Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Octava ediciión Premios Adrián Celaya

Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbidea  >>  Legeria

17/2001 Foru Legea, uztailaren 12koa, Nafarroan merkataritza arautzen duena

2037-08-04

Erakundea: Nafarroako Parlamentua

Argitalpena: NAO, 2001/7/16, 86. zk.

17/2001 FORU LEGEA, uztailaren 12koa, Nafarroan merkataritza arautzen duena. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAN MERKATARITZA ARAUTZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Hobekuntza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko Lege Organikoko 56.1.d) artikuluan xedatuaren arabera, Nafarroak eskumen osoa du barne merkataritzaren gainean, deusetan ukatu gabe prezioen politika orokorra, ondasunen zirkulazio librea lurralde nazionalean eta lehiaren defentsari buruzko legeria.

Foru lege honek gure Foru Komunitateko barne merkataritza -hari buruzko arau eta erregelamenduak sakabanaturik daude- antolatzen du. Espainiako Konstituzioko 38, 51 eta 131. artikuluek ezarritako esparruan oinarritzen da eskumen hori baliatzea. Halatan, aintzat hartu dira merkataritza modu berrien azterketa eta erregulazioa, enpresa askatasunaren defentsa, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen babesa eta bermea eta txikizkako merkataritzaren dinamizazioa, sektore sentibera hori ekonomian eta, oro har, gizartean gertatzen diren aldaketei azkar egokitzearren.

Nafarroako merkataritza sektorean aldaketa handiak ari dira gertatzen, ekoizleengan, kontsumitzaileengan eta bereziki merkatariengan eragina dutenak. Merkaturatzeko metodo eta sistema berriak sortu dira, dimentsio ertain eta handikoak, eta horren eraginez aldatzen joan dira merkataritzan zeuden saltzeko modurik usadiozkoenak.

Hartara, foru lege honen printzipio gidariek hirigintza eta ekonomia interesak harmonizatu nahi dituzte, usadiozko sektoreak kalterik izan ez dezan eta merkatuko lehentasun egoerarik gerta ez dadin; baina, aldi berean, kudeatu, administratu, saldu eta zerbitzu emateko modu berriak sustatu nahi dira, ahaztu gabe noski enpresa askatasunari zor zaion errespetua eta txikizkako merkatarien hainbat betebeharren aurrean kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes ekonomikoei zor zaien babesa.

Foru lege honek zortzi titulu ditu. Haietan zehazten da jarduteko esparrua eta definitzen da legearen helburua. Hainbat saltoki motaren kontzeptuaren araberako zerrenda egiten da, horien definizioa emanez, eta bereziki arautzen da saltoki handi eta ertainetarako merkataritza-lizentzia berariazkoa, eta horiek emateko irizpideak finkatzen dira.

Arautu egiten dira merkataritza ordutegiak, eskaintza bereziko salmentak eta salmenta bereziak, eta Nafarroako Foru Komunitateko salmenta berezien txikizkako merkatarien erregistroa sortzen da.

Orobat arautzen dira etxez etxeko salmenta, kate edo piramide gisako salmenta eta aldizko salmenta. Merkataritza elektronikoari eta handizkako merkataritzari buruz etorkizunean araudi osoa eman ahal izateko ere, hasierako erregulazioa ematen da.

Azkenik, lege testuan hitzez hitz jaso nahi izan dira merkataritza txikiari laguntzeko hainbat neurri, lehia librea ezertan ere galarazi gabe haren egitura hobetu eta modernizatzeko moduan egon dadin eta erabat lehiakorra izan dadin.

LEHENBIZIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Helburua eta aplikazio eremua.

1. artikulua. Helburua.

Foru lege honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko txikizkako merkataritza arautzea, eta, horrela, merkataritza egiturak hobetu eta modernizatzea, bai eta eskaintza bereziak egiten dituzten zenbait jarduera normalizatzea ere.

2. artikulua. Printzipio gidariak.

Foru lege honek hurrengo oinarrizko printzipioak izanen ditu, eta hurrengoak bultzatuko:

a) Txikizkako merkataritzak Nafarroako udaletako hiriguneetan izan duen ohiko egiturari eutsi diezaiola.

b) Merkataritzak dituen hazkunde modu berriak erabiltzean, berdintasuna handiagoa izan dadila.

c) Merkataritza jardueren hazkundea harmoniatsua eta orekatua izan dadila, hiri-inguruen garapen eramangarria lortzea hartu behar baita helburu.

d) Administrazio publikoek parte har dezatela saltoki handiak jartzeak sorrarazten dituen plusbalioetan.

e) Gizarte eragileek, kontsumitzaileek bereziki, parte har dezatela merkataritzaren garapenean.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1.-Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egiten diren merkatari tza jarduerei aplikatuko zaie foru lege hau.

Legedi berariazkoa duten txikizkako merkataritza jarduerek legedi horren osagarri izanen dute foru lege hau.

Lege hau aplikatzeko ez da kontuan hartuko txikizkako merkataria, aldi berean, eskaintzen dituen salgaien fabrikatzailea den edota salgai horien handizkako merkataria.

2.-Hurrengoek berariazko arauak dituzte eta foru lege honen aplikazio eremutik at daude: a) Nekazariek eta abeltzainek eginiko zuzeneko salmenta, nekazaritza eta abelazkuntzako produktuak egoera naturalean eta produkzio lekuan saltzen direnean, edo, baita ere, ekoizpena biltzeko kooperatibetan saltzen direnean.

b) Artisauek beren lantegietan, ferietan eta sektoreko azoketan eginiko produktu salmenta.

II. KAPITULUA

Txikizkako merkataritza

4. artikulua. Kontzeptua.

Foru lege honen ondorioetarako, txikizkako merkataritza da merkatuan produktu naturalak edo elaboratuak azken buruko hartzaileei helaraztea edo eskaintzea helburu duen jarduera profesionala, irabazi asmoz egina denean, eta kontuan izanik saltokia erabiliz edo erabili gabe egin daitekeela.

5. artikulua. Aldi berean aritzea txikizkako merkataritzan eta handizkako ekoizpen edo banaketan.

1.-Foru lege honen ondorioetarako, handizkako merkataritza da beste merkatari edo enpresaburu batzuk hartzaile dituena, baldin eta ez badira horiek azken buruko hartzaileak.

2.-Saltoki batean aldi berean egiten badira txikizkako merkataritza eta handizkakoa, beharrezkoa izanen da ezartzea zein gunetan egiten den txikizkako merkataritza, eta merkataritza mota bakoitzari dagozkion arauak bete beharko dira.

6. artikulua. Kooperatibak eta antzeko forma juridikoak.

Kooperatibek edo antzeko beste forma juridiko batzuek ezberdindu egin beharko dute zer eskaintzen dien bazkideei eta zer beste guztiei. Bazkide ez direnei zer eskaintzen zaien horri aplikatuko zaio foru legea, eta bazkide direnei eta ez direnei zer eskaintzen zaien argi eta garbi agertzen ez denetan ere foru legea aplikatuko da.

7. artikulua. Merkataritzan aritzeko debekuak eta mugak.

1.-Ezin izanen dira merkataritzan aritu, araudiak berariaz hori debekatzen dien enpresaburuez gain, enpresaburu indibidualak nahiz sozietateak, baldin eta, zertan aritzen diren, jarduera horretako arau bereziek esklusibotasunez aritzeko beharra ezartzen badiete.

2.-Espreski debekatzen da azken buruko hartzaileari salgaiak erakutsi eta saltzea bai eta salgaien katalogoak, liburuxkak edo publizitatea igortzea edo ematea, baldin eta salgai horien jatorria merkataritzan aritzen ez diren pertsonak badira eta, pertsona horien jardueraren ondorioz, helburu nagusia bada merkataritza-eskaintzari atxikiriko maileguak, gordailuak eta antzeko eragiketak egitea, halako moduz non bata egitea ezinezkoa baita bestea egin gabe.

Edonola ere, horrelakorik badela uste izanen da erosleak aipatutako pertsonei salgaien eskabideak egiten badie edo haien saltokietan salgaiak erosten baditu.

III. KAPITULUA Merkataria, sustatzailea eta operadorea

8. artikulua. Merkataria.

Foru lege honen ondorioetarako, merkataritzat hau hartuko da: merkataritzan aritzeko ahalmena izan eta bere izenean, eta ohiko lanbide gisa, txikizkako merkataritzan aritzen den pertsona fisiko edo juridikoa.

9. artikulua. Sustatzailea.

Sustatzailea da 13, 14 eta 15. artikuluetan ezarritako saltoki bat proiektatu, sustatu edo eraikitzen duen pertsona fisiko edo juridikoa, eta haren funtzionamendua eta kudeaketa antolatzen duena, ondoren saltzeko edota zuzenean edo zeharka ustiatzeko.

10. artikulua. Merkataritzako operadorea.

Operadoretzat hartuko da saltoki handi baten titularra den pertsona fisiko edo juridikoa.

11. artikulua. Sustatzaileen eta operadoreen eskubideak.

Sustatzaile eta operadoreen eskubidea da libre aritzea haien jardueran, arloko legedia muga dutela.

12. artikulua. Sustatzaileen eta operadoreen betebeharrak.

Sustatzaileek eta operadoreek hurrengo betebeharrak dituzte:

a) Jardueran aritu beharko dute kontuan izanez, betiere, saltoki handia non dagoen, hango merkataritza beharrak.

b) Saihestu egin beharko dute edozein motatako lehia desleiala edo publizitate engainagarria; bereziki, merkataritza eremuko merkataritza arlo baten iraupena arriskuan jartzen badu.

c) Saihestu egin beharko dute monopolio gisa aritzea edo merkatua mendean balute bezala aritzea.

d) Horien kargura izanen dira saltokia jartzearen ondoriozko urbanizatze obra guztiak, ingurumeneko eraginak zuzentzeko gastuak ere horien gain izanen dira, eta, halaber, haiek ezarri beharko dituzte, eskaera eta baimenaren arabera, trafikoa antolatzeko neurriak eta sarbideak.

BIGARREN TITULUA

Saltokiak

I. KAPITULUA

Saltokia

13. artikulua. Kontzeptu orokorra.

Saltokitzat hartuko dira zoru gaineko lokal, eraikin edo instalazioak, estaliak edo estali gabeak, salbuetsiak edo salbuetsi gabeak, eraikin baten barnekoak edo kanpokoak, erakusleihodunak izan ala ez, baldin eta txikizkako produktuak jarraian edo aldizka saltzea badute helburu, edo izaera hori duten zerbitzuak aurkeztea; orobat, saltokitzat hartuko da beste edozein esparru mugatu, baldin eta lege edo erregelamendu batek hala ezartzen badu.

Saltokiak indibidualak edo kolektiboak izaten ahalko dira.

14. artikulua. Merkataritza-gunea.

Merkataritza-gunea da eraikin edo esparru beraren barrenean dauden salmenta-puntu edo zerbitzuen multzoak osatzen duen saltoki kolektiboa, non enpresa-jarduerak beregain egiten diren, baldin eta lokal guztiak batera proiektatuak badira eta zenbait elementu komunean erabiltzen badituzte.

15. artikulua. Merkataritza-parkea.

Merkataritza-parkea da merkataritza-gunearen ezaugarriak dituen saltokia; gainera, aisialdiko zerbitzu eta jarduera multzo bat eskaintzen du, hala nola, zinemak, josteta aretoak, tabernak, jantokiak, edo beste mota bateko zerbitzuak, konparazio batera turismoarekin, kulturarekin, eta abarrekin zerikusia dutenak.

16. artikulua. Merkataritza-aldea.

Merkataritza-aldetzat hartuko da hiri-lurzoruko edo lurzoru urbanizagarriko eremu bat, zeinetan saltoki bat baino gehiago baitago edo merkataritza indibidual edo kolektiboarentzako zerbitzu bat baino gehiago, eta horien ustiaketa eta kudeaketa beregaina baita.

II. KAPITULUA

Txikizkako saltoki handiak

17. artikulua. Kontzeptua.

1.-Txikizkako saltoki handitzat hartuko dira txikizkako merkataritzan -askotarikoan edo espezializatuan- aritzen diren saltoki indibidual edo kolektiboak, baldin eta produktuak nahiz zerbitzuak saldu eta erakusteko duten azalera erabilgarria 2.500 metro koadro baino handiagoa bada eta Iruñerrian badago, edo, bestela, 1.500 metro koadro baino handiagoa bada, 12.000 biztanle baino gehiago badu eta Nafarroako Foru Komunitateko gainontzeko udaletan badago.

2.-Produktuak nahiz zerbitzuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarritzat hartuko da produktuak nahiz zerbitzuak erakusgarri izaten dituena, ohiz ala noizik behinka, bai eta pertsonen pasabide diren lekuak, eta, orobat, produktuak aurkeztu, eman eta kobratzeko diren lekuak. Ez dira azalera erabilgarritzat hartuko, inola ere, bulegoak, aparkalekuak, jendeak bisita ez ditzakeen zamalanetarako eremuak eta biltegiak, eta, orokorrean, jendearen sarrera murriztuta duten leku guztiak.

3.-Hurrengoak ez dira saltoki handitzat hartuko:

a) Handizkako merkatuak. b) Udal merkatuak.

18. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Saltoki Handien Lurralde Eredua.

1.-Nafarroako Foru Komunitateko Saltoki Handien Lurralde Eredua -lege honekin batera baitoa- Nafarroako Foru Komunitatean saltoki handiak ireki, eraiki eta handitzeko baimenak eman edo ukatzeko lege-irizpideak ezarri ahal izateko tresna da.

2.-Nafarroako Foru Komunitateko Saltoki Handien Lurralde Ereduaren helburu nagusia da saltoki handien ezarpena egoki antolatzen dela sustatzea, eremuen eta banaketa moduen arteko ekipamendu orekatua lortzearren, herritarrek beraien erosketa beharrizanak behar bezala asetu ahal izan ditzaten, eta aldi berean lurralde oreka bermatzea, Nafarroako merkataritzaren eredu orokorraren barrenean.

3.-Saltoki Handien Lurralde Eredua, etorkizunean berrikusten denean, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eta Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emaileak sustatuko dute, jendaurrean paratuko da eta haren behin betiko onespena Nafarroako Gobernuari dagokio, aurrez Lurraldeko Antolamenduaren Batzordeak eginen duen derrigorrezko txostena jaso ondoren. Berrikuspena onetsi ondoren, lurralde eredua NAOn argitaratuko da berriro.

4.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emailearekin batera, Lurralde Eredua egiteko, berrikusteko edo ebaluatzeko beharrezkoak diren merkataritzako banaketari buruzko azterlanak egitea sustatuko du. Helburua hori dela, hitzarmenak ezar ditzake edo lankidetza formulak itundu Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberarekin edo arloari lotuta dauden beste erakunde batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Saltoki Handien Lurralde Ereduak helburu du ondoko ebaluazio eta zehazpen elementuen definizioa:

a) Nafarroako Foru Komunitateko merkataritzako eskaintza eta eskaria aztertzea. Merkataritzako egituraren, eskatzaileen eta Nafarroako gastu-fluxuen definizioa.

b) Erreferentziako Lurralde Eredua: Nafarroako Foru Komunitaterako nahi den merkataritza egituran kokatua, erkidegoaren zein hiriaren kontzeptu-eredua definituta. Lurralde orekako eremuen eta erkidegorako oreka mailen definizioa.

c) Merkataritza eremu handiak jarri zein handitzeko proiektuak ebaluatzeko prozedurak eta lizentzia berariazkoa eman edo ukatzeko irizpideak zehaztea.

d) Ereduaren jarraipena egiteko adierazleak, Nafarroako merkataritzaren garapena behar bezala balioesten lagunduko duten adierazleak diren aldetik.

e) Lurralde eremuak eta oreka mailak zehazteko metodologia zehaztu eta abiaraztea.

5.-Saltoki Handien Lurralde Ereduak izaera loteslea izanen du administrazio publikoentzat orokorrean eta Nafarroako Gobernuarentzat, toki administrazioentzat, sustatzaileentzat eta merkataritzako enpresentzat bereziki. 19. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko saltoki handien lurralde ereduaren indarraldia eta berrikuspena.

1.-Saltoki Handien Lurralde Eremuaren indarraldia mugagabea izanen da eta gutxienez lau urterik behin berrikusiko da, eta onespenerako ezarri den prozedura bera beteko da. Dena dela, horren ebaluazioak egiten ahal dira, osoak zein partzialak, bi urterik behin.

2.-Hori gorabehera, berrikuspen edo ebaluazioa egiten denean ereduaren jarraipena egiteko adierazleen garapena eta ondoko hauek hartuko dira kontuan:

a) Biztanleen erosteko ohituren bilakaera.

b) Merkataritzako eskaintzaren osaketan saltoki tipologien bilakaera.

c) Merkataritzako banaketaren sektoreko enpresa kontzentrazioaren bilakaera.

d) Saltoki handien ezarpenak hiriarteko merkataritzan sortuko dituen eraginak, bereziki gune historiko tradizionaletan, zertarako-eta berariaz horien merkataritzako hustuketaren fenomenoa ekiditeko.

3.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak merkataritzako lizentzia berezien ematea deuseztea erabaki dezake Nafarroako Saltoki Handien Lurralde Eredua berrikusi edo eredu berria egiteko. Etendura horrek alde jakin bat edo gehiago edo Nafarroako Foru Komunitateko esparru osoa uki dezake.

4.-Aurreko idatz-zatian ezarri den etendura hori, edozein kasutan, argitaratu eta sei hilabeteko epean iraungiko da. Halaber, deusezpen hori Saltoki Handien Lurralde Ereduaren edo, hala denean, horren berrikuspenaren onespenarekin iraungiko da.

Deusezpen horren ondorioak iraungi ondoren ezin da, bi urteko epearen barruan eta helburu berberarekin, deusezpen berririk erabaki.

20. artikulua. Lurralde arloko oinarriak.

1.-Koordinatu egin beharko dira merkataritza antolamendua eta lurralde plangintza, eta horretarako Saltoki Handien Lurralde Ereduko jarraibideek kontuan izanen dituzte orobat Nafarroako Foru Komunitate osorako emanen diren lurralde antolamendu orokorreko edukiak.

Nafarroako Gobernua saiatuko da saltoki handien ezarpenak Foru Komunitateko lurralde orekari kalte egin ez diezaion, eta, azpiegitura sarearen zentzuzko moldaketan bereziki, bultzatuko ditu giza biziguneen eta jarduera ekonomikoaren erakarpen poloen banaketa zentzuzkoa, bideen eta herrietarako sarreren egokitasuna, komunikazio bideen erabilpenaren maila hoberenetara zirkulazioaren emanak egokitzea eta interes historiko-artistikoa duten inguruetako balio estetiko eta kulturalak kontserbatzea.

2.-Nafarroako Gobernuak adierazitako lurralde oinarrien garapenera zuzendutako erregelamendu mailako xedapen guztiak eman eta garatu ahal ditu, eta bereziki zilegi izanen du: a) Beharrezkoa iruditzen zaionean, lurralde, hirigintza eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko aldez aurreko txostenak eskatzea.

b) Azpiegiturak, zerbitzuak eta sare informatikoa saltokiaren premietara egokitzeko arauak ematea.

c) Sartzen eta ateratzen diren ibilgailuen fluxua ongi antolatzen dela bermatzea.

d) Ezarpen eremuak antolatzea, eta horretarako beharrezkoak izanen dira honako hauek: merkataritza-jardueretarako eta bestelako erabilpen batzuetarako okupatutako azalera osoak behar duen lekuaren eta aparkalekuen, jardineztaturiko zonen eta zona libreen arteko banaketa egokia egitea, premiazkotzat jotzen diren sektoreko ohiko neurriak zehaztea eta arkitektura-diseinuak inguruneko ezaugarri ekologiko, paisajezko eta historiko-artistiko babesgarriei kalte ez egitea.

3.-Saltoki Handien Lurralde Ereduarekin bat etorriz saltoki handiak direla-eta onesten diren udalez gaindiko proiektu sektorialak, berriz, eskualde mailako planetako xedapen lotesleei lotu beharko zaizkie.

4.-Saltoki handiei buruzko udalez gaindiko proiektu sektorialetako aurreikuspenak tokiko hirigintza planeamenduari lotuta doaz. Toki administrazioaren eskumeneko lizentziak udalez gaindiko proiektu sektorialean aurreikusitakoarekin bat etorriz eman beharko dira proiektuak indarra hartzen duenetik aitzina.

21. artikulua. Saltoki handirako lizentzia.

1.-Saltoki handi bat jartzeko edo handitzeko, eta udal lizentziak eskatu aurretik -saltokia jartzeko lizentzia, obra lizentzia, eta irekitzeko lizentzia-, beharrezkoa da merkataritza-lizentzia berariazko bat, foru lege honen araberakoa izanen baita.

2.-Saltoki handirako lizentzia beharko da, baita ere, hurrengoetan:

a) Saltokien handitzea 2.500 metro koadro baino gehiagokoa denean, baldin eta proiektua Iruñerrirako edo 12.000 biztanle baino gehiagoko udal baterako bada, edo 1.500 metro koadro baino handiagokoa izan eta Nafarroako Foru Komunitateko beste edozein udaletarako denean.

b) Baimendutako saltoki handi batek jarduera edo merkataritza-arloa aldatzen duenean.

c) Saltoki handi bat berriro irekitzen denean, baldin eta urtebete baino gehiago egon bada itxita.

3.-Hurrengoek eskatu beharko dute saltoki handirako lizentzia:

a) Saltoki kolektiboen kasuan, sustatzaileak edo operadoreak, merkataritza-gunea nahiz merkataritza-parkea izan.

b) Saltoki indibidualen kasuan, negozioaren merkatari titularra edo operadorea.

4.-Ezin izanen da inter vivos laga saltokia irekitzeko lizentzia, baldin eta lizentzia eman duen organoak ez badu aurretik horretarako baimena eman, non eta ez den enpresen arteko bategitea edota eskaera egin duen enpresa ez duen hirugarren batek irensten. Lagapen-hartzailea, edonola ere, lagatzaileak foru- edo udal-administrazioarekin hartutako konpromisoetan subrogatuta geldituko da.

22. artikulua. Eskabidearen edukia eta beharrezkoak diren agiriak.

1.-Merkataritza-lizentzia berariazkoaren eskabidea Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentura igorriko da; horretarako, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak onartutako edozein bide erabili ahalko da.

2.-Eskabidearekin batera, hurrengo agirien bi ale igorriko dira.

A) Sustatzailearen nortasuna eta ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

B) Proiektatutako saltokiaren ezaugarriak.

a) Jarri nahi den saltoki motaren deskribapena; adierazi beharko da guztira eraikitako azalera, produktuak erakutsi eta saltzeko azalera erabilgarria, bai eta pertsonen pasabide izanen diren lekuak, biltegiak eta bestelakoak.

b) Merkataritza-gune baten barrenean dagoen saltokia bada, adieraziko da salmentarako zenbat lokal dauden, nola dauden banatuta, eta horien tamaina.

c) Aparkalekutarako izanen den azalera eta zenbat aparkaleku izanen diren.

d) Aurreproiektu teknikoa, non saltokiaren oina, altxaera eta sekzioak jasoko baitira.

e) Udalerriko zein eremu geografikotan jartzeko asmoa dagoen, zenbateko tartea dagoen hirigunearekiko eta zer sarbide eginen diren saltokia jartzeko asmoa dagoen tokian bertan.

f) Proiektatutako saltokiaren aurrekontua, guztira eta kapituluka banatuta.

C) Merkataritza eskaintza.

Saltoki berrian salduko diren produktuen deskribapena, zein atal izanen dituen saltokiak eta bezeroei eskainiko zaizkien zerbitzu osagarriak.

D) Konpromisoak.

a) Zenbat enplegu sorraraztea aurreikusi den, horri buruzko txosten deskriptiboa; zein izanen den saltokiaren langile-kopurua adieraziko da, bai eta zein izanen diren kontratu motak.

b) Proiektua egiteko aurreikusitako egutegia.

Sustatzaileak hartzen dituen konpromisoak, egoki irizten bada, lizentziaren baldintzetara ekartzen ahalko dira, eta horiek ez betetzea lizentzia errebokatuarazi dezakete.

E) Txostenak. Eskaera egin duenak ondoko txostenak ekarri beharko ditu, enpresarekin loturarik ez duten profesionalek eginak.

a) Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostena, eta, horrekin batera, merkatuari buruzko azterlan bat, fakturazio aurreikuspenak ere izanen dituena.

b) Proiektuaren eragin ekonomikoari buruzko txostena; argi adierazi beharko dira saltoki hori jartzeak zer eragin izanen duen prezioetan, eskaintzaren maila eta kalitatean, merkataritza jarioan, eta banaketaren sektorearen merkatu-kuotan.

c) Proiektuak ingurumenean izanen duen eraginaren ebaluazioa.

d) Proiektuak errepide sarean, trafikoan eta ingurumenean izanen duen eraginari buruzko txostena.

e) Proiektuak eskualdeko enpleguan izanen duen eraginari buruzko txostena.

3.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak Lehiaren Defentsako Auzitegiari txostena eskatuko dio, ez baita loteslea izanen.

Aipatu Departamentuak, halaber, agiri edo datu osagarriak aurkeztea eska dezake, eman direnak nahikoa ez badira.

23. artikulua. Saltoki handien ezarpen-espedientea tramitatzea.

1.-Saltoki handiaren sustatzaile edo operadoreak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan tramitatuko du ezarpena arautzen duen espediente bat, artikulu honetan ezarritakoari lotuko zaiona.

2.-Sustatzaile edo operadoreak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan udalez gaindiko proiektu sektoriala aurkeztuko du, eta departamentu horrek Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/94 Foru Legean ezarritakoaren arabera tramitatuko du eta eskaeraren kopia merkataritza arloan eskumena duen departamentuari igorriko dio.

Udalez gaindiko proiektu sektoriala edozein lur motatan garatu ahalko da, eta haren zehaztapenak toki planeamenduari lotuko zaizkio; planeamendua, berriz, zehaztapen horietara egokitu beharko da udal plana aldatu edo berrikusten den lehen aldian.

Proiektatutako udalez gaindiko eraginaren maila ikusirik eta merkataritza alorrean eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak aldeko txostena eman ondotik, lurraldearen antolamenduan eskumena duen departamentuak uste duenean ez dela beharrezkoa udalez gaindiko proiektu sektorial gisa tramitatzea, horrelaxe deklaratuko du, baina egoki iruditzen zaizkion baldintza eta zehaztapenak ezartzen ahal ditu. Deklarazioaren ondoren, saltoki handiaren ezarpena, udal planeamenduaren aldaketa bidez gauzatuko da, artikulu honetako 5. idatz-zatiko bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera.

Merkataritza arloan eskumena duen departamentuak, espedientearen tramitazioak dirauen bitartean, saltoki handien salerosketa lizentzia berariazkoa emateari buruz erabakia hartzeko interesgarri iruditzen zaizkion xehetasunen txostena emanen du. 3.-Baimen espedienteak Txikizkako Salerosketaren Antolamenduaren Legeak aipatzen duen Konkurrentzia Babesteko Auzitegiaren txostena izan behar du, eta baita Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarena ere, salerosketa arloan eskumena duen departamentuak eskatuko baititu.

Konkurrentzia Babesteko Auzitegiari txostena eskatu zitzaionetik bi hilabete baino gehiago igarotzen badira, espedientearen tramitazioak aurrera egiten ahal du.

Konkurrentzia Babesteko Auzitegiaren txostenak merkatuan nagusitasun egoerarik baden argitu beharko du, eta horretarako Nafarroako esparruan estatuko oinarrizko legeriak ezarritako gehienezko portzentajeak erabiliko dira.

4.-Nafarroako Gobernuan lurraldearen antolamenduaren eta salerosketaren arloan eskudunak diren departamentuek hasierako proposamen bateratua eginen dute. Hasierako proposamen bateratu hori Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emaileari aurkeztuko zaio, zeinak egoki iruditzen zaizkion gorabeheren txostena emanen duen.

5.-Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak hasierako proposamen bateratuari buruzko iritzia eman ondoren, Nafarroako Gobernuak lizentzia emateko espedientearen jarraipena erabakitzen ahal du, eta proiektua udalez gaindiko eragineko deklaratu. Nafarroako Gobernuaren Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzeko edo udal planeamendua aldatzeko baimen proposamenak eta salerosketa lizentzia berariazkoa aldi berean jarriko dira jendaurrean eta entzunaldian, hilabetez gutxienez, saltoki handia ezarriko den udalean.

6.-Aurkeztutako alegazioak azterturik, lurraldearen antolamenduan eta salerosketan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko Departamentuek proposamen bateratua eginen dute. Proposamen bateratu hori Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emaileari aurkeztuko zaio, zeinak egoki iruditzen zaizkion gorabeheren txostena emanen duen.

7.-Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen proposamena Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, zeina -lege honetan eta Nafarroako Foru Komunitaterako saltoki handien lurralde ereduan ezarritako baimen irizpideekin bat etorriz- haren irizpideetatik arrazoiak emanez urruntzen ahal den, salbu eta desadostasuna edo ukoa adieraztean erakunde hauek bat datozen aspektuetan:

-Saltokia osorik edo partez bere mugapean ezarriko zaion udal bat;

-Lurraldearen Antolamenduko Batzordea.

8.-Baimen erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

24. artikulua. Lizentziak emateko irizpideak.

1.-Foru lege honen 19. artikuluan arautu den merkataritzako lizentzia berezia eman edo ukatuko da saltokia jarri, handitu edo aldatzeko proiektua 18. artikuluan ezarri den Nafarroako Saltoki Handien Lurralde Ereduari eta Nafarroako Lurralde Estrategiari egokitzen ote zaien kontuan hartuta, eta kontuan hartuko dira, halaber, proiektutik beretik ondorioztaturiko irizpideak: a) Proiektuko saltokiak eskualdeko merkataritza egituran duen eragina. Aintzat hartuko da:

Saltokia jartzeak ekar dezakeen lehia-areagotzea.

Eragin-eremuan dauden merkataritza enpresak saltokian txertatzea.

Saltoki handia eta merkataritza enpresa txikiak elkarlanean aritzeko beste edozein neurri, baldin eta proiektuaren gizarte- eta ekonomia-eragina txikitzen badute.

Saltokia jartzeak eskualdeko orekan izanen duen eragina.

b) Saltokia jartzeak enplegu maila eta kopuruan izanen duen eragina. Horri dagokionez, hurrengoak hartuko dira kontuan:

Saltokia jartzeak ekarriko duen enplegu areagotzea, bai eta lanpostu horien ezaugarriak ere; bereziki, lanpostuen egonkortasuna. Halaber, eragin-eremuko landunen tasan izanen duen eragina: berdintsu jarraituko duen, edo hazi edo gutxiagotu eginen den utzi.

c) Saltokia jartzeak eskualdeko produktuen merkaturatzean izanen duen eragina.

d) Inguruko hirigintzan eta paisajean izanen duen eragina. Hauek hartuko dira bereziki kontuan:

Errepide sarean izanen duen eragina, saltokira iristeko erraztasun ala zailtasuna, aparkalekuak izanen dituen eta beste zerbitzu batzuk ere izanen dituen.

Saltokiaren ezaugarriak eta zenbateraino integratuko den hiri-inguruan; orobat, ingurumenean izanen duen eragina.

2.-Saltoki handiak aldatu edo irekitzeko proiektuaren ebazpenak zilegi du:

a) Saltoki handiak mugatzea, baldintzak ezartzea edo haien ezarpen edo aldaketa debekatzea, jarraibide horiek aurreikusitako faktoreak kontuan hartuz.

b) Saltoki handien azalera osoei edo erabilera jakin batzuetarako azalerei mugak jartzea.

c) Saltoki handien ezarpen edo aldaketarako baimena ematerakoan betebehar gisa ezartzea inguruan babestekotzat hartzen diren jarduerentzat konkurrentzia ekarriko luketen erabilera jakin batzuk kendu beharra.

3.-Espedienteak onesteko eta, hala egin behar bada, aurreikusitako jarraibideei egokitzeko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik txostena egitea Lurralde Antolamenduko Batzordeak eta lege honetako 59. artikuluan ezarritako Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emaileak, bai eta jendaurrean gutxienez ere hilabeteko epean egotea Nafarroako Gobernuak espedientea onetsi baino lehen.

25. artikulua. Administrazio isiltasunaren araubidea.

Lizentzia baimena eman edo aldatzeko espedientea espresuki ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere. Epe hori luzatu ahalko da baldin eta udalez gaindiko proiektu sektorialaren tramitazioak luzatzea eskatzen badu. Ezarritako epean ebazpen espresua eman ezean, sustatzaileak ezetsitzat eman ahalko du eskaera.

26. artikulua. Toki administrazioarekiko koordinazioa.

Merkataritza-lizentzia berariazkoa ematen bada, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak saltokia jarriko den udalari jakinaraziko dio, behar diren obra lizentziak eta irekitzeko lizentziak eman diezazkion.

Toki administrazio emaileak aipatutako Departamentuari jakinarazi beharko dio noiz eman dizkion udal lizentziak, zer baldintza jarri dizkion eta zer epe izanen duen obra- eta instalazio-proiektuak betetzeko.

27. artikulua. Saltoki handirako merkataritza-lizentziaren indarraldia.

1.-Merkataritza-lizentziaren indarraldia mugagabea da. Aurrekoa gorabehera, lizentzia iraungi eginen da, baldin eta lizentzia onetsi dela jakinarazi eta biharamunetik sei hilabeteko epean obrak ez badira hasi, non eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, justifikatutako arrazoiak direla medio, ez duen luzapena erabakitzen; luzapena, gehienez ere, beste sei hilabetekoa izanen da, eta ezin izanen da berritu.

2.-Obren hasiera eta jardueren hasiera Merkataritza Departamentuari jakinaraziko zaio. Obren hasiera frogatzeko, zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria eskatuko da.

3.-Luzapenei dagokienez, kontuan hartuko dira udal lizentziak ematean izaniko atzerapenak.

28. artikulua. Tasa.

1.-Merkataritza-lizentzia berariazkoa eskatzeak tasa bat sortuko du: erakutsi eta saltzeko azalera erabilgarriko zenbat metro koadro dituen proiektatutako saltokiak, kopuru hori bider 500 pezeta.

2.-Tasa hori eskabidearekin batera ordaindu beharko da. Tasa ez bada ordaintzen, prozedura ez da hasiko.

29. artikulua. Titulartasun aldaketak eta lizentziaren lagapena.

1.-Baimenean ageri diren pertsona fisiko edo juridiko eragileetan aldaketarik izanez gero, lurraldearen antolamenduaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko Departamentuari fede emanez jakinaraziko zaio, ondorio juridikorik izanez gero.

2.-Salerosketarako lizentzia berariazkoa lagatzeko bide bakarra aldez aurretik Nafarroako Gobernuan merkataritza gaietan eskudun den Departamentuari eskatzea da, eta baldintza hauek bete behar dira:

a) Lizentzia lortu zenetik gutxienez bost urte iragan izatea.

b) Nafarroako Gobernuak eskualdaketarako baimena ematea.

3.-Elkartze edo xurgatzeen ondorioz sortzen den enpresak bereganatzen baldin badu enpresa elkartu edo xurgatutakoari emandako salerosketarako lizentzia berariazko bat, Nafarroako Gobernuak ezeztatzen ahal du, baldin eta hura ematean betetzen ziren baldintzak betetzen ez badira, eta horrek ez du berekin ekarriko inolako kalteordain eskubiderik.

III. KAPITULUA

Baimena behar duten beste saltoki batzuk

30. artikulua. Azalera ertaineko txikizkako saltokiak.

1.-Azalera ertaineko txikizkako saltokitzat hartuko dira txikizkako merkataritzan -askotarikoan edo espezializatuan- aritzen diren saltoki indibidual edo kolektiboak, produktuak nahiz zerbitzuak saldu eta erakusteko duten azalera erabilgarria 1.500 metro koadrokoa baino gehiagokoa eta 2.500 metro koadrokoa baino gutxiagokoa bada, Iruñerrian edo 12.000 biztanle baino gehiagoko herrietan badago.

2.-Holako saltokiak irekitzeko eta handitzeko, obra lizentziak eta irekitzeko lizentziak beharko dira eta udalek horiek emateko jarritako baldintzak bete beharko. Aurretik, hala ere, azterlan bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita saltokiak hirigintzan izanen duen eragina, bai eta nola antolatuko diren trafikoa eta aparkalekuak. Azterlanean argi eta garbi frogatuko da saltokia jarriko den lurra egokia dela hirigintzaren aldetik, eta adieraziko da zer azalera izanen den aparkalekuetarako eta horietako zenbat izanen diren saltokiaren barrenean.

31. artikulua. "Deskontu larriko" saltokiak deritzenak.

1.-"Deskontu larriko" saltokiak dira errotazio handiko produktu eta kontsumo arruntekoak txikizka saltzen dituzten saltokiak, baldin eta produktuak saltzeko azalera 500 metro koadrokoa baino gehiagokoa bada eta hurrengo ezaugarrietako hiru badituzte gutxienez.

a) Autozerbitzu eran jarritako elikagaiak izatea nagusi.

b) Eskainitako salgaien ehuneko 50 baino gehiago izan daitezela saltokian egiten den negozioaren kate titularraren merkataritzako marketakoak.

c) Saltokiaren eskaintza guztira hartu eta erreferentzien kopurua mila baino gutxiago izan dadila.

d) Saldutako salgaiak biltzeko poltsek berariazko prezioa izan dezatela.

2.-Holako saltokiak irekitzeko eta handitzeko, obra lizentziak eta irekitzeko lizentziak beharko dira eta udalek horiek emateko jarritako baldintzak bete beharko.

Obra lizentziak eta irekitzeko lizentziak emateko ezartzen diren baldintzenpean egonen dira aipatutako saltokiak.

HIRUGARREN TITULUA

Merkataritza ordutegiak

32. artikulua. Lanegunetako ordutegia. Merkatari bakoitzak askatasunez erabakiko du zer ordutan ireki eta zer ordutan itxi lanegunetan - gehienez ere, hamabost orduz ireki ahalko da-, bai eta zer egunetan irekiko duen; edonola ere, langileei lan-araubidean aitorturiko eskubideak errespetatu beharko dira.

33. artikulua. Jaiegunetako ordutegia.

1.-Nafarroako Foru Komunitatean, igande eta jaiegunak, espresuki baimendurikoak salbu, ez dira baliodunak izanen merkataritza jarduerarako.

2.-Urtero, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emaileari entzun ondoren, abenduaren 15aren aurretik, hurrengo urteko egutegia ezarriko du, zein igande eta jaiegun diren baliodunak ere adierazita; 2001. urtean, gutxienez, bederatzi, 2002. urtean, gutxienez, hamar, 2003.urtean, gutxienez, hamaika eta 2004.urtean, gutxienez, hamabi.

3.-Merkataritza Departamentuak, foru agindu bidez, aldatu egiten ahalko du egutegi hori, baldin eta udalek, haien udalerrirako interesa duelako, arrazoitutako eskabidea aurkezten badute bi hilabeteko aurrerapenez.

4.-Udaletako osoko bilkurek jaiegun horietako batzuk aldatu egin ditzakete herriko jaietako egunekin, baldin eta azken horiek lan-egutegian badaude. Udalak, hilabeteko aurrerapenez, erabakia jakinaraziko dio merkataritza arloko dagokion zuzendaritza nagusiari. Udal-administrazioak aldaketaren berri emanen du, herriko merkatari eta kontsumitzaile guztiak jakinaren gainean egon daitezen.

5.-Jaiegun bakoitzean noiz ireki eta noiz itxi merkatariak erabakiko du askatasunez; gehienez ere, egunean hamabi orduz irekitzen ahalko da.

34. artikulua. Ordutegiei buruzko informazioa.

Saltoki guztietan, erraz ikusteko moduan jarri beharko da saltokiaren egutegia eta ordutegia, hala kanpoan nola barrenean, eta itxita dagoenean ere ikusteko moduan.

35. artikulua. Ordutegi askatasuna.

1.-Ondasun eta zerbiztuen merkatuetan lehia areagotzeko presako neurriei buruzko ekainaren 23ko 6/2000 Errege Dekretu-Legeko 43.3 artikuluan ezarritako saltokiek askatasun osoa izanen dute zein egunetan eta zer ordutan irekitzen dituzten erabakitzeko.

2.-Merkataritza lokalek ere zein egunetan eta zer ordutan irekitzen dituzten erabakitzeko askatasun osoa izanen dute baldin eta erakusketak egiteko bada edota produktu berri bat ateratzeko merkataritza ospakizun bat; betiere, ezin izanen da ezer saldu, eta, noiz eginen den, gutxienez hilabete lehenago jakinaraziko zaio ospakizunez arduratzen den departamentuari.

36. artikulua. Produktu kulturalak eta turistikoak besterik saltzen ez dituzten saltokiak.

1.-Saltokiak zein egunetan eta zer ordutan irekitzen dituzten erabakitzeko askatasun osoa izanen dute produktu kulturalak eta turistikoak besterik saltzen ez dituzten saltokiek, hala museoetan, kultur erakusketetan, erakustaldietarako lokaletan eta abarretan daudenek, nola horietatik kanpo daudenek.

2.-Produktu kulturalak dira helburu dutenak giza ezagutzak landu, garatu eta sorraraztea, bai eta ahalmen intelektualak erabiltzea ere. Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eginen du, foru agindu bidez, produktu kulturalen zerrenda.

LAUGARREN TITULUA

Txikizkako merkatarien betebeharrak

37. artikulua. Betebehar orokorrak.

Txikizkako merkatariek hurrengo betebeharrak izanen dituzte:

a) Orokorrean, zer salgai eskaintzen dituzten, horiei dagozkien arauak. Bereziki bete behar dituzte produktuen osagaiei buruzko arauak, etiketatzeari buruzkoak, segurtasunari dagozkionak, bai eta, halaber, zer jarduera duten, merkataritza sektore horretako arau bereziak; saltokitik kendu egin beharko dituzte arau horiek betetzen ez dituzten ondasunak.

b) Administrazio eskudunaren aurrean frogatu beharko dute badituztela beharrezko baimen eta lizentzia guztiak.

c) Subjektu pasibo diren tributu guztiak ordainduta izatea.

d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen babeserako arauak betetzea.

38. artikulua. Kontsumitzaileekiko oinarrizko betebeharrak.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen babeserako arau orokorren eta erkidegokoen arabera, eta horien aplikazioa eragotzi gabe, txikizkako merkatariek hurrengoak bete beharko dituzte:

a) Salgaien ondoan publikoarentzako salmenta-prezioa erakutsiko dituzte.

b) Eginiko eragiketaren faktura, ordainagiria edo frogagiriren bat emanen dute, banakatua hala behar izanez gero, non eta kontsumitzaileak ez dion espresuki hori jasotzeari uko egiten.

c) Erreklamazio-orriak izanen dituzte kontsumitzaileen eskura.

d) Luzarorako diren produktuak saltzen dituztenean, berme-orria emanen dute.

e) Eskaintza bereziak egitean, ez dute bidegabeko publizitaterik erabiliko, publizitate nahasgarria bereziki.

f) Kontsumitzailearekin kontratua eginen dute eta ez dute abusuzko klausularik erabiliko.

g) Salgai seguruak merkaturatuko dituzte, eta laguntza teknikoa eskainiko duen zerbitzu egokia ere izanen dute.

39. artikulua. Prezioak erakustea. 1.-Prezioak salgai dauden produktu guztietan agertu beharko du.

2.-Prezioak zuzenean adierazi beharko dira, salgaian bertan edo haren ondoan; prezioak irakur erraza beharko du, tamaina egokiko letra eta zenbaki argiz adierazia; prezioak zehatza beharko du, eta debekatuta egonen da prezioak jakiteko kalkulu aritmetikoak egin behar izatea, non eta ez diren deskontu erraz batzuk, adierazitako prezioa oinarri hartuta; halaber, prezioak osoa izan beharko du, dagozkion garestitzeak eta deskontuak sartuta dituela, bai eta kontsumitzailearen gainekoak diren tributuak ere.

BOSGARREN TITULUA

Eskaintza bereziak

I. KAPITULUA

Xedapen komunak

40. artikulua. Kontzeptua.

1.-Eskaintza bereziko salmenta da txikizkako merkatariak egiten duen jarduera, zeinaren bitartez azken buruko kontsumitzaileari baldintza multzo hobea eskaintzen baitio, eta, beraz, azken horrek eskaintza bereziko salgaiak lehen baino merkeago eros baititzake, edo bestelako abantaila batzuk izan.

2.-Eskaintza bereziko salmentaren aurretik behar adinako informazioa eman beharko da; hurrengoak argi agertu beharko dira:

a) Eskaintza bereziko produktua edo produktuak.

b) Salmentaren baldintzak.

c) Eskaintza bereziaren epea; gutxienez, elkarren segidako bi egunekoa izanen da, eta, gehienez, hogeitamar egunekoa.

d) Merkatariak izakin nahikoa beharko du eskaintzari aurre egiteko.

41. artikulua. Aurretik inbentarioan egoteko beharra.

Eskaintza berezi bat egiteko, eskainitako salgaiak merkatariaren izakinetan egondakoak behar dute; ezin dira salgaiak eskuratu eskaintza bereziak egiteko helburuarekin soilik, non eta ez diren produktu berriak ateratzeko eskaintzak. Hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izanen saldoak besterik saltzen ez dituzten saltokiak izateko.

42. artikulua. Ordainbideak.

Edozein eskaintza edo salmenta berezi egiten duen merkatariak adierazi egin beharko dio kontsumitzaileari zein ordainbide erabiltzen ahal dituen eragiketan, eta hori saltokiaren kanpotik ikus daitekeen publizitate orokor gisa jarriko du.

43. artikulua. Eskaintza berezien iraupena. 1.-Eskaintza berezi orotan edo eskaintza bereziko salmentaren publizitatea egiten den guztietan, merkatariak, betiere, kontsumitzaileen eskaria asetzeko adina izakin beharko du, non eta azken salmentak ez diren.

2.-Edonola ere, ulertuko da eskaintza bereziak ez duela eskaria asetzen baldin eta eskaintza bereziko salgaiak ez badira nahikoa merkataritza egun oso bateko eskaria asetzeko; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen merkealdien iraupenari buruz ezarritakoa aplikatzeko.

3.-Produktuekin batera opariak ematen direnean, enbasean eskaintza berezi horren iraupena adierazi beharko da.

4.-Aurreko kasuan, fabrikatzaileak edo merkatariak, dagokionak, oparia eman beharko dio kontsumitzaileari, baldin eta horretarako eskubidea produktuak salgai zeudenean eskuratu bazuen, nahiz eta eskaintza berezia iraungita izan.

5.-Aurreko arauez kanpo, eta merkealdietarako ezarritako arauez kanpo, salmenta berezian ez da beharrezkoa izanen iraupena adieraztea.

44. artikulua. Eskaintza bereziko salgaiak.

1.-Merkatariak ezin izanen du mugatu erosle bakoitzak eskaintza bereziko produktuen edo produktuaren zenbat ale eros ditzakeen.

2.-Merkatariak, asko saltzen dela ikusita ere, prezioa ezin izanen du aldatu.

3.-Eskaintza nahikoa ez denean eskaria asetzeko, ezin izanen da erosleak baztertzeko irizpiderik ezarri.

4.-Eskaintza bereziek inbentarioaren erdia hartzen ez badute, ezin izanen da iragarri neurri orokorra dela.

5.-Eskaintza bereziko salgaiak argi eta garbi bereizi beharko dira beste salgaietatik, bai eta saltokian batera izan daitezkeen bestelako eskaintza berezietatik ere.

45. artikulua. Prezio bikoitza.

Eskaintza berezi orotan eta publizitatea egiten den guztietan, produktu batek prezioan duen aldea mezu erakargarri gisa helarazten bazaio kontsumitzaileari, merkatariak produktu bakoitzean ezarri beharko du zer prezio zuen horrek lehen eta zer prezio orain.

II. KAPITULUA

Motak

46. artikulua. Merkealdiko salmenta.

1.-Merkealdiko salmentatzat joko da jendeari saldu aurretik finkatutako prezioa baino merkeago eskaintzen zaizkion salgaien salmenta zein ohiko prezioa merkatzea dakarten baldintza berezietan egiten dena. 2.-Merkealdiko salmenta urtean bi denboralditan soilik egin ahalko da: bata, urte hasieran, eta, bestea, uda inguruan, ohiturari eta salmenta handieneko epeei jarraikiz; gutxienez ere astebetekoa izanen da eta gehienez ere bi hilabetekoa. Denboraldi bakoitza hasteko eta bukatzeko egunak Nafarroako Gobernuko Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ezarriko ditu foru agindu bidez. Merkatari bakoitzak foru aginduko irizpideei jarraikiz hautatzen dituen merkealdi egunak saltoki bakoitzaren kanpoaldean jarri beharko dira, jendeak saltokia itxita dagoenean ere ikusteko moduan.

3.-Eskaintza bereziak ez dira merkealdi gisa aurkeztu ahal izanen baldin eta ez badira gutxienez ere dauden salgai guztietatik erdiak prezio murriztuarekin eskaintzen. Merkealdiko eskaintzak ez baditu salgai guztiak hartzen, merkatu direnak behar bezala identifikatu eta besteetatik bereiziko dira.

4.-Ezin izanen dira merkealdian eskaini:

a) Salgai zaharkituak; horrek ez du eragotziko saltokian bertan horiek saldo gisa saltzea.

b) Merkealdia hasi aurreko hilabetean saltokiak bere ohiko eskaintzan salgai izan ez dituenak.

c) Merkealdia hasi aurreko hilabetean edozein eskaintza motatan salgai jarri direnak.

d) Hondatuta daudenak.

47. artikulua. Saldoak.

1.-Saldoko salmentatzat joko da hondatuta daudelako, erabiltzen ez direlako edo zaharkituta daudelako, salgaiak merkatuan duten balioa baino merkeago eskaintzea jendeari. Salmenta mota hori nahitaez iragarri beharko da izen horrekin edo, bestela, "hondarren salmenta" izenarekin.

2.-Saldo gisa eskaintzen diren salgaiek merkataritza jarduera horri hasiera eman baino sei hilabete lehenagotik izan beharko dute merkatariarenak, salmenta sistema horretan aritzen diren saltokiak alde batera utzita.

3.-Merkatariak espresuki identifikatu beharko du salgai akastun eta hondatuen eskaintza.

4.-Merkatari orok modu iraukorrean eskaini ahalko ditu bere salgaiak saldo gisa baldin eta gainontzeko salgaietatik eta eskaintzetatik behar bezala bereizita badaude.

5.-Saldoetara soilik eta modu iraunkorrean dedikatzen diren saltokiek argi eta garbi adierazi beharko dute hori kanpoaldean. Saltoki horiek soilik saldu ahalko dituzte saldo gisa besteen salgaiak eta saldo gisa saltzeko berariaz erositako salgaiak.

48. artikulua. Azken-salmentak.

1.-Azken-salmenten araubidea Txikizkako merkataritza arautzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legeko 30 eta 31. artikuluek ezartzen dute. Halere:

2.-Enpresa bat zenbait saltokiren titularra bada, saltoki horietan guztietan gertatu beharko da merkataritza jardueraren etenaldi osoa edo zatizkoa. Salmenta gune bakar baten etenaldi osoa edo zatizkoa etenaldi oso edo zatizkotzat barik lokal aldaketatzat joko da. 3.-Munta handiko obrak egiteko azken-salmentak soilik abiatu ahalko dira horretarako lokala itxi behar baldin bada.

4.-Salgaien azken-salmenta saltzen ohi zen lokal berean zein hari atxikitakoetan egin behar da, lokalaren berehalako itxierako eta ezinbesteko kasuetan salbu.

5.-Azken-salmenta egiten duen merkatariak haren berri eman beharko dio Nafarroako Gobernuko Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari azken-salmenta egiazki hasi baino hamar egun lehenago, eta aurreikusitako iraupena, eskainitako salgaiak eta azken- salmentaren zergatia azalduko ditu. Jakinarazpen horren kopia jendaurrean jarri beharko da.

Merkatariak, horretarako bidezko arrazoirik badu, hilabeteko luzapena eskatu ahalko dio Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari. Eskabidea erregistroan sartu eta hamabost egun iraganik berariazko ebazpenik eman ez bada, eskaera onartutzat joko da.

49. artikulua. Salmenta opariduna.

1.-Salmenta opariduntzat joko da merkatariak erosleari beste produktu edo zerbitzu gehigarri bat eskaintzea edo ematea, prezio oso murriztuan zein doan, zuzenean zein zozketa edo lehiaketa batean parte hartuz, eskaintza bereziko produktu horien salmenta sustatzearren.

2.-Sustatzen diren zerbitzu eta objektuen kalitatea geroago salmenta arruntaren bidez emanen direnen bera izanen da, eta debekatuta dago prezioa igotzea salmenta opariduneko eskaintzak dirauen bitartean.

3.-Produktuaren ontzian edo bilgarrian jasota agertuko dira opariak emateko betebeharrari aurre egiteko merkatariak duen izakin kopurua eta lehiaketa, zozketa zein gisakoak arautzen dituzten oinarriak, eta bestela, behar bezalako zabalkundea emanen zaie eta ezin izanen dira aldatu eskaintzak dirauen bitartean.

4.-Jokoari buruzko legeria bete beharko du zozketa eta lehiaketa orok baldin eta parte-hartzaileak hasierako ordainketa egin behar badu, salbu eta zozketa edo lehiaketako partizipazio edo baleak produktuak erostean emandako opariak badira.

5.-Erosketaren une berean edo gehienez ere eskatzen zaizkionak bete eta bi hilabeteko epean eskuratu beharko zaizkio erosleari sustapenetako objektuak edo pizgarriak.

6.-Debekatuta dago oparia jasotzeko baldintza izatea beste edozein produktu edo zerbitzu erostea. Betiere, legerian kontsumitzaileentzako ezarritako eskubideak eta interesak errespetatuko dira.

SEIGARREN TITULUA

Salmenta bereziak

50. artikulua. Kontzeptua.

1.-Foru lege honen ondorioetarako, salmenta berezi dira urrutiko salmenta, herriz herrikoa, automatikoa eta enkante publikokoa. 2.-Titulu honetan arautzen ez denetan, Txikizkako merkataritza arautzen duen 7/1996 Legeko III. Tituluari jarraikiko zaio, honen osagarri baita.

51. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko salmenta berezien txikizkako merkatarien erregistroa.

1.-Nafarroako Foru Komunitateko salmenta berezien txikizkako merkatarien erregistroa sortzen da, merkataritza alorreko eskumena duen Zuzendaritza Nagusiaren menpeko izanen dena. Izaera publiko eta administratiboa izanen du, eta honako atalak:

a) Urrutiko salmentako merkatariak

b) Herriz herriko salmentako merkatariak

c) Salmenta automatikoko merkatariak

d) Enkante publikoko salmentako merkatariak

2.-Erregistro horrek baliabide tekniko eta informatiko egokiak izanen ditu, legeek halako baliabideak erabiltzeko eta industria- zein merkataritza-sekretuak babestutako arloei buruzko dokumentuak eskuratzeko jartzen dituzten mugekin.

3.-Estatuak zein gainontzeko autonomia erkidegoek antolatutako gisa bereko edo antzekoekin koordinatuta egon beharko du erregistroak, eta haiekin lankidetzan aritzeko betebehar berezia izanen du.

52. artikulua. Etxez etxeko salmenta.

1.-Etxez etxeko salmenta da saltzailearen saltokia ez den etxebizitza pribatuetan, aisia zein bilera tokietan, lantokietan eta antzekoetan egiten dena.

2.-Mota horretako salmentaren publizitateak -kontsumitzaileari eman beharrekoa- ondokoak jasoko ditu:

a) Enpresaren identifikazioa eta helbidea.

b) Salmenta mota hori egin ahal izateko baimen zenbakia.

c) Merkatuan zalantza izpirik gabe produktua edo zerbitzua identifikatzen uzten duten oinarrizko datuak.

d) Prezioa, ordaintzeko modua eta baldintzak eta bidaltzeko gastuak eta epeak.

3.-Ez dira etxez etxeko salmenta kontzeptu horren barruan sartuko beste salmenta mota baten bidez erosi eta etxean jasotzen diren salgaiak.

53. artikulua. Aldizko salmenta.

1.-Aldizko salmentatzat joko da hilabete baino gutxiagoko epean jarduera horretarako merkataritzako izaera orokorra ez duten saltokietan herriz herriko salmenta izan gabe egiten dena. 2.-Salmenta mota hori merkataritza arloko eskumena duen departamentuak baimendu beharko du.

Eskabidean ondokoak zehaztuko dira:

a) Saltzailearen identifikazioa.

b) Produktuen ezaugarrien deskribapena.

c) Baldintza fiskal eta administratiboak bete izana.

d) Lokala erabiltzeko titulua.

Eskabidean azaldutakoak justifikatzeko dokumentazioa ere erantsiko da.

3.-Aldizko salmenta legeria berariazkoari atxiki gabeko enkantean egiten bada -enkantea da gainontzeko balizko erosleek baino prezio altuagoa eskaini duelako produktu bat norbaiti esleitzea-, produktua esleitzeko gutxieneko baldintzak zehazteko exijituko da.

54. artikulua. Baimena.

1.-Salmenta horiek aldez aurreko baimena beharko dute, Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak emana, eta halakoetan aritzen diren merkatariek izena emanda izan beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko salmenta berezien txikizkako merkatarien erregistroan.

2.-Aurreko idatz-zatiko zerrendako edozein salmenta motatan jardun nahi duten enpresek eskaera egin beharko diote Industri eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, oro har ondokoak kreditatuz:

a) Enpresaburuaren identifikazioa, eta halakorik egina badu, merkataritzako erregistroko inskripzioa eta identifikazio fiskala.

b) Garatuko den jarduerari buruzko txostena, eskaintzen dituen zerbitzu eta produktuen zerrenda, jarduteko eremua eta Nafarroako saltokiak.

c) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituelako ziurtagiria.

d) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokion epigrafean alta emanda egotea eta hura ordaindu izana.

e) Erregelamendu bidez produktu zein zerbitzu bakoitzerako ezarritako baldintzak betetzea eta salmenta mota bakoitza egin ahal izateko exijitzen diren baimen osagarriak edukitzea.

f) Enkante publikoko salmenta egiten bada, jabe eta lizitatzaileekiko harremanean enkantea egiten duen enpresak ezartzen dituen baldintza orokorrak.

3.-Baimena emantzat joko da baldin eta eskaera erregistroan sartu zenetik edo eskatutako dokumentazioa osatu zenetik hasita hilabeteko epean berariazko ebazpena eman ez bada. 4.-Eskatu den baimena soilik ukatu ahalko da baldin eta arestian azaldutako baldintzetako bat kreditatzen ez bada.

5.-Baimena errebokatu ahalko da baldin eta enpresaren jarduera eteten bada edo horretarako baldintzak betetzen ez badira. Salmenta berezietan aritzeko baimena duten merkatariek baimen eskaeran emandako datuei buruzko aldaketa oro jakinarazi beharko diote administrazioari.

6.-Salmenta berezietako baimenak zein haien gaineko aldaketak eta errebokatzeak ofizioz erregistratuko dira Nafarroako Foru Komunitateko salmenta berezien txikizkako merkatarien erregistroan. Baimena erregistratzean ondoko datuak jasoko dira: enpresaren identifikazioa, salmenta mota, merkataritzako eskaintza osatzen duten produktu eta zerbitzuak, jarduteko eremua eta kontsumitzaileek erreklamazioak aurkezteko tokia.

7.-Merkatariek baimenaren kopia bat izan beharko dute kontsumitzaileen eskura, eta erakutsi egin beharko dute baldin eta salmenta bi parteak aldi berean bertan daudela egiten bada.

55. artikulua. Kate edo piramide gisako salmenta.

Piramide edo kate gisako salmentatzat joko da kontsumitzaile edo erabiltzaileei produktuak edo zerbitzuak prezio merkean edo doan eskaintzea; horren ordainetan, kontsumitzaile edo erabiltzaileek, zuzenean nahiz zeharka, beste bezero batzuk edo halako salmenta-kopurua lortu behar izanen dute.

Debekatu egiten da kontsumitzaile nahiz erabiltzaileek kate edo piramide gisako salmentetan bitartekari izatea.

56. artikulua. Sari edo opariak banatzeko zozketak.

Merkatari batek edozein kontsumitzaile edo erabiltzaileri halako zozketa dela-eta sari edo opariren bat dagokiola esaten dionean, ezin izanen dio, ez zuzenean ez eta zeharka ere, horiek emateko inolako zerbitzu edo produkturik erosarazi.

ZAZPIGARREN TITULUA

Merkataritza lehiaketak

57. artikulua. Kontzeptua.

1.-Merkataritza lehiaketa izena hartzen dute helburuok dituzten merkataritza izaerazko agerpenek: ondasun eta/edo zerbitzuen erakusketa, hedapena eta merkataritza sustapena, merkataritza eskualdaketa ondoriotzat izan dezaketen eskaintza eta eskaeraren hurbilpena erraztea eta merkatuaren gardentasuna bultzatzea. Merkataritza lehiaketen gaineko eskumena duen departamentuak aldez aurretik hala baimendurik, zuzeneko salmentak egin ahal izanen dira lehiaketen barruan.

2.-Aurreko idatz-zatian azaldutako merkataritza lehiaketek "azoka" izena hartuko dute aldizka egiten direnean, eta "erakusketa" izena halako tarte jakinik ez dutenean. 3.-Merkataritza lehiaketen sailkapena erregelamendu bidez zehaztuko da, erakutsi beharreko ondasun eta/edo zerbitzuen jatorriaren eta ezaugarrien arabera.

58. artikulua. Merkataritza lehiaketa ofizialak.

1.-Merkataritza lehiaketak ofizialtzat hartuko dira gai horretan eskumena duen departamentuak antolaketa eta ospakizuna baimentzen dituenean, erregelamendu bidez zehaztuko diren baldintzak aurretiaz bete badira.

2.-"Azoka ofiziala", "erakustazoka ofiziala", "azoka ofizial monografikoa", "areto ofizial monografikoa" edo antzeko izenak, eremuari erreferentziarik egiten ote dioten kontuan izan gabe, artikulu honetako aurreko idatz-zatian aipatzen diren merkataritza agerpenetan bakarrik erabili ahal izanen dira.

3.-Merkataritza lehiaketen antolakuntza eta ospakizuna bera, erakutsi beharreko ondasun eta/edo zerbitzuen jatorria dela-eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldea bezainbesteko eremua edo zabalagoa hartzen dutenean, lege honen 56. artikuluan zehaztutako azoka erakundeen esku geratuko dira, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

4.-Merkataritza lehiaketa bakoitzak lantalde bat izanen du antolatzaileei agerpenaren garapenerako eredu nagusiak adierazteko. Lantaldeko kideen izendapena merkataritza lehiaketa bakoitzaren erakunde antolatzailearen eskumen izanen da eta horrek merkataritza lehiaketaren eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko dio; departamentuak, aldi berean, lantalderako ordezkari bat edo batzuk izendatu ahal izanen ditu. Lantaldearen osaketa, eskumenak eta jarduera erregelamendu bidez zehaztuko dira.

59. artikulua. Merkataritza lehiaketen batzordea.

1.-Nafarroako Gobernuak, arlo horretan eskumena duen departamentuak hala proposatuta, Nafarroako merkataritza lehiaketen batzordea osatuko du, departamentuari atxikia, erakundeen eta gizarte- eta ekonomia-eragileen topagune izan dadin. Batzorde horren eskumena proposamenak egin eta azokei buruzko politika gaietan aholkuak ematea da.

2.-Batzordearen zeregin, osaketa eta jardunbidea erregelamendu bidez zehaztuko dira. Bertan parte hartuko dute Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Merkataritza Ganberak, enpresaburuen elkarteek eta Foru Komunitatean eginen diren merkataritza agerraldietan inplikaziorik handiena duten ekonomia sektoreek.

60. artikulua. Merkataritza lehiaketak antolatzea.

1.-Titulu honek aipatzen dituen merkataritza lehiaketak ondorengoek antolatu ahal izanen dituzte:

a) Azoka erakundeek.

b) Beste erakunde antolatzaile publiko edo pribatuek.

2.-Azoka erakundeak, berariazko nortasun juridikoa duten irabazi asmorik gabeko erakundeak dira, eta haien helburua merkataritza lehiaketak sustatu eta antolatzea izanen da. 3.-Azoka erakundeak beren estatutuek arautuko dituzte, eta antolaketa, administrazio, eraketa eta desegiteari buruzko guztia ere arautuko dute, bai eta haien gobernurako organoen eskumenak ere; organo horietan ordezkatuta egonen dira Nafarroako Gobernua, erakundea dagoen tokiko udala eta Merkataritza Ganbera, eta horrek ez du eragotziko beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ere parte hartzea. Azoka erakundeen estatutuak merkataritza lehiaketen gaietan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak onetsi beharko ditu.

4.-Eraketa egokirako eta azoka erakunde gisa jarduteko baldintza eta betekizunak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

61. artikulua. Merkataritza lehiaketen erregistro ofiziala.

1.-Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko merkataritza lehiaketen erregistro ofiziala sortuko du, gai horretako eskumena duen departamentuaren menpean egonen dena.

2.-Merkataritza lehiaketen erregistro ofizialak bi atal izanen ditu. Lehen atalean azoka erakundeek eta merkataritza lehiaketa ofizialen antolaketa helburutzat duten gainontzeko erakunde antolatzaileek eman beharko dute izena, erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzak bete ondoren.

3.-Bigarren atalean, baimendutako eta gai horretan eskumena duen departamentuak ofizialtzat hartutako merkataritza lehiaketek emanen dute izena, erregelamendu bidez zehaztuko diren baldintza eta epeak bete ondoren. Izena ematearen ondorioz, lehiaketa Nafarroako merkataritza lehiaketen egutegi ofizialean sartu ahal izanen da. Atal honetan emanen dute izena, halaber, eta egutegi ofizialean sartuko, dagokion agintaritzak nazioartekotzat hartzen dituen merkataritza lehiaketak.

62. artikulua. Dirulaguntzak eta bestelako laguntzak.

Merkataritza lehiaketak egiteko dirulaguntzak edo bestelako laguntza publikoak lortu ahal izateko, aurreko artikuluan adierazitako erregistroaren bigarren atalean izena emanda egotea eskatuko da.

ZORTZIGARREN TITULUA

Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emailea

63. artikulua. Kontseiluaren eraketa eta osaketa.

1.-Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emailea sortuko da, Nafarroako Foru Komunitatean arlo horretan aholku emateko organo eskuduna izan dadin. Haren osaketa, antolamendua eta funtzionamendua erregelamendu bidez garatuko dira.

2.-Kontseiluak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Merkataritza arloko edozein administrazio eskudunek egiten dizkion txosten eta aholku eskeei erantzutea.

b) Merkataritza sektorea dela-eta Nafarroako Gobernuak prestatzen dituen foru lege proiektuei eta gainontzeko xedapenei buruz iritzia ematea. c) Foru Komunitateko merkataritzaren egoerari buruzko txostena egitea urtero.

d) Txostena egin beharra saltoki handiak baimentzeko espedienteetan merkataritzako lizentzia eman aurretik; txosten horietan aztertu eginen da saltokia ireki edo aldatzeko aurkeztutako proiektuak Saltoki Handien Merkataritza Ereduarekin bat datozen ala ez, lege honetako 18 eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

e) Foru lege honetako 19. artikuluan ezarritako Saltoki Handien Merkataritza Eredua eguneratzeko beharrizanak berrikusteko eta balioesteko beharrezkoak diren azterlanak proposatzea, aurrera ateratzea eta horiek egiten laguntzea.

f) Erregelamendu bidez ezartzen den beste edozein.

3.-Kontseiluan behar bezala ordezkatuta egonen dira Foru Komunitatean sektoreko ordezkaritza duten eragile ekonomiko eta sozialak, alegia, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Merkatari Elkarteen Federazioa, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak eta sektoreko sindikatuak.

4.-Nafarroako txikizkako merkataritzako kontseilu aholku-emailea Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxikiko zaio.

BEDERATZIGARREN TITULUA

Zehapen araubidea

I. KAPITULUA

Eskumena eta prozedura

64. artikulua. Eskumena.

1.-Merkataritza alorreko eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak foru lege honetan xedatuarekin bat etorriz abiaraziko ditu zehapen espedienteak.

2.-Merkataritza alorreko eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari dagokio arau- hauste arinak direla-eta zehapenak ezartzea; berriz, Nafarroako Gobernuari dagokio arau-hauste larri eta oso larriak direla-eta zehapenak ezartzea.

65. artikulua. Prozedura.

1.-Zehapen espedientea ofizioz zein salaketa baten bidez abiaraziko da, edo lurraldearen antolamendu alorreko eskumena duen departamentuak eskatuta, baldin eta arau-haustea haren esparruan eragina izan badezake.

2.-Zehapen espedienteak, gutxienez ere, arau-haustearen inguruabarrak zehazten dituen txostena jaso beharko du, lortu ahal izan diren froga guztiekin batera. Arau-hausteak lurraldearen antolamendu alorreko eskumena duen departamentuaren esparruan eragina izan badezake, haren txostena nahitaezkoa eta loteslea izanen da. 3.-Nahitaezko txosten hori eskatu denetik hiru hilabete iragan eta merkataritza alorreko eskumena duen departamentuak hura jaso ez badu, departamentuak zehapen espedientea ebatzi ahal izanen du.

4.-Prozedura burutzeko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da.

66. artikulua. Prozedura penalak.

1.-Foru lege honetan aipatzen diren arau-hausteak lege-hauste ere izan badaitezke, merkataritza alorreko eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak horren berri emanen dio Ministerio Fiskalari; halaber, debekatutako lehia-jarduerak izan daitezkeela uste baldin bada, Lehiaren Defentsako Auzitegiari jakinaraziko zaio, Lehiaren defentsari buruzko uztailaren 17ko 16/1989 Legearekin bat etorriz.

2.-Merkataritzako alorreko eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak, kasua edozein dela ere, bertan behera utziko du administrazio espedientearen tramitazioa, harik eta instantzia haiek kasua artxibatu edo ebazpen irmoa eman arte; eta eten eginen da administrazio zehapenaren epea edo, zehapen ebazpena eman baldin bada, erabaki den zehapenarena.

3.-Zehapen prozedura administratiboa bertan behera utziko da baldin eta Lehiaren Defentsako Auzitegian kausa penal edo prozedurazkoa abiarazi dela baldin badaki merkataritzako alorreko eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak. Betiere, mantendu eginen dira hartu diren aseguru neurriak, aginte eskudunak haiek ordezkatzen dituzten beste neurri batzuk hartu arte.

67. artikulua. Erantzukizun administratiboa.

Erantzukizun administratiboa txikizkako merkataritzan diharduten saltokien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoei dagokie foru lege honetan ezarritako arau-hausteak direla-eta, baldin eta arau- hausteak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean gertatu badira.

II. KAPITULUA

Administrazio arau-hausteak

68. artikulua. Definizioa.

1.-Merkataritza alorreko administrazio arau-hauste dira Txikizkako merkataritza arautzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legean zehaztutako egite eta ez-egiteak, horietatik eratortzen ahal diren erantzukizun zibil edo penalak ezertan galarazi gabe.

2.-Administrazioak duen zehatzeko ahala ezartzen duten oinarrizko printzipio eta arauak - Administrazio publikoen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko IX. tituluan jasotzen baitira- aplikatuko dira.

69. artikulua. Arau-hausteen sailkapen eta tipifikazioa.

1.-Txikizkako merkataritza arautzen duen urtarrilaren 15eko 7/1996 Legean ezarritako tipifikazioari jarraikiz, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Arau-hauste izanen dira orobat ondoren zehazten direnak. 2.-Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Uko edo aurka egitea agintariek eta haien kudeatzaileek ikuskatze lanak gauzatzeko eskatzen dituzten datuak emateari eta informazioa desegokia edo osoa ez dena ematea.

b) Merkataritzako lizentzia berariazkoaren baldintzak urratzea dakarten jarduerak garatzea, arau- hauste larri edo oso larritzat jotzen ez badira.

c) Saltokia ireki eta ixteko ordutegiari buruz jendeari informatzeko betebeharra ez betetzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko salmenta berezien txikizkako merkatarien erregistroarekiko betebeharrak ez betetzea, arau-hauste larritzat jotzen ez bada.

e) Salmentak sustatu eta prezioak adierazteko baliabideei buruzko arauak ez betetzea.

f) Oro har, foru lege honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, arau-hauste larri edo oso larritzat jotzen ez badira.

3.-Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Uko edo aurka egitea agintariek eta haien kudeatzaileek ikuskatze lanak gauzatzeko eta merkataritza kudeatzeko eskatzen dituzten datuak emateari eta informazioa desegokia edo osoa ez dena ematea, bortizkeria fisikoa zein berbazkoa edo beste edozein presiobide erabilita egiten bada.

b) Arauak hausten dituzten jarduerak eteteko errekerimendua ez betetzea.

c) Saltoki handi bateko merkataritza-azalera garbia handitzea horretarako baimenik izan gabe.

d) Saltoki handiak jarri diren eremuan lurraldearen eta ekologiaren antolamenduari kalte egitea.

e) Saltokia irekitzea igandean edo merkataritzako jarduerak egiteko baimenik ez dagoen jai egunean, foru lege honen 31. artikuluko salbuespenetan ez dauden egun horietako batean.

f) "Salmenta opariduna", "merkealdiko salmenta", "azken-salmentak" edo "saldoak" iragarki edo izenarekin saltzea, horiei legeak emandako ezaugarriak bete gabe.

g) Salmenta oparidunean, merkealdikoan edo azken-salmentan eskainitako objektuek kalteren bat - merkatuan duten balioa murriztuko duena- izatea.

h) Eskaintzaren publizitatea faltsutzea eskaintza bereziko salmentetan.

i) Salmenta opariduneko eskaintzak dirauen epearen barruan produktuaren prezioa edo kalitatea aldatzea.

j) Sustatze-opariak emateari buruz ezarritako araubidea ez betetzea.

k) Foru lege honetan ezarritako erregistroetan izena emateko betebeharra ez betetzea.

l) Arau-hausle berak, urtebeteren buruan, artikulu honetan ezarritako arau-hauste arinetako edozein behin baino gehiagotan egitea, hala aitortzen bada administrazioaren ebazpen irmo batez. 4.-Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Urtebeteren buruan bi arau-hauste larri edo gehiago egitea.

b) Saltoki handi bat instalatu, handitu edo lekuz aldatzeko merkataritzako lizentzia berariazkoa lortu gabe eraikitzeko ekinak hastea, udalaren obra lizentzia izan arren.

c) Baimenik ez duten saltokietan merkataritzan jardutea, baldin eta lege honen arabera baimena nahitaezkoa bada.

d) Saltoki handiak jarri diren eremuan lurraldearen eta ekologiaren antolamenduari kalte handi eta konponezinak egitea.

e) Arau-hausle berak, urtebeteren buruan, artikulu honetan ezarritako arau-hauste larrietako edozein behin baino gehiagotan egitea, hala aitortzen bada administrazioaren ebazpen irmo batez.

70. artikulua. Arau-hausteek preskribitzea.

1.-Foru lege honetan araututako zehapenek sei hilabeteren buruan preskribituko dute arau-hauste arinak badira, bi urteren buruan larriak badira eta hiru urteren buruan oso larriak badira.

2.-Zehatutako ekintza egin denetik edo, arau-hauste jarraiak izanez gero, horiek egiten bukatu denetik zenbatuko dira epeak.

III. KAPITULUA

Isunak

71. artikulua. Isunen zenbatekoa.

1.-Foru lege honetan eta urtarrilaren 15eko 7/1996 Legean xedatuari jarraikiz, arau-hausteak zehatuko dira ohartarazpenaren bidez ondoko mailaketaren araberako isunaren bidez:

a) Arau-hauste arina bada, ohartarazpena edo 500.000 pezeta bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larria bada, 500.001 pezetatik 2.500.000 pezetara bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larria bada, 2.500.001 pezetatik 100.000.000 pezetara bitarteko isuna.

2.-Aurreko idatz-zatietan zehaztutako zenbatekoak foru dekretu bidez gaurkotu ahalko dira, Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera, eta foru dekretu bidez ezarriko da, ezarri behar denean, zehapen ekonomikoen zenbateko baliokidea eurotan.

3.-Betiere, egindako arau-haustearen eta arau-hauslearen arteko proportzionaltasuna gordeko da zehapenetan; horretarako, kontuan hartuko da arau-hauslea saltoki handia ala txikizkako saltokia den.

72. artikulua. Mailaketa. 1.-Zehapenak mailakatzeko kontuan hartuko dira arau-hausteak gizartean duen eragina, arau- hausleak merkatuan duen nagusitasun egoera, eragindako kalteen izaera, ukitzen duen fakturazioaren bolumena, arau-hauslearen borondatezkotasun eta intentzionalitate maila, lortutako irabazien zenbatekoa, ahalmen ekonomikoa eta araua hausten emandako denbora.

2.-Isuna ez da izanen merkatariaren arau-hausteak ukitutako fakturazioaren ehuneko 5 baino gehiago arau-haustea arina izan bada, ehuneko 50 baino gehiago arau-haustea larria izan bada eta fakturazioaren bolumen osoa baino gehiago oso larria izan bada.

73. artikulua. Kautelazko neurriak.

1.-Baldin eta osasunarentzako arriskurik bada, erabiltzaile eta kontsumitzaileen interes ekonomiko eta sozialak kaltetzeko arriskua larria bada, txikizkako merkataritza garatzeko eremuan lurraldearen eta ekologiaren antolamenduari kalte larriak eginez gero eta merkatuan funtzionamendua distortsionatzeko arriskua badago, administrazioak, eman litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzearren, ondoren zehazten diren kautelazko neurriak hartu ahalko ditu:

a) Faltsututako salgaiak, iruzurrezkoak eta bereizgarririk gabeak edo merkaturatzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituztenak bahitzea.

b) Merkataritza jarduera etetea, akatsak zuzendu edo eskatutako baldintzak bete arte.

c) Derrigorrezko baimenak ez dituzten saltoki eta instalazioak behin-behinekoz ixtea, egoera horretan dauden bitartean.

2.-Aipatutako behin-behineko neurriak hartzea merkataritza alorreko eskumena duen zuzendaritza nagusiari dagokio, eta erabaki arrazoituaren bidez eginen du.

74. artikulua. Zehapenak preskribitzea.

1.-Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek sei hilabeteren buruan preskribituko dute, falta larriengatik ezarritakoek bi urteren buruan eta falta oso larriengatik ezarritakoek hiru urteren buruan.

2.-Zehapen ebazpena irmo denetik aitzina zenbatuko da preskripzio epea.

X. TITULUA

Merkataritza txikiari laguntzeko neurriak

75. artikulua. Kontzeptua.

Merkataritza txikiari laguntzeko neurritzat joko dira usadiozko merkataritza sustatzearren administrazio publikoek, edo merkatarien elkarteek, bultza ditzaketenak.

76. artikulua. Helburuak.

1.-Aurreko artikuluan aipatutako jarduketek ondoko helburuak izanen dituzte -merkataritzako formulen arteko oreka bilatu, usadiozko merkataritza sektorearen eta haren lehiakortasuna mantendu, bultzatu eta modernizatzeaz gain-, lehia librea ezertan ere galarazi gabe: a) Banaketako enpresa txiki eta ertainen ahalmen teknologikoa hobetzea.

b) Erosketa zentralen sorrera bultzatzea eta horiek zabaltzen laguntzea.

c) Saltoki txikiak denda-kate espezializatuetan sar daitezen sustatzea, haiei marka-irudia ematearren.

d) Enpresa dibertsifikazioa eta, enpresa txikiaren bereizgarri den aldetik, bezeroarentzako arreta bultzatzea.

e) Kudeaketaren hobekuntza, modernizazio eta espezializaziora jotzeko tresnak izaten laguntzea.

2.-Helburu horiek garatzearren, Nafarroako Gobernuak -gizarte, enpresa eta profesionalen erakundeekin ados jarrita- merkataritza txikiari laguntzeko plana prestatuko du, besteak beste, lege honetan jasotzen diren laguntza neurriak bilduko dituena.

77. artikulua. Laguntza neurriak.

1.-Nafarroako Gobernuak, egin beharreko erregelamendu bidezko garapena baliatuta, merkataritza sektorera hedatuko ditu industria sektorerako dauden laguntzak, esaterako inbertsioa sustatu eta enplegua sortzekoak.

2.-Nafarroako Gobernuak, sektoreko enpresa erakundeekin eta gizarte eragileekin bat, prestakuntza orokorreko plana prestatuko du, zeinaren bidez aurre eginen baitzaie langileak birziklatzeko zein lanerako prestatzeko beharrizanei eta enpresa kudeaketa hobetzeko prestakuntza berariazkoa izateko beharrizanei.

3.-Nafarroako Gobernuak merkataritza txikiaren elkartegintza sustatzeko behar diren jarduerak eginen ditu.

4.-Nafarroako Gobernuak, merkatarien elkarteekin lankidetzan, behar adina ekimen eta jarduera abiaraziko ditu sektoreak erraz eskura dezan Europa, nazio zein eskualde mailan diren baliabideei eta merkataritzako egiturak finantzatzeko ekimen eta programei buruzko informazio osoa.

5.-Dauden merkataritza ekipamenduak modernizatzearren eta saltoki handien kokapenak ukitutako merkataritza eremuetan jarduteko programak egitearren, Nafarroako Gobernuak Nafarroako toki tributuen legediaren aldaketa, sustapen neurriak eta administrazioaren eta entitate integratuen arteko hitzarmenak sustatuko ditu.

Tributu horien bidez biltzen dena hiri merkataritza hobetu eta berritzeko programetara bideratuko da, lurralde antolamenduko jarraibideekin bat etorriz prestatzen den dinamizazio planeko lehentasun eta helburuekin.

XI. TITULUA

Handizkako merkataritza

78. artikulua. Kontzeptua. Handizkako merkataritzatzat edo handizkako merkataritza jardueratzat joko da, foru lege honen ondorioetarako, irabazi asmoarekin eta bere bazkide edo elkarkideei zerbitzu ematearren modu profesionalean egindako jarduerak -txikizkako merkatariei produktu natural zein prestatutakoak eta zerbitzuak eskaintzea alegia- garatzea, horiek lege honetan arautzen diren txikizkako merkataritzako jardueratzat edo gisakotzat jotzen ez badira.

79. artikulua. Handizkako merkataritza.

Nafarroako Gobernuak handizkako merkataritzako saltokiei aplikatu beharreko arau berariazkoak emanen ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Foru lege honetan zein berau garatzeko erregelamenduetan arautzen diren merkataritza jarduera eta erregistro guztiak direla-eta, kontuan hartuko da betiere Datu Pertsonalen Tratamendu Automatizatua arautzen duen urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan xedatua.

Bigarrena.-Nafarroako Gobernuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/31/CE zuzentarauarekin eta estatuko legeriarekin bat etorriz arautuko du merkataritza elektronikoa.

Hirugarrena.-Saltoki handi batzuen kokapena eskualde irizpideei -edo gutxienez ere udalez gaindiko irizpideei- jarraikiz egiten da, eta halakoetan, haren eragin ekonomikoa (kontribuzioa, zergak, tasak...) banatu egin beharko litzateke saltokiaren eraginpeko udalen artean. Horretarako, Nafarroako Gobernuak aurreikuspen hau garatuko du toki ogasunei buruzko legediaren barruan, eta dirusarreren ehuneko 40 saltokia jartzen den udalarentzat izanen da (ehuneko 50 baldin eta udal bat baino gehiago ukitzen badu), eta gainerakoa eraginpeko udalen artean, horietako bakoitzaren biztanle kopuruaren arabera.

Laugarrena.-Nafarroako Gobernuak xedatuko du, toki zergei buruzko legediaren barruan, saltoki handi baten instalazioaren ondorioz udalek lortutako dirusarreren ehuneko 10 izatea, gutxienez ere, udal horietan usadiozko merkataritza sustatzeko.

Bosgarrena.-Foru Lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bat onetsi beharko du foru lege hau garatzeko saltoki handien lurralde ereduaren arloan, indarra duen lurralde eredutik abiatuta; erregelamendu hori Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbarari enkargatuko dio Nafarroako Gobernuak, eta haren bitartez arau-izaera emanen zaio lurralde ereduari.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Foru lege hau ez zaie aplikatuko saltoki handiei baimena emateko espedienteei baldin eta lurraldearen antolamendu eta merkataritza eremuetako behin betiko ebazpena foru lege honek indarra hartu baino lehen eman bada.

Merkataritza-lizentzia berariazkoa eskatzeko espedienteak foru lege honek indarra hartutakoan behin betikoz ebatzi gabe badaude, hemen ezarritakoarekin bat tramitatuko dira. Lege honek indarra hartzean dokumentazioa osatua duten eskaerei ez zaie tasa ordainaraziko. Bigarrena.-Foru lege honek indarra hartzean lege honetan ezartzen den erregistroetako batean izena eman beharra dakarren merkataritza jarduera batean jarduten badute, pertsona fisiko zein juridikoek urtebeteko epean eman beharko dute izena gehienez ere, izena emateko beharrezkoak diren dokumentuak eta datuak ezartzen dituen erregelamenduak indarra hartzen duenetik aitzina.

Hirugarrena.-Foru lege honek indarra hartu baino lehen emandako merkataritza-lizentzia berariazkoek baliodunak izaten jarraituko dute. Halere, saltoki horiek handitu edo aldatu nahi badira, foru lege honetan ezarritakoa beteko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki Azalera handiko instalazioen ezarpena lurralde eta hirigintza aldetik arautzen duen maiatzaren 10eko 154/1993 Foru Dekretua eta Merkataritzako ordutegiak arautzen dituen abenduaren 18ko 378/2000 Foru Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Gobernuari eta kasuan kasuko departamentu eskudunari ahalmena ematen zaie lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapen eta egintzak eman ditzaten.

Bigarrena.-Foru lege honetan aurreikusten ez denetan, Txikizkako merkataritza arautzen duen 7/1996 Legeari jarraikiko zaio, honen osagarri baita.

Hirugarrena.-Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra