioa (Zergei buruzko Lege Orokorra), zedula bakoitzeko:

DIN A4

18,00

7

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuei buruzko eskaera edo kontsulta jakin bati buruzko informazioa, orrialde bakoitzeko (gehienez 20 orri):

DIN A4

2,00

(1 gehiago informazio agiriaren fotokopiaga-tik)

8

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko datuei buruzko informazio teknikoaren kopia edo fotokopia duten ziurtagiriak egitea, orri bakoitzeko:

DIN A4

5,00

(1 gehiago informazio agiriaren fotokopiaga-tik)

9

Lurzati zedula ziurtatua:

6,20

10

Hiri unitateen edo landa lurzatien datu-orria:

DIN A4

0,60 B

Lurralde Aberastasunaren Erregistroko agirien fotokopiak:

1

Garai bateko Katastro Probintziala (edozein motatako orri bakoitzeko):

DIN A4/A3

2,40

2

Fitxa edo krokisa, ezarpena edo mantentzea (orri bakoitzeko):

DIN A4/A3

2,40

3

Ezartzeko edo mantentzeko espedienteen dokumentazioa (orri bakoitzeko):

DIN A4/A3

0,06

4

Ezartzeko edo mantentzeko fitxaren argazkia txuri-beltzez handitzea:

DIN A4

2,40

5

Lurzatien planoak, edozein eskalatakoak:

DIN A4/A3

2,40

6

Hegaldi historikoa:

DIN A4/A3

2,40 7

Balorazio ponentzien dokumentazioaren fotokopia (orri bakoitzeko):

DIN A4

0,06

8

Espedientean dagoen txosten teknikoaren kopia:

18,00

C

Beste agiri informatizatu batzuk:

1

Krokis eskaneatua (orri bakoitzeko):

DIN A4

0,60

2

Krokis digitalizatua (orri bakoitzeko):

DIN A4

0,50

3

Eraikinaren argazki eskaneatua:

DIN A4

0,60

4

Lurzatien leiho grafikoa:

DIN A4/A3

1,20

5 Lurzatien leiho grafikoa + ortofotoa:

DIN A4/A3

1,50

6

Lurzatiaren inguruaren leiho grafikoa, lurzatien puntu mugatuen koordenatuak (X-Y) adieraziz, hamar gehienez (DWG/DGN):

DIN A4

19,90

D

Kartografia eta argazkiak:

1

Lurzatien leiho grafikoa edozein eskalatan (gehienez 1/10000):

DIN A1

25,00

2

Lurzatien leiho grafikoa edozein eskalatan (gehienez 1/10000) + ortofotoa:

DIN A1

37,00

3

Lurzatien planoak edozein eskalatan (1/500, 1/1000, 1/5000 edo 1/10000) eta herriguneko laburpen- planoa:

DIN A1

18,00

4

Lurzatien planoak edozein eskalatan (1/500, 1/1000, 1/5000 edo 1/10000) eta herriguneko laburpen- planoa, ortofoto eta guzti, eskuragarritasunaren arabera:

DIN A1 30,00

5

Lurzatien planoa katastroko poligonoaren arabera (toki entitateetan bakarrik)

DIN A1

18,00

6

Hegaldi historikoa: kontaktu kopia:

Argazki papera

3,00

7

Hegaldi historikoa: zona handitzea, DIN A4:

Argazki papera

15,00

8

Hegaldi historikoa: zona handitzea, DIN A3:

Argazki papera

18,00

9

Hegaldi historikoa: zona handitzea, 70x50:

Argazki papera

25,00

10

Eraikuntzen argazkien negatibotik ateratako jatorrizkoa:

Argazki papera

1,00

11 Alorren plano eskaneatua, bereizmen larria:

A3/A4

12,00

12

Alorren plano eskaneatua, bereizmen xehea:

A1

45,00

13

Alorren plano eskaneatua, bereizmen xehea:

A0

55,00

E

Datu ugari ateratzea:

7

Ateratako datuak paperean inprimatzea, orri bakoitzeko (toki entitateei baino ez):

DIN A4

0,10

2. Artxibo informatikoetan emandako informazioa, diskoetan grabatua:

A

Inprimaki normalizatuak eta txostenak:

1

Lurzati zedula:

PDF

1,30

2

Ondasunen zerrenda titularraren arabera (orri bakoitzeko): PDF

0,70

5

Datu pertsonalen orria, hiri unitateari edo landa lurzatiari buruzkoak:

PDF

0,70

8

Hiri unitateen edo landa lurzatien datu-orria:

PDF

0,70

C

Beste agiri informatizatu batzuk:

2

Krokis digitalizatua (orri bakoitzeko):

DWG/DGN

0,60

3

Eraikinaren argazki eskaneatua:

JPG

0,70

4

Lurzatien leiho grafikoa:

JPG

1,30

5

Lurzatien leiho grafikoa + ortofotoa: JPG

1,60

6

Lurzatiaren inguruaren leiho grafikoa, lurzatien puntu mugatuen koordenatuak (X-Y) adieraziz, hamar gehienez (DWG/DGN):

DWG/DGN

20,00

D

Kartografia eta argazkiak:

1

Lurzatien leiho grafikoa edozein eskalatan (gehienez 1/10000), DIN A1:

DWG/DGN

19,00

2

Lurzatien leiho grafikoa (DIN A1) edozein eskalatan (gehienez 1/10000) + ortofotoa:

DWG/DGN

31,00

3

Lurzatien planoak edozein eskalatan (1/500, 1/1000, 1/5000 edo 1/10000) eta herriguneko laburpen- planoa:

DWG/DGN

12,00

4

Lurzatien planoak edozein eskalatan (1/500, 1/1000, 1/5000 edo 1/10000) eta herriguneko laburpen- planoa, ortofoto eta guzti, ahal bada:

DWG/DGN

24,00 5

Lurzatien planoa katastroko poligonoaren arabera (toki entitateetan bakarrik):

DWG/DGN

12,00

11

Alorren plano eskaneatua, bereizmen larria:

A3/A4

1,20

12

Alorren plano eskaneatua, bereizmen xehea:

A1

2,40

13

Alorren plano eskaneatua, bereizmen xehea:

A0

3,60

E

Datu ugari ateratzea:

1

ASCII datuak ateratzeko prozesua abiaraztea (estandarra):

36,00

2

ASCII datuak ateratzeko prozesua abiaraztea (ez-estandarra):

50,00

3

ASCII datuak, datu babestuak barne (toki entitateak), erregistro bakoitzeko: ASCII

0,02

4

Datu babesgabeen ASCII datuak: erregistro bakoitzeko:

ASCII

0,02

5

ASCII datuak ACCESS datu-base batera eramatea:

MDB

20,00

6

ASCII datuak EXCEL datu bihurtzea

XLS

25,00

(**) Datu ugari ateraz gero, E.1 edo E.2 tasa ordaindu beharko da, kasuan-kasuan, eta horri ateratzen den erregistro bakoitzeko ordaindu beharrekoa erantsiko zaio, E.3 edo E.4, datu babestuak diren edo ez.

Alorren planoak DVD formatuan emanez gero, ordaindu beharreko tasari 14,00 euro gehituko zaio erabiltzen den DVD bakoitzeko.

Tauletan agertzen den informazioa posta elektronikoaren bidez emanez gero, ordaindu beharreko tasan hogei zentimoko beherapena eginen da.

3. Internetetik jaitsitako informazioa (produktuaren eskuragarritasunaren arabera):

A

1

Lurzati zedula:

PDF

0,60

2 Ondasunen zerrenda titularraren arabera (orri bakoitzeko):

PDF

0,40

3

Katastroko balorazioaren orria:

PDF

0,40

4

Balorazio orria (ondare eskualdaketen eta egintza juridikoen gaineko zerga eta oinordekotza eta dohaintzen gaineko zerga):

PDF

dohainik

5

Datu pertsonalen orria, hiri unitateari edo landa lurzatiari buruzkoak:

PDF

0,40

8

Hiri unitateen edo landa lurzatien datu-orria:

PDF

0,40

C

2

Krokis digitalizatua (orri bakoitzeko):

DWG/DGN

0,30

4 Lurzatien leiho grafikoa:

JPG

dohainik

5

Lurzatien leiho grafikoa, ortofoto eta guzti:

JPG

dohainik

6

Lurzatiaren inguruaren leiho grafikoa, lurzatien puntu mugatuen koordenatuak (X-Y) adieraziz, hamar gehienez (DWG/DGN):

koorde-natua

besterik ez

dohainik

56. artikulua. Zerga onurak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa eta haren erakunde autonomoak salbuetsita egonen dira.

2. Tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira, orobat, ondokoak, aldez aurretik eskari espresa egiten badute eta tasa ez ordaintzeko salbuespen kasuetan daudela frogatzen badute:

a) Nafarroako toki entitateak eta haien erakunde autonomoak, beren lurraldeari edo jardute eremuari buruzko produktu guztiak direla eta, baldin eta informazioa euskarri informatikoan, zehazki, Nafarroako Zerga Ogasunean dauden formatuetan ematen bada eta, betiere, lehenago informazio berbera jaso ez badute eta informazio hori bakar-bakarrik dagozkien eginkizun publikoetan erabiltzeko baldin bada.

b) Estatuko administrazio orokorra eta lurraldeko gainerako entitate publikoak, bai eta haien menpeko erakunde autonomoak ere, bere interes zuzenen alde jarduten dutenean zeinek bere eskumenak baliatze aldera.

c) Jabetza-erregistratzaileak, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan dauden higiezin-unitateen eta erregistroko finken arteko koordinazio lanak, Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean aipatzen diren horiek, egiten ari direnean."

Azken xedapenetako bigarrena._Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko artikulu batzuen aldaketa. Bat._138. artikuluari 9. idatz-zati bat eransten zaio.

"9. Udalak, kasua bada, osoko bilkuran erabakiko du beherapen horiek aplikatzea, beherapenak aplikatzen ahal diren lehendabiziko urtearen aurrekoaren zerga-oinarriaren gainean hain zuzen ere. Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta kasuko udalaren iragarki oholean argitaratuko da."

Bi._143 artikulua berridazten da.

"143. artikulua.

1. Zerga udalek kudeatuko dute, katastroko datuetatik abiatuta. Katastroa Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legearen 9. eta 21. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz eratuko da, eta bertan ondasun higiezinei buruzko ondoko informazioa bilduko da: ondasunaren identifikazioa eta kokalekua, titularraren identifikazioa eta helbide fiskala, katastroko balioa eta zerga ordainarazteko behar diren gainerako datuak.

2. 1. idatz-zatian agertzen diren datuetan oinarritua, udalek, martxoaren 31 baino lehen, behar diren likidazioak egin eta zergaren likidaziorako agiriak igorriko dituzte urtero, zerga tasa aplikatu zaion ondasunaren katastroko balioa espresuki adieraziz. 138. artikuluan ezarritakoaren arabera zerga oinarrian beherapena aplikatu behar baldin bada, inguruabar hori aipatuko da, bai eta beherapen horiek noiz arte aplikatuko diren ere.

Foru lege honetako lehenengo tituluaren IV. kapitularen 5. atalean xedatutakoaren ondorioetarako, artikulu honetan xedatuari jarraikiz igorritako likidazioa erregelamenduz jakinarazitako likidaziotzat hartuko da, eta urteko edo seihileko ordainagiriaren datatik hasita hurrengo hilabetean ordaindu beharko da.

3. Likidazioaren agiriak igorri ondoren egiaztatzen baldin bada zerga sortu zen egunean subjektu pasiboa eta katastroko titularra pertsona bera ez direla, igorritako likidazioak behin-behinekotzat hartuko dira eta oker egindako diru-sarrerak itzuliko.

4. Subjektu pasiboek egin zaien likidazioa inpugnatu ahalko dute, Nafarroako toki administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan inpugnaziorako adierazten diren bideetarik edozein baliatuta, betiere aurreko urtean argitaratutako ondasunaren balioa errekurritu ez bada, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Idatz-zati honetan aurreikusitako errekurtsoren bat jartzeak ez du inpugnaturiko egintzaren betearazpena etenen.

5. Udalean zerga-oinarriaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jartzen bada, udalak ondasunaren katastroko balioari buruzko txosten loteslea eskatuko dio Nafarroako Zerga Ogasunari, eta eten eginen da errekurtsoa ebazteko epea, harik eta txosten hori toki entitateari igorri arte. Txostena jasotzen denean berriz irekiko da epea eta, errekurtsoarekin batera, prozeduran sortzen diren auzi guztiak ebatzi beharko dira.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du eskumenik ebazteko toki entitateek lurralde kontribuzioaren zergaren gainean ematen dituzten egintzen aurka jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak, baldin eta zerga-oinarriari buruzko inpugnazioaren xedea Nafarroako Zerga Ogasunak ondasun higiezin horri ezarritako balioa baldin bada.

6. Zergadunek ez baldin badute betetzen Nafarroako Lurralde Aberastasunari eta katastroei buruzko Foru Legean ezartzen den katastroko aldaketaren aitorpena egin beharra, egindako aldaketa katastroan jaso ondoren, preskribiturik gabe dauden aurreko zergaldiei dagokien zerga ordainaraziko da.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, subjektu pasibotzat hartu behar ez zenak oker egindako dirusarreren itzulketa eginen da baina, betiere, preskripzio epea errespetatuko da diru-itzulketa hori egiteko.

7. Ondasunaren inguruan edo kargapean jarritako ondasunaren titulartasunaren inguruan auzirik baldin badago, zerga administrazioak katastroetan agertzen direnak jo ahalko ditu titulartzat, eta behin-behineko likidazioak igorri. Epai judizial irmoa ematen denean edo beste edozein moduren bidez auzia bukatzen denean, behin-behineko likidazio horiek zuzenduko dira edo behin betiko bihurtuko.

8. Ondasunak udalerri berean baldin badaude, udalek kobratzeko agiri bakar batean biltzen ahalko dituzte subjektu pasibo bakar baten kuota guztiak, zerga honen pean daudenak."

Azken xedapenetako hirugarrena. Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 57. artikuluaren berridazketa.

Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 57. artikulua honela idatzita geldituko da:

"57. artikulua. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren koordinazioa.

Lurzati berrantolamenduaren ondoriozko jabetzaren behin betiko antolamendu berria jabetza hartzeko orduan lurzatian adierazitako puntuen UTM koordenatuen arabera jasoko da Lurralde Aberastasunaren Erregistroan. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak koordenatu horien berri emanen dio Zerga Ogasunari, departamentuak berak baimendutako lurzatien planoen kopiarekin eta beharrezkoak diren gainerako agiri osagarriekin batera."

Azken xedapenetako laugarrena._Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergako xedapenen testu bategineko 35.II.14 artikuluaren berridazketa. Testu hori apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergako xedapenen testu bategineko 35.II.14 artikulua honela idatzita geldituko da:

"14. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarria."

Azken xedapenetako bosgarrena._Arauak emateko ahalmena. Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar adina xedapen eman ditzan.

Azken xedapenetako seigarrena._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Hori guztia gorabehera, foru lege honetako 21. artikuluan aipatzen diren katastroko balioak zuzenean hartuko dituzte kasuan kasuko udalek Lurralde Aberastasunaren Erregistroan 2006ko abenduaren 31n inskribatuta dauden balioetatik, baldin eta 2007an aplikatzekoak badira, eta ez da aplikatuko aipatu artikuluan ezarritako prozedura; izan ere, prozedura hori 2007an aplikatuko zaie lehendabiziko aldiz 2008an aplikatu beharrekoak diren katastroko balioei.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra